Linda Buck eta usaimenaren bilaketa
Linda Brown Buck biologo estatubatuarra ezaguna da usaimen sistemari buruz egindako lanengatik. Richard Axelekin batera, 2004ko Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, errezeptoreei buruz egindako lanengatik.
Linda Buck Seattlen (AEB) jaio zen 1947ko urtarrilaren 29an. Bere aita ingeniari elektrikoa zen, eta, aisialdian, aparatuak asmatu eta eraikitzen zituen; ama, berriz, etxekoandrea zen, eta aisialdia gurutzegramak egiten eman ohi zuen. Buck senar-emazteek izandako hiru alabetako bigarrena zen Linda. 1994an, Roger Brent biologoa ezagutu zuen Buckek. Hamabi urte geroago, ezkondu egin ziren.

Biologia molekularra ikastea erabaki zuen Linda Buckek; Axelen laborategian hasi zen lanean, eta, han, Aplysia izeneko molusku bat ikertzeari ekin zion; generoko moluskuak oso handiak dira eta, neurona handien multzo txiki bat dutenez, aukera ematen dute neuronekin banan-banan lan egiteko. Proiektu hori amaitzear dela, artikulu bat irakurri zuen, eta artikulu hark, bere hitzetan, bizitza aldatu zion. Sol Snyderren taldearen 1985eko argitalpen bat zen, usainak hautemateko prozesuaren balizko mekanismoak eztabaidatzen zituena. Usaimenean pentsatzen zuen lehen aldia zen eta liluratu egin zuen. Nola hauteman zitzaketen gizakiek eta beste ugaztun batzuek 10 000 substantzia kimiko usaintsu edo gehiago, eta nola sor zitzaketen substantzia kimiko ia berdinek usain hautemate desberdinak? Sekulako buru hausgarria zen, eta aniztasun izugarria zegoen tartean. Argi zegoen buru hausgarria ebazteko, lehenik eta behin, zehaztu egin behar zen nola hautematen diren hasieran odoranteak sudurrean. Edo bestela esanda, aromen hartzaileak identifikatu behar zirela; molekula horiek bazeudela proposatu zen, baina ez ziren aurkitu.

Odoranteekin elkarrekintzan jarduteko gaitasuna zuten molekulak zer-nolakoak ziren argitzeko hainbat proposamen bazeuden ere, usaimen transdukzioak AMPc induzitutako G proteinek gehikuntzak zekartzalako froga sinesgarriak zeuden; beraz, G proteinen errezeptore akoplatuak (GPCR) ziren aukerarik onena, agidanez. Arazoa zera zen, GPCRi buruz ez zekitela asko, eta are gutxiago zekitela usaimen errezeptoreei buruz (kopurua eta tamaina barne). Buckek honako hau kontatzen zuen: «Axelek esaten zuen: “Zure ustez, zenbat errezeptore daude? 20? 100?” Nik esaten nuen: “Ez dakit, baina jakin nahi nuke!”». Buck zen Axelek Columbiako Unibertsitatean zuen laborategian ugaztunen usaimenean lan egiten zuen doktoratu ondoko bakarra. Hiru urtez, usaimen errezeptoreen geneak bilatu zituen. Lana zaila zen: askotariko aminoazido sekuentziak izaki tamaina handikoak diren geneen familia ezezagun bat aurkitu behar zuen; alabaina, eta paradoxikoa bazen ere, gene familia horrek homologia esanguratsua izan behar zuen beste GPCR familia batzuekin. Beraz, zeregina ez zen lastategi batean orratz bat bilatzea bezalakoa, are gogorragoa baizik: orratz zehatz bat beste orratz pila baten artean bilatzea bezalakoa.
Buckek estrategia ugari bilatu zituen: DNA osagarriaren errepliken baheketa (DNAc), DNAc ateratzea, lotutako geneen klonazioa, etab. Aitzitik, ez zuen arrakastarik izan. Baliabide iraultzaile bat biologian sartu zen arte: PCRa.
«PCRari buruzko artikuluak agertu zirenean, hunkitu egin nintzen. PCRak gauza askori atea irekiko ziela uste nuelako. Droga miraritsuaren antzeko zerbait zen biologo molekularrentzat. Eta ez soilik errezeptoreen bilaketari zegokionez. Baliabide horrek aurretik egin ezin zituzten gauza ugari egiteko aukera eman zion jendeari. Ikaragarria. Pentsa ezazu lehen mikroskopioak jendeari zer egiteko aukera eman zion; begira zezaketen, gauzak ikus zitzaketen. Niretzat, gauzak ikusi ahal izatea da garrantzitsuena.»
Hainbat ikuspegi probatu ondoren, Buckek odoranteen errezeptoreen familia bilatu zuen eta, horretarako, hiru suposiziotan oinarritutako esperimentuak diseinatu zituen. Lehenik eta behin, odoranteak egiturari dagokionez askotarikoak direnez eta diskrimina ditzakegunez, askotariko baina elkarri lotutako usaimen errezeptore familia bat egongo litzateke, familia multigeniko batek kodetuak. Bigarrenik, odorante errezeptoreak, behintzat, une hartan sekuentzia ezagunak zituzten G proteinetara akoplatutako errezeptoreen multzo txikiarekin gutxieneko lotura bat izango lukete. Eta, azkenik, odorante errezeptoreak usaimen epitelioan adieraziko lirateke, modu selektiboan, usaimen neurona sentsorialak dauden tokian.
PCRa sekuentziaren osagarriak ziren primerrak erabiliz DNA sekuentzia ezagunak anplifikatzeko diseinatuta zegoen. Zer bereizgarri izan zuen Bucken ikuspegiak? Zer egin zuen PCRa sekuentzia ezezagunak aurkitzeko baliabide bihurtzeko? Buck mundu guztia bezala hasi zen: bi GPCR ezagunen sekuentzia osatzeko diseinatutako primer parearekin probatzen. Pare horrek usaimen errezeptoreen geneak ekar zitzakeen. Baina ez zituen ekarri. Horrek esan nahi duen honako bi aukera hauek zeudela: usaimen errezeptoreak ez ziren GPCRak, edo, bestela, usaimen errezeptoreak GPCR familia berri bat ziren, sekuentzia desberdinekin. GPCR dibergenteak baziren, nola harrapatu, orduan?

Buckek bi aldaketa egin zituen. Lehenik eta behin, primer degeneratuak erabili zituen, nukleotidoen sekuentzia laburrak, genomaren sekuentzia jakin batzuen osagarri gisa lotzen direnak; haietan, primerraren sekuentzietako posizio batzuek oinarri posible bat baino gehiago dute. Bigarrenik, ez zuen DNArik erabili; RNArekin lan egin zuen (RNA DNAc bihurtuz). Doikuntza horiek nabarmen zabaldu zuten PCRaren irismena. PCRaren primer degeneratuak lehendik ere erabili ziren GPCRren familia ezagun bateko kide berriak aurkitzeko –sekuentzia batzuk ezarrita–, baina hura izan zen familia berri bat identifikatzeko baliatu zireneko lehen aldia. Primer degeneratuak usaimenaren errezeptoreak aurkitzeko erabiltzeak apustu arriskutsua zirudien, plan sistematikoa baino gehiago.
Buckek hiru urrats egin zituen: primeraren diseinua, material genetikoaren anplifikazioa eta familia harremana aurkitzeko probak. Hamaika primer degeneratu diseinatu zituen:
«[GPCR] ezagunen sekuentzia horiek guztiak jaso –oso kopuru mugatua– eta eskuz lerrokatu nituen. Eta, ondoren, primer degeneratuak diseinatu nituen, eta, 30 konbinaziotan erabiltzean, GPCR horietako edozein anplifikatzeko gaitasuna izango zuten primer horiek». Eta honako hau esan zuen: «GPCRen eta primer orokorren garaia iritsi zenean, zera pentsatu nuen: askotariko GPCRak daude; usaimen errezeptoreak, agian, GPCRak dira. Baina, agian, beste errezeptore mota batzuk dira, nuklearrak, beharbada. Beraz, egia esan, primer orokorrak ez nituen soilik GPCRetarako diseinatu».

Buckek sare zabalagoa bota zuen. Nola jakin arrakastatsua izan ote zen? Bere primerrak DNAc anplifikatuan probatu zituen, eta alderantziz transkribatu zen DNAc hori arratoiaren usaimen epiteliotik isolatutako RNAtik abiatuta (hau da, RT-PCR erabiliz): soluzio burutsua izan zen. DNA genomikoa aztertu beharrean, RT-PCRak RNAren adierazpenaren aztarnari segitzen dio. Usaimen errezeptoreek adierazpen handia izan beharko lukete usaimen epitelioaren ehunean; beraz, ikuspegi horrek usaimen errezeptoreetara bideratu beharko luke bilaketa, GPCR superfamiliaren gainerakora beharrean. Prozedura horrek 64 DNAc zinta sortu zituen, GPCR sekuentzia posibleekin. Usaimen errezeptoreak heterogeneoak zirela uste zen eta, beraz, Buck gene ugariko zinta baten bila zebilen. Zinta hori identifikatzeko, 64 zintak zatietan moztu ziren, murrizte entzimekin. Kontua zen ea zati horiek moztu gabeko zintaren pisu molekularra baino handiagoa edo bera zuten. Zinta batek gene bakarra baldin bazuen, haren zatiak jatorrizko zintaren pisu berari gehituko zitzaizkion. Zinta batek gene ugari baldin bazituen, berriz, haren zatiak jatorrizko zintarena baino pisu molekular handiagoari gehituko zitzaizkion. Zinta batek baino ez zuen azaleratu ezaugarri hori.
Azkenik, usaimen bidezko GPCRak zirela ziurtatzeko (eta ez beste batzuk), Northern blot bat erabili zuen, usaimen epitelioko materialaren adierazpena eta beste ehun batzuetako materialaren adierazpenarekin erkatzeko. Emaitzak irmoak izan ziren eta ziztu bizian zabaldu ziren. Usaimen errezeptorearen aurkikuntzak usaimen mekanismoei buruzko funtsezko ezagutzak ekarri zituen. Deskribatu dugun saiakuntzak frogatu zuen arratoiak familia multigenikoa duela, ehun errezeptore odorante mota baino gehiago kodetzen dituena, zeinak, lotuta egonik ere, desberdinak baitira. Genomaren gene familiarik handiena. Familia hori ezin handiagoa eta anitzagoa delako dute, hain zuzen, ugaztunek hainbat substantzia kimiko hautemateko gaitasuna, usain desberdinak izango balituzte bezala.
1991n, Buckek eta Axelek usainak ezagutzea ahalbidetzen duten errezeptoreak topatzeaz haraindi joan ziren. Aurkikuntza horrek agerian utzi zuen proteina horiek ligando-proteina interakzioetan egitura funtzio erlazioa, geneen erregulazioa eta axoien orientazioa ikertzeko eredu molekular erabat moldakorra ahalbidetzen dutela. Usaimen errezeptoreak GPCRen superfamiliako kide gisa identifikatu izanak usaimenak zientzia modernoan duen garrantzia aldatu zuen: GPCRak zelula seinaleztapeneko funtsezko prozesu askoren parte dira; farmakoen % 50 GPCRetara bideratzen dira, eta usaimen errezeptoreak interes berezikoak dira GPCRak aztertzeko, horien barnean motarik zabal eta anitzena direlako.
Ez da gutxietsi behar Linda Buckek tematu izana, kontuan izanik 1980ko hamarkadan gizonak nagusi zireneko biologia molekularraren alor batean emakumezko ikertzaile hasiberria izan zela. Firesteinen hitzen arabera:
«Estimatzen dut Linda, niretzat zientzian balioaren erretratua delako. Ikasleekin adibide gisa erabiltzen dut. Berak lortu nahi zuen emaitzak oso-oso zehatza behar zuen, eta ez zuen argitaratzeko aukerarik. Beste pertsona batek beste laborategiren batean usaimen errezeptoreak aurkitu izan balitu [Richard] ez zatekeen ilunpetan desagertuko. Baina Lindaren kasuan, adin zehaztugabeko doktoratu ondoko baten kasuan, horixe zegoen, hain zuzen, jokoan. Etxea eta, agian, bere karrera zientifikoa zeuden arriskuan. Kontuan izanik gaur egungo ingurunean, ikerketa translazionala, patente eskubideen sorrera eta zerbait «erabilgarria» egitea dela garrantzitsuena, zaila da ausardia zientifikoko halako adibideak topatzea. Lindak gogorarazten digu ausardiak funtzionatzen duela.»
Gaur egungo ikerketaren zati handi baten esparrua zientziaren honako ikuskera hau da: hipotesiak bultzatutako jardunbide onenaren arauzko ikuskeran oinarritzen dena. Miaketako ikerketa alde batera uzten da, «prestatze» ikerketa gisa. Horrek zientziaren irudi mugatua ematen du, ohartarazi zuen Buckek:
«Ez naiz hipotesietan oinarritutako ikerketaren aldekoa. Nahiago dut aurkikuntzan oinarritutako ikerketa deitu. Izan ere, jendeak hipotesi bat duenean, haren joera orokorra izan ohi da bururatu zaiona frogatzen saiatzea. Eta uste dut hori zaldi bati kabestruak jartzea bezala dela. Itxi egiten da. Jendeak espero ez dena eta dagoena ikustea eragozteko arriskua dakar berekin». Albert Szent-Gyorgyik, C bitaminaren aurkikuntzagatik Nobel saria jaso zuenak, honako hau nabarmendu zuen: «Aurkikuntza mundu guztiak ikusi duena ikustea eta inork pentsatu ez duena pentsatzea da».
Linda Buckek honako hitz hauekin bukatu zuen Nobel sariaren hitzaldia:
«Zientziako emakume naizen aldetik, espero dut, benetan, nik Nobel Saria jasotzeak mezu bat helaraztea mundu osoko emakume gazteei: ateak zabalik daude halako emakumeentzat, eta dituzten ametsak lortzen jarraitu behar dute».
Egileaz:José Ramón Alonso biologia zelularreko katedraduna da, Gaztela eta Leongo Neurozientzien Institutuko plastikotasun neuronal eta neurokonponketako laborategiko zuzendaria.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko urtarrilaren 11n: La búsqueda del olfato.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Linda Buck eta usaimenaren bilaketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Multimerotan egituratzen diren potasio-kanalak
Kanal ionikoak, mintz zelularretan zehar ioien fluxua ahalbidetzen duten poroak sortzen dituzten mintz-zeharreko proteinak dira, mintz plasmatikoan baita organuluen mintzetan ere agertzen direlarik. Egituraren aldaketa txikien bidez kanal hauek itxita egotetik irekita egotera pasatzen dira, 10 milioi ioi/segundoko fluxua ahalbidetuz.
Kanal motaren arabera fluxu hau zelula barnera zein kanpoaldera sor daiteke. Orokorrean, kanal ionikoak hauek zeharkatzen duten ioi espezifikoaren arabera sailkatzen dira, horrela, potasio-kanalak, kaltzio-kanalak, sodio-kanalak eta kloro-kanalak aurki daitezke. Bestalde, potasio-kanalak honako azpitaldeak ditu: boltai menpekoak, kaltzio-menpekoak, sodio-menpekoak, bi-porodunak eta K+ barne aztergailua.
Potasio-kanalak ia zelula guztien mintzean agertzen dira eta funtzio biologiko garrantzitsuak betetzen dituzte; hala nola bihotz-taupadak edo neuronen arteko seinale-transmisioa erregulatzen dituzte. Potasio-kanalen artean KV7 kanalak daude, boltai menpeko kanalak direnak. Familia hau 5 kidez osatuta dago (KV7.1-KV7.5) eta hauek kodetzen dituzten geneak patologia esanguratsuekin erlazionatzen dira, besteak beste, epilepsia, diabetesa, gortasuna edota arritmiekin. KV7 kanalen egitura, zelula-mintzean txertaturiko 6 segmentuz osaturiko ohiko egitura partekatzen du, amino (N-) eta karboxilo (C-) muturrak zelula barnekoak izanik. Neuronetan, KV7.2 eta KV7.3 dira nagusiki agertzen diren kanalak M-korrontea sortuz, neuronen kitzikagarritasuna kontrolatzen dutelarik. Ekintza potentziala mintzean zehar hedatzen den seinale elektrikoa da eta berau gauzatzeko mintz potentzialak atalase bat gainditu behar du. Ekintza potentziala ematen denean sodio kanalak ireki egiten dira, zelulan sodio ioiak masiboki sartzea eraginez. Gehiegizko karga positiboak konpentsatzeko KV7.2/3 kanalak aktibatu egiten dira zelulatik K+ kanporatuz; horrela, zelulak atseden egoeran zuen mintz potentziala berreskuratzen du. Beraz, esan daiteke, M-korrontea garrantzitsua dela ekintza-potentzialaren atalasea igotzeko, izan ere, M-korronterik gabe, ia edozein katioiren sarrerak ekintza potentzial berri bat sor lezake, zelularen hiperkitzikagarritasuna eraginda.

M-korrontea Gq/11 proteinari akoplaturiko hartzaileen bidez erregulatzen da. Erregulazio hau konplexua da, seinaleztapen-bidezidor desberdinen bidez erregula baitaiteke. Aktibatzen den seinaleztapen-bidezidorra hartzaile motaren menpekoa da. Horrela, azetilkolinaren M1 hartzaile muskarinikoak KV7.2-aren korrontea inhibituko du fosfatidil inositol 4,5-bisfostatoaren (PIP2) agorpenaren ondorioz. Bradikininaren hartzaileak ordea, inositol 1,4,5-trifosfatoak (IP3) eragindako kaltzio kontzentrazioaren igoeraren bidez inhibituko du. Erregulazio mekanismo hauetan hainbat proteinek hartzen dute parte, hala nola kalmodulinak, proteina kinasak eta aingura proteinak. Honez gain, erregulazio honetan kanalaren kokapena eta sintesia eta berriztapena kudeatzen duten proteinek ere hartzen dute parte. Konplexutasun hau dela eta kanala farmakologikoki oso itu ona da bere erregulazioa maila desberdinetatik hel baitaiteke. Zelulen kitzikagarritasunaren propietate fisiologikoak zehaztea eta parte hartzen duten gertakarietako bakoitza ulertzea interes handikoa da, izan ere, bere funtzioa eta erregulazioa guztiz ezagutzeak gaixotasun desberdinen kontrako farmakoak diseinatzea ahalbidetuko bailuke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 39
- Artikuluaren izena: Kv7.2 kanala: estruktura, erregulazioa eta kitzikagarritasun neuronalean duen ekintza.
- Laburpena: Potasio-kanalak ia zelula guztien mintzean agertzen dira eta funtzio biologiko garrantzitsuak betetzen dituzte; besteak beste, korronte elektrikoak kontrolatzen dituzte zelula kitzikagarrietan. KV7 kanalen familia 5 kidez osatuta dago (KV7.1-KV7.5), eta horiek kodetzen dituzten geneak patologia esanguratsuekin erlazionatzen dira. KV7 kanalen estrukturak zelula-mintzean txertaturiko 6 segmentuz osaturiko ohiko estruktura partekatzen du; N- eta C-muturrak zelula barnekoak dira. Neuronetan, KV7.2 eta KV7.3 kanalak agertzen dira batik bat; M-korrontea sortuz, neuronen kitzikagarritasuna kontrolatzen duena. M-korrontearen erregulazioa konplexua da seinaleztapen-bidezidor desberdinen bidez erregula baitaiteke. Gq/11 proteinari akoplaturiko hartzaileen bidez erregulatzen da eta seinaleztapen-bidezidorra desberdina da aktibatutako hartzailearen arabera. Horrela, azetilkolinaren M1 hartzaile muskarinikoak KV7.2-aren korrontea inhibituko du PIP2-aren agorpenaren ondorioz. Bradikininaren hartzaileak, ordea, IP3-ak eragindako kaltzio-kontzentrazioaren igoeraren bidez inhibituko du. Mekanismo horietan, hainbat proteinak hartzen dute parte, hala nola kalmodulinak, proteina kinasek eta ainguratze-proteinek. Berrikuspen honetan, KV7.2 kanalari erreparatuko diogu, hainbat gaixotasunen partaide izateagatik eta haren erregulazio konplexuagatik, ikuspuntu farmakologiko batetik itu interesgarria izan baitaiteke.
- Egileak: Eider Nuñez, Arantza Muguruza-Montero, Ainhoa Rodriguez de Yurre, Ariane Araujo, Alvaro Villarroel, Janire Urrutia
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 37-60
- DOI: doi.org/10.1387/ekaia.21870
Ariane Araujo, Eider Nuñez, Arantza Muguruza-Montero eta Alvaro Villarroel Biofisika Institutuko ikertzaileak dira. Ainhoa Rodriguez de Yurre Fundació Privada per la recerca i la docencia Sant Joan de Déu zentroko ikertzailea eta Janire Urrutia EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzailea.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Multimerotan egituratzen diren potasio-kanalak appeared first on Zientzia Kaiera.
Noiz hasi ziren orkak beste itsas ugaztun batzuk jaten?
Zetazeoen bi espezie soilik elikatzen dira beste itsas ugaztun batzuez: orka (Orcinus orca) eta orka faltsua (Pseudorca crassidens). Azken hau orkaren oso antzekoa da, baina eskeleto txikiagoa du eta gris koloreko azala, orkaren bereizgarri diren orban zuririk gabe. Bi harrapari hauek izurdeen familiako kideak dira, baina, esan bezala, elikatzeko beste itsas ugaztunak ehizatzen dituzten bakarrak dira. Izatez, orkak ezagunak dira dituzten ehiza-teknika bikainengatik. Taldeetan antolaturik, ikusi da gai direla balea urdinak ehizatzeko, inoiz Lurrean bizi izan den animalia handiena. Alabaina, zientzialariek ez zuten argi bi espezie horiek noiz garatu ote zuten harrapakaritza-jokaera hori eboluzioan zehar. Orain, ikerketa berri batek oinarrizko ebidentzia batzuk plazaratu ditu misterio honen inguruan.
Itsas ugaztunak talde oso heterogeneoa dira. Talde horretan sartzen dira zetazeoak (izurdeak, baleak eta fozenidoak), pinnipedoak (fokak, mortsak, itsas lehoiak eta itsas txakurrak), sirenioak (dugongoak eta manatiak), eta baita igarabak ere. Jada ohartuko zineten moduan, ugaztun horiek ez dute lotura filogenetiko esturik beren artean, baina ezaugarri ebolutibo zehatz bat partekatzen dute: itsasoa behar dute bizirauteko. Batzuek beren bizitzaren parte handi bat itsasoan pasatzen dute, baina ahal dira lurrazalera atera (igarabak, adibidez). Beste batzuk, berriz, ezin dira itsasotik kanpo bizi; zetazeoak, esate baterako.

Ugaztun horien dietak askotarikoak dira oso. Gehienak arrainez, moluskuez edo krustazeoez elikatzen dira, eta badira belarjaleak direnak ere (manatiak, adibidez). Baina orka eta orka faltsua dira beren dietan itsas ugaztunak sartu dituzten bakarrak. Super-harrapariak dira orkak eta orka faltsuak, hau da, kate trofikoaren puntu gorenean daude kokatuta eta ez dute harrapari naturalik. Bi espezieak haragijale hertsiak dira, eta harrapakin ugari dituzte. Habitataren arabera, espezie batzuk edo besteak: txipiroiak, izurdeak edo/eta fokak ehizatzen dituzte elikatzeko.
Dieta-berezitasun horren jatorria hobeto ulertu dezakegu orain, martxoan Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker. 2020an sortu zen ikerketa hori abiatzeko aukera, Rodas izeneko Greziako irlan antzinako izurde ezezagun baten arrastoak aurkitu zituztenean. Arrasto horiek orken jatorriaren lehen fosil-ebidentzia bihurtu ziren. Rododelphis stamatiadisi izendatu zuten antzinako espezie hori, aurkitu zen irlaren omenez eta aurkitu zuen paleontologoaren omenez (Polychronis Stamatiadis). Arrastoaren gainean metatu den lur geruzan oinarriturik, ikertzaileek uste dute izurde hori duela 1,5 milioi urte bizi izan zela, Pleistozenoan zehar.
Rododelphis hobeto ulertzeko, haren anatomia gaur egungo orkaren eta orka faltsuaren anatomiarekin konparatu zen, bai eta Orcinus citoniensis espeziearekin ere, ordura arte ezagutzen zen orkaren ahaide fosil bakarra. Burezurraren zabalerak alderatuz, ondorioztatu zuten Rododelphis anatomikoki orka faltsuaren oso antzekoa zela; 4 metro luze zen eta 500 kilo baino gehiagoko pisua zuen, seguruenik. Arrasto horien ondoan, alabaina, animalia horren azken bazka izan zenaren hondarrak topatu zituzten: arrain hezurrak. Rododelphis-en hortzak aztertuz, gainera, ikusi zuten gaur egungo orkek baino hotz txikiagoak zituela, eta hortzetako urratuek ere arrainak jan izana iradokitzen zuten.
Emaitza hauek erakusten dute, beraz, antzinako izurdeak artean arrainez elikatzen zirela duela 1,5 milioi urte. Ebidentzia hau gaur egun oso hedaturik dauden teoria batzuen kontra doa. Izan ere, zientzialari batzuen ustetan, balea urdina bezalako balea handiak hain handiak izatearen arrazoia, hain zuzen ere, harrapakaritza saihestea da. Balea handiek, ordea, duela 3,6 milioi urte eboluzionatu zuten, eta ikerketa honen arabera, hori baino askoz geroago garatu zuten aintzinako izurdeek beste itsas ugaztunak ehizatzeko jokabidea. Beraz, bi teoria hauek kontraesanean daude.
Ikertzaileen esanetan, oraindik informazio asko falta da antzinako izurdeen eboluzio-historia eta dibertsifikazioa erabat ulertzeko. Rododelphis generoak eboluzioko hutsune bat bete du, eta asko estutu du elikatze-moldaera berezi hori agertu zitekeen denbora tartea (gehienez duela 1,5 milioi urte gerta zitekeen). Tamalez, garai hartako fosilak oso urriak dira. Gauzak horrela, ikerketa gehiago beharko dira orkak eta orka faltsuak duten elikatze-moldaeraren jatorria eta jatorri horren zergatia ulertu ahal izateko.
Erreferentzia bibliografikoakBianucci, G., Geisler, J. H., Citron, S., Collareta, A. (2022). The origins of the killer whale ecomorph. Current Biology. DOI: 10.1016/j.cub.2022.02.041
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Noiz hasi ziren orkak beste itsas ugaztun batzuk jaten? appeared first on Zientzia Kaiera.
Galaxiaren bihotza azaleratzeko erronka
Sagittarius A* zulo beltzaren lehen irudia lortzeko zientzialariek planetaren tamainako behatoki birtual bat eraiki behar izan dute. Kasu honetan ere, erronka zientifikoari erronka teknologikoa gehitu zaio.
Zientziaren historia txikira igaroko den egun horietako bat izan zen joan den maiatzaren 12koa. Egun horretan, munduko zenbait tokitatik egindako prentsa agerraldietan aldi berean aurkeztu zen aspalditik esperotako irudi bat: gure galaxiaren erdian dagoen zulo beltzarena.

2019ko apirilean gertatu zen iragarpen honen aurrekaria. Orduan ere, iragarpen historikoa egin zuten zientzialariek: zulo beltz baten lehen irudiaren berri eman zuten, M87 galaxiaren erdian dagoen zulo beltz supermasiboarena, hain justu. Duela hiru urte aurreratu zuten hurrengo helburua gu gizakiontzat askoz esanguratsua den bigarren helburu bat zutela buruan, eta orain iritsi da horretarako garaia.
Aspalditik ari ziren gure galaxiaren erdiguneko zulo beltzaren atzetik. Aurreko ikerketek erakutsi zuten Esne Bidearen erdian zegoen objektu ikusezin baten inguruan izarrak biraka ari zirela. Hain konpaktua eta masiboa izateagatik, ikertzaileak sinetsita zeuden zulo beltz supermasibo bat egon behar zela hor. Hori ondorioztatzeagatik jaso zuten, hain justu, 2020ko Fisikako Nobel Saria Reinhard Genzel eta Andrea Ghez zientzialariek. Gainera, zientzialariek uste dute galaxia gehienek —batez ere espiral edo eliptiko direnek— halako objektu bat dutela erdigunean.
Ohi bezala, zientzian ez dira nahikoak froga ez zuzenak edo zantzu soilak, eta, horregatik, objektu horren ebidentziak behar zituzten. Hortik aurtengo irudiaren garrantzia. Alabaina, irudia baino, irudi multzoa aipatu beharko genuke. Izan ere, milioika irudi desberdinen ondorioz osatutakoa da The Astrophysical Journal Letters aldizkariaren zenbaki berezi batean aurkeztu dutena.
Teknikoki, argazkia ere ez da, astronomian askotan gertatzen den moduan. Zulo beltzaren inguruan dagoen erradiazioan oinarrituta osatutako irudi bat da, irrati uhinen bidez eskuratutako informazioa arlo bisualera eramanda. Gizakiok batez ere izaki bisualak garenez gero, zulo beltzaren irudian jarri da interes puntu nagusiena, baina lortutako datuekin ere objektuaren inguruko materiala soinutara eramateko ariketa egin dute.
Bestetik, oinarrizko informazioa zuri-beltzezkoa da, baina kolorea gehitu diote ikusgarriagoa egiteko. Aintzat hartu behar da berez oso zaila litzatekeela hain distantzia handira dagoen objektu bati argazki bat ateratzea. Erdian dagoen material guztia zeharkatzea ia ezinezkoa izango litzateke. Zulo beltzaren kokapena irudikatzeko sortu duten bideo batean erraz ulertu daiteke hori, zoom motako bidaia ikusgarri horietako bat osatu baitute. Baina 26.000 argi urte ingurura dagoen informazio hori irrati uhinen bitartez iristen da, zarataz beteta bada ere, eta horri atera diote etekina.

Are gehiago, behaketa desberdinen batez besteko ondorioa dela aintzat izanda, irudi bat baino gehiago aurkeztu dute. Irudi nagusiarekin batera, beste lau aurkeztu dituzte. Horietatik hiru gehien errepikatu diren egoerei dagokie —irudiarekin batera agertzen diren beheko barrek erakusten dute multzo bakoitzari dagokion irudi kopurua—, eta laugarrenak, berriz, behaketetan hain ohikoa izan ez den egoera erakusten du.
Irudia eskuratzeko, Lurraren tamainaren pareko behatoki birtual bat osatu duten zortzi irrati-teleskopio erabili dituzte —2022an, 11 behatoki dira dagoeneko—. Teleskopio horiek EHT sarea osatzen dute: Event Horizon Telescope izeneko kolaborazioa da, hots, Gertaeren Muga Teleskopioa. Elkarlan horren izenak berak erreferentzia nagusia egiten dio zulo beltzen berezko ezaugarriari: grabitate itzelaren ondorioz zulo beltz baten inguruan sortzen den mugari, non fotoiak ere bertatik ateratzeko gai ez diren, horretarako argiaren abiadura gaindituko beharko luketelako.
Mundu osoan barreiatutako irrati-teleskopioen sarea izanik, behaketaren bereizmena asko handitzeko moduan egon dira. Hala, teleskopio bakoitzak galaxiaren erdigunea behatu du —2017an egin ziren behaketa horiek―, eta seinale horiek guztiak bateratu dituzte gero, interferometria teknikaren bitartez. Teleskopio hauek Antartidan, Txilen, Mexikon, AEBn eta Espainian kokatuta daude.
Batera lan egin ahal izateko, erloju atomikoekin koordinatu dituzte behaketak. Halere, zientzialariek prentsa ohar batean zein hedabide askotan azaldu dutenez, teknikoki erronka oso handia izan da, eta arazo askori aurre egin behar izan diete. Adibidez, Txileko ALMA da munduko astronomia behatokirik handiena —66 antena ditu—. Bada, bertan argiaren polarizazioa modu desberdinean egiten dute beste behatokiekin alderatuta. Errezeptoreak aldatu beharrean —horrek ekarriko lukeen kostuarekin, bai dirutan zein denboran— softwarean egindako aldaketen bitartez moldatu dira beharrezko egokitzapenak egiteko. Horrez gain, irudiak prozesatzeko algoritmoak hobetu eta garatu behar izan dituzte. Premiazkoa izan zaie hori. Izan ere, eskuratzen duten irudia ez denez batere perfektua, algoritmoen bitartez bete dituzte irudian geratu diren hutsuneak.
Eskuratutako zientziari berari dagokionez, esan daiteke une honetan zientzialariek tamainan oso desberdinak diren zulo beltz supermasiboen inguruko informazioa dutela eskura, eta hori oso komenigarria izan zaiela halako objektuak alderatzeko. Ondorio nagusia izan da funtsean haien arteko alde nabarmen bakarra tamainarena dela, hain zuzen. M87 galaxiaren erdian dagoena —M87— Eguzkia baino 6.000 milioi aldiz handiagoa da, Sagittarius A* soilik Eguzkiaren masa halako lau milioi izanik. Hain handia izanda, M87-n gasak asteak behar ditu zulo beltza inguratzeko. Sgr A-n, berriz, minututan egiten du bira, eta horrek behaketak zaildu egiten ditu.

Ezusteko batzuk izan dituzte gure galaxiako zuloari dagokionez. Batetik, konturatu dira nahiko lasaia dela, eta denbora gehienean inaktibo dagoela, noizean behin baino ez duelarik gasa edo hautsik xurgatzen. Bestetik, jabetu dira ere haren mugimendua ez dagoela lerrokatuta galaxiaren mugimenduarekin, eta, hortaz, argitzeko dago horren atzean egon daitekeen zioa. Baina, oro har, egin dituzten neurketek berriro berretsi dute orain arte beste hainbatetan ikusi izan dena: 1915ean Albert Einsteinek ondutako erlatibitate orokorraren teoria bat datorrela behaketa hauekin ere.
Hurrengo helburua izango da EHTren diametroa handitzea, bereizmen hobea eskuratu aldera. Hobekuntza teknikoez gain, hori lortzeko modu bakarra Lurraren tamaina bera gainditzea izango da, eta, horretarako, noski, satelite artifizialetan jarrita dute esperantza.
Erreferentzia bibliografikoa:The EHT Collaboration et al. (2022). First Sagittarius A* Event Horizon Telescope Results. The Astrophysical Journal Letter, 930 (2), L12. DOI: https://doi.org/10.3847/2041-8213/ac6674
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Galaxiaren bihotza azaleratzeko erronka appeared first on Zientzia Kaiera.
Gehiago, gutxiagorekin
Beth Shapirok bere azken liburuan azaltzen duenez, Holozenoaren hasieran, Beringian, Amerikako ipar-mendebaldeko eta Asiako ipar-ekialdeko muturrak hartzen dituen lurraldean, gaur egungo tundra ekosistemak aurreko estepa-tundra ordezkatu zuen, eta lehengoa emankorragoa zen. Hain zuzen ere, lehen zeuden belarjale handiek tokiko mantenugaiak birziklatu eta haziak barreiatu zituzten, eta lurra irauli zuten, baina desagertu egin ziren, nagusiki, gizakiek ehizatu zituztelako.
Gizakien esku hartzeak, ugaztun handien populazioak ehizaren ondorioz zuzenean murrizteaz gain, zeharka ere txikiagotu zituen, tundrako emankortasunean zuten eragin mesedegarria gutxitu zutelako eta, hala, elikatzeko behar zituzten landareak murriztu zirelako.
Ideia hori apur bat paradoxikoa da. Izan ere, animalia gutxiago daudenean animaliok janari gutxiago dutela esan dut eta, begiratu soil batean, kontraesankorra iruditu daiteke. Baina ez da hala. Ekosistema oso emankorretan, landare biomasa asko sortzen da, baina, tokiko landarejaleek biomasa hori oso azkar jaten badute, normalena asko ez egotea da. Hala, gehiago lortzen da (emankortasuna), (biomasa) gutxiagorekin.

Belarjaleek, materia hila deskonposatzen duten organismoek eta aurreko horiek jaten dituztenek betetzen duten funtzioa da gakoa. Horiek, elikagaia asimilatu ondoren, hondakinak kanporatzen dituzte, eta horietan daude landareen hazkuntzaren oinarri diren substantzia mineralak. Zenbat eta mantenugai mineral gehiago birziklatu denbora unitate bakoitzeko, orduan eta gehiago egongo dira landareek berrerabiltzeko, denbora unitate bakoitzean. Nitrogenoz eta fosforoz osatutako substantziez ari naiz, besteak beste, bai eta burdinaz eta antzeko mineralez ere; hain zuzen, halako mineralak erabiltzen dituzte landareek ehun berriak egiteko.
Molusku bibalbioez ari bagara, Arousako itsasadarra da ezagutzen dudan tokirik emankorrena. Beste itsasadar batzuetan bezalaxe, han hazten direnak eta mareen arteko eremuko sedimentuzko eta hareazko zabaldegietan bizi direnak oso azkar hazten dira. Horiek horrela, Arousako itsasadarreko uretan, mikroalgen kontzentrazio txikiagoa egoten da molusku horiek hazten dituzten beste estuario batzuen aldean.
Antzeko zerbait gertatzen da baleekin (zetazeo mistizetoak). Animalion elikagairik garrantzitsuena krilla da, oskoldun txiki bat. Zetazeoen populazioak sarraskitu eta ia desagerrarazi aurretik, Antartikoko urak orain baino askoz ere emankorragoak ziren. Balea bizardunek sekulako krill kantitateak jaten zituzten. Horrek, mantenugaien zikloa bizkortzen zuen –burdinarena, bereziki– eta aukera ematen zuen fitoplankton mikroalgak oso emankorrak izateko, baita krilla ere, ondorioz. Orain, itsaso horiek ez dira hain emankorrak, geratzen diren balea urriek ezin baitute hainbeste burdin birziklatu.
Australian, Afrikako kakalardo pilotagileak inportatu behar izan zituzten, abereen gorotzak jan eta horietan zeuden mantenugaiak askatzen lagun zezaten, larreen emankortasuna berrezartze aldera. Dirudienez, Australiako kakalardoei ez zitzaizkien kanpoko landarejaleen gorotzak gustatzen, kanguruenak soilik nahi zituzten; hori dela eta, larreetako emankortasuna nabarmen gutxitu zen.
Naturak bere arauak ditu eta gizakiok, naturaren parte izan arren, sarritan esku hartzen dugu haren kontuetan, gure esku hartzeak izan ditzakeen azken ondorioak kalkulatu gabe. Batzuetan, garaiz gabiltza egindako gehiegikeriak konpontzeko. Batzuetan bakarrik.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Gehiago, gutxiagorekin appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #397
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Itziar Gonzalez Moro 1 motako diabetesaren garapenean lncRNA geneek duten funtzioa aztertzen ari da bere doktoretza-tesian. lncRNA molekulak RNA luze ez-kodetzaileari egiten dio erreferentzia, ingeleseko sigletatik. Itziarrek azaldu duenez, berriki aurkitu dira molekula hauek, eta oraindik ez dira oso ondo ezagutzen. Hauek hobeto ezagutzeko, beraz, Itziarren tesian lncRNA geneak erabili dituzte, eta infekzio biral bat simulatu dute gene hauek 1 motako diabetesean izan dezaketen eragina frogatzeko. Orain arte, eritasun honen garapenean eragina duten zenbait lncRNA aurkitu dituzte. Hemendik aurrera, gene hauek duten funtzioa argitzea falta zaie, bai eta gaixotasunarekin duten lotura topatzea. Elkarrizketa osoa irakur daiteke Unibertsitatea.net webgunean.
Tximino baztangaren zazpigarren kasua atzeman dute. Orain arte, sei pertsonak eman dute positibo Euskal Herrian, denak kasu arinak. Osakidetzaren hitzetan, ez dute inor ospitaleratu beharrik izan, aski izan baitute osasun langileek egin dieten jarraipenarekin.
Aitor Santisteban Jarduera fisiko eta kiroletan doktoreak bere ikerketan ikusi duenez, surfa egiteak eragina du ezaugarri antropometrikoetan, gaitasun fisikoan eta tekniko-taktikoan. Besteak beste, ikusi du esperientzia gehiagoko surflariek hobeto interpretatzen dutela itsasoa, eta morfologia fisikoari dagokionez, gihar-masa handiagoa dute enborraren goiko aldean behealdean baino, eta, horregatik, forma mesomorfoa izaten dute. Azterlan horren prozesu osoa eta emaitzak ezagutarazten ditu “Surf praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak” hitzaldian, Zientzia Kaieran dago ikusgai.
Iraia Garcia Santisteban EHUko Genetika Saileko ikertzaile eta irakasleak penizilinaren aurkikuntzaren nondik norakoak azaldu ditu Berrian. Fleming bakteriologoak Staphylococcus aureus bakterio patogenoen kultibo bat laborategian utzi eta onddo batez kutsatu zitzaion. Ikertzailea ohartu zen, ordea, onddoaren inguruan ez zirela bakterioak hazi, eta Penicillium notatum izena eman zion onddoari. Alabaina, Flemingek penizilinaren ikerketa alde batera utzi zuen, klinikan inolako aplikaziorik edukiko ez zuela pentsatu zuelako. Handik hamar urtera ordea, Oxfordeko Unibertsitateko talde batek penizilinaren ikerketari berriro ekin zion, eta azkenik lortu zen erabilera klinikoa izatea. Azalpenak Berrian: Serendipia eta penizilina.
Gaur egun, diagnostiko goiztiarra ahalbidetu dezaketen biomarkatzaileak identifikatzea beharrezkoa da Parkinsonaren terapeutika hobetzeko. Orain arte, eritasun honen diagnostikorako ikertu diren biomarkatzaile hautagai guztien artean, alfa-sinukleina proteina kontsideratzen da baliagarriena. Izan ere, Parkinsona duten gaixoen neuronetan proteina honen metaketa ematen da, eta gainera, molekula honen mailak gorputzeko fluido desberdinetan neur daitezke. Honela, odol-plasma, listua eta malkoa bezalako biofluidoak ikertu dira biomarkatzaile honen mailak aztertzeko, eta emaitzak eztabaidagarriak diren arren, badirudi alfa-sinukleina fosforilatuaren maila handituta dagoela Parkinsona duten pazienteen plasman.
Aste honetan, Zientzia Kaierako Zientzialari atalean, Asier Anabitarteri egin diote elkarrizketa. Anabitarte UPV/EHUko EANPsi ikerketa-taldeko ikertzailea da, eta gune berdeek gizakiongan duen eragina aztertzen du. Azaldu duenez, berdeguneek modu ezberdinetan eragiten dute osasunean. Eremu hauek ingurumen faktore negatiboak arintzeko gaitasuna dute, eta estresa eta arreta-falta hobetzen dituztela ere ikertu da. Gainera, ariketa fisikoa egitera bultzatzen duten guneak direnez, giza-kohesioa indartzen laguntzen dute. Azkenik, immunitate-sistema ere hobetzen dutela ondorioztatu da. Asier Anabitarte: “Gune berdeek 11 eta 13 urteko gazteen arreta hobetzen laguntzen dute”
PsikologiaNature Human Behavior aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ikusi du zientzialariek joera diskriminatzaileak dituztela artikulu zientifikoak aipatzen dituztenean. 35 urtetako 20 milioi artikulu zientifikoetako aipamenak aztertuta ikusi dute joera hori, beti ere kalitate bereko ikerketak konparatuz. Honela, ikusi dute ikertzaileen jatorriaren inguruko diskriminazioa egiten dela. Hiru herrialde dira aipamen gehienak jasotzen dituztenak: AEB, Erresuma Batua eta Txina. Brasilek, Mexikok eta Turkiak, bestalde, aipamenetatik kanpo geratzeko joera dute. Honek jatorri jakin batzuetako zientzia-aurkikuntzak isilean geratzea eragiten du, eta herrialdeen arteko ideien fluxua eteten du.
TeknologiaProzesadore fotoniko batekin gailentasun kuantikoa lortu dute ikertzaile kanadar batzuek. Gailentasun edo abantaila kuantikoa zera da, konputazio kuantikoko gailuek problemak ebazteko duten gaitasuna. Abantaila hau neurtzeko erabiltzen den esperimentuetako bat bosoien laginketa da, eta hauen probabilitate-banaketa azaltzea da helburua. Aurretik egin diren beste esperimentuetan gehienez 113 fotoi detektatzea lortu dute, baina oraingo honetan 219 fotoitara iritsi dira. Honako hau aurrerapauso garrantzitsua izan liteke ordenagailu kuantikoak eskuragarriago izateko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaApo hontzaren errolda egin dute Iruñerrian eta Zangozan. Bildutako datuekin ikusi ahal izan dutenez, uste baino hontz gehiago bizi dira inguru horietan. 2019an abiatu zuten apo hontzaren errolda egiteko proiektua, eta laginketetan bi datu nagusi ateratzen dituzte: kontatutako hontz kopurua eta kilometro bakoitzeko dauden hontz kopuruaren dentsitatea. Oraindik goizegi da eskuratu dituzten datuei buruzko ondorioak ateratzeko, baina uste baino hotz gehiago daudela dirudi. Azalpenak Berrian: Nork aditu du gaueko doinu hori?
Jon Benito biologoak, blog bat zabaldu berri du Gaubean dagoen natur-aberastasuna aurkezteko. Un naturalista por Valdegovía jarri dio izena blogari eta bertan, inguruan dauden ibilbideez gain, naturalista honen kontakizunak irakur daitezke. Benitok dioenez, Gaubeako natura basatia da, ia dena mendia eta basoa. Gainera, inguru horietan basoko orkideak aurki daitezkeela azaldu du. Biologikoki oso bitxiak dira orkideak, goi mailako eboluzioa eduki dute, eta intsektuekin batera egin dute eboluzioa. Gaubea inguruan aurki daitezkeen espezie eta bitxikeria biologikoen inguruan egin diote elkarrizketa Jon Benitori, Alea aldizkarian.
Aezkoa ibarrean alka belarra hedatzeak izan dituen ondorioak ikertu ditu María Duránek. Defendatu berri du doktoretza-tesia Duránek UPNA/NUPen. Azaldu duenez, alka belarra (bazka-kalitate eskaseko gramineo autoktonoa) hedatzearen ondorioz, Aezkoa ibarrean flora-dibertsitate handia galdu da. Larreen kalitate murrizketak ekonomikoki duen eragina ere ikertu du tesian, eta bere kalkuluen arabera, uda bakoitzean 50.007 elikagai-errazio galtzen dira alkaren hedapenaren ondorioz. Gainera, onddo endofitoetan ere eragina duela aztertu du. Azalpen gehiago Unibertsitatea.net webgunean.
Animalia batzuk gai dira lurreko eremu magnetikoa erabiliz orientatzeko eta nabigatzeko. Alabaina, oraindik ez dakigu ziur zer mekanismok ahalbidetzen duen gaitasun hori. Hipotesi onartuenaren arabera, organulu zelular batzuek dituzten magnetita kristalen eta eremu magnetikoaren arteko elkarreraginaren bidez gertatzen da. Izokinen kasuan zehazki, argitaratu berria den ikerketa batek ikusi duenez, izokinen usaimen epitelioko zeluletako substantzia kimiko batzuen bidez, zehazki zein ibaitara doazen identifikatu dezakete. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izokinen iparrorratza.
GeologiaZundaketek lur-barrunbeak ezagutzeko aukera ematen dute, eta metodo honekin lortutako datuek balio zientifiko aparta izaten dute. Izan ere, eremu jakin batek azken ehunka, milaka edo milioika urteetan izan duen bilakaera geologikoaren erregistro bat gordetzen dute barruan. Antartikan eta Groenlandian, adibidez, izotz geruza ikaragarri lodiak aurki daitezke, eta zundaketen lekukoak aztertuta, zenbait gasek (karbono dioxidoak eta metanoak, adibidez) denboran zehar izan dituzten aldakuntzak berreraiki ahal izan dira, baita azken 800.000 urteotan atmosferak izan duen tenperatura ere. Blanca María Martínezek azaldu du Zientzia Kaieran: Iraganaren lekukoak.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #397 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #403

Eboluzio-mekanismoak oso motelak direla uste dugu. Eta ez du zertan. Evolution, faster than anybody thought Timothée Bonnetena.
Ironiaren erabilera inteligentziaren seinale dela dioenik bada. Baina guztiek ez dute ondo erabiltzen eta denek ez dira gai ulertzeko. Four psycholinguistics tips for recognizing and using irony, Anas Maya, Mariia Porunkova eta Adrià Rofes.
Solido baten ezaugarrien ikerketa, tradizionalki, konposizioan, egitura geometrikoan, elektroien disposizioa, eta abarretan egon da oinarrituta. 25 milioi ordu konputazioren ostean, gauza gehiago kontuan izan behar direla frogatu da. DIPCren Topology for every electronic band
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #403 appeared first on Zientzia Kaiera.
Asier Anabitarte: “Gune berdeek 11 eta 13 urteko gazteen arreta hobetzen laguntzen dute”
Gaztetatik irakatsi digute natura zaindu behar dela eta, esaterako, zuhaitzik gabe ezingo ginatekeela bizi. Beti esan ohi da berdeguneek gizakien bizitza hobetzen dutela. Beraz, eragina izango luke gure etxebizitzen alboan berdeguneak izatea? Nolakoa litzateke eragin hori?
Berdeguneen eta osasunaren arteko harremana oso estua da eta lau bide nagusietan ematen da. Lehena arintzeekin lotutakoa da, izan ere, mota honetako espazioek ingurumen faktore negatiboak arintzen dituztela dioten ikerketak daude. Bigarren bidea, estresa eta arretarekin lotutakoa da, gune berdeek alderdi hauek hobetzen dituztela ziurtatzen duten bi teoria garrantzitsu baitaude (Stress Reduction Theory eta Attention Restoration Theory). Beste ildoetako bat gaitasunen garapenarekin etorriko litzateke, hau da, ariketa fisikoa egitera bultzatzen duten guneak direnez giza-kohesioa indartzen laguntzen dute. Azkenengo bidea immunitate-sistemaren ingurukoa da, izan ere gorputzaren aspektu hau hobetzen duten tokiak ere badirela ondorioztatu da.
Gune berdeen inguruko ezaugarri zein onurak ezagutzeko, UPV/EHUko EANPsi ikerketa-taldeko Asier Anabitarte ikertzailearekin bildu gara.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Asier Anabitarte: “Gune berdeek 11 eta 13 urteko gazteen arreta hobetzen laguntzen dute” appeared first on Zientzia Kaiera.
Alfa-sinukleina proteina, Parkinsonaren diagnostikoan biomarkatzaile
Parkinson gaixotasuna nahasmendu neurodegeneratibo motore ohikoena da. Mundu mailan, 60 urtetik gorako biztanleriaren %1-2ri eragiten dio, eta 80 urtetik gorako biztanleen %4ri. Prebalentziak gora egiten du adinarekin, eta biztanleriaren zahartzearen ondorioz, datozen hamarkadetan nabarmen gorago egingo duela aurreikusten da.
Parkinson gaixotasunaren diagnostikoa irizpide klinikoetan oinarritzen da. Gorputz-adarren dardara edo moteltasuna bezalako sintoma motorrak agertzen direnean, gaixoek medikuarengana jotzen dute. Neurologo batek sintoma motorrak aztertzen eta neurtzen ditu, hala nola, atsedenaldiko dardara, mugimenduen moteltasuna, gorputz jarreraren ezegonkortasuna edo muskuluen zurruntasuna. Neurologoak sintoma hauen presentziaren, ezaugarrien eta graduaren arabera egingo du diagnostikoa. Hala ere, sintoma motorrak azaleratzen direnerako, garuneko substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da eta honek tratamenduen eraginkortasuna mugatzen du. Hori dela eta, Parkinsonaren terapeutika hobetu nahi bada, lehenik eta behin diagnostiko goiztiarra ahalbidetu dezaketen adierazle biologikoak edo biomarkatzaileak identifikatzea beharrezkoa da.

Parkinsonaren diagnostikorako ikertu diren biomarkatzaile hautagai guztien artean, alfa-sinukleina (α-sinukleina) proteina kontsideratzen da baliagarriena. Izan ere, Parkinsona duten gaixoen neuronetan proteina honen metaketa ematen da. Zorionez, α-sinukleinaren eta bere forma ezberdinen edo proteoformen mailak gorputzeko fluido desberdinetan neur daitezke. Likido zefalorrakideoa (LZR) izan da α-sinukleinaren maila neurtzeko hautazko biofluidoa ikerlan gehienetan. Ikerlan hauetan behatu da α-sinukleina totalaren maila murriztuta dagoela Parkinsona duten gaixoen LZRan kontrol osasuntsuekin alderatuta. Hala ere, α-sinukleina totalaren mailak LZRan zehaztasun diagnostiko txikia du eta, berez, ezin izango litzateke erabilgarritzat jo Parkinson gaixotasunaren diagnostikoan. Aldiz, gaixoen LZRan a-sinukleina fosforilatua eta oligomerikoa handituta daudela frogatu da. Nahiz eta oraindik ikerlan gutxi egin diren, badirudi proteoforma hauek modu espezifikoagoan areagotzen direla eta baliagarriak liratekeela diagnostikorako, baina ebidentzia gehiago behar da hauen potentziala baieztatzeko.
Azken urteotan, α-sinukleina eta bere proteoformen presentzia beste biofluido batzuetan ere aztertu da. Kontuan hartuta LZR biltzeko prozedura inbaditzailea dela, ez da egokia ingurune kliniko gehienetan eta modu errazago batean biltzen diren fluidoetan detektatzea izan da helburua. Hori dela eta, odol-plasma, listua eta malkoa bezalako biofluidoak ikertu dira. Biofluido hauetan lortutako emaitzak ere ez dira eztabaidaezinak izan, segur aski, nahasle-faktoreek eta prozedura analitikoen aldakortasunak duten eraginagatik. Hala ere, badirudi α-sinukleina fosforilatuaren maila handituta dagoela Parkinsona duten pazienteen plasman. Bestalde, listua biofluido erakargarria izan daiteke bere irisgarritasun eta homogeneotasunagatik, baina gaur egun existitzen den ebidentzia eskasa eta kontraesankorra da. Azkenik, Parkinson gaixotasunean malkoetan α-sinukleina oligomerikoa nabarmen handitzen dela frogatu da eta azken ikerketek, ultrasentikorra den entsegu bat erabiliz, frogatu dute α-sinukleina totalaren maila ere areagotuta dagoela.
Orain arte α-sinukleinaren neurketak muga tekniko anitz izan ditu, hala nola, hemoglobinaren kutsadura, teknika desberdinen arteko aldakortasuna edo teknika berdinen arteko errepikakortasuna. Azken urteotan sortutako tekniken bitartez, entseguen errepikakortasuna eta fidagarritasuna nabarmen areagotu da. Beraz, α-sinukleinak eta, batez ere, bere proteoforma fosforilatuak izan ditzaketen potentziala Parkinsonaren diagnostikoan hurrengo urteetan egiaztatzea espero da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 41
- Artikuluaren izena: Alfa-sinukleina biomarkatzaile gisa Parkinson gaixotasunaren diagnostikoan.
- Laburpena: Parkinson gaixotasuna ohiko gaixotasun neurodegeneratiboa da, patologikoki Lewy gorputzen presentziagatik eta neurona dopaminergikoen galera progresiboagatik bereizten dena. Gaur egun, Parkinson gaixotasunaren diagnostikoa irizpide klinikoetan oinarrituta dago; hau da, gorputz-adarren dardara, mugimenduen moteltasuna edo muskuluen gogortasuna bezalako sintoma motorrak agertzen direnean diagnostikatzen da. Hala ere, sintoma motorrak azaleratzen direnerako, mesentzefaloko neurona dopaminergikoen erdia baino gehiago galdu direla uste da. Gainera, Parkinsonaren diagnostiko klinikoa erronka bat denez, ohikoak dira diagnostiko okerrak. Horrek argi uzten du gaixotasunaren berariazko diagnostikorako biomarkatzaileak behar direla, batez ere fase goiztiarretan. Lewyren gorputzak aberatsak dira alfa-sinukleina (α-sinukleina) proteinatan, eta hauek funtsezko eginkizuna dute Parkinson gaixotasunaren patogenesian. Hori dela eta, α-sinukleina baliagarria izan daiteke Parkinsonaren biomarkatzaile gisa.
- Egileak: Ane Murueta-Goyena, Maider Zubelzu, Teresa Morera-Herreras
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 11-29
- DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22751
Ane Murueta-Goyena eta Teresa Morera-Herreras Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasunen Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak.
Maider Zubelzu UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Alfa-sinukleina proteina, Parkinsonaren diagnostikoan biomarkatzaile appeared first on Zientzia Kaiera.
Surflari ez profesionalen ezaugarriei so
Surfa egiteak eragina du ezaugarri antropometrikoetan, gaitasun fisikoan eta tekniko-taktikoan. Halaxe egiaztatu du Aitor Santisteban Jarduera fisiko eta kiroletan doktoreak bere ikerketan. Azterlan horren prozesu osoa eta emaitzak ezagutarazten ditu “Surf praktikatzen duten kirolari ez profesionalen ezaugarri morfologiko, fisiologiko eta teknikoak” hitzaldian.
Behin surflari ez profesionalen lagina hartuta, aztertu zen haien gorputzaren konposaketa, gaitasun aerobikoa, gaitasun esplosiboak eta anaerobikoak. Surflarietan gaitasunak bost eremutan sailkatu daitezke: gaitasun fisikoak, trebetasun teknikoak, gaitasun kognitiboak, gaitasun emozionalak eta gaitasun sozialak.
Esperientzia gehiago daukaten surflariek saio gehiago egiten dituztenak dira eta hauek potentzia gehiago lortzen dute eta maniobra kopuru handiagoa erabiltzen dute olatu bat hartzeko. Era berean, eskarmentu handieneko surflariek hobeto interpretatzen dute itsasoa, eta gutxiago igeri egiteko estrategiak bilatzen dituzte. Morfologia fisikoari dagokionez, gihar-masa handiagoa dute enborraren goiko aldean behealdean baino, eta, hala, forma mesomorfoa izaten dute, v formakoa.
Hitzaldia “Surfa eta Zientzia” programaren barruan antolatu zen 2022ko urtarrilean, itxuraz urrun dauden bi arloen arteko harremana erakusteko asmoz. Donostia Kulturaren ekimen honek Donostia International Physics Center (DIPC) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du eta Donostia, Zientzia Hiria egitasmoaren parte da.
The post Surflari ez profesionalen ezaugarriei so appeared first on Zientzia Kaiera.
Iraganaren lekukoak
Ziur filmen batean eta geologiari eta klimari buruzko albisteetan noizbait entzun duzuela zientzialariak izotzaren, sedimentuen edo arroken nukleoak aztertzen ari direla, eta gauza horiei buruzko jakin-mina piztu zaizuela. Hasteko, hemen ez diegu “nukleo” deitzen. Termino hori ingelesezko “core” hitzaren itzulpen literala da eta, hain zuzen, “nukleo” esan nahi du. Baina, euskaraz, tresna geologiko horiei zundaketaren lekuko deritzegu.

Zundaketa lurra zulatzeko metodo bat da; hau da, metalezko edo plastikozko hodi baten bidez zulo bat egiten da lurrean –berdin dio lehorrean, izotzean nahiz itsas hondoan den–, ur sakonetan zer dagoen jakiteko. Eta lekuko deritzo zundaketa egitean atera eta hodiaren barruan sartuta geratzen den materialari (izotza, sedimentua edo arroka).
Zundaketa lur-barrunbeak ezagutzekoZulatzeko metodoak hiru motatakoak izan daitezke. Batetik, perkusio bidezko zundaketa mekanikoak ditugu; halakoetan, lurra zeharkatzen da, zundaketa hodia toki oso garai batetik askatu eta grabitatearen indarra aprobetxatuz, edo behin eta berriz kolpekatuta finkatu eta lurperatuz. Bestalde, errotazio zundaketak daude. Haietan, zundaketa hodiari koroa izeneko mutur bat jartzen zaio; koroak diamantezko edo wolframezko aho ebakitzaile bat dauka, eta abiadura handian biratu dezake kanpoko motor bati esker. Hala, lurra haginka zeharkatzen du, konparazio txiki bat egitearren. Azkenik, hirugarren zundaketa mota aurreko bien nahasketa bat da; hau da, zundatzeko makina batzuek, hodia presio bidez lurperatzen duten heinean, bira eginez lurra hausten doan koroa horzdun bat daukate.
Zundaketa lekukoek balio zientifiko aparta dute. Eremu jakin batek azken ehunka, milaka eta, batzuetan, milioika urteetan izan duen bilakaera geologikoaren erregistro bat gordetzen dute barruan. Hain zuzen ere, gure oinen azpian egonik, halako zulaketen bidez soilik irits gaitezkeen eremuak dira, esaterako, izotz geruzak eta kaskoak eta itsas hondoa.

Antartikan eta Groenlandian, adibidez, izotz geruza ikaragarri lodiak aurki daitezke, ehun milaka urtean ur izoztua metatzen joan delako. Arreta handiagoz begiratzen badiogu, ikusiko dugu masa horiek gainjarritako hainbat izotz geruza mehek osatzen dituztela; hain zuzen ere, urte bateko prezipitazioak bata bestearen gainean dauden geruzotako bakoitza osatzen du. Gainera, izotz geruza bakoitza denbora kapsula bat da, zeinetan sortu den uneko atmosferaren ezaugarriak gorde diren. Hala, Antartikan eta Groenlandian ateratako izotz zundaketen lekukoak aztertuta, zenbait gasek –karbono dioxidoak (CO2) eta metanoak (CH4), kasu– denboran zehar izan dituzten aldakuntzak berreraiki ahal izan dira, baita azken 800.000 urteotan atmosferak izan duen tenperatura ere, urtez urteko zehaztasunaz.

Izotzari buruzko azterketa klimatikook itsas erregistroekin osatzen dira. Ozeanoko eremurik sakonenetan, sedimentu mehez (lohiak eta buztinak) osatutako geruzak pilatzen dira, eta ia ez dute aldaketarik izaten itsas hondoko korronteen ondorioz. Hortaz, izotz geruzekin gertatzen den moduan, sedimentu geruzok azken ehun milaka urteetako itsas historia jasotzen dute etengabe. Alabaina, ez dira izotzezkoak bezain zehatzak, eta sedimentuen erregistroak hamarkada bateko aldizkakotasuna du, oso gutxitan urtebetekoa.
Itsas sedimentuen zundaketa lekukoak lortzea ez da izotzeko zundaketen lekukoak lortzea bezain erraza. Azken horien kasuan, lekukoak jasotzeko ekipamenduak ontzi ozeanografikoetan eraman behar dira, ontziok benetako laborategi zientifiko flotatzaileak direlako, eta, itsas hondoa ukitzeko, ur zutabeak dituen ehunka eta milaka metroak egin behar dira beherantz. Hori egin ondoren, zundaketa makinak itsas hondoa zulatu behar du, eta zundaketa lekukoa ontzira itzul dadin lortu behar da, bidean galdu gabe. Baina lanok oso zailak diren arren, merezi dute. Itsas zundaketen lekukoekin lortutako sedimentua zehaztasunez aztertzen badugu, ur masen tenperaturaren, gazitasunaren, pH-aren eta abarren denborazko bariazioa zein izan den jakin dezakegu, eta aukera izango dugu korronte ozeanikoen zirkulazioan azken ehunka mila urteetan egon diren aldaketak ezagutzeko.

Izotzaren eta itsas sedimentuaren zundaketa lekukoen azterketa klimatikoak konbinatzea funtsezkoa izan da klima azken milurtekoetan nola aldatu den zehatz-mehatz ikusteko. Erregistrooi esker, gure planetaren aldakortasun klimatikoaren ideia orokor bat egin dezakegu, eta konparaziorako oinarritzat har daitezke edozein ingurunetan –kontinentala zein itsasokoa– paleoingurumenaren arloan gaur egun egindako edozein ikerketarako, esaterako, laku eta estuarioen sedimentuen zundaketa testiguen ikerketetarako. Munduko erregistroekin egindako konparazio horiei esker, xehetasun handiz identifikatu daitezke eremu geografiko mugatu batzuetan soilik eragin eta mundu mailan inpaktu klimatikorik izan ez zuten tokiko gertakari klimatikoak eta ingurumen baldintzak.
Iraganeko lekuko horiek izan ezean, ezinezkoa izango litzateke klima azken milurtekoetan nola aldatu den jakitea, eta hori funtsezkoa da gure hurbileko etorkizunean nola aldatuko den jakiteko, iristear denari aurrea hartu eta horretara egokitze aldera.
Informazio osagarria:- Los volcanes submarinos de Bizkaia y Gipuzkoa
- Un estudio paleoceanográfico apunta a que los ciclos naturales de cambio climático están siendo alterados
- Geología, Antropoceno y cambio climático
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
The post Iraganaren lekukoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Izokinen iparrorratza
Izokinak Bizkaiko Golkoaren hondorantz igeri egiten du. Arrasto guztien arabera, lurreko eremu magnetikoak gidatzen du, baina kostaldera hurbiltzean, Bidasoako uretatik datorren “usainak” markatzen dio bidea eta bere jaiolekua den ibaiaren bokaleraino eramaten du. Une horretatik aurrera, ez du orientatzeko beharrik: iritsi da. Ahalegin gorena egitea besterik ez zaio falta: ibaian gora igeri egin eta oztopoak gainditzea, harik eta legarrezko hondo batera iritsi eta arrautzak errun arte.

Seinale geomagnetikoak ehunka miliatan zehar orientatzen ditu izokinak. Ez dira lurreko eremu magnetikoa erabiliz orientatzeko eta nabigatzeko gai diren animalia bakarrak. Erleak, beste arrain batzuk, zenbait hegazti eta saguak, behintzat, gai dira, baina oraindik ez dakigu ziur zer mekanismok ahalbidetzen duen hori. Hipotesi onartuena da organulu zelular batzuek dituzten magnetita kristalen eta eremu magnetikoaren artean elkarreragina dagoela. Elkarreragin horren ondorioz, nerbio-seinaleak sortu eta igorriko lirateke, entzefaloan edo organo baliokide batean prozesatuko lirateke eta mugimendua gidatuko lukete. Hipotesi horren arabera, magnetita kristalak burdin mineraleko kristalen antzekoak dira eta bakterio magnetotaktiko batzuek –horrela deitzen diegu– sintetizatzen dituzte. Bakterioak, kristal horien bidez, eremu magnetikoko lineekin lerrokatzen dira, modu pasiboan, eta, hala, norabide berean mugitu daitezke.
MagnetitaMagnetita, izaki bizidunek sortzen duten propietate magnetikoko material bakarra, hiru erreinutan aurkitu da:
- bakterioen erreinuan (nukleorik eta barne konpartimentu konplexurik gabeko organismo zelulabakarrak dira),
- protistoen erreinuan (nukleoa eta barne konpartimentu konplexuak dituzten organismo zelulabakarrak),
- eta animalien erreinuan.
Kristal horiek magnetosomak osatzen dituzte –mintzez estalitako egitura linealak– eta horiek barra edo orratz biologiko imantatuen funtzioa betetzen dute. Aipatutako hiru izaki bizidun multzoek duten magnetosomen egitura orokorra oso antzekoa da. Organismoen barruan oso bolumen txikia betetzen duten arren, oso sentikorrak dira beren inguruneko hondoko eremu geomagnetikoaren gorabehera eta espazio aldaketa txikiekiko.
Usaimen zelula magnetikoakArgitaratu berria den ikerketa lan batean ikusi denez, izokinen usaimen epitelioko (beren usaimen organoa) zelulek magnetita kristalak dituzte, multzo trinkotan antolatuta. Oso adierazgarria da zelula horiek biltzen dituen egiturak biltzea usaimen informazioa ere; hau da, substantzia kimikoen bidez izokinei zehazki zein ibaitara doazen identifikatzea ahalbidetzen dien informazioa. Leku berean biltzen dira, beraz, haien jaiolekua den ibaira itzultzeko orientabidea ematen dieten egiturak –magnetorrezepzioaren bidez–, eta, ibaian gora abiatu ahal izateko, bokalearen kokapena zehaztea ahalbidetzen dietenak –kimiorrezepzioaren bidez–.
Usaimen zelula magnetikoetan magnetitaren ekoizpena kontrolatzen duten geneek eta mikroorganismo jakin batzuetan zeregin bera betetzen dutenek jatorri bera dute. Gene horietako hamaika animalia askok dituzte, eta, horietatik bederatzi, zelula anitzeko organismoen arbasoekin ahaidetuta dagoen arkeo multzo batek ere bai (nukleorik eta barne konpartimentu konplexurik gabeko organismo zelulabakarrak dira, baina bakterioak ez bezalakoak). Ikerketaren egileen arabera, magnetosomak bakterio multzo batean sortu ziren, duela bi mila-hiru mila milioi urte; duela mila milioi urte inguru, magnetosoma horietako batzuk lehen eukariotoen barrura sartu ziren (barne egitura konplexuak dituzten izaki zelulabakarrak); eta, azken horiek –arkeo multzo batetik eratorriak ziren– organismo multizelular konplexuak sortu zituzten, itsasoan loditzen denbora pixka bat eman ondoren beren sorleku den ibaira arrautzak errutera itzultzen diren izokinak kasu.
Erreferentzia bibliografikoa:Bellinger, M. Renee; Wei, Jiandong; Hartmann, Uwe; Cadiou, Hervé; Winklhofer, Michael eta Banks, Michael A. (2022). Conservation of magnetite biomineralization genes in all domains of life and implications for magnetic sensing. PNAS, 119 (3) e2108655119. DOI: 10.1073/pnas.2108655119
Egileaz:Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
The post Izokinen iparrorratza appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #396
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ane Portillo Blancok irabazi du dibulgazio-artikulu orokorraren saria aurtengo CAF-Elhuyar sariketan, “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia” lanarekin. Biokimika ikasi zuen Portillok, eta gradua amaituta bigarren hezkuntzako masterra egin zuen. Orain, tesia egiten ari da hezkuntza-ikerketan. Dibulgazioa ere asko interesatzen zaio, eta lagun batek eta berak “Lo que no subrayas” podcasta sortu zuten. Biozientziei buruzko podcast umoretsu bat da, bitxikerietan eta ikasketetan bazterrean geratzen diren kontuetan oinarrituta. Gainera, CAF-Elhuyar sarietan izan duen harrerak balio izango dio etorkizunean, agian horretan ere aritu daitekeela pentsatzeko.
Klima-aldaketaItsas mailaren igoeraren ondorioak neurtzeko tresna bat aurkeztu du AZTIk. Marlit proiektuaren barne sortu dute tresna, Lurraren berotzearen ondorioz kostaldeko herrietan sortutako arriskuei irtenbideak bilatzeko helburuarekin. Honela, olatuen parametroak eta horien talka neurtzeko tresnak sortu dituzte, bai eta talka horien indarra neurtzen duen sentsore bat eta olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak ere. Miarritzen, Bermeon, Donostia eta Zarautzen ari dira neurketak egiten. Behin olatuek egin ditzaketen kalteak kalkulatuta, horiek arintzeko neurriak diseinatzen jardun du taldeak. Jone Arruabarrenak azaldu du Berrian.
AntropologiaBegoñako hilerrian 5.000 gorpu topatzea espero du Aranzadik abendurako. Urte hasieran hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea Begoñako hilerrian indusketak egiten, udalak parke bat egin nahi baitu hilerriaren lekuan. Hasierako aurreikuspena 1.000 gorpu inguru aurkitzea zen, baina 2.926 topatu dituzte dagoeneko. Emaitza hauek ikusirik, ikertzaileek uste dute agian beste 2.100 gorpu gehiago egon daitezkeela. Anartz Ormaza Aranzadiko ikerketa-proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, uste zuten gorpuak bi geruzatan zeudela antolatuta, baina zenbait eremutan bost geruza aurkitu dituzte. Honek egin du uste baino gorpu gehiago aurkitzea.
OsasunaTximino baztangaren beste kasu bat azaldu da, kasu honetan, Donostian. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, gizon gipuzkoar bat da, eta Euskal Herritik kanpoko beste kasu batzuekin lotura epidemiologikoa du. Halere, aurreratu dute ez dagoela egoera larrian. Azalpen guztiak Berrian.
Lehentasunak zehaztu dituzte tximino-baztangaren Afrikatik kanpoko agerraldien ikerketan. 1970an jakin zen tximino-baztangaren birusak gizakiak infektatzen zituela, eta garai hartatik gaur egunera arte, ez da inoiz hainbeste jende kutsatu birusaren eremu endemikotik kanpo orain bezala (Afrika mendebaldea eta Kongoko arroila). Horregatik, ikertzaile-talde batek fenomenoa ikertzeko lehentasun zientifiko eta sozialak zehaztu dituzte. Lehenik eta behin, ikertzaileen ustetan, argitu beharko litzateke Europan lehendik ari ote zen hedatzen tximino-baztanga. Gainera, lehentasuna eman diote komunikazioa zaintzeari, bidezkoa izan dadin, eta ez estigmatizatzailea. Honetaz aparte, gaixotasuna pertsonetara nola iristen den ikertzeari ere garrantzia eman diote.
Eskoliosia bizkarrezurraren makurdura eta ornoen okerdura da, eta, batez ere, haurrei eta gazteei eragiten die. Izan ere, hauek hezurrak sortzeko, osatzeko eta heltzeko prozesuan daude. Bihurdura honen jatorriari buruzko bi teoria daude. Bataren arabera, orno bat edo batzuk, garatzean, kubo itxura izan beharrean, trapezoide itxura hartzen dute, eta gaineko ornoak okertzen eta bihurritzen hasten dira. Besteak dio ornoen arteko diskoa aldatzen dela, eta horrek ornoen arteko desoreka eragiten duela. Arazo honi ariketen eta kortseen bidez egiten zaio aurre gehienetan, baina kasurik larrienetan, kirurgia ere erabiltzen da. Jakes Goikoetxeak azaldu du Berrian: Ornoak sigi-sagan.
Surflariekin lotutako lesio bat da entzunbideko exostosia. Lesio hau zera da, ur hotzetan denbora luzez egoteak hantura eragiten du belarriaren barneko hodian, eta hezur suntsiketa mikroskopikoa sortu dezake. Ikerketek erakutsi dutenez, urarekin kontaktuan egoteak eragiten du exostosi izatea, eta ur hotzak azkartu egiten du agerraldi hori. Honela, surflarien % 80k exostosi-graduren bat izan dezake. Gai honen inguruan gehiago jakiteko, “Surfa eta Zientzia” programaren barruan antolatutako hitzaldia ikus daiteke, eta Zientzia Kaieran dago eskuragarri.
BiologiaBerrian irakur daitekeenez, munduko landarerik handiena aurkitu dute Australian. 2.000 kilometro karratuko azalera estaltzen du eta 4.500 urte ditu. Posidonia australis du izena landareak, eta urtez urte 35 bat zentimetro hazten da, batez beste. UWA Mendebaldeko Australiako Unibertsitateko ikertzaileek azaldu dutenez, itsasoko belardietan dauden 200 kilometro karratuak landare kolonizatzaile bakar batetik hedatu direla dirudi. Gainera, erresistentzia handiko landarea dirudi, tenperatura, gazitasun eta muturreko argi baldintza askotarikoetan bizi behar izan baitu hainbeste ahazteko.
Armiarma klase berri bat topatu dute Nafarroan, Bardeetan, zehazki. Gabriel de Biurrun biologo iruindarrak egin du aurkikuntza eta Liocranidae agroeca istia izena jarri zaio. Bi sexutako 21 banako aztertuta deskribatu du espezie berria. Gainera, bildutako informazioa mapen bidez erakusten duen erreminta bat ere sortu du sarean armiarmazaleentzat, eta makrofotografia sistema bat ere ondu du ikerlariak. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian kontsultatu daiteke.
Beleak munduan zehar erabat zabalduta daude. Ikertzaile talde batek korbidoen historia ebolutiboan arakatu dute arrakasta honen zergatia ulertzeko, eta, ikusi dutenez, munduan zabaldu baino lehen, beleek hiru ezaugarri garrantzitsu eskuratu zituzten: gorputz handiagoak, hegal luzeak eta garun tamaina handiak gainerako gorputzarekiko. Jakina da korbidoak hegazti oso argiak direla. Besteak beste, txinpantzeen antzera, janaria eskuratzeko makilatxoak erabiltzeko gai dira, eta laborategian problemak jartzen zaizkienean, bele batzuek izugarrizko gaitasunak erakutsi dituzte. Gainera, beleen kasuan, mokoetan forma berriak garatzea oso lagungarria izan zitzaielako ideia dute ikertzaileek. Azalpenak Zientzia Kaieran: Beleen inperioaren arrakastaren gakoak.
Europako hegaztien migrazioen online atlasa sortu du EURING erakundeak. Bertan, Europan habia egiten duten 300 hegazti-espezieren migrazio-ibilbideak eta mugimenduak kontsulta daitezke online. Lan aitzindaria da Europa mailan, ez baitago hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio hain zehatzarekin aldera daitekeen ekimenik. Gainera, Atlas hau egiteko datuak eman dituzten bulegoen artean, Aranzadiko Eraztun Bulegoa dago. Migrazio-bidaiez eta birharrapaketez gain, hegazti espezie bakoitzerako egindako fitxak ere kontsulta daitezke. Fitxa bakoitzak Europako populazioen egoerari, joerei eta mehatxu-kategoriei buruzko informazioa jasotzen du. Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.
AstronomiaBizigaia izan daitekeen biomolekulen sintesirako lehen pausoa zein den argitu dute espazioko hauts kosmikoa ikertuta. Astronomiako Max Planck Institutuko ikertzaileek egin dute ikerketa, eta espazioko baldintzak laborategian errepikatzen saiatuz, peptidoen sintesi kosmikoari azalpena eman diote. Proposamen berri honen arabera, peptidoen sintesi prebiotikoan aminoazidoak sintetizatu eta polimerizatu ordez, zuzenean aminozetena sintetizatzen da, eta hortik abiatuz sintetizatzen diren peptidoak. Peptidoek funtsezko papera dute bizitzaren jatorrian eta, beraz, peptidoak Lurrera nola iritsi ziren azaltzeko bideak bizitzaren jatorria argitzen lagundu dezakete. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
TeknologiaMunduan ekoitzitako hidrogenoaren % 90-95 inguru metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzetik lortzen da. Prozesu hau modu industrialean urrats hauetan banatuta egon ohi da: gas naturalaren garbiketa, beroketa-prozesua, labe erreformatzailea, ur-lurrunaren bihurketa eta hidrogenoaren bereizketa. Prozesuko elementurik garrantzitsuena labe erreformatzailea da, zeina bi eskualdetan banatuta dagoen: erreaktorea eta errekuntza-ganbara. Erreaktorean, ur-lurrun bidezko erreformatze katalitikoa gertatzen da, tenperatura eta presio altuak erabiliz. Errekuntza-ganbaran berriz, erreakzio katalitikorako beharrezkoa den energia lortzen da errekuntza-prozesu baten bidez. Normalean, erreformatze-prozesuaren amaieran, metanoaren bihurketa % 74-85 artean egon ohi da, eta purutasun handiko hidrogenoa lortzeko, hidrogenoaren bereizketa egiten da. Azalpenak Zientzia Kaieran: Metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea, hidrogenoa lortzeko.
Egileaz:Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #396 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #402
Errudun ideala dira bideo-jokoak. Hainbat konturen errua dute: hasi bortxakeriatik eta obesitateraino, eskola-errendimendu baxua barne. Ikerketek baina, ez daude oso ados: Video games: study suggests they boost intelligence in children, Torkel Klingberg eta Bruno Sauce.
Artizarra al da Lurraren etorkizuna? Sumendiak direla eta, akaso? How Venus went rogue and what that might mean for Earth
Oso aplikazio interesgarriak dituzte nanohariak. Existitzen diren ordenatuenak aztertu dituzte DIPCn: Ideal furan and thiophene nanothreads
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #402 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ane Portillo, hezkuntza-ikertzailea: “Ikerketatik gehien gustatzen zaidana sorkuntzaren alderdia da”
Ane Portillo Blancok irabazi du dibulgazio-artikulu orokorraren saria aurtengo CAF-Elhuyar sariketan, lan honekin: “Emakumeen libidoaren heriotza: epaiketa garaia”. Pozik hartu ditu epaimahaiaren erabakia, eta horren harira komunikabideek eman dioten arreta. Gustura kontatu du, beraz, nola iritsi den horraino.
Haren arabera, txikitan argi zuen irakasle izan nahi zuela, baina etxean oso zientziazaleak ziren: “Esperimentuak egiten genituen etxean, ahizpak geologia ikasi zuen… Hortaz, zientzia beti izan dut inguruan eta betidanik gustatu izan zait. Gainera, trebea nintzen horretan. Horregatik, batxilergo zientifikoa egin nuen, biologiaren aldetik, teknologia ez baitzait gehiegi gustatzen. DBH4an biokimikako edukiak sartzen hasten dira: zelula, mitosia… eta batxilergoan gehiago sakontzen dira gai horiek. Niri asko gustatzen zitzaizkidan, eta UPV/EHUko ate irekietan biokimikako irakasle batekin hitz egin nuen. Sartzeko nota oso altua zen, baina, ezin banuen, hor neukan irakaskuntza ikasteko aukera ere”.

Biokimikan sartzea lortu zuen, eta, aitortu duenez, asko gozatu du. “Gauza da ez dudala nire burua laborategian ikusten. Praktikak egin nituen medikuntzako laborategi batean bi udatan, eta gradu amaierako lana ere han egin nuen; eta interesgarria iruditzen zait, baina ez da niretzako. Irakaskuntza nahiago nuen; hortaz, gradua amaitu nuenean bigarren hezkuntzako masterra egin nuen, UPV/EHUn hori ere, eta amaierako lanaren nire zuzendariak kontratu bat eskaini zidan. Urtebeteko kontratu bat zen, ikertzeko, eta, hura egitean, kateatuta geratu nintzen”.
Hainbeste, ezen orain tesia egiten ari baita, proiektuen diseinuaz, DBH eta batxilergorako. “Gehien gustatzen zaidana sorkuntzaren alderdia da, irudimena erabiltzea”. Bestalde, biokimika ikasten ari zela, ez zekien hezkuntzan ere ikerketa egiten zenik. “Beraz, kontratuarekin taldean lanean hasi nintzenean, beste mundu bat zabaldu zitzaidan, eta ni gogotsu sartu naiz”, onartu du Portillok. Nolabait, hasieratik zituen bi zaletasunak edo bokazioak bateratu ditu: zientzia eta hezkuntza.
Zientzia, hezkuntza eta dibulgazioaEtorkizunean, ikerketan jarraitu nahiko luke. Oraingoz, doktoretza-beka du, eta, gero ere, badaki ikerketan jarraitzeak beka bat bestearen atzetik bilatzea dakarrela. “Baina ikerketa amaitzen bada, poz-pozik joango naiz irakaskuntzara”. Gainera, COVID-19a dela eta, ez zuen masterra amaitzeko praktikak egiterik izan; beraz, badu ikasleekin egoteko eta ikasitakoa praktikan jartzeko gogoa. “Oraindik hiru urte ditut aurretik, baina, bi aukeretatik edozein gustura hartuko dut”.
Halaber, dibulgazioak ere asko asebetetzen du. Graduan zebilenean ere ikasten zuena kontatzea gustatzen zitzaion. “Hain polita iruditzen zitzaidan, nahi nion jendeari azaldu. Neurri batean, uste dut oso lotuta dagoela irakasle-senarekin. Eta itxialdian egon ginenean, zer egin nezakeen pentsatzen aritu nintzen, eta dibulgazio-ikastaro bat egitea erabaki genuen Aitziberrek [Velado Eguskiza] eta biok”.
Hortik sortu zen bien artean egiten duten podcasta: “Lo que no subrayas” (Azpimarratzen ez duzuna). Azaldu duenez, biozientziei buruzko podcast umoretsu bat da, bitxikerietan eta ikasketetan bazterrean geratzen diren kontuetan oinarritua. “Biok tesia egiten ari garenez, zaila egiten zaigu denbora topatzea, baina oso gustura egiten dugu”.
Denbora hartzea zaila bazaio ere, lortu du CAF-Elhuyar sarietarako artikulu bat idaztea ere. Ahaleginak ordaina izan du, saria irabazi baitu, eta, gainera, idazten asko gozatu zuela adierazi du: “Gaia bururatu zitzaidanetik, ezin izan nion horretan pentsatzeari utzi, eta ikaragarri gozatu dut prozesu osoan. Gainera, ilustrazioen egilea, Miren Biotz Goiriena Barrena, txikitako laguna dut, eta artikuluak aukera eman dit berekin harremanetan jartzeko, ideiak trukatzeko eta elkarrekin lan egiteko. Eta orain paperean argitaratuta ikustea, eta jendearen interesa piztu duela jakitea, ikaragarria izan da”.
Hala, saria bultzada bat izan da dibulgazioan jarraitzeko, eta, etorkizunean, agian horretan ere aritu daitekeela pentsatzeko. “Antza, ez dut hain gaizki egiten, eta gustuko dut. Beraz, zergatik ez!”.
Fitxa biografikoa:Ane Portillo Blanco 1997an jaio zen, Berangon (Bizkaia). UPV/EHUn Biokimika eta Biologia Molekularra ikasi ondoren, irakaskuntza masterra egin zuen eta geroztik hezkuntza-ikerketan jarraitu du bidea. Doktoretza hasi berri du STEAM proiektuen sorkuntzan bigarren hezkuntzarako eta, aldi berean, zientzia-dibulgazioan murgildu da “Lo que no subrayas” proiektuaren bidez.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Ane Portillo, hezkuntza-ikertzailea: “Ikerketatik gehien gustatzen zaidana sorkuntzaren alderdia da” appeared first on Zientzia Kaiera.
Metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea, hidrogenoa lortzeko
Hurrengo urteetan aldaketa garrantzitsuak gertatuko dira energiarekin loturiko sektorean, eta gizartean oro har. Izan ere, Europa Batasunak 2050erako karbono neutraltasuna lortu nahi du. Are gehiago, Parisko akordioaren helburuak ere indarrean ezarri nahi ditu. Hori dela eta, Europa Batasunak Hidrogenoaren Europako Estrategia diseinatu du, eta hemendik aurrera, hidrogenoa funtsezko elementu gisa hartuko du. Beraz, hidrogenoa gero eta garrantzia handiagoa duen energia-iturria izango da.
Hurrengo hamarkadetan, hidrogeno-eskaera urtero % 5-10 inguruko hazkuntza izatea espero da. Hidrogenoa ekoizteko metodoei helduz, erreformatze katalitikoa da gaur egun erabiliena. Izan ere, munduan ekoitzitako hidrogenoaren % 90-95 inguru metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzetik lortzen da.
Ur-lurrun bidezko erreformatzeaMetanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea ondo finkatutako teknologia da. Prozesu industriala urrats hauetan banatuta egon ohi da: gas naturalaren garbiketa, beroketa-prozesua, labe erreformatzailea, ur-lurrunaren bihurketa eta hidrogenoaren bereizketa.

Gas naturalaren garbiketa edota desulfurizazioa, gas naturalari sufredun konposatu organikoak eta kloroa kentzean datza. Bestalde, beroketa-prozesuan lehengaiak berotzen dira, eta, horretarako, labe erreformatzailea baliatzen da.
Prozesuko elementurik garrantzitsuena labe erreformatzailea da, zeina bi eskualdetan banatuta dagoen: erreaktorea eta errekuntza-ganbara. Bi eskualdeak nikel-burdin-kromo aleaziozko hodien bitartez banatuta daude. Erreaktorean, hodien barruan, ur-lurrun bidezko erreformatze katalitikoa gertatzen da, tenperatura eta presio altuak erabiliz. Errekuntza-ganbaran erreakzio katalitikorako beharrezkoa den energia lortzen da errekuntza-prozesu baten bidez.

Labe erreformatzailean lortzen den sintesi-gasean hidrogenoaren bihurketa-proportzioa handitu daiteke ur-lurrunaren bihurketa prozesuaren bidez. Horretarako, karbono monoxidoa eta ura erabiltzen dira hidrogenoa eta karbono dioxidoa erdiesteko. Halaber, purutasun handiko hidrogenoa lortzeko, hidrogenoaren bereizketa egiten da. Bertan, hidrogenoa purifikatzeaz aparte, erreakzionatu gabeko gasak birziklatzeko aukera dago. Normalean, erreformatze-prozesuaren amaieran, metanoaren bihurketa % 74-85 artean egon ohi da.
Hodi erreformatzaileen barruan katalizatzaileak daude. Izan ere, katalizatzaile horiek dira C-C eta C-H loturak apurtzen dituztenak. Industrian nikelarekin dopatutako katalizatzaileak erabili ohi dira, merkeak eta oso selektiboak baitira. Katalizatzaile horiek aluminaz edo magnesio aluminaz egindako pelleten gainazalean kokatzen dira.

Metanoaren erreformatze katalitikoaren arazoetariko bat kokearen sorrera da, zeina katalizatzailearen gainean ezartzen den. Horrek, katalizatzailearen desaktibazioa dakar, erreakzio katalitikoaren eraginkortasuna txikituz. Halaber, hodi erreformatzaileen barneko azalean ere kokea sor daiteke, labearen errendimendua gutxituz. Izan ere, bero-transferentziaren aurrean dagoen erresistentzia areagotzen da. Hori ekiditeko, labe erreformatzaileak lan-baldintza mugatuetan lan egin behar du.
Erreformatze-prozesuan gertatzen diren erreakzio gehienak endotermikoak dira, eta beharrezkoa den energia hori errekuntza-ganbararen bidez lortzen da. Gehien erabiltzen den erregaia gas-naturala da, eta energia handia ekoizten da errekuntzaren bidez. Industrian, labe-konfigurazio hauek erabili ohi dira: horma erradiatzaileduna, goitik berotutakoa, behetik berotutakoa eta terraza-hormakoa. Aipatutako konfigurazio bakoitzak tenperatura eta bero-fluxuaren berezko profila du labearen barruan.

Findegietako labeak energia-kontsumitzaile handienetarikoak dira industria-kimikoan. Ondorioz, nahitaezkoa da bero-trukaketaren prozesua era eraginkorrean gertatzea. Era horretan, energia-kontsumoa eta negutegi-efektuko gasen igorpena murrizten baitira. Beraz, labeen diseinua eta funtzionamendua optimizatzea funtsezkoa da. Halaber, berotegi-efektuko gasen igorpena murrizteko, gas horiek hidrogenoaren bereizketan harrapa daitezke. Hala ere, teknologia hori ez dago industrian oso zabalduta eta eguratsera bota ohi dira.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 41
- Artikuluaren izena: Gaur egungo hidrogeno-ekoizpena: metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea
- Laburpena: Gure gizartean, gero eta garrantzi handiagoa duen energia-iturria da hidrogenoa. Ekoizpen-teknika guztien artean, metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea da erabiliena. Prozesua honako urrats hauetan oinarritzen da: gas naturalaren garbiketa, beroketa-prozesua, labe erreformatzailea, ur-lurrunaren bihurketa eta hidrogenoaren bereizketa; horien artean, labe erreformatzailea da elementurik garrantzitsuena. Dena den, teknika honek hainbat erronka ditu, isuritako CO2-ari, katalizatzaileen diseinuari eta energia-kontsumoari lotutakoak. Dokumentu honetan, metanoaren lurrun-bidezko erreformatze-prozesuaren deskribapen orokorra aurkezten da, errekuntza-ganberaren, katalizatzaileen, eraginkortasun termikoaren eta labe erreformatzailearen modelizazioaren nondik norakoak azalduz.
- Egileak: Ane Gondra, Maialen Araneta, Jose Miguel Campillo-Robles
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 253-273
- DOI: 10.1387/ekaia.22379
Ane Gondra eta Jose Miguel Campillo Robles UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak dira. Maialen Araneta Industria Diseinuko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Metanoaren ur-lurrun bidezko erreformatzea, hidrogenoa lortzeko appeared first on Zientzia Kaiera.
Kantauri itsasoko ur hotza, surflarion etsai nagusia
Gero eta surf gehiago praktikatzen da, eta suposatu behar da hazkunde hori areagotuko dela, 2020ko Olinpiar Jokoetan olinpiar kirola izendatu ostean. Kirol hau medikuntzarekin azkar erlazionatu behar badugu, hanturak, tortsioak, zauriak edo kontusioak etor daitezke burura. Baina bada surfarekin lotutako beste lesio bat, ez dena hain ezaguna: entzunbideko exostosia. Gaitz hori buruz jorratzen du Julen Ucinek, kirol medikuntzako mediku espezialista eta Euskaltel-Euskadi ProCycling Team taldeko medikuak, bere hitzaldian “Kantauri itsasoko ur hotza, surflarion etsai nagusia”.
Ur hotzetan egoteak hantura eragiten du belarriaren barneko hodian, hezur suntsiketa mikroskopikoa sortuz. Horrek hezurra berriz hastea tapoi moduan babesteko helburuarekin gauzatzen du. Exostosia garatzeko arrisku-faktoreak ur hotza (19ºtik behera), aire hotza, baina batez ere ur hotzaren barruan ematen den denbora dira. Ikerketek erakutsi dutenez, urarekin kontaktuan egoteak eragiten du exostosi izatea; ur hotzak azkartu egiten du agerraldi hori.
Hezur-hazkunde onbera gradu ezberdinetan ematen da, entzunbidea zenbat ixten duenaren arabera sailkatzen. Ikerketen arabera, surflarien % 80k exostosi-graduren bat izan dezake. Gradu baxuenak asintomatikoak direnez, ez dira konturatzen. Nabarituz gero, normalean uretarik ateratzerakoan belarrian ura dagoen sentsazioa, belarriko mina, otitisa… ematen dira. Kasu larrienetan entzumen-galera gradu ezberdinetan eragiten du.
Soilik kasu larrienak tratatzen dira kirurgiaren bidez. Garrantzitsuena prebentzio neurriak hartzea da: ur barruan egotean tapoiak erabiltzea, ura eta barne-entzumenaren arteko kontaktua ekiditeko.
Hitzaldia “Surfa eta Zientzia” programaren barruan antolatu zen 2022ko urtarrilean, itxuraz urrun dauden bi arloen arteko harremana erakusteko asmoz. Donostia Kulturaren ekimen honek Donostia International Physics Center (DIPC) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza izan du eta Donostia, Zientzia Hiria egitasmoaren parte da.
The post Kantauri itsasoko ur hotza, surflarion etsai nagusia appeared first on Zientzia Kaiera.
Izarren hautsa egun batean…
Izarren hautsa egun batean, bilakatu zen peptido. Antzeko zerbait frogatu berri dute behintzat Astronomiako Max Planck Institutuko ikertzaileek. Izarren hautsa bera agian ez, baina, espazioko hauts kosmikoan bizigaia izan daitekeen biomolekulen sintesirako lehen pausoa zein den argitu dute. Espazioko baldintzak laborategian errepikatzen saiatuz, peptidoen sintesi kosmikoari azalpena eman diote.

Alemaniako ikertzaile talde batek espazioan aminoazidoak elkartuz peptidoak sortzeko mekanismoa zein izan daitekeen azaldu du. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, peptidoen sorkuntza ohikoa ez den erreakzio kimiko bati esker izan daiteke. Mekanismo hori bizitzaren jatorria azaltzeko gakoetako bat izan daiteke; izan ere, Krasnokutski eta bere lankideek espazioko baldintzetan dagoen hautsean peptidoak sor daitezkeela frogatu dute eta sintesi horren zehaztasunak deskribatu dituzte.
Peptidoak molekula nahiko konplexuak dira, aminoazidoz osatuta daudenak. Era berean, peptidoak biomolekula konplexuagoen oinarrizko unitateak dira. Tenperatura oso baxuan eta hauts kosmikoak dituen baldintzetan peptidoak sortzeko mekanismo kimikoak badu, hortaz, garrantzia. Hipotesi horren arabera, peptidoak espazioan sortu ziren eta gero iritsi ziren Lurrera, bizitza ahalbidetuz.
Bizitzaren jatorria Gizateriaren historiako galdera erakargarrienetakoa izan da eta biomolekulak asteroide, meteorito edo kometen bidez Lurrera iritsi zirela duela hainbat urte proposatutako ideia da. Esaterako, aminoazidorik sinpleena, glizina, kometetan aurkitu da. Hipotesi horren arabera, molekula organikoak hauts kosmikoan dauden partikulen gainazaleko izotz geruzan sintetizatzen dira. Gero, hautsak asteroideak eta kometak sorrarazten ditu eta bertan harrapatuta gelditzen dira sortutako molekula organikoak. Baldintza horietan aminoazidoak eta aminoazidoen dimeroak sintetizatzea posible dela ezaguna zen, baina, Astronomiako Max Planck Institutuko ikertzaileek biopolimeroen -alegia, peptido konplexuen- sintesia ere posible dela frogatu berri dute.
Oro har, peptidoen sintesi prebiotikoa -izaki bizidunen parte hartzerik gabekoa- bi pausotan gertatzen dela pentsatzen da. Lehenik eta behin aminoazidoak sintetizatzen dira eta, jarraian, aminoazidoak polimerizatu egiten dira, haien artean elkartuz. Polimerizazio horrek energia-langa handia du eta, ikertzaileen arabera, zaila litzateke hori tenperatura baxuan gertatzea. Horrexegatik, aipatutako prozesua oso inprobablea da.
Krasnokutski eta bere lankideen proposamenean, aminoazidoak sintetizatu eta polimerizatu ordez, zuzenean aminozetena sintetizatzen da eta hortik abiatuz sintetizatzen diren peptidoak, espazioko baldintzetan eta energia-langa baxuko prozesu baten bitartez. Mekanismo horren bitartez, poliglizinaren sintesia bide sinpleago eta probableago baten bidez azaldu daiteke. Ikertzaileek mekanismo horren aldeko frogak egin zituzten, silizio eta potasio bromurozko substratuak, 10 K-eko tenperatura eta espazioko hutsunepeko baldintzak erabiliz. Abiapuntu gisa karbonoa, karbono monoxidoa eta amonikoa erabili zituzten. Baldintza horiek, ikertzaileen aburuz, espazioko baldintzen antzekoak dira.
Ikerketa honetan erabilitako erreaktiboak espazioan ugarienak diren elementu eta konposatuak dira eta, horrexegatik, esperimentuaren baldintzak egokiak direla azpimarratzen dute ikertzaileek. Are gehiago, espazioan karbonoaren, karbono monoxidoaren eta amoniakoren arteko erreakzioak gertatzen direla jakina da. Espazioko hauts horretatik abiatuz kometak eta meteoritoak sortzen direnean, gainera, babestuta geldituko lirateke eta posible litzake espazioan zehar bidaiatzea. Sortutako konposatuen egonkortasuna arazo handienetako bat da; izan ere, X izpiak eta fotoi ultramoreak nonahi daude espazioko hainbat eremutan.
Peptidoek funtsezko papera dute bizitzaren jatorrian eta, beraz, peptidoak Lurrera nola iritsi ziren azaltzeko bideak bizitzaren jatorria argitzen lagundu dezakete. Bizitzaren jatorriaren pausoetako bat bakarrik azaltzen saiatu diren arren, pauso guztiek behar dute azalpena eta orain, bat gutxiago gelditu liteke azaltzeko.
Informazio gehiago:- Saplakoglu, Y. (2022). Peptides on stardust may have provided a shortcut to life, Wired, 2022ko apirilaren 3a.
- Fischer, L. (2022). Hallan un mecanismo para la formación de péptidos en el espacio, Investigación y Ciencia, 2022ko otsailak 21.
Krasnokutski, S.A., Chuang, K.-J., Jäger, C., Ueberschaar, N., Henning, Th. (2022). A pathway to peptides in space through the condensation of atomic carbon, Nature Astronomy, 6, 381-386. DOI: 10.1038/s41550-021-01577-9
Egileaz:Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
The post Izarren hautsa egun batean… appeared first on Zientzia Kaiera.
Beleen inperioaren arrakastaren gakoak
Beleak gai izan dira munduan zehar luze eta zabal hedatzeko, klima eta habitatak edozein direla ere. Ikertzaile talde batek hiru ezaugarriri egotzi die arrakasta hau: beste korbidoekiko handiagoak dira, hegal luzeagoak dituzte eta baita garun tamaina egokia ere.
Jennifer Ackermannen The Genius of Birds liburuaren azalean, nazioarteko edizio gehienetan, Kaliforniako eskinoso (Aphelocoma californica) eder bat azaltzen da. Espezieak ez du azalean ateratzeko eskubidea irabazi edertasun soilean oinarrituta. Liburuan azaltzen denez, hegazti oso trebeak dira, bereziki janaria ezkutatzeko eta berreskuratzeko unean.
Baina hegaztien talentuari eskainitako liburu horretan, beleak dira gehien jorratzen direnak. Ideiaren bat egiteko, azaleko espezie protagonista 50 aldiz aipatzen da testuan. Loroak, 55 aldiz. Kurloiak, 123 aldiz. Beleei, berriz, 299 aldiz egiten zaie erreferentzia. Bereziki, Kaledonia Berriko belearen (Corvus moneduloides) trebeziak harritzekoak dira. Besteak beste, txinpantzeen antzera, janaria eskuratzeko makilatxoak erabiltzeko gai dira —horiek manipulatzen ere ikusi zaie—, eta laborategian problemak jartzen zaizkienean, bele batzuek izugarrizko gaitasunak erakutsi dituzte.

Halere, seguru aski duten lumadi beltz monokromatikoa dela eta, normalean beleak ez dira liburuen azaletan agertzen, krimenak lantzen dituzten eleberrietako osagarri ez baldin badira. Sarritan heriotzarekin lotzen ditugu. Eta Biblian aipatzen den lehen hegaztia izanik ere, kontakizunean ez da ondo ateratzen: uholdearen erdian arkan gogaituta zegoenean, Noek bele bat bidali zuen, gaur egungo drone esploratzaile bat balitz bezala. Baina ez zen bueltatu. Ondoren bidalitako uso batek, berriz, zintzo-zintzo ekarri zuen olibondo baten adaxka.
Seguruenera Biblian aipatutako lehen bele hori munduaren beste aldera abiatu zen, lurralde berrien bila. Izan ere, hegazti horiek barra-barra hedatuta daude munduan. Ikertzaile talde batek arrakasta horren zergatia arakatzeari ekin dio. Ohi bezala, behin betiko erantzunik ez dute aurkitu, baina bai zantzu indartsuak. Korbidoen historia ebolutiboan arakatu dute, eta, ikusi dutenez, munduan zabaldu baino lehen, beleek hiru ezaugarri garrantzitsu eskuratu zituzten: gorputz handiagoak, hegal luzeak eta garun tamaina handiak gainerako gorputzarekiko. Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa artikulu batean eman dituzte xehetasunak.
Ikerketa horretan metodologia eta datu base andana erabili dituzte. Batetik, erreparatu diote korbidoen banaketari, bai eta lurralde horietan dauden ezaugarri klimatikoei ere. Bestetik, arakatu dute hegazti hauen filogenian; hau da, —eta asko sinplifikatuz—, espezie hauen zuhaitz genealogikoa aztertu dute. Azkenik, beleen gaineko ezaugarri morfologikoak ere aztertu dituzte, 90 espezieren baino gehiagoren gaineko neurketak eginez.
Corvidae familia iturburuAlderaketa egiteko Corvidae familia osoa aintzat hartu dute. Berez, hau da munduan gehien zabaldua dagoen hegazti familia. Beleak biltzeaz gain, eskinosoak, mikak, eta horrelakoak sartzen dira sailkapenean. Baina, familia horretan, beleak Corvus generoaren barruan daude. Eta, ikusi dutenez, genero hau da arrakasta gehien izan duena, mundu mailako banaketari dagokionez bederen. Datuetan oinarritu dira esateko horiek direla, hain zuzen, eboluzio eta espeziazio tasa altuenak izan dituztenak.
Teknikoki, beleen erradiazio adaptatiboa da aztergai izan duten faktore nagusia. Ez dira ohiko erradiazio fisikoaz ari, noski, biologoek eta, bereziki, ekologoek erabiltzen duten beste kontzeptu baten inguruan baizik. Testuan bertan zehaztu dutenez, planetaren zati handiak kolonizatzea ahalbidetzen duten dibertsifikazio ebolutibo azkarrak dira erradiazioak. Hau da, luze eta zabal hedatzeko aukera ematen duten egokitzapenak.

Baina Erdi Aroko bikingoek edota inperio gehienetako agintariek ondotxo dakiten moduan, lurraldean barreiatzea ez da nahikoa. Zailena da, gehienetan,lurralde horiei eustea. Bertan biziraun eta mantentzea, hain justu. Eta horixe bera lortu dute beleek.
Beste korbidoekin alderatuz, zientzialariek ikusi dute beleek hegal luzeagoak, gorputz handiagoak eta garunen tamaina erlatibo handiagoa ―hau da, gorputz masaren eta garunaren arteko proportzioa— dituztela, eta horiek jo dituzte, hain justu, arrakastaren arrazoiaren oinarritzat.
“Oso komenigarriak izan zaizkien hiru ezaugarriren konbinazio hauek mundu osoa kolonizatu eta bertan dibertsifikatzeko bidea eman zietelako hipotesia dugu”, azaldu du Joan Garcia-Porta ikertzaileak prentsa ohar batean.
Hegal luzeagoek hegan egiteko aukera gehiago izatea suposatu dute. Garunen tamaina erlatibo handiagoari esker, hegazti hauen arbasoek adimen gehiago izan zuten, ingurune berrietara egokitu eta bertan moldatzeko aukerak handituz. Gorputzaren tamainari dagokionez, espezie txikiagoen aurrean abantaila konpetitiboa izan zutela argudiatu dute.
Beleak kolonizatzaile arrakastatsuakKalkulatu dute Corvidae familia duela 18-22 milioi urte artean hasi zela bereizten, eta beleak duela 10 milioi urte inguru hasi zirela lurralde berrietara egokitzen. Artikuluan zehaztu dutenez, beleek beste korbidoek okupatutako lurralde gehienak kolonizatu zituzten, baina ia %30 handitu zuten lurralde berrien azalera. Besteak beste, Australasia, Afrika, Madagaskar eta Arabiar penintsula kolonizatu zituzten. Lur berri hauetan ingurune beroagoak, hezeagoak eta lehorragoak aurkitu zituzten.
“Ingurune berri hauek sarritan organismo baten fenotipoan doiketak faboratzen dituzte, biziraupena eta errendimendu orokorraren mesedean”, erantsi du Carlos Botero biologoak. Beleen kasuan, mokoetan forma berriak garatzea oso lagungarria izan zitzaielako ideia dute ikertzaileek. Hegazti bat izanda, ez da zaila pentsatzea janariak eskuratzeko eta manipulatzeko moko egokiak izatea garrantzi handikoa dela.
“Badirudi hegazti hauen biziraupenerako beren portaeraren malgutasun harrigarria funtsezkoa izan zela hasieran. Bertan mantendu ziren debora nahikoaz hautespenak bere lana egin eta prozesuan espezie berriak sor zitezen”, laburbildu dute ikertzaileek.
Erreferentzia bibliografikoa:Garcia-Porta, J., Sol, D., Pennell, M. et al. (2022). Niche expansion and adaptive divergence in the global radiation of crows and ravens. Nature Communications, 13, 2086. DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-29707-5
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Beleen inperioaren arrakastaren gakoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #395
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
María Arnaiz gasteiztarra Ingeniaritza Kimikoan graduatu zen UPV/EHUn. Gaur egun, doktorego osteko ikertzailea da CIC-energiGUNEn. CIC energiGUNEn energia elektrokimikoa metatzeko teknologietan lan egiten da, eta berak, zehazki, kondentsadore hibridoen ikerketan egiten du lan. Azaldu duenez, kondentsadore hibridoekin, bateria eta kondentsadoreen ezaugarri onenak lortu nahi dituzte, hau da, baterien energia, eta kondentsadoreen potentzia eta ziklo bizitza. Arnaizek berak ikatza oinarri duen sistema bat garatu du, oliba-hezur hondakinez baliatuz. Teknologia honekin erakutsi du bai bateriek eta bai kondentsadoreek bete ezin dezaketen aplikazioei erantzuna emateko beste teknologia bat existitzen dela. Unibertsitatea.net webgunean egin diote elkarrizketa.
FisikaDuela 40 urteko uste bat gezurtatu du DIPCk eta Princentongo Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batek: material topologikoak bitxiak eta exotikoak direla. Ikerketa-talde honek, ordea, erakutsi du naturako ia material guztiek daukatela egoera topologiko bat, gutxienez. Analisi kimiko eta topologiko konbinatu baten bidez, taldeak 38.000 bat material topologikotan taldekatu ditu egitura elektronikoak, eta komunitate zientifikoaren eskura jarri ditu. Maia García-Vergniory DIPCko ikertzailearen esanean, material topologikoen potentziala izugarria da. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
ArkeologiaArkeologia esperimentalaz baliatu dira Trebiñuko Neolitoa berreraikitzeko. Pozarraten dagoen Neolito aroko meategian hainbat indusketa kanpaina egin dituzte azken urteotan. Andoni Tarriño geologoa buru duen taldea duela 6000–5600 urteko silex meategi bat aztertzen ari da 2011. urtetik. Geroztik, 13.634 objektu aztertu dituzte. Arrasto hauez baliatuta, arkeologia esperimentala erabili dute garaiko meatzaritza teknikak nolakoak ziren asmatzen saiatzeko.
OsasunaNature aldizkariko artikulu batean COVID-19aren kudeaketan Japoniak hain emaitza onak izatearen arrazoiak aztertu dituzte. Honen arabera, Japonian G-7 taldeko beste herrialdeek baino hildako gutxiago eta egoera hobea izan dituzte, nahiz eta populazio-dentsitate handia duten, eta adin oso nagusikoa. Azaldu dutenez, batez ere hauek izan dira gakoak: birusa nola transmititzen den eta zer arrisku dituen ulertzea, eta jarduera sozialari eta ekonomikoari eustea, ospitaleratzeak eta heriotzak ahalik eta gehien murriztuz. Bestalde, gobernuak azkar bideratu zuen komunikazioa, eta informazio eraginkorra emateaz gain, agindu gogorrak saihestu zituen. Horrez gain, berehala ohartu ziren birusa aerosolen bidez transmititzen zela. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian: Japoniaren lezioak COVID-19aren kudeaketan.
Espainiako Gobernuak abortuaren arautzea berritzeko ondu duen legearen aurreproiektuan aipatu du baita ere menstruazioan min handiak izaten dituzten andreentzako bajak ezartzea. Honen harira, Arantxa Iraola Gurutzetako ospitaleko ginekologoa den Elena Urkijorekin bildu da, hilerokoaren minen inguruan jarduteko. Eztabaidatutako gaien artean, hilerokoa mingarria izatea normala ote den azaldu du Urkijok, bai eta min ori noiz bihurtzen ote den kezkatzeko motiboa. Endometriosia gaixotasuna ere azaldu dute. Azalpen guztiak Berrian: Oinazea hileroko konpasean.
Pestiziden arrastoa duen fruta % 53 areagotu da azken bederatzi urteotan Europan. Pesticide Action Network (PAN) taldeak argitaratu ditu datu kezkagarri hauek. Bederatzi urtez egin dute ikerketa, eta urte horietan zehar Europako azoka, denda eta supermerkatuetan saltzen diren 100.000 fruta eta barazki laginak aztertu dituzte. Adibide gisa, azterturiko gerezien erdia kutsatuta zegoela aurkitu zuten ikerketaren azken urtean (2019). 2011n, ordea, %22 ziren kutsatutako gereziak. Horrez gain, azaldu dute frutarik kutsatuenak masustak zirela (% 51), eta, ondoren, mertxikak (% 45) eta marrubiak (% 38). Barazkien artean, berriz, apioa (% 50), aza berdea (% 31) eta Bruselako azak (% 26). Edu Lartzangurenek azaldu du Berrian.
Frantziak baimendutako zarata maila gainditzen duten ibilgailuak identifikatzeko aparatuak instalatzeko asmoa du. Honela, abiadurari ematen zaion tratamenduaren parekoa emango zaio hotsari. Izan ere, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) argitaratutako “Zarata Europan 2020” txostenaren arabera, bost pertsonatik bat osasunerako kaltegarriak diren mailen eraginpean dago egunero. Zehazki, ikertu da zarata handiaren eraginpean luzaroan egotearen ondorioz, Europan urtero 48.000 istripu kardiobaskular eta 12.000 heriotza goiztiar gertatzen direla. Gainera, aipatutako txostenaren arabera, 22 M pertsonak narritadura kronikoa dute zarataren ondorioz, eta 6,5 M pertsonak loaren nahasmendu larriak dituzte. Osasun mentalean ere eragin handia du faktore honek. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek azaldu du Zientzia Kaieran: Zarata, adimenerako pozoia.
GenetikaPonpeia suntsitu zenean hildako pertsona baten genoma sekuentziatu dute. Gorpuaren hezurretatik DNA erauzi eta osorik sekuentziatzea lortu dute ikertzaileek, lehen aldiz. DNA aztertzean, Mycobacterium generoko bakterioen DNA-arrastoak azaldu dira. Ondorioz, gizonezkoa tuberkulosiak jota zegoela uste dute ikertzaileek. Genoma hau, gainera, Erromar Inperioaren garaian Italiar penintsulan zegoen dibertsitate genetiko handiaren erakusle ere bada. Izan ere, ikusi dute garai hartako italiarren ezaugarriez gain, bazituela Cerdeña irlako hainbat ezaugarri bereizgarri ere. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Ikerketa berri batean zelula osasuntsuetan gertatzen diren mutazio somatikoak aztertu dituzte, mutazio-tasak zahartzean duten eragina hobeto ezagutu ahal izateko. Honetarako, hainbat ugaztunen mutazio-prozesuak ikertu dituzte, zehazki, 16 ugaztun espezieren 56 indibiduotako mutazio-prozesuak. Animalia hauen hesteen horman kokatuta dauden guruinetatik atera zituzten laginak. Zelula hauetan metatzen diren mutazioak aztertuta, ikertzaileek ikusi zuten espezie guztietan mekanismo batzuk partekatzen zirela, baina espeziez espezie, aldakorra izan zen mekanismo hauen ekarpena mutazioak eragiterako orduan. Lorturiko datuekin, ikertzaileek ondorioztatu dute mutazio-tasaren eta bizi-itxaropenaren arteko alderantzizko harremanak eragina izan dezakeela adintzean. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Zenbat mutatu, hainbeste bizi.
AstronomiaMarten hautsa nola harrotzen den azaldu dute EHUko zientzialariek. EHUko Zientzia Planetarioen Taldea kide den nazioarteko talde batek egin du aurkikuntza, eta Perseverence ibilgailuaren MEDA estazio meteorologikoa erabili dute. Izan ere, Marteko hautsak atmosferaren propietate termikoetako asko zehazten ditu. Ikusi ahal izan dutenez, haize korronteen eta gainazalaren arteko interakzioak sortzen ditu hautsa kopuru handiak altxatzeko fenomenoak. Horretaz gain, Marteko haizearen soinua ere grabatu dute, EHUko IBeA laborategiaren parte hartzearekin. Grabazioen arabera, Marteko atmosfera Lurrarena baino meheagoa denez, Lurreko atmosferan ez bezalako soinu-fenomenoak gertatzen dira. Albiste honen inguruko datu gehiago Elhuyar aldizkarian eta Berrian kontsultatu daitezke.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.
The post Asteon zientzia begi-bistan #395 appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 47
- 48
- 49
- 50
- 51
- 52
- 53
- 54
- 55
- …
- hurrengoa ›
- azkena »