S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 6 min

Flora eta faunaren bilakaera Abran

lun, 2021/06/21 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Kanpoaldeko Abran izan den flora eta fauna komunitate aldaketak dira Bilboko itsasadarreko leheneratze prozesuan protagonistetako bat. Komunitateek hobekuntza nabarmena izan dute industria garaiarekiko, uraren gardentasuna eta kalitatea hobetu direlako. Industria garaian Bilboko itsasadarreko bizia kinkan izan zen kutsadura dela eta. Uraren garbitze prozesuak egoerari buelta ematea ahalbidetu du.

Hiru momentu bereizi daitezke kanpoaldeko Abran izandako prozesuan:

  – 199o. urtean uren arazketa hasi zen. Momentu hartan uraren egoera nahasgarria eta osasungaitza zen. Toxikotasun kimikoa handia zen. Uhertasuna ere handia zen, argiak ia ezin zuen ur zutabea zeharkatu gardentasuna nahikoa ez zelako eta itsas hondoa ez zen egokia bizitzeko. Bakterio-toxikotasuna, bere aldetik, bakterio fekalen presentzia handia zegoen, E. coli eta estreptokokoak, bereziki.

– 2002. urtean uren tratamendu biologikoa hasi zen. Egoera hobea zen. Toxikotasun kimikoa ertaina zen. Uhertasuna ere behera egin zuen eta, honi esker, argi izpiek uretan sar zitezkeen. Bakterio fekalen kontzentrazioa murriztea lortu zen, uren tratamendu biologikoari esker.

  – 2018. urten saneamendu plana osatu zen. Orokorrean, egoera osasungarriagoa da. Toxikotasun kimikoa txikia da. Uhertasuna ere txikia da eta argi izpiek sakonera handiagora heltzen dira. Honi esker ekosistema konplexuagoak eratzen dira. Bakterio-toxikotasunari dagokionez, bakterio fekalen kontzentrazioa baimendutako mailan dago.

Hau guztiau, zientzia eta teknologiaren erabilerari esker. Honi guztiari buruz idatzi zuten Maria Bustamantek, Isabel Diezek, Javier Tajadurak, Endika Quintanok, Nahiara Muguerzak, Jose Ignacio Saiz Salinasek eta Jose Maria Gorostiaga Garaik.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarra kanpoaldeko abran

The post Flora eta faunaren bilakaera Abran appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #355

dim, 2021/06/20 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Fisika

Cornell Unibertsitateko ikertzaileek “ptikografia” (ptychography) izeneko irudi konputazionalen teknika bat erabiliz eta algoritmo batek bultzatutako prozesu batekin konbinatuta, potentzia handiko detektagailu bat egin zuten. Datuak eta patroiak bereizmen handiko irudiak bilatzeko gaitasuna du detektagailuak eta munduko errekor bat lortu dute: azken belaunaldiko mikroskopio elektroniko baten ebazpena hirukoiztu dute eta bereizmen handieneko argazkia egin diete atomoei. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Atomoei inoiz egindako argazkirik zehatzena lortu dute.

Arkeologia

Berrian Enekoitz Telleria kazetariak oximoron batekin piztu du gure jakin-mina. Suak izoztu zuen ogia aurkeztu baitigu. Ez da txapata bat, ez baserriko ogia, ezta ogi biribila, “panis quadratus” izena duen ogia da. “Panis quadratus” Vesuvio sumendia lehertu zen egunean okindegi baten errautsez lurperatuta gelditu zen ogia da. Ikertzaileek kiskalita topatu zituzten, eta Panis Quadratus izena eman zioten ogia zortzi anoatan banatzen dituen markak dituztelako azalean.

Azken hamarkadan gure herrian Paleolitoko labar-arteari dagozkion margolanak aurkitu dituzte, esaterako, Atxurra (Berriatua) edo Armintxe (Lekeitio) kobazuloetan. Arte-zantzu hauei buruzko ikuspegi berri bat landu dute ikertzaileek: nolako argiztapen-sistemak erabili zituzten pinturak egiteko orduan? Zelan eramaten zuten materiala barrura? Izan ere, logistika eta planifikazioa beharrezkoa zen. Berrian Jakes Goikoetxeak gaia landu du ikertzaileekin batera eta azaldu dute, adibidez, Atxukarro kobazuloan margolanak dauden lekura iristeko 38 minutu behar zituztela eta ordubete irauten duten bi suziri beharko zituztela gutxienez, sartzeko eta ateratzeko. Datu guztiak Sutan, argiaren bila artikuluan.

Biologia

Animaliak bizidun harrigarriak dira. Izan ere, bizirik irauteko hamaika amarru eta trikimailu garatu dituzte. Horietako asko harrapariei aurre egiteko defentsa-mekanismoak dira. Badira oinarrizko defentsa-mekanismoak (harrapariaren begi-bistatik desagertzeko helburua dutenak) eta mekanismo sekundarioak (harrapariak detektatuz gero, harrapatuak izatea saihesteko erabiltzen direnak). Bigarren multzo honetan daukagu tanatosia, azken hatsa emateko prest ez daudenen antzerki-lan ikusgarria: hildakoaren plantak egitea.

Animalien mundu liluragarriarekin jarraituz, Josu Lopez Gazpio kimikariak askok gogoko ditugun animalia batzuen jokabide interesgarriaz jardun du Zientzia Kaiera blogean. Azaldu digu izurdeak gai direla talde-lanean aritzeko eta gainera hamarkada askoan mantendu ditzaketen taldeak osatzen dituztela. Baina talde handi horiez gain, lankidetzan aritzeko bikoteak ere osatzen dituztela kontatu digu. Ez al da liluragarria ezagutzea izurdeek badakitela talde-lana zer den?

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek izurri baten kontrol biologikorako ikuspegi berri bat proposatu dute. Ezpelak pairatzen duen sits-izurritea aurre egiteko, intsektizida gisa bakterio bat erabiltzea proposatzen dute. Funtsean, bakterioak sitsaren larbak hiltzen dituen toxina jakin batzuk sortzea litzateke gakoa. Datuak Elhuyar aldizkarian: Nafarroako ezpelaren sits-izurriteari aurre egiteko biointsektizidak erabiltzea proposatu dute NUPeko ikertzaileek.

Errotiferoak mikroskopioan soilik ikus daitezkeen zelula anitzeko animalia txiki batzuk dira. Ba ikertzaile errusiarrek berpiztu dute Siberiako permafrostean 24 000 urte izoztuta igaro dituen errotiferoa. Ikerketa honek erakutsi du, besteak beste, mikroorganismo batzuek kriptobiosian denboraldi luzeak eman ditzaketela. Kriptobiosian prozesu metabolikoak ia erabat etenda daude, eta izaki bizidun batzuetan gertatzen da ingurumen-baldintzak muturrekoak izatera iristen direnean. Aitziber Agirrek kontatzen du Elhuyar aldizkarian: 24 000 urtez izoztuta egondako errotifero bat berpiztea lortu dute.

Genetika

Ana Zubiaga Genetikako katedraduna da UPV/EHUn, irakaslea eta ikertzailea unibertsitate berean. Ondo ezagutzen ditu giza genetikarekin lotutako gaiak, izan ere, minbiziaren oinarriak ikertzen dihardu biologia zelularra lan ildo hartuta. Berrian haren ibilbidearen berri eman digute Zihara Jainagak egin dion elkarrizketarekin: “Helburua minbiziaren hilkortasuna saihestea da“.

Paleontologia

Uxue Razkinek Mary Dawson paleontologoa nor zen kontatu digu asteon. Mary Dawson ikertzaile aitzindaria izan zen, eta kristalezko sabaia hautsi zuen bere eremuan, ornodunen paleontologian. Paleontologo “menderaezina” izan zen eta, besteak beste, iraganean Artikoko klima-aldaketaren ebidentziak aurkitu zituen. Lurralde artikoan aztarnak ikertzen ibili zen eta duela 50 milioi urte inguru bertan bizi ziren kaimanen fosilak aurkitu zituen. Horrez gain, Ipar Amerikako ornodun fosilen bilduma handienetakoaren ardura izan zuen.

Medikuntza

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioaren aurka sortzen diren antigorputzak kutsatu ondorengo 6-12 hilabete bitartean irauten dute. Horrez gain, sortzen diren aldaeretatik babesten dutela, eta txertoen bidez ere indartzen direla ikusi dute ikertzaileek. Ana Galarragak plazaratu du gaia Elhuyar aldizkarian: SARS-CoV-2arekiko immunitateak luze irauten du eta txertoak indartu egiten du.

Osasuna

Bizitza luzeago baten gakoak arlo sozioekonomikotik aztertu du ikerketa-talde batek. Artikulu baten emaitzak jakitera eman dituzte eta bertan adierazi dute zahartze osasungarria eta produktiboa lortzen dela hiru dimentsioren arteko korrelazio positiboaren bidez: bizi-itxaropena, osasuna eta ekonomia. Besteak beste, azpimarratzen dute zahartzen ari den gizarte baten aurrean, beharrezkoa dela neurriak hartzea. Esaterako,  50 urte bete ondoren enplegua babestu eta sustatzea eta adinaren araberako bereizkeria ekiditea. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.

Emakumeak Zientzian

Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) “Emakume ikertzaileak 2021” txostena argitaratu berri du eta, zalantzarik gabe, aurreko urteko txostenean ikusten zen zerbait berretsi da: CSICeko emakumeen eta gizonen karrera zientifikoaren bilakaeraren “guraize” grafiko tipiko bihurtu dela. Hau da, ibilbide profesionalean aurrera joan ahala, emakumeen ehunekoa txikitzen doa eta gizonena, berriz, handitzen. Ana Galarragak kontatu digu Elhuyar aldizkarian: CSICen guraize-grafikoa, okerrera.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #355 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #356

sam, 2021/06/19 - 09:00

Gaixotasun arraroa da progeria, oso azkar zahartzea dakarrena. Prozesuari buelta emateko gai izango da edizio genetikoa? Gene editing could help reverse fast ageing in progeria, Rosa García-Verdugo.

Artikoa urtzea desastrea dela diote guztiek. Antartidaz askoz gutxiago hitz egiten da eta katastrofea litzateke: Antarctica is headed for a climate tipping point by 2060 Julie Brigham-Gretteren eta Andrea Duttonen eskutik.

Beira idealaren existentziaren inguruan espekulazioa dago 1948tik. DIPCk esperimentalki frogatu du: Reaching the ideal glass in polymer spheres

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #356 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mary R. Dawson (1930-2020), paleontologo bat Artikoan

ven, 2021/06/18 - 09:00

Gabon batzuetan, jada heldua zela, Barbie paleontologo bat oparitu zioten Mary Dawsoni. Grazia egin zion opariak; ez burutazioagatik, baizik eta panpinak zekarren erreminta-kutxan ile-eskuila zelako objekturik handiena. Bere esanetan, alde handia zegoen Barbie haren eta errealitatearen artean. Hori bai ziurta zezakeela.

Mary Dawson1. irudia: 1976. urteko argazkia, Mary Dawson eta haren taldea Artikoko artxipelago kanadarrean, Strathcona fiordoan. Ezkerretik hasita, Robert “Mac” West, Mary Dawson, J. Howard Hutchison eta Malcolm McKenna paleontologoak. (Argazkia: Robert “Mac” West)

Dawsonek txikitatik maitatu zuen natura; batik bat fosilek pizten zioten arreta. Albaitari-medikuntza ikasten hasi zen Michiganeko Estatu Unibertsitatean, baina, amaitu baino lehen, espezializazioa aldatu, eta zoologia hautatu zuen. Graduatu ondoren, beka bati esker, paleontologia ikasi zuen Edinburgoko Unibertsitatean (Eskozia). Gero, 1958an, doktoretza lortu zuen Kansaseko Unibertsitatean. Bere tesia lan aurrendaria izan zen, eta karraskari lagomorfoen (adibidez, untxien eta erbien) eboluzioaren inguruan ardaztu zen.

Geroago, Suitzan osatu zituen ikasketak. Han, urtebetez, Ochotonidae familiako kideak diren pika edo haitzetako untxien eboluzioa aztertzen aritu zen. Ikerkuntza hartan, Prolagus sardusedo Pleistozeno berantiarreko Sardiniako pika bildu zuen. Hain zuzen ere, bere landako ikerketan, Sardiniako eta Siziliako Pleistozenoko haitzuloak bisitatu zituen.

1962an, Pennsylvaniako Pittsburgh hiriko Historia Naturalaren Carnegie Museoan ekin zion bere ibilbide profesionalari, ikertzaile elkartu moduan. Museo hartako zuzendariak, Maurice Graham Nettingek, esan zion emakume batek inoiz ez zuela erakunde hartan aurrera egingo; zaindari izatera ez zela iritsiko emakumerik. Ia hamar urte geroago, 1970ean, lortu ere lortu zuen Dawsonek hori, eta 2003an erretiroa hartu zuen arte bete zuen kargua –zaindari emeritua izaten jarraitu zuen–. Besteak beste, ornodunen fosilen Ipar Amerikako laugarren bilduma handienaren bultzatzailea izan zen Dawson.

Dawsonek ezarritako beste mugarrietako bat Artikora egindako espedizio garrantzitsu bat izan zen. 1973 eta 1987 artean, haren lantaldeak Aro Tertziarioko –aro zenozoikoa ere deitzen zaio duela 66 bat milioi urteko garai horri– ugaztun lurtarren fosilak aurkitu zituen han, eta horrek erakutsi zien migrazio bide bat bazela Ipar Amerikaren eta Europaren artean. Pasabide lurtar bat egon zela frogatu zuten, eta horrek azaltzen zuen zergatik ziren Ipar Amerikan aurkitutako zenbait ugaztun –zaldiak eta errinozeroak, adibidez– Europan aurkitutakoen hain antzekoak. Aurkikuntza horrek sendetsi egin zuen plaken tektonikaren teoria, zeina 60ko eta 70eko hamarkadetan pixkanaka onarpena lortzen ari baitzen. Bidenabar, Zirkulu Polar Artikoan kaimanen eta dortoken hondar fosilak aurkitu zituenez, ondorioztatu zuen klima aldaketa bat gertatu zela duela 55 milioi urte, berotegi efektu bat.

Mary Dawson2. irudia: Ezkerrean, atzean, Liz Ross; aurrean, Natalia Rybczynski eta Mary Dawson ikertzaileak Devon uhartean. Devon uhartea Artikoko artxipelago kanadarrean kokatua dago, eta jenderik ez duen irla handiena da. Irudian, ikertzaileak Haughton inpaktu-kraterrean laginak hartzen. (Argazkia: Martin Lipman)

2007 eta 2010 artean, Kanadako Naturaren Museoko Natalie Rybczynski paleobiologoa izan zuen lankide, eta itsas txakurren eboluzioa ikertzeko fosilen bila aritu ziren elkarrekin. Bestalde, Natur Historiaren Amerikar Museoko (New York) Richard Tedford paleontologoarekin, Puijila darwini aurkitu eta deskribatu zuen, erabakigarria itsas txakurren, itsas lehoien eta mortsen sorburua ulertzeko. Halaber, 2006an, beste paleontologo batzuekin batera, ezbaian jarri zuen Laoseko haitzetako arratoia (Laonastes aenigmamus) non sailkatu behar zen. Bere aburuz, ez zen Laonastidae familiakoa, baizik ustez duela 11 milioi urte desagertu zen Datomyidae familiakoa.

Sariak eta ohoreak

Hainbat sari jaso zituen bere ibilbidean, eta goratua izan zen paleontologiaren esparruan egindako lan aurrendariarengatik. Carnegie Museoko Lurraren Zientzien Saileko presidentea izan zen (1973-1997), bai eta jarduneko zuzendaria ere (1982-1983). Halaber, Geologia eta Planeta Zientzien Saileko irakasle atxiki moduan kontratatu zuten Pittsburgheko Unibertsitatean.

Sariei dagokienez, 1981ean Arnold Guyot saria jaso zuen, National Geographic Society erakundeak emana, Artikoan egindako lanaren aintzatespen modura. Gainera, 1999tik aurrera Ornodunen Paleontologia Sozietate (Society of Vertebrate Paleontology) ospetsuko ohorezko kidea izan zen, eta arestian aipaturiko sozietate horrek emandako Romer-Simpson Domina jaso zuen lehen emakume estatubatuarra bihurtu zen 2002an.

Iturriak: Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Mary R. Dawson (1930-2020), paleontologo bat Artikoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ezagutza zientifikoaren analisia

jeu, 2021/06/17 - 09:00
Izaskun Alvarez, Enara Zarrabeitia Bilbao, Itziar Martinez de Alegria Mancisidor, Jasone Aranburu

Gaur egun, azpimarratzekoa da, energia primarioaren kontsumo globalaren % 30-40 eta berotegi efektuko gasen emisio globalaren % 24 eraikuntza-sektoretik datorrela. Gainera, Eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeak onura ekonomikoa, soziala eta ingurumenarekiko jasangarritasuna ekarriko lituzke.

 

ia zero eraikinak1. irudia: Eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeak onurak dakartza hainbat arlotan. (Irudia: Bernard Spragg, StockSnap, CC0).

Beraz, eraikuntza-sektorearen energia-kontsumoa jaistera bideratutako ahaleginek energia balantzea ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen (Nearly Zero Energy Buildings, NZEB) kontzeptuaren garapena ekarri dute Europar Batasunean.

Lan honen helburuak dira, batetik, ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen inguruko ezagutza zientifikoaren joeraren ikuspegi orokorra eskuratzea. Web of Science (WoS) datu-basea erabiliz, zientziaren ikerketa-esparrua garatu eta bistaratu da, eta analizatu dira argitalpen urteak, herrialde, aldizkari eta erakunde garrantzitsuenak, gehien aipatu diren artikuluak eta teknologia-jardueren bideak.

Emaitza orokorrek adierazten dute ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen filosofia aditasun handia ari dela eskuratzen zientziaren arloan. 1981etik 2018ra gai honetan oinarritutako 823 artikulu argitaratu dira eta ekoizpen hazkundea esponentziala izan da, azken bost urteetan artikulu zientifikoen % 67.31 argitaratu da. Ikerketa-lanak nagusiki Europan bildu dira, Italia izanda ekoizpen handiena duen herrialdea 95 argitalpenekin, Erresuma Batua (78) eta AEB(54) jarraituz.

Erakundeei dagokienez, lau erakunde nagusiak hauek dira: Norwegian Univ Sci &Technol (Norvegia, 32 artikulu), Aalto Univ (Finlandia, 26 artikulu), Tech Univ Denmark (Danimarka, 19 artikulu) eta Univ Politehn Bucuresti (Errumania, 18 artikulu). Artikulu zientifikoak Energy and Buildings aldizkarian argitaratu dira gehien bat, konkretuki 225 artikulu, beraz aldizkaria hau gakoa da zientzia konkretu honen dibulgazioan. Energy and Building aldizkaria argitalpen gehien dituen aldizkaria izateaz gain, gehien aipatzen den artikuluaren argitalpen-aldizkaria da ere.

Horrekin batera, gehien aipatzen diren artikuluen jatorria nagusiki unibertsitateak dira, eta Europako herrialdeetan daukate abiaburua. Gako-hitzen kontzeptu-mapak ezagutza zientifikoaren nodoak identifikatzeko tresna baliagarriak dira, eta kasu honetan, “nearly zero energy building”, “passive house”, “low energy building”, “net zero energy building”, “life cycle assessment”, “energy performance”, “energy-efficient”, “residential building”, “thermal comfort” eta “energy retrofit” kontsumo-baxuko eraikinen ezagutza zientifikoaren ikerketa-gai nagusiak islatzen dituzte. Zientzia-transferentziari dagokionez, erakundeen arteko erlazio mapak erlazio sendoak identifikatu egiten ditu gehien argitaratzen dituzten erakundeen artean, “Norwegian University”, “Aalto University”, “Politehnica University of Bucarest”, “SINTEF building in frastructure”, “Minho University” definitzen ditu erlazio-lotura sendoenekin; Euskal Herriko Unibertsitatea lehengo 25 artean dagoela aipatzekoa da. Aipagarria da Europako zientzialariek eman dioten bultzada ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ikerketa arloari.

Azken urteetan efizientzia energetikoa erronka garrantzitsua bihurtu da, eta horrek eragina izan du zientziaren munduan ezagutza berriak landuz etxebizitzen kontsumo energetikoaren eremuan, besteak beste honako ezagutza-arlo hauetan: isolamendua eta efizientzia; etxebizitzen kostua, energia berriztagarria eta bizi-zikloaren azterketa, eta konfort-termikoa.

Iturria:

Alvarez Meaza, Izaskun; Zarrabeitia Bilbao, Enara; Martinez de Alegria Mancisidor, Itziar; Aranburu, Jasone (2019). «Ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ezagutza zientifi koaren analisia»; Ekaia, 36, 2019, 225-237. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20421). Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ezagutza zientifikoaren analisia
  • Laburpena: Eraikuntza-sektorearen energia-kontsumoa jaistera bideratutako ahaleginek energia balantzea ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen (Nearly Zero Energy Buildings, NZEB) kontzeptuaren garapena ekarri dute Europar Batasunean. Lan honen helburuak dira, batetik, ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen inguruko ezagutza zientifikoaren joeraren ikuspegi orokorra eskuratzea, eta, bestetik, Passivhaus etxebizitzen ezaugarri energetikoak definitzen dituzten parametroen arteko erlazioek jarraitzen dituzten ereduak edo patroiak aztertzea. Web of Science (WoS) datu-basea erabiliz, zientziaren ikerketa-esparrua garatu eta bistaratu da, eta analizatu dira argitalpen urteak, herrialde, aldizkari eta erakunde garrantzitsuenak, gehien aipatu diren artikuluak eta teknologia-jardueren bideak. Emaitza orokorrek adierazten dute ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen filosofia aditasun handia ari dela eskuratzen zientziaren arloan. Ikerketa-lanak nagusiki Europan bildu dira, bai eta artikulu gehien argitaratzen dituzten erakundeak ere.
  • Egileak: Izaskun Alvarez, Enara Zarrabeitia Bilbao, Itziar Martinez de Alegria Mancisidor, Jasone Aranburu
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 225-238
  • DOI: 10.1387/ekaia.20421

————————————————–
Egileaz:

Izaskun Alvarez, Enara Zarrabeitia Bilbao, Itziar Martinez de Alegria Mancisidor, Jasone Aranburu UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enpresen Antolakuntza Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ia zero energia kontsumitzen duten eraikinen ezagutza zientifikoaren analisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izurdeek badakite talde-lana zer den

mer, 2021/06/16 - 09:00

Izurdeak animalia azkarrak direla bagenekien, baina, argitaratu berri den ikerketa baten arabera izurdeak, gainera, gai dira talde-lanean aritzeko eta horretarako hamarkada askotan zehar mantendu ditzaketen taldeak osatzen dituzte. Talde handi horietaz gainera, lankidetzan aritzeko bikoteak osatzen dituztela ere frogatu da. Izurdeen portaera ikertzeko saiakera hori lagungarria izan daiteke gure arbasoen kooperazio lana nola hasi zen ulertzeko.

talde-lanaIrudia: Izurdeen portaera aztertzea gure arbasoen kooperazio-portaerak ulertzeko eta azaltzeko baliagarria da (Argazkia: Claudia Beer – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hainbat hamarkadatan zehar Australia mendebaldeko Shark Bay badiako Tursiops aduncus izurdeak aztertu dira eta egindako lanek izurdeen portaerak eta bizimodua ulertzeko oso baliagarriak izan dira. Lehendik ere ezaguna zen izurdeak txistu-hotsen bidez haien artean deitzeko gai zirela, nolabait, gure izenen antzera. Izen horiek urte askotan zehar gogoratzeko gai zirela ere ezaguna zen, eta bananduta egon diren izurdeak hogei urtez baino gehiagoz haien txistu bereizgarriak gogoratzeko gai direla frogatu da. Orain, ordea, Stephanie King eta bere lankideek frogatu dute izurdeak gai direla haien artean identifikatzeko eta lankidetzan aritzeko. Ikerketaren emaitzak Nature Communications aldizkarian argitaratu berri dira eta lan honek zetazeoen arteko komunikazioaren misterioak argitzen lagunduko du. Horrek, azken batean, gure arbasoen kooperazio portaerak ulertzen ere lagundu dezake.

Esan bezala, aspalditik ezaguna da izurde bakoitzak bere txistu-soinu bereizgarria duela, amarengandik ikasten duena izurdeak kumea denean. Izurdeentzat txistu hori gure izenaren parekoa da, izan ere, kide bakoitza gai da besteak identifikatzeko eta baita besteen txistuak imitatzeko. Azken finean, kideari deitzeko modu gisa ulertu behar da. Harrigarria dirudien arren, 20 urtez edo gehiagoz bananduta egon diren izurdeak gai dira txistu horiek gogoratzeko. Gizakiaz alde batera utzita, inoiz erregistratu den epe luzeko memoria sozial handiena da izurdeena. Hortaz, izurde bakoitzak bere txistu propioa zuela bagenekien, baina, orain frogatu dutena da txistu horiei esker izurdeak gai direla taldean kooperatzeko. Izurdeak binaka edo hirunaka antolatzen dira lehen mailako aliantza estuen moduan, baina, gero hamar edo hamalau izurdez osaturiko aliantza handiagoak dituzte. Talde handi horiek, gainera, hainbat hamarkadatan zehar mantentzen dira kideak aldatu gabe. Zientzialarien arabera, kooperatzeko gaitasun horren gakoa izurde bakoitzak duen txistu-hots bereizgarria da. Hori aztertzeko urpeko mikrofonoak eta kameradun droneak erabili dituzte urte askotan zehar gertatutakoa jarraitzeko. Hau ez da, jakina, egindako ikerketa guztiek azaleratu duten ondorio bakarra, baina, bai egunotan jakin berri dena. Frogatu dutenez, bere taldekoa den kide baten txistua bozgorailu batean entzuten duen izurdea berehala hurbiltzen dela bozgorailura. Oraindik egiteko lan asko dagoen arren, ikertzaileek frogatu dute izurdeek, gizakiok bezala, taldeko kide izatearen kontzeptu soziala dutela. Benetako lankidetzan aritzeko gaitasuna dutela, hortaz.

Ikerketa zehatz honen kasuan, grabaketak 2018 et 2019. urteetan egin ziren eta 28 eta 40 urte bitarteko izurde arrak aztertu zituzten. Bozgorailu eta droneak erabiliz burutu zuten ikerketa. Beste ondorioen artean, ikertzaileek aipatzen dute izurdeak gai direla lankidetza harreman horien kalitatea sailkatzeko eta harremanik onenak mantentzeko. King eta bere lankideen lanean izurde arren kasua bakarrik aztertu da eta emeak erakartzeko eta beste izurde-taldeetatik babesteko portaerak bakarrik aztertu dira. Hor oraindik asko dago ikertzeko eta, adibidez, ez dakigu emeek taldeko portaera hori ere modu berean antolatzen duten. Ikerketak orain arte ezagutzen ez zen lotura frogatu du, hau da, izurdeen txistu bereizgarria eta lankidetzan aritzeko gaitasuna lotuta daudela.

Erreferentzia bibliografikoa:

King, S.L., Connor, R.C., Krützen M., Allen, S.J. (2021) Cooperation-based concept formation in male bottlenose dolphins. Nature Communications, 12, 2373. DOI: 10.5061/dryad.rbnzs7hb4

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Izurdeek badakite talde-lana zer den appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Tanatosia, bizirauteko hildakoaren plantak egitea

mar, 2021/06/15 - 09:00

Bizirauteko hainbat estrategia garatu dituzte animaliek. Funtsean, bi dira harraparien atzaparretatik ihes egiteko garatu dituzten sistemak: oinarrizko defentsa-sistemak eta sistema sekundarioak. Azken hauen artean, badago antzerki-estrategia bat, interpretatzen zaila dena: tanatosia. Aditu askoren esanetan bera da bizirauteko azken baliabidea.

Tanatosia hainbat animalia-espeziek darabilten defentsa-estrategia ebolutibo bat da. Mekanismo honen oinarria da harraparia engainatzea hildakoaren plantak eginez. Hau da, hilda dagoela simulatzen du harrapakinak. Intsektuen kasuan, adibidez, fasmidoek, koleopteroek edo inurriek erabiltzen dute. Narrastien artean, sugeek eta sugandilek. Horiez gain, badira ere tanatosia bizirauteko trikimailu gisa erabiltzen duten anfibioak, ugaztunak edo hegaztiak.

tanatosiaIrudia: Animaliek amarru bitxiak garatu dituzte harrapari posibleen aurrean oharkabeak izateko. (Argazkia: Denis Doukhan en Pixabay Defentsa-sistemak

Inguruarekiko ahalik eta ikusezintasun handiena lortzeko estrategiak dira oinarrizko defentsa-sistemak. Horien artean, gorputzeko kolorea inguruko objektuekin harmonizatzeko gaitasuna (homokromia), inguruko objektuek dituzten antzeko forma hartzeko gaitasuna (homomorfia) edo inguruko ezaugarriak kontuan hartuta kamuflatzea (mimetismoa). Mekanismo hauen helburua da, harrapari batek harrapakina harrapatzen hasteko probabilitatea murriztea.

Bigarren mailako defentsa-mekanismoak dira behin harrapariarekin kontaktua izanik martxan jartzen direnak. Hauen helburua da, predatzaile batek harrapakina arrakastaz lortzeko probabilitatea murriztea. Babeserako sistema sekundarioak ekintza aktiboak izan daitezke, esaterako, ihes egitea edo borrokatzea (hozka eginez, pozoituz edo eztena sartuz), edo tanatosia bezalako ekintza pasiboak.

Tanatosia

Tanatosia “mugiezintasun toniko” moduan definitzen dute zientzialari askok. Mugiezintasun tonikoa da harrapakin bat zeharo geldirik egoten denean, predatzailearen (harrapari) kontaktu fisikoaren edo hurbiltasunaren ondorioz. Kontaktu fisiko horrek ez du esan nahi kalterik edo minik sortu dionik baina baliteke hori gertatzeko probabilitatea handia izatea.

Harrapariaren presentziaren ondorioz, harrapakina denbora jakin batean mantentzen den inhibizio motorrean murgiltzen da. Hau da, funtzio edo jarduera motorra aldi baterako eteten du. Egoera horretan, harrapakinak kanpoko estimulazioari erantzun murriztua ematen dio, baina jatorrizko egoera fisiologikoa berreskuratzen du behin arriskua pasatzen denean.

Geldirik egoteaz gain, animalia hauek bestelako ezaugarri bereziak erakusten dituzte ere:

  • arnasketa-tasa txikitzen dute,
  • bihotz-uzkurduraren maiztasuna jaisten dute,
  • muskulu-jarduera toniko ahaltsu bati esker jarrera zurruna erakusten dute (muskulu batzuek tentsioa handitu behar dute eta beste batzuek tentsioa inhibitu edo erlaxatu, postura mugiezina mantentzeko),
  • kanpoko estimuluekiko erantzuna gutxitzen dute eta geldirik egoteko joera denbora tarte batez mantentzen dute (kinadarik egin gabe egoten dira segundo edo ordu batzuez),
  • mihiaren edo miztoaren protrursioa (mihia kanpora ateratzen dute, esaterako, suge askok),
  • begiak zabal-zabalik mantentzen dituzte,
  • eta gorputz-adarrak luzatzen dituzte (igel edo apo batzuen kasuan).

Ezaugarri hauei erreparatuz gero, itxuraz, azken arnasa eman dutela dirudi. Adibide esanguratsuenetakoa da Natrix natrix sugea (suge gorbataduna). Honek antzerki-lan osatua aurkezten baitu: katalepsia egoera baten murgiltzen da, non miztoa atera eta aho erdi irekian zintzilik uzten du, begi-niniak beherantz bueltatzen ditu eta odola ateratzen du ahotik.

Bideoa: suge gorbataduna hildakoaren plantak egiten.

Estrategia eraginkorra

Adituen esanetan, mugiezintasun tonikoa defentsa-mekanismoa bizirauteko “azken baliabide” gisa har daiteke, azken aukera lez. Eta, badirudi emaitzak ematen dituela. Baina, zer dela eta da estrategia ona?

  • Harrapari asko bizirik dauden animaliez elikatzen dira. Harrapakina bizirik egonez gero, elikagaia freskoa dela eta gaixotasunik ez duela bermatzeko modu bat omen da. Harrapakin batek hilda dagoela simulatzen badu, predatzaileak aspalditik hilda dagoela uler dezake eta kontsumoak arriskuren bat ekar diezaiokeela pentsatzera eraman eta albo batera uzten du antzerkigilea.
  • Badira janaria edo elikagaia mugimenduan dagoen harrapariekin lotzen dituzten animaliak. Beraz, geldirik dagoena albo batera uzten dute, ez baitute jangarri gisa identifikatzen.
  • Bestalde, tanatosia harrapakin osoak irensten dituzten harraparien aurkako defentsa fisikoa ere izan daiteke. Hildakoaren itxura egiten duen animaliak hartzen duen posturak (oso tenkatuta, luze edo bola bat eginda) irensteko zailtasuna ekar baitiezaioke harrapariari, ehizakiak hartzen duen tamainagatik.

Bizirauteko mekanismoa erabiltzen duten animalien artean badago aktore lan onenaren saria mereziko lukeenik ere. Hori zarigueia litzateke. Zarigueia, arrisku baten aurrean ihes egiteko aukerarik ez duenean, koma sakon induzitua bezalako egoera baten sartzen da. Tanatosiaren ohiko ezaugarriez gain, animalia honek beste batzuk ere adierazten ditu hildakoaren plantak egiten dituenean: oka egiten du, hortzen artean bitsa erakusten du, gorputza bihurritu egiten du ezinezkoak diruditen posturak hartuz eta pixarekin eta gorotzekin batera usain txarra darion substantzia kimiko bat hedatzen du. Substantzia horren kiratsari esker, gorpua  deskonposatzen ari dela sinestarazten die harrapariei eta hauek uko egiten diote jateari.

Bideoa: zarigueia bat tanatosia defentsa-mekanismoa gauzatzen.

Zarigueiak lan asko egiten du bizirik mantentzeko. Izan ere, animalien munduan bizirautea bada lana eta tanatosia, bizitzaren eta heriotzaren arteko muga marraz dezakeen defentsa-estrategia bat da. Azken hatsa emateko prest ez daudenen antzerki-lan ikusgarria.

Iturriak: Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Tanatosia, bizirauteko hildakoaren plantak egitea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Metroak Bilboko itsasadarrean dituen pasabideak

lun, 2021/06/14 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Saneamendu plana ez da Bilboko itsasadarrak zientzia eta teknologia oinarri izan duen akzio bakarra. Bilboko metroak izan duen erronketako bat itsasadarraren azpitik zeharkatzen dituen pasabideak eraikitzea izan da.

Teknologia ezberdinak baliatu ziren metroak behar dituen pasabideak egiteko, kokapenaren ezaugarrien arabera aldatzen baitziren beharrak. Hiru puntutan gurutzatzen du metroak itsasadarra, Gurutzeta eta San Inazio artean, Deustu eta Santimami artean eta Zazpi kaleen eta Abando artean. Pasabide bakoitzak metodologia propioa eskatu zuen, berezko ezaugarriak direla eta:

  1. Meatzaritza tradizionalaren teknikak.Tunela egin zen 45 metroko sakoneran Gurutzeta eta San Inazio lotzeko.
  2. Kutxa flotatzaileak. Itsasadarraren hondoa zulatu eta kutxak baliatu ziren Deustu eta Santimamiren arteko lotura egiteko.
  3. Zementuaren injekzioa eta zulaketa. Zementua injektatu behar izan zen Areatzan, bertako zorua ez baitzen egokia zuzenean zulatzeko. Horrela lotu ziren Zazpi kaleak eta Abando.

Ura biltzeko sistema ere diseinatu behar izan zen metroaren tuneletan: egunero 28 milioi litro ur biltzen ditu.

Zientzia eta teknologia ezinbesteko izan dira azpiegitura osoaren eraikuntzan.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarra eta Bilboko metroa

The post Metroak Bilboko itsasadarrean dituen pasabideak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #354

dim, 2021/06/13 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

piramide

Zientzia

Definizio formalak dio piramide bat oinarrian poligono bat duen edozein solido dela. Eta, poligonoaren aurpegiak, zein aldeak puntu bakar batean elkartzen diren triangeluak direla, hau da erpinean. Definizio horrez gain badaude bestelako piramideak: nutrizio piramidea, Maslowen piramidea, populazioaren piramidea eta ikerkuntzaren piramidea ere. Ikertzaile askoren bidea irudikatzen duen figura, aldats gorakoa. Hala ere, bideari ekin dioten hainbat ikertzailek beraien lana plazaratu dute UEUk antolatu duen IkerGazte kongresuan eta Jakes Goikoetxea kazetariak so eginez, Berrian azaldu digu: ikerkuntzaren piramideak baduela oinarria gurean.

Matematika

Piramidearen oinarri poligonalak badu matematikekin harremana. Matematikak baditu figura famadunak, denok ezagutzen ditugun horiek. Beraien artean dugu zenbaki irrazional bitxi bat: “pi. Pi zirkunferentzia baten luzeraren eta haren diametroaren arteko erlazioa (zatidura) bera da edozein delarik horretarako erabiltzen dugun zirkunferentzia. Javier Duoandikoetxea matematikariak sarritan izan du ahoan zenbakia eta asteon kontatu du Zientzia Kaieran, Pi zenbaki agortezina dela.

Paleontologia

Frantziako eta Erresuma Batuko ikertzaileek Pleistozeno berantiarreko indarkeria-zeinu berriak aurkitu dituzte Jebel Sahabako hilerriko eskeletoak aztertu ondoren. Ikertzaileen ustez, badirudi pertsonen arteko noizbehinkako indarkeria kasuak jazo zirela behin eta berriz. Horren arrazoietako bat, klima-aldaketak eragindako baliabide eskasia izan zela uste dute, janaria lortzeko lehiak borrokak eragin zituelarik. Juan Ignacio Pérez biologoak kontatu digu: Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak…

Meteorologia

Lurrean egunero, gutxi gorabehera, 44 000 ekaitz izaten dira, eta hauen ondorioz 8 600 000 tximista. Hau da, 100 oinaztarri erortzen dira segundoko. Baina guztiak ez dira lurrera heltzen. Aurreko astean izan genuen zeruak argitu zituen tximisten festa. Onintze Salazar meteorologoak Berrian azaldu du tximistak funtsean deskarga elektriko bat direla eta deskarga elektriko horien bidez oreka berreskuratzen dutela hodeiek. Ane Insausti kazetariak argitaratu ditu nondik norakoak: Tximista bat oreka lortzeko.

Biologia

Egun, planetako animalia mehatxatuenetako bat da euskaldunek harrapatzen zuten balea. Sardako balea, euskaldunen balea bezala ezaguna da. Haren izena, agian, urtean zehar migrazioa zela eta Bizkaiko Golkoko ura zehartzen zutenean, arrantzaleen pieza preziatua zelako izango da. Euskaldunen baleek, Eubalaena glacialis, 36-72 tona tarteko pisua du, 15-17 metroko luzera eta 270 balea-bizar zituzten. Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu digu azken 40 urteetan tamainaz txikitu egin direla giza jarduerak eragiten dien estresa dela eta.

Baleak albo batera utzi eta Ana Galarragak irakurri eta ezustean harrapatzen zaituen gai bat ekarri digu: entzefaloak eta barrabilek uste baino gauza gehiago dituztela elkarren artean, hau da, elkarren arteko antza ere badutela. Izan ere, 33 giza-ehun motaren artean, entzefaloak eta barrabilek dute proteina komun gehien. Elhuyar aldizkarian: Entzefaloa eta barrabilak, diruditen baino antzekoagoak.

Ingurumena

Klima eta biodibertsitate krisiei batera erantzutera dei egin dute zientzialariek. Aurrekoa, Iñaki Petxarroman kazetariaren titularra da, Berrian guztioi zuzendu digun deiadarra. Klima-aldaketa eta biodibertsitatearen galera gizakion jarduerak eragindako arazoak dira. Arazoei konponbidea ematea dagokigu eta horretarako, naturarekin dugun harremanak aldaketa sakon bat behar du. Zientzialariek ustez, besteak beste, geratu egin behar dugu karbono aberastasun handia duten ekosistemen degradazioa; ekosistema batzuk leheneratu behar ditugu eta lurraren erabilerari arreta jarri behar zaio, nekazaritza eta basozaintza iraunkorrak bultzatuz.

Mikrobiologia

Egoitz Etxebestek gai interesgarri bat plazaratu du Elhuyar aldizkarian. Afrika eta Asiara bidaiatu duten Herbehereetako 190 pertsonen gorotz laginak aztertuz, ikertalde batek ikusi du bidaiari horiek etxerako bueltan, sendagaien aurka erresistentzia garatu duten mikroorganismoak ekarri dituztela euren hesteetan. Xehetasunak, bidaiariek mikroorganismo erresistenteak hedatzen dituzte artikuluan.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #354 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #355

sam, 2021/06/12 - 09:00

 

Hiltzaileek hiltzeko dituzten motibazioak asko eta askotarikoak dira, baina oso arruntak. Eduardo Angulok Las razones del asesino -n analizatu zituen eta Julio Ozoresek moldatu: What motivates assassins to kill?

Planetako punturen batean sortzen ari da hurrengo pandemia. Zelan detektatu eta aurre egin zientifikoki eta medikoki politikariek kudeatu baino lehen?  The next pandemic is already happening – targeted disease surveillance can help prevent it

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #355 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ana Arrieta: “Konposatuen sintesiari esker minbizia tratatzeko medikamentuak sor daitezke” #Zientzialari (155)

ven, 2021/06/11 - 09:00

Kimika Organikoan, konposatuen sintesiak prestakuntza prozesu bati egiten dio erreferentzia. Xedea da bi erreaktibo edo hasierako produktu desberdinak sintetizatzea eta produktu edo konposatu berri bat sortzea. Produktu hauek ezagunak izan daitezke, hala nola, naturan aurkitu ahal diren materialak, edo ezezagunak, hau da, propietate eta aplikazio berriak  dituztenak.

Sintesiaren prozesua aurrera eramateko, kimika konputazionala erabil daiteke. Tresna honek erreakzioa zergatik gertatzen den eta erreakzio hori gertatzeko balditza onenak zeintzuk diren aztertzeko aukera ematen du.

Konposatuen sintensiari esker sortzen diren produktuak hainbat aplikazio izan ditzakete, adibidez, minbizia tratatzeko botiken garapenean, plastikoaren berrikuntzan edo ingenieritzan erabiltzen diren elementuen ekoizpenean. 

Kimika konputazionala eta konposatuen sintesiari buruzko etorkizuna eta erronkak ezagutzeko, Ana Arrieta UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoa I saileko ikertzailearekin bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin. 

 

The post Ana Arrieta: “Konposatuen sintesiari esker minbizia tratatzeko medikamentuak sor daitezke” #Zientzialari (155) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Elektroiaz (eta II)

jeu, 2021/06/10 - 09:00
elektroiaIrudia: Fenomeno fisikoetan askotan, esaterako, elektrizitatean, magnetismoan edo eroankortasun termikoan, elektroiek funtsezko zeregina dute. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

George Francis Fitzgerald fisikariaren proposamena, hau da, katodo-izpiak elektroi askeak zirela −à la Larmor elektroiak−, erradioaktibitatearen arloko ikerketek egiaztatu zuten. Hain zuzen, ikerketok beta erradiazioaren zein katodo-izpien izaera ezagutarazi zuten, eta atomoak prozesuan zatitzeko eta barneko izaera kimikoa aldatzeko gai zirela ere erakutsi zuten, bai eta hori egin egiten zutela frogatu.

Fitzgeralden hipotesia arras interesgarria izan zen garaiko komunitate zientifikoarentzat, lotu egiten baitzituen bai Thomsonen katodo-izpiak, bai Lorentz, Henri Poincaré, Kaufmann eta beste zientzialari batzuen saiakerak materiaren teoria guztiz elektromagnetiko bat garatzeko. Saiakera horiek ireki zioten bidea Einsteinen erlatibitatearen teoriari, eta, aldi berean, haiek postulatzen zutenarekin bateraezina zela frogatu zuten.

Thomsonen ideiarengatik bihurtu zen elektroia funtsezkoa atomoaren eta lotura kimikoaren teoria berrietan, geroago Ernest Rutherford eta Niels Bohr fisikariek emango zioten interpretazio berriari esker. Horrez gain, mekanika kuantikoarekin eta erlatibitatearekin batera berebiziko rola izan zuen materiaren izaera bera ulertzeko garatuko ziren ikuskera berrietan.

Ikuskera berri horien garapena estuki lotu zitzaion elektroiaren ezaugarriak zein ziren argitzeko bideari. Hasiera batean, John S. Townsend eta H.A. Wilson fisikariek elektroiaren karga neurtu zuten (1899 eta 1903an, hurrenez hurren), eta Robert A. Millikan fisikariaren esperimentuek finkatu zuten kargaren neurketa, 1907tik aurrera. Elektroiaren spina Samuel Goudsmit eta George Uhlenbeck fisikariek proposatu zuten 1925ean, espektroen egitura mehearen azalpena, eta, beraz, «teoria kuantiko zaharraren» azken etapa erabat osatzeko. Elektroiaren uhin-izaera, gerora mikroskopio elektronikoa garatzeko ezinbestekoa, egiaztatu zuten 1927an Clinton Davisson eta Lester Germer fisikariek, eta, urte berean baina bere aldetik lanean, George P. Thomsonek. 1928an, Paul Adrien Maurice Dirac fisikariak elektroi erlatibista deskribatu zuen, mekanika kuantiko berriaren beste zutabea, alegia.

Dirac, Werner Heisenberg, Ernst Pascual Jordan eta Wolfgang Pauli arduratu ziren elektrodinamika kuantikoa garatzeaz 1920ko hamarkada bukaeran, erradiazio elektromagnetikoaren eta kargadun partikulen (adibidez, elektroien) arteko interakzioak deskribatzeko asmoz. Ahalegin hori 50eko hamarkadan burutu zen, Freeman Dyson, Richard Feyman, Julian Schwinger eta Shin’ichirō Tomonaga fisikariaren eskutik, birnormalizazioa onartu zenean. Prozedura horri esker, elektroi baten −nahiz bestelako kargadun partikula baten− uhin-funtzioak kalkulatzean aldagai batzuetan agertzen diren balio infinituak kudeatu daitezke, ikuspuntu erlatibistatik inbarianteak izan daitezen.

Diracek elektroiaz ikuspuntu erlatibistatik egin zuen deskribapenak espero gabeko emaitza bat ekarri zuen: energia-balio negatiboko egoerak zeudela. Hari horri tiraka helduko zen antimateriaren existentzia posiblea zelako ideia. Fisikaren aro oso bat bukatu zen horrela: partikulak ez ziren jada beti kontserbatzen. Hasiera batean egoera negatibo horiek protoitzat jo ziren, harik eta 1930ean argi geratu zen arte elektroiaren masa izan behar zutela nahitaez. Ideia hori Carl D. A. Anderson fisikariak baieztatu zuen positroi edo antielektroia aurkitu zuenean.

1950eko hamarkadan, elektroi-bonbardaketa ugari egin zen nukleoen eta elektroien arteko talka eragiteko, eta ondorioztatzen zen neutroi eta protoiek egitura konplexua zeukatela. Ideia horren garapenak partikulen eredu estandarra sorrarazi zuen. Eredu horren arabera, elektroia arinena eta egonkorrena da –dagozkion neutrinoekin batera osatzen dituen– leptoi deituriko karga negatibodun hiru partikulen artean. Elektroiak barne egitura duela frogatzeak arrakalatu egingo luke partikulen fisikaren eraikina.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

Elektroiari buruz idatzitako artikulu-sorta:

The post Elektroiaz (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pi, zenbaki agortezina

mer, 2021/06/09 - 09:00

Zenbaki ospetsurik bada matematikan, hori pi da, letra (greko) baten izena duen zenbakia. Aurreko artikulu batean Pi eguna aipatu genuen, martxoaren 14a, alegia, π = 3.14 izateagatik aukeratua. Baina 3.14 ez da π-ren balio zehatza, haren adierazpen hamartarreko lehen zifra dezimal biak hartuta lortzen den zenbakia da, ez besterik. Idatz daiteke garapen hamartar osoa?

Duela bi mende eta erdi Johann H. Lambert-ek frogatu zuen π irrazionala dela. Horren ondorioz, garapen hamartarrak infinitu zifra dezimal ditu eta, gainera, ez dago bloke bat behin eta berriro errepikatzen dena (periodoa), bestela zenbaki arrazionala izango bailitzateke. Hortaz, garapeneko zifra pilo bat idatzita ere, beti daude gehiago eta, gainera, ezin dugu aurresan zein izango den jarraipena. Garapeneko dezimalak kalkulatzeko, formula on bat eta denbora edo/eta tresna egoki bat behar dira. Duela urtebete, 50 bilioi (5 x 1013) zifra dezimal kalkulatzeraino heldu ziren. Zer esanik ez, teknologiaren aurrerapen izugarriaren eskutik etorri da halako lorpena. Ikus dezagun π-ren dezimalen kalkuluaren bi mila urte eta gehiagoko bilakaera hori.

Pi1. irudia: Pariseko Palais de la Découverte 1937an inauguratu zen eta π-ren 707 zifra dezimal —artean ezagutzen zirenak— idatzi zituzten areto batean. Azken 180 zifrak oker zeuden eta 1950ean zuzendu zituzten. (Iturria: Palais de la découverte)Arkimedesen bidea

Zirkunferentziaren luzeraren eta diametroaren arteko erlazioa da π. Ikuspegi geometriko hori zen nagusi Antzinatean eta ez zuten erlazioa berez zenbaki gisa ikusten. Geometrian oinarritu zuen Arkimedesek proportzio horren bilaketa (π-ren balioarena guretzat) K.a. III. mendean. Ia bi mila urtez erabili zen Arkimedesen metodoa π-ren hurbilketak lortzeko.

Hasteko, zirkunferentzia baten barruan eta kanpoan hexagono erregularrak kokatu zituen, zirkunferentzian inskribatutako eta zirkunskribatutako poligonoak, alegia. Zirkunferentziaren luzera hexagono horien perimetroen artean dago. Gero, alde-kopurua bikoiztuz, dodekagonoak kokatu zituen. Barruko poligonoaren luzera handitu eta kanpokoarena txikitu egiten zen horrela, eta π tarte estuago batean kokatu. Behin eta berriro alde-kopurua bikoiztuz, geroz eta hurbilketa hobea lortzen da. Arkimedesek berak 96 aldeko poligonoraino eraman zituen kalkuluak; horrela, 3 10/71  eta 3 1/7 artean kokatu zuen π-ren balioa. Idazkera hamartarrera pasatuz, 3.140845… Pi2. irudia: Arkimedesen metodoaren lehen urratsak (hexagonoa eta dodekagonoa). Alde-kopurua handitzean poligonoak zirkunferentziatik hurbilago daude. (Irudia: Javier Duoandikoetxea)

Hurrengo mendeetan etekina atera zioten Arkimedesen metodoari alde gehiago kontuan hartuz. Ptolomeok II. mendean 377/120 balioa eman zuen eta horrek hiru dezimal zuzen ditu. Gero, Asian aurkitzen ditugu ekarpenik aipagarrienak, zientziaren arrastoa ia desagertuta egon baitzen mendebaldean denbora luzean. Bereziki Txinako emaitza batzuk nabarmentzen dira: Liu Huiren algoritmoa (III. mendea) eta Zu Chongzhiren hurbilketa (V. mendea). Azken honek 3.1415926 eta 3.1415927 artean kokatu zuen π.

Arkimedesen poligonoen metodoa erabiliz azken emaitza garrantzitsua Ludolph van Ceulen alemaniarrak eman zuen XVII. mendearen hasieran: 35 zifra dezimal lortu zituen, 262 aldeko poligonoen bidez, urte askoko lanaren ondoren. Holandan izan zen irakasle eta Leidenen hil zen. Kalkulaturiko π-ren balioa Leidengo hilobian ipini zioten (3. irudia). Denbora luzez Alemanian Ludolphsche Zahl (Ludolphen zenbakia) esan zioten π-ri.

Pi3. irudia: Leidengo Pieterskerk-en, Ludolph van Ceulenen hilobian, π-ren balioa jarri zuten. Jatorrizkoa desagertu egin zen eta 2000 urtean kopia bat jarri zuten. (Iturria: Wikimedia Commons)Kalkuluaren aroa

Kalkulu infinitesimala XVII. mendean sortu zen eta aro berri bat ekarri zuen matematikara. Handik aurrera funtzioen garapen infinituak ohiko egin ziren eta π-ren balio hurbilduak lortzeko ere baliatu ziren. Horren adibide,

 

Pi

formula daukagu. Puntuek adierazten dute infinituraino jarraitu beharko genukeela gaiak jartzen berdintza gertatzeko. Berez, batura partzialen limitea hartu behar da eta, horregatik, nahi beste hurbildu gaitezke ezkerreko baliora behar adina gai hartuta eskuinean. Guregana Gottfried W. Leibniz (1676) eta James Gregory (1671) izenei lotuta heldu den formula da, baina Sangamagrama-ko Madhava astronomo indiarrak jada ezagutzen zuen haiek baino 250 urte lehenago. Formula bera ez da oso erabilgarria praktikan, gai gehiegi behar direlako zehaztasun egoki bat lortzeko. Baina hobetu daiteke, eta Madhavak berak antzeko serie hobe bat erabiliz, 11 dezimal lortu zituen π-rako.

Goiko formula hori, berez, arku tangente funtzioaren seriezko garapenaren kasu bat da. Oro har,

Pi

 

dugu eta t = 1 eginez gero, Madhavaren formula lortzen da, arctan 1 = π/4 baita. (arctan t = x izateak esan nahi du x radianeko neurria duen angeluaren tangente trigonometrikoak t balio duela.) Serieak arinago konbergitzen du t txikiago izanda eta, horregatik, beste formula batzuk baliatuz, hala nola,

beste garapen hau lortuko genuke:

 

Lehengoak ez bezala, honek arin ematen ditu zifra dezimal zehatzak. Eskuineko atalean idatzi ditugun apur horiek batuta 3.14156158… lortzen da, lau zifra dezimal zehatz, alegia.

Hortik aurrera, π-ren dezimal ezagunen zerrenda asko hazi zen. Bereziki aipagarria da John Machin ingelesaren ekarpena,

 

formula lortu ondoren, 100 zifra dezimal kalkulatu baitzituen 1706an. Ez zen hor gelditu kalkulua eta aro horretako ekarpenik luzeena William Shanks ingelesak eman zuen 1873an: Machinen algoritmoa erabiliz eta urte asko kalkuluari emanda, 707 dezimal plazaratu zituen. Handik 70 urtera, mahai gaineko kalkulagailu batekin lanean, konturatu ziren bakarrik lehenengo 527ak zirela zuzenak. Horregatik aldatu behar izan zituzten goiko 1. irudian agertzen direnak.

Ordenagailuen aroa

Ordenagailuak kalkuluak arinago egiteko sortu ziren eta horrek erabat aldatu zituen π-ren dezimalak lortzeko aukerak. Lehen ordenagailua, ENIAC ospetsua, 1949an jarri zuten eginkizun horretan, eta 70 orduko lanaren ondoren π-ren 2037 dezimal kalkulatu zituen. Handik aurrera, eten gabe egin du gora dezimal-kopuruak, besteak beste, makinen ahalmenari formula hobeak elkartu zaizkiolako.

Hurrengo taula honek laburbiltzen du azken 70 urteetako bilakaera:

Urtea Makina Denbora Dezimal-kopurua 1958 IBM 704 1.7 ordu 10 000 1961 IBM 7090 8.7 ordu 100 265 1967 CDC 6600 28 ordu 500 000 1973 CDC 7600 23.3 ordu 1 001 250 1987 NEC SX-2 36 ordu 134 217 700 1989 IBM 3090 1 011 196 691 1997 HITACHI SR2201 91 ordu 51 539 600 000 1999 HITACHI SR8000 83.5 ordu 206 158 430 000 2002 HITACHI SR8000 600 ordu 1 241 100 000 000 2011 etxekoa 371 egun 10 000 000 000 050 2020 etxekoa 303 egun 50 000 000 000 000

 

Uneko errekorraren jabe den Timothy Mullican-ek azaltzen duenez, piezak erosita muntatu zuen ordenagailua (ikus 4. irudia) eta, behin kalkulurako programa prestatuta, 303 egun mantendu zuen makina lanean, 2020ko urtarrilaren 29an gelditu arte, orduan lortu baitzuen 50 bilioigarren tokiko dezimala.

4. irudia: Timothy Mullicanek errekorra lortzeko eraiki zuen ordenagailua. Gorriz markatuta daude π-ren kalkulurako erabili ziren atalak. (Iturria: Timothymullican.com)

Ordenagailuen gaitasunaz gain, formula berriak aipatu behar dira. Ramanujan matematikari indiar harrigarriak formula sinestezinak aurkitu zituen π-rako, hala nola 5. irudian agertzen den lehen hori. Formula zaharrak baino arinago ematen ditu π-ren dezimalak, eta geroago beste aldaera batzuk asmatu dira. Chudnosky anaiek emandako aldaera batekin (hori ere 5. irudian) mila milioi dezimal lortu zituzten 1989an. Azken aldiko errekor batzuetan algoritmo bera erabili dute, batugai bakoitzak 14 dezimal zuzen gehitzen dituelako. Bestalde, 5. irudian agertzen den hirugarren formulak (BBP deitzen zaio, egileen abizenak hartuta) badu berezitasun bat: 16 oinarriko sisteman, eta ondorioz sistema bitarrean ere, toki zehatz bateko dezimala kalkula daiteke, aurrekoak ezagutu barik.

5. irudia: Formula berriak agertu dira XX. mendean eta ordenagailuan kalkuluak egiteko erabili dira. (Irudia: Javier Duoandikoetxea)Eta hori guztia, zertarako?

Zertarako balio du π zenbakiaren hainbeste zifra dezimal ezagutzeak? Egia esateko, ezertarako ere ez… Benetan π-ren balioa mundu errealean erabiltzen denean, kalkulurik zorrotzenetan ere, duela 500 urte ezagutzen zen zehaztasuna nahikoa eta sobera da. Orduan, zerk pizten du batzuen interes hori? XVIII. mendera arte pentsa zitekeen garapen hamartarra amaitu egingo zela edo periodiko bihurtu, hots, π zenbaki arrazionala izango zela. Norbaitek esperantza hori bazuen, Lamberten emaitzak zapuztu zion: π irrazionala da.

Garai modernoetan, ordenagailua kalkuluetan sartu zutenean, makinaren gaitasuna probatzeko balio dezakeela esan ohi dute. Hala zioen Timothy Mullicanek, esaterako, orain arteko errekorra lortu zuenean. Dena dela, beste errekor batzuen antzera, badirudi honek ere ez duela pizten Guinness World of Records ospetsuan agertzetik aparteko interesik.

Gehiago jakiteko edo ikusmiran ibiltzeko
  1. π-ren hurbilketaren historia eta haren kronologia.
  2. Timothy Mullicanen bloga: gaur egungo errekorra ezarri zuen lana azaltzen du.
  3. Milioi bat dezimal orrialde bakar batean: https://www.piday.org/million/.
  4. π kalkulatzeko erabili diren formulak eta algoritmoak aurkezten dituen Jesús Guilleraren artikulu bat.
  5. π-ren zenbat zifra dezimal gogoratzen dituzu? Horretan ere bada lehia bat, ea nork gehiago esan. Orain arte buruz zifra dezimal gehien esan duena Suresh Kumar Sharma indiarra da: 2015ean 70 030 eman zituen, 17 ordu eta 14 minutuan. Harrigarria! Hori guztia eta gehiago, Pi World Ranking List webgunean.
  6. Pifilologia deitzen da π-ren zifra dezimalak gogoratzeko baliabide mnemoteknikoen alorra.
  7. Azken hamarkadako errekorrak egiteko y-cruncher programa erabili dute. Alexander J. Yee da programaren sortzailea eta beste konstante matematiko ezagun batzuk kalkulatzeko ere erabili dute. Programaren webgunean informazio guztia duzue.
  8. Zure jaioteguna edo nahi duzun data aurkituko dizu π-ren zifra dezimalen artean Find Your Pi Day webguneak.

 

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Pi, zenbaki agortezina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak…

mar, 2021/06/08 - 09:00

Jebel Sahabako hilerria da Niloko ibarreko hilobi-gunerik zaharrena. Gune hau duela 13 400 eta 18 600 urte bitartekoa da. Eskeletoen lehen azterketak duela sei hamarkada egin ziren eta emaitzek indarkeriaren arrastoak erakutsi zituzten, lurperatutako banakoen erdien kasuan, gutxienez.

JebelIrudia: Hilobi bikoitzaren irudia. Bertan arkatzen bidez tresna litikoak aurkitzen ziren kokapena adierazten da. (Argazkia: © British Museum, Wendorf Artxiboa. Iturria: CNRS)

Jebel Sahabako hilobietan Qadan kulturan ohikoak ziren harrizko tramankuluak ere bazeuden. Hauek, gorputzean ehun bigunek hartu zuten tokietan zeuden eta, batzuetan, hezurretan bertan sartuta. Posizio honen arabera, tresnak ez ziren hilobi-objektuak; gainera, lurperatutako gizabanakoak ez ziren Qadan kulturakoak, beste kultura batekoak baizik.

Hilerria 1960ko hamarkadan induskatu zen lehen aldiz, eta indarkeria eta gerra antolatuaren lekukotzat hartu da. Duela gutxi aztertu dituzte berriz ehorzketaren aztarnak eta ondorio interesgarriak atera dituzte.

Besteak beste, egiaztatu dute identifikatutako lesioen jatorria pertsonen arteko indarkeria izan zela, eta gehienak jaurtigaiek eragin zituztela. Gutxi gorabehera, indibiduoen laurden batek traumaren baten zantzuak zituen hil baino lehentxeago, eta ia bi herenek aurreko traumak erakusten zituzten, sendatuak edo sendatu gabeak (seinale hauek sexu edo adinarekiko independenteak ziren, lau urte baino gutxiagoko haurrak barne zeudelarik). Bestalde, hobi bakoitzari lotutako harrizko objektuak jaurtigai baten parte izandakoak ziren (geziak edo lantzak). Behaketek iradokitzen dute agresioak ez zirela gertatu talde berbereko kideen artean edo familien barruan,  baizik eta beste giza talde batzuen erasoen ondorioz izan zirela.

Hobi batzuk bikoitzak edo aniztunak ziren arren, eta, seguruenik, hilobietan ehortzitako subjektuak aldi berean hildakoak izan, datu demografikoek eta geroago ehorzketa berriek eragindako aldaketak iradokitzen dute hilerriak ez dituela soilik gerra bakar bateko giza aztarnak.

Ezin da baztertu Jebel Sahabako hilerria indarkeriaren biktimak ehorzteko tokia izatea, baina lurperatutako gizabanakoek zituzten sendatutako zauri ugariek adierazten dute behin baino gehiagotan eraso zituztela. Horrez gain, hileta-espazioa berrerabiltzeak ideia hau indartzen du: pertsonen arteko noizbehinkako indarkeria kasuak jazo zirela behin eta berriz. Gainera, zauriak gorputzaren aurreko eta atzeko aldean gertatu ziren, beraz, ez dirudi jatorria bi talderen arteko aurrez aurreko liskarretan zegoenik. Horregatik, litekeena da gehienak liskarren, razzien (erasoaldi) edo segaden ondorio izatea.

Pleistozenoaren amaieran eta Holozenoaren hasieran Niloko ibarrean aurkitutako objektuek erakusten dute tradizio kultural desberdinak zeudela inguruan, eta horrek iradokitzen du giza taldeen nolabaiteko zatiketa eta isolamendua.

Gainera, ehorzketa handien esan nahi du sedentarismo maila bat hedatu zela, eta oso litekeena da lehia handia egotea ehizatik, arrantzatik eta fruituen bilketatik bizi ziren taldeen artean, Azken Maximo Glaziarraren amaieran (duela 20 000 urte inguru) eta Afrikako Periodo Hezearen hasieran (duela 16 000-6 000 urte) gertatu ziren ingurumen-aldaketei aurre egin behar izan zietenean.

Ezaugarri kultural desberdinak zituzten giza taldeen arteko indarkeriazko gertaera errepikakorrak, lehia gogor horren ondorio zuzena izango ziren. Hau da, sasoi hartan izandako ingurumen-aldaketen eraginez. Aipatutako gertakariak duela 15 000 urte inguru jazo ziren, baina etengabe suertatu dira hainbat modutan eta eskala desberdinetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Crevecoeur, I., Dias-Meirinho, MH., Zazzo, A. et al. (2021). New insights on interpersonal violence in the Late Pleistocene based on the Nile valley cemetery of Jebel Sahaba. Scientific Report, 11 (1), 9991. DOI: 10.1038/s41598-021-89386-y

Egilea

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak… appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri

lun, 2021/06/07 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Bilboko itsasadarra berreskuratzeko plana abiatu zenean itsasadarraren egoera leheneratzea zen helburua. Ikusgarriak dira lortutako emaitzak. Baita ikusgarri ez den planktonean ere. Berebiziko garrantzia du honek, izan ere, planktona dago itsasadarraren kate trofikoaren oinarrian.


Planktona izan da Bilboko itsasadarreko kutsadura maila kezkagarria jasan duen parametroetako bat. Bestelako bizidunek jasandakoen parekoa izan da, baina ez hain nabarmena populazioarentzat.

Uretan esekita dauden organismo txikiek osatzen dute planktona. Fernando Villate eta Aitor Laza-Martínez azaldu zituzten planktonaren nondik-norakoak eta klasifikazio ezberdinak honako artikuluan.

Garrantzi handia du ekosistemetan planktona, kate trofikoaren oinarria osatzen baitu. Karbonoaren zikloak, fitoplanktona oinarrian duenak, fotosintesia erabiltzen du co2-a finkatzeko. Karbono hori kate trofikoan zehar bidaiatzen du, gizakiraino.

Esan bezala, itsasadarraren saneamendu planari esker, planktona berreskuratzen ari da, bai fitoplanktona (landare mikroskopikoz osatua), bai zooplanktona (animalia mikroskopikoak).

Bilboko itsasadarrera bizia itzuli izanaren oinarrian planktona egon da eta hau berreskuratzeko ezinbestekoak izan dira zientzia eta teknologia.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko planktona

The post Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #353

dim, 2021/06/06 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima

Klima-aldaketa

Klima-aldaketak giza osasunari eragiten dio, baina ez da eskala handiko azterketarik egin beroak gure osasunean duen eragina zenbatzeko. Ikerketa batek 43 herrialdetako datuak jaso ditu, 1991-2018 aldian berotze globalak eragin duen beroaren esposizio gehigarriaren ondoriozko hilkortasun-tasa ezagutzeko. Emaitzen arabera, urte-sasoi beroenean hildakoen % 37a  klima-aldaketa antropogenikoari egotz dakizkioke. Xehetasun guztiak, Berrian: Klima-aldaketak eragindako beroaldiek urtero 33 lagun hiltzen dituzte Hegoaldeko hiriburuetan.

Historia

Martiodako elizan (Araba) erlikia multzo garrantzitsu bat izan dute gordeta. Juanma Gallego kazetariak kontatu duenez Alea aldizkarian, erlikiez harago joanez gero ezkutuko altxorra da material hori. Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak hainbat teknika erabiliz aztertu ditu piezak eta publikoak ezagutu ditzan erakusketa bat antolatu du.

Neurozientzia

Teknologia berriak funtsezkoak dira garuneko zirkuitu eta neurona-sistemaren dinamika ulertzeko. Ultrasoinuetan oinarritutako neuroirudi teknika baten bidez, makako baten gorputz atalen mugimenduak eta begiradaren norabidea aurreikusi dituzte ikerketa baten. Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak azaldu du: Ultrasoinuak, entzefaloaren barrualdera begiratzeko.

Osasuna

Covid-19a modu arinean pasatu zuten 77 gaixoren azterketak emandako datuak argitaratu dituzte Nature aldizkarian. Emaitzek iradokitzen dutenez, gaixotasuna pasatu duen pertsona batek, nahiz eta arina izan, epe luzerako babesa eman diezaioketen antigorputzak gara ditzake. Egoitz Etxebestek azaldu du Elhuyar aldizkarian: COVID-19tik epe luzean babesten duten zelulak topatu dituzte hezur-muinean.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian jakitera eman digu, Gaixotasun Infekziosoen Europako Zentroak (ECDC) osasun publikoko agintarientzako lagungarria izan daiteken txosten tekniko bat argitaratu dutela. Bertan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei Covid-19aren txertoa emateari buruzko erabakia hartzeko lagungarria izan daitezken irizpideak eskaintzen zaizkie.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa bat abiarazi dute, trebatutako txakurren laguntzarekin Covid-19arekin kutsatutako pertsonak usainaren bidez antzemateko. Maialen Arteaga kazetariak azaltzen du Berrian: Txakurrak birusa antzematen.

Astrofisika

Martek gure arreta erakartzen duela gauza jakina da. Azkenaldian planeta gorriari buruzko hainbat gauza ezagutzen ari gara bertan dauden ibilgailu robotikoei esker. Esaterako, Nagore Arin kazetariak Berrian jakitera eman digu izotz lehorrez konposatutako hodei koloretsu eta distiratsuak antzeman dituztela Marten. Hodei bitxiak dira, ilunabarrean eguzkiaren azken izpien koloreak xurgatu eta distira nabarmena egiten dute.

Genetika

Pandemiak zaintza genomikoko aro bati eman dio hasiera. Izan ere, zientzialariak SARS-CoV-2 birusaren aldaerak aztertzen dihardute inoiz ikusi gabeko abiadura eta eskalan. Baina lan hau ez da modu berean ematen munduan zehar eta zientzialariek ohartarazi dute litekeena dela diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialde askotan birusaren aldaerak modu kezkagarrien zabaltzea, inork atzeman gabe. Koldo Garcia genetistak ohartarazi digu asteon auziaz: Gene informazioa, denon onurarako?

Mikrobiologia

Eztabaida publikoetan laguntzeko, OMEk letra greziarrak erabiliko ditu SAR-COV-2 birusaren aldaerak izendatzeko. Osasun erakundearen esanetan, hauek errazagoak eta praktikoagoak izango dira zientzia gaietan trebatua ez dagoen audientzia batek informazioa kudeatu dezan.  Aitziber Agirreren eskutik, Elhuyar aldizkarian: Alfa, Beta, Gamma eta Delta: SARS-CoV-2aren aldaerentzako izen berriak.

Biologia

Herpetologia narrastiak eta anfibioak aztertzen dituen zoologiaren adarra da. Besteak beste, sugeak dira herpetologoen ikergaia eta Berrian Enekoitz Telleria kazetariak animalia hauek protagonista duen egitasmo baten berri eman digu: #sugebizi proiektua. Aranzadi Elkarteak martxan jarritako egitasmoa da eta herritarrek Twitter bidez partekatutako argazki eta datuen bidez, sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea izan du helburu.

Neurozientzia

Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu zen Ileana Quiñones ikertzailea eta, egun, kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituen BCBL zentroan ari da lanean. Bere ibilbideari buruz hitz egin du Ana Galarragarekin eta Quiñones neurozientzialariak azpimarratu dio zaila dela emakume izatea eta ikerketan lan egitea.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #353 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #354

sam, 2021/06/05 - 09:00

Nukleo zelularren edizio genetikoaren ostean, mitokondrien edizio genetikoa dator. Geldiezina da hau guztia. Mitochondrial gene editing is now possible, thanks to a bacterium Rosa García-Verdugoren eskutik.

Bizidun oso txikien inguruan, posible litzateke mikroorganismo batek estralurtar batekin komunikatzea. Predrag Slijepcevic eta Nalin Chandra Wickramasinghe azaltzen dute: Seti: how microbes could communicate with alien species

Molekula organikoetan gauzak di-da gertatzen dira, femtosegundutan. Baina ez berdin norabide guztietan. DIPCk: The anisotropic behaviour of ultrafast electron transfer at the metal/organic interface

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #354 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ileana Quiñones, neurozientzialaria: “Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea”

ven, 2021/06/04 - 09:00

Kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituen BCBL zentroko ikertzailea da Ileana Quiñones González. Horra iristeko, bide zuzena egin du gaztetik, beti izan baitzuen argi ikertzaile izan nahi zuela: “Batxilergoa ere zientzietan espezializatutako zentro batean egin nuen, eta gero, medikuntza ikastekotan ere egon nintzen, baina banekien, mediku izanda, ez zela erraza izango ikerketan aritzea. Hortaz, biologia ikasi, eta masterra egin nuen, neurozientzia kognitiboen arloan. Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu nintzen, eta tesiaren zati bat Eskozian egin nuen. Habanara itzuli, eta BCBLren oso antzeko zentro batean hasi nintzen lanean, tesia bukatu bitartean”.

Gaur egun BCBLren zuzendari den Manuel Carreiras Valiñari esker igaro zen handik BCBLra: “Nazioarteko mintegi batean ezagutu genuen elkar, Habanan. Orduantxe sortu zen BCBL zentroa, 2010ean, eta tesia Donostian amaitzea proposatu zidan. 2011tik nago hemen”.

Aitortu du hasieran erreparo pixka bat izan zuela, euskara ez jakiteagatik; baina ikerketen funts nagusietako bat elebitasuna duen zentro batean lan egitea oso erakargarria egiten zitzaion, bi hizkuntza ezagutzeak eragin handia baitu garunean.

Gainera, ikerketa-zentro guztietan lantaldeak nazioartekoak dira, eta ingelesa erabiltzen dute elkarren artean hitz egiteko. “Ez du axola non zauden. Ikertzaile izateak mugitzea dakar, nazioartekotasuna eta ingelesez komunikatzea. Hortaz, euskara ez jakitea ez da arazo bat”.

Quiñonesek gidatzen duen proiektua neuroplastikotasuna ikertzean datza, buruko tumoreak dituzten pertsonetan. “Beste leku askotan ere ikertzen da hori, baina BCBLn elebitasuna aintzat hartzen dugu. Kontuan izan behar da paziente gehienak, normalean, beti gaztelaniaz testatu dituztela, eta, batzuentzat, ez da hori beren jatorrizko hizkuntza. Beraz, pazienteak hitz egiten dituen hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituzten test berriak diseinatu ditugu, eta elebitasunak plastikotasunean nola eragiten duen ere ikertzen dugu”.

Horren garrantzia nabarmentzeko, kasu ezagun baten adibidea jarri du: “Gizon batek bi hizkuntza hitz egiten zituen, gaztelania, jatorrizkoa, eta ingelesa, gero ikasia. Bada, istripu baten ondorioz, operazio kirurgiko bat egin behar izan zioten garunean. Ondoren, ez zen gaztelaniaz hitz egiteko gai, baina bai ingelesez. Horrenbestez, neurozientzialariontzat oso da interesgarria elebidunak ikertzea”.

Lana eta familia bateragarri egiteko zailtasuna

Quiñonesek guztiz bokaziozkoa du bere lana, baina horrek ez du esan nahi ez dituela alderdi txarrak. Adibidez, bereziki zaila egiten zaio finantziazioa bilatzeko lana, ikerketa, eta familia uztartzea. “Gauza jakina da, eta BCBLn, gainera, egiten ditugu saioak kontziliazioa nola hobetu dezakegun aztertzeko. Alegia, gaiarekiko sentiberatasuna eta ulerkortasuna badago; baina, praktikan, ez da erraza irtenbideak topatzea, eta lan-kargak banatzea ez da nahikoa. Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea”.

Dioenez, haurrak izatea erabakitzen duen emakumeak zailtasun batzuk izango ditu, beraz: “Biologiak agintzen du. Haurdunaldiak emakumeari eragingo dio, beti; hori ezin dio beste inori esleitu. Eta haurra izan ondoren ere, hasieran, badaude amak baino egin ezin dituen gauzak. Nire ustez, lagungarria izango litzateke, hori kontuan hartuta, aldez aurretik egotea zerbait aurreikusita, amaren gain utzi beharrean laguntza eskatzeko ardura”.

Bestelakoan, BCBLn ez du inoiz arazorik izan haurrak berekin eramateko lan-bidaietan eta abar, eta lankideek ere beti izan dute kontziliazioan laguntzeko jarrera. Baina, hala ere, zaila dela onartu du: “Konfinamenduan, adibidez, gogorra egin zitzaidan etxekoek ni lanean ikustea, ordenagailuarekin eta abar. Izan ere, beti saiatu izan naiz etxean pantailarik ez erabiltzen: ez mugikorrik, ez ordenagailurik… Konfinamenduan ezinezkoa izan zen, eta asko kostatu zait”. Nolanahi ere, garbi du etorkizunean ikertzen jarraitu nahi duela: “Ikerketa nire bizitzaren zati bat da”.

Fitxa biografikoa:

Ileana Quiñones González 1981ean jaio zen, Kuban. Biologia ikasi ondoren, masterra egin zuen, neurozientzia kognitiboen arloan. Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu zen, eta, tesia amaitzen ari zela, 2011n, Donostiara etorri zen, BCBLra. Geroztik, bertan ari da lanean, eta, gaur egun, ikerketa-lerro bat gidatzen du.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ileana Quiñones, neurozientzialaria: “Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak

jeu, 2021/06/03 - 09:00
Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega

Azken hamarkadetan izan den teknologiaren aurrerapenari esker, isotopo egonkorren analisia eskeleto-aztarnetan geroz eta garrantzitsuagoa bihurtu da gure arbasoen bizimodua ikertzeko. Isotopoek antzinako gizakien bizimoduari buruz eman dezaketen informazioa populazio mugikortasun eta elikadura patroiei buruzkoa da. Gainera patroi hauen ezagutzak, besteak beste gizarte-egituraketa sozial eta ekonomikoaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du ere.

isotopo egonkorren analisia elikadura ikertzeko.1. irudia: Isotopo egonkorren analisiak arbasoen elikadura ikertzeko baliagarriak izan daitezke.

Isotopoak zenbaki atomiko berdina baina masa-zenbakia ezberdina duten elementu kimiko baten atomoak dira. Elementu baten isotopoek propietate kimiko berberak dituzte, baina masa atomikoan duten desberdintasunaren eraginez, propietate fisiko desberdinak azaltzen dituzte. Ikerketa hauetan isotopo-egonkorrak dira erabiliak. Egonkorrak dira ez dutelako desintegraziorik jasaten, baina isotopo-frakzionazioa deritzon fenomenoa pairatzen dute. Hau da edozein prozesu kimiko, fisiko edo biologikoen aurrean isotopo arinak eta astunak (masaren araberakoa) jokaera desberdina dute, izan ere prozesu mota batean isotopo batek bestearekiko lehentasuna izaten du.

Gizakiaren edozein ehunetan neurtu daitezke isotopo erlazioak (isotopo arin eta astunaren arrazoia), bizitzan zehar jan eta edan dugunaren isotopo-konposizioa gizaki eta animalien gorputz ehunetan islatzen baita. Ekosistema bateko isotopo-konposizioa elikagaietara pasatzen da, eta elikatzean gure gorputzak jasotzen du konposizio hori. Horrela gure ehunak aztertzerakoan atzerako ibilbidea egiten da, alegia gizakian neurtutako isotopo-erlazioetatik abiatuta bizi izan ziren eskualdea eta elikagai motak bereizten dira.

Antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun ikerketetan hezurretako kolagenoan eta hortzetako esmaltean neurtzen diren karbono (δ13C), nitrogeno (δ15N), oxigeno (δ18O) eta estrontzio isotopo arrazoiak (87Sr/86Sr) erabiltzen dira. Karbono eta nitrogeno isotopo-erlazioek elikaduraren berri ematen dute. Karbono 13C eta 12C isotopo-erlazioak landaretza motak bereizteko erabiltzen dira, izan ere landareen δ13C balioak burutzen duten fotosintesi-bide moduaren araberakoak dira (C3 eta C4 landare motak). Nitrogeno isotopoen 15N eta 14N arrazoien kasurako, kontsumitzen den animalia-proteinen maila trofikoa islatzen du, zenbat eta animalia-proteina sarrera ugariagoa izan, δ15N balioak aberatsagoak dira. Bestalde, oxigeno 18O eta 16O isotopo egonkorren erlazioa edaten den eskualde geografiko bateko ur meteorikoaren oxigeno isotopo konposizioaren arabera aldatzen da, aldiz estrontzio isotopoen arrazoiak (87Sr/86Sr), arroka motaren isotopo-erlazioaren araberakoak dira. Ondorioz, bi isotopo-sistema hauen informazio-konbinaketak gizakiaren jatorri eskualde geografikoa mugatuko du.

Iberiar Penintsulako hainbat aztarnategi arkeologikoetako gizaki aztarnak erabili dira isotopo-egonkorrak populazioaren mugikortasun eta elikaduraren azterketa burutzeko: Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza), eta Las Gobas (Trebiñuko Konderria). Aztarnategi hauek Iberiar Penintsulako iparraldean kokatzen dira, eta VI-XIII. mendeen artekoak dira. Aipatzekoa da Momoitioko San Juan eta Las Gobas aztarnategiak kristauak direla, aldiz Tauste musulmana da.

Elikadurari dagokionez, elikadura orojaleak zuten, eta batez ere zereal, lekale eta barazkietan oinarritzen zen. Tauste aztarnategiaren kasurako, sexu zein adinaren araberako bereizketa dago. δ15N balio altuek adierazten dutenaren arabera, gizon helduek emakume eta gazteek baino haragi gehiago jaten zuten. Haragia jatea estatus maila altuagoa izateari lotu da betidanik, beraz gizonezkoak pribilegiatuagoak ziren aztarnategi musulman honetan. Bereizketa hau ez da antzeman aztertutako aztarnategi kristauetan.

δ18O eta 87Sr/86Sr arrazoien arabera populazio mugikortasuna urria zen Erdi Aroan zehar, genero eta adinaren araberako desberdintasunik ez zegoen eta bertan bizitakoak ziren gehienetan. Kanpotarrak ziren gizakiak ere identifikatu dira baina hauen jatorri geografikoa ezin izan da ezarri, baina orokorrean aztarnategiarekiko nahiko hurbila izan behar zuela ondorioztatu da.

 

Iturria:

Guede, Iranzu; Alonso-Olazabal, Ainhoa; Zuluaga Maria Cruz; Ortega, Luis Angel (2019). «Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak»; Ekaia, 36, 2019, 255-274. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20841). Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak
  • Laburpena: Gizakien hezur eta hortzetan neurtutako isotopo-erlazioak (87Sr/86Sr, δ13C, δ15N eta δ18O) antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun-ereduak berreraikitzeko erabiltzen dira. Gizakien elikaduraren berri izateko, gizaki eta faunaren hezurretik lortutako kolagenoan karbono eta nitrogeno isotopoen analisiak egiten dira. Gainera, gizaki eta animalien mugikortasunari buruzko informazioa lortzeko, hezur eta hortzetan neurtutako estrontzio eta oxigenoen isotopo-erlazioak erabiltzen dira. Isotopo hauek duten aplikazioa ikusteko Erdi Aroko hiru aztarnategiren emaitzak deskribatuko dira, Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza) eta Las Gobasekoak (Trebiñuko Konderria), hain zuzen ere.
  • Egileak: Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 255-274
  • DOI: 10.1387/ekaia.20841

————————————————–
Egileaz:

Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gene-informazioa, denon onurarako?

mer, 2021/06/02 - 09:00

COVID-19 gaixotasunaren pandemian argi ikusi dugu zeinen garrantzitsua den SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zainketa. Zainketa hori gauzatzeko, ezinbesteko da birusen genoma sekuentziatzea eta sekuentzia horiek komunitate zientifikoan zabaltzea. Hala, toki bakoitzean zirkulazioan dauden birusaren aldaerak ezagutu daitezke eta kezkagarriak izan daitezkeen aldaeren kontrola areagotu. Baina oro ez da urre.

Gene-informazioa eskuragarri jarri ohi da datu-base publikoetan. Zientzia-artikulu baten baitan gene-informazio berria sortzen denean, zientzia-aldizkariek gene-informazio hori modu publikoan jartzea eskatu ohi dute artikulua argitaratzeko. Hala, zientzia-komunitateak ikuska dezake gene-informazio hori eta berrerabili lan berriak egiteko. SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioaren kasuan, zientzia-artikuluak argitaratu baino lehenago eskuragarri jarri dira, pandemiaren ezagutzan arinago sakontzeko. Baina prozedura horrek arazoak izan ditu.

gene-informazioa1. irudia: Gene-informazioa datu-baseetan gordetzen da (Argazkia: ColossusCloud – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

COVID-19 gaixotasunean positibo eman duten pertsonen birusak sekuentziatu dira, baina herrialde guztiek ez dute modu berdinean egin. GISAID datu-basea izan da SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia horiek partekatzeko biderik erabiliena. Datu-base hori 2008. urtean sortu zen gripearen birusaren sekuentziak bidezkoa den modu batean partekatzeko; eta bermatzeko dagokien aitortza emango zitzaiela sekuentzia horiek sortzen dituzten ikertzaileei eta zentroei. GISAIDeko datuak erabili ahal izateko, izena eman behar da bertan eta hitzeman egiten da datuei bidezko erabilera emango zaiela, GISAIDeko gidalerroak jarraituta. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, GISAID datu-baseak aukera eman zuen SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien gordailu izateko eta gene-datu horietan oinarrituta analisiak egiteko.

GISAID datu-basean biltzen diren sekuentziak berebizikoak bilakatu dira COVID-19 birusaren aldaeren zainketa egiteko. Bertan COVID-19 birusaren 1,5 milioi sekuentzia gordetzen dira, baina herrialde guztiek ez dute informazioa modu berean bidali. Ezberdintasun horren oinarria da herrialde bakoitzean ez direla berdinak izan jarritako baliabideak eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak. Adibidez, sekuentzien %45 Erresuma Batuak bidali ditu eta %7 Danimarkak. Horrez gain, esan behar da herrialde batzuk kasu gutxiago izan dituztenez, sekuentzia gutxiago bidaltzeko aukera izan dutela baina kasuen ehuneko handi bat direla. Adibidez, Australiak izan dituen kasuen %58ren sekuentziak bidali ditu, eta Zeelanda Berriak %48. Desberdintasun hauek zailtzen dute munduko eskualde batzuetan zirkulazioan dauden birusak zeintzuk diren jakitea eta, ondorioz, aldaera berrien zaintza.

txertoa2. irudia: Txertoak garatzeko, birusen gene-informazioa erabiltzen da (Argazkia: whitesession – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Aipatutako mugak direla eta, gero eta ikertzaile gehiagok esaten dute SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa inolako baldintzarik ez duten datu-baseetan partekatu beharko litzatekeela. Horrela, ahalbidetu egingo litzateke datuen analisi konplexuak egitea eta emaitza baliagarriak arinago lortzea. Bestalde, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien eskuragarritasuna errazteko, 800 ikertzaile inguruk sinatutako gutun batean eskatzen da gene-informazio hori domeinu publikoan jartzea. Ikertzaile horien %99 Europako, AEBko eta Kanadako ikertzaileak dira. Baina, zer iritzi dute hainbeste baliabiderik ez duten herrialdeetako ikertzaileek?

Christian Happi-k –Nigerian kokatutako Genomikarako eta Gaixotasun Infekziosoetarako Afrikako Bikaintasun Zentroko mikrobiologoak– adibide argi bat ematen digu “Imajinatu afrikarrak lan ta lan egiten datu-base bat elikatzeko, zeina erabiltzen den txertoak egiteko edo eguneratzeko, eta gero txertoetara sarbiderik ez izatea. Etsigarria da.” Baliabideak mugatuak izanda eta aitortzarik lortzen ez badute, beren lanak ez die onurarik sortzen. Horregatik, lasaitasuna ematen die GISAID datu-basearen funtzionamenduak. Nnaemeka Ndodo-k –Nigeriako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroko bioingeniaritza molekularrerako adituak– eta bere lankideek egun osoan zehar egiten dute lan birusaren sekuentziak lortzeko eta gauez GISAIDera igotzen dituzte. Horrela egunero. Ndodo-ren kezka da sortzen dituzten datuak mugarik gabe eskuragarri jartzen badituzte, baliabide gehiago dituzten ikertzaileek datu horiek erabili ditzaketela eta zientzia-aldizkari garrantzitsuetan analisiak argitaratu edo teknologiak patentatu, datu-biltzaileek inolako onura eta aitortzarik jaso gabe. Nolabait, GISAIDen ereduak bermatu egiten ditu baliabide gutxi dituzten laborategien aitortza eta parte-hartzea, babestu egiten du egin duten lana.

Gene-datuen partekatzeari buruzko kezka aspalditik datorren auzia da. Hego Afrikako IOL agerkarian editorial anonimo batek deskribatzen duen bezala, “zientzia-komunitatea aspalditik blaituta dago mentalitate neokolonial batekin”. Afrikarren kezkei oinarri ematen die 2014 eta 2016 urteen artean Ginean gertatutako Ebolaren agerraldian jazotakoak. Garai hartan, Afrikako ikertzaileek lortu zituzten laginak Gineatik kanpo bidali ziren; eta lagin horiek erabilita argitaratu ziren zientzia-artikuluen eta lortu ziren patente gehienen egileak herrialde aberatsetakoak izan ziren. Bitartean, Gineako laborategiek ez zuten lan horretatik onurarik jaso eta gaur egun ez dute gaitasunik laginak sekuentziatzeko.

gene-informazioa3. irudia: SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zaintza beharrezkoa da pandemiari aurre egiteko (Argazkia: OliverKepka – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Auzi garrantzitsua da SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa non gordetzen den. Birusaren aldaeren zaintza eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da baliabide mugatuak dituzten herrialdeetako ikertzaileak prest egotea gene-informazioa partekatzeko. Txertaketa-prozesuaren onurak jaso ez dituztenez, gerta liteke birusaren aldaera kezkagarriak herrialde horietan agertzea. Ondorioz, herrialde horietan dauden birusen sekuentziak beharrezkoak izango dira pandemiaren zaintza eraginkor bat egiteko. Horretarako, herrialde horiek baliabideak izatea bezain garrantzitsua da beren lana aitortzea.

Aurreko batean azaldu genuen gizatalde guztiek ez dituztela gene-informazioaren onurak modu berean jaso. Orduan gizakion gene-informazioaz ari ginen, baina argi dago joera orokorra dela, bai edozein gene-informazio eskuratzeko, bai edozein gene-informazio erabiltzeko. Herrialde batzuek onura gehiago lortzen dituzte gene-informaziotik beste batzuek baino eta denon ardura izan beharko luke herrialde guztiek gene-informazioaren onurak modu bidezko batean jasotzeak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cyranoski, D. (2021). Alarming COVID variants show vital role of genomic surveillance. Nature, 589, 337-338. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-00065-4

Maxmen, A. (2021). Why some researchers oppose unrestricted sharing of coronavirus genome data. Nature, 593, 176-177. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-01194-6

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Gene-informazioa, denon onurarako? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages