Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 33 min ago

Orratzik gabeko txertoaren bila

Wed, 2017/03/29 - 09:00
Amaia Portugal Injekzioak ordezkatuko lituzkeen balizko alternatiba ari dira garatzen Berkeleyko Unibertsitatean. MucoJet du izena, eta ahoan jartzeko gailu txikia da. Esprai baten moduan funtzionatuko luke: isuriaren presioari esker, txertoak ahoko ehunak zeharkatuko lituzke, eta erantzun immunea estimulatu. Untxiekin probatu dute, baina luze joko du gizakiengana iritsi arte.

Askok dugu gogoan txikitan, eskolara txertoa jartzera etortzen zitzaizkigunean, haurren artean sortzen zen aztoramena. Helduen artean ere, batzuek gaizki pasatzen dute oraindik, orratza ikusten duten bakoitzean. Bada, ondo bidean, hamar urteren buruan, litekeena da txertoak injekziorik gabe jartzeko aukera zabaltzea. Izan ere, ahoan sartzen den eta pilula baten tamaina duen gailu bat ari dira garatzen alternatiba moduan, Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB).

MucoJet izena jarri diote teknologia berri honi, eta esprai oso txiki baten modukoa da. Ahoan jarrita, eta dentistarenean baliatzen duten ur zorrotadaren pareko presio leunarekin, aski du masailaren barnealdea zeharkatu eta azpiko ehunetan dauden zeluletan txertoa sartzeko. Mukosen erantzun immunea aktibatuko luke horrek, eta askotariko infekzioei aurrea hartzen lagundu. Zerrien ehunekin zein untxiekin probatu dute dagoeneko, eta bost edo hamar urteren buruan gizakientzat ere bideragarria izatea espero dute ikertzaileek. Hala azaldu dute, Science Translational Medicine aldizkarian argitaratutako artikuluan.

1. irudia: Ahoan sartzen den gailu txikia da MucoJet) (Argazkia: Stephen McNally / UC Berkeley)

Ahoak zelula immune ugari ditu, baina bereizgarri bikain hori izan arren, nahi baino gutxiagotan erabiltzen da txertoetarako. Izan ere, ahoko mukosen geruza lodia zeharkatzea zaila da orain arte baliatu izan diren teknologiekin, eta txertoa ez da behar bezain eraginkorra, ondorioz. MucoJetek eragiten duen presio handiko isuriak, baina, badu geruza hori zeharkatzeko ahalmena, ikertzaileok diotenez. Hala, txertoak ahoko erantzun immunea estimulatzea lortzen du teknologia berri honekin, eta injekzioen beharrik gabe.

MucoJetek zilindro itxura du, hamabost milimetro luze da, eta zazpi milimetro zabal. Bi ataletan bereizita dago. Lehenak ura gordetzen du, eta bigarrenak bi biltegi txiki dauzka: txertoa dago batean, eta hauts egoeran dagoen azido zitrikoa eta sodio hidrogenokarbonatoa bestean. Mintz porotsu bat eta pistoi bat dago bi biltegion artean.

2. irudia: Ondo bidean, etorkizunean injekzioen alternatiba izan daiteke teknologia berri hau. (Argazkia: Stephen McNally / UC Berkeley)

MucoJet atzamar artean estutzen dugunean eta klik egitean duenean, bi atalek bat egiten dute. Hala, ura nahastu egiten da azido zitrikoarekin eta sodio hidrogenokarbonatoarekin, eta karbono dioxidoa sortzen da. Gas hori agertzearen ondorioz, bi biltegi txikien arteko mintza puskatzen da, pistoia bultzarazten du horrek, eta bigarren biltegian dagoen txertoa esprai moduan aterarazten du; ahoko mintzetan sartu eta mukosen geruza zeharkatzeko adinako presioarekin. “Presioak oso foku zehatza du, gailuaren diametroa oso txikia da, eta horregatik igaro dezake mukosen geruza”, gaineratu du Kiana Aranek, artikuluaren egile nagusiak.

Orain arte zerrien ehunekin eta bizirik dauden untxiekin egin dituzte azterketak ikerketa honetan, eta txerto gisa oboalbumina proteina (arrautzen zuringoan dago) erabilita. Emaitzen arabera, MucoJet baliatuta, tanta kontagailu soil batekin baino zazpi bider gehiago zeharkatzen du ahoko ehuna oboalbuminak, eta antigorputzek emandako erantzuna hiru aldiz handiagoa da. Bestalde, lan honetan ez dute injekzioaren eta MucoJeten eraginkortasuna alderatu, baina ikertzaileok esku artean dituzten datuek iradokitzen dutenez, gailu berriaren emaitza injekzioena bezain ona edo hobea izan daiteke, batez ere mukosetako patogenoei aurre egiteari buruz ari bagara.

Ikerketaren berri ematen duen bideoa, ingelesez.

MucoJet eramangarria dela ere azpimarratu dute, abantailen artean. Hau da, txertoak hauts egoeran gordetzeko aukera ematen duenez, teknologia honek aurrera egiten badu, lurralde isolatuenetara ere eraman ahal izango litzateke. Gainera, injekzioekin ez bezala, kasu honetan ez litzateke osasun arloko profesional batengana jo beharko txertoa jartzeko. Hain zuzen, MucoJeti piruleta forma emateko aukera ere aipatu dute ikertzaileok, haurrek masailaren barnealdeari atxiki diezaioten. “Ez lukete osasun etxera joan beharko txertoa jartzeko”, dio Aranek.

Hala ere, luze jo dezake ikerketa ildo honek. Benetako txertoekin eta animalia handiagoekin probak egitea da hurrengo urratsa, eta esan bezala, hamar urtez luza daiteke gizakienganako jauzia. Are gehiago, aditu batzuen arabera, erronka bereziki zaila da hori: untxien eta gizakion ahoko ehunak desberdinak dira oso, eta txertoentzat ahoko sistema immunologikoa baliatzeko orain arte egin diren saioak ez dira batere eraginkorrak izan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kiana Aran, Marc Chooljian, Jacobo Paredes, Mohammad Rafi, Kunwoo Lee, Allison Y. Kim, et al. An oral microjet vaccination system elicits antibody production in rabbits’. Science Translational Medicine. 08 Mar 2017: Vol. 9, Issue 380, eaaf6413. DOI:10.1126/scitranslmed.aaf6413

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Orratzik gabeko txertoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bakterioak, listua eta oxitozina ugari: zergatik gabiltza ba musuka?

Tue, 2017/03/28 - 09:00
Rocío Pérez Demagun taberna batean zaudela lagunekin, eta urrundik ikusten duzula lagun bat. Neska ala mutila, hori zure kontu. Elkarri begiratu eta une bat igaro ondoren, zuregana dator, tu pixka bat botatzen du bere eskura eta dastatzeko eskaintzen dizu. Nazkagarria ezta? “Horixe baietz” esango lukete gehienek.

Ba ez harrotu zeren horrelako zerbait egiten baitugu elkarri musua ematen diogunean. American Journal of Medicine aldizkariko artikuluan esaten da musu bat behar bezala ematen den bitartean, bikote batek besteak beste 0.9 ml ur eta 0.71 mg gantz trukatzen direla batez beste.

Era berean, 300 espezietako 10-1.000 miloi bakterio trukatzen dira. Organismo hauen %95ak ez du gure osasunaren aurka egiten, baldin eta gizaki horrek badauka immunitate-sistema bere onean. Haietako batzuk ordea arriskutsuak izan daitezke, eta talde horretan daude besteak beste arnas-sistemari eragiten dionak edo herpesa.

1. irudia: Oso eskuzabalak omen gara musua elkarri ematerakoan: besteak beste, 300 espezietako 10-1.000 milioi bakterio inguru trukatzen baitigu.

Hau da, objektiboki nazkagarria izateaz gain, arrisku bat ere badakarkio osasunari. Eta hala ere, oso atsegin zaigu ezta? Zergatik hori? Onuragarria ere izan beharko du nolabait, eta zientzia hamarkadetan ibili da musuak aztertzen, filematologia izeneko esparruaren barruan. Baina alde batera utzita tu kantitateak, konposatu organikoak eta bakterioak, zenbait erantzun aurkitu dira dagoeneko:

Instintiboak ala ikasiak ote dira musuak?

Barne senak bultzatzen gaitu musuak ematera, ala kanpotik geureganatzen dugu ohitura? Ez dakigu ba oraingoz erantzuna. Izan ere, ikerketa batek jakitera eman du munduko kulturen erdira ere ez direla iristen musu erromantikoak egiten dituztenak. Horrek esan nahi luke talde kontu bat dela musua; horretaz gain, ikusi izan da beste primate batzuek iskanbilak baretzeko erabiltzen dituztela musuak. Badakizu “egin maitasuna, ez gerra”.

Nondik sortu ote ziren musuak?

Esan bezala, musua ez da kultura guztietan erabiltzen, baina kultura gehienetan azaltzen da ordea antzerako portaera bat: aurpegiak hurbildu, eta maiz kontaktuan mantentzen dira luzaro. Hurbiltasuna, intimitatea, babesa eta maitasuna daude tartean. Nola sortu ziren horrelako jokaerak?

Agian janaria aho batetik bestera helarazteko ohituratik sortuko zen. Izan ere, hala egiten du amak, bere kumeak edoskitzaroari bukaera ematekotan dabiltzanean: janaria erdi murtxikatua ematen die, kumeek oraindik ez dauzkatelako hortzak behar bezain garatuak. Antzerako zerbait egiten diete espezie batzuetako arrek emeei, gorteiatzean.

Hala ere, ez dakigu oraindik benetako arrazoia

Nahiko izango ote litzateke atsegin zaigula esatea? Hori ez litzateke izango oso azalpen zientifikoa. Hona hemen ganora handiagoko azalpen bat: gure ezpainek nerbio-bukaera asko dituzte, eta musuan aktibatu egiten dira amaiera horiek. Horrek burmuinari eragiten dio eta hainbat substantzia sintetizatzen direlarik, ondo sentitzen gara eta hala jarraitu nahi dugu. Hauek dira substantziak:

  • Dopamina: heroinak eta kokainak estimulatzen dituzten zonalde berberak estimulatzen dituelarik, euforia eta adikzioa eragiten dizkigu.
  • Oxitozina: estimu eta atxikimendu sentipenak eragiten ditu, eta erditzean eta edoskitzaroan ere sintetizatzen da.
  • Serotonina: berdin sintetizatzen da musuan eta asaldaketa obsesibo-konpultsiboa pairatzen duten gizakiengan.

Ondorioz, euforia, estimua eta adikzioa sumatzen dira musuan.

Orduan zertarako balio du musuak?

Normalean gure gorputzak sentipen oneko saria ematen digu onuragarria den zerbait egiten dugunean. Adibidez, doministikuak arindua dakarkigu, milaka mikrobio kanpora bota ostean. Zentzuzkoa izango litzateke beraz musuan gertatzen diren hormona-dantza horiek onuragarriak izatea.

Argitu gabe dago oraindik kontua, baina Oxfordeko Unibertsitateko Rafael Wlodarskik ikertzaileak The Effects of Romantic Love on Mentalizing Abilities artikuluan aditzera eman zuen ugalketa-laguna aukeratzeko modu bat izan litezkeela musuak. Izan ere, hormonek eta beste osagai kimiko horiek guztiek indikatzaile modura joka dezakete, gu ohartzen ez bagara ere. Horrela, musu horien arabera joko lukete aurrera edo ez gizakiek ugalketa prozesuan.

Behin bikotea eginda, ikusi izan da musuek erlaxatu egiten dutela, eta ikerketa batek aditzera eman du asetasun-sentsazioa eragiten dutela musuek. Sexu-harremanak beraiek baino eraginkorragoak izaten dira horretan, eta gainera, behera jaitsiarazten dute estresa eta kolesterol maila.

—————————————————–

Egileaz: Rocío Pérez Benavente,  (@galatea128) El confidencialen dago kazetari.

—————————————————–

—————————————————–

Itzultzailea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–——–

The post Bakterioak, listua eta oxitozina ugari: zergatik gabiltza ba musuka? appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Euskokantauriar arroaren sorrera

Mon, 2017/03/27 - 15:00
Arturo Apraiz, Arantza Aranburu, Miren Mendia eta Arantxa Bodego Euskokantauriar arroaren sorrera Pangea superkontinentearen apurketarekin abiatzen da Paleozoikoaren bukaeran (270 Ma). Ondorengo 200 Ma-tan zehar arroaren garapena etengabea izan zen, baina ez konstantea. Estentsio-esfortzuen eraginaren arabera rifting prozesua azkartzen edo moteltzen zen. Aldaketa hauei esker, Euskokantauriar arroko bilakaeran, ondoren deskribatuko diren bi rifting-urrats nagusi eta beste bi urrats bereizten dira. 1. irudia: Geografiaren ikuspegitik, Euskokantauriar arroan sartzen dira Nafarroako iparraldea, EAE, Burgos eta Palentzia probintzietako iparraldea eta Kantabriaren zati handi bat. Geologiaren ikuspegitik, Pirinio mendikateko toles eta zamalkaduraren gerrikoari dagokio Euskokantauriar arroa. Triasikoko rifta (270-210 Ma)

Mantuko korronte astenosferikoen eraginez Pangea superkontinenteak estentsioaren eragina pairatu zuen, eta sakabanaketaren aurreko hausturak eta failak garatu ziren. Egoera honetan rift egiturak sortzen dira, bertan lehendabizi ibaietako metakinak (Buntsandstein faziesa) eta oso sakonera gutxiko (Muschelkalk faziesa) edo kostaldeko baldintzetan (Keuper faziesa) sortutako materialak metatu ziren. Gaur egun, fase honetan pilatutako arrokak Euskokantauriar arroaren ertzetan baino ez dira azaleratzen, Aiako Harriaren inguruan eta Kantabrian, asturiar Mazizoaren gainetik.

Rift-arteko urratsa (210-160 Ma)

Batez ere Jurasikoan zehar garatutako urrats honetan estentsioa moteldu egiten da, baina subsidentziaren eraginez arroaren bilakaerak aurrera darrai, nahiz eta sedimentazio-baldintzak konstante mantendu 50 Ma-tan. Itsasoak bereganatzen ditu sortutako rift-eremu hondoratuak, eta hasieran arro osoa sakonera oso txikiko karbonatozko arrapala bati dagokio, eta kostaldetik gertu pilatzen diren fazies-gerrikoak garatzen dira. Ondoren, sakonera zerbait handitu egiten da, arrapala hemipelagikoa garatuz eta belakiak edo zoophycus-ak dituzten kareharrien eta tupen arteko txandakatzea gertatzen da.

Gaur egun, urrats honetako azaleramendu nagusiak arroaren mendebaldean daude (Kantabrian eta Palentzia eta Burgos iparraldean). Hala ere, beste toki batzuetan ere azaleratzen da: Bortzirietako mendiguneko ertzetan, Tolosa eta Azkoitia artean, Aralarko mendilerroan, Urdaibaiko itsasadarrean eta Aulestin, eta Araban, Montoria edo Nograron.

Bizkaiko golkoko rifta (160-95 Ma)

Plaka tektonikoen zinematikaren berrantolaketa baten ondorioz, Iberiar plaka Eurasiar plakarekiko erloju-orratzen norabidearen aurka biratzen hasi zen, ondorioz, bi plakak elkarrengandik bereizi ziren estentsio-esfortzu nabarmenen eraginpean. Hauen eraginpean Bizkaiko Golkoa ireki zen, eta kontinente-lurrazalaren mehetze-prozesu baten bidez (hipermehetutako lurrazala), arroa, progresiboki, zabaldu eta sakondu egin zen.

Garai honetako Euskokantauriar arroaren paleogeografiak ondoko eskema erakusten du (2. irudia). Hegoaldean, Iberiako plakaren gainean, sedimentazio kontinentala zen nagusi (hareharri eta konglomeratuak; Conchas de Haro). Iparralderantz kontinente-plataforma zegoen, failek mugatutako altuguneetan eta sakonuneetan banatuta. Sakonera txikiko eremuetan sedimentazio karbonatatua zen nagusi (kareharri urgondarrak; Aralar, Anbotoko gailurreria, …) eta sakonuneetan sedimentazio detritikoa (lutita eta harearriak; Balmasedako delta). Iparralderago, arroko eremu sakonena aurkitzen zen eta estreinakoz flysch sekuentziak sortzeko beste sakonera lortu zen (Flysch Beltza). Iparralderago Landetako altugunea zegoen, orduan uraren gainetik aurkitzen zena.

2. irudia: Albiarrean kostaldeko sedimentuen, karbonatozko plataformen eta sakoneko sedimentuen kokapena erakusten duen eskema paleogeografikoa. Kontinente-ertz pasiboa (95-84 Ma)

Garai honetan estentsio-esfortzuak moteldu egiten dira, baina arroak inoiz izan duen zabalera eta sakonera handiena bereganatzen du, kontinente-litosfera hoztu ahala hondoratzen jarraitzen duelako. Euskokantauriar arroa ozeano bihurtzeko zorian aurkitu zen, baina ez zuen lortu, bertan inoiz ez zelako ozeano-gandorrik garatu, eta ondorioz, ozeano-lurrazal jarraiturik ez delako sekula sortu.

Baldintza hauetan, hegoaldeko kostaldea aurreko urratsean baino hegoalderago aurkitzen zen, kontinente-plataforma askoz zabalagoa zen (Sunbillako kareharriak) eta arroaren erdiko aldean, inoiz lortu izan diren eremu sakonenetan, flysch segidak metatzen ziren etengabe (Zumaia, Bidart edo Barrikako flyschak). Gainera, flysch segida horiekin tartekatuta mantuan jatorria duten arroka bolkanikoak ugari dira (Meñakotz, Astrabudua, Errigoiti, Eibar, Elgoibar,…), kontinente-lurrazala apurketatik gertu egon zela adieraziz.

Ondoren, plaken zinematika berriro berrantolatu egiten da eta Afrikako plakak Iberia Eurasiarantz bultzatzen du. Ondorioz, estentsioaren eraginpean zegoen Euskokantauriar arroa konpresioaren eraginpean gelditzen da, eta nahiz eta materialen metaketak aurrera jarraitu zuen, bilakaera geologikoaren fase berri bat abiatzen da, konpresio-fasea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa I: estentsioaren eraginpean.
  • Laburpena: Euskokantauriar arroaren eboluzioak oso iraupen luzea du. Goi Permiarrean hasi zen, eta azken prozesuak, Miozenoan gertatu ziren. 250 Ma inguru horietan zehar, aldaketa nabarmenak izan dira bai erregimen tektoniko nagusian (luzapena, konpresioa), bai plaken arteko muga aktiboarekiko distantzian (rifta, ertz pasiboa, ertz aktiboa), eta bai azpiko lurrazalaren izaeran (kontinentala eta hipermehetua). Euskokantauriar arroak, oro har, eboluzio-prozesu konplexua du, baldintza tektoniko nagusiei egokituz pixkanaka aldatu zena..
  • Egileak: Arturo Apraiz, Arantza Aranburu, Miren Mendia eta Arantxa Bodego.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-21
  • DOI: 10.1387/ekaia.14370

Esker onak

Egileok eskertu nahi dugu Sergio Roblesek erakutsitako prestutasuna Euskokantauriar arroari buruz dakiena gurekin partekatzeko.

—————————————————–
Egileez: Arturo Apraiz, UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da; Arantza Aranburu eta Miren Mendia Mineralogia eta Petrologia saileko irakasleak dira; Arantxa Bodego UPV/EHUko Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia saileko irakaslea eta ikertzailea da.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskokantauriar arroaren sorrera appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bakterioak, kobrezko piezak mekanizatzeko mikroerremintak

Mon, 2017/03/27 - 09:00
Zeri deritzogu mekanizatua? Mekanizatua da landugabeko pieza bat askotariko forma eta neurriko pieza bihur dezaken eragiketa multzoa. Industrian oso prozesu arrunta den arren, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaile talde batek aurrera pausu bat eman du honako arloan eta kobrezko piezak Acidithiobacillus Ferroóxidans bakterioaren bidez mekanizatzeko metodo bat patentatu du. Irudia: Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaileen talde batek, Acidithiobacillus Ferroóxidans bakterioaren bidez kobrezko piezak mekanizatzeko metodo bat patentatu du.

UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza eta Ingeniaritza Mekanikoa sailetako Luis Gurtubay, Norberto López de Lacalle, Ana Elías, Adrián Rodríguez eta Estibaliz Díaz-Tena ikertzaileek abian jarri zuten proiektu berritzaile bat: kobrezko piezak mekanizatzeko mikroorganismoak erabiltzea. Lehen ideia hark ondorio oparoak izan ditu, alde batetik, Estibaliz Díaz-Tena ikertzaileak bere nazioarteko tesia gauzatu izan du gaia jorratuz eta ‘Biomachining of oxygen-free copper: development of a continuous process for industrial application‘ doktorego-tesian plazaratu ditu emaitzak. Bestalde, ikerketa taldeak bakterioen erabilera patentatu dute kobrezko piezak mekanizatzeko.

Egun, Estibaliz Díaz-Tenak eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek lerroa garatzen jarraitzen dute prozesu tradizionalagoak erabiltzen dituzten industrietan biomekanizaturako prozedura berria ezartzeko. Izan ere, ezagutzen diren ohiko prozedurak ingurugiroarekin adeitsuak ez diren tratamenduak dira gehienetan eta mikroorganismoak erabiliz mekanizazioan sortzen den kutsadura saihestuko litzateke. Estibaliz Díaz-Tena ikertzailearen esanetan helburua bide berriak irekitzea litzateke bioteknologia ardatz bezala hartuta: “Bioteknologia erabili zaharkitutako gailu elektronikoak berreskuratzeko eta prozesu tradizionalek sortzen dituzten uraren eta lurzoruaren kutsadurari aurre egitea”. Bioteknologiak mikroorganismo aktiboak erabiltzen ditu ingurumen-kalteei aurre egiteko.

Bakterioak kobrezko piezak mekanizatzeko from UPV/EHU on Vimeo.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Bakterioen erabilera patentatu dute kobrezko piezak mekanizatzeko.

The post Bakterioak, kobrezko piezak mekanizatzeko mikroerremintak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #147

Sun, 2017/03/26 - 10:30
Uxue Razkin

Mikrobiologia

Antibioerresistenteak mundu mailako arazo bihurtu dira. Mundu mailan, urte bakoitzeko 700.000 lagun hiltzen direla kalkulatzen da. Alarma sortzen duen esaldia dugu jarraian, etorkizun ilunaz mintzo dena: 2050. urterako hildakoen kopurua urteko 10 milioikoa izatera pasa litekeela uste du Europako Batzordeak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak botiken aurrean erresistentzia duten bakterioen zerrenda argitaratu du, aurrenekoz, antibiotiko berrien garapena sustatuz. Ardura bereziko lehen maila horretan daude antibiotiko askoren aurreko erresistentzia garatu duten bakterioak. Jakina denez, lehen postuan, Acinetobacter baumannii bakterioa dago. Ospitaletan bereziki zabaltzen den patogenoa da. Zerrenda osoa artikulu honetan topatuko duzue, Juanma Gallegok ezagutzera ematen digun informazio osagarriaz gainera.

Medikuntza

Orain arte uste izan da minbiziak bi eragile nagusi zituela: norberak ekar lezakeen herentzia eta ingurumena. Baina 32 minbizi-motaren datu epidemiologikoak eta genomaren sekuentzia aztertuta, ikusi dute minbizien ia bi herenetan ematen diren mutazioak zelula osasuntsuetan DNA erreplikatzean gertatzen diren zorizko akatsak direla. Minbiziaren ikuspegi berri horrek minbiziari aurre egiteko estrategia aldatzea eskatuko du ezinbestean.

Neurozientzia

Burmuina ulertzeko hainbat gako plazaratu dituzte asteon Donostian izan den Garunaren Astean. Gazteentzako zein helduentzako hitzaldietan, arlo horretan izan diren azken aurrerapenak gizarteratzea izan dute helburu mintzatu diren ikertzaileek. Bertan parte hartu duten hiru aditurekin. Hizkuntza bat gardena edo opakua ote den desberdintzen dute adituek.  Adibidez, Jaione Arnaez BCBLko ikertzaileak azaltzen du: “Guretzat, hizkuntza gardenak idazten diren bezala irakurtzen direnak dira. Halakoak dira euskara eta gaztelera, esaterako”. Opakuen kasuan, ingelesa eta frantsesa aurkitzen ahal dira. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Kimika

Gantz azido asegabeak eta polifenolei heldu die artikulu honek. Azken hauek ahalmen antioxidatzaile handia dute eta horri esker, erradikal askeak neutralizatzeko gai dira. Gaitasun horrek balio du adibidez hanturak tratatzeko, minbiziaren gisako endekapenezko gaixotasunetarako, besteak beste. Aipaturiko gantzak aldiz oso garrantzitsuak dira gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan eta funtsezkoak dira odoleko triazilglizerol eta kolesterol mailak jaisteko. Ildo horretatik, ardo-ekoizpeneko hondakinen ustiapena aukera bikaina izan daiteke. Izan ere, bertan aurkitzen direlako aipaturiko kontzeptu biak (horien kontzentrazioa altua da). Testuan azaltzen den modua, lan horretan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa, ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko.

Biologia

1970ean Bergarako herriko denda bateko erakusleihoan tigre bat agertu zen. Taxidermia bat zen. Urte askotako ikerketari esker orain badakigu tigre hori zoologia bilduma bateko ale bat izan zela, Bergarako Errege Seminarioko historia naturaleko kabinetekoa, hain zuzen ere. Garai hartan tigrea ugaria zen oraindik, eta zoologia bildumetarako lor zitekeen. Harrapari handia eta ederra delako ere asko ehizatu izan da. Espeziea arriskuan dago orain. Bilduma zientifikoek funtzio desberdinak betetzen dituzte. Helburu zientifikoak lortzeko biltzen direnak hasieran, natura edota gizakia bera ikertzeko erabiliak dira. Museo honen kasuan, XIX. mende amaieran bilduma zoologiko handia sortu zen Errege Mintegian, munduko naturaren aniztasuna eta eboluzioaren teoria hobeto ulertzeko. Gaur egun funtzio historikoa betetzen du.

Mendigoizaleei buruz aritu dira Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia artikulu honetan, euren erresistentzia eta indarra nabarmenduz. Toki altuetan dagoen oxigeno-urritasuna da leku altu horietan bizitzeko edo ibili ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, gora goazen heinean oxigeno-gertutasuna jaitsi egiten delako. Hori garrantzitsua da arnasa hartzeko orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren mugimendua oxigeno-presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno-presioa 21,3 kPa-koa (160 mmHg-koa) da; hau da, atmosfera-presioaren % 21 gutxi gorabehera. Baina igotzerakoan, oxigeno-presioa atmosfera osoarenaren neurri berean jaisten da. Hori dela eta, 11,2 kPa-koa (84 mmHg-koa) da oxigeno-presioa 5.000 m-tan, oso balio baxua animalia gehienen odolera iragan ahal izateko, gizakiak barne. Bada, mendigoizale onenak zortzi mila metroko gailurretara iristen dira. Zazpi mila metrotik gora gizabanako arrunt batek ezin du arnasa hartu. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da.

Eboluzioa

Dinosauroen eboluzioari buruzko hipotesi berri bat proposatu dute. Orain arte, eta ia 130 urtez, bi talde handitan sailkatu dira dinosauroak: ornitiskioak eta sauriskioak. Lehenengoen ezaugarria da hegaztien erako pelbisa izatea. Sauriskioek, berriz, narrastien erako pelbisa dute. Orain, dinosauroen ezaugarri anatomikoen berrazterketa sakon bat egin dute ikertzaileek, 457 ezaugarri kontuan hartuta. Eta ondorioztatu dute teropodoak eta ornitiskioak talde berean elkartu behar liratekeela (Ornithoscelida taldean), 21 ezaugarri berdin baitituzte. Dinosauro guztien arbasoak nolakoak ziren ere iradokitzen du eredu berri honek.

400.000 urte inguruko garezur bat aurkitu dute Aroeirako haitzuloan (Portugal). Lisboako Unibertsitateko arkeologoek zuzendutako nazioarteko talde batek berreskuratu eta aztertu du garezurra. Taldeak adierazi dutenez, Europan mendebaldeen aurkitutako atxeliar kulturako fosil zaharrena da. Izan ere, garezurraren inguruan atxeliar kulturako harrizko tresnak eta animalia hezurrak aurkitu dituzte eta haietako batzuk erreta daude hortik ondorioztatu dute sua menderatzen zutela. Informazioa osorik Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Itsas ingeniaritza

Arraunaren eta zientziaren arteko uztarketa lanbide bilakatu du Jon Lasa ingeniariak. Branka Composites enpresa sortu zuen, neurketa zientifikoak bertan aplikatuz. Zientziak arraunean errendimendua hobetzeko aukera handia eskaintzen du, bere esanetan: “Ari gara arraun taldeekin kolaboratzen. Horietako batzuk, Oriokoa kasurako, aspaldi hasi ziren ikuspegi zientifikoa lantzen, baina beste asko horretatik oso urrun daude oraindik. Zientziak kalte egiten ez duen ustetik abiatuta, errendimendua hobetzeko aholkularitza eskaintzen dugu”.

Fisika

Mikrosegundo batean funtzionatzen duen ate logiko kuantiko sendo eta ultralasterra diseinatu dute UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko Gonzalo Mugak zuzendutako talde teorikoak eta AEBtako Colorado-Boulder Unibertsitateko talde esperimental batek. Helburua:  bi ioien bidez, ate logiko kuantiko sendo eta ultralaster bat diseinatzea, mikrosegundo batetik beherako tartean funtzionatzeko gai izango dena. Ate horiek bereziki baliagarriak dira baina oraindik urrats asko eman behar dituzte. Gai honen azalpenak artikuluan topatuko dituzue.

Geologia

EHUko kimikariek beachrockak aztertu dituzte, hondar zementatuzko formazioak. Garapen industrialaren inpaktuaren eta kostaldean izan duen eraginaren lekuko dira harri horiek. Normalean eremu tropikal eta subtropikaletan sortzen diren arren, Bizkaiko kostaldean ere badira halakoak. Aztertu dituzten beachrockak egitura berriak dira, eta giza jardueraren eragin handia jasan dute. Ikertzaileen arabera, “Antropozenoaren ebidentziatzat” har daitezke; izan ere, industria-iraultzaren garaiko galdaketa-zepak gordetzen dituztela ikusi dute.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #147 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #152

Sat, 2017/03/25 - 09:00

Sergio Laínez ikertzaileak berri on bat dakar gaixotasun arraro bat pairatzen duten gaixoentzat. Zehazki, giharren distrofia oinarrian duen Duchenneren distrofia muskularra dutenentzat. Izan ere, berri honek iraultza bioteknologiko bat eragin dezake: Melodrama with happy ending for Duchenne Muscular Dystrophy patients.

Zergatik onartzen dute emakumeek euren karrera profesionalean onurarik izango ez duen zeregina aurrera eramatea? Honako gauza bat ote da eurengandik espero dena? José Luis Ferreirak jarri du gaia mahaigainean: Women accept more requests for tasks with low promotability.

2015. urtean partikulu exotiko batzuk detektatu ziren: Weyl fermioiak. Egun, DIPCko ikertzaileek Wely kristal berriak proposatu dituzte fermioien ezaugarriak aztertzeko asmoz: How to study magnetic Weyl fermions experimentally.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #152 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Leire Arantzamendi: “Arrantzako produkzioa eta akuikulturakoa parekatuta daude mundu mailan” #Zientzialari (69)

Fri, 2017/03/24 - 09:00

Uretako organismoen hazkuntzari akuikultura deritzo. Duela hamarkada batzuk arrantza produkzioak goia jo zuenetik, gizakiaren kontsumo eskaria asebetetzeko jarduera alternatiboetara jotzea beharrezkoa izan da. Egoera honetan, akuikulturak berebiziko garrantzia hartu du eta itsasotik zuzenean lortutako produkzioaren parean jarri da.

Jarduera honen inguruan gehiago jakiteko, Leire Arantzamendi Azti ikerketa zentroko ikertzailearekin izan gara. Bere esanetan, hazkuntza baldintzak guztiz kontrolatzeko aukera ematen du akuikulturak. Horregatik, teknika honen bitartez hasitako kontsumorako produktuen kalitatea erabat bermatuta dagoela deritzo.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Leire Arantzamendi: “Arrantzako produkzioa eta akuikulturakoa parekatuta daude mundu mailan” #Zientzialari (69) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Itziar Laka: “Hizkuntza gure buruetan egiten den sorkuntza da”

Thu, 2017/03/23 - 15:00
Ziortza Guezuraga Komunikatzeko darabilgun tresna da hizkuntza, hitz egitean seinale gisa transmititu eta hartzen dena. Hizkuntza entzun eta ulertu egiten da. Informazio akustikoa litzateke hizkuntzaren garraiatzaile ahoz ahoko komunikazioan. Seinaleak ez du zertan oso konplexua izan, informazio asko kenduta ere uler baitaiteke. Esterako, informazio tonalarekin bakarrik (tonuarekin bakarrik) asma daiteke zer den transmititu nahi dena.

Hizkuntza ulertzeko, seinale akustikoaz gain, pista asko erabiltzen direlako da horrela. Itziar Lakak azaltzen duen moduan: “Hizkuntzaren seinaleak oso informazio gutxi garraiatzen du. Hizkuntza gure buruetan egiten den sorkuntza bat da”. Izan ere, seinale akustikoa oso probrea da eta errealitatetik bestelako zantzuak hartu behar dira esanahia osatzeko. Hala, bista ere erabiltzen da hizkuntza hartzeko. McGurk efektuak erakusten duenez, hizkuntza begietatik ere sartzen da.

McGurk efektua azaltzen duen bideoa (ingelesez).

Hitzez dago osatua hizkuntza, pertsona bakoitzak 70.000 hitz inguru ezagutzen dituelarik. Jaio baino lehen hasten  eskuratzen da hitza, Amaren sabelean: Amaren ahotsaren hitzak. Ama hizkuntza, beraz, amaren hizkuntza da.

Haurtzarotik helduarorako tartean amaren lehengo hitz horietaz gain, beste 70.000 hitz inguru ikasten ditugu. Matematikoki, egun bakoitzeko 8-10 hitz. Ez da horrela gertatzen, baina. Bi urterekin hitzak ikasteko gaitasunak gorakada izugarria du eta “hiztegiaren eztanda” izenarekin ezagutzen den fenomenoa gertatzen da, non hitzen gehiengoa ikasten den. Helduek ez dira gai horrelako ikasketa prozesua aurrera eramateko.

Hitza zer da, baina

Ibon Sarasolaren hiztegiak ematen duen definizioaren arabera “Hizkuntza batean berezko esanahia duen hots edo hots-multzo bakoitza” da hitza. Itziar Lakak, gainera, elefante hitzak eta inurri hitzak ezberdintzen ditu, non elefante hitzak hitz handiak diren (emakume, ikusi) eta inurri hitzak hitz txikiak diren (eta, du).

Hitzekin sintagmak sortzen dira, elefante hitzak eta inurri hitzak uztartzen. Hizkuntzaren arabera elefante hitzen eta inurri hitzen hurrenkera aldatzen da, hala, euskarak elefante-inurri-elefante-inurri moduko egitura du. Gaztelerak, adibidez, kontrako ordena du: inurri-elefante-inurri elefante.

Munduko hizkuntza guztiek dute honako egitura. Gutxi gorabehera hizkuntzen erdiek dute inurri-elefante-inurri-elefante egitura, kontrako egitura dutenak gutxi batzuk gehiago badira ere. Hitzen baturari esker zentzua duten perpausak osatzen dira eta, esan bezala, pertsona bakoitzak 70.000 hitz inguru baino ezagutzen ez baditu ere, sor daitezkeen perpaus kopurua infinitua da.

Itziar Lakak 2016ko ekainaren 23an Azkuna Zentroan eskainitako “Hitzaz” hitzaldian dago oinarrituta artikulua. Hitzaldi osoa:

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

———————————————————————–

The post Itziar Laka: “Hizkuntza gure buruetan egiten den sorkuntza da” appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mendigoizaleak

Thu, 2017/03/23 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Goi mendietako gailurretarantz abiatzen diren mendigoizaleen telebistako irudiek, edertasuna alde batera utzita, iruzur egiten dute nonbait. Ez dute mendigoizaleen sufrimendua erakusten. Irudiotan, zortzi mila metrotik gorako gailurretan ibiltzea ez dirudi hain zaila. Horregatik diogu iruzur moduko zerbait direla irudiok, errealitatea islatzen ez dutelako. 1. irudia: Alpinistek aldizkako hipoxia estimuluen eragina baliatzen dute altuerako egoera gogorrei aurre egiteko.

Toki altuetan dagoen oxigeno-urritasuna da leku altu horietan bizitzeko edo ibili ahal izateko dagoen arazoa edo oztopoa, gora goazen heinean oxigeno-gertutasuna jaitsi egiten delako. Oxigeno-urritasuna diogunean, hala ere, ez gara kontzentrazioaz ari, bai hemen, itsaso ondoan, eta bai Everesteko puntan % 21 baita oxigeno-kontzentrazioa airean. Goialde horietan aire gutxiago dago, horra koska; bolumen bera betetzen du dagoen aireak, baina aire gutxiago dago, ez baitago itsas mailan bezain konprimitua. Gertaera horren berri ematen digun adierazlea presioa da, atmosferaren presioa. Itsas mailan 101,325 kPa-eko (=760 mmHg-ko) presioa dago, baina altuerarekin jaitsi egiten da eta, esaterako, 5.000 metrotan 53,3 kPa-eraino (400 mmHg-raino) jaisten da. Ikuspuntu praktiko batetik, esan genezake 5.000 metrotan erdira jaisten dela dagoen airea eta, noski, dagoen oxigenoa ere.

Kontu horrek berebiziko garrantzia du arnasa hartzeko orduan, ingurumenetik odolerako oxigenoaren mugimendua oxigeno-presioaren menpekoa baita. Itsas mailan, oxigeno-presioa 21,3 kPa-koa (160 mmHg-koa) da; hau da, atmosfera-presioaren % 21 gutxi gorabehera. Baina igotzerakoan, oxigeno-presioa atmosfera osoarenaren neurri berean jaisten da. Hori dela eta, 11,2 kPa-koa (84 mmHg-koa) da oxigeno-presioa 5.000 m-tan, oso balio baxua animalia gehienen odolera iragan ahal izateko, gizakiak barne.

Bada, mendigoizale onenak zortzi mila metroko gailurretara iristen dira, nahiz altuera horietan oxigeno gutxiegi egon. Zazpi mila metrotik gora gizabanako arrunt batek ezin du arnasa hartu. Zazpi mila metrotik gora ibiltzea, ibili ahal izate soila, gizaki aukeratu batzuek egin dezaketen ahaleginik handiena da. Ia pentsaezina da zer ote den ibiltzeaz gain gora egitea, eta gora egiteaz gain, bizkarrean zama handia eramatea; irudika ezina da ahalegina. Kirolari apartak dira alpinistak, bai, zortzi mila metrotik gorako gailurretara iritsi diren horiek egiazko mugan baitaude, bizitzaren ertzean. Izan ere, gutxi batzuen pribilegioa da gailur altuenetaraino iristen diren mendigoizaleen indarra, erresistentzia, teknika, inteligentzia eta kemena batera izatea, horiexek baitira oxigeno-urritasunaren ondorioei aurre egiteko behar diren ezaugarriak.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Mendigoizaleak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ikusezinaren erresistentzia, egundoko kezka

Wed, 2017/03/22 - 09:00
Juanma Gallego Norberaren gustuak askotarikoak izanda ere, jende gehienak onartuko du antibioerresistentzia hitza ez dela batere polita. Ez dirudi, bada, poesia bat abiatzeko modukoa. Baina terminoaren atzean dagoen paisaia are itsusiagoa da. Antibiotikoen aurrean lasai asko mantentzen diren bakterioei esaten zaie antibioerresistente, eta mundu mailako arazoa bihurtu da egun.

Zifrek arazoaren tamainaren berri ematen dute. Antibioerresistentzia dela eta, mundu osoan urte bakoitzeko 700.000 lagun hiltzen direla kalkulatzen da, baina etorkizunari begira egiten diren aurreikuspenak ere ez dira poztasuna pizteko modukoak. Gaur egun dauden erresistentzia ratioak % 40 handitu litezkeela kontuan hartuz, 2050. urterako hildakoen kopurua urteko 10 milioikoa izatera pasa litekeela uste du Europako Batzordeak. Egun, Europako Batasunean urtero 25.000 lagun hiltzen dira antibioerresistentzia duten bakterioen ondorioz. Europako Batzordearen arabera, 2000 eta 2010. urteen artean antibiotikoen kontsumoak % 40 gora egin du.

Gaiaren inguruko arreta pizteko, OME Osasunaren Mundu Erakundeak botiken aurrean erresistentzia duten bakterioen zerrenda argitaratu du, aurrenekoz. Zerrenda horrekin antibiotiko berrien garapena bultzatu nahi du nazioarteko erakundeak.

1. irudia: Staphylococcus Aureus lehentasun altuko bakterioen artean kokatu dute. (Argazkia: CC BY-3.0 DiCYT/SINC agentzia)

Zortzi zientzialariez osatutako batzorde batek 70 adituren laguntza izan du aukeraketa egiteko, baina aurreiritzietan sustraitutako alborapenak ekiditeko, kolaboratzaile hauei patogenoen inguruko datuak baino ez dizkiete luzatu, bakterioen izenak aipatu gabe.

Horrela, adituek hamabi bakterio edo bakterio familia sailkatu dituzte otsailaren amaieran argitaratutako zerrendan. Klasifikazioa erraztu aldera, hiru mailatan banatu dituzte bakterioak: arrisku ertainekoak, arrisku handikoak eta, lehen postuan, “kritikotzat” jotzen direnak.

Ardura bereziko lehen maila horretan daude antibiotiko askoren aurreko erresistentzia garatu duten bakterioak. Bakterio gram negatiboak dira horiek, mikrobiologoen hizkeran. Biologoek gram positiboak eta negatiboak bereizten dituzte, tindaketa baten ostean mikroorganismoek hartzen duten kolorearen arabera. Bakterio gram negatiboek mintz zelular bikoitza dute eta, ondorioz, zailagoa izaten da horien barruan botikak sartzea.

Lehen postuan Acinetobacter baumannii bakterioa dago. Ospitaletan bereziki zabaltzen den patogenoa da, eta, bereziki, gaixotasun batek jota dauden lagunengan eragiten du. Bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, Pseudomonas aeruginosa bakterioa eta Enterobacteriaceae familia kokatu dituzte. Familia honetakoak dira, besteak beste, Escherichia coli ezaguna eta Klebsiella, Serratia eta Proteus bakterio generoak. Hauek ere infekzioak eragiten dituzte ospitaleetan, eta karbapenem motako antibiotikoekiko erresistentzia garatu dute.

Zerrenda osatzen duten beste bakterio ezagunak daude, hala nola Staphylococcus aureus (azalean eta odolean infekzioak eragiten ditu, eta pneumonia eragiteko gai da), elikadurari loturiko Salmonella (beherakoak eragiten dituena) edota Helicobacter pylori (urdailean ultzera eta minbizia eragin dezakeena).

OMEk nabarmendu duenez, tuberkulosia eragiten duen bakterioa (Mycobacterium tuberculosis) ez dute zerrendan sartu, horren inguruko beste programa bat martxan dagoelako. 2014ko datuei erreparatuz, urte horretan tuberkulosiak 9,6 milioi pertsona gaixotu zituen munduan, eta horietatik 1,5 milioi lagunek bizitza galdu zuten. Orotara, urte horretan erresistentzia garatu zuten 480.000 kasu atzeman ziren munduan.

Merkatu falta

OMEko Osasun Sistemak eta Berrikuntza Saileko zuzendari Marie-Paule Kieny doktorearen hitzetan, “dauden aukera terapeutikoak agortzen ari gara. Botika hauen garapena merkatuaren indarren esku soiletan utziz gero, urgentzia gehienarekin beharrezkoak ditugun   antibiotikoak ez dira garaiz helduko”.

Kienyren arabera, “denbora tarte laburrez erabili ohi diren botikak dira antibiotikoak”, eta, horregatik, botiken negozioan aritzen diren enpresek nahiago dute jotzea epe luzeetan erabiltzen diren botiketara: adibidez, gaixotasun kronikoetan erabiltzen direnak. “Hauetan, inbertsioaren itzulera askoz handiagoa da”, ohartarazi du adituak OMEk zabaldutako ohar batean.

2. irudia: Botika hauen garapena merkatuaren esku utziz gero, antibiotikoak “ez dira garaiz helduko”. (Argazkia: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Mikel Arrazola)

Bestetik, eta askotan ahazten bada ere, fenomeno ebolutibo naturala dago arazoaren muinean. Infekzio bat antibiotiko baten bitartez kontrolatu nahi denean, botika horren aurrean ahulagoak diren mikroorganismoak hilko dira, baina nolabaiteko erresistentziarako joera dutenak bizirik mantenduko dira, eta hurrengo belaunaldietako bakterioek ezaugarri horiek jasoko dituzte.

Horregatik, premiazkoa da dosi zehatza ondo kalkulatzea. Beharrezkoa den baino antibiotiko gehiago kontsumituz gero, patogenoek botikari aurre egiteko aukera gehiago garatuko dute. Baina kontrako arazoa ere badago: dosi baxuegia jasotzea, hain zuzen. OMEk berak onartu duenez, zenbait herrialdetan kalitate baxuko botiken erabilerak arazoa areagotu dezake, beharrezkoa den baino dosi gutxiago duen tratamendu batek antzeko erresistentzia eragingo duelako mikroorganismoetan.

Abereak, jomugan

Abereengan egiten den erabilera okerra ere salatu du, behin baino gehiagotan, OMEk. Izan ere, gaur egun abeltzaintza da antibiotiko gehien kontsumitzen duen sektorea. Ameriketako Estatu Batuetan, esaterako, antibiotikoen % 80 doa abeletxeetako animaliengana, haien hazkuntza sustatzeko eta gaixotasunen agerpena ekiditeko. Abereei lotutako botiken kontsumo hori, gainera, gorantz joango omen da mundu osoan. 2030 urterako % 67 handituko dela aurreikusten dute adituek.

Hortaz, erraza da gizakiengana igarotzea, eta munduan zehar barreiatzea. Horren adibide dugu azken urteotan E. coli bakteriari lotutako mcr-1 izeneko genearekin gertatutakoa. Kolistina antibiotikoaren aurrean erresistentzia ahalbidetzen duen gene hau 2015ean topatu zuten, aurrenekoz, Txinan hazitako txerriengan, baina aurten Los Angelesen (AEB) azaldu da, antibiotikoen tratamenduari erantzuten ez zion pertsona batengan.

Ideia berriak zabaltzeko eta arazoei irtenbide komunak bilatzeko hauspoa izan daiteke globalizazioa, baina -eta beraiek ohartu ez badira ere-, patogenoak globalizazio horri etekina ateratzeko prest daude ere.

Zerrenda osoa:

Lehentasun “kritikoa”

  • Acinetobacter baumannii
  • Pseudomonas aeruginosas
  • Enterobacteriaceae familia

Lehentasun “altua”

  • Enterococcus faecium
  • Staphylococcus aureus
  • Helicobacter pylori
  • Campylobacter generoa
  • Salmonellae generoa
  • Neisseria gonorrhoeae

Lehentasun “ertaina”

  • Streptococcus pneumoniae
  • Haemophilus influenzae
  • Shigella generoa

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ikusezinaren erresistentzia, egundoko kezka appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Tigre bat denda batean. Historia naturaleko bildumen nondik norakoak

Tue, 2017/03/21 - 09:00
Bergarako Laboratorium Museoa 1970eko hamarkadan bergarar asko harrituta gelditu ziren herriko denda bateko erakusleihoan tigre bat ikusi zutenean. Taxidermia bat zen, animalia ez zegoen bizirik. Baina egia esan, oso ondo konbinatzen zuen bertako arropekin. Eta harrigarria zen tigre bat han ikustea. Dena den, herritarrek orduan jakin ez arren, ale hori ez zen ehizatu Asian, Bergarako arropa denda bat apaintzeko. Ale hori, bilduma zientifiko bat osatzeko ehizatu zen, ehun urte lehenago gainera.

Urte askotako ikerketari esker orain badakigu tigre hori zoologia bilduma bateko ale bat izan zela, Bergarako Errege Seminarioko historia naturaleko kabinetekoa, hain zuzen ere. Gaur egun, Laboratorium museoko bildumako ale bat da, Z-0358 inbentario zenbakia duena, eta 6/6.02/FELIDAE/006 katalogo zenbakiduna. Badakigu XIX. mendekoa dela, azken laurdenekoa.

Garai hartan tigrea ugaria zen oraindik, eta zoologia bildumetarako lor zitekeen. Asiako hego ekialdeko oihan tropikaletatik eta ipar ekialdeko konifera basoetatik Anatoliaraino eta Ukrainaraino aurkitzen zen (bai, Europako ekialdeko mugetaraino!). Ugaztun handien harraparia da tigrea. Gizakiarentzat arriskutsua izan daitekeelako, harrapari handia eta ederra delako ere, ehizatu izan da; eta espeziearen populazioak eusteko egokiak diren kalitatezko habitatak ere asko murriztu dira. Ondorioz, espeziea arriskuan dago. Gure alera itzulita, ongi ikertu eta dokumentatu ondoren, 1997 urtean zaharberritu genuen eta gaur egun kontu handiz kontserbatzen dugu museoan, oraindik ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituelako.

1. irudia: Tigrearen irudia aurrez aurre. Seminarioko argazki zaharra. (Argazkia: Bergarako Laboratorium Museoa)

Zeintzuk dira ba horrelako ale baten funtzioak? Bilduma zientifikoek funtzio desberdinak betetzen dituzte, eta sarritan funtzioa beraien “adinarekin” aldatzen joaten da. Hori gertatu zaio gure tigreari ere. Bilduma zientifikoak objektuen multzo sistematikoak izaten dira, helburu zientifikoak lortzeko biltzen direnak hasieran, natura edota gizakia bera ikertzeko erabiliak. Gure kasuan, XIX. mende amaieran bilduma zoologiko handia sortu zen Errege Mintegian, munduko naturaren aniztasuna eta eboluzioaren teoria hobeto ulertzeko (eta, posible izango balitz, ezeztatzeko). Helburu horrekin, ale asko erosi ziren Parisen, tartean Z-0358 tigrea.

Natura ulertzeko saiakera hura amaitu zen aspaldi, baina gaur egun funtzio historiko garrantzitsua betetzen du. Gure iragana nolakoa izan zen eta gaur egunera nola iritsi garen erakusten laguntzen digu, Darwinismoaren inguruan izan genituen zalantzen lekukoa da. Kultur ondarearen osagaia bihurtu da.

Ez da hor amaitzen ale honen balioa. Museoko ale original guztiak bezala, errealitate zati bat da, errealitate ukaezina, eta horrek jarduera didaktikoetarako balio izugarria ematen dio. Laboratorium museoan zientzia zaletasuna sortzeko (harrobia egiteko) erabiltzen ditugu honelako aleak alde batetik; eta bestetik, zientziak eta berrikuntzak iraganean, gaur egun eta etorkizunean izan duen / izango duen garrantziaren inguruko hausnarketa sustatzeko ere erabiltzen ditugu. Objektu originalek historia eta istorio asko kontatzeko aukera ematen dute, izan ere, oso sinesgarriak dira.

2. irudia: Z-0358 Panthera tigris, Laboratorium museoa, zoologia bilduma. (Argazkia: Bergarako Laboratorium Museoa)

Zientziaz ari garenez, ez dugu inoiz ahaztu behar ale zaharrek aukera berriak gordetzen dituztela ziur. Zoologia eta botanika bildumen kasuan, esate baterako, gero eta nabariagoa da zein garrantzia duen iraganeko eta gaurko materiala gordetzea, kontserbazioaren biologian erabili ahal izateko: kutsaduraren metaketaren erregistro bihurtzen dira; informazio genetikoa eskuratzeko balio dute…

Erakusleihoko tigrearekin hasitako historia honekin amaitzeko, gaurko objektu zientifikoen inguruko azken hausnarketa bat planteatuko dugu. Esan dugu objektu hauek ikerketarako tresna izaten direla hasieran. Ondoren froga izatera pasatzen dira, ikertzaileak berak edo beste batek momenturen batean ideia zientifiko bat egiaztatzeko edota berraztertzeko dauzkagun frogak (hori oso garrantzitsua da zientzian). Denborarekin kultur ondarearen osagai bihurtu daitezke. Eta hori dena horrela izanda, gaur egun zientzia egiten duten erakundeek zer gordetzen dute? Ba al dago eguneroko ikerketen ondorioz sortutako material zientifikoen inguruko bilduma politikarik? XXI. mende amaieran izango al dugu mende hasierako alerik, gaurko zientzialarien ahaleginen eta gaurko errealitatearen lekukorik?

—————————————————–

Egileez:  Bergarako Laboratorium Museoko talde teknikoa.

Errekalde Jauregia, Juan Irazabal pasealekua, 1. 20570 Bergara

Harremanetarako: 943 769 003 eta laboratorium@bergara.eus

—————————————————–

The post Tigre bat denda batean. Historia naturaleko bildumen nondik norakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ardo hondakinak, hondar probetxugarriak

Mon, 2017/03/20 - 15:00
Oier Aizpurua-Olaizola, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga Bukatu zen bi gauza batera emakumeek soilik egin zitzaketen garaia. Gaur egun tximistaren abiaduran bizi gara gehientsuonok, ia geure itzalak aurreratuko gaituen beldurrez, eta noski, gorputzari aireaz gain zerbait eman behar diogula zeharo ahaztuta. Ondorioz, janari lasterrak eta industrian prozesatutako elikagaiak gure eguneroko ogi bilakatu dira, baita horiek duten balio nutrizionalaren galera konpentsatzeko gehigarrien beharra ere. Gehigarri horien artean gantz azido asegabeak eta polifenolak aipatu nahi ditugu.

Polifenolek ahalmen antioxidatzaile handia dute; horri esker erradikal askeak neutralizatzeko gai dira, arrisku txikiagoko konposatuak emanez. Gaitasun hori dela eta, egokiak dira hainbat aplikaziotarako, hala nola hanturak tratatzeko, minbiziaren gisako endekapenezko gaixotasunetarako edo kosmetikan zahartzearen aurkako tratamenduetarako. Bestalde, nootropiko bezala zerrendatuak daude, garunean oroimena, arreta eta motibazioa gisako funtzioak bultzatzen laguntzen baitute. Gantz azido asegabeak aldiz oso garrantzitsuak dira gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan eta funtsezkoak dira odoleko triazilglizerol eta kolesterol mailak jaisteko eta ondorioz minbizien prebentziorako.

Irudia: Janari lasterraren eta industrialki prozesatutako janariaren aroan bizi gara.  Jaki hauek ekarri duten galera nutrizionala konpentsatzeko gehigarrien beharra geroz eta handiagoa da. Gehigarri horien artean ditugu: omega 3 gisako gantz azido asegabeak eta eragin antioxidatzailea duten polifenolak. Ardo hondakinak gehigarri hauen iturri izan daitezke, bertan aurki daiteken gantz azido asegabeen eta polifenolen kontzentrazioa oso altua baita.

Agroindustriako hondakinen inguruko interesa haziz joan da azken urteetan, balio erantsi handiko albo produktuen iturri garrantzitsu izan baitaitezke. Ildo horretatik, ardo-ekoizpeneko hondakinen ustiapena aukera bikaina izan daiteke. Izan ere, bertan aurkitzen diren gantz azido asegabeen eta polifenolen kontzentrazioa altua izateaz gain, sortzen den hondakin kopurua izugarria da baina ustiapena, berriz, mugatua.

Konposatu bioaktiboak erauzterako eta jakiak prozesatzeko orduan aukerarik egokienetako bat da jariakin gainkritikoen bidezko erauzketa. Teknika hau jariakin gainkritikoen ezaugarrietan oinarritzen da. Gas bat presio eta tenperatura kritikotik harago jartzen denean egoera gainkritiko batera iritsi daiteke, eta hala, likidoen eta gasen arteko ezaugarriak hartzen ditu. Likidoen antzeko dentsitatea dute eta hargatik disolbatzaile onak dira; bestalde, gasen likatasuna eta mugikortasuna dutenez, material solidoaren poroetara hobeto heltzen dira eta erauzketak azkarrago lortzen dira. Erauzketak egiteko karbono dioxidoa erabiltzea da ohikoena, nahiz eta apolarra izan, etanola edo metanolaren gisako albo disolbatzaile polar bat gehitu dakioke, eta horrela, modu horretan lortzen da polartasun ezberdineko konposatuak elkarrengandik bereizita erauztea, lehenik apolarrak CO2 soilik erabiliz eta ostean polarrak albo-disolbatzailea gehituz.

Ildo horretatik, lan honetan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa, ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko. Ondorioz, lortu da lehen urratsean gantz azidoak soilik eta bigarren urratsean polifenolak soilik erauztea.

Zoritxarrez, polifenolak erraz degrada daitezke argiaren, tenperaturaren, oxigenoaren eta entzimen aktibitateen ondorioz. Bestalde, sarritan ez dira oso bioeskuragarriak. Ondorioz, interesgarria izan daiteke konposatu hauek mikrokapsularatzea.

Lan honetan, zurrusta-bibrazio bidezko mikrokapsularatzea erabili da kaltzio-alginatozko eta kaltzio-alginato-kitosanozko tamaina ezberdinetako polifenolen mikrokapsulak eratzeko. Prozesu horretan eragina duten aldagaiak optimizatu, kapsulak sortu eta haien egonkortasuna aztertu da 6 hilabetetan zehar hainbat kontserbazio-baldintzatan (4°C-ra ilunpean eta giro-tenperaturan ilunpean eta argipean). Modu honetan, ikusi da kapsulatutako polifenolen egonkortasuna baldintza guztietan kapsulatu gabeena baino askoz ere handiagoa dela. Kitosanoa gehigarri gisa erabiltzeak egonkortasuna are gehiago hobetzen duela ikusi da.

Laburbilduz, lan honen bidez ardo hondakinetatik bi produktu interesgarri erdietsi direla esan daiteke: batetik gantz azido asegabeetan oso aberatsa den erauzkina eta bestetik egonkortasun handiko polifenol-mikrokapsulak. Modu honetan ardo hondakinen balioa handitzea lor daiteke, eta Euskal Herrian sortzen den bolumena zenbatekoa den kontuan hartuz, litekeena da bera izatea etorkizun hurbileko aukera. Arrazoia izango du azkenean hondakinak txerrikeria bat direla dioenak, kasu honetan ere, txerriarenean bezala, dena baita erabilgarria.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 29
  • Artikuluaren izena: Mahatsak txerritzen.
  • Laburpena: Lan honetan, optimizatu egin da bi urratseko jariakin gainkritikoaren bidezko erauzketa (SFE Supercritical Fluid Extraction), ardo hondakinetatik konposatu bioaktiboak lortzeko. Ondorioz, lortu da lehen urratsean gantz azidoak soilik eta bigarren urratsean polifenolak soilik erauztea. Polifenolek egonkortasun eskasa dute ordea. Hori dela eta, zurrusta-bibrazio bidezko mikrokapsularatzea (VNM Vibration Nozzle Microencapsulation) erabili da 150 eta 300 μm-ko zurrustekin kaltzio-alginatozko eta kaltzio-alginato kitosanozko tamaina ezberdinetako polifenolen mikrokapsulak eratzeko. Prozesu horretan eragina duten aldagaiak optimizatu, kapsulak sortu eta haien egonkortasuna aztertu da 6 hilabetetan zehar hainbat kontserbazio-baldintzatan (4°C-ra ilunpean eta giro-tenperaturan ilunpean eta argipean). Ondorioz, ikusi da kapsulatutako polifenolen egonkortasuna baldintza guztietan kapsulatu gabeena baino askoz ere handiagoa dela.
  • Egileak: Oier Aizpurua-Olaizola, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 61-72
  • DOI: 10.1387/ekaia.14524

—————————————————–
Egileez: Oier Aizpurua-Olaizola, Asier Vallejo, Maitane Olivares, Patricia Navarro, Nestor Etxebarria eta Aresatz Usobiaga UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko ikertzaileak dira.
—————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ardo hondakinak, hondar probetxugarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ate logiko kuantiko ultralasterra

Mon, 2017/03/20 - 09:00
Mikrosegundo batean funtzionatzen duen ate logiko kuantiko sendo eta ultralasterra diseinatu dute UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko Gonzalo Mugak zuzendutako talde teorikoak eta AEBtako Colorado-Boulder Unibertsitateko talde esperimental batek. Lan honen helburua izan da, bi ioien bidez, ate logiko kuantiko sendo eta ultralaster bat diseinatzea, mikrosegundo batetik beherako tartean funtzionatzeko gai izango dena. Azterlana otsailean argitaratu zen Physical Review A aldizkarian. Irudia: UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko Gonzalo Mugak zuzendutako talde teorikoak, David Wineland Nobel sariduna buru duen Boulder taldearekin batera, mikrosegundo batean funtzionatzen duen ate logiko kuantiko sendo eta ultralasterra diseinatu du.

Ikerketa teoriko honek esploratzen du egungo oztopo teknologikoetatik harantzago lor litekeena ondorengo lan esperimentala gidatzeko. Ate logikoak dira, bit kuantikoekin (qubit) batera (0/1 bitaren bertsio kuantikoa), blokeen joko batean bezala ordenagailu kuantiko bat eraikitzeko oinarrizko elementuak. Garrantzitsua da ultralasterrak izatea, ez soilik kalkuluak bizkortzeko, baizik eta ingurumen zarataren ondoriozko elkarreragin kaltegarriak minimizatzeko ere.

80ko hamarkadaren hasiera aldean, Richard Feynmanek proposatu zuen natura simulatzea, simulagailu baten bidez (sistema analogo baten bidez) sistema fisikoen portaera erreproduzituta; kasu honetan, zeregin batzuetan behinik behin ordenagailu arruntak gaindituko zituzten “ordenagailu kuantikoen” bitartez, propietate kuantikoak ustiatuta, zenbait bide aldi berean ustiatzeko aukeratzat. Hogeita hamar urte baino gehiago igaro ondoren, oraindik ere zaila da amets hori gauzatzea. Izan ere, atomoen portaera baliagarri “kuantikoa” oso ahula da eta erraz desagertzen da kontrol sistemen zarataren eta ausazko elkarreraginen ondorioz. Dena dela ere, aurrera egin da zenbait bide edo “arkitekturatan”. Horien asmoa da zenbait sistema fisiko kontrolatzea behar bezala porta daitezen. Arkitektura aurreratuenetako batek ioi harrapatuak erabiltzen ditu. Horiek doitasun handiaz isolatu eta manipula daitezke laser eta elektrodoen bidez, qubitak eta ate kuantikoak egiteko. Qubiten ateak (esaterako, lanean aztertutakoa) erabilgarriak izan daitezke teknologia kuantikoaren beste aplikazio batzuetarako (adibidez, komunikazio seguruetarako). Hortaz, ate bereziki baliagarriak dira; baina, horiek diseinatu eta fabrikatzea sekulako aupada da. Doitasun eta abiadura handia lortzea berebiziko arazoa da etorkizunean kalkulu konplexuak egiteko.

Gonzalo Mugaren esanetan, lan hau “beste urrats bat da, oraindik eman behar diren askoren artean” ordenagailu kuantiko bat lortzeko, ohikoa baino ordenagailu “askoz sendoagoa”, “ohiko ordenagailu batek egin ezin dituen hain kalkulu konplexuak egiteko gauza izango dena”.

Erreferentzia bibliografikoa:

M. Palmero, S. Mart´ınez-Garaot, D. Leibfried, D. J. Wineland, and J. G. Muga. Fast phase gates with trapped ions. PHYSICAL REVIEW A 95, 022328 (2017). DOI: 10.1103/PhysRevA.95.022328.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Mikrosegundo batean funtzionatzen duen ate logiko kuantiko sendo eta ultralasterra diseinatu dute.

The post Ate logiko kuantiko ultralasterra appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #146

Sun, 2017/03/19 - 09:00
Uxue Razkin

Biologia

Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Horregatik normala da batzuetan haurdun daudenak arnasaldi sakonak egitea. Gainera, umekiak jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak. Ez da inolaz ere kontu erraza. Umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Irakur ezazue artikulua osorik, ez zarete damutuko.

Emakumeak zientzian

Salernoko Trotula izan dugu protagonista aste honetan. 1190.urtean jaio zela diote adituek eta Erdi Aroko Salernoko Medikuntza Eskola laikoan ikasi eta ondoren, irakatsi zuen lehen medikua izan zen. Obstetrizian eta ginekologian aditu zen eta garaiko emakumeei laguntzen zien, eurek sufritzen zituzten minak arintzen eta gaixotasunak sendatzen. Adibidez, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzerakoan mina kentzeko, praktika hau legez kanpokoa bazen ere. Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen garai hartan.

Bioteknologia

Film bat DNA bihurtu dute. Bai, esaldi hori nahiko harrigarria da; Elhuyarrek azaltzen digu kontua. Lumière anaien L’arrivée d’un train à La Ciotat filma (1895) izan da Columbia Unibertsitateko bi zientzialarik hartu dutela ikerketa gauzatzeko. Hori gauzatzeko, kode bitarrean 0 eta 1en bidez adierazitako informazioa DNAren base nitrogenatuetara (A, C, G, T) itzultzen duen algoritmo bat sortu dute. garatutako metodoa erabat fidagarria da eta orain artekoek baino informazio gehiago gordetzeko aukera ematen du.

Geologia

Lau mila eta berrehun milioi urtetik gorako lurrazalaren osagaiak aurkitu dituzte Kanadan. Ikerketaren emaitzek diote Lurraren lehen ehunka milioika urtetan sortutako lurrazalaren arrastoak liratekeela. Gehienbat 2.700 milioi urteko granitoz osatua dago eremu hori, baina, granito horren osaeragatik, ondorioztatu dute beste arroka zaharrago batzuetatik abiatuta sortu behar izan zutela arroka horiek. Prozesu horrek beharko zukeen denbora kontuan hartuta, eta laginetako samario- eta neodimio-isotopoak neurtuta, kalkulatu dute 4.200 milioi urtetik gorako lurrazala dagoela 2.700 milioikoarekin nahastuta. Elhuyarrek eman digu honen berri.

Geologian eta mineralogian gizakiaren inpaktua handia da. Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak eta horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratutakoak dira; batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu du.  artikuluaren benetako helburua gizakiaren esku hartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.

Mantuko luma gorakorrekin jarraitzen du Arturo Apraizek artikulu honetan. Horiek eredua sortu bezain laster, zalantzan jarri zuten teoria. Ikertzaileak berehala ohartu ziren luma gorakorren ereduak aurreikusitako behaketak ez zirela puntu bero guztietan betetzen; ez dago era berean luma gorakor bakarra hasieran definitutako luma teoriko batek iradokitako baldintza guztiak betetzen dituenik. Hutsune horiek erabiliz, lumen ereduaren aurkakoek eredua alboratu eta XXI. mendearen hasieran plaken eredu alternatiboa (plate model) sortu zuten. Plaken ereduak dio prozesu magmatiko anomaloek ez dutela puntu beroen beharrik. Plaken ereduan, plaketan bertan sortzen diren indarrak dira plaka-tektonikaren eta konbekzio-korronteen indar eragileak, eta ez plaken azpitik luma gorakorren eraginez jasaten duten berotzea.

Medikuntza

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Sant Joan de Deu Ospitalearekin eta Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, sendagai “bizi” bat garatzeko proiektua abiarazi dute. Odoleko azukre-mailari intsulina askatzen erantzungo dioten sintetikoki diseinaturiko zeluletan oinarritua egongo da. Horrela, gluzemia asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzkeen aplikazio bakar batez erregulatuko luke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz.

Arkeologia

Armintxeko leizeak identifikatu dituzten arazo nagusiak azaldu dituzte. Aurretik, baina, gogora dezagun zein izan zen aurkikuntza. 2016ko maiatzaren 1ean labar-artea aurkitu zen bertan: gutxienez 18 zaldi, bost kaprino, bi bisonte eta gutxienez bi lehoi aurkitu zituzten. Europa mailako erreferentziazko eskualdea bihurtu dute Paleolitoko artearen arloan. Arazoei dagokienez, Armintxeko galeria nagusiaren ur-zirkulazioa larriki oztopatua dago; euri denboretan altuera normala gutxienez 20 m-tan gainditzen du. Kobak izan duen etengabeko eraso urbanistikoen eraginez, uraren maila gero eta gorago igo da eta ur lohituak daraman lokatza, poliki-poliki, artelanak hondatzen ari da.

Paleontologia

Duela 42.000 eta 50.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki horien hortzetako plakaren barruan “harrapatuta” gelditu da jan zutenaren arrasto genetikoa eta hori aztertu egin dute. Spyko (Valonia) eta El Sidrongo (Espainia) aztarnategietako lau neandertalen laginak, hain zuzen. Valoniako neandertalen kasuan, errinozero iletsuaren, basa ardiaren eta perretxikoen arrastoak agertu dira hortzetan. El Sidrongo gizakiek, berriz, landareetan oinarritutako elikadura omen zuten: pinaziak eta goroldioa agertu dira, eta perretxikoen aztarnak ere ikusi dituzte. Sidrongo norbanako batek osasun arazoak zituela ere ondorioztatu dute. Deigarriena, baina, hortzetan makalaren eta Penicillium lizunaren aztarnak ere ageri direla da. Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuan lan egiten duen Lalueza Foxek hausnartu du honen inguruan: “Neandertalen inguruko ideia sinpleegia dugu gehienetan. Ehiztari biltzaileak izanda, haien bizimodua gaur egun Afrikan edo Amazonas aldean dauden halako populazioen antzekoak izango zen seguruenera. Nolabaiteko ezagutza enpirikoa izan behar zuten”.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #146 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #151

Sat, 2017/03/18 - 09:40

Adinean aurrera joan ahala entzefaloa txikiagotu egiten da. Tamaina aldaketa hau ez da guztiotan berdina izaten, litekeena da jaten dugunak zerikusia izatea honetan. José Ramón Alonsok azaltzen digu Mediterranean diet and brain shrinkage artikuluan.

Simulazio baten bizi garela uste dutenentzat, Jesús Zamorak aurrekoa zientzia-fikziora mugatzen duen argudioa ematen die, edo ia-ia: Why we almost certainly do not live in a simulation ? (&2)

Nanogailu optoelektriko berrien garapenerako beharrezkoa da hauek era zehatzean ekoizteko moduak aurkitzea. DIPCko ikertzaileek aurkitu dute grafenozko nanotiretan puntu kuantikoak barneratzeko modua, zerotik sintetizatuz: Quantum dots embedded in graphene nanoribbons

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #151 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Salernoko Trotula (1110-1160): Europako obskurantismoa abolitu zuen lehen medikua

Fri, 2017/03/17 - 09:00
Uxue Razkin Deus lo vult! (Jainkoak nahi du!) oihuarekin deitu zuen Lehenengo Gurutzadara Urbano II.a aita santuak Lurralde Santuan kristauen kontrola berrezartzeko asmotan. Gerra egiteko deia berehala zabaldu zen, gaixotasun epidemiko bat bailitzan. Gurutzadak gorenean zeudenean –guztira zortzi izan ziren, 1095etik 1270era bitartean banatuta– Italiako hegoaldeko kostaldeko hiri batean, argia ikusi zuten, eta irtenbidea, modu berean: Scuola Medica Salernitana sortu zuten, Europako lehenengo medikuntza-eskola laikoa izan zena.

Une hartan, obskurantismoa Europa estaltzen zuen burusia zen, baina jendartean ezjakintasuna zabaltzeko aitzakia zuen ideologia deuseztatzea lortu zuten. Kondairak dio lau fundatzailek eraiki zutela eskola, nagusi ziren kultura desberdinak batzen zituen ezagutza-iturri handienetakoa sortuz. Ez zen bazterketarik egin, tokia zegoen guztiontzat. Lau horma horien barruan kultura judutarra, grekoa, arabiarra eta latindarra zeuden, bizikidetza posible zela erakutsiz.

Irudia: Salernoko Trotula (John William Waterhouse margolariaren lana).

Jakina da Erdi Aroan emakumeak ezin zirela medikuntza arloan aritu –umeen zaintza eta obstetrizia salbu– ezta ikasle izan. Salernoko Eskolak, bada, aukera ematen zien emakumeei, gizonekin batera, bertan edozein irakasgai ikasteko (eta ondoren irakasteko). Bost emakume gailendu ziren ikasgeletan: Trotula, Salernitana, Constanza Calenda, Rebeca eta Abella. Horiek izan ziren Salernoko Emakumeak (Mulieres Salernitanae).

Trotula Ruggiero, gaurko protagonista, Salernoko Medikuntza Eskolan ikasi eta ondoren irakasle aritu zen lehen medikua izan zen. 1110. urtean jaio zela pentsatzen da. Obstetrizian, ginekologian eta emakumeen gaixotasunetan espezializatu egin zen. Informazio gutxi dago emakume honen inguruan; bere existentziaz duda egin dute, fikziozko pertsonaia zela pentsatu dute batzuek eta berak idatzitako obran ez da bere sinadurarik inoiz agertu. Salernoko Eskola fundatu zuen gizonezko baten emakumea zela diote adituek, Johannes Platearius, hain zuzen, gerora Trotularen obra sinatuko zuena.

Bere obra nagusiak

Aurretik aipatu moduan, lehen Medikuntza Eskola laikoan ikasi zuen eta ondoren, irakasle izan zen bertan. Liburu anitz idatzi zituen, ginekologia eta obstetrizia jorratuz horietan. De passionabus mulierum curandurum (emakumeen gaixotasunak), Trótula maior izenaz ezagututa, De curis mulierum (emakumeen sendabidea) eta De ornatu mulierum (emakumeen kosmetika) dira idatzi zituen obra nagusien izenak. Medikuntzarako testu bezala erabili ziren XVI. mendera arte. Bere libururik ezagunena Trotulae curandurum aegritúdinem mulierorium ante et post partum da, 60 kapituluz osatuta. Bertan, hilekoaz, kontzepzioaz, haurdunaldiaz, emakumeen gaixotasunez eta erditzeaz mintzo zen.

Bere pentsamoldea aitzindaria izan zen Erdi Aroan. Antzutasun tratamenduez, esaterako, behin baino gehiagotan azaltzen zuen sortze-modua emakume zein gizon baten akatsa izan zitekeela. Horretaz gain, erditzeak zekarren mina jatorrizko bekatuan Evak izan zuen jokabideagatik zela zioen pentsamendu erlijiosoak eta Trotulak horren kontra egiten zuen beti. Ideia horri jarraiki, emakumeei opiazeoak ematen zizkien erditzean mina arintzeko asmotan, praktika hau legez kanpokoa bazen ere.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Salernoko Trotula (1110-1160): Europako obskurantismoa abolitu zuen lehen medikua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak

Thu, 2017/03/16 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Oxigenoa

———————————————————————————————————–

Hemoglobinak arnas mediotik hartzen du O2, baina aurreko zenbait ataletan ikusi dugunez, batzuetan erabili aurretik beste pigmentu batetik iragan behar da, mioglobinatik alegia. Emari hori ez da animalien arnas pigmentuen artean gertatzen den bakarra. Ugaztun emeetan ere oxigeno-transferentzia bat gertatzen da, ernari dauden emeetan amaren odoletik umekiaren odolera oxigenoa igaro behar baita.

Kontu ezaguna da haurdun dauden emakumeek ahalegin luzeak egiten dituztenean ito egiten direla esan ohi dutela; arnasa heltzen ez zaiela esaten dute. Arnasaldi sakonak egin behar izaten dituzte noizean behin. Normaltzat hartzen da, umekiak betetzen duen bolumenak eragozten omen duelako birikak behar den neurrian zabaltzea. Ez dakigu hori horrela ote den; ez dakigu umekiak noraino kentzen duen arnasa hartzeko bolumenaren zatiren bat.

Irudia: Zeren bidez jasotzen du umekiak behar duen oxigenoa? Izan ere umekiek oxigeno asko behar dute behar metabolikoei aurre egiteko.

Baina badago beste arrazoi bat itotze-sentsazio horretarako. Umekiak, normala den bezala, oxigenoa behar du. Gainera, jarduera metaboliko altua du. Bi arrazoi daude horren altua izateko: batetik, txikia izanik, pertsona helduena baino altuagoa da bere tasa metabolikoa, eta, bestetik, garatzen ari den biziduna izanik, ehun berriak sortzen dihardu etengabe; eta ehun berriak sortzean, handiak dira haren behar metabolikoak. Umekien jarduera metaboliko altu horren adierazle ezin hobea sortzen duten beroa da; bero hori ere hizpide izaten da emakume haurdunentzat, azken batean haiek baitira bero hori barreiatu behar dutenak.

Umekiaren behar metabolikoak, beraz, handiak dira, eta horrek esan nahi du oxigeno asko behar duela. Bestalde, umekiak ez du oxigenoa bere kabuz eskuratzeko arnas sistemarik. Hori dela eta, amaren odola da arnas mediotik umekiarengana oxigenoa eraman behar duena. Kontua, hala ere, ez da sinplea. Odolak hemoglobinarekin konbinaturik darama oxigenoa eta oxigeno hori hemoglobinatik askatzea ez da erraza; odoleko oxigeno-tentsioa asko jaitsi behar da horretarako. Baina oxigeno-tentsioa asko jaisten bada, ez da izango umekiaren beharrak asetzeko nahikoa. Kontuan hartu behar da, gainera, oxigenoa umekiaren odolera heltzeko, plazentaren epitelioan zehar barreiatu behar dela, hau da, oxigenoak nolabaiteko “hesia” zeharkatu behar duela.

Bestelako mekanismorik gabe, beraz, egoera ez litzateke umekiarentzat batere samurra izango, amaren hemoglobinak, nonbait, oxigenoa “gordetzeko” joera duelako eta umekiarengana iristeko oxigenoak hesi bat zeharkatu behar duelako. Argi dago, hala ere, umekiarentzako oxigeno-emariak nola edo hala bermatuta egon behar duela. Halaxe da, izan: umekiaren odolak badu oxigenoa eskuratzeko pigmentu bat, hemoglobina bat, amaren hemoglobinari oxigenoa “xurgatzen” diona. Oxigenoa “xurgatu” egiten duela esatea ez da guztiz zuzena, baina berbak ondo adierazten du zer egiten duen. Umekiaren hemoglobinak oxigenoarekiko kidetasun handia du, amaren hemoglobinak baino kidetasun handiagoa. Hori dela eta, bi pigmentuak oxigeno-tentsio bertsuaren menpe daudenean, amaren hemoglobinatik umekiaren hemoglobinara igarotzen da oxigenoa. Esan genezake, beraz, umekiak nolabaiteko “lehentasuna” duela amak arnasturiko oxigenoa erabiltzeko orduan.

Ugaztun guztien ezaugarria da hemen gizakiaren bitartez azaldu duguna, nahiz gertaeraren mekanismo molekularrak berberak ez izan kasu guztietan. Izatez, hiru motatako mekanismoak daude, baina azken emaitza oso antzekoa da denetan: umekiaren pigmentuaren oxigeno-kidetasuna amarena baino altuagoa da, eta horri esker berma daiteke umekiaren beharrak asetzeko nahikoa den oxigeno-emaria.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Amaren odola eta umekiarena ez dira berdinak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mineralak, antropozenoaren adierazle

Wed, 2017/03/15 - 09:00
Amaia Portugal Munduko bost mila mineraletatik 208 giza jardueren ondorioz sortu direla adierazi dute ikerketa batean. Sailkapen hori ezbaian jartzeko modukoa da, baina kontuak kontu, agerian utzi du gizakia inpaktu itzela izaten ari dela geologian eta mineralogian, batez ere azken hiru mendeotan.

Munduan 5.200 mineral inguru identifikatu ditu orain arte Nazioarteko Mineralogia Elkarteak (IMA). Bada, horietatik 208 giza jardueren ondorioz eratu dira, batez ere meatzeetan izaten diren askotariko erreakzioen ondorioz; eta XVIII. mendetik aurrera sortu dira, nagusiki. Hala azaldu dute, AEBtako Deep Carbon Observatory erakundeak gidatu duen eta American Mineralogist aldizkarian argitaratu duten ikerketa batean.

Lurreko mineralen dibertsitatea azken 4.500 milioi urtetako uztaren emaitza da, eta batez ere, duela bi mila milioi urte baino gehiago gertatu zen Oxidazio Handiak (atmosferako oxigenoaren gorakada) bultzatu du. Horregatik, mineralak sortzeko prozesua oro har nahiko motela izan dela kontuan hartuta, deigarria da azken bizpahiru mendeetan gizakiak oharkabean sustatutako bilakaera bizkorra.

“5.200 aleko bilduma horretatik, 208 giza jardueren ondorio dira, zuzenean zein zeharka, eta batez ere XVIII. mendearen erditik aurrera sortu dira. 250 urte eta bi mila milioi urte ari gara alderatzen hemen; segundo baten herena (begi kliska bat) eta hilabete bat konparatzearen parekoa da”, dio Robert Hazen artikuluaren egile nagusiak. Industrializaziotik hona, gizakiak geologian izan duen inpaktu itzela nabarmendu dute horrela artikulu honetan, bai eta garai berri batean, Antropozenoan, gaudela aldarrikatu ere.

Hain zuzen, artikuluaren benetako helburua gizakiaren eskuhartzeaz hausnartzea dela uste du Pedro Gil EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileak. 208 mineralen zerrendari adierazgarri bezain anekdotiko deritzo: batzuk munduko toki bakar batean baino ez dituzte aurkitu, eta asko oso txikiak dira.

1. irudia: Nealita. Gaur egungo irizpideen arabera, IMAk ez luke mineraltzat hartuko. (Argazkia: RRUFF)

Gainera, zerrenda horrek zenbait ñabardura garrantzitsu ditu. 208 mineralok bi zutabetan sailkatu dituzte artikuluaren egileek: 1A zutabean 91 mineral ageri dira, eta 1B zutabean, 117. Bada, lehenengo 91 ale horiek gaur egun aurkitu izan balituzte, IMAk ez zituen mineral gisa onartuko, 1998an irizpideak aldatu baitzituen. Lehenago identifikatu zituztelako baino ez daude zerrenda horretan.

Zergatik aldatu zuten, baina, irizpidea? Hain justu, giza faktorea mineralaren definiziotik kanpo uzteko. IMAren arabera, minerala konposatu kimikoa da, nagusiki kristalinoa, eta prozesu geologikoen ondorioz sortua. “Laborategian kuartzoa sintetizatzen badut, ez da minerala; artifiziala da, nahiz eta kuartzo naturalaren berdina izan”, azaldu du Gilek.

Ezin esan 91 mineral horiek erabat artifizialak direnik, gizakiak ez baititu propio sortu, baina ez dira prozesu geologiko soil baten ondorio ere: “Modu naturalean sortu dira, baina aurrez gizakiak ekoitzitako produktuen gainean”. Ez dituzte zerrendatik kanporatu, definizio berriak ez duelako atzeraeraginik, baina gaur egun ez lirateke mineraltzat joko. Horren adibide bitxia da kalklazita: Bruselako Historia Naturaleko Museoko apalategi bat eta bakarrean aurkitu zuten 1959an, egur zehatz horretako erretxinaren ondorioz sortu baitzen.

1B zutabeko 117 mineralak, aldiz, desberdinak dira. Izan ere, bi modutan sor daitezke: gizakiaren eskuhartzeak bultzatuta, baina prozesu erabat naturalen ondorioz ere bai. Horregatik, definizioa aldatuta ere, ezin uka mineralak direla. Faialita eta forsterita dira bi adibide. Mineral olibinoak dira; tenperatura altuetan, silize gutxiko magma ferromagnesikoak kristaltzearen ondorioz eratzen dira, eta horren erakusle dira, esaterako, Lanzaroten nonahi saltzen dituzten kristal berdeak.

2. irudia: Olibinoak ohikoak dira Lanzarote bezalako irla bolkanikoetan. Prozesu naturalen bidez sortzen dira, baina gizakiaren eskuhartzeaz ere bai. (Argazkia: David Monniaux / CC BY-SA 3.0)

Bada, faialita eta forsterita prozesu naturalen bitartez eratzen dira horrelako irla bolkanikoetan, baina bestela ere bai. Hala nola, erritualetan gizakiak utzitako errautsen gainean jaio daitezke bi mineralok, denboraren poderioz, ehunka urteren ondoren.

Ñabardurak ñabardura, artikuluaren bigarren irakurketari ematen dio garrantzia Gilek: gizakia geologian izaten ari den inpaktu itzelari. “Milaka eta milaka tona burdin mineral ari gara mugitzen urtean. Ordena naturala aldatzen ari gara”, hausnartu du. Izan ere, adibide xume bat jartzearren, gure sukaldeetako mahaietan dugun granitoa edo marmola ez dira etxe ondoko harrobietatik atera. Zer esanik ez, zubiez edo bestelako eraikin erraldoiez ari bagara.

Gilek bota du galdera: zer ez dute topatuko etorkizuneko geologo eta mineralogoek, New York bezalako hiri bateko sedimentuetan? Ildo beretik, artikuluan honakoa dio Edward Grew ikertzaileak: “Mineral horiek banaketa globala izango dute adierazgarri, hala agertuko dira erregistro geologikoan. Gure garaia aurreko guztietatik bereizten du, nabarmen, horrek”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Robert M. Hazen et al. On the mineralogy of the “Anthropocene Epoch”. American Mineralogist. Mar 2017, 102 (3) 595-611. DOI: 10.2138/am-2017-5875

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

The post Mineralak, antropozenoaren adierazle appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua

Tue, 2017/03/14 - 09:00
Arturo Apraiz Luma gorakorren eredua sortu bezain laster, aurkako iritziak plazaratu ziren ereduaren oinarri fisikoak zein ereduaren behaketak zalantzan jarriz. Ikertzaileak berehala ohartu ziren luma gorakorren ereduak aurreikusitako behaketak ez zirela puntu bero guztietan betetzen; ez dago era berean luma gorakor bakarra hasieran definitutako luma teoriko batek iradokitako baldintza guztiak betetzen dituenik. Hutsune horiek erabiliz, lumen ereduaren aurkakoek eredua alboratu eta XXI. mendearen hasieran plaken eredu alternatiboa (plate model) sortu zuten.

Plaken ereduak dio prozesu magmatiko anomaloek ez dutela puntu beroen beharrik, eta plaka-tektonikaren ereduan bertan izan behar dutela azalpena. Horretarako beharrezkoa da litosferaren azpiko mantua fusio-puntutik gertu egotea eta heterogeneoa izatea (konposizioan zein bolatilen portzentaian). Baldintza horiek daudenean, magmak kopuru izugarri handietan sor daitezke astenosferaren edozein tenperatura- edo sakonera-aldaketa gertatuta. Sakonera- eta tenperatura-aldaketa hauek ondorengo prozesuekin egon daitezke lotuta: hilzorian dauden edo jaioberriak diren plaken arteko mugekin, faila apurtu transformakorrekin, hausturekin, estentsio-lurraldeekin, berraktibatutako plaken arteko muga zaharrekin edo plaken mugimenduarekin lotutako eskala txikiko konbekzio-korronteekin. Prozesu hauek guztiak atermikoak dira, hau da, ez dute kanpoko bero-iturririk behar.

Plaken ereduan, plaketan bertan sortzen diren indarrak dira plaka-tektonikaren eta konbekzio-korronteen indar eragileak, eta ez plaken azpitik luma gorakorren eraginez jasaten duten berotzea.

Puntu beroen ideia plazaratzeko, Wilsonek Hawaiii-Emperor gandor aseismikoa erabili zuen adibide modura, eta ordutik bera izan da bolkanismo anomaloen tokirik ikertuena. Geofisikoek ahalegin bizian aritu dira Hawaii azpiko balizko luma gorakorraren aztarnak bilatzen, baina ez da datu erabakiorrik lortu, azken urteetara arte behintzat. Froga erabakiorren faltan, plaken ereduaren aldekoek diote estentsio-hausturen sorrera progresiboaren ondorioa dela Hawaiiko bolkanismoa. Pazifikoko plakak subdukzioa pairatzen du iparraldetik Aleutianaseko fosan, eta hala da mendebaldetik Japoniako subdukzio-eremuan ere; subdukzioa azkarragoa da Pazifiko ekialdeko ozeano-gandorrean gertatzen den ozeano-zabalkuntza baino.

1. irudia: Aleutiarretako ozeano-fosa ekialdetik mendebaldera Alaskako hegoaldeko kostaldetik eta Siberia ipar-ekialdeko ondoko uretatik, Kamtxatka penintsularen parean, igarotzen den ozeano-fosa eta subdukzio gunea da. (Argazkia: Wikipedia)

Beraz, alde batean iparralderantz eta bestean mendebalderantz ematen diren subdukzio-indarrek Pazifikoko plaka estentsioaren eraginpean jartzen dute, gutxi gorabehera erdibidean dagoen Hawaiin, bolkanismoa ahalbidetzen duten estentsio-hausturak sortaraziz.

Beraz, lumen jatorrizko eredua fluidoen dinamika prozesuetan oinarrituta dago eta tenperatura-aldaketak dira parametro eraginkorrenak. Aldiz, plaken ereduan atermikoak diren beste hainbat mekanismo iradokitzen dira, sakonera jakin batean tenperaturaren albo aldaketa nabarmenik behar ez dutenak (2. irudia).

2. irudia: Lumen ereduaren (ezkerra) eta plaken ereduaren (eskuma) ezaugarri nagusiak erakusten dituen Lurreko zehar-ebakia. Ezker aldean, nukleo eta mantuaren arteko mugan sortutako bi motatako luma gorakorrak islatu dira. Ozeano-ezpalak sakon barneratzen dira behe-mantuan eta konbekzioa lumen ondorioa da. Eskuma aldean, bolkanismoa estentsio-lurraldeetan dago pilatuta eta ozeano-ezpalak goi-mantuan gelditzen dira. Goi-mantua oso heterogeneoa da eta behe-mantua isolatuta dago gainetik gertatzen diren prozesuetatik. Magmatismo anomaloen lurraldeak litosferaren esfortzu-egoeraren eta mantuaren emankortasunaren ondorio dira. Foulger (2010).

Luma gorakorren agerpenaren inguruan ez dago adostasunik mantua ikertzeko zailtasun handiak daudelako. Metodo ez-zuzenen bitartez aztertzeko beste biderik ez dago; horrela, lortutako datuek ez dute behar besteko zehaztasunik eta sarritan era askotara uler daitezke. Hala ere, teknika geofisikoak hobetu ahala, gero eta zehaztasun handiagoa lortzen ari da, eta noizbait interpretazio bakarrera iritsiko gara, agian uste baino azkarrago.

Gaur egun luma gorakorren eredua gailentzen ari da, batez ere teoriak datu berriak interpretatzean moldatzeko erakutsi duen ahalmenari esker. Egun, argi dago “prozesu magmatiko anomaloak” sortzeko aukera bat baino gehiago daudela eta luma gorakorrak hainbat tokitan sortuak izan daitezkeela (nukleo eta mantuaren arteko mugan, 670 km-ko etengunean,….). Gainera, badirudi, luma gorakorrak termikoak izan beharrean, termo-kimikoak izan daitezkeela, alegia inguruko mantuarekiko konposizio-desberdintasun bat dutela, tenperatura-desberdintasun bat izateaz gain.

Mantuaren barne konposizio desberdinetako eremuak egotea, arazo asko konpontzen ditu, era berean luma gorakorren inguruko esperimentazioa eta zenbakizko simulazioak izugarri korapilatzen ditu ere.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Fisher, O. (1878): On the possibility of changes in the latitude of places on the Earth’s surface: Being an appeal to physicists. Geological Magazine, 5: 291-297.
  • Holmes, A. (1928): Radioactibity and earth movements. Transations of the Geological Society of Glasgow, 18: 559-606
  • Holmes, A. (1944): Principles of Physical Geology. London, Thomas Nelson & Son, 532 or.
  • Hess, H.H. (1962): A history of ocean basins. Non: A.E.J. Engel et al. (Edtk.), Petrologic studies: A volume in honor of A.F. Buddington: Boulder, Colorado, Geological Society of America: 599-620.
  • Wilson, J.T. (1963): A possible origin of the Hawaiian Islands. Canadian Journal of Physics, 41: 863-870.
  • Morgan, W.J. (1971): Convective plumes in the lower mantle. Nature, 230: 42-43.
  • Morgan, W.J. (1972): Deep mantle convedtion plumes and plate tectonics. Bulletin of the American Association of Petroleum Geologist, 56: 203-213.
  • Sparrow, E.M., Husar, R.B. eta Goldstein, R.J. (1990): Observations and other characteristics of thermals. Journal of fluid mechanism, 41: 793-800.
  • Foulger, G.R. (2010): Plates vs Plumes: A Geological Controversy. Wiley-Blackwell, 340 or.

Luma gorakorrei buruzko artikulu-sorta:

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (I): Aurrekariak eta sorrera-unea.

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (II): Lumen eredua.

Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua.

———————————————————————————-

Egileaz: Arturo Apraiz UPV/EHUko Geodinamika saileko irakaslea eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

The post Mantuko luma gorakorrak, benetakoak ote? (III): Plaken eredua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia

Mon, 2017/03/13 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak, Sant Joan de Deu Ospitalearekin eta Pompeu Fabra Unibertsitatearekin batera, sendagai “bizi” bat garatzeko proiektua abiarazi dute. Odoleko azukre-mailari intsulina askatzen erantzungo dioten sintetikoki diseinaturiko zeluletan oinarritua egongo da aipatua eta, honela, gluzemia asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzkeen aplikazio bakar batez erregulatuko luke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz bide batez.

Diabetesa herrialde garatuenetan eragiten duen epidemia bat da. Kalkuluen arabera, 18 urtetik gorako Espainiarren % 13,8ak diabetesa dauka; hau da, 5,3 milioi pertsona baino gehiago. 1. motako diabetesaren intzidentzia, hain ohikoa ez bada ere, diabetesa duten pertsonen % 1a eta % 5a bitartean kokatzen da. Diagnostiko goiztiarra eta gaixotasun honen tratamendua funtsezkoak dira, organo oso garrantzitsuak kaltetu baititzake: giltzurrunak, ikusmena, bihotza edo nerbio sistema.

Irudia: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa garatzen hasi dira 2017an UPV/EHU eta beste bi erakundeetako ikertzaileak. Helburua da medikamentu “bizia” garatzea, non gaixoaren immunologia-sistemaren erantzunaren arabera, gluzemia epe luzez erregulatuko luke aplikazio bakar batekin.

UPV/EHUk diabetesa tratatzeko sendagai berri baten garapenean parte hartuko du beste bi erakunderekin batera. Abian jarritako ikerketak biologia sintetikoan eta mikrokapsularatzean egondako azken aurrerapenak eta azken belaunaldiko biomaterialak konbinatuko ditu. Honen helburua da, odoleko azukre-mailak eguneroko intsulina-injekzio nekosoen beharrik gabe kontrolatuko lituzkeen sendagai alternatiboa bideratzea. Sendagai honek, aplikazio bakar batek asteak edo hilabeteak ere iraungo lituzke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuko luke.

Gorka Orive proiektuko ikertzaile nagusienetako bat eta UPV/EHUko irakaslea sendagaiaren azken garapenaz arduratuko da, mikrokapsularatze teknologia berrienak aplikatuz. Proiektuaren xedea da kanpoko glukosa-mailei erantzuteko gaitasuna izango duten zelula sintetikoak diseinatzea eta garatzea. Hauek, mikrokapsuletan sartuko dira (sendagai gisa arituko diren esferak) eta intsulina, beharraren arabera askatzeko gaitasuna izango dute. “Gure nahia da biomaterial immunomodulatzaileak ikertzea sendagai “bizia” egiteko orduan, hartzailearen immunologia sistemaren erantzuna hutsa edo hutsetik gertukoa izan dadin sendagaia ezartzean. Lortuz gero, aplikazio bakar batez gluzemia astetan edo hilabetetan zehar kontrolatuko lukeen sendagai bat garatuko genuke, eguneroko intsulina-injekzioen beharra saihestuz”, azaldu du Orive doktoreak.

Datu osagarriak:

Sendagai berria garatzeko proiektua, ‘Kapsulatutako zelula zirkuitu sintetikoak gluzemia kontrola berrezartzeko 1. motako diabetes mellitusean’ izenekoa, 2017n abiatu da eta Kataluniako La Marató urteroko ekitaldian lorturiko funtsetatik datorren diru-laguntza handia jaso du. Ikus-entzunezko Hedabideen Kataluniako Elkarteak 1996. urtean sortu zuen TV3ko La Marató fundazioaren xedea da bikaintasuneko ikerketa biomedikoa sustatzea eta bultzatzea, TV3ko eta Catalunya Radioko La Marató programan lorturiko funtsen bidez. Fundazioak diruz laguntzen duen ikerketa jarduketak zeharkako ikerketa traslazionala sustatzen du, oinarrizko ikerketako eta ikerketa klinikoko proiektuetan eta erakunde ezberdinen arteko sare lana dakarten proiektu koordinatuetan eginiko inbertsio mailakatuak agerian uzten duen bezala.

Ikerketaren lehen emaitzak 2019. urtean zehar aurkeztuko dira.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Diabetesarentzako sendagai alternatiboa.

The post Eguneroko intsulina-injekzioen beharra alboratzeko sendagaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages