Zientzia Kaiera jarioa-rako harpidetza egin
Kultura Zientifikoko Katedra
Eguneratua: duela ordu 1 18 min

Apokalipsiaren ondoren esnatu zirenean, ugaztunak hor ziren

Az, 2019-11-06 09:00
Juanma Gallego Duela 66 milioi urteko iraungipen masiboaren atzean ozeanoen azidotzea izan zuen garrantzia nabarmendu dute zientzialariek. Krisiaren ondoren ugaztunek izan zuten garapen izugarriaren adierazle den fosil bilduma berria ere aurkeztu dute.

Gehienok hain zoriontsu bizi garen planeta honetan bost iraungipen masibo izan direla badakigu, baina, horien artean, bada atentzio berezia ematen duen bat: duela 66 milioi urte inguru gertatutakoa. Hain ospetsua izateko arrazoia azken iraungipena izan zela izan zitekeen, baina nahiko agerikoa da dinosauro gehienak desagertu zirelako egiten zaigula ikusgarria. Dinosauro gehienak, esan beharko, bai, paleontologoak haserretu ez daitezen. Behin eta berriz gogoratzen dutenez, hegaztiak ere dinosauroak direlako, eta argi dago horiek planeta osoa konkistatu dutela.

The Rise and Fall of the Dinosaurs liburuan Steve Brusatte paleontologoak asteroidea erosi zeneko eguna oso modu bizian deskribatzen du. “Orduan, dena hasi zen tonu bitxia hartzen, ordura arte Lurraren historian izandako arau guztien kontrakoa”. Ondorengo egunetan eta urteetan gertatu zena apokalipsi baten antzekoa izan zen. Lurrikarak, tsunamiak edota izugarrizko haizeteak zabaldu ziren munduko leku askotan. “Egun lazgarri horren ondorengo urteetan zehar Lurra ilundu eta hoztu zen, kedarra eta arroketako hautsa atmosferan geratu zirelako, eta horiek eguzkiaren argia oztopatzen zutelako”. Atmosferara botatako hauts horrek guztiak, funtsean, fotosintesia galarazi zuen. Ondorioz, kate trofiko gehiena suntsituta gertatu zen.

1. irudia: Taeniolabis generoko ugaztun fosilaren irudikapena, aztarnategi berriari buruz egin duten telebista erreportaje baterako egina. (Irudia: HHMI Tangled Bank Studios)

Ozeanoetan ere eragina izan zuen iluntze global horrek, fotosintesian oinarritutako planktonaren heriotza beste planktonaren eta kate trofikoaren galera ere ekarri zuelako. Baina zientzialariek aspalditik susmoa dute itsasoan izandako eragin hori ez zela mugatu soilik fotosintesira. Hala, garai horretako itsas mikroorganismoekin egindako ikerketa bat ikertu dute, eta horien bitartez ikusi dute duela 66 milioi urte dinosauroak akabatu zituen meteoritoak ozeano guztien azalaren azidotze azkarra ekarri zuela. Emaitzak PNAS aldizkarian azaldu dituzte.

Geulhemmerberg haitzuloan (Herbehereak) bildutako foraminiferoak izan dira ikerketaren abiapuntua: oskola zuten organismo unizelularrak, hain zuzen. Dinosauroak desagertu zirenean aztarnategi hori garaiko Tetis itsasoan zegoen. Haitzuloaren berezitasuna da talka izan eta ondorengo milurtekoetan bizi izan ziren organismoen zantzuak kontserbatu dituela. Horren adierazle da hamar zentimetro inguruko geruza bat. Zientzialariek uste dute asteroidearen talkak sortutako klima aldaketa azkarrak abiatutako ekaitz erraldoien ondorioz sortu zela geruza hori. Aipatutako estratu horretan zeuden buztinek lagundu dute foraminiferoen oskolen kontserbazioa luzatzen. Oskola horiek karbonato kaltzikoaz osatuta daude, eta horien sorreran badu garrantzia itsasoaren azidotasunak.

Zer gertatu zen jakiteko, oskoletan bildutako boroaren isotopo desberdinei erreparatu diete. Izan ere, oskolen osaketa isotopikoak eta oskola horiek garatu ziren itsasoaren osaketak antzekotasunak dituzte. Uraren tenperaturak kalkulatzeko oxigeno isotopoen ratioak erabiltzen diren modu berean, boroaren isotopoak uraren pH-a ondorioztatzeko adierazle bikainak dira. Egiaztatu ahal izan dute haitzuloan behin betiko gordeta geratu ziren foraminifero horien oskoletan deskaltzifikazio nabarmena dagoela.

7.000 foraminifero inguru bildu dituzte bertan. Baina beste bost lekutan hartutako laginak ere kontuan hartu dituzte: Ameriketako Estatu Batuetan, Ozeano Barean eta Ozeano Atlantikoan. Modu horretan egiaztatu ahal izan dute azidotze hori ez zela izan tokiko fenomenoa eta mundu osoko itsasoetan gertatu zela.

Itsasoaren pHaren jaitsiera 0,3koa izan zela kalkulatu dute. 100.000 urtez edo egonkorra izan ostean, eta orain ikusi duten pHaren aldaketa nabarmen hori kontuan hartuta, zientzialariek atera duten ondorio logikoa da azidotze hori izan zela, hein handi batean, itsasoetan izandako iraungipen masiboaren abiapuntua. Garaiko ekosistemetan izan zen karbonoaren ekoizpena erdira jaitsi zela uste dute ikertzaileek, eta karbono murrizketa masibo hori izan zen, hain zuzen, garaiko bioaniztasunean gertatu zen galeraren tamainaren adierazle.

Alabaina, prozesua ez zen uniformea izan, eta batez ere goiko geruzei eragin zien. Horrek sakonera gutxian bizi ziren foraminiferoen eta beste hainbat bizidunen galera ekarri zuen. Zientzialariek uste dute asteroidearen aurreko pH balioetara bueltatzeko 80.000 urte inguru behar izan zirela.

Gogoratu beharra dago, halere, badirela adituak asteroideari garrantzia aitortu bai baina beste hainbat faktore kontuan hartzeko beharra dagoela diotenak. Paleontologoen artean gero eta gehiago zabaltzen ari den joera honen alde daudenek bereziki Indiako Dekkango basalto plataforma nabarmentzen dute; horren eraketaren erantzule izan zen sumendi jarduera, gutxi gorabehera dinosauroen desagerpenarekin batera gertatu zen, eta halako jardun erraldoiak ezinbestean planeta osoko eragin klimatikoa izan zuen seguruenera. Horregatik uste da asteroidearena dagoeneko maldan behera zeuden dinosauroek jaso zuten azken kolpea baino ez zela izan.

Ugaztunen gorakada

Hondamendi globala izan arren, ohi bezala, bizitzak bidea aurkitu zuen. Science aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean argitu dute berreskurapen hori nolakoa izan zen, Ipar Amerikaren kasuan eta lur ekosistemen kasuan bederen. Horren arrazoia izan da fosilen benetako altxor bat aurkitu dutela Coloradon (AEB), estatuaren erdialdean dauden Corral izeneko labarretan.

2. irudia: Herbeheretan dagoen Geulhemmerberg haitzuloan dinosauroak akabatu zituen talka gertatu eta gutxira bildutako foraminiferoak aurkitu dituzte. Horien ikerketan ikusi dute itsasoaren azidotzeak garrantzi handia izan zuela. (Argazkia: Michael Henehan / GFZ)

Ez dute soilik altxortzat jo fosil asko agertu direlako, animalien eta landareen fosilez gain klimaren eboluzioa aztertzeko beharrezkoak diren polen asko ere agertu direlako baizik. Hori gutxi balitz, inguruko mineral erradioaktiboek geokronologia finkatzeko aukera eman diete ikertzaileei, garaiko egutegi bat zehazteko modua izan dutelarik. Informazio “mozkorraldi” hau, noski, edozein paleontologorentzako gozoki ederra da.

Kontu honetan, are harrigarriagoa izan da inguru hori paleontologoek aspalditik guztiz “orraztuta” zegoela, baina ingurune hori beste begi batzuekin begiratzeari ekin diote oraingoan. Gakoa ez da izan puntako teknika sofistikatuak erabiltzea, inguruko geologia hobeto ulertzea baizik. Normalean paleontologoak hezurren eta antzeko aztarnen bila aritzen badira ere, oraingoan konkrezioei erreparatu diete. Urak eramandakoak diren eta ondoren arroko porotsu batean prezipitatzen diren sustantzien metaketak dira konkrezioak, eta batzuetan horien nukleoetan hezurrak aurkitzen dira. Labarretan zeuden konkrezioetan aurkitu dituzte fosilak.

Aurkitutakoen artean, 1.000 ornodunen baino gehiagoren fosilak daude, eta 6.000 landarerenak ere. Soilik horiekin garaiko mundua irudikatzeko fosil nahikoa dago, baina informazio paleontologiko honi guztiari gehitu behar zaizkie 37.000 polen ale baino gehiago. Dinosauroak agertu eta lehen milioi urteko tartean garatu ziren animalien eta landareen fosilak dira.

Ezaguna da dinosauroek betetzen zituzten txoko ekologikoak libre geratu zirenez gero, ugaztunek aukera bikaina izan zutela esparru horiek eskuratzeko, eta, modu horretan, arrakasta ebolutibo handia lortu zutela. Denborarekin, hasiera batean ugaztun txikiak zirenek tamaina handiagoa hartu zuten.

Animaliei dagokienez, talkaren ondoren arratoien tamaina zuten ugaztun batzuk baino ez ziren bertan bizi, iratzeak jaun eta jabe ziren inguru batean. Pixkanaka, milaka urte pasa eta gero, baina, palmondoak agertzen hasi ziren, eta ugaztunen tamaina ere handituz joan zen. Intxaurren antzeko haziak zituzten landareak nagusitu zirenean ugaztunek eskura zuten elikagaiaren kalitatea eta kopurua asko handitu zen. Handik 700.000 bat urtera, berriz, lekaleak agertu ziren, eta horiei esker ugaztunek 50 kilo arteko pisua hartu zuten.

Erreferentzia bibliografikoak:

Michael J. Henehan, Michael J. et al., (2019). Rapid ocean acidification and protracted Earth system recovery followed the end-Cretaceous Chicxulub impact. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201905989. DOI: 10.1073/pnas.1905989116.

Lyson, R. T., (2019). Exceptional continental record of biotic recovery after the Cretaceous–Paleogene mass extinction. Science, eaay2268. DOI: 10.1126/science.aay2268.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Apokalipsiaren ondoren esnatu zirenean, ugaztunak hor ziren appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kimika sukaldean: azukrea (I). Azukreak eta sakarosa

Ar, 2019-11-05 09:00
Josu Lopez-Gazpio Zientzia Kaieran sarritan hartu ditugu sukaldeko produktuak ikergai modura. Zientziaz hitz egiteko eta ikasteko tresna modura. Gogoratzeko modukoak dira, esaterako, haragiari buruzko artikulu-sorta edota arrautzei buruzkoa. Gaurkoan sukaldean gordeta dagoen laborategia berriro irekiko dugu eta beste substantzia bat izango dugu ikusmiran: azukrea. Azukrea -sakarosa, zuzenago esanda- hainbat errezeta egitean erabiltzen den osagaia da, ia ezinbestekoa dena postre gozoak egiteko.

Irudia: Sakarosa edo etxeko azukrea glukosa eta fruktosaz osatutako disakaridoa da. (Argazkia: Doris Jungo – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Naturan hainbat azukre mota desberdin daude, baina, horietako gutxi batzuk bakarrik erabiltzen dira sukaldean. Lehenik eta behin, argitu behar da kimikaren ikuspuntutik azukre mota asko daudela, oro har, azukre hitzarekin zapore gozoa duten gluzidoak ezagutzen direlarik. Gluzido horien artean, hainbat monosakarido -glukosa, fruktosa eta erribosa, esaterako-, disakarido -laktosa, sakarosa eta maltosa, adibidez- eta polisakarido -maltotriosa eta rafinosa, besteak beste- sailka daitezke.

Glukosa bizidunok energia lortzeko erabiltzen dugun azukrerik arruntena da eta hainbat frutatan dago. Bestalde, fruktosa frutetan eta eztian dago eta azukre arrunten artean zaporerik gozoena duena da. Sukaldeetan arruntena den azukreari eutsiz, sakarosa glukosa molekula batez eta fruktosa molekula batez osatutako disakaridoa da. Landareek fotosintesian zehar ekoizten dute glukosa eta guk erremolatxatik edota azukre-kanaberatik erauzten dugu. Fruktosaren ondoren azukre arruntik gozoena da eta, hortaz, oso baliagarria da sukaldean jakiak prestatzeko. Sakarosaren zaporea, gainera, gustagarria da nahiz eta kontzentrazio oso altuan egon -postreetan, adibidez-. Beste azukre batzuen kasuan, zaporea gogorregia da kontzentrazio altuan.

Sakarosaren lorpenari dagokionez, kanaberaren edo erremolatxaren azukreak erauztea prozesu nahiko konplexua da, baina, hala ere azukre-kanaberatik erauzten da mundu mailako azukre ekoizpenaren %80. Ez da kopuru txikian, kontuan hartzen bada urtero munduan 175.000 milioi tona azukre kontsumitzen direla. Nolanahi ere, azukrea erauzteko lehengaiak hainbat osagai ditu -erremolatxaren sustraietan zein kanaberaren zurtoinean dauden konposatuak- eta guzti horiek kendu egin behar dira sakarosa lortzeko. Gaur egun, prozesua modu industrialean egiten da koagulaziorako beroa eta karea erabiliz eta ondoren zukua zentrifugatuz. Ondoren sakarosa zuritu egiten da karbono pikortatua erabiliz. Amaieran sakarosa kristalizatu egiten da ale guztiak uniformeak izan daitezen.

Elikadurari dagokionez, azukre puruak nahiko nutritiboak dira; izan ere, energia asko ematen dute. Koipeen eta gantzen ondoren, izan dezakegun kaloria iturri kontzentratuenak dira azukreak. Alabaina, egunotan behar baino energia gehiago kontsumitzen dugu, hau da, energia gabezia arriskurik ez daukagu. Horrexegatik, azukreek beste elikagai nutritiboagoak -energiaz gainera beste osagaiak dituztenak- ordezkatzen badituzte, osasunari kalte larria eragin diezaiokegu. Nolabait esateko, azukreak kaloria iturri hutsalak dira. Herrialde garatuenetako biztanleok azukre asko -gehiegi- kontsumitzen dugu eta iturri nagusia edari freskagarriak dira. Zientzia Kaieran argitaratu den bezala, edari energetikoen kasuan, adibidez, lata bakar bat hartzea nahikoa da Munduko Osasun Erakundeak (MOE) egun batean kontsumitzea gomendatzen duen azukre kantitatea gainditzeko.

Metabolismoaren kasuan, sakarosa jaten dugunean jatorrizko bi monosakaridoetan, glukosan eta fruktosan, hidrolizatzen da sakarosa. Sakarasa eta isomaltasa entzimak dira, nagusiki, prozesu horren erantzuleak eta, jarraian, glukosa eta fruktosa odolera pasatzen dira. Dakigunez, sakarosa kontsumo handia hainbat gaixotasunekin lotuta dago. 2012. urtean eztabaida handia piztu zen azukre kontsumoari buruz, hain zuzen ere, Robert Lustig eta bere lankideek Nature aldizkarian The toxic truth about sugar azukrearen egia toxikoa- lana argitaratu ostean. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek ziotenez, azukreak eta alkoholak antzeko eragina dute osasunean eta, hortaz, ezinbestekoa da azukrearen kontsumoa murrizteko neurriak hartzea.

Artikuluaren arabera, azukrea kaloria hutsal gisa definitze ez da zuzena; izan ere, gero eta ebidentzia gehiago daude azukre kontsumoa hainbat gaixotasun kronikorekin lotzeko. Alkoholaren pare jarri zuten azukrea 2012an: bata zein bestea kontsumitzeak hipertentsioa, obesitatea eta beste hainbat gaixotasunekin lotzen zen. Azukrearen auzia oraindik irekita dagoen gaia bada ere, azken 20 urteotan azukrearen kontsumoa urteko %2 handitu da, eta ez dirudi kontsumoa murriztuko denik.

Informazio gehiago:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Kimika sukaldean: azukrea (I). Azukreak eta sakarosa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kimika analitikoa historiaurreko artzain praktikak ikertzeko oinarri gisa

Al, 2019-11-04 09:00
UPV/EHUko Arabako Analisi Zerbitzu Zentrala Gaur egungo arkeologia antzinako gertaerak aztarnen bidez berritzen saiatzen da, baita antzinako giza esperientzia zehazten ere; hau da, gizartean nola antolatzen ziren eta gizarte horiek zergatik aldatzen zituzten, nola ustiatzen zituzten euren baliabideak, zer jaten zuten, zer pentsatzen zuten, nola komunikatzen ziren. Teknika analitiko berrien garapenari esker, indusketetan aurkitutako tresnak zer materialez eginda dauden ikertzetik gizakien sorrera, aurkitutakoaren jatorria eta ohiturak eta jarduerak ikertzera igaro dira arkeologoak.

Duela 10.500-10.000 urte, Eurasiako mendebaldean, Capra aegagrus ahuntzak, Ovis orientalis eta Bos primigenius behiak etxekotu zituzten. Etxekotzearen ondorioz, gizakiak animalietatik eskuratutako baliabideak areagotzea lortu zuen; haragiaren bitartez proteina bakarrik hartzetik, esnea eta artilea erabiltzera igaro ziren.

1. irudia: Animalien etxekotzearen kronologia. (Iturria: Larson, G., Fuller, D. Q., (2014). The Evolution of Animal Domestication. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 45)

Etxekotzea garatzen eta ugaritzen ari zenez, artzainek euren abelburuak babesteko eta salbu gordetzeko toki bat bilatu behar izan zuten. Haitzuloak edo aterpeak abeletxe bezala erabiltzea ohikoa izan zen Mediterraneo osoan zehar, Neolitotik Burdin Arora bitartean. Aterpe horietan aurkitu diren aztarnategiek partekatzen duten ezaugarri nagusi bat sedimentuak dira. Buztin itxurako metakinak dituzten espazioak dira, simaur kantitate handiek sortuak, bertan ganadua izan ohi zutelako; bereziki, ardiak eta ahuntzak. Animaliak ukuiluratuta izatearen ondorioz, abeletxeko hondakinak areagotu ziren, simaurra eta haiek botatako produktuak, belarra, lurra eta harriak pilatzetik sortuta.

Abeletxea garbi eta parasitorik gabe mantentzeko, askotan, simaurra erretzen zuten, simaur kantitatea murrizteko. Uste da praktika horrek Burdin Arora arte iraun zuela, ordutik aurrera, abeletxeetan sortutako simaurra landarako ongarri gisa erabiltzen hasi baitzen.

Urtetan erretako simaurrak hainbat sedimentu geruzak eratutako metaketak sortu zituen, errekuntza unitateak bata bestearen gainean pilatzeagatik. Modu generikoan fumier izenez ezagutzen dira (simaurra frantsesez), eta, oro har, honako geruza hauek osatzen dituzte: zuria edo grisa (erabateko errekuntza), beltza (errekuntza partziala) eta, azkenik, marroia (errekuntzarik gabe). Geruza horiek, batez ere beltzak eta marroiak, ongi kontserbatzen dira, eta, horri esker, konposatu organikoen ezaugarriak atera ditzakegu, ukuiluratutako animalia espezieak eta artzain ohiturak antzematen lagunduko digutenak.

Animalien gorotzak desagerrarazteko estrategia hori erabili zen aztarnategi garrantzitsuenetako bat San Kristobalgoa izan zen, Toloñoko mendilerroan kokatuta dagoena (Araba).

2. irudia: San Kristobalgo indusketa. (Argazkia: UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa saila)

Azterlanari ekin zioten Fernández Eraso UPV/EHUko Geografia, Historiaurre eta Arkeologia Saileko irakasleak eta bere taldeak, High Yield Research Group of Prehistory-k (IT 622-13), gaian interesa zutelako, eta horrek ikerketa lerro bat ezartzeko aukera eman zuen, ukuiluratutako animalien ezaugarriak Toloñoko mendilerroko aterpeetatik ateratako zenbait substantzia organikorekin erlazionatzeko.

Aztarnategi horretan ez da aurkitu bertan ukuiluratutako animalien hezur aztarnarik, eta beharrezkoa da espezieen biomarkatzaileak analizatzea, zer animalia mota ukuiluratu den zehazteko. Azterlana Arabako Analisi Zerbitzu Zentralean gauzatu zen, eta San Kristobalgo aztarnategiko hondakin/sedimentu organikoen (geruza zuriak, beltzak eta marroiak) behazun azidoen, esterolen eta fitoesterolen analisi kuantitatiboan oinarritu zen; Gasen Kromatografia-Masen Espektrometria (GC-MS) neurketa teknika erabili zuten horretarako.

3. irudia: San Kristobalgo aztarnategia, Toloñoko mendilerroa (Araba). Simaurraren egitura. (Argazkia: Javier Fernández Eraso)

Azterlana egiteko biomarkatzaile gisa aukeratutako sedimentuen konposatu organikoak mikrouhinek lagunduta erauzi ziren; ondoren, garbitu egin ziren, eta, azkenik, deribatu eta GC-MS teknikaren bidez aztertu. Biomarkatzaileen azterketaren emaitzak tresna kimiometrikoak erabilita prozesatu ziren (ikus 2. irudia), historiaurreko hondakin/sedimentu organikoak sailkatzea errazten dutelako, eta, hala, aztarnen jatorria eta artzainen jarduera bereiz daitezke.

4. irudia: Sailkatu ezin diren hausnarkarien eta hondakinen laginetarako osagai nagusien azterketa. (Iturria: Journal of Separation Science, (2017), 40)

Geruza marroiek eta beltzek animalia hausnarkarien aztarna gisa sailkatzen dituzte aztarnak, baina gainerakoak ezin dira erabili ukuiluratutako animalia motak sailkatzeko, ez direlako kontserbatu intereseko konposatuak. Gainera, artzainen jarduera hauteman da, 6010±30 BP (Neolito goiztiarra) eta 4030±30 BP (Kalkolitoa) artekoa. Beraz, berretsi egiten dira aurreko azterlanak, eta, gainera, ez dago hausnarkariak ez diren beste animalia batzuk ukuiluratzearen zantzurik.

Erreferentzia bibliografikoak:

Pollard, A. M., Batt, C. M., Stern, B., (2007). Analytical Chemistry in Archaeology, Cambridge University Press, London. DOI: https://doi.org/10.1017/CBO9780511607431.

Angelucci, Diego E.; Boschia, Giovanni; Fontanals, Marta; Pedrotti, Annaluisa & Vergès, Josep Maria, (2009). Shepherds and karst: the use of caves and rock-shelters in the Mediterranean region during the Neolithic , World Archaeology, 41(2), 191-214. DOI: https://doi.org/10.1080/00438240902843659.

Boschian, G. and Miracle, P. T., (2008). Shepherds and caves in the Karst of Istria (Croatia). In Proceedings of the 2nd International Conference on Soils and Archaeology (ed. G. Boschian). Atti Società toscana Scienze naturali, Mem., Serie A, 112(2007), pp. 173–80.

Fernández Eraso, J., Polo Diaz, A., (2009). Establos en abrigos bajo roca de la prehistoria reciente: su formación, caracterización y proceso de estudio. Los casos de los Husos y de San Cristóbal. Krei, 10, 39-51.

Larson, G., Fuller, D. Q., (2014). The Evolution of Animal Domestication. Annual Review of Ecology, Evolution, and Systematics, 45, 115–136. DOI: https://doi.org/10.1146/annurev-ecolsys-110512-135813.

Nigra, B.T., Faull, K.F., Barnard, H., (2014). Analytical Chemistry in Archaeological Research, Analytical Chemistry, 87 (1), 3–18. DOI: https://doi.org/10.1021/ac5029616.

Fernández-Eraso, J. et al., (2015). Beginnings, settlement and consolidation of the production economy in the Basque region. Quaternary International 364, 162–171. DOI: https://doi.org/10.1016/j.quaint.2014.09.070.

—————————————————–
Egileaz: UPV/EHUko Arabako Analisi Zerbitzu Zentrala – SGIker (@SGIker).

—————————————————–

Oharra:

Azterlan hau Jaime Gea del Ríoren doktorego-tesiko lanaren parte da, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko METABOLOMIPs ikertaldean garatua.

The post Kimika analitikoa historiaurreko artzain praktikak ikertzeko oinarri gisa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #275

Ig, 2019-11-03 09:50
Uxue Razkin

Klima larrialdia

Climate Central ikerketa zentroak mapa batean aztertu du 2050ean non izan dezaketen uholde arriskua itsasoaren maila igotzean. Munduan, 300 milioi lagun bizi diren lekuak arriskuan egongo dira (Asian, gehienbat: Txinan, Bangladeshen, Indian, Vietnamen, Indonesian eta Thailandian). Euskal Herrian ere pairatuko dugu eragina. Oro har, kostalde osoan nabarituko dute, batez ere, Aturri ibaiaren inguruko herrietan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, hain zuzen. Horietaz gain, zerrendan, Donibane Lohizune, Irun, Donostia-Pasaia eta Bilboko itsasadarra agertzen dira.

Ikertzaileek diote klima-aldaketaren ondorio asko “geraezinak” direla baina gaineratzen dute, “inoiz ez da berandu aldaketaren eragina murrizteko, horretarako kutsadura gutxituta”.

Elhuyar aldizkariak ere eman du Climate Central ikerketa zentroaren txostenaren berri. Artikulu honetan azaltzen da mapa hau gauzatzeko sare neuronaletan oinarritutako eredu bat sortu dutela bertako ikertzaileek, kalkulatzeko munduko populazioaren zenbatekoari eragingo dion zuzenean itsas mailaren igoerak.

Ingeniaritza

Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka segurtasuna da. Testuan azaltzen digutenez, trena da gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea baina halere, sistema kritikoa kontsideratzen da. Europan ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen baina horrekin batera, inguruko hainbat erronkak sortu ziren. Komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina horiek ahultasunak dituztela frogatu dute.

Astronomia

Galaxia erraldoi batean milaka kumulu globular berri sortu direla argitu dute. Baina zer dira kumulu globularrak? Elhuyar aldizkariak azaltzen digu milioika izarretik gora osatuta egoten direla eta aldi berean sortutako izarrak direla, gure galaxiaren diametroa baino ehunka aldiz diametro txikiagoko bolumen esferiko dentsoetan biltzen direnak. Ikertzaileek ikusi dute milaka kumulu globular berri sortuz joan direla azken mila milioi urteetan gas hotz batetik abiatuta, Perseus galaxia-kumuluaren erdigunean dagoen galaxia erraldoian.

Ikertzaile talde batek, Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Aipamen horien atzean ez dago espekulaziorik: eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte, eta Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte.

Biologia

Nitratoek eta metal astunek uretan eragindako kutsadura neurtzeko biosentsore bakterianoak garatu dituzte UPNA/NUPeko ikasleek. Honekin, Massachusettseko Teknologia Institutuak (MIT) urtero antolatzen duen iGEM (International Genetically Engineered Machine) izeneko txapelketan parte hartuko dute. Artikuluan azaltzen den moduan, biosentsoreak nitratoek eta metal astunek uretan eragindako kutsadura neurtzeko metodo bat dira.

Genetika

Gure arbasoak irudikatzeko orduan zuhaitz genealogiko baten bidez egin ohi dugu: zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Bada, ez da beharrezkoa oso atzera egitea adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko. Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived liburuan dio jatorri europarra dugunok Karlomagnoren ondorengo garela. Europar guztiok dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena.

Fisika eta Teknologia

Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileek jet erraldoi baten sorrera argazkitan jaso dute lehenengo aldiz. Kolonbian hartu dituzte argazkiak, tropikoetan bakarrik gertatzen delako fenomenoa. Jet erraldoiak ezagutzen diren deskarga elektrikorik handienak dira. Ez galdu!

Euskal Herriko, Frantziako eta Alemaniako ikertzaile talde batek materialen azaleko atomoen ezaugarri magnetikoak irakur ditzakeen teknika bat sortu du. Artikuluan azaltzen diguten moduan, iman moduko bat sortu dute, eta disko gogor are txikiagoak eta material berriak sortzeko tresna izan daiteke teknika berria. Nicolas Lorente ikertzailearen esanetan: “Azaleren ezaugarriak neurtu ahalko ditugu, atomoz atomo; horregatik da hau horren ikusgarria, lor daitekeen zorroztasunik handiena delako”.

Super-ordenagailuak edo ordenagailu kuantikoak eraikitzea oso aurrerapauso handia izan da baina oraindik horiek erabiliko ditugun eguna oso urrun dago. Ordenagailu hauen berezitasun nagusiena da qubit-ak erabiltzen dituztela. Aldiz, orain erabiltzen ditugun ordenagailuek informazioa kodetzeko bit kontzeptua erabiltzen dute (bit batek bi balio hartzen ahal ditu: 0 eta 1).

Mikrobiologia

Azken hilabeteetan haragi kutsatua jateagatik listeriosi kasuak asko ugaritu dira Andaluzia partean eta horrek alarmak piztu ditu. Gaixotasun hau Listeria monocytogenes bakterioak sortzen du. Oso sentikorra da ingurune azidoetan eta gatz kontzentrazio altuetan. Listeriosia ez da gaixotasun arrunta, baina bada larrienetariko bat. Neurriak har ditzakegu jakina, erabat funtsezkoak dira elikagaien higienea, kontrola eta segurtasuna. Listeriaren inguruan gehiago jakiteko, jo ezazu artikulura.

Neurozientzia

Nerea Irastorza neurozientzialariak pare bat urte daramatza iktus baten ondorioz paralisia duen paziente batekin, mugikortasuna berreskuratzeko ahaleginean. Azken helburua: pazienteak autonomia berreskuratzea. Irastorza Tübingeneko Unibertsitatean dabil tesia egiten, eta azaltzen duen moduan, ikerketa honetan diziplinartekotasuna da nabarmentzekoa. Izan ere, Alemaniako Unibertsitatean Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin egiten du lan eta azken hau Tecnalian dabil. Azken batean, proiektu honetan, Tecnaliak robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen deskodifikazioa.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #275 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #282

La, 2019-11-02 09:00

Emakumearen ugalkortasuna adinaren arabera aldatzen dela jakiteak ez gaitu harrituko. Hala ere, ezustekoan harrapatuko gaituenak da aldaketa horren zergatiak. Rosa García-Verdugok azaltzen dizkigu zergatiak Female fertility limited by chromosome errors artikuluan.

Energia berriztagarriei buruz hitz egiterakoan ez da aipatzen olatuen energia. Eta egia esan aipatu beharrekoa da, izan ere, hau behintzat aurreikus daiteke. Bestelako kontua da honen kostuen aldakortasuna. Hala ere, aldakortasuna neurtzea badakigu, besteak beste, BCAMeko ikertzaileei esker: Cost of energy and its variability can be reduced in tidal power.

Garai batean korpuskulu ultramundutarrez baliatu ginen Newtonen grabitazio legearen eraginkortasuna azaltzeko. Egun, antzerako zerbait gertatzen da nanopartikulez ari bagara. DIPCko ikertzaileek argitzen digute kontua: Inverse-square law interaction at the nanoscale.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #282 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait”

Or, 2019-11-01 09:00
Ana Galarraga /Elhuyar Zientzia Egun lanpetua izan du Nerea Irastorza Landak. Hala ere, gustura aritu da bere lanaren gainean. Tesia bukatzen dabil, neuroerrehabilitazioaren arloan. Zehaztu duenez, pare bat urte daramatza iktus baten ondorioz paralisia duen paziente batekin, mugikortasuna berreskuratzeko ahaleginean, garun-makina interfaze baten eta exoeskeleto baten bidez.

“Interfaze horren bidez, garuneko eta muskuluetako seinaleak detektatzen ditugu, jakiteko zer mugimendu egin nahi duen, eta horren arabera paralizatuta dauzkan beso eta eskua mugitzen laguntzen diogu, exoeskeleto robotiko bat erabilita”, azaldu du Irastorzak.

Haren esanean, helburua ez da pazienteak une oro robot hori baliatzea mugitzeko, baizik eta iktusak kaltetu ez duen garuneko eremu batek, makina baliatuz egindako entrenamenduaren bidez, galdutako funtzioa ikastea, “garunaren eta gorputz-adarraren arteko lotura berregiteko, eta pazientea gai izateko bere kabuz mugitzeko”. Hau da, robota terapian erabiltzen badute ere, xedea da gero haren beharrik ez izatea, eta pazienteak autonomia berreskuratzea.

Irudia: Nerea Irastorza Landa neurozientzialaria eta ikertzailea.

Irastorzak onartu du horrek pazientearekin harreman zuzena eta sakona izatea ekartzen duela, eta hori oso aberasgarria iruditzen zaio, eta badu alderdi psikologiko eta emozionala ere. “Guk zorte handia izan dugu, pazienteak gogo handia jartzen duelako eta dena ematen duelako, eta, egia esan, eskertzen da”.

Diziplinartekotasuna da nabarmendu duen beste alderdietako bat: “Berez, Alemaniako unibertsitate bateko ikaslea naiz [Tübingeneko Unibertsitatea], han nabil tesia egiten, Ander Ramos Murguialday neurozientzialariarekin. Ramosek hango unibertsitatean eta Tecnalian egiten du lan. Ikerketa proiektu honetan Tecnaliak, gehienbat, robotikako alderdia lantzen du, eta Alemaniako laborategiak, batez ere, seinaleen deskodifikazioa, Berkeleyko Unibertsitatearekin batera. Horrez gain, UPV/EHUko Fisioterapiako taldea eta Bruselako Unibertsitatea daude; azken finean, elkarrekin egin behar dugu lana, robotarekin bakarrik ez da nahikoa. Eguneroko terapia Donostia eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean burutzen dugu”.

Arlo desberdinetako jendea proiektu berean elkartzea benetan “motibagarria” da Irastorzarentzat: ingeniari elektronikoak, fisioterapeutak, biomedikoak, seinaleak prozesatzen dituztenak, neurologoak… Horrekin batera, oso gustuko du pazientearekin zuzenean egiten duen lana. “Eguneroko harreman hori oso berezia da”, dio. Bestalde, gustuko du baita ordenagailuz egiten duena ere, datuen analisia eta abar. “Ingeniaritza biomediko eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait. Azkenean, prozesu osoa ikertzen dugu, seinalearen deskodifikaziotik pazientearen terapiaraino. Lanaren aplikazio zuzen hori ikusteak asko betetzen nau”.

Esan beharrik ere ez dago: horrek baino are gehiago beteko luke ikusteak terapiak emaitza onak ematen dituela. Irastorzaren esanean, terapia-mota ugari daude, baita lesio-gradu desberdinak ere. Adibidez, paziente batzuk, lesio baten ondorioz paralisia izan arren, oraindik gordetzen dute funtzioa, neurri txiki batean bada ere. Horiekin, gordetzen dutena areagotzean oinarritzen da terapia. “Gure kasuan, aldiz, mugikortasuna erabat galduta duten pazienteetan saiatzen gara“.

Guztiz paralizatuta egotetik gutxieneko mugimendu bat lortzea da haien helburua. Gero, orain arte erabiltzen diren beste terapia batzuekin edo terapia berritzaileekin mugikortasuna hobetzen saiatuko lirateke, baina lehen pauso hori lortzea zaila da, eta horretan dabiltza Irastorza eta kideak.

Tesia amaitutakoan ere arlo berean jarraitzeko asmoa du. Hain zuzen, Tecnalian neuroteknologiako proiektuetan ikertzeko aukera du, eta gogoz helduko dio: “Batzuetan ematen du hemen ez dugula ezer, kanpoan dutenarekin alderatuta, baina hemen ere badira ikerketa-talde onak, gauza oso interesgarriak egiten, eta merezi du hemengoa aitortzea eta bultzatzea”.

Fitxa biografikoa:

Nerea Irastorza Landa 1991. urtean jaio zen. Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Tecnunen, eta, gero, “Errehabilitaziorako Sistema Mekatronikoak” masterra, Pariseko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean. Masterreko proiektua egitera, berriz, Tübingeneko Unibertsitateko Psikologia Mediko eta Portaeraren Neurobiologiako Institutura jo zuen (Alemania), Neuroprotesien taldera. Orain, doktoretza egiten ari da talde berean, Max Planck Ikerketa Institutuaren programaren barruan.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nerea Irastorza, neurozioentzialaria: “Ingeniaritza biomedikoaren eta ikerketa klinikoaren arteko konbinazio hori gustatzen zait” appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna

Og, 2019-10-31 09:00
Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias Trenbide-sistemek hainbat aldaketa jasan dituzte azkenaldian, eta horien ondorioz, trenen segurtasuna erronka berri bilakatu da. Trenbideen segurtasunak ahultasunak ditu, eta horiek desagerrarazteko lan egitea beharrezkoa da.

Irudia: Nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.

Trenen seinalizaziorako komunikazio-sistemek eboluzio handia izan dute azken urteotan. Izan ere, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Europako trenen elkarteek kudeaketa-sistema bati buruzko ikerketa hasi zuten, eta horrela, ERTMS (European Rail Traffic Management) sistema sortu. Sistema hori trenen kontrolerako lurraldeetako estandar ezberdinak ordezkatzeko sortu zen.

Baina ERTMS sistema sortzeak industriarako eta bidaiarientzako onurak ekarri bazituen ere, hainbat erronka berri ere azaleratu zituen segurtasunaren aldetik. Hain zuzen, trenbideetako azpiegituren segurtasuna sistemen isolamenduan eta erabilitako teknologien ezagutzarik ezean oinarritzen zen ERTMS sortu arte. Printzipio horiek ez dira bateragarriak sistema berriaren sorrerarekin; ERTMS sistema irekietan eta protokolo zein teknologia ezagunen erabileran oinarritzen da.

Izatez, trena gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea da, baina hala ere, sistema kritiko kontsideratzen da, garraiatzen dituen bidaiari eta kargak direla eta. Horren ondorioz, trenbide-sistemen segurtasuna bermatzea oso garrantzitsua da.

Modu horretan, ERTMS sistemak hainbat segurtasun-ezaugarri finkatu behar ditu. Horien artean garrantzitsuena, datuen osotasuna bermatzea izango da. Segurtasun-mekanismo hori betetzearekin, trenek agindu faltsuak jasotzen ez dituztela ziurtatuko da.

Hori horrela izanik, komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina bi segurtasun-mekanismo horiek ahultasunak dituztela frogatu izan da.

A5/1 algoritmoa 1987. urtean sortu zen, eta hasiera batean segurua zela kontsideratzen bazen ere, hurrengo urteetan haren segurtasuna auzitan jarri zuten hainbat eraso argitaratu ziren. Izatez, gaur egun A5/1 algoritmoaz zifratutako mezuak deszifratzeko taulak eskuragarri daude Interneten. Ondorioz, erabat hautsita dago algoritmo honen segurtasuna.

Bestalde, EuroRadio protokoloaren segurtasuna ere zalantzan jarri da beraren ahultasunak deskribatzen dituzten hainbat ikerketa-lanen bitartez. Ahultasun horien artean, lehentasun handiko mezuak entitate ezberdinen arteko autentifikaziorik gabe sarean sartzeko aukera eta sesio hasteko fasean denbora-zigilurik (time-stamp) ez erabiltzea azaltzen dira, horien bitartez mezuak errepikatzea posible eginik.

Gainera, EuroRadioren ahultasunekin jarraituz, trenaren eta trenbideko gailuen arteko komunikazioan datuak zifratzeko erabiltzen den gakoaren kalkulurako kodea off-line banatzen da komunikazioa osatzen duten entitateen artean. Horren ondorioz, banaketan gizakien esku-hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, nahiz eta izatez, kode ezberdin bat erabili beharko litzatekeen bi entitateen komunikazio bakoitzerako, zenbait operadorek prozesua sinpletzea erabakitzen dute, komunikazio askotan kode berdina erabiliz. Hori eginda, handitu egiten da erasoren bat jasateko probabilitatea. Izan ere, kode hori lortzeko helburua duten erasoen bitartez, entitate ezberdinek kode bera izanda, sistema osoaren segurtasuna jartzen da arriskuan; erasotzaile batek beste tren baten identitatea hartu dezake.

Azaldutako segurtasun-arazo eta horien ondorioz gerta daitezkeen eraso larrien azterketa eginda, nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.

Hori horrela izanik, lan horiek garatzeko berrikuntza eta ikerkuntza proposatzen dira Europan. Shift2Rail elkartea 2009an sortu zuten, trenbide-sistemen erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Gainera, elkarte horrek Europan Ikerketa eta Berrikuntza bultzatzeko sortutako Horizon 2020 finantzaketaren parte izanik, trenbideetako segurtasuna bilatzen duten hainbat proiektu sustatzen ditu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna.
  • Laburpena: Trenbide-sistemak asko aldatu dira azken urteotan komunikazio-teknologia berrien sorkuntzarekin batera. Europan, trenbide-sare bakarra izateko nahiarekin, ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen, elkarrekiko bateragarriak ez ziren Europako herrialdeetako kudeaketa-sistema estandar ezberdinak ordezteko. Baina sistema berria sortzearekin batera, segurtasunaren inguruko hainbat erronka berri ere sortu ziren; izan ere, ERTMS aurreko sistema itxi eta ezezagunak protokolo ireki eta teknologia ezagunez ordeztu ziren. Ondorioz, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere hutsune nabarmenak daude segurtasunaren arloan.
  • Egileak: Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 211-223
  • DOI: 10.1387/ekaia.19687

————————————————–
Egileez:

Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T Taldean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa

Az, 2019-10-30 09:00
Juanma Gallego Babiloniako oholtxo kuneiformeetan agertutako idazkunak eta zuhaitzen eraztunetan bildutako karbono isotopoak alderatuta, zientzialari talde batek duela 2700 urte inguru gertatutako eguzki-ekaitzak identifikatu ditu.

Munduan zoragarri diren gauzen artean, bada zirrara berezia sortzen duen gai bat: gure arbasoek zeruari buruz zuten ikuspuntua irudikatzea. Irudikatzea, bai; zeren gehienetan hori besterik ezin baita egin. Batzuetan, baina, ikuspegi horretara hurbiltzea badago, aztarna arkeologikoetan antzina idatzitako testuetan edota hizkuntzalaritzan ere zantzu batzuk agertzen direlako.

Harea mugikorrak dira gehienetan, eta aztarna horietatik oinarri askorik gabeko espekulazioak ere barra-barra zabaldu dira astronomia kulturala deitu izan den alorrean. Baina ekarpen sendoak ere badira, noizean behin. Orain, Tsukubako Unibertsitateko (Japonia) ikertzaile talde batek diziplinan beste aurrerapauso txikia aurkeztu du. Mesopotamiako antzinako testuetan oinarrituta, duela 2700 urteko aurora borealen lehen aipamentzat dituztenak aurkeztu dituzte. Espekulazio soiletik aldenduta, aipamen horiek eguzki-ekaitzen ondorioz zuhaitzen eraztunetan marraztutako froga fisikoekin babestu dituzte. The Astrophysical Journal Letters aldizkarian azaldu dute ondorio horretara iristeko erabili duten prozesua, baina arXiv biltegian ere dago eskuragarri zientzia-artikulua, modu irekian.

1. irudia: Zenbaitetan aurorek hartzen duten kolore gorria bereziki atmosferan dagoen oxigenoarekiko elkarrekintzari zor zaio. (Argazkia: Tobias Billings / NASA)

Antzinako Mesopotamiako astrologoek zeruan behatutako fenomenoak erregistratzen zituzten, eta horien arabera erregeei augurioak egiten zizkieten. Zeruan idatzita zegoena jakinda, antzinako babiloniarrek uste zuten erritualen bitartez posiblea zela jainkoek ebatzitakoa modu batean edo bestean baldintzatzeko eta ohartarazpen negatibo horiek aurreikusten zutena arintzeko. Orain agerikoa iruditzen zaigu lehen astrologia horretan oinarrituta lurrean gertatu behar zena jakiteko modurik ez zeukatela, baina, horren ordainetan, fenomeno astronomikoak aurreikusteko trebezia garatu zuten; adibidez, Jupiterren ageriko mugimendua.

Gauzak horrela, ez dirudi zerua odolez beteta ikustea oso augurio lasaigarria zenik. Eta hori da, hain justu, duela 2700 urteko idazki kuneiformeetan aurkitu dutena. Zehazki, “gorriak zerua estali du” eta “distira gorria” aipatzen dira Babiloniako eta Niniveko oholtxoetan. Aipamen horren atzean aurora mota berezi bat zegoela uste dute adituek: aurora arku gorri egonkorra (SAR-arc bezala ezagututa). Aurora difuso bat da, iraunkorra eta ia monokromatikoa, eta planetaren erdiko latitudeetan agertzen da. Eguzki-ekaitzetan sortutako eremu magnetiko indartsuek oxigeno atomoak kitzikatzen dituztenean sortzen dira aurora horiek, gorriaren uhin-luzeran.

Aipu historiko horiek zuhaitzen eraztunetan agertutako anomaliekin alderatu dituzte. Analisi horretan oinarrituta, Kristo aurreko 679-655 urte tartean izandako hiru eguzki-ekaitzaren aztarnak identifikatu dituzte. Analisi mota horretarako isotopoak balizatzen dira. Kasu honetan, karbono-14 isotopoaren kopuru handiagoak atzeman dituzte eraztunetan, eta gorakada horien atzean eguzki-ekaitzak daudela uste dute adituek.

Hau ez da lehen aldia zuhaitzetan isotopoen eta gertaera historikoen arteko harremana aurkitzen dena. 2012an ikertzaile talde berak gamma izpien eztanda bat identifikatu zuen, eta ondoren Alemaniako astronomoek izpi horien atzean VIII. mendean gertatutako supernoba baten eztanda egon zitekeela proposatu zuten. Oraingo ikerketa honetan, zientzialariek azaldu dute behaketa horien data zehatza zein den jakiterik ez dutela, baina hori nolabait zehaztu ahal izateko astrologo bakoitza lanean noiz egon zen kalkulatzen saiatu direla.

2. irudia: Rm211 izeneko idazkuna, Kristo aurreko 679-655 urteetan datatua, Issār-šumu-ēreš astrologoak eginda. Bertan “akukūtu” edo “distira gorri bat” aipatzen da. (Irudia: Hayakawa et al.)

Nola ikusiko dira, bada, aurorak, hain latitude baxuetan? Argi dago ez direla oso ohikoak, baina, noizean behin, fenomenoa eman ematen da, bereziki Eguzkitik koroa masaren eiekzioak ateratzen direnean. Ikertu duten eremuari dagokionez, 1870ean Kairon eta Bagdaden aurorak ikusi ziren, eta bi urte geroago fenomenoa errepikatu zen, oraingoan Kairon eta Alexandrian. Gugandik gertuago, ezagutzen da 1938ko urtarrilean Euskal Herritik bertatik halako aurora gorri bat ikusteko aukera izan zela, Espainiako Gerra Zibila puri-purian zegoenean, hain zuzen. Bestetik, ikertzaileek beraiek aipatu dute uste dela iraganean ipar polo magnetikoa Ekialde Hurbiletik gertuago zegoela, eta horrek ahalbidetuko zuela fenomeno hori arruntagoa izatea.

Zientzialariek argudiatu dute aurkikuntza berriak bidea ematen duela Eguzkiaren jarduerari buruz ditugun erregistro historikoetan atzera egiteko. Zehazki, aipatu dute erregistro hori mende bat atzeratzea lortu dutela. Modu horretan harrian zizelkatutako informazio hori gaur egungo joerak hobeto ezagutzeko orduan lagungarriak izango dira. Dena dela, eta ikerketa guztien kasuan etekin praktikoren bat aurkitzea zilegi bada ere, argi dago kasu honetan ezagutza bera eskuratze soila justifikazio nahikoa dela. Eta, zergatik ez, milaka urte aurrerago egindako lehen idazkun horien balioa aitortzeko modua ere. Issār-šumu-ēreš, Nabû-aḫḫē-erība eta Zākiru izan ziren hiru astrologo horiek. Gizaki gehienak bezala, seguruenera, hilezkortasunaren ametsa izango zuten. Bada, modu batean bederen lortu dute: haiek harridura handiz deskribatutako “distira gorri” horiek etorkizunean hizpide eta inspirazio iturri bihurtu dira. Ez da gutxi.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hayakawa, Hisashi; Mitsuma, Yasuyuki; Ebihara, Yusuke; Miyake, Fusa, (2019). The Earliest Candidates of Auroral Observations in Assyrian Astrological Reports: Insights on Solar Activity around 660 BCE . The Astrophysical Journal , 884 (1): L18 DOI: https://dx.doi.org/10.3847/2041-8213/ab42e4

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Mesopotamiako zeruak gorriz estali zirenekoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka

Ar, 2019-10-29 09:00
Miren Basaras Azkeneko hilabeteetan mikroorganismoekin loturiko berri garrantzitsu bat izan dugu bolo-bolo ibili dena Andaluzia aldean: listeriosi kasuak izugarri ugaritu dira haragi kutsatua jan izateagatik. Baina hori gerta liteke gaur egun dauden elikagaien zainketa-protokoloekin? Gertaera arruntzat har daiteke? Gure erkidegoan listeriosi kasurik al dago?

Estatu mailan urtero elikagaiei loturiko 400ren bat agerraldi antzematen dira. Horietatik listeriosia ez da arruntena; badaude beste batzuk ohikoagoak direnak, Campylobacter, Escherichia coli edo Salmonella bakterioek sortuak.

1. irudia: Elikagietan Salmonella spp., Staphylococcus aureus, Campylobacter spp. eta Listeria monocytogenes bezalako patogenoak antzemateko tekniken garapena garrantzitsua da osasunarentzat. (Argazkia: Pontificia Universidad Católica de Chile / Wikimedia – CC BY-SA 2.0 lizentziapean)

Listeriosia noizbehinkako kasu moduan agertu ohi den gaixotasuna da, baina batzuetan kutsatze-agerraldiak agertzen dira, hainbat kasu-kopuru aldi berean gertaturik, eta oso kaltegarria da bereziki populazio arrisku talde batzuetan. Gaixotasun hau Listeria monocytogenes bakterioak sorrarazten du. Bakterio hau, beste batzuekin alderatuz, oso sentikorra da ingurune azidoetan eta gatz kontzentrazio altuetan. Gainera, tenperatura baxuetan bizi daiteke, bai eta hozteko tenperatura baino baxuagoetan ere. Horregatik, hozteko ganbaretan neurri bereziak hartu behar dira bakterioa haz ez dadin.

Bakterioa hainbat ingurunetan bizi daiteke modu naturalean: lurzoruan, uretan, bazkan… Hori dela eta, animaliak bakterioaren gordeleku garrantzitsuak dira haien digestio-hodiko mikrobiotaren partaidea baita bakterio hau. Gizaki osasuntsuen %1-2 ere bada bakterio honen gordelekua, gure digestio-hodiaren partaidea delako.

Gainera, bakterio honen ezaugarriak direla eta, gainazal ezberdinetan (poliester, altzairu, tefloi,…) biofilmak edo biogeruzak sortzeko gai da eta, horren ondorioz, denbora luzez bizi daiteke elikagaigintzaren askotariko instalazioetan.

Nola sartzen da bakterioa gizakiaren barnean?

Bakterio honek transmititzeko erabiltzen duen mekanismo garrantzitsuena da elikagai kutsatuak jatearekin batera barneratzea: esnea, gazta biguna, elikagai prestatuak (esate baterako, patea), haragikiak xerratan, arrain ketua, landare kutsatua…

Badago bigarren transmisio-mekanismo bat ere: haurdun dagoen emakume kutsatu batek bere umekiari transmititzea, plazentaren bidez edo erditze unean.

Albaitariengan edo baserritarrengan ere larruazaleko infekzioak ikusi izan dira, kutsatutako materialaren ukipen zuzenaren ondorioz, nahiz eta gertaera hau oso bakana izan.

Europa mailan hainbat agerraldi egon dira azken urtean izokin ketuak eraginak (2. irudia).

2. irudia. Europako zenbait lurraldetan 2018an agertu izan ziren kasuak (ECDCtik hartua). Puntu gorri bakoitzaren tamainak adierazten du agerraldiaren garrantzia.

Gure Euskal Autonomi Erkidegoan ere listeriosi kasuak egon dira azken urteotan 3. irudian ikus daitekeenez, iturburu izan direlarik gazta biguna edo foie, besteak beste.

3. irudia: Listeriosien kasuak Euskal Autonomi Erkidegoan (Datuak Mikrobiologiako Informazio Sistematik SIMCAPV hartuak).

Listeriosia ez da elikagaiengatiko gaixotasun arrunta, baina mota honetako intoxikazioak sorrarazten dituzten patogenoetatik bada larrienetariko bat.

Salmonella, E. coli edo Campylobacter bakterioen kasuan nahikoa da mikroorganismoen kantitate txiki bat infekzioa agertzeko. Listeria bakterioaren kasuan, aldiz, mikroorganismo kantitate handia sartu behar da gorputzaren barruan gaixotasunaren sintomak ager daitezen. Badirudi infektatzeko gutxieneko dosia 102-108 bakterio artean dagoela, pazientearen arabera. Gainera, bakterio hau gure barnean sartzen denetik sintomak ageri arteko epea (inkubazio-epea deritzo) aldakorra da eta 3 egunetik 70era artekoa izan daiteke.

Pertsona osasuntsu gazte edo helduak infektatuz gero, infekzioa arina izaten da eta sintomak gripearen antzekoak izan daitezke (sukarra, buruko mina, gastroenteritisa segur aski), eta iraupena aste betekoa, gutxi gorabehera. Benetako arazoa dator bakterio hau odolera pasatzen denean, bakteriemia eragiten baitu. Eta hori arrisku altuko pazienteetan gertatzen da gehien, hala nola, aldez aurreko gaixotasun bat dutenak (zirrosia, diabetikoak, minbizia…) edo immunologikoki gutxipenak dituztenak, haurdunak, adineko pertsonak, jaioberriak… Hauetan guztietan gaixotasun larriak ager daitezke, hala nola, meningitisa, entzefalitisa, pneumonia, artritisa, eta abar. Emakume haurdunengan, bakterioak plazenta zeharkatu dezake eta, horren ondorioz, fetua kaltetu abortua edo sortzetiko infekzioak sorraraziz.

Gaixotasun hau tratatzeko antibiotikoak erabili behar dira. Gaixotasuna sendagarria da gehienetan. Erabilitako antibiotikoen artean penizilina bat (anpizilina izenekoa) aminoglukosido batekin (gentamizina izenekoa) ematea izaten da ohikoena. Tratamenduaren iraupena aldakorra izan daiteke infekzioaren larritasunaren arabera, baina sei asteko iraupena izatera ere iritsi daiteke. Alergien arabera antibiotiko horiek ere aldatu daitezke. Argi dagoena da sintomak agertu eta ahalik eta arinen hasi beharko dela tratamendua, eraginkorra izan dadin nahi bada.

Baina gaixotasun hau prebenitu al daiteke?

Elikagaien higienea, kontrola eta segurtasuna funtsezko neurria izango da eta bete beharreko zenbait arau daude, bai elikagaien iturburuaren gainean (kontrol mikrobiologikoak egin behar dira ziurtatzeko patogenorik ez dagoela), bai ere elikagaien prozesamenduan zehar (kutsadura saihestuz). Elikagaien prozesamenduaren kate horretan kutsadura baldin badago, bakterioen kantitatea hasieran txikia izan arren ugaritzen joan daiteke, elikagai horretan proteina asko baldin badaude, bakterioak horietaz elikatu ahal direlako. Horrela, elikagaia kontsumorako prest dagoenean bakterio patogenoen kantitate altuak izango ditu.

  • Ezinbestekoa da prozesamenduaren hasieran eta bukaeran mikroorganismoen kantitatea neurtzea patogenoengatiko kutsadurak saihesteko.
  • Arrisku taldeek (haurdunak, immunogutxipenak dituztenak) guztiz egindako haragia, esneki pasteurizatuak edo janari soberakinak guztiz berotuak jan beharko dituzte. Gainera, kontsumorako prest dauden elikagaiak saihestu beharko lituzkete.
  • Gordinik edo gutxi eginak jaten diren barazkiak modu egokian garbitu eta desinfektatu beharko lirateke jan aurretik.
  • Beste gomendio bat da hozkailuaren garbiketa eta desinfekzioa sarri egitea.

Bukatzeko, eskuen higienea ezinbesteko neurria da beti (elikagai gordinak manipulatu ondoren, animaliak ukitu ondoren, eta abar), azken finean mikroorganismoen transmisioa murritzeko neurririk garrantzitsuena baita.

Iturriak:

———————————————————————————-

Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

———————————————————————————-

The post Listeriosia: elikagai kontsumoaren segurtasuna ate-joka appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Karlomagnoren ondoregoak gara

Al, 2019-10-28 09:00
Juan Ignacio Perez Iglesias Guztiok dugu aita eta ama biologiko bana. Haiek ere bereak izan zituzten; hau da, guztiok izan ditugu bina aitona eta amona. Hurrenkeran atzera eginez gero, zortzi birraitona-birramona, hamasei heren-aitona eta heren-amona, etab. Belaunaldien arteko tartea 30 urtekoa bada, XVII. mendearen hasieran hamasei bat mila arbaso geneuzkake, 16 milioi inguru XIV. mendearen hasieran, eta 16.000 milioi XI.aren hastapenetan, duela mila urte. Dagoeneko konturatuta egongo zara, erabat ezinezkoa da hala izatea.

Izan ere, hain atzera egin beharrik gabe, gure asaben kopurua eragiketa horien bidez kalkulatu dena baino askoz ere txikiagoa da. Arrazoia argi dago: gure asabetako asko adar genealogiko desberdinetatik ditugu senide. Hori gertatzeko aukera gutxiago dago arbasoak, denboraren aldetik, zenbat eta gertuagokoak izan, eta alderantziz.

Irudia: Akisgraneko (Alemania) katedralean bazaude eta jatorri europarrekoa bazara, entzun nahi duenari esan diezaiokezu bertan daudela hobiratuta zure aitona baten gorpuzkiak. (Karlsschrein / Wikimedia Commons CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

XIV. mendearen hasieran, 450 milioi pertsona zegoen munduan (70 bat milioi Europan); beraz, baliteke garai hartan gutako bakoitzaren 16 milioi asaba bizi ahal izatea. Baina orain dela mila urte 400 milioi bakarrik zeuden (50 bat Europan). Horrenbestez, ezinezkoa da garai hartan gure 16.000 milioi asaba bizi izatea.

Naturaltasun osoz mintzatzen gara «zuhaitz genealogikoaz», gure arbasoak zuhaitz baten eran irudikatzen baititugu; zenbat eta atzerago, orduan eta adartsuago. Baina errealitatea oso bestelakoa da. Ez dago zertan oso atzera egin adarretako batzuek bat egiten dutela ikusteko; are gehiago, oso aspaldiko belaunaldiei erreparatzen badiegu, adarrik batere ez dugu ikusiko. Areago irudituko zaigu adar genealogikoen mataza bat, edo, bestela esanda, gurutzatze asko dituen sare bat. Bestalde, belaunaldiz belaunaldi gertatzen da adarretako askok ondorengorik ez izatea. Denboran atzera egin ahala, sarea gero eta estuagoa bihurtzen da: Neolitoaren hastapenetan, orain dela 12.000 urte, munduan 4 milioi pertsona baino gutxiago bizi zirela zenbatesten da, 60 milioi inguru zirela aro homerikoan, eta mila milioi XIX. mendea hasi berritan.

Adam Rutherford genetistak A Brief History of Everyone Who Ever Lived (Bizi izan diren guztien historia laburra) liburuan dioenez, jatorri europarra dugunok, aldez edo moldez, Karlomagnoren ondorengo gara. Guztiak gara, beraz, errege leinu batekoak. Ez da txantxa, baina kontu erabat hutsala da. Asaba europarren bat dugunok, Karlomagnoren ondorengo ez ezik, garai hartan –800. urte inguruan– bizi eta ondorengoak izan zituzten europar guztien ondorengo ere bagara, belaunaldiz belaunaldi XXI. mendera iritsi garenak. Zenbatespenen arabera, haien ondorengoen % 20 ez da iritsi.

Ez da denboran oso atzera egin behar gure adar genealogikoek bat egin zuten unea topatzeko. Europar guztiek dugu arbaso komun bat, duela 600 bat urte bizi izan zena. Kalkulu hori gizateria osoari aplikatuta, esan liteke gizaki guztiek dugula duela 3.400 urte inguru bizi izan zen arbaso komun bat. Izan ere, sinesgaitza dirudien arren, ez da ezagutzen azken mendeetan erabat bakartuta egon den populaziorik bat ere.

Kontu nahasgarria da, baiki. Pentsatu horretan listu lagin bat sartu baduzu tututxo batean, eta esan badizute zure leinuan bat egiten dutela Errusiako estepako tribu borrokalariek, Europara kaosa eta hondamena ekarri zituzten bikingo suharrek eta piramideak eraiki zituzten egiptoarrek. Ziur aski horien ondorengoa zara. Ni ere hala naiz.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Oharra: Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2019ko irailaren 1ean: El legado de Carlomagno, eta bigarren bat The Conversation gunean urriaren 10ean: Usted es descendiente de Carlomagno; su vecino también.

The post Karlomagnoren ondoregoak gara appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #274

Ig, 2019-10-27 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

UPV/EHUko lantalde batek ekaitz polarrak aurkitu ditu Saturnon. Hainbat gauza frogatu dute ikerketan: desplazatu egiten dira abiadura desberdinetan, eta elkarrekin topo egin eta elkarren albotik igarotzen dira, elkarri eraginez eta perturbazio atmosferikoak sortuz. Azaldu dutenaren arabera, orain aurkitutako ekaitzak ipar hemisferioan topatu dituzte. Urtean 30 eta 60 inguru izaten dira, eta luzeak dira. Berrian aurkituko duzue informazio gehiago.

Eraztunen planetan segidan sorturiko bi enbata behatu, ikertu eta neurtu dituzte lehen aldiz. EHUko Planetologia Taldeko Jon Legarretak dio oraingo kasua “ezohikoa” izan dela: “Orain arte, ekaitz txikiagoak —1.000 kilometrokoak— behatu dituzte, beste latitude batzuetan, eta bakartuak”. Berrian irakur daiteke albistea.

Biologia

Zimitzak, intsektu bizkarroiak, itzuli dira. Joan den mende erdialdean desagertutzat jo zituzten baina itzuli egin dira, eta ugaldu, gainera Berrian irakur daitekeenez. Etxebizitzetako altzarietan eta lurreko edo paretetako zirrikituetan ez ezik, geroz eta ugariagoak dira ostatuetan ere. Haien agerpenean bi faktorek izan dute eragina: globalizazioak eta turismoak.

Zergatik erakartzen du kolore gorriak? Artikulu honetan azaltzen digute hizkuntzen bilakaeran, une jakin batetik aurrera, gizartea kanpoko itxurari erreparatuta gauzak izendatzen hasi zela, gauza horiek izendatzean, zuriaz eta beltzaz gain, gorria zen erabiltzen zen lehena. Izan ere, giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz erabiltzen ditu: “argi”, “ilun” eta “gorri”. Kolore gorriaren sekretuak aurkituko dituzue artikulu interesgarri honetan. Ez galdu!

Autofagia zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da. Oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen du zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan. Beraz, estres egoerak gertatzen direnean, autofagia maila handitu egiten da. Hiru autofagia mota daude: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia (hau da gehien ikertu dena). Artikulu honetan azaldu digute autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen dituela. Baina oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragiten dituen efektu guztiak.

Urriaren 12an Eliud Kipchogek maratoia 2 ordu baino denbora laburragoan amaitzea lortu zuen. Historiara pasako da kenyarra, izan ere gizakia 2 orduko langatik jaisteko gai izan baita lehen aldiz. Lasterketa honetan baina, zientziak berebiziko garrantzia dauka. Klima, tenperatura, altitudea, espazioa, erabilitako oinetakoen materiala… faktore hauek guztiek izan dute paper erabakigarria lasterketan. Zergatik? Jo ezazue artikulura erantzuna jakiteko.

Osasuna

Hondakin-uretako substantzia kimikoek eta dietaren adierazleek lotura zuzena dute maila sozioekonomikoarekin. Hala frogatu du behintzat Australian egindako ikerketa batek, Elhuyar aldizkariak jakinarazi digunez. Ikertzaileek ikusi dute maila altuko jendea bizi den lekuetan kafe-, alkohol- eta bitamina-kontzentrazio altuak daudela. Maila baxukoak bizi diren eremuetako uretan, ordea, antidepresiboak eta opioideak dira nagusi.

Ingurumena

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dute: lau lagunetik hiruk. Ecologistas en Accion taldeak egin dute ikerketa (urtero egin ohi dute azterketa) ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Emaitzak ikusita, Ebro ibaiaren kutsadura nabarmentzen dute ikertzaileek. Ozono troposferikoa lurrazaletik hamar kilometrora dagoen geruza bat da, eta eguzki erradiazioaren eta bestelako kutsatzaileak konbinatzearen ondorioz sortzen da hango kutsadura. Informazio guztia Berrian.

Kimika

Elhuyar aldizkarian irakur daiteke Europako hondakin-uretan dauden droga-arrastoak neurtu dituztela nazioarteko ikerketa batean eta bertan ikusi dutela kokainaren kontsumoak gora egin duela nabarmen 2011 eta 2017 artean. Europako hegoaldeko eta mendebaldeko droga nagusia da kokaina. Ekialdeko herrialdeetan, berriz, metanfetamina da kontsumituena.

Aurreko astean irakurri genuen UPV/EHUko talde batek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu duela. Horrek plastikoak sortzen duen kutsadura konpon dezake, ez delako degradatzen prozesuan. Berriak jakinarazi du Ainara Sangroniz ikertzailea dagoela lan honen atzean. Berak sintetizatutako plastikoaren ezaugarririk interesgarriena behin eta berriz birzikla daitekeela da. Oraindik oso garestia da baina merkatu ahalko dutela uste dute.

Genetika

Gene-ediziorako teknika berri bat sortu dute: Prime editing delakoa, CRISPR teknika oinarrian duena, alegia. David Liu Harvard eta MITeko ikertzailearen taldeak uste du gaixotasunei lotutako giza mutazio genetikoen % 89 zuzentzeko balio lezakeela. Elhuyar aldizkarian azaltzen diguten moduan, zientzialariek 175 ediziotik gora egin dute giza zeluletan, eta eraginkorra eta segurua dela azpimarratu dute ikertzaileek.

Arkeologia

Erdialdeko Europako Brontze Aroko etxaldeetan desberdintasun sozialen frogak aurkitu dituzte ikertzaileek. Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egin dute ikerketa eta zehazki ikusi dute estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri direla aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak zirela. Hori ondorioztatu dute hilobietan aurkitutako objektuei esker. Ikerketaren xehetasunak artikulu honetan topatuko dituzue.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #274 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #281

La, 2019-10-26 09:00

Emergentziak eta horrelakoek ez diote analisiari eusten aukeramena justifikatzerakoan. Jesús Zamoraren arabera, behintzat: Why emergent levels will not save free will (& 2)

Film batetik aterata dirudi José Ramón Alonsok azaltzen duen istorio hau… Beldurrezko filma: The bodyguard

Ez dakigu oso ondo zergatik galaxia kumuluetako erdiko galaxiak diren disdiratsuenak. Argira dakar (kliska-kliska) gaia DIPCko ikerketa batek: A common formation mechanism for star clusters over all mass scales

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #281 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124)

Or, 2019-10-25 09:00

Termodinamika eta ekonomia batzen dituen zientzia da termoekonomia eta, zehazki, energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak zientziaren arlo honek. Izan ere, energia ez da sekula galtzen, eraldatu baizik, eta degradazio horren kalitatea neurtzeko erabiltzen da termoekonomia.

Kontzeptu hau industriaren arloan sarritan erabili ohi izan da, baina UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak sailak lehen aldiz erabili du eraikinetan.

Ana Picallo Perez UPV/EHUko Makina eta Motor Termikoak saileko ikertzaile eta irakaslea da, eta berarekin hitz egin dugu termoekonomiaren inguruko xehetasunak eta erronkak ezagutzeko.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ana Picallo: “Termoekonomiak energiaren kalitatearen arabera banatzen ditu kostuak” #Zientzialari (124) appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan

Og, 2019-10-24 09:00
Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo Autofagia, zelula eukariotikoetan berez ematen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeratan dagoenean. Autofagia zelulan berez gertatzen den prozesu bat den arren (autofagia basala), zenbait estres egoeren aurrean (gosea edo estres oxidatiboa adibidez) autofagia maila handitu egiten da.

Irudia: Autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. (Irudia: Kam23lesh).

Autofagiari buruz hitz egiterakoan, hau apoptositik bereiztea komeni da. Orokorrean, autofagia, babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzun gisa. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia izango da aktibatzen dena, zelula deuseztatzeko.

Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi-bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru autofagia motetaik, makroautofagia (autofagia hemendik aurrera) da gehien ikertu den eta hobekien ulertzen den autofagia mota (gizakietan ematen diren zenbait gaixotasunetan duen garrantzia dela eta). Bere ezaugarri nagusia, zitosolaren zati bat autofagosoma izeneko mintz bikoitzeko besikula batek biltzen duela da. Jarraian, autofagosoma, lisosoma batekin elkartzen da (autolisosoma sortuz), eta edukiaren degradazioa ematen da.

Orokorrean autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu eta, ondorioz, honen asaldurak zelularen funtzionamendua kaxkartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Saguekin egindako ikerketek erakutsi dute neuronetan autofagia beharrezkoa dela hauek proteinen agregatuetatik garbi mantentzeko.

Honen arian, autofagiaren asaldurak neuroendekapenezko gaixotasunetan duen garrantzia azpimarratu da. Diabetesean berriz, autofagiaren aktibazioak β zelulen estres oxidatibo maila murrizten lagundu dezakeela proposatu da, β zelulak babestuz. Gibel gantzatsu ez alkoholikoari dagokionez, lipofagia bezala ezagutzen den autofagia mota batek gantz tanta handiak apurtzen (hauen erreketa faboratuz) eta gibela babesten duen papera nabarmendu da. Zahartze prozesuan ere autofagiak garrantzia duela ikusi da ikerlan ezberdinetan. Zahartzean zehar, autofagiak kaltetutako osagai-zelularrak deuseztatzen betetzen duen funtzioak, mitokondrioen metabolismo egoki bat mantentzea ahalbidetzen du, oxigenoaren espezie erreaktiboen (ROS) ekoizpena murriztuz. Hala ere, zenbait gaixotasun egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioak kalte egin dezake onura egin beharrean.

Prozesu honek osasun eta gaixotasun egoeratan duen garrantzia dela eta, azken urteetan asko ikertu da autofagia aktiba dezaketen modu eta konposatuen inguruan. Hauen artean kaloria murrizketa (eguneko energia ingestioaren %20-40-ko murrizketa, desnutrizioarik gabe), erresberatrola (mahats eta ardoan aurki daitekeen konposatu fenolikoa), metformina (2 motako diabetesa tratatzeko erabiltzen den farmakoa) eta rapamizina eta honen analogoak (minbizi ezberdinen tratamenduan erabiliak) dira aipagarrienak.

Nahiz eta autofagiaren aktibazioak osasunean onura ezberdinak sor ditzakeela ikusi den, gaur egun oraindik ez dira ezagutzen prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak. Izan ere, zenbait egoeratan (obesitatea eta minbizia esaterako) autofagiaren aktibazioa kaltegarria izan daitekeela proposatu da. Datozen urteetan egingo diren ikerketek (zelula eta animalietan nagusiki), etorkizunean autofagia gizakietan ematen diren zenbait gaixotasun eta egoera sendatzen edo hobetzen lagungarria izan daitekeen erakutsiko dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan.
  • Laburpena: Autofagia zelula eukariotikoetan berez gertatzen den prozesu bat da, zeinak oreka homeostatikoa mantentzea ahalbidetzen duen (kaltetutako egitura zelularrak degradatuz eta energia-oreka mantenduz) zelula estres edo energia eskuragarritasun mugatuko egoeretan dagoenean. Autofagiari buruz hitz egitean, apoptositik bereiztea komeni da. Oro har, autofagia babes-mekanismotzat hartzen da, zelulek estres maila ez-hilgarrietara egokitzeko ematen duten erantzuntzat. Zelulak pairatzen duen estresak muga jakin bat gainditzen duenean, edo estres maila bat denboran mantentzen denean, apoptosia aktibatuko da, zelula deuseztatzeko. Egundaino, hiru autofagia mota deskribatu dira: xaperoi bidezko autofagia, mikroautofagia eta makroautofagia. Hiru motek duten ezaugarri komuna da lisosoma bidez zitosoleko materialaren degradazioa gertatzen dela. Oro har, autofagiak zelularen funtzio egokia eta biziraupena bermatzen ditu, eta, ondorioz, horren asaldurak zelularen funtzionamendua kaskartzen du, zenbait gaixotasunen agerpenari bide eginez. Autofagiak (edo haren asaldurak) zenbait gaixotasun eta egoeraren (neuroendekapenezko gaixotasunak, diabetesa, obesitatea, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa edo zahartzea) sorrera eta garapenarekin duen erlazioa dela eta, komunitate zientifikoa aspalditik dabil prozesu hau aktibatzen edo egoera normalera itzultzen duten molekula edo esku-hartzeen bila. Hala ere, gaur egun prozesu honen aktibazioak eragindako efektu guztiak oraindik ezagutzen ez direnez, beharrezkoa da gizakiekin ikerketa gehiago egitea mekanismo hau helburu terapeutikoekin erabili ahal izateko.
  • Egileak: Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 157-170
  • DOI: 10.1387/ekaia.19621

————————————————–
Egileez:

Iñaki Milton-Laskibar, Leixuri Aguirre, María Puy Portillo UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean dabiltza.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Autofagia eta bere erregulazioa osasun eta gaixotasun egoeratan appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Morrontzaren zantzuak, Brontze Arotik bertatik

Az, 2019-10-23 09:00
Juanma Gallego Erdialdeko Europako Brontze Aroko etxaldeetan desberdintasun sozialen frogak aurkitu dituzte ikertzaileek. Arkeologikoki hori baieztatzea guztiz zaila izan arren, lehenengo esklabotzaren zantzuak izan litezkeela iradoki dute.

“Iraganaren ikuspegi guztiz berria”. Zenbat aldiz entzun da esaldi hori arkeologiari buruzko dokumentaletan! Ikuslearen arreta erakartzeko maiz erabilitako amua da, bai. Eta, bide batez, abaguneari probetxua aterata, zientzia dibulgazio artikulu baterako amu aproposa ere izan daiteke. Hainbeste aldiz errepikatu izanagatik, badirudi esaldi horrek indarra galdu duela. Baina, gehienetan, badu oinarri bat atzean. Teknika berriak, eta, bereziki, teknika zahar eta berrien arteko elkarlana izugarrizko iraulia ekartzen ari dira gaur egungo ezagutzara.

Arkeologiaren eremuan, bereziki antzinako DNAren analisi genetikoa eta isotopoen azterketa dira indar biziaz sartu diren aurrerapenak, eta indusketa tradizionalari eta gorputzen azterketa antropologikoari gehitu zaizkie, hasieran aipatutako ikuspegi berria eskaintzeko. Besteak beste, modu horretan posible da zehaztea ehortzitako lagunak tokikoak ala atzerritarrak ziren, eta baita horien arteko lotura biologikorik ote zegoen.

1. irudia: Aztarnategietan hilobi-ostilamendu ugari aurkitu dituzte, eta horien arabera ikertzaileak gai izan dira ondorioztatzeko lagun bakoitzaren estatusa. (Argazkia: Ken Massy)

Hala egin dute Alemaniako Lech Haraneko Brontze Aroko hainbat etxaldetan egindako ikerketa batean. Kristo aurreko 2750 – 1300 urte tarteko aztarnategiak daude bertan, eta etxalde bakoitzaren alboan hilerriak daude. Horietan ehortzitako 104 lagunen genomak aztertu dituzte. Kasu honetan, landetxe txikietan batera bizi ziren lagunen ahaidetasuna eta egitura soziala ikertzeko antzinako DNAren azterketa erabili dute, eta atera duten emaitza harrigarria izan da: etxalde horietan etxe barruko desberdintasun sozialak zeudela ikusi dute. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Zehazki, estatus altuko familiak eta haiekin lotura genetikorik ez zuten beste pertsonak ageri dira aztarnategian, baina azken hauek maila sozial baxuagokoak ziren, arkeologoek hilobietan aurkitutako objektuei esker ondorioztatu ahal izan dutenez. Topatutako ondasunen artean armak eta harribitxiak daude, eta horien arabera oinarritu dira ikertzaileak norbanako bakoitzaren estatusa zehazteko.

Arakatu dituzten etxe ia gehienetan emakumezkoak eta gizonezkoak ez zeuden genetikoki erlazionatuta, andre gehienak kanpotik etorritakoak zirelako. Emakume horiek gutxienez 400 kilometroko distantziara zeuden herrietatik etorriak zirela uste dute ikertzaileek. Estatus altukoak zirela ondorioztatu dute ere. Jatorria zehaztu ahal izateko, isotopoen azterketa erabakigarria izan da: duela bi urte inguru isotopoetan oinarritutako ikerketa batean ondorioztatu zuten hori. Orduan iradoki zuten emakume horiek funtsezko rola bete izan zezaketela garaiko ezagutzen zabalpenean.

Beraz, datuetatik ondorioztatu dute egitura sozial konplexua zegoela, eta baita ahaidetasunean oinarritutako hierarkia soziala ere. Historiaurrean halakorik ikusten den lehen aldia litzateke hau, zientzialariek beraiek egin duten aldarrikapenaren arabera.

Philipp Stockhammer ikertzailearen hitzetan, “aberastasuna ahaidetasun biologikoari edo atzerriko jatorriari lotuta aurkitu dugu. Familia nuklearrak ondasunak eta estatusa transmititu zuen, belaunaldiz belaunaldi. Baina etxalde bakoitzean aurkitu ditugu ere tokiko jatorria zuten eta gaizki hornituta zeuden lagunak”.

Ken Massy)
2. irudia: Estatus altuko emakume ehorzketa baten jatorrizko kobrezko diskoa (ezkerrean) eta berreraikipena (eskuinean). Emakume hori bere garaiko pertsonarik aberatsenetako bat zen Alemaniako hegoaldean, baina ez zen bertokoa, Alpeetako iparraldekoa baizik. (Argazkia: Ken Massy)

Jakina da arkeologoen lana dela jakitea duela urte asko zer gertatu zen, aztarna gutxi batzuen laguntzarekin. Kasu honetan, puzzlea osatzen ari da pixkanaka. Urrundik etorritako emakume horiek egoteak iradoki dezake hitzartutako ezkontzak bazirela. Bada, beste pista batek susmo hori indartzen du: alaba heldurik ez dute aurkitu hilobietan. Horregatik uste dute emakumeak ezkongai gisa emanak izan zirela. DNAri esker, ehortzitako lagunen zuhaitz genealogikoak osatzeko gai izan dira, lauzpabost belaunaldietan zehar. Baina genealogia horietan leinu maskulinoak baino ez zeuden. Antza, heldutasunera iritsi orduko emakumezkoek herria uzten zuten. Lehenago aipatu bezala, amak kanpotik etorritakoak ziren. Goiko klasekoen artean, hilobietan soilik aurkitu dituzte neska nerabeak edo emakume helduak.

Ezin izan dute demostratu esklaboak zirenik, eta, are gehiago, zientzia artikuluan ez da horrelakorik aipatzen. Baina aukera hori planteatu dute prentsa oharrean. Bertan diote Antzinako Grezian eta Erroman ohikoa zela esklabotza, baina aurkikuntza berri honek erakusten duela “familia estrukturen barruko desberdintasunik eza” 1500 urte lehenago gertatu zirela orain Alemaniaren hegoaldea dagoen eremuan. Argi daukate, ordea, landetxe horiek aitengandik semeengana oinordetzan utziak izan zirela, eta sistema hau gutxienez 700 urtez luzatu zela, Neolitotik Brontze Arora.

Erdiko Europan Brontze Aroa Kristo aurreko 2200-800 urteetan kokatzen da. Garrantzi handiko aldaketak izan ziren garai horretan. Brontzea egiteko kobrea eta eztainua behar zirenez, lehengai horiek garraiatzeko ibilbideak eta merkataritza sareak sortu ziren, eta horietan ere arras lagungarria izan zen zaldiaren etxekotzea. Horrek, noski, Europako eta Anatoliako paisaia kulturalak guztiz aldarazi zituen. Funtsean, kontinente mailako lehen “globalizazioa” izan zen.

Orain arte, garai hura ikertzera bideratutako azterketa genetikoak bereziki giza populazioen mugimendu handiak ikertzeko erabili izan dira. Ikertutako garaian desberdintasun sozialak bazeudela ezaguna zen, baina orain argitu dute desberdintasun horiek etxebizitzen barruan ere izaten zirela, eta belaunaldiz belaunaldi mantendu izan zirela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mittnik et al., (2019). Kinship-based social inequality in Bronze Age Europe. Science, eaax6219. DOI: 10.1126/science.aax6219.

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Morrontzaren zantzuak, Brontze Arotik bertatik appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Jakin-mina programa, 4. DBHko ikasleei zuzendutako hitzaldiak

Ar, 2019-10-22 20:24

Jakiundek Jakin-mina programa antolatzen du DBHko 4. mailako ikasleentzat. Ikasturtez ikasturte egiten da programa. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra elkarlanean aritu da Jakiunderekin Jakin-mina sortu zenetik.

Ikastetxeetako zuzendaritzek hautatzen dituzte parte hartuko dituzten ikasleak, haien interesa eta motibazio akademikoa aintzat hartuta. Aukeratutako ikasleei askotariko gaiei buruzko bost hitzaldi ematen dizkiete lehen mailako profesionalek, zientzialariek eta irakasleek. Programa hau Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan garatzen da 2019ko azarotik 2020ko martxora arte.

Gai askotakoak dira hitzaldiak, eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez ematen dira. Hitzaldi bakoitzera 30 ikasle inguru joaten dira. Bost hitzalditako hamaika ziklo eskainiko dira guztira azaroan hasiko den aurtengo edizioan: hiru Bilbon, Durangon eta Arrasaten bana, hiru Donostian, bat Iruñean, Tuteran eta Gasteizen ere ziklo bana. Hitzaldi guztiak ostiraletan ematen dira arratsaldeko bost eta erdietan.

Hitzaldietara joateko interesa duten ikasleek, euren ikastetxeen bitartez tramitatu beharko dute izena ematea. Ikastetxeetako arduradunek, beren aldetik, hitzaldi zikloren batean parte hartu nahi duten ikasleen izena eta bi abizenak bidali behar dituzte honako helbide elektronikora: akademia@jakiunde.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara dei daiteke: 943225773.

Egitarauak Iruñea

Lekua: CIVICAN, Caja Navarra Fundazioa; Pío XII etorbidea, 2

2019ko azaroko 22a: Cuando la alimentación se convierte en una obsesión: trastornos del comportamiento; Marta Cuervo, Elikaduraren Zientziak eta Fisiologia Saila; Nafarroako Unibertsitatea.

2019ko abenduko 13a: ¿Cuál es el mejor sistema electoral?; Asunción de la Iglesia, Zuzenbide Publiko eta Erakunde Juridikoak Saila, Nafarroako Unibertsitatea.

2020ko urtarrileko 31a: Klima aldaketaren eragina Nafarroan; zer egin dezakegu “etxean”?; Iker Aranjuelo, Nekazaritza Jasangarria eta Klima-aldaketa Saila; Agrobioteknologiako Institutua (IdAB-CSIC).

2020ko otsaileko 28a: Inteligencia Artificial: Dónde estamos y a dónde vamos; Javier Fernández, Adimen Artifizial eta Arrazonamendu Hurbildua ikerketa-taldea, NUP.

2020ko martxoko 27a: La música coral: algo más que música; Igor Ijurra, Iruñako Orfeoiko Zuzendaria, JAKIUNDEko kidea.

Tutera

Lekua: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Prentsa-Aretoa, Tarazona etorbidea zg

2019ko azaroko 15a: What do we eat?; Nora Alonso, CEO Iden Biotechnology, JAKIUNDEko kidea.

2019ko abenduko 13a: Descubriendo la geotermia; Leyre Catalán, Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena ikerketa-taldea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

2020ko urtarrileko 17a: Ciudades y edificios sostenibles. ¿Responsabilidad propia o ajena?; Ana Sánchez Ostiz, Arkitektura Eskola (ETSAUN), Nafarroako Unibertsitatea.

17 de febrero de 2020: Diversidad, Conocimiento y Diálogo entre Culturas; Justo Lacunza Balda, Pontificium Institutum Studiorum Arabicorum et Islamicorum (PISAI) delakoaren Errektore Emeritua; JAKIUNDEko kidea.

2020ko martxoko 13a: Historia y desafíos de la inteligencia artificial hoy; Humberto Bustince, Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifizialeko Katedraduna, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, JAKIUNDEko kidea.

Donostia 1

Lekuak:

  • Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), entzunaretoa, Tolosa etorbidea 72.
  • Carlos Santamaria Zentroa (UPV/EHU), irakasleen tailerra, Elhuyar plaza 2.
  • Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia, Europa plaza 2.

2019ko azaroko 15a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Human Rights in Global Supply Chains; Katerina Yiannibas, University of Deusto; Lecturer in Law, Columbia Law School, NY; Globernance Institute of Democratic Governance.

2019ko abenduko 13a (Carlos Santamaria Zentroa): Cómo cambiar el mundo a través de los datos; Leire Legarreta, Business Data Analytics graduaren koordinatzailea, Mondragon Unibertsitatea.

2020ko urtarrileko 24a (Musikene): Oletan Olgetan; Jabi Alonso, perkusionista, MUSIKENE.

2020ko otsaileko 28a (Joxe Mari Korta ikergunea): Apego y sexualidad en la construcción del proyecto personal; Javier Gómez Zapiain, irakasle ohia, Psicologiako Fakultatea, UPV/EHU.

2020ko martxoko 27a (Joxe Mari Korta ikergunea): Zibersegurtasunean ikertuz: aurkarien aurkako lasterketa; Urko Zurutuza, Elektronika eta Informatika Saila, Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea.

Donostia 2

Lekuak:

  • Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), Tolosa etorbidea 72
  • Carlos Santamaria Zentroa (UPV/EHU), Elhuyar plaza 2

2019ko azaroko 22a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Oztoporik gabeko elektroi dantza: Supereroaleak!; Ion Errea, Materialen Fisikako Zentroa (CSIC-UPV/EHU).

2019ko abenduko 13a (Carlos Santamaria Zentroa): Cambios de conducta en enfermedades neurológicas; José Félix Martí Massó, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako Zerbitzuko buru ohia antiguo, Neurologiako katedratiko emeritua (UPV/EHU), JAKIUNDEko kidea.

2020ko urtarrileko 10a (Joxe Mari Korta Ikergunea): Multiculturalidad y derecho: un complejo binomio; Juanjo Álvarez, Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko Katedraduna (UPV/EHU), JAKIUNDEko kidea.

2020ko otsaileko 14a (Joxe Mari Korta zentroa): Eta zer da ba feminismoa?; Miren Aranguren, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea, Gure Genealogia Feministak liburuaren idazlea.

2020ko martxoko 6a (Joxe Mari Korta ikergunea): Looking at the dark side of the Universe; Silvia Bonoli, Ikerbasque Research Fellow, DIPC-Donostia International Physics Center.

Donostia 3

Lekuak:

  • Joxe Mari Korta Ikergunea (UPV/EHU), Tolosa etorbidea 72
  • Ignacio María Barriola Zentroa (UPV/EHU), Plaza Elhuyar 1
  • Tabakalera, Andre zigarrogileak plaza 1

2019ko azaroko 29a (Joxe Mari Korta ikergunea): La empresa con sentido; Ana Belén Juaristi, Engranajes Juaristi enpresako zuzendari gerentea; Adegiren lehendakariorde ohia eta Confebaskeko lehendakariorde ohia. Gipuzkoako enpresaburu 2016 saria.

2019ko abenduko 13a (Ignacio María Barriola zentroa): Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai; Jesus M. Ugalde; Kimika Fisikako katedraduna (UPV/EHU), JAKIUNDEko lehendakaria.

2020ko urtarrileko 31a (Joxe Mari Korta ikergunea): ¿Qué es el Mindfullness?; Edurne Maiz, PETRA ikerketa taldea, Psikologiako Fakultatea, UPV/EHU.

2020ko otsaileko 7a (Joxe Mari Korta ikergunea): You and Your Microbiome; José María Mato, Zuzendari Nagusia, CICBiogune eta CICBiomagune.

2020ko martxoko 27a (Zine aretoa, Tabakalera): Hacia dónde van los Festivales de Cine: Nuevos dispositivos electrónicos, plataformas de exhibición, festivales de todo el año…; José Luis Rebordinos, Zinemaldiaren Zuzendaria.

Arrasate

Lekua: Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea, Loramendi 4

2019ko azaroko 22a: La cocina y su evolución; Iñaki Alava, Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatea.

13 de diciembre de 2019ko abenduko 13a: Un mundo lleno de resonancias; Jaione Iriondo, Mekanika eta Industria Ekoizpena Saila, Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Unibertsitatea.

2020ko urtarrileko 31: Kode-poesia: programazioa literaturara hurbilduz; Manex Garaio, Kode-poesia.eus-en sortzailea, puntuEUS Fundazioa.

2020ko otsaileko 28a: Genetically speaking, we are living mosaics: Ana Zubiaga, Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saila, UPV/EHU; JAKIUNDEko kidea.

2020ko martxoko 27a: Orkestra Sinfoniko handi baten sukaldean; Joxe Inazio Usabiaga, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari teknikoa.

Gasteiz

Lekua: Micaela Portilla ikergunea (UPV/EHU), Justo Vélez de Elorriaga 1

2019ko azaroko 15a: Pongamos cara a la acromegalia; Sonia Gaztambide, Endokrinologia eta Nutrizioa Zerbitzuko Burua, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; JAKIUNDEko kidea.

2019ko abenduko 13a: Gluten-Free, moda ala beharra?; Idoia Larretxi, Elikadura eta Gizentasuna ikerketa-taldeko kidea, Farmazia Fakultatea, UPV/EHU.

2020ko urtarrileko 10a: Language Electrified; Adan Zawiszewski, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saila, UPV/EHU.

2020ko otsaileko 7a: Un laboratorio medioambiental en la palma de tu mano; Fernando Benito, Analytical Microsystems & Materials for Lab-on-a-Chip, Microfluidics Cluster taldeko sortzailea, UPV/EHU.

2020ko martxoko 6a: For ju bustana: XVII. mendeko euskaldunak islandiarrekin hizketan; Gidor Bilbao, Monumenta Linguae Vasconum, Letren Fakultatea, UPV/EHU.

Bilbo 1

Lekua: 05 ikasgela, Deusto Business School-La Comercial, Deustuko Unibertsitatea, Hermanos Aguirre 2

2019ko azoroko 15a: Webs in Nature, from Neurons, to Spiderwebs, to Cities, to the Filaments Between Galaxies; Mark Neyrinck, Ikerbasque Fellow, Fisika Teorikoa Saila, UPV/EHU.

2019ko abenduko 13a: La ópera tras el telón: Aitziber Aretxederra, Egitarau Didaktikoaren Arduraduna, Operaren Labunen Bilboko Elkartea (OLBE Bilbao Opera).

2020ko urtarrileko 31a: Errehabilitazio NEUROpsikologikoa eta NEUROirudiak: Garunaren plastikotasuna ikertzen NEUROendekapenezko gaixotasunetan; Naroa Ibarretxe, Neuropsikologia Klinikoko Materraren Zuzendaria, Psikologiako Metodoak eta Oinarriak Saila, Psikologia eta Hezkuntzako Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea.

2020ko otsaileko 14a: La medición de la innovación: ¿una ciencia (in)exacta?; Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia, Lehiakortasuna eta Ekonomia-Garapena Saila, Deusto Business School.

2020ko martxoko 27a: Landareek estres egoerarik pairatzen al dute? Babesteko aukerarik ba al dute?; Usue Pérez López, Landare-Biologia eta Ekologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea, UPV/EHU.

Bilbo 2

Lekua: Bizkaia Aretoa UPV/EHU, Abandoibarra 3

2019ko azaroko 22a (Oteiza aretoa): Zer da argia zientziaren ikuspegitik?; Jon Azkargorta, Fisika Aplikatua Saila, Bilboko Ingeniaritza Eskola, UPV/EHU.

2019ko abenduaren 13a (Baroja aretoa): Invadidos por la Computación y los Datos, ¿oportunidad y/o amenaza?; Diego López de Ipiña, MORElab/DEUSTEK, Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea; JAKIUNDEko kidea.

2020ko urtarrileko 17a (Arriaga aretoa): Los tiempos y el mundo cambian: ¿Cómo inciden estos cambios y avances en nuestros sistemas de valores?; Edurne Bartolomé, Nazioarteko Harremanak eta Humanitateak Saila, Gizarte eta Giza Zientzien Saila, Deustuko Unibertsitatea.

2020ko otsaileko 28a (Arriaga aretoa): Literaturak zertan laguntzen digun; Xabier Monasterio, idazlea eta itzultzailea.

27 de marzo de 2020 (Arriaga aretoa): Remote control of gene expression in neurons Jimena Baleriola, Ikerbasque Research Fellow, Achucarro-Basque Center for Neuroscience.

Bilbo 3

Lekua: Bilboko Ingeniaritza Eskola, Gradu Aretoa, 1. solairua, A1 (P1A1). Torres Quevedo Ingeniaria Plaza 1

2019ko azaroko 29a: Pongamos cara a la acromegalia: Sonia Gaztambide, Endokrinologia eta Nutrizioa Zerbitzuko Burua, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; JAKIUNDEko kidea.

2019ko abenduaren 13a: Buruan daramazun ezkutuko hizkuntza: Itziar Laka, Gogo Elebiduna, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila, UPV/EHU, JAKIUNDEko kidea.

2020ko urtarrileko 24a: Evolution, disease and the colors of human skin; Santos Alonso, Genetika, Antropologia Fisiko eta Animalien Fisiologia Saila, UPV/EHU.

2020ko otsaileko 7a: Nuestra mente nos engaña; Helena Matute, Psikologia Esperimentaleko Katedraduna, Psikologia Esperimentaleko Laborategiko zuzendaria, Deustuko Unibertsitatea; JAKIUNDEko kidea.

2020ko martxoko 6a: Kantuetan dantzan, tradiziotik sorkuntzara; Iñaki Goirizelaia, Ingeniaritza Telematikoko katedraduna, UPV/EHUko errektore ohia, Amilotx dantza taldeko zuzendaria; JAKIUNDEko kidea.

Durango

Lekua: Bizenta Mogel liburutegia, Komentukalea 8

2019ko azaroko 15a: Kalamuaren alde ilunak; Koldo Callado, Farmakologia Saila, UPV/EHU.

2019ko abenduko 13a: ¿…De qué hablamos cuando hablamos de Arte?; Arantza Lauzirika, Arte Ederretako Fakultateko dekanoa, UPV/EHU.

2020ko urtarrileko 31a: Cómo Somos y Dónde Estamos; Ander Gurrutxaga, Soziologiako Katedraduna, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, UPV/EHU; JAKIUNDEko kidea.

2020ko otsaileko 28a: Programatzaile berrien portaera ezagutu datuen analisiaren bidez; Mª Luz Guenaga, Deusto LearningLab, Ingeniaritza Fakultatea, Deustuko Unibertsitatea.

2020ko martxoko 6a: From Haro to New York: A boat trip exploring the Earth´s subsurface through applied mathematics; David Pardo, BCAM-Basque Center for Applied Mathematics, UPV/EHU.

Izen-ematea:

Ikastetxeetako arduradunek hitzaldietara joateko interesa duten ikasleen izena eta bi abizenak bidali behar dituzte honako helbide elektronikora: akademia@jakiunde.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, telefono zenbaki honetara dei daiteke: 943225773.

The post Jakin-mina programa, 4. DBHko ikasleei zuzendutako hitzaldiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Kipchogeren 2 orduz azpiko maratoiaren atzean dagoen zientzia

Ar, 2019-10-22 09:00
Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz Urriaren 12an Eliud Kipchogek maratoia 2 ordu baino denbora laburragoan amaitzea lortu zuen. Marka ez da ofiziala izango ez direlako bete IAAF atletismoaren erakundeak (International Association of Athletics Federations) ezartzen dituen baldintzak, baina historiara pasako da, lehen aldiz gizakia 2 orduko langatik jaisteko gai izan baita. Lasterketa honetan kenyarrak lortu duen markak, berak dioen bezala, gizakiak ez daukala mugarik erakusten du.

Kipchogek 14 maratoitan parte hartu du eta, bat izan ezik, guztiak irabazi ditu. Hain zuzen ere, munduko errekor ofiziala dauka (2h 1m 39s), 2018an Berlinen lortutakoa, kirol honetan duen nagusitasuna argi uzten duena. Hala ere, esan beharra dago maratoi hau 2 ordu baino denbora gutxiagoan osatu ahal izateko zeregin garrantzitsua izan duela zientziak.

1. irudia: Eliud Kipchoge korrikalaria. (Argazkia: Michiel Jelijs / Flickr.com, CC BY 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Hasteko, leku egokia aukeratu dute froga egiteko: Vienako Prater parkea. Parkea guztiz laua da eta, 42 Km-ko distantzia burutzeko, 4.4 bira eman behar izan dizkio. Horretaz gain, klimak berebiziko garrantzia dauka; hori dela eta aukeratu dute Viena. Urteko sasoi honetan aproposa da bertako tenperatura lasterketa honetarako: larunbatean 8-12 °C-ko tenperatura izan zuten. Adituen arabera maratoi bat egiteko tenperatua egokiena 10 °C ingurukoa da eta hezetasunak baxua izan behar du.

Altitudea ere garrantzitsua da: Kipchogek Kenyan entrenatzen du 2400 metroko altitudean. Airearen oxigeno ehunekoa konstantea da altitude desberdinetan (% 21ekoa), baina altitude altuagoetan presio atmosferikoa txikiagoa da, eta horrek oxigenoaren presio partziala murrizten du. Esaterako, 2400 metroko altitudean oxigeno kantitatea laurden bat murrizten da, oxigeno-kontzentrazio efektiboa % 16koa delarik. Viena itsasoaren mailan dagoenez, oxigeno gehiago dago eskuragarri eta abantaila da hori. Hain zuzen ere, altitude handietan entrenatzearen abantailak asko ikertu dira.

Haizea da kontuan hartu den beste faktore bat. Maratoian 41 erbik hartu dute parte Kipchoge haizetik babesteko. Ibilbidean zehar elkar txandakatzen zuten, Kipchogek 7 erbi eduki zitzan uneoro babesle. Haizearen abiadura eta norabidearen arabera erbiak posizio desberdinetan kokatu dira haizearen eragina murrizteko.

Horretaz gain, auto elektriko baten laguntza izan dute. Autoak laser batekin ibilbide eta abiadura egokia adierazi ditu zoruan eta korrikalariek aurreikusten ziren denborak bete dituzte uneoro. Autoak hesi gisa ere jokatu du haizea murriztuz.

2. irudia: Besteak beste, lekua, altitudea, haizea eta oinetakoak funtsezko elementuak izan dira Eliud Kipchoge kirolariak lortutako azken emaitza eskuratzeko. (Argazkia: SAM7682 – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Beste alderdi garrantzitsu bat erabilitako oinetakoak izan dira: Kipchogek proba honetan Nike ZoomX Vaporfly Next% oinetakoak erabili ditu. Oinetako hauen garapenean puntako teknologia eta materialak erabili ditu Nike etxeak. Zapatila hauek zenbait geruzaz osatuta daude eta bakoitza era egokian diseinatu da material aproposak erabiliz.

Oinetakoaren gainazala iragazkorra da oina lehor mantentzeko eta lokarriak desbideratuta daude oinaren goialdean presioa murrizteko. Orpoan aparrezko kuxin bat daukate poliuretanozkoa izan daitekeena, Akilesen tendoiari erosotasuna emateko. Tarteko zolan zenbait geruza daude zein bere materialez osatuak daudenak eta galera energetikoa murrizten dutenak: aparrezko geruza bat, karbonozko zuntzak dituen geruza eta material konpositez osaturiko beste geruza bat. Beheko zolak zirrikitu ugari ditu mugikortasuna handitzeko eta kautxuz egina dago. Zapatila hauekin oinak lurra jotzen duenean indarrak aipatutako geruzak zeharkatzen ditu oinetakoaren gainazal osoan banatuz. Horretaz gain, oinetako hauek oso arinak dira, bakoitzak 190 g inguru pisatzen baitu.

Gaur egun, marka honi ofizialtasunik onartu ez dioten arren, erronka honek argi utzi du Kipchoge atleta bikaina dela. Horretaz gain, argi gelditu da etorkizunean betekizun garrantzitsua izango dutela teknologiak eta zientziaren aurrerapenek lasterketetan markak hausteko orduan.

Iturriak:

  1. Ineos 1:59 Challenge.
  2. Wikipedia.
  3. Peacock, A.J. (1998). Oxygen at high altitude, BMJ, 317(7165), 1063–1066. DOI: 10.1136/bmj.317.7165.1063.
  4. Believe in the run.

———————————————————————————-

Egileez: Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz UPV/EHUko Kimika Fakultatearen, Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko ikertzaileak dira Polymat Institutuan.

———————————————————————————-

The post Kipchogeren 2 orduz azpiko maratoiaren atzean dagoen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Gorri guztiak dira deigarriak

Al, 2019-10-21 09:00
Ekaia Txapartegi Soineko gorri bat edozein festa, terraza edo saraotan nabarmentzen da. Jantzi gorri batek gure arreta erakartzen du, baina galdetu al diozu zeure buruari zergatik ote den?

1. irudia: Arrosa gorria. (Argazkia: Peggy Choucair / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Zuria, beltza eta gorria

Linguistikoki, «gorri» lehena da, lehen hitz kromatikoa, gainerako koloreen senide nagusia.

Giza kultura batzuetan ez da hitzik sortu kolore batzuk izendatzeko; esaterako, «horia», «arrosa» edo «marroia». Aldiz, guztiek bereizten dituzte eguna eta gaua. Ikus daitekeena eta ezin daitekeena ikusi. Nolabait, giza hizkuntza guztietan bereizten dira «zuria» eta «beltza», «argia» eta «iluna». Baina hortik aurrera, kultura batzuek ez dute hitzik sortzeko beharrik sentitu zenbait kolore izendatzeko.

Hizkuntzen bilakaeran, ordea, une jakin batetik aurrera, gizarteak kanpoko itxurari (koloreei) erreparatuta izendatzen ditu gauzak. Eta, gauzak zer diren, ia beti, funtzio hori betetzeko sortzen den lehen hitza, zuriaz eta beltzaz gain, gorria da.

Hizkuntza antropologiari esker, badakigu giza hizkuntza batek kanpoko itxura izendatzeko hiru hitz bakarrik erabiltzen baditu, hiru hitzok «argi», «ilun» eta «gorri» direla. Bistan da, psikologo kognitibo ororen arreta erakartzen du horrek. Koloreen artean berezia izan behar da gorria; izan ere, hizkuntzalaritzan bederen, ia beti da lehen kolorea. Edo, bestela esanda, izango du zerbait, bizitasun bereziren bat, beti egokitzen baitzaio lehena izatea, senide nagusia.

Koloreak atera zizkion

Lehen kolorea izanik, normala da hizkuntza batzuetan gorriak «kolore guztiak» edo «edozein kolore» adieraztea. Komantxez, esaterako, gorri eta kolore sinonimoak da. Greziera klasikoan ere, chroma hitzaren erroa chros da, giza larruazala ere izendatzen duena, edo, oro har, kanpoko itxura. Gainera, okre hitzak erro bera du; jatorrizko gorria.

Baina ez dago zertan hainbeste urrundu. Zer da, bada, «koloreak ateratzea», lotsagorritzea ez bada?

2. irudia: Txinan ohikoa da faroltxo gorriak zintzilikatzea Urte Berri txinatarrari ongietorria emateko. (Argazkia: Dileep Kaluaratchie / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Era berean, garatzeko denbora tarte handiena izan duen kolorea da. Beti esaten da inuitek hogeitaka hitz dituztela zuria izendatzeko, baina ez da hain ezaguna, esaterako, maoriek beste hainbeste hitz edo are gehiago dituztela gorriaren unibertso konplexua izendatzeko.

Fruituak gorri, hostoak berde

Gorri guztiak dira deigarriak, baina nondik datorkie bizitasun berezi hori?

«Arrosa gorri bat oparitu zion, eta mutikoari, herabea bera, koloreak atera zizkion». Literatura erromantikoaren pintzelkadek gorritu dituzte amodioa, pasioa, erakarmena eta plazera. Loreen eta larruazalaren pigmentua da. Baina, baina, baina… natura ez da hain erromantikoa. Biologiari erreparatuta, gorria ez da amodioaren eta landareen emaitza, gosearena eta fruituena baizik.

Lehen kolorea izate horren azalpen ebolutiboa ederra da, baiki. Giza gorputzaren beste funtzio biologiko batzuen aldean, ikusmen trikromatikoa orain gutxi samarrekoa da; duela 30 edo 40 milioi urte eratu zen. Trikromatiko esaten zaio hiru ardatz dituelako: zuria/beltza ardatza, urdina/horia ardatza eta, azkenik, gorria/berdea ardatza. Hirugarren ardatz hori, garatu zen azkena, beste tximino trikromatiko batzuek ere badute. Gainerako animaliek (txoriek, arrainek, intsektuek, etab.) bestelako espektro kromatiko batzuk garatu dituzte.

Zer arrazoi ebolutiborengatik garatu zuten tximino jakin batzuek hirugarren ardatz hori (gorria/berdea)? Hona azalpen laburra: biltzaileak ginen. Aurrerapauso ebolutibo itzela izan zen kolore gorria ikusi ahal izatea berdearekin kontrastean. Hala, begi kolpe bakarrean hauteman genezakeen fruitu guri eta desiragarria hosto berde zaporegabeen artean.

3. irudia: Basamarrubiak. (Argazkia: Hagar Lotte Geyer / Pixabay – Pixabayren lizentziapean)

Kolore gorria, beraz, tximu biltzaileek fruitu helduak hostoetatik bereizi ahal izateko garatu zuten ikusmen teknologiaren emaitza ebolutiboa da. Horregatik da urrunetik, begi kolpe bakarrean eta ahalegin berezirik gabe bereizten den kolorea.

Garapenaren aldetik, gorriak jatekoa esan nahi du, hala nola zaporetsua eta zuhaixka hostoek gordetako fruitua. Era berean, harrapakina esan nahi du; animalia belazean. Azken batean, udaberria sasoi betean iritsi dela esan nahi du.

Beti forma, inoiz ez hondo

Horregatik, kolore gorriak nabarmen bereizten ditu forma eta hondoa. Gorria beti da forma, inoiz ez hondo.

Maiatzean, Gipuzkoako Campusean (UPV/EHU) kolore gorriari buruz egin zen erakusketa berezi batean, Manuel Bocanegra margolariak obra paradoxiko bat aurkeztu zuen. Gorriz margotutako marko huts bat.

Zergatik ez dira gorriz margotzen koadroen markoak? Marko gorri batek margolana hondora bultzatuko lukeelako, eta pareta bihurtuko litzatekeelako marko. Manuel Bocanegrak nahita utzi zuen hutsik markoak inguratutako espazioa, zernahi jarrita ere, edozer bihurtuko litzatekeelako paisaia; adibidez, markoari eusten dion pareta bera.

4. irudia: Manuel Bocanegraren “Etenaldia” artelana. (Egilea: Ekai Txapartegi)

Gorria aurre-aurrean ikusten dugu, eta gainerakoa hondora arrastatzen du. Horren adibide da sasi artean andere-mahatsak banan-banan biltzea; mekanikoki egiten dugu ia, begia eta eskua bat-batean koordinatuta. Andere-mahatsa ez dena, hondoa da, ikusi ere egiten ez den zer bat. Ez dago besterik, begiek aurre-aurrean ikusi duten gauza gorrira doa eskua.

Begira niri, hemen nago!

Zerbait nabarmendu nahi baduzu, margotu gorriz. Esaterako, seinale garrantzitsuenak, zirkulaziokoak eta larrialdietakoak. Erresuma Batuan postontziak berdez margotzeko burutazio okerra izan zuten. Berriz margotu behar izan zituzten 1874. urtean, baina orduko hartan gorriz, oinezkoek tupust egiten baitzuten postontzi berdeekin. Psikologikoki, gorria da kolorerik deigarriena. Atentzioa gehien ematen duena.

Gorria da nagusi. Testuak zuzentzeko, adibidez, gorria erabiltzen da. Edo freskagarri pote ezagun hori; gure begientzako iman ahaltsu, kapitalismo instintiboenaren ikur.

Gorriz janzten bada, dardara eragiten du, berehala bihurtzen delako desiraren objektu. Naturak duela milioika urte ikasi zuen amarru hori, eta gorriz margotu zituen fruituak, baita gure gorputzaren alderdirik erotikoenak ere: ezpainak, bularra eta genitalak.

Funtsean, gorri guztiak dira deigarriak, eta ozen mintzo dira, lotsagabe: «Begira niri, hemen nago! Gainerakoa ez zaizu axola».

———————————————————————————-

Egileaz: Ekai Txapartegi (@ekainet) UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da.

———————————————————————————-

Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation gunean argitaratu zen 2019ko abuztuaren 12an: Todos los rojos son chillones.

The post Gorri guztiak dira deigarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #273

Ig, 2019-10-20 09:00
Uxue Razkin

Neurozientzia

Txorien garunean oroimen faltsuak txertatzea lortu dute, zehazki, txori kantari bati abesti baten zatiak “irakatsi” dizkiote. Bai, ondo irakurri duzue. Zientzialariek Taeniopygia guttata espeziarekin egin dute esperimentua, garapenean gizakiak dituen antzeko ezaugarri batzuk komunean dituelako. Gizakiek hitz egiten ikasteko duten modua hobeto ezagutzen lagun dezake ikerketak, zientzialarien arabera. Ikerketaz gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!

Teknologia

Itzultzaile neuronal bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, adimen artifiziala oinarrian duena. Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu. Aurrekoekin konparatuz gero, badirudi gailu berri hau hobeagoa dela. Jaurlaritzak argitu du itzultzaile honen izaera: ez du itzultzaileen lana ordezkatuko, laguntza gisa erabiltzeko da, besterik ez. Eta jakina, akatsak egin ditzake. Probako bertsioa saretu dute oraingoz, hemen duzue ikusgai: Euskadi.eus/itzultzailea.

Sustatu.eus-en irakur daitekeen moduan, urtebetean, hiru itzultzaile neuronal aurkeztu dituzte: orain saretu denaz gain, iaz, Modela.eus aurkeztu zuten eta aurten, Batua.eus-en berri eman dute. Artikulu honetan, gailuei buruzko xehetasunak aurkituko dituzue.

Puntueus Fundazioak proiektu oso poetiko bat abiatu du. Euren helburuetako bat da poesia sortzea programazio hizkuntzen sintaxia erabilita. Gainera, nahi duen orok ekarpenak egin ditzake kodepoesia.eus atarian. Kodeak eta poesiaren ezkontza gertatu da ikerlan honetan eta zerbait artistikoa egin du Manex Garaiok, proiektuaren sortzaileetako batek. Bere hitzak irakurtzeko aukera izango duzue Berrian argitaratu duten elkarrizketa honetan.

Kimika

UPV/EHUko eta Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek plastiko-mota erabat birziklagarri eta berri bat garatu dute. Gainera, azaldu dutenaren arabera, egun erabili ohi diren plastiko bilgarrien ordezkoak baino hobea da eta plastikoaren ekonomia zirkularra bultzatzen du. Ikertzaileek diote ez dela erraza polimero biodegradagarri onak lortzea. Ikerketa honetan lortu duten materiala ez da biodegradagarria baina kimikoki birzikla daiteke. Elhuyar aldizkarian topatuko duzue informazio gehiago.

Klima larrialdia

Artikoan dagoen permafrosta, urte osoan urtzen ez den lur izoztua, desizozten ari da pixkanaka. Ikertzaileen ustez, mende amaierarako zatirik handiena galdu egingo da ez badira neurri zorrotzak hartzen. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak duela bi aste argitaratu zuen aurtengo txostena eta datuak ez dira oso itxaropentsuak: “Horrek arriskuan jar dezake jendea, luiziak, elur-jausiak, lur-jausiak eta uholdeak eragin ditzakeelako, besteak beste”. Datuen arabera, 2100. urterako, gaur egungo gas igortzeak mantenduz gero, izotz masaren %80 galduko dute Europan, Afrika ekialdean, Andeetan eta Indonesian aztertu dituzten glaziarrek.

MJ Sexual and Reproductive Health aldizkarian esan dute klima larrialdiari aurre egiteko antisorgailuen erabilera aintzat hartu behar dela. Munduko gainpopulazioaren auzia kontuan izanik, antisorgailuak giltzarria izan daitekeela adierazi dute. Izan ere, urtero munduan desio ez diren 99 milioi haurdunaldi izaten da; haurdunaldi guztien % 44. Ez galdu Elhuyar aldizkariak gerturatu digun informazio hau.

Albaitaritza

Badakizue zein den zebra marren funtzioa? Zientzialari batzuek zenbait hipotesi proposatu dituzte. Adibidez, kamuflatzeko, beroari aurre egiteko eta intsektuak uxatzeko balio dutela iradoki dute. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, oraingoan, ikerketa batek frogatu du intsektuen ziztadak saihesteko balio duela. Ikerketa Japonian egin dute eta emaitzak ikusita, ikertzaileek diote behiak marraz margotzea intsektizidak ordezkatzeko metodo egokia izan daitekeela.

Osasuna

Anisakisa zer den badakizue? Itsas animalien nematodo parasitoak dira eta gure espezian anisakidosi izeneko gaixotasuna eragin dezakete. Gaixotasun horren lehen kasua 1876an ezagutu zen. Espainian, lehen anisakis infekzioa 1991n jazo zen, 41 urteko gizonezko bat infektatu zen, baina ez zuten zehaztu nola kutsatu zen nematodoarekin. Hortaz, arriskutsua da arraina gordinik edo gutxi eginda kontsumitzea, baita arrain gazitua edo ketua ere.

Matematikak

Artikulu honetan azaltzen digutenez, konposizio metodoek Ekuazio Diferentzial Arruntak (EDAak) ebazteko oinarrizko zenbakizko integrazio-metodo bat modu egokian konposatuz emaitzak hobetzeko aukera ematen dute. Lan honetan bigarren ordenako zehaztasuna duen oinarrizko integratzaile simetriko bat erabiliz lortzen den konposizio metodo simetrikoei erreparatu diete.

Astrofisika

Asteon, Marcia Neugebauer geofisikaria izan dugu protagonista, berak argitu zuen eguzki-haizearen fenomenoa. Eguzkitik etengabe ateratzen den karga elektrikoa duten partikula korronte bat da eta ekaitz geomagnetikoen, auroren eta kometek askatzen duten gasen atzean dago. Marcia eguzki-haizearen neurketak egin zituen lehen ikertzailea izan zen. Gainera, fenomeno horren ezaugarriak (tenperatura eta abiadura, esaterako) aztertu zituen, baita eguzki-haizearen eta kometen arteko elkarreragina ere.

Exoplaneta batzuek Lurraren eta Marteren antzeko propietate geokimikoak dituztela ondorioztatu dute ikerketa batean. Elhuyar aldizkarian irakurtzeko aukera izan dugunez, exoplanetek nano zuri baten kontra talka egitean utzitako arrastoak, eta planeta haien oxidazio-mailak aztertu dituzte ikertzaileek.

Genetika

Giza enbrioien genomak editatzeko orduan alderdi batzuk hartu behar ditugu kontuan. Lehenik eta behin, giza enbrioietan gene-edizioen segurtasuna bermatu behar da. Horretaz gain, mosaizismoari erreparatu behar zaio. Koldo Garciak azaltzen digun moduan, uste zena baino ohikoagoa baita pertsona baten zelulen artean ezberdintasunak egotea gene-sekuentzian. Eta hori gene-edizioa egiteko arazo bat da. Saiakuntza klinikoei dagokienez, nolakoak izan behar dute? Eta azkenik, mundua prest al dago gene-edizioa erabiltzeko? Hausnarketarako artikulu interesgarria!

Biologia

IUCN erakundeak argitaratu berri duen ikerketa batean azaldu du Europako 454 zuhaitz espezieetatik %42 mehatxupean daudela. Zerrenda gorri horretan agertzen den espezietako bat eukaliptoa da. Txostena ez da “alarmista”, Jorge Curiel Ikerbasqueko irakaslearen aburuz: “Hau errealitatea da: Europako basoak sufritzen ari dira”. Euskal Herrian, adibidez, kezkatuta daude Pinus radiata landaketekin. Eta nork eragin du egoera hau? David Allen IUCNko Tokian Tokiko Bioaniztasun Azterketa taldeko kideak azaldu du giza ekintzen kalte zuzenak “dezenteko arazoa” diren arren, “mehatxu nagusia sarturiko espezie inbaditzaile eta kaltegarriak dira”.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #273 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #280

La, 2019-10-19 20:23

Bryan Caplan ekonomialariaren iritziz, ikasteak dirua eta denbora galtzea dakar. Jesus Zamora Bonilla irakaslea ez dator bat horrekin: Caplan’s ‘case against education’ (1).

Terminator etorkizuneko androidea izateaz gain, bere burua modu harrigarrian konpontzen duen polimeroa da. Mikel Irigoyenek kontatzen digu: Terminator: self-healing does no longer belongs to fiction only.

Masa txikia duten objektuek eragindako grabitazio-lentea efektua uhin grabitazionaletan, hurrengo finketa izan daiteke astronomiaren multimezularitzan. Honek aldagai kosmologikoak mugatzen lagunduko luke, besteak beste, neutrinoaren masa. DIPCko ikertzaileak horren garapen teorikoan parte hartu dute: Signatures of microlensing in gravitational waves.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #280 appeared first on Zientzia Kaiera.

Kategoriak: Zientzia

Orriak