Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 32 mins 52 segs

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua

Mar, 2017/01/17 - 09:00
Arturo Apraiz “Prozesu magmatiko anomaloak” azaltzeko estreinako saiakera J. Tuzo Wilsonek egin zuen 1963. urtean, puntu beroak (hot spot) aipatuz. Wilsonek esan zuen Hawaii uharteak bezalako kate bolkanikoak plaka tektoniko bat mantuan kokatutako puntu bero baten gainetik igarotzean sortuak direla (1. irudia).

1. irudia: Hawaiiko uharteen sorrerarako J. Tuzo Wilsonek 1963. urtean iradokitako puntu beroaren eredua (aldaketa txiki batzuk eginda).

8 urte beranduago, W. Jason Morgan (1971, 1972) geofisikaria, ahalegindu zen Wilsonen puntu beroen kontzeptuari oinarri fisikoa ematen. Bere esanetan, puntu beroak lurrazaleko prozesu bolkanikoak dira, nukleo eta mantuaren arteko mugatik gora egindako mantuko arroka beroen bitartez elikatuak. Mantu sakonetik gora egiten duen egiturari luma gorakor deritzo. Beraz, puntu beroa luma gorakor baten azaleko ondorioa litzateke. 1971 geroztik, luma gorakorren hipotesia izan da plaken barnean gertatzen diren prozesu bolkanikoak (Hawaii, Yellowstone) azaltzeko eredurik hedatuena. Hala gertatu da era berean ozeano-gandorretako zenbait kokapenetan gertatzen diren isurketa erraldoiak (Islandia) azaltzeko unean.

Aipatutako ingurune bolkanikoekin batera, luma gorakorrak ere erabili izan dira hainbat egituren bolkanismoaren jatorria azaltzeko: Pitcairn uharteak, MacDonald mendilerroa, Galapagos, Azores edo Kanariar uharteak eta Afrikako Afar lurraldea, eta Deccan, Paraná, Ontong-Java edo Siberia bezalako basalto-plataforma erraldoiak. Morganek luma gorakorren eredua iradoki zuenean, Hessen (1962) itsas hondoen zabalkuntzaren eredua zen nagusi, eta iradokitzen zen ozeano-gandorren azpian kokatutako konbekzio-korronte gorakorren eraginez zabaltzen zirela ozeanoak. Baina ereduak ezin zituen puntu beroak azaldu eta, gainera, ozeano-gandorren inguruko xingola magnetikoen azken ikerketek erakutsi zuten Hessen eredua ezinezkoa zela. Ondorioz, plaka-tektonikak ondo deskribatzen zuen Lurraren azaleko bloke zurrunen zinematika, baina mugimenduak azaltzeko mekanismoan aldiz, huts egiten zuen. Morganek, behe-mantuan garatutako luma gorakorrak jotzen zituen plaken mugimenduaren erantzule. Bere esanetan plakak bi arrazoiengandik mugitzen dira: alde batetik, luma gorakor bakoitzaren erdiguneak litosferaren oinaren aurka jo eta astenosferan hedatzen diren korronte erradialen eraginez eta, bestetik, plaken arteko mugetan sortzen diren esfortzuen ondorioz. Morganen arabera, luma gorakorrak ziren mantuko konbekzio-eredu nagusia ahalmena dutelako; plakak apurtzeko, ozeano-gandorren bilakaera mantentzeko eta plaken mugimendua gidatzeko. Mantuko konbekzioa mugimendu gorakor, indartsu, estu eta beroek eta askoz zabalagoak diren mugimendu beherakorrek (subdukzio-eremuak) osatzen dute.

Beraz, Morganen ereduan luma gorakorrak nukleo eta mantuaren arteko mugan sustraituta dauden eta inguruko arrokak baino beroago dauden arroken “tximiniak” dira. Mantu sakoneko materialek mantu solidoan gora egiten dute, ustez tenperatura altuak soilik eragindako dentsitate-murrizketaren eraginez (luma termikoak), litosfera zurrunarekin bat egin arte.

Hasiera batean, beraz, uste zen luma gorakorrek jatorri termikoa zutela. Horrela, mantuaren konbekzioa fluidoen konbekzioarekin pareka liteke, lapiko batean urak duen mugimenduarekin gutxi gorabehera.

Eredu teorikoan, mantuko konbekzioa, beroa kondukzioz garraiatzen dituzten bi geruza-muga termikoen[1] artean gertatuko litzateke. Goikoa litosfera da, gaineko azaleratik hozten dena eta noizean behin mantuan barneratu egiten dena; azpikoa nukleo eta mantuaren arteko mugan dago kokatuta. Nukleorako egindako petrologia esperimentaleko ikerketek erakutsi dute bertako tenperatura gaineko mantuarena baino ehunka gradu altuagoa dela. Tenperatura-desberdintasunak nukleotik mantura doan bero-fluxua eragingo du, eta ondorioz gaineko arrokak berotu, flotazio-anomaliak eragingo eta gorantz abiatzen diren luma gorakorrak abiaraziko dituzte.

Baldintza hauek ezarrita, asko izan dira luma gorakor termikoen izaera erreproduzitu dituzten laborategiko esperimentuak eta zenbakizko simulazioak.

Horietan lortutako argazkiek (2. irudia) eta bestelako emaitzek adierazten dute luma gorakor termikoak bi zati nagusitan bana daitezkeela: aurretik doan buru handia batetik, eta bestetik burua nukleoarekin eta mantuaren arteko mugarekin lotzen duen zutabe estua. Ikerketa hauetan iradoki izan da luma gorakorren buruek 800-1.200 km-ko diametroa dutela litosferara iritsita eta zutabeak, aldiz, 100-200 km-koak direla. Luma gorakorren eta inguruko mantuko arroken arteko tenperatura-desberdintasuna, 150-250ºC bitartekoa izan daiteke.

2. irudia: Laborategian lortutako luma termikoen argazkiak. Geruza-muga ezegonkor batetik sortzen dira, ura azpitik berotu ondoren. (Sparrow et al., 1970)

Lumen ereduan beraz, burua litosferaren oinera iritsita norabide guztietan erradialki hedatuko da, litosfera zurrunaren konkordura eragingo du eta probintzia igneo erraldoia (LIP; Large Igneous Province) garatuko du (3. irudia). Ondoren, burua litosferaren aurka zanpatu eta zabaldu egiten da, gero eta difuminatuago agertuko den disko baten geometria lortuz. Ondorioz, lumaren zutabea baino ez da geldituko, anomalia termiko mugatuagoa sortzen duena, gandor aseismikoak edo bolkan-kateak sortzeko bestekoa baino ez (3. irudia).

3. irudia: Luma gorakorra eta berak sortzen duen puntu beroaren arteko harremana. Luma gorakorren buruak basalto-plataforma eta zutabeak gandor aseismikoa sortzen dute.

Egun, luma gorakorren ereduak sendo dirau, eredua sortu zenean iradokitako hainbat prozesu geologiko egiaztatu ahal izan direlako. Denborarekin egiaztatu diren ereduaren aurreikuspenen artean ondorengoak aipa daitezke:

  • Luma gorakorrak nukleo eta mantuaren arteko mugan sor daitezke eta buru handi eta zutabe estu batekin osatuta daude.
  • Luma gorakorraren buruaren eraginez milioika kilometro kubiko probintzia igneo erraldoiak sor daitezke.
  • Riftaren ertzetan ozeano-lurrazal lodia duen eremu estua gara daiteke, litosferaren azpian kokatutako luma gorakorren buruek garatutako riftingaren ondorioz.
  • 1000 m inguruko domo-gorakada gerta daiteke, luma gorakorren buruek sortutako erupzioak hasi aurretik.
  • Luma gorakor berri baten estreinako erupzioetan pikritak[2] eratuko dira, eta ingurune bolkanikoaren erdigunean kokatuko dira.

Esan bezala, denborak aurrera egin ahala, behaketen bidez egiaztatu ahal izan dira baieztapen hauek guztiak, mantuko lumen hipotesia balizkoa izan daitekeela frogatuz. Hala ere, oraindino ez dago adostasunik puntu beroen eta luma gorakorren kopurua eta kokapenaren kontuan, baina zalantza gutxi daude 4. irudiko mapan agertzen direnen artean.

4. irudia: Urteetan zehar oso aldakorrak izan dira iradokitako puntu beroen kopurua eta kokapenak. Mapa honetan puntu gorriekin adierazi dira zalantza gutxi sortzen dituzten puntu beroak.

 Oharrak:

[1] Geruza-muga termiko: Fluidoen mekanismoaren barne, biskositatearen eragina nabarmena deneko azalera baten albo-alboan kokatutako fluido-geruza da.

[2] Pikrita: Magnesio portzentaia handia duen basalto aldaera, olibinoan oso aberatsa dena. Iluna da olibinozko fenokristal (20-50%) hori-berdexkarekin eta piroxeno (nagusiki augita) beltz edo marroi iluna. Oso tenperatura handiko magmen kristalizazioaren ondorioa da, eta sarritan luma gorakorrekin lotzen da.

Aurreko artikulua:

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
  • Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movements. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
  • Holmes, A. (1944): Principles of Physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
  • Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
  • Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
  • Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
  • Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
  • Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
  • Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Minbiziari aurre egiteko nanopartikula fluoreszenteak

Lun, 2017/01/16 - 09:00
Nanozientzian eta materialen kimikan murgilduta, minbiziaren aurkako ohiko tratamenduetatik urruntzen den soluzio bat proposatu du UPV/EHUko ikerketa batek.  Izan ere, osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte. Helburua zehatza da, argiaren bidez oxigeno erradioaktiboa sortuz, zelula kaltegarriak hiltzea.

Irudia: Osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte UPV/EHUn.

Euskarri bezala silizezko nanopartikulak erabilita, eta haiei terapia fotodinamikoa egiteko beharrezko osagaiak ainguratuta, minbizi-zeluletaraino iritsi eta haietan bakarrik eragiteko modua garatu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Minbiziaren kontrako tratamendu konbentzionaletan ez bezala, zeintzuetan minbizi-zelulez gain gorputzeko zelula osasuntsuak ere kaltetzen baitira, terapia fotodinamikoak ez du ia kalterik eragiten tratatu nahi ez diren eskualdeetan. Minbiziari aurre egiteko ez ezik, mikrobio-zelulak, bakterioak, onddoak eta birusak hitzeko ere erabil daiteke. Bada, UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileek horrelako terapietan erabiltzeko moduko nanopartikulak sortu dituzte, eta beste ikerketa-talde batzuekin elkarlanean ari dira nanopartikula horien ekintza in vitro behatu nahian, “minbizi-zeluletara nola iristen diren, nola hiltzen dituzten, zer eraginkortasunez, irudiak ondo ikusten diren eta abar”, azaldu du Nerea Epelde kimikariak eta ikertzaile-taldeko kideak.

Epeldek eta bere kideek sintetizatu dituzten nanopartikulek zenbait osagai garrantzitsuak dituzte. Batetik, euskarri gisa aritzen diren nanopartikulak berak daude, silizezko nanopartikula porotsu esferikoak, ez-organikoak, “biomedikuntzako beste aplikazio batzuetan egokiak direla frogatuta dagoelako”, dio. Bestetik, nanopartikularen barruan molekula fluoreszente batzuk kapsulatu dituzte, “nanopartikulen kokapenari jarraitu ahal izateko, eta tumore-zeluletara iristen direla ziurtatzeko”, zehaztu du Epeldek.

Nanopartikuletan gehitu beharreko beste osagai organiko bat fotosentsibilizatzaileak izan ziren; “nanopartikularen kanpoaldean ainguratu genituen horiek, haiek direlako terapia fotodinamikoan zelula kaltegarriak akabatzeko funtzioa dutenak. Fotosentsibilizatzailea argi-iturri batez kitzikatzen denean, aktibatu egiten da, energia-transferentziaren bidez oxigeno-espezie erreaktibo zitotoxikoa sortzen du, bereziki oxigeno singletea, eta horrek hiltzen ditu tumore-zelulak, apoptosia edo nekrosia eraginez”, kontatu du.

Erabilera ugariko material hibridoak

Nanopartikula-formatuan ez ezik, monolito-itxurako silizezko egituretan ere kapsulatu dituzte molekula fotoaktiboak, “egoera solidoan dauden material fluoreszenteak lortzeko. Funtzio eta erabilera ugari izan ditzakete horrelako materialek. Guk batez ere Rodamina molekularekin egin dugu lan, eta ikusi dugu gure monolitoetan beste ikerketa batzuetan lortzen dituzten egoera solidoko materialek baino etekin fluoreszente hobeak lortu ditugula. Egia esan, dena den, ikerketa hau lehenengo hurbilketa bat baino ez da izan, ikerketa sakonagoa behar da materiala egonkorragoa izateko eta materialaren hauskortasuna ekiditeko, horretarako beste konposatu batzuk, beste sintesi-metodo batzuk eta abar probatu beharko lirateke”.

Silizea alde batera utzita, beste mota bateko material hibridoak ere sortu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Osagai ez-organiko gisa xaflaz eratutako buztin bat erabiltzea, saponita eta laponita, eta xaflen artean aztergai zuten material organikoa sartzea izan zen jarraibidea, ioi-truke bitartez. “Horrela, ordenatuta gelditzen da konposatu organikoa, eta hori oso baliagarria da argi polarizatuarekin lan egiteko, adibidez. Egoera solidoko laser sintonizatzaile moduan edota bigarren harmoniko sortzaile moduan erabil liteke, besteak beste”, argitu du Epeldek.

Azken batean, material hibridoak era askotakoak izan daitezke, eta erabilera ugarikoak. “Ikerketa asko egiten ari dira mundu osoan gai honetan, interes handiko arloa delako eta badagoelako zer hobetua. Egindako ikerketek zenbait ate ireki dizkigute, eta fintzen eta hobetzen jarraituko dugu”, dio.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Material nanoegituratu egokiaz eta argiaren laguntzaz, minbiziari aurre egiteko materialak sortu dituzte.

The post Minbiziari aurre egiteko nanopartikula fluoreszenteak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #137

Dom, 2017/01/15 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Birgus Latro artropodo lehortarra aurkeztu digu Juan Ignaciok. 40 cm-ko gorputz-luzera du, eta 4 kg-ko masa. Ez da munduko karramarrorik handiena, halere. Tropiko aldeko uharteetan bizi daIndiako Ozeanoan eta Ozeano Barean. Kokoez, pikuez eta bestelako materia organikoaz elikatzen da. Kokoak jateko ahalmenari dagokio bere izena; izan ere, kokoak apurtzeko eta zabaltzeko ahalmen harrigarria du. Berriki plazaratu den ikerketa batek frogatu du indar gehien egiten duen krustazeoa dela.

Geologia

Esnatzen hasi da dagoeneko Italiako Campi Flegrei sumendia. Hala ohartarazi dute adituek, bederen. Milaka urtez lo seko egon da eta orain asaldatzen hasia da. Ikerketa baten arabera, magmaren gainean dagoen sistema hidrotermala berotzen ari da, eta askatzen ari diren gasek presio handiko egoerara eraman dute magma. Funtsean, sumenditik gero eta gas gehiago askatzen ari da, eta hori magma puntu «kritikora» ailegatzen ari den seinalea omen da. Giovanni Chiodini bulkanologoak azalpenak ematen ditu Berria egunkarian: “Lurzoruaren deformazioa azkartzen ari da. Jarduera sismikoa dago, eta sumendiaren epizentrotik gertu dauden Solfatara-ko fumarolen osaketan ere aldaketak izaten ari dira”.

Emakumeak zientzian

Beatriz Royo Castillejok ez du zailtasunik izan ikerketa-lana eta amatasuna bateratzeko, bere laborategiko buruaren jarrerari esker. Orain tesia idazten ari da baina pauso horretara iritsi arte beste zenbait gauza egin ditu bidean. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) eta gero Lleidara joan zen Goi Mailako Ingeniaritza egitera. Han egin zuen baita amaierako ikerketa-proiektua eta orduan sortu zitzaion ikertzeko gogoa. Berrikuntza bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ematen zituen bi urteko beka bat eskatu eta lortu egin zuen. Onddoak baliatuta, baso-mozketan lortutako ligninatik bioetanola nola sortu ikertzen aritu zen. Urtebete zeramala, master bat egiteko aukera sortu zitzaion, eta Ingurugiroaren Agrobiologia egin zuen. Orain tesia idazten ari da eta otsailean aurkeztea espero du.

Astronomia

Asteroide lur-koorbitalak izan ditu mintzagai autoreak artikulu honetan. Lurraren orbitaren antzeko orbitetan ere aurkitzen dira hauek. Beren orbitaren ardatz nagusiak 2 unitate astronomiko ditu gutxi gorabehera, eta ondorioz, translazio-periodoa ia-ia urte bat da. Asteroideen mugimenduen eta historian zehar topatutakoen berri izango duzu artikulu honetan. Adibidez, 1986. urtean aurkitu zen lehenengo koorbital lurtarra den asteroidea, 3753 Cruithne  zuten eta 5 kilometrokoa da. Asteroide honek oso orbita eszentrikoa dauka, eta beraz, Merkurioren orbitara hurbiltzen da mutur batean eta Marte baino gehiago urruntzen da Eguzkitik, bestean.

Medikuntza

Ahoko infekzioak dira hortz-inplanteek huts egitearen eragile nagusia. Arazoari aurre egiteko estrategiak eta medioak aztertzen eta diseinatzen ari dira ikertzaileak. UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko Biomaterialen taldeko Beatriz Palla ikertzailearen taldea horretan ari da. Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte. Testuan azaltzen denaren arabera, sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten, hau da, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da eta horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, ezarriko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. “Silizioa erabiltzen dugu hasarazle gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen”, argitzen du ikertzaileak.

Albiste itxaropentsua dakargu aste honetan. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundeak esan du rVSV-ZEBOV izeneko txertoak eraginkortasun handia erakutsi duela Ebolaren aurrean. Ginean egindako saioek balio izan dute frogatzeko, eta 2017ko amaierarako txertoaren lizentzia izatea espero da. Estomatitis besikularraren birusean (VSV) oinarritutako txerto errekonbinantea da. Erreplikatzeko konpetentea da birusa, baina ez du gaixotasunik garatzen, eta haren azalean Ebola birusaren glikoproteinak jarri dizkiote, birusarekiko babesa eragin dezan.

Elektronika

Municheko Unibertsitate Teknikoko (TUM) ikertzaile-talde batek lortu du grafeno-xaflari porfirinak, klorofilaren eta hemoglobinaren parte diren eraztun proteikoak, batzea. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri. Egitura hibrido berri horiek oso erabilgarriak izan litezke elektronika molekularraren arloan, non zirkuitu elektronikoak molekula-unitatez osatuta dauden, baita erreakzio kimiko asko azeleratzen dituzten prozesu katalitiko ugaritan eta gasen sentsore berrien garapenean ere.

Biologia eta eboluzioa

Homonimoetan, burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta daudela pentsatzen da maiz; hau da, garuna handitu ahala, harrizko tresnak egiteko ahalmena eskuratu zutela gure aurrekoek, eta tresna horiek edukita hortzak hainbeste erabili behar ez zituztenez, horiek txikitu egin zirela. George Washington Unibertsitatean egin duten ikerketa batek, baina hankaz gora jarri du uste hori. Amaia Portugalek azaltzen digu afera: garunaren eta hortzen bilakaerak ez datoz bat. Ez ziren gertatu ez aldi berean, ez eta erritmo berean ere. Aida Gomez-Robles artikuluaren egile nagusiak dioenez, “ez dirudi kausazko harreman soila dagoenik garunaren tamainaren bilakaeraren, tresnen erabileraren eta hortzen tamainaren artean. Batez ere, homininoen bilakaeraren konplexutasuna aintzat hartuta, eta aldaketa horiek denbora tarte oso zabaletan gertatu zirela kontuan hartzen badugu”.

Ingeniaritza

Hormigoiaz eta eraikuntzaz dihardu Aimar Orbek honetan. Materialari buruz azalpen batzuk eman dizkigu honetan. Laborategiko mailan egindako saiakuntzek frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #137 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #143

Sáb, 2017/01/14 - 09:00

Erabil daiteke Twitter zientzia-gaiei buruzko eskolak emateko modu eraginkorrean?  Ignacio López Goñik eta beste hainbestek posible dela erakutsi zuten mikrobiologia irakatsiz. Ignacio López Goñi berak azaltzen digu: The #microMOOCSEM initiative: Twitter as a tool for teaching and communicating science.

Ilehori eta ilehoriak daude. Batzuk azal zuria dute eta besteek oso beltzarana. Biak ala biak ilehoriak jaiotakoak dira baina bestelako bide genetikoetatik. José Ramón Alonsok argitzen digu kontua: Blonds and Blondes.

Oso material interesgarria izan arren, karbono atomoen kate lineal infinitua lortzea ez da bat ere gauza erraza. DIPCko ikertzaileek elkarlanean dihardute kate hauek lortzeko. Hona azalpena: A route to bulk carbyne.

Agian gose zara eta ez dago harategirik hurbil…. Ez arduratu, ez dakigu ezer konponduko dizun, baina laborategian haragia zelan hazi daitekeen kontatzen digu Sergio Laínezek: Growing hamburgers on a petri dish.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #143 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Beatriz Royo: “Ama izatea eta ikertzea bateragarriak izan daitezke”

Vie, 2017/01/13 - 09:30
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Beatriz Royo Castillejok lehenengo hitzetik aitortzen du zortea izan duela. Izan ere, duela gutxi ama izan da, baina ez du zailtasunik izan ikerketa-lana eta amatasuna bateratzeko, bere laborategiko buruaren jarrerari esker. “Borondatea egonez gero, gauzak ondo egin daitezkeela erakusten du nire kasuak”, dio Royok.

Orain tesia idazten ari da; bost orduko lan-jarduna du, eta nahi duen bezala bete ditzake. Ordutegia alde batera utzita, kontratazio-gaietan ere ondo zainduta daudela iruditzen zaio, eta lantaldean oso giro ona dutela adierazi du: “Alde horretatik, zorionekoa naiz, zalantzarik gabe”.

Irudia: Beatriz Royo ingeniaria eta ikertzailea jardunaldi batean aurkeztutako posterraren aurrean.

Horra iristeko izan duen ibilbidea kontatzean, Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuenetik abiatzen da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin zituen ikasketa horiek, eta gero Lleidara joan zen Goi Mailako Ingeniaritza egitera. Han egin zuen baita amaierako ikerketa-proiektua eta orduan sortu zitzaion ikertzeko gogoa. Izan ere, horren aurretik, industrian lan egiten ikusten zuen bere burua. Bestalde, bestelako lan batzuk ere egin zituen, aholkularitza batean, esaterako, eta lan-mota hori ez zuela gogoko konturatu zen.

Hala, berrikuntza bultzatzeko Nafarroako Gobernuak ematen zituen bi urteko beka bat eskatu zuen, eta baita lortu ere. Onddoak baliatuta, baso-mozketan lortutako ligninatik bioetanola nola sortu ikertzen aritu zen. Urtebete zeramala, master bat egiteko aukera sortu zitzaion, eta Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen.

Tesia, amatasuna eta lana

Masterra NUP eta EHUren artekoa da, eta masterra ikasi bitartean, Iruñean eta Bilbon, ikertzen jarraitu zuen. “Garai gogorra izan zen”, onartu du, baina merezi izan zuela uste du. Hain zuzen, masterraren amaierako proiektuan Danimarkara joateko aukera eskaini zioten, eta hara joan zen, lau hilabetez. Irribarretsu kontatzen ditu hango bizipenak, asko ikasteaz gain, oso giro onean egon baitzen. “Eta hori gutxi ez, eta artikulu bat argitaratzea lortu nuen!”, gehitu du.

Handik itzultzean, tesia egiteko lau urteko beka eman zioten Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean, eta han dabil oraindik. Bi egonaldi egin ditu, bat Oxforden, lau hilabetekoa, eta bestea Kordoban, hiru hilabetekoa, eta lau urteko beka amaitzeko hiru hilabete geratzen zitzaizkionean, haurdun geratu zen. Orduan eten bat egin zuen, haurra izan eta, sei hilabeteko kontratu baten bidez, berriro itzuli den arte.

Orain, beraz, kontratatuta dago, eta tesia idazten ari da, eta otsailean aurkeztea espero du. Gutxi gorabehera orduan amaituko zaio kontratua, baina dagoeneko badaki beste sei hilabeteko kontratu batekin lotzeko aukera izango duela. Edonola ere, ez du baztertzen industrian probatzea, lanean egonkortasun handiagoa izateko, baina berriro dio: “ezin dut ukatu, zorionekoa naiz”.

Fitxa biografikoa:

Beatriz Royo Castillejo Iruñean jaioa da, 1983an. Nekazaritza Ingeniaritza Teknikoa NUPen ikasi ondoren (2009), eta Goi Mailako Ingeniaritza egin zuen Lleidan (2009an). 2011n, berriz, Ingurugiroaren Agrobiologia masterra egin zuen (NUP eta EHU). Orain tesia egiten ari da Landare Fisiologia eta Agrobiologia ikerketa-taldean (NUP), eta, tartean, hainbat lan egin ditu: egonaldiak atzerrian ikerketa-bekekin, irakasle-lana, enpresan…

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Beatriz Royo: “Ama izatea eta ikertzea bateragarriak izan daitezke” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteroide lur-koorbitalak

Jue, 2017/01/12 - 09:00
Esteban Esteban Asteroide gehienak Marte eta Jupiterren orbiten artean higitzen dira, Gerriko Nagusian. Baina badaude gure Eguzki Sisteman edozein lekutan mugitzen direnak ere. 1906. urtean aurkitu zuten lehenengo asteroidea hortik kanpo. Non eta Jupiterren orbita berean. Akiles eman zioten izena eta gaur egun ehunka asteroide ezagutzen dira, “asteroide troiarrak” izenekoak, eta planeta erraldoiaren aurretik edo atzetik 60°-ra higitzen direnak.

Lurraren orbitaren antzeko orbitetan ere aurkitu dira asteroide batzuk, eta lur-koorbitalak deitzen zaie. Beren orbitaren ardatz nagusiak 2 unitate astronomiko ditu gutxi gorabehera, eta ondorioz, translazio-periodoa ia ia urte bat da. Esan daiteke ia Lurrarekin batera mugitzen direla, normalean bere orbita-planoa eta eszentrikotasuna ezberdinak izan arren.

Goitik ikusita badirudi Lurraren orbitarekin gurutzatzen direla, baina planoak ezberdinak direnez ez da hori normalean gertatzen, nodoak urrun egon daitezke eta. Badaude nodo bat edo biak Lurraren bidetik hurbil dituenak ere, baina asteroide koorbital hauek ez dira arriskutsuak.

1-irudia

1. irudia: Lurra eta asteroidearen orbitak hainbat ikuspuntutik.

Adibide honetan nodo bat urrun dago Lurraren orbitatik eta bestea hurbil. Pentsa liteke talka egiteko arriskua dagoela nodo hurbilean, baina ez da hala gertatuko astiro hurbiltzen direlako urtetik urtera; horrela, gure planetak grabitate-indarraren bidez aldatzen du asteroidearen abiadura eta ezin dira gehiegi hurbildu. Izan ere, oso prozesu bitxiak eta paradoxikoak gertatzen dira.

1986. urtean aurkitu zen lehenengo koorbiltal lurtarra den asteroidea, 3753 Cruithne izendatu zuten eta 5 kilometrokoa da. Asteroide honek oso orbita eszentrikoa dauka, eta beraz, Merkurioren orbitara hurbiltzen da mutur batean eta Marte baino gehiago urruntzen da Eguzkitik, bestean.

Gure planetatik ikusitako kokapen erlatiboa kontuan hartuta, ibilbide berezia dauka, ematen baitzuen bueltaka zebilela Lurraren inguruan garai hartan. Horregatik, sasisatelitea deitu zioten. Ez da Lurraren bigarren ilargia, berri batzuetan agertu zen moduan, benetan Eguzkiaren inguruan mugitzen delako, eta bere ibilbidearen arrazoi nagusia Eguzkiaren grabitatea delako. Bere ustezko Lurraren inguruko orbita erlatiboa ez da eliptikoa, indaba edo giltzurrun itxurakoa baizik.

2-irudia

2. irudia: (A) Benetako orbitak. (B) Cruithne asteroidearen orbita erlatiboa Lurretik ikusita, Eguzkiko erreferentzia leku finko batean jarrita. 1- kanpoan (gezi horia), 2-atzean (zuria), 3 barruan (gorria) , 4 aurrean (berdea).

Egoera bitxia zen. Benetan bere translazio-periodoa ez da zehazki urte bat eta horregatik bere orbita erlatiboa ez da ixten, eta Lurrarekiko mugitzen da malguki baten antzera. (Ikusi 3. irudian A grafikoa.)

Hori gutxi balitz, 1997. urtean Paul Wiegert astronomo kanadarra konturatu zen Lurraren grabitateak bere ibilbidea aldatzen ziola noizean behin: 1902. urtea baino lehen bere periodoa 366 egunekoa izan zen, hau da, Lurra baino pixka bat astiroago higitzen zen, baina aldaketaren ondorioz Eguzkitik hurbilago mugitzen da orain 364 eguneko periodoan; gure planeta baino azkarragoa da beraz, eta gaur egun orbita erlatibotik kanpo dago Lurra, eta Cruithne ez da sasisatelitea. (Ikusi 3. irudian B grafikoa.)

XXIII. mendearen amaieran, aurkako aldaketa gertatuko da eta orbita erlatibo bitxi horrek atzera eta aurrera egingo ondorioz txikituta edo handituta. Ferra baten ertzaren antzerako ibilbidea egingo, 770 urteko ziklo batean.

3-irudia

3. irudia: Cruithneren orbita erlatiboaren garapena. Eskema baino ez da. Benetan bueltak askoz hurbilago daude elkarrengandik eta askoz ere gehiago dira urtero.

XXI. mendearen hasieran Lurraren periodoaren antzeko periodoa duten beste asteroide batzuk aurkitu ziren:

  • 2002 AA29, gure planetaren orbitaren antzekoagoa dauka; izan ere, eszentrikotasun txikia dauka, eta horretxegatik esan zen lehenengo benetako koorbitala zela. Bere bi nodoak hurbil daude Lurrarenaren orbitatik eta orain ez da sasisatelitea baina bai halakoa izan zen VI. mendean baino lehen, eta berriro izango da 550 urte barru.
  • 2003 YN107, orbita antzekoa dauka: sasisatelitea zen une hartan, eta 2006. urtera arte horrela jarraitu zuen.
  • 2004 GU9 asteroidea, mila urte daramatza, gutxienez, sasisatelite moduan Lurrarekin batera higitzen, eta horrela jarraituko du beste mila urte. Lurraren grabitateak saihesten du gehiegi hurbiltzea, baita urruntzea ere, baina hori ez betiko moduan, aldizkako eraginen bidez baizik. Edonola, Eguzkiaren grabitatearen ondorioz higitzen da benetan. Hemendik ikusita, malguki baten antzerako ibilbidea dauka eta Lurraren inguruan mantentzen da, aurrera eta atzera eginez.
4-irudia

4. irudia: 2004 GU9 asteroidearen orbitak perspektibaz: A) Benetako orbitak B) Asteroidearen orbita erlatiboa. D) Hasieran Lurra baino motelago mugiten da eta hemendik ikusita atzera doa. E) Atzera, aurrera, atzera,… ez da inoiz asko urruntzen.

Aipatutako eragin grabitatorioak paradoxikoak dira. Asteroidea Lurrari atzetik hurbiltzen zaionean, Lurrak erakartzen du, gehiago azkartzen du eta horren ondorioz, kanpoko beste orbita batera ateratzen da asteroidea. Orbita hori motelagoa denez, azkenean asteroidea Lurra baino astiroago mugituko da eta urrundu egingo da.

5-irudia

5. irudia: Asteroide-orbitaren aldaketa.

Gero eta asteroide lur-koorbital gehiago agertu dira azken urte hauetan. Horien artean hona hemen batzuk:

  • 2010 TK7 Lurraren lehenengo asteroide troiarra.
  • 2016 HO3 asteroidea orain dela gutxi aurkeztu zuten, sasitelite baten adibide onena eta egonkorrena balitz bezala. Berriro “bigarren ilargia dela” esan da leku askotan. Baina orain 2004 GU9 bezala higitzen da berdin berdin, baina askoz urte gutxiago daramatza sasisatelite moduan eta oso txikia da. Beste askotan bezala, berriak hanpatu egiten du aurkikuntzaren garrantzia.

Asteroide bat lur-koorbitala den ala ez erabakitzeko, ez dago definizio zehatza: orbitaren tamaina, Lurraren tamainaren antzekoa izan behar da, bai, baina muga ez dago zehaztuta. Zorrotz jokatzen ez badugu, gaur egun ezagutzen ditugun 25 asteroide inguru sartu beharko lirateke talde honetan. Kasu batzuetan orbitaren ezaugarriak oso bitxiak dira eta parametroak azkar aldatzen dira Lurraren grabitatearen eraginez baina badaude ere beste batzuk orbitak egonkorrak dituenak.

Irizpide geometrikoak erabiltzen badira, esango genuke 5 edo 6 Lurraren inguruan mugitzen direla, sasisatelite moduan.

Ez dira benetako sateliteak, Keplerren legeak betetzen ez dituztelako erdiko astroa Lurra bada. Arauak ondo betetzen dituzte ordea Eguzkiaren inguruko ibilbidea hartzen bada kontuan. Ez dira ere harrapatutako asteroideak.

Azken urteetan aurkitutako astro deigarri hauek kontuan hartuta, argi dago Lurrak ez duela garbitu bere orbita. Batzuen ibilbideak Lurraren grabitatearen menpe daudela esan daiteke, baina beste kasu batzuetan ez dago hain argi eta hori dela eta, 2006. urtean ezarritako “planeta” definizioa agian aldatu egin beharko litzateke.

—————————————————–
Egileaz: Esteban Esteban Peñalba Durangoko Astronomia Ikasgelaren zuzendaria da eta Asociación para la Enseñanza de la Astronomíako (ApEA) presidenteordea.
—————————————————–

The post Asteroide lur-koorbitalak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Garunak eta hortzek, nork bere bidea

Mié, 2017/01/11 - 09:15
Amaia Portugal Homininoetan, burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta egon direla pentsatzen da maiz, lehena handitu ahala txikitu zirela bigarrenak. Ikerketa batek hankaz gora jarri du uste hori: batak eta besteak homo espezieetan izan duten garapenak ez datoz bat, ez eta garapen hori baldintzatu duten faktoreak ere.

Jakina da gizakiaren arbasoek guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituztela. Burmuinaren eta haginen bilakaera elkarri lotuta daudela pentsatzen da maiz; hau da, garuna handitu ahala, harrizko tresnak egiteko ahalmena eskuratu zutela gure aurrekoek, eta tresna horiek edukita hortzak hainbeste erabili behar ez zituztenez, horiek txikitu egin zirela.

George Washington Unibertsitatean egin berri duten ikerketa batek, baina, hankaz gora jarri du uste hori: haien emaitzek iradokitzen dutenez, garunaren eta hortzen bilakaerak ez datoz bat. Ez ziren gertatu ez aldi berean, ez eta erritmo berean ere. Hala azaldu dute PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.

Homininoak dira Homo generoko kideak eta horien arbaso gertukoenak; Australopithecus, Paranthropus eta Ardipithecus, alegia. Bada, berriki plazaratutako beste ikerketa batzuetan ere egiaztatu dutenez, homininoen garuna garatzen hasi eta gero ere hortz handiak izaten jarraitu zuten, eta gainera, oraindik burmuin nahiko txikia zeukaten, harrizko tresnak erabiltzeari ekin ziotenean. Aipaturiko lotura kolokan jartzen duten datuak dira, eta ikerketa berri hau ere ildo beretik doa.

 No machine-readable source provided / CC BY-SA 3.0)
1. irudia: Australopithecus homininoak guk baino garun txikiagoa eta hortz handiagoak zituen.

Artikulu honetan diotenez, aztertu duten hominino espezie bakoitzean, garunak garapen desberdina izan zuen tamaina eta erritmoari dagokionez, batez ere Homo generoaren barruan. Hortzen tamainaren bilakaera, aldiz, oso egonkorra izan da, pixkanaka txikitu baitira.

Hala azaldu du Aida Gomez-Robles artikuluaren egile nagusiak: “Gure aurkikuntzek adierazten dutenez, ez dirudi kausazko harreman soila dagoenik garunaren tamainaren bilakaeraren, tresnen erabileraren eta hortzen tamainaren artean. Batez ere, homininoen bilakaeraren konplexutasuna aintzat hartuta, eta aldaketa horiek denbora tarte oso zabaletan gertatu zirela kontuan hartzen badugu”.

Zortzi hominino espezie izan dituzte aztergai lan honetan. Hain zuzen, komunitate zientifikoarentzat polemikoak ez direnak aukeratu dituzte: ikertzaile gehienak bat datoz haien bilakaeraren xehetasunetan, eta ez dute beste zenbaitek bezainbesteko eztabaidarik eragiten. Hala, zortzi espezieon eboluzio tasari behatu diote, eta haien arteko desberdintasunei erreparatu. Bai eta kasu bakoitzean garuna eta hortzak zer unetan aldatu ziren aztertu ere. Argi ikusi dute garuna azkarrago aldatu zela hortzak baino, batez ere aurreneko Homo espezieetan. Bien garapena ez dator bat, eta bion atzean dauden faktoreak ere ez.

 George Washington University
2. irudia: Gaur egungo giza garuna, hortzak barne, hiru dimentsiodun irudian. (Argazkia: George Washington University)

Lan honetan ez dute aztertu faktoreok zeintzuk izan daitezkeen. Hala ere, zenbait hipotesik iradokitzen dutenez, garunaren hazkundeak zerikusia izan dezake homininoen gizarte egituran eta portaeran (familia, gurasotasuna) eragin handia izan zuten zenbait aldaketatan. Hortzen tamainari dagokionez, aldiz, homininoen elikadura ohituretan izandako aldaketekin ikusi dute lotura askok. Baina bilakaera hain izan da egonkorra eta jarraitua kasu honetan, ezen ez baita ageri jakiekin zerikusia duen gorabehera nabarmenik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aida Gomez-Robles, Jeroen B. Smaers, Ralph L. Holloway, P. David Polly, Bernard Wood. “Brain enlargement and dental reduction were not linked in hominin evolution”. PNAS, January 3, 2017. DOI: 10.1073/pnas.1608798114

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Garunak eta hortzek, nork bere bidea appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak

Mar, 2017/01/10 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Birgus latro da munduan masa handiena duen artropodo lehortarra. 40 cm-ko gorputz-luzera, eta 4 kg-ko masa du eta bere gorputz-adarrak luzatuta dituenean, 1 m-ko hanka-zabalerara hel daiteke. Ez da munduko karramarrorik handiena eta, seguru aski, ezin liteke tamaina handiagokoa izan, zeren ezin izango bailioke, ez masa handiagoari eutsi, ez eta lur gainean ibili ere. Hala ere, ez da krustazeo makala. Handiena karramarro japoniarra dugu, Macrocheira kaempfrei, baina hori itsastarra da eta, ezaguna denez, ur azpian ez dute eraginik lehorrean eragiten duten baldintza murriztaileak.
1. irudia: Kokondoetako karramarro erraldoia. (Argazkia: Wikimedia Commons / John Tann, Creative Commons Attribution 2.0 Generic lizentziapean)

Tropiko aldeko uharteetan bizi da Birgus, Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean, eta kokondoetako karramarroa da krustazeo honen izen arrunta. Kokoez, pikuez eta bestelako materia organikoaz elikatzen da. Eta kokoak jateko ahalmenari dagokio bere izena; izan ere, kokoak apurtzeko eta zabaltzeko ahalmen harrigarria du. Bere hagin edo matxardez apurtu eta barruan dagoena jaten du.

Karramarro honetaz ari naiz hemen, duela gutxi plazaratu direlako bere haginez egin dezakeen indarrari buruzko ikerketa baten emaitzak. Okinawa uharteko 29 kokondoetako karramarrook gara dezaketen indarra neurtu du Okinawa Churasima Foundationen lan egiten duen Shin-Ichiro Oka ikertzaileak zuzentzen duen taldeak. Azterketa horren emaitzen arabera, indar handia egiten dute, izugarri handia; izan ere, indar gehien egiten duen krustazeoa dela aurkitu dute.

kokondoetako-karramarroa
2. irudia: Kokondoetako karramarroen matxarden morfologia eta hauen indarra neurtzen. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)

Lehen eta behin, espero bezala, ikertzaileek ikusi zuten animalien masaren proportzionala dela matxardek egin dezaketen indarra. Bestalde, neurturiko baliorik handiena 1800 newton-ekoa izan zen; indar hori garatu zuena 3 kg-ko karramarroa zenez, 4 kg-ko ale batek 3000 newton-eko indarra sor dezakeela ondorioztatu zuten. Zenbaki horien esanguraren ideia bat egiteko, kontuan hartu behar da otarrain batek 250 newton-eko indarra baino ezin dezakeela egin bere haginez, hau da, Birgus-ena baino askoz ere apalagoa. Kokondoetako karramarroak hain matxarda indartsuak edukitzeagatik janari mota asko balia ditzake eta, gainera, balio handikoak dira harraparien mehatxuei aurre egiteko eta lehiakideak uxatzeko.


3. irudia: Lurrazaleko harrapakari askoren haginkadak baino indar gehiago du kokondoetako karramarroaren matxardak. (Argazkia: Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita eta Kei Miyamoto)

Ikusi dugunez, beste krustazeoek egiten duten indarrarekin alderatuta, izugarri handia da Birgus latro-k egiten duena. Baina krustazeo ez diren beste animaliekin erkatzea ere oso adierazgarria da. Gure eskuek, esaterako 300 Newton-eko indarra egiteko ahalmena dute gutxi gorabehera, eta 1600 Newton-ekoa krokodilo baten barailezurrak sor dezakeena. Begira zein handia den kokondoetako karramarroarena, animalia-erreinuan indar handien gara dezakeen animalia krokodiloa dela kontuan hartzen badugu!

Erreferentzia bibliografikoa:

Shin-ichiro Oka, Taketeru Tomita, Kei Miyamoto (2016): A Mighty Claw: Pinching Force of the Coconut Crab, the Largest Terrestrial Crustacean. Plos One, November 23, 2016. DOI: 10.1371/journal.pone.0166108

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————-

The post Animalia-erreinuko matxarda ahaltsuenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala

Lun, 2017/01/09 - 15:00
Aimar Orbe Eraikuntzaren alorrean, aurreiritzi ugari azaleratzen dira sarri gizarte, ekonomia eta ingurumenean duen eraginaren ondorioz. Hala ere ezin uka liteke, gizarteak jardun ezberdinak aurrera eramateko beharrezko dituen espazio kontrolatu eta babestuak, ezinezkoak liratekeela hura barik. Hormigoia bezalako eraikuntza materialen inguruko ikerketari dagokionez, hainbat dira iraunkortasun eta kostu eraginkortasunari loturiko ildoak. Alabaina, hari atxikitako ikuspegi mediatiko negatiboa gailendu egiten zaie.  Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuztzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.
Irudia: Azalera handiko elementu lauak dira altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiarentzat egokienak, zuntzen bidez lor daitekeen esfortzu-birbanaketaz erarik eraginkorrenean baliatzeko.

K.A. VIII milurtekoaz geroztik, hainbat dira eraikuntza materialak indartzeko zuntzak erabiltzeko joera. Anatoliako Çatal Höyük hiri zaharrean buztina lasto eta belar onduarekin nahasten zen gisara, A. Bernardek altzairu ezpalak erabili zituen, 1874an erregistratutako patentearen arabera, alde batetik hormigoia indartu eta beste aldetik hondakin industrialak berrerabiltzeko asmoz. Nabarmentzekoa da, hormigoi armatuaren aitzindaritzat hartzen diren Jean-Louis Lambot (1856) eta Joseph Monieren (1867) patenteen garaikidea izan zela. Azken hauek ez bezala, altzairu zuntzez indarturiko hormigoiak, matrize hauskorra indartzeko ausaz kokatzen diren milaka zuntz labur baliatzen ditu, gaur egun ohikoagoak diren barren ordez. 1962an James Romualdik gidaturiko saiakuntzek beharrezko bultzada eman eta puri-purian jarri dituzte altzairu zuntzez indarturiko hormigoiaren ikerketak.

Laborategiko mailan egindako saiakuntzek aski ondo frogatu dute materialaren egokitasun mekaniko eta erresistentea. Aldiz, ikusteke dago eskala txikiko mugalde-baldintzak aldatuz gero, zelan berma litekeen egituraren segurtasuna. Hori dela eta, hormigoiaren baitan zuntz horiek hartzen duten kokapen eta orientazioa zehaztea lehentasunezkoa da. Ikerketa ildo ugarik buru-belarri dihardute kalitate kontrol teknika berriak aztertzen. Horietako askok, materialen propietate elektriko eta magnetikoak hartzen dituzte oinarri, saiakuntza ez-suntsikorrak garatuz, adibidez: korronte alternoko inpedantzia-espektroskopia (AC-IS ingelesez), erresistibitate elektrikoa, transmisio lerro ardazkidea zirkuitu irekian, uhin-gidari antenak eta metodo magnetikoak. Argi dago, teknika hauek eraginkorragoak direla zuntzak material ferromagnetikoz, altzairuz, osatzen badira.

Hormigoia era berritzailean indartzeko erabiltzen diren beste material naturalen kasuan, egur-zelulosa edo koko-zuntza kasu, ordenagailu bidezko tomografia axialak erabil litezke, elementu edo laginaren barreneko zuntz, poro edo edozelako beste gorputzak zehaztasun oso agertzen dituztelarik. Hala ere, teknika honen kostua altua da eta ezinezkoa suertatu ohi da tamaina handiko egitura elementuetan erabiltzea. Gaurkotasun handikoak diren jasangarritasun alderdiak sustatu egiten dira saiakuntza ez-suntsikor hauen erabileraz. Teknika berri hauek gauzatzea arin eta sinplea denez, interesgarria litzateke neurketa ekipoak garatu, gailu mugikor bati atxiki eta etengabeko neurketen erregistroa biltzea egituraren indartze-mapa osatuz.

Hurbilean badira hainbat adibide material hau erabiltzen dutenak, esate baterako, Bilbao Exhibition Centreko pabiloien lauzak, Bermeoko portua, Metro Bilbaoren tunel tarte baten sostengua eta LKS Ingeniaritza enpresaren egoitza nagusia. Azken hau da guztietan adierazgarriena. 660 metro karratuko forjatuak 300 mm-ko lodiera duten lauzez eraiki dira eta, zuzenean eta inolako haberik gabe, 8 x 7,8 metrora irits daitekeen zutabe sarearen gainean bermatzen direlarik. Era honetan, nabarmenki murriztu dira muntaia eta eraikitze lan eta kostuak.

Etorkizunera begira, zuntz horien kokapen eta orientazioa detektatzeaz gain, datu horiek aurreikusteko egoeran izango gara, batik bat, ordenagailu bidezko jariakinen dinamikaz baliatuz. Horrez gain, pitzadurak berez sendatzeko gai diren hormigoiak garatze bidean dira, materialaren iraunkortasuna handituz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia: Eraikuntza lanak erraztuko dituen etorkizun oparoko materiala.
  • Laburpena: Altzairu-zuntzez indarturiko hormigoia, AZIH (ingelesez SFRC), arrunki ezagutzen dugun hormigoi armatuaren anaia txiki eta ezezaguntzat har genezake. Hala ere, bere ibilbidea anaia zaharrenaren eskutik egin du teknologia hauen garapenean zehar, eta orain etorkizun oparoa aurreikusten zaio. Aldi berean, azken bolada honetan garatzen dabiltzan hainbat azterketa teknika ez-suntsikorrek, kalitate kontrol erraz eta zehatza egitea ahalbidetzen dute. Hori baita AZIHak duen desabantailetako bat, hau da, behin hormigoia gogortuta, ez da hain erraza zuntzek hormigoi matrizearen baitan hartzen duten orientazioa ikusten. Hala ere, materialak merkatuan harrera ona izan dezan, ezinbestekoa da laborategiko maila gainditu eta eskala errealeko egitura-osagaien ikerketa bultzatzea.
  • Egileak: Aimar Orbe
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 137-144
  • DOI: 10.1387/ekaia.14494

—————————————————–
Egileaz: Aimar Orbe Bilboko Goi Ingeniaritza Eskolako irakaslea da eta Eraikuntza Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko ikertzailea.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia_ale_berezia_2016

The post Eraikuntza lanak erraztuko dituen materiala appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Bakterioen kontrako hortz-inplanteak

Lun, 2017/01/09 - 09:30
Egun, ahoko infekzioak dira hortz-inplanteek huts egitearen eragile nagusia. Adibidez, inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak edo infekzioak agertzen direlako. Arazo horiei aurre egiteko estrategiak eta medioak aztertzen eta diseinatzen ari dira ikertzaileak. Horien artean dugu UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia saileko Biomaterialen taldeko Beatriz Palla ikertzailearen taldeak egindakoa. Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte, hauen ezarpena arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten. implantes-dentales-profilacticos-768x576
Irudia: Hortz-inplanteetarako estaldura berezi batzuk sortu dituzte UPV/EHUn, inplantazioa arrakastatsua izateko beharrezko ezaugarriak izan ditzaten.

Inplanteen inguruan bakterioak itsastea eta kolonizazioa gertatzea saihesteko gai diren gainazalak bilatzea “interes handiko gaia da, inondik ere, eta horren erakusgarri da zenbat argitalpen zientifiko atera diren gai horri lotuta”, azaldu du Beatriz Palla ikertzaileak. Izan ere, “inplanteen % 10 inguru erauzi behar izaten da osteointegrazio-arazoak medio edo infekzioak agertzen direlako”, gaineratu du.

Arazo horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzeko orduan, kontuan izan behar da erronka bat dela titaniozko inplanteen gainazalari bakterioen aurkako propietateak ematea, eta, aldi berean, bakterio-anduiek erresistentzia handiak gara ditzaketela ohiko antibiotiko-terapien aurrean. Horixe izan zen, ikertzaileek gainditu beharreko erronka. “Dagoeneko garatuta genituen inplantearen inguruan hezurra sortzea bultzatzen duten estaldura batzuk, inplanteak hezurrean ainguratzen laguntzeko. Urrats bat aurrera egin nahian, estaldura horiek bakterizida ere bihurtzen saiatu ginen“, dio ikertzaileak.

Sol-gel deritzon sintesi-metodoa erabili zuten horretarako. Sol-gel sintesian, disoluzio bat (sol) prestatzen da konposatu aitzindariekin, eta, handik tarte batera, gel bihurtzen da. Gel horrekin estaltzen da titaniozko torlojua, eta berogailu batean tenperatura handiko tratamendua jasotakoan, ezarriko den torlojuan behin betiko itsatsita gelditzen da. “Silizioa erabiltzen dugu hasarazle gisa, ikerketa askotan frogatu baita konposatu hori osteoinduktorea dela, eta, hala, lortu nahi genuen helburuetako bat bete dezakegu. Horrez gain, materialak bakterioei aurre egiteko gai izan zitezen, zenbait agente bakterizida gehitu genituen“.

Egindako ikerketan, hiru motatako estaldurak garatu zituen Pallak, bakterioen aurkako zenbait agente erabilita. Bakterioen infekzioei aurre egiteko mekanismo jakin bat du horietako bakoitzak: batzuek eragin profilaktikoa dute, eta bakterioak hasieran itsastea saihesten dute, eta, baita ondoren infekzioa sortzea ere. Besteek, berriz, sortuta dagoen infekzioa ezabatzen dute.

Estaldura profilaktikoen kasuan, “degradazio-denbora oso luzeko materiala behar genuen, torlojuan denbora luzean itsatsita egon dadin, eta ahalik eta denbora gehiena eman dezan bakterioak itsastea galarazten”, adierazi du Pallak. Dagoeneko sortuta dagoen infekzioei aurre egitera bideratutako estalduretan, berriz, “azkar degradatzen diren materialak behar dira, ahalik eta azkarren askatzeko bakterioen aurkako agentea eta infekzioari eraso egiteko”. Azkeneko helburu horretarako sortutako estalduretako bat, gainera, “odontologia-kontsultan bertan, infekzioak hartutako torlojuan erabiltzeko diseinatu dugu, pazienteari inplantea kendu beharrik izan gabe. Patente-bidean dago material berri hori, baita industria-sekretupean ere”, nabarmendu du ikertzaileak.

Emaitzei erreparatuta, Pallaren ustez, “esan daiteke sortutako estaldurak gai direla bakterioen aurka egiteko, eta ez dutela galarazten inplantea masailezurrean behar bezala integratzea“. Hala ere, aitortzen du bide luzea dagoela oraindik odontologia-kontsultetan erabiltzeko moduko zerbait bihurtzeko, inoiz bihurtuko bada: “Egin beharko liratekeen entsegu guztiez gain, egokia litzateke gehixeago ikertzea, emaitzak optimizatzea lortzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Romero-Gavilán, F., Barros-Silva, S., García-Cañadas, J., Palla, B., Izquierdo, R., Gurruchaga, M., & Suay, J.. Control of the degradation of silica sol-gel hybrid coatings for metal implants prepared by the triple combination of alkoxysilanes. Journal of Non-Crystalline Solids, 453, 66-73.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hortz-inplanteak, bakterioen kontra egiteko eta hezurrean integratzea bultzatzeko gai.

The post Bakterioen kontrako hortz-inplanteak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #136

Dom, 2017/01/08 - 09:00
Uxue Razkin

tree-838667_1280

Neurozientzia

Ikerketa berri baten arabera, garunaren eremu batek hazten jarraitzen du helduaroan ere. Orain arteko teoriak dio haur jaioberri baten garunak baduela jada helduaroan izango duen neurona-kopuru bera (90.000 milioi inguru neurona). Horren arabera, haurra hazten doan heinean, bere garuna ere hazten doa, baina ez neurona gehiago sortzen dituelako, baizik eta neuronen tamaina eta mielinazko estaldura handitzen doazelako. Elhuyarren azaltzen digute nerabezarora iristean aukeraketa bat gertatzen dela: gutxi erabiliak eta ahulak diren neuronen arteko sinapsiak galdu egiten dira, eta gehien erabiltzen direnak sendotu. Hori dela eta, nerabezaroa hartzen zen garuna hazteko muga gisa. Orain, ordea, ikusi dute eremu batean hazten jarraitzen duela, eta gainera, neurona gehiago sortzearen ondorio dela.

Ekologia eta biologia

Datu triste batekin hasi dugu albisteen errepasoa: 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena murriztu da. Amaia Portugalek kontatu digu gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena dela, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu direla elkarlanean. Sarah Durant ikertzaileak azaltzen du, animalia iheskorra dela eta hari behatzea zaila dela. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”. Afrikan daude gepardo ia guztia; Asian ale eskas geratzen dira. Orain, guztira, 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude.

Animaliekin jarraituz, bitxia da jarraian datorrena: Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek ez dute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Autoreek azaltzen digutenaren arabera, benetan bitxia da talde hori ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da. Zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?

Zergatik egiten dugu lo? Loaren garrantziaz jabetzeko, zenbait ikerketa egin dira eta horiek bildu ditu artikuluaren autoreak. Lehenik, dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du Marie-Pierre St.-Ongek gidatzen duen ikerketan. Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute. Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Alabamako unibertsitateak jakitera eman du beste ikerketa baten bitartez 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute.

Osasuna

Bitamina eta gehigarriak hartzeko ohitura asko zabaldu azken urteotan. Eskura ditugu honakoak hainbat tokitan. Baina benetan onuragarriak al dira. Berrian Edu Lartzangurenek gaia jorratzen du. Antioxidatzaile, azido foliko edo resveratrol pilulak hartzea baliagarria da zerbaitetarako?  Zientziak erakutsi du belar denda, parafarmazia, gimnasio eta supermerkatuetan denen eskura dauden elikagai gehigarriak hartzeak ez duela, askotan, osasun onurarik ekartzen. Adituek argi dute auzia: egoera berezietan ez bada, gehigarriok ez dira beharrezkoak, ez dute onurarik ekartzen eta, arriskuak, ordea, badituzte.

Biokimika

Bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertzen dihardu UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko lanean ari dira. DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, esan du Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUkoBiofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du. Gantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik.

Argiak egin dio elkarrizketa Aitana Oltra zientzialariari. Herritar zientziari buruz mintzatu dira, batik bat. Haren iritziz, zientzialariek ez ezik, herritar arruntek ere espezie arrotz inbaditzaileen hedapena neurtu dezakete, herritar zientzia deritzona eginez. Oltra urteak daramatza CSICen barruko Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentroan (CEAB) tigre eltxoen ezaugarriak eta hedapena ikertzen. Mosquito Alert proiektuan zientzia eta parte-hartzea uztartu nahi dituzte.

2016ko aurrerapen esanguratsuak

Juanma Gallegok aurten izandako aurrerapen esanguratsuenak bildu ditu bilduma interesgarri honetan. Lehenik, Advanced Ligo behatokiak grabitazio uhinen aurkikuntza egin zuen. Duela 1.300 milioi urte bi zulo beltzek egindako talkaren seinalea izan zen atzemandakoa. Albert Einsteinen teorien baliagarritasuna frogatzeaz gain, unibertsoa aztertzeko ate berri bat ireki du grabitazio uhinen aurkikuntzak. Bigarrenik, CRISPR-Cas9 izeneko teknikaren bidez eraldatutako geneak gizaki batean txertatu zituztela gogoratzen du. Guztira, hamar bat lagunengan egingo dute saioa. Orain arte ez dute jakinarazi sendabide gisa arrakastatsua izan ote den. Erresuma Batuak, bestalde, tresna giza enbrioietan erabiltzeko aukera ireki du. Hirugarrenik, astronautika pribatua dugu. Apirilean, SpaceX enpresak Nazioarteko Espazio Estaziora bidalitako suziri batek itsasoan zegoen oholtza batean lurreratzea lortu zuen. Zerrenda honetan ere, planeta gorriaren lurrazalera egin diren bidaiak aipatu ditu autoreak. ESA Europako Espazio Agentziaren Exo Mars 2016 misioa, adibidez. Ez galdu zientzian izan diren aurrerapenak 2016.urtean zehar.

Astrofisika

Ospea iragankorra da. Niri zenbakiek sariek baina gehiago inporta didate. Etorkizunean astronomoek nire datuak erabiltzen jarraitzen badute, hori izango da nire ohorerik handiena.” Vera Rubin (1928-2016)

Vera Rubin 2016ko abenduan zendu zen. Astrofisikaria aitzindaria izan zen. Berorrek neurtu zuen lehen aldiz izarren errotazioa galaxia barruan. Neurketa horren emaitzekin materia iluna bazegoela frogatu zuen. Aurkikuntza honez gain ibilbide oparoa egin zuen Vera Rubinek. Nobel saria jasotzeko beste ekarpen egin bazituen ere ez zuen eskuratu inoiz. Beste hainbeste bezala Gorka Zozaia kimikariak Gaur8 gehigarrian azaltzen digu, sukaldeko lana egin dutela Vera bezalako zientzialariak “iluna” argitzen.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #136 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #142

Sáb, 2017/01/07 - 09:00

 

mommy_brain_myth2

Objektu bat aurkitzen denean aztarnategi arkeologiko batean, ezaguna den kategoria baten sailkatzen da aurkitutakoa. Eta hau horrela egiten da sailkapenerako aukera bat bera ere egokia izan ez arren. Eta beste modu batera egingo balitz? César González-Pérezek erantzuten du galdera Category-less Archaeology artikuluan.

Hormonek emakumeen garunean eragina dute. Izan ere, ez dute eragiten soilik aldarte aldaketan, entzefaloaren tamainan ere eragiten dute, eta, horrez gain, neurona-zirkuitu batzuetan. José Ramón Alonsok azaltzen digu: Brains on hormones.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #142 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Xabier Murelaga: “Euskal Herriko arrokek itsaso azpian eman dugun iragan bat erakusten digute” #Zientzialari (64)

Vie, 2017/01/06 - 09:00

Arrokak mendeetan gertatu diren prozesu naturalen ondorioz sortu dira, horregatik, informazio iturri garrantzitsua dira denboran zehar mundua nola aldatu den ulertzeko. 3 multzotan banatzen dira nagusiki: igneoak, metamorfikoak eta sedimentarioak. Azken hauek dira gure inguruan ugarienak eta oso sakonera handiko itsasoetan sortuak izan zirela diote adituek.

Arroken ezagutzak duen garrantziaz hitz egin digu Xabier Murelaga UPV/EHUko geologoak Zientzialariren atal berri honetan. Honez gain, arroka baten azterketa nola burutzen den azaldu du.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Xabier Murelaga: “Euskal Herriko arrokek itsaso azpian eman dugun iragan bat erakusten digute” #Zientzialari (64) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gepardoak, uste baino ataka estuagoan

Jue, 2017/01/05 - 09:30
Amaia Portugal Orain dela mende bat bizitokitzat zituzten lurraldeen hamarrena baino gutxiago geratzen zaie gaur egun gepardoei. Zazpi mila ale besterik ez daude, eta Asian ia desagertu dira. Gehienak babestutako guneetatik kanpo bizi dira. Parke nazionaletatik at gizakiek eta animaliok eremuak parteka ditzaten, neurriak hartu behar direla uste dute ikertzaileek.

Lehorreko animalia azkarrenak hil ala biziko lasterketa gal dezake, neurririk hartzen ez badugu. Ikerketa batean ondorioztatu berri dutenez, 7.100 gepardo baino ez dira geratzen lurrazalean. Gainera, bere bizitokien hedapena ikaragarri murriztu da: orain dela mende bat hartzen zituzten lurraldeen %9a baino ez dute betetzen egun. Animalia hau arrisku larrian jarri duen arazo nagusietako bat zera da, ale gehienak parke eta eremu babestuetatik kanpo bizi direla, eta horrek are gehiago zailtzen du haien etorkizuna.

Gepardoen egoeraz inoiz egin den azterketa sakonena da honakoa, eta Londresko Zoologia Elkartea, WCS eta Panthera erakundeak aritu dira elkarlanean horretarako. Sarah Durant ikertzaileak azaldu bezala, animalia iheskorra da oso, eta hari behatzea zaila da. “Orain arte ez gara ohartu zeinen ataka estuan dagoen. Gure aurkikuntzen arabera, gepardoak gune oso zabalak behar dituenez (200 eta 1.000 kilometro karratu artean) eta eremu basatian askotariko mehatxuak jasaten dituenez, desagertzeko duen arriskua guk uste baino handiagoa da”, esan du. Hala plazaratu dute, PNAS aldizkarian argitaratutako artikuluan.

 James Temple / Flickr / CC BY 2.0)
1. irudia: Gaur egun 7.100 gepardo inguru geratzen dira. (Argazkia: James Temple / Flickr / CC BY 2.0)

Gaur egun, gepardo ia guztiak Afrikan daude; Asian 50 ale eskas geratzen dira, eta Irango gune zehatz batzuetan baino ez daude, isolatuta. Munduko kontinente handienean animalia honek izan duen gainbehera ikaragarria izan da, baina Afrikan ere, galera ez da txikia izan. Zimbabwen, esaterako, gepardoen populazioa 1.200etik 170era jaitsi da azken hamasei urteotan. Gainera, orain guztira 7.100 ale baino ez egoteaz gain, oso sakabanatuta daude. Afrika hego eta ekialdeko 30 eremu bereizitan daude, han-hemenka, eta isolamendu horrek are gehiago jartzen du kolokan animaliaren etorkizuna.

Ikerketaren arabera, giza faktoreak gepardoaren biziraupenari egin dion kaltea agerikoa da. Ez dakigu askorik animaliok eremu babestuetan zein horietatik kanpo jasaten duten jazarpenaren inguruan, baina izan bada. Gainera, gehiegizko ehizaren ondorioz, gero eta harrapakin eta elikagai gutxiago dituzte eskura; habitat galera pairatzen dute; eta gepardoen eta haien gorputzeko zenbait atalen legez kanpoko trafikoak ere ez du laguntzen. Neurririk hartu ezean, datozen hamabost urteotan gepardoen kopurua erdira murriztu daitekeela uste dute ikertzaileok.

Babestutako zenbait gunetan ehunka gepardo bizi dira oraindik; esaterako, 340 ale inguru zenbatu dituzte Serengeti Parke Nazionalean (Tanzania). Hala ere, gaur egun, animalion %77a gotorleku horietatik kanpo bizi da, eta hori bereziki kezkagarria da biziraupenari begira. Izan ere, babestutako eremuetan dauden gepardoen proportzioa txikitu ahala, desagertzeko arriskua azkar handitzen da. Parke nazionaletako gepardoen hazkunde tasak oso nabarmena izan beharko luke, horietatik kanpo bizi direnen desagertze azkarra berdintze aldera.

 Bjørn Christian Tørrissen / CC BY-SA 3.0)
2. irudia: Serengeti Parke Nazionalean 340 gepardo inguru bizi dira, baina eremuak babestea ez da aski. (Argazkia: Bjørn Christian Tørrissen / CC BY-SA 3.0)

Animalia hau hedapen handiko inguruneetan mugitzen dela kontuan hartuta, babestutako eremuak hainbeste zabaltzea zaila da, eta bestelako irtenbidea proposatu dute ikerketa honetan. Gizakiak eta gepardoak elkarrengandik ahalik eta gehien urrundu beharrean, bi animaliok eremuak partekatzearen aldeko apustua egiten da. Tokian tokiko komunitateek gepardoak babestea, gobernuak mugaz gaindiko elkarlanean aritzea eta halako neurriak sustatzearen alde egiten dute ikertzaileok.

Kim Young-Overton artikuluaren beste egileetako batek gaineratu bezala, “babestutako eremuak gotortzea ez da nahikoa. Animaliok urrutira mugitzen dira, eta haien bizitoki diren lurralde babestuak zein babesik ez dutenak kontserbatu behar ditugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Sarah M. Durant et al. The global decline of cheetah Acinonyx jubatus and what it means for conservation. Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS). December 27, 2016. DOI: 10.1073/pnas.1611122114

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Gepardoak, uste baino ataka estuagoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Odol zuriko izotz-arraina

Mié, 2017/01/04 - 10:15
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Antartidako itsaso izoztuetan bizi diren Channichthydae familiako arrainek talde guztiz bitxia osatzen dute ornodunen artean, ez baitute ez hemoglobinarik odolean, ezta mioglobinarik ehunetan. Horregatik dira zurixkak eta ia gardenak. Hemoglobinak ematen dio kolore gorria odolari; arrain hauek arnas pigmentu hori ez dutenez, hortik datorkie «odol zuriko arrainak» izena. Benetan bitxia da talde hau ornodunen artean, ornodunen ezaugarrietako bat odoleko hemoglobina-kontzentrazio altua ohi baita. Dirudienez, hemoglobinarik ez izatearen arrazoia ß-globinaren sintesirako beharrezkoa den gene funtzionalaren gabezia da.

Horrelako animalia talde baten aurrean bi galdera sortzen dira: zergatik galdu dute arrain horiek hemoglobina eboluzioan? Ez ote dute hemoglobinarik behar oxigenoa zeluletara eramateko?

izotz-arraina
1. irudia: Odol zuriko izotz-arraina 1927. urtean aurkitu zuen lehen aldiz Ditlif Rustad zoologoak norvegiar espedizio baten parte hartzen zuenean. Haren sarean “odol zuriko krokodilo arraina” izendatu zuten Channichthydae espezieko lehen arraina harrapatu zuten.

Lehen galderak ez du erantzun bakarra eta zalantzarik gabekoa. Kontua aztertu duten zientzialarien iritziz, izotz-arrainaren odolak biskositate altuegia izango luke hemoglobina edukiko balu, bai koloide-esekiduran edo eritrozitoen barruan balute ere. Izan ere, tenperaturaren menpekoa denez, biskositatea nabarmenki igotzen da tenperatura jaistean. Hori dela eta, oso altua izan daiteke 0 °C edo baxuagoak diren tenperaturatan bizi diren animalien barne-likidoen biskositatea. Arnas pigmentuak areagotu egiten du tenperaturaren eragin hori. Esaterako, ugaztunen odolaren hematokritoa, gutxi gorabehera, % 46koa da, eta haren biskositatea plasmarena baino hiru bider altuagoa. Bi eragile horiek elkartuta, hots, tenperatura baxuak eta hemoglobinak, biskositate altuegia emango liokete odolari, eta horrek nabarmenki igoko luke odola ponpatzearen kostua, edo, areago, ponpatzea bera eragotziko luke. Horren guztiaren ondorioz, antza, hemoglobina galdu zuten ur hotzetan bizitzera moldatu ziren arrain horiek. Esan beharra dago ur hotzetan bizi diren beste arrain batzuek eritrozitoak badituzte ere, haien odolaren hematokritoa oso baxua dela. Zentzu horretan, izotz-arrainak ez dira, beraz, salbuespen bat, joera orokor baten muturra baizik.

Bigarren galderari berez erantzuten zaio: hemoglobinarik ez badute, behar ez duten seinale. Beste kontu bat da, noski, nola betetzen duten arnas pigmentuaren gabeziak utzitako zuloa: arnas pigmenturik gabe, oxigeno-garraioa odoletik ehunetarantz barreiaduraz gertatzen diren prozesuetara mugatuta gelditzen da. Aukera bat beharrizanak murriztea litzateke, animalien tamaina mugatuz, hau da, txikiak izanik. Ez da hau esku artean dugun kasua; izotz-arrainen artean bada gutxienez espezie bat, Chaenocephalus aceratus, metro erdiko banakoak izan ditzakeena. Orduan, nola konpontzen dute animalia bitxi hauek hemoglobinaren gabeziak oxigeno-garraioari ezartzen dizkion mugak?


2. irudia: Ditlef Rustad zoologo norvegiarra (ezkerrean) saretik tiraka Ozeano Antartikoak egindako espedizio batean. 1927ko abenduan aurkitu zuen odol zuriko izotz-arraina. Arraina ia gardena zen eta odola zuria zuela antzeman zuen zoologoak. 1954. urtean Nature aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean, Johan Ruud biokimikariak baieztatu zuen Chaenocephalus aceratus-ek ez zuela globulu gorririk ez hemoglobinarik. (Argazkia: Liv S. Schjerven-en bilduma pribatua)

Argi dago arrain hauek beren ohiko inguruneak eskaintzen dizkien baldintzetan soilik bizi daitezkeela. Antartidako itsasoetako urek oso oxigenatze-maila altua dute, eta tenperatura ia 2 gradu zero azpitik mantentzen da urte osoan zehar. Jakina denez, oxigenoak uretan disolbatzeko duen erraztasuna handiagoa da zenbat eta tenperatura baxuagoa izan; beraz, disolbagarritasun altua bermatua dago bai uretan eta baita ere arrainen odolean tenperaturak baxu mantentzen diren artean. Gainera, hotzak berak poikilotermoak diren animalia hauen beharrizan metabolikoak (eta, beraz, oxigeno beharrizanak) txikiagoak izatea eragiten du.

Hala ere, animalia hauek ez dira baldintza fisikoen gatibu, beste moldaera bat agertzen baitute: bihotza tamaina bereko beste arrain guztiena baino askoz handiagoa dute, eta taupada bakoitzean 4-10 aldiz odol gehiago ponpatzen du. Horrekin batera, odol-fluxua azkartzera zuzenduta dagoen beste moldaera estruktural bat agertzen dute izotz-arrainek: arrain hauen ehunak irrigatzen dituzten odol-hodiak ohi dena baino askoz handiagoak dira, diametro handiagoa dute, eta, beraz, mikro-zirkulazioa erraz dezakete odol-fluxuari hodietan jartzen zaion erresistentzia txikiagoa delako. Azkenik, larruazalak ere zeregin garrantzitsua betetzen du gas-trukean, garraio-sistema baten beharra arinduaz. Izan ere, brankia txikiak dituzte, haien larruazalak ez du gas-trukea eragotziko luketen ezkatarik, eta dermisa odol-hodiz beterik daukate gasen trukerako azalera eraginkorra areagotuz.

Bistan da ornodun guztien odola ez dela gorria, baina horrek ez du esan nahi gizakien artean odol urdineko banakoak izan daitezkeela sinesgarria denik.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Odol zuriko izotz-arraina appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Goazen ohera…

Mar, 2017/01/03 - 09:00
Eduardo Angulo

“Loak ez badu inolako bizi-funtziorik betetzen, eboluzioaren akatsik handiena da”
Allan Rechtstaffen, 1971

Lo egitea misterio bat da. Hala diote adituek. Washingtongo Estatu Unibertsitateak Spokane hirian duen campusean lan egiten duen James Kruegerrek zuzendutako ikertzaile-taldeak, adibidez, lo egitea misterio zientifiko bat dela eta, beraz, haren funtzioaren edo funtzioen inguruko inolako adostasunik ez dagoen azken prozesu fisiologikoa dela adierazi du. Zergatik egiten dugu lo? Zergatik igarotzen dugu lotan gure bizitzaren heren bat eta laurden bat bitartean?  Antonio Possenti (1933-2016) margolariaren "Morfeo" lana.
1. irudia: Antonio Possenti (1933-2016) margolariaren “Morfeo” lana.

Esna gaudenean, jan egin dezakegu ala ez, edan dezakegu ala ez, ugaldu gaitezke ala ez, edota interesatzen zaizkigun eta interesatzen ez zaizkigun beste hainbat gauza egin ditzakegu ala ez. Baina, lotan gaudelarik, begiak abiadura bizian mugitzen zaizkigu eta amets egiten dugu, erremediorik gabe eta inongo kontrolik gabe gure aldetik. Gainera, ez da ahaztu behar animalia gehienek ere lo egiten dutela. Ohiko funtzioa da animalien erresuman. Beraz, zerbait garrantzitsua izango du loak, eboluzioak milioika urtean zehar espezie ugarirengan txertatu badu.

Gure espeziearen biologian lo egitea zein garrantzitsua den irudikatzeko, zenbait adibide zehatz ikus ditzagun. Hasteko, New Yorkeko Columbia Unibertsitatean lan egiten duen Marie-Pierre St.-Ongek gidatutako ikertzaile taldeak dietaren eta ondo ala gaizki lo egitearen arteko lotura aztertu du.

Dieta eta loa

Badakigu gutxi eta gaizki lo egitea pisua hartzeko arriskuarekin lotuta dagoela eta, ondorioz, baita umeek zein helduek pairatzen duten loditasunarekin ere. Are gehiago, behar adina denbora lo eginez gero, gantz gutxiago irensten dugu. Hala ere, hori ez da lotura kausala, hau da, ez dakigu zehatz-mehatz zerk lotzen dituen loa eta dieta. Ondorioak ezagutzen ditugu, ez ordea zerk eragiten dituen. Gainera, ikerketaren egileen arabera, alderantzizko loturaz are gutxiago dakigu, hots, dietak loari eragiten ote dion.

Ikerketan, 26 boluntarioren laguntza izan zuten. Horiek 30 eta 45 urte bitartean zituzten, eta gauero 7 eta 9 ordu artean lo egiten zuten. Esperimentuak sei egun iraun zuen; haietan, gauero 9 ordu igaro zituzten ohean, lehen lau egunetan dieta kontrolatua izan zuten, eta nahi zutena jan zuten azken bi egunetan. Era horretan, ikertzaileek boluntario bakoitzaren loari buruzko datuak bildu zituzten, dieta kontrolatuari eta ez-kontrolatuari lotutakoak bereiziz. Dieta kontrolatuan %31 gantzari zegokion; karbohidratoei, %53; eta proteinei, %17.

Emaitzek dieta ez-kontrolatuak lo sakon eta indar-berritzailearen iraupena murrizten duela adierazten dute, lo geratzeko behar den denbora handitzearekin batera. Zuntzek eragin nabarmena dute dietan, loa hartzeko denbora murriztu, eta lo sakonaren iraupena luzatzen baitute. Dieta kontrolatua jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, batezbestekoa 29 minutu dira. Horrez gain, gantz aseak lo sakonaren iraupena murrizten du. Eta karbohidratoen ehunekoa altua bada, datu hori loaldian zehar gehiagotan esnatzearekin lotuta egon daiteke.

Orain artekoak laburbilduz, zuntz gutxi eta gantz saturatu asko irensteak gutxiago eta arinago lo egitea, okerrago atseden hartzea eta gauean zehar gehiagotan esnatzea eragiten du.


2. irudia: Dieta kontrolatua bat jarraituz gero, batez beste, 17 minutu behar dira lo hartzeko; kontrolik gabeko dieta izanez gero, 29 minutu behar dira, gutxi gorabehera, lo hartzeko.

Londresko King’s College izenekoan Gerda Potek zuzendutako ikerketa-taldeak loaren eta gure gorputzaren pisuaren arteko harremanari buruzko datu berri bat jakinarazi du. Argitaratutako hamaika ikerlanen meta-azterketa egin ondoren, gutxi lo egiteak (hiru ordu eta erdi eta bost ordu eta erdi bitartean) egunean 385 kcal gehiago irenstea dakarrela ondorioztatu dute. Eta, denbora gutxi lo eginda ere, ez dute energia-gastuan aldaketarik hauteman.

Loaren eta dietaren arteko harremanari buruzko bigarren datua Suediatik datorkigu, Uppsalako Unibertsitatean Chistien Benedictek gidatutako taldearen eskutik. Bederatzi boluntarioren laguntzaz egindako ikerketa argitaratu dute. Boluntario guztiak gizonak ziren, eta batez beste 23,3 urte zituzten. Bi esperimentu egin ziren modu jarraian: lehendabizikoak lo-iraupen txikia izan zuen baldintza nagusi (2.45etik 7etara bitartean), eta bigarrena loaldiaren ohiko iraupena errespetatuta burutu zen (22.30etik 7etara bitartean). Esperimentuaren aurretik eta ondoren boluntarioei gorotz-laginak hartu zitzaizkien hesteetako mikrobiota, hots, haien digestio-hodian bizi ziren mikroorganismoak aztertzeko. Mikrobiotak elikagaien digestioan parte hartzen du, eta horiek kudeatzen ditu digestio horren emaitzak xurgatzeko unean. Hortaz, mikrobiotaren espezieen konposizioa eta haren funtzioa garrantzitsua da organismoak elikagaiak beregana ditzan.

Benedicten ikerketak erakusten duenez, mikrobiotak espezieen konposizioa aldatzen du loaren iraupenaren arabera, eta, ondorioz, bakterio talde batzuk ugaritzen, eta beste batzuk urritu egiten dira. Egileek neurtutako beste parametroen argitan, lo gutxi eginda ere, ez da aldaketarik odoleko gantz-azidoetan; intsulinak, ordea, %20an galtzen du eraginkortasuna, nahiz eta glukosak ohiko kontzentrazioari eusten dion. Gainera, egileek beraiek aitortzen dute ez dela erraza lo eskasak eragindako aldaketen arrazoiak eta ondorioei buruzko hipotesiak planteatzea.

Loa eta arazo kognitiboak

Beste adibide bat Alabamako Unibertsitateak Birminghamen duen campusean lan egiten duen Sylvie Mrugek zuzendutako taldeak argitaratutako nerabeen loari buruzko azterketa da. Hartan, 84 boluntariok parte hartu zuten; batez beste, 13,3 urte zituzten, eta erdia neskak ziren. Haien lo-ordutegiaren eta loaren kalitateari buruzko autoebaluazioaren gaineko datuak biltzeaz gain, listuan kortisol-kontzentrazioa neurtu zieten haien estres-maila ezagutzeko.

Neskengan bereziki, kortisol-kontzentrazio altuak lo egiteko arazoekin lotzen dira eta, horrez gain, denbora gehiago eskaintzen diote lo egiteari: gauero 11 ordu ere igaro ditzakete ohean. Haien loaren kalitateari buruzko autoebaluazioa bat dator listuaren kortisol-kontzentrazioarekin, ohartzen baitira estresatuta daudenean okerrago lo egiten dutela. Haien autoebaluazioa gurasoek beraiek beren seme-alaben loaren inguruan egiten dutena baino zehatzagoa da.

Ikerketa zehatzen zerrendaketa amaitzeko, Singapurren kokatutako Neurozientzia Kognitiboko Zentroan lan egiten duen June Lok eta haren kideek loaren iraupenak 55 urtetik gorakoengan eragindako arazo kognitiboen inguruan argitaratu berri duten meta-azterketa ikus dezagun. Bertan, guztira 14 herrialdetako 97.264 pertsonako lagina aintzat hartzen duten 18 ikerlan aztertu dituzte, ametsari eta ahozko memoriari, lanari eta prozesu kognitiboei buruzko datuak jasoz.

Emaitzek, 5 ordu baino gutxiago edo 9 ordu baino gehiago lo eginez gero, arazo kognitiboak pairatzeko arriskua handiagoa dela erakusten dute. Hots, arriskutsua da gutxiegi zein gehiegi lo egitea.


3. irudia: Alde handia dago loak zenbat irauten duen animalien artean. Txakurren 10.1 ordu egiten dute lo eta zaldiek, aldiz, 2 ordu.

Loaren iraupenari dagokion datua gehitu dezagun, baina, testua sobera ez zailtzearren, ugaztunak baino ez ditugu kontuan hartuko. Alde handia dago animalien artean, izan ere, 24 orduko ziklo bati gagozkiola, zaldien 2 orduetatik saguzarren 19.9 orduetara doa. Katuak, esate baterako, 12.5 ordu lo egiten du; txakurrak, 10.1 ordu; armadiloak, 18.3 ordu; eta txinpantzeak, 9.7 ordu. Mugikorrerako aplikazio baten bitartez jasotako datuetatik abiatuta, giza espezieak 7.5 ordu eta 8.1 ordu bitartean lo egiten du (Singapurreko, Espainiako eta Herbehereetako datuak dira, hurrenez hurren).

Bestalde, egia da alde handia dagoela pertsona batetik bestera, lo egitearen jarduerari dagokionez. Victoriako Monash Unibertsitateko (Australia) Bei Bei irakasleak eta haren lankideek aldez aurreko azterketa baten bidez 53 ikerlan aukeratu zituzten eta, ondoren, horien meta-analisia egin zuten.

Bakarkako aldakortasun handiagoa hautematen da gazteengan, bakarrik bizi direnengan, diabetesa edo bihotz-gaixotasunen bat dutenengan, Gorputz Masaren Indize altua dutenengan, estresaturik daudenengan, eta depresio edo insomnioaren sintomak dituztenengan.

Laburbilduz: loa eta dieta, loa eta estresa, loa eta arazo kognitiboak. Hainbeste denbora eskaintzen diogun funtzioa izanda, argi dago loak esna gaudenean gure bizitzaren alderdi askotan funtsezkoa izan behar duela. Hala ere, ezer gutxi dakigu haren funtzionamenduaz, are gutxiago zergatik den ezinbestekoa gure biziraupenerako.

Zertarako lo egin?

Loa mugimendu mugatuko eta zentzumenen erantzun urriko egoera erregulatu gisa deskribatu dezakegu. Lo gaudenean, ezin dugu jan, bikotearekin sexu-harremanik izan edo gure burua babestu. Eta, denbora nahikoa lo egin ezean, loak ezinbestean hartzen gaitu. Lo egitea beharrezko eta derrigorrezko funtzio biologiko bat da eta, lo egiten ez badugu, neke handia, gorputz eta buru mailako desoreka eta, kasurik larrienean, heriotza pairatuko dugu. Hala gertatu da arratoi edo intsektuekin egin diren esperimentuetan.


4. irudia: Adituak ez dira jartzen ados loaren funtzioaren inguruan, eta hainbat hipotesi landu dituzte azalpen bat eman nahian.

Hasierara itzuliz, oraindik ere zergatik lo egiten ote dugun galdetzen diogu gure buruari. Zergatik gauden esna ere galdetu genezakeen (Matrix filma gogora ekartzea baino ez dago lo egotea erosoagoa dela konturatzeko), baina, esna gaudelako hain zuzen, badakigu egoera horretan jan egin edo ugaldu gaitezkeela; ez dugu, ordea, lo gaudeneko hainbeste informaziorik (adibidez, begiak azkar-azkar mugitzen edo amets egiten dugula), ezta gutxiagorik ere.

Hori dela eta, adituak ez dira ados jartzen loaren funtzioaren inguruan. Hainbat hipotesiren artean, gure jokaera alferrikakoa edo ezinezkoa denean, lo egiteak energia gastatzea eragozten eta ekintzarik eza bultzatzen duela aipatu izan da; kasu horretan, onena geldi egotea litzateke. Izan ere, egoera horrek oroimena sendotzen du; erdiguneko nerbio sistema garatzen du; esna gaudenean gure jarrera hobetzen du; ikerketaren egileen arabera, nerbio sistemaren loturak indartu edo ahuldu egiten ditu; burmuineko hondakin metabolikoak garbitzen ditu; eta, diotenez, sistema immunearen funtzionamendua berregokitzen du. Aitzitik, loak inolako funtzio espezifikorik ez duela ere esan izan da, azken finean modu dotore batean ezertarako balio ez duela adieraztea litzatekeena.

Loaren funtzioa edozein izanik ere, halakorik balu, hura garrantzitsua izango da eta hautespen naturalaren aplikazioan sortu ohi diren presio negatiboek eragindakoa baino eboluzio mailako abantaila handiagoa eskaini beharko du, bestela aspaldi desagertua izango zelako. Eta, hala ere, animalia espezie gehienek lo egiten dute, eta haietako zenbaitek duela milioika urte jokatzen dute horrela. Loak ez du hautespen naturalaren bidez espezieen desagerpena laguntzen, horren ordez, ezagutzen ez dugun abantailaren bat eskaintzen die lo egiten duen espezieei. Azken batean, agerikoa da lo egitea edo, hobeto esanda, ondo lo egitea garrantzitsua dela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Al Khatib, H.K. et al. 2016. The effects of partial sleep privation on energy balance: a systematic review and meta-analyses. European Journal of Clinical Nutrition doi: 10.1038/ejcn.2016.201

Allada, R. & J.M. Siegel. 2008. Unearthing the phylogenetic roots of sleep. Current Biology 18: R670-R679.

Aulsebrook, A.E. et al. 2016. Sleep ecophysiology: Integrating neuroscience and ecology. Trends in Ecology & Evolution doi: 10.1016/j.tree.2016.05.004

Barton, R.A. & I. Capellini. 2016. Sleep, evolution and brains. Brain, Behavior and Evolution 87: 65-68.

Bei, B. et al. 2016. Beyond the mean: A systematic review on the correlates of daily intraindividual variability of sleep/wake patterns. Sleep Medicine Reviews 28: 108-124.

Benedict, C. et al. 2016. Gut microbiota and glucometabolic alterations in response to recurrent partial sleep deprivation in normal-weight young individuals. Molecular Metabolism doi: 10.1016/j.molmet.2016.10.003

Krueger, J.M. et al. 2016. Sleep function: Toward elucidating an enigma. Sleep Medicine Reviews 28: 42-50.

Lo, J.C. et al. 2016. Sef-reported sleep duration and cognitive performance in older adults: a systematic review and meta-analysis. Sleep Medicine 17: 87-98.

Mrug, S. et al. 2016. Sleep problems predict cortisol reactivity to stress in urban adolescents. Physiology & Behavior 155: 95-101.

St.-Onge, M.-P. et al. 2016. Fiber and saturated fat are associated with sleep arousals and slow wave sleep. Journal of Clinical Sleep Medicine 12,1.

Walch, O.J. et al. 2016. A global quantification of “normal” sleep schedules using Smartphone data. Science Advances 2: e1501705

—————————————————–

Egileaz: Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko zelula-biologiaren irakasle izan da erretiratu arte. Zientzia-dibulgazioan ere aritu da. Hainbat liburu argitaratu ditu eta La biologia estupenda liburuaren egilea da.

—————————————————–

The post Goazen ohera… appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa

Lun, 2017/01/02 - 09:45
Zer da bizia eta, noiz eta zelan sortu zen? Galdera hauei erantzuna emateko, bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertzen dihardu UPV/EHUko ikertzaile-talde batek. Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko lanean ari dira.

Orain dela 3.500 milioi urte abiarazi zen prozesu bat da bizia. Gaur egun ezagutzen ditugun zelulen oinarrizko osagaiek, molekula kimiko bizigabeek, urratsez urrats batzen, nahasten eta elkarri eragiten hasi zirenean sortu zen. Une batean bizidun bihurtu ziren, hau da, sistema autonomo. Urteen poderioz, eboluzionatuz joan dira, gaur egungo konplexutasun eta aniztasunera iritsi arte. Bada, bide horretan atzera egin, eta bizia sortu ahal izateko molekula kimikoak nola elkartu ziren aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek.

 Gantz-azidoek uretan sortzen dituzten egitura supramolekularren irudi bat, cryo-TEM mikroskopia-teknika erabiliz egindakoa (Adela Rendón, CIC BioGUNErekin elkarlanean).
Irudia: Gantz-azidoek uretan sortzen dituzten egitura supramolekularren irudi bat, cryo-TEM mikroskopia-teknika erabiliz egindakoa (Argazkia: Adela Rendón eta CIC BioGUNE).

DNA, RNA, proteinak, mintzak, azukreak… asko dira bizidunen zelulak osatzen dituzten osagaiak. Biologiaren alorrean, eta, zehazki, biziaren sorrerari buruzko ikerketetan, oso ohikoa da molekula-mota horietako bati bakarrik erreparatzea, eta haien mekanismo espezifikoak aztertuta bizia nola sortu zen proposatzea. “Ikerketa horiek, oinarrian, ‘biziaren molekula’ bilatzen dute, hau da, bizia sortu ahal izateko molekula garrantzitsuena zein izan zen argitzea”, dio Kepa Ruiz Mirazo UPV/EHUko Biofisika Unitateko eta Zientziaren Logika eta Filosofia saileko ikertzaileak. Kontuan hartuta “bizia molekula eta osagai askoren arteko joko bat dela, azken urteetan ikuspegi-aldaketa bat gertatzen ari da, eta gero eta gehiago egiten ari dira ikerketak molekulen multzoak kontuan hartuta. Sistemen kimika esaten zaio beste horri”, gaineratu du.

Kepa Ruiz Mirazo ikertzaile: “Biziaren jatorriari buruzko ikuspegia aldatu behar dugu”. Kultura Zientifikoko Katedraren bideoa.

Ikuspegi berri horren aldeko jarrera izateaz gainera, Ruiz-Mirazoren taldeak Montpellierreko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa batean —Sara Murillo-Sánchez UPV/EHUko doktorego-ikaslearen bi egonaldien esker—, frogatu du molekula batzuek badutela besteetan eragina. “Gure taldean adituak gara inguru prebiotikoetan zer eta nolako mintzak sortu ziren aztertzen, gaur egungo lipidoen aitzindariek, gantz-azidoek, nolako  dinamika zuten ikusten. Montpellierko taldea, berriz, lehenengo peptidoen sintesia nola gertatu zen aztertzen dago espezializatua. Bada, batzuen eta besteen jakintzak elkartu genituenean, eta esperimentalki gantz-azidoak eta aminoazidoak batera jarri genituenean, ikusi genuen sinergia bat gertatu zela bi molekula-moten artean”.

Hala, ikusi zuten erreakzioaren katalisi hori gertatzen dela gantz-azidoek konpartimentuak sortzean. Ur-ingurune batean egonda, eta lipidoek, izaera hidrofobikoa dutenez, molekulak elkarrekin lotu eta konpartimentu itxiak sortzen dituzte; alegia, mintz-funtzioa hartzen dute; “garai hartan, mintzak ez ziren biologikoak, kimikoak baizik”, argitu du Ruiz-Mirazok. Bada, ikusi zuten mintz horiek eskaintzen dituzten kondizioek nolabaiteko mesedea egiten dietela aminoazidoei: “Montpellierreko taldeak oso ondo karakterizatuak zituen dipeptidoak sortzeko erreakzio prebiotikoak; eta ikertzaileek ikusi zuten gantz-azidoen presentzian erreakzioaren efizientzia areagotu zela”, gaineratu du.

Kimikatik abiatuta biologiaren konplexutasunera iritsi

Gantz-azidoen eta aminoazidoen arteko sinergia frogatzeaz gainera, oso garrantzitsutzat jotzen du Ruiz-Mirazok ikerketak oinarrizko osagai kimikoekin egin izana, alegia, aitzindari molekularrekin: “Biziaren sorrera oinarrizko molekula horietatik abiatuta gertatu zen; hortaz, biziaren sorrera ikertzeko ezin gara abiatu gaur egungo mintzetan aurkitzen ditugun fosfolipido konplexuetatik. Guk frogatu dugu aitzindari molekularretatik abiatuta lehenengo elkarketak eta kateak sortu zirela. Hau da, kimikatik abiatuta, biologian aurkitzen dugun aniztasunera eta konplexutasunera iristeko modua badagoela”.

Bere ikerketetan, lan esperimentalaz gain, beste bi alor jorratzen ditu Ruiz-Mirazok. Denera, beraz, hiru zutabe edo ikuspuntutatik lantzen eta azaltzen du biziaren sorrera: “Bata esperimentala da; bestea, eredu teoriko eta simulazio konputazionaletan oinarrituta dago, eta esperimentalki lortzen ditugun emaitzak aztertzeko erabiltzen dugu, eta, hirugarrena, apur bat zabalagoa da, filosofikoki aztertzen baitugu zer den bizia, biziaren ikuskerak zer eragin duen gero egiten dituzun esperimentuetan, ikusmolde bakoitzak era bateko esperimentuak egitera eramaten baitzaitu —argitu du—. Hiru metodologia horiek elkarrekintzan daude: azterketa filosofikoan sortzen den ideia batek simulazio berri bat egitera eramaten zaitu, eta simulazio horien emaitzen arabera, esperimentuak diseinatzeko bidea sortzen da. Edo alderantziz. Ziur aski, inoiz ez gara iritsiko biziaren sorrera ebaztera, baina guk horretan dihardugu: lurreko bizidun guztiek jatorri bera dugu, eta hori nola gertatu zen jakin nahi dugu“.

Erreferentzia bibliografikoa:

Murillo-Sánchez, S., Beaufils, D., González Mañas, J. M., Pascal, R. & Ruiz-Mirazo, K. (2016). “Fatty acids’ double role in the prebiotic formation of a hydrophobic dipeptide”. Chemical Science 7: 3406-3414 (online – 09 Feb 2016). DOI 10.1039/C5SC04796J

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Gantz eta aminoazido sinpleetatik tiraka, bizia nola sortu zen argitzeko.

 

The post Bizia, molekula eta osagai askoren arteko jokoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #135

Dom, 2017/01/01 - 09:00
Uxue Razkin

spices-1914130_1280

Astronomia

Saturnoko atmosferan haize handia dabil. Zorrotada korronte handi horrek 70.000 km inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina halako bost. Oraindik ez dago korronte horren jatorria zein den edo korronteak dituen energia iturriak zein diren azaldu dezakeen teoriarik. 2003. urtean UPV/EHUko taldeak ohartarazi zuen dagoeneko, haizeak hodeien mailara jaitsi zirela. Handik hilabetera, atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu ahal izan zuten. Horretarako, PlanetCam kamera erabili zuten. Ikertzaileek xehetasunez atmosfera egiturek zein altuera lortzen zuten aztertu zuten eta zehaztu zuten zenbat eta sakonago orduan eta gehiago handitzen direla haizeak. 1.100 km/h abiadura lortzen dute goi atmosferan, baina 1.650 km/h abiadurara iristen dira 150 km inguruko sakoneran.

Genetika

Muskulu-distrofiak herentziazko gaixotasun multzo heterogeneoak dira, eta beraien bereizgarri nagusia gihar eskeletikoko muskulu-zuntzen degenerazio progresiboa da. Muskulu-distrofia mota asko daude. 2A motako gerrietako muskulu-distrofia (LGMD2A), CAPN3 geneko mutazioen ondorio den gaixotasun autosomiko azpirakorra da. CAPN3 geneak muskulu eskeletikoan adierazten den kalpaina  3 proteina kodetzen du. Gerrietako muskulu-distrofien maiztasuna oso handia ez den arren, Gipuzkoan gerrietako muskulu-distrofien (LGMD) kasuen mundu mailako maiztasun handiena deskribatu da (69/106), eta Gipuzkoako LGMD kasu horietatik % 79 LGMD2A formari dagozkie. Ikerlan honetan, LGMD2A gaixoen diagnostiko molekularra egin da: batetik, DNA edo/eta cDNAren sekuentziazioa burutu da mutazioak bilatzeko eta, bestetik, teknika erabili da berrordenatze posibleak identifikatzeko.

Neurozientzia

Ikerketa baten arabera, haurdunaldiak egitura-aldaketak eragiten ditu amaren garunean eta aldaketa horiek gutxienez bi urtez irauten dutela frogatu dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak gidatu du ikerketa eta erakutsi du lehen aldiz ama izan diren emakumeen garunek materia grisa galtzen dutela, baina horrek ez duela galera kognitiborik eragiten. Aitzitik, alderantzizkoa gertatzen da. Elhuyarrek azaltzen digu aldaketa horri egokitze-inausketa esaten zaiola. Ikertzaileen arabera, prozesua nerabezaroan gertatzen denaren antzekoa da; izan ere, haurrek ere materia grisa galtzen dute nerabezarora pasatzean. Badirudi aldaketa horiek amatasunak ekartzen dituen erronkei aurre egiteko gertatzen direla. Horrela, emaitzen arabera, amaren garunaren aldaketek amaren haurrarekiko lotura areagotzen dute, haurraren egoera emozionala errazago ezagutu ahal izateko.

Kontu bitxia dakarkigu Amaia Portugalek. Itxuraz osasuntsu zeuden zazpiehun bat haurrek epilepsia krisia jasan zuten Pokemon telesaileko atal bateko argi distiratsu eta oso azkarrak ikusi eta gero. Epilepsia fotosentikorra izena du fenomenoak eta haren zergatiak Etxeter, Pompeu Fabra eta Kataluniako Unibertsitate Politekbikoak elkarlanean egindako lan batean aztertu dituzte. Atal hartan, Pikachu pertsonaiak erasoa jo eta eztanda eragiten zuen. Irudia argi gorri eta urdin oso distiratsuz bete zen orduan; lau segundoz ia pantaila osoan, eta beste bi segundoz pantaila erabat hartuta. Argion frekuentzia hamabi hertzekoa zen: alfa uhinak ziren, eta hor dago koska. Alfa erritmoko frekuentzia duten kanpo estimuluak jasotzen ditugunean, horiek talka egin dezakete garunaren berezko alfa jarduerarekin, eta epilepsia krisiak eragin.

Fisika

Fernando Gonzalez fisikaria elkarrizketatu du Berriak. Ordenagailu kuantikoakUnibertso paraleloekin kalkulatzeko artea izenburuko hitzaldia eman du berriki Iruñeko Planetarioan. Hitachi enpresa japoniarrak Londresko Cambridge Unibertsitatean duen laborategian egiten du lan iruindarrak. Ordenagailu kuantikoen prozesatzaileen nukleoetan dauden bit kuantikoak sortzeaz eta probatzeaz arduratzen den lantaldearen parte da. Ordenagailu kuantikoak oraindik ez dira existitzen, baina fisikariaren arabera, arruntek baino askoz ere ahalmen handiagoa dute. Horren sorrerak dakartzan onurei dagokienez, Gonzalezek hauek aipatzen ditu: “Material berriak sortzen lagunduko du; giza genoman arazoak azkarrago aurkitzen; Interneteko segurtasuna areagotzen; eta informazioa azkarrago bilatzen”.

Kimika

Garbigailuak jantzi zikinak garbitzeko erabiltzen dugu, eta bizitza errazten digu horrek. Alabaina, arropa garbitzea kutsadura-iturri garrantzitsua da. Kimikariak testuan esaten duenez: “Ez dugu ahaztu behar garbitzea, azken finean, zikinkeria eta zaborra tokiz aldatzea besterik ez dela”. Eta arrazoia dauka; izan ere, garbigailutik ateratzen diren hondakin-urek hainbat konposatu kutsatzaile dituzte. Azken urteotan bada arreta berezia sortzen ari den kutsatzaile-multzo bat: mikroplastikoak. Lopez Gazpiok azaltzen duenaren arabera, 5 mm baino txikiagoak diren plastiko zatiak dira eta haien arriskua hauxe da: hain dira txikiak, ezen uretako organismoek oso erraz irensten dituztela. Gainera, mikroplastiko horietan kutsatzaile organiko iraunkorrak itsatsi daitezke eta, horrela, bizidunek irentsi egiten dituzte. Artikulu interesgarria, betiko lez. Ez galdu!

Hezkuntza

Mikel Aizpuruk 1936ko unibertsitatean aurrekariak eta ezaugarriak izan ditu mintzagai testu honetan. 1936ko urrira arte itxaron behar izan zuten orduko euskaldunek unibertsitate publikoa ikusteko euskal lurraldean. Jesus Maria Leizaola, orduko Zuzentza ta Gogo-Lantze saileko sailburua, ezaguna zen 1923an atxilotu zutelako Espainiako erregearen aurrean Euskal Unibertsitatea eskatzeagatik. Egia esan, gerra-egoera ez zen giro egokiena baina gero eta bakartuago zegoen Kantauri aldeko eskualdea, oso ahula zen Gobernuaren kontrola eta askok sumatzen zuten edozein proiektu gauzatzeko aukera egokia aurki zitekeela egoera hartan. Urriaren 7an aukeratu zen lehendakaria eta bi egun geroago Euskal Unibertsitatea sortzeko oinarriak jarriko zituen batzorde bateratzeko agindu zuen Leizaolak.

Biologia

Ostrak izan dira artikulu honen ardatz, Juan Ignacio Perezek eman digu horien berri: Bibalbioak kanpo-ernalketaren bitartez ugaltzen dira; hau da, arrek eta emeek euren gametoak uretara askatzen dituzte eta uretan gertatzen da ernalketa. Ale bakar batek milioika gameto aska ditzake errute aldi batean. Izan ere, gameto asko alferrik galtzen dira, ez baitira elkartzen beste sexuko gametoarekin; beste gameto asko, ordea, bai, beste batekin aurkitu, espermatozitoa obozitoaren barruan sartu eta enbrioiaren garapena hasten da. Halere, energia asko galtzen da ugaltze-estrategia horren arabera. Handia da bibalbio helduek egiten duten ahalegina. Izan ere, ingurumen-egoeraren eta bibalbioaren adinaren arabera, gorputz osoko masaren % 95a gametoei egoki dakieke; hortaz, gametoak askatzen dituztenean, masaren % 95 galtzera hel daitezke.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #135 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #141

Sáb, 2016/12/31 - 15:00

fig1_casa-640x543

Unibertso ezegonkor baten bizi gara. Gure buruen gainean, eta orokorrean biziaren gainean, Damoklesen ezpata asko esekita daude. Horien artean badago bat ez dugula kontuan hartzen, Lurraren ingurutik 25 argi-urteko erradioan dagoen supernoba baten eztanda.  Hala ere, dena ez da txarra izango. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu Cloudy, with a chance of supernova artikuluan.

Duela gutxi iragarri dute odol-transfusio batek gaztetu gaitzakeela. Rosa García-Verdugo oso argia da aipatutako iragarpenari buruz: Blood is NOT the eternal youth elixir.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #141 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Emakume zientzialarien letra-zopa

Sáb, 2016/12/31 - 10:00
Hainbatetan irakurri eta entzungo zenuten buruari eragiteak badituela onurak. Ez goaz aztertzen zeintzuk diren onura horiek, baina urtea bukatzeko garuna dantzan jarriko duen jolasa dakargu blogera. Gabon zahar egunean esaguzue, zer da emakume zientzialariei buruz dakizuena? Ez estutu, ez da azterketa bat. Letra-zopa bat duzue jarraian, bertan hamar emakume zientzialarien abizenak ezkutatu ditugu. Guztiei buruz Zientzia Kaiera eta Mujeres con Ciencia blogetan hitz egin dugu. Abizenak bertikalean, horizontalean edota diagonalean idatzita daude, eta edozein norabidean.

sl1

Hamar arrasto emango dizkizugu lana errazteko. Zientzialari bakoitzaren datu eta argazki bana dituzu, baina bata zein bestea ez daude hurrenkera berean. Animatu zaitez eta aurrera letra-zoparekin!

Zientzialariei buruz

sl3-768x311

  1. Kimikari honek Kevlar® zuntza sintetizatu zuen.
  2. Sismologo da eta lurraren nukleoa bi atalez osatuta dagoela antzeman zuen.
  3. Egun mundu osoan erabiltzen den testa sortu zuen mediku honek,  jaioberrien osasunaren egoera aztertzen duena.
  4. Lehen iktiosauroaren eskeletoa aurkitu eta zehatz-mehatz identifikatu zuen paleontologoa izan zen.
  5. Naturalista hau mundu osoan barrena ibili zen landare-espezieak marrazten.
  6. Kimika alorrean aitzindaria izan zen Nafarroan jaiotako ikertzaile hau.
  7. Fisikaria, Igeldoko Meteorologia Behatokiaren zuzendaria izan zen.
  8. Hilotzak disekzionatzen zituen, anatomia klaseetan erabiltzeko.
  9. Geologoa izan zen eta itsas hondoaren edo lurzoru ozeanikoaren lehen mapa egin zuen.
  10. Fisio nuklearra aurkitu zuen haren lankideekin batera.

Baten bat ez baduzu ezagutu, loturan klik eginez gero ikusi ahal duzu emaitza zuzena.

—————————————————–

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM)  Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

—————————————————–

 

The post Emakume zientzialarien letra-zopa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas