Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 15 min 52 sec ago

Asteon zientzia begi-bistan #461

Sun, 2023/11/19 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

jaiotzen

Demografia

Munduan, mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino. Zehazki, gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira emakumezko 100 haur bakoitzeko. 2015ean argitaratu zen ikerketa baten arabera, giza enbrioiek aukera berdina dute sexu maskulinoa edo femeninoa izateko, baina haurdunaldian zehar, enbrioi edota fetu femeninoak ez jaiotzeko eta hiltzeko probabilitatea handiagoa da gizonena baino. Zientzialarien ustetan, bizitzan zehar gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa izatearen ondoriozko egokitzapen bat izango litzateke. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?

Osasuna

Ikerketa batek iradoki du Brasilgo haurren leuzemia-kasuen igoera pestizidekin lotuta egon litekeela. Ez dute lotura kausalik aztertu, baina ohartarazi dute populazioa pestiziden eraginpean dagoela ur-horniduraren bidez. Gai hau bereziki garrantzitsua da Brasilen, munduko soja-ekoizle nagusia bihurtu baita, eta, horrekin batera, baita pestizida arriskutsu gehien erabiltzen duen herrialdea ere. Egileen arabera, 2008 eta 2019 urteen artean 10 urtetik beherako haurren artean leuzemiagatik gertatutako heriotzen %50 pestizidekin lotuta egon daitezke. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Berrikuspen zientifiko batek ondorioztatu du intsektiziden eraginpean dauden gizonek espermatozoide gutxiago dituztela. Zehazki, gehien erabiltzen diren bi intsektizida-motaren eragina aztertu dute: organofosfatoak eta N-metilo karbamatoak. Emaitzen arabera, lotura zuzena dago intsektizida horien eraginpean egotearen eta espermatozoide-kontzentrazio txikia izatearen artean. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Frogatu dute aireko mikroplastikoek eguraldian eragin dezaketela. Ikerketa batek Txinako Tai mendiaren gaineko hodeiak aztertu ditu, eta ikusi dute hodeiek mikroplastikoak dituztela. Baina hortik haratago: ondorioztatu dute mikroplastiko horiek hodeiak sorrarazteko gai direla. Hainbat eredu matematiko erabiliz, azaldu dute plastiko partikula zaharrenek azalean erantsita dituztela berun, merkurio eta oxigeno molekula gehiago, eta partikula horiek hodeiak sortzeko ahalmena dutela. Bestalde, azaldu dute partikula horien jatorria lur lehorreko eremu populatuetan dagoela seguruenik. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Mikrobiologia

Ikerketa berri batek argitu du nolakoa den 7.000 metrotik gora bizi diren mikrobioen komunitatea. Lan hori gauzatzeko laginak Everest mendiaren hegoaldean dagoen IV kanpamentuaren ondoan hartu ziren, 7.900 metrotik gora eta -33ºC-ko tenperatura izan ohi den eremuan. Lagin horietan zegoen DNA aztertu zuten, eta, muturreko baldintzetara moldatutako mikroorganismoak aurkitu zituzten, baina baita kosmopolitak ere. Ikertzaileek uste dute azken horiek mendizaleek utzitakoak izan litezkeela, eztularen edo sudur-jariakinen bidez. Datuak Zientzia Kaieran.

Informatika

Gaur egun algoritmoak gauza askotarako erabiltzen dira, baina duela ia mende bat Alan Turing zientzialari informatikoak erakutsi zuen badirela algoritmoen bidez ebatzi ezin daitezkeen zenbait problema. Turingek ebazteko saio oro arbuiatzen duen problema bat definitu zuen. Artikulu berea, gainera, konputazioaren modelo matematikoa formulatu zuen, eta informatika modernoaren abiapuntu izan zen modelo hori. Turingek planteatutako problema irakurri daiteke Zientzia Kaieran: Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea.

Teknologia

Ibilgailu elektrikoen optimizazioak ikerkuntza handia behar du oraindik. Erronka horietako bat da, esaterako, etengailuen bizi-zikloa handitzea eta arkuaren iraupena txikitzea. Alor horren ikerketan, gas desberdinen erabilera ikertzen ari dira gaur egun zientzialariak, eta 3D simulazio magnetohidrodinamikoak erabili daitezke horretarako. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek eta Pablo Eguia Leibniz Institute for Plasma an Technology-ko ikertzaileak hidrogenoaren baliagarritasuna aztertu dute lan berri batean, etengailuaren gas isolatzaile modura. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Europako Espazio Agentziak argitaratu berri ditu Euclid misioaren lehen irudiak. Izen bereko teleskopio bat jaurti zuten uztailean Lurretik 1,5 milioi kilometrora, eta, haren helburua unibertsoaren 3D-ko mapa zehatza egitea da. Mapa hori osatzeko materia eta energia ilunak ere aztertu behar ditu, unibertsoaren % 95 osatzen baitute elementu horiek. Oraingoz bost argazki argitaratu dira, argi ikusgarria eta infragorria batzen ditizten argazkiak. Espero da argazki horiek informazio esanguratsua eskaintzea energia eta materia ilunak batera aztertzeko. Berri honen inguruko informazioa Elhuyar aldizkarian eta Berrian irakur daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #461 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #469

Sat, 2023/11/18 - 09:00

Minbizi ezberdin bakoitza (berrehun mota baino gehiago daude) mundu bat da. Diana berri bakoitza itxaropen berria da. Cutaneous lymphocyte antigen is a potential therapeutic target in cutaneous T-cell lymphoma, Marta Irigoyenen eskutik.

Baieztatzen bada (kontu handiarekin ibili behar da, ideia eztabaidagarria baita) inplikazio ekonomiko serioak dituzten aplikazioak ia berehalakoak dira: Photomolecular effect: light can make water evaporate without heat

Gogoan izan oraindik ere animali-fisiologiaren zati esanguratsua ez dugula ezagutzen. Oxigenoa falta bazaizu, kartilagoak hemoglobina sortuz erantzuten du: The cartilage produces hemoglobin to adapt to hypoxia, Ramón Muñoz-Cónpuli.

DIPCko jendeak urrats esperimental garrantzitsua eman du Kondo sareen funtsezko egoera ulertzeko eta, agian, supereroankortasun exotikoetarako bidea irekitzeko. Ground state coherence in a two-dimensional Kondo lattice

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #469 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Flogistoa

Fri, 2023/11/17 - 09:00

Ez da beti jakin errekuntza oso oxidazio azkarra dela. XVII. mendean ez zekiten zergatik objetu batzuk erretzen diren eta beste batzuk ez, eta zergatik ia beti gutxiago pisatzen duten hondarrak erretzen direnan. Horiek horrela, Johann Becher-ri azalpen bat bururatu zitzaion.

Alkimista eta mediku ingelesaren arabera, objektu sukoiak substantzia misteriotsu batez inpregnatuta zeuden. Zerbait erretzean, flogistoa erretzen zen, eta errekuntza amaitzenan, objektu horrek barruan flogisto gehiago ez zuelako zen. Horrek azaltzen zuen, halaber, zerbait erre ondoren, lehen baino gutxiago pisatzeak.

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Flogistoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ibilgailu elektrikoen baterietako etengailuen optimizazioa

Thu, 2023/11/16 - 09:00

Europan isurtzen diren berotegi-efektuko gasen % 25 inguru, garraioaren ondoriozkoak dira eta etengabe handitzen da. 2017an garraioak isuritako berotegi-efektuko gasen % 71,7 lurreko garraioen emisioei zegokion. Beraz, Europar Batasunak isuri horiek % 90 murriztu nahi ditu 2050erako.

Europar Batasunak finkatutako helburua lortzeko, ibilgailu elektrikoak garraio aukera lehiakor eta eskuragarria bihurtzea ezinbestekoa izango da. Bide horretan, besteak beste, ibilgailuak optimizatu beharko dira, beraien prezioa jaitsi eta hauen erabilera bultzatu beharko da.

Ibilgailu elektrikoen optimizazioak, ikerkuntza handia behar du oraindik hainbat arlotan, esaterako: pisua eta galerak murriztea, energia biltegiratzeko eta korrontea eteteko ahalmena handitzea, bateria pizteko eta itzaltzeko segurtasuna mantentzea. Segurtasunari dagokionez, erabiltzaileen segurtasunaz harago, etengailuen bizi-zikloa handitzea litzateke gakoetako bat.

Ibilgailu elektrikoenIrudia: ibilgailu elektrikoen optimizazioak ikerkuntza handia behar du oraindik hainbat arlotan. (Argazkia: Kindel Media – erabilera libreko irudia. Iturria. Pexels.com)

Etengailuen bizi-zikloa handitzea eta arkuaren iraupena txikitzea ekar dezaketen estrategien artean, gas desberdinen erabilerari erreparatu diezaiokegu. Izan ere, korronte zuzeneko etengailuetan, gasen erabilerak, arkuaren denbora txikitzeaz gain, arkuaren erresistentzia elektrikoa handitzen du, arkua amatatzeko lagungarria dena. Bestalde, kontaktoreen fusioa handitzen da, kontrolatu beharreko fenomeno kaltegarria dena. Bai eragin positiboak bai negatiboak kuantifikatzeko, 3D simulazio magnetohidrodinamikoak (ingelesez, MagnetoHydroDinamics MHD) erabili daitezke.

MHD simulazioak jariakinen dinamika konputazionalean (ingelesez, Computational Fluids Dynamics, CFD) oinarrituta daude eta arku elektrikoaren jokaerari buruzko informazioa ematen dute jariakinen mekanikako legeak eta lege termodinamikoak aplikatuta. CFDa jariakinen mekanikako adarra da, zeinak problemak ebazteko zenbakizko metodoak eta algoritmoak erabiltzen dituen. Behin eredua finkatuta dagoela, oso erraza eta merkea da aldaketak egitea, adibidez, geometrian, gasen konposizioan, materialetan eta abar.

Arku elektrikoa etengailuetan ematen den efektua da, korrontearen etete prozesuaren barruan. Etengailuaren kontaktuak bata bestetik aldentzen direnean, etengailutik igarotzen den korronte elektrikoa kontaktuetatik etengailuaren gas isolatzailera pasatzen da, eta hau ionizatuz, bertan arku elektrikoa sortzen da. Arku elektrikoak efektu ez desiragarriak sor ditzake etengailuetan, beraz, efektu horiek murrizteko asmoz, lan honen helburu nagusia hidrogenoaren baliagarritasuna aztertzea da etengailuaren gas isolatzaile modura. Horretarako, Navier-Stokesen ekuazioak eta Bolumen Finituen Metodoa (ingelesez, Finite Volume Method, FVM) oinarritzat hartuz, simulazio magnetohidrodinamikoak definitu dira ANSYS CFX programaren bitartez. Hala, arku elektrikoaren prozesuan oinarrizkoak diren aldagaiak kalkulatu dira, hala nola, tentsioa, tenperatura eta presioa. Emaitza horiek airea isolatzaile modura darabilten etengailuetan lortutakoekin alderatuz, hidrogenoa simulatutako aplikaziorako gas egokia dela ondorioztatuko da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Arku Elektrikoaren FVM Bidezko Simulazioa Ibilgailu Elektrikoen Baterietako Hidrogenozko Etengailuetan
  • Laburpena: Arku elektrikoa etengailuetan gertatzen den efektua da. Etengailuaren kontaktuak bata bestetik aldentzen direnean, etengailutik pasatzen den korronte elektrikoa kontaktuetatik etengailuaren gas isolatzailera pasatzen da, eta hau ionizatuz, bertan arku elektrikoa sortzen da. Arku elektrikoak efektu ez-desiragarriak sor ditzake etengailuetan; beraz, efektu horiek murrizteko asmoz, lan honen helburu nagusia hidrogenoaren baliagarritasuna aztertzea da etengailuaren gas isolatzaile modura. Horretarako, Navier-Stokesen ekuazioak eta Bolumen Finituen Metodoa (ingelesez, Finite Volume Method, FVM) oinarritzat hartuz, simulazio Magnetohidrodinamikoak (ingelesez, Magnetohydrodynamics, MHD) definitu dira ANSYS CFX programaren bitartez. Hala, arku elektrikoaren prozesuan oinarrizkoak diren aldagaiak kalkulatu dira, hala nola, tentsioa, tenperatura eta presioa. Emaitza horiek airea isolatzaile modura darabilten etengailuetan lortutakoekin alderatuz, hidrogenoa simulatutako aplikaziorako gas egokia den ala ez ondorioztatuko da.
  • Egileak: Pedro Sanchez, Araitz Iturregi, Diego Gonzalez, Pablo Eguia, Unai Villena
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 319-33
  • DOI: 10.1387/ekaia.23847
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ibilgailu elektrikoen baterietako etengailuen optimizazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan?

Wed, 2023/11/15 - 09:00

Gaur egun, munduko biztanleriaren % 50 inguru gizonezkoak dira, eta % 50 emakumezkoak (zehazki, % 50,5 gizonezkoak eta % 49,5 emakumezkoak dira). Ehuneko horiek hainbat faktoreren ondorioz alda daitezke, hala nola gerrak edo herrialde jakin batzuetan (Txinan, Pakistanen, Indian edo Vietnamen, esaterako) seme-alabak sexu jakin batekoak nahiago izatea; hala ere, nahiko egonkor mantendu ohi dira historian zehar.

Hori ikusita, pentsa genezake jaiotzean mutila edo neska izateko aukerak ere % 50ekoak direla sexu bakoitzarentzat, baina, harrigarria bada ere, ez da horrela. Gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. Herrialdea eta historiaren unea alde batera utzita (erregistro fidagarriak daudenetik), beti mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino, eta horrek agerian uzten du ez dela fenomeno kultural bat (non abortu selektiboak egiten diren sexuaren arabera), baizik eta batez ere biologikoa.

jaiotzenIrudia: gizonezko 103 eta 107 haur artean jaiotzen dira, batez beste, emakumezko 100 haur bakoitzeko. (Argazkia: bingngu93 – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pixabay.com)

Beraz, faktoreren bat badago sortzetik jaio arte gertatzen dena eta gizakiengan sexuen arteko desberdintasun horren erantzulea dena. Baina, zein zehazki? Gai horrek denbora luzez demografoen, biologien, obstetren, pediatren eta estatistikoen jakin-mina piztu du. 2015ean Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu zen gai horri buruzko ikerketarik osatuenak eta zabalenak ondorio sendoak ezarri zituen horren inguruan.

Egileek fenomenoa ikertzeko honako datu hauek hartu zituzten kontuan: ugalkortasun kliniken 3 eta 6 egun bitarteko 140.000 enbrioi, plazentaren eta amniozentesiaren 900.000 lagin (ile korionikoa) eta 30 milioi abortu eta jaiotza bizien erregistroetatik lortutako datuak. Hori guztia haurdunaldi bakoitzean, ernalkuntzatik hasi eta erditzeraino, sexuen proportzioaren berri izateko.

Berdintasuna enbrioietan, baina mutil gehiago jaiotzen dira

Emaitzek erakutsi zuten ez dagoela alderik sexu maskulinoko eta sexu femeninoko enbrioien proportzioan, sortu eta egun batzuetara. Baieztapen hori mundu zientifikotik kanpo eta barne hedatuta dagoen sinesmen baten kontrakoa da; izan ere, uste zen ernalketaren une berean aukera gehiago zeudela sexu maskulinoko zigotoa (XY) gertatzeko, femeninoa (XX) baino.

Egia esan, ikertzaileek aurkitu zutena hauxe da: haurdunaldian, enbrioi eta fetu femeninoak ez jaiotzeko eta hiltzeko probabilitatea gizonena baino pixka bat handiagoa da. Hortaz, lehen hiruhilekotik haurdunaldia amaitu arte, enbrioi eta fetu maskulinoen proportzioak gora egiten du pixkanaka. Hala ere, bi etapa daude non gizonezkoen fetuen hilkortasuna emakumezkoena baino handiagoa den: sortzearen ondorengo lehen astea (aldaketa kromosomikoen ondorioz), eta haurdunaldiaren 28. eta 35. asteen artean.

Theodosius Dobzhansky biologoak esango lukeen moduan: «Biologian ezerk ez du zentzurik eboluzioaren argitan ez bada». Hortaz, zer zentzu ebolutibo du haurdunaldia arrisku handiagoko prozesua izateak enbrioi eta fetu femeninoentzat (abortuen ehuneko handiagoarekin) horrek jaio ondoren desproportzio nabarmena badakar mutil eta nesken maiztasunean? Nagusi den hipotesiaren arabera, hori gizakiengan orokortutako fenomeno baten ondorioa da: bizitza osoan zehar, gizonezkoek emakumezkoek baino hiltzeko arrisku handiagoa dute hainbat faktorerengatik: gaixotasunak, istripuak, drogen kontsumoa, suizidioak… Horren ondorioz, emakumeek baino bizi itxaropen txikiagoa dute.

Beraz, nahiz eta mutil gehiago jaio, denborak aurrera egin ahala, emakumeen eta gizonen proportzioa orekatu egiten da, kolektibo bakoitzarentzat ia % 50 izateraino. Hala ere, baliteke hori aldatzea krisi klimatikoaren ondorioz. Azterlan batzuen arabera, ingurumeneko tenperaturak eragin desberdina du giza enbrioien/fetuen biziraupen probabilitateetan sexu femeninokoak edo maskulinokoak badira. Tenperaturak pixkanaka gora eginez gero, baliteke jaiotzen diren mutilezkoen ehunekoa are handiagoa izatea neskena baino. Oraindik babes zientifiko ahula duen hipotesia da (beste faktore batzuk ere egon daitezke tartean), baina itsas dortoketan gertatzen denaren guztiz kontrakoa izango litzateke. Krisi klimatikoaren ondorioz, munduko leku ezberdinetan jaiotzen ari diren dortoka ia guztiak emeak dira, eta hori oso arriskutsua da haien biziraupenerako.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 28an: ¿Por qué nacen más niños que niñas en el mundo?.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zergatik jaiotzen dira neska baino mutil gehiago munduan? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Planetako tontorrean bizi diren mikrobioak

Tue, 2023/11/14 - 09:00

Gero eta ohikoagoak dira Everest mendia jendez gainezka erakusten diguten irudiak. Duela denbora asko, mendi hori abenturarekin eta mugak gainditzearekin lotzen genuen; gaur egun, tontorrera igotzeko txanda zain dauden turisten ilara besterik ez dirudi. Gaurkoan, paraje horietara bidaiatuko dugu, txandaren zain dauden pertsonen inguruan bizi diren beste bizidun batzuk ezagutzera.

Toki garaietan biziraun behar duten bizidunek muturreko hainbat baldintzari egin behar diete aurre: tenperatura hotzak, atmosfera-presio baxuak, uhin ultramoreen esposizio handia, oxigeno-eskuragarritasun txikia eta ur-aktibitate urria. Gainera, altuera igo ahala zailagoak dira baldintzak bizirik irauteko eta horrek jaitsiera eragiten du dibertsitatearen.

Himalayaren kasuan ezaguna da altueraren arabera bizidun komunitate ezberdinak bizi direla: 3.000 eta 3.500 metro artean onddoak dira nagusi; 4.000 eta 5.400 metro artean amonioa oxidatzen duten arkeobakterioak dira nagusi; eta 6.500 metroraino amonioa oxidatzen duten bakterioak dira nagusi. Gainera, susmoa egon da argia erabiltzen duten bakterioak ez direla garaiera horietan bizi, baina, espero ez bazen ere, aurkitu egin dira halako bakterioak 5.500 metrotik gora. Hala ere, 7.000 metrotik gora bizi diren mikrobioen komunitatea ezezaguna zen eta ikerketa berri batek argitu du bertan bizi diren mikrobioak nolakoak diren.

Everest1. irudia: Everest mendia (Argazkia: lutz6078 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Lan berri honetan hiru lagin aztertu ziren eta Everest mendiaren hegoaldean dagoen IV kanpamendutik ehun bat metrora hartu ziren. Paraje horiek 7.900 metrotik gora kokatzen dira, tenperaturak -33ºC-ra heltzen dira askotan, atmosfera-presioa itsaso-mailara dagoenaren heren bat da eta haizea oso bortitza izatera hel daiteke. Hartutako laginek ez zuten ur askorik, karbono-edukiera txikia zuten, pH basikoa zen eta, batez ere, silizioz osatuta zeuden. Zein motatako mikroorganismoak bizi litezke halako muturreko ingurune batean?

Lagin horietan zegoen DNA aztertu zen bakterioak eta eukariotoak detektatzeko erabiltzen diren ohiko prozedurak erabilita. Espero zitekeen bezala, lagin horietan detektatu zen espezieen kopurua txikia izan zen. Gainera, bakterio gehiago detektatu ziren eukariotoak baino, eta ez zen arkeobakteriorik detektatu. Bakterioen artean Firmicutes, Proteobacteria eta Actinobacteria taldeak izan ziren nagusiak; eta onddoen artean, Ascomycota eta Basidiomycota taldeak. Gainera, horietako hainbat bakterio eta onddo laborategian hazteko gai izan ziren.

Everest2. irudia: Everest mendira igotzeak eragina du bertan bizi diren bakterioetan (Argazkia: 12019 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Bakterio talde horietako kideak aurkitu izan dira Antartikako lurzoruan, Kilimanjaroko tontorrean edo Puna de Atacaman. Hau da, muturreko baldintzetara moldatu diren bakterio taldeak aurkitu dira Everesten. Hala ere, kosmopolitak diren bakterio taldeak ere aurkitu ziren, edozein lurzorutan aurkitu badaitezke ere: lekaleekin sinbiosian bizi diren bakterioak edo giza patogenoak diren hainbat talde. Onddoen kasuan beste horrenbeste gertatu zen: hotzean bizitzera moldatuta dauden taldeak aurkitu ziren eta kosmopolitagoak ziren beste batzuk, besteak beste, landareekin sinbiosian bizi diren onddo taldeak.

Arestian aipatutako joera berretsi du lan berri honek: zenbat eta garaiago, txikiagoa da bizidunen dibertsitatea. Izan ere, lan honetan aurkitu duten dibertsitatea Atacamako basamortukoaren parekoa da eta baxuagoa da Everest mendiko altuera baxuagoko guneekin konparatuta. Gainera, egileek uste dute bizidun horietako asko haizeak garraiatu dituela altuera baxuagoetatik haizearen bidez hara. Garraiobide hori ohikoa da mikrobioentzat hainbat ingurunetan eta, ondorioz, hazi ezin daitezkeen inguruneetan detektatu izan dira. Izan ere, lan honetan detektatu diren bakterio eta onddo talde nagusiak munduko hainbat txokotako airean detektatu izan dira. Alderdi hau garrantzitsua da, lan honetan detektatu diren bizidun gehienak bertan egon badaude ere, ez baitira gai izango bertan hazteko. Hau da, bizidun horiek altuera horietan ez-aktibo daude baldintza hobeagoen zain.

Everest3. irudia: mikrobio dibertsoak aurki daitezke izoztuta Everest mendian (Argazkia: monicore – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Kosmopolitagoak diren bizidunak detektatzea giza kutsaduren ondoriozkoa izan litekeela iradoki dute lanaren egileek. Ideia hori indartzeko, egileek argudiatzen dute lortu dituzten DNA sekuentziak gizakien azal eta sudurrean bizi diren bakterioen berdin berdinak direla. Hala, detektatu dituzten bizidun asko mendizaleek utzitakoak izan litezke, eztularen edo sudur-jariakinen bidez. Gero eta mendizale gehiagok txanda itxaron behar dutenez Everesteko tontorrera igotzeko, pentsatzekoa da kutsadura hori handituz joango dela, Himalayako paraje baxuagoetan ikusi den bezala.

Aipatu beharra dago ikerketa honek muga handi bat duela: laginak modu aseptikoan jaso baziren ere eta ontzi esteriletan zigilatuta gorde baziren ere, ez ziren hotzean eduki garraio-prozesu osoan. Horrek eragina izan lezake detektatu daitekeen DNAn eta, ondorioz, egileek garrantzi gehiago eman zioten organismoen dibertsitateari organismoen kopuruari baino.

Everest mendiaren hegoaldean, 7.900 metroko altueran, hainbat bakterio eta onddo detektatu dira muturreko baldintzetan. Detektatu diren espezie batzuk hotzean bizitzera moldatuta daude eta beste batzuk kosmopolitak dira, beste paraje batzuetatik gizakiak ekarriak izan litezkeenak. Hala, Everest mendian beren txanden zain dauden gizakiek egiten dituzten selfiez gain, beste oroigarri batzuk uzten dituzte izoztuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dragone, Nicholas B.; Perry, L. Baker; Solon, Adam J.; Seimon, Anton; Seimon, Tracie A.; Schmidt, Steven K. (2023). Genetic analysis of the frozen microbiome at 7900 m a.s.l., on the South Col of Sagarmatha (Mount Everest). Arctic, Antarctic, and Alpine Research, 55, 1, 2164999. DOI: 10.1080/15230430.2023.2164999

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu), genetikan doktorea, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Dibulgazio eta Kultura Zientifikoko arduraduna da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Planetako tontorrean bizi diren mikrobioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea

Mon, 2023/11/13 - 09:00

Diagonalizazioa izeneko teknika batean oinarritutako proba matematikoak erabat aurkakoak izan daitezke, baina algoritmoen mugen berri ematen laguntzen dute.

Algoritmoak toki guztietan daude. Gure bidaiak optimizatzen dituzte, ordainketak prozesatzen dituzte eta trafikoaren fluxua koordinatzen dute Interneten. Termino matematiko zehatzetan artikulatu daitekeen arazo bakoitzarentzat hori ebatz dezakeen algoritmo bat dagoela dirudi, gutxienez printzipioz.

Diagonalizazioa1. irudia: termino matematiko zehatzetan artikulatu daitekeen arazo bakoitzarentzat hori ebatz dezakeen algoritmo bat dagoela dirudi. (Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)

Baina ez da hala: itxuraz arruntak diren zenbait problema inoiz ere ezin dira algoritmoen bidez ebatzi. Alan Turing zientzialari informatiko aitzindariak duela ia mende bat erakutsi zuen arazo “konputaezin” horiek bazirela, informatika modernoaren abiapuntu izan zen konputazioaren modelo matematikoa formulatu zuen artikulu berdinean.

Turingek emaitza berritzaile hori erakusteko intuizioaren aurkako estrategia bat erabili zuen: ebazteko saio oro arbuiatzen duen problema bat definitu zuen.

«Zer egiten ari zaren galdetzen dizut eta gero esaten dut: ‘Ez, beste zerbait egitera noa’», azaldu du Rahul Ilangok, Massachusettseko Teknologia Institutuko graduondoko ikasle batek, informatika teorikoa ikasten ari dena.

Turingen estrategia diagonalizazioa izeneko teknika matematiko batean oinarritzen da eta historia entzutetsua du. Hona hemen proba horren logikaren azalpen sinplifikatua.

Kateen teoria

Diagonalizazioa bit katea baten problema arrunt bat ebazteko trikimailu argi baten ondorioz sortu zen. Bit bakoitza 0 edo 1 izan daiteke, eta kate horien zerrenda bat emanda, denak luzera berekoak, sortu daiteke zerrendan ez dagoen kate berri bat?

Estrategiarik errazena da balizko kate bakoitza txandaka hartzea kontuan. Demagun bost kate dituzula, bakoitza bost biteko luzerakoa. Hasi zerrenda errepasatzen 00000 aurkitzeko. Ez badago, geratu; baldin badago, pasa 00001era eta errepikatu prozesua. Nahiko sinplea da, baina mantsoa, kate luzeen zerrenda luzeetarako.

Diagonalizazioa ikuspegi alternatiboa da eta pixkanaka eraikitzen du kate berri bat. Hasi zerrendako lehenengo kateko lehenengo bitarekin eta inbertitu; hori izango da zure kate berriko lehenengo bita. Gero inbertitu bigarren kateko bigarren bita eta kate berriko bigarren bita izateko erabili eta errepikatu zerrendaren amaierara iritsi arte. Inbertitzen dituzun bitek bermatu egiten dute kate berria eta jatorrizko zerrendako kate bakoitza desberdinak izango direla gutxienez toki batean. (Kate zerrendaren bidez lerro diagonal bat ere eratzen da eta horrek ematen dio izena teknikari).

Diagonalizazioa2. irudia: Diagonalizazioa ikuspegi alternatiboa da eta pixkanaka eraikitzen du kate berri bat. (Ilustrazioa: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)

Diagonalizazioak zerrendako kate bakoitzeko bit bakarra aztertu behar du, beraz, beste metodoak baino askoz azkarragoa izaten da. Baina infinituarekin duen jokabide ona da diagonalizazioaren egiazko boterea.

“Orain kateak infinituak izan daitezke; zerrenda infinitua izan daiteke; eta hala ere funtzionatu egiten du”, dio Ryan Williams MITeko zientzialari informatiko teorikoak.

Ahal hori aprobetxatu zuen lehenengo pertsona Georg Cantor izan zen, multzoen teoriaren azpiatal matematikoaren sortzailea. 1873an Cantorrek diagonalizazioa erabili zuen infinitu batzuk besteak baino handiagoak zirela erakusteko. Handik sei hamarkadara, Cantorren diagonalizazioaren bertsioa konputazioaren teoriara egokitu zuen Turingek, kontrakorrentean zen tonu argia emanaz.

Mugapenaren jolasa [*]

Turingek erakutsi nahi zuen bazirela inongo algoritmok ebatzi ezin zituen problema matematikoak, hau da, sarrerak eta irteerak ongi definitutako problemak baina sarreratik irteerara joateko prozedura hutsezinik gabeak. Egiteko lauso hori erabilerrazago bihurtu zuen erabakitzeko problemak soilik hartu zituenean, non sarrera zeroen eta batekoen edozein kate izan daitekeen eta irteera 0 edo 1 den.

Zenbaki bat zenbaki lehena (1ekin eta bere buruarekin bakarrik zatitu daitekeena) den zehaztea da erabakitzeko problema baten adibidea: zenbaki bat ordezkatzen duen sarrerako kate bat emanda, irteera zuzena 1 da zenbaki lehena bada eta ez bada, 0 da irteera zuzena. Beste adibide bat da programa informatikoak egiaztatzea, sintaxiko akatsen bila (akats gramatikalen parekidea). Hemen sarrerako kateek kode bat irudikatzen dute programa desberdinetarako (programa guztiak horrela irudikatu daitezke, horrela biltegiratzen eta exekutatzen baitira ordenagailuetan) eta xedea da 1 sortzea kodeak sintaxiko akatsen bat badu eta 0 sortzea, akatsik ez badu.

Algoritmoak problema ebatziko du, soilik irteera zuzena sortzen badu balizko sarrera bakoitzerako; huts egiten badu, behin bakarrik egin arren, ez da algoritmo generalista izango problema horrentzat. Eskuarki, lehenengo ebatzi nahi dizun problema zehaztuko zenuke eta gero hori ebazteko algoritmo bat aurkitzen saiatuko zinateke. Turing ebatzi ezin ziren problemen bila zebilen eta logika horri bira eman zion: algoritmo posible guztien zerrenda infinitua irudikatu zuen eta diagonalizazioa erabili zuen, zerrendako algoritmo guztiek porrot egiteko moduko problema etengabe bat eraikitzeko.

Demagun ’20 galderako’ [**] prestatutako joko bat, non buruan objektu jakin bat dugula hasi ordez, erantzuten duenak (‘erantzuleak’) aitzakia bat asmatzen duen galdera bakoitzari ez esateko. Jokoaren amaieran, falta zaizkion kualitateen bidez erabat definitutako objektu bat deskribatu da.

Turingen diagonalizazioaren proba, joko horren bertsio bat da non galderek algoritmo posibleen zerrenda infinitua igarotzen duten, behin eta berriro galdetuz: «Algoritmo horrek ebatzi al dezake inkonputagarria dela erakutsi nahiko genukeen problema?»

«’Galdera infinituak’ moduko bat da», esan du Williamsek.

Jokoa irabazteko, Turingek problema bat landu behar zuen algoritmo bakoitzaren erantzuna ez izango zena. Horrek esan nahi du sarrera partikular bat identifikatzea lehenengo algoritmoak erantzun okerra sortzeko, beste sarrera batek bigarrenaren okerra sortzea eta horrela, denekin. Sarrera berezi horiek aurkitu zituen Kurt Gödel-ek duela gutxi erabili zuen antzeko trikimailu bat erabilita; Gödelek horrelakoak erabili zituen erakusteko “baieztapen hau ezin da demostratu” bezalako baieztapen autoerreferentzialak problemak direla matematikaren funtsentzat.

Ideia giltzarria izan zen algoritmo (edo programa) bakoitza zero eta bat zifren katea bezala irudikatu daitekeela. Horrek esan nahi du, akatsak egiaztatzeko programaren adibidean bezala, algoritmo batek beste algoritmo baten kodea har dezakeela sarrera gisa. Printzipioz, algoritmo batek bere kodea ere har dezake sarrera gisa.

Ideia horrekin, Turingen probakoa bezalako problema ez konputagarri bat defini dezakegu: “Algoritmo baten kodea irudikatzen duen sarrerako kate bat emanda, 1 sortzen du algoritmo horrek 0 sortzen badu bere kodea sarrera denean; aitzitik, irteera 0 da”. Problema hau ebazten saiatzen den algoritmo bakoitzak irteera okerra emango luke gutxienez sarrera batean, hau da, bere kodeari dagokion sarreran. Horrek esan nahi du problema zital hori ezin dela ebatzi inongo algoritmoren bidez.

Negazioak egin ezin duena

Informatikariek oraindik ez dute diagonalizazioarekin amaitu. 1965ean Juris Hartmanis eta Richard Stearns-ek Turingen argumentua egokitu zuten erakusteko problema konputagarri guztiak ez direla berdinak: batzuk berez besteak baino zailagoak dira. Emaitza horrek hasi zuen konplexutasun konputazionalaren teoriaren alorra, problema konputazionalen zailtasuna aztertzen duena.

Baina konplexutasunaren teoriak Turingen aurkako metodoaren mugak ere erakutsi zituen. 1975ean, Theodore Baker, John Gill eta Robert Solovay-k erakutsi zuten konplexutasunaren teorian irekitako gai asko inoiz ezin direla ebatzi soilik diagonalizazioa erabilita. Horietan nagusia P eta NP konplexutasun moten problema ospetsua da, non galdetzen den erraz egiazta daitezkeen irtenbideak dituzten problema guztiak algoritmo egokiarekin ebazteko ere errazak al diren.

Diagonalizazioaren puntu itsuak abstrakzio maila altuaren zuzeneko ondorioak dira eta abstrakzio maila horrek egiten du diagnolazizaioa hain ahaltsu. Turingen demostrazioak ez zuen praktikan sor zitekeen problema konputaezinek aipatzen; aldiz, mota horretako problema bat asmatu zuen sortu ahala. Diagonalizazioaren beste proba batzuk ere oso aldenduta daude mundu errealetik, beraz, ezin dituzten ebatzi mundu errealeko xehetasunek garrantzia duten gaiak.

«Urruneko konputazioa darabilte» dio Williamsek. «Tipo bat irudikatzen dut birus baten aurrean eta birus horrengana eskularru-kaxa baten bidez heltzen».

Diagonalizazioaren porrota adierazle goiztiarra izan zen, P eta NP kategoriako problemak ebaztea bide luzea izango zela argi uzten zuena. Mugak izan arren, diagonalizazioa tresna giltzarria da konplexutasunaren teorikoen pilan. 2011n Williamsek beste teknika batzuekin batera erabili zuen konputazio eredu murriztu jakin batek ezin zituela ebatzi problema bereziki zail batzuk, ikertzaileek 25 urtez emaitza horri heldu ez zioten arren. P eta NP kategorien problema ebaztetik oso urrun zegoen, baina aurrerapen handia izan zen.

Zerbait ez dela posible erakutsi nahi baduzu, ez gutxietsi ez esate soilaren boterea.

Itzultzailearen oharrak:

[*] Ingeleseko jatorrizkoa, “The limitation game”, hitz-joko bat da “The Imitation Game” filmaren izenburuan oinarritua; film hori Alan Turingen bizitza eta obrako alderdi batzuei buruzkoa da.

[**] ‘20 galdera’ izeneko jokoan erantzuten duenak (‘erantzuleak’) gainerako jokalariek (interrogatuek) igarri beharreko zerbait aukeratzen du. Galderak egiten dituzte txandaka eta erantzuleak «bai» edo «ez» erantzun behar du. Hona hemen galderen adibide batzuk: «Mugikor bat baino handiagoa da?», «Bizirik dago?» eta, amaitzeko, «Boligrafo hau da?». Ezin da gezurrik esan. Interrogatzaile batek erantzun zuzena asmatzen badu, irabazi egiten du eta hurrengo txandako erantzulea izango da. 20 galdera egin eta erantzun zuzenik ez bada, erantzuleak irabazten du eta hurrengo txandan ere bera izango da erantzulea.

Jatorrizko artikulua:

Ben Brubaker (2023). Alan Turing and the Power of Negative Thinking, Quanta Magazine, 2023ko irailaren 5a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alan Turing eta pentsamendu negatiboaren boterea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #460

Sun, 2023/11/12 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Medikuntza

Natalia Zylberlast-Zand Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat izan zen. Natalia Varsovian jaio zen 1883an, eta Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. Neurologiaz interesatu zen berehala, eta ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan aditua egin zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Varsoviako ghettora joatera behartu zuten, eta bertatik irtetea lortu zuen. Alabaina, bi astetara preso hartu eta hil zuten judutar jatorrikoa izateagatik. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

Klima-aldaketa

Pirinioetako glaziarrak galzorian direla ohartarazi dute glaziologoek. Horietako bat Ibai Rico da, Gasteizko EHUko Geografia saileko ikertzailea. Glaziarrak hiru hamarkadatan desager zitezkeela ohartarazi zuten garai bateko ikerketek, baina prozesu hori aurreratu daitekeela diote egungo datuek. 2010ean 24 glaziar geratzen ziren Pirinioetan, eta 17 daude egun. 2022ko urtea bereziki txarra izan zela gogoratu du Ricok. Glaziarrak ikertuz klima eta ingurumen informazio interesgarria eskuratu daitekeela azaldu du glaziologoak, baina martxa honetan informazio hori guztiz galduko dugula ohartarazi du. Azalpen guztiak Alea aldizkarian.

Ingurumena

Toxico Watch fundazioko zientzialariek egindako ikerketaren arabera, dioxinen eta metal astunen kutsadura gero eta handiagoa da Zubietako erraustegiaren inguruan. Toxico Watch erraustegia martxan jarri aurretik hasi zen lehen neurketak egiten, eta hala aurreko eta ondorengo egoerak alderatu ahal izan dituzte. Hala ikusi dute erraustegiaren ondoko goroldioetan eta pinuen hostoetan dioxinen igoera nabarmena gertatu dela. Ondoan dagoen Arkaitzerrekako sedimentuetan ere atzeman dute metal astunen hazkundea. Inguruko etxaldeetako arrautzetan ere topatu dituzte toxikoak. Informazio gehiago Berrian.

Kimika

Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du UPV/EHUko ikerketa talde batek. Grafenoa zinta nanometrikoetan mozten bada, propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, eta oso garrantzitsua da horiek doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea aplikazio potentzialak garatzeko. Hain zuzen ere, helburu hori lortu dute POLYMAT zentroko ikertziale batzuek, eta nanozinta osagarriak konbinatuz erabateko doitasun atomikoa duten nanozintak sortu dituzte. Datuak Zientzia Kaieran.

Geologia

Geologian, arroken konposizioa edota barne propietateak aztertzeko mikroskopio petrografikoa erabiltzen da. Mikroskopio biologikoekin duten alde nagusia da bi iragazkik osatutako argi sistema polarizatuko sistema dutela. Bi iragazkiko sistema honi esker, begien aurrean interferentzia kolore batzuk agertzen dira, eta horrek mineralak identifikatzeko balio du. Mikroskopio horiek erabiltzeko, alabaina, Biologian eta Medikuntzan bezala, laginaren xafla fin-fina moztu behar da arroka-ebakitzaile baten bidez. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Kolore mikroskopikoen fantasiak.

Osasuna

Obesitatearen eta 2. motako diabetesaren prebalentzia goraka doa, eta horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen dira. Horietako bat Aldizkako baraua elikadura-eredu da. UPV/EHUko ikertzaile talde batek berrikuspen sistematiko bat egin du ikusteko ea dieta hori benetan erabilgarria izan daitekeen bi gaixotasun horiek tratatzeko. Emaitzen arabera, baraualdia gai da pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko, eta diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ere ikusi da. Datuak Zientzia Kaieran.

Yesenia García Alonsok bere doktoretza-tesian frogatu du itxialdian ariketa egin zuten haurrek osasun mental hobea dutela. Azaldu duenez, egunero gutxienez ordubetez, intentsitate ertaineko edo biziko jarduera fisikoa egin zuten eskolaurreko haurrek neurri txikiagoan sentitzen dituzte lotsa, beldurrak, fobiak, tristura edo kezkak, COVID-19aren itxialdian bizimodu sedentarioa egin zutenek baino. Gainera, adierazi du jokabide horiek lotura estua dutela amaren jokabideekin. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biodibertsitatearen kontserbazioa

Ibis eremita espezieak berriz migratu du Iberiar penintsulara, lehen aldiz Erdi Aroaz geroztik. Espezie hori jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baina guztiz desagertu zen kontinentean duela 400 bat urte. Egoera larria ikusirik, Alemaniako ikerketa talde bat eta Jerezeko Zoobotanikoa paraleloki ibisen populazio egonkor bana sortzen hasi ziren 2004an. Alemaniako taldeak Toscanara migratzen erakutsi zien hegaztiei, ultrarin batez baliatuz, baina azken urteetan Alpeak gurutzatzea erronka handia izan da, klima-aldaketa dela eta. Hau ikusirik, aurtengo udazkenean, Alemaniako ibisak Cadizera migratu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan.

Ikerketa berri baten arabera, Europako ibaietako biodibertsitatearen leheneratzea moteldu egin da 2010etik. EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu du ikerketan, eta ondorio horretara iristeko 22 herrialdetako ibai-sistemetan 1968 eta 2020 bitartean bildutako datuak aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi dute, oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin zuela 2000ko hamarkada arte. Baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da. Aitor Larrañaga ikertzaileak eta bere lankideek ur gezatako biodibertsitatea leheneratzeko prozesuak berraktibatzeko ahaleginak areagotzeko eskatu dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Teknologia

DNA erabiliz kuasikristal koloidalak diseinatzeko metodologia berritzaile bat aurkeztu du CIC biomaGUNEk, beste zentro batzuekin lankidetzan. Zehazki, ikerketa honek erakutsi du nola balia daiteken DNAren programagarritasuna kuasikristalak diseinatzeko eta eratzeko. Ikertzaileek azaldu dute DNA-kateak nanopartikulei lotzea lortu dutela nanopartikulen antolatzea gidatzeko, baita modu itzulgarrian ere egin daitekeela adierazi dute. Aurkikuntza horrek material aurreratuetarako eta aplikazio nanoteknologiko berrietarako atea zabaldu du. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #460 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #468

Sat, 2023/11/11 - 09:00


Autismoari eragiten dioten edo autismoaren ondorio diren faktore ugarien artean, lipidoen konposaketa organismoan, lipidoma, horietako bat da, eta orain ezagutzen hasia da. Lipids and autism. J.R. Alonsoren eskutik.

Neurtzeko zaila izatea eta neurtzeko laborategi bat behar izatea dira kutsatzaile toxiko batek izan dizakeen ezaugarririk okerrenak. Horregatik da hain interesgarria ur-masa baten ertzean bertan PFAS neurtzeko metodo berri bat. Sensitive on-site testing for PFAS in water samples.

Orain arte, B serieko zientzia-fikziozko filmetan bakarrik imajinatu izan da hau: bi planeta erraldoi talka egiten. The afterglow of an explosive collision between giant planets in a star system far away. Simon Locken, Matthew Kenworthyren eta Zoe Leinhardten eskutik.

Nanomakina batek oso energia gutxi erabiltzen du. Etorkizun hurbilean baten bat muntatu behar baduzu, jakin ezazu DIPCko jendeak horri buruzko gauza pare bat ikasi dituela nanokoloideak eta argi-marratxo bat erabiliz. Nanocolloids as hosts for light-propelled machineries

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #468 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Natalia Zylberlast-Zand neurologoa eta nazien holokaustoko martirietako bat

Fri, 2023/11/10 - 09:00

Natalia Zylberlast-Zand izan zen Europako lehenengo neurologo akademikoetako bat. 1883ko martxoaren 28an jaio zen Varsovian, gaur egun Polonia den arren, garai hartan Errusiako inperioan zegoen hirian. Familia judutarrekoa, nazien holokaustoan hil ziren gurasoak, anaia, bi ahizpa eta Natalia bera; ahizpa bakarrak biziraun zuen.

Natalia Zylberlast (Zand abizena Maksymilian Zand-ekin ezkondu zelako hartu zuen) 1899an graduatu zen bigarren hezkuntzan Varsovian eta handik gutxira Suitzara joan zen Genevako Unibertsitatean Medikuntza ikastera. 1907an egin zuen tesia, Un cas de leucémie myéloïde chez un enfant de neuf mois (Leuzemia mieloidea bederatzi urteko haur batean), eta Edouard Martin pediatra eta zirujaua izan zuen zuzendari. Urte horretan bertan Poloniara itzuli zen eta azterketa bat gainditu behar izan zuen Suitzan lortutako tituluak Errusian ere balio zezan.

Zylberlast-Zand1. irudia: Natalia Zylberlast-Zand neurologoa. (Iturria: Mujeres con Ciencia)Ehunetan eta garuneko eta bizkarrezurreko patologietan aditua

Kochanówka-ko ospitalean hasi zen lanean, Lodz-etik gertu, eta neurologiaz interesatu zen berehala. 1908an Czyste-ko ospitale judutarrean hasi zen lanean, Varsoviatik gertu, Edward Flatau neurologoaren lehenengo laguntzaile gisa; harekin batera argitaratu zituen bizkarrezurreko tumoreen tratamendu kirurgikoari eta gortasunari buruzko zenbait lan. Beste neurologo judutar-poloniar ospetsuekin lankidetzan aritu zen eta Marcelo Nencki-ren laguntzailea ere izan zen Biologia Esperimentaleko institutuan.

Varsovian eman zuen garaian ikertzaile ospetsu egin zen, histologian eta garuneko eta bizkarrezurreko patologian aditua. 80 artikulu baino gehiago argitaratu zituen polonieraz, alemanez, frantsesez eta ingelesez. 1912an meningitis biriko batekin zerikusia duten buruko arazoen kasu bati buruz argitaratu zuen, haluzinazio kronikoak eta migraina zituena. 1913an sifilisak garun-bizkarrezur sisteman dituen ondorioez lan bat argitaratu zuen eta 1915ean hortzetako infekzio baten ondoriozko tetanos kronikoa zuten bi kasuri buruz.

Aktibista haurren zaintzan eta emakumeen eskubideetan

Klinikako eta laborategiko lanaz gain, bere ezagutzak eta denbora praktika medikoaren alderdi sozialerako izaten ziren; adibidez, langileak artatzen dituzten erakundeetan aholkuak ematen zituen haurrak hazteaz. Sozialista konbentzitua zen eta haurrak artatzen zituzten erakundeekin lankidetzan aritzen zen, batez ere judutar haurrak artatzen zituztenekin. Emakumeen eskubideen defendatzailea eta aktibista izan zen eta Emakume Sendagileen Poloniako Elkartearen sortzaileetako bat ere bai. 1937an poloniar ordezkari bakarra izan zen Emakume Sendagileen Elkartearen Nazioarteko Laugarren Konferentzian, Edinburgon. Poloniako Psikiatria Elkarteko kide aktiboa izan zen eta eugenesiaren ideiari aurka gogor egin zion.

Gaixotasun neurologiko sorta zabala ikertu zuen, hala nola paralisia, meningitisa, entzefalitis letargikoa, epilepsia… Meningitis tuberkulosoa sendatzeko prozedura kirurgikoak erabiltzeko aukeraz interesatu zen, eta garun-bizkarrezurreko isuriaren analisi biologiko eta bakteriologikoak egin nahi izan zituen gaixotasunari buruz gehiago jakiteko. 1920ko hamarkadan Korsakoffen sindromea aztertzen aritu zen (buruko gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsona batzuen afekzioa, alkohol gehiegi hartutakoan agertzen dena). Era berean, begietako eta betazaleko erreflexu batzuk ere aztertu zituen Parkinsonen gaixotasun kasu jakin batzuetan.

Nazien inbasioa eta Varsoviako ghettoa

Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Zylberlast-Zandek poloniarrek, judutarrek eta emakumeek jasan zuten krudeltasun pilatu osoa jasan zuen. Eskubide zibil guztiak kendu eta Varsoviako ghettora joatera behartu zuten; sendagile lanetan aritu zen han eta umezurtzak hartu eta zaintzen lagundu zuen. 1942ko uztailean hasi zen ghettoetako judutarrak sarraskitzeko operazioa eta Zylberlast-Zandek irtetea lortu zuen, lagun batzuk ezkutatu zutelako.

Zylberlast-Zand2. irudia: Varsoviako ghettoko horma. (Argazkia: German Federal Archive – CC-BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Baina ihes egin eta bi astera, 1942ko azaroaren 23tik 24rako gauean, Zofia Garlicka judutar ginekologoarekin batera hartu zuten preso. Pawiakeko espetxera eraman eta galdeketa egin zieten. Zylberlast-Zandek han bertan aitortu zuen judutar jatorrikoa zela eta hurrengo egunean hil zuten. Gorpua toki ezezagun batean lurperatu zuten. Bere ibilbide zientifikoa, eta batez ere bere bizia, bat-batean eta krudeltasun osoz eten ziren Europa suntsitu eta mundu osoan eragina izan zuen gerran.

Holokaustotik urte batzuetara, Estatu Batuetako etorkin judutar poloniarrek eta ondorengoek omenaldi bat egin zieten Poloniako sendagile martiriei, hau da, Holokaustoaren garaian hildako 2.500 sendagile judutar poloniarri. Horietako bat Natalia Zylberlast-Zand izan zen.

Erreferentzia bibliografikoa: Iturria: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 3an: Natalia Zylberlast-Zand, neuróloga y una de los mártires médicos del Holocausto nazi.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Natalia Zylberlast-Zand neurologoa eta nazien holokaustoko martirietako bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2. motako diabetesean

Thu, 2023/11/09 - 09:00

Azken hamarkadetan gora egin dute dieta desorekatuaren ondoriozko gaitzek, hala nola, obesitateak eta 2.motako diabetesak. Osasunerako Mundu Erakundearen (OMEren) arabera, 2016ean helduen %36ak gainpisua zuen eta %13ak obesitatea. 2.motako diabetesaren prebalentzia handituz doa, 2016ean %8,5ekoa zen eta 1,6 milioi heriotza eragin zituen.

Gaixotasun hauek gizartean arazo kezkagarri bihurtu dira, gizabanakoarentzat, familiarentzat eta gizartearentzat oso kaltegarriak diren konplikazio kronikoak dituelako eta osasun kostu handiak dakartzatelako. Horiei aurre egiteko tratamendu dietetiko desberdinak erabiltzen badira ere, zaila da pazienteen elikadura portaera moldatzea eta interbentzioek ez dute behar beste eraginkortasun.

aldizkakoIrudia: aldizkako barauarekin helburu desberdinak bilatzen badira ere, gorputz osaera eta osasuna hobetzeko asmoz jarraitzen da gaur egun. (Argazkia: Victoria Rain – erabilera libreko irudia. Iturria. Pexels.com)

Zenbait ikertzailek aldizkako baraua aztertu dute gaixotasun horiek tratatzeko aukera bezala. Aldizkako baraua elikadura-eredu bat da, elikatzeko modu bat, barau tarteak eta elikagaiak irensteko aldiak bereizten dituena. Helburu desberdinak bilatzen badira ere, gorputz osaera eta osasuna hobetzeko asmoz jarraitzen da gaur egun. Baina, benetan erabilgarria al hobekuntza horiek lortzeko?

Baraualdi motak

Lehenik eta behin, aldizkako baraualdi motak bereizi behar ditugu:

  • Txandakako eguneko baraualdia: Baraualdiak egun osokoak dira eta astean zehar egun txandakatuetan egiten dira. Hau da, barau-egunak eta ingesta-egunak txandakatzen dira.
  • Energiaren aldizkako murrizketa baraualdia: Programatutako barau-egunetan behar energetikoen % 20-25 kontsumitzen da. “5:2” dieta ezaguna mota honetakoa da: asteko bi egun jarraitan energia ingesta asko murrizten da baraua eginez, eta gainerako 5 egunetan energia-ekarpen normala hartzen da.
  • Denbora murriztuetako baraualdia: Egunero egiten da baraua, egunean zehar barau eta ingesta tarteak txandakatuz. “16:8” eredua da ohikoena, eguneko 24 orduetatik 16 ordutan baraua egin eta gainerako 8 orduetan energia-ekarpen normala egiten da.
  • Baraualdi erlijiosoak: Arrazoi erlijiosoak helburu duten barauak dira. Aipagarriena Ramadaneko hilabete sakratuan egiten den baraua da, egunsentitik ilunabarrera arte dirauena. Praktika dietetiko ohikoena eguzkia sartu ondoren janari ugari hartzea eta egunsentia baino lehen janari gutxiago kontsumitzea da.

Baraualdiak obesitatean duen eragina aztertu duten ikerketetan ikusi dute baraualdia gai dela pisu galera eta gantz-masaren murrizketa eragiteko. Bestalde, baraualdiak diabetesaren parametroak hobe ditzakeela ikusi da.

Dena den, efektu horiek gizabanako batek behar duena baino energia gutxiago kontsumitzeak eragindakoak dira eta ez dira baraualdiak eragiten dituen prozesu fisiologiko konkretuek eragindakoak. Hortaz, aldizkako barauldia dieta hipokaloriko mantendua (herri mailan “dieta” deitzen dioguna) jarraitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako aukera bezala plantea liteke.

Are gehiago, zenbait eragin onuragarri energia murrizketarik gabeko ariketa fisikoak sortutakoen berdinak dira. Hortaz, azken hori ezin da alde batera utzi gaitz horiei aurre egiterakoan.

Dietaren kalitateari dagokionez, lanek energia murrizketari erreparatzen diote batez ere, nutriente ingestari beharrezko garrantzia eman gabe. Hortaz, zentzu horretan ikerketak motz gelditzen dira, murrizketak, aldizka edo ez, gomendatzean nutriente esentzialen beharrak asetu behar baitira.

Esan behar da ere, ez dela aurkitu aldizkako baraualdiak izan ditzakeen albo ondorioen inguruko lanik. Hori horrela, ikerketa gehiago egin beharko lirateke albo-ondorioak ondo zehaztu eta barauak egiteko jarraibide egokiak izateko.

Azkenik, azpimarratu behar da nutrizioan eta dietetikan adituak diren osasun profesionalak ditugula, Dietista-Nutrizionistak. Profesional hauek obesitatearen eta 2.motako diabetesaren tratamenduan funtsezko giltzak dira.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2.motako diabetesean
  • Laburpena: Aldizkako baraualdia eguneko elikagai ahorakina ingesta-aldi eta barau-aldietan banatzen duen elikadura mota da. Estrategia dietetiko hau asko erabiltzen da zenbait efektu onuragarri eragin ditzakelakoan. Horrela, obesitateari eta diabetesari aurre egiteko izan ditzakeen efektuak ikertzen ari dira. Lan honetan gaiari buruzko errebisio sistematikoa egin da. Aipatutako gaixotasunetan baditu eragin desiragarriak, zenbait parametrotan eragiten baitu: gorputz-osaeran, gantz-masan, lipido plasmatikoetan, odoleko glukosa kontzentrazioan edo/eta intsulinarekiko erantzunean. Baina, efektuok energia murrizketari berari sor zaizkio, izan ere energiaren murrizketa mantenduak berak sortzen dituen efektuak antzekoak baitira. Zientifikoki oraindik ez dago behar adineko ebidentziarik. Izan ere, literaturan argitaratuta dauden ikerketek ez dute lantzen dietaren kalitatea; honek eragin nabariagoak izan ditzake gaixotasunetan, kaloria eta janaldi murrizketa edozein izanik ere. Gainera, gutxi aipatzen dira estrategia hau jarraitzean gerta litezkeen albo-ondorioak, profesionalek gertutik zaindu beharko lituzketenak.
  • Egileak: Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 27-40
  • DOI: 10.1387/ekaia.23620
Egileez:

Maialen Diez, Maialen Vázquez-Polo, Silvia Matias, Gesala Perez-Junkera, Leire Cantero, Arrate Lasa, Virginia Navarro, Idoia Larretxi eta Itziar Txurruka UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio eta Bromatologia Saileko eta GLUTEN3S ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Aldizkako barauaren efektuak obesitatean eta 2. motako diabetesean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kolore mikroskopikoen fantasiak

Wed, 2023/11/08 - 09:00

Geologian, baita beste diziplina zientifiko batzuetan (hala nola, Biologia edo Medikuntza) ere, edozein arrokaren azterketa zehatza egin nahi dugunean bere konposizioa eta barne propietateak zehatz-mehatz ezagutzeko, transmititutako argi mikroskopio bat erabili behar dugu. Baina, gure kasuan, mikroskopio berezi samarra da, eta mikroskopio petrografiko izenaz ezagutzen dugu.

mikroskopio1. irudia: Olympus BHT modeloko mikroskopio petrografikoa, UPV/EHUko Geologia Saileko petrologia praktiketarako erabiltzen dena. (Iturria: UPV/EHU)

Mikroskopio biologikoekin duten alde nagusia da argi sistema polarizatuko sistema dutela, bi iragazkik (edo nikolak) osatua: lehenengoa argi fokuan dago, laginaren azpian, eta bigarrena laginaren eta okularraren artean. Lehenengo iragazkiaren bidez (oro har finko dago) argi uhinak noranzko bakar batean mugitzen dira, lagina desbideratu gabe zeharkatu ahal izateko. Baina, bigarren iragazkia (gure mikroskopiotik atera eta sartu ahal dugu gure borondatez) lehengoarekiko perpendikular jartzen da; horrela, aktibatzen dugunean, edo, zehatzagoa izateko, zeharkatzen dugunean, oztopo gisa dihardu eta argia pasa dadin oztopatzen du. Hau da, mikroskopio petrografiko baten okularretik begiratzen badugu lagin bat jarri gabe eta bigarren iragazkia sakatuta pizten badugu, argiak gure begietan eragiten duela ikusiko dugu. Baina, bigarren polarizatzailea sartzen edo gurutzatzen badugu, guztia beltz ikusiko dugu.

Seguru asko zeuen buruari galdetuko dizuela, orduan, zertarako balio duen bigarren polarizatzaile horrek ez badigu ezer ikusten uzten. Erantzuna mineralen propietate optikoetan dago. Mikroskopioan argi polarizatuaren norabidea hori zeharkatzen duen heinean aldatzeko gai den lagin bat jartzen badugu (ezaugarri horrek birrefringentzia du izena), bigarren iragazkia gurutzatzean magia sortuko da; izan ere, orduan argiak ez du modu perpendikularrean eragingo, angelu bat izango baitu, eta angelu hori gure begien aurrean kolore batzuk (interferentzia koloreak izenekoak) agertzen direnean islatuko da. Eta propietate optiko hori mineralak identifikatzeko irizpidea da.

Gainerako mikroskopioekiko bigarren aldea da mikroskopiko petrografikoak platina bat daukala, hau da, 360º biratu ahal den lagin bat jartzen den gainazal bat. Eta, aztertzen ari garen laginaren oinarri musikal ona ateratzen saiatzen ari garen DJak ematen dugun arren, platina aurrera eta atzera biratzen dugunean, mineralen interferentzia koloreak nola aldatzen diren egiaztatzen ari gara argiaren eragin angelua aldatzean. Kasu batzuetan, ia ez lukete ikusiko eta kolore beraren antzeko tonuak aurkitzen ditugu. Baina, beste kasu batzuetan, joan den mendeko hirurogeiko hamarkadako irudi psikodelikoa dirudi, eta bariazio izugarriak aurkitzen dira mineral beraren interferentzia koloreetan. Interferentzia koloreen bariazio tarte hori mineralen identifikazio irizpidea da.

mikroskopio2. irudia: harri igneo (gabro) baten itxura mikroskopio petrografiko batetik ikusita. Ezkerreko irudia bigarren polarizatzailea desaktibatuta zegoela lortu da. Bitartean, eskuineko irudia bigarren polarizatzailea gurutzatzean lortu da, aztertutako lagina osatzen duten mineralen interferentzia koloreak erakutsiz. (Iturria: Open University / OpenLearn)

Baina mikroskopio petrografikoaren bidez arrokak aztertzeak, arroka horien mineralaren konposizioa identifikatzeaz gain, beste aukera batzuk ematen dizkigu. Horrez gain, laginaren egitura mikroskopikoak ikusi ahal ditugu, hala nola hausturak edo barneko poroak, arrokaren adinaren eta sortu zen giroaren berri ematen diguten mikrofosilak. Begi hutsez ikusi ezin genitzakeen ezaugarriak, eta lan egiten ari garen materiala deskribatzeko beharrezkoak direnak.

Bideoa: Zenbait mineraletako interferentzia koloreen bariazioa, batik bat feldespatoena, mikroskopio petrografikoaren platina biratzean bi polarizadoreak gurutzatuta.

Orain, beste gai bat sortzen da: nola lortu ahal dugu argiak arroka bat gurutzatzea, sustantzia solido batekin (eta, beraz, opakoa) lanean ari bagara? Ba Biologian edo Medikuntzan bezalaxe, gure laginaren xafla fin-fina moztuta gauza gardenean bilakatu arte. Horretarako, arroka ebakitzailea erabiltzen dugu, zeinak diamante diskoa duen, eta, horren bidez, prisma formako tako txiki eta laukizuzen bat prestatzen dugu, 2,5 cm zabal eta 4 cm luze ingurukoa, beirazko lagin ontzian itsasten dena. Arroka tako hori urratzaile ugari bidez leundu egiten da (diamante hautsezkoa ere bai), 0,03 mm-ko lodiera lortu arte. Horren ostean, beirazko estalki baten bidez estaltzen da. Horrela, Geologian xafla fin gisa ezagutzen duguna eraldatzen da (edo arrokaren atal landua, termino serioagoa erabili nahi izatekotan). Orain lagina mikroskopio gainean jarri ahal dugu, eta, horrela, argiak arazo barik gurutzatu ahal du.

mikroskopio3. irudia: Xafla mehe baten prestakuntza prozesua, arrokaren laginetik atal landua lortu arte, horretatik argia pasa dadin ahalbidetzen duena. (Iturria: Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Geologia Institutua)

Mikroskopio petrografikoa duela mende bat baino gehiagotik erabili izan da ikasketa geologikoak egiteko mundu osoan, baina teknika urtez urte perfekzionatu da. Duela hamarkada batzuk erabili nituen gailuak argi-urteetara daude (ezin da hobeto esan) Espainiako fakultateetan pixkanaka prestatzen ari diren profesional berriek orain erabili ahal dituztenekin alderatuta. Eta hori berri ona da; hala ere, mineralen propietate optikoak berdinak badira ere, edozein aurrerapen teknologikok aukera emango du horiek askoz errazago zehazteko; horrela, gero eta gehiago eta hobeto findu ahalko dira ikertzen ari garen arroken osagaien identifikazioa, eta hori izugarri eskertzen da azterketetan. Aldatuko ez dena honako hau da: belaunaldi berriek mikroskopio baten xafla mehea lehenengo aldiz ikustean eta arroka ilun eta sinple batean ezkutatuta dagoen kolore joko zoragarria ezagutzean izango duten iritzia.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 14an: Fantasías de colores microscópicos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Kolore mikroskopikoen fantasiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan

Tue, 2023/11/07 - 09:00

Urriaren hasieran ibis eremita andana bat Cadizera iritsi zen hegan, lehen aldiz Erdi Arotik. Baina hegazti hauek ez zihoazen bakarrik. Ultrarin batez baliatuz, hiru biologo migrazio-ibilbide berria irakasten ari zitzaien ibis eremitei, Alemaniatik Andaluziara. 2.300 kilometroko bidaiaren ostean eta hiru herrialde gurutzatu ondoren, espezie horrek berriz migratu du Iberiar penintsulara.

Ibisek zenbait urte zeramatzaten gizakiaren laguntzaz migratzen, uda bukaeran, iparraldetik hegoaldera. Ekimena 2004an hasi zen Alemanian, Waldrappteam (Waldrapp hitzak ibis esan nahi du alemanez) ikerketa taldea ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzen hasi zenean Europa erdialdean. Geroztik, biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz.

ibis eremitenIrudia: 2004az geroztik biologo talde batek lagundurik, ibis eremitek Constanza lakutik Toscanara migratu dute urtero, bidean Alpeak gurutzatuz. (Argazkia: H. Wehner. Iturria: Waldrappteam.at).

Ibis eremita espeziea (Geronticus eremita) jatorrian ia Europa osoan zabalduta zegoen, baita Afrika iparraldean eta Arabiar penintsulan ere. Espezie migratzailea izanik, udara iparraldeko eskualdeetan pasatzen zuten koloniak eremu epelagoetara mugitzen ziren neguan, Alpeen inguruko mendietara, Adriatikoaren iparraldeko eskualdeetara, eta Iberiar penintsularen hegoaldera, besteak beste. Erdi Aroan, ordea, galdu egin zen Europa osotik, eta bi kolonia soilik geratu ziren Marokon. Egoera horrek espeziea “galtzeko arriskuan” gisa katalogatzea ekarri zuen.

Orain Iberiar penintsulara egingo dugu salto, zehazki Cadizera. Izan ere, aurrerago ikusiko dugun moduan, gaurkoan protagonista dugun hegaztiak, halako batean, bi eskualdeak batu ditu. 2004an, espeziearen egoera larria ikusirik, Eremita Proiektua jarri zen martxan Jerezeko Zoobotanikoan. Garai batean eremu hori ibis eremitaren banaketa-esparruaren parte zen, eta zientzialariek erabaki zuten hegazti enblematiko horren egoera tamalgarriari irtenbidea eman behar zitzaiola. Hala, Zoobotanikoaren instalazioetan hegazti hau itxian hazten hasi ziren, ibisei txitak aurrera ateratzen lagundu eta ondoren askatzeko helburuarekin.

Metodologia bitxia erabili zuten horretarako: “adopzio-guraso” batzuek jaten eskutik emanda elikatzen zituzten txitak, eta “guraso” hauek identifikagarriak izan zitezen, ibis eremiten formako buruko bat eraman behar zuten beti jantzita, bai eta kamiseta beltz bat ere. Egoera nahiko barregarria sortzen bazen ere, mozorro horrek giza arrastoa gutxitzeko balio zuen, bi modutara: batetik, txitek pentsa zezaten beren espezieko banako batek elikatzen zituela, eta, bestetik, beren “gurasoak” ez ziren gizakiekin elkarrekintza izan zezaten saihesteko. Behin hazkuntza amaituta, Cadizeko Janda eskualdean askatzen zituzten, bertan kolonia egonkor bat sortzeko.

Baina, ikusi dugun moduan, Jerezeko Zoobotanikoa ez zen bakarra izan ibis eremiten populazioa handitzen. Garai berean, paraleloki, Waldrappteam ikerketa talde alemanak prozesu bera abiarazi zuen Europa erdialdean, ibis eremiten kolonia egonkor bat sortzeko. Kasu honetan, ordea, koloniak migratzailea izan behar zuen. Cadizeko neguarekin alderatuz, Europa erdialdean tenperaturak asko jaisten dira neguko egun motzetan, eta Janda eskualdean kolonia sedentario bat sortzea posible zen arren, Europa erdialdean eraikitako kolonia eremu epelagoetara mugitu behar zen negua pasatzera. Hala egiten zuen ibisak, modu basatian, Europa osoan desagertu aurretik, eta hala egiten erakutsi behar zitzaion: uda amaitzean hegoalderantz migratzen.

Beraz, azken 20 urteetan, Waldrappteam taldeko ikertzaileek migratzen erakutsi diete ibisei, haien gurasoak bailiran. Izan ere, itxian hazitako hegaztiak izanik, ez zekiten nola egin.

Behin uda amaituta, irailaren amaiera aldera, Austria, Alemania eta Suiza banantzen dituen Constanza lakutik Toscana italiarrera migratzen erakutsi diete ibis eremitei. Zenbait hilabetez ibisez mozorrotuta jaten eman dieten adopzio-guraso berak ultrarin batera igo dira urtero, eta ibisek jarraitu egiten diete, negua pasatzeko lekura iritsi arte. Egokitzapen-denboraldi baten ostean, ibis gazteenek adopzio-gurasoengandik bananduta bizitzen ikasi dute, eta askatu egin dira gero. Behin negua pasata, bueltako bidaiari ekin diote udaberrian, oraingoan gizakiaren laguntzarik gabe. Hala, Waldrappteam-ek migrazio tradizio bat sortzea lortu du.

Europa erdialdetik Toscanarainoko ibilbide honetan Alpeak gurutzatu behar ziren, noski, eta azken urteetan, zeharkaldi hori arazo-iturri bilakatzen hasi zen. Esan bezala, hegoalderanzko migrazioa irailaren amaieran ezarri zen hasiera batean, baina klima-aldaketak Europan uda geroago amaitzea eragin du, eta azken urteetan ez zioten Italiaranzko bidaiari ekiten urriaren erdialdera arte. Ordurako, alabaina, Alpeetan ez zen udaren zantzurik geratzen, eta zeharkatu ezinezko harresia bihurtzen zen ibisentzat. Iaz 60 ibisetik bostek soilik lortu zuten beren kabuz mendilerro izugarri hori gurutzatzea; gainontzekoak kamionetan lekualdatu zituzten Waldrappteam taldeko ikertzaileek. Ibis batek, ordea, ordezko bide bati ekin zion bere kabuz, eta Malagan agertu zen egun batzuk geroago. Banako horrek eman zion irtenbidea, hain zuzen ere, klima-aldaketak eragiten zien arazoari.

Eta hala hasi da, 2023an, hasiera batean bakarka lanean ari ziren bi talderen arteko lankidetza. Aurten Europa erdialdeko ibis eremiten koloniak, Italiara migratu beharrean, Andaluzia hartu du neguko kolonia berri gisa. Ibilbide berri horretan Alpeak gurutzatzea saihestu dute, eta Pirinioak ere mendilerro handia badira ere, Alpeetan baino baldintza klimatiko hobeak daude bertan.

Guztira, ibis eremitek eta Waldrappteam taldeko adopzio-gurasoek, batzuk besteen atzetik, 2.300 km egin dituzte hegan, sei astetan zehar. Aurten ibis eremita andana batek Pirinioak gurutzatu ditu lehen aldiz 400 urtean, eta urriaren 3an amaiera eman dio Iberiar penintsularainoko migrazioari. Hemendik aurrera prozesuak orain arte bezala jarraituko du, eta dena ondo badoa, aurten berrabiatutako migrazio-ibilbideak belaunaldiz belaunaldi iraungo du espezie honetan.

Iturriak: Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Ibisak bueltan dira Iberiar penintsulan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu dute

Mon, 2023/11/06 - 09:00

Grafeno-nanozintak ekoizteko metodo berri bat garatu dute, doitasunari zein luzerari dagozkien marka guztiak hausten dituena. UPV/EHUko POLYMAT zentroari atxikitako Ikerbasqueko ikertzaile Aurelio Mateo Alonso irakaslearen ikerketa-taldeko kideek, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutuko (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitateko (Portugal) ikertaldeak parte hartu dute ikerketan. Artikulua Chem aldizkarian argitaratu dute.

Grafenoaren aurkikuntzak aukera ugari zabaldu ditu material berrien garapenari dagokionez. Grafenoa tamaina nanometrikoko zintetan mozten denean (grafeno-nanozintak), propietate elektriko eta magnetiko desberdinak dituzten materialak lor daitezke, zinten ertzak ebakitzeko moduaren nahiz zinten zabaleraren eta luzeraren arabera.

grafeno-nanozintakIrudia: grafenoz-nanozinta sintetizatuen egitura eta propietate optoelektronikoak. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Horren harira, garrantzi handikoa da grafeno-nanozintak doitasun atomikoarekin ekoizteko moduko metodoak garatzea, horien aplikazio potentzialak garatze aldera. Material berri horiei esker, gailu elektroniko eta espintronikoak miniaturizatu ahal izango dira, eta hau funtsezkoa da elektronikaren zein konputazio kuantikoaren arloko teknologia berriak garatu ahal izateko.

UPV/EHUko POLYMAT, Polimeroen Ikerketarako Max Planck Institutua (Alemania) eta Aveiroko Unibertsitatea (Portugal) tarteko dituen ikertzaile-talde batek grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu du, doitasunari zein luzerari dagozkien marka guztiak hautsiz. Metodo berri honek 2 nanometroko nanozinta osagarriak konbinatu ditu, Legoko piezak balira bezalaxe, erabateko doitasun atomikoa duten 36 nanometroko nanozintak sortzeko.

Zintak zenbat eta luzeagoak izan, orduan eta eroankortasun elektriko handiagoa dute, eta honek eraginkortasun handiagoko gailu elektroniko berrien garapena ekar lezake. Gainera, argia xurgatu eta igortzeko ezohiko propietateak dituzte, puntu kuantikoenak baino dexente handiagoak, eta ondorioz, grafeno-nanozintak energian, LED teknologian, medikuntza-irudian eta beste eremu batzuetan aplika litezke etorkizunean.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Aurrerapen berriak doitasun handiko grafeno-nanozinten diseinuan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dubey, Rajeev K.; Marongiu, Mauro; Fu, Shuai; Wen, Guanzhao; Bonn, Mischa; Wang, Hai I.; Melle-Franco, Manuel; Mateo-Alonso, Aurelio (2023). Accelerated iterative synthesis of ultralong graphene nanoribbons with full atomic precision. Chem. DOI: 10.1016/j.chempr.2023.06.017

The post Doitasun handiko grafeno-nanozintak sintetizatzeko metodo berri bat garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #459

Sun, 2023/11/05 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

menopausia

Zoologia

Txinpantzeek ere menopausia badutela frogatu dute. Ugandako Kibale Parke Nazionaleko txinpantze emeak aztertu ondoren iritsi dira ondorio horretara. Izan ere, ikusi dute eme horiek bataz beste haien bizitzaren % 20 ematen dutela bizirik, ugaltzeko gaitasuna galdu ondoren. Orain arte gizakian eta itsas ugaztun batzuetan soilik ezagutzen zen menopausia. Txinpantzeen kasuan, ordea, ikusi da ez dela “amonaren hipotesia” betetzen menopausiaren arrazoia azaltzeko. Hau da, menopausia duten emeek ez dute loturarik beren alabekin, ezta haien kumeekin ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek, nerbio-sistema oso sinplea izan arren. Tripedalia cistophora da espeziea, eta Karibeko mangladietan bizi da. Mangladietako sustraien ondoan elikatzen dira baina horiek arriskutsuak izan daitezke marmokentzat. Sustraietara hurbiltzean buelta ematen dute marmokek, eta ikertzaileek ikusi dute kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago.

Arkeologia

Neolito Aroko gerrate baten zantzuak aurkitu dituzte San Juan ante Portan Latinam Guardiako aztarnategian, Araban. Bertan, 338 pertsonen arrastoak topatu zituzten, horietatik asko indarkeria-zantzuekin. Orain hezurrak aztertu dituzte, eta gehiengoa mutil gazteak edo gizon helduak direla. Hortik ondorioztatu dute gerrate baten biktimak izango ziratekeela, eta halako borroketan parte hartzen zutenak mutilak eta gizonak zirela. Aztarnategi honetan aurkitutakoa Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako indarkeriazko gertakari handiena da. Datuak Elhuyar aldizkarian eta Alea aldizkarian topatu daitezke.

Astrofisika

Proba matematiko batek zulo beltzen eraketaren inguruko muga berriak ezarri ditu. Zehazki, frogatu dute kuboaren tamainarekin alderatuta materiaren kontzentrazioa handia den espazioko lekuren batean kuboa aurkitu badaiteke, orduan harrapatuta dagoen gainazal bat sortuko dela. Horrela, proba horrek materiaren kontzentrazioan soilik oinarrituta zulo beltzen presentzia zehaztu ahal izateko aukerak ematen ditu. Gainera, ziurtatu dute zulo beltzek lau, bost, sei edo zazpi dimentsio espazialekoak izan daitezkeela. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Nahúm Méndez geologo planetarioak Marteko karkaben eta zeihartasun zikloaren arteko erlazioa azaldu du Zientzia Kaieran. Zeihartasuna esaten zaio planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioari orbita planoari dagokionez. Marteren zeihartasuna oso aldakorra da, 10º-tatik 40º izatera pasatzen baita ardatza momentuaren arabera. Beste aldean Marteko karkabak ditugu, eta zientzialariak horien jatorria ulertzen saiatzen ari dira. Bada, ikerketa berri batek iradoki du, planetaren zeihartasuna 35 °C ingurukoa denean, baldintza egokiak egon daitezkeela poloetako izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko. Horrek higadura-prozesuak sortuko lituzke, eta, ondorioz, karkabak.

Argitalpenak

Egoitz Etxebeste Adurizek emakume zientzialarien istorioen bilduma argitaratu zuen 2021ean, Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira izenburupean. 19 protagonista ditu liburu honek, besteak beste, Sophie Germain, Mary Somerville edo Eunice Foote. Emakume horien esperientziek agerian uzten dute zenbat arazori egin behar izan zioten aurre, eta zenbatetan gutxietsi zuten haien lana. Liburu honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakurri daiteke.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #459 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #467

Sat, 2023/11/04 - 09:00


Zahartzeak ez ditu desabantailak bakarrik ekarriko. Can older adults anticipate words better than younger adults?, Victoria Cano Sánchez eta Patricia Fuente García.

Atmosferaren energiaren aldaketek atmosferak ozeanora transferitzen duen energiari eragiten diote azkenean, eta, horrek, itsas korronteei eragiten die, eta, horrek, eragina du kliman… Energy input into the ocean from mid-latitude storms is expected to decrease

Einsteinek berak ere bazekien. Erlatibitate orokorrak ageriko mugak ditu eta hori gaindituko duen teoria bat behar da. Why Einstein must be wrong, Valerio Faraoniren eta Andrea Giustiren eskutik.

European Spallation Source martxan jartzen denean, partikulen fisikako komunitateak ez du jakingo nora jo horrenbesteko aukerekin. DIPCko jendea badabil horretan. European Spallation Source, at the forefront of particle physics with neutrons and neutrinos.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #467 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Fusio hotza

Fri, 2023/11/03 - 09:00

Zientzian ere bada «zientzia patologikoa» deritzona. Zientzia hori ondo egiten ari direla uste duten baina beren burua engainatzen ari diren pertsonek egiten dute.

Horren adibide da 1989ko martxoaren 23an daukagu: isilpean urte askoz lan egin ondoren, Stanley Pons eta Martin Fleischmann estatubatuarrek prentsaurreko batean iragarri zuten fusio-erreakzio nuklearrak lortu zituztela giro-tenperaturan. Aldez aurretik beharrezkoak ziren baldintza garesti eta zailei aurre egingo liekeen balentria zen hura.

Iragarkiak munduari bira eman zion. Asmakizun hark energia-arazoak modu ekonomiko eta iraunkorrean konpon zitzakeen. Baina mundu osoko zientzialariak esperimentua erreplikatzen hasi zirenean, batek ere ez zuen fusio nuklearrik lortu.

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Fusio hotza appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zientziaren izarrak

Thu, 2023/11/02 - 09:00

Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira (2021) liburuan, Egoitz Etxebeste Adurizek emakume zientzialarien istorioen bilduma argitaratu du, emakume aitzindari eta borrokalariei ahotsa ematen.

itzaletik argiraIrudia: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira liburuaren azala. (Iturria: Elhuyar fundazioa)

Emakume horien lekukotzak agerian uzten du zenbatetan gutxietsi zuten haien lana, eta zenbat arazori egin behar izan zioten aurre. Hori dena, Etxebesteren estilo pertsonalean kontatuta, Manu Ortega marrazkilariaren marrazkiez horniturik.

Benetako izarrak izan arren, itzalean geratu ziren zientziaren 19 izar ditu protagonista liburu honek. 19 emakumezko zientzialarik ekin zioten bideari. Sophie Germain, Mary Somerville, Eunice Foote, Nettie Stevens, Berenice Abbott edo Dorothy Crowfoot eta beste hainbat emakume dira protagonistak. Eredugarri izateaz gain, mota guztietako zientzialariek gozatzeko aukera izan dezaten.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira
  • Egilea: Egoitz Etxebeste Aduriz
  • ISBN: 978-84-947451-4-0
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2021
  • Orrialdeak: 92 or.
Iturria:

Elhuyar fundazioa: Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira

The post Zientziaren izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Marteko karkabak eta zeihartasun zikloak

Wed, 2023/11/01 - 09:00

Termino batzuek a priori geologiarekin harreman txikia izan dezaketela eman dezake –zentzu hertsian, bederen–, baina, adibidez, planeta bateko klima baldintzatzeko gai dira, eta horrekin batera, haren kanpo dinamika, higadura prozesu eta prozesu deposizionaletan arrastoa utziz, Lurra, Marte edo beste planeta baten historia klimatikora haren geomorfologiaren edo sedimentologiaren bitartez hurbiltzeko aukera izateraino. Gaur landuko dugun hitza zeihartasuna da; hau da, planeta baten errotazio ardatzaren inklinazioa orbita planoari dagokionez. Esan dezakegu angelua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta muturrekoagoak izango direla urtaroak, nahiz eta planetaren eremu bakoitzak bere berezitasunak izan.

Pentsa genezake planetek egonkor eusten diotela denboran errotazio ardatzaren inklinazio horri; egiari zor, ordea, hori ez da horrela. Ziklo batzuetan balio hori aldatzen joaten da zeihartasun handieneko eta txikieneko uneen artean. Gure planetan, aldaketa horiek nahiko txikiak dira –22,1º eta 24,5º artean–, baina Marten, zeihartasuna batzuetan 10º inguruko balioetan egon daiteke zeihartasun baxuko aldietan, eta, beste batzuetan, ardatza 40º-tik gora inklinatzen da.

karkabak1. irudia: Marteko zeihartasun ziklo muturrekoak nolakoak izan daitezkeen azaltzeko irudia. Egun, goiko ezkerreko irudiaren antzeko egoeran egongo litzateke. (Iturria: NASA/JPL-Caltech.)

Martek zeihartasun handiena izango zukeen uneak ezin hobeak izango ziratekeen poloen masa handia transferitzeko atmosferara. Hau da, poloetako gordailu horietan izotza eratzen ari den karbono dioxidoaren zati bat sublimatzen amaitzeko eta presio atmosferikoa igoarazteko (egungo presio atmosferikoa bikoizten duten balioetara iritsi zitekeen). Horren ondorioz, tenperatura altuagoetara iritsiko zen, bai eta gainazaleko ur likidoa izateko egonkortasun baldintza hobeak izatera ere.

Itzul gaitezen, ordea, geologiara. Marten, hainbat sakan txiki agertzen dira, gure planetan karkaba deitzen diegunak. Lurrean, maldadun eremuetan euriaren higaduragatik eratu ohi dira, uraren indarrak eta, batzuetan, materialen konpetentzia eskasak –edo baita kontsolidatutako materialen proportzio txiki bat ere– ebakidura bat gertatzea eta materialak hegalean behera garraiatzea ahalbidetzen du.

karkabak2. irudia: Lurreko karkabak, kasu honetan Guadalajara probintzian. (Iturria: Informazio Geografikoaren Zentro Nazionala (CNIG).)

Gainera, Marten behatutako karkaba horietako batzuk denbora geologikoan nahiko berriak ematen dute; hori hautematen da forma ondo kontserbatzen dutelako, ez dituztelako aldatu beste prozesu batzuek eta ez dutelako inpaktu krater handirik. Nolanahi ere, egungo baldintzek ez badute ahalbidetzen ur likidorik egotea gainazalean –ez behintzat karkaba berrienak sortzeko lekuetan eta kantitatean–, nola sortuko ziren?

Azterlan batzuek iradokitzen zuten karbono dioxidozko izotzak eratuta egongo liratekeela, eta haren sublimazioan –solidotik gas egoerara igarotzea, likidotik igaro gabe– eragingo zela materialak – edo azpian dituztenak– desegonkortzea eta hegalean behera erortzea, batzuetan gas egoerako karbono dioxidoak berak lagunduta, errazago garraiatzeko aukera emango lukeen “lubrifikatzaile” gisa balioko bailuke. Mekanismo hori funtzionala izan daiteke gaur egun ere, bereziki Marteko udaberrian eta udan, Eguzkiak argiztatutako hegaletan.

Prozesu hau denboran errepikatzen denean, ikusten ditugun karkabak sortzen dira, eta hala deskribatzen dute Pilorget et al.-en (2016). Esan dezakegu higadura “lehorrean” gertatzen dela; izan ere, ura ez da beharrezkoa karkabak sortzeko. Hala ere, gaur egun, planeta gorria behatu eta gainazalean gertatzen diren aldaketak aztertzeko aukera izan dugun bitartean, behintzat, karkabetan ez dago jarduera nabarmenik; hortaz, Marteren historiako beste une batzuetako herentzia izan daiteke, egungo modelatuaren irudikapena baino.

Artikulu honetan soilik mendi batzuetako hegaletan eta kraterretan agertzen diren karkabak hartu ditugu kontuan. Karkaba horiek, dirudienez, jatorri desberdina dute eremu polarretako dunetan sortzen direnekin alderatuta; izan ere, eragile higatzailea urtaro zikloen ondoriozko karbono dioxidoa besterik ez dela dirudi. Horiek egungo klimaren adierazgarri dira.

Science aldizkarian Dickson et al.-ek (2023) argitaratutako azterlan berri bati esker ura berriro ere jopuntuan jarri da, karkabak sortzeko eragile gisa. Gaur egun, Marteren errotazio ardatzaren inklinazioa kontuan hartzen badugu, karkabak dauden guneetan ez dira beharrezko presio eta tenperatura baldintzak betetzen gainazaletik hurbil dauden erregolitoetan edo biltegi geologikoetan dagoen ur izoztua urtzeko, eta, hortaz, ura hegalean behera joatea ahalbidetzeko. Baina planetaren zeihartasuna 35 °C inguruan dagoenean, baldintza egokiak izango lirateke izotza urtzeko eta ura azalean egonkor mantentzeko, higadura-prozesuak sortzeko eta behatzen ditugun sedimentuak metatzeko behar beste denbora egon dadin.

karkabak3. irudia: Karkabak Marten, HiRISE tresnari esker jasota. Irudiaren malda ezkerretik (altuena) eskuinera (baxuena) joango litzateke. Halaber, karkaben bukaeran hainbat “abaniko” agertzen dira, urak eramandako materialen ondorioz. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona.)

Ondorio horretara iristeko, zientzialariek eredu klimatiko bat garatu dute. Bertan, karkaba berrienen kokapena markatu dute eta aldi berean sortzeko zein unetan eta zein baldintzaren arabera sor daitezkeen aztertu dute; hori oso argi azaldu daiteke Marteko zeihartasun zikloen bidez. Izan ere, karkabak sortzeko prozesu horiek azken milioi urteetan errepikatu zitezkeen, eta baliteke azkenekoz duela 630.000 urte gertatu izana.

Aurkikuntza horrek ondorio ugari ditu. Lehenengoa planeten ustiapenari lotuta dago; izan ere, izotz deposituak aztertzeko aukera izan genezake. Halaber, astrobiologiari dagokionez, ur likidoa –gutxitan bada ere– oso garrantzitsua izan daiteke Marten egon daitekeen bizitzarako, halakorik egotekotan. Gainazalean ur likidoa dagoen tarte hori zubi moduko bat izan daiteke baldintza hotz eta lehorren eta planetako espazio bizigarrien tartea handitzen dutenen artean.

Hala ere, zalantzarik gabe, ikerketa honek agerian uzten du oso zaila dela geologia interpretatzea Lurretik haratago. Horregatik, hain zuzen ere, diziplinarteko hurbilketa egitea beharrezkoa da, Eguzki Sistemako planeten eta bestelako elementuen historia ulertzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Dickson, James L.; Palumbo, Ashley M.; Head, James W.; Kerber, Laura; Fassett, Caleb I.; Kreslavsky, Mikhail A. (2023). Gullies on Mars could have formed by melting of water ice during periods of high obliquity. Science 380, 6652, 1363-1367. DOI: 10.1126/science.abk2464
  • Dickson, James L.; Head, James W. (2009). The formation and evolution of youthful gullies on Mars: Gullies as the late-stage phase of Mars’ most recent ice age. Icarus 204, 1, 63-86. DOI: 10.1016/j.icarus.2009.06.018.
  • Dundas, Colin M.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McEwen, Alfred S. (2012). Seasonal activity and morphological changes in martian gullies. Icarus, 220, 1, 124-143. DOI: 10.1016/j.icarus.2012.04.005
  • Dundas, Colin M.; McEwen, Alfred S.; Diniega, Serina; Hansen, Candice J.; Byrne, Shane; McElwaine, Jim N. (2019). The formation of gullies on Mars today. Geological Society, London, Special Publications 467, 1, 67-94. DOI: 10.1144/SP467.5
  • Treiman, Allan H. (2003). Geologic settings of Martian gullies: Implications for their origins. Journal of Geophysical Research, 108, E4, 8031. DOI: 10.1029/2002JE001900
  • Pilorget, C.; Forget, F. (2016). Formation of gullies on Mars by debris flows triggered by CO2 sublimation. Nature Geoscience 9, 1, 65-69. DOI: 10.1038/ngeo2619
Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko uztailaren 24an: Las cárcavas marcianas y los ciclos de oblicuidad.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Marteko karkabak eta zeihartasun zikloak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago

Tue, 2023/10/31 - 09:00

Nerbio sistema oso sinplea izan arren, marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek.

Zaila da atzean dagoen arrazoia argitzea, baina, egiari zor, gizakiari ez zaio gelatina gustatzen. Munstroak irudikatzean, askotan itxura hori eman zaie, adurrez eta elementu likatsuez osatuaz. Filmetan ere, beldurra eta higuina eragin nahian, horiei askotan soinu berezia eransten zaie, platerean tomate gehiegi duten makarroi horiek mugitzean egiten duten soinu berdinarekin.

ikasteko1. irudia: Tripedalia cistophora espeziea Karibeko mangladietan bizi da, eta tentu handiz ibili behar da ehizatzen ari denean, sustraien kontrako talkak saihestu aldera. (Argazkia: Jan Bielecki)

Baina, hala ere, gorputz likatsua izateak abantaila nabarmenak ditu, batez ere uretan bizi izaten denean. Marmoken kasua da. Besteak beste, sinpletasuna. Proteina bakar batzuk antolatu, polisakarido batzuekin osatu, eta, hara! Organismo bat eraiki dugu. Organismo urtsu bat, egia esanda. Botilaratutako ura saltzen duten enpresek esan ohi dute gizakiok ur garela, eta, horretan bederen, arrazoia eman behar zaie: kalkulatzen da gure organismoaren %65 ur dela. Baina marmokek muturrera eraman dute hau: %95 ur dira. Richard Conniff idazlearen hitzetan, marmokak funtsean “antolatuta dagoen itsasoko ur” dira. Hortaz, elikagaia soberan dagoenean, arin hazi daitezke, baina aise har dezakete kontrako norabidea ere, behi meheen garaia iristen bada. Hainbeste ur izanda, flotagarritasuna nahieran erabili dezakete, ur zutabean gora eta behera egiteko.

Gelatinan oinarritutako egitura honek marmokei eta beren antzeko organismori ahalbidetu die duela 500 milioi inguru urtetik baino gehiagotik planetan irautea. Dudarik ez dago hori arrakasta ebolutibo baten adierazle dela. Halere, denak ez dira abantailak. Gehienetan ozeanoan talka egiteko arrisku gutxi dago, baina, adibidez, arrisku honetaz ez dira libratzen mangladien artean ehiza egiten duten marmokak. Tripedalia cistophora espeziearen kasua da. Karibeko mangladietan bizi diren tamaina txikiko marmoka hauek —azazkal baten tamainakoak, hain zuzen— elikatzeko zooplaktonaren parte diren kopepodo ñimiñoak bilatzen dituzte mangladietan.

Horiek atzemateko, 24 begiz osatutako ikusmen sistema daukate kubozooen klasearen parte diren animaliatxo pozoitsu hauek. Kanpaiaren beheko aldean dauden puntu beltz horiek rhopalia izena dute, eta, begiak baino, animaliaren ikusmen sentsoreak direla esan daiteke. Horietako batzuk besteak baino garatuago daude, ikusmen ahalmenak emanez.

Kontua da mangladien sustraiak arriskutsuak izan daitezkeela marmoka txikientzat, hain justu, gorputz likatsu oso leunak dituztelako. Hortaz, sustraietara hurbiltzean buelta eman behar dute, minik ez hartzeko. Hori dela eta, ehiza egiteko eta, aldi berean, sustraien kontra talka eginez ez hiltzeko, oso koordinazio ona garatu behar dute. Gertuegi hurbilduz gero, hil daitezke. Baina gerturatzen ez badira, ezingo dute elikatu. Beraz, distantziak ondo kalkulatzea hil ala biziko kontua da animalia hauentzat.

Bada, halako portaera behatuta, zientzialari talde bat konturatu da hori soilik ikasketa prozesu baten ondorioa izan daitekeela. Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute ikasitakoa.

ikasteko2. irudia: marmokaren kanpaian dauden puntu beltzek rhopalia izena dute. Ingurunea hautemateko ez ezik, zientzialariek uste dute ikasketa zentro baten modura funtzionatzen dutela. (Argazkia: Jan Bielecki)

Behaketa laborategian egin dute, naturaren baldintzak errepikatzen ahalegindu den esperimentu batean. Horren bitartez behatu dutenez, marmokatxoei nahikoa zaie hiru edo bost maniobra iheskorretan huts egitea beren portaera aldatzeko eta sustraien kontra ez jotzeko. Diotenez, ozpin-euliek edo arratoiek egiten duten huts egite kopuru berdina egiten dute ikasi baino lehen. Behaketa soilean ez ezik, elektrofisiologiaren eta baldintzapen klasikoko bestelako esperimentuen bitartez ere berretsi dute marmoek benetan ikasi izan dutela.

“Gure esperimentuek erakusten dute marmokek kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko; hots, sustraiak urarekiko noraino ilunak diren [kalkulatzen dute]. Horrek ahalbidetzen die une egokian igerian atzera egitea”, adierazi du Kopenhageko Unibertsitateko Anders Garm neurobiologoak. Baina esanguratsuena da distantziaren eta kontrastearen arteko erlazioa aldatuz doala egunaren arabera, euriko uraren, algen eta olatuen jarduna aldatzen diren heinean. Hots, egile hauen arabera, ikertu dituzten marmokek egoerari buruzko ikasketa bat egiten dute. Zenbait inpresio lerrokatzen direnean, marmokak gai dira horien artean lotura bat dagoela ikasteko. Diotenez, marmokak dituen rhopalia edo begiak ikaste zentrotzat ere har daitezke.

Honetan, gakoa da beti uste izan dela marmokak adimen gutxiko animaliak direla. Izan ere, gero eta nerbio sistema garatuagoak eduki, orduan eta ikasteko potentzial gehiago dute animaliek. Mila bat nerbio zelula baino ez izanda —alde nabarmena gizakien garunak dituen 100.000 milioi neuronei konparatuta—, eta garunik gabeko animaliak izanik —ez behintzat garun zentralizatua, beste animalia askok dutenaren parekoa—, marmokek ikasteko gaitasun gutxi dutela uste izan da, beren ikasketa ahalmena oso gauza sinpleetara mugatuz. Funtsean, jarraian jasotzen den estimulu baten aurrean ohitzeko baino ez zirela gai pentsatu izan da orain arte. Baina Garmek uste du egindako akatsetatik ikasteko gai direla, bai eta horren ondorioz beren portaera aldatzeko ere. Horrek esan nahi du marmoka espezie honek bederen ikasketa asoziatiboa egiten duela.

Ikasketa ez-asoziatiboaren bitartez, estimulu bakar bat errepikatzen denean ikasten da. Izenak dioen bezala, ez da zertan estimulu hori ezerekin lotu. Errepikapenaren ondorioz, ohitu gaitezke, ala, kontrara, sentsibilizatu gaitezke. Horregatik, etxean txakurra dutenek ez dute inoiz beren txakurraren usainik nabaritzen. Soberan ohitu dira. Ikasketa asoziatiboan, berriz, seinale bakoitza portaera jakin bati lotuta dago modu fidagarrian. Patata frijituen poltsa ireki eta berehala, hor azaltzen da berehalakoan txakurra, zintzo-zintzo, soinu horren ostean zerbait erori daitekeela jakitun.

“Ohiko garun zentralizatu beharrean T. cistophora-k nerbio sistema zentral sakabanatuta duenez, gure lan honek zalantzan jartzen du zirkuitu ikasketa asoziatiboak neuronal konplexuak behar dituelako nozioa”, laburbildu dute zientzia artikuluan. Neurozientziarentzat garrantzi handiko aurkikuntza dela babestu dute ikertzaileek, “nerbio sistema sinple batekin egin daitekeenari buruzko perspektiba berria” ematen duela iritzita.

Ikasketan eta memorien eraketan parte hartzen duten zelula zehatzak identifikatzea jarri dute ikertzaile hauek hurrengo erronka gisa. Ondoren, argitu beharko dute ikasketa mekanismo hau marmoketara mugatzen ote den, ala beste animalietan ere antzeko prozesuak gertatu ote daitezkeen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Bielecki, Jan; Dam Nielsen, Sofie Katrine; Nacham, Gösta; Garm, Anders (2023). Associative learning in the box jellyfish Tripedalia Cystophora. Current Biology, 33, 4150–4159. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.08.056

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Garatutako garunik gabe ere ikasteko aukera dago appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages