Asteon zientzia begi-bistan #268
Ura detektatu dute exoplaneta habitagarri baten atmosferan, K2-18 b planetaren atmosferan, alegia. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, exoplanetaren diametroa Lurrarena baino bi aldiz handiagoa da, eta zortzi aldiz masa handiagoa du. Horrez gain, hidrogenoa eta helioa ere badaude, eta uste dute litekeena dela metanoa eta nitrogenoa ere egotea.
Berrian ere irakur daiteke exoplanetaren inguruan. Zientzialarien arabera, izarreraino duen distantzia dela eta, planeta eremu habitagarrian dago. Adituek uste dute James Webb teleskopioarekin exoplaneta gehiagotan ere aurkituko dutela ura.
MikrobiologiaZergatik ez erabili aitzakia gisa sukaldeko trapu bat zientzian murgiltzeko? Josu Lopez-Gazpiok azaltzen digunez, sukaldeko trapuek misterioak gordetzen dituzte. Hainbat ikerketek erakutsi dutenez, bakterio heterotrofiko eta enteriko ugari aurki daitezke sukaldeko trapu, zapi, mostratxa eta antzekoetan. Argi gelditu zaigu testuan hauxe irakurtzean: “Bi egun baino gehiagoz esekita egon den toalla batekin aurpegia garbituta aurpegia komun-zuloan sartuta baino E. coli gehiago hartzen dira”.
PaleontologiaEuskal Herriko azken neanderthalen zantzuak bilatzen hasi dira, Zestoako Amalda III kobazuloan. Joseba Rios Garaizar arkeologoa murgilduta dago erabat ikerketan, Berrian irakur daitekeenez. Zaila izango da, hark esaten duen modan, kobazulora iristea baina. Bere taldeko kide batek azaltzen du: “30 metroko pareta bertikal bat pasa behar da, eta hara ezin du edonork igo”.
AstronautikaIndiak ez du lortu Vikram modulua ilargiratzea. Chandrayaan 2 ontzitik askatu, abiadura egokitu, eta Ilargiaren azalean lur hartu behar zuen. Bada, Ilargitik 2 km-ra zegoenean, motor nagusia hondoratu eta Ilargiaren aurka jo zuen. Orain, ISRO Indiako espazio-agentziak Vikram moduluarekin zer gertatu den jakin nahi du. Elhuyar aldizkarian topatuko duzue informazio gehiago.
ArkeologiaAzken hamar milurtekoetan munduan izan den lurraren erabilpena aztertu dute ikerketa batean. Oraindik ofiziala ez bada ere, eztabaida dago Antropozenoa noiz hasi zen erabakitzerakoan. Ikerketa honetan egileek adierazi dute orain arte uste zen baino dezente lehenago gertatu zela gizakiaren inpaktua planetan. Ikerketa ArchaeoGLOBE izeneko egitasmoaren barruan egin dute.
InformatikaOhiko sare-ereduak erabiliz belaunaldi berriko sareen ezaugarri espezifikoek ez dute kudeaketa egokia ahalbidetzen. Artikulu honetan azaltzen dutenez, ezin dira kontuan hartu eskala doiketa, heterogeneotasuna eta agertoki hauen konplexutasuna. Horri aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen dute komunikazio sistema hauen diseinu eta kudeaketarako paradigma berriak definitzea. Testu honetan, sare-mailan integratutako modulu adimentsu baten diseinua aurkezten da.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #268 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #275
Bat datoz zientzialariak: klima-aldaketa erreala da eta giza jatorria du. Zergatik dago ukatzen duenik, orduan? Martha Villabonak aztertzen du Why is climate change denied?
Plastikoak ingurugirorako arazo direla ezaguna da. Konpontzeko, plastikoak ez erabiltzeaz gain, berrerabiltzeko aukera dago eta, ezinezkoa denean, berziklatzea. Esaten ez dena da plastikoen berziklatze gaitasuna mugatua dela, makromolekula erraldoiak baitira. Berziklapenaren irtenbidea, kimikoki osoa den berziklapena da. Ainara Sangronizen Fully recyclable materials for food packaging.
Holograma batekin arratoi baten garuna estimulatuta arratoiaren portaera kontrolatzerik balego? DIPCkoek Controlling visually guided behavior with holographic optogenetics
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #275 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ibon Alonso: “Solido nahiz likidoaren ezaugarriak ditu materiak mesofase edo kristal likido fasean” #Zientzialari (121)
Txikitatik materia hiru egoeratan bakarrik aurkitu daitekeela erakutsi digute: solidoa, likidoa eta gasa. Baina ez dira bakarrak. Izan ere, solido eta likidoaren artean dagoen bitarteko faseari mesofase edo kristal likido fasea deritzogu. Fase horren baitan, solido nahiz likidoaren ezaugarriak ditu materiak eta material batzuetan soilik gerta daiteke egoera berezi hau.
Ikerketa esparru honek hainbat erronka ditu gaur egun eta, besteak beste, laser argia lortzeko edota egitura nanometrikoak eraikitzeko baliagarriak izan daitezke aipatutako materiak.
Ibon Alonsorekin, UPV/EHUko Fisika Aplikatua II saileko irakaslearekin, hitz egin dugu egoera honen berezitasunak eta ezaugarriak ezagutzeko.
“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.
The post Ibon Alonso: “Solido nahiz likidoaren ezaugarriak ditu materiak mesofase edo kristal likido fasean” #Zientzialari (121) appeared first on Zientzia Kaiera.
Machine learning eta gaitasun kognitiboen sarrera sare mailan monitorizaziorako eta matxuren diagnostikorako

Irudia: Bideraketa filosofia berri bat, bere operazioa ad hoc sareen aplikazio inguruneen ezaugarri espezifikoetara eta horien exekuzio denborako aldaketetara moldatzen duen aurkezten da lanean.
Belaunaldi berriko sareen arkitekturaren diseinu arrakastatsuak beharrezko erronka batzuk bete behar ditu, ondorengo aspektuekin erlazionatuak: eskala handiko sistemen konplexutasuna, euren izaera dinamikoa, sare-baliabideen urritasuna, arkitektura heterogeneoak, kontrol eta azpiegitura zentralizatuaren falta eta matxuren konponketa autonomoen beharra.
Erronka hauen jatorria konektibitate-eskaeraren eta trafiko-fluxuen hazkundea dela argi dago. Baina sarean zehar garraiatzen den datu-trafikoarekin batera, pakete bakoitzari erantsitako protokolo goiburuek sarearen egoerari buruzko informazio adierazgarria dute. Aldi berean, sare-nodoetan exekutatzen ari diren protokolo-prozesuek sare gertaeren eta hauen emaitzen informazio adierazgarri ugari sortzen dute. Sareari informazio multzo hau hartzeko eta ustiatzeko ahalmena emateak sistemari auto-kudeaketa eta auto-berreskurapen maila altuagoak eskuratzea ahalbidetzen dio, monitorizazio eta matxuren diagnostiko autonomo hobetuago baterako beharrezko baliabideak eskainiz.
Testuinguru honetan, machine learning-ean oinarritutako erremintek, ziklo kognitibo baten bidez orain arte sarearen “gainkarga” kontsideratu dena ezagutza baliagarrian transformatzeko prozesuan rol nagusia jokatu dute. Irrati sare kognitiboen filosofian oinarrituz, kontzeptu hau protokolo pilaren maila baxuetara hedatu da. Prozesu edo ziklo kognitiboek sistemei adimena ematen diete, horrela eskuragarri dagoen informazioa jasotzeko, aztertzeko eta sarearen dinamismoari aurre egiteko erabaki egokiena hartzeko. Ziklo kognitiboek giza ikasketa imitatzen dute eta zenbait fasez osatuta daude, datu detekziotik hasita ezagutza berriaren sorrera arte. Hortaz, sare-sistemek disfuntzioak detekta ditzakete, klasifikatu eta matxurak ezabatu edota ekiditeko era autonomoan erabakiak hartzeko.
Lan honek aurreko metodologia sare mota espezifiko batera aplikatzen du, ad hoc sareak, zeinek berez auto-antolaketa maila altua behar duten. Konkretuki, gaitasun kognitiboak sare mailan sartzen dira machine learning eta erabakiak hartzeko prozesu banatu baten bidez, baliabideen erabilera eraginkorragoa egiteko eta disfuntzioen efektuak leuntzeko. Emaitza ad hoc sareentzat modulu kognitibo baten diseinua da, zeinak bideraketa protokolo mota klasikoen ezaugarriak konbinatzen dituen, bakoitzaren abantailak hartuz eta desabantailak konpentsatzeko. Bukaerako helburua edozein agertokitan errendimendu hoberena lortzea da, detektatutako sare-egoeraren arabera banakako nodoetan bideraketa protokoloaren portaera aldatuz.
Horretarako, lehenik eta behin, oinarrizko bideraketa protokolotzat Ad hoc On-Demand Distance Vector (AODV) hautatu da, eta ondoren, bideraketa protokoloaren errendimendurako faktore nagusiak eta zeharkako adierazleak identifikatzen dira ANOVA (ANalysis Of Variance) eta kluster analisia erabiliz. Gainera, sare geruza kognitiboa hasierako offline entrenatze-fase eta ondorengo exekuzio edo erabaki fase batez osatuta dago.
Modulu kognitiboan oinarritutako gure proposamen horri Glocal Ad hoc Routing Intelligence (GARI) deitu izan diogu. Aurkeztutako emaitza esperimentalen arabera, sare geruza kognitibo berri hau bideraketa taula mantentze proaktiboa gauzatzeko, bide matxurak aurreratzeko eta errorea gertatu baino lehen aukera egokiena beti konfiguratzeko kapaza dela baieztatzen da.
Metodologia hau, hemen ad hoc sare mugikorren inguruan aplikatu dena, guztiz estrapolagarria da beste edozein teknologiatan edo sare motatan. Bideraketa filosofia berri bat aurkezten du, zeinak bere operazioa ad hoc sareen aplikazio inguruneen ezaugarri espezifikoetara eta horien exekuzio denborako aldaketetara moldatzen duen. Modulu kognitiboaren inplementazioari esker, bideraketa funtzionalitateak oinarrizko protokoloaren portaera hobetzen du, eta bere funtzioa barietate handiko aplikazio desberdinen errendimendu behar globaletara egokitzen da, era banatuan eta auto-antolatuan lan egiten duelarik.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Sareari adimena gehitzen: machine learning eta gaitasun kognitiboen sarrera sare mailan monitorizaziorako eta matxuren diagnostikorako.
- Laburpena: Ohiko sare-ereduak erabiliz belaunaldi berriko sareen ezaugarri espezifikoek ez dute kudeaketa egokia ahalbidetzen: izan ere, ezin ditu kontuan hartu eskala doiketa, heterogeneotasuna eta agertoki hauen konplexutasuna. Beraz, beharrezkoa da komunikazio sistema hauen diseinu eta kudeaketarako paradigma berriak definitzea. Modu honetan, machine learning-aren erabilpenaren bidez, sareari gaitasun kognitiboak gaineratzeak datuei erantsita sarean zehar garraiatzen den protokolo-informazioaren maneiatzea posible egiten du. Informazio hau sarearen egoera inferitzeko erabiltzen da, disfuntzioak ekidinez eta guztirako errendimendua hobetuz. Artikulu honek sare-mailan integratutako modulu adimentsu baten diseinua aurkezten du, offline machine learning-ean oinarrituz, bideraketa funtzionalitaterako informazioa bilduz eta interpretatuz. Testuinguruaz kontzientea den modulu kognitibo honek monitoreatutako sare-egoeraren arabera bideraketa protokoloaren portaera manipulatzen du, horrela matxurak ekidinez, trafikoa orekatuz eta hobekuntza globala eskuratuz.
- Egileak: Janire Taboada eta Bego Blanco.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 181-193
- DOI: 10.1387/ekaia.17847
————————————————–
Egileez:
Jon Andrade del Olmo eta Leyre Pérez Álvarez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa saileko Kimika Makromolekularreko Laborategian dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Machine learning eta gaitasun kognitiboen sarrera sare mailan monitorizaziorako eta matxuren diagnostikorako appeared first on Zientzia Kaiera.
Antropozenoa askoz lehenago hasi zela proposatu dute
Hasiera batean geologoen artean zegoen terminoa baino ez zen, baina, pixkanaka, gero eta gehiago zabaltzen hasi da publiko zabalaren artean. Antropozoenoaz ari gara, gizaki modernoaren eraginaren ondorioz eratu den garai geologiko berriaz, hain zuzen. Momentuz modu ez ofizialean hitz egiten da gaiari buruz, baina nazioarteko taula estratigrafikoan ere garantia guztiekin sartzeko lanean ari da nazioarteko batzorde bat, tartean Alejandro Cearreta euskal geologoa horretan buru-belarri dagoelarik.
Gauzak ofizialdu bitartean, eztabaida dago Antropozenoa berez noiz hasi zen erabakitzerakoan. Bereziki garai geologiko bat definitzerakoan geologoek argi ikusi behar dutelako garai hori laburbiltzen duen ezaugarria mundu osoan zehar barreiatuta dagoela, hots, inpaktu globala duela. Horregatik, adibidez, askotan ukatu da Antropozenoaren abiapuntua iraultza industrialaren garaian dagoenik, horren eragina globala izan ez zelakoan. Bonba nuklearren garapenaren ondorioz mundu osoko laginetan egiazta daitekeen isotopo erradioaktiboen presentzia, berriz, Antropozenoaren ezaugarritzat jo izan da gehienetan.

1. irudia: Industria iraultza agertu arte gizakiak bereziki nekazaritzaren bitartez aldarazi du ingurunea, baina baita abeltzaintzaren eta artzaintzaren bidez ere. Irudian, Italiako Alpetan egiten den sasoiko artzaintza. (Argazkia: Andrea Kay)
Dena dela, eztabaida ez dago ebatzita, eta arkeologoek ere haien ekarpena egin nahi dute. Ez da hau egiten duten lehen aldia, baina bai agian horretan indar gehien erakutsi dutena, egile kopuruari eta erabilitako euskarriari erreparatzen badiegu bederen. Orotara, 255 ikertzailek parte hartu dute ikerketan, eta, horietatik, 120 egilek zientzia artikulua sinatu dute. Bakoitzak espezializazio arloa duen eremuari edo garaiari buruzko datuak eman ditu. Bestalde, ezin daiteke esan munduko aniztasuna ordezkatuta ez dagoenik: mundua 146 eremutan banandu dute, eta eremu bakoitzean izan den lurren erabileraren bilakaera aztertu dute. Datuak eta ondorioak Science aldizkarian plazaratutako ikerketa batean bildu dituzte.
Bertan azaldu nahi izan dute gizakiak azken hamar milurtekoetan egin duen lurraren erabilera nolakoa izan den, eta bereziki mapen bidez egin dute hori. Bertan jaso dute, besteak beste, nekazaritza estentsiboaren eta intentsiboaren zabalpena, eta baita artzaintzaren bilakaera ere, ehiza-bilketaren desagerpenarekin batera. Azkenik, hiri-gizarteen agerpena jaso dute ere mapa bilduma horretan.
Gogoratu dutenez, duela 10.000 urte inguru ehiza, arrantza eta bilketa ziren ohiko jarduerak, baina Kristo aurreko 1.000. urtearen bueltan planetaren erdian bai nekazaritza zein artzaintza nagusituak zeuden. Horiek izan ziren, hain zuzen, gaur egungo munduari forma eman zioten jardunak, eta ingurumenean eragin esanguratsua izan zuten lehen garai horietatik. Horrenbestez, egileek diote orain arte uste zen baino dezente lehenago gertatu zela gizakiaren inpaktua planetan. Hala izanik ere, onartu dute bereziki industria iraultzaren ondoren hasi zela artean aurrekaririk ez zuen ingurumenaren suntsiketa. Ikertzaileek argudiatu dute klima aldaketari buruzko ikerketetan, eta, bereziki, lurraren erabilerari buruzko eztabaidetan ezagutza hau kontuan hartu behar dela.

2. irudia: Landaredia nahita eta kontrolpean erretzea hainbat milurtekoz erabili izan den nekazaritza teknika da, eta hori ekosistemen kalterako izan da. Irudian, Kabwe izeneko eskualdea ageri da, Zambian. (Argazkia: Andrea Kay)
Ikerketa ArchaeoGLOBE izeneko egitasmoaren barruan garatu dute. Inkesta komunak erabiltzen dituzte ikertzaileek mundu osoko gizarteak ikertzeko antzeko irizpideen arabera. Horrela, mundu osoan lurrarekiko harremana nola aldatu den ikertu nahi izan dute. Mundu mailan ingurumen zientziak eta arkeologia lotzen ditu metodologia berritzaile honek. Funtsean, modu sintetiko batean bildu eta estandarizatu nahi izan dute gaur egun lurzoruen erabileraren inguruan arkeologoek daukaten ezagutza, modu horretan ebatzi ahal izateko zein izan den ingurumenean egon den eragina. Inpaktu hau bereziki paisaien erabilpenean abiatu da, eta bioaniztasunaren, ekosistemen eta klimen aldaketa ekarri ditu. Ehiztari-biltzaileek hasi zituzten aldaketa horiek, baina nekazaritza intentsiboaren zein hirien agerpenarekin eragin hau askoz handiagoa izan zen.
Kontu honi guztiari baikortasun puntu bat atera nahian edo, ikertzaileek babestu dute datu berriak eskutan aukera egongo dela ikasteko hasierako gizarte horiek hainbat arazori eman zizkioten irtenbideen inguruan, hala nola deforestazioari edota ur eskasiari.
“Duela 12.000 urte inguru, gizakia batez ere bilketan ari zen, eta horrek esan nahi du ez zuela ingurumenarekin elkar eragiten nekazariek egin ohi duten modu bizian”, adierazi du, prentsa ohar batean Gary Feinman ikertzaileak. “Eta orain ikusten dugu duela 3.000 urte munduko leku askotan benetan laborantza inbaditzailea egiten zuen jendea bazegoela”, laburbildu du.
Azkenik, eta metodologiari erreparatuz, adierazi dute orain aurrean duten erronka dela hain sakonki ikertu ez den hainbat eremutan sakontzea, planeta osoaren irudi ahalik eta osatuena lortu aldera.
Erreferentzia bibliografikoa:
Stephens, Lucas et al. (2019). Archaeological assessment reveals Earth’s early transformation through land use. Science. 365 (6456), 897-902. DOI: 10.1126/science.aax1192
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Antropozenoa askoz lehenago hasi zela proposatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Sukaldeko trapu zikinak

1. irudia: Sukaldeko trapuak bakterioz beteta egon ohi dira, ikerketen arabera. (Argazkia: Hans Braxmeier / Pixabay)
Hainbat ikerketek erakutsi dutenez bakterio heterotrofiko eta enteriko ugari aurki daitezke sukaldeko trapu, zapi, mostratxa eta antzekoetan. Trapu horietan dagoen ingurune umelari esker, mikroorganismoak hedatzeko leku hobeezinak dira. Hori aspalditik ezagutzen dugu: 1995ean egindako ikerketa baten arabera, hogeita hamar bakterio espezie baino gehiago maiztasun handiz aurkitu zituzten sukaldeetan. Horien artean, E. coli, K. pneumoniae, Ent. cloacae, Enterobacter spp., B. subtilis, Bacillus spp. eta Staphylococcus spp. izan ziren ugarienak eta, horietako batzuk, aztertutako sukaldeen %50 baino gehiagotan zeuden. Bakterio kopuruari dagokionez, Enriquez eta bere lankideek frogatu zuten kasu askotan milioi bat unitate kolonia-eratzaile (CFU) baino gehiago daudela sukaldeko trapuetatik erauzitako likido mililitroko. Bide batez, sukaldeko trapuen %14an Salmonella spp. aurkitu zuen Enriquezen taldeak.
Antzeko bidetik, Charles Gerbaren taldeak antzeko lana egin zuen sukaldeko trapuen kasuan eta antzeko emaitzak lortu zituzten. Garbiak diruditen sukaldeko trapuen eta toallen kopuru garrantzitsu batek, %20-40 ingurukoa, bakterioen kutsadura maila altua dute. Komuneko eta sukaldeko toallen kasuan azalpenak ematea erraza da; izan ere, hainbat faktorek laguntzen dute mikroorganismoen maila altu mantentzea. Alde batetik, eskuak ez badira ondo garbitzen, bertan dauden bakterioak toallara igaro daitezke eta bertan arazo handirik gabe hazten dira. Bestetik, aipatutako bide honetatik zein beste batetik toalletara iristen diren bakterioek hezeak dauden toallaren tolesturetan bizileku ederra dute. Hezeak, ilunak eta aireztapen eskasekoak, leku zoragarriak dira komunak bakterioentzat. Sukaldeetan aldiz, elikagaietatik bakterio ugari iristen dira gure etxeetara. Komunetan, gainera, Gerba berak aztertutako beste fenomenoa gertatzen da: geure hondakinak komun-zuloan hustu ondoren, ponpa tiratzean bakterioz betetako bioaerosola sortzen da eta komuneko leku guztietara hedatzen da –Jakinduriek mundue erreko dau saioetan sarritan azaldu izan dudan moduan-.
Charles Gerba mikrobiologoak eta bere ikerketa taldeak egindako azken lanen arabera -emaitzak oraindik ez dira argitaratu- komuneko toallen %90 bakterio koliformeekin kutsatuta dago. Bakterio koliforme horiek uraren eta elikagaien kutsadura mikrobiologikoaren adierazle dira. Hori gutxi balitz, toallen %14ak E. coli bakterioa du. Antzeko bidetik doaz sukaldeetan egindako ikerketen emaitzak -horiek bai, argitaratuta daude jada-. Ikerketa gauzatzeko 82 sukalde trapu aztertu zituzten. Toalla batzuk mila CFU besterik ez zituzten arren, beste batzuetan mila milioi CFU neurtu zituzten. Batez beste, 3,16´108 CFU zeuden aztertutako sukaldeko toalletan. Toallen %89an bakterio koliformeak zeuden eta %25,6ean E. coli identifikatu zen. Bestalde, trapuak zein maiztasunekin garbitzen diren bakterio kopuruarekin lotu ahal izan zuten, alegia, trapua zenbat eta maizago garbitu, orduan eta bakterio gutxiago daude. Hala ere, garbiketak ez ditu bakterioak guztiz kentzen eta, ondo egiten ez bada, bakterio kantitate nabarmenak egon daitezke bertan. Modu argigarrian azaltzen du Gerbak berak: bi egun baino gehiagoz esekita egon den toalla batekin aurpegia garbituta aurpegia komun-zuloan sartuta baino E. coli gehiago hartzen dira.
Ikertzaileen gomendioa toallak bi egunez behin garbitzea da eta sukaldeko trapuen kasuan ere, maiztasun handiz garbitzea aholkatzen dute. Sukaldeko trapuen kasuan, garbiketako metodorik eraginkorrena lixiba dela frogatu du Gerbaren taldeak. Oro har, trapu gehienak nahiko ondo garbitzen dira 4 g/L lixiba kontzentrazioa duen disoluzioan bi minutuz murgiltzen badira. Hala ere, ohartarazten dute, trapuaren materialaren arabera eta bakterio kopuruaren arabera, zenbaitetan oso zaila da garbiketa eraginkorra lortzea. Badaezpada ere, nik oraintxe garbituko ditut nireak…
Erreferentzia bibliografikoa:
Gerba, C. P., Tamimi, A. H., Maxwell, S., Sifuentes, L. Y., Hoffman, D. R., & Koenig, D. W. (2014). Bacterial occurrence in kitchen hand towels. Food Protection Trends, 34(5), 312-317.
Informazio osagarria:
—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–
The post Sukaldeko trapu zikinak appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (6): Luzeren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure azken ariketa: Luzeren bila.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (6): Luzeren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #267
Klima larrialdiari aurre egiteko gizarteak zenbait neurri har ditzake, Berrian irakur daitekeenez. Hala nola, elikadura ohiturak aldatzea. Jendeak haragi gutxiago jan beharko lukeela dio IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ateratako azken txostenak, adibidez. Badira beste batzuk: erabilera bakarreko plastikozko poltsak gutxiago erabiltzea; etxeko energia iturri kutsagarriak aldatu eta energia berriztagarriak erabiltzea eta ingurumenari kalte egiten ez dioten materialekin egindako jantziak erostea.
Lurraren historia modernoko laugarren urterik beroena izan zen 2018. urtea. Klima-aldaketa gertatzen ari dela argi dugu jada eta egoera hori nagusiki gizakiaren industria jardueragatik sortu dela ere bai. IPCCren “Global Warming of 1,5ºC txosten bereziak argi uzten du: jarduera horrek planetaren tenperatura gutxi gorabehera 1 ºC igo duela uste da. Gure planetak aurre egin beharko dien egoera posibleak aztertzeko, NASA, UK Met Office eta halako taldeek simulazioak erabiltzen dituzte, hau da, etorkizuneko egoera posibleak eraikitzeko erabiltzen diren tresnak.
PaleontologiaDuela 550 milioi urteko animalia mugikor eta bilateral baten fosila aurkitu dute Dengyingen, Yangtze ibaiaren arroilen inguruan (Txina). Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, Yilingia spiciformis deitu diote, eta, guztira, 35 ale bildu dituzte. Zientzialariek ondorioztatu dute arrastoak itsas hondoan narrasean ibiltzean sortu zituztela. Horretaz gain, esan dute nerbio-sistema bat zutela.
KimikaPaketatze-industrian jatorri petrokimikoa duten polimeroak (polipropilenoa PP, polietilen tereftalatoa PET edo polietilenoa PE) ordezkatzeko, biopolimeroak gero eta gehiago erabiltzen dira. Biopolimero hauen artean, poliazido laktikoa (PLA) dago, adibidez. Bioiturrietatik eratorria eta biodegradagarria da. Aktibitate antibakterianoa erakusten duten biopolimero asko daude, baina bakterioen aurkako aktibitaterik onena erakusten duena kitosanoa da.
IngurumenaMikroplastikoz osatutako partikulak ere Artikora iritsi dira. Hala aditzera eman dute Alfred Wegener institutuko ikertzaileek. Zer aurkitu dute bertan baina? Kautxua, polietilenoa, berniza edota poliamida izan dira konposatuetako batzuk. Partikula horietatik, %80 inguruk 25 mikra edo gutxiagoko neurria zuten. Kanadan ere topatu dituzte mikroplastikoak.
Emakumeak zientzianIzaro Zubiria albaitaria eta ikertzailea elkarrizketatu du Ana Galarragak. Bertan, Zubiriak kontatzen du naturaz inguratuta bizi izan dela jaio zenetik eta beraz logikoa izan zela ikasketa horiek aukeratzea. Oso ikasketa gogorrak direla dio gizartean aitortza eskasa duelako. Elikagaien kalitatea eta segurtasun Masterra egin zuen horren ondotik eta baita tesia ere. Geroago, Gasteizko ukuilu batean aritu zen lanean, peoi gisa, azpiak ateratzen, behiak ezten… Horretaz gain, Zubiriak CAF-Elhuyar sariketan parte hartu eta NEIKER sari berezia irabazi zuen.
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Asteon zientzia begi-bistan #267 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #274
Nukleo galaktiko aktiboan zer gertatzen den analizatzeko horizonteaz haratago ikus dezakegu. Agian bai: Lurreko atmosfera detektore erraldoi gisa erabilita: The MAGIC Telescopes-eko Marina Manganarok azaltzen du: Beyond an invisible horizon
Zientzia fikzioa dirudi mikroskopio optiko normal baten datuekin adimen artifizialak lortu dezakeena. Daniel Morenok kontatzen du Computation can push optical microscopy towards unsuspected limits artikuluan.
Gehien interesatzen den tokian argiarekin elkarreragiten duten atomo gutxiko lodierako zilarrezko plasmoiak lortu daitezke. ACS Nanoko portada izan da DIPCkoen ikerketa: Sharp near-infrared plasmons in atomically thin crystalline silver
–—–
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #274 appeared first on Zientzia Kaiera.
Izaro Zubiria, albaitaria: “Lehen sektorean eta ikerketan emakume izateak desabantailak ditu”
Ez du damurik, baina gogoan du jaso zuen lehen kolpea: “Hirugarren mailan izan zen. Haragitarako behiak zituen lagun bat zuen aitak, eta uda hartan harekin lana egitea bururatu zitzaidan, ganadutegiko lana ikasteko. Haren baserrira joan ginenean, baina, berehala esan zidan bere albaitaria gizona zela, handia, eta ehun kilokoa; ea zer egin behar nuen nik, emakumea eta hain txikia izanik”. Nolabait, orduan egin zuen topo errealitatearekin aurrez aurre.

Irudia: Izaro Zubiria Ibarguren albaitaria eta ikertzailea. (Argazkia: Maitane Lopetegi Arozena)
Bigarren kolpea izan zen jabetzea zer aitortza eskasa duten albaitaritza-ikasketek gizartean, beste ikasketa batzuekin alderatuta: “Oso ikasketa gogorrak dira, eskakizun handikoak, eta lanean hartzen duzun ardura ere oso da handia. Jendeak, ordea, ez du hori ikusten, eta profesioa ez dago aitortuta beharko zukeen neurrian, inondik inora ere”.
Hala ere, aurrera egin zuen, eta, ipurtarin samarra denez, azken urtea egiten ari zela dagoeneko hasi zen begiratzen zer aukera egon zitezkeen. Irakasle baten bitartez NEIKERekin harremanetan jarri, eta sei hilabetez aritu zen animalien elikadurari buruzko zenbait proiektutan eta intseminazio-laborategian.
“Aldez aurretik, ez nuen pentsatuko ikerketa-mundua gustatuko zitzaidanik. Nik naturarekin harreman zuzena eta jarduera mugitu bat izan nahi nituen, eta ez nuen uste laborategi batean sartuta gustura egongo nintzenik. Baina oso lan aktiboa da, lan pila bat egitea tokatu zitzaidan, eta asko gustatu zitzaidan”, onartu du Zubiriak.
Sei hilabeteko praktikak amaitu zituenean, elikagaien kalitatearen eta segurtasunari buruzko master bat zegoela ikusi zuen, eta, ordurako bazuenez asmoa agian doktoretza-beka bat eskatzeko, aproposa izan zitekeela pentsatu zuen. “Gainera krisi-garaia zen, eta horrek ateak zabaltzen lagunduko zidala iruditu zitzaidan”, gogoratu du.
Masterra hasi eta berehala doktoretza egiteko aukera sortu zitzaion, aurkeztu, eta eman egin zioten -lehenengo lekuan geratu zen-. “Ilusio handiarekin heldu nion aukerari nahiz eta beldurra ere ematen zidan tesi batean sartzeak. Laginak hartu, irtenbideak bilatu, ideia berriak proposatu… horretarako banekien balio nuela, baina ordenagailu aurrean eserita hainbeste ordu eman beharrak beldurra ematen zidan”. Hala ere, aurrera egitea erabaki zuen.
Tesiaren zati handi bat Fraisoro nekazaritza eskolako ukuiluan gauzatu behar zen behiekin, eta bertan ere lehen aldian zalantzaz hartu zuten, ukuiluan aritzeko profila ez ote zuen pentsatuz.
Alabaina, praktiken eta tesiaren artean, Gasteizko ukuilu batean aritu zen lanean, peoi gisa, azpiak ateratzen, behiak ezten… Lan gogorra zen, eta gaizki ordaindua, baina asko ikasi zuen, eta oso baliagarria izan zitzaion entseguak diseinatzeko, ukuiluan moldatzeko, eta baserritarrekin parez pare tratatzeko: “Ikusi zutenean banekiela ukuiluko lanak egiten, jarrera aldatu zuten eta asko lagundu zidaten”. Bera ere ez zen ikerketako lanak egitera mugatu; baserrikoak ere egiten zituen. “Azkenean, peoi-lana giltzarri izan da nire bizitza profesionalean, horrek eman baitit aukera baserritarrak ulertzeko, haiekin batera aritzeko, eta lagunak egiteko”.
Ama izatea, zigor bikoitzaUkuiluko entseguak hasi bezain laster, ezusteko bat izan zuen: haurdun zegoela jakin zuen. Ilusioz, ama izango zela erabaki zuten bikotekideak eta biek. Orduan, beste kolpe handi bat jaso zuen: bekarekin zegoenez ez zegokion amatasun baimenik. Gehienez ere, soldatarik gabeko sei hilabeteko etenaldi bat har zezakeen
Bidegabekeria horren aurrean, ez zuen etsi, eta haurdunaldiaren azken egunera arte lana egin zuen. Haurra jaiotakoan, berriz, zuzendariaren, ingurukoen eta, batez ere, bikotekidearen laguntzarekin, berehala itzuli zen lanera, beka ez eteteagatik. Horrek amatasuna zapore gazi-gozo batez bizitzera eraman zuen; haur baten etorrerak dakarren aldaketa eta esfortzuari, batez ere lehen hilabeteetan, lanarena gehitzen baitzitzaion. Horrez gain, jendearen aipamenak ere entzun behar izan zituen, aitaren inplikazio totalaz eta amaren hutsuneaz jabetzean: “Momentu horretan aitak denbora gehiago ematen zuen alabarekin, kalean ere hala ikusten zuten eta hala adierazten zidaten. Gizartea ez dago irudi horretara ohituta baina ni ez nintzen ondo sentitzen hori entzutean”.
Zubiriak garbi dio: “Hori gertatzen zaio mutil bati, eta ez da ezer gertatzen. Aita izango zen, lanean jarraituko zuen aurretik ari zen moduan eta kito”.
Bigarren entseguak bukatu, eta ordenagailuaren aurrean esertzea egokitzen zitzaion orduan. Baina nekazaritza-kooperatiba batetik lana eskaini zioten, animalien elikadura-gaiak aurrera eramateko, eta lana onartu zuen. Bigarren haurra izan zuen eta I+Gko eta kooperazioko proiektu batzuk garatzea lortu zuen. Une horretan CAF-Elhuyar sariketaren berri izan zuen, eta lan bat aurkeztea erabaki zuen. Gainerako guztiarekin batera artikulua idazteak lan handia eman zion arren, merezi izan zuelakoan dago. Hain zuzen, NEIKER sari berezia irabazi zuen.
“Sekulako poza eman zidan. Sentitu nuen azkenean jaso nuela egindako lan guztiagatik merezi nuen aitortza”, adierazi du Zubiriak. Are gehiago: saria tesia berriro hartzeko akuilu ere izan da. “Hasitakoak bukatzearen aldekoa naiz, baina ez dut izan behar den adina ilusio horrelako lan bat aurrera eramateko. Orain aldiz, bai, gogotsu nago eta saiatuko naiz. Beraz, onartu behar dut niretzat sari hori irabaztea bultzada handi bat izan dela”.
Fitxa biografikoa:Izaro Zubiria Gaztelun jaio zen, 1989an. Albaitaritza ikasi zuen, eta, jarraian Elikagaien kalitatea eta segurtasun Masterra. Doktorego-tesia egiten hasi zen, eta, denboraldi batez eten badu ere, berriro itzuli da ikerketara. Tartean, beste lan eta proiektu asko ere egin ditu, gehienak ganaduarekin eta elikadurarekin lotuta.
———————————————————————————-
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
———————————————————————————-
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Izaro Zubiria, albaitaria: “Lehen sektorean eta ikerketan emakume izateak desabantailak ditu” appeared first on Zientzia Kaiera.
Elikagaiak paketatze aktiborako polimeroen gainazal aldaketa

Irudia: Paketatze industrian plastikoen erabilera arazo bilakatu da.
Biopolimero hauen artean, poliazido laktikoa (PLA) dago. Hau, bioiturrietatik eratorria eta biodegradagarria den biopolimeroa da, beraz oso aproposa da, batez ere, L-isomeroa (PLLA), paketatze-industrian erabiltzeko eta jatorri petrokimikoko polimeroak ordezkatzeko. Gainera, PLLA gardena, ez toxikoa eta ingurumenarekiko propietate ez-kutsakorrak dauzka. Hala ere, ezaugarri desegokiak ere baditu: zurruntasun handia eta hidrofobotasuna (urarekiko afinitate txikia).
Azken ezaugarri honengatik, bakterioak gainazalera adsorbatzen dira, biofilmen (mikroorganismoen komunitateen) eraketa faboratuz. Hau arazo larria da elikagaien paketatze-industrian, izan ere, biofilmak elikagaiak paketatuta dauden gainazalean sortuko dira, elikagaiak kutsatuz eta hondatuz, gaixotasun larriak sortu ahal izanik. Beraz, bakterioen aurkako ezaugarriak erakustea funtsezkoa da elikagaiak paketatzeko material ideala lortzearren.
Biofilmen eraketa saihesteko, paketatzerako erabiliko den materialaren gainazala espezifikoki aldatu ahal da mikroorganismoen inhibizioan edo suntsiketa eragiten duen paketatze aktibo bat diseinatuz. Gainera, materialaren gainazala soilik aldatzeak abantailak dauzka, horrela materialaren gainazal propietateak bakarrik aldatzen direlako, material osoaren gainontzeko ezaugarriak mantenduz.
Gaur egungo bakterioen aurkako erronkan estrategia desberdinak bilatzen ari dira. Estrategietako bat bakterioen adhesioa murriztean datza. Horretarako, azken urteotan bi bide desberdin erabili dira nagusiki: gainazalen hidrofilotasuna, edo urarekiko afinitatea, handitzea eta topografia aldatzea. Hidrofilitatearen handipena talde kimiko bereziak txertatuz lortu daiteke eta topografiaren aldaketa poroak edota nanoarkitekturak materialaren gainazalean sortuz sustatu daiteke.
Beste aldetik, bakterioen kontrako borrokan ikertzen ari den beste estrategia bat itsatsitako bakterioen suntsipena da. Bakterioen suntsipena eragiteko ere ondorengo bi aukera aurkitu dira: materialak bakterioen aurkako nanopartikulak askatzea edo “kontaktuan hiltzea” (ingelesez, “contact killing”) ahalmena duten molekulak edukitzea. Paketatze industrian gehien erabiltzen diren nanopartikulak ZnO nanopartikulak dira, erakusten dituzten propietate onuragarriengatik.
Bestetik, “kontaktuan hiltzea” ahalmena erakusten duten konposatuek bakterioen hilketa eragiten dute mintz zelularraren desantolatzearen ondorioz eta hauen artean kitosanoa ezagunena da. Kitosanoak janaria paketatzeko propietate egokiak ditu: ez-toxikoa, biodegradagarria eta biobateragarria da. Gainera, dagoeneko kitosano filmak janaria paketatzeko erabili dira eta emaitza positiboak lortu dira.
Gaur egun, bakterioen aurkako gainazal sintetiko eraginkorrak lortzea itzelezko erronka izaten jarraitzen du. Ideia honen argitan, bakterioen aurkako ezaugarriak gehituz PLLA polimero biodegradagarria hobetu daiteke. Horretarako ZnO nanopartikulez PLLA-ren barne aldaketa egin da eta lortutako substratuaren gainazala kitosano bakterioen aurkako biopolimeroarekin funtzionalizatu da. Lotura hau bide desberdinen bitartez egin da: kimikoki eta fisikoki. Horrela, etorkizun hurbileko elikagaien paketatze aktiborako materialak lortzeko, polimeroen gainazal aldaketak aukera anitzak eskaintzen dituela erakusten da.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Elikagaiak paketatze aktiborako polimeroen gainazal aldaketa.
- Laburpena: Paketatze-industrian jatorri petrokimikoa duten polimeroak ordezkatzeko, biopolimeroak gero eta gehiago erabiltzen dira. Poliazido laktikoaren L-isomeroak (PLLA) zink oxido (ZnO) nanopartikulekin nahastean, elikagai-industrian paketatzeko material moduan erabiltzeko ezaugarri onak aurkezten ditu. ZnO nanopartikulek bakterioen aurkako portaera erakusten dutela aipatzekoa da. Aktibitate antibakterianoa erakusten duten biopolimero asko daude, baina bakterioen aurkako aktibitaterik onena erakusten duena kitosanoa da. Lan honetan, beraz, PLLA-ZnO filmetan gainazalaren aldaketa gauzatuko da bakterioen aurkako ezaugarriak hobetzeko asmotan kitosanoa gainazalean txertatuz. Horretarako, lotura kobalente eta elkarrekintza elektrostatiko moduko zenbait metodo erabili dira, eta aldaketen lorpena eta garatutako filmen propietateak aztertu dira.
- Egileak: Jon Andrade del Olmo eta Leyre Pérez Álvarez.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 129-148
- DOI: 10.1387/ekaia.17861
————————————————–
Egileez:
Jon Andrade del Olmo eta Leyre Pérez Álvarez UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa saileko Kimika Makromolekularreko Laborategian dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Elikagaiak paketatze aktiborako polimeroen gainazal aldaketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Artikoko eremu urrunetara iritsi dira ere mikroplastikoak
Konkistatzaile berri bat dabil leku batetik bestera, baina isilpean egiten du bere lana. Plastikoari buruz ari gara. Gaur egun, barra-barra zabalduta dago material artifizial hori mundu osoan zehar. Aitortu beharra dago plastikoaren erabilerak abantaila handiak ekarri dizkiola gizateriari, baina oraingoan ere txanponaren beste aldera ere begiratu beharra dago.
Naturan zabalduta dagoenean, denboran zehar izaten den narriaduraren poderioz, apurtu egiten da, eta gero eta txikiagoa egiten da plastikoa. Hasiera batean horrek abantaila eman badezake ere, egiatan bestelakoa da egoera. Hamabost urte inguru besterik ez dira igaro plastikoaren eragina itsasoan ikertzen zebilen Richard Thompson itsas biologoak Alan Weisman dibulgatzaileari ohartarazpen hau egin zionetik: gero eta txikiago bihurtzean, orduan eta arazo handiagoak ekarriko ditu naturan zabalduta dagoen plastikoak. “Hauts bihurtzen denean, zooplanktonak ere irentsiko ditu”, esan zion.

1. irudia: Artikoan hartu dituzten laginetan mikroplastikoak aurkitu dituzte. ‘Polarstern’ itsasontzi ozeanografikoaren helikopteroa baliatu dute eremu urrunetara iristeko. (Argazkia: Mine Tekman /Alfred-Wegener-Institutua)
Zooplanktonak ez ezik, guk ere irensten dugula badakigu orain. Are gehiago, dagoeneko ohitu garela dirudi, eta onartutzat ematen dugu duela gutxira arte irudi ezinak ziren lekuetan plastikoa aurkitzea. Itsasora eta lur eremuko ekosistemetara ez ezik, gure gorputzera ere iritsi da plastikoa, oraindik horren eragina zein izan daitekeen oso argi ez dugun arren.
Pixkanaka materialaren zabalpenaren ebidentziak pilatu egiten dira, eta ikerketa berriek erakusten dute norainokoa den zabalpen hori. Azkena Alfred Wegener institutuko ikertzaileek aurkeztu dute, Science Advances aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Bertan erakutsi dute mikroplastikoz osatutako partikulak ere Artikora iritsi direla.
Aspalditik demostratu da itsasoko ur-lasterrek plastikoa garraiatzeko ahalmena dutela, baina azken urteetan ere gero eta argiago dago airearen bitartez ere mugitzen dela kutsadura hori, eta haize lasterrek munduan zehar barreiatzen dutela (plastikoa ez da garraiatzen den bakarra: Euskal Herrian demostratu dute Pirinioetara iristen direla trafikoak sorraraziko partikula metalikoak).
Kasu honetan, Groenlandiako ekialdean kokatuta dagoen Fram itsasartean eta Svalbard uhartedian hartutako izotzak aztertu dituzte, urteen poderioz pilatutako elurra aztertzeko, baina Alpeetan eta Europako hainbat hiritan hartutako laginak ere aztertu dituzte, azken hauek erreferentzia modura edukitzeko. Azterketa hauen bitartez, eremu hauetako airean zenbat plastiko dagoen kuantifikatu nahi izan dute.
Hasiera batean airea iragazi nahi zuten, baina hori egin ahal izateko denbora asko behar da. Horregatik elurrean jarri dute arreta, elurrak ere mikroplastikoak jasotzen eta lurrera eramaten dituelakoan. Leku hauetan guztietan laginak hartzean, azaleko geruzetara mugatu dira, prezipitazio berriek ekarritako plastikoa aztertu nahi zutelako. Laginak analizatzeko, berriz, espektroskopia infragorriaren teknika baliatu dute. Teknika horrek aukera ematen du laginen osaketa zein den jakiteko.
Urtutako elur litro bakoitzeko 154.000 partikula arteko kopuruak neurtu dituzte Europan. Artikoan ere aurkitu dituzte, kopuru askoz txikiagotan, noski; baina, halere, emaitzak oso esanguratsuak izan dira: 14.400 partikula arteko kopurua neurtu dute. Alabaina, horiek goiko baloreak direla kontuan izan behar da, lagin zehatz batean aurkitutakoak. Batez bestean, Artikoan, litroko 1.800 partikula inguru daudela kalkulatu dute.
Institutuaren prentsa ohar ofizialean bertan 14.400 zenbakia eman duten arren, zientzia artikuluan egileek aitortzen dute kopuru hori lagin zehatz batean aurkitu dutela. Are gehiago, eta bertan eskaini dituzten emaitzen tauletan egiazta daitekeenez, lagin gehienetako kopuruak askoz txikiagoak dira: jitoan doazen izotzetan hartutako bederatzi puntuetan dauden emaitzak, esaterako, argigarriak dira: 124, 0, 20, 602, 218, 230, 88, 186 eta 14.400 partikula litro bakoitzeko (batez bestean, beraz 1.763 partikula). Hortaz, eta arazoari garrantzia kendu gabe, aitortu beharra dago emaitzak zabaltzerakoan askotan muturreko datuetara jotzeko joera dagoela, seguruenera hedabideetan eta erakundeetan ikusgarritasuna lortu aldera. Arazoa larriagoa da zientzia institutuek beraiek egiten dutenean: hori, noski, ez da batere lagungarria zientziaren sinesgarritasuna indartzeko.

2. irudia: Europarekin alderatuz, Artikoan aurkitutako mikropartikulen kopurua askoz txikiagoa da; baina, halere, esanguratsua da. Batez bestean, Artikoan urtutako elur litro bakoitzeko 1.800 partikula atzeman dituzte. Irudietan daude horietako batzuk. (Argazkia: Science Advances)
Aurkitu dutenari dagokionez, kautxua, polietilenoa, berniza edota poliamida izan dira konposatuetako batzuk. Partikula horietatik, %80 inguruk 25 mikra edo gutxiagoko neurria zuten, eta ikusi dute ere gero eta txikiago izanda, partikula horien kopurua orduan eta handiagoa izan dela. Horregatik, atzeman ezin diren partikulak badaudelako susmoa dute. Izan ere, zientzialariek erabili duten teknologiaren bitartez 11 mikra baino beheragoko partikularik ezin izan dituzte atzeman.
Horregatik, karbonoaren edo metanoaren zikloaz hitz egiten den modu berean, “plastikoaren ziklo” bati buruz hitz egiten hasi beharko ginatekeela proposatu dute adituek. Mikroplastikoen arazoari buruzko “ikuspegi holistiko” bat garatzeko beharra nabarmendu du Gunnar Gerdts zientzialariak. “Arazo globala da, eta iturriak eta hobiak ulertu nahi baditugu, beste hainbat diziplinarekin eta zientzialariarekin elkartu beharra dugu, irudi osoa eskuratu aldera, eta benetan arriskutsua den edo ez ebatzi aldera”.
Kanadan ere aurkitu dituzteAlfred Wegner Institutuak gidatutako ikerketa honetan beren-beregi mikroplastikoen bila joan badira ere, partikula txikiak beste hainbat laginetan agertzen ere hasiak dira. Hau izan da uda honetan egin duten espedizio baten kasua.
Kasu honetan, Kanadako Artikoan eskuratu dituzte laginak, zehazki Ipar-mendebaldeko Pasaian. Bertan klima aldaketak izan duen eragina aztertu nahi izan dute zientzialariek. 18 puntutan zulatu dute izotza, Resolute izeneko herritik gertu, eta hasierako emaitzak ikustean ezustekoa izan dute, printzipioz planktona aztertzea zutelako helburu, baina bertan ere plastikoa aurkitu dutelako.
Lagin horietatik bost mikroskopio bitartez aztertzean plastikozko mikropartikulak aurkitu dituzte. Kasu honetan, izotzak iragazi baten modura funtzionatu du, ozeanoetako ura izotzaren poroetatik igarotzen baita, eta izotz kristaletan planktona biltzen da; orain ikusi dutenez, plastikoa ere bertan jasota geratzen da. Momentuz ez dute argitu zer motako plastikok diren, oraindik zientzia artikulurik ez baitute idatzi, baina horien jatorria zein den eta ingurumenean izan dezaketen eragina ikertuko dutela aurreratu dute.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bergmann, Melanie et al., (2019). White and wonderful? Microplastics prevail in snow from the Alps to the Arctic. Science Advances, 5 (8), eaax1157. DOI: 10.1126/sciadv.aax1157
———————————————————————————-
Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
———————————————————————————-
The post Artikoko eremu urrunetara iritsi dira ere mikroplastikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Ziurgabetasunaren ziurtasuna IPCCren txostenetan
Munduko klimaren bilakaera –kezkaturik– jarraitzen dugunok ikusi dugu nola Munduko Meteorologia Erakundeak (WMO, ingelesez) azaldu duen batez besteko tenperaturaren hogei errekor hautsi direla azken 22 urteetan. Eta joera hori goraka doala: Lurrak laurehun hilabete jarraian izan ditu batezbesteko historikoa gainditu duten tenperaturak; horrela, XX. mendeko erreferentziaren gainetik egon da 33 urtez jarraian.

1. irudia: 2017. urteak munduko batez besteko tenperaturaren errekorra hautsi zuen; hala, lehenengo postua kendu zion 2016. urteari, zeinak aurreko bi urteetako marka harrigarria gainditu zuen. (Argazkia: Gerd Altmann / Pixabay)
Klima-aldaketa gertatzen ari dela ziurta dezakegu, eta horrek benetako mehatxua ekarriko du ezagutzen dugun munduarentzat. Gainera, mehatxu hori nagusiki gizakiaren industria jardueragatik sortu dela adierazten dute datu guztiek. IPCCren “Global Warming of 1,5 ºC” txosten bereziak, 2018. urte amaieran argitaratua, argi uzten du: jarduera horrek planetaren tenperatura gutxi gorabehera 1 ºC igo duela uste da, industria garaiaren aurreko mailak kontuan hartzen badira. Hamarkada gutxi batzuetan, atmosferako CO2 kontzentrazioa % 30 igo da, 400 ppm gaindituta, eta orain dela hiru milioi urte datatutako errekorra hautsita. Ez da klimaren bilakaera naturala: ikaragarri nabarmena da, eta ia komunitate zientifiko osoa iritzi berekoa da.
Tresna matematikoak etorkizuna iragartzekoIraganeko klima-aldaketa azken mendean jasotako datuen historikoari esker ziurta daiteke, baina etorkizuna ezagutzeko ez dago behaketa posiblerik. Gure planetak aurre egin beharko dien egoera posibleak aztertu nahi baditugu, simulazio konplexuko ereduen mendean gaude ia esklusiboki, eta horiek azpiereduz osatuta daude, zeinak NASA, UK Met Office, Beijing Climate Center eta halako taldeek etengabe garatzen dituzten.

2. irudia: NASAren Goddard Earth Observing System (GEOS-5) eredu klimatikoa erabiliz lortutako simulazioak. (Iturria: William Putman/NASA/Goddard)
Simulazio horiek lehenago sartutako corpus teoriko baten arabera egiten dira. Adibidez, atmosferako simulazioen kasuan, corpus hori honela osatuta dago: (i) elementu jariakor finituetan aplikatutako Newtonen higidura legeak; (ii) masaren kontserbazio legea; eta (iii) ekuazio termodinamikoak, aire zati bakoitzean beroaren efektua kalkulatzea ahalbidetzen dutenak eguzki izpien balio parametrizatuen bitartez. Hiru osagai horiek soluzio analitiko askaezineko ekuazio diferentzial partzial ez-lineal bihurtzen dira. Hori dela eta, ekuazio jarraituak diskretizatzen dituzten eta horien ebazpenaren hurbilketa bat zehaztea ahalbidetzen duten zenbakizko metodoak aplikatzen dira, modelizazio eta konputagailu simulazio tekniken bitartez.
Beste azpieredu batzuekin batera, karbonoaren zikloaren simulazioa edo mugimendu tektonikoa, esaterako, simulazio horiek etorkizuneko egoera posibleak eraikitzeko erabiltzen dira, eta horiek ondorioak arintzeko politikan edo ingurumen-egokitzapenerako politikan –ikatzaren monetizazioa edo geoingeniariatza estrategien aplikazioa, adibidez– erabakiak hartzeko tresnak dira. Hala ere, klima-aldaketa antropogenikoa gidatzen duten mekanismoak ondo ulertzen diren arren, proiekzio horiek ziurgabetasuna adierazten dute emaitzen zehaztasunean. Horien kuantifikazioa da, hain zuzen, adituek politikariei (ez)jakintasuna komunikatzeko erreminta nagusia.
Ziurgabetasunaren iturriakLiteratura espezializatuak ziurgabetasun maila zehazten duten ziurgabetasun epistemikoaren zazpi iturri ere ezartzen ditu:
- Osagaien eta dauden interakzioen azpimultzo bat deskribatzea bakarrik ahalbidetzen duten ereduen egitura.
- Zenbakizko hurbilketak.
- Ebazpen mugatua, mikroeskalako prozesuak parametrizatuak izatea eta, ondorioz, beren efektua –prozesua benetan konpondu gabe– eskala handiko kuantifikazio eskuragarrien arabera deskribatu behar izatea eragiten duena.
- Barne aldakortasun naturala.
- Datuen behaketa.
- Hasierako eta inguruko baldintzak.
- Etorkizuneko egoera ekonomikoa.
Ziurgabetasunaren iturri horiek guztiak eredu bakoitzerako dauden klimaren hainbat irudikapenetatik datoz. Ziurgabetasun horrek oro har jendearengan sortzen duen lehenengo inpresioa da klima-aldaketaren hipotesia, nolabait, zalantzazkoa dela. IPCCren I Taldearen ondorengo txostenetan aurkeztutako ziurgabetasun ereduak ez dira, ordea, klima-aldaketa zalantzazkoa den ala ez argitzeko aurkezten, baizik eta lortutako ereduen kalitatea jakinarazteko eta milaka eta milaka zientzialarik eskuratutako emaitzen prozesutik kanpo hartutako erabaki politikoak helarazteko.

3. irudia: Lurreko gainazal-tenperaturaren proiekzioak. (Iturria: Policymaker Summary of The Phisical Science Basis – 4th IPCC Report).
Badirudi argi dagoela ezin dugula etorkizuna ziurtasun osoz ezagutu eta, Zygmunt Baumanek esango lukeen moduan, daukagun ziurtasun bakarra ziurgabetasuna dela. Hala ere, horrek ez du galarazten modu nahiko sendoan aurreikustea izango dugun etorkizun gertagarria. Horregatik, simulazioen emaitzak ziurgabetasunaren eredu gertagarriekin aurkeztea ez da ahultasun zeinua, baizik eta balioespen horiek modu garden batean azaltzeko tresna, ikerketa zientifikoa politika, gizarte eta etika kontuekin nahastu gabe. Jarduera hori zorroztasun eredutzat hartzen dute zientzialariek eta IPCCk, nahiz eta badiren zalantzaren merkatariak ahultasuntzat jotzen dutenak. Izan ere, IPCCko txostenetako ziurgabetasunaren ziurtasuna, paradoxikoki, eskuragarri dagoen modu bakarra da etortzekoa den klimaren proiekzio ahalik eta ziurrenak egiteko.
Gehiago jakiteko:
Winsberg, Eric (2018), Philosophy and Climate Science, New York: Cambridge University Press.
———————————————————————————-
Egileaz: José Luis Granados Mateo UPV/EHUko Historia eta Filosofiako doktorego aurreko ikertzailea da.
———————————————————————————-
Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko uztailaren 15ean: La certeza de la incertidumbre en los informes del IPCC. Eta bigarren bertsio bat The Conversation gunean abuztuaren 13an: La incertidumbre en los informes sobre el cambio climático: ¿un motivo para dudar?
The post Ziurgabetasunaren ziurtasuna IPCCren txostenetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (5): Korda neurtzen
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure bosgarren ariketa: Korda neurtzen.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (5): Korda neurtzen appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia begi-bistan #266: Udako bilduma

Argazkia: Steve Bidmead / Pixabay
GenetikaEz dago erlazio garbirik sexu bereko pertsonekin sexu-harremanak izatearen eta geneen artean, ikerketa batean ondorioztatu denez. Ikusi dute DNAk dituen milioika markatzaileren artean, bostek badutela lotura jokabide ez-heterosexualarekin, baina haien eragina oso txikia dela. Horrez gain, ikertzaileek berretsi dute sexu-zaletasunak eta jokabideak eredu bitarra eta heterosexuala gainditzen duela. Baduzue informazio gehiago Elhuyar aldizkarian
IngurumenaSuteak arriskuan jartzen ari dira baso borealen karbonoa biltegiratzeko funtzioa. Baso hauek funtsezkoak dira karbonoaren zikloan, lurreko karbonoaren % 30-40 biltegiratzen baitute. Ondorioztatu dute, suteetan, zuhaizti zaharrek ehunka urtetan metatutako karbonoari eusten diotela, azalean izaten duten lur-geruzaren babesari esker baina ez da hori bera gertatzen 60 urtetik beherako zuhaiztietan
Medikuntza eta OsasunaIkerketa batek aditzera eman du azido foliko gehiegi hartzeak (1000 mikrogramo edo gehiago egunero), pisuari dagokionez, umeak adin gestazionalerako txikiak izatearen arriskua handitzen duela. Hala ere, erreplikazio beharra azpimarratzen dute ikertzaileek.
Zer dira konposatu fenolikoak? Egitura kimiko ezberdinak dituzten sustantziez osatutako multzo zabal bat dira. Polifenolak berez landareetan egoten dira eta ondorioz landare jatorriko elikagaietan (barazki, ortuari, fruta, fruitu lehor, ardo…) topa daitezke. Konposatu hauek gure gorputzera sartzen direnetik, hainbat eraldaketa jasaten dituzte. Ondorioz, odolera eta ehunetara iristen den kantitatea oso txikia izan ohi da. Konposatu hauek oxidazioaren aurka jarduteko ahalmena erakutsi dute.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) erabaki du Britainia Handia dagoeneko ez dela elgorririk gabeko lurraldea. 2017an elgorria ezabatu zuela adierazi zuen MOEk baina orain jakin denez ez da maila horri eusteko gai izan. Elhuyar aldizkariak azaldu digu berria.
Ariketa fisikoak bizitza osoan zehar hezur-indarraren hobekuntzan eta hezur-mineralaren metaketa eta mantentzean eragiten du. Halere, kontuan hartu behar da ariketa mota guztiek ez dutela modu berean eragiten hezur-osasunean. Ariketa fisikoaren bitartez hezur mineralaren metaketa nola sustatu eta mantentzeko irakur ezazu osorik artikulu hau.
BiologiaErleak arriskuan daude eta horiek salbatzeko dei orokorra egin da. Polena garraiatzen landareen ugalketa ahalbidetzen dituzten animaliak dira polinizatzaileak. Ezagunenak dira ezti-erleak baina ez dira polinizatzaile bakarra. Badira beste intsektu batzuk: tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak… baita zenbait ornodun, hala nola, saguzarrak, kolibriak, zenbait karraskari eta baita sugandilak ere. Polinizazioen %14aren arduradunak baino ez dira ezti-erleak.
Eta zein da polinizatzaileen egoera? Horien neurketak egitea oso zaila da. 2014.urtean publikatu zen horri buruzko artikulua. Bertan, polinizatzaile ornodunen %16.5 eta polinizatzaile ornogabeen %40 baino gehiago desagertze arriskuan daude IPBES txostenaren arabera. Erleei dagokienez, erle espezieen %9 inguru dago arriskuan, IUCN lista gorriaren arabera.
Txinako laborategi batean gizaki-tximino kimerak sortu dituzte. Tximino baten enbrioian giza zelulak txertatu dituzte, transplanteetarako organoak sortzeko bideak ikertzeko asmoz.
Ikerketa batek aditzera eman du gizakion plazentan ez dagoela mikrobiorik. Orain arte egin den ikerketarik zabalena egin dute: 537 emakumeren plazenta-lagin. Elhuyar aldizkaria azaldu digunez, ondorioztatu dute haurdunaldi osasuntsuetan plazentan ez dagoela mikroorganismorik, eta kontaminazio-arazoek azaltzen dituztela aurretik egindako detekzioak.
CRISPR bidez aktibatzen den material adimentsu bat sortu dute Massachussets Teknologia Institutuan. Materiala diagnostikoak egiteko (ebolarekin probatu dute), edo terapian, botikak modu adimentsua askatuz (minbizian edo infekzioetan) baliagarria izan daiteke.
KimikaArma kimikoek substantzia kimikoen propietate toxikoak erabiltzen dituzte. Horiek erabili ziren lehenengo aldiz Lehen Mundu Gerran; alemaniarrek kloro gasa erabili zuten frantses eta kanadarren aurka Ypresen (Belgika). Arma kimikoen arriskua dela eta, 1971.urtean Arma Kimikoen Hitzarmena jarri zen indarrean. Ziape-gasa, adibidez, 1822an sortu zen eta 1917an erabili zen lehen aldiz. Gorputzean eragiten duen kaltea zein den ez da ezagutzen oraindik.
Artikulu honetan, molekula-egiturak BODIPY (BOron DIPYrromethene) deritzen koloratzaileen propietate fotofisikoetan duen eragina aztertzen da. Eremu espektral ikusgai osoa betetzen duten BODIPY koloratzaile berriak garatu dira lan honetan eta hauek aproposak dira bai zuntza fluoreszente bezala prozesu biokimikoak behatzeko mikroskopia fluoreszentea bitartez (bioirudia), bai ingurune aktibo moduan erabiltzeko igorpen sintonizagarria duten laserrak lortuz.
Merkatuan oso hedatuak dauden bi polimeroren azterketa ikusmiran: polipropilenoa eta poliamida 6. Bi polimero horien nahasteak prestatu dira eta kopolimero- konpatibilizatzailea eta nanosilika gehitzeak nahaste horietan duen eragina aztertu da. Neurketa biskoelastikoen bidez lortzen diren erlaxazio-espektroen azterketak morfologian gertatutako aldaketak detektatzeko gai direla frogatzen da.
Biomedikuntzan inplante moduan erabiltzeko material berrien eskaera handia dago. Polimeroek eta material ez-organikoek errefus arazoak sortzen dituzte baina batzuetan aproposenak dira. Sortzen duten arazoetako bat da bakterioak pilatzen direla, biofilmak sortuz (bakterio komunitate bat). Hauek inplante artifizialetan eratzen dira gure ehun zelularrak hazi baino lehen. Lan honetan azaltzen da nola eraldatu duten bi substratu motaren gainazala; bata ezorganikoa eta bestea polimerikoa. Egindako lanari esker, materialaren hidrofilitatea areagotzea, eta horrela, bakterioen aurkako gainazala lortu da.
AstronomiaOso zaila da FRB seinaleak (ingelesezko fast radio burst), hau da, irrati eztanda azkarrak, ikertzea, eta haien jatorria misterio bat da oraindik. 2007. urtean detektatu zen lehenengoa, geroztik dozenaka jaso dira. Joan den ekainean jakin genuen aurrenekoz aurkitu zutela errepikatu ez den halako seinale baten jatorria. FRB 180924 seinalea 3.600 milioi argi-urtera dagoen galaxia baten kanpoko aldean kokatu dute.
2019ko apirilaren 11n Beresheet zunda israeldarrak talka egin zuen Ilargiaren aurka. Kolpearen ondorioz, zunda suntsituta geratu zen, eta zeraman zama Ilargiaren azalean sakabanatu zen. Zama horren artean, milaka tardigrado zeuden. Hauek izaki mikroskopikoak dira, eta ezagunak dira egoera gogorrenetan irauteko gaitasun harrigarria dutelako. Kezkagarriena auzi honetan hainbat adituren ustez da informazio hori ezkutatu izana. Tardigradoekin gertatu denak agerian utzi du badela garaia zehazteko zer bidali daitekeen eta zer ez espaziora.
FisikaMunduko urrerik finena sortu dute: bi atomoko lodiera baino ez dute! Leeds Unibertsitateko ikertzaileek adierazi dute hamaika aplikazio izan ditzaketela: medikuntzan, elektronikan eta baita hainbat prozesu industrialetako erreakzio kimikoen katalizatzaile gisa ere.
ElkarrizketakAmaia Arranz arkeobotanikaria eta Ana Galarraga zientzia komunikatzailea izan dira protagonistak elkarrizketa honetan. Bertan, gai oso interesgarriak izan dituzte mintzagai, hala nola, zientzia gizartean zabaltzearen garrantzia, ikerketak abian jartzeko beharrezko finantzaketa, sexismoa zientzian etab. Arranzek ere bere ikerketa lanaz hitz egin du, izan ere, orain arte uste zenaren kontra, demostratu du ehiztari biltzaileek ere egiten zutela ogia. Ez galdu!
Itziar Aretxaga astrofisikaria eta Alvaro Arrizabalaga arkeologoa mintzatu dira zientziaren inguruan. Biek txikitatik izan zuten zientzia jomuga; batak zeruari egin zion so, eta besteak, lurrari. Biak ikerlariak dira. Egun, Aretxaga, adibidez, galaxien sorrera eta bilakaera ikertzen ari da. Arrizabalagaren kasuan, Paleolitoarekin ari dela dio, “Euskal Herriko lehen gizakiak” ikertzen. Horretaz gain, ikerketa-lanaren garrantzia aipatu dute biek. Honen harira, Aretxagak esan du: “Zientziak, edozein zientziak, gu geure lekuan jartzeko balio du. Gure aurkikuntzekin kultura aldatzen da, eta aurre egin behar diegu aurrejuzguei“. Irakurri elkarrizketa osorik hemen!
–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
———————————————————————–
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.
——————————————————————
The post Zientzia begi-bistan #266: Udako bilduma appeared first on Zientzia Kaiera.
Multigeruza polimerikoak: mediku-protesietarako materialen ezaugarriak hobetzeko bidea

Irudia: Azken hamarkadetan asmatutako material mota ezberdinei esker, moldagarritasun handia daukagu inplanteak diseinatzeko
Kateter baskularrak, bihotz balbulak edota gernu-kateterrak lortzeko berriz, aproposagoak dira polimeroekin egindako inplanteak, elastikotasun handiagoa eta propietate mekaniko onak aurkezten baitute. Hauen artean polietilen tereftalatoak (PET) arreta handia bereganatu du azken urteetan, biobateragarritasun moderatua aurkezten duelako, propietate mekaniko oso onak eta egonkortasun termikoaz gainera.
Hala ere, polimeroek eta material ez-organikoek, errefus arazoak sortzen dituzte askotan. Nahiz eta hau gertatzeko arrazoi ugari egon, jatorri nagusia bakterioak pilatzeagatik sortzen diren biofilmak dira. Biofilmak bakterio komunitate bat dira, organismo bakar baten moduan jokatzen dutena. Hauek inplante artifizialetan eratzen dira gure ehun zelularrak hazi baino lehen, eta behin eratuta, antibiotikoekin konpontzea zaila da, biofilmak bakterioak babesten dituelako.
Beraz, biofilmen eraketa ekiditzeko, bakterioen hasierako itsaspena sahiestu behar da inplanteetan. Hau lortzeko, jatorrizko materialaren propietateak aldatu gabe, gainazalaren eraldaketa irtenbide ona da. Izan ere, molekula edo konposatu ezberdinak gure gainazalean txertatuz propietate ezberdinak lortu ahal ditugu. Adibidez, materialaren hidrofilitatea handitzeak biobateragarritasuna handitzeaz gain, bakterioen itsaspena zaildu egiten du. Bestalde, konposatu kimiko batzuek bakterioak kontaktuan hiltzeko gaitasuna dutela frogatu da. Polisakarido batzuek lehen aipatutako propietate hauek erakusten dituzte. Azido hialuronikoa esaterako, naturako konposaturik hidrofilikoenetarikoa da, biobateragarria eta biodegradagarria izateaz gainera. Beste aldetik, kitosanoak bakterioak hiltzen ditu kontaktuan, haien mintzak apurtu egiten dituelako.
Bi polisakarido hauek polielektrolitoak dira, hau da, pH espezifikoetan karga daukate. Azido hialuronikoak karga negatiboa dauka eta kitosanoak karga positiboa. Honi esker bien multigeruzak eraikitzeko oso egokiak dira, geruz-geruzeko metodologia erabiliz. Metodologia honetan, gure inplantea karga positiboa eta karga negatiboa duten disoluzio ezberdinetan sartzen da, eta disoluzioan dauden konposatuak itsatsita geratzen dira gainazalean indar elektrostatikoei esker. Hortaz, gure materiala azido hialuronikoan eta ondoren kitosanoan sartzen badugu, prozesua nahi bezain beste errepikatuz, hialuroniko eta kitosano multigeruzak lortu ditugu gainazalean, haien bien propietate interesgarriak dauzkan gainazal berri bat lortuz.
Metodologia honen moldakortasuna frogatzeko, lan honetan azido hialuroniko/kitosano multigeruzak inplanteetarako bi substratu ezberdinetan eraiki dira; titanioa substratu ez-organiko gisa eta polietilen tereftalatoa substratu polimeriko gisa; etorkizun handiko inplanteak egiteko material bereziak lortzeko asmotan.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Multigeruza polimerikoak: mediku-protesietarako materialen ezaugarriak hobetzeko bidea.
- Laburpena: Biomedikuntza arloan inplante moduan erabiltzeko material berrien eskaera handia dago, baina errefus arazoak sortzen dituzte biobateragarritasun kontuak direla eta. Lan honetan azalduko dugu nola eraldatu dugun bi substratu motaren gainazala. Bat ezorganikoa izango da eta bestea polimerikoa. Geruzaz geruzako («layer by layer») estrategiaz baliatuta, azido hialuroniko eta kitosanozko multigeruzak sortuko dira. Kitosanoa fluoreszenteki markatu eta mikroskopio konfokalean fluoreszentzia- hazkundea behatu ondoren, ondorioztatu da geruzak modu arrakastatsu batean sortu direla. Honi esker, materialaren hidrofilitatea areagotzea lortu da, eta horrela, bakterioen aurkako gainazala lortzeaz gainera materialaren biobateragarritasuna handituko da modu merke eta sinple batean.
- Egileak: Ainara Valverde, Leyre Pérez.
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 81-95
- DOI: 10.1387/ekaia.17856
————————————————–
Egileez:
Ainara Valverde eta Leyre Pérez POLYMAT eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa saileko Kimika Makromolekularreko Laborategian dabiltza.
———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Multigeruza polimerikoak: mediku-protesietarako materialen ezaugarriak hobetzeko bidea appeared first on Zientzia Kaiera.
Polinizatzaileekin bueltaka: erleez gain

Irudia: Polinizatzailerik ezagunenak ezti-erleak badira ere, ez dira polinizatzaile bakarrak, ezta nagusiak ere; bestelako intsektuak, zenbait txori eta hainbat ornodun ere polinizazio lanak egiten dituzte. (Iturria: Andrew Mercer)
Polinizatzaileen neurketak egitea oso zaila da. Datuak eskasak dira espezie askorentzat eta neurketak eta metodologiak oso ezberdinak eta bateratzen zailak. Hala ere, zenbait tendentzia ikertu egin dira. Blog honetan bertan polinizatzaileen egoeraren inguruko artikulua argitaratu zen 2014. urtean.
Ugaztun eta txori polinizatzaileak beherako joera dute. Orokorrean polinizatzaile ornodunen %16.5 eta polinizatzaile ornogabeen %40 baino gehiago (datuak ezagunak diren kasuetan) desagertze arriskuan daude IPBES txostenaren arabera.
Erleei dagokienez, IUCN lista gorriaren arabera, erle espzieen %9 inguru daude arriskuan. Datuak, dena den, ez dira erabatekoak, zenbait espezieren inguruko datuen falta dela eta. Datu horien gorabeheraren arabera, mehatxupeko espezieen portzentaia %4ra jaitsi edo %60ra igo daiteke.
Eta ezti-erleak? Txosten berberaren arabera, gora doaz kudeatutako erlauntzei dagokionez, zenbait herrialdetan galerak izan badira ere. Europako kolonien inguruan egindako ikerketaren arabera, Erdialdeko Europan ezti-erle kopurua gutxitu da, baina Mediterraneo aldean igo. Ezti-erleen basa koloniak oso eskasak dira eta zenbait tokitan ez dira, Juan Carlos Pérez Hierroren esanetan.
Polinizatzaileen beherakada dago, beraz. Hala ere, 1961–2006 urteetako tendentziak aztertu dituen ikerketaren arabera, polinizatzaileen beherakadak ez du laboreen etekinean eraginik izan. Arazorik ez dago giza elikadurari dagokionez, orduan? Ezta gutxiago ere.
Polinizatzaileen menpeko laboreak goraAurrean esan bezala, giza elikadurarako erabiltzen dira laboreen %75ean baino gehiagotan dute eragina polinizatzaileek maila batean edo bestean eta bolumenari dagokionez, %35.
Laboreen mundu produkzioaren %5-8, 260-640 mila milioi euroko balioa duena, animali polinizazioari zuzenean esleitu dakiokeela estimatzen da. Kontuan izan behar da, hala ere, laboreen arabera polinizatzaileen garrantzia oso ezberdina dela eta, beraz, ekonomian duten pisua ere.
Are gehiago, globalki, gora egin du polinizatzaileen menpeko laboreen produkzioak. IPBES txostenean bildutako datuen arabera, %300 egin du gora azken 50 urteotan. Dependentzia horrek, polinizatzaile mota bakarraren erabilerari lotuta, krisia sortu lezake etorkizunean.
Izan ere, nekazaritza polinizazioari dagokionez, monokultibo bilakatu da ezti-erleen erabilera. Toki batetik bestera eramaten dira koloniak loratze sasoian. Eta nekazaritza (eta honi lotuta, zoruaren erabilera) da polinizatzaileen gainbeheraren kausetako bat.
Hainbat faktore, interakzioanIkerketek erakusten dute hainbat direla polinizatzaileei eragiten dieten faktoreak eta ez dute modu isolatuan eragiten. Faktore horietako batzuk ikertu izan dira:
- Zoruaren erabilera. Zoruaren erabilerak eragin zuzena du polinizatzaileengan. Adibide modura, nekazaritza intentsiboak eremu baten lore eta landareetan aldaketak sortzen ditu, bertako polinizatzaileen elikaduran eta habia egitean ondorioak izanik. Horretaz gain, monolaborantzak ere eragin zuzena du, landare dibertsitatearen galera dela eta, polinizatzaileen elikadura zailtzen baita. Lurra produktiboen eta ez produktiboen banaketak, gainera, habitaten galera eta degradazioa ere ekar ditzake. Lurraldearen ordenazioa egiterakoan polinizatzaileak ez direla kontuan hartzen azaltzen du Juan Carlos Pérez Hierrok.
- Ezti-erlearen gailentasuna. Apis mellifera koloniak mundu mailan mugitzen dira polinizazio lanak egin ditzaten. Tokiko polinizatzaileei eragiten die honek, elikagai murrizketagatik, alde batetik, eta zonaldekoak ez diren gaixotasunei esposizioagatik, bestetik.
- Klima aldaketa. Zenbait espezieren jokamoldean aldaketak eragin ditu klima aldaketak eta baita landareen distribuzioan, poilinizatzaileengan eragin zuzena izanik.
Aurrekoak ez dira faktore bakarrak, gehiago ere ikertu izan dira eta haien arteko interakzioa ere kontuan izatekoa da. Juan Carlos Pérez Hierroren ustetan “Hainbat kausa daude, baina bakar batean sintetizatu daitezke: gizakien interbentzio maila altua prozesu naturaletan”.
Nahiz eta datu falta handia egon, esan daiteke polinizatzaileen egoera ez dela ona oro har. Giza elikagaien produkzioan duten papera kontuan izanik eta, honekin batera, polinizatzaileekiko dependentzia duten laboreen produkzioaren gorakada, polinizatzaileen egoera sakonki ikertu eta eragiten dieten faktoreak identifikatzea garrantzitsu bilakatzen ari da.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Ollerton, J. , Winfree, R. and Tarrant, S. (2011). How many flowering plants are pollinated by animals?. Oikos, 120 (3), 321-326, DOI: 10.1111/j.1600-0706.2010.18644.x
- Klein, Alexandra-Maria, et al., (2006). Importance of pollinators in changing landscapes for world crops. Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences, 274 (1608), DOI: http://doi.org/10.1098/rspb.2006.3721
- Wilson, Joseph S., Forister, Matthew L., Carril, Olivia (2017). Interest exceeds understanding in public support of bee conservation. Frontiers in Ecology and the Environment, 15(8), 460–466, DOI:10.1002/fee.1531
- Michener, Charles D. The Bees of The World. The Johns Hopkins University Press. Baltimore. 2007
- Watanabe, Myrna E. (1994). Pollination Worries Rise As Honey Bees Decline. Science, 265 (5176), 1170, DOI: 10.1126/science.265.5176.1170
- Potts, Simon G., et al. (2010). Declines of managed honey bees and beekeepers in Europe. Journal of Apicultural Research, 49 (1), 15-22, DOI: 10.3896/IBRA.1.49.1.02
- Potts, Simon G., et al. (2010). Global pollinator declines: trends, impacts and drivers. Trends in Ecoloby and Evolution, 25 (6), 345-353, DOI: https://doi.org/10.1016/j.tree.2010.01.007
- Garibaldi, Lucas A., et al. (2013). Wild Pollinators Enhance Fruit Set of Crops Regardless of Honey Bee Abundance. Science, 339 (6127), 1608-1611, DOI: 10.1126/science.1230200.
- Regan, E. C. et al. (2015), Global Trends in the Status of Bird and Mammal Pollinators. Conservation letters, 8, 397-403, DOI: 10.1111/conl.12162
- IPBES. The assessment report on pollinators, pollination and food production. Secretariat of the Intergovernmental Science-Policy Platform on
Biodiversity and Ecosystem Services. Bonn. 2016. - IUCN. European Red List of Bees. Publication Office of the European Union. Luxembourg. 2014
- Aizen, Marcelo A., et al. (2008). Long-Term Global Trends in Crop Yield and Production Reveal No Current Pollination Shortage but Increasing Pollinator Dependency. Current Biology, 18 (20), 1572-1575, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.08.066
- Potts, Simon G., et al. (2016). Safeguarding pollinators and their values to human well-being. Nature, 540, 220–229, DOI: 10.1038/nature20588
- Winfree, Rachael. (2008). Pollinator-Dependent Crops: An Increasingly Risky Business. Current Biology, 18 (20), R968-R969, DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2008.09.010
The post Polinizatzaileekin bueltaka: erleez gain appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (4): Posizioaren bila
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain, tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Hona hemen gure laugarren ariketa: Posizioaren bila.———————————————————————————-
Ariketak “Calendrier Mathématique 2019. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
———————————————————————————-
The post Dozena erdi ariketa 2019ko udarako (4): Posizioaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.
Polipropileno/poliamida nahasteen konpatibilizazioa: azterketa morfologiko eta erreologikoa

Irudia:
Teknika honen bitartez material berriak modu ekonomikoan eta denbora laburrean lor daitezke. Horretaz gain, nahastearen konposizioa aplikazioen beharren arabera egokitu daiteke. Polimero nahasteak garrantzi handikoak dira polimeroen merkatuan; horren adibide da 2010ean ekoiztutako polimeroen ia erdia polimero nahasteak izan zirela.
Kontuan izan behar da sarritan polimeroak ez direla nahaskorrak, gehienetan ez dagoelako afinitate kimikorik monomeroen artean. Beraz, polimero nahaste nahastezinak bi fasez osaturik daude eta fase hauen antolamenduaren arabera morfologia desberdinak azaltzen dituzte. Polimero nahasteak solidoak dira giro tenperaturan, baina prozesaketa, hots, pieza desberdinak lortzeko materialari forma emateko prozesua, egoera fundituan burutzen da. Eta hain zuzen ere, egoera fundituan ematen da morfologiaren garapena, materiala fluxu baten menpean dagoenean, alegia. Morfologia eta fluxuaren arteko erlazioa ulertuz, posible da nahastearen morfologia aplikazioen arabera egokitzea, izan ere morfologiak amaierako propietateetan eragiten baitu.
Gogoan hartu behar da polimero nahaste baten ezaugarriak nahastea osatzen duten polimeroen, hauen konposizioaren eta morfologiaren araberakoak direla. Morfologia mota desberdinak daude: tanta-matrize morfologia, ko-jarraia, zuntzak edo laminarra. Morfologiaren arabera ezaugarriak eta propietateak desberdinak izango dira; ondorioz ezinbestekoa da morfologia ondo ezaugarritzea eta morfologia hori egonkorra den edo ez aztertzea.
Morfologia egonkorra duten nahasteak lortzeko aukera desberdinak daude eta horien artean ohikoena konpatibilizazioa da. Kopolimero konpatibilizatzaileak bi faseen arteko adhesioa hobetzen du eta morfologia egonkortzen du, prozesaketan zehar tenperaturaren eta ebakiduraren ondorioz eman daitezkeen morfologia aldaketak saiheztuz.
Azken urteetan, ordea, bide berri bat ireki da kargak erabiliz morfologia egonkortzeko eta, bide batez, zenbait propietate hobetzeko, esaterako propietate mekanikoak, termikoak eta elektrikoak. Ikerketek erakutsi dutenez, kargen presentziak nahastea konpatibilizatu eta morfologia egonkortu dezakete.
Lan honetan merkatuan oso hedatuak dauden bi polimero aztertu dira, polipropilenoa eta poliamida 6. Polipropilenoak propietate mekaniko eta erresistentzia kimiko handia azaltzen du, gainera erraz prozesatu daiteke. Hala ere, beste zenbait propietate ez dira oso onak, esaterako talkarekiko erresistentzia. Poliamidak berriz, propietate mekaniko onak azaltzen ditu. Hori dela eta, polipropilenoari poliamida gehitu zaio propietate mekanikoak, gasekiko iragazkortasuna eta egonkortasun termikoa hobetzeko.
Polipropileno/poliamida nahasteari kopolimero konpatibilizatzailea zein kargak gehitzeak morfologian daukan eragina aztertu da teknika mikroskopikoak erabiliz. Azterketak erakusten duenez, bai konpatibilizatzaileak zein kargek poliamida tanten tamaina murrizten dute. Kopolimeroaren kasuan, konpatibilizazioa tentsio interfaziala murrizten delako gertatzen da. Kargen kasuan berriz, hesi fisiko bat eratzen da poliamida tanten inguruan. Fluxuak morfologian duen eragina ere aztertu da, bai kopolimeroak zein kargek morfologia egonkortzen dutela ikusiz.
Horretaz gain, teknika erreologikoen bitartez morfologian ematen diren aldaketak, adibidez poliamida tanten hazkuntza, aztertu da. Ikusi denez, oinarrizko parametro erreologikoak ez dira gai desberdintasunak antzemateko, baina parametro horietatik eratorritako erlaxazio espektro mekanikoa bai da gai morfologian gertatu diren aldaketak antzemateko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ekaia 33
- Artikuluaren izena: Polipropileno/poliamida nahasteen konpatibilizazioa: azterketa morfologiko eta erreologikoa.
- Laburpena: Polipropileno/Poliamida (PP/PA) nahasteak prestatu dira eta kopolimero- konpatibilizatzailea eta nanosilika gehitzeak nahaste horietan duen eragina aztertu da. Azterketa mikroskopikoak erakusten duenez, nahasteek emultsio antzeko morfologia dute, polipropilenoak fase jarraitua osatzen duelarik. Konpatibilizatzailea zein nanosilika gehitzeak PA tanten tamaina nabarmen murrizten duela antzematen da. Nahaste bitarrak fluxu jarraitu baten eraginpean daudenean, PA tanten koaleszentzia gerta daiteke eta, ondorioz, tanten tamaina handitu egiten da. Kopolimeroa zein nanosilika daukaten nahasteen kasuan, ordea, morfologia ez da eraldatzen fluxuaren eraginez. Fluxu oszilakorrak burutu dira nahaste desberdinen ezaugarri biskoelastikoak lortzeko. Neurketa biskoelastikoen bidez lortzen diren erlaxazio-espektroen azterketak morfologian gertatutako aldaketak detektatzeko gai direla frogatzen da.
- Egileak: Leire Sangroniz, Jordana K. Palacios, Mercedes Fernández, Alejandro J. Müller, Antxon Santamaria
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
- ISSN: 0214-9001
- Orrialdeak: 115-128
- DOI: 10.1387/ekaia.17834
————————————————–
Egileez:
Leire Sangroniz, Jordana K. Palacios, Mercedes Fernández, Alejandro J. Müller, Antxon Santamaria POLYMAT eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko eta Polimeroen Zienzia eta Teknologia sailean ean dabiltza eta Alejandro Müller, gainera, Ikerbasque ikertzailea da.
————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Polipropileno/poliamida nahasteen konpatibilizazioa: azterketa morfologiko eta erreologikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Golaren legeak
Porteriatik 35 metrora egin zuen jaurtiketa jokalariak eta 110 km/h-ko abiadura hartu zuen baloiak. Ikus daitekeen bezala, baloiak ez du ibilbide zuzena egiten, kurba egiten du defentsa guztiak saihestu eta porteriara sartzeko. Baloiak egiten duen ibilbide bitxiaren atzean Knuckleball efektua dago. Efektua gerta dadin oso baldintza zehatzak behar dira: baloiak ezin du errotaziorik izan (beraz, erdian jo behar da) eta ez du oso abiadura handian joan behar.
Hainbat faktore hartu behar dira kontuan gola analizatzerakoan, horietako bat, noski, pilota bera dela. Pilota ezberdinak erabili izan dira torneoetan, bakoitzak diseinu eta propietate bereziekin. Hala ere, Fifak hala ezarrita zenbait ezaugarri bete behar ditu baloiak, diseinua diseinu:
- Presioa: 0.6-1.1 atm.
- Masa: 0.396-0.453 kg.
- Zirkunferentzia: 0.685-0.711 m.
- Bihurtze koefizientea: %70.
Golaren nondik-norakoak aztertzean, jaurtiketa ere kontuan hartu beharrekoa da. Momentu linealaren kontserbazioa baliatuta baloiak zer abiadurarekin ateratzen den kalkulatu daiteke. Bi datu sorta dira aintzat hartu behar direnak: baloia jaurti baino lehen dauden balioak eta baloia jaurti ondoren daudenak.
Hasierako datuak zeintzuk diren ezagututa, abiadura kalkulatu daiteke. Hala, jakinik baloiak 110km/h-ko abiadura ateratzen dela, Roberto Carlosen oinak duen abiadura kalkulatu daiteke: 80km/h.
Fisika baliatuta, golean baliatutako indarra ere kalkulatu daiteke. Masa eta abiaduraren biderkadura da indarra, kasu honetan 1200 newton. Hau da 120 kg. Horregatik da garrantzitsua pilota deformatzeko gaitasuna izatea, kontaktu azaleran banatzen baita 120 kg.-ko indar hori. Baloia deformatuko ez balitz azalera txikiagoa litzateke, presioa handitu eta oinean eragina biderkatuko lukeena.
Hauek guztiak pausuz pausu eta datu bitxi gehiago azaltzen ditu Aitor Bergarak:
The post Golaren legeak appeared first on Zientzia Kaiera.