Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 56 min 51 sec ago

Ezjakintasunaren kartografia #472

Sat, 2023/12/09 - 09:00


T zelulen aitzindarien leuzemia linfoblastiko akutua ez da oso ohikoa. T linfozitoen aitzindariak tumore-zelula bihurtzen dira eta hezur-muinari eta odolari eragiten die. Ohiko terapiekiko erresistentea den minbizi oldarkorra da eta, beraz, beste batzuk aztertzen ari dira, hala nola, immunoterapiak. Baina, aurretik, mekanismo molekularrak ulertu behar dira, tratamendurako dianak aurkitzeko. Adibidez, p21 is a target for phagocytosis-mediated cellular immunotherapy in acute leukemia, Marta Irigoyenek egina.

Irudikatu soka batzuk hiru dimentsioko zurrunbilo bat osatuz biratzen, eta orain egitura horietako pila bat toro bat osatuz. Beno, imajinatzen duzun hau hopfion magnetikoa izeneko egitura topologiko baten deskribapen oso zakarra da. Eta esperimentalki detektatu berri dute. First experimental evidence of hopfions in crystals.

Zer egiten duzu adimen artifiziala entrenatzeko erabili dituzun datu estatistikoak zaharkituta geratzen direnean, aipatzen duten biztanleria aldatzen delako? BCAMekoei deitu, jakina. A new approach to covariate shift adaptation

Nola ahuldu lotura kimiko bat modu kontrolatuan? Malguki optomekaniko bat erabiliz. Harry Potterren sorginkeria dirudiela? Egun batzuetan DIPCk Hogwarts dirudi, A giant optomechanical spring effect in plasmonic nanocavities

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #472 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Alice King Chatham, hegan egiteko kaskoak diseinatu zituen eskultorea

Fri, 2023/12/08 - 09:00

Bigarren Mundu Gerran abiazioak aurrerapen oso garrantzitsuak izan zituen. Gero eta azkarrago eta gero eta gorago hegan egiteko gai ziren hegazkinak diseinatu eta eraikitzeko arazoa ebazteaz gain, ingeniariek eta zientzialariek pilotua bizirik eta funtzionatzen mantentzeko zailtasunak gainditu behar izan zituzten.

Gora igotzen den heinean, presio atmosferikoa murriztu egiten da eta aireak gero eta dentsitate txikiagoa du (oxigeno edukia txikitzen da). Altitudean gora egin ahala airearen presioa txikitzeko arazoa pilotuaren kabina presurizatuta lortu zen. Aldiz, pilotuari oxigenoa hornitzeko zailtasunak honela labur daitezke: 10.000 oinera arte (3.000 metro inguru) pilotuak aire atmosferikoa arnas dezake; 40.000 oinera arte oxigeno purua arnas dezake musuko batekin; 50.000 oinera oxigeno purua arnas dezake musuko presurizatu batekin eta 63.000 oinera airearen presioa eta giza gorputzean disolbatutako gasen lurrunaren presioa berdinak direnez, nahikoa da pilotuaren gorputzeko berotasuna haren odolak irakiteko.

Alice King Chatham

Alice King Chatham (1908–1989) Dayton Art Institute (Ohio) museoko eskultore ezaguna zen. 1943an Aireko Indarren Aeromedical Laboratory laborategiko antropologia unitatean hasi zen lanean, artista eta eskultore gisa ulertzen baitzuen giza gorputza. Eskultorearen esperientzia behar zuten helburu garrantzitsu baterako: aho eta sudurretarako oxigeno-musuko bat perfekzionatzen laguntzea, 20.000 oinetik gora ibiltzen ziren pilotuentzat. Hainbat diseinu eta prototiporen ondoren egin zen Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetako pilotuen artean hainbeste ikusten zen musukoa.

Alice King1. irudia: Alice King Chatham eskultorea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Altura handian arnasa hartzeko arazoei, gero eta zakarragoko maniobrek eragindakoak gehitu behar zitzaizkien. Biratze itxienetan indar zentrifugo motakoak agertzen dira, pilotuaren oinetan dute eragina eta odolak burua eta garuna utz ditzake. Ikusmena lausotu egiten da (ikusmen beltza izenez ezagutzen dena) eta pilotuak kontzientzia gal dezake. Horrentzako irtenbidea anti-g suits jantziak dira; jantzi doitu horiek goma-kamerak dituzte eta gasarekin puzten direnean, kanpo-presioa egiten diote pilotuaren abdomenari eta oinei, eta garuneko odola ezin izaten da gorputzaren beheko aldeetara joan.

Musukoetatik kasko presurizatuetara

Gerra ondoren, Aireko Indarrek ikertzen jarraitu zuten eta are altuera handiagoan hegan egiteko gai ziren hegazkinak egin zituzten. Adibidez, Bigarren Mundu Gerran hegazkin bonbaketari aurreratuenak 30.000 oinetan ibiltzen ziren. Handik bi urtera, 1947an, el Bell X-1 hegazkinak soinuaren langa gainditu zuen lehenengoz 45.000 oinetara. Ondorengo hamarkadan X-15 350.000 oinetara iritsi zen (eta soinuaren abiadura sei aldiz gainditu zuen).

Argi dago garaiera horiek arazoak berekin zituztela: kabinak presurizatuta zeuden, baina presurizazio horrek edozein arrazoiren ondorioz porrot eginez gero, pilotua egoera zailean izango zen. Hain arazo larria oso ezohikoa izan daitekeela uste arren, gogoan izan behar da tresna esperimentalak ordura arte ez bezalako baldintzetan zebiltzala, eta ondorioz, uste baino sarriago izaten ziren arazo horiek, zoritxarrez.

1943az geroztik Hego Kaliforniako Unibertsitateak (USC) zentrifugagailu bat zuen anti-g trajeak aztertu eta garatzeko. USCko langileetako batek, James Henry delakoak, potentzial handia ikusi zuen anti-g trajeen aire-kameraren edo maskuri-puzgarriaren printzipioan, traje presurizatu bat egin ahal izateko. David Clark-ekin harremanetan jarri zen, pilotuentzako arropa-enpresa bate jabea baitzen, eta garaiera handietan erabiltzeko traje bat egiten laguntzea iradoki zion. Clarkek beste konpromiso batzuk zituen, ordea, Itsas Armadarekin eta ezetz esan zion baina materiala eman zion: hari berezia, josteko makina industriala eta, garrantzitsuena, jostun nagusiarekin, Julia Greene-rekin, harremanetan jarri zuen eta harekin lan egin zuen azkenean.

Alice King2. irudia: Elmendorf baseko pilotuak, anti-g suits jantziekin. (Argazkia: U.S. Air Force photo/Tech. Sgt. Keith Brown – domeinu publiko argazkia. Iturria: Wikimedia Commons)

1946an amaitu zuten Henryk eta Greenek garaiera handietarako trajea; presio partzialeko traje bat zen (PPS) pilotuaren gorputza leporaino, eskumuturretaraino eta orkatiletaraino baino ez baitzuen estaltzen. S-1 izena jarri zioten eta Henry-ren PPS hark maskuri puzgarri bat zuen barnean, horma bikoitzekoa, eta horrek gorputz-enborra eta abdomen aldea presionatzen zituen, besoen eta oinen presioa hazten zuten kanpoko hodi batzuen bidez, trajea doituz eta estutuz behar zenean. Laborategian arrakastaz erakutsi zituen S-1 haren onurak. Patroiak sortuta eta materiala moztuta zegoenez, dena josten hasi ziren. Gurutzatutako josturarik egongo ez zenez, jostura frantsesa erabiltzea erabaki zen, lan handiagoa zuen arren, eta Greenek jostorratzarekin zuen trebezia funtsezkoa izan zen beste behin.

Pieza bat falta zen jantzia osatzeko: kaskoa. Diseinatzeko, Alice King-engana joan zen Henry, musukoak diseinatzen esperientzia handia baitzuen. Iturri batzuen arabera, Kingek diseinatu zuen Chuck Yeagerrek lehenengo hegaldi transonikoan erabili zuen kaskoa, aldiz, Yeagerrek elkarrizketaren batean esan zuen berak diseinatu zuela tankeetako kasko moztu bat eta hegan egiteko larruzko kasko bat oinarri hartuta. Alicerena dela esaten da 1946ko hegaldietako presio-trajeen bertsioa hobetu zuen kasko presurizatu berriaren garapena eta belarrien kontrapresiorako gailu berezien garapena ere bai.

Women in Space libururako Davis Shayler eta Ian Moule historialariek bilaketa bat egin zuten garai bateko Wright Field hartako telefono-gidetan eta A. King laborategi aeromedikoko ingeniaritza ataleko langilea zela agertzen zen. 1951n atalaren izena aldatu eta Fisiologiako Adarra izena hartu zuen eta 1954an Ingeniaria eta Garapen Adarra. A. King garai hartan desagertu zen telefonoko gidatik, beharbada ezkondu eta senarrak zituen osasun-arazoengatik; ez da A. Chatham ere ageri (senarraren abizena Chatham zen).

NASAko urteak

Garai hartan sartu zen Alice NASA sortu berrian. Zientzialariek Alicerengana jo zuten kasko mota desberdinetarako irizpide-zerrenda batekin: bata, arnasa hartzeko hodiarekin, mikrofono batekin eta elikagai likidoentzako irekiera batekin. Hainbat hilabetez aritu zen modelo esperimentalak egiten kautxuarekin, plastikoekin eta oihalekin.

King Chathamen laborategiko usaina zooetakoen oso antzekoa zen askotan. Oxigeno-ekipoak instalatu zizkien probetan hegan joan ziren animalia askori, hala nola akuriei, untxiei, txerriei eta San Bernardo arrazako zakur bati ere bai. King Chathamek tximinoentzako arropak ere egin zituen, presio-traje txikiak eta kaskoak jarri zizkien Aerobee koheteentzat Lurraren inguruan 80 km ingurura ibili baitziren.

Mercury proiekturako, gizakiek tripulatutako NASAren lehen hegaldi programatua, astronauten kaskoak egiteko agindu zitzaion, haien buruen molde perfektuak oinarri hartu eta argizarizko modeloak eginda. Horren bidez, erabat ahokatzen zen kasko pertsonalizatua lortuko zuen.

1960ko hamarkadan Santa Monicako (Kalifornia) Douglas Aircraft Company enpresan aritu zen eta ekipoaren erosotasunerako diseinuari osagarriak egin zizkion bakarra izan zen. Gauza guztiak kontuan izan behar izan zituen, «espazioko kapsula batean “logela zerbitzurik” ez baitago».

Espazioko eta aireko berrikuntzei egindako ekarpen zehatzak ezagutzen ez diren arren, argi dago King Chathamek espazioko eskultore gisa egindako ibilbidea oso inspiratzailea izan zela. King Chatham Los Angelesen hil zen 81 urte zituela. Bere hilberriaren arabera, Dayton Art Instituten erakutsi ziren haren lehenengo eskultura artistikoak.

Bruce Hess-en esanetan, aireko indarren Wright-Patterson baseko historialaria, «Alicek zehatz-mehatz egin zuena eztabaidagarria da, baina argi dago tripulaziodun espazioko hegaldien eta esplorazioaren lehen urratsetan sartuta egon zela».

Iturriak: Egileaz:

Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 15ean: Alice King Chatham, la escultora que diseño cascos para volar más alto y más rápido.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Alice King Chatham, hegan egiteko kaskoak diseinatu zituen eskultorea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nola baldintzatzen du hiri-inguruneak herritarren elikadura?

Thu, 2023/12/07 - 09:00

Ohikoak bihurtzen ari dira hiri-osasunari buruzko ikerketak, hiriek eta auzoek pertsonen bizi-ohituretan eta osasunean duten eragina aztertzeko. Herritarren osasunarekin harremana duten faktoreen artean elikadura da ohitura aldagarririk nabarmenena. Izan ere, mundu mailan ematen diren 5 heriotzetatik 1 ekidin daiteke dietaren kalitatea hobetzen baldin bada. Baina elikadura osasuntsuak modu eraginkor batean sustatu ahal izateko ezinbestekoa da ohitura ez-egokien arrazoiak ezagutzea.

Hainbat ikerketek datu kuantitatiboak biltzen dituzte elikadura-inguruneari buruz, hala nola, elikagaien eskuragarritasuna, janariak prestatzeko eta kontsumitzeko ohiturak… Hala ere, biztanleriaren elikatzeko modua baldintzatzen duten faktoreak identifikatzeko biderik onena haien esperientzia jasotzea da. Zehazki, herritarren zientzian oinarritutako metodologietan bizilagunak ikerketa-prozesuaren parte bilakatzen dira, eta informazio-iturri hori elikadura-ingurunea bertokoen ikuspegitik ulertzeko baliagarria da.

Hiri-inguruneak aztertzeko Photovoice metodologia (komunitatearen argazkiaren eta zuzeneko jardueraren bidez errealitate komunitario bat irudikatzeko tresna parte-hartzailea) sarritan erabili da. 2017. urtean Bilboko maila sozioekonomiko altua duen Deustu auzoan egindako ikerketan, tokiko elikadura-ingurunea ezagutzeko herritarrak parte-hartzera gonbidatuak izan ziren. Photovoice teknikaren arabera, partaideak bost saioetan zehar bildu ziren, bertan haiek ateratako argazkiei buruz eztabaidatu zuten. Azkenik auzoko elikadura-ingurunea deskribatzen zuen mapa-kontzeptuala osatu zuten. Auzotarrek adierazitako kategoria eta azpi-kategorietan oinarrituz ikertzaileek gai zabalagoak atera zituzten, eta horrela komunitate zientifikora plazaratzeko moduko informazioa eskuratu zen.

PhotovoiceIrudia: Photovoice eztabaida-saioetatik sortutako mapa kontzeptuala: kategoriak eta azpikategoriak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Elikadura-inguruneei buruz egindako aurreko ikerketek herritarren dietan eragina izan dezaketen hainbat alderdi deskribatu dituzte, hala nola, faktore fisikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak, etab. Deustun burututako Photovoice azterlanean aurkitutako emaitzetan ere halakoak nabarmendu ziren.

  • Auzoko azpiegiturei dagokienez merkataritzaren eraldaketa adierazi zen, besteak beste: farmazietan dietetika produktuen salerosketa, birziklatzeko edukiontzien kudeaketa, eta auzoko merkatuan produktu freskoak eskuratzeko erraztasuna.
  • Harreman sozialen garrantzia hainbat adibiderekin islatu zen: lagunarteko zein familia bilerak egiteko txokoak izatea, pintxoak aitzakiatzat hartuta elkarrekin egotea, ospakizunetan postre azukredunak kontsumitzea, eta gazteen taldeak asteburuetan janari azkarreko establezimenduetan batzea.
  • Baliabide ekonomikoekin lotutako determinatzaileak zeharka agertu ziren: elikagai ez-osasungarri eta hiperkalorikoen promozioak, esaterako.
  • Aspektu kulturalek elikadura jokabideetan duten eragina hainbat modutan jorratu zen: ohitura txarrak zein ohitura osasungarriak deskribatu ziren. Gainera, auzoan kultura-aniztasunaren eraginez kanpoko produktuen kontsumoaren gorakada azaleratu zen.

Emaitza hauek hiriko ingurumen faktoreek biztanleriaren elikaduran izan dezaketen eraginari buruzko ebidentzia zientifiko berria gehitzen dute. Horrez gain, erabilitako metodologiari esker, herritarren parte-hartzea sustatzen da, ahalduntze indibiduala bermatuz. Azkenik, hiri-inguruneei buruzko ikerketek pisu handia izan behar lukete osasun publikoaren arloan eraginkorrak diren neurri politikoak diseinatzeko orduan. Bilbon egindako azterlanaren kasuan, auzotarren iritzia eta haiek proposatutako gomendioak kontuan hartuz, elikadura-ingurunea hobetzeko txosten politiko bat garatu zen. Izan ere, populazioen osasuna hobetzeko estrategiek, herritarren beharrizanetan oinarritutako politika publikoak lehen lerroan izan behar lituzkete.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Photovoice tresna elikadura-ingurunearen azterketa kualitatiborako.
  • Laburpena: Inguruneko ezaugarriek eragina izan dezakete herritarron portaera osasungarrietan. Badirudi bizi garen tokiaren eta gure elikadura-ohituren artean erlazioa dagoela. Beraz, ingurunea bizilagunen ikuspegitik ezagutzea beharrezkoa da biztanleriaren elikaduran eragina duten determinatzaileak baloratzeko. Ikerketa gutxik aztertu dituzte hiri-inguruneak herritarren ikuspuntutik. Horregatik, azterlan honen helburua Bilboko auzo bateko elikadura-ingurunearen diagnostiko komunitarioa egitea izan zen, eta horretarako Photovoice Partaidetza-Ekintza Ikerketa metodologia erabili zen. Proiektu honetarako parte-hartzaileak Auzo Elkarteen bidez bildu ziren. Photovoice-rako, inklusio-irizpideak betetzen zituzten gizon eta emakumeez osaturiko talde heterogeneoa sortu zen. 2017ko apiriletik uztailera, aukeratutako 6 auzotarrek bi orduko iraupeneko 5 talde-saiotan parte hartu zuten, eta haiek ateratako argazkiei buruzko eztabaida kritikoak egin ziren. Auzoko elikadura-ingurunea deskribatzeko 30 argazki batu ziren guztira. Adostasun-prozesu baten ondoren, parte-hartzaileek 9 kategoria identifikatu zituzten eta horiei lotutako 13 argazki adierazgarri aukeratu zituzten. Amaitzeko, emaitza horietan nabarmendutako ezaugarriak 6 gai kontzeptualetan batu ziren: 1) Ohitura txarrak, 2) Kultura-aniztasuna, 3) Harreman sozialak, 4) Iraunkortasuna, 5) Merkataritzaren eraldaketa, 6) Ohitura osasungarriak. Herritarrek beren elikadura-ingurunea hobetzeko proposatutako gomendioak Bilboko arduradun politikoei aurkeztu zitzaizkien. Photovoice proiektuaren bitartez herritarrek beren elikadura-inguruneari buruz zuten ikuspegia ezagutu zen. Auzotarren eskutik lortutako ondorioak lagungarriak izan daitezke tokian tokiko politika eta esku-hartzeak gidatzeko, elikadura-ingurune osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin.
  • Egileak: Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Amets Jauregi, Irati Ayesta, Silvia Caballero, Julia Fernández eta Leyre Gravina
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 63-80
  • DOI: 10.1387/ekaia.22804
Egileez:
  • Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Amets Jauregi, Irati Ayesta, Silvia Caballero, Julia Fernández eta Leyre Gravina UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saileko ikertzaileak dira.
  • Ainara San Juan, Irrintzi Fernández, Silvia Caballero eta Leyre Gravina Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nola baldintzatzen du hiri-inguruneak herritarren elikadura? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Distira duten mineralak

Wed, 2023/12/06 - 09:00

Mineralek, egitura kristalinoetan antolatutako elementu kimikoz osatutako substantzia solido natural horiek, ezaugarri fisiko eta kimiko batzuk dituzte, bakarrak eta berezkoak. Horri esker, identifikazio eta sailkapen irizpide gisa erabil ditzakegu.

Beste era batera esanda, eta pixka bat sinpleago. Mineralen konposizio kimikoa eta elementu kimiko horien barne egitura dela eta, mineral bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, begi hutsez ikus daitezkeenak eta berezkoak direnak, eta, horri esker, azkar identifika ditzakegu, eta besteengandik bereizi. Gizakiekin parekatuz gero, pertsona bat beste batekin nahastu gabe deskribatzeko balio duten ezaugarri heredatu horiek lirateke, hala nola ilearen eta begien kolorea, azalaren tonua, altuera, oreztak edo orinak izatea edo gure ahotsaren maila.

Horrek joko handia ematen digu geologia dibulgazioko jarduerak antolatzen ditugunean, mineralak identifikatzeko tailerrak plantea baititzakegu oso modu errazean eta tramankulu askorik gabe, hala nola toska zati bat, labana bat edo beira bat. Horrek bertaratutakoen arreta erakartzen du. Eta aipatzen ditugun propietate fisiko eta kimiko gehienak azaltzeko eta ulertzeko errazak diren arren, baten bat jendeari trabatzen zaio. Distiraz ari naiz.

DistiraIrudia: A) Galena alea, metal distira duen minerala. B) Kuartzozko kristalak, distira ez metalikoa duen minerala.

Definizio azkar batean, mineral baten gainazalak argia islatzen duenean hartzen duen itxura da distira. Eta hortik dator nahasmena. Argia islatzeaz hitz egiten dugunean, uhin argitsuak mineralaren aurpegiaren kontra indarrez errebotatzen eta igorpen iturrira itzultzen imajinatzen ditugu, argi sorta berri bat balitz bezala. Ia mineral hori berez igorle bihurtu eta distira argitsua sortuko balu bezala. Horixe ikusten dugu, adibidez, eguzkiak metalezko objektu batean eragiten duenean kalean, eta horren isla distira bihurtzen da, bere posizioa zehatz-mehatz markatzen diguna, eta min ematen diguna hari adi-adi begiratuz gero. Horrek pentsarazten digu distira egiten duten mineralak -argi efektu hori sortzen dutenak, alegia-, eta distirarik ez duten mineralak -horien artean sartuko genituzke distira hori eragiten ez duten guztiak- daudela.

Hori da guztiok egiten dugun akatsa mineralen propietate optiko hori deskribatu behar dugun lehen aldian; izan ere, planetako mineral guzti-guztiek dute distira. Hain zuzen ere, aurreko paragrafoan aipatu dizuedan eta guztiz intuitiboa den ikusizko hautemate horrek ahalbidetzen digu mineralen distira mota sailkatzea, bi talde handi bereizita. Alde batetik, argiak eragiten dienean metal baten itxura distiratsua duten mineralek distira metalikoa dutela esaten dugu. Kolore ilun eta opakuko mineralak dira, hau da, argiak zeharkatzen uzten ez dietenak, esaterako, pirita (burdin sulfuroa, FeS2) edo galena (berun sulfuroa, PbS). Eta, bestalde, distira ez metalikoko mineralak ditugu, kolore argikoak eta gardenak edo zeharrargiak direnak; eta, beraz, argia transmititzen dute, neurri batean edo guztiz.

DistiraTaula: mineraletan ohikoenak diren distira motak (metalikoa eta ez metalikoa) eta azpimotak (diamantezkoa, koipetsua, matea, nakar itxurakoa, perla itxurakoa, erretxinatsua, zeta antzekoa eta beirazkoa) sailkatuta, zenbait adibide bereizgarrirekin. (Minerales de Visu / Alacanteko Unibertsitateko jatorrizkoaren irudi aldatua)

Distira ez metalikoa duten mineralen barruan hainbat azpibanaketa edo taldekatze aurki ditzakegu, hala nola beira distirakoak, leiho bateko beirak duen distira gogorarazten baitigute. Hori da, esaterako, kuartzoari gertatzen zaiona (silizio dioxidoa, SiO2); nakar distirakoak, kasu honetan perletan sortzen diren irisazioen antzekoa dena eta talkoaren bereizgarria dena (magnesio hidratatuaren silikatoa, Mg3Si4O10(OH)2). Baina, oro har, mineralak beren distiraren arabera sailkatzeko orduan ez gara hainbeste xehetasunetan sartzen, distira metalikoa edo distira ez-metalikoa dutela esaten dugu.

Badakit testuan zehar askotan errepikatu dudala distira hitz gakoa, baina nahita izan da, erabat argi uzteko mineral guztiek propietate hori dutela eta sailkatzeko oinarrizko ezaugarri fisikoetako bat dela. Horrela, mineralak identifikatzeko dibulgazio tailer zoragarri bati aurre egiten diozuenean, distira metalikoaren eta distira ez metalikoaren arteko aldea jakingo duzue, eta haren propietateekin jolasten jarraitu ahal izango duzue eskuan duzuen alearen izen zuzena asmatu arte.

Esker ona:

Eskerrak eman nahi dizkiot Ana Rodrigo Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko (IGME-CSIC) Geominero Museoko zuzendariari, artikulu hau idazteko ideia emateagatik. Gure geologia dibulgazioko jarduerak hobetzeko moduari buruzko elkarrizketa interesgarri baten ondoren, mineralen ezaugarri bereizgarrietako batzuk ulertzeko orduan jendeak oro har dituen arazoak azpimarratzeagatik.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 28an: Minerales con brillo.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Distira duten mineralak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Momien usaina berreskuratzen

Tue, 2023/12/05 - 09:00

Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzak oinarri hartuta, Danimarkako museo batean erakusgai jarri dute Antzinako Egipton momifikazio-prozesuan erabilitako baltsamo baten kopia. Horretarako, Erregeen Haranean aurkitutako bi txarro kanopikotatik hartutako laginak aztertu dituzte. Txarro horietan Senetnay emakume noblearen birika eta gibel baltsamatuak gorde ziren eta, txarroan gelditzen diren arrastoen analisi kimikoari esker, baltsamoa berregiteko ahalegina egin dute.

Antzinako Egipton ohikoak ziren heriotzarekin lotutako hainbat erritu eta Egiptoko kulturan garrantzi berezia zuten heriotza-errituek. Kultura horren baitan, berebiziko garrantzia zuen hil ostean gorpuari egiten zitzaion prozesu guztia, alegia, momifikazioa. Egiptoko kasua alde batera utzita, momifikazio-prozesu konplexu horiek munduko oso leku gutxitan dokumentatu dira –Txilen eta Txinan ere badago kasurik–. Naturako baldintza oso zehatzetan gerta daitekeen momifikazio naturalaren kasuan ez bezala, Egiptoarrek egiten zuten momifikazio artifizialaren kasuan, gorpua prestatu egiten zuten momifikatzeko, hainbat substantzia erabiliz. Momifikazio-prozesuaren baitan, birikak, gibela, hesteak eta urdaila kentzen ziren gorputik, prozesu bereiztu baten bitartez baltsamatzeko eta txarro kanopikoetan gordetzeko. Organoen baltsamatzea ohikoa zen arren, ez zen beti egiten. Ikuspuntu kimikotik, organoak kentzean hobetu egiten zen gorpuaren lehorketa-prozesua; izan ere, bakterioen hazkuntza murrizten zen horrela.

TxarroIrudia: Antzinako Egipton garrantzi handikoak ziren heriotza-errituak. (Argazkia: aitoff – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzek momifikazio-prozesuan erabilitako substantzietan jarri dute fokua. Max Planck Geoantropologia Institutuko B. Huber-ek eta bere lankideek organoak baltsamatzeko erabilitako substantziak ikertzen aritu dira, hain zuzen ere. Ikerketa Erregeen Harana delako Antzinako Egiptoko nekropolian aurkitu ziren txarroekin burutu dute. Aztertutako txarroak Senetnay izeneko emakume noblearen birikak eta gibela gordetzeko erabili ziren eta, gaur egun, Hanover-eko (Alemania) August Kestner Museoan daude. Txarroak Howard Carter arkeologo ingelesak aurkitu zituen 1900. urtean, baina ez zen horregatik ospetsu egin, baizik eta 1922an Tutankamonen hilobia aurkitzeagatik.

Senetnayren txarroetara itzuliz, momifikatutako organoak galdu egin ziren arren, txarro hutsak ondo gordeta egon dira urte hauetan guztietan zehar. Hain hutsak ez daude, gainera; izan ere, momifikazioan erabilitako baltsamoen arrastoek oraindik diraute txarroen barruko geruzetan eta txarroa egiteko erabili ziren material porotsuetan.

Egipton momifikazioak 4.000 urtean baino gehiagoan egin ziren arren, ez dira garai hartako idatzi asko berreskuratu –adibide ospetsuenetakoa Baltsamatzearen Errituala delako papiroa da– eta berreskuratu direnetan ez dira aipatzen zeintzuk ziren baltsamoetan erabilitako osagai guztiak. Horrexegatik, Kimika Analitikoaren tresna garrantzitsuenetakoak diren gas-kromatografia eta masa-espektrometria erabiliz hainbat ikerlan egin dira osagai horiek zeintzuk izan zitezkeen jakiteko. Kasu honetan, Huberrek eta bere lankideek Senetnayren bi txarro kanopiko horietatik hartutako laginak aztertu dituzte. Txarro bakoitzaren azpialdetik lagin bana eta barneko paretetatik bina lagin aztertu dituzte, guztira sei laginekin egin da lan. Analisi kimikoa egiteko erauzketa eta disoluzio pausoak egin zituzten eta, jarraian, laginaren banaketa egin zuten likido- zein gas- kromatografia bidez, azkenik masa espektrometro batekin detektatu zuten.

Aurkitutako substantzien artean, aipatzekoa da hainbat triterpenoide detektatu direla. Erretxina-motako esentziak erabili zituztela frogatzen du horrek. Konposatu aromatiko eta fenolikoak ere aurkitu dituzte; esate baterako, banilla usaina duen kumarina edo kontserbagarri funtzioa duen azido bentzoikoa –bi konposatuok gaur egungo kosmetikan ere erabiltzen dira–. Huberren taldeak frogatu du informazio oso baliagarria lor daitekeela txarro kanopikoen arrastoetatik eta, agian, etorkizunean posible izango da baltsamoak nolakoak ziren guztiz zehaztea. Oraingoz, baltsamoa berregin egin dute ikerketan lortutako informazioa abiapuntu gisa hartuta. Betiereko Esentzia deitu diote eta urriaren 13an zabaldu den Danimarkako Moesgaard Museoan aurkeztu da berregindako baltsamoa.

Oraingoz oso zaila da jakitea berregindako baltsamo horren usaina zein neurritan den Egiptoarrek erabilitakoaren berdina; izan ere, ikertzaileek diotenez, zaila da jakitea gaur egun detektatu diren substantziak berdinak izango ote ziren duela 3.500 urte. Hain zuzen ere, substantziek degradazio-prozesuak jasaten dituzte denboran zehar eta baldintzen arabera, eta zaila da, noski, horiek nola gertatzen diren aurresatea. Hala eta guztiz ere, egindako ahalegina hurbilpen egokia izan daitekeela pentsatzen da. Ikerketa honek modu nabarmenean erakusten du nola erabili daitezkeen analisi kimikoak geure historian arakatzeko eta antzinako informazioa lortzeko. Beti izango dugu zalantza zein neurritaraino lortu dugun benetako informazioa, baina horixe da zientzia: zalantzak argitzen joatea eta informazio ahalik eta osatuena lortzea.

Erreferentzia bibligrafikoa:

Huber, B.; Hammann, S.; Loeben, C.E.; Jha, D.K.; Vassao, D.G.; Larsen, T.; Spengler, R.N.; Fuller, D.Q.; Roberts, P.; Devièse, T. eta Boivin, N. (2023). Biomolecular characterization of 3500‑year‑old ancient Egyptian mummification balms from the Valley of the Kings. Scientific Reports, 13, 12477, DOI: 10.1038/s41598-023-39393-y

Informazio gehiago:

Andrew Zeilstra (2023). The scent of the afterlife unbottled in new study of ancient Egyptian mummification balms, eurekalert.org, 2023ko abuztuaren 31.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Momien usaina berreskuratzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Araztegi-urek ibai-ekosisteman eragiten dute ondo tratatuta egon arren

Mon, 2023/12/04 - 09:00

Ibai ekologia ikerketa-taldeak hondakin-uren araztegi handi bateko urekin egindako esperimentu batek erakutsi du araztegi-urek ibaietako dibertsitatean eta sare trofikoan (elikatze-sarean) eragiten jarraitzen dutela ondo tratatuta eta oso diluituta isuri arren. Ikerketan frogatu dute litekeena dela hondakin-urak tratatzeko gaur egun ezarrita dauden mugak eta erabiltzen diren prozedurak nahikoak ez izatea sare trofikoen propietate naturalak babesteko.

Ur zikinen araztegiek asko hobetu dute mundu osoko uraren kalitatea, ingurumen-arautegien prozeduren arabera asko murriztu baita ur-ekosistemetara iristen diren kutsatzaileen kantitatea. Nolanahi ere, zoritxarrez, araztegietatik isurtzen diren efluenteek, tratatuta egon arren, kutsatzailez, nutrientez eta patogenoz osatutako koktel konplexua izaten jarraitzen dute. Haien ingurumen-efektuak oharkabean gera daitezke, beste faktore batzuek ezkutatuta. Araztegi aurreratuenek nutrienteak, materia organikoa eta metalak murrizteko tratamendu gehigarriak aplikatzen dizkiete ur zikinei. Baina, efluente horiek ere, oso diluituta isuri arren, efektu leunak izan ditzakete luzaroan mantentzen badira.

Araztegi-urekIrudia: BACI (Before-After-Control-Impact) diseinu esperimentalaren marrazki eskematikoa. Kontrol-tartea efluentea isurtzen den lekutik gora dago. Eragina gertatzen den lekuan, tratatutako efluentea jasotzen da ondorengo aldian. (Iturria: de Guzman, Ioar; et. al.)

“Araztegi horien efektuak behar bezala aztertzeko, ekosistema osoa manipulatzeko aukera eman zigun esperimentu berritzaile bat diseinatu genuen, zenbait urte iraun zituena”, azaldu du Ioar de Guzmán UPV/EHUko Ibai ekologia taldeko ikertzaileak. Lehenik, kutsadurarik gabeko errekasto batean aukeratutako bi tartetan hainbat aldagai neurtu zituzten urtebetez, ikusteko ea tarte horien artean zer alde zegoen. “Horrela bagenekien errekastoaren aldagai horiek nola aldatzen ziren denboraren eta tokiaren arabera”, zehaztu du. Ondoren, araztegi batean ondo tratatu eta asko diluitutako urak tarte horietako batera desbideratu zituzten uretan beherena zegoen tartera. “Beste urtebetez neurketak egin genituen bi tarteetan, isuri horiek errekako dibertsitatean eta sare trofikoan (janari-harremanen arabera antolaturiko organismo-multzoan) eta ekosistemaren funtzionamenduan zer aldaketa eragiten zituzten ikusteko”.

Aldaketa garrantzitsuak ekosisteman

Ikerketan frogatu dute hondakin-ur tratatuek eragin garrantzitsuak izan ditzaketela ekosistema-mailan, eta errekastoetako komunitateen egituran eta funtzionamenduan eragin dezaketela diluzio-maila oso altuekin isurita ere. Efluentearen toxikotasuna txikia izan zela ikusi bazuten ere, “oro har, ornogabeen dibertsitatea murriztu egin zen eta komunitateak heterogeneoagoak bihurtu; alga-kantitateak handitu ziren, eta herbiboria (edo landarez elikatzeko joera) areagotu—azaldu du ikertzaileak—. Nahiz eta efluente-urak tratatuta egon, nutriente jakin batzuk iristen dira errekastora. Hauek algak eta materia organikoa sustatzen lagundu dezakete, baina aldi berean kutsatzaileek eragin dezakete ornogabe sentikorrak desagertzea eta haien tokia erresistenteagoak diren beste batzuek hartzea”.

Agerian geratu da, beraz, gaur egun hondakin-urak tratatzeko erabiltzen diren prozedura aurreratuenek ere ur gezatako ekosistemetan eragiten jarraitzen dutela. Baita uretako sare trofikoak kontserbatzeko, ur kutsatuak tratatzeko ahaleginak areagotu behar direla ere. “Uste dugu legediak markatzen dituen mugetara doituta arazoak lausotzen direla, baina oraindik ere inpaktuak sorturik kontuan hartu behar dugu erreketako sare trofikoak modu optimoan kontserbatzeko tratamendu horiek are eta zorrotzagoak izan behar dutela”, esanez amaitu du Ibai ekologia taldeko ikertzaileak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Araztegi-urek ibai-ekosisteman eragiten dute, ondo tratatuta eta oso diluituta egon arren.

Erreferentzia bibliografikoa:

de Guzman, Ioar; Elosegi, Arturo; von Schiller, Daniel; González, Jose M.; Paz, Laura E.; Gauzens, Benoit; Brose, Ulrich; Antón, Alvaro; Olarte, Nuria; Montoya, José M.; Larrañaga, Aitor (2023). Treated and highly diluted, but wastewater still impacts diversity and energy fluxes of freshwater food webs. Journal of Environmental Management, 345. DOI: 10.1016/j.jenvman.2023.118510

The post Araztegi-urek ibai-ekosisteman eragiten dute ondo tratatuta egon arren appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #463

Sun, 2023/12/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Ingurumena

Ikerketa berri baten arabera, baso tropikaletan zuhaitz espezie gehiago bil daitezke, zuhaitzen plantulak gurasoengandik hurbil daudenean ez direlako hain ondo hazten. Prozesu hori “espezieen aldarapena” teoriaren bitartez azaldu dute ikertzaileek. Teoria horren arabera, haziak, askotan, ez dira hain ondo hazten beren guraso zuhaitzetatik gertuko lurzoruetan, baina bai loturarik gabeko zuhaitzetatik gertu dauden lekuetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: ‘Espezieen aldarapenak’ biodibertsitate handia ahalbidetzen du zuhaitz tropikaletan.

Osasuna

Garikoitz Azkona UPV/EHUko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzaileak Zientzia Kaierako artikulu batean deskribatu ditu gizarte-isolamenduak eragindako depresioaren neurobiologian egin diren aurrerapenak. Azaldu duenez, isolamendu sozialak eragindako bakardade-sentimenduak eragina izan dezake estres kronikoan. Estres kronikoak, bestalde, garuneko serotonina-maila gutxitzea eragin dezake eta, ondorioz, depresioa eragin. Azkonak adierazi du munduan 280 milioi pertsonak dutela depresioa (%3,8), eta intzidentzia emakumeetan handiagoa dela.

Paleontologia

Zestoako Erralla koban aurkitu da orain arte munduan identifikatu den txakur fosil zaharrena. Izatez, animalia horren aztarnak 80ko hamarkadan topatu ziren, baina ezin izan zuten hura segurtasun guztiz identifikatu. 2022. urtean, ordea, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikerketa taldeak humeroaren arrastoetan datazio erradiokarbonikoa egin zuten. Hala ziurtatu ahal izan zen duela ~17.000 urte bizi izan zela animalia hura, eta, genetikoki, kanidoa txakur bat zela. Aurkikuntza horrek galdera berriak sortu ditu txakurraren etxekotze-prozesuaren inguruan, uste baino lehenago gertatu baitzen. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena.

Astronomia

Artizarraren balizko jarduera bolkanikoaren azterketa gori-gorian dagoen gaia da. Orain arte ziurtatu ahal izan da, gaur egun aktiboa ez bada, duela gutxi izan dela. Azken kronologien arabera, planetaren azalerarako adin-tarte zabala da: 1.000tik 150 milioi urtera doa. Adin horiek azaleko kraterrak zenbatuz kalkulatu dira, zenbat eta krater gehiago, orduan eta antzinakoagoa izaten baita azalera. Gainera, informazio hori erabiliz, ikerketa berri batek adierazi du Artizarrak Lurrak baino talka askoz energetikoagoak jasango zituela bere historian. Horrek planetako nukleoan bero handia pilatuko zukeen, eta ondorioz planetak jarduera bolkaniko handia izango luke. Azalpenak Zientzia Kaieran: Artizarraren azaleraren gaztetasuna.

Nautika eta Itsas Garraioa

June Madariaga Navarrok Nautika eta Itsas Garraioa gradua ikasi zuen, eta gai berdinaren inguruan masterra egin ondoren, doktoregoa egiten dabil. Buia bat da bere ikerketako erreminta nagusia; harekin ikertzen ari dira nola areagotu pertsonen segurtasuna kostan. Azaldu duenez, emakumezkoak gutxiengoa dira berak egindako ikasketetan, eta are gutxiago ikerketan. Gainera, Madariagaren esanetan, itsasontzi batzuetan ez dituzte emakumeak hartu nahi izaten. Itsasoko lana, oro har, gogorra dela dio, baina gogoko baduzu, oso polita. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: June Madariaga, nautikako ikertzailea: “Nautika oso polita da, baina lanbide hau gustatu egin behar zaizu”

Klima-aldaketa

AZTIk txosten berri batean ohartarazi duenez, itsas maila 65 zentimetro igo daiteke mende amaierarako. Egin dituzten kalkuluen arabera, 1990etik hamarkada bakoitzean 1,5-3,5 zentimetro artean igo da itsas maila. Guillem Chust AZTIko Klima-aldaketa arloko koordinatzailearen hitzetan, igoera horrek hondartza gehienak, padurak eta belardiak galtzea eragingo du. Itsasoaren tenperaturari ere erreparatu diote, eta datuek adierazi dute mende amaierarako 3,5 gradu igoko dela Bizkaiko golkoan. Olatuen muturreko altuerak ere gora egingo du, eta hogei arrain talderen banaketak poloetarantz mugituko dira. Datu guztiak Berrian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #463 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #471

Sat, 2023/12/02 - 09:00

Hitz funtzionalak

Hitz funtzionalak hizkuntza baten % 60 dira, karga semantiko txikia dute, hizkuntza guztietan daude eta erabilera baliokideak dituzte. Adibide bat erakusleak lirateke. Norbaiten ustez beharrezkoa da sistematikoki egiaztatzea. Juan F. Trillok Yes, we all use ‘this’ and ‘that’, so what?

Material bat isolatzailea izatetik supereroalea izatera pasa daiteke argi pixka batekin, eta, horrek, askotariko aplikazioetan etengailu izateko hautagai bihurtzen du. Purple bronze, from insulator to superconductor and back

Zelulen zatiketa gertatzen den zehaztasunaren eta neurona neokortikalen kopuruaren eta, beraz, gaitasun kognitiboen, arteko korrelazioa ikusi da. Precise cell division and cognition in modern humans, Daniel Moreno Andrésen eskutik.

James Webb Espazio Teleskopioa, unibertsoaren adina bezalako arazo kosmologikoak birplanteatzera behartzen ari da. Dena galaxia primitiboekin hasten da…  Rajendra Guptak Is new physics needed to explain the early galaxy problem?

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #471 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

June Madariaga, nautikako ikertzailea: “Nautika oso polita da, baina lanbide hau gustatu egin behar zaizu”

Fri, 2023/12/01 - 09:00

Nautika eta Itsas Garraioa graduan, emakumezkoak gutxiengoa dira. Eta are gutxiago dira gradu hori egin ondoren ikerketara jauzia ematen dutenak. June Madariaga Navarro da gutxi horietako bat, eta, aitortu duenez, oso pozik dago bere aukerarekin.

Doktoretzaren lehen urtea egin du, eta horrela azaldu du zertan dabilen: “Zunibal enpresak eta EHUk elkarlanean buia bat jarri genuen, eta orain Euskalmetena da. Buia horrekin, ikertzen ari gara nola areagotu pertsonen segurtasuna kostan, bai hondartzetan, bai uretako jarduerak egiten ari direnena”. Dioenez, hasiera batean, irakasle batzuen ideia izan zen, eta haiek bultzatuta sartu zen proiektuan. “Orain buia bat da, baina gehiago jartzeko asmoa dugu”.

June MadariagaIrudia: June Madariaga Navarro nautikako ikertzailea.

Itsasoa ez zaio arrotza Madariagari: “Nire aitite makinista zen; aita arrantzalea da; beste aitite oso errotuta dago… Orduan, bokazioz aukeratu nuen Nautika eta itsas garraioa gradua eta masterra ikastea, eta orain, horretan nago lanean, eta, gainera, doktoregoa egiten”.

Onartu du, etxekoek eta ingurukoek bere erabakia babestu bazuten ere, beldurra ere bazutela: “Beti pentsatzen duzu, hasieran behintzat, nabigatzen hilabete asko emango dituzula etxetik kanpo, eta auskalo nolako itsasontzia egokitzen zaizun… Baina ni jada ibili naiz itsasoan, eta orain portuan nago, eta pozik”.

Itsasoan eta portuan, bietan aritu da, beraz, lanean. Eta itsasoa polita bada ere, oso gogorra dela ohartarazi du: “Ez zaude etxean, ez dakizu zer gertatzen den ari den gertatzen, bakarrik kontatzen dizutena, eta batzuetan falta handia sentitzen duzu… Portuan, berriz, zortzi ordu ematen dituzu lanean, eta gero jada etxean zaude”.

Doktore-tesia egiteak ere ematen dio bertigo pixka bat, neurri batean, bere arloan ez direlako ikerketa asko egiten. “Baina irakasleek asko laguntzen didate, eta beti daude hor, adibidez, kongresu batera joateko, edo argitaratzeko… Adibidez, haiei esker, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Teknalia gelan parte hartu dut aurten, eta hor ikusi dut garbi tesia egin nahi dudala; lehen ez nengoen hain ziur”.

Bestalde, maskulinizatutako arloa da, oraindik ere. Justu berak ikasi zuen urtean, ohi baino emakume gehiago ziren, baina normalean, 10etik 2-3 izaten dira. Eta itsasontzi batzuetan, ez dituzte emakumeak hartu nahi izaten. Berak, hala ere, zortea izan zuen: “Ikasle modura, urtebete egin behar dugu nabigatzen, eta, nire itsasontzian, ni nintzen emakume bakarra, baina gutxi ginen; guztira, bederatzi. Besteak Galiziakoak eta Euskal Herrikoak ziren, eta tratua oso ona izan zen. Baina ezin nuen beste emakume batekin hitz egin, eta horren falta nuen. Dena dela, gehienetan, eskifaia nazioartekoa da, eta gehiago izaten dira, eta horrelakoetan are zailagoa da. Bueno, eta askotan ez dute emakumerik hartzen”.

Hala eta guztiz ere, emakumeak bide hori hartzera animatuko lituzkeen galdetuta, baietz dio, baina ohar batekin: “Gustatu egin behar zaizu”. Berak bai, gustuko duela berretsi du, eta tesia egiteko gogotsu dagoela baieztatu du, gainera. “Badakit gogorra izango dela, baina orain hori da nire bidea, eta poliki-poliki ekingo diot”.

Fitxa biografikoa:

June Madariaga Navarro Portugaletekoa da, eta 2000. urtean jaio zen. Nautika eta Itsas Garraioa gradua egin zuen UPV/EHUn, eta, jarraian, izen bereko masterra. Orain, tesia egiten dabil, kostako segurtasuna areagotzeko buia-sistema baten inguruan.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post June Madariaga, nautikako ikertzailea: “Nautika oso polita da, baina lanbide hau gustatu egin behar zaizu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Isolamendu soziala, estres kronikoa eta depresioa

Thu, 2023/11/30 - 09:00

Depresio nagusia pairatzen duen pertsona batek gutxienez bi aste irauten duen gertakari depresibo bat pairatu behar du, eta gertakari horrek aldaketa argiak eragin behar dizkio aldartean, interesetan eta plazerran (anhedonia), baita aldaketak kognizioan ere, eta sintoma begetatiboak erakutsi behar ditu. Munduan 280 milioi pertsonak dute depresioa (%3,8), eta intzidentzia emakumeetan handiagoa da, sintoma larriagoekin eta emaitza kliniko okerragoekin.

Depresio nagusia gaixotasun sistemiko bat da eta bere etiologian hainbat mekanismok parte hartzen dute, eta haren heredagarritasuna %35 ingurukoa da. Gainera, ingurumen-faktoreak, hala nola isolamendu soziala eta bakardadea oso lotuta daude depresio nagusia garatzeko arriskuarekin. Ikerketak diotenez isolamendu sozialak estres kronikoa eragingo luke. Pertsonak hauek, hipotalamo-hipofisi-guruin adrenala ardatzaren desregulazio kronikoa pairatuko luke, kortisol maila altuekin. Metanalisi berri baten emaitzen arabera, kortisola depresio nagusiaren iragarle posible bakarra da.

depresioaIrudia: isolamendu sozial kronikoak aldaketak eragingo lituzke nerbio-sisteman, sistema endokrino eta immunologikoan eta hauek depresio nagusia eragin lezakete. (Argazkia: Quintin Gellar – erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Baina beste aldaketa molekular asko deskribatu dira ere. Gero eta ebidentzia gehiagok erakusten dute hantura kronikoak depresio nagusia garatzen lagundu dezakeela eta zitokina proinflamatorionen maila altuekin. Era berean, azken urtetako hipotesi zabalduenaren arabera, depresioaren sintomak nerbio-sistema zentraleko serotoninaren maila baxuen ondorioa dela dio. Serotonina monoaminen familiako neurotransmisorea da eta triptofanotik eratorritako molekula da. Triptofanoa animalia-jatorriko proteinetan eta zerealetan dagoen funtsezko aminoazido bat da. Dietaren bidez jasotako triptofanoarekin, gure organismoak erreakzio biokimiko batzuei esker serotonina ekoizten du. Baina serotonina de novo ekoizteaz gain, birzikla daiteke. Mekanismo hori mintz presinpatikoan dauden garraiatzaile batzuei esker egiten da. Hauek, sinapsiko serotonina berreskuratu eta besikula sinapikoetan gordetzen dute berriro. Hainbat ikerketa genetikok garraiatzaile honentzat kodetzen duen genearen polimorfismoa identifikatu dute, eta bi alelo bereizten dira, motza eta luzea. Bietatik, alelo motzak, terminal presinpatikoan serotonina sartzerakoan eraginkortasun txikiagoa duen garraiatzailea emango luke.

Nahiz eta organismoan duen funtzio fisiologikoa askoz konplexuagoa izan, serotonina zoriontasunaren eta plazerraren molekula bezala ezagutzen da. Sistema serotoninergikoaren desorekak antsietate, depresio eta psikosiaren mekanismoekin erlazionatu ohi dira. Hipotesi hori indartu egiten da depresioa duten paziente askok tratamendu farmakologikoari erantzuten diotelako garuneko serotonina maila emendatzearren droga serotoninergikoak hartu eta gero, fluoxetina, adibidez. Hala ere, ez dakigu zehatz-mehatz zeintzuk diren serotonina mailak murrizteko mekanismoak eta metanalisi berri batek adierazten duenez, serotonina eta depresioaren arteko loturak ez du erakusten ebidentzia sendorik.

Baina faktore bakarrak ez du azaltzen depresio nagusiaren sintomatologia. Halaber, beste monoamina batzuen maila baxuak ere lotu izan dira depresioarekin, hala nola dopamina eta noradrenalina. Monoamina bakar baten maila igotzen duten antidepresiboek depresioaren sintomak arintzen dituzte pazienteen ehuneko mugatu batean. Bestalde, monoamina bati baino gehiago zuzendutako antidepresiboek emozioen eta kognizioen zirkuitoen funtzioak hobetzen dituzte, eta frogatu da ekintza horrek funtsezko zeregina duela farmako hauen eraginkortasun terapeutikoan. Anatomiari dagokionez, irudi ikerketek hipokanpoaren, gongoil basalen, talamoaren eta garun-azaleko hainbat eskualdeen bolumen txikiagoa aurkitu dute depresio nagusia duten pazienteetan. Hauetan, afektibitateari eta kognizioari lotutako garun-zirkuitu jakin batzuetako alterazioak ere aurkitu dira, baita alterazio neurotrofikoak ere, BDNF-TRKB sistemetan.

Laburbilduz, isolamendu sozial kronikoak aldaketak eragingo lituzke nerbio-sisteman, sistema endokrino eta immunologikoan eta hauek depresio nagusia eragin lezakete. Hala ere, ez dira zehatz-mehatz ezagutzen azpiko mekanismo molekularrak. Hortaz, ikerketa gehiago behar dira prozesu honen mekanismo molekularrak zehaztu ahal izateko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Isolamendu soziala, estres kronikoa eta depresioa.
  • Laburpena: Ingurumen-estimulu batek aldaketak eragin ditzake garuneko neurokimikan eta nahasmendu neuropsikiatrikoak eragin. Hori horrela, isolamendu sozialak eragindako bakardade-sentimenduek eragina izan dezakete estres kronikoan. Estres kronikoak aldaketa neuroendokrinoak eta immunologikoak eragiten ditu, eta aldaketa horiek serotonina maila gutxitzea eragin lezakete garunean eta, ondorioz, depresioa eragin. Artikulu honetan, gizarte-isolamenduak eragindako depresioaren neurobiologian egin diren aurrerapenak deskribatzen dira.
  • Egilea: Garikoitz Azkona Mendoza
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 257-271
  • DOI: 10.1387/ekaia.23996
Egileez:

Garikoitz Azkona Mendoza UPV/EHUko Psikologiako Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Isolamendu soziala, estres kronikoa eta depresioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Artizarraren azaleraren gaztetasuna

Wed, 2023/11/29 - 09:00

Azken urteetan planeten geologian gori-gori dagoen gaietako bat –eta seguru asko gori jarraituko duena datorren urtea hasi eta gero ere, beharbada orduan erabakiko baita gaia– Artizarreko balizko jarduera bolkanikoaren azterketa da. “Artizarrak sumendi aktiboak dituela dioen behin betiko froga?” artikuluan, aipatu izan dugu sumendiak aktibo daudela erakusten duten lehenengo irudiak izan daitezkeenak.

Egia esan, Artizarraren aktibitate maila ezagutzea guretzat zaila den arren misiorik ez dagoelako eta denborazko estaldura txikia delako -gutxienez ebazpen onekoa-, gaur egun aktiboa ez bada duela gutxi izan da, nahiz eta ez dakigun zein prozesu diren azalera gaztetzearen arduradunak. Gure planetan plaken tektonika daukagu, baita bolkanismoa ere eta kanpoko eragileak (euria edo izotza, esaterako) ere bai, baina zer gertatzen da Artizarrean?

Azkenaldiko kronologien arabera, Artizarraren azalerarako adin-tarte zabala dago; 1.000tik 150 milioi urtera doa tarte hori, planeta aztertzeko muga handiak ditugulako. Are gehiago, radar irudietan ikusi ahal izan ditugun krater populazioak aztertuz kalkulatu dira adin horiek. Izan ere, ezin izan ditugu azalerako laginak ekarri eta gure laborategietan datatu; oraingo gure maila teknologikotik oso urrun dago aukera hori.

Artizarraren1. irudia: kraterrak Artizarreko Lavinia eskualdean, Magellan zundaren radarrarekin ikusita. (Argazkia: NASA/JPLren adeitasunez)

Kraterrak kontatzearen bidez datatzeko teknika oso ohikoa da Eguzki Sistemako gorputzetan, laginik ezin badugu ekarri baina irudiak baldin baditugu. Izan ere, eremu bateko kraterrak kontatuta zenbatetsi dezakegu adina eta oro har, azalera unitateko zenbat eta krater gehiago, orduan eta antzinakoagoa izaten da azalera, nahiz eta bere mugak izan. Oinarrizko printzipio bat da eta honela labur dezakegu: azalera ez bada aldatzen prozesu motaren baten ondorioz, gero eta krater gehiago ikusiko dira. Edo beste era batera esanda: kraterrak planeten “zimurrak” dira.

Baina teknika horrek eragozpen zehatz bat du Artizarrean: atmosfera dentsoa duenez, seguru asko gorputzik txikienen iragazkia izaten da eta gorputz horiek lurra ukitzerako kontsumituko dira. Ondorioz, ez dute kraterrik egingo; horrek gure lana zaildu egiten du eta adin gazteagoa duela uste dezakegu.

Datazioekin balizko arazo hori izan arren, Artizarraren azalerari begiratuz gero oso gaztea dirudi. Are gehiago, barneko planeta bakarra litzateke (Merkurio eta Marte kontuan izanda) azalaren gaztetze adina Lurraren antzekoa duena eta, ondorioz, planeta eraldatzeko prozesu aktiboak dituena edo iragan hurbilean aktibo izan dituena.

Zein prozesu da edo dira horren erantzule? Azterketa berri baten arabera, Artizarreko jarduera bolkanikoa da arduradun zuzena. Planetako eraikin bolkanikoen azken erroldari esker dakigu 85.000 sumendi inguru daudela, hau da, gure planetan baino sei aldiz gehiago gutxi gorabehera, eta horietako asko aktibo badaude. Laba isurketak izan daitezke azalera zaharrenak estali eta berriagoak eratzearen arduradunak.

Baina oraingoan ere bada alde bat gure planetarekin alderatuz gero. Artizarrak Lurrak baino askoz sumendi aktibo gehiago badu, nahiz eta antzeko neurria izan bi planetek… nondik ateratzen da erupzio kopuru handi hori sortzeko behar den bero guztia?

Artizarraren2. irudia: talka horien garaian Artizarrak izango zuen itxuraren irudikapena; talka horiek bero “estra” emango zioten planetari eta jarduera bolkaniko handia ahalbidetu, Lurrekoa baino handiagoa. (Irudia, Southwest Research Institute-ren adeitasunez)

Azterketa horren arabera, Artizarrak azaleraren aurka Lurrak baino talka askoz energetikoagoak jasan izango zituen eta planetan dagoen beroa hazi zuten. Hori ez da arraroa, Eguzkitik gertuago dagoenez, gorputzak azkarrago mugitzen baitira mekanika orbitalaren ondorioz. Hori dela eta, kolisioek indar handiagoa dute eta Artizarra eratzen duten materialetan bat-egite maila handiagoa ere bai.

Era berean, litekeena da Artizarraren aurka talka egindako gorputz horiek eszentrikoagoak izatea Eguzki Sistemako eremu urrunenetik datozelako eta horrek ere energia gehiago emango lioke talkari.

Horiek horrela, talka horiek eragindako baldintzek geodinamikaren eboluzio oso desberdina eragin izango zuten Artizarrean eta Lurrean. Artizarrak nukleo oso beroa izango du eta ondorioz jarduera bolkaniko handia, planetaren barrutik kanpora beroaren transferentzia dagoelako.

Baina artikulu honetan bada beste ondorio bat ere: Artizarrak eremu magnetiko ahula du. Azterlan batzuen arabera, Artizarraren nukleoaren egitura da horren arduraduna, talkek osaera homogeneizatu egingo baitzuten beharbada. Eta litekeena da Artizarrak eremu magnetiko askoz garrantzitsuagoa izatea iraganean, nukleoak seguru asko bero nahikoa izango baitzuen geodinamoa hasteko, baina litekeena da azalaren magnetizazioa bolkanismo handiagatik desagertu izana.

Etorkizunean Artizarrera planeatuta dauden misioen zain egon beharko gara –hamarkada honen amaieran eta datorrenaren hasieran–, Artizarrari buruzko gai horiek eta askoz gehiago ebazteko, eta beharbada galdera berriak aurkitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Herrick, Robert R.; Bjonnes, Evan T.; Carter, Lynn M.; Gerya, Taras; Ghail, Richard C.; Gillmann, Cédric; Gilmore, Martha; Hensley, Scott; Ivanov, Mikhail A.; Izenberg, Noam R.; Mueller, Nils T.; O’Rourke, Joseph G.; Rolf, Tobias; Smrekar, Suzanne E.; Weller, Matthew B. (2023). Resurfacing History and Volcanic Activity of Venus. Space Science Reviews, 219, 29. DOI: 10.1007/s11214-023-00966-y
  • Marchi, Simone; Rufu, Raluca; Korenaga, Jun (2023). Long-lived volcanic resurfacing of Venus driven by early collisions. Nature Astronomy, 7, 1180-1187 . DOI: 10.1038/s41550-023-02037-2
  • Tian, Jiacheng; Tackley, Paul J.; Lourenço, Diogo L. (2023). The tectonics and volcanism of Venus: New modes facilitated by realistic crustal rheology and intrusive magmatism. Icarus, 399, 115539. DOI: 10.1016/j.icarus.2023.115539
Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 7an: La juventud de la superficie de Venus.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Artizarraren azaleraren gaztetasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena

Tue, 2023/11/28 - 09:00

Txakurraren jatorria gizaki ehiztari-biltzaileen garaikoa dela aitortzen digute fosilek, gainontzeko animalia etxekotuena baino lehenagokoa. Ostera, gaur egun, urria da otsotik txakurrera igarotzeko prozesu honen inguruan dugun ezagutza. Ildo honetatik, Errallako koban (Zestoa, Gipuzkoa) aurkitu da orain arte munduan identifikatu den txakur fosil zaharrena; baliteke zer-esanik izatea aztarna honek txakurraren bilakaerako ezezagunak argitzeko.

Txakurra otsotik datorren animalia da, gizakiok etxekotu genuen lehena, ardiak, behiak eta gaur egun ezagutzen ditugun bestelako espezie etxekotuen aurrekoa; hots, Neolito aurrekoa, mundu osoan zehar egindako ikerketa zientifikoen emaitzek argi utzi baitute txakurraren jatorria Goi Paleolitoan dagoela. Inork ez daki, ordea, noiz, non eta nola gertatu zen zehazki otsotik txakurrera igarotzeko prozesu hau. Honen harira, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikertaldeko paleogenetikako ikertzaileek egindako aurkikuntzak, Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrena zooarkeologoekin batera, ate asko ireki ditu gai honen inguruan hipotesi berriak eraikitzeko, orain arte munduan genetikoki eta morfologikoki identifikatutako eta erradiokarbonikoki datatutako txakur-fosil zaharrena topatu baitute Errallako koban, Zestoan, Gipuzkoan.

Errallako kanidoa

Errallako koba aurreko mendeko 70eko hamarkadan aurkitu zen, Zestoan. Jesus Altunak zuzendu zituen aztarnategi honetako indusketa-lanak, eta haien ostean, 80ko hamarkadan, aztertutako materialen emaitzak argitaratu ziren. Bertan, Jesus Altunak eta Koro Mariezkurrenak, tamainagatik otsoarena izan ezin zitekeen eta txakur batena zirudien humero bat identifikatu zuten fosilaren morfologiari erreparatuz; humeroaren zabalera distalari erreparatuz, hain zuzen ere. Ezin izan zuten, baina, hura segurtasun guztiz bereizi garaiko beste kanido txikiagoetatik (kuoia eta azeria, batik bat).

80ko hamarkadako datazio erradiokarbonikoko metodoak erabiliz, hots, fosilaren kronologia zehatza ezagutzeko erabilitako analisi kimikoei esker, ~20.000 urte inguru zituela estimatu zuten, alegia, Madeleine aldikoa zela. Datazio erradiokarboniko hau humeroaren maila arkeologiko berean aurkitutako (ustez kronologia antzekoko) bestelako hezur txikietan egin zen, orduko metodologiak esleitutako lagin kantitate handiak behartuta.

Garaian, mundu osoan zehar ezagutzen ziren gainontzeko txakur-fosil zaharrenak ere Madeleine aldikoak ziren, eta fosil honen interesa asko pizten zuen horrek, ordura arte aurkitutako txakur-fosil zaharrenetarikoa izateaz gain, ezagupide apur bat ere emango baitziokeen txakurraren etxekotze-prozesuaren ezagutza orokorrari. Ezezagun hau ez zen argitu, ordea, DNA-analisien tekniken inguruan azken hamarkadetan egin diren aurrerapenak antzinako lagin eskeletikoen DNAren ikerketan (paleogenetikan) aplikatu ziren arte.

fosil zaharrena1. irudia: Errallako kobako indusketa-lanetan ateratako argazkiak. (Iturria: Altuna, J.; Areso, P., 1985)Txakurra ote?

2022. urtean, Koro Mariezkurrena eta Jesus Altunarekin elkarlanean, UPV/EHUko Human Evolutionary Biology ikertaldeko partaideek Errallako humeroaren gain, analisi paleogenetikoa ez ezik, fosil beraren datazio erradiokarbonikoa egin zuten, 80ko hamarkadan lortutako data gaur egungo datazio-metodologia aurreratuagoen bidez zehazteko asmoz. Horrela, duela ~17.000 urte bitarteko fosila izateaz gain, Errallako kanidoa txakur bat zela ziurtatu zen genetikoki. Hala, orain arte morfologikoki eta genetikoki identifikaturiko eta zuzenean dataturiko munduko txakur zaharrena izatea suertatu da.

Txakur-fosil zaharrenen kokalekua Fosilen kronologia (urtetan) Erralla (Gipuzkoa) 17,410–17,096 Abri le Morin (Frantzia) 15.114-14.237 Bonn-Oberkassel (Alemania) ~14.800-14.000 Kesslerloch (Suiza) 14,319–14,040 Grota Paglicci (Italia) 14,311–13,860 Kebara (Israel) ~12.500-12.000 Jiahu (Txina) 9.000-7.800

1. taula: ziurki txakurtzat identifikatutako munduko fosil zaharrenak irudikatzen dituen taula. (Iturria: Hervella, M., et al., 2022)

Horrek interes handia piztu du jakintza arlo honetan ikerketa burutzen duten ikertzaileengan, agerian geratu baita txakurraren etxekotze-prozesua uste zena baino lehenago gertatu zela. Zehazki zertan datza, baina, haren garrantzia?

fosil zaharrena2. irudia: Errallako txakurraren humeroa: a) aurretiko bista, b) atzetiko bista, c) erdiko bista eta d) albotiko bista. (Iturria: Hervella, M., et al., 2022)Hipotesi berriak zabalik

Biologikoki, etxekotze-prozesu guztietan, lehenik jarrera-aldaketak gertatzen dira, eta jarraian aldaketa morfologikoak. Jarrera-aldaketa eta aldaketa morfologiko hauek erruz aztertu dira bai animalietan eta bai landareetan, eta hauek etxekotze-sindromearen ezaugarri gisa sailkatu dira. Animalien kasuan, sindrome honen parte izango lirateke, esaterako, belarri eroriak, ilaje-kolore argiak, portaera baretu eta sozialak, etab. Otsoaren eta txakurraren artean, gaur egun behintzat, agerian dauden ezaugarriak dira hauek (3. irudia).

3. irudia: otsoaren (ezkerrean) eta txakurraren (eskuinean) argazkia, hauen ezberdintasun morfologikoak agerian uzten dituena. (Argazkia: nickjans.com)

Txakurraren eta otsoaren arteko ezberdintasuna, bereziki, haien tamainan dago, otsoa txakurra baino handiagoa baita, eta horixe erakusten du Errallako txakurraren fosilak. Horrenbestez, eta aurrez esan bezala, etxekotze-prozesuetan aldaketa morfologikoak jarrera-aldaketen ondoren gertatzen direla jakinik, Errallako txakurra bizi zenerako jada otsoaren etxekotze-prozesua aurreratua zegoela baieztatu du aurkikuntza honek. Laburbilduz, txakurraren etxekotze-prozesua uste zena baino lehenago, hau da, Madeleine aldia baina lehenago, gertatu zela utzi du agerian fosil honek.

Aurkikuntza honekin, galdera mordo bat ireki berri da otsoaren etxekotze-prozesuaren harira: Kantauri Itsasoko  Kostaldea garrantzizko kokaleku geografikoa izan al zen prozesu honetan? Nolakoa izan zen garaiko kostalde  honetako giza ehiztari-biltzaileen partaidetza? Eta nolakoak izan ziren gizaki eta otsoen arteko lehen harremanak? Etorkizun laburrean Human Evolutionary Biology ikertaldeko paleogenetikako ikertzaileak erantzuten saiatuko diren galderak dira hauek, Errallako humeroaren gain eta Kantauri Itsasoko Kostaldeko zenbait kronologiatako beste otso eta txakur-fosilen gain egingo dituzten analisi genetiko sakonagoen laguntzaz.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Altuna, J. & Areso, P. (1985). Situación y descripción de la cueva. Historia de las excavaciones. Descripción del relleno. Munibe, 37, 11-23.
  • Altuna, J. & Mariezkurrena, K. (1985). Bases de subsistencia de los pobladores de Erralla: Macromamíferos. Munibe, 37, 87-117.
  • Boudadi-Maligne, M., Mallye, J.B., et al. (2012). Des restes de chiens magdaléniens à l’abri du Morin (Gironde, France). Implications socio-économiques d’une innovation zootechnique. PALEO, 23, 39-54. DOI: https://doi.org/10.4000/paleo.2260
  • Brumm, A., Germonpré, M., et al. (2023). The human-initiated model of wolf domestication – an expansion based on human-dingo relations in Aboriginal Australia. Frontiers in Psychology, 14, 1082338. DOI: https://doi.org/10.3389/fpsyg.2023.1082338
  • Hervella, M., et al. (2022). The domestic dog that lived ~17.000 years ago in the Lower Magdalenian of Erralla site (Basque Country): A radiometric and genetic analysis. Journal of Archaeological Science: Reports, 46, 103706. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jasrep.2022.103706
  • Mech, L. D. & Janssens, L. A. A. (2022). An assessment of current wolf Canis lupus domestication hypotheses based on wolf ecology and behaviour. Mammal Review, 52, 304–314. DOI: https://doi.org/10.1111/mam.12273
  • Wilkins, A. S., Wrangham, R. W., et al. (2014). The “Domestication Syndrome” in Mammals: A Unified Explanation Based on Neural Crest Cell Behavior and Genetics. Genetics, 197(3), 795–808. DOI: https://doi.org/10.1534/genetics.114.165423
Egileaz:

Aloña Aldasoro Zabala, Zientzia Biomedikoetan graduatua da eta doktorego-tesia egiten dabil UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologiako Sailean, Giza Biologia Ebolutiboa ikerketa-taldean.

The post Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

‘Espezieen aldarapenak’ biodibertsitate handia ahalbidetzen du zuhaitz tropikaletan

Mon, 2023/11/27 - 09:00

Zuhaitzen plantulak gurasoengandik hurbil daudenean hain ondo hazten ez direnez, zuhaitz espezie gehiago bil daitezke baso tropikaletan.

Ekologoen ustez, oihan tropikalek enigma asko dituzte. Hektarea bakar batek ehunka zuhaitz espezie izan ditzake, poloetatik hurbilen dauden basoetan baino askoz gehiago. Espezie horiek, nolabait, hain ugaritasun zorabiagarrian bizi dira; eta, naturalistek eta ekologoek batzuetan adierazi duten bezala, baso tropikalek lorategi botanikoak dirudite, non landare bakoitza zerbait berria den.

zuhaitz1. irudia: Barro Colorado uharteko baso tropikalaren airetiko ikuspegia. (Argazkia: Gewin, Virginia. Iturria: PLoS Biology, 4. DOI: 10.1371/journal.pbio.0040278)

Espezie multzo hori hain trinkoa izan dadin, oreka oso berezi batean bizi behar dute. Badirudi eboluzioak ez diela laguntzen espezie bakar batek modu agresiboegian aurrera egiten duen egoerei; aitzitik, organismoak bereaz bestelako espeziez inguraturik daudenei laguntzen die. Egitate horiek eta espezieak elkarren artean banatzeko, lehiatzeko eta eragiteko moduari buruz dakiguna uztartzea erronka bat da.

Aniztasun ikaragarri hori aztertzeko, duela urte batzuk, zientzialariek baso partzelak ezarri zituzten, non zuhaitz bakoitzaren kokapena eta egoera erregistratu eta arakatu baitzezaketen hamarkadetan zehar. Mota horretako lehenengo partzeletako batek, Panamako Barro Colorado (IBC) uhartean, 500 metroko zabalera eta 1.000 metroko luzera du (70 futbol zelairen eremua) eta 300 espezie baino gehiago ditu. 1980az geroztik, mundu osoko ikertzaileek zehatz mehatz aztertu dituzte bertako biztanleen erregistro zehatzak.

Berriki Sciencen argitaratutako artikulu batean, Texasko Unibertsitateko ikertzaileek (Austin) hainbat banaketa agertoki modelatu zituzten eta IBCko datuekin alderatu zituzten. Ohartu ziren haizeak, hegaztiek eta beste animalia basati batzuek haziak sakabanatzeko ereduak eta ausazko prozesuak ez zirela nahikoa basoko zuhaitz helduen banaketa azaltzeko. Hori “espezien berariazko aldarapen” baten ebidentzia dela iradokitzen dute. Teoria zahar horren arabera, espezie bereko zuhaitzak berez sakabanatzen dira; izan ere, zuhaitz aita bat berehala inguratzen duen giroa zuhaitzaren ondorengoen aurkakoa da.

Zuhaitzen distantzia soziala

Aldarapenaren ideia hori, formalki dentsitate konespezifikoarekiko mendekotasun negatiboa edo CNDD (ingelesezko siglengatik) izenez ezagutzen dena, 1970eko hamarkadan sortu zen. Daniel Janzenek eta Joseph Connellek ekologoek modu independentean iradoki zuten batez ere espezie batez elikatzen diren intsektu, belarjale eta patogenoek zuhaitz heldu baten inguruko eremua arriskutsu bihur zezaketela bere hazientzat. Ez litzateke modu berean eragotziko inguruan beste espezie batzuk haztea, nahiz eta arazo ez espezifikoek mugatuta egon, hala nola zuhaitz heldu baten adaburuaren azpiko eguzki argirik ezak. Horren ondorioz, espezie bateko zuhaitz helduek beren artean gutxieneko “distantzia sozial” moduko bat mantentzeko joera izango lukete.

Azken hamarkadetan egindako saiakerek, batez ere plantulekin, CNDD babesten dute, dio Michael Kalyuzhnyk, artikulu berriaren egile nagusiak. Texasko Unibertsitatean (Austin) doktoretza ondoko ikertzaile gisa egindako lanak laborategi bat irekitzera eraman du Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearrean. Haziak, askotan, ez dira hain ondo hazten beren guraso zuhaitzetatik gertuko lekuetatik hartutako lurzoruan, baizik eta loturarik gabeko zuhaitzetatik gertu dauden lekuetan.

Hala ere, IBCren datuak azaletik aztertuta ere, badirudi base horretako zuhaitz helduek ez dutela elkarren artean aldaratzen. Aitzitik, zuhaitzak elkartu egiten dira, partzela osoan espezie bereko talde solteak osatuz.

Kalyuzhnyk eta Annette Ostlingek, Kalyuzhnyk lan egiten duen laborategia zuzentzen duen ekologo komunitarioak, behatutako zuhaitzen banaketak azal zitzaketen hainbat agertoki modelatzea proposatu zuten, zerbaitek CNDDk basoan duen papera zailtzen ari ote zen jakiteko.

Zoria berez ez da erantzuna: zuhaitzak ausaz sakabanatuta zituen eredu baliogabe bat gauzatu zutenean, espezie bateko zuhaitz helduak gehiegi sakabanatzen ziren.

Orduan, ikertzaileek haziak sakabanatzearen eragina sartu zuten ereduetan; izan ere, haizeagatik, hegaztiengatik eta beste animalia batzuengatik izan zitekeen. Helene Muller-Landauk eta IBCko bere laguntzaileek estimazioak egin dituzte haziak jatorritik 50 hektareako partzela baten barruan zein urrun bidaiatu dezakeen jakiteko. Horretarako, basoko lurrerantz noraezean doazen haziak harrapatzen dituzten sareak erabili dituzte. Haziak aldizka biltzen dira eta gurasoekiko distantzia kalkulatzen da. Kalyuzhny eta bere lankideak datu horietan oinarritu dira zuhaitzen sakabanatzea mugatzeko soilik.

zuhaitz2. irudia: baso tropikaletako zuhaitz helduek askotariko formak dituzten haziak eta zorroak sortzen dituzte, eta, horri esker, haizeak edo animaliek hainbat modutan zabal ditzakete. (Argazkia: Christian Ziegler. Iturria: Quanta magazine)

Baina eredu horrek zuhaitz pilatuegiak sortu zituen. Bazirudien zerbaitek eragiten ziola sakabanaketaren mugak eragindako banaketari, zuhaitzak sakabanatuz. “Zerbaitek sortzen du aldarapen hori. Eta CNDDn besterik ezin dugu pentsatu”, azaldu du Kalyuzhnyk.

Ikertzaileek aldarapena zein espezifikoa zen kalkulatu zutenean (zenbat okerrago zen zuhaitz batentzat bere espezietik hurbil egotea beste espezie batetik baino), ohartu ziren nahiko indartsua izan behar zuela behatutako eredua sortzeko. Horrek berretsi egin zuen Janzen eta Connellen ideien funtsezko puntu bat: «CNDDk sortzen duena espezie bakoitzaren berariazkoa izan behar du», gehitu du Kalyuzhnyk.

Gertaera arraroen garrantzia

Ryan Chisholm, ekologo teorikoa eta Singapurreko Unibertsitate Nazionaleko irakaslea, zuhaitz tropikalen banaketa aztertzen ari da eta, bere ustez, Kalyuzhnyren aurkikuntzak bat datoz CNDDri buruzko aurreko lanekin. Hala ere, iradokitzen du ereduetan sakabanatze mekanismoek haziak zenbateraino zabal ditzaketen gutxiesten ari direla. Sakabanatze handiko gertaerak arraroak badira, adibidez, zaila izan liteke hazi tranpen datuetan ikustea. Eta haziak ikertzaileek uste baino urrunago garraiatzen badira, horrek azal ditzake basoetako zuhaitz multzorik sakabanatuenak, aldarapenik gabe.

«Hemen esaten ari direna da, sakabanaketa mugatzeko duten ereduaren arabera, behatzen dituzten ereduak ezinezkoak direla», esan zuen Chisholmek. «Nik esango nuke oraindik ez dakigula hori esateko adina».

Gertaera arraroak garrantzitsuak izan dira mota guztietako espezieen sakabanaketan: tximinoak, adibidez, Afrikatik Amerikara landaredi urmaeletan iritsi zirela uste da; gertaera hori oso gertagaitza da, baina ondorio esanguratsuak izan zituen. «Noizean behin, hazia oso urrun daraman txori hori aurkituko duzu, edo haizeak harrapatuta geratu eta abenturari ekiten diona», dio Chisholmek.

Adierazi duenez, oraindik ez dugu behar bezain ondo ezagutzen haziak banatzeko kurbaren forma; ez da kanpai kurba soil bat, adituak ez direnek pentsa dezaketen bezala, “buztan oso lodia” baitu amaieran.

Ekologoek 50 hektarea baino askoz eskala handiagoko datuak izango balituzte -zientzialariek zuhaitzak airetik kontatzeko erabiltzen dituzten azterketa teknika berriek hori ekarriko dutela dirudi-, ikuspegi berri bat sor liteke. Gaur egun ikusten ez diren ereduak ikus daitezke, eta horrek CNDDk betetzen duen zeregina eta basoen banaketan hazien sakabanatzea mugatzea alda ditzake. «50 hektareako partzela bat behatzeko garai hau oso bitxia irudituko zaigu, teleskopio eramangarri bat izango balitz Hubbleren aldean», iragarri du Chisholmek.

Oraingoz, Kalyuzhny eta lankideek mundu osoko beste azterketa partzela batzuetan antzeko analisiak egiteko asmoa dute, zer eredu azaleratzen diren ikusteko: orain 70 toki baino gehiago daude mundu osoan 50 hektarea arteko partzelekin, denak monitorizatuak, IBCko partzela bezala. Halaber, simulazioak egin dituzte CNDDren irismena doitzeko, eta ikusi dute distantzia nahiko laburretan aldaratzeak ere efektu handiak eragin ditzakeela baso mailan.

“Nik nire bizilagunak uxatzen ditut, eta haiek beren bizilagunak uxatzen dituzte, eta beste horiek beren bizilagunak uxatzen dituzte”, azaldu du Kalyuzhnyk, eskala handiko ereduak eskala txikiko ekintzetatik nola sor daitezkeen deskribatuz. «Basoa kristal desordenatu bat da».

Jatorrizko artikulua:

Veronique Greenwood (2023). ‘Species Repulsion’ Enables High Biodiversity in Tropical Trees, Quanta Magazine, 2023ko irailaren 13a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post ‘Espezieen aldarapenak’ biodibertsitate handia ahalbidetzen du zuhaitz tropikaletan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #462

Sun, 2023/11/26 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

glaziar

Klima-aldaketa

Pirinioetako Ekologia Institutuak gidatutako ikerketa batek berretsi du, 1981-2022 aldian, Pirinioetako Anetoko glaziarraren azalera % 64,7 murriztu dela. Irismen laburreko teledetekzio teknikei esker lortu dituzte datu horiek, eta haiekin, glaziar horren unera arteko azterketa xehakatuena eta luzeena egin dute. Bestalde, argitu dute % 92ko galera izan dela glaziar eremuan Izotz Aro Txikiaren amaieraz geroztik. 1850ean 100 glaziar baino gehiago zeuden Pirinioetan; 2022an, berriz, 18 glaziar. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan.

Zoologia

Ikerketa batek frogatu du baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus) sarketarik gabe ugaltzen dela. Horren ordez, kontaktuz kopulatzen dute. Ikertzaileek ehun bikoteren sexu-jokabidea bideoz jaso dute, eta ikusi dute arrak emeari eusten diola, eta zakila bulbaren gainean kokatzen duela. Ia ordubetez egoten dira horrela. Ugalketa-mekanismo hori hegaztien antzekoa da, eta ikertzaileek dakitela, era horretako koitoa duen ugaztun bakarra da. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Saiek aerosorgailuekin talka egiteko arrisku gehien non duten kalkulatu dute, eta ondorioztatu dute Iberiar Penintsularen % 20 ez dela egokia egitura horiek ezartzeko. Espainian 850 sai inguru hiltzen urtean aerosorgailuengatik, baina baita beste hainbat espezie ere. Ikerketak kalkulatu du aerosorgailuen ehuneko handi bat sai arreen populazio ugaltzailearen eremuetan daudela kokatuta. Egileen iritziz, energia berriztagarriaren garapenarekin jarraitzeko, inpaktu txikiagoko eremuak aukeratu behar dira, energia benetan jasangarria izan dadin. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Esperimentu batek frogatu du sabanako espezie gehienek beldur gehiago diotela giza ahotsari, lehoiarenari baino. Ikusi dutenez, animalia gutxiago uxatzen dira lehoiaren bokalizazioekin, txakurren zaunkekin edota eskopeta tiroekin, giza ahotsekin konparatuta. Bozgorailuak kokatu dituzte sabanan eta bideoz grabatu dituzte animaliak, horien erreakzioak ikusteko. Bideoak aztertuta, zientzialariek kalkulatu dute espezieen %95 azkarrago aldentzen zela gizakiak entzutean, lehoien soinua entzunean baino. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Osasuna

Sexu biologikoa faktore garrantzitsua da parkinsonaren intzidentzian, garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Izan ere, gizonek ia bi aldiz maizago pairatzen dute, baina emakumeetan hilkortasun-tasa altuagoa da eta gaixotasunaren diagnostikoa gizonetan baino bi urte inguru beranduago gertatzen da emakumeetan. Horrez gain, gaixotasunaren aurrean gertatzen den inflamazio-erantzuna eta oxidazio-estresa ere desberdinak dira sexuaren arabera. Desberdintasun horiek ezagututa, ezinbestekoa dela tratamendu terapeutikoa neurrira diseinatzea. Datuak Zientzia Kaieran.

Genetika

Ikerketa berri batek argitu du edozein organismo bizik, hazi eta ugaltzeko, zenbat gene behar dituen. Hala, ingeniaritza genetikoko teknikak baliatuz, genoma txikieneko eta gene kopuru txikieneko organismoa sortu dute. Bakterio bat da, eta haren genomak 531.000 base-pare eta 473 gene ditu. Ikertzaileen esanetan, hurrengo erronka izango da bizitzarako ezinbestekoak diren funtzio horiek zeintzuk diren argitzea, baita parte hartzen duten molekulak zeintzuk diren zehaztea ere. Azalpen guztiak Berrian: Tamainak axola al du?

Mikrobiologia

SARS-CoV-2a zelulen barnean nola erreplikatzen den ikusi dute 3D-n. Zehazki, biriketako zeluletan ikusi dute prozesua, eta emaitza hori lortzeko biologia molekularreko, birologiako eta mikroskopiako hiru teknika konbinatu dituzte. Ikusi ahal izan denaren arabera, birusaren erreplikazio-makineriak besikulak eta tubuluak sortzen ditu, eta estresa eragiten die organuloei. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Psikologia

Ikerketa berri batek frogatu duenez, literatura ona irakurtzeak hobetu egiten du besteekiko enpatia sentitzeko gaitasuna. Hau da, pentsamenduak, asmoak eta emozioak beste pertsona batzuei esleitzeko dugun gaitasuna hobetzen du. Bost esperimenturen bidez iritsi dira ondorio horietara. Egileek proposatu dute fikzioak ez duela bakarrik besteengan pentsatzen duguna aldatzen, baita geure buruaz pentsatzen duguna ere. Gainera, fikzioaren eragin positiboak haratago joan daitezkeela pentsatzen dute, eta ez dela soilik literaturara mugatzen. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #462 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #470

Sat, 2023/11/25 - 09:00
Ev / Unsplash

Ariketa fisikoa egiteak osasunerako onurak dituela gauza ezaguna da. Onura kognitibo horiek odol-transfusio bidez transferi daitezkeela, agian ez da hain ezaguna. Eta orain arte ez da jakin nola izan daitekeen. Platelets participate in hippocampal neurogenesis and cognitive function, José R. Pinedaren eskutik.

Azken 130 urteetako argazki baliatuta, 1000 glaziar analizatu dira eta ez dago zalantzarik: Groenlandia gero eta azkarrago urtzen ari da. Greenland ’s glaciers are melting at an unprecedented pace.

Gizarte-arazoetan oinarritutako ontologia soziala dagoeneko landua dagoela uste daiteke, baina badirudi ezetz. Jesús Zamorak On the ontology of social problems (1).

Edan nahi dugun uretara orotariko kutsatzaile kimiko iristen denez, beharrezkoa da eraginkortasunez araztu ahal izateko sistemak garatzea, eta hori egitean energia-kostuak ez daitezela handiegiak izan. DIPCko jendeak ideiak eskaintzen ditu Crosslinking pectin for the simultaneous removal of multiple pollutants from water

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #470 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Kiñuren begirada: grafenoa

Fri, 2023/11/24 - 09:00

Oraingoan, grafenoaren munduan murgilduko gaitu Kiñuk. Zientzia-fikzioa dirudien material miresgarria da egitura sinestezina eta propietate apartekin. Grafenoa, lodiera atomikoko karbono-xafla bat, zientzia materialaren altxor bihurtu da. 2004an aurkitu zuten lehen aldiz material iraultzaile hori, Andre Geim eta Constantin Novoselov-ek grafito arruntetik isolatua.

Zientzialari askok uste zuten ezinezkoa zela atomo bateko lodiera bakarreko xafla bat fabrikatzea edozein materialarekin, ezegonkorra zelako. Grafenoa isoatuz ezustekoa lortu zuten eta horrekin materialen zientzia irauli zuten aukera-bolada bat eragiten.

Askotariko erabilerak ditu, eta, horri esker, askotariko aplikazioak daude: elektronika aurreratua, medikuntzako aurrerapen iraultzaileak… Arkatz arrunt baten grafitotik ateratako material harrigarri hori gure mundua aldatzen ari dela kontatuko digu gure kirikiñoak: ukipen-pantailak, sendaketa berritzaileak

grafenoa

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: grafenoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean

Thu, 2023/11/23 - 09:00

Azken urteotan, sexuak gaixotasunen intzidentzian, bilakaeran edota agindutako tratamenduen erantzunean duen eragina aztertzea Medikuntzako arlo askoren jomuga izan da. Izan ere, sexuak osasunean eta gaixotasunean eragin nabarmena du, eta eragin hori aztertzea bereziki garrantzitsua da pazienteen denbora luzez diziplina anitzeko arreta eskatzen duten gaixotasun kroniko progresiboetan, hala nola Parkinson gaixotasunean.

Parkinson gaixotasuna nahasmendu motor neurodegeneratibo ohikoena da, eta alfa-sinukleina izeneko proteinaz osatutako Lewy gorputzen presentziarekin eta substantia nigra pars compacta-ko neurona dopaminergikoen galerarekin lotuta dago. Ebidentzia askok iradokitzen du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela parkinsonaren intzidentzian, garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Gizonek ia bi aldiz maizago pairatzen dute gaixotasuna, baina emakumeetan hilkortasun-tasa altuagoa da eta gaixotasunaren diagnostikoa gizonetan baino bi urte inguru beranduago gertatzen da. Emakumeen artean, Parkinson gaixotasunaren intzidentzia altuagoa da menopausia-osteko aldian menopausia-aurreko aldiarekin alderatuz. Hortaz, emakumeen hormona sexualek zerikusia izan dezaketela iradoki da. Izatez, hainbat ikerketek erakutsi dute estrogenoek eragin neurobabeslea eskaintzen dietela emakumeei parkinsonaren aurrean.

Parkinson gaixotasuneanIrudia: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren sintomatologian eta fisiopatologian. Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunaren fenotipo klinikoan eta patogenian parte hartzen duten funtsezko mekanismoetan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gaixotasunaren fisiopatologian ere sexu-desberdintasunak azter daitezke. Gizonetan emakumeetan baino endekapen handiagoa gertatzen da parkinsonean kaltetuta dagoen bidezidorreko sistema dopaminergikoan. Horrez gain, sexuaren arabera, gaixotasunaren aurrean gertatzen den inflamazio-erantzuna eta oxidazio-estresa ere desberdinak dira. Oxidazio-estresari buruz aritzean mitokondrien funtzioa azpimarratzekoa da, eta estrogenoek mitokondrien disfuntzioa gutxitzea eragin dezaketenez, emakumeetan gertatzen den oxidazio-estresa baxuagoa da oro har. Aldiz, testosteronak, gizonezkoen hormona sexualak, Parkinson gaixotasunean izan dezakeen eragina ez dago guztiz argi oraindik.

Beste alde batetik, hainbat ikerlanek gizon eta emakumeen arteko desberdintasun klinikoak deskribatu dituzte Parkinson gaixotasunean. Gaur egun, sintoma motorrak gaixotasunaren diagnostikoaren oinarria dira: atsedenaldiko dardara, muskuluen zurruntasuna, gorputz-jarreraren ezegonkortasuna eta mugimenduen moteltasuna. Emakumeetan sintoma motorrak gizonetan baino beranduago agertzen dira, eta kasu gehienetan, dardara izaten da lehendabizikoz adierazten dena. Gizonetan aldiz, maizago gertatzen dira baldarkeria eta idazteko zaitasuna. Halaber, sintoma motorrak azaleratu aurretik sintoma ez-motorren agerpena gertatzen da, zeinak eguneroko bizi-kalitatea gogor astintzen duten: usaimenaren galera, narriadura kognitiboa, depresioa, antsietatea, mina, loaren nahasmenduak, ikusmen arazoak edota idorreria. Sintoma ez-motor horien sexu-desberdintasunei dagokienez, emakumeek maizago pairatzen dituzte depresioa, antsietatea edota mina bezala sintomak, baina gizonek baino hobe mantentzen dituzte gaitasun kognitibo orokorra eta hitzezko gaitasuna.

Sintoma motorren agerpenaren ondoren, eta sintoma horiek arintzeko helburuarekin, tratamendu farmakologikoak erabiltzen dira, levodopa (L-dopa) izanik ezagunena. Garrantzitsua da gizon eta emakumeek tratamendu horien aurrean izan dezaketen erantzuna desberdina izan daitekeela azpimarratzea, eta hortaz, ezinbestekoa dela tratamendu terapeutikoa neurrira diseinatzea. Izan ere, badirudi emakumeek L-dopa eman ondoren gain-dosifikatzeko arriskua dutela, eta horrek diszinesiak (nahigabeko mugimendu hiperzinetikoak) garatzeko arriskua areagotzen duela.

Laburbilduz, gero eta ikerketa gehiagok uzten dute agerian gizon eta emakumeen artean desberdintasunak daudela Parkinson gaixotasunean. Hortaz, ezinbestekoa da desberdintasun horiek kontuan hartuz, besteak beste, sexuaren araberako tratamendu terapeutikoak egokitzea, gizon-emakumeen behar indibidualak asetzea eta behar ezberdinei erantzuteko programa berritzaileak garatzea, pazienteei osasun-arreta integrala eskaintzeko bidean.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean
  • Laburpena: Gero eta ebidentzia gehiagok adierazten du sexu biologikoa faktore garrantzitsua dela Parkinson gaixotasunaren garapenean eta adierazpen fenotipikoan. Jakina da Parkinson gaixotasunaren prebalentzia ia bi aldiz altuagoa dela gizonezkoetan emakumezkoetan baino. Hala ere, emakumezkoek gaixotasunaren progresio azkarragoa izaten dute. Gainera, azken urteotan egindako ikerketek agerian utzi dute Parkinson gaixotasunaren ondorioz agertzen diren sintoma motorrak eta ez-motorrak maiztasun edota larritasun desberdina dutela sexuaren arabera. Halaber, emakumeek eta gizonezkoek tratamendu farmakologikoen eta kirurgikoen aurrean duten erantzuna ere desberdina dela uste da. Sexu-desberdintasun hauen oinarriak zehatz-mehatz ezagutzen ez badira ere, mekanismo fisiopatologikoak desberdinak direla iradoki da. Berrikuspen honetan parkinsona duten emakumezkoen eta gizonezkoen artean dauden desberdintasunak laburbiltzen dira, besteak beste, ezaugarri klinikoetan, arrisku-faktoreetan, gaixotasunaren fisiopatologian eta tratamenduen erantzunean. Patologiak sexu bakoitzari nola eragiten dion argitzeak pazienteen arreta hobetzea ahalbidetu dezake gizonen eta emakumeen maneiu terapeutikoa neurrira diseinatuz eta bakoitzaren beharrei erantzuteko programa berritzaileak garatuz.
  • Egileak: Maider Zubelzu, Andrea Leivar, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 41-61
  • DOI: 10.1387/ekaia.23974
Egileez:
  • Maider Zubelzu, Andrea Leivar eta Teresa Morera-Herreras UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.
  • Maider Zubelzu, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.
  • Ane Murueta-Goyena UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Sexu-desberdintasunak Parkinson gaixotasunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu

Wed, 2023/11/22 - 09:00

Literatura ona irakurtzeak hobetu egiten du besteekiko enpatia sentitzeko, besteak ulertzeko eta haien portaera hobeto interpretatzeko gaitasuna; hots, haien lekuan jartzeko dugun gaitasuna. Termino teknikoagoetan eta hitz gutxirekin adierazita, gure «adimenaren teoria» (AT) hobetzen du; hau da, pentsamenduak, asmoak eta emozioak beste pertsona batzuei esleitzeko dugun gaitasuna. Horren barruan honako hauek bereizten dira: afektiboa (ATa), emozioei dagokiena, eta kognitiboa (ATk), pentsamenduei eta asmoei dagokiena.

Aurreko paragrafoan aurkeztutako ondorio orokorra besteen lekuan jartzeko gaitasunean irakurketa mota desberdinek izan dezaketen eragina baloratzeko diseinatutako esperimentuetatik lortu da. Hainbat pertsonaz osatutako taldeei hautatutako liburuetatik hartutako testu laburrak eman zizkieten, eta, irakurri ondoren, talde bakoitzeko pertsonei testa egin zieten zenbait AT adierazle ebaluatzeko. Esperimentu guztietan, parte hartzaileek literaturaren inguruan duten ezagutza maila ere baloratu zen, eta, horretarako, egileak ezagutzeko test bat erabili zen. Lehen esperimentuan literatur fikzioa irakurtzearen efektua ez fikzioa deritzona irakurtzearenarekin alderatu zuten. Eta ondoren, beste lau esperimentuko sorta batean, fikzioa irakurtzearen efektua haiek fikzio herrikoia deitzen dutena irakurtzearenarekin alderatu zuten; ohar honen ondorioetarako, “supersalmentak” (best sellers) esango diegu. [1]

LiteraturaIrudia: fikzioak besteen bizitzak baliatuz gure ezagutza zabaltzen du, eta gure antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzen laguntzen digu. (Argazkia: Polina Zimmerman – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Adibide gisa, erabilitako bi test aipatuko ditut. “Adimena begietan irakurtzea” izenekoan, AT afektiboaren test prototipikotzat hartzen dena, parte hartzaileei eskatzen zitzaien begiak ardatz zituzten irudietan agertzen ziren aurpegi adierazpenei egoera emozionalak esleitzeko. Eta “Yoniren testa” izenekoan, egoera emozionalak (ATa-rako) edo pentsamenduak (ATk-rako) ondorioztatu behar zituzten, gutxieneko gako linguistiko eta bisualetatik abiatuta. Egileek uste faltsuaren test bat ere erabili zuten arren – Sally & Anne motakoa–[2] adimen kognitiboaren teoria baloratzeko, ez zuen inolako emaitzarik eman.

Lehen esperimentuak erakutsi zuen literatur fikzioaren irakurketak adimen afektiboaren teoria hobetzen duela ez fikziozko testuen irakurketarekin alderatuta. Ondorengo esperimentuetatik ondorioztatu zen efektua literatur fikzioaren berezko efektua dela, eta, beraz, ez dela fikzio herrikoira zabaltzen. Uste faltsuaren testak funtzionatu ez zuenez, egileek lehen aipatu dudan Yoniren testa erabili zuten; test hori uste faltsuarena baino askoz zorrotzagoa da eta, ikusi dugunez, ATren bi modalitateak zehazteko balio du, afektiboa zein kognitiboa. Test hori erabili zuten esperimentuen emaitzek erakutsi zuten literatur fikzioaren irakurketaren eragina ez zela AT afektibora mugatzen, baizik eta AT kognitibora ere hedatzen zela.

Bost esperimentuetatik hiruren arabera, literatura ezagutzeak eragin positiboa du ATn, baina efektu hori zen egiaztatu beste bi esperimentuetan. Ikertzaileek iradokitzen dute alderdi hori modu espezifikoagoan ikertu behar dela; izan ere, aurreko erreferentziek adierazten zuten fikziozko literatura ezagutzea adimenaren teoriari modu positiboan eragiten dion faktore bat dela. Eta, egia esan, arrazoiak daude hori gertatzeko; izan ere fikzioak besteen bizitzak baliatuz gure ezagutza zabaltzen du, eta gure antzekotasunak eta desberdintasunak ezagutzen laguntzen digu.

Hala ere, autoreek, hori horrela izatea baztertu gabe, uste dute adimenaren teoriaren eta literatura ezagutzearen arteko harremana testuaren ezaugarri sotilagoek eragin dezaketela, pertsonaien karakterizazio soilak baino. Haiek proposatzen dute fikzioak ez duela bakarrik besteengan pentsatzen duguna aldatzen, baizik eta geure buruaz pentsatzen duguna ere. Bere planteamenduaren arabera, fikzioak ATren berezko prozesuei eragiten die, pertsonaien adimenaren irakurketan inplikatzera behartzen gaituelako, eta horrek ez luke edozein fikzio motarako balioko. Literaturak bakarrik eramango luke irakurlea adimenaren teoriaren berezko prozesuetan inplikatzera.

Irakurlearen interpretazioaren ondoren, literatur fikzioa polifonikoagoa eta aberatsagoa dela diote, irakurritakoa berregiten du eta, horregatik, pertsonaiak ulertzeko beharrezkoak diren gakoak eskuratzeko aukera ematen dio. Zentzu horretan, benetako bizitzaren antz handiagoa izango luke fikzio herrikoiak baino, pertsonaia konplexuz beteta baitago, eta haien bizitzak ez dira erraz bereizten. Bizitza errealarekin alderatuta, fikzioaren abantaila da fikzioan ez dagoela arrisku pertsonalik, bilbean inplikatzeagatik. Are gehiago, gure ohiko harreman sozial asko estereotipoek eta konbentzioek gobernatzen dituzten bitartean, literatura fikziozko lanetan aurkezten direnak ez datoz bat gure itxaropenekin askotan. Horregatik, literatur fikzioa irakurtzen dutenek interpretazio baliabide malguagoak erabili behar dituzte pertsonaien sentimenduak eta pentsamenduak ondorioztatzeko. Edo, bestela esanda, adimenaren teoriaren berezko prozesu mentaletara jo behar dute. «Fikzio herrikoia» delakoak, aldiz, mundua eta pertsonak askoz modu koherenteagoan eta aurreikusteko modukoagoan deskribatzeko joera du; horrela, irakurleen itxaropenak berresten ditu eta ez du zertan adimenaren teoria hobetu.

Esperimentuen emaitzek, egileen arabera, aurrekoa berresten dute, eta iradokitzen dute fikzioaren eduki zehatzean oinarritzen diren azalpenek ezingo luketela haien berri eman; izan ere, erabilitako testuek oso gai desberdinak jorratzen zituzten. Gainera, ez zaie sinesgarria iruditzen irakurleek besteei buruz asko ikasi ahal izatea hain testu laburrak irakurriz. Bestalde, berariaz literatur fikzioak zuen eragina ATn. Horregatik guztiagatik, ikertzaileek proposatzen dute pertsonaien egoera subjektiboak irudikatzeko paper aktiboa hartzea dela literatur fikzioaren irakurketak adimenaren teoria sustatzen duena.

Beste alde batetik, eta literatura ezagutzearen ondorioei buruzko emaitzak eztabaidaezinak izan ez baziren ere, honako hau diote: oso litekeena da literatur fikzioa maiz irakurtzeak adimenaren teorian hobekuntza egonkorrak ekartzea. Bestalde, ez dute uste literatura onaren ongintzako efektuak ATren prozesuetara mugatzen direnik, baizik eta ziur aski beste mota bateko onurak ere ekarriko dituela, kognitiboak zein afektiboak, eta oso litekeena da efektu horiek oro har fikziora orokortzea, ez literaturara bakarrik.

Oharrak:

[1] Lan honen egileek aukeratutako literatur fikziozko lanek ospe handiko literatur sariren bat jaso zuten, eta supersalmentak Amazoneko liburu salduenen zerrendatik hartu ziren.

[2] Jatorrizko bertsioan, test honetan subjektuari eszena bat erakusten zaio, non bi panpina dauden, Sally eta Anne. Sallyk puxtarri bat (edo tamaina txikiko beste edozein objektu) hartu eta bere saskian jartzen du. Gero eszenatik irteten da. Orduan, Annek Sallyren saskiko puxtarria hartu eta bere saskian jartzen du. Sally eszenara itzultzen da eta subjektuari galdera gakoa egiten zaio: “Non bilatuko du Sallyk puxtarria?” Subjektuak testa gainditzen du Sallyren saskian erantzuten badu, horrela Sallyk aplikatuko lukeen logika bera aplikatuko baitu. Horrek esan nahi du Sallyren lekuan jartzen dela, bere ikuspegia hartzen baitu. Bestearen lekuan jarri eta bere ekintzak aurreratzeko gai ez diren subjektuek, duten informazioaren arabera erantzuten dute; hau da, kanika Anneren saskian dagoela, berak jarri duen lekuan. Testa gainditzen dutenek ulertzen dute Sallyk errealitatearekin bat ez datozen bere usteak dituela, eta hori da, hain zuzen ere, adimenaren teoriaren funtsezko eskakizuna.

Erreferentzia bibliografikoa:

Comer Kidd, David eta Castano, Emanuele (2013). Reading Literary Fiction Improves Theory of Mind. Science 342, 377-380. DOI: 10.1126/science.1239918

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Literatura onak besteen lekuan jartzen laguntzen digu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gizakiaren ahotsa, lehoiarena baino beldurgarriagoa

Tue, 2023/11/21 - 09:00

Hegoafrikako parke natural batean egindako esperimentu batek demostratu du sabanako espezie gehien-gehienek beldur gehiago diotela giza ahotsari, lehoiarenari baino.

Ehiztari beldurgarrienak izateko ospea dute lehoiek, baina ospe hori ez da ezerezetik sortu. Afrikako sabanetako harrapakaririk handienak dira. Munduko beste zenbait lekutan, tigreak izan daitezke lehoia bezain beldurgarriak, baina tigreek, handiagoak izan arren, bakarka ehizatzen dute. Lehoiak bakarka aritu badaitezke ere, normalean talde lanean aritzen dira, eta horrek ehiza eskuratzeko aukerak handitzen ditu.

ahotsa1irudia: Kruger parke nazionalean dago lehoien populazio handienetakoa munduan. Harrapakari nagusia izan arren, gainerako animaliek beldur gehiago bide diete gizakiei. (Argakzia: Diego Morales. Iturria: Unsplash.com)

Batez ere emeen ardura izaten da ehiza, eta dena abiatu ohi da horietako batek harrapakina uxatzen duenean, gainerakoengana bideratuz. Harrapakinak bere abiadura izan ohi du halako eraso baten osteko esperantza bakarra, etengabean jokatzen den bizitzaren eta heriotzaren arteko lehia horretan egun bat gehiago munduan irauteko.

Biziraupenaren jokoan bikain nabarmendu dena gizakia da, baina hori izan da, jakina, beste espezieen kalterako. Zenbaitetan, irudiezinak diren moduetan. Horietako batean sakondu dute Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.

Hegoafrikan egindako esperimentu baten berri eman dute bertan. Zehazki, Kruger parke nazionalean bizi diren ugaztunak aztertu dituzten ikertzaileek ondorioztatu dute animaliek beldur gehiago dietela giza ahotsei, bestelako hotsei baino. Ikusi dutenez, lehoiaren bokalizazioek, txakurren zaunkek edo eskopeta tiroek gutxiago uxatzen dituzte animaliak, giza ahotsekin konparatuta.

Gizakion ahotsa beldur-iturri

Esperimentua burutzeko, neurrira egindako tresnak jarri dituzte: kamera tranpa bat eta bozgorailuaz osatuta, hainbat hilabetez egunean 24 orduz grabatzeko kapazak direnak. Tresna horiek uraska baten ondoan jarri dituzte, urtaro idorrean, animalia guztiak halabeharrez hurbildu behar direlako gune horietara. Ur putzuen aukeraketaren beste arrazoi bat izan da bertan lehoiak eta giza ehiztariak ahalegintzen direla animaliak harrapatzen. Parke horretan dago, hain justu, munduko lehoi populazio handienetakoa. Modu berean, kokapenak ikertzaileei ahalbidetu die ere askotariko animaliak izatea esperimenturako.

Giza ahotsak solasaldi normal baten bolumenean jarri dituzte; telebistatik hartutakoak izan dira, inguruan mintzo diren lau hizkuntzatan: tsongera, pediera, ingelesa eta afrikaansa. Txakurren zaunkekin eta eskopetetako tiro hotsekin ehiza jardun baten soinua imitatzen ahalegindu dira. Lehoien orroa imitatuz, berriz, inguruetako harrapakari nagusia adierazi nahi izan dute. Espezie horretan aditu den zientzialari batekin prestatu dituzte lehoien soinuak, beren arteko komunikazio bat irudikatuz. Hau da, ahalegindu dira marmarak izan daitezela, eta ez, berez, orroak. Gauzak hala atonduz, uste dute gizakien arteko solasaldi batekin parekatu daitezkeela beste animaliei aurkeztu dizkieten lehoien bokalizazioak. Azkenean, kontrol soinu modura, hegaztien soinuak erabili dituzte.

ahotsa2. irudia: esperimentua egiteko, kamera eta bozgorailu automatizatuak erabili dituzte. Irudian, Liana Zanette biologoa, halako gailu baten ondoan. (Argazkia: Liana Zanette. Iturria: Western University)

Hamar metrotara animaliaren bat hurbiltzen zenean, zuhaitz batean jarritako kamerak automatikoki grabatzeari ekiten zion, eta hamar segundoko soinu grabazioa abiatzen zuen, bozgorailu batetik. Teknika horri esker, 15.000 bideo inguru grabatu dituzte. Besteak beste, jirafak, lehoinabarrak, hienak, zebrak, kuduak, fakokeroak, inpalak, elefanteak eta errinozeroak grabatu dituzte. Bideoak aztertuta, zientzialariek kalkulatu dute espezieen %95 arinago korrika egiten zutela, edo azkarrago aldentzen zirela gizakiak entzutean, lehoien soinua entzunean baino. Kalkulatu dute uraskatik %40 azkarrago ateratzen zirela gizakiak entzutean. Basa txakurrak, lehoinabarrak eta bufaloak izan dira giza ahotsak entzunda ere ur putzuan denbora gehien mantendu direnak.

Ikusitakoak kontserbazioari buruzko bestelako ikuspegi bat ematen duela babestu dute ikertzaileek. Hala adierazi du Michael Clinchy biologoak: “Ehiza egon ezean, animaliak gizakietara ohituko direlako ideia zabalduta dago, baina gauzak hala ez direla demostratu dugu. Gizakiekiko beldurra sustraituta eta orokortuta dago; beraz, kontserbazioari begira seriotasunez aintzat hartu behar dugun zerbait da”.

Ideia horretan sakondu du Liana Y. Zanette biologoak. Adituak uste du emaitzak “gizakiak planetan duen ingurumen inpaktuaren benetako testigantza” direla. “Paisaia horretan egote soila arrisku seinale nahikoa da [animaliek] era irmo batean erantzun dezaten”, laburbildu du.

Ezagutza soila eskuratzeaz harago, ondorio praktikoak izan ditzake alor horretako ikerketak, biologoak Living on Earth irratsaioan egindako adierazpenetan argitu duenez. Harrapakarien eta harrapakinen arteko elkarrekintzak ikertzen ditu Zanettek, beldurraren ekologia zertan den argitu nahian. Hortaz, ongi ezagutzen du beldurrak izan ditzakeen ondorioak. Dioenez, animaliek uste dutenean inguruan harrapakariak daudela, gutxiago elikatu eta ugaltzen dira, eta horrek eragiten du %53 kume gutxiago jaiotzen direla. Ondorioz, beldurrak berak populazioen beherakada ekar dezake, batere harrapakaritza egon gabe ere.

Bideoetan jaso dituzte animalien erantzuna. Orotara, 15.000 bideo lortu dituzte.

Ondorioetako bat da turismoak animaliak aztoratzen dituela, animaliengandik gertu hitz egite soilagatik eragin bat sortzen duelako. Horrek kontraesan bat eragiten du, noski, hein handi batean turismoari esker sustengatzen direlako babestutako gune asko Afrikan. Zanetteren hitzetan, jaso duten emaitza “ikaragarria da, baina baita etsigarria ere”.

Eraginaren tamainaz jabetzeko, biologoak nabarmendu du animaliek ur putzutik aldentzen direnean beste bat aurkitu behar dutela, eta horrek, logikoa denez, kostu bat suposatzen duela haientzat.

Giza inguruan bizi diren animaliak gurera zergatik hain erraz ohitu diren galdetuta, biologoak zalantzan jarri du hori hala denik. Erresuma Batuan aurretik azkonarrekin egindako beste esperimentu bat jarri du adibidetzat –irratsaioan erreferentzia zehatza egin ez badute ere, badirudi hau dela aipatutako ikerketa.

Ondorioztatu zuten gizakien alboan bizi arren azkonarrek ez dituztela gizakiak batere gustuko, eta gizakia dela, hain justu, Erresuma Batuan azkonarrei beldur gehien ematen dien harrapakaria. “Egia da hirietan eta aldirietan ikusten ditugun animaliak gurekin bizi direla, baina probableena da haiek gu gustuko ez izatea”, argudiatu du biologoak. Gogora ekarri du gizakia dela, alde handiz, tamaina erdiko ugaztunak gehien akabatzen dituena.

Afrikan egindako azken ikerketara bueltatuz, egileek aurreratu dute haien hurrengo pausoa izango dela ikustea ea posible den beldurra nahita erabiltzea kontrako norabidean: bozgorailu hauetaz baliatzea arriskuan dauden espezieak babesteko, hain justu; adibidez, ezkutuko ehiza guneetatik errinozero zuriak uxatzeko. Izan ere, azken urteotan errinozero zurien ezkutuko ehiza izugarri handitu da, ehiztariek animaliaren adarra lortu eta merkatu beltzean saldu nahi dutelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zanette, Liana Y.; Frizzelle, Nikita R.; Clinchy, Michael; Peel, Michael J.S.; Keller, Carson B.; Huebner, Sarah E.; Packer, Craig (2023). Fear of the human “super predator” pervades the South African savanna. Current Biology. DOI: 10.1016/j.cub.2023.08.089

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Gizakiaren ahotsa, lehoiarena baino beldurgarriagoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan

Mon, 2023/11/20 - 09:00

Anetoko glaziarra, oso glaziar txikitzat jotzen bada ere, Pirinioetako glaziarrik handiena da, baita Europa hegoaldeko handiena ere. Baina klima aldaketak bizkortu egin du haren desagerpena, mendikateko gainerako glaziarren kasuan bezala. Irismen laburreko teledetekzio tekniken eboluzioari esker, posible da glaziarraren azalera oso xehetasun maila altuarekin behatzea eta, horri esker, glaziarrak hainbat urtetan izandako azaleraren eta aldaketen ebaluazioa aldera daiteke.

Mendiko glaziarrak aldakortasunaren eta klima aldaketaren adierazle bikainak dira; izan ere, hotz garaian elurra metatzearen eta urtaro beroenean izotza eta elurra urtzearen arteko orekaren araberakoa da glaziarren bilakaera. Anetoko glaziarra Europako glaziarrik hegoaldekoenetako bat da, eta oso glaziar txikia den arren (2), Pirinioetako handiena da.

PirinioetanIrudia: ikertzaileak glaziarraren lodiera neurtzen. (Iturria: EHUko prentsa bulegoa)

Pirinioetako Ekologia Institutua (IPE-CSIC) buru duen eta The Cryosphere aldizkarian argitaratu den ikerketa batek berretsi duenez, 1981-2022 aldian, Anetoko glaziarraren azalera % 64,7 murriztu da, –135,7 ha (1,36 km2) izatetik 48,1 ha (0,48 km2) izatera igaro da–. Glaziarraren aurrealdea, berriz, 2.828 metrokoa izatetik 3.026 metrokoa izatera igaro da.

Azterketaren helburua zen Pirinioetako glaziar handi eta altuenaren bilakaera aztertzea, Pirinioetako glaziarren lodiera galeraren denboran zeharreko datu multzo zabalenak erabilita. Gainera, lan horri esker, denboraldi biziki bero eta lehor batek (2022) glaziarren bilakaeran izan duen eragina ebaluatu ahal izan da.

“Anetoko glaziarraren unera arteko azterketa xehakatuena (glaziarraren bereizmen handiko hiru dimentsioko ereduak) eta luzeena (41 urte) egin dugu. Horretarako, glaziarraren 1981etik 2022ra bitarteko azalerak berreraiki ditugu, bereizmen handiko airetiko irudiak erabiliz. Irudi horiek, batetik, Geografia Institutu Nazionalak lortu zituen 1981. urtearen kasuan eta LIDAR hegaldien bidez eskuratu ziren, berriz, 2011. urtearen kasuan. Horiez gain, tripulaziorik gabeko aireko gailuak (droneak) erabili ziren 2020an, 2021ean eta 2022an”, Eñaut Izagirre Estibaritzek, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasleak eta ikerketako parte hartzaileak azaldu duenez. “Hori guztia osatzeko, georradar kanpaina handia egin zen 2020. urtean. Horretan, hainbat trantsekturen bidez, eta glaziarraren gainean 7 km baino gehiago eginda, glaziarrak urte hartan zuen lodiera ezagutu ahal izan genuen”.

Glaziarren desagerpena

Azalera glaziarraren galera nabarmena da Pirinioetan: 100 glaziar baino gehiago zeuden 1850ean; 39 ziren 1984an; 21, berriz, 2020an; eta 18 glaziar, 2022an. 1850ean, 2.060 ha-ko azalera hartzen zuten (20,6 km2), 810 ha-koa (8,1 km2) 1984an, 232 ha-koa (2,3 km2) 2020an eta 170 ha-koa (1,7 km2), berriz, 2022an. Hau da, glaziar eremuan % 92ko galera izan da Izotz Aro Txikiaren amaieraz geroztik.

Zehazki, Aneton, azken 41 urteetan, azalera glaziarra % 64,7 murriztu da eta izotzaren lodiera 30,5 m murriztu da, batez beste. “Gainerako izotzaren batez besteko lodiera 11,9 m-koa izan zen 2022ko udazkenean, 1981. eta 2011. urteetarako berreraikitako eta 2020an behatutako 32,9, 19,2 eta 15,0 m-ko batez besteko lodieraren aldean, hurrenez hurren. Emaitzek agerian uzten dute glaziarraren egoera kritikoa, hiru izotz gorputz txikiagotan segmentatuko baita berehala, metatze eremu baten ebidentziarik gabe. Halaber, ikusi dugunez, 2021-2022 denboraldian urte oso bero eta lehorra izan ostean, glaziarra zeharo degradatu zen, eta horrek arrisku handia dakar Aneto glaziarraren iraunkortasunerako. Egoera hori Pirinioetako gainerako glaziarretara ere zabal liteke nahiko denbora laburrean”, zehaztu dute ikertzaileek.

Ikerketaren datuen arabera, izotzaren lodieraren banaketak oso lodiera txikiko ( inguru horiek hurrengo udetan desglaziatzetik oso gertu daude. Anetoko glaziarraren azalera eta lodiera galerek agerian uzten dute izotz masa horren egoera kritikoa. Etapa terminalean dago, izotz gorputz txikiagoetan zatikatzen ari baita eta higakinen estalkia baitu zenbait eremutan. “Glaziarraren mehetze tasak –urtean 1 m ingurukoak ziren– hirukoiztu egin dira azken azterketa urtean (2021etik eta 2022ra). Argi dago, bada, urte nahiko lehor eta, batez ere, oso bero batek (hala nola 2022an bizi izandakoak) Anetoko glaziarrean elurra eta izotza urtzearen gainean izandako eragina”, ondorioztatu du UPV/EHUko irakasleak.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Anetoko glaziarraren izotz galera hirukoiztu egin da 2022ko bero boladaren ondorioz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Vidaller, Ixeia; Izagirre, Eñaut; del Rio, Luis Mariano; Alonso-González, Esteban; Rojas-Heredia, Francisco; Serrano, Enrique; Moreno, Ana; López-Moreno, Juan Ignacio; Revuelto, Jesús (2023). The Aneto glacier’s (Central Pyrenees) evolution from 1981 to 2022: ice loss observed from historic aerial image photogrammetry and remote sensing techniques. The Cryosphere, 17, 3177–3192. DOI: 10.5194/tc-17-3177-2023

The post Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages