S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 27 sec

Lurraren adina Lord Kelvinen arabera

ven, 2024/04/19 - 09:00

Lord Kelvin-ek William Thomson zuen izen osoa, eta Lurraren antzinatasunari buruzko teoria interesgarria planteatu zuen. Haren kalkuluen arabera, Lurra harri urtuko harritzar handi batetik sortu zen, eta kalkulatu zuen egungo tenperaturara iristeko 24 milioi urte behar izan zituela. Kalkulu horretatik adina ondorioztatu zitekeen. Adin horrek, nahiz eta batzuek onartu, eszeptizismoa eragin zuen beste zientzialari batzuen artean. Izan ere, Darwinek deskribatutako prozesu ebolutiboekin bateraezina zirudien.

Gaur egun badakigu Lurraren adina 4550 milioi urtekoa dela, 70 milioi urteko errore-marjinarekin, noski. Kopuru hori Clair Cameron Patterson estatubatuar geofisikoak kalkulatu zuen, meteorito bat masa-ikusle batekin aztertuz.

Baina bera baino lehen saiakera asko egin ziren Lurraren adina kalkulatzeko, Bibliatik hasi eta datazio erradiometrikoraino. Hala ere, horiek guztiek eman zituzten emaitzak oso urrun zeuden gaur egun onartua dagoen zifratik.



UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Lurraren adina Lord Kelvinen arabera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Euskal Herriko animaliak – Ornogabeak

jeu, 2024/04/18 - 09:00
animaliak ornogabeakIrudia: “Euskal Herriko animaliak – Ornogabeak” liburuaren azala. (Iturria: Erein)

Egunero ehunka izaki mugitzen dira gure inguruan. Askotan ez ditugu ikusi ere egiten, edo ez diegu garrantzirik ematen, baina zuhaitz baten hostoen artean hainbat zomorro dabiltza elikagai bila; mendiko harrien azpian intsektu pila bat dago harrapakarietatik ezkutatzen; belardi bateko loreen artean tximeleta eta erle ugari daude hegan. Hil edo biziko borrokak egoten dira, egunero, armiarma-sareetan; maitasun-kantak entzuten dira, gauero, kilkerren zuloetan; milaka inurri irteten dira goizero beren inurritegietatik familiarentzako elikagai bila.

Animalia txiki baina garrantzitsu horiek hobeto ezagutzeko aukera izango duzu liburu honetan, eta baita horien ohiturak eta bitxikeriak, errazago topatzeko moduak, haien arteko ezberdintasunak eta identifikatzeko gakoak ere. Murgildu zaitez miniaturazko mundu zoragarri honetan, liluratu amona mantangorrien edertasunarekin, inurrien trebeziekin, ehunzangoen bitxikeriekin, tximeleten koloreekin, mantisen berezitasunekin. Aurrerantzean, zomorro bat ikustean, ez diozu jada berdin begiratuko.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Euskal Herriko animaliak- Ornogabeak
  • Egilea: Asier Gorostidi Sierra eta Igor Sarralde Ussia
  • ISBNa: 978-84-9109-723-5
  • Argitaletxea: Erein
  • Hizkuntza: euskara
  • Orrialdeak: 64
  • Urtea: 2021
Iturria:

Erein: Euskal Herriko animaliak- ornogabeak

The post Euskal Herriko animaliak – Ornogabeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zergatik ditu burbuilak nire mineralak?

mer, 2024/04/17 - 09:00

Inklusio fluido deritze mineral batzuen barnean harrapatuta geratzen diren burbuilei. Minerala sortzeko prozesuan eratzen dira, eta ez dira gauza hain arraroa.

inklusio1. irudia: Kuartzo kristal honetan hiru fasetako inklusioak daude: material beltzak jatorri bituminosoa du; likido kapsulatua petrolioa da; eta gas burbuila metanoa da. (Argazkia: Lucas Fassari. Iturria: Wikimedia Commons).

Baliteke geologia museoren batera joan eta perfektuki eratutako kristal mineral eder eta garden bati begira zeundetela, barrualdean burbuila txiki batzuk ikusi izana. Egoera horren aurrean logikoena da aurpegi txarra jarri eta engainatu zaituztela pentsatzea: “ziur kristala faltsua dela; erretxina sintetikoz egina izango da eta erreplikagileak inperfekzio batzuk utzi ditu”. Zuen susmoak baieztatzeko, piezarekin batera dagoen etiketari erreparatu diozue, kartelean erreplika bat dela jarriko zuelakoan; baina, horren ordez, mineralaren deskribapen zehatz bat dago, piezaren izena, formula kimikoa eta jatorria jasotzen dituena. Mundu guztia engainatu nahi dute, ala? Inondik inora ere ez. Burbuila txiki horiek mineral askoren eraketari lotutako elementu naturalak dira: inklusio fluidoak.

inklusio2. irudia: Kuartzo kristal baten barruko inklusio fluido baten argazkia, mikroskopioz egina. Eskalan, 100 mikra 0,1 milimetroren baliokide dira. (Iturria: Montanuniversität Leoben).

Inklusio fluidoak zer diren azaltzeko, hasieratik hasiko naiz. Kristal mineral gehienak fluido batean dauden elementu kimikoak elkartzean eratzen dira (hala nola, ura edo magma), presio eta tenperatura baldintza zehatzen pean. Minerala handituz joango da oinarrizko partikula gehiago gehitzen diren neurrian, egitura kristalino zehatz bati jarraituz. Hau da, kristalen aurpegiak handitzen joango dira atomo berriak eta/edo fluidoan dauden molekulak gehitu ahala, horiek agortu arte. Mineralaren hazkuntza hori gertatzen den bitartean, zulotxo edo barrunbe txikiak sor daitezke egitura kristalinoan, fluidoz betetzen direnak. Mineralen barrualdean harrapatutako fluido zati horiek dira inklusio fluidoak. Eskuarki oso txikian izaten dira (0,1 mm baino gutxiagoko diametroa), baina proportzio milimetrikoetara ere irits daitezke, eta ahalegin handirik egin gabe begi hutsez ikus daitezke.

jatorria3. irudia: Kuartzo-kristal batean identifikatutako inklusio fluidoen motak, jatorriaren arabera. A) Kristalaren aurpegiei jarraikiz hazi diren primarioak; B) Kristalaren alde batean ausaz zabaldu diren primarioak; C) Eratu ondoren, kristala zeharkatu zuen haustura batean kokatutako sekundarioak. (Iturria: Istituto di Geoscienze e Georisorse / Consiglio Nazionale delle Ricerche).

Jatorriaren arabera, inklusio fluidoak bi talde handitan bana daitezke. Alde batetik, primarioak daude. Kristalaren hazkuntzan zehar eratzen dira, eta mineralaren oinarri den fluidoaren zati bat daukate kapsulatuta. Oro har, bi modutan zabaltzen dira egitura kristalinoan zehar: ausaz mineral osoan, edo hazkuntzaren plano kristalografikoei jarraituz. Bestetik, inklusio fluido sekundarioak daude. Horiek kristala eratu ondoren sortzen dira; zehazki, kristalean hausturaren bat dagoenean, zeinetatik fluido berri batek zirkulatzen duen. Kasu horretan, inklusioek haustura horien norabideari jarraitzen diote.

egoera4. irudia: Inklusio fluidoen motak beren egoeraren arabera. A eta B) Fase likido bat eta fase gaseoso bat konbinatzen dituzten inklusioak; C) Fase gaseoso bat eta beraien artean nahastu ezin diren bi fase likido konbinatzen dituzten inklusioak; D) Fase gaseoso bat, likido bat eta solido bat konbinatzen dituzten inklusioak. (Iturria: Istituto di Geoscienze e Georisorse / Consiglio Nazionale delle Ricerche).

Egoerari dagokionez, inklusio fluidoak fase likidoan, fase gaseosoan edo bi faseetako konbinazio batean aurki daitezke. Are gehiago, partikula solidoak ere aurki daitezke inklusio fluidoen barruan, dela berandu prezipitatu direlako barrunbean harrapatuta geratu zen fase likidoan disolbatutako elementuetatik abiatuta, dela aurretiaz eratutako kristal txiki hori inklusioaren barruko fluidoak arrastan eraman zuelako eta harekin batera harrapatuta gelditu zelako.

Baina, gezurra dirudien arren, mineral batzuen barruan harrapatutako burbuila txiki horiek ematen duten informazioa benetan garrantzitsua da. Inklusio fluidoak aztertzeari esker, kristala osatu zuten fluidoen ezaugarri batzuk ezagut ditzakegu, primarioak badira, edo mineral horri eratu ondoren eragin zioten fluidoei buruz, inklusio sekundarioak badira. Horren bidez, fluido mineralizatzaile horien tenperatura, presioa, dentsitatea eta osaera kimikoa ezagut ditzakegu; eta horrek guztiak aplikazio zuzena du Geologiaren ikerketa arlo askotan. Adibidez, mineral hobi kritikoak bilatzeko; izan ere, informazioa ematen digute prozesu genetikoei eta agertu diren testuinguru geologikoari buruz. Eta, horri esker, munduko beste leku batzuetan ere aurki daitezke. Energia iturri berrien erabilerarako ere baliagarriak dira; adibidez, energia geotermikoari lotuta. Izan ere, inklusio fluidoak zorupeko termometro gisa erabil daitezke, energia iturri hori erabiltzeko eremuak mugatzeko.

zundaketa5. irudia: Izotzean eginiko zundaketa baten zatia, zeinetan barruan gordetako inklusio gaseoso asko ikus baitaitezke. (Iturria: Royal Museums Greenwich).

Hala ere, inklusio fluidoen aplikaziorik interesgarriena, nire ustez, iraganeko inguruneak birsortzeko erabil daitezkeela da. Antartikan eta Groenlandian egiten diren izotz zundaketetan, berotegi-efektuko gas batzuen garai hartako atmosferako kontzentrazioak ezagutzea ahalbidetzen duten gas burbuilak daude kapsulatuta, hala nola karbono dioxidoa (CO2) eta metanoa (CH4). Horri esker, azken ehunka mila urteetan gertatutako ziklo klimatikoekin duten harremana azter daiteke. Eta, informazio horrekin, egungo berotze globalean gizakiaren jardueren efektua arintzeko estrategiak ezar daitezke.

Hortaz, egunen batean beira-arasa batean erakusgai dagoen kristal handi eta dotore bat ikusten baduzue eta burbuila formako inperfekzio txikiak baditu, ez jarri aurpegi txarrik eta ez kendu baliorik. Gogoratu polit-polita izateaz gain, berebiziko artxibo geologiko bat ere badela, eta hari esker eratu zenetik egun arte izan duen historia ezagut dezakegula zehaztasun osoz.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko otsailaren 1ean: ¿Por qué mi mineral tiene burbujas?

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zergatik ditu burbuilak nire mineralak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Orain badakigu zergatik intsektuak pilatzen diren argiaren inguruan

mar, 2024/04/16 - 09:00

Intsektu hegalariek gauez argitara zergatik jotzen duten ebatzi du ikerketa batek. Berez, argia ez dute jomuga, orain arte zabalduen zegoen hipotesiak proposatzen zuen moduan.

orain1. irudia: Laborategian ez ezik, aire zabaleko eremuetan egin dituzte esperimentuak. Azken hauek Costa Rican egin dituzte. (Argazkia: Samuel Fabian. Iturria: CC BY-ND)

Kuriositate minimo bat duen edozein gizakiarentzat kontu ezaguna da gauean piztutako argi batek ezinbestean intsektu hegalariak erakarriko dituela. “Beren mugimendu frenetikoak ikustean, zinez zerbait gaizki doalako sentsazioa ematen du; janaria bilatzen eta harrapakariak saihesten egon beharrean, gaueko pilotu hauek argi batek harrapatuta daudelako”, idatzi du zientzialari talde batek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean. Ohi bezala, testu horretan ahalegindu dira publiko ez espezialista bati begira beren ikerketa bat azaltzen. Kasu honetan, Nature Communications aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jasotakoa.

Ikertzaileen arabera, orain arte ez zen ezagutzen logikaren kontra doan portaera horren arrazoia. Historian zehar askotariko azalpenak eman zaizkio fenomenoari. Adibidez, garai batean uste zen argi igorle gehienek isurtzen duten beroa zela intsektuak erakartzen zituena; eta, hain zuzen, egia da badirela beroaren bila jotzen duten intsektuak; baina horiek gutxiengoa dira. Are, orain horren zabalduta dauden LED motako argi hotzei esker ere agerikoa da beroak ez duela misterioa argitzen, horietara ere bisitari txikiek berdin-berdin jotzen dutelako.

Sen onak eman dezakeen beste erantzun bat da besterik gabe argiak intsektuak erakartzen dituela; adibidez, haitzulo batean edo itxitako beste ezein puntutan egotekotan, argia da aterabide baten adierazle nabarmena. Eta honetan ere, ikertzaileen arabera, errealitateak dio hori gertatzen dela kasu askotan. Baina, halere, azalpen horrek ez du argitzen zergatik geratzen diren argi horren inguruan biraka. Gainera, ikertzaileek argudiatu dute gauzak hala izanez gero, intsektuek espiral moduko birak emango lituzketela argiaren kontra, horren kontra jotzeko norabidean.

Azkenik, proposatu izan da ere agian zomorro txikiek uste dutela Ilargiaren aurrean ari direla, gauaren erregina izan ohi den objektu astronomiko hori beren nabigazio zereginetan erabiltzen dutelakoan. Egileek diotenez, egia da ere intsektu askok Ilargia erabiltzen dutela orientatzeko. Proposatutako azalpenaren arabera, etengabe mugitzen diren beste objektuekin alderatuz, Ilargia erreferentzia gisa balio zaie intsektuei. Ondorioz, argi baten inguruan mugituko lirateke etengabean, Ilargia delakoan, itsasargi hori erreferentzia bezala mantendu nahian. Baina, beste behin, oraingoan ere horrek ez du azaltzen fenomenoaren osotasuna.

Gau hegaldien miaketa zehatza

Auzia behin betiko ebatzi nahian, esperimentuetara jo dute. Abiadura handiko kamera bidez grabatu dituzte hainbat argi iturriren inguruan biraka ari diren intsektuak, eta, horrela, doitasun handiz jaso ahal izan dituzte zomorrotxoek egindako ibilbideak zein beren gorputz txikien kokapena. Laborategian jasotzeaz gain, aire zabalean ere jaso dituzte behaketak. Filmaketak egiteko, argi infragorriaz baliatu dira, animalien portaeran ahalik eta eragin gutxien sortu nahian.

Esperimentuetan hainbat argiztapen tartekatu dituzte; besteak beste, izpi ultramoreak eta argi hitsagoa duten azalerak. Adibidez, esperimentuetako batean goitik argiztatutako izara bat jarri dute, gaueko ortzia irudikatu nahian. Diotenez, izararen azpitik arazorik gabe hegan egin dute zomorrotxoek. Horrek aditzera eman die berez intsektuek ez dutela argia bilatzen; hala izan balitz, argiztatutako izarra horren kontra joko zutelako.

orain2. irudia: Aire zabalean dagoen edozein argi punturen inguruan pilatzen dira intsektuak, eta horiek erraz ikus daitezke edonon. Argazkian, lerro hauek idazteko unean bertan hartutako irudia. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hamar espezierekin egin dituzte esperimentuak. Besteak beste, tximeletak, sitsak, erleak, liztorrak, burruntziak, txitxi-burruntziak eta frutaren euliak aztertu dituzte bide hau erabilita.

Ikusi dutenez, intsektu hegalari gehienek modu sistematikoan beren atzeko aldea —gure bizkarraren parekoa— etengabe jartzen dute argiaren kontra, modu horretan mantendu dezaketelako hegan egiteko behar duten orientazio egokia. Ikertzaileek uste dute intsektuek berez ez dutela modu egokirik gorantzako norabidea zein den zehazteko, eta, ondorioz, suposatutzat ematen dutela argia dagoen eremua goikoa dela. Argi dortsalarekiko erantzun gisa ezagutzen dute adituek portaera hau.

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, zeruaren argi naturalaren pean, argia dagoen hemisferioari bizkarra ematea lagungarria da hegaldiaren kontrola egokia mantentzeko. Halere, argi iturri artifizialetatik gertu, argiari emandako erantzun horrek eragin dezake argiarekiko norabide berdina lerrokatuta mantentzeko nahia, eta, ondorioz, intsektuak harrapatuta geratzen dira. Modu honetan, lehen itxura batean alderraiak diruditen hegaldi horien bitartez intsektuek zentzua eman nahi diote argi artifizialari, baina argi dago ere zeregin horretan ez dutela arrakastarik.

Egileek onartu dute beste hainbat animalia handiagori ez zaiola horrelakorik gertatzen. Hala izanik, zergatik galtzen dute orientazioa intsektuek? Sinetsita daude kontu honetan tamainak baduela zeresanik. Diotenez, animalia handiagoek grabitatea atzeman dezakete organoen bidez —gizakien artean bestibulu aparatua jarri dute adibidetzat—, baina intsektuen egiturak askoz txikiagoak dira hori taxuz egin ahal izateko, eta bereziki airean maniobra azkarrak egiten dituztenean zail egiten omen zaie azelerazioa hautematea.

Aztertutakoen artean, Daphnis nerii sitsa izan da portaera hori erakutsi ez duen bi espezieetako bat. Sits honen kasua bitxia da, egileen arabera argi tranpek erakarri ohi dituztelako. Uste dute arrazoia izan daitekeela espezie honek hainbat hegaldi mota desberdin dituela; adibidez, abiadura handian planeatzeko gai dira.

Bigarren salbuespena frutaren eulia edo Drosophila izenekoa da. Aurretik ezagutzen zen argi artifizialak ez diola eragiten. Hain justu, laborategian luze eta zabal erabiltzen den espezie eredu honen portaerak aukera ematen die zientzialariei esperimentuak egiteko, proba horietan argia oztopo izan gabe.

Argi kutsaduraren inpaktua

Ikertzaile guztiek nolabait babestu behar dute beren ikerketaren balioa —bide batez, orkestra batean klarinetea jotzen duten musikariei egin ohi ez zaien eskakizuna da hau, klarinete jotzaileekiko erabateko errespetuarekin—. Kasu honetan zientzialari hauek ez dute malabar dialektiko larregirik egin behar izan, jakina baita mundu osoan intsektuak gainbeheran daudela, eta haientzat ere argi kutsadura arazo larria dela.

Egileek diote 370 milioi urtez intsektuentzat zerua hegan egiteko erreferentzia fidagarria izan dela, baina orain argi artifizialek aspalditik errotutako erreferentzia hori aldatu dutela, egoera berrira egokitzeko denborarik eman gabe. Orain aztertu nahi dute argi artifizialaren eragin hori zer distantziatara ematen den, horren arabera argi kutsaduraren inpaktua murriztuko duten neurriak proposatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fabian, Samuel T.; Sondhi, Yash ; Allen, Pablo E.; Theobald, Jamie C.; Lin, Huai-Ti. (2024). Why flying insects gather at artificial light. Nature Communications, 15, 689. DOI: 10.1038/s41467-024-44785-3

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Orain badakigu zergatik intsektuak pilatzen diren argiaren inguruan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Indar birakariak, protoian neurtutako presio suntsitzaileak

lun, 2024/04/15 - 09:00

Protoi baten barruan dagoen energia, indarra eta presioen banaketa erakutsi dute, lehen aldiz, argia erabiliz grabitatea imitatzen duten esperimentu batzuk. Luzaroan egon dira emaitza horien zain. 

Protoia planeta subatomiko bat balitz bezala esploratzen hasi dira fisikariak. Ebakidura-planoetan partikulen barrualdeko xehetasun berriak ikusten dira. Protoiaren nukleoan, ezagutzen den beste edozein materia-formatan baino handiagoak dira presioak. Gainazalerantz goazela, erdibidean, elkar jotzen duten indar-zurrunbiloak daude. Eta “planeta” hori, bere osotasunean, aurreko esperimentuek iradokitzen zutena baino txikiagoa da.

protoi1. irudia: Indarrek noranzko batean bultzatzen dute protoiaren nukleotik gertu, eta kontrako noranzkoan gainazaletik gertu. (Argazkia: Samuel Velasco. Iturria: Quanta Magazine)

Ikerketa esperimentalak izango dira hurrengo etapa protoia ulertzea lortzeko, atomoa ainguratu eta gure munduaren zatirik handiena osatzen duen partikula hori hobeto ezagutzeko, hain zuzen.

Uste dugu bide guztiz berri bat ireki dela, eta materiaren funtsezko egiturari buruz dugun ikuskera aldatu egingo dela”, esan zuen Newport Newseko (Virginia) Thomas Jefferson National Accelerator Facility-ko (Jefferson Lab) Latifa Elouadrhiri fisikari eta ikerketako parte-hartzaileetako batek.

Esperimentuek argi berria eman diote, literalki, protoiari. Hamarkadatan, ikertzaileek zehatz-mehatz kartografiatu dute karga positiboa duen partikula horren eragin elektromagnetikoa. Baina ikerketa berrienetan, Jefferson Labeko fisikariak protoiaren grabitazio-eragina kartografiatzen ari dira, hau da, partikula barruko eta inguruko espazio-denbora egitura tolesten duten energien, presioen eta zizaila-esfortzuen banaketa kartografiatzen. Hori lortzeko, ikertzaileak prozesu berezi bat erabiltzen ari dira, non fotoi pareek (argi partikulek) grabitoia imita dezaketen. Grabitoia, hipotesien arabera, grabitatearen indarra transmititzen duen partikula da. Protoia fotoiekin bonbardatzen dute, zeharka ondorioztatzeko grabitateak zer-nolako interakzioa duen protoiarekin. Horrela, hamarkadatako ametsa bete dute, eta protoia aztertzeko modu alternatibo bat aurkitu dute.

“Lorpen handia da”, esan zuen Cédric Lorcé Frantziako Ecole Polytechniqueko fisikariak (ez da ikerketako parte-hartzaileetako bat). “Esperimentalki, oso konplexua da.”

Fotoietatik grabitoietara

Behin eta berriz elektroiekin bonbardatuta, fisikariek asko ikasi dute protoiari buruz azken 70 urteetan. Esate baterako, badakite protoiaren karga elektrikoa gutxi gorabehera 0,8 femtometro (metroaren milioi bat trilioirena) hedatzen dela nukleotik. Badakite ere protoia bonbardatzeko erabilitako elektroi horiek protoiaren barruan abiadan dabiltzan hiru quarketako batean –karga-zatikiak dituzten oinarrizko partikulak dira quarkak– errebotatzeko joera dutela. Gainera, teoria kuantikoaren ondorio bitxi bat ere egiaztatu dute fisikariek: talka indartsuenetan, badirudi elektroiek itsaso apartsu bat aurkitzen dutela, askoz quark gehiago dituena, baita gluoiak ere –quarkak elkarlotzen dituen elkarrekintza nuklear bortitza deritzonaren eramaileak dira gluoiak.

Informazio hori guztia lortzeko, muntaia sinple bat erabili dute: protoi bati elektroi bat jaurtitzen zaio, partikulek fotoi bat –indar elektromagnetikoaren eramailea– trukatzen dute eta batak besteari bultzatzen diote. Interakzio elektromagnetiko horren bidez, quarkak haien kargaren arabera nola antolatzen diren uler dezakete fisikariek. Baina protoia karga elektrikoa baino askoz gehiago da.

protoi2. irudia: Latifa Elouadrhir Jefferson Labeko zientzialariak zuzendu du datu-bilketa, eta, datu horietatik abiatuta, protoiaren propietate mekanikoak kalkulatzen ari dira orain, bera eta lankideak. (Argazkia: Latifa Elouadrhirik eskainia. Iturria: Quanta Magazine)

“Nola banatzen dira materia eta energia?”, galdetu zuen Peter Schweitzer Connecticuteko Unibertsitateko fisikari teorikoak. “Ez dakigu”.

Schweitzer protoiaren ezaugarri grabitazionalak aztertzen jardun da bere ibilbidearen zatirik handienean. Zehazki, protoiaren propietateen matrize bat aztertu du, energia-momentuaren tentsore deritzona. “Energia-momentuaren tentsorean dago partikulari buruz jakin beharreko informazio guztia”, esan zuen.

Albert Einsteinen Erlatibitate Orokorraren Teoriak espazio-denboran kurbak marrazten dituzten objektuak bailiran deskribatzen du grabitazio-erakarpena, eta, zentzu horretan, energia-momentuaren tentsoreak esango lioke nola tolestu behar duen espazio-denborari. Esate baterako, teoriak deskribatzen du nola antolatzen den energia –espazio-denboraren tortsioaren iturri nagusia–, baita masa ere. Eta momentua nola banatzen den azaltzen du. Gainera, konpresioa eta hedapena non gertatuko diren jakiteko informazioa ematen du, eta horren arabera ere espazio-denbora apur bat kurbatu daiteke.

Protoi baten inguruko espazio-denborak zer forma duen jakin bagenezake –errusiar eta estatubatuar fisikariek modu independentean lan egin zuten horretan 1960ko hamarkadan–, protoiaren energia-momentuaren tentsorean indexatutako propietate guztiak ondoriozta genitzake. Hor sartzen dira protoiaren masa eta spina, jada ezagunak, bai eta protoiaren presioen eta indarren antolaketa ere; fisikariek “Druck terminoa” deritzote azken propietate kolektibo horri (alemanez, druck presioa da). Termino hori “masa eta spina bezain garrantzitsua da, baina inork ez daki zer den”, esan zuen Schweitzerrek, baina hori aldatzen hasia da jada.

1960ko hamarkadan, bazirudien ohiko dispertsio-esperimentuaren bertsio grabitatorio bat beharko zela energia-momentuaren tentsorea neurtzeko eta Druck terminoa kalkulatzeko. Honela egiten da ohiko dispertsio-esperimentua: protoi bati partikula masibo bat jaurtitzen zaio eta grabitoi bat –hipotesien arabera, grabitazio-uhinak osatzen dituen partikula da grabitoia– trukatzen uzten zaie, fotoi bat trukatu ordez. Baina grabitatea oso ahula denez, fisikariek uste dute grabitoien dispertsioa fotoien dispertsioa baino askoz gutxiagotan gertatzen dela –magnitude-ordenatan, 39 aldiz gutxiago. Eta esperimentuek ezin dute detektatu horren efektu ahula.

“Gogoan dut horri buruzko zerbait irakurri nuela ikasle nintzenean”, esan zuen Volker Burkert Jefferson Labeko taldeko kideak. Eta hauxe zen ondorioa: “Ziurrenik inoiz ez dugu ezer ikasiko partikulen propietate mekanikoei buruz”.

Grabitatea, grabitaterik gabe

Oraindik ere, grabitazio-esperimentuak pentsaezinak dira. Baina 1990eko hamarkadaren amaieran eta 2000ko hamarkadaren hasieran Xiangdong Ji eta Maxim Polyakov fisikariek –bigarren hori zendua– bakoitzak bere aldetik egindako ikerketek metodo alternatibo bat eman zuten.

Hauxe da eskema orokorra: protoi bati elektroi bat jaurtitzen bazaio suabe, oro har elektroiak fotoi bat ematen dio quarketako bati, eta desbideratu egiten da. Baina bilioi bat kasutik batean baino gutxiagotan, gauza berezi bat gertatzen da. Elektroiak fotoi bat igortzen du. Quark batek fotoi hori xurgatu eta beste fotoi bat igortzen du berehala. Eta hauxe da berezitasuna: gertaera arraro horretan bi fotoik parte hartzen dutela –elektroiak igorritakoak eta quarkak igorritakoak–, baten ordez. Ji eta Polyakov fisikarien kalkuluek frogatu zutenez, ikertzaileek ondoriozko elektroia, protoia eta fotoia jasotzerik izango balute, partikula horien energietatik eta momentuetatik ondoriozta lezakete zer gertatu zaien bi fotoiei. Eta bi fotoien esperimentu horrek, funtsean, grabitoien dispertsioaren esperimentu ezinezkoak bezainbeste informazio emango luke.

protoi3. irudia: (Irudia: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)

Zer zerikusi izan dezakete bi fotoik grabitatearekin? Galdera horri erantzuteko, matematika korapilatsua erabili behar da. Baina fisikariek bi eratan azaltzen dute trikimailua.

Fotoiak eremu elektromagnetikoko uhinak dira, eta gezi edo bektore baten bidez deskriba daitezke espazioko puntu bakoitzean, eremuaren balioa eta norabidea adierazteko. Grabitoiak espazio-denboraren geometriako uhinak lirateke, baina eremu hori konplexuagoa da, puntu bakoitzean bi bektore baitaude. Grabitoi bat harrapatzea lortuz gero, bi informazio-bektore izango lituzkete fisikariek. Dena den, bi fotoik grabitoi bat ordezka dezakete, bien artean bi informazio-bektore dakartzate eta.

Gainera, badago matematikaren interpretazio alternatibo bat. Quark batek lehen fotoia xurgatzen duenetik bigarren fotoia igortzen duenera bitarte igarotzen den denboran, quarkak ibilbide bat egiten du espazioan. Ibilbide hori aztertuz gero, zenbait propietate ezagut ditzakegu, hala nola ibilbidearen inguruko presioak eta indarrak.

“Ez da grabitazio-esperimentu bat”, esan zuen Lorcék. Baina, “zeharka, protoi batek eta grabitoi batek zer interakzio izango duten jakin genezake”.

Protoi-planeta esploratzen

2000. urtean, Jefferson Labeko fisikariek bi fotoiren dispertsioa gertatzea lortu zuten hainbat alditan. Kontzeptu-proba horrek motibatuta, beste esperimentu bat eraiki zuten, eta, 2007an, elektroi jaurti zituzten protoien kontra, nahikoa alditan, grabitoiak imitatzen zituzten 500.000 talka inguru lortzeko. Gero, beste hamarkada bat behar izan zuten esperimentuetako datuak aztertzeko.

Espazio-denbora tolesteko propietateen indizean oinarrituta, lantaldeak Druck termino iheskorra lortu zuen, eta protoi barruko presioei buruzko haien balioespena argitaratu zuten Nature aldizkarian, 2018an.

Protoiaren bihotzean, elkarrekintza nuklear bortitzak ezin imajinatuzko presioak sortzen dituela konturatu ziren: 100 bilioi trilioi trilioi pascal, edo neutroi-izar baten bihotzean dagoen presioa 10 bider, gutxi gorabehera. Nukleotik urrundu ahala, presioa txikitu egiten da, eta puntu batean barrualderanzko norazkoa hartzen du, protoiak eztanda egin ez dezan. “Hori ondorioztatzen da esperimentutik”, esan zuen Burkertek. “Bai, protoia benetan egonkorra da”. (Hala ere, aurkikuntza horrek ez du eraginik protoien desintegrazioa planteatzen denean, kasu horretan bestelako ezegonkortasun-mota bat behar bailitzateke, teoria espekulatibo batzuek aurreikusi moduan).

protoi4. irudia: Fisikariek asmatu dute nola esploratu protoiaren barrualdea. Besteak beste, protoiaren bolumen osoan eragiten duten indarrak eta presio esplosiboak eta konpresiboak aztertu dituzte. (Irudia: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)

Jefferson Labeko taldeak Druck terminoa aztertzen jarraitu zuen. Abenduan argitaratutako berrikuspen batean, zizaila-indarren –protoiaren gainazalarekiko paraleloan bultzatzen duten barne-indarrak– estimazioa egin zuten. Fisikariek igarri zutenez, protoiak tortsio-indar bat du nukleotik gertu, baina neutralizatu egiten da, gainazaletik gertu kontrako noranzkoko beste tortsio-indar bat dagoelako. Neurketa horiek ere partikularen egonkortasuna azpimarratzen dute. Schweitzeren eta Polyakoven lan teorikoan oinarrituta, jada espero zen tortsio horiek egotea. “Hala ere, benetan harrigarria da esperimentuetan lehen aldiz hori gertatzen ikustea”, esan zuen Elouadrhirik.

Orain, protoiaren tamaina beste modu batean kalkulatzeko erabiltzen ari dira tresna horiek. Dispertsio-esperimentu tradizionaletan, fisikariek ikusi zuten partikularen karga elektrikoa 0,8 femtometro inguru hedatzen dela nukleotik (hau da, partikularen osagai diren quarkak eremu horretan dabiltza abiadan). Baina “karga-erradio” horrek baditu berezitasunak. Neutroiaren kasuan –protoiaren homologo neutroa, non karga negatiboko bi quarkek partikularen barruan geratzeko joera duten, eta karga positiboko quark batek azaletik gertu denbora gehiago igarotzen duen–, karga-erradioa zenbaki negatiboa da. “Horrek ez du esan nahi tamaina negatiboa denik, baizik eta neurria ez dela zehatza”, esan zuen Schweitzerrek.

Metodo berriak espazio-denboraren eremua neurtzen du, protoiak nabarmen kurbatzen duena. Parekoen ebaluazioa oraindik pasa ez duen aurre-argitalpen batean, Jefferson Labeko taldeak kalkulatu zuen erradio hori karga-erradioa baino % 25 inguru txikiagoa izan daitekeela (0,6 femtometro soilik).

Protoi-planetaren mugak

Ikuspegi kontzeptualetik, horrelako azterketek arindu egiten dute planeta baten moduko objektu solido horretan quarkek egiten duten dantza lausoa, bolumen izpi bakoitzean eragina duten presio eta indarrekin. Planeta izoztu horrek ez du protoi karrankaria bere loria kuantiko osoan islatzen, baina eredu egokia da. “Interpretazio bat da”, esan zuen Schweitzerrek.

Eta fisikariek azpimarratzen dutenez, hasierako mapak gutxi gorabeherakoak dira, zenbait arrazoirengatik.

Lehenik eta behin, Jefferson Laben sortu daitezkeenak baino askoz talka-energia handiagoak behar direlako energia-momentuaren tentsorea zehaztasunez neurtzeko. Taldeak gogor lan egin du joerak kontu handiz estrapolatzeko, energia sortzeko gaitasun mugatu horretatik abiatuta, baina fisikariek oraindik ez dute argi estrapolazio horiek zehatzak ote diren.

Volker5. irudia: Ikaslea zenean, Volker Burkertek irakurri zuen ezinezkoa zela protoiaren grabitazio-propietateak zuzenean neurtzea. Gaur egun, lankidetza-proiektu baten parte hartzen ari da Jefferson Laben, propietate horiek zeharka ikertzen. (Argazkia: Thomas Jefferson National Accelerator Facility-k eskainia. Iturria: Quanta Magazine)

Gainera, quarkak ez ezik, gluoiak ere badaude protoian, jirabiraka beren presio eta indar propioarekin. Bi fotoien trikimailuak ez du balio gluoien efektuak antzemateko. Jefferson Labeko beste talde batek antzeko trikimailu bat –gluoi bikoitzeko interakzioaren bidez– erabili zuen, iaz Nature aldizkarian gluoien efektu horiei buruzko atariko grabitazio-mapa bat argitaratzeko. Baina horrek ere datu mugatuak izan zituen oinarri, energia sortzeko gaitasun mugatuagatik.

“Lehen urratsa da”, esan zuen Brookhaven National Laboratory-ko fisikari Yoshitaka Hattak, Jefferson Labeko taldearen 2018ko lanak inspiratuta grabitazio-protoia aztertzen hasi zenak.

Baliteke 2030eko hamarkadan protoiaren quarken zein gluoien grabitazio-mapa argiagoak garatzea, Elektroien eta Ioien Talkagailua martxan jartzen denean; gaur egun, esperimentu hori eraikitzen ari dira Brookhavenen.

Bien bitartean, esperimentu digitalak egiten jarraitzen dute fisikariek. Phiala Shanahan Massachusetts Institute of Technology-ko fisikari nuklear eta partikulen fisikariak talde bat zuzentzen du, zeina elkarrekintza nuklear bortitzaren ekuazioetatik abiatuta quarken eta gluoien portaera kalkulatzen ari den. 2019an, Shanahanek eta bere laguntzaileek presioak eta zizaila-indarrak kalkulatu zituzten, eta urrian, erradioa, beste propietate batzuez gain. Orain arte, haien aurkikuntza digitalak eta Jefferson Labeko aurkikuntza fisikoak bat etorri dira, gehienetan. “Zalantzarik gabe, hunkigarria da azken emaitza esperimentalak eta gure datuak bat datozela ikustea”, esan zuen Shanahanek.

Orain arte protoiaren zantzu lausoak besterik lortu ez diren arren, nahikoa izan da ikertzaileek protoiari buruz duten ezagutza apur bat aldatzeko.

Ondorio batzuk praktikoak dira. CERNek kudeatzen du Hadroien Talkagailu Handia, munduko protoi-talkagailu handiena, eta, bertan, fisikariek uste zuten oso ohikoak ez ziren talka batzuetan quarkak edozein lekutan egon zitezkeela protoi horien barruan. Baina grabitazioan inspiratutako mapek iradokitzen dutenez, quarkek nukleotik hurbil egoteko joera dute kasu horietan.

“CERNen erabiltzen dituzten ereduak eguneratu dira jada”, esan zuen Jefferson Labeko esperimentuetan lan egiten duen Francois-Xavier Girod fisikariak.

Gainera, mapa berriek protoiaren misterio handienetako bat argitzen lagundu dezakete: quarkak zergatik lotzen diren bata besteari protoien barruan. Argudio intuitibo baten arabera, quark pareen arteko elkarrekintza nuklear bortitza areagotu egiten da quarkak bata bestetik urrundu ahala, banda elastiko bat bailiran, eta, horren ondorioz, quarkek ezin dute batak bestetik ihes egin.

Baina protoiek quarken familiako kiderik arinenak dituzte. Eta quark arinak protoiaren gainazaletik haratago hedatzen diren uhin luzetzat ere hartu daitezke. Horregatik, ondoriozta daiteke protoia ez dela batuta mantentzen banda-elastikoen barne-trakzioagatik, baizik eta quark uhinkari eta luzatu horien arteko kanpo-interakzioengatik. Presio-mapan ikusten denez, elkarrekintza nuklear bortitzaren erakarpena 1,4 femtometroraino eta haratago hedatzen da, eta horrek indartu egiten du teoria alternatibo hauen aldeko argudioa.

“Ez da behin betiko erantzuna”, esan zuen Girodek, “baina pentsa liteke banda elastikoen irudi soil horiek ez direla garrantzitsuak quark arinen kasuan”.

Jatorrizko artikulua:

Charlie Wood (2024). Swirling Forces, Crushing Pressures Measured in the Proton, Quanta Magazine, 2024ko martxoaren 14a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Indar birakariak, protoian neurtutako presio suntsitzaileak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #481

dim, 2024/04/14 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

xakeak

Emakumeak zientzian

Audrey Richards britainiar biologoa eta etnografoa izan zen Afrikako etniak aztertzera denbora gehien dedikatu zuen pertsonetako bat. Ikuspuntu antropologikotik eta sozialetik egin zituen bere ikerketak, eta bere lanekin ikerketa ildo berriak ireki zituen. Teoria berri bat ere proposatu zuen, non adierazten zuen, talde batean, elikatzeko oinarrizko premia dagoela instituzioak eta harremanak antolatzeko moduaren atzean. Horrez gain, Ekialdeko Afrikako Gizarte Ikerketarako Institutuko lehen zuzendaria ere izan zen. Zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Klima-larrialdia

Bizkaiko kostaldea berotu ahala, makroalgen komunitatea degradatzen ari dela baieztatu du EHUko Itsas Bentos ikerketa taldeak. Azken lau hamarkadetan kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte, eta ikusi dute ur hotzagoan hazten diren espezieak gero eta urriagoak direla, Gelidium corneum esaterako. Kontrara, geroz eta ugariagoak dira ur epelagoa nahiago duten makroalgak. Bigarren hauek txikiagoak eta morfologikoki sinpleagoak dira eta, beraz, komunitateen egituran aldaketak espero dira, hainbat organismok aterpea galduko baitute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Ostreopsis algaren garapena ulertu nahi du Itsasbazterra Interes Zientifikorako Taldeak. Horretarako, Ostreobila ikerketa programa sortu dute, eta Europatik diru-laguntza jasoko dute. Taldeak Ostreopsis algaren sasoien dinamika ulertu nahi du, bai eta haren garapenean laguntzen duten ingurumen baldintzak deskribatu ere. Alga horrek konposatu toxikoak sortzen ditu uretan eta, beraz, gizakiaren osasunean zer ondorio dituen ere ikertuko dute. Informazio gehiago Berrian.

Medikuntza

Matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute giltzurruneko minbiziaren ikerketan. UPV/EHUko Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak egin du ikerlana, eta zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrak aztertu ditu. Laruellek ondorioztatu du matematikan oinarritzen direla tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, eta tumore barneko heterogeneotasun-maila txikiagoa dela berretsi du kartzinoma mota horretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Parkinsonak begietan duen eragina ikertu du Juan Duran Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoko zuzendari mediko eta oftalmologoak. Parkinsona gaixotasun neurodegeneratibo kroniko bat da, eta gorputzeko beste sistema batzuei ere eragin diezaieke, besteak beste, ikusmen sistemari. Duranek azaldu duenez, begiak burmuinaren luzapen bat dira, eta hainbat arazo neurologiko antzeman daitezke hauei erreparatuta. Parkinsona duten pertsonak adibidez, begiak gutxiago kliskatzen dituzte, eta gutxiago mugitzen dituzte. Datuak Berrian.

Psikologia

Xakeak sormena kontzentrazioa, enpatia edota sozializazioa sustatzen ditu Pep Suarez psikologoaren arabera. Hark antolatu zuen Xakea, Hezkuntza eta Osasuna nazioarteko biltzarra, joan den martxoan, Menorcan. Hainbat ikerketek ondorioztatu dute xakea osagarri oso ona dela hezkuntzan, eta xakean jokatzen duten ikasleek errendimendu hobea dutela. Osasunean ere baditu onurak; hala frogatzen ari dira autismoa, ADHN arreta defizita edo hiperaktibitatea duten haurrekin egindako esperientziek. Informazio gehiago Berrian: Xake-mate paralisiari.

Besteek bizi dituzten esperientzia atsegingarrietara huts egiteko beldurrak sortzen du FOMOa, EHUko psikologia klinikoko irakasle Juan Manuel Matxinbarrenaren arabera. Ingelesezko Fear of missing out (zerbaitetara huts egiteko beldurra) esamoldearen akronimoa da, eta gutxi dira halakorik inoiz sentitu ez dutenak. Ez da sentimendu berria, baina sare sozialek areagotu egiten dute. FOMOari aurre egiteko, aurkako fenomenoa sortu da: JOMOa, Joy of missing out, edo euskaraz, zerbaitetara huts egitearen gozamena. Azalpenak Berrian.

Historia

Ikertzaile talde batek babestu du klima hoztu izanak Antzinako Erroman izan ziren hiru izurrite handienak indartu zituela. Kristo aurreko 200. eta Kristo ondorengo 600. urteen arteko Mediterraneoko datu paleoklimatikoak erabili dituzte ikerketan, eta ondorioztatu dute klima-aldaketaren fase bakoitzaren ondoren pandemia bat abiatu zela. Hotz handiagoko garai historikoak korrelazionatuta daude Antoninotar izurrite handiarekin, Hirugarren Mendeko Krisiarekin eta Justinianoren izurritearekin. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Kimika

Trimetilamina giro tenperaturan narritagarria eta koloregabea den gas bat da, eta arrain ustelari bere usain berezia ematen diona da. Arrainek trimetilamina oxidoa dute haien ehunetan bizirik daudela, baina hiltzean, oxidatu egiten da arrainaren gorputzeko bakterio eta entzimen eraginez, eta minutu gutxitan trimetilamina bihurtzen da. Baina gizakietan ere azaldu daiteke konposatu hori, gibelari eragiten dion arazo genetiko batengatik, eta arrain usainaren sindromea deitzen zaio. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Hemen arrain ustelaren kiratsa dago: trimetilamina.

Mikrobiologia

Bakterio batek birusen aurka erabiltzen duen babes-mekanismoa argitu du Pablo Iturbe Sanz Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak. Bere doktoretza-tesiaren parte den ikerketa horretan, Iturbek Staphylococcus aureus bakterio patogenoa aztertu du. Bakterio hori birus batek kutsatzen du, eta horrek beste birus batzuen infekziotik babesten du bakterioa. Aldi berean, defentsa-mekanismo horrek birusaren beraren aurka egitea saihesten du. Iturbek egindako ikerketak ondorioztatu du birus hostalari horrek bakterioko genoman dauden gene-talde batzuk aktibatuz eta desaktibatuz lortzen duela hori. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

AEBko behitegietan izaten ari den hegazti-gripearen agerraldia argitu nahian dabiltza ikertzaileak. Birusa lehen aldiz ari da zabaltzen ganaduan. AEBko sei estatutako behitegietara hedatu da eta, jakinarazi dutenez, pertsona bat ere kutsatu da. Ikerketek iradoki dute birusa ez dela behitik behira airez transmititzen, baizik eta esneak kutsatutako tresnen bidez. Izan ere, ez dute aurkitu birusa erreplikatzen ari delako ebidentziarik, errapeetan izan ezik. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

Ikerketa berri batek ondorioztatu du Latxak, euskarazko adimen artifizialak, %60,6 atera duela EGAko atarikoetan. Euskarazko zenbait ariketa planteatu dizkiote sistemari haren funtzionamenduari buruzko datuak biltzeko. Mikel Artetxe adimen artifizialeko adituak laburbildu duenez, Latxak lortutako emaitzak ordainpeko ChatGPT-k lortutakoak baino hobeak izan dira. Datuak Sustatun.

Argitalpenak

Euskal Herriko animaliak liburuak gure lurraldean topatu daitezken hainbat animalia aurkezten dizkigu. Taldeka eta familien arabera antolatuta, gure lurraldeko 50 espezie enblematikoenen ezaugarri eta berezitasun guztiak azaltzen dira bertan. Asier Gorostidi Sierra eta Igor Sarralde Ussia dira haren egileak, eta Ereinen argitaratu zen 2020an. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #481 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #488

sam, 2024/04/13 - 09:00

Normalean, garun-azala hizkuntzarekin lotzen dugu. Hala ere, egitura subkortikal batzuk oso garrantzitsuak dira, baina ez hain ezagunak. Subcortical nuclei and language processing, Elissa-Marie Cocquyt & Adrià Rofes.

Zientziak dogmaren eta ezjakintasunaren dragoiak akabatuko zituela suposatzen zen, sare sozialetan begirada bat botatzeak gezurtatzen duena. Nolanahi ere, liburu batzuek aldarrikatzen dute errealitatera zentzuz hurbiltzeak dragoi horiek ezabatu egiten dituela pentsatzeko gogoa dutenentzat. The Reinvention of Science: Slaying the Dragons of Dogma and Ignorance Juan Ignacio Pérez Iglesiasen aipamen bat.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #488 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Audrey Richards: biologo afrikanista bat mende kolonial batean

ven, 2024/04/12 - 09:00

XX. mendean deskubritu ziren Afrikako etnien kultura aberastasuna eta haien bizimoduaren alderdi batzuen garrantzia. Aberastasun hori ingurunera lotutako historiaren emaitza zen. Audrey Richards britainiarra izan zen, ikuspuntu antropologikotik eta sozialetik, etnia horiek aztertzera denbora gehien dedikatu zuen pertsonetako bat. Britainia Handian jaio eta hil zen, baina bere bizitzaren zati handi bat Afrikan igaro zuen, 1960ko hamarkadara arte Britainiar Inperioaren menpe egon baitzen. Audrey Richards biologoa eta etnografoa izan zen, eta bere lanekin ikerketa ildo berriak ireki zituen. Horien artean, teoria bat proposatu zuen, non adierazten zuen, talde batean, elikatzeko oinarrizko premia dagoela instituzioak eta harremanak antolatzeko moduaren atzean.

Audrey Richards1. irudia: Audrey Richards. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Audrey 1899. urtean jaio zen, familia dirudun batean. Bere aita Indiara bidali zuten (hori ere kolonia britainiarra zen orduan), eta, beraz, bizitzaren lehendabiziko urteak han igaro zituen. Ingalaterrara itzultzean, bere gurasoek ez zuten nahi alaba unibertsitatera joatea, baina, hala eta guztiz ere, Natur Zientziak ikasi zituen Cambridgen. Hura amaitzean, 23 urte zituela, Alemaniara joan zen bi urtez, boluntariotza humanitarioan. Handik bueltan, London School of Economics-en egin zuen matrikula, eta bertan ikasten ari zela, Bronislaw Malinowskiren zirkuluan sartu zen; gizarte antropologia britainiarraren aita zenaren zirkuluan, alegia. Malinowskiren ikaslea izan zen, ondoren laguntzailea, eta azkenean, bera ere irakasle bihurtu zen. Garai hartan, gizarte antropologia zientzia hasiberria zen, eta Malinowskik Audrey animatu zuen Afrikara ikertzera joan zedin. “Gizarte matrilineal bat aztertzera bidali ninduten, egiteko egokia baitzirudien emakumeak aztertzen zituen emakume antropologo batentzat, baina hala gizonak nola emakumeak aurkitu nituen bertan”, esango zuen urte batzuk igaro ondoren.

Hamar urte eta Zambiarako bidaia askoren ondoren, Hambre y trabajo en una tribu salvaje: un estudio funcional de la nutrición entre los bantúes del sur (Gosea eta lana tribu basati batean: hegoaldeko bantuen arteko nutrizioari buruzko azterlan funtzionala) izeneko tesia argitaratu zuen. Lehen ikerketa horren ardatza elikadura izan zen; elikadura kultura gisa, hain zuzen. Horretaz gain, Audreyk ikertu zuen nola kolonialismoa malnutrizioa eragiten ari zen bantu bemba herrian, ez baitzen halakorik gertatzen europarrak iritsi aurretik. “Nutrizioa, prozesu biologiko gisa, sexua baino ezinbestekoagoa da”, esan zuen, eta ideia horrekin, nutrizioaren teoria soziologikoa izango zenaren oinarriak finkatu zituen. Audrey bemba “buruzagi” izatera heldu zen, eta haien hizkuntza ere ikasi egin zuen neurri batean. Etnia hori aztertzen ari zela, XX. mendearen lehen hamarkadan, beste ideia berritzaile bat planteatu zuen: emakumeen bizitzek eta euren esfera sozialak ikerketa antropologikoen xede izatea merezi zutela.

Neskato izatetik emakume izatera igarotzeko iniziazio errituak

1938an, Hegoafrikako Witwatersrand Unibertsitateko irakasle izendatu zuten. Egonaldi horretan, landa lan gehiago egin ahal izan zuen, eta horri esker, bemba herria sakonago ezagutu ahal izan zuen (egun, Zambiako -garai hartan Ipar Rhodesia- biztanleriaren % 20 inguru dira bemba herria). Tierra, trabajo y dieta en Rodesia del Norte (Lurra, lana eta dieta Ipar Rhodesian) argitalpenean, doktorego lanean adierazitakoa nabarmendu zuen berriro: dieta bezalako egintza biologikoak giza harremanen eta tradizioen arabera moldatzen direla.

Denborak aurrera egin ahala, Audreyk ikerketa fokua zabaldu zuen beste alderdi antropologiko batzuetara, hala nola, ahaidetasun sistemak, erritualak, aldaketa ekonomiko eta sozialeko fenomenoak, sinbolismoa, erlijiositatea, eta abar. 1930eko hamarkadan, kanpaina eta espedizio asko egin zituen Afrikako ekialdean. Tamalez, ez zaigu informazio askorik iritsi bidaia horien baldintzei eta zailtasunei buruz. Baina badakigu ikerketa antropologikoaren eremu berri bateko aditu bilakatu zela Audrey, eta oso gutxi zeuden garai hartan. Zehazki, honakoa izan zen bere esparrua: gizarte afrikarraren eraldaketa mendebaldeko zibilizazioarekin izandako kontaktuagatik; azken horiek hamarkada gutxitan lurraldean zuten boterea bermatu baitzuten.

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Britainia Handira itzuli zen, eta Afrikari buruz ezagutza handiak zituenez, hainbat kargu izan zituen Bulego Kolonialean eta Gizarte Zientzien Ikerketarako Kontseilu Kolonialean. Gatazka amaitu ondoren, antropologiako irakasle hasi zen lanean Londresko Unibertsitatean. Baina ez zuen ikerketa baztertu. Garai hartan, bere herrialdean bertan idatzi zuen Algunos tipos de estructura familiar entre los bantúes centrales (Familia egitura mota batzuk erdialdeko bantuen artean) (1950).

Iturria: Amazon.

Hain zuzen ere, 1950. urtean, Audrey Richards Afrikara joan zen berriro, bertan bizitzeko asmoz, politikari britaniar-afrikarrek balioetsiko zutelakoan gizarte zientzietako adituen aholkularitza. Ugandara joan zen, eta hantxe bihurtu zen Ekialdeko Afrikako Gizarte Ikerketarako Institutuko lehen zuzendaria.

Hurrengo bost urteetan bizitakoarekin, eragin handiko beste lan bat argitaratu zuen, bere karrera bultzatuko zuena: Chisungu: una ceremonia de iniciación de una niña entre los Bemba de Zambia (Chisungu: Zambiako Bemba herriko neskatoen iniziazio zeremonia). Lana 1956an argitaratu zen, eta etnia horren erritualak (nekazaritzakoak, erregetzari buruzkoak, erlijiosoak…) jasotzen zituen. Erritualetako batzuk, “chisingu” deritzenak, neskatoen iniziazio errituak ziren, eta ugalkortasunarekin eta lurrarekin lotuta zeuden. Zeremonia horiek hogeita hiru egun irauten zituzten, eta haietan, neskatoa emakume bihurtzen zen. Ondoren, gizon batek emakumearen gaineko eskubideak eskura zitzaken. Audryek zuzenean ikusi zuen zeremonia horietako bat 1931n. Harentzat zeremonia horiek ez ziren formakuntza bat, baizik eta alaba izatetik emazte izatera igarotzeko une bat. Tribuaren balioen oinarrietako bat ziren zeremonia horiek, eta emozionalak baino, sinbolikoak ziren.

57 urte zituela Ingalaterrara itzuli zen Audrey, eta irakasle lanari heldu zion berriro Cambridgen. Bertan sortu eta zuzendu zuen Afrikako Ikasketen Zentroa, eta han jardun zuen 1967an erretiratu zen arte. Urte horretan bertan izendatu zuten Britainiako Akademiako kide, eta aurrerago, 1974an, Estatu Batuetako Arte eta Zientzien Akademiako kide. 1960ko hamarkada independentismo afrikarraren hamarkada izan zen, eta Audreyk aktiboki parte hartu zuen kontinente horretako mekanismo sozial eta politikoei buruzko hitzaldietan eta konferentzietan. Erretiratu zen egunean, Audreyk honako hau esan zuen publikoaren aurrean:

“Gu, hirurogeitaka urtekook, konturatzen hasiak gara ez dela gutaz espero ideia originalik –hala izan dadila, arren–, eta, gainera, teoria berriei buruzko gure iruzkinak ez direla gustura jasotzen. Paradoxikoki, ikasleek uste dute gure ekarpen berritsuenak iraganeko ekitaldi eta aldarteen oroitzapenak direla: ahaztutako ekintzak eta ideiak, hitz iheskorretan besterik ez baitziren islatu; eta, beraz, historialari bihurtzen gara azkenean, edo, agian, historialarientzako bazka”.

Batzuen ustez, originaltasun gabezia horregatik ez zuten katedradun izendatu. Hala ere, horrek ez zuen geldiarazi, eta erretiratu ondoren ere bemba herriari buruz lanean jarraitu zuen.  Oraindik ere bazuen material asko aztertzeko, bere begiko “antropologia praktikoari” esker (nahiz eta horrek ez zuen antropologia teorikoak bezainbesteko fama). Besteak beste, Ekialdeko Afrikako tribuen garapen politikoari buruzko ikerketa bat editatu zuen, eta hiri eremuetan hazten hasia zen multitribalismoari buruzko interesa piztu zitzaion.

Audrey RichardsAudrey Richards. (Iturria: LSE).

Audreyk zituen ezaugarri praktikoei dagokienez, haren ikerketak aztertu dituztenek ikerketa metodoa nabarmentzen dute. Kultura baten alderdi ezberdinen arteko harremanak bilatzen zituen Audreyk. Halaber, azpimarratzen dute zentzu komun kritikoa zuela, ezagutzen ez zituzten pertsonak irrigarri uzten zituzten horien jarreren entzutea zikintzen baitzuen. Izan ere, Audreyk ez zuen nahi biltzen zuen informazioa administrazio kolonialarentzako erabilgarria izatea. Bere aburuz, ikerketa antropologikoak ezin dira guztiz osatu eta beti geratzen da alderdi solteren bat. Hori izan daiteke, hain zuzen, bere idatziek ordenarik ez izatearen arrazoia, eta gehien errepikatzen den hitzetako bat “arazoak” izatearena.

Kontatzen dute Nairobiko (Kenya) funtzionario batek honela esaten ziola, xehetasun handiz idazten zuela jakinda: «soilik orrialde erdia, Richards andrea, soilik orrialde erdia zure ondorioak jasotzeko». Hari buruz ere kontatzen da ironikoa, adarjotzailea eta lankide dibertigarria zela. Ugandan ospetsu egin omen zen festetan erakusten zuelako behatzez pospoloak pizteko gai zela. Hala ere, beste aurpegi bat ere bazuen, serioa eta oso morala.

1984an hil zen, Midhursten (Ingalaterra). Audreyren saiakerak, egun ere, mundu osoko antropologoek kontsultatzen dituzte.

Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan espezializatutako kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 23ean: Audrey Richards: una bióloga africanista en un siglo colonial.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Audrey Richards: biologo afrikanista bat mende kolonial batean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Euskal Herriko animaliak

jeu, 2024/04/11 - 09:00
EuskalIrudia: Liburuaren azala. (Iturria: Erein)

Hobekien kontserbatzen den Kantauriko basoetako batera sartzear zaude, gure lurraldeko tontorrik garbienera igotzear, gure habitat guztietako animalia bitxienak ezagutzear, baita ia ikusezinak direnak ere. Iberiar penintsularen iparraldeko hainbat ekosistema eta bertan bizi diren ia espezie guztiak ezagutu ahal izango dituzu orrialde hauetan. Taldeka eta familien arabera antolatuta, gure lurraldeko 50 espezie enblematikoenen ezaugarri eta berezitasun guztiak ezagutuko dituzu.

Presta zaitez kolore orotako animalia basatien mundua bisitatzeko; orrialde guztietan izango duzu aukera deskubritzeko nor ezkutatzen den.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Euskal Herriko animaliak
  • Egilea: Asier Gorostidi Sierra eta Igor Sarralde Ussia
  • ISBNa: 978-84-9109-635-1
  • Argitaletxea: Erein
  • Hizkuntza: euskara
  • Orrialdeak: 64
  • Urtea: 2020
Iturria:

Erein: Euskal Herriko animaliak.

The post Euskal Herriko animaliak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hemen arrain ustelaren kiratsa dago: trimetilamina

mer, 2024/04/10 - 09:00
Raquel Gómez Molina

Oso usain gutxi dira egoera txarrean dagoen arrainarena bezain desatseginak. Duela egun batzuk erositako eta hozkailuan gordetako lupia kirats higuingarria botatzen hasten denean ez dago atzera bueltarik: trimetilamina izeneko deskonposizio-elementua agertu da. Molekula hori zenbait aminoazidoren metabolismoan alterazioak dituzten pertsona batzuen hatsaren eta usain desatseginaren erantzule ere bada.

trimetilamina1.irudia: (Iturria: Pexels)Zer da trimetilamina?

Trimetilamina (TMA) N(CH3)3 formula duen konposatu organikoa da. Giro tenperaturan narritagarria eta koloregabea den gas bat da, eta muki-mintzekin kontaktuan jartzen denean nekrosia eta korrosioa eragiten ditu. Amina tertziario bat da, urean erraz disolbatzen da, eta amoniakoa baino basikoagoa da (pH-ari dagokionez). TMA deskonposaketa mikrobianoan sortzen den produktu bat da. Zehazki, animalien eta landareen ehunetan dauden kolina, L-karnitina eta betaina makromolekula nitrogenatuak degradatzean eratzen da.

trimetilamina2.irudia: Trimetilamina. Kolore urdineko nitrogenoa, kolore beltzeko karbonoa, kolore zuriko hidrogenoa. (Iturria: Wikimedia Commons)

Ur gazitan bizi ahal izateko, itsasoko animaliek  gatz kontzentrazioa orekatzen eta mugatzen duten substantziak dituzte zelulen barruan. Trimetilamina oxidoa (TMAO) da konposatu horietako bat, eta itsasoko arrainen (hegaluzearen, antxoaren, urraburuaren, oilarraren, ezpata-arrainaren, erreboiloaren…) muskulu-ehunaren % 5a da. Substantzia horrek ez du ez usainik ez zaporerik, baina arraina hiltzean, oxidatu egiten da eta TMA bihurtzen da minutu gutxitan, arrainaren gorputzeko bakterio eta entzimen eraginez. Gainera, airearen eragina ere gehitu behar zaio. Izan ere, aireak ehunetako koipeak eta urea degradatzen laguntzen du, eta amoniako bihurtzen ditu. Horiek guztiek konposatu lurrunkorren nahasketa kirasduna osatzen dute, arraina fresko ez dagoen seinale argia.

Arrain usaina gizakietan

Gizakiek ere sintetizatzen dugu TMA, kolina eta karnitina bezalako aminoazidoen degradazio-produktu gisa. Alabaina, gizaki osasuntsuetan ez da nabaritzen, TMAO bihurtzen delako gibelean, eta gernuaren bidez iraizten delako gero. Metabolismoaren nahasmendu baten ondorioz, ordea, pertsona batzuek gibeleko erreakzio hori gauzatzen duten entzimetan akats bat izaten dute, eta ondorioz, deskonposatzen ari den arrainaren usain bizia izaten dute. Gaixotasun arraroa bada ere, trimetilaminuriak edo arrain usainaren sindromeak jatorri genetikoa du, eta kaltetutako pertsonek TMA kontzentrazio handiak kanporatzea eragiten du gernuan, izerdian, hatsean, emakumeen baginako fluidoetan, eta beste fluido batzuetan.

Trimetilamina maila altuak ez dira toxikoak organismoarentzat, baina trimetilaminuria duten pertsonek bestelako arazoak izaten dituzte beren gorputzaren usainagatik, hala nola, arazo psikosozialak, isolamendua eta autoestimu batxua. Gaur egun, ez dago tratamendu zehatzik, eta usain txarra arintzeko gomendioa da sufre eta nitrogeno ugariko aminoazidoak dituzten produktu gutxiago kontsumitzea (adibidez, arrain urdinak, lekaleak, haragia eta zuringoa).

trimetilamina3.irudia: (Iturria: Pexels)Suediako delicatessen kirasduna

Arrainak botatzen duen usain txarra arraina egoera onean ez dagoenaren adierazle fidagarria da, eta hari esker, elikadura intoxikazio desatsegin bat izatea ekidin dezakegu. Hala ere, badago salbuespen bitxi bat: surströmming-a. Suediako produktu tipiko hori Itsaso Baltikoko sardinzar hartzitua da, eta gizakiak inoiz sortu duen elikagai higuingarriena da. Kasu honetan, usain txarra ez du eragiten arrainak botatzen duen TMAk, baizik eta gatzunean bertan dauden hartzidura produktuek. Surströmming-a latetan saltzen da, eta han, Haloanaerobium generoko bakterioek karbono dioxidoa sortzen dute, bai eta usan berezi hori eragiten duten zenbait konposatu ere: azido propanoikoa, hidrogeno sulfuroa (arrautza ustela), azido butirikoa (gurin mindua) eta azido azetikoa (ozpina).

Produktu tradizionala bada ere, kontsumoa murrizten ari da eta badirudi horren arrazoia genetikan dagoela. Current Biology aldizkarian argitaratutako azterlan batek lotu egin zituen produktu horren kiratsarekiko gorrotoa eta TAAR5 genearen aldaera genetiko bat. Gen horrek dagoeneko hain ezaguna den TMA detektatzeaz arduratzen den usain-hartzaile bat sintetizatzen du. Tira, ehunka urteko bilakaerak prestatu egin gaitu janari ustela saihets dezagun.

Beraz, arrain ustelaren usain txarra trimetilamina konposatu lurrunkorraren ondorio da. Arrainaren degradazioak aurrera egin ahala, bakterioen deskonposiziotik sortzen den TMAO molekularen kontzentrazioa handitu egiten da, eta usaimenak ohartarazten gaitu produktua ez dagoela fresko. Egoera txarrean dagoen arrainarekin ez ezik, trimetilamina lotuta dago baita ere zenbait aminoazidoren metabolismoko nahasmenduarekin, eta hatsaren eta izerdiaren usain sarkorra eragiten ditu. Usain txar hori plater tipiko batzuetan ere badago eta haiek baztertzera eramaten gaitu, adibidez, Suediako surströmming-a, zeinaren usain higuingarria hartziduraren ondorio den. Oro har, trimetilamina kimikaren, zentzumen pertzepzioaren eta gastronomiaren arteko loturaren adibide da.

Erreferentzia bibliografikoak:

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Institutu Nazionala DLEP 142 – Trimetilamina.

Márquez Moreno, María Dolores (2013) Síndrome del olor a pescado: trimetilaminuria. Formación Activa en Pediatría de Atención Primaria, 6(4) 270-274.

Egileaz:

Raquel Gómez Molina laborategi klinikoko eta komunikazio zientifikoko kimikari espezialista da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko otsailaren 26an: Aquí huele a pescado podrido: la trimetilamina.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Hemen arrain ustelaren kiratsa dago: trimetilamina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Antzinako izurriteak eta klima lotu nahian

mar, 2024/04/09 - 09:00

Klima hoztu izanak Antzinako Erroman izan ziren hiru izurrite handienak indartu zituela babestu du ikertzaile talde batek. Hiru urteko bereizpena lortu dute datu paleoklimatikoetan.

antzinako1. irudia: zientzialari talde batek uste du Antzinako Erroman gertatutako izurriteen eta klimaren arteko harremana aurkitu duela. (Argazkia: Juanma Gallego)

Txantxa baten itxura eduki nahi duen esaera bat dabil zientzialarien artean: zientzia-artikulu baten titularrean galdera bat agertuz gero, erantzuna ezezkoa izango da. Logika handia duen itsasargia da zientzia komunikazioaren ur gatazkatsuetan nabigatzerakoan hondoa ez jotzeko. Agerikoa da egileek titular horretan proposatzen dutena berresteko froga nahikoak izanez gero, ez luketela galdera ikurrik jarriko titularrean.

Baina egia da ere gehienetan ezagutza ez doala aurrera erabateko segurtasuna duten aurkikuntza eztabaidaezinen bitartez, eta hainbat ikerketak pilatutako zantzu txiki askok askotan ebidentziak pilatzen dituztela norabide batean.

Korrelazioak bilatzen dituzten ikerketei hori gertatzen zaie. Ondo finkatutako irizpide klasiko batek dio berez korrelazioak ez duela suposatzen kausalitaterik, bi aldagai batera joateak ez duelako zertan esan beren artean harremana dagoenik. Hortaz, oso zalantzagarria izan daiteke pirateria klasikoaren beherakadaren eta klima aldaketaren arteko harremana aldarrikatzea, pastafariok logikaren kontra baina gure fedeari eutsita aldarrikatzen dugun bezala. Baina, arestian esan bezala, besterik ez dagoenean, ebidentziak pilatzeko lagungarriak izan daitezke korrelazioak.

Norabide horretan, klasiko bat da klimaren eta gertakari historikoen arteko harremana bilatzea, nahiz eta ia-ia kasu gehienetan egileek berek argi utzi ohi duten historia zizelkatzen duten faktoretako bat baino dela klima.

Oraingoan ere berdina gertatu da. Zientzia artikuluan ez, baina ikerketa zabaltzeko erabilitako prentsa oharrean agertzen da galdera: “Klima aldaketak pandemiak bultzatu al zituen antzinatean?”. Funtsean, Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bat idatzi duten zientzialariak baiezkoan daude; baina onartu dute ere kausalitatea frogatzeko datu nahikorik ez dutela.

Gutxi gorabehera Kristo aurreko 200. eta Kristo ondorengo 600. urteen arteko tarteari dagozkien Mediterraneo aldeko datu paleoklimatiko berriak aurkeztu ditu talde horrek. Denbora eta lekua aintzat izanda, agerikoa da zergatik ahalegindu diren Antzinako Erromaren historiarekin alderatzen.

antzinako2. irudia: Erromatar Inperioaren krisiek mendez mende piztu dute adituen eta publiko orokorraren irudimena. (Irudian, Izurritea Erroman izeneko grabatua, J.G. Levasseurrek egina, Jules Elie Delaunayren margolan batean oinarrituta. Jabari publikoko irudia)Dinoflagelatuaen gaitasun harrigarria

Itsasoan bildutako sedimentuak izan ohi dira iraganeko klima nolakoa zen jakiteko gehien erabiltzen den metodoetako bat. Gaian aditu ez garenontzat, horrelako zerbait entzutean burura datorkigun lehen ideia da sedimentu horietan pilatutako polenaren arabera gai direla zientzialariak estratu bakoitza sortu zelako egoera klimatikoa zertan zen ondorioztatzeko. Izotz laginen kasuan ere, nahiko ezaguna da ere bertan harrapatutako aire burbuiletan aurkitu ohi dituztela garai bateko atmosferaren denbora kapsula txikiak.

Bada, kasu guztietan ez da horrela, ikerketa honetan erakutsi dutenez. Izan ere, oraingoan batez ere dinoflagelatuak erabili dituzte iraganeko klima berreraikitzeko. Fitoplanktonaren parte dira organismo hauek, eta beste hainbat organismok duten gaitasun harrigarri berdina dute hainbat espeziek: ingurumenaren egoera eurentzat egokia ez denean, gai dira latentzia egoera batean sartzeko, garai egokiagoen zain geratuz.

Dinoflagelatuen kasuan, kontua are bitxiagoa da, ahalmen hori beren bizi zikloaren parte izan daitekeelako. Izan ere, gehienetan asexualki ugaltzen badira ere, zenbaitetan ugalketa sexuala gauzatu dezakete. Bikotean dena ondo baldin badoa, bateratu eta bi dinoflagelatuek zigoto bat sortzen dute. Baina baldintzak ez baldin badira egokiak, elikagai edo argi nahikoa ez dagoelako, kiste gogorrago baten itxura hartu dezakete, eta hondoan geratu daitezke, urteak edo hamarkadak hibernazio egoera batean mantenduz.

Hain justu, tenperatura mailen arabera eta nutrienteen eskuragarritasunaren arabera gehiago edo gutxiago pilatzen direnez, beren presentzia estratuetan oso adierazgarria da garaian garaiko klimaren berri izateko. Sedimentuen geruzak datatzeko erradiokarbonoa eta pilatutako sumendietako errautsak erabili dituzte. Garaiko sumendietako erupzioak ondo ezagutzen direnez, adituek aukera izan dute zehaztasun maila altua eskuratzeko. Sumendi bereko erupzioak izan arren, sortzen diren kristalezko partikula txikiak desberdinak baitira erupzioaren arabera.

Ez da modu bakarra izan, eta, besteak beste, polena ere aztertu dute. Horrez gain, dendrokronologian edo espeleotemen azterketan abiatuta egin diren beste hainbat ikerketa ere aintzat hartu dituzte. Horregatik guztiagatik, datazio hauetan hiru urteko doitasuna eskuratu ahal izan dute datak zehaztean, eta horregatik Antzinako Italiako “bereizmen handiko” lehen erregistro gisa aurkeztu dute.

Aurkitutako korrelazioei dagokienez, hiru izurrite handirekin lotu dituzte hotz handiagoko garai historikoak. “Klima aldaketaren fase bakoitzaren ondoren pandemia bat abiatu zen”, laburbildu du Bremengo Unibertsitateko Karin Zonneveld ikertzaileak. Zientzialarien arabera, hotzagoa den klima batek janaria murriztuko luke, eta pertsonak zaurgarriago bilakatuko lituzke.

Aurkitu duten lehena 160. eta 180. urte artean izandako hotz handiko garaia izan zen, eta hori lotu dute Antoninotar izurrite handiarekin. Ezagutzen da Ekialde Hurbiletik bueltatu zirenean legioek Erromara eraman zutela gaixotasun hori, baina ez dago batere garbi baztanga ala elgorria izan ote zen.

Bigarren hotzaldi bat 245etik aurrera gertatu zen, eta horren ostean abiatu zen Hirugarren Mendeko Krisia (250-275). Moneta krisia, inperioaren zatiketa eta Ziprianotar izurria gertatu ziren data horietan. Egileek uste klima aldaketak eragina izan zuela krisian. Kasu horretan ere zaila da jakitea elgorria, baztanga ala sukar hemorragikoren bat izan ote zen urte horietan zabaldu zen gaitza.

Hirugarren aldia, baina, askoz ezagunagoa da aditu ez direnen artean: Antzinate Berantiarreko Izotz Aro Txikia abiatu zen 536. urtetik aurrera. Kasu honetan hasierako data zehaztasun handiz ezagutzen da, garaiko iturriek diotelako laino iraunkor batek hartu zuela Eurasia. Prokopio historialariak idatzi zuen urte oso batez Eguzkiaren indarra Ilargiaren parekoa izan zela, uztak akabatuz eta gosetea zabalduz.

Ezagutzen da mundu osoan tenperaturak jaitsi zirela, eta uste da 536. urtean Islandian izandako sumendi baten erupzioaren ondorioz gertatu zela. Egoera are gehiago okertzeko, zientzialariek uste dute 540. and 547. urteetan ere erupzioak jazo zirela. Testuinguru latz horretan abiatu zen 541ean Justinianoren izurritea, Yersinia pestis bakterioak eragindako izurrite bubonikoarekin. Kalkuluek diote Mediterraneo aldeko populazioaren herena edo erdia akabatu zuela. “Baldintza klimatikoek gaixotasunaren efektuak handitu zituztelako hipotesia babesten dute gure datuek”, argudiatu dute zientzialariek. Ohartarazi dute ere aurkitu dituzten hotzaldi guztiak ez daudela lotuta pandemiei —200. eta 215. urteen artean gertatutako hotzaldia aipatu dute ikerketan, gaitzekin loturarik izan ez zuena—.

Emaitzak ezagutu aurretik ere Kyle Harper Oklahomako Unibertsitateko (AEB) historialariak eta egilekideak uste zuen lotura egon ahal zela klimaren eta gaixotasun pandemikoen zabaltzearen artean. Hain justu, titulu argigarria duen liburu baten egilea da Harper: Erromaren patua: klima, gaixotasuna, eta Inperio baten amaiera. Berak sustatutako hipotesiaren alde egingo lukete orain aurkeztutako korrelazioek, baina, esan bezala, onartu dute ezin dutela guztiz babestu lotura hori.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zonneveld, Karin A. F.; Harper, Kyle; Klügel, Andreas; Chen, Liang ; de Lange, Gert; Versteegh,Gerard J. M. (2024). Climate change, society, and pandemic disease in Roman Italy between 200 BCE and 600 CE. Science Advances, 10. DOI:10.1126/sciadv.adk1033

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Antzinako izurriteak eta klima lotu nahian appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Estrategia terapeutiko berriak matematiketan oinarrituta minbiziaren tratamendurako

lun, 2024/04/08 - 09:00

Matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrenek tumore barneko heterogeneotasun-maila txikiagoak dituztela berresteko. Hau da, zelula-mota desberdin gutxiago dituztela. UPV/EHUko Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak egin du ikerlana, eta hipotesi hau babesten du: komeniko litzatekeela tumore barneko zelulen heterogeneotasun-maila handiak mantentzeko estrategia terapeutikoak aplikatzea, minbiziaren eboluzioa moteltzeko eta biziraupena hobetzeko.

Planteamendu matematikoak indarra hartzen ari dira onkologia modernoan, minbiziaren eboluzioari buruzko jakintza berriak eta terapiak hobetzeko aukera berriak eskaintzen baitituzte. Hala, analisi matematikoetatik eskuratutako datuek aurkikuntza histologiko eta emaitza genomiko ugari ziurtatzen dituzte. Joko-teoriak, adibidez, minbizi-zelulen artean gertatzen diren interakzio “sozialak” ulertzen laguntzen du. Ikuspegi berritzaile horrek gaixotasunean agintzen duten ezkutuko gertaerak ulertzeko aukera ematen dio komunitate zientifiko eta klinikoari. Egiaz, tumore bat aldez aurretik ekologian definitutako arauen mende dauden indibiduoz osatutako kolektibitatetzat jotzeak atea irekitzen die pazienteentzako aukera terapeutiko berriei.

estrategiaIrudia: matematikak, histopatologiak eta genomikak bat egin dute zelula argiko giltzurrun-kartzinoma erasokorrek tumore barruko heterogeneotasun-maila txikiagoak dituztela berresteko. (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Joko-teoriaren esparruan, belatz-uso jokoa (hawk-dove game) biologian lankidetza eta lehia analizatzeko garatutako tresna matematikoa da. Minbizi-zelulen kolektibitateei aplikatzen zaienean, kanpoko baliabide bat lortzeko lehiatzen direnean minbizi-zelulek izan ditzaketen jokaerak azaltzen ditu. “Erabaki-teoria bat da; emaitza ez da bakarrik norberaren erabakiaren araberakoa, beste eragile batzuen erabakiaren araberakoa ere bada”, azaltzen du Annick Laruelle Ikerbasque irakasleak, UPV/EHUko Analisi Ekonomikoa Saileko joko-teorian adituak. “Jokoan, baliabide bat eskuratzeko, modu erasokorrean joka dezakete zelulek, belatz batek bezala, edo modu pasiboan, uso batek bezala”.

Laruelle irakasleak joko hori erabili du zelula argiko giltzurrun-kartzinoman, zeina oso erasokorra baita, zelulen arteko aldebiko interakzioak aztertzeko, bi agertoki desberdinetan. Bata, tumore-heterogeneotasun txikikoa da, bi tumore-zelula mota bakarrik lehiatzen baitira baliabide batengatik. Bestea, tumore-heterogeneotasun handikoa da, lehia hori hiru tumore-zelula motaren artean gertatzen baita. Zelula argiko giltzurrun-kartzinomak izen hori du tumorearen zelulak argi ikusten direlako mikroskopioan, burbuilak balira bezala. Ikerlana egiteko, kartzinoma-mota hori hartu dute kasu adierazgarri modura. Hau tumore barneko heterogeneotasunaren paradigma bat da, luze eta zabal aztertua (heterogeneotasunak esan nahi du tumore berean zenbait zelula-azpipopulazio daudela).

Ikuspegi teoriko berria estrategia terapeutiko berrietarako

Hala, Laruelle-ek, belatz-uso jokoa erabiliz, frogatu du tumore barneko heterogeneotasunaren funtsetako batzuk, histopatologiaren eta genomikaren ikuspegitik berretsiak, matematikan oinarritzen direla. Ikerbasque ikertzaileak Trends in Cancer aldizkarian argitaratu du lana, Biocruceseko, Turingo San Giovanni Bosco Ospitaleko eta Rio de Janeiroko Pontificia Unibersidade Catolicako ikertzaileekin lankidetzan egina.

Ikertaldearen ustez, “bata bestetik oso ezberdinak diren diziplinetatik lortutako aurkikuntzen konbergentzia horrek indartu egiten du medikuntza modernoan ikerkuntza translazionalak duen funtsezko eginkizuna, eta tumore barneko heterogeneotasunari leku nagusia ematen dio estrategia terapeutiko berrien ikuspegian”. Gainera, badute susmo bat: “tumore barneko heterogeneotasunak bide berberei jarraituz jokatzen duela beste tumore askotan”.

Gai horrek ondorio praktiko garrantzitsuak izan ditzake tumore gaiztoen tratamendu klinikoan. Molekula berriak etengabe iristeak aberastu egiten ditu minbizia tratatzeko aukerak, doitasunezko onkologiaren garai honetan. Hala ere, ikertzaileek diote gauza bat dela “molekula berri bat deskubritzea, eta beste bat hura erabiltzeko estrategiarik onena aurkitzea. Orain arte, pazienteari gehieneko dosi onargarria ematean oinarritzen da proposatutako ikuspegia. Hala ere, estrategia horrek erresistentziak lehenbailehen garatzera behartzen ditu tumore-zelulak. Era horretan, zelula erresistentez soilik osatutako tumore barruko heterogeneotasun txikiko neoplasia bihurtzen da jatorrizko tumorea”. Beraz, ikuspegi teoriko honen arabera, zentzuzkoa izan daiteke berariaz tumore barruko heterogeneotasun-maila handia lortzera berariaz bideratutako terapia bat erabiltzea. Horrek minbiziaren hazkuntza moteldu baitezake eta, hala, biziraupena luzatu. Gaur egun, onkologian, interes gero eta handiagoa ari da sortzen ikuspegi hori.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Matematikak onkologiako ikuspegi teoriko berri bat babesten du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manini, Claudia; Laruelle, Annick; Rocha, André; López, José I. (2024). Convergent insights into intratumor heterogeneity. Trends in Cancer, 10, 1, 12-14. DOI: 10.1016/j.trecan.2023.08.009

The post Estrategia terapeutiko berriak matematiketan oinarrituta minbiziaren tratamendurako appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #480

dim, 2024/04/07 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumena

Ikerketa berri batek klima-larrialdiak Europako itsasoen biodibertsitatean duen eragina aztertu du. Ondorioztatu dutenez, tenperatura igoerengatik azken 40 urteetan Ozeano Atlantikoa tropikalizatu egin da. Horrek esan nahi du ur beroetako espezieen kopurua areagotu dela. Beste eremu batzuetan, kontrara, borealizazioa gertatu da, eta ur hotzetako espezieak ugaritu dira. Prozesu hauek espezieen migrazioak hobeto ikertzeko beharra erakutsi dute. Azalpenak Berrian.

Biologia

Nerea Vallejo López biologoa da, eta Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ikertzen du bere tesian. Vallejok dio jende askok koronabirusagatik ezagutu dituela saguzarrak, baina ez du somatzen horrek eragin negatiborik izan duenik. Azaldu duenez, Euskal Herrian saguzar-espezie asko mehatxupean daude, eta faktore nagusia gordelekuen degradazioa eta desagerpena dela adierazi du. Argi utzi nahi izan du saguzarrak oso garrantzitsuak direla hainbat ekosistemetan, baina, hortik harago, berezko balioa eman behar zaiela. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Lurreko mantuan abiadura txikiko eremu handiak izeneko egiturak daude, eta datu berriak lortu dira horien inguruan. Ikerketa berri batek iradoki du eremu horiek gure Ilargia sortu zuen talka berean sortu zirela. Talka horren arrastoak lirateke eremu horiek, eta gure planetaren bolumenaren ia % 6 hartzen dute. Datuak Zientzia Kaieran: Planeta zatitxo bat beste planeta baten barruan.

Zoologia

Ur epeleko koralak dira ezagunenak, baina ur hotzeko koralak ere existitzen dira. Koral mota horrek koral-espezieen beste erdia osatzen du, eta gehienak iluntasunean bizi dira. Horregatik, ez dute alga sinbionterik, eta zuri eta gris tonalitatekoak dira. Izenak dioen bezala, 4-12ºC bitarteko uretan aurkitu daitezke, eta ekosistema oso aberatsak sortzen dituzte. Euskal kostaldean ere baditugu koralak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Ur hotzeko koralak.

Neurologia

Ezer ez duzunean egiten, zure garunak lana egiten du. Kanpoko estimulurik ez dugunean, gure garuneko eremu batzuk aktibitatea murrizten dute, baina neurona-sare bat aktibatu egiten da. Lehenetsitako neurona-sarea izendatu dute adituek, eta duela 20 urte haren berri izan genuen arren, hura ikertzen jarraitu dute. Gaur egun pentsatzen da neurona-sare honek erlazioa izan dezakeela barneko narratiba eraikitzearekin. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Matematika

Origamia bada artea, baina matematika ere bada. Jose Ignacio Royo UPV/EHUko Matematika irakaslea da eta origamian aritua. Papera tolestu eta formak eraikitzean datza origamiak, baina Royok azaldu duenez, erlazio handia du matematikarekin. Figurak diseinatzeko teknika matematikoak erabiltzen dira, eta grafo bat sortzen da azken finean. Ingeniaritzaren esparruan eta ikerketa zientifikoetan ere erabiltzen da origamia, espazioan erabiliko den eguzki-panel bat edo airbag bat nola tolestu jakiteko. Datuak Berrian.

Fisika

Kuantikoki korapilatutako fotoiak sortzeko teknika bat garatu dute. Korapilatze kuantikoa eta puntu kuantikoak konbinatuz, fotoi-pare ia perfektuak sortzea lortu dute nanokable batean puntu kuantiko erdieroaleak sartuta. Fotoi-pareak ekoizteko iturri eraginkor bat lortu dute, eta iturri hori laserrekin kitzikatuta sortzen dira fotoiak. Ikertzaileek nabarmendu dute hainbat aplikazio praktikoetarako baliagarria izango dela aurrerapen hori, komunikazio segururako, besteak beste. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Esne Bidearen erdiko zulo beltzak eremu magnetiko ahaltsua duela erakutsi du Event Horizon Telescope proiektuak. Eremu magnetiko hori espiralean bilduta dago, eta zulo beltzaren erdialderantz itzultzen da. Aurrez, 2021ean, beste zulo beltz batean ere ezaugarri bera topatu zuten. Esne Bidearen erdian dagoen zulo beltza, ordea, bestea baino mila aldiz txikiagoa da eta hark baino mila aldiz masa gutxiago du. Ikertzaileek uste dute bi zulo beltz horien arteko antzekotasunek eta desberdintasunek informazio baliotsua eskainiko dutela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #480 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #487

sam, 2024/04/06 - 09:00

aerosorgailuetan

Ikuspuntu esperimentaletik begiratuta, kagome motako metal-familia berri bat kontraesanez beteta dirudi. Baina DIPCko ikertzaileek frogatzen dute itxurazko kontraesanak materialaren berezko zerbait direla eta oso erabilgarriak izan daitezkeela. Datu guztiak Contradictions in (Cs,K,Rb)V3Sb5 are a feature, not a bug artikuluan.

BCAM zentroko ikertzaileak adimen artifiziala aplikatzen ari dira itsas zabaleko ur gainean dauden belaunaldi berriko aerosorgailuetan. Lan honen nondik norakoa Status of mooring systems for floating turbines using autoencoders artikuluan.

Elektronikaz harago doan elektronikak, spinean oinarritzen denak, beharrezkoa du nanoimanen magnetizazioaren kontrola tentsioa erabiliz. nanoGUNE ikerketa zentroak urrats handi bat eman du norabide honetan: The building block for magnetoelectric spin-orbit logic.

Ez duzu gezurrik esango. Eta zientzialaria bazara are gutxiago. Izan ere, politikaria izanez gero gezurra esateari iritzi-aldaketa esaten zaio, tradizio marxistarik onenean (Groucho Marxen tradizioan), eta bidean gorantz egiten duzu; baina zientzialaria bazara, zure atzetik ibiliko dira. Juan Trilloren eskutik: The deceiving scientist: an evil to tackle.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #487 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nerea Vallejo López, zoologoa: “Saguzarrek berezko balioa dute”

ven, 2024/04/05 - 09:00

Sarean arrakasta handia dute katuek, txakurrek eta etxekotutako beste animalia batzuek. Nerea Vallejo López biologoak, ordea, saguzarrak ditu gogoko. Hain zuzen, haiei buruzko tesia egiten ari da UPV/EHUn, eta arrazoi ugari aipatzen ditu, azaltzeko zergatik diren hain animalia interesgarriak: “Jendeak ez ditu ezagutzen, baina ez da hor ez daudelako. Euskal Herrian 27 saguzar-espezie daude eta munduan 1.300. Era askotakoak dira, eta, gainera, beste mundu bat bezala dira. Adibidez, Euskal Herrikoak gauez bizi dira, eta, guk ikusmena erabiltzen dugun bezala, beraiek ekokokapena erabiltzen dute. Gainera, hegalariak dira, taldean bizi dira… Gauza asko dituzte oso interesgarriak ikerketa asko egiteko”.

Nerea VallejoIrudia: Nerea Vallejo Lópezek zoologiaren arloan ikertzen du. (Argazkia: Ibai Biritxinaga – UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa)

Azpimarratu duenez, ugaztun hegalari bakarrak dira, eta hori, ebolutiboki, oso berezia da. “Asko mugitzen dira; batzuek, gau bakar batean, 30 km egin ditzakete haien janlekuetara joateko”, azaldu du.

Gogoratu du txikitan asko gustatzen zitzaizkiola animali basatiak, eta albaitari edo biologo izatea zuela amets. Hala, biologiako gradua egin zuen UPV/EHUn. Han badago saguzarrak ikertzen urteak daramatzan talde bat, eta haiekin egin zuen gradu-amaierako lana. Orain, tesia ere talde berarekin egiten ari da, Geoffroy saguzarraren ekologia trofikoa ezagutu nahian. “Geoffroy saguzarra Europan bizi den saguzar txikitxo bat da, eta nik bere dieta ikertzen dut, eta nola aldatzen den dieta denboraren arabera, koloniaren inguruko paisaiaren arabera eta abar”.

Koronabirusaren jatorria saguzarretan egon zitekeela eta, pentsatzekoa zen, agian, haien kontrako mugimendua edo iritzia sor zitekeela. Vallejok, ordea, ezeztatu egin du: “Egia da asko hitz egin zela saguzarrei buruz, baina ikertzaileek eta saguzarrei buruz dibulgatzen dutenek lan handia eta oso ona egin dute, informazio hori testuinguruan jartzeko. Lehenengo unetik aritu ziren dibulgatzen, eta, gaur egun, ekintza asko egiten dira saguzarren inguruan, familian, adibidez, animalia hauek jendeari hurbilarazteko eta ez izateko hain arrotzak”.

Are gehiago: Vallejok gogoratu du 2020an egin zituela tesirako laginketak, udan, eta, orokorrean, inork ez zuela arazorik jarri bere baserrira edo dena delako lekura joateko lagin bila. “Jende askok horregatik ezagutu baditu ere, nik ez dut sumatu alderik COVID-19aren aurretik eta ondoren“.

Saguzarren mehatxuak

Beraz, Vallejok ez du kezkarik jendearen jarrerarengatik; bai, ordea, saguzarren habitaten galerarengatik.  “Saguzar-espezie asko daude mehatxupean, Euskal Herrian ere bai: ia guztiak intereseko espezie gisa sailkatuta daude, eta lau, uste dut, arriskuan. Orokorrean, haien arrisku-faktore handiena da gordelekuen degradazioa eta desagerpena. Gure inguruan gordeleku nagusiak izaten dira kobazuloak eta etxe zaharrak, baserriak; batzuetan kobazuloetakoak baserrietan ere topatzen ditugu. Eta, bestetik, oso mehatxatuta daude baita zuhaitzak eta basoak gordelekutzat erabiltzen dituzten saguzarrak ere”.

Vallejoren esanean, kobazuloak oso degradatuta daude, eta inpaktu handia jasaten dute, aisialdiko eta kiroleko jarduerak modu masifikatuan egiten direnean. “Hala ere, jendeak asko errespetatzen ditu, oro har”, zehaztu du.

Baserriak desagertzearekin batera ere, gordeleku batzuk galdu egiten dituzte. Basoetan bizi diren saguzarrak, berriz, zuhaitz zaharren zuloetan gordetzen dira, baina ez da hain erraza halakoak topatzea. “Gure mendiak landaketez beteta daude, eta horrelakoetan saguzarrek ez dute non gorde“.

Gordelekuen arazoaren ondotik, beste arazo bat ere aipatu du Vallejok: elikadura. “Azken urteotan, gure inguruko paisaia asko aldatu da, eta, gizakiaren eraginarengatik, asko degradatu da. Eta horrek eragin zuzena du biodibertsitatean; hala, mundu osoan ikusi da intsektuak desagertzen ari direla. Euskal Herriko eta munduko saguzar gehienek intsektuak jaten dituzte, eta, gainera, intsektu asko behar dituzte bizirauteko“.

Datu bat eman du: gau bakar batean, beraien pisuaren erdia baino gehiago jan dezakete. Izan ere, metabolismo azkarra dute, eta energia asko behar dute hegan egiteko, eta kumeak aurrera ateratzeko. “Orduan, saguzarrek asko nabaritzen dute paisaia-aldaketek eta nekazaritzaren intentsifikazioak biodibertsitatean duten eragina“.

Berezko balioa

 Vallejoren iritziz, ez da erraza jendeak ulertzea zein garrantzitsua den saguzarrak ikertzea. “Azkenaldian egin den dibulgazioari esker, jendea hasi da ezagutzen zer onura eragiten duten ekosistemetan: batzuk, tropikoetan, polinizatzaileak dira edo haziak barreiatzen dituzte; gure inguruan, batez ere, horrenbeste intsektu jaten dituztenez, hasi gara ikertzen ea izurriteen kontrako eragin positiboa duten… Baina, nire ustez, hortik haratago joan behar dugu, eta saguzarrei eman berezko balioa“.

Azken finean, aldarrikatzen du ekosistema globalean funtsezko rola dutela, eta ekosistemikoki duten balioagatik dela garrantzitsua haiek ikertzea.

Onartu du ikertzaile-lana gogorra dela, baina asko betetzen duela. Hainbeste urte daramatza lehenengo ikasten eta gero ikertzen, kostatu egiten zaiola bere burua beste zerbaitetan irudikatzea. Hala, irekita badago ere, ikertzea gustatu egiten zaio, eta oraingoz horri helduko dio.

Fitxa biografikoa:

Nerea Vallejo López Bilbon jaio zen, 1995an. Biologia ikasi zuen EHUn, eta jarraian, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Unibertsitate Masterra egin zuen, baita ere EHUn. Egun, doktoregaia da unibertsitate bereko Zoologiako departamentuan. Saguzar intsektujaleen ekologia trofikoa ikertzen du teknika molekularrak erabiliz. Zehazki, bere tesian Geoffoy saguzarraren ekologia trofikoaren azterketa lantzen du.

Informazio gehiago:
  • EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2024). EHU Ekinean podcasta: Nerea Vallejo López, Campusa Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/04/EHU-ekinean-nerea-vallejo-lopez.mp3
  • Vallejo, Nerea; Aihartza, Joxerra; Olasagasti, Lander; Aldasoro, Miren; Goiti, Urtzi; Garin, Inazio (2023). Seasonal shift in the diet of the notched-eared bat (Myotis emarginatus) in the Basque Country: from flies to spiders. Mammalian Biology, 103, 419–431. DOI: 10.1007/s42991-023-00353-8 
Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nerea Vallejo López, zoologoa: “Saguzarrek berezko balioa dute” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zuhaitzen balioa

jeu, 2024/04/04 - 09:00

Zuhaitzen balioa kalkulaezina da. Planetako bizidunik zaharrenak eta handienak dira, eta duela milioika urtetik bizi dira Lurrean. Biziraupen estrategia harrigarriak dituzte, eta horregatik, beste edozein izaki bizidunentzat imajinaezinak diren adinetara iristen dira.

zuhaitzenIrudia: “Zuhaitzen balioa” liburuaren azala. (Iturria: Saure argitaletxea)

Zuhaitzak izaki oso konplexuak dira; elkar komunikatzen dira, eta planetako gainerako organismoekin ere harremanak dituzte. Interdependentziak ezartzen dituzte, eta, noski, gizakiok ez gara salbuespen bat. Zuhaitzak behar ditugu bizitzeko eta osasuntsu egoteko. Arnasten dugun oxigenoa sortzen dute, tenperatura erregulatzen dute eta airea iragazten dute. Haien fruituek elikatzen gaituzte, eta haien hostoek gure aldartea hobetzen duten substantzia kimikoak jariatzen dituzte.

Zuhaitzek onura ugari ematen dizkigute, eta, batzuetan, ez ditugu jasotzen… haiek desagertu arte. Zuhaitzak ulertu eta ekosisteman duten ezinbesteko funtzioa baloratzen ikasi behar dugu, eta azkar egin behar dugu. Espezie gisa dugun patua haienari lotuta dago, eta babesten ez baditugu, desagertzera kondenatuta gaude.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zuhaitzen balioa
  • Egilea: Susana Dominguez Lerena
  • Ilustratzailea: Daniel Rodriguez Redondo
  • ISBN: 978-84-17486-97-6
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2022
  • Orrialdeak: 114
Iturria:

Saure argitaletxea: Zuhaitzen balioa.

The post Zuhaitzen balioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Planeta zatitxo bat beste planeta baten barruan

mer, 2024/04/03 - 09:00

Imajinatu gure Eguzki Sistema gaztetan, duela 4.500 milioi urte inguru. Niri gustatzen zait gure planeta sistema patinajeko pista erraldoi baten antzera irudikatzea, film estatubatuarretan agertzen direnen antzekoa -nagusiagoei Olivia Newton-Johnen Xanadú etorriko zaie gogora, eta gazteagoei, agian, Stranger Things telesaila-. Pista horietan patinatzaileak bira eta bira ari dira erdigunearen inguruan -gure kasuan, Eguzkia-, perfektua izan behar duen koreografia eginez, patinatzaileen artean talkarik ez gertatzeko.

Izan ere, gure Eguzki Sistemaren pista, lehendabiziko garai haietan, elkarrekin gurutzatu eta batzuetan talka egiten zuten tamaina askotako gorputzez beteta zegoen. Batzuetan, talka horien ondorioz krater soilak sortuko ziren; beste batzuetan, aldiz, talkak hain ziren bortitzak non planeten historia geologikoa aldatzeko gai ere izango baitziren.

Gure Eguzki Sistemaren lehendabiziko etapa horretako uneren batean, gutxi gorabehera Marteren tamainako gorpuz batek -Tea edo Theia izenaz ezaguna- gure planetarekin talka egin zuen, eta talka horren ondorioz, gure Ilargia sortu zen, eta Lurrean zenbait aldaketa suertatu ziren. Egun arte, hori da gure satelitearen sorrera azaltzeko teoriarik onartuena.

talka1. irudia: Gure planetaren eta Tearen arteko talkaren simulazioa. (Irudia: NASA eta SVSrek eskainia).

Teoria hori frogatzea eta oraindik argitu gabe dauden zalantza batzuk ebaztea oso gai konplexua da, ikuspegi ezberdin asko behar baitira: Ilargiko laginak jasotzen jarraitzetik zenbakizko simulazioak diseinatzera arte. Simulazioek gero eta xehetasun maila handiagoa dute, ez soilik arlo fisikoan, baizik eta baita arlo kimikoan ere -elementuen banaketa azaltzeari lotuta-, eta horri esker gero eta modu fidelagoan berreraiki dezakegu gertatu zena.

Lurraren mantua ez da homogeneoa

Baina, aurretik imajinatu ditzakegunak baino talkaren proba gehiago baleude? Hamarkadetan zehar, zientzialariek, gure planetan sakabanatutako sismometroen sareen bidez (horiei esker gure barrualdearen ‑ hitzaren zentzu laxoan- erradiografia bat egin dezakegu) eskuratutako datuei esker, Large Low-Velocity Provinces (LLVPak) edo abiadura txikiko eremu handiak izeneko egiturak hauteman dituzte.

Gure planetaren barrualdearen eskema bat ikusten dugunean, testu liburuetan agertzen direnen modukoa, normalena da mantua eremu homogeneo gisa islatzea, baina errealitatea hori baino konplexuagoa eta heterogeneoagoa da. Mantuaren oinarrian -mantuaren eta nukleoaren arteko mugatik gertueneko tartean- daude eremu horiek, eta hortik zabaltzen dira gorantz mantuan zehar.

Imajinatu edalontzi bat ur, eta gainean eztia botatzen dugula. Eztia hondora joango litzateke, eta argi ikusiko genuke gainera, bere ezaugarriak -dentsitatea, kolorea, gardentasuna- murgildu den uraren ezaugarriekiko oso ezberdinak direlako. Ba horrelaxe imajina ditzakegu, gutxi gorabehera, LLVPak, baina gure mantuaren gainean. Eta ikusi ordez, zeharkatzen dituzten uhin sismikoen ezaugarrien aldaketaren bitartez hautematen ditugu.

LLVP izena hartzen dute uhin sismikoek zeharkatzen dituztenean uhinak geldotzen direlako; eta horregatik “abiadura txikiko” abizen hori. Garrantzitsuenak Afrika azpian eta Ozeano Barearen azpian daudenak dira. Eta eremu handien izena haien zabalerari dagokio; izan ere, gure planetaren bolumenaren ia % 6 hartzen dute.

Bada, nobedade garrantzitsuak daude LLVPei buruz: Nature aldizkarian argitaratutako artikulu berri batek iradokitzen du eremuen jatorriaren erantzulea gure Ilargia sortu zuen talka izan zela. Artikuluaren arabera, hain bortitza izan zen talka hori, non Tearen mantuaren zati batzuk gure planetarekin bat egin zuten.

talka2. irudia: Tearen talkaren eredu sinplifikatua. Yuan et al. (2023).

Tearen mantua osatzen zuten elementuek Lurraren mantukoek baino dentsitate handiagoa zutenez ‑egileek balioesten dute % 2 eta % 3,5 arteko dentsitate handiagoa zutela-, pixkanaka murgiltzen joan ziren, mantuaren eta nukleoaren arteko mugara iritsi arte, non ezin baitzuten gehiago jaitsi, gure eztiak edalontziaren hondoa ukitu zuenean bezala. Eta baliteke elementuek dentsitate handiagoa izateaz gain, mantua baino tenperatura handiagoa ere izatea.

Momentuz azaltzeko zailena da LLVPen jatorria benetan hori bada, nola den posible gaur arte modu hain agerikoan eta markatuan mantendu izana, mantuan nahasi eta homogeneizatu gabe, uretan tindua botatzen dugunean bezala: hasieran oso kontzentratuta dago, baina pixkanaka sakabanatzen doa uraren bolumen osoan.

Eta gehiago ere badago. Ikerketako egileek iradokitzen dute eremuak benetako denboraren kapsula bat izan daitezkeela, gure Eguzki Sistemaren historiaren opari ezkutu bat gordetzeko gai direnak. Izan ere, baliteke LLVPek haiekin eraman izana disko protoplanetarioaren jatorrizko konposizioaren elementu lurrunkor esanguratsuak.

Gas horiek arroka bolkaniko batzuen sinadura geokimikoan islatuta geratuko ziren, uharte ozeanikoko basaltoetan (OIB, ingelesezko siglengatik), adibidez. Arroka horiek Ilargiko arroka batzuen antzekoak dira, Teatik etorritako lurrunkor horien inklusioaren ondorioz.

Teoria horrek agertoki liluragarria irekitzen digu, baina, jakina, kritikak ere jaso ditu. Zientzialari batzuek diote benetan ez dakigula LLVPak hain antzinakoak diren -Eguzki Sistemaren jatorriraino joateko adinakoak- edo gure planetaren historian duela gutxiagoko aldi batean sortutako ezaugarria diren; beraz, datu gehiago beharko dira teoria onartu edo baztertzeko.

Horrenbestez, itxaron beharko dugu jakiteko ea gure planetak beste planeta baten zati bat gordetzen duen barrualdean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Yuan, Q., Li, M., Desch, S. J., Ko, B., Deng, H., Garnero, E. J., Gabriel, T. S., Kegerreis, J. A., Miyazaki, Y., Eke, V., & Asimow, P. D. (2023). Moon-forming Impactor as a source of earth’s basal mantle anomalies. Nature, 623(7985), 95–99. doi: 10.1038/s41586-023-06589-1

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 13an: Un trocito de planeta dentro de otro planeta.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Planeta zatitxo bat beste planeta baten barruan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ur hotzeko koralak

mar, 2024/04/02 - 09:00

Australiako, Indonesiako edo Karibeko koralak oso ezagunak dira. Ur epeleko koralak dira horiek, eta munduko koral-espezieen erdia osatzen dute. Eta beste erdia? Bada, ur hotzeko koralak ere badaude, eta horiek osatzen dute koral-espezieen beste erdia. Euskal kostaldean ere baditugu koralak.

ur hotzeko koralakIrudia: Ur hotzeko koralen zelaia. Ez du kolorerik galdu eta ez dago hilik; koral hauek ez dute alga sinbionterik, eta horregatik dira zuriak. (Iturria: NOAA).

Ur epeleko koral-arrezifeak dira agian irudikatu ditzakegun ekosistema koloretsuenak: koralen berezko koloreak, milaka arrain bueltaka kolore-paleta eta forma ezberdinekin, sakonera txikiko itsasoaren urdin argia… Zoragarria. Ez da bidezkoa, ordea, koralak eta koloreak beti eskutik helduta imajinatzea, koral guztiak ez baitira koloretsuak. Are gehiago, munduko koral-arrezifeen erdia zuri eta gris tonalitatekoa da gehienbat, eta asko erabateko iluntasunean bizi dira; horregatik falta dute kolorea, hain zuzen ere. Ur hotzeko koralak dira horiek, eta izenak dioen bezala, 4-12ºC bitarteko uretan bizi dira.

Ur epeleko koralek bereganatu dute animalia talde horretan arreta osoa, baina egia da ur hotzekoak ez direla ezagutzen errazak. XVIII. mendeaz geroztik izan dugu koral mota horren berri. Goi-latitudeetan, 50 metroko sakoneran aurki daitezke, baina tropikorantz gerturatzen joan ahala, sakonago kokatzen dira ozeanoan, 6. 000 metrora iritsi arte. Euskal kostaldean ere badaude ur hotzeko koralak, baina eremu babesetan “ezkutaturik” daude, gehienbat itsaspeko arroiletan.

Koraletako polipoak klonak dira

Cnidaria filumeko animaliak dira koralak (bai ur hotzekoak eta baita ur epelekoak ere), marmokak, polipoak, anemonak eta hidrak bezalaxe. Koralek kaltzio karbonatozko edo proteinazko eskeletoak sortzen dituzte, eta milaka eta milaka indibiduo edo polipo bizi dira eskeleto horietan itsatsita. Polipo bat buruz behera jarritako marmoka bat bezala irudikatu daiteke, garroak gora begira dituela. Marmokek bezalaxe, polipoek ere zelula erresumingarriak dituzte garroetan, eta uretan dabilen planktona harrapatzeko erabiltzen dituzte. Indibiduo edo polipo horietako bakoitza animalia bat da bere horretan, baina genetikoki berdin-berdinak dira; hau da, klonak dira. Nahiko animalia primitiboak dirudite koralek, eta halaxe dira: Lurreko animalia zaharrenetakoak dira, eta urtean milimetro batzuk baino hazten ez badira ere, milaka urte bizi daitezke. Ur hotzeko koral batzuek 10.000 urte izan ditzakete.

Ur hotzeko koralak XIX. mendean aurkitu ziren lehen aldiz Bizkaiko Golkoan. Eta hurrengo mendean animalia horien banaketa-mapak irudikatzen hasi ziren, arrantzaleak ohartu baitziren arraste-arrantzako sareak hondatzen zituztela. Gaur egun, oraindik ere oso gutxi ikertu dira Bizkaiko Golkoko koralak, baina ikerketek iradoki dute arrezife gehienak itsaspeko arroiletan daudela. Arroila horiek plataforma kontinentalak amaitzen diren lekuan hasten dira, eta izugarrizko maldak izaten dituzte, itsas hondoraino. Bizkaiko Golkoan (Bretainiako Ouessant uhartetik Iberiar penintsulako Ortegal lurmuturrera) 100 itsaspeko arroila baino gehiago daude, eta euskal kostaldean horietako bat dugu: Capbretoneko arroila. Izen bereko Landetako portuaren aurrean hasten da, eta ekialdetik mendebaldera zabaltzen da, euskal kostaldea jarraituz, Laredo pareraino (Kantabria). Guztira, 150 km-ko luzera du eta 2.100 metroko sakonerara iristen da.

Arraste-sareen mehatsua

Bizkaiko Golkoko koralen inguruan egin diren ikerketa urriek iradoki dutenez, koralak hain eremu mugatuetan soilik egotearen eragilea izan liteke animalia horien kokalekua lehen aldiz zehaztu zuen berbera: arraste-arrantza, hain zuzen ere. Koralek arraste-sareak hondatzen zituzten bezalaxe, sareek ere koralak hondatu zitzaketen (eta ditzakete). Hala, sare horiek iristen ez ziren eremuetan geratuko ziratekeen koralak, arroilak eremu nahiko iritsezinak baitira. Alabaina, adituen ustez zergati naturalengatik ere babestu daitezke koralak hain leku gordeetan, zergati horiek oso ongi ezagutzen ez badira ere.

Nahiko desberdinak dira, beraz, ur hotzeko eta epeleko koralak. Batzuk koloretsuak alga sinbionteei esker, besteak zurixkak argi faltagatik; batzuk itsaso epeletan, besteak ozeano sakonean; batzuk hotz, besteak bero. Badute, ordea, batzen dituen ezaugarri bat: espezie estrukturalak dira. Sortzen dituzten egiturei esker, bizileku eta babesgune dira beste espezie batzuentzat. Itsasoa oso zabala da, eta harrapariengandik ihes dabilen edonorentzat ongi etorria da itsas hondo lautik gailentzen den edozein estruktura. Hala, uste da 1.300 espezie bizikide direla ur hotzeko koralek sortzen dituzten ekosistemetan; tropikoetako koraletan haina.

Erreferentzia bibliografikoak:

van den Beld, Inge M. J.; Bourillet, Jean-François; Arnaud-Haond, Sophie; de Chambure, Laurent; Davies, Jaime S.; Guillaumont, Brigitte; Olu, Karine; Menot, Lénaïck (2017). Cold-Water Coral Habitats in Submarine Canyons of the Bay of Biscay. Frontiers in Marine Science, 4:118. DOI: 10.3389/fmars.2017.00118

Piffer, Ágara; Mattiuzzo, Beatriz; Oliveira, Samara (2020ko irailak 29). Not all corals want sun and warm water! Bate-Papo com Neptuno.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Ur hotzeko koralak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zure garunak egiten duena ezer ez duzunean egiten

lun, 2024/04/01 - 09:00

Zure burua noraezean dabilenean, zure garuneko neurona-sarea aktibatuta dago «hala lehenetsita dagoelako». Duela 20 urte izan zen horren berri, eta ondorioz, hainbat ikerketa egin dira garuneko eskualdeen sareei eta horien arteko elkarrekintzari buruz.

Egitekoren bat modu aktiboan egiten duzun aldiro (adibidez, gimnasioan pisua altxatzea edo azterketa zail bat egitea), horretarako behar diren garuneko aldeak «aktibatu» egiten dira, neuronek jarduera elektrikoa areagotzen dutenean. Baina zure garuna aktibo dago sofan erdi-lo zaudenean ere?

garunak1. irudia: Argazkia: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine.

Ikertzaileek aurkitu dutenaren arabera, bai. Azken hamarkadetan lehenetsitako neurona-sarea esaten zaiona definitu dute. Sare hori itxuraz loturarik ez duten garuneko zenbait eremuk osatzen dute, eta aktibatu egiten dira ez zarenean ezer egiten ari. Aurkikuntza horrek garunaren funtzionamenduari buruzko informazioa eman du, egiteko zehatzak garratziarik izan gabe, eta ikerketa sustatu du garuneko sareek (garuneko eskualdeez gain) duten egitekoaren inguruan gure barneko esperientziaren kudeaketan.

XX. mendearen amaieran neurozientzialariak teknika berriak erabiltzen hasi ziren eskaner bidez jendearen garunaren irudiak hartzeko, zerbait egiten ari ziren bitartean. Espero zen bezala, garuneko eskualde batzuetako jarduera areagotu egiten zen egiteko batzuetan. Baina ikerlarien harridurarako, beste eremu batzuetako jarduera moteldu egiten zen aldi berean. Neurozientzialariei deigarria iruditu zitzaien garuneko eremu berberek etengabe murriztu egiten zutela beren jarduera, egiteko ugaritan, gainera.

Bazirudien eremu horiek aktibo zeudela pertsona ez zenean ezer egiten ari, eta gero itzali egiten zirela, garunak arreta zerbaitetan jarri behar zuenean.

Ikertzaileek eremu horiei “egiteko negatiboak” izena jarri zieten. Lehenengo aldiz identifikatu zirenean, Marcus Raichle Washington Unibertsitateko (St. Louis) Medikuntza Fakultateko neurologoak uste zuen egiteko negatiboko eremu horiek zeregin garrantzitsua zutela garuna atsedenean zegoenean. «Horregatik planteatu zen: “Zein da garunaren oinarrizko jarduera?”», gogoratzen du Raichlek. Esperimentu batean, eskanerretan jarritako pertsonei eskatu zien begiak ixteko eta burua noraezean uzteko, berak garunaren jarduera neurtzen zuen bitartean.

Ikusi zuenez, atsedenean gure buruaren baitan murgiltzen garenean, egiteko negatiboko eremuek garunaren gainerako eremuek baino energia gehiago erabiltzen dute. 2001eko artikulu batean, Raichlek jarduera horri «garunaren funtzionamenduko modu lehenetsia» izena jarri zion. Handik bi urtera, bereizmen handiagoko datuak sortu ondoren, Stanfordeko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko talde batek aurkitu zuen egiteko negatiboen jarduera horrek garuneko eskualdeen sare koherentea definitzen zuela, eta lehenetsitako sare neuronala izena jarri zitzaion.

Lehenetsitako sare neuronalaren aurkikuntzak neurozientzialarien jakin-mina piztu zuen, oso interesgarria baitzen jakitea garunak zer egiten duen kanpo-ingurunetik datorkion zereginik ez duenean. Nahiz eta ikertzaile batzuek uste zuten sarearen egiteko nagusia esna gaudenean amets egiteko esperientzia sortzea zela, beste susmo gehiago ere baziren. Beharbada kontzientziako korronteak kontrolatzen zituen, edo iraganeko esperientzien oroitzapenak aktibatzen zituen. Eta lehenetsitako sare neuronalaren disfuntzioa nahasmendu psikiatriko eta neurologiko ia guztien balizko ezaugarritzat planteatu zen, baita depresioa, eskizofrenia eta Alzheimerrarenak ere.

Orduz geroztik, lehenetsitako sareari buruzko ikerketa saldoak korapilatu egin du hasierako ulermena. «Lehenetsitako sarea tartean duten egiteko eta paradigma mota asko aztertu dira azken 20 urteetan, eta oso interesgarria izan da horiek ikustea», dio Lucina Uddinek, Los Angeleseko Kaliforniako Unibertsitateko neurozientzialariak.

Lehenetsitako sarea izan zen zientziak bereizi zuen garuneko lehenengo sareetako bat. Garuneko zenbait eskualdek osatzen dute, batzuk garunaren aurreko aldekoak; hala nola, kortex prefrontal medial dortsala eta bentrala. Beste gune batzuk organo osoan zehar barreiatuta daude, esaterako, atzeko kortex zingulatua, prekuneoa eta bira angularra. Eskualde horiek memoriari lotuta daude, baita esperientzien errepikapenari, aurresateari, ekintzen kontsiderazioari, sariari/zigorrari eta informazioa integratzeari ere. (Beheko irudian kolorez azpimarratutako eremuek adierazten dute garuneko kanpoaldeko eremu batzuk aktiboagoak direla lehenetsitako sarea aktibatzen denean).

garunak2. irudia: Argazkia: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine.

Aurkitu zenetik, neurozientzialariek zenbait sare gehigarri identifikatu dituzte, garunean itxuraz urrun dauden eremuak aktibatzen dituztenak. Aktibatutako eremu horiek ez dira modu independentean aritzen, baizik eta elkarrekin sinkronian harmonizatzen dira. «Ezin da orkestra sinfonikorik irudikatu soilik biolinekin edo oboeekin», esaten du Raichlek. Antzekoa gertatzen da garunean, garuneko sarean aldeak elkarrekintzan aritzen dira, soilik elkarrekin eragin ditzaketen ondorioak eragiteko.

Ikerketaren arabera, lehenetsitako sare neuronalaren ondorioetan sartzen dira burua noraezean ibiltzea, iraganeko esperientziak gogoratzea, besteen gogamen egoeretan pentsatzea, etorkizuna bistaratzea eta lengoaia prozesatzea. Alderdi horiek guztiek kognizioarekin zerikusirik ez dutela iruditu arren, Vinod Menonek, Stanfordeko Neurozientzia Kognitibo eta Sistemikoaren Laborategiko zuzendariak, duela gutxi plazaratu zuen hipotesiaren arabera, funtzio horiek erabilgarriak izan daitezke barneko narratiba eraikitzeko. Bere iritziz, lehenetsitako sare neuronalak lagundu egiten dizu pentsatzen nor zaren besteetzat, zure iraganeko esperientziak gogoratzen eta ondoren hori guztia autonarratiba koherentean laburtzen.

garunak3. irudia: 2001ean Marcus Raichle neurologoak identifikatu zuen garuna noraezean dabilenean aktibatzen den garunaren jarduera sarea eta garuneko funtzioren “modu lehenetsia” deitu zion. (Argazkia: Marcus Raichlek eskainia. Iturria: Quanta Magazine)

Argi dago lehenetsitako sarea zeregin konplikatu baterako dela; erabat deskribatu ezin diren prozesu askotan sartuta dago. «Apur bat leloa da pentsatzea honako hau noizbait esan ahal izango dugula: ‘Garuneko eskualde edo sare honek gauza bat egiten du’», dio Uddinek. «Ez dut uste horrela funtzionatzen duenik».

Uddin autoezagutzan interesatuta zegoen, eta horregatik hasi zen lehenetsitako sare neuronala ikertzen. Bazirudien autoezagutzarekin erlazionaturako zeregin asko sare horri lotuta zeudela, besteak beste, zure aurpegia edo ahotsa identifikatzea. Azken urteetan garuneko sareen arteko elkarreraginetan jarri du arreta. Garuneko hainbat eremuk elkarreraginean sareak eratzen dituzten bezala, hainbat sarek ere elkarri eragiten diote modu esanguratsuan, Uddinen esanetan. «Sareen arteko elkarreraginak aztertzea argigarriagoa da, nolabait, sare isolatu bat aztertzea baino; izan ere, elkarrekin aritzen dira lanean, gero banandu egiten dira eta hala, aldatu egiten dute egiten dutena denboran zehar».

garunak4. irudia: Lucina Uddin neurozientzialariak garuneko sareek elkarri nola eragiten dioten aztertzen du, baita lehenetsitako sareak ere. (Argazkia: Lucina Uddinek eskainia. Iturria: Quanta Magazine)

Uddini bereziki interesatzen zaio nola eragiten dioten elkarri lehenetsitako sare neuronalak eta prominentzia-sareak. Badirudi elkarrekintza hori lagungarria zaigula informazio garrantzitsuena identifikatzeko, une jakin batean. Haren lanak iradokitzen duenez, prominentzia-sareak hautematen du noiz den garrantzitsua zerbaiti adi egotea, eta gero lehenetsitako sare neuronalarentzako itzaltzeko etengailu baten lanak egiten ditu.

Ikertzaileek aztertu dute, halaber, depresioa eta antzeko osasun mentaleko nahasmenduek zerikusia ote duten lehenetsitako sare neuronaleko arazoekin. Orain arteko aurkikuntzak ez dira erabakigarriak izan. Depresioa duten pertsonen artean, esaterako, ikertzaileek aurkitu dute sareko noduluak konektatuegi daudela, aldiz, beste batzuek aurkakoa aurkitu dute: noduluak ez daudela konektatuta. Eta azterketa batzuetan lehenetsitako sare neuronala berez ez da anormala, baina bai beste sareekin dituen elkarrekintzak. Aurkikuntza horiek bateraezinak dirudite, baina duela gutxiko aurkikuntzen ildo berean daude, esaten baita beharbada depresioa antzeko sintomak dituen nahasmendu desberdinen multzoa dela.

Bien bitartean, Menonek sare hirukoitzaren teoria deitzen duena garatu du. Haren hitzetan, lehenetsitako sare neuronalen, prominentzia-sarearen eta sare frontoparietala izeneko hirugarren sare baten arteko elkarreragin anormalak osasun mentaleko nahasmenduekin zerikusia izan dezake, hala nola eskizofrenia, depresio, antsietate, dementzia eta autismoarekin. Gehienetan, lehenetsitako sare neuronalaren jarduera txikitu egiten da norbaitek kanpoko estimulu bati arreta jartzen dionean. Aldiz, beste bi sareena handitu egiten da. Menonek uste du sareen arteko tira-bira hori balitekeela horrela ez izatea nahasmendu psikiatrikoak edo garapenekoak dituzten pertsonetan.

Deanna Barchek gaixotasun mentalen neurobiologia aztertzen du Washingtoneko Unibertsitatean, St. Louisen, eta sare hirukoitzaren teoriari buruzko jakin-mina du. Ikertzaileak azaldu du sareak desberdin konektatuta dauden ikertzea lagungarria izan daitekeela osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonetan, azpiko mekanismoak aurkitzeko eta tratamenduak garatzeko. Hala ere, ez du uste sareen arteko elkarreragin horiek beren kabuz azalduko dituztenik gaixotasun mentalak. «Uste dut konektibitatearen aldeak ulertzea abiapuntua dela», dio Barchek. «Ez da azkeneko puntua».

Seguru asko gaur egun lehenetsitako sare neuronalaz dagoen ulermena ere ez da azkeneko puntua izango. Aurkitu zenetik, neurozientzialariek garunaren banako eskualdeen erantzukizunez harago pentsatu dute, hain zuzen ere, garuneko sareen arteko elkarreraginen ondorioez. Eta pertsona askok kontuan hartu dituzte gure buruaren baitan murgiltzen garenean dauden garunaren jarduerak; izan ere, esna gaudela amets egiten dugunean edo atsedenean gaudenean ere, gure garuna gogor ari da lanean, egonean jarrai dezagun.

Jatorrizko artikulua:

Nora Bradford (2024). What Your Brain Is Doing When You’re Not Doing Anything, Quanta Magazine, 2024ko otsailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zure garunak egiten duena ezer ez duzunean egiten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #479

dim, 2024/03/31 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Elikagaien inflazioa

Ingurumena

Hondakin elektronikoen hazkundeaz ohartarazi du NBEk. Azaldu dutenez, hondakin elektronikoen sorkuntza bost aldiz azkarragoa da birziklapena baino, eta horren ondorioz, hainbat arazo sortzen dira mundu mailan. Kalkulatzen da berreskuratu gabe geratzen diren materialek 57 mila milioi euro balio dutela. Aurreikuspenen arabera, gainera, datozen urteetan hondakin gehiago sortuko dira eta gutxiago birziklatuko dira. Egoera horrek kalte ikaragarria egiten dio ingurumenari. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Dirudunak garestiegiak dira Lurrarentzat. Hala adierazi dute Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako datuak plazaratu dituzte, eta adierazi dute 2020-2022 bitartean, munduko pertsonarik dirudunen %1ek 2019an gizateriaren bi heren pobreenak isuri zuen karbono dioxidoa adina isuri zutela. Gainera, aipatzekoa da %1 horrek munduan sortutako aberastasunaren ia bikoitza bereganatu zuela. Horrenbestez, egileek argudiatu dute jendeak diru asko pilatzea ekitatea ezinbestekoa dela jasangarritasunerako. Datuak Berrian.

Klima-larrialdia

Ikerketa berri batek ondorioztatu du klima-larrialdiaren ondorioz, urtean 3,2 puntu handitu daitekeela elikagaien inflazioa. Ikertzaileek 1991tik 2020ra bitarteko 121 herrialdetako prezioen hileko indizeak eta datu meteorologikoak aztertu dituzte, eta datu horiek erabiliz, etorkizuneko iragarpenak kalkulatu dituzte. Gainera, emaitzek erakutsi dute, inflazioa mundu osoan izango den arren, gehiago eragingo diela hegoalde globaleko herrialdeei, batez ere Afrikakoei eta Hego Amerikakoei. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Klima-larrialdiak ardoaren geografia aldatuko duela ohartarazi dute. Eremu bakoitzak jasango duen beroketa-mailaren arabera, ekoizpen lurralde asko ez dira ekonomikoki bideragarriak izango mendearen amaierarako. Arabako Errioxa adibidez, arrisku maila “arin” edo “ertainean” egon daiteke. Iberiar penintsularen kasuan, Mediterraneo aldeko eta penintsularen erdialdeko lurraldeak izango dira arrisku gehien izango dutenak. Datuak Alea aldizkarian.

Antropologia

Balkanetako penintsulako lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehenengo berreraikuntzan hartu du parte UPV/EHUk. Lan horren ondorioetako bat izan da Balkanak Erromatar Inperioaren muga izan zirela, eta erori baino askoz lehenago hartu zituela Inperioak herri barbaroak. Gainera, emaitzek erakutsi dute VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Balkanetako historia genomikoa.

Argitalpenak

Intsektuen inbentarioa liburua Virginie Aladjidik idatzi zuen eta Oihan Plak euskarara itzuli zuen 2023an. Intsektuei buruz ikasteko liburu aparta da, ez bakarrik irudikapen grafiko ikusgarriak dituelako, baita anatomia, elikadura eta ekologia bezalako hainbat gai tekniko ulerterrazak egiten dituelako ere. Bertan, 65 intsektu espezie biltzen ditu, bai Europakoak, eta baita mundu osokoak ere. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektuen inbentarioa.

Osasuna

Basauriko eskoletako nitrogeno dioxido kantitate handiak aurkitu ditu Sagarrak ekologista taldeak. Ikerketan hiru parametro izan dituzte kontuan airearen kalitatea nolakoa den zehazteko: egungo muga legala, Europako agintariek etorkizunean ezarri nahi duten muga, eta OMEk gomendatu duena. Ikerketaren emaitzek erakutsi dute Basauriko hezkuntza zentro guztietako nitrogeno dioxido kantitateak OMEk gomendatutako maximoa gainditzen duela. Hori ikusita, trafikoa murrizteko neurriak eskatu dizkiote udalari. Datuak Berrian: Arnasketa arazoen eragile.

Medikuntza

EHUren parte-hartzea izan duen ikerketa batek frogatu du odoleko lipidoak COVID iraunkorraren biomarkatzaileak izan daitezkeela. Lipidomikako teknikak eta adimen artifiziala erabilita, plasmako ia 400 lipido desberdinetatik batzuk COVID iraunkorraren ezaugarriekin lotu dituzte. Ikertzaileek gogorarazi dute gaitz horren inguruko ikerketa gehienak fase akutuaren ingurukoak direla, eta COVID iraunkorra nahiko ezezaguna dela oraindik. Emaitza hauek, beraz, ekarpen garrantzitsua dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Musketa-usaina lurringintzan mendeetan zehar erabili da. Ohikoena, orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzailearen jariakinetik lortzea zen, baina beste zenbait animaliatan eta landare batzuetan ere auki zitekeen. Orein musketaduna desagertzeko arriskuan egon zen, eta gaur egun, debekatuta eta kontrolatuta dago musketa naturalaren merkataritza. Josu Lopez-Gazpiok azaldu ditu Zientzia Kaieran konposatu horren nondik norakoak, artikulu-sorta baten lehen alean: Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala.

Astrogeologia

InSight misioa Marteko jarduera sismikoaren informazio eskaini digun lehenengo izan da. Haren sismometroak 1.300 lurrikara baino gehiago detektatu zituen, eta horietan handiena 2022ko maiatzaren 4an izan zen; 4.7 magnitudekoa. Ikertzaileek zalantza zuten ea lurrikararen jatorria kanpoko gorputz batekin izandako talka bat izan zen, edo planetaren beraren aktibitatea. Azken ikerketen arabera, lurrikararen jatorria tektonikoa izan zen. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Marteko lurrikaren zergatia.

Matematika

Judit Muñoz matematikariak emaitza zehaztu gabe duten ekuazioen soluzio posibleak simulatzen ditu ordenagailuz, algoritmo matematikoen bidez. Muñoz BCAMeko doktoretza ondoko ikerlaria da, eta Texasko Unibertsitatean dago orain. Uhin optikoen programazioak lantzen ditu, zuntz optikoak diseinatzeko. Adierazi du bere lanbidean logikak ez ezik, sormenak ere baduela garrantzia, eta inspirazioa behar dela problemen konponbidea lortzeko. Azalpenak Berrian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #479 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages