Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 23 min 20 seg

Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, eta nekazaritzarena omen da errua

Az, 2018-07-25 09:00
Juanma Gallego XX. mendean Itsaso Baltikoko oxigeno mailak azken 1.500 urtetako txikienak izan dira, ikerketa baten arabera. Arrazoien artean, nekazaritzaren jardueran eta hirietako ur zikinetan sortzen diren nutrienteak aipatu dituzte zientzialariek.

Eremu hilak, eutrofizazio eremuak edo itsaspeko basamortuak. Termino horiek guztiak erabiltzen dira fenomeno bera deskribatzeko. Ekosistema baten barruan nutriente gehiegi sartzen direnean sortzen da eutrofizazioa. Ozeanoen kasuan, normalean ekosistemetara nitrogeno eta fosforo gehiegi isurtzen direnean biderkatzen dira arazoak. Elementu horiek batez ere nekazaritzan erabilitako ongarrietatik datoz, eta, logikoa denez, kostaldeetatik gertu egon ohi dira.

1. irudia: Suediaren eta Finlandiaren artean kokatuta dagoen Uhartediaren itsasoan egin dute ikerketa, Itsaso Baltikoan. (Argazkia: Kari Mattila /The Archipelago Research Institute)

Mundu osoan izaten den arazoa da, baina tokian tokiko ikerketak oso baliagarriak dira arazoaren funtsaren ideiaren bat izateko. Itsaso Baltikoan egindako azken ikerketa batek ondo erakusten du hori. Gainera, itsaso honetan bereziki larria da arazoa, arrazoi asko direla eta: Ipar itsasoarekin lotuta egon arren, bertako urek denbora asko behar dute berritzeko. Bestalde, iparraldeko ohiko klima du, eta, horregatik, oso lurrunketa gutxi dago bertan. Modu berean, ibai askok isurtzen dute bertan haien emaria. Horrek guztiak eragiten du ere bertako ura gazikara izatea. Inguruetan, industria eta nekazaritza garatua dituzten herrialdeak ditu: hortaz, itsasoratzen diren urekin batera hain gardenak ez diren isuriak doaz ere.

Ondorioz, ingurumen zientziak lantzen dituzten ikertzaileek arreta berezia jarrita dute itsaso horretan. Orain, zientzialari talde batek ondorioztatu du itsaso honek azken 1.500 urteetako oxigeno mailarik baxuena duela, eta egoera hori giza jarduerari leporatu diote.

Finlandiako eta Alemaniako ikertzaileek parte hartu dute Biogeosciences aldizkarian argitaratutako ikerketa artikuluan. Bertan aipatu dutenez, aurretik egindako beste hainbat ikerketek erakutsi dute Baltikoak iraganean hipoxiarako joera izan duela, baina atzera begirako datu-serie luzeak faltan zirela erantsi dute. Ondorioz, hor zentratu dute ikerketa.

Egin duten berreraikipenaren arabera, aurkitu dute mende askotan zehar klimaren aldakortasunak modulatu duela itsas hondoan gertatzen den materiaren deposizioa, baina azken urteetan gertatutakoak “aurrekaririk ez duela” nabarmendu dute.

Suedia eta Finlandiaren artean dagoen Uhartediaren itsasoaren hondoko bi lagin hartu dituzte, bakoitza lau metrokoa luzeran. Halakoetan egin ohi den moduan, lagin horietan bildutako sedimentuak aztertu dituzte, iraganean “atzera joateko”. Arreta berezia jarri dute fosiletan, antzinako bizidunen arrastoak garai bakoitzeko ekosistema nolakoa zen jakiteko indikatzaile bikainak direlako.

2. irudia: azken 1.500 urteak berreraiki dituzte, itsas hondoko laginen bitartez. Irudian, azken mendeko sedimentuak biltzen dituen lagin bat. (Argazkia: Sami Jokinen)

Sedimentuak aztertzeari ekin diotenean, duela ehun urteko geruzan ikusi dute aldaketarik argiena. Garai horri dagokion estratuan bibalbioen eta anelidoen zantzuak aurkitu dituzte. Ez dituzte topatu, ordea, gorago dauden sedimentuetan. Orain arte uste zen batez ere 1950eko hamarkadan hasi zela oxigeno mailaren jaitsiera, Bigarren Mundu Gerraren ondoren abiatu zen garapen ekonomikoarekin batera; baina datu berriek mende erdi atzeratu dute fenomenoa. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, horrek erakusten du ekosistemak uste baino are sentikorragoak direla.

Kaltetutakoa ez da eremu txikia. Ozeano Baltikoan dagoen eremu hilak 70.000 kilometro koadro inguru hartzen ditu (hiru Euskal Herri eta erdi sartuko lirateke halako azalera batean). Halere, ez da eremu finkoa, urtaroaren arabera aldatzen baita.

Ekologiaren alorrean gertatzen diren kontu gehienetan bezala, oraingoan ere hainbat organismo eta prozesu lotzen dituen kate batean oinarritzen da fenomeno hau. Itsasoaren goiko aldeetan nutriente gehiegi daudenez, algak asko ugaritzen dira, eta horiek hiltzen direnean itsasoan hondoratzen dira. Algek goian izandako banketea behean errepikatzen da orain, baina kasu honetan bakterioak dira algen hilotzak jaten dituztenak. Janaria deskonposatzeko, ordea, bakterioek oxigeno asko kontsumitzen dute, eta, modu horretan, oxigenorik gabeko eremua sortzen da.

Oxigenoaren urritzeak, gainera, bestelako kate-erreakzioak eragin ditzake. Agian nabarmenena, zianobakterio toxikoen bat-bateko ugaltzea da. Zianobakterioek fotosintesia egiten duten bakterioak dira, eta, askotan, haien presentzia eutrofizazioaren seinaletzat jotzen da. Oxigenoa kontsumitzen ez duten bakterio hauek sortzen dituzten toxinek ingurua “pozoitzen” dute, eta bertako landareak eta animaliak akabatzen dituzte. Gurpil zoroa martxan da berriro. Kasu honetan, beste behin ere, oxigenoa baliatzen duten bakterioen onerako da hau.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jokinen, S. A. et al. (2018). A 1500-year multiproxy record of coastal hypoxia from the northern Baltic Sea indicates unprecedented deoxygenation over the 20th century. Biogeosciences, 15, 3975-4001. DOI: https://doi.org/10.5194/bg-15-3975-2018.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, eta nekazaritzarena omen da errua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Prometeoren hegaztiak

Ar, 2018-07-24 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Hegaztiek ahalmen harrigarriak dituzte eta badira, antza, suteak hedatzen dituztenak ere.

Txori kantariek, adibidez, ahots-ahalmen oso bereziak dituzte, ahalmen bikainak batzuetan. Agian kasurik deigarriena da urtero emea gorteiatzeko urtero soinu berri bat ikasten duten arren espeziearena. Pergolagile arrek, oso pergola konplexuak eraikitzen dituzte, kolore anitzeko egiturak beraiek; hauek ere bere bikotea liluratzeko egiten dute. Beste hegazti batzuek kakoak bezalako tresnak egiten dituzte, adibidez kakoak, gauzak toki estuetatik gauzak ateratzeko. Bele batzuek gizakiak errekonozitzen dituzte, eta luzaro gogoratzen dituzte, batez ere beldur badabiltza gizaki horiekin. Badira jolastu egiten duten hegaztiak ere. Ezaguna da gainera batzuek migratu egiten dutela, eta beren migrazioetako batzuk izugarriak dira ikuspegi fisikotik zein kognizioaren ikuspegitik ere. Bukatzeko, badakigu txori batzuk gai direla berehalako saria baztertu eta sari hobearen zain geratzeko.

1. irudia: Miru beltza (Milvus migrans).

Beste zehaztapen bat, aspaldi eztabaidatua eta azkenean egia modura egiaztatzeko bidean dagoena: hegazti harrapakari batzuek nahita hedatzen dituzte sute batzuk. Suhiltzaile batzuek baieztatu dute ikusiak dituztela hainbat hegazti kontrol pean zeuden suteak berpizten. Joan den mendeko 80.eko hamarkadan egin ziren horrelako baieztapenetako batzuk, baina garai hartan suhiltzaile gehienak ezezkoan zeuden, eta pentsatzen zen zorizko gertaerak izango zirela. Hala ere, badirudi zalantzak uxatzen joan direla.

Izan ere, egiazkotzat jo izan dira baieztapen berri batzuk, ornitologo eta suhiltzaile batzuek lekuko batzuei entzunda. Hegazti harrapari batzuek zinez hedatzen dituzte nahita suteak. Journal of Ethnobiology aldizkarian plazaratu dituzte ikerkuntzaren emaitzak.

Hauek hartu dituzte aztergai Australiako Ipar sabanetan: Milvus migrans (miru beltza), Haliastur sphenurus (miru txistularia) eta Falco berigora (belatz berigora). Dena dela, ikertzaileek baieztatua dute Australiako beste zonalde batzuetan ere berdin gertatzen dela. Izatez, mokoan edo hanketan eramaten dituzte sutan dauden adaxkak, oraindik sutea iritsi ez den zonaldeetara. Batzuetan banaka jokatzen dute, baina batzuetan elkarlanean. Ez dute beti bere helburua lortzen, baina oso maiz, salbu zeuden tokietara eramaten dute sutea. Dirudienez, banako batzuek baizik ez dute horrelakorik ikasten, baina normalean egoera jakin batzuetan egiten dute hau: sutea barrera batean geldirik dagoenean, edo sutea suhiltzaileek itzali dituztenean.

2. irudia: Miru beltzak, agian, eurek eragindako sutearen gainetik hegan egiten. (Argazkiak: Bob Gosdorf)

Bagenekien hegazti batzuk suteez baliatzen direla harrapakinak eskuratzeko, baina oraingo honetan ikusi da era aktiboan hartzen dutela parte miruek eta belatzek. Hau, oso kognizio maila handikoa da.

Pentsatu ohi dugu hegaztiak ez direla oso adimentsuak, besteak beste buru txikikoak direlako. Ez da ordea hori egia: eboluzioan bere entzefaloa gainerako gorputza baino askoz ere gutxiago txikitu zen, aitzindari zituzten dinosauroen aldean.

Beren entzefaloa, gainera, ez da oso ezezaguna guretzat, eta agian ez gara gauza hegaztien burmuina ebaluatzen, hain zuzen ere gure burmuinetik oso urrun dagoelako. Prometeok jainko-jainkosei sua lapurtu zien eta gizaki hilkorroi eman zigun, baina baliteke hegazkin harrapakari hilkorrei ere eman izana.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 6an: Las aves de Prometeo.

The post Prometeoren hegaztiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Molekula gako bat Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko

Al, 2018-07-23 09:00
Gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzea lortu da laborategian, nerbio-ehuna erreparatzea erraztuta.

Irudia: Mikroglia zelulak garunaren zaindari dira, baina Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboan hondatze neurologikoa eragiten due hantura kronikoaren eragile nagusiak dira. (Irudia: GerryShaw).

Zelula mikroglialetan P2X4 izeneko errezeptorea identifikatzea lortu da, hanturaren kontrako indarra areagotzen duena. Ondorioz, Esklerosi Anizkoitzaren kaltea murriztu eta, batez ere, organismoaren berezko erantzun erreparatzaileak sustatzen ditu.

Esperimentua egiteko gaixotasunaren animalia ereduak erabili dira eta frogatu ahal izan da errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren fase kronikoan sintomak hobetzen dituztela, nerbio-ehuna erreparatzen laguntzen baitute.

Esklerosi Anizkoitza gaixotasun autoimmunea da eta mielina geruza deritzon egitura erasotu eta hondatzen du. Ezinbestekoa mielina geruza osorik izatea garunak eta bizkar-muinak behar bezala funtzionatzeko.

Sistema immunologikoaren jarduera modulatzean datza Esklerosi Anizkoitzaren egungo tratamendua eta horren zelulak nerbio-sistema zentralera iristea ekiditea. Terapia horiek eraginkorrak dira gaixotasunaren hasierako faseetan, baina ez dute gaixotasunak aurrera egitea eta hondatze funtzionala ekiditen.

Gaixotasunaren fase progresiboan garunaren zelula mikroglialak dira hondatze neurologikoa eragiten duen hantura kronikoaren eragile nagusiak. Zelula mikroglialak garunaren zaintzaileak dira eta berau kaltetu edo infektatzen bada erreakzionatzen dute. Erreakzio hori hasiera batean onuragarria da baina kaltegarri bihurtzen da denboran luzatzen bada, hantura kroniko bilakatzen bada.

Aurkikuntza honek Esklerosi Anizkoitzaren fase progresiboaren tratamenduaren garapen farmakologikorako bide berria irekitzen du eta Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eskaini.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Molekula-gako bat aurkitu dute, Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Domercq, María, et al., (2018). P2X4 receptor controls microglia activation and favors remyelination in autoimmune encephalitis. EMBO Molecular Medicine, e8743. DOI: 10.15252/emmm.201708743

The post Molekula gako bat Esklerosi Anizkoitzaren progresioa atzeratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #212

Ig, 2018-07-22 09:00
Ziortza Guezuraga

Emakumeak zientzian

Berriak eman du albistea: Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso du Teresa del Valle antropologoak. Gizartearen zuztarrak ulertzeko egindako makina bat ahalegin goraipatzeko ekitaldia izan da eta analisietan ikuspegi feminista txertatzeko lanean erreferente ezinbestekoa izan da Teresa del Valle. Argiak ere albisteari erreferentzia egin dio.

Paleontologia

Duela 14.000 urteko ogi-hondarrak aurkitu dituztela Jordanian kontatzen du Elhuyar Aldizkariak. Ogia nekazaritzarekin batera sortu zela uste zen arren, aurkikuntza honek erakusten du lehenagokoa dela ogia, izan ere, aztarna hauek nekazaritza hasi baino 4.000 urte lehenagokoak dira.

Eta Elhuyar Adizkariak gizakien hastapenen inguruko beste albiste bat dakar: Neandertalek sua pizten zutela iradokitzen duten aztarnak aurkitu dituzte. Neandertalek sua erabiltzen zutela frogatuta dagoen arren, pizteko gai ote ziren oso eztabaidatua izan da azken urteotan. Bada, harrizko tresnak erabiliz sua pizten zutela iradokitzen duten lehen aztarnen berri eman dute.

Astronomia

Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitzaren ingurukoak azaltzen dituzte Naiara Barrado eta Itziar Garate fisikariak. Irakur daitekeenez, egun zientzialariek oraindik ez dute ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik.

Astrofisika

Juanma Gallegok azaldu du aurrenekoz energia altuko neutrino baten jatorria argitu dutela astrofisikariek: 3.700 milioi argi urtera dagoen galaxia batean sortutakoa da. Neutrinoa topatu eta minutu batera zabaldutako alarmak erantzun ona izan zuen: mundu osoko astronomia behatokietan egindako lanari esker baieztatu ahal izan dute IC170922A izendatu duten gertaera horrek TXS 0506+056 blazarrean jatorria duela.

Osasuna

Goiz afaltzeak bularreko eta prostatako minbizi arriskua txikitzen duela irakur daiteke Berrian. International Journal of cancer aldizkari zienfikoan argitaratutako ikerketaren arabera afaldu ondoren komeni da bi ordu itxarotea lotara joan aurretik. Minbizi mota horiek izateko arriskua %20 jaisten da goiz afaldu edo afaldu ondoren bi orduko tartea hartzen bada lotara joan aurretik.

Biologia

Arrainen joan-etorrien ingurukoak izan dituzte hizpide Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Azaltzen dutenez, «katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei eta «anadromo» kontrako bidea egiten dituztenei. Kokalekuari dagokionez, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin.

Landareak ez direla izaki pasiboak, elikagai eta lorategietako apaingarri izateko soilik balio dutenak azaltzen dute Euskalnaturan. Hala, defentsa mekanismoak dituzte eta moldapen eta polinizazio estrategia oso bereziak garatu dituzte landareek eboluzioan zehar. Esaterako, landare bat erasotua denean konposatu organiko hegakor batzuk (karbonoz osatuak) kanporatzen dituela eta hauek mezulari lana betetzen dute.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #212 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #225

La, 2018-07-21 09:00

Zer egiten du garunak entzuten ari den bitartean erantzuna prestatzeko? Nicola Molinaroren Brain mechanisms beneath prediction during speech perception

Eredu estandarra oso itsusia da. Benetan itsusia. Harritzera arte eraginkorra, gizadiaren lorpen handia, bai, baina estetikoki beldurgarria. Eta, hala ere, badira bere garaian Einstein edo Dirac bezala, matematiken dotoretasun eta edertasuna egi fisikoa lotzen dutela pentsatzen duten fisikariak. Jesús Zamora Bonilla: Has theoretical physics become a sleeping beauty?

Andui patogenoko bakteriak pilien bidez atxikitzen dira ehunetara. DIPCkoek “ile” hauetako egitura argitu dute indar atomikoko mikroskopioa erabilita. Infekzioei aurre egiteko antibiotikoei bide alternatiboa eskain dezake honek The mechanochemistry of E. coli type 1 pilus

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #225 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Genero berdintasunaren paradoxa zientzian eta teknologian

Or, 2018-07-20 09:00
Josu Lopez Gazpio Neska eta emakume gutxiegi daude zientzian. Ez zientzian bakarrik, oro har, STEM delako arloetan -zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika- emakumeen presentzia txikiegia da. Antza, datuen arabera emakume gehiago espero beharko lirateke STEM alorretan. Zalantza hori argitu nahian, genero berdintasunaren paradoxa sakonki aztertu duen ikerketa bat argitaratu berri dute Missouriko Unibertsitateko Gijsbert Stoet eta David C. Geary ikertzaileek. Ondorioa, esan bezala, paradoxikoa da: genero berdintasun maila handiagoa duten herrialdeetan emakume gutxiago graduatzen dira zientziaren arloko unibertsitate-ikasketetan. Are gehiago, zenbat eta berdintasun maila handiago izan, emakume gutxiago graduatzen dira unibertsitatean STEM arloetan.

1. irudia: Herrialde bateko genero berdintasuna handitu ahala, emakume gutxiago graduatzen dira STEM alorretan. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematikan neska eta emakume gutxi egotea mundu mailako fenomenoa da. Herrialde guztietan gertatzen da, baina, zenbait herrialdetan joerak nabariagoak dira. Joera horiek aldatzeko ahaleginak egin izan badira ere, STEM alorretan emakumeen presentzia egonkor mantendu da azken hamarkadetan. Desberdintasun horien egonkortzeak argi adierazten du orain arte hartu diren neurriak ez direla behar bezalakoak izan. Stoet eta Geary ikertzaileek emakumeen aukeraketa hori -STEM alorretara ez jotzea- bultzatzen duten testuinguru-faktoreak aztertu dituzte eta ondorioak hasiera batean espero ez direnak izan dira. Aurkitu dutenez, genero berdintasun handia duten herrialdeetan gizonen eta emakumeen arteko alderik handiena nabari da zientzia eta teknologiaren inguruko unibertsitate-graduetan eta Bigarren Hezkuntzan.

Hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa izena jarri diote fenomeno horri eta hura argitzen ahalegindu dira ikertzaileak. Paradoxa ulertzeko adibide argigarri bat: Finlandian genero berdintasun maila handia dago –Munduko Ekonomia Foroaren arabera- eta nerabeen artean neskek mutilek baino gaitasun gehiago dute zientzian aritzeko –OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera-. Alabaina, Finlandian mundu mailako gizonen eta emakumeen arteko alderik ia handiena dago STEM alorreko unibertsitate-graduetan. Suedian eta Norvegian ere antzekoa gertatzen da -STEM graduatuen %25 bakarrik dira emakumeak-. Aljerian, Tunisian edo Turkian, aldiz, emakume gehiagok lortzen dute STEM graduatua, %35-40 artean. Joera horiek mundu mailan errepikatzen direla ikusi da eta horixe da, hain zuzen ere, hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa.

Nola aukeratzen dira unibertsitateko ikasketak?

Genero berdintasunaren paradoxa bi prozesuk gidatzen dute, dirudienez. Alde batetik, ikasleek beraiek aukeratzen dute zer ikasi nahi duten eta horretarako gaitasun akademikoetan oinarritzen dira. Beste aldetik, testuinguru-faktoreetan -esaterako, ikasketak amaitzean espero den soldatan- oinarritzen dira aukeraketa egiteko. Ikertzaileen arabera, faktore horrek eragin handiena du unibertsitate-graduaren aukeraketan eta, aztertu dutenez, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian.

2. irudia: Unibertsitateko ibilbide akademikoa aukeratzerakoan hainbat faktorek eragiten dute, nagusiki, norbanakoaren aukerak eta testuinguruaren eragina. (Argazkia: geralt – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Testuinguru faktoreei dagokienez, herrialdearen garapen ekonomikoa eta arrisku ekonomikoak kontuan hartu behar dira. Horren arabera, egoera ekonomiko okerragoan dauden herrialdeetan STEM alorreko lanbideak erakargarriagoak dira soldata altuagokoak izan ohi direlako eta emakume gehiagok jotzen dute zientzia eta teknologia ikastera. Frogatu denez, egoera ekonomiko zailetan norbanakoaren interesak eta gaitasunak gehiago eragiten du ibilbide akademikoaren aukeraketan.

Ikerketaren muina

Hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxa ikertzeko 67 herrialdetako 475.000 nerabe aztertu dituzte Missouriko Unibertsitatean. Ikerketan PISAko datuak erabili dituzte gaitasunak neurtzeko: zientzia-alfabetatzea, irakurmen gaitasuna eta matematiketarako gaitasuna aztertu dira. STEM alorrak definitzeko UNESCOren sailkapena erabili dute, eta talde horretan sailkatu dituzte natura-zientziak, matematika, estatistika, informazio eta komunikazio teknologiak, ingeniaritzak, fabrikazioa eta eraikuntza. Erabilitako datuen arabera, STEM graduatuen emakumeen portzentajea %12,4tik -Macaon- %40,7ra -Aljerian- mugatzen da. Generoen arteko aldea balioesteko Munduko Ekonomia Foroaren GGGI indizea –Global Gender Gap Index- erabili da. Indize horrek 14 indikatzaile hartzen ditu kontuan eta aztertutako 67 herrialdeei dagokienez, indizerik baxuena Arabiar Emirerri Batuetan dago, 0,593 eta altuena, aldiz, Islandian, 0,881.

Emaitzak gaika aztertuta, Stoet eta Gearyren ikerketak dio zientzia-alfabetatzean ez dagoela desberdintasun adierazgarririk nesken eta mutilen artean -neskek emaitza zertxobait hobeak lortzen dituzte, hala ere-. Horrek, gainera, ez dauka loturarik generoen arteko aldea neurtzen duen GGGI indizearekin. Indargune akademiko intraindibidualei dagokienez, aldiz, mutilak zientzian hobeak dira beste alorretan baino. Neskak, berriz, gaitasun intraindibidual erlatibo handiago dute irakurketan zientzian edo matematikan baino. Hain zuzen ere, nesken %51ak du irakurketa gaitasuna indargune akademikoa bezala. Esandakoaren arabera, neskek eta mutilek zientziarako antzeko gaitasuna dutela ondorioztatu da. Alabaina, mutilek beste alorretan gaitasun baxuagoa dutenez, STEM alorretan gaitasun erlatibo handiagoa dutela nabari dute eta horren eraginez mutilek joera handiago dute STEM alorrak aukeratzeko. Nolabait, mutilek uste dute gaitasun hobeak dituztela zientzian eta teknologian -haien indargune moduan ikusten dutelako, nahiz eta balio absolutuetan, oro har, neskek eta mutilek antzeko gaitasuna duten.

Zientziarekiko jarrerei dagokienez, autoeraginkortasuna, interesa eta zientziarekiko gozamena ebaluatu dituzte ikerketan. Paradoxikoki, aztertutako herrialde guztietan hiru jarrera horietan mutilek neskek baino balio altuagoak ematen dituzte. Herrialdeen %58an mutilek zientziarekiko autoeraginkortasun altuagoa dute, %76an mutilek zientziarekiko interes handiagoa dute eta herrialdeen %43an mutilek neskek baino gehiago gozatzen dute zientziaz aritzean -beste herrialdeetan antzeko jarrerak dituzte-. Berriro ere paradoxikoa badirudi ere, herrialdearen berdintasun indizea zenbat eta handiagoa izan mutilek zientziarekiko jarreretan puntuazio hobeak lortzen dituzte neskek baino. Bestalde, bitxia da aipatzea herrialdeen %49an mutilek zientzian dituzten gaitasunak gehiegi estimatzen dituztela, alegia, uste dutena baino gaitasun baxuagoa dute. Nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik uste du benetan duena baino gaitasun gehiago duela. Hala eta guztiz ere, jarrerak eta gaitasunak bakarrik aztertu neska eta emakume gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM alorreko unibertsitate-ikasketak. Zergatik gertatzen da hori? Zein da arrazoia emakume askok zientzia eta teknologiaren alorrari uko egiteko?

Paradoxaren balizko azalpenaren bila

Genero berdintasunaren paradoxaren erantzulea herrialdearen egoera ekonomikoa eta ongizate-maila izan daitekeela proposatu da. Berdintasun indize altuagoa duten herrialdeak aberatsagoak izan ohi dira eta arrisku ekonomikoak murritzagoak dira. Biztanleriak segurtasun handiagoa du eta bizi baldintzak hobeak dira. Testuinguru horretan, etorkizun ekonomiko oparoagoa eskaintzen duten STEM alorreko ikasketak ez dira hain erakargarriak. Ikerketan frogatu dutenez, bizi kalitate okerragoa izatea espero denean neskek pizgarri gehiago dituzte zientzian eta teknologian aritzeko eta arlo horretako unibertsitate-ikasketak egiteko.

Zentzu horretan, mutilak hobeak dira zientzian beste alorretan baino, nahiz eta neskak mutilak baino hobeak diren alor guztietan. Nesken artean, aldiz, irakurketan gaitasun altuagoa dute zientzian baino eta, hortaz, neskek ez dute STEM alorra haien indargune bezala ikusten. Hortaz, testuinguru sozioekonomiko erosoan -horiek ere berdintasun maila handiagoa duten herrialdeak izanik-, neskek ez dute zientzia eta teknologiara jotzen. Horixe da hezkuntzako genero berdintasunaren paradoxaren azalpena, ikertzaileen aburuz.

3. irudia: irudia: Espero baino emakume gutxiago dago STEM alorrekin lotutako unibertsitate-graduetan. (Argazkia: skeeze – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Paradoxa arazo bat den edo ez eztabaidatzeko kontua da. Alde batetik, esan behar da gizarte berdinzaleena ez dela izango alor guztietan nesken eta mutilen banaketa berdin-berdina duena. Beste aldetik, ikerketa hau edo antzekoak ezin dira erabili berdintasun politiken aurkako argudio moduan. Unibertsitate-ikasketetan %50-%50 banaketa lortzea ez da helburua, baina, bai genero kontuengatik bidean inor ez galtzea. Ikerketaren arabera, neska gehiagok aukeratu beharko lituzkete STEM arloko graduak; izan ere, alde handia dago zientzia eta teknologian graduatzen diren emakumeen eta modu arrakastatsuan STEM alorrean graduatu ahalko liratekeen emakumeen artean. Alde hori murrizten joateko, behar-beharrezkoak dira gertatzen dena azaltzen lagunduko duten ikerketak, irtenbide egokienak bilatze aldera. Hala ere, ikertzaileen arabera, argi dago alde hori ez dela murriztuko berdintasun politikekin bakarrik edo nesken zientzia-hezkuntza hobetzen bakarrik. Irtenbide integral eta eraginkorrak bilatzen diren bitartean kontuan izan behar da agian, besterik gabe, segurtasun ekonomikoa duten neskek nahiago dutela STEM arloak ez diren beste ikasketak egitea. Olga Khazan idazleak dioenez, lana interes ekonomikoengatik bakarrik aukeratu beharrean, haien gaitasun anitzetan oinarrituta egiten dute aukeraketa eta hori izan daiteke, hain zuzen ere, genero berdintasunaren paradoxaren erantzulea. Hortaz, baliteke lortutako emaitza korrelazio baten ondorio izatea, baina, benetako kausa-efektua oraindik aurkitu ez izana. Hala ere, hausnartzen jarraitzeko datua lortu dute Missouriko ikertzaileek: mutilen erdiek uste dute benetan dutena baino gaitasun handiagoa dutela zientziarako eta nesken kasuan, aldiz, %5ak bakarrik pentsatzen du hori. Ikerketa gehiagoren beharrean, oraingoz, eztabaida irekita dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Stoet G, Geary D. C., (2018). The Gender-Equality paradox in Science, Technology, Engineering, and Mathematics education. Psychological Science, 29(4), 581-593. DOI: https://doi.org/10.1177/0956797617741719

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Genero berdintasunaren paradoxa zientzian eta teknologian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna

Og, 2018-07-19 15:00
Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral XXI. mendeko erronken artean, ingurumen-osasunean kalte egin dezaketen arazoei aurre egiteko metodo alternatiboen bilaketa aurkitzen da. Arlo honetan mikrokapsularatzearen abantaila anitzek arazo hauei aurre egiteko baliozko aukera bat erakusten dute.

Irudia: Intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu dituzte.

Mikrokapsularatze prozesua substantzia aktibo bat mintz batez inguratzean datza, kanpoaldearekin kontaktu zuzena saihestuz, eta ondoren, askapen kontrolatu bat eskainiz. Mikrokapsularatze prozesua burutzeko kapsulatuko diren substantzien eta agente kapsulatzaileen propietate fisiko- kimikoak, mikrokapsularatze produktuaren amaierako aplikazioa, partikula tamaina, askapen- mekanismoa eta prozesuaren kostua kontuan izan behar dira.

Gure ikerkuntza taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu hauek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenerako zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.

Mikrokapsularatutako intsektiziden, fungiziden eta sinergisten familiako biozidak dira. Beste aldetik, oddoetatik eratorritako bioerakarle naturalak alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola, ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze- metodoak. Osagai aktiboak mikrokapsularatuta izanda, amaierako produktuaren egiaztapenari zein karakterizazioari dagozkien ikerketak burutu dira teknika analitiko ezberdinak erabiliz. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta ostean, inguruko tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.

Mikrokapsularatze prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen- osasunean dauden ingurumen- arazoak ebazteko. Alde batetik, intsektiziden kapsulazioak langilearen eta printzipio aktiboaren arteko kontaktu zuzena saihesten du, lanpostuan giza- osasunarentzako arriskua ekidituz.

Gainera, likidoak zein likatsuak diren zenbait pestizida mikrokapsularatze prozesuak solido bilakatzen dituzte, maneiatzeko erraztasuna lortuz. Era berean, produktuaren nahi gabeko isurketen aurrean, portaera eta erremediazioa errazten du. Kapsulatuta egotean pestiziden mugimendua ingurunera moteltzen da eta ondorioz erremediazio metodoen aplikazioentzako erantzun- denbora handitu egiten da. Nolanahi ere, sortutako eragina txikiagoa eta ingurunerantzako onargarriagoa izango litzateke.

Gainera, mikrokapsularatutako produktua uretan burutzen da eta disolbatzaile organikoak ez dira erabiltzen, daukaten toxikotasun- maila eta kostu altua saihestuz. Beste aldetik, eratuko litzatekeen produktuak inpaktu ekologikoa murrizten lagundu lezake. Mikrokapsularatze prozesuak agente kapsulatzaile biodegradagarriak erabiltzen dituenez, pestizida babestu eta maskaratzen dute. Azkenik, aipagarria da pestizida pixkanaka- pixkanaka askatuz joango dela eta modu honetan aplikazio puntuetan ez dira produktuaren kantitate handiak erabili behar. Hau da, prozesu honek pestiziden denboraldiko dosifikazioa ahalbidetzen du eta, beraz, bere ingurunerako dispertsioak kontaminazio zehatzen prozesuak saihesten ditu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna
  • Laburpena: XXI. mendeko erronken artean, ingurumen-osasunean kalte egin dezaketen arazoei aurre egiteko metodo alternatiboen bilaketa aurkitzen da. Arlo honetan, mikrokapsularatzearen abantaila anitzek arazo horiei aurre egiteko baliozko aukera bat erakusten dute. Abantaila garrantzitsu horien artean aurkitzen dira ingurumenean eta ugaztunetan toxikotasuna murriztea, langileen zein bezeroen manipulazioan segurtasuna hobetzea eta uretan disolbagarritasun baxua duten konposatuen sintesia uretan ahalbidetzea. Horrela, ura disolbatzaile gisa erabiliz, disolbatzaile organiko toxikoen eta garestien erabilpena ekiditen da.Gure ikerkuntza-taldeak intsektuen izurriteen kontroleko amuen parte izango diren produktu mikrokapsularatuak sintetizatu ditu. Mikrokapsularatutako produktu horiek biozida eta bioerakarle naturalak dituzte, ingurumenarentzat zein gizakiarentzat errespetagarriagoa den produktua lortzeko asmoz. Gainera, bioerakarleen erabilpenaren ondorioz, amaierako produktu komertziala selektiboagoa eta eraginkorragoa izango da espezie zehatz batzuen aurka.Mikrokapsularatutako biozidak sinergisten familiako pestizidak dira. Adibide ezagun bat piperonilo butoxidoa da. Biozidek intsektiziden, (piretroideak, nikotinoideak, karbamatoak…), fungiziden (tebukonazola) zein pestiziden gaitasuna areagotzeko gaitasuna dute. Bioerakarle naturalak, berriz, alkoholen eta terpenoen familiako konposatu hegazkorrak dira. Mikrokapsularatze-metodo arinak eta errendimendu estekiometriko altukoak garatu izan dira polimeroekin, gomekin eta karbohidratoekin erabiltzeko, hala nola ihinztadura bidezko lehorketa, gelifikazio ionikoa eta inklusio-konplexuen eraketako mikrokapsularatze-metodoak. Era berean, konposatu aktiboen kontzentrazioak determinatzeko, metodologia analitiko ezberdinak ikertu dira eta buruguneko gas-kromatografia / masa-espektrometria detektoreko (Headspace Gas Chromatography-Mass Spectrometry, HS-GC/MS) teknika erabiliz giro-tenperaturan eta hezetasunean konposatu hegazkorren askapenaren monitorizazioa ikertu da.Mikrokapsularatze-prozesuan lortutako aurrerapenek mugarri esanguratsu bat adierazten dute ingurumen-osasunean dauden ingurumen-arazoak ebazteko.
  • Egileak: Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 125-136
  • DOI: 10.1387/ekaia.17023

————————————————–
Egileaz:

Rosa María Alonso, María Luz Alonso, Itziar Corral Biofisika Institutukoak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko kideak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Bioziden mikrokapsularatzea eta ingurumen-osasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Arrainen joan-etorriak

Og, 2018-07-19 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

«Diadromo» izena ematen zaie itsasotik ibaira edo ibaitik itsasora migratzen duten arrainei. Horietako batzuk ―izokinak― ikusi ditugu dagoeneko, haien biologia berezi samarra baita. Beste arrain diadromo bat, aingira, preziatu samarra da gure artean. Aingira esan dugu, baina benetan preziatua dena ez da aingira bera, aingiraren larba baizik.

Irudia: Ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera eta itsasoan sortzen dira angulak.

Jakina denez, ibaietatik itsasora joaten dira aingirak errutera, eta itsasoan sortzen dira guztiz preziatuak diren angulak, aingiren larbak. «Katadromo» izena ematen zaie ibaietatik itsasora ugaltzera doazen arrain diadromoei.

Izokinek alderantzizko bidaia egiten dute. Ibaietan jaio eta ibaietan ematen dituzte beren bizitzaren lehen aldiak. Gero itsasora joaten dira gizentzera, eta, gizendu ondoren, ibaietara itzuli, ugaltzera. «Anadromo» izena ematen zaie era horretako bidaiak egiten dituzten arrain diadromoei.

Joan-etorri horiek egitea kontu bitxia bada ere, are bitxiagoa da espezie batzuek noranzko bateko bidaia egitea eta beste batzuek aurkakoa. Ez da erraz ulertzen zergatik egiten duten batzuek besteek egiten dutenaren aurkakoa, eta horixe da hemen aztertuko dugun kontua.

Hainbat adituren ustez, ibaien eta itsasoaren emankortasunei dagokie jokabide desberdin horien arrazoia. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, espezie katadromo gutxiago daude ekuatoretik poloetarantz joatean, eta alderantziz gertatzen da espezie anadromoekin. Bestalde, ibai eta itsasoaren emankortasuna latitudearekin batera aldatzen da, eta aldaketa hori aurkakoa da kasu bakoitzean. Hau da, ekuatoretik hurbil dauden ibaiak emankorragoak dira poloetatik hurbil daudenak baino, baita latitude berean dauden itsasoak baino. Alderantziz, poloetatik hurbilago dauden itsasoak latitude bereko ibaiak baino aberatsagoak dira, baita ekuatore aldera dauden itsasoak baino ere. Beraz ―eta hauxe da gakoa―, latitudearen arabera aldatzen dira uretako animaliak gizentzeko egokiagoak diren ur-ingurumenak.

Katadromoak itsas arraintzat hartu behar dira, baina ibaiek eskaintzen dituzten ekoizpen- baldintza egokiak direla eta, latitude bereko ibaietara jotzen dute gizentze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin. Era berean, ur gezetako arraintzat hartu behar dira anadromoak, baina ibaietatik itsasora joaten dira itsasoak eskaintzen dituen janari-baliabide egokiez baliatzera. Hala ere, naturan ikus daitezkeen beste hainbat gertaerarekin bezala, bada salbuespenik, eta, urrutira joan gabe, gure itsaso eta ibaietan batera ikus ditzakegu bai aingirak, bai izokinak ere, hots, bai arrain anadromoak bai katadromoak.

Hala eta guztiz ere, salbuespenak egon arren, portaera horiek azaltzeko hipotesi egokia dirudi hemen aurkeztu dugunak. Bi espezie horiek orain batera egoteak ez digu esaten egoera horretara iritsi arte bakoitzak jarraitu duen bidea zein izan den, eta seguru asko, hor egongo da paradoxa honen azalpena. Azken batean, nekez uler litezke horren jokabide berezi eta neketsuak etekinik ateratzeko modukoak izango ez balira.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Arrainen joan-etorriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian

Az, 2018-07-18 09:00
Juanma Gallego Aurrenekoz, energia altuko neutrino baten jatorria argitu dute astrofisikariek: 3.700 milioi argi urtera dagoen galaxia batean sortutakoa da. Aurkikuntzak unibertsoa ikertzeko bide berria ireki dezake, astronomia multi-mezularian sakonduz.

2017ko irailaren 22an mundua ohiko arazoetan murgilduta zegoen. Iazko udazkenaren lehen egun horretan, Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk brexit-erako bi urteko luzapena eskatu zuen, eta Kataluniako krisia puri-purian zegoen. Atlantikoaren beste aldean ez zeuden negoziaketa askorako tenorean: lurrikara ikaragarri batek Mexiko astindu berri zuen; alboan are okerrago zeuden: urakan batek Dominikar Errepublika jo berria zuen. Asiara joanda, Ipar Koreako erregimenak Ozeano Barean H motako bonba bat lehertzeko mehatxu egin zuen.

Telebistako pantailetan samina besterik agertzen ez zen egun horretan, gauza xume bezain garrantzitsua gertatu zen munduaren txoko urrun batean: Antartidan kokatutako IceCube izeneko behatokian, zientzialariek “ikusezina” zen partikula baten arrastoa “ikusi” ahal izan zuten: energia altuko neutrino bat. Film batean bezala, adituen artean mundu mailako alarma piztu zuten, eta izarretan burua duten “txoriburu” asko partikula horren jatorriari begira lerrotu zituzten euren tramankuluak.

1. irudia: 3.700 milioi argi urtera kokatuta dagoen galaxia batean du jatorria atzemandako neutrinoak. Irudian, neutrinoak eta gamma izpiak isurtzen dituen blazarraren irudikapen artistikoa. (Argazkia: IceCube/NASA)

Hego Poloan kokatuta dago IceCube neutrino behatokia, Amundsen-Scott estazioan, eta partikula horiek detektatzeko berariaz eraikitakoa da. Bertan egindako behaketari esker, astrofisikariek ondorioztatu dute neutrinoak blazarretan sortzen direla, hau da, zenbait galaxiaren erdiguneetan. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, bi artikulutan.

Drexel unibertsitateko (AEB) ikertzaile Naoko Kurahashi Neilson-en esanetan, “jende askok susmatzen zuen blazarrek neutrinoak jaurtitzen dituztela, baina, orain arte, inork ez du prozesu hori ikusi”.

Hasieran esan bezala, ordea, iazko irailean prozesu hori “ikusi” ahal izan zuten. Neutrinoa topatu eta minutu batera zabaldutako alarmak erantzun ona izan zuen: mundu osoko astronomia behatokietan egindako lanari esker baieztatu ahal izan dute IC170922A izendatu duten gertaera horrek TXS 0506+056 blazarrean jatorria duela. Lurretik ikusita, Orion konstelazioan dago estruktura hori; zehazki, ehiztariaren ezkerreko “sorbaldan”. Lurretik 3.700 milioi argi urtera kokatuta dago.

Espektro elektromagnetiko osoan behaketak egin dira, baina, batez ere, gamma izpien isurien analisia izan da garrantzitsuena. Bereziki NASAren Fermi espazio teleskopioa eta La Palma uhartean dagoen MAGIC izeneko gamma izpien teleskopioa erabakigarriak izan dira iturria zehaztu ahal izateko.

Zaila zen kasualitatea izatea, baina, bazitekeen. Horregatik, ikertzaileek aurreko urteetan gordetako erregistroak arreta handiz aztertu dituzte, modu horretan jakin ahal izateko ea aurretik norabide horretatik etorritako beste neutrino isuririk ote zegoen. Ia hamarkada bat atzera egitea lortu dute, eta blazar horretatik bertatik beste neutrino jaurtiketa handiak izan zireneko ebidentzia haina bildu dutela ziurtatu dute. 2014ko eta 2015eko datuetara joanda, konturatu dira jatorri bereko dozena bat neutrino erregistratuta zeudela.

2. irudia: DOM izeneko sentsoreak daude izotzaren barruan, IceCube behatokiaren azpian, neutrinoak atzeman ahal izateko. (Argazkia: IceCube/NSF)

Neutrinoak partikula subatomikoak dira. Aspalditik ezagutzen dira, baina, orain arte, ez zegoen argi zein zen haien jatorri zehatza. Orain bederen, zientzialariek badakite blazarrak neutrinoen iturrietako bat direla. Are gehiago, aurkikuntzak beste arrasto garrantzitsua eman du: blazarretan ere egon litezke izpi kosmikoen jatorrietako bat.

Neutrinoek zuzen-zuzen bidaiatzen dute unibertsoan zehar, eta galaxiak, izarrak edo aurrean duten edozein gauza zeharkatzeko gai dira. Neutrinoek ez bezala, izpi kosmikoek karga elektrikoa dute, eta, beraz, eremu magnetikoek haien ibilbidea desbideratzen dute. Horregatik, Lurretik jasotzen diren izpi kosmikoak aztertzea ez da nahikoa jakiteko zein den horien jatorria. Behatokiak detektatzen dituen neutrino gehienak energia baxukoak dira, baina horiek atmosferan bertan izan ohi dute jatorria, izpi kosmikoek goi atmosferako partikulekin talka egiten dutenean. Baina zientzialariek badakite izpi kosmikoek gasarekin edo fotoiekin talka egitean sortzen direla energia altuko neutrinoak. Beraz, litekeena da orain aurkitu duten neutrino iturri hori izpi kosmikoen jatorri izatea ere.

Ohi bezala, partikula hauen existentzia zeharka ondorioztatu zen. Wolfgang Pauli fisikaria izan zen 1930ean neutrinoa aurrenekoz proposatu zuena. Nukleo batean beta motako desintegrazioa izaten denean, nukleotik ateratzen diren elektroien energia zinetikoa ez da nukleoan dagoen energiaren arabera espero daitekeenaren parekoa. Elektroi horiek, berriz, energia espektro zabala dute. Energien arteko alde hori azaltzeko, neutrinoaren existentzia proposatu zuen Paulik.

Oso masa txikiko eta energia neutroko partikula da neutrinoa. Materiarekin gutxitan elkarri eragiten dute. Ezaugarri horiek azaltzen duten zergatik den hain zaila partikula hori detektatzea. Hori 1956an lortu zen aurrenekoz, baina oraindik ere, gaur egun arras zaila da partikula horiek atzematea, eta tresna oso bereziak behar dira: tamaina handiko behatokiak, normalean likido asko duten biltegiak, eta inguruan erradiazio detektagailuak dituztenak. Halako azpiegitura handien bitartez, neutrinoek materiarekin talka egiten dutenean sortzen den erradiazio txikia neurtzen saiatzen dira zientzialariak. IceCube behatokiaren kasuan, izotz kilometro kubo baten eremuan dauden milaka detektagailu txiki baliatzen dira.

Orain aurkeztutakoa kanal anitzeko behaketak egiteko baliagarria izatea espero dute astrofisikariek. Modan jarri da, honezkero, astronomia multi-mezulariaren kontzeptua. “Argiaz aparte bestelako bideak erabiltzen dituen astronomia egiten hasiak gara, behaketa elektromagnetikoa -argia- eta bestelako neurketak bateratzen dituen astronomia multi-mezularia egiten, hain zuzen”, azaldu du Alabamako Unibertsitateko (AEB) Marcos Santander astrofisikariak. Funtsean, unibertsoari begiratzeko bide berria ireki dela nabarmendu dute ikertzaileek.

Astrofisikariek espero dute etorkizunean neutrinoak lagungarri izango direla unibertsoa sakonki aztertzeko. Orain arte, astronomia guztia fotoietan edo “argian” oinarritu da, baina pixkanaka egoera aldatzen ari da, eta unibertsora hurbiltzeko bide berriak zabaltzen ari dira. Iaz grabitazio uhinen lehen detekzioarekin gertatu zen modu beran, oraingo aurkikuntzak gure unibertsoaren pertzepzioa fintzen lagundu dezake. Munduko arazoek berdin jarraituko dute, baina, eskerrak, ezagutzaren abenturak zirrarara zabaltzen jarraitzen du.

Erreferentzia bibliografikoa:

The IceCube Collaboration, Fermi-LAT, MAGIC, AGILE, ASAS-SN, HAWC, H.E.S.S., INTEGRAL, Kanata, Kiso, Kapteyn, Liverpool Telescope, Subaru, Swift/NuSTAR, VERITAS, VLA/17B-403 teams, (2018). Multimessenger observations of a flaring blazar coincident with high-energy neutrino IceCube-170922A. Science , 361(6398), eaat1378. DOI: 10.1126/science.aat1378

IceCube Collaboration, (2018). Neutrino emission from the direction of the blazar TXS 0506+056 prior to the IceCube-170922A alert. Science, 361(6398, pp. 147-151. DOI: 10.1126/science.aat2890

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ikusten ez den partikula batek ate berria ireki du astronomian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza

Ar, 2018-07-17 09:00
Naiara Barrado eta Itziar Garate Maiatzaren 30etik planeta osoari bira ematen ari zaion hauts-ekaitz orokor bat beha daiteke Marten. Hauts-ekaitzak ohikoak dira Marten, batez ere hego-hemisferioan, baina, normalean ez dira hain handiak. Egunotan Marten ikus daitekeen ekaitza, Ipar Amerika eta Errusia batera baino handiagoa da. Ekainaren 12an, 35 milioi km² hartzen zituen, planetaren laurdena. Azken hauts-ekaitz globala 2007an izan zen.

Lurrean ere badaude hauts-ekaitzak edo hondar-ekaitzak, basamortuetan, batez ere. Baina Lurreko baldintzak ezberdinak dira, eta Lurreko ekaitzak ez dira Marten bezain beste zabaltzen. Planeta gorria Eguzkitik gertuen dagoenean, hego-hemisferioan udaberria edo uda denean, atmosfera berotu egiten da eta gainazalean sortzen diren tenperatura-kontrasteek eragindako haizeek gainazalean pausatuta dagoen hautsa mugiarazten dute. Gainera, neguan izoztutako CO2 kasko polarra lurruntzen hasten da garai honetan. Horrek atmosfera loditu, eta ondorioz trinkoago egiten du. Horrela, hautsa airean geratzea ahalbidetzen da. Hautsa, 60km-raino igo daiteke atmosferan barrena. Halere, normalean, ekaitza txiki mantentzen da, ez da oraingoa bezain handia bilakatzen (ekaitza tokikoa, ez orokorra, dela diogu kasu honetan) eta astebete inguru irauten du.

Gaur egun zientzialariok oraindik ez dugu ondo ulertzen zergatik hauts-ekaitz batzuk tokikoak diren astebetez, eta beste batzuk orokorrak izan arte handitzen diren, azken hauek hilabeteak luza daitezkeelarik. Zorionez, inoiz izan dugun aukerarik onena dugu orain. Curiosity izeneko bertan baita, ekaitzean guztiz murgilduta (ikus 1. irudia).

1. irudia: Curiosityren Mastcam kamerak ateratako bi argazki hauetan Marteko Gale kraterraren barrualdea ikus dezakegu bi egun ezberdinetan; ezkerraldean ekainaren 7ko argazkia eta eskuinaldean hiru egun beranduagokoa. Bertan, atmosferako hauts kantitatea nabarmenki handitu dela ikus daiteke. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Bestalde egun, 3 orbitadore baino gehiago daude Marteren inguruan biraka. Beraz, hauts-ekaitza bertatik aztertuz, Marteko eguraldi eta klimari buruzko aurkikuntza berriak egiteko beta paregabea dugu.

2. irudia: Ekaitzaren bilakaera ikus daiteke NASAren Mars Reconnaissance Orbiter izenekoaren MARs Color Imager (MARCI) kamerak hartutako irudiez osatuta. (Argazkiak: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Opportunity roverra ere Marten da, planetaren beste aldean. Honek ordea eguzki panelen bidez lortzen du energia, eta ekaitzak dirauen bitartean gainazalera iristen den eguzki-argia ez da nahikoa Opportunity aktibo mantentzeko. Lotan da beraz. Espero dezagun ekaitzak luze ez irautea, Opportunityren bateria hotzez hil ez dadin, 2010ean Spirit izeneko bere rover bikiari gertatu zitzaion moduan. Zorionez, Curiosityren bateria, energia nuklearraz elikatzen da eta, beraz, ez du eguzki-argirik behar. Gau eta egun egin dezake lan. Baina kaltetu ahal dezake hauts berak roverra edo bertako instrumenturen bat? Ingeniarien ustetan, ez. Misioaren prestaketetatik roverraren gainean pilatutako hautsa nola kendu pentsatua eta planeatua dute. Hala ere, zientziaren zati bat egiteko lan-modua aldatu edo egokitu behar da. Adibidez, argi gutxiago dagoenez, kamerek denbora luzeagoan izan behar dute objektiboa irekita.

Esan bezala, hauts-ekaitz honen aurretik azkena 2007koa izan zen. Urte hartako ekaitza oraingoa baino handiagoa izan zen, baina arinagoa. Ekaitz haren opakotasuna 5,5ekoa izan zen, eta oraingo ekaitzarena 10,8 da, ia bikoitza. 2007ko ekaitza orokorra izan bazen ere, ez zen behatutako handiena izan. Izan ere, sumendi garaienen gailurrak izan ezik, planeta osoa ilundu zuten 1971-1972an Mariner 9 misioak behatutako hauts-ekaitzak edo 2001ean Mars Global Surveyor-ek behatutakoak (ikus 3. irudia).

3. irudia: NASAko Mars Global Surveyor orbitadorearen Mars Orbiter Camerak 2001eko hauts-ekaitz erraldoiari hartutako bi argazki. Planetak jasandako erabateko itxura-aldaketa hilabeteko tartean gertatu zen. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/MSSS)

Ez dirudi oraingo hauts-ekaitz hau planeta osoa estaltzera iritsiko denik, baina nork daki… adi jarraitu beharko!

—————————————————–

Egileez: Naiara Barrado Izagirre (@naierromo) UPV/EHUko Fisika Aplikatuko irakaslea da eta Zientzia Planetarioen Taldeko kidea. Itziar Garate Lopez (@galoitz) Fisikan doktorea da eta Parisko Meteorologia Dinamikoaren Laborategiko ikertzailea.

—————————————————–

The post Marteko 2018ko ekaineko hauts-ekaitza appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bioolioa zitriko hondakinetatik

Al, 2018-07-16 09:00
Zuku fabriketako zitriko hondakinekin pirolisi azkarraren bidez bioolioa lor daitekeela frogatu eta eskala handiko instalazio pilotu bat eraikitzeko urratsak egiten ari dira. Hondakin hauek tratatzeko prozesuan erreaktorean egindako hobekuntzei esker patente bat lortu dute, gainera.

Irudia: Zuku industriako zitriko hondakinetatik bioolioa lortu dute.

Egindako ikerketaren arabera, zitrikoen hondakinak energia iturri berriztagarri oparo, merke eta eskuragarria dira. Zuku fabriketan pilatzen diren hondakinei irtenbidea ematea lortu dute: iturri-ohantze konikoko erreaktorean hondakin horren pirolisi azkarra eginda bioolioa lortu dute . Zitriko hondakinak erreaktorean elikatu aurretik lehortu eta zatitzen dira eta, erreaktorean 500 ˚C-an pirolizatu ondoren, %70-75 bioolioa lortzen da.

Hondakinak tratatzeko erreaktorean ere hobekuntzak egin eta patentatu dituzte. Zitrikoak huts-hutsean tratatzea oso zaila zen eta harearekin nahasita tratatzen hasi ziren. Harea lodia erabiliz gero, erreaktorean oso ponpa indartsuak erabili behar ziren eta horrek gastu handia zekarren. Harea fina erabiltzen hasi ziren, baina harea finak airearekin eta gasarekin ihes egiten zuen. Irtenbide moduan airea konfinatzeko gailu bat jarri zuten goiko aldean, iturria konfinatu, azken batean. Itzelezko abantailak zituela ikusi eta patentatu dute. Sistema berriaren prototipoak egin dituzte, baina maila handiagoetan zer gertatuko litzatekeen ikusteko, konfinatze-sistemaren simulazio-ereduak egin dituzte.

Hondakinok enpresan bertan lehortu eta, pirolizatuz, enpresarako beroa lortzeko galdaretan erretzeko moduko bioolioa lortuko litzateke. Kontuan hartuta milaka tona hondakin dagoela, enpresan kontsumitu ezingo zen bioolioa findegietara bideratu ahal izango litzateke, erregai nobleagoa lortu ahal izateko. Zitriko-hondakinetatik, bioolioa lortu beharrean, bi urratsetan hidrogenoa lortzeko prozesua ere ari dira aztertzen.

2011n 9,3 milioi tona inguru hondakin sortu ziren Brasilen zuku ekoizpenaren ondorioz. Brasilgo enpresa bat prest legoke proiektu pilotu txiki bat martxan jartzeko zitrikoeen hondakinetatik bioolioa lortzeko, Brasilen garapenerako Europako kooperazio proiektu orokor baten ebazpenaren zain daude.

Erregai fosilak pixkanaka ordezteko funtsezkoa da bioerregaiak lortzeko estrategiak aztertzea eta, kasu honetan bezala, bide batez hondakinei irtenbidea emateak balio erantsia ematen dio.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Zitriko-hondakinak aprobetxatuz bioolioa lortu dute UPV/EHUn.

Erreferentzia bibliografikoa:

Olazar Martin, et al., (2018). Valorization of citrus wastes by fast pyrolysis in a conical spouted bed reactor, Fuel, 224, 111-120. DOI: 10.1016/j.fuel.2018.03.028.

The post Bioolioa zitriko hondakinetatik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #211

Ig, 2018-07-15 09:00
Ziortza Guezuraga

Astrofisika

Energia handiko neutrinoen lehen iturria aurkitu dutela kontatzen dute Elhuyar aldizkarian. Blazar bat, ezagutzen den lehena, da iturria eta izpi kosmikoen iturri ere izan liteke. 2017ko irailaren 22an Hego Poloan dagoen IceCube behatokian energia handiko neutrino bat detektatu zuten eta blazar ezagun batetik etor zitekeela ikusi zuten.

Osasuna

Obesitatea duten pertsonek janariaren zaporearekiko sentikortasun baxuagoa dutela eta berriro ere pisua galtzen dutenean dastatzeko gaitasuna berreskuratzen dutela kontatu digu Josu Lopez Gazpiok. Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz dastamen-papilen berritze prozesua eten egiten dela eta, pixkanaka, haien kopurua murriztu egiten da, elikagaiak dastatzeko gaitasuna kaltetuz.

Udan azalaren zainketaren ingurukoak dakartza Euskal Naturak. Azaltzen dutenez, eguzkiak igortzen dituen uhinen erradiaziotik babesteko era seguruena honekiko esposizioa murriztea da, itzal edo arropa egokiaz baliatuz eta eguzkipean egoteko oso garrantzitsua da eguzkitako krema erabiltzea.

Klima-aldaketa

Azken 30 urteotan kostaldeko ura gradu erdi bat berotu dela ikusi dugu Berrian. Azti-Tecnaliak Pasaian eginiko neurketetan, tenperatura eta ur gazitasuna nola aldatzen ari diren aztertu dute eta emaitzen arabera euskal itsasertzeko batez besteko ur zutabearen tenperatura ia gradu erdi bat igo da 30 urtean.

Biologia

Nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz-azidoen kontsumoak buruaren ahalmenean duen eragin ona. Hala azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Zehazki, bikoitza da eragina. Gakoa da neskek, garun-ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituztela omega 3 gantz-azidoak eta ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko.

Ekologia

Intsektuen gainbeheraren errudunetako bat argi artifiziala izan daitekeen albistea eman du Juanma Gallegok. IGB Ur Gezeko Ekologiren eta Barne Arrantzaren Institutuko zientzialariek berretsi dute harremana dagoela argi kutsadura handia duten eremuen eta intsektuen galera handia duten eremuen artean.

Arkeologia

Historiaurreko Euskal Herriko ustezko lehen hiri planoa aurkitu dutela irakur daiteke Berrian. Anoetan topatutako harlauza baten gainean egindako trazo linealak erakusten ditu piezak: gainazala bitan banatzen duten bi lerro paralelo, eta alboetara zabaltzen diren laukiak ditu marraztuak. Euskal Herriko lehen hiri planoa izan daitekeela uste dute, lehen hipotesiaren arabera.

Paleontologia

Arranoak, otsoak eta katamotzak, Axlorreko neandertalen jaki izan zirela azaltzen dute Elhuyar aldizkarian. Axlor haitzuloan bizi izan ziren neandertalek hegaztiak, otsoak eta katamotzak jaten zituztela ondorioztatu dute, 1970eko hamarkadan Barandiaranek gidatutako indusketatan jasotako aztarnak aztertuta.

Euskaldun bat Artikoan txiolaria egiten ari den ikerketa-egonaldia Twitter bidez ari dela kontatzen jakinarazi du Sustatuk. Artikoko paleozeanografia ikertzen ari da tesia osatzeko. Zehazki, inguru haietako antzinako itsasoen bizitzaren historia, foraminiferoak aztertzen.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #211 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #224

La, 2018-07-14 09:00

Txiste baten hasiera dirudi, baina ez da: Zer zerikusi dute metalek, haginek eta autismoak? JR Alonsoren Metals, teeth and autism

Logikari jarraiki, atmosferaren karbono dioxido mailen igoerarekin baso masek uraren erabileraren efizientzia hobetuko lukete. Baina ez. Teresa Gimeno ikertzailearen Challenging predictions for the impact of elevated CO2 on eucalyptus woodlands

Gainazal baten ezaugarriei buruzko informazio oso baliotsua lor daiteke gainazal hori energia baxuko helio atomoekin bonbardatuta. DIPCko jendea: Helium atom scattering can measure electron−phonon interaction properties of surfaces

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #224 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asier Vallejo: “Hausnarkariak izan dira Kantauriar mendilerroko indusketetan aurkitutako animalia mota gehienak” #Zientzialari (98)

Or, 2018-07-13 09:00

Nola lagundu dezake kimikak historiaurreko abeltzaintzaren inguruko ikerketan? Paleontologia bezalako diziplinek gure arbaso eta beraien bizi-ohiturak ezagutzeko aukera ematen digute; baina, hezurrak soilik aztertuz, zaila izaten da abeltzaintzaren ohitura primitiboen nondik norakoak ezagutzea. Kasu hauetan, paleontologoek beste ikerketa alorretan aritzen diren ikerlartzaileekin lan egin behar dute.

Diziplinen arteko elkarlan horrek eraman du Asier Vallejo kimikaria euskal kostaldeetako leizeetan bizi ziren lehen abeltzainen ohiturak ikertzera. Bertan hazten zituzten animalia motak ezagutzeko eta horretarako erabiltzen den metodologiari buruz sakontzeko UPV/EHUko Farmazia Fakultatean Kimika Analitikoa saileko irakasle den Vallejo ikerlariarekin elkartu gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Asier Vallejo: “Hausnarkariak izan dira Kantauriar mendilerroko indusketetan aurkitutako animalia mota gehienak” #Zientzialari (98) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako

Og, 2018-07-12 15:00
Rebeca Sola-Llano Gaur egungo gailu teknologiko ugarietan ohikoa da materiak hibrido organiko-ez-organikoak aurkitzea hauen interes nabarmena dela eta propietate ezohiko eta bereziei esker. Izan ere, materiak hibridoak eskala nanometrikoan osagai organikoak eta ez-organikoak bateratzen dituzten materialak dira, eta beraz, bai batzuen eta bai besteen propietateak aldi berean azal ditzakete. Honek propietate berrien azalpena ere ekar dezake.

Irudia: Aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato inorganikoan kapsulatu dira lan honetan.

Material hibridoak mota anitzekoak izan daitezke. Kasu konkretu honetan, aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato inorganikoan kapsulatu dira. Horrela osatzen diren material hibridoak oso interesgarriak dira propietate optiko, kimiko zein elektriko erakargarriak izan ahal dituztelako.

Gehiago sakontzeko, aipatu beharra dago MgAPO-11 egitura inorganikoa zeotipo bat dela, hau da, egitura irekia eta ondo-definituriko barne-kanalak dituela, non koloratzaile organikoak koka daitezke. Barne-kanal hauek oso estuak dira, dimentsio nanometrikokoak. Beraz, erabiliko diren koloratzaileen neurri molekularra kontuan izanik, oso estu kapsulatuak geratuko dira, hauen ordenamendu maila oso altua lortuz. Hau dela eta, koloratzailea sintesi nahastera gehitzea beharrezkoa da kapsulatuak gera daitezen.

Normalean, koloratzaileak horrelako egitura zeolitikoetan barneratzeko sintesi-osteko metodoak erabiltzen dira, hau da, lehenengo material ez-organikoa prestatzen da, eta gero koloratzaileak sartzen dira difusioz, bai sublimazioz edo baita katioi-trukearen bidez. Gure metodoa erabiltzearen abantailak, hala nola, sintesi-denboraren murrizketa eta lor daitekeen ordenamendu maila altua dira. Koloratzaileak oso modu ordenatu batean kapsulatzeaz gain, 10 µm baino gehiagoko luzeradun partikuletan eta euren ardatz molekular luzea kanalekiko paralelo geratzen delarik, koloratzaile molekulen agregazioa ere saihesten da MgAPO-11 egituraren topologia berezia deta eta.

Alde batetik, akridina (AC) eta pironina Y (PY) kromoforo fluoreszenteak material zeolitikoan batera kapsulatu dira. Lehenengoak ikuskorreko eremu urdinean igortzen du, eta bigarrenak berriz berdean. Biak batera MgAPO-11 egituran barneratzean, material hibrido oso fluoreszentea lortu da. Gainera, bi kromoforoen trantsizio-momentu dipolarrak bata bestearekiko perpendikularrak direnez, eta haien artean FRET (Föster Resonance Energy Transfer) energia transferentzia eraginkorra ematen denez, partikulen emisio fluoreszentearen kolore aldaketa ikus daiteke (zianetik berdera) materiala argi ultramorearekin kitzikatu ostean, bide optikoan detekzioaren aurretik koka daitezkeen polarizatzaileen norabidearen arabera. Urdinetik-berderako igorpen argiaren kolore aldaketa eraginkorra, bat-batekoa, itzulgarria eta errepikakorra da, eta ez duenez eraldaketa kimikoen beharrik gertatzeko, nekearekiko erresistentzia altua erakusten du.

Azkenik, LDS 722 koloratzailea sartu da euskarri inorganikoan emaitza gisa espektro elektromagnetikoaren alde gorrian igortzen duen material hibrido oso fluoreszentea eskuratuz. Bere etekin kuantikoa koloratzaileak disoluzio urtsuan azaltzen duena baino 50 bat aldiz altuagoa da. Hau lortzen da MgAPO-11 euskarriak eskaintzen dituen zurruntasunari esker, honek koloratzailearen malgutasuna izugarri mugatu egiten duelako. Beste alde batetik, LDS 722-ak optika ez-linealerako propietate intrintsekoak dituenez, eta partikuletan molekulek duten ordenamendu maila altua dela eta, material hibrido egokia lortu da bigarren harmonikoaren sorkuntzarako (SHG).

Beraz, MgAPO-11 euskarri ez-organikoaren baliagarritasuna ziurtatzen da eremu elektromagnetikoaren alde desberdinetan igorpen fluoreszentea erakusten duten koloratzaileak barne hartzeko eta emaitza gisa propietate hobetuak erakusten dituzten material hibrido berri eta interesgarriak lortzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako
  • Laburpena: Aplikazio optikoetarako material hibrido egokiak aurkitu nahian, koloratzaile desberdinak MgAPO-11 aluminofosfato ez-organikoan kapsulatu dira. Material zeolitiko honek AEL egitura dauka, dimentsio bakarreko nanokanal eliptiko oso estuak dituena, 6.5 x 4 Å2-ko diametrodunak; beraz, erabiliko diren koloratzaileen neurri molekularra kontuan izanik, oso estu kapsulatuak geratuko dira. Hori dela eta, koloratzailea sintesi-nahastera gehitzea beharrezkoa da kapsulatuak gera daitezen. Sintesi-metodo horren bidez koloratzaileak modu oso ordenatuan AELaren kanaletan harrapatzen dira 10 µm baino gehiagoko luzeradun partikuletan, euren ardatz molekular luzearekin kanalekiko paralelo, eta koloratzaile molekulen agregazioa saihesten da. Alde batetik, akridina (AC) eta pironina Y (PY) kromoforoak material zeolitikoan batera kapsulatu direnean, material hibrido oso fluoreszentea lortu da. Gainera, bi kromoforoen trantsizio-momentu dipolarrak bata bestearekiko perpendikularrak direnez, eta haien artean FRET energia-transferentzia eraginkorra gertatzen denez, partikulen emisio fluoreszentearen kolore-aldaketa ikus daiteke (zianetik berdera) materiala argi ultramorearekin kitzikatu ostean, bide optikoan detekzioaren aurretik koka daitezkeen polarizatzaileen norabidearen arabera. Azkenik, LDS 722 koloratzailea sartu da euskarri ez-organikoan eta emaitza gisa espektro elektromagnetikoaren alde gorrian igortzen duen material hibrido oso fluoreszentea eskuratu da. Bere etekin kuantikoa koloratzaileak disoluzio urtsuan azaltzen duena baino 50 bat aldiz altuagoa da, eta gainera, LDS 722ak optika ez-linealerako propietate intrintsekoak dituenez, eta partikuletan molekulek duten ordenamendu maila altua dela eta, material hibrido egokia lortu da bigarren harmonikoaren sorkuntzarako (SHG).
  • Egileak: Rebeca Sola-Llano
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 125-136
  • DOI: 10.1387/ekaia.17823

————————————————–
Egileaz: Rebeca Sola-Llano UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko kidea da eta Espektroskopia Molekularreko Laborategiko ikertzailea.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Material hibrido organiko-ez-organiko fluoreszenteak aplikazio optikoetarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak

Og, 2018-07-12 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Omega 3 gantz-azidoen kontsumoa ona da adimenerako. Horixe da zenbait ikerketak erakutsi dutena; gaur kontu ezaguna dela esan dezakegu. Ezaguna da, halaber, omega 3 gantz-azidoak oso ugariak direla gantz-eduki altuak dituzten itsas arrainetan. Esan bezala, kontu ezagunak dira horiek.

Irudia: Izokina eta txitxarroa bezalako itsas arrainetan oso ugariak dira Omega 3 gantz-azidoak.

Ondoren azalduko duguna, baina, ez da horren ezaguna. Dirudienez, eta duela gutxi aurkitu den bezala, nesketan mutiletan baino handiagoa da omega 3 gantz-azidoen kontsumoak buruaren ahalmenean duen eragin on hori. Bikoitza da eragina, zehatzak izateko. Horixe da W. Lassek-ek (Pittsburgheko Unibertsitatea, Pennsylvanian) eta S. Gaulin-ek (Californiako Unibertsitatea, Santa Barbaran) argitara eman dutena Kioton (Japonia) 2009an egin zen Giza Jokabidea eta Eboluzioa Elkartearen Simposiumean.

Dirudienez, gantz-azido horien erabilera metabolikoari dagokio aurkikuntza horren zioa. Izan ere, garunaren nahitaezko osagaiak dira omega 3 gantz-azidoak eta ezaugarri horri dagokio, hain zuzen ere, azido horien kontsumoaren eta adimenaren arteko harreman onuragarria. Neskek, baina, garun-ehuna osatzeko erabiltzeaz gain, euren etorkizuneko seme-alaben garun ehuna osatzeko ere erabili behar dituzte omega 3 gantz-azidoak. Hobeto esateko, aurreko atalean ikusi dugun bezala, ipurmasail, aldaka eta izterretan pilatzen dute neskek asimilaturiko omega 3 gantz-azidoen zati bat, beharrezkoa denean umekiari transferitu ahal izateko[1]. Hortaz, umekiak bere garun-ehuna osatzeko erabiltzen ditu amak transferituriko gantz-azido horiek. Argi dago, beraz, omega 3 gantz-azidoen behar handiagoa dutela neskek mutilek baino, eta horri dagokio gantz-azido horien kontsumoak nesketan eragin bikoitza edukitzea. Ikerketa-emaitzak oro zalantzan jar daitezke, jakina, baina kontuz: tamaina handiko lana egin dute ondorio horietara iristeko, zeren 6 eta 16 urteko 4.000 neska-mutilengandik jasotako datuak erabiliz atera baitituzte aurkeztu ditugun emaitzak.

Guri, bestalde, zer hausnartu eman digu lan horrek. Izan ere, ez dakigu noraino izan daitezkeen bateragarriak hedabideek egun erakusten dituzten emakumeen estetika-ereduak, batetik, eta nerabe emeen buru-garapen egokirako elikatze-baldintzak bestetik. Amaitzeko, azken ohar bat: ez da ahaztu behar ipurmasail eta aldaketan edozein motatako gantzak pilatzeak ez lukeela ondorio berbera ekarriko. Izokina eta txitxarroak dira jan behar direnak. Txuletak edo bollikaoak jateak, berriz, ez dubalio: izterrak eta ipurmasailak loditu, loditu egingo lirateke horrela, baina garunak ez luke ezer onik aterako.

[1] Asegabetasun-maila garaiko gantz-azido garrantzizkoenak dira omega 3 gantz-azidoak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Nesken adimena, ipurmasailak eta aldakak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Argi artifiziala izan daiteke intsektuen gainbeheraren errudunetako bat

Az, 2018-07-11 09:00
Juanma Gallego Planetako intsektuen populazioa gainbeheran ari dela argi dute zientzialariek, baina ez dago batere garbi zeintzuk diren zioak. Ikertzaile talde batek argi artifiziala susmagarritzat jotzeko arrazoiak bildu ditu.

Udako kanpalekua, sute txiki baten inguruan. Gitarra bat eskutan eta erretako pataten usaina. Istorioak kontatzen hasteko une aproposa da. Gaua da. Ortziari begira eta… tira, ezer ez. Den-dena ilun dago. Paradoxikoa da, baina iluntasun hori argiak eragindakoa da. Alboko herriko farolek, edota urrunago dagoen hiriaren argiek amatatu dute zerua.

1. irudia: Zientzialariek tranpak erabili ohi dituzte intsektuak harrapatzeko, eta laginketa horren arabera populazio osoa zein den kalkulatzen dute. (Argazkia: Gabriel Singer / IGB)

Arbasoek eskura zuten zinemaskopea itzali egin zaigula ohartarazi dute astronomia zaleek behin baino gehiagotan. Izarretara begira daudenen kolektiboak berezi nozitzen du argi kutsadura, baina astronomiatik edo estetika hutsetik baino harago doa kontua. Gero eta argiago dago bizidunengan ere eragina duela argiaren eta iluntasunaren arteko orekaren apurketak. Ez pentsa tontakeria denik, ez gara ying eta yang-aren arteko orekaz ari, ezta Super Pop aldizkarian agertzen ziren bioerritmoez ere. Iazko Fisiologiako Nobel saria, adibidez, erritmo zirkadianoen inguruko ikerketak abiatu zituztenentzat izan zen. Argi dago, beraz, egunaren zikloek eragin handia dutela zelulen funtzionamenduan.

Argi kutsadura deitzen zaio fenomenoari, eta gero eta zabalduago dago, baina kontuari eskaintzen zaion garrantzia nahiko mugatua da. Esaterako, Euskal Herrian aitzindaria da Susana Malon fisikariak gidatutako Luminica Ambiental enpresa; baina, oro har, gutxi dira oraindik horretaz arduratzen direnak. Halere, kutsadura berezi horren eraginaren inguruko ebidentziak pilatzen ari dira pixkanaka. Orain arte gutxi ikertu bada ere, intsektuetan ere eragina izan dezake argi kutsadurak.

Intsektuen egoera ez lasai egoteko modukoa. Erleen desagerpena aspaldiko kezka da, baina beste polinizatzaileak ere kinka larrian daude. Iaz plazaratutako ikerketa batek bereziki hautsak harrotu zituen, entomologoek mahai gainean jarritako zenbakiak zinez kezkagarriak zirelako. Plos One aldizkarian argitaratutako ikerketa horretan Alemaniako zientzialari talde batek ondorioztatu zuen intsektu hegalarien biomasa %75 txikitu dela azken 27 urteetan. Hori, gainera, babestutako eremuetan egindako kalkulua izan da; teorian, ohiko arriskuetatik salbu dauden eremuetan, alegia. Ikerketa egin zutenek klima eta habitatean izandako aldaketak aurkeztu zituzten arrazoi posible bezala, eta pestiziden aukera ere aipatu zuten, baina ustezko arrazoi horietan ez zuten asko sakondu, batez ere ikerketa kuantitatiboa izan zelako ordukoa.

2. irudia: Westhavellandeko parke naturala, Alemanian. Bertan intsektuak ikertzeko laborategi bat jarri dute. (Argazkia: Maja Grubisic / IGB)

Iazko lan horretan abiatuta, beste zientzialari talde batek argiak izan lezakeen rola sakonki aztertu du. Alemaniako IGB Ur Gezeko Ekologiren eta Barne Arrantzaren Institutuko zientzialariek berretsi dute harremana dagoela argi kutsadura handia duten eremuen eta intsektuen galera handia duten eremuen artean. IGBko Argi Kutsadura eta Ekofisiologia taldeko kideek orain arte egin diren hainbat ikerketaren berrikusketan oinarritu dute Annals of Applied Biology aldizkarian plazaratutako artikulua.

Artikuluaren sarreran laburbildu dute egoera. “Orokorrean, gaueko argiztapen artifizialak handitu dezake ingurumen presioa intsektuen populazioetan, eta hau bereziki garrantzitsua da agroekosistemetan, bertan intsektu komunitateek zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuak eskaintzen dituztelako, hala nola izurriteen kontrola edota polinizazioa. Lurzoruaren estruktura, ugalkortasuna eta nutrienteen zikloa kontserbatzen laguntzen dute ere”. Intsektuen egoera “Harmagedon ekologikotzat” jo dute aditu hauek.

Maja Grubisic ikertzaileak gidatutako taldeak iazko ikerketa horretan agertzen ziren eremuak argi kutsaduraren ikuspuntutik ikertu ditu. Argitu duenez, intsektu espezieen erdia gautarrak dira; ondorioz, iluntasunaren eta ilargiaren eta izarren argiaren arabera jokatzen dute orientatzeko, mugitzeko, harrapakariengandik babesteko, janaria bilatzeko edota ugaltzeko. “Gauean pizten den argi artifizialak portaera natural hau eraldatzen du, eta horrek eragin negatiboa du bizirik irauteko aukeretan”, azaldu du Grubisicek prentsa ohar batean.

Argibide zehatzak eman dituzte. Adibidez, intsektu hegalariek argi artifizialera joateko joera dute, eta horrek harrapatuak izateko edota nekeziaz hiltzeko aukerak handitzen ditu. Bestalde, argi artifizialez osatutako ilarek intsektu populazioak bereizten dituzte, eta horrek truke genetikoa oztopatzen du, beste erasoen aurrean defenditzeko aukera gutxiago dituzten populazioak sortzen direlarik.

Arazoa ez da soilik bioaniztasunaren galera, zerbitzu ekosistemiko garrantzitsu asko arriskuan jartzen direla baizik. Polinizatzaile gutxiago daude eta espezieen arteko desorekak ondorioak izan ditzake izurriteen kontrol naturalean. Egoera okertzeko, argi artifizialek loraketan era landareen hazkuntzan ere eragina dutela erantsi dute.

Hau guztiagatik, hemendik aurrera intsektuen egoerari buruz egingo diren ikerketetan argi kutsaduraren eragina kontuan hartzeko eskatu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Grubisic, M., van Grunsven, R.H.A., Kyba, C.C.M., Manfrin, A. and Hölker, F. (2018). Insect declines and agroecosystems: does light pollution matter? Annals of Applied Biology. DOI: https://doi.org/10.1111/aab.12440

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Argi artifiziala izan daiteke intsektuen gainbeheraren errudunetako bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Obesitateak dastamen-papilak desagerrarazten ditu

Ar, 2018-07-10 09:00
Josu Lopez Gazpio Obesitatea duten pertsonek janariaren zaporearekiko sentikortasun baxuagoa dute eta berriro ere pisua galtzen dutenean dastatzeko gaitasuna berreskuratzen dute. Ideia hori ezaguna zen eta aldeko ebidentziak ere bazeuden, baina, orain arte ez dira ikertu izan obesitateak dastamenean dituen efektu molekularrak. Helburu horrekin, AEBko Cornell Unibertsitateko ikertzaileek laborategiko saguetan dietak dituen efektu fisiologikoak aztertu dituzte. Ikerketaren emaitzak PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri dituzte eta, lehen aldiz frogatu ahal izan dutenez, gehiegizko pisuak eta obesitateak dastamen-papilen kopurua murrizten du.

Kontua da pertsona obesoen gantz metaketak eragiten duen hantura kronikoaren ondorioz dastamen-papilen berritze prozesua eten egiten dela eta, pixkanaka, haien kopurua murriztu egiten da, elikagaiak dastatzeko gaitasuna kaltetuz.

1. irudia: Gehiegizko pisua eta obesitatea duten pertsonek gehiago jateko joera dute eta, antza, dastamen-papilen kopuru txikiagoa izatea izan daiteke arrazoietako bat. (Argazkia: Tumisu – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay)

Obesitatea munduko osasun arazo handienen artean sailkatzen da, batez ere herrialde garatuenen kasuan -esaterako, AEBko populazioaren heren batek obesitatea du-. Gehiegizko pisua eta obesitatea aski lotua dago heriotza-tasa altuagoarekin, gaixotasun kardiobaskularrekin, diabetesarekin, garun-isuriarekin eta hainbat minbizi motekin. Obesitatearen tratamendua, gainera, erronka eta zailtasun handiez josita egoten da, nagusiki, obesoek dieta osasungarriak jarraitzea ez da erraza izaten. Obesitatearen ondorio larriak aski ezagunak diren arren, askok osasungarriak ez diren dietak jarraitzen dituzte. Ikerketen arabera, gorputz-masaren indizea eta dastamen gaitasuna lotuta daude, baina, orain arte ez zen aztertu horren arrazoi molekularra. Kaufman eta bere lankideek egindako ikerketak, ordea, arlo honetan zeuden zenbait itzal argitzera dator.

2. irudia: Dastamen-papilak 50-100 zelulaz osatuta daude eta etengabe berritzen doaz. Gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonen kasuan, berritze hau motelagoa da eta dastatzeko gaitasuna galtzen dute. (Argazkia: Henry Gray – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia)

Dastamen-papila batek 50-100 zelula ditu, hiru mota desberdinetakoak izan daitezkeenak. Zelula desberdin horiek bost zapore primarioak dastatzeko balio dute. Jakina denez, dastamen-papilak etengabe, eta bizitza guztian zehar, berritzen doaz eta epe motzekoak dira gainera: gutxi gorabehera 10 eguneko bizia dute dastamen-papiletako zelulek. Kaufman eta bere lankideek dastamen-papilen berritzen eragina duten prozesu molekularrak aztertu dituzte eta, horretarako, sagu ereduak erabili dituzte.

Sagu talde batek dieta arrunta jaso zuen %14ko gantz-edukia duena eta beste taldea, aldiz, dieta obesogeniko batekin elikatu zuten %58ko gantz-edukia. Espero zitekeen modura, zortzi asteren buruan, dieta obesogenikoa jaso zuen sagu taldeak heren bat gehiago pisatzen zuen. Alabaina, eta hauxe da ikerketaren muina, sagu obesoen dastamen-pilen kopurua %25 murriztu zen. Ikerketaren emaitza berresteko, ikertzaileek esperimentua errepikatu zuten obesitatearekiko erresistenteak izateko genetikoki eraldatutako saguekin. Sagu horiek, obesoak ez izateko eraldatuak izan direnak, dastamen-papila kopuru bera mantentzen zuten dietaren gantz-edukia edozein zela ere. Hortaz, horrek frogatzen du obesitateak -eta ez dietaren gantz-edukiak- eragiten duela dastamen zentzuaren murrizketa.

Ikerketaren garrantzia

Orain arte ez zen ezagutzen obesoek jaiotzetiko dastamen-papila gutxiago ote zituzten -hortaz, hori izan zitekeen obeso izatearen arrazoia-. PLOS Biology aldizkarian argitaratu berri den ikerketaren ondorioaren arabera, ordea, orain gehiago ezagutzen da kausa-efektu hori eta frogatu ahal izan da gehiegizko pisuak murrizten duela dastatzeko gaitasuna. Ikerketaren emaitzetatik ondoriozta daitekeenez, gehiegizko pisua edo obesitatea duten pertsonek gehiago jan behar dute dastamena asetzeko eta horrek pisu gehiago hartzea eragiten du. Pisu igoerak dastamena murrizten du eta, horrela, eteten oso zaila den zirkulu anker batean sartzen dira.

Oraindik frogatzeko dago sagu-ereduetan ikusi diren efektuak gizakiaren kasura ere aplika daitezkeen, baina, hipotesia oso probablea da kontuan hartzen bada aski frogatuta dagoela gantz metaketaren eta dastamen gaitasunaren gutxitzearen arteko lotura. Gainera, ezaguna da lotura hori itzulgarria dela, alegia, obesitateak eragindako hantura desagertzen denean dastamen-papilak kopuru arruntera itzultzen direla. Ikerketaren egileek diotenez, obesitatea edo gehiegizko pisua duten pertsonak tratatzeko aurrerapauso bat dakar ikerketak; izan ere, dastamen gaitasunaren murrizketari aurre egiteko modurik balego, pertsona horiek dieta osasungarriagoetara itzultzea errazagoa litzateke. Etorkizunean, dastamen-papila kopurua berreskuratzeko tratamenduak diseina litezke eta, modu horretan, obesitateari aurre egiteko estrategia berriak gara litezke. Hala ere, oraindik ikusteko dago etorkizunak zer ekarriko duen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kaufman A, Choo E, Koh A, Dando R, (2018). Inflammation arising from obesity reduces taste bud abundance and inhibits renewal. PLOS Biology, 16(3), e2001959. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2001959

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Obesitateak dastamen-papilak desagerrarazten ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Larruazal minbizia irudi bidez diagnostikatzeko metodologia

Al, 2018-07-09 09:00
Larruazaleko melanoma eta kartzinoma basozelularra irudi eta datu klinikoen bidez garaiz diagnostikatzen laguntzeko tresna garatzen ari dira. Pronostikoarekin lotutako molekula datuak ere aztertzen ari dira, tratamendu pertsonalizatuagoak definitzen laguntzeko.

OCT (Koherentzia Optiko bidezko Tomografia) teknologiaren aplikazioan oinarritzen da garatzen ari diren tresna larruazal minbizia diagnostikatzeko. Ekografia baten moduko irudiak hartzean datza, baina bereizmen mikroskopikoarekin. Adimen Artifizialaren tekniken ezagutzak ere gehitu dizkiote, irudien tratamenduei zuzenduak, hain zuzen ere. Orbanen eboluzioa aztertzeko eta automatikoki alderatzeko, argazkiak kasu errealen irudi banku bateko irudiekin erkatzen dira horretarako.

Biopsia optiko bidezko lesio susmagarriak in situ hobeto diagnostikatu ahal izango da teknologia honi esker, azkar eta modu ez inbaditzailean. Tumorea garapen fase goiztiarrean identifikatzen lagunduko du eta, aldi berean, kasu positibo eta negatibo faltsuak murrizten lagunduko du. Azken batean, aztertzeko modu berri honek diagnostiko epeak nabarmen murriztu, pazientearen trauma gutxitu eta prozedura kostuak aurrezteko aukera emango du.

Gaur egun, larruazaleko lesio susmagarriak biopsia bidez aztertzen dira. Prozesu horrek hainbat aste har ditzake eta kostu pertsonal altuak eragin ditzake, itxarotearen kezka eta tentsioa direla eta. Horretaz gain, kostu ekonomiko altua du, prozedurarena berarena eta kontsulta gehiago egin behar baitira. Horri gehitu behar zaio melanomaren eragina ia bikoiztu egin dela azken hamar urteotan Euskadin eta Espainian urtean %10 gehitzen dela.

Iaz, bost mila pertsona baino gehiago diagnostikatu ziren melanomarekin, bere eragina %10 gehitzen da urtean. 2017an Espainian 5.286 melanoma kasu izan ziren. Diagnostikatutako minbizien artean, larruazalekoa bederatzigarrena da emakumeen kasuan (iaz 2.810 kasu, minbizi guztien %3,09). Gizonen artean hamahirugarren tokian dago (2.376 kasu eta %1,7).

Diagnostiko tresna berri hau garatzea da ASTONISH (Advancing Smart Optical Imaging and Sensing for Health) Europako proiektuaren helburua. 3 urteko epea du eta 2019. urtean amaituko da. Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), TECNALIA ikerketa-zentroa eta Ibermática eta NorayBio enpresak, Biocruces laguntzarekin eta Europako beste 20 enpresak parte hartzen ari dira proiektu honetan.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Irudi bidez larruazal-minbizia garaiz diagnostikatzeko metodologia garatu du euskal partzuergo batek.

The post Larruazal minbizia irudi bidez diagnostikatzeko metodologia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #210

Ig, 2018-07-08 09:00
Ziortza Guezuraga

Osasuna

Esklerosi anizkoitzaren aurrerapena moteltzen duen molekula bat aurkitu dutenaren albistea dakar Elhuyar aldizkariak. Animalia-ereduekin egindako ikerketa batean, esklerosi anizkoitzaren aurrerapena moteltzen eta sintomak aritzen dituen P2X4 izeneko errezeptore bat identifikatu dute zelula mikroglialetan eta frogatu dute errezeptore hori aktibatzen duten farmakoek gaixotasunaren sintomak hobetzen dituztela fase kronikoan, nerbio-ehuna leheneratzen laguntzen baitute.

Minbiziari buruzko ikerketak gaur egun daukan erronka handi bat immunitate-sistemak (IS) tumorearen mikroingurunean betetzen duen funtzioa ondo ezagutzea dela irakurri dugu. Minbizi gehienak immunitatea kaltetu gabe daukaten gizabanakoetan gertatzen dira. Ebidentzia honek ISak tumore baten bilakaeran zehar funtzio ezberdinak betetzen dituela teorizatzera eraman zituen ikertzaileak. Autoreen arabera, oraindik ikerketa asko egin beharko dira minbizi zelulek babes zelulekin daukaten ezkutuko jokoko zokondo eta bazter guztiak ezagutzeko.

Klima-aldaketa

Juanma Gallegok azaldu digu planetako lurren egoeraz ohartarazi du Europako Batzordeak: urtero, Europako Batasunaren erdiaren tamaina duen eremua narriatzen da. Munduko lurren %75ek narriadura nozitzen dute eta 2050. urterako kopuru hori %90era irits liteke, gainera. Urteko, 4,18 milioi kilometro koadro narriatzen dira munduan. Bestalde, nabarmendu dute “desertifikazio” terminoa erabiltzea ez dela egokia, oso generikoa eta zehaztasunik gabekoa delako.

Biologia

Emakumeen gerri aldaka ratioa (GAR) izan dute hizpide Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak. Gerriaren diametroaren eta aldakaren diametroaren arteko zatidura da GAR eta ratio horren balio baxuak dituzten emakumeak direla gizonak gehien erakartzen dituztenak. Azaltzen dutenez, andrazkoen ipurmasailak eta aldakak umeki eta haur jaioberrien garunaren garapenerako ezinbestekoak diren gantz-azidoen biltegi dira, beraz, emakumeen kurbak ez lirateke irizpide estetiko arbitrarioa izango, ezaugarri fisiologiko onuragarri baten adierazlea baizik.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #210 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak