Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 50 min 14 sec ago

Lehortearen arriskua adierazten duten zuhaitzak

Mon, 2024/02/26 - 09:00

Lehortea mundu osoko baso ekosistemei eragiten ari da, modu masiboan, eta ezinbestekoa da lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasuna ulertzea. UPV/EHUk parte hartu duen azterlan baten arabera, zuhaitzen hazkundearen eta klimaren arteko desakoplamendu batek eragin dezake heriotza tasa hori. Hala, eskuragarritasun hidrikoaren aurrean zuhaitzen hazkundeak duen sentikortasuna erabil liteke heriotzaren alerta goiztiarrerako seinale gisa. Adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Lehortearekin lotutako zuhaitzen heriotza masiboak mundu osoan ugaritu dira azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan du basoko ekosistemen egituran eta funtzionamenduan. Dena den, lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasunari buruzko ezagutza mugatua da oraindik. Orain dela gutxi ikerketa bat argitaratu dute Frontiers in Forests and Global Change aldizkarian arazo hori argitzen laguntzeko. “Espainia erdialdeko baso hedadura zabal batean gertatutako heriotza masiboa eragin zuten faktoreak identifikatzea izan zen azterlanaren helburua; Pinus sylvestris L. espeziea gailentzen zen eremu hartan, oso hedatuta dagoen eta garrantzi ekonomiko eta ekologiko handia duen espezie bat”, aipatu du Asier Herrerok, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle laguntzaile doktoreak.

lehortearenIrudia: ikusi da lehortearen intentsitatea hazten zioan heinean, zuhaitz hildakoek hazkundearen sinkronia txikiagoa zutela zuhaitz biziek baino. (Argazkia: Masood Aslami – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Horretarako, hazkunde erradialaren patroiak alderatu zituzten bizirik zeuden eta duela gutxi hil ziren banakoen bikoteetan. Oso gertu zeuden eta antzeko adina eta tamaina zuten banakoak aukeratu zituzten azterlanerako. Hala, isolatu egin zituzten tamainarekin eta heriotza prozesuaren ingurunearekin lotutako efektuak. Honako hauek alderatu zituzten zuhaitz bizien eta hilen artean: hazkundearen denborazko dinamika, hazkundearen sinkronia (banakoen artean denboran zehar bat datozen urteroko patroiak) eta hazkundeak uraren eskuragarritasunarekiko duen sentikortasuna (honela kalkulatuta: prezipitazioa ken ebapotranspirazio potentziala).

Azken 50 urteetan ez zen hauteman desberdintasun nabarmenik zuhaitz bizien eta hilen artean. Dena den, lehortearen intentsitatea hazten zioan heinean, zuhaitz guztietan hazkundearen sinkronia ere hazi zela hauteman zen, baita uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasuna ere (hau da, balantze hidrikoaren malda hazkunde ereduan). “Hil baino 20 urte lehenago, hildako banakoek hazkundearen sinkronia txikiagoa zuten banako biziek baino, eta uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasun txikiagoa”, nabarmendu dute ikertzaileek.

Hazkundearen sinkronia eta uraren eskuragarritasunarekiko hazkundearen sentikortasuna murriztu izanak honako hau iradokitzen du: desakoplamendua dagoela zuhaitzen hazkundearen eta klimaren artean. Horrek handitu egin dezake akats hidrauliko bat gertatzeko eta karbonoa falta izateko arriskua, baldintzak gero eta lehorragoak baitira. Hala, zuhaitzen heriotzaren alerta goiztiarreko seinale gisa erabil liteke hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna. Merezi du etorkizunean gai hau sakonago aztertzea; batez ere, sasoiaren araberako lehortea izaten duten eremuetan. Heriotza arriskuaren adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zuhaitzen heriotza arriskuaren adierazleak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Herrero, Asier; González-Gascueña, Raquel; González-Díaz, Patricia; Ruiz-Benito, Paloma; Andivia, Enrique (2023). Reduced growth sensitivity to water availability as potential indicator of drought-induced tree mortality risk in a Mediterranean Pinus sylvestris L. forest. Frontiers in Forests and Global Change, 6. DOI: 10.3389/ffgc.2023.1249246

The post Lehortearen arriskua adierazten duten zuhaitzak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #474

Sun, 2024/02/25 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ariketa

Matematika

Bi ikertzailek Lenstra-Lenstra-Lovász (LLL) estiloko algoritmo kriptografiko bat eguneratu dute. Ikertzaileek sistema horien sendotasuna hobetzeko lan egiten dute, izan ere, gure datuak sekretupean mantentzeko balio dute, baina badaude trikimailu kriptografikoak hauek desegitea lortzen dutela zenbait kasutan. Beraz, algoritmoa eguneratu eta bide berriak ireki dituzte kriptografiaren eta matematikaren arloan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ingeniaritza

Historian lehen aldiz etengabeko energia sortu dute Antartikan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Lurraren barruko bero naturaletik lortu dute energia elektrikoa, eta Adventum izena jarri diote asmakizunari. Munduko sumendi gehienak ez daude monitorizatuta hornidura elektrikoaren faltagatik. Teknologia horri esker, behar den energia lortuko litzateke. Azalpenak Berrian: Etengabeko energia Antartikan.

Biologia

Kenyako Ol Pejeta sabanako lehoiek dieta aldatu dute inurri inbaditzaile batengatik. Lehoiek akazia zuhaitzak erabiltzen zituzten zebrak ehizatzerakoan ezkutatzeko, baina geroz eta akazia gutxiago dago parke horretan. Zuhaitz horiek harreman mutualista dute Crematogaster mimosae espezieko inurriekin, elefanteek zuhaitzak birrintzea ekiditen baitute. Baina 2014an Pheidole megacephala inurri inbaditzailea azaldu zen Ol Pejetan, eta ekosistema osoa hankaz gora jarri du. Datu guztiak Berrian: Bizidun txiki bezain baliotsuak.

UPV/EHUko Zientzia- eta Jasangarritasun-Hezkuntzarako ikerketa-taldeko Oier Pedrera ikertzaileak landareekiko itsutasunaren fenomenoa azaldu du Zientzia Kaieran. Fenomeno horrek azaltzen du, oro har, inguruko landareez ohartzea kostatzen zaigula, bai eta haiek identifikatzea eta haien garrantzia balioestea ere. Jatorri ebolutiboa du fenomeno horrek,  gizakion garunak landareak baztertzeko eboluzionatu baitu, animalien siluetak hobeto identifikatzeko. Hala ere, hainbat ikerketen arabera, landareekiko itsutasunaren eragile nagusienetarikoak faktore soziokulturalak dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Ez da erraza berdea izatea.

Osasun-azterketa baten arabera, basoilar piriniarren % 60 odol-parasitoekin kutsatuta daude. Iberiar Penintsulan bi basoilar espezie ditugu, kantauriarra eta piriniarra, eta biak desagertzeko arriskuan daude. Espezie piriniarrarekin egindako ikerketa batek ikusi du animalien erdia baino gehiago Haemoproteus eta Leucocytozoon generoetako odol-parasitoekin kutsatuta daudela. Emaitzak ezustekoa izan dira ikertzaileentzat, eta uste dute litekeena dela klima-aldaketak erraztu izana parasito horien hedapena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Antropologia

The Spinning-Woman by the Spring ipuinaren jatorria aztertu dute genetikaren berezko teknikak erabiliz. Ipuin horren bertsio desberdinak daude Europa osoan zehar eta Asiaren zati batean, eta ikertzaileek 31 talde etnolinguistikori zegozkien 700 aldaera aztertu zituzten.  Hainbat indize kalkulatu ostean, emaitzek erakutsi zuten identitate etnolinguistikoa oztopo handia dela ipuinak eta beste elementu kultural batzuk transmititzeko orduan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ipuin baten filogenia.

Osasuna

Ariketa fisikoaren onurak nabarmenagoak dira emakumeetan. Hala ondorioztatu du AEBn egindako ikerketa zabal batek. Ariketa egiten duten emakumeek egiten ez dutenek baino % 24 arrisku txikiagoa dute hiltzeko edozein arrazoirengatik; gizonen kasuan, aldea % 15ekoa da. Horretaz gain, emaitzek erakutsi dute emakumeek kirolarekin onura handiagoa jasotzen dutela, denbora-tarte txikiagoan. Ezaugarri anatomikoei eta fisiologikoei egotzi dizkiete diferentzia horiek. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek salatu du osasun-konpainiek mezu feministak baliatzen dituztela oinarri zientifikorik gabeko zerbitzuak saltzeko. Saldu nahi dituzten produktuen artean, bularreko minbizia diagnostikatzeko testak, menopausia arintzeko hormona-tratamendua edota disfuntzio sexuala tratatzeko botikak daude. Egileen esanetan, alferrikako kezka sortzen dute, medikalizazioa bultzatzen dute eta indibidualismoa indartzen dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Nerabeen buru-osasuna babesteko hirien gakoak zerrendatu ditu ikerketa batek. Hirien 37 ezaugarri aztertu dituzte, 53 herrialdetan, eta hainbat eremu sozioekologikoetan multzokatu dituzte. Emaitzen arabera, espazio komunitario aske eta seguruak izatea da faktore nagusien artean lehenengotakoa. Faktore kaltegarrienen artean, berriz, gutxiengoan dauden taldeekiko aurreiritziak daude. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua Edzard Ernst eta Simon Singhek publikatu zuten 2008 urtean. Bertan, terapia alternatiboen eraginkortasunari buruzko frogak eta ebidentziak bildu eta aztertu zituzten egileek. Horretarako, mundu osoan hainbat hamarkadetan burututako ikerketa medikoetan oinarritu ziren. Hau da, liburuak begirada zientifikoa ematen dio tratamendu alternatiboei. Liburu honen inguruko informazio gehiago topatu daiteke Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #474 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #481

Sat, 2024/02/24 - 09:00


Gure portaeraren funtsezko determinatzailea genetika da, eta, kultura, berriz, denbora-apaingarri hutsa? Galdera ona kakalardo pilotagile batentzat. Dilemmas TILKUTen eskutik.

Beroak zarata egiten duela? Hori nola izango da? Batzuetan, beroa, energia trukatzeko modu bat dela gogora dezagun, ba, fluido bat bezala jokatzen du, eta fluidoetan uhinak daude. First direct images of second sound, a wave-like heat

Modu zoroan diseinatutako bateria eramangarriak daude, eta planetak baliabide mugatuak dituela kontuan hartuta diseinatutako bateri eramangarriak daude. BCMaterials: Fit-to-purpose power sources: portable batteries ecodesigned within the planetary boundaries

Gutxieneko bideragarritasun ekonomiko erreala izatea nahi bada (dirulaguntzarik gabe), hidrogeno berdearen oinarrizko prozesuaren kimika industriala diseinatu beharko da lehenik. DIPCko jendea horretan ari da: The stabilizing effect of a binder for transition metal oxides to sustain water oxidation in acidic environments

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #481 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: ura

Fri, 2024/02/23 - 09:00

Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Efemeride horren helburua da uraren garrantziaz eta beharraz kontzientziatzea. Izan ere, ura ezinbestekoa da bizidunentzat.

Ura, koloregabeko likidoa da eta baita, oinarrian, usaingabe eta zaporegabea. Ura lotura kobalentez elkartutako bi hidrogeno atomoz eta oxigeno atomo batez osatuta dago eta bere formula molekularra H2O da. Ura egoera solidoan (izotza), likidoan (ur-likidoa) edo gas-egoeran (lurrina) aurki dezakegu.

Hizkera arruntean Lurrari “planeta urdina” esaten bazaio ere, bertan ur ugari dagoelako, kontsumorako ura oso ondasun urria da. Gure planetan dagoen ur-kantitateari erreparatuz gero ikusiko dugu ur geza, gizakiok zuzenean aprobetxa dezakegun hori (edateko ura), planetako ur guztiaren % 3 baino ez dela.

Kiñu kirikinoak urari buruzko hainbat datu interesgarria emango dizkigu baliabide honen inguruan gehiago jakiteko.
ura

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: ura appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban

Thu, 2024/02/22 - 09:00

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua. 2008. urtean publikatu zuten Edzard Ernst eta Simon Singhek. Ernst Medikuntzan doktorea eta dibulgatzailea da eta Singh Partikulen Fisikan doktorea eta zientzia-kazetaria, eta mundu osoko milaka ikertzailek hainbat hamarkadetan burututako ikerketa medikoetan oinarritzen da liburua.

Gaur egun Erresuma Batuko erregea den Charles III.ri eskaini zioten egileek liburua. Izan ere, ezaguna da monarka honen babesa homeopatia bezalako sasizientzia eta terapiei. Izan ere, egileek aipatzen duten bezala, farmaziak horrelako tratamenduz beteta daude, aldizkari eta egunkarietan idazten hauei buruz, Interneten hitz egiten da haietaz eta milaka milioi lagunek erabiltzen dituzte, baina mediku gehientsuenak eszeptizismoa begiratzen diete.

Medikuntza alternatiboen hauspoaren aurrean egileek, besteak beste, akupuntura, homeopatia, aromaterapia, erreflexologia, kiropraktika eta sendabelarren medikuntza aztertzen dituzte. Alde batetik, haien onurak -baldin eta frogatuta badaude- eta, bestetik, balizko arriskuak ikusteko. Horrela, terapia alternatiboen eraginkortasunari buruzko frogak eta ebidentziak bildu eta aztertu zituzten egileek, Koseko Hipokratesek esandako esaldi bat ardatz hartuta:

Berez, bi gauza daude, zientzia eta iritzia: lehenengoak jakintza sortzen du; bigarrenak, ezjakintasuna.

Hipokratesek hitz horiek duela 2.000 urte baino gehiago idatzi zituen arren, denbora asko behar izan da hauek serio hartzeko. Egia da zientziaren emaitzak ez direla inoiz osoak eta perfektuak, baina, urratsez urrats, egiara hurbiltzen gaitu. Zientziak esperimentuak, behaketak, saiakuntzak, arrazoinamendua eta eztabaidak erabiltzen egiaren inguruko adostasun objektibo batera iristeko. Behin ondorio bat erabakita dagoenean ere, zientziak ikertu eta zirikatu egiten du berak aldarrikatu duen horrek akatsen bat ote duen hausnartzeko. Aldiz, iritziak, subjektiboa dira eta arrazoia izan ala ez, harreman eta kanpaina publikoetarako aukera eta bide gehiago duenak ditu aukera gehien bere iritzia bultzatzeko.

Hori dela eta, liburuak begirada zientifikoa ematen dio tratamendu alternatiboei. Zein terapia da baliagarri eta zein ez? Zein da segurua eta zein arriskutsua? Galdera horiei erantzuteko ebidentzian oinarritutako medikuntzaren printzipioak erabili dituzten egileek terapia alternatiboak aztertzeko orduan, hauen eraginkortasunari buruz zer jakin nahi duenarentzat edota honako tratamendu bat hartzea pentsatzen ari den edonorentzat lagungarria izateko asmoz.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban
  • Egilea: Edzard Ernst eta Simon Singh
  • Itzultzailea: Aiora Odriozola Zendoia
  • ISBN: 978-84-92457-54-0
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2010
  • Orrialdeak: 329 or.
Iturria:

Elhuyar: Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban

The post Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ipuin baten filogenia

Wed, 2024/02/21 - 09:00

Hitz gutxitan esan dezakegu zenbat eta antzekoagoa den bi norbanakoren genoma, orduan eta hurbilen ahaidetuta egongo direla. Baieztapen horrek ere balio du birusentzat, ugaztun espezieentzat edo baita espezie bereko norbanakoentzat ere. Horiek horrela, bi bikik (obulu bakarretik sortuak) ez lukete alderik izango beren genoma nuklearrean (baina bai mitokondrialean; hala ere, hori beste egun baterako gaia da), eta khoisan etniako gizabanako baten eta nire genomaren artean alde nabarmenak egongo dira. Genomaren nukleotidoen sekuentziaren antzeko logika aplikatu dakieke proteinen aminoazidoenari.

Ipuin1. irudia: Gustave Doré artistaren ilustrazioa, Les Contes de Perrault libururako. Paris, J. Hetzel, 1867.

Genetika molekularreko teknikei esker, eta analisi matematiko sofistikatuen bidez, iraganean organismoen leinuek eginiko ibilbidea ezagutu daiteke. Espezie, genero, familia eta antzeko multzoetan ere sailka daitezke, euren arteko hurbiltasun (filo)genetikoaren arabera. Oro har, zenbat eta antza handiagoa duten klado bateko kideen genomen nukleotidoek edo proteinen aminoazidoek (izan espezie bateko, genero baten espezie bateko, familia baten genero bateko edo beste edozein maila taxonomikoko norbanakoak edo populazioak), orduan eta denbora gutxiago igaro da desberdinak diren horiengandik bereizi zenetik. Azken finean, ahaidetasun mailak, hain zuzen ere, denbora hori adierazten du.

Bada, antzeko logika aplikatu dezakegu, organismo batenaren ordez, elementu kultural baten historia aztertu nahi dugunean; hala nola ipuin batena, adibidez, gure garaira iritsi diren bertsio desberdinetan denboran zehar ipuinean mantendu edo galdu diren alderdiak identifika badaitezke. Horiek horrela, organismo biologikoen historia azaltzeko erabiltzen diren metodo matematikoen antzekoak erabil daitezke, baina, kasu honetan, ez da genomaren antzekotasuna edo desberdintasuna aztertuko istorio beraren bi bertsiotan, adierazi berri ditugun elementu horiek baizik. Hau da, SARS-Cov2-ren aldaeren proteina jakin batzuetako aminoazidoen sekuentzia edo zenbait ugaztun espezieren hemoglobinena aztertzen den modu berean, ipuin beraren aldaera edo bertsio desberdinek jasotzen dituzten elementuak azter daitezke, adibidez.

Horixe bera egin zuten The Spinning-Woman by the Spring (edo The Kind and the Unkind Girls) ipuinarekin. Ipuin horren bertsio desberdinak daude Europa osoan zehar eta Asiaren zati batean. Grimm anaien bilduman hiru aldaera jasotzen dira: Los tres enanitos del bosque, San José en el bosque eta Madre Nieve (Frau Holle). Aarne-Thompson-Uther sailkapeneko moten indizearekin bat, 480 motako ipuina da, Europan zehar ehunka aldaera dituena.

700 aldaera aztertu zituzten, 31 talde etnolinguistikori zegozkionak: alemana (61 aldaera), armeniera (3), bulgariera (8), txekiera (11), daniera (48), eskoziera (3), esloveniera (6), espainiera (11), estoniera (16), finlandiera (83), flandriera (6), frantsesa (16), grekoa (11), ingelesa (8), irlandera (22), islandiera (11), italiera (33), letoniera (13), norvegiera (48), poloniera (45), postugesa (2), errumaniera (4), errusiera (32), suediera (101), suediera Finlandian (25), suitzar alemana (3), turkiera (32), fino-ugriarrera Errusian (23), valoniera (3), euskara (2) eta jugoslaviera (13). Egileek 393 ezaugarri binario identifikatu dituzte; hau da, ipuinean egon daitezkeen edo egon ez daitezkeen 393 elementu. Ondoren, aldaera bikoteak aztertuta, bietako bakoitzaren artean dagoen distantzia neurtu dute. Distantzia Jaccard indizearen bidez zehazten da. Antzekotasunaren indize bat da (edo, nahiago bada, aurkakoarena). Indizea kalkulatzeko bi aldaerek partekatzen dituzten elementuak (intersekzioa) zatitzen dira aldaera horiek dituzten elementu guztien artean.

Aldaera bikoteen arteko antzekotasunaz gain, aldaeren jatorrizko herrien arteko distantzia geografikoa ere kalkulatu zuten, edo, datu hori ez bazuten, bi aldaerak sakabanatzen diren eremuetako zentroideen artekoa. Hizkuntzen arteko antzekotasunik ezeko matrize bat ere sortu zuten; horretarako, hizkuntza bikoteen arteko distantziak erabili zituzten, aurretiaz argitaratutako analisi filogenetikoetatik abiatuta zehaztu daitezkeen moduan. Familia berekoen kasuan, prozedura erraza da, baina talde desberdineko hizkuntzen (turkiar hizkuntzak, fino-ugriarrerak eta euskara) antzekotasunik eza zehazteko, familien arteko distantzia jakin bat esleitu zuten nahierara, molde honi jarraikiz: hizkuntza indoeuroparrekiko hain antzekoak ez diren bi hizkuntzen arteko distantzia bider 1,25. Azkenik, identitate entrolinguistikoko matrize bat egin zuten, ipuinaren aldaera indibidualetarako. Bi aldaera komunitate linguistiko berekoak direnean, euren arteko distantzia matrize horretan 0 izango litzateke; bi komunitate desberdineko bi aldaera baldin baditugu, berriz, distantzia matrizean 1 izango litzateke.

Ondorengo analisiak bi prozedura hartu zituen barne. Alde batetik, distantzia desberdinen arteko korrelazioen analisiak erabili zituzten (ipuinen, geografikoen, linguistikoen eta talde entolinguistikoen artean); eta, bestetik, bariantza molekularraren analisiak (AMOVA) aplikatu zituzten. Horri esker, kalkulatu ahal izan zuten aztertutako aldaeraren zer proportzio dagokien populazioen arteko aldeei (komunitate entolinguistikoak, kasu honetan) eta zer proportzio dagokien populazioen barneko aldeei. Ondoren, NeighbourNet bat eraiki zuten (bizilagunen sarea), komunitate etnolinguistikoen arteko taldekatzeak ikusteko, ipuinaren aldaeren arabera, baita euren arteko distantziak ere.

Aztertutako faktoreen artean, populazioen arteko distantzia geografikoa da ipuinaren bertsioen arteko aldakuntzaren frakziorik handiena adierazten duena. Are gehiago, aintzat hartzen bada hizkuntzen arteko aldeen zati handi bat geografiarekin lotuta dagoela, analisia distantzia geografikoa kontuan hartu gabe egiten bada, hizkuntzak ez du adierazten aldaeren aldakuntzaren frakzio nabarmenik.

Ez da gauza bera gertatzen, baina, identitate etnolinguistikoarekin. Izan ere, faktore horrek adierazi egiten du ipuinaren bertsioen aldakuntzaren frakzio nabarmen bat, baita distantzia geografikoaren efektua aintzat hartzen bada ere. Faktore horren efektua hain da garrantzitsua, non muga etnolonguistikoa eraikitzen duen oztopo kulturalaren efektua honen baliokidea baita: ipuinaren aldaeren arteko distantzia geografikoa bider 10eko faktore bat. Horrek esan nahi du kultura bereko baina 100 km-ko distantziara dauden bi ipuinek, bataz beste, bi kultura desberdineko baina 10 km-ko distantziara dauden bi ipuinen arteko antzekotasun maila bera daukatela.

Ipuin2.irudia: Aztertutako herrien multzorako lortutako NeighbourNet-ak bost taldekatze handi islatzen ditu.

Aztertutako herrien multzorako lortutako NeighbourNet-ak bost taldekatze handi islatzen ditu. Lehenengoak hizkuntza erromanikoak erabiltzen dituzten Europa mendebaldeko herrialdeak barne hartzen ditu (Errumania salbu), baita beste batzuk ere, hala nola populazio euskalduna, flandriarra eta alemanez mintzatzen den populazio suitzarra ere. Bigarrenak hizkuntza eslaviarrak erabiltzen dituzten Europa ekialdeko herrialdeak barne hartzen ditu, baita beste komunitate linguistiko batzuk ere, hala nola errumaniarra eta hizkuntza fino-ugriarrak erabiltzen dituzten Errusiako hiztunak. Hirugarrenak Europa eta Asia artean dauden populazioak barne hartzen ditu (armeniarrak, grekoak eta turkiarrak). Laugarren taldeak populazio eskandinaviarrak barne hartzen ditu, Danimarka izan ezik. Eta bosgarrenak alemanak, daniarrak, letoniarrak eta britainiarrak barne hartzen ditu.

Ikuspegi orokorrak agerian jartzen du ipuinaren aldaerak oso ondo definitutako eremu geografikoekin bat etorriz multzokatzen direla Europan zehar, bosgarren taldean izan ezik. Izan liteke salbuespen hori IX. mendean Britainiako Uharteetan abiarazitako zabalkuntza bikingoaren eta XIII. mendetik aurrera Bretainiako Uharteak Baltikoko itsasertzeko herrialdeekin komunikatu zituzten merkataritza sareen (hala nola Hansako Liga) ondorio izatea.

Faktore geografikoa da, alde handiarekin, diferentziazio faktore garrantzitsuena termino absolutuetan. Nolanahi ere, geografikoaz gain, talde etnolinguistikoaren efektua ere garrantzitsua da. Adierazi dugun moduan, talde desberdineko bi aldaeren arteko 10 km-ko distantzia talde bereko bi aldaeren arteko 100 km-ko distantziaren baliokidea da. Horrek esan nahi du identitate etnolinguistikoa oztopo handia dela ipuinak eta antzeko elementu kulturalak transmititzeko orduan. Leinu kulturalak (herrialdearen hizkuntzak adierazten duena), berriz, ez du efektu oso nabarmenik ipuinaren aldaeren aniztasunean.

Ikerketa hori populazioen genetikaren berezko teknikak erabilita kulturaren bilakaera edo bereizketa prozesu bat aztertu duen ikerketa gutxienetako bat da. Azterlanean ez dira ipuinaren aldaerei dagozkien giza populazioen markatzaile genetikoak aztertu, baina hori egin izan balitz, seguruenik, paralelismo garrantzitsua ikus ahalko litzateke distantzia genetikoen eta distantzia kulturalen artean, Taiwanen eginiko abesti herrikoiei buruzko ikerketa honetan hautemandakoaren antzekoa.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ross, Robert M.; Greenhill, Simon J.; Atkinson, Quentin D. (2013). Population structure and cultural geography of a folktale in Europe. Proceedings of the Royal Society B, 280, 1756. DOI: 10.1098/rspb.2012.3065

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Ipuin baten filogenia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ez da erraza berdea izatea

Tue, 2024/02/20 - 09:00

Munduko oihan basatienean zein hormigoizko hiri eraldatuenean aurki daitezke landareak. Edonon daude, Lurreko biomasaren % 80 osatzen dute eta ezinbestekoak dira giza biziraupenerako. Hala ere, gutxitan erreparatzen diegu bizidun berde horiei eta, are gutxiago, haien garrantziaz jabetu.

Aurrekoa frogatzeko proba azkar bat. Bota segundo bakarreko begirada azpiko irudiari. Zer ikusi duzu irudian?

berde1. irudia: Zer ikusten duzu irudian? (Argazkia: Oier Pedrera)

Ziur aski, irakurleen gehiengoak ez du arazorik izango irudiaren erdialdean kokatuta dagoen oreina gogoratzeko. Hala ere, irakurle gehienek nekez berreskuratuko dute basoko zuhaitzen gaineko edota orkatzaren parean dagoen sastrakari buruzko informazioa. Asko jota, nahaspila berde-marroi bat eratzen duen basoaz inguratuta dagoen ugaztunaren irudia etorriko zaie burura. Hala, argazkiaren zati handiena kolore, tamaina eta testura anitzeko landareek estaltzen badute ere, gizakion atentzioa, begirada eta, ondorioz, oroimena animaliara zuzenduko da inkontzienteki.

Landareekiko itsutasunaren fenomenoa

Fenomeno horri “landareekiko itsutasuna” deritzo eta duela hamarkada gutxi batzuk hasi zen haren kausa, adierazle eta soluzio posibleen gaineko ikerketa. 1999. urtean termino berori definitu zuten James H. Wandersee eta Elisabeth E. Schussler botanikarien arabera, “landareekiko itsutasunak inguruko landareez ohartzea, haiek identifikatzea bai eta haien garrantzia balioestea galarazten du”. Egun badakigu, ordea, fenomenoak ez duela soilik kotxearen gainean erortzen zaizkigun hostoak zein zuhaitzetik datozen identifikatzea eta hura izendatzea oztopatzen. Hasiera batean pentsatu zena baino konplexuagoa da. Besteak beste, eragotzi egin dezake landareekiko interesa garatzea, landareak animaliak bezain kontserbazioaren merezidunak direla ulertzea edota etorkizun jasangarri baterako bidean landareen beharrezkotasunaz jabetzea.

Gure eguneroko bizitzan ez gara horrelako fenomenoaz jakitun. Edonola ere, zeharo hedatuta dago landareekiko itsutasuna gizarte modernoetan eta ume zein helduetan ikusi da. Adibidez, 2021. urtean Journal of Biological Education aldizkarian ikerketa bat argitaratu zen Euskal Herriko hainbat gazteren landareekiko itsutasuna aztertzen zuena. Horren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek arazoak dituzte landareek betetzen dituzten zerbitzu ekologikoak identifikatzeko. % 60k baino gehiago aspergarri edo interes gabekotzat jotzen ditu. Eta ez dira 7 landare espezie baino gehiago zerrendatzeko gai. Baina, nonahi eta noiznahi ikusi baditzakegu -haien ingurune naturaletik kanpo bederen- eta gizakiok haiekin dugun menpekotasuna erabatekoa bada, zergatik jazotzen da fenomeno hori?

Giza eboluzioa, urbanizazioa eta beste gaitz batzuk

Frank Sinatra-k, Ray Charles-ek eta beste hainbat musikarik bertsio egin duten “Bein’ green” abestiaren arabera “ez da erraza berdea izatea, (…) berde kolorea gauza ordinario gehiegirekin nahas daiteke eta oharkabean pasatu”. Eta badute arrazoi pixka bat, antza. AEBn burututako “Attention ‘blinks’ differently for plants and animals” eta “It’s not easy being green: Student recall of plant and animal images” ikerketek landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta.

Ikerketon autoreen arabera, gizakien garunak landareak baztertzeko eboluzionatu du. Biziraupenaren ikuspuntutik abantailatsua suertatu zaie gure arbasoei animalien siluetak landareek eratzen dituzten paisaia berde homogeneo eta monokromatikoetatik bereizteko ahalmena garatzea. Azken finean, animalia mugikorren detekzio lasterra onuragarria izan daiteke ehizarako, babeserako, beste gizakien kontra lehiatzeko edota ugalketarako. Are gehiago, gizakion mekanismo bisuala ez da landareei erreparatzeko egokiena. Giza begiek hondotik nabarmentzen diren ainguralekuak behar dituzte eroso sentitzeko eta begirada puntu finko batean denbora luzez mantentzeko. Ostera, landareek guztiz kontrakoa eskaintzen dute. Hau da, ertz markaturik ez duen kolore berdineko irudi nahasia.

landareak2. irudia: landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, (berde) kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta. (Argazkia: Oier Pedrera)

Bestalde, arrazoi biologikoak ez dira fenomenoa azaltzen duten bakarrak. Arlo anitzetako ikertzaileen arabera, fenomeno honen eragile nagusienetarikoak dira faktore soziokulturalak ere.

Batetik, bizimodu modernoak naturarekiko alienazioa emendatu du, ingurune hiperurbanizatuetan bizitzeko bultzadak eta aisialdi-denboraren zati handiena gailu elektronikoekin pasatzeko joerak eraginda, besteak beste. Egun, hirietako gazteek naturarekin dituzten kontaktu gehienak esperientzia bikarioen bidezkoak dira (telebista, sare sozialak, etab.). Elkarrekintza zuzenak izateko aukerak murriztu egin dira ingurune naturalak bereiztearekin eta hormigoiarekin ordezkatzearekin batera. Ondorioz, 2022. urtean argitaratutako gizaki-landare erlazioak aztertzen dituen errebisio sistematiko batek salatzen du hirien hedapen eta dentsifikazioak eragin negatiboa duela landareekiko jarreran, ezagutzan eta kontserbatzeko prestutasunean.

Bestetik, gure gizarteak etengabe indartzen du animaliak landareak baino interesgarriagoak eta ikusgarriagoak direlako ideia. Ohikoa da, batez ere gazteei zuzendutako produktu eta zerbitzuetan, animaliei giza ezaugarriak edota izenak egokitzea. Animaliak -eta, bereziki, ugaztun exotiko antropomorfizatuak- gailentzen dira kamisetetan, iragarkietan, pelikuletan bai eta testuliburuetan. Aldiz, landareek espazio kultural horien zati oso txiki bat betetzen dute, eta kontserbazio-kanpainetan ere gutxietsi egiten dira, anfibio edo ornogabeekin batera.

Hortaz, adostasun zientifikoak onartzen duenaren arabera, landareekiko itsutasuna elkarri eragiten dioten faktore anitzek eragindako fenomenoa da. Hala ere, nagusiki mendebaldeko gizarte modernoetako gaitza dela dirudi. Izan ere, oraindik ere naturarekin eguneroko kontaktuari eusten dioten gizarte indigena eta landatarretan ez da horrenbesteko zoozentrismorik eta landareen bazterketarik antzeman.

Benda berdea kentzearen premiaz

Fenomenoaren sintoma, kausa eta konponbideen gaineko ikerketak bide luzea du aurretik. Haatik, argi dagoena da landareekiko itsutasuna arazotsua dela. Arazotsua bezain urgentea. Esaterako, landareen babeserako bideratzen den finantzaketa halako hiru erabiltzen da animalien kontserbaziorako. Horrez gain, oraindik ere ugariak dira ezezagunak diren eta kontserbazio-egoera ebaluatu gabe duten landareak, zientzia ere ez baita gaitz honetatik libratzen.

Gainera, landareekiko itsutasuna ez du soilik landareen kontserbazioa eta ekosistemen osasuna mehatxatzen. Gizateriaren ongizate eta biziraupena ere arriskuan ipintzen du. Alexandros Amprazis ikerlari greziarrak ohartarazten du landareekiko itsutasuna oztopo larria dela etorkizun jasangarri bat lortzeko. Horren ondorioz, Lurreko landareen % 21 desagertzeko arriskuan dagoen momentu zehatz honetan, ezinbestekoa da arazo horri aurre egitea.

Lehenik, azpimarratzekoa da hezkuntza abagune paregabea dela helburu hori lortzeko. Gizakiek erraztasun handiagoz antzematen eta identifikatzen dituzte aurretik ezagutzen dituzten gauzak. Horrela, nazioarteko ikerketa anitzek erakutsi dutenez, emaitza arrakastatsuak lortu dira landareen garrantzia ezagutaraztera eta gertuko ingurunean topa daitezkeen landareak seinalatu eta izendatzera bideratutako hezkuntza esku-hartzeetan.

Hala ere, alfabetatze botanikoa ez da benda berde hori kentzeko erremedio bakarra eta, agian, nahikoa ere ez. Banakoek ere asko egin dezakegu. Adibidez, termino horren asmatzaileen arabera, landareekin ditugun eguneroko kontaktuen maiztasuna eta barietatea emendatu beharko genuke. Hala, landareei buruz gehiago hitz eginez bai eta haiekin dugun kontaktu zuzena emendatuz desberdintasun nabaria egin ahalko genuke gure inguru hurbileko landareen atentzio eta ezagutzari bultzada emateko; eta, aldi berean, gure osasun fisiko zein mentala hobetzearen alde. Azken finean, naturarekin eta landareekin kontaktua handitzeak eragina izan dezakeelako estresean, antsietatean, umorean edota ongizate orokorrean.

berde3. irudia: bertako eremu urbanizatuetako landareak balioan ipintzeko “More than weeds” proiektuaren adibidea (Argazkia: Jill Mead/The Guardian)

Oro har, oraindik ere ugari dira landareekiko itsutasunaren inguruan ez dakizkigunak. Alabaina, agerikoa dena zera da: gure garunak zangotrabak jartzen badizkigu ere, fenomenoa ez dela ez unibertsala ez saihestezina. Berdea kolore ikusezina izateaz gain itxaropenaren kolorea ere bada. Beraz, artikulu honen esperantza landareen balioa agerian jartzea da. Batetik, landareen tokiko desagerpen-tasak zerora murrizteko aukera potentziala dagoelako oraindik. Eta bestetik, jabetu behar dugulako ez dagoela etorkizun jasangarririk landareekiko itsua den gizarte batentzat.

Egileaz:

Oier Pedrera biologoa da eta zientziaren didaktikaren alorrean doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Zientzia- eta Jasangarritasun-Hezkuntzarako Ikerketa Taldean.

The post Ez da erraza berdea izatea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Algoritmo kriptografiko ezagun bat eguneratu dute

Mon, 2024/02/19 - 09:00

Bi ikertzailek sareten oinarriak laburtzeko oso ezaguna den teknika bat hobetu dute; eta, horren bidez, bide berriak ireki dituzte kriptografiaren eta matematikaren arloan esperimentu praktikoak egiteko.

Gure bizitzak gero eta digitalagoak dira, eta segurtasuna kriptografiaren menpe dago. Mezu pribatu bat bidaltzean edo faktura bat online ordaintzean, gure datuak sekretupean mantentzeko diseinatutako algoritmoen menpe gaude. Baina jakina, pertsona batzuek sekretu horiek deskubritu nahi dituzte. Hori dela, ikertzaileek sistema horien sendotasuna probatzeko lan egiten dute, erasotzaile adimentsu batek eskua sartzen duenean erori ez daitezen.

algoritmo1. irudia: ikertzaileentzat oso lagungarria da LLL algoritmoaren jokabidea aztertzea, erasoen aurrean hain ahulak ez diren sistemak diseinatu ahal izateko. (Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)

Lan horretarako ezinbesteko tresna da LLL algoritmoa (1982an argitaratu zuten ikertzaileen izena darama: Arjen Lenstra, Hendrik Lenstra Jr. eta László Lovász). LLL eta haren ondoko sistema guztiek trikimailu kriptografikoak desegin ditzakete zenbait kasutan. Hori dela eta, ikertzaileentzat oso lagungarria da sistema horien jokabidea aztertzea, erasoen aurrean hain ahulak ez diren sistemak diseinatu ahal izateko. Algoritmoaren talentuak kriptografiaz harago doaz, baina; izan ere, matematika eremu aurreratu batzuetan ere tresna erabilgarria da, hala nola zenbakien teoria konputazionalean.

Urteetan zehar, ikertzaileek LLLren barianteak hobetu dituzte, ikuspegi praktikoagoa izateko, baina soilik puntu batera arte. Oraingo honetan, berriz, bi kriptografok LLL estiloko algoritmo berri bat sortu dute, eta askoz ere efizienteagoa da. Teknika berri horrek artikulu onenaren saria irabazi zuen 2023ko Kriptologiako Nazioarteko Konferentzian; izan ere, nabarmen areagotu du informatikariek eta matematikariek LLLren antzeko ikuspegiak erabil ditzaketen agertokien zerrenda.

«Benetan hunkigarria izan zen», adierazi zuen Chris Peikertek, Michigango Unibertsitateko kriptografoak (hark ez zuen artikuluan parte hartu). «Tresna hori aztergai izan dugu hamarkadetan zehar», esan zuen. «Oso atsegina da hainbeste urtetan landutako helburua lortu izana… Horrek frogatzen du oraindik ere sorpresa asko daudela deskubritzeko».

LLL motako algoritmoak sareten esparruan erabiltzen dira: erregularki tartekatutako puntuen bilduma infinituak. Ondo irudikatzeko, pentsa dezagun zoruan baldosak jartzen ari garela. Baldosa karratuz estal genezakeen dena eta, orduan, baldosen izkinek sareta bat osatuko lukete. Txandaka, baldosa ezberdinak jar ditzakegu (adibidez, paralelogramo luzanga bat), beste mota bateko sareta bat sortzeko.

Sareta bere «oinarria» erabilita deskriba daiteke. Oinarri hori bektoreen multzo bat da (nagusiki, zenbaki zerrendak); eta horiek hainbat modutan konbina daitezke saretaren puntu bakoitza lortzeko. Imajinatu bi bektore hauek osatutako oinarria duen sareta bat: [3, 2] eta [1, 4]. Sareta bektore horien kopien batuketak eta kenketak eginez lor ditzakegun puntu guztiak dira.

Baina bektore bikote hori ez da saretaren oinarri bakarra. Gutxienez bi dimentsio dituen sareta orok oinarri posible infinituak ditu. Baina oinarri guztiak ez dira berdinak. Oinarriaren bektoreak laburragoak eta haien artean angelu zuzenengandik hurbilagoak direnean, errazagoa da lantzeko, baita erabilgarriagoa ere problema konputazional batzuk ebazteko ere. Hori dela eta, ikertzaileentzat oinarri «onak» dira horiek. Horren adibide da jarraian agertzen den figurako bektore bikote urdina. Aitzitik, bektore luzeagoak eta ez hain ortogonalak dituzten oinarriak (bektore gorriak, adibidez) «txarrak» izango liratekeen.

algoritmo2. irudia: oinarriaren bektoreak laburragoak eta haien artean angelu zuzenengandik hurbilagoak direnean, errazagoa da lantzeko, baita erabilgarriagoa ere problema konputazional batzuk ebazteko ere. (Ilustrazioa: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)

Azken hori LLL bidez lantzeko kontua da: emaiozu hari (edo haren antzeko sistemaren bati) sareta multidimentsional baten oinarria eta hobeago bat aurkituko du. Prozesu horri sareten oinarria laburtzea esaten zaio.

Eta, zer lotura du horrek guztiak kriptografiarekin? Bada, sistema kriptografiko bat hausteko lana, zenbait kasutan, beste problema baten gisan birformulatu daiteke: sareta batean erlatiboki laburra den bektore bat aurkitzea. Eta, batzuetan, bektore hori LLL estiloko algoritmo batek sortutako oinarri laburtutik atera daiteke. Estrategia horren bidez, ikertzaileek itxuraz saretekin lotura handia ez duten sistemak eraitsi ahal izan dituzte.

Zentzu teorikoan, jatorrizko LLL algoritmoa arin batean exekutatzen da: exekutatzeko behar den denborak ez du esponentzialki eskalatzen sarreraren tamainarekin; hau da, oinarriko bektoreen zenbakien tamaina (bits-etan) eta saretaren dimentsioa. Hala ere, funtzio polinomiko gisa areagotzen da, eta “benetan egin nahi baduzu, denbora polinomikoa ez da beti hain posiblea”, azaldu zuen Léo Ducasek, Herbeheretako CWI ikerketa institutu nazionaleko kriptografoak.

Praktikan, horrek esan nahi du jatorrizko LLL algoritmoak ezin dituela handiegiak diren sarrerak gobernatu. “Matematikari eta kriptografoek gehiago egiteko ahalmena izan nahi zuten”, esan zuen Keegan Ryanek, Kaliforniako Unibertsitateko (San Diego) doktoregoko ikasleak. Ikertzaileak lanean aritu dira LLL estiloko algoritmoak optimizatzeko, sarrera handiagoak erabili ahal izateko; eta, askotan, errendimendu ona lortu dute. Hala ere, eginkizun jakin batzuk lortzeko ezinezkoak ziruditen.

Artikulu berriak, Ryanek eta bere tesi zuzendari Nadia Heningerrek idatzitakoak, askotariko estrategiak konbinatzen ditu LLL estiloko beren algoritmoaren efizientzia hobetzeko. Alde batetik, teknikak egitura errekurtsibo bat erabiltzen du, eginkizuna zati txikiagotan banatzen duena. Bestetik, algoritmoak kontu handiz kudeatzen du tartean dauden zenbakien doitasuna, abiaduraren eta emaitza zuzenaren arteko oreka lortuta. Lan berriari esker, ikertzaileek milaka dimentsiotako sareten oinarriak laburtu ahal dituzte.

Aurreko lan batzuek ere ikuspegi bera izan zuten: 2021eko artikulu batek ere errekurtsibitatea eta doitasunaren kudeaketa konbinatu zituen sareta handiekiko lana arintzeko, baina soilik funtzionatzen du sareta mota zehatzetarako, eta ez kriptografian garrantzitsuak diren guztietarako. Algoritmo berriak ondo funtzionatzen du tarte askoz handiagoan. «Oso pozik nago norbaitek lortu duelako», esan du Thomas Espitauk, PQShield enpresako kriptografiako ikertzaile eta 2021eko bertsioaren egileetako batek. Bere taldeak “kontzeptu proba” bat eskaini zuen; eta emaitza berriak erakutsi du «sareta baten laburpena arin eta modu sendoan egin daitekeela».

Teknika berria erabilgarri suertatu da jada. Aurel Pagek, Frantziako INRIA ikerketa institutu nazionaleko matematikariak, esan du bere taldearekin batera algoritmoaren egokitzapen bat abiarazi duela zenbakien teoriako eginkizun konputazional batzuetan.

LLL estiloko algoritmoek, halaber, rol garrantzitsua bete dezakete seguru mantentzeko diseinatutako saretetan oinarrituta dauden kriptografia sistemekin lotutako ikerketan; baita, etorkizunean, ordenagailu kuantiko handiekin ere. Ez dira horrelako sistementzako mehatxua; izan ere, horiek eraisteko algoritmoek aurkitzen dituztenak baino bektore laburragoak aurkitu behar dira. Alabaina, ikertzaileentzat ezagun diren erasorik onenek LLL estiloko algoritmo bat erabiltzen dute “oinarrizko elementu” gisa. Halaxe azaldu zuen Wessel van Woerdenek, Bordeleko Unibertsitateko kriptografoak. Eraso horiek aztertzeko esperimentu praktikoetan, oinarrizko elementu horrek prozesu osoa motel dezake. Tresna berriarekin, aldiz, ikertzaileek eraso algoritmoekin exekutatu ahal diren esperimentuen sorta zabalduko da, errendimenduaren irudi argiagoa eskuratuta.

Jatorrizko artikulua:

Madison Goldberg (2023). Celebrated Cryptography Algorithm Gets an Upgrade, Quanta Magazine, 2023ko abenduaren 14a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Algoritmo kriptografiko ezagun bat eguneratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #473

Sun, 2024/02/18 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

liburua

Argitalpenak

Aurreko igandean, otsailak 11, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Horren harira, Zientzia Kaieran Emakumea zientzian liburua aurkeztu zen. Liburua Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren proiektua da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak parte hartu du. Liburuaren helburua gaztetxoengan zientziarekiko jakin-mina piztea da, baina betiere zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume zientzialariak ikusaraziz. Izan ere, DBHko testuliburuetako zientzia-edukietan emakumeen presentzia % 5a baino txikiago da. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Lluís Montoliu biologian doktoreak Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak liburua argitaratu zuen 2020an. Bertan CRISPR teknologia berritzailea aurkezten du, eta edizio genetikoaren nondik norakoak azaltzen ditu. CRISPR tresnak hainbat aplikazio ditu biologian, osasun-arloan eta bioteknologian, eta abantaila asko dituen arren, hainbat muga ere baditu. Montoliu edizio genetikorako CRISPR tresnen erabileran aitzindaria izan da Espainian, eta bere ezagutza bildu du dibulgaziozko liburu horretan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran, ZIO bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Ingurumena

Anna Botsford Comstock estatubatuarra naturalista izan zen, eta baita zientziaren arloko ilustratzailea, idazlea eta hezitzailea. Txikitatik haren amak sustatu zuen beregan naturarekiko maitasuna. Entomologo batekin ezkondu zen gero, eta senarraren argitalpenetarako marrazkiak egiten hasi zen. Urte batzuetara historia naturalean lizentziatu zen, eta naturaren inguruko hainbat liburu idatzi eta marraztu zituen. New Yorkeko Estatuan Nekazaritza Sustatzeko Batzordeko kide izan zen, eta natura ikasketak eman zituen Cornelleko Unibertsitatean. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira, azterketa berri baten arabera. Akuiferoak lurrazpian urez gainezka dauden lur bustiak dira. Batzuei etengabe ura iristen zaie, baina beste batzuk fosilak dira, eta behin hustuta, ez dira berriz betetzen. Akuiferoen gainean orain arte egindako laginketa handienaren emaitzek erakutsi dute munduko akuiferoen %71 ura galtzen ari direla. Azterketaren egileek adierazi dute akuifero horiek berreskuratu daitezkeela, betiere akuiferoen kudeaketa hobetuz gero. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Italian karraskarien kontrako pozoia aurkitu dute otsoen gorpuetan. Hildako otsoak aztertuta iritsi dira ondorio horretara, konposatu antikoagulatzaileak aurkitu baitituzte analizatutako otsoen % 61ean. Lehen aldia da halakorik frogatzen dela, eta ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela Europako beste leku batzuetan ere gauza bera gertatzea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Groenlandian ere izotz-geruza galdu da 1980-2010 artean. Satelite bidezko argazki historikoak aztertu dituzte Leedseko unibertsitateko ikertzaileek, eta kalkulatu dute 28.707 km2 murriztu dela izotz-geruza urte horien artean. Gainera, datuek erakutsi dute 2007-2012 tartean, Groenlandiako bataz besteko tenperaturak hiru gradu altuagoak izan zirela, 1979-2000 artean baino. Ikertzaileek ohartarazi dute izotza urtzeak tenperaturak gehiago igotzea eragiten duela, albedoaren eraginez. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Asiako, Argentinako eta Espainiako zabortegietan metano isurketa erraldoiak atzeman ditu ikerketa batek. Datuen arabera, 2019 urtetik 1.200 isurketa masibo baino gehiago izan dira. Ikerketaren arabera, Espainia da munduan metano gehien isurtzen duten zabortegiak dituen seigarren herrialdea. Isurketa horiek murriztu daitezke, alde batetik, zabortegietan zabor organiko gutxiago metatuta, eta bestetik, zabortegiek isurtzen duten metanoa atzemanda. Kalkulatzen da zabortegiek sortutako metano isurketak emisio guztien %20 direla, gutxi gorabehera. Datuak Berrian.

Glaziarretako izotzak atmosferaren aztarnak gordetzen ditu barnean, eta BC3ren Izotzalab laborategian izotzetan gordeta dauden burbuila horiek ikertzen dituzte. Laborategian Groenlandiako eta Pirinioetako Monte Perdidoko laginak dituzte, eta jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera. Izotzalaben jakin nahi dute nolakoa den elur-malutak burbuila bihurtzeko prozesua, burbuilen bilakaerari buruzko informazio gehiago lortzeko. Informazio gehiago Berrian: Izotzean ezkutatutako altxorra.

Medikuntza

Minbiziaren baheketarako gailu bioelektroniko bat sortu du UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak. Gailu horrek polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak ditu, eta odolean minbizi-zelulak atzemateko eta kontzentratzeko gaitasuna du. Metastasian odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izaten da. Gailu bioelektroniko horrek batu egiten ditu, hautematen errazagoak izateko. Gainera, ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatu daiteke, modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian. Datuak Zientzia Kaieran: Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako.

Farmakologia

Nirsevimab antigorputzak % 80 murriztu du haurrak bronkiolitisagatik ospitaleratzea. Arnas-birus sintzitialaren aurkako antigorputz monoklonala da Nirsevimab, eta Sanofi eta AstraZeneca laborategiek garatu dute. Espainia aitzindaria izan da haren erabileran, eta bederatzi ospitaletan gertatutako ospitaleratzeak aztertuta lortu dute emaitza hori. 2023ko irailean hasi ziren haurrak immunizatzen, eta lehen hiru hilabeteetan %90 inguruko estaldura izan du Valentzian, Murtzian eta Valladoliden. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Ikerketa berri baten arabera, uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari. Zehazki, hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dela ondorioztatu dute. Egileek 35 herrialdetako 761 lekutako datuak aztertu zituzten, eta ikusi zuten bertako biztanleek aukera gehiago zituztela arnas gaitzen, gaitz kardiobaskularren edo bestelako arazoengatik hiltzeko uholdea gertatu ostean. Heriotza-tasa handiena 15 egunera gertatzen zen. Datuak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Mimas Saturnoren ilargiak ere ozeano bat izan dezakeela iragarri dute. Cassini zundak jasotako datuak aztertuta iritxi dira ondorio horretara. AEBko, Europako eta Italiako espazio-agentziek lankidetzan egindako misioa da Cassini. Duela urte batzuk, misio berak ondorioztatu zuen Entzeladok, Saturnoren beste ilargi batek, izotz-azpian ozeano likido bat zuela. Orain Mimas ilargian jarri dute arreta, eta haren orbitaren eta errotazioaren datuek iradokitzen dute ozeano bat izan dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Internet

Interneteko irudiek testuek baino genero-isuri handiagoa dute, lan berri baten arabera. Horretarako, Googleko, Wikipediako eta IMDb datu-baseko milioi bat irudi eta testu baino gehiago aztertu dituzte. Baieztatu dute gizonak neurriz gain daudela ordezkatuta emaitzetan, eta bereziki, irudietan. Horrez gain, frogatu dute irudiek, testuekin alderatuta, pentsaeran eragin handiagoa dutela. Irudien kontsumoa gero eta handiagoa dela aintzat hartuta, egileek gain horren inguruan ikerketa gehiago egitea aholkatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #473 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #480

Sat, 2024/02/17 - 09:00


UPV/EHUko laborategi batek azken belaunaldiko plasma erreaktore bat eraiki du, funtzionatzeko energia kantitate izugarri txikia eskatzen duena. Haurraren gurasoetako batek kontatu digu, Victor Etxebarriak: Electron-cyclotron plasma generation and spectrum characterization

Krebsen zikloaz esan beharreko guztia esanda dago. Edo ez. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek Nick Lanen Transformer  liburua xehatu du.

Zertaz ari dira oiloak? Komunikatu asko komunikatzen dutelako. Kanadako ikertzaile talde batek oilo-hizkuntza aztertzen du adimen artifizialaren laguntzaz. Fowl language: AI is learning to analyze chicken communications, Suresh Neethirajan.

Ullmanen erreakzioa, ziur aski, gainazalen gainean erabilera elektronikoko karbono-nanoegiturak eraikitzeko erreferentziazko erreakzioa da. Baina gainazala ez bada oso erreaktiboa? Erraz, DIPCkoei deitu: Efficient on-surface Ullmann-like reaction on poorly reactive surfaces

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #480 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Anna Botsford Comstock, aitzindaria naturaren azterketaren heziketan

Fri, 2024/02/16 - 09:00

Anna Botsford Comstock (1854-1930) Estatu Batuetako naturalista zientziaren arloko ilustratzailea, idazlea eta hezitzailea izan zen. Halaber, zur gaineko grabatuen artista espezialista gisa ere nabarmendu zen. Naturaren azterketaren aldeko mugimenduaren liderra izan zen, baita diziplina horri buruzko heziketaren defendatzaile sutsua ere Cornelleko Unibertsitatean, XX. mendearen hasieran.

Anna Botsford 1854ko irailaren 1ean jaio zen, Otto inguruan, New Yorkeko estatuan. Marvin eta Phebe Irish Botsforden alaba bakarra zen. Gurasoak kuakeroak ziren eta, beren doktrinaren baitan, naturarekin lotutako guztia maila goreneko sorkuntza gisa hartzen zuten. Amak sustatu zituen gehien Annak inguratzen zuen munduko mirari naturalei buruz zuen jakin-nahia eta ezagutza. Elkarrekin behatzen zituzten bizi ziren baserri inguruko basaloreak, hegaztiak, zuhaitzak eta izarrak.

Botsford Comstock1. irudia: Anna Botsford Comstock, Estatu Batuetako naturista. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Anna Botsfordek Chamberlain Institute and Female College erakundean ikasi zuen, East Randolph-eko (New York) eskola metodistan. Ondoren, Ottora itzuli eta irakasle aritu zen bertan urtebetez. 1874an Cornelleko Unibertsitatean hasi zen (Ithaca, New York), baina bi urte geroago ikasketak utzi zituen, amaitu gabe.

Bere bizitzako eta zientziako bikotekidea

1878an, 24 urte zituela, Cornellen bere irakasle izandako entomologo batekin ezkondu zen, John Henry Comstock-ekin. Orduan piztu zen ilustrazio zientifikoarekiko bere interesa. Ezkontza bizitzan zehar, Annak intsektuei buruz bere senarrak egindako argitalpen askotarako marrazkiak egin zituen, nahiz eta ez zuen ilustrazioaren arloko prestakuntzarik. Intsektuak mikroskopioz aztertu eta ondoren marraztu egiten zituen.

Askotan, bere lana informala eta ordaindu gabea zen, baina enkargu formal batzuk ere jaso zituen; adibidez, Report of the Entomologist trataturako marrazkiak. Tratatu hori bere senarrak idatzi zuen 1880an, Estatu Batuetako Nekazaritza Saileko entomologiako burua zelarik. Garai hartan 2000 dolar inguru jasotzen zituen Johnek, baina Annak 50 dolar jaso zituen enkargu horrengatik.

Bikoteak beren bizitza antolatu eta bizi izan zuen, neurri handi batean, Cornelleko Unibertsitatearen inguruan. Anna eta John Comstocken bizitzak eta ibilbide zientifikoak ezin dira ulertu bata bestea gabe.

Zur gaineko grabatuen artea

Anna B. Comstock Cornellera itzuli zen eta historia naturalean lizentziatu zen 1885ean. Ondoren, zur gaineko taillaketa eta grabatua ikasi zituen Cooper Union-en, eta egin behar zituen marrazkietarako grabatuak prestatzen hasi zen. Teknika horren bidez, An introduction to Entomology (1888) bolumena ilustratzeko grabatuak egin zituen, baita A manual for the study of insects (1895) laneko seiehundik gorako laminak ere, biak bere senarrak idatzitakoak. Halaber, elkarrekin idatzi zituzten Insect Life (1897) eta How to Know the Butterflies (1904) lanetarako grabatuak ere egin zituen. Horrez gain, beste liburu batzuk ere idatzi eta ilustratu zituen, hala nola Ways of the Six-Footed (1903), How to Keep Bees (1905), The Handbook of Nature Study (1911), The Pet Book (1914) eta Trees at Leisure (1916).

Botsford Comstock2. irudia: A manual for the study of insects lanaren laminetako bat. (Ilustrazioa: Anna B. Comstock. Iturria: Wikimedia Commons)

Johnek Stanford Unibertsitatearentzat lan egiten zuen aldizka, eta Annak bertan eman zuen zur gaineko grabatuari buruzko bere lehendabiziko eskola. Hezkuntzaren arloan batez ere naturaren azterketako autoritate gisa oroitzen badugu ere, Comstockek jarduera artistiko nabarmena ere izan zuen grabatzaile gisa, eta bere lanak erakusketa nazionaletan eta nazioartekoetan aurkeztu ziren; are gehiago, sari batzuk ere irabazi zituen arlo horretan. Estatu Batuetako Zur gaineko Grabatzaileen Sozietatean onartu zuten hirugarren emakumea izan zen.

Naturaren azterketan heztearen garrantzia

1891 eta 1893 artean, nekazaritzaren arloko depresio orokorra gertatu zen Estatu Batuetako ekialdean, eta New York hiriak, historian lehen aldiz, landa barrutietatik lan bila iristen ziren herritarrak jaso eta ostatatu behar izan zituen. 1895ean, New Yorkeko Estatuan Nekazaritza Sustatzeko Batzordea sortu zen, eta Anna bertan parte hartzera gonbidatu zuten. Batzordeak ondorioztatu zuen nekazaritzako jardunbide urriak zirela depresioa eragin zuten arrazoietako bat, eta landa barrutietako haurren nekazaritzarekiko interesa sustatu behar zutela naturaren azterketa bultzatzearen bidez. Batzordearen kide zelarik, Anna B. Comstockek ikastetxe publikoetan natura aztertzeko ikastaro esperimental bat diseinatzen lagundu zuen, baita hori zuzendu ere. Programa estatu osoan ezartzeko onartu zutenean, irakasleak gaitzen eta ikasgelarako materialak prestatzen ere lagundu zuen.

1897tik aurrera, natura ikasketak eman zituen Cornelleko Unibertsitatean, eta ikasleak ikasgelatik kanpo atera zituen lehen irakasleetako bat izan zen, natura azter zezaten. Annaren ikaskuntzak, batez ere, haurrei zuzentzen zitzaizkien; izan ere, uste zuen naturaren zaintza ondoz ondoko belaunaldi bakoitzarekin garatu beharreko erantzukizun morala zela. Azpimarratzen zuen haurrek beren ingurua deskubritu behar zutela bost zentzumenak erabiliz eta arreta handiz behatuz. Horrela, beren bizipen eta ikerketen bidez, Lurrarekiko konexio eta erantzukizun sentimendua eta baliabide naturalak mantentzeko nahia landu zitzaketen.

Itzala utzi zuen emakumea

1923an, Emakume Boto-emaileen Ligak Comstock aukeratu zuen Estatu Batuetako 12 emakume bizi garrantzitsuenen artean. Hauxe da Martha Van Rensselaer bere lagunari idatzi ziona (hura ere urte horretako hautatuen artean zegoen):

Zuretzat zu hautatu izana niretzat ni hautatu izana bezain harrigarria izan bada, jakingo duzu zer sentitzen den parkeko banku batean lasai asko eserita egotean eta bat-batean hegazkin bihurtzen denean […] Zein huts sentitzen diren horrelako ohoreak gure pertsona maiteak gertu izan gabe, haiek poz handiz hartuko bailituzkete! Nahi nuke zure aitak eta amak, eta nire aitak eta amak jakin ahal izatea… […]

Hil baino hilabete batzuk lehenago, Anna B. Comstockek bere senarrarekin bizi zuen guztia jaso zuen narrazio xehatu batean. Kontakizuna tarteka idatzi zuen, oso bizi mugitua baitzuen. Azken zatia, gaixorik zegoela idatzi zuen. Kontakizuna hil aurretik argitaratu nahi zuen, baina uste baino lehenago zendu zen, 1930eko abuztuaren 24an, 76 urte zituela.

Eskuizkribua Anna hil ondoren editatu eta liburu bihurtu zuten.

Iturriak: Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 11an: Anna Botsford Comstock, pionera en la educación del estudio de la naturaleza.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Anna Botsford Comstock, aitzindaria naturaren azterketaren heziketan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu.

Thu, 2024/02/15 - 09:00

Lluís Montoliuren Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak (2020) liburuak oinarrizko informazio eskurakoa eskaini nahi du edizio genetikoaz eta CRISPR teknologia berritzaileaz. Edizio genetikoa indarrez sartu da laborategietan zein gizartean, bereziki CRISPR tresnak agertu zirenetik. Hainbat aplikazio aurkitu zaizkie biologian, osasun-arloan eta bioteknologian. Metodoaren abantailak nahiz mugak edo arazo ebatzi gabeak nabarmentzen ditu, teknologia-iraultza honetatik espero litekeenaz ikuspegi zintzo eta errealista bat eskaini nahian.

Geneak editatzenIrudia: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

«CRISPR komunitatearentzat, luxua da zientziaren eta dibulgazioaren paladin eskuzabal hori izatea, eta pozbidea irakurle potentzialentzat hark edizio genetikoari buruzko liburu hau idaztea onartu izana» (Francisco J. Martínez Mojica mikrobiologoa).

Lluís Montoliu (1963) biologian doktorea da, eta CSICeko Bioteknologiako Zentro Nazionalean ikertzaile dihardu, bai eta Carlos III Osasun Institutuaren mende dagoen Gaixotasun Bakanen Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan ere. Azken hogei urteetan ohorezko irakasle izan da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Artoaren biologia molekularraz idatzi zuen doktorego-tesia, eta 1990eko urteen hasieran saguen eredu esperimentalak lantzeari ekin zion. Halaber, edizio genetikorako CRISPR tresnen erabileran aitzindaria izan da Espainian. Dibulgazioan eta bioetikan ere aritua da nasaiki. CSICeko Etika Batzordeko kide da, eta Zientziaren Europako Kontseiluko Etika Batzordekoa ere bai. Sari ugari jasotakoa da.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak
  • Egilea: Lluís Montoliu José
  • ISBN: 978-84-1319-570-4
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2023
  • Orrialdeak: 520 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak

The post Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari

Wed, 2024/02/14 - 09:00

Tenperaturaren igoera globalak eragindako krisi klimatikoak lehorteak maizago eragiteaz gain, muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuk ere eragiten ditu. Besteak beste, prezipitazio biziagoen eta itsas mailaren igoeraren ondoriozko uholdeak. Zenbatesten da munduko populazioaren % 23 muturreko uholdeak pairatzeko arriskuan dagoela. Zoritxarrez, Espainia gertakari horren lekuko izan da duela gutxi. Pasaden urteko irailaren hasieran penintsulan izan zen maila altuetako depresio isolatuak (DANA izenez ezagunagoa) sekula erregistratu gabeko prezipitazio historikoak eragin zituen zenbait eskualdetan.

gertatuIrudia: uholdeak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dute. (Argazkia: Tom Fisk – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pxhere.com)

Halako gertakari baten aurrean, uholdeek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako heriotzen, lesioen eta suntsipenen ondoren, pentsa genezake, esaera zaharrak dioen bezala, “ekaitzaren ostean barealdia datorrela” eta bizitza normaltasunera itzultzen dela apurka-apurka. Egin berri den ikerketa baten arabera, badirudi baieztapen hori ez zaiola errealitateari hasieran uste adina egokitzen. Uholdeak eragiten dituen ekaitz bizi baten ostean, barealdia ez da guk uste bezain azkar etortzen. Nazioarteko zientzialari talde batek ikusi du halako hondamendiak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dutela, nahiz eta egoera erabat bere onera itzuli den. Emaitza horiek British Medical Journal aldizkarian argitaratu dira.

Azterlana egiteko, ikertzaileek hilkortasun eta demografia adierazle ugari aztertu zituzten ia hamarkada batean gutxienez uholde bat jasan zuten 35 herrialdetako 761 lekutako datu baseetan oinarrituta. Guztira, kausa guztien ondoriozko 47,6 milioi, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko 11 milioi eta arnas gaitzen ondoriozko ia 5 milioi heriotza aztertu zituzten. Honako hauek ziren hondamendi natural horrek planetan gehien kaltetutako eremuak: Estatu Batuetako Mississippi ibaiaren eta Afrikako Volta ibaiaren inguruko eskualdeak, Ozeano Bareko Latinoamerikako kostaldea, hego-ekialdeko Asia, Txina kontinentaleko kostaldeak eta Australiako ekialdeko kostaldea.

Ikerketaren arabera, uholdeak izan zituzten eremuetako biztanleek arrisku handiagoa zuten (% 2,1 gehiago) kausa guztien edo arnas gaitzen ondorioz hiltzeko (ia % 5 gehiago), gertakaria gertatu eta 60 egunera arte. Gaitz kardiobaskularren ondorioz hiltzeko arriskua ere handiagoa zen (% 2,6 gehiago) hondamendia gertatu eta 50 egunera arte. Unerik kritikoena, heriotza tasa handienekoa, uholdeak gertatu eta 15 egunera gertatzen da. Nolanahi ere, alde garrantzitsuak zeuden gertakari horretan, aintzat hartzen badira tokiko klima eta bertako pertsonen adina eta maila sozioekonomikoa. Maila sozioekonomiko txikiko biztanleek eta adinekoen kopuru handiagoak aipatutako kausen ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa zuten. Zenbatesten da uholdeak jasan dituzten populazioetan heriotza guztien % 0,10, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotzen % 0,18 eta arnas gaitzen ondoriozko heriotzen % 0,41 uholdeen ondorio direla.

Nahiz eta azterlanak ez duen aukerarik ematen uholdeen eta heriotza tasaren gorakadaren arteko kausa-efektu erlazioa ezartzeko (asoziazioak baino ez dira), ikertzaileen ustez fenomeno horren atzean zenbait faktore egon daitezke. Osasun zerbitzuak eskuratu ezina, mikroorganismo patogenoekiko esposizio handiagoa, uraren eta elikagaien kutsadura eta gertakariaren eragin psikologikoa aipatu dituzte faktore posilbe bezala. Azterlanaren egileek gomendatzen diete osasun arloko profesionalei eta politikariei aintzat har dezatela heriotza arriskua areagotu egiten dela uholdeak gertatu eta zenbait astetara. Horrel, hondamendi natural horien aurreko estrategiak hobetu ditzakete eta, hala, ekidin litezkeen heriotzen kopurua murriztu.

Duela gutxi Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu berri den beste azterlan batek ere agerian uzten du hondamendi naturalek epe luzera eragina dutela bizirik atera diren biztanleen artean. Batez beste, 2004an Aceh kostaldean (Indonesia) tsunamia jasan zuten emakumeen kortisol hormonaren maila % 30 txikiagoa zen zoritxarreko gertakaria izan eta 14 urtera arte, inguruko herrietan bizi ziren eta tsunamiak kaltetu ez zituen emakumeena baino.

Fenomeno hori nabarmenagoa zen gertakariaren ondorengo bi urteetan trauma osteko estresaren sintoma larriak zituztela adierazten zuten emakumeen artean. Horrez agin, kortisol hormonaren maila txikiagoa zuten emakumeek ere osasun fisiko eta psikosozial okerragoa zuten eta burnout maila (erreta egotearen sindromea) handiagoa zuten izandako estresaren ondorioz. Gizonetan, ordea, ez zen alde handirik nabari tsunamia jasan zutenen eta jasan ez zutenen artean.

Kortisola estresaren hormona da, eta gora egiten du arriskutsutzat edo larritzat jotzen diren egoeretan. Hala ere, epe luzean eutsitako estresaren ondorioz, erantzun horrek alteratu egin dezake estresa erregulatzen duen sistema. Hau da, ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala (HPA), eta kortisolaren maila baxuak eragiten ditu.

Oro har, ikerketa horiek, arloko beste azterlan batzuekin batera, adierazten dute hondamendi naturalek kalte handiak eragiten jarraitzen dutela herritarren artean, gertatu eta denbora luzera. Hortaz, beharrezkoa da osasun politika egokiak ezartzea krisi klimatikoaren ondoriozko hondamendi naturalen gero eta inpaktu handiagoei aurre egiteko.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 6an: Una inundación continúa afectando a la salud mucho tiempo después de ocurrir.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira

Tue, 2024/02/13 - 09:00

Orain arte egindako laginketarik handienak agerian utzi du batez ere eremu idorretan azkar lehortzen ari direla lurpeko ur erreserbak.

Mapamundi baten aurrean jarrita, berehala bereizten ditugu gure planeta txiki hau horren xarmagarri egiten duten kontinente eta itsasoak. Poloetan, gainera, moduren batean bi mundu horien arteko nahasketa diruditen eremu izoztuak aise ikusten ditugu ere.

Baina lurpean ere badira urez beteriko eremu zabalak. Akuiferoak dira horiek. Herri irudimenean, lurpeko zulo handietan bildutako lakuak dira, baina gehien-gehienetan gauzak ez dira horrela. Horrelakoa baino, urez gainezka dagoen lur busti bat bezalakoa dela esan ohi dute geologoek, eta, inguru horiek, laku bat bezalakoak baino, belaki erraldoitzat hartu behar ditugula.

akuifero1. irudia: eskualde askotan, lurpetik erauzitakoa da behar adina kopuruetan soroak ureztatzeko eskura dagoen ur bakarra. (Argazkia: Juanma Gallego)

Horietako asko ur ekarpenekin betetzen dira aldiro, baina badira ere garai batean pilatutako uraren gordailu direnak, dagoeneko urik jasotzen ez dutelako. Azken hauei akuifero konfinatu edo fosil esaten zaie, eta horietako batzuk guztiz estrategikoak dira.

Bitxia eman badezake ere, munduko akuifero fosilik handiena Ekialdeko Sahararen azpian dago; Txad, Egipto, Libia eta Sudan artean. Nubiako Hareharrizko Sistema Akuiferoa da, eta 150.000 kilometro kubiko inguru ditu. Horren tamainaz jabetzeko, pentsatu behar dugu gutxi gorabehera Mediterraneo itsasoan dagoen uraren halako hamarren bat duela.

Hau ez ezik, modu batean edo bestean, akuifero gehienak premiazkoak dira gizakiarentzat. Horregatik lurpeko ur masetan gordetako kopuruei adi daude zientzialariak.

Dena dela, mundu mailako bereizmena eduki nahi izanez gero, agerikoa da erronka handia dela informazio hori guztia kudeatu ahal izateko moduko jarraipena egin ahal izatea. Lurrazalean dauden ur masen kasuan, satelite bidezko irudiek aukera eman dezakete uren zabaleraren zenbatespena ia-ia denbora errealean egiteko, eta, irudi horien bitartez, gertatzen ari diren joerak ondorioztatu daitezke.

Akuiferoen kasuan, ostera, oso bestelakoa da egoera. Satelite bidez ere horiek neurtzen saiatzeko ahalegin batzuk egiten ari diren arren —zehaztasun handiz grabitazioa neurtzen duten GRACE sateliteen bitartez urpeko ur masak ondorioztatuz, adibidez—, monitorizatutako ur putzuak dira egoeraren berri izateko zientzialariek eskura dituzten tresna onenak.

Bide hau jarraitu dute orain Nature aldizkarian aurkeztutako zientzia artikulu batean. Nazioarteko zientzialari talde batek 40 herrialdetan baino gehiagotan neurtutako 170.000 putzu ingurutan jasotako datuetan oinarritu dira egoera zertan den ezagutzeko. Orotara, 1.693 akuifero sistema aintzat hartu dituzte ikerketan. Eta atera dituzten ondorioak ez dira batere baikorrak akuiferoen egoerarekiko.

Datuen arabera, akuiferoen %71 ura galtzen ari dira. Horien artean, ur erreserben %36 urte bakoitzeko 0,1 metro —hots, hamar zentimetro— jaisten ari dira mailan. Beste %12 are azkarrago jaisten ari dira: metro erdi baino gehiago urte bakoitzeko.

1980 eta 2000 bitartean izandako aurreko neurketekin alderatuta, zientzialariek diote akuiferoen %30 inguru “modu azeleratuan” ahitzen ari direla gure mende honetan, “bereziki eremu idorretan”. Ikertzaileek klima aldaketaren testuinguruan kokatu dute egoera. Diotenez, uren galera azeleratua duten eremuen %80an prezipitazioak gutxitu dira azken 40 urteetan.

akuifero2. irudia: 170.000 bat putzutako datuez baliatu dira. Irudian, aztertutako akuiferoen galera mailen irudikapen grafikoa. (Irudia: Scott Jasechko / UCSB)

Gainbehera gehien izan dituzten eremuen artean, nabarmendu dituzte AEBetako mendebaldea, Saudi Arabia, Iran eta Txinako iparraldea. Iberiar penintsularen adibide bat aipatu dute ikerketan: Cingla-Cuchillo akuiferoak (Murcia eta Albacete probintzien artean) urte bakoitzeko 1,6 metro galdu ditu. Dena dela, gehien galdu duena Irango Rashtkhar akuiferoa da: urte bakoitzean 2,6 metro jaisten da bere maila.

Goranzko joeran daudenak badira ere, baina horiek dezente gutxiago dira. Hala, akuiferoen %6 igotzen ari dira urteko 0,1 metroan, eta %1 ingurutan askoz azkarrago gertatzen ari da gorakada, urte bakoitzeko 0,5 metroan.

“Batetik, erakutsi dugu lurpeko urak azkar ahitzen ari direla mundu osoan, eta azken hamarkadetan gutxitze tasak azkartu direla, zenbait lekutan 20 hazbete [50 zentimetro] baino gehiago”, laburbildu dute egileek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean. “Bestetik, lurpeko uren ahitzea geldiarazteko propio egindako ekimen ugari jaso ditu ikerketak. Ondorio hauek erakusten dute gizarteak ez daudela kondenatuta beren lurpeko ur hornigaiak drainatzera, eta, behar bezalako esku hartzeen bidez, baliabide garrantzitsu hau berreskuratzerik badagoela”.

Hoberantz doazen ur masen kasuan, zientzialariek uste dute besteak beste bertan ur kontsumoa gutxitu dela, kudeaketa politikak martxan jarri direla, lurraren erabileran aldaketak egon direla edo ur transferentziak gertatu direla. Egileak sinetsita daude akuifero hauek berreskuratu daitezkeela, akuiferoen kudeaketa hobetuz gero.

Datu andana izan dituzten arren, ikerketak gutxi gorabehera urpeko ura erabiltzen duten lurraldeen hiru laurden inguru jorratu ditu, baina Afrika edo Txina bezalako eremu garrantzitsuetan datuak ez direla jaso ohartarazi dio Inside Climate News hedabideari Donald John MacAllister hidrogeologoak. Bereziki urpeko uren kontsumo handia duen Txinaren tamaina ikusita, nahiko intuitiboa da pentsatzea faltan diren datu horiek seguruenera ez direla oso baikorrak izango.

Ikerketan adibide asko jarri dituzte. Adibidez, Bangkoken (Thailandia) 1980 eta 1990eko hamarkadatan izandako ur mailen jaitsierari buelta eman diote, lurpeko uren ponpaketak gutxitzeko ezarri dituzten araudiengatik. Bestetik, Bangladesh erdialdean, herrialdeko gune txiroenetako batean, arroza ereitetik garia ereitera pasa dira, eta gai izan dira akuiferoa berriro betetzeko.

Beste adibide bat aipatzearren, Tucsonen (Arizona, AEB) Colorado ibaiko urarekin inguruan dagoen Avra haraneko akuiferoa betetzeko erabiltzen ari dira. Horrelakoak, dena dela, ez dira dohain ateratzen, eta Kaliforniako Golkoko deltara iristen den ur jarioa txikiagoa da orain. Horrek ere, noski, ingurumen edo ekonomia eraginak eraginak izan ditzake. Nahi eta nahi ez, lur sistema osoa hertsiki lotuta dagoelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jasechko, Scott; Seybold, Hansjörg; Perrone, Debra; Fan, Ying; Shamsudduha, Mohammad; Taylor, Richard G.; Fallatah, Othman; Kirchner, James W. (2024). Rapid groundwater declines in many aquifers globally. Nature, 625, 715–721. DOI: 10.1038/s41586-023-06879-8

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako

Mon, 2024/02/12 - 09:00

UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak dituen gailu bioelektroniko bat sortzeko prozedura azaltzen du Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis izeneko liburuan. Modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian zelulak atzemateko eta askatzeko eta, aldi berean, prozesuak ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatzeko gai da gailu hori. Minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsa da.

Metastasia da minbiziaren ondoriozko heriotza-kausa nagusia; zelula bat tumoretik irten, odol-fluxura eta sistema linfatikora igaro eta urruneko organoetara heltzean gertatzen da metastasia. Mugitzen diren tumore-zelula horiek modu ez-inbaditzailean biltzea funtsezkoa da minbiziaren ikerketan biologia zelularra, diagnostikoa eta pronostikoa egiteko, eta sendagaiak garatzeko. Odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izan ohi da beste zelula-mota batzuekin alderatuta, eta zelula horiek modu bideragarrian biltzeko metodo tradizionalak neketsuak dira.

GailuIrudia: gailu bioelektroniko bat sortu dute mugitzen diren tumore-zelulak modu ez-inbaditzailean atzeman eta askatzeko. (Argazkia: Karolina Grabowska – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

“Minbizi-zelulak kontzentratzeko gai den gailu bat sortu nahi genuen, zelula horien kontzentrazioa hauteman ahal izateko”, azaltzen du Janire Saezek, UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeko Ikerbasque ikertzailea. Orain arte helburu horrekin garatu diren biosentsoreek (parametro biologiko edo kimikoak neurtzeko gailuak, izaera biologikoko osagai bat dutenak) kalte egiten diete zelulei, haiek atzeman eta askatu bitartean. Zentzu horretan, Microfluidics Cluster taldeak material adimendunak konbinatu ditu bioelektronikaren arloarekin (karbonoan oinarritutako erdieroaleak aplikatzean datza) minbizi-zelulen atzematea eta askapena neurtu ahal izateko.

Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis liburuaren kapitulu batean xehatu da prozedura. Liburua komunitate zientifikoari zuzenduta dago, eta minbizia diagnostikatzeko eta monitorizatzeko asmoz mikrofluidoen teknologietan egin diren aurrerapausoak aztertzen dira bertan. Minbizia diagnostikatzeko, eta diagnostiko-gailu berri eta hobeen garapena sustatzeko bereziki garatu diren gailu mikrofluidikoak laborategian sortzeko gida paregabea da liburua. Ikerbasque ikertzaileak azaltzen duenez, “tenperatura-aldaketen aurrean erantzuten duen polimero adimendun batekin estali diren mikrofabrikatutako urrezko elektrodoz osatutako gailu bioelektroniko bat erakutsi dugu, zeinak balio baitu mugitzen diren tumore-zelulak modu ez-inbaditzailean atzeman eta askatzeko eta prozesu osoaren aldibereko monitorizazio elektriko eta optikoa egiteko”.

Aurrerapauso handi bat egiteko lehen urratsak

“Saiakuntzak kultibo-inguruneetan egin genituen; ez genuen pazienteen benetako zelularik erabili, zelula-kultibo bateko zelula komertzialak baizik. Gure gailuarekin zelulok atzeman eta aska genitzakeela egiaztatu genuen”, azaldu du ikertzaileak. Orain, polimeroa askotariko zelula-motetara zehazki egokitzeko lanean ari dira. Gailua “Cambridgeko Unibertsitateko talde batekin izandako lankidetzaren emaitza da; lanean jarraitzen dugu talde horrekin, eta gailua hestegorri-minbizia duten pazienteen laginekin erabiltzen ari dira. Gailu horren bidez, minbizi-zelulak berriz kontzentratzen ari dira modu hautakorrean, haien kontzentrazioa hauteman ahal izateko”, aipatzen du Sáezek.

Hauxe azpimarratzen du ikertzaileak: “minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsak dira. Baliteke aurrerapauso on bat izatea, oro har kostu baxuko teknologiak direlako eta masiboki ekoitz daitezkeelako. Teknologia-mota hauek minbizia goiz bahetzeko erabiltzea da asmoa”.

Gaur egun, Microfluidics Cluster taldeak “horren antzeko gailu bioelektronikoetarako egitura mikrometrikoen” garapenean du arreta. “Gainera, 3D-ko sistemak garatzen ari gara, ‘organoa txip batean’ izeneko sistemak sortzeko (alegia, giza gorputzaren organoen itxurak egiten dituzten sistema biomimetikoak)”, dio.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Tumore-zelulak atzematea eta askatzea gailu bioelektroniko adimendunak erabiliz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Saez, Janire; Garcia-Hernando, Maite; Savva, Achilleas; Owens, Roisin M.; Benito-Lopez, Fernando; Basabe-Desmonts, Lourdes (2023). Capture and Release of Cancer Cells Through Smart Bioelectronics. Non: Garcia-Cordero, J.L., Revzin, A. (eds) Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis, 2679, 304-314. Humana. DOI:  10.1007/978-1-0716-3271-0_21

The post Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakumea Zientzian: zientzialarien lana agerian jartzen berdintasunean hezteko

Sun, 2024/02/11 - 09:00

2014an Valentziako Unibertsitateak Las mujeres en los contenidos de la Enseñanza Secundaria Obligatoria – TRACE ikerketa gauzatu zuen. Azterlanean DBHko testuliburuen edukiak aztertu ziren, 12-16 urte duten ikasleen eskola-liburuetan azaltzen diren gizonezko eta emakumezkoen kopurua eta presentziaren eduki-analisia egiteko. Kopurua edo zenbatekoa ez ezik, kontuan hartu ziren, besteak beste, figura bakoitzaren aipamena, tratamendua edo hizkuntza. Hau da, presentzia- eta errepikapen-adierazleak eta aipamenen modua, tokia eta edukia, aztertu ziren ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egiteko.

1. eta 4. DBHko 115 testuliburu aztertu ondoren emaitzek erakutsi zuten Bigarren Hezkuntzako testuliburuetan emakumeen presentzia urria zela, emakumezko figurak % 12,8 baitziren. Irakasgaiei erreparatuz gero, ikertzaileek ikusi zuten zientzia-gaiei zegokien edukietan emakumeen presentzia % 5a baino txikiagoa zela eta, esaterako, teknologiez eta informatikaz ari bagara, portzentajea % 1era jaisten zela. Bestalde, deigarria zen ere 3. eta 4. DBHko liburuetan emakumeen presentzia jaitsi egiten zela, eta batez beste, % 7,5 ziren honako figurak. Hezkidetzan aditua da Ana López-Navajas ikertzailea eta haren esanetan:

“Eredu-faltak lan izugarria egiten du, izan ere, emakumeei aditzera emate die hori (emakumeen aipamena ez duen arloa) ez dela gure esparrua”.

Gaur egungo egoera orain hamar urtekoaren parekoa da. Baina emakumezko erreferenteen eskasia hau, ordea, ez da zientzietako irakasgaietan bakarrik gertatzen eta honek ondorio nabarmen bat du: eduki akademikoen zehaztasun falta. Hori dela eta abian dira #NoMoreMatildas bezalako ekimenak edo baliabideen bankuak ikastetxe guztien eskura berdintasunean hezteko baliabideak eskaintzeko asmoz. Helburu horrekin bat eginez sortzen da Emakumea zientzian argitalpena.

emakumea zientzian liburua1. irudia: Emakumea zientzian liburuaren azala. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitatearen Zientzia Museoa)Emakumea zientzian liburua: berdintasunean hezteko baliabidea

Emakumea zientzian liburua Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren proiektu bat da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrak parte hartu du euskarazko edizioa prestatu eta taxutzen. Liburuaren helburua nagusia da neskatoengan eta mutikoengan zientziarekiko jakin-mina eta ideia zein ikuspegi berriak piztea, publiko orokorrarentzat ezezagunak diren, baina zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume zientzialarien lana ikusaraziz. Emakumeak zientzian eginkizun handia izan dutela jakitera ematen du edukiak, baina agerian utziz ere bidean zailtasunak eta oztopoak izan dituztela.

Liburuan hamabi emakumeren biografia laburrak eskaintzen dira: June Almeida, Florence Nightingale, Janaki Ammal, Mary Anning, Rachel Carson, Ada Lovelace, Alice Evans, Maria Mitchell, Margarita Salas, Cecilia Payne, Lynn Margulis eta Isabel Morgan.

Biografiez gain, emakume zientzialarien historia lantzeko material desberdina eskaintzen du Emakumea zientzian argitalpenak. Alde batetik, irakurketa ulertzeko jarduerak daude, eta horiek egiten dituenari datu garrantzitsuak gogoratzen lagunduko diote. Bestalde, gurutzegramak, zopa-letrak, enigmak, bikoteak lotu edo esaldiak osatu bezalako ariketak ditu liburuak, jolasarekin batera ikasteko prestatuak. Azkenik, sormena sustatzeko jarduerak daude, esaterako, testuen lanketa, galdera-erantzunak, infografiak bidez eta abar. Material hau, jarduerak egitea erraztu dezakeen terminoen glosario batez lagundua dator.

2. irudia: Emakumea zientzian liburuko ariketa bat. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitatearen Zientzia Museoa)

Emakumea zientzian liburuak hezkuntzan baliagarria izan daitekeen edukia eskaintzea du helburu. Doan jaitsi daiteke euskaraz eta gaztelaniaz eta, batez ere, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen jardunean bidelagun izateko gauzatu da, ikasleak zientziaren mundura gehiago hurbiltzeko materialak eskainiz eta irakasleei hezkidetzarako baliabideak gerturatuz.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko arduraduna.

The post Emakumea Zientzian: zientzialarien lana agerian jartzen berdintasunean hezteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #479

Sat, 2024/02/10 - 09:00

Giza gorputz-adarren garapenaren atlas bat egin da, orain arte ezagutzen ez zen bereizmenarekin. Human limb development “live”, Rosa García-Verdugok.

Partikula subatomikoak desintegratzen direnean, hutsune kuantikoa aldatzen dute eta elkarri lotuta geratzen dira. Hori ondorioztatzen du ikerketa teoriko batek, fenomenoa ordenagailu kuantikoetan erabil litekeela baieztatzen duenak. Quantum entanglement among quarks

Leuzemia mieloide akutua da leuzemia akutuen artean ohikoena helduen artean eta ohikoa haur-minbizietan. Antigorputz eta farmako konjugatuak eraginkorrak izan daitezke tratamenduan. Antibody-drug conjugates for the treatment of acute myeloid leukemia, Marta Irigoyenen eskutik.

Nahikoa da urrezko atomoen geruza bat pixka bat bereiztea, nanometroaren hamarrena, urrezko masatik, argi ikusgarriak bazterrak nahas ditzan (ikuspegi fotoniko batetik, ulertzen da). DIPCko jendeak Infiltration of light inside Au surfaces

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #479 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Galileo eta mareak

Fri, 2024/02/09 - 09:00

Askok ez zuten konfiantzarik izan Johannes Kepler astronomo alemanaren teoriaz mareak azaltzeko. Astronomo alemanaren arabera, Ilargiak mareetan eragiten zuen erakarpen misteriotsu baten ondorioz sortzen ziren.

Galileo Galilei izan zen teoria hartaz fidatu ez zenetako bat, eta berea pentsatzen hasi zen. Haren ustez, mareak lurraren errotazioaren eta translazioaren ondorio ziren. Hark munduaren zentzu osoa zuela zirudien. Bere buruaren eta Eguzkiaren inguruan biratzean, Lurrak azelerazioak eta desazelerazioak jasaten zituen aldizka. Zehazki, egunean bi. Galileok bere ondorioak argitaratu zituen 1616an Mareen Tratatuan, bere ikuspegia aldeztuz. Baina zientzialariek ere akats egiten dute. Eta historiak erratu egin zela erakusten digu.

Gaur badakigu Galileo oker zegoela eta Keplerren intuizio arriskutsuak zuzenak zirela: mareak Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitazio-eraginaren ondorio direla. Indar horrek, ozeanoak ez ezik, unibertsoa bere osotasunean ere hartzen du: grabitatearen indarra!

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Galileo eta mareak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia

Thu, 2024/02/08 - 09:00

Aurpegiaren morfologia ezinbestekoa da banakoak euren artean ezberdindu ahal izateko. Gainera, oinarri genetiko sendoa du aurpegiaren morfologiak, nahiz eta beste eragile batzuen menpe egon daitekeen (ingurumenerako moldapenak ala hautespen sexuala, besteak beste). Halaber, posible litzateke DNA aztertuz hainbat ezaugarri morfologikoren fenotipoa berreraikitzea

Lan honetan, aurpegiko ezaugarrietan eragina duten SNPak (Single Nucleotide Polymorphisms), nukleotido bakarreko polimorfismoak, aztertu ditugu. Izan ere, gure helburua, giza populazioak aurpegiaren morfologiari loturiko datu genetikoetatik abiatuta desberdintzen diren ikustea baita. Hortaz gain, sudur morfologia populazio ezberdinetan aztertu dugu, adibide zehatz gisa.

Lehenik eta behin, bilaketa bibliografiko bat burutu da datu-baseetan, aurpegiko morfologian eragina duten SNPen informazioa bilatzeko. Ondoren, 1000 Genoma proiektuko datu basean, munduko populazioetako gizabanakoen informazio genetikoa lortu dugu SNP horietarako. Segidan, datuen analisi estatistikoak egin dira eta analisi multibarienteen bitartez populazioen taldekatzeak irudikatu dira, Oinarrizko Osagaien Analisia burutuz (OOA). 1000 Genoma proiektuan analizatu diren populazio bakoitzerako sudurreko morfologiarekin loturiko SNP bakoitzerako PRS (Polygenic Risk Score) balioak kalkulatu dira.

aurpegiarenIrudia: SNPek eragina duten ezaugarrien irudikapena. Beltzez, sudur zubiaren zabalera; gorriz, sudurraren luzera; urdinez, sudurraren zabalera; eta berdez, sudur-hegalen luzera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gure emaitzetan populazioen historia demografikoak aurpegiaren morfologiaren aldakortasunaren proportzio handia azaltzen duela aurkitzen dugu. Izan ere, bai SNP morfologikoekin egindako OOAk, bai kontrol moduan erabilitako SNPekin egindako OOAk antzeko sakabanatze eredua jarraitzen dutela ikus dezakegu. Hau da, indibiduoen taldekapena euren jatorri geografikoaren araberakoa da eta populazio ezberdinak modu berdintsuan desberdindu daitezke bai aurpegiko morfologian eragina duten SNPetan, zein kontrolerako ausaz aukeratu diren SNPetan ere. Horrela, lehendabiziko banapen garrantzitsuena Afrika eta gainontzeko populazioen artean ematen da. Afrikaz kanpoko populazioen artean, oso ondo bereizten dira ekialdeko asiarrak. Hala ere, aurpegiko morfologiari loturiko SNPen OOAn lehenengo ardatzak Asiaren ekialdeko populazioak gainontzeko populazioetatik bereizten ditu eta SNP-kontroletan, Afrikar populazioa da gainontzeko populazioetatik bereizten dena.

Sudurreko morfologiaren PRS (Polygenic Risk Score) balioei dagokionez, populazioetan ezberdintasun nabariak ikusi ditugu. Alde batetik, baliorik txikienak europarretan behatu dira. Baliorik handienak, ordea, Afrika eta Ekialdeko Asiako populazioetan. Horrenbestez, historia demografikoak aurpegiaren morfologiarekin erlazionaturiko aldakortasun genetikoan eragin handia izan duen arren gaur egungo populazioetan agertzen den aurpegiko morfologiaren aldakortasuna beste faktore batzuen menpe ere egon daiteke. Horrela, hautespen sexuala bezalako beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete, nahiz eta maila txikiagoan. Hortaz gain, populazioetan ikusten diren sudur morfologia ezberdinak moldapen morfologiko moduan azaldu daitezke. Izan ere, beste ezaugarri morfologiko batzuk bezala, sudurraren morfologia klimarekin estuki lotuta dagoela argitaratu da, sudurreko muki mintzak arnasten den airea berotzen eta hezetzen duelako, arnasbideetara pasatzeko prestatuz.

Gure laneko emaitzak kontuan hartuta, ez dugu behar adina SNP kopurua giza aurpegiaren morfologia populazioen banapen geografikoaren arabera aurresateko. Kontuan hartu behar da, gainera, ezaugarri konplexuak ikertzen ari garela eta beraz horien efektua neurtzea zailagoa dela. Azkenik, aurpegiaren ezaugarriei loturiko SNPen azterketa, auzitegi zientzietan ere erabilgarria izan daiteke, nahiz eta gaur egun, DNAtik abiatuta banako baten identifikazio fenotipikoa konplexua den arren.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia.
  • Laburpena: Aurpegiaren morfologia ezinbestekoa da banakoak euren artean ezberdindu ahal izateko. Lan honetan, aurpegiko ezaugarrietan eragina duten SNPak aztertu ditugu. Populazioen historia demografikoak aurpegiaren morfologiaren aldakortasunaren proportzio handia azaltzen duela aurkitzen dugu. Hala ere, aurpegiaren aldakortasunean hautespen sexuala bezalako beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete, nahiz eta maila txikiagoan. Sudurraren morfologian arreta jarriz, Asia ekialdeko eta Afrikako populazioek sudur zabalagoa dute oro har, eta europarrek estuagoa. Bestalde, aurpegiaren ezaugarriei loturiko SNPen azterketa auzitegi-zientzietan ere erabilgarria izan daiteke, nahiz eta gaur egun DNAtik abiatuta banako baten identifikazio fenotipikoa konplexua den. Lan honen helburua da giza populazioak aurpegiaren morfologiari loturiko datu genetikoetatik (SNPak) abiatuta desberdintzea posible den egiaztatzea.
  • Egileak: Amaia Cabrejas, Santos Alonso eta Neskuts Izagirre
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 291-317
  • DOI: 10.1387/ekaia.22949
Egileez:

Amaia Cabrejas, Santos Alonso eta Neskuts Izagirre UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Metamorfismo bitxi horiek

Wed, 2024/02/07 - 09:00

Metamorfismo izeneko prozesu bat jasan ondoren sortutako arrokak metamorfikoak izaten dira. Prozesu horretan hasierako arroka batzuk eraldatu egiten dira eta jatorrizkoak ez bezalako mineralen osaera eta ehundura edo barne egitura izaten dute, presio edo tenperatura oso handiak jasan dituztelako. Gehienetan metamorfismoa sistema itxi batean gertatzen da. Hau da, jatorrizko arrokaren oinarrizko konposizio globala arroka metamorfiko berriaren berdina da, eta azken emaitzan ez da elementu kimikoen galerarik edo irabazirik egoten. Gertatzen dena da hasierako arrokaren mineralak desintegratu egiten direla oinarrizko osagai kimikoetan eta berriro konbinatzen direla arroka metamorfikoan beste mineral batzuk sortuz. Eta barneko egitura kristalino berri bat ere sortzen da. Hau da, arrokaren itxura aldatu egiten da eta ondorioz, metamorfismoaren prozesuan mineralak lerrokatu edo orientatu egiten dira planoak, xaflak edo, are, kolorazio desberdinetako bandak eratuz.

Gaurko ikasgai teorikoa amaitzeko, bi metamorfismo mota daudela esatea besterik ez zait falta. 1‑ eskualde metamorfismoa, presioa eta tenperatura igotzearen ondorioz gertatzen dena; eta 2- ukipen metamorfismoa, magma bat sartzen zaien arrokek jasaten duten tenperatura igoeraren ondoriozkoa.

Metamorfismo1. irudia: arroka metamorfikoen eraketaren eskema sinplifikatua, presioa eta/edo tenperatura igo ahala gertatzen diren mineralen eta ehunen arloko aldaketak zehaztuta.

Ziur nago pare bat adibide soil eta ezagun jartzen badizkizuet, hobeto jakingo duzuela zertaz ari naizen. Eskualde metamorfismo bidez eratutako arroketako bat arbela da; aurrez arroka detritiko bat zegoen, lutita esaterako, eta denbora batez presioa eta tenperatura jasaten egon ondoren jatorrizkoa eraldatu egin da. Arbelaren ezaugarri nagusia xafla oso markatuak izatea da, mineralak plano paraleloetan baitaude (arbel cleavagea esaten zaio). Ukipen metamorfismo bidez eratutako arroketako bat marmola da, arroka karbonatatu batek (kareharri batek, esaterako) jasandako tenperatura igoeraren ondorioz eratu baita; magma igarotzen da arrokan zehar, arrokaren tenperatura igo egiten da eta prozesu metamorfikoan eratutako kristal berrien ordenazioa gertatzen da.

2. irudia: arbela. A) Goiko aldearen ikuspegia, azalera leun eta distiratsuarekin. B) Xafla paralelo finetan dauden plano mineralen xehetasuna. Horiek definitzen dute arbel cleavagea.Metamorfismo3. irudia: marmola. A) Goiko aldearen ikuspegia; kristal mineral batzuk sumatzen dira. B) Barneko egitura kristalinoaren xehetasuna.

Baina hemendik aurrera zuek apur bat harritzen saiatuko naiz, metamorfismo partikular, deigarri eta bitxi batzuen bidez.

Lehenengoa metamorfismo hidrotermala da, metasomatismo ere esaten zaiona. Horrelakoetan prozesu metamorfikoa gertatzen da arroka ostalarietan zehar zirkulatzen dutelako isuri beroek. Eta gogoan duzue lehen esandakoa, gehienetan metamorfismoa sistema itxietan gertatzen dela? Bada, hau da araua berresten duen salbuespena, izan ere, isuri bero horiek disolbatutako elementu kimikoz kargatuta daude eta erreakzionatu egiten dute zeharkatzen duten arrokarekin. Ondorioz, mineral berriak sortzen dira hasieran ez zeuden elementuak gehituta. Metasomatismoaren adibide nagusia skarn‑a da; zarakar edo aureola metamorfiko hori ukipenezko prozesu metamorfikoan eratzen da, non magmak isuri beroak askatzen dituen eta isuri horiek arroka ostalari karbonatatutekin batera mineralak sortzen dituzten. Mineral horiek zenbaitetan interes ekonomikoa izan dezakete, osaeran elementu kimiko kritikoak dituztelako, litioa edo niobioa esaterako.

Metamorfismo4. irudia: metasomatismo bidez eratutako arroka da Calako (Huelva) meatzeetako skarna; piroxenoak, anfibolak, granateak eta karbonatuak ditu. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Bigarren adibidea ukipen metamorfismoarena da, planeta baten azalerara gorputz estralurtarrak erortzean sortutako presioaren eta tenperaturaren ondoriozkoak. Horrela sortzen dira, oro har, inpaktita esaten zaien arrokak. Hainbat motatakoak izan daitezke: talka arrakalak, meteoritoa gainera erori zaien arrokak zatitu eta berriro kontsolidatzen direnean talkako beroaren ondorioz; talkaren ondorioz urtuak, arroketako material solidoak urtu eta ia likido bihurtu ondoren, berriro kontsolidatutakoan ehundura beirakara izaten dutenak; eta talka egindako arrokak eta mineralak, non material geologikoen egitura kristalinoak deformazio handiak izaten dituen, presio ikaragarriaren mende egon direlako.

Metamorfismo5. irudia: inpaktitak, arroketako bat erditik zatituta barruko itxura ikusi ahal izateko; Monturaqui talka kraterrean jaso eta San Pedro de Atacamako (Txile) Meteoritoaren museoan erakusgai. (Argazkia: Juan Manuel Fluxà – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Eta azkeneko adibidea fulguritena da. Arroka metamorfiko horiek eratzen dira tximista batek hondartza bateko kuartzo-harea jo eta urtu ondoren forma tubular eta luze arraroetan kontsolidatzen direnean, eta gehienetan zuzenean lurretik altxatzen dira.

Metamorfismo6. irudia: tximistak kuartzo alea jo ondoren hareazko hondartza batean eratutako fulgurita baten adibidea. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gizakioi ikaragarri gustatzen zaigu gure inguruan dugun guztia edukiontzi itxi eta ongi definituetan sailkatzea, baina gure planeta ez da gure nahien mende jartzen. Eta hona hemen adibide txiki batzuk: zuk uste duzunean arroka mota jakin bat ongi definituta, deskribatuta eta ordenatuta duzula, dena hankaz gora jartzen duten bi-hiru menderakaitz agertzen dira. Baina horixe da, hain zuzen ere, Geologiaren alderdi dibertigarriena, gure kontroletik kanpo dauden salbuespenak aurkitzea.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 9an: Esos curiosos metamorfismos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Metamorfismo bitxi horiek appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages