Erakusketa

Laboratorium museoa, Bergarako Udalaren zerbitzu bat da. Museoaren erakusketa iraunkorrak gai bat lantzen du: berrikuntza. Eta, mezu bat zabaltzen du: krisialdietan arrakastaz aurrera ateratzeko funtsezkoak dira kalitatezko hezkuntza, ikerketa eta horietatik eratorritako berrikuntzaz baliatzea. Gainera, historia bat kontatzen digu: Bergarako Errege Seminarioaren historia. Izan ere, erakunde hau Zientzia-sorlekua izan da Euskal Herrian, eta XVIII zein XIX. mendeetan famatua izan zen Europan nahiz erresuman. Seminarioak punta-puntako azpiegitura zientifikoak izan zituen hezkuntzarako nahiz ikerketa zientifikorako.

Horrez gain, erakusketan kultura zientifikoari tarte berezi bat egiten zaio, gaur egungo Zientzialari nagusienei bideoz egiten zaizkien elkarrizketen bidez: Pedro Miguel Etxenike, Jesus Ugalde, Perez Iglesias eta abar. Hori guztia antzinako jatorrizko aleekin eta bitarteko tekniko modernoenen laguntzarekin kontatua: primerako uztarketa!