Paleodieta beti ez zen uste genuen modukoa
Urte luzez historiaurreko dietari buruz egon den estereotipo bat zalantzan jarri dute Marokon aurkitutako datu berriek: Neolito aroaren aurreko populazio batek landare jatorriko elikagai ugari jaten zuen.

Haragiaren kontsumoa gizakiaren eboluzioan funtsezkoa izan zelako ideia luze eta zabal hedatuta dago, eta, hein handi batean, aditu gehienak bat datoz esatean haragiak berebiziko garrantzia izan zuela, batez ere, garunaren garapenerako beharrezko energia izatea ahalbidetu zielako gure arbasoei. Baina horrek ez du halabeharrez esan nahi Neolito Aroaren aurreko gizakiek haragia baino jaten ez zutenik.
Dena dela, hain garai urrunetan zer nolako elikadura izaten zen jakitea ez da batere erraza. Izan ere, dieta nolakoa zen ezagutzeko, arkeologiak ez du asko laguntzen. Edo, hobeto esanda, laguntzen du, baina hala moduz, denbora luzean kontserbatzen diren arrastoak baino ez direlako geratzen aztarnategietan. Hala, gehienetan, mantentzen direnak hezurrei edo —kostaldeko populazioen kasuan— moluskuei lotuta daude.
Esan beharrik ez dago horrek isuri kognitibo erraldoia dakarrela garaiko gizakien bizimoduen gaineko ulermenerako, baina, zorionez, bide horretan laguntzen duten teknika berriak garatzen eta izugarri hobetzen ari dira azken urteotan. Plaza honetara behin baino gehiagotan ekarri dugun teknika horietako bat da isotopoen analisia, eta, oraingoan ere, bide horri eutsita nobedade interesgarriak dakartzate zientzialariek besopean.
Nature Ecology & Evolution argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute iberomauritaniar kulturako gizakien arrastoen analisietatik ondorioztatutakoa. Aurkitu dute duela 15.000-13.000 urte inguru gaur egungo Marokon bizi zen ehiztari-biltzaileen populazio horrek landare jatorriko produktuetan zuela proteina iturri nagusia. Klima-aldaketa sakoneko garaia izan zen ordukoa, azken hotzaldi handiaren ostean beroketa handia gertatu zelako, eta Holozenoa abiatu zen.
Ondorio horretara iritsi dira Taforalt izeneko haitzuloan aurkitutako 25 hortz eta zazpi hezur analizatu ostean. Zehazki, hortzetako esmaltean dauden zink eta estrontzio isotopoak aztertu dituzte, eta horietan aurkitu dituzte argudiorik indartsuenak proposatzeko beren dieta nagusiki landareetan oinarritzen zela. Horiez gain, hezurretako kolagenoan ere nitrogeno eta karbono isotopoen arabera ondorioztatu dute alde gutxiago zegoela gizaki horien eta animalia belarjaleen artean, Europan eta Asian Goi Paleolitoko beste aztarnategiekin alderatuz.
Isotopoetan ez ezik, inguruabar arkeologikoek ere berretsi dituzte emaitzak. Izan ere, aztarnategian erretako ezkurren, pistatxoen eta basa-oloen arrastoak aurkitu dituzte. Horiekin batera, ehotzeko tresnak ere aurkitu dituzte. Gauzak hala izanik ere, haragi kontsumoaren zantzuak ere agertu dira, ebaketa markak aurkitu dituztelako ardi eta gazelen hezurren arrastoetan.

Beste kontu interesgarri bat azaleratu dute arrastoek. Aztertutako norbanako baten kasuan, aurkitu dute goiz kendu ziotela titia. Ikertzaileen irudikoz, horrek adierazi lezake almidoia duten elikagai begetalak eman ahal zizkiotela umeari, ehiztari-biltzaileen gizarteetan horrelako portaerak ohizkoak ez diren arren. Are, proposatu dute hau ohiko portaera izan ahal zela, eta urtebete inguru zutenean kentzen zietela titia haurtxoei, landare jatorriko dieta batera igaroarazteko. Hau posible bide zen zerealen moduko elikagai bigun eta erraz digerigarriak eskura zituztelako, ikertzaileen arabera.
Atzemandako karies aztarnek ere berresten dute karbohidrato ugari hartzen zituztelako ideia. Aurretik egindako beste ikerketa batek agerian utzi zuen populazio hauek arazo oso larriak zituztela hortzetan, eta une horretan ere pentsatu zuten hartzigarri diren landareetako karbohidratoak izan ahal zirela arazo horien iturria.
Klervia Jaouen egileak prentsa ohar batean azaldu dutenez, “teknika isotopikoak erabilita dieta paleolitiko batean landare jatorria duen horren zati handia dokumentatzen den aurreneko aldia da hau seguru aski”.
Horregatik guztiagatik uste dute agian talde hori sedentarismorako trantsizioan ari zirela jada. Izan ere, Ekialde Hurbileko lehen nekazariek izan zituzten dieten parekoa zela azaldu dute ikertzaileek. “Nekazaritza aurreko giza taldeetan animalia proteinen dependentzia handia zegoelako ideia zalantzan jartzen du dieta patroi desberdin honek”, erantsi du Zineb Moubtahij ikertzaileak.
Ikertzailek azaldu dute lortutako emaitzek beste behin agerian utzi dutela giza espeziearen arrakastaren ezaugarri nagusienetako bat malgutasuna izan dela; kasu honetan, dietarekiko. Hots, inguruaren eta bertan zeuden baliabideen arabera, elikadura aldatzeko gaitasuna zutela. Norabide honetan, gizakiak beren elikadura ohituretan “erresilienteak eta malguak” direla nabarmendu du Moubtahijek, modako terminoari eutsita.
Aurretik ere halako portaeren zantzuak baziren, baina probatzeko zailagoak. Kasurako, Alacanten aurkitutako gorozki arrastoen analisi molekularrean oinarrituta 2014n argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu zuen duela 50.000 urteko neandertalek ere landare jatorriko produktuak kontsumitzen zituztela.
Egileek uste dute nekazaritza agertu aurretik ere gero eta landare gehiago kontsumitzen zirela —kasurako, Israelego iparraldean duela 23.000 urteko zereal aleak ere aurkitu direla gogora ekarri dute ikertzaileek—.
Bestetik, Taforalt haitzuloan egindako analisi batzuek sedentarismo zantzuak aurkitu dituzte, bai eta kanaberaz egindako saskigintza ere. Sedentarioak izan zirela uste da hilerriak aurkitu direlako zonaldean —Taforalt da horietako bat; bertan helduak, nerabeak eta haurrak ehortzi zituztelarik—, eta aterpeak sarritan berrerabiliak izan zirelako.
Landareetara jotzeko arrazoiari dagokionez, ikertzaileek uste dute hainbat faktore egon ahal zirela, baina nagusiena izan zela gizakiek ehizatzen zituzten animalia erraldoien iraungitzea.
Bestetik, urtaroen arabera moldatzen ziren ere. Ikertzaileek uste dute landareen kontsumoa bideratuta egon ahal zela ehizatzeko animaliak eskasak ziren uneetan elikatzera.
Erreferentzia bibliografikoa:Zineb Moubtahij et al. (2024). Isotopic evidence of high reliance on plant food among Later Stone Age hunter-gatherers at Taforalt, Morocco. Nature Ecology & Evolution, 8, 1035–1045. DOI: 10.1038/s41559-024-02382-z
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Paleodieta beti ez zen uste genuen modukoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Pirinioetako larreetan biodibertsitatea indartzeko gakoak identifikatu dituzte
Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako bazkalekuetan biodibertsitatea sortzeko eta mantentzeko kudeaketako jardunbide gakoak identifikatu dituzte. UPV/EHUko FisioKlima-AgroSosT taldeak, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa elkarlanean aritu dira ezterlan honetan.
Landa-garapeneko eta biodibertsitatea kontserbatzeko Europako estrategiek aspalditik onartzen dute balio natural handiko abeltzaintza-sistema estentsiboek duten garrantzia. Hala ere, inguru horietako asko gaur egun mehatxupean daude, intentsifikazioagatik eta lurrak utzi egiten direlako. Balio natural handiaren (high natural value, HNV) kontzeptuak edo adierazleak barruan hartzen ditu biodibertsitatea mantentzen laguntzen duten eta horretarako garrantzia duten landa-sistema guztiak. Hainbat lan egin dira paisaiaren eskalan balio natural handia duten guneak identifikatzeko. Oso urriak dira, ordea, kudeaketa-unitate oinarrizkoenen –hau da, partzelen– mailako ikerlanak.

UPV/EHUko FisioKlima-AgroSosT ikerketa-taldeak eta erakunde laguntzaileek partzela mailako landa-ikerketa zabala egin dute. “Partzelaz ari garenean erabilera-unitateen eskalaz ari gara —erabilera eta jabe bakarreko larreak—“, azaldu du Iker Pardo Guereñok, UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologiako saileko irakasleak. Horretarako, “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetako 144 partzela inguru ikertu ditugu, eta metodologia bat garatu dugu haien balio naturalaren adierazle bat lortzeko, islatzen duena zeinen intentsiboa den erabilera eta zer ekarpen egiten dion biodibertsitateari”, azaldu du Pardok.
Adierazle berri hori zenbait indizetan oinarrituta dago, zeinek batera biodibertsitatearen ebaluazio osatuagoa ematen baitute ohiko adierazleek baino (esaterako, espezieen aberastasuna). Gainera, “datuak erraz jaso daitezke lekuan bertan, eta horrek aukera ematen du espezializatu gabeko jendeak parte hartzeko (adibidez, nekazariek edo abeltzainek), beren lurren edo larreen balio naturala ebaluatzen eta haien jarraipena egiten”.
Biodibertsitatea hobetzen laguntzen duten faktoreakHonako hau da ikerlanaren ondorioa: “Nafarroako mendebaldeko Pirinioetan azienda-mota da larrearen balio naturala zehazten duen faktore garrantzitsu bat. Zaldi-azienda, ardi-azienda edo biak nahastuak zituzten partzelek nabarmen balio natural handiagoa zuten behi-azienda zutenek baino”.
Horrez gain, Pardok azpimarratu duenez, “lehentasuna eman behar zaio era estentsiboan eta tratamendurik gabe (landatzea eta/edo ongarritzea) erabiltzen diren bazka-partzelak babesteari eta kontserbatzeari, balio natural handia baitute. Nekazaritzako politikek indartu egin beharko lukete dauden belarretarako larre eta bazkaleku erdinaturalak lehengoratzea, mantentzea eta kontserbatzea, eta esku-hartzeak diseinatu beharko lituzkete, utz edo intentsifika ez daitezen. Pirinioetan, belarretarako zelai tradizional asko belardi artifizial bihurtu dira, eta horrek, azterlan honetan agerian utzi denez, balio natural handia galtzea dakar. Hortaz, lehentasuna izan beharko luke egoera hori lehengoratzeak”, gaineratu du UPV/EHUko ikerlariak.
Azkenik, “Europar Batasuneko Natura 2000 sare ekologikoan sartutako partzelek naturaltasun-balio nabarmen handiagoak zituzten haren kanpo daudenek baino. Dena den, Natura sareak egindako ekarpena aztertzeko denborari-testuinguruari erreparatu behar zaio; izan ere, litekeena da Natura 2000 sareko partzelen egoera ona izatea dagoeneko sarean sartu zirenean”, argitu du Iker Pardok.
Balio naturalaren indizea berariaz Pirinioetako larreekin probatu zen arren, “ikusmolde hori abeltzaintzako edozein gune edo eskualdetara zabaldu liteke, adierazleak tokian tokiko egoerara egokituz gero”. Orobat, “proposatutako landa-azterketaren metodoa hain da soila, ezen indizea egokia baita aztertzeko biodibertsitatearen arloan arrakasta duten ala ez nekazaritzako eta ingurumeneko dirulaguntzen bitartez lagundutako jardunbideek”, gaineratu du Iker Pardok.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Jardunbide gakoak identifikatu dituzte mendebaldeko Pirinioetako landa-inguruko biodibertsitatea indartzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:Pardo, Iker; Zabalza, Silvia; Berastegi, Asun; Ripoll-Bosh, Raimon; Astrain, Carlos (2024). Assessment of determinants of high nature value (HNV) farmland at plot scale in Western Pyrenees. Journal of Environmental Management, 349. DOI: 10.1016/j.jenvman.2023.119516
The post Pirinioetako larreetan biodibertsitatea indartzeko gakoak identifikatu dituzte appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #490
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Ekainaren 4an, Bilbon, Generoa eta zientziaren komunikazioaren bigarren edizioa ospatu zen. Hainbat profesionalek parte hartu zuten, eta agerian geratu zen genero-ikuspegia duen komunikazioa egiteko beharra. Zientzia-komunikazioak estrategiaz aldatu behar du, praktika profesionala eta irakaskuntza-praktika berrikusi behar ditu, azken finean, desorekak arindu behar dira. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Klima-larrialdiaKlima-larrialdiari buruzko NBEren azken konferentzian, herrialde aberatsek pobreei eman beharreko finantzaketaz aritu dira. Izan ere, hainbat ikerketek baieztatu dute herrialde txiroagoek jasaten dituztela Mendebaldeak ingurumenari egindako kalteen ondorio latzenak. Gasen isuriari dagokionez, Iparralde globaleko herrialdeek isuri gaindikinen %92 sortzen dute. Datu guztiak Berrian.
IngurumenaOzono-geruza suntsitzen duten substantzien mailak behera egin du atmosferan. Gehienbat hidroklorofluorokarbonatuen (HCFC) maila jaitsi da. Hauek berotegi-efektu handia eragiten dute baita ere, beraz, emaitza itsaropentsuak dira. 1987an adostu zen Montrealgo Protokoloan ozonoa suntsitzen duten substantzien ekoizpena eta erabilera arautzea, eta protokolo horri esker, 2040an dago ezarrita epemuga HCFCak erabiltzeari guztiz uzteko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaAitaren dietak semeen osasunean eragiten duela frogatu dute. Dietak aitaren espermatozoideetan aldaketak eragiten ditu. Adibidez, gantz ugariko elikagaiak kontsumitu zituzten gizonezkoen semeek joera handiagoa izan zuten arazo metabolikoak izateko. Saguetan egindako beste ikerketa batek horren arrazoia azaldu dezake; gantz askoko dieta baten ondodrioz, espermak transferentziazko RNA-zati gehiago ditu, eta mitokondrioen zenbait generen jardueran eragin dezakete. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
SoziologiaLankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du. Sexu, genero eta kolektibo ezberdinak haintzat hartzea garrantzitasua da, baita zientzian ere. Ikerketa bat inklusiboa izan dadin eta errealitatea eslatu dezan, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan. Emakume askorentzat, ordea, zaila izan daiteke lankidetza bat egiteko erabakia hartzea, askotan gizonen itzalean gelditzen baitira. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
ZoologiaElefanteek izenen antzekoak izan litezkeen deiak erabiltzen dituzte. Hala ondorioztatu dute Afrikako sabanako elefante basatien talde batekin egindako behaketetan. Ikertzaileek ikusi zuten elefanteak azkarrago hurbiltzen zirela eta dei gehiago erantzuten zituztela dei jakin bat eurei zuzendutakoa zenean, beste elefanteei zuzendutako deien kasuan baino. Horrek iradokitzen du elefanteek identifikatzen dituztela haiei zuzendutako deiak, eta seguruenik bakoitzak berea duela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
PaleontologiaNeandertal baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen. 18 arrasto dira, guztiak banako bakarrarenak direla uste dute, eta gutxienez, 150 mila urte izan ditzakete. Hala ere, 200.000-300.000 urte izan ote ditzakeen aztertzen ari dira, bertatik gertu topatu baitzituzten adin horretako leize-hartz batzuk. Testuingurua ikertzen jarraituko dute, kronologia zehaztu ahal izateko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
EHUko ikertzaileek dinosauro espezie ezezagun bat aurkitu dute Errioxan. Riojavenatrix lacustris izena jarri diote, eta espinosaurido bat da. Aurkitutako hezur fosiletatik ondorioztatu dute zortzi metro luze zela, eta 1,5 tonako gorputz masa zuela. Bi hanken gainean ibiltzen zen, eta nagusiki arrainak jaten zituela uste dute. Bere izen zientifikoak “Errioxako lakuko ehiztaria” esan nahi du. Informazio gehiago Berrian.
FisikaAzkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute. Ordenagailu klasikoak nahiko onak dira eginkizun askotarako, eta ikertzaileak hainbat urte daramatzate ordenagailu kuantikoek soilik ebatzi ditzaketen arazoen bila. Ikerketa berri batean, sistema kuantiko batzuen energia aztertzen ari zirela, galdera espezifiko eta erabilgarri bat aurkitu zuten, makina kuantiko batentzat erantzuteko erraza dena, baina klasiko batentzat zaila. Azalpenak Zientzia Kaieran.
AstronomiaEris Eguzki Sistemako bigarren planeta nano handiena da, Plutonen atzetik. 2005ean aurkitu zen, eta azalera oso zuria eta islatzailea du. Berriki, planeta nano horren barne-egiturari buruzko informazio gehiago lortu da, eta emaitzen arabera, ez da gorputz erabat zurruna. Badirudi nolabaiteko konbekzio-korronteak izan ditzakeela izotzez egindako tarteko geruzan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakEinstein: Jauzi kuantikoa Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komiki honetan Albert Einstein zientzialari entzutetsuarne bizitzari buruz hainbat datu bitxi ikasiko ditugu. Besteak beste, Patenteen Bernako bulegoan teknikari ibili zeneko bizipenak kontatzen dizkigu, bertan hasi baitzen Einstein denboraren inguruan pentsatzen. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #490 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #497
Gure giza ikuspuntu subjektibotik, unibertsoari buruz hitz egin ahal izan genuenean hasi zen unibertsoa. Juan F. Trillok Steven Mithenen liburuaren inguruko berria: The Language Puzzle: How it all began
Badirudi auto elektrikoek azkar kargatzeak eta autonomia nahikoa izateak arazo izateari utz diezaiokeela. Stable, high-energy-density and fast charging lithium-ion batteries
Dastamen-hartzaileak barrabiletan? Barrabiletan gustuaren hartzaileak daude. Taste receptors: not only in the mouth, not only for taste, JR Alonsorena.
Helizeno izeneko konposatu organiko batzuen kimikak, zeinen izena helizeak osatzen dituztelako sortzen baiten, gero eta interes handiagoa pizten du dituzten propietate estruktural eta optiko interesgarriengatik. DIPCko jendeak modu erraz bat asmatu du atomo metalikoak dituztenak sintetizatzeko. Synthesis of organometallic helicenes by simple combinations
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #497 appeared first on Zientzia Kaiera.
Zientzia-komunikazio arduratsu, anitz eta berdinzale baten alde
Komunikazioa espektatibak sortzen dituen jarduera da. Izan ere, helarazten dugun mezuak hartzailearengan eragina izatea espero dugu. Hala ere, komunikaziotik sortzen diren espektatiba horietan igorleak eta hartzaileak zeresana daukate eta kasu bietan bakoitzak egiten dituzten aukerek eragin zuzena daukate.
Komunikazioan egiten den aukeraketa oro ez da ariketa neutroa. Helarazi nahi den informazioa eta erabiliko diren hitzak aukeratzen dira eta berdin gertatzen da mezuaren tonuarekin. Gure gizartean, inguruan eta erakundeetan nagusi diren eskemez elikatzen da komunikazioa eta, ondorioz, errepresentazioak presente daude.

Gizarteko eskema horien erreprodukzioak isuriak, estereotipoak, aurreiritziak eta balio-iritziak indartu eta legitimatzen ditu. Hala ere, komunikazioa aldaketarako bidea ere izan daiteke eta aurretik gizartean ezarritako eskemak aldatzeko elementuan bihurtu. Baina aldaketak estrategien diseinuan eta gaur egun dauden dinamiketan eragiteko neurri zehatzak abian jartzea eskatzen du.
Hain zuzen ere, ekimen zehatzak eta horiek nola bideratu izan zen Generoa eta zientziaren komunikazioaren bigarren edizioan parte hartu zuten hainbat profesionalen mintzagaia joan den ekainaren 4an, Bilboko Iberdrola Dorrean. Euskal Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako ekimenak, UPV/EHUko Berdintasunerako Zuzendaritza, Iberdrola, Eusko Jaurlaritza eta EITBren laguntzarekin, agerian utzi du komunikazioak kontuan hartu behar duela zein testuingurutan ari den eta norbanako guztiak berdintasunetik barneratu behar dituela.
Zientzia-komunikazio arretatsua oinarriEulalia Pérez Sedeño, CSICeko Filosofia Institutuko Teknologia, Zientzia eta Gizarteko irakasleak eman zion hasiera jardunaldiari esanez “zientzia ez dela neutroa, nahiz eta zientzialari askok oraindik hori sinetsi”. Hori dela eta, zientziaren komunikazioa zientziaren izaera soziala kontuan hartuta egin behar da. Baina, zer esan nahi dugu zientziaren izaera sozialaz hitz egiten dugunean? Azpimarratu nahi dena da zientzia, gizakiek garatutako beste edozein jarduera bezala, ezin dela testuinguru soziokulturaletik at ulertu.
Zientzia komunitate zientifikoek testuinguru sozio-historiko zehatz batean egiten duten jarduera da. Testuinguru horretan, gainera, norbanakoaren egoera, gizartearen baloreek eta balio kulturalek eta taldearen eta norbanakoen lehentasunek praktika zientifikoan eragina daukate. Hori dela eta, zientzia komunikatzerakoan ezinbestekoa da gizartearen ikuspegitik egitea.
Alderdi sozial hori gizartea ulertzeko ariketa da eta, gizartea bere osotasunean ulertzeko, garrantzitsua da pertsona nagusiek osatzen duten kolektiboan arreta jartzea, Mireia Fernández-Ardèvol Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Informazio eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Komunikazio Digitaleko irakasleak azpimarratu zuen bezala.
Gizartea ezaugarri propioak eta ezberdinak dituzten gizabanako talde batek osatzen du. Hortaz, datuak modu agregatuan ematen direnean biztanle batzuen arazoak ezkutatzen dira. Horrela azaldu zuen Cecilia Castaño Collado Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Ekonomia Aplikatuko katedradunak. Castañok adibide bezala jarri zuen hainbat botika emakumeentzat kaltegarriak direla azaleratu izana. Orain arte ezkutuan egon den datua izan da ikerketa farmakologikoek gizonezkoen laginekin bakarrik egin dutelako lan eta, datuak modu agregatuan aurkezterakoan, errealitatea ez da bere osotasunean erakutsi.
Arantxa Iraola Alkorta kazetariak ere datuak ezkutatzeko arazoari heldu zion bere hitzaldian eta eskatu zuen asmo ona daukaten goiburuek ez dezatela errealitatea ezkutatu. Izan ere batzuetan, bokazioak sustatzeko asmoarekin edota berdintasun politiken emaitzak erakusteko, gizon eta emakumeak maila berean daudela ulertzera ematen duten goiburuak idazten dira. Eta errealitatea beste bat da.
Edozer komunikatzerakoan ezin da ahaztu astiro pentsatu eta ikuspegi zabal bat izateko komunikatzea kostu handia daukan ariketa dela. Ritxar Bacete González soziologoak azaldu zuen bezala, isurietan oinarritutako gogoeta azkar eta automatizatua oso erosoa da eta ez du energia edo gogo gasturik suposatzen. Ez da horrela gertatzen astiro eta pentsamendu kritikoan oinarritutako gogoetarekin.
Nahiz eta hezkuntza-sistema pentsamendu kritiko horren berme izan desparekotasunen igorle izan daiteke, Ana López-Navajas Valentziako Unibertsitateko filologo eta doktoreak azpimarratu zuen bezala. Ildo beretik, Pastora Martínez Samper Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) nazioarteko ekimenetarako ordezkariak eskatu zuen irakaskuntza-praktikak berrikustea eta aztertzea zer eta nola irakasten den, unibertsitate mailako irakaskuntzan genero ikuspegia txertatuz. Horrela sexu eta generoan oinarritutako desberdintasunen arrazoiak eta ondorioak identifikatu, ulertu eta aztertu ahal izango dira.
Betebehar horrek hezkuntza eta akademiako komunitatearen inplikazioa behar du. Konpromiso horrek, Koldo Garcia Etxebarria Genetikan doktore eta dibulgatzaileak zioen bezala, komunikazioa hobetzen lagunduko luke testuinguru aldaketarengatik. Izan ere, egungo testuinguruak ez dio mesederik egiten komunikazio eraginkorrari. Estrategia aldatu behar da eta komunitatearen lanaren ondorioa izan behar da. Zientzia eta komunikazioaren eragile ezberdinak biltzen dituen lana izan behar da.
Zentzu berean Irene Lapuente Aguilar hezkuntza-prozesuetan eta zientziaren komunikazioan adituak azpimarratu zuen komunikazio zientifikoa norabide bakarreko eredu batetik elkarrizketa eredura pasatu behar dela. Hau da, zientziaren komunikazio eraginkorra nahi badugu esparru akademikotik (adituak, alegia) (ezagutzarik gabeko) publikoari aritzen zaion defizitaren komunikazioa alde batera utzi behar da eta hartu-emanean oinarritutako elkarrizketa eredua sustatu behar da.
Beraz, zientzia-komunikazioak estrategiaz aldatu behar du, praktika profesionala eta irakaskuntza-praktika berrikusi behar ditu, eta dauden desorekak arintzen ahalegindu behar da, genero-ikuspegia duen komunikazioari helduz. Lan hori batera egin behar dugu eta, jardunbide arduratsuak bere gain hartuta, errealitate soziala erakutsi behar du zientzia-komunikazioak, aniztasunari so egin behar dio eta desparekotasuna eragiten duten diskurtsoak saihestu behar ditu. Erreferentzia bibliografikoak:- García-Jiménez, Leonarda; Torres-Morales, Susana y Díaz-Tomás, Juan Manuel (2022). El rol de la mujer en la ciencia y la docencia en la comunicación: análisis a partir de los programas universitarios en España. Revista de Comunicación, 21(2), 91-112. DOI: 10.26441/RC21.2-2022-A5
- Gértrudix Barrio, Manuel (2021). Medir la eficacia de la comunicación científica. En M. Gértrudix y M. Raja (ed. lit.) Comunicar la ciencia: guia para una comunicación eficiente y responsable de la investigación e innovación científica (121-147). Editorial Gedisa
- Gómez-Escalonilla, Gloria e Izquierdo-Iranzo, Patricia (2021). Género y comunicación en revistas y congresos científicos. Comunicación y género, 5(1), 1-11. DOI: 10.5209/cgen.77148
- Bernárdez Rodal, Asunción (2015). Mujeres en medio(s). Propuestas para analizar la comunicación masiva con perspectiva de género. Editorial Fundamentos
UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitatea.
The post Zientzia-komunikazio arduratsu, anitz eta berdinzale baten alde appeared first on Zientzia Kaiera.
Einstein: Jauzi kuantikoa
Albert Einstein Alemanian jaio zen 1879an, familia judu batean. Gaztea zela, Suitzara joan zen ikastera, eta hango nazionalizatea eskuratu zuen.

Patenteen Bernako bulegoan teknikari ibili zen hasiera batean, eta bertan aztertu behar zituen patenteetako askok denbora neurtzeko balio zuten. Horrek zer pentsatua eman zion denboraren inguruan.
Gerora, zientzialari entzutetsua bilakatu zen benetan. Masa eta energia lotzen dituen ekuazio ezagunaren egilea izan zen, eta bere lan esanguratsuneak erlatibitatearen inguruan egin zituen.

Naziek Alemaniako boterea eskuratu zutenean, Eisnteinek Estatu Batuetara egin zuen alde, bera judua zen eta. Bertan gelditu zen hil zen arte, Princeton-eko Unibertsitatean irakasle.
“Einstein: Jauzi kuantikoa” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Einstein: Jauzi kuantikoa
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar
- Urtea: 2021
- Orrialdeak: 48 orrialde
- ISBNa: 978-84-18410-47-5
Ikaselkar: Einstein, jauzi kuantikoa.
The post Einstein: Jauzi kuantikoa appeared first on Zientzia Kaiera.
Eris, planeta nanotik planeta “bigunera”
Jendearentzat oso ezezaguna den arren, Eris gure Eguzki Sistemako bigarren planeta nano handiena da, Plutonen atzetik. 2005ean aurkitu zen, eta eztabaida eta liskar handia sortu zuen astronomiaren munduan, planetatzat zer hartzen genuen birpentsatzera behartu baitzuen komunitate zientifikoa.
Eztabaida hori kategoria berri baten agerpenarekin amaitu zen (planeta nanoarena), zortzi planetako Eguzki Sistemara itzuli gintuena… baina bertan dagoeneko bederatzi planeta nano daude. Guzti horietatik oso gutxi ikusi ahal izan ditugu, Zeres eta Pluton kenduta. Izan ere, distantzia ikaragarriek bereizten gaituzte, eta gorputz horiei misio gutxi eskaini zaizkie.
Gorputz horiekiko distantziak eta haien tamainak eragiten dituzten zailtasunak gorabehera, teleskopio onenekin egindako Erisen behaketek aukera ematen digute planeta nano hori nolakoa izan daitekeen ezagutzeko.

Datu horien arabera, azalera oso zuria eta islatzailea du Erisek (eguzki argiaren % 96 islatzen du), eta horrek Plutonenarekin kontrastatzen du. Izan ere, azken horrek askoz ere argi gutxiago islatzen du eta, neurri handi batean, kolore gorrixkakoa da. Horrek iradokitzen du Eris estaltzen duen izotza berritu egiten dela (oraintxe bertan zaila izango litzateke jakitea ea barneko edo kanpoko prozesuen bidez gertatzen den hori), eta, beraz, planetan nolabaiteko dinamika aktiboa dagoela.
Erisek Disnomia izeneko satelite bat du, 615 kilometro inguruko diametroa duena (Erisek duen diametroaren laurdena), eta Erisekiko 37.000 kilometrora orbitatzen du. Satelite horren existentziari esker, zientzialariek zehaztasun handiz kalkulatu ahal izan zuten Erisen masa, eta haren osaerari eta barne egiturari buruzko baieztapenak egiten hasi ziren.
Bada, Science Advances aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek Eris eta Disnomiaren arteko erlazio orbitala aztertu du, Erisen barne egiturari buruzko argitasun pixka bat emateko edo, gutxienez, egitura horren eredu eta bilakaera batzuk eraikitzeko. Horrek, aldi berean, barne dinamika posible bati buruzko arrastoak emango lizkiguke.
Azterlan horren ondorioez hitz egiteko, Eguzki Sistemaren eraketara jo behar dugu, duela 4.500 milioi urte inguru. Gure planeta-sistemaren haurtzaro horretan, Erisek inpaktu handi bat jasango zukeen. Inpartu horren ondorioz, bere mantuko materia asko galduko zukeen (% 15 inguru) edo bestela, inpaktuak sortutako bero handiaren ondorioz, mantua osatzen zuten elementu lurrunkorren ehuneko handi bat gal zitekeen. Inpaktu horren ondorioz, hain zuzen ere, eratuko zitzatekeen Disnomia.

Erisentzat ondoriorik berehalakoena planeta nano trinkoago bihurtu izana litzateke, adibidez, Plutonekiko eta beste objektu batzuekiko nabarmentzen dena. Izan ere, bero horrek elementu lurrunkorren bolumen handi bat sublimatu edo lurrunduko zukeen eta planetako izotz/harkaitz proportzioa aldatu.
Baina ez hori bakarrik: Disnomia Erisengandik orain baino askoz hurbilago sortu zela uste da. Horrek Erisen marea garrantzitsuak eragingo lituzte (eta alderantziz). Mareek sortutako energia hori, lehenik eta behin, bero bihurtuko litzateke, eta fenomeno kriobolkanikoak eta gainazalaren gaztetzea elikatu ahal izango lituzke. Auskalo, agian azalaren azpian ur likidoko ozeano bat sortzea ere eragin zezakeen, gaur egun egon litezkeenak baino tenperatura altuagoak mantendu ahal izango bailituzke.
Baina mareek sortutako energiaren disipazioak osagai astronomiko bat ere izango luke. Alde batetik, Disnomiaren orbita aldatzeko gai izan zitekeen, pixkanaka Erisengandik urruntzen joan baita, eta, bestetik, bi gorputzen arteko mareen akoplamendua eragin zezakeen.
Akoplamendu horren ondorioz, Eris eta Disnomiak beti aurpegi bera “erakusten” diote elkarri, bi gorputzen errotazio aldia eta Disnomiaren translazio aldia sinkronizatuta baitaude, gure Lurrarekin eta Ilargiarekin gertatzen den moduan. Arraroa iruditzen bazaigu ere, nahiko ohikoa da gure planeta sisteman.

Xehetasun horrek iradokitzen du sistemak konfigurazio egonkor bat lortu duela milioika, ziurrenik milaka milioi, urtetan zehar, eta Eris gai dela Disnomiarekin duen elkarreraginetik sortutako energia kantitate handi bat disipatzeko. Horrek pentsarazten die zientzialariei ez dela gorputz erabat zurruna, baizik eta oraindik ere nolabaiteko konbekzioa jasan lezakeela izotzez egindako tarteko geruzan. Mareen energiaren disipazioak sortutako beroari esker eta oraindik nukleo harritsuan gera litezkeen elementu erradioaktiboen desintegrazioari esker, bero hori azalerara eramango luke. Hortik dator izenburuko planeta “biguna”ren txantxa.
Hain zuzen ere, disipazio handiago horren ondorioz, Eris erabat bereizitako gorputza izango litzateke; hau da, geruza ezberdinez osatua —kasu honetan, ziurrenik, izotz azal zurrunago bat gainazalean, izotz mantu bat egoera likatsuan eta konbekzioan, eta, azkenik, nukleo harritsu bat, gure planetan gertatzen den moduan—. Ez litzateke izango harriaren eta izotzaren nahasketa gutxi gorabehera homogeneoz osatutakoa, ustez beste planeta nano batzuetan hala baita.
Gorputz horien egitura ezagutzeak etorkizunean haien bizigarritasunari (oraingoa eta iraganekoa) buruzko xehetasunak aztertzen edo haien historia berreraikitzen lagun diezaguke, eta hori oso baliotsua da gure Eguzki Sistemaren dinamika konplexua ulertzeko, batez ere lehen etapei dagokienez.
Erreferetzia bibliografikoa:Nimmo, F. and Brown, M.E. (2023) The internal structure of Eris inferred from its spin and Orbit Evolution, Science Advances, 9 (46). DOI: 10.1126/sciadv.adi9201
Egileaz:Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 11n: Eris, de planeta enano a planeta “blandito”.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Eris, planeta nanotik planeta “bigunera” appeared first on Zientzia Kaiera.
Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du
Lankidetzak, batez ere zenbait diziplinaren artekoak, gero eta beharrezkoagoak dira kalitatezko zientzia egiteko eta ibilbide zientifiko batean aurrera egiteko. Ikertzaile ezagunen sareetan sartu eta haien babespekoen artean leku bat egitea zaila izan daiteke emakumeentzat. Sarritan, emakumezko zientzialari gazteek baliabide onak dituen zientzialari batekin lan egin nahi duten erabaki behar dute, nahiz eta haren izen onaren itzalpean geratu.
Nork egiten du zientzia?Ikerketa taldeen aniztasunak ondorioak ditu mundu errealean. Gizonek eta emakumeek ikuspegi desberdinak izan ditzakete, batez ere, sexua eta generoa tartean dituzten ikerketetan. «Zientzia egiten duenak erabakitzen du benetan nolako zientzia egingo den», adierazi du Londa Schiebingerrek zientziaren historialariak. Ikerketetan, ikuspegi ahaztu horren adibide asko ditugu: nahiko ohikoa da sendagaiak sagu arretan soilik probatzea eta emakumeak saiakuntza klinikoetatik kanpo uztea; ondorioz, lortzen diren tratamenduak egokiagoak dira gizonentzat. Akatsak ikusi dira klima aldaketak itsas organismoetan eragindako ondorioen azterketetan, modu desberdinean erantzuten baitute organismook arrak edo emeak diren. Eta inoiz pentsatu al dugu hegaztien kantuaren sexuaren inguruan?
Sandi Toksvig antropologia ikasten ari zela, haren irakasleetako batek 28 marka zituen adar hezur baten argazkia erakutsi zuen. «Hau», esan zuen, «gizon batek egutegi baten bidez denbora neurtzeko egindako lehen ahalegina da». Toksvigek galdera bat zuen buruan: zer gizonek jakin behar du noiz igarotzen diren 28 egun? Doktoregaiari zirrara sorrarazi zion begirada desberdin horrek, eta gizakiaren eboluzioa aztertzeko beste modu batean pentsatu zuen.

Mende askoz, gizonen bizitza hartu izan da oinarritzat giza espezie osoaren bizitza irudikatzeko. Gizateriaren beste erdia isilduta egon da, eta isiltze horiek nonahi ikus daitezke: zineman, albisteetan, literaturan, zientzian, hirigintzan, ekonomian, gure iraganari, orainari eta etorkizunari buruz kontatzen ditugun istorioetan. Eremu asko daude desitxuratuta emakumeen faltagatik.
Inpaktua txikia izan daiteke, esaterako, goiko apal batera ez iristea, gizonen ohiko altuera kontuan hartuta pentsatu direlako; baina baita larria ere, emakumeen neurriak kontuan hartu ez dituzten segurtasun probak gainditu dituen auto batekin istripua izatea, adibidez. Gauza bera gertatzen da balen aurkako txalekoekin, bularrik gabeko soinetarako diseinatuta egon ohi baitira.
Bulegoak girotzeko formula 1960tik datorkigu, eta ingurune horretan dagozkion lanak egiten dituen batezbesteko gizonak atsedenean duen tasa metabolikoa hartzen du oinarri. Herbehereetan duela gutxi egindako ikerketa batean berriki aurkitu denez, antzeko lanak egiten dituzten emakume helduen tasa metabolikoa jarduera berbera egiten duten gizonena baino nabarmen baxuagoa da. Hala, emakumeentzat atsegina litzatekeena baino bost Celius gradu gutxiagoko tenperaturan klimatizatutako bulego bat lortzen da.
Antzeko beste adibide asko ditugu, eta gaur egun badakigu emakumeen ehuneko ertain bat duten taldeek arazo horiek kontuan hartuko dituztela, seguruenik. Horri buruz, Schiebingerrek eta haren lankideek ikerketa medikoko 1,5 milioi artikulu baino gehiagoren egiletza aztertu zuten, eta ikusi zuten emakumezko egileak zituztenetan ohikoagoa zela sexua eta generoa aintzat hartzea lanaren metodologian eta ondorioetan. Aniztasuna funtsezkoa da ikerketa taldeetan, zientzia hobea egiten da horrela.
Hala ere, agian ez da nahikoa talde bakoitzean emakume bat egotea: ikerketek erakusten dutenez, talde minoritario bateko kideen diskurtsoa aintzat hartua izan dadin, ikerketa taldeko kideen % 25-30 izan behar da talde horretakoa. Schiebingerrek gaineratu duenez, ikerketa bat inklusiboa izan dadin, kolektibo sorta zabal baten ikuspegiak hartu behar ditu kontuan, barne hartuta beste etnia batzuetako emakumeak, askotariko maila sozioekonomikoak eta aurrekariak dituzten pertsonak, desgaitasuna duten pertsonak eta askotariko identitate eta orientazio sexualak dituztenak.
Egiletzaren inguruko eztabaidakEmakume askorentzat, zaila izan daiteke lankidetza bat egiteko erabakia hartzea. Emakumeek gizonek baino joera handiagoa izaten dute egiletza eztabaidetan sartzeko. 2021ean, Cassidy Sugimoto informazioaren zientzialariak galdeketa bat egin zien 5.575 zientzialariri, argitalpen bat egin aurreko argibide horiei buruz. Emakumeek esan zuten eztabaida horien ondorioz kolaborazio gutxiago izan zituztela gerora, beren borondatez atzera egin zutelako edo laguntzaileek kanpoan utzi zituztelako. Ikerketak erakutsi zuen gizonen ehuneko handi batek ez zuela egiletzari buruz eztabaidatzen artikulua argitaratzear zegoen arte, batzuetan orduan ere ez. Emakumeek, ordea, lankidetzaren hasieran argitu nahi zuten beren izena non eta nola agertuko zen.
Alderdi hori garrantzitsua da ibilbide zientifiko baten hasieran, eta emakumezko ikertzaile gazteek badakite tinko jarraitu behar dutela. «Doktoretza egiteko ibilbidean artikulu baten lehen egilea izatea zientzian jarraituko duzula iragartzen duen adierazle garrantzitsu bat da», dio Sugimotok. 2021ean, haren taldeak ikerketako 30.000 artikulutan egileek izandako ekarpena aztertu zuten, eta ikusi zuen ohikoagoa zela emakumeek lan teknikoak egitea eta gizonek, berriz, zeregin garrantzitsuagoa izatea ikerketa berriak planteatzen. Halaber, ondorioztatu zuenez, doktoretzako gizonezko ikasleek emakumezko doktoretza ikasleek baino argitalpen gehiago egiten dituzte lehen egile gisa.
Sarritan, lankidetzak egiten hastea dauden sareetara sartzeko modu bat besterik ez da, eta han aukera egongo da kolaboratzaile potentzialak aurkitzeko, bai eta beren ibilbidea bultzatu dezaketen mentoreak lortu eta osterantzean hurbilgaitzak izango liratekeen kideekin aritzeko ere.
ElkartzeaMerezimendu asko dituzten zientzialarien sare sotiletik kanpo sentitzen diren emakumeek elkarrekin lan egin dezakete, hitzaldietan kolaboratzaileak aurkituz eta zientzialari gazteagoei laguntza emanez. Hori ez da oso ohikoa emakumeengan, hainbat arrazoirengatik, Joyce Benenson psikologoak dioenez. Batetik, emakumeek gizonek adina aurreiritzi inplizitu izaten dituzte emakumeak kontratatzeari dagokionez. Gainera, gogoa beren ibilbidean aurrera egiten jartzen duten emakumezko zientzialariek agian ez diete laguntzarik eskainiko emakume gazteenei, Benensonek dioenez. Alabaina, gizonak nagusi diren sare zientifikoen kontrola arintzeko, emakumeentzat interesgarria izan daiteke koalizio estrategikoak sortzea, banaka lehiatu beharrean.

Azken hamarkadan, soilik emakumezko zientzialariek osatutako taldeak sortzeko joerak gora egin du. 2019an, Luke Holman biologo ebolutiboak eta haren lankideek ikusi zutenez, bizitzaren zientzietako ikertzaileek zori hutsagatik espero zitekeena baino maizago idatzi zituzten artikuluak beren genero bereko beste ikertzaile batzuekin, beren esparruko genero proportzioak kontuan hartuta. Holmanek dioenez, ez dago argi zergatik gertatzen den hori. Agian, emakumeek elkarri laguntzeko duten inplikazioak bultzatzen du, edo emakumezko ikasleek berentzat garrantzitsuak diren ikuspuntuetan antzeko pentsamoldea duten emakumezko mentoreekin lan egiteko duten nahiak, bestela. Aldi berean, litekeena da gizonezko zientzialarien sareek emakumeak baztertzea, edo emakumeek gizonekin lan egin nahi ez izatea, jazarpena izateko beldur.
Lara Mahal kimikaria da, eta adierazi du beste erakunde batzuetako emakumeekin lankidetzan aritzeak aukera eman ziola bere interes eta premiekin bat zetozen zientzialari sare handietan sartzeko. Ezohiko laborategi talde batekin egiten du lan, birus eta zeluletan dauden azukreak aztertzen; izan ere, azterketa horretarako ikertzaile askoren parte-hartzea behar da. Egia da gizonekin lankidetza onuragarriak izan zituela, baina Mahalen harreman iraunkorrenak emakumeekin izan ziren, eta hark «arima bikiak» direla dio. Emakumeen interes zientifikoak eta nortasunak bat etorri ohi dira eta, haren hitzetan, horrek lana bereziki atsegina egiten du. «Lanean oso ondo pasatzen duzunean, zuk bezala pentsatzen duen jendearekin, halako lan gehiago egin nahi izaten duzu», adierazi du.
Tutoretzak eta genero estereotipoakGaur egun, oraindik ere mesedegarria da emakumezko ikertzaile gazteen ibilbideak bultzatuko dituzten zientzialarien sareetan sartzea. Egia da arrakala murrizten ari dela, baina, oraindik ere, gizonak dira ezagunenak eta haiek dituzte loturarik hoberenak zientziaren munduan. Adibidez, Estatu Batuetan, biologiako irakasle titularren % 18 baino ez dira emakumeak. Europan, batez beste, 2016an ospea zuten ikertzaileen % 15 baino gutxiago ziren emakumeak.
Tutoretzaren genero dinamika konplexua izan daiteke. Mahali, adibidez, doktoretzako aholkulari gisa Kaliforniako Unibertsitateko Carolyn Bertozzi biokimikaria aukeratzeko zuen asmoa kendu nahi izan zioten, unibertsitatean izan zuen aholkularia ere emakumea zelako eta, beraz, Mahalek gizonekin ez zuela lan egin nahi pentsa zezakeelako jendeak. Alabaina, ez zuen aholkua aintzat hartu eta Bertozzik eta Mahalek berak lankidetzaz gozatu zuten: Mahalen graduondoko ikerketari esker, Bertozzik bere lehen artikulua argitaratu zuen Science aldizkarian.
2020an, Bedoor AlShebli gizarte-zientzialari konputazionalak eta haren lankideek artikulu bat argitaratu zuten; horretan, 215 milioi egileren generoa eta antzinatasuna aztertu zituzten, hainbat alorretan eta 100 urtez idatzitako 222 milioi artikulutan (AlShebli et al, 2020). Ikusi zutenez, emakumezko mentore bat izateak ikertzaile gazteen aipuak % 35eraino murrizten zituen, eta emakumezko begiko bat izateak, berriz, % 18 murrizten zituen mentoreen aipuak. Ondorioz, mundu akademikoan, emakumeek gizonekin lan egin beharko lukete, nolabaiteko arrakasta lortu nahi izanez gero.
Azkar deuseztatu zuten artikulua eta horren ondorioak. Komunitate zientifikoak gogor kritikatu zuen tutoretzaren ordez egilekidetza faktorea erabiltzea, bai eta arrakastaren neurri gisa aipuak aldagaia erabiltzea ere, beste alderdi metodologiko batzuen artean.
Artikulua argitaratu eta gutxira, 7.600 ikertzaile inguru artikulu hartan esandakoaren ondorioez kezkatuta agertu ziren, eta beren babesa adierazi zieten berori egin zuten akademikoei, Stanfordeko Christine Jacobs-Wagner biologo molekularrak eta haren lankideek idatzitako gutun ireki batean.
AlSheblik eta haren egilekideek atzera egin zuten artikuluan idatzitakoaz, eta aitortu zuten argitalpenaren ondorengo berrikuspenek muga handiak aurkitu zituztela metodologian.
Hala ere, guztiak ez zeuden ados atzera egite horrekin. Benensonek generoa aztertzen du talde dinamiketan, eta uste du ikerketa ondorioengatik gutxietsi zela, ez hainbeste zuzena ez zelako. Adierazi duenez, azterlanaren ondorioak sozializazioari eta lankidetzari buruz generoan oinarrituta egin diren beste ikerketa batzuekin lotzen dira. Adibidez, Benensonek lehen hezkuntzako ikasleekin egindako ikerketak berak iradokitzen du estatus sozial bereko neskak elkarrekin jolasten direla, baina beste estatus bateko neskekin harremanik ez izateko joera dutela, eta gauza bera gertatzen da artean edo kirolean gutxi gorabehera trebeak diren neskekin. Mutilak, aldiz, etengabe lehiatzen dira elkarren artean, eta ondo funtzionatzen duten hierarkia sozial aldakorrak sortzen dituzte.
Benensonek eta Sugimotok gogoeta egiteko aukera ikusi zuten artikulu polemikoa argitaratu ondoren; Benensonek adierazi zuen emakumezko mentoreak desabantailan daudela nagusiki gizonek eta gizonentzat diseinatuta dagoen sistema baten ondorioz. Bestalde, Sugimotok azaldu zuenez, emakumeak beren ibilbiderako mesedegarrienak diren sareetara sartzea eragozten duten zenbait egitura instituzional daude. Adibidez, gertagarriagoa da gizonak talde handien buru izatea eta nazioarteko lankidetzetan parte hartzea, baina, gaur egun, emakume askok familiakoen zainketak beren gain hartzen dituzte, eta horrek zaildu egiten die etxebizitzaz aldatzea edo beren herrialdetik kanpo bidaiatzea. Onargarria iruditzen al zaigu batzuei eskubideak kentzea eta besteei pribilegio bat ematea?
Gero eta funtsezkoagoa da zientzian askotariko pertsonekin lankidetzan aritzen ikastea; izan ere, esan bezala, alor asko diziplinartekoak bihurtu dira eta, gainera, aberasgarria da askotariko ikuspegiak izatea. Lankidetza atseginetan aurrerapen zientifikoak lortzea poztasun handiena ematen duen erronketako bat da; alaitasun partekatu eta hedatua sortzen du, kontaktuz eta izenez egindako mailetan gora egitean datzan igoera lehiakorraz harago.
Erreferentzia bibliografikoak:- AlShebli B, Makovi K, Rahwan T (2020). The association between early career informal mentorship in academic collaborations and junior author performance. Nature Commun. 11, 5855. DOI: 10.1038/s41467-020-19723-8
- Reardon S (2022). Scientific collaborations are precarious territory for women. Nature 605, 179.–181. or. DOI: 10.1038/d41586-022-01204-1
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022eko maiatzaren 5ean: ‘La diversidad en las colaboraciones promueve la buena ciencia‘.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Lankidetzetan aniztasuna egoteak zientzia ona sustatzen du appeared first on Zientzia Kaiera.
Azkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute
Ikertzaileek frogatu dute sistema kuantiko baten energiari buruzko arazo bat konpontzea erraza dela ordenagailu kuantikoentzat, baina zaila klasikoentzat.

Ordenagailu kuantikoak superpotentzia konputazional bihurtzear daude, baina ikertzaileek denbora asko daramate abantaila kuantiko bat emango lukeen arazo bideragarri baten bila, hau da, ordenagailu kuantiko batek bakarrik konpon dezakeen zerbaiten bila. Argudiatzen dutenez, orduan bakarrik joko da teknologia hori funtsezkotzat.
Hainbat hamarkadatan bila ibili dira. «Hein batean erronka bat da, ordenagailu klasikoak nahiko onak direlako egiten dituzten gauza askotan», azaldu du John Preskillek, Kaliforniako Teknologia Institutuko fisikari teorikoak.
1994an, Peter Shorrek aukera bat aurkitu zuen: zenbaki handiak faktorizatzeko algoritmo kuantiko bat. Shorren algoritmoa indartsua da, eta algoritmo klasiko guztiak gainditzen dituela uste da. Ordenagailu kuantiko batean exekutatzen denean, Interneteko segurtasun sistema asko apurtzeko ahalmena du, zenbaki handiak faktorizatzeko zailtasunaren mende baitaude. Baina hain harrigarria bada ere, algoritmoa ikerketa arloen zati txiki baterako baino ez da garrantzitsua, eta litekeena da bihar norbaitek makina klasiko batean zenbaki handiak faktorizatzeko modu efiziente bat aurkitzea, eta horrek Shorren algoritmoa eztabaidagarri bihurtuko luke. Shorren aplikagarritasun mugatuaren ondorioz, ikertzaileen komunitateak makina kuantikoen beste erabilera kasu batzuk bilatu ditu, aurkikuntza zientifiko berriak egiten benetan lagun dezaketenak.
«Ez dugu ordenagailu bat sortu nahi zeregin berezi baterako bakarrik», dio Soonwon Choik, Massachusettseko Teknologia Institutuko fisikariak. «Shorren algoritmoaz gain, zer gehiago egin dezakegu ordenagailu kuantiko batekin?».
Preskillek dioen moduan: «Klasikoki zailak diren arazoak aurkitu behar ditugu, baina orduan [erakutsi] beharko dugu metodo kuantikoak benetan efizienteak izango direla».
Batzuetan, ikertzaileek uste izan zuten lortu zutela, arazoak konpon zitzaketen algoritmo kuantikoak aurkituz, ordenagailu klasiko batek egin dezakeen edozer baino azkarrago. Baina gero, norbaitek (sarritan Ewin Tang ikertzaile gazteak) kuantikoak gaindi zitzaketen algoritmo klasiko berri eta adimentsuak asmatu zituen.
Orain, fisikari talde batek, Preskill barne, abantaila kuantikorako orain arteko hautagairik onena aurki zezakeen. Sistema kuantiko batzuen energia aztertzean, galdera espezifiko eta erabilgarri bat aurkitu zuten, makina kuantiko batentzat erantzuteko erraza dena, baina klasiko batentzat zaila. «Hori aurrerapen handia da algoritmo kuantikoen teorian», dio Sergey Bravyik, IBMko teorialari eta informatikariak. «Emaitza abantaila kuantiko bat da materialen zientzietarako eta kimikarako garrantzitsua den arazo baterako».
Ikertzaileak ere gogotsu daude lan berriak zientzia fisikoen ustekabeko arlo berriak aztertzearekin. «Gaitasun berri hori kualitatiboki [Shorrena] ez bezalakoa da, eta algoritmo kuantikoen munduan aukera berri asko ireki ditzake», dio Choik.

Arazoak sistema kuantikoek (normalean atomoek) hainbat energia egoeratan dituzten propietateekin du zerikusia. Atomoek egoeren artean salto egiten dutenean, haien propietateak aldatu egiten dira. Argi kolore jakin bat eman dezakete, adibidez, edo magnetiko bihurtu. Sistemaren propietateak hainbat energia egoeratan hobeto aurreikusi nahi baditugu, erabilgarria da sistema hain asaldatuta ez dagoenean ulertzea, zientzialariek oinarrizko egoera gisa definitzen duten horretan.
«Kimikari, materialen zientzialari eta fisikari kuantiko asko lanean ari dira oinarrizko egoerak aurkitzeko», azaldu du Robert Huangek, artikulu berriaren egileetako bat eta Google Quantum AI-ko ikertzaile zientifikoak. «Badakigu oso zaila dela».
Hain zaila da non, mende bat baino gehiagoko lanaren ondoren, ikertzaileek oraindik ez baitute aurkitu ikuspegi konputazional efizienterik sistema baten oinarrizko egoera zehazteko, lehen printzipioetatik abiatuta. Ez dirudi ordenagailu kuantiko batekin hori egiteko modurik dagoenik ere. Zientzialariek ondorioztatu dute sistema baten oinarrizko egoera aurkitzea zaila dela ordenagailu klasikoentzat zein kuantikoentzat.
Baina sistema fisiko batzuek panorama energetiko konplexuagoa dute. Hozten direnean, sistema konplexu horiek ez dira beren funtsezko egoeran finkatzen, baizik eta hurbileko eta energia maila baxuagoko batean, tokiko gutxieneko energia maila gisa ezagutzen dena. (2021eko Fisikako Nobel Sariaren zati bat sistema multzo horietako batean egindako lanagatik eman zen, spinezko beirak izenekoak). Ikertzaileek beren buruari galdetu zioten orduan ea sistema baten tokiko gutxieneko energia maila zehaztea ere unibertsalki zaila ote zen.
Erantzunak iaz hasi ziren sortzen, Chi-Fang (Anthony) Chenek, artikulu berriaren beste egile batek, termodinamika kuantikoa simula zezakeen algoritmo kuantiko berri bat garatzen lagundu zuenean (beroaren, energiaren eta lanaren eragina sistema kuantiko batean aztertzen duena). «Uste dut jende askok [ikertu] duela energia potentzialaren azalerak sistema kuantikoetan duen itxura, baina lehen ez zegoen hori aztertzeko tresnarik», dio Huangek. Chenen algoritmoak leiho bat irekitzen lagundu du sistema horiek nola funtzionatzen duten jakiteko.

Tresna berria zein indartsua zen ikusita, Huang eta Leo Zhouk, artikulu berriaren laugarren eta azken egileak, ordenagailu kuantikoek sistema baten tokiko gutxieneko energia egoera zehazteko modu bat diseinatzeko erabili zuten, oinarrizko egoera ideala bilatu beharrean; ikuspegi hori, hain zuzen ere, konputazio kuantikoan ikertzaileak bilatzen ari ziren galdera motan zentratzen zen. «Orain arazo bat dugu: tokiko energia kantitate bat aurkitzea, eta hori oraindik zaila da ikuspegi klasikotik, baina esan dezakegu kuantikoki erraza dela», dio Preskillek. «Beraz, horrek egon nahi dugun eremuan jartzen gaitu, abantaila kuantiko bat lortzeko».
Preskillek zuzenduta, egileek sistema baten tokiko gutxieneko energia egoera zehazteko beren ikuspegi berriaren ahalmena frogatzeaz gain (fisika kuantikoaren arloan aurrerapen handia), frogatu zuten azkenean arazo hori ordenagailu kuantikoek beren balioa frogatzeko modukoa zela. «Tokiko gutxieneko bat aurkitzeko arazoak abantaila kuantikoa du», ondorioztatu du Huangek.
Eta aurreko hautagaiak ez bezala, algoritmo klasiko berri batek ez dio aurre hartuko ziur asko. «Ez da oso litekeena deskuantifikatzea», dio Choik. Preskillen taldeak oso hipotesi onargarriak egin zituen eta arrisku logiko gutxi hartu zituen; algoritmo klasiko batek emaitza berdinak lor baditzake, fisikariek beste gauza askotan erratuta egon behar dutela esan nahi du. «Emaitza txundigarria izango da», dio Choik. «Poztu egingo nau ikusteak, baina txundigarriegia izango litzateke sinesteko». Lan berriak hautagai bideragarri eta etorkizun handikoa aurkeztuko du abantaila kuantikoa erakusteko.
Gauzak argi uzteko: emaitza berria teorikoa da oraindik. Ikuspegi berri hori gaur egun benetako ordenagailu kuantiko batean frogatzea ezinezkoa da. Denbora beharko da arazoaren abantaila kuantikoa zehatz-mehatz frogatzeko gai den makina bat eraikitzeko. Horregatik, Bravyirentzat, lana hasi besterik ez da egin. «Duela bost urte gertatutakoari erreparatzen badiogu, qubit gutxi batzuetako ordenagailu kuantikoak baino ez genituen, eta orain ehunka eta baita 1.000 qubiteko makinak ere baditugu», azaldu du. “Oso zaila da bost edo hamar urte barru zer gertatuko den aurreikustea. Eremu oso dinamikoa da”.
Jatorrizko artikulua:Lakshmi Chandrasekaran (2024). Physicists Finally Find a Problem That Only Quantum Computers Can Do, Quanta Magazine, 2024ko martxoaren 12a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post Azkenean, fisikariek ordenagailu kuantikoek bakarrik konpon dezaketen arazo bat aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #489
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Emakumeak zientzian
Olatz Ortega Vidales biologoa da, ekotoxikologian espezializatua, eta gaur egun “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboan dabil lanean. Proiektu horretan, hondartzako hondarretan bizi diren organismoak ezagutu, identifikatu eta aztertzen dituzte, eta herritarrak parte hartzaile aktiboak dira eginkizun horretan. Herritarren zientziaren bidez, parte-hartzaileak ahalduntzen direla azaldu du, eta zientziarentzat ere oso aberasgarria da. Ortegak azpimarratu du inklusibitatea lantzea oso garrantzitsua dela, baita zientzian ere. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Klima-larrialdiaAzken hamabi hilabeteak inoizko beroenak izan dira munduan, 2023ko ekainetik 2024ko maiatzera. Copernicus klima-aldaketari buruzko zerbitzuak argitaratu ditu datuak azken txostenean. Hilabete horietan, batez besteko tenperatura 1,63 gradu igo dela azaldu dute, 1850-1900 garaiko tenperaturarekin alderatuta. Gomendioa zen tenperaturaren igoerak 1,5 graduen langa ez gainditzea. Datu guztiak Berrian.
IngurumenaZuhaitzek hainbat ekarpen positibo dituzte, bai gizakian eta baita gure inguruan ere. Hainbat eremutan egin diren zuhaitzen kimatze bortitzak direla eta, herritar batzuk kontra azaldu dira. Horren aurrean, Celina Aznarez eta Alba Marquez BC3-ko ikertzaileek azaldu dute soilik hazkunde, garbiketa edo segurtasun arrazoiengatik kimatu behar dira zuhaitzak. Izan ere, karbono dioxidoa xurgatzen dute, itzala ematen dute eta egoiliarrentzat ingurune freskoagoak eta erosoagoak sortzen dituztela ere azaldu dute. Horregatik, hiriguneetan zuhaitzak landatu eta kontserbatu behar direla argi dute. Azalpenak Berrian.
SUV autoak dira energiarekin lotutako karbono-emisioen hazkundearen % 20aren erantzuleak. 2023an autoen salmentan arrakasta handia izan zuten SUV motakoek, eta datuen arabera, urte horretako petrolio-eskariaren % 25a ere haiei zor zaie. Txostenean alderapen bat ere egin dute, eta azaldu dute SUV autoak herrialde bat balira, CO2 gehien isurtzen duen bosgarrena izango litzatekeela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
OsasunaEndometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Gaitz hori pairatzen dutenetan, endometrioko ehuna umetokia ez den beste eremu eta organoetan hazten da. Oraindik ez dakigu zergatik gertatzen den, ikerketa zientifiko oso gutxi egin direlako, eta diagnostiko falta handia dagoelako. Batez ere, mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak eragiten ditu endometriosiak. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Lyme gaixotasuna edo borrelosia Borrelia borgdorferi mikroorganismoak sortzen du, eta askotan kaparren bidez iristen da gizakiarengana. Kaparren larbak animalia txikiak bilatzen dituzte ostalari gisa, eta hauek borrelia bakterioaz infektatuta badaude, bakterioa larbaren hesteetara pasatuko da. Larba handitzean, beste animalia batzuk bilatuko ditu, hala nola, gizakia, eta bakterioa transmititu diezaioke. Azalpenak Berrian.
NeurologiaIkerketa-talde batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen garunean. Zehazki, mielinari erreparatu diote, neuronen axoiek inguratzen dituen egiturari. Emaitzen arabera, maratoi bat egiteak mielinaren kontzentrazioa nabarmen murriztea eragiten du. Ikertzaileek uste dute energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ordea, mielina-maila ia egoera normalera itzultzen da bi astera. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ZoologiaGizakiok ekokokapena erabiltzen ikasi dezakegu. Ekokokapenaren bidez, hainbat animaliak soinuak igortzen dituzte eta soinu horien oihartzuna baliatzen dute orientatzeko edo ehizatzeko, besteak beste. Esperimentu batek erakutsi du gizakiok ere ikasi dezakegula gaitasun hori, hamar astetan. Ikusmena dutenek eta ikusmena falta dutenek erabili dezakete. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
FisikaDuela gutxi aurorak ikusi ahal izan genituen Euskal Herrian. Eremu polarretan agertzea da ohikoena, baina eguzki-aktibitatea handia denean eremu zabalago batean ager daitezke. Aurorak Lurreko atmosferako gasek eguzki haizearekin duten elkarreraginaren ondorioz sortzen dira. Eguzkiaren barruan sortzen diren ekaitzekin hasten da prozesua; ekaitz horietan askatzen diren protoiak Lurrera iristen dira, eta horiek eragiten dute aurora. Azalpenak Berrian.
AstronomiaChang’e-6 zundak Ilargitik aireratu da alde ezkutuko laginak hartuta. Txinak burututako misioa Ilargiaren orbitan dago orain, eta hala jarraituko du 14 egunez, Lurrerantz abiatzeko une egokia iritsi arte. Ekainaren 2an iritsi zen zunda Ilargiaren hego poloko Aitken arrora, eta bi egunez laginak jasotzen aritu da. Lurrera iristean jakingo da zehazki zenbat lagin hartzea lortu duen. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakPasteur: Mikrobioen iraultza “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Ale honetan Pasteur kimikari eta mikrobiologoaren ibilbidea ezagutu ahal izango dugu hasiera hasieratik. Ardoan sortzen ziren kristal batzuk ikertzen hasi zen Pasteur, eta egin zituen hainbat esperimentuetatik ondorioztatu zuen berezko sorkuntzaren teoria oker zegoela. Hala, pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, eta baita lehenengo txertoa ere. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #489 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #496
Intuizioaren kontrako da hau: urtzen den izotz plaka antartiko baten inguruan itsaso maila ez da igotzen, jaitsi egiten da. Melting ice sheets can lower local sea levels, Rebecca McGirr, Anthony Purcell, Herbert McQueen eta Paul Tregoning.
DNAren egitura pi pilaketa (π-stacking) izeneko molekula gaineko egitura mota bat da. Pilaketa mota hori konposatu organiko antiaromatikoak erabiliz egiterakoan ezusteko izugarriak sortzen ditu: oso eroale den kristal likido bat bezala. Triple-decker antiaromatic π-stacking leads to a liquid crystal
Kafe on bat egitea kapsulatxo bat makina batean sartu eta botoi bati ematea baino ez zela uste zenuen. Kafe bat behar bezala egiteko, lehenik X izpiak erabili behar dira, eta gero kontuak atera. BCAMeko jendea Modelling coffee brewing using X-rays.
Ohm-en legea erlazio lineala da. Linealtasun hori bertan behera geratzen da simetria kristalografikoa sinplea izateari uzten dionean. DIPCko jendeak frogatu du telurozko konposatu bat erabiliz. An odd nonlinear conductivity in chiral tellurium
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #496 appeared first on Zientzia Kaiera.
Olatz Ortega, biologoa: “Derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea zientzian”
Olatz Ortega Vidalesen X sare sozialeko profilean hau dago idatzita: “Biologia (bizitzaren oinarria) | Ekotoxikologia (Bizia salbatzeko metodo bat)”. Hortaz, hasieratik, argi uzten du beretzat berebiziko garrantzia dutela bi gai horiek.

Hain zuzen, unibertsitateko ikasketak hautatzean, biologiako graduaren alde egin zuen: “Bizia bera, hau da, ekosistemak eta haien arteko elkarreraginak azaltzen dituen zientzia da niretzat biologia”. Eta horren ondotik, ekotoxikologiako master bat egin zuen: “Eta hor beste aldea ikasi genuen: giza jatorriko kutsadurak zelan eragiten dien gure planetako beste izaki guztiei. Horrez gain, eta pixka bat buelta emanda, bioerremediazioa ere ikasi genuen, alegia, naturarekin arituz zelan aurre egin kutsadura horri”, azaldu du Ortegak.
Ikuspegi baikor horrekin ari da orain lanean. Haren ustez, egokia da, gainera, gaur egun gizartean zabaltzen ari den ekoantsietatea gainditzeko. “Ekologismoaren inguruan dabilen jendearengan badago ardura edo erantzukizun-sentimendu oso handi bat, eta kezka handia sortzen du zer egin behar dugun eta zer egin dezakegun artean dagoen tarte horrek. Sentipen hori bereziki nabarmena da 20-25 urteko jendearen artean; horregatik, pixkanaka saiatzen ari naiz buelta ematen horri, ulertaraziz zer egin dezakegun gutako bakoitzak. Azkenean, krisi klimatikoa eta soziala, hain handiak eta hain globalak diren arazoak kezka sortzen badigute ere, ez gaitzatela eraman gelditzera, paralizatzera”.
Ortega ez dago geldirik: “Plentziako Itsas Estazioan nabil lanean, “Kontuz, ez nazazu zapaldu” izeneko proiektuan. Estazioan egiten diren beste proiektuetatik oso bestelakoa da, herritarren zientziako proiektu bat baita, eta, beraz, herritarrak parte hartzaile aktiboak dira. Eta zer egiten dugu? Ba, hondarretan bizi diren organismo ikusezinak ezagutu, identifikatu eta aztertzen ditugu“.
Esaerak dioenez, ezagutzen ez dena ezin da maitatu. Eta horixe da proiektuaren helburua: “Ezagututa, maitatzera iristea, eta, maitatuta, babesteko grina izatera”. Azaldu duenez, parte-hartzaileak DBHko irakasleak eta ikasleak dira, edozein ikastetxetakoak; adibidez, dibertsifikaziokoek eta eskola konbinatukoek ere eman dezakete izena.
Bereizketen kontraHorrez gain, elkarteek ere parte hartzen dute; horrekin inklusibitatea landu nahi dute: “Gure asmoa da, horrela, proiektua demokratikoagoa izatea. Eta nahi genuen azpimarra jarri normalean zientzian hain presente ez dauden taldeetan. Horiek dira gizarte-bazterkeria jasan dezaketen talde batzuk; adibidez, desgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonak biltzen dituzten taldeak: entzumen- edo ikusmen-urritasuna dutenak, autismoaren espektrokoak… Dibertsitate handia dago, eta disidentzia guztiek gure proiektuan lekua izatea nahi genuen”.
Ortegaren esanean, talde horietako kideentzat ahalduntze-prozesu handia da, komunitatea sortzeko ikuspegitik. Eta, bestetik, zientzialarientzat, oso aberasgarria da: “Ni neu asko ari naiz ikasten, eta, gaur egun, zientzian derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea. Egia da oso zaila dela, hain hierarkizatuta eta hain norbatiboa den zientzian, baina bidea egiten ari gara, eta uste dut ondo gabiltzala. Behintzat, jasotako feedbacka oso positiboa da, eta ni neu oso-oso pozik nago, ikasten ari naizenarekin eta hazten ari naizenarekin”.
Jakina, biologia ikasten hasi zenean, ez zuen imajinatzen horrelako lan batean ariko zenik, baina gogora ekarri du beti izan duela gustuko jendearekin elkarlanean aritzea, eta dibertsitatea, “bai biodibertsitatea, bai pertsonen arteko dibertsitatea”. Hala ere, onartu du lan hori egiten ikasi egin behar dela.
Horrekin lotuta egin nahiko luke doktoretza. Alabaina, argi esan du oso zaila dela doktoretza-beka bat lortzea horrelako proiektuetarako. “Izan ere, herritarren zientzia nahiko kontzeptu berria da zientzia-arloan, eta, doktoretza eskatzeko dokumentuetan, ez da sartzen ez zientzia puruen arloan, ez gizarte-zientzietan. Horrenbestez, oso zaila da ulertaraztea zer den, eta ikusaraztea horrelako proiektuen beharra. Ematen du garrantzitsuagoa dela parasito bat ikertzea (eta ez dut esan nahi ez denik garrantzitsua), guztion parte-hartzea eskatzen duten proiektuak bultzatzea baino”. Edonola ere, ez du itxaropena galdu, eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmo betea du.
Fitxa biografikoa:Olatz Ortega Vidales, Bilbon jaioa, 1997an. Zientzia demokratikoagoa eta inklusiboa izateko lanean ari da. EHUn Biologia ikasi ostean, Suediara joan zen LGTBIQ+ pertsonen eta desgaitasun intelektuala duten pertsonen ahalduntzearen inguruan lan egitera. Gerora, EHUko Ekotoxikologiako Erasmus Mundus masterra ikasi zuen. Egun, zientzia gizartean zabaltzeko lanean ari da; besteak beste, Plentziako Itsas Estazioko “Kontuz! Ez nazazu zapaldu!” herritarren zientziako proiektu inklusiboaren ikertzaile-taldearen parte da. Ortega etengabe ari da formatzen, ingurumena eta zaintza erdigunean jartzeko.
Informazio gehiago:- EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren Arloko Errektoreordetza (2024). EHU Ekinean podcasta: Olatz Ortega Vidales, Campusa Campusa aldizkaria, UPV/EHU.
- Ortega Vidales, Olatz; Gonzalez-Gaya, Belen; Urrutia Barandika, Miren Bego (2023). Herritar-zientzialarien datuen baliozkotzea eta partaideen iritziaren azterketa, hondartzetako dibertsitate mikroskopikoa ezagutzea xede duen proiektuan. [Master amaierako lana, Ingurumen Kutsadura eta Toxikologia Erasmus Mundus Masterra, UPV/EHU].
Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Olatz Ortega, biologoa: “Derrigorrezkoa iruditzen zait desberdinak garen pertsonek lekua izatea zientzian” appeared first on Zientzia Kaiera.
Pasteur: Mikrobioen iraultza
Pasteur kimikari eta mikrobiologoak berezko sorkuntzaren teoria deusaztatu zuen, eta pasteurizazio delako prozesua diseinatu zuen, geroago hala deitu zena bere omenez.

Berezko sorkuntzaren teoriaren arabera, bizitza bere kabuz sortzen zen materia organikoan. Pasteurrek, ordea, teoria hori deusaztatu zuen ardoaren inguruan egin zituen ikerketekin. Hainbat esperimentu eginda, frogatu zuen mikroorganismoak (berak “germen” deitzen zienak) airean daudela, eta ez direla berez sortzen materia organikoan, baizik eta bertara iristen direla.
Horrek atea ireki zuen hainbat gaixotasun infekziosoen ikerketari, eta Pasteur eta bere kideek oiloen kolera eta ardien karbunkoa sendatzea lortu zuten, ahuldutako mikroorganismoak inokulatuz. Hau da, lehenengo txertoa sortu zuten.

“Pasteur: Mikrobioen iraultza” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren ale bat da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Pasteur: Mikrobioen iraultza
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar
- Urtea: 2023
- Orrialdeak: 48 orrialde
- ISBNa: 978-84-18410-54-3
The post Pasteur: Mikrobioen iraultza appeared first on Zientzia Kaiera.
Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa
Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Hamar emakumetik bati eragiten dio; hau da, Espainian 2 milioi kasu baino gehiago daude, eta mundu osoan 190 milioi bat emakumeri eragiten die. Hala ere, jatorria ezezaguna da: zergatik hasten da endometrioko ehuna, normalean umetokiaren azaleraren barrualdea estaltzen duena, maskuria, obarioa edo ondestea bezalako leku arraroetan hazten? Gaur egun, horren erantzuna misterioa da, eta gaitz horri buruz egin den ikerketa zientifiko urriak ez du lagundu erantzuna aurkitzen.

Endometriosia oso ohikoa den arren, gaixotasun arraro bat diagnostikatzeko baino urte gehiago behar izaten dituzte. Endometriosia pairatzen duten pazienteek, batez beste, 7-8 urte itxaron behar izaten dituzte gaixotasuna identifikatzeko, Osasun Ministerioaren datuen arabera. Diagnostikorako atzerapen handi hori, baina, ez da gure herrialdeko fenomeno isolatua, mundu osoan gertatzen baita.
Hain luzez itxaron behar izate horrek ondorioak ekartzen ditu emakumeentzat, urtetan zehar ulertzen ez dituztela sentitu baitezakete, bai eta estigmatizazioa jaso ere, etiketa medikorik ez duen gaitz horrengatik. Denbora guzti horretan, tratamendurik jasotzen ez dutenek askotariko sintomak jasan behar izaten dituzte (batez ere mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak), eta kasurik larrienetan bizi kalitatean, lanean eta gizarte harremanetan ere eragiten die. Gainera, gaixotasunak okerrera egin dezake urte horietan. Diagnostikoa egiteko atzerapen horren atzean arrazoi asko daude, eta ez dago oso argi zer neurritan eragiten duen bakoitzak. Duela gutxi, Astoneko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek Obstetrics & Gynaecology aldizkarian argitaratu dituzte endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten hainbat faktoreri buruzko ikerketa baten emaitzak.
Ikerketa gaiari buruzko berrikuspen sistematikoa eta analisi kualitatiboa da, zeinetan azken 20 urteetan herrialde aberatsetan (gehienek osasun arreta unibertsala dute) eginiko 13 artikulu zientifiko aztertu ziren. Endometriosia diagnostikatzeko atzerapena eragiten duten faktoreak osasun sistemaren eta endometriosiaren ezaugarriekin dute zerikusia; eta eragina dute, halaber, influentzia interpertsonalek eta trazu indibidualek. Egileek 4 taldetan sailkatu zituzten gaitzaren diagnostiko goiztiarra egitea eragozten duten oztopoak:
- Menstruazio arruntaren sintoma patologikoak bereizteko zailtasuna eta norbera zaintzeko tekniken erabilera.
- Menstruazioaren estigma eta min menstrualaren normalizazioa.
- Osasunaren profesionalen jarrera jakin batzuk eta ezagutza falta, atzerapena espezialistarenera bidaltzeko orduan, eta azalpen urriak diagnostikatzeko prozesuan ahotiko antisorgailuen erabilerari buruz.
- Aldakortasuna sintomen aurkezpenean, beste gaitz batzuekin estaltzen baitira, endometriosia diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailerik ez egotea, eta diagnostikoaren garrantziari buruzko kezkak.
Aztertutako ikerketetan aurkikuntza nabarmena izan zen familia mediku askok aitortzen zutela oso gutxi zekitela endometriosiari buruz. Eta horri gehitzen badiogu gaitz horrengatik ager daitezkeen sintomak aldakorrak eta ez oso espezifikoak direla (beherakoa, idorreria, hileko biziak, neke kronikoa, mina sexu harremanetan, pixa egiteko premia…), oso zaila da diagnostikoa egitea. Beste alde batetik, endometriosia zuten emakume askok eta familia medikuen ehuneko handi batek gaixotasun horrengatiko mina normalizatzen zuten, mina hilekoari egotziz, eta ez osasun arazo bati. Horrek ere gaitzaren jatorria sakon aztertzea eragozten zuen. Horren ordez, emakumeek norbera zaintzeko neurriak aplikatzen zituzten mina baretzeko, onartuta sufrimendu hori hilekoaren ondoriozkoa zela, eta, beraz, jasan behar zuten zerbait.
Endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten faktoreak identifikatzea neurriak hartzeko lehen pauso bat da. Horrez gain, endometriosiari buruzko informazioa zabaltzeak, mitoak eraitsiz, atzerapen hori murrizten lagun dezake, arazoa hobeto ulertuko baitugu. Zentzu horretan, Sophie Davenportek, ikerketaren arduradun nagusiak, azaldu du «gizarteak tradizioz normalizatu egin duela menstruazioko mina; eta, beraz, menstruazio anormalak zer diren birpentsatu behar dugu. Sintomek eguneroko bizitzan eragina badute eta emakumea lanera edo eskolara ez badoa edo bere bizitza sozialarekin jarraitzeko gai ez bada, argi dago esku hartze medikoa behar duela». Adituak espero du artikulu zientifikoak «pazienteak anima ditzala laguntza eskatzera beren hilekoak anormalak badira edo min edo sufrimendu nabarnena eragiten badiete; eta klinikoak anima ditzala pazienteen kezkak serio hartzen eta espezialistenera goiz bidaltzen».
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 4an: La carrera de obstáculos para el diagnóstico de la endometriosis.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat
Benetan ari naiz, aizu. Ez da clickbaita. Paperezko aldizkarian clickbaita posible bada, behintzat. Bi hilabete t’erdi baino ez dira behar Batman bilakatzeko. Neurri batean, behintzat, ez baitakart di-da batean aberats bihurtzeko formula. Horretaz ideiarik ez. Beno, ideia pare bat bai, baina ez erabat legalak. Umezurtz izatearena ere alde batera utziko dugu. Gaizkileak etab. harrapatzearena ere nahiko nekagarria da eta horretan ere ez naiz sartuko.

Eta pentsatuko duzue: Badakit! Batmanen tresnaren bat zelan eraiki kontatuko du! Teknologiaren inguruko artikulua da. Eta oker egongo zarete. Zera baita dakardan albistea: nahikoa entrenatuta, gizakiek ekokokapena ikas dezakete.
Eta Batman ezagutzen duzuenok (figuratiboki, noski; bestela kualifikatutako norbaitekin hitz egiteko momentua da) amorratuta egongo zarete, Batmanek ez baitu ekokokapena erabiltzeko gaitasunik. Baina nirekin haserretu baino, amorrua Batmanen sortzailera bideratu beharko zenukete: zer dela eta ez zuen gaitasun hori? Hamar aste baino ez dira behar ikasteko!
Gainera, izenburuan Manbat ere badago. Eta horrek bazuen ekokokapena erabiltzeko gaitasuna.
Manbat bezala, munstro izan barikHala da. Ez dugu saguzarren DNA txertatu beharrik: mihia erabilita, soinu klikatuak egin eta itzultzen diren oihartzunak interpretatzen ikasi dute ikerketa baten parte-hartzaileek.
Hamar astean oztopoen artean nabigatzen eta baita objektuen tamaina eta orientazioa ezagutzen ikasi dute parte-hartzaileek, beren kliken dei errepikakorrak erabiliz eta klik horien erreboteak baliatuta.
Saguzarrek edo izurdeek bezala, hain justu. Ekokokapenean pentsatzerakoan animaliak etortzen baitzaizkigu gogora. Baina zenbait gizaki itsuk ere beren soinuen oihartzunak erabiltzen dituzte oztopoak eta inguruneak antzemateko.
Batzuek makila baten kolpetxoez edo behatzekin kriskitin eginez sortzen dute behar duten soinua. Zenbaitek ahoa ere erabiltzen dute klik egiteko. Hortaz, erabaki dut hemendik aurrera norbait taberna batean kriskitin egiten ikusiz gero, ekokokapenean trebatzen dabilela pentsatuko dudala, inoren arreta modu nahiko zatarrean deitu nahian baino.
Baina goazen berriro ekokokapenera. Gaur egun, oso itsu gutxik ikasten dute. Eta ikusmena dutenetatik are gutxiagok. Kontua da ez dela ikasten zaila.
Ekokokapena ikastenHonako esperimentuan hogeita sei pertsonak hartu dute parte: haurtzaroan legez itsutzat jotako hamabik eta ikusmena zuten hamalauk. Eta emaitzen arabera, 40-60 ordu nahiko ziren ekokokapen-gaitasunean hobekuntza ikusteko.

Zelan egin zuten? Gela bat prestatu zuten propio Durhamgo Unibertsitatean. Soinuz isolatutakoa zen gela eta eko-akustikoki mugatutakoa. Bertan, hiru gaitasun entrenatu ziren:
- Tamaina-diskriminazioa. Metalezko masta batean tamaina ezberdineko bi disko muntatu ziren. Parte-hartzaileak, klikak baliatuta, handiena goikoa ala behekoa zen asmatu behar zuen.
- Orientazio-pertzepzioa. Honetan ere metalezko masta erabili zen, baina, kasu honetan, taula laukizuzena zuen atxikita eta taularen posizioa aldatzen zen (horizontala, bertikala, diagonala eskumaldea gorantza eta diagonala ezkerraldea gorantza). Klikak baliatuta, taularen posizioa asmatu behar zuten parte-hartzaileek.
- Nabigazioa. Birtualki landu zen hau: espazio ezberdinetan (T itxurako labirintoan, U itxurako labirintoan eta Z formako labirintoan) kliken eta klik-oihartzunen grabazio biauralak egin ziren maniki antropometriko batekin. Entzungailuekin entzuten zituzten parte-hartzaileek kliken grabazio horiek eta teklatu batekin mugitu (birtualki), labirintotik atera arte.
Eta pentsatuko duzue, zer dela eta egin zen nabigazio atala birtualki? Ez al zen errazago zuzenean gela horretan oztopoak jartzea? Kontua da erabilitako metodologia birtuala dagoeneko balidatuta dagoela nabigazioa aztertzeko. Eta azkarrago egin daitezkeela hainbat saiakera fisikoki eraikita baino. Gainera, egin, egin zituzten saiakerak laborategitik kanpo, kalean zein eraikin barnean.
Bizpahiru orduko iraupena zuten entrenamendu saioak egin zituzten eta, hogei saioren ostean, ikertzaileek ikusi zuten parte-hartzaile guztiak, itsuak eta ikusmena zutenak, zaharrak zein gazteak, nabarmen hobetu zirela kliketan oinarritutako ekokokapenean.
Are gehiago, emaitzen arabera, itsutasunak eta adinak rol txikiak baino ez dituzte betetzen ekokokapenaren ikaskuntzan. Entrenamenduak jokabide-aldaketa nabarmenak eragin zizkien parte-hartzaile guztiei.
Aurreko ikerketek frogatuta zuten klik bidezko ekokokapena ikastea posible zela ikusmena duten indibiduoen kasuan. Ikerketa honek lehen aldiz eman du jakitera bai itsuek, bai adin askotariko jendeak ere posible duela gaitasun hau ikastea.
Hortaz, badakizue. Hartu hamar aste eta ekokokapena ikasi ahalko duzue. Benetan erabilgarria ematen du, ezta? Gauez komunera joateko, esaterako. Etxeko gainerakoak argiekin esnatu beharrean, egundoko ikara eman diezaiekegu gauerdian klikak edo kriskitinak entzunda. Agian ez da erabilerarik onena.
Erreferentzia bibliografikoakCarly Cassella (2022). Humans Can Learn to ‘Echolocate’ in Just 10 Weeks, Experiment Shows, Science alert, 2022ko ekainaren 20a.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko urtarrilean, 246. zenbakian.
The post Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat appeared first on Zientzia Kaiera.
Maratoi baten eragina garunean
Ikerketa-talde multizentriko batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen mielinan (egitura horrek inguratzen ditu axoiak, hau da, neuronek nerbio-bulkadak transmititzeko dituzten hari-formako luzapenak). Emaitzen arabera, mielina-edukiak jaitsiera nabarmen eta orokorra izaten du, eta pixkanaka berreskuratzen da gero. Ikerketak erakutsi du garuneko metabolismo energetikoa uste zen baino konplexuagoa dela. Mielinak garunaren erregai gisa duen funtzioak garunaren energia-premiei buruzko ikuspegi berri bat ireki du.
Energia asko behar duten seinale elektriko eta kimikoen bidez gauzatzen da garuneko komunikazioa. Zenbatespenen arabera, giza gorputzak gastatzen duen energia guztiaren % 20 garunak kontsumitzen du, gorputz-pisuaren % 2 inguru baino ez duen arren. Haren energia-iturri nagusia glukosa da. Hainbat erakundeetako ikertzaile batzuek, Carlos Matute UPV/EHUko Anatomia eta Giza Enbriologia arloko katedratikoak zuzenduta, azterketa bat egin dute jakin nahian “zer gertatzen zaion garunari energia-iturri hori minimoen azpitik dagoenean. Adibidez, ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean, hala nola maratoi edo ultramaratoi batean”.

Erresistentzia-ariketa luzeak organismo guztiko energia-erreserbak mobilizatzen ditu eskaera energetikoei erantzuteko. Karbohidratoak dira energia-iturri nagusia. Erreserba horiek agortzen diren heinean, gorputzak energia-iturri gisa pilatutako gantza behar du neurri handiagoan. Besterik ez bada, beharrezkoa izanez gero, organismoak muskulu-proteinak ere deskonposa ditzake energia gisa erabiltzeko. “Gure azterketaren emaitzek erakutsi dute nerbio-zelulek, hipogluzemia-egoeran (glukosa gutxi), ordezko energia-iturrietara jotzen dutela, hala nola mielinara. Axoiak edo neuronak komunikatzen dituzten nerbio-zuntzak inguratzen dituen egitura koipetsu bat da mielina, eta seinale elektrikoak oso arin hedatzea errazten du”, azaldu du Matutek.
Mielinaren funtzioa ulertzearen garrantziaAzterketak erakutsi du maratoi bat egiteak korrikalarien mielina-edukia murrizten duela garuneko gai grisaren eta zuriaren parte handi batean. Eremu batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago baina eragina antzekoa da bi hemisferioetan. Mielina-galera hori berreskuratu egiten da lasterketaren ondoren, eta esfortzua amaitu eta bi astera mielina-mailak ia normalizatuta egoten dira. “Prozesu itzulgarria da, mielina-maila atsedenarekin normalizatzen baita, ohiz kanpoko energia-eskaeraren ondoren. Baina gehiegi luzatuko balitz, eragin funtzionalak izan litzake garunean”, adierazi du Pedro Ramos Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasleak.
Ikerketa egiteko, zenbait maratoi-lasterkariren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko bidez, lasterketaren aurreko eta ondorengo egunetan eta handik bi astera. Lasterketaren ondorengo egunean edo hurrengo bi egunetan, lantaldeak murrizketa bat nabaritu zuen garuneko mielina-kantitatean. “Bi asteren buruan, mielina-mailak normalak ziren”, adierazi du Matutek.
Ariketa luzearen ondoren mielina-eduki orokorrean izandako jaitsiera drastiko horrek eta jarduera fisikoa murriztu ondoren mielina-maila berreskuratu izanak ikuspegi berri bat ireki du. Tipikoki erabiltzen diren garun-nutrienteak urritzen direnean erabiltzeko moduko energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ramosen esanetan, “garuneko metabolismo energetikoa gaur egun uste dugun baino konplexuagoa da. Mielinaren lipidoak (gantzak) garun-erregai gisa duen erabilerak garunaren eskakizun energetikoei buruzko ikuspegi berri bat ireki du, zeinak eragina baitu oro har biztanleriaren nutrizioan eta kirolarien errendimenduan”.
“Emaitza horiek ireki dituzten ikerketa-lerroek parez pare jar ditzakete gaixotasun neurodegeneratiboak eta metabolismo energetikoaren asalduak. Horrek, bide berriak ireki gaixotasun horiek tratatzeko. Lan-lerro berria, berritzailea eta esperantzagarria da. Ala ere, kasu gehiagorekin berretsi behar dira emaitzak”, azaldu du CIC biomaGUNEko irakasleak.
Matute irakasleak azaldu du azterketa hori oso garrantzitsua dela “esklerosi anizkoitza eta gainerako gaixotasun desmielinizatzaileak ulertzeko. Haietan, mielina desagertu egiten da, eta, horrenbestez, axoiei egiten dien ekarpen energetikoa ere bai; ondorioz, elikatu gabe geratzen dira, eta errazagoa da egitura-kalteak eta degenerazioa sortzea”. Gainera, adinaren ondorioz mielinak jasaten duen zahartzeak eragin negatiboak ditu funtzio kognitiboetan, eta alzheimerra eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak sorrarazi eta larriagotu ditzake.
Lan horren emaitzek horizonte berriak ireki dituzte mielinak —osasuntsu, zahartu eta gaixo dagoelarik— garunean duen paper energetikoari buruz. UPV/EHUko katedratikoak ondorioztatu duenez, “frogatu dugu ezen, osasun-egoera onean dagoenean, mielina ariketarekin gastatzen dela eta atseden hartuta berreskuratzen dela berez, dieta osasungarria izanda. Baina, zahartzearekin eta esklerosi anizkoitzaren, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen kasuan, mielina-kantitatea eta haren kalitatea murriztu egiten dira zenbait kausaren ondorioz, patologiaren arabera, eta ez dira berez berreskuratzen. Horregatik, beharrezkoa izango litzateke goiz esku hartzea, gaixotasun horien hasieran, edo modu prebentiboan, mielinaren suntsitze progresiboa murrizteko, bai ad hoc dieta baten bidez, bai mielina energia-iturri gisa erabiltzea eta atsedenean berreskuratzea sustatuko duten farmakoen bidez”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Maratoi bat egiteak mielina-edukia murrizten du garunean.
Erreferentzia bibliografikoa:Ramos-Cabrer, Pedro; Cabrera-Zubizarreta, Alberto; Padró, Daniel; Matute-González, Mario; Rodríguez-Antigüedad, Alfredo; Matute, Carlos (2023). Widespread drastic reduction of brain myelin content upon prolonged endurance exercise. bioRxiv. DOI: 10.1101/2023.10.10.561303
The post Maratoi baten eragina garunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #488
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Hiriak eta udal aglomerazio handiak klima-larrialdira moldatu behar dira, Pedro Miguel Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslearen ustetan. Hirietan bero-uharte efektua gertatzen da, eta horrek areagotu egiten du bero sentsazioa eremu horietan. Guerreroren arabera, hirigintza ereduak zerikusi handia du bero-uharte efektuaren emendapenean, eta eraikuntzako materialez gain, eraikuntzaren morfologiari eta arkitekturari ere erreparatu behar zaiola dio. Azalpenak Berrian.
OsasunaKontaktu fisikoak onurak ditu gure osasunean. Kontaktu fisikoa gainerako pertsonekin edo objektuekin izan daiteke, eta osasun fisiko eta mentala hobetzen ditu. Ikertzaileek ondorioztatu dute besarkadek, laztanek edo masajeek gutxitu ahal dituztela mina, depresioa eta antsietatea. Robotekin, mantekin edo burkoekin kontaktua izateak ere onurak eragiten zituen. Datuak Zientzia Kaieran.
Fentaniloak mendekotasuna sortzeko baliatzen dituen mekanismoak argitu dituzte. Bi mekanismoren bidez eragiten du mendekotasuna: dopamina askatzen du sariaren zirkuituaren bidez, eta abstinentzia-sindromea saihesten du. Lortutako ondorioen arabera, bien baturak egiten du adikzioa hain handia izatea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Pepe Alcami Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuko ikerlaria da, eta 1986tik ari da GIBa eta hiesa ikertzen. Azaldu duenez, oraindik hiesaren kontrako txertorik ez izatearen arrazoi nagusiak bi dira: immunitate sistema ez dela eraginkorra GIBaren aurka, eta birusak mutatzeko joera duela. Alcamik adierazi du, hiesaren kontrako txertoa, aurkitzekotan, lortzeko eta aplikatzeko zaila izango dela, oraingoz behintzat. Azalpenak Berrian.
Mikroplastikoak topatu dituzte pertsonen eta txakurren barrabiletan. 47 txakur eta 23 pertsonetan egin dute behaketa, eta guztietan topatu dituzte mikroplastikoak, maila esanguratsuetan, gainera. Kasu guztietan, polietilenoa izan da gehien agertu zen polimeroa. Txakurren kasuan ugalkortasun-parametro batzuk ere neurtu dituzte, eta ikusi dute zenbat eta mikroplastiko gehiago, are eta espermatozoide gutxiago dituztela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaZelula seneszenteak gehiago bikoiztu ezin diren zelulak dira. Hil beharrean, zelula seneszenteek inguruko zelulei seinaleak igortzen dizkiete, ehun hori birsortu beharra dagoela komunikatzeko. Horregatik, alzheimerra, minbizia, osteoartritisa eta beste hainbat gaitzen terapietan erabili daitezke. Baina kaltegarriak ere izan daitezke, zahartzea ere eragin baitaitezke. Datu guztiak Berrian.
KimikaBarazkietan eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko bi metodo berri aurkeztu ditu EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Antibiotiko-kontzentrazio oso baxuak detektatzeko gai dira, eta gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Erabilgarritasun handikoa izatea espero da, antibiotikoak elikadura-katearen bidez, gizakietara ere irits daitezkeelako. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
AntropologiaTrantsizio demografikoaren elementu erabakigarria kulturala izan daiteke. Prozesu horren kausa nagusia garapen ekonomikoa dela pentsatu izan da, baina horrek prozesuaren zati bat bakarrik azalduko luke. Jaiotza-tasa murriztea seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da, eta erabaki hori arrazoi kulturalengatik gailentzen da gizartean. Datuak Zientzia Kaieran.
InformatikaMaitane Martinez informatikaria izan da aurtengo Txiotesia lehiaketa irabazi duen ikertzailea. Bere doktorego-tesian, ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatzen ari da Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta pronostikoa egiteko. Horretarako, biomarkatzaileak identifikatzen dabil, eta azken helburua parkinsona goiz atzematea eta pazienteen eboluzioa ikustea da. Informazio gehiago UEUren webgunean eta Berrian.
KosmologiaX izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela. eRosita X izpien teleskopioak jasotako datuak erabilita, kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak egin dituzte. Emaitzen arabera, unibertsoaren “pikortasun faktorea” 0,83 izango litzateke. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakCharles Darwin Ingalaterran jaio zen 1809an. Txikitatik naturalista izan nahi zuen, baina bere aitak teologia ikasketak egitea derrigortu zuen. Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta espedizioan izandako bizipenek hautespen naturalaren teoria proposatzea eragin zuten. Pertsonaia honen bizipenak “Zientzialariak” komiki-sortaren Darwin: Teoriaren eboluzioa alean irakur daitezke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #488 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #495
“Ni”, hau da, zu, den ezer ez dagoela ondorioztatzen duzula da serio pentsatzen jartzearen arazoa. Ondorio horretara iristeko bideetako bat denboraren jarraitutasuna ukatzea da, eta hori denboraren existentzia ukatuz lor daiteke. How logic alone may prove that time doesn’t exist, Matyax Moravecena.
Bero gutxiago gordetzen duten hormigoiak erabiltzea da hirietako beroa murrizteko bide bat. Horretarako, nahasketari itsas barraskiloak gehitu behar zaizkiola dio DIPCko jendeak. Sea snails for mitigating urban heat island effects. Ez da ideia hain xelebrea, alorrean erreferentzia den aldizkari baten azala eman diotenean.
Irisgarritasuna, erabilgarritasuna eta kostua dira haurren mundu digitalerako sarbidean desberdintasunaren hiru hankak. Martha Villabonak Inequality in children’s access to the digital world.
Matematika eta bere historia gustatzen bazaizkizu, ziur Euklidesen bosgarren postulatuaz hitz egiten entzun duzula. Jesus Zamorak kontatu ohi ez den istorioaren zatia kontatzen dizu: Euclid’s fifth postulate, the inside story
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #495 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: plastikoak
Oraingoan, Kiñu kirikinoak plastikoari buruzko hainbat datu interesgarri azalduko dizkigu.
Plastikoak polimeroz osatutako materialak dira, hau da, behin eta berriz errepikatzen diren molekulez daude eratuta. Gaur egun, edozertarako erabiltzen dira mota askotako plastikoak, baina egon zen plastikorik gabeko garai bat.
Lehen plastiko sintetikoa 1907. urtean sortu zen; Bakelita izena zuen. Plasikoa oso material moldagarria da, eta oso iraunkorra. Baina ezaugarri horiek abantailak eta desabantailak dakartzate, gehiago behar ez dugunean ere ez baita desegiten. Zati geroz eta txikiagotan banantzen da, eta eraldatu egiten da, baina hor jarraitzen du.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: plastikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Darwin: Teoriaren eboluzioa
Aitak aginduta, Charles Darwinek teologia ikasketak egin zituen, baina laster lortu zuen naturalista arrakastatsu bilakatzea

Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen Darwinek. Aitak hasiera batean ez zion bidaian joateko oniritzia eman, natura aztertzeko ikerketek ezer gutxirako balio zutela uste baitzuen. Azkenean konbentzitu zuen aita bere osabaren laguntzaz, eta 1831ko abenduan abiatu zen Beagle itsasontzian, Plymouth-eko portutik.

Bidaian zehar, topatzen zituen animalien katalogazioak egiten joan zen, eta haien arteko ezberdintasunak ikusita, ziur egon zen, denboran zehar, bizidunek ere eboluzionatu egiten zutela, Lurrak bezalaxe. Alabaina, eboluzio hori nola gertatzen zen jakin nahi zuen, eta hainbat ikerketa eta esperimentu egin ostean, hautespen naturalaren teoria plazaratu zuen, Alfred Wallace zientzialariarekin batera.
“Darwin: Teoriaren eboluzioa” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Hipatia edo Aristoteles.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Darwin: Teoriaren eboluzioa
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar
- Urtea: 2017
- Orrialdeak: 48 orrialde
- ISBNa: 978-84-16752-93-5
The post Darwin: Teoriaren eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- …
- 12
- 13
- 14
- 15
- 16
- 17
- 18
- 19
- 20
- …
- hurrengoa ›
- azkena »