Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 29 min 31 sec ago

Klima-aldaketak sinkronia handitzen du zuhaitzen hazkundean

Mon, 2025/06/16 - 09:00

Alcaláko Unibertsitateak (UAH) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) zuzendutako azterlan batek agerian utzi duenez, klima-aldaketaren eraginez, zuhaitzen urteko hazkundea, denboran zehar, gero eta antzekoagoa da banakoen artean.

Forest Ecology and Management aldizkarian argitaratutako azterlan batean aurkikuntza berritzaileak aurkeztu dituzte; hain zuzen ere, adierazi dute zuhaitzen tamainetan dagoen heterogeneotasunak baldintzatu egiten duela klima-aldaketak beren hazkundean nola eragiten duen. Zehazki, neurri homogeneoagoko zuhaitzak dituzten basoak klima arloko asaldurekiko zaurgarriagoak dira.

zuhaitzenIrudia: pago motzen basoa. (Argazkia: Julen Astigarraga. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Alcaláko Unibertsitateak  eta UPV/EHUk zuzendutako ikerketa egiteko, oihan hauen hegoaldeko mugako pagoen urteko hazkundea jasotzen duten datuak aztertu dituzte teknika dendrokronologikoak erabilita. Aurreko mendeko 70eko hamarkadatik, zuhaitzen hazkundean dagoen sinkronia handitu egin da muturreko klima gertaeren maiztasuna handiagoa izan delako.

“Ikusi dugu basoen gaineko zuzeneko inpaktu antropogenikoek, lurzoruaren erabileran izandako aldaketen bidez, eta zeharkako inpaktuek, klima-aldaketaren bidez, hazkundearen sinkronia baldintzatzen dutela, eta ale gazteak dituzten basoak direla ahulenak klima-aldaketaren aurrean“, adierazi du Julen Astigarragak, ikerketaren egile nagusiak.

Azterlanak azpimarratzen du oso garrantzitsua dela egiturari dagokionez anitzak diren basoak mantentzea klima-aldaketaren ondorioak arintzeko. “Oro har, egitura anitzenak baso helduetan egon ohi dira. Baina era horretako oso baso gutxi daude Europa kontinente osoan. Aldi berean, ordea, oso baliotsuak dira klima-aldaketaren inpaktuak arintzeko azterlan honetan agerian geratu den bezala”, aipatu du Paloma Ruiz-Benitok, Alcaláko Unibertsitateko ikertzaileak.

Modu harrigarrian, orain argitaratu den lanak agerian utzi du pago motzen basoek erresilientzia handia erakusten dutela klima-aldaketaren aurrean. Pago motzen basoen ezaugarri nagusia da enbor nagusian kimu ugari izatea eta ekosistema kultural eta ekologikoa osatzen dute, eta oso ohikoak dira Gipuzkoan.

“Basoetako aniztasun estrukturala handitzeak, zuhaitzen hazkundean sinkronia gutxitzeaz gain, lagun dezake zuhaitzen heriotza tasa gutxitzen, karbono bahiketa indartzen eta bioaniztasuna sustatzen, eskuragarri dauden habitatak ugarituko liratekeelako”, gehitu du Asier Herrero UPV/EHUko ikertzaileak.

Azterlana penintsula osoko ikertzaileen arteko elkarlanari eta Oñatiko (Gipuzkoa) bizilagunen eta basozainen laguntzari esker bideratu ahal izan da. Izan ere, datuak biltzeko prozesuan laguntza eta interesa handia izan dute. “Ikaragarria izan da lana egiteko garaian bertako komunitatearengandik jaso dugun eskuzabaltasuna. Espero dugu azterlan honen emaitzek klima-aldaketaren aurrean pagadiak egokitzen lagunduko dutela eta ez soilik Oñatin, baizik baita Europa kontinente osoan ere”, amaitu du Astigarragak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Klima aldaketak sinkronia handitzen du zuhaitzen hazkundean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Astigarraga, Julen; Calatayud, Joaquín; Ruiz-Benito, Paloma; Madrigal-González, Jaime; Tijerín-Triviño Julián; Zavala, MIguel A.; Andivia, Enrique; Herrero, Asier (2025). Forest structural diversity modulates tree growth synchrony in response to climate change. Forest Ecology and Management, 579. DOI: 10.1016/j.foreco.2025.122505

The post Klima-aldaketak sinkronia handitzen du zuhaitzen hazkundean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Adimen Artifiziala hezi genero-alborapenik gabeko etorkizuna izateko

Sun, 2025/06/15 - 09:00

Tresna objektiboa, eraginkorra eta neutrala al da Adimen Artifiziala (AA)? Zer nolako ondorioak ditu bere erabilerak zientziaren komunikazioan? Nola garatu benetan inklusiboa izango den zientziaren komunikazio eraginkorra? Hauek eta beste hausnarketa batzuk egin ziren Generoa eta zientziaren komunikazioa 2025 jardunaldian. Hogei adituk generoko ikuspuntua duen zientziaren komunikazioan interesatutako 1.650 lagunekin konektatu zuten: 209 bertan elkartu ziren, 1.450 streaming bidez.

Hirugarren jardunaldi honen izarra AA izan zen, bereziki AA sortzailea. Irekierako hitzaldian, zibersegurtasunean eta adimen artifizialean aditua den Esther Paniagua kazetari eta egileak Adimen Artifiziala, berez, ez dela adimentsua gogorarazi zuen, «probabilitateetan oinarritutako loro bat baizik, edukiak berrahoratu eta errepikatzen dituena». 

«Arazoa zera da, prozesuan alborapenak egiten dituela», gaineratu zuen. 

adimen1. irudia: sarrera Generoa eta zientziaren komunikazioa 2025 jardunaldira. (Argazkia: Iñigo Sierra – EHUko Kultura Zientifikoko Katedra – CC BY-NC 4.0 lizentziapean)

Beste faktore batzuen artean, Deustuko Unibertsitateko Psikologiako doktorea den Ujue Agudok azaldu zuen bezala, «beti ez delako eraginkorra eta objektiboa, ezta neutrala ere; mundua ikusteko duen era bere jabearen ikuspegian oinarritzen da». 

Eta hori algoritmoen alborapenetan islatzen da, «batez ere generokoetan, baina baita beste batzuetan ere, etniakoak eta adinekoak, esaterako», gogorarazi zuen Esther Paniaguak. Erabiltzen dugunean, zoritxarrez, jatorrizko arazoa okertu besterik ez da egiten, Paniaguak adierazi bezala: «AA komunikatzeko erabiltzean, alborapenak errepikatzeko, larriagotzeko eta betikotzeko arriskua dago». Eta ez gara beti horretaz ohartzen. Arriskua bereziki larria da etorkizunari begira, «urtebete edo urte t’erdi barru online dagoen edukiaren % 90a AAk sortutakoa izango dela kalkulatzen baita». 

Zientziaren komunikazioan AAren erabilerak ekar ditzakeen arazoetako bat besterik ez da hau. Esther Paniaguak beste hainbat aipatu zituen: «Sinesgarritasunaren eta konfiantzaren galera AAren alborapenetan erortzean; sortzen ditugun edukien eta hartu-emanen murrizketa, populazioaren parte bat ez delako ordezkatua sentitzen; zientzia-ekarpenen desitxuratzea; eta zeure izenari egin diezaiokezun kaltea».  

Gauzak esateko eta irudikatzeko era garrantzitsua da

Adimen Artifizialak era askotako genero-alborapenak egiten ditu eta jardunaldian zehar adibide ugari eman eta aztertu zituzten hizlariek. Hauek, testuak egitean agertzen dira, jakina, baina baita irudiak, bideoak edo sorkuntza proposamenak egitean ere. «Ahozko hizkuntzan zein multimodalean daudela, alegia. Kognizio edo ezagutza kontu bat da, ez hitzena», Iraide Ibarretxe-Antuñano Zaragozako Unibertsitateko Hizkuntzalaritzan katedradunak esan bezala.  

Hizkeraren kontura, Euskal Herriko Unibertsitatean Hizkuntzalaritzan doktorea den Laura Vela-Plok «hitz egiteko dugun modua garrantzitsua dela» adierazi zuen, «hizkera inklusiboa aldaketa sozialaren eragile izan daitekeela». Erabiltzen ditugun hitzek ondorioak dituztela ohartarazi zuen Vela-Plok: «Normalean, esamoldeak maskulinoan irakurtzen ditugunean, gizonezkoak imajinatzeko joera dugu».  

Apur bat lehenago, EHUko Kultura Zientifikoko katedrako zuzendariak, Iker Badiolak, erabiltzen dugun hizkuntza eta etorkizuna lotu zituen: «Gauzak esateko dugun moduak eragina du baloreetan, jendearen ilusioan eta gizartearen ikusmoldeetan». 

Bere aldetik, Iker Merchan EHUko doktoreak eta Kazetaritza Matxistaren Behatokiaren sortzaileak komunikabideetan ikusitako «ageriko diskriminazio kasuak» erakutsi zituen, ondorengo hausnarketari bide emanez: «Kazetaritza aldatzea lortzen badugu, beharbada gizartea aldatzeko ekarpena egingo dugu». 

Behatokiak matxismo motak sailkatzeko erabiltzen dituen bederatzi kategorietatik hiru nabarmendu zituen Merchanek:«Gehien ikusten direnak dira eta zientziaren komunikazioan ere agertzen dira: zientzialariak izendatzeko eran ezberdintasunak; emakume hitzaren erabilera erredundantea; eta emakumeen lorpenak ezkutatzeko joera».  

Alborapenez josita dagoen AA

Bai Esther Paniaguak zein Ujue Agudok Adimen Artifizialak egiten dituen alborapenen adibide asko aipatu zituzten. 

Paniaguak UNESCOren txosten bat erabili zuen, esate baterako, lan-arloan eragin handia duten estereotipoen berri emateko, emakumeei eta gizonei aldez aurretik pentsatutako rol eta gaitasun ezberdinak emateko erabiltzen direnak. UNESCOren arabera, «AA sortzailearen aldaera desberdinetan islatzen diren genero estereotipo atzerakoien froga kezkagarriak ikus daitezke oraindik». Bide beretik jarraituz, nagusitzen ari diren beste batzuk ere aipatu zituen, esate baterako «gizonezkoak eta emakumezkoak ezaugarritzean egiten den beste alborapen mota bat: diskriminazio deskribatzailea». 

Ujue Agudok automatizazio-alborapenak ere aipatu nahi izan zituen. Alborapen hauen bidez, erabakiak AAren eskuetan lagatzeko joera dago, hartzen dituen neurrien zuzentasunari, edo zuzentasunik ezari, erreparatu gabe. Hainbat adibide jarri zituen, esandakoaren lekuko: Gazan zer bonbardatu erabakitzeko AAren erabilera; gizarte-laguntzaren bat jasotzeko gai nor den erabakitzeko algoritmoa; preso baten askatasunari buruz erabakitzeko; edota lanpostu bat ezinbestekoa den ala ez erabakitzeko (nor kaleratu erabakitzeko, alegia). 

Adibide hauen guztien ondoren, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Filosofia Departamentuko Gobernantza eta Etikako ikertzaile den Lucia Ortiz de Zaratek «AA feminista bat sortzeko beharra» aldarrikatu zuen, «egun teknologiaren aurrean lo-ibiltzen bezala ari garela ikusita». Honen kontura, «AAren ustezko neutraltasunari buruzko diskurtsoek ezer ez egitera garamatzatela» ohartarazi zuen. 

Teknologiaren neutraltasunari buruzko mitoari buruz ere jardun zuen Ortiz de Zaratek, «honetan neutrala izatea ez dela desiragarria» azpimarratuz, «denok hitz egiten dugulako posizio batetik edo bestetik eta berdintasunerako bidean ezin delako epela izan». 

Zientziaren komunikazio inklusibo baterako proposamenak

Orduan, behin AAren ezarpen masiboak genero-alborapenen ikuspuntutik dituen arazoak, arriskuak eta ondorioak ezagututa, nola garatu benetan inklusiboa izango den zientziaren komunikazio eraginkorra? Nola bihurtu komunikazioa eraldaketa sozialaren eragile? Zer nolako estrategiak eta ekintzak jarri martxan egun oraindik indarrean dauden dinamikak iraultzeko?  

Zientziaren Komunikazioa2. irudia: maiatzaren 15ean Bilbon izandako Generoa eta zientziaren komunikazioa 2025 jardunaldiaren momentu bat. (Argazkia: Iñigo Sierra – EHUko Kultura Zientifikoko Katedra – CC BY-NC 4.0 lizentziapean)

Rafael Orbegozok, Iberdrolaren izenean, galdera hauek behar batean laburtu zituen ekitaldiaren hasieran: «Algoritmoa hitz maskulinoa da, baina ahal dugun guztia egin behar dugu hori errealitate bihur ez dadin».  

Ondorengoak, Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldiaren hirugarren edizioak norabide horretan proposatutako hainbat neurri dira:  

Ujue Agudo: «AA gainbegiratu ahal izateko prozesuaren nondik-norakoak ikertu eta teknologia honen bidez erabakiak hartzeko erari buruzko eztabaida ireki». 

Gisela Baños: «Adimen Artifizialak hezi, edota alborapenak gainditzen irakatsi pertsonei». «Etorkizuna ez da goazen leku bat, etorkizuna eraikitzen ari garen zerbait da». 

Esther Paniagua: «Pentsamendu kritikoa erabili dezagun, kolokan jar ditzagun emaitzak eta genero-alborapenik egin ote den gainbegiratu dezagun; ez ditzagun gehiegi erabili tresna hauek; geure burubideaz fida gaitezen; gardentasuna eta ikuskaritzak exijitu ditzagun; eta zehaztasunez eta profesionaltasunez joka dezagun. Heziketa da erantzuna». 

Lucia Ortiz de Zarate: «Teknologiarekiko zentzu kritikoa garatu; eta algoritmoak elikatzeko erabiltzen diren datu-baseak adierazgarriak direla, eta programatzaile taldeak anitzak, bermatu». 

Zientziaren komunikazio inklusiboa lortzeko bidean kontzeptuak edo pautak asko erabili ziren egunean zehar. Horietako adibideak heziketa, gardentasuna, ebaluatzea, gainbegiratzea, pentsamendu kritikoa, aniztasunaren ispilu izango diren algoritmoak sortzea eta zehaztasuna eta profesionaltasuna izan ziren. 

Komunikazioaren garrantzia

EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak, Gotzone Barandikak, jardunaldi hauen garrantzia goraipatu zuen, «inertziak edo joerak gainditzeko balio dutelako, emakume ikerlariak protagonista bezala aurkezteko eta baita zientziaren komunikazioa barneratzaileagoa eta bidezkoagoa egiteko tresnak jasotzeko ere».  

«Elkartasun-jarduna» den zientziaren komunikazioa, Clare Wilkinson UWE Bristol-eko Unibertsitateko ikertzaileak ezaugarritu zuen bezala, nahiz eta oraindik ez den komunikazioaren espektro osora zabaldu.  

Honen harira, kazetarien eta emakume zientzialarien arteko komunikazioa falta dela adierazi zuten Salamancako Unibertsitateko Patricia Sanchez Holgado eta Laura Rodriguez Contreras ikerlariek: «Harreman handiagoa behar da zientzialarien eta kazetarien artean. Emakume zientzialarien lanari buruzko ezjakintasun handia dago».   

Eta lan hori gehiegitan ez dela behar bezala aintzat hartzen azaltzeko, Murtziako Unibertsitatean Komunikazio Audiobisualean doktore eta irakasle den Susana Torradok «gizonezkoen mesedetan ezabatutako emakumezkoen ekarpenak» eta «nabarmen hobetu behar diren aipamen patroiak» aipatu zituen.  

Entzule mota berriak erakarri

Jardunaldia «geure zirkulutik haratago komunikatzeko gida baten zirriborroa egitea» helburu zuen eztabaida eta hausnarketa mahai batekin itxi zen. 

Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle eta Mujeres con ciencia blogaren editore den Marta Macho matematikariak eta Maria Pilar Rodriguezek, Deustuko Unibertsitatean irakasle eta Komunikazioaren ikerlari denak zuzendutako eta aberastutako azken panel honek sei zientzialariren ekarpenak jaso zituen: Luisa Etxenike idazlea, Javier Armentia astrofisikaria, Victoria Toro kazetaria, Oihan Iturbide biologoa eta Capitolina Diaz eta Jorge Sola soziologoak.    

Ekitaldi hauek publiko mota bera erakartzen dutela aitortu zuen Luisa Etxenikek, «batez ere emakumeak, eta adinez nagusiak», eta errealitate honen ondorioei buruz gogoeta egin beharko litzatekeela adierazi zuen. 

Marta Machok mezua indartu eta eztabaidari ateak ireki zizkion: «Gazte gutxi dago. Bada garaia gai honi heltzeko». Ekitaldi hauetara publiko berriak erakartzeko beharraz gain, «aniztasunaren, enpatiaren eta eraldaketa sozialaren aldeko etengabeko borrokaren garrantzia» nabarmendu zituen Marta Machok. 

Lehentasun demokratikoa

Jardunaldiaren azkeneko mahaiak oinarrizko beste galdera hau planteatu zuen: “Genero desberdintasunak emakumeengan bakarrik du eragina?”.  

«Genero desberdintasunak gizarte osoari dagokio», erantzun zuen Luisa Etxenikek. «Honek erakusten du nolakoa den gizartearen osasun demokratikoa. Generoaren kontuak lehentasun demokratikoa dira».  

María Pilar Rodríguezek hari edo giltzarri honi heldu zion: «Demokrazia buruan dugula egiten badugu hausnarketa, nahi dugun horretara hobeto hurbilduko gara. Ezberdintasuna islatzen duen edo ezberdintasunean eragina duen gai bakar bat ere ez da neutrala». Rodriguezek «oraindik ere aldarrikatu beharra» dagoen ideia bat bota zuen jarraian: «Ez dugu berdintasuna lortu. Ezberdintasunaren jarraitutasun izugarria dago oraindik».  

«Generoa ezinbesteko bihurtu behar dugu normalean ez den lekuetan. Lehiaketa publiko bat erabakitzen denean, esate baterako, generoa kontuan izan ez duten proiektuak atzera bota beharko lirateke», adierazi zuen Deustuko Unibertsitateko ikerlariak. 

Iker Badiolak ere demokraziaren ideiari buruzko ekarpena egin zuen, garrantzia eta indarra emanez Generoa eta zientziaren komunikazioa jardunaldia bezalako ekimenei: «Zientzian sendo dabilen gizartea demokratikoagoa, berdinagoa eta justuagoa da. Horregatik da hain garrantzitsua mezuak balore horiek jasotzea».   

Egileez:

EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitatea.

 

The post Adimen Artifiziala hezi genero-alborapenik gabeko etorkizuna izateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #544

Sat, 2025/06/14 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Ondoren hezur-muina osatuko duten zelulen alterazio epigenetikoak mieloma anizkoitzaren atzean daude, odoleko minbizi mota bat. Terapia berri batek errotik erasotzen dio arazoari. Targeting aberrant DNA methylation in mesenchymal stromal cells as a treatment for myeloma bone disease, Marta Irigoyen.

Adimen artifiziala ikerketa zientifikoa aldatzen ari da. Eta datu esperimentalak ere ez dira behar entrenatzeko. What happens when you feed a neural network with millions of synthetic black hole data sets

Lurreko leku batean klima-aldaketa zuzenean ikus badaiteke Groenlandia da toki hori. The melting ice caps of Greenland reveal the true extent of climate change, Alejandro Gómez Pazo, Marc Oliva eta Xosé Lois Otero Pérez.

Benzoditiofenoak elektronika organikoaren konposatu kutunak dira. Orain, DIPCko jendeak aurkitu du nola erabil daitezkeen tenperatura eta bere barne-egitura eguzki-energiaren sorrera optimizatzeko. The secret structures of benzodithiophene polymers unlock solar energy

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #544 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Artearen elementu kimikoak

Fri, 2025/06/13 - 09:00

Elementu kimikoek kolorea ematen diote artearen historiari. Burdina, kobrea, beruna edo kromoa ez dira soilik laborategietan erabiltzen diren substantziak; milaka urtez margolariek eta artisauak kolorea sortzeko erabili dituzten oinarrizko osagaiak dira. Burdin oxidoaren gorritik hasi eta Egiptoko urdin sintetikora arte, pigmentuak zientzia, teknologia eta sormenaren arteko elkargune bihurtu dira.

Oskar Gonzalez Mendia Kimika Analitikoan doktorea da, eta bere hitzaldian “Artearen elementu kimikoak”, kolorearen jatorri kimikoa eta horrek historian izan duen garrantzia azaltzen du. Burdinaren oxidazioa, Prusia urdinaren kasualitatez egindako aurkikuntza, eta pigmentu toxikoen erabilera (berun zuri edo kromo horia, besteak beste) bezalako adibideek erakusten dute kimikak zer nolako eragina izan duen artelanen sorkuntzan. Goyaren edo Van Goghen lanetan erabili diren koloreak ez dira ausaz hautatu: aukera teknologiko eta zientifikoen isla dira.

Hitzaldiak azaltzen du, halaber, pigmentuak ez direla soilik mineraletatik ateratzen: intsektuak, landareak eta itsasoko moluskuak ere erabilita sortu izan dira koloreak historian zehar. Teknikaren garapenaren adierazgarri dira pigmentu horiek, eta horien bitartez jakin dezakegu zibilizazio batek zer nolako ezagutza zuen kimikaren arloan. Koloreak, beraz, ez dira efektu estetiko hutsa: zientziaren eta artearen arteko lotura sakon baten lekuko dira.



Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2024-2025 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

The post Artearen elementu kimikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Urte osoko ardura

Thu, 2025/06/12 - 09:00

Urte osoko ardura (2025) liburuaren istorioa urtarrilaren lehenean hasten da, Edur eta Eder sagutxoek Zurtxo izeneko arbola hiztunarekin topo egiten dutenean. Hasierako harridura atzean utzita, urte osoan zehar bisitan joateko konpromisoa hartzen dute. Eta hor hasten da abentura: urtaroak aurrera egin ahala, bi lagunek Zurtxoren bizitzaren zikloa ezagutuko dute, elur eta euri urak nola xurgatzen dituen, udaberrian nola loratzen den, udan fruituak ematen dituen eta udazkenean hostoak galtzen dituen ikasiz.

Urte osokoIrudia: Urte osoko ardura liburuaren azala. (Iturria: Pamiela Argitaletxea)

Leo Lionnik sortutako fabula honek natura behatzeko eta zaintzeko ikuspegia eskaintzen du, haurrak hilabeteen eta urtaroen logikarekin ohitzeko bide ederra emanez. Albumaren formatu originalak eta tonu epelak aukera paregabea ematen dute irakurle txikienak ingurumenaren erritmoaz kontzienteago bihurtzeko. Natura ez da liburuan agertzen den eszenatoki hutsa: bertako protagonista aktibo bilakatzen da, gure arduraren isla.

Liburu honen bidez, urteko denboraldien zikloarekin batera adiskidetasunaren, errespetuaren eta zaintzaren balioak ere irakasten dira. Haurrek Zurtxoren bizitzaren bidez ikasten dute naturak erritmoak dituela, eta guk, gizakiok, horiekin bat egin behar dugula.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Urte osoko ardura
  • Egilea: Leo Lionni
  • Argitaletxea: Pamiela Argitaletxea
  • Itzulpena: Manu López Gaseni
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2025
  • Orrialdeak: 32
  • ISBNa: 9788491724155
Iturria:

Pamiela Argitaletxea: Urte osoko ardura

The post Urte osoko ardura appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hirietan klima aldaketari aurre egiteko estrategiak

Wed, 2025/06/11 - 09:00

Bero bolada gero eta gogorragoetara egokitzeko, hirietan zuhaitzen eta eguzki panelen konbinazioa estrategia onena dela ondorioztatu du gaiari buruzko ikerketa batek.

Nazio Batuen arabera, gaur egun pertsonen % 55 hirietan bizi dira, eta, dauden joerak aintzat hartuta, 2050. urterako kopuru hori % 13 haziko da. Hortaz, horietan biztanle andana eta jarduera ekonomiko handia pilatzen direla aintzat izanda, agerikoa da klima aldaketak hirietan izango duen eraginagatik sortzen den interesa; ohi bezala, ezagutza hutsez harago doan kontua da, eta, horregatik, egoera berrietara ahalik eta ondoen egokitzeko mekanismoen bila ari dira mundu osoko milaka ikertzaile.

PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean, norabide horretan beste pauso bat eman dute. Bertan, klima aldaketarekin batera gero eta gehiago gertatzen ari den hirien beroketari aurre egiteko azpiegitura eraginkorragoen gaineko azterketa argitaratu dute.

Hirietan1. irudia: beroketari aurre egiteko, emaitza onenak lortu dituzten elementuak kaleko zuhaitzak eta eguzki panelak dira, ikerketaren arabera. (Argazkia: Karl Callwood/ Unsplash)

Egileek ikusi nahi izan dute zeintzuk diren etorkizunerako aurreikusten diren berotze agertokien arabera hirietan erabilgarriagoak izan daitezkeen estrategiak. Ipar Amerikako hiru hiri aztertu dituzte, ikerketa Phoenix, Toronto eta Miami hirietan oinarrituz. Ingurune horietan muturreko bero boladei aurre egiteko bost estrategia aztertu dituzte: kaleko zuhaitzak, teilatu freskoak, teilatu berdeak, eguzki panelak eta zoru islatzaileak. Azterketa egiteko, hiru irizpide nagusi hartu dituzte kontuan: kanpoko bero estresa, aire girotuaren energia kontsumoa eta airearen kutsaduraren aireztapena.

Ondorioztatu dute hiru irizpide horien arabera onargarria izan daitekeen estrategia bakar bat ez dagoela. Halere, emaitza onenak lortzen dituzten biak kaleko zuhaitzak eta eguzki panelak dira.

Kaleko zuhaitzei dagokienez, atzean dagoen arrazoia oso logikoa da: itzala ematen dutenez, kanpoko bero estresa murrizten dute. Horretarako, zuhaitzak guztiz egokiak dira: beste estrategiak baino lau aldiz eraginkorragoak, hain zuzen ere. Hala, ikusi dute Phoenixekoa bezalako klima lehor batean zuhaitzek muturreko bero estresa egungo mailetara jaitsi dezaketela, IPCCren txostenean XXI. mendearen amaierako marraztu egin den agertoki okerrenean ere (RCP 8.5). Onura handi horiek aurkitu dituzten arren, ñabardura bat jarri diete zuhaitzei: aireztapena oztopatzen dute, eta horrek kale mailan kutsaduraren metatzea eragiten du. Iradoki dute auto elektrikoen erabilera handitu ahala arazo hori arinduko dela, halere.

Elementu natural batetik elementu artifizial batera igaroz, eguzki panelek —%30eko eraginkortasunarekin—, aire girotua elikatzeko moduko energia nahikoa sortzen dute, eta, biltegiratze egokiarekin konbinatuz gero, bero boladetan sortzen den energia eskaria guztiz ase egin dezakete. Dena dela, bero estresa gutxi murrizten dute panel hauek. Zeregin horretan erabilgarriagoak dira teilatu hotz eta berdeak, bero estresa zein energia kontsumoa neurriz murrizten dutelako.

Teilatu hotzek albedoa handitzen duten azalerak dira; hots, eguzkiaren argia islatzen dutenak, eta, ondorioz, tenperatura gutxiago xurgatzen dute. Gaur egun salgai diren materialen ezaugarrien arabera egin dituzte kalkuluak. Horiek ez badira lantzean behin garbitzen, ordea, zikindu daitezke, bai eta kolorea galdu ere, eta horrek beren eraginkortasuna txikitu dezake.

Hirietan2. irudia: teilatu berdeen kasuan, ohartarazi dute horiek ureztatzeko beharra dagoela ondo mantendu daitezen. (Argazkia: CHUTTERSNAP / Unsplash)

Beste horrenbeste gertatzen da zoru isolatzaileekin. Kasu honetan, ordea, zoruan ezartzen den elementua izanik, hartu ahal duten argitasun mailak beste muga bat ezartzen du: bisuala, hain zuzen. Gehiegizko argitasuna oztopo izan baitaiteke hirietan egunero gertatzen diren jardueretarako. Azkenik, teilatu berdeak begetazioz estalitako elementuak dira, eta, tenperatura orekatzen lagundu badezakete ere, aintzat hartu behar da horiek ureztatzeko beharra dutela onik mantentzeko.

Ikerketak dio zuhaitzen eta eguzki panelen konbinazioa dela aukerarik eraginkorrena. Modu berean, klima aldaketaren aurkako borrokan ere lagungarriak direla azpimarratu dute, zuhaitzek karbono dioxidoa xurgatzen dutelako, eta eguzki panelek argindar garbia sortzen dutelako.

Ikerketan batere ondo ateratzen ez den estrategia zoru islatzaileena da, ia-ia onurarik ikusten ez dietelako. Are, kontrako norabidean doan efektua ere izan dezakete: eguzki izpiak islatzen dituztenean, batzuetan, bero estresa areagotu dezaketelako.

Egileek ondorioztatu dute kaleetan zuhaitzen itzala etengabe eskaintzeak eta hiri eraikin guztietan teilatuko eguzki panelak gehitzeak “muturreko beroaren eragina murriztuko lukeela pertsonengan”, ikerketaren berri ematen duen prentsa ohar batean adierazi dutenez.

Beraz, ikertzaileek hirietan zuhaitzak landatzea gomendatu dute, batez ere eraikin altuek emandako itzal gutxi duten kaleetan. Dena dela, ohartarazi dute aintzat hartu behar direla ere ur eskuragarritasuna, zuhaitzek behar dituzten mantentze lanak eta —kaleen aireztapenari begira— aire kalitatearen beharra. Batez ere klima lehorretan, zuhaitzen ureztatzea mantentzeko gaitasuna kontuan hartu beharrekoa dela ohartarazi dute. Modu berean, aire kutsatzaileen aireztapen murrizketa aintzat hartu beharreko faktoretzat jo dute. Hori dela eta, estrategia hauek hiri bakoitzaren beharretara egokitu behar direla diote, uholde arriskua edota neguan izan daitezkeen eraginak bezalako faktoreak ere aintzat hartuz. Modu berean, energia kontsumoa ase egiteko eguzki panelak instalatzeko gomendioa egiten dute.

Zientzialariek aurreratu dute etorkizuneko ikerketetan bestelako ondorio eta aldagaiak aztergai izango dituztela, gaiaren inguruko ikuspegi osatuagoa lortu aldera. Tartean, esku-hartze bakoitzaren kostuak, osasunari lotutako inpaktuak edota hiri diseinuaren aniztasuna.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jiang, Timothy; Krayenhoff, E. Scott; Martilli, Alberto; Nazarian, Negin; Stone Jr., Brian; Voogt, James A. (2025). Prioritizing urban heat adaptation infrastructure based on multiple outcomes: Comfort, health, and energy, Proc. Natl. Acad. Sci. U.S.A.122 (un19) e2411144122. DOI: 10.1073/pnas.2411144122

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Hirietan klima aldaketari aurre egiteko estrategiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

3D-ko objektu birtual ukigarriak

Tue, 2025/06/10 - 09:00

Film askotan pertsonen eta proiektatutako hiru dimentsioko objektuen arteko elkarrekintzak ikus ditzakegu. Gaur egun arte, esperientzia hori fikzioan soilik gertatzen zen, baina orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertalde batek ukitzean erreakzionatzen duten 3D-ko grafiko birtualak garatu ditu. Ikertzaileek aurkikuntza 2025eko CHI konferentzian erakutsi dute, non Microsoft, Meta, Apple eta Adobe enpresek teknika eta gailu interaktiboetan egindako azken aurrerapenak aurkezten dituzten.

Jaio garenetik elkarrekintzan bizi gara hiru dimentsioko errealitate batekin. Bizitzan zehar ukimena, ikusmena, entzumena, usaimena eta dastamena erabiliz ezagutzen ditugu gure ingurunea eta hura konposatzen duten 3D-ko elementuak. Hogeigarren mendean lehenengo ukipen-pantaila bidimentsionalak garatu zituzten. Teknologia berri hauek erabiliz, botoiak hatzarekin zuzenean sakatu, ikonoak mugitu edo objektu bat bi hatzekin biratu genezakeen, bizitza errealean paperezko orri bat biratuko genukeen bezala. Baina sistema hauek gizaki-pantaila elkarrekintza bi dimentsiora mugatzen dute, eta horrek bizitza errealetik urruntzen du teknologia.

3DIrudia: bi erabiltzaile 3D-ko kranio bat aztertzen. Erabiltzaile bat begi-zuloa ukitzen ari da. (Argazkia: Iñigo Ezcurdia, 2025)

Paraleloki, 1962 urtean, Michigan Unibertsitateko Emmett Leith eta Juris Upatnieks ikertzaileek objektu errealak simulatu zituzten hiru dimentsioko irudiak eta argi-izpi teknologia konplexuak erabiliz1. Aurrerapen honi esker, aurrekaririk gabeko holograma sakon eta errealak lortu ahal izan ziren, eta holografia modernoaren mugarri nagusia ezarri zen horrela. Ordutik, 3D-ko grafiko birtualak dozenaka filmetan agertu dira, pertsona eta objektu gisa, kasu askotan inguruko pertsona fisikoekin elkarreraginean. Baina, gaur egun arte, hori fikzioan baino ez zen gertatzen; orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertalde batek munduko lehen 3D-ko objektu birtual interaktiboa izan zitekeena garatu du2.

Pantaila bolumetrikoaren funtzionamendua

Ikertaldeak, objektu tridimentsional birtual interaktiboak lortzeko, ez du hologramen teknologia erabili, baizik eta pantaila bolumetrikoen teknologia; “filmetan ikusten duguna eta hologramak deitzen ditugunak pantaila bolumetrikoak dira gehienetan”, dio Elodie Bouzbius-ek, ikerketaren lehen egileak. “Pantaila bolumetrikoak airean agertzen diren grafikoak dira, eta hainbat angelutatik ikus daitezke, errealitate birtualeko betaurrekoen beharrik gabe”. Gainera, teknologia mota hau bereziki interesgarria da; izan ere, ‘etorri eta elkarri eragin’ paradigma ahalbidetzen duelako; hau da, “erabiltzailea gailu batera hurbildu eta erabiltzen hasi daiteke, besterik gabe”, dio ikertzaileak.

Iraganean, teknologia honen bitartez bi dimentsioko objektuak hiru dimentsiora pasatzeko, 2D-ko xafla bat gorantz eta beherantz ekortzen zen eta han objektuaren bi dimentsioko ebaketak proiektatzen ziren altuera desberdinetan. Xafla abiadura handiz mugitzean, objektuaren ebaketak lausotu egiten ziren eta, horrela, 3D-ko forma jarraitu bat zirudien. Baina, lehen egilearen hitzetan, “arazoa da xafla zurruna izan ohi dela, eta eskuarekin edo beste objektu batekin ukitzean hauts daitekeela edo min egin dezakeela”. Hori konpontzeko, xafla zurrunaren ordez ikertaldeak tira elastiko ilarak erabili zituen, propietate optikoak eta mekanikoak zehazteko hainbat material probatu ostean. Teknologia honen erronka nagusia da “material elastikoak deformatu egiten direla eta irudi-zuzenketa behar dutela”, gehitzen du Bouzbius-ek.

Youtubeko gailuaren erakusketa-bideoa Tamaina eta potentzial handiak

Garatutako teknologiak, beste proiekzio-sistema tridimentsionalekin alderatuta, tamaina handiko objektu birtualak erakusteko aukera eskaintzen du; izan ere, ilara elastikoz osatutako pantailak 19 cm-ko zabalera eta 8 cm-ko sakonera du, zapata-kaxa baten antzera. Garatutako objektu birtual tridimentsionalen funtzionamendua aztertzeko, ikertzaileek hemezortzi pertsonarekin probatu zuten teknologia. Erabiltzaileek, hatzak erabiliz, elementu birtualak hautatu, mugiarazi eta askatu ahal izan zituzten. Gainera, abiadura eta zehaztasun handiagoz marraztu ahal izan zituzten objektu birtualen ibilbideak. Oro har, 3D-ko objektu birtualak erraztasun eta naturaltasun handiz erabiltzeko modu paregabea dela ondorioztatu zuten erabiltzaileak, eta haietako asko harritu egin ziren gailua ukimenerako atsegina izateaz.

“Pantailak eta gailu mugikorrak egunero erabiltzen ditugu lan egiteko, ikasteko edo entretenitzeko. Zuzenean manipula daitezkeen hiru dimentsioko grafiko birtualek aplikazio asko dituzte. Teknologia bereziki erabilgarria da hezkuntzan, non motor baten piezak modu errazean bistara daitezkeen, eta museoetan, non bisitariek artelanetara hurbildu daitezkeen eta haiekin elkarreraginean aritu. Gainera, hainbat erabiltzailek lankidetzan jardun dezakete errealitate birtualeko betaurrekoen beharrik gabe”, azaldu du ikertaldeak.

Feedback positiboarekin batera erabiltzaileek proposamen ugari eskaini zizkieten ikertzaileei: esaterako, robot kirurgikoentzako kontrol-panelak eraikitzea, edo Internet bidezko salgaiak 3D eran ikusi ahal izatea erosi aurretik. Hala ere, nahiz eta garatutako teknologiak tamaina handiagoko pantailak lor ditzakeen lebitazioan oinarritutako antzeko sistemekin alderatuta, ikertzaileek hainbat arazo aurki ditzakete gailuaren tamaina handitzean. Beraz, aurreikus daiteke teknologia honek aukera gutxi dituela filmetako holograma erraldoiak lortu ahal izateko. Edonola dela, gaur egun teknologia garatzen jarraitzen dute ikertzaileek, eta Bouzbiusek ukipenezko berrelikadura gehitu nahi dio pantailari: “objektu birtualak ukitzean uhin ultrasoniko sorta kontzentratu batek sentsazioak sor ditzake erabiltzailearen hatz-mamietan”, dio zientzialariak. Gainera, ikertaldea ilara elastikoen ordez beste material batzuk erabiltzeko aukera aztertzen ari da; hain zuzen ere, dagoeneko gas-geruza bat erabiltzen ari dira objektu tridimentsionalak proiektatu eta airean dauden grafikoekin elkarrekintza are arinagoak lortzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

[1] Leith, Emmett N.; Upatnieks, Juris (1964). Wavefront Reconstruction with Diffused Illumination and Three-Dimensional Objects. Journal of the Optical Society of America, 54, 1295-1301. DOI: 10.1364/JOSA.54.001295

[2] Bouzbib, Elodie; Sarasate, Iosune; Fernández, Unai Javier; Fernández, Ivan; Lopez-Amo, Manuel; Ezcurdia, Iñigo; Marzo, Asier (2025). FlexiVol: a Volumetric Display with an Elastic Diffuser to Enable Reach-Through Interaction. Proceedings of the 2025 CHI Conference on Human Factors in Computing Systems, 977, 1–16. DOI: 10.1145/3706598.3714315

Informazio gehiago:

Youtubeko gailuaren erakusketa-bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=4wwKOXxX9Ck

Youtubeko aurkezpen-bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=trQWfmH2OO4

Egileaz:

Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.

The post 3D-ko objektu birtual ukigarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola aldatu zuen fisika goitik behera Noetherren teoremak

Mon, 2025/06/09 - 09:00

Emmy Noetherrek erakutsi zuen funtsezko fisikaren legeak simetria sinpleen ondorio bat besterik ez direla, eta, mende bat geroago, bere ideiek fisika arautzen jarraitzen dute.

Noetherren teoremak1. irudia: Emmy Noether fisikaria. (Ilustrazioa: Kristina Armitage/Quanta Magazine)

1915eko udazkenean, fisikaren oinarriak pitzatzen hasi ziren. Einsteinen grabitatearen teoria berriaren arabera, bazirudien energia sortzea eta suntsitzea posible zela, eta ideia horrek fisikaren esparruan bi mendez indarrean egon zen pentsamendua hankaz gora jar zezakeen.

Einsteinen teoria erlatibitate orokorra izenez ezaguna da, eta espazioaren eta denboraren esanahia goitik behera aldatu zuen. Espazioak eta denborak unibertsoko gertakarien testuingurua izateari utzi eta berezko pertsonaia bihurtu ziren, eta materia eta energia daudenean okertzeko, hedatzeko eta uzkurtzeko gai ziren.

Espazio-denbora aldakor horren arazoa da bere barruko energiaren dentsitatea aldatu egiten dela hedatu eta uzkurtu egiten den heinean. Hortaz, fisika osoa deskribatzeko erabiltzen zen energiaren kontserbazioaren lege klasikoak ez zeukan tokirik esparru horren barruan. David Hilbertek, garai hartako matematikari ospetsuenetariko batek, arazo hori azkar identifikatu zuen eta Felix Klein bere lagunarekin batera erlatibitatearen balizko akats hori konpontzen saiatu zen. Ezin izan zuten ebatzi, eta, hortaz, Hilbertek bere laguntzaileari, garai hartan 33 urte zituen Emmy Noetherri, helarazi zion arazoa.

Noether laguntzailea zen, baina izenez bakarrik. Dagoeneko sekulako matematikaria zen 1915aren hasieran, Hilbertek eta Kleinek haiekin batera Gotingako Unibertsitatean lan egitera gonbidatu zutenean. Fakultateko beste kide batzuk, ordea, emakumezko bat kontratatzearen aurka agertu ziren, eta Noetherrek ezin izan zuen fakultatean sartu. Hala eta guztiz ere, fisika eta matematika bereizten dituen muga presionatzen eman zituen hurrengo hiru urteak, eta, azkenean, funtsezko fisikaren oinarriak astindu zituen lurrikara bat eragin zuen.

1918an, Noetherrek bere ikerketaren emaitzak funtsezko bi teoremetan argitaratu zituen. Batean, espazioko eremu txikietako kontserbazio legeak azaldu zituen, eta hori matematikaren arloko lorpen esanguratsua izan zen, aurrerago eremu teoria kuantikoaren simetriak ulertzeko oso garrantzitsua izan baitzen. Beste teorema, berriz, gaur egun Noetherren teorema izenez ezaguna da, eta, horren arabera, kontserbazio lege bakoitzaren atzean simetria sakonago bat dago.

Matematikan erabiltzen diren terminoen arabera, simetria bat sistema batean egin dezakeguna da, hura aldatu gabe. Har dezagun kontuan errotazioa; triangelu aldeberdin bat hartzen badugu, 120 graduko multiploetan biratu dezakegu, itxura aldatu gabe. Biribil batekin egiten badugu, berriz, edozein angelutan biratu dezakegu. Ondoriorik ez duten ekintza horiek aipatutako formen azpian dauden simetriak erakusten dituzte.

Hala ere, simetriak formatik harago doaz. Imajina ezazu esperimentu bat egiten duzula, eta, ondoren, 10 metro ezkerrera mugitu eta berriro egiten duzula. Esperimentuaren emaitza ez da aldatuko, fisikaren legeak ez direlako toki batetik bestera aldatzen; horri translazio simetria esaten zaio.

Errepikatu ezazu esperimentua egun batzuk geroago. Emaitzak ez dira aldatzen, fisikaren legeak ez direlako denbora igaro ahala aldatzen; horri denbora translazioa esaten zaio.

Noether aipatutako simetriekin hasi zen, eta matematikaren arloko ondorioak aztertu zituen. Ezarritako fisika landu eta lagrangearra izeneko sistema fisiko bateko deskribapen matematiko bat baliatu zuen.

Noetherren teoremak2. irudia: Alemanian zeuden akademiko judu gehienekin gertatu bezala, Emmy Noether kaleratu egin zuten naziek boterea eskuratu zutenean. Aurrerago, urte berean, Estatu Batuetako Bryn Mawr College unibertsitatera joan zen, eta 1935ean hil zen, minbizi kirurgia baten ostean. 53 urte zituen. (Iturria: Bryn Mawr College unibertsitatearen artxiboa)

Alemanian zeuden akademiko judu gehienekin gertatu bezala, Emmy Noether kaleratu egin zuten naziek boterea eskuratu zutenean. Aurrerago, urte berean, Estatu Batuetako Bryn Mawr College unibertsitatera joan zen, eta 1935ean hil zen, minbizi kirurgia baten ostean. 53 urte zituen. Iturria: Bryn Mawr College unibertsitatearen artxiboa.

Une horretan, Noetherren intuizioa papereko sinboloetatik harago iritsi zen. Paperaren gainean, antzaz simetriek ez dute eraginik sistemaren fisikan, ez diotelako lagrangearrari eragiten. Hala ere, Noetherrek ikusi zuen simetriak garrantzitsuak izan daitezkeela matematikaren ikuspuntutik, sistema baten portaera mugatzen dutelako. Murriztapen hori zein izango litzatekeen zehazten saiatu zen, eta lagrangearraren matematiketatik aldatu ezin daitekeen kopuru bat atera zen. Kopuru hori kontserbatzen den ezaugarri fisikoari dagokio. Simetriaren inpaktua denbora guztian egon zen ezkutuan ekuazioen azpian, bistatik kanpo.

Translazio simetriaren kasuan, sistemaren guztizko unea ez litzateke inoiz aldatu behar. Denbora translazioaren simetriaren kasuan, sistema baten guztizko energia kontserbatu egiten da. Noetherrek deskubritu zuen kontserbazio legeak ez direla unibertsoaren funtsezko axiomak, baizik eta sakonagoko simetrietatik jaiotzen direla.

Ondorio kontzeptualak zailak dira puzten. XX. mende hasierako fisikariak harritu egin ziren konturatu zirenean denbora translazioaren simetria apurtzen duen sistema batek aldi berean energia kontserbazioa apur zezakeela. Orain badakigu gure unibertsoak hori egiten duela. Kosmosa oso azkar hedatzen ari da, eta unibertso primitiboko argia luzatzen ari da. Prozesuak argiaren energia murriztu egiten du denborak aurrera egin ahala.

“Noetherren teoremaren aurretik, energia kontserbatzeko printzipioa misterioz inguratuta zegoen”, azaldu zuen 1983an fisikari eta matematikari Feza Gürsey-ek. “… Noetherren formulazio matematiko sinple eta sakonak hein handi batean fisika desmitifikatzen lagundu zuen”.

Halaber, Noetherren teoremak mundu kuantikoan eragin du. 1970eko hamarkadan, zeregin garrantzitsua izan zuen partikula fisikaren eredu estandarra eraikitzean. Eremu kuantikoetako simetriek funtsezko partikulen portaera mugatzen duten legeak zehazten dituzte; adibidez, eremu elektromagnetikoko simetria batek partikulak behartzen ditu beren karga mantentzera.

Noetherren teoremaren botereak fisikariak inspiratu ditu simetria bilatzera, fisika berria deskubritzeko. Mende bat geroago, Noetherren ideiek fisikarien pentsamenduan eragiten dute.

“Noetherren teoremari dagokionez, oraindik asko falta zaigu ikasteko”, baieztatu du John Baez fisikari-matematikariak. “Sakontasun geruza ugari ditu”.

 

Jatorrizko artikulua:

Shalma Wegsman (2025). How Noether’s Theorem Revolutionized Physics, Quanta Magazine, 2025eko otsailaren 7a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Nola aldatu zuen fisika goitik behera Noetherren teoremak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #536

Sun, 2025/06/08 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ingurumeneko DNAIrudia: Congerdesign – Iturria: PixabayIngurumena

Ana Galarraga kazetariak Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu den artikulu bati erreparatu dio eta ingurumeneko DNAri esker, ia edozer gauza bila daitekeela planetan kontatu digu. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Florida Unibertsitateko zientzialariek frogatu dute aireak izaki bizidun ugariren aztarna genetikoak dituela. Airearen kalitatea monitorizatzeko erabiltzen diren iragazkiek DNA zatiak harrapatzen baitituzte; hau da, florak, faunak eta gizakiek askatutako DNA zati txikiak. Datu gehiago Elhuyar aldizkarian: Aireko informazio genetikoa modu erraz eta eraginkorrean baliatzeko aukera aurkeztu dute.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok, Kimikan doktoreak, aztarnak, ebidentziak eta frogak bereizi ditu auzitegi-zientziaren arloan. Krimenaren agertokian aurkitzen diren objektuak hasieran aztarnak dira; balizko hipotesiak sortzen dituzte. Aztarna hori krimenarekin objektiboki lotzen bada, ebidentzia bihurtzen da. Froga, berriz, epaileak prozesu juridikoan onartzen duen ebidentzia da. Ebidentziak jatorriaren arabera sailkatzen dira (biologikoak, ez biologikoak eta arrastoak), eta baita erabileraren arabera ere (zuzenak eta zirkunstantzialak). Azterketa horren bidez, krimenaren egilea identifikatu edo errugabeak absolbitu daitezke. Informazioa Zientzia Kaieran.

Biologia

Zahartzean, zelula batzuk hiltzeari uko egiten diote eta seneszente edo “zonbi zelulak” bihurtzen dira. Zelula hauek inguruko ehunak kaltetzen dituzte eta zahartzearekin lotutako gaixotasunak bizkortzen dituzte. Ikerketa berri batek, zelula hauek apoptosi bidez hiltzea lortu du botika selektiboekin, ornoarteko diskoen kalitatea hobetuz. Aurkikuntza honek adinekoen bizi-kalitatea hobetu dezake. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ekologia

Science aldizkarian argitaratu berri dute errinozeroen adarrak prebentzioz kentzeak ezkutuko ehizaren maila nabarmen gutxitzen duela. Nazioarteko ikerketa baten ondorioak dira eta Hego Afrikako 11 erreserbetan gauzatu da 2017tik 2023ra bitartean. Urte hauetan bildutako datuetan oinarritzen da ikerketa, eta emaitzek erakutsi dute errinozeroen adarrak mozteak ezkutuko ehiza murriztu zuela % 78  Afrikako Kruger Handiko erreserbetan. Xehetasunak Elhuyar aldizkariak, Egoitz Etxebesteren eskutik: Adarrak moztea da errinozeroak ehiza ilegaletik babesteko neurririk eraginkorrena.

Osasuna

Nora García Alonso fisioterapeutak duela gutxi bukatu du doktore-tesia, ariketa fisikoaren onurez COVID iraunkorra duten pazienteetan. Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroan garatutako ikerketan, pazienteek hobekuntza nabarmena izan zuten bizi-kalitatean eta indar fisikoan. Nora ikertzen eta irakasten jarraitzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta etorkizunean bi arlo horietan aritu nahi du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Fisika

2025 Kuantikaren urtea da. UNESCOk eman zion izendapena bi arrazoi direla medio: alde batetik, mekanika kuantikoaren  hasierako garapenaren 100 urte bete direlako aurten eta, bestalde, kuantikaren eta honen aplikazioen garrantziari buruzko ezagutza publikoa sustatzeko. Zeregin horretan dabil Aran Garcia-Lekue fisikaria eta DIPCko Ikerbasque irakaslea, Kuantikaren arloari buruz gizartean sortzen diren galderak erantzuten eta Berriako Itsaso Jauregi kazetariak erreparatu dio zereginari: Kuantikak aukera ematen du naturaren askotariko legeak ulertzeko.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #536 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #543

Sat, 2025/06/07 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Eta azkenean gertatzen bada continuumaren arazoa gai paleontologikoa dela? Wittgensteining the continuum (& 2): Is the continuum petrified?, Jesus Zamoraren eskutik.

Plastiko guztiak ez dira birziklagarriak. Eta birzikla daitezkeenek, hala nola PET direlakoak, prozesu eraginkorragoak behar dituzte tratatu ahal izateko, konplexuak direlako. A new recycling approach to complex plastic waste, Izotz Amundarain.

Zenbaki lehenen bilaketak interes matematiko hutsa du, baita teknikoa ere. Teknologia bilatzaileen profila aldatzen ari da. Technology is revolutionizing the search for prime numbers, Jeremiah Bartz.

Zer gertatuko litzateke sistema kuantiko konplexuak aztertzeko adimen artifizialaren teknikak erabiliko balira? Bada, kalkuluak sinplifikatu eta emaitzak hobetzen direla. DIPC jendeak Deep learning techniques, a game-changer for quantum chemistry

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #543 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nora García Alonso, fisioterapeuta: “Oso pozgarria zen ikustea nolako mesedea egiten zien ariketak”

Fri, 2025/06/06 - 09:00

Nora García Alonsok duela gutxi bukatu du doktore-tesia, eta grinaz hitz egiten du bere ikerketaz: ariketa fisikoaren onurak COVID iraunkorra duten pazienteetan. Batxilergoa ikasten ari zenean, ordea, ez zuen imajinatzen unibertsitatean ikasiko zuenik, eta are gutxiago tesi bat egingo zuenik ere. “Unibertsitatea pertsona azkarrentzat zela uste nuen, eta ez nuen nire burua oso azkartzat”, aitortu du.

Nora GarcíaIrudia: Nora García Alonso fisioterapeuta da. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Hala, lanbide heziketako goi-mailako ziklo bat egitea erabaki zuen, diagnosi-irudiaz eta medikuntza nuklearraz. Eta orduan ikusi zuen gustuko zuela jendearekin tratua izatea. “Gainera, nire aita osteopata da, eta txikitatik ikusi izan dut pazienteekin lanean, arazo muskulueskeletikoak tratatzen eta lesioetatik errekuperatzen laguntzen. Eta ni ere ondo moldatzen nintzela ikusita, fisioterapia ikastea erabaki nuen”. Atzera begira, uste du erabaki ona izan zela aurrena zikloa ikastea: “Niri aproposa iruditzen zait, ez badaukazu garbi karrera bat egin nahi duzula edo ez badakizu zer ikasi”.

Zaragozan ikasi zuen fisioterapiako gradua, ez baitzeukan Tuterakoan sartzeko behar zuen gutxieneko nota. “Eta esan beharra daukat asko gustatu zitzaidala, espezialitate pila bat baitaude. Eta justu graduko praktikak egiten hasi behar genuenean, itxialdia agindu zuten pandemiagatik”.

Iruñera joan zen eta, pandemia amaitu zenean, Navarrabiomed Ikerketa Biomedikoko Zentroan hasi zituen praktikak. “Nire ahizpak, une hartan bertan lanean ari zenak —eta gaur egun zentroko doktoretza ondoko ikertzailea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea denak—, Mikel Izquierdo Redín ikertzaile nagusiarekin hitz egin zuen, eta hari esker sartu ahal izan nintzen. Ikerketa taldeak Ariketa fisikoa, Osasuna eta Bizi kalitatea du izena, eta esperientzia hainbeste gustatu zitzaidanez, ikerketa soziosanitarioko masterra egitea erabaki nuen.

Onura nabarmena

Pandemia bukatu zenean, COVID iraunkorra zuten pazienteekin ikerketa bat egiteko aukera ikusi zuten Izquierdok eta Robinson Ramírez Vélez, eta haien eskutik hasi zen egiten tesia Nora García. “Garai hartan, oso gutxi genekien COVID iraunkorrari buruz. Ikerketan, sintomekin gutxienez hiru hilabete zeramaten pazienteek parte hartu zuten, eta nahiko etsita zeuden. Izan ere, COVIDa sintoma arruntekin gainditu zuten, eta ez ziren ingresatuta egon. Eta osasun-probak egiten zizkietenean, ez zieten ezer aurkitzen; baina ez ziren bizimodu normala egiteko gai. Adibidez, ezin zuten igo pisu bat eskaileretatik, edo ez zuten zortzi orduko lanaldia egiteko indarrik”. Hortaz, asko eskertzen zuten ikerketan parte hartzea, aintzat hartzen zituztela sentitzen baitzuten.

“Horrez gain, onura nabarmenak izan zituzten ariketa fisikoari esker, bihotz- eta arnas gaitasunean eta indar muskularrean. Baina, batez ere, hobekuntza handiena bizi-kalitatean nabaritzen zutela esaten zuten. Oso pozgarria zen ikustea nolako mesedea egiten zien ariketak, eta zenbat laguntzen zien fisikoki eta psikologikoki. Batzuek aitortzen ziguten ez zutela inoiz egin kirolik, baina guregana gustura etortzen zirela, oso jatorrak ginelako”, baieztatu du Garcíak.

Jada bukatu du tesia, eta orain ikertzen jarraitzen du talde berean, eta klase batzuk ere ematen ditu unibertsitatean. “Hirugarren eta laugarren mailan ematen ditut klaseak, eta gustatzen zait lan hori ere; bereziki, ikasleekin dugun harremanarengatik. Etorkizunean, bietan jarraitu nahiko nuke, ikertzen eta irakasten. Ez da erraza, baina ea zortea dudan…”, onartu du, itxaropentsu. Bukatzeko, esker ona adierazi nahi izan die Izquierdo eta Ramírezi.

Fitxa biografikoa:

Nora García Alonso Iruñean jaioa da, 1996an. Batxilergoa amaitu zuenean, Diagnosi-irudiko eta Medikuntza Nuklearreko goi-mailako ziklo bat egin zuen. Ondoren, Fisioterapiako gradua egin zuen San Jorge Unibertsitatean (Zaragoza), eta, jarraian, Navarrabiomeden praktikak egiten ari zela, Ikerketa Soziosanitarioko masterra egitea erabaki zuen, Gaztela-Mantxako Unibertsitatean. Horren ondotik, tesia egiten hasi zen, eta, duela gutxi izendatu dute doktore, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ariketa fisikoak COVID iraunkorrean duen eraginari buruzko lanari esker.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nora García Alonso, fisioterapeuta: “Oso pozgarria zen ikustea nolako mesedea egiten zien ariketak” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Basatzea: basabizitzara itzultzea

Thu, 2025/06/05 - 09:00

Gizakioi mesede handia egingo liguke basatzeak. Baina.. zer esan nahi du horrek? Zergatik izan daiteke ona guretzat? Cristian Moyanoren Basatzea: basabizitzara itzultzea (2025) liburuak galdera hauei erantzuna ematen die, erakutsiz basatzeak inguruan duzun bizitzaren aurrean begiak irekitzea eta zu zer zaren gogoratzea esan nahi duela.

basabizitzara itzultzeaIrudia: Baztazea: basabizitzara itzultzea liburuaren azala. (Iturria: CSIC Argitaletxea)

Zure familiari eta zure lagunei esaten badiezu basatu egingo zarela, baliteke kezkatzea! Baina basatzeak ez du esan nahi zuhaitzetan biziko zarenik edo elefante-talde batean sartuko zarenik. Gure begirada eta ohiturak aldatzea esan nahi du, natura basatia berriz loratu dadin eta gure bizitza eta inguruan dugun izadiaren bizitza ziurtatzen duten funtzioak bete ditzan.

Cristian Moyano filosofoa da eta Ingurumen Zientzia eta Teknologian doktorea. Gaur egun, CSICeko Filosofia Institutuan ikertzailea da eta krisi ekologikoaren testuinguruan gizakiaren eta fauna basatiaren arteko harremana aztertzen dabil. Horretarako, ingurumen-etikari, justizia ekologikoari eta osasun globalari buruzko literatura aztertzen du, interdependentziari, antropozentrismoari eta ekozentrismoari buruz era kritikoan hausnartzeko.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Basatzea: basabizitzara itzultzea
  • Egilea: Cristian Moyano Fernández
  • Ilustrazioak: Irene Cuesta Mayor
  • Argitaletxea: CSIC Argitaletxea / Zahorí
  • Euskarazko edizioa: EHUko Kultura Zientifikoko Katedra / Euskampus Fundazioa
  • Itzulpena: Lete Itzulpenak
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2025
  • Orrialdeak: 48
  • ISBNa: 978-84-00-11383-4
Iturria:

CSIC Argitaletxea: Basatzea: basabizitzara itzultzea

The post Basatzea: basabizitzara itzultzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zonbi zelulak zahartzaroaren aurkako borrokaren erdigunean

Wed, 2025/06/04 - 09:00

Zahartze-prozesua ekidinezina da gure gorputzeko zelulak higatzen direlako. Zelulek ziklo bat betetzen dute eta behin muga batera heltzean hil egiten dira. Baina azkenaldian ikertzaileek ikusi dute zelula batzuk, nahiz eta guztiz higatuta eta zahartuta egon, ez direla hiltzen eta; zelula seneszente edo zonbi zelulak deitzen zaie. Zelula hauen rola gero eta nabarmenagoa da zahartzaroan eta hainbat zahartze-prozesutan ikertu da.

Zahartzaroaz hitz egitean, sarri ehundik gora urte betetzen dituzten gizon-emakumeen bizitzak datozkigu gogora eta haien bizimoduaren xehetasunak jakitea gustatzen zaigu; nolabait, bizitza eternoaren giltza izango dutelakoan. Honetan errekorra Jeanne Louise Calmet anderearena omen da.

Zonbi zelulakIrudia: gure gorputzeko zelulek ziklo bat betetzen dute eta ostean, hil egiten dira. Baina azkenaldian ikertzaileek ikusi dute batzuk, ez direla hiltzen: zelula seneszente edo zonbi zelulak. (Argazkia: Pixabay – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Calmet anderea Frantziako Arles hirian jaio zen 1875. urtean, familia dirudun batean. 1965. urtean 90 urte beteak zituela, usufruktu-akordio bat sinatu zuen André-François Raffray notarioarekin. Raffray jaunak 47 urte zituen eta, Calmet andereari hilabetero 2.500 franko ordaintzearen truke, emakume adinduna hiltzean haren etxearen jabetza Raffrayrena izango zen. Kontuan izanik bataren eta bestearen adina, bazirudien Raffray jaunak negozio ona egin zuela, baina 1995. urtean zendu zen André-Francois Raffray, 77 urte zituela, minbizi baten ondorioz, apurka-apurka ia miloi bat euro ordaindu ostean Jeanne Louise Calmeti, eta bizirik zegoen hura oraindik. Bi urte geroago hil zen Calmet anderea eta Raffray jaunak dirutza bat ordaindu behar izan zion inoiz disfrutatu ez zuen etxearen truke. Calmetek “bizitzan batzuetan negozio txarrak egiten dira” esaten zuen txantxa moduan 1995. urtean 122 urterekin hil zen arte.

Zahartze-prozesua ulertu nahian

Jeanne Louise Calmeten bizitza ez da ohikoena, baina egia da XX. mendean bizi-itxaropena izugarri igo dela. Adibide bat jartzearren, Espainiako Erresuman 1908. urtean gizonezkoen bizi-itxaropena 40 urtekoa zen eta emakumeena 41ekoa. Ia ehun urteren buruan, 2000. urtean gizonezkoena 76 urtekoa zen eta emakumeena 83koa. Baina, bestalde, hazkuntza horrek ez du erritmo berean jarraitzen. Badirudi gizakiaren bizirauteko gaitasunaren mugara iristen ari garela, eta horrek nolabaiteko frustrazioa sortzen du. Biziraupena luzatzen jarraitu nahian gero eta baliabide publiko eta pribatu gehiago bideratzen dira, ezinbestekoa baita hobeto ulertzea ikuspegi molekular eta zelularretik gure gorputza zahartzean gertatzen diren prozesuak.

Zelulez osatuta gauden heinean gure gaitz gehienak zelulen disfuntzioaren ondorio izaten dira, gaixotasun kutsakorrak alde batera uzten baditugu. Ildo horretatik berebiziko garrantzia du Leonard Hayflick anatomistak 1961. urtean Filadelfiako (AEB) Wistar Institutuan egindako aurkikuntzak. Hayflick-ek in-vitro egiten zuen lan giza zelulekin; hau da, laborategian gorputzetik isolatuta; eta konturatu zen zelula hauen erreplikatzeko gaitasuna mugatua zela. Askotariko zelula motak aztertu ondoren, muga 50 aldi inguruan jarri zuen eta efektu honi Hayflick-en muga deitzen zaio. Gerora, Elizabeth Blackburn eta Joseph Gall zientzialariek ikusi zuten zelulen kromosomen muturretan sekuentzia jakin batzuk daudela eta zelulak bikoiztean sekuentzia hauek laburtu egiten direla.

Sekuentzia hauei telomeroak deitzen zaie eta haiek laburtzeak eragiten du zelulek babesa galtzea eta zahartzea. Zahartze edo seneszentzia prozesuan, zelulak bikoizteko gaitasuna galtzen du hasieran eta, ondoren, metabolikoki geldotzen da, akatsak pilatzen joaten da eta azkenik hil egiten da.

Beraz, esan dezakegu zelulek ziklo jakin bat dutela eta nolabait programatuta daudela hiltzeko.

Hiltzeari uko egiten dioten zelulak

Heriotza programatuari apoptosia deitzen zaio. Apoptosi bidez hiltzen den zelula apurka-apurka itzaltzen joaten da eta, hil ondoren, inguruan dituen immunitate-sistemako makrofagoek irentsi eta guztiz degradatzen dituzte haren osagaiak. Modu honetan, apoptosi bidez hiltzen den zelulak ez du inolako kalterik sortzen bere inguruan. Baina azken aldian ikusi da zelula batzuk degenerazio-prozesu hau ez dutela guztiz betetzen. Haien telomeroak laburtzearen ondorioz, gaitasunak galtzen dituzte baina ez dira apoptosian sartzen eta etengabeko egoera seneszentean (ingelesez Senescent Cells, SnCs) gelditzen dira.

Zonbi zelulak2. irudia: zonbi zelulak zahartzean, haien telomeroak laburtzearen ondorioz, gaitasunak galtzen dituzte baina ez dira apoptosian sartzen eta etengabeko egoera seneszentean gelditzen dira. (Argazkia: Azmistowski17 – CC BY-SA 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Seneszente gelditzen diren zelula hauek hainbat hantura-molekula eta metabolito sortzen dituzte eta zuzenean eragiten dute inguruan dauden zeluletan. Ikusi da zelula seneszenteek ehunen kaltetzea azkartzen dutela eta minbizia, osteoartritisa edo bihotzeko arazoak sor ditzaketela. Zelula seneszente hauek apoptosi-prozesua kaltetuta izaten dute eta horregatik ez dira heltzen heriotza prozesua guztiz bukatzera. Hortik “zonbi zelula” goitizena.

Zahartzean pairatzen ditugun minen artean ohikoenetarikoa da bizkarreko mina. Bizkar-hezurreko ornoen artean izaera kartilaginotsua duten kuxin antzeko disko batzuk daude. Haiek higatzean elkar jotzen dute diskoek, malgutasuna galtzen da eta, tartean nerbioak konprimitzen badira, mina sortzen da. Montrealgo (Kanada) McGill Unibertsitateko ikertzaile talde batek zelula seneszente hauen eragina ikertu du ornoarteko diskoen higaduran. Zonbi zelula hauek apoptosi-prozesuan arazoak dituztenez, apoptosia suspertzeko botikak erabili dituzte. Modu honetan, zelula seneszenteak apoptosi-prozesuan sartzea lortu dute eta haiek hiltzea. Erabilitako botikak oso selektiboak izan dira eta zelula seneszenteen apoptosi prozesua berpiztu dute bakarrik, eta ez inguruko zelula osasuntsuena. Saguetan egindako esperimentuetan, zonbi zelulak ezabatzeaz gain, ornoarteko diskoen kalitatea hobetzea lortu dute.

Ez dakit bizkarreko minik izan ote zuen Jeanne Louise Calmet-ek, bizi izan zen 122 urteetan, baina zonbi zelulek ornoarteko diskoetan duten eragina ikertzeak eta zelula hauek hiltzeak gutxiago biziko diren milioika adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko balio lezake.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Mannarino, Matthew; Cherif, Hosni; Ghazizadeh, Saber; Martinez, Oliver Wu; Sheng, Kai; Cousineau, Elsa; Lee, Seunghwan; Millecamps, Magali; Gao, Chan; Gilbert, Alice; Peirs, Cedric; Naeini, Reza Sharif; Ouellet, Jean A.; Stone, Laura S.; Haglund, Lisbet (2025). Senolytic treatment for low back pain. Sciences Advances, 11, 11. DOI: 10.1126/sciadv.adr1719
  • Bryson, Bill (2019). The Body: A Guide for Occupants. Doubleday.
Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

The post Zonbi zelulak zahartzaroaren aurkako borrokaren erdigunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak

Tue, 2025/06/03 - 09:00

Krimenaren agertokian hainbat objektu edo elementu aurki ditzakete ikertzaileek, baina horietako batzuk bakarrik izango dira baliagarriak krimenaren egilea edo egileak identifikatzeko edo pertsona susmagarri besterik ez direnak libratzeko. Aztarnak, ebidentziak eta frogak ez dira gauza bera, eta jarraian argituko dugu haien arteko desberdintasuna.

Krimenaren agertokiari eskainitako artikuluan aipatu genuen agertokian daudela delitua gertatu den edo ez frogatu dezaketen objektuak, biktimagilearen informazioa eman dezaketenak edota biktimaren eta biktimagilearen arteko lotura argitu dezaketenak. Hori horrela izanik, delitua argitzeko informazioa ematen duten objektuei ebidentzia edo aztarna deritze. Ingelesez evidence da ohiko hitza eta, gure inguruan ere, geroz eta gehiago erabiltzen da. Adituen iritziz (Esteban Santos, 2023), ebidentzia edo aztarna ─gaztelaniaz indicio─ sinonimotzat har daitezke. Hala eta guztiz ere, auzitegi-zientzian xehetasunak garrantzitsuak dira, eta, kasu askotan sinonimotzat erabiltzen diren arren, badaude azpimarratu beharreko gako batzuk.

aztarnak ebidentziakIrudia: aztarnak, ebidentziak eta frogak ez dira gauza bera auzitegi-zientzian. (Argazkia: cottonbro studio – pexels lizentziapean. Iturria: pexels.com).

Esan bezala, krimenaren agertokian jasotzen diren eta krimena argitzeko informazioa ematen duten elementuak ebidentziak edo aztarnak dira. Hala ere, adituek azpimarratzen dute aztarna batek hipotesi bat sorrarazten duela edo subjektiboa dela; alegia, balizko ebidentzia bat dela. Aztarna bat ebidentzia bihurtzen da objektiboa denean, krimenarekin estuki lotuta dagoenean edo, nolabait, hipotesiaren egiaztapena dakarrenean. Adibidez, krimenaren agertokian hatz-marka bat aurkitzen bada, aztarna bat izango da. Behin poliziak hatz-marka hori aztertu duenean krimenarekin zerikusia duen norbaitena dela frogatzen bada, ebidentzia bat dela esango dugu ─izan ere, krimenaren agertokian pertsona jakin baten presentzia egiaztatzen du─.

Auzitegi-zientziatik harago, auzitegien lege-esparrua kontuan hartuta, frogak ere badaude; alegia, gertakari bat epaitzeko epaileak argudio gisa onartu dituen ebidentziak. Edozein kasutan, froga zer den definitzea ez da erraza eta autore bakoitzaren arabera ñabardurak daude definizioan. Beraz, labur esanda, onar dezakegu elementu bat hasiera batean aztarna bat dela, gero ebidentzia bilakatuko dela krimenarekin lotura estua eta balidatua badu eta, azkenean, epaileak ontzat ematen badu, froga izango dela gaizkilea kondenatzeko edo errugabea absolbitzeko. Artikulu-sorta honetan, ebidentzia eta aztarna sinonimotzat hartuko da, ez bada ñabardura zehatz bat adierazi nahi. Frogei dagokienez, Espainiako Prozedura Kriminalaren Legean lau froga mota bereizten dira: aitortzak, lekukoen testigantzak, adituen txostenak ─ebidentzietan eta aztarnetan oinarritutakoak─ eta froga dokumentalak ─gertakariak argitzeko balio duten dokumentuak, liburuak eta abarrak─. Horiek guztiak kontuan hartuta hartuko du erabakia epaileak.

Auzitegi-zientziara itzuliz, ebidentzien sailkapena modu bat baino gehiagotara egin daiteke. Jatorriaren ikuspegitik, ebidentzia biologikoak, ebidentzia ez biologikoak ─fisikoak eta kimikoak─ eta arrastoak bereizten dira. Ebidentzia biologikoen artean garrantzitsuenak honako hauek dira: odola, semena, listua, ilea, azkazalak, azala, organoak, gorputzeko fluidoak eta landare- edo animali jatorriko ebidentziak. Ebidentzia ez biologikoen kasuan ebidentzia fisikoak eta kimikoak sailkatzen dira, alegia: margoak, zuntzak, dokumentuak, drogak, lehergaiak, su-armak eta munizioa, su-armen arrastoak, beira, plastikoak, lurra eta mineralak. Azkenik, arrastoen multzoan sailkatzen dira honakoak: hatz-markak, erreminten markak eta bestelako markak ─neumatikoenak, oinetakoenak…─. Hemen zerrendatutakoak ohiko adibide batzuk besterik ez dira; izan ere, askotariko ebidentziak aurki daitezke krimen baten agertokian.

Ikertzen diren ekintzekin duten loturaren arabera, aldiz, ebidentziak bitan sailkatzen dira: ebidentzia zuzenak eta zeharkako ebidentziak edo zirkunstantzia-ebidentziak. Esate baterako, ordenagailu batean fitxategi bat topatzen bada non pertsona batek idatzi duen lehergai bat egiteko jarraitu dituen pausoak, ebidentzia zuzena litzateke. Aldiz, ordenagailuaren historian topatzen bada lehergailuak egiteko webgunean bilatzen egon dela, zeharkako ebidentzia izango litzateke. Ebidentzia zuzenak ez du inferentzia edo dedukziorik behar ekintza bat azaltzeko, baina zeharkako ebidentzien kasuan normalean auzitegi-zientzialariaren lana behar izaten da krimenaren azalpenera iristeko. Hortaz, kasu gehienetan auzitegi-zientzian aztertzen diren ebidentziak zirkunstantzialak edo zeharkakoak dira.

Aztarna eta ebidentzia guztien azterketari esker, krimena berregitea izango da helburua eta, horren bidez, krimenaren egilea identifikatzea edo pertsona susmagarriak bakarrik direnak libratzea.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, zientzia dibulgatzailea eta GOI ikastegiko irakasle eta ikertzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Zientzia auzitegietan buruzko artikulu-sorta:

  1. Zientzia auzitegietan (I): hastapenak
  2. Zientzia auzitegietan (II): artsenikoa eta Marsh-en proba
  3. Zientzia auzitegietan (III): krimenaren agertokia
  4. Zientzia auzitegietan (IV): pozoiak eta toxikologia
  5. Zientzia auzitegietan (V): Orfila eta Lafarge kasua
  6. Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak

The post Zientzia auzitegietan (VI): aztarnak, ebidentziak eta frogak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Izar kopuru handiena behatu dute ‘dragoiaren arkua’ galaxia urrunean

Mon, 2025/06/02 - 09:00

Nazioarteko astronomo-talde batek, UPV/EHUko eta DIPCko Tom Broadhurst ikertzailea parte dena, banakako 40 izar baino gehiagoren argazkiak atera ditu, argia gugana bidaltzeko unibertsoaren adinaren erdia behar izan duen urrun-urruneko galaxia batean. Aurkikuntzak materia ilunaren izaera iheskorra argitzeko bidea ireki du. Ikerketaren emaitzak Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dira.

NASAren James Webb Teleskopio Espaziala (JWST) erabiliz, Lurretik ia 6.500 milioi argi-urtera kokatutako galaxia bat ikusi zuten, unibertsoak egungo adinaren erdia zuen unekoa. Urruneko galaxia honetan, taldeak grabitazio-lenteen erabilera eta JWSTaren sentsibilitate handiari esker ikus daitezkeen banakako 44 izar identifikatu zituen.

dragoiarenIrudia: goian, Dragoiaren arku osoaren kolore faltsuko irudi bat Abell 370 galaxia-kumuluaren atzean. Behean, Dragoiaren arkuaren zati baten handitzeak. (Iturria: Fudamoto, Y.; et. al. (2025))

Aurkikuntza Nature Astronomy aldizkarian argitaratu da eta aurrekaririk gabeko lorpena izan da: urruneko unibertsoan antzemandako banakako izar kopururik handiena. Gainera, unibertsoko misteriorik handienetako bat ikertzeko bidea ireki du: materia iluna.

Astrofisikariek JWSTak Dragoiaren Arkua deritzon galaxia bati ateratako argazkiak ikuskatzean aurkitu zituzten aipatutako izarrak, Abell 370 izeneko galaxia-kumulu masibo baten atzean. Grabitazioaren eraginez (kumulu horren masa handi-handiaren ondorioz), grabitazio-lentearen efektua deritzona gertatzen da, atzean dagoenaren (Dragoiaren Arkua) argia deformatuz eta ohiko espiralaren ordez (horixe baita efektu hori gabe ikusiko litzatekeena) proportzio kosmikoak dituen korridorea ikustaraziz.

Taldeak Dragoiaren Arkuaren barruko izar bakoitzaren koloreak aztertu eta izar horietako asko supererraldoi gorriak direla egiaztatu zuten, bizitzaren azken aldietan dagoen Betelgeuseren Orion konstelazioaren antzekoak. Aurreko aurkikuntzetan, Rigel eta Deneb bezalako supererraldoi urdinak identifikatu ziren nagusiki, gaueko zeruan dauden izarrik distiratsuenetakoak. Ikertzaileen esanetan, izar-moten arteko desberdintasun horretan, nabarmentzekoa da JWSTen behaketek du uhin infragorrien luzeretan duten gaitasuna.

Galaxia gehienek, Esne Bidea barne, hamarnaka mila milioi izar dituzte. Andromeda bezalako galaxia hurbiletan, zientzialariek izarrak banan-banan ikus ditzakete. Hala ere, milaka milioi argi urtera dauden galaxietan, izarrak konbinatuta agertzen dira. Izan ere, haien argiak milaka milioi urte egin behar izaten du gugana iristeko. Hori etengabeko erronka da galaxiak nola sortu eta bilakatzen diren aztertu nahi duten zientzialarientzat. Oso urrun dauden galaxiek orban lauso eta gandutsua dirudite, eta banakako ezin zenbatu ahal diren izarrek osatuta dauden arren, orain arte ezinezkoa izan da horiek banan-banan identifikatzea, teleskopioen mugapenen ondorioz.

JWSTarekin egindako etorkizuneko behaketetan, Dragoiaren Arkuaren galaxian magnifikatutako izar gehiago aurkitzea espero dute. Ahalegin horiei esker, urruneko galaxietako ehunka izarren azterketa zehatzak egiteko aukera egon liteke. Gainera, banakako izarren behaketa horiek grabitazio-lenteen egiturari buruzko informazioa eman dezakete, materia ilunaren izaera iheskorrari buruzko argibideak barne. Izan ere, Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzailea, George Smoot Fisikako Nobel sariaduna eta Paloma Morillo doktoregoko ikaslea partaide dituen UPV/EHUko taldeak oraintsuko artikulu batean azaldu duenez, izarrek Dragoiaren Arkuan dituzten posizioek argi utzi dute materia iluna uhinen antzekoa dela, eta ez partikula astunen antzekoa.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Izar kopuru errekorra behatu dute ‘dragoiaren arkua’ galaxian.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fudamoto, Y.; Sun, F.; Diego, J.M; et. al. (2025). Identification of more than 40 gravitationally magnified stars in a galaxy at redshift 0.725. Nature Astronomy, 9, 428–437. DOI: 10.1038/s41550-024-02432-3

The post Izar kopuru handiena behatu dute ‘dragoiaren arkua’ galaxia urrunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #535

Sun, 2025/06/01 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klimaIrudia: Brady Knoll – Iturria: PexelsFisika

Ikertzaile informatiko talde batek, algoritmo kuantiko berri bat garatzen ari zela, ustekabean frogatu zuen korapilatze kuantikoa guztiz desagertzen dela tenperatura jakin batetik gora. Aurkikuntza honek korapilatze kuantikoaren “bat-bateko heriotza” izeneko fenomenoaren lehen froga matematiko sendoa eskaintzen du. Emaitza hau garrantzitsua da fisikarientzat, eta erakusten du sistema batzuetan ez dagoela kuantiko den ezer tenperatura altuetan. Aurkikuntza ez zen helburu zuzena izan, baina algoritmoaren garapenean sortu zen, zientzian ustekabeko aurkikuntzen balioa agerian utziz. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Adimen artifiziala

Bioethics aldizkarian argitaratutako ikerketa batek ohartarazi du Europako kontrolak ez direla nahikoak osasungintzako adimen artifizialeko sistemetan dagoen alborapena arintzeko. Ikertzaileek politikak berrikusteko beharra azpimarratu dute, eta ohartarazi dute datu gehiago biltzea ez dela beti konponbidea. Balioztatze-mekanismo zorrotzagoak proposatu dituzte, sistema horiek ospitale bakar batean eskala txikian probatzea barne, hedatu aurretik segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

EHU, Ikerbasque eta DIPCko ikertzaileek irudi biomedikoak adimen artifizialaren bidez aztertzen dituen plataforma irekia sortu dute. Biapy plataforma zelulak eta egitura biologikoak identifikatzeko eta sailkatzeko gai da, 2D eta 3D irudietan. Helburua teknologia demokratizatzea da, zientzialari guztiek erabili ahal izan dezaten. Laguntzaile magiko irudi baten bidez erabiltzaileari analisia errazten dio eta hodeian edo tokiko ordenagailuetan erabil daiteke. Datuak Berria egunkarian.

Arkeologia

Donazaharren aurkitutako urrezko eraztuna Erromatar garaikoa da eta 2018an Zalduan topatutakoaren ia berdina da. Ipar Euskal Herrian halakorik aurkitzen den lehen aldia da, eta Aranzadi zientzia elkartearen arabera, Pirinioen bi aldeek Erromatar Inperioarekin zuten lotura estua erakusten du. Bi piezak, I. mendekoak, elitearenak lirateke eta antzinako galtzada baten bidez konektatutako lurralde batean agertu dira. Aurkikuntza Pirinaeus proiektuaren baitan egin da, eta Atea izeneko egitasmo berri batekin jarraituko dute ikerketek. Xehetasunak Berria eta Gara egunkarietan.

Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, Bizkaiko Golkoko hainbat aztarnategitan azken hamar urteotan aurkitutako balea-hezurrezko tresnak aztertu dituzte. Madeleine aldiko (duela 20.000-14.000 urte) tresna hauen ikerketak frogatu du Goi Paleolitoko giza taldeek baleak baliatzen zituztela tresnak egiteko. Hezur-espezieak identifikatzeko ZooMS eta isotopoen analisiak erabili dituzte, eta gutxienez bost balea-espezieren aztarnak aurkitu dituzte. Azterketak lehen aldiz baieztatu du Euskal Kostatik Akitaniara arte balea-hezurra lehengai baliotsua izan zela tresnagintzan. Ikerketaren nondik norakoak Elhuyar aldizkarian.

Koloniako Unibertsitateak zuzendutako ikerketak ondorioztatu du azken glaziazioaren amaieran izandako klima aldaketak ekialderako migrazioa eragin zuela Europan. Duela 14.000 eta 11.600 urte artean, hozte bortitz batek biztanleria erdira murriztu zuen mendebaldean, baina ekialdeko eskualde batzuetan hazkundea izan zen. Ikerketaren arabera, historiaurreko gizakiek ingurumen aldaketei bizkor eta eraginkortasunez erantzun zieten, ingurune mesedegarriagoetara migratuz desagertu ordez. Azalpenak Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian.

Zoologia

Oxfordeko ikertzaileek 22 urtez jarraitu dituzte 157 elefanteen mugimenduak Kenya iparraldean, eta ikerketak erakutsi du animalia erraldoi hauek energia aurrezteko estrategiak erabiltzen dituztela. ENERSCAPE modelaketa bidez, elefanteek eremu lau eta landaredi ugarikoak hobesten dituztela frogatu dute, lur malkartsuak saihestuz. Hegaztien hegaldien antzera jokatzen dute. Aurkikuntzek lagundu dezakete kontserbazio-estrategiak hobetzen, elefanteek habitatak aukeratzeko duten jokabidea eta energia-kostuak kontuan hartuta, klima-aldaketaren eta gizakiaren eraginaren aurrean erresilientzia handiagoa lortzeko. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, Harvardek gidatutako zientzialariek malaria eragiten duen Plasmodium falciparum bizkarroia eltxoen barruan hiltzeko gai diren konposatuak identifikatu dituzte. 81 konposaturen artean, 22k eragin zuten bizkarroiaren garapenean, eta haietako bik nabarmendu ziren mitokondrioetan eragiteagatik. Horietako batek bizkarroi guztiak 6 minutuan suntsitu zituen, baita intsektizidekiko erresistenteak diren eltxoetan ere. Konposatuak eltxo-sareetan txertatuz erabili daitezke eta urtebetera ere eraginkorrak izaten jarraitzen dute, malaria prebenitzeko aukera sendo gisa aurkeztuz. Ikerketaren nondik norakoak Elhuyar aldizkarian.

Geologia

Islandian, zuntz optikoa erabiliz sumendi jarduera aurreikusteko sistema berritzaile bat garatu dute. Banatutako detekzio akustikoa (DAS) teknologiari esker, lurpeko magmaren mugimenduak detektatu dituzte, eta erupzioak 15-30 minutu lehenago aurreikusi ahal izan dituzte. Telefono-kableen bidez osatutako sentsore sare batek lurzoruaren deformazioak milimetro doitasunez neurtzen ditu denbora errealean. 2023-2024an bederatzi magma intrusio identifikatu zituzten, eta sei erupzio gertatu ziren. Teknikak alerta goiztiarrak emateko eta biziak eta ondasunak salbatzeko ahalmena du. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du hurrengo bost urteetan tenperatura gora egingo duela mundu osoan, eta % 80ko probabilitatea dagoela urterik beroena erregistratzeko. 1,5 graduko igoera muga berriro gainditzeko arriskua % 86koa da, eta 2 gradukoa % 1ekoa. Berotegi-efektuko gasen isuri handiek klima muturrekoago bihurtu dute: beroaldiak, lehorteak eta prezipitazioak handitu dira. Artikoan izotza azkarrago urtuko da, eta horrek itsas mailaren igoera eragingo du. Aurreikuspenen arabera, klima aldaketak mundu osoko eguraldian eragin nabarmena izango du. Informazioa Berria egunkarian.

Medikuntza

Iker Badiola Etxaburuk Bergarako Aranzadi Ikastolako ikasleen “Nola tratatuko da minbizia etorkizunean?” galderari erantzuna ematen dio Zientzia Kaieran. Azaldu duenez, gaur egungo tratamenduek —kirurgia, kimioterapia eta erradioterapia— eraginkortasuna badute, baina albo-ondorio ugari ere sortzen dituzte, eta metastasiak oraindik erronka handia dira. Etorkizuneko tratamenduek bi bide nagusi dituzte: immunoterapia, pazientearen defentsa-sistema indartuz tumoreen aurka egiteko, eta nanoteknologia, farmakoak zehaztasunez tumoreetara bideratzeko eta ehun osasuntsuak babesteko. Horrez gain, aipatzen dira terapia genikoa, adimen artifiziala eta eredu matematikoak ere, etorkizunean minbizia tratatzeko tresna baliotsuak izan daitezkeenak.

Klima-aldaketa

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, glaziarren galera saihestezina da, baina berotze globala 1,5 ºC-ra mugatuz gero, glaziar-masaren % 53 mantendu liteke. Gaur egungo joerarekin jarraituz gero, mende amaieran % 24 baino ez litzateke geratuko. Izotz-galerak itsas mailaren igoera eta ondorio ekologiko eta sozialak ekarriko ditu, eta horregatik ikertzaileek klima-politika sendoak premiazkoak direla azpimarratu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

The post Asteon zientzia begi-bistan #535 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #542

Sat, 2025/05/31 - 09:00

Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.

Gaur egungo bizidun guztiek arbaso bakarra dute (LUCA). Horrek ez du esan nahi LUCAren bestelako bizimodu garaikiderik ez zeudenik, baizik eta haien ondorengoek fruiturik eman ez zutela eta LUCAk haiekin ekosistema batean erlazionatu zela. LUCA, a prokaryote-like organism at war with viruses, Saioa Manzano-Morales.

Azken hamarkadetako fisika, ingeniaritza eta materialen zientzia ezin lirateke ulertu bi arte tradizional japoniarrik gabe: origamia (papera tolestuz hiru dimentsioko egiturak sortzea) eta kirigamia (tolesteaz gain moztuz). Orain, kirigamiaren alderantzizko ingeniaritzaren ikuspegi berri batek asko sinplifikatu lezake, askotariko aplikazioekin. Kirigami, inverse design with no advanced computational tools.

Filmek (eta oligarka mediatikoren batek) hainbeste desitxuratu dute Marteko esplorazioaren inguruan dugun ikuspegia, non beharrezkoa baita hausnarketa bat egitea zer egin den, zer egiten ari den eta zer den zentzuzkoa etorkizun hurbilean egitea. Ari Koeppelen On real-life Mars exploration

Imajinatu mikroskopio bat, atomoak “ikusteaz” gain, bi grafeno geruza tenperatura kriogenikoetan biratzeko gai dena. Horrelako aparatu batek aukera emango luke grafenoa hautsi bitartean elektroien interakzioak ezagutzeko, eta horrek lotura estua du angelu magiko izeneko angelu jakin batzuen supereroankortasunarekin. Horrela, material horien propietate exotikoak nola agertzen diren jakingo dugu. Onena da ez dela imajinatu behar, existitzen da eta Naturek argitaratu du. DIPCko jendea The cryogenic quantum twisting microscope and the phason mode of moiré systems

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #542 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: pozoia

Fri, 2025/05/30 - 09:00

Adi eta kontuz, gaur Kiñu pozoi eta toxina artean ibiliko da eta hauen ezaugarriak, ezberdintasunak eta adibide harrigarrienak azalduko dizkigu. Munduan zehar, natura pozoiz beteta dago, eta pozoia ez da bakarrik historian zehar hilketa gehien protagonista izan: animalia eta landare askok erabiltzen dute beren burua defendatzeko edo harrapakinak geldiarazteko. Baina badira gizakiak sortutako substantzia pozoitsuak ere, eta horiek, ingurunean pilatuz, espezie askoren biziraupena arriskuan jar dezakete.

Hori bai, nahasketa horretan galdu ohi da kontzeptu bat: pozoia eta toxina ez dira gauza bera. Hau ere azalduko digu gure kirikiñoak. Zientzialariek ondo dakite dosiak egiten duela pozoia: substantzia batzuk —ura barne!— kantitate handietan kaltegarriak izan daitezke, eta beste batzuk, aldiz, mikrogramo bakarrean hilgarriak dira. Adibidez, botulismo-toxina naturan dagoen toxinarik hilgarriena da, baina dosi egokian, estetikan eta medikuntzan ere erabiltzen da. Gaur, Kiñuk substantzia kaltegarri hauen artean egingo du jauzi.

pozoia

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: pozoia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola tratatuko da minbizia etorkizunean?

Thu, 2025/05/29 - 09:00

“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.

Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Nola tratatuko da minbizia etorkizunean?

Minbizia heriotza kausa nagusietako bat munduan: zenbatetsi da 10 milioi pertsona inguru hiltzen direla gaixotasun horren ondorioz urtero. Baina “gaixotasun” izendatu ordez, beharbada gaixotasunen multzo izendatu beharko genuke. Ikus dezagun zergatik.

Gure gorputza 200 motatako 35 bilioi zelula inguruk osatzen dute. Zelulak multzokatu eta ehunak sortzen dituzte, eta azken horiek organoak, sistemak eta aparatuak.

terapia1. irudia: biriketako edo giltzurruneko minbiziek ez dute berdin jokatzen eta ez zaie tratamendu berdina ematen, nahiz eta, funtsean, biak diren zelulen hazkuntza neurrigabearen ondorio. (Argazkia: Chokniti Khongchum – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Zelula mota bakoitzak zeregin jakin bat bete behar du, eta horretarako baditu berezko ezaugarri jakin batzuk. Baina “zoratu” egin daitezke eta kontrolik gabe hazi, tumoreak sortuz. Eta tumore horiek ezberdinak dira jatorrian zuten zelularen arabera; eta, beraz, biriketako edo giltzurruneko minbiziek ez dute berdin jokatzen eta ez zaie tratamendu berdina ematen, nahiz eta, funtsean, biak diren hazkuntza neurrigabe horien ondorio.

Zergatik deskontrolatzen dira zelulak?

Adierazi dugun moduan, tumore bat gure organoetan modu anomaloan hazten den zelulen masa bat da. Tumorearen zelulak beste ehun batzuk inbaditu eta horiek suntsitzeko gai badira, minbizi edo tumore gaizto izendatuko dugu. Aitzitik, zelula tumoralek gaitasun inbaditzaile eta suntsitzaile hori ez badute, tumore benignoa dela esango dugu. Baina, zergatik gertatzen da nahasmendu hori?

Zelulek mutazioak jasan ditzakete beren geneetan. Kaltetutako geneek zatiketa zelularraren kontrol sistemekin zerikusia dutenean, kontrolik gabeko hazkuntza hori gertatzen da.

Mutazioak gertatzeko arrazoiak askotarikoak dira. Kanpoko eragileen ondoriozkoak izan daitezke (tabakoaren kea, substantzia kimikoak, eguzki izpiak), baina baita zelularen berezko akatsek ere. Hau da, gure gorputzeko zelulak zatitu egiten dira ehunak birsortzeko eta zatiketa horretan informazio genetikoa kopiatzen da, baina prozesu horretan akatsak (mutazioak) gerta daitezke.

Metastasi beldurgarriak

Minbiziaren garapenean gertatzen den prozesu beldurgarrienetako bat metastasia da. Hori gertatzen da tumorea osatzen duten zeluletako baten batek masatik askatu eta odol hodietatik bidaiatzeko ahalmena duenean, beste organo batean ezarri eta bertan hazten hasten denean.

Baina oso bidaia konplikatua da. Zelula tumoral bat tumoretik askatu eta odol hodietan sartzen denean, immunitate-sistemako zelulen eraginpean geratzen da. Horien aurrean erresistitzea edo horien erasoa saihestea lortzen badu, odol hodietatik irten beharko du beste organo batean ezartzeko. Eta organo hori kolonizatzea ez da lan erraza, ehun berriaren ezaugarriak ezberdinak direlako.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, soilik tumore-zelula gutxi batzuek bizirauten dute metastasi prozesuan. Hala ere, lortzen dutenak oso ondo egokituta daude, eta oso zaila da horien aurka borrokatzea egungo terapien bidez.

Tumore primarioa da sortu den organoan dagoen hori, eta tumore metastasikoa, berriz, askatu, odol hodietatik bidaiatu eta beste organo batean ezartzea lortu duena.

Egungo terapiak: arazoak eta erronkak

Gaur egun, tumore primario gehienak sendatu egin daitezke garaiz diagnostikatzen badira, sakabanatu eta metastasia sortu aurretik. Hala ere, tumore mota horietako gutxi batzuk, pankrea edo garuneko batzuk adibidez, ezin dira sendatu.

terapia2. irudia: gaur egun, tumore primario gehienak sendatu egin daitezke garaiz diagnostikatzen badira. (Argazkia: Tara Winstead – Pexles lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Hauek dira egungo tratamendu ohikoenak: kirurgia, kimioterapia (arin zatitzen diren zelulak hiltzen dituzten farmako kimikoak) eta erradioterapia (tumore-zelulak suntsitzen dituzten erradiazioak ematea) dira. Kontua da tratamendu horiek albo ondorio asko sortzen dituztela eta pazienteen osasunean eragin handia dutela. Hori dela eta, hain agresiboak ez diren soluzioak bilatu behar dira.

Eta, horrez gain, metastasiaren aurkako farmakoak ere garatu behar ditugu. Izan ere, tumore primarioak ez bezala, ia ezinezkoa da metastasikoak sendatzea.

Minbiziaren aurkako farmako berriak garatzea helburu duen ikerketak fronte asko ditu irekita, baina bi nabarmenduko ditut: immunoterapia eta nanoteknologia.

Immunoterapiaren funtzionamendua

Gure immunitate-sistemak aurre egiten die kanpoko erasoei, birus edo bakterio forman iristen zaizkigun horiei. Baina, horrez gain, kalteren bat izan duten eta anomaloak diren gure zelulak ere suntsi ditzake, hala nola zelula tumoralak. Hala ere, zelula horietako batzuek immunitate-sistema saihesteko edo baita blokeatzeko ahalmena ere garatu dute.

2018an, James P. Allison eta Tasuku Honjo ikertzaileek Medikuntzako Nobel saria jaso zuten tumoreek immunitate-sistema blokeatzeko erabiltzen dituzten mekanismoak aurkitu zituztelako. Egun, mekanismo horien aurkako farmakoak erabiltzen ari dira jada, eta espero da etorkizunean horietan oinarritutako terapia gehiago garatzea.

Immunitate-sistemarekin lotutako beste teknika bat CAR-T zeluletan oinarritutako terapia da. Teknika horren bidez, pazientearen immunitate-sistemako zelula mota bat erauzten da (T linfozitoak), eta laborategian manipulatzen dira tumore-zelulei eraso egiten ikas dezaten. Eta gero, pazienteari sartzen zaizkio berriro.

CAR-T zelula baten irudikapena, minbizi zelula bati eraso egiten ari dela. Nemes Laszlo/Shutterstock

Momentuz, terapia hori minbizia mota batzuetan funtzionatzen ari da, hala nola leuzemietan eta linfometan; baina espero da etorkizunean tumoreen beste modalitate batzuetara ere aplikatu ahal izatea.

Nanopartikulak zuzenean jomugara

Nanoteknologia material ñimiñoak (100 nanometrotik beherakoak; nanometro bat milimetro bat baino 100 000 aldiz txikiagoa da) erabiltzean oinarritzen da. Tamaina hobeto imajina dezazun, arkatz baten puntaren lodiera milimetro batekoa da. Egitura txiki-txiki horiek farmakoak garraiatu eta zuzenean tumore-zeluletara joan daitezke. Horrela, medikamentuek eragin zuzenagoa dute, albo-ondorioak saihestuta eta efizientzia hobetuta.

Nanopartikulek farmakoak eraman ditzakete zuzenean tumore-zeluletara.

Nanoteknologia esparru oso zabala da, aldagai asko dituena, eta gehien lantzen ari den aukeretako bat hipertemia da. Horren helburua da berotzeko gaitasuna duten nanopartikulak erabiltzea; izan ere, tenperatura altuetara iristean, tumore-zelulak kaltetzen dituzte ehun osasuntsuei eragin gabe.

Artikulu honetan itxaropen handiak jarri diren bi terapia mota aipatu nahi izan ditut. Baina ez nuke artikulua amaitu nahi gutxienez beste esparru itxaropentsu batzuk aipatu gabe, hala nola adimen artifiziala, eredu matematikoak eta terapia genikoa. Espero dezagun etorkizun hurbilean horien guztien emaitza arrakastatsuak ere hemen kontatzea.

Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo se tratará el cáncer en el futuro? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com

The post Nola tratatuko da minbizia etorkizunean? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sumendi jarduera aurreikusi dute zuntz optikoari esker

Wed, 2025/05/28 - 09:00

Islandian teknologia berritzailea erabili dute erupzioak hobeto aurreikusi ahal izateko: gertatu baino ordu erdi lehenago atzeman dituzte lurpeko magmaren mugimenduak.

Zenbait sektorek noizean behin kritika gogaikarria egiten diote zientziaren jardunari, horretarako ia-ia gehienetan azken hamarkadetan zientziaren eta teknologiaren garapenari esker eskura dituzten baliabide teknologikoak erabiliz. Baina —oso muturreko kasuetan ez ezik—, ageriko arrazoiengatik, hondamendien aurreikuspenarekin zerikusirik duten ikerketek goreneko babesa jasotzen dute gizartearen partetik. Azalpen beharrik ez duen kontua da: norabide horretan izandako aurrerapenek biziak eta ondasunak salbatzen dituzte.

Sumendi jarduera1. irudia: Reykjanes penintsulako sumendi jarduera azken urteetan bereziki indartzen ari denez, zientzialariek jarraipen berezia egiten diote eskualdeari. (Argazkia: Islandiako Gobernua)

Ondotxo dakite hori Islandian. Jakina da berez herrialdea oso eremu bolkanikoan kokatuta dagoela, Ipar Amerikako eta Eurasiako plaka tektonikoen artean zabaltzen den ozeano dortsalean, hain zuzen. Reykjanes penintsula (Islandiako hego-ekialdean) da herrialdeko zonalde populatuenetakoa da, eta, aldi berean, sumendi jarduera gehien duenetakoa. Penintsula horretan batez ere 2021etik dezente handitu dira erupzioak, eta horrek, besteak beste, eragin du hainbat aldiz Grindavik herriko etxeak ebakuatu behar izana. Hori gutxi balitz, ikertzaileak sinetsita daude bereziki eremu hau hainbat urtez iraungo duen sumendi jarduera garai batean sartzen ari dela azken urteetan.

Reykjavikeko Unibertsitateko sismologo Vala Hjorleifsdottir lanean ibili da bertan alerta goiztiarreko sistema bat jarri ahal izateko, eta Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileekin kolaboratu du erupzio baten adierazle izan daitezkeen seinaleak bereizi aldera. Orain, Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean, alerta hori lortu dutela azaldu dute: zuntz optikoa erabiliz, zehaztasun handiz eta ia-ia gertatu ahala Svartsengi izeneko sumendi eremuan izaten diren laba mugimenduak iragarri dituzte.

Banatutako detekzio akustikoa (DAS, ingelesezko siglen arabera) erabili dute. Teknika horren bitartez, gai izan dira telekomunikazio kableak sentsore sare bat modura erabiltzeko. Eta sarearen bitartez lortu dute lurrean gertatzen diren aldaketak hautematea. Magmaren eta lurzoruaren mugimenduen berri izateko 100 kilometroko zuntz optikoko kable bat ezarri dute, eta horrekin sentsoreen matrize bat eratu dute. Keflavik hiritik egin dute horren jarraipena.

2010. urtetik aurrera sismologoen artean gero eta gehiago erabiltzen eta fintzen den teknikak modu honetan funtzionatzen du: laser izpiak zuntz kableetara bideratuta daude, eta kableetan jasotzen diren bibrazioak atzematen dituzte. Jasotako aldaketak aintzat izanda, zientzialariak gai dira ondorioztatzeko noiz igarotzen diren uhinak. Hala, sistemak aukera ematen die denbora errealean eta milimetrotako doitasunez lurzoruan gertatzen diren mugimenduak detektatzeko. Ljosleidarinn telekomunikazio enpresarekin batera zuntzaren ezarpena nahiko azkar egin zuten, hamar egunenean.

Orotara, urte betean bederatzi sumendi dikeren intrusioak atzeman dituzte. Azaleratzen ez diren baina lurraren barruan gertatzen diren magma mugimenduak dira intrusioak. Neurketen historikoan, horietatik sei azaleratu ziren, arrakaletatik magma askatu zutelarik. Beste hirurak, berriz, lurrazalera iritsi baino lehen gelditu egin ziren.

Sumendi jarduera2. irudia: mapan agertzen diren koloretako eremuek 2023-2024 aldiko erupzio sekuentziako laba zelaiak, 2021-2023 aldikoak, eta aurreko erupzioak adierazten dituzte. Horiekin batera, zientzialariek aintzat hartutako beste zenbait ezaugarri jasota daude irudian. (Irudia: Li, Jiaxuan; et al. (2025). Iturria: Science aldizkaria)

2023ko azaroaren 10ean gertatutako erupzioaren ondoren jarri zituzten kableak, eta handik hilabete batera erregistratu zuten lehen erupzioa: abenduaren 18an garatu zen, eta kilometro bateko arrakala eragin zuen. Bigarrena Grindavik herritik gertu jazo zen, eta erupzioak hainbat etxe suntsitu zituen. Beste sei erupzio gertatu ziren, azkena Stora-Skogfell sumenditik bi kilometrora gertatu zelarik.

Sumendi gertaera bakoitzean lurrean gertatutako deformazioak jaso dituzte, patroi modura. Horren ondorioz ikusi ahal izan dute dikeen hazkunde tasa puntu gorenera iristen dela erupzioa gertatu baino 15-22 minutu lehenago. Jasotako lehen datuetan abiatuta, zientzialariek alerta goiztiarreko sistema bat garatu dute. Horri esker, 30 minutu eta zenbait ordu aurretik abisua emateko gai izan dira.

Jiaxuan Li egile nagusiak alerta goiztiarreko sistema honen erabilgarritasunaren adibide praktiko bat ekarri du gogora; esan duenez, 2024ko abuztuan, Caltech institutuan bilduta zegoenean, sakelako telefonoak alerta bat bidali zion, eta 26 minutu geroago Hjorleifsdottirrek jakinarazi zion erupzioa benetan gauzatu zela, eta ebakuazio abisua emana zutela.

Ikertzaileek babestu dute zuntz optikoa lagungarria izan daitekeela, orain arte erupzioak atzemateko erabili izan diren tekniken osagarri modura. Zuntzak bereziki failen mugimenduan eta mendi hegalen deformazioan datu argigarriak eman ditzake. Teknika honek ez du prozesamendu handiegirik, eta, hortaz, denbora errealean lurzoruaren gaineko monitorizazioak egiteko sistema egokia dela babestu dute.

”Oraindik lan asko dago egiteko, eta sumendi guztiak desberdinak dira, baina DASek gaitasun berria eskaintzen du aurretik ikusi ezin genituen gauzak ikusteko”, esan dute zientzialariek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Li, Jiaxuan; Biondi, Ettore; Heimisson, Elías Rafn; Puel, Simone; Zhai, Qiushi; Zhang, Shane; Hjörleifsdóttir, Vala; Wei, Xiaozhuo; Bird, Elijah; Klesh, Andy; Kamalov, Valey; Gunnarsson, Theodór; Geirsson, Halldór; Zhan, Zhongwen (2025). Minute-scale dynamics of recurrent dike intrusions in Iceland with fiber-optic geodesy. Science. DOI: 10.1126/science.adu0225

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Sumendi jarduera aurreikusi dute zuntz optikoari esker appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages