




Egun berezia izan da aurreko ostiralean, irailaren 26an, Laboratorium Museoan ospatutakoa.
“10 urte zientziari ateak zabaltzen” lelopean ospatu du urteurrena museoak. Horixe izan da hasieratik museoaren helburu nagusia: gizarteari eta herritarrei zientziaren unibertsorako ateak parez pare zabaltzea. Zientzia gizarteari hurbiltzea eta gizartea zientzian murgiltzea.
Ospakizun berezia izan zen aurreko ostiralean Laboratorium Museoan ospatutakoa. Egun osoan zehar bisita gidatuak, askotariko tailerrak, erakustaldiak eta jarduerak izan ziren Errekalde Jauregiko lorategian, eta bideomapping eta dantza bertikaleko ikuskizunek museoko hormak koloreztatu zituzten. Herritarrei irekia izan zen ekitaldi honetan, bergararrek urteurrena ospakizun giroan bizitzeko aukera izan zuten.
Gorka Artola Bergarako alkateak nabarmendu zuen Laboratorium Museoaren bidez, zientziaren aldeko konpromisoa hartu duela Bergarak, herri ireki eta aurrerakoi baten adibide izanik; “Bergarak betidanik izan du jakintzarekiko eta berrikuntzarekiko grina. Laboratorium Museoaren bidez, tradizio hori gaur egungo erronketara egokitu dugu: zientzia inklusiboagoa, parte hartzaileagoa eta berritzaileagoa eraikitzea”.
Jon Gurrutxagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendariak, azpimarratu zuen Gipuzkoak Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendaritzan I+G proiektuek lurraldean bultzatzea dutela helburu, zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten dutela lurraldea lehiakorragoa, jasangarriagoa eta kohesionatuagoa bihurtzeko. Nabarmendu zuen Laboratorium Museoa ez dela museo soil bat, agente bizia dela, dinamikoa. Berrikuntza, hezkuntza eta lankidetza ere sustatzen dituena. “Gipuzkoako zientzia ekosistemaren adibide bikaina da Laboratorium Museoa. Ekosistema horretan funtzesko rola betetzen du ezaguza zabaltzen eta elkarlana bultzatzen”.
Rosa Errazkin Laboratorium Museoko Zuzendariak adierazi zuenez, proiektu hau elkarlanaren emaitza da, eta helburua du zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabaltzea. Bere hitzetan, zientziaren mundua gizarteratzea eta zientzia gizartera hurbiltzea dute xede, adin-tarte guztietako herritarrei zuzenduta: haurrei, gazteei zein helduei. Errazkinek azpimarratu du museoa guztiona dela, eta bertan denontzat dagoela tokia. Era berean, konpromisoa berretsi zuen norabide horretan lanean jarraitzeko, hori baita, bere esanetan, museoaren esentzia eta zientzia ulertzeko modua. “Euskal Herriko zientziaren dibulgazioareko topagune izaten jarraitu nahi dugu. Ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen duena. Zientzia bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez”.
Urteurrenaren ospakizunak une hunkigarri eta esanguratsuak utzi zituen, eta museoaren balio nagusiak argi islatu ziren. Hamar urteko ibilbide oparoa ospatu zen, eta ospakizun honek etorkizunera begirako erronkak nabarmendu zituen. Museoak, orain arte bezala, etorkizunari begira jarraituko du, bere eginkizunari irmo helduta eta herritarrekin batera bide berriak eraikitzeko prest.
Laboratorium Museoa
Laboratorium Museoak, jakintza eta berrikuntza bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dihardu. Izan ere, museo hau ezagutza eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean. Historian zehar izandako ekarpen horiek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen du, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean. Museoak, guztiontzako kultura bermatzeko konpromisoa hartzen duen gizarte baten alde lan egiten du, eta argi du guztiok lagundu behar dugula bidegabekeria sozialak gainditzen. Horretarako, gizartearen eta kulturaren artean zubiak eraikitzeko, inklusioa bermatuko duen eta parte hartzeko aukera-berdintasuna zainduko duen kultura sustatzen du museoak.