S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 44 sec

Asteon zientzia begi-bistan #450

dim, 2023/09/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Psikologia

Ibane Aizpurua psikoneuroimmunologiako ikertzailea, eta tesia egiten dabil gai horren inguruan. Psikoneuroimmunologia da prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia. Aizpuruak zehazki bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu. Bere esanetan, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek osasunean duten pisua. Datuak Zientzia Kaieran: Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu”.

Klima-aldaketa

Apirilean ozeanoen batez besteko tenperaturaren errekor guztiak hautsi ziren AEBetako Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak (NOAA) argitaratutako txosten baten arabera. Jon Saenz Agirre EHUko Fisika saileko irakasleak  ozeanoen eta atmosferaren arteko loturak ikertzen ditu, eta bere esanetan, ozeanoaren berotzearen erantzule nagusia karbono dioxidoa da. Karbono dioxidoak uhin-luzera luzeko energiaren fluxua handitzen du ozeanoan, ondorioz, energia gehiago hartzen du. Prozesu horrek itsas maila igotzea eragingo du, zabaltze prozesuaren eraginez eta baita izotza urtzearen eraginez. Informazio gehiago Berrian.

Teknologia

Hondakin plastikoak erabiliz xaboia egiteko metodoa garatu dute AEBtako Virginia Tech unibertsitatean. Zehazki, sulfaktanteak sintetizatzea lortu dute plastikoetatik eratorrita, eta azaldu dute substantzia horietatik xaboia, detergentea, eta balio handiko beste produktu batzuk ere lortu daitezkeela. Polietilenotik xaboia lortzeko prozesuan zehar, polietilenoa deskonposatu eta argizariak lortu dituzte. Ondoren, saponifikazioaren eta beste prozesu batzuen bidez, xaboia lortu dute emaitza modura. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

Naturan aurki daitezkeen egiturak, matematikoki, modu jakin batean erlazionatutako zenbait kurbaren multzoak dira. Egitura horien adibide dira, esaterako, maskorrak. Maskorrak helize koniko batean zehar tamainaz handitzen doan kurba itxi eta leun bat marrazten lortzen diren gainazalak dira. Egitura hauek itsas hondoko presio altuak jasaten dituzte, eta baita olatuen talkak eta harraparitza ere. Dituzten propietateengatik interesgarria da naturako egitura hauek eta beste hainbat imitatzea. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara.

Osasuna

Magnetospirillum gryphiswaldense bakterioa eraldatu dute diagnostiko klinikoetan erabiltzeko. Bakterio hau ezaguna da magnetita-kristalak sintetizatzen dituelako, eta EHUren Magnetismoa eta Material Magnetikoak Taldeko ikertzaileek bakterio hau erabiltzea lortu dute, eremu magnetikoen bidez, tratatu beharreko lekura eramateko. Horretarako, bakterioa eraldatu dute haren hazkuntza-ingurunean elementu metalikoak  gehituta. Terbioa (Tb) eta gadolinioa (Gd) gehitu dizkiote, eta horrela, bakterioa fluoreszente eta kontraste bikoitzeko agente bihurtzea lortu dute. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Paleontologia

Aranzadi Zientzia Elkarteak neandertalen arrastoak aurkitu ditu San Adriango kobazuloan. Harrizko tresnak eta jandako animalien hezurrak topatu dituzte, eta horietan oinarrituta, arkeologoek ondorioztatu dute duela 40.000 urtekoak direla gutxienez, eta neandertalen presentzia baieztatzen dutela koba horretan. Neandertalen arrastoak aurkitu dituzten lekurik garaiena da. San Adriango kobazuloa Zegamako aldetik ixten duen harresi bat dago, eta estalita zegoen lurraren azpian. Hura garbituta ikusi zuten pentsatzen zutena baino altuagoa zela harresia, zazpi metrokoa. Bertan metatutako sedimentuak arakatuz egin dute aurkikuntza. Informazio gehiago Gara egunkarian eta Elhuyar aldizkarian topatu daiteke.

Ingurumena

Ikerketa berri batek aztertu du zein arrazoik eragiten duten espezie jakin batzuek besteek baino arreta gehiago jasotzea. Hau ikertzeko, 3.007 espezie eukarioto hartu dituzte kontuan, ausaz hautatuak; tartean, animaliak, landareak eta onddoak. Eta begiratu dute zer erlazio dagoen interes sozialaren eta zientifikoaren artean, eta zenbaterainokoa den bakoitzari ematen zaion arreta zientifikoa. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Ziortza Guezuraga kazetariak urpean aurki daitezkeen armiarmen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Animalia horietako bat da Trechalea extensa armiarma tropikala. Zientzialariek ikusi dute armiarma horrek dituen ile moduko egitura lodietan aire-geruza bat sortzen duela, eta geruza horren bidez, gai da ur azpian arnasa hartzeko. Gainera, geruza horrek bero-galera handia eragozten du. Beste espezie  batek, Argyroneta aquatica aire-burbuila bat eraikitzen du urpeko landareetan eta bertatik hartzen du airea arnasa hartu ahal izateko.

Astronomia

Izar-mota berri bat aurkitu dute HD 45166 izar bitarraren azken behaketatik abiatuta. Ikertzaileek uste dute magnetarren jatorria izan daitekeela. Magnetarrak hildako izarrak dira, dentsitate oso handikoak, eta eremu magnetiko indartsukoak. Izar horien jatorria ez zegoen argi, baina aurkikuntza honek lagun dezake zalantza hori argitzen. Aipatutako izar bitar horren behaketatik ondorioztatu dute izarretako bat Wolf-Rayet motakoa dela; bi Eguzkik halako masa du, eta eremu magnetiko oso handia. Izar horren eboluzioaren simulazioa egin dute, eta litekeena da supernoba baten modura lehertu eta magnetar bilakatzea. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Soziologia

Ikerketa berri batek gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu du. 140 herrialdetako biztanleekin egin dute azterketa, eta 2000 eta 2019 urteen artean aisi-denboraren eta lan-denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Ekintza guztiak hiru multzo handitan bildu dituzte, eta, era berean, 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lortutako emaitzen arabera, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu. Esnatuta gaudenean, berriz, gure burua zaintzeari eskaintzen diegu denbora gehien, hau da, giza adimenarentzat edota gorputzentzat emaitza zuzenak lortzeko jardueretan. Gainontzeko orduak mundua aldatzera, gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen ditugu. Datuak Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #450 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #458

sam, 2023/09/02 - 09:00


Zenbaterainoko harremana dago populazio bateko hizkuntzaren eta haren herentzia genetikoaren artean? Zure erantzuna edozein dela ere, norbait egongo da horren kontra. Baina, zer dio zientziak? Linguistic and genetic inheritance do not always match. Egilea: Juan F. Trillo.

Fotoi ilunak zokoratuak izaten ari dira. Existitzen badira, noski. Unprecedented sensitivity in an experimental setup for dark photons

El Niño fenomenoaren ondorioz, hainbat klima-aldagairen balio kritikoak gaindi daitezke, eta ezin da aurreikusi zer ondorio izango diren. What El Niño means for the world’s perilous climate tipping points, David Armstrong McKay.

Ez dakizula mekanismoa materia kondentsatuaren fisikaren eremurik hutsalenetako bati aplikatzen zaion, inork ez duelako esperimentalki lortu? Ez kezkatu, DIPCko jendea horretan dabil: Validity of the Kibble-Zurek mechanism for Ising domains

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #458 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu”

ven, 2023/09/01 - 09:00

Miamin harrapatu dugu Ibane Aizpurua Pérez, han baitabil ikertzen. Aitortu duenez, asko eskertzen du hango eguraldia eta giroa, aukera ematen baitio paseatzeko eta bainu bat hartzeko, adibidez, unibertsitatetik atera ondoren.

Aizpurua tesia egiten ari da, eta psikoneuroimmunologian ikertzen duen lantalde batean egonaldia egitera joan zen Miamiko Unibertsitatera. Eta, kalean ez ezik, unibertsitatean ere oso gustura dabil. “Unibertsitateko giroa, profesionalki, lan-orduetan, erritmoetan eta abar, Euskal Herriakoaren antzekoa da. Hala ere, kulturalki, badaude aldeak. Esaterako, hemen ez dute etenik egiten bazkaltzeko edo kafea hartzeko, eta, beraz, lankideon artean, ez dira sortzen han izaten ditugun tarteak”.

Ibane AizpuruaIrudia: Ibane Aizpurua Pérez psikoneuroimmunologiako ikertzailea.

Eta zertan datza psikoneuroimmunologia? Horrela azaldu du Aizpuruak: “Prozesu psikologikoen, eta nerbio- eta immunitate-sistemen arteko elkarreragina eta horrek osasunarekin duen erlazioa aztertzen duen zientzia da”. Horren barruan, bularreko minbiziaren biziraupenarekin erlazionatutako faktore psikosozialak ikertzen ditu Aizpuruak: “zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartze batek estresarekin erlazionatutako zenbait aldagai psikologiko eta biologikoetan duen efektua aztertzen dut”.

Haren esanean, orokorrean, ulertzen da estresak gure gorputzean eragin kaltegarria izan dezakeela. “Baina zein da estresa eta osasuna konektatzen dituen sistema? Badirudi immunitate-sistemak hor zeregin oso garrantzitsua jokatzen duela. Azken finean, prozesu psikologikoek eta gure defentsek elkarreragin sinbiotiko bat dute. Oso diziplina handia da, oso ahaltsua, eta diziplinartekotasun handia dago, eta ni pila bat kitzikatzen nau, eta pila bat gustatzen zait ikerketa-lerro hau”.

Miamiko egonaldian, zehazki, hango konderrian bularreko minbiziaren diagnostikoa jaso duten pazienteekin dabil ikertzen. “Gabezia sozio-ekonomikoak, estres-faktore gisa, pazienteen egokitzapen psikologikoan eta fisiologikoan duen eragina aztertzen dut, adibidez, kortisolaren neurketaren bidez (estresaren hormona). Eta ikusten ari gara, bularreko minbizia duten talde behartsuetan, zein diren esku-hartze psikologikoen aldagai onuragarriak”.

Aizpuruaren ustez, esku-hartzeak diseinatzerakoan, ezinbestean hartu behar da kontuan faktore sozioekonomikoek eta kulturalek duten pisua, eta geroz eta ikerketa gehiago egiten ari dira ildo horretan.

Ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna, funtsezkoak

Aizpuruak gogora ekarri du nola sartu zen bera horretan: “[EHUko] Psikologia fakultateko Psikobiologia taldean ari naiz egiten tesia. Hasiera batean, psikologia ikasten hasi nintzenean, argi neukan prozesu psikologikoen eta osasunaren arteko lotura edo erlazioa interesatzen zitzaidan. Eta Psikobiologia taldeak hori zehazki aztertzeko aukera eman zidan“.

Orain, gizarte-laguntzek estresaren modulazioan, eta horrek alderdi psikosozialaren eta osasunaren arteko elkarrekintzan duen eragina ikertzen ari da. “Jakinda gizarte-laguntzak tresna bat direla, haien eragina ezagututa, ahalik eta onura handiena sortzera bidera daitezke. Eta horrekin prebenzio-lan nabarmena egin dezakegu, minbiziaren arloan edo beste hainbat arlotan”, azaldu du.

Osasun-sistemek, izan publikoak edo pribatuak, ez dituzte zerbitzu berdinak eskaintzen leku guztietan, baina, hori hala izanik ere, Aizpuruaren iritziz, galdera da zer egin dezaketen ikerketek ematen duten informazioarekin. “Adibidez, Miamiko konderrian, baldintza sozioekonomiko apalenak dituzten lekuetan, minbizia dutenen biziraupena txikiagoa dela ikusten ari dira lantaldeko ikertzaileak. Eta hori espero izatekoa zen. Baina orain arte ez zegoen enpirikoki frogatua. Orain hurrengo pausoa da zer egiten dugun informazio horrekin“.

Bukatzeko, Psikobiologia taldeko bere kideen babesa eta laguntza eskertu du, eta azpimarratu du tesia eta egonaldia egiteko funtsezkoak direla ikasten jarraitzeko gogoa eta irmotasuna. Dagoeneko, idazten ari da tesia, eta hilabete gutxi barru aurkeztuko du. Horren ondotik, ez du zalantzarik: ildo berean ikertzen jarraitu nahiko luke; hori da bere asmoa eta helburua.

Fitxa biografikoa:

Ibane Aizpurua Pérez Hernanin jaio zen, 1993an. Psikologiako gradua egin ondoren, Neurozientzietako masterra egin zuen, eta, jarraian, Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Sailean tesia egiten hasi zen. Orain, horren barruan, egonaldia egiten ari da Miamiko Unibertsitatean, psikoneuroimmunologiaren arloan. Zehazki, bularreko minbizia duten emakumeetan, gizarte-laguntzako esku-hartzeek estresean, eta horrek osasunean duen eragina ikertzen ari da.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ibane Aizpurua, psikoneuroimmunologiako ikertzailea: “Prozesu psikosozialen eta osasunaren arteko elkarreragina ezagutu nahi dugu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (5): triangelua

mer, 2023/08/30 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bosgarren ariketa:

ABC triangelu aldeberdina da eta M, BC aldeko puntu bat. M puntutik BC aldearen zuzen perpendikularrak P puntuan ebakitzen du AC aldea eta Q puntuan AB aldearen luzapena. Izan bedi N, MQ zuzenkiaren erdiko puntua. Baldin PC = 2 cm eta BN = 7 cm badira, zenbat da BC aldearen luzera?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

triangelua(Argazkia: Karolina Grabowska – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (5): triangelua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Urpeko… armiarmak?

lun, 2023/08/28 - 09:00

Eguraldiak lagunduta, urpekaritza egitera goaz gaur. Jantzi neoprenoa, hartu hornidura eta, uretako betaurrekoak ahaztu barik, urpera!

Normalean, gure kostaldean, txibiak, olagarroak, ikaraioak eta baita ataloak ere ikus ditzakegu urpean. Baina gu ez gatoz honetara. Armiarmak ikustera gatoz gu. Bai. Armiarmak. Urpean. Eta bai. Armiarmak. Pluralean. Batek baino gehiagok baitu urpean ibiltzeko gaitasuna. Ibili baino, igeri-edo.

armiarma1. irudia: armiarma batek baino gehiagok du urpean ibiltzeko gaitasuna. (Argazkia: Pixabay – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Armiarma lurtarrentzat urperatzeak kostu handia dakar: tenperatura-jaitsiera handia dago, jateko modurik ez da izaten, harrapari ugari dago… Eta, noski airerik ez dago. Eta armiarmek ez dute brankiarik. Urpean ibiltzeko, beraz, estrategia bereziak garatu behar izan dituzte. Gizakiok bezala.

Airezko neoprenoa sortzen dute batzuek…

Zer eta iletsua izatea baliatuta, batzuek. Trechalea extensa armiarma tropikala dugu protagonista istorio honetan. Zehazki, guretzat Tretxa izena izango duen indibiduoa, zientzialariek indibiduo batean baino ez baitute ikusi jokabide hau.

Tretxa gaixoa traumatizatuta lortu dute zientzialariek esklusiba, paparazzi okerrenen modura. Kontua da gure Tretxa lasai asko zegoela errekatxo baten ondoan zegoen harkaitz batean, bere jaioterria den Costa Rican. Zientzialariak heldu ziren orduan, dena aztertzeko duten grinarekin eta Tretxa harrapatzen saiatu ziren.

Normala den moduan, gure Tretxa ikaratu egin zen eta ihesari ekin zion. Nora eta ur azpira. Di-da batean ur azpian 25 zentimetro ingurura zegoen harri baten azpian ezkutatu zen. Zenbat denbora eman zuela uste duzue? Minutu bat? Bost minutu? Hamar? Ezta hurrik eman ere. 32 minutu egon zen gure Tretxa ur azpian bizitza salbatu nahian.

Baina airea behar eta uretatik atera behar izan zen. Finago ibili ziren zientzialariak orduan eta gure Tretxa gaixoa harrapatzea lortu zuten. Abentura osoa, dena den, bideoan grabatu zuten eta zenbait argazki ere atera zituzten.

Material horri esker armiarmaren murgilaldia analizatu ahal izan dute zientzialariek. Egin dituzten behaketen arabera, dituen ile lodiei zor die Trexak urpean egoteko duen gaitasuna. Bai, bai. Gorputzean dituen ileei esker. Depilazioa planteatu ere ez, gure Tretxak.

Ile hauek, egia esan, ez dira ileak. Ile moduko egiturak dira, gorputzean zehar banatuta dituenak. Egitura horiek egiten dutena zera da: aire-geruza bat harrapatzen dute armiarmaren inguruan, gorputz osoan neoprenoa jantziko balu bezala.

Ikertzaileen ikuspegia zuzena bada, armiarma ez da bustiko eta bero galera handia eragotziko du horrela. Honetaz gain, zientzialarien ustez, armiarmaren arnas-aparatua airez inguratuta (eta, beraz, uretatik babestuta) geratuko litzateke.

Ez hori bakarrik, armiarmen metabolismo tasa baxua kontuan izanda, posible litzateke aire geruzak ahalbidetzea urpean dagoen bitartean oxigenoa kontsumitzea. Are gehiago, urpean tenperatura baxuagoa denez gero, armiarmaren metabolismoa ere motelduko litzateke eta, ondorioz, oxigeno-beharrak are gehiago murriztuko lirateke. Ondorioa badakizue: ordu erdi urpean inongo hornidurarik gabe.

Eta hori guztia depilatzen ez dituen ileek duten fobiari esker; hidrofobiari esker, hain justu.

Eskafandristak dira besteak

Tretxa ez bezala, gurekin batera prestatu behar da Argyroneta aquatica armiarma urperatu baino lehen. Izan ere, armiarma hauek ere “eskafandrak” erabiltzen dituzte. Ez gizakionak bezalakoak, baina. Are bereziagoak eta ikusgarriagoak, baizik.

armiarma2. iruda: Argyroneta aquatica bere brankia fisikoarekin. (A) Eskafandratik urrun dagoen armiarma baten sabeleko ile hidrofoboei itsatsitako airea. (B) Urpean igeri egiteko kanpai txiki bat, amaraun ikusezin batek eutsia, sabelaldea bakarrik onartzeko bezain handia. (C) Burbuila handi bat, azalean harrapatua eta sabelak eta atzeko hankek eutsia, urpean igeri egiteko kanpairaino garraiatzen da. (D) Eme bat urpean igeri egiteko kanpaian, kupularen azpian, bolumenaren eta gainazalaren alboko luzapena erakutsiz. (Iturria: Seymour, L. et. al.)

Kontua da Argik, gure protagonista kasu honetan, ur-burbuila bat eraikitzen duela urpeko landareetan. Bai. Irakurri duzuen moduan. Ingeniari fin-fina dugu Argi eta bere zetazko haria baliatuta kanpaia formako egitura eraikitzen du.

Sare moduko egitura baliatuta kupula-formadun egitura eraikitzen du ur-landareari itsatsita, beraz. Eta, gainera, kupulatik ur-azalera doazen filamentuak ere eraikitzen ditu. Orduan kupula airez betetzen du. Benetan. Eta ipurdiarekin egiten du gainera. Ez nabil ezer asmatzen, serio eta benetan ari naiz.

Argik, Tretxak bezala, ile hidrofobikoak ditu abdomenean. Beraz, ur-azalera irtetean, beno, irten baino, ipurdia ateratzen duenean, airea harrapatuta geratzen da, Tretxaren kasuan bezala. Kasu honetan, baina, ur burbuila sortzen da abdomen aldean eta hankekin eusten dio burbuilari.

Ur-azaletik kupulara doazen filamentuak baliatzen ditu berriro ere ur azpira joateko, airea dela eta, flotagarritasuna handitzen baita. Eta behin kupulan, aire-burbuila bertan askatzen du. Et voilà! Airez betetako eskafandra.

Armiarma mota hau ezagutu zenean, egunean hainbat aldiz azalera aire bila atera behar zela uste zuten zientzialariek. Izan ere, bizitza osoa ematen baitu ur azpian. Hasiera bateko kalkuluen arabera, hogei minutuan behin-edo irteten zela uste zen. Baina sorpresa hartu dute, ikusi baitute ipurdia uretik egunean behin baino ez duela atera behar. Trukoa du, baina: oso aktibitate baxua baldin badu eman dezake hainbeste denbora azaleratu barik. Edozein kasutan, honekin batera zera aurkitu dute: kupulak eta sareak arrainen brankiek duten mekanismo bertsua dutela. Pentsa zer nolako azpiegitura, ingeniari zibilen inbidia hemendik ikus daiteke.

Pentsa liteke, Tretxa bezala, armiarma exotikoa edo tropikala dela Argi. Baina ez da, Europan eta Asian bizi da. Eta gure Tretxa ihesean urperatu bazen, Argik bizitza osoa ematen du ur azpian. Izatez, urpean bizitza osoa ematen duen armiarma bakarra da, dakigunez.

Hortaz, albiste txarra armiarmak gustuko ez badituzue, urpean ere ez zaudete salbu.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Swierk, Lindsey; Petrula, Macy; eta Esquete, Patricia (2022). Diving behavior in a Neotropical spider (Trechalea extensa) as a potential antipredator tactic. Ethology, 128, 508–512. DOI:  10.1111/eth.13281
  • Seymour, Roger S. eta Hetz, Stefan K. (2011). The diving bell and the spider: the physical gill of Argyroneta aquatica. The Journal of Experimental Biology, 214, 13, 2175–2181. DOI: 10.1242/jeb.056093
Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko abuztuan, 242. zenbakian.

The post Urpeko… armiarmak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

2D:4D indizea: jaio aurreko hormona sexualen erakusle

ven, 2023/08/25 - 09:00

Azken urteetan aurrerapen teknologikoei esker, prozesu biologikoek eta biokimikoek animalien eta gizakion portaeran eta garapenean izan ditzaketen efektuak ikertu dira (Mikac et al., 2016). Hormonak, gorputzeko oreka eta metabolismoko funtzio anitz kontrolatzeaz arduratzen diren molekulak dira.

Funtzio nagusi horietaz gain, nerbio-sistemaren garapenean, garuneko funtzionamenduan ere eragina izan dezakete. Hortaz, hormonek garuneko egitura horietan oinarritzen diren funtzio kognitibo eta jokabideetan ondorioak gauzatu ditzakete, batez ere gizabanakoaren garapeneko bi momentutan: jaio aurreko garaian eta pubertaro garaian (Sisk & Zehr., 2005; Sisk., 2016).

Pubertaro garaiko hormona mailak modu ez inbaditzailean neurtu daitezke, esaterako listu edo ile laginak erabiliz. Jaio aurreko hormona mailak zuzenean neurtzea inbaditzaileak, ordea, garestiak eta etikoki mugak dituzten metodoak erabiltzea eskatzen du (Lutchmaya et al., 2004; Manning et al., 2014). Oztopo hauek gainditze aldera, jaio aurreko sexu-hormona mailak ezagutzeko, biomarkatzaile ez-inbaditzaile, ekonomiko eta eskuragarri baten erabilera proposatu zen: 2D:4D indizea (Manning et al., 2014).

4D indizeaIrudia: bigarren hatza laugarren hatza baino laburragoa duen eskua, 2D:4D indize bazua ematen. (Argazkia: Hand zur Abmessung – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Indize hau bigarren eta laugarren hatzetako luzera neurtzean oinarritzen da, zehazki, bigarren hatzaren luzera-balioa laugarren hatzaren luzeraren balioagatik zatitzean (Lutchmaya et al., 2004; Trivers et al., 2006; Hönekopp et al., 2007). 2D:4D indizearen eta jaio aurreko hormonen arteko loturari dagokionez, ikertzaileek ondorioztatu dute indize baxuak jaio aurreko testosterona maila altuekin eta estradiol maila baxuekin erlazionatzen direla. Gizakietan egin diren ikerketa gehienek erakutsi dute jaio aurreko androgeno eta estrogeno mailek korrelazioa dutela 2D:4D indizearekin, nahiz eta lotura honetan eragiten duten mekanismoak oraindik ezezagunak izan.

Indize hau neurtzeko metodo zuzenak (kalibrea edo erregela erabiliz) eta zeharkakoak (eskaneatutako irudiak, fotokopiak, kamera digitalen irudiak edo X izpiak) erabili izan ohi dira. Metodo zuzena hatzak kalibre edo erregela baten bitartez neurtzean da. Zeharkako metodoan, aldiz, eskuaren irudia gailu desberdinen bitartez lortzen da (eskaneatuta, fotokopiatuta, kamera digitalak edo X izpiak erabiliz) eta, ondoren, irudi horietan egiten da hatzen neurketa, kalibrea, erregela edo software espezifikoak erabiliz (Allaway et al., 20009).

Metodoen fidagarritasunari dagokionez, zeharkako metodoak fidagarriagoak direla ikusi da eta hauen artean, egokiena irudiak fotokopia bidez lortzea dela ikusi da. Behin irudiak lortuta, 2D:4D indizea kalkulatzeko, neurketak egiteko prozedurarik fidagarriena ordenagailuko programak erabiltzea dela ikusi zuen ikerketa batek (Allaway et al. 2009). Hala ere, oraindik eztabaida handia dago komunitate zientifikoan 2D:4D indizeak kalkulatzeko erabili beharreko metodoen eta hauen fidagarritasunaren inguruan.

2D:4D indizeak duen erabilgarritasuna kontutan hartuta, gai honi buruzko ikerketa gehiago egitea interesgarria izan daiteke, urria baita metodoen fidagarritasuna eta hauen arteko desberdintasunak ikertzen dituzten lanak. Gai honetan ebidentzia berriak lortzea protokolo estandarizatu bat sortzen lagundu dezake, eta, horrela, murriztu egingo litzateke 2D:4D indizearen neurketetako aldakortasuna.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: 2D:4D indizearen zeharkako neurketa: software bidezko irudien analisiaren behatzaile arteko/barneko fidagarritasuna
  • Laburpena: Sexu hormonek eragina dute garunaren garapenean, egituretan eta funtzionamenduan, eta, ondorioz, gizakion jokaeran. Haurdunaldiko hormona-esposizio mailen adierazle bat da 2D:4D indizea. Indize honen fidagarritasunaren inguruko ikerketek erakutsi dutenez, 2D:4D indizea neurtzeko metodo fidagarria da ordenagailuko irudien analisirako programak erabiltzea. Hau horrela izanik ere, ez dago adostasunik erabili beharreko programa egokienaren inguruan. Lan honen helburuak bi dira: 2D:4D ratioa neurtzeko erabili diren bi softwareen fidagarritasuna aztertzea (behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasunari erreparatuz) eta neurketen ekonomia ezagutzea. Horretarako, 11 urteko 180 parte-hartzaileren eskuetako eskanerrak jaso ziren. Neurketak irudien analisirako ordenagailuko bi programa erabiliz egin ziren (GIMP eta AutoMetrik). Emaitzek erakutsi dute, nahiz eta AutoMetrik programa bizkorragoa izan, GIMP programak behatzaile-barneko eta behatzaile arteko fidagarritasun altuagoa erakusten duela. Ondorio gisa esan daiteke 2D:4D indizearen neurketak egiteko irudien analisia erabiltzen duten metodoen desberdintasunak ikertzen dituzten lan gutxi daudenez, ikerketa gehiago egin beharko liratekeela gai honen inguruan.
  • Egileak: Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 209-220
  • DOI: 10.1387/ekaia.22912
Egileez:

Izaro Babarro, Ainara Andiarena, Eduardo Fano, Nerea Lertxundi eta Jesus Ibarluzea UPV/EHUko eta Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak dira.

Jesus Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Epidemiologia eta Osasun Publikorako biomedikuntza ikerketarako zentroen sareko (CIBERESP) ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post 2D:4D indizea: jaio aurreko hormona sexualen erakusle appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (4): pistaren luzeera

mer, 2023/08/23 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure laugarren ariketa:

Maren eta Miren pista zirkular batean korrika hasi dira, bakoitza diametro baten mutur batean. Abiadura konstantea mantentzen dute, nork berea, eta elkarren kontrako noranzkoan doaz. Lehen aldiz gurutzatzen direnean, Marenek 100 metro egin ditu. Une horretatik aurrera, Mirenek 150 metro egin dituenean gurutzatu dira berriro. Zein da pistaren luzera?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

pistaren(Argazkia: Mateusz Dach – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (4): pistaren luzeera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izan zirelako, dira

lun, 2023/08/21 - 09:00

Esfortzuari eta mugak gainditzeari buruzko istorioa dakart gaur. Zarena egin zaituena desagertu arren, aurrera jarraitzeari buruzkoa. Laguntzarik gabe aurrera egitekoa, hazteari buruzkoa. Ahuakateri buruzkoa.

Bai, bai. Guakamoleko ahuakatea. Azkenaldian entsalada eta ogi xigortu guztietan falta ezin den ahuakate hori. Bere tripontzi berdearekin. Eta, berez, desagertuta egon beharko luke.

Txoritxoak hazia hartu eta…

Loredun landarea izanik, haziak garraiatzen dituen kanpo-agentea behar dute ahuakateek. Zehatzago, polinizatzaileak behar dituzte hazia hedatzeko.

1.irudia: loredun landarea izanik, polinizatzaileak behar dituzte hazia hedatzeko ahuakateek. (Argazkia: Matthias Oben – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Eta, noski, polinizatzaileez hitz egitean, denoi datorkigu burura mamuta. Mamuta etorri zaizuelako burura, ezta? Ez zenuten pentsatuko erleek ahuakatearen hazi erraldoia toki batetik bestera eramango zutenik. Nahiz eta irudi mentala oso barregarria izan. Niri noski ez zait halakorik bururatu. Mesedez. Beno, harira. Edo hobeto, hazira.

Erreparatu diezaiogun ahuakatearen fisionomiari: pinpon edo golf pilota baten tamainako hazia, etekin handiko mamia eta azala. Oro har, oso handia. Zein animaliak jan dezake horrelako fruitua? Osorik irentsi beharko bailuke animaliak fruitua hazia garraiatzeko. Ez dirudi gaur egungo faunak jateko moduko fruitua denik. Eta ez da.

Zenozoikoaren hasieran hartu zuen ahuakateak gaur egun duen forma, Rocio Benaventek idatzitako artikuluan azaltzen den moduan. Parentesi txiki bat hemen, jatorri bitxia baitu zenozoiko izenak. Kontua da grekotik datorrela; hizkuntza horretan kainos ‘berria’ da eta, zoon, berriz, ‘animalia’. Eta hala da paleozoikoaren (animalia zaharra) eta mesozoikoaren (erdiko animalia) ostean dagoelako, irudian ikus daitekeen bezala.

2. irudia: Paleozoikoaren, Mesozoikoaren eta Zenozoikoaren denbora-lerroa.

Eta zergatik izen hauek? Paleozoikoan artropodoak, moluskuak, arrainak, anfibioak eta narrastiak garatu ziren eta Permo-triasiar heriotz masiboarekin (espezieen %95 inguru galtzearekin bukatu zen. Animalia zaharren desagerpenarekin. Mesozoikoa etorri zen orduan, dinosauroen garaia, Kretazeo-Paleogenoko heriotz masiboarekin (dinosauroen desagerpenarekin) bukatu zena. Erdiko animalien desagerpenarekin. Zenozoikoa heldu zen orduan, gaur egunera arte dirauena. Animalia berrien aroa. Bitxia, ezta?

Itzul gaitezen ahuakatera, baina. Esan bezala, zenozoikoaren hasieran hartu zuen ahuakateak gaur egun duen itxura. Eta zer animalia mota zeuden? Kontuan izanik zenozoikoa ugaztunen aroa izenez ere ezagutzen dela… Ba mamutak. Eta nagi erraldoiak (ez astelehen goizekoak, baizik eta animaliak). Eta zaldi erraldoiak. Mokadu bakarrean ahuakatea jan eta irensteko gai zirenak.

Besteren artean, hauek dira –hobe esanda, ziren– ahuakatea jan eta digestioa egin bitartean hazia garraiatzen zutenak, behin digestioa bukatuta hura kanporatzeko.

Eta horrela ugaldu eta aurrera egin zuen gure ahuakateak. Baina, noski, bizitza ez da hain erraza eta oztopo eta trabei ere aurre egin beharko zion ahuakateak gure entsaladetara iritsi arte.

Izan ere, fruitua jan eta hazia hedatzen zuten animalia erraldoi horiek desagertu egin ziren. Duela 13.000 urte inguru, zehazki. Zentzuzkoa da pentsatzea haiekin batera ahuakatea ere desagertuko zela. Azken batean, ezinbesteko zituen animalia horiek ugalketarako.

Baina gurekin dirau. Eta inoizko ospe eta onarpen gehienarekin, gainera. Zailtasunei aurre egitearen paradigma dugu. Jarraitzeko moduko eredua.

Zaharra zara, ahuakate

Galdera da: ugalketaren ezinbesteko ekintza betetzen duen animaliarik gabe, zelan lortu du 13.000 urtez bizirautea? Izan ere, ahuakateak fruituak sortu, sor ditzake, baina irentsi eta garraiatzen duten animaliarik gabe, hazia zuhaitzaren parean geratzen da eta lehiaketa zuzenean dago ama-zuhaitzarekin. Hortaz, ez da zuhaitz berririk garatuko. Zelan biziraun du horrenbeste denbora, beraz?

3. iruda: ahuakatea, mangoa eta papaia bezala, anakronismo ebolutiboen taldekoa da: jada existitzen ez diren espezieetara moldatzeko garatutako estrategiak dituzten landareak. (Argazkia: mali maeder – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Hain justu, denboran egon daiteke gakoa. 13.000 urte denbora asko da. Gizakiontzat. Ahuakateentzat, ez horrenbeste. 200-400 urtez bizi baitaiteke ahuakate zuhaitza. 13.000 urte, beraz, 32-65 belaunaldi inguru baino ez dira. Belaunaldiak denboran ondo sakabanatuta, biziraupena posible da. Horrekin batera, bestelako teoria ere badago: karraskariek haziak hartu eta lurperatu izana, haziak garraiatu eta zuhaitza garatzea ahalbidetuko luke horrek. Teoria hauei jarraiki, ahuakatea jabetu ere ez da egin oraindik jada megafaunarik ez dagoela. Ez da uste genuen biziraupenaren eta aurrera egitearen inspirazioa, beraz.

Teoriak baino ez dira, dena den. Misterioa da, zientziarentzat, zelan biziraun duen 13.000 urtez megafaunarik gabe. Homo sapiensa ahuakatea laboratzeko gai izan zenetik, biziraupena ziurtatuta izan du, hala ere.

Hori bai, etxekotu zenetik, handiagoak dira fruituak eta mami gehiago dute. Gaur egun aurkitzen diren ahuakate zuhaitz basatiek hazi handia eta mami-geruza fina dute. Gizakiek mamitsuago bilakatu dituzte laborantzaren bidez. Kilogramora ere heldu daitezke ahuakateak, pentsa.

Fruitu inspiratzaile bakarra ez da, baina. Ahuakatearekin batera hortxe dago mangoa. Baita papaia ere. Eta manioka. Beste kategoria batean sartzen dira ginkgo eta durianak. Usaintsuen kategorian, zehazki. Hauetaz hurrengo artikulu batean hitz egingo dugu, mamia badu eta. Denak dira anakronismo ebolutiboen taldekoak: jada existitzen ez diren espezieetara moldatzeko garatutako estrategiak dituzten landareak.

Eta, noski, ezin da ahuakateari buruzko artikulua bukatu ahuakate izenaren jatorriari aipamenik egin gabe: náhutl hizkuntzan zera esan nahi du ahuakate: barrabil. Eta orain azken esaldi hau, artikulua barrabil hitzarekin ez amaitzeko.

Erreferentzia bibliografikoak: Iturriak: Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko ekainean, 240. zenbakian.

The post Izan zirelako, dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hidrokarburo aromatikoen ekoizpena CO2-aren balorizazio zuzenaren bidez

ven, 2023/08/18 - 09:00

Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen etengabeko igoera gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gizartean; izan ere, horiek dira klima-aldaketaren eragile nagusiak, bereziki, CO2-a. Industria kimikoa CO2 gehien isurtzen duen eremua da.

Industria horretako ekoizpen-prozesu nagusiak optimizatzea gaur egungo erronka bihurtu da. Besteak beste, CO2-aren isurpenak ahal den neurrian murriztuz, eta, horrez gain, CO2-a bahitzen eta balio erantsiko produktuen ekoizpenean lehengai modura erabiliz; adibidez, hidrokarburo aromatikoen ekoizpenean. CO2-aren balorizazioa hidrokarburo aromatikoak ekoizteko bi ibilbide nagusien bidez egin daiteke: (i) Fischer-Tropsch sintesia eta (ii) metanola/DME bitartekari dituen sintesi-prozesua.

Fischer-Tropsch sintesia

Fischer-Tropsch (FT) sintesia, tradizioz, erregai sintetikoak ekoizteko erabili izan da, sintesi-gasetik (H2+CO) abiatuz. Horretarako, Co eta Fe katalizatzaileak dira komertzialki erabilienak. FT sintesia gertatzean, karbono monoxidoa katalizatzailearen gainazalean disoziatiboki adsorbatzen da katalizatzailearen gune aktiboetan, eta kate-hazkuntzaren bidez, sortutako hidrokarburoei karbonoak atxikitzen zaizkie, eta hidrokarburo luzeago eta astunagoak sor daitezke. Hidrokarburo aromatikoak lortu nahi den kasuetan, FT ohiko katalizatzaileak beste konposatu gehigarri batzuekin osatzen dira, zeolitekin, esate baterako.

CO-aren ordez CO2-a lehengai gisa erabiltzen denean, prozesuaren eraginkortasuna desberdina da. Prozesu horri (CO-aren ordez CO2-a erabiltzen denean lehengai gisa) MFT sintesi-prozesua deritzo (Modified Fischer Tropsch, ingelesez; hots, Fischer-Tropsch sintesi aldatua). Prozesu horretan, lehengo urrats batean CO2-a CO bihurtzen da, jarraian FT ohiko sintesia gerta dadin.

Metanola/DME bitartekari dituen sintesi-prozesua

FT sintesiak duen desabantailarik handiena hautakortasun mugatua da. Horrenbestez, oxigenatuak (metanola eta dimetil eterra, DME) bitartekari dituen bidea ikertzen ari da azkenaldian. Prozesu hori etapa bakarrean edo bi etapatan gauza daiteke, bi kasuetan bi erreakzio-urrats nagusi gertatzen direlarik: (i) oxigenatuen sintesia CO2-tik abiatuz (katalizatzaile metalikoen bidez) eta (ii) oxigenatu horiek hidrokarburo aromatiko bihurtzea (zeoliten bidez). Hidrokarburo aromatikoen etengabeko eskariaren igoera asetzeko, prozesu horrek dituen hautakortasunaren mugak gainditzeko maiz erabiltzen den estrategia zeolitetan metalak gehigarri gisa sartzea da.

CO2-arenIrudia: hidrokarburo aromatikoak CO2-aren balorizazioaren bidez, oxigena- tuak bitartekari. (Iturria: Ekaia aldizkaria)Etorkizunari begira

CO2-aren balorizazio zuzena hidrokarburo aromatikoak ekoizteko klima-aldaketari aurre egiteko aukera bikaina da. Nahiz eta ekoizpena hobetzen duten gero eta estrategia gehiago ikertzen ari diren, erreakzio-baldintzak optimizatzea da erronka nagusia. Etorkizunari begira, CO2-aren konbertsioa hobetzea espero da, berotegi-efektua baretzeko helburuan ekarpen handia egiteko. Horretarako, katalizatzaile berriak eta horiek hobetzeko estrategiak dira jomuga.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Hidrokarburo aromatikoen ekoizpena CO2-aren
    balorizazio zuzenaren bidez
  • Laburpena: Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen etengabeko igoera gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gizartean; izan ere, horiek dira klima-aldaketaren eragile nagusiak, bereziki, CO2-a. Industria kimikoa CO2 gehien isurtzen duen eremua da, eta industria horretako ekoizpen-prozesu nagusiak optimizatzea gaur egungo erronka bihurtu da. Besteak beste, CO2-aren isurpenak ahal den neurrian murriztuz, eta, horrez gain, CO2-a bahitzen eta balio erantsiko produktuen ekoizpenean lehengai modura erabiliz; adibidez, hidrokarburo aromatikoen ekoizpenean. Konposatu aromatikoen (bentzenoa, toluenoa eta xilenoa batik bat) eskaria etengabe igotzen ari da, eguneroko gero eta produktu gehiagoren sintesian erabiltzen baitira (plastikoak, pigmentuak edota detergenteak). CO2-aren hidrogenazioaren bidez hidrokarburo aromatikoen ekoizpena bi ibilbide nagusien bidez burutu daiteke: (i) Fischer-Tropsch sintesia eta (ii) oxigenatuak (metanola eta DME) bitartekari dituen sintesi-prozesua. Lan honetan bi prozesu horietan erabiltzen diren katalizatzaile nagusiak, erreakzio-baldintzak eta erreakzio-mekanismoak aztertu dira, bilaketa bibliografiko sakonaren bidez. Gainera, bi prozesuen arteko desberdintasunak eta bakoitzak dituen abantaila eta desabantailak aipatu dira.
  • Egileak: Onintze Parra, Ander Portillo, Javier Ereña eta Ainara Ateka
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 309-324
  • DOI: 10.1387/ekaia.23650
Egileez:

Onintze Parra, Ander Portillo, Javier Ereña eta Ainara Ateka UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hidrokarburo aromatikoen ekoizpena CO2-aren balorizazio zuzenaren bidez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (3): zerrendan kokatu

mer, 2023/08/16 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure hirugarren ariketa:

1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 digituak errepikatu barik erabiliz idatz daitezkeen zazpi zifrako zenbaki guztiak txikitik handira ordenatu ditugu. Zer tokitan dago 3654712 zenbakia zerrenda horretan?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

zerrendan(Argazkia: Magda Ehlers – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (3): zerrendan kokatu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Patatekin, mesedez

lun, 2023/08/14 - 09:00

Zer da arrautza parea patata frijiturik gabe? Edo hanburgesa? Tristea, gutxienez. Eta ez bakarrik frijiturik: egosiak, purean, erreta, raclette, gnocchiak… Erabilera anitzeko tuberkulurik bada, patata dugu.

Hain da polifazetikoa ezen lorategi-landare moduan ere erabili izan den. Areago: izatez, Europara heldu zenean lorategi-landare eta bazka-landare gisa erabiltzen zen.

Eta ez pentsa beti izen ona izan duenik. Ezta hurrik eman ere. Izen eta ospe txarrak, benetan kaskarrak, izan zituen gure patata maitatu gaixoak Europara iritsi berritan. Frantzian patata-landarea landatzea legez debekatu zen, pentsa.

Zergatik debekatuko zuten legez landare bat? Kontuz, beharbada ez da gogoan duzun landare hori; itzul gaitezen gure gaira. Are gehiago, zergatik debekatu jateko modukoa den landare bat goseak jotako jendea duen herri batean? Izan ere, garai hartan, XVII.-XVIII. mendeetan, nahiko miseria eta gosete zeuden Frantzian.

patata1. irudia: izen eta ospe txarrak, benetan kaskarrak, izan zituen patatak Europara iritsi berritan. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Pxhere.com)

Zergatik debekatu, orduan? Gaixotasunak, eta bereziki, legenarra, zabaltzen zutela uste zelako.

Azken batean, lurralde ezezagun batetik zetorren landare ezezaguna zen, izugarri azkar hazten zena eta jateko atala lur azpian zuena. Ulergarria da jende askok mesfidantzaz hartu izana. Horrela zetorren landare batek “deabruaren tranpa” izan behar zuen. Hortaz, txerrientzako eta behientzako bazka gisa erabili zen eta eskerrak besterik gabe alboratu ez zela.

Marketinaren indarra

Baina goazen gaur egun gure dietan ezinbesteko dugun tuberkulu honen historiari erreparatzera. Denetarik baitu gaiak.

Pedro Cieza de Leónek 1560an patata eta artoa Perutik ekarri zituenean Sevillako Casa de Contratación delakoaren inspektoreek ez zutela ezertarako balio iritzi zieten, biei. “Bisionario hutsak, haiek”, pentsatuko duzue. Baina arrazoia izan zuten, mende batez, gutxi gorabehera. Gizarteko pobreenak kontuan hartzen ez badira, behintzat.

Zelan pasa zen patata debekatu egotetik, gaurko nonahikotasunera? Ba, hainbat pertsonaren ahaleginari eta herri xehea oso ondo ezagutzen zuen marketin kanpaina eraginkor bati esker. Denetarik dauka istorioak, gainera: kartzela, traizioa, erregeak, zaintzaileak… Eta zientzia, noski.

Sukaldean ibiltzea gustuko baduzue ezaguna egingo zaizue patataren estatus-aldaketaren protagonistetako baten izena: Parmentier, Antoine Auguste Parmentier. Eta sukaldeko kontuak gustuko ez badituzue: Parmentier patata errezeta bat da, beno, errezeta asko. Azkar eta erraz esanda, patata egosia osagai nagusia duen edozein, bereziki purea edo krema moduan.

Baina urrundu egin naiz haritik. Parmentier agronomoak eragin zuen Frantzian patata elikagai moduan gizarteratzea eta zabaltzea. Zelan eta marketin-kanpaina abian jarrita.

Tuberkulua aztertu ostean, nutrizio-iturria izan zitekeela erabaki eta martxan jarri zuen plana: erregeari eta erreginari patata-loreak eman zizkien eta patata-janariak zituen afarien anfitrioia izan zen. Benjamin Franklinek eman omen zion Parmentierri afarien ideia eta, Benjamin Franklin beraz gain, Antoine Lavoisier bezalako pertsonaia ospetsuak ere izan ziren gonbidatu. Jarrita zegoen hazia, edo hobeto esanda, tuberkulua.

patata2. irudia: patata egosia osagai nagusia duen edozeini Parmentier deitzen zaio, bereziki purea edo krema. (Argazkia: Sheila Brown – domeinu publikoko irudia. Iturria: Publicdomainpictures.net)

Frantzian esaten denez, gainera, alderantzizko psikologia baliatuta jende xehearen artean ere patatarekiko mesfidantza bazterrarazteko trikimailua abiatu zuen. Patata-baratza landatu zuen Parisen erdialdean zituen lurretan. Eta zaintzaile armatuak jarri zituen baratza zaintzen, han zegoena baliotsua zelako irudia emateko.

Jendeak landarea eskuratu ahal izateko, gauean zaintzaileak kentzen zituen. Modu horretan, jendeak landareak “ostu” zitzakeen. Gainera, zaintzaileek eroskeriak onartzeko agindua zuten, eskaintzen zutena edozer zela. Noski, patatak arrakasta izugarria izan zuen ordutik aurrera.

Ederto, baina zelan konbentzitu zen Parmentier bera pataten onurez? Kartzelan. Bai, kartzelan. Zazpi Urteko Gerran (gerra globala izan zen, 1756-1763 artean) Frantziako armadan ibili zen Parmentier farmazialari lanak egiten. Horrela zebilela preso hartu zuten Prusiarrek eta hango kartzelan izan zen 1763an Frantziara itzuli zen arte.

Pataten eta kartzelaren arteko harremana zein den? Kartzelan, gehienbat, patatak ematen zizkiotela jateko. Izan ere, Europa gehienean ez bezala, patatak elikagai gisa erabiltzea oso zabalduta zegoen Prusian.

Federiko Handia izan omen zen horren eragile: patatak debalde banatu zituen landatu zitezen. Are gehiago, legez behartu zituen nekazariak patatak landatzera. Gainera, zaintzaile armatuen trikimailua baliatu zuen pataten ospea hobetzeko.

Ohikoak ziren Parmentier kartzelara eraman zuen bezalako gerrak, eta baita goseteak. Patatek abantaila eskaintzen zuten lehenengoetan eta, gainera, bigarrenak arintzeko gaitasuna zuten.

Hala, Grezian, otomanoen aurkakoiraultzaren ostean XIX. mendean goseari aurre egin eta greziarren bizitza hobetzeko, patatak inportatu zituen Ioannis Kapodistrias kondeak. Debalde eskaintzen zizkion interesa zuen edonori, baina nekazariek muzin egin zioten produktu berriari.

Sekulako ideia izan zuen orduan: patata-kargamentua porturatu eta, ez duzue sinetsiko, baita zaintzaileak jarri kargamentua gordetzen. Lapurreta-saiakerei jaramonik ez egiteko agindua eman zien zaintzaileei, gainera. Ezetz asmatu zer gertatu zen orduan…

Iturriak: Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko apirilan, 238. zenbakian.

The post Patatekin, mesedez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara

ven, 2023/08/11 - 09:00

Naturako objektu batzuk bereziki erakargarriak dira beren forma bitxiagatik eta betetzen dituzten propietateengatik. Itsas maskorrak itsas hondoko presio altuak, olatuen talka bortitzak eta harrapakarien erasoak jasaten dituzten egitura deigarriak dira. Beraz, interesgarria izango litzateke egitura horiek imitatzea; esaterako, maskorrek moluskuei eskaintzen dieten babes berdina eskainiko diguten ibilgailuak sortzeko, edota lapek duten itsasgarritasun berdina izango duten eraikinak eraikitzeko (fenomeno naturalei aurre egiteko prest egongo direnak).

Hala ere, aniztasun handia dagoenez maskorren artean eta gehienak konplexuak diruditen gainazalak deskribatzen dituztenez, zaila da sinestea ezagutza matematiko handirik eskatzen ez duen eredu geometrikoa eraiki daitekeela, itxura desberdinetako maskorrak adierazteko gai dena. Hori horrela da ereduaren oinarria guztiok ezagun ditugun elementu geometrikoak osatzen dutelako: kurbak.

Matematikariak izan gabe, guztiok eman dezakegu kurben definizio baliagarri bat. Oro har, kurbak naturari forma ematen dioten elementu geometrikoak direla esan dezakegu. Natura osatzen duten objektuak modu jakin batean erlazionatutako zenbait kurbaren multzoak baino ez dira. Nahikoa da objektu batean kurba bat edo batzuk identifikatzea eta haien harremana ulertzea kurbetatik gainazaletara bidaiatu ahal izateko (1. irudian adibide batzuk ikus daitezke). Horrela, objektuak identifikatu eta elkarrengandik bereiz ditzakegu, baina ikuspuntu hau objektuen egiturak ulertzeko da batez ere baliagarria.

itsas maskorren1. irudia: objektuen modelatu geometrikoaren adibideak, kurbak erabiliz. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Itsas maskorren gainazalak matematikoki deskribatzeko, aipatutako ikuspuntuaz eta maskorren hazkuntzaren prozesu biologikoaz baliatu besterik ez dugu egin behar. Itsas maskorren eraikuntzaren eragilea moluskua inguratzen duen mantua izeneko organoa da. Organo honek sustantzia bat jariatzen du modu irregular batean irekiduraren inguruan. Animaliaren hazkuntzaren urrats bakoitzean aurrekoan baino material gehiago sortzen denez, maskorraren irekidura handiagoa da iterazio bakoitzean. Gainera, material pixka bat gehiago jartzen denez irekiduraren kanpoaldean barrualdean baino, kiribilduz doa maskorra.

Azalpen hori kurben hizkuntzara itzul daiteke: itsas maskorrak helize koniko batean zehar tamainaz handitzen doan kurba itxi eta leun bat mugitzerakoan lortzen diren gainazalak dira (ikusi 2. irudia). Bi kurba horiek itsas maskorren eredu geometrikoaren oinarria osatzen dute.

itsas maskorren2. irudia: maskor desberdinetan parte hartzen duten kurbak, urdinez egiturazko kurbak (helize konikoa) eta gorriz kurba sortzaileak (kurba itxi eta leunak). (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Argi dago, itsas maskorren propietateak hasieran aipatutako mailan kopiatu ahal izateko, egitura horien azterketa sakonagoa egin beharko litzatekeela. Hala ere, nahiz eta eredu geometrikoa anbizio handiko helmuga horretara garamatzan bide luzean urrats txiki bat besteri ez den, badu bere erabilera. Aplikaziorik argiena, maskorren gainazalen irudikapena litzateke. Gainera, azken hamarkadetako konputazio grafikoaren hazkunde izugarriaren ondorioz, errealitatetik bereizteko zailak diren irudi errealistak lor daitezke (erreparatu 3. irudiari).

itsas maskorren3. irudia: Ray traicing algoritmoan oinarritutako programarekin egindako itsas maskorren argazki errealistak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Aldi berean, argazki errealistak espezie batzuen eboluzio prozesu hipotetikoen simulazioak eraikitzeko erabil daitezke. Baita hiru dimentsiotako inprimagailuak erabiliz irudikatutako gainazal errealisten bertsio fisikoa lor genezake. Horrek, ermitauak bezalako animaliei bizirauteko behar duten “bizilekua” ziurtatu eta beren biziraupena bermatu dezake.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara
  • Laburpena: Naturako objektu asko harrigarriak dira, bai beren egituren formagatik eta bai betetzen dituzten propietateengatik. Baina, normalean, egitura misteriotsuak direla sinestearekin konformatzen gara, haien azterketa gure jakinduriaren irispidean ez dagoela uste baitugu. Artikulu honetan, itsas maskorrek itsasoko bizi-baldintza bortitzetan bizirauteko daukaten gaitasunaz erakarrita, erakutsiko dugu beren gorputzek deskribatzen dituzten egiturak argitu, ulertu eta imitatu ere egin ditzakegula. Horretarako, guztiok ezagun ditugun elementu geometriko batzuez baliatuko gara: kurbak. Kurbak izango dira eredu geometriko baten eraikuntzaren oinarria, zeinak, konputazio grafikoak eskaintzen dituen tresnekin batera, itsas maskorren mundura bidaiatzea ahalbidetuko digun garraioa osatuko duen. Bidaia irudi errealisten sorkuntzarekin amaituko da.
  • Egileak: Judith Echevarrieta Ibarra, Josu Arroyo Olea eta Javier Gutiérrez García
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 221-246
  • DOI: 10.1387/ekaia.22950
Egileez:

Judith Echevarrieta Ibarra, Josu Arroyo Olea eta Javier Gutiérrez García UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Bidaia geometrikoa kurbetatik itsas maskorretara appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (2): gozokiak erosten

mer, 2023/08/09 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero ariketa matematiko bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure bigarren ariketa:

Denda batean gozoki batek 5 zentimo balio du. Eskaintza bat jarri dute: 35 gozokitik behera erosiz gero, %5eko deskontua egiten dute; 36 eta 55 gozoki artean, %12koa; eta 56 gozokitik gora, %20koa. Lehen erosketan %5eko deskontua egin digute, eta bigarren erosketan, %12koa. Dena batera erosi izan bagenu, %20ko deskontua lortuko genukeen eta 39 zentimo aurreztu. Zenbat gozoki erosi ditugu?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

gozoki(Argazkia: Tima Miroshnichenko – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (2): gozokiak erosten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Burua galdu…

lun, 2023/08/07 - 09:00

Zein ez da sugandila bat harrapatzen saiatu eta, nahita edo nahigabe, –hemen ez gaude juizioak egiteko–, animalia gixajoari buztana kendu? Eta mugitzen jarraitzen duen buztanari begira geratu sugandilak ihes egiten duen bitartean.

Bizirauteko garatu duten gaitasuna da, harrapari eta arriskuetatik ihes egiteko. Autotomia deitzen diote zientzialariek harrapariengandik ihes egiteko gorputz atal bat autoanputzeari.

Sugandilek ez ezik, uhandreek, zenbait intsektuk eta armiarmek ere dute gaitasuna gorputz atal bat (buztana edo hankak, normalean) atzean uzteko. Ez hori bakarrik, baina. Galdutako atala berriro ere hazteko gaitasuna ere badute.

burua1. irudia: autotomia deitzen diote zientzialariek harrapariengandik ihes egiteko gorputz atal bat autoanputzeari. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Pxhere.com)

Pentsa liteke galdutako atalaren bigarren bertsio berria, buztana v.2, bertsio hobetua izango dela. Azken batean, lehenengo zirriborroa eta gero artelana. Baina, ez. Biologiak bere arau propioak ditu eta, askotan, galdutako atal originala baino kaskarragoa izaten da berria; txikiagoa edo kolore gandutuduna, adibidez.

Txikiagoa edo, gainerako gorputzarekin konparatuta, buztanean kolore ahulagoa duen sugandila ikustean, beraz, ia seguru jatorrizko buztana galdu eta berria sortu duen sugandila duzuela aurrean. Heriotzari begietara begiratu eta aurre egin dion sugandila. Gerraria. Survivor.

… bihotza eman

Zertara dator hau guztia? Ba, kontua da, bere burua moztu eta gorputza berriro hazteko gaitasuna duen itsas barea topatu dutela. Beno, topatu dutena hori egiteko gaitasuna duela da; itsas barea ezaguna zen.

Ustekabean topatu ere. Izatez, ez zebiltzan gaitasun horren bila. Sakaya Mitoh eta bere taldea Elysia cf. Marginata eta E. atroviridis itsas bareak ikertzen zebiltzala, indibiduoetako bat burua alde batetik eta gorputza bestetik zuela ikusi zuten.

Lepo inguruan zuen mozketa puntua, eta alde batean burua zegoen eta bestean gorputza. Gorputz osoa, organo guztiekin, bihotza eta guzti.

Eta zer pentsatu zuten? Ba, asko ez zuela biziraungo. Nola bizi daiteke burua gorputzik gabe? Bihotzik gabe? Eta gorputza bururik gabe?

burua2. irudia: Elysia cf. Marginata eta E. atroviridis itsas bareek bere burua moztu eta gorputza berriro hazteko gaitasuna dute. (Argazkia: Rickard Zerpe – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Sorpresa zuen bareak ikertzaileentzat, baina. Ikertzaileen fede falta gainditu eta bare-buruak aurrera egin zuen. Eta ez hori bakarrik. Bi astean gorputz berria garatu zuen organo guztiekin. Bihotz berria munduari eta ikertzaileen fede faltari aurre egiteko.

Kontua da, deigarria izateaz gain, oso bitxia dela afera hau. Lehen aipatu bezala, normalean, harrapariengandik ihes egiteko bizidun batzuek baliatzen duten teknika da autotomia. Kasu honetan, baina, itsas bare hauek ia ez dute harraparirik.

Eta, gainera, bi aste behar ditu buruak gorputz berria sortzeko. Ez dirudi oso teknika egokia harrapariengandik ihes egiteko. Ez bada harraparia nagiak jotako nagia dela.

Zergatik, orduan? Ikertzaileek hipotesia garatu dute: parasitoak. Dokumentatu diren kasu guztietan parasitoak zituzten. Kopepodoak, E. atroviridis espeziaren kasuan. Zooplanktonaren parte diren krustazeo ñimiñoak dira kopepodoak; bare hauen gorputzean egoten dira eta ugalketa ere galarazi egiten dute.

Autotomiaren ostean, gorputz berria garatutako indibiduoak aztertzerakoan ez zuten parasitorik topatu. Are gehiago, parasitorik ez zuten indibiduoek ez zuten autotomiarik egin.

Hortaz, parasitoak alde batera uzteko egingo lukete. Pixka bat dramatikoa, aukeran. Pentsa tenia bat edo kaparrak hartu eta gorputz osoa baztertuko bagenu. Eta hamabost egunez Futuramako buruak bezalakoak bagina.

… eta txapela erosi

Laburbilduz, gorputzean dituzten parasitoetatik libratzeko, lepo inguruan mozketa egin eta gorputza alde batera uzten dute zenbait itsas bare espeziek eta jarraian gorputz berria garatu.

Kasu honetan burua da bizirik dirauena gorputzik gabe, baina alderantzizko kasuak ere badira. Bururik gabe bizirik jarraitzen duten animaliak badira. Oilaskoaren burua moztu eta gorputza buru barik korrika ibiltzea da burura (edo gorputzera) datorkiguna, noski. Baina, ez da hori, zehazki, esan nahi duguna, kasu horretan minutu batzuk pasata animaliaren alde biek bizia galtzen baitute.

Mike oilaskoak izan ezik. Mike oilaskoa buru barik bizi izan zen 18 hilabetez, itota hil zen arte. Bere landetxeko ugazaba oilaskoak akabatzen zebilen, burua aizkorakada batez moztuta. Dena ondo zihoan, Mikeren txanda iritsi arte. Burua moztu ostean Mike ez baitzen hil, batera eta bestera ibili eta jaten saiatzen jarraitzen zuen. Denborarekin hilko zela pentsatuta, ugazabak bere horretan utzi zuen.

Baina hurrengo egunean oilaskoak bizirik jarraitzen zuela ikusita, jabeak oilaskoa zaintzea erabaki zuen eta xiringa batekin elikatzen hasi zen. Estatu Batuetan famatua izan zen eta bira egin zuen estatuz estatu, musikarien antzera. Pasen y vean, Mike, bururik gabeko oilaskoaren ikuskizun paregabea!

Josu Lopez Gazpiok azaldu zituen bizitzaren gorabeherak eta zientziaren hipotesia zein izan zen oilaskoak hain luze bizi izana azaltzeko: burua mozteko jasotako aizkorakadak buruaren eta baita garunaren zati gehiena moztuko zuen, baina zerebeloa eta bizkarrezur-erraboila aizkoratik salbatu ziren eta ezinbesteko bizi-funtzioak ez ziren eten. Eta, horra, bururik gabeko oilasko biziduna.

Mike ez da, dena den, burua galdu ostean bizirik jarraitzeko gaitasuna izan duen bakarra. Askorentzat berri txarra izango da, baina labezomorroek ere badute burua galduta bizirauteko gaitasuna. Bederatzi egun eman ditzake bizirik buru gabeko labezomorro gorputzak. Nola eta gosez hil arte.

Nahiko lukete Frantziako hainbat errege-erreginek…

Erreferentzia bibliografikoa:

Mitoh, Sayaka eta Yusa, Yoichi (2021). Extreme autotomy and whole-body regeneration in photosynthetic sea slugs. Current Biology 31, 5, R233-R234. DOI: 10.1016/j.cub.2021.01.014

Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko otsailan, 236. zenbakian.

The post Burua galdu… appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan

ven, 2023/08/04 - 09:00

Antibiotikoak ingurumeneko bakterio eta onddoek jariatutako edo sintetikoki ekoitzitako substantzia kimikoak dira. Erabilera klinikoko antibiotiko gehienak lurzoruko bakterioetatik eratorriak dira, zuzenean produktu natural gisa edo haien deribatu erdisintetiko moduan. Azken mendean antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Hala ere, bakterioak antibiotikoen eraginpean bizirauteko eta hazteko gai direnean, antibiotikoekiko erresistentzia sortzen da. Hori gertatzen denean, bakterio erresistenteek infekzioa eragiten jarraitzen dute antibiotikoen presentzian ere.

Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Osasunaren Mundu Erakundeak 2019an munduko giza osasunerako 10 mehatxu nagusienen artean sartu zuen antibiotikoen aurkako erresistentzia. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Gainera, Osasun Bakarraren estrategiak ekosistema iraunkor orekatuago baten alde egiten du, berez lotuta eta elkarren menpe baitaude giza osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.

AntibiotikoenIrudia: Antibiotikoen, antibiotikoekiko erresistentzia-geneen eta bakterio antibiotikoekiko erresistenteen esposizio-bidea animalia- eta giza jatorriko ongarri organikoak lurzoruan aplikatzerakoan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Animalia eta giza-jatorriko ongarri organikoak antibiotikoen eta bakterio erresistenteen biltegi garrantzitsuak dira. Nekazaritzan, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurraren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzakete. Gainera, sintesiko ongarrien alternatiba jasangarri eta ekonomikoki bideragarria dira. Ongarri organikoen artean gaur egun gehien erabiltzen direnak animalia nahiz gizakien gorozki- eta gernu-jatorrikoak dira. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Batez beste, abereei emandako antibiotiko kopuruaren % 30-90 iraizten da, antibiotiko-klase, antibiotiko-dosi, antibiotikoa emateko forma, abere-espezie eta aberearen adinaren arabera ehuneko hori aldatzen bada ere.

Ildo honetan, lurzoruetan ongarri organikoen bitartez antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sor dezake bertako bakterioentzat; antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Arrisku hori aldakorra da hainbat faktoreren arabera: antibiotikoekiko erresistentea den genearen ugaritasuna, gene horrek erresistentzia ematen dion antibiotiko mota, genea horizontalki transferitzeko gaitasuna, eta giza patogeno posible batean aurkitzea, besteak beste. Arazo honen aurrean hartu beharreko lehen neurriak osasun prebentiboa eta antibiotikoen erabilera egoki bat egitea dira, noski. Bigarrenez, erresistentzien monitorizazio sistematiko baten beharra azpimarratzen dugu lan honetan, arazo bat kudeatu ahal izateko lehen baldintza arazo hori ondo ezagutzea baita, eta momentuz ez dago ingurune gehienetarako erreferentziazko daturik.

Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta erresistentzia-mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera eta motak aipatzen dira, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, kultiboetatik gizakietara iritsi arteko esposizio-bidea jarraituz, Osasun Bakarraren ikuspegitik.

Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko testatu ditugun kudeaketa-prozesuak deskribatzen ditugu (konpostajea, digestio anaerobikoa, bio-ikatzaren erabilera, agortutako onddo-substratuaren erabilera eta nanopartikulen aplikazioa). Izan ere, lurzoruek ongarri organikoak behar dituzte, baina ezinbestekoa da antibiotikoekiko erresistentzien ingurumenerako sarbide-puntuetan neurri prebentibo eta zuzentzaile zorrotzenak aplikatzea arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan
  • Laburpena: Antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Adibidez, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzake. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Antibiotikoa hedatzeaz gain, antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak, bakterioak eta elementu genetiko mugikorrak barreiatzea dakar mota honetako ongarri organikoen erabilerak. Izan ere, lurzoruetan etengabe antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sortzen du bertako bakterioentzat; bakterio antibiotikoekiko erresistenteak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Barreiadura zabal honen ondorioz, gero eta gehiago, antibiotikoen erabilera ez da eraginkorra izaten ari erresistente diren patogenoen infekzioen tratamenduetan. Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera aipatzen da, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, esposizio-bidea jarraituz kultiboetatik gizakietara iritsi arte. Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko erabilgarriak izan litezkeen kudeaketa-prozesuak proposatzen ditugu.
  • Egileak: Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 117-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.23461
Egileez:

Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (1): biderkatzera

mer, 2023/08/02 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero matematika-ariketa bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa:

Zenbaki baten zifren biderkadura 18900 da. Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

biderkatzera(Argazkia: Karolina Grabowska – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (1): biderkatzera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu dute

lun, 2023/07/31 - 09:00

Mundu mailako batez bestekoetan abiatuta, azterketa zabal batek gizakiek egiten duten denboraren erabilpena zenbatetsi du.

Askorentzat oporrak ate joka daudenean, eguneroko lanek zehazten duten ordutegi zurrun eta ziurretik aldentzeko unea iristen da. Lasaitasuna alde batera utzi eta estresaren garaia izaten da. Esparta atzean utzi eta Epikuroren uharteetara joateko ideia borobiltzen da gehienen buruan. Maletak prestatu, non eta nola erlaxatuko garen erabaki, ticketak erosi, jatetxeetako intolerantzien zerrendekin lehiatu, irakurri gabekoen zerrendarekin desesperoan ibili, itxaron ilaretan denbora eman, eguzkitako kremak benetan iraungitzen ote diren Googlen bilatu, hamaika hilabeteetan egin gabeko etxeko konponketa horri muzin egin eta hozkailuan behar adina garagardo ote dauden argitu. Horretarako guztirako unea iritsi da. Zorionez, amesgaiztoak hilabete inguru baino ez du irauten, eta nor bere ekoizpen katera bueltatzeko aukera gero eta hurbilago dago.

denbora1. irudia: gizakiak denboran zertan ematen duen argitu du ikerketak, baina aintzat hartu behar da batez besteko datuak direla, gizateria osoarenak. (Argazkia: Juanma Gallego)

Esajeratzeak esajeratze, argi dago denboraren pertzepzioa unearen eta pertsonaren araberakoa izaten dela, bai eta lekuaren araberakoa ere. Baina gauzak espezie bezala ikusita, agertokia are argigarriagoa da, munduan pertsonen eta herrialdeetan artean dauden ezberdintasunen eta antzekotasunen adierazle. Norabide horretan, nazioarteko ikertzaile talde batek gizakiok denbora zertan ematen dugun argitu nahi izan du, eta PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dute ikasitakoa.

Egileek diotenez, ikerketa asko egin dira gizakiok denboraz egiten dugun erabileraz, baina horiek beti jorratu izan dira diziplina zehatz baten ikuspegitik. Ondorioz, emaitzak beti partzialak izan dira. Kasurako, ekonomialariek denboraren banaketa ikertu dutenean, beti erreparatu diote jardun ekonomikoari, baina aisialdiari eta bestelako faktoreei behar adina arreta eman gabe. Diotenez, antzeko arazoak gertatu dira soziologiaren, historiaren edo antropologiaren ikuspegitik ikertu izan denean ere, lan horietan arlo ekonomikoa ez baita behar bezala jorratu. Eta ikerketa horiek guztiek oso bestelako metodologiak erabili dituztenez gero, arras zaila izan da mundu mailako eskala batean azterketa horiek biltzea eta bateratzea.

Horregatik, 140 herrialdetan baino gehiagotan 2000 eta 2019 urteen artean denboraren eta lan denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Diotenez, herrialde horietan munduko populazioaren %87 ordezkatuta dago. Denbora horretan jasota daude laneko orduak zein lanetik kanpokoak ere.

Herrialde bakoitzeko agentzia estatistikoek, nazioarteko erakundeek eta zientzia artikuluek jaso dituzten datuetan abiatu dira mundu mailako zenbatespenak egiteko. Datu horiek guztiak harmonizatu behar izan dituzte. Adibidez, lan egiteko adina —bai legeek praktikan zehazten dutena zein egoera erreala— oso desberdinak izan daitezkeelako herrialdearen arabera. Bestetik, jardun bakoitzaren inguruan egiten den definizioa aldatu daiteke leku batetik bestera, datuak bateratzea zailduz. Ahalik eta emaitza osatuenak lortu nahian, 3.956 azpikategorien definizioaz ere baliatu dira sailkapenerako, eta denboraz egin duten sailkapenean tarte bakoitzari ziurgabetasun marjina bat ere sartu dute.

Ikertzaileek argudiatu dute denboraren gaineko azterketa honek informazio argigarria ematen duela inguruan izaten dugun inpaktua zertan den jakiteko, bai eta bizitza esperimentatzeko dugun modua ezagutzeko ere. Diotenez, mundu mailako erronkei aurre egin ahal izateko, munduaren funtzionamenduaren gaineko “ikuspegi berriak” izatea garrantzitsua da. Are, egileen irudikoz, klima aldaketa edo biodibertsitatearen galera bezalako arazoetan “giza sistemaren funtzionamendu globala” ulertzea funtsezkoa da, baita garapenerako mundu mailako helburuak bezalako gaietan aurrera egiteko, “aldaketak abiatzeko potentziala” non dagoen ikusi ahal izango delako.

Dena dela, gizateriak egiten duen denboraren erabilpena ikuspegi global batetik aztertu nahi izan badute ere, ikertzaileek ingurumen kontuei erreparatu diete bereziki, batez ere ondorioak nabarmentzean. Hain zuzen ere, McGill Unibertsitateko (Kanada) Lur Sistemaren zientzia programako ikertzaileak izan dira ikerketaren sustatzaile nagusiak.

denbora2. irudia: esnatuta ematen den denbora hiru multzo handitan sailkatu dute; balore bakoitzean errore marjina bat gehitu dute ere. (Irudia: Fajzel. W. et al / euskaratua)

Funtsean, saiatu dira lortzen munduko biztanle guztien batez bestekoa, herrialde guztiak aintzat izanda. Gizateria pertsona bakar bat izango balitz, pertsona horren egun bat nolakoa izango litzatekeen argitzen saiatu dira.

Jardun guztiak hiru multzo handitan bildu daitezkeen 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lehen multzoak kanpoko mundua aldatzea helburu duten jarduerak bere gain hartzen ditu: elikadura, energia, eraikuntza edota mantentze lanak. Bigarrenak gizakiari berari lotutako jarduerak biltzen ditu: gorputzaren zaintza, norberaren edo besteen osasunaren gaineko ardura, zaintza, erlijioa edo bestelako jarduera espiritualak eta aisialdia. Hirugarrena gizarteari lotuta dauden bestelako jarduerei dagokie: garraioa, ekonomia, legeak edo gobernatzea.

Lehenik eta behin, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu —lo egiten edo “bertan egonda”, azken kontzeptu honetan gehiago sakondu nahi izan ez badute ere—. Esnatuta gaudenean, berriz, gure buruei eskaintzen diegu denbora gehien. “Ikerketak erakusten du esnatuta ematen diren ordu gehienak giza adimenarentzat eta gorputzentzako emaitza zuzenak lortzeko jardueretan ematen direla (9,4 ordu eguneko), eta 3,4 ordu bizi den ingurunea eta haragoko mundua aldatzen ematen direla. Gainerako 2,1 orduak gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen dira”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Aintzat hartu behar da bataz besteko baloreez ari direla. Kasurako, bederatzi ordu ohean ematen dugula diotenean, denbora gehiago lo egiten duten haurrak aintzat hartu behar dira. Norabide berean, lehen begirada batean oso bitxia dirudien beste datu bat ekonomiari dagokio: emaitzen arabera, bataz besteko jardun ekonomikoak 2,6 ordu irauten du. Alor horretan, lehen sektoreko jardunak du pisu gehien —nekazaritza eta abeltzaintza—. Ondoren datoz merkataritza, finantzak, zuzenbidea eta manufaktura industria. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, 15 eta 64 urte artean dituztenak dira lan egiten dutenak (populazio osoaren bi heren), eta, horientzat, astean 40 orduz lan egitearen parekoa omen da atera duten zenbakia.

Populazioaren egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, gizaki guztiek antzeko denbora ematen dute jaten, garraioan, garbiketa pertsonala egiten eta kozinatzen. Elikagaien produkzioari dagokienez, alde nabarmena dago errenta baxuko eta errenta altuko herrialdeen artean. Errenta baxukoenetan ordubete baino gehiago ematen dute lehen sektoreko jardunetan. Errenta altukoenetan, berriz, bost minutu inguru ematen dituzte zeregin berdinean.

Mundu mailan, Lur sistematik materialak eta energia zuzenean ateratzera bideratutako denbora tartea txikia da: bost minutu. Hondakinak kudeatzeko denbora eguneko minutu batekoa da. “Horrek guztiak iradokitzen du jarduera horietan ematen den denbora aldatzeko aukera zabala badagoela”, ondorioztatu dute. Egileen esanetan, badago “tarte nahikoa zenbait jarduerari eskaintzen zaion denboran aldaketak egiteko, hala nola, materialak erauzketan, energiaren horniduran eta hondakinen tratamenduan, horietara zazpi minutu inguru baino ez direlako bideratzen”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fajzel, William; Galbraith, Eric D.; Barrington-Leigh, Christopher; Charmes, Jacques; Frie, Elena; Hatton, Ian; Le Mézo, Priscilla; Milo, Ron; Minor, Kelton; Wan, Xinbei; Xia, Veronica eta Xu, Shirley (2023). The global human day. PNAS 120 (25) e2219564120. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2219564120

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #449

dim, 2023/07/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Geologia

Blanca Martinez geologoa Antropozeno terminoaz aritu da Zientzia Kaieran. Hitz hori Paul Crutzen kimikari atmosferikoak oihukatu zuen 2000. urtean lehen aldiz, eta izan zuen oihartzuna ondorioz gizartean eta komunitate zientifikoan onartu zen. Termino horrekin, Crutzenek adierazi nahi zuen gizakia gai izan dela gure planetako ziklo biogeokimiko naturalak aldatzeko azken hamarkadetan. Alabaina, geologiaren ikuspuntutik ez da denbora nahikoa pasa industrializazioaren hasieratik, eta, beraz, Antropozenoa ez da existitzen eskala geologikoko denbora-kontzeptu gisa. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Existitzen al da Antropozenoa, maiuskulaz?

Biologia

Azkenaldian ezagunak egin dira Iberiar penintsulako orkak itsasontzi batzuekin kontaktu zuzena izateagatik. Ikerketa berri batek jarrera bitxi hori ikertu du orken portaeraren jatorria ulertzeko, eta hainbat ondoriotara iritsi dira. Batetik, ohartu dira, Iberiar penintsulako azpi-populazio osotik, 9 orkek soilik dutela jarrera berezi hori. Bestetik, ikusi dute egoera horietan egon ziren itsasontzi gehienak belaontziak zirela, eta kasu gehienetan, animaliek ontziaren leman jartzen zuten arreta soilik. Ikertzaileek ez dute argi ikusten jarrera horren arrazoia, baina baztertu egin dute zuzenean gizakiaren kontrako erasoak direnik. Datuak Zientzia Kaieran: Iberiar penintsulako orken portaera bitxia.

Fisika

UPV/EHUko ikerketa batek diodo baten modeloa ikertu du beroaren garraioa aldatzeko helburuarekin. Zirkuitu elektrikoen diseinuan erabiltzen dira diodoak, eta teknologia horren printzipioa da norabide batean eroale izatea eta bestean aldiz isolatzaile. Hala, ikerketa honek berbera ikertu nahi izan du baina beroarekin, eta kasu mikroskopiko bat aukeratu da horretarako. Bi ioi erabili dituzte kasuan, eta ioi bakoitza bainu termiko batean dago, bata hotza eta bestea beroa. Teknologia kuantikoaren arabera, ikerketa honek erakutsi du posible dela bi ioiekin bakarrik diodo bat sortzea, eta orain modelo hori inplementatuko da AEBtan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Elektrizitatetik berora: diodo termikoen mundua esploratzen.

Astronomia

Cassini misioak, bere azken uneetan, Saturnoren eta eraztunen artetik igarotzeko aukera izan zuen eta horrek eraztunen adinaren inguruko hainbat ikuspuntu ekarri dizkigute. Aurtengo maiatzean argitaratu den ikerketa berri batek Saturnoren eraztunak 400 milioi urte dituztela dio. Horiek osatzen dituzten partikulak planetaren gainera erortzen doaz poliki-poliki eta, beraz, 100 milioi urte ingururen buruan, erabat desager daitezkela kalkulatu dute ikertzaileek. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Saturnoren eraztunen adina.

Klima-aldaketa

Dagoen latituderako Europari daukan tenperatura epela bermatzen dion Golkoko itsaslasterra — zientzialariek Atlantikoko iraultze meridionaleko zirkulazioa (AMOC) izenez ezagutzen dutena— uste baino lehenago eten daitekeela jakinarazi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ikertzaileen arabera, arabera, 2057. urtearen inguruan gerta daiteke itsaslaster garrantzitsu horren kolapsoa. Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena aipatu dute, eta atzetik doakiola Artikoko izotz geruzaren urtzea. Informazio osoa Berrian:  Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #449 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #457

sam, 2023/07/29 - 09:00
Irudia: Tenerifeko flora (Argazkia: José María Fernández-Palacio).

SARS-CoV-2aren aldaera guztiek ez dituzte zelula mota berak infektatu. Aldaera batzuk zehazki infektatu dituzte gliak. SARS-CoV-2 infect immune cells of the central nervous system, José R. Pinedaren eskutik.

Uharte ozeanikoetako landareak eta kontinentekoak ez dira oso ezberdinak, baina ingurunera gehiago egokitzen dira uharteetakoak. Tenerifen egindako ikerketa batek uhartea beste begi batzuekin esploratzeko aukera ematen du. High functional diversity of island plants.

Obesitatea baduzu, nahiz eta dieta egin, zure entzefaloak, hau da, zure portaera eta erabakiak zehazten dituen organoak, behar bezala interpretatu gabeko seinaleak izango ditu. Obesity hinders brain recognition of nutrient signals, Rosa García-Verdugok egina.

Orbital naturalaren funtzionalaren teoria, neurri handi batean UPV/EHUn eta DIPCn garatua, azkar ari da aplikazioak aurkitzen kimika kuantikoan. Kasu honetan, molekula konplexu baten korrelazio elektronikoak zehazteko aukera ematen du: NOF approximations applied to iron(II) porphyrin

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #457 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kiñuren begirada: piperrak

ven, 2023/07/28 - 09:00

Plateretik laborategira eraman ditu gaurkoan Kiñuk gurean hain ondo ezagutzen ditugunak: piperrak. Horien atzean dagoen kimika azaltzen digu ulertzeko haien ezaugarriak.

Piperrak kapsaizina izeneko molekula dute: kolorerik, zaporerik, usainik eta lipofilorik gabeko konposatu alkaloidea, hau da, gantzetan disolbatzen dena. Barietate bakoitzak bere kontzentrazioa du. Hazkuntza-baldintzen, fruituaren adinaren eta barietatearen arabera aldatzen da kontzentrazioa, hau da, genetikaren arabera. Ur faltak eta hazkuntzan estresak kontzentrazioa areagotzen du. Eta hau jakinda, gure kiriñikoak azaltzen digu ez dela soilik erabiltzen gastronomian.

piperrak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: piperrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages