• Zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak biltzen ditu erakusketak
  • Urtarrilaren 15etik otsailaren 15era ikusgai, museoaren ohiko ordutegian
  • Emakume eta Neska Zientzientzilarien Nazioarteko Egunaren harira, lehiaketa eta mahai-ingurua ere antolatu dira

 

Laboratorium Museoak “Mundua aldatu zuten eta aldatzen duten emakumeak” erakusketa hartuko du urtarrilaren 15etik otsailaren 15era bitartean. Euskadiko Parke Teknologikoak sustatutako erakusketa da, eta Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan kokatzen da, museoak Emakume eta Neska Zientzilarien Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dituen gainontzeko ekintzekin batera

Erakusketak zientziaren eta teknologiaren historiako zein egungo emakume erreferenteak jartzen ditu erdigunean, emakumeek gizartearen aurrerapenean egindako ekarpenei ikusgaitasuna emanez. Iragana eta oraina uztartzen dituen ibilbide baten bidez, askotan ikusezin bihurtu diren lanak balioan jarri eta belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzea du xede.

Erakusketa bi ataletan egituratzen da: “Mundu aldatu zuten emakumeak” atalak zientzia eta teknologiaren historian mugarri izan diren emakumeen lana jasotzen du; “Mundua aldatzen duten emakumeak” atalak, berriz, gaur egun arlo horietan lanean ari diren profesionalen ekarpena nabarmentzen du. Etorkizunera begirako mezua helarazten duen proposamena da.

Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariaren hitzetan, erakusketa hau “Laboratoriumek berdintasunarekin, dibulgazio zientifikoarekin eta hezkuntzarekin duen konpromisoaren erakusle da”. Emakumeek zientzian iraganean eta egun egiten duten ekarpenari ikusgaitasuna ematea ezinbestekoa dela azpimarratu du. Ildo beretik doaz, halaber, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira antolatutako gainerako ekintzak.

Emakumeak Zientzian ekimenaren baitako beste jarduerak

Erakusketarekin batera, Laboratoriumek, urtero lez, Emakume Zientzialarien IV. Lehiaketa antolatu du Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat. Lehiaketaren helburua emakume zientzialarien erreferenteak ezagutaraztea, zientziarekiko interesa piztea eta genero-arrakala murrizten laguntzea da. Lanak 2026ko urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira, eta sari banaketa otsailaren 11n egingo da Laboratorium Museoan. Lehiaketaren oinarriak eta izen-ematea hemen. 

Amaitzeko, martxoaren 12an “Etorkizuneko industria inspiratzen duten emakumeak” izeneko mahai-ingurua egingo da, Laboratorium Museoak eta Enpresarek elkarlanean antolatuta. Jarduerak industrian emakumeek duten papera, sektoreko egungo erronkak eta industria anitzago eta inklusiboago baten alde erreferente femeninoak sortzearen garrantzia izango ditu ardatz, Emakumeak Zientzian ekimenaren baitan.