S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 42 min 13 sec

Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan

ven, 2023/08/04 - 09:00

Antibiotikoak ingurumeneko bakterio eta onddoek jariatutako edo sintetikoki ekoitzitako substantzia kimikoak dira. Erabilera klinikoko antibiotiko gehienak lurzoruko bakterioetatik eratorriak dira, zuzenean produktu natural gisa edo haien deribatu erdisintetiko moduan. Azken mendean antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Hala ere, bakterioak antibiotikoen eraginpean bizirauteko eta hazteko gai direnean, antibiotikoekiko erresistentzia sortzen da. Hori gertatzen denean, bakterio erresistenteek infekzioa eragiten jarraitzen dute antibiotikoen presentzian ere.

Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Osasunaren Mundu Erakundeak 2019an munduko giza osasunerako 10 mehatxu nagusienen artean sartu zuen antibiotikoen aurkako erresistentzia. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Gainera, Osasun Bakarraren estrategiak ekosistema iraunkor orekatuago baten alde egiten du, berez lotuta eta elkarren menpe baitaude giza osasuna, animalien osasuna eta ingurumenaren osasuna.

AntibiotikoenIrudia: Antibiotikoen, antibiotikoekiko erresistentzia-geneen eta bakterio antibiotikoekiko erresistenteen esposizio-bidea animalia- eta giza jatorriko ongarri organikoak lurzoruan aplikatzerakoan. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Animalia eta giza-jatorriko ongarri organikoak antibiotikoen eta bakterio erresistenteen biltegi garrantzitsuak dira. Nekazaritzan, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurraren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzakete. Gainera, sintesiko ongarrien alternatiba jasangarri eta ekonomikoki bideragarria dira. Ongarri organikoen artean gaur egun gehien erabiltzen direnak animalia nahiz gizakien gorozki- eta gernu-jatorrikoak dira. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Batez beste, abereei emandako antibiotiko kopuruaren % 30-90 iraizten da, antibiotiko-klase, antibiotiko-dosi, antibiotikoa emateko forma, abere-espezie eta aberearen adinaren arabera ehuneko hori aldatzen bada ere.

Ildo honetan, lurzoruetan ongarri organikoen bitartez antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sor dezake bertako bakterioentzat; antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Arrisku hori aldakorra da hainbat faktoreren arabera: antibiotikoekiko erresistentea den genearen ugaritasuna, gene horrek erresistentzia ematen dion antibiotiko mota, genea horizontalki transferitzeko gaitasuna, eta giza patogeno posible batean aurkitzea, besteak beste. Arazo honen aurrean hartu beharreko lehen neurriak osasun prebentiboa eta antibiotikoen erabilera egoki bat egitea dira, noski. Bigarrenez, erresistentzien monitorizazio sistematiko baten beharra azpimarratzen dugu lan honetan, arazo bat kudeatu ahal izateko lehen baldintza arazo hori ondo ezagutzea baita, eta momentuz ez dago ingurune gehienetarako erreferentziazko daturik.

Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta erresistentzia-mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera eta motak aipatzen dira, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, kultiboetatik gizakietara iritsi arteko esposizio-bidea jarraituz, Osasun Bakarraren ikuspegitik.

Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko testatu ditugun kudeaketa-prozesuak deskribatzen ditugu (konpostajea, digestio anaerobikoa, bio-ikatzaren erabilera, agortutako onddo-substratuaren erabilera eta nanopartikulen aplikazioa). Izan ere, lurzoruek ongarri organikoak behar dituzte, baina ezinbestekoa da antibiotikoekiko erresistentzien ingurumenerako sarbide-puntuetan neurri prebentibo eta zuzentzaile zorrotzenak aplikatzea arriskua ahalik eta gehien murrizteko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan
  • Laburpena: Antibiotikoak ezinbesteko tresna bilakatu dira medikuntza eta albaitaritzan bakterio-infekzioei aurre egiteko. Antibiotikoen gehiegizko erabilerak eta erabilera okerrak osasun-erronka garrantzitsuenetako bat bizkortu dute, bakterioek antibiotikoekiko erresistentzia zabala garatu baitute. Mundu mailako arazo hau Osasun Bakarraren ikuspegitik aztertu behar da, antibiotikoekiko erresistentziak gizakien, animalien eta ingurumenaren artean partekatu, barreiatu eta ugaritzen baitira. Adibidez, lurzoruetan ongarri organikoak aplikatzeak lurren osasuna eta uzten etekina hobetu ditzake. Hala ere, praktika honek arriskuak dakartza, lurzorura iritsi baitaitezke gizaki nahiz abereek guztiz metabolizatu ez dituzten antibiotikoak. Antibiotikoa hedatzeaz gain, antibiotikoekiko erresistenteak diren geneak, bakterioak eta elementu genetiko mugikorrak barreiatzea dakar mota honetako ongarri organikoen erabilerak. Izan ere, lurzoruetan etengabe antibiotikoak sartzeak mehatxu potentziala sortzen du bertako bakterioentzat; bakterio antibiotikoekiko erresistenteak ugaritu egiten dira eta bertako bakterio-komunitateen bioaniztasuna aldatzen dute. Barreiadura zabal honen ondorioz, gero eta gehiago, antibiotikoen erabilera ez da eraginkorra izaten ari erresistente diren patogenoen infekzioen tratamenduetan. Berrikuspen honetan, lehenik, antibiotikoen nahiz antibiotikoekiko erresistente diren geneen jatorria eta mekanismoak azaltzen dira. Jarraian, lurzoruetan egiten den giza edo animalia-jatorriko ongarri organikoen erabilera aipatzen da, antibiotikoak eta erresistentziak ingurumenean barreiatzeko sarbide garrantzitsuak direlako. Ondoren, antibiotikoekiko erresistentziek ingurumenean duten eragina azaltzen da, esposizio-bidea jarraituz kultiboetatik gizakietara iritsi arte. Azkenik, abereetatik eratorritako ongarri organikoetan antibiotikoekiko erresistentzien arriskua gutxitzeko erabilgarriak izan litezkeen kudeaketa-prozesuak proposatzen ditugu.
  • Egileak: Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 117-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.23461
Egileez:

Leire Jauregi, Carlos Garbisu, Lur Epelde NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Antibiotikoen erresistentziak agroekosistemetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (1): biderkatzera

mer, 2023/08/02 - 09:00

Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, udako oporretan egiteko asteazkenero matematika-ariketa bat izango duzue, Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.

Hona hemen gure lehenengo ariketa:

Zenbaki baten zifren biderkadura 18900 da. Zein da propietate hori duen zenbakirik txikiena?

Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

biderkatzera(Argazkia: Karolina Grabowska – Erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Ariketak “Calendrier Mathématique 2023. Un défi quotidien” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.

The post Dozena erdi ariketa 2023ko udarako (1): biderkatzera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu dute

lun, 2023/07/31 - 09:00

Mundu mailako batez bestekoetan abiatuta, azterketa zabal batek gizakiek egiten duten denboraren erabilpena zenbatetsi du.

Askorentzat oporrak ate joka daudenean, eguneroko lanek zehazten duten ordutegi zurrun eta ziurretik aldentzeko unea iristen da. Lasaitasuna alde batera utzi eta estresaren garaia izaten da. Esparta atzean utzi eta Epikuroren uharteetara joateko ideia borobiltzen da gehienen buruan. Maletak prestatu, non eta nola erlaxatuko garen erabaki, ticketak erosi, jatetxeetako intolerantzien zerrendekin lehiatu, irakurri gabekoen zerrendarekin desesperoan ibili, itxaron ilaretan denbora eman, eguzkitako kremak benetan iraungitzen ote diren Googlen bilatu, hamaika hilabeteetan egin gabeko etxeko konponketa horri muzin egin eta hozkailuan behar adina garagardo ote dauden argitu. Horretarako guztirako unea iritsi da. Zorionez, amesgaiztoak hilabete inguru baino ez du irauten, eta nor bere ekoizpen katera bueltatzeko aukera gero eta hurbilago dago.

denbora1. irudia: gizakiak denboran zertan ematen duen argitu du ikerketak, baina aintzat hartu behar da batez besteko datuak direla, gizateria osoarenak. (Argazkia: Juanma Gallego)

Esajeratzeak esajeratze, argi dago denboraren pertzepzioa unearen eta pertsonaren araberakoa izaten dela, bai eta lekuaren araberakoa ere. Baina gauzak espezie bezala ikusita, agertokia are argigarriagoa da, munduan pertsonen eta herrialdeetan artean dauden ezberdintasunen eta antzekotasunen adierazle. Norabide horretan, nazioarteko ikertzaile talde batek gizakiok denbora zertan ematen dugun argitu nahi izan du, eta PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dute ikasitakoa.

Egileek diotenez, ikerketa asko egin dira gizakiok denboraz egiten dugun erabileraz, baina horiek beti jorratu izan dira diziplina zehatz baten ikuspegitik. Ondorioz, emaitzak beti partzialak izan dira. Kasurako, ekonomialariek denboraren banaketa ikertu dutenean, beti erreparatu diote jardun ekonomikoari, baina aisialdiari eta bestelako faktoreei behar adina arreta eman gabe. Diotenez, antzeko arazoak gertatu dira soziologiaren, historiaren edo antropologiaren ikuspegitik ikertu izan denean ere, lan horietan arlo ekonomikoa ez baita behar bezala jorratu. Eta ikerketa horiek guztiek oso bestelako metodologiak erabili dituztenez gero, arras zaila izan da mundu mailako eskala batean azterketa horiek biltzea eta bateratzea.

Horregatik, 140 herrialdetan baino gehiagotan 2000 eta 2019 urteen artean denboraren eta lan denboraren erabileraren gainean jasotako datuak erabili dituzte. Diotenez, herrialde horietan munduko populazioaren %87 ordezkatuta dago. Denbora horretan jasota daude laneko orduak zein lanetik kanpokoak ere.

Herrialde bakoitzeko agentzia estatistikoek, nazioarteko erakundeek eta zientzia artikuluek jaso dituzten datuetan abiatu dira mundu mailako zenbatespenak egiteko. Datu horiek guztiak harmonizatu behar izan dituzte. Adibidez, lan egiteko adina —bai legeek praktikan zehazten dutena zein egoera erreala— oso desberdinak izan daitezkeelako herrialdearen arabera. Bestetik, jardun bakoitzaren inguruan egiten den definizioa aldatu daiteke leku batetik bestera, datuak bateratzea zailduz. Ahalik eta emaitza osatuenak lortu nahian, 3.956 azpikategorien definizioaz ere baliatu dira sailkapenerako, eta denboraz egin duten sailkapenean tarte bakoitzari ziurgabetasun marjina bat ere sartu dute.

Ikertzaileek argudiatu dute denboraren gaineko azterketa honek informazio argigarria ematen duela inguruan izaten dugun inpaktua zertan den jakiteko, bai eta bizitza esperimentatzeko dugun modua ezagutzeko ere. Diotenez, mundu mailako erronkei aurre egin ahal izateko, munduaren funtzionamenduaren gaineko “ikuspegi berriak” izatea garrantzitsua da. Are, egileen irudikoz, klima aldaketa edo biodibertsitatearen galera bezalako arazoetan “giza sistemaren funtzionamendu globala” ulertzea funtsezkoa da, baita garapenerako mundu mailako helburuak bezalako gaietan aurrera egiteko, “aldaketak abiatzeko potentziala” non dagoen ikusi ahal izango delako.

Dena dela, gizateriak egiten duen denboraren erabilpena ikuspegi global batetik aztertu nahi izan badute ere, ikertzaileek ingurumen kontuei erreparatu diete bereziki, batez ere ondorioak nabarmentzean. Hain zuzen ere, McGill Unibertsitateko (Kanada) Lur Sistemaren zientzia programako ikertzaileak izan dira ikerketaren sustatzaile nagusiak.

denbora2. irudia: esnatuta ematen den denbora hiru multzo handitan sailkatu dute; balore bakoitzean errore marjina bat gehitu dute ere. (Irudia: Fajzel. W. et al / euskaratua)

Funtsean, saiatu dira lortzen munduko biztanle guztien batez bestekoa, herrialde guztiak aintzat izanda. Gizateria pertsona bakar bat izango balitz, pertsona horren egun bat nolakoa izango litzatekeen argitzen saiatu dira.

Jardun guztiak hiru multzo handitan bildu daitezkeen 24 kategoriatan sailkatu dituzte. Lehen multzoak kanpoko mundua aldatzea helburu duten jarduerak bere gain hartzen ditu: elikadura, energia, eraikuntza edota mantentze lanak. Bigarrenak gizakiari berari lotutako jarduerak biltzen ditu: gorputzaren zaintza, norberaren edo besteen osasunaren gaineko ardura, zaintza, erlijioa edo bestelako jarduera espiritualak eta aisialdia. Hirugarrena gizarteari lotuta dauden bestelako jarduerei dagokie: garraioa, ekonomia, legeak edo gobernatzea.

Lehenik eta behin, batez bestean, ohean 9,1 ordu ematen ditugu —lo egiten edo “bertan egonda”, azken kontzeptu honetan gehiago sakondu nahi izan ez badute ere—. Esnatuta gaudenean, berriz, gure buruei eskaintzen diegu denbora gehien. “Ikerketak erakusten du esnatuta ematen diren ordu gehienak giza adimenarentzat eta gorputzentzako emaitza zuzenak lortzeko jardueretan ematen direla (9,4 ordu eguneko), eta 3,4 ordu bizi den ingurunea eta haragoko mundua aldatzen ematen direla. Gainerako 2,1 orduak gizarte prozesuak antolatzera eta garraiora bideratzen dira”, idatzi dute zientzia artikuluan.

Aintzat hartu behar da bataz besteko baloreez ari direla. Kasurako, bederatzi ordu ohean ematen dugula diotenean, denbora gehiago lo egiten duten haurrak aintzat hartu behar dira. Norabide berean, lehen begirada batean oso bitxia dirudien beste datu bat ekonomiari dagokio: emaitzen arabera, bataz besteko jardun ekonomikoak 2,6 ordu irauten du. Alor horretan, lehen sektoreko jardunak du pisu gehien —nekazaritza eta abeltzaintza—. Ondoren datoz merkataritza, finantzak, zuzenbidea eta manufaktura industria. Prentsa ohar batean azaldu dutenez, 15 eta 64 urte artean dituztenak dira lan egiten dutenak (populazio osoaren bi heren), eta, horientzat, astean 40 orduz lan egitearen parekoa omen da atera duten zenbakia.

Populazioaren egoera sozioekonomikoa edozein dela ere, gizaki guztiek antzeko denbora ematen dute jaten, garraioan, garbiketa pertsonala egiten eta kozinatzen. Elikagaien produkzioari dagokienez, alde nabarmena dago errenta baxuko eta errenta altuko herrialdeen artean. Errenta baxukoenetan ordubete baino gehiago ematen dute lehen sektoreko jardunetan. Errenta altukoenetan, berriz, bost minutu inguru ematen dituzte zeregin berdinean.

Mundu mailan, Lur sistematik materialak eta energia zuzenean ateratzera bideratutako denbora tartea txikia da: bost minutu. Hondakinak kudeatzeko denbora eguneko minutu batekoa da. “Horrek guztiak iradokitzen du jarduera horietan ematen den denbora aldatzeko aukera zabala badagoela”, ondorioztatu dute. Egileen esanetan, badago “tarte nahikoa zenbait jarduerari eskaintzen zaion denboran aldaketak egiteko, hala nola, materialak erauzketan, energiaren horniduran eta hondakinen tratamenduan, horietara zazpi minutu inguru baino ez direlako bideratzen”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Fajzel, William; Galbraith, Eric D.; Barrington-Leigh, Christopher; Charmes, Jacques; Frie, Elena; Hatton, Ian; Le Mézo, Priscilla; Milo, Ron; Minor, Kelton; Wan, Xinbei; Xia, Veronica eta Xu, Shirley (2023). The global human day. PNAS 120 (25) e2219564120. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2219564120

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Gizateriak denbora zertan ematen duen kalkulatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #449

dim, 2023/07/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Geologia

Blanca Martinez geologoa Antropozeno terminoaz aritu da Zientzia Kaieran. Hitz hori Paul Crutzen kimikari atmosferikoak oihukatu zuen 2000. urtean lehen aldiz, eta izan zuen oihartzuna ondorioz gizartean eta komunitate zientifikoan onartu zen. Termino horrekin, Crutzenek adierazi nahi zuen gizakia gai izan dela gure planetako ziklo biogeokimiko naturalak aldatzeko azken hamarkadetan. Alabaina, geologiaren ikuspuntutik ez da denbora nahikoa pasa industrializazioaren hasieratik, eta, beraz, Antropozenoa ez da existitzen eskala geologikoko denbora-kontzeptu gisa. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Existitzen al da Antropozenoa, maiuskulaz?

Biologia

Azkenaldian ezagunak egin dira Iberiar penintsulako orkak itsasontzi batzuekin kontaktu zuzena izateagatik. Ikerketa berri batek jarrera bitxi hori ikertu du orken portaeraren jatorria ulertzeko, eta hainbat ondoriotara iritsi dira. Batetik, ohartu dira, Iberiar penintsulako azpi-populazio osotik, 9 orkek soilik dutela jarrera berezi hori. Bestetik, ikusi dute egoera horietan egon ziren itsasontzi gehienak belaontziak zirela, eta kasu gehienetan, animaliek ontziaren leman jartzen zuten arreta soilik. Ikertzaileek ez dute argi ikusten jarrera horren arrazoia, baina baztertu egin dute zuzenean gizakiaren kontrako erasoak direnik. Datuak Zientzia Kaieran: Iberiar penintsulako orken portaera bitxia.

Fisika

UPV/EHUko ikerketa batek diodo baten modeloa ikertu du beroaren garraioa aldatzeko helburuarekin. Zirkuitu elektrikoen diseinuan erabiltzen dira diodoak, eta teknologia horren printzipioa da norabide batean eroale izatea eta bestean aldiz isolatzaile. Hala, ikerketa honek berbera ikertu nahi izan du baina beroarekin, eta kasu mikroskopiko bat aukeratu da horretarako. Bi ioi erabili dituzte kasuan, eta ioi bakoitza bainu termiko batean dago, bata hotza eta bestea beroa. Teknologia kuantikoaren arabera, ikerketa honek erakutsi du posible dela bi ioiekin bakarrik diodo bat sortzea, eta orain modelo hori inplementatuko da AEBtan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Elektrizitatetik berora: diodo termikoen mundua esploratzen.

Astronomia

Cassini misioak, bere azken uneetan, Saturnoren eta eraztunen artetik igarotzeko aukera izan zuen eta horrek eraztunen adinaren inguruko hainbat ikuspuntu ekarri dizkigute. Aurtengo maiatzean argitaratu den ikerketa berri batek Saturnoren eraztunak 400 milioi urte dituztela dio. Horiek osatzen dituzten partikulak planetaren gainera erortzen doaz poliki-poliki eta, beraz, 100 milioi urte ingururen buruan, erabat desager daitezkela kalkulatu dute ikertzaileek. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Saturnoren eraztunen adina.

Klima-aldaketa

Dagoen latituderako Europari daukan tenperatura epela bermatzen dion Golkoko itsaslasterra — zientzialariek Atlantikoko iraultze meridionaleko zirkulazioa (AMOC) izenez ezagutzen dutena— uste baino lehenago eten daitekeela jakinarazi du Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ikertzaileen arabera, arabera, 2057. urtearen inguruan gerta daiteke itsaslaster garrantzitsu horren kolapsoa. Groenlandiaren izotz urtzea dela prozesu horren eragile handiena aipatu dute, eta atzetik doakiola Artikoko izotz geruzaren urtzea. Informazio osoa Berrian:  Golkoko itsaslasterra uste baino lehenago eten daitekeela ohartarazi dute.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #449 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #457

sam, 2023/07/29 - 09:00
Irudia: Tenerifeko flora (Argazkia: José María Fernández-Palacio).

SARS-CoV-2aren aldaera guztiek ez dituzte zelula mota berak infektatu. Aldaera batzuk zehazki infektatu dituzte gliak. SARS-CoV-2 infect immune cells of the central nervous system, José R. Pinedaren eskutik.

Uharte ozeanikoetako landareak eta kontinentekoak ez dira oso ezberdinak, baina ingurunera gehiago egokitzen dira uharteetakoak. Tenerifen egindako ikerketa batek uhartea beste begi batzuekin esploratzeko aukera ematen du. High functional diversity of island plants.

Obesitatea baduzu, nahiz eta dieta egin, zure entzefaloak, hau da, zure portaera eta erabakiak zehazten dituen organoak, behar bezala interpretatu gabeko seinaleak izango ditu. Obesity hinders brain recognition of nutrient signals, Rosa García-Verdugok egina.

Orbital naturalaren funtzionalaren teoria, neurri handi batean UPV/EHUn eta DIPCn garatua, azkar ari da aplikazioak aurkitzen kimika kuantikoan. Kasu honetan, molekula konplexu baten korrelazio elektronikoak zehazteko aukera ematen du: NOF approximations applied to iron(II) porphyrin

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #457 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kiñuren begirada: piperrak

ven, 2023/07/28 - 09:00

Plateretik laborategira eraman ditu gaurkoan Kiñuk gurean hain ondo ezagutzen ditugunak: piperrak. Horien atzean dagoen kimika azaltzen digu ulertzeko haien ezaugarriak.

Piperrak kapsaizina izeneko molekula dute: kolorerik, zaporerik, usainik eta lipofilorik gabeko konposatu alkaloidea, hau da, gantzetan disolbatzen dena. Barietate bakoitzak bere kontzentrazioa du. Hazkuntza-baldintzen, fruituaren adinaren eta barietatearen arabera aldatzen da kontzentrazioa, hau da, genetikaren arabera. Ur faltak eta hazkuntzan estresak kontzentrazioa areagotzen du. Eta hau jakinda, gure kiriñikoak azaltzen digu ez dela soilik erabiltzen gastronomian.

piperrak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: piperrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Elektrizitatetik berora: diodo termikoen mundua esploratzen

jeu, 2023/07/27 - 09:00

Egunero erabiltzen ditugun tramankulu elektronikoen oinarriak diodoak dira, haien bidez lortzen dugu ordenagailu, telefono eta abar sortzea. Teknologia horren printzipioa elektrizitatearen korronte asimetria da, hots, norabide batean eroale izatea eta bestean aldiz isolatzaile. Ezaugarri horiei esker ingeniariek ate logikoak sortu ditzakete, edozein programaren atal oinarrizkoenak. Horretaz gain, noski, guztiz beharrezkoak dira argi indarra kontrolatzeko, zirkuitu elektrikoen diseinuan erabili daitekeen tramankulu garrantzitsua baita diodoa.

Lan honetan diodo baten modeloa ikertzen dugu, baina elektrizitatearen garraioaren ordez bero garraioa aldatzen duena, alde baterantz bero eroalea eta besterantz isolatzailea izanik. Hau da, alde bat (adibidez ezkerra) bada beroen dagoena, beroa garraiatuko du alde hotzerantz, beste aldea (eskuina) bada beroa, ordea, ez du berorik garraiatuko.

diodoIrudia: Teknologia kuantiko askotarako ioi harrapatuen sistemak proposatzen dira, eta sistema haietan ioiek duten tenperaturaren kontrolak asko lagun dezake. (Argazkia: Karolina Grabowska – erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Oro har ez da erraza horrelako tramankulu bat imajinatzea, izan ere eguneroko bizitzan ez dugu diodo termikorik ikusten. Hala ere, esan beharra dago esperimentu bidez frogatu dela diodo termikoen existentzia, bai kasu mikro baita makroskopikoetan. Gure ikerketan kasu mikroskopikoa aukeratu dugu, baina zergatik? Teknologia kuantikoen munduan izan dezakeen garrantzia dela eta. Teknologia kuantiko askotarako ioi harrapatuen sistemak proposatzen dira, eta sistema haietan ioiek duten tenperaturaren kontrolak asko lagun dezake. Horretaz gain, badira proposamenak ordenagailu mota berriak sortzeko, bero ordenagailuak, korronte elektrikoen ordez korronte termikoak baliatuko lituzketenak.

Modu asko daude behar ditugun diodo termiko horiek eraikitzeko, baina guk modelo sinple bat asmatu dugu, bi ioi baino ez dituena. Ioi bakoitza bainu termiko batean dago, bata hotza eta bestea beroa, haien artean lotuta daudelarik potentzial harmoniko baten bidez. Bainu termikoak laser bidez lortzen dira, matematikoki funtzio aleatorioen bidez deskribatuz. Diodo hori sortzeko bi ioiak ezin dira berdinak izan, ezberdintasun bi sartzen dizkiegu: 1) masa ezberdinak, 2) bainuarekiko duten kontaktua (marruskadura koefiziente bidez deskribatua) ezberdina izatea kasu bakoitzeko. Lanean zehar propietate bien arteko zatiketa erabiliko dugu parametro gisa, hots, partikula baten masa zati bestearen masa eta abar. Masa ezberdintasun eta marruskadura koefizienteak aldatzen ditugu diodoa diseinatzeko, gure helmuga gisa diodoaren errektifikazioa (norabidearekiko menpekotasunaren garrantzia) eta transmititu daitekeen korrontea (eroalea denean) maximizatzea da.

Adierazpen sinple batzuk aurkitu ditugu diseinua burutzeko, hau da, badaude parametroen arteko erlazio pribilegiatu batzuk errektifikazio maximoa sortzen dutenak. Lanean poliki poliki erakusten dira izandako aurkipenak, eta beste proposamenentzako aurkipen horiek duten garrantzia. Ez dugu garapen matematiko analitikoa pausoz pauso erakusten, izan ere oso konplikatua da, eta beraz emaitza esanguratsuak baino ez dira azaltzen artikuluan. Oraintxe bertan Amerikako Estatu Batuetako talde esperimental bat buru belarri ari da lanean proposatzen den modeloa inplementatzeko, lortu ditugun emaitzak esperimentu bidez baieztatzeko aukera emango diguna. Beraz, sinplea izan arren, posible da bi ioiekin bakarrik diodo bat sortzea.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Bi oszilagailu harmonikodun eredu minimalista
    baten bidezko bero-errektifikazioa
  • Laburpena: Bero-errektifikazioa aztertzen dugu harrapatutako bi atomo ezberdinez osatutako modelo minimalista baten bidez. Atomoek indar linealak jasaten dituzte laserren bidez sorturiko Langevin bainu efektiboekin kontaktuan, Doppler efektuaren bidez sortuak. Egoera egonkorreko korronteen adierazpen analitikoak lortzen ditugu. Sistema lineal honetan bero-korronte asimetrikoa lortzen da bainuen tenperatura eta bainuek sistemarekiko duten akoplamendua aldi berean trukatzen badira. Modelo honen parametro- espazioa ere aztertzen dugu bero-korronte asimetria maximizatzeko.
  • Egileak: Aitor Alaña, J. Gonzalo Muga eta Marisa Pons
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 67-84
  • DOI: 10.1387/ekaia.23250
Egileez:

Aitor Alaña, J. Gonzalo Muga eta Marisa Pons UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Elektrizitatetik berora: diodo termikoen mundua esploratzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Iberiar penintsulako orken portaera bitxia

mer, 2023/07/26 - 09:00

Azkenaldian ezagunak egin dira Iberiar penintsulako orkak, eta ez bereziki modu positiboan. Badirudi orka azpi-populazio horrek jarrera berri bat ikasi duela, eta itsasontzi batzuekin kontaktu zuzena izan dute behin baino gehiagotan. Komunikabide batzuk eta sare sozialak maltzurtzat jotzen ari dira animalia horiek, gizakiaren kontrako erasoak egiten ari direla argudiatuz. Sortzen ari den iskanbila ikusirik, Portugal, Espainia eta Frantziako hainbat ikertzaile batu dira, jokabide horren nondik norakoak ulertzen saiatzeko asmoz.

Iberiar penintsulan bizi diren orkek azpi-populazio bat osatzen dute, geografikoki eta genetikoki isolatua. Gibraltarko itsasartetik Galiziararteko uretan ibiltzen dira, Portugalgo kostalde atlantikoan barrena. Lerro matriarkalek osatzen dituzte orken populazioak (eme heldu batek eta haren ondorengoek), eta Iberiar penintsulako azpi-populazioan, zehazki, eme matriarkari Gladis izena eman zitzaion. Horregatik, azpi-populazio osoari erreferentzia egiteko Gladis orkak esaten zaie.

Iberiar Penintsulako1. irudia: Iberiar penintsulako orka azpi-populazioan, eme matriarkari Gladis izena eman zitzaion. Horregatik, azpi-populazio osoari erreferentzia egiteko Gladis orkak esaten zaie. (Argazkia: Felix Rottmann – erabilera libreko irudia. Pexels.com)

Iberiar penintsulan, historikoki, gizakion ekintzak gainjarri izan dira orken habitatarekin eta bizimoduarekin. Kristo aurreko 77 urtean dagoeneko erromatarren izkribuek orkak aipatzen zituzten penintsularen hegoaldean. Erdi Aroan, berriz, arrantzaleek lagungarri zituzten orkak hegalaburrak arrantzatzeko. Orken ehizatzeko estrategia hegalaburrak kostaldearen kontra bultzatzea zen, eta arrantzaleak une horiez baliatzen ziren beraiek ere hegalaburrak errazago harrapatzeko. Beste dokumentu batzuek aipatzen dute garai haietan bertan ere orkak arrantzaleen sareetan harrapaturik gelditzen zirela.

Gaur egun, Gladis azpi-populazioa hegalaburraz elikatzen da gehienbat, eta bi estrategia erabiltzen dituzte hiek ehizatzeko. Batetik, aktiboki ehizatzen dituzte, eta bestetik, Gibraltarreko itsasarteko arrantzaleen pita luzeetan erortzen diren hegalaburrak harrapatzen ikasi dute, ahalegin gutxiagorekin jaki asko lortzen baitute. Bigarren estrategia gauzatzeko, orkek arrantzaleen pitak jarraitzen dituzte bertan hegalaburrik ba ote dagoen arakatuz. Topatzen badituzte, arrainak eskuratzen saiatzen dira arrantzaleek pita uretatik kanpo atera aurretik. Metodo honek, ahaleginari dagokionez  efizienteagoa bada ere, baditu desabantailak; izan ere, orka asko ikusi izan dira zauri larriekin eta baita anputazioekin ere. Pita bera oso ebakitzailea izan daiteke, eta batzuetan, zuzenean arrantzaleekin izandako gatazken ondorioz zauritzen dira. Hala, orka azpi-populazio honek jasaten dituen inpaktuen ondorioz, Lista Gorrian sartu du IUCN elkarteak (International Union for the Conservation of Nature, ingeleseko sigletatik), “kritikoki mehatxatua” kategorian. Horrek esan nahi du azpi-populazio honek desagertzeko arrisku handia duela egoera hobetzeko ekintzak aurrera eramaten ez badira, gaur egun edo etorkizun hurbilean.

2020an orkak eta itsasontziak zuzenean elkar eragiten hasi ziren Iberiar penintsulako kostalde atlantikoan. Helburu argirik gabe, orkak itsasontziei asko gerturatzen zitzaizkien, eta batzuetan haien kontra jotzen zuten. Zientzialariek ez zuten helburu argirik ikusten jarrera horren atzean. Hala, ikertzaile talde batek informazioa bildu du 2020tik gertatu diren mota honetako topaketen inguruan, orken motibazioa edo jarreraren jatorria ulertzea dutela helburu. Horretarako, topaketa bakoitzaren ezaugarriak aztertu dituzte, bi aldagai kontutan izanda: itsasontzi mota (motorduna, belaontzia, katamarana…) eta motor mota. Horretaz gain, urpekari batek Gladis orken kalitate handiko argazkiak atera ditu ur azpian, haiek zenbatu eta identifikatzeko. Ikertzaileek arreta handiz berrikusi dituzte argazki horiek, animaliek itsasontziekin ukituaren zantzurik (zauriak, orbainak, anputazioak…) ba ote zuten ikusteko. Hala bazen, animalia bakoitza identifikatzeko izen bat sortu zuten: “Gladis” izena lehenengo, eta horren segidan banako bakoitzarentzat beste izen bat.

Iberiar Penintsulako2. irudia: ikertzaile talde batek informazioa bildu du 2020tik orkak eta itsasontziak zuzenean elkar eragindakoaren inguruan, orken motibazioa edo jarreraren jatorria ulertzeko. (Argazkia: Jo Kassis – erabilera libreko irudia. Pexels.com)

Gladis azpi-populazioa hobeto identifikatzeko, gainera, ikertzaileek mugikorretarako aplikazio bat sortu zuten. Aplikazio horren bidez, itsasontziz orkaren bat ikusi zuen orok informazio hori gorde ahal zuen, eta datu horiek zuzenean ikertzaileei iristen zitzaizkien. Bilduma horretan, aplikazioaren erabiltzaileek zehaztu behar zuten ea orken ikuskatze arrunt bat izan zen, edo kontrara, orkek itsasontziak elkar eragin ote zuten. Sailkapen horrekin batera, data, ordua eta koordenatuak gordetzen ziren bilduman. Orkek eta itsasontziak elkar eragin bazuten, ikertzaileak zuzenean jartzen ziren harremanetan nabigatzaileekin, informazio zehatzagoa biltzeko eta argazki edo bideorik egin bazuten, material hura eskatzeko.

Guztira, 119 erregistro bildu zituzten aplikazioaren bitartez, eta horietatik 49tan orka taldeak itsasontziak elkar eragin zuten moduren batean edo bestean. Bildutako argazki eta bideoekin, 30 orka indibiduo identifikatu zituzten populazioan; horietatik 9k soilik zuten jarrera berezi hori. Jasotako informazioaren arabera, ikertzaileek ikusi zuten orken talkak jasotzen zituzten itsasontzi gehienak belaontziak zirela, eta kasu gehienetan, animaliek ontziaren leman jartzen zuten arreta soilik. Batzuk gerturatu besterik ez ziren egiten, besteek kontaktua egiten zuten lemarekin, eta batzuetan, lema mugitzen saiatzera edota barkua gelditzera iristen ziren.

Emaitza horiek ikusirik, ikertzaileek ez dute erantzun ziurrik ikusten orken helburuen inguruan, baina azaldu dute hiru hipotesi posible egon daitezkeela: aukeretako bat da orketako batek edo batzuek gertaera traumatiko bat eduki izana itsasontziren batekin (talka bat, adibidez), eta jarrera hori traumaren erantzuna izatea. Beste aukera posible bat da hainbat faktoreren nahasketa izatea orkak asaldatu dituena (harrapakin eskasia, itsasontziek sortutako asaldura, arrantzarekin arazoak…). Azkenik, ikertzaileek uste dute jakinmin hutsa ere izan daitekeela orken jarreraren atzean dagoena, ezin baita ahaztu oso animalia argiak direla.

Gaur egunera arte, ez da inoiz jaso orka basatiek gizakien heriotzarik eragin dutenik. Espezie oso estigmatizatua da, eta ez dio laguntzen hainbat hizkuntzatan ematen zaion “hiltzaile” izenak (orca asesina gaztelaniaz edo killer whale ingelesez). Espezie estigmatizatuek, gizartearen beldur edo gorrotoa dela eta, arriskua dute kontserbazio-arazo gehiago izateko, eta, izatez, orkek beste edozein harrapariren jarrera dute. Gauzak honela, irakurri eta entzun ditugun berri katastrofiko eta beldurgarriak alde batera utzita, ezin liteke baieztatu Iberiar penintsulako orkak zuzenean gizakia erasotzen ari direnik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Esteban, Ruth; López, Alfredo; de los Rios, Álvaro Garcia; Ferreira, Marisa; Martinho, Francisco; Méndez‐Fernandeza, Paula; Andréu, Ezequiel; García‐Gómez, José C; Olaya‐Ponzone, Liliana; Espada‐Ruiz, Rocío; Gil‐Vera, Francisco J.; Bernal, Cristina Martín; Garcia‐Bellido Capdevila, Elvira; Sequeira, Marina eta Martínez‐Cedeira, José A. (2022). Killer whales of the Strait of Gibraltar, an endangered subpopulation showing a disruptive behavior. Marine Mammal Science, 38(4), 1699–1709. DOI: 10.1111/mms.12947

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Iberiar penintsulako orken portaera bitxia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Existitzen al da Antropozenoa, maiuskulaz?

mar, 2023/07/25 - 09:00

Ziur jende guztiak entzun duela, testuingururen batean edo bestean, Antropozeno terminoa, eta berehala lotu duela Geologiarekin. Denbora geologikoaren ilustrazio deigarri batzuetan ere ikusiko zenuten akaso, aro modernoena eta garaikidea gisa irudikatuta. Ez ote dugun Euskaltzaindiaren Hiztegian honelako sarrera bat topatuko: “adj./iz. Geol. Epoka batez mintzatuz: Kuaternarioko berriena, XX. mendearen erdialde ingurutik gaur egun arte hedatzen dena. Giza ekintzak sistema naturalak modu global eta sinkronikoan aldatzeak ezaugarritzen du”.

Aurrekari horiekin, pentsatzekoa da Antropozeno termino geologiko bat dela benetan, Lurraren historian, gauden aroa definitzen duena. Baina hala al da? Hori egiaztatzeko, lagun zahar batengana jo behar dugu: nazioarteko taula kronoestratigrafikoa edo garai geologikoen taula. Geologiaren ikuspegitik, gure planetak bere historia luzean izan dituen faseei izena emateko erreferentzia baliagarri bakarra da. Eta taularen bertsiorik eguneratuenari erreparatzen badiogu, “Antropozeno” hitza ez da inon agertzen. Holozeno epokako Meghalayarrean bizi gara, periodo kuaternarioan.

Antropozenoa1. irudia: Ray Troll artistaren 2017ko “Cruisin’ the Fossil Coastline” laneko ilustrazioa, zeinak Antropozenoa aro geologikorik modernoena gisa irudikatzen duen. (Iturria: Ray Troll)

Orduan, nondik dator Antropozenoak geologikoki gaur egungo unea irudikatzen duelako ideia? Murgil gaitezen historian, hori deskubritzeko. 2000. urtean, Paul Crutzen kimikari atmosferiko nederlandarrak, gure planetaren egoerari buruzko hitzaldi batean, bat-batean oihukatu zuen ez geundela Holozenoan, Antropozenoan baizik (bi hitz grekotatik datorren terminoa: anthropos –gizakia– eta kainos –berria–). Ezusteko etenaldi horrek, baita Crutzenek sortu zuen izen deigarri hark ere, bertaratutako jendeak kontzeptu hura onartzea eragin zuen. Kimikariak ideia hori garatu zuen orduan, gizakiak naturan azken urteetan izandako eragina agerian uzteko froga zientifikoak bilatuz. Eta ondorioa latza izan zen: atmosferan berotegi-efektuko gasen presentziaren hazkunde berdingabea, baliabide naturalen kontsumoaren igoera esponentziala, tenperaturaren eta itsas mailaren igoeraren bizkortzea, biodibertsitatearen galeran abiadura handiagoa, gero eta muturreko gertakari klimatiko errepikakorragoak eta abar, gauza bakarra adierazten zutenak: gizakia gai izan dela gure planetako ziklo biogeokimiko naturalak aldatzeko azken hamarkadetan.

Are gehiago, arazo horiei guztiei hasiera data bat eman ahal izan zaie: XX. mendearen erdialdea. Zehazki, 1950etik aurrera, adierazle sozioekonomiko eta ingurumen-adierazle horiek guztiek hazkunde esponentziala izan zuten, eta gainera, mundu osoan marka kronologiko bat utzi zuten bonba nuklearren probak egin zituzten; beraz, urte hori Antropozenoaren hasiera ofizialtzat hartzen da.

Antropozenoa2. irudia: denbora geologikoen taularen bertsiorik eguneratuena (2023ko apirilekoa). Ez da Antropozeno hitza agertzen Kuaternarioaren barruko denbora-banaketan. (Iturria: stratigraphy.org)

Komunitate zientifikoaren zati handi batek Crutzenen proposamenak onartu eta aurreko garaiez bestelako batean gaudela irmo baieztatu badu ere, zer iritzi du arlo geologikoak? Bada, saltsa ederra dago. Alde batetik, Jan Zalasiewicz geologo britainiarrak Antropozenoa sutsuki defendatzen du Kuaternarioko epoka geologiko berri gisa, eta ehunka espezialista bat datoz haren proposamenarekin. Izan ere, gai horri buruzko lantalde bat eratu du Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunean. Bestalde, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko gainerako batzordeetako kide gehienak ez daude harekin ados.

Garai geologiko berri bat definitzeko, gaur egun, arazo nagusia denboraren kontzeptua da. Hamarkada batzuk baino irauten ez dituen gertaera batek, ziur asko milaka edo milioika urte barru erregistro geologikoan egongo ez denak, ez du nahikoa funtsik, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunaren egungo araudi formalen barruan, denbora geologikoen taularen barruan denbora-banaketa berritzat hartu ahal izateko.

Geologiako espezialisten arteko eztabaida hori gorabehera, antropozenoa, eta oraingoan letra xehez idatzi dut, ez da Lurraren historiako epoka berri bat. Ez, behintzat, oraingoz. Hasieran aipatu dugun hiztegiko sarrera, beraz, guztiz okerra litzateke.

Antropozenoa3. irudia: “Beachrock” edo hondartza zementatu izeneko harri baten xehetasuna, galdaketa-zepek, adreilu erregogorren zatiek eta plastiko hondarrek osatua, Gorrondatxe hondartzan (Getxo, Bizkaia). (Argazkia: Iranzu Guede Sagastizabal.)

Jakina, ez dut esan nahi giza ekintzak ingurune naturalean lagatako aztarna oso agerikoa ez denik. Horren adibide oso deigarri eta nahiko gertuko bat nahi baduzue, Gorrondatxe hondartza bisita dezakezue, Bizkaian. Bertan, duela berrehun urte baino gutxiago Nerbioi ibaiaren bokalean itsasora isuritako metalurgia-industrietako hondakinen zementazioak sortutako arrokak aurkituko dituzue: galdaketa-zepak, adreilu erregogorrak, beirak, plastikoak, aluminio-latak… baina Antropozenoa ez da existitzen eskala geologikoko denbora-kontzeptu gisa. Existitzen da, ordea, planetako baliabideak neurriz kanpo kontsumitzeko giza joera burugabearen definizio gisa. Beraz, ez ditzagun terminoak nahastu eta jarrai dezagun Holozenoan bizitzen, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak kontrakoa esan artean.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko ekainaren 22an: ¿Existe el Antropoceno con mayúsculas?.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Existitzen al da Antropozenoa, maiuskulaz? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Saturnoren eraztunen adina

lun, 2023/07/24 - 09:00

Gure giza ikuspegitik, askotan iruditzen zaigu gure eguzki sistema orain ikusten dugun bezalakoa izan dela beti. Batzuetan, geure planetarekin ere gertatzen zaigu; gizakiak jasanarazten dion aldaketa erritmo azkarragatik ez balitz, gelditasun sentsazio faltsua izango genuke zenbaitetan, baina hori ez dator bat errealitatearekin. Azken hamarkadetan konturatu gara gure eguzki sisteman maila guztietan ematen den planeta dinamismoa (atmosferak, kanpo prozesuak, barne prozesuak), oso garrantzitsua dela, bereziki oraindik barne beroa duten eta gainazala eralda dezaketen gorputzetan. Zehazki, zenbait tokiren dinamika handiak galdera asko sortzen dizkigu: planeta eraztunak. Izan ere, oraindik horiei buruzko xehetasun gutxi ezagutzen ditugu, besteak beste, nola sortu ziren –planetaren aldi berean sortu ziren ala geroko apaingarri bat diren– edo horiek «betirako» ote diren.

Saturnoren 1. irudia: Saturnoren eraztun handientsuak, Cassini zundatik ikusita. (Irudia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)

Cassini misioak Saturnoren eraztunak askoz ere hurbilagotik ezagutzeko aukera eman zigun. Batez ere bere misioaren azken uneetan, planetaren eta eraztunen artetik igarotzeko aukera izan baitzuen. Modelo berriak egiteko funtsezko irudiak eta datuak jaso zituen eta, horri esker, haien osaera eta funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera izan dugu. Datu horiek, bereziki azken bost urteetan, eraztunen adinaren inguruko hainbat ikuspuntu ekarri dizkigute.

Gaur egun, eraztunen eraketari buruzko teoria berrienak diosku duela 160 milioi urte inguru Saturnoren satelite bat, nagusiki izotzez osatua, planetara gehiegi hurbildu zela; Saturnoren grabitateak desintegratu egin zuen eta bere zatiek gaur egun ezagutzen ditugun eraztunak osatu zituzten (Wisdom et al. 2022).

Duela urte batzuk argitaratu zen artikulu batek (Iess et al. 2019) eraztunen adina 10 eta 100 milioi urte artekoa zela kalkulatzen zuena. Horrek agerian uzten zuen eraztunak geologikoki iritsi berriak izan zitezkeela (nahiz eta lehen aipatutako azterlanean baino gazteagoak izan). Halaber, artikuluak adierazten zuen gure bizitzan zehar horiek behatu ahal izatea zorte handia zela: eguzki sistemak 4.500 milioi urte inguru ditu eta eraztunak askoz lehenago sortu ahal zitezkeen.

Saturnoren 2. irudia: Saturnoren eraztunen xehetasun bat. Ikusi irudian nabarmentzen den haien kolore argia; hori izotz partikulei esker gertatzen da, argia islatzen baitute. (Irudia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)

Baina, adin tarte horiek zuzenak al dira? Aurtengo maiatzean argitaratu den ikerketa berri batek Saturnoren eraztunak zaharragoak direla dio: 400 milioi urte. Nola iritsi dira ondorio biribil horretara ikertzaileak?

Gure eguzki sisteman arroka partikulak etengabe mugitzen dira; horiek planeten gainazaletan metatu daitezke edo, kasu honetan, Saturnoren eraztunetako izotzaren gainean, eta analogia zilegi bazait, gure etxeetan gertatzen denaren antzekoa da: garbitzen ez dugunean eta dena hautsez estaltzen denean bezalakoa da.

2004tik 2017ra bitartean, Cassini zundaren Cosmic Dust Analyzerrak Saturnoren sistema zeharkatzen zuten hauts ale txikiak aztertu zituen, eta 163 hauts ale detektatu zituen; horiek ez zeuden planetaren orbitan, planetarekin gurutzatu ziren. Tresna hori zundarekin talka egiten zuen partikulen tamaina, abiadura eta konposizioa kalkulatzeko aukera ematen duen espektrometroa da.

Saturnoren eraztunak urezko izotzez osatuta daude nagusiki, baina % 0,1 eta % 2 artean material harritsuak dira; ziur asko, ale horietako asko Saturnoren sistematik kanpokoak izango dira. Denborak aurrera egin ahala, izotzaren eta harri partikulen arteko proportzio hori aldatzeaz gain, eraztunak ere ilunduz joango dira hauts pilaketaren ondorioz.

Saturnoren 3. irudia: Saturnoren eraztunak oso leku konplexua dira, eta hainbat interakzio ematen dira horietan. Adibidez, Dafnis sateliteak –irudian ikusi daiteke–, besteak beste, eraztunaren partikulei eragiten dietena; horrela, hura moldekatzen dute eta, beren grabitatearen ondorioz, ondulazio horiek sortzen dituzte. (Irudia: NASA/JPL-Caltech/Space Science Institute)

Datu horiekin, Saturnoren eraztunek hauts hori –partikula harritsuak– zein abiaduratan irabazten duten kalkulatu ahal izan da. Horrela, sorrerako urte posibleenen tartea zein den jakin ahal izan da, gutxi gorabehera 100 eta 400 milioi urte bitartean.

Hori bai, eraztunak ez dira betirako izango. Izan ere, horiek osatzen dituzten partikulak planetaren gainera erortzen doaz poliki-poliki eta, beraz, 100 milioi urte ingururen buruan, erabat desager daitezke, horiek birsortzen dituen mekanismorik ez badago.

Nahiz eta azken artikulu horiek eraztun gazteen sistemaren ildokoak izan, beste autore batzuek iradoki dute agian badirela eraztunen itxura gaztetzen duten prozesuak, tartean, partikula harritsuak eta konposatu organikoak lehentasunez ezabatzea. Hori horrela, eraztunak askoz zaharragoak izango lirateke, eta haien gaztetasuna irudipen hutsa.

Zalantzarik gabe, Saturnoren eraztunen adinaren gaiak gori-gorian jarraituko du Cassini misioak hartu dituen datuen berrinterpretazioari esker. Baina, haien adina edozein dela ere, zorionekoak gara une egokian gure eguzki sistemako eraztun sistema handientsuenaz gozatu ahal izan dugulako.

Erreferentzia bibliografikoak:

Iess, L.; Militzer, B.; Kaspi, Y.; Nicholson, P.; Racioppa, P.; Anabtawi, A.; Galanti, E.; Hubbard, W.; Mariani, M. J.; Tortora, P.; Wahl, S.; Zannoni, M. (2019). Measurement and implications of Saturn’s Gravity Field and ring mass. Science, 364, 6445. DOI: 10.1126/science.aat2965

Kempf, Sascha; Altobelli, Nicolas; Schmidt, Jürgen; Cuzzi, Jefrey N.; Estrada, Paul R.; Srama, Ralf (2023). Micrometeoroid infall onto Saturn’s rings constrains their age to no more than a few hundred million years. Science Advances, 9, 19. DOI: 10.1126/sciadv.adf8537

Wisdom, Jack; Dbouk, Rola; Militzer, Burkhard; Hubbard, William B.; Nimmo, Francis; Downey, Brynna G.; French, Richard G. (2022). Loss of a satellite could explain Saturn’s obliquity and young rings. Science, 377, 6612, pp. 1285–1289. DOI: 10.1126/science.abn1234

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko maiatzaren 15ean: La edad de los anillos de Saturno.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Saturnoren eraztunen adina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #448

dim, 2023/07/23 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

inguruan

Zoologia

Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas primatologo aitzindariak izan ziren XX. mendean. Hiru emakume horiek simio handiekin bizi izan ziren, eta beren lanari esker, jakintza asko batu da txinpantzeen, gorilenen, eta orangutanen jokabidearen inguruan. Louis eta Mary Leakey paleontologo bikote legendarioak aukeratu zituen hiru abenturazale horiek, sinesten baitzuten simio handiak ikertzea lagungarria izan zitekeela antzinako hominidoen jokabidea ulertzeko. Hiruen artean, Jane Goodallek txinpantzeak ikertu zituen, eta hari esker dakigu txinpantzeak orojaleak direla, eta erremintak egiteko gaitasuna dutela. Biruté Galdikas orangutanekin bizi izan zen Borneon hogei urte baino gehiagoan, eta Orangutanen Nazioarteko Fundazioaren sortzailea da. Jane Goodall, berriz, mendiko gorilen ikerketan aitzindaria izan zen, baina zoritxarrez, ezkutuko ehiztariek hil zuten gorilak babesteko egiten zuen ahaleginagatik. Emakume zientzialari hauei buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Emakumeen begirada aitzindaria primatologian.

Arkeologia

Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela ondorioztatu du UPV/EHUk beste unibertsitate batzuekin elkarlanean. Ana Polo-Díaz ikertzaileak azaldu duenez, Iberiar Penintsulan lehen aldia da egitura mota horiek xehetasunez aztertzen direla metodologia sistematiko bat aplikatuz. Europako Mesolitoko hainbat aztarnategi ikertu dituzte, eta lortutako emaitzek berresten dute ikertutako egituren jatorria antropikoa dela. Kronologikoki bi okupazio fase bereizi ahal izan dituzte egiturekin: okupazio zaharrenean aska labe bat izan zen egituraren hondarrak aurkitu dira, eta berrienean, berriz, kokaleku baten okupazioaren hondakinak identifikatu dira. Datuak Zientzia Kaieran.

Kimika

Irristada eta erorketak, prozesu sinpleak diruditen arren, fenomeno konplexuak dira. Faktore ugarik parte hartzen dute, besteak beste, marruskadurak. Zoruaren eta oinetakoen arteko marruskadura txikia bada, irristada gertatuko da. Indar hori handitzeko helburuarekin ohikoa da zorua tratatzea, eta tratamendu horiek kimikoak edo mekanikoak izan daitezke. San Ferminetan, adibidez, 1500 litro produktu irristagaitz bota dituzte entzierroko kaleetan, baina erabiltzen duten formulazioa sekretua da. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Irristaden eta erorketen zientzia.

Gaur egun, nahi den kolorea lortzeko gai gara kimikaren bitartez, kromoforo organiko sintetikoak edo naturalak erabiliz. Kromoforo bakunak erabiliz, alabaina, hainbat arazo fotofisiko sortzen dira. Hori konpontzeko topatu den irtenbideetako bat kromoforo ezberdinak kobalenteki elkartzea izan da, eta egitura multikromoforikoak sortzea. Egitura horien bidez interferentziak murrizten dira, eta aldi berean, fotoegonkortasuna nabarmenki handitzen da. UPV/EHUko ikerketa batek hiru kromoforo ezberdinen propietate fotofisikoak aztertu zituen, eta frogatu zuten koloratzaile hauek konbinatzean, xurgapen pankromatikoa lortzen dela. Hau da, ultramoretik infragorri hurbilerainoko uhin-luzera guztiak xurgatzeko gai dira. Datuak Zientzia Kaieran: Koloratzaile fotoaktiboen belaunaldi berria.

Meteorologia

Ikerketa batek ondorioztatu du hirien inguruan hodei gehiago pilatzen direla, batez ere udan. AEBn hogei urtez hartutako datuetan oinarrituta egin dute ikerketa, eta ikusi dute bero uharte efektuaren fenomenoa gertatzen dela hirietan. Hau da, hirietan landa eremuan baino bero gehiago pilatzen denez, ur gehiago lurruntzen da. Hala, ondorioztatu dute udan hirien gainean %3-6 hodei gehiago biltzen direla. Beste faktore batzuk ere erabakigarriak dira hirien gaineko hodeien eraketan, hala nola, kostalderako gertutasuna, haizea edo orografia. Hala eta guztiz ere, eragin urbano nahiko unibertsala aurkitu dute tokiko hodei patroietan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Udan hodeiak errazago pilatzen dira hirietan.

Klima-aldaketa

Ekuatoretik gertuko ozeanoak berdetu egin direla ondorioztatu dute ikerketa batean. NASA agentziaren Aqua teleskopioak jasotako argazkiak erabili dituzte azterketarako, eta duela hogei urteko argazkiak gaur egungoekin alderatu dituzte. Kolorea aldagai modura erabilita, ikertzaileek klorofila-kontzentrazioaren inguruko datuak aurresan dituzte. Azken aldagai hau zuzenean aztertzea neketsuagoa da eta datu kantitate handiak behar dira. Ikertzaileek ikusi dute kolore berdea maizago jaso dutela, gehienbat ekuatoretik hurbilenen dauden uretan. Prozesu honek ekosistemetan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute. Azalpen guztiak Berrian: Ozeanoak berdeagoak dira orain.

Osasuna

Gizonek ere izan dezakete bularreko minbizia, eta kasuen %1,5 dira. Maria Vivancok CIC Bioguneko ikertzaileak hitzaldi bat eman du gai honen inguruan, gizonetan ere gaixotasun horren prebentzioa sustatzeko. Azaldu duenez, gizon askok ez dakite paira dezaketenik ere, eta bularrean koskor bat hautematen badute, batzuek ez diote kasurik ere egiten. Horregatik, gizonezkoen bularreko minbiziak beranduago diagnostikatzen dira, oro har. Gainera, Vivancok ohartarazi du ikusgaitasun faltak ikerketan ere ondorioak dituela, kasu askoz ere gutxiago gordetzen baitira. Alabaina, emakumeetan erabiltzen diren tratamenduek ondo funtzionatzen dutela azaldu du. Datuak Berrian: Bularreko minbizia, gizonen arazoa.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #448 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #456

sam, 2023/07/22 - 09:00

Zergatik txinpantzeek ez eta gu bai hitz egin dezakegun ulertzeko, baliagarria da jakitea nola erabiltzen duen giza espezieak hatz erakuslea. Why we speak and chimpanzees don’t Beatriz-Gómez-Vidalen eskutik.

Eroale topologikoen fase berri batek egoera solidoaren fisikaren alderdi batzuk irauli ditzake: A topological pair-density-wave of spin-triplet Cooper pairs

Fracking-a Groenlandiako izotz plaka suntsitzen ari da. Ez petrolio-enpresek egindako fracking-a, urtutako izotzak eragindakoa, baizik. Meltwater is hydro-fracking Greenland’s ice sheet Alun Hubbardengatik.

Zer egiten du astrofisikari batek benetan? Teleskopio batetik begiratzera, seguru ezetz. Python-en programatzea litekeena dirudi. DIPCko jendea DSPS: a python package for stellar population synthesis

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #456 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Emakumeen begirada aitzindaria primatologian

ven, 2023/07/21 - 09:00

1960ko hamarkadan, Louis eta Mary Leakey paleontologo bikote legendarioak hiru pertsona aukeratu zituen simio handiekin bizi eta haien jokabidea ikertzeko. Pertsona horietako batek txinpantzeen jokabidea ikertuko zuen, besteak gorilena, eta hirugarren batek orangutanena. Beren erabakia hiru emakume bidaltzea izan zen: Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas, hurrenez hurren. Leakey senar-emazteek berariaz egin zuten aukeraketa, sinesten baitzuten naturako behaketa-lanak egiteko emakumeek gaitasun hobeak zituztela gizonek baino.

Leakey senaremazteak izen handiko paleontologo, arkeologo eta antropologoak ziren dagoeneko 60ko hamarkadan. Beren lan esanguratsuena Olduvai arroilan egin zuten, Tanzanian. Urte askoan zehar, animalia ugariren fosil-bilduma ikaragarria sortu zuten aztarnategi horretan topatutakoarekin, eta harrizko tresna asko ere atzeman zituzten. 1959an gainera, Mary Leakey-k hominido baten lehen fosila topatu zuen aztarnategi hartan, Paranthopus baten garezurra. Aurkikuntza hori beste askoren aurrekaria besterik ez zen izan, eta Leakey bikoteak informazio gehiago jaso nahi zuen lenen hominido horien inguruan. Hala otu zitzaien simio handiak ikertzea lagungarria izan zitekeela antzinako hominidoen jokabidea ikertzeko, Louis Leakey-k behin esan zuen moduan “jokabidea ez baita fosilizatzen”.

emakumeenIrudia: Louis eta Mary Leakey paleontologo bikote legendarioak Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas aukeratu zituen simio handiekin bizi eta haien jokabidea ikertzeko. (Argazkia: Smithsonian Institution – erabilera libreko irudia. Iturria: Flickr.com)

Simio handiak ikertuko zituen hirukotetik, abentura hasi zuen lehena Jane Goodall izan zen (Erresuma Batua, 1934). Goodallek 23 hiru urte zituela egin zuen lehen bidaia Kenyara, Louis Leakey-ren agindupean. Hiru urte geroago, 1960an, Gombe-ra (Tanzania) bidali zuen, bere ikerketa-eremu garrantzitsuena bihurtuko zen tokira. Goodallek ez zuen ikasketa ez esperientziarik zientzian; Louis Leakey-ren idazkaria zen, baina hasiera-hasieratik erakutsi zuen animaliekiko eta naturarekiko maitasun eta interes handia. Gauzak horrela, Leakey-k aukera bat ematea erabaki zuen.

Tanzanian pasa zituen urteetan zehar, Goodallek bere begiekin ikusi zituen txinpantzeek askatasunean zituzten jokabideak, erlazioak, hierarkiak eta ohiturak. Bere ikerketen bitartez, txinpantzeen gaineko hainbat eta hainbat sineskeria baztertu zituen. Besteak beste, txinpantzeak orojaleak zirela baieztatu zuen, eta ez belarjaleak, aurretik pentsatzen zen moduan. Gainera, txinpantzeak erremintak sortu eta erabiltzeko gai zirela ikusi zuen Goodallek, eta aurkikuntza horrekin hankaz gora jarri zuen komunitate zientifikoa bere garaian. Goodallek ikusi zuen txinpantzeek adarrei hostoak kendu eta termiten habietan ehizatzeko erabiltzen zituztela. Ordura arte, zientzialariek uste zuten gizakia zela tresnak sortu eta erabiltzeko gai zen animalia bakarra.

Biruté Galdikas (Alemania, 1946) abenturazaleak beste bide bat hartu zuen; beraren kasuan, Borneora (Indonesia). Leakey-k 1971n bidali zuen bertara, irlan bizi ziren orangutanen bizimodua eta ohiturak aztertzera. Galdikas hogei urte baino gehiagoz aritu zen atsedenik gabe primate horiek aztertzen, eta munduko erreferente nagusia bilakatu zen orangutanen etologian eta kontserbazioan. Galdikasek lanean jarraitzen du gaur egun ere, gehienbat dibulgazioaren eta aktibismoaren alorretan. Orangutanen Nazioarteko Fundazioaren (ingelesez, Orangutan Foundation International) sortzailea ere bada.

Hirukotea osatzen azkena, Dian Fossey (Kalifornia, 1932- Ruanda, 1985), aitzindaria izan zen mendiko gorilen ikerketan eta berreskurapenean. Haren lana oso baliozkoa izan zen espezie horren egoera kritikotik ateratzeko, baina zoritxarrez, Fosseyren bizitzak amaiera tragikoa izan zuen.

Terapia okupazionalean egiten zuen lan Dianek, baina Afrikako oihanek sortzen zioten zirrarari jarraiki, agortu egin zituen bere aurrezkiak bertara bidaiatzeko. Bidaia horretan Olduvai arroilara joan zen, eta bertan zuzenean ezagutu zuen Louis Leakey. Hark Jane Goodallen berri eman zion Fosseyri, zeinak jada hiru urte zeramatzan txinpantzeak ikertzen. Une horretan Fosseyk argi izan zuen berak ere simioak ikertu nahi zituela, eta ez zuen amore eman Leakey-k mendiko gorilak aztertzeko aukera eman zion arte.

Mendiko gorilek kontserbazio-arazo handiak zituzten garai hartan, gehienbat ezkutuko ehizaren erruz, eta Fosseyk gogor egin zuen lan haien aurka, batzuetan baita Ruandako gobernuaren kontra ere. Animalia horien erroldak egin zituen haien artean emandako urteetan zehar, kontserbazio-egoeraren jarraipena egiteko. Beren jokabide eta estruktura soziala oso ongi ulertzea lortu zuen, eta gorila batzuekin bereziki harreman estua izatera iritsi zen. Urteak eta urteak mendiko gorilen artean pasa eta gero, Dian Fossey hilik topatu zuten bere mendiko etxolan, 53 urte zituela. Hipotesi nagusiaren arabera, gorilak sarraskitzen zituzten esku berberek erail zuten.

Hiru emakume zientzialari hauek primatologiaren paradigma asko irauli zituzten beren sakrifizioaz eta ausardiaz, eta garai hartan emakumeen inguruan zeuden aurreiritzi askoren aurka egin zuten. Goodall, Galdikas eta Fossey-ri esker, emakumezkoen presentzia oso altua izan da historikoki primateen ikerketan, eta askotan aipatzen den emakumezko eredu faltaren salbuespena dira, oro har, zoologian eta animalien behaketa-lanetan. Hiru emakume aitzindari hauek bidea ireki zuten atzetik gatozen askorentzat.

Iturriak: Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Emakumeen begirada aitzindaria primatologian appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Koloratzaile fotoaktiboen belaunaldi berria

jeu, 2023/07/20 - 09:00

Betidanik naturan aurki ditzakegun koloreen aniztasunak liluratu gaitu. Gizakiok koloreak erabiltzen ditugu estetikan, ingurunearekin komunikatzeko, gure sentimenduak azaleratzeko, bai eta erabilera praktiko askotarako ere. Antzinako zibilizazioetan esaterako, baliabide naturalak (lurra eta ikatza) erabiltzen zituzten pigmentu bezala, gauzak eta larruazala koloreztatzeko. Beraz, gizakiok argiak eragindako prozesuetatik inspirazioa jaso dugu, koloredun konposatu berriak aurkitzeko, batez ere fotosintesiaren prozesua imitatzeko.

Landareen hostoek kolore ezberdinak izaten dituzte, barnean dauden molekula bereziak direla eta (hala nola, klorofilak, bilirrubinak, karotenoideak edo xantofilak). Hauek eguzki-argia eraginkortasunez xurgatzen dute eta, ondoz-ondoko energia-truke prozesuei esker, argia erreakzio-gunera iristen da, non eguzki-argia energia kimiko bilakatzen da. Propietate hau “antena” bezala ezagutzen da, izan ere, energia jakin bateko argia xurgatu ondoren sistemak honen garraioa ahalbidetzen du, nahi den gunera eta behar den energiara eraldatuz.

Koloratzaile1. irudia: fotosintesian parte hartzen duten hainbat koloratzaile naturalen xurgapen-bandak eguzki espektroaren eremu ikusgaian. Banda bakoitzaren oinarrizko kromoforo-familien egiturak ere irudikatzen dira. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Naturan aurkitu ditzazkegun antena-sistemen gune fotoaktiboei dagokienez, kromoforo-familia ezberdinez osatuta egoten dira. Gaur egun, kimikariak nahi den kolorea lortzeko gai dira, kromoforo organiko sintetiko berriak diseinatuz, edota eskuragarri daudenak eraldatuz. Nolanahi ere, koloratzaile sintetikoen potentzial osoaz baliatzeko, propietate fotofisikoak aplikazio teknologikoen eskakizun berezietara moldatu behar dira. Horretarako ikerlariek gainditu beharreko hainbat erronka dituzte oraindik. Esate baterako, kromoforoen xurgapen-leiho espektrala mugatua da, gehienetan igorpen eta xurgapen bandak nahiko hurbil daude interferentziak sortuz, eta ez dute jasaten erradiazio luze eta ahaltsua.

Arazo horiek guztiak molekula-egitura sinple batekin gainditzea oso zaila da. Hala ere, konponbidea naturan aurkitu daiteke. Lehen aipatu den bezala, fotosintesian eguzki-argiaren xurgapena zabala eta eraginkorra da landareetan dauden antena-sistema naturalak direla eta. Sistema konplexu horien eredutik abiatuta, kromoforo ezberdinak kobalenteki elkartu daitezke eta egitura multikromoforiko bat sortu. Antena-sistema artifizial horiek alternatiba aproposa dira koloratzaile indibidualen mugak gainditzeko, eta ondorioz, sistema fotoaktiboen belaunaldi berri bat diseinatzeko.

Sistema hauetan energia-trukea da prozesu gakoa. Hala, energia-emaile den entitate kromoforikoak kitzikapen argia hartzen du eta energia-hartzaile bati transferituko dio, azken horren igorpena behatzeko. Antena-portaera egokia izateko, diseinu molekularrean hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Izan ere, kromoforoen xurgapen espektroak osagarriak izan behar dira xurgapen zabala ahalbidetzeko ultramore, ikusgai eta infragorri hurbilean zehar, eta hauen arteko energia-truke eraginkorra sustatu behar da. Horretarako, kromoforoen arteko lotura kobalentea aproposa izan behar da bakoitzaren izaera elektronikoa mantentzeko. Gainera, antena artifizial hauetan detekzio eta kitzikapen eremuak oso urrun daude bata bestearengandik. Honek, interferentziak murrizten ditu, eta aldi berean, fotoegonkortasuna nabarmenki handitzen da, kromoforo igorlea ez delako zertan zuzenki kitzikatu behar, baizik eta emailetik etor dakioke energia. Beraz, kromoforo sinpleek erakusten dituzten desabantailak gainditu daitezke.

Argitalpen honetan koloratzaile organikoetan oinarritutako multikromoforoen propietate fotofisikoak aztertu dira antena naturaletan inspiratutako sistema fotoaktibo aurreratuak garatzeko helburuarekin. Aukeratu diren koloratzaileak errodamina, perileno gorria eta boro-dipirrometenoa (BODIPYa) izan dira. Hiru kromoforo hauek eskakizun guztiak betetzen dituzte: xurgapen eta igorpen bandak intentsuak dituzte eta oso fotoegonkorrak dira. Gainera, BODIPYaren kasuan, bere nukleo kromoforikoan ordezkatzaile aproposak erantziz gero, banda espektralak ikusgaiaren alde gorrira edo infragorri hurbilera lerrokatu daitezke.

Koloratzaile2. irudia: aztertutako koloratzaile multikromoforikoen molekula-egiturak (eskuinean) eta haien osagaiak diren energia-emaile eta -hartzaileak banaka (ezkerrean). Horrez gain, emailearen igorpen-bandaren eta hartzailearen xurgapen-bandaren arteko gainjartze espektrala adierazten da. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Koloratzaile hauek konbinatzean, xurgapen pankromatikoa lortzen da (ultramoretik infragorri hurbilera) eta ondoz-ondoko energia-truke eraginkorrari esker, azken energia-hartzailearen igorpena bereganatu daiteke selektiboki, nahiz eta energia-emailea kitzikatu. Beraz, sistema hauek egokia izan daitezke edozein energiadun eguzki-argia eraginkortasunez xurgatzeko, eta selektiboki eremu infragorriko argia lortzeko. Izan ere, erradiazio-mota hau oso mesedegarria da eguzki-zeluletako erdieroaleak edo bioteknologiako zunden fotoaktibazio eraginkorra ahalbidetzeko.

Horrez gain, multikromoforoen laser-portaera frogatu da eremu gorri eta infragorri hurbilean. Era berean, energia-trukearen probabilitatea modulatuz, inguruneko polaritate-sentsore fluoreszenteak garatu dira, non aztergaia den propietatea (polaritatea), bai kolorearen (kualitatiboki, begi bistaz) zein espektroskopiaren (kuantitatiboki, xurgapen eta fluoreszentzia espektroekin) bidez jarraitu daitekeen.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 43
  • Artikuluaren izena: Koloratzaile fotoaktiboen belaunaldi berria
  • Laburpena: Gizakiok, maiz, naturan inspiratzen gara garapen teknologikoa bultzatzeko. Bada, fotosintesia horren adibide argia da. Prozesu natural horretan, eguzki-argia kromoforo naturalen bidez xurgatzen da, eta gaur egun antena-sistema natural hori modu eraginkorrean imitatzeko azterlan ugari egiten ari dira, koloratzaile organiko berrien diseinuan oinarrituta. Hala ere, molekula sinpleak direnez, zenbait muga izaten dituzte; adibidez, zailtasunak dituzte espektro elektromagnetiko osoan argia xurgatzeko, argi-energia ga- rraiatzeko eta erradiazio jarraituaren pean luze irauteko. Hala, hainbat kromoforoz osatutako koloratzaileak, multikromoforo deritzenak, irtenbide aproposa dira. Molekula-egitura horietan, kromoforo edo koloratzaile ezberdinak modu kobalentean konbinatzen dira eta energia-trukea sustatzen da. Hortaz, antena naturalak imitatzeko funtsezkoa den prozesua lortzen da eta argiaren xurgapen zabala eta eraginkorra bermatzen da. Hori dela eta, koloratzaileen kimikan, multikromoforoak etorkizuneko sistema fotoaktibotzat hartzen dira antena artifizialak garatzeko eta gailu optiko eta fotovoltaikoetan aplikatzeko. Argitalpen honetan, beraz, antena eraginkor eta egonkorrak garatzeko ezinbestekoak diren irizpide molekularrak eta fotofisikoak zehazten dira. Adibide gisa, errodaminan, perileno gorrian eta BODIPYan oinarritutako koloratzaile multikromoforikoak aurkezten dira, eta horien portaera fotonikoa deskribatzen da laser eta sentsore bezala erabiltzeko.
  • Egileak: Natalia Casado, Ainhoa Oliden-Sánchez, Edurne Avellanal-Zaballa, Rebeca Sola-Llano, Leire Gartzia-Rivero eta Jorge Bañuelos
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 58-100
  • DOI: 10.1387/ekaia.23762
Egileez:

Natalia Casado, Ainhoa Oliden-Sánchez, Edurne Avellanal-Zaballa, Rebeca Sola-Llano, Leire Gartzia-Rivero eta Jorge Bañuelos UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Koloratzaile fotoaktiboen belaunaldi berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Udan hodeiak errazago pilatzen dira hirietan

mer, 2023/07/19 - 09:00

AEBn hogei urtez hartutako datuetan abiatutako ikerketa batek ondorioztatu du hirien inguruan hodei gehiago pilatzen direla, batez ere udan.

Gizakiak hainbat modutan eragiten du kliman. Aipatu beharrik ez dago beroketa globalaren ondorioz eragindako klima aldaketa dela eraginik ezagunena, eta, aldi berean, larriena. Horri aurre egiteko geoingeniaritza saiakerak egin dira, baina horiek, momentuz, ez dute gainditu maila lokalean egindako esperimentu txikien izaera, eta halako tekniken zilegitasunaren eta segurtasunaren inguruko ezbaia handia dago ere.

hodeiak1. irudia: hiriaren kokapenaren eta ezaugarri orografikoen arabera efektuak desberdinak izan arren, oro har, AEBko hirien inguruan hodei gehiago sortzen direla ondorioztatu dute ikertzaileek. (Argazkia: Juanma Gallego)

Klimatik harago, eguraldian epe laburreko nolabaiteko eragin bat sortzeko saiakerak askotarikoak izan dira ere. Fenomeno horren atzean dagoen planteamendu teorikoa nahiko sinplea da, lehen itxura batean bederen: hodeiak eta ondorengo euria ahalbidetuko duten ur tantatxoen eraketa kondentsazioa nukleo ñimiñoetan abiatzen dela ezagutzen da. Hortaz, partikula txikiak atmosferan une eta toki jakin batean barreiatuz gero, euriaren sorrera abiatzea posiblea izango litzateke, inguruan hezetasun nahikoa egonez gero. Baina, ohi bezala, natura eta errealitatea bera teoria baino tematiagoak dira gehienetan, eta gai horren bueltan batez ere Ameriketako Estatu Batuetan negozioak eratu badira ere, momentuz inork ez du demostratu halako jarduerek izan dezaketen benetako eraginkortasun praktikorik.

Nahigabean sortzen den beste efektu bat hiriei berei dagokie. Horrenbeste giza jardueren pilaketaren ondorioz —hala nola industria jarduera, garraioaren gasak edo eta berogailuen eragina—, hirietan landa eremuan baino bero gehiago pilatu ohi da, bero uharte efektuaren fenomenoa eraginez. Fenomeno hau arras ezaguna da adituen artean, baina ez dago argi bero honek inguruko hodeien eraketan izan dezakeen eragina. PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean zientzialari talde bat gaia argitzen ahalegindu da. Atera duten ondorio nagusia da hodeiak errazago pilatzen direla hirietan inguruko landa eremuarekin alderatuz, bereziki udan. Halere, ñabardurez betetako emaitzak jaso dituzte.

Satelite bidez hemezortzi urtez hartutako irudiez baliatu dira ikerketa egiteko. Zehazki, NASAren Aqua satelitean dagoen MODIS espektroradiometroak 2002 eta 2020 urte tartean hartutako irudietan abiatu dira. Ameriketako Estatu Batuetako 447 hiri ertain eta handien inguruan jasotakoak dira horiek; guztiak, 50.000 biztanle baino gehiagokoak. Hiri horietatik 217 barnealdekoak ziren; 127, kostakoak; eta 103, mendi ingurukoak. Hirien tamainaz eta kokapenaz gain, aintzat hartu dituzte urtaro eta klima desberdinak.

Azken honetarako, klimatologian sarritan erabiltzen den Köppen-Geiger sailkapenaren arabera antolatu dituzte, hiri bakoitza klima lehor, hotz edo epel baten barruan dauden adierazita. Baina, horrez gain, klima eta meteorologiaren gaineko ikerketetan ohikoa den bezala, ezaugarri orografikoak ere kontuan hartu dituzte.

Ikerketa honek izan duen hain eremu espazial eta tenporala aintzat izanda, logikoa denez, ikertzaileak behaketaren alorrean zentratu dira, datuen inguruko analisi estatistikoak eginez. Funtsean, kilometro koadro bat hartzen duen pixel bakoitzean hodeiak ziren ala ez konprobatu dute, eta hirien barruko eta kanpoko egoerak alderatu dituzte, ondorioak atera nahian.

Analisi estatistikoen bidez ikusi dutenez, hirien inguruan udako egunetan hodei gehiago pilatzen dira, inguruetan baino. “Ebaluazio sistematikoak iradokitzen du hiri gehienetan hodei estaldura handiagoa gertatzen dela egunean zehar, bai udan zein neguan ere”, idatzi dute ikertzaileek zientzia artikuluan. Gauez, ordea, emaitzak ez dira hain argiak.

Oro har, ondorioztatu dute udan hirien gainean %3-6 hodei gehiago biltzen direla. Esku artean duten hipotesiaren arabera, hirietan sortzen den beroa egunez biltzen da, eta gauez askatzen da. Hiriaren eta inguruko landa eremuaren artean sortzen den alde termodinamikoak eragiten du pilatutako beroa goranzko haize-laster gisa abiatzea, eta horrek hirien gaineko hezetasuna handitzen du, hodeien sorrera faboratuz. Gizakiaren jardunaren ondorioz hirietan sortzen den beroak mantendu ditzake laster horiek, baita Eguzkia ezkutatu denean ere. Ondorioz, hirietako beroak eragindako aire fluxuak hezetasun horrekin elikatu daitezke ere, gau partean hirien gaineko hodeien sorrera edo mantentzea ahalbidetuz.

Modu horretan, bai hirietan bertan dagoen beroak zein alboko landa lurretan dagoen hezetasunak hirien gainean konbekzio termikoa elikatzen dute, hodeien sorrera ahalbidetuz. Dena dela, ohartarazi dute leku guztietan ez dagoela beti eskuragarri inguruko hezetasun hori. Gainera, inguruan dagoen orografiak ere baldintzatu dezake prozesua: mendietatik datozen haizeak ere egon daitezkeelako, edo eta laku edo itsasotik etorritako haizeak ere.

Dena dela, ohi bezala, teorian marraztutako efektu hau ez da horren sinple eta argia, zientzialariek ohartarazi dutenez. Adibidez, neguan prozesu hori askoz txikiagoa dela ikusi dute. “Gure ikerketak agerian uzten du hiriek eragin zabala dutela tokiko hodeien patroietan, baina eraginak askotarikoak dira, denboraren, kokapenaren eta hiriaren ezaugarrien arabera”, idatzi dute.

hodeiak2. irudia: inguruko landa eremuko hezetasunarekin elikatzen da hirietako eguraldiak, batez ere udan. Hiriaren beroarekin batera, konbentzio termikoa sortzen da, hodeien sorrera indartuz. (Argazkia: Juanma Gallego)

Izan ere, eta hiri guztietan hodei gehiago pilatzeko joera egiaztatu badute ere —bai mendi inguruetan zein kostan dauden hirien artean— aldea aurkitu dute lur idorreko eta kostaldeko hirien artean. Azken hauen kasuan, itsasoaren bueltan sortzen diren haizeek zeresan handia izan dezaketela uste dute, eta hezetasun jatorri gisa ere itsasoa funtsezko elementua da.

Haizea ere faktore erabakigarria da mendi inguruetako hirietan. Kasu horietan guztietan, hiriaren tamainak ez du horrenbesteko eraginik. Orografia bera faktore determinantea da kostako zenbait hiriren kasuan: Ozeano Bareko kostan dauden zenbait hiri oso toki berezietan daude, itsasoaren parean baina menditik gertu, eta, horietan, orografia berezi horrek sortzen ditu lainoak.

Konturatu dira neguko gauetan hodei gutxiago sortzen direla, eta hau inguruko ezaugarri klimatikoengatik dela, eta ez hiriaren beraren ezaugarriengatik. Hiriaren tamainaren ondorioz sortzen den beroaren eta hodeien arteko harreman estatistikorik ez dute aurkitu behintzat.“Eragin urbano nahiko unibertsala aurkitu dugu tokiko hodei patroietan, gauaren eta egunaren arteko aldeekin, eta urtaroen araberako aldeekin ere”. Adibidez, barnealdeko hiri gehienetan hodei gehiago dituzte udan egunean zehar. Neguan, hodei gehiago daude egunez, baina gauez gutxitzen dira.

Eguraldian parte hartzen duten prozesuen konplexutasunaren adierazle, aerosolen efektuen inguruan zalantzan daude zientzialariak. Diotenez, egia da horiek hodeien kondentsazioa lagundu dezaketela, basoetan barra-barra sortzen diren konposatu organiko lurrunkor biogenikoek hodeien sorrera faboratzen duten modu berdinean. Baina, balantzaren beste aldera begiratuz gero, aerosol hauek hodeiaren bizitza laburtu dezakete ere, partikulen inguruan eratzen diren tanta ñimiñoen herrestatzea eta lurrunketa erraztu ahal dituztelako ere. “Ondorioz, hodeien eraketan aerosolek duten efektuak eztabaidan daude oraindik ere”. Gauzak horrela, egileek aurreratu dute etorkizunean kutsadurak sortutako aerosolek hodeien eraketan duten eragina argitzen ahalegindu direla.

Askotan aipatu den beste fenomeno bat ez dute aurkitu oraingoan: astean zehar eguraldian izandako zikloak, sarritan hirietako giza jardunaren ondoriotzat jo izan direnak. Beste hainbat ikerketatan proposatu da astean zehar garraioaren eta industria jardunaren ondorioz bero isuri gehiago sortzen dela hirietan, eta asteburuko eguraldian horrek eragin bat duela. Hemen soilik hirien %4,4an aurkitu dute nolabaiteko aldaketa tenperaturan, baina, halere, ez dute harreman argirik aurkitu hodeien sorrerarekin.

Erreferentzia bibliografikoa:

Thuy Trang Vo et al. (2023). Urban effects on local cloud patterns. PNAS, 120 (21), e2216765120. DOI: https://doi.org/10.1073/pnas.2216765120

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Udan hodeiak errazago pilatzen dira hirietan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Irristaden eta erorketen zientzia

mar, 2023/07/18 - 09:00

San Ferminetan, 2005etik ohitura den bezala, aurten ere 1500 litro produktu irristagaitz bota dituzte ibilbidearen zenbait lekutan zezenen eta korrikalarien erorketak saihesteko. San Ferminetara joan gabe ere, erorikoak ohikoak dira, batez ere lurzorua labainkorra dagoenean.

Zientzialariek urteak daramatzate irristada eta erorketak nola gertatzen diren ikertzen, haiek saihestu ahal izateko. Izan ere, irristatzea prozesu sinplea dela dirudien arren fenomeno konplexua da, bertan faktore ugarik parte hartzen baitute, esaterako lurzoruaren eta oinetakoaren zolaren zimurtasuna eta interakzioak, irristatze-marruskadurak, etab.

Marruskadura honela definitu daiteke: mugimenduan dagoen gorputz batek jasaten duen erresistentzia, mugimendu horren aurka. Hau da, bi gainazal kontaktuan jartzean batak besteari eutsiko diote edo erraz irristatuko dira. Marruskadura-indarrak garrantzitsuak dira eguneroko bizitzan. Esaterako, kotxeen kasuan gurpilek marruskadura jakin bat izan behar dute errepidean ez irristatzeko. Baina beste kasu batzuetan, jolas-lekuetako txirristetan edo kantxa jakin batzuetan marruskadura txikia behar da, pixka bat labainkorra izan dadin komeni baita.

irristadaIrudia: lanaldian edo aisialdian izaten diren irristada edo labainkadak dira lesio pertsonalak eragiten dituzten istripuen arrazoi nagusietako bat. (Argazkia: adpeoplein0 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Oro har, erabiltzen ditugun oinetakoak frikzio handia izaten dute eta lurrera ondo itsasten dira nahiz eta lurra irristakorra izan. Oinetakoaren zola leuna bada, adibidez maiz erabiltzeaz higatuta dagoelako, erraz irristatu gaitezke marruskadura-koefizientea txikia delako. Horretaz gain lurrean ura, koipea, izotza edo beste substantziaren bat badago lurra irristakor bihur daiteke eta, ondorioz, erorketak eragin.

Irristadak murrizteko helburuarekin ohikoa da zorua tratatzea. Oro har, lur-gainazalaren topologia edo testura aldatzen da, marruskadura-koefizientea handitzeko. Irtenbide horien artean tratamendu kimikoak daude, edo tratamendu mekanikoak, gainestaldurak jartzea edo alfonbrak erabiltzea, adibidez. Beste aukera bat margo bereziak erabiltzea da, irristada murrizteko gehigarriak daramatzatenak; esaterako, silika area, aluminio oxidoa edo plastiko zatitxoak. Baina kontuz ibili behar da, frikzioa oso altua bada oinak itsatsita gelditu daitezke zorura, berezkoa duten mugimendua oztopatuta, eta lurrera eror daiteke norbera.

San Ferminetan erabiltzen den formulazioa sekretua denez gero, ez dago argi jakiterik nola gauzatzen duen efektu hori. Dagoen informazioaren arabera, badirudi erabilitako produktu irristagaitzak lurzoruarekin erreakzionatzen duela eta mikroporoak sortzen dituela gainazalean. Mikroporoek, beren aldetik, bentosak balira bezala jokatzen dute eta animaliek irrist ez egitea lortzen dute.

Lurzorua bustita dagoenean ere egokiak dira, baina urtero errepikatu behar da prozedura, mikroporoak bere eraginkortasuna galtzen baitu zikinkeriak mikroporoak estaltzen dituelako.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Blanco, M., Monteresín, C., Cerrillo, C., Fuentes, E., Aranzabe, E., Gómez, I., Gil, L. (2020). Slip-resistance improvement on paints employed on walking surfaces by the incorporation of nanoparticles. Progress in Organic Coatings, 148, 105852. DOI: https://doi.org/10.1016/j.porgcoat.2020.105852.
  • Kim, In-Jun (2017). Tribological Approaches for the Pedestruan Safety Measurements and Assessments in Pedrestian Fall Safety Assessments. Ed. Springer Cham, Switzerland. DOI: https://doi.org/10.1007/978-3-319-56242-1
  • Britannica, The Editors of Encyclopaedia. “friction”. Encyclopedia Britannica, Invalid Date, https://www.britannica.com/science/friction. 2023ko uztailaren 17an kontsultatua.
Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

The post Irristaden eta erorketen zientzia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeuden

lun, 2023/07/17 - 09:00

Alacanteko, Euskal Herriko, Aarhuseko eta Renneseko unibertsitateetako ikertzaileek osatuta duten diziplinarteko lantalde batek Europako Mesolitoko aztarnategiak ikertu dituzte aitzindaria bereizmen handiko arkeologia-analisiko hainbat teknika erabiliz. Aztarnategietako sedimentu arkeologikoak aztertuz ikusi dute Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela.

Alacanteko Laguna de Villenaren inguruko duna sistema batean dagoen El Arenal de la Virgen aire zabaleko aztarnategiko sedimentu arkeologikoei buruzko azterlan bat gauzatu dute ikertzaileek eta emaitzak agerian jarri du sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeudela Mesolitoan. Lan horren helburua giza jardueraren ebidentzia arkeologiko mota baten jatorri antropikoa argitzea da. Europako duna testuinguru erdi idorretako Holozenoaren hastapeneko aztarnategi mesolitikoetan ohikoa da giza jarduera baina gutxi aztertu baita. Alegia, hobiko sutegi edo ‘hearth-pit’ deituena. Emaitzak Archaeological and Anthropological Sciences aldizkarian argitaratu dira.

EuropakoIrudia: ikertzaileek diziplinarteko arkeologia zientifikoko metodologia berritzaile bat aplikatu dute. (Argazkia: Caleb Oquendo – domeinu publikoko argazkia. Iturria: Pexels.com)

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzailea da Ana Polo-Díaz, Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea da ere (Gizapre) eta k Archaeological and Anthropological Sciences aldizkariak publikatu duen artikuluaren lehenengo sinatzailea. “Iberiar Penintsulan lehen aldia da egitura mota horiek xehetasunez aztertzen direla metodologia sistematiko bat aplikatuz. Haien eraketa zehaztu eta haien funtzio espezifikoa hobetu, eta aztarnategia okupatu eta utzi ondoren izandako aldaketak ebaluatu ahal izan dira”, dio Polo-Díaz ikertzaileak. Ikertzaileek diziplinarteko arkeologia zientifikoko metodologia berritzaile bat aplikatu dute lan hori egiteko. Horien artean estratigrafia eta testura analisia, lurzoruaren kimika, mikromorfologia, petrografia eta luminiszentzia optikoki estimulatua (OSL) eta termoluminiszentzia (TL) bateratuta erabili dira.

“Lortutako emaitzek berresten dute ikertutako egituren jatorri antropikoa. Egitura horien kronologia bi okupazio fase desberdinekin lotzen da. Aspaldikoenak 9.300 eta 9.100 urte arteko antzinatasuna du, eta berrienak 8.700 eta 8.400 urte arteko antzinatasuna”, azaldu du Fernández López de Pablok, UAko Arkeologia eta Ondare Historikoaren Ikerketarako Unibertsitate Institutuko (INAPH) ikertzaileak.

Aurkitutako hondakinak: sutegiak eta labe bat

Okupazio fase zaharrenari dagokionez, aska labe bati legozkiokeen egitura hondarrak aurkitu dira. Horrez gain, labe horren errekuntza hondakinak metatzeko eremu bat ere, erabilera puntuala izango zukeena.  Fase berrienari dagokionez, fase zaharrenarekin alderatuta azalera handiagoko jarduera eremuak identifikatu dira. Hauetan suaren ebidentziak ez ezik, 200 eta 400 urte bitartean hedatu zen kokaleku baten okupazioaren hondakinak dokumentatu baitira.

Lortutako datuek agerian uzten dute bizigarritasun baldintza klimatikoak egokiak izan zirela Antzinako Holozenoan El Arenal de la Virgen giza kokagunea izan zen denbora tarte espezifikoan. «Ingurumen baldintza horien bereizgarriak izan ziren giroko hezetasuna, tenperatura eta landare estalkia handitu egin zirela, Pleistozenoan eta Holozeno Ertainean, hurrenez hurren, gunea okupatu aurreko eta ondorengo uneetan kausitutako idortasun nabarmenaren aldean», diote ikertzaileek.

Ikerketa horren emaitzek bide berriak ireki dituzte Iberiar Penintsulako Historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen taldeen aire zabaleko kokalekuak ikertzeko, giza eboluzioan erabakigarria izan zen garai batekoak direnak. Hain zuzen ere, azken glaziazio handia amaitu eta gaur egun gauden klima periodoa, Holozenoa, hasi zenekoak.

Argitaratu den azterlana PALEODEM (Late Glacial and Postglacial Population History and Cultural Transmission in Iberia) proiektuaren barruan dago. ERC Consolidator proiektu bat da, Europako Ikerketa Kontseiluak finantzatzen du, eta Javier Fernández López de Pablo, UAko ikertzaileak gidatzen du. Proiektuak helburu bat baino gehiago ditu. Alde batetik, Europako hego-ekialdeko historiaurreko azken ehiztari-biltzaileen demografian klima inpaktua zein izan zen argitzea. Beste aldetik, ebaluatzea nola eragin zion inpaktu horrek giza talde horien kultura transmisioari.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Mesolitoko sutegi berriak ikertzen ari dira Villenako El Arenal de la Virgen aztarnategian.

Erreferentzia bibliografikoa:

Polo-Díaz, Ana; Rabuñal, Jose Ramón; Guérin, Guillaume eta Fernández-López de Pablo, Javier (2023). Mesolithic hearth-pits and formation processes: a geoarchaeological investigation of sediments from El Arenal de la Virgen site (SE Iberia). Archaeological and Anthropological Sciences 15, 104. DOI: 10.1007/s12520-023-01794-5

The post Mesolitoan sutegiak zeuzkaten kanpamenduak zeuden appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #447

dim, 2023/07/16 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

gaixotasun

Osasuna

Hesteetako hanturazko gaixotasunaren intzidentzia eta prebalentzia gorantz doaz. Pentsatzen da gaixotasun hau pairatzea faktore askoren elkarrekintzaren araberakoa dela, hala nola, mikrobiotaren, immunitate-sistemaren, ostalariaren genetikaren eta ingurumen-faktoreen araberakoa. Mikrobiotari dagokionez, gaixotasun hori hesteetako hantura mikrobioen aniztasunaren murrizketarekin lotuta dago, eta, beraz, mikrobiotaren osaera gaixotasunaren biomarkatzaile gisa erabil daiteke. Mikrobiotaren osaera egokia berreskuratzea oso garrantzitsua da gaixotasun horren tratamenduan, baina eztabaidan dago zein ote den helburu hori lortzeko tratamendu egokiena. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Mikrobiota, hesteetako hanturazko gaixoen ongizatea hobetzeko.

I motako diabetesa izateko joera genetikoaren inguruan aurrerapauso garrantzitsu bat eman dute Biocruceseko, Biodonostiako eta EHUko ikertzaileek. Ikertzaile hauek I motako diabetesarekin lotuta dagoen RNA ez-kodetzaile luze bat karakterizatu dute, eta ikusi dute molekula horrek pankreako beta zeluletan infekzio birikoen aurkako erantzunean parte hartzen duela. ARGI izena jarri diote molekulari, antiviral response gene inducer. Izortze Santín Gómez ikertzaileak azaldu du beren ustetan infekzio birikoek eragiten dutela gaixotasun hori garatzea, eta, beraz, aurkitu duten prozesu honek garrantzi handia izan dezake gaixotasunaren garapenean. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

Itsasoaren kolorea aldatzen ari da klima-aldaketaren eraginez. Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek azken hogei urtetako itsasoaren erreflektantzia neurtu dute, eta aldagai horrekin klorofilaren kontzentrazioaren eta ekosistemen egoeraren inguruko informazioa lortu dute. Horrela ikusi dute itsasoaren koloreak berdera egin duela, eta horrek komunitate planktonikoetan gertatutako aldaketak islatzen dituela azaldu dute. Komunitate planktonikoak ozeanoko elikagai-katearen oinarria direla kontuan izanik, ikertzaileek argudiatu dute teknika hori baliagarria izan daitekeela ekosistema horietan aldaketak hautemateko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Munduko laku eta urtegien egoerari buruzko azterketa batek argitu du erdiak baino gehiagok geroz eta ur gutxiago gordetzen dutela. Lakuek lur lehorraren %3 estaltzen dute, baina bertan gordetzen da ur geza likidoaren %87. Alabaina, ikerketa berri batek frogatu du laku eta urtegien %53k duela hiru hamarkada baino ur gutxiago biltzen dutela. Aztertutako 1.972 lakutatik 457 lakutan (%43) galera nabarmenak atzeman dituzte. Kontrara, 234 lakuk (%22) ur gehiago jasotzen dute gaur egun. Ikertzaileen esanetan, prozesu horren atzean klima-aldaketa eta gehiegizko ur-kontsumoa egongo lirateke. Datuak Zientzia Kaieran: Gainbeheran dago munduko lakuen erdia.

Astronomia

Grabitazio-uhinen ebidentziak aurkitu ditu nazioarteko ikerketa batek pultsarrak zehatz-mehatz behatuta. Pulsarrak bere ardatzaren baitan oso azkar biratzen duten neutroi-izarrak dira, eta bira bakoitzean irrati-uhinen pultsu bat igortzen dute. Einsteinen Erlatibitate Orokorraren teoriak iragarri zuen grabitazio-uhinek denbora-espazioaren egitura luzatu eta konprimatu ahal zutela, eta, beraz, pultsarren pultsu bakoitzaren erritmoa alda zezaketela. Hala, erritmoaren desfase hori detektatzea lortu dute ikerketa berri honetan, NANOGrav behatokiko datuak erabiliz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Unibertsoari buruzko aztarna berriak grabitazio-uhinen bidez.

Duela urtebete heldu ziren James Webb teleskopioaren lehen irudiak. Teleskopio honek ordura arteko unibertsoaren ikuspegirik sakonena lortu zuen, eta bere urteurrenean Rho Ophiuchi hodei multzoaren irudiak argitaratu dituzte. Multzo hori Lurretik 390 argi urterako distantziara dago, eta bertako izar bat irudian ateratzea lortu dute: irudiaren erdi-erdian dagoen S1. Eguzkia. Adituek azaldu dute irudian ez dagoela planetarik, baina bai haien zantzuak, besteak beste, izarren orbitan dauden disko zirkumestelarrak. Azalpen guztiak Berrian: Izarren sorreraren atzetik.

Antropologia

Ikusi da elikagaien eskuragarritasunak eragina duela giza ugalkortasunean. Datu historikoak erabiliz iritsi dira ondorioz horretara, 1649. eta 1900. urteen bitarteko Finlandiako nekazaritza eremuetako parrokia erregistroak aztertuta. Ikertzaileek ikusi zuten garai horietan ezkontzaren eta lehenengo umearen jaiotzaren artean 25,9 hilabete igarotzen zirela batez beste, baina alde nabarmenak zeuden maila sozioekonomikoen artean. Zehazki, emakume txiroak aberatsak baino 2,6 hilabete geroago erditzen ziren, eta maila ertainekoak baino 3,0 hilabete geroago. Ikertzaileek ondorioztatu zuten alde horren arrazoi nagusia elikagaien eskuragarritasuna zela. Datuak Zientzia Kaieran: Elikagaien eskuragarritasuna eta giza ugalkortasuna.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #447 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartogragfia #455

sam, 2023/07/15 - 09:00


Oso litekeena da komentaristak oinarri holliwoodienseko distopietara bideratzen aritzea adimen artifizialaren benetako arriskuetara baino gehiago. Is AI really an existential risk for humanity?

Orain arte, material topologikoak kristaletara mugatuta zeudela uste zen, baina ez zen hala: A topological amorphous alloy

Gizon batek kromosoma galtzea albiste txarra da berarentzat eta oso ona minbiziarentzat: Losing the Y chromosome

Berehalako aplikazio asko dituen nanopartikuletan oinarritutako sentsore fotonikoak egiterakoan, nola gehitzen diren kritikoa da. DIPCko jendeak arau sendoak ezarri ditu ondo egiteko: Optimal colorimetric sensing based on gold nanoparticle aggregation

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartogragfia #455 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zer dira muturreko gertakari meteorologikoak?

ven, 2023/07/14 - 09:00

Muturreko gertaera meteorologikoak fenomeno klimatikoak dira, intentsitateagatik eta tamainagatik bereizten direnak eta gizartean eta ingurumenean eragin nabarmena dutenak. Gertaera horietan sartzen dira tornadoak, urakanak, zikloi tropikalak, uholdeak, lehorteak, hotz-boladak, elurteak, haize bortitzak eta txingorra.

Hauek sortzen dituzten hondamendiak eta kalteak azaltzen ditu Onintze Salazar Pérez, fisikaria meteorologian espezializatuak. Mundu mailan, muturreko fenomeno meteorologikoek azken 50 urteetako hondamendi guztien %50 inguru eragiten dute. Gainera, hondamendiekin lotutako heriotzen %45 gertaera meteorologikoen ondorio dira, eta galera ekonomikoen %74 haiei lotuta daude.

Hildako gehien eragiten dituzten hondamendiei dagokienez, ikusi da Europan heriotza gehienak bero-boladekin lotuta daudela. Tenperatura altuko egoera horiek ondorio suntsitzaileak izan ditzakete pertsonen osasunean. Gainera, beroak eragindako estres luzeak ondorio negatiboak izan ditzake herritarren ongizate orokorrean, nahiz eta bero-boladaren ondoren hil ohi diren.

Gaur egun iragarpenak egin ahal direnez, abisua eman daiteke arriskuak arintzeko eta populazioa babesteko. Salazar Pérez-ek muturreko meteorologiari loturiko abisu-sistema ere azaltzen du. Ezagunak diren koloreak (horia, laranja eta gorria) Europa mailan erabiltzen den semaforizazio sistemari dagozkie, arrisku-maila desberdinak adierazteko.



Hitzaldia Zientziaren ertzetik zientzia-dibulgazioan oinarritzen den hitzaldi-solasaldiaren zikloaren barruan antolatu zen. Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekaren eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren ekimen honek 2022-2023 ikasturtearen bitartean hilabetero hitzaldi bat eskaini zuen.

The post Zer dira muturreko gertakari meteorologikoak? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages