S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 37 min 35 sec

Ana Arrieta: “Konposatuen sintesiari esker minbizia tratatzeko medikamentuak sor daitezke” #Zientzialari (155)

ven, 2021/06/11 - 09:00

Kimika Organikoan, konposatuen sintesiak prestakuntza prozesu bati egiten dio erreferentzia. Xedea da bi erreaktibo edo hasierako produktu desberdinak sintetizatzea eta produktu edo konposatu berri bat sortzea. Produktu hauek ezagunak izan daitezke, hala nola, naturan aurkitu ahal diren materialak, edo ezezagunak, hau da, propietate eta aplikazio berriak  dituztenak.

Sintesiaren prozesua aurrera eramateko, kimika konputazionala erabil daiteke. Tresna honek erreakzioa zergatik gertatzen den eta erreakzio hori gertatzeko balditza onenak zeintzuk diren aztertzeko aukera ematen du.

Konposatuen sintensiari esker sortzen diren produktuak hainbat aplikazio izan ditzakete, adibidez, minbizia tratatzeko botiken garapenean, plastikoaren berrikuntzan edo ingenieritzan erabiltzen diren elementuen ekoizpenean. 

Kimika konputazionala eta konposatuen sintesiari buruzko etorkizuna eta erronkak ezagutzeko, Ana Arrieta UPV/EHUko Kimika Fakultateko Kimika Organikoa I saileko ikertzailearekin bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin. 

 

The post Ana Arrieta: “Konposatuen sintesiari esker minbizia tratatzeko medikamentuak sor daitezke” #Zientzialari (155) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Elektroiaz (eta II)

jeu, 2021/06/10 - 09:00
elektroiaIrudia: Fenomeno fisikoetan askotan, esaterako, elektrizitatean, magnetismoan edo eroankortasun termikoan, elektroiek funtsezko zeregina dute. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

George Francis Fitzgerald fisikariaren proposamena, hau da, katodo-izpiak elektroi askeak zirela −à la Larmor elektroiak−, erradioaktibitatearen arloko ikerketek egiaztatu zuten. Hain zuzen, ikerketok beta erradiazioaren zein katodo-izpien izaera ezagutarazi zuten, eta atomoak prozesuan zatitzeko eta barneko izaera kimikoa aldatzeko gai zirela ere erakutsi zuten, bai eta hori egin egiten zutela frogatu.

Fitzgeralden hipotesia arras interesgarria izan zen garaiko komunitate zientifikoarentzat, lotu egiten baitzituen bai Thomsonen katodo-izpiak, bai Lorentz, Henri Poincaré, Kaufmann eta beste zientzialari batzuen saiakerak materiaren teoria guztiz elektromagnetiko bat garatzeko. Saiakera horiek ireki zioten bidea Einsteinen erlatibitatearen teoriari, eta, aldi berean, haiek postulatzen zutenarekin bateraezina zela frogatu zuten.

Thomsonen ideiarengatik bihurtu zen elektroia funtsezkoa atomoaren eta lotura kimikoaren teoria berrietan, geroago Ernest Rutherford eta Niels Bohr fisikariek emango zioten interpretazio berriari esker. Horrez gain, mekanika kuantikoarekin eta erlatibitatearekin batera berebiziko rola izan zuen materiaren izaera bera ulertzeko garatuko ziren ikuskera berrietan.

Ikuskera berri horien garapena estuki lotu zitzaion elektroiaren ezaugarriak zein ziren argitzeko bideari. Hasiera batean, John S. Townsend eta H.A. Wilson fisikariek elektroiaren karga neurtu zuten (1899 eta 1903an, hurrenez hurren), eta Robert A. Millikan fisikariaren esperimentuek finkatu zuten kargaren neurketa, 1907tik aurrera. Elektroiaren spina Samuel Goudsmit eta George Uhlenbeck fisikariek proposatu zuten 1925ean, espektroen egitura mehearen azalpena, eta, beraz, «teoria kuantiko zaharraren» azken etapa erabat osatzeko. Elektroiaren uhin-izaera, gerora mikroskopio elektronikoa garatzeko ezinbestekoa, egiaztatu zuten 1927an Clinton Davisson eta Lester Germer fisikariek, eta, urte berean baina bere aldetik lanean, George P. Thomsonek. 1928an, Paul Adrien Maurice Dirac fisikariak elektroi erlatibista deskribatu zuen, mekanika kuantiko berriaren beste zutabea, alegia.

Dirac, Werner Heisenberg, Ernst Pascual Jordan eta Wolfgang Pauli arduratu ziren elektrodinamika kuantikoa garatzeaz 1920ko hamarkada bukaeran, erradiazio elektromagnetikoaren eta kargadun partikulen (adibidez, elektroien) arteko interakzioak deskribatzeko asmoz. Ahalegin hori 50eko hamarkadan burutu zen, Freeman Dyson, Richard Feyman, Julian Schwinger eta Shin’ichirō Tomonaga fisikariaren eskutik, birnormalizazioa onartu zenean. Prozedura horri esker, elektroi baten −nahiz bestelako kargadun partikula baten− uhin-funtzioak kalkulatzean aldagai batzuetan agertzen diren balio infinituak kudeatu daitezke, ikuspuntu erlatibistatik inbarianteak izan daitezen.

Diracek elektroiaz ikuspuntu erlatibistatik egin zuen deskribapenak espero gabeko emaitza bat ekarri zuen: energia-balio negatiboko egoerak zeudela. Hari horri tiraka helduko zen antimateriaren existentzia posiblea zelako ideia. Fisikaren aro oso bat bukatu zen horrela: partikulak ez ziren jada beti kontserbatzen. Hasiera batean egoera negatibo horiek protoitzat jo ziren, harik eta 1930ean argi geratu zen arte elektroiaren masa izan behar zutela nahitaez. Ideia hori Carl D. A. Anderson fisikariak baieztatu zuen positroi edo antielektroia aurkitu zuenean.

1950eko hamarkadan, elektroi-bonbardaketa ugari egin zen nukleoen eta elektroien arteko talka eragiteko, eta ondorioztatzen zen neutroi eta protoiek egitura konplexua zeukatela. Ideia horren garapenak partikulen eredu estandarra sorrarazi zuen. Eredu horren arabera, elektroia arinena eta egonkorrena da –dagozkion neutrinoekin batera osatzen dituen– leptoi deituriko karga negatibodun hiru partikulen artean. Elektroiak barne egitura duela frogatzeak arrakalatu egingo luke partikulen fisikaren eraikina.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

Elektroiari buruz idatzitako artikulu-sorta:

The post Elektroiaz (eta II) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pi, zenbaki agortezina

mer, 2021/06/09 - 09:00

Zenbaki ospetsurik bada matematikan, hori pi da, letra (greko) baten izena duen zenbakia. Aurreko artikulu batean Pi eguna aipatu genuen, martxoaren 14a, alegia, π = 3.14 izateagatik aukeratua. Baina 3.14 ez da π-ren balio zehatza, haren adierazpen hamartarreko lehen zifra dezimal biak hartuta lortzen den zenbakia da, ez besterik. Idatz daiteke garapen hamartar osoa?

Duela bi mende eta erdi Johann H. Lambert-ek frogatu zuen π irrazionala dela. Horren ondorioz, garapen hamartarrak infinitu zifra dezimal ditu eta, gainera, ez dago bloke bat behin eta berriro errepikatzen dena (periodoa), bestela zenbaki arrazionala izango bailitzateke. Hortaz, garapeneko zifra pilo bat idatzita ere, beti daude gehiago eta, gainera, ezin dugu aurresan zein izango den jarraipena. Garapeneko dezimalak kalkulatzeko, formula on bat eta denbora edo/eta tresna egoki bat behar dira. Duela urtebete, 50 bilioi (5 x 1013) zifra dezimal kalkulatzeraino heldu ziren. Zer esanik ez, teknologiaren aurrerapen izugarriaren eskutik etorri da halako lorpena. Ikus dezagun π-ren dezimalen kalkuluaren bi mila urte eta gehiagoko bilakaera hori.

Pi1. irudia: Pariseko Palais de la Découverte 1937an inauguratu zen eta π-ren 707 zifra dezimal —artean ezagutzen zirenak— idatzi zituzten areto batean. Azken 180 zifrak oker zeuden eta 1950ean zuzendu zituzten. (Iturria: Palais de la découverte)Arkimedesen bidea

Zirkunferentziaren luzeraren eta diametroaren arteko erlazioa da π. Ikuspegi geometriko hori zen nagusi Antzinatean eta ez zuten erlazioa berez zenbaki gisa ikusten. Geometrian oinarritu zuen Arkimedesek proportzio horren bilaketa (π-ren balioarena guretzat) K.a. III. mendean. Ia bi mila urtez erabili zen Arkimedesen metodoa π-ren hurbilketak lortzeko.

Hasteko, zirkunferentzia baten barruan eta kanpoan hexagono erregularrak kokatu zituen, zirkunferentzian inskribatutako eta zirkunskribatutako poligonoak, alegia. Zirkunferentziaren luzera hexagono horien perimetroen artean dago. Gero, alde-kopurua bikoiztuz, dodekagonoak kokatu zituen. Barruko poligonoaren luzera handitu eta kanpokoarena txikitu egiten zen horrela, eta π tarte estuago batean kokatu. Behin eta berriro alde-kopurua bikoiztuz, geroz eta hurbilketa hobea lortzen da. Arkimedesek berak 96 aldeko poligonoraino eraman zituen kalkuluak; horrela, 3 10/71  eta 3 1/7 artean kokatu zuen π-ren balioa. Idazkera hamartarrera pasatuz, 3.140845… Pi2. irudia: Arkimedesen metodoaren lehen urratsak (hexagonoa eta dodekagonoa). Alde-kopurua handitzean poligonoak zirkunferentziatik hurbilago daude. (Irudia: Javier Duoandikoetxea)

Hurrengo mendeetan etekina atera zioten Arkimedesen metodoari alde gehiago kontuan hartuz. Ptolomeok II. mendean 377/120 balioa eman zuen eta horrek hiru dezimal zuzen ditu. Gero, Asian aurkitzen ditugu ekarpenik aipagarrienak, zientziaren arrastoa ia desagertuta egon baitzen mendebaldean denbora luzean. Bereziki Txinako emaitza batzuk nabarmentzen dira: Liu Huiren algoritmoa (III. mendea) eta Zu Chongzhiren hurbilketa (V. mendea). Azken honek 3.1415926 eta 3.1415927 artean kokatu zuen π.

Arkimedesen poligonoen metodoa erabiliz azken emaitza garrantzitsua Ludolph van Ceulen alemaniarrak eman zuen XVII. mendearen hasieran: 35 zifra dezimal lortu zituen, 262 aldeko poligonoen bidez, urte askoko lanaren ondoren. Holandan izan zen irakasle eta Leidenen hil zen. Kalkulaturiko π-ren balioa Leidengo hilobian ipini zioten (3. irudia). Denbora luzez Alemanian Ludolphsche Zahl (Ludolphen zenbakia) esan zioten π-ri.

Pi3. irudia: Leidengo Pieterskerk-en, Ludolph van Ceulenen hilobian, π-ren balioa jarri zuten. Jatorrizkoa desagertu egin zen eta 2000 urtean kopia bat jarri zuten. (Iturria: Wikimedia Commons)Kalkuluaren aroa

Kalkulu infinitesimala XVII. mendean sortu zen eta aro berri bat ekarri zuen matematikara. Handik aurrera funtzioen garapen infinituak ohiko egin ziren eta π-ren balio hurbilduak lortzeko ere baliatu ziren. Horren adibide,

 

Pi

formula daukagu. Puntuek adierazten dute infinituraino jarraitu beharko genukeela gaiak jartzen berdintza gertatzeko. Berez, batura partzialen limitea hartu behar da eta, horregatik, nahi beste hurbildu gaitezke ezkerreko baliora behar adina gai hartuta eskuinean. Guregana Gottfried W. Leibniz (1676) eta James Gregory (1671) izenei lotuta heldu den formula da, baina Sangamagrama-ko Madhava astronomo indiarrak jada ezagutzen zuen haiek baino 250 urte lehenago. Formula bera ez da oso erabilgarria praktikan, gai gehiegi behar direlako zehaztasun egoki bat lortzeko. Baina hobetu daiteke, eta Madhavak berak antzeko serie hobe bat erabiliz, 11 dezimal lortu zituen π-rako.

Goiko formula hori, berez, arku tangente funtzioaren seriezko garapenaren kasu bat da. Oro har,

Pi

 

dugu eta t = 1 eginez gero, Madhavaren formula lortzen da, arctan 1 = π/4 baita. (arctan t = x izateak esan nahi du x radianeko neurria duen angeluaren tangente trigonometrikoak t balio duela.) Serieak arinago konbergitzen du t txikiago izanda eta, horregatik, beste formula batzuk baliatuz, hala nola,

beste garapen hau lortuko genuke:

 

Lehengoak ez bezala, honek arin ematen ditu zifra dezimal zehatzak. Eskuineko atalean idatzi ditugun apur horiek batuta 3.14156158… lortzen da, lau zifra dezimal zehatz, alegia.

Hortik aurrera, π-ren dezimal ezagunen zerrenda asko hazi zen. Bereziki aipagarria da John Machin ingelesaren ekarpena,

 

formula lortu ondoren, 100 zifra dezimal kalkulatu baitzituen 1706an. Ez zen hor gelditu kalkulua eta aro horretako ekarpenik luzeena William Shanks ingelesak eman zuen 1873an: Machinen algoritmoa erabiliz eta urte asko kalkuluari emanda, 707 dezimal plazaratu zituen. Handik 70 urtera, mahai gaineko kalkulagailu batekin lanean, konturatu ziren bakarrik lehenengo 527ak zirela zuzenak. Horregatik aldatu behar izan zituzten goiko 1. irudian agertzen direnak.

Ordenagailuen aroa

Ordenagailuak kalkuluak arinago egiteko sortu ziren eta horrek erabat aldatu zituen π-ren dezimalak lortzeko aukerak. Lehen ordenagailua, ENIAC ospetsua, 1949an jarri zuten eginkizun horretan, eta 70 orduko lanaren ondoren π-ren 2037 dezimal kalkulatu zituen. Handik aurrera, eten gabe egin du gora dezimal-kopuruak, besteak beste, makinen ahalmenari formula hobeak elkartu zaizkiolako.

Hurrengo taula honek laburbiltzen du azken 70 urteetako bilakaera:

Urtea Makina Denbora Dezimal-kopurua 1958 IBM 704 1.7 ordu 10 000 1961 IBM 7090 8.7 ordu 100 265 1967 CDC 6600 28 ordu 500 000 1973 CDC 7600 23.3 ordu 1 001 250 1987 NEC SX-2 36 ordu 134 217 700 1989 IBM 3090 1 011 196 691 1997 HITACHI SR2201 91 ordu 51 539 600 000 1999 HITACHI SR8000 83.5 ordu 206 158 430 000 2002 HITACHI SR8000 600 ordu 1 241 100 000 000 2011 etxekoa 371 egun 10 000 000 000 050 2020 etxekoa 303 egun 50 000 000 000 000

 

Uneko errekorraren jabe den Timothy Mullican-ek azaltzen duenez, piezak erosita muntatu zuen ordenagailua (ikus 4. irudia) eta, behin kalkulurako programa prestatuta, 303 egun mantendu zuen makina lanean, 2020ko urtarrilaren 29an gelditu arte, orduan lortu baitzuen 50 bilioigarren tokiko dezimala.

4. irudia: Timothy Mullicanek errekorra lortzeko eraiki zuen ordenagailua. Gorriz markatuta daude π-ren kalkulurako erabili ziren atalak. (Iturria: Timothymullican.com)

Ordenagailuen gaitasunaz gain, formula berriak aipatu behar dira. Ramanujan matematikari indiar harrigarriak formula sinestezinak aurkitu zituen π-rako, hala nola 5. irudian agertzen den lehen hori. Formula zaharrak baino arinago ematen ditu π-ren dezimalak, eta geroago beste aldaera batzuk asmatu dira. Chudnosky anaiek emandako aldaera batekin (hori ere 5. irudian) mila milioi dezimal lortu zituzten 1989an. Azken aldiko errekor batzuetan algoritmo bera erabili dute, batugai bakoitzak 14 dezimal zuzen gehitzen dituelako. Bestalde, 5. irudian agertzen den hirugarren formulak (BBP deitzen zaio, egileen abizenak hartuta) badu berezitasun bat: 16 oinarriko sisteman, eta ondorioz sistema bitarrean ere, toki zehatz bateko dezimala kalkula daiteke, aurrekoak ezagutu barik.

5. irudia: Formula berriak agertu dira XX. mendean eta ordenagailuan kalkuluak egiteko erabili dira. (Irudia: Javier Duoandikoetxea)Eta hori guztia, zertarako?

Zertarako balio du π zenbakiaren hainbeste zifra dezimal ezagutzeak? Egia esateko, ezertarako ere ez… Benetan π-ren balioa mundu errealean erabiltzen denean, kalkulurik zorrotzenetan ere, duela 500 urte ezagutzen zen zehaztasuna nahikoa eta sobera da. Orduan, zerk pizten du batzuen interes hori? XVIII. mendera arte pentsa zitekeen garapen hamartarra amaitu egingo zela edo periodiko bihurtu, hots, π zenbaki arrazionala izango zela. Norbaitek esperantza hori bazuen, Lamberten emaitzak zapuztu zion: π irrazionala da.

Garai modernoetan, ordenagailua kalkuluetan sartu zutenean, makinaren gaitasuna probatzeko balio dezakeela esan ohi dute. Hala zioen Timothy Mullicanek, esaterako, orain arteko errekorra lortu zuenean. Dena dela, beste errekor batzuen antzera, badirudi honek ere ez duela pizten Guinness World of Records ospetsuan agertzetik aparteko interesik.

Gehiago jakiteko edo ikusmiran ibiltzeko
  1. π-ren hurbilketaren historia eta haren kronologia.
  2. Timothy Mullicanen bloga: gaur egungo errekorra ezarri zuen lana azaltzen du.
  3. Milioi bat dezimal orrialde bakar batean: https://www.piday.org/million/.
  4. π kalkulatzeko erabili diren formulak eta algoritmoak aurkezten dituen Jesús Guilleraren artikulu bat.
  5. π-ren zenbat zifra dezimal gogoratzen dituzu? Horretan ere bada lehia bat, ea nork gehiago esan. Orain arte buruz zifra dezimal gehien esan duena Suresh Kumar Sharma indiarra da: 2015ean 70 030 eman zituen, 17 ordu eta 14 minutuan. Harrigarria! Hori guztia eta gehiago, Pi World Ranking List webgunean.
  6. Pifilologia deitzen da π-ren zifra dezimalak gogoratzeko baliabide mnemoteknikoen alorra.
  7. Azken hamarkadako errekorrak egiteko y-cruncher programa erabili dute. Alexander J. Yee da programaren sortzailea eta beste konstante matematiko ezagun batzuk kalkulatzeko ere erabili dute. Programaren webgunean informazio guztia duzue.
  8. Zure jaioteguna edo nahi duzun data aurkituko dizu π-ren zifra dezimalen artean Find Your Pi Day webguneak.

 

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Pi, zenbaki agortezina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak…

mar, 2021/06/08 - 09:00

Jebel Sahabako hilerria da Niloko ibarreko hilobi-gunerik zaharrena. Gune hau duela 13 400 eta 18 600 urte bitartekoa da. Eskeletoen lehen azterketak duela sei hamarkada egin ziren eta emaitzek indarkeriaren arrastoak erakutsi zituzten, lurperatutako banakoen erdien kasuan, gutxienez.

JebelIrudia: Hilobi bikoitzaren irudia. Bertan arkatzen bidez tresna litikoak aurkitzen ziren kokapena adierazten da. (Argazkia: © British Museum, Wendorf Artxiboa. Iturria: CNRS)

Jebel Sahabako hilobietan Qadan kulturan ohikoak ziren harrizko tramankuluak ere bazeuden. Hauek, gorputzean ehun bigunek hartu zuten tokietan zeuden eta, batzuetan, hezurretan bertan sartuta. Posizio honen arabera, tresnak ez ziren hilobi-objektuak; gainera, lurperatutako gizabanakoak ez ziren Qadan kulturakoak, beste kultura batekoak baizik.

Hilerria 1960ko hamarkadan induskatu zen lehen aldiz, eta indarkeria eta gerra antolatuaren lekukotzat hartu da. Duela gutxi aztertu dituzte berriz ehorzketaren aztarnak eta ondorio interesgarriak atera dituzte.

Besteak beste, egiaztatu dute identifikatutako lesioen jatorria pertsonen arteko indarkeria izan zela, eta gehienak jaurtigaiek eragin zituztela. Gutxi gorabehera, indibiduoen laurden batek traumaren baten zantzuak zituen hil baino lehentxeago, eta ia bi herenek aurreko traumak erakusten zituzten, sendatuak edo sendatu gabeak (seinale hauek sexu edo adinarekiko independenteak ziren, lau urte baino gutxiagoko haurrak barne zeudelarik). Bestalde, hobi bakoitzari lotutako harrizko objektuak jaurtigai baten parte izandakoak ziren (geziak edo lantzak). Behaketek iradokitzen dute agresioak ez zirela gertatu talde berbereko kideen artean edo familien barruan,  baizik eta beste giza talde batzuen erasoen ondorioz izan zirela.

Hobi batzuk bikoitzak edo aniztunak ziren arren, eta, seguruenik, hilobietan ehortzitako subjektuak aldi berean hildakoak izan, datu demografikoek eta geroago ehorzketa berriek eragindako aldaketak iradokitzen dute hilerriak ez dituela soilik gerra bakar bateko giza aztarnak.

Ezin da baztertu Jebel Sahabako hilerria indarkeriaren biktimak ehorzteko tokia izatea, baina lurperatutako gizabanakoek zituzten sendatutako zauri ugariek adierazten dute behin baino gehiagotan eraso zituztela. Horrez gain, hileta-espazioa berrerabiltzeak ideia hau indartzen du: pertsonen arteko noizbehinkako indarkeria kasuak jazo zirela behin eta berriz. Gainera, zauriak gorputzaren aurreko eta atzeko aldean gertatu ziren, beraz, ez dirudi jatorria bi talderen arteko aurrez aurreko liskarretan zegoenik. Horregatik, litekeena da gehienak liskarren, razzien (erasoaldi) edo segaden ondorio izatea.

Pleistozenoaren amaieran eta Holozenoaren hasieran Niloko ibarrean aurkitutako objektuek erakusten dute tradizio kultural desberdinak zeudela inguruan, eta horrek iradokitzen du giza taldeen nolabaiteko zatiketa eta isolamendua.

Gainera, ehorzketa handien esan nahi du sedentarismo maila bat hedatu zela, eta oso litekeena da lehia handia egotea ehizatik, arrantzatik eta fruituen bilketatik bizi ziren taldeen artean, Azken Maximo Glaziarraren amaieran (duela 20 000 urte inguru) eta Afrikako Periodo Hezearen hasieran (duela 16 000-6 000 urte) gertatu ziren ingurumen-aldaketei aurre egin behar izan zietenean.

Ezaugarri kultural desberdinak zituzten giza taldeen arteko indarkeriazko gertaera errepikakorrak, lehia gogor horren ondorio zuzena izango ziren. Hau da, sasoi hartan izandako ingurumen-aldaketen eraginez. Aipatutako gertakariak duela 15 000 urte inguru jazo ziren, baina etengabe suertatu dira hainbat modutan eta eskala desberdinetan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Crevecoeur, I., Dias-Meirinho, MH., Zazzo, A. et al. (2021). New insights on interpersonal violence in the Late Pleistocene based on the Nile valley cemetery of Jebel Sahaba. Scientific Report, 11 (1), 9991. DOI: 10.1038/s41598-021-89386-y

Egilea

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Hezurretan idatzitako erasoak, liskarrak, segadak… appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri

lun, 2021/06/07 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Bilboko itsasadarra berreskuratzeko plana abiatu zenean itsasadarraren egoera leheneratzea zen helburua. Ikusgarriak dira lortutako emaitzak. Baita ikusgarri ez den planktonean ere. Berebiziko garrantzia du honek, izan ere, planktona dago itsasadarraren kate trofikoaren oinarrian.


Planktona izan da Bilboko itsasadarreko kutsadura maila kezkagarria jasan duen parametroetako bat. Bestelako bizidunek jasandakoen parekoa izan da, baina ez hain nabarmena populazioarentzat.

Uretan esekita dauden organismo txikiek osatzen dute planktona. Fernando Villate eta Aitor Laza-Martínez azaldu zituzten planktonaren nondik-norakoak eta klasifikazio ezberdinak honako artikuluan.

Garrantzi handia du ekosistemetan planktona, kate trofikoaren oinarria osatzen baitu. Karbonoaren zikloak, fitoplanktona oinarrian duenak, fotosintesia erabiltzen du co2-a finkatzeko. Karbono hori kate trofikoan zehar bidaiatzen du, gizakiraino.

Esan bezala, itsasadarraren saneamendu planari esker, planktona berreskuratzen ari da, bai fitoplanktona (landare mikroskopikoz osatua), bai zooplanktona (animalia mikroskopikoak).

Bilboko itsasadarrera bizia itzuli izanaren oinarrian planktona egon da eta hau berreskuratzeko ezinbestekoak izan dira zientzia eta teknologia.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko planktona

The post Planktona Bilboko itsasadarrean, kate trofikoaren oinarri appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #353

dim, 2021/06/06 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

klima

Klima-aldaketa

Klima-aldaketak giza osasunari eragiten dio, baina ez da eskala handiko azterketarik egin beroak gure osasunean duen eragina zenbatzeko. Ikerketa batek 43 herrialdetako datuak jaso ditu, 1991-2018 aldian berotze globalak eragin duen beroaren esposizio gehigarriaren ondoriozko hilkortasun-tasa ezagutzeko. Emaitzen arabera, urte-sasoi beroenean hildakoen % 37a  klima-aldaketa antropogenikoari egotz dakizkioke. Xehetasun guztiak, Berrian: Klima-aldaketak eragindako beroaldiek urtero 33 lagun hiltzen dituzte Hegoaldeko hiriburuetan.

Historia

Martiodako elizan (Araba) erlikia multzo garrantzitsu bat izan dute gordeta. Juanma Gallego kazetariak kontatu duenez Alea aldizkarian, erlikiez harago joanez gero ezkutuko altxorra da material hori. Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak hainbat teknika erabiliz aztertu ditu piezak eta publikoak ezagutu ditzan erakusketa bat antolatu du.

Neurozientzia

Teknologia berriak funtsezkoak dira garuneko zirkuitu eta neurona-sistemaren dinamika ulertzeko. Ultrasoinuetan oinarritutako neuroirudi teknika baten bidez, makako baten gorputz atalen mugimenduak eta begiradaren norabidea aurreikusi dituzte ikerketa baten. Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak azaldu du: Ultrasoinuak, entzefaloaren barrualdera begiratzeko.

Osasuna

Covid-19a modu arinean pasatu zuten 77 gaixoren azterketak emandako datuak argitaratu dituzte Nature aldizkarian. Emaitzek iradokitzen dutenez, gaixotasuna pasatu duen pertsona batek, nahiz eta arina izan, epe luzerako babesa eman diezaioketen antigorputzak gara ditzake. Egoitz Etxebestek azaldu du Elhuyar aldizkarian: COVID-19tik epe luzean babesten duten zelulak topatu dituzte hezur-muinean.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian jakitera eman digu, Gaixotasun Infekziosoen Europako Zentroak (ECDC) osasun publikoko agintarientzako lagungarria izan daiteken txosten tekniko bat argitaratu dutela. Bertan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeei Covid-19aren txertoa emateari buruzko erabakia hartzeko lagungarria izan daitezken irizpideak eskaintzen zaizkie.

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa bat abiarazi dute, trebatutako txakurren laguntzarekin Covid-19arekin kutsatutako pertsonak usainaren bidez antzemateko. Maialen Arteaga kazetariak azaltzen du Berrian: Txakurrak birusa antzematen.

Astrofisika

Martek gure arreta erakartzen duela gauza jakina da. Azkenaldian planeta gorriari buruzko hainbat gauza ezagutzen ari gara bertan dauden ibilgailu robotikoei esker. Esaterako, Nagore Arin kazetariak Berrian jakitera eman digu izotz lehorrez konposatutako hodei koloretsu eta distiratsuak antzeman dituztela Marten. Hodei bitxiak dira, ilunabarrean eguzkiaren azken izpien koloreak xurgatu eta distira nabarmena egiten dute.

Genetika

Pandemiak zaintza genomikoko aro bati eman dio hasiera. Izan ere, zientzialariak SARS-CoV-2 birusaren aldaerak aztertzen dihardute inoiz ikusi gabeko abiadura eta eskalan. Baina lan hau ez da modu berean ematen munduan zehar eta zientzialariek ohartarazi dute litekeena dela diru-sarrera txiki eta ertaineko herrialde askotan birusaren aldaerak modu kezkagarrien zabaltzea, inork atzeman gabe. Koldo Garcia genetistak ohartarazi digu asteon auziaz: Gene informazioa, denon onurarako?

Mikrobiologia

Eztabaida publikoetan laguntzeko, OMEk letra greziarrak erabiliko ditu SAR-COV-2 birusaren aldaerak izendatzeko. Osasun erakundearen esanetan, hauek errazagoak eta praktikoagoak izango dira zientzia gaietan trebatua ez dagoen audientzia batek informazioa kudeatu dezan.  Aitziber Agirreren eskutik, Elhuyar aldizkarian: Alfa, Beta, Gamma eta Delta: SARS-CoV-2aren aldaerentzako izen berriak.

Biologia

Herpetologia narrastiak eta anfibioak aztertzen dituen zoologiaren adarra da. Besteak beste, sugeak dira herpetologoen ikergaia eta Berrian Enekoitz Telleria kazetariak animalia hauek protagonista duen egitasmo baten berri eman digu: #sugebizi proiektua. Aranzadi Elkarteak martxan jarritako egitasmoa da eta herritarrek Twitter bidez partekatutako argazki eta datuen bidez, sugeei buruzko ezagutza eta sentsibilizazioa handitzea izan du helburu.

Neurozientzia

Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu zen Ileana Quiñones ikertzailea eta, egun, kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituen BCBL zentroan ari da lanean. Bere ibilbideari buruz hitz egin du Ana Galarragarekin eta Quiñones neurozientzialariak azpimarratu dio zaila dela emakume izatea eta ikerketan lan egitea.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #353 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #354

sam, 2021/06/05 - 09:00

Nukleo zelularren edizio genetikoaren ostean, mitokondrien edizio genetikoa dator. Geldiezina da hau guztia. Mitochondrial gene editing is now possible, thanks to a bacterium Rosa García-Verdugoren eskutik.

Bizidun oso txikien inguruan, posible litzateke mikroorganismo batek estralurtar batekin komunikatzea. Predrag Slijepcevic eta Nalin Chandra Wickramasinghe azaltzen dute: Seti: how microbes could communicate with alien species

Molekula organikoetan gauzak di-da gertatzen dira, femtosegundutan. Baina ez berdin norabide guztietan. DIPCk: The anisotropic behaviour of ultrafast electron transfer at the metal/organic interface

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #354 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ileana Quiñones, neurozientzialaria: “Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea”

ven, 2021/06/04 - 09:00

Kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzen dituen BCBL zentroko ikertzailea da Ileana Quiñones González. Horra iristeko, bide zuzena egin du gaztetik, beti izan baitzuen argi ikertzaile izan nahi zuela: “Batxilergoa ere zientzietan espezializatutako zentro batean egin nuen, eta gero, medikuntza ikastekotan ere egon nintzen, baina banekien, mediku izanda, ez zela erraza izango ikerketan aritzea. Hortaz, biologia ikasi, eta masterra egin nuen, neurozientzia kognitiboen arloan. Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu nintzen, eta tesiaren zati bat Eskozian egin nuen. Habanara itzuli, eta BCBLren oso antzeko zentro batean hasi nintzen lanean, tesia bukatu bitartean”.

Gaur egun BCBLren zuzendari den Manuel Carreiras Valiñari esker igaro zen handik BCBLra: “Nazioarteko mintegi batean ezagutu genuen elkar, Habanan. Orduantxe sortu zen BCBL zentroa, 2010ean, eta tesia Donostian amaitzea proposatu zidan. 2011tik nago hemen”.

Aitortu du hasieran erreparo pixka bat izan zuela, euskara ez jakiteagatik; baina ikerketen funts nagusietako bat elebitasuna duen zentro batean lan egitea oso erakargarria egiten zitzaion, bi hizkuntza ezagutzeak eragin handia baitu garunean.

Gainera, ikerketa-zentro guztietan lantaldeak nazioartekoak dira, eta ingelesa erabiltzen dute elkarren artean hitz egiteko. “Ez du axola non zauden. Ikertzaile izateak mugitzea dakar, nazioartekotasuna eta ingelesez komunikatzea. Hortaz, euskara ez jakitea ez da arazo bat”.

Quiñonesek gidatzen duen proiektua neuroplastikotasuna ikertzean datza, buruko tumoreak dituzten pertsonetan. “Beste leku askotan ere ikertzen da hori, baina BCBLn elebitasuna aintzat hartzen dugu. Kontuan izan behar da paziente gehienak, normalean, beti gaztelaniaz testatu dituztela, eta, batzuentzat, ez da hori beren jatorrizko hizkuntza. Beraz, pazienteak hitz egiten dituen hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituzten test berriak diseinatu ditugu, eta elebitasunak plastikotasunean nola eragiten duen ere ikertzen dugu”.

Horren garrantzia nabarmentzeko, kasu ezagun baten adibidea jarri du: “Gizon batek bi hizkuntza hitz egiten zituen, gaztelania, jatorrizkoa, eta ingelesa, gero ikasia. Bada, istripu baten ondorioz, operazio kirurgiko bat egin behar izan zioten garunean. Ondoren, ez zen gaztelaniaz hitz egiteko gai, baina bai ingelesez. Horrenbestez, neurozientzialariontzat oso da interesgarria elebidunak ikertzea”.

Lana eta familia bateragarri egiteko zailtasuna

Quiñonesek guztiz bokaziozkoa du bere lana, baina horrek ez du esan nahi ez dituela alderdi txarrak. Adibidez, bereziki zaila egiten zaio finantziazioa bilatzeko lana, ikerketa, eta familia uztartzea. “Gauza jakina da, eta BCBLn, gainera, egiten ditugu saioak kontziliazioa nola hobetu dezakegun aztertzeko. Alegia, gaiarekiko sentiberatasuna eta ulerkortasuna badago; baina, praktikan, ez da erraza irtenbideak topatzea, eta lan-kargak banatzea ez da nahikoa. Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea”.

Dioenez, haurrak izatea erabakitzen duen emakumeak zailtasun batzuk izango ditu, beraz: “Biologiak agintzen du. Haurdunaldiak emakumeari eragingo dio, beti; hori ezin dio beste inori esleitu. Eta haurra izan ondoren ere, hasieran, badaude amak baino egin ezin dituen gauzak. Nire ustez, lagungarria izango litzateke, hori kontuan hartuta, aldez aurretik egotea zerbait aurreikusita, amaren gain utzi beharrean laguntza eskatzeko ardura”.

Bestelakoan, BCBLn ez du inoiz arazorik izan haurrak berekin eramateko lan-bidaietan eta abar, eta lankideek ere beti izan dute kontziliazioan laguntzeko jarrera. Baina, hala ere, zaila dela onartu du: “Konfinamenduan, adibidez, gogorra egin zitzaidan etxekoek ni lanean ikustea, ordenagailuarekin eta abar. Izan ere, beti saiatu izan naiz etxean pantailarik ez erabiltzen: ez mugikorrik, ez ordenagailurik… Konfinamenduan ezinezkoa izan zen, eta asko kostatu zait”. Nolanahi ere, garbi du etorkizunean ikertzen jarraitu nahi duela: “Ikerketa nire bizitzaren zati bat da”.

Fitxa biografikoa:

Ileana Quiñones González 1981ean jaio zen, Kuban. Biologia ikasi ondoren, masterra egin zuen, neurozientzia kognitiboen arloan. Garuna neuroirudien bidez aztertzen espezializatu zen, eta, tesia amaitzen ari zela, 2011n, Donostiara etorri zen, BCBLra. Geroztik, bertan ari da lanean, eta, gaur egun, ikerketa-lerro bat gidatzen du.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ileana Quiñones, neurozientzialaria: “Zaila da emakume izatea eta ikerketan lan egitea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak

jeu, 2021/06/03 - 09:00
Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega

Azken hamarkadetan izan den teknologiaren aurrerapenari esker, isotopo egonkorren analisia eskeleto-aztarnetan geroz eta garrantzitsuagoa bihurtu da gure arbasoen bizimodua ikertzeko. Isotopoek antzinako gizakien bizimoduari buruz eman dezaketen informazioa populazio mugikortasun eta elikadura patroiei buruzkoa da. Gainera patroi hauen ezagutzak, besteak beste gizarte-egituraketa sozial eta ekonomikoaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du ere.

isotopo egonkorren analisia elikadura ikertzeko.1. irudia: Isotopo egonkorren analisiak arbasoen elikadura ikertzeko baliagarriak izan daitezke.

Isotopoak zenbaki atomiko berdina baina masa-zenbakia ezberdina duten elementu kimiko baten atomoak dira. Elementu baten isotopoek propietate kimiko berberak dituzte, baina masa atomikoan duten desberdintasunaren eraginez, propietate fisiko desberdinak azaltzen dituzte. Ikerketa hauetan isotopo-egonkorrak dira erabiliak. Egonkorrak dira ez dutelako desintegraziorik jasaten, baina isotopo-frakzionazioa deritzon fenomenoa pairatzen dute. Hau da edozein prozesu kimiko, fisiko edo biologikoen aurrean isotopo arinak eta astunak (masaren araberakoa) jokaera desberdina dute, izan ere prozesu mota batean isotopo batek bestearekiko lehentasuna izaten du.

Gizakiaren edozein ehunetan neurtu daitezke isotopo erlazioak (isotopo arin eta astunaren arrazoia), bizitzan zehar jan eta edan dugunaren isotopo-konposizioa gizaki eta animalien gorputz ehunetan islatzen baita. Ekosistema bateko isotopo-konposizioa elikagaietara pasatzen da, eta elikatzean gure gorputzak jasotzen du konposizio hori. Horrela gure ehunak aztertzerakoan atzerako ibilbidea egiten da, alegia gizakian neurtutako isotopo-erlazioetatik abiatuta bizi izan ziren eskualdea eta elikagai motak bereizten dira.

Antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun ikerketetan hezurretako kolagenoan eta hortzetako esmaltean neurtzen diren karbono (δ13C), nitrogeno (δ15N), oxigeno (δ18O) eta estrontzio isotopo arrazoiak (87Sr/86Sr) erabiltzen dira. Karbono eta nitrogeno isotopo-erlazioek elikaduraren berri ematen dute. Karbono 13C eta 12C isotopo-erlazioak landaretza motak bereizteko erabiltzen dira, izan ere landareen δ13C balioak burutzen duten fotosintesi-bide moduaren araberakoak dira (C3 eta C4 landare motak). Nitrogeno isotopoen 15N eta 14N arrazoien kasurako, kontsumitzen den animalia-proteinen maila trofikoa islatzen du, zenbat eta animalia-proteina sarrera ugariagoa izan, δ15N balioak aberatsagoak dira. Bestalde, oxigeno 18O eta 16O isotopo egonkorren erlazioa edaten den eskualde geografiko bateko ur meteorikoaren oxigeno isotopo konposizioaren arabera aldatzen da, aldiz estrontzio isotopoen arrazoiak (87Sr/86Sr), arroka motaren isotopo-erlazioaren araberakoak dira. Ondorioz, bi isotopo-sistema hauen informazio-konbinaketak gizakiaren jatorri eskualde geografikoa mugatuko du.

Iberiar Penintsulako hainbat aztarnategi arkeologikoetako gizaki aztarnak erabili dira isotopo-egonkorrak populazioaren mugikortasun eta elikaduraren azterketa burutzeko: Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza), eta Las Gobas (Trebiñuko Konderria). Aztarnategi hauek Iberiar Penintsulako iparraldean kokatzen dira, eta VI-XIII. mendeen artekoak dira. Aipatzekoa da Momoitioko San Juan eta Las Gobas aztarnategiak kristauak direla, aldiz Tauste musulmana da.

Elikadurari dagokionez, elikadura orojaleak zuten, eta batez ere zereal, lekale eta barazkietan oinarritzen zen. Tauste aztarnategiaren kasurako, sexu zein adinaren araberako bereizketa dago. δ15N balio altuek adierazten dutenaren arabera, gizon helduek emakume eta gazteek baino haragi gehiago jaten zuten. Haragia jatea estatus maila altuagoa izateari lotu da betidanik, beraz gizonezkoak pribilegiatuagoak ziren aztarnategi musulman honetan. Bereizketa hau ez da antzeman aztertutako aztarnategi kristauetan.

δ18O eta 87Sr/86Sr arrazoien arabera populazio mugikortasuna urria zen Erdi Aroan zehar, genero eta adinaren araberako desberdintasunik ez zegoen eta bertan bizitakoak ziren gehienetan. Kanpotarrak ziren gizakiak ere identifikatu dira baina hauen jatorri geografikoa ezin izan da ezarri, baina orokorrean aztarnategiarekiko nahiko hurbila izan behar zuela ondorioztatu da.

 

Iturria:

Guede, Iranzu; Alonso-Olazabal, Ainhoa; Zuluaga Maria Cruz; Ortega, Luis Angel (2019). «Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak»; Ekaia, 36, 2019, 255-274. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20841). Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak
  • Laburpena: Gizakien hezur eta hortzetan neurtutako isotopo-erlazioak (87Sr/86Sr, δ13C, δ15N eta δ18O) antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun-ereduak berreraikitzeko erabiltzen dira. Gizakien elikaduraren berri izateko, gizaki eta faunaren hezurretik lortutako kolagenoan karbono eta nitrogeno isotopoen analisiak egiten dira. Gainera, gizaki eta animalien mugikortasunari buruzko informazioa lortzeko, hezur eta hortzetan neurtutako estrontzio eta oxigenoen isotopo-erlazioak erabiltzen dira. Isotopo hauek duten aplikazioa ikusteko Erdi Aroko hiru aztarnategiren emaitzak deskribatuko dira, Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza) eta Las Gobasekoak (Trebiñuko Konderria), hain zuzen ere.
  • Egileak: Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 255-274
  • DOI: 10.1387/ekaia.20841

————————————————–
Egileaz:

Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailekoak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gene-informazioa, denon onurarako?

mer, 2021/06/02 - 09:00

COVID-19 gaixotasunaren pandemian argi ikusi dugu zeinen garrantzitsua den SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zainketa. Zainketa hori gauzatzeko, ezinbesteko da birusen genoma sekuentziatzea eta sekuentzia horiek komunitate zientifikoan zabaltzea. Hala, toki bakoitzean zirkulazioan dauden birusaren aldaerak ezagutu daitezke eta kezkagarriak izan daitezkeen aldaeren kontrola areagotu. Baina oro ez da urre.

Gene-informazioa eskuragarri jarri ohi da datu-base publikoetan. Zientzia-artikulu baten baitan gene-informazio berria sortzen denean, zientzia-aldizkariek gene-informazio hori modu publikoan jartzea eskatu ohi dute artikulua argitaratzeko. Hala, zientzia-komunitateak ikuska dezake gene-informazio hori eta berrerabili lan berriak egiteko. SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioaren kasuan, zientzia-artikuluak argitaratu baino lehenago eskuragarri jarri dira, pandemiaren ezagutzan arinago sakontzeko. Baina prozedura horrek arazoak izan ditu.

gene-informazioa1. irudia: Gene-informazioa datu-baseetan gordetzen da (Argazkia: ColossusCloud – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

COVID-19 gaixotasunean positibo eman duten pertsonen birusak sekuentziatu dira, baina herrialde guztiek ez dute modu berdinean egin. GISAID datu-basea izan da SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia horiek partekatzeko biderik erabiliena. Datu-base hori 2008. urtean sortu zen gripearen birusaren sekuentziak bidezkoa den modu batean partekatzeko; eta bermatzeko dagokien aitortza emango zitzaiela sekuentzia horiek sortzen dituzten ikertzaileei eta zentroei. GISAIDeko datuak erabili ahal izateko, izena eman behar da bertan eta hitzeman egiten da datuei bidezko erabilera emango zaiela, GISAIDeko gidalerroak jarraituta. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, GISAID datu-baseak aukera eman zuen SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien gordailu izateko eta gene-datu horietan oinarrituta analisiak egiteko.

GISAID datu-basean biltzen diren sekuentziak berebizikoak bilakatu dira COVID-19 birusaren aldaeren zainketa egiteko. Bertan COVID-19 birusaren 1,5 milioi sekuentzia gordetzen dira, baina herrialde guztiek ez dute informazioa modu berean bidali. Ezberdintasun horren oinarria da herrialde bakoitzean ez direla berdinak izan jarritako baliabideak eta pandemiari aurre egiteko hartutako neurriak. Adibidez, sekuentzien %45 Erresuma Batuak bidali ditu eta %7 Danimarkak. Horrez gain, esan behar da herrialde batzuk kasu gutxiago izan dituztenez, sekuentzia gutxiago bidaltzeko aukera izan dutela baina kasuen ehuneko handi bat direla. Adibidez, Australiak izan dituen kasuen %58ren sekuentziak bidali ditu, eta Zeelanda Berriak %48. Desberdintasun hauek zailtzen dute munduko eskualde batzuetan zirkulazioan dauden birusak zeintzuk diren jakitea eta, ondorioz, aldaera berrien zaintza.

txertoa2. irudia: Txertoak garatzeko, birusen gene-informazioa erabiltzen da (Argazkia: whitesession – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Aipatutako mugak direla eta, gero eta ikertzaile gehiagok esaten dute SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa inolako baldintzarik ez duten datu-baseetan partekatu beharko litzatekeela. Horrela, ahalbidetu egingo litzateke datuen analisi konplexuak egitea eta emaitza baliagarriak arinago lortzea. Bestalde, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzien eskuragarritasuna errazteko, 800 ikertzaile inguruk sinatutako gutun batean eskatzen da gene-informazio hori domeinu publikoan jartzea. Ikertzaile horien %99 Europako, AEBko eta Kanadako ikertzaileak dira. Baina, zer iritzi dute hainbeste baliabiderik ez duten herrialdeetako ikertzaileek?

Christian Happi-k –Nigerian kokatutako Genomikarako eta Gaixotasun Infekziosoetarako Afrikako Bikaintasun Zentroko mikrobiologoak– adibide argi bat ematen digu “Imajinatu afrikarrak lan ta lan egiten datu-base bat elikatzeko, zeina erabiltzen den txertoak egiteko edo eguneratzeko, eta gero txertoetara sarbiderik ez izatea. Etsigarria da.” Baliabideak mugatuak izanda eta aitortzarik lortzen ez badute, beren lanak ez die onurarik sortzen. Horregatik, lasaitasuna ematen die GISAID datu-basearen funtzionamenduak. Nnaemeka Ndodo-k –Nigeriako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroko bioingeniaritza molekularrerako adituak– eta bere lankideek egun osoan zehar egiten dute lan birusaren sekuentziak lortzeko eta gauez GISAIDera igotzen dituzte. Horrela egunero. Ndodo-ren kezka da sortzen dituzten datuak mugarik gabe eskuragarri jartzen badituzte, baliabide gehiago dituzten ikertzaileek datu horiek erabili ditzaketela eta zientzia-aldizkari garrantzitsuetan analisiak argitaratu edo teknologiak patentatu, datu-biltzaileek inolako onura eta aitortzarik jaso gabe. Nolabait, GISAIDen ereduak bermatu egiten ditu baliabide gutxi dituzten laborategien aitortza eta parte-hartzea, babestu egiten du egin duten lana.

Gene-datuen partekatzeari buruzko kezka aspalditik datorren auzia da. Hego Afrikako IOL agerkarian editorial anonimo batek deskribatzen duen bezala, “zientzia-komunitatea aspalditik blaituta dago mentalitate neokolonial batekin”. Afrikarren kezkei oinarri ematen die 2014 eta 2016 urteen artean Ginean gertatutako Ebolaren agerraldian jazotakoak. Garai hartan, Afrikako ikertzaileek lortu zituzten laginak Gineatik kanpo bidali ziren; eta lagin horiek erabilita argitaratu ziren zientzia-artikuluen eta lortu ziren patente gehienen egileak herrialde aberatsetakoak izan ziren. Bitartean, Gineako laborategiek ez zuten lan horretatik onurarik jaso eta gaur egun ez dute gaitasunik laginak sekuentziatzeko.

gene-informazioa3. irudia: SARS-CoV-2 birusaren aldaeren zaintza beharrezkoa da pandemiari aurre egiteko (Argazkia: OliverKepka – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Auzi garrantzitsua da SARS-CoV-2 birusaren gene-informazioa non gordetzen den. Birusaren aldaeren zaintza eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da baliabide mugatuak dituzten herrialdeetako ikertzaileak prest egotea gene-informazioa partekatzeko. Txertaketa-prozesuaren onurak jaso ez dituztenez, gerta liteke birusaren aldaera kezkagarriak herrialde horietan agertzea. Ondorioz, herrialde horietan dauden birusen sekuentziak beharrezkoak izango dira pandemiaren zaintza eraginkor bat egiteko. Horretarako, herrialde horiek baliabideak izatea bezain garrantzitsua da beren lana aitortzea.

Aurreko batean azaldu genuen gizatalde guztiek ez dituztela gene-informazioaren onurak modu berean jaso. Orduan gizakion gene-informazioaz ari ginen, baina argi dago joera orokorra dela, bai edozein gene-informazio eskuratzeko, bai edozein gene-informazio erabiltzeko. Herrialde batzuek onura gehiago lortzen dituzte gene-informaziotik beste batzuek baino eta denon ardura izan beharko luke herrialde guztiek gene-informazioaren onurak modu bidezko batean jasotzeak.

Erreferentzia bibliografikoak:

Cyranoski, D. (2021). Alarming COVID variants show vital role of genomic surveillance. Nature, 589, 337-338. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-00065-4

Maxmen, A. (2021). Why some researchers oppose unrestricted sharing of coronavirus genome data. Nature, 593, 176-177. DOI: https://doi.org/10.1038/d41586-021-01194-6

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Gene-informazioa, denon onurarako? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ultrasoinuak, entzefaloaren barrualdera begiratzeko

mar, 2021/06/01 - 09:00

Makako baten gorputz atalen mugimenduak eta begiradaren norabidea aurreikusi daitezke, bere entzefaloaren hainbat eremutako neuronen jarduera zehaztasun espazial eta tenporal handiarekin “ikustea” ahalbidetzen duen teknika nahiko berri baten bidez.

Teknika horren bidez erregistratutako garun jarduera gailu robotikoei edo, oro har, makinei aginduak emateko erabil daiteke, dagokion subjektuak bere kabuz egin ahalko ez lituzkeen gauzak egiteko. Pentsatu, adibidez, elbarritasun baten eraginez besoak mugitu ezin dituen edo, besterik gabe, besorik ez duen pertsona batengan. “Ultrasonika funtzionala” izeneko neuroirudi teknika bat erabiltzen da metodo gisa (edo fUS, ingeleseko functional UltraSound imaging-etik hartua).

ultrasoinuakIrudia: Zer gertatzen da zure garunean artikulu hau irakurtzeko orrialdea goitik behera mugitzen ari zarela?
Hori da garuna-makina interfazeak helburu dituzten neurozientzialariek jakin nahi dutena: garunaren jarduera irakurri eta interpretatzen duten eta ordenagailu edo makina bati jarraibideak transmititzen dizkioten gailuak garatzeko. (Argazkia: Caltech)

Hau ez da interfaze baten bidez buruko aginduak makina baten ekintza edo mugimendu bihurtzen diren lehenengo aldia. Dagoeneko lortuta zegoen beso robotiko batek garunean elektrodoak ezarrita zituen pertsona paraplegiko baten ahora kopa bat eramatea. Subjektuaren gorputz atalek esku hartu gabe garunak aginduak emateko ahalmena ez da berria, horretarako erabilitako teknika baizik.

Orain arte, entzefaloan neuronen jarduera erregistratzeko zenbait metodo zuzen erabili dira. Elektroentzefalografia da (EEG) zaharrena; garuneko potentzial elektrikoaren aldaketak detektatzen ditu, garezurrean kokatutako elektrodoen bitartez. Ez da inbasiboa, baina bereizmen espazial txikia du. Horren aldaeretako bat elektrokortikografia da (ECoG): neuronen seinale elektrikoetarako irisgarritasun zuzena ematen du; bereizmen tenporal eta espazial handia du. Arazoa da kirurgia eskatzen duela eta arriskuak eragiten dituela, elektrodoak jarri behar direlako, horiek hartzen dituzten ehunak kaltetzen dituztelako eta denborarekin elektrodoak biltzen dituen materiala hondatu egiten delako.

Zeharkako metodoak ere badaude. Erresonantzia magnetiko funtzionala da (FMRi) azken urteetan neuronen jarduera “ikusteko” gehien erabiltzen ari den alternatiba ez inbasiboa. Oxigenoarekin konbinatutako hemoglobinaren maila erlatiboaren aldaketa lokala neurtzen du, maila horrek eremu horretako odol fluxua islatzen duelako eta hori, era berean, neuronen metabolismoaren mende dagoelako. Positroi igorpenezko tomografia (PET) ere ez da inbasiboa; isotopo erradioaktiboak erabiltzen ditu jarduera metabolikoko mailak detektatzeko, adierazle metabolikoen edo odol fluxuaren adierazleen bitartez. Teknika horien arazoa da, batez ere bigarrenarena, ez dutela ez bereizmen espazial ez tenporal handirik eskaintzen eta gailuak ekipo handiak direnez ezin direla erraz lekualdatu; are gutxiago, soinean eraman.

Neuroirudi ultrasoniko funtzionalak, ultrasoinuak erabiliz, odol fluxuaren aldaketak detektatzen ditu, zeinak, adierazi dugun bezala, xede dituen neuronen jarduera metabolikoaren mailaren berri ematen duen. Aurrekoek baino bereizmen tenporal handiagoa du eta bere bereizmen espaziala EEGarenaren eta ECoGarenaren artean dago (FMRi-arenaren antzekoa da). Gainera, gailu eramangarrien bidez erabil daiteke. Desabantaila honako hau da: teknika hori erabiltzeko garunaren zati txiki bat kendu behar dela, entzefaloaren barrura sartzeko “leiho” moduko bat egin behar dela, baina ECoGaren elektrodoen kasuan ez bezala, detektagailua ez da nerbio ehunaren barrura sartzen eta ez ditu berau babesten duten ehun konektiboaren mintzak zeharkatzen ere.

Neuroirudi ultrasonikoko teknikak adibide bikain bat dira; bai desgaitasuna duten pertsonei autonomia funtzionala izateko tresnak emateko bai haien barrura begiratuz entzefaloaren, buruko makinaren, funtzionamenduaren misterioak argitzeko gaur egun dauden teknologia itxaropentsuenen adibide bikaina.

Erreferentzia bibliografikoa:

Sumner L. Norman, David Maresca, Vassilios N. Christopoulos, Whitney S. Griggs, Charlie Demene, Mickael Tanter, Mikhail G. Shapiro, Richard A. Andersen (2021).  Single-trial decoding of movement intentions using functional ultrasound neuroimaging. Neuron, 109 (9), 1554-1566.e4. DOI: https://doi.org/10.1016/j.neuron.2021.03.003

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Ultrasoinuak, entzefaloaren barrualdera begiratzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bizia itsasadarrera bueltatzeko azpiegitura

lun, 2021/05/31 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Industrializazioarekin batera Bilboko itsasadarrera etorri ziren aldaketa azkar eta bortitzek ondorioak izan zituzten itsasadarreko ekosisteman. Bizia ia erabat desagertu zen. Berau berreskuratzeko plana abiatu zen, azpiegitura sarea behar izan zuen plana.

Industrializazioak eta hondakin uren arazketa ezak kutsadura maila kezkagarria sortu zuen itsasadarrean. Honek eragina izan zuen itsasadarraren bizia kolokan jarri zuen. 1980. urtean itsasadarra egoera osasuntsu batera eramateko plana jarri zen abian: Bilbo Metropolitarreko Saneamenduko Plan Integrala. Plana abiatzeko, baina, azpiegitura beharrezkoa zen. Pedro María Barreirok idatzi zuen honen inguruan.

Ordura arte egoera ez zen ona. XIX. mendean urak zuzenean isurtzen ziren itsasadarrera, inongo tratamendurik jaso gabe. Bai industria hondakin urak, bai etxe hondakin urak itsasadarrera zihoazten, eguneko 2 000 tona kutsadura:

  • 900 tona hondakin solido.
  • 400 tona isurpen azido.
  • 80 tona metal.
  • Bestelako nitrogeno eta zianuro konposatuak.

Bilboko itsasadarraren ingurunea leheneratzeko helburuarekin, 1980an martxan jarri zen saneamendu plana. Horretarako azpiegiturak behar ziren: 280 kilometro inguruko sarea osatzen duten kolektore eta hodi biltzaileak, araztegiak, 100 kilometroko estolderia sarea eta 220 kilometroko lehen mailako sarea.

Galindoko hondakin uren araztegia giltzarria da saneamendu sisteman. Egunero 850 000 biztanleren hondakin urak arazten ditu, 350 000 000 litro ur. Hainbat parametroren jarraipena egiten da, gainera:

  • Parametro fisiko-kimikoak.
  • Fitoplanktona.
  • Sedimentuak.
  • Fauna eta flora.

Bizia itsasadarrera itzuli zeneko historiak zientzia eta teknologia izan ditu oinarri, beraz.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia bizia

The post Bizia itsasadarrera bueltatzeko azpiegitura appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #352

dim, 2021/05/30 - 09:25

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Astronomia

Espiral itxurako galaxiek barne egitura bitxia dute eta oraindik ez dakite noiz sortu ziren. Japoniako bi ikertzailek itxura hori duen BRI 1335–0417 galaxia antzeman dute ALMA teleskopioa erabiliz. Urrutiko unibertsoko galaxia da, Big Banga gertatu eta 1 400 milioi urte beranduago sortutakoa. Hau da sekula ikusi den bere motako galaxiarik zaharrena eta Egoitz Etxebestek ematen digu bere berri Elhuyar aldizkarian: Galaxia espiral bat, unibertsoa oso gaztea zenekoa.

Meteorologia

Arabako Lautadan ohikoak dira elurteak eta izozteak eta baita ezohikoak diren beste portaera batzuk ere, esaterako, euri izoztua. Izan ere, beste toki batzuk baino hotzagoa da zonalde hau eta meteorologiaren ikuspuntutik oso leku interesgarria dela azaldu du Euskalmeteko Jose Antonio Arandak Berrian: “Arabako Lautada leku interesgarria da meteorologia aldetik“.

Mikrobiologia

Ikerketa berri batek frogatu du tamaina handiko mikroorganismoek airean sakabanatzeko gaitasuna dutela, eta mikroorganismo horiek airean duten ugaritasuna tokiko baldintza meteorologiko guztien eraginpean dagoela. Emaitzek beste fronte bat irekitzen dute aerobiologiaren alorrean. Juanma Gallegok eman du honen berri:  Haizeak daramatzan mugarik gabeko mikroorganismoak.

Mikroorganismoen multzoari mikrobioma deitzen diogu eta mikrobiota, giza organismoaren hestean edo digestio-hodian dauden mikroorganismo bizien edo bakterioen multzoari. Ikusi denez hainbat gaixotasunekin lotura dute egun, eta iraganean ere izan zuten. Jakes Goikoetxeak azaldu digu Berrian ikertalde batek antzinako gizakien mikrobiota aztertu dutela gorozki fosilen bidez: Gorotzak eboluzioa ezagutzeko.

Geologia

Laku eta ibaien hondoetan zirrikituren bat topatzen duten euriek eta elurrek osatzen dute lurpeko ura, eta Euskal Herrian zein munduan, gutako askori ematen digu edaten. Mendi goietan daude gurean kalitaterik hoberena duten akuiferoak, eta haranetan kutsatuago daudena. Hala ere, orokorrean, lur azpian ditugun akuiferoko uraren kalitatea ona da. Amaia Ramirez de Okarizek landu gaia Berrian: Ezkutuko urak ere badira.

Teknologia

Ingeniaritza Elektronikoa ikasi du Unai Otamendik eta gradua bukaerako lanean COVID-19aren hedapenean portaera sozialek izan duten eragina neurtzeko programa informatiko bat garatu du. Egungo egoera aztertzeko ez ezik, etorkizuneko epidemiei begira, eredu honen bidez segurtasun neurri eta txertatze estrategiak planifikatzeko baliagarriak izango diren programa berriak sortu ahal izango dira. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Juan Ignacio Pérez biologoak azaldu du asteon zaporeak ez direla janariaren funtsezko ezaugarriak. Zaporeak zenbait substantziaren eta haien dastamen-errezeptoreen arteko elkarreraginetik sortzen diren propietateak direla. Belaunaldiz belaunaldi moldatuak, animalia-leinu bakoitzak elikagaiarekin izan duen harremanagatik: Zaporeek badute historia.

Zahartu ahala gure gorputza ahulagoa bihurtzen da eta gure funtzio fisiko eta psikikoen beherakada pairatzen dugu. Egoitz Etxebestek kontatu digu azterketa batean, adineko pertsonen jarduera fisikoa eta odol-laginak aztertu dira, adinean aurrera egin ahala gertaera traumatikoen aurrean organismoak berreskuratzeko duen gaitasuna nola aldatzen den neurtzeko. Elhuyar aldizkarian irakurgai: Zahartzea neurtzeko modu berri bat aurkitu dute.

Psikologia

Zahartzaroa eta hauskortasuna ditu ikergai Joanes Lameirinhas ikertzaileak. Edadetuen hauskortasunean faktore psikologikoek duten papera aztertzen ari da haren doktorego-tesian eta haren  helburuetako bat hauskortasun psikologikoaren definizio teoriko eta operazional bat lantzea. Xehetasun guztiak, Unibertsitatea.net atarian: “Adinekoen hauskortasun egoeran faktore psikologikoek eta sozialek izan dezaketen eragina aldarrikatu da azken hamarkadan“.

Genetika

Erretinosi pigmentarioa, begiaren gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da eta itsutasuna eragin dezake. Optogenetikaren bidez, paziente itsu batean, argiarekiko sentikortasuna ematen duen gene bat txertatu diote zeluletan eta betaurreko berezi batzuekin estimulazioa arina bideratu. Aitziber Agirrek azaldu du Elhuyar aldizkarian, honen ondorioz gaixoaren ikusmena partzialki berreskuratzea lortu dutela.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #352 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #353

sam, 2021/05/29 - 09:00

Zelan ulertzen zuten zientzia Erroma eta Greziako “zientifikoek”? Aurrerapen zientifikorik al zegoen haientzat? Jesús Zamoraren The ‘prehistory’ of philosophy of science (11): On ancient science and scientific progress, or Artemidorus’ dream

Marrazoen hortzak hartu dira, tradizionalki, elementu hauen eboluzioaren erreferentzia gisa. Arrain arantzatsu batek zalantzak sortu ditu, baina. Evolution of a smile por Benedict King, Martin Rücklin eta Philip C J Donoghue.

Gero eta aplikazio gehiago ditu terahertzioen erradiazioak. Bere efektuak ikertzeko tenperaturan detektatzeko modua aurkitu dute orain DIPCn: A platform for building tunable terahertz detectors at liquid nitrogen temperatures

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #353 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Jose Miguel Campillo: “Simulazio multifisikoei esker baterien degradazioa ekidin daiteke” #Zientzialari (154)

ven, 2021/05/28 - 09:00

Simulazio multifisikoek batera gertatzen diren hainbat fenomeno aztertzeko aukera ematen dute. Bateria-multzoen funtzionamendua, adibidez, sistema konplexua da, une berean hainbat prozesu gertatzen direlako eta horren azterketak etorkizuneko prozesuen berri izatea ahalbidetzen du.

Egun, bateria eta superkondentsadoreak mugikorretan, ordenagailuetan eta ibilgailu elektrikoetan aurki ditzakegu, besteak beste. Simulazio multifisikoen bidezko mantentze-lanak eta azterketak garrantzitsuak dira degradazio prozesuak nola eta zergatik gertatzen diren antzemateko eta baita hauek ekiditeko ere.

Superkondentsadoreak bateriekiko osagarriak dira, izan ere, azken hauen karga prozesua askoz azkarragoa da baina energia metaketa murritza dute. Energia metaketa handitzeko erronkaz eta simulazio multifisikoen prozesuen berri gehiago ezagutzeko, Jose Miguel Campillorekin, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika saileko ikertzailearekin, bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

 

The post Jose Miguel Campillo: “Simulazio multifisikoei esker baterien degradazioa ekidin daiteke” #Zientzialari (154) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Elektroiaz (I)

jeu, 2021/05/27 - 09:00

Kimikari eta fisikari ugarik, 1890. urterako, uste zuen elementuen barruko atomoak, agian, oinarrizko unitate bat multzokatzeko moduak baizik ez zirela. Izan ere, konbentzituta zeuden naturak, funtsean, izaera sinplea zuela. Fisikariek teoria zinetikoan oinarrituta sorturiko ereduek, ordea, talka egiten zuten kimikariek analisi espektraletan lortutako emaitzekin.

elektroiIrudia: Fenomeno fisikoetan askotan, esaterako, elektrizitatean, magnetismoan edo eroankortasun termikoan, elektroiek funtsezko zeregina dute. (Argazkia: Gerd Altmann – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Atomoaren teoria elektrikoek ekar zezaketen konponbidea. Teoria hauek James Clerk Maxwell zientzialariaren teoria elektromagnetikoa nahiz Michael Faraday fisikariak landutako elektrolisia zuten abiapuntu. Maxwellek proposatua zeukan argiaren dardarak ez zirela mekanikoak, baizik eta elektromagnetikoak, garai hartara arte uste izan zena arbuiatuz. Era berean, elektrolisien legeen arabera, elektrizitateak hidrogeno ioi batek adinako kargadun unitate diskretuen forma zuen. Akaso atomoak unitate horiek izango zituen bere barnean, eta horien dardarek sortuko zituzten igorpen-espektroetako lerroak? 1891n George Johnstone Stoney fisikariak unitate elektrolitiko horri elektroi izena eman zion, eta, datu zinetiko eta espektroskopikoak oinarri hartuta, bere tamaina zehazten saiatu zen.

Aldi berean, Hendrik Antoon Lorentz eta Joseph Larmor karga diskretuak Maxwellen teorian kokatzen saiatzen ari ziren. Teoria hau adierazteko, eter jarraitu bat erabiltzen zen oinarri gisa. Bi fisikari haiek, beraz, kargak eterrean zurrunbiloak edo presio-zentroak zirela zioten ereduak proposatu zituzten. 1896an indarra hartu zuen hipotesi horrek; izan ere, Lorentzen ikasle batek, Pieter Zeeman fisikariak, eremu magnetikoek espektro-lerroak banatzen dituztela aurkitu zuen.

Dena den, Lorentz eta Larmorrentzat elektroia atomoaren barruan tinko sartuta zegoenez, ez zuen inolako zereginik zegokion elementuaren izaera kimikoan. Ikuspuntu hori 1895. eta 1905. urteen artean aldatuko zen, X izpiak, erradioaktibitatea eta katodo-izpiak ikertzearekin batera.

Katodo-izpiak Julius Plücker fisikari eta matematikariak aurkitu zituen 1858an. Presio gutxian dagoen gas bati potentzia elektrikoa ezartzen zaionean agertzen dira. Hasieran, ordea, bitxikeria hustzat hartu zen, eta ez fisikaren funtsezko teoriak garatzea merezi zuen gai gisa. 1895ean. ordea, X izpiak aurkitu zirenean, arreta handia jaso zuten beren sorreraren atzean zeuden katodo-izpiek. Hala, katodo-izpiak atomo arinek baino 2000 aldiz masa txikiagoa zuten partikula batzuek osatzen zituztela ondorioztatu zen; partikulok karga negatiboa zuten. Lau ikertzaileren lanean oinarritu zen baieztapen hura: Phillipp Lenard fisikariak erakutsi zuen izpiek uste zena baino askoz urrutiagoraino bidaiatzen zutela gasetan barrena, eta xurgatze-maila gasaren pisu molekularraren araberakoa zutela; Emil Wiechert geofisikariak, Walter Kaufmann fisikariak eta Joseph John Thomson kimikariak, berriz, izpien karga/masa lotura neurtu zuten hainbat modutara.

Katodo-izpien ikertzaileen artean, Thomsonek garatu zituen teoriak sakonkien. 1897ko apirilaren 30ean, katodo-izpiak karga negatibodun partikula subatomikoak zirela proposatu zuen, baita atomo guztien osaeran zeudela ere: atomoei masaren eta jokabide kimikoaren zatirik handiena ematen zietela esan zuen. Beste eredu batzuetako elektroietatik bereizteko, Thomsonek korpuskulu izena eman zien bere partikulei.

Thomsonen garaikideentzat proposamen hura esoterikoegia zen, hurbilagoa alkimiatik fisikatik baino. Nahiago izan zuten George Francis Fitzgerald fisikariaren alternatiba, alegia, katodo-izpiak elektroi askeak —à la Larmor elektroiak– zirela pentsatzea. Hala, elektroi izendapena lotu zitzaien partikulei, benetan atomo kimikoaren funtsezko osagai zirela egiaztatu baino zenbait urte lehenago.

Egileaz:

Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena:

Lamia Filali-Mouncef Lazkano

Hizkuntza-begiralea:

Xabier Bilbao

The post Elektroiaz (I) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Haizeak daramatzan mugarik gabeko mikroorganismoak

mer, 2021/05/26 - 09:00

Aire masek garraiatuta, mikroorganismoak atmosferan distantzia handiak egiteko gai direla demostratu du ikertzaile talde batek. Diotenez, orain arte erabili izan diren ereduek ez dituzte kontuan hartu mikroorganismoek dituzten zenbait berezitasun.

Txiste antzeko bat badabil fisikarien artean; horren arabera, behiak esferikoak dira. Bai, ezin uka zenbait fisikari badirela arraro samar, baina txisteak badu atzean arrazoi bat: eredu matematikoak eta fisikoak lantzen direnean, ezinbestean gauzak sinplifikatu beharra dago. Baldin eta behi batek 500 kiloko masa badu, eredu batean milaka behi sartu nahi baditugu, horiek esferatzat hartzea da jarraitu ohi den bidea.

Haatik, natura ez da esferikoa, eta, horregatik, natura eredu fisikoetara eraman nahi denean, sinplifikazioak tentu handiz erabili behar dira. Zenbaitetan, sinplifikazio horiek ondorio oso esanguratsuak izan ditzakete, errealitatea ezagutzeko dugun modua desitxuratzeraino.

haizeak1. irudia: Aire masek partikulak eramateko gaitasuna dute, eta baita mikroorganismoak ere. Horien tamaina, ordea, orain arte uste zena baino handiagoa izan daitekeela proposatu du ikertzaile talde batek. (Argazkia: ESA)

Halako zerbait gertatu zaio atmosferan dauden mikroorganismoak aztertzen diharduen ikertzaile talde bati. “Laginen behaketa egiten ari ginela, ezin genuen sinetsi ikusten ari ginena”, azaldu dute, UAM Madrilgo Unibertsitate Autonomoak kaleratutako ohar batean. AEMET Espainiako Meteorologia Estatu Agentziako adituekin batera, ikertzaile talde hori MICROAIRPOLAR izeneko proiektuan buru-belari ari dira. Bada, mikroskopioan hori ikusi zuten unea eureka momentu txiki horietako bat izan zen. Halako zerbait baina zirraragarriagoa den gauzarik nekez bizi dezake zientzialari batek. Mikroskopio aurrean zeudela, 0,4 milimetro arteko zianobakterioen harizpiak eta alga eukariotoak ikusten ari ziren. Lagin horien ezaugarriak kontuan izanda, horiek ez ziren bertan egon behar.

Oro har, mikroorganismo txikienak denbora gehiagoz mantendu daitezke airean, eta, horregatik, horien ibilbideak luzeagoak izango dira. Orain arte, ereduek balekotzat eman dute aire bitartez partikulek distantzia handiz garraiatuak izan daitezkeela baldin eta haien tamaina milimetro milaren bat baino txikiagoa bada. Tamaina hori baino handiagoak direnen kasuan, berriz, zenbait ordu edo egun barru lurrera erortzen direlako ideia izan da nagusi ikertzaileen artean. Hortaz, mikroorganismoen tamaina funtsezkotzat jo da haien aire bidezko dispertsioa kalkulatzeko.

Baina Science of the Total Environment aldizkarian aurkeztutako datuen arabera, orain arte aire bidezko mikroorganismoen garraioa ikertzeko erabili izan diren irizpideak ez dira guztiz zuzenak izan. Are gehiago, ikertzaile hauek proposatutakoari jarraiki, ereduok ez dute kontuan hartzen mikroorganismoen benetako masa. Izan ere, gehienezko luzera hartu ohi da erreferentziatzat, eta, bide hori jorratuta, dirudiena baina masa gehiago hartzen dute ereduetan. Ikertzaile hauek, ordea, kontrako bidea hartu dute: matematikak hartu eta horien tamaina esfera batera egokitu dute, haien benetako pisua eta eramanak izateko parametroak kalkulatu ahal izateko. Nolabait, fisikarien eta behien esferikotasunaren txisteari buelta eman diote, baina filosofia bera mantenduta: gauzak gehiegi sinplifikatzean, datuok bide okerretik eraman gaitzakete.

Ez da ikusi duten akats bakarra. Diotenez, mikroorganismo gehienak idortzen dira bidaian, inguruko airearen hezetasun erlatiboaren arabera egokituz. Modu horretan, horien dentsitatea %90 jaitsi liteke. Bi aldaera horiek kontuan hartuta, konturatu dira orain arte baino dezente handiagoak izan daitezkeela aire masei esker mugitzen diren bidaiari ñimiño horien txangoak: ehunka kilometroko distantziak egiteko ahalmena dutela egiaztatu ahal izan dute.

“Konturatu ginen gaur egun dauden dispertsio ereduek ez dituztela kontuan hartzen ezaugarri biologiko garrantzitsuak, hala nola mikroorganismoen benetako formak edota bidaian zehar deshidratatzean izaten duten dentsitate galera”, argitu dute ikertzaileek.

haizeak2. irudia: Irizpide berrietan abiatuta, aire masek izan dezaketen mugimendua kalkulatu dute. Irudian, bost egunez 8,2 mikrako partikula batek egin zitzakeen ibilbideak, %75 deshidratatu dela suposatuz. (Irudia: Galban, S. et al.)

Distantziei ez ezik, ibilbidea baldintzatzen duten faktoreei ere erreparatu diete. Bizirako hain ingurune berezia izanik, aireko biztanle bitxi horiek batez ere eguraldiaren araberako patua izan ohi dute. Ez da faktore bakarra, ordea. Tokian tokiko ekosistemak, egunaren partea edo urtaroa zein diren, horren araberakoa izan daitezke aireko bizidunen presentzia eta mugimendua.

Egindako laginketan zehar bi egoera desberdin ematen zirela ikusi dute. Batetik, zikloi askoko jarduna duten garaiak: horietan, prezipitazioak, presio baxuak eta haizearen abiadura dira ezaugarri nagusienetako batzuk. Bestetik, antizikloi uneak, hots, egoera meteorologiko egonkorragoko garaiak. Bada, zikloi aldietan aurkitu dituzte lagin horietan mikroorganismo gehien.

Laginak Madrilen hartu dituzte. Baina mikroorganismoei beraiei baino, horiek dakartzaten aire masei erreparatu diete, ordenagailu bidezko ereduak erabilita. Eredu horietan hasieran aipatutako aldaketak sartuta, ahalegindu dira masa horiek izan duten ibilbideak zehazten. Ehunka metrotako ibilbideak ondorioztatu dituzte, eta Madrilen jasotako zenbait aire masetako mikroorganismoa batzuk Kanadakoak izan daitezkeela proposatu dute.

The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean, aurkikuntza honen balioa azpimarratu dute ikertzaileek. “Lurraren ekosistema desberdinetan egon daitekeen geneen etengabeko jario honek planetaren mikrobiologiaren ikuspegi berria eman dezake”, laburbildu dute. “Bestetik, gure emaitzek zeresana izan dezakete nekazaritzan, abeltzaintzan edota gizakietan gaitzak eragiten dituzten patogenoen mugikortasuna ulertzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Galban, S., et al. (2021). Local meteorological conditions, shape and desiccation influence dispersal capabilities for airborne microorganisms. Science of the Total Environment, 780: 146653. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2021.146653

DOI: https://doi.org/10.1007/s10963-021-09153-9

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Haizeak daramatzan mugarik gabeko mikroorganismoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zaporeek badute historia

mar, 2021/05/25 - 09:00

Zaporearen errezeptoreak, beste zentzumen-errezeptore batzuekin gertatzen den bezala, belaunaldiz belaunaldira aldatzen joaten dira. Zaporeen errezeptoreak estimulatzen dituzten substantzien kontzentrazioarekiko sentikortasuna aldatu egiten da denboran zehar. Aldaketak noizbehinkako mutazioen ondorioz gertatzen dira eta horiek, aldaketak eragiten dituzte egituran eta, zenbait kasutan, baita funtzioan ere.

Gainera, zapore batzuk galdu egin daitezke. Dastamenaren hartzaileak kodetzen dituzten geneak handiak izaten dira, eta, beraz, erraza da mutazioak izatea, eta, funtzionatzeari uztea.

zaporeekIrudia: Pandaren elikagai nagusia banbua da. Izan ere, landare hau bere dietaren % 99 da. (Argazkia: wal_172619 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Felidoek, adibidez, ez dute zapore gozoa hautematen. Noizbait, gozoaren hartzailea kodetzen duen geneak funtzionatzeari utzi zion egungo felidoen arbasoetan. Haragijale hertsiak izanik errezeptore honen faltak ez die inolako arazorik sortu, betiere ehiztari onak badira eta harrapakin ugari baldin badituzte inguruan, horrela mantenugaien hornidura nahikoa ziurtatua dutelako. Ez dute behar, harrapatutako haragiak energia-eduki egokia duela adieraziko dien, azukre-errezeptore espezifikorik. Izan ere, felidoei informazio hori eskaintzen dien errezeptorea umamia da. Zer dela eta? Felidoen elikagaian glutamatoa eta antzeko molekulak daude (horiek kitzikazen dute umamia) eta hauek nutrizio-balioaren adierazle bikainak dira. Felidoek ez dituzte gogoko gauza gozoak. Hala ere, ez die higuinik ematen. Egia esan, berdin zaie.

Felidoak ez dira zapore gozoaren hartzailea galdu duten predatzaile bakarrak. Batzuk zapore-errezeptore guztiak galdu dituzte. Esaterako, izurdeek ez dute bat bera ere hautematen. Nahikoa dute asetzearekin.

Dieta ezberdin batean espezializatutako beste animalia batzuek ere aldatu egin dute haien dastamenaren pertzepzioa, baina bestela egin dute. Panden arbasoak orojaleak ziren, gainerako hartzak bezala. Orain, ordea, pandak banbuz elikatzen dira ia erabat. Pandak datozen jatorrizko hartzek umamiaren errezeptoreak zituzten, baina galdu egin dituzte. Ondorioz, haragia eskaintzen bazaie, ez dute hartzen. Nahiago dute banbua.

Baina badira galdutako hartzaile bat berreskura dezaketenak ere. Narrastien, hegaztien eta ugaztunen arbaso komuna duela 300 milioi urte bizi izan zen, eta zapore gaziak, gozoak eta umamiak detektatzeko gai zen. Hala ere, gaur egungo hegaztien jatorria den narrastiak zapore gozoko detektagailua galdu zuen. Ondorioz, gaur egun hegazti gehienek ez dute hautematen gozoa. Baina hegazti batzuek bai.

Kolibriak eta sorbeltzak hurbileko ahaideak dira. Beraien arbasoek intsektuak jaten zituzten, gaur egungo sorbeltzek bezala. Umamiaren errezeptoreak janaria balioesteko baliagarriak zitzaizkien. Baina duela 40 milioi urte inguru, garai bateko sorbeltzen talde bat nektarra eta beste azukre-iturri batzuk hartzen hasi zen. Lehen kolibriak leinu horren oinordekoak ziren eta, hegazti gehienek ez bezala, zapore gozoa ere hautematen hasi ziren. Bitxiena da zapore hori, glutamatoarekin eta beste aminoazido batzuekin batera, umamiaren errezeptoreak hautematen duela. Kolibrientzako nektarra gozoa eta umami zaporekoa da aldi berean. Kolibriak ez dira janari gozoz elikatzen diren txori bakarrak. Nectariniidae familiakoek, batez ere, nektarra jaten dute, eguzki-txoriek bezala. Eta Indicatoridae familiakoek eztia jaten dute. Seguruenik, hegazti guzti horiek zapore gozoa ere detektatuko dute, nutrizio-balio handia adierazten baitu.

Zaporeak ez dira janariaren funtsezko ezaugarriak. Zaporeak zenbait substantziaren eta haien dastamen-errezeptoreen arteko elkarreraginetik sortzen diren propietateak dira. Belaunaldiz belaunaldi moldatu dira, animalia-leinu bakoitzak elikagaiarekin izan duen harremanagatik. Eta, beraz, hautespen naturalaren emaitza dira.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dunn, Rob eta Sanchez, Monica (2021). The Evolution of Flavor and How It Made Us Human. Princeton, AEB: Princeton University Press.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Zaporeek badute historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Meatzaritza: itsasadarra garraio bide

lun, 2021/05/24 - 09:00

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

 Industrializazioarekin batera etorri ziren aldaketa azkarren eta bortitzenak Bilboko itsasadarrera. Eta erdigunean meatzaritza egon zen.

Meatzaritza, berez, ez zen XIX. mendean garatu, meatokiak I. mendetik ustiatu baitira. Hala ere, XIX. mendearen amaieran etorri zen meatzaritzaren eztanda: sekulako iraultza ekonomikoa eragin zuen eta enpresa sare konplexua sortu. Horretarako ezinbestekoak izan ziren Bilboko antiklinaleko burdinaren kalitatea eta itsasoarekiko gertutasuna.

XX. mende hasieran mundu mailako burdin ekoizpenaren % 10a Bizkaikoa zen. Tamaina horretako industriak azpiegitura sarea behar zuen eta mineralen zamalekuen trenbide-sarea sortu zen 1905ean. Prozesu honen inguruan idatzi zuen Eneko Perezek.

Hasiera batean itsasontziak saskien bidez kargatzen baziren, teknologiak garatu ahala zamalekuak balitu ziren. Gaur egun geratzen den jatorrizko zamaleku bakarra Orkonerakoa da, 1877koa. Ur azpian dagoen XIX. mendeko egurrezko egiturazko zamaleku hau da Europa mailan zutik dirauten bietako bat Dunston Staithsekoarekin batera.

Meatzaritzaren eztandak eragina izan zuen ekonomiaren hainbat arlotan, meatzaritzaz gain, banketxe eta burtsan, ontzioletan, burdingintzan… Honek eragina izan zuen demografian ere: 1860an 44 681 pertsona izatetik 304 364 izatera 1930ean.

Zientzia eta teknologia izan ditu oinarri meatzaritzaren eztandak eta honek ekarritako garapena.

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita

Ibaizabal Itsasadarra zientziak eta teknologiak ikusita / La Ría del Nervión a vista de ciencia y tecnología proiektua infografia sorta bat izan zen hasieran, Ibaizabal itsasadarra eta bere inguru metropolitarra zientziaren eta teknologiaren begiez erakusten duten infografia bilduma batekin osatutako erakusketa.

Ondoren, zientziaren arlotik landutako artikulu sorta etorri zen euskaraz blog honetan bertan irakurgai eta gaztelaniaz Cuaderno de Cultura Científica blogean.

Proiektu honen (orain arteko) azken atala dugu honakoa, azalpen bideoak.

Bilboko itsasadarreko eta inguruko geologia meatzaritza

The post Meatzaritza: itsasadarra garraio bide appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #351

dim, 2021/05/23 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zapore

Biologia

Zapore gozoekiko zaletasuna erakusten dugu jaioberritik. Ume-umetatik hautematen ditugu zapore gozoa eta garratza. Lehena preziatzen dugu eta bestea, aldiz, baztertzen dugu. Eta hori guztia ezer ikasi barik. Zelan da posible? Errezeptoreei esker. Juan Ignacio Pérez biologoak hurbildu du gaia Zientzia Kaiera blogean: Mikatz babeslea.

Hizkuntzalaritza

Keinu ikonikoak zeinu bisualak dira, eta haien forma zuzenean esanahiaren antzekoa da. Hau da, esanahia adierazten dute aurrez ezarritako korrespondentziarik gabe. Bokalizazioek antzeko zeregina izan ote zezaketen aztertu du Humboldt Unibertsitateko maitzek iradokitzen dute hitzik ez dagoenean, pertsonek bokalizazioak erabil ditzaketela askotariko esanahiak komunikatzeko. Ana Galarragak eman ditu xehetasunak Elhuyar aldizkarian: Hots ikonikoak hitzen aurrekariak izan zitezkeela iradoki dute.

Informatika

Liburutegi batzuek ehunka kilometro lineal izan ditzakete apaletan. Bertan biltzen diren liburuak antolatzea eta partekatu ahal izatea da liburutegien balio handiena. Horretarako, Henriette Avram programatzaile informatiko eta sistemen analistak MARC formatua (MAchine-Readable Cataloging -makinak irakur dezakeen katalogazioa-) garatu zuen. Rocio Benaventek kontatu digu Zientzia Kaieran: Henriette Avram, liburutegietako informazioa partekatzeko sistema garatu zuen programatzailea.

Medikuntza

Gizakiari transmititu dakizkiokeen beste animalien gaitzei deitzen zaie zoonosia. Multzo honetan sar daitezke egungo Covid-19a, eta ezagunak zaizkigun ebola eta zika gaixotasunak edo salmonellosia eta tuberkulosia ere, beste askoren artean. Berrian jakinarazi digute pandemiak alarmak piztu ondoren, zoonosiei aurre egiteko adituen talde bat osatu duela NBEk.

Hegaztien gripearen mundu mailako hedapena, bereziki H5N8 birusaren azpitaldearena, kezkagarria da haztegietako, basoko bizitzaren segurtasunerako eta munduko osasun publikorako. Zientzialariak arduratuta daude, Europako, Asiako eta Afrikako 46 herrialdetan baino gehiagotan hegaztien gripeak gizakiei eragin dielako. Aitziber Agirrek ematen ditu honen berri Elhuyar aldizkarian: H5N8 birusaz hegaztien gripea gizakietan zabaltzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Osasuna

Polenak urte osoan dabiltza atmosferan berez, baina udaberrian gertatzen da benetako eztanda. Gure inguruan, pertsonen % 25-30ek dute edo izan dezakete alergiaren bat, polenari edo beste eragileren bati. Kopuru hau etengabe ari da gora baina kontua da maskaren erabilera dela eta, inoiz baino alergia kasu gutxiago daudela. Enekoitz Telleria kazetariak landu gaia Berrian: Iragazki bat doministikuentzat.

Mediku foniatrak komunikazioaren nahasteak aztertu, diagnostikatu eta tratatzen ditu. Besteak beste, hizkuntzaren eta entzumenaren alterazioez arduratzen da. Ana Martinez foniatra da eta irrintzia ikertu du bere doktorego-tesian. Iker Tubiak jaso ditu emaitzak Berrian. Esaterako, irrintziaren oihua deskribatu eta haren espektro harmonikoaren morfologia ezohikoa dela ikusi dutela kontatzen digu kazetariak: Irrintzi bat kontsultan.

Arkeologia

Egoitz Etxebestek jakinarazi digu Elhuyar aldizkarian, duela egun batzuk Scientific Reports aldizkarian Australiako eta Indonesiako ikertzaile-talde batek adierazi duela labar-artea azkarrago honda litekeela klima-aldaketaren eraginez. Ikertzaileek ikusi dute tenperaturaren igoerak eta muturreko beste klima-patroi batzuek areagotu egin dutela kaltzio sulfato eta sodio kloruro gatzen metaketa pinturetan, hauek kaltetuz.

Teknologia

NovaSeq6000 errendimendu altuko sekuentziazio plataforma ahaltsua da. UPV/EHUko SGIker ikerketa zerbitzuak darabil otsailetik Genomika Zerbitzuan eta gailuari esker, genomaren azterketa osoa eta datu gehiago eskuratzeko aukera dute, azkar eta lehen baino merkeago. Maria Ortegak hurbiltzen digu aurrerapen hau Berrian: Aukera berriak birusa kontrolatzeko.

Zhurong roverrak Marten lur hartu du. Txina ibilgailu bat Marteren lurrazalean jartzea lortu duen hirugarren herrialdea izan da. 90 eguneko bizitza izango du Zhurongek, Marteren ingurunearen azterketa geologikoak egingo ditu. Planeta gorritik bidali ditu lehen irudiak. Edu Lartzagurenek aurreratu zigun Berrian, Marteko azalean zegoela robota eta Jakes Goikoetxeak, berriz, Marteko lehen irudiak bidali dituela ‘Zhurong’ ibilgailu txinatarrak.

Psikologia

Ikasturtea zaila bada, guraso asko izutzen dira eta seme-alabek bidean aurkitzen dituzten erronkak konpontzen saiatzen dira, batez ere neskatoenak. Hau ez egitea gomendatzen dute adituek eta seme-alabak uztea arazoari aurre egiten. Izan ere, zulo asko dituen bide bati aurre egiteak konfiantza handiagoa sortzen du norberarengan, arazorik gabeko bideari ekiteak baino. Marta Bueno jorratu du gaia Zientzia Kaiera blogean: Ez naiz behar bezain ona.

Geologia

Mutrikun amonite erraldoi fosilen etxea zabaldu dute, Nautilus. Bertan tailerrak eta bestelako ekintzak gauzatuko dituzte ondare geologikoaren transmisioa bermatzeko. Asteon Guillermo Roa eta Aitziber Agirre kazetariek azaldu dute Elhuyar aldizkarian Mutrikuko amonite erraldoien historia argitzen ari direla UPV/EHUko paleontologoak. Momentuz hipotesiak baino ez dituzte, horietako bat, agian errutera hurbildutako amonite emeak zirela.

Argitapenak

Geologia eta paleontologia du hizpide Kepa Altonaga zoologoak argitaratu duen ‘Iridioaren mintzoa’ saiakeran. Iridioa oso metal urria da lurrazalean, eta hizkera arruntean elementu estralurtarra ere esaten zaio, meteoritoetan ugaria delako. Lurra jo zuen meteorito bat omen da dinosauroen desagerpenaren eragile eta hari horri tiraka idatzi ditu Altonagak hainbat pasarte. Gorka Arrese kazetariak Berrian eman digu liburuaren berri: Amonite bila haitzetan.

Egileaz:

Uxune Martinez (@UxuneM), Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Asteon zientzia begi-bistan #351 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages