Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela 21 min 29 seg

Zenbat aldiz berriztatzen dira gure gorputzaren zelulak?

Og, 2018-08-23 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zenbat urte dituzu zuk? Duzun adina duzula ere, beste adin batekoak dira zure gorputza osatzen duten egitura gehienak. Egitura batzuek ordu batzuk besterik ez dute, eta egitura gutxi batzuek bakarrik dute zure adin berbera. Ehunak eta organoak elkarrengandik oso desberdinak dira. Zelula gehienak berriztatzen doaz, eta hala egiten dute zelulek osatzen dituzten ehunak ere.

Irudia: Gure gorputzeko zelulen iraupena ez da mugagabea, izan ere, gorputzeko egiturak tarteka berriztatzen dira.

Heste mehea estaltzen duten zelulak dira bizi-iraupen laburrenekoak. Heste-epitelioa oso ehun aktiboa da. Milaka molekula txiki xurgatu eta digeritzen ditu, eta bere zelulak 2-4 eguneko tartean berriztatzen dira. Badira digestio-aparatuan bizi laburrekoak diren beste zelula batzuk: koloneko kriptakoak hiruzpalau egunean berriztatzen dira, sabelekoak 2-9 eguneko tartean, eta Paneth zelulak hogei egunean, heste mehean hauek ere. Heste meheak hesteko patogenoen aurka aritzen da besteak beste.

Askoz ere gehiago bizirauten dute hepatozitoek (hau da, gibeleko zelulek): sei hilabete eta urte baten arteko epea. Izatez, digestioan badu zeregina organo honek, baina organo beregaina da; hepatozitoak dira bilisa sortzen dutenak, eta bilis hori funtsezkoa da gantzen heste-digestioan. Hala ere, metabolismokoak dira gibelaren funtzio nagusiak: organismo osoari eragiten diote gibelaren baitan gertatzen diren metabolismo prozesu askok.

Odoleko zelulek oso iraupen desberdinak dituzte. Immunitate-sistemakoak dira iraupen laburrenekoak: neutrofiloak, leukozito ugarienak direlarik, 1-5 eguneko epean berriztatzen dira eta beste leukozito batzuk, eosinofiloak, 2-5 eguneko epean. Plaketek zauriak orbaintzen dituzte eta 10 bat egun bizi izaten dira. Askoz ere luzeago bizi izaten dira globulu gorriak, lau hilabetean behin berriztatzen baitira. Zelula ama hematopoietikoak bi hilabete luzatzen dira, leukozito, plaketa edo globulu gorri bilakatu baino lehen.

Nahiko iraupen laburrekoak dira era berean, umetokiaren lepokoak, sei egunekoak; birika-albeolokoak ere zortzi egunekoak dira, eta larruazaleko epidermisekoak 10-30 eguneko epean bizi izaten dira. Ostoeklastoek bestalde, birmoldatu egiten dute muskulua eta bi astean behin berriztatzen dira, eta osteoblastoek sortu egiten dute muskulua eta hiru hilabetean behin berriztatzen dira. Horrela, hezur-ehunen %10a urtero berriztatzen da. Trakeako zelulak, hilabete batean edo bian berriztatzen dira. Espermatozoideak bi hilabetean behin berriztatzen dira, emakumeak bere obulu guztiekin jaiotzen badira ere.

Zaharrenak izatera iristen direnen artean, zortzi urtean behin berriztatzen dira adipozitoak, hau da gantz-erreserbak gordetzen dituzten zelulak. Muskulu-zelulak ere zortzi urtean behin berriztatzen dira, eta kardiomiozitoak (bihotzekoak) urtero berriztatzen dira bere %0.5-%10ean. Nerbio-sistema zentralekoak ia ez dira berriztatzen, baina hor badago salbuespen bat: hipokanpoko neuronen %0.6koak urtero berriztatzen dira.

Ehunekoetan, gorputza 15 urtean berriztatzen da.

Ondo ikusita, esan liteke arrapalada batean berriztatzen ari garela eten gabe gorputzeko egitura guztiak edo gehienak. Izatez, ez dugu duela bi hilabete genuen gorputza.

Oharra: hau jakingarri gertatu bazaizu, agian artikulu hauek ere interesgarriak irudituko zaizkizu: Zelulaz (I), Zelulaz (eta II) eta Zenbat zelula daude giza gorputzean?

Post scriptum: joan den martxoaren 7an, Nature aldizkariak plazaratu zuen artikuluan, baieztatu zen uste ez bezala nagusietan ez dagoela neurogenesirik. Nature ikusterik ez badaukazu, aurki dezakezu artikulu horren ohar laburra The Scientist izenekoan. Raúl de la Flor neurozientzialariak eman zidan erreferentzia hau, twitter bidez.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko martxoaren 11n: ¿Cada cuánto tiempo se renuevan las células de nuestro cuerpo?

The post Zenbat aldiz berriztatzen dira gure gorputzaren zelulak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (4): Zein da zirkulu txikiaren azalera?

Az, 2018-08-22 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure laugarren ariketa: zein da zirkulu txikiaren azalera?

4) Zirkulu handiaren azalera 9 cm2 da. Zein da zirkulu txikiarena?

———————————————————————————-

Ariketak Frantziako CNRSren blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik daude hartuta.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (4): Zein da zirkulu txikiaren azalera? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bederatzi metalen kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute Nalón ibairako

Al, 2018-08-20 09:00
Bederatzi metalen biometaketa-maila zehaztu dute meatze inguruetako uretako ornogabeetan eta datuokin atalasea ezarri Nalón ibaiko puntu garbietako hamar makroornogabe taxonetarako.

Irudia: Nalón ibaiaren kudeaketan erabil daiteke lortutako informazioa.

Europar Batasunak 2021. urtera arteko epea ezarri du Ingurumenaren Kalitate Arauak sortzeko eta, zehazki, uretako bizidunek ehunetan jasan ditzaketen substantzia kimiko arriskutsuen kontzentrazio-atalaseak ezartzeko, populazioen kontserbazioa arrisku txikian dagoen egoeretan.

Lan horretan aurrera egin dute Asturiasko meatze-arroetan lankidetzan egindako ikerketa bati esker eta kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute 7 metalentzat (kadmioa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, beruna eta zinka) eta bi metaloiderentzat (artsenikoa eta selenioa).

Kutsatu gabeko zenbait leku hartu dituzte kontuan ikerketan, Nalón ibaiaren arroko erreferentziazko sarekoak, eta baita kutsadura maila handiko beste batzuk ere. Meatze-ustiaketa handia izan du historian arro horrek, bertako arrokek berez baitute metal-kontzentrazio handia. Eskualde kantauriar osoan, inguru horretan dute uretako komunitateek metalekiko esposizioarekin lotutako arazo handienetakoa.

Zehazki, kutsatzaileek inpaktu minimoa edo batere inpakturik ez duten puntuetan eta egoera ekologiko on edo oso on gisa sailkatutako erreferentziazko puntuetako hamar ornogabe taxonen ehunetan egin dituzte neurketak eta, haietatik abiatuz, zehaztu dituzte bederatzi elementu kimikoetarako kontzentrazio-atalase ekologikoak.

Ingurumenaren Kalitate Arauen arazoari heltzeko modu berritzaile bat izan da: batetik, erreferentziazko puntuak aukeratu dira eta, bestetik, metalen biometaketa zehazteko erabili diren hamar taxon biomonitoreak eremu garbietan zein kutsatuetan ageri dira.

Animalia talde ugari aintzat hartu dira ikerketan. Elikadura-ohitura desberdinak (harrapakariak, fitofagoak, sedimentiboroak, iragazleak eta jeneralistak) eta portaera desberdinak dituzten ornogabe taxon adierazgarrietan aztertu dute metalen biometaketa.

Izan ere, elikaduraz gain, portaeraren arabera ere aldatzen da bizidun bakoitzak toxikoekiko duen esposizioa: ur-oligoketoak sedimentuei lotutako kutsatzaileen eraginpean daude erabat, sedimentu barruko galeriatan bizi baitira; intsektuen larbak, berriz, algetako kutsatzaileak barnera ditzakete algak jaten dituztenek edo uretako partikuletako kutsatzaileak, iragazle diren larbek.

Erreferentziazko lekuetan biomonitore gisa hautatutako taxonen metal maila aztertuta, kontzentrazio-atalase ekologikoa ezarri dute taxon eta metal bakoitzerako, hau da, zer kontzentrazio izan dezaketen gehienez makroornogabe komunitateen kontserbazio egoera maila hobeezinetan iraupena bermatzeko.

Metal bakoitzarentzat taxon bakoitzean bildutako datu-multzoaren 90. pertzentilean ezarri dute kontzentrazio-atalase ekologikoa. Horrenbestez, neurtutako bizidun guztien %10 baino ez litzateke geldituko ezarritako atalase horren gainetik. Kontzentrazio maila horretatik aurrera lehen mailako alarma aktibatzea da proposamena, ibaietako ornogabeak arriskuan egon baitaitezke.

Lortutako datuak eta informazioa zuzenean erabil daitezke Nalón ibaiaren kudeaketan. Kantauriko isurialdeko beste arro batzuetan —baita EAEkoetan ere— erabili ahal izatea da hurrengo urratsa eta, horretarako, beste arro batzuetako erreferentziazko kokapenak eta leku kutsatuak ere beharko dira, hango metalen biometaketako datuekin baliozkotzeko.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Bederatzi metalen biometaketa-maila zehaztu dute meatze-inguruetako uretako ornogabeetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Rodriguez, Pilar, Méndez-Fernández, Leire, Pardo, Isabel, Costas, Noemi, Martinez-Madrid, Maite (2018) Baseline tissue levels of trace metals and metalloids to approach ecological threshold concentrations in aquatic macroinvertebrates. Ecological Indicators, 91, 395-409. DOI: 10.1016/j.ecolind.2018.04.004

The post Bederatzi metalen kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute Nalón ibairako appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #216

Ig, 2018-08-19 09:00
Ziortza Guezuraga Klima-aldaketa

Elisa Sainz de Murieta ikertzaileari elkarrizketa irakur daiteke Berrian. Konfiantza du Parisko Akordioan, eta arrakasta iruditzen zaio hainbeste herrialdek sinatu izana, baina, helburuak jartzeaz gain, ekintzak eskatu ditu: “Neurriak orain hartu behar dira; ezin dugu itxaron”.

Eta Berrian ere aldaketa bertan dela azaltzen dute. Aurreko hiru urteak bezala, 2018a ere muturreko fenomeno meteorologikoz beteriko urtea izaten ari da. Ez dira kasu bakanak: gero eta maizago eta toki gehiagotan gertatzen dira. Zientzialariek ohartarazi dute klima aldaketa betean dagoela jadanik Lur planeta, eta egoera okertzeko arriskuaz mintzatu dira

Genetika

Jurassic Park filma ekarri du gogora Josu Lopez-Gazpiok. Istorio polita dela, sinesgarria ere izan daitekeena, baina zientzia fikzioa besterik ez dela azaltzen du zientzialariak. Gainera, datu bitxia ere dakar: dinosauroak ez dira desagertu eta gure artean jarraitzen dute. Hegaztiek ez dute dinosauroetatik eboluzionatu. Hegaztiak ez daude dinosauroekin lotuta. Hegaztiak dinosauroak dira.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #216 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Berpiztuko al ditugu dinosauroak?

Og, 2018-08-16 09:00
Josu Lopez Gazpio 1993an Steven Spielbergen Jurassic Park filma iritsi zen eta horrekin batera dinosauroekiko interes handia sortu zen. Ideia polita eta erakargarria zen: ingeniaritza genetikoa erabiliz desagertutako espezieak berpiztea posible da eta teknologia hori erabiliz zoologiko moduko bat sortu dute irla galdu batean. Filmaren fikzioa alde batera utzita, bertan aipatzen den kimera hori noizbait lortzea posible izango ote da? Zientziari dagokionez eta, oraingoz ditugun ezagutzekin, egin al daiteke filmak proposatzen duena?

1. irudia: Zientzia-fikziozko filmei esker dinosauroekiko interesa piztu zuen. (Argazkia: AzDude – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Egun badakigu Jurassic Park filmak zientzia hauspotu duela eta, nolabait, modan jarri zuela antzinako DNAren ikerketa. Pelikulak dinosauroekiko interesa handitu zuen eta horrek alor horretan ikerketa gehiago egitera eraman zuen. Zenbait kasutan kalterako ere bai, izan ere, itxaropen faltsuak eragin zituen zenbait kasutan. Litekeena da filmean proposatutakoa ezinezkoa izatea orain arte zientziaz dakiguna aldatzen ez den bitartean. Dinosauroei buruzko akatsak ere ugariak dira filmean –esaterako, Tyranosaurus rex-aren inguruko egokitasun falta nabaria da-, baina, ingeniaritza genetikoari dagozkion akatsak ere ez dira gutxi.

Emandako azalpenak

Jurassic Park filmaren hasiera aldera “Mr DNA” delako sekuentzian azaltzen dute zer teknologia erabiliz egin diren parkean ikus daitezkeen dinosauroak. Bide batez, esan behar da sekuentzia hori fikzioa sinesteko beharrezkoa diren akatsak alde batera utzita, zientzia-komunikazioaren lan aparta dela duela 25 urte gizarteak DNAri buruz zekiena kontuan hartzen bada. Azaltzen dutenez, fosilizatutako dinosauroen garaiko eltxoetatik dinosauroen DNA erauztea posible da. DNA hori erauzita eta falta diren hutsuneak igelen DNArekin betez, dinosauroen enbrioiak ostruken arrautzetan txertatzen dituzte eta, hortik, dinosauroak. Istorioa polita da, sinesgarria ere izan daitekeena, baina zientzia fikzioa besterik ez da.

Errealitatetik urrun

Lehenik eta behin, odola xurgatzen zuten intsektuetan dinosauroen DNA bere horretan gordeta egon daitekeela pentsatzea ez da zuzena -anbarrean fosilizatuta egonik ere-. Eltxo prehistorikoak aurkitu dira, bai, eta dinosauroen DNA dutenak ere bai, baina, eltxo horietan dagoen DNA hondatuta dago. Ez dauka izan zenaren arrastorik ere eta eltxoaren beraren DNA ere guztiz hondatuta dago. Neandertalgo gizakien eta mamuten DNA isolatzea lortu da, baina, dinosauroena zaharregia da. Aurkitu den DNArik antzinakoenak milioi bat urte inguru ditu. Dinosauroak duela 66 milioi urte desagertu ziren, beraz, salto handiegia dago, besterik gabe. Duela gutxi frogatu denez, dinosauroen garaiko zenbait zelula eta zelula-egitura mantendu daitezkeela ikusi da, baina ez genoma osoak.

2. irudia: Stegosaurus-aren hezurdura. (Argazkia: OpenClipart Vectors – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)

Dinosauroen DNA erauztea posible izango balitz ere, milioika zati txikitan puskatuta egongo litzateke. Zati horiek elkartzeko gidarik ez legoke eta ia ezinezkoa litzateke DNA zatiak berezko ordena jarraituz berriro elkartzea. Puzzle erraldoi bat osatzearen parekoa da piezarik falta den jakin gabe eta zer irudi lortu behar den jakin gabe. Jurassic Park filmean zientzialariek falta diren piezak osatzeko igelen DNA erabiltzen dute, baina, hori urruti samar dago zientziaren prozeduretatik. Hasteko, igel-dinosauro hibrido bat lortuko litzateke eta, gainera, enbrioiaren bideragarritasuna zalantzan jartzekoa da. Izan ere, dinosauroak hegaztietatik askoz gertuago daude ebolutiboki igeletatik baino eta, hortaz, ez du zentzu zientifiko gehiegirik filmean proposatzen denak.

Genomaren osaketari dagokionez, 2010ean genoma sintetikodun lehen zelula sortu zuten, Mycoplasma mycoides-en laborategiko bertsioa, baina milioi bat base besterik ez dituen genoma bati dagokio. Dinosauro baten genoma eraikitzea lan izugarria litzateke horren aldean, gainera, ez legoke erreferentziarik eraiki behar den hori nolakoa den jakiteko. Kontuan izan behar da DNA katea prest izatea ez dela nahikoa desagertu den izaki bizidun bat berpizteko. DNA hasiera puntua da, bai, baina enbrioiaren garapenerako dinosauroen arrautza ere beharko litzateke. Oilo baten enbrioia ostruka baten arrautzan sartzen bada ez da txitarik jaiotzen -frogak egin dira-. Hortaz, are nekezagoa izango litzateke Velociraptor baten DNA ostruka baten arrautzan jarrita dinosauro bat jaiotzea.

Dinosauroek bizirik diraute

Egia esan, dinosauroak ez dira desagertu eta gure artean jarraitzen dute. Hegaztiek ez dute dinosauroetatik eboluzionatu. Hegaztiak ez daude dinosauroekin lotuta. Hegaztiak dinosauroak dira. Dinosauroak -hegaztiak barne-, lau desagertze masiboren ondorioa dira. Desagertze bakoitzaren ondoren espezie berriak agertu ziren eta guzti horren ondorioa dira egun ikus ditzakegun txoriak. Hortaz, dinosauroak ez dira desagertu: ingurune berrira moldatzeko eboluzionatu dute. Hori jakinik, hegaztietatik dinosauroak lortzeko modua ere proposatu da. Antza, atabismo genetikoak aktibatuz aspaldiko arbasoen ezaugarriak berreskuratu daitezke eta, horrela, posible litzateke hegaztien eboluzioan atzera egitea. Jack Horner irakasle eta paleontologo estatubatuarra alderantzizko eboluzioa eta adierazi zuenez, modu horretan posible izango da dinosauroen zenbait ezaugarri dituzten hegaztiak lortzea. Ez dira dinosauroak izango, baina, hor ere aurrerapausoak eman ahal izango dira.

Bien bitartean, zientzia-fikziozko filmetan bakarrik ikusi ahal izango ditugu dinosauroa- eta haiekin istorio zirraragarriak amestuko ditugu, baina, nekez ikusiko dugu noizbait dinosauro bat bizirik. Une honetan dugun jakintzaren arabera, ezinezkoa da. Agian desagertu diren espezieak berpiztu ahal izango dira –mamuta, esaterako-, baina, hori ere zalantzan jartzekoa da. Edozein kasutan amets edo kimera horiez gain, ikuspuntu etikotik ere aztertu beharko da desagertutako espezieak berpiztu daitezkeen edo ez. Ez dira gutxi horrek sor ditzakeen arazo etikoak, eta horiek argitu beharko ditugu, baina, oraingoz azkarregi goaz kontu etikoez aritzeko. Biologiari dagokionez, oraingoz ezinezkoa da dinosauroak berpiztea eta ez dago pisuzko arrazoi zientifikorik pentsatzeko noizbait egin ahal izango dela. Pelikulak ikusten jarraitu beharko dugu.

Erreferentzia bibliografikoak:

Kruger R.P., (2011). Jurassic Park Revisited. Cell, 153(2), 277-279. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2013.03.041

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Berpiztuko al ditugu dinosauroak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (3): 11ren multiploa den zenbakia lortu nahian

Az, 2018-08-15 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure hirugarren ariketa: 11ren multiploa den bost zifrako zenbakia lortu nahian.

3) Zenbat modutan jar daitezke 1, 2, 4, 7 eta 9 zifrak 11ren multiplo den bost zifra desberdineko zenbaki bat lortzeko?

———————————————————————————-

Ariketak Frantziako CNRSren blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik daude hartuta.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (3): 11ren multiploa den zenbakia lortu nahian appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko

Al, 2018-08-13 09:00
Hala ere, klorhexidinaren kostua txikia denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, ikerketak irakuzketa horiek erabiltzea gomendatzen du.

Irudia. Nahiz eta aho interbentzioetan infekzioak saihesteko eraginkortasun mugatua izan, kostu txikia denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, klorhexidina irakuzketak erabiltzea gomendatzen dute. (Irudia: John Loo)

Klorhexidinarekin irakuzteak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua du, baina aho interbentzioetan erabiltzeko gomendioetan elkarren kontrako iritziak daude. Ikerketak erakutsi du hura erabiltzean % 12 saihestuko liratekeela bakteriemia kasuak.

Gizakiaren aho barrunbean askotariko bakteria daude. Prozedura kirurgikoak egiten direnean, besteak beste, hortzen bat ateratzean, odol zirkulaziora igaro daitezke eta iragankorra izaten den bakteriemia eragin.

Ez dago argi odolean bakterio hauen presentziak zenbait prozesu infekziosoren jatorrian eta bilakaeran duen garrantzia, besteak beste, bihotz balbulen endokarditisaren bilakaeran, balbula protesienean, artikulazioen protesienean (normalean hanka eta belaunekoa), eta infekzio lokalean duen garrantzia.

Hainbat azterlanek erakutsi dute klorhexidinarekin ahoa garbitzeak mikrobioen aurkako efektu ahaltsua duela listu mikrofloran eta plaka bakterianoan.

Hipotesi hori oinarri hartuta, ondorioztatu daiteke aho irakuzketa antimikrobiarrek, hortzen prozedura baten aurretik erabiliz gero, pazientearen odol zirkulazioan sartutako mikroorganismo kopurua murriztu beharko litzatekeela; hala ere, desadostasun handiak daude alderdi horretan.

American Heart Association-ek (AHA), 1997an, iradoki zuen endokarditis infekziosoa duten pazienteek aho irakuzketa antimikrobiarra egin beharko luketela, aho tratamendua egin aurretik. 2006an, Kimioterapia Antimikrobiarraren Sozietate Britainiarrak (BSAC) klorhexidinarekin aho irakuzketa bakarra gomendatu zuen, % 0,2an (CHX) (10 ml 1 minutuz), arriskua duten pazienteetan bakteriemiarekin lotutako hortz prozedurak egin aurretik. Hala ere, 2007an, AHAk gomendatu zuen profilaxi antiseptikoko protokolorik ez erabiltzea.

Ausazko saiakera kontrolatuen berrikuspen sistematikoa eta metaanalisia egin dute, PRISMA Adierazpenari jarraituta. Klorhexidinak hortzen bat atera ondoren bakteriemia prebenitzeko duen eraginkortasuna ebaluatzea izan da helburua.

Azterlanean 8 saiakera kliniko jaso dira, 523 pazienterekin. 267 klorhexidinarekin tratatutako taldean, non bakteriemiako 145 kasu erregistratu diren eta 256 kontrol taldean, non bakteriemiako 156 kasu erregistratu diren.

Ikerketaren emaitzek adierazten dute, beraz, klorhexidinarekin prebentzioa eginez gero saihestu daitekeen bakteriemia kasuen ehunekoa %12koa dela. NNTa, bakteriemia prebenitzeko tratatu beharreko gutxieneko paziente kopurua 16 da.

Eraginkortasun erlatiboa eta esangura gutxikoa erakusten dute emaitzek, klorhexidinaren erabilerari dagokionez, hortzen bat ateratzean ahoan dauden bakteriak odol zirkulazioan sartzeko saihesteko orduan. Hala ere, kostu gutxikoa denez eta kontrako erreakziorik eta konplikaziorik ez dakarrenez, gomendagarria da klorhexidinarekin irakuzketa egitea, horrelako interbentzioren bat egin aurretik.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Arteagoitia, Iciar, Rodriguez Andrés, Carlos, Ramos, Eva (2018) Does chlorhexidine reduce bacteremia following tooth extraction? A systematic review and meta-analysis. Plos One 13 (4): e0195592. DOI https://doi.org/10.1371/journal.pone.0195592

The post Klorhexidinak eraginkortasun mugatua du aho interbentzioetan infekzioak saihesteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #215

Ig, 2018-08-12 09:00
Ziortza Guezuraga Botanika

Mahats uztan hezetasunak duen eragin kaltegarria irakur daiteke Berrian. Hezetasunak sortu duen mildiu onddoaren eraginez uzta %20-%30 inguru jaits daitekeela espero dute euskal ardogile batzuek. Euria egin eta hurrengo egunean, eguzkia atera eta tenperatura igotzen zen. Onddoa hedatzeko baldintzarik onenak direla horiek azaltzen dute.

Biologia

Zenbat zelula daude giza gorputzean? Juan Ignacio Pérez Iglesiasek ematen du erantzuna, nahiz eta erraza ez izan. Kalkuluen arabera, gutxi gorabehera 30 bilioi zelula daude 70 kg-ko eta 170 cm-ko gizon gazte baten gorputzean. Antzeko ezaugarriak dituzten emakumeetan, antzeko kopuruak egon litezke.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #215 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zenbat zelula ote daude giza gorputzean?

Og, 2018-08-09 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Ez da erraza “zenbat zelula ote daude giza gorputzean?” galderari erantzuna ematea, eta berez, duela gutxi hasi dira nolabaiteko fidagarritasuna duten estimazioak egiten: 2013.ean hasi ziren baina 2016.ean, zehatzago jokatu zuten, zientzialarien ustez ugarienak diren sei zelula moten estimazioak egitean. Sei zelula mota hauen artean daude zelula guztien %97a. Kalkulu hauek diote gutxi gorabehera 30 bilioi zelula daudela 70 kg-ko eta 170 cm-ko gizon gazte baten gorputzean. Antzeko ezaugarriak dituzten emakumeetan, antzeko kopuruak egon litezke.

Irudia: Orotara, gizakiok 200 zelula tipo baino gehiago ditugu. (Ilustrazioa: Gerd Altmann / Creative Commons lizentziapean)

Globulu gorriak dira argi eta garbi zelula ugarienak. Gutxi gora behera 26 bilioi daude gizonezkoetan eta balio horretatik behera daude andrazkoen kopuruak. Zelula guztien %84a dira. Plaketak ez dira hainbeste, baina ugariak dira edonola: %4.9a. Kontuan hartzen badugu leukozitoak ere badaudela, berehala jakin daiteke gorputzeko zelulen %90a direla odoleko zelulak. Azpimarratzekoa da plaketak nukleogabeak direla, eta beraz gorputzeko zelulen %90a (26 milioi) nukleogabea da.

Hezur-muinekoak ere garrantzitsuak dira kopuruari dagokionez: histologia-metodoak erabilita, ondorioztatu da 750.000 milioi zelula daudela muinean (%2.5). Oso ugariak dira era berean endotelio baskularreko zelulak, odol-zainak barrutik estaltzen dituztenak. Ez da erraza bere kopurua finkatzen, baina saio bat egin dute odolaren osoko bolumenetik abiatuta. Arteria, bena eta kapilarretatik dabil odola, eta tutu mota horietako bakoitzaren luzera finkatu dute bere lodiera ertainean oinarrituta. Ondoren, tutu horien barne azalera zehaztu dute, gero zenbaki hori endotelio-zelulen azalera ertainaz zatikatzeko. Horrela, badakigu 600.000 miloi direla (%2.1).

Immunitate-sistemako linfozitoak, gorputzeko zelulen %1.5a dira eta gibeleko hepatozitoak, %0.8a. Neuronak eta Glia zelulak nerbio-sisteman; azken horiek neuronen euskarri modura jokatzen dute neuronentzat. Garai batean pentsatu izan zen 10 aldiz Glia zelula gehiago zeudela, baina badirudi ez daudela hainbeste eta parean daudela Glia zelulak eta neuronak. Azken estimazioek diote gutxi gorabehera 85.000 milioi neurona daudela eta beste hainbeste Glia zelula. Guztira, gorputz osoaren %6 dira. Gainerako zelula motak are ehuneko txikiagoetan daude giza gorputzean.

Oso ikuspegi desberdina lor daiteke, baldin eta masa hartzen badugu kontuan, kopurua hartu beharrean. Gorputz-pisuaren %25a dira zelulaz kanpoko likidoak (odol-plasma eta likido interstiziala), eta %7a dira zelulaz kanpoko solidoak. Beraz, 46 kg zelula-masa dute, honela bananduta: 20 kg muskulu-zelula, 14 kg adipozito (gantz-deposituak), eta 3 kg globulu gorri. Gainerakoa 10 kg dira. Horrela bada, masen ehunekoak oso desberdinak dira, zeren eta zelula batzuek eta besteek oso bolumen desberdinak baitituzte.

Zer esanik ez, bakterioak ere baditugu batez ere kolonean, baina uste baino askoz ere gutxiago: gutxi gorabehera 38 bilioi, baina 200 g-ko pisua dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sender R, Fuchs S, Milo R (2016). Revised Estimates for the Number of Human and Bacteria Cells in the Body. PLOS Biology, 14(8), e1002533. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.1002533

Oharra: Nacho López Goñi mikrobiologoak bakterio kopuruari buruzko artikulu argigarri bat idatzi zuen.

Post scriptum: Zelula moten enbrioi-iturriari buruz gehiago jakiteko “Los tipos celulares humanos y origen embrionario” artikulua ikus daiteke eta berriztatze-frekuentziari buruz ¿Cada cuánto tiempo se renuevan las células de nuestro cuerpo? artikulua.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2018ko otsailaren 25ean: ¿Cuántas células hay en el cuerpo humano?

The post Zenbat zelula ote daude giza gorputzean? appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (2): Osatu karratua

Az, 2018-08-08 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure bigarren ariketa: Osatu karratua.

2) Irudiko karratuan 1etik 25erainoko zenbakiak ipini behar dira. Zenbaki bakoitza, 1 eta 2 izan ezik, auzoko biren batura izan behar da. (Auzokoak inguruan dituen zenbakiak dira: 1ek zortzi auzoko ditu, 25ek hiru ditu.)

———————————————————————————-

Ariketak Frantziako CNRSren blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik daude hartuta.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (2): Osatu karratua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko

Al, 2018-08-06 09:00
Atzerriko hizkuntzetako soinuak eraginkortasun berdinarekin ikasten dira inguru zaratarekin edo ingurune isiletan, ikerketaren arabera.

Irudia: Giro zaratatsuak ez dira oztopo hizkuntzak ikasteko.

Posible da atzerriko hizkuntza bat ikastea nahiz eta ikasketa hori inguru zaratarekin egin, ama hizkuntzak ikasterakoan dauzkagun baldintza berdinak errepikatzen baitira. Hala frogatu du ikerketa batek.

Atzerriko hizkuntza bat ikasi duten ikasle gehienek zailtasun handiak sentitu dituzte, sarritan, aipatu hizkuntza ikasgelatik at ulertzeko. Eguneroko bizitzan, solasaldiak zarata iturri asko eta aldi berean hizketan dauden hiztun ugari dituzten tabernak edo jatetxeak, tren geltokiak edo trafiko handia duten kaleak bezalako leku zaratatsuetan garatzen ohi dira. Testuinguru horietan, hizkuntza ikasleek zailtasun handiagoak dituzte atzerriko hizkuntza ulertzeko.

Ume txikiek ama hizkuntza ikasten dutenean hiztun askorekin eta egoera eta ingurune oso ezberdinetan egiten dute, zarata eta beste nahaste batzuekin, hori baita ohikoa mundu errealean. Ondorioz, hizkuntza egoera horietan ulertu ahal izateko beharrezkoak dituzten estrategiak garatzen dituzte.

Atzerriko soinuen entrenamenduan inguru zarata txertatzea hizkuntzaren ulermenerako erabilgarria izan zitekeela planteatu dute ikerketan. Beste aukera ere bazegoen: inguru zarata txertatzea kaltegarria izatea, gehitutako zailtasunaren ondorioz.

Egindako ikerketak, ordea, zalantzak uxatu ditu: atzerriko soinuak inguru zaratarekin irakastea ez da inolaz ere kaltegarria, ingurune isil batean ikasten diren bezalaxe ikasten baitira. Eta, gainera, atzerriko hizkuntza hobeto ulertzen da zarata duten egoera eta lekuetan.

Ikerketak euskara eta gaztelania hitz egiten duten 88 lagun elebidun aztertu ditu. Ingelesaren kontsonanteak ikasteko 10 saioko entrenamendua egin dira bi talderekin: inguru zaratarekin bata, inolako zaratarik gabe bestea. Bost astez, ingelesaren kontsonante bakoitzaren 200 adibide landu dituzte; 4.800 itemetik gora, guztira. Alderaketa egiteko, hiru kontrol talde erabili dira: bokalak zaratarekin eta zaratarik gabe ikasi dituzten talde bana eta ingelesera ama hizkuntza duen hirugarren taldea.

Emaitzek frogatzen dutenez, zaratarekin eginiko entrenamendua eraginkorra da, zaratak ez du kalterik egiten. Are gehiago, zaratarekin lan egin zutenek emaitza zertxobait hobeak lortu dituzte kontsonanteak identifikatzerakoan.

Ikerketak frogatu du garrantzitsua dela baldintza naturalak erreproduzitzea atzerriko hizkuntz bat ikasterakoan, hiztun anitzak eta era ezberdineko inguru zaratak txertatuz, laborategi baldintza aseptikoetan eginiko irakaskuntzaren aurrean. Zaratarekin eginiko ikaskuntzak nola funtzionatzen duen jakitea da hurrengo pausoa. Ikerketa taldeak esku artean dituen hipotesietako bat da soinuak zaratarekin entzuten dituzten entzuleek arreta handiagoa eskaintzen dietela, zarata bakoitzaren ezaugarri ezberdinen artean, nahasteen aurrean sendoago agertzen zaizkigun horiei.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Cooke, Martin, García, Maria Luisa, (2018). Effects of exposure to noise during perceptual training of non-native language sounds, The Journal of the Acoustical Society of America 143:5, 2602-2610. DOI: 10.1121/1.5035080

The post Zarata ez da oztopo atzerriko hizkuntzetako soinuak ikasteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #214

Ig, 2018-08-05 09:00
Ziortza Guezuraga Osasuna

Txankletak oker erabili ohi direla irakur daiteke Berrian. Almudena Rebollo podologoaren arabera txankletak ez dira ibiltzeko oinetakoak, ez dutelako batere eusten. Horrek desoreka eragiten du gorputzean, eta gainkarga, gihar lesioak eta ondoeza dira horren ondorioak.

Kafea ondo hartzeko algoritmoaren ingurukoak azaldu ditu Josu Lopez-Gazpiok. Izan ere, algoritmo baten bidez kafeina dosiak hartzeko estrategiak optimizatzea lortu dute. Egunean zehar hartutako kafeina dosia optimizatu daiteke errendimendu jakin bat ahalik eta kafeina kantitate txikienarekin lortzeko, edota kantitate jakin bat kontsumituta errendimendu onena lortzeko.

Klima-aldaketa

Berriak eman du albistea: berotegi gasen atmosferako metaketa inoizko handiena da, 2017an %2 handituta. Orain arteko hirugarren urterik beroena izan zen 2017a. Haren aurretik beste bi beroenak, 2015 eta 2016a. Klimaren egoerari buruzko 2017ko txostena argitaratu dute AEBetako ozeanoaren eta atmosferaren jarraipenaz arduratzen den NOAA agentzia federalak eta Ameriketako Meteorologia Elkarteak, eta ez du baikortasunerako aukera handirik utzi.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #214 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila

Og, 2018-08-02 09:00
Josu Lopez Gazpio Kafeina munduan gehien kontsumitzen den psikoestimulatzaileetako bat da. Lo gabeziari aurre egiteko erabili ohi da, alegia, nahikoa lo ez egitearen ondorioz gertatzen den logaleari aurre egiteko. Kafea hartuz errendimendua hobetu nahi izaten dugu eta, izatez, frogatuta dago kafeina kontsumituz hori lortzen dela. Alabaina, kontsumoa segurua eta eraginkorra izan dadin momentu eta kantitate egokian hartu behar da.

Argitaratu berri den ikerketa batek helburu horixe izan du: kafea kontsumitzeko modu eraginkorrena bilatzea. Bilatu eta, aurkitu ere egin dute: algoritmo baten bidez kafeina dosiak hartzeko estrategiak optimizatzea lortu dute.

1. irudia: Kafe katilu batean 100 mg inguru kafeina dago. (Argazkia: pixel2013 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kafeinaren kimika

Kafeina, edo 1,3,5-trimetilxantina, substantzia estimulatzailea da eta, hortaz, nekea eta logalea murrizten ditu eta zenbait lan mota egiteko gaitasuna handitzen du. Dosi handiegian albo ondorio kaltegarriak eragin baditzake ere, neurrian hartuta nekeari aurre egiteko baliagarria da. Kafea hartu ondoren, kafeina 15-45 minututan iristen da odol-kontzentrazio handienean egotera eta 3 orduren baitan erdira jaisten da kontzentrazio hori. Kafeina adenosina hartzailearen antagonista eta horrek azaltzen ditu bere efektuak. Kafeinak adenosina seinaleak blokeatzen ditu eta adenosina da, hain zuzen ere, zelulen energia-iturri garrantzitsuenaren albo produktua: adenosin trifosfatoa. Adenosinak, hortaz, neuronen kitzikapen-maila moteltzen du eta, ondorioz, sinapsien transmisioa moteltzen du. Kafeina adenosinaren antagonista denez, adenosinaren eragina oztopatzen du, alegia, sinapsia gutxitzeko prozesua eteten du -logalea eta nekea murriztuz-.

2. irudia: Kafeinaren egitura kimikoa. (Argazkia: icey – domeinu publikoko irudia. Iturria: commons.wikimedia.org)

Zentzu horretan, frogatu ahal izan da goizean goiz hartutako kafeina dosi baxu eta ertainek modu eraginkorrenean blokeatzen dutela adenosina eta, hortaz, horixe da kafea hartzeko unerik aproposena. Antza, ziklo zirkadianoaren une horretan alerta maila baxua da eta lo egiteko presio homeostatikoa handia. Bi faktore horien ondorioz goiza da kafeinak modu eraginkorrenean eragiten duen unea, baina, egun guztia zehar kafeinaren efektuen pean egon nahi bada, zein kantitatetan eta zenbatean behin hartu behar da kafeina?

Kafeina kontsumoa hobetzen

Vital-Lopez eta bere lankideek argitaratu duten ikerketa baten emaitzen arabera, egunean zehar hartutako kafeina dosia optimizatu daiteke errendimendu jakin bat ahalik eta kafeina kantitate txikienarekin lortzeko, edota kantitate jakin bat kontsumituta errendimendu onena lortzeko. Esaterako, ikerketan proposatutako algoritmoak %64 hobetzen du kafeinak eragiten duen alerta-egoera. Era berean kafeina kontsumoa %65 murriztu daiteke eta errendimendu bera lortu ikerketan proposatutako moduan kontsumitzen bada. Epe luzera, sakelako telefonoetan eraman ahal izango den aplikazioa garatu nahi dute, kafea noiz eta nola hartu behar den jakiteko. Garatutako algoritmoari jaramon eginez, kafeina kontsumo optimoa nola egin jakin ahal izango da eta bilatzen diren efektuak modurik eraginkorrenean jasango dira.

Ikerketan lo faltak eta odoleko kafeina kontzentrazioak zeregin psikomotorretan duen eragina lotzen dituen eredu matematikoa erabili zuten. Eredu matematiko hori gai da aipatutako aldagaien arabera garapen motorraren aurreikuspenak egiteko eta horri esker, kafeina kontsumo desberdinen simulazioak egin ahal izan dituzte. Lortutako emaitzetan, dosi kontrolatuen bidez kafeina modu seguruagoan kontsumitzeko moduak proposatu dituzte; izan ere, kafeina kantitate handiak kontsumitzen badira lo gutxi egiten den hainbat egunetan zehar, organismoaren berreskurapena zaildu egiten da. Azken batean, kafeinaren efektuen abusuak epe luzera muga bat du. Dosifikazio estrategiei esker kafeinak organismoaren berreskurapenean dituen eragin kaltegarriak modu nabarmenean murriztu daitezke.

3. irudia: Sarritan esan da gabeko loezinak edo insomnioak, kasu askotan, kafeinaren kontsumoarekin harremana izan zezakeela. (Ilustrazioa: Fanette – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaileek algoritmoak mugak dituela ohartarazi dute eta hortik ikerketak egiten jarraitzeko beharra. Garatutako algoritmoak ez du kontuan hartzen kafeina kontsumoak loaren kalitatea murriztu dezakeela zenbait kasutan eta, beraz, hurrengo egunean nekea handiagoa izan daitekeela. Beste muga garrantzitsua erabilitako emaitza da: zeregin psikomotor sinpleak bakarrik aurreikusi ditzake eredu matematikoak eta, hortaz, kafeina kontsumitzearen efektua ez da kontuan hartu zeregin konplexuagoen kasuan. Era berean, kafeinaren eragin estimulatzaileak murriztu egiten dira 5 orduz bakarrik lo egiten bada 4 egunetan zehar. Nolabait, kafeina kontsumoak puntu bateraino lagun dezake, baina, lo falta eta nekea metatzen joaten badira efektu txikiagoa lortuko da. Bestalde, ereduan ez dira kontuan hartzen organismo bakoitzaren berezitasunak eta aldagarritasun genetikoa. Jakina da kafeina metabolizatzen duen P-450 entzima kodetzen duten geneetan daude polimorfismo genetikoek arautzen dutela pertsona bakoitzean kafeinak duen eragina.

Laburtuz, Marylandeko ikertzaileek kafeina modu seguruan eta eraginkorrean kontsumitzeko algoritmoa garatzea lortu dute eta, frogatu dutenez, %65 inguruko hobekuntzak lortu dituzte -kafeina gutxiago kontsumituz lo gabeziari modu hobean aurre eginez-. Diotenez, hurrengo pausoa algoritmoa bera hobetzea izango da, mugei aurre egin ahal izateko eta agian, noizbait, sakelako telefonoan eramango dugun aplikazioa garatu ahal izateko.

Pip pip. Ebakia hartzeko momentu perfektua.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vital-Lopez Francisco G. et al., (2018). Caffeine dosing strategies to optimize alertness during sleep loss. Journal of Sleep Research, e12711. DOI: https://doi.org/10.1111/jsr.12711

Pajcin M. et al., (2018). Effects of strategic early-morning caffeine gum administration on association between salivary alpha-amylase and neurobehavioural performance during 50 h of sleep deprivation. Accident Analysis & Prevention. DOI: https://doi.org/10.1016/j.aap.2018.01.026

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (1): Zenbaki arruntaren balioaren bila

Az, 2018-08-01 09:00
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko astelehenero ariketa matematiko bat izango duzu, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Hona hemen gure lehenengo ariketa: B zenbaki arruntaren balioaren bila.

1) A eta B zenbaki arruntak dira. 10 zenbaki daude A baino handiagoak eta B baino txikiagoak direnak. 1.000 zenbaki daude A2 baino handiagoak eta B2 baino txikiagoak direnak. Zenbat da B?

———————————————————————————-

Ariketak Frantziako CNRSren blogeko Défis du Calendrier Mathématique ataletik daude hartuta.

———————————————————————————-

The post Dozena erdi ariketa 2018ko udarako (1): Zenbaki arruntaren balioaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Burmuinaren immunitate sistema ahulgunea da onddo baten aurrean

Al, 2018-07-30 09:00
Lomentospora prolificans (L. prolificans) onddoan gaurdaino ezagutzen ez zen infekzio mekanismo berria aurkitu dute: burmuineko immunitate sistemako zelulek onddoari ematen dioten erantzuna eskasa dela.

Irudia: Mikrogliak erantzun eskasa du L prolificans onddoaren aurrean.

Mikroorganismoak eta ehun hondarrak suntsitzen dituzten immunitate sistemako zelulak dira makrofagoak. Ehun mota bakoitzean bizi dira makrofagoak, baina ehun bakoitzean elkarrengandik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte. Alegia, ez dira berdinak burmuineko makrofagoak (mikrogliak) hesteetakoak edo biriketakoak. Ikertzaileen ustez ezberdintasun horietan datza mikroglia eraginkorra ez izatearen arrazoia eta onddoak burmuina erraz infektatzearen arrazoia.

Hala ere, L. prolificansen biologiak berezitasunen bat ere izan dezakeela uste dute, izan ere, antzeko beste mikrobio batzuekin konparatu dute eta agerian geratu da onddoak bereziki gogor egiten diola fagozitazioari.

Erresistentzia anitzekoa da egun L. prolificans antifungikoen kontra. Infekzio oso larriak eragin diezazkieke gaitzen bat (fibrosi kistikoa, esaterako) duten pazienteei edo immunitate sistema ahuldua dutenei, adibidez, minbiziren bat izateagatik kimioterapia tratamenduan dauden pazienteei, organo transplante bat izan duten pazienteei edo GIB bidez Hartutako Immunoeskasiaren Sindromea (HIESa) dutenei. Gainera, %50-%100eko hilkortasuna eragiten du immunitate sistema ahulduta duten pazienteetan.

Onddo harikara da Lomentospora prolificans, arrunki lizun deitutakoen multzokoa (galdutako janarian hazten ikus daitezke talde hauetako batzuk). Ohikoa izaten da hiri edo industrialdeetako lurretan eta kontaktuan egon arren, ez du gaitzik sortzen pertsona osasuntsuetan, immunitate sistemari esker.

Aurreko ikerketa batean ordura arte ezezaguna zen erresistentzia mekanismoa topatu zuten.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Burmuinaren immunitate sistema, ahulgunea % 100eko hilkortasuna eragiten duen onddo baten aurrean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pellon Aize, et al., (2018).Microglial immune response is impaired against the neurotropic fungus Lomentospora prolificans, Cellular Microbiology, 20:e12847. DOI: 10.1111/cmi.12847

The post Burmuinaren immunitate sistema ahulgunea da onddo baten aurrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #213

Ig, 2018-07-29 09:00
Ziortza Guezuraga

Astronomia

Ur likidoa aurkitu dute Marten, izotz geruzen azpian. Hala irakur daiteke Berrian, Argian eta baita Elhuyar Aldizkarian ere. Mars Express zundan dagoen MARSIS radarrak aurkitu du, planetako hego poloan. Ura 1,5 kilometroko sakoneran dago, 20 kilometro zabal den laku batean.

Mende honetako ilargi eklipserik luzeena ikusi ahal izan da ostiralean eta Berriak eman du albistea. Euskal Herriko txoko guztietatik ikusgai izan zen, 21:30ean hasi, ilargia ostartetik agertzean, eta 00:18an amaitu. Hainbat jarduera antolatu ziren gau berezia xehetasun guztiekin bizitzeko.

Biologia

Hegazti harrapakari batzuek nahita hedatzen dituztela sute batzuk kontatu dute Juan Ignacio Pérez Iglesiasek. Dirudienez, banako batzuek baizik ez dute horrelakorik ikasten, baina normalean egoera jakin batzuetan egiten dute hau: sutea barrera batean geldirik dagoenean, edo sutea suhiltzaileek itzali dituztenean.

Bergmannen araua izan dute hizpide Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Miren Bego Urrutiak. Honen arabera, «iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Honen zergatiaren hainbat zio eta baita salbuespen aurkezten dira. Esaterako, elefanteak,lur gaineko ugaztunik handienak eskualde beroetan bizi da.

Ekologia

Inoiz baino oxigeno gutxiago dago Itsaso Baltikoan, Juanma Gallegok azaldu duenez. Itsaso Baltikoko oxigeno mailak azken 1.500 urtetako txikienak izan dira, ikerketa baten arabera. Arrazoien artean, nekazaritzaren jardueran eta hirietako ur zikinetan sortzen diren nutrienteak aipatu dituzte zientzialariek.

Paleontologia

Mendaroko Agerre haitzuloan paleolitoko zintzilikario bat eta labarretako margoak topatu dituztela azaldu dute Elhuyar Aldizkarian. Orein-adarrean grabatutako zintzilikario bat eta paretetan egindako animalia-irudien hainbat zati dira aurkitutakoak.

Ogia, nekazaritza sortu aurretik izan zeneko aztarnak topatu dituztela irakur daiteke Berrian. Duela 14.400 urteko ogi arrastoak aurkitu dituzte, orain arteko zaharrenak. Ikerlanak nekazaritzaren sorreraren teoria berriak atera ditu mahai gainera.

Osasuna

‘Osagaiz’ osasun zientzien aldizkariak urtebete egin duela jakinarazi du Berriak. Iazko ekainean aurkeztu zuten kazeta, zientzia artikuluak eta ikerketa taldeen lanak argitaratzea helburu duena. Urtero bi ale arrunt argitaratzen dituzte. Horrez gain, ale berezi bat osatzen dute OEEk urtean behin egiten duen biltzarrean aurkezturiko testuekin.

Sendabelarren inguruko uda kurtsoa antolatu du UEUk. Gorka Menendez Baceta ikastaroa eman du bertan eta Argiak elkarrizketa egin dio. “Zientzia ala superstizioa?” galderak tranpa duela dio etnobotanikoak, superstizioa zientzia delako ere bai, plazeboaz ari garenean.

Teknologia

Sketchfab 3D biltegi digitalari buruz irakur daiteke Sustatun. 3D modelo digitalen biltegia da Sketchfab. Era guztietako proiektuak ikusten dira bertan: arkitekturako elementuak, diseinu industrialak, artelanak… Baina baita ere zientzialariek kargatutakoak. Horien artean antzinako gizakien artelan eta tresnen aztarnak bereziki ikusgarri geratzen dira.

——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

——————————————————————

The post Asteon zientzia begi-bistan #213 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #226

La, 2018-07-28 09:00

Geometriak berebiziko garratnzia du nanopartikula baten ezaugarri fisiko eta kimikoetan. Korrelazio eta kasualitate benetan interesgarrien bila dabil jendea. Roberto D’Agostaren Geometric control of noble-metal nanoparticles

Printzipioz bateraezinak diren metalen eta polimeroen ezaugarriak batzeko gai diren material izugarriak dira beira metalikoak. Saiakuntza-akats metodoa baliatuta aurkitzen ziren orain arte, baina makina ikasketa prozesua erreboluzionatzen dabil. Silvia Románek azaltzen du Using machine learning to discover new metallic glasses

Teknologikoki oso garrantzitsuak dira gainazal metalikoetan gasen adsortzio eredu fisiko-kimikoak. Egi ez direnak ontzat ematen dituzte, baina. Prozesuak adiabatikoak, itzulgarriak eta ia idealak direla, esaterako. Tenperaturaren arabera bibratzen duten molekulek idealitatea asaldatzen dute. Baina benetan emaitza ona lortzeko bestelako faktoreak kontuan hartu behar direla jakin du DIPCko jendeak. The microscopic mechanism behind the vibrational relaxation of adsorbates on metal surfaces

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #226 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Naiara Barrado: “Asko ikasten dugu Lurraren atmosferari buruz beste planetak laborategi gisa erabilita” #Zientzialari (99)

Or, 2018-07-27 09:00

Eguzki Sistema osatzen duten beste planetak ikertzeak Lurra eta bertan gertatzen diren zenbait zirkunstantzia hobeto ulertzen lagundu dezake. Adibidez, Artizarrean dagoen berotegi-efektua edo Marten gertatzen diren hauts-ekaitzak gure planetan ere izaten ari direnez, haiek aztertuta informazio baliagarria batu daiteke Lurreko egoerari buruz.

Lan horretan dihardute UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldean, non Eguzki Sistemako beste planetetako atmosferak eta haietan gertatzen diren fenomenoak ikertzen dituzten gurean gertatzen direnekin konparatzeko. Bizilagun diren planeta ezberdinen atmosferen berezitasunei buruz gehiago jakiteko, talde horretako kide den Naiara Barrado fisikariarekin elkartu gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Naiara Barrado: “Asko ikasten dugu Lurraren atmosferari buruz beste planetak laborategi gisa erabilita” #Zientzialari (99) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Hegazkin supersonikoak eta biskositatearen madarikazioa

Og, 2018-07-26 15:00
Alejandro Pozo Pazos Hegazkin supersonikoek eragindako soinu-eztanda sortzen den unetik lurrerainoko hedapena zehatz-mehatz simulatzea ez da gai erraza. Ereduaren denbora-tarte handietarako propietateak babesten dituzten zenbakizko metodoak behar dira, soluzioaren hurbilketen eraginkortasuna manten dadin. Zenbakizko biskositateak zeresan handia du horretan.

1. irudia: Soinuaren abiadura gainditzean, atmosferan presio-perturbazio itzela sortarazten dute eta oso kaltegarria izan daiteke.

2003. urtean, Concorde hegazkin supersonikoak azken aldiz egin zuen New York eta Londres arteko bidaia. Istripuak eta arazo ekonomikoak zirela medio, bere erabilera eten egin zen. Baina beste kausa batek ere influentzia handia izan zuen erabaki hartan. Izan ere, ontzi horiek, soinuaren abiadura gainditzean, atmosferan presio-perturbazio itzela sortarazten dute, airearen lekualdatzeak eta euste aerodinamikoak eraginda. Fenomeno hori bi danbada jarrai balira bezala antzematen dugu eta, bai gizakiontzat, bai eraikinentzat, oso kaltegarria izan daiteke.

Hortaz, azken hamarkadetan aeronautika-ikerketan izandako ardurarik handienetariko bat zarata hori kontrolatzea eta murriztea izan da, hori baita garraio zibil supersonikoak berriz garatu ahal izateko giltzetako bat. SSBD proiektuak hegazkinen forma eraldatuz helburu hori lortzea posible dela ziurtatu zuen. Hala eta guztiz ere, gainontzeko frogek neurrigabeko kostua izan ez dezaten, beste erremintak behar dira, zenbakizko analisian oinarritutako simulazio konputazionala nagusia izanik.

Soinu-eztandaren hedapenaren ereduen artean, Burgersen ekuazio handitua hartu ohi da. Horrek atmosferaren presio-banaketaren perturbazioa, hedapenaren distantzia eta perturbazioaren iraupena erlazionatzen ditu. Izpi-hodiaren azalera eta atmosferako beste zenbait baldintza (hain zuzen ere, dentsitatea, soinuaren abiadura, termo-biskositatea eta lasaikuntza molekularrak) ere kontuan hartzen dira.

2. irudia: Hegazkin supersonikoek hainbat eremutan dute eragina.

Esparru horretan, beraz, badakigu hegazkinak sortzen duen (eta neur daitekeen) soinu-sinadura teorikoki nola hedatzen den atmosferatik. Ezaguna da ere hain kaltegarriak ez diren uhinen itxura.
Beraz, honetan datza soinu-eztandaren minimizazioaren problema: hegaldiaren altitudea eta lurzoruan lortu nahi den soinu-sinadura emanik, hobeto erreproduzitzen duen hegazkinaren eremu hurbileko soinu-sinadura berreskuratu.

Kontuan izan behar da denbora-eskalak oso ezberdinak direla: presioaren perturbazioa segundoerdi baino gutxiago batean gertatzen den bitartean, uhinaren hedapenak ia minutu oso bat iraun
dezake. Horregatik, tratamendu konputazionalerako zenbakizko eskemak denbora-tarte luzeetan ondo portatzea ezinbestekoa da.

Problema mota horietan agertzen diren arazoen errudun nagusia biskositatea da. Burgersen ekuazio handituaren ez-linealtasunak, presioaren gorabeherak pilatuz, jauzi handiak sortzen ditu soluzioan. Hauek ondo kudeatu ahal izateko, zenbakizko biskositatea erabiltzea ezinbestekoa da. Baina, gehiegi erabiliz gero, soluzioaren denbora-tarte luzeko portaera guztiz aldatzen da. Horretan datza, beraz, biskositatearen madarikazioa: beharrezkoa da soluzioaren jauziak ondo hurbiltzeko baina, aldi berean, soluzioaren propietate garrantzitsu bat aldatzen du.

Arazo hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, optimizazio arazoetan eragin handia izan dezake. Batzuetan begi-bistakoak izango dira ondorioak (oszilazioak soluzioan, adibidez), baina beste askotan (konbergentzia abiaduran, esate baterako) normala dirudien portaera baten atzean ezkutaturik egongo dira. Artikuluan zehar, egoera horiek ekiditzeko gakoak ematen ditugu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ale berezia. 2018
  • Artikuluaren izena: Zenbakizko biskositateak eragindako soinu-eztandaren simulazioaren zailtasunak
  • Laburpena: Hegazkin supersonikoek eragindako soinu-eztandaren hedapena eremu hurbiletik lurreraino zehatz-mehatz simulatzea ez da erraza. Ereduaren denbora-tarte handietarako propietateak babesten dituzten zenbakizko metodoak behar dira. Artikulu honetan, soinu-eztandaren minimizazioarekin erlazionaturik dagoen optimizazio eta alderantzizko diseinu-problema ikertu dugu. Bereziki, bere soluzioaren hurbilketen eraginkortasuna mantentzeko gakoak ematen ditugu.
  • Egilea: Alejandro Pozo Pazos
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 21-36
  • DOI: 10.1387/ekaia.17898

————————————————–
Egileaz:

BCAM-Basque Center for Applied Mathematics zentroan landu de tesia Alejandro Pozo Pazosek.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hegazkin supersonikoak eta biskositatearen madarikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Bergmann-en araua

Og, 2018-07-26 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

«Iparralderantz espezie handiak bizi dira nagusiki eta espezie txikiak hegoalderantz». Karl Bergmann biologo alemaniarrak idatzi zuen hori 1847 urtean.

Irudia: Bergman arauaren salbuespena da elefantea, izan ere, nahiz eta klima epelean bizi tamaina handikoa da.

Honako beste bi hauek ere idatzi zituen: «Bi animalia-espezie bereiziko lituzkeen ezaugarri bakarra tamaina izango bada, bi espezie horien banaketa geografikoa baldintzatzen duen ezaugarria tamaina izango da» eta «Baldin eta genero jakin bateko espezieak bereizten dituen ezaugarri bakarra tamaina bada, klima beroagoan biziko da tamaina txikiagoko espeziea». Esaldi horien bitartez adierazi zuen Bergmannek geroztik haren izenez ezagutu den araua, Bergmannen araua alegia. Animalia endotermoak dira, nagusiki, arauaren menpe daudenak.

Bergmannen arauaren azpian dauden faktoreak ez daude oso argi, baina orain arte eraentze termikoa eta animalien tamainaren artean dagoen harremana izan da araua azaltzeko erabili den zioa. Argudio horren arabera, eskualde hotzetan ugaztun eta hegazti txikiek handiek baino zailtasun handiagoak dituzte. Izan ere, eta liburu honetan adierazi dugun bezala, animalia handien gorputzek animalia txikien gorputzek baino masa-unitateko azalera txikiagoa dute. Hori dela eta, animalia txikiek handiek baino beroa galtzeko joera handiagoa dute, eta, ondorioz, lan metaboliko handiagoa egin behar dute barne-tenperatura konstante mantentzeko. Ez dezagun ahaztu lan metaboliko handiago hori egiteko energia gehiago behar dutela eta energia-baliabide gehiago lortu behar dituztela, ondorioz. Hori horrela, zentzuzkoa dirudi eskualde hotzetan animalia txiki gutxiago egoteak.

Kontuak, hala ere, ez daude oso argi. Batetik, badira arauaren salbuespen nabariak. Esaterako, errepara diezaiogun elefanteari, lur gaineko ugaztunik handienari. Eskualde beroetan bizi da, nahiz egia izan hori dela hain belarri handiak behar izateko arrazoia. Bestalde, salbuespenik bada ere, animalia poikilotermoetan ere behatu izan da joera bertsua. Izan ere, poikilotermoetan beroa galtzeko arriskuaren kontuak ez luke inolako zentzurik izango, poikilotermoek ez baitute beroa galtzea saihestu behar.

2010eko otsailean argitaratu den ikerketa baten emaitzek azalpen berria eman diote Bergmannen arauari. Azalpen horren arabera, latitude altuko landareak aberatsagoak dira, hazkurritsuagoak, eta horrek ahalbidetzen du landare horiek jaten dituzten animaliak handiagoak izatea. Laborategian goi-latitude eta behe-latitudeetako landareez elikatu dituzte espezie desberdineko animaliak, eta esperimentu horien bitartez heldu dira lehenago azaldu dugun ondoriora. Egia da hasiera batean belarjaleen banaketa azaltzeko balio dezaketela esperimentu horiek, baina zer gertatzen da haragijaleekin? Bada, ikertzaileen ustez, toki hotzetako animalia karniboroek ere profitatzen dute landare elikagarriagoen eragina, harrapakin handiagoak jaten dituztelako.

Lanaren egileek uste dute hori ez dela Bergmannen araua azaltzeko hipotesi bakartzat hartu behar. Haien aburuz, kontuan hartu behar da faktore metabolikoen garrantzia. Izan ere, Bergmannen arauaren oinarrian faktore bat baino gehiago dagoela proposatzen dute ikertzaileek.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Bergmann-en araua appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak