S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 25 min 11 sec

Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan

mer, 2023/07/05 - 09:00

Aurreko artikulu batean kulturaz eta animaliez jardun ginen, eta ikusi genuen kultura nola identifikatzen den animalietan eta zein adibide ikertu diren jada. Gaur esku artean dugun artikuluan biologia eta kultura uztartzen dituen beste gai batean murgilduko gara; hain zuzen ere, kulturaren eta genetikaren arteko elkarrekintzan. Kultura, geneen antzera, belaunaldien artean informazioa transmititzeko sistema bat da, eta hainbat ikerketak erakutsi dute kulturak berak gene-aldaera batzuen hautespenean eragin dezakeela. Prozesu horri gene-kultura koeboluzioa deritzo.

Kultura al dute animaliek? Artikuluan ikusi genuenez, animalietan kideen artean irakasten diren jarreren multzoari deitzen zaio kultura. Jarreren multzo hori animalia talde baten berezkoa izan ohi da (zein landare jan eta zein ez, zein eremutan bizi inguruan harrapari gutxiago izateko, zein migrazio-ibilbide erabili…), eta banakoz banako eta belaunaldiz belaunaldi hedatzen da jarrera-multzo talde barnean. Horregatik esaten da, hain zuzen ere, kulturak horretan bat egiten duela genetikarekin: biak ala biak informazioa transmititzeko mekanismoak dira.

Irudia: kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Horren adibidea laktosaren tolerantziarena da. (Argazkia: Amelia Hallsworth – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Hain zuzen, duela 40 bat urte hasi zen buruari bueltaka populazio-genetikaren adarreko teoriagile talde bat, genetikaren eta kulturaren artean erlazio bat egon zitekeela pentsatuz. Zientzialari horiek sinisten zuten bi herentzia-mekanismoek moduren batean elkarreragin behar zutela, eta ondorengoek beren aurrekoen ondare genetikoa eta kulturala jasotzen zutela. Ezaugarri genetikoek espezie edo animalia talde baten garapenean eragiten dute, eta ondorioz, bere ikasketan. Kulturalki transmititutako informazioak, bestalde, animalia talde horren jokabidea baldintzatzen du, eta hautespena gertatuko da kultura horretan bizitzeko egokiak zaizkion geneetan. Hala, genetikak taldearen gaitasun kulturala baldintzatzen du, eta taldearen kulturak bueltan geneak aldatuko ditu denboran zehar. Prozesu horri deitu zioten, hain zuzen ere, gene-kultura koeboluzioa.

Gaur egun, gene-kultura koeboluzioaren hainbat adibide identifikatu dira jada espezie ugaritan. Adibide ikertuenek, ordea, gizakia dute protagonista. Giza genomaren hainbat analisik erakutsi dute gizakiaren gene-aldaera batek baino gehiagok hautespen positiboa izan dutela berriki, eta gene horiek praktika kulturalekin erlazionatuta egon daitezkeela uste da. Kasu horietako ezagunena eta agian argiena laktosaren tolerantziarena da.

Laktosa digeritzeko gaitasuna laktasa proteinak ematen du, heste meharrean jariatzen den entzima batek. Haurtzaroan laktasa entzima sintetizatzeko gai izatea oso garrantzitsua da amaren esnea digeritu ahal izateko, baina kumea helduz joan ahala, laktasa sintetizatzeko gaitasuna galtzea da ohikoena ugaztunetan. Duela gutxira arte, zientzialariek uste zuten heldutasunean laktosarekiko tolerantzia izatea duela 9.000 urte inguru hasi zela hedatzen populazio eskandinaviarretan, eta abeltzaintzaren hedatzearekin ikusten zitzaion lotura.

Haatik, ikerketa berriek erakutsi dute tolerantziarako bidea ez zela hain zuzena izan. Ikerketa horien arabera, goseteetan egin zen bereziki abantailatsua laktosarekiko tolerantzia, jada esnea eta esnekiak kontsumitzen ziren populazioetan. Batetik, elikagai-iturri gehigarri bat zirelako, eta, horrez gain, besterik ez bazegoen, intoleranteak zirenei beherakoa eragiten zielako, eta nutrizio-egoera are gehiago okertzen zitzaien jada ahuldurik zeudenei. Bigarren hipotesi batek iradokitzen du laktosarekiko intolerantziak sortutako osasun arazo a priori garrantzirik gabekoek beste gaixotasun batzuen aurrean zaurgarriagoak egiten zituela laktosarekiko tolerantziarik ez zuten banakoak. Esnekiak kontsumitzeak, gainera, abereekin kontaktu zuzenagoa izatea zekarren, eta ondorioz, zoonosi-esposizio altuagoa.

Hala, heldutasunean laktosa digeritzeko gaitasuna aldaketa genetiko bati zor zaio, laktasa proteinaren sintesia erregulatzen duen gene batean gertatu zena. Aldaketa horren ondorioz, laktasa entzimaren sintesia ez zen eteten behin haurtzaroa amaituta; aitzitik, jarraitu egiten zuen heldutasunean ere. Munduko beste eremu batzuetan, ordea, ez zen geneen eta kulturaren arteko koeboluzio hori gertatu, eta horrek azaltzen du gaur egun ipar-europarren %5 soilik izatea laktosarekiko intolerantea, eta kontrara, Asia eta Afrikako zenbait komunitatetan biztanleriaren %90ek izatea intolerantzia hori.

Ikerketa askorekin gertatzen den moduan, gene-kultura koeboluzioa gizakietan ikertu da gehien. Animalia kulturalen inguruko artikuluan argi geratu zenez, alabaina, ez gara kultura dugun animalia bakarrak, eta, beraz, espero izatekoa da kulturaren eta geneen arteko elkarrekintza hau beste espezie kultural batzuetan ere gertatu izana. Orkaren kasua da gehien ikertu dena gaur egunera arte, jakina baita kultura konplexuak dituzten animaliak direla. Hain zuzen ere, gizakia eta laktasaren adibidean bezala, orketan ere digestio-entzimen sintesia ikertu da espezie horren populazio ezberdinetan, eta antzeko prozesuak hauteman dira. Esaterako, metioninaren zikloarekin (proteinen sintesiaren tarteko ziklo batekin) erlazionatutako geneak oso desberdinak zirela ikusi zuten arrainez elikatzen ziren edo ugaztunak ehizatzen zituzten orka populazioetan.

Laburbilduz, esan genezake “hautespen kulturalak” belaunaldiz belaunaldi geneetan aldaketak eragiteko gaitasuna duela frogatu dela. Gene-kultura koeboluzioaren ideiak erabateko iraultza ekarri du eboluzioa ulertzeko orduan, kulturak eboluzioa eraldatzeko gaitasuna duela erakutsi baitu. Horrek, bere aldetik, esan nahi du gertaera estokastikoak eta kontrolatu ezin diren inguruneko baldintzak alde batera utzita, kultura duten animaliek beren eboluzio propioaren norabidea modula dezaketela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Evershed, P. Richard et al. (2022). Dairying, diseases and the evolution of lactase persistence in Europe. Nature, 608, 336–345. DOI: 10.1038/s41586-022-05010-7

Laland, Kevin N; Odling-Smee, John; Myles, Sean (2010). How culture shaped the human genome: Bringing genetics and the Human Sciences together. Nature Reviews Genetics, 11, 137–148. DOI: 10.1038/nrg2734

Whitehead, Hal; Laland, Kevin N.; Rendell, Luke; Thorogood, Rose; Whiten, Andrew (2019). The reach of gene–culture coevolution in Animals. Nature Communications, 10. DOI: 10.1038/s41467-019-10293-y

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Hautespen kulturala: kulturak eragina du geneetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ez, metabolismo basal motelagoa ez da urteekin kiloak irabaztearen erruduna

mar, 2023/07/04 - 09:00

Gainpisua eta obesitatea osasun publikoko bi arazo larri dira eta, zuzenean edo zeharka, urtean 130.000 heriotza inguru eragiten dituzte Espainian. Gaixotasun horiek osasunerako arrisku nagusietako bat dira, 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, artikulazioen gaitzak, loaren apnea, gogo aldartearen nahasmenduak eta osasunaren arloko bestelako arazo batzuk izateko arriskua modu adierazgarrian areagotzen baita.

Duela hamarkada batzuetatik hona, gainpisuaren eta obesitatearen zifrak pixkana areagotuz joan dira, eta gaur egun Espainiako biztanleriaren % 25ek baino gehiagok gainpisua edo obesitatea dute. Hala, itxuraz, etorkizun hurbilean gorputzaren gehiegizko pisuaren kasuek gora egingo dute. Oraingo erritmoari eutsiz gero, Espainiako Kardiologiako Aldizkariak argitaratu duen azterketa baten arabera, emakumeen % 55 eta gizonen % 80 gizenak izango dira edo gainpisua izango dute 2030ean Espainian.

metabolismoIrudia: mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. (Argazkia: Pixabay – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Fenomeno horren atzean arrazoi anitz daude, denak ere elkarri lotuak. Fenomenoan laguntzen duen faktore garrantzitsua da Espainiako herritarren gero eta sedentarismo handiagoa. 2022ko Eurobarometroari jarraikiz, espainiarren % 58k ez dute inoiz egiten ariketa fisikorik edo kirolik edo oso gutxitan aritzen dira jardun horretan. Bestalde, Espainian gero eta okerrago jaten da: herritar gehienen dietak okerrera egiten du denborarekin, eta gero eta maizago erabiltzen dira elikagai ultraprozesatuak (kaloria asko dituztenak, azukre askokoak, gantz aseak dituztenak eta gatza), frutaren, barazkien eta egoskarien kaltetan.

Dena den, sedentarismoaren eta elikadura txarraren atzean, egiaz, hainbat faktore daude (osasuna baldintzatzen duten gizarteko faktoreak) jokabide horietan erortzera bultzatzen dutenak: baliabide ekonomikorik eza, erosketa egin eta janaria prestatzeko denbora mugatua, osasungarriak ez diren elikagaien publizitatea, gazteen artean pantailen aurreko aisia nagusi izatea…

Kasu gehienetan, gainpisua eta obesitatea ez dira egun batetik bestera bat-batean azaltzen. Prozesua motela da, eta kiloak pixkanaka hartzen dira urteetan zehar. Ildo horri eutsiz, mito bat oso zabalduta dago mendebaldeko gizarteetan: helduak metabolismoa urteak igaro ahala moteltzen doalako gizentzen dira neurri batean. Hori horrela izanik, jarduera fisikoaren maila berari eta dieta berdinari eutsi arren, kiloak hartzea saihetsezina da. Egia al da?

Lehenik eta behin, metabolismo basala edo tasa metaboliko basala (TMB) da organismoak kontsumitzen duen energia oinarrizko bizi funtzioak egiteko, hala nola gorputzaren tenperatura mantentzeko, arnasteko, bihotza uzkurtzeko, hesteetako mugimendu peristaltikoetarako, burmuinaren jarduerarako, giltzurrunek gernua ekoizteko eta ehunak konpondu eta birsortzeko. Beste hitz batzuetan esanda, bizirik mantentzeko gutxieneko kalorien gastua baino ez da, jarduera fisikoa kontuan hartu gabe.

Orduan, nola aldatzen da TMBa bizitzan zehar? Berdin «erretzen» al dute haur batek, unibertsitate ikasle batek eta adineko pertsona batek? 2021ean Science aldizkarian argitaratu zen azterketa zabal bati esker, orain oso ondo ezagutzen dugu nola aldatzen den gure metabolismo basala urteak bete ahala. Ikerketa hartan 29 herrialdetako 6.400 pertsonaren eguneko gastu energetikoa aztertu zen, eta adinak 8 egunetik 95 urtera bitartekoak ziren. Gastu energetikoa ebaluatzeko, isotopo egonkor eta ez-erreaktiboetatik abiatuta, ura bitan markatu zen –metodo hori nahiko zehatza da horretarako–.

Zientzialariak aurkitu zuten pisuaren arabera doitutako metabolismo basala benetan bizitzan zehar asko alda daitekeela. Hala eta guztiz ere, bizitzaren lau etapatan gertatzen da bakarrik eta etapa horiek oso zehatzak dira. Jaioberriek helduen pareko kontsumo metabolikoa dute, baina bizitzaren lehenengo urtean beren metabolismoa asko bizkortzen da, eta helduena baino % 50 gehiago izatera iristen da. Lehenengo urtetik 20 urtera arte pixkana motelduz doa metabolismoa (urtean % 3 inguru). 20 eta 60 urte bitartean kontsumo metabolikoa egonkorra da, eta 60 urtetik aurrera urtean % 0,7 jaisten da. 95 urterekin gastua % 20 jaisten da. Gainera, ez dago desberdintasun argirik gizonen eta emakumeen metabolismoaren artean masa muskularra eta gorputzaren tamaina kontuan hartuta. Nolanahi ere, adinarekin esperotakoaren aldean, zenbait banakok gastu energetiko askoz handiagoa edo txikiagoa izan dezakete (% 25 handiagoa edo txikiagoa).

Beste hitz batzuetan esanda, metabolismo basal motelagoa ez da helduek 20 eta 60 urte bitartean pisua hartzen joatearen erruduna, etapa horretan metabolismoa ia ez baita aldatzen. Orduan, zergatik gizentzen da hainbeste jende heldutasunean? Normalean, pertsonek, urteak bete ahala, bizitza sedentarioagoa egiten dutelako berdin janda; beraz, ezinbestean, koipea metatzen dute denbora igaro ahala, guztizko gastu kalorikoa txikiagoa baita. Arrazoi horiek guztiak eta beste batzuk direla kausa, politikaren eta osasunaren arloko agintariek, asmo handiko ekimen askoren bitartez, Espainian ariketa fisikoa eta kirola egin dadin sustatu behar dute; hartara, aurrez aurre dugun gainpisuaren eta obesitatearen «epidemia» murrizteko.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 22an: No, un metabolismo basal más lento no es culpable de que ganes kilos con los años

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Ez, metabolismo basal motelagoa ez da urteekin kiloak irabaztearen erruduna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean

lun, 2023/07/03 - 09:00

UPV/EHUko ikerketa-talde batek egindako azterketa batek agerian utzi du 4.0 Industriako teknologien integrazioak eragin positiboa duela langileen laneko segurtasunaren eta osasunaren zenbait alderditan. Arreta bereziz aztertu ditu teknologia horiek ezartzearen ondorioz sortzen diren arrisku berriak ere.

4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte: prozesatze-denborak eta beharrezko baliabide eta tresnak murrizten dituzte, eragiketen kudeaketa hobetzen dute, produktibitatea areagotzen dute… Horrek guztiak pertsonen laneko segurtasunean eta osasunean nola eragiten duen aztertzeko, UPV/EHUren Adimen teknologikoa gizartean enpresaren garapen ekonomiko jasangarria lortzeko ikerketa-taldeak inkesta bat diseinatu zuen, eta 4.0 Industriako teknologiak garatzen aitzindariak diren enpresetako 130 zuzendarik eta/edo teknikarik erantzun zuten.

Irudia: 4.0 Industriako teknologiek abantaila ugari eta askotarikoak eskaintzen dituzte. (Argazkia: Pavel Danilyuk – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Inkestak erantzunda, ikerketa-taldeak integrazio teknologikoaren adibide esanguratsu diren proiektuak aukeratu zituen. Proiektuok sakon aztertzeko zortzi talde teknologikoak kontuak hartu zituzten: fabrikazio aditiboa, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala, big data eta/edo analitika aurreratua, zibersegurtasuna, gauzen Internet, robotika eta errealitate birtuala eta areagotua. “37 elkarrizketa egin ondoren, beste informazio-iturri batzuk aztertu genituen, hala nola proiektu-txostenak eta txosten teknikoak” azaldu du Iker Laskurain Iturbek, ikerketa-taldeko kide eta lanaren egileetako bat.

Ikerketan ikusi denez, “oro har, aztertu diren 4.0 Industriako teknologiek eragin positiboa dute edozein enpresatako langileen segurtasunean eta osasunean”. Baina “arazo edo arrisku berriak ere sortzen dira —batez ere psikosozialak—. Azken horiek kontuan hartu behar dituzte enpresek, langileen konfiantza eta osasuna mantenduko badituzte. Sortzen ari diren arrisku berrien eraginak teknologia guztietan hauteman dira, gauzen Interneten kasuan izan ezik”, azpimarratu dute Germán Arana Landínek eta Mikel Iturratek.

Adibidez, “adimen artifizialari esker, bulegoetako kamerek zaintza proaktiboa egiten dute, eta, hala, plantillaren ergonomia hobetzen lagundu dezakete. Izan ere, kamerak in situ jasotzen du informazioa, langileen eta enplegatuen mugimenduak jasotzen ditu une oro. Beraz, jarduerak zuzentzeko gomendioak emateko informazioa atera daiteke”, adierazi du Beñat Landeta Manzanok. Hala ere, UPV/EHUko ikertzaileak erantsi duenez, “langileak zelatatuta senti daitezke ekintza horrekin, bai eta estresatuta ere”.

Antzeko zerbait gertatzen da robotak enpresaren jardueran sartzean. Robotak lan arriskutsuez ardura daitezke, eta, beraz, muntaketa-kate bateko lan errepikakor, estresagarri eta astunak arindu ditzakete langileentzat. Robotikak lanpostu berri asko sortuko ditu, eta, horrenbestez, lanik gabe gelditzen direnek trebetasun berriak ikasi beharko dituzte eta ziurgabetasun-egoera bati aurre egin beharko diote. Eta egoera horrek estresa eta antsietatea sor ditzake.

Ikertzaileek onartzen dute beren lan honek mugak dituela, batetik, enpresa gutxi aztertu dituztelako eta, bestetik, komeni delako 4.0 industriaren teknologiak industria-azpisektore askotarikoetan hedatzen diharduten eragile guztien iritziak biltzea. Beraz, etorkizuneko ikerketa-ildoek muga horiei erantzun beharko diete. Adibidez, teknologia bakoitzaren eragina lagin zabalago batekin aztertu beharko litzateke. Interesgarria litzateke, halaber, ikerketa hori industria-sektore desberdinetan egitea eta alderdi interesdun bakoitzaren ikuspegia izatea (langileak, zuzendariak, hornitzaileak…).

Hala eta guztiz ere, egileak ados daude “4.0 industriako teknologiek askoz aukera gehiago eskaintzen dituztela, eta enpresei eraginkorragoak eta lehiakorragoak izaten laguntzen dietela”. Teknologia horiek ezartzeko prozesuan, nahitaezkoak dira aldez aurreko komunikazioa eta prestakuntza laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko, hala murriztu egiten baitira sor daitezkeen arrisku berriak. Aldaketa-prozesuan edozein enpresatako langileak inplikatzeko modu bat dira”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: 4.0 Industriako teknologiek langileen segurtasuna eta laneko osasuna sustatzen dituzte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Arana-Landín, Germán; Laskurain-Iturbe, Iker; Iturrate, Mikel; Landeta-Manzano, Beñat (2023). Assessing the influence of Industry 4.0 technologies on occupational health and safety. Heliyon, 9, 3. DOI: 10.1016/j.heliyon.2023.e13720

The post 4.0 Industriako teknologien ondorioak langileen segurtasunean eta laneko osasunean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #445

dim, 2023/07/02 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

babes

Antropologia

Emakumeek ere ehizatzen zuten gizarte ehiztari-biltzaileetan, ikerketa berri baten arabera. Ondorio horretara heldu dira mundu osoko 63 talde ehiztari-biltzaileren azken ehun urteko datuak aztertuta. Ikertzaileek ikusi dute talde horietatik 50etan emakumeek eta gizonek ehizatzen zutela, eta are gehiago, emakumeek gizonek baino estrategia eta arma-mota gehiago erabiltzen zituztela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Ikerketa-sorta batek ondorioztatu du diabetes-kasuak bikoiztu egingo direla hiru hamarkadatan. Ikertzaileek azaldu dutenez, gehienbat 2. motako diabetesak egingo du gora, eta horren arrazoi nagusia arrazismoa eta desberdintasun geografikoak dira. Izan ere, gaur egun ere eritasun horren ondoriozko heriotza-tasak bi aldiz handiagoak dira diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeetan, diru-sarrera handiak dituzten herrialdeekin alderatuta. Kalkuluen arabera, 2050erako 1.300 milioi pertsonek baino gehiagok izango dute diabetesa munduan, 2021ean erregistratutakoaren bikoitza baino gehiago. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Ikerketa berri batek ondorioztatu duenez, Y kromosoma galtzeak minbizia oldarkorragoa izatea eragin dezake. Zahartzen garen heinean, zelula batzuek Y kromosoma galtzen dute, eta galera horren ondorioz, minbizi-zelulek organismoaren immunitate-sistema saihesteko gai dira. Dirudienez, Y kromosoma galtzean, T linfozitoak agortu egiten dira, eta ezin diete aurre egin minbizi-zelulei. Alabaina, Y kromosoma galdua dutenengan immunoterapia-tratamendua eraginkorragoa da, tratamenduak bere onera ekartzen baititu T linfozitoak. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Psikologia

UPV/EHUko ikerketa batek erakutsi du adimen emozional handiagoa duten nerabeek ideiagintza suizidak izateko arrisku txikiagoa dutela. Ondorio horretara iristeko, Héctor Galindo eta Daniel Losada UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute zer eragin duten babes-mota ezberdinek ideiagintza suizidetan eta adimen emozionalean. Babes-mota horiek dira bitartekari eta moderatzaile duten berdinen arteko babesa, familiaren babesa eta irakasleen babesa. Azterketan 898 nerabek parte hartu dute, eta ikusi dute adimen emozionalak eragin zuzena duela ideiagintza suizidetan. Ikertzaileen esanetan, inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak gaitasun handiagoa dute babes-mota ezberdinak hautemateko, eta horrek emozionalki indartsuagoak egiten ditu. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Botanika

Eduardo Angulok mahatsondoaren eboluzioa eta etxekotzea azaldu du Zientzia Kaieran. Datuen arabera, Mediterraneo osoko landare indigena bat da mahatsondoa, baina eztabaida dago landare honen etxekotzea noiz eta nola gertatu zen. Ikerketa baten arabera, Kristo aurreko 5000. urtea baino lehen iritsi zen etxe mahatsondoa Anatoliatik Ekialde Hurbilera, eta duela 6.000 eta 8.000 urte bitartean etxekotu zen. Beste ikerketa berri batek iradoki du etxekotzea aldi berean gertatu zela duela 11.000 urte inguru Asiako Mendebaldean eta Kaukason. Gai honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa.

Zientzia-dibulgazioa

Josu Lopez-Gazpiok zientziaren dibulgazioari artikulu-sorta bat eskaini dio Zientzia Kaieran, eta sorta honetan lehena dibulgazioa kokatzeko erabili du. Definizioz, dibulgatzea da jakintza edo arte bateko ezagutzak horretan aditu ez direnek ulertzeko moduko era errazean azaltzea. Hortaz, komunikazio mota hau zientzian aditu direnei zein ez direnei zuzenduta dago. Hemen, alabaina, beste bereizketa bat egin daitekeela azaldu du Lopez-Gazpiok, zientzia-kazetaritzaren eta zientzia-dibulgazioaren artean. Izatez, bi esparru ezberdin badira ere, estuki loturik daude. Alabaina, kazetariei askotan zientzian formakuntza falta zaie, eta zientzialariei, berriz, komunikazioan. Datuak Zientzia Kaieran: Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen.

Kimika

Azken urteetan asko areagotu da biomasatik eratorriak diren konposatuen erabilera polimeroak sintetizatzeko. Helburu horretarako, bereziki interesgarriak dira talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak, sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Konposatu fenolikoen artean, eugenola da material desiragarriena bere propietateengatik. Konposatu hauek, oro har, industria askotan erabili daitezke, eta bereziki interesgarriak dira erregai fosilen kontsumoa ekiditeko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia.

Astronomia

Esne Bidearen barrutik igorritako neutrinoak detektatu ditu IceCube neutrinoen behatokiak. Behatoki hori izotz antartikoaren sakonean eraikitako partikulen detektagailua bat da, eta 10 urtez bildu dituen datuak aztertuta egin dute aurkikuntza. Orain arte, gure galaxiaz kanpoko lekuetatik igorritako neutrinoak soilik detektatu izan dira. Aurkikuntza berri honekin ordea, frogatu da Esne Bidea energia handiko neutrinoen sorburua dela. Berri honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #445 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #453

sam, 2023/07/01 - 09:00

 

Irudia: Andrea De Santis / Unsplash

Hizkuntzak gizaki bihurtu gintueneko ideia pellokeria da. Baina, egun adimen artifizial batek egin dezakeena kontuan izanda, inplikazioz josita dagoen baieztapena da. Language makes us human. Or not Egilea: Juan F. Lillo.

Termodinamikaren lehen printzipioaren baliokidea ekonomian eta finantzetan da ezer ez dela doan. Geologiari ere aplikatzen dio: Groundwater pumping alters Earth’s spin

Leku sinesgaitzenetan ere garatzen da bizia, baita oraindik sutan dauden basoetan ere. For some fire-loving insects, wildfires provide the best breeding grounds, Aaron Bell.

Etorkizuneko materialak diseinatzeko, sormen handiko kimika erabili behar da. DIPCko jendea A new way to rationally design anti-Kasha emitters

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #453 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kiñuren begirada: gatza

ven, 2023/06/30 - 09:00

Mahaiko gatzak, sodio kloruroa (NaCl) izenekoak, gure zentzumenak pizten dituen zapore gazia du. Egunean 2-3 gramoko dosia gomendatzen da, eta 6 gramora iristea ariketa bizia egin ondoko egunean.

Baina mineral honen presentzia ez da gure sukaldeetara mugatzen, neguan ohikoa baita izotz eta elur errepideak garbitzeko erabiltzea. Gaurkoan, gure kirikiñoa, bere ikerketetan sakondu ahala, konturatu da ohitura horrek ondorio kezkagarriak dituela, bai ingurumenerako bai giza osasunerako.

Kiñuk gatzaren garrantzi ekonomiko eta sinbolikoari buruz ere ikasi du, historian zehar arkeologoek eta historialariek zehatz-mehatz aztertutako gaiak eta hamaika datu ekartzen dizkigu.

gatza

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: gatza appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia

jeu, 2023/06/29 - 09:00

Gaur egun plastikoen kontsumoa izugarri zabaldu da. Hori dela eta, material horiek birziklatzea eta berrerabiltzea funtsezkoa da plastikoen erabilera eta jatorri fosileko lehengaien kontsumoa murrizteko. Tamalez, aldaketa horiek ez dira nahikoak. 2050. urterako munduko birziklatze-tasa % 14tik % 55era igoko balitz ere, baliabide berriztagarrien kontsumoa bikoiztu egin beharko bailitzateke. Hortaz, erregai fosilak ordezkatzeko eta industria kimikoa garatzeko asmoz, ezinbestekoa da lehengai naturalen kontsumoa areagotzea.

Testuinguru honekin, hiru arrazoik eragin dute komunitate zientifikoak biomasatik datozen konposatu kimikoak erabiltzeko duen interesa nabarmen handitzea. Lehenengoa, karbono-isurietan eta hondakinen sorreran izan den gorakada. Hazkunde horiek jatorri antropogenikoa dute, hau da, batez ere gizakiarekin zerikusia duten jardueren ondorioak dira. Bigarrena gizartearen ingurumen-kontzientziaren handitzea izan da eta, horrekin batera, garatu diren araudi eta legedi zorrotzak. Hirugarren arrazoia, prezio-aldakortasuna eta erregai fosilen hornidura-arazoak eta eskasia da.

biomasatikIrudia: talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Biomasatik eratorriak diren konposatuen bila

Gizartearen aipatutako ingurumen-kontzientziak aldaketak eragin ditu gaur egun oso erabiliak diren material polimerikoen sintesi-prozesuetan. Alegia, areagotu egin da biomasatik eratorriak diren konposatuen erabilera polimeroak sintetizatzeko. Material polimeriko horiek bereziki interesgarriak dira dituzten propietateak direla eta. Izan ere, hainbat sektoretan aplika daitezke; esate baterako, energiaren sorkuntzan eta biltegiratze-prozesuetan, biomedikuntzan, elikagaien kontserbazioan edota industria kimikoan. Biomasa jatorri biologikoko produktu eta hondakinen frakzio biodegradagarria da; funtsean, energia-iturri gisa erabilitako materia organikoari deritzo. Erregai fosilak ordezkatzeko potentzial handia duen lehengaia da, baina baita hautagai ezin hobea ere mota desberdinetako polimeroak ekoizteko. Gainera, polimero horiek erregai fosiletatik lortutako polimeroekin alderatuz, produkzio energetiko eraginkorragoa dute, karbono-emisioak murrizten baitituzte.

Normalean, biomasatik eratorriak diren konposatu gehienak gantz-azidoak eta karbohidratoak dira. Horrez gain, polimero jasangarriagoak sintetizatzeko, karbohidratoak, gantz-azidoak, furanoak, terpenoak, aminoazidoak edota landare-olioak erabil daitezke. Sor daitezkeen polimero motak askotarikoak dira, hala nola poliesterrak, poliamidak, poliuretanoak (PU) edota polihidroxialkanatoak. Talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Beraz, oso aproposak izan daitezke aeronautikan, itsasgarri eta estaldura moduan edota isolatzaile gisa. Horrelako polimeroak sortzeko gehien erabiltzen diren lehengai naturalak, normalean, iltzea, lignina, anakardoak, kanela, albaka, piperrak, oreganoa, ezkaia, intxaur muskatua edota kimuak dira.

biomasatik2. irudia: aitzindari natural eta fenoliko batzuen konparaketa zenbait baldintzaren arabera, bolumen-ekoizpena, funtzionalitatea, dentsitate aromatikoa eta kostu ekonomikoa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

2. irudian zenbait lehengai naturaletatik (lignina, iltzea eta anakardoa) lor daitezkeen konposatu natural fenolikoen (banillina, siringal-dehidoa, eugenola, azido ferulikoa, azido kafeikoa eta kardanola) konparaketa adierazi da zenbait baldintzaren arabera (konposatuen produkzio-bolumena, funtzionalitatea, dentsitate aromatikoa eta salneurriak). Iruditik argi ikus daiteke funtzionalitate, erreaktibitate eta propietate mekaniko-termiko onenak dituen konposatu fenolikoa eugenola dela.

Eugenola hainbat landaretan dagoen konposatu fenoliko naturala da. Bakterioen, onddoen eta parasitoen aurkako propietateak dituen iltze-olio esentzialaren osagai nagusietako bat da. Eugenol lehengai naturalaren potentziala denez, oso baliagarri bihurtu da biomasatik eratorriak diren polimeroak garatzeko. Batez ere, konposatu natural honek dituen propietate fisiko-kimiko eta mekanikoak baliatuz hainbat industria motatan aplika daitezkeen polimeroak sintetiza daitezkeelako, hala nola industria odontologikoan, aeroespazialean, biomedikuntzan eta kimikoan. Gainera, lehengai naturala izanik, erregai fosilen kontsumoa ekiditen da, eta, hala, polimero jasangarriagoak lortzen dira. Hortaz, esan daiteke eugenoletik abiatutako polimerizazio erreakzioen bidez lortutako polimeroek etorkizun oparoa izango dutela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia
  • Laburpena: Azken urteotan, gizartean ingurumenaren kalteaz dagoen kezkak bultzaturik, zientzia -komunitatean baliabide berriztagarrien interesa handitu egin da. Izan ere, karbono-emisioek eta haiek sortzen dituzten hondakinek lehengai jasangarriagoak bilatzera eraman dute. Hortaz, erregai fosilak lehengai naturaletatik ordezkatzea premiazko bihurtu da. Talde aromatikoak eta, bereziki, fenolikoak dituzten monomero naturalak oso desiragarriak dira, sortzen dituzten material polimerikoen propietate termiko, kimiko eta mekaniko nabarmenengatik. Lan honen bidez, eugenola deritzon lehengai naturalaren funtzionalitate bikainaz baliatuz garatu diren polimerizazioak bildu dira. Alde horretatik, erradikal bidezko polimerizazioa eta kationikoa, metatesi olefinikoa, polikondentsazioa, ene erreakzioak eta tiolene erreakzioak erabiliz, eugenol konposatuan oinarritutako polimeroen sintesia aztertu da.
  • Egileak: Ane Araiz-Márquez, Julia Sánchez-Bodón, Antonio Veloso-Fernández, Leire Ruiz-Rubio, Isabel Moreno-Benítez eta José Luis Vilas-Vilela
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 27-40
  • DOI: 10.1387/ekaia.23782
Egileez:

Ane Araiz-Márquez, Julia Sánchez-Bodón, Antonio Veloso-Fernández, Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela UPV/EHUko Kimika Fisikoa Saileko eta Kimika Makromolekularra ikerketa-taldeko (LABQUIMAC) ikertzaileak dira.

Isabel Moreno-Benítez UPV/EHUko Kimika Organikoa eta Ez-organikoa Saileko eta Kimika Makromolekularra ikerketa-taldeko (LABQUIMAC) ikertzailea da.

Leire Ruiz-Rubio eta José Luis Vilas-Vilela BCMaterials zentroko (Basque Centre for Materials, Applications and Nanostructures) ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Eugenola: polimero jasangarrien biomasatik erauzitako lehengaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen

mer, 2023/06/28 - 09:00

Zientziaren komunikazio egokia ezinbestekoa da zientzia bera ulertu ahal izateko. Komunikatzen ez dena ez da existitzen eta, horrexegatik, geroz eta ahalegin handiagoa egiten da zientzia komunikatzeko. Komunikazio horren barruan, dibulgazioa da, agian, atalik interesgarriena; izan ere, gizarte guztiari zuzendutako zientziaz ari gara dibulgazioaz ari garenean. Begirada bat dibulgazioari izeneko artikulu sortan zientzia-dibulgazioari buruzko nire hausnarketak partekatu nahi ditut hedabide honen irakurleekin.

begirada1. irudia: komunikazioan kontuan hartu behar dira hartzailea, igorlea eta biek ezagutzen duten kodea. Ezagutza komunen arabera, zientzia-komunikazioa bi ataletan bereizten da: difusioa eta dibulgazioa. (Argazkia: Susanne Jutzeler – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzia-dibulgazioa zer den aztertzea da egin beharreko lehendabiziko lana. Esate baterako: Dibulgatzea da Farmakologia Elkartearen Biltzarrean hitzaldi bat ematea? Kazetari bati zure ikergaiari buruzko azalpenak ematea dibulgatzea da? Laborategiko lankideari azken esperimentuari buruzko azalpenak ematea dibulgatzea da? Lagunei edo senitartekoei zure lanaren berri ematea dibulgatzea da? Beno, galdera hauek erantzun ahal izateko, has gaitezen hasieratik.

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera, dibulgatzea da jakintza edo arte bateko ezagutzak horretan aditu ez direnek ulertzeko moduko era errazean azaltzea. Definizioa oso zehatza eta egokia da, baina badira egin beharreko ñabardura batzuk. Ñabardura horiei esker, bereizi egin daitezke sarritan berdintzat hartzen diren esparru desberdinak. Zehaztasun horien abiapuntu interesgarria da Seguí Simarro, Poza Luján eta Mulet Salort adituek 2015. urtean argitaratutako Estrategias de divulgación científica izeneko liburua. Liburu horrek zientzia-dibulgaziorako hainbat estrategia azaltzen ditu, beti ere modu praktiko eta erabilgarrian. Benetan gomendagarria da dibulgatzen hasi nahi duten ikertzaileentzat.

Dibulgazioaren oinarrian kokatzeko, lehenik eta behin komunikazioa zer den azaldu behar da. Komunikatzea, definizioz, ezagutzaren transmisioarekin lotzen da eta, hortaz, zientzia-komunikazioa zientzia-ezagutzen transmisioa litzateke. Alabaina, zientzia-ezagutzak oso modu desberdinetara komunikatu daitezke eta hartzailearen eta igorlearen arteko ezagutza-desberdintasuna arazoa izan daiteke komunikazio eraginkor baterako. Hain zuzen ere, berriro ere Harluxetera jotzen badugu, kontuan hartu behar dugu komunikazioa igorleak hartzaileari, biek ezagutzen duten kodea erabiliz, mezu bat bidaltzeko ekintza dela.

Biek ezagutzen duten kode horretan jartzen badugu fokua, Seguí Simarro eta bere lankideek zientzia-komunikazioa delako multzo handi hori bitan banatzea proposatzen dute. Alde batetik, zientzia-difusioa legoke, zabalkundea edo hedapena ere deitua, eta, beste alde batetik, zientzia-dibulgazioa. Difusioa espezialisten edo zientzian diharduten profesionalen arteko komunikazioa da. Kasu horretan, jakintza arlo desberdinetako hartzaile eta igorleak izan badaitezke ere, oinarrizko ezagutza komunak dituzte eta, beraz, komunikazioa espezializatuagoa izan daiteke. Dibulgazioa, aldiz, gizarte guztiari zuzendutako zientzia-komunikazioa da. Hortaz, komunikazio mota hau zientzian aditu direnei zein ez direnei zuzendua da. Zientzia-dibulgazioa ulergarria izan behar da gizarteko kide guztientzat.

Zientzia-kazetaritza ere kontuan hartu beharreko beste atal garrantzitsu bat da, sarritan zientzia-komunikaziotik bereiztea zaila den arren. Oro har, esan daiteke zientzia-dibulgazioaren zeregina dela azaltzea nola funtzionatzen duten Naturak edo gizakiak Naturatik eratorritako gauzek eta zientzia-kazetaritzaren esparrua, aldiz, gizarteari gertatzen zaiona azaltzea dela. Hortaz, Seguí Simarro eta haren lankideen arabera, zientzia-dibulgazioa atenporala da eta zientzia-kazetaritza, aldiz, gizartean testuinguratutako zientzia da, bere eragina, egokitasuna, mugak eta abar kontuan hartzen dituena. Adibide bat jartze aldera, maiatz amaieran jakin berri dugu ume bat jaio dela umetokiko transplante bati esker. Bada, dibulgazio-lan batek umetokiko transplantearen nondik norakoak azalduko lituzke: umetokiaren funtzioa, transplante baten gorabeherak, medikuek jarraitzen duten prozesua, eta abar. Zientzia-kazetaritzako lan batek, aldiz, gertatutakoaren ikuspuntu etikoari buruzko eztabaida abiatu dezake, informazio horretaz baliatuz.

Nik neuk ez dut guztiz argi ikusten zientzia-kazetaritzaren eta zientzia-dibulgazioaren arteko muga hori -egileek ere aipatzen dute muga lausoa dela-, baina kazetaritza arloa gaurkotasunean kokatzen dut, albisteetan… eta ez hainbeste kontzeptu zientifikoen azalpenean. Zientzialariaren eta kazetariaren lan egiteko moduak, oro har, zeharo desberdinak dira eta formakuntzan ere desberdintasun nabarmenak dituzte. Zilegi dira bi kritika hauek: kazetariek ez dute (ia) formakuntzarik jasotzen zientzia-ezagutzetan eta zientzialariek ez dute (ia) formakuntzarik jasotzen komunikazioan. Alabaina, bi esparruek beste arloaren beharra dute. Sarritan, zientziaren azalpenak behar ditu gertakari batek, erabaki politiko batek zein arazo ekonomiko batek. Era berean, zientzialari baten eguneroko lana da bere emaitzen berri ematea -aldizkari espezializatu batean zein zientzia-biltzar batean-. Lehena zientzia-kazetariak egiten du eta bigarrena, berriz, zientzialariak. Nork du, beraz, zientzia-ezagutzak gizarteari komunikatzeko, hau da, dibulgatzeko, ardura eta erantzukizuna?

Jarraituko du…

Erreferentzia bibliografikoa:

Seguí Simarro, J.M., Poza Luján, J.L., Mulet Salort, J.M. (2015). Estrategias de divulgación científica, Ed. Universitat Politècnica de València.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Begirada bat dibulgazioari (I): zientzia-komunikazioan kokatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa

mar, 2023/06/27 - 09:00

Basamahatsak eta haztegiko mahatsak Bibliaren 72 kapitulutan aipatzen dira, eta Koraneko 12 kapitulutan. Noski, Noe gogora ekartzea baino ez dago, bere produktu eratorri ezagunena azaltzen baita, hain zuzen ere, alkohola, mahatsaren azukreak irakin osteko emaitza, eta ardoa (azken helburua). Horregatik, mahatsondoa da testu sakratuetan gehien aipatzen den landarea. Oxfordeko Unibertsitateko Stephen Harrisek ere aipatzen du mundua aldatu zuten 50 landare famatuenen artean.

Basamahatsondoak (Vitis sylvestris) Anatoliakoak eta Kaukasokoak dira. Bertan hasi zen mahastizaintza eta Mediterraneoan zehar zabaldu zen, Estatu Batuetako Purdue Unibertsitateko Jules Janicken arabera. Mahatsaren haziak aurkitu dira Europako historiaurreko aztarnategietan eta, zehazki, Grezian, Balkanetan, Italian, Suitzan, Alemanian eta Frantzian. Basamahatsondoa Portugaletik (mendebaldea) Turkmenistaneraino (ekialdea) eta Alemaniatik (iparraldea) Tunisiaraino (hegoaldea) banatzen da.

mahatsondoaIrudia: basamahatsondoak Mediterraneoko arroan duen hedapena kontuan hartuta, baliteke etxe mahatsondoa eskualdeko toki batean baino gehiagotan sortu izana eta ez Ekialde Ertainean eta Kaukason bakarrik (Argazkia: Laura Stanley – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

 

Beraz, Iberiar Penintsulan dago, iparraldean eta Pirinioetan izan ezik, Neolitikotik aurkitu diren haziek frogatzen dutenez. Pompeu Fabrako Unibertsitateko Ramón Buxóren esanetan, datuek baieztatzen dute mahatsondoa Mediterraneo osoko landare indigena bat dela eta haztegiko mahatsondoaren haziak Brontze Aroaz gero berreskuratu direla.

Eztabaida hau irekita dago oraindik: basamahatsondoak Mediterraneoko arroan duen hedapena kontuan hartuta, baliteke etxe mahatsondoa eskualdeko toki batean baino gehiagotan sortu izana eta ez Ekialde Ertainean eta Kaukason bakarrik. Rosa Arroyo-Garcíak eta Madrilgo Nekazaritza eta Elikaduraren Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionaleko lankideek banaketa eremu guztiko basamahatsondoaren eta etxe mahatsondoaren 1.201 laginen kloroplastoen DNA aztertu dute. Egileen arabera, emaitzek diote Iberiar Penintsulako laginen % 70etan kloroplastoak basamahatsondoaren mendebaldeko populazioetatik eratorritako materialarekin bakarrik bateragarriak direla.

Valladolideko Unibertsitateko José Carlos Santanaren taldeak egindako beste ikerketa batek barietate basatiei eta etxekoei dagozkien kloroplastoak aztertu ditu Gaztela Zaharreko lautadan, eta 121 genotipo desberdin bereizi ditu. Interesgarria da horietako askok gurutzatuta daudela basamahatsondo autoktonoaren eta Frantziako etxeko mahatsondoen artean. Egileen ustez azkenekoen barietateak Donejakue Bideko merkataritza gauzatzean iritsi ziren.

Etxe mahatsondoak, 8.000 urte

Kristo aurreko 5000. urtea baino lehen, etxe mahatsondoa (Vitis vinifera) Anatoliatik Ekialde Hurbilera iritsi zen. Kaukasoko hegoaldetik, Itsaso Beltzaren nahiz Karpiar itsasoaren eta Ilgora Emankorraren, Jordan haranaren eta Egiptoren artean, egin zuen. Hala adierazten du Cornell Unibertsitateko (Ithaca) Sean Mylesek eta bere lantaldeak argitaratu basamahatsondoen eta etxe mahatsondoen 1.000 laginen analisi genetikoak.

Etxeko bihurtu zen duela 6.000 eta 8.000 urte bitartean. Brontze Aroko mahats haziak daude Mesopotamian, Israelen, Sirian, Egipton, Egeon eta Suitzako aintziretan. Amerikan ere aurkitu dira. Gogora ekarri behar da Leif Erikson bikingoa Labradorreko kostaldeetara iritsi zenean herrialde hari Vinland (Ardoaren Herrialdea) deitu ziola, Vitis riparia espezieko basamahatsondo asko zeudelako –ohikoak dira Ipar Amerikan–.

Ardoa eta mahaspasak gordetzeko duela 4.000 urteko (Brontze Aroa) ontziak aurkitu dira. Israelgo Tel Kabriko aztarnategian, lokal batean, 40 ontzi berreskuratu ziren eta, horiek ardoaren ohiko osagaien aztarnak zituzten, hala nola azido tartarikoa, erretxinak, eztia eta zedro eta altzifre olioa. Estatu Batuetako Brandeis Unibertsitateko Andrew Kohren eta bere lankideen arabera, ardoz betetako ontziak gordetzeko gela bat zen; hau da, upategi bat, orain arte ezagutzen ditugunetako zaharrenetako bat, hain zuzen ere.

Yunnaneko Nekazaritza Unibertsitateko (Txina) Dongek zuzendu duen ikerketa bat (84 egile ditu) argitaratu berri da orain dela aste batzuk eta, horretan, planeta osoko basamahatsen eta haztegiko mahatsen 3.525 barietateren datu genetikoak aztertu dira. Emaitzek azaltzen dutenez, klimak (zehazki, glaziazioenek) ondorioak izan ditu populazio tamaina historikoetan, eta, ematen duenez, aldi berean etxekotu ziren ardoa eta mahaiko mahatsak eta etxekotzearen ezaugarriekin lotutako aldaerak identifikatzen dituzte, besteak beste, baiaren kolorea eta palatabilitatea.

Pleistozenoan baldintza klimatikoek basamahatsondoen ekotipoak aukeratzera bultzatu zuten; horretan, habitataren zatikatzeak ere lagundu zuen. Etxekotzea aldi berean gertatu zen duela 11.000 urte inguru Asiako Mendebaldean eta Kaukason, mahaiko frutetarako eta ardorako mahatsondoak ekoizteko. Lehenengo nekazariekin, Asiako Mendebaldean etxekotu zirenak Europan sakabanatu ziren, eta mendebaldeko ekotipo basati zaharrekin gurutzatu ziren. Gerora, Neolitikoaren amaieran, gizakien migrazioen laguntzaz, dibertsifikatu egin ziren.

Ordukoak dira Rovira i Virgili Unibertsitateko eta Atapuercako lantaldeko Eudald Carbonellek eta Cinta Bellmuntek, María Ángeles Torresen argazkiekin, aurkezten dizkiguten muskuiluak mahatsekin. Errezeta erraz eta azkar bat da, eta landan bazkari bat egiteko hasierako plater on bat ere.

Muskuiluak kostalde hurbileneko harkaitzetan bilduko ditugu, eta sutzarrean erreko ditugu harri baten gainean. Irekitzen direnean oskol bakoitzean mahats bana ipiniko dugu, eta batera jango ditugu muskuilua eta mahatsa.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Arroyo-García, R. et al. (2006). Multiple origins of cultivated grapevine (Vitis vinifera L. ssp. sativa) based on chloroplast DNA polymorphisms. Molecular Ecology 15, 3707-3714. DOI: 10.1111/j.1365-294X.2006.03049.x
  • Dong, Y. et al. (2023). Dual domestications and origin of traits in grapevine evolution. Science 379, 892-901. DOI: 10.1126/science.add8655
  • Janick, J. (2007). Fruits of the Bibles. HortScience 42, 1072-1076. DOI: 10.21273/HORTSCI.42.5.1072
  • Koh, A. J. et al. (2014). Characterizing a Middle Bronze palatial wine cellar from Tel Kabri, Israel. PLOS One 9, e106406. DOI: 10.1371/journal.pone.0106406
  • Myles, S. et al. (2011). Genetic structure and domestication history of the grape. Proceedings of the National Academy of Sciences USA 108, 3530-3535. DOI: 10.1073/pnas.1009363108
  • Santana, J.C. et al. (2010). Genetic structure, origins, and relationships of grapevine cultivars from the Castilian Plateau of Spain. American Journal of Enology and Viticulture 61, 214-224. DOI: 10.5344/ajev.2010.61.2.214
  • Zohary, Daniel; Spiegel-Roy, Pinhas (1975). Beginnings of fruit growing in the Old World. Science 187, 319-327. DOI: 10.1126/science.187.4174.319
Iturriak: Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 28an: Ingredientes para la receta: la vid.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Errezeta egiteko osagaiak: mahatsondoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizarte-babesa eta adimen emozionala gazteen suizidioa prebenitzeko

lun, 2023/06/26 - 09:00

Adimen emozional handiagoa duten nerabeek neurri handiagoan hautematen dute jasotzen duten gizarte-babesa. Horrek haien ideiagintza suizida murrizten laguntzen du. Kontrara, adimen emozional handia duten nerabeek, familia-babes urria badute, zailtasun handiak izango dituzte beren ideiagintza suizidak murrizteko. Hauek izan dira UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailak gizarte-babesak adimen emozionalaren eta ideiagintza suizidaren arteko erlazioan duen eraginari buruz egindako azterketaren emaitzak.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, 2020an, jokabide suizida izan zen nerabeen arteko munduko hirugarren heriotza-kausa. Kasu horien % 90ean jatorria maila sozioekonomiko apal eta ertaineko herrialdeetan zuten nerabeak ziren. Nerabeen ideiagintza eta jokabide suizida arazo publiko bihurtu dira, eta ahalegin handia eskatzen dute nola eta noiz prebenitu jakiteko. Nerabeen ideiagintza eta jokabide suizidaren aurkako babes-faktoreetako bat adimen emozionala da —pertsonek beren emozioak erabiltzeko eta emozioak hobeto identifikatu, erabili eta kudeatzeko abian jartzen dituzten trebetasunak—. Izan ere, estatistikoki esanguratsua den lotura bat hauteman da adimen emozional baxuaren eta nerabeen ideiagintza suizida altuaren artean.

Irudia: inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak neurri handiagoan direlako gai irakasleengandik, familiakoengandik eta ikaskideengandik jasotzen duten babesa hautemateko. (Argazkia: Askar Abayev – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

Héctor Galindo eta Daniel Losada UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute zer eragin bitartekari eta moderatzaile duten berdinen arteko babesak, familiaren babesak eta irakasleen babesak adimen emozionalaren eta nerabeen ideiagintza suizidaren arteko erlazioan. 898 neraberekin egindako ikerketak ondorioztatu duenez, “adimen emozionalak eragin zuzena du ideiagintza suizidan. Hori gertatzen da, neurri batean, inteligentzia emozional handiagoa duten nerabeak neurri handiagoan direlako gai irakasleengandik, familiakoengandik eta ikaskideengandik jasotzen duten babesa hautemateko. Eta horrek laguntzen die, hain zuzen ere, ideiagintza suizida murrizten: jasotzen ari diren babes hori behar bezala hautemateak”, azaldu dute.

Gizarte-babesaren garrantzia

Era berean, ikerketaren emaitzek agerian uzten dute familiaren babesak eragina duela adimen emozionalaren eta ideiagintza suizidaren arteko erlazioan. Ikertzaileen arabera, harreman hori aldatu egiten da pertsona batek jasotzen duen familiaren babesaren neurriaren arabera: “pertsona batek ez badu etxean familia-babesik, nahiz eta adimen emozional handia izan, horrek ez dio laguntzen bere ideiagintza suizida murrizten. Hala ere, familiaren babes ertaina edo handia izateak gehiago laguntzen dio bere ideiagintza suizida murrizten emozionalki adimentsua den pertsona bati, adimen emozional baxua duen pertsona bati baino”.

Halaber, emaitzek erakusten dute berdinen arteko babesak ideiagintza suizida murrizten laguntzen diola adimen emozionalari soilik babes hori adin handiagoko nerabeen artekoa bada: “nerabe batek 12 urte dituenean, berdinen arteko babesa ez da nerabe batek 15 edo 16 urte dituenean bezain garrantzitsua”. Eta irakasleen babesari dagokionez, azterlanak ondorioztatu duenez, “adimen emozional handia duen nerabe batek bere ideiagintza suizida asko murriztu ahal izango du, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere. Adimen emozional baxua duen pertsona batek, berriz, zailtasun handiak izango ditu ideiagintza suizida murrizteko, irakasleengandik hautemandako babesa edozein dela ere”.

Alde horretatik, Galindok eta Losadak azpimarratu dute adimen emozionala ikasgelan lantzea oso garrantzitsua dela, “baina are garrantzitsuagoa pertsona horiek gizarte-babes handia jasotzea. Hori dela eta, garrantzitsua da familiek ikasketa-prozesuetan parte hartzea eta berdinen arteko kalitate-harremanak sustatzea, nerabeen heriotza-kausa nagusietako bat murrizteko, hau da, jokabide suizida. Egiazki, irakasleok kontuan hartu eta sustatu behar dugu, ahal den neurrian, nerabe bat bere ingurunetik jasotzen ari den babes-maila; izan ere, pertsona hori gizarte-babes baxua jasotzen ari bada, gerta liteke, ikasgelan adimen emozionala zeharka edo diziplina gisa landu arren, espero diren ondorioak ez izatea nerabeen jokabide suizida murrizteko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Gizarte-babesak adimen emozional handiko gazteen ideagintza suizida moderatzen du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Galindo Domínguez, Héctor; Losada Iglesias, Daniel (2023). Inteligencia emocional e ideación suicida en adolescentes: el rol mediador y moderador del apoyo social (Emotional intelligence and suicidal ideation in adolescents: The mediating and moderating role of social support). Revista de Psicodidáctica. DOI: 10.1016/j.psicod.2023.02.001

The post Gizarte-babesa eta adimen emozionala gazteen suizidioa prebenitzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #444

dim, 2023/06/25 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

mapa

Biologia

Eltxoek nahiago dituzte usain zehatz bateko gizakiak, ikerketa berri batek frogatu duenez. Malaria Ikertzeko Institutuko zientzialari talde batek egin du ikerketa, eta egoera ahalik eta errealistena irudikatzeko helburuarekin, esperimentazio eremu zabal batean zortzi kanpin denda jarri zituzten barruan giza akuiluekin. Ondoko kaiola batean Anopheles gambiae eltxoak gorde zituzten, eta kanpin denda bakoitzeko usaina bertara bideratu zuten. Hala ikusi zuten eltxoen erasoak, eta sei gizakietatik, bereziki batek piztu zuela eltxoen gosea. Ondoren aztertu zutenez, pertsona horren azalean, besteak beste, azido karboxiliko lurrunkor gehiago aurkitu zuten, eta baita azetoina gehiago ere. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte.

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek frogatu du tundrako biodibertsitatearen galera motelago ari da gertatzen herbiboro handiak dauden lekuetan. Ikertzaileek 15 urtez tundrako biodibertsitatearen jarraipena egin dute, eta ikusi dute 2002 eta 2017 bitartean tundrako biodibertsitateak behera egin duela. Alabaina, alde nabarmena nabaritu dute elur-oreina, idi musketaduna eta bestelako herbiboroak dauden eremuetan. Zehazki, ikusi dute herbibororik ez zegoen eremuetan biodibertsitatea bi aldiz azkarrago galdu zela. Gainera, herbiboroen aniztasuna ere garrantzitsua dela azaldu dute, espezie bakoitzak desberdin kimatzen baititu landareak. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Genetika

Kristobal Kolon nabigatzailearen jatorriari buruzko ikerketa genetikoak egiten ari da Joxe Mari Ertzilla historiazalea. Bere hipotesiaren arabera, nabigatzailea agota eta euskalduna zen. Kristobal Kolonen DNA geografikoari buruzko ikerketa batean bildu ditu bere hipotesia eta ateratako ondorioak, eta bere ikerketaren oinarria HLA-B27 antigenoa da. Agoten eta beste hainbat gizatalderen ohikoa zen antigeno hori, eta Ertzillaren ustez, Kristobal Kolonek HLA-B27 antigenoa izateak azaltzen ditu bizitzan izan zituen hainbat osasun arazo. Oraindik ez da gauzatu Kolon nabigatzailearen jatorria zehazteko azterketa genetikoa, lau hezur zati bakarrik baitaude, almendra baten neurrikoak, eta baldintza eskasean. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Berrian: Antigeno bat Kolonen bidaide.

Medikuntza

Endometriosia bakterio baten eraginez sor daitekeela iradoki du ikerketa berri batek. Zehazki, Fusobacterium generoko bakterio bati egotzi diote gaixotasun horren sorrera. Endometriosiak ugaltze-adinean dauden emakumeen %15ari eragiten dio, eta oso mingarria izan daiteke. Alabaina, oso gutxi ikertu den gaixotasuna da. Argitaratu berri den ikerketa batean, 155 emakume japoniar aztertu dituzte, eta endometriosia zutenen erdietan baino gehiagotan aurkitu dute Fusobacterium bakterioa. Horrez gain, sagu ereduetan ere frogatu dute bakterio hori inokulatuta endometriosiaren sintomak eta lesioak okertu egiten direla. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Alga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen indartzen dituela frogatu berri dute. UPV/EHU eta IFAPA institutua buru dituen SEAWINES proiektuaren barruan egin dute aurkikuntza hori. Mahastietan oso ohikoak dira mildiu eta oidio infekzioak, biak hala biak onddoek sortutakoak. Infekzio horien kontra ohikoena tratamendu kimikoak erabiltzea da. Ikerketa berritzaile horretan alternatiba bat topatzen saiatu dira, eta bi alga erabili dituzte horretarako: Ulva ohnoi eta Rugulopteryx okamurae. Azken hori, gainera, alga inbaditzailea da, eta ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero. Hala, egin dituzten probetan ikusi dute Rugulopteryx okamurae algatik erauzitako estraktu batekin landarea tratatzean areagotu egin zirela, besteak beste, landareko erresistentzia-geneen espresioa eta entzima antioxidatzaileen jarduera. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako.

Geologia

Aste honetan Zientzia Kaieran Blanca Martinez mapa geologikoen inguruan jardun da. Mota honetako mapa eraikitzeko, mapa topografiko bat hartzen da oinarri, eta hura oinarri hartuta zelaian identifikatzen dira arrokak, egiturak eta prozesu geologikoak. Ondoren, elementu horiek guztiek ikurrekin identifikatzen dira eta duten adinaren arabera kolorez margotzen dira mapan. Ikur eta kolore horiek nazioartean ezarritako kode batzuei jarraiki aukeratzen dira, eta horrela, edozein mapa geologikoren historia berreraiki daiteke. Gainera, informazio hori guztia mapa geologikoaren ondoan jartzen den legenda batean idazten da. Azkenik, maparen eskala ezartzea ere oso garrantzitsua da, eta bi mota daude: zenbakizko eskalak, eta eskala grafikoak. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago.

Materialen zientzia

Banbua aukera interesgarria da eraikuntzaren sektorerako. Material honek hainbat abantaila ditu beste material batzuekin alderatuz. Alde batetik, jasangarria da, hazkuntza azkarra baitu, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute denbora tarte berdinean. Bestetik, bere izaera tubularragatik, banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskaintzen ditu. UPV/EHU eta TECNALIAren arteko lankidetza batek banbuaren erabilera sustatzeko ikerketa bat egin du, eta material horren propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutu nahi izan dituzte. Hala ondorioztatu dute, kimikoki ezaugarri oso esanguratsurik ez duen arren, banbuak erresistentzia handiagoa daukala baina zurruntasun txikiagoa, pinu gorriarekin alderatuz. Azalpenak Zientzia Kaieran: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa.

Arkeologia

Hatzez grabatutako horma-irudi batzuk neandertalek egindakoak direla baieztatu dute. Orain arte datatu diren grabatu zaharrenak dira, eta La Roche-Cotard haitzuloan daude (Erdialdea-Loira harana). Ikertzaileek azaldu dutenez, gutxienez 57000 urte dituzte, baina litekeena da 75000 urte ere izatea. Hatz-marken 3D ereduak erabiliz, frogatu dute, hain zuzen ere, irudiak hatzez eginda daudela, eta espazioa eta kokapena aintzat hartuta, ikertzaileek ondorioztatu dute nahita sortutakoak direla. Ikerketa honek frogatu du neandertalen portaera eta jarduerak sapiensenak bezain konplexuak izan zitezkeela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Adimen artifiziala

Ikertzaile batzuk ohartarazi dute adimen artifizial sortzaileko sistemek pertsonen sinesmenak eralda ditzaketela, informazio faltsua eta alborapenak transmitituz. Izan ere, adimen artifizialak segurtasun handia transmititzen du ematen dituen erantzunetan, eta gizakiak berezko joera du aditua dirudien batek emandako informazioa azkarrago eta gehiago barneratzeko. Sistema hauek, gainera, informazio faltsua edo ez-zuzena ematen dute batzuetan, eta ikertzaileek uste dute informazio hori jendearen sinesmenetan hedatzeko arrisku handia dagoela. Datuak Elhuyar aldizkarian: Adimen artifizial sortzaileak sinesmenak eralda ditzake.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #444 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #452

sam, 2023/06/24 - 09:00
Irudia: ESA/Webb, NASA & CSA, J. Lee and the PHANGS-JWST Team / J. Schmidt

Gaixotasun mentalak arazoak sortzen ditu, ez bakarrik sortzen den unean eta agertzen den bitartean, baizik eta epe luzean ere. A lifetime of mental illness accelerates ageing Rosa García-Verdugoren eskutik.

Beroarekin zerikusia duen guztiaren azalpena bibrazioak direla ez da erabat egia: Traditional understanding of heat transport, involving phonons, is not applicable to strong heat insulators

Boxer txakurretan aurkitutako parasito bat giza minbizi mota batzuen konponbidea izan daiteke: A dog parasite could help fight incurable cancers Arthur Battistoni eta Françoise Debierre-Grockiego.

Hubbleko irudien eta James Webb-eko irudien konbinazioak objektu astrofisikoen misterio asko argitzen lagunduko du, baina, oraingoz, misterio berriak aurkitzeko balio izan du. DIPC jendea New mysteries in the nuclear star cluster of the Phantom galaxy

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #452 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kozinatzeak egin gintuen gizaki

ven, 2023/06/23 - 09:00

Duela 7-8 milioi urte, txinpantze eta bonoboekin komunean genuen azken arbasoa izan genuen. Informazio horrek gizakiok izan ditugun aldaketak ulertzen laguntzen digu gure espezie hurbilenarekin konparatzean.

Nahiz eta tamaina bertsuko barne-organoak partekatzen ditugun tximino horiekin, hala nola bihotza, giltzurrunak eta gibela, gizakiok garun handiagoa eta heste txikiagoak ditugu beste primate batzuekin alderatuta.

Zergatik aldaketa hori? Noiztik kozinatzen du gure espeziea? Noiztik kontrolatzen du sua? Juan Ignacio Pérez Iglesias biologo eta UPV/EHUko Fisiologiako katedradunak Kozinatzeak egin gintuen gizaki hitzaldian aldaketa hori eragin duten faktoreak azaltzen ditu. Antropologo ezberdinen teoria eta ikerketatik abiatuta, gure arbasoen elikaduraren aldaketak eta hauen zergatiak aurkezten ditu Pérez Iglesias-ek. Ezaugarri horiek guztiak aztertuta ulertu daiteke kozinatzeak giza eboluzioan izan duen eragina.



Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

The post Kozinatzeak egin gintuen gizaki appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa

jeu, 2023/06/22 - 09:00

Azken hamarkadetan, ikerketa-talde askok bideratu dute haien lana eraikuntzan eta elementu mekanikoetan material jasangarriagoak garatu eta sustatzera. Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da.

Banbua kontinente guztietan hazten da modu naturalean eta landare honek hainbat abantaila ditu. Besteak beste, banbuak azkar hazten dira, eta ondorioz, zuhaitzek baino karbono gehiago xurgatzen dute, Lurraren berotegi-efektua modu eraginkorrago batean aurre eginez, lurzoruaren higaduraren aurka babesten dute, eta transformazio-prozesuan material gutxiago galtzen da errefus moduan.

Banbuak erresistentzia espezifiko eta zurruntasun espezifiko handiak eskeintzen ditu. Egurrarekin alderatuz, erresistentzia handiagoa eta ura xurgatzeko ahalmen txikiagoak dauzka. Beste ohiko eraikuntza-materialen erresistentzia pisuarekin alderatuz gero, hala nola egurrezko konposatuak, hormigoia eta altzairua, garaile ateratzen da. Eta beste materialekin gertatzen den bezala, espeziearen eta erabileraren arabera ezaugarri mekanikoen taula konparatiboak sortzeko beharra dago. Lan honek, gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: Dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA).

Bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira (1. Irudia). Erabilitako laginen tamainak 1. taulan agertzen dira.

banbuak1. irudia: saiakuntza mekanikoen eskemak: ezkerrean, konpresio-proba; eskuinean, makurdura-proba. (Iturria: Ekaia aldizkaria)banbuak1. taula: saiakuntzetako dimentsioak, 1.irudiaren arabera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Literatura berrikusketan beste 35 banbu-espezieen osagai kimikoekin konparatu dira lortutako emaitzak eta baita ere ezagunagoa den pinu gorriaren osagaiekin, 2. taulan ikusi daitekeen bezala.

banbuak2. taula: DS, AA eta PA banbuen konposizio kimikoak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hurrengo taulan berriz (3. taula) aztertutako hiru banbuen propietate mekanikoen laburpena aurkitu daiteke, eta bertan emaitzak pinu gorriaren propietate mekanikoekin alderatu daitezke.

banbuak3.taula: DS, AA eta PA banbu espezieen eta Pinu Gorriaren (PG) propietate mekanikoak eta dentsitatea. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Alde batetik, kimikoki, orokorrean, banbuak ez du desberdintasun handirik erakusten pinu gorriaren konposizioarekin konparatzen denean. Beste aldetik, propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da pinu gorriarekin alderatuta. Banbuak erresistentzia handiagoa dauka baina zurruntasun txikiagoa.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa
  • Laburpena: Banbuak, geometria tubularreko landareak, material sintetiko tradizionalen ordezko aukera interesgarriak aurkezten ditu eraikuntzaren sektorerako. Gainera, ingurumenaren aldetik jasangarria eta berriztagarria da. Hala ere, bere erabilera sustatzeko, beharrezkoa da banbuen propietate mekanikoak eta kimikoak ezagutzea. Lan honek gaur egun eraikuntzan ezezagunak diren baina tradizionalki oso erabiliak izan diren hiru espezie aztertzen ditu, kimikoki eta mekanikoki: dendrocalamus strictus (DS), Arundinaria amabilis (AA) eta Phyllostachys aurea (PA). Azterketa kimikorako, TAPPI arauak erabili dira, eta ezaugarri mekanikoak konpresioan eta dinamometroarekin makurdura hiru puntutan neurtuta aztertu dira. Propietate mekanikoen emaitzek erakutsi dute banbuaren dentsitateak eragin zuzena duela bai erresistentzian, bai zurruntasunean. Aztertutako hiru banbu-espezieetan, dentsitatea zenbat eta handiagoa izan, erresistentzia eta zurruntasuna orduan eta handiagoak direla ikusi da.
  • Egileak: A. Elejoste, G. Mondragon, J.L. Osa, A. Arevalillo, A. Eceiza, J.M. Abascal, A. Butron, C. Peña-Rodriguez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 273-291
  • DOI: 10.1387/ekaia.23049
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Banbuaren karakterizazio mekanikoa eta kimikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte

mer, 2023/06/21 - 09:00

Eremu zabaleko esperimentu batean berretsi dute eltxoek hainbat gizaki mota nahiago dituztela, besteak baino. Gorputzaren usaina giltzarri dela ikusi dute.

Mundu honetan non eta zein egoeratan jaio, horren araberakoa da gizakiaren patua. Halaxe izan dira gauzak historian zehar, eta, azken hamarkadetan egoera inoiz baino gehiago hobetu den arren, tamalez oraindik ere izugarri handiak dira gizakien artean dauden desberdintasun sozioekonomikoak. Kasurako, artikulu hau jatorrizko hizkuntzan —euskaraz— irakurtzen dutenentzat, eltxoen ziztadak, gehien-gehienetan, uda garaiko amorrazio bat baino ez dira izango.

Beste hainbat eta hainbat lagunentzako, berriz, amorrazioa baino askoz gehiago suposatu dezakete ziztada horiek. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, munduko populazioaren erdia bizi da malariaz kutsatzeko arriskua duten eremu geografikoetan. Erakunde horrek esku artean dituen zifrak arras esanguratsuak dira: kalkulatzen da 2021ean 247 milioi lagunek hartu zutela gaitza 85 herrialdetan; haietatik, urte horretan, 619.000 hil ziren.

eltxoek1.irudia: Anopheles gambiae multzoko espezieak malariaren transmisoreak dira. Horregatik, aspalditik ikerketa askoren jomugan daude. (Argazkia: James Gathany / CDC)

Gaitz lazgarria da malaria, baina, beste hainbat ez bezala, ez da transmititzen pertsona batetik bestera. Aldiz, eltxoen bitartez zabaltzen da. Hortik dator ziztadekiko ardura berezi hori. Gauzak horrela, normala da ikerketa andana egin izana eltxo horiek eragindako gaitzaren transmisioa ahalik eta gehien mugatzeko.

Alabaina, horrelako ikerketak normalean laborategian egiten dira, ezagutza fidagarria jasotzeko ezinbestekoa baita inguruabar guztiak ongi kontrolatuta izatea. Bueltan, eta zenbait arlotan bereziki, horrek dakar laborategiko baldintzak oso urrun egon daitezkeela naturan ematen diren portaerarekiko.

Horretaz jakitun, Malaria Ikertzeko Institutuko zientzialari talde batek naturan ematen den egoera ahalik eta modu fidagarrienean erreplikatzeko ahalegina egin du. Horretarako, esperimentazio eremu zabala eratu dute Zambiako Choma eskualdean: 20 metro alde bakoitzeko, eta 2,5 metroko altuera duen area bat atondu dute. Orotara, 1.000 metro kubikoko eremua prestatu dute ikerketarako, “eskala espazial errealistagoa” lortu aldera, prentsa ohar batean azaldu dutenez. Alde nabarmena dago aurreko ikerketekin, gehienetan metro kubiko erdi baino gutxiagoko espazioetara probak egitera mugatu baitira.

Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute prozesu osoa, eta baita ikasitakoa ere. Perimetroan zortzi kanpin denda jarri dituzte, eta horiek guztiak barruko kaiolarekin lotu dituzte, haizatutako hodi batzuen bitartez. Kaiolan estazio meteorologiko bat jarri dute ere, besteak beste, haize fluxuen gaineko kontrola eduki ahal izateko .

Eta bai, irakurleak aurreikusi ahalko duen moduan, giza akuiluak ere erabili dituzte, ziztaden jomuga gisa aritu daitezen. Dena dela, horiek ez dituzte jarri zuzenean eltxoen jomugara. Aldiz, hamar zentimetroko diametroa duten altzairuzko diskoak paratu dituzte, 35 °C-ko gradura berotu dituzte —giza azalaren tenperatura berdinera—, eta, kontrolatutako aire fluxu baten bidez erantsi diete diskoei denda bakoitzean jasotako usaina.

Sei gauez sei lagun lotan egon dira, bakoitza denda batean, eta beren gorputzen usaina bideratu dute kaiolaren erdian askatu dituzten Anopheles gambiae eltxoetara. Hauek malariaren bektore izan ohi dira, baina esperimentuan, noski, itxian hazitako eltxo garbiak erabili dituzte.

Esan beharrik ez dago pertsona horiek aldez aurretik gel eta xanpu mota berdina erabiliz garbitu zituztela beren buruak, eta, emaitzetan eraginik ez sortzeko, ez zituztela beste desodorante edo kosmetikorik erabili aurreko egunetan.

eltxoek2. irudia: eltxoekin esperimentuak egiteko berariaz eremua berezia sortu dute Zambian. Modu horretan, egoera naturalera ahalik eta gehien hurbiltzen saiatu dira, datuak modu ziurrean hartzeko aukera mantenduz. (Argazkia: Julien Adam)

Konfigurazio honekin errepikatu nahi izan dute tropikoetako herrialde askotan ematen den egoera. Etxe baten barruan lotan ari diren gizakien usainak gora egiten du airean, eta teilatu hegaletatik askatzen denean, eltxoek usain hori hautematen dute.

Ezagutzen dira eltxoak erakartzen dituzten faktore orokorrak: beroa, gizakien kontraste bisuala hondoarekiko, arnasaren bitartez askatzen den CO2a eta giza gorputzari lotutako zenbait usain. Giza gorputzaren beroa, baina, 30 eta 50 zentimetro baino gehiagora ez da barreiatzen. Zeinu bisualak, berriz, 5 eta 15 metrora arte atzeman daitezkeela kalkulatu dute ikertzaileek. Baina CO2a eta giza gorputzari lotutako beste zenbait usain askoz gehiago zabaldu daitezke, tartean haizeak eraman ditzakeelako. Zientzialariek hor jarri dute oraingoan arreta berezia.

Lehenik eta behin berretsi dute beroa eta seinala bisualak berez ez direla nahikoak eltxoak erakartzeko. CO2a eta giza usaina egotea, ordea, nahitaezkoa da horretarako. Hasierako 30 minutuetan kanpin denda hutsetako airea baino ez dute bidali, eltxoen artean batere interesik piztu gabe. CO2 gasa erantsi dutenean, eltxoen interesa handitu da. Baina kanpin dendetan esperimentuetan parte hartu duten pertsonen usainaren airea gehitu bezain pronto biderkatu dira eltxoen erasoak, kamera infragorriaz jasotako irudien bidez ikusi ahal izan dutenez.

Sei gizakietatik, bereziki batek piztu du eltxoen apeta. Beste batek oso gutxi erakarri ditu eltxoak. Gainerako laurak, batez bestean ibili dira. Datuak aztertzerakoan, noski, alboratu dute tenperatura edo hezetasuna bezalako aldagaiak eltxoek erakutsitako portaera desberdin horren arrazoia izan daitekeela.

Alde horien zergatian sakontzeko, analisi kimikoak erabili dituzte, gizaki hauen usaina analizatuz. Orotara, parte hartzaile guztien gorputz usainean 36 konposatu kimiko identifikatu dituzte. Ziztada gehien erakarri dituen pertsonaren kasuan, besteak beste, azido karboxiliko lurrunkor gehiago aurkitu dituzte, eta baita azetoina gehiago. Azken honen kasuan, azaleko mikrobiomaren ondorio izan daitekeela uste da. Staphylococcus epidermidis eta Staphylococcus aureus bakterioek giza azalean azetoina sortzen duten bakterio garrantzitsuenak dira. Kontrara, eltxo gutxien erakarri dituen lagunarengan eukaliptol izeneko konposatuaren maila altuagoak aurkitu dituzte —gainerako parte hartzaileek zutena halako hiru—. Zientzialariek diotenez, konposatu hori landare jatorriko elikagaietatik zein zapore emaileetatik dator. Horrez gain, eukaliptola eltxo uxatzaileetan erabiltzen den konposatua da ere.

Datu hauetan abiatuta, etorkizunean zientzialariek sakondu nahi dute azaleko mikrobioma edo dieta bezalako faktoreek duten eraginean, modu horretan malariaren aurkako estrategia berriak abiatu ahal izateko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Giraldo and Rankin-Turner et al. (2023) Human scent guides mosquito thermotaxis and host selection under naturalistic conditions. Current Biology. DOI: 10.1016/j.cub.2023.04.050

The post Distantzia handira ere, eltxoek usainduko zaituzte appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago

mar, 2023/06/20 - 09:00

Mapa geologiko bat behatzen dugunean, arreta ematen duen lehen ezaugarria da ez duela inolako antzik jada ohikoak egiten zaizkigun mapekin eta planoekin; hots, mugikorrean edo GPSan ikusten eta bidaiatzen edo ezagutzen ez dugun lekuren bat bisitatzen ari garenean erabiltzen ditugunekin. Eta hala da, hain zuzen ere, ez dituztelako muga geografikoak irudikatzen, muga geologikoak baizik. Muga horiek oso modu berezian markatzen ditugu: kolore ezberdinekin, puntuen eta marren bilbeekin, eta ikurrekin, hala nola geziak, triangeluak edota zirkuluak. Hala, mapa geologiko batek marrazki artistiko baten antz handiagoa du, plano klasiko batena baino.

mapa geologikoa1. irudia: Espainiako lehen mapa geologikoa, Espainiako Mapa Geologikoaren Batzordeak egindakoa 1889aren eta 1893aren artean. 1:400.000 eskalan eginda dago, 64 orri edo zati indibidualizatu ditu, eta gaur egun Geomeatzaritzako Museoko korridoreetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gure mapa geologikoa egiteko, mapa topografiko bat hartzen dugu oinarri. Horren gainean, zelaian identifikatzen ditugun arrokek, egiturek eta prozesu geologikoek duten adina kolorez margotzen dugu. Ondoren, kolore bakoitzean bilbe multzo bat gehitzen dugu, behatu dugun arroka zein motatakoa den adierazteko (kareharria, hareharria, granitoa, arbela…). Eta, azkenik, gure irudikapena ikurrekin osatzen dugu. Ikurrek material horiei eragin dieten egiturak eta prozesu geologikoak markatzen dituzte (tolesturak, hausturak edo arroken arteko kontaktua), baita zenbait puntu interesgarri ere, hala nola harrobiak, meatzeak edo ur gezako iturriak. Eremu baten historia geologiko guztia irudikapen grafiko oso ikusgarri batean islatu dugu horrela. Material horiek milioika urtean jasandako aldaketak interpretatzea baino ez zaigu falta.

Baina ez ditugu kolore eta ikur horiek edonola edo gure guk nahi bezala jartzen (edo gure sen artistikoa, nik gutxi izan arren); aitzitik, nazioartean ezarritako kode batzuei jarraitzen diegu. Kode horiei esker, Lurraren Zientzietan dihardugunok ikusten dugun edozein mapa geologikoren historia berreraiki dezakegu, baita gure ikerketa eremua munduko edozein lekutan kokatutako antzeko beste batzuekin erlazionatu ere. Adibide bat jarriko dizuet: Kretazeoko materialak kolore berde argiez margotzen dira, kareharria adreiluzko hormen antzeko bilbe baten bidez irudikatzen da, eta tolestura antiklinal bat markatzeko tolesturaren norabidea adierazten duen marra lodi bat eta kanpoalderantz seinalatzen duten geziak erabiltzen dira, adierazteko geruzak zein norabiderantz inklinatzen diren tolesturaren alde bakoitzean.

mapa geologikoa2. irudia: Espainiako eta Portugaleko mapa geologikoaren hamargarren edizioa, Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME-CSIC) argitaratua 2015ean. Espainiako plan kartografikoaren (MAGNA) emaitza da, eta Geomeatzaritzako Museoko korridoreetako hormetan dago ikusgai (IGME-CSIC, Madril). (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Koloreen eta ikurren informazio hori guztia mapa geologikoaren ondoan jartzen den legenda batean dago. Bertan, halaber, mapan irudikatzen diren material geologikoen adina zehazten da eta haien deskribapen laburra azaltzen da. Modu horretan, edozein pertsonak, geologian aditua ez bada ere, bisitatzen ari den eskualdeko materialak ezagutu eta identifikatu ditzake.

Baina mapa geologiko baten legendak zerbait biziki garrantzitsua izan behar du: eskala. Gure mapan errealitatea irudikatzeko erabili dugun proportzioa adierazten du, bi punturen arteko distantzia mantentzeko moduan. Bi eskala mota aurki ditzakegu –mapen oinean azaldu ohi dira–:

  • a) zenbakizko eskala, hots, bi zenbakiren arteko proportzioa, 1:10.000 gisakoa, zeinak adierazten baitu 1 cm, mapan, 10.000 cm dela errealitatean;
  • b) eskala grafikoa, hots, marra edo laukizuzen bat eta zenbakiak, bai alboetan (adib. 0 eta 100 m), bai goialdean (adib. 100 m).

Mapako marrak edo ikurrak mundu errealean irudikatzen duen luzera adierazten du. Segur aski pentsatu duzue zenbat eta txikiagoa izan eskalan dagoen zenbakia, orduan eta xehetasun handiagoa izango duela gure mapak. Izan ere, gure marrazkiaren 1 cm errealitatean 2.000 cm badira, oso hedadura txikia hartzen duten aldaketa geologikoak sar ditzakegu. Alabaina, oso hedadura handiko eremuak kartografiatzean eta eskala handiagoa erabiltzean (esate baterako, eskala bat non 1 cm errealitateko 200.000 cm diren), xehetasun txiki horiek galduko ditugu eta material, prozesu eta egitura geologiko orokorrak soilik islatu ahalko ditugu.

Lan edo ikerketa geologiko bat egiten dugunean, lehenengo urratsa beti da eremuaren mapa geologikoa sortzea; izan ere, materialak eta horien historia geologikoa ezagutu behar ditugu inolako interpretaziorik egin baino lehen. Eta horrek landa laneko ordu asko eskatzen ditu: eremu osoa modu metodikoan igarotzea, arroken eta sedimentuen laginak jasotzea, materialen eta egitura geologikoen norabide eta inklinazio neurketak hartzea, eta gure koadernoetan marrazki eta ohar ugari egitea eta idaztea. Ondoren, datu horiek oinarri topografikoaren gainean irudikatu beharko ditugu, dela ohiko moduan, hots, ikusi dugun guztia eskuz marraztuz, dela modu digitalean, sartzen ditugun datuak eta behaketa puntuen koordenatuak irudikatzen dituzten programa informatikoak erabiliz.

Baina lan zaila eta neketsua izan arren, mapa geologikoei esker, milioika urteko historia zoragarriak ezagutzeaz gain (itsaso, sumendi edo oihan tropikaletara eraman gaitzakete), gure geografiako baliabide natural baliotsuenak eta beharrezkoenak ere ezagut ditzakegu.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko martxoaren 30ean: Mapas geológicos, mucho más que lienzos de colores.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Mapa geologikoa, koloretako mihisea baino askoz gehiago appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako

lun, 2023/06/19 - 09:00

Mahastizaintzan oso ohikoak dira tratamendu kimikoak. Hauek murrizteko edo ordezkatzeko balio lezaketen estrategia ekologikoen bila dabiltzate UPV/EHU eta IFAPA institutua buru dituen SEAWINES proiektuan. Honetan, alga inbaditzaile batek mahatsondoen defentsa-mekanismoak nabarmen aktibatzen eta indartzen dituela frogatu berri dute. Ikerketa gehiago behar badira ere ikusitakoa landa-eremuan berresteko, ikertzaileak baikor agertu dira alga horren estraktuak izan dezakeen etorkizunarekin.

2030. urterako nekazaritzan erabiltzen diren pestiziden % 50 murrizteko helburua jarria du Europako Batzordeak. Jakina da, bestalde, mahastizaintzan bereziki ugariak direla halako produktuak, ohikoak direlako askotariko organismoen infekzioak. Hala nola mildiua eta oidioa, biak ala biak onddoek eragindakoak. Hain zuzen, bi onddo horien kontrako “alternatiba estrategiko eta ekologiko bat bilatzeko asmoz, SEAWINES proiektua abiatu genuen orain dela urtebete pasa”, dio Iratxe Zarraonaindia Martinez UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko Ikerbasque ikertzaileak.

algaIrudia: IFAPA institutuaren Rancho de la Merced zentroko mahasti bat (Jerez de la Frontera, Cadiz), non Ulva eta Rugulopteryx estraktuen inpaktua testazen ari baitira Tempranillo barietatean. (Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa)

Itsasoko makroalgak erabiltzea da proiektuaren asmoa. Azken urteetan gero eta gehiago erabiltzen dira algak nekazaritzan, frogatu baita hainbat alderditan eragiten dietela onura laboreei, hala nola haziak ernetzen, landareen hazkuntza eta osasuna areagotzen, eta ura eta elikagaiak xurgatzen hobetzen. SEAWINESen, bi algaren eragin bioestimulatzaile eta fungizida aztertzen ari dira: Ulva ohnoi, zeinaren onddoen kontrako potentziala dagoeneko ezaguna den, eta Asiatik etorri eta Mediterraneoaren itsasertzean izugarri zabaldu den Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailea. Azkeneko horren “eragin babesleari buruz ez da azterketarik egin orain arte, baina ikerketa asko daude martxan alga horren erabilerak edo aplikazioak bilatzeko. Izan ere, ehunka tona alga erauzten dira Mediterraneotik urtero, eta oso interesgarria litzateke hori guztia nolabait baliaraztea”, azaldu du ikertzaileak.

“Gure apustua izan da begiratzea alga horien estraktu batzuek zer gaitasun duten landareen defentsa-mekanismoak aktibatzeko, pestiziden alternatiba gisa, onddo patogenoa datorrenean, landarea indartsuago egoteko”, zehaztu du Zarraonaindiak. Lehendabizi, negutegietan eta kondizio kontrolatuetan egin zuten azterketa. Zehazki, Neiker Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Erakundearen berotegietan tratatu zituzten tempranillo barietateko mahatsondoak, hostoak alga-estraktu desberdinez bustiz: alde batetik, Ulva-tik erauzitako bi estraktu testatu ziren, eta bestetik, Rugulopteryx-etik erauzitako beste bi. Zenbait landarek ura besterik ez zuten jaso, kontrol gisa.

Tratamenduen ondoren, hosto-laginak hartu eta analisi ugari egin zituzten tratamendu bakoitzaren eragina aztertzeko. Honela laburbildu du ikertzaileak aurkitutakoa: “Emaitza positiboenak Rugulopteryx okamurae alga inbaditzailetik ekoitzitako estraktuetako batekin lortu genituen. Ikusi genuen estraktu horren tratamenduaren ondorioz landarean areagotu egin zirela, besteak beste, erresistentzia-geneen espresioa eta entzima antioxidatzaileen jarduera. Hostoen gainazaleko mikrobiotan, halaber, behatu genuen landareari kontrol biologikoan lagungarri zaizkion onddo batzuk ugariagoak zirela Rugulopteryx-en estraktua jaso zuten landareetan”.

Lortutako emaitzek ez dute ezustean harrapatu Zarraonaindia. “Azken batean, espezie inbaditzaile bat izanik, pentsatzekoa da gaitasun edo ezaugarriren bat izango duela hainbeste aurrera egiten lagunduko diona, bai eta beste espezieak hain eraginkortasun handiz desplazatzen ere”.

Kondizio errealetan emaitzak berresteko lanetan

“Zirraragarritzat” jotzen ditu ikertzaileak lortutako emaitzak, nahiz eta jakitun izan “lehen emaitzak bakarrik” direla. Hiru urteko proiektua da SEAWINES, eta alga inbaditzailearen potentzialaren neurketa ahalik eta osoena izateko helburuz, negutegi-kondizioetan lortutako emaitzak landa-kondizioetan berresteko lanetan hasi dira: “Jerez eta Errioxako mahastietan testatuko ditugu alga-estraktuak, tokian tokiko kondizioetan. Gainera, ardogintzaren fase guztietan egingo dugu eraginaren jarraipena, hau da, ikusi nahi dugu bioestimulazioaz eta onddoen kontrako eraginaz aparte zer eragin duten tratamendu hauek mahatsaren eta ardoaren kalitatean”, argitu du.

“Gogotsu gaude Rugulopteryx algak zer erabilera izan dezakeen ikusteko. Izugarria litzateke ingurunetik kendu eta mahastizaintza indartzeko baliatzea; ekonomia zirkularraren primerako adibidea litzateke”, dio bukatzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Itsasoko alga inbaditzaile baten estraktua mahatsondoen defentsa-mekanimoen akuilu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zarraonaindia, Iratxe; Cretazzo, Enrico; Mena-Petite, Amaia; Díez-Navajas, Ana M; Pérez-López, Usue; Lacuesta, Maite; Pérez-Álvarez, Eva Pilar; Puertas, Belén; Fernandez-Diaz, Catalina; Bertazzon, Nadia; Cantos-Villar, Emma (2023). Holistic understanding of the response of grapevines to foliar application of seaweed extracts. Frontiers in Plant Science 14. DOI: 10.3389/fpls.2023.1119854

The post Alga inbaditzaileak mahastizaintzarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #443

dim, 2023/06/18 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bihurkari

Klima-aldaketa

Lur gogorretako mikroorganismoak inokulatzeak landareen erresilientzia handitzen du klima-aldaketaren aurrean. Lurzoru zailak deitzen zaie oso hotzak, lehorrak, edo beroak diren substratuei, landareek bertan hazteko zailtasunak baitituzte. Alabaina, badaude lortzen dutenak, eta landare horiek lurzoruko mikroorganismoei esker eskuratzen dituzte hazteko behar dituzten mantenugaiak. Honen harira, ikerketa honetan frogatu dute mikroorganismo horiek, beste leku batzuetan txertatuta, toki horietako landareei mantenugaiak lortzen laguntzen dietela. Ikertzaileek pentsatzen dute aurkikuntza hori oso baliagarria izan daitekeela klima-aldaketaren eraginen aurrean landareek erresilientzia handitzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Munduan gero eta urtegi gehiago daude baina gero eta hutsago. Ondorio horretara iristeko mundu osoko urtegietako erreserben hogei urtetako bilakaera aztertu dute satelite irudiak erabiliz. Ikusi dute ur erreserbak urtean 28 km3 inguru handitu direla, urtegi berriak eraiki direlako, baina, orotara, urtegien edukieraren eta gordetzen duten uraren arteko proportzioa gero eta txikiagoa da. Gainera, ikusi dute Hego Amerikako eta Afrikako urtegietako erreserbak direla gehien jaisten ari direnak, eta Ipar Amerikan eta Europan, berriz, oro har, gero eta beteago daudela urtegiak. Datuak Elhuyar aldizkarian: Munduko urtegiak: gero eta gehiago, baina gero eta hutsago.

Produktuen prezioan karbono-tasa agerian jartzeak kontsumitzaileek gehiago erostea eragiten du. Hala frogatu dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean egindako zenbait esperimentuk. Beraz, espero zenaren kontrako emaitza lortzen da kontsumitzaileari zergaren kostua agerian jartzen bazaio. Ikertzaileen ustetan, emaitza paragojiko honen azalpena izan daiteke kontsumitzaileek zerga ordaintzea positibotzat jotzen dutela, eta moduren batean moralki justifika dezaketela produktu kutsagarriak erostea, gehiago ordaintzearen truke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Produktuetan karbono-tasa erakustearen eragina.

Astronomia

3200 Phaethon izeneko asteroidea 6 km-ko diametroa duen gorputz txiki bat da, eta 1983ko abenduan aurkitu zen. Asteroideen barruan, Phaethon asteroide aktiboenen kategorian dago, Eguzkira gerturatzean kometek duten antzeko adats bat garatzen baitu. Azterlan berri baten arabera, adatsaren osagai nagusia gas egoeran dagoen sodioa da. Ikertzaileen esanetan, asteroidea Eguzkitik gertuen dagoenean azalaren tenperatura altuen ondorioz eratzen da adats hori. Datuak Zientzia Kaieran: Phaethonen adats bitxia.

Entzelado izeneko Saturnoren ilargian fosforoa aurkitu dute, eta horrek bizia izateko probabilitatea handitu du. Cassini zundak lortutako datuen arabera atera dute ondorio hori. Lurrean dugun bizitza-motarako karbonoa, hidrogenoa, nitrogenoa, sufrea, oxigenoa eta fosforoa dira elementu gakoak; lehen bostak aurkitzea nahiko arrunta da, baina fosforoa oso urria da espazioan. Elementu horren presentziaz gain, Entzeladok baditu bizitza izateko beste ezaugarri garrantzitsu batzuk. Besteak beste, konposatu organikoak aurkitu izan dituzte, baita jarduera bolkanikoaren zantzuak eta ur likidoarena, azaleko izotz-geruzaren azpian. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Hizkuntzalaritza

Kristina Bilbao hizkuntzalariak egitura bihurkari eta elkarkarien inguruan hitz egin du Zientzia Kaieran. Egitura bihurkariek norbere buruari erreferentzia egiteko balio dute, eta egitura elkarkariek, bestalde, elkarrekikotasun harremana adierazten dute. Euskaraz, bi motatako egitura bihurkari eta elkarkariak eraiki daitezke: iragankorrak edo bi argumentudunak, eta iragangaitzak edo argumentu bakarrekoak. Honen inguruan, euskarak badu berezitasun bat: egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak ere sor daitezke. Halakoa da, adibidez, (ni) ispiluan ikusi naiz egitura. Hipotesi nagusiaren arabera, boz izeneko mekanismo bati esker hasi zen egitura honen erabilera. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzak euskaraz.

Bilogia

Adrian Bozal-Leorri Ingurumen-agrobiologian doktorea (UPV/EHU, UPNA/NUP) eta gaur egun Margarita Salas doktoratu ondoko kontratu batekin ari da garien onurak ikasten. Udako Euskal Unibertsitateko webgunean egin dioten elkarrizketan nitrifikazioaren inhibitzaile biologikoak (BNI) sortzeko gaitasuna duten gari berriei buruz azalpenak ematen ditu.

Zoologia

Orain arte, pentsatu izan da oskoldun arrautza giltzarri izan zela ornodunek uretatik lehorrera egiteko. Bada ikerketa batek, 51 espezie fosil eta 29 espezie bizi aztertuta, ondoriozta du lehorreko ornodunen lerro ebolutibo nagusien (narrasti, hegazti eta ugaztun) arbasoek ez zutela arrautzarik jartzen, eta enbrioiak amaren barruan garatzen zirela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #443 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #451

sam, 2023/06/17 - 09:00
Eric Smalley, TCUS; Biodiversity Heritage Library/Flickr; Taymaz Valley/Flickr, CC BY-ND

Botika ezagun bati aplikazio berriak aurkitzea oso ondo dago. Repurposing ponatinib for ALT-specific minority types of recurrent tumors José R. Pinedak egina

Pentsaezina zen duela urte batzuk. Lotura kimiko bat zehaztasun harrigarriz nola hausten den “ikustea” lortu dute: Tracking C–H bond activation with unprecedented resolution

Sare sozialak, fake newsak eta biztanleria orokorraren irizpide kritikorik eza (komunitate zientifikoa barne) konbinatuz gero, hori guztia modu pertsonalizatuan erabiliz adimen artifizialak lor dezakeena dardarka hasteko da. How artificial intelligence language models could take over elections

Propietate kuantiko topologikoetan oinarrituta, erabilera teknologikoko materialak diseinatzeko gai izateak ez du misteriorik DIPCko jendearentzat: Engineering high Chern number materials

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #451 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marian Elliot Koshland, gure antigorputzak ezagutarazi zizkigun immunologoa

ven, 2023/06/16 - 09:00

COVID-19aren pandemiaren lehenengo asteetan ia egunero entzuten zen «antigorputz» hitza, gizakion immunitate sistemaren parte diren proteina horiek, kanpoko mikroorganismo inbaditzaile askorengandik –hala nola birusak eta bakterioak– babesten gaituztenak. Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarrak, hurbilekoentzat Bunny izenaz ezaguna, goitik behera aldatu zuen antigorputzen funtsezko eginkizunari buruz zegoen ezagutza. Aitzindaria izan zen, eta XX. mendeko ikertzaile handienetako bat izatera iritsi zen.

Nobel saridun baten akatsak zuzentzen

1950eko hamarkadan Marian zientziaren munduan agertu zen arte, Linus Pauling Nobel saridunaren azalpena erabiltzen zen antigorputzek mikroorganismoei aurre egiteko zuten moldagarritasun harrigarria ulertzeko. Horren arabera, antigorputz guztiak proteina berbera ziren, eta mikrobio jakin bati hurbiltzean haren formari atxikitzen zitzaizkion, horri aurre egiteko. Hala uste izan zen, harik eta gure bakteriologo gazteak untxiekin egindako lanari buruzko hitzaldi bat egin zuen arte, Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren aurrean. Bunnyk ezberdintasunak antzeman zituen antigorputzen aminoazidoen artean; ondorioz, Paulingek zioenaren kontra, guztiak ez ziren berdinak, eta hori zen haien eraginkortasunaren gakoa.

Marian Koshland1. irudia: Marian Elliot Koshland (1921-1997) biologo iparramerikarra zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Kontatzen dutenez, zalaparta handia sortu zen hitzaldiaren ondoren. Emakume ia ezezagun batek nolatan gezurtatu zezakeen Nobel saridun bat? Marian, ordea, ez zen kikildu. Galderak banan-banan erantzun ondoren, lankideen mesfidantzak deuseztatu zituen, urratsez urrats azalduz emaitza hori lortzeko erabili zituen metodo zehatzak. Azkenean, diotenez, denak altxatu egin ziren, eta txalo zaparrada handia eskaini zioten. 40 urte geroago, berebiziko garrantzia izango zuen ere genetika, biokimika eta immunologia lotzen dituen ikerkuntzan.

Marian Elliot 1921eko urriaren 25ean jaio zen New Havenen (Connecticut, AEB). Bere ama Margrethe Schimidt zen, daniar jatorriko irakaslea, eta aita, Walter Elliott, Hegoaldeko Konbentzio Baptistako erreminta-saltzailea zen. Aita oso zorrotza zen, ez zegoen zigor fisikoen aurka, eta aurreiritzi arrazista handiak zituen.

Zorte ona?

«Zorte hutsak eraman ninduen immunologo izatera», esan zuen emakume izugarri adimentsu honek zenbait hamarkada geroago, nahiz eta drama familiarrez zipriztindutako zortea izan.

Lau urte baino ez zituela, bere anaiak sukar tifoidea harrapatu zuen. Ondorioz, Bunny auzoko neska gazte batzuekin bizitzera joan zen, eta haiek oso serio hartu zuten bere heziketa. Gaixotasunaren ondorioz, asko ahuldu zen bere anaiaren immunitate sistema, eta, hortaz, infekzioak har ez zitzan, Marianek urtebeteko berrogeialdia egin behar izan zuen etxean, aitaren heziketa zorrotzaren menpe. Haren hitzetan: «Azkenean, eskolara joateko baimena eman zidatenean, argi zegoen auzokoen eta aitaren tutoretzak nire adinkideen aurretik jarri ninduela, eta segurtasun horri esker argi nuena are argiago ikusi nuen, alegia, ikastea zela ondo egiten nuen gauza bakarra».

Bigarren zorte kolpea bigarren hezkuntzan izan zuen. Bertan hiru haur juduren lagun egin zen; bere familian baino giro ikasiagoa zuten, eta, haiei esker, bere ezagutzak areagotu zituen. 1930eko hamarkadako depresio ekonomikoan bete-betean, antzerkira eta operara joaten zen haiekin, baina baita Chinatown eta antzeko lekuak esploratzera ere. «Elektronika egiten bazuten, nik ere bai; nota ona ateratzen bazuten, nik ere bai; eta metro bateko suge hertsatzaile bat hartzen bazuten, nik ere egin behar nuen», adierazi zuen testu autobiografiko batean. Bitartean, aitaren anbizioa zen «dama» bihur zedin, hau da, etxekoandre on bat, baina bere lagunek intelektualki akuilatzen zuten. «Horrela, ihes egin nuen neskato bat izatearen ohiko presioetatik».

Ikasketak egin nahi zituenez baina bere familiak urrutira bidaltzeko dirurik ez zuenez, Vassar College aukeratu zuen, New Yorkeko Poughkeepsie herriko unibertsitate pribatu bat, bertan beka bat lor zezakeela esan baitzioten. Gastuak ordaintzeko, idazkari lanetan aritu zen. Eta orduan iritsi zitzaion hirugarren zorioneko zirkunstantzia: bertan zeraman bigarren urtean Catherine Dean irakaslea iritsi zen, immunologian espezializatua, eta patogenoei aurre egiteko gai zieten antigorputzen ikerketaren jakin-mina piztu zion (bere ibilbidearen erdigune bihurtu ziren).

Baina Vassar ez zen berarentzako lekua. Hala, gau batean Chicagora zihoan autobus bat hartu zuen, eta Medikuntzan matrikulatu zen hango unibertsitatean. Geroago, bakteriologian espezializatu zen. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran, Chicagoko Unibertsitatea tropen gaixotasunak kontrolatzeko ikerketa zentro bihurtu zen, eta, gainera, bonba atomikoaren garapenean parte hartu zuen. Izan ere, ikasketak egin bitartean, Marian lanean aritu zen Ekialde Urrunean zeuden tropak koleratik babesteko ahotiko txertoa ikertzen zuen taldearekin. Talde horrek aurkikuntza garrantzitsuak egin zituen antigorputzei buruz, eta horiek geroago baliatu ziren poliomielitisaren aurkako ahotiko txertoa garatzeko.

Ezkontza Levi Straussen oinordekoarekin

1943an lizentziatu zen Chicagon, eta bertan ezagutu zuen ere Daniel E. Koshland Jr. biokimikaria eta Levi Strauss XIX. mende amaierako lehen galtza bakeroen sortzailearen fortunaren oinordekoa. Danielekin, 1945ean, urtebete eman zuen Tennesseen arma nuklearrek sortutako erradiazioaren ondorio biralak ikertzen, Manhattan Proiektuaren barruan. Hurrengo urtean ezkondu ziren, eta Chicagora itzultzea erabaki zuten. Bertan, Immunologian doktoratu zen Marian hiru urte geroago. 28 urte zituen.

Lekukotza batek testuinguruan kokatzen du zeinen zaila zen garai hartan Bunnyrentzako eta beste emakume batzuentzako ibilbide akademiko bat egitea, aurretik lan zientifikoa egin arren. Bere koinatuak kontatu zuen Marianen irakasleak ez ziola doktoregoa eman nahi garai hartan haurdun zegoelako, eta uste zuelako ez zuela baliatuko, haurra zaindu behar baitzuen.

Bost seme-alaba eta patu bat

Doktoratu ondoko beka batekin Bostonen bi urte eman ondoren, 1950eko urteen hasieran zientzialari bikoteak lana aurkitu zuen Brookhaven Laborategi Nazionalean, Uptonen (New York), eta bertan aritu zen Marian 13 urtez, gehien interesatzen zitzaiona ikertzen. Baina zerbait gertatu zen. Ordura arte, ohiko ibilbidea egin zuen: ezkontza, graduondoko eskola, bi seme-alaba, doktoratu ondokoa… Eta bere karrerari dedikazio osoa eskainiko ziola barneratu zuen pozez, baina ustekabeko konplikazio bat sortu zen, alegia, bikiak jaio ziren. Horrek esan nahi zuen familian, bat-batean, bost urtetik beherako lau haur zeudela. Eta zalantzak piztu zitzaizkion: Ama ona eta immunologo ona izan zitekeen, aldi berean? Zorionez, amatasunean bakarrik jardutea erabaki zuenean, Danielek sinetsarazi zion ezin zituela bere ikerketak baztertu, zientzian lanaldi partzialean aritu arretan, beste batzuek lanaldi osoan egiten zutena baino gauza garrantzitsuagoak egiteko gauza zela. Eta kasu egin zion.

Marian Koshland2. irudia: Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. (Argazkia: swiftsciencewriting – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Gure antigorputzen dibertsitatea

Hain zuzen ere, Uptonen zegoela, Marianek hitzaldi bat egin zuen antigorputzen dibertsitateari buruz egin zituen ikerketa sakonak aurkezteko, eta ziurtzat uste zena desmuntatu zuen. 1960ko urteetan ildo horretan jarraitu zuen, antigorputzak osatzen zituzten aminoazidoak eta haien arteko desberdintasunak aztertzen.

Daniel ezaguna zen biologia molekularrean egindako lanengatik eta, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) postu bat eskaini ziotenean, bizi ziren herri txikian familia oso finkatuta egon arren, aukera hori aprobetxatzea erabaki zuten. Zenbaiten mesfidantza gorabehera, Bunnyk ere lortu zuen lanaldi partzialeko ikertzaile lanpostu bat unibertsitate berean 1965ean, baina 1970era arte ez zuen lanaldi osoko plaza lortu.

Bere ikerketen aitortza geroago iritsi zitzaion. 1982. eta 1989. urteen artean, Mikrobiologia eta Immunologia Saileko burua izan zen, Berkeleyn. Zientzia Elkarte Estatubatuarreko batzordeko kide ere izan zen, eta Biologia Esperimentaleko Elkarte Estatubatuarren Federazioaren Zientzietako Bikaintasunaren inaugurazio saria irabazi zuen. Horrez gain, omendu egin zuen Immunologoen Elkarte Estatubatuarraren Zientzietako Emakumeen Estatuserako Batzordeak.

Zorroztasuna aldarri

Marian Elliot Koshlandek ez zion inoiz ikasteari utzi. Bere ibilbidearen bukaeran ia-ia, DNAri buruzko ikerketen ahalmena ulertu zuen, eta urte sabatiko bat eskatu zuen David Baltimoren laborategian lan egiteko eta teknika genetiko berriak ezagutzeko. Ondoren, bere laborategira eraman zituen, klonazioa kasu, antigorputzei buruzko esperimentuetan erabiltzeko. Berarekin lan egin zutenek nabarmentzen zuten izugarri zorrotza izateko grina zuela; horrek emaitzen argitalpena atzeratzen zuen, eta zenbait arazo sortu zizkion bere taldekideekin.

Bunny 1997ko urriaren 28an hil zen, biriketako minbiziak jota. Bere izena ez ahazteko, bere senarrak Marian Koshland Zientzia Museoa sustatu zuen Washingtonen. Museoa zabalik egon zen, zientziari eskainia, 2004. eta 2017. urteen artean. Halaber, bere izena daraman ikerketa zentro bat sortu zuten Haverford Collegen. Bere seme-alabetako bi, Catherine eta Douglas zientzialariek han ikasi zuten, hain zuzen ere.

Marian Koshland3. irudia: Marian Koshland Zientzia Museoa, Washingtonen. (Argazkia: Williamborg – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia)

Bere bizitzaz aritzean, nahiago zuen hitz egin haurtzaroan lagun onak eduki izanaren, bere jakin-mina eta sormena sustatu zuten irakasleak aurkitu izanaren eta bikotekidearen laguntza eduki izanaren zorte onaz, baina onartzen zuen ere trabak izan zituela, bere senarrak izan ez zituenak. Adibidez, Chicagoko irakasle batek esan zion ikasle ona zela, baina emakume izategatik kontraturik izango ez zuela; departamentu bateko buruak esan zion ez zuela inoiz inoren emaztea kontratatuko, ezta atezain batena ere, beste lan bat bilatzera animatuz; eta lankide immunologoek, Marianen aurkezpenen ondoren, inolako frogarik gabe, ziurtatzen zuten bere datuak ezin zirela erreproduzitu, bere aurkikuntzen aitortza atzeratuz. Eremu zientifiko batzuetan oraindik ere dirauten tik horiek konpentsatzeko, gizonezko lankide eta nagusien laguntza jaso zuen eta dirua utzi zioten lanerako behar zuena erosteko, eta aurrera egitera animatu zuten. Azkenean, benetako azalpena eman zigun gure bisitari desiraezinenak kontrolatzeko moduari buruz, haiei aurre egiteko benetan baliagarria dena.

Erreferentzia bibliografikoa:

Allison, Jim (1998). In Memoriam Marian Koshland 1921-1997. The Journal of Immunology, 161, 545-546. DOI: 10.4049/jimmunol.161.2.545

Iturriak: Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urtattilaren 24an: Marian Elliot Koshland, la inmunóloga que nos descubrió cómo eran nuestros anticuerpos

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Marian Elliot Koshland, gure antigorputzak ezagutarazi zizkigun immunologoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages