Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 37 min

Kultura al dute animaliek?

Az, 2023-04-12 09:00

Intuizio hutsez, denok dakigu zeri buruz ari garen kulturaz ari garenean. Alabaina, definitzeko kontzeptu zaila da, baita antropologoentzat ere, prozesu eta elementu abstraktua baita. Bitxiki, biologoek eta zoologoek gizakiaren kasuan ezinezkoa dirudien horretan dihardute inoiz baino gehiago, baina animaliei aplikaturik.

Kulturaren definizio unibertsal eta baliozko baten faltan, egiteko konplexua da animaliek kultura ba ote duten zehaztea, baina gizakia ez diren animalietan kultura definitu eta topatu nahian dabiltza hainbat ikerketa-talde. Etorkizun handiko ikerketa-esparrua zabaldu da galdera horren baitan, eta hainbat azterketak emaitza interesgarriak lortu dituzte jada. Orduan, ba al dute kultura animaliek? Eta zer hartzen da kulturatzat animalietan?

kultura1. irudia: kultura, seguruenik, ez da hain arraroan animalietan, froga esperimental sendoak falta badira ere. Kulturaren aldeko kasurik sendoena manipulazio esperimentalerako joera handiena duten espezieetan dago, gizakiak ez diren primateetan baino gehiago. (Argazkia: Kev – Pixabay lizentziapean. Iturria:  pixabay.com)

Kulturaren definizio ugari plazaratu dira gaur egunera arte, baina bat berak ere ez du lortu biak, antropologoak eta biologoak, asetzea. Izan ere, desadostasun horiek guztiak oinarrizko adiezin batetik datoz: gizakiarena soilik al da kultura? Edo animaliek ere izan dezakete kulturaren zantzurik? Kulturaren definiziotzat onartzen denaren arabera, gizakia izan daiteke kulturala den animalia bakarra, edo kontrara, animalia talde ugaritan begiztatu den prozesua izan liteke. Hala, ikerketa-esparru honetan iritzi-aniztasun handia dago; espektroaren polo batean ditugu antropologo batzuk, zeinak ziurtatzen duten kultura ezin dela existitu hizkuntza, politika edota moralik gabe. Beste aldean, berriz, Carles Lunsdem eta Edward O.  Wilson bezalako biologoak daude, eta haien iritziz, 10.000 animalia espeziek baino gehiagok izan ditzakete kulturaren zantzuak, baita zenbait bakteriok ere.

Noski, gizakiaren kulturaz ari garenean, literaturaz, arteaz, historiaz eta abarrez pentsatzen dugu, eta irizpide horiek ez dira baliozkoak beste inongo espezieentzat. Gizakiaren konplexutasun kulturala ezin da beste edozein animalia espeziek izan dezakeen kulturarekin alderatu, baina gakoa da kulturak ez duela hain konplexua izan beharrik kulturatzat hartu ahal izan dadin. Hala, animalien kulturaren ikerketan, kulturatzat ulertzen da indibiduo batek bere baitan ez duen eta bere kabuz lortu ezin duen jakintza. Hau da, genetikoki transmititzen diren jarrerak edota jakintza, eta norberak bakarrik eskuratu dezakeen informazioa alde batera utzita, kideen artean irakasten diren jarreren multzoa da kultura. Definizio horri adi begiratzen badiogu, elementu garrantzitsu bat hautemango dugu; animalia espezieek, kulturaduntzat  hartu daitezen, bete behar duten irizpide bat: kideen artean informazioa transmititzeko gai izan behar dutela; hau da, ikasketa soziala izan behar dutela.

Gaur egunera arte, ornodun klase guztietan identifikatu da ikasketa sozialaren bidezko kulturaren transmisioa, bai eta ornogabe batzuetan ere, intsektuetan gehienbat. Ikasketa sozialaren bidez, animalia-espezie batzuek jarrera berriak ikasten eta barneratzen dituzte, beren taldekideak behatuz eta imitatuz. Hala, ikasketa soziala duten espezieak gai dira belaunaldiz belaunaldi edota indibiduoz indibiduo informazio jakin bat transmititzeko, hala nola ehizatzeko teknikak, harrapakariak saihesteko moduak, edota bikotea aukeratzeko irizpideak. Eta hori guztia har daiteke kulturatzat.

Animalien kulturaren lehen ebidentzia zientifiko esanguratsuak XIX. mendearen erdialdean lortu ziren. Urte horietan lehen aldiz identifikatu ziren dialektoak txorien kantuetan, kantu horietan ikasketa soziala frogatu zen esperimentalki, eta makakoek elikagaiak prozesatzeko teknika bereziak dituztela ere jakin zen. Geroztik, animaliek kultura dutelako ebidentziak era esponentzialean ugaritu dira, eta aurkikuntzen puntu gorenean gaude gaur egun. Espezie batzuk besteak baino gehiago ikertu dira kulturaren ikuspuntutik, beren biologia dela eta, erraz sumatzen baita kultura konplexuagoak izan ditzaketela. Horren adibide dira, besteak beste, animalia migratzaileak. Izan ere, nola ikasten dute animalia migratzaileek halako bidaia luzeak gauzatzen, eta urtero errepikatzen?

kultura2. irudia: aurkikuntza berriek iradokitzen dute, giza kultura konplexuak sortzen dituen prozesuen antzekoak eman daitezkeela gizakiez osatu gabe dauden gizarteetan. (Argazkia: Maren G. Bergmann – Pixabay lizentziapean. Iturria:  pixabay.com)

Gutxi gorabehera, hegaztien 2.000 espezie migratzaileak dira munduan, eta hemisferioaren punta batetik besterako bidaiak egiteko gai dira, elikatze- eta umatze-eremuen artean. Ikusi izan da kide gazteenek beren guraso edota taldeko kideek lagunduta egiten dituztela beren lehen migrazioak, ibilbideak ongi ikas ditzaten. Aurkikuntza horiek, beraz, argi erakusten dute kulturaren transmisioa gertatzen dela espezie horietako kideen artean. Xibarta eta balea kumeek ere amak gidaturik egiten dituzte lehen bidaia luzeak, eta bizitza osorako ikasten dituzte migrazio-ibilbide horiek. Eskala txikiagoan, hainbat arrain-espezietan ere frogatu da kideek elkarri irakasten dizkiotela bideak, jakintzaren transmisioren bidez.

Kultura konplexuen beste zantzu bat komunikazio eta bokalizazioak dira, eta berriz, hegaztiak eta baleak dira gehien ikertu direnak. Izatez, kulturaren transmisioaren lehenengo ebidentzietako bat hegaztien arteko komunikazioaren inguruan aurkitu zen, ikusi baitzen, hegaztiek, zein eremutakoak izan, halako dialektoa erabiltzen zutela. Abestien arteko alde horiek ikasketa sozialaren ondoriozkoak zirela frogatu zen. Baleen kasuan, ebidentziak ez dira horren argiak hainbat arrazoirengatik, besteak beste, baleen bokalizazioak grabatzea konplexuagoa delako. Hala eta guztiz ere, argi dago baleen kantuak osagai kultural gisa transmititzen direla, aldatu egiten direlako denboran eta espazioan.

Ezin da ahaztu, halere, gizakiok perspektiba subjektibo batetik epaitzen ditugula gainontzeko animaliak, eta errazagoa suertatzen zaigula gure jarreren antzekoak dituztenak identifikatu eta ulertzea, hegaztien eta baleen kantuen kasuan ikusi denez. Baina migrazio-ibilbideez eta komunikazio-moduez gain, animaliek beste hainbat prozesu partekatzen eta ikasten dituzte kulturaren bidez; ehiza- eta elikatze-estrategiak, elikagaien prozesamendua, harrapariei nola alde egin eta beste hainbat teknika ere ikasten dituzte animaliek beren kideengandik, betiere ikasketa soziala erabilita. Oraindik ikerketa askoren beharrean dagoen biologiaren eta jarreraren esparrua da animalien kultura, baina espezie eta prozesu gehiagoren ebidentziak biltzen diren heinean, gai zirraragarri horrek gaur zintzilik dauden galderei erantzuna ematea espero da.

Erreferentzia bibliografikoak:

Whiten, Andrew (2019). Cultural Evolution in Animals. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 50, 27–48. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev-ecolsys-110218-025040

Laland, Kevin N., eta Hoppitt, William (2003). Do animals have culture? Evolutionary Anthropology: Issues, News, and Reviews, 12 (3), 150–159. DOI: https://doi.org/10.1002/evan.10111

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Kultura al dute animaliek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mineral hiltzaileak?

Ar, 2023-04-11 09:00

Gizakiok zenbait minerali eman diegun erabilerari buruz hitz egiten has nezake artikulu hau, hala nola silexari (SiO2) edo obsidianari (beira bolkanikoa) eman diegunari buruz; izan ere, gure historiako pasarte batzuetan arma zorrotz eta ebakitzaile gisa baliatu ditugu. Dena den, alderdi bitxiago bati helduko diot, eta, beharbada, mineral batzuen beste alderdi tristeago bati: gizakion osasunerako duten benetako arriskuari. Nahiz eta haien propietate kaltegarriez jabetzeko izan dugun modua ez den atseginena izan, nolabait esatearren.

Mineralen propietate deigarrienetako bat kolorea da. Koloreek mineralak biltzera eta aukeratzera eraman gaituzte historian zehar. Distiratsuenak bildu ditugu (deigarrienak iruditu zaizkigulako), hauts fin bihurtu arte txikitu ditugu eta pigmentu gisa baliatu ditugu koipe, ur edo olioren batekin nahastu ostean. Baina ez ditugu objektuak, ehunak edo gure etxeetako hormak pintatzeko erabili bakarrik, gure gorputzak apaintzeko ere erabili ditugu.

mineral1. irudia: kaltzita (zuri kolorekoa) duen galenazko kristala (gris metaliko kolorekoa), kareharriaren (marroi argi kolorekoa) gainean, Kantabrian. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Jarriko dudan lehen adibidea galena da: berun sulfuro bat da (PbS), zeina ehotzean beltz distiratsu koloreko hauts bihurtzen den. Antzinako egiptoarrek erabili zuten begiak nabarmentzeko, kohl izeneko teknika ospetsua erabiliz. Batez ere eguzkitik babesteko erabiltzen zuten, eta, ondoren, erlijio kontu bihurtu zen. Dena den, arazo bat zegoen: beruna toxikoa da gizakiarentzat, eta haren eraginpean denbora luzean jartzeak intoxikatu egiten gaitu. Kasu okerrenetan, heriotzara eraman gaitzake.

mineral2. irudia: zinabrioz (gorri distiratsu kolorekoa) betetako andela, merkurio natiboarekin (esfera gris txiki distiratsuak), Almadengo meatze galeria baten horman (Ciudad Real). (Iturria: León-Higueras, P. et. al.)

Gorria beste kolore deigarri bat da, gure errepresentazio artistiko guztietan erabili duguna: labarretako pinturetatik hasi eta gaur egunera arte, makillaje gisa ere erabili dugu. Hauts bilakatzean gorri oso distiratsua bilakatzen den mineraletako bat zinabrioa da. Merkurio sulfuroa (HgS) Erromatar Inperioan, antzinako txinatarrek eta Errenazimentuko Frantzian erabili zuten, ezpainak margotzeko eta masailei bermiloi tonu polit bat emateko. Egun, badakigu merkurioa ere kaltegarria dela gure osasunerako, baina imajina ezazue zenbat heriotza eragingo zituen makillaje eder hark antzina.

Eta nola geratzen da bermiloi tonu hori hobekien? Hori da, azal argi eta zurixka baten gainean, jakina. Horretarako ere bazegoen konponbiderik: berun-zuria, Erdi Aroaren amaieran eta Errenazimentuan asko erabiltzen zuten kosmetiko bat. Zerusita izeneko berunezko karbonato batetik (PbCO3) manufakturatutako produktu bat zen. Ozpinarekin tratatzen zen eta urarekin nahasten zen, behin txikitu eta hauts bihurtu ondoren, aurpegian zehar makillaje zuri bat bezala emateko orea sortzeko. Beste behin, beruna gure gorputzari eragiten.

mineral3. irudia: asbestozko zuntz zurixkak (tremolita minerala) mika moskutarraren gainean, Hebridak (Erresuma Batua). (Argazkia: Aram Dulyan – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Baina ez naiz soilik industria kosmetikoan baliatutako mineralez mintzatuko. Eraikuntzan, aspalditik, amiantoa erabili izan da isolatzaile gisa (asbesto izenez ere ezagutzen da). Asbestoa, berez, anfibolen eta serpentinen taldeko mineral batzuk dira. Horien ezaugarriak honako hauek dira: batetik, modu naturalean kristalizatuta agertzen dira, zuntz elastiko eta malgu forman; bestetik, oso erraz bereizten dira eta oso erraz maneiatzen dira eraikuntzako materialen arteko espazioak betetzen dituzten ehunak eta sareak osatzeko. Arazoa da zuntz txiki horiek manipulatzean gizakien biriketara irits daitezkeela arnastearen bidez, eta hantura eta arnas gaixotasun oso larriak eragin ditzaketela, bai eta biriketako minbizia ere, denbora luzez haren eraginpean jartzeagatik.

Meatzaritzak ere bazituen bere arriskuak. Arnas bideak babesteko inolako neurririk gabe ikatza ateratzearen ondorioz, meatzariek kristal oso txikiz osatutako hautsa arnasten zuten. Kristal horiek biriketan geratzen zitzaizkien, eta horrek hanturazko gaixotasun bat eragiten zien, normalean “birika beltza” deitzen zaiona. Gaixotasunak heriotza ekar zezakeen. Era berean, kuartzoa (SiO2) ateratzean haren partikula mikrometrikoak (1 mikra = 0,001 milimetro) arnasteak ere biriketako gaixotasun bat eragiten zuen: silikosia. Eta horrek ere ez zuen amaiera zoriontsurik.

Amaierarako utzi ditut titulua irakurtzean burura etorriko zitzaizkizuen mineralak: erradioaktiboak. Mineral erradioaktibo nagusiak konposizioan uranioa dutenak dira, uraninita kasu (UO2). Arriskua, ordea, ez dago uranioan berez, haren deskonposizio erradioaktiboan eta bere produktu batean baizik, hots, radon delakoan (Rn). Gas bat da, kolorerik eta usainik gabekoa, eta modu naturalean agertzen da konposizioan uranioa duten mineraletan, hala nola granitoan. Gas erradioaktibo hori atmosferan askatzen da, eta gaizki aireztatutako eremuetan pila daiteke, sotoetan edo garajeetan kasu, haiek eraikitzeko horrelako harriak baliatzen baitira. Gas hori arnasten badugu, baliteke gure biriken barruan deskonposizio erradioaktibo bat eragitea, eta horrek hainbat minbizi mota sor ditzake.

Pentsatzen dut inkontzientetzat hartuko nauzuela orain esaten badizuet nire mineralen bilduman, nire logelako apal batzuetan, Kantabriako galena ale batzuk, Alacanteko asbesto motako anfibol pare bat eta Almadengo zinabrio lagin txiki bat ditudala. Baina, berez, mineral horiek ez dira arriskutsuak. Arretaz irakurri baduzue, ohartuko zineten, une oro, mineral horiek txikitu ostean ateratzen den hautsaren eraginpean jartzeaz hitz egin dudala. Hau da, manipulatzen ditugunean soilik bihurtzen direla kaltegarri, ez egoera naturalean daudenean. Antzeko zerbait gertatzen da erradioaktiboen kasuan ere: haiek deskonposatzean ateratzen den gasa espazio itxietan pilatzen denean soilik dago arriskua. Ondo aireztatutako lekuetan, airean dagoen radon kopurua ez da aintzat hartzeko modukoa. Beraz, honako hau ikasi behar dugu: kontu handiz ibili behar dugu mineralak prozesatzean, eta, batez ere, zer konposizio duten jakin behar dugu manipulatu aurretik.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko urtarrilaren 19an: ¿Minerales que matan?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mineral hiltzaileak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere

Al, 2023-04-10 09:00

Bizi itxaropenak gora egin du azken hamarkadetan: 1950ean, 62,8 eta 58,1 urtekoa zen Europan eta Amerikan, hurrenez hurren, eta, gaur egun, 77 eta 74,2 urtekoa da. Berri ona bada ere, urte kopurua areagotzeak zahartzeari lotutako gaixotasun kronikoen prebalentzia areagotzea ere ekarri du; tartean, minbizia eta gaixotasun kardiobaskularrak eta neurodegeneratiboak. Ba al da konponbiderik? Zahartzea prozesu natural eta saihetsezin bat da, baina hari lotutako patologiak prebenitu egin daitezke.

Ildo horretan, esku hartze dietetikoak eta ariketa fisiko erregularra sustatzea dira gehien erabiltzen diren estrategiak. Hain zuzen ere, estrategia horiek izendatzaile komun bat dute: heste-mikrobiotaren osaeran eta funtzionaltasunean dute eragina. Mikrobiota diogunean esan nahi dugu gizakien organismoaren barruko eta kanpoko gainazaletan (azalean, mukosetan eta digestio-hodian) dauden mikroorganismoen multzoa (bakterioak, arkeoak, bakteriofagoak, birusak eta onddoak). Zehazki, heste-mikrobiotak funtzio fisiologiko askotan esku hartzen du (erantzun immunea, digestioa eta nutrienteen xurgapena eta metabolito bioaktiboen ekoizpena); beraz, horren osaeraren aldaketek ostalariaren oreka metabolikoan eragina izan dezakete. Medikuntzan, homeostasi esaten zaio horri.

zahartuIrudia: dieta mediterraneoaren bereizgarri diren landare aromatikoen (tartean, perrexila eta erromeroa) esentzia olioek efektu prebiotikoak dituzte mikrobiotan. (Argazkia: Karolina Grabowska – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Ematen duenez, banakoen heste-mikrobiotaren osaeran komunak diren ezaugarriak daude –bizi funtzioei eusteko ezinbestekoak dira–, baina gazteen eta adinekoen mikrobioetan artean aldeak daudela detektatu da. Aldaketa horiek heste-mikrobiotaren funtzionalitatea galtzea dakarte, aberastasun eta aniztasun mikrobiano txikiagoa dela eta, baina, horrez gain, zahartze ez osasungarriarekin lotzen diren bakterioen kopurua handitzea dakarte.

Nola eragiten dio adinak mikrobiotari?

Heste-barrerak ezinbesteko rola jokatzen du patogenoen aurkako babesean. Zahartzen garen heinean, babes barrera hori osatzen duten enterozitoen arteko elkarteak ahuldu egiten dira. Ondorioz, funtzionalitatea galtzen dute. Horrek eta zahartzean mikrobiota desorekatzen duten aldaketek heste-iragazkortasun handiagoa eta bakterio patogenoak gehiegi haztea dakarte. Ondorioz, bakterio edo osagai bakteriano gehiago sartzen dira odol-fluxura.

Hori horrela izanik, izugarri igotzen da zitokina proinflamatorioen ekoizpena eta horiek odol-fluxura askatzea. Bada, azterlan batek egiaztatu zuenez, sagu zaharren heste-mikrobiota sagu gazteetara transferitzeak heste-inflamazioa handitzea dakar. Prozesu horri ‘inflammaging’ esaten zaio (zahartzeari lotutako inflamazioa). Gauzak are gehiago okertzeko, zahartu ahala elikagaiak prozesatzearen ondoriozko metabolito mikrobianoen ekoizpena aldatzen da. Zehazki, kate motzeko gantz azidoen ekoizpena (efektu antiinflamatorio frogatua du), murriztu egiten da adinarekin.

Arrain urdin, erromero eta perrexil gehiago

Deskribatu denez, Lactobacillus eta Bifidobacterium generoetako bakterio probiotikoen andui jakin batzuk kontsumitzeak heste-mikrobiotaren osaera hobetzen laguntzen du, baina, gainera, kate motzeko gantz azido antiinflamatorioak ekoiztea sustatzen du. Gainera, prebiotikoak kontsumitzeak heste-mikrobiotaren bakterioek hazteko substratua izan dezaten laguntzen du.

Ildo horretan, dieta mediterraneoaren bereizgarri diren landare aromatikoen (tartean, perrexila eta erromeroa) esentzia olioek efektu prebiotikoak dituzte mikrobiotan. Gainera, galakto-oligosakaridoak (lekaleetan asko daude) eta frukto-oligosakaridoak (tipulan, porruan eta baratxurian daude) kontsumitzea bereziki efektiboa da Bifidobacterium generoko bakterioak murriztea –zahartzean gertatzen da– saihesteko.

ω-3 gantz azidoak (sardinan, izokinean eta beste arrain urdin batzuetan daude) kontsumitzeak, halaber, heste-mikrobiotaren aberastasuna areagotzen du. Zuntz eta mikronutriente askoko elikadura izateak, ariketa fisikoa egiteak eta beste ohitura batzuek osaera mikrobiano hobea izaten eta modu osasungarriago batean zahartzen lagunduko digute.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere

The Conversation: Nos hacemos mayores y nuestras bacterias también

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Roser, Max; Ortiz-Ospina, Esteban; Ritchie, Hannah (2013). Life Expectancy. Our World in Data. https://ourworldindata.org/life-expectancy
  • Donati Zeppa, Sabrina; Agostini, Deborah; Ferrini, Fabio; Gervasi, Marco; Barbieri, Elena; Bartolacci, Alessia; Piccoli, Giovanni; Saltarelli, Roberta; Sestili, Piero; Stocchi, Vilberto (2022). Interventions on Gut Microbiota for Healthy Aging. Cells, 12, 34. DOI:10.3390/cells12010034
  • Fan, Yong; Pedersen, Oluf (2020). Gut microbiota in human metabolic health and disease. Nature Reviews Microbiology, 19, 55-71. DOI: 10.1038/s41579-020-0433-9
  • Kim, Sangkyu; Jazwinski, S. Michal (2018). The Gut Microbiota and Healthy Aging: A Mini-Review. Gerontology, 64, 6. DOI: 10.1159/000490615
  • Thevaranjan, Netusha; Puchta, Alicja; Schulz, Christian; Naidoo, Avee; Szamosi, Jake C; Verschoor, Chris P.; Loukov, Dessi; Schenck, Louis P.; Jury, Jennifer; Foley, Kevin P.; Schertzer, Jonathan D.; Larché, Maggie J.; Davidson, Donald J.; Verdú, Elena F.; Surette, Michael G.; Bowdish, Dawn M. E. (2017). Age-Associated Microbial Dysbiosis Promotes Intestinal Permeabily, Systemic Inflammation, adn Macrophage Dysfunction. Cell Host & Microbe, 21, 4. DOI: 10.1016/j.chom.2017.03.002
  • Fransen, Floris; van Beek, Adriaan A.; Borghuis, Theo; El Aidy, Sahar; Hugenholtz, Floor; van der Gaast – de Jongh, Christa; Savelkoul, Huub F. J.; De Jonge, Marien I.; Boekschoten, Mark V.; Smidt, Hauke; Faas, Marijke M; de Vos, Paul (2017). Aged Gut Nicrobiota Contributes to Systemical Inflammaging after Transfer to Germ-Free Mice. Frontiers in Immunology, 8. DOI: 10.3389/fimmu.2017.01385
  • Sánchez-Quintero, María José; Delgado, Josué; Medina-Vera, Dina; Becerra-Muñoz, Víctor M.; Queipo-Ortuño, María Isabel; Estévez, Mario; Plaza-Andrades, Isaac; Rodríguez-Capitán, Jorge; Sánchez, Pedro L.; Crespo-Leiro, Maria G.; Jiménez-Navarro, Manuel F.; Pavón-Morón, Francisco Javier (2022).Beneficial Effects of Essential Oils from the Mediterranean Diet on Gut Microbiota and Their Metabolites in Ischemic Heart Disease and Type-2 Diabetes Mellitus. Nutrients, 14. DOI: 10.3390/nu14214650
  • Menni, Cristina; Zierer, Jonas; Pallister, Tess; Jackson, Matthew; Long, Tao; Mohney, Robert P.; Steves, Claire J.; Spector, Tim D.; Valdes, Ana M. (2017). Omega-3 fatty acids correlate with gut microbiome diversity and production of N-carbamylglutamate in middle aged and elderly women. Scientific Reports, 7, 11079. DOI: 10.1038/s41598-017-10382-2
  • Barra, Nicole G.; Anhê, Fernando F.; Cavallari, Joseph F.; Singh, Anita M.; Chan, Darryl Y.; Schertzer, Jonathan D. (2021). Micronutrients impact the gut microbiota and blood glucose. Journal of Endocrinology, 250. DOI: 10.1530/JOE-21-0081

The post Zahartu egiten gara, baita gure bakterioak ere appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #441

La, 2023-04-08 09:00
Irudia: EXEL.

Astronomia modernoa zientzia egiteko modua birdefinitzen ari da edo, behintzat, zientzia pentsatzeko modua. Gizarte-zientziek eta humanitateek ematen dituzten ikuspegiak modu esplizituan hartzen dira kontuan. A virtual Earth-sized telescope shows how science is changing in the 21st century, Sophie Ritson eta Niels C.M. Martensen eskutik.

Artazi kimiko batek material bidimentsionalak ebaki eta itsasteko aukera ematen du. Konposizio exotiko eta propietate harrigarriak dituzten material berriak sortzeko aukera ematen dute. Chemically tailoring layered 2D Mxenes.

Batzuetan, nahiz eta datu asko bildu, ez dut ideiarik ere da erantzuna.  Hori da, hain zuzen ere, aerosol mineralek klima-aldaketan zer eragin duten jakiteko galderaren kasua. The role of mineral dust aerosols on climate change, Ruben Sousseren eskutik.

Edan behar dugun uraren artsenikoa kentzeko modu bat polimeroen kimika eta nanoteknologia oso modu burutsuan erabiltzea da. DIPCk Arsenic removal from water using nanoadsorbents.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #441 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Alicja Dorabialska, kimikari poloniarra, Marie Curie Parisko kale ilunetan gidatzen zuen erradioaktibitate arloko aitzindaria

Or, 2023-04-07 09:00

Ezagutza eraikitzea ikerketa zientifikoaren azken helburua izanik, ezagutza hori partekatu ahal izatea ezinbestekoa da helburu horretan aurrera egiteko. Haien aurretikoen aurkikuntzen gainean, adimen zientifikoak gero eta gorago iristen dira eta aurkikuntza berriak egiten dituzte. Ezagutza hori partekatzeko sistema estandarizatu bat erabiltzea (argitalpen eta aldizkari zientifikoak), hortaz, funtsezkoa izan da, nahiz eta eredu akastuna izan eta gaur egun kritika erabat bidezkoak jaso.

Ez da kasualitatea argitalpen horien zati handi bat eta, jakina, argitalpen garrantzitsuenetako asko eta asko, duela hamarkada askotatik hizkuntza berean idatzi izana, ingelesez. Ezagutza partekatzeaz ari garenez, hizkuntza komun bat erabiltzea logikoa eta, azken batean, eraginkorra dela dirudi. Halere, horrek eragozpenak ere baditu; handienetako bat, beste hizkuntza batzuetan lan egin eta argitaratu duten zientzialariek (are gehiago emakume zientzialariek) zailagoa izan dutela sarritan merezi zuten tokia lortzeko.

Alicja Dorabialska1. irudia: Alicja Dorabialska erradioaktibitatean aitzindaria izan zen baina polonieraz argitaratzeagatik baztertua. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Abertzaletasun poloniarrez jositako etxea

Arazo horren adibideetako bat Alicja Dorabialskaren kasua da. Kimikari horrek, zeinak Marie Curierekin batera ikertu zuen 1925ean, Curiek jada bi Nobel sari zituela, zientziari eman zion bizitza eta bere jatorrizko herrialdean, Polonian, aitortza handia jaso zuen egindako aurkikuntzengatik, baina beste herrialde batzuetan apenas ezagutzen zuten eta dute; neurri handi batean, bere laurogeitik gora argitalpenak Poloniako aldizkarietan agertu zirelako.

Dorabialska 1897ko urriaren 14an jaio zen, Sosnowiec meatze-hirian, gaur egungo Polonian. Aitak hiriko postetxean egiten zuen lan, eta amaren aldeko aitona Errusiako agintariek ideia politikoengatik atxilotu eta Siberiara bidalitako abertzale poloniar bat zen. Etxean, oroimina, errusiarren aurkako iraultza eta kanta aberkoiak nahasten ziren. Eskualdean eskola poloniarrik ez zegoenez, amak etxean hezi zuen Dorabialska.

1908an, aldiz, ireki berria zen eskola tekniko batean matrikulatu zen eta lehen egunetik gustura sentitu zen han. 1913an, Dorabialska eta ama Varsoviara lekualdatu ziren; bere ahizpa dagoeneko han bizi zen eta ikasten ari zen. 1914an, bigarren hezkuntza amaitu zuen Varsoviako Eskola Teknikoan.

Varsoviatik Moskura

Garai hartan, Varsoviako Unibertsitatean Matematika ikastea zuen irrika. Haatik, Balkanetan gerra piztu berria zen, eta berehala Europa osora hedatu zen; ondorioz, unibertsitateko hurrengo ikasturtearen hasiera kolokan geratu zen. Udazkenean, Dorabialska unibertsitatean matrikulatu ahal izan zen, baina, hurrengo urtean, armada batzuen eta besteen hainbat aurrerapen eta erretreten ondorioz, berak eta familiak ekialdera joan behar izan zuen.

Alicja Dorabialska2. irudia: Alicja Dorabialska eta Wojciech Świętosławski. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Azkenean, hurrengo ikasturteak Moskuko Unibertsitatean egin zituen. Garai hartan, Errusiako unibertsitateek ez zieten graduatzen uzten emakumeei, baina emakumeentzako ikastaro berezi batzuk, unibertsitateko tituluen baliokideak, egiteko aukera zegoen. Dorabialskak Moskuko Unibertsitatearen Fisika eta Matematika Sailean egin zituen unibertsitate prestakuntzako azken ikasturteak.

1916an, Wojciech Świętosławski fisikari eta kimikari poloniarra ezagutu zuen, termokimika modernoaren bultzatzaileetako bat, eta lagun eta mentore izan zuen. Titulua eskuratu zuenean, familia utzi, eta Poloniara itzuli zen, Świętosławskirekin; izan ere, azken horrek Varsoviako Unibertsitateko Fisika Kimikoa Saileko presidente postua onartu zuen eta Dorabialskari sail horretara sartzeko eskatu zion. 1918ko abuztuan hartu zuen lanpostua, eta, hasierako kontratua bi urterako bazen ere, 16 urtez aritu zen bertan, 1934ra arte. 1922ra arte, irakaskuntza eta ikerkuntza uztartu zituen, doktoregoa lortzeko. Egile bakar gisa, 1921ean argitaratu zituen lehenengo bi lanak, elementuen arteko erreakzio kimikoetan izaten diren tenperatura aldaketei buruzkoak.

Erradiaktibitateak ia itsututako Marie Curierekiko adiskidetasuna

Marie Curie beti izan zen eredu Dorabialskarentzat, baina doktoregoa eskuratu arte ez zuen jakin benetan zer ondorio zituzten Curiek erradioaktibitateari buruz egindako lanek. 1922an, zientziaren adar horri buruzko programa batean eman zuen izena, unibertsitateko Erradiologia Eskolan. Han, esperimentu ugari egin zituen eta erradiaktibitatearekin lotutako tresneria erabili zuen.

Alicja Dorabialska3. irudia: Alicja Dorabialska (erdian), Parisko Radioaren Institutuan (1925). (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1925ean, Curie ezagutzeko aukera izan zuen, hura Poloniako Erradiologia Institutua inauguratzera joan zenean, Poloniako Gobernuak gonbidatuta, polonioaren eta radioaren aurkikuntzaren 25. urteurrena zela-eta. Solasaldi labur baten ondoren, Curiek hurrengo ikasturtean Parisko Curie Institutuan berarekin lan egitea proposatu zion Dorabialskari. Amarekin eta ahizparekin iritsi zen hara, 1925eko urriaren 1ean. Egonaldi hartan, aurretik zituen tenperatura aldaketei buruzko ezagutzak erradioaktibitatearekiko jakin-min berriarekin uztartuta, elementu erradioaktiboen aldaketek beroa nola askatzen zuten aztertu zuen. Erradioaktibitatearen manipulazioak duen energia ahal izugarriari buruzko lehenengo ikerketetako bat izan zen.

Curie eta Dorabialska kide eta lagun egin ziren. Curie, garai hartan, ia-ia itsu zegoen, erradioaktibitatearen ondorioengatik, eta Irene alabak lagundu ohi zion paseoetan, gidatzeko. Alaba ezkondu zenean, Curiek Dorabialskari eskatu zion bere gidaria izan zedin eta Parisko kaleetan pasieran ibiltzen ziren. Elkarrizketa nostalgikoak izaten zituzten polonieraz; askotan, Varsovian izan zituzten bizimoduez hitz egiten zuten. Curieren biografo baten arabera, Dorabialskak askotan laguntzen zion gau ilunetan, laborategitik etxeraino. Garai hartan, Curiek berak aitortu zuen artean ez zuela guztiz ulertzen erradioaktibitateak giza gorputzean zuen efektua, baina bere osasun arazoen eragilea izan zen susmoa zeukan.

Erradioaktibitatean aitzindaria, polonieraz argitaratzeagatik baztertua

1926an Poloniara itzuli zenean, berriz ere Świętosławskirekin egin zuen lan. Elkarrekin mikrokalorimetro bat diseinatu zuten, hau da, elementu bat beste elementu bat bihurtzen denean izaten diren tenperatura aldaketak zehaztasunez neurtzeko tresna bat, elementu erradioaktiboekiko interes bereziarekin. Bigarren Mundu Gerra hasi aurreko urteetan erradioaktibitatea interes zientifiko handiko gaia izan zen, bai energia iturri gisa zuen potentzialagatik, bai gerrako arma izateko balio zezakeelako (azkenean, balio izan zuen); Dorabialskaren lanak, ordea, polonieraz argitaratu zirenez, alde batera utzi zituzten. 1929an, Parisera itzuli zen denboraldi baterako, baina, orduko hartan, Curie ez zegoen bertan.

1931n, Lviv-eko Unibertsitatean (gaur egun, Ukraina) Fisika Kimikoko irakasle aritzeko eskaintza jaso zuen Dorabialskak. Horrek unibertsitate barruan eztabaida bizia sortu zuen, ez baitzuten argi emakume batek kategoria horretako postu bat hartzea egokia ote zen. Eztabaidak ez zuen eragin handirik izan berarengan une hartan: Varsoviako Unibertsitatean pozik zegoen eta ez zuen handik alde egiteko inolako presarik. 1934an, baina, joan egin zen. Urte haietan lorpen zientifiko asko egin zituen arren, bizipen osoa ez zen atsegina izan: garai hartan, antisemitismoa gorabidean zegoen, ikasleen artean tentsio eta polarizazio handiak zeuden, eta horrek berari ezintasun handia eta tristura sentiarazten zizkion.

Alicja Dorabialska4. irudia: Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Erresistentziako irakaslea

1939an, berriro ere gerra lehertu zen Europan. Tropa alemanek Polonia indarrez hartu zutenean, irailaren 1 hartan, familiarekin oporretan zegoen Dorabialska. Unibertsitatera itzultzea erabaki zuen, baina gatazka laster iritsi zen Lviv-era: irailaren 17an, Alemaniak hiria okupatu zuen, eta, handik gutxira, SEBSi eman zion. Gerrak iraun zituen urteetan, Dorabialskak Poloniako erresistentzia mugimenduan parte hartu zuen, Varsoviako Institutu Politeknikoan gau eskolak ematen.

Gerraren ondoren, lehenik, Varsoviako Institutu Politekniko birfundatuan Kimikako irakasle postua hartu zuen, eta, gero, antzeko postu bat, instalazio hobeak zituen institutu politekniko batean, Lodz-etik hurbil. Handik urte gutxi batzuetara, zentro horrek Kimika Fisikoko Saila ireki zuen, eta Dorabialska zuzendari izendatu zuten. Gerraosteko urteetan, bere interes zientifikoa erradiokimikara bideratu zuen; hau da, prozesu kimikoak aztertzeko, isotopoak markatzaile gisa erabiltzen hasi zen. Argitalpenengatik izandako mozkinekin, Varsoviako hilerrian gerran eroritako kideen omenezko monumentu bat altxarazi zuen.

Dorabialska Lodzen bizi izan zen erretiroa hartu zuen arte, 1968ra arte; orduan, bere hiririk gustukoenera itzuli zen, Varsoviara. Hantxe hil zen, 1975ean, eta berak urte batzuk lehenago hilerrian sustatutako monumentuaren ondoan ehortzi zuten.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko azaroaren 10ean: Alicja Dorabialska, química polaca, pionera de la radiactividad que guiaba a Marie Curie por las calles oscuras de París.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alicja Dorabialska, kimikari poloniarra, Marie Curie Parisko kale ilunetan gidatzen zuen erradioaktibitate arloko aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik den e=mc2 (eta zergatik axola zaigun)

Og, 2023-04-06 09:00

Cox-ek eta Forshaw-ek azalduko digute Zergatik den E = mc2 (2009) liburuan nola litekeen orain bertan argiaren abiaduran mugitzen ari izatea. Seguruena ez duzu sinetsiko. Hala da, ordea, eta horixe erakutsi zigun Einstein-ek E = mc2 formula ospetsuaren bidez.

Zergatik den e = mc2Irudia: Zergatik den E = mc2 liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Irakurgaian zehar abiatuko gara Euklides-etik eta Newton-etik, eta ikusiko dugu nola fisikaren legeak egokituz joan diren Einstein-en teorietara iritsi arte: nola Galileo-k gezurtatu zuen mugimendu absolutua, nola Maxwell-ek ekuazio-tankera eman zion elektromagnetismoari, eta, azkenean, nola Einstein-ek mamitu zuen formula ospetsua, Galileo-ren mugimendu erlatiboaren eta Maxwell-en ekuazioen arteko itxurazko kontraesanei buru egin nahirik.

Hala, ikusiko dugu nola denbora eta espazioa loturik dauden, batetik bestera igarotzeko moldean, espazio-denboran, nola abiadura goititzearekin batera beheititzen den denboraren joana. Horiek eta beste asko bihikatuko ditu liburu honek, betiere teknikako hizkera iluna saihestuz eta eguneroko adibideak emanez.

Brian Cox (1968) Partikulen Fisikako irakaslea eta ikertzailea da Manchester-ko Unibertsitatean. Horretaz gainera, CERN laborategian ere dihardu lanean, Hadroi Talkagailu Handiko ATLAS eta CMS detektagailuak eguneratzeko nazioarteko egitasmo baten buru. Orobat, ezaguna da hedabideetan zientzia zabaltzeko egindako lanagatik.

Jeff Forshaw (1968) Fisika Teorikoko irakaslea da Manchester-ko Unibertsitatean, eta oinarrizko partikulen fisikan espezializatua dago. Dibulgatzaile maratza da, eta Einstein-en erlatibitatearen teoría irakatsi ohi die unibertsitateko lehen mailako ikasleei. Frank Close irakaslearen ikertaldean jardun zuen Rutherford Appleton laborategian, eskolak ematen hasi aurretik.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zergatik den E = mc2 (eta zergatik axola zaigun)
  • Egilea: Brian Cox; Jeff Forshaw
  • ISBN: 978-84-9082-165-7
  • Edizio mota: Cartoné
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 274 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zergatik den E = mc2 (eta zergatik axola zaigun)

The post Zergatik den e=mc2 (eta zergatik axola zaigun) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Artikoko antzarak klima-aldaketara egokitzen hasi dira

Az, 2023-04-05 09:00

Artikoko antzara populazio batek 1.000 kilometrora aldatu ditu ohiko ugalketa tokia eta migrazio ibilbidea. Zientzialariek uste dute klima-aldaketaren eta giza presioaren aurrean egindako egokitzapena izan dela.

Aspalditik teorizatzen ari da klima-aldaketaren ondorioz animalia eta landare espezieak egokitu eta lekuz mugituko direla, eta hau ez da geratzen, inondik inora, teoriaren esparruan. Begi aurrean gertatzen ari den zerbait dela egiaztatzen ari dira zientzialariak. Aldaketek modu batean edo bestean ekosistema gehienei eragingo dieten arren, argi dago horiek ikusgarriagoak izango direla ekosistema batzuetan. Eta agerikoa da poloetan bereziki azkarrak eta esanguratsuak izango direla. Gizakiok gaiari buruzko azterketa eta plangintza andana egiten ditugun bitartean, zenbait animalia espezie dagoeneko hasiak dira egokitzen aldaketa horietara.

antzara1. irudia: Antzara mokolaburrak bi populazio talde nagusitan banatzen dira, baina orain bigarren taldean espeziazio prozesu bat gertatzen ari dela uste dute. (Argazkia: Jørgen Peter Kjeldsen, CC BY-SA)

Ikerketa berri batek horren adibide adierazgarri bat ekarri du mahai gainera: zientzialari talde batek Artikoko antzara espezie bati erreparatu dio, eta konturatu dira espezie horretako populazio batek habitata eta migrazio ibilbideak aldatu dituela urte gutxian.

Istorio honetako protagonista antzara mokolaburra (Anser brachyrhynchus) da, eremu artikoan ugaltzen den eta negualdia Europan ematen duen anatido migratzailea. Zientzialari talde batek Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten arabera, 10-15 bat urte inguruan espezie horretako populazio bat Svalbard uhartedian (Norvegia) ugalketa izatetik Zembla Berrira (Errusia) izatera pasa da, 1.000 bat kilometrora mugituz. Hegaztiek negua pasatzeko egiten duten migrazio ibilbidea ere aldatu dute.

Egileek espeziea gertutik ezagutzen dute. Jesper Madsen ikertzailearen taldeak 35 urte baino gehiago daramatza antzara espezie honen populazioak ikertzen. Hasiera batean jarraipen guztiak zenbait hegaztitan jarritako lepokoen bidez egiten zituzten, teknika horrekin posible baita animaliak identifikatzea migrazioetan zehar. Azken urteetan, ordea, GPS gailuek asko erraztu dute jarraipena. Teknika hori erabili zuten 2018. eta 2019. urteetan: Danimarkatik Finlandiara joan ziren ikusteko ea posible zen berreskuratzea GPS igorgailuak zeramatzaten hegaztiak. “Benetako ezustekoa izan zen ikustea Oulu-n [Finlandia] markatutako hegaztien erdia iparraldera joan zela, Errusia iparraldean dagoen Zembla Berrira”, azaldu du ikertzaileak prentsa ohar batean.`

Mundu osoan espezieak bi populazio talde handi ditu. Mendebaldeko taldea Islandian eta Groenlandiako ekialdean ugaltzen da, eta Britainiar uharteetan eman ohi du negua. Ekialdekoa, berriz, Svalbard uhartedian ugaltzen da, eta hegaztiek Danimarkan, Herbehereetan eta Belgikan ematen dute negua. Ikertutako hegaztiak bigarren talde handi honetakoak dira, eta, esan bezala, askok, Svalbardera bueltatu beharrean, Zembla Berrira jo dute txitaldia egitera. Beraz, ekialdeko taldean zatiketa txiki bat gertatu da.

Erregistroetan sakonduta, zientzialariek ikusi dute azken 10 edo 15 urteetan migrazio bide berria bat eratu dutela antzara askok. Denborarekin, populazio hori hazi egin da, ugalketa arrakastatsua izan dutelako, eta biziraupen tasak ere altu mantendu direlako. Horrez gain, gero eta antzara gehiago batu dira migrazio bide berrira. Kalkulatu dute populazio berri honetan 4.000 antzara mokolabur inguru daudela. Antzara hauek ez ezik, badirudi beste zenbait hegazti espeziek ere ibilbide bera hartu dutela.

Zenbatetsi dute 2000 eta 2020 urteen artean Zembla Berriko antzaren populazioa %24 handitu dela —hazkuntzaren tamainaz jabetzeko, kalkulatzen da tarte horretan antzara hauen populazio osoa %2 baino ez dela handitu—.

antzara2. irudia: GPS bidezko jarraipenek erakutsi dute ohiko migrazio ibilbidetik 1.000 bat kilometrora dagoen ibilbide berria aukeratu dutela antzara askok. (Irudia: Madsen et al., CC BY-SA lizentziapean, Juanma Gallegok moldatua.)

Momentuz, ez dute uste genetikoki populazio isolatu batez hitz egin daitekeenik, baina populazio berezitzat har daitekeela sinetsita daude. Bestatik, aintzat hartu behar da ibilbide hau aurrekoa baino luzeagoa dela —bide tradizionalak dituen bi aldaeren %24 eta %9 luzeagoa, hain justu—. Hortaz, galdera agerikoa da: zergatik aldaketa hau?

Zientzialariek proposatu dute klima aldaketak eta giza presioak bultzatu dituztela hegaztiak espeziearentzat hain garrantzitsua den portaera hau aldatzera. “Gaur egun, Zembla Berrian udaberrian dauden baldintza klimatikoak duela zenbait hamarkada Svalbarden zeudenen antzekoak dira”, idatzi dute zientzia artikuluan. Ibilbide tradizionalean giza presioa handitu dela azaldu dute ere. Funtsean, nekazariek hegaztiak uxatzen dituzte, eta habitatetan ere aldaketak gertatu dira: laborantzak aldatu dira, eta gizakiak egindako ehiza zein beste animalia espezieen presioak ere faktore izan daitezke. Bestetik, jakina da ekosistemetan izandako aldaketa guztietan galtzaileak eta irabazleak suertatzen direla. Kasu honetan, —eta bitxia eman badezake ere—, gizakiak natura berreskuratzeko egindako proiektu batzuetan ordura arte nekazaritzan erabilitako soroak ureztatu dituzte, antzaren kalterako.

Ibilbide berri honen eraketan, gainera, zientzialariek uste dute kultur transmisio bat egon dela. “Ez dugu zuzeneko ebidentziarik esateko lehen antzara mokolaburrak Zembla Berrian nola finkatu ziren, baina beste antzara espezie batzuekiko elkarrekintza funtsezkoa izan dela iradokitzen dugu”. Zehazki, uste dute migrazio bide berri horretan antzara mokolaburrak antzara hankahorien (Anser fabalis) atzetik joan direla. Bestetik, proposatu dute migrazio bidaietan izandako haizeteek ere eragina izan ahal dutela hegazti batzuk Zembla Berrira iristeko orduan. Modu batean ala bestean, argi dago helmuga berria aproposa izan zaiela hegazti horiei.

Aurreratu dute litekeena dela etorkizunean populazio berria gero eta gehiago bereiztea. Momentuz belaunaldi batzuk baino ez dira pasa, eta, gainera, populazio berri hau osatzen ari da ere Svalbardetik abiatutako hegazti berriekin. “Beraz, momentuz espeziazio prozesu posible baten hasierako fasetan gaude”, idatzi dute.

Emaitza hauek itxaropenerako atea irekitzen dutela uste dute. “Berotze globalak eta gizakiak egindako beste hainbat presiok Artikoan ugaltzen diren animalia migratzaile asko mehatxatzen dituzte, baina, hala ere, gero eta ebidentzia gehiago pilatzen ari da norabide honetan: migrazio portaeretan izandako aldaketek inpaktu kaltegarriak arindu ditzakete”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madsen, Jesper et al. (2023). Rapid formation of new migration route and breeding area by Arctic geese. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.01.065

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Artikoko antzarak klima-aldaketara egokitzen hasi dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bakoitzak bere erara, itsasoan bezala…

Ar, 2023-04-04 09:00

Esango zenuke, bikotekide bezala, koipetsua/losintxaria zarela? Arrain arrantzale arrak, esaterako, Neoceratias spinifer espeziekoak, emeren bat topatzen duenean emeari itsasten zaio, literalki, eta betirako geratzen da emearen gorputzari itsatsita, parasito baten antzera. Betirako bihurtzen da arra emearen menpeko, odol-hodien artean ere jarraikortasuna dagoela.

Hori bai konpromisoa, odol-hodiak ere fusionatzea. Eta beste batzuk, elkarrekin bizi ala ez erabaki ezinik. Arrain arrantzaleen bizitokian omen dago ugaltzeko modu honen gakoa: itsaso sakonean bizi dira, non argia eskasa den eta bikotekideak aurkitzea, zaila.

Dortokak ere itsatsita

Betirako ez, baina 24 ordura arte eman ditzake emeari atxikita itsas dortoka arrak. Kasu honetan egiten duena zera da: eta aurreko hegaletan dituzten erpeekin emearen oskolera kakotzen da, zakila emearen kloakan sartzen saiatzen den bitartean.

esperma1. irudia: itsas dortokek kloaka dute (hondakin- eta ugalketa-zuloak) isatsaren oinarrian, eta arraren kloakak zakila du. Estalaldian, arrak zakila kloakatik atera eta emearenean sartzen du hazia jartzeko. Bitartean emearekin lotuta egoten da hainbat orduz, beste ar batzuk emea har ez dezaten .(Argazkia: Christel – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Nahiko normala dirudi, ezta? Baina kontua da zauriak sor ditzaketela erpe horiek, ordu luzez batuta/kakotuta/iltzatuta egon ondoren. Hona plot twista: dortokak lotuta dauden bitartean beste dortoka arrek lotuta dagoen arra erasotzen dute, dortoka emearen gainetik kendu dadin.

Nahiko funsgabea dirudi koldarkeriak; gainera, kontuan izanik behin bukatuta bai arrak eta bai emeak bestelako bikotekideen bila joango direla. Emeak arrak hartzen jarraituko du dituen arrautza guztiak ernaltzeko esperma nahikoa duen arte; orduan, hondartzara joango da, erruteko.

Zenbat eta urrunago, hobeto

Eta bikote koipetsuetatik ia ukitzen ez den bikotera. Baina ez pentsa pasiorik ez dagoenik, Romeo eta Julieta obran bezainbesteko drama baitago. Itsasotik atera barik, gainera.

Pentsa arra zarela, emea inguru hurbilean ikusi eta zer egingo zenuke? Zure “zakila” gorputzetik askatu eta emeari helarazi, noski. Argonauta olagarroa bazara, behintzat. Ia ez dago kontakturik, baina arrak bizia ematen du elkartruke honetan. Literala da dioguna, arra hil egiten baita. Zenbait harreman toxikoren metafora dago hemen, seguru.

Bizitza emanda ere, aitatasuna ez du bermatua arrak. Zientzialariek ikusi dutenez, hainbat “zakil” (kasu honetako gorputz-atalak hektokotilo izena du eta, berez, ez da zakila, espermatozoideak gordetzen dituen eraldatutako garroa baizik) gorde ditzake emeak.

…lurrean ere

Ez dira esperma hartu eta selekzioa egiten duten bakarrak. Oiloek oilarren esperma hartu, hartzen dute, baina kanporatzeko gaitasuna ere badute. Izan ere, espermaren %80raino bota dezakete kanpora. Hurrengo belaunaldiaren aita zein izango den erabakitzen dute horrela, arrarekin borrokatu edo arrarengandik ihes egin behar barik.

Arrari aurre egiteko zeharreko modua garatu dute, beraz. Eta ez dira bakarrak. Ahateak ditugu honetan txapeldun. Baina, jarraitu baino lehen, abisua. Nahiko goibela da ahateen ugalketa; zure ardurapean jarraitu irakurtzen.

esperma 2. irudia: azterketa baten arabera, oiloek lehentasuna ematen diote genetikoki desberdinagoak diren arren espermari, gene horiek garrantzi handia baitute infekzioen detekzioan. (Iturria: publicdomainpictures.net)

Prest? Seguru? Has gaitezen ahate arren zakilarekin. Izan ere, gainerako hegazti gehienak ez bezala, ahateek zakila dute. Ugalketa sasoia bukatzean, zakila txikitu eta gorputz barrura doa, hurrengo sasoian berriro ere hazi eta ateratzeko. Zakila ez da edonolakoa, gainera: kortxo-kentzekoaren antza du, kiribildua, eta izugarri luzea da ahatearen tamainarako. Interneten horren irudiak bilatzea ez dut gomendatzen, baina bakoitzak jakingo du.

Eta zergatik du ahateak zakil luzea eta hain forma bitxikoa? Ahate emearen bagina nabigatzeko. Emeen ugalketa-traktua beteta dagoelako bueltaz, txiribueltaz eta kale-itsuez. Zertarako garatuko zuten bikote hauek horren sistema konplexua? Adi, hemen dator ahateen alde itsusia eta.

Luma koloretsuenak dituen eta ugaltze-dantzan fin dabilen ahate arrak lortuko du emearen oniritzia eta ugaltzeko aukera. Eta gainerako arrek? Ba… emearen oniritzirik gabe ugaltzen saiatzen dira. Emea taldeka bortxatu ere. Horra arrazoia kortxo-kentzeko itxura duen zakila eta hain bide bihurria ugalketa traktuan izateko. Parkeko ahateak beste begi batzuekin begiratzeko eta jaten emateari uzteko modukoa, e!

Eta oso urrun ez gara joan behar ezohiko zakilak eta emearen ongizateari garrantzi gehiegi ematen ez dioten animaliak topatzeko. Inoiz pentsatu duzu katuen ugalketan? Hasteko, katuen zakila testikuluen azpian dago, ez gune abdominalean. Ez hori bakarrik, zakilek hezur bat dute. Eta arantzak. Arantzak, bai. Keratinazkoak.

Arantzak zertarako? Batetik, gainerako arren esperma baztertzeko balio dute. Eta baita emearen obulazioa akuilatzeko; izan ere, obulazioa ez da gertatzen arantzak emea marratu arte. Pentsa liteke emeek metodoren bat garatu dutela minik ez sentitzeko. Baina ez. Katu eta felido eme gehienentzat ugalketa prozesu mingarria da. Eta gutxi balitz, katu arrek, gainera, kosk egiten diete.

Bataila bortitzak

Bortizkeria nagusi hurrengo protagonisten ugalketaren egunerokoan ere. Intseminazio traumatikoa du izena hauen ugalketa moduak; pentsa. Zimitz ar batek beste zimitz bat topatzean, arra zein emea, bere zakil puntazorrotzarekin abdomeneko exoeskeletoa zulatzen dio eta barruan eiakulatu. Eta kito. Zulatzailea pozik eta zulatua, hor konpon.

3. irudia: Prostheceraeus vittatus edo planario zuri baten itsaspeko argazkia. (Argazkia: Erics – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia commos)

Itsas platelmintoek (har zapalek) ere intseminazio traumatikoa baliatzen dute, baina urrunago eraman dute kontua. Hermafroditak dira eta, noski, arra izateak abantaila du: arrak esperma askatzen du eta bukatu da. Eme-lanak hartzen dituenak, baina, arrautzen kargua hartzeaz gain, intseminazio traumatikoaren zauriei ere aurre egin behar die.

Zelan erabakitzen dute, beraz, zein izango den arra eta zein emea? Zakilekin eskrima bataila modukoa eginez. Ez da broma: har biek zakil puntazorrotza atera eta argi-sable borroka modukoa egiten dute batak bestea zakilarekin sastatzea lortu arte. Sexu kontuak, zakil borrokak, sastadak… Askoz material gutxiagorekin egin dira Netflixen serie batzuk.

Eta gizakiak? Kink joerak dituztenak kenduta, printzipioz, sexua praktikatzeko ezkutatzen garen animalia bakarrak gara, beste ezaugarriak beste.

Erreferentzia bibliografikoak:

 

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2021eko abenduan, 234. zenbakian.

The post Bakoitzak bere erara, itsasoan bezala… appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dago

Al, 2023-04-03 09:00

UPV/EHUren azterlan batean adierazi dute gertu-gertuko hondartzetako segurtasun-banderen sistemen artean ere aldeak daudela, eta uniformetasunik eza lege-esparru zaharkituaren eta erakundeek sistema bateratu ez izanaren ondorio izan daitekeela. Konponbide bat proposatu dute: segurtasun-plan nazional bat adostea, eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea.

Bainulariak zaintzeak lehentasuna izan beharko luke erakundeentzat, istripurik gerta ez dadin. Horretarako, sorospen-zerbitzuek tresna orokor eta ulergarriak eduki behar dituzte, seinaleztapen egokian oinarrituak, besteak beste. Hondartzetan segurtasun-banderak jartzea bainulariak arriskutik babesteko eta seguru bainatzeko informazioa emateko modu proaktibo bat da.

segurtasunarenIrudia: 1972ko Aginduan jasotako bandera orokorren esanahia eta kolorea (berdea, horia eta gorria) berdin erabiltzen dira, eta horrek esan nahi du araudiak funtzionatzen duela. (Argazkia: Milada Vigerova – Pexels lizentziapenean. Iturria: Pexels.com)

Hondartzetako segurtasun-banderek zer adierazten duten eta Kantauri itsasoko ertzean (Higer lurmuturretik Galiziako Estaca de Bares lurmuturreraino) nola kudeatzen diren aztertu dute UPV/EHUko irakasle batzuek; itsasertz horretan 1.000 hondartza txiki baino gehiago daude. Horretarako, segurtasun-banderen esanahia eta baldintza ozeanografiko eta meteorologikoen araberako erabilera egokia aztertu dituzte. Baita hondartzetako segurtasunaren kudeaketak eta araudiak segurtasun-seinaleztapenean zer eragin duen ere.

Ikerketan bandera orokorrak eta itsasertzeko banderak bereizi dituzte. Bandera orokorrak estatikoak dira, hondartzaren sarreran jartzen dira, eta hondartza osoko segurtasun-baldintzen berri ematen dute. Itsasertzeko banderak, berriz, erraz mugitzen dira, eta itsasertzean jartzen dituzte, eremu arriskutsuak edo jarduera espezifiko batzuk baimenduta edo debekatuta dauden eremuak mugatzeko.

Itsasketa Zientzia eta Teknikak Saileko irakasle Imanol Basterrechearen hitzetan, eta ikerketako emaitzen arabera, segurtasun-banderen sistemen artean “aldeak daude, baita oso gertu dauden hondartzetan ere, segurtasuna tokian tokiko gobernuek kudeatzen dutelako”. Azterlana egin duten ikertzaileek diotenez, “1972ko Aginduan jasotako bandera orokorren esanahia eta kolorea (berdea, horia eta gorria) berdin erabiltzen dira, eta horrek esan nahi du araudiak funtzionatzen duela (agindu horrek bainu-lekuetan jendea seguru ibiltzeko arau eta jarraibideak ematen ditu). Aitzitik, “itsasertzeko banderen kolore, forma eta neurriak ez dira uniformeak. Hondartzen sarrerako informazio-karteletako ikur eta koloreak ez daude normalizatuta. Leku batzuetan, informazio kontraesankorra ematen duen seinaleztapen bikoitza ere badago”, azaldu du Basterrechea doktoreak.

Badirudi uniformetasun falta hori lege-esparru zaharkitu eta tokian tokikoaren eta sorospen-zerbitzuak ematen dituzten erakundeek sistema adostu ez izanaren ondorio dela. “Sorosleek egoki seinaleztatzen dituzte arrisku-eremuak eta banaketa fisikoarekin zerikusia duten beste eremu batzuk. Nolanahi ere, hondartzetako banderen gaineko tokiko araudiak eta eskualde bakoitzak sorosleei eskatzen dizkieten betekizun eta ziurtagiriak desberdinak dira; ondorioz, hondartza batzuk ez dira seguruak”.

Hondartzetako segurtasuna tokiko gobernuek kudeatzen dutenez, hondartza bakoitzeko segurtasun-zerbitzuetan giza baliabide eta baliabide material desberdinak dituzte. Gainera, sorospen-zerbitzuak enpresa eta erakunde desberdinek ematen dituzte, eta ez dago itsasertz osorako hondartzetako segurtasun-plan orokorrik. Hori dela eta, hondartzetan banderak eta segurtasun-seinaleak jartzeko hainbat prozedura daude. Ikertzailearen iritziz, “erkidego edo probintzietako gobernu guztiek segurtasun-plan nazional bat adostea eta plan horren barruan hondartzetako bandera eta seinaleen gida espezifiko bat egitea izan daiteke konponbide bat”.

Horregatik, Basterrechearen ustez, “ezinbestekoa da erakunde guztiak inplikatzea, hondartzetarako segurtasun-plan nazional bat adosteko; plan horrek hondartza guztietako kudeaketa koordinatu eta berdinduko luke, eta banderen koloreek eta seinaleen diseinuak gainerako herrialdeetan erabiltzen dituzten estandarrak beteko lituzkete”, nazioarteko ISO eta ILS estandarrak, alegia (lehena Nazioarteko Normalizazio Erakundearena da, eta bigarrena Nazioarteko Salbamendu Federazioarena). Basterrecheak dio, gainera, ezinbestekoa dela “jendea hondartzako segurtasunaren inguruan heztea, erabiltzaileak kontzientziatzeko, seinaleak ulertzeko eta arriskuez jabetzeko. Haur Hezkuntzan hasi beharko litzateke herritarrak horretan hezten, ahal izanez gero”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dagoela jakinarazi dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Basterretxea-Iribar, Imanol; Sotés, Iranzu; Sanchez-Beaskoetxea, Javier; de las Mercedes Maruri, María (2022). Beach management policy analysis concerning safety flag systems in Northern Spain. Marine Policy, 144. DIO: 10.1016/j.marpol.2022.105226

The post Hondartzetako segurtasunaren seinale-sistema bateratu beharra dago appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #434

Ig, 2023-04-02 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

itsas

Biologia

Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu zituzten gure hondartzak. Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz, Bretainiatik, zehazki. Itsas txakur emeek denbora laburrez zaintzen dituzte beren kumeak jaioberriak direnean, eta, beraz, kumeak esperientziarik gabe sartzen dira itsaso zabalera ehizatzera. Horietako batzuk, orientazioa galdu eta asko aldentzen dira umatze-kolonietatik, eta horregatik iristen dira, batzuetan, euskal kostaldera arte. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta horrela ixten da animalia hauen bizi-zikloa. Datuak Zientzia Kaieran: Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean.

Zebra-arrainekin egindako ikerketa batean, ondorioztatu dute oxitozinaren funtzioa ebolutiboki oso primitiboa izan daitekeela. Azterketa horretan ohartu ziren zebra-arraiak gai direla beren kideen beldurra detektatzeko, eta, gainera, zirrara hori elkarren artean kutsatzen dela. Zehazki, oxitozina hormonak eragiten du prozesu guzti hau, gizakietan eta beste ugaztunetan enpatiarekin lotzen den hormonak, hain zuzen. Beraz, ikertzaileek pentsatzen dute enpatia-modu horren oinarriak duela milioi urte asko sortu zirela, eta iraun egin duela eboluzioan. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

EHUko ikertzaile batzuek argitu dutenez, gune naturaletako erlauntzen eta beren erleen mikrobiota hobea da nekazaritza eremuetakoa baino. Iratxe Zarraonaindia Ikerbasqueko ikertzaileak azaldu duenez, bakterioek, onddoek, legamiek eta abarrek osatzen dute mikrobiota, eta izakien osasunean garrantzi handia dute. Bada, azterketa honekin ikusi dute nekazaritzak eta monolaborantzek eragina dutela mikrobiotan, eta horrek eragina duela, era berean, erlauntzaren osasunean. Izan ere, eremu antropizatuetan pestizida eta patogeno gehiago daude erleentzat, eta horrek erleen nutrizio txarra eragiten du. Hala, mendebaldeko erle arrunta arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan jasaten dituzten zenbait estres faktorerengatik. Informazio gehiago Berrian: Nekazaritzatik aldenduta, hobeki.

Botanika

Ikerketa batean frogatu dute tomate- eta tabako-landare estresatuek beren egoera adierazten dutela soinuaren bidez, eta metro batera ere detekta daitekeela. Estres hori landareak lehortuta daudenean edo zurtoina moztuta dutenean sortu daiteke, eta egoera horietan, giza solasaren pareko bolumena duten soinuak igortzen dituzte. Pertsonak ez dira gai soinu horiek entzuteko, haien maiztasuna altuegia baita, baina, ikertzaileen esanean, oso litekeena da beste ugaztun batzuek eta intsektuek haiek entzutea, eta, seguru asko, baita beste landare batzuek ere. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: Landare estresatuek soinuz adierazten dute beren egoera.

Ingurumena

Argitaratu berri den ikerketa baten arabera, animalia basatien populazioak berreskuratzea oso onuragarria litzateke klima-larrialdiari aurre egiteko. Populazio horiek berreskuratuko balira, asko hobetuko litzateke karbonoaren harrapaketa eta metaketa naturala, eta, beraz, klima-aldaketa leuntzen lagunduko luke. Lan honetan ikertzaileek bederatzi animalia edo animalia-talderen eragina kalkulatu dute karbonoaren-zikloan, eta ikusi dute urtean 6,4 mila milioi tona CO2 gehiago harrapatzea lor litekeela horien populazioak osasuntsu mantentzen badira. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

IPCCren azken sintesi txostena argitaratu berri da, eta oro har, inpaktu handia duten bi ideia plazaratu dituzte bertan. Batetik, gaur egungo egoeratik abiatuta (1,1°Cko beroketa), etorkizunerako bost agertoki erakusten ditu, eta urte desberdinetan jaiotako belaunaldiek jasango dituzten beroketa mailak azpimarratzen ditu. Bestetik, berotegi-efektuko gasen egungo emisioekin jarraituz gero, kalkulatu dute mende amaierarako 3,2°C igoko litzatekeela tenperatura. Bestalde, “nahikotasuna” (jatorrian, sufficiency) hitza erabili dute txostenean zehar, gizarteak izan beharko lukeen jarrera definitzeko. Zera litzateke nahikotasuna: Energiaren, materialen, lurraren eta uraren eskaria saihesten duten eta, aldi berean, planetaren mugen barruan giza ongizatea ematen duten eguneroko neurri eta jardunbideen bilduma. Datuak Gara egunkarian: Bi grafiko eta hitz bat, klima larrialdian nabigatzeko iparrorratz.

Zientziaren komunikazioa

Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da, eta komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da. Gainera, zientzialari baten “balioa” askotan argitaratuta dituen artikulu kopuruarekin neurtzen da, eta horrek, azken urteetan ikerketen eta artikulu zientifikoen kalitatea murriztea ekarri du. Hala, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango direla pentsatzen da, eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da. Honetaz gain, zientzia-artikuluak argitaratzeak badu beste berezitasun bat gaur egun. Izan ere, artikulu zientifikoen idazleek ez dute ordainsaririk jasotzen artikuluak idazteagatik, ezta artikulua berrikusi duten ikertzaileek ere; argitaletxeak, aldiz, behin artikulua argitaratuta, aldizkarirako sarbidea kobratuko du kasu gehienetan. Gai honen inguruko informazioa Zientzia Kaieran kontsultatu daiteke: Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I).

Soziologia

AEBko bi zientzia-akademia nagusik emakumeak lehenetsi dituzte azken 20 urteetan. AEBko Zientzia Akademia eta Arteen eta Zientzien Akademian dira erakunde horiek, eta ikerketa berri batek ikusi du, haietan sartzeko, emakumeak lehenetsi dituztela, argitalpen- eta aipamen-historial beretsuko gizonezkoekin alderatuta. EHUko Nagore Iriberri Etxebeste izan da ikertzaileetako bat, eta, ikerketaren arabera, duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko psikologia, ekonomia eta matematika arloetan. Gaur egun, bestalde, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran eta Elhuyar aldizkarian irakur daiteke.

Argitalpenak

Aste honetan Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, Epigenetikaren iraultza liburua proposatzen da. Bertan, Nessa Carey autoreak zientzia berri horren bilakabidea azaltzen, urratsez urrats egin diren aurkikuntzak aurkeztuz, eta aurkikuntza horiek gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak azalduz. Nessa Carey Edinburgoko Unibertsitateko birologiako doktorea da, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izan da Londresko Imperial College-n.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #434 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #440

La, 2023-04-01 09:00
Irudia: Ivar Leidus (Wikimedia Commons).

Gauza ezaguna da nahasmendu psikiatriko batzuk ez direla isolatuta agertzen, beste batzuekin lotuta baizik. Duela gutxi egindako aurkikuntza baten arabera, justifikazio neurologiko bat dago horretarako. A common brain network appears to connect psychiatric illnesses, Rosa García-Verdugok egina.

Beti pentsatu izan da oxigenoa beharrezkoa zela piritatik burdina ateratzeko, burdina sulfuroa baita pirita. Bakterio batzuek oxigenorik gabe lortzen dute, baina. Horrek dauzkan inplikazio biologiko eta teknologikoekin. Bio-mining pyrite with no oxygen

Antidepresiboek zure depresioa tratatzen dute, baina trapuzko panpina baten sentiberatasun emozional berarekin utz zaitzakete. Emotional dampening of antidepressants, José R. Alonsoren eskutik.

Galaxia nanoek Populazio IIIaren desagertze-garaiaren oinordeko diren masa izugarrien zulo beltzak izan ditzakete (zientzia-fikziozko eleberriaren antza du, baina errealitateak fikzioa gainditzen du). DIPCk Dwarf galaxies hosting overmassive black holes at high z

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #440 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kiñuren begirada: balea

Or, 2023-03-31 09:00

Baleek eta gizakiek aspalditik izan dituzten harremanak. Izan ere, duela 6.000-8.000 urteko arroketan aurkitu dira horren inguruko irudiak Alaskan, eta 9.000-10.000 urteko arroketan Norvegian. Euskal Herrian duela 13.000 urteko balea-arpoi aurkitu dira Lekeitioko Lumentxa kobazuloan.

Euskaldunek, bereziki, harreman estua izan dute baleekin, euskal literaturan bada horren erreferentzia.

Lur planetan bizi izan den izaki handienetako bateri erreparatu dio gaurkoan gure Kiñuk.

balea

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: balea appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Epigenetikaren iraultza

Og, 2023-03-30 09:00

Epigenetikaren iraultza irakurgai gozagarri honetan, 2011an argitaratua, zientzia berri horren bilakabidea azaltzen digu Nessa Carey-k. Urratsez urratseko aurkikuntzek osatzen duten zientzia-abentura iraultzailea, kasu eta kontu jakingarriz harilkatua, eta gizakiontzat dituen ondorio nabarmenak inoiz bistatik galdu gabe.

Epigenetikaren iraultzaIrudia: Epigenetikaren iraultza liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Iritzi arruntak zioen DNAko gene proteina-kodetzaileek erabakitzen zutela izaki baten zer-nolakoa: geneon kode betiko finkoan legoke, hala, bizidunon patu biologikoa. Hartara bultzatzen zuten, izan ere, genetika artean garatzeko egoteak eta aurrerantzean zekarkeenaren itxaropen bero eta, inoiz, zoro batek.

Denborarekin, ordea, pilatuz joan ziren datuak uste horren aurka. Genetika molekularraren aurrerapenak, animaliekin egindako esperimentuek eta gizakien bilakaera berezi batzuek –historiko-soziologikoak (goseteen ondorioak) zein banakoenak (biki berdin petoen arteko desberdintasunak)– garbi erakusten zuten ez zegoela dena hor erabakita.

Hala argituz joan da genomako zabor ugaria ez dela halakoa, eta kode genetikoan eragiten duela, eraldakuntza ondoregarriak sortuz geneen espresioan. Hori aztertzen duen zientziari deritzo epigenetika.

Nessa Carey-k birologiako doktore-titulua jaso zuen Edinburgoko Unibertsitatean, eta Biologia Molekularreko ikerketaburu izana da Londresko Imperial College-n. Hamar urtez jardun du lanean industria bioteknologiko eta farmazeutikoan, epigenetikan oinarrituriko ikerkuntzan.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Epigenetikaren iraultza
  • Egilea: Nessa Carey
  • ISBN: 978-84-9082-211-1
  • Edizio mota: Cartoné
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2015
  • Orrialdeak: 458 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Epigenetikaren iraultza

The post Epigenetikaren iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean

Az, 2023-03-29 09:00

Urtarrilean askoren ahotan egon dira, sare sozialetan, euskal kostaldean azaldu diren itsas txakurrak. Urtarrilaren 16 eta 21 bitartean hiru itsas txakur grisek bisitatu dituzte gure hondartzak; bat atseden hartzen egon zen ordu batzuk Donostiako Kontxako hondartzan, eta beste bi Getarian azaldu ziren egun batzuk geroago.

Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur gehienak itsas txakur grisak dira (Halichoerus grypus) eta iparraldeko itsasoetatik datoz. Gazteak dira, oro har, euskal kostaldean noizbehinka ikusten ditugunak, baina ez dira gure uretan egoten urte osoan zehar. Izatez, abentura ederrak bizi dituzte espezie honetako gaztetxoek gugana iritsi aurretik, eta, gehienetan, atseden hartzera soilik etortzen dira.

itsas txakurIrudia: itsas txakur gris bat (Halichoerus grypus) hondarretan. (Argazkia: Andreas Trepte – CC BY-SA 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Halichoerus grypus, itsas txakur grisaren izen zientifikoa, nahiko deskriptiboa da bere horretan; genero-izenak, hau da, Halichoerus hitzak, itsas txerria esan nahi du grezieraz, eta espezie-izenak (grypus), berriz, espezie honetako arrek duten kako itxurako sudurrari egiten dio erreferentzia. Ezaugarri bereizgarri hori da, beste batzuen artean, ar eta eme helduak desberdintzen dituena. Ugaztun horiek filogenetikoki kokatze aldera, itsas txakurrak pinnipedoen goi-familian sailkatzen dira, eta, zetazeo eta sirenidoekin batera, ur-ingurunean bizitzera guztiz ohitu diren ugaztunak dira. Pinnipedoak dira itsas lehoiak, mortsak eta itsas txakurrak. Euskal kostaldean ikusi izan dira mortsak eta bestelako pinnipedoak, baina esan bezala, itsas txakur grisa da ohikoena.

Ipar Ozeano Atlantikoaren bi ertzetan eta Groenlandian eta Islandian aurki ditzakegu itsas txakur grisak; ekialdeko ertzean San Lorenzo golkoaren inguruetan, eta mendebaldean, berriz, Irlanda eta Britainia Handitik Mantxako kanal osoan zehar, Eskandinaviako penintsulako kostalde osoa ere hartzen dute, baita itsaso Baltikoa ere. Eremu horietan beren umatze-koloniak sortu dituzte itsas txakurrek, eta beraz, eremu horiek osatzen dute beren distribuzio nagusia. Alabaina, animalia hauek distantzia luzeak egin ditzakete igerian, esploratzen eta ehizatzen, eta distribuzio gehigarri horrek bigarren mailako distribuzioa osatzen du. Zientzialariek pentsatzen dute Kantauri itsasora iristen diren itsas txakur grisak bi eremu ezberdinetatik datozela. Galiziako iparraldera eta Asturias ingurura iristen direnak Irlandatik edota Britainia Handitik datozela uste da, zuzenean hegoalderanzko norabidea hartuta kostalde horrekin topatzen baitira. Euskal kostaldera iristen diren itsas txakur grisak, berriz, Bretainiatik (Frantzia) datozela dirudi, hegoalderantz, kostaldeari jarraiki. Bidaia horren zergatia eta nondik norakoak ulertzeko, lehenik, itsas txakur gris baten bizitza azalduko dugu kronologikoki, jaiotzen direnetik, eta hala, hobeto ulertuko ditugu animalia hauen noizbehinkako bisitak.

Itsas txakurraren bizi-zikloa

Oro har, umatze-koloniak eremu arrokatsuetan edo hondartza bakartietan eraikitzen dituzte itsas txakurrek, lehenago aipatutako kostalde horietan. Halere, Europan gaur egun dauden kolonia garrantzitsuenak gizakiak ere erabiltzen dituen hondartzetan daude. Kolonia horietan, hamar emetatik ar bat egoten da, eta arren artean liskarrak izaten dituzte, emeak zeinek estaliko. Ugaltze-garaia irailaren eta abenduaren bitartean izaten da, eta hilabete horietan itsas txakurren zeregin nagusia etzanda egotea eta elkarrekin erlazionatzea da. Urteko gainerako hilabeteetan, proportzioan denbora gehiago pasatzen dute itsasoan ehizatzen, gorputzeko erreserbak betetzeko. Emeek 8 hilabeteko haurdunaldiak izaten dituzte, baina behin ugalketa gauzatuta, obulua 3-4 hilabetez gordetzen dute ernaldu gabe, eta haiek erabakitzen dute noiz ernaldu. Horrela, umatze-zikloa 12 hilabetekoa izatea lortzen dute, itsas txakur emeak beren artean eta urtaroarekin sinkronizatuta egoteko.

Eme bakoitzak ile zuri dentso eta goxodun kume bakarra izango du umatze-garai bakoitzean, baina ez dute urtero umatzen. Jaioberritan itsas txakur gris kumeek 11-20 kg pisatzen dute, eta edoskitzean zehar (18 egun irauten du, gutxi gorabehera), beren pisua laukoiztu dezakete, 40 kg-ra iritsi arte. Amek ematen dieten esnea oso dentsoa eta gantzatsua da; %50-60 gantza izaten da, eta kumeak laster biltzen dira bereizgarria zaien gantz-geruza potoloaz. Ama, berriz, asko argaltzen da, baraurik egongo baita kumea edoskitzen duen egunetan. Gainera, esneak duen gantza bere gantz-geruzatik ateratzen da. Gau eta egun beren ondorengoa zaintzen egonda, gorputz-masaren %40 galdu dezakete itsas txakur emeek umatu ondoren. Horregatik, edoskitze-garaia amaituta, itsas txakur emeak itsasora itzultzen dira, ehizatu eta umatzeak agortu dituen erreserbak betetzera, eta ez dira berriz beren kumeengana itzultzen. Moduren batean “abandonatzen” dituztela esan daiteke.

Kumeak, bestalde, ezin dira itsasora sartu ile zuri eta dentso hori mudatu arte, oso zaila izango litzatekeelako ondoren lehortzea, eta bero kantitate handia galduko luketelako. Horrela hasten da, hain zuzen ere, itsas txakur txikien burujabetzea, eta baita abentura ere. Egun batzuen buruan mudatu egiten dute, eta gero 21 eguneko baraualdia egiten dute, artean uretara sartu gabe. Denbora-tarte horretan, egunero 0,5 kg galtzen ditu itsas txakur gazteak. Zientzialariek oraindik ez dute ongi ulertzen baraualdi horren arrazoia, baina pentsatzen da aldaketa fisiologiko batzuk gertatzen direla egun horietan, urperatzeko gaitasuna eskuratu dezaten.

Behin 21 egun horiek pasata, itsas txakur gazteek beren kabuz hasi behar dute ehizatzen, hotzetik babesten dituen gantz-geruza finegia egin ez dadin. Dirudienez, espezie honetan amek ez diete beren ondorengoei ehizatzen erakusten, eta kumeek beren kabuz ikasi beharko dute itsasora sartu eta elikatzen. Horrela, esperientziarik eta laguntzarik gabe, itsas txakur gazteak itsasoan murgiltzen dira, elikatzeko leku oparoen bila eta noizean behin deskantsatzeko hondartza aproposen bila, eta hala iristen dira urtero bizpahiru itsas txakur gris euskal kostaldera. Bidaia luze hori arrakastaz gauzatzen dutenak berriro itzuliko dira umatze-kolonietara, eta ixten da, azkenik, itsas txakurren bizi-zikloa.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Hall, Ailsa J. eta Russell, Debbie J.F. (2018). Gray Seal: Halichoerus grypus; Bernd Würsig, J.G.M. Thewissen, Kit M. Kovacs-ek editatutako Encyclopedia of Marine Mammals (3. edizioa, 420-422 or.). Academic Press. DOI: https://doi.org/10.1016/B978-0-12-804327-1.00139-4.
  • Vincent, Cécile et al. (2017). Grey and harbour seals in France: Distribution at sea, connectivity and trends in abundance at haulout sites. Deep-Sea Research Part II: Topical Studies in Oceanography, 141, 294–305. DOI: https://doi.org/10.1016/j.dsr2.2017.04.004
Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Itsas txakurra: bisitari bat euskal kostaldean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I)

Ar, 2023-03-28 09:00

Zientziaren oinarrietako bat emaitzen komunikazioa da. Komunikazio hori, nagusiki, zientzia-aldizkarien bitartez egiten da eta haien kalitatearen oinarri-oinarrian dago peer review edo parekoen berrikuspen-prozesua. Gauzak horrela, ikerketa-lanak ebaluatzeko eta argitaratzeko prozesua zientziaren funtsezko prozesuetako bat dela onartu dezakegu.

Badira azken urteotan zalantzan jarri diren zientzia egiteko moduaren hainbat alderdi: argitalpen-sistema, zientzia-iruzurra, argitaratzeko beharra eta lehiakortasuna, besteak beste. Haien artean, berrikusi beharreko aldeetako bat da gaur egungo zientziaren oinarrian dagoen parekoen ebaluazioa ere; agerian jarri dira, izan ere, horren inguruko zenbait arrisku eta kezka.

berrikuspen-sistemaIrudia: parekoen ebaluazio-prozesua kalitatezkoa izatea ezinbestekoa da zientzia-argitalpen prozesu egoki batean. (Argazkia:Nasim Nadjafi – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientziak aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa da zientzialarien arteko komunikazioa. Hain zuzen ere, lanean hasi aurretik, arlo horretan egin diren lanak irakurri eta aztertu beharko ditu ikertzaileak, hipotesi berriak proposatzeko edo aurreko hipotesiak berresteko zein ukatzeko. Zientzialarien arteko komunikazioa zenbait bidetatik gerta daiteke, baina, gaur egun, biderik ohikoena zientzia-aldizkariak dira.

Hain zuzen ere, ikertzaile batek egin duen lanaren ondorioa beste edonon dagoen ikertzaile batek jaso dezan, argitaratu egin beharko du bere lana lehenak. Duela hainbat hamarkada, aldizkariak paperean argitaratzen ziren eta liburutegietan gorde, kontsultarako. Gaur egun, aldizkariak online topa daitezke eta, horrela, klik gutxi batzuen ostean milaka eta milaka ikerketa-lan edukiko ditugu eskura. Esan daiteke gaur egun arazo handiagoa dela artikulu kantitate izugarri horretan bilatzen den informazioa topatzea, artikulu-bilketa bera egitea baino.

Oro har, handituz doa mundu mailako zientzia-artikuluen ekoizpena, baina horrek ez du esan nahi kalitatezko ikerketa gehiago egiten denik. Horrela, noizean behin albiste dira argitalpen masiboek ekartzen dituzten arazoak. Zenbait urtetik hona, ikertzaileen curriculumeko punturik garrantzitsuenak argitalpenen kopuruak dira; horrek etengabe lanak argitaratzeko beharra sortzen du, eta, normalean, ikerketa bera kaltetzen da. Hau ez da arazo berria. Duela hamar urte Koldo Garcia genetistak Edonola blogean azaldu zuen eta blog honetan bertan ere duela bost urte aipatu nuen arazoaren larritasuna. Publish or perish -argitaratu ala hil- horrek, gaur egun ere indarrean jarraitzen du, noski. Esan bezala, argitaratutako lanen kopurua handitzea ez da zertan ona izan eta salami publication kontzeptuaren adibide izan daiteke. Hain zuzen ere: ikerketa-lan sakon bat argitaratu ordez, lan sakon hori hainbat zatitxotan bana daiteke, argitaratutako lan kopurua handiagoa izan dadin. Horrek ikertzaileari onurak ekarriko dizkio epe motzean, baina, epe luzean, ikerketa sakonak geroz eta urriagoak izango dira eta osotasuna duten lanak topatzea zailagoa bilakatuko da.

Aurreko paragrafoan azaldutako arazoez aparte, duela gutxi, José Manuel Lopéz Nicolás zientzialari eta dibulgatzaileak argitaletxeen jokabideak dakartzan beste arazo batzuk azaldu zituen bere blogean eta, zalantzarik gabe, Zientzia Kaieran ere aipamena merezi dute. Lehenik eta behin, ezinbestekoa da zientzia-argitalpen sistemak nola funtzionatzen duen ulertzea. Labur esanda, ikertzaile baten curriculumean bere lana kontuan hartzeko modukoa izan dadin, kalitatezko zientzia-aldizkari batean argitaratuta egon beharko du. Zentzuzkoa den bezala, kalitatezko aldizkari batean argitaratzen den lan bat kalitatezkoa dela ulertzen da. Aldizkariak arloka antolatzen dira eta, oro har, kalitatearen arabera zerrendatzen dira arlo horren barruan. Hortaz, 1. postuan dagoen aldizkari batean argitaratzea zailagoa izango da, baina bertan argitaratzen den lana oso kalitate onekoa izango da, oro har. Aldiz, azken postuan dagoen aldizkari batean argitaratzen bada, lana xumeagoa dela ulertzen da. Hala eta guztiz ere, aldizkaria zerrendan badago, esan nahi du kalitate-printzipio minimo batzuk betetzen direla, zerrendako postua edozein izanik ere.

Zein da kalitatearen adierazlerik nagusienetako bat? Bada, aldizkari bat kalitatezkoa izan dadin ezinbestekoa da bertan argitaratzen diren lanak peer review delako sistematik pasatzea. Hori kalitate-adierazle bakarra ez den arren, ezinbesteko baldintza da. Eta nola gauzatzen da peer review edo parekoen ebaluazioa deritzon prozesua? Ikertzaileak bere lana bidali nahi duen aldizkaria aukeratu ostean, argitaratzaileak lanaren gutxieneko baldintzak aztertu eta erabakiko du artikulua aldizkarian argitaratzeko modukoa izan ote daitekeen. Artikuluaren gaia bera edota kalitate txar nabarmena nahikoak izan daitezke urrats horretan bertan lana ez onartzeko. Lehen galbahea gainditzen badu, argitaratzaileak lanaren laburpena bidaliko die gai jakin horretan adituak diren ikertzaileei. Ikertzaile-adituek gai ikusten badituzte beren buruak ikerketa-lana zuzentzeko, argitaratzailearen proposamena onartuko dute eta lanaren berrikuspena egingo dute. Berrikuspenaren emaitza posibleak lau dira: lana bere horretan onartzea, aldaketa txikiak eskatzea, aldaketa handiak eskatzea edo lana ez onartzea. Argitaratzaileak bizpahiru adituren txostenak jasoko ditu eta, horrekin, bere azken erabakia hartuko du.

Artikulu honen hurrengo zatian aztertuko ditugu xeheago egoera posible horiek, baina garrantzitsua da aipatzea lana bidaltzen duen ikertzaileak, oro har, ez duela ordainsaririk izango eta lana berrikusi duen ikertzaileak ere ez. Argitaletxeak, aldiz, bere egingo du ikerketa-lana, eta etorkizunean lana irakurri nahi duten ikertzaileek ordaindu egin beharko dute aldizkarira sarbidea izateagatik. Baldintza honek egoera xelebreak ekar ditzake eta, neure burua adibide gisa jarriz, esan dezaket halako aldizkarietarako idatzi ditudan ikerketa-lanak ezin ditudala irakurri sarbidea ordaintzen ez badut. Era berean, ikerketa-lanen berrikusle izatea zientzia-meritu garrantzitsua izan daiteke curriculumean. López Nicolásek aipatzen duen moduan, horrek egoera etsigarri batera eraman gaitzake: baliteke ikerketa-artikuluak berrikusten ari diren ikertzaileak gai horretan aditu ez izatea eta curriculumeko merituen truke aritzea lan hori egiten.

Zer atera daiteke gaizki? Jarraituko dugu…

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Berrikuspen-sistema berrikusteko beharra (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Paradigma aldaketa zientzia-akademietan

Al, 2023-03-27 09:00

AEBko National Academy of Science (NAS) eta American Academy of Arts and Sciences akademiek (AAAS) psikologia, ekonomia eta matematikako akademikoak hautatzean izan den genero-arrakalaren 60 urteko bilakaera aztertu du, lankidetzan, UPV/EHUko ikertzaile batek. Azken 20 urteetan, emakumezkoek lehentasuna izan dute bi akademia horietan sartzeko, argitalpen- eta aipamen-historial bertsuko gizonezkoekin alderatuta.

Emakumezko ikertzaileek beren kideko gizonezkoen aintzatespen eta sari berak jaso izan al dituzte? Eta gaur egun jasotzen dituzte? Galdera kritiko eta aproposa da, akademiaren barnean zein kanpoan izan diren diskriminazio-kasuak kontuan hartuta, eta genero-berdintasunerantz aurrera egin behar badugu. Azken urteetan, kezka sortzen du zientzian emakumezko gutxiago izateak. Esate baterako, historikoki, AEBko Zientzia Akademia Nazionalean (NAS) eta AEBko Arteen eta Zientzien Akademian (AAAS) hautatzen zituzten kide berri gehien-gehienak gizonezkoak ziren. NAS akademiak Proceedings of National Academy of Sciences (PNAS) aldizkari entzutetsua argitaratzen du, eta AAASk, Science.

paradigmaIrudia: gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko. (Argazkia: ThisIsEngineering – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHUko Ikerbasque irakaslea da Nagore Iriberri eta gai horri buruz lankidetzan aritu da ikerketa batean. Egindako azterketak erakutsi du azken bi hamarkadetan NAS eta AAAS akademietako egoera aldatu egin dela, eta, azken hiru urteetan handitu egin dela emakumezko kide berrien portzentajea.

Ikerlan horretarako, emakumezkoen ordezkaritzan alde handiak dituzten hiru arlo hautatu dituzte: psikologia, ekonomia eta matematika. “Hiru alor horietako aldizkari nabarmenen argitalpenetatik abiatuz, jardunean dauden akademikoen zerrendak egin ditugu. Horrez gain, zenbait eredu sortu ditugu, duela 60 urtetik gaur egun arte NAS eta AAAS akademietako kide gisa emakumeak hautatzeko probabilitatean izan diren aldaketak alderatzeko, argitalpen- eta aipamen-kopuruak kontuan hartuta”, azaldu du Iriberrik.

Ikertzaileek ikusi dutenez, “duela 60 urte emakumezkoek probabilitate txikiagoa zuten akademiko gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historiak zituzten gizonezkoen aldean. 90eko hamarkadan, bi akademietako hautaketa-prozesua gutxi-asko neutroa zen, generoaren ikuspegitik. Eta azken hogei urteetan, emakumezkoen aldeko lehentasun positiboa hautematen da hiru arloetan”, adierazi du ikertzaileak. Izan ere, ikerketaren arabera, gaur egun, emakumezkoek 3 eta 15 bitarteko probabilitate handiagoa daukate AAAS eta NAS erakundeetako kide gisa hautatuak izateko, antzeko argitalpen- eta aipamen-historia duten gizonezkoen aldean. Nolanahi ere, Iriberrik adierazi du akademia horietako emakumeen ordezkaritza oraindik ez dela “inondik inora % 50era iristen matematikan eta ekonomian”, psikologian ez bezala.

Paradigma aldaketa ordezkaritzan

Iriberriren iritziz, “neurri batean, litekeena da emakumezkoek aldizkari onenetan artikuluak argitaratzeko oztopo handiagoak dituztelako eta beren lanagatik aintzatespen gutxiago jaso ohi dutelako kezkaren adierazgarri izatea emakumeekiko lehentasun positibo hori”. Ikertzaileek ez dute aztertu zer mekanismoren bidez gertatzen den hori, “ez baitira prozesu gardenak. Guk ikusi dugu nork lortu duen akademian sartzea eta nork ez. Horren inguruan hainbat interpretazio egin daitezke —dio Ikerbasque ikertzaileak—: izan liteke, ikusirik historikoki emakumezkoak baztertu izan direla, akademiek orain emakumeei lehentasuna eman nahi izatea edo emakumeen ordezkaritza handitu nahi izatea; orobat, izan liteke emakumeei ikusgarritasuna eman nahi izatea, belaunaldi berriek eredu gisa izan ditzaten”.

Ikertzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, “emakumezkoei lehentasuna emateak ez du esan nahi emakumeak estandar baxuagoekin sartzen direnik akademian, baizik eta paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela: badago nolabaiteko borondate bat emakumeen ordezkaritza handitzeko”. Eta argi utzi nahi dute ikerketak ez duela esaten “horra iristeko prozesua berdina izan denik emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat; izan ere, ebidentzia izan badago prozesua ez dela halakoa izaten”.

Ikerketan hautatutako hiru jakintza-arloen bilakaerari dagokionez, ikusi dute “nahiz eta hirurek historikoki bilakaera oso desberdina izan emakumeen ordezkaritzari erreparatuz, hauteman dugu bai psikologian, bai matematikan eta bai ekonomian emakumeekiko lehentasun positiboa agerikoa dela”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zientzia-akademiek emakumezko ikertzaileen lana aintzatesteko probabilitatea hobetu da

Erreferentzia bibliografikoa:

Card, David; DellaVigna, Stefano; Funk, Patricia eta Iriberri, Nagore (2023). Gender gaps at the academies. PNAS, 120 (4), e2212421120. DOI: 10.1073/pnas.2212421120

The post Paradigma aldaketa zientzia-akademietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #433

Ig, 2023-03-26 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

baso

Ingurumena

Itsas biologoek detektatu dutenez, itsas espezieek desagertzeko joera dute orain. Standford Unibertsitateko ikerketa talde batek oraingo espezie-desagerpen tasa ezagutzen ditugun aurreko beste desagerpen batzuekin alderatu dute, erregistro fosilari esker. Emaitzen arabera, gaur egungo desagertzea gogorragoa da tamaina handiko animalientzat, eta arinagoa mugitzen direnentzat. Egileek diote giza jarduerak eragiten diela gehien animalia handienei. Hala desagertu ziren mamutak, moak dortoka erraldoiak, eta orain itsasoan berdina gertatzen ari da zetazeoekin. Desagertze horren arrazoi nagusia arrantza litzateke ikertzaileen arabera, zehazki, ausazko arrantza. Koralezko arrezifeak ere egoera tamalgarrian lirateke, eta ostrak ere desagertzen ari dira. Azalpenak Zientzia Kaieran: Itsasoetako desagertzea.

Basoa fundazioak basogintzari buruzko jardunaldia antolatu du aste honetan, eta gonbidatuetako bat da Maria Menendez Miguelez mendi ingeniaria. Klima-aldaketaren arintzearen alorrean lan egiten du Menendezek, baso kudeaketa jasangarria lortzeko helburuarekin. Azaldu duenez, Espainian dagoen arazo handienetako bat baso suteena da. Izan ere, baso-garbiketak urte osoan zehar egin behar direla dio, ez soilik udan. Bestalde, baso espezieen monolaborantzak eta biodibertsitatea bateragarriak izan daitezke dio, horiek modu egokian kokatuz gero. Hau da, gakoa espezie bakoitzak bere lekua izatea da, eta ez baso guztiak monolaborantzez ordezkatzea. Gainera, klima-aldaketa arintzeko basoek karbono hustuleku gisa betetzen duten rola azpimarratu du adituak. Datu guztiak Alea aldizkarian: “Baso monolaborantzek ez dute zertan kaltegarri izan”.

Astronomia

44 unitate astronomikora dagoen Quaoar objektuan eraztun sistema bat atzeman dute. Aurkikuntza hori bi arrazoiengatik da ezustekoa. Lehenik eta behin, hain urrun dagoen objektu batean eraztunak atzematea ez da gauza arrunta, eta gainera, eraztun horiek ohikoa baino askoz urrunagotik orbitatzen dutela Quaoar objektua. Gutxi gorabehera 1.100 kilometroko diametroa du Quaoarrek, eta Weywot izeneko ilargi txikia ere badu inguruan. Bada, objektu horrek Roche-ren muga gainditzen duen eraztun bat du inguruan, eta orain arte, muga horrek zehazten zuen satelite bat modu egonkorrean egon zitekeen eremua. Quaoarren eraztunak aldiz, birritan gainditzen du distantzia hori. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Quaoar, inork espero ez zuen eraztunaren jabea.

NASAk berretsi du Artizarrak jarduera bolkanikoa duela. Espazio-agentzia estatubatuarraren Magallanes zundak 1991n jaso zituen radar-datuen berrikuspen batek baieztatu du esandakoa. Zunda horrek Atla Regio izeneko eremuan tximinia bolkaniko baten forma- eta tamaina-aldaketak jaso ditu zortzi hilabetean zehar. Hain zuzen ere, frogatu dute tximiniaren neurria bikoiztu egin dela, eta barrualdea labaz bete dela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Nature Astronomy aldizkariko artikulu batek ohartarazi du sateliteek eta espazioko hondakinek ere argi-poluzioa eragiten dutela. Elementu horiek gaueko iluntasunean sortzen duten distira kalkulatu dute, eta azaldu dute argi gehigarri horrek behatokien kostua asko handitu dezakeela, behaketak egiteko iluntasuna behar delako, eta, beraz, esposizio-denbora askoz handiagoak beharko direlako. Hala, satelite-konstelazioen eta argi artifizialaren ugaritzea geldiarazteko neurriak eskatu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

UPV/EHUko eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutuko ikertzaileek frogatu dute amaren obesitateak fetuaren garapenari eragin diezaiokeela. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek aztertu dute nola eragiten duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren eredu molekularretan. Zehazki, plazentako DNAren metilazioak aztertu dituzte, amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoteetan. DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu dituzte bikote horietan, eta leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daudela ikusi dute. Bestalde, minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Emaitza horiek iradokitzen dute obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean. Datuak Zientzia Kaieran.

Jeremy D. Walston irakasleak adindunen ahultasunaren jatorri biologikoa, egoera horren prebentzioa eta tratamendua ditu ikergai. Horretarako, adimen artifizialaz eta teknologia berriez baliatzen da. Walstonek azaldu du ahultasunaren prebentzio-estrategia nagusia kirol jarduerak direla. Bestalde, elikadurak ere eragin handia duela azaldu du; karbohidrato askoko edo karbohidrato sinpleko dieta batetik dieta mediterraneo batera aldatzen ahultasuna murrizten dela ziurtatu du. Oro har, Walstonen ikerketak frogatu du teknologia berriak, elikadura egokia eta ariketa fisikoa gakoak direla osasuntsu zahartzeko. Datu guztiak Berrian: «Errealitate birtuala erabiltzen dugu adinekoak laguntzeko».

Lide Arana EHUko Kimika Aplikatuko irakaslea da, eta Berriako artikulu batean lipidoen eta hauek gaixotasun kardiobaskularrekin duten erlazioaz aritu da. Teknika berriei esker, azken urteotan esfingolipido deituriko lipido talde misteriotsu batek osasun egoeran eragin nabarmena duela jakin ahal izan da. Esfingolipidoek zelulen hazkuntza, heltze, heriotza edota migrazio prozesuak erregulatzen dituzte. Orain, froga kimiko berrietan ikusi da esfingolipido mota zehatz batzuen odoleko kontzentrazioek osasun arazoak aurresateko gaitasun hobea izan dezakete kolesterol kontzentrazioak baino. Gainera, adituek diotenez, beste hainbat gaixotasunekin ere zerikusia izan dezakete molekula hauek, besteak beste, 2 motako diabetesarekin, obesitatearekin eta gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren garapenarekin. Azalpenak Berrian: Lipido misteriotsuak.

Psikolinguistika

Esti Blanco-Elorrieta psikolinguista da, eta elebitasunaren neurozientzia ikertzen dihardu Harvard Unibertsitatean. Elebitasunaren inguruan hizketan, azaldu du bi hizkuntzak ez daudela nolabait bananduta burmuinean, maila anatomiko edota kognitiboan. Horren ordez, sistema bakarrean batzen ditugu hizkuntza denen arauketak, eta gero aukeratzen dugu berbak hizkuntza batean edo bestean erabili. Bestalde, baieztatu du hizkuntzak hobeto ikasten direla txikitan, ez hainbeste hitzak errazago gogoratzen direlako, baizik eta soinuen sistemagatik, eta baita gramatika eta sintaxiagatik ere. Gaur egun, afasia ikertzen du Blanco-Elorrietak, eta zehazki, nola erabili daitekeen elebitasuna afasiaren tratamenduan. Ikertzaile honi buruzko informazio gehiago Berrian: «Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin».

Teknologia

Botikak inprimatzeko 3D bioinprimagailua aurkeztu dute Leskarai ikergunean. Victor Guarnizo Tecnaliako ikertzaileak azaldu duenez, edozein tamainatako, zaporetako eta itxuratako botikak sortzeko aukera emango du inprimagailuak, guztiak pazientearen beharren araberakoak. Hau da, hainbat botika ezberdin denak pilula bakarrean izatea ahalbidetzen du inprimagailu honek, eta gainera, gozoki baten itxura eta zaporea ematen dio. Inprimatze prozesu osoa automatikoki egin zuen bioinprimagailuak, eta pare bat minutu irauten ditu inprimatze prozesuak. Oraingoz, ordea, ikerketa-helburua duen inprimagailua da, eta, ez dute ospitaletan ezarriko. Informazio gehiago Berrian: Pilulen ordez, izar gozokiak.

Argitalpenak

Aste honetan, Zientzia Kaierak ZIO Bildumarekin elkarlanean eginiko atalean, 2009an Jerry Coyne biologoak idatzitako Zergatik den egia eboluzioa liburua aurkeztu dute. Jerry Coyne-k ongi laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak. Tarteka Darwinen hitzak hizpidera ekarriz, eboluzioaren aldeko hainbat froga azaltzen ditu. Coynek berak, bere ikerketa eboluzioaren froga enpirikoak eskuratzera bideratu du, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #433 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #439

La, 2023-03-25 09:00


Edozein teoria zientifiko tautologia bat izango litzateke, teoria bera oinarritzen duten datuak interpretatzeko teoria behar delako, ala ez? On theory and observation (4): Sneed’s structuralism and T-theorecity, Jesús Zamora Bonillarena.

Abeltegiko animaliek metanoa ekoiztea arazoa da klimarentzat. Baina modu esanguratsuan murriztea gorozkiei konposatu bat gehitzea bezain erraza da. Beste kontu bat da Europako legediak, simaurraren garbitasuna zaintzen duenak, horretarako aukera ematea. How to get 99% less methane emissions from the slurry pit.

Imajinatu garbiketa-talde batek gurpildun edukiontziak dituela kirol-instalazio baten zoruan dauden hondakinak biltzeko. Haizete batek teilatu erdia altxatu eta leihoak hausten dituen egunean, edukiontzien kopurua laurdenera murrizten da. Ez da zentzuzkoa hurrengo egunean instalazioa garbi-garbi egotea. Entzefaloan ere antzeko zerbait gertatzen da: garun-infartu bat (haizetea) izaten denean, garbiketa-ekipoak (mikrogliak) edukiontzi gutxiago izaten ditu (lisosomak) hondakinak biltzeko (hildako neuronak). Lysosomes: the Achilles heel of brain macrophages during a stroke, Ainhoa Plaza-Zabala eta Amanda Sierra.

Indar elektrostatiko txikiek konposatu supramolekular organikoei eragiten diete eta haien emaitza garbia haien efektu indibidualen batura baino handiagoa da. DIPCko jendea Synergistic effects of electrostatic bonds in a self-assembled molecule

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #439 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia

Or, 2023-03-24 09:00

Edisonek korronte zuzena asmatu zuen, baina arazo ugari zituen: haize-boladarik txikienarekin behera zetorren kable-sare handia behar zuen eta sorgailu asko behar zituen. Teslak Edisonentzat lan egiten, eta arazo horiek konpontzen korronte alternoa asmatu zuen. Baina Edisoni ez zitzaion lehia gustatzen eta Teslak bakarrik hegan egitea erabaki zuen.

1893an, Chicagoko Erakusketa Unibertsalean, biek jendaurrean jarri zituzten beren asmakizunak, eta argi ikusi zen Teslaren asmakizunak akats gutxiago zituela eta kable gutxiago erabiltzen zituela.

Zientziaren historia‘ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Tesla eta Edisoren buruz burukoaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zergatik den egia eboluzioa

Og, 2023-03-23 09:00

2009an Jerry Coyne biologoak Zergatik den egia eboluzioa liburua argitaratu zuen. Baina, eboluzioa egunean-egunean berresten ari da, biologiaren ardatz izateraino erabat, zergatik da beharrezkoa horrelako liburu bat? Inork ez luke zertan libururik idatzi garbi uzteko atomoak, izan, badirela, edo Lurra Eguzkiaren inguruan biratzen dela. Bada, zientziako ezein arlok ez duelako sortu, ideologiaren interferentziaz, hainbeste egonezin, gaizki-ulertu zein berariazko desinformazio eboluzioa bezala.

eboluzioaIrudia: Zergatik den egia eboluzioa liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Eboluzioaren aldeko frogabideak ugari, askotariko eta agerikoak dira, eta zientzia-ikerkuntzaren arlo guztietatik datoz, gainera. Gaur egun, zientzialariak espezieak nola adarkatzen diren ari dira aztertzen, animalia eta landareak nola egokitzen diren behatuz eta fosil-bildumak handituz. Naturan bertan nahiz laborategian dihardute halako lanetan.

Jerry Coyne-k argi eta zorrotz laburbildu du liburu honetan zer den eboluzioa eta zer baieztatzen duen zehazki hari buruzko teoriak, Darwinen hitzak tarteka hizpidera ekarriz. Irakurleari zalantzak uxatzeko lan horretan, ezin konta ahala froga dakar liburuak teoriaren alde. Orobat erakusten du eboluzioa ez dela teoria huts bat, egitate bat ere bada-eta, beldurrik gabe denok onartu behar genukeena, zientziak argituriko beste edozein egitate bezala.

Jerrry A. Coyne-k (San Luis, 1949) Chicagoko Unibertsitateko Ekologia eta Eboluzioa Sailean dihardu irakasle. Coyne-ren laborategiaren egiteko nagusia zera da: Darwin-ek espezieen jatorriari buruz idatzitakoak egiaztatzea, prozesu horrek sorturiko eredu genetikoak ulertuz. Ehun zientzia-artikulu baino gehiago ditu idatziak, eta hainbat saiakera eta iritzi-artikulu hedabide arruntentzat. Liburu honetaz gainera, Speciation (2004) izenekoa ere argitaratua du, H. Allen Orr-ekin elkarlanean.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zergatik den egia eboluzioa
  • Egilea: Jerry A. Coyne
  • ISBN: 978-84-9860-881-6
  • Formatua: 16 x 24 zm
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2013
  • Orrialdeak: 443 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Zergatik den egia eboluzioa

The post Zergatik den egia eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak