Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 50 min 34 seg

Asteon zientzia begi-bistan #405

Ig, 2022-09-04 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

alka belarra

Osasuna

Kolon eta ondesteko minbiziaren gene-oinarriak aztertu dituzte euskal populazioan. Koldo García Etxebarria Biodonostiako ikertzaileak gidatutako taldeak egin du azterketa, eta minbizi mota horien prebentziorako eta diagnostiko goiztiarrerako baliabideak lortzea izan da asmoa. Izan ere, Koldok azaldu duenez, munduan diagnostikatzen diren minbizien % 10 kolon eta ondestekoak dira. Gainera, hildako gehien eragiten dituen bigarren minbizi-mota da. Azterketan zehar Donostia Ospitaleko 800 gaixoren eta Euskal Biobankuko 900 kontrol osasuntsuren 5 milioi gene-aldaeratik gora aztertu dituzte. Horren bidez, kolon eta ondesteko minbizia garatzeko aukera handitzen duten zenbait gene-aldaera identifikatu dituzte.

Aurtengo Espainiako epidemiologia-biltzarra Donostian izan da, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta. Batzar honen ardatza oraingoan ingurumena, klima-aldaketa, eta gizarte-desberdintasunak izan dira. Hainbat alor jorratu dituzte aditu ezberdinen laguntzarekin. Elisa Sainz de Murieta ikertzaileak klima-aldaketaren ebidentziak jarri ditu mahai-gainean, eta ekosistemei eragiten dien kalteaz gain, ondorio ekonomikoak ere aipatu ditu. Bestalde, Cristina Linares Gilek klima-aldaketak osasunean dituen ondorioez hitz egin du. Izan ere, klima-larrialdiak gaixotasun berriak sortu baino gehiago, gaitzak hedatzen laguntzen duela nabarmendu du. Batzar honi buruzko datu gehiago Elhuyar aldizkarian aurki daiteke.

Abeltzaintza

María Durán Lázaro baso-ingeniaria da. Aezkoan egin zuen tesia gramineo baten hedapenari buruz, alka belarraren (Brachypodium rupestre) inguruan, hain zuzen ere. Tesian zehar lan asko argitaratu zituen bere taldearekin batera, lurrari, landaretzari eta baita zehazki alka belarraren inguruan ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka eta honen ondorioz, galera sozioekonomikoak dakartza abeltzaintzan. Honen harira, Duránek frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela. Abererik gabeko larretan hedatzen da alka belarra, eta, beraz, ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar. Elkarrizketa honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Argitalpenak

Erein argitaletxeak aurkeztu berri du klima-aldaketa aztergai duen komikia, euskarara itzulia. Zer gertatzen da klimarekin? izena du argitalpenak. Jenny eta Ole dira abentura honetako protagonistak, eta pertsonaia hauen laguntzaz irakurleak klima-aldaketari buruzko jakin beharreko xehetasun guztiak ezagutuko ditu; besteak beste, zergatik sortu den klima-aldaketa, zer den berotze globala, zer ondorio dituen etab. Argitalpen honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Klima-aldaketa komikian azalduta.

Astronomia

NASAko Artemis I misioa abuztuaren 29an jarri behar zen abian, baina arazoak izan dituzte, eta irailaren 2ra atzeratu zuten jaurtiketa. Orain, arazo berriak direla eta, irailaren 3rako espero da azken saiakera. Gizakia berriro Ilargira eramateko xedea du Artemis egitasmoak, eta bereziki, lehen emakumea. Artemis I eskifaiarik gabeko misioa da, eta haren helburu nagusietako bat NASAren suziririk ahaltsuena probatzea da. Epe luzera, misio honek Ilargian base iraunkor bat eraikitzeko asmoa du, eta baita orbitan espazio-estazio bat jartzea ere. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Artemis I, gizakia berriro Ilargira eramateko misioaren lehen pausoa, atzeratuta.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #405 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #411

La, 2022-09-03 09:00

Tenperaturaren eta iraungitzearen dimentsioaren arteko erlazioa dago klima dela eta gertatzen diren iraungitze handietan. The bigger the temperature change, the larger the extinction event

Nerbio sistemaren eredu neuronala ez dela zuzena konturatzen ari gara. Neuronen eta glien arteko interrelazioa da benetan kontua azaltzen duena. Baina zenbakiak jartzea beste kontu bat da. Horretarako BCAM: Modelling the new neuron-glial paradigm

Geometriaren aldaketa txikien araberakoak diren gauzak daude mundu kuantikoan. Horregatik, gauza bat dira gainazaleko plasmoiak eta beste bat parodia gainazaleko plasmoiak.  Bai, existitzen da eta sekulako aplikazioak ditu. DIPCk: Spoof surface plasmons.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #411 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”

Or, 2022-09-02 09:00

María Durán Lázarok aitortu duenez, txikitatik zuen gustuko natura, baina ez zeukan arrastorik ere zer bidetatik joko zuen ikasketetan eta lanean. “Mediku edo suhiltzaile izango ote zaren galdetzen dizute, baina ez biologo edo baso-ingeniari; beraz, gaztetan ez nuen erreferenterik. Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten”.

Horren erakusgarri, haren ibilbidea ez da ohikoa izan. Adibidez, institutuko ikasketak amaitu zituenean, ez zuenez batere garbi zer ikasi unibertsitatean, Lanbide Heziketara jotzea erabaki zuen: “Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa izeneko ikasketak ikusi nituen, eta, gaur egun, uste osoa dut aukerarik onena izan zela hasteko. Hori egin ondoren ohartu bainintzen zenbat gustatzen zaidan, ez naturan ibiltzea bakarrik, baizik eta ingurunea eta ekosistemak ezagutzea, eta profesionalki ere interesatzen zitzaidala”.

maria duranIrudia: María Durán Lázaro, basoetako eta natura inguruneko ingeniaria. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Horrenbestez, baso-ingeniaritza teknikoa ikastea erabaki zuen. Bukatutakoan, CSICen lan-poltsan izena eman zuen, eta hilabete batzuk geroago Iruñeko Agrobioteknologia Institututik deitu zioten. Hala, Valentziatik Iruñera joan zen, eta ia sei urtez aritu zen kontratu bat bestearekin lotzen. Eta, horretan ari zela, ikerketan aritzeko aukera sortu zitzaion.

“Ordura arte, inoiz ez nuen pentsatu ikertzaile izan nintekeenik. Ez nekien zer zen ere! Laborategiko teknikari- edo nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioen teknikari-lanak egiten nituen, eta, han, tesia egiten ari ziren ikertzaileak ikusten nituen, eta asko gustatzen zitzaidan egiten zuten lana. Beraz, tesia egitea erabaki nuen, baina, ingeniaritza teknikoko titulua nuenez, aurretik masterra egin behar izan nuen, ingeniaritza teknikoa gradura egokitzeko. Eta lana egiten nuen bitartean egin nuen; baina benetan izan dut gustuko, asko gozatu dut”, gogoratu du.

Aezkoako larreak eta neska gazteak

Tesia egitera, berriz, Aezkoara joan zen. Master- eta gradu-amaierako lana egiteko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle batekin jarri zen harremanetan, Rosa María Canals Tresserras, zeinak Aezkoako larreak antolatzeko proiektua egin baitzuen 2008an. “Hortik abiatuta, ikerketa-proiektuak egiten hasi zen, eta haietako bat gramineo baten hedapenari buruzkoa zen: alka belarra (Brachypodium rupestre). Hala, haren bidez, goi-mendietako larreetako ekologia ikertzeko beka bat eskatu nuen, eta lan asko argitaratu ditugu, lurrari, landaretzari eta baita alka belarrak dakarren galera sozioekonomikoari buruz ere. Izan ere, alka belarrak balio nutrizional txarra dauka”.

Horrez gain, frogatu du alka belarraren hedapena eta flora-dibertsitatearen galera ganaduaren eta suaren kudeaketari lotuta dagoela: “Azienda ez dabilen lekuetan hedatzen da alka belarra. Hortaz, pixkanaka larrea degradatzen joaten da. Ondorioa da ganaduaren kudeaketa egoki bat lagungarria dela kalitate oneko larreak izateko, eta hori onuragarria da ikuspegi sozioekonomikotik. Baina Aezkoa bezain bakartuta dauden lekuetara ere iristen da globalizazioa, eta ganadua galtzeak alka hedatzea eta larreak degradatzea dakar”, azaldu du.

Onartu du landa-lana eta laborategiko lana oso gustukoak baditu ere, dezente kostatzen zaiola artikuluak idaztea eta horrelakoak egitea. Horregatik, asko eskertu du lantaldearen laguntza: “Tesi bat ez du batek bakarrik egiten”, baieztatu du.

Horrez gain, bere arloan emakumeak gutxiengoa izaten direla eta, neska gazteei (DBH 2. eta 4. maila) egiten dutena erakusteko eta bide horretara animatzeko proiektu batean parte hartu zuela nabarmendu du. Ecosistemas aldizkarian argitaratu dute proiektua, eta garbi esan du guztiz bete zuela eta oso pozgarria izan zitzaiola.

Fitxa biografikoa:

María Durán Lázaro Valentzian jaioa da, 1984an. Lanbide Heziketan Natura- eta paisaia-baliabideen kudeaketa eta antolaketa ikasi ondoren, Baso-ingeniaritza teknikoa egin zuen. Valentziatik, Iruñera joan zen Agrobioteknologia Institutuan lana egitera, eta, horretan ari zela, ingeniaritzako gradua lortzeko masterra egin zuen. Aezkoako goi-mendiko larreetan egin du tesia.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post María Durán, baso-ingeniaria: “Pausoak eman ahala joan naiz bidea egiten” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (5): Gereziak jaten

Az, 2022-08-31 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bosgarren ariketa: Gereziak jaten.

Markelek 756 gerezi batu ditu eta berarentzat hartu eta zenbait lagunen artean banatu ditu. Bai berak, bai lagunek, denek hartu dute kopuru bera. Markelek berehala jan ditu egokitu zaizkionak. Gainera, lagunetako hiruk hartu dituzten gerezien laurdenak itzuli dizkiote Markeli eta horiek ere jan ditu. Zenbat gerezi jan ditu Markelek, 150 baino gehiago izan direla jakinik? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

gereziIrudia: congerdesign – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (5): Gereziak jaten appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Klima-aldaketa komikian azalduta

Al, 2022-08-29 09:00

Zer da klimaren krisia? Erein argitaletxeak galdera honen eta beste askoren erantzunak hurbildu ditu Zer gertatzen da klimarekin? komikia euskarara itzultzen.  Bidai liluragarri bat irudi atseginez sortuta zientziaren klima aldaketari buruz oinarrizko hiztegia lantzen duena.

Klima1. irudia: “Zer gertatzen da klimarekin?” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jenny Jordahl. Iturria: Erein)

Abentura honetan, Jenny eta Olek azaltzen dituzte klima-aldaketari buruzko jakin beharreko xehetasun guztiak: zergatik sortu da klima-aldaketa, zer da berotze globala, zer ondorio ditu… Baita gauzarik garrantzitsuena azaltzen dute: zer egin dezake gutako bakoitzak planetari laguntzeko.

Horretarako, haien Naut ontziarekin komiki honen irakurleek denboran eta espazioan bidai harrigarria egingo dute, munduko ekosistema nagusienak ezagutzen. Oihan tropikaletik Artikora, Koralezko Hesi Handitik gure inguruko atmosferara, hiri eredu desberdinetatik igarotzen. Planeta honetako bizitzaren hasieratik gure etorkizunera; espezieak galtzea, hondamendi naturalak eta animalien ohituren aldaketa bortitzak. Baita tenperaturen igoeraren ondorio okerrenak berreskuratzeko hainbat herrialdetan ezartzen ari diren aldaketak ere.

Hainbat datu pilatzen ditu historian zehar irakurleak jabetzeko egungo planetaren egoeraz: atmosferari buruzkoak, animalia migrariei buruzkoak, ikerketa zientifikoei buruzkoak… Gaur egun gertatzen ari dena modu adimentsu, argi eta entretenigarrian azaltzen duen komikia.

Klima1. irudia: “Zer gertatzen da klimarekin?” Gaur egun gertatzen ari dena klimarekin modu adimentsu, argi eta entretenigarrian azaltzen duen komikia da. (Ilustrazioa: Jenny Jordahl. Iturria: Erein)

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: zer gertatzen da klimarekin?
  • Egilea: Ole Mathismoen eta Jenny Jordahl
  • Itzultzailea: Danele Sarriugarte
  • Argitaletxea: Erein
  • Orrialdeak: 72 orrialde
  • ISBNa: 978-84-9109-670-2

The post Klima-aldaketa komikian azalduta appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tokiko fauna eta floraren ezagutza urria

Or, 2022-08-26 09:00

Klima aldaketarekin batera, egun dugun arazo larrienetako bat biodibertsitatearen galera da. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak, eta tartean, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin beharko dieten herritarrek, egungo gazteek, alegia, biodibertsitatearen inguruko alfabetizazio sendoa izatea.

Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek, Euskal Herriko 12-13 urteko gazteen fauna eta flora ezagutza aztertu dute, bai eta talde horiekiko eta naturarekiko interesa ere, ingurumenarekin duten lotura eta ezagutza aztertu nahian.

Environmental Education Research aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek erakutsi dute ikasleen interesa altua bada ere, bertako fauna eta flora ezagutza oso urria dela. Landareen kasuan, gainera, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan ere antzeman den ‘landareekiko itsutasuna’ (‘Plant blindnesss’) dagoela ondorioztatu da; hots, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz.

fauna eta florarenIrudia: Euskal Herriko gazteen artean, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan bezala,  ‘landareekiko itsutasuna’ antzeman da. (Argazkia: Daniel_Nebreda – Pixabay lizentziapean. Iturria:  pixabay.com)

Era berean, bertako espezieei loturiko ezagutza eta interes urriak daudela ondorioztatu da, eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute zientzia mailan hemendik aurrera erabiltzeko: “bertako espezieekiko kontzientzia-eza” edo ‘Native species awareness disparity’. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte.

Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke bertako naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.

Ikerketaren emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da.

Beraz, ezinbestekoa da etorkizunean, hezkuntza formalean zein informalean, naturaz gozatzeko ez ezik, ingurumenean azterketa txikiak egiteko, hipotesiak azaleratzeko, eta azken finean, ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzea.

Horretarako, irakasleak eta ikasleak, zein gurasoak, formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, natur guneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.

“Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean”, nabarmentzen dira ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Nolako herria, halako natura ezagutza

Erreferentzia bibliografikoa: Barrutia, Oihana; Ruiz González, Aritz; Sanz Azkue, Iñaki, Díez, José Ramón (2022). Secondary school students’ familiarity with animals and plants: hometown size matters. Environmental Education Research. DOI: https://doi.org/10.1080/13504622.2022.2086689

The post Tokiko fauna eta floraren ezagutza urria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (4): Salerosketa

Az, 2022-08-24 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure laugarren ariketa: Salerosketa.

Kafe kutxa batek 100 euro balio du erostean eta 140 euroan saltzen da: % 40ko irabazia ematen du. Kakao kutxa baterako irabazia % 20koa da. Baldin saldu diren kafe kutxen kopurua kakao kutxen kopuruaren bikoitza bada, eta irabazia % 36koa izan bada denetara (erosketa prezioarekiko), zegan saldu da kakao kutxa? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

salerosketaIrudia: janiceweirgermia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

 

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (4): Salerosketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mary Anning: historiaurreko fosilak gureganatu zituen lehen emakumea

Al, 2022-08-22 09:00

Mary Anning Ingalaterra hegoaldeko Lyme Regis-en jaio zen fosil jasotzaile eta saltzaile eta paleontologoa izan zen. 1847ko maiatzaren 21ean jaioa, haren lana XIX. mendearen hasieran gizakien historiaurrearen edo munduaren historiaren zientzietan gertatu ziren aldaketa oinarrizkoetako bat dela jotzen da zientzialarien artean.

Haren aurkikuntzarik nabarmenenak hauek dira: lehen aldiz zuzen identifikatzen den iktiosauro hezurdura lehena, aurkitutako lehen bi plesiosauroak eta Alemaniatik kanpo aurkitutako lehen pterosauro eta beste arrain garrantzitsuen fosil batzuk. Hala ere, Anning emakumea zenez eta bere familia klase apalekoa, traba asko jarri zizkioten XIX. mendearen komunitate zientifiko britaniarrean parte hartzeko.

Mary Anning1. irudia: “Mary Anning, herensuge-ehiztaria” komikiaren azala. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Mary Anning, herensuge-ehiztaria” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.

Mary Anning2. irudia: “Mary Anning, herensuge-ehiztaria” lehen emakume paleontologoaren bizitza eta ibilbidea biltzen duen komikia da. (Ilustrazioa: Jordi Bayarri / Ikaselkar)

“Zientzialariak” komiki-sortaren alea honetan ikusiko dugu, zelan Maryk historiaurreko espezie ezberdinak aurkitu zituen aitak fosilak jasotzeari eta mantentzeari buruz erakutsi zionarekin, eta, geroago, irakurtzen. Nagusitan bere ezagutzak partekatu eta handitu zituen garaiko geologo eta beste zientzialariekin.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Mary Anning, herensuge-ehiztaria
  • Egilea: Jordi Bayarri
  • Itzultzailea: Maialen Berasategi
  • Argitaletxea: Ikaselkar, 2019
  • Orrialdeak: 48 orrialde
  • ISBNa: 978-84-18978-21-0

The post Mary Anning: historiaurreko fosilak gureganatu zituen lehen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua

Or, 2022-08-19 09:00

Ozeanoetako mikrobioma ezkutuko unibertsoa da, eta biomasaren bi heren baino gehiago hartzen ditu gure ozeanoetan. Osatzen duten mikrobio-galaxiek, bakterioek, arkeek, onddoek, mikroalgek eta itsas birusek espazio eta elikagaiengatik lehiatzen dira, beren arteko eta beren ingurunearekiko harreman korapilatsuak sortzen dituzten bitartean. Mikrobio horiek ozeanoari eta, oro har, planetari mesede egiten dieten funtzioak betetzen dituzte. Elikagaien hornitzaileak, hodeien prestatzaileak, hondakinen ezabatzaileak, ur-araztegiak, ingeniari kimikoak eta elikagaien sare ozeanikoko arkitektoak dira. Munduko oihan tropikal guztiek adina oxigeno sortzen dute, eta haiek baino karbono dioxido gehiago xurgatzen dute.

Plentziako Itsas Estazioa (PiE-UPV/EHU), EMBRC-ERIC itsas biologiaren eta ekologiaren arloko ikerketarako Europa osoko azpiegituraren barruan, Tara Oceans, Tara Fundazioa eta EMBL-en elkarlanean aritu da. Helburua itsas mikrobioma aztertzea eta ulertzea lehentasunezko helburu batzuk ezartzeko, klima-aldaketaren aurrean nola funtzionatzen duen eta nola erantzuten duen eta ozeanoetatik lortzen ditugun funtsezko zerbitzuei nola eragiten dien jakitea. Lehentasun horiek Nature Microbiology aldizkari entzutetsuan argitaratzen dira, aldizkariaren azala ere izan derlarik.

mikrobiomaIrudia: . (Argazkia: giusti596 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Mikrobioma ozeanikoak ongi funtzionatzea hainbat mikrobio-komunitateren eta ugariren mende dago. Berotze globalak, itsasoko izotza urtzeak, ozeanoen azidotzeak, kosten degradazioak, gehiegizko arrantzak eta poluzioak, besteak beste, desitxuratu egin dezakete eta haien produktibitatea murriztu.

Artikulu horrek ozeanoetako mikrobioma ulertu eta babesteko lehentasunak ezartzen ditu, gero eta handiagoak diren mehatxu horien testuinguruan. Helburu horiek aukera eman behar dute orain arteko aurrerapen zientifikoak aprobetxatzeko eta mikrobioen garrantziaz jabetzen laguntzeko. Era berean, bermatu nahi da mikrobioma ozeanikoaren ikerketa mundu osoko gizarteentzat onuragarria izango dela, eta jurisdikzio nazionalez gaindiko eremuetako baliabideak berdintasunez partekatu ahal izango direla.

“Mikrobioma ozeanikoak ulertzea ikerketa-arlo zirraragarrienetako bat da gaur egun; izan ere, galdera askok ez dute erantzunik zientzialarientzat. Mundu osoko ikerketa-taldeek beren sekreturik ezkutuenak aurkitzen jarraitzen duten bitartean, artikulu honen helburua ahaleginak partekatzea da, eta gaur egun itsas biologiako gairik garrantzitsuenetariko bati ekiteko beharrezko tresnak eta bitartekoak proposatzea”, azaldu du Ibon Cancio ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ozeanoetako mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua, aztertu eta babesteko lehentasunak gomendatu dituzte

Erreferentzia bibliografikoa: Abreu, Andre; Bourgois, Etienne; Gristwood, Adam; Troublé, Romain; Acinas, Silvia G.; Bork, Peer; Boss, Emmanuel; Bowler, Chris; Budinich, Marko; Chaffron, Samuel; de Vargas, Colomban; Delmont, Tom O.; Eveillard, Damien; Guidi, Lionel; Iudicone, Daniele; Kandels, Stephanie; Morlon, Hélène; Lombard, Fabien; Pepperkok, Rainer; Karlusich, Juan José Pierella; Piganeau, Gwenael; Régimbeau, Antoine; Sommeria-Klein, Guilhem; Stemmann, Lars; Sullivan, Matthew B.; Sunagawa, Shinichi; Wincker, Patrick; Zablocki, Olivier; Arendt, Detlev; Bilic, Josipa; Finn, Robert; Heard, Edith; Rouse, Brendan; Vamathevan, Jessica; Casotti, Raffaella; Cancio, Ibon; Cunliffe, Michael; Kervella, Anne Emmanuelle; Kooistra, Wiebe H. C. F.; Obst, Matthias; Pade, Nicolas; Power, Deborah M.; Santi, Ioulia; Tsagaraki, Tatiana Margo; Vanaverbeke, Jan (2022). Priorities for ocean microbiome research. Nature Microbiology, 7, 937-947. DOI: https://doi.org/10.1038/s41564-022-01145-5

The post Mikrobioma, gure planetaren osasuna arautzen duen unibertso ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (3): Katetoen neurrien bila

Az, 2022-08-17 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure hirugarren ariketa: Katetoen neurrien bila.

ABC triangelu zuzenaren AB hipotenusan P puntua hartu dugu. Distantzia hauek ditugu: PA = 3 cm, PB = 1 cm eta PC = 2 cm. Aurkitu katetoen neurriak eta utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (3): Katetoen neurrien bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Unibertsitateentzat hiri-plangintza jasangarri baten bila

Al, 2022-08-15 09:00

Gaur egun, ikusi da beharrezkoa dela klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzea, planetaren ingurumen-inpaktuaren edo ingurumen-degradazioa gelditzeko. Ildo horretan, egiaztatu da berotegi-efektuko gasen isurketen % 71,0 eta baliabideen kontsumoaren % 60,0 hiri-eremuekin erlazionatuta daudela, eta etengabe hazten ari direla.

Hirigileek eta arkitektoek irtenbideak bilatu behar izan dituzte hiri-proiektuen errendimendua hobetzeko, ingurumenaren gaineko eraginari, bizi-kalitateari eta arazo sozioekonomikoei dagokienez, bai Europako araudiek ezarritako helburuak lortzeko, bai Nazio Batuek ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko. Eraikinaren eskalako ingurumen eta energia-inpaktuak anplifikatu egiten dira hiri mailan, eta ikusi da unibertsitate-campusak, beren tamaina, populazioa eta jarduera direla eta, «hiri txikitzat» har daitezkeela, ingurumenean duten eragina nabarmena dela.

Azken urteotan, tresna berriak garatu dira ingurumen-inpaktu hori barruti mailan ebaluatzeko, bizi­-zikloaren analisi baten bidez. Haien artean, NEST nabarmendu behar da, oinarrizko agertokia eta hobekuntza-hipotesiak aztertzeko tresna arin eta azkarra. Ingurumen-adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak ebaluatzen ditu, eta bizi-zikloaren analisirako tresna gisa balio du auzo-eskalan eraikitako inguruneetan. Argitalpen honen egileek NEST erabili izan dute hainbat ikerketa-proiektutan, eta oinarrizko agertokiak aztertu eta zenbait kasuistikatan hobekuntzak ebaluatu dituzte. Artikulu honetan, egindako ikerketen bilakaeraren laburpen bat aurkeztu, eta azterketa-kasu bakoitza eta ondorio orokorrak azaltzen dira. Duela gutxi hasi den ikerketa-proiektu bat ere aurkezten da, baso-biomasa energia-iturri berriztagarri gisa ezartzea helburu duena askotariko izaera, gobernantza, eskualde eta herrialdetako unibertsitate-campusetan. Unibertsitateen eta hirien arteko kooperazioak, sinergiak eta lankidetza-ekintzak ezartzeko, gizartearentzat funtsezkoak diren GIHen hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetuko du.

Hiri-plangintzaIrudia: Eraikinetarako ingurumen-ebaluazioaren prozesuaren NESTen diagrama. (Iturria: Ekaia aldizkaria).

Azterlana bi fasetan egituratzen da. Lehenik eta behin, unibertsitate-campusek gaur egun ingurumenean duten eragina aztertuko da. Bigarrenik, Europako zuzentarauetan funtsezko bi datatarako hobekuntza-egoerak aztertuko dira, hala nola 2030. eta 2050. urteetarakoak. Campuseko eraikinen energia-eraginkortasunean hobekuntzak proposatuko dira, sistema aktiboetan (berokuntza ekoizteko sistema, ur bero sanitarioa) zein sistema pasiboetan (fatxadaren isolamendua eta leiho-mota) jardunez. Gainera, energia berriztagarrien eta eguzki-energia termikoaren iturrien inplementazioa proposatu eta ebaluatuko da.

Lortutako emaitzek erakusten dutenez, birgaitze pasiboa eta hobekuntza-estrategia aktiboak ezarriz (argiteria publikoa aldatzea, fatxadak isolatzea, leihoak aldatzea, galdarak eraginkorrago bihurtzea edo energia-iturri berriztagarri batean oinarrituta, eguzki-plaka termikoak eta fotovoltaikoak instalatzea eta biomasa ekoiztea), posible da campusaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea. 2030ean eta 2050ean EBk ezarritako helburuei dagokienez, 2020ko agertokia oinarritzat hartuta, berotegi-efektuko emisioen murrizketa, energia-eraginkortasunaren hobekuntza eta berriztagarrietatik sortutako energia-ekoizpenaren ehunekoa behar bezala lortu direla ikus daiteke. Hala ere, azterlan honetan 2050erako proposatutako hobekuntza-egoera ez da iristen EBk energia berriztagarriaren ekoizpenaren arloan ezarritako aurreikuspenetara. Egindako azterlanean lortutako datuetatik abiatuta, garrantzitsutzat jotzen da EBk ezarritako ingurumen- eta energia-helburuak berrikustea, baita tokiko araudiak ere. Helburu horien balioak ahalik eta errealistenak izan daitezen, litekeena da horiek egokitu behar izatea. Aukera bat bizi-zikloaren fase guztiek eragindako inpaktua kontuan hartzen duten helburu batzuk finkatzea litzateke, eta ez soilik erabilera-fasearen eragina kontuan hartzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Unibertsitateen ingurumen-inpaktuaren analisia NESTen bidez eta haren eginkizuna GIHekin bat datorren hiri-plangintza jasangarri bati begira.
  • Laburpena: Azken urteotan, hirigileek eta arkitektoek irtenbideak bilatu behar izan dituzte hiri-proiektuen errendimendua hobetzeko, ingurumenaren gaineko eraginari, bizi-kalitateari eta arazo sozioekonomikoei dagokienez, bai Europako araudiek ezarritako helburuak lortzeko, bai Nazio Batuek ezarritako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lortzeko. Eraikinaren eskalako ingurumen- eta energia-inpaktuak anplifikatu egiten dira hiri mailan, eta ikusi da unibertsitate-campusak, beren tamaina, populazioa eta jarduera direla eta, «hiri txikitzat» har daitezkeela, ingurumenean duten eragina nabarmena dela. Azken urteotan, tresna berriak garatu dira ingurumen-inpaktu hori barruti mailan ebaluatzeko, bizi-zikloaren analisi baten bidez. Haien artean, NEST nabarmendu behar da, oinarrizko agertokia eta hobekuntza-hipotesiak aztertzeko tresna arin eta azkarra. Ingurumen-adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak ebaluatzen ditu, eta bizi-zikloaren analisirako tresna gisa balio du auzo-eskalan eraikitako inguruneetan. Argitalpen honen egileek NEST erabili izan dute hainbat ikerketa-proiektutan, eta oinarrizko agertokiak aztertu eta zenbait kasuistikatan hobekuntzak ebaluatu dituzte. Artikulu honetan, egindako ikerketen bilakaeraren laburpen bat aurkeztu, eta azterketa-kasu bakoitza eta ondorio orokorrak azaltzen dira. Duela gutxi hasi den ikerketa-proiektu bat ere aurkezten da, baso-biomasa energia-iturri berriztagarri gisa ezartzea helburu duena askotariko izaera, gobernantza, eskualde eta herrialdetako unibertsitate-campusetan. Unibertsitateen eta hirien arteko kooperazioak, sinergiak eta lankidetza-ekintzak ezartzeko, gizartearentzat funtsezkoak diren GIHen hobekuntzan aurrera egitea ahalbidetuko du.
  • Egileak: Iñigo León, Xabat Oregi, Cristina Marieta, Alba Arias, Lara Mabe
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 195-209
  • DOI: 10.1387/ekaia.22082
Egileez:

Iñigo León, Xabat Oregi eta Alba Arias UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Saileko ikertzaileak dira.

Cristina Marieta UPV/EHUko Donostiako Ingeniaritza Fakultateko Kimika eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko ikertzailea da.

Lara Mabe Basque Research and Technology Alliance (BRTA) Tecnalian ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Hiri-plangintza

The post Unibertsitateentzat hiri-plangintza jasangarri baten bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bi hilean behin hortzak aldatzen zituen dinosauroak

Or, 2022-08-12 09:00

EHUko, Errioxako Unibertsitateko, Madrileko Unibertsitate Konplutentseko eta Errioxako Interpretazio Paleontologikorako Zentroko ikertzaileek egindako ikerketa batek agerian utzi du dinosauro Espinosauridoek hiru belaunaldi hortz garatu zitzaketela aldi berean. 1983an aurkitutako Dinosauro haragijale baten masailezurreko hondar fosila berraztertzen ari zirela, albeolo berean animaliaren hortz funtzionala, hortz hori ordezkatuko lukeen pieza eta bigarren hotz horren ordezkoaren jatorria identifikatu zuten.

hortzakIrudia: Ezkerrean: Fosilaren irudiak, albotik eta goitik ikusita. Eskala: 5 cm. Eskuinean: Fosilaren kokapena (kolorez) espinosauro baten burezurraren irudian. Eskala: 25 cm. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Orain arte jakina zen espinosauridoen espezie batzuek beste teropodo batzuek baino azkarrago alda zitzaketela hortzak. Estimazioen arabera, dinosauro haragijale ertain/handi hauek, garezur luzexka zeukatenaketak krokodiloen antzeko hortz konikoak 60-68 egunean behin berritzen zituzten. Ikerketa honek egiaztatu du talde osoaren ezaugarria zela.

Horrek eragiten zuen oso azkar aldatzea hortzak eta Behe Kretazeoan Iberiar penintsulan hainbeste espinosaurido-hortz aurkitu izanaren arrazoia ere izan daiteke. Hortz horiek, gutxi gorabehera kono forma eta zenbait zentimetroko neurrikoak, ibaiek garraiatzen zituzten aintziren inguruetaraino. Denborarekin, fosil bihurtzen ziren. Behe Kretazeoko (145 eta 113 milioi urte bitartean) aztarnategi iberikoetako ornodunen aztarna ohikoenetako bat dira gaur egun.

Hortzak horren maiz aldatzeko zergatia zehaztasunez ez dakiten arren, uste dute ezaugarri horrek aukera ematen ziela uneoro hortz funtzionalen kantitate handiagoa edukitzeko. Hori funtsezko abantaila izango litzateke harrapakinei masailezurraz eusteko esfortzu handia egin behar baitzuten.

Orain arte Igean (Errioxa, Espainia) egin diren azterketa paleontologikoak nabarmenak dira espinosauridoen hezurren hondakin ugari aurkitu direlako, artean, zenbait banakoren eskeleto partzialak. “Ikerketa horri esker, dinosauro haragijaleen talde hain berezi horren aniztasunari buruzko ezagutza hobetuko dugu. Igeako aztarnategietan seguruenik bi espezie aurkituko ditugu gutxienez”, esan dute Erik Isasmendi eta Xabier Pereda-Suberbiolak, UPV/EHUko Geologia Departamentuko paleontologoek. Beraz, Errioxako herri hori munduko leku garrantzitsuenetakoa da espinosauridoen azterketarako.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Dinosauro espinosauridoek hortzak aldatzeko maiztasuna da Kretazeoko aztarnategietan ugari aurkitzearen arrazoia

Erreferentzia bibliografikoa: Isasmendi, Erik; Navarro Lorbés, Pablo; Sáez Benito, Patxi; Viera, Luis I.; Torices, Angelica; Pereda Suberbiola, Xabier (2022). New contributions to the skull anatomy of spinosaurid theropods: Baryonychinae maxilla from the Early Cretaceous of Igea (La Rioja, Spain) Historical Biology. DOI: https://doi.org/10.1080/08912963.2022.2069019

The post Bi hilean behin hortzak aldatzen zituen dinosauroak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (2): Pizza jaten

Az, 2022-08-10 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bigarren ariketa: Pizza jaten.

Zenbat modutan har daitezke pizzaren zortzi zatietatik hiru, elkarren alboko bi hartu barik? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

pizza

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (2): Pizza jaten appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua

Al, 2022-08-08 09:00

Geroz eta kutsatuagoa dagoen planeta baten bizi gara. Hainbat substantzia erraz jotzen ditugu kutsatzailetzat: pestizidak eta metal astunak, esate baterako. Azkenaldian, ordea, kutsatzaile izendatu berriez hitz egiten da, hots, aurretik ezezagunak ziren edo kutsatzailetzat jotzen ez ziren substantziez, eta horien artean farmakoak edo medikamentuak dira kezka handiena eragiten dutenak.

FarmakokutsaduraIrudia: Medikamentuak naturan. Sarbideak eta eragina. (Irudiaren egilea: AlGranberg (U.S. Geological Survey)). (Iturria: Ekaia aldizkaria).

Gizakiotan ez ezik, medikamentuak animalietan ere erabili ohi dira (maskotetan nahiz abeltzaintzan). Medikamentuen erabilera nabarmenki igo da, batez ere azken hamarkadetan. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Hau da, medikamentuak hartzean, zati bat organismotik kanporatzen da, bereziki gernuaren eta gorotzen bitartez, eta partzialki aktiboa izan daiteke oraindik ere. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmakokutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat.

2015ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda sortu zuen, herrialde guztietako pertsonen ongizatearen alde apustu egiteko aburuz. Agenda horretan, garapen iraunkorrerako 17 helburu (GIH) agertzen dira, eta helburu horiek aurrera eramateko 169 erronka. Medikamentuei buruzko aipamena 3. helburuan agertzen da, bizimodu osasungarriari eta ongizateari lotuta. Halere, farmakokutsadura eta hura murrizteko ekintzen proposamenak hainbat helburu eta erronkatan aurki ditzakegu, kasu batzuetan zeharka bada ere. Artikulu honetan, 6. helburua eta erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik.

NBEren datuen arabera, 673 milioi pertsonak praktikatzen dute aire zabaleko sabelustea, eta haien % 91 landa-eremuetan bizi dira. Gizarte batzuetan sustraitutako arau kulturala da. Gernu eta gorotzen bidez kanporatzen diren medikamentuak eta haien hondakinak zuzenean sartzen dira ingurumenera, lurzorutik uretara filtratuz edo zuzenean uretara sartuz. Aire zabalean sabelustea ahal den neurrian murriztuko balitz, kutsatze-bide horren garrantzia minimizatuko litzateke.

Farmakokutsadurak uraren kalitatean eragina izan dezake. Gainera, giza jarduerak sortutako hondakin-uren % 80 baino gehiago zuzenean isurtzen dira ibaira edo itsasora, inolako tratamendurik gabe, eta urak kutsatzen dira. Erronka horren helburuetako bat ehuneko hori gutxitzea da.

Bestalde, farmakokutsadurak hainbat ekosistema motatan izan ditzakeen eraginen inguruko ikerketa sustatu behar da, ekosistema horiek babestu ahal izateko. Jakina da farmakokutsadurak eragina izan dezakeela ekosistema akuatikoetan; horren adibide dira etinilestradiol izeneko hormonak arrainengan eragiten dituen ugalketa-arazoak. Halere, oraindik ere, asko dago ikertzeko farmakokutsaduraren inguruan.

Uraren saneamendurako funtsezkoak dira ur-araztegiak. Hondakin-uren araztegiak ez ziren diseinatu medikamentuen hondakinak deuseztatzeko, konposatu organikoak naturan izango lituzketen biodegradazio-prozesuak imitatzeko baizik. Afrikako eta Europako ur gezetako farmakokutsadura aztertzen duen ikerlan baten arabera, Afrikan hautemandako kontzentrazio maximoak Europan atzemandakoak baino 20.000 bider altuagoak direla frogatu da, eta horren arrazoien artean hondakin-uren araztegietako deusezte partziala aipatzen dute. Afrikan, hondakin-uren tratamendua hobetu beharra premiazkoa dela ondorioztatu dute.

Jakina da GIHek garrantzi berezia dutela garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua.
  • Laburpena: Medikamentuek naturan duten inpaktua geroz eta interes handiagoa pizten duen gaia da. Ezaguna da medikamentuak eta haien hondakinak ingurumen-konpartimentu guztietan aurkitu direla, batez ere uretan. Medikamentuak ingurumenera iristeko bide nagusia kontsumoarekin eta haren ondoriozko iraizpenarekin dago erlazionatuta. Nolanahi ere, medikamentuen bizi-zikloaren beste faseetan ere gerta daitezke ingurumenerako igorpenak. Farmako-kutsadurak eragina du ingurumenean dauden izaki bizidunetan, eta baita giza osasunean ere. Antibiotikoekiko erresistentzien gorakada da horren adibideetako bat. Bestalde, uraren erabilgarritasuna, saneamendua eta higienea giza eskubideak badira ere, mundu osoko biztanle guztiek ez dauzkate bermatuta. Artikulu honetan, Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua (GIH) —hots, ur garbia eta saneamendua— eta haren erronkak aztertuko ditugu, farmakokutsaduraren ikuspuntutik, konponbideak aztertuz. GIHek garrantzi berezia dute garapen-bidean dauden herrialdeetan; hain zuzen ere, uretako farmakokutsadura gehien dutenetan. Farmakokutsadura ulertu eta aztertzeko, «One-Health» ikuspuntua bultzatu beharra dago, hau da, osasun bakarrean bateratzea gizakion osasuna, animaliena eta partekatzen dugun ingurumenarena, eta, arazoari aurre egiteko, nahitaezkoa da medikamentuen bizi-zikloan parte hartzen duten eragile guztien elkarlana. Farmakokutsadura 6. GIHa lortzeko oztopo bihur ez dadin, beharrezkoa da lekuan lekuko osasun publikoaren beharrez gain neurrien kostu-eraginkortasuna ere kontuan hartzea, neurrien eraginkortasuna ziurtatzeko.
  • Egileak: Saioa Domingo Echaburu, Unax Lertxundi Etxebarria, Gorka Orive Arroyo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 105-118
  • DOI: 10.1387/ekaia.22086
Egileez:

Saioa Domingo Echaburu Osakidetzako, Debagoieneko ESI, Arrasate, Gipuzkoako Farmazia Zerbitzuko ikertzailea da.

Unax Lertxundi Etxebarria Osakidetzako, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutukoa eta Arabako Osasun Mentaleko farmazia zerbitzuko ikertzailea da.

Gorka Orive Arroyo UPV//EHUko Farmazia Fakultateko NanoBioCel Farmazia eta Farmazia Teknologia laborategiko ikerketa taldekoa da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Farmakokutsadura eta Garapen Iraunkorrerako 6. Helburua: ur garbia eta saneamendua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Etxetresna elektrikoak berriztu aurretik

Or, 2022-08-05 09:00

Gaur egungo gizarteak energia asko kontsumitzen duenez, CO2 emisioak murrizteko irtenbideak proposatzen dira, teknologia eraginkorragoak erabiliz. Baina, murriztu al daitezke ingurumen-inpaktuak erabilera-fasean? Zenbateraino dira zentzuzkoak etxetresna elektrikoak gailu berri eraginkorrago batzuez ordezkatzeko erabiltzen diren “renove planak”? Orain arte, ez da arreta handirik jarri berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko etxetresna elektrikoen funtzionamendu-aldi optimoaren azterketetan.

Hutsune hori betetzeko, UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol taldeek, Ekonomia Zirkularreko Masterraren eta Proiektuen Zuzendaritzako Masterraren bidez, hiru etxetresna elektriko adierazgarriren (mikrouhinak, ontzi-garbigailua eta garbigailua) CO2 inpaktu baliokidea aztertu dute bizi-ziklo osoan. Horretarako, fabrikazio-prozesua, ondoren etxetresna elektriko horien erabilera eta bizi-amaiera, desegitea eta birziklatzea barne, kontuan izan dira. “Inpaktu horiek murrizteko ingurumen-arrazoiengatik etxetresna elektriko berriak egungoez ordezkatzeko izan behar duten eraginkortasuna kalkulatu dugu hiru kasuetarako”, adierazi du Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaileak eta lanaren egileetako batek.

Irudia: Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzen badira murriztu egin daitezke etxetresna elektrikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. (Argazkia: stevepb – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“Inpaktuak murrizteko jarraibide egokiak emateko, egungo egoera aztertu dugu, eta materialen eraginkortasunean, material birziklatuetan, energia berriztagarrietan eta kontsumo arduratsuan oinarritutako lau egoera hipotetikorekin alderatu dugu”, azaldu du Akizuk. Horrela, produktuaren fabrikazioan, erabileran eta bizi-amaieran izan daitezkeen inpaktuak kuantifikatu eta alternatiba eraginkorragoak baloratu dituzte.

“A” motako etxetresna elektriko berria versus energia berriztagarriak

Egindako azterketa konparatiboan agerian geratu da erabilera-etapan kontsumitzen den elektrizitatea dela etxetresna elektronikoek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen eragile nagusia. Gauzak horrela, Ekonomia Zirkularraren baitan dauden neurriak aplikatzeak murriztu egin ditzake hauek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasak. Zehazki, CO2 emisioak % 68 murriztu daitezke mikrouhin-labeen, % 76 ontzi-garbigailuen eta % 61 garbigailuen kasuan. Energia-kontsumoa ere murriztu daiteke % 10, erabilera-fasean energia berriztagarriekin eta erabilera arduratsu batekin.

Lortutako ingurumen-hobekuntzekin batera, etxetresna elektrikoen balio-bizitza luzatu egiten da energia-eraginkortasun handiko gailu berri batekin ordezkatu baino lehen. Hain zuzen, erabilera-fasean % 100 energia berriztagarriak aplikatzen direnean,  ingurumenaren ikuspegitik etxetresna elektriko horiek “A” motako mikrouhin, ontzi-garbigailu  eta garbigailu batez ordezkatzea bideragarria litzake soilik 24,4, 19,3 eta 28,5 urte igaro ondoren, hurrenez hurren. Erabilera-fasean kontsumitutako energia % 10 murrizten bada kontsumo-jarraibide arduratsu batzuen ondorioz, denbora-tarte horiek 30,3 26,2 eta 33,9 urtera arte luzatzen dira.

Beraz, ikerketa honek egiaztatu du CO2 emisioak murrizteko bidean aurrera egiteko eraginkorragoa dela (ingurumenari dagokionez) energia berriztagarrietan inbertitzea etxetresna elektrikoen “renove planetan” baino. “Emaitza horiek guztiek ingurumenari dagokionez jasangarriak diren ekoizpen- eta kontsumo-ereduak sustatzen lagundu diezaiekete fabrikazioaren sektoreari, arduradun politikoei eta herritarrei”, dio Ortzi Akizuk.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Etxetresna elektronikoen balio-bizitza optimoa aztertu dute, ingurumen-inpaktuak murrizteko

Erreferentzia bibliografikoa: Alejandre, Carlos; Akizu-Gardoki, Ortzi; Lizundia, Erlantz (2022). Optimum operational lifespan of household appliances considering manufacturing and use stage improvements via life cicle assessment. Sustainable Production and Consumption, Volume 32, 52-65. DOI: https://doi.org/10.1016/j.spc.2022.04.007

The post Etxetresna elektrikoak berriztu aurretik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (1): Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila

Az, 2022-08-03 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa: Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila.

Anartz, Gari eta Mikel zifra biko zenbaki batez ari dira. Bakoitzak egia bat eta gezur bat esaten ditu.

  • Anartzek: “bikoitia da eta 3ren multiploa”.
  • Garik: “3ren multiploa da eta azken zifra 5 da”.
  • Mikelek: “5en multiploa da eta zifren batura 12 da”.

Zenbat balio desberdin har ditzake zenbakiak? Utzi zuen erantzuna iruzkinetan!

zenbakiaren(Argazkia: fotoblend – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2022. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2022ko udarako (1): Gezurrak baztertuz, zenbakiaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak

Al, 2022-08-01 09:00

2030 Agenda 2015ean Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako eta sinatutako akordioa da. Bertan, Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) markoa onartu zen, garapen iraunkorrerako funtsezko oztopo sistemikoei heltzeko asmoarekin.

Hala ere, hainbat adituek adierazi dute GIHen abiapuntuko diagnostikoan hutsuneak daudela, bai ezarritako helburuen arrazoiak ulertzeko eta baita ere garapen globaleko politikak behar bezala bideratzeko. Hutsune horien oinarria 2030 Agendaren aurretik zegoen markoaren, hots, Milurteko Garapen Helburuen ebaluazio politiko eta tekniko zorrotzen faltagatik gertatu da. Horrez gain, zenbait analisietan esaten da GIHak erretorikaz betetako marko bat dela, helburuen aplikazio-maila ebaluatzeko zehaztasunik eta konpromisorik ezak (GIHak borondatezkoak baitira), GIHak ez betetzera daramalako. Horrekin batera, eta COVID-19aren osasun-krisia dela eta, datuek iragartzen dute helburuen bi heren betetzea zaila izango dela. Ondorioz, Nazio Batuek ere GIHak mantsoegi betetzen ari direla onartu dute.

ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriakIrudia: Ekodependenteak gara naturatik lortzen ditugulako gure egunekoan jardueretarako behar ditugun baliabide eta ondasun guztiak (mugatuak direnak). (Argazkia: LTapsaH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

“12. GIHa aletzen” izenburuko artikuluak 12. GIHaren erronken azterketa egiten du ekofeminismoaren paradigmatik abiatuta, muga ekologikoen eta bizitzaren iraunkortasunaren perspektibatik. Alde batetik, ekodependenteak gara naturatik lortzen ditugulako gure egunekoan jardueretarako behar ditugun baliabide eta ondasun guztiak (mugatuak direnak); eta bestetik, interdependenteak gara, ezinezkoa zaigulako pertsona baten bizitzan pentsatzea beste pertsona baten laguntzarik gabe.

12. GIHak Kontsumo eta Ekoizpen Arduratsua jasotzen du. Egungo ekoizpen- eta kontsumo-patroiek planetaren birsorkuntza-ahalmena gainditzen dutela jakinik, azpimarragarria da 12. GIHak inolako aipamenik ez egitea kontsumoaren eta produkzioaren murrizketari. Funtsean, 12. GIHa hondakinak kudeatzera bideratutako ekonomia berde baten sustapenean oinarritzen da, «Greenwashing» kontzeptutik edanez, hots, erantzukizun ekologiko baten ilusiozko irudia ematetik alegia. Ildo horretan, ekonomia zirkularra hazkunde ekonomikoaren eragile gisa kokatzen da, eta hau, lan honetan jasotzen diren datuen arabera, nabarmena da ere Euskal Autonomia Erkidegoko 2030 estrategian.

Entropia legearen ikuspuntutik, hazkunde ekonomikoa ezinezkoa da ingurumenaren degradazioa alde batera utzita. Hala ere, 12. GIHak, beste GIH batzuekin batera (8. GIHarekin, adibidez, hazkunde ekonomikoan oinarritzen dana), kapital-metaketaren eta kontsumo masiboaren hedapenaren logikatik edaten du, krisi ekosoziala kontuan hartu gabe, eta, beraz, biosferaren mugen gainditzean sakontzen jarraitzen du.

Aipatu behar da GIHek dituzten erronka bakoitzari dagozkion kasuistika edo erroei ez zaiela behar bezalako garrantzia ematen. Horren adibide garbia da elikagaien xahutzeari buruzko erronka: elikadura-sistemaren egungo eredu agroindustrialean elikagaien xahutzea hazten jarraitzen duen bitartean 12. GIHak ez du inola ere iradokitzen eraginkortzat frogatuak izan diren elikadura-eredu edo -sistema iraunkorrago eta justuagoetara aldatzearen beharra; hala nola, elikadura sistema agroekologikoen garapena bultzatzearena.

Erronka bakoitzaren azterketarekin batera, “12. GIHa aletzen” artikuluaren egileek gako batzuk ematen dizkigute, konplexutasuna eta sistemen integraltasuna aintzat hartuta, ekofeminismotik trantsizio ekosozialean prozesu eraldatzaileak abiatzeko eta bultzatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia 2021
  • Artikuluaren izena: 12. GIHa aletzen: ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak.
  • Laburpena: Sei urte bete dira Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendako Garapen Iraunkorrerako Helburuak onartu zituenetik. Artikulu honetan, 12. GIHaren analisia egingo dugu, eko-feminismoak bere egin duen iraunkortasunaren kontzeptualizaziotik abiatuta. Gure analisian, lehenik, 12. GIHaren irakurketa orokorra egingo dugu, eta, ondoren, hamaika erronka zehatzez osaturiko helburu horren xehetasunak eta kontraesanak aletuko ditugu. Analisiaren ondorio gisa, azpimarratuko dugu gure ekoizteko eta kontsumitzeko erak, naturak birsortzeko dituen gaitasun-mugak aspaldi gainditu zituen arren, hazkunde mugagabean eta kontsumo masiboan oinarritutako logika ekonomikoan oinarritzen jarraitzen duela. GIHetan topatzen diren inkoherentzien aurrean, aztertutako erronketan jaso ditugun hausnarketekin, trantsizio ekosozialaren bidetik bizitza iraunkor bat lortzea aldarrikatzen dugu.
  • Egileak: Mirene Begiristain Zubillaga, Goiuri Alberdi Aresti
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 211-228
  • DOI: 10.1387/ekaia.22106
Egileez:

Mirene Begiristain Zubillaga eta Goiuri Alberdi Aresti UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Finantza Ekonomia II Departamentuko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren mugarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #404

Ig, 2022-07-31 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zigarrokinak

Ingurumena

IPBESek naturaren balioen katalogo bat ondu du, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Katalogo honetan, naturaren balio askotarikoak eta onuragarriak jaso dituzte, biodibertsitatea eta ekosistemen funtzioak eta zerbitzuak aintzat hartuta. Honela, bideak proposatzen dituzte bizi-kalitatea Lurreko biziarenarekin uztartzeko, eta proposamen horiek politika bihurtzeko jarraibideak ematen dituzte. Ikerketa honetan, Unai Pascual Ikerbasqueko eta BC3ko ikertzailea izan da taldeburua, eta Berria berarekin elkarrizketatu da. Pascualek azaldu duenez, begirada ekonomizistak hazkunde ekonomikoarekin lotzen du ongizatea handitzea, eta horrek ekarri gaitu egoera honetara. Ikuspegi hau hobetzeko, natuaren balioak orekatu behar ditugu; honela, beste modu batean ulertuko dugu gure ongizatea, eta beste erabaki batzuk hartuko ditugu.

Zigarrokinak munduko hondakin ugarienetako bat dira. Hauetako gehienak kalera edo ingurumenera botatzen dira, eta ez dago ezarrita haiek jasotzeko, tratatzeko eta birziklatzeko sistemarik. Zigarroek 7.000 substantzia toxiko inguru dituzte, eta hauetako bakoitzak 50 eta mila litro artean kutsa ditzake. Gainera, hamabi bat urte behar ditu desegiteko. Zigarroek dituzten kutsatzaileetako bi nikotina eta metal astunak dira. Substantzia horiek guztiak zigarrokinetatik ingurumenera irazten dira, eta kaltegarriak dira itsasoko bizidunentzat. OMEk uste du 1980ko hamarkadatik kostaldean eta barnealdean egin diren zabor bilketetako zaborren %30-40 direla. Datu guztiak Berrian: Zigarroa itzali, kutsadura piztu.

Klima-aldaketa

Egiazko kareta itsas dortoka (Caretta caretta) Cheloniidae familiako narrastia da. Munduan zeharreko itsaso eta ozeano askotan aurki daiteke, ur epel eta subtropikaletan. Mediterraneo itsasoan ere zabalduta dago espezie hau, baina, orain arte behintzat, mediterraneoaren ekialdean soilik habiaratzen zuten,  Grezia, Turkia, Libia eta Txipren, gehienbat. Alabaina, 2020ko abuztuaren 4an, Fuengirolako Los Bolinches hondartzan egiazko kareta eme bat agertu zen habia jartzeko. Habia hau Mediterraneoaren mendebal aldera inoiz urrunen deskribatu den egiazko kareta habia da. Ikertzaileen ustetan, habiaratze-portaeraren aldaketa hau hondartzetako tenperatura-igoeraren ondorioa izan liteke. Hau da, gaur egun Txipre eta Turkia bezalako herrialdeetako hondartzak beroegi daude egiazko karetak bertan habiak egiteko, eta hondartza berriak kolonizatzen hasi dira. Azalpenak Zientzia Kaieran:  Itsas dortokak habiaratzeko leku hotzagoen bila dabiltza.

Osasuna

Tximino baztangaren 85 kasu atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 59 Bizkaian izan dira, 7 Araban eta 19 Gipuzkoan. Osakidetzak azaldu duenez, azken kasu horiek ez daukate, lehenengo kasuek bezala, lotura epidemiologikorik atzerriko beste kasu batzuekin. Oraingoak aurretik kutsatutako pertsonen kontaktuak dira. Hala ere, argi utzi dute gaixotu diren guztiek sintoma arinak izan dituztela, eta etxean bakartzeko agindu dietela. OMEk dagoeneko nazioarteko larrialdia eman zuen tximino baztangarengatik.

Zientzia

Sarritan, ez da lortzen ikerketa zientifiko batean ontzat ematen diren emaitzak errepikatzea. Hau da, geroz eta ohikoagoa da erreproduzigarritasuna edo emaitzak errepikatzea zaila edo ezinezkoa izatea. Fenomeno honi “erreproduzigarritasunaren krisia” izena jarri diote. Sinplea badirudi ere, krisi hau arazoa bilakatu da. Izan ere, metodo zientifikoak bi oinarri ditu: emaitzak faltsutzea eta erreproduzigarritasuna. Bigarren honek zera esan nahi du, tresna eta prestakuntza egokia duen edozein gai izan behar dela behaketa edo esperimentu jakin hori errepikatzeko. Arazo hau guzti hau oso modu argian azaldu zuten Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Joaquín Sevilla adituek “La crisis de reproducibilidad en ciencia” artikuluan. Bertan, egileek diote krisiaren arrazoietako bat ekoizpen zientifikoan gertatzen ari den kalitatearen murrizpenean egon daitekeela. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Fisika

Diapasoia mendeetan zehar erabili izan dute musikari profesionalek beren instrumentuak afinatzeko. Hain zuzen ere, historiako lehen soinu sintetikoak sortzeko aukera eman zuen asmakizun honek. Diapasoiaren tonua oso ezaguna eta egonkorra da, eta horregatik da primerakoa instrumentuak afinatzeko, hain zuzen ere. Gainera, denboran aurrera egin ahala ia ez da desafinatzen. Baina tresna hau ez zer musika helburutzat hartuta asmatu; sardexkan du bere jatorria. XVII. mende amaieran, sardexkek askotan bi punta luzexka zituzten. Horretaz baliatuz, Schelhammer medikuak sardexkaren ezaugarri akustiko bikainak baliatu zituen pazienteetan gortasuna diagnostikatzeko. Gerora, sardexkak musikaren mundura egingo zuen salto. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Diapasoia: sukaldetik laborategira, orkestratik igarota.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #404 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #410

La, 2022-07-30 09:00

Begietara begira jakin daiteke gaixotasun neurologikorik baden. Rosa García-Verdugoren What your eyes can tell

Paleogeologiaz entzungo zenuten, agian. Bada, antzina zer gertatu zen determinatzen laguntzen diguten tresna horiek, etorkizun geologikoa ere aurresan dezakete: The Somalayas are the biggest mountain range you will never see, Douwe van Hinsbergen.

Badirudi grafenoak ez duela mugarik. Elektroi-sorta banatzailea diseinatu dute DIPCn bi grafeno bandekin. Teknologia experimentalak eraikitzea ahalbidetzen duenean, guztiz erabilgarria izango den aparatua. Crossed graphene nanoribbons as electron-beam splitte

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #410 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mary Malahlela, apartheidean bizi arren mediku lanetan aurrera

Or, 2022-07-29 09:00

Apartheid hitzak bereizketa esan nahi du afrikaans hizkuntzan, hau da, Hegoafrikan hitz egiten den hizkuntzan. 1948 eta 1992 artean legez indarrean egon zen arraza segregazioko sistema izan zen. Legez, arraza ezberdineko taldeek ez zuten toki berean bizitzerik, lan egiterik, ikasterik edo jolasterik. Pertsona zuriek bakarrik zuten botoa emateko eskubidea. Zurien eta beltzen arteko ezkontzak eta sexu harremanak debekatuta zeuden. Diskriminazio horren helburua zen gutxiengo zuriak, biztanleriaren % 21ak, pribilegio egoerari eustea.

Garai hartan, Hegoafrikan emakume eta beltz izatea ez zen oso egoera egokia askatasunez eta duintasunez bizitzeko. Hala ere, horietako batzuk, Mary Malahlelak adibidez, muga horiek ezabatzea lortu zuten ikasteko, eta, modu murriztuan bada ere, hautatu zuten lanbidean jarduteko.

Mary 1916ko maiatzaren 2an jaio zen, Polokwanen (artean Pietersburg), Pedi talde etnikoan, Hegoafrikako iparraldeko landa-inguruan. Bere amak Susan Mautswane Malahlela zuen izena, eta bere aitak –maisua zena– Thadeus Chweu Malahlela. Familiak, kristautasunera bihurturik, herritik ihes egin behar izan zuen seme bikiak –Maryren anaia txikiak– erailtzeari uko egitearen ondorioz. Pedi talde etnikoaren kide ziren; tradizioz ume bikiak madarikaziotzat hartzen zituzten.

Mary Malahlela1. irudia: Mary Malahlela Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izan zen. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Familia Roodepoort hirian finkatu zen, Johannesburgetik gertu. Han, aitak lehen hezkuntzako eskola metodista baten zuzendari izateari ekin zion. 17 urterekin, Maryk lehen hezkuntzako maistra titulua atera zuen.

Medikuntza helburu

1937an, South African Native College Alice hiriko goi mailako hezkuntzako erakundeak (Lurmutur Ekialdeko probintzia) –geroago Fort Hareko Unibertsitatea bilakatu zena–, Hegoafrikan ikasle beltzak onartzen zituen medikuntzarako lehenengo prestakuntza-ikastaroak proposatu zituen. Fort Hareko ikasle gailenen artean, geroago mugimendu independentisten eta Afrikako herrialdeetako gobernuen buru izango zirenetako batzuk aurkitzen dira: Nelson Mandela, Kenneth Kaunda, Oliver Tambo, Govan Mbeki, Julius Nyerere eta Mangosuthu Buthelezi, besteak beste​.

Malahlela osasun laguntzako ikastaroetako ikasleen lehen promozioan hasi zen, eta Johannesburgetik ia mila kilometrora dagoen Alicera lekualdatu behar izan zuen. 1941ean Witwatersrandeko Unibertsitateak ikasle beltzak medikuntza ikasketetan onartu zituenerako, Mary ondo prestatuta zegoen eta ikasketak finantzatzeko beka bakarretako bat lortu zuen. Esperientzia penagarria izan zuen erabateko gehiengo zuria zuen erakunde horretan. Ikasle beltzek, jakina, ikaskide zurietatik bereizitako egoitzak eta jantokiak zituzten. Ikasle beltzek ospitale «ez europarretan» egin behar zituzten praktika medikoak; ez zitzaien uzten paziente zurien erakustaldi klinikoak behatzen edo pertsona zurien gorpuetan anatomia ikasten. Malahlela gai izan zen bidegabekeria horiek guztiak gainditzeko, eta 1947an medikuntzako titulua lortu zuen. Hirugarrena izan zen bera: beste bi ikasle beltzek, Donald Moikangoak eta James Njongwe-k, urtebete lehenago amaituak zituzten medikuntza ikasketak. Malahlelaren graduazio argazkian bera ageri zen, emakume beltz bat, gizon zuri mordo baten artean. Tokiko egunkari batean azpititulu tamalgarri hau erantsi zioten irudi horri: Die Swart Gevaar, hau da, afrikaansez, «Arrisku beltza».

Mary Malahlela2. irudia: Mary Malahlela mediku hegoafrikarra. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Barneko ikasle gisa aritzeko, Maryk berriz ere Hegoafrika zeharkatu zuen, eta Durbanera iritsi zen, KwaZulu-Natal-eko probintzian. Han, 1909an James eta Margarey McCord misiolari eta medikuek sortutako McCord ospitaleko pertsonalari batu zitzaion. Haren lana izan zen, batez ere, bertako komunitateetako pazienteak artatzea eta erizain beltzak gaitzea. McCordeko mediku arduradun zuriak harro-harro zeuden ospitalean nagusi zen «laguntzarako jarreraz». Alabaina, egoitzetan, jantokietan eta bainugeletan arraza bereizkeria zegoen, eta, Hegoafrikako gainerako lekuetan bezala, medikuen soldata larruazal kolorearen eta sexuaren araberakoa zen. Erantzukizun maila bererako, gizon zuriek zituzten soldatarik altuenak eta emakume beltzek baxuenak.

Lanbidean aritzeko mugak eta soldata murritzak ikusirik, mediku beltz gehienek kontsulta pribatuak zabaldu zituzten, eta Malahlela ez zen salbuespen izan.

1948an Wallie Xakanarekin ezkondu zen Mary, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Familia Kliptownen finkatu zen, Soweton. Bertan, bi kirurgia kontsultategi zabaldu zituen hurbileko komunitatea artatzeko. Bi urte geroago, gobernuak, apartheida aplikatuz, establezimendu horiek ixtera behartu zuen. 1950ean Guneetan Biltzeko Legea onartu zenean, Mary eta haren familia Dobsonvillera –Sowetoko errebalean– lekualdatu zituzten indarrean, zeina apharteidak gune beltz moduan izendatu baitzuen. Han, Malahlelak bizitza osoan komunitatea zerbitzatu zuen medikuntzaren bidez, askotan diru saririk jaso gabe, pobrezia handiko auzo batean.

Medikuntzaz harago

Medikuntzaz harago, Malahlela Afrikako gazteriari laguntzeko erakundeei lotu zitzaien. Bakearen alde eta apartheidaren aurkako borrokan aritu zen. Hegoafrikako Emakume Gazteen Elkarte Kristauko (South African Young Women’s Christian Association) kide fundatzailea izan zen, Roodepoorteko Eskola Batzordeko lehendakari eta Fort Hareko Unibertsitateko Kontseiluko kide. Zoritxarrez, ez zen bizi izan Hegoafrikako apartheidaren azkena ikusteko adina: 1981ean hil zen, bihotzeko batek emanda. Une horretan, Johannesburgeko landa eskualde batean paziente bat artatzen ari zen Nthato Motlana mediku eta apartheidaren aurkako aktibistarekin batera.

Maryk ez zuen 2015era arte aitorpen formalik jaso bere dedikazioagatik eta komunitateari eskainitako zerbitzuagatik, Witwatersrandeko Unibertsitateak bere omenezko plaka bat ezarri baitzuen urte hartan. Garai hartan erakunde hartako errektoreorde zen  Adam Habibek pertsonalki barkamena eskatu zion Malahlelari, jasandako diskriminazioagatik. 2016an, bere jaiotzaren mendeurrenean, Malahlelak Hegoafrikako Gobernuaren hil osteko Baobabaren ordena jaso zuen «apartheid garaian hegoafrikarren gehiengo zapalduari zerbitzu medikoak ematen egindako ekarpen bikainagatik» eta «Hegoafrikan medikuntza titulua lortu zuen lehenengo afrikar emakumea izateagatik».

Erreferentziak Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 18an: Mary Malahlela, la médica sudafricana que consiguió ejercer su profesión a pesar del apartheid.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mary Malahlela, apartheidean bizi arren mediku lanetan aurrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak