Eider Nuñez Viadero, biofisikako ikertzailea: “Zerbait zoroa edo oso ausarta ikertu nahiko nuke, baina finantziazioak baldintzatzen du”
Eider Nuñez Viaderok argi azaldu du zergatik erabaki zuen biologia ikastea: “DBHn eta batxilergoan biologiako oso irakasle onak izan nituen, eta haiengandik jaso nuen zaletasuna”. Orain ikertzailea da, baina, garai hartan, ez omen zuen horretarako asmorik: “Igual gehiago ikusten nuen nire burua enpresan. Baina, azkenean, hemen nago, eta pozik”.

Horra iristeko, ez dio jarraitu lerro zuzenari; aitzitik, aukerak sortu ahala joan da marrazten bere ibilbidea. Hala, biologiako karreran, mikrobiologia eta biokimika aukeratu zituen hautazkoen artean, baina, karrera amaitutakoan, ekologian sartu zen, eta Eskoziara joateko aukera sortu zitzaion. Han, animalien fisiologiara igaro zen, eta tesia egiteko aukera eman zioten. “Horretarako, masterra egin behar nuen”, zehaztu du.
Baina berriro heldu zion parean azaldu zitzaion aukerari: “Garai hartan, bazeuden beka batzuk hemengo enpresa edo ikerkuntza zentro batetan praktika batzuk egiteko”, kontatu du. “Eta orduan arloz aldatu nintzen guztiz, eta joan nintzen laborategira. Badakizu hiru biologo mota daudela: bataduna, botaduna eta korbataduna. Ba, ni, botaduna izatetik, bataduna izatera igaro nintzen”.
Hain zuzen, epigenetikako laborategi batera joan zen lan egitera. “DNA, PCR eta horrelakoekin aritu nintzen, eta, esan nuen: bai, tesia egin nahi dut, gustatu egiten zait. Orduan, biomedikuntzako masterra egin nuen, eta izan nuen aukera Finlandiara joateko master-amaierako lana egitera. Biofisikan sartu nintzen, eta gustatu zitzaidan pila bat. Oso lankide jatorrak egokitu zitzaizkidan. Laborategi txikia zen, baina oso pozik ibili nintzen. Eta han nengoela, tesia egiteko hainbat eskaintza jaso nituen. Baina denak ziren proiektu jakinetan ikertzeko; oso itxita zeuden”.
Bat-batean, EHUko Biofisika Institutuko Alvaro Villarroel Muñozen mezua jaso zuen, eta hark askatasun osoa eman zion proiektua aukeratzeko. “Epilepsia ikertzen zebilen. Eta justu nire familian badaude epilepsia-kasu batzuk. Gero konturatu nintzen guztiz ezberdina zela; baina, une hartan atentzioa eman zidan”. Horrenbestez, harekin egin zuen tesia, epilepsiaren alderdi molekularra ikertzen. Zehazki, epilepsiaren prozesuan zerikusi zuzena duten potasio-kanal batzuk ikertzen dituzte, haien funtzionamendua eta akatsak sakon ulertzeko, agian etorkizunean tratamendu farmakologikoren bat garatu halako delakoan, haietan eraginda.
Doktoretza-ondorengoa Marseillan (Frantzia) egin zuen. Eta, berriro, aldaketa: “Joan nintzen beste gauza guztiz ezberdin bat egitera, eta orain itzuli naiz Marseillatik. Han ikasi nuenarekin eta hemen egin nuenarekin zerbait komunean bilatzen nabil”, aurreratu du.
Azaldu duenez, abiadura handiko indar atomikoko mikroskopioarekin aritu zen Marseillan. “Orain ipiniko dute Donostian, baina nik ezagutu nuenean, 2018an, lau bakarrik zeuden mundu osoan. Oso ahaltsua da. Izan ere, argazkiak egin beharrean, bideoak ateratzen ditu. Hortaz, prozesua ikus dezakezu. Eta, biologian, bizitzan, oso garrantzitsua da hori, bizitza ez baita estatikoa, dinamikoa baizik. Nik txori baten hegaldiarekin konparatzen dut: argazki batean ikus dezakezu txoria airean, baina ezin duzu jakin nola egiten duen hegan. Horretarako, bideoa behar duzu. Eta berdina gertatzen da zelulekin, proteinekin eta molekulekin”. Horrenbestez, saiatuko da teknika hori aplikatzen Biofisika Institutuan egiten duen ikerketara.
Jakin-mina, dibertsioa eta errealitateaHorrez gain, Bizilaben ere parte hartzen du. Gazteak ikerketa-proiektuetan eta proiektu teknologikoetan aritzeko ikerketa-zentroen sarea da Bizilabe, eta tailerren gidari-lanetan aritzen da Nuñez: “Asko gustatzen zait. Izan ere, zientzia super dibertigarria iruditzen zait, baina, batzuetan, laborategian galdu egiten duzu txinparta hori. Gazteekin, berriz, aukera daukazu zientzia modu dibertigarrian bizitzeko, presiorik gabe, eta, gainera, gazteek oso ideia onak izaten dituzte, eta oso aberasgarria da. Ikerketan, presioa halabeharrez hor dago, eta airea hartzeko urtean behin hara joateak eta dibertitzeak burua irekitzen dizu”.
Aurrera begira, baikor ageri da. Ikerketan jarraitu nahiko luke, nahiz eta zenbait alderdiekiko oso kritiko den: “Denborarekin konturatu naiz helburua, ezagutza zabaltzea baino gehiago, argitaratzea dela. Azkenean, gure proiektuak egiteko dirua behar dugu, eta, finantziazioa lortzeko, gure lana ebaluatu behar dute. Eta horretan oinarritzen dira: zenbat argitaratu dugu eta non. Horrek pila bat baldintzatzen du, emaitza azkarrak ematen dituzten ikerketetan aritzera behartuta baitzaude. Baldintzatzen du jakin-mina, zer ikertu… Nik zerbait zoroa edo oso ausarta den zerbait egin nahiko nuke, baina badakit zerbait egingarria izan behar duela. Denok gaude sartuta horretan”, ondorioztatu du.
Fitxa biografikoa:Eider Nuñez Barakaldon jaio zen, 1989an. EHUn Biologia ikasi ostean, Eskozian aritu zen lanean, eta, handik, biomedikuntzako masterra ikasten zegoela Finlandiara joan zen, master amaierako lana egitera. Han zegoela jaso zuen Biofisika Institutuko eskaintza tesia egiteko. Doktoretza-ondorengoa Marseillan egin du, eta duela gutxi itzuli da Biofisika Institutura. Ikertzailea izateaz gain, gazteen gidari-lanetan ere aritzen da, Bizilabe ikerketa-zentroen sareko tailer zientifiko-teknologikoetan.
Egileaz:Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Eider Nuñez Viadero, biofisikako ikertzailea: “Zerbait zoroa edo oso ausarta ikertu nahiko nuke, baina finantziazioak baldintzatzen du” appeared first on Zientzia Kaiera.
Nuwayrateko eltzegilearen bizitza azaleratu dute
Antzinako Egiptoko biztanle baten DNArik zaharrenaren sekuentziazioak eta haren hezurren azterketak lehen dinastietako bizitzaren gaineko informazio ugari eman die ikertzaileei.
Haren izena ez dakigu, eta ez zuten momifikatu, baina genetikari eta antropologiari esker, Egiptoko III. edo IV. dinastian bizi izan zen gizonezko batek nolabait berpiztea lortu du. Izan ere, zientzialariek pertsona horren bizitzari buruzko informazio andana eskuratu dute haren arrastoak aztertzen: antzinako egiptoar baten DNArik zaharrena sekuentziatzea lortu dute, eta hezurren azterketa antropologikoak informazio osagarri asko eman du.

Hezurrengatik, kalkulatu dute 44 eta 64 urte bitartean hil zela, eta isotopoen analisian oinarrituta, ondorioztatu dute Egipton bertan hazitakoa zela. Kalkulatu dute gizon hori Kristo aurreko 2855-2570 urteen artean bizi izan zela, Dinastia Goiztiarraren amaieran eta Erresuma Zaharraren hasieraren arteko trantsizioan, hain zuzen. Kairotik (Egipto) 265 kilometrora dagoen Nuwayrat herriko hilobi batean aurkitutako gorpua zeramikazko ontzi zigilatu batean zegoen.
Genoma osoa eskuratzea ez da izan erronka makala. Izan ere, orain arte, Antzinako Egiptoko biztanleen hiru genoma partzialki berreskuratu izan dira, baina aurreneko aldia da genoma bat osorik berreskuratzen dena. Bertako baldintzak ez dira egokienak informazio genetikoaren kontserbaziorako. Baina momifikazioa ohikoa zen zibilizazio batean, hilobiratze berezi horrek baldintza ezin hobeak eskaini ditu DNAren kontserbazioa ziurtatzeko.
Francis Crick Institutuko eta Liverpoolgo John Moores Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaile talde batek Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, orotara DNA zazpi lagin hartu dizkiote, eta horietatik bi sekuentziatzeko moduko kontserbazio egoeran daudela ikusi dute. Hortz batetik atera dute DNArako lagina. Zehazki, hortzen sustraietan dagoen hortz zementuan eskuratu dute lagina; hortzak barailara lotzen direneko puntuan, hain zuzen. Gaur egungo 3.233 DNA laginekin eta antzinako beste 805 laginekin alderatu dituzte emaitzak.
Aztertutako genomaren % 80 Ipar Afrikako Neolitoko populazioetatik dator. Gainerako % 20, berriz, Mesopotamia ingurutik datorrela egiaztatu dute. Hala, ondorioztatu dute Ekialde Hurbiletik populazio mugimenduak egon zirela, eta Ipar Afrikako populazioekin nahasi zirela. Hortaz, ikerketak berretsi du antzinako egiptoarrek harreman estuak zituztela Ekialde Hurbilko populazioekin, aurreko azterketa arkeologikoek iradokitzen zutena genetikoki baieztatuz. Izan ere, antzeko objektuak aurkitu izan dira bi eremuetan. Baina orain arte ez zegoen hori berresten zuen ebidentzia genetikorik. Dena dela, ohartarazi dute genoma bakar batek ez duela zertan populazio oso baten adierazgarri izan, eta sekuentziazio gehiago beharko direla garaiko egiptoarren ezaugarri genetikoak hobeto ezagutzeko.

Ontzi baten barruan eta zulatutako harri batean ehortzita egoteagatik, ikertzaileek ondorioztatu dute nolabaiteko estatus soziala zeukan pertsona zela. Baina, horrez gain, hezurren azterketa antropologikoak informazio interesgarri asko eman du ere.
Azken hau, beste behin, funtsezkoa izan da, gero eta gehiago, arkeologia diziplina arteko lanen emaitza delako. Modu horretan eskuratu daiteke iraganaren ahalik eta puzzlerik osatuena. Joel Irish antropologoak zehaztu duenez, hezurretan aurkitutako higadura markek eta artritisak adierazten dute gizonak lan fisiko gogorra egin zuela bizitzan zehar, ziurrenik eltzegile gisa. Besteak beste, iskion eta besoetako hezurretan muskulu markak aurkitu dituzte, eta lepoan eta oinean, berriz, artritis nabarmena. Zantzu horietan oinarrituta, ondorioztatu dute denbora luzez eserita egon zela, beso eta hankak luzatuta, eta burua beherantz mantenduz. Hori dela eta, iradoki dute eltzegilea izan ahal zela. Dena dela, onartu dute normalean lanbide hori zutenek ez zeukatela hilobiratze motak adierazten duen estatus altua. Kontraesan hori saihestu aldera, adierazi dute agian bereziki trebea edo arrakastatsua izan zela, eta handik eskuratu zuela estatus soziala.
“Gizaki honek bidaia izugarria egin du. Antzinako Egipton gertatu zen aldaketa garai kritiko batean bizi izan zen. Haren hezurdura 1902an aurkitu zen, eta Liverpoolgo Munduko Museora eraman zuten. [Bigarren Mundu Gerran gertatu zen] Blitz-ean bilduma horretako giza arrasto gehienak suntsitu zituzten bonbardaketetatik onik atera zen”, adierazi du Linus Girdland Flink ikertzaileak prentsa ohar batean. “Orain, bere historiaren parte bat kontatzeko aukera izan dugu”.
Erreferentzia bibliografikoa:Morez Jacobs, Adeline; Irish, Joel D.; Cooke, Ashley; Anastasiadou, Kyriaki; Barrington, Christopher; Gilardet, Alexandre; Kelly, Monica; Silva, Marina; Speidel, Leo; Tait, Frankie; Williams, Mia; Brucato, Nicolas; Ricaut, Francois-Xavier; Wilkinson, Caroline; Madgwick, Richard; Holt, Emily; Nederbragt, Alexandra J.; Inglis, Edward; Hajdinjak, Mateja; Skoglund, Pontus; Girdland-Flink, Linus (2025). Whole-genome ancestry of an Old Kingdom Egyptian. Nature. DOI: 10.1038/s41586-025-09195-5
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Nuwayrateko eltzegilearen bizitza azaleratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Adreilu bat gehiago harresian, aurrepausoa zientzian
Galdera batekin hasiko dut gaurkoa: zer musika mota duzue gustuko? Esan egia, e? Hemen ez dugu epaitzen. Musika-gustuei dagokienez, behintzat. Egon zaitezte lasai, ez baitakart zenbait hedabideri hainbeste gustatzen zaien ikerketa ondoko titulurik, hala nola “Rocka entzuten dutenek koefiziente intelektual altuagoa dute erregetoia entzuten dutenek baino”.
Baina badakart musikari lotutako ikerketarik. Bai eta rockari lotutako bat ere. Rock zaharra, gainera. Zuetako askok baino zaharragoa, seguru. Ni baino zaharragoa ere, e? Ez pentsa. Beno, harira, Pink Floyd taldearen Another Brick in the Wall abestia dugu gaurko idazki honen protagonista. Bai, 1979. urteko abestia dugu protagonista.

Eta nola heldu da 45 urte dituen abesti bat honaino? Ba, Conchi Lillo neurozientzialariak Naukas Bilbao ekitaldian egin zuen hitzaldiari esker. Bertan azaldu baitzuen zientzialariek Pink Floyden abestia berreraiki dutela jendearen garun-uhinak entzunda.
Nola ez nuen, ba, gai hau hona ekarriko, ematen dituen aukerak hainbeste izanda! Pentsa gainerakoen garun-uhinak entzungo bagenitu! Ingurukoek gutaz zer pentsatzen duten jakin ahalko genuke momentuan bertan. Hobeto pentsatuta, agian hobe horretarako erabiltzen ez bada.
Eta pentsatzen jarrita, bada nahiko arazo interneten pribatutasun kontuak arautzen: esaterako garun-uhinen inguruko pribatutasun-politikak. Interneten cookie-ak onartu behar badira (edo ez) hemengo kasuan zer izango litzateke? Eta zelan onartuko/baztertuko genituzke? Galdera gehiegi.
Tira, serio jarrita, aurrerapauso garrantzitsua da hau. Itxaropentsua da gaixotasun neurologikoak dituzten pazienteentzat, diskurtso naturalaren musikaltasuna berreskuratu ahalko luketelako beharbada. Modu sinplean esanda: lagungarria izan daiteke hizkeran arazoak sortzen dituzten gaitz neurologikoak dituzten pertsonentzako.
Musika uhina da eta uhina… elektrizitatea?Zelan lortu dute, bada, garun-uhinak soinu bihurtzea? Eta ez hori bakarrik, ulergarria den soinua baizik. Goazen urratsez urrats. Dakizuenez, musika soinua da eta soinua uhinak dira. Eta garun-uhinak, izenak dioen bezala, uhinak dira. Hortxe azalpena. Bukatu da artikulua.
Ez, egia esan ez da horrela izan. Zientzialariek egin dutena zera da: garuneko aktibitate elektrikoaren grabazioetatik kantua deskodetu. Ikertaldeak 29 pertsonaren garunetako grabazioak aztertu ditu Pink Floyden abestia entzuten ari zirela.
Honaino, normala. Baina ez duzue sinetsiko zelan egin zituzten grabaketa horiek. Elektrodo batzuei esker egin zituzten grabaketok, non eta zuzenean garunean kokatutako elektrodoei esker. Bai, zuzenean garunean. Garezurraren barruan.
Nahitaezko galdera: zelan demontre jarri zituzten elektrodoak zuzenean garunean? Ba, sinetsi ala ez, boluntarioei kirurgia egin zitzaien. Argitu dezadan ez zitzaiela ad hoc kirurgia egin. Epilepsiari aurre egiteko kirurgiagatik elektrodo-inplanteak zituzten jada. Hau da, aukera ikusi eta baliatu egin zuten zientzialariek. Oilasko-soberakinekin kroketak egitea bezala.
Ikerketaren alderdirik zailenari ─jendearen garunean elektrodoak jartzea─ aurre eginda, boluntarioak abestia modu pasiboan entzuten jarri zituzten zientzialariek.
Ondoren, estimulu-berreraikuntza izeneko teknika erabili zuten. Egiten dena da estimulu batek eragiten duen jarduera neuronala erregistratu, eta, ondoren, ebaluatu egiten da estimulu hori zelako zehaztasunez berreraiki daitekeen jarduera neuronaletik abiatuta.
Adimen artifiziala erabili zen grabazioak deskodetzeko eta, gero, soinu eta hitzen erreprodukzio bat kodetzeko. Oso lausotuta dagoen arren, All in all, it’s just another brick in the wall ezaguna da abesti berreraikian, bere erritmo eta melodiarekin.
Edo hori diote zientzialariek. Nire irudipena da ur azpian entzuten ari garela. Edo fantasma batzuk hizketan ditugula. Eta zelan pentsamendu kritikoa duzuen eta ez duzuen nik edo zientzialariek esaten duguna itsu-itsuan sinesten, estekatuko dizuet berreraikitako abestira, batetik, eta jatorrizko abestira, bestetik, zuek epaitu dezazuen.
Abesti bera entzuten duzue? Edozein kasutan, aurrerapauso galanta da hau. Aurretik ere, garuneko grabazioetatik mintzamena deszifratzea lortuta zuten zientzialariek deskodetzaileari esker, baina izaera nahiko robotikoa zuten hitzek.
Musika, bere aldetik, emozionala eta prosodikoa da; erritmoa, estresa, azentua eta intonazioa ditu. Fonema mugatuak baino askoz ere espektro handiagoa dauka edozein hizkuntzatan, eta horrek beste dimentsio bat eman diezaioke diskurtsoaren deskodetzaileari.
Eta zertarako behar dira deskodetzaile hauek? Komunikatzeko zailtasunak dituzten pazienteentzat, hain zehatz. Gaitz neurologikoak direla medio, alboko esklerosi amiotrofikoa edota buruko isuria kasu, pazienteengan diskurtso naturalaren musikaltasuna berreskuratzeko.
Musika eta hizkuntza nola prozesatzen diren hobeto ulertzeak aplikazio praktikoak ere izan litzake, hala nola, argitzen laguntzeko Brocaren afasia duten pertsonek edo hitz egokiak aurkitu eta esateko borrokan ari direnek hitzak zailtasunik gabe kantatu ahal izatearen misterioa.
Eta horrela, garun-uhinen bidez harresian beste adreilu bat jarrita, aurrera egiten du zientziak.
Iturriak:Nield, David (2023, abuztua). Scientists Recreate Classic Pink Floyd Track From The Brains of Listeners. Science alert. www.scienciealert.com
mongchilde [@mongchilde] (2010eko uztailaren 5a). Pink Floyd – Another Brick In The Wall (HQ). YouTubeLillo, Conchi (2024, iraila). Y Rock and roll [charla Naukas Bilbao]. Colgado en Nahieran, EITB.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko azaroan, 266. zenbakian.
The post Adreilu bat gehiago harresian, aurrepausoa zientzian appeared first on Zientzia Kaiera.
Latxa euskarazko hizkuntza-eredua
Latxa izeneko hizkuntza-eredu handien familia EHUko HiTZ zentroan garatu zen. Hizkuntza-ereduak testu masiboetatik hizkuntzaren patroi lexiko eta sintaktikoak ikasten dituzten sistemak dira. Aplikazio praktiko ugari dituzte: itzulpen automatikoa hobetu, testu-laburpenak sortu eta euskarazko eduki digital berria sortzen lagundu. Azken urteotan izugarri hobetu dira, baina gehienbat ingelesa bezalako hizkuntza handietan zentratu izan dira. Latxa sortzearekin, euskara bezalako hizkuntza txikiago batentzat ere kalitatezko ereduak sortzea posible dela frogatzea izan zen HiTZeko ikerlarion helburua.
Horrelako proiektu bat garatzea erronka handia da. Batetik, eredu handiak entrenatzeko konputazio-ahalmen izugarria behar da. Adibidez, kalkulu guztiak prozesadore grafiko (GPU) bakar batean burutuz gero, 180 aste beharko lirateke Latxa eredu handiena entrenatzeko. Zorionez, guk LEONARDO super-konputagailua erabili ahal izan genuen, eta aukera izan genuen lana modu paraleloan burutzeko, aldi berean 256 GPU erabiliz.

Bestetik, beharrezkoa den testu kopuru handia biltzea zaila da, batez ere hizkuntza txikien kasuan. Guk 4,3 milioi dokumentu biltzea lortu genuen, guztira 4.200 milioi hitz inguru. Testu hauek hainbat iturritatik jaso genituen, hala nola Wikipediatik, Euskal Herriko komunikabideetatik, eta Internetetik bildutako euskarazko edukietatik. Kaleratzeko garaian, corpus hori euskararako publikoki eskuragarri zegoen handiena zen.
Testu horiek erabilita, aurretik ingelesez trebatutako LLama 2 izeneko eredu bat “euskaldundu” genuen, euskaraz ikasten jarrai zezan. Prozesu honi “aurreikasketa jarraitua” deitzen zaio. Horrela sortu genituen hiru Latxa eredu, gero eta konplexuagoak: txikienak 7.000 milioi parametro ditu, ertainak 13.000 milioi, eta handienak 70.000 milioi.
Eredu erraldoi horiek ebaluatzeko oso garrantzitsua da proba-multzo fidagarriak izatea, eta horiek hizkuntza gutxitarako existitzen dira. Latxarekin batera lau proba-multzo berri sortu genituen, guztira 24.000 galdera baino gehiagorekin. Galderak oso anitzak dira, eta euskara-gaitasuna, irakurmena, kultura orokorra eta ezagutza profesionala neurtzen dituzte. Zehazki, EusProficiency (EGA azterketako galderak), EusReading (EGAko irakurmen-galderak), EusTrivia (kultura orokorreko galderak) eta EusExams (oposizioak prestatzeko galderak) izeneko datu-multzoak sortu genituen.
Proba hauetan, gure Latxa ereduek ordura arteko sistema ireki guztiak gainditu zituzten. Are gehiago, ChatGPT garatu duen OpenAI enpresaren GPT-3.5 Turbo baino emaitza hobeak lortu zituen. GPT4rekin konparatuz, emaitzak okerragoak dira oro har, baina euskara-gaitasunean Latxak emaitza hobeak lortu zituen. Latxa aurkezten zuen publikazio zientifikoak artikulu hoberenaren saria irabazi zuen arlo honetako erakunde nagusitik, ACL izeneko erakundetik.
Gure lanak erakusten du posible dela euskara bezalako baliabide urriko hizkuntzetarako ere kalitatezko hizkuntza-ereduak sortzea. Hala ere, oraindik bide luzea dugu aurretik. Latxa hobetzen jarraitzen dugu, testu gehiago erabiliz eta sistema finduz. Azken helburua da gizakien agindu konplexuak ulertu eta bete ditzakeen sistema bat lortzea euskaraz.
Latxa ereduak, kodea eta erabilitako baliabide guztiak publikoki argitaratu genituen GitHub plataforman, beste ikertzaileek ere erabili eta hobe ditzaten. Horrela, euskararako eta beste hizkuntza txikiagoetarako hizkuntza-teknologien garapena bultzatu nahi dugu, hizkuntza-aniztasuna eta -berdintasuna sustatuz mundu digitalean. Bide horretan ACL izeneko bilgune berean aipatu zen euskara 1400 artikulu zientifikotan erabili izan dela esperimentuak egiteko.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: Ale berezia Adimen artifiziala
- Artikuluaren izena: Latxa euskarazko hizkuntza-eredua.
- Laburpena: Artikulu honetan Latxa hizkuntza-ereduak (HE) aurkeztuko ditugu, egun euskararako garatu diren HE handienak. Latxa HEek 7.000 miloi parametrotik 70.000 milioira bitartean dituzte, eta ingeleseko LLama 2 ereduetatik eratorriak dira. Horretarako, LLama 2 gainean aurreikasketa jarraitua izeneko prozesua gauzatu da, 4.3 milioi dokumentu eta 4.200 milioi token duen euskarazko corpusa erabiliz. Euskararentzat kalitate handiko ebaluazio multzoen urritasunari aurre egiteko, lau ebaluazio multzo berri bildu ditugu: EusProficiency, EGA azterketaren atariko frogako 5.169 galdera biltzen dituena; EusReading, irakurketaren ulermeneko 352 galdera biltzen dituena; EusTrivia, 5 arlotako ezagutza orokorreko 1.715 galdera biltzen dituena; eta EusExams, oposizioetako 16.774 galdera biltzen dituena. Datu-multzo berri hauek erabiliz, Latxa eta beste euskarazko HEak ebaluatu ditugu (elebakar zein eleanitzak), eta esperimentuek erakusten dute Latxak aurreko eredu ireki guztiak gainditzen dituela. Halaber, GPT-4 Turbo HE komertzialarekiko emaitza konpetitiboak lortzen ditu Latxak, hizkuntza-ezagutzan eta ulermenean, testu-irakurmenean zein ezagutza intentsiboa eskatzen duten atazetan atzeratuta egon arren. Bai Latxa ereduen familia, baita gure corpus eta ebaluazio-datu berriak ere lizentzia irekien pean daude publiko https://github.com/hitz-zentroa/latxa helbideana.
- Egileak: Naiara Pérez, Julen Etxaniz, Óscar Sainz, Itziar Aldabe, German Rigau, Eneko Agirre, Ahmed Salem, Aitor Ormazabal, Mikel Artetxe eta Aitor Soroa
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 13-27
- DOI: 10.1387/ekaia.26338
Naiara Pérez, Julen Etxaniz, Óscar Sainz, Itziar Aldabe, German Rigau, Eneko Agirre, Ahmed Salem, Aitor Ormazabal, Mikel Artetxe eta Aitor Soroa EHUko HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko Ixa ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Latxa euskarazko hizkuntza-eredua appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #543
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, maratoilarien garuneko mielina-mailak aztertu dituzte. Emaitzek erakutsi dute lasterketaren ondoren mielina gutxitu egiten dela zenbait eremutan, baina bi hilabetera guztiz berreskuratzen dela. Horrek adierazten du mielinak energia-iturri gisa joka dezakeela erresistentzia-ariketan, garunaren metabolismo energetikoan funtzio ezezaguna zuela orain arte. Aurkikuntzak ikuspegi berriak irekitzen ditu gaixotasun desmielinizatzaileen tratamenduak garatzeko, hala nola esklerosi anizkoitzarako. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Klima-aldaketaEHUko ikerketa batek frogatu du amilotx urdinen lumajeak distira galdu duela 2005etik 2019ra, kolore urdin eta horiak ilundu direlarik. Ez da aldaketa genetikoa izan, plastikoa baizik: ingurunera moldatzeko erantzuna. Arrazoi nagusia klima-aldaketa dela ondorioztatu dute, tenperatura igoerak eta prezipitazio gutxiagoek txorien osasunean eragina dutelako. Ikerketaren nondik norakoak Zientzia Kaieran.
BiomedikuntzaMaddalen Zufiaurre Seijo biomedikuak erretinitis pigmentarioa ikertzen du Vall d’Hebron ospitaleko taldean. Gaixotasun arraro eta herentziazkoa da, tratamendurik gabea, eta ikusmena pixkanaka galtzea eragiten du. Organoideak baliatzen dituzte ikerketan: pazientearen zelula arruntetatik abiatuta, zelula ametara itzuli eta horietatik erretina antzeko egitura bat sortzen dute laborategian. Horri esker, pazientearen erretina mimetizatuta, gaixotasunaren funtzionamendua eta terapiak azter daitezke, animaliak gutxiago erabiliz. Organoideek, ordea, immunitate- eta baskular-sistemarik ez dute; horregatik, oraindik ezin dituzte erabat ordezkatu. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Berrian.
OsasunaCSICek gidatutako ikerketa batek frogatu du gau beroek heriotza-arriskua handitzen dutela, eta gaueko tenperaturen eragina bereizita dagoela egunekoetatik. Gaueko beroak ez dio gorputzari egunean pilatutako estres termikotik berreskuratzen uzten, loaren kalitatea kaltetzen du eta gaixotasun kardiobaskularrak, neurologikoak eta arnasketakoak larriagotzen ditu. Hirietan, uharte-efektua gehitzen zaio, eta bereziki kaltetuak dira adinekoak, kronikoak eta baliabide urrikoak. Environment International aldizkarian argitaratu dute 1990-2018 bitartean, 44 herrialdetako 178 herritan (tartean Euskal Herrikoak) eta bi indize termiko erabiliz (gehiegizko tenperatura eta gau beroen iraupena) egindako ikerketa. Ikerlariek alerta-sistemetan gauaren eragina txertatzea, hiri-berdeguneak handitzea eta babesleku klimatikoak sortzea proposatu dute. Xehetasunak Elhuyar aldizkarian.
GeologiaBlanca Martinez geologian doktoreak Zientzia Kaierako artikuluan Alaskako urre meatzaritzaren historia eta geologia azaltzen du, La Fiebre del Oro telesailaren harira. Urre deposituak duela milioika urte sortu ziren, plaken talken eta magma-prozesuen ondorioz, eta ibaiek zein glaziarrek plazer motako hobietan pilatu zituzten. Meatzariek lurpeko hobiak aurkitzeko bi teknika nagusi erabiltzen dituzte: erresistibitate elektrikoa, lurpeko egitura eta sakonera mapatzeko; eta zundaketa laginak, analisi geokimiko eta baheketa bidez kontzentrazioa kalkulatzeko. Telesailak prozesu horiek modu sinplifikatuan baina zehaztasun zientifikoarekin azaltzen ditu, geologiaren garrantzia azpimarratuz.
IngurumenaAZTIk koordinatutako GES4SEAS proiektuak agerian utzi du Europako Batasunaren itsas babesean gabezia estrukturalak daudela, eta premiazko neurriak eskatu ditu ekosistemetan kalte atzeraezinak saihesteko. Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentaraua (2008) bete den ebaluatzean ikusi dute giza presioek (gehiegizko arrantza, kutsadura, espezie inbaditzaileak eta klima-aldaketa) modu metatuan eragiten jarraitzen dutela, eta erantzunak ez direla eraginkorrak. Eskualdeen artean alde handiak daude: Baltikoan eta Ipar Itsasoan emaitza hobeak dira, baina Mediterraneo ekialdean datu-hutsune handiak daude. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:Enara Calvo Gil kazetaria da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.
The post Asteon zientzia begi-bistan #543 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #551
Ezjakintasunaren kartografian astean zehar Mapping Ignorance blogean ingelesez argitaratutako artikuluen mamia euskaraz biltzen duen gehigarria da.
Bullyingak osasun mentalean eragina izan dezakeela sumatzen zen, baina orain zenbakitan zehazten hasi da. Bullying and mental health, Martha R. Villabona.
Lege kuantikoak betetzen dituzten partikulak aztertu nahi badira, baina hauek abiadura erlatibistetan mugitzen badira, kuantika eta erlatibitatea batu behar dira. Quantum and relativistic effects unified in electron spin-lattice interactions
Big Bangean pentsatzen baduzu, jabetzen zara, kontzienteki esan ez arren, lehen ez zegoela ezer, ezta hutsik ere, ezta lehenaldi bat ere, eta dena (espazioa, denbora, erradiazioa eta materia) harekin batera hasi zela. Eta esaten badizut Big Banga zulo beltz batean hasi zela, nola geratzen zara? Zenbakiak bat baitatoz eta esperimentalki egiaztagarria izan daiteke. Enrique Gaztañaga Big Bang may have taken place inside a black hole, lanean, aspaldian irakurri duzun gauzarik harrigarriena.
Material batean supereroankortasuna eta karga-dentsitateko uhinak batera gertatzen direnean, aurreikus dezakegunaren kontra, ondorioztatu behar dugu supereroankortasuna egiturazko desordena duen material batean egon daitekeela. DIPCko jendeak bereak egiten ditu A clash of quantum states in the mosaic phase of a transition metal dichalcogenide
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #551 appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2025eko udarako (6): urte berri eguna
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, hamar urte betetzen dituen ohiturarekin jarraituz, udako oporretan egiteko ostiralero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.
Hona hemen gure seigarren ariketa:Urte arrunt batean, hau da, bisurtea ez den batean, bost igandeko bost hilabete egon dira. Asteko zer egun izan da Urte Berri eguna? Gauza bera bisurte batean gertatu bada, zer egun izan da Urte Berri eguna?
Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2025” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
The post Dozena erdi ariketa 2025eko udarako (6): urte berri eguna appeared first on Zientzia Kaiera.
Geologia ikastea Alaskan urrea bilatzen ari garen bitartean
Eguraldi zakarra egiten zuen egun horietako batean, ez zuena gogorik ematen paseo atsegin bat egitera ateratzeko, telebistaren aurrean geratu nintzen. Sofan kiribilduta, zappinga egiten ari nintzela, docu-reality motako sail batekin egin nuen topo. Saila horrek Alaskako meatzari talde batzuen eguneroko lana erakusten du, eta izenburu oso zuzena eta iradokitzailea dauka: La Fiebre del Oro (Urre grina). Iradokitzailea dela esan dut erreferentzia zuzena egiten diolako XIX. mendearen amaieran Ipar Amerikan bizi zuten eroaldi kolektiboari. Garai hartan, gizon askok dena utzi zuten atzean eta urrutiko lekuetara joan ziren, pala eta bahea eskuetan, aberats egingo zituen urrezko pipita aurkituko zutelakoan.
Programa ikusita, badirudi egun ere eroaldi horrek indarrean jarraitzen duela. Hala ere, nire atentzioa erakarri zuena ez ziren meatzarien abenturak eta zorigaiztoak izan. Ikusi nuen, meatzaritzako ohiko lanez gain, azalpen geologikoak emateko animazio txikiak ere sartzen zituztela, publikoak uler zezan nondik ateratzen zen urre hori, edo zergatik meatzari buruek harri jakin batzuk edo lur maila oso zehatzak arakatzen zituzten. Eta teknika geologiko batzuen erabilera ere defendatzen zuten, bermatzeko ustiapenekin etekin ekonomikoa aterako zutela. Horrenbestez, gaurkoan, telesail horretan irakatsi nahi izan digutenaren laburpentxoa egingo dizuet.

Alaskako urre deposituak gutxienez duela 150 milioi urte sortu ziren, Pazifikoko plaka tektonikoa eta Ipar Amerikakoa hurbiltzean eragindako zenbait talka prozesuren ondorioz. Testuinguru horretan, mendikate ugari sortu ziren, magma pilaketak lurrazalaren goiko aldera mugitu ziren, eta haustura gune asko agertu ziren. Eta magma horiei lotuta, inguruko harrietan zeuden elementu kimiko guztiak —urrea barne— harrapatu zituzten jariakin beroak ere agertu ziren. Jariakin horiek haustura batekin topo egitean, lurrazalerantz igotzen hasi ziren, eta horrela sortu ziren kuartzozko mineralizazio batzuk, urrean oparoak direnak. Egitura horiei, Geologian, dike esaten zaie; eta, meatzaritzan, zain.
Eta oraindik gehiago dago. Azken 20 milioi urteetan, ibaiek dike horiek higatu dituzte, eta urrea korrontean behera eraman dute, bokaleetarantz. Hartara, minerala ibilguaren kurbetan geratu da, urak indarra galtzen zuen lekuetan. Eta, azken 2 milioi urteetan, izotzak ere lagundu du urrea haren jatorrizko depositura arrastan eramaten, eta glaziarren aurrerapen frontearen eremuko sakonuneetan pilatu da. Uraren —likidoa nahiz solidoa— eraginez sortutako urre depositu horiek plazer izenaz dira ezagunak, eta meatzari taldeek leku horietan egiten dituzte arakatze lanak. Horregatik zulatzen dute lurra maila jakin batzuetara iritsi arte. Maila horietan, buztinen nahaste bat dago, kuartzo zati eta harri biribil ugarirekin; horiek dira mineralizatutako zain batetik urak arrastan eraman eta higatutako harri salatariak. Orduan, eskuzko baheketa egiten dute, urrea daukaten ikusteko eta material hori ustiatzea errentagarria den erabakitzeko.

Nolanahi ere, zulaketak ez dira, ausaz, edozein lekutatik egiten; aurretik, asmatuko dutela bermatzen dute. Horretarako, Alaskako geologiako adituek laguntzen diete. Meatzaritzako ohiko teknikak erabiltzen dituzte lurrazpiko urre hobia aurkitzeko. Ikusi ditudan kapituluetan deskribatu zituzten bi teknikak azalduko dizkizuet.
Lehenengoa erresistibitate elektrikoa da. Teknika geofisiko horretan, elektrodo zilindriko batzuk sartzen dira lurrean, kable bidez seriean konektatuta, eta erresistibitatea neurtzeko gailu bati lotuta. Elektrodo horiek gai dira korronte elektrikoa bidaltzeko, eta korronte hori sakontasunean transmititzen da. Horiek horrela, potentziala aldatzen da material edo egitura geologiko ezberdinak zeharkatzen dituen heinean. Potentzial elektrikoaren aldaketa horiek neurgailuan markatuta geratzen dira, eta datu horiei esker, zorupearen hiru dimentsioko erradiografia moduko bat egin dezakegu. Programan, teknika hori erabili zuten garai bateko ibilguak eta glaziarrek duela milurteko batzuk garraiatutako material metalikoen pilaketak identifikatzeko, bai eta egitura geologiko horien —eta, beraz, urre hobi posibleen— sakontasuna kalkulatzeko ere.

Bigarren teknika ezagunagoa izango da zuentzat, hari buruz idatzi baitut jada: zundaketa laginak. Kasu horretan, zenbait zulaketa egin zituzten ustiatu nahi zuten eremuan, zorupearen etengabeko erregistroa lortzeko harriaren oinarrira arte. Sedimentu horiei ondoz ondoko bi analisi egin zizkieten. Alde batetik, azterketa geokimiko bat, bertan zeuden elementu kimikoak ezagutzeko, eta urrean positibo emango zuten mailak bilatzeko. Eta, bestetik, maila horiek garbitu eta bahetu zituzten, sedimentuaren guztizkoa aintzat hartuta urrearen kontzentrazioa kalkulatzeko. Horren bidez zehaztu ahal izan zuten non eta zenbateko sakontasunean zeuden hobiak, gerora horiek ustiatzea errentagarria zen edo ez erabakitzeko.
Telesailak ez ninduen guztiz harrapatu, eta, beraz, ezin dizuet esan meatzariak aberats bihurtu ziren edo dena galdu zuten. Interesgarria iruditu zitzaidan gauza bakarra prozesu eta teknika geologikoak azaltzeko animazioak izan ziren. Eta, laburpen honetan azaldutakoa baino sinpleagoak eta laburragoak baziren ere, zientifikoki oso zuzenak ziren. Eta horrek erakusten du geologia gure inguruan, nonahi, dagoela; eta, horrez gain, Lurraren zientziak ikas ditzakegula a priori gure ezagutza zientifikoa handituko dutela ez diruditen gauzei esker. Betaurreko geologikoak jarri besterik ez dago.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 30ean: Aprendiendo Geología mientras buscamos oro en Alaska.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Geologia ikastea Alaskan urrea bilatzen ari garen bitartean appeared first on Zientzia Kaiera.
Nola funtzionatzen dute X izpiek?
X izpiak gure gorputzaren barnealdera “argazkiak” ateratzeko erabiltzen diren tresna ikusgarriak dira, baina horien atzean dagoen mekanismoa ez da magia, zientzia da! Uhin elektromagnetiko mota bereziak dira, argiaren antzekoak baina uhin-luzera askoz txikiagoarekin, eta horri esker gure azaletik eta muskuluetatik igarotzeko gai dira, baina hezurretan gehiago gelditzen dira. Horrela, gorputzaren egitura barruko irudiak lor daitezke modu seguruan eta eraginkorrean.
Bideo honetan azaltzen da nola sortzen diren X izpiak, nola bidaiatzen duten gorputzaren zehar eta zergatik ikus daitezkeen hezurrak hain garbi irudietan. Medikuntzan funtsezko tresna bihurtu dira: hausturak detektatzeko, azterketa diagnostikoak egiteko edo gure osasunaren egoera hobeto ulertzeko.
“Zergatik gertatzen dira gauzak” bideo sorta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak egindako Ikusgela proiekturako hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren berrikuste zientifikoarekin.
The post Nola funtzionatzen dute X izpiek? appeared first on Zientzia Kaiera.
Koloreen aurkako gerra
Grisa, baina ez grisa kolore bezala, kontzeptu moduan baizik, gero eta gehiago ari da nagusitzen txorien munduan. Eta, sinetsi ala ez, klima-aldaketa dago horren atzean. Bitxia dirudi lehen entzutean: zer lotura izan dezake txorien kolorearekin klima-aldaketak? Bada, gehiago uste baino handiagoa.
Artikulu hau klima-aldaketari buruzkoa da. Eta koloreen ingurukoa. Izan ere, harremana topatu dute koloreen eta klima-aldaketaren artean. Harreman gatazkatsua, zehazki. Koloreek galtzen ari diren gatazka.
Izan ere, EHUko ikerketa batek aurkitu du txori espezie baten lumen koloreek distira galdu dutela azken 15 urteetan. Amilotx urdinaren inguruan ari gara, eta aurkitu dutena da dituen koloreak ez direla lehen ziren bezain koloretsuak.

Eta nola neurtu dute hau? Lehenengo eta behin, bi subespezie aukeratu dituzte eta jarraitu dituzte: Frantziako Mediterraneo kontinenteko Cyanistes caeruleus caeruleus eta Korsikako Cyanistes caeruleus ogliastrae .
Irudian ikus dezakezuen bezala, buruan koroa urdina eta papar horia dute hegazti txiki hauek. Eta horiek dira, hain justu, aztertutakoak: koroaren kolore urdina eta bularreko adabakiaren kolore horia.
Adi, baina! Kontua hemen ez baita bi kolore ezberdin aztertu dituztela. Bi motatako kolorazioa da aztertu dena. Batetik, buruko koroa, urdin kolorekoa eta egiturazko kolorazioa duena; hau da, argiaren errefrakzioa baliatzen duena kolorea “sortzeko”. Bestetik, paparreko kolore horia, pigmentuetan —karotenoideetan, zehazki— oinarritzen dena kolorea “egiteko”.
2005ean hasi eta 2019ra arte egin dituzte behaketak (5 800 baino gehiago) eta ikusi dute lumen kolorea goibeldu egin dela urterik urte, 2019an lumen koloreak ez direla 2005ean bezain koloretsuak.
Aldaketa honen oinarriaren bila, aldagai genetikoa aztertu dute ikerketan. Eta analisiek erakutsi dute amilotx urdinen kasuan ez dela aldaketa genetikoa izan, plastikoa baizik. Aldaketa plastikoa izateak esan nahi duena da ingurunera moldatzeko aldaketa dela.
Eta zeri egotzi diote ikertzaileek kolore-bizitasunaren galera hori? Klima-aldaketari. Lumen kolorearen aldaketa tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daitekeela uste dute. Izan ere, animalien osasunean eragina du klima-aldaketak, eta lumajeen koloreak txorien osasun-egoerarekin du harremana.
Laburbilduz, txorien lumen kolorea gandutzearen eragilea da klima-aldaketa.
Existitzen ez da, bainaPentsatzen jarrita, benetan bitxia eta merezimendu handikoa da txorien moldaketa hau. Izan ere, existitzen ez den zerbait moldatzea ez da huskeria. Bai, irakurri duzuen bezala.
Ez dut burua galdu (momentuz eta ofizialki, behintzat). Argi eta garbi esango dut: koloreak ez dira existitzen. Bat bera ere ez. Ez urdina, ez horia ez gustukoen duzuen hori.
Baina nola ez dira existituko koloreak? Ba, ez. Ez dira existitzen. Zer da, orduan, ikusten duguna? Argia, noski. Argi eta garbi (je) esan dudana. Gure begiek ikusten dutena argia da, koloreak gure garunak asmatuak dira.
Begietatik sartzen den argiaren luzera ezberdinek gure zelula fotohartzaileak estimulatzen dituzte, eta garunak erabakitzen du uhin-luzera horietako bakoitza zein koloretakoa den. Koloreak, berez, ez dira existitzen, argia da gakoa.
Eta nola pentsamendu kritikodun irakurleak zareten eta ez duzuen bere horretan sinetsi behar esaten dudan guztia, frogak ditut. Erreparatu ondo amilotx urdinaren bigarren argazkiari. Begiratu ondo eta arretaz. Garbitu betaurrekoak. Hurbildu zaitezte argazkira. Ikusten dituzu kolore ezberdinetako saretxoak?
Berez, zuri-beltzean dago argazkiko txoria. Benetan. Begiratu ondo. Gainetik koloredun sarea baino ez zaio ezarri. Eta zuen garunak eman dio kolorea argazkiari. Hor ez dagoen zerbait asmatu du zure garunak eta kolorea ikusi duzu. Ilusio optiko hori Color Assimilation deitzen da eta frogatzen du zure garunak pista gutxi behar dituela kolorearen informazioa “betetzeko”.
Horra, frogatuta. Eta aurrekoari helduta, broma gutxi klima-aldaketarekin. Existitzen ez direnak ere apaltzeko gaitasuna baitu.
Iturriak:Amilotx urdinaren lumen distira moteldu da. (2022ko uztailaren 12an). Zientzia Kaiera.
Kuromusha [@chrome-cgi]. Color Assimilation Grid Illusion. Copeden
Conchi Lillo [@ConchiLillo]. (2024ko maiatzaren 24a). Rellenas con rojo porque hay cian alrededor, que es el color complementario. Este efecto se llama ‘color assimilation. X. https://x.com/ConchiLillo/status/1793988004148846837
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko irailean, 264. zenbakian.
The post Koloreen aurkako gerra appeared first on Zientzia Kaiera.
Garunak mielina erabiltzen du garuneko beste mantenugai batzuk agortzen direnean
Nature Metabolism aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, maratoiko korrikalariek aldaketa itzulgarriak izaten dituzte garuneko mielina-mailan. Aurkikuntza horiek adierazten dute mielinak (neuronak inguratzen dituen substantzia bat) orain arte ezezaguna zen portaera bat duela, eta, beste energia-iturri batzuk eskas direnean, garunaren metabolismo energetikoari laguntzen diola. Lasterkarien mielinaren berreskuratze bizkorra nola gertatzen den ulertzeak zenbait gako eskain ditzake gaixotasun desmielinizatzaileetarako tratamenduak garatzeko, hala nola esklerosi anizkoitzerako.
Iraupen luzeko ariketak energia-erreserbetara jotzera behartzen du giza gorputza. Maratoi bat egiten denean, adibidez, gorputzak nagusiki karbohidratoak kontsumitzen ditu energia-iturri gisa, hala nola glukogenoa, baina, giharretan glukogenoa agortzen denean, gantzetara jotzen du. Garunean, mielinak neuronak inguratzen ditu eta isolatzaile elektriko gisa jarduten du. Lipidoz osatuta dago batez ere, eta karraskarietan lehendik eginda dauden ikerketa batzuek iradokitzen dute lipido horiek erreserba energetiko gisa joka dezaketela muturreko baldintza metabolikoetan.

Carlos Matute EHUko Anatomia eta Giza Enbriologiako katedradun eta Biobizkaia OIIko ikertzaileak eta Pedro Ramos Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasqueko irakasleak, Alberto Cabrera Zubizarreta HT Médica-ko erradiologoarekin batera, erresonantzia magnetikoa erabili dute maratoiko hamar korrikalariren garuneko irudiak lortzeko (zortzi gizon eta bi emakumerenak), 42 kilometroko lasterketaren aurretik eta 48 ordu ondoren. Era berean, jarraipen gisa, ikertzaileek korrikalarietako biren garunen irudiak hartu dituzte lasterketa egin eta bi astera, eta sei korrikalarirenak lasterketa egin eta bi hilabetera.
Garunean mielina-uraren —mielina-kantitatearen zeharkako adierazle bat— frakzioa neurtzean, ikertzaileek ikusi dute mielina-edukia murriztu egin zela garunaren materia zuriko 12 gunetan, zeinek lotura baitute mugimenduen koordinazioarekin eta integrazio sentsorial eta emozionalarekin”, azaldu du Carlos Matutek. Bi asteren buruan, “mielina-kontzentrazioek nabarmen egin zuten gora, baina oraindik ez ziren iritsi lasterketaren aurreko mailara”, gaineratu du Pedro Ramosek. Ikertzaileek ikusi dute mielina-edukia maratoia egin eta bi hilabetera berreskuratu zela guztiz.
Mielina, garunaren erregaiIkertzaileek ondorioztatu dutenez, “badirudi mielinak energia-iturri gisa jokatzen duela erresistentzia-ariketa egitean garuneko beste mantenugai batzuk agortzen direnean, eta ikertzen jarraitu behar da muturreko ariketa garuneko mielina-kantitatearekin nola erlazionatzen den zehazteko. Kohorte handiago batean egin behar dira probak”, adierazi du Ramos-Cabrer-ek.
Ikerketak erakutsi du garuneko metabolismo energetikoa uste zen baino konplexuagoa dela. Mielinak garunaren erregai gisa duen funtzioak garunaren energia-premiei buruzko ikuspegi berri bat ireki du. Gainera, egileen arabera, ikerketa gehiago behar dira aldaketa horiek gune horiei lotutako funtzio neurofisiologiko eta kognitiboetan ondoriorik eragiten ote duten ebaluatzeko, baina adierazi dute garuneko mielina gehienean ez dagoela horrelakorik.
Lan horren emaitzek horizonte berriak ireki dituzte mielinak —osasuntsu, zahartu eta gaixo dagoelarik— garunean duen paper energetikoari buruz. “Lasterkarien mielinaren berreskuratze bizkorra nola gertatzen den ulertzeak zenbait gako eskain ditzake gaixotasun desmielinizatzaileetarako tratamenduak garatzeko, hala nola esklerosi anizkoitzerako. Gaixotasun horietan, mielina desagertzean, eta, beraz, baita haren energia-ekarpena ere, kalte estrukturala eta endekapena errazten dira”, dio Matutek. Era berean, ikertzaileek azpimarratu nahi dute maratoiak korritzea ez dela kaltegarria garunarentzat; “aitzitik, onuragarria da mielina energia-erreserba gisa erabiltzea eta berreskuratzea, horrela garuneko makineria metabolikoa erabiltzen baita”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Garunak mielina erabiltzen du garuneko beste mantenugai batzuk agortzen direnean.
Erreferentzia bibliografikoa:Ramos-Cabrer, Pedro; Cabrera-Zubizarreta, Alberto; Padró, Daniel; Matute-González, Mario; Rodríguez-Antigüedad, Alfredo; Matute; Carlos (2025). Reversible reduction in brain myelin content upon marathon running. Nature Metabolism, 7, pages 697–703. DOI: 10.1038/s42255-025-01244-7
The post Garunak mielina erabiltzen du garuneko beste mantenugai batzuk agortzen direnean appeared first on Zientzia Kaiera.
Diziplina maskulinizatuak hobetzat jotzen dira?
“Jendeak uste du diziplina batzuk besteak baino hobeak direla” dio Alex James Zeelanda Berriko Canterbury unibertsitateko matematikariak. Berak gidatu zuen fenomenoari buruzko azken azterlanetako bat. “Eta txartzat hartzen ditugunetan emakume ugari daude”.
James eta egilekideen azterlana eLife aldizkarian argitaratu zen, eta bertan zehaztu zuten gero eta emakume gehiago egon jakintza eremu jakin batean, gero eta txikiagoa zela diru-laguntza eskaeren arrakasta tasa orokorra eta gero eta puntu gutxiago jasotzen zituen diziplina horretako ikertzaileen kalitate ebaluazioak. Ikerketak oinarri hartzen ditu azken hamarkadan argitaratu diren beste azterlan batzuk, zehazki sexismoak eta beste aurreiritzi batzuk arlo guztietan agertzeko modu desberdinak aztertu dituztenak.

James eta bere lankideek zenbait erakunderen finantzaketa datuak aztertu zituzten, eta bertan kontuan hartzen ziren berrogei diziplinatik gorako milaka ikertzaileren eta diru-laguntza eskatzaileren datuak. Halaber, honako hauen datuak ere kontuan hartu ziren: Zeelanda Berriko akademiko bakoitzaren ikerketaren kalitatea aztertzen duen Jardunean Oinarritutako Ikerketa Funtsaren (PBRF) analisietako datuak; Australiako Ikerketa Kontseiluaren (ARC) dirulaguntza eskaerei buruzko arrakasta tasei buruzko datuak (hamar urte guztira); eta Kanadako Osasun Ikerketa Institutuak (CIHR) eta Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren (EIGE) antzeko datuak. Azken horrek Europar Batasuneko, Erresuma Batuko, Turkiako eta Israelgo gobernu finantzatzaileen datuak biltzen ditu.
Azterlanean ikertzailearen diziplinaren genero orekaren eta PBRF puntuazioaren arteko harremana aztertu zen, hainbat faktore kontuan hartuta, hala nola adina, erakundea eta argitalpenen erregistroa. Beste datu multzoekin batera, Zeelanda Berriko taldeak diziplina bateko genero oreka eta finantzaketaren arrakasta tasak aztertu zituen.
Ildo horretatik, erakutsi zuten edozein generotako ikertzaileek emakumeak nagusi ziren diziplinetan lan egitean (erizaintzan edo hezkuntzan, adibidez), puntuazio baxuagoak jasotzen zituztela PBRFan, gizonak nagusi diren diziplinekin alderatuta (hala nola fisika edo filosofia). Ereduaren arabera, gizonak nagusi diren diziplinetan lan egiten duten gizonek batez beste 700 puntutik 40 puntu gehiago lortzen zituzten, emakumeak nagusi ziren diziplinetan lan egiten zuten gizonekin alderatuta. Aldi berean, gizonak galentzen diren diziplinetan lan egiten zuten emakumeek ia 70 puntu gehiago lortzen zituzten emakumeak nagusi ziren diziplinetan lan egiten zuten emakumeekin alderatuta. Halaber, diziplina berean dirulaguntzak lortzeko emakumeen arrakasta tasa handixeagoa zen gizonekin alderatuta.
Agerian jarri zen diziplinen arteko arrakasta tasaren aldea; besteak beste, filosofian (gizonak nagusi dira) emakumeen zein gizonen arrakasta tasa % 22-23 bitartekoa izan zen, eta erizaintzan (emakumeak nagusi dira), berriz, % 17-18 bitartekoa izan zen. Antzeko ereduak antzeman ziren CIHR eta EIGE datuetan.
Autoreek ezin dituzte ereduak azaldu, baina hainbat arrazoi proposatu dituzte. Baliteke diru-laguntza eskaeren ikuskatzaileak emakumeen edo emakumeak nagusi diren diziplinen aurkako jarrera izatea, edo, baliteke, aurretik gizonak nagusi ziren diziplinetan emakumeak sartu ahala arloen kalitatearen pertzepzioa murriztu izana.
Azalpenak eta teoriakJamesen azterlanaren arabera, ikusi dugu diziplina baten genero oreka ikerketaren kalitate puntuazioekin lotuta dagoela, eta, aldi berean, diziplina baten gero oreka ikerketaren finantzaketaren arrakasta tasarekin lotuta dagoela. Ez da ikerketaren asmoa kausazko harreman bat bilatzea genero orekak puntuazio txikiak eragiteko ikerketan edo finantzaketan, edo alderantziz. Hala ere, azalpen jakin batzuk eskaini dira, kausalitaterik ezarri gabe ere. Aurkikuntza horiek generoaren puzzle akademikoaren beste zati bat eskaintzen digute.
- Feminizazioa
Badirudi askotan betetzen dela honako joera hau: lan indarra indartuz doan heinean, soldatak behera egiten du. Diziplina feminizatzen denean, ikerketaren kalitatearen ebaluazioak behera egiten duen aztertzeko datu luzetarako ugari behar dira. Gaur egun ez dago horrelako daturik, baina emakumeak nagusi diren diziplinetako ikerketa gizonak nagusi diren diziplinetako ikerketa bezain ona ez denez ebaluazioaren arabera, baliteke hori denboran zehar gertatutako feminizazioaren emaitza izatea.
- Banakako genero alborapena
Zeelanda Berriko ikerketa emaitzen eta Australia, Kanada, EB eta Erresuma Batuko ikerketa proposamenen ikuskatzaileek emakumeen kontrako aurreiritziak izan ditzakete. Izan ere, akademikoen aurreiritzi inkontzienteen efektuak teorizatu egin dira luzez. Datu enpirikoak mugatuak diren arren, ikusi da alborapen inkontzienteek eragina izan dezaketela ohiko metrika eta praktika akademikoetan, hala nola h indizea, aipuak, egiletza, parekoen ebaluazioa, kontratazioa, atxikimendua eta aurrera egitea.
PBRF banakako alborapenak zuzenduko balu, agerian geldituko litzateke hezkuntzaren batez besteko puntuazioa fisikakoa baino txikiagoa izango litzatekeelako; hala ere, hezkuntzan aritzen den emakume baten eta fisikan aritzen den beste baten batez besteko puntuazioa berdina izango litzateke. Lehenengo baldintza betetzen da, baina bigarrena, berriz, ez. Hala ere, diziplina guztietan emakumeen puntuazioa baxuagoa da gizonen puntuazioarekin alderatuta, eta hori nabarmenagoa da emakumeak nagusi diren diziplinetan; hortaz, genero alborapena dagoela iradokitzen du. Hala ere, ez da erabakigarria, aldagai ugari daudelako.
- Eta emakumeek gizonek baino okerrago ikertzen badute?
Azterlanaren emaitzek ez dute hori erakusten. 2018an, fisikan (gizonak nagusi diren arloa) emakumeen eta gizonen batez besteko puntuazioa berdina izan zen. Aldi berean, Australiako emakume batek ARCen diziplina bereko gizon batek baino finantzaketa tasa handixeagoa zuen. Hortaz, emakumeen eta gizonen ikerketa kalitatea oso antzekoa da diziplina kontuan hartzen badugu.
Ikusi dugu ikertzaileek -emakumeak zein gizonak- batez beste lorpen gutxiago dituztela emakumeak nagusi diren diziplinetan. Baliteke diziplina horiek arau kulturalen ondorio izatea edo baliteke emakumeak hain lehiakorrak ez diren argitalpen irizpideak dituzten diziplinek erakartzea.
- Aurresleipena eta finantzaketa kuotak
Ikerketaren finantzaketa datuen multzoetarako (ARC, CIHR, EIGE), ikerketa mota jakin batzuetara esleitutako kuotek edo aurresleitutako funtsek azaldu dezakete aurkikuntzetakoren bat (adibidez, osasun publikoko finantzaketa areagotzea COVID-19 pandemian). Hala ere, aurresleipen horiek gizonak nagusi diren diziplinetara bideratuta egon beharko lukete.
ARC eskaera gehienak Discovery proiektura bideratzen dira. Bertan, eskaerak modu independentean kalifikatzen dira eta ez dago aurretiazko esleipenik diziplina bat edo beste baloratzeko edo finantzatzeko. 2023an eskaeren arrakasta tasak antzekoak dira bost ikerketa esparru nagusietan. Horrek ARCren baieztapena babesten du; hots, prozesuak ez dituela argi eta garbi aurresleitzen diziplinaren arabera. Hala ere, xehetasun gehien dituzten 22 diziplinetako eskatzaileen arrakasta tasa kontuan hartzen badugu, emakumeak nagusi diren diziplinetan dago arrakasta tasa txikiena.
Herrialde bakoitzak funtsak esleitzeko barne arau eta lehentasun propioak ditu. Bertako politikak ingeniaritza eta fisika finantzatzeari lehentasuna ematen badio, horrek arlo horietako finantzaketa tasei mesede egin diezaieke; hala ere, gerta liteke arlo horietan ikertzaile gehiago egotea eta, hortaz, arrakasta tasan eraginik ez izatea.
Aitzitik, PBRFan aurresleipenaren efektua ez da esanguratsua edo ez dago horrelakorik. Gizabanako bakoitza modu independentean kalifikatzen da. Fisikaren esparruan puntuazio altua duten pertsona ugari egoteak ez du eraginik hezkuntzaren arloko puntuazioetan. Oro har, funtsen aurresleipenaren bidez ezin dira Jamesen azterlanaren emaitzak azaldu.
- Lana aukeratzea
Argudio hori aipatzen da generoari lotutako soldata arrakalari buruz eztabaidatzean. Emakumeek, kasualitatea, soldata txikiagoa duten lan eremuetan lan egitea erabakitzen dute. Baliteke diziplina aukeratzean, lana aukeratzean ez ezik, hemen kolokan egotea, emakumeek ikerketa hain ona ez den diziplinetan lan egitea aukeratzen baitute. Mundu akademikoan hezkuntza sistemak gutxiesten dituen diziplina akademikoak eta ikerketa arloak aukeratzeko joera dute emakumeek. Halaber, diziplinaren barruan, emakumeek diziplinartekoagoak eta aplikatuagoak (ez hain teorikoak) diren ikerketa gaiak aukeratzeko joera dute. Bikaintasunaren pertzepzioak lotura izan dezake diziplina jakin batzuetan emakumeek ordezkaritza gutxi izatearekin, eragina baitu genio estatusaren pertzepzioan esparru jakin horretan.
- Emakumeak nagusitzen diren diziplinen aurkako alborapena
Azalpen sinple bat izango litzateke ikerketaren ebaluazioan alborapenak daudela; hala ere, ez banakakoen aurka, aipatu den bezala, baizik eta emakumeak nagusi diren ikerketa diziplinen aurka. Azterlanaren ondorioa korrelazioa denez, eta ez kausalitatea, ezin da zehatz mehatz onartu edo baztertu teoria hori. Horren ordez, eta beste azterlan batzuetan ikusi denaren arabera, gizonak nabarmentzen diren diziplinetan “bikaintasuna” behar da, eta, emakumeak nagusi diren diziplinetan, berriz, “lan nekosoa”. Hori ikerketa eta finantzaketa eskeren ebaluaziora eramaten bada, generoan oinarritutako diziplina alborapena gerta liteke.
Beste azalpen sinple bat izan daiteke emakumeak nagusi diren diziplinetako ikerketaren kalitatea txikiagoa dela gizonak nagusi diren diziplinetako ikerketaren kalitatea baino. Badirudi “zientzia gogor” kuantitatiboak eta “zientzia belaxka” kualitatiboak daudela. Baina diziplina osoen esfortzua kalitate txikiagoko dela esatea, desberdina dela esan ordez, erradikalegia da. Azalpen horrek planteatzen du, halaber, zergatik diren emakumeak kalitate txikiagoko diziplinetan nagusi.
Etorkizuneko ikerketetan faktore ugari modulatu eta testuinguru ugari izango lituzketen analisiak gehitu beharko lirateke, genero patroiak murrizteko, zuzentzeko edo konpentsatzeko. Erabili diren datuek mugak dituzte eta ez dute mundu osoko akademia islatzen. Halaber, ikerketaren eta proiektu baten finantzaketaren arrakasta ebaluatzea ez da kalitatea akademikoaren neurketa ezin hobea.
Erreferentzia bibliografikoak:- James, Alex; Buelow, Franca; Gibson, Liam; Brower, Ann (2024). Female-dominated disciplines have lower evaluated research quality and funding success rates, for men and women. eLife, 13. DOI: 10.7554/eLife.97613.2.sa3
- Else, Holly (2024). Gender bias might be working at level of whole disciplines. Nature Index. DOI: 10.1038/d41586-024-02502-6
Marta Bueno Saz (@MartaBueno86G) Salamancako Unibertsitatean lizentziatu zen Fisikan eta Pedagogian graduatu. Gaur egun, neurozientzien arloan ari da ikertzen.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko abuztuaren 27an: Las disciplinas masculinizadas, ¿se perciben como mejores?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Diziplina maskulinizatuak hobetzat jotzen dira? appeared first on Zientzia Kaiera.
Neuroinflamazioa Parkinson gaixotasunaren agerpenean eta progresioan
Parkinson gaixotasuna nahasmendu motor neurodegeneratibo ohikoena da, biztanleriaren % 2ari eragiten baitio. Gaur egun ez dago gaixotasuna sendatzeko gai den tratamendurik, eta erabiltzen diren gehienek sintomak arintzea dute helburu. Bradikinesia, atsedenaldiko dardara, muskuluen zurruntasuna eta jarrera-ezegonkortasuna dira sintoma motor ohikoenak, eta gaur egun, hauen bidez egiten da diagnostikoa. Hala ere, sintoma ez-motorrak ere ematen dira, usaimen galera, kognizio arazoak eta depresioa besteak beste.
Gaixotasun honetan Substantia nigra pars compacta-ko (SNc) neurona dopaminergikoen galera progresiboa gertatzen da, bide nigroestriatalaren funtzio desegokia eraginez. Neuronen heriotzan parte hartzen duten hainbat mekanismo zelular eta molekular deskribatu dira, eta nahiz eta gaixotasuna hainbat faktore genetiko eta ingurumenekoekin erlazionatu den, oraindik ez da haren patogenesia guztiz ezagutzen. Parkinson gaixotasunaren ezaugarri neuropatologiko nagusia garunean Lewy gorputzen presentzia da, zeinak gehien bat α-sinukleina proteinaz osatuta dauden, eta neuroinflamazioa ere gertatzen da.
Orokorrean, neuroinflamazioa erantzun babeslea da. Halere, neuroinflamazioa bi aurpegidun eragile gisa agertzen da, hau gehiegizkoa edo kronikoa bada neuronen kaltea eragin baitezake. Urte luzez, glia-zelulak neuronen euskarri hutsa zirela uste zen arren, hainbat funtzio betetzen dituztela baieztatu da. Ezinbestekoak dira garunaren egitura eta funtzio egokia bermatzeko eta glia-zelulek aktiboki parte hartzen dute hainbat garun-prozesutan. Mikrogliaren funtzio ezagunena gaitasun fagozitikoa da. Astrozitoek hesi hematoentzefalikoaren osotasuna bermatzen dute, eta faktore neurotrofikoak jariatzeko gaitasuna dute. Horien bidez, laguntza metabolikoa emateko eta energia-erregulaziorako ahalmena dute. Aktibatutako mikrogliak eta astrozitoek, hurrenez hurren M1 eta A1 fenotipo proinflamatorioa edo M2 eta A2 fenotipo antiinflamatorioa har dezakete.

Neuroinflamazioa eta neuroendekapenaren arteko erlazioaren mekanismo zehatzak ezagutzen ez diren arren, neuroinflamazioak funtsezko papera izan dezakeela iradoki da. Gizakietan egindako ikerketek, neuroinflamazioa Parkinson gaixotasunaren agerpenarekin eta garapenarekin irmoki lotuta dagoela iradokitzen dute. Mikroglia aktibatua aurkitu da gaixotasuna duten pertsonen SNc-an, baita inflamazioa eragiten duten zitokinen kontzentrazio altuak ere. Postmortem garunetan eta animalia-ereduetan egindako ikerketek, glia-zelulen aktibazioa erakutsi dute. Animalia-ereduak erabakigarriak dira estrategia terapeutiko neurobabesleak garatzeko. Animalia-ereduaren garapenaren helburu nagusia da gaixotasunaren aurkikuntza neuropatologikoak, sintomak eta idealki tratamenduaren aurrean duten erantzuna modu fidagarrian imitatzea. Parkinsonaren kasuan, urte askotan animalia-ereduak toxikoen bidez garatu izan dira. α-sinukleinan oinarritutako animalia-eredu guztiek hantura prozesu sendoa erakusten dute. Gehienek, hantura periferiko eta zentralaren konbinazioa aurkezten dute. Hala ere, adenobirusak erabiliz SNc-barneko injekzio bidez sortutako animalia-ereduak nahiko kritikatuak izan dira. Egun, α-sinukleinaren aldez aurretik sortutako zuntzak garunean injektatuz sortzen diren animalia-ereduek errepikatzen dituzte hobekien gaixotasunaren aurkikuntza patologikoak, Lewy gorputzen sorrera eta bide nigroestriataleko degenerazioa, kasu.
Gaur egungo ebidentzien arabera, neuroinflamazioa gertaera goiztiarra izan daitekeela uste da Parkinson gaixotasunaren patogenesian, eta baliteke honen sorrera periferiako immunitate-sistemaren eraldaketaren ondorioz ematea. Ebidentzien arabera, periferiako immunitate-sistemaren parte-hartze aktiboa nabaria da Parkinsonean eta baliteke honen eraginez gertatzea garuneko α-sinukleinaren metaketa eta neuronen endekapena. Hori horrela, hanturaren aurkako esku-hartze goiztiarra estrategia baliagarria izan daiteke Parkinson gaixotasuna saihestu edo atzeratzeko. Gaur egun oraindik mekanismo zehatzak guztiz ondo ulertzen ez diren arren, balizko itu terapeutikoa izan daitezkeen hainbat seinaleztapen bide eta molekula identifikatu dira. Mekanismo guztiak ulertzeak, Parkinson gaixotasunean hantura itu terapeutiko posible bat bezala erabiltzea ahalbidetuko luke.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Neuroinflamazioa Parkinson gaixotasunaren agerpenean eta progresioan.
- Laburpena: Parkinson gaixotasuna nahasmendu motor neurodegeneratibo ohikoena da, eta, gaur egun, ez dago gaixotasuna sendatzeko gai den tratamendurik. Bradikinesia, atsedenaldiko dardara, muskuluen zurruntasuna eta jarrera-ezegonkortasuna dira sintoma motor ohikoenak. Substantia nigra pars compactako neurona dopaminergikoen galera progresiboa gertatzen da, bide nigroestriatalaren funtzio desegokia eraginez. Neuronen heriotzan parte hartzen duten hainbat mekanismo zelular eta molekular deskribatu dira, baina oraindik ez da gaixotasunaren patogenesia guztiz ezagutzen. Parkinson gaixotasunaren ezaugarri neuropatologiko nagusia da garunean Lewy gorputzen presentzia, eta horiek gehienbat α-sinukleina proteinaz osatuta daude. Urte luzez, glia-zelulak neuronen euskarri hutsa zirela uste zen arren, hainbat funtzio betetzen dituztela baieztatu da, eta ezinbestekoak dira garunaren egitura eta funtzio egokia bermatzeko. Aktibatutako mikrogliak eta astrozitoek, hurrenez hurren M1 eta A1 fenotipo proinflamatorioa edo M2 eta A2 fenotipo antiinflamatorioa hartu dezakete. Neuroinflamazioaren eta neuroendekapenaren erlazioaren arteko mekanismo zehatzak ezagutzen ez diren arren, neuroinflamazioak funtsezko papera izan dezakeela iradoki da. Gizakietan egindako ikerketek iradokitzen dute neuroinflamazioa Parkinson gaixotasunaren agerpenarekin eta garapenarekin irmoki lotuta dagoela. Postmortem garunetan eta animalia-ereduetan egindako ikerketek, glia-zelulen aktibazioa erakutsi dute. Animalia-ereduak erabakigarriak dira estrategia terapeutiko neurobabesleak garatzeko. Egun, α-sinukleinaren aldez aurretik sortutako zuntzak garunean injektatuz sortzen diren animalia-ereduek errepikatzen dituzte hobekien gaixotasunaren aurkikuntza patologikoak. Gaur egungo ebidentzien arabera, neuroinflamazioa gertaera goiztiarra izan daitekeela uste da Parkinson gaixotasunaren patogenesian, eta baliteke horren sorrera periferiako immunitate-sistemaren eraldaketaren ondorioz gertatzea. Parkinsonean hantura periferikoaren ebidentziak daude, eta baliteke horren eraginez gertatzea garuneko α-sinukleinaren metaketa eta neuronen endekapena. Hori horrela, hanturaren aurkako esku-hartze goiztiarra estrategia baliagarria izan daiteke Parkinson gaixotasuna saihestu edo atzeratzeko.
- Egileak: Ainhoa Atxa, Maider Zubelzu, Raphaelle Bidgood, Teresa Morera-Herreras eta Ane Murueta-Goyena
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 167-181
- DOI: 10.1387/ekaia.26200
- Ainhoa Atxa EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzailea da.
- Maider Zubelzu eta Teresa Morera-Herreras EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko eta BioBizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzaileak dira.
- Raphaelle Bidgood EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzailea da.
- Ane Murueta-Goyena BioBizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Neuroinflamazioa Parkinson gaixotasunaren agerpenean eta progresioan appeared first on Zientzia Kaiera.
Dozena erdi ariketa 2025eko udarako (5): pintatzera
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, hamar urte betetzen dituen ohiturarekin jarraituz, udako oporretan egiteko ostiralero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.
Hona hemen gure bosgarren ariketa:Irudiko gelaxka zuriak pintatzeko hiru kolore ditugu: gorria, berdea eta urdina. Elkarren alboan dauden gelaxka bi, hau da, alde komun bat dutenak, kolore desberdinez pintatu behar dira. Zenbat modu ditugu lana egiteko?
Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
Ariketak “Calendrier Mathématique 2025” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.
The post Dozena erdi ariketa 2025eko udarako (5): pintatzera appeared first on Zientzia Kaiera.
Ikuspegi berri bat Marteren sateliteen jatorriari buruz
Marteren satelite ñimiñoak —Fobos eta Deimos— benetako buru-haustea izan dira zientzialarientzat, bereziki horien jatorria aztertu nahi izan dutenean. Egun oraindik ez daukagu jatorriari buruzko erantzun argirik; baina, datorren hamarkadan kontua ebazten ez bada, aukerak asko mugatuko dira.
Zenbait teoria proposatu dira satelite horien sorkuntza azaltzeko: harrapatutako bi asteroide direla, orbitako satelite zahar bat suntsitu ondoren horien hondarretatik sortutako bi sateliteak direla, inpaktu handi batek planetaren gainazaleko materiala jaurtiarazi zuela eta orbitan uztartu zela… Baina teoria batek ere ez du komunitate zientifikoa guztiz konbentzitu. Izan ere, horien propietate espektralak zenbait asteroideren propietateen oso antzekoak dira; eta, gainera, forma irregularra dute eta beren dentsitatea erlatiboki txikia da. Horrenbestez, aparteko hautagaiak dira harrapatutako bi gorputz besterik ez izateko.

Azken puntu horri dagokionez, puzzlearen pieza bat ez dator guztiz bat: oso fenomeno zaila da sateliteen orbita ia zirkularrak eta ekuatorialak azaltzea, suposatzen badugu asteroideak planetara hurbiltzen direla ausazko norabideetatik. Eta norabide horiek harrapatzeko, litekeena da hauen orbitek inklinazio eta forma eliptiko ezberdina izatea.
Baina, horien jatorria, benetan, asteroide bat izango balitz? Kegerreis et al.-ek (2024) argitaratutako ikerketa berri batek asteroide baten harrapaketaren eta horren hondarretatik sortutako satelite berrien arteko uztartzea proposatzen du. Nola gerta liteke hori? Oraintxe azalduko dizut.
Imajinatu asteroide bat Martera hurbiltzen dela, eta hain hurbil igarotzen dela bertatik ezen planetaren grabitateak asteroidearen kohesioa hausten duen, hura zatituta. Baina, adi: puntu honetan garrantzitsua da gogoratzea asteroideek ez dutela zertan monolitikoak izan behar; grabitatearen ondorioz elkarren ondoan mugitzen diren zatiek osa ditzakete.
Asteroidearen pieza bereizi horiek, beraz, sakabanatu liratekeen, Marteren orbitan materialen disko bat osatuz. Eta baliteke material horren zati bat “harrapatuta” geratzea orbita egonkorretan planetaren inguruan. Denborak aurrera egin ahala, zati batzuek talka egingo lukete elkarrekin, eta protosateliteak sortu; eta, gerora, ondoz ondoko talken ostean, egun ezagutzen ditugun sateliteak sortu izango lirateke.

Aztergai dugun ikerketan eginiko simulazioek erakusten dute ehuneko nabarmen bat (asteroidearen jatorrizko masaren hainbat hamarreko portzentual arte) Marteren grabitateak harrapa lezakeela, eta gutxi gorabehera masaren ehuneko batek orbita zirkularretan amaitu lezakeela.
Eta, berriro ere, arazoa errepikatzen da: orbita zirkularrak. Nola da posible asteroidearen zatiak orbita ia zirkularretan amaitzea hasieran aipatu baldin badugu hori oso zaila dela? Bada, orbita horiek lortzeko mekanismorik efizienteena zatien arteko talkak berak dira. Izan ere, horien ondorioz, zati berriak sortzeaz gain, horien abiadurak ere aldatuko lituzkete, eta, pixkanaka, materia disko egonkor bat sortu, zeinetatik abiatuta sateliteak sortuko liratekeen.

Eredu horrek ere azalduko luke sateliteen konposizioaren eta C motako asteroideen konposizioaren arteko baliokidetasuna —bide batez, C motako asteroideak ugarienak dira gure Eguzki Sisteman—, baita beste alderdi batzuk ere, hala nola krater kateak eta “ildo” sistemak, sateliteak sortzeko akrezio prozesuaren beraren ondoriozkoak izan litezkeenak.
Aurreikuspenak betetzen badira, 2026an JAXAren Mars Moons eXploration (MMX) misioa aterako da, eta eramango dituen tresnei eta Fobosetik ekarriko dituen laginei esker —10 gramo inguruko lagin txikia hartzea lorpen zientifiko erraldoia izango litzateke— informazio berria eskuratu ahal izango dugu satelite horiei buruz; eta, agian, horien jatorriari buruzko gaia ebatziko dugu behingoz.
Erreferentzia bibliografikoa:Kegerreis, Jacob A.; Lissauer, Jack J.; Eke, Vincent R.; Sandnes, Thomas D.; Elphic, Richard C. (2024). Origin of Mars’s Moons by Disruptive Partial Capture of an Asteroid. Icarus, 425, 116377. DOI: 10.1016/j.icarus.2024.116337
Egileaz:Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko abenduaren 9an: Una nueva perspectiva sobre el origen de los satélites de Marte.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Ikuspegi berri bat Marteren sateliteen jatorriari buruz appeared first on Zientzia Kaiera.
Zer dira uhinak?
Uhinak itsasoko olatuetara mugatzen direla uste baduzu, bideo hau zuretzat da! Egia esan, uhinak energia mugitzeko modu bat dira, eta mota askotakoak daude: batzuk materia baten bidez bidaiatzen dute, hala nola soinua edo olatuak, eta beste batzuk, argia edo irrati-uhinak kasu, espazio hutsetik ere hedatzen dira. Bideo honetan azaltzen da nola funtzionatzen duten eta zergatik diren hain garrantzitsuak gure eguneroko bizitzan.
Frekuentzia, uhin-luzera, anplitude… agian termino korapilatsuak dirudite, baina azalpen erraz batekin guztia ulertuko duzu. Uhinak dira danbor baten soinua, txirula baten doinu agudoa, eguzkiaren argia eta irratiaren seinaleak. Bideoa ikusi ondoren, “uhinak” zer diren argi eta modu bisualean ulertuko duzu.
“Zergatik gertatzen dira gauzak” bideo sorta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak egindako Ikusgela proiekturako hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren berrikuste zientifikoarekin.
The post Zer dira uhinak? appeared first on Zientzia Kaiera.
Negua urpean
Gogoratzen urpean ibiltzeko gai diren armiarmak? Ni bezalako memoria eskasekoentzat oroigarria: badira urpean ibiltzeko gaitasuna duten armiarmak. Bai, armiarmak, plurala.
Horietako batek gorputzeko ileak baliatzen ditu urpean bizirauteko. Benetako ileak ez dira, egia esan. Ile moduko egiturak dira, gorputzean zehar banatuta dituenak. Egitura horiek aire-geruza bat harrapatzen dute armiarmaren inguruan, gorputz osoan neoprenoa jantziko balu bezala. Eta horri esker ordu erdi ere eman dezake ur azpian.
Are bereziago da bestea. Brankiarik gabe bizi baita urpean. Zer eta ur-burbuila bat eraiki eta eskafandra moduan erabilita. Zergatik ez.
Oroigarria eginda, goazen gaurko gaiarekin. Kontua da beste intsektu bat topatu dutela ur azpian. Eta pentsa zenezakete denbora tartetxo bat ur azpian egoteko gaitasuna ez dela horrenbesterako izango. Gu ere ur azpian egon gaitezke. Baina ez da debora tartetxo bat. Egunak eman ditzake izaki honek ur azpian.
Lau paragrafo eta oraindik zer animalia den esan barik. Hau marka! Edo clickbaita, nori galdetzen diogun ikusi behar. Eta are gehiago luzatu nezake, ez pentsa.
Konta nezake, adibidez, gizakiontzat ezinbestekoak direla animalia hauek. Eta zer esanik ez, ekosistemetarako. Baina ez dut gustuko horrelako trikimailuekin ibiltzea eta zuzenean esango dizuet erleak direla gaurko protagonistak. Erle erreginak, zehazki.

Eta zelan jakin duten zientzialariek hau? Ba, tardigradoekin ez bezala, ez zituzten nahita ipini hil ala biziko egoeran. Esaldi horren hitz gakoa nahita da. Izan ere, erleak hil ala bizi egoera batean jarrita jakin da urpean egoteko gaitasuna dutela. Baina ez nahita.
Kontua da erle erreginak ari zela aztertzen ikerketa taldea. Erle erreginak lurreko zuloetan gordetzen dira neguan eta ikertu nahi zuten lurzoruetako pestizida-hondarrak zer eragin duten animalia hauetan.
Eta, istripuak izan ohi diren moduan, bat-batean ura sartu zen erle erreginak zeuden hainbat zulotan. Zientzialarien arabera, susto handia hartu zuten. Eta sustoaren ostean, harridura: erle erreginek biziraun baitzuten.
Eta zientziaren aurrerapena helburu, zer egin zuten gure zientzialariek? Esperimentu bat diseinatu, noski. 143 erle erreginekin, alajaina. Negua pasatzeko zuloen itxura zuten hodietan sartu eta hiru taldetan banatu zituzten: urik ez zuten hodietan batzuk, uretan flotatzen beste batzuk eta ur azpian azkenak.
Denbora aldagaia ere kontuan nahi izan zuten zientzialariek eta, hartara, urpeko erleak denbora tarte ezberdinez izan ziren ur azpian. Zer denbora tarte? Zortzi ordu eta astebete artean.
Kontzientzia kontuakZientzialarien kontzientziaren lasaitasunerako, urpean ipini ziren erle erreginen % 81ek zazpi egun iraun ez ezik, behin inguru lehorrera itzulita, zortzi aste gehiago ere iraun zuten bizirik. Murgilaldiak erleen osasunean epe luzera izan ditzakeen ondorioak ezezagunak dira, dena den.
Eta zientzialarien kontzientziaz ari garela, agian ez genuke baztertu behar erleena. Erleen kontzientzia? Ba, bai; baina ez iparrorratz moral moduan. Zentzugabekerietan nabilela eman dezake, baina zin dagizuet oinarri zientifikoa duela kontuak.
Izan ere, adostasun berria iragarri du zientzialari talde batek: aukera errealista da intsektuek, olagarroek, arrainek eta beste zenbait animaliak kontzientzia izatea.
Kontzientzia fenomenikoari egiten dio erreferentzia egindako iragarpenak. Horrek esan nahi du mina, plazera edo gosea bezalako sentimenduak izateko gaitasuna duela, baina ez duela zertan autokontzientzia bezalako egoera mental konplexuagorik izan.

Kontziente ala ez, Bombus impatiens espezieko erleek urpean astebete irauteko gaitasuna erakutsi dute. Bereziki erresistenteak dirudite erle hauek, bestelako espezieek baino populazio-beherakada baxuagoa baitute.
Kezkagarria baita erleen beheranzko joera globala. Erleena eta, oro har, polinizatzaile guztiena. Polinizatzaile ezagunenak badira ere, erleak ez baitira bakarrak. Bestelako intsektuak (tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak…) ere polinizatzaileak dira. Baita zenbait ornodun: saguzarrak, kolibriak, eta zenbait karraskari eta baita sugandilak ere.
Zientziaren izenean erleak itotzeko zorian ipini dituzten zientzialarien arabera, dena den, esperantzarako beta badago. Erleek uholdeen aurrean bizirauteko gaitasuna izatea itxaropen-iturria da klima-aldaketaren testuinguruan, non uholdeak gero eta ohikoagoak izan daitezkeen.
Erleei alergia dietenentzat eta erleei beldurra dieten igerilarientzat izan ezik, albiste ona da, beraz, erle erreginek uholdeei aurre egiteko gaitasuna izatea.
Erreferentzia bibliografikoa:Givetash, Linda (2024, apirila). Amazingly, Some Bumblebees Can Survive Underwater For a Week. Science alert. www.scienciealert.com
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko ekainean, 262. zenbakian.
The post Negua urpean appeared first on Zientzia Kaiera.
Polinizatzaileen dibertsitatea galtzeak landareen ugalketa-arrakasta nabarmen murrizten du
EHUko ikertzaile batek BC3ko kideekin egindako metaanalisiak polinizatzaileen dibertsitatea txikitzeak zer eragin duen aztertu du. Emaitzak Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dute.
Landareen ugalketa-prozesuan polena toki batetik bestera eramateko lagungarri diren animaliak dira polinizatzaileak. Polinizazioa funtsezkoa da gure ongizaterako eta ekosistemek bizirauteko. Landare basatien % 85 inguruk eta laborantza-landareen % 70 baino gehiagok polinizazioa baliatzen dute ugaltzeko. Baina espezie polinizatzaileen dibertsitatea murrizten ari da klima-aldaketaren, habitat-galeren eta nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorioz.

Maddi Artamendi EHUko ikertzaileak azaldu duenez, “mundu osoan gai honen inguruan egin diren ikerlan gehienetan ikusi da polinizatzailerik batere ez dagoen kasuetan landareek ez dutela fruiturik ematen. Halako ikerketak laborantzako espezieekin egin izan dira batez ere. Baina hori ez da ikuspegi erreal bat; izan ere, polinizatzaileen dibertsitatea jaisten ari da, baina ez da erabat desagertzera iritsiko. Eta, bestalde, laborantzako landareez gainera, landare basatiak ere hartu ditugu kontuan. Ikuspegi errealistago bati heldu nahi izan diogu”.
EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile Maddi Artamendik eta BC3ko Ainhoa Magrach Ikerbasque irakasleak gidatutako azterlan batek agerian utzi duenez, polinizatzaileen aniztasuna babestea ezinbestekoa da bai natura zaintzeko bai ekosistemen jasangarritasuna bermatzeko. “Premiazkoa da haien dibertsitatea murritzarazten duten faktoreak arintzea”, diote ikertzaileek.
Ikerketak erakutsi duenez, polinizazio-lanak egiten dituzten animalien dibertsitatea murrizteak eragin negatibo nabarmena du landareen ugaltze-arrakastan (fruitu-kopuruan, hazi-kopuruan eta fruituen pisuan), eta, gainera, “eragina handiagoa da landare basatietan laborantzakoetan baino”. Halaber, ikusi dute autopolinizatzeko gai diren landareek ere jasaten dutela polinizatzaileen dibertsitate-galeraren eragina, eta “horrek agerian uzten du landare horientzat oso onuragarria dela polena elkarrekin gurutzatzea”, dio Artamendik.
Bestalde, emaitzen arabera, polinizatzaile basatiek eragin handiagoa daukate landareen ugaltze-arrakastan polinizatzaile domestikoek baino (ezti-erleak sailkatu ohi dira polinizatzaile domestiko gisa). Beraz, “polinizatzaile basatien aniztasuna txikitzeak are gehiago okertzen du landareen ugaltze-arrakasta”, erantsi du. Zehazki, eragin nabarmenagoa du polinizatzaile ornogabeak galtzeak polinizatzaile ornodunak galtzeak baino; gautarrak galtzeak egunez dabiltzanak galtzeak baino, eta polinizatzaile basatiak galtzeak domestikoak galtzeak baino.
46 herrialdetan egindako 207 ikerketaren metaanalisiaren bidezIkerketa hau metaanalisiaren bidez egin dute: tresna estatistikoak erabiliz, ikerketa-bilduma handi bateko datuak behar bezala haztatuta sintetizatzen dituen metodoa. Hala, polinizatzaileen erabateko galera aztertu ez zuten ikerketen metaanalisia egin dute Artamendik eta Magrachek: 46 herrialdetan egin izan diren 207 ikerketaren metaanalisia.
“Mundu osoan egindako ikerketak aztertu ditugu. Kontuan izan behar genuen klimaren arabera landare-barietate desberdinak daudela; agian landare batean edo bestean eragina desberdina izan dela; lagin-tamaina eta abar. Aldagai asko izan ditugu kontuan, ikerketa horiek guztiak konparatu ahal izateko, eta, hala, emaitza erreal eta kuantifikagarri bat lortu dugu”, dio Artamendik. “Metaanalisiak ikuspegi oso orokor bat ematen dizu —azaldu du ikertzaileak—, jakiteko non ikertu den gehiago, zer herrialde eta klimatan, zer landare-motatan eta abar. Eta ikusten duzu non egon daitezkeen hutsuneak, non alborapenak…”.
Horrekin guztiarekin ikertzaileek ondorioztatu dute “polinizatzaile guztiek badutela bere rola bai laborantza-landareetan bai landare basatietan. Ezin gara bakarrik polinizatzaile domestikoetan zentratu. Horiek baino polinizatzaile gehiago daude, eta ikusi dugu denek daukatela garrantzi handia landareen ugalketa-arrakastan eta landare-dibertsitatea mantentzen. Arreta ez dugu bakarrik laborantzako landareetan eta polinizatzaile domestikoetan jarri behar, ikuspegia zabaldu beharra dago”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Premiazkoa da polinizatzaileen dibertsitatea babestea ekosistemen funtzionamendu egokia bermatzeko
Erreferentzia bibliografikoa:Artamendi, Maddi; Martin, Philip A.; Bartomeus, Ignasi; Magrach, Ainhoa (2025). Loss of pollinator diversity consistently reduces reproductive success for wild and cultivated plants. Nature Ecology & Evolution, 9, 296–313. DOI: 10.1038/s41559-024-02595-2
The post Polinizatzaileen dibertsitatea galtzeak landareen ugalketa-arrakasta nabarmen murrizten du appeared first on Zientzia Kaiera.
Probabilitatea eta taldeak: azpitaldeen hazkundetik zeta-funtzioetara
Talde teoriaren aztergai nagusiak taldeak dira. Hainbat propietate defini ditzakegu taldeak sailkatzeko; adibidez, abeldartasuna, ebazgarritasuna, finituki sortua izatea, eta abar. Hala ere, mundu fisikoan gertatzen den bezala, batzuetan talde bati buruzko informazio partziala soilik izaten dugu eta ea informazio horretatik gure taldearen ezaugarriren bat ondoriozta dezakegun jakin nahiko genuke.
Orain da probabilitate teoria jokoan sartzen den momentua. Talde finitu guztietan P probabilitate neurri bat defini dezakegu eta, probabilitate horri esker, kuantifikatu dezakegu propietate bakoitza zenbat betetzen den.
Artikulu honetan probabilitatearen eta talde teoriaren elkarrekintza batzuk aurkeztuko ditugu. Emaitza klasikoetatik hasita, gaur egungo ikerkuntzaren emaitzak ere emango dira. Adibidez, Gustafsonen 5/8-ko Teorema eta Mann-Shaleven Teorema, baita UBERG taldeei lotutako emaitza batzuk ere.
Amaitzeko, talde teorian, eta matematikako beste hainbat gaitan, talde batekin lotutako segida bat izango bagenu, segidaren propietate asintotikoak taldearen egiturari lotu nahiko genizkioke. Hori egiteko, komenigarria izango litzateke propietate guzti horiek kodifikatzen dituen objektu matematiko bat
izango bagenu. Artikulu honetan talde baten errepresentazio absolutuki irreduzibleak zenbatzen dituen zeta-funtzioa sartuko dugu eta taldearen eta zeta-funtzio horren propietateak lotuko ditugu.
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Probabilitatea eta taldeak: azpitaldeen hazkundetik zeta-funtzioetara
- Laburpena: Probabilitatea eta taldeak uztartzen dituzten hainbat emaitza emango dira, talde profinituetako Haar probabilitate-neurria erabiliz. Emaitza klasikoetatik hasita, gaur egungo ikerkuntzaren emaitzak ere emango dira. Bereziki, gorputz finituen gaineko errepresentazio-hazkuntza zenbait gairekin lotuko dugu.
- Egilea: Matteo Vannacci
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 11-42
- DOI: 10.1387/ekaia.24890
Matteo Vannacci EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Probabilitatea eta taldeak: azpitaldeen hazkundetik zeta-funtzioetara appeared first on Zientzia Kaiera.
Azaleko erredurak: gaur egungo egoera, terapia eskuragarriak eta etorkizuneko terapiak
Larruazala gizakion organorik handiena da eta 3 geruza nagusi bereiz daitezke; epidermisa, dermisa eta hipodermisa, hurrenez hurren. Epidermisean hainbat geruza eta zelula dauden arren, zelula garrantzitsuenak keratinozitoak dira, hauek azalaren birsorkuntzaz eta bir-epitelizazioaz arduratuko baitira. Bestalde, dermiseko egituren artean, kolagenoa eta fibroblastoak aipa daitezke. Kolagenoak larruazalari behar duen elastikotasuna emango dio eta fibroblastoak, keratinozitoen antzera, dermisaren birsorkuntzaz arduratuko dira. Baina, larruazala kaltetu eta ondorioz bertako zelulen funtzioak eragotzi daitezke, adibidez, erreduren kasuan gertatzen den bezala.

Erredurak sakoneraren arabera ─epidermisekoak, bigarren mailakoak eta hirugarren mailakoak─ eta betetzen duten larruazalaren tamainaren arabera ─arinak, moderatuak eta larriak─ sailka daitezke. Lesio hauek berebiziko inpaktua dute mundu mailan, batez ere, garatu gabeko edo garapen bidean dauden herrialdeetan. Izan ere, erredurak larriak diren kasuan, kalte lokalaz gain kalte sistemikoa ere eragin dezakete, hau da: akats multiorganikoa, shock-a ─hantura, hipoxia, hondakinen kanporaketa eza, elikagai eta oxigenoaren barneratze eza eta infekzioak. Ondorioz, heriotza eragin dezakete urtero ia 200.000 heriotza eraginez. Bestalde, ekonomikoki duten inpaktua ere aipatzekoa da zeharkako kostuak ere eragiten baitute: soldaten galera, arazo mentalak…
Hori horrela, eta pazientearen biziraupena bermatu eta orbainen sorrera murrizte aldera, oso garrantzitsua da erreduren aurkako tratamendua ahal bezain pronto hastea. Tratamendurako ikuspuntu desberdinak aipa daitezke; infekzioak saihesteko gehienetan antibiotiko lokalak erabiltzen dira. Bestalde, injertoak ere erabili daitezke. Injertoak kaltetutako azala ordezkatuko duten azal osasuntsuaren zatiak dira. Aukera hau erabiltzen den arren, injerto guztiek badute zer hobetu, eta beraz, beste estrategia batzuk ere erabiltzen dira; oinarri zelularrik gabeko ordezko dermiko eta oinarri zelularreko terapiak hain zuzen.Lehenengoen kasuan, matrize osasuntsua imitatuko duten biomaterialak ─kolagenoa dermisaren kasuan eta epidermisa imitatuko duen silikonazko geruza bat epidermisaren kasuan─ erabiliko dira. Oinarri zelularreko terapietan berriz, azaleko baliokide biziak erabiliko dira, azal osasuntsutik lortutako zelula batzuk –keratinozito eta/edo fibroblastoak- isolatu eta kaltetutako azalean txertatuz.
Bai injerto zein oinarri zelularrik gabeko ordezko dermiko eta oinarri zelularreko terapiak iturriaren arabera ─autograft, allograft eta xenograft- eta betetzen duten geruzen arabera sailka daitezke. Hauen artean dituzten abantailengatik gehien erabiltzen direnak autograft –norberaren azala, norberaren zelulak…─ motakoak izanik. Aipatutako terapiak erreduren tratamenduan erabilgarriak dira, baina guztiek dute zer hobetu, beraz terapia berriak ─ingeniaritza genetikoa, 3D bio-inprimaketa, nano-teknologia eta zelula ama-mesenkimaletan oinarritutako terapien erabilera─ aztertzen ari dira. Terapia bakoitza zein kasutan hobetsiko den zehazteko eta segurtasuna gizakietan txertatzeko ere ikerketa gehiago (entsegu klinikoak, batez ere) beharrezkoak diren arren, orain arteko terapia eta ikerketekin lortutako emaitza itxaropentsuen ondorioz, etorkizun batean erredura gehienak sendatuko direla uste da, erikortasun eta heriotza-tasak murriztuz.
Artikuluaren fitxa:- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Azaleko erredurak: Gaur egungo egoera, terapia eskuragarriak eta etorkizuneko terapiak.
- Laburpena: Azala gizakion organorik handiena da, eta bertako lesioak, hala nola erredurak, gizartean geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Erredurak hainbat kausaren ondorio izan daitezke, eta, oro har, lesio horietan azaleko geruzak —epidermisa, dermisa eta/edo hipodermisa— kaltetuko dira; zenbait kasutan baita bestelako organo batzuk ere. Lesioak arinak badira, tratamendu berezirik gabe sendatuko dira. Baina, larriak diren kasuan —lan honetan aztertuko direnak—, tratamendua eraginkorra izan dadin terapia berezietara jo beharra dago. Gaur egun, erredura larriak tratatu eta azalaren egitura berreskuratzeko, merkatuan hainbat terapia daude: injertoak, eta ordezko dermikoak, oinarri zelularrekoak zein oinarri zelularrik gabekoak. Guztiek erreduren tratamendurako duten erabilgarritasuna frogatu den arren, oraindik guztiek hobekuntzarako tartea dutela ere ondorioztatu da. Hori horrela, terapia horietan oinarritutako berrikuntzak eta terapia edo teknologia berriak aztertzen ari dira; adibidez, ingeniaritza genetikoa, 3D bioinprimaketa, nano partikuletan oinarritutako teknologiak eta zelula ama-mesenkimaletan (MSC) oinarritutako terapiak. Hori dela-eta, lan honetan merkatuan dauden terapien ekintza mekanismoak zein diren, bakoitza zer kasutan erabil daitekeen eta bakoitzak zer abantaila eta desabantaila dituen azalduko da. Desabantaila horiek —prezioa, eraginkortasuna eta produkzioa batez ere— hobetzeko jarraitutako pausoak eta ikerkuntzan dauden terapiak ere aztertu dira. Terapia berri horiei buruzko ikerketak urriak dira, eta erronkak ugariak. Hala ere, uste da ikerkuntza berriak erredura larriak tratatzeko eraginkorrak izango direla.
- Egileak: Paula Ugarte, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 183-203
- DOI: 10.1387/ekaia.24905
Paula Ugarte, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
The post Azaleko erredurak: gaur egungo egoera, terapia eskuragarriak eta etorkizuneko terapiak appeared first on Zientzia Kaiera.