Aurkezpena Museoen Nazioarteko Egunaren eta 10. urteurrenaren ospakizunen programaren baitan egindako ekimena izan da. Aurrerantzean museoak Bergarako ondarearen erakusle den karta joko propioa izango du.

Laboratorium Museoa zientzia eta gizarte museoa den heinean, “museoak etorkizuna eraikitzeko bitartekari aktiboak” ere badirela aldarrikatu du Rosa Errazkin museoko zuzendariak. Zientzia gizarteratzeko eta gizartea zientzian murgiltzeko zubiak dira museoak, ezagutza eskuragarria eta partekatua sustatuz.

Museoen Nazioarteko Egunaren harira, museoek gizartean duten garrantzia azpimarratu da. Museoak kultura, hezkuntza, jakintza eta kooperazioa direla nabarmendu da. Are gehiago, museoak gizarte eragile direla: eraldaketa sozialen, teknologikoen eta ingurumen aldaketetan beren ekarpena egiten dabiltzan entitate aktiboak. Laboratorium Museoa horeni guztiaren erakusle da.

Gainera, Laboratorium Museoak Bergarako historia jasotzen duen ‘Historium’ karta jokoa aurkeztu eta adin guztietarako txapelketa antolatu du Museoen Nazioarteko Egunean.

 ‘Historium’ karta-jokoa

Museoen Nazioarteko Egunaren eta 10. urteurrenaren baitan, Laboratorium Museoak, Bergarari, Seminarioari eta museoak berak gordeta duen ondare historikoari buruzko historia karta-jokoa aurkeztu du. ‘Historium’ Manex San Sebastian ilustratzaile zientifiko eta diseinatzailearekin elkarlanean sortutako karta-jokoa.

Karta bakoitzak Bergarako historiarekin lotutako gertaera bat, pertsonaia bat, asmakizun bat edo monumentu bat erakusten du eta jokoaren helburua da denboran kronologikoki jartzea. Publiko orokorrari zuzendutako joko hezitzailea da, gazteenek herriaren historia modu ludiko batean ezagutuko dute eta nagusiagoek gertakariak gogoratuko dituzte. Karta-jokoaren helburua belaunaldien arteko transmisioa sustatzea ere bada.

Jokoaren bidez, Bergarak historian zehar izan duen garrantzia aitortzen da zientziaren, hezkuntzaren eta herri honen iraganaren balioa erakutsiz. Historia luze baten laburpena jasotzen dute 50 karta hauek. Jokoak karta gehiago gehitzeko eta joko luzeagoa sortzeko aukera ematen duenez, San Sebastiani edizio luzeagoa sortzea gustatuko litzaioke, asko baitira kanpoan utzi behar izan dituzten gertakariak, lekuak eta pertsonaiak.

Laboratorium Museoa

Laboratorium Museoak, jakintza eta berrikuntza bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dihardu. Museo hau ezagutza eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean. Historian zehar izandako ekarpen horiek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen du, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.