Bergarako Errege Seminarioa aitzindari eta berritzailea izan da. Bergarak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, gutxienez XVI. mendearen amaieratik; Europan garai desberdinetan ematen ziren bide eta ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan du beti. Duela 250 urte inguru, ilustratu talde batek proiektu berri bat sortu zuen, gerora Wolframa aurkitzeko aukera emango zuena. Nahiz eta krisi-egoera sakon batean murgilduta egon, hezkuntza eta ikerketa zentro bikaina sortu zuten: Errege Seminarioa, bi mendetan zehar lurraldearen modernizazioa bultzatzea lortuko zuena. Talde baten ilusioaren eta lan eskergaren ondorioa izan zen; ideia bikainen eta ahalegin handien ondorengoa.

Real Seminario de Bergara

Errege Seminarioa, gainera, ondare multzo paregabea da, bereizgarria eta indar handikoa. Hor ditugu ikusgai bere fatxada monumentala, XVII. mendeko eliza –monumentu izendatua–, Zientzia eta hezkuntza arloetan XVIII eta XIX. mendeetan hemen emandako lorpen harrigarriak eta udalak berreskuratu duen bilduma zientifiko aberats eta zabala.

Kultura eta turismo arloan, Errege Seminarioa da Bergaran indar handiena duen elementua, herriaren garapenerako faktore oso garrantzitsua. Hala ere, izan duen historiarengatik eta utzi digun ondare materialarengatik, bere garrantzia gure herriaz gaindikoa da: Bergarako Errege Seminarioa Gipuzkoako eta Euskal Herriko kultur ondare garrantzitsua da.

XVIII amaiera

XVIII. mendearen bigarren erdian Ilustrazioa nagusitzen da. Pentsaera ilustratuak gizakian eta arrazoian jartzen du konfiantza; jakintza lantzea eta ezagutzera ematea funtsezkoak dira gizartearen aurrerabiderako. Giro honetan Zientzia esperimentalak garatzen dira: Zientzia akademiak, Herriaren Adiskideen Elkarteak e.a. sortzen dira. Orduan izan zuen Bergarako Errege Seminarioak garai distiratsu eta ospetsuena. 1776-1777. urteetan, eta urte askotako lanen ostean, Real Seminario Patriótico Bascongado delakoa ireki zuten Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País (RSBAP) erakundekoek. Erakunde hau, Euskal Herrian mugimendu ilustratuak izan zuen lorpen gorena da; eta, bertan, ikasketa programa aurrerakoi bati esker, Zientziaren historian aipatzen diren gertaerak gauzatu ziren.

Seminarioan irakasle eta ikertzaile bikainak zeuden, XVIII. mendean izandako Kimika, Mineralogia eta Metalurgia katedrei (katedra esperimentalak) lotuta. Louis Joseph Proust frantsesa zen lehen Kimika katedratikoa; Kimikaren historian Proportzio definituen legeak ospea eman dio; Bergaran egin zuen lan aipagarriena Laboratorium Chemicum delakoa muntatzea izan zen, Europako onenetarikoa. Pierre François Chabaneau izan zen Kimikako katedratikoa ondoren, eta bere lorpen handiena platinoa purifikatu eta xaflakor bihurtzeko metodoa aurkitzea izan zen, Kimikaren historian lekua egin diona.

Fausto Elhuyar Mineralogia eta Metalurgia katedratikoa izan zen 1781-85 urteetan. Bere anaia Juan Joserekin batera, isolatze prozesu kimiko bat jarraituz, Wolframa aurkitu zuten Seminarioko laborategietan (1783). Aurkikuntza hau da Seminarioari ospe handiena eman zion gertaera. A.N. Thunborg suediarra izan zen, 1788-1794 urte bitartean, Mineralogia eta Metalurgia katedratikoa. Honek, sekretua zen eta Chabaneauk urte batzuk lehenago lortua zuen platinoa purifikatu eta xaflakor bihurtzeko metodoa berraurkitu zuen.

Entziklopedia

XIX. mendea

XIX. mendean ere Errege Seminarioa lehen mailako hezkuntza eta ikerketa zentroa izan zen Euskal Herrian, eta oso garrantzitsua estatuan. Izan ere, XIX. mendean Errege Seminarioan Eskola Industriala jarri zen, ingeniariak formatzeko. Ingeniarien eskola hau bakarra zen Euskal Herrian. Estatu mailan soilik lau zeuden 1850 urtean: Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta Bergaran. Bilboko Escuela de Ingenieros Industrialesen (1897an sortua) iturburuan dago Bergarako Eskola Industriala.

Bestalde,  Gipuzkoa mailan ere Bergarako Errege Seminarioa oso garrantzitsua izan zen: XIX. mendearen erdian Bergarako Errege Seminarioa Gipuzkoako Institutua izatera pasa zen, Gipuzkoako lehenengo institutua, eta, gainera, hainbat hamarkadatan, probintziako institutu ofizial bakarra. XIX. mendean, katedradunek eskolak emateaz gain, ikerketa zientifikoa ere egiten zuten institutuetan. Horren lekuko dira bertan idatzi ziren Zientzia liburuak, eta egin ziren lorategi botanikoa eta behatoki meteorologikoa –Gipuzkoan lehenak eta bakarrak–. Orduan, Seminarioak Zientzia kabinete eta laborategi oso garrantzitsuak zituen: Kimikakoak, Fisikakoak eta Historia Naturalekoak –oso ondo hornituak denak–. Garai honetako piezak dauzkagu gaur egun gure bilduman. Baina, ez zen hemen bukatzen garaiko Seminarioaren eskaintza, bertan merkataritzako ikasketak eta matematikako ikasketa bereziak egin baitzitezkeen.

XIX. mendean hainbat obra egin ziren Seminarioko eraikuntzan, horietatik inportanteenak 1860ko hamarkadan egin zirenak, orduan eraiki baitzen gaur egun ezagutzen dugun fatxada nagusia.

rsc

Aita Domingotarren Ikastetxea

1880. urtean gobernuak zera erabaki zuen: Gipuzkoako Institutu Probintzialaren egoitza berria Donostian jartzea; ondorioz, Aita Domingotarrek Bergarako Seminarioan bigarren hezkuntzako ikastetxea zein hainbat katedra berezi jarri zituzten martxan. Ikastetxe honek, zabaldu eta handik gutxira, garrantzia hartu zuen; besteak beste, irakaskuntza eta ikerketa xedetzat zituzten laborategi eta bilduma zientifiko bikainak osatzea lortu zuelako. Institutua Donostiara eraman zutenean, Errege Seminarioko kabinete eta laborategietan zeuden material batzuk bertara eraman baziren ere, Aita Domingotarrek laborategiak aberastu zituzten berriz. Tresna modernoak erosi zituzten, Fisika eta Kimika irakasteko erabiltzen ziren pieza-multzoa osatzeko, eta izugarri bizitu zituzten Natur Zientzietako bildumak. Aipamen berezia merezi du, azken horien artean, Zoologia sailak; benetan oso aberatsa izan zelako; eta urte batzuetan, behinik behin, jardun zientifiko handia izan zuelako. Hala, Europako naturalistekin harremanak izan zituzten berriz ere. Eta, aktiboki hartu zuten parte, XIX. mendeko aurrerapen zientifiko ikusgarrien ondorioz, Europa mailan fedearen eta arrazoiaren arteko harremanen inguruan eman ziren eztabaida bizietan.

Aita Domingotarrek 1972. urtean amaitu zituzten Errege Mintegian gauzatzen zituzten irakasle-lanak. Lau urte beranduago unibertsitate-hiri bihurtu zen Bergara. Udaberri hartan, Bergarako Kultur Ekintza elkarteak eta udalak egindako gestioen ondorioz Bergaran jarri zen Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren lurraldeko zentro elkartua. Urte hartako urrian, erakunde horren Zuzendaritza Patronatua sortu zen ofizialki; eta, azkenik, 1976ko azaroaren 4an, Bergarako UNED zentroaren lehenengo ikasturte akademikoaren irekiera-ekitaldi nagusia egin ze