Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 27 min ago

Iñaki Irizar: “Bilduma zientifikoak zientziaren harrobia lantzeko baliabide interesgarria dira” #Zientzialari (59)

Fri, 2016/10/21 - 09:00

Bilduma zientifikoak ordena, sailkapen eta helburu jakin batekin bildu eta gordetzen diren objektuen bildumak dira. Arrokak, landareak, fosilak, animaliak…bilduma hauek era askotakoak izan daitezke eta bakoitzaren izaerak bilketa eta kontserbazio prozesu ezberdinak eskatzen ditu. Guzti honi buruz aritu da Iñaki Irizar Bergarako Laboratorium Museoko ikertzailea Zientzialariren azken atal honetan.

Bere esanetan, bildumen helburu nagusia ondorio zientifikoen bilaketa da, hala ere, ez da bakarra, objektu zientifiko askok zientzia kontzeptuak transmititzeko ahalmen handia baitute.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Iñaki Irizar: “Bilduma zientifikoak zientziaren harrobia lantzeko baliabide interesgarria dira” #Zientzialari (59) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Edaten ote dute izurdeek urik?

Thu, 2016/10/20 - 09:45
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Edaten ote dute izurdeek urik? Baten batek pentsa dezake galdera erretorikoa dela hau, baina ez da. Erantzuna, gainera, ez da erraza. Ikus dezagun zergatik.
1. irudia: Ugaztun itsastarra da. Mihi berezia dute, erdian kanal bat du, bertatik esnea ematen die kumeei hauek itsasoko ura har dezaten ekidinez.

Itsas arrainen edo itsas hegaztien egoera osmotikoaren antzekoa da itsas ugaztunena. Baleak, itsas lehoiak, izurdeak, itsas txakurrak eta abar, talde horretako kideak dira, eta itsasoko arrain gehienei ―arrain teleosteoei― gertatzen zaien bezala, oso apala da euren barne-likidoen kontzentrazioa. Gutxi gorabehera, itsasoko uraren kontzentrazioaren herena da itsas ugaztunen odolarena. Antz handia dago, beraz, arrain eta ugaztunen barneko eta kanpoko medioen kontzentrazioen arteko aldeari dagokionez. Uraren eta gatzen fluxuei dagokienez, berriz, desberdintasun nabarmenak daude bi talde horien artean. Egia da gatzen gradientea berdina dela, eta egia da, beraz, bi kasuetan ura galtzeko edo gatzak irabazteko joerak izango dituztela animaliek. Baina ugaztunen kasuan fluxu horiek askoz mugatuagoak daude. Izan ere, brankia da arrainek gasen trukerako duten azalera nagusia, eta brankia ezin daiteke iragazgaitza izan, arnas azalera izanik guztiz iragazkorra izan behar baitu. Hori horrela, itsas arrainek ur kantitate handia galtzen dute azalera horretatik, gero edanez berreskuratu behar dutena.

Baina ez da hori itsas ugaztunen egoera. Itsas ugaztunek birikak erabiltzen dituzte arnasa hartzeko, eta hori airean egiten dute. Hau da, itsasoko urak ez du inoiz ukitzen gasen trukerako azalera. Izan ere, itsas ugaztunek uretatik irten behar dute arnasa hartzeko. Hori dela eta, biriketatik ez dute urik galtzen, eta alde horretatik ez dute uraren ekonomiarekin arrainek duten arazo larria. Gauzak horrela, itsas arrainena baino askoz txikiagoa da itsas ugaztunen ura edateko beharra. Hala ere, ez daude ura edatetik salbuetsita. Azken batean, arnas azaleratik ez, baina gernu gisa bai galtzen dute ura itsas ugaztunek. Ezin liteke bestela izan, nitrogeno-hondarrak kanporatzeko erabiltzen duten molekulak, ureak, uretan disolbatua egon behar baitu. Gernu gisa galtzen den ur hori beste era batera berreskuratu beharra dute. Balizko bi bide daude ura berreskuratzeko, itsasoko ura edanez edo janariaren bitartez. Azter ditzagun kontu hauek.

Ugaztun gehienok ez dugu batere atsegin itsasoko ura; itsasoko uraren gatzen edukia hiru bider handiagoa da odolarena baino. Izan ere, bi dira itsasoko ura edateak ekar diezazkigukeen ondorio kaltegarriak: batetik, uraren gatzak xurgatzen ez badira, ura barne-mediotik heste argira irten daiteke, eta horrek barne-medioaren lehortzea ekar dezake; izan ere, horixe da magnesioarekin eta sulfatoarekin gertatzen zaiguna. Gatzak xurgatzen badira, nola edo hala kanporatu beharko dira gero, gatzen balantzea orekatua mantenduko bada.

Egia da ugaztunen giltzurruna oso eraginkorra dela lan hori egiten, odolarena eta itsasoko urarena baino gatz-kontzentrazio handiagoa duen gernua sor baitezake[1]. Baina eraginkortasun hori mugatua da, eta, beraz, hobe dute ahalik eta itsasoko ur gutxien edatea.

Lehenago esan bezala, janaria izan daiteke ura berreskuratzeko beste bide bat. Oso irtenbide ona izan daiteke hori ugaztun harraparientzat haien harrapakinak arrain teleosteoak baldin badira. Arrain teleosteoen barne-medioak eta ugaztunenak antzeko gatz-kontzentrazioa dutenez, arrainak jaten dituzten ugaztunek ez diete aurre egin behar ura edateak dakartzan arazoei. Izan ere, itsas lehoiekin egindako ikerketa batean aurkitu denez, itsas lehoien jakia arrainez osatua badago, ez dute batere urik edan behar. Harrapariak ez direnentzat, ordea, bere horretan dirau arazoak. Krill izeneko krustazeo txikiak iragaziz elikatzen diren baleek, adibidez, itsasoko ura bezain kontzentratua dagoen janaria baliatzen dute. Agian horregatik ikusi izan dira baleak izotza jaten!


2. irudia: Krill (Meganyctiphanes norvegica) krustazeo txikia ur hotzetan bizi da. Janari-iturri garrantzitsua dira zetazeoentzat, batez ere, baleentzat. (Argazkia: Øystein Paulsen – Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Ekarpen honen izenburuaren galderari erantzutea ez da erraza. Ezaguna da hainbat itsas txakurrek eta itsas lehoik itsasoko ura edaten dutela, noizean behin bai behintzat, baina ez dakigu hori ohikoa den ala ez. Seguru asko, ura edaten dute besterik geratzen ez zaienean; azken batean, beren giltzurrunek geureek baino gernu kontzentratuagoa sortzen dute. Hala ere, segurtasun osoz esan dezakegu ahalik eta ur gutxien edaten dutela, bestela giltzurrunek lan handiegia egin beharko lukete-eta.

Oharra:

[1] Neurketak egin diren esperimentuetan ―foka eta itsas lehoietan― ikusi da itsasoko ura baino 2’5 bider kontzentratuago dagoela gernua.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Edaten ote dute izurdeek urik? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Denon arbasoaren arrastoen atzetik

Wed, 2016/10/19 - 09:31
Amaia Portugal Organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea da LUCA, edo azken arbaso komun unibertsala. Hark zituen 355 gene familia identifikatu ditu ikerketa talde batek, eta horietan oinarrituta, bere profila irudikatu: beroa eta hidrogenoa maite zituen eta oxigenoa gorroto zuen mikrobioa zen. Ezaugarri horiek eta beste zenbait kontuan hartuta, itsaspeko sumendien bueltan dauden tximinia hidrotermalen inguruan bizi izan zela uste dute.

Zer ari gara galdetzen, nondik gatoz galdetzen dugunean? Biologiaz ari al gara galdezka, ala fisikaz, ala filosofiaz? Ertz asko dituen auzia da. Bizitzaz, edo hobe esanda, guk ezagutzen ditugun bizitza formez ari bagara, LUCA da erantzuna: Last Universal Common Ancestor, edo azken arbaso komun unibertsala. Gaur egun gure mundu honetan bizi garen organismo guztiek partekatzen dugun oso aspaldiko senidea, gutxienez duela 3.500 milioi urte bizi izan zena. Baina arazoa zera da, LUCA erantzuteak galderak areagotu baino ez dituela egiten.

Nolakoa zen organismo hau? Non bizi zen? Eta nola? Horiei erantzun nahian Dusseldorfeko Unibertsitatean egin duten ikerketa batek piztu du arreta berriki. Ustez LUCAk zeuzkan 355 proteina familia identifikatu dituzte, eta horietan oinarrituta, bere profila egin dute: beroa maite zuen mikrobioa zen, hidrogenoa funtsezkoa zuen, eta oxigenorik gabeko ingurunean bizi zen, Nature Microbiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez. Garbi dago haren ondorengo askok eta askok beste bide batzuk hartu ditugula.

 Madeline C. Weiss et al.)
1. irudia: Bakterio eta arkeoetatik abiatu dira LUCAren balizko geneak identifikatzeko. (Argazkia: Madeline C. Weiss et al.)

LUCA aurkitzeko, arkeologia lana egin behar da, bizitzaren historia luzea berreraiki. Eta horretarako organismo prokariotikoak dira abiapuntua. Animaliak, landareak, onddoak, bai eta legamiak ere, eukariotoak gara, organismo konplexuagoak; baina datuek diote prokariotoetatik sortuak garela guztiak, eta horregatik jo behar da horietara. Prokariotoak, aldiz, bi motatakoak izan daitezke: bakterioak edo arkeoak. Hain zuzen ere, bakterioak eta arkeoak bereizi izana, hori izan da bizitza formen bilakaeran gertatu den banaketarik sakonena. Horregatik, biek ala biek gene batzuk partekatzen badituzte, LUCAk ere gene horiek izango zituela pentsatzeak badu zentzua.

Ez da hain erraza, ordea. Bakterio batek eta arkeo batek gene bera izan dezakete erro beretik datozelako, baina gene transferentzia gertatu delako ere bai. Hizkuntzetan maileguekin gertatzen denaren parekoa da: euskarak baditu latinetik datozen hitzak (bakea, gela, zerua…) haren eragina izan eta transferitu egin dituelako, baina ez dute jatorri bera. Orduan, nola bereizi bi organismoek LUCAtik oinordetzan jaso dituzten geneak, eta elkarri gerora kopiatu dizkiotenak?

Bada, bakterio eta arkeo espezie banak partekatzen dituzten geneak besterik gabe bilatu beharrean, irizpideak eta metodoa zorroztu dituzte. Gutxienez bi bakterio espeziek eta bi arkeo espeziek dituzten gene komunak identifikatu dituzte aurrena. 1.847 bakterioren eta 134 arkeoren genomak aztertu eta 6,1 milioi gene kontatu dituzte horrela, eta horiek guztiak 286.514 proteina familiatan multzokatu. Baina familia horien guztien artean, 355 baino ez daude gaur egungo organismo guztietan luze-zabal barreiatuta. 355 gene familia horiek dira, beraz, LUCAren parte izateko hautagai nagusiak.

 P. Rona- NOAA Photo Library)
2. irudia: Tximinia hidrotermala, Ozeano Atlantikoan. Halakoak izan zituen LUCAk balizko bizitoki. (Argazkia: P. Rona- NOAA Photo Library)

“LUCAren fisiologia da. LUCA nola bizi zen ez ezik, non bizi zen ere esaten ari zaizkigu gene horiek”, dio William Martin ikerketaren arduradunak. Hala, gene horiek diotenez, LUCA anaerobioa zen (oxigeno askerik gabe bizi zen), karbono dioxidoa eta nitrogenoa ingurunetik hartu eta baliatu egiten zituen zuzenean, hidrogenoaren menpekoa zen, eta sufrea erabiltzeko ahalmena ere bazuen. Gainera, termofiloa zen, berrogei gradutik gorako tenperatura zuten inguruneetan bizi zen. Hori horrela, gaur egun gurean dauden izakien artean, badirudi Clostridium taldeko bakterioek eta arkeo metanogenoek dutela LUCArekin antz handiena.

Horiek guztiak kontuan hartuta, ikerketa honetan ondorioztatzen dutenez, badirudi LUCA ingurune hidrotermalen batean bizi izan zela, itsas hondoan; hidrogenoz, karbono dioxidoz eta burdinaz inguratuta. Hori dela eta, itsaspeko sumendien bueltan izaten diren tximinia hidrotermaletan kokatu dute bere balizko bizitokia, eta gaur egungo bizidun guztien abiapuntua.

Erreferentzia bibliografikoa:

Madeline C. Weiss et al. The physiology and habitat of the last universal common ancestor. Nature Microbiology 1. Article number: 16116 (2016). DOI:10.1038/nmicrobiol.2016.116

Informazio gehiago:

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Denon arbasoaren arrastoen atzetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Behobia-Donostia lasterketako matematikak

Tue, 2016/10/18 - 10:00
Josu Doncel Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileek Urtzi Ayestaren matematikari taldearen laguntza dute lasterketaren inguruan, ageri diren optimizazio-problemak ebazteko. Aurtengo edizioan gauzatuko dira elkarkidetza honetako ikerketa-egitasmoak.  Oarsoaldeko Hitza)
Irudia: 2015eko Behobia-Donostia lasterketaren irudia. (Argazkia: Oarsoaldeko Hitza)

Behobia-Donostia lasterketa oso ezaguna da. Azaroko bigarren igandearen goizean korrikalariak Behobiatik irteten dira eta 20km egin ondoren Donostiara heltzen dira. Lehen edizioa 1919. urtean egin zen eta aurtengoa 52. edizioa izango da. Fortuna Kirol Elkarteak antolatzen du lasterketa hau duela hainbat urte. Joan den urtean lasterketa honek 30.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen eta aurten korrikalari kopurua handitzea espero dute. Horrela, partaideen kopurua handitzeak arazo asko sortzen ditu bai kirolariei baita antolatzaileei ere. Hori dela kausa, antolakuntza UPV/EHUko ikertzailea eta Ikerbasque Research Professor den Urtzi Ayestaren ikerketa-taldearekin lan egiten ari da.

Ayestaren ikerketa-taldeak estatistikan oinarritutako eredu matematiko berriztatzaileak proposatu dituzte lasterketa honetan gertatzen diren problemak murrizteko. Izan ere, korrikalarien errendimendua Fortuna Kirol Elkartearentzat (probaren antolatzailea) kontrolaezinak diren hainbat faktoreren araberakoa da, lasterketa egunaren eguraldia esate baterako. Beraz, korrikalari baten errendimendua zorizko aldagaia da eta horregatik, estatistikako tresna matematikoak ezinbestekoak dira Behobia-Donostia lasterketan azaltzen diren optimizazio problemak aztertzeko.

Elkarkidetza honetan zenbait optimizazio problema ikertu dira eta garatutako ereduak aurtengo edizioan jarriko dira praktikan. Adibide bezala, problema batzuk azaltzen dira hurrengo lerroetan:

Helmugako korrikalari-pilaketak saihestu

Behobia-Donostia lasterketaren irteera taldeka egiten da korrikalarien abiaduraren arabera. Izan ere, korrikalaririk bizkorrenak 9:30etan irteten dira eta geldoenak minutu batzuk beranduago: zenbat eta geldoago korrika egin, orduan eta beranduago irten Behobiatik. Irteera mota honi esker, korrikalarien iritsiera-tasa konstante mantentzea espero dute Fortunakoek, pilaketarik gerta ez daitezen. Urtzi Ayestaren taldekoek datu estatistikoetan oinarritutako simulazioak egin dituzte eta, haien emaitzen arabera, ikusi dute korrikalari taldeen arteko irteera-denborak aldatuz, iritsiera-tasa fluxua asko aldatzen dela. Beraz, ikerketa honen helburua Donostiara iristen diren korrikalari tasa ahalik eta konstanteen mantentzea da (150 korrikalari minutuero, esate baterako) eta, horretarako, Behobiatik irteten diren korrikalari taldeen arteko denbora tarte optimoak lortu behar dira.

Bizkar-zorro banaketa optimizatu

Behobian bizkar-zorroa utzi eta Donostiako Gipuzkoa Enparantzan jasotzeko aukera ematen diete Fortunakoek korrikalariei. Korrikalariak lasterketa bukatu ondoren ez hozteko, komenigarria da ahalik eta lasterren haien bizkar-zorroa hartzea. Hori lortzeko, ilara-teorian oinarritutako bizkar-zorro banaketa-sistema bat garatu dute, ilaretan itxaron behar izaten den denbora murrizteko.

Korrikalarien estrategia optimizatu

Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen duten korrikalariek badakite ahalegin handia egin behar dela lasterketa bukatzeko. Gainera, korrikalari askok ahalik eta bizkorren bukatu nahi dute eta horretarako, ezinbestekoa da haien energia nola banandu behar duten jakitea. Lasterketa laua denean, problema honen soluzioa orain dela 40 urte baino lehenago argitaratu zen (A theory of competitive running izeneko artikuluan alegia). Aldapak dituen lasterketen kasuan, berriz, ez dago argi korrikalariek jarraitu beharreko estrategia optimoa zein den. Elkarkidetza honen helburua Behobia-Donostia lasterketaren kasua ikertzea da.

Ikerketa-problema hauek erakusten dute matematikak Behobia-Donostia lasterketan agertzen diren optimizazio-problemetan aplikatzen direla. Lasterketa honetan ez ezik, beste kirol txapelketetan ere matematiken erabilgarritasuna aurkitu dezakegu. Baina hori hurrengo batean kontatuko dizuet.

———————————————————————————-

Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta egun, INRIA Institutuan dihardu ikertzen.

———————————————————————————-

The post Behobia-Donostia lasterketako matematikak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Auzitegiko zientzia, tiro-aztarnen identifikazioa

Mon, 2016/10/17 - 15:00
Nora Unceta, Nagore Grijalba, Sandra Benito, Zuriñe Abrego, Alicia Sánchez, M Aranzazu Goicolea, Alberto Gomez, Asier Vallejo eta Ramón J. Barrio Azken urteotan, su-armen erabilera nabarmen handitu da gure gizartean eta horrek tiro egin ondoren sortutako partikulen analisirako metodologia berriak garatzea ekarri du. Krimenaren gertalekuan tiro-aztarnak (gunshot residue, GSR) osatzen dituzten konposatuen detekzioak eta identifikazioak su-armen erabileraren ebidentzia fidagarria eskaintzen dute.

Tiro-aztarnak erretako eta erre gabeko partikulen multzoa dira, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Tiro egin ostean, partikulak tiroa gertatu den tokiaren inguruan jalkitzen dira, baina, batez ere, tiratzailearen gorputzean (eskuak, sudurra eta ilea) eta arropetan.

gun-1678989_1280
Irudia: Filmetan edo CSI telesailean eta antzekoetan ikusten ditugun auzitegi ikertzaileen lanak ez du zerikusirik alor horretako profesionalen egunerokoarekin. Hainbat gauza ikertzen badituzte ere: eraikinen egituretako kalteak, aizuntzeak, segurtasun-arazoak; lana pantaila aurrean ikusten duguna baino askoz normalagoa edo hurbilagoa da, eta badu zerikusirik zientziarekin.

Tiro-aztarnek konposizio organiko nahiz ez-organikoa izan dezakete. Konposizio ez-organikoan oinarrituz, 2008. urtean European Network of Forensic Science Institute (ENFSI) delakoak tiro-aztarnen analisirako gida plazaratu zuen[1]. Haren esanetan, tiro-aztarnak 0.5 eta 5.0 µm tarteko diametroa eta beruna (Pb), antimonioa (Sb) eta barioa (Ba) daukaten partikula esferikoak dira. Hala ere, azken urteotan, partikula horien esferikotasuna eta beraien konposizio elementalaren esklusibotasuna zalantzan jartzen duten zenbait ikerketa plazaratu dira[[2], [3].

Partikula ez-organikoen analisirako erreferentziazko teknika eta baliagarritasun judiziala duen bakarra X izpien energia-dispertsiboaren espektroskopiari akoplatutako ekorketa bidezko mikroskopia elektronikoa (SEM-EDX) da. SEM-EDX teknikak baditu zenbait desabantaila, esate baterako, beharrezkoa du partikula bakoitzaren banakako identifikazioa, eta horrek denbora luzea behar duenez, garestitu egiten da analisiaren kostua[1]. Desabantaila horiek gainditzeko asmoz, tiro-aztarnen dudarik gabeko identifikazioa egiteko, berriki, metodo analitiko bat garatu da, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknikan oinarritzen dena. Metodo horrek ez du behar laginaren aurretratamendurik eta nabarmen murrizten du analisi-denbora[4].

Orain dela urte batzuk, tiro-eremuetan sortzen diren metal astunen maila altuen eraginpean sor daitezkeen osasun eta ingurumen arazoak saihesteko, “berunik gabeko” (“lead-free”) eta “metal astunik gabeko” (“heavy metal free”) munizioak merkaturatu ziren. Munizio berdeak deritzen horiek, alabaina, ENFSIren irizpideetan oinarritutako zalantzarik gabeko tiro-aztarnen identifikazioa egitea galarazten dute. Konposatu organikoen analisiak informazio gehigarri baliotsua ematen dio partikula ez-organikoen ebidentziari eta lagin baten froga-balioa indartu dezake. Hori dela eta, arazo honen irtenbide bideragarriago bat munizio berdeak erabiltzen direnean tiro-aztarnen konposatu ez-organiko zein organikoen (organic gunshot residues, OGSR) identifikazioa egitea da.

Hala ere, gutxi dira OGSRen dudarik gabeko identifikaziorako guztiz sentikorrak diren metodoak. Horien artean aipagarrienak Raman espektroskopia eta masa-espektrometrian oinarritzen diren teknika kromatografikoak dira[5], [6]. Azkeneko urteotan, teknika hauek tiro-aztarnen ezaugarri diren konposatu organikoen identifikazioa ahalbidetu dute: zentralitak eta difenilaminen deribatu nitratuak, besteak beste. Jakina, teknika hauek SEM-EDX eta laser bidezko ablazioarekin batera erabili daitezke munizioek oro har eta, batez ere, munizio berdeek igortzen dituzten tiro-aztarnen identifikazioa posible egiteko[7], [8].

Ondorio gisa, esan daiteke azkenaldian elkarren osagarriak diren metodo analitiko ugari garatu direla delituzko ekintzak eta suizidioak argitzeko. Halako metodoen helburutzat eman daiteke, era berean, munizioetan agertzen diren konposatu ez-organikoak eta organikoak identifikatzea, izan ere, informazio hau oso baliotsua da batez ere geroz eta erabilera zabalagoa duten munizio berdeen kasuan.

Oharrak:

[1] NIEWOEHNER L. 2008. ENFSI-Guide for gunshot residue analysis by scanning electron microscopy/energy-dispersive X-ray spectrometry. ENFSI, Prague.

[2] MARTINY A., CAMPOS ANDREA P.C., SADER MARCIA S. eta PINTO ANDRE L. 2008. “SEM/EDS analysis and characterization of gunshot residues from Brazilian lead-free ammunition”. Forensic Science International, 177, e9-17.

[3] MOSHER P.V., MCVICAR M.J., RANDALL E.D. eta SILD E.H. 1998. “Gunshot residue-similar particles produced by fireworks”. Canadian Society of Forensic Science Journal, 31, 157-168.

[4] ABREGO Z., UGARTE A., UNCETA N., FERNANDEZ-ISLA A., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2012. “Unambiguous Characterization of Gunshot Residue Particles Using Scanning Laser Ablation and Inductively Coupled Plasma-Mass Spectrometry”. Analytical Chemistry, 84, 2402-2409.

[5] BUENO J., SIKIRZHYTSKI V. eta LEDNEV I.K. 2012. “Raman Spectroscopic Analysis of Gunshot Residue Offering Great Potential for Caliber Differentiation”. Analytical Chemistry, 84, 4334-4339.

[6] DALBY O., BUTLER D. eta BIRKETT JASON W. 2010. “Analysis of gunshot residue and associated materials. A review”. Journal of Forensic Sciences, 55, 924-943.

[7] ABREGO Z., GRIJALBA N., UNCETA N., MAGUREGUI M., SANCHEZ A., FERNANDEZ-ISLA A., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2014. “A novel method for the identification of inorganic and organic gunshot residue particles of lead-free ammunitions from the hands of shooters using scanning laser ablation-ICPMS and Raman micro-spectroscopy”. Analyst, 139, 6232-6241.

[8] BENITO S., ABREGO Z., SANCHEZ A., UNCETA N., GOICOLEA M.A. eta BARRIO R.J. 2015. “Characterization of organic gunshot residues in lead-free ammunition using a new sample collection device for liquid chromatography-quadrupole time-of-flight mass spectrometry”. Forensic Science International, 246, 79-85.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 28
  • Artikuluaren izena: Tiro-aztarnen identifikazioa, auzitegi-laborategien erronka.
  • Laburpena: Azken urteotan, su-armen erabilera nabarmen handitu da gure gizartean eta horrek tiro egin ondoren sortutako partikulen analisirako metodologia berriak garatzea ekarri du. Krimen agertokian tiro-aztarnak (gunshot residue, GSR) osatzen dituzten konposatuen detekzio eta identifikazioak su-armen erabileraren ebidentzia fidagarria eskaintzen du. Tiro-aztarnak erretako eta erre gabeko partikulen multzoa da, munizioa erretzen denean sortutakoak eta su-armak berak, jaurtigaiak eta kartutxoak askatutako konposatuez osatuak. Tiro egin ostean, partikulak tiroa gertatu den tokiaren inguruan jalkitzen dira baina, batez ere, tiratzailearen gorputzean (eskuak, sudurra eta ilea) eta arropetan. Gaur egun,  GSR partikulen ohiko analisia konposatu ez-organikoen identifikazioan oinarritzen da. Konposatu organikoen azterketak (organic gunshot residues, OGSR) lagin baten froga-balioa indartu dezake. Hala ere, gutxi dira OGSR-en dudarik gabeko identifikaziorako guztiz sentikorrak diren metodoak. Lan honetan beraz,  tiro-aztarnen laginketa eta analisirako teknika aipagarrienak laburbildu eta berrikusten dira.
  • Egileak: Nora Unceta, Nagore Grijalba, Sandra Benito, Zuriñe Abrego, Alicia Sánchez, M Aranzazu Goicolea, Alberto Gomez, Asier Vallejo eta Ramón J. Barrio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 105-123
  • DOI: 10.1387/ekaia.13556

—————————————————–
Egileez: Nora Unceta, Nagore Grijalba, Sandra Benito, Zuriñe Abrego, Alicia Sánchez, M Aranzazu Goicolea, Alberto Gomez, Asier Vallejo eta Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

ekaia 28 

The post Auzitegiko zientzia, tiro-aztarnen identifikazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itsasorratzak ez du iparra galtzen

Mon, 2016/10/17 - 09:00
Historikoki, itsasorratzak izan dira itsasontzien gidari, nabigazio-norabidea finkatzeko. Itsasorratz horiek, baina, inguruan dituzten metalezko piezen eraginpean egoten dira, eta ez dute zehazki ipar magnetikoa markatzen; beraz, nahitaezkoa da aldian behin itsasorratz horiek konpentsatzea.

Itsasorratzaren desbideratzeak modu autonomoago batean zuzendu ahal izateko sistema berri bat diseinatu du Josu Arribalzaga Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, iman mugigarriak dituen plater batean oinarrituta, bere burua konpentsatuko duen eta itsasorratza une oro konpentsatuta edukiko duen sistema bat lortzeko helburuarekin. Hala, itsasontziko energia-iturriek huts egin arren, itsasorratza zuzenduta eta erabilgarri eduki ahal izango da, iparra galdu gabe.

compass-1639829_1280
Irudia: Itsasorratzak iparra markatzen jarraitzen du, GPSak huts egiten duenean.

Itsasorratzen konpentsazioa era berean eta kalkulu berberen bidez egin izan da, XIX. mendeaz geroztik. Eragiketa horretan, hainbat kalkulu egiten dira zehazteko zer gelaxkatan jarri behar diren iman zuzentzaileak, itsasorratzak ipar magnetikoa zein den adieraz dezan beti. Ipar magnetikoa jakinez gero, eta deklinazio magnetikoa (benetako iparraren eta ipar magnetikoaren arteko diferentzia, National Oceanic and Atmospheric Administrationek kalkulu moderno batzuen bidez kalkulatzen duena) zuzenduta, benetako iparra zein den jakiten da beti, eta, haren bidez, itsasontzia zer norabide zehatzetan mugitzen ari den.

Gaur egun, itsasorratza alboratuta badago ere, nabigatzaileek erabiltzen ditugun nabigazio-sistemek korronte elektrikoa behar izaten dute, eta korronterik gabe sistema horiek ematen dituzten posizionamendu guztiak alferrikakoak gertatzen dira —azaldu du Josu Arribalzaga ikertzaileak—. Gainera, GPS sistemak seinalearen okerreko irakurketa bat ematera irits daitezke, bai kanpotiko distortsioek bai manipulazioek eragindakoak (nahita eragindakoak edo ez)”. Nazioarteko Itsas Erakundeak (IMO) agindutakoaren arabera itsasontzi guztietan konpas-kutxarekin batera itsasorratz bat eraman behar da, bai eta ordezko beste itsasorratz bat ere, gainerako nabigazio-sistemak huts egiten badute erabiltzeko. Hala, Arribalzagak konpentsazio-sistema berri bat proposatu du iman higigarriak dituen plater batean oinarrituta, zeinaren bidez era autonomoago batean zuzendu baitaitezke itsasorratzaren desbideratzeak.

Orain arte bezala iman zuzentzaileen potentzia erlatiboa erabili beharrean, ikertzaileak iman horien momentu magnetikoa erabili du haien zuzentze-gaitasuna kalkulatzeko, eta momentu magnetiko horren arabera zehazteko itsasorratzetik zer distantzia errealetara zuzentzen den desbideratze jakin bat. Halaber, ikertzaileak ustekabean konturatu dira orain arte erabili izan den konpentsazio-sistema ez dela zuzena, hainbat zuzenketa egin beharko balirateke konpentsazio zuzen bat lortzeko.

Konpas magnetiko baten osagarria den sistema

Desbideratzeak denbora errealean lortzeko konpas magnetiko integralak —UPV/EHUren patentea du— automatikoki kalkulatzen ditu itsasorratzaren desbideratze guztiak, norabide guztietan eta denbora errealean; baina desbideratze hori kalkulatu ondoren, doikuntzak egin beharko lirateke itsasorratza ipar magnetikoa markatzera irits dadin. Horrenbestez, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak, Arribalzagak, itsasorratza konpentsatzeko sistema modernizatu du, eta elektrizitatearekiko mendekotasunik ez duen sistema erabat autonomo bat lortu du. “Etorkizunera begira proposatu dut modelo hori, etorkizunean, nolabait, sistema automatizatzera iristeko asmoarekin”. Itsasorratza zuzentzeko imanak kutxatilategi jakinetan sartu beharrean, orain arte bezala, plater batean ezarri ditu, halako eran non platera gorantz edo beherantz mugi baitaiteke (itsasorratzera hurbilduz edo harengandik urrunduz) eta iman zuzentzaileak biratu egin baitaitezke (efektu handiagoa lortuz, zenbat eta itsasorratzetik hurbilago egon imana).

“Nik diseinatutako eta probatutako platera zehaztasun handiz doi daiteke, edozein posizio bertikaletan eta une oro —adierazi du Arribalzaga—. Berez, nik sortutako prototipoa eskuz manipula daiteke; izan ere, motorizatzeak kostu gehigarri garrantzitsua eragingo luke, eta, gainera, motorra eta platera akoplatzeko sistema mekaniko bat beharko litzateke, imanei eta platerari egokitu beharko litzaiekeena”. Ikerketa hau, beraz, lehen urratsa izan da UPV/EHUk patentatutako konpas magnetiko integrala eta diseinatutako platera —autodoikuntza-sistema espezifiko batzuetara egokitu beharko litzatekeena— akoplatzera iristeko. “Baina hori beste fase batean sartuko litzateke”, adierazi du.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Itsasorratzak iparra markatzen jarraitzen du, GPSak huts egiten duenean.

The post Itsasorratzak ez du iparra galtzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #124

Sun, 2016/10/16 - 10:00
Uxue Razkin

acorns-1710577_1280

Paleontologia

Paleolitoko animalia grabatuak aurkitu dituzte Lekeitioko Armintxe kobazuloan, tartean bi lehoi. Grabatuen multzoa oso berezia da kalitate tekniko handia duelako eta oso argi ikusten delako. Aurkikuntzak hainbat animaliaren dozenaka grabatu inguru jasotzen ditu, eta tartean Kantauri Itsasoaren inguruan oso berriak diren figura batzuk ageri dira, esaterako felinoak. Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak hauek tamaina handikoak dira. Guztira, berrogeita hamar animaliaren figurek osatutako multzoa da, eta duela 14.000 urte inguru erabilitako teknika oso deigarria da; izan ere, irudiak arraste teknika baten bitartez eginda daude, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu; hala, lerro argi bat sortzen da, eta horri esker figurak argi ikusten dira. Irudikatutako figurek bi dimentsiodun bolumena daukate.

Geologia

Eurasia eta Indiako plakek talka egin zuten duela hirurogei milioi urte inguru eta bion gainean zegoen lurrazalaren masaren erdia galdu egin zela kalkulatu dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azalpen posible bakarra, material hori guztia hondoratu egin zen, eta mantuarekin nahastu. Horrek orain arteko teoriak hankaz gora jartzen ditu. Izan ere, geologian irakasten denez, lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du, eta horregatik, ezin du azpian duen mantuarekin nahastu.

Kimika

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileek, karbono zuntzezko materialen hondakinen %100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute. Material horiek birziklatzea, dena dela, ez da batere erraza. Hiru arrazoi azaltzen ditu Isabel de Marco ikertzaileak: lehenik, material gehien-gehienak erretxina termoegonkorrez osatuta daude, hau da, ez dira urtzen beroa aplikatuta, eta, beraz, ezin dira berriz moldatu. Bigarrenik, askotariko osagai ugariz osatuta daude eta azkenik, nahasita egon daitezke, edo beste material batzuk eduki. Ikertalde honek argitaratutako patenteak metodo bat zehaztu du lurrunak tratatu eta hidrogeno proportzio handiko gas baliotsu bat lortzeko eta ondoren hori saldu ahal izateko. “Hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da, ez duelako kutsatzen: hidrogenoa erretzean, ura baino ez da sortzen. Gainera, sintesi kimikorako erabil daiteke hainbat eta hainbat aplikaziotan.

Kultura Zientifikoa

Herritarrak zientziari lotutako jardueretan parte hartzea ahalbidetzen duten ekimenak areagotu egin dira azken urteotan. Elhuyar Fundazioko Zientziaren Gizarteratzearen arloko arduradun Garazi Andonegik beste aurrerapauso bat emateko beharra azpimarratu du; datuak edo laginak biltzeaz harago doan ibilbide bat irekitzeaz ari da, hain zuzen. Zientziakide izena jarri diote proiektuari eta Pasaian abiatuko da hurrengo asteburuan. Hogei lagunek, AZTI zentroarekin batera, Pasaiako Badiako uraren kalitatea neurtuko dute eta Andonegik hala azaldu duenez, “prozesu osoan parte hartuko dute”.

Ikerketan parte hartuko dutenak profesionalak ez direnez, une oro AZTIko ikertzaileak izango dituzte alboan, laguntzeko prest. Ekimen honek Europako Batasuneko Horizon 2020 egitasmoan zehaztutako filosofia du oinarri.

Adimen artifiziala

Garuna imitatuz ikasteko gaitasuna duten neurona-sare artifizialei memoria nabarmen hobetu diete Google DeepMindeko ikertzaileek. Neurona-sare artifizialek garunaren antzera ikasteko gaitasuna dute, baina ez dute datu konplexuak prozesatzeko beharrezko den memoria-egiturarik. Bada, Google DeepMindeko ikertzaileek ordenagailuen eta neurona sareen ezaugarri horiek elkartuta “ordenagailu neuronal diferentziagarria” deitu diotena sortu dute. Elhuyarrek azaltzen digun moduan, neurona-sare bat da, adibideetatik abiatuta edo proba eta errorearen bidez ikasteko gai dena, baina, ordenagailuen RAM memoriaren gisako kanpo-egitura bat ere badu.

Medikuntza

Zika birusa gertutik ezagutzeko aukera dugu artikulu honen bitartez. Birusa Rhesus tximinotik isolatu zen 1947an Ugandako Zika basoan. Urte batzuk beranduago, 1952an, gizakietan detektatu ziren lehenengo kasuak, Tanzanian eta Ugandan. Ondoren Afrikatik irten eta Ozeano Bareko Yap estatura eta Mikronesiara iritsi eta hedatu zen; ordutik hona zenbait lurraldetatik hedatzen joan da, batez ere Filipina edo Asiako hego-ekialde inguruan. Azken urte honetan ordea, Brasilera heldu da eta hori izan da Amerikako kontinentean zabaltzeko izan duen atea. Hasieran Brasilen oso arin hedatu zen baina gaur egun Hego Ameriketako lurralde gehienetan detektatzen da Zika. Europara ere iritsi da, batez ere gaixoek transmitituta. Transmisio modu hori berria, birusak eragiten ari da infekzioa.

Osasunari jarraiki, datu-baseak uztartzea, botiken arteko interakzioak detektatzeko tresna eraginkorra dela frogatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, botiken albo-ondorioen, elektrokardiogramen eta laborategiko esperimentuen milioika datu uztartu dituzte, eta ikusi dute bi botika arruntek bihotzaren jarduera asaldatzen dutela, elkarrekin hartzen badira. Bata, zeftriaxona, antibiotikoa bat da, eta bestea, lansoprazola, protoi-punpen inhibitzaile bat, bihotzerrearen kontra erabiltzen dena. Banaka ez dute eraginik bihotzaren jardueran, baina biak elkarrekin hartuz gero arritmia eragiteko arriskua dute, eta, kasu okerrenetan, baita heriotza ere.

Genetika

Julen Díaz bioteknologoa eta EHUko ikertzailea da eta dopin genetikoa detektatzeko metodo bat ikertzen ari da, pasaporte biologikoan oinarrituta eta kirol errendimenduan eragina duten geneak aztertuta. Ikerlariak dio egun ez dela ezagutzen %100 eraginkorra den dopin genetiko detekzio metodorik. Bi arlotan ari da Díaz: alde batetik, genetika lesio arriskua murrizteko nola erabil daitekeen ikertzen dute eta bestetik, dopin genetikoaren detekzioa. Haiek darabilten metodoa azaltzen du elkarrizketa honetan: “Pasaporte biologikoaren eredua erabili nahi dugu, eta kirolarien informazio genetikoa aztertzea bere ibilbideak irauten duen bitartean. Detekzio probekin arlo genetikoa ere aztertzea da asmoa, bereziki kirol errendimenduarekin harremana duten geneak”. Egun, dopin genetikoa detektatzeko erabiltzen dituzten teknikak izan ditu mintzagai ere. Teknika ezberdinak ezagutzen direla azaltzen du, eta zuzenean edo zeharka detekta dezakete dopina: “Batzuk sartu ahal izan den material genetikoa detektatzen zentratzen dira, eta beste batzuk dopin genetikoa txertatzeko metodoen arrastoa jarraitzen dute. Adibidez, dopin genetikoaren teknologiak erantzun immuneak eragin ditzake, eta horien arrastoa azter daiteke ea zerbait arraroa dagoen”.

Emakumeak zientzian

Itziar Garate Lopez Meteorologia Dinamikoaren laborategian lan egiten du, doktoretza-ondoko ikerketa egiten. Orain Parisen dagoen arren, amaitu bezain pronto Euskal Herrira bueltatu nahi du. Orain tesian egindako ikerketaren osagarria egiten ari da. Tesian, Artizarraren poloan dagoen zurrunbilo bat aztertu zuen, Venus Express espazio-ontziaren Virtis espektometroak hartutako datuetan oinarrituta. “Hortik zurrunbiloaren hainbat ezaugarri ezagutu nituen, baina ez zen nahikoa ondo ulertzeko. Orain, zurrunbilo hori bera aztertzeko aukera izango dut, beste modu batera: ordenagailu bidezko simulazioen bitartez, hain justu”.

Biologia

Animalien natura ikasteko beste kapitulu bat dugu hauxe: itsastartzat ditugun hegaztiak. Hauek bizitza gehiena lehorrean edo airean egiten dute eta zentzu horretan, itsasoaren baldintza osmotikoetatik ihes egiteko gaitasuna dute. Bada, badira nagusiki itsastarrak direnak; pinguinoak, esaterako. Hauek ezin dute hegan egin, hortaz uretan edo lehorrean egon behar dute. Hauek bai uretan murgilduta ematen dutela bizitza gehiena, uraren eta gatzen kontzentrazio-gradiente baten aurka borrokatuz. Bestalde, badira itsaso zabalean bizi diren txoriak ere; hauek lehorrean eta airean dihardute gehienbat, baina ez dute ur geza lortzeko modurik. Beraz, itsastarrak diren hegaztiek itsasoko beste ornodun guztien arazo bera dute: gatzik gabeko ura lortzea, gatz-kontzentrazio altua duen uretan bizi direla. Itsas hegaztiek itsasoko ura edaten dute. Baina itsas ugaztunek ez bezala, hegaztiek ezin dute gatz-kontzentrazio altua duen gernurik ekoitzi. Hortaz, nola moldatzen dira itsas txoriak itsasoko ura edanda ur horrek dituen gehiegizko gatzak kanporatzeko? Erantzuna testuan topatuko duzue!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #124 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #130

Sat, 2016/10/15 - 10:05

figure-4

Zelan jarraituko dugu modu esponentzialean hazten diren datuak biltzen, egun erabiltzen ditugun lehengaiak desagertzen direnean? Tommaso Fracesek iradokizun bat du: The future of information storage devices: molecule-based magnets.

Imajina ezazu saileko kide bati Nobel saria ematen diotela. Zer egingo zenuke? Pablo Ortizek, esaterako, gaiari buruz artikulu bat idatzi du: World’s smallest machines: Nobel Prize in Chemistry 2016.

Etorkizuna energia berriztagarriena da, ez dago zalantzarik. Etorkizun hori aurreratzea material berri eraginkor eta merkeengan datza. Material horiek garatzea da Meilani Wiboworen zeregina:  Organic photovoltaic advantages.. or challenges?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #130 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itziar Garate: “Txikitan, astronomiak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina asmatu dut”

Fri, 2016/10/14 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Itziar Garate Lopez Parisen dago, Meteorologia Dinamikoaren laborategian, doktoretza-ondoko ikerketa egiten. Parisen egotea amets baten modukoa ote den galdetuta, aitortu du ezetz, berez, doktoretza amaitu ondoren, nahiago zuela Euskal Herrian gelditu: “Orain oso pozik nago, eta ez nuen uste hala izango zenik, lehenago bi urtez kanpoan izana bainintzen (Kanarietan) eta orain nahiago bainuen etxean geratu. Baina hona etortzea eskaini zidaten. Eta proiektua hainbeste gustatu zitzaidan eta orain nire tutore denak ere hainbeste animatu ninduen, azkenean etorri egin nintzen, eta orain benetan gustura nago”.

Hain zuzen ere, tesian egindako ikerketaren osagarria da, guztiz, orain egiten ari dena. Tesian, Artizarraren poloan dagoen zurrunbilo bat aztertu zuen, Venus Express espazio-ontziaren Virtis espektrometroak hartutako datuetan oinarrituta. “Hortik zurrunbiloaren hainbat ezaugarri ezagutu nituen, baina ez zen nahikoa ondo ulertzeko. Orain, zurrunbilo hori bera aztertzeko aukera izango dut, beste modu batera: ordenagailu bidezko simulazioen bitartez, hain justu”.

 Itziar Garate astrofisikaria.
Irudia: Itziar Garate astrofisikaria.

Ikerketa-gai berarekin jarraitzen du, beraz, baina beste tresna bat erabiliko du gaia aztertzeko. Hala, Parisen emango dituen lehen hilabeteak metodologia horretaz jabetzen emango ditu.

Metodologia ez ezik, ikerketa bizitzeko modua ere aldatu zaio. Hala ere, dena lotuta dagoela ohartarazi du Garatek. “Azken finean, simulazioan ateratakoa behaketa errealekin alderatzen dut”. Horrek egiten du proiektua hain erakargarri Garaterentzat. Lekuak ere garrantzia handia du: “Laborategi honek Artizarraren atmosfera osoaren oso eredu ona du; horregatik etorri naiz hona. Kontua da justu poloan eredua ez dela hain egokia, eta nire zurrunbiloa hortxe dago. Beraz, nire lehen egitekoa eredua hobetzea da, poloan hobeto funtziona dezan”.

Hobetze horretan, laborategiko kideekin batera ari da lanean. Lanerako inolako arazorik ez duela esan du Garatek; jendeak abegikor hartu omen du, eta, laneko hizkuntza ingelesa denez, ondo moldatzen omen da. Harreman informaletan, ordea, frantsesez aritzen omen dira, “azkar”, eta gehiago kostatzen zaio elkarrizketak jarraitzea, baina “denbora-kontua” izango dela uste du.

Aurreikusi gabeko bidea

Bere ikerketari buruz zein grinatsu hitz egiten duen kontuan hartuta, inork pentsa lezake txikitatik nahi zuela astronomo izan. Ez da hala, ordea: “Txikitan astronomiak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina erraztasuna nuen matematikan eta halakoetan, eta garbi nuen zientziak ikasi nahi nituela. Gero, fisika aukeratu nuen iruditzen zitzaidalako etorkizunean hor izango nituela aukera gehien, eta gustuko nuelako, noski. Fisika ikasten ari nintzela, berriz, astrofisika ikasi nahi zuela garbi zuen lagun-min bat egin nuen, eta hark kutsatu zidan pixka bat. Astronomia-hitzaldietara joaten hasi nintzen, Agustin Sanchez Lavega astrofisikariaren berri izan nuen, harekin harremanetan jarri, eta hark bultzatuta sartu nintzen honetan”.

Azkenean, hark zuzentzen duen UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldean bukatu zuen tesia egiten, eta mundu horretan gero eta gusturago dagoela onartzen du: “Asmatu nuen, bai”.

Fitxa biografikoa:

Itziar Garate Lopez astrofisikaria. Itziar Garate 1986an jaioa da, Zarautzen. Leioan hasi zituen Fisikako ikasketak, baina astrofisikan espezializatzeko Tenerifera joan zen. Hala, La Lagunako Unibertsitatean lizentziatu zen. Ondoren doktoretza egin zuen, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, Zientzia Planetarioen Taldean. Tartean, hiru hilabete igaro zituen Holandan, ESAren ESTEC zentroan. Doktoretza-ondokoa hasi aurretik, ingeniaritza eskolan klaseak ematen aritu da. Orain, Parisko Meteorologia Dinamikoaren laborategian, doktoretza-ondoko ikerketa egiten.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

zientzia_gr_RGB

The post Itziar Garate: “Txikitan, astronomiak ez ninduen bereziki erakartzen. Baina asmatu dut” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lurrak lurra irentsi zuen

Thu, 2016/10/13 - 10:00
Amaia Portugal Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, bion gainean zegoen lurrazalaren masaren erdia galdu egin zela kalkulatu dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azalpen posible bakarra aurkitu diote desagertze horri: material hori guztia hondoratu egin zen, eta mantuarekin nahastu.

Duela hirurogei milioi urte inguru egin zuten talka Eurasia eta Indiako plaka tektonikoek. Lurrazalaren zati bat harrotu egin zen inpaktuarekin, eta ondorioz, Himalaia mendilerroa jaio. Beste zati bat, aldiz, mugitu egin zen bi plaken ertzeetan behera, eta hala sortu ziren gaur egungo Asia hego-ekialdeko lurraldeak. Baina hori izan al zen guztia?

Chicagoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile batzuk ezezkoan daude. Haien kalkuluen arabera, talkaren aurretik lurrazalak zuen masa askoz ere handiagoa zen; mendilerro, irla eta penintsula berriek hartu zutena baino handiagoa. Gainontzekoa ezin izan zen besterik gabe desagertu. Orduan, non dago? Zientzialariok argudiatu dutenez, Lurraren mantuak irentsi zuen lurrazalaren zati bat. Hala azaldu dute Nature Geoscience aldizkarian, sarean argitaratutako artikulu batean.

 NASA)
1. irudia: Plaken arteko talkak mugiarazi zuen lur masaren zati handi bat Himalaia mendilerrora joan zen, baina beste zati handi bat desagertu egin zen lurrazaletik. (Argazkia: NASA)

Orain hirurogei milioi urte hor zegoen masaren erdia desagertu egin da lurrazaletik”, azaldu du Miquela Ingalls ikerketaren arduradunak. Datu hori ez dute arinkeriaz eman. Izan ere, batetik, berriki berrikusiak izan diren plaken mugimenduei buruzko estimazioak baliatu dituzte, denboran atzera egin eta talkaren aurretik bi plakek zer azalera zuten kalkulatzeko. Eta bestetik, Lurreko zenbait zonaldetako datu geologikoak aztertu dituzte, duela hirurogei milioi urteko lurrazalak zer lodiera zuen argitu nahian. “Funtsezko datu multzoak aztertuta, talkaren hastapenetan lurrazal zati horrek zer masa zuen zehaztu ahal izan dugu”, gaineratu du David Rowleyk, ikertzaileetako batek.

Halako masa kantitate handia galdu bada eta aurkitzen ez badute, mantuan behera hondoratu delako behar du izan, ikertzaileok artikuluan azaldu dutenez. Horrek orain arteko teoriak hankaz gora jartzen ditu, ordea. Izan ere, geologian irakasten denez, lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du, eta horregatik, ezin du azpian duen mantuarekin nahastu. Hau da, teoria horri eusten badiogu, Eurasia eta Indiako plakek talka egin zutenean, astindutako lurrazalak ezingo zukeen hondoratu. Mantuaren gainetik geratuko zen, hondartzako baloiak ur azalean nola, inoiz behera egin gabe.

“Lurrazal kantitate handia desagertu da, eta mantuaren barruan baino ezin du egon. Pentsatzen genuen mantuak eta lurrazalak oso interakzio txikia zutela elkarren artean, baina lan honek iradoki bezala, egoera zehatz batzuetan behintzat, hori ez da hala”, dio Rowleyk.

 Jean Lachat)
2. irudia: Miquela Ingalls, David Rowley eta Albert Colman, Chicagoko Unibertsitateko ikertzaileak. (Argazkia: Jean Lachat)

Duela hirurogei milioi urteko talka hark mugitu zuen masaren erdia Himalaiara, Asia hego-ekialdera eta itsas sedimentuetara joan zen, beraz; eta beste erdia, Lurreko arrakaletan behera. Hala iradokitzen dute artikulu honetan. Baina gainera, proposamen berri hau baliagarria da beste misterio geokimiko bat ere argitzeko.

Erupzioak gertatzen direnean, mantuak jaurtitzen dituen askotariko substantzien artean daude beruna eta uranioa, baina bi elementu horiek ez dira mantuaren berezko osagaiak. Nola liteke, orduan? Bada, lurrazalean bai, maiz aurkitzen dira beruna eta uranioa, eta artikulu honetan iradoki bezala, lurrazalaren eta mantuaren arteko interakzioa uste baino handiagoa bada, hor legoke galderaren erantzuna. Rowleyk adierazi bezala, “India eta Eurasiako plaken talka prozesu jarraitua bada [gure oinen azpian, oso poliki bada ere, mugitzen segitzen baitute], lurrazal kontinentaleko elementuak mantuarekin nahasten ari dira etengabe, eta horregatik, mantutik gaur egun ateratzen diren material bolkanikoetan ikus ditzakegu”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Miquela Ingalls et al. Large-scale subduction of continental crust implied by India-Asia mass-balance calculation. Nature Geoscience. Published online Sept. 19, 2016. DOI:10.1038/ngeo2806

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Lurrak lurra irentsi zuen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Schmidt-Nielsen fisiologoak egindako aurkikuntzarik azkarrena

Wed, 2016/10/12 - 10:30
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Itsas hegaztien txanda heldu da dagoeneko, itsasoko urarekin harreman estua izanik, horiek ere arazo osmotikoei aurre egin behar baitiete. Hala ere, badago nolabaiteko joera itsastarrak diren hegaztien izaera itsastarra kolokan jartzeko. Itsastartzat ditugun hegazti askok, batez ere itsasertzekoek, bizitza gehiena lehorrean edo airean egiten dute, eta zentzu horretan itsasoaren baldintza osmotikoetatik ihes egiteko gaitasun handia dute. Uretan luzaroan murgilduta ez egoteak arazo osmotikoak arindu egiten ditu, eta beharrezkoa denean hegan eginez ur geza dagoen tokira joan ahal izateak erraztu egiten du barneko fluidoen kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.

Hala ere, badira nagusiki itsastarrak diren hegaztiak. Batetik, pinguinoak ditugu; hauek, gainera, hegan egiteko gaitasuna galdu duten hegaztiak izanik, uretan edo lehorrean egon behar dute. Izan ere, ugaltze-sasoian lehorrean egonaldi luzeak egiten badituzte ere (ikus “Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria” izenburuko atala), hauek bai, uretan murgilduta ematen dute bizitza gehiena, eta, beraz, etengabe “borrokatu” behar dute uraren eta gatzen kontzentrazio-gradiente baten aurka. Bestalde, itsaso zabalean bizi diren txoriak ere baditugu; hauek lehorrean (uharteetan) eta airean dihardute gehienbat, baina ez dute ur geza lortzeko modurik. Beraz, itsastarrak diren hegaztiek itsasoko beste ornodun guztien arazo bera dute: gatzik gabeko ura lortzea, gatz-kontzentrazio altua duen uretan bizi direla.

seagulls-51019_1280
1. irudia: Hegaztiek ezin dute gatz-kontzentrazio altua duen gernurik ekoitzi. Beraz, nola moldatzen dira itsas txoriak itsasoko ura edanda ur horrek dituen gehiegizko gatzak kanporatzeko?

Itsas hegaztiek itsasoko ura edaten dute, ez dute beste ur-iturririk. Baina itsas ugaztunek ez bezala, hegaztiek ezin dute gatz-kontzentrazio altua duen gernurik ekoitzi, euren giltzurrunek ez baitute ugaztunenek duten kontzentrazio-ahalmena. Izan ere, hegaztien giltzurrunek gatzak kanporatzeko duten gaitasuna gizakienek dutena baino kaskarragoa da, eta kontu jakina da gizakiok ere ezin dezakegula itsasoko ura ur-iturri modura erabili (ez dezagun ahaztu, hala ere, gizakia ez dela ugaztun itsastarra, nahiz eta batzuetan itsasoratu).

Hortaz, nola moldatzen dira itsas txoriak itsasoko ura edanda ur horrek dituen gehiegizko gatzak kanporatzeko? Gatzen kanporatze aktiboa baliatuz! Itsastarrak diren hegazti guztiek dute gatz-guruin edo sudur-guruin izenaz ezagutzen diren guruin pare bana. Gehienetan begi-zuloen goiko aldean garezurrak agertzen dituen sakonune azal batzuetan kokatzen dira gatz-guruinak, eta ekoizten duten jariakin gazia kanporatzeko, sudur-guneraino eramaten da hodi baten bidez. Jariatutako fluidoa sodio eta kloruro ioietan joria da kasu guztietan, eta jariatutakoaren kontzentrazio osmotikoa altua da beti.

Giltzurrunak ez bezala, gatz-guruinek ez dihardute etengabe lanean. Beste modu batera esanda, estres osmotikoa dagoenean soilik jariatzen dute. Lehorreko hegazti gehienetan ere aurkitu ditzakegu gatz-guruinak, nahiz eta, lan gutxi egin behar dutenez, oso txikiak izan. Izan ere, gatz-kontzentrazio altuko jakiak irentsiz gero edo likido gaziak edanez gero, gatz-guruinen tamaina emendatu egiten dela eta ohikoa baino handiagoak izatera hel daitezkeela frogatu zuten behin baino gehiagotan Animalien aferak liburuan aipatua den Schmidt-Nielsen fisiologo ospetsuak 1964an lankide batekin egindako azterketa batean.

Hala ere, hegaztien elikatze-ohituren eta bizimoduaren arabera espezieen arteko desberdintasun esanguratsuak aurki ditzakegu. Horrela, ubarroiaren kasuan, eta arrainak ehizatzen dituen kostako txoria izanik, gatz-guruinek ekoitzitako jariakinaren sodio-kontzentrazioa 500-600 mM-ekoa da, nahiko apala. Kaio hauskarak ornogabe gehiago jaten dituenez, gatz gehiago barneratzen ditu eta sudur-gunera jariatutako fluidoak 600-800 mM-eko kontzentrazioa izaten du. Bestalde, ozeanikoagoa den petrelak krustazeo planktonikoak baliatzen ditu gehienbat, eta haren sudurreko jariakinaren sodio-kontzentrazioa 1100mM-eraino irits daiteke. Kloruro-kontzentrazioa sodioarenaren oso antzekoa izaten da. Potasioarena, aldiz, oso apala.


2. irudia: Ubarroia uretako hegaztia da, arrainez elikatzen da eta munduan 30 espezie inguru daude.

Arestian aipatutako Schmidt-Nielsenek 1960. urtean honako esperimentu hau egin zuen: 1.420 g pisatzen zuen kaio bati 134 ml itsasoko ur sartu zion urdailean, hau da, txoriaren pisuaren % 10 gutxi gorabehera (gizakiaren kasuan 7 litro sartzearen parekoa), eta ikusi zuen itsasoko uraren sarrerak eragindako gatz-zama guztia hiru ordutan kanporatuta zuela. Sudurreko jariakina eta kloakakoa aztertu zituenez, hiru ordutan kanporatutako 131’5 ml-etatik (ia sartutako guztia), sudurretik 56’3 ml kanporatu ziren (erdia baino gutxiago), eta gainerako 75’2 mililitroak giltzurrunaren lanari esker. Baina sodioaren eskrezioari dagokionez, sudurreko guruinetik kanporatutako kantitatea (43’7 mmol 3 ordutan) kloakatik iraitzitakoa (4’41 mmol denbora berean) baino 10 aldiz gehiago zela behatu zuen. Gatz gehienak, gainera, lehenengo bi orduetan izan ziren kanporatuak gatz-guruinaren bidez. Lan horretan argi gelditu zen gatz-guruinek gatzak kanporatzeko gaitasun ikaragarria dutela!

Sarrera honen izenburu luzea argituz bukatuko dugu. Horretarako ez dago modu hoberik Knut Schmidt-Nielsenek berak The camel’s nose izeneko autobiografian, 154. orrialdean dagoen paragrafo hau jasotzea baino, ubarroien gatz-guruinen ekoizpena aurkitu zuen uneari dagokiona, hain zuzen ere:

We caught some young cormorants, and to find out what effect sea water has on salt excretion, I gave one of them a liberal amount by stomach tube and placed the bird in a carefully cleaned plastic container. Within a minute or two I made the fastest scientific discovery I ever made: I noticed that the bird, with a quick movement of the head, shook off droplets of fluid that appeared at the tip of its beak. I sampled the clear liquid with a micropipette; it gave a massive precipitate with silver nitrate, revealing a high concentration of chloride. We were astounded, but the result confirmed what I had suggested decades before! that if salts do not come out one end of the bird, they must come out the other.

«Ubarroi gazte batzuk harrapatu genituen eta itsasoko urak gatzen iraizkinetan zuen eragina zein zen jakin nahi genuenez, kantitate ederra eman genion horietako bati eta plastikozko ontzi garbi batean jarri genuen hegaztia. Minutu batean edo bitan inoiz egin dudan aurkikuntzarik azkarrena egin nuen: ohartu nintzen hegaztiak, buruko mugimendu azkar batez, bere mokoaren puntan agerturiko likido-tantak jaurtiki zituela. Likido horren lagin bat hartu nuen mikropipeta baten laguntzaz; eta zilar nitratoa gehitzerakoan, jalkin nabaria eman zuen, eta kloruroaren kontzentrazio altua agerian geratu zen. Harriturik geunden, baina zenbait hamarkada lehenago nik iradokitakoa baieztatu egin zuen emaitzak! Hau da, gatzak ez badira hegaztiaren punta batetik irteten, beste puntatik irten beharko dute.»

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Schmidt-Nielsen fisiologoak egindako aurkikuntzarik azkarrena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zika birusa ezagutu eta aurre egin

Tue, 2016/10/11 - 09:00
Miren Basaras Ibarzabal 2016ko otsailaren 1ean Munduko Osasun Erakundeak Zika birusak nazioarteko larrialdia eragin duela ebatzi zuen. Zergatik ote? Birusa arriskutsua izan liteke emakume haurdunentzat eta herrialde askotara hedatu da denbora laburrean.

Zika birusa Rhesus tximinotik isolatu zen 1947an Ugandako Zika basoan. Urte batzuk beranduago, 1952an, gizakietan detektatu ziren lehenengo kasuak, Tanzanian eta Ugandan. Ondoren Afrikatik irten eta Ozeano Bareko Yap estatura eta Mikronesiara iritsi eta hedatu zen; ordutik hona zenbait lurraldetatik hedatzen joan da, batez ere Filipina edo Asiako hego-ekialde inguruan. Azken urte honetan ordea, Frantziar Polinesiatik Brasilera heldu da eta hori izan da Amerikako kontinentean zabaltzeko izan duen atea. Hasieran Brasilen oso arin hedatu zen baina gaur egun Hego eta Erta Ameriketako lurralde gehienetan detektatzen da Zika birusa. Gainera, noizean behin ere Ipar Amerikara eta Europara iritsi da, batez ere gaixoek transmititu dutelako birusa. Hortxe atzeman izan dira Zika birusak eragindako infekzioen lehenengo kasuak.


1. irudia: Ugandan (Afrika), Zika izeneko baso batean identifikatu zuten lehengoz birusa 1947. urtean. Rhesus espezieko tximino baten antzeman zuten ikertzaileek, sukar horiaren transmisioaren inguruko ikerketa bat egiten ari zirela.

Transmisio modu hori dela eta, birus honek eragiten duen infekzioari azaleratzen ari den infekzioa deritzogu. Infekzio mota horiek horrela izendatzen dira guztiz berriak direlako, edo lurralde berri batean azaleratzen direlako, edo seinale edo zeinu garrantzitsu berriak sortzen dituelako.

Zika azken bi arrazoi horiengatik eragiten ari da infekzioa.

Asko dira ustez Zika birusaren antzera infekzio modura azaleratzen ari diren birusak, besteak beste, Ebola, Chikungunya, Dengea, West Nile,… . Zika birusa, Aedes spp. eltxoaren ziztadaren bidez transmititzen ari da nagusiki. Eltxo emeek, goizaldean eta iluntzean ziztatzen dute batez ere eta ondorioz, beraiek duten birusa gizakiaren barnean sartzen da. Eltxo honen generoaren barnean badaude hainbat espezie, Zika birusa transmititu dutenak. Horien artean, Aedes aegypti eta Aedes albopictus dira garrantzitsuenak. Azken honi eltxo tigrea ere deitzen zaio. Izatez, tropiko eta tropiko azpiko lurraldeetan bizi dira batez ere biak, baina azken urteotan beste lurralde batzuetara hedatu dira eta bereziki Aedes albopictus oso ondo moldatu da bere nitxo ekologikoa ez den hainbat lurraldetan, Europa edo Ipar Amerika kasu. Euskal Herrian ere antzeman izan da eta honek kezka handia sortu du, berak transmititu ahal dituen mikroorganismoak guregana heldu ahalko direlako.

Transmisio-mekanismo nagusi honez gain, deskribatu da Zika birusa beste modu batzuen bidez ere transmititu ahal dela: plazentan zehar, sexu-harremanen bidez eta odol-transfusioen bidez. Birus hau Flabibirus deituriko familia batean sailkatuta da. Familia horretan hainbat birus daude eta haietariko asko eraginkorki transmititzen dituzte zenbait eltxok; horrela gertatzen da denge edo sukar horiaren birusen kasuan.

Zorionez, Zika birusez kutsatutako eltxoek gizaki osasuntsuak infektatzen dituztenean, sintomatologia nahiko arina da. Ziztada ondorengo 3-12 egunean agertzen dira sintoma horiek: batez ere, sukarra (< 38,5ºC), larruazaleko exantema, artritisak edo artralgiak, konjuntibitisa edota buruko mina. Sintoma hauen iraupena 7-10 egunekoa izaten da eta, gehienetan, berez itzultzen dira bere onera. Baina Zika birusaz infektatutako bost gizakitatik lauk ez dute inolako sintomatologiarik pairatzen.

 James Gathany / Wikimedia Commons)
2. irudia: Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak.
(Argazkia: James Gathany / Wikimedia Commons)

Baina agerraldi honetan ikusi izan denez, batzuetan eragozpenak ager daitezke. Bi dira egun nagusiak. Bata Guillain-Barré sindromea da, nerbio-sistemaren suntsipena dakarren gaixotasun autoimmunitarioa da eta, horren ondorioz, muskuluen paralisi progresiboa eragiten du. Beste eragozpena mikrozefalia da, bereziki birusaren transmisioa haurdunaldiaren lehen hiruhilabetekoan gertatu bada, horren ondorioz nanismoa, buru-atzerapen, konbultsioak, hiperaktibitatea beha daitezke jaioberrian. Hori dela eta, oso garrantzitsua izango da haurdun dauden emakumeen kontrola egitea.

Gaur egun infekzioa diagnostikatzeko pazientearen sintoma klinikoak aztertu behar dira eta birusa detektatzeko mikrobiologiako laborategiko teknikak egin behar dira. Erabilitako laginak askotarikoak izan daitezke baina pazientearen odola da erabiliena. Erabil daitezkeen beste lagin batzuk gernua, likido amniotikoa etabar dira. Lagin horietan birusaren genoma edo pazienteak sorturiko antigorputzak detektagarriak diren ikusten da. Izatez, oso modu arinean garatu izan dira diagnostikorako teknika berriak birus hau antzemateko.

Zoritxarrez ez dago inolako tratamendu espezifikorik birus honen infekzioa tratatu ahal izateko. Sintomak arintzeko tratamendua baizik ez dago: esate baterako likido asko edan edota atsedena hartu. Analgesikoak hartzea ere gomendatzen da parazetamola kasu, baina ez aspirina, Guillain-Barré sindromea edo odoljarioak areagotu ditzakeelako. Batzuetan antihistaminikoak hartzea ere gomendatzen da, batez ere larruazaleko exantema agertzen denean.

Ikerketa ugari egin dira, eta lehenengo emaitza batzuk lortu dira, bai DNA-txerto berri batzuekin, bai eta birus aktibatugabeko txerto berriekin ere. Hala ere, egungo merkatuan ez dago Zika birusa saihesteko inolako txertorik. Baina badaude eltxoa kontrolatzeko har daitezkeen neurri batzuk, hala nola, aire girotua dagoen geletan lo egin edo eltxo-sareak erabili, intsektizidak erabili, ura metatzen den lekuak (loreontziak, zakarrontziak,…) ondo garbitu…. Eltxo mutanteak (Aedes aegypti OX513A) ere probatu dituzte eltxoaren kontrola lortzeko. Izan ere, eltxo arrak tetraziklina izeneko antibiotikoaren menpekoak dira, eta horrela eltxo hauek naturara askatzen direnean antibiotiko hori aurkitzen ez dutenez larba berriak ezin dira garatu eta eltxoen populazioa nabarmen gutxituta, birusaren transmisioa oztopatu egiten da.

zika-birusa
3. irudia: CDC (Centers for Disease Control and Prevention) erakundetik hartutako irudia. Bertan ikus daitezke 2016ko irailaren 23an Zika birusaren transmisio aktiboko lurraldeak.

Bestalde haurdun dauden emakumeei birusa dagoen lurraldetara ez bidaiatzea gomendatzen da, baldin eta bidaia oso beharrezkoa ez bada. Gainera, osasun-erakundeek aditzera eman dute sexu bidezko transmisioa espero baino arruntagoa dela. Hori dela eta, emakumeak haurdun geratu aurretik zortzi hilabete itxaron behar du, emakumeak edo bere bikotekideak Zikaren infekzioak dauden lurraldeetatik bueltatu badira edo gizonak Zikaz infektatu. Aldi berean, gaixotasun autoimmunitarioak edo gaixotasun kronikoak pairatzen dituztenek kontsultatu egin beharko lukete, Zika birusa dagoen lurraldeetara bidaiatu aurretik.

Zenbait hipotesi daude Zika birusaren agerraldi bortitz honen inguruan. Badirudi birusa moldatu egin dela gizakira egiturazkoak ez diren proteinetan aldaketak pairatuta fitness handiagoa lortu duelako eta horrela hobeto erreplikatzen delako gizakian. Bestalde, dengearen kontrako antigorputzek Zika birusaren erreplikazioa gehitu ahalko lukete, eta pentsatu behar dugu Hego eta Erta Amerikan denge birusaren eramaileak ugariak direla.

Birus” zahar” honek kezka handia sortu du azken urte honetan baina badaude oraingoz erantzun gabeko galderak, hala nola, Aedes eltxoez gain ea beste eltxo batzuek transmititu ote dezaketen birusa, edo besteak beste infekzio kronikoak edo berrinfekzioak gertatzeko arriskurik ote dagoen.

—————————————————–

Egileaz: Miren Basaras Ibarzabal, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

—————————————————–

The post Zika birusa ezagutu eta aurre egin appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodoa

Mon, 2016/10/10 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileek, karbono zuntzezko materialen hondakinen %100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute. hands-952510_1280
Irudia: Airbus eta Boeingen azken bi modeloen pisuaren % 50 baino gehiago karbono zuntzezko konpositezkoa da.

Gaur egun izugarri erabiltzen dira konpositeak edo karbono zuntzez osatutako materialak, besteak beste aireontziak, aerosorgailuen palak, kirol artikuluak eta automobilak fabrikatzeko. Izan ere, materialok metal askoren propietate oso antzekoak dituzte, eta, gainera, ez dira batere astunak. Hori dela eta, urte hauetan sekulako gorakada izan du material horien erabilerak. Merkatuko azterlan guztien arabera, hurrengo urteetan ia-ia esponentzialki egingo du gora konpositearen erabilerak.

Material horiek erabiliz gero, hondakinak sortzen dira; hondakinok hegazkinen, aerosorgailuen eta abarren osagaiak fabrikatzetik sor daitezke, edo materialen balio bizitza amaitzen denean ere bai (adibidez, karbono zuntzez osaturiko hegazkin zatiak birziklatzean).

Karbono zuntzezko konpositeen osagai nagusiak karbono harizpiak dira, erretxina batekin inpregnatuak eta aglomeratuak. Material horiek birziklatzea ez da batere erraza, hiru arrazoi nagusi direla azaltzen du Isabel de Marco ikertzaileak:

  1. “material gehien-gehienak erretxina termoegonkorrez osatuta daude, hau da, ez dira urtzen beroa aplikatuta, eta, beraz, ezin dira berriz moldatu”;
  2. “askotariko osagai ugariz osatuta daude (erretxina, zuntzak, betetzeko gehigarriak…)”;
  3. “nahasita egon daitezke, edo beste material batzuk eduki (metalezko tartekiak, film termoplastiko babeslea, pinturak, etab.)”.
Enpresa mundura bideratu nahian

Karbono hutsezko zuntza oso-oso garestia da merkatuan. Horregatik, zuntzak berreskuratzeko instalazio batzuk hasi dira eraikitzen, zuntz horiek birziklatu eta konposite berriak lortzeko asmoarekin, “baina oraindik ere ikertzen dabiltza”. Instalazio horietan, zuntzak erretxinatik bereizten dira prozesu termiko baten bidez (pirolisia). Zehazki, erretxina deskonposatu eta lurrunak eratzen dira; hala, zuntzak matrizetik aske gelditzen dira, eta berreskuratu egin daitezke. Fabrika horietan, erretxinaren deskonposizioak sortutako lurrunak errausketaren bitartez ezabatzen dira; haien balioa, beraz, ez da aprobetxatzen, eta horrek isuri kutsatzaileen arazoa ekartzen du.

UPV/EHUko ikertaldeak argitaraturiko patenteak metodo bat zehaztu du lurrun horiek tratatu eta hidrogeno proportzio handiko gas baliotsu bat lortzeko, eta, ondoren, konposatu hori bereizi eta saldu ahal izateko. “Hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da, ez duelako kutsatzen: hidrogenoa erretzean, ura baino ez da sortzen. Gainera, sintesi kimikorako erabil daiteke hainbat eta hainbat aplikaziotan”, esan du De Marcok.

Horrenbestez, metodo patentatu horri esker, erretxina polimerikoari balioa eman dakioke, eta ez soilik karbono zuntzezko erretxinari, gaur egun egiten den moduan. Beraz, metodo horrek gaur egungo teknika hobetuko du, eraginkorrago eta iraunkorrago eginda. “Metodoa hondakin konpositeak tratatzeko egungo fabriketan instala liteke, edo diseinu berrietan txertatu. Aurretik egin dugun balantze ekonomikoaren arabera, hidrogenoa eta berreskuraturiko karbono zuntzak saltzeko prezioak errentagarri bihurtzen du prozesua”, azaldu du Alexander Lopez-Urionabarrenecheak, ikerlanaren zuzendariak.

Patentea interesgarria izan daiteke, batetik, karbono zuntzezko konpositeekin fabrikaturiko materialak egiten dituzten enpresentzat, euren hondakinak kudeatzeko, eta, bestetik, hondakinak kudeatzen dituzten enpresentzat. “Patenteari diru etekina atera ahal izateko, are gehiago sakondu behar da laborategiko ikerketan, eta eskala aldaketaren inguruko azterlan bat egin. Taldea hasia da prozesuan interesa duen enpresa batekin hizketan”, adierazi du Lopez-Urionabarrenecheak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute.

The post Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #123

Sun, 2016/10/09 - 09:30
Uxue Razkin

_xp18461

Nobel sariak

Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako Nobel nortzuk jasoko dituzten jakinarazi dute eta sarituen taldean ez dago emakumerik aurten. Guztira, zazpi pertsona dira eta guztiak dira gizonezkoak. 826 sari eman dira (aurten iragarri direnak ere kontuan hartuta) eta sarituen artean 48 emakume dira bakarrik. Haietako batek bitan jaso zuen saria: Marie Curie: Fisikakoa 1903an eta Kimikakoa 1911n.

Medikuntza saria Yoshinori Ohsumi japoniarrarentzat izango da, autogafiaren (zelularen osagaiak desegiteko eta berrerabiltzeko prozesuari deitzen zaio) mekanismoari buruz egindako aurkikuntzengatik. Prozesu fisiologiko askoren oinarrian dagoela ohartarazi du Nobel Akademiak; adibidez, gosearen aurrean egokitzean edo infekzioei erantzutean. Autofagiaren mekanismoarekin lotutako geneen mutazioek, berriz, minbizia edo gaixotasun neurologikoak ekar ditzakete. Ohsumiren lanari esker jakin da hori guztia.

Ohsumi biologoak hedabideen aurrean esan zuen autofagiaren ikerketa ordu askoren fruitua dela: “Urte asko daramatzat galdezka ea zelulek barruan zer duten”. Hainbat erantzun aurkitu ditu, eta, horregatik, haren azterlanak egokiak dira gaur egun Alzheimerren gaitza, Parkisonen eritasuna edo minbizia tratatzeko ate berriak zabaldu ahal izateko.

Fisikako sariari jarraiki, David J. Thoulees-ek, F. Duncan M. Haldane-k eta J. Michael Kosterlitz-ek jasoko dute fase-trantsizio topologikoak eta materiaren fase topologikoak teorikoki azaltzeagatik, eta hala, materia lauaren fenomeno arraro batzuk argitzeagatik. Elhuyar aldizkarian azaltzen digute zertan datzan hori. Bi dimentsioko edo bakarreko munduari leiho bat ireki zioten saridunek. Hiru saridunek topologiaren (matematika arloko adar bat) bidez azaldu dituzte materiaren ezohiko fase edo egoera batzuetan gertatzen diren fenomeno batzuk; esaterako supereroaleetan eta superfluidoetan. Kosterlitzek eta Thoulessek eremu lauetan gertatzen diren fenomenoak ikertu dituzte. Eremu lau horiek gainazalak edo oso geruza finak izan daitezke, zeinak bi dimentsiokotzat hartzen diren. Eta Haldanek dimentsio bakarrekotzat hartzen diren hari oso finak ere ikertu ditu.

Berria egunkariak ere ematen digu honen berri. Metodo matematiko aurreratuak erabili dituzte materiaren fase edo egoera ezohikoak aztertzeko. Haien lan “aitzindariari” esker, materiaren fase “exotikoak” bilatzea da orain helburua.

Eta azkenik, 2016ko Kimikako saria dugu banatzeko. Aurtengo abenduan Jean-Pierre Sauvage frantziarrak, J. Fraser Stoddart eskoziarrak eta Bernard L. Feringa herbeheretarrak jasoko dute, munduko makinarik txikiena garatzeagatik, hau da, mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daitezkeen makina molekularrak. Makina molekular horiek izandako garapen historikoa dakarkigu Elhuyar aldizkariak, hemen duzue artikulua osorik.

Ikerketa mota horietan aitzindariak izan diren lanak ere daude irakurgai Berrian. Sauvage izan zen lehenengoa; 1983. urtean molekulekin osatutako “kate bat” egin zuen.

Nobel sariekin jarraituko dugu baina ez aurten banatuko direnekin. Kimikan 1986.urtean jaso zuen ikertzailearekin hitz egin du Berriak: Dudley Robert Herschbach (San Jose, Ameriketako Estatu Batuak, 1932). Yuan T. Lee eta John C. Polanyi zientzialariekin batera, Nobel saria jaso zuen molekulen portaera aztertzeko teknika garatzeagatik. DIPC, Donostia International Physics Centerrek antolaturiko Passion for Knowledge 2016 egitasmoan egon da, hirugarrenez. Bere ustez, zientziaren helburu gailena naturaren hizkuntza ulertzea da eta hori lortzeko badu erantzuna: “Erantzun zuzenen ordez, galdera egokiak behar ditugu”. Ohiko eskoletatik eta ikerkuntzatik erretiratu da baina zientziari lotutako hainbat egitasmotan dabil lanean. Euskal Herrira etorri aurretik, IG Nobel sarietan izan da eta horiei buruz hitz egin du: “Zientziaren arloan barregarriak diren ikerketak saritzen dira. Ondo pasatzea, barrea eragitea eta jendea pentsatzera bultzatzea dira helburu nagusiak”.

Osasuna

UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan ditzakete. Izan ere, desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (ez da derrigorrezkoa), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. Aipatzekoa da osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan direla.

Osteopatiaz, fisioterapiaz eta kiropraktikaz aritu da Josu Lopez-Gazpio honetan. Espainian ez dago osteopata-titulu ofizialik eta fisioterapia-ikasketen parte da osteopatia. Zientziaren eta sasi-zientziaren arteko mugan kokatzen da praktika hau eta hiru diziplina ditu: egiturazkoa, garezurrekoa eta erraietakoa. Fisioterapeutak muskuluak elastifikatzeko eta haien mugimendua normaltzeko dihardu eta osteopatak, berriz, energia askatzen du. Osteopatiaren beste bi diziplinak guztiz sasi-zientifikoak direla azaltzen digu kimikariak. Batak garezurreko masajeen bidez, esaterako, gerriko mina senda daitekeela dio eta besteak, erraietakoak, masajeen bidez gorputzeko barne-organoak senda daitezkeela dio. Kiropraktikari dagokionez, bizkarrezur eta ornoei eskuez eragitean oinarritzen den tratamendua da. Praktika honen arabera, gorputz guztia bizkarrezurrean irudikatuta dago eta, hortaz, bizkarrezurra manipulatuz gorputzeko beste atalak ere senda daitezke. Kiropraktikoek teknika gogorrak erabiltzen dituzte bizkarrezurra manipulatzeko, eta Lopez-Gazpiok jakinarazi digunez, bibliografia zientifikoan dokumentatuta dago kiropraktikak albo-ondorio arriskutsuak izan ditzakeela (dislokazioak eta hausturak, besteak beste). Ondorio batzuetara iristen gara honekin. Ebidentzia zientifikoari eta frogei dagokienez, osteopatia eta kiropraktika ez dira eraginkorrak hezur eta muskuluetakoak ez diren eritasunak sendatzeko.

Medikuntza

Olga Peñagarikano, EHUko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Oxitozina faltak autismoan duen eragina ikertzen ari da. Maitasunaren hormona ere deitzen zaio eta modu naturalean sortzen dugu, erreprodukzioaren hainbat atalekin lotuta dago, gainera. Portaera sozialean ere badu eragina: “Orain arte egindako entsegu klinikoetan ikusi da autismoa duten pertsonen interakzio soziala hobetu egiten dela pazienteak oxitozinarekin tratatzean. Aldi berean, oxitozina sistemarekin lotutako urritasunek autismoaren garapenean zerikusia izan dezaketela ikusi da“, adierazi du Peñagarikanok.

Genetika

Dopinari buruzko artikulua dugu hau. Baina ziur hau ez dela hain ezaguna: dopin genetikoa. Fenomeno kezkagarria da hauxe, eta laborategian kirolariak nahi bezala moldatzeko ahalmena dauka. Teorian kirol-errendimenduarekin harremanetan dauden geneen kopia kopurua gehituta, haien espresio tasa ere handituko da. Aldaketa hauek kirolariaren fenotipoan eragin zuzena daukate, hau da, atleten erresistentziatik hasita indarra hobetzeraino ere hel gaitezke. Hori gutxi balitz, oso zaila da dopin genetikoak giza genoman eragindako moldaketa hauek detektatzea, konplexutasun handiko kontua baita artifiziala eta naturalaren arteko muga ezartzea. Oraindik ez da ezagutzen dopin genetikoa bere osotasunean detektatzeko teknika fidagarririk.

Antropologia

Meritamun, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakumearen erreplika egin dute. Nola? Bi mila urte baino gehiago dituen buruezur momifikatua hartu dute oinarrian, hiru dimentsiodun inpresioaren bitartez, eta horren gainean eskultore batek bere aurpegia berreraiki du. Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan agertu zen. Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky, Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma da eta gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzetan.

Biologia

Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Baina hiru espezierekin egindako esperimentuetan, ikusi da itsasoko urik edaten ez dutela. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik. Halere, zalantza bat argitzeko dago oraindik: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Artikulu honen egileek azaltzen dutenez, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea. Hortaz, bai edaten dute ura, baina ez ur gazia.

Neurozientzia

Clara Martin ikertzaileari elkarrizketa egin diote Berrian, hizkuntza bat edo beste aktibatzeko elebidunek erabiltzen duten sistemari buruzko ikerketaren harira. Jakina da elebidun baten bi hizkuntzak aktibatuta daudela burmuinean. Martinek azaltzen du sistema bat egon behar duela momentu bakoitzean zein hizkuntza erabili behar duen erabakitzeko. “Orain arte uste zen aukeraketa hori solaskidea entzun ondoren egiten zela, baina ikerketa honek agerian utzi du solaskideari entzun baino lehen aurreikus dezakeela zein hizkuntzatan hitz egingo dion, eta, beraz, dagokion hizkuntza aukeratu. Hala, hasierako komunikazio hori eraginkorragoa da”, argitzen du Martinek. Halaber, hizkuntzak eta aurpegiak lotura estua dute: “Elebidunek pertsona bat ezagutzen dutenean, pertsona horri hizkuntzari lotutako etiketa bat jartzen diote. Hala, burmuinean ezagutzen dituzten pertsona guztien aurpegiak dituzte, eta horrekin batera gordetzen dute haien hizkuntzari lotutako etiketa”.

Jon Andoni Duñabeitia, psikologian doktorea da eta orain ikertzen ari da hizkuntza bat edo bat baino gehiago jakiteak nola aldatzen duen gure garuna. Ikerketa lanean, hizkuntza baten ikasketa prozesua ere hartzen dute kontuan eta prozesu horiek helduen kasuarekin alderatzen dituzte: “Nagusi eta agureen kasuan ikusten dugu gauza asko galtzen joaten direla, horien artean hizkuntza. Aztertzen dugu hori markatzaile bat izan daitekeen alzheimerra edo neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuk garatzeko. Hau da, hizkuntzaren galerak baduen horretan zerikusirik edo hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantailak ematen dituen”, azaltzen du. Ikerketa-lanak elebidunen eta eleanitzen konparaketarako badu espazioa. Alde batetik, garuna fisikoki ezberdina den aztertu dute, eta bestetik joera konduktualak. Duñabeitiak gidatzen duen proiektuak bi eremu ditu beraz: alde batetik, Indian eta Txilen alfabetatu gabeko pertsonak aztertuko dituzte, eta, bestetik, Euskal Herrian alfabetatuak baina elebakarrak diren pertsonak (gaztelera bakarrik dakitenak). Denak dira helduak: Txile eta Indian 25-35 urte artekoak eta Euskal Herriaren kasuan 70 urtetik gorakoak. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu, ikerketa honen zertzeladak argiago ikusteko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #123 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #129

Sat, 2016/10/08 - 09:15

zeno-r25_hardware_art

Zelan justifikatu daiteke zientzian zenbakien erabilera, munduari buruz dugun pertzepzioa kualitatiboa bada? Jesús Zamorak lantzen du gaia: The rise and fall of the representational theory of measurement (2).

Korrika egitea osasuntsua da. Hori bai, edozein modutan korrika egitea ez da onuragarria. Daniel Morenok azaltzen du zergatia: The ape who learned to run (2): Run for your health but wisely.

Haur autistek euren arazoei irtenbide bat aurkitu diezaiokete gizaki itxura duten robotei esker. Jose Ramón Alonsok azaltzen digu: Robotic playmates.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #129 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Koldo Callado: “Urte gutxi barru, depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango da mundu osoan” #Zientzialari (58)

Fri, 2016/10/07 - 09:00

Munduko Osasun Erakundeak kaleratutako informazioari men eginez, urte batzuen buruan depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango dela ohartarazi digu Koldo Callado UPV/EHUko Farmakologiako irakasle eta ikertzaileak Zientzialariren atal honetan.

Zer dago, ordea, hain hedatua dagoen gaitz honen atzean? Zer da depresioa eta nola eragiten du gure garunean? Bere esanetan, populazioaren %15 inguruk bere bizitzan zehar depresioaren sintomaren bat pairatuko duela kontuan izanda, honen aurkako tratamendu eta farmakoak hobetzea izango da etorkizunera begirako erronka nagusia.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Koldo Callado: “Urte gutxi barru, depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango da mundu osoan” #Zientzialari (58) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Edaten ote dute itsas sugeek urik?

Thu, 2016/10/06 - 09:22
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Arazo osmotiko argia dute itsas sugeek, itsasoko ura haien barne-medioa baino kontzentrazio osmotiko altuagokoa baita. Itsas sugeak deshidratatzeko arriskuan daude, egon ere, urak gorputzetik kanpora irteteko joera duelako?

Itsas sugeak, kobrekin, manbekin eta suge koralekin batera, Elapidae familiako kideak dira. Hirurogei espezie dira, gutxi gorabehera, guztiak pozoitsuak. Jatorri lehortarra dute, baina gehienek itsasoan ematen dute bizi osoa edo ia osoa. Gehienak bizierruleak izanik, itsasoan erditzen dira, igeri egiten duten artean; gutxi batzuek, berriz, arrautzak erruten dituzte eta biziaren zati txiki bat lehorrean ematen dute.

 Wikipedia)
Irudia: Elapidae (grezieratik, ἔλλοψ éllops, “itsas arraina”) mundu osoko eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi diren suge pozoitsuen familia bat da. (Testua: Wikipedia)

Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Jakina, portaera horrek gatzak kanporatzeko sistema eraginkorra beharko luke eta, ondorioz, sugeen gatz-guruinek gatzak hartu eta jariatuko lituzketela uste zen. Hiru espezierekin egindako esperimentuetan, aldiz, itsasoko urik edaten ez dutela ondorioztatu ahal izan da. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik.

Itsas sugeen banatze geografikoa azaltzeko gakoak izan litezke esperimentu horien emaitzak. Gune (patch) mugatuetan banatzen dira itsas sugeak eta oso ugariak dira alde euritsuetan. Seguru asko, gainera, kostaldetik sortzen diren iturbegi edo korronteen ur geza baliatzen dute ura edateko, askoz ere itsas suge gehiago aurkitu baitaitezke horrelako ur gezaren emariak hurbil dauden aldeetan. Bestalde, pentsatzekoa da itsaso zabalean dauden sugeek euri-jasa handien ondoren geratzen den ur gezaren goiko geruza baliatzen dutela azpiko ur gaziarekin nahastu baino lehen.

Ondorio horien aurrean, hala ere, zalantza bat gelditzen da: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Bada, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.

Beraz, hasierako galderari eman behar zaion erantzuna baiezkoa da: bai edaten dute ura, baina ez ur gazia. Ez dakigu bestelako itsas narrastiek zer egiten duten; baliteke itsas sugeekin gertatzen den gauza bera gertatzea.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Edaten ote dute itsas sugeek urik? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Antzinako egiptoar bat, hezur-haragizkoa balitz bezala

Wed, 2016/10/05 - 09:00
Amaia Portugal Bi mila urte baino gehiago dituen burezur momifikatu baten erreplika egin dute hiru dimentsiodun inpresioaren bidez, eta haren gainean, bere aurpegia berreraiki du eskultore batek. Emaitza oso errealista da: Meritamun da, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakume gaztea.

Meritamun izena jarri diote, 18 eta 25 urte arteko emakumea zen, eta antzinako Egipton bizi izan zen, duela bi mila urte edo gehiago. Haren burezur momifikatua Melbourneko Unibertsitateko soto galdu batean egon da gordeta hamarnaka urtez. Orain, diziplina arteko elkarlan oparoaren ondoren, Meritamunen burua berreraiki dute, 3D inprimagailu bat baliatuta eta eskultore baten pazientzia handiari esker. Artikulu honi laguntzen dion argazkian dago emaitza.

Inork ez daki ziur zer dela-eta agertu zen Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan. Hala ere, litekeena da Frederic Wood Jones (1879-1954) izatea horren erantzule. Unibertsitateko Anatomia saileko buru izendatu zuten 1930ean, baina aurrez, arkeologia lanetan ibili izan zen Egipton. Kontuak kontu, burezurrak urteak eta urteak eman zituen soto hartan, inork haren berririk izan gabe. Baina aurkitutakoan, etekin ederra atera diote.

 Paul Burston)
1. irudia: Jennifer Mann artistak egin du Meritamunen eskultura. (Argazkia: Paul Burston)

Burezur momifikatua kaltetuta egongo ez ote zen kezkatuta, tomografia eskanerra egin zioten, bendak kendu beharrik gabe zer moduzko egoeran zegoen argitzeko. Ezustean, haren kontserbazioa aparta zela ikusi zuten, eta horixe izan zen gerora egin duten berreraikitzearen abiapuntua. “Konturatu ginen elkarlanean ikertzeko aukera bikaina zela, auzitegiko zientziaren zein irakaskuntzaren ikuspegitik”, azaldu du Ryan Jefferies unibertsitateko museo kontserbatzaileak.

Eskanerra Janet Davey Monash Unibertsitateko egiptologoak aztertu zuen gero, eta berak egiaztatu zuen antzinako Egiptoko gizabanako batena behar zuela izan burezur hark. Emakumea zela ere zehaztu zuen, bere aurpegiaren hezur egiturari erreparatuta: barailezur txikia, ahoaren gainalde estua, betzulo bereziki biribilak… Horiek izan zituen generoaren adierazle.

Benden lihoaren kalitate ona dela eta, Meritamunek goi mailako estatusa zuela dio Daveyk. Faraoien garai goiztiarrenekoa izan daitekeela ere uste du, eta ez du baztertzen bere datazioak k.a. 1500 urtera arte egitea atzera, baina erradiokarbonoaren proben emaitzen zain dago hori zehazteko. “Misterio handiak izaten dira beti argitzeke auzitegiko egiptologian, eta horregatik, oso garrantzitsua da aukera guztiak kontuan hartzea eta frogei atxikitzea”, esan du Daveyk.

 Paul Burston)
2. irudia: Burezurra emakume batena dela zehaztu du Janet Davey egiptologoak. (Argazkia: Paul Burston)

Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma argia da hori. Gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzatan. Biak ala biak izan daitezke Meritamunen heriotzaren eragile, edo heriotza erraztu dezaketen bi faktore, baina Gorskyk berak aitortu bezala, ezinezkoa da kausa erabat zehaztea burua bakarrik aztertuta.

Meritamuni buruz makina bat gauza jakin ahal izan dituzte ikertzaileek, haren burezur momifikatuari esker. Hala ere, haren burua berreraikitzea, horixe izan da elkarlan honen emaitzarik deigarriena. Horretarako, eskanerrean oinarrituta, burezurraren erreprodukzioa egin dute lehenik, 3D inprimagailu baten bitartez. 140 orduko inpresio lan zehatza izan da.

Plastinazio teknika ere baliatu zezaketen erreprodukzio hori egiteko, baina inprimagailuak badu abantaila handi bat: burezurraren erreplikaren nahi beste kopia egin ditzakete orain. Gavan Mitchell egiteko honen arduradunak azaldu bezala, “orain, patologia interesgarriak dituen edozer espezimenen nahi beste erreplika egin ditzakegu [3D inprimagailuaren bidez], ikasleek erabil ditzaten, jatorrizko espezimena bera ukitu ere egin gabe”.

Meritamunen buruaren berreraikitzea laburbiltzen duen bideoa

Hiru dimentsiotan inprimatutako burezur horretatik abiatuta, Meritamunen buruaren eskultura egitea izan da azken urratsa. Jennifer Mann artistak eta auzitegiko antropologian adituak egin du lan hori. Horretarako, gaur egungo egiptoarren batez besteko ezaugarri fisikoez eskuragarri dauden datu batzuk izan ditu oinarri, eta horiek lagundu diote aurpegiaren puntu gakoetan ehunaren lodierak zenbaterainokoak izan beharko liratekeen zehazten.

Jarraian, poliuretanozko erretxina eta pintura gehitu dizkiote eskulturari, eta ilea jartzea izan da azken urratsa. Ezin Meritamunen ilea nolakoa zen zehaztu, baina Lady Rai izenez ezaguna den Egiptoko emakume baten orrazkera baliatu dute eredu gisa. Lady Rai k.a. 1570-1530 urte artean bizi izan zen, bere gorputz momifikatua Kairoko Egiptoko Museoan dago, eta bere kontserbazio maila bikaina da. Horretan oinarrituta, txirikorda txikitan bilduta dagoen eta buruaren alde bietara erortzen den bilo luze eta iluna jarri diote Meritamuni. “Berreraikitzea egiteko, ebidentziari atxiki natzaio, eta sustengua duen metodologia bat baliatu dut. Oso aspalditik datorren pertsona baten aurpegia atera da horrela. Zoragarria da”, esan du Mannek.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Antzinako egiptoar bat, hezur-haragizkoa balitz bezala appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Superheroiak diseinatzen

Tue, 2016/10/04 - 09:40
Julen Diaz eta Adrian Odriozola Nola izango ote da etorkizuneko goi mailako kirola? Batzuen ustez, teknologiaren inbasioak alde batera utziko du ikusleen zirrara, baina beste batzuek jarraituko dute zenbait kirolaren arau zaharkituen bilakaeraren alde egiten. Dena dela, zentzuzkoa da kirolarien markak eta errekorrak denborarekin apurtuz joango direla pentsatzea.

Izan ere, urteetan zehar irabazitako ezagupenak, entrenamenduen diseinua, erabilitako materialaren kalitatea eta esfortzuaren etekina hobetzea eragiten du. Zoritxarrez, errekorrak apurtzeaz mintzatzen ari garenean beste osagai bat erantsi behar diogu saltsari: dopina.

cycling-655565_1280
1. irudia: Nazioarteko Olinpiar Batzordeak dopina deritzo, kirolari batek haren organismoak ez dituen substantziak hartzeari, edo legezko diren substantziak normala ez den moduan hartzea, lehiaketetan errendimendu fisikoa handitzeko.

Gauzak horrela, zaila da iragartzea denbora joan ahala zein izango den dopinak hartuko duen norabidea. Dopinaren Aurkako Mundu Agentziaren (DMA) lana azken urteotan zorrotza izan da, baina nekez saihets daiteke tranpa egiten dutenak pausu bat aurrerago daudelako irudikapena. Iraganari erreparatuta, ezinezkoa da dopina kirolarekin lotzen dituen soka korapilatsuak moztea. Periodikoki dopin-eskandalu berriak ikusten ditugu albistegietan, eta horien artean azkena da Errusiako estatuak sustatutako dopin programa konplexua.

Zerk bultza dezake kirolari profesional bat tranpa egitera? Galdera honen erantzunak asko dira. Alde batetik, goi mailako txapelketa batean irabazteak dakarren dirua eta ospea dago. Bestetik, irabazteko gogo bukaezinak arriskua beste era batean baloratzea dakar zenbaitetan. Horrez gain, kontuan izan behar da medioek edota jarraitzaileek sor dezaketen presioa ere. Dopinaren tentazioa indartsuago egiten duten faktoreen bukaeran, sustantzia dopatzaileen eskuragarritasuna aipatu behar da. Gaur egun, “klik” bat da interneten bitartez etxera EPO edo esteroideak heltzea eragozten duen oztopo bakarra.

Dudarik gabe dopinak agerian uzten du kirolaren aurpegirik zikinena, eta edonola ere, DMAa buru-belarri ibili da azken hamarkadan beste fenomeno kezkagarriago baten ikerketan. Fenomeno honi dopin genetikoa deritzo eta laborategian kirolariak nahi bezala moldatzeko ahalmena dauka, zientzia fikziozko pelikularik onenean bezala. Terapia genikoaren kumerik gaiztoena da eta ibilbide paraleloa daukate batak eta besteak, hots, baten arrakastak bestearen abagunea dakar.

Ildo horretatik, magia ilun honen ahalmena izugarrizkoa da, teorian kirol-errendimenduarekin harremanetan dauden geneen kopia kopurua gehituta, haien espresio tasa ere handituko da. Aldaketa hauek kirolariaren fenotipoan eragin zuzena daukate, hau da, atleten erresistentziatik hasita indarra hobetzeraino ere hel gaitezke. Hori gutxi balitz, oso zaila da dopin genetikoak giza genoman eragindako moldaketa hauek detektatzea, konplexutasun handiko kontua baita artifiziala eta naturalaren arteko muga ezartzea. Ondorioz, oraindik ez da ezagutzen dopin genetikoa bere osotasunean detektatzeko teknika fidagarririk.

swimming-78112_1280
2. irudia: 2016ko Rioko Joko Olinpikoek dopina izan dute protagonista ere. Izan ere, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) Errusiako Atletismo Federazioaren kontrako zigorra jarri zuen dopinarengatik eta Kirol Arbitrajeko Auzitegiak (TAS) mantendu zuen zigorra., Ondorioz, 27 espezialitate olinpikoko atleta errusiarrak Rioko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ziren.

Hala eta guztiz ere, dopin genetikoa, terapia genikoa bezala, arrisku ezezagunez betetako bidea da. Denontzat dira ezagunak esteroideak edo EPO hartzearen bigarren mailako ondorioak, baina dopin genetikoa fenomeno berria da. Egun, beldurgarria da dopin mota honek ekar ditzakeen ondorioak zehaztu ezin izatea. Ezin baitugu ahaztu terapia genikoko saio klinikoetan minbizi edota heriotza kasuak gertatu direla.

Uda honen hasieran, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak plazaratu zuen Rioko Joko Olinpikoetarako dopin genetikoa detektatzeko metodo bat. Esanak esan, azkenean ez dute metodo hau praktikan jarri, eta bere fidagarritasuna emendatu arte itxarongo dute Rioko odol laginak aztertzeko.

Laburbilduz, dopin genetikoa da kirolaren egungo mehatxurik handiena eta gizarte mailan sekulako iraultza eragingo duena. Tamalez, dopinaren bilakaera kirolaren bilakaeraren eskutik doa eta kasu honetan, dopin genetikoa kirolaren hurrengo geltokia dela dirudi. Ez da inola ere atsegina beti kirolariak zalantzan jartzea, baina zentzuzkoa da azken urteotan azaldu diren positibo kasu guztiak kontuan izanik.

Bukatzeko, hasierako galdera egingo dizuegu berriz: nola izango ote da etorkizunean goi mailako kirola? Zein izango da gure erreakzioa atleta batek Usain Bolten 9,58a apurtzen duenean? Esfortzutik eta norberaren talentutik lortutako arrakastan sinesten jarraitzea gustatuko litzaiguke, baina era berean jakinda dopin genetikoa errealitate bat dela. Laster superheroiak diseinatzeko gai izango gara errealitate honen eskutik. Une horretarako, gai izan beharko dugu txapelketetan artifizialaren eta naturalaren arteko oreka ezagutzeko.

Hori dela eta, Sport Genomics Ikerketa taldean dopin genetikoa detektatu ahal izateko metodo berri bat garatzen ari gara. Teorian metodo hau, DNA arrotza aurkitzeko gai izango da, zelula gutxi batzuetan baldin badago ere.

Kirola eta zientzia inoiz ez bezala aldatzen ari dira. Dopin genetikoaz gero eta gauza gehiago entzungo ditugu. Bitartean, gure ikerketa taldean ilusio eta pasioarekin ikertzen jarraituko dugu, hau bidaiaren hasiera besterik ez dela jakinda.

———————————————————————————-

Egileez: Julen Diaz bioteknologoa da eta UPV/EHUko Sport Genomics ikerketa-taldeko ikertzailea, eta Adrian Odriozola UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

———————————————————————————-

The post Superheroiak diseinatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu

Mon, 2016/10/03 - 09:00
UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan dezakete. Izan ere,  anbulantzietan desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Ondorioz, anbulantzietako kutsadura bakterianoa murrizteko, protokoloak osatu eta osasun pertsonala higieneaz kontzientziatu behar dela azpimarratu dute ikerketan. fire-department-1256591_1280
Irudia: Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura, AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitutakoa baino askoz ere txikiagoa izan da.

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu izan daitezke eta hauek gaixo edo osasun pertsonalari transmititu ahal zaizkien eritasunak sor edo garatu ditzakete. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Erizaintza, medikuntza eta biologiaren arloetako profesionalen talde batek, Guillermo Quindós mikrobiologiako katedradun eta ikertzaile nagusiak koordinatuta, zeharkako lan bat egin du anbulantzietan gertatzen diren mikrobio eta bakterioen kutsadura aztertzeko. Lehendabiziko aldia da gure herrian era honetako ikerketa lana egiten dela, oinarrizko bizi euskarriko ibilgailuen inguruan.

Laginak 2012ko uztailean jaso ziren Bilboko barrutian dabiltzan oinarrizko bizi euskarriko 17 anbulantzietatik 10etan.  Osasun ibilgailu hauek batez beste 225 esku hartze izan zituzten azterketa mikrobiologikoa egin aurreko 30 egunetan.

Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (nahiz eta ez da derrigorra), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. “Komenigarria da oso protokolo bat izatea, desinfektatzeko lana asko errazten duelako, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz jasota” adierazi du Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak.

Anbulantzia bakoitzean sei puntu aztertu ziren: bi gidatzeko kabinan eta lau gaixoentzako eremuan. Jasotako 60 laginen % 73an mikrobio gehiago antzeman ziren bolantean, pasaiariaren atearen barruko eskulekuan eta ohatilaren eskutokietan. Datu hauek ikusita, gerta daiteke kutsadura gurutzatua gertatzea gaixoaren eremuaren eta gidariaren kabinaren artean, ohitura ezegokien erruz, adibidez, eskularruak jantzita gidatzea, gaixoa artatu ostean, edo eskuak ez garbitzea. Guillermo Quindós ikertzaileak nabarmentzen du “osasungintzan lan egiten duten pertsonen artean eskasegia da eskuak garbitzeko ohitura eta beharrezkoa litzateke kontzientziatzea higiene neurri honek mikrobioen bidezko kutsadura ekiditeko duen garrantziaz jabetzearren”.

Lagin ezberdinak analizatu ostean, UPV/EHUko taldeak Staphylococcus aureus, estafilokoko koagulasa negatiboa eta bestelako koko Gram-positiboak, enterobakterioak eta beste bazilo Gram negatibo batzuk aurkitu zituen. Aurkitutakoek maila asaldagarririk ez duten arren, erne egon beharra dagoela adierazten dute, kutsatze gurutzatua egon baitaiteke ospitalearen barne eta kanpoko eremuen artean, anbulantzietan egiten diren garraioen bidez. Hala ere, esan beharra dago osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan zirela. Izan ere, bi anbulantziatan beste inon ez zen aurkitu Staphyloccocus aureus-en hiru kultibo, agente infekziosoak, oldarkorragoak, pertsona osasuntsuengan egon daitezkeen arren, ospitaleetan infekziorik eragin ditzaketenak, bereziki gaixoengan. Aitzitik, azterketak erakutsi du Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura askoz ere txikiagoa izan dela AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitu denarekin erkatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aketza Varona-Barquin, Sendoa Ballesteros-Peña, Sergio Lorrio-Palomin, Guillermo Ezpeleta, Verónica Zamanillo, Elena Eraso, Guillermo Quindós.. Detection and characterization of surface microbial contamination in emergency ambulances.. American Journal of Infection Control (2016). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.ajic.2016.05.024.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Anbulantziek infekzio arriskurik izan dezakete.

The post Anbulantziak mikroorganismoen sorburu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages