Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 51 min 52 seg

Jasone Astorga: “Hackinga ez dago ekintza ezegokiekin bakarrik lotuta”

Or, 2022-07-08 09:00

 

Gure inguruko edozein lekutara begiratuz gero, teknologiarekin egingo dugu topo. Izan ere,  teknologia da gaur egungo gizartearen protagonistetako bat. Horren ondorioz, ordenagailu zein mugikorretan gordetzen dugun informazioa gure baimenik gabe eskuratzeko baliabide gehiago sortu dira.

Zibererasoak beti egon dira presente teknologiaren munduan. Besteak beste, datuak lapurtzea da arlo teknologikoan gehien ezagutzen den jardueretako bat eta hackerrekin lotu ohi da. Beraz, hacking hitza entzuten dugunean, seguru asko jarduera desegokiak etorriko zaizkigu burura, baina jakin beharra dago adituek jokabide adimentsuekin ere lotzen dutela terminoa. Ondorioz, hacking etikoa bezalako jarduerak ere badaude. Hacking etikoaren oinarria da, hackerren erasoak ekiditeko, komunikazio sare eta sistema bateko ahuleziak aurkitzea.

Zibererasoen eta honekin lotutako terminoen inguruan gehiago jakiteko, UPV/EHUko I2T ikerketa-taldeko Jasone Astorga ikertzailearekin bildu gara. 

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Jasone Astorga: “Hackinga ez dago ekintza ezegokiekin bakarrik lotuta” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ingurune aberastuak nerabezaroko alkohol kontsumoaren kalteak leheneratzeko

Og, 2022-07-07 09:00

Alkohola mundu osoan zehar gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da. Azken urteotan, alkoholaren kontsumo intentsiboa geroz eta ohikoagoa bilakatu da nerabeen artean. Kontsumo mota hau denbora tarte laburrean alkohol kantitate handia edatean datza. Garunak nerabezaroan zehar garapen prozesu konplexuak pairatzen ditu eta ondorioz, adin tarte horretan hainbat garun-atal zaurgarriagoak dira neurotoxikoen kalteen aurrean; hipokanpoa, memoriaz eta prozesu kognitiboez arduratzen den garun-atala eta garuntxoa, oreka eta koordinazio motorraz arduratzen dena, esaterako.

Ildo horretatik, nerabezaroko alkohol kontsumo intentsiboak kalte iraunkorrak eragiten dituela frogatu da helduaro goiztiarreko sagu arretan, non, portaera proben emaitzetan narriadura kognitiboa eta orekaren galera behatu den. Ingurune aberastuak (IAk), aldaketa molekular, anatomiko zein funtzionalak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan. Neurogenesia, angiogenesia, sinaptogenesia eta dendriten arborizazioa sustatzen ditu, oroimena eta ikasketa prozesuak bultzatuz.

ingurune aberastuakIrudia: Azken urteotan, alkoholaren kontsumo intentsiboa geroz eta ohikoagoa bilakatu da nerabeen artean. (Argazkia: bridgesward – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Paradigma hau gaixotasun psikiatrikoen eta neuroendekapenezkoen tratamenduan zeresan handia izaten ari da. Hain zuzen ere, alkoholaren ondorioz saguek galdutako portaera gaitasunen berreskurapena sustatzen du helduaro goiztiarrean, aipatutako oreka eta funtzio kognitibo kaltetuen berreskurapena sustatuz. Hala ere, IAk eragindako efektu mesedegarri horiek epe luzerago batean mantentzen diren aztertzeke dago. Harira, ikerketa honen helburuak hurrengoak dira: nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak helduaroan eragiten dituen portaera aldaketak ikertzea eta parametro hauetan IAk izan ditzakeen onurak aztertzea.

Horretarako, C57BL/6J sagu arrei nerabezaroko 4 astetan zehar (jaio ondorengo 32-56 egunak) alkohol edo ur tratamendua eman zaie. Ondoren, helduaro goiztiarrean (jaio ondorengo 56-90 egunak) animaliak abstinentzia egoeran mantendu dira eta helduaroan (jaio ondorengo 90-104 egunak) saguen kumaldi erdia IAko baldintzetan jarri da 2 astez. Abstinentzia tarte horren azken egunetan portaera probak burutu dira: eremu irekiaren proba, antsietate maila neurtzeko; objektu berrien ezagutze proba, ezagutze oroimena aztertzeko; objektuen kokaleku berriaren ezagutze proba, oroimen espaziala ikertzeko eta oreka proba, oreka eta koordinazio motorra analizatzeko. Emaitzetan alkohol taldeko saguek bereizketa indize baxuagoak erakutsi dituzte bai ezagutze oroimen proban baita oroimen espazialean ere; hau da, sagu hauek ez dira gai objektu berria ezagunarekiko bereizteko, ezta objektuen kokaleku berria bereizteko. Emaitza hauek nerabezaroko alkohol kontsumoaren ondoriozko narriadura kognitibo adierazgarria eman dela iradokitzen dute.

Era berean, antzeko emaitzak behatu dira oreka proban ere, non nerabezaroko alkohol kontsumoak oreka eta koordinazio motorra modu iraunkorrean kaltetzen dituela frogatu den. Interesgarriki, animaliak IAko baldintzapean jartzean objektu eta kokaleku berriak bereizteko gaitasuna berreskuratzen dute eta oreka eta koordinazio maila hobetzen dute helduaroan, kontrol taldekoen antzeko balioetaraino. Emaitza guzti hauek bat datoz aurretik helduaro goiztiarrean behatutakoekin, IAren gaitasun terapeutikoa berretsiz; hain zuzen ere, epe luzera IAk alkoholak galarazitako funtzioak leheneratzeko gaitasuna erakutsi baitu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Ingurune aberastuak nerabezaroko gehiegizko alkohol-kontsumoaren ondorioz kaltetutako gaitasun motorrak eta kognitiboak berreskuratzen ditu C57BL/6J sagu helduetan.
  • Laburpena: Alkohola (EtOH) munduan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktiboa da eta nerabezaroko alkoholaren kontsumo intentsiboa geroz eta ohikoagoa da. Adin tarte horretan burmuina garatzen ari da eta hainbat garun-atal zaurgarriagoak dira neurotoxikoen kalteen aurrean; hipokanpoa eta garuntxoa, esaterako. Ingurune aberastuak (IAk), aldaketa molekular, anatomiko zein funtzionalak eragiten ditu garunaren garapen prozesuan eta alkoholaren ondorioz helduaro goiztiarreko saguek galdutako portaera gaitasunen berreskurapena sustatzen du. Hala ere, IAk eragindako efektu mesedegarri horiek epe luzerago batean mantentzen diren aztertzeke dago. Ikerketa honen helburuak hurrengoak dira: nerabezaroko gehiegizko alkohol kontsumoak helduaroan eragiten dituen portaera aldaketak ikertzea eta parametro hauetan IAk izan ditzakeen onurak aztertzea. Horretarako, C57BL/6J sagu arrei nerabezaroko 4 astetan zehar (p32-p56) alkohol edo ur tratamendua eman zaie. Ondoren, helduaro goiztiarrean (p56-p90) animaliak abstinentzia egoeran mantendu dira eta helduaroan (p90-p104) saguen kumaldi erdia IAko baldintzetan jarri da 2 astez. Abstinentzia tarte horren azken egunetan portaera probak burutu dira: eremu irekiaren proba, antsietate maila neurtzeko; objektu berrien ezagutze proba, ezagutze oroimenerako; objektuen kokaleku berriaren ezagutze proba, oroimen espazialerako eta oreka proba, oreka eta koordinazio motorrerako. Alkohol taldeko saguek bereizketa indize baxuagoak erakutsi dituzte bai ezagutze oroimen proban baita oroimen espazialean ere, alkohol kontsumoaren ondoriozko narriadura kognitibo adierazgarria iradokiz. Antzeko emaitzak behatu dira oreka proban ere, non alkohol taldeko saguek (EtOH) oreka eta koordinazio motorra kaltetuta erakutsi duten. Interesgarriki, animaliak IAko baldintzapean jartzean objektuak eta kokalekuak bereizteko gaitasuna berreskuratzen dute eta oreka eta koordinazio maila hobetzen dute helduaroan, kontrol taldekoen (H2O) antzeko balioetaraino. IAk alkoholaren ondoriozko helduaroko efektu kaltegarriak leheneratzeko gaitasuna duela erakutsi du.
  • Egileak: Leire Lekunberri, Irantzu Rico-Barrio, Maitane Serrano, Izaskun Elezgarai, Nagore Puente, Itziar Bonilla-Del Río, Ilazki Anaut-Lusar, Inmaculada Gerrikagoitia, Pedro Grandes
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 49-68
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.21816
  • Egileez:

    Leire Lekunberri, Irantzu Rico-Barrio, Maitane Serrano, Izaskun Elezgarai, Nagore Puente, Itziar Bonilla-Del Río, Ilazki Anaut-Lusar, Inmaculada Gerrikagoitia eta Pedro Grandes EHU/UPVko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko eta Achucarro Basque Center for Neuroscienceko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ingurune aberastuak nerabezaroko alkohol kontsumoaren kalteak leheneratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Katuak, harrapari ezezagunak

Ar, 2022-07-05 09:25

Duela aste batzuk Barakaldon instalatu berri dute katuentzako “auzotxoa”. Oraingoz hamar etxola ezarri ditu Barakaldoko udaletxeak, eta helburua da etxe-katuen segurtasuna eta higienea bermatzea. 76 boluntario arduratzen dira katuak astero elikatzeaz, eta baita noizbehinka harrapatu eta esterilizatzeaz ere.

Sustatzaileek argudiatu dute katu-koloniek hiriko kaleak karraskari, hegazti, intsektu eta narrasti txikien izurriterik gabe mantentzen laguntzen dutela, eta, beraz, garrantzitsua dela kolonia hauek modu egokian kudeatzea. Baieztapen honek, ordea, gaur egun zientzia-komunitatean gori-gorian dagoen gai batekin egin du topo: katuek biodibertsitatean duten eragina. Izan ere, ikerketek erakutsi dute katuak gaur egungo harrapari bortitzenetako animaliak direla, eta hala ere, ezezagunak.

1. irudia: (Argazkia: Sue Harris – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Etxe-katuak (Felis catus) aske dabiltzan katu etxekotuak eta katu basatiak dira. Argi utzi behar da katu basatiak eta basakatuak (Felis silvestris), ez direla espezie bera. Lehenak bigarrenetik eboluzionatu zuen etxekotze-prozesuan zehar, duela 10.000 urte gutxi, eta geroztik mundu osoan zabaldu da gizakiarekin batera.  Etxe-katuak kontinente guztietan daude, Antartika da salbuespen bakarra; munduko artxipelago urrunenetan ere bizi dira gaur egun.

Animalia etxekotua da etxe-katua, baina bere izaera burujabe eta iheskorrak espezie honen kolonia askeak sortzea eragin du, abandonatutako edo beren kabuz jabeen etxetik alde egindako katuak bilduaz. Hala ere, aske bizi diren etxe-katu batzuek ez dute gizakiengandik datorkien sostengua eteten. Batzuek janaria, lo-lekua edo/eta osasun-zainketa jasotzen dute gizakiengandik, Barakaldoko kolonien kasuan bezala. Laguntza hauek katu askeen bizitza asko errazten dute, noski, eta horregatik, leku jakin batzuetan katuen dentsitate oso altuak aurki daitezke. Hori arazo bilakatu da munduko hiri, hirigune eta herri askotan, besteak beste, biodibertsitatean duten eraginagatik.

Etxe-katuen harrapakina

Etxe-katuek dieta anitzetara moldatzeko gaitasuna dute, eta guk emandakoa jaten dute eta ehizan ere egiten dute. Bai, katuak ehiztariak dira, eta ez dira ehiztari makalak. Hainbat animalia harrapatzeko gai dira: txoriak, ugaztun txikiak, narrastiak, anfibioak, arrainak, eta baita tximeletak eta sorgin-orratzak bezalako ornogabeak ere. Katu soil batek lor dezaken harrapakin kopuruari zenbakia jartzeko, hona hemen Ingalaterrako ikerketa bat adibide gisa: bost hilabeteko tartean 986 katuk 14.370 harrapakin eraman zituzten beren etxeetara. Kopuru horren baitan 20 ugaztun espezie eta 44 hegazti espezie zeuden, bai eta narrasti, anfibio eta ornogabeak zeuden.

Kanadan aurrera eramandako beste ikerketa batek estimatu zuen etxe-katu askeek 100 eta 350 milioi txori artean akabatzen dituztela urtero (etxean bizi diren baina egunean zehar aske dabiltzan katuak kontuan izanda). Australian zenbaki hau 377 milioi txorira iristen da urteko; hau da, milioi bat txori eguneko. Estatu Batuetan beldurgarriak dira datuak, urtero katuek milaka milioi txori harrapatzen dituztela estimatzen baita.

2. irudia: (Argazkia: Susanne Jutzeler – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Noski, etxe-katuek ehizatzen dituzten espezie hauetako batzuk mehatxatuak daude, eta katuen bazka izateak are gehiago okertzen du beren egoera. Horrela, uste da katuek 63 espezie desagerrarazi dituztela gaur egunera arte (40 txorienak,  21 ugaztunenak eta bi narrastienak). Modu berean, estimatzen da momentu honetan 367 espezie desagertzeko arriskuan egotearen errudunak direla katuak. Mehatxu latza dira, beraz, eta jada espezie inbaditzailetzat hartzen da etxe-katua, arrazoi horrengatik. Izatez, ikerketa batean ranking bat egin zuten, jakiteko ea, mundu-mailan, ze espezie zen gaur egun ornodun kopuru handiena hiltzen duena. Etxe-katua hirugarren postuan geratu zen, arratoien eta anfibioetan hilgarria den Bd (Batrachochytrium dendrobatidis) onddoaren atzetik soilik.

Datu hauen aurrean, ordea, oraindik oro har ekintza gutxi gauzatu dira administrazio mailatik. Herrialde batzuk, alabaina, hasi dira neurriak proposatzen, Alemaniako Walldorf herria adibide. Bertan, hiru urtean zehar herriko katu guztiak gordeta eduki dituzte kutturlio arruntaren (Galerida cristata) kumatze-garaian zehar. Azken hamarkadan espezie horrek nabarmen egin du behera Europa ekialdean, eta horren arrazoietako bat katuen aldetiko ehiza dela pentsatzen da. Izan ere, kutturlioak lurrean erruten ditu arrautzak, eta beraz, bereziki harrapakin erraza da katuentzat.

Gauzak horrela, arazo honentzako konponbidea hastapenetan dagoela esan daiteke. Argi dago katuek eragin ikaragarria dutela bizi diren inguruetako biodibertsitatean, baina oraindik ez dago argi zein izan daitekeen hori kudeatzeko modu egokiena. Gainera, gizakiak aspalditik du katua lagun, eta zaila suertatuko da mundu osoko gizarteetan han barneraturik dagoen felido honen koloniak modu iraunkor eta etiko batean kudeatzea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Trouwborst, A., McCormack, P. C., & Martínez Camacho, E. (2020). Domestic cats and their impacts on biodiversity: A blind spot in the application of nature conservation law. People and Nature, 2(1), 235–250. https://doi.org/10.1002/pan3.10073

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Katuak, harrapari ezezagunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen

Al, 2022-07-04 09:00

Gutxitan amaitzen dira solasaldiak hizketan dauden bi pertsonek nahi dutenean; bietako batek nahi duenean ere ez dira amaitzen. Eta hitz egiten dugun denboraren eta egin nahi dugunaren arteko aldea, gehiegi edo gutxiegi, elkarrizketaren iraupenaren erdia da, gutxi gorabehera.

Ez dakigu elkarrizketa bat nola amaitu. Ondorio hori ateratzen da bi ikerketen emaitzetatik. Bi ikerlanetan solasean ari diren bi pertsonek elkarrizketa nahi dutenean amaitzeko duten gaitasuna aztertzen saiatu dira. Batean, ikertzaileek aurreko orduetan beste hurbileko pertsona batekin izandako elkarrizketa bati buruz galdetu zieten parte-hartzaileei. Bigarren azterlanean, aurrekoa egin eta jarraian abiatu zutena, parte-hartzaileak ezezagunak ziren beste batzuekin binaka hitz egiteko eskatu zieten eta, behin berbaldia amaituta, aurreko galdetegi berbera eman zieten erantzuteko.

Galdetegiaren bidez, besteak beste, ezagutu nahi zuten, batetik, parte-hartzaileek elkarrizketa noiz amaitu nahi izan zuten eta, bestetik, solaskideak (lehenengo kasuan lagun min bat zen, eta bigarrenean, ezezagun bat) noiz uste zuten solaskideak amaitu nahi izan zuela. Guztira, mila elkarrizketa inguru monitorizatu zituzten eta hauetan.

elkarrizketaIrudia: elkarrizketa lan konplexuen multzo bat da. Lanak sinpleak dirudite gizakiek ondo egiten dituztelako gehienetan eta ez direlako konturatzen gaizki egiterakoan. Lan horietako bat elkarrizketa bat amaitzea da. Izan ere, hitz egiten hastea erabaki duenak ere gelditzea erabaki behar baitu. (Argazkia: Mabel Amber – erabilera libreko irudia. Iturria: pixabay.com)

Erantzunetatik abiatuta, ikertzaileek zehaztu zuten hitz egiten ari ziren bi pertsonek gutxi gorabehera aldi berean amaitu nahi izan ote zuten, ea gai izan ote ziren jakiteko solaskideak noiz amaitzea nahi zuen elkarrizketa, eta egindako kalkulua edo estimazio hori zenbateraino erabili zuten elkarrizketa amaitzeko, biek –edo, gutxienez, haietako batek –hala nahi zutenean.

Parte-hartzaileen erdiek nahiago zuten elkarrizketak benetan beste denbora tarte bat iraun izan bazuen, eta iraupena aldatuko zioten tarte debora heren bat luzeagoa edo laburragoa eginez. Beste erdiak, jakina, nahiago izango zukeen luzatu zen denboraren herena baino gutxiago desbideratzea.

Usteak ustelak direnean

Azterlanean parte hartu zutenek uste zuten beren solaskideek nahiago zutela elkarrizketa, batez beste, izan zena baino pixka bat luzeagoa izatea, eta, batez ere, iraupena nabarmen desberdina izatea. Eta solaskideek nahi ez zuten iraupena izan zezaketela susmatzen zuten arren, ezberdintasun horren garrantzia gutxietsi zuten; ez ziren gai izan beste pertsonak nahi zuen iraupena zehaztasunez hautemateko, eta, beraz, ez zuten jakin ezta zein zen desbideraketa edo diferentzia bere lehentasunarekiko.

Desoreka horien ondorioz, parte hartu zutenen % 1,6k bakarrik bukatu zuten hizketaldia biek nahi zutenean. Baina ez zuten arrakastarik izan, gutxienez, haietako batek nahi zuenean, elkarrizketen % 29k bakarrik amaitu zuten horrela. Gutxi izan ziren, halaber, bi parte-hartzaileek nahi zuten denbora tartean amaitu ziren elkarrizketak ere. Eta deigarriena zera da: ia erdiek nahi baino lehenago amaitu zuten berbaldia, eta hamarren batek geroago.

Adostasun ez hauek bi arrazoiren ondorio dira. Alde batetik, bi pertsonak hitz egiten dutenean, normalena elkarrizketa neurri berean luzatu nahi ez izatea da. Bestalde, ez dira gai jakiteko, gutxieneko zehaztasun batekin, zer nahi duen beste pertsonak. Elkarrizketa bat ez da desio edo interes desberdinak dituzten bi pertsonen arteko negoziazioa. Elkarrizketa koordinazio-arazo bat da, non bakoitzak hizketan jarraitzeko duen nahia, neurri batean, besteak nahi duenari buruz pentsatzen duenaren araberakoa den. Kontua da, elkarrizketa arruntak amaitu behar direnean, pertsona batek argi eta garbi adierazten badu besteak baino lehenago amaitu nahi duela,  hau mintzeko arriskua dagoela. Beraz, normalena, batez ere pertsona adeitsua bada, elkarrizketa amaitzeko gogoa ezkutatzea da, nahiz eta horrela tertuliakideari arazoa konpontzeko beharrezkoa den informazioa kendu. Izan ere, adeitasuna ez da beti onuragarria.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mastroianni, Adam M., Gilbert, Daniel T., Cooney, Gus A., Wilson, Timothy D. (2021). Do conversations end when people want them to? PNAS, 118 (10), e2011809118. DOI: 10.1073/pnas.2011809118

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Ez dakigu elkarrizketa bat amaitzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #400

Ig, 2022-07-03 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

listu

Biologia

Kaxaloteak, batez beste, 400 metroko sakoneraraino murgiltzen dira, baina 3.000 metroraino irits daitezke. Murgilketa hauek egiteko denbora askoan egon behar dira arnasa hartu gabe, noski. Normalean, 40 minutu inguru irauten dute uretan murgilduta eta ia bi orduz egon daitezke. Murgilketa hauek egiteko, kaxaloteek moldaera oso bereziak dituzte, bai anatomiko, zein fisiologikoak. Gainera, zetazeoek orokorrean, ur oso sakonetan igeri egitea ahalbidetzen dien ezaugarriak ere badituzte. Besteak beste, gainerako ugaztunek baino odol gehiago daukate, eta odol horrek globulu gorrien kontzentrazio altua dauka. Datu guztiak Igandean soilik hartzen du arnasa artikuluan.

Karibeko mangladietan inoiz ezagutu eta begi hutsez ikusten den bakteriorik handiena identifikatu dute. Zentimetro bat luze da eta, hain tamaina handia izateak kolokan jarri ditu bakterioen funtsezko ezaugarritzat jotzen ziren zenbait alderdi. Thiomargarita magnifica izena jarri diote. Orain arte uste zen bakterioek tamainari dagokionez muga fisikoak zituztela, baina T. magnificak muga horiek gainditzen ditu, barne-antolamendu berezi bati eta filamentu-itxurari esker. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Organismoen eboluzioa ulertzeko, paleontologia fosil-erregistroaz baliatzen da. Alabaina, fosil erregistroa osatugabea da, hau da, noizbait existitu ziren organismo gehienak ez ziren fosil bihurtu ( oso zaila delako hondakin organiko bat fosil bihurtzea), eta beraz, arrastorik utzi gabe desagertu ziren. Horregatik, paleontologoek arazo asko izaten dituzte fosilen eta gaur egungo organismoen arteko harreman ebolutiboak definitzeko. Honela, batzuetan gertakizun bitxiak aurkitzen dituzte zientzialariek, Elvis eta Lazaro taxonak adibidez, eta baita taxon zonbiak ere. Blanca Martinezek azaldu du Zientzia Kaieran: Taxonak, paleontologiako paranormal activityak.

Osasuna

EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileek listu-tanta bakar baten kutsatzeko ahalmena aztertu dute. Simulazio baten bidez, ingurune-ezaugarri desberdinetan aztertu dute tantak lurruntzeko duen ahalmena, eta hiru dira lurrunketan eragiten duten faktore nagusiak: tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina. Ikerketa hau garrantzitsua da arnasbideetako tanten bitartez transmititzen diren birusen kutsatzeko ahalmena neurtzeko garaian, transmisioa tanten lurruntzearen araberakoa baita. Emaitzen arabera, giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diote lurruntzeari. Berri honen inguruko informazio gehiago, Zientzia Kaieran eta Elhuyar aldizkarian aurki daiteke.

Psikologia

Erditzearen esperientzia bizitza osoan izaten da gogoan, eta beraz, esperientzia ona bada, amatasunarekiko eta jaioberriarekiko jarrera positiboarekin erlazionatzen da. Aldiz, negatiboa bada, trauma osteko estresarekin, edo erditze ondorengo depresioarekin lotzen da. Honen harira, azken ikerketek erditze-esperientziaren bizipen positiboan edo negatiboan eragina izan dezaketen hainbat faktore aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi zuten emakume bakoitzak erditzearen ondoren emozioen eta sentimenduen konbinazio ezberdin bat gogoratzen duela. Alabaina, oro har, emakume guztiak bat zetozen ezaugarri jakin batzuekin, hala nola, konplikaziorik ez sortzea edo segurtasunaren barnean gertatzea. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean.

Soziologia

Chandralekha Singh fisikariak dioenez, askotan ezaxolaz hartzen dira nesken lan onak eta burutsuak, eta horrek adorea kentzen die emakumezko ikertzaile gazte askori. Arazo hau bereziki esanguratsua da fisika bezalako zientzietan, fisikako arazoak konpontzeko beren gaitasunetan konfiantza falta izaten baitute emakumezkoek askotan. Ildo honetatik jarraiki, Anna Danielson ikertzaileak fisika, ikaskuntza eta generoa barne hartzen dituzten zenbait alderdi aztertzen ditu, eta ikusi ahal izan zuen fisika gizonekin eta maskulinitatearekin lotzen dela sinbolikoki. Eileen Pollack idazleak ere emaitza adierazgarriak aurkeztu ditu gai honen inguruan, 2015eko The Only Woman in the Room: Why Science Is Still a Boys’ Club memorietan. Honi buruz gehiago irakurtzeko, Fisika egiten, generoa egiten artikulua dago eskuragarri Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #400 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #406

La, 2022-07-02 09:00

Eskaner bakarra, ekipo normal batekin, alzheimerra goiz detekta dezake. Iraultza diagnostikoa da hau. Single brain scan can diagnose Alzheimer’s disease

Europa erraustu eta Erdi Aroa markatu zuen pandemiaren jatorria zelan aurkitu den azaltzen du aurkitu duenetariko batek: Philip Slavin. Black Death: how we solved the centuries-old mystery of its origins

Neutrinoak topatzeko erabiltzen diren xenon detektagailuetan, uste baino argi-zarata gehiago hartu. Argi emisio fenomeno berria topatu dute: neutral bremsstrahlung. DIPCren Observing neutrinos requires getting rid of light from neutral bremsstrahlung

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #406 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fisika egiten, generoa egiten

Or, 2022-07-01 09:00

Estereotipoen, sinesmen tradizionalen gelditasunaren eta irakasle eta aholkularien aintzatespenik ezaren eraginez, zientziari ekarpen handiak egin diezazkieten nesken konfiantza suntsitzen da. Sarritan, ezaxolaz hartzen dira nesken lan onak, ideia bikainak eta ebazpen burutsuak, eta horrek adorea kentzen die emakumezko ikertzaile gazte askori, Chandralekha Singh fisikariak dioenez. Chandralekha Patnan (India) hazi zen, eta 1988an Kaliforniako Unibertsitatera iritsi zenean, ikaskideen artean aniztasun handiagoa aurkituko zuela uste zuen, baina ez zen hala izan: doktoregoa egiten ari ziren 36 ikasleko gela horretako emakume bakarra zen. Ordutik, egoera zertxobait hobetu da. Esaterako, 2019an, emakumeek fisikako gradu eta doktoretza tituluen % 20 jaso zuten Estatu Batuetan. Baina, erritmo horretan, genero parekotasuna ez da XXII. mendera arte lortuko.

Fisikako emakumezko ikasleen artean, ikasketekin jarraitzeko pisu handiena duen faktoreetako bat fisikako arazoak konpontzeko duten gaitasunean konfiantza izatea da, kalifikazioak alde batera utzita. 2015ean, estereotipoek eta itxaropen profesionalek fisikaren genero desorekan nola eragiten duten ikertu zuten Chandralekhak eta haren lankideek, eta horrek arazoaren zenbait alderdi aztertzera eraman zituen. Hasierako azterketak erakutsi zuenez, unibertsitateko fisikako graduko lehen mailako eskolen amaieran, kalifikazio bikainak jaso zituzten emakumeek kalifikazio kaskarrak zituzten gizonen konfiantza maila bera zuten beren trebetasunetan. Agian ez zaigu harrigarria iruditzen gizonek, oro har, beren buruarengan konfiantza handiagoa izatea fisikako ikasketak egiteko, baina kezkagarria da halako aldea egotea bi sexuen artean. Zerbaitek huts egiten du, baldin eta fisikako lehen urtean nota onak aterata neskek ez badute beren burua zientzialari gisa ikusten, eta mutilek, aldiz, ikasketak jarraitzeko eta amaitzeko erabakia hartzen badute.

fisika1. irudia: Chandralekha Singh fisikaria. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY-SA 4.0 lizentziapean)

Era berean, ikertaldeak ikusi zuenez, emakumeak ez dira fisikari gisa oso identifikatuta sentitzen, ez baitira erabat onartuta sentitzen profesionalki jardungo duten eta beren bizitzaren parte izango den diziplina horretan. Neurri batean behintzat, ondorio horrek azal dezake emakumeek nola ulertzen duten beren burua: ez dute sentitzen barne hartzen dituztenik, “ez dute sinesten” (iruzurtiaren sindromea, “ez naiz behar bezain ona”). Anna Danielsonek horri buruzko datu oso argigarriak eman ditu bere doktorego tesian: fisika gizonekin eta maskulinitatearekin lotzen da sinbolikoki. Annak fisika, ikaskuntza eta generoa barne hartzen dituzten zenbait alderdi aztertzen ditu. Hark azaltzen duenez, “genero ikuspegia” ez da gizonezko ikasleak emakumezko ikasleekin alderatzearen parekoa; aldiz, generoa identitate sozialaren parte den alderdi gisa kontzeptualizatzen du, eta horrek aukera ematen du ikasleek “fisika” eta “generoa” nola egiten dituzten aldi berean aztertzeko.

Izan ere, zer da fisikaria izatea? Generoari eta fisikari buruzko eztabaidak sustatzea komeni da, baita generoari eta ingeniaritzari buruzkoak ere, besteak beste, eta karrera horietan finkatutako aurreiritziei buruzko hausnarketa kritikoetan inplikatu behar dira irakurleak. Ikasleek fisikari bihurtzen ikasten dute, fisika egiten dute, bai eta generoa ere, prestakuntza formalean oinarritzeaz gain, testuinguru pertsonal eta sozial zabalagoak barne hartzen dituen ikaskuntza batean. Ikaskuntza identitatea eraikitzeko prozesu bat da.

Anna Danielsonek adierazten duen moduan, irakasleek beren jardunbideari eta ezagutzeko eta ezagutza hori transmititzeko dituzten moduei buruzko galderak egin behar dizkiote beren buruari, ikuspegi berritzaileak erabiliz. Irakasleen jarrerek inklusioa, bazterkeria eta hierarkiak sortzen dituzte ikasgelan. Irakasleen beren esperientzia pertsonalak ez dira oso baliagarriak ikasleei irakasteko modurik onena lortzeko. Hain zuzen ere, ikasleak ez dira kasuan kasuko irakaslearen bertsio txiki batzuk.

Hainbat ikerketak erakusten dutenez, zientzietako ikasketak egiten dituzten ikasle askok ez dute estrategiarik zientzian duten parte hartzeari zentzua emateko, lorpen akademikoen arrazoia norberaren motibazioa eta berezko trebetasunak direla dioen diskurtso indibidualista bat besterik ez dute. Horiek horrela, fisika egiten dutenak sarritan ez dira jabetzen arazoa areagotzen dutela eta, agian, horrek eragiten du, hein batean, emakumeek fisika uztea. Singh fisikaria konturatu zenez, bere lankide askok zera uste zuten: norbaitek behar adinako interesa badu, fisika egiteko gai bada, matrikulatzea erabaki badu eta beharrezkoak diren oinarriak baditu, bere helburuari eutsiko dio. Irakasle horiek ez diote garrantzirik ematen isiltasunari; izan ere, lan on batengatik zorionik edo aitorpenik ez jasotzeak kolokan jar dezake jendeak bere buruarengan duen konfiantza, are gehiago talde kalteberetan edo bazterketa egoerak bizi izan dituztenetan.

Eileen Pollack idazleak emaitza adierazgarriak aurkeztu ditu balioeste positiborik ez izatearen ondorioei buruz, 2015eko The Only Woman in the Room: Why Science Is Still a Boys’ Club memorietan. Haren esanetan, gizon zuriak dira nagusi STEM eremuetan, baina fisika eremu bereziki homogeneo bat da. NSF (National Science Foundation) erakundearen arabera, 2013an, doktorego bat zuten fisikarien % 90 gizonak ziren, eta % 74 zuriak. Pollacken liburuaren amaieran, emakumeek fisika uzteko dituzten arrazoiak aztertzen dituzten artikulu batzuen laburpena aurki daiteke.

fisika2. Pollacken liburuaren amaieran, emakumeek fisika uzteko dituzten arrazoiak aztertzen dituzten artikulu batzuen laburpena aurki daiteke. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Hark ere “Catskills juduek” ikasten zuten ingurune berean ikasi zuen. Han, zientzia aurreratua eta matematikako eskolak debekatu zizkioten, zuzendariak hau baitzioen: “Neskek ez dute inoiz zientziaz eta matematikaz askorik jakin behar”. Oztopo hori gorabehera, bere kabuz kalkulua ikastea eta proiektu bat modu independentean burutzea lortu zuen; hala, Yalen onartutako emakumeen laugarren ikasgelan sartu zen. Unibertsitatean, fisikan espezializatzea erabaki zuen, eta espezializazio hori lortu zuten lehen bi emakumeetako bat izan zen. Baina, zer preziotan? Yalen amesgaizto bat bizi izan zuen: elikadura portaeraren nahasmenduak, antsietate atakeak eta porrot egiteko etengabeko beldurra izan zituen. Inoiz ez zuen sentitu ondo ari zenik, eta inoiz ez zuen inolako estimulurik jaso irakasleen aldetik. Hala ere, zenbait seinale objektibok ondo baino hobeto ari zela adierazten zuten. Adibidez, zenbait irakaslek beraiekin ikerketa proiektu independenteetan lan egitera gonbidatu zuten. Geure buruari galde diezaiokegu zergatik zuen Pollackek halako konfiantza falta, baina honezkero sumatzen dugu arrazoia: haren azken urtean, zenbait idazketa ikastaro egin zituen, eta guztiz bestelako esperientzia izan zuen. Ikastaroan emakume gehiago zeuden, eta irakasle eta ikaskideek adoretu eta babestu egiten zuten. Esperientzia horretan oinarrituta, Pollackek astrofisikari izateko ametsa bertan behera utzi zuen. Gaur egun, idazle ezaguna da eta idazketa irakasten du Michigango Unibertsitatean.

Bere bizitzako garai batean, Pollack bere bigarren hezkuntzako institutura eta Yalera itzuli zen, han izan zituen irakasleekin hitz egitera. Institutuan, fisikako irakaslea orain emakumezkoa zen, eta eskola aurreratuan hiru neskato zeuden. Aldiz, matematikako irakasleetako batek zera esan zion: “Mutikoak zientziako ideia onak garatzeko prestatuago daude”.

Yalen ere, Pollackek zenbait aldaketa ikusi zituen, baina ez aurrerapen askorik. Neska askok oraindik kezka hau zuten: “Feministatzat hartzen badituzte, mutilek ez dituzte beraiekin ibiltzera gonbidatuko”.

Eileen Pollacken ustez, honako hau da emakumeek ikerketako ikasketak uzteko arrazoia: “Zientzia espezializatuetako emakumezko ikasleek gizonek baino errefortzu positibo gehiago behar dituzte, baita haien irakasleentzat laudorio eskaera «barregarri» horiek ikerketan arrakasta izateko beharrezko seriotasunik edo konpromisorik ez dagoelako seinaleak direnean ere”.

Pollackek berak azaldu du nola sentitu zen bere graduatu aurreko proiektuko zuzendariaren bulegora joan zenean, bere tesirako arazo teoriko bat ebatzi ondoren: “Azkenik erantzuna aurkitu nuenean, pozaren pozez eta irribarre batez jo nuen zuzendariaren atea. Hala ere, ez dut oroitzen inolako laudoriorik egin zidanik. Sekulako gogoa nuen arazoa konpontzeko izan nuen trebetasunak fisikari teoriko gisa jarraitzeko behar bezain ona nintzela esan nahi ote zuen galdetzeko. Baina, jakina, hori galdetzeko beharra banuen, nire segurtasunik ezak oraindik prest ez nengoela iradokitzen zidalako izango zen”.

3. irudia: Emakumeak ez dira fisikari gisa oso identifikatuta sentitzen, ez baitira erabat onartuta sentitzen profesionalki jardungo duten eta beren bizitzaren parte izango den diziplina horretan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Hainbat urte geroago, Yalera itzuli eta zuzendari izan zuenari bere fisika teorikoko proiektuaz zer pentsatzen zuen galdetu zionean, lan bikaina zela esan zion. Pollackek galdetu zion ea inoiz ikasleren bati graduondoko ikasketak egiteko adore eman zion, eta hark erantzun zion halakorik ez egiten saiatzen zela, oso eremu zaila zelako eta ikasleek beren kabuz erabaki behar dutelako.

Badakigu jarduteko modu hotz eta urrun horrek adorea eta ilusioa galtzea eragin eta segurtasun gabeziak sortzen dituela. Aholkulari askok fisikako ikasketak podiumaren gorenean mantentzeko duten asmoa diskriminatzailea, elitista eta oso etsigarria da. Ondo legoke ikasleen lorpenak positiboki aitortu eta balioesten ez dituztenean haiengan duten eraginaz jabetzea. Gainera, agerikoa dirudi aitorpen falta horrek eragin kaltegarria izango duela talde kalteberetako, gutxiengo sozial eta etnikoetako eta bizitza akademikoan bazterketaren ondorio asko pilatuta dituzten ikasleentzat. Zientzia esparru askotarikoa eta inklusiboa izateko, eta berori aberastuko duten ikuspuntuak izan ditzan, konponbide multzo bat eta erabaki sendo bat behar dira. Hurbileko tutoretzak egitea eta ordezkaritza txikia duten taldeei laguntzea mesedegarria izan daiteke talentua duten ikertzaileek akademia utz ez dezaten.

Ikerketa askoren ondorioak eta zientziako emakumeen kontakizunak ikusita, eszeptikoek ulertu beharko lukete fisikaren kulturak pertsona askorentzat eremu hori zaila izatea eragiten duela, baita ikuspuntu berriak emateko eta ezagutza sortzeko gai direnentzat ere, jarraitzeko eta ametsak betetzeko gogoa dutenentzat. Baina dibertsitatearen arloan benetako hobekuntzak lortzeko, beharrezkoa da gelditasunekin amaitu eta inplikatzea, erabakitasunez, fronte guztietan orokortutako ekintzak egiteko, baita ingurune hurbilenean ere. Hurbileko ingurunean, mesedegarria litzateke ondo egindako lanak goraipatzea, besterik ez, paternalismorik gabe, lana edozeinek egin duelarik ere (pertsona beltz batek, itsu batek, judu batek zein bizarrean rastak dituen pertsona zis batek); ez du kostu handirik eta ondorio harrigarriak ditu.

Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko apirilaren 112an: Haciendo física, haciendo género.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Fisika egiten, generoa egiten appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean

Og, 2022-06-30 09:00

Erditzea prozesu indibidual eta konplexua da, emakume bakoitzaren bizitzan mugarri dena. Erditze-gertaeran prozesu fisiologikoen eta psikologikoen arteko erlazioa gertatzen da, emakumearen, semearen edo alabaren ongizatean eta amaren eta bikotearen arteko harremanean eragina izan dezaketen gizarte-, ingurumen-, antolamendu- eta politika-testuinguruek eraginda.

Emakumeek bizitza osoan dute gogoan erditzearen esperientzia. Esperientzia hori ona bada, amatasunarekiko eta jaioberriarekiko jarrera positiboarekin erlazionatzen da. Aldiz, negatiboa bada, lotzen da trauma osteko estresarekin, erditze ondorengo depresioarekin, hurrengo haurdunaldietan depresioa jasateko arriskuarekin eta zesarea aukeratzeko eskaera handiagoarekin, eta horiek etorkizuneko ugalketetako erabakietarako transzendenteak izan daitezke. Azken ikerketek erditze-esperientziaren bizipen positiboan edo negatiboan eragina izan dezaketen hainbat faktore aztertu dituzte, hala nola, informazioaren komunikazioa, zaintzaileekiko harremana, erabakiak hartzeko parte hartzea eta kontrol-sentsazioa. Faktore horiei lotuta, sentimendu negatiboak ikerlan ugaritan aztertu dira, hala nola, beldurrak eta erditzeak eragindako trauma psikologikoa.

emozio-zurrunbiloa erditzeanIrudia: Gehien izendatutako emozio eta sentimenduak erditu eta 8 astera, eta 8 hilabeteren ondoren. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gaur egungo osasun-paradigmen bidez sustatzen da erabiltzaileek beren bizipenen alderdi positiboei eta negatiboei buruzko ikuspegia eta gogoetak adieraztea. Beraz, lan honetan aztertu dira amek ospitaleko erditzean positibotzat edo negatibotzat hartzen dituzten esperientziak eta izandako emozioak eta sentimenduak.

Ikerketa metodologia kualitatibo batetik planteatu da, ikuspegi fenomenologiko interpretatzailea erabiliz. Fenomenologiaren ikuspuntutik eta Heideggerren arabera: pertsona autointerpretazio-izaki bat da, eta horrek esan nahi du ez datorrela aurrez definituta mundura, baizik eta norberaren bizi-esperientziek definitzen dutela. Hori dela eta, fenomenologiaren bidez, erditzearen fenomenoa “barrualdetik” ulertu nahi izan da, hau da, 2016/17 urteetan Donostia Unibertsitate Ospitaleko (Gipuzkoa) erditze zerbitzuan erditu ziren emakumeen esperientzia subjektibotik. Horretarako, 42 emakumeri eta bikote bati elkarrizketa erdiegituratuak bi aldiz egin zitzaizkien: erditu eta 8 astera eta 8 hilabetera. Teknika horrekin batera, parte-hartuzko behaketa egin zen erditze-lekuan, eta lan-egunkari bat erabili zen. Elkarrizketak grabatu eta transkribatu ondoren, lortutako informazio guztia era sakonean ulertu ahal izateko, gaien araberako analisia egin zen ATLASti programa informatikoa erabiliz.

Ikerketa honetan emakumeek zurrunbilo emozionala adierazten dute beren erditze-prozesuaren oroimenean. Emozio eta sentimendu aipatuenak honako hauek izan dira: beldurra, poza edo zoriontasuna, zalantza, lasaitasuna, urduritasuna, kezka, satisfakzioa, sufrimendua, nahigabea, onarmena, sustoa, segurtasuna, frustrazioa, nahia, konfiantza eta dibertsioa. Emakume bakoitzak erditzearen ondoren emozioen eta sentimenduen berezko konbinazioa gogoratzen du, bere beharrak asetzeko moduek, markatutako itxaropenek, erditze-prozesuaren bilakaerak eta jaio ondorengo egokitzapenak baldintzatuta. Emakumeek erditze-esperientzia positiboa dela definitu dute espektatiba pertsonalak, bikotearenak eta soziokulturalak bete direnean, eta sentimendu eta ekintza baikorren bidez adierazteko gai direnean. Aldiz, esperientzia negatiboa ezintasunaren sentimenduek, beldurrek edo profesionalekin izandako erlazio desegokiek markatzen dute. Erditze ideala desberdina da emakume bakoitzarentzat, baina, oro har, honako ezaugarri hauekin lotu dute: konplikaziorik ez sortzea, beharrezkoak ez diren interbentzioak ez egitea, informazio egokiarekin hartzen diren erabakietan oinarritzea eta segurtasunaren barnean gertatzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 41
  • Artikuluaren izena: Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean.
  • Laburpena: Erditzea prozesu indibidual eta konplexua da, emakume bakoitzaren bizitzan mugarri dena. Erditze-gertaeran prozesu fisiologikoen eta psikologikoen arteko erlazioa gertatzen da, emakumearen, semearen edo alabaren ongizatean eta amaren eta bikotearen arteko harremanean eragina izan dezaketen gizarte-, ingurumen-, antolamendu- eta politika-testuinguruek eraginda. Gaur egungo osasun-paradigmen bidez sustatzen da erabiltzaileek eta osasun-profesionalek beren bizipenen alderdi positiboei eta negatiboei buruzko ikuspegia eta gogoetak adieraztea. Beraz, lan honetan aztertuko dira amek ospitaleko erditzean positibotzat edo negatibotzat hartzen dituzten esperientziak eta izandako emozioak eta sentimenduak. Emaitzak funtsezkoak dira erditzean emakumearengan zentratutako zaintza modu indibidualizatuan, pertsonalizatuan, holistikoan eta jarraituan bideratu ahal izateko, emakumearen balioak, aukerak, kultura eta emakumearen eta bikotekidearen nahiak errespetatuz.
  • Egileak: Beatriz Pereda-Goikoetxea, María Isabel Elorza-Puyadena, Mikel Lersundi-Ayestaran, Joseba Xabier Huitzi-Egilegor, María José Uranga-Iturrioz, Blanca Marín-Fernández
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 31-48
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22511
Egileez:

Beatriz Pereda-Goikoetxea, María Isabel Elorza-Puyadena, Joseba Xabier Huitzi-Egilegor eta María José Uranga-Iturrioz UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza II Saileko ikertzaileak dira.

Mikel Lersundi-Ayestaran UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saileko ikertzailea da.

Blanca Marín-Fernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Emakumeen emozio-zurrunbiloa erditzean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Listu-tanta baten kutsatze-ahalmena

Az, 2022-06-29 09:00

Birus baten transmisio-ahalmena da gaixotasun infekziosoak aztertzeko kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenetariko bat. Birus gehienak ahotik transmititzen dira. Pertsona batek eztul, hitz egin edo doministiku egiten duenean, kutsatzeko ahalmen handia duten zenbait partikula edo listu-tanta botatzen ditu ingurunera. Tanten lurruntzea bertan gertatzen diren faktoreen araberakoa da, eta, ondorioz, gaixotasunaren transmisioa aldatu egiten da.

UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika sailean listu-tanta baten portaera ikertu dute. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketak COVID-19 gaixotasunaren bizi dugun antzeko pandemia egoera baten aurrean erabakiak hartzen lagun diezaguke. “Lan honen helburua da simulazio konputazionalen bidez, listu-partikula baten portaera zein den aztertzea ingurumen-ezaugarri desberdinetan”, adierazi dute Ainara Ugarte Anero eta Unai Fernández Gamiz UPV/EHUko ikertzaileek.

Listu-tantaIrudia: Listu-tanta baten lurruntze-prozesua. Partikula ingurunean askatu ondoren, lurruntze-prozesua listu-ura lurruntzen hasten da. 5 µm-ko diametroa lortzen duenean, aerosola bihurtzen da eta ondoren hondakin bilakatzen da. (Irudia: Ugarte-Anero, A., et. al. (2022)-tik eraldatua)

Fluidoen dinamikan oinarritutako simulazio konputazional bat garatu dute (CFD-Computational Fluid Dynamics), listu-tantak airean zein portaera duen aztertzeko, eta hortaz, pertsona batek hitz, eztul edo doministiku egiten duenean txistu-tanta hori airean nola mugitzen den aztertzeko. “Simulazioa ingurune kontrolatu eta arrunt batean egin genuen; alegia, ez genuen doministiku egitean askatzen diren partikula guztiak aztertu baizik eta eremu itxi bateko partikula bakar baten azterketan oinarritu gara. Horretarako, 0 eta 100 mikra bitarteko tantak jaurti ditugu 1,6 metroko altueratik —distantzia horretara dago gizakiaren ahoa gutxi gorabehera— , eta kontuan izan ditugu tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina”, azaldu du Unai Fernández Gamizek.

“Emaitzek erakutsi dute —dio Ainara Ugartek— giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diotela lurruntze-prozesuari. Beraz, listu-tanta baten portaeran kontuan hartu beharreko faktoreak tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina dira. Lurruntze-denbora handiagoa da giro-tenperatura txikiagoa denean. Diametro txikiagoko partikulak berehala lurruntzen dira, eta diametro handienekoak, berriz, denbora gehiago behar dute”. “100 mikra inguruko partikula handi batzuk 60-70 segundo egon daitezke airean, eta, printzipioz, distantzia handiagora garraiatzen dira; beraz, baliteke pertsona bat igogailu batean doministiku egin, pertsona hori igogailutik irtetea eta partikulek, ordea, igogailuan jarraitzea. Horregatik da garrantzitsua bi metroko segurtasun-distantzia ingurune itxietan, COVID-19 gaixotasunaren kasuan. Aztertutakoaren arabera, badirudi distantzia hori arrazoizkoa izan daitekeela Covid-19ren kasuan kutsatze gehiago saihesteko. Horri hezetasuna ere gehitu behar zaio. “Ingurune heze batean, lurruntzea motelago gertatzen da, eta, beraz, kutsatzeko arriskua handiagoa da, partikulek denbora gehiago irauten baitute airean”, gehitu du Ugartek.

UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileak bat datoz honako honetan: “oinarrizko ikerketa da, baina, aldi berean, ezinbestekoa, etorkizunean egoera askoz konplexuagoak aztertzeko aukera emango baitigu. Orain arte, tanta bakar baten dinamika aztertzean eraikin baten zimenduak aztertzen aritu gara”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Listu-tanta bakar baten kutsatze-ahalmena aztertu dute lehen aldiz

Erreferentzia bibliografikoa:

Ugarte Anero, Ainara; Fernandez Gamiz, Unai; Portal Porras, Koldo; Zulueta, Ekaitz; Urbina Garcia, Oskar. Computational characterization of the behavior of a saliva droplet in a social environment. Sci Rep 12, 6405 (2022). DOI: 10.1038/s41598-022-10180-5

 

The post Listu-tanta baten kutsatze-ahalmena appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Taxonak, paleontologiako paranormal activityak

Ar, 2022-06-28 09:00

Zientzian, oro har, eta geologian, bereziki, prozesu edo egitura bat izendatu nahi dugunean, zer esan nahi duen bere kabuz azaltzen duen termino bat bilatu ohi dugu. Hau da, kontua da entzute hutsarekin zertaz ari garen jakitea, sakonago deskribatu behar izan gabe. Baina, batzuetan, oso literalak gara hitzok aukeratzeko orduan. Orain, erakutsiko dizkizuedan zenbait adibide ikusita, ez duzue jakingo paleontologiako terminoez ari garen ala rock kutsua duen beldurrezko film bat kontatu nahi dugun.

Baina, hasi baino lehen, gauza batzuk argitu behar ditut. Ikerketa paleontologikoak fosil erregistroan jasotako informazioan oinarritzen dira; hau da, arroka bihurtuta kontserbatu diren iraganeko organismoen hondakinak aztertzen dituzte. Alabaina, izugarri zaila da hondakin organiko bat fosil bihurtzea, gehienak arrastorik utzi gabe desagertzen baitira. Horregatik, fosil erregistroa “osatugabea” dela esaten dugu. Horrekin ez dugu esan nahi txarra denik edo ez duenik ezertarako balio; aitzitik, osatzen joan behar dugun puzzle horretan oraindik ere pieza asko falta zaizkigula gogorarazteko modu bat besterik ez da. Eta hori bereziki garrantzitsua da iraganeko organismoetan oinarritutako ikerketa ebolutiboetan; horregatik aurkitzen dira fosil espezie berriak egunero, eta ziurtzat genituen zenbait sinesmen zuzentzen dira. Horrekin lotuta daude, hain zuzen, gaurko protagonistak.

Elvis eta Lazaro taxonak, baita zonbiak ere

Heavy metal eta hard rock musikaren zalea naizenez, Rockaren Erregeaz hitz egingo dut hasteko: Elvis Presley handiaz. Erregea bakarra eta paregabea izan zen arren, hil zenetik haren ehunka imitatzaile agertu dira toki guztietan. Bada, horixe bera gerta daiteke taxonekin; termino zientifiko horren bidez, gure planetaren historia ebolutiboan egon diren fauna taldeak izendatzen dira. Batzuetan, organismo moderno batzuk beste organismo zaharrago batzuen oso antzekoak dira, ia berdin-berdinak. Hori ikusita, pentsa dezakegu haien ondorengo ebolutiboak direla, baina, egiaz, ez dute inolako zerikusirik. Dituzten antzekotasun morfologikoak konbergentzia ebolutibo izeneko prozesu baten emaitza dira; prozesu horren bidez, bi organismok egitura morfologiko oso antzekoak eta funtzio ia berdinekoak garatzen dituzte, baina haien lerro ebolutiboek bananduta egin dute aurrera. Talde zaharragoekiko antzekotasunak garatu eta ia imitatu ere egiten dituzten organismo modernoago horiek, hertsiki ahaidetuta daudela sinetsarazten digutenek, Elvis taxonak izena dute.

Taxonak1. irudia: Hegaztien, pterosauroen (narrastiak) eta saguzarren (ugaztunak) hegoen konbergentzia ebolutiboa. Hiru taldeek elementu morfologiko oso antzekoa eta funtzio ia berdinekoa garatu dute, baina lerro ebolutibo desberdinak dituzte. (Iturria: Seed, A., Emery, N. eta Clayton, N. (2009). Intelligence in Corvids and Apes: A Case of Convergent Evolution? Ethology 115, 401.-420. or.)

Orain, hildako bizidunen mundura igaroko gara. Hasteko, Lazaro taxonak aipatuko ditut. Historia biblikoan oinarritutako izen hori dute duela milaka edo milioika urte desagertu zirela uste zen favuna taldeak, ez baitzegoen haien hondakin fosilik historia geologikoaren une jakin batetik aurrera. Baina, bat-batean, hondakin fosil berriagoak edo, batzuetan, oraindik bizirik dauden aleak agertzen dira, eta taldearen lerro ebolutiboa denboran luzatzen da. Lazaro taxon baten adibide nagusia zelakantoa da, ur oso sakonetan bizi den arrain bat; uste zenez, duela 66 milioi urte desagertu zen, ez baitzen haren ebidentziarik aurkitu Kretazeoaren amaieratik. Baina, duela ia mende bat, bizirik zegoen ale bat harrapatu zuten Hego Afrikako kostaldean. Horrek agerian jartzen du zein zaila den hondakin organiko batek fosil erregistroan bere arrastoa uztea.

Taxonak2. irudia: Goian, zelakantoaren fosila (milioika urte) eta, behean, zelakantoaren gaur egungo ale bat (bizirik). (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko irudia).

Eta, aurreko gaiarekin jarraituz, taxon zonbia zer den azalduko dizuet. Termino horren bidez, dagoeneko desagertuta dauden fauna talde bat izendatzen da, baina talde horren hondakin fosilak beren jatorrizko material harritsuetatik atera daitezke higadura, garraio eta sedimentazio prozesuen ondorioz, eta material geologiko modernoagoen parte izaten amaitu dezakete. Berriz jaulki diren ale horiek oso informazio garrantzitsua ematen digute ingurune horretan gertatu diren prozesu geologikoei buruz (adibidez, urak antzinako lakuetan isurtzen zituzten ibai eta erreken sorburuko eremuari buruzko informazioa ematen digute). Baina, arroka horietan dauden organismo fosilak aztertzean oso kontuz ibili eta hondakinik zaharrenak mugitutako hondakin gisa identifikatzen ez baditugu, berorien historia ebolutiboa luzatzeko akatsa egin dezakegu; izan ere, pentsa dezakegu espezieok hurbilagoko garaietara iritsi zirela, egiaz ordurako desagertuta zeuden arren. Hau da, euren hilobi harritsuetatik jaiki eta ingurune modernoagoetan paseatzen diren benetako zonbiak dira.

Lurreko bizitzaren eboluzioa aztertzeko, fosil erregistroak emandako informazioan soilik oinarritu gaitezke. Baina ez da dirudien bezain lan erraza. Horregatik, etengabe aldatu eta eguneratzen da, eta gero eta ikerketa paleontologiko zehatzagoak egin behar dira. Nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi badugu, gure inguruan ditugun harrizko lekukoetan jarri behar dugu arreta. Hori dela eta, ezinbestekoa da mundu osoko azaleratze fosilak kontserbatu, zaindu eta babestea, bizitzaren puzzlean oraindik kokatzeke ditugun piezetako bat ere ez galtzeko.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Taxonak, paleontologiako paranormal activityak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Igandean soilik hartzen du arnasa

Al, 2022-06-27 09:00

“Oso bitxia dirudien arren, horixe egiten du baleak; izan ere, urpean dagoenean, ordubete edo gehiagoko tarteak igarotzen ditu sistematikoki arnasarik hartu gabe, eta aire partikularik xurgatu gabe, ez baitu zakatzik”. (Moby Dick, LXXXV. kapitulua).

Ahab kapitainak balea zuri handiarekin zuen obsesioaren istorioa epopeia tragiko bat da; hain zuzen ere, baleak kapitaina hiltzea, Pequod ontzia hondoratzea eta tripulazioa galtzea (Ismael izan ezik) eragin zuen, azkenean. Baina XIX. mendeko baleazaleen bizitzaren kronika bat ere bada, bai eta, harritu dezakeen arren, historia naturalari buruzko tratatu bat ere. Halako aniztasun tematikoa obra bakar batean biltzen duelako izango da, agian, Herman Melvillen eleberri hori ezagutzen den hiztegi dentsitate handieneko testua. Beste ezein testutan ez dago hainbeste hitz ezberdin, hitzen guztizkoarekin alderatuta. Moby Dick eleberriak informazio ugari ematen du eta, hein handi batean, biologikoki zuzena da, testu honen goiburuan jaso duguna, esaterako.

arnasaIrudia: Kaxaloteek beren denboraren erdia sakonerako murgilketak egiten igarotzen dute. (Argazkia: nesslinger-it – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Kaxaloteak, batez beste, 400 metroko sakoneraraino murgiltzen dira, eta murgilketok 40 minutu inguru irauten dute. Baina 3.000 metroraino irits daitezke, baita uretan ia bi ordu egon ere. Horri esker, txipiroi erraldoiak ere ehizatzen dituzte. Harrapari bikainak dira. XIX. mendean eta XX. mendearen zati handi batean, nabarmen txikitu zen haien kopurua, ehizaren ondorioz; nolanahi ere, gaur egun, urtean ehun mila tona arrain inguru jaten dituzte, hots, gizakiok arrantzatzen duguna bezain beste.

Ezaugarri oso bereziak izan behar dira halako murgilketak egiteko; egiaz, beste animalia batzuek ere badituzte ezaugarriok, baina gutxiago garatuta, esaterako, murgilketa erreflexua. Murgiltzen garenean, bihotzak motelago egiten ditu taupadak eta, hala, oxigeno gutxiago kontsumitzen du. Era berean, zirkulazio periferikoa mugatu edo gelditu egiten da, eta odola, nagusiki, entzefalora, biriketara eta bihotzera bideratzen da; egoera horretan arteria presioa ez igotzeko, taupaden maiztasuna txikiagotzen da eta, itsas ugaztunen kasuan, aorta zabaltzen da, konpentsazio ganbera gisa funtzionatzeko. Gainera, barea uzkurtu egiten da eta barnean oxigenoz beteta dituen globulu gorri ugariak isurtzen ditu zirkulazio sisteman.

Beste ugaztun batzuek ez bezala, zetazeoek ur oso sakonetan igeri egiteko bereziki egokituta dauden ezaugarriak dituzte. Murgildu aurretik, zenbait aldiz hartzen dute arnasa eta, jarraian, biriketako aire guztia botatzen dute. Hala, itsas azalera itzuli eta despresurizatzean odolean nitrogeno burbuilak sortzeko arriskua murrizten dute. Alabaina, “oxigeno gordailu” batzuk dituzte. Aipatu ditugu bareak isurtzen dituen globulu gorri gehigarriak. Halaber, gainerako ugaztunek baino odol gehiago daukate, eta odol horrek oso hematokrito maila –globulu gorrien kontzentrazioa– handia dauka. Guk baino hamar aldiz mioglobina kontzentrazio handiagoa dute; mioglobina hemoglobinaren antzeko proteina bat da, eta giharretako zeluletan egoten da. Gauza bera esan daiteke zitoglobinaz (hainbat ehunetan) eta neuroglobinaz (nerbio ehunean).

Kaxaloteek beren denboraren erdia sakonerako murgilketak egiten igarotzen dute, laurden bat sakonera txikiko murgilketak egiten eta beste laurdena, ur azala baino pixka bat beherago edo ur azalaren gainean igerian. Moby Dick kaxalote izugarri handi bat zen; beraz, seguruenik, Melvillek esan bezala, ordubete baino luzeago egoten zen murgilduta eta, are esanguratsuagoa dena, metaforikoki egia da egileak berak LXXXV. kapituluan idatzi zuena: “Kaxaloteak denboraren zazpiren batean soilik hartzen du arnasa, hots, bere denboraren igandean”.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Igandean soilik hartzen du arnasa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #405

Ig, 2022-06-26 09:00

Esne Bidearen inguruan dauden galaxia nanoak agian ez dira sateliteak. Are the dwarf galaxies around the Milky Way actual satellites? Tomás Ruiz-Lararena.

Shakespeare bezala hitz egiten badu eta Shakespeare bezala idazten badu, Shakespeare izango da. Adimen artifizialen inguruan We taught an AI to impersonate Shakespeare and Oscar Wilde – here’s what it revealed about sentience, Alex Connock eta Andrew Stephen.

Neurketa elektroniko oso zehatzak tenperatura kriogenikoetan egiteko, tenperatura horietan agertzen diren efektuak, supereroaletasuna eta tunel efektua, kasu, aprobetxatzea da onena. DIPC ren A superconducting tunnel diode

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #405 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #399

Ig, 2022-06-26 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

beroaldi jirafa

Klima-aldaketa

Normalean baino goizago jo du muturreko beroaldi batek Euskal Herria. Zientzialariek aipatu dute egunotako beroaldiaren atzean klima aldaketa dagoela. Munduaren batez besteko tenperatura 1,1 gradu igo da bakarrik industria aurreko garaiarekin alderatuta. Honen ondorioz, muturreko eguraldi fenomenoak mundu osoan ari dira gertatzen. Indiak martxotik jasan duen beroaldi itzelak ondorio latzak izan ditu gari uztan, lehortea gogor jotzen ari da Afrikako adarreko herrialdeetan, eta aspaldiko sikaterik latzenak bizi dituzte Kalifornian eta Europa hegoaldean, besteak beste. Berrian irakur daiteke: Beroaldiei aurre egiten hasi.

Hari beretik, ikertzaile talde batek azken hamarkadetan izandako muturreko beroaldiak identifikatu ditu. Goreneko tenperaturei begiratu beharrean alabaina, batez besteko tenperaturekiko dagoen desbideraketa aintzat hartu dute. Hau da, egunaren tenperatura aintzat hartu dute, eta ikusi dute horiek zenbatetan desbideratu diren erregio jakin batean izan ziren batez besteko tenperaturekiko. Honela, ikusi dute lehen itxura batean hain esanguratsuak ez diren errekorrak ere kezkagarriak izan daitezkeela. Gainera, espero zitekeen moduan, ikusi dute olatu hauek handiagoak izango direla planetako tenperatuek gorago jo ahala. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Science aldizkarian argitaratu duten azterketa batean ondorioztatu denez, gaur egun klima-aldaketaren aurka hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa izango 2015eko Parisko hitzarmenean jarritako helburua betetzeko. Alegia, berotze globala 1,5 °C-ra mugatzeko. Azterketa horren arabera, egungo isurketen joerak iradokitzen du 1,5 ºC-ko muga 10 urte baino lehen gaindituko dugula. Gainera, lanak agerian uzten du Parisko hitzarmenaren helburua lortzeko oztopo nagusia sistema politiko eta teknologikoen inertzia dela, eta politikarien eta enpresen lidergoa ezinbestekoa dela egoera hobetzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Cabo Verdeko Fogo eta Santo Antão irletan bizi diren Arabidopsis landareak genetikoki ezberdinak dira haien artean. Ikerketa batek ikusi zuen Fogoko Arabidopsis haziak, lur baldintza normaletan hazten zirenean, hostoek kolore berdea galtzen zutela, jatorrizko ingurunean ikusten ez den gertaera. Uste dute nutriente mineralen eskasiaren ondorioz gerta daitekeela kolorearen galtzea. Izan ere, manganesoaren eskuragarritasuna oso baxua da Fogoko lurretan eta, emaitzak ikusita, Fogoko Arabidopsis landareak egoera horretara moldatu direla dirudi, modu oso eraginkorrean garraiatzen baitute manganesoa hostoetara. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lur elkorrera moldatu ziren landareak.

Eltxo arrunta (Culex pipiens) gure udaberriko eta udako bizilagunak izan ohi da. Ziztadekin lotu ohi dira eltxoak, baina ez dute eltxo guztiek ziztatzen. 3.500 eltxo espezie baino gehiago daude, eta horietatik 200 batek ziztatzen dute. Eta, ziztatzen duten espezieen artean, ez dute eltxo guztiek ziztatzen: emeek soilik ziztatzen dute, odoletako proteinak behar baitituzte arrautzak jartzeko. Eltxoen beste berezitasun bat zera da, arrautza erruteko baldintzak ez badira egokiak, arrautzak iraun egiten du beldarra garatzeko baldintza hobeak sortu arte. Honi diapausa deitzen zaio. Azalpen guztiak Berrian: Burrunba bat gauaren ilunean.

EHUko eta Aranzadiko ikertzaileek egindako azterketa batek agerian jarri du Euskal Herriko nerabeek biodibertsitatearen ezagutza mugatua dutela, batez ere bertoko animalia eta landareei dagokionez. 12-13 urteko 1.000 gazteri ezagutzen dituzten animalia eta landareak zerrendatzeko eskatu zaie ikerketan, eta % 7,4k bakarrik izan du hamar landare izendatzeko gaitasuna. Animaliak izendatzeko gaitasun handiagoa azaldu den arren, bertoko espezieekiko ezagutza txikia dutela geratu da agerian. Datuak Elhuyar aldizkarian: Bertoko espezieekiko itsutasuna, euskal gizartearen arazo.

Osasuna

Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, SARS-CoV-2aren infekzio kronikoak aldaera arriskutsuak sortzea errazten du. Zenbait pertsonatan, SARS-CoV-2aren infekzioa asko luzatzen da eta ikertzaileek frogatu dute birusa aldatzen zihoala. Infekzio kronikoetan, mutazio desberdinak dituzten bertsioek elkarren aurka lehiatzeko denbora dute eta, beraz, denbora dago ezaugarri jakin bat duen aldaera besteari gain hartzeko. Horrenbestez, infekzio kronikoetan gertatzen diren mutazioak ikertzea lagungarria izan daitekeela uste dute, zer aldaera arriskutsu sortuko diren aurreikusteko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Izar bat bere bizi zikloaren zein unetan dagoen jakin dezakegu, bere erregaia zein den ezagututa. Izarrek haien barnean hainbat atomo fusionatzen dituzte eta soberako energia erradiazio moduan askatzen dute. Izarrek sekuentzia nagusian igarotzen dute bizitzaren zatirik handiena, hau da, nukleoko hidrogenoa erretzen. Alabaina, nukleoko hidrogeno iturriak agortzen direnean, izarrak zahartzarora iristen dira eta, duten masaren arabera, heriotza bat edo beste izango dute. Masa txikia edo ertaina duten izarrak erraldoi gorri bilakatzen dira, eta izar handiak, berriz, supererraldoi gorriak bihurtuko dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Izar baten bizitza eta heriotza.

Teknologia

Aste honetan Zientzia Kaieran, Enara Zarrebeitiari egin diote elkarrizketa Zientzialari atalean. Zarrebeitia TECHNOLOGY FOR Bussiness, Society and Sustainability ikerketa-taldeko ikertzailea da, eta adimen lehiakorrari buruz hitz egin du. Adimen lehiakorra enpresa baten abantaila lehiakorra hobetzeko datuez eta hauek ematen duten informazioaz baliatzean datza. Behin informazio guztia barneratuta, erabaki estrategiko bat gauzatzen du. Gaur egun, edonon aurki ditzakegu era guztietako datuak, eta honek potentzial handia duela dio.

Googleren Lamda robotak kontzientzia propioa duela esan du enpresako ingeniari batek. Elkarrizketak sortzeko robota da Lamda, Blake Lemoine ingeniariarekin izandako elkarrizketa batean robotak bere sentipenez hitz egin zion Lemoineri (poza, maitasuna, tristura, depresioa, haserrea) eta baita heriotzari dion beldurraz ere. The Washington Post egunkarian kontatu zuen hau Lemoinek, baina munduko aditu gehienek baztertu egin dute kontzientzia izateko aukera. Hala ere, emaitzak izugarriak dira, eta robotak hizkuntza erabiltzeko gaitasun izugarria eta koherentzia maila handia erakutsi ditu.

Jon Otegui Arruti (Tolosa, 1993) ingeniaritzan doktorea da. 2016 eta 2020 urteen artean CAF eta DeustoTechen garatu zuen tesia, trenen lokalizazio segurua ahalbidetzeko sistema baten diseinu eta garapenean. Azaldu duenez, gaur egungo teknologiek muga handiak dituzte tren baten kokapen zehatza segurtasun osoz jakiteko. Orokorrean, 3 muga nagusi identifika daitezke: emaitzaren zehaztasuna, egungo sistemaren kostu altua eta segurtasun mailaren eskakizunen areagotzea. Sistema inertzialak mapekin eta satelite bidezko sistemekin ere harremandu zituen tesian. Honi buruz gehiago jakiteko, Unibertsitatea.net webgunean dago elkarrizketa osoa eskuragarri: Jon Otegi: “Sistema inertzialak eta satelite bidezko sistemak fusionatzea izan da tesiaren ekarpen nagusia”

Fabrikazio-gehigarria geruzaz geruza piezak eratzean oinarritzen den produkzio kontzeptu berria da eta fabrikazio-teknika tradizionalek inposatutako diseinu mugak gainditzea ahalbidetzen dute. Hari elikatzedun deposizioaren barnean arku eta hari bidezko fabrikazio gehigarriak (ingelesez, Wire Arc Additive Manufacturing (WAAM)) zehazki, konplexutasun ertain eta baxuko tamaina handiko geometrien fabrikazioa ahalbideratzen du, eta soldagarria den edozein materialetan fabrika daitezke piezak. Gainera, erabilitako material kantitatea murrizten du. Hiru WAAM prozesu motei buruz gehiago jakiteko Zientzia Kaieran dago eskuragarri artikulu osoa.

Jasangarritasuna

Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako 17 helburu dira, eta Agenda 2030 osatzen dute. Alabaina, ikerketa berri batek erakutsi du ez dutela funtsezko aldaketarik eragin ekintzetan, ez legeetan, ezta baliabideak esleitzeari buruzko erabakietan ere. Ikusi dute jasangarritasunari buruzko diskurtsoak aldatu egin direla 2015etik hona, baina politikak eta erakundeak ez direla egokitu, eta ez dela baliabide nahikorik esleitu, helburuak betetzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Garapen Jasangarrirako Helburuak politikan: diskurtsoetan bale, ekintzetan kale.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #399 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Enara Zarrabeitia: “Egungo teknologiarekin edonon sor ditzakegu datuak”

Or, 2022-06-24 09:00

Adimen lehiakorra gero eta maizago entzuten den terminoa da. Adimen lehiakorra enpresa baten abantaila lehiakorra hobetzeko datuez eta hauek ematen duten informazioaz baliatzean datza, behin informazio guztia barneratuta, erabaki estrategiko bat gauzatzeko. Datuak hainbat gunetatik lor daitezke: bezeroak, konpentetzia edo merkatuko beste esparru batzuetatik.

Egun non-nahi aurki ditzakegu era guztietako datuak gizartean gero eta garrantzi gehiago hartzen ari diren faktoreak baitira, batez ere enpresa munduan. 

Uneoro sortzen ditugu datuak, mugimenduekin, interakzioekin, eta eguneroko jarduerarekin, esaterako. Datu horiek potentzial handia izan arren, berez ez daukate balio asko, baina balio hori sortu egin daiteke datu-meatzaritzari esker.

Datuek eta hauek ematen duten informazioaren garrantziaz jabetzeko, UPV/EHUko Technology for Business, Society and Sustainability ikerketa-taldeko Enara Zarrabeitia ikertzailearekin bildu gara.“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Enara Zarrabeitia: “Egungo teknologiarekin edonon sor ditzakegu datuak” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Fabrikazio-gehigarriko WAAM teknologia

Og, 2022-06-23 09:00

Fabrikazio-gehigarria geruzaz-geruza piezak eratzean oinarritzen den produkzio kontzeptu berria da. Fabrikazio-gehigarriaren barneko teknikek duten izaera dela eta, orain artean fabrikazio-teknika tradizionalek inposatutako diseinu mugak gainditzea ahalbidetzen dute. Material mota anitzetan lan egin dezaketen arren, lan honetan material metalikoetan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko teknikak azalduko dira, hala nola, hauts-ohearen fusioa (Power Bed Fusion, PBF) eta energiaren ezartze zuzena (Direct Energy Deposition, DED). Azken teknologia honen barnean bi sistema bereizten dira elikatzen den materialaren formatuaren arabera, hauts elikatzedun deposizioa eta hari elikatzedun deposizioa. Hari elikatzedun deposizioaren barnean arku eta hari bidezko fabrikazio gehigarrian (ingelesez, Wire Arc Additive Manufacturing (WAAM)) arreta berezia ezarriko da erakusten dituen abantailak direla eta.

WAAMIrudia: metaletan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko tekniken irudikapen eskematikoa: (a) Hauts-ohearen fusioa (PBF); (b) Hauts-elikatzedun deposizioa (PFS); (c) Hari-elikatzedun deposizioa (WFS). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

WAAMak konplexutasun ertain eta baxuko tamaina handiko geometrien fabrikazioa ahalbideratzen du, lortzen den materialaren ezarpen-tasa altua baita, materialaren arabera 1 eta 10 kg/h artekoa. Gainera, WAAM teknologiaren bidez soldagarria den edozein materialetan fabrika daitezke piezak. Normalean, soldadura konbentzionalerako erabiltzen diren hari metalikoak izaten dira prozesu honetako lehengaiak eta hari hauek material anitzetan aurki daitezke. Bestalde, lehengai gisa hari metalikoak erabiltzeak baditu zenbait onura. Izan ere, kilogramoko materialaren prezioa hari formatuan hauts formatuan baino askoz ere merkeagoa da ingeniaritzako zenbait materialetan eta hautsen gestiorako sistema konplexuen beharra ezabatzen da. Gainera, teknologia konbentzionalen aldean WAAM teknologiak erabilitako material kantitatea murrizten du, soilik behar den lekuan behar den material kantitatea ezartzen baitu.

Bero-iturriaren arabera hiru WAAM prozesu mota bereizten dira: Arku Bidezko Gas Metal Soldadura (Gas Metal Arc Welding, GMAW), Arku Bidezko Gas Tungsteno Soldadura (Gas Tungsten Arc Welding, GTAW) eta Plasma Bidezko Soldadura (Plasma Arc Welding, PAW). GMAW teknologiak elektrodo suntsikorra du, hau da, elikatzen den haria bera da elektrodoa. Beste bi teknologietan, aldiz, elektrodoa iraunkorra da (gehienetan tungstenozkoa), ez da kontsumitzen eta haria independenteki elikatzen da, haria-elikatzeko sistema baten bidez. GMAW teknologiak ezarpen-tasa altuagoak eskaintzen ditu, baina arku elektriko ezegonkorra eta zipriztinak sor ditzake. Hala, lan honetan GMAW teknologian oinarritutako WAAM prozesua aztertzen da eta erabilitako ekipamenduaren zehaztasunak ematen dira. Gainera, aplikazio eremu bakoitzeko teknologia hau erabiltzen duen adibide industrial erreal bat azalduko da. Fabrikazio zuzenean, 5356 aluminio aleazioan topologikoki optimizatutako diseinua duen dorrearen fabrikazioa azalduko da, diseinu originalarekin alderatuta %31ko pisu aurrezkia lortuz. Fabrikazio ez zuzenean, ER70S-6 altzairuan tamaina handiko molde baten fabrikazio aipatuko da. Azkenik, konponketei dagokienez, H13 altzairuzko molde higatu bat WAAM teknologiaren bidez nola konpondu den azalduko da.

Hau guztia kontuan izanda, ondoriozta daiteke WAAM teknologia etorkizun handia izan dezakeen fabrikazio-gehigarriko tekniketako bat dela. Izan ere, teknika honek ezarpen-tasa altuak lortzen ditu ingeniaritzako material metaliko anitzetan eta beraz, tamaina ertain-handiko piezen fabrikaziorako oso egokia da. Gainera, fabrikazio-teknika tradizionalekin alderatuz diseinu mugak zabal daitezke eta erabiltzen den material kantitatea murriztu, material erabilera efizientzia handituz. Hala, artikulu honetan zehaztu diren aplikaziotan ikus daitekeen bezala, WAAM teknologiak hainbat sektore industrialen birmoldaketa suposatuko duela uste da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Hari metalikoetan eta arku elektrikoan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko WAAM teknologiaren oinarriak eta aplikazioak.
  • Laburpena: Fabrikazio-gehigarria geruzaz geruza piezak eratzean oinarritzen den produkzio-kontzeptu berria da. Fabrikazio-gehigarriaren barneko teknikek duten izaera dela eta, orain artean fabrikazio-teknika tradizionalek inposatutako diseinu-mugak gainditzea ahalbidetzen dute. Material mota anitzetan lan egin dezaketen arren, lan honetan material metalikoetan oinarritutako fabrikazio-gehigarriko teknikak azalduko dira. Horien artetik, arku eta hari bidezko fabrikazio gehigarrian (ingelesez, Wire Arc Additive Manufacturing (WAAM)) arreta berezia ezarriko da, erakusten dituen abantailak direla eta. Lan honen helburu nagusia WAAM teknologia metalen fabrikazio-gehigarriaren barruan kokatzea da, teknologia honen deskribapena eginez eta hark industrian dituen hainbat aplikazio azalduz.
  • Egileak: Eider Aldalur, Asier Panfilo, Alfredo Suárez, Jone M. Ugartemendia
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 345-360
  • DOI: 10.1387/ekaia.22367
Egileez:

Eider Aldalur eta Alfredo Suárez TECNALIAko ikertzaileak dira. Asier Panfilo eta Jone M. Ugartemendia UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Meatze Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fabrikazio-gehigarriko WAAM teknologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Lur elkorrera moldatu ziren landareak

Az, 2022-06-22 09:00

«Biziak bidea egiten du» da Ian Malcolmek Jurassic Park liburuan esan zuen esaldi gogoangarria. Baina nola urratzen da bide hori? Txoko honetara ekarri ditugu ingurune azidoetara moldatu diren arrainak eta bizi diren ingurunera moldatu diren zuhaitzak. Zelan gertatzen dira moldapen-prozesuak, ordea?

Proposatu da hainbat genek parte hartzen dutela moldapen-prozesuetan. Baina moldapen hori elkarrekintza duten proteinetan gertatzen da edo funtzio biologiko ezberdinak dituzten proteinetan? Moldapen-prozesuaren lehenengo urratsak zenbateraino mugatzen ditu hurrengo urratsak? Posibleak diren eboluzio-bideak mugatzen al dituzte gene-aldaeren arteko elkarrekintzek eta parte hartzen duten funtzio biologikoek? Moldapena gertatzen da mutazio bakar bat populazioan arin hedatzen delako edo hainbat mutazio aldi berean hedatzen direlako? Galdera horiei argi pixka bat emateko, Cabo Verdeko Fogo eta Santo Antão irlak kolonizatu dituzten Arabidopsis generoko landareak aztertu ditu ikertzaile talde batek.

moldatu ziren landareak1. irudia: Fogoko geruza-sumendia, Pico do Fogo (Argazkia: Flexman – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Arabidopsis landareak kolonizatu zuen Fogo irla orain dela hiru mila eta bost mila urte artean, 250 kilometrora dagoen Santo Antão irlatik abiatuta. Kolonizazio-prozesu horren ondorioz, bi irletan bizi diren Arabidopsis landareak genetikoki ezberdinak dira beren artean. Esan beharra dago, biak irla bolkanikoak badira ere, Fogo aktibo dagoen geruza-sumendia dela –2015. urtean gertatu zen azken erupzioa–, Santo Antão aspaldi aktibo ez dagoen bitartean –orain dela 90 mila urte gertatu zen azken erupzioa–.

Ikertzaileek ikusi zuten Fogoko Arabidopsis haziak lur baldintza normaletan hazten zirenean hostoek kolore berdea galtzen zutela, jatorrizko ingurunean ikusten ez den gertaera. Izan ere, Santo Antão irlako eta kontinenteko landareekin konparatuta, lur baldintza normaletan hazterakoan, Fogokoen hostoek kolore gutxiago zuten eta txikiagoak ziren. Nutriente mineralen eskasiaren ondorioz gerta daitekeenez kolorearen galtzea, ikertzaileek aztertu zuten hostoetako mineralen kontzentrazioa eta ikusi zuten Fogoko landareetan guztiz bestelakoa zela, batez ere manganeso (lau aldiz handiagoa) eta burdin kontzentrazioetan.

Emaitza horiek ikusita, ikertzaileek aztertu zuten Fogoko lurra eta konparatu zuten Santo Antãoko lurrarekin. Hala, ikusi zuten ezberdina zela kupre, burdin, potasio, rubidio, nikel, manganeso eta fosforo kontzentrazioaren aldetik. Izan ere, manganesoaren eskuragarritasuna oso baxua da Fogoko lurretan eta, emaitzak ikusita, Fogoko Arabidopsis landareak egoera horretara moldatu direla dirudi, modu oso eraginkorrean garraiatzen baitute manganesoa hostoetara.

moldatu ziren landareak2. irudia: Arabidopsis thaliana landarea (Argazkia: Salicyna – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Moldaketa horren gene-oinarria ikertzeko, ikertzaileek gurutzatu egin zituzten Fogoko Arabidopsis aleak Arabidopsis thaliana aleekin. Gero, landare horien hibridoak aztertu zituzten ikergai diren ezaugarriak eragiten dituzten mutazioak detektatzeko teknika bat erabilita. Hala, ondorioztatu zuten 1. kromosomako eskualde batek eta 4. kromosomako beste eskualde batek eragiten zutela manganesoa modu eraginkorrean garraiatzea. 1. kromosomako eskualdea sakon aztertu zuten ikertzaileek eta aurkitu zuten NRAMP1 genearen hainbat kopia zeudela eskualde horretan, bata bestearen atzean. Gainera, ikertzaileek ondorioztatu zuten hainbat kopia egoteak eragiten zuela gene horren funtzioa emendatzea. 4. kromosomako eskualdeari dagokionez, bertan IRT1 genea kokatzen da, sustraietan burdinaren xurgapenean parte hartzen duen genea. Bada, gene horretan mutazio bat aurkitu zuten, gene horren funtzioa oztopatzen duena, hain zuzen ere. Gainera, ezaguna da NRAMP1 eta IRT1 geneen artean nolabaiteko elkarrekintza gertatzen dela eta harreman horrek ahalbidetzen duela manganeso gutxiko inguruneetan landareak haztea. Ondorioz, ikertzaileek uste dute Fogoko Arabidopsis landareen moldaketaren azalpen biologiko egokiak izan daitezkeela bi gene hauetan gertatutako aldaketak.

Hurrengo urratsa  izan zen aldaketa horiek populazio naturaletan aztertzea. Hala, ikertzaileek ikusi zuten aztertu zituzten Fogoko landare guztiek IRT1 geneko mutazioa zutela eta aztertu zituzten Santo Antãoko eta kontinenteko landareek mutazio hori ez zutela. NRAMP1 genearen kasuan, ikertzaileek ondorioztatu zuten gene horren hainbat kopiaren sorrera zegoela hiru gertaera ezberdinetan. Hala, gertaera horietako bat antzeman zuten Fogo irlako Arabidopsis landare gehienetan; beste bi gertaerak, aldiz, landare gutxi batzuetan aurkitu ziren.

3. irudia: Arabidopsis thaliana landarea moldatu da Fogo irlan bizitzera DNAn gertatuko hainbat aldaketari esker (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Fogoko Arabidopsis landareen banaketa aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu zuten hiru azpipopulazio daudela eta azpipopulazio horiek erabilita saiatu ziren NRAMP1 eta IRT1 geneetan gertatutako aldaketen historia ondorioztatzen. Hala, hainbat gene-analisi egin ostean, ondorioztatu zuten IRT1 geneko mutazioa azpipopulazioetan banatu baino lehenago gertatu zela eta oso arin orokortu zela Arabidopsis populazioan, manganesoa modu eraginkorragoan erabiltzeko gai baitziren. NRAMP1 genean gertatutako aldaketek, aldiz, bat egiten dute azpipopulazioen banaketa geografikoarekin, hau da, azpipopulazioak sortu ostekoak dira aldaketa horiek. Hala, ikertzaileek ondorioztatu zuten IRT1 genean gertatutako aldaketek burdinaren eskasia eragin zutela, NRAMP1 genean gertatutako aldaketek eskasia hori konpentsatu zutela eta, ondorioz, populazioan pixkanaka orokortu zela.

Laburbilduz, bi urratsetan aldatu zuten nutriente mineralen garraioa Fogo irla kolonizatu zuten Arabidopsis landareek. Lehenengo IRT1 genean gertatu zen mutazio batek manganesoa modu eraginkorragoan garraiatzea ahalbidetu zuen, baina burdinaren garraioa kaltetu zuen. Gero, NRAMP1 genean gertatutako aldaketek burdinaren garraioa hobetu zuten. Hala, aldaketa horiek arin orokortu ziren populazioan, baina populazio horren egiturak baldintzatu zuen orokortze horren prozesua. Azkenik, geneen arteko elkarrekintzek mugatzen dituzte posible diren moldapenak. Bai, biziak bidea egiten du, baina hartzen dituen bide horiek eboluzioaren arauak jarraituta egiten ditu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Tergemina, Emmanuel; Elfarargi, Ahmed F.; Flis, Paulina et al. (2022). A two-step adaptive walk rewires nutrient transport in a challenging edaphic environment. Science advances, 8 (20), eabm9385. DOI: 10.1126/sciadv.abm9385

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Lur elkorrera moldatu ziren landareak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ia oharkabean pasa dira zenbait bero bolada

Ar, 2022-06-21 09:00

Ikertzaile talde batek azken hamarkadetan izandako muturreko beroaldiak identifikatu ditu. Goreneko tenperaturetara jo beharrean, batez besteko tenperaturekiko dagoen desbideraketa aintzat hartu dute. Datozen urteetan horiek handituko direla ohartarazi dute.

2021eko ekainaren 29an, Kanadako Columbia Britainiarrean dagoen Lytton herrian 49,6 °C-ko tenperaturara heldu ziren: herrialdean inoiz neurtu izan den tenperatura gorena izan zen. Tamalez, kontua ez zen soilik datu anekdotiko batean geratu: jasandako bero boladaren ondorioz, baso sute batek herriko etxebizitza gehienak suntsitu zituen. Oro har, Kanadako historian heriotza gehien eragin duen fenomeno meteorologikoa izan zen iazko bero bolada hori: ehunka heriotza izan ziren horren ondorioz.

Gertakaria Kanada bezalako herrialde batean sortua izanda, eta aintzat hartuta zorigaiztoko errekor batera iritsi zela, albistea luze eta zabal jorratu zen mundu osoko hedabideetan. Albisteak aukera asko zituen horretarako: giza alderdia jorratzen zuen —zorigaiztoek interesa pizten dute— eta, gainera, datu zehatz eta esanguratsu bat hartzen zuen: 49,6 gradu.

bero bolada1. irudia: Bero boladek gero eta arazo gehiago sortzen dituzte, eta adituek uste dute egoera okertuko dela, klima-aldaketak eragindako beroketa globalaren ondorioz. (Argazkia: Juanma Gallego)

Alabaina, lehen itxura batean, bederen, hain esanguratsuak ez diren errekorrak Kanadan gertatutakoa bezain kezkagarriak izan daitezke, zientzialari talde batek ohartarazi duenez. Adibidez, 1998ko apirilean Asiako Hegoaldean 32,8 °C-tara iritsi ziren. Lehen begi kolpean, ez dirudi asko, are gutxiago duela gutxi 49,6 gradu aipatu ditugunean. Arazoa da Asiako Hegoaldean ere tenperatura hori oso arraroa dela bertako estandarretarako; altuegia, inguru horretan bertan izan ohi diren tenperaturekiko.

Hain justu, alderdi honetan jarri dute arreta ikertzaileek: 1950eko hamarkadatik munduan izan diren bero olatu latzenak aztertu dituzte Science Advances aldizkarian. Baina, beste hainbat lanetan ez bezala, oraingoan ez diete erreparatu tenperatura absolutu handienei. Hori beharrean, batez besteko tenperaturekiko desbiderapena aintzat hartu dute. Horri esker, are larriagoak izan ziren olatuak identifikatu dituzte, orain arte horien berri zabala eman ez bada ere.

Bero bolada handiak identifikatzeko metodologia berri batez baliatu dira zientzialariak. Hala, erregioen araberako banaketa bat egin dute, tenperaturek ez dutelako eragin berdina planeta osoan. Egunaren tenperatura aintzat hartu dute, eta ikusi dute horiek zenbatetan desbideratu diren erregio horretan izan ziren batez besteko tenperaturekiko. Zehazki, Europako ERA5 eta Japoniako JRA55 datu-baseak erabili dituzte, eta horiekin kalkulatu dute zein izan den beroaldi bakoitzaren desbideratze tipikoa tokian tokiko ohiko tenperaturen aldean.

Emaitzek nahiko ezagunak izan diren bero olatu batzuk erakutsi dituzte —bereziki, Ipar Amerikan gertatutakoak—, baina azaleratu dira orain arte ia-ia oharkabean pasatu diren beste zenbait muturreko beroaldi. Horien artean, handiena Asiako Hegoaldean 1998ko apirilean aipatutako hori izan zen. Baina azaleratu dira ere ospea hartu ez duten beste hainbat. Kasurako, Brasilen 1985eko azaroan, 36,5 °C-tara iritsi ziren, eta, datu berri haien arabera, hori izan da, hain justu, bigarren olatu altuena, Asia Hegoaldekoaren atzetik. Ondoren etorri dira AEBtako hegoaldean 1980ko uztailean gertatutako bat —38,4 °C—, Alaska hegoaldean 2019ko uztaileko bat —23,8 °C— edota Perun 2016ko urtarrilean izandakoa —23 °C—.

Vikki Thompson Bristolgo Unibertsitateko klimatologoak garrantzitsutzat jo du bero bolada baten larritasuna ebaluatzea tokian tokiko tenperaturaren aldakortasunarekiko. “Bai gizakiak zein ekosistema naturala faktore honetara egokituko dira, baina aldakortasun gutxien dagoen eskualdeetan muturreko tenperatura absolutu txikiago batek eragin kaltegarriagoak izan ditzake”, adierazi du egileak prentsa ohar batean.

bero bolada2. irudia: Ohiko tenperaturekin alderatuta munduan izan diren muturreko beroaldirik handienak 1950. urtetik, “klima-aldaketarako joera aintzat hartu gabe”. Magnitudeak batez besteko tenperaturekiko desbideratze gisa adierazita daude, eta kolore ilunagoek mutur handiagoak adierazten dituzte. (Irudia: Bristolgo Unibertsitatea)

Zientzialari hauen ustez, bolada hauetako batzuk ia oharkabean pasa dira herrialde txiroetan gertatu direlako. “Gaur egun klima-aldaketa mundu mailako osasun arazo handienetakoa da, eta erakutsi dugu garatutako mundutik kanpoko beroaldi hauek neurri handi batean oharkabean pasatu direla”, azaldu du Dann Mitchell ikertzaileak. Egileek erantsi dute beroaren eragina herrialde baten heriotza-tasan “milaka heriotzena” izan daitekeela. Zentzu honetan, nabarmendu du ohiz kanpoko tenperaturak jasaten dituzten herrialdeak zaurgarrienak direla egoera honen aurrean. “Kasualitatez duela gutxi muturreko bero bolada bat izan ez duten eskualdeak agian ez daude horren prestatuta iristear egon daitezkeen gertakizunetarako”, ohartarazi dute ikerketa artikuluan.

Azken urteotan ikerketa gehienek aurreikusten dutena ere berretsi dute azterlan berri honetan. Etorkizunean egon daitezkeen antzeko bero boladak ikertzeko proiekzio klimatikoetara jo dute ikertzaileek. Espero zitekeen moduan, ikusi dute olatu hauek handiagoak izango direla planetako tenperatuek gorago jo ahala.

Iaz Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek antzeko ohartarazpena egin zuen. 732 hiritako datuak aztertu zituzten, beroaldiek eragindako heriotzak kuantifikatu nahian. Egiaztatu zuten biktimen kopurua handitzen ari dela. BERRIAk jaso zuenez, ikerketan kalkulatu zuten Hego Euskal Herrian urte bakoitzeko 33 lagun hiltzen direla klima-aldaketaren ondorioz gertatutako muturreko beroaldien ondorioz. Hiriburuz hiriburu, hauek lirateke egindako balioespenak: hamahiru heriotza Bilbon, zazpi Iruñean, zazpi Donostian, eta sei Gasteizen.

Beroaldi hauek noraino diren klima-aldaketaren emaitza ondorioztatzeko, oraingo beroaldiek eta iraganekoek eragindako osasun kalteak alderatu zituzten ikerketa horretan, besteak beste, parametro meteorologikoak aintzat hartuta. Horri esker, adituek giza jarduerekin lotutako beroketa eta inpaktu sanitarioa joera naturaletatik bereizi ahal izan zituzten.

Orduan ere berretsi zuten beste hainbatetan agerian utzitakoa: klima-aldaketari lotutako heriotza gehienak herrialde txiroetan gertatzen direla, hots, berotegi efektuko gas gutxien isurtzen dituzten herrialdeetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thompson, Vikki et al. (2022). The 2021 western North America heat wave among the most extreme events ever recorded globally. Science Advances, 8 (18). DOI: https://doi.org/10.1126/sciadv.abm6860

Vicedo-Cabrera, A.M., Scovronick, N., Sera, F. et al. (2021). The burden of heat-related mortality attributable to recent human-induced climate change. Nature Climate Change, 11, 492–500. DOI: https://doi.org/10.1038/s41558-021-01058-x

 

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Ia oharkabean pasa dira zenbait bero bolada appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Izar baten bizitza eta heriotza

Al, 2022-06-20 09:00

Bere uhartea inguratzen duten herrialdeetatik zenbateko distantziara dagoen kalkulatu ondoren, gure naufragoa emigratzeko prestatzen ari da. Zientzian eta ikerketan inbertitzen duen herrialderen batera igeri egin nahiko luke; etorkizuna duen herrialde batera, alegia. Zorionez, bere hondartzako fakturei esker, herrialde bakoitzeko ekonomiaren oinarria zein den, zein garapen mailatan dagoen, etorkizun luzea izango duen edo krisi beldurgarri bat etorriko den jakiteko pista bat dauka.

Izar baten konposizio kimikoak horren antzeko zerbait kontatzen digu. Bere bizi zikloaren zein unetan dagoen jakin dezakegu, bere “erregaia” zein den baldin badakigu; hau da, bere energiari zerk eusten dion. Baina pixkanaka joango gara. Zer esan nahi dugu “erregai” terminoaren bidez kasu honetan?

Bada, azaleko azalpen bat ematearren, izar bat erreaktore nuklear izugarri handi bat da: hainbat atomo fusionatzen ditu eta soberako energia erradiazio moduan askatzen du. Izar gehienak hodei molekular batean jaiotzen dira; hau da, hidrogeno molekular ugari dagoen espazioko eremu batean. Hori da izar guztien “erregai” nagusia; izan ere, hidrogeno atomoak fusionatu egin daitezke eta helioa gehi energia soberakin bat sor dezakete. Horregatik, gasez eta espazioko hautsez osatutako hodei horiei “izar haztegi” ere deitzen zaie; espazioko lorezaintzaren artea irudikatzera bultzatzen gaituen izen eder bat da hori. Batzuetan, grabitateak erakarrita, hodeia konprimitu egin daiteke, bere pisuaren eraginez kolapsatu eta protoizar bat osatzeraino.

Puntu horretan, masa 0,08 eguzki masa baino txikiagoa bada (0.08 M☉), protoizarra ez da behar adina konprimituko eta ez da hidrogenoa fusionatzen hasteko behar den tenperaturara iritsiko. Argitasun gutxiko nano marroi bihurtuko da, eta, denborarekin, pixkanaka itzaltzen eta hozten joango da. Aldiz, masaren eta tenperaturaren atalase hori (10 milioi kelvin inguru) gainditzen duten protoizarrak beren nukleoan hidrogenoa fusionatzen hasten dira. Orduan, sekuentzia nagusiaren parte bihurtzen dira, Hertzsprung-Russell diagramaren (izarren historien mapa) adar bereziki ikusgarri horren parte. Fusio erreakzioek eragindako erradiazio presioak eta izarraren grabitateak berak indar oreka bat sortuko dute. Oreka horrek bere tamaina definituko du eta aipatutako adaretako puntu jakin batean kokatuko du.

Izar1. irudia: Hertzsprung-Russell diagrama. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 3.0 lizentziapean)

Izarrek sekuentzia nagusian igarotzen dute bizitzaren zatirik handiena, beren nukleoko hidrogenoa erretzen duten bitartean. Fusio erreakzio horiek, apurka-apurka, beste elementu astunago batzuk sortzen dituzte, eta horiek, era berean, erregai nuklear bihur daitezke. Lehenik helioa agertzen da, gero berilioa, karbonoa, oxigenoa… harik eta atomo astunenak, burdin atomoak, sortzen diren arte. Beren nukleoko hidrogeno iturriak agortzen direnean, izarrak zahartzarora iristen dira. Une horretan, sekuentzia nagusitik bereizten dira, eta, erretiroa igarotzeko, mapako beste txoko bat bilatzen dute. Baina desplazamendu horren norabidea, abiadura eta helmuga izarraren hasierako masaren araberakoak dira.

Izarren heriotza haien masaren mende dago

Izar batek masa txikia edo ertaina badu (9 M☉ baino txikiagoa), ez da iritsiko bere nukleoan sortzen den helioa berehala erretzeko adinako tenperaturara. Nukleoa agortu ondoren, hidrogenoa erretzen jarraituko du, erdigunetik gero eta urrunago dauden geruzetan, eta, hori egitean, hedatuko egingo da, erraldoi gorri bat osatzeraino. Adituen ustez, gure eguzkiak etorkizun hori izango du. Milaka milioi urte bakar batzuk barru, Merkurio, Artizarra eta agian Lurra ere irentsiko ditu.

Hedapen itzel horren ondoren, baliteke erraldoia bere nukleoko helioa ere irensten hastea. Fase horri pilaketa gorria esaten zaio, H-R diagraman mota horretako izarrak kontzentratzen direlako. Nukleoko helioa agortzen denean, izarra berriz kontsumitzen da, gero eta kanporago dauden geruzetan. Prozesu horretan, hedatu eta hoztu egiten da (gero eta erraldoiagoa eta gorriagoa bihurtzen da) eta diagraman gorantz eta eskuinerantz mugitzen da. Justu desagertu aurretik iristen da izarra bere tamaina handienera. Harik eta, azkenean, kanpoko geruzak botatzen dituen arte (grabitate indarrak gutxien erakartzen dituenak). Orduan, erdian nano zuri bat duen nebulosa planetario bat bihurtzen da.

Izar pixka bat handiagoek (9 eta 30 M☉ artekoak) antzeko jatorria dute. Haiek ere haztegietan jaiotzen dira eta gaztaroa beren nukleoko hidrogenoa kontsumitzen pasatzen dute. Baina erregai hori agortzen denean, helioa erretzen jarraitu dezakete arazorik gabe. Prozesu horretan, haien argitasuna ez da aldatzen, baina masa galtzearen ondorioz, beren tenperatura (kolorea) azkar murrizten da eta diagraman eskuinera mugitzen dira. Urdin izatetik zuri izatera igarotzen dira, eta gero hori izatera, harik eta supererraldoi gorri bihurtzen diren arte; hau da, unibertsoko izarrik handienak. Erregai guztia agortzen dutenean, beren masa erraldoiaren kolapso grabitatorioak supernoba bat sortzen du, neutroi izar deituriko hondarrez osatua.

Izarrik masiboenek (30 M☉ baino gehiago) antzeko historia dute, xehetasun bat kenduta; izan ere, izar horiek beren masa erritmo oso bizian galtzen dutenez, inoiz ez dira supererraldoi gorri bihurtzen. Beren erregai guztia kontsumitzen dutenean, izarrak kolapsatu egiten dira eta supernoba bat eta zulo beltz bat sortzen dituzte, izar hondar gisa.

Izar2. irudia: Flammarionen grabatua. (Iturria: Wikimedia Commons – domeinu publikoko argazkia)

Urruneko objektuen historia liluragarriak dira horiek; hain dira urrunak, ezen gure irudimena ere ez baita haraino iristen. Liluragarriena da gaur egun historia horiek kontatzeko modua dugula, izarren argiari begiratze hutsarekin. Mende eta erdiko ikerketari esker, haien mezua deszifratzen ikasi dugu. Zeru sabaiaren gainazala zeharkatu dugu, azkenean, eta, beste aldean, kontakizun sakon bat aurkitu dugu; denboraz, hidrogenoz eta grabitatez osatutako kontakizun bat.

Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 7an: Vida y muerte de una estrella.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Izar baten bizitza eta heriotza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #398

Ig, 2022-06-19 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Emakumeak Zientzian

Linda Brown Buck biologo estatubatuarra ezaguna da usaimen sistemari buruz egindako lanengatik. 2004ko Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saria jaso zuen, errezeptoreei buruz egindako lanengatik. Bere hastapenetan, biologia molekularra ikastea erabaki zuen Buckek, eta Richard Axelen laborategian hasi zen lanean, Aplysia izeneko molusku batekin. Bertan zebilela, Sol Snyderren taldearen 1985eko argitalpen bat irakurri zuen, usainak hautemateko prozesuaren balizko mekanismoen ingurukoa. Artikulu horrek usaimenean espezializatzeko grina sartu zion. Horrela, hiru urtez usaimen errezeptoreen geneak bilatzen ibili zen, eta azkenik, PCR teknika eraldatu bat erabiliz, usaimen errezeptoreak GPCRen superfamiliako kide gisa identifikatu zituen. Honek usaimenak zientzia modernoan duen garrantzia aldatu zuen.

Ingurumena

Aihnoa Magrach BC3ko (Basque Center for Climate Change) Ikerbasque ikertzaileak basapolinizatzaileen garrantziaz idatzi du Berrian. Azaldu duenez, erleei eta beste polinizatzaile batzuei esker (euliak, kakalardoak, hegaztiak eta saguzarrak) ugaltzen dira loreak dituzten naturako landareen %85 eta jaten ditugun laboreen %70 baino gehiago. Erleetan pentsatzen dugunean, ezti erleak etortzen zaizkigu gogora. Alabaina, Iberiar penintsulan mila erle espezie baino gehiago daude, eta munduan kopurua 20.000 espezieraino iristen da. Ezti erleez asko badakigu ere, gainontzeko espezieez oso informazio gutxi bildu da gaur egunera arte. Magrachek argi dio espezie hauen habitatak zaintzea eta berreskuratzea oso garrantzitsua dela, loreak polinizatzen jarraitzea nahi badugu.

Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek salatu du orain arte asko gutxietsi dela gizakiak itsasoan eragindako petrolio-isurien kutsadura. Nanjing Unibertsitateko (Txina) geologo batzuk egin dute ikerketa, eta 450.000tik gora petrolio-orban monitorizatu dituzte satelite-irudien bidez. Honela, ikusi ahal izan dute ozeanoetan 1,5 milioi kilometro karratu baino gehiago daudela marea beltzaz estalita. Orain arteko estimazioek zioten itsasoko azalean dauden hidrokarburoen ia erdia itsas hondoko petrolio-biltegi naturaletatik iragazitakoa zela. Haatik, ikerketa honen emaitzen arabera, % 6 baino ez da itsas hondotik naturalki iragazitakoa, eta gainerako % 94ak jatorri antropogenikoa du. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Zientzia Kaieran, naturako paradoxetako bat azaldu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Paradoxa hau zera da: animalia gutxiago daudenean, animaliok janari gutxiago dutela. Izan ere, ekosistema oso emankorretan, landare biomasa asko sortzen da, baina, tokiko belarjaleek biomasa hori oso azkar jaten dute. Alabaina, gakoa belarjaleek sortzen dituzten hondakinetan dago. Elikagaia asimilatu ondoren, hondakinak kanporatzen dituzte belarjaleek, eta horietan daude landareen hazkuntzaren oinarri diren substantzia mineralak. Paradoxa honen hainbat adibide daude, besteak beste, balea eta krillarekin gertatzen dena, edo Australiara Afrikako kakalardo pilotagileak inportatzeko beharraren zergatia. Gai hau hobeto ulertzeko, irakur  Zientzia Kaierako artikulua: Gehiago, gutxiagorekin.

Zetazeoen bi espezie soilik elikatzen dira beste itsas ugaztun batzuez. Orka (Orcinus orca) eta orka faltsua (Pseudorca crassidens) dira zetazeo hauek, baina zientzialariek oraindik ez dakite elikatze-moldaera hau zergatik eta noiz sortu zen. Alabaina, dieta-berezitasun horren jatorria hobeto ulertu dezakegu orain, martxoan Current Biology aldizkarian argitaratutako artikulu bati esker. 2020an Rodas izeneko Greziako irlan antzinako izurde ezezagun baten arrastoak aurkitu zituzten, eta ikertzaileek uste dute izurde hori duela 1,5 milioi urte bizi izan zela. Gainera, arrasto horiekin batera, animalia horren azken bazka izan zenaren hondarrak topatu zituzten: arrain hezurrak. Aurkikuntza honi esker, beraz, ondorioztatu ahal izan dute antzinako izurdeak artean arrainez elikatzen zirela duela 1,5 milioi urte. Datuak Zientzia Kaieran:  Noiz hasi ziren orkak beste itsas ugaztun batzuk jaten?

Kanal ionikoak, mintz-zelularretan zehar ioien fluxua ahalbidetzen duten mintz-zeharreko proteinak dira. Orokorrean, kanal ionikoak hauek zeharkatzen duten ioi espezifikoaren arabera sailkatzen dira. Hauetako batzuk dira potasio-kanalak. Potasio-kanalak ia zelula guztien mintzean agertzen dira eta funtzio biologiko garrantzitsuak betetzen dituzte. Potasio-kanalen artean, bestalde, KV7 kanalak daude, 5 kidez osatutako kanalen familia bat. Familia hau bereziki interesgarria da; izan ere, hauek kodetzen dituzten geneak patologia esanguratsuekin erlazionatzen dira, besteak beste, epilepsia, diabetesa, gortasuna edota arritmiekin. Horregatik, kanal hauek ulertzea garrantzitsua izan daitekeela pentsatzen da, gaixotasun desberdinen kontrako farmakoak diseinatzeko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Klima-aldaketa

EHUk egindako ikerketa batek frogatu du Kantauriko itsas algen banaketa eraldatzen ari dela. Are gehiago, ikusi ahal izan dute Kantauriko makroalgak Mediterraneokoen gero eta antzekoagoak direla. Naiara Mugerzak, lanaren lehen sinatzaileak, azaldu duenez, uraren tenperatura dela makroalga-multzoak banatzeko faktore nagusia. Hala, beren emaitzek iradokitzen dute ipar-mendebaldeko komunitateek (Galizia, adibidez,) ur hotzenetako espezieak babestuko dituztela etorkizunean. Kantauri itsasoko erdiguneko eta ekialdeko multzoek, berriz, Mediterraneoko eskualdeen antz handiagoa izango dute, eta ur epeletako espezieak gailenduko dira bertan. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Zientziaren dibulgazioa

Maddi Astigarragak (Deba, Gipuzkoa, 1997) 2022ko Jot Down lehiaketa irabazi du, ilustrazio zientifikoaren adarrean. Ikusezinak izendun ilustrazioarekin, emakume zientzialarien ikusgaitasunik eza irudikatu du, eta lehen saria jaso du harengatik. Cecilia Payne, Inge Lehmann eta Rosalind Franklin zientzialariak irudikatu ditu Astigarragak bere lanean, eta baita bakoitzaren lorpenekin zerikusia duten irudi bat ere: Izarrak, sismografoetako irudia eta DNAren marrazkia. Bere lanaren izenburuaz baliatuz, ilustrazio zientifikoaren gutxiestea salatu du, honen erabilgarritasuna ere ikusezina baita gaur egun. Elkarrizketa osoa dago irakurgarri Berrian: «Ilustrazio zientifikoek ikusgaitasun handiagoa behar dute»

Geografia

Aste honetan Alea aldizkarian, Itziar Aguado ekonomilariari egin diote elkarrizketa, bizitoki ezberdinen jasangarritasunaren inguruan. Enpresen kudeaketa ikasi zuen Aguadok eta ekonomian doktoretza egin ostean, EHUko giza geografiako irakaslea da gaur egun. Azaldu duenez, jasangarriagoa da hirietan bizitzea landa-eremuetan bizitzea baino. Hau kontraintuitiboa izan daiteke, baina bere tesiko kapitulu batean horiek izan ziren emaitzak. Jasangarritasunaren ikuspuntutik, balio altuena Bilbok lortu zuen, eta kontrara, landa guneek lortu zituzten emaitza txarrenak. Ez da ahaztu behar landa guneetan bizi direnek rol garrantzitsu bat betetzen dutela eremu horietan, baina izatez, ekologikoagoa da hirietan bizitzea. Hirietan jendea oinez edo garraiobide publikoetan mugitzen da gehiago, energia-kontsumoa ere baxuagoa da etxebizitzetan, eta zerbitzuak eskura izateko aukera askoz hobea da hirietan.

Astronomia

Esne Bidearen mapa osatuena eta xeheena osatu du Gaiak. Europako Espazio Agentziaren Gaia misioak Esne Bideari buruzko datu-andana berria argitaratu du, eta hainbat datu erabili dituzte honetarako: milioika izarren osaera kimikoa eta hiru dimentsioko mugimendua jaso dituzte, baita izarretako seismoak, mugimendu asimetrikoak eta beste hainbat datu ere. Mapa honek Esne Bidearen historiari eta eboluzioari buruzko informazioa jasotzen du, eta berretsi dute gure galaxiak aniztasun handia duela. Gainera, konposizio kimikoan oinarrituta, ikusi ahal izan dute badirela izar batzuk beste galaxia batzuetatik etorriak. Izan ere, Esne Bideak beste galaxia batzuk irentsi zituen. Mapa honek jaso dituen aurkikuntza harrigarri gehiago kontsultatu daitezke Elhuyar aldizkarian.  

Sagittarius A* zulo beltzaren lehen irudia lortzeko zientzialariek planetaren tamainako behatoki birtual bat eraiki behar izan dute. Zortzi irrati-teleskopio erabili dituzte (2022an, 11 behatoki dira dagoeneko), eta teleskopio horiek EHT sarea osatzen dute. Teleskopio bakoitzak galaxiaren erdigunea behatu du, eta seinale horiek guztiak bateratu dituzte ondoren irudia sortzeko. Irudi hau lortzeko, zulo beltzaren inguruan dagoen erradiazioan oinarritu dira, irrati uhinen bidez eskuratutako informazioa bisualki erakutsita, hain zuzen. Gainera, oinarrizko informazioa zuri-beltzezkoa zen, eta beraz, kolorea gehitu diote ikusgarriagoa egiteko. Gai honen inguruko azalpen gehiago Zientzia Kaieran: Galaxiaren bihotza azaleratzeko erronka.

Osasuna

Angel Chamorro doktorea saritu egin du Espainiako Neurologia Elkarteak, bere ibilbidean zehar iktusei aurre egiteko ikerketan egin dituen ekarpenengatik. Izan ere, Chamorro ohartu zen iktusa azido urikoarekin tratatzeko aukera zegoela, eta haren ikerketak tratamenduen nondik-norakoak aldatu ditu. Bartzelonako 2.000 pazienteri egindako odol analisien emaitzak ikusita, Chamorro  ohartu zen pazienteen une horretako azido uriko kopurua handitzen zen heinean hiru hilabetera kalte askoz ere txikiagoa izateko aukera zegoela. Animaliekin frogak egin ostean, pertsonekin hasi ziren saiatzen, eta emaitza oso onak lortu zituzten. Alabaina, inbertsioen faltan, oraingoz ezin dute medikamentua fabrikatu. Informazio guztia Berrian irakurri daiteke.

Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, izurri beltzaren jatorri geografiko eta genetikoa argitu dituzte. Jakina zen 1347an sartu zela izurri hau Mediterraneora, Urrezko Hordatik zihoazen merkataritza-ontzien bidez. Alabaina, eztabaida asko zegoen bigarren olatuaren jatorriari buruz. Alabaina, duela 140 urte Issyk Dei lakuaren inguruetan (gaur egungo Kirguistan) egindako indusketek agerian utzi zituzten 1338-1339 urteetako zenbait hilobi. Hilobi hauek inskripzio batzuk zituzten, bertan lurperatutakoak izurri ezezagun batek hil zituela ziotenak. Orain, inskripzio horiek zituzten hilobietako aztarnen antzinako DNA ikertu dute, eta frogatu dute Yersinia pestis bakterioa zutela, izurri beltzaren eragilea, alegia.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #398 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #404

La, 2022-06-18 09:00

Modan dagoen liburua propaganda ideologikoa baino ez balitz? Horixe uste du Jesús Zamorak Lost horizons in the history of science James Posketten “Horizons” liburua irakurri ondoren.

Agian gakoa, Homo sapiens-a kognitiboki gailentzea eragiten duena, informazioa zelan prozesatzen duen da. Emmanuel A. Stamatakis, Andrea Luppi eta David Menonen What is it about the human brain that makes our cognition superior?

Solido batekin talka egiten duen atomo sortak, esklusio printzipioa dela eta, errebotatu egiten du, solidoaren eta atomoen elektroiak elkarreragina egiterakoan. Errebotatzen duten atomoen dispertsioa aztertu daiteke, hala ere, elektroien eta solidoaren bibrazioen (fononen) arteko elkarreragina aztertuta. DIPCren Atom scattering as an electron-phonon interaction

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #404 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak