
Bergarako Udalak 2025eko udarako aisialdi eta kirol jardueren eskaintza zabala aurkeztu du atzo Laboratorium Museoan. Helburua da haur eta nerabeei aisialdi hezitzaile eta aktiboa eskaintzea, euskaraz eta lagun artean, udalerriko instalazio ezberdinak eta ingurune naturala baliatuz
Aurtengo eskaintzaren aurkezpenerako kokaleku hau hautatzea ez da kasualitatea. Hamargarren urteurrena ospatzen dabil Museoa eta Udakikua aisialdi eskaintza hamar urte hauetan bidelagun izan da; museoa osatzen duten piezetako bat da.
Haur, gaztetxo, familia zein publiko orokorrari zuzendutako jarduerak antolatu dira Museotik. Izena ematen duen orok zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabalduta topatuko ditu aurtengo udan Laboratorium Museoan. Orotara, bost jarduera antolatu dira: gamer gelak, 'eguzki sisteman bidaiatzen', ilustrazio zientifikoa, kanpus teknologikoa eta 'gure bizilagun onenak: saguzarrak'. Gustu eta kolore guztietarako programa bizia ekainerako eta uztailerako. Zientzian murgiltzeko une paregabea.
- Gamer gelak, LH5. mailatik aurrerako ikasleei zuzendutako tailerrak dira. Helburu nagusia da euskara aisialdian sustatzea euskal bideo-jokoak hizpide hartuta.
- Eguzki sisteman bidaiatzen ekimenari esker, publiko orokorrak eta familiak eguzki-sistemako txoko desberdinak ezagutuko ditu planetaz planeta, Ilatargiko espazio-ontzian bidaiatuz.
- Ilustrazio zientifikoan Carles Pucheren erakusketara bisita gidatua eta ilustrazio zientifikoko tailerra eskainiko da. Carles Pucheren ilustrazio zientifikoko artea familian ezagutzeko aukera egongo da.
- Kanpus teknologikoan gazteek, teknologiaren bidez, sormen gaitasuna garatuko dute. Besteak beste, 3D diseinua, 3D inprimaketa, mekanizazioa, mekanika muntaiak eta zirkuitu elektrikoak ezagutuko dituzte. Kanpusa, Museoaren bidelagun den Miguel Altunaren gidaritzapean eskainiko da.
- Gure bizilagun onenak: saguzarrak. Haurrei eta familiei zuzendutako jarduera da, saguzarrak hobeto ezagutzeko. Ekintzen gidaritza Naturtzaindia Elkarteko kideen eskutik egingo da, “Mendia Bizirik” elkartearen laguntzarekin.
Hemen duzue udako eskaintzaren agenda.
Izen emateak eta informazio gehiago laboratorium@bergara.eus helbidera mezu bat idatzita edota museoko telefonora deituta 943 76 90 03 eskuratu daiteke.
Museotik zientzia gizartera gerturatzen eta gizartea zientzian murgiltzen jarraitu nahi dugu.