Suscribirse a canal de noticias Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Actualizado: hace 23 segs

Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia

Lun, 2017/03/13 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Sant Joan de Deu Ospitalearekin eta Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, sendagai “bizi” bat garatzeko proiektua abiarazi dute. Odoleko azukre-mailari intsulina askatzen erantzungo dioten sintetikoki diseinaturiko zeluletan oinarritua egongo da aipatua eta, honela, gluzemia asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzkeen aplikazio bakar batez erregulatuko luke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz bide batez.

Diabetesa herrialde garatuenetan eragiten duen epidemia bat da. Kalkuluen arabera, 18 urtetik gorako Espainiarren % 13,8ak diabetesa dauka; hau da, 5,3 milioi pertsona baino gehiago. 1. motako diabetesaren intzidentzia, hain ohikoa ez bada ere, diabetesa duten pertsonen % 1a eta % 5a bitartean kokatzen da. Diagnostiko goiztiarra eta gaixotasun honen tratamendua funtsezkoak dira, organo oso garrantzitsuak kaltetu baititzake: giltzurrunak, ikusmena, bihotza edo nerbio sistema.

Irudia: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa garatzen hasi dira 2017an UPV/EHU eta beste bi erakundeetako ikertzaileak. Helburua da medikamentu “bizia” garatzea, non gaixoaren immunologia-sistemaren erantzunaren arabera, gluzemia epe luzez erregulatuko luke aplikazio bakar batekin.

UPV/EHUk diabetesa tratatzeko sendagai berri baten garapenean parte hartuko du beste bi erakunderekin batera. Abian jarritako ikerketak biologia sintetikoan eta mikrokapsularatzean egondako azken aurrerapenak eta azken belaunaldiko biomaterialak konbinatuko ditu. Honen helburua da, odoleko azukre-mailak eguneroko intsulina-injekzio nekosoen beharrik gabe kontrolatuko lituzkeen sendagai alternatiboa bideratzea. Sendagai honek, aplikazio bakar batek asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuko luke.

Gorka Orive proiektuko ikertzaile nagusienetako bat eta UPV/EHUko irakaslea sendagaiaren azken garapenaz arduratuko da, mikrokapsularatze teknologia berrienak aplikatuz. Proiektuaren xedea da kanpoko glukosa-mailei erantzuteko gaitasuna izango duten zelula sintetikoak diseinatzea eta garatzea. Hauek, mikrokapsuletan sartuko dira (sendagai gisa arituko diren esferak) eta intsulina, beharraren arabera askatzeko gaitasuna izango dute. “Gure nahia da biomaterial immunomodulatzaileak ikertzea sendagai “bizia” egiteko orduan, hartzailearen immunologia sistemaren erantzuna hutsa edo hutsetik gertukoa izan dadin sendagaia ezartzean. Lortuz gero, aplikazio bakar batez gluzemia astetan edo hilabetetan zehar kontrolatuko lukeen sendagai bat garatuko genuke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz”, azaldu du Orive doktoreak.

Datu osagarriak:

Sendagai berria garatzeko proiektua, ‘Kapsulatutako zelula zirkuitu sintetikoak gluzemia kontrola berrezartzeko 1. motako diabetes mellitusean’ izenekoa, 2017n abiatu da eta Kataluniako La Marató urteroko ekitaldian lorturiko funtsetatik datorren diru-laguntza handia jaso du. Ikus-entzunezko Hedabideen Kataluniako Elkarteak 1996. urtean sortu zuen TV3ko La Marató fundazioaren xedea da bikaintasuneko ikerketa biomedikoa sustatzea eta bultzatzea, TV3ko eta Catalunya Radioko La Marató programan lorturiko funtsen bidez. Fundazioak diruz laguntzen duen ikerketa jarduketak zeharkako ikerketa traslazionala sustatzen du, oinarrizko ikerketako eta ikerketa klinikoko proiektuetan eta erakunde ezberdinen arteko sare lana dakarten proiektu koordinatuetan eginiko inbertsio mailakatuak agerian uzten duen bezala.

Ikerketaren lehen emaitzak 2019. urtean zehar aurkeztuko dira.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa.

The post Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #145

Dom, 2017/03/12 - 09:45
Uxue Razkin

Emakumeak zientzian / Argitalpenak

Martxoaren 8an Marta Machok argitaratutako artikuluarekin hasiko gara. Bertan azaltzen zaigu Moebiusen sindromea zer den: gaixotasun neurologikoa da eta Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena –batez ere neurofisiologiaren etaendokrinologiaren alorretan lan egin zuen–. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko “argudio zientifikoak”; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen “normaltzat”). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896). Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri bildu ditu artikulu honetan.

Biologia

Badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak. Arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten dute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Zientzia Kaierak azaltzen digu gaia. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak. Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Horiek ezagutzeko, irakur ezazue artikulua osorik.

Ekologia

Ikerketa baten arabera, gaur ezagutzen dugun Amazonia, hein handi batean, gizakiak moldatutakoa da. Europarrak heldu baino lehenago, gizakiek Amazoniako oihanean zer eragin izan zuten aztertu dute bertan. Wageningengo Unibertsitateko (Herbehereak) Carolina Levis ekologoak gidatu du azterketa. Normalean zientziarena lan komuna bada ere, kasu honetan bereziki azpimarratzekoa da 152 zientzialarik parte hartu dutela. Hamar urteetan bildutako datuak 3.000 aztarnategi arkeologikoekin alderatzea lortu dute, eta orduan azaldu da marraztuta Amazoniaren irudi berria. “Arrasto arkeologiko ugari oihanean barna ezkutaturik daude oraindik. Zaila da horiek topatzea, baina etxekotutako landareak errazagoak dira ikusteko, eta horiek agian toki arkeologiko berrien seinalea eman dezakete», iradoki du Devisek.

Eboluzioa

El Sidrón (Asturias) kobazuloko neandertalek  pinaziak, perretxikoak eta goroldioa jaten zutela frogatu dute, hortzen lertzotik erauzitako material genetikoa aztertuta. Aldiz, ez dute topatu haragia jaten zutela erakusten duen frogarik. Horrekin batera, gaixotasunei aurre egiteko sendabelarrak erabiltzen zituztela baieztatu dute. Hori lehendik ere ezaguna zen baina kasu honetan, Penicillium onddoaren eta makalaren arrastoak topatu dituzte. Bestalde, mikroorganismo  baten genomarik zaharrena erauztea lortu dute, neandertalen hortzen lertzotik. Methanobrevibacter oralis arkea da, eta kalkulatu dute, eboluzioan, neandertalen anduia eta gure espeziearena duela 112.000-143.000 urte bereizi zirela. Elhuyar aldizkariak eman digu honen berri.

Juanma Gallegok aste honetan beste artikulu interesgarri bat ekarri digu. Nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu ditu. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek.

Genetika

Adi! Legamien Genoma Sintetikoa proiektu internazionalak emaitza berriak eman ditu: dagoeneko bost kromosoma artifizial gehiago sortu dituzte laborategian. Legamia artifizialak sortzetik gertu jarri ditu ikertzaileok: bizirik iraun dute legamiok. Gainera, dagoeneko amaitu dute lehenengo genoma eukarioto sintetiko hipotetiko horren diseinua; sintetizatzea falta zaie bakarrik. Diseinua BioStudio kode irekiko softwarearen bidez egin dute.

Arkeologia

Euskal Herriko Unibertsitateko Francesca Grass ikertzaileak, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterketa morfologikoa egiten ari da, orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko. Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea du xede. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu dituzte, denak Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak. “Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako”, dio.

Kimika

Josu Lopez-Gazpiok osagai usaintsuei heldu die. Zehazki, musketaz mintzo da artikulu interesgarri honetan. Nondik dator? Oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Baina orein musketaduna desagertzeko zorian dago eta kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan. Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela. Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak (garrantzitsuenak) kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea.

Matematika

Markov Kateak zer diren azaldu dizkigute honetan. Markov Kateak gertakizun estatistikoak aztertzeko erabiltzen dira, hainbat arlotan: adimen artifizialeko sistemetan, supermerkatuko ilaretan, ospitaletako larrialdietako zerbitzuetan. Estatistikan badaude gertakizun batzuk elkarrekin independenteak direnak. Txanpon bat airera botatzen dugunean, esaterako independentzia hori gertatzen da. Alegia, aurpegia ateratzeko probabilitatea 1/2 da, hots, aurreko jaurtiketen emaitzekiko independentea da. Baina badira elkarrekin independenteak ez direnak. Adibidez, gaur dudan lan atzeratuaren tamaina atzo egindako lanaren araberakoa da. Halere, Markoven garaian estatistikan aztertzen ziren gertakizun guztiak independenteak zirela uste zuten. Uste hori okerrekoa zela frogatzeko, Andrei Markov matematikariak Alexander S. Pushkin idazlearen Eugene Onegin  olerki-liburua erabili zuen; 200 zati aukeratu zituen eta zati bakoitzak 100 letra zituen. Lehenik, bokal eta kontsonante kopurua zenbatu zuen eta, horrela, 7.788 bokal eta 12.212 kontsonante zeudela ikusi zuen. Froga honen inguruan gehiago jakiteko, jo ezazue artikulura!

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #145 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #150

Sáb, 2017/03/11 - 09:00

Badago hortik ordenagailuko simulazioa baten bizi garela dioenik ere. Agian ez da, mundu honetan zergatik gauden azaltzeko, ideia kaxkarra. Baina egia esateko, jainko sortzaile baten ideiaren bezalakoa da, ez da erantzun bat. Edozein kasutan Jesus Zamorak hainbat argudio eskaintzen dizkigu hori ez dela irtenbidea pentsatzeko: Why we almost certainly do not live in a simulation?

Diotenez, ariketa fisikoa eginez argalduko zara. “Eman izena  gimnasio baten eta pisua galduko duzu” promesten dute. Eta ekuazio honen kontra egingo balu biologiak? Ignacio Amigok hurbiltzen digu gaia: The problem with exercising and losing weight.

Sarritan konponbide elektronikoak erabiltzen dira material berrietan, funtzionatu omen behar dutela suposatuz. Baina egin beharreko gauza da egindakoa neurtzea, elektroiak pantailaratzeko erabiltzen diren grafenozko heteroegituren kasuaren antzera. Eskerrak DIPCko ikertzaileek honako korapiloei argibidea ematen dietela: Quantifying the screening of electrons in graphene heterostructures.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #150 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Gabriel Ibarra: “Olatu-energia garatzeko beharrezkoa da haien indarra aurreikustea” #Zientzialari (68)

Vie, 2017/03/10 - 09:00

e

Gizakiak betidanik izan du itsasoaren bitartez sortutako energia baliatzeko joera. Horren lekuko dira esaterako Erdi Aroko errotak, zeinak itsasaldien gora beherek sortutako ur maila aldaketatik energia sortzen zuten. Hala ere, bada beste sistema bat, oraindik garapen fasean egonagatik ere interes handia piztu duena; olatu-energia. Energia mota hau egonkortzeko beharrezkoa den teknologia garatzen ari dira egun ikertzaileak. Gainera, itsasoaren portaerak aurreikusiko dituzten modeloak bilatzeko lanean ere badabiltza, energia berriztagarri guztiek daukaten aldizkakotasunaren erronkari aurre egiteko.

Olatu-energiari buruz gehiago jakiteko, gai honetan aditua den Gabriel Ibarra EOLO taldeko ikertzailearekin izan gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Gabriel Ibarra: “Olatu-energia garatzeko beharrezkoa da haien indarra aurreikustea” #Zientzialari (68) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Narrasti urpekariak

Jue, 2017/03/09 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Uretako ugaztunez lehenago aritu gara, eta animalia horiek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak zeintzuk diren azaldu dugu. Airean egiten dute arnasa ugaztun horiek, eta urpean daudenean odolean eta muskuluetako mioglobinan gordetzen dute oxigenoa. Horiexek dira erabiltzen dituzten oxigeno-biltegiak, odol-bolumen handia eta mioglobina-kontzentrazio altuak baitituzte.

Ugaztunez gain, badira bizimodu urtarra duten jatorri lehortarreko narrastiak ere. Horien artean, gainera, arnasteko bi modu daude, batzuek airean eta beste batzuek uretan egiten baitute arnas. Krokodiloek, zenbait dortokak eta itsas sugeek, esaterako, airea arnasten dute, eta hala ere urperatze luzeak egin ditzakete. Acrochordus, Cerberus, Farancia eta Nerodia generoetako sugeek 25-35 minutuko urperatze-aldiak egin ditzakete; itsas dortoka berdeak, bestalde, 50 minutu egon daitezke uraren azpian; eta ordu bat baino gehiago urpera daitezke itsas sugeak.

Irudia: Narrasti zaharrenetakoen artean daude dortokak. 300 espezie inguru bizi dira egun baina batzuk galtzeko arrisku larrian daude.

Desberdinak dira animalia horiek eta itsas ugaztunek urpean egoteko erabiltzen dituzten mekanismoak. Itsas sugeak, esaterako, gorputzaren luzera ia osoan zehar duten birika luzean gordetako oxigenoari esker egon daitezke urperatuta hain denbora luzez. Horrez gain, narrasti gehienek metabolismo-tasa jaitsi egiten dute urperatzen direnean eta, gainera, espezie batzuek metabolismo-bide anaerobioak erabiltzeko ahalmena dute.

Lehen esan bezala, narrasti gutxi batzuek uretan bertan egiten dute gas-trukea. Zenbait sugek eta dortokak jokatzen dute horrela; sugeek larruazaletik hartzen dute arnasa eta dortokek aho- eta faringe-barrunbetik. Kasu bietan gas-trukerako duten azalera oso handia ez den arren, badirudi nahikoa dela. Kontuan hartu behar da poikilotermoak direla eta, beraz, haien oxigeno- beharrak ez direla handiegiak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Narrasti urpekariak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Emakumearen gutxiagotasun mentala

Mié, 2017/03/08 - 15:00
Marta Macho «Emakumeak ez dio batere ekarpenik egin zientziaren garapenari, eta alferrik da etorkizunean harengandik ezer espero izatea.» Paul Julius Moebius

La inferioridad mental de la mujer du izena Paul Julius Moebius (1853-1907) neurologo eta psikiatra alemaniarrak 1900. urtean argitaratutako Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes panfletoaren gaztelaniazko bertsioak -Emakumearen adimen-elbarritasun fisiologikoari buruz litzateke jatorrizkoaren euskarazko itzulpen leiala-.

1. irudia: Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes liburuaren azala (bederatzigarren argitalpena, 1908), bai eta Carmen de Burgosek (1905) eta Adan Kovacsics Meszarosek (1982) gaztelaniara egindako itzulpenenak ere.

Gaztelaniaz eskuratu ahal izan dudan bertsioa Bruguera argitaletxeak 1982an argitaratutakoa da; Adan Kovacsics Meszaros du itzultzaile, eta Franca Ongaro Basaglia feminista italiarrak 1977an idatzitako hitzaurrea du. Halaber, bigarren ediziotik zortzigarrenera artekoek izandako hitzaurre guztiak biltzen ditu -horietan, Moebiusek gezurtatu egiten ditu aurreko argitalpenek jasotako iritzi negatiboak-. Horrez gain, testuaren egileak defendatutako tesiek izandako kritika positiboen eta negatiboen bilduma egiten du.

Espainian bada beste bertsio bat, Carmen de Burgosek gaztelaniara ekarria eta itzultzaileak berak prestatutako hitzaurrearekin (Sempere argitaletxea, 1904), baina ezin izan dut topatu. Nolanahi ere, saiatuko naiz bilatzen, hainbat oin-ohar baititu Moebiusen tesia gezurtatzeko.

Moebiusen sindromea izenaz ezagutzen dugun gaixotasun neurologikoak Paul Julius Moebiusi berari zor dio izena; Moebiusek batez ere neurofisiologiaren eta endokrinologiaren alorretan lan egin zuen. Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes obran, ordea, garai hartako beste egile batzuengandik hartu zituen urritasun intelektual hori frogatzeko «argudio zientifikoak»; garunaren pisuarekin eta ezaugarriekin lotutako azterlanak baliatu zituen (jakina, gizonezkoen garunarekin alderatuta, hura jotzen baitzen «normaltzat»). Panfletoari izena ematen dion baieztapena argudiatzeko, hainbat azterlan eta teoria baliatu zituen Moebiusek; hala nola, Cesare Lombroso mediku eta kriminologoarenak (1835-1909) -eta haren alaba Gina Ferrero mediku eta idazlearenak (1872-1944)- edota Nikolaus Rüdinger anatomistarenak (1832-1896).

Hurrengo lerroetan Moebiusek defendatutako hainbat kontsiderazio sexista, arrazista, misogino eta iraingarri emango ditut:

«Alderdi mentala gutxi garatuta duten gizonezkoetan (beltz baten kasuan, esaterako), emakumearen lobulu parietalean topatutako datu anatomiko berberak ageri dira.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 7. orrialdea.

«Alderdi guztietatik ere, erabat frogatuta geratzen da emakumeek gutxiago garatuta dauzkatela zerebroaren zenbait alde, bizitza mentalerako garrantzi bizia dutenak; hala nola lobulu frontalaren eta tenporalaren zirkunboluzioak. Alde hori jaiotzetik ageri da.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 8. orrialdea.

«Oinarrizko aldeetako bat, hain zuzen ere, instintuarekin lotuta dago, instintuak emakumeengan garrantzi handiagoa baitu gizonengan baino. […] Hartara, instintuak piztien tankerako egiten du emakumea, mendekoagoa, seguruagoa eta alaiagoa.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 9. orrialdea.

«Garapen orok gizona du abiapuntu. Hori dela eta, emakumeak karga astuna dira haientzat; energia guztiak baliatzea galarazten diete, ikerketa asegaitzak eta berrikuntza ausartak lausotzen, eta ekimen jatorrak zapuzten dituzte. Izan ere, emakumeak ez dauka bere kabuz ongia eta gaizkia bereizteko ahalmenik, eta usadioaren menpean ipintzen du gauza oro, “hala dio jendeak” delako horren zorian.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 10. orrialdea.

«Norbaitek esana dauka alferrik dela emakumeengandik ezer espero izatea; osasuntsu eta tuntun izatea besterik ez. Tankera horretako paradoxa, zakarra izan arren, egia biribila da. […] Emakume moderno buruberoak oker erditzen dira, eta ama penagarriak dira.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 17. orrialdea.

«Hau da, klimaterioan, emakumea zahartzen den prozesuan, gaitasun mentalak ahultzea baino ezin dezakegu espero.»

Paul Julius Moebius, La inferioridad mental de la mujer, 25. orrialdea.

 Luze jarraituko nuke Moebiusen mespretxuzko iruzkin krudelak jasotzen eta ematen, «emakume modernoen», «atsoen» eta feministen kontrako aipu guztiak plazaratzen, baina iruditzen zait aurrekoak nahikoa adierazgarriak direla. Emakumeen aldarrikapenak gero eta maizago gertatzen ziren garaian (soldaten berdintasuna, besteak beste), ezinbestekoa zen haiek «zegokien tokian» ipintzea, nolabaiteko alegatu «zientifiko» baten bidez. Gai honekin estu-estu loturik, Carolina Martinez Pulidoren ¿Cerebro femenino, cerebro masculino? artikulua irakurtzea gomendatuko nuke (Gizonezkoen garuna, emakumezkoen garuna?).

Askok eta askok pentsatuko dute garai bateko kontuak direla; Über den physiologischen Schwachsinn des Weibes 1900. urteko testua dela, egoera asko hobetu dela, argudio horiek gaindituta daudela… Baina, gogora ditzagun orain egun batzuk (2017ko martxoaren 1ean), Europako Parlamentuan emakumeen eta gizonen arteko soldata-aldeari buruzko eztabaida batean, Janusz Korwin-Mikke diputatu ultraeskuindarrak botatako hitzak, Iratxe Garcia eurodiputatuaren aldarrikapenei erantzunez:

«Badakizu zer egiteko zuten emakumeek Greziako olinpiar jokoetan? Lehendabiziko emakume greziarra, neuk esango dizut, 800. postuan zen. Badakizu zenbat emakume diren lehendabiziko 100 xake-jokalarien artean? Esango dizut: bat bera ere ez. Emakumeek, jakina, gutxiago irabazi behar dute gizonezkoek baino. Ahulagoak baitira, txikiagoak, gizonak baino adimen apalagokoak; horrexegatik irabazi behar dute gutxiago.»

Ezer esatekorik ez. Borroka eta aldarrikapena martxoaren 8rako!

2. irudia: 2017ko martxoak 8. Emakunderen kanpaina.

———————————————————————————-

Egileaz: Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

———————————————————————————-

The post Emakumearen gutxiagotasun mentala appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Bizia itsaspeko sehasketan kulunkatu zen

Mié, 2017/03/08 - 09:00
Juanma Gallego Nondik gatoz? Nora goaz? Bigarren galderari erantzutea zinez zaila da, iluntasunez beteriko bidea baita gizakiarena. Baina lehen galderaren erantzuna gero eta gertuago dago, arlo askotako zientzialariak bizia non, noiz eta nola sortu ote zen argitu nahian lanean ari direlako.

Norabide horretan beste aurrerapauso garrantzitsua iragarri da hilaren hasieran. Nature aldizkarian ezagutzera eman denez, nazioarteko zientzialari talde batek orain arte topatutako fosilik “zaharrenetakoak” aurkitu dituelako. Aurkikuntza Nuvvuagituq Gerrikoa izeneko aztarnategian egin dute, Quebecen. Eremua ezaguna da bertan aurki daitezkeelako munduko arrokarik zaharrenak (duela 3.770-4.290 milioi urte artekoak, egin diren datazioen arabera). Horregatik, hain zuzen, azken urteotan zientzialariek gertutik aztertu dituzte toki honetan dauden egitura geologiko bitxiak.

Fosil hitza aipatzean berehala dator burura trilobite baten irudia edo Natur Zientzietako museoen atarian dauden dinosauroen hezurdura erraldoiak. Kasu honetan, baina, inork gutxik iragar lezake oinen azpian den harritzarra fosila izan zitekeenik. Izan ere, halako fosil bereziak bilatzen dituztenak baino ez dira gai horretaz jabetzeko. Hala gertatu omen zaio Dominic Papineau biokimikariari, Londresko University College unibertsitateak zabaldutako bideo batean adierazi duenez. “Egitura hauek ikustean, nire buruari esan nion: tira, hau aztertu beharra dago!”. Bistadizo batean ikusezinak diren egiturekin lan egiten ohituta dago Papineau -nanobiogeokimika irakasten du Londresko Nanoteknologia Zentroan-, baina, egia esanda eta meritua kendu gabe, topatutako aztarna horiek berariaz bilatzen ari zen aditua.

1. irudia: Hematite hodi hauek gutxienez duela 3,770 milioi urtekoak dira. (Argazkia: Matthew Dodd)

Eta topatutakoa ez da nolanahikoa. Datazioen arabera, “gutxienez” duela 3.770 milioi urteko aztarnak dira horiek. Honek esan nahi du orain arte fosil zaharrentzat jotzen zirenekin alderatuz, milioika urte zaharragoak direla arrasto horiek. Orain arte, fosilik zaharrenak Australian topatutako silizezko egiturak ziren, duela 3.460 milioi urtekoak, baina horien inguruko eztabaida mantendu da zientzialarien artean, askotan zaila baita jakitea egitura baten jatorria geologikoa ala biologikoa ote den. Horregatik, hain antzinakoak diren fosilen inguruko ikerketak egiten dituztenek tentu handiz aurkeztu ohi dituzte emaitzak eta arroketan marraztutakoa prozesu biologikoen emaitza dela frogatzen saiatzen dira. Hala egin bide dute azken ikerketa honetan ere.

Iaz ere, Groenlandian, duela 3.700 milioi urteko estromatolitoen berri eman zuten Naturen. Egitura ezberdinak izan arren, orain Quebecen aurkitutakoek, nonbait, Groenlandiako data horiek berresten dute: bizia uste baino lehenago agertu omen zela Lurrean, beraz.

Kasu honetan, gainera, “gutxienez” hitza ez da ironia puntu baten adierazle, datazioa ezartzeko orduan egon ohi den tartearen gertueneko mugara jotzeko ardura baizik. Baina tarte horren kontrako mugara jotzeko tentaldia izatea ere ulertzekoa da, eta Papineauk, zuhur jokatuz, beste hainbaten ahotan jarri du ardura. “Aztarnategian lanean diren zenbait zientzialarik uste dute arroka horiek duela 4.280 milioi urtekoak izan litezkeela. Beraz, eguzki sistemaren akrezioa izan eta ehunka milioi urte gutxira sortuak izan litezke”, esan du zientzialariak-

Burdin jaleak

Itsas hondoko iturri hidrotermalen inguruan bizi ziren bakterioen aztarnak dira aurkitu berri direnak. Funtsean, hodi eta harizpi itxurako estruktura ñimiñoak dira. Ikerketa egin dutenek diote egitura hauek burdinaz elikatzen ziren bakterioen jardueraren emaitza direla. Gaur egun ere iturri hidrotermalen inguruan kokatzen dira bakterio extremofilo asko, hasiera batean oso inguru latza dela ematen badu ere. Horregatik zientzialari askok uste dute iturri horiek izan zirela biziaren lehen sehaskak.

Plaka tektonikoak bereizten diren ozeanoen eremuetan sortzen dira iturri horiek eta, ondorioz, beroa eta elementu kimikoak askatzen dituzte. Hainbat zientzialariren aburuz, iturriok baldintza egokiak jarri zituzten lehen mikroorganismoek energia lortzen “ikas” zezaten.

2. irudia: Nuvvuagittuq Gerrikoa, Quebec-en, Nastapoka uharteetatik hurbil. (Argazkia: Dominic Papineau)

Gaur egungo inguruarekin alderatuz, garai horretan Lurra oso bestelakoa zen. Atmosfera “toxikoa” zen ordukoa, gaur egun lurrean dauden bizi forma gehienentzat, bederen. Izan ere, duela 2.400 milioi urte inguru hasi zen garatzen gaur egun ezagutzen dugun atmosfera mota, zianobakterioak oxigenoa “ekoizten” hasi zirenean. Horren ondorioz, gas berri horretara ohituta ez zeuden bizi forma guztiaz pozoitu ziren. Moldatu ala hil izan zen orduko leloa.

Zeruari begira

Iaz Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean ere zehazten zen azken arbaso komun unibertsala (ingelesezko LUCA akronimoarekin ezagutzen dena) termofiloa zela eta hidrogenoa baliatzen zuela energia eskuratzeko. Beraz, bere jatorria iturri hidrotermalen inguruan egon zitekeela proposatu zuten ikerketa horren egileek.

Gai honen inguruko jarraipena egin dutenek ondo dakitenez, bizitzaren lehen pausoen bila aritzen diren zientzialari asko, Lurrari begira baino, zeruari begira egoten dira. Izan ere, Lurretik kanpoko bizia biltzen duen exobiologiaren alorrean ere funtsezko da jakitea bizia zer nolako baldintzetan sortu zen. Baldintza horiek kontuan izanda errazagoa da bizia beste nonbaiten bilatzea.

Ikerketa honen egileek ere zerura seinalatu dute. “2007an Marten zegoen esplorazio rover batek hematite konkrezioak aurkitu zituen. ‘Ahabia’ gisa izendatuak izan ziren, eta aurkikuntza hura ere sona handikoa izan zen”, gehitu du Papineauk. “Lurrean ere ez dugu oraindik guztiz ulertzen nola sortzen diren egitura hauek, ezta materia organikoak egitura hauen osaketan betetzen duen funtzioa zein den ere”.

Ikerketa honetako egile nagusi Matthew Doddek antzeko balorazioa egin du. “Zirraragarriena da orain badakigula bizia gai izan zela Lurraren eboluzioaren lehen fase goiz hauetan txertatzeko, eta horrek eguzki sisteman edo unibertsoan bakarrik ote gauden galdetzera garamatza. Lurrean bizia hain goiz sortu bazen, agian oso prozesu sinplea izan zen eta, ondorioz, posible da beste hainbat planetatan ere hala izatea. Ala benetan izan zen Lurra kasu bitxi bat?”

Erreferentzia bibliografikoa:

Matthew S. Dodd, Dominic Papineau, Tor Grenne, John F. Slack, Martin Rittner, Franco Pirajno, Jonathan O’Neil, Crispin T. S. Little. Evidence for early life in Earth’s oldest hydrothermal vent precipitates. Nature, 2017; 543 (7643): 60 DOI: 10.1038/nature213776

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bizia itsaspeko sehasketan kulunkatu zen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Markov Kateak: liburuen letrak zenbatuz matematikak sortzen

Mar, 2017/03/07 - 09:05
Josu Doncel Andrei Markov matematikariak liburu bateko bokalak eta kontsonanteak zenbatu zituen. Lortutako emaitzak erabiliz, Markov Kateak existitzen direla frogatu zuen. Modu errazean azal daiteke bere arrazonamendua eta hori da hain zuzen artikulu honetan ikusiko duguna.

Markov Kateak gertakizun estatistikoak aztertzeko erabiltzen dira. Oso tresna boteretsuak dira eta, hori dela kausa, gaur egun hainbat arlotan erabiltzen dira: adimen artifizialeko sistemetan, supermerkatuko ilaretan, ospitaletako larrialdietako zerbitzuetan, etab. Markov Kateak orain dela ehun urte baino gehiago aztertu ziren lehen aldiz.

1. irudia: Markov kate baten irudia. Katea grafo baten bitartez irudika daiteke. Irudian, adibide bat. Puntu batetik ateratzen diren probabilitateen batura 1 izan behar da (Argazkia: Wikimedia Commons /Joxemai4 – Lan propio, CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Badakigu estatistikan badaudela gertakizun batzuk elkarrekin independenteak direnak. Hau da, une honetan gertatzen denak ez du harremanik lehenago gertatutakoarekin. Independentzia hau gertatzen da, esate baterako, txanpon bat airera botatzen dugunean eta aurpegia edo gurutzea ateratzen den ikustean. Alegia, aurpegia ateratzeko probabilitatea 1/2 da (trukatu gabeko txanpona bada, noski), hots, aurreko jaurtiketen emaitzekiko independentea da. Dadoetan ere hala gertatzen da, eta dadoen jaurtiketak independenteak direla esaten dugu.

Gaur egun badakigu ordea gertakizun guztiak ez direla elkarrekin independenteak, hots, orain gertatzen dena lehenago gertatutakoaren araberakoa izan daitekeela. Adibidez, gaur dudan lan atzeratuaren tamaina atzo egindako lanaren araberakoa da ; atzo lan asko egin banuen gaur lan atzeratu gutxiago dut baina Markoven garaian, berriz, estatistikan aztertzen ziren gertakizun guztiak independenteak zirela uste zuten.

Uste hori okerrekoa zela frogatzeko, Andrei Markov matematikariak Alexander S. Pushkin idazlearen Eugene Onegin olerki-liburua erabili zuen. Olerki horretako 200 zati aukeratu zituen eta zati bakoitzak 100 letra zituen. Lehenik, bokal eta kontsonante kopurua zenbatu zuen eta, horrela, 7.788 bokal eta 12.212 kontsonante zeudela ikusi zuen. Beraz, probabilitate-teoria erabiliz, ondoriozta daiteke olerki horretako letra bat bokala dela 0.3894 probabilitatearekin eta kontsonantea 0.6206 probabilitatearekin.

2. irudia: Eugene Onegin liburuaren lehen edizioaren azala (1833. urtea). (Argazkia: Wikipedia, domeinu publikokoa)

Ikerketa honen bigarren pausoan, Markovek olerki horretako hurrengo gertakizunak zenbatu zituen: (i) bi bokal jarraian, (ii) bi kontsonante jarraian, (iii) kontsonante bat bokal baten ondoren eta (iv) bokal bat kontsonante baten ondoren. Haren emaitzen arabera, bi bokal jarraian 1.365 aldiz agertu ziren, kontsonante bat bokal baten ondoren eta bokal bat kontsonante baten ondoren 6.423 aldiz, eta bi kontsonante jarraian 5.788 aldiz.

Aurreko paragrafoan esandakoan aurrera eginez, olerki horretan bi bokal jarraian agertzeko probabilitatea 0.06825 da. Alabaina, garai hartako matematikariek uste zuten gertakizun guztiak independenteak direla eta, hori horrela balitz, bi bokal jarraian agertzeko probabilitatea 0.3894*0.3894 izan beharko litzateke. Kalkulagailua erabiliz, argi ikus daiteke bi zenbakiak ezberdinak direla, eta horregatik, garai hartako matematikak oker zeudela. Ikerketa honi esker, beraz, probabilitate teoriaren adar berri bat sortu zen, Makov Kateen teoria alegia.

Literatura eta matematika harreman estuko zientziak dira. Artikulu honetan Markov Kateen aurkikuntza azaldu dugu. Hala ere, beste harreman mota asko dauzkate matematikak eta literaturak elkarrekin, baino hurrengo batean emango dizuet horren berri.

———————————————————————————-

Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta egun, INRIA Institutuan dihardu ikertzen.

———————————————————————————-

The post Markov Kateak: liburuen letrak zenbatuz matematikak sortzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen

Lun, 2017/03/06 - 15:00
Josu Lopez-Gazpio Usainek oharkabean alda edo bideratu dezakete gure portaera. Dastamena eta usaimena dira bizidunon informazio iturri zaharrena, inguratzen gaituenari buruzko datu kimikoak eskuratzeko bidea. Perfumeen historiaren hasierak bat egiten du gizateriaren historiarekin. Historiaurrean usainek garrantzi jainkotiarra zuten erlijioan. Geroago, Grezian eta Erroman ere oso preziatuak izan ziren espezia, olio eta perfumeak. 1708an, Charles Lilly lurringileak lehen aldiz animalia jatorriko konposatu bat erabili zuen merkaturako perfume baten konposizioan: musketa.

1. irudia: 1710. urtean Giovanni Maria Farinak egun ezaguna den Eau de Cologne perfumea sortu zuen. Mende bat beranduago, Paul Parquet lurringile frantsesak erabili zuen lehen aldiz laborategian sintetizatutako konposatu bat, Fougere Royale perfumearen osagai bezala.

Musketa naturala Moschus moschiferus orein musketadun espeziearen arraren guruin usain-sortzaileen jariakinetik lortzen da, eta mendeetan zehar usain gozo bezala erabili da. Hain zuzen ere, oreinaren jariakinean %0,5-2 arteko proportzioan dagoen konposatu kimiko batek sortzen du musketa usaina. Orein musketaduna desagertzeko zorian egon zen eta egun babestuta badago ere, arriskuan dago, batez ere legez kanpoko ehizaren ondorioz. Egun, ordea, kimikak sintesi bidez eskaintzen dituen aukerak erabiltzen dira lurringintzan.

Aukera horietako bat musketa poliziklikoak (PCM) dira. PCMak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko, eta, hartara, perfumearen usainak gehiago irauten du. Merkatuaren ikuspuntutik, Galaxolide (HHCB), Tonalide (AHTN) eta Traseolide (ATII) dira musketa polizikliko garrantzitsuenak. Azken urteotan ikusi da PCMak toxikoak izan daitezkeela —erresistentzia multixenobiotikoaren inhibitzaileak dira, esate baterako— eta ingurumenean nahiz bizidunetan metatzeko gaitasuna dute; beraz, sakonago aztertu behar da zer-nolako albo ondorio eta kalte sor ditzaketen.

2. irudia: Orein musketaduna, Moschus moschiferus (ezkerrean) eta erauzitako guruina (eskuinean). (Argazkia: Wikimedia Commons, CC-BY-SA)

Ikerketa honek helburu modura hartu du HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak kuantifikatzeko metodo analitikoa garatzea. Horretarako, elektroforesi kapilar deritzon teknika instrumentala erabili zen. PCMak neutroak direnez, kromatografia elektrozinetiko mizelarra (MEKC, micellar electrokinetic chromatography) deritzon aldaera erabili behar izan zen; horretaz gainera, PCMek ur-disolbagarritasun oso txikia dutenez , teknika ingurune ez-akuosoan egin behar izan zen: NAMEKC delakoa (nonaqueous micellar electrokinetic chromatography). Metodoaren aldagai analitikoak optimizatu eta ebaluatu ondoren, lagin errealen analisian erabili zen, hautatutako osagaien kontzentrazioa zehazteko. Laginei dagokienez, guztira Gipuzkoako hainbat dendatan lortutako 27 perfume analizatu ziren.

Ikerketa honetan NAMEKC metodo bakuna, fidagarria eta merkea garatu da perfumeetan HHCB, AHTN eta ATII musketa poliziklikoak aldi berean kuantifikatzeko. Metodoak ezaugarri analitiko onargarriak ditu, balioztapen prozesuko ebaluazioak adierazi duen moduan. Hauxe da lehen ikerketa, elektroforesi ez-akuosoari esker PCMak determinatzea ahalbidetzen duena. Horretaz gainera, laginaren prestaketa erraza proposatu da —laginaren diluzioa, besterik ez—. Bestalde, elektroforesi kapilarraren aplikazioak zabaldu dira; izan ere, konposatu oso hidrofoboak elektroforesi kapilarra erabiliz analizatzeko bidea aztertu da. Ondorioz, elektroforesian oinarritutako metodo hau gas- edo likido-kromatografian oinarritutakoen aukera egokia da, bai aplikazio kualitatiboetan eta baita kuantitatiboetan ere.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia.
  • Laburpena:Kromatografia elektrozinetiko mizelar ezurtsuan oinarrituta metodo bat garatu da perfumeetan Galaxolide®, Tonalide® eta Traseolide® musketa poliziklikoak kuantifikatzeko. Konposatu horiek kosmetikoen osagai moduan asko erabiltzen dira zainketa pertsonalerako produktuetan. Metodoa optimizatzeko esperimentu-diseinua eta erantzun-gainazalen metodologia erabili ziren. Metodoaren ezaugarri analitikoak ebaluatu ziren eta balio onargarriak lortu ziren ezaugarri hauei dagokienez: linealtasuna, detekzio- eta kuantifikazio-mugak, doitasuna eta zehaztasuna. Optimizatutako eta balioztatutako metodoa perfume-lagin komertzialetan hautatutako osagaiak determinatzeko erabili zen.
  • Egileak: Josu Lopez-Gazpio eta Esmeralda Millán
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 97-107
  • DOI: 10.1387/ekaia.14129

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide

Lun, 2017/03/06 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko Francesca Grass ikertzaileak, Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterketa morfologikoa egiten ari da, orduko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz. Aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoak eginez, Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea du helburu.

Irudia: UPV/EHUko azterlan batek Burgosko eta Arabako 15 aztarnategietako VI. mendetik X.era arteko zeramika ekoizpenen azterlan morfologikoa egiten ari da, Gaztelako Goi Erdi Aroko gizarteen konplexutasun sozial eta politikoa ikertzeko asmoz.

Goi Erdi Aroko herrixketan, nekazariak lurra eta zura bezalako oinarrizko elementuez eraikitako etxoletan bizi ziren. Etxeotan, gune batzuk bizitoki gisa erabiltzen zituzten, eta beste batzuk, berriz, biltegi gisa (siloak) edota eskulanak egiteko. Garai hartako herrixketan, IX. eta X. mende aldera, eliza txikiak eta monumentaltasun gutxiko hilerriak eraiki ziren. Francesca Grassi arkeologoaren helburua da, hain zuzen ere, gizarte haien konplexutasun sozial eta politikoa aztertzea, zeramika kontsumoaren ekoizpena, banaketa eta ereduak oinarri hartuta. Horretarako, aztarnategietan aurkitutako zeramikaren analisi kimiko eta petrografikoa egin du.

“Hau ez da datu zeramikoak aztertzeko ohiko lan bat; izan ere, azken xedea da Goi Erdi Aroko herrixka haiek nolako bizimodua zeramaten jakitea eta lurraldeko ekonomiaren eta alderdi sozial eta politikoen historia berregitea. Horretarako, 15 aztarnategi aukeratu ditugu, denak ere Goi Erdi Aroko nekazarien herrixken erakusgarriak, hiru eremu nagusitakoak: Arabako lautadakoak, Miranda Ebroko arrokoak eta Goi Erribera ingurukoak. Hiru eremu horiek askotarikoak dira. Alde batetik, Arabako lautada inguru oso itxia da ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, ez baita aurkitu arrotik kanpoko beste materialik. Beste bi eremuak, berriz, irekiagoak dira, Goi Erribera ingurua batik bat, han baitzegoen Gaztelako konderri zaharraren erdigunea; konderri hura Goi Erdi Aroan eratu zen, eta erreferentziazko kokaleku ugari zituen Goi Erriberan”, azaldu du Francesca Grassik.

Miranda Ebroko arroa eta Goi Erribera ingurua, gainera, irekiagoak izan ziren zeramikaren kontsumoari dagokionez ere, eta horrek nabarmenago egiten ditu hiru eremu horien arteko alde sozial, politiko eta ekonomikoak. “Zeramika kontsumoaren motan igar daitezke aldeak. Aztarnategi batzuetan, adibidez, zeramika inportatuaren edo beste eremu batzuetan ekoitzitakoaren arrastoak topatzen dira, eta beste aztarnategi batzuetan ez. Hori oso datu garrantzitsua da berez, desberdintasun soziala adieraziko duelako. Tipologiari dagokionez, aztarnategi batzuetan estaldurarik gabeko zeramika aurkitu dugu, ore lodiz edo araztuz egindakoa, eta litekeena da oinarrizko funtzio bat baino gehiago edukitzea: kozinatzeko, jateko edo gauzak gordetzeko ontzi gisa erabiltzeko… Biltegi batzuetan, baina, aurkitu dugu zeramika pintatua ere, estaldurarik gabea baina engobe gorriz ekoitzitako pintura duena. Zeramika horrek ere oinarrizko funtzio bat zuen, mahaian ura zerbitzatzekoa eta gauzak gordetzekoa esaterako, eta badirudi Ebro inguruan ekoitzi zela, baita aztarnategietatik oso urrun zeuden tailerretan ere. Halere, datu hori hasiera-hasierakoa da oraindik, aztertu beharreko analisi arkeometrikotik ateratakoa”, esan du ikertzaileak.

Datu osagarriak:

Ikerketa EARMEDCASTILE proiektuaren (The formation of the State in Early Medieval castle: craft production and social complexity) barruan kokatzen da. EARMEDCASTILE proiektua Europako Batasunak diruz lagundua dago (Grant Agreement N. 656540), 2015eko udan hasi zen, eta 2016ko uztailean bukatuko da. UPV/EHUko Letren Fakultateko Ondarea eta Kultur Paisaiak ikerketa taldea ari da azterlana egiten, Juan Antonio Quirós Castillo Arkeologiako katedradunak gidatuta, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Saileko Luis Angel Ortega, Ainhoa Alonso Olazabal eta Mª Cruz Zuluaga ikertzaileen eta Sienako Unibertsitateko (Italia) Lurraren Zientzien Saileko Cristina Fornacelli eta Isabella Memmi Turbanti ikertzaileen laguntzarekin.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Goi Erdi Aroko gizarteak zeramikaren bitartez ezagutzen.

The post Zeramika, Goi Erdi Aroko bizimodua berregiteko bide appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #144

Dom, 2017/03/05 - 09:00
Uxue Razkin

Eboluzioa

Gutxienez 3.770 milioi urteko mikroorganismoen arrasto fosilak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermala izandako arroketan, Kanadako ipar-ekialdean dagoen Nuvvuagittuq gerrikoan, hain zuzen. Hodiak eta harizpi-formako egiturak aurkitu dituzte, itsas hondoko iturri hidrotermaletan bizi ohi diren mikroorganismoek sortzen dituzten egituren antzekoak. Horrez gain, jarduera biologikoaren beste adierazle batzuk ere aurkitu dituzte; burdin-oxidozko granuluak eta karbonatozko errosetak, esaterako. Elhuyarrek azaltzen digu albistea.

Kimika

Sagardoaren azidotasunari heldu diote testu honetan. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio eta gozotasuna ezabatu egiten du. Gainera, azidotasuna garrantzia dauka sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako. Ekoizpenean, legamiek sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan. Baliteke lortutako azidotasuna egokia ez izatea, baina, testuan azaltzen digutenez, sagardoaren pH-a erregulatu daiteke. Eta nola egiteko da moldaketa hori? Azalpena Sagardoaren kimika artikuluan.

Biologia

Elefanteek, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, beste zenbait bereizgarri dituzte. Adibidez, urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko. 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia. Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa handia da. Afera ulertzeko: beste ugaztunen kasuan odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lirateke. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.

Emakumeak zientzian

Nahia Idoiaga fisika ikasten hasi zen baina ez zitzaion gustatu, eta psikologiara pasa zen,zientzia inoiz alboratu gabe. Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen”. Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.

Astronomia

NASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven, deiturikoak. Baina programako ikertzaileari William Randolph Lovelace II.ak pentsatzen zuen emakumeak zirela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak ziren eta erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko. Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian. Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten. 1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten: emakumeek ez zituzten astronauta izateko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea.

Gure eguzki sisteman bertan beste planeta bat egon daitekeela pentsatzen dute aditu batzuek. Berriak azaltzen digu ustezko objektu horri X planeta edo bederatzigarren planeta deitzen zaiola. Hilabete honetan, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society aldizkarian proposatu dute Neptunotik harago dauden 2004 VN112 eta 2013 RF98 izeneko objektuen ezaugarriek hor kanpoan planeta erraldoi bat dagoeneko hipotesia babesten dutela. Espektrografiaren bitartez, astronomoek espaziotik datorren argia ikertu eta objektu bakoitzaren konposizioa zein den jakin dezakete. Horrela konturatu dira bi asteroideon osaketa oso antzekoa dela. “Horregatik uste dugu iraganean objektu bikoitza zela, baina duela 5 eta 10 milioi urte arteko tartean Lurra baino 10 edo 20 aldiz masiboagoa den planeta ezezagun batek banatu zituela”, dio Julia de Leon Kanaria uharteetako Astrofisika institutuko ikertzaileak.

Teknologia

Handle izeneko robot gurpilduna aurkeztu berri du Boston Dynamics enpresak (Googlerena da Dynamics). 2 metroko garaiera dauka eta 20 km orduko abiadura har dezake, jauziak ere egin ditzake. Gurpilak eta hankak ditu eta ia edozein tokitan ibili daiteke. Etorkizuna hemen dugu!

Fisika

Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horren kariaz: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzean datza. Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileak dio: “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren.

Geologia

Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaile gehienek, zati handi bat ur azpian dagoena. Aspaldi jarri zioten Zeelandia izena. Orain, horri buruz egin diren ikerketa guztiak bildu dituzte. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. Kontinente bat izateko lau baldintzetatik hiru hiru betetzen ditu argi eta garbi: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da.

Medikuntza

Berlineko zientzialari batzuek mina tratatzeko albo-ondoriorik gabeko botika sintetizatzea lortu dute. Analgesiko berria opioidea da, baina ez ditu eragiten morfinak eta beste opioideek izaten dituzten albo-ondorioak. Adibidez, goragalea, apnea, ultzerak, etab. NFEPP izeneko analgesiko berriak hantura-guneetan bakarrik eragiten du. Animaliekin egin dituzte entseguak eta ikusi dute handitutako ehunetan ahalmen analgesiko handia duela baina aldi berean, ehun osasuntsuek ez dutela analgesikoaren aurrean erreakzionatzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #144 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #149

Sáb, 2017/03/04 - 09:00

Loak oroimena sendotzen omen duela esaten da, baina kontrakoa balitz? Loak oroimena ahazten lagunduko baliguke? José Ramón Alonsok argitzen digu kontua: Seleeping Spines.

Izotzaren azpian, kilometro eta erdi lurrazalaren azpian, lurperatuta dago unibertso behagarrian barneratzeko gai den behatoki bat. Víctor Marínek aurkeztu digu: Ice Cube, the frozen observatory.

Ez da erraza egungo zibilizazioaren oinarri industrialen funtsezko kontzeptuak sakon ulertzea, are gutxiago metodo estatistikoek ez dutenean laguntzen. Baina DIPCk laguntzen digu zeregin honetan: Understanding polyatomic dissociative chemisorption.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #149 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea”

Vie, 2017/03/03 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Nahia Idoiaga Mondragonek Fisika ikasteko asmoz hasi zen unibertsitatean. Laster konturatu zen, ordea, hura ez zuela gustuko. “Ez zen espero nuena. Besteak beste, talde txikia ginen; exijentzia, berriz, oso handia”, azaldu du. Hala, Fisika utzi eta Psikologia ikasten hasi zen. Eta hura bai, oso gustuko izan zuen. Arlo horretan egin du, beraz, bere ibilbide akademikoa. Hala ere, horrek ez du esan nahi zientzia baztertu duenik. Izan ere, zientziarekin lotuta egin du tesia, eta orain ere, irakasle izateaz gain, ikertzen ere badabil.

Psikologia ikasten ari zela gerturatu zen berriro zientziara. “Lankidetza-beka izeneko beka bat zegoen, aukera ematen zizuna irakasle batekin batera ikertzeko. Probatu nuen, eta gustatu zitzaidan”. Dioenez, ikasten jarraitzeko aukera ematen du ikerketak; horrek erakartzen du. “Nigatik balitz, beti ariko nintzateke ikasten”.

Irudia: Nahia Idoiaga Mondragon psikologoa.

Psikologian masterra egin ondoren, tesia ere egin zuen: “Izurriteek gizartean eragiten duten inpaktua aztertu nuen tesian”. Gustura aritu zen tesia egiten, besteak beste, denboraren kudeaketan izan zuen askatasunagatik. “Ulertzen dut jende askok gaizki pasatzea tesia egiten, ordu asko eskatzen baititu, eta zaila da beste lan batzuekin batera egin behar baduzu. Baina nik beka bat nuen, eta oso esperientzia ona izan zen. Tarte horretan bi seme-alaba izan ditut eta ikerketa beste alorrekin bateragarria suertatu zait”, onartu du.

Ikertzearen aurkia eta ifrentzua

Tesiaren gaia, berekin lana egiten zuen irakasleengatik eta gaurkotasunagatik aukeratu zuen. “Gizarte-irudikapenen marko teorikoa lantzen ari nintzen, eta beti izan dut interesa jakiteko nola ulertzen duen jendeak zientzia egunerokotasuneko pentsamenduan. Orduan A gripearen krisia gertatu zen, eta erabaki nuen hori hartzea gaitzat. Gero, tesia egiten ari nintzela, ebola-izurria gertatu zen, eta hori ere ikertu nuen.”

Idoiagaren ustez, garrantzitsua da jakitea nola bizi izan ditugun izurriak, “beti izango ditugulako, eta gero eta sarriago”. Jendeak zer pentsatzen duen eta zer irudikapen dituen jakitea gako da komunikazioa eraginkorra izan dadin. “Adibidez, alderdi emozionalak garrantzi handia du gauzak ulertzeko moduan, eta ez zait iruditzen arrisku-krisien komunikatzaileek aintzat hartzen dutenik”.

Orain irakasle dabil unibertsitatean, baina, aldi berean, ikertzen jarraitzen du. Gizarte-irudikapenen arloan bertan, izurriteen odez, sexu-praktika arriskutsuen inpaktua aztertzen ari da. Horrez gain, hezkuntzaren eremuko gaiak ere ikertzen ditu.

Ikerketa benetan gustuko duen arren, dena ez da erraza. Oztopoen artean, burokraziak eta argitaratzeko beharrak aipatu ditu, eta baita talde baten babesa ez duten gazte ikertzaileen egoera zaila ere.

Ez du aipatu gabe utzi nahi beste zailtasun bat: “Argitaratzeko behar horrekin lotuta, horrek berak euskaraz ikertzea zailtzen dit. Tesia euskaraz eta ingelesez egin nuen, eta aldiro artikuluak euskaraz publikatzen saiatzen naiz. Baina beti iruditzen zait euskararekiko militantzia hutsagatik egiten dudala. Izan ere euskal erakundeek ere apenas hartzen dituzte aintzat euskaraz idatzitako produktu zientifikoak”.

Idoiagaren esanean, badaki joera ingelesaren aldekoa dela, eta ulertzen du hori. Hala ere, haren ustez, garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako artikuluak edota lanak balioestea.

Fitxa biografikoa:

Nahia Idoiaga Mondragon Gernikan jaio zen, 1985ean. Psikologian lizentziatu zen, UPV/EHUn, eta Psikopedagogian, Mondragon Unibertsitatean. Masterra egin ondoren, gizarte psikologian egin zuen tesia, gizarte irudikapenen alorrean, eta, bereziki, arrisku-krisien eta osasun-izurriteen gizarte mailako eragina aztertzen. Orain irakasle da Psikologia Fakultatean, eta ikertzen ere jarraitzen du.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Nahia Idoiaga: “Garrantzitsua litzateke euskaraz idatzitako lanak balioestea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Elefantearen birikak

Jue, 2017/03/02 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Elefanteek badituzte zenbait ezaugarri interesgarri. Lurraren gainean, lehorrean bizi diren animalia handienak izateaz gain, edo handienak izateagatik, badituzte zenbait ezaugarri berezi. Belarrien tamainaz aritu gara aurreko atal batean, belarriek gorputzen tenperaturaren erregulazioan betetzen duten zereginaz, hain zuzen ere. Oso desberdina da hemen aztertuko duguna.

Irudia: Lurraren gainean bizi diren animalia handienak izanik, ez dago elefanteak bezalako animaliarik tamainari dagokionez. Horrez gain badituzte bestelako ezaugarri bereizgarria. Esaterako, urpean sakonera handitan igeri egiteko gai dira.

Elefanteek urpean ibiliz zeharka ditzakete ibaiak eta, horretarako, tronpa erabiltzen dute arnasa hartzeko tresna gisa. Elefanteentzat balio handiko ahalmena da hori, joan-etorri luzeak egiten baitituzte, eta egiten dituzten ibilbideetan oso ohikoa baita ibaiak zein aintzirak zeharkatu behar izatea. Zenbaitetan, gainera, sakon samarrak dira zeharkatzen dituzten urak.

Ahalmen hori harrigarria egin zaie beti zientzialariei. Izan ere, elefanteak urpean ibil daitezkeen sakoneran beste edozein ugaztunen birikak kaltetuta geratuko lirateke presio hidrostatiko handiaren eraginez. Baina 2002. urtean, arnas funtzioan aditua den John B. West fisiologo ezagunak azaldu zuen ahalmenaren zergatia lehendabizi. American Physiological Society delakoaren 2002ko biltzarrean emandako hitzaldi batean eskaini zuen gertaera harrigarri horren zergatia.

Elefanteen biriken pleuraren mintzek ur azpian jasan behar duten presioa hain da handia, ezen beste edozein ugaztunen odol-hodiak apurtu edo edemak sortuko lituzkeen. Baina elefanteen birikei ez zaie horrelakorik gertatzen, pleuraren mintz arrunten ordez ehun konektibozko geruza trinko bat dutelako, eta geruza horri esker birikek presio handiaren balizko ondorio kaltegarriak saihets ditzaketelako.

Biologo askoren ustez, urtarrak ziren gaur egungo elefanteen arbasoak, eta West doktorearen ustez, baliteke tronpa iraganeko garai hartan garatu izana. Azken batean, ez da ahaztu behar urtarrak diren sirenioak (dugongak eta manatiak) direla elefanteen ahaide hurbilenak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Elefantearen birikak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Zeelandia, kontinente ezkutua

Mié, 2017/03/01 - 09:00
Amaia Portugal Zenbait ikertzailek defendatzen dutenez, Zeelanda Berria Australiatik bereizten den eta ur azpian murgilduta dagoen beste kontinente baten parte da. Ia bost milioi kilometro karratuko azalera du Zeelandia izena hartzen duen lurralde honek, eta agerian ez egonagatik, kontinente izateko baldintzak betetzen dituela argudiatu dute artikulu batean.

Zenbat kontinente ditugu? Nola kontatu behar dira? Mundua ez da ados jartzen honen inguruan, eta desberdin irakasten da herrialde batzuetako eta besteetako eskoletan: Ipar eta Hego Amerika bi kontinente direla, Europa eta Asia bat eginda daudela, Antarktikaz ahaztu egiten garela… Bada, eztabaidari ekarpen berria egin diote Zeelanda Berriko ikertzaile batzuek. Izan ere, ba omen dago orain arte kontaketa hauetan kontuan hartu ez dugun beste kontinente bat: Zeelandia.

Zeelanda Berria Australiatik bereizita dagoen beste kontinente baten parte dela defendatzen dute ikertzaileok. Kontinente ezkutua, ur azpian baitago ia bere osotasunean. Lurralde horri Zeelandia izena jarri zioten aspaldi inguruotako geologoek, baina kontu hau nahiko ezezaguna da munduko beste tokietan. Orain, baina, GNS Science erakundeko ikertzaile talde batek azken hogei urteotan auzi honen inguruan egin den ikerketa geologiko eta geofisiko guztia bildu du, lan zientifiko bakarrean. “Zeelandia ez da erdi urpean dauden puska kontinental batzuen bilduma soila; 4,9 milioi kilometro karratu dituen kontinente koherentea baizik”, aldarrikatu du Nick Mortimer ikertzaileak. GSA Today aldizkarian plazaratu dute artikulua.

1. irudia: Zeelandia aintzat hartzen duen munduko kontinenteen mapa. (Argazkia: Nick Mortimer et al.)

Ia bost milioi kilometro karratu ditu Zeelandiak (Australiaren hiru bosten), baina Zeelanda Berria, Kaledonia Berria, Norfolk uhartea eta beste irla gutxi batzuk baino ez ditu agerian. Hau da, kontinentegai honen azaleraren %94a ur azpian dago. Zeelanda Berriko Cook edo Aoraki mendia du tontor garaiena (3.724 metro), eta bi plaka tektonikoren arteko mugan dago: australiarra eta pazifikokoa.

Ikertzaileok defendatzen dutenez, ezkutuan dagoelako ez da hartzen kontuan, baina Zeelandiak kontinente guztiek dituzten ezaugarriak betetzen ditu: “Gaur egun lurrazala, kontinenteak eta mikrokontinenteak definitzeko erabiltzen diren hitzak aldatu gabe ere, Zeelandiak bat egiten du”.

Artikuluan azaltzen denez, kontinenteek lau baldintza nagusi bete behar dituztela iritzi diote geologo gehienek: nabarmen goratu behar du inguruan duen lurrazal ozeanikoarekin alderatuta; askotariko harri magmatiko, metamorfiko eta sedimentarioak izan behar ditu osagaien artean; lurrazal lodia ere bai; eta mugek ondo definituak behar dute egon, nahikoa azalera handia duen eremuan. Ikertzaileon arabera, Zeelandiak argi betetzen ditu lehen hiru baldintzak: lurrazal ozeanikoaren gainetik goratzen da, bere materialek beste kontinenteek dituztenekin bat egiten dute, eta bere lurrazalaren lodiera 10-30 kilometro artekoa da; 40 kilometrorainokoa ere bai, Zeelanda Berriko hego uharteko zenbait gunetan.

2. irudia: Zeelanda Berria, Kaledonia Berria eta irla gutxi batzuk baino ez ditu agerian kontinente honek. (Argazkia: Nick Mortimer et al.)

Laugarren baldintzari dagokionez, Australia eta Zeelandiako mugak oso ondo zehaztuta daudela argudiatu dute ikertzaileok, Cato sakonuneari esker. Lurrazal ozeanikoaren gainean dagoen eremu honek 3.600 metroko sakonera du, eta bereizketa espazial eta tektoniko honek Zeelandia eta Australia fisikoki banatzen dituela diote ikertzaileok. “Cato sakonunea egongo ez balitz, artikulu honek deskribatuko lukeen aurrerapen zientifikoa bestelakoa litzateke: Australiako kontinentea aurrez uste baino 4,9 milioi kilometro karratu handiagoa dela esango genuke”, azaldu dute artikuluan.

Tamaina da arazoa, ordea. Laugarren baldintzak baitio, mugak ondo definituta egoteaz gain, eremuak nahikoa azalera handia izan behar duela, baina azalera horrek zenbatekoa izan behar duen ez da zehazten. Langa milioi bat kilometro karratuko azaleran ezartzea proposatu dute artikulu honetan. Hartara, geologoen kolektiboak proposamena onartzekotan, Zeelandiak sobera beteko luke kontinente izateko azken baldintza. “Milioi bat kilometro karratu baino gehiagoko azalera duenez eta muga geologiko eta geografikoak ondo zehaztuta dituenez, gure definizioaren arabera, Zeelandia bada nahikoa handia kontinentetzat jotzeko”, gaineratu du Mortimerrek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Nick Mortimer et al. Zealandia: Earth’s Hidden Continent. GSA Today. Volume 27, Issue 3 (March/April 2017). DOI: 10.1130/GSATG321A.1

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Zeelandia, kontinente ezkutua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Sagardoaren kimika

Mar, 2017/02/28 - 09:00
Laura Isabel Sarasola Sagardo-denboraldi bete-betean sartuta gaudenez une bikaina da hau gure lurraldean hain ospetsua den edaria hobeto ezagutzeko. Kasu honetan kimikaren ikuspuntutik arituko gara. Nola ez, azidotasunari ekingo diogu lehenengoz, ezaugarri bereizgarrienetarikoa baita hori. Izan ere, berebiziko garrantzia ematen zaio sagar zuku hartzitu honen pH-ari. Azidotasunak zapore mikatza eta naturala ematen dio sagardoari eta gozotasuna ezabatu egiten du. Horretaz gain, azidotasuna garrantzi handikoa izango da sagardoan haziko diren legamia hartzitzaileen hazkuntzarako.

1. irudia: Hainbat herrialdetan ekoiztu eta kontsumitu izan da sagardoa. Edari honek ospe handia izan du Euskal Herritik kanpo ere, batez ere Europan.

Sagardoaren ekoizpenean, legamiek (Saccharomyces cerevisiae) sagarraren azukreak hartzitu eta etanol bilakatzen dituzte. Etanolaren ekoizpenaz gain, legamiek azido malikoaren hartzidura egiten dute hartzidura malolaktikoaren bidez, eta ondorioz azido laktikoa sortzen da prozesuan.

Beraz, bi dira nagusiki pH-a murrizten duten konposatuak: azido laktikoa eta azido malikoa. Bietatik lehenengoa da sendoena.

2. irudia: Hartzidura malo laktikoaren erreakzioa eta osagaien azidotasun konstantea.

Sagardoaren pH optimoa 3,2-3,6 tartean izaten da; hala ere, sagar-zukuaren ekoizpenean 2,9 eta 5,2 arteko azidotasun balioak lortzen dira maiz. pH-aldakortasun hori erabilitako sagar klasearen araberakoa da neurri handi batean. Adibidez, Granny Smith sagarrek azidotasuna areagotu egiten dute (Euskal Herrian errege-sagarra edo gazi-gorria erabili izan dira). Legamia-anduia eta giro-tenperatura aldagaiek ere, garrantzia handia dute azidotasunean. Tenperaturak hartzidura malolaktikoa baldintzatzen duenez, azido laktiko eta azido malikoen kontzentrazioan eragin zuzena du.

Baina, zer gertatzen da lortutako azidotasuna egokia ez bada? Posible da sagardoaren pH-a erregulatzea? Noski baietz. Behin hartzidura gertatuta, pH-a moldatzeko ohiko metodoa potasio karbonatoa gehitu ohi da pH-a moldatzeko; karbonatoak, basea izanik, pH-aren igoera eragiten du. Hala ere, zaporea alda dezakeenez, ez da gomendagarria potasio karbonatoa erabiltzea. Ekoizle askok pH-aren balioa jaistearren azido malikoa gehitzen dute eta hartzidura denbora luzatu egiten dute.

3. irudia: Sagardoa ekoizteko hainbat sagar mota erabiltzen dira. Sagarrak zaporea ematen dio edariari haren hiru osagaiei esker: azukrea, azidoak eta taninoak.

Ez da ordea azidotasuna sagardoaren kimikarekin lotutako ezaugarri bakarra, diziplina honen bidez ulertzen baitira beste propietate batzuk ere. Kolorea dago horrelakoen artean. Sagardoaren kolore-aldaketak oxidazio-erredukzio erreakzioen adibide argiak dira. Zukuaren marroi kolorea sortzen da, polifenol oxidasak oxigenoaren eraginpean duen entzima-aktibitatearen ondorioz konposatu organikoak oxidatu egiten direlako. Dena dela, oxidazio prozesu hori kontrolatzearren antioxidatzaileak erabiltzen dira, limoi-zukua (C bitaminagatik) eta sulfitoak esate baterako.

Historian, Euskal Herrian ez ezik, beste herrialde askotan ere izan du ospea sagardoak. Bitxikeria moduan esango dugu pozoitze kasu asko eragin zituela Frantzian eta Britainia Handian. Pozoitze kasu horien eragileak ez ziren sagardo ekoizpen prozesuan sortutako produktuak izan: iragazketa prozesuan erabilitako berun zuriak eragin zuen pozoitzea. Mineral hori sagardoa lohitzen eta arretzen duten partikulak desagerrarazteko erabiltzen zen eta ondorioz edaria metal astun horrekin kutsatzen zen. Hori ezagutu zenean berunaren detekziorako prozedurak garatzen hasi ziren, adibidez sagardoari potasio sulfuroa gehituta, berun sulfuro hauspeakin beltz bereizgarria sortzen duena.

Kimika, arazoaren iturria eta konponbidea aldi berean. Txotx!

Gehiago jakiteko:

———————————————————————————-

Egileaz: Laura Isabel Sarasola Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikasten ari da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Oskar Gonzalez irakasleak bultzatutako Oreka kimikoa eguneroko bizitzan jardueraren harira idatzi zuen lantxo hau.

———————————————————————————

The post Sagardoaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Testutik hitz-konbinazioak ikasten

Lun, 2017/02/27 - 15:00
Antton Gurrutxaga, Iñaki Alegria eta Xabier Artola Hizkuntza bat ikasteko esperientziatik igarotzen den orok arreta berezia jarri behar izaten du hitzak nola konbinatzen diren jakiteko, maiz gramatikaren arauak ez baitira aski hiztunek hitzak nola erabiltzen dituzten aurresateko eta esplikatzeko. Euskarazko urrats ingelesez step dela ikasita, eta eginerako do edo make erabil ditzakegula jakinda, modu naturalean sortuko ditugu to do steps edo to make steps konbinazioak gure urratsak egin adierazteko, harik eta norbaitek ezetz esan arte, horrela ez dela esaten, step hitzarekin take erabiltzen dutela ingelesdun “jatorrek”.

1. irudia: eu urrats = en step → en to do/make/give steps? Ez, to take steps!

Ardoaz mintzatuz, euskaraz beltz dena gorri da beste zenbait hizkuntzatan (vin rouge, red wine, vino rosso, Rotwein…). Horrelakoak baino ezagunagoak dira, beharbada, adarra jo edo hautsak harrotu modukoak; horien adiera aurrez jakin ezean, nekez asmatuko dugu zer esan nahi duten osagaien esanahietatik abiatuta.

2. irudia: Interpretazio literala eta idiomatikoa.

Lehenei kolokazio esan ohi zaie, eta bigarrenei lokuzio edo esapide idiomatiko, baina, diren motakoak direla, garrantzi handikoak dira, hizkuntzaren irakaskuntzan eta hiztegigintzan ez ezik, Hizkuntzaren Prozesamenduaren hainbat atazatan ere, hala nola itzulpen automatikoan eta terminologia-erauzketan. Esaterako, es → eu itzulpen automatikoko sistema batek ez badaki prestar atención konbinazio berezia dela, “arreta utzi” itzul lezake, hitzez hitz, arreta jarri itzuli beharrean.

Idiomatikotasunaren karakterizazio automatikoa

Kolokazioak eta lokuzioak hitz anitzeko unitate edo unitate fraseologikoen (UF) multzo zabaleko bi kategoria dira (beste bat, esaterako, esaera zaharrena da). UFak liburua irakurri, ogia erosi eta antzeko “konbinazio libreetatik” bereizten dituen ezaugarria idiomatikotasuna da. Ezaugarri konplexua da, zenbait osagai edo propietatez osatua, eta graduala.

Bada, ikerkuntza-lan honen helburua izan da izena+aditza osaerako euskarazko UFak testuetatik (corpusetik) automatikoki eskuratzeko eta haien idiomatikotasunaren arabera karakterizatzeko teknikak garatzea.

Oinarrizko ideia da UFen propietateak testuak prozesatuz kuantifikatzea, eta neurketa horien eta idiomatikotasunaren artean korrelazioa dagoen egiaztatzeko esperimentuak egitea. Zein dira, ordea, idiomatikotasunaren bereizgarri diren propietate horiek?

Lehenak zerikusia du konbinazioaren osagaiak elkarrekin agertzeko duten “joerarekin”. UFetan, joera hori konbinazio libreetan baino handiagoa bide da (agerkidetza estatistikoki esanguratsua da). Bigarren propietatea semantikarekin lotuta dago; adibidez, lehen aipatutako adarra jo konbinazioaren esanahia ez da ‘adar’ + ‘jo’ esanahien batura. Bestela esanda, adarra jo ez da konposizionala. Azken propietatea konbinazioaren “finkotasunarekin” dago lotuta, edo, alderantzizko aldetik begiratuta, “malgutasunarekin”. Esaterako, adarra jo konbinazioan, adar izena ez da pluralean erabiltzen; eta aurrekoan jo zenidan adarra ez zitzaidan gustatu moduko perpaus erlatiboak ere ez ditugu egiten, ez behintzat aipatzen ari garen esanahiarekin. Hori malgutasun morfosintaktikoa da. Malgutasun lexikala da, berriz, honekin dago lotuta: zenbateraino ordezka dezakegu konbinazioaren osagai bat haren sinonimo batez? Arreta jarri konbinazioan, jarri aditzaren ordez ipini erabil dezakegu, baina gerrikoa estutu konbinazioan, gastuak murrizteaz ari bagara behintzat, ez da uhal sinonimoa erabiltzen.

Nola neurtu propietate horiek? Bakoitza behagai edo neurgai batekin erlazionatu behar da. Hauek dira teknika erabilienak:

  • Agerkidetza: osagaien elkartze-neurriak Hau da teknika erabiliena, gure esperimentuen oinarri-lerrotzat hartu duguna. Gure ikertze-galdera izan da honen emaitzak gainerako propietateak neurtuz hobetu daitezkeen.
  • Konposizionaltasun-maila: konbinazioaren eta haren osagaien arteko antzekotasun distribuzionala (esanahia testuinguruen bidez modelizatzen da, eta modelo horiek konparatzen; oso antzekoak badira, konbinazioa librea da).
  • Malgutasun morfosintaktikoa: portaera morfosintaktikoen arteko distantzia estatistikoa (konbinazioaren portaeraren eta batez besteko erreferentzia-portaera baten artekoa).
  • Malgutasun lexikala: osagaien ordezkagarritasuna (sinonimoen bidez konbinazio berriak sortu, eta konbinazio guztien agerkidetza-datuak konparatzea).

Bi karakterizazio-ataza bereizi dira: ranking-ataza eta sailkatze-ataza. Lehenari propietate bakun bakoitza neurtuz ekin diogu. Sailkatze-atazan, ikasketa automatikoa erabili dugu, esperimentu bakunen emaitzak konbinatuz.

3. irudia: Lan esperimentalaren eskema.

UF hautagaiak testutik automatikoki erauzteko eta forma kanonikoa esleitzeko prozesu automatikoa garatu da. 74 milioi hitzeko kazetaritza-corpus bat prozesatu dugu. Ebaluaziorako gold standardtzat, aditu-talde batek eskuz sailkatutako 1 200 hautagaiko multzo bat erabili dugu, hiru kategoriatan banatua: esapide idiomatikoak (lokuzioak), kolokazioak eta konbinazio libreak.

Neurketaren emaitzak

Lan esperimentalaren ondorio nagusia da arlo honetan estandar diren agerkidetza-tekniken emaitzak modu esanguratsuan gainditu direla, batez ere teknika semantikoen bidez, baina baita malgutasun morfosintaktikoaren neurketaren bidez. Aldiz, malgutasun lexikalaren neurketak ez du espero zen mailako emaitza izan.

4. irudia: Ranking-atazan teknika bakoitzaren bidez lortutako emaitza onenak. AM: association measures edo elkartze-neurriak; DSim: antzekotasun distribuzionala; MSFlex: malgutasun morfosintaktikoa; LFlex: malgutasun lexikala. : Kendall tau korrelazio-koefizientea (berdinketetarako modalitatea). AP: batez besteko doitasuna (average precision).

Bestetik, fraseologiaren aurresan batzuen ebidentzia esperimentalak lortu ditugu:

a) idiomatikotasunaren konplexutasuna;

b) konposizionaltasunaren UF-kategorien zeharreko graduazioa;

c) kolokazioen erdikonposizionaltasuna eta malgutasun morfosintaktiko handia;

d) aditzak konbinazioaren idiomatikotasunarekiko duen korrelazioa.

Ikerketa honen ondorioak eta ekarpenak baliagarriak dira etorkizuneko hiztegigintzak automatizaziorantz izango duen bilakabidean eta Hizkuntza Prozesamenduaren arloko hainbat atazatan, hala nola datu-base lexikalen elikatzean, corpusen etiketatzean eta, testuinguru eleaniztunean aplikatuta, itzulpen automatikoan.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 2016. urteko ale berezia, “2013-2014 Euskal Tesien 10 pasarte”
  • Artikuluaren izena: Idiomatikotasunaren karakterizazio automatikoa: izena+aditza konbinazioak.
  • Laburpena: Ikerkuntza-lan honen helburua izan da izena+aditza osaerako unitate fraseologikoak (UFak) corpusetik automatikoki eskuratzeko eta haien idiomatikotasunaren arabera karakterizatzeko teknikak garatzea eta esperimentalki testatzea. Idiomatikotasuna UFen ezaugarri definitzailetzat hartu dugu, eta haren lau propietate hauek hartu ditugu neurgai gisa: instituzionalizazioa (idiosinkrasia estatistikoa), ez-konposizionaltasun semantikoa, finkapen morfosintaktikoa eta finkapen lexikala. Ondorio nagusia da arlo honetan estandar diren agerkidetza-tekniken emaitzak modu esanguratsuan gainditu direla, batez ere teknika semantikoen bidez, baina baita malgutasun morfosintaktikoaren neurketen bidez ere. Aldiz, malgutasun lexikalaren neurketek ez dute espero izatekoa zen mailako emaitza izan. Azkenik, teoria fraseologikoaren aurresan batzuen ebidentzia esperimentalak lortu ditugu.
  • Egileak: Antton Gurrutxaga, Iñaki Alegria eta Xabier Artola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 47-68
  • DOI: 10.1387/ekaia.14544

—————————————————–
Egileez: Antton Gurrutxaga Elhuyar Fundazioko Hizkuntza eta Teknologia unitateko ikertzailea da. Iñaki Alegria eta Xabier Artola UPV/EHUko Donostiako Informatika Fakultateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak saileko irakasleak dira, eta Ixa taldeko ikertzaileak.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Testutik hitz-konbinazioak ikasten appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Prozesu biologikoak imitatzen duen simulagailu kuantikoa

Lun, 2017/02/27 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek bizia, hautespen naturala, ikaskuntza eta oroimena imitatu ditu simulagailu kuantikoen bidez. Termino berri bat ere sortu dute ikerketa horri esker: biomimetika kuantikoa, sistema kuantikoetan izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzea, hain zuzen. Garatutako mekanismoak lagungarri izan litezke konputazio kuantikorako, eta makinen ikaskuntza-prozesua erraztu lezakete.

Irudia: Gailu kuantiko bat. (Argazkia: Erik Lucero, Martinis Group, University of California / Wikimedia Commons CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Unai Alvarez-Rodriguez UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko ikertzailea da, eta informazio eta teknologia kuantikoetan aditua. Informazio kuantikoak fisika kuantikoa erabiltzen du ataza konputazionalak kodetzeko. Izan ere, konputazio kuantikoak aukera ematen die sistema kuantikoei eragiketa konplexuak egiteko eta haue esker paralelismo konputazional bat ezartzeko maila kuantikoan. Ondorioz, konputazio-sistema klasikoek baino emaitza hobeak eskaintzen ditu.

Alor horretan dauden azterketa-aukera guztietatik, Alvarez-Rodriguezen ikerketa-taldeak prozesu biologikoak imitatzeari ekitea erabaki zuen. “Interesgarria iruditu zitzaigun izaki bizidunek soilik dituzten propietate batzuk erreproduzitzeko gai ziren sistemak sortzea. Hau da, propietate horien dinamika analogoak dituzten informazio-protokoloak diseinatu nahi genituen”. Simulatzaile kuantikoen bitarteaz imitatzeko hautatutako prozesuak hautespen naturala, oroimena eta adimena izan ziren. Horrek eraman zituen, gero, biomimetika kuantikoaren kontzeptua definitzera.

Lehen kasuan, hautespen naturaleko ingurune bat sortu zuten. Ingurune horretan banakoak hainbat egoeretan zeuden: erreplikazioa, mutazioa, beste banako batzuekiko eta inguruarekiko elkarrekintzan eta heriotzaren baliokidea zen egoeran, esaterako. “Banakoek bizitza finitua izan zezaten garatu genuen azken mekanismo hori”, zehaztu du ikertzaileak. Hala, elementu horiek guztiak konbinatuz lortzen den sistemak ez du irtenbide argi eta bakar bat: “hautespen naturaleko eredua estrategien arteko borroka gisa planteatu genuen; banako bakoitza arazoa konpontzeko estrategia bat da, eta eskuragarri dagoen espazioa menderatzeko estrategia da irtenbidea”.

Bestalde, oroimena simulatzeko mekanismoa ekuazio batzuen araberako sistema bat da. Ekuazioak beren iraganeko eta etorkizuneko egoeren mendekoak dira, ordea; beraz, sistema aldatzeko modua “ez dago soilik oraingo egoeraren mende, eragina du 5 minutu lehenagokoak, bai eta hemendik 5 minuturakoak ere”, azaldu du Alvarez-Rodriguezek.

Azkenik, ikaskuntza-prozesuekin lotutako algoritmo kuantikoetan, batetik, ondo zehaztutako zereginak optimizatzeko mekanismoak garatu zituzten, algoritmo klasikoak hobetzeko eta eragiketen errore- eta fideltasun-marjinak hobetzeko. Bestetik, “gai izan ginen funtzio bat sistema kuantiko batean kodetzeko, baina zuzenean idatzi gabe; sistemak modu autonomoan egin zuen. Esan dezagun, “ikasi” egin zuela, guk horretarako diseinatu genuen mekanismoaren bidez. Hori da, hain zuzen, ikerketa honen aurrerapen berritzaileenetako bat”, azpimarratu du ikertzaileak.

Eredu konputazionaletatik mundu errealera

Ikerketan zehar garatutako metodo eta protokolo guztiek askotariko sistemak ebazteko bideak eman dituzte. Oroimenaren atalean, esaterako, Alvarez-Rodriguezek nabarmendu du sistema oso konplexuak ebazteko balio duela metodoak: “Sistema kuantikoak hainbat giro-baldintzatan edo eskalatan errazago eta merkeago aztertzeko erabil litezke”. Hautespen naturalaren alorrean, “gure ekarpena, batez ere, mekanismo kuantiko bat izan da. Hartan oinarritu litezke gero prozesuak eskala kuantikoan automatizatzeko erabil litezkeen sistema autoerreplikatzaileak”, azpimarratu du. Eta, azkenik, ikaskuntzaren atalean, “lortu dugu makinari funtzio bat irakastea aldez aurretik azken emaitza sartu beharrik gabe. Hori oso erabilgarria izango da datozen urteetan, ikusiko dugu”, adierazi du.

Ikerketan garatutako eredu guztiak eredu konputazionalak izan dira. Edonola ere, Alvarez-Rodriguezek argi utzi du bere ikerketa-taldearen ideia nagusietako bat dela “zientzia mundu errealean gertatzen dela. Guk egiten dugun guztiak, handiagoa edo txikiagoa, baina aplikazio zuzena du. Guk planteatu ditugun simulazioak, nahiz eta modu teorikoan eginak izan, esperimentuetan eta hainbat eratako plataforma kuantikoetan gauzatzeko diseinatuta daude: ioi harrapatuak, zirkuitu supereroaleak eta gidari fotonikoak, besteak beste. Horretarako, talde esperimentalen laguntza dugu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

U. Alvarez-Rodriguez, L. Lamata, P. Escandell-Montero, J. D. Martín-Guerrero, E. Solano.. Quantum Machine Learning without Measurements. Quantum Physics. 2016. DOI: https://arxiv.org/abs/1612.05535.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Adimen artifiziala, baita sistema kuantikoetan ere.UPV/EHU

The post Prozesu biologikoak imitatzen duen simulagailu kuantikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #143

Dom, 2017/02/26 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Asteko eta urteko (gutxienez) albistea ekarri dugu zientzia gaien errepasoa abiatzeko. Berria egunkariak kontatu digu Lurraren neurriko zazpi planetako sistema aurkitu dutela eta horietarik hirutan bizitza aurkitzeko baldintzak egon daitezkeela. Trappist-1 izena du izarrak, izar nanoa, hotza eta gorrixka. Izarraren neurria eta tenperatura aintzat hartuta eta hiru planeta horiek izarretik orbitatzen duten distantzia kalkulatuta, bertako tenperaturek lurrazalean ura egotea ahalbidetuko lukete. Izarretik gertuen dauden hiru planetetan tenperatura beroegia izango litzateke bertan bizitza izateko; hurrengo hiruretan ez; eta azkenekoan, aldiz, hotzegia, zientzialarien arabera. NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak egin du aurkikuntza.

Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak Javier Gorosabel astrofisikariaren izena jarri diote 1990 KB1 asteroideari. Horrela egin nahi izan diote hilondoko omenaldia Javier Gorosabel Urkia zientzialari eta dibulgatzaileari. Duela bi urte hil zen eibartarra eta erreferentziazko ikertzailea izan zen gamma izpien eztanda izeneko fenomeno kosmiko bortitzen alorrean.

NASAren Dawn zundak konposatu organiko alifatikoak detektatu ditu Ceres asteroidearen azalean. Aurkikuntza horrek indartu egingo luke jarraian azaltzen den hipotesia: Lurrean bizia loratzeko behar izan ziren ura eta karbonodun konposatuak kometetatik eta asteroideetatik etorriak lirateke.

Biologia

Bochumgo Ruhr Unibertsitatean ondorioztatu dute eskuin ala ezkerti izateko funtsa bizkarrezur muinean egon daitekeela. Egindako ikerketaren arabera, ikusi dute fetuak aste gutxi batzuk baino ez dituenean ere, haren bizkarrezur muinak daukan jarduera genetikoa asimetrikoa dela dagoeneko. Asimetria hori eskuina ala ezkerra aukeratzearekin lotuta dagoela uste dute ikertzaileek. Halere, ez dute baztertu burmuinaren rola honetan, biak osagarriak izan daitezkeelako. Amaia Portugalek eman dizkigu datuak: Eskuin ala ezker, bizkarrezur muinaren arabera.

Ba al zenekiten itsas txakurrek arnas egiteari utz diezaioketela lo egiten dutenean? Fokak 20 minutu egon daitezke arnas egin gabe lo daudenean. Artikulu honetan azalpena ematen digute. Lo egiten hasi eta berehala jaisten da mioglobinaren oxigeno –kontzentrazioa. Baina ondoren oreka lortzen da eta konstante mantentzen da berriro arnas egiten asi arte. Bitartean, bi dira mioglobinarekin konbinatua dagoen oxigenoaren kontzentrazioa ez jaisteko mekanismoak. Batetik, metabolismo-tasa baxuagoa mantentzen dute itsas txakurrek; hau da, oxigenoa ―eta energia, noski― aurreztu egiten dute. Bestetik, mioglobinari hemoglobinak ematen dio apurka-apurka gastatzen doan oxigenoa, hemoglobina ere oxigeno-biltegi garrantzitsua baita. Harrigarria gero!

Londresko Queen Mary Unibertsitateko ikertzaile batzuk, esperimentu baten bidez erakutsi dute, erlastarrak ere gai direla ikusi eta ikasteko. Plataforma baten ertzean jarritako pilota bat plataformaren erdigunera eramanez gero sari bat jasoko zutela ikasi zuten. Horretarako, plastikozko erleak erabiliz erakutsi zieten lehenengo. Erle guztiek ikasi zuten egin beharreko guztia. Gero, beste erle batzuekin beste hiru proba egin zituzten. Lehenengoan, entrenatutako erleek pilota nola mugitzen zuten ikusten zuten. Bigarrenean, imanen bidez mugitu zituzten pilotak, erleek ikus zezaten. Eta, hirugarrenean, pilota hasieratik erdigunean zegoen. Hiru probak eginda, ikusi zuten lehenengo taldeko erleek bigarrenekoek baino azkarrago ikasi zutela. Eta bigarren taldekoek hirugarrenekoek baino arrakasta handiagoa izan zutela.

Farmakologia

Aurrerapauso nabarmenak eman dituzte GIBaren detekzioan eta hiesaren tratamenduan. Elhuyar aldizkariak azaltzen dizkigu bi ikerketa hauen nondik norakoak. Orain arte, bi metodo erabili izan dira GIBa detektatzeko; lehena birusaren RNAren detekzioan oinarritzen da, eta bigarrena, GIBaren antigenoetako baten detekzioan, p24 proteinarenean. Infekzioa gertatu eta bi aste igaro ondoren egin daiteke lehena, eta bigarrena, berriz, hiru-lau aste igaro ondoren. Alde horretatik, biosentsoreak aukera ematen du GIBa detektatu eta lehenbailehen ezartzeko tratamendua. Aurkeztutako biosentsorea p24 proteinaren detekzioan oinarritzen da, baina oraingo sistemak baino 100.000 aldiz kontzentrazio txikiagoak detektatzeko gai da. Dagoeneko probatu dute pertsonetan, eta patentatuta dago. Gainera, beste antigorputz batzuekin, teknologia berak minbizi batzuen biomarkatzaileak detektatzeko ere balio du. Bigarren ikerketak erakutsi duenez, antierretrobiralik hartu behar ez izateko txertoa lortzeko bidean daude.

Alor honi jarraiki, Elhuyarrek beste albiste bat dakar. Listuan azaltzen den biomarkatzaile batean oinarrituta, Alzheimerra izateko arriskuaren berri ematen duen test diagnostiko bat garatu dute Geroa Diagnostics laborategietan. Gorka Orive EHUko Farmaziako irakasle eta Geroa Diagnosticseko ikertzaileak dio helburua metodo diagnostiko erraz bat sortzea dela, Alzheimerraren lehen sintomak azaldu aurretik diagnostikatzeko. “Orain erabiltzen diren metodoak konplexuak eta garestiak dira; esaterako, likido zefalorrakideoaren analisia eta PET edo RMN bidezko iruditeria”, azaldu du Orivek. Horrenbestez, garatu duten testa oso lagungarria izango litzateke asaldura erraz diagnostikatzeko eta tratamendu goiztiarra ezartzeko. Biomarkatzaile hori berria da, eta, Geroa Diagnosticsekoek jakinarazi dutenez, patentatuta dute.

Kimika

2016. urtean kimikan egin diren aurkikuntzarik esanguratsuenak daude irakurgai honetan. Taula periodikoko sei elementu berrien agerpena dugu lehenengoa. Horretaz gain, kimikan errekorrak hautsi dira: espezie neutro polarrena eta base sendoena. Rosetta zundak glizina aminoazidoa eta fosforoa detektatu zituen. Nobel saria ere ezin da ahaztu, makina molekularren inguruan egindako ikerketak, adibidez.

Hizkuntzalaritza

María Luisa García Lecumberrik, Martin Cooket UPV/EHU Ikerbasque irakasleak eta Jon Barker eta Ricard Marxer Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaileek osatzen duten taldeak bat datozen 3.207 pertzepzio oker identifikatu ditu ingeleserako, hau da, entzule ugari bat datozen hutsegiteak. Eskala handiko azterlan bat egin zuen taldeak eta honi esker, “hobeto uler ditzakegu hizketa hautemateko mekanismoak, eta zenbat eta hobeto ezagutu mekanismo horiek, orduan eta hobeto lagundu ahal izango zaie pertzepzio arazoak dituztenei, bai teknikoki bai klinikoki”, azaldu du ikertzaileak.

Zer da bruxismoa? Berriak azaldu digu:  Tentsioak askatzeko hortzak estutzea eta karraskatzea da. Hiru pertsonatik batek karraskatzen ditu hortzak, baina askok ez dakite arazoa dutela, gehienetan lotan zaudela gertatzen delako. Igor Horrillok UPV/EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta buruko osasunaren inguruan ikertzen duen CIBERSAM taldeko kideak dio “tentsioa kanporatzeko” modu bat dela. Halere, zientzialariek ez dakite nondik datorren oraindik bruxismoa.

Osasuna

DSM (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders)-5eko lan-taldeen arabera garrantzitsua da landa ikerketak egitea nortasun-nahasteak dituzten pazienteak modu egokian diagnostikatuak izan daitezen, gaixotasun mentalak, hain zuzen. Ikerketa honen bitartez, Euskal Herrian hartutako lagin batean, DSM-5aren tresna berri hauek balioztatzeko landa ikerketa bat egin da. Euskal Herriak herrialde elebiduna izatearen berezitasuna dauka, horregatik eskala eta tresna hauek euskarara itzultzearen garrantzia ikusi da. Euskal Herrian hartutako lagin batean baliagarriak direla frogatu da.

Mikrobiologia

Infekzioei aurre egiteko bidea erraztuko duten ikerketak abian jarri dira baina oraindik oztopo nagusi bat dago gainditzeko: antibiotikoekiko erresistentzia. Ospitaleetan dauden bakterioei arreta eman diote. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Zaloa Bravok aztertu duen bakterioak Acinetobacter baumannii du izena. “Ospitaleratutako pazienteetan infekzioak eragiten ditu. Horregatik, eta bakterioen ekologiaren ikuspuntutik, A. baumannii honek bizirik irauteko darabiltzan estrategiak aztertu ditugu“. Adituak azaldu duenez, denbora luzean bizirik irauten duen bakterioa da, hezetasun apala izanda edota jatekorik ez izanda ere lasai asko iraun baitezake. “Horri aurre egiteko ospitaleetan erabiltzen diren produktu desinfektatzaileak aztertu ditugu. Produktu eraginkorrak direla baieztatu dugu”, gehitzen du.

Ingurumena

Cheernoby Herbarium izeneko erakusketa ireki dute Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean, landare eta hazietan Txernobylgo hondamendi nuklearrak eragindako ondorioei buruzkoa. Bi elementu konbinatu dituzte. Batetik, Txernobylgo eremu baztertutik hartutako 30 landare ditu, eta, bestetik, istripuaren ondorioez hausnartzeko testu bana. Fotogramaren teknika erabili du artistak, erakusketako irudiak hartzeko. Teknika horrek bonba atomiko batek igorriko zukeenaren pareko argiarekiko muturreko esposizioa itxuratzen du. Maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #143 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #148

Sáb, 2017/02/25 - 09:00

Txina komunista da. Edo, agian, sozialista. Ala zer? José Luis Ferreirak erantzuten digu galderak bere artikuluan: Is China a Socialist country?

Zebra arraina etorkizunean farmako berriak aurkitzeko animalia-eredua izan daiteke. Oskar Gonzalezek aurreratzen digu etorkizuna,  The next “big” thing in drug discovery artikuluan.

Likidotik solidorako bidea ez dago beti tenperatura zehatz baten (fusio puntua) mende. Esaterako, aipatutako kontua ez dago ondo zehaztuta beiretan eta, esku artean, neurri nanometrikoko polimeroak baditugu, orduan asko korapilatzen da guztia. Baina DIPCko ikertzaileak gure erreskatera datoz: Glass transition in nano-structured polymers.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #148 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categorías: Zientzia

Páginas