S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 15 min 53 sec

Nerea López: “Emakume izanda ikerketan aritzeak, eta, gainera, arlo zientifiko-teknologikoan, motibatu egiten nau”

ven, 2018/05/04 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Nerea López Salas ingeniaria, irakaslea eta ikertzailea da. Beste ezer esan ezean, batek pentsa lezake ingeniaritza alorrean dabilela ikertzen, baina ez, hezkuntzan dabil. Azaldu duenez, ingeniaritza ikasi zuen, eta, jarraian, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin zuen. Mondragon Unibertsitatean irakasle-lanetan hasi, eta orduan sortu zitzaion hezkuntzan ikertzeko gogoa: “Ordura arte, nahiko urrun izan nuen hezkuntza formalaren mundua; eta irakastean eta ikastean gertatzen diren prozesuak ulertzeko interesa sortu zitzaidan”.

Hala, ikerketan sartzea erabaki zuen, hezkuntza-munduan, “baina zientzia eta teknologiari lotuta”, zehaztu du. Hala, doktoretza egiten ari da. Haren esanean, Haur eta Lehen Hezkuntzan asko ikertu den arren, Bigarren Hezkuntzan ez da hainbeste ikerlanik egin ikaste-irakaste prozesuaren gainean. Horiek argitzeko helburua du, beraz, bereziki, zientzia eta teknologiaren arloan: “Ezagutu nahi dut nola garatzen den irakaslearen profil profesional eta pertsonala Bigarren Hezkuntzako irakasleen artean. Doktoretzan oso gai zehatzak lantzen direnez, ari naiz ikertzen Lanbide Heziketan gertatzen ari den eredu-aldaketak zer eragin izan duen irakasleengan zein ikastetxeetan; adibidez, irakasleek hezkuntzarekiko duten kontzepzioak zer aldaketa izan duen eta horrek praxian zer nolako elkarreragina duen”.

Irudia: Nerea López Salas ingeniaria.

Ingeniaritza eta hezkuntzaren arteko lotura

Askorentzat, ingeniaritza eta hezkuntza bi mundu bereizi izan daitezke. Lópezentzat, ordea, oso naturala da haien arteko lotura: “Bigarren Hezkuntzara arte ez zen izan teknologiari izena jarri niola. Ordura arte, ez nekien halakorik ezagutza arlorik zegoenik ere, eta ikasgaia ezagutu eta jakin nuenean horrekin lotutako Goi-Mailako ikasketak zeudela, argi izan nuen bide horretatik jo nahi nuela, mundua ingeniari begiradarekin ulertzeko”.

Haren hitzetan, bi galderari erantzun nahi zien, begirada horrekin: nola funtzionatzen duten gauzak, eta zer egin zezakeen gauzak berak nahi zuen bezala funtziona zezaten. Bi horiei lehendik zetorren beste bat gehitu zitzaien: ikasitakoa nola azaldu beste pertsona batzuei. “Hortik dator bi alde horien lotura: ingeniaritza eta hezkuntza”.

Bokazio horren erakusgarri, artean ingeniaritza ikasten ari zela, hezkuntza ez-formaleko proiektu batean aritu zen, bete-betean: “Euskal Udalekuetako hezitzaile izan nintzen, Goñin, eta oraindik ere jarraitzen dut horretan”.

Bere lana eta interesak triangelu baten erpinetan irudikatzen ditu Lópezek: ingeniaritza batean, ikerketa bestean, eta hezkuntza hirugarrenean. Ikerketa-zikloa, berriz, zirkulu-itxurakoa ikusten du, ikerketa, irakaskuntza eta transferentzia lotuz. Biak batuta irudikatu du bere jarduera: “Zirkulu horren barruan kokatuko nuke triangelua, ni ere horren baitan kokatzen naizelarik”. Osotasunean bizi du, beraz, egiten ari dena.

Lópezek dioenez, oso motibagarria zaio ikerketaren bidez ikasten duena aplikatzeko aukera izatea, adibidez, ikastetxeetako irakasleekin egiten dituzten transferentzia- edo formazio-saioetan. Arlo horretan ikerketa gutxi egoteak ere pizten dio gogoa. Horiez gain, beste eragile batek ere bultzatzen du abiatu duen bidean aurrera egiteak: emakume izatea ikerketan, “arlo zientifiko-teknologikoan, gainera”, zehazten du. “Arlo honetan ez daude emakume asko, eta niretzat erronka bat da bide honetan urratsak ematea”.

Edonola ere, ikertzen duen lekuan, HUHEZIn oso babestua sentitzen da: “Talde txikia gara, eta denok ulertzen dugu ikerketa ezin dela bakarrik egin”. Aurrera begira, tesia amaitzea da bere lehen helburua, eta, etorkizunean ere, urratu duen bidean jarraitu nahiko luke.

Fitxa biografikoa:

Nerea López Salas Eibarren jaio zen, 1992an. Industri Diseinu eta Produktu Garapeneko Ingeniaritzan graduatu eta gero, Bigarren Hezkuntzako irakasle izateko masterra egin zuen. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean dihardu irakasle eta ikertzaile gisa. Bere jarduna ardazten duten arloen artean zientzia eta teknologiaren ikaste-irakaste prozesuak, irakaslearen profil profesional eta pertsonalaren eraikuntza eta Euskal Herriko Lanbide Heziketa aurkitzen dira. Gaur egun Bigarren Hezkuntzako Masterreko koordinatzailea eta ZiTeO ikertaldeko kide da.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nerea López: “Emakume izanda ikerketan aritzeak, eta, gainera, arlo zientifiko-teknologikoan, motibatu egiten nau” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hidrogeno ekoizpena bio-oilaren erreformatze katalitikoaren bidez

jeu, 2018/05/03 - 15:00
Aingeru Remiro, Lide Oar-Arteta, Ana G. Gayubo Energia eskaeraren igoerak petrolio gordinaren gehiegizko ustiapena ekarri du, garatuta dauden herrialdeetako ongizatea mantentzeko, eta ongizate hori lortzeko Asian eta Hegoamerikan garatzen ari diren herrialdetan.

Irudia: Biomasatik lortutako hidrogenoa energia-eramaile iraunkor gisa erabil liteke.

Petrolioaren ustiatze ugaria duela mende bat hasi bazen ere, paradigma aldaketaren aurrean gaude, bi arrazoi nagusik bultzatuta:

i) Agortzearekin lotutako petrolio gordinaren apurkako garestitzea

ii) Erregai fosilen ageriko ondorio kaltegarriak klima-aldaketan.

Bi alderdi hauek baldintzatzen dute hurrengo hamarkadetan burutu beharreko energia-trantzisioa, betiere bideragarritasun ekonomikoari lotuta eta ingurumen-inpaktutik eratorritako gizarte presioak baldintzatuta. Agertoki honetan hidrogenoaren erabilera bestelako energia-eramaile iraunkor gisa azaleratzen da, ura edo biomasa moduko lehengai berriztagarrietatik lortzen denean.

Hidrogenoa lortzeko prozesuen artean, biomasak arreta berezia bereganatu du haren erabilgarritasunagatik eta berriztagarritasunagatik. Biomasatik H2-a lortzeko zeharkako bideek gero eta jakinmin handiagoa eragin dute, esate baterako, biomasatik eratorritako oxigenatuen bidezko lurrun erreformatzea. Horien artean, bio-oilak, biomasaren pirolisi azkarraren produktu likidoak, interes handia dauka, beste bideek baino bideragarritasun ekonomiko handiagoa izan baitezake. Izan ere, bio-oilak ekoizpen deslokalizatua izan dezake biomasaren ekoizpen fokoetan (basoetatik gertu egon daiteke) eta ondoren unitate zentralizatuetara garraia daiteke eskala handian balioztatzeko.

Dena dela, bio-oilaren erreformatzean kontuan hartu beharra dago lignina pirolitikoak sortzen dituen arazoak. Hain zuzen ere, bio-oila lurruntzeko berotzen denean, konposatu batzuek berpolimerizatzen dute eta solido bihurtzen dira. Horrela, elikatze zein operatibitate arazoak sortzen dituzte, erreformatzearen katalizatzailearen desaktibazioa areagotzeaz batera. Arazo horiei irtenbidea emateko hainbat estrategia proposatu da, aurretratamendu edo diluziorik gabeko bio-oilaren (hots, bio-oil osoaren) balioztatzea lortze aldera. Hala eta guztiz ere, konponbide zuzena eta eskalagarria lortzeke dagoen erronka da. Horretaz gain, katalizatzaile aktibo, selektibo eta iraunkorren garapena funtsezkoa da prozesu honen bideragarritasuna lortzeko. Lan honetan, bibliografian dauden bio-oilaren erreformatzearen estrategia nagusiak aurkezten dira, ikerketa taldearen emaitza originalak nabarmenduz.

Lehenengo aro batean, bio-oilaren tratamenduaren aurrerapenak frakzio urtsuaren eskutik etorri dira, konposatu polimerizagarrien kopurua bio-oil osoan baino askoz txikiagoa delako eta, horrela, oztopo gutxiago sortzen dituelako bio-oil osoaren erreformatzean baino.

Bestetik, katalizatzaileen alderaketa eta bio-oilaren erreaktibitateari buruzko ikerketa lan gehienak egin dira bio-oila osatzen duten konposatu ereduekin. Haien artean azido azetikoa da ikertuena, Ni katalizatzaileak erabiliz (La eta Co sustatzaile moduan erabiliz). Katalizatzaile mota horrekin beste hainbat konposatu ereduren erreformatzea ikertu da, hala nola, azetona eta fenolarena, azetolarena, toluenoarena eta zukrosarena (tar-a simulatuz), beteak beste.

Egileek aipatutako arazoak (operatibitate eta desaktibazioa) nabarmenki moteltzea lortu dute, bi etapako erreakzio-sistema erabiliz. Lehenengo etapa termikoan bio-oila berotzen da 500 ºC-ra, non ligninina pirolitikoaren bereizketa lortzen den. Bigarren etapa katalitikoan, ohantze fluidizatua erabiltzen da. Frogatu da sistema honi esker asko moteltzen dela kokez gaineztatutako partikulek eragindako katalizatzailearen desaktibazioa eta ohantzearen blokeoa. Hain zuzen ere, bi etapako sisteman (termikoa + katalitikoa) eta ohantze fluidizatuan Ni/La2O3-αAl2O3 katalizatzailea erabiliz, % 95eko H2 etekina lortu da, bai frakzio urtsuarekin zein bio-oil osoarekin. Hala ere, katalizatzaileak egonkortasun handiagoa erakutsi du frakzio urtsua erabilita, 20 orduan aktibitate jaitsiera txikia jasanez.

Aipatu behar da ere egileek ikertzen jarraitu dutela operazio baldintzen optimizazioan eta prozesuaren areagotzearen gainean, eta emaitza aipagarriak lortu dituztela. Hain zuzen ere, bio-oilaren erreformatzean egindako CO2-aren in situ harrapaketak agerian jarri du ahalmen handiko alternatiba dela purutasun handiko produktu korrontea lortzeko, % 99 H2 selektibitatea lortuz 600 ºC-an eta CO selektibitate oso txikiekin (CO kontzentrazio txikiak lortuta, hidrogenoaren erabilera erregai piletan errazten dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Hidrogeno ekoizpena bio-oilaren erreformatze katalitikoaren bidez
  • Laburpena: H2-aren eskariaren igoerak, petrokimikako lehengai eta erregai garbi gisa erabiltzeko, petrolioaz bestelako lehengaiak jatorri duten prozesuen garapena bultzatu du. Prozesu horien artean, biomasak arreta berezia bereganatu du haren erabilgarritasunagatik eta berriztagarritasunagatik. Biomasatik H2-a lortzeko zeharkako bideek gero eta jakin-min handiagoa eragin dute, esate baterako, biomasatik eratorritako oxigenatuen bidezko lurrun erreformatzeak. Horien artean, bio-oilak interes handia dauka, beste bideek baino bideragarritasun ekonomiko handiagoa izan baitezake. Izan ere, bio-oilak ekoizpen deslokalizatua izan dezake biomasaren ekoizpen-fokoetan eta ondoren, unitate zentralizatuetara garraia daiteke balioztatzeko. Dena dela, prozesu honetan kontuan hartu beharra dago lignina pirolitikoak sortzen dituen arazoak, zehatzago, erreakzio ekipoan eta katalizatzailean depositatzen den hondakin solidoa bio-oila lurruntzen denean. Arazo hori gainditzeko, beharrezkoa da teknologia eskalagarria. Horretaz gain, katalizatzaile aktibo, selektibo eta iraunkorren garapena funtsezkoa da prozesu honen bideragarritasuna lortzeko. Lan honetan, bibliografian dauden bio-oilaren erreformatzearen estrategia nagusiak aurkezten dira, ikerketa taldearen emaitza originalak nabarmenduz.
  • Egileak: Aingeru Remiro, Lide Oar-Arteta, Ana G. Gayubo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 35-50
  • DOI: 10.1387/ekaia.17272

—————————————————–
Egileez: Aingeru Remiro eta Ana G. Gayubo UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Sailekoak dira eta Lide Oar-Arteta Catalysis Engineering/ChemE/TUDelftekoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Hidrogeno ekoizpena bio-oilaren erreformatze katalitikoaren bidez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bihotza bero eta burua hotz

jeu, 2018/05/03 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Burua hotz mantentzeko Thomson gazelak duen ahalmena ez da, inondik ere, salbuespena. Garuneko tenperatura gorputzaren gainerakoa baino baxuago mantentzeko gaitasun bera dute ugaztun eta hegazti askok. Thomson gazelaren kasuan bezala, rete mirabile delako sistemak erabiltzen dituzte animalia gehienek horretarako. Urteetan uste izan zen hori zela burua hotzago mantentzeko homeotermoek erabil zezaketen mekanismo bakarra.

Irudia: Diamante mandarina txoriek rete sinpleak dituzte eta, ondorioz, garuna hozteko ahalmen mugatua.

Michal Caputa fisiologo poloniarrak 2004. urtean argitaratutako berrikuspenean irakur daitekeenaren arabera, baina, ez omen da nahitaezkoa mota horretako bero-trukatzaile bat garuneko hozte selektiboa gauzatzeko, eta retea izateak ez du burua hotzago mantentzeko gaitasuna bermatzen. Ba omen dira gamelua bezalako animaliak, rete karotideo oso garatua izan arren hozte selektiborako ahalmen mugatua dutenak, eta, bestalde, txakurren sarea oso eraginkorra omen da, nahikoa xumea izan arren.

Txoriek rete oftalmikoa erabiltzen dute karotideoaren ordez helburu bera lortzeko. Hauen artean ere badira rete sinpleak dituztenak eta ondorioz garuna hozteko ahalmen mugatua, diamante mandarina izeneko txoria esaterako. Baina modu berean, ba omen dira reterik gabeko hozte selektiboa gauzatu dezaketenak ere; adibidez, kolibria.

Bero-trukatzaile modura jokatzen duen sarea izatea, hortaz, ez da derrigorrezkoa garuna hoztu ahal izateko. Izan ere, Caputak azaltzen duenez, badago odol arteriala hoztu gabe beste aukera bat garunaren tenperatura gainerako gorputzarena baino baxuago mantendu ahal izateko, garuneko sare arteriala ez duten zenbait ugaztunetan aurkitu izan dena: zainetako odolak zuzenean garuna hoztea. Aldaera txiki batzuekin hori da untxi, akuri eta arratoietan gertatzen dena. Dirudienez, hipertermia gertatzen denean, garunaren ingururantz bidaltzen den zain-odolaren kantitatea emendatu egiten da. Odol benoso hori hoztua dago sudurretik eta buruko azaletik igaro delako, azalera horietan zehar beroa ingurunerantz barreiatzen baita.

Caputaren ustez, litekeena da gizakiok ere antzeko sistema bat baliatzea gure zerebroa hipertermiatik babesteko. Gizakiaren kasuan ez da modu esperimentalean frogatu garunaren hozte selektiboa gerta daitekeenik, ez baita sekula neurtu baldintza hipertermikoak jasan behar dituzten gizabanako osasuntsuen garuneko tenperatura, baina ba omen dira zeharkako ebidentziak.

Burua hotz mantentzea irudizko adieran garrantzitsua bada, are inportanteagoa da garuneko tenperaturari 41 °C-tik behera eustea. Balio horretatik gora kalte larriak gertatzen zaizkio ia edozein animaliari, baita gizakiari ere. Ohiko egoeran, homeotermoak diren animaliek tarte txiki baten barruan mantentzen dute tenperatura, baina patogenoek, jarduera fisikoak edo/eta ingurune-baldintzek, hipertermia-egoerak eragin ditzakete. Ameriketako Estatu Batuetan, 1995tik hona futbol amerikarra jokatzen den estadioetan 40 bat jokalari hil dira partida jokatzen ari zirela, bero-kolpeak jota. Kasu guztietan, tenperatura altu eta hezetasun-maila altuetan gertatu ziren heriotzak, hau da, ariketak sorrarazitako bero-ekoizpena barreiatzeko egoerarik txarrenetan. Jakina denez, kaskoen bidez babesten dute burua jokalari horiek, eta kaskoak aurpegiaren azalera handi bat babesten du. Kontuak horrela, oso zaila suertatzen da beroa burutik galtzea. Ondorioz, hipertermia gerta daiteke, eta, kasu larrienetan, heriotza.

Arazo hori saihesteko asmoz, Atlantako Hothead Technology enpresak ekoitzitako kasko bereziak probatzen hasi dira errugbi amerikarreko jokalariak. Kasko berezi horiek sentsore termiko bat dute erantsita, jokalariaren buruko tenperatura etengabe neurtzen duena. Kablerik gabeko teknologiari esker, irrati uhinen bidez jasotako datuak entrenatzailearen PDA edo ordenagailu batera bidaltzen ditu sentsoreak. Izan ere, tenperatura balio jakin batera hurbiltzen denean informazioa sarriago jaso dezan prestatuta dago tresna; eta balioren bat aldez aurretik ezarritako balio batetik gorakoa bada, alarma akustiko bat pizten du, entrenatzaileak edo arduradunak egokia den erabakia har dezan. Hortaz, teknologiari esker bada modurik operazio-gunea den garunaren babeserako mekanismo fisiologikoek huts egiten dutenean hipertermiak ekar ditzakeen ondorio latzei aurre egiteko.

Hemen azaldu dugunez, oso garrantzitsua da burua hotz mantentzea; ugaztun homeotermook tresna egokiak ditugu horretarako, baina tresna horien eraginkortasunak mugak ditu. Mugak gainditzen direnean, bizitzaren eta heriotzaren arteko ertzera iristen gara, eta, zenbaitetan, ertza bera igarotzen ere.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Bihotza bero eta burua hotz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marterako bidaia prestatzen: hobe ahalik eta gehien mugitzea

mer, 2018/05/02 - 09:00
Juanma Gallego Espazio bidaia luze batek izango lituzkeen ondorioak aztertzen saiatu dira zientzialariak, eta ondorio garbia atera dute: oxigenoren eskasia baino, jarduera fisikoaren falta izango da erabakigarriena.

Hilabeteak espazioan, eta, batzuetan, urtebete inguru ere. Bilobei hau kontatu ahal dieten pertsonak badira munduan. Horren meritua aitortuta, esan beharra dago hori ez dela guztiz egia. Edo, bederen, erdipurdiko egia dela. Astronauta gehienek nazioarteko espazio estazioan izan direla kontatu dezakete, baina gutxiago dira Ilargira joan direnak.

Espazio estazioa 400 kilometrora dago, eta espazioa 100 kilometroko altueran hasten den konbentzioa badago. Teknikoki, beraz, espazioa da hori. Baina, berez, etengabe lurrera erortzen ari dira espazio estazioan direnek, Lurraren orbitan. Bestetik, izpi kosmikoetatik ondo babestuta daude, Lurraren eremu magnetikoari esker.

1. irudia: Duela hainbat hamarkadatatik espazioan dago gizakia, baina Martera joateak oso bestelako beharrak ekarriko ditu. (Argazkia: NASA)

Ilargira joatea bestelako kontua da. Hara joateko magnetosfera atzean utzi eta, espazio ontziko leihatilatik begiratuz gero, Lurraren tamaina txikitu egiten da. Laguntza jasotzeko aukerak Lur horren tamainarekin batera ere txikitu egiten dira. Ilargira jatea espazioan egotea da, letra guztiekin esana.

Baina Martera joateak beste maila batean jokatzea ekarriko du. Diotenez, bidaia hasi eta egun gutxira, leihatilatik begiratuta, Lurrak beste ezein izarren tamaina hartuko du. Arriskuak biderkatu egingo dira, eta ez da Soiuz ontzirik eskura izango laguntza helarazteko. Baina ustekabeko ezustekoek baino, ezagunak diren arazoek pizten dute ardura gehien. Batez ere izpi kosmikoek berebiziko arriskua dakarte. Horiek direla eta, minbizi bat garatzeko aukera asko handituko da. Momentuz, arazoari aurre egitea zaila dirudi, ez baita erraza izpi horietatik babestea.

Beste arazo ezaguna da grabitatearen faltak eta ariketa fisikoaren faltak dakarten muskuluen atrofia. Arazo hori espazio estazioan daukate ere, eta aspalditik ikertzen ari dira horri aurre egiteko moduak. Teorian ontziaren barruan ariketa fisiko asko egitearekin nahikoa izango zela zirudien, baina, ohi bezala, errealitatea uste baino dezente konplikatuagoa da.

The Journal of Physiology aldizkarian argitaratutako artikulu batean berretsi dute espazioan jarduera fisikorik gabe egoteak arrisku larria ekar diezaiekeela astronautei. Arazoa gertutik jarraitu dute PlanHab izeneko egitasmoaren baitan kokatzen den ikerketan, halako bidaia batek izango lituzkeen ondorioak hobeto ezagutzeko.

Zehazki, espazio bidaia batek hezurduretako muskuluetan gertatzen den funtzio oxidatiboan izango lukeen eragina aztertu dute ikerketan, eta grabitate gutxiko tokietan egoteak ekarriko dituen ondorioak argitzen ere saiatu dira. Izan ere, mikrograbitatean egoteak ondorio kaltegarriak izango ditu organo askotan, tartean hezurretan eta muskuluetan. Sistema kardiobaskularrean zein arnas eta nerbio sistemetan ere nabarituko dira ondorioak. Baina hipoxia da astronautek aurrean izango duten beste arazo handi bat. Espazio ontzietan oxigenoaren eskuragarritasuna urriagoa da eta.

2. irudia: Ohikoak dira oheko egonaldiak erabiltzen dituzten ikerketak, jarduera fisikoaren faltak eragindako ondorioak aztertzeko. (Argazkia: NASA)

Egin duten esperimentuan, hamaika lagunek 21 eguneko egonaldia ohean egin dute, eta hipoxia baxuko baldintzak ezarri dizkiete, 4.000 metroko altueran jasoko lituzketen oxigeno mailak eskainiz. Parte-hartzaileen aukeraketa egitean, 500 metroko edo gutxiagoko altueran bizi ohi diren lagunak aukeratu dituzte. Halako ingurumen baldintzak erreproduzitzeko gai den Esloveniako kirol instalazio batean egin dute esperimentua, herrialde horretako medikuntza etika batzordearen oniritziarekin.

Zertarako, bada, ohean izandako egonaldia? Modu erraz batean mikrograbitatearen eraginaren neurria izateko. Medikuntzan, oheko egonaldia eta mikrograbitatearen ondorioak baliokidetzat jotzen dira.

Muskuluetan gertatzen dena gertutik jarraitu dute. Lan egiteko, muskuluek metabolismo oxidatiboa behar dute. Zeluletan dauden mitokondriek prozesu hori darabilte, oxigenoa baliatuta muskuluek behar duten energia lortu ahal izateko. Hain prozesu garrantzitsua izanik, zientzialariek espero zuten hipoxia bereziki erabakigarria izatea. Izan ere, zientzialari talde berak lehenago egindako beste ikerketa batean ikusi zuten hipoxiaren eragina organismoan bazegoela mikrograbitate baldintzetan. Baina oraingo ikerketa ondorioztatu dutenez, jarduera fisikoaren falta oxigenoaren falta baino larriagoa izan daiteke. Emaitzen arabera, beraz, hipoxiak ez ditu larriagotzen jarduera faltak muskuluetan izandako ondorio negatiboa.

Ohi bezala, ikerketa honetatik ateratako emaitzak ez dira soilik baliagarriak izango astronautentzat: edozein arrazoiagatik denbora asko ohean eman behar duten lagunak artatzeko orduan medikuntza estrategiak garatzeko ere erabili ahal izango dira.

Halere, emaitzen irakurketan modu orokorrean findu beharko dituzte. Ikerketa proiektuko zuzendari Bruno Grassik ohartarazi du horretaz. “Etorkizunean egingo diren ikerketek zehaztasun handiagorekin aztertu beharko dituzte oraingo emaitzen atzean dauden mekanismoak. Gainera, hezurdurako muskuluen inguruan eskuratu diren datuak PlanHab proiektuaren baitan dauden beste ikerketetan lortutako datuekin batera interpretatu beharko dira”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Desy Salvadego et al. PlanHab: hypoxia does not worsen the impairment of skeletal muscle oxidative function induced by bed rest alone. The Journal of Physiology (2018), 1–15. DOI: 10.1113/JP275605

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Marterako bidaia prestatzen: hobe ahalik eta gehien mugitzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Minbizia: zauri sendaezina

mar, 2018/05/01 - 09:00
Gorka Larrinaga, Iker Badiola eta José Ignacio López Minbiziari buruzko ikerketak urte askotan zehar jakintzat eman du gaixotasunaren protagonista bakarrak tumore-zelulak zirela. Minbizi baten garapena eta progresioa ordea ez dira bakarrik zelula hauetan gertatutako aldaketen ondorioak. Tumore-ehunak etengabe erreplikatzen ari diren zelulak ez ezik ehun normalaren osagaiak ere baditu.

Tumorearen mikroingurunea (TM) deritzogun honetan, gaixotasunaren bilakaera baldintzatuko duten elkarrekintza konplexu eta dinamikoak gertatzen dira minbizi-zelulen eta zelula normalen artean. Hau dela eta, azken urteetako ikerketak ikuspuntu bakun hura albo batean utzi eta TMn gertatutako fenomeno biologikoak osotasunean aztertzera bideratu dira.

1. irudia: Minbizi-zelulek jariatutako mezulari kimikoek tumorearen estromako fibroblastoak aktibatzen dituzte, minbiziari elkartutako fibroblastoak (MEF) bilakatuz. Era berean, MEFk jariatutako seinale kimikoek minbiziaren marka ezberdinak sustatu ditzakete. (Egilea: Gorka Larrinaga)

Gure gorputzeko edozein organo eraikin arrunt bat bezala irudikatuko bagenu, eraikin horretako solairu edo gela ezberdinetan bizi diren kideek beteko lituzkete organo horri dagozkion funtzioak. Kide horiek euren bizitza normaltasunez eraman ahal izateko, sendoak eta isolamendu onekoak izan behar dira eraikin horren zorua, zutabeak eta hormak. Gainera, etxebizitza bakoitzera heldu eta bertatik irteten diren urek kanalizazio-sistema egokia izan behar dute. Eta, noski, ezinbestekoa izango da eraikina altxatu eta noizean behin egin beharreko mantentze edo berrikuntza lanetan igeltseroen lana.

Organoetan hainbat funtzio betetzen dituzten zelulak estroma izeneko euskarri batean kokatuta daude. Estromak, egitura eta funtzio-babesa ematen die zelulei eta osagai ezberdinak ditu: alde batetik, eraikinaren eskeletoa izango zena, zelulaz kanpoko matrizea bezala ezagutua, kolagenoa bezalako egiturazko proteinez osatuta dago. Bestetik, kanalizazio-sistema odol eta linfa-hodiek osatzen dute, eta ezinbestekoa da zelulei mantenugaiak eraman eta hondakinak kanporatzeko.

Euskarriaren mantentze funtzioak betetzen dituzten igeltseroak fibroblasto izena hartzen dute. Fibroblastoak plastikotasun handiko zelulak dira eta ehunen eta organoen garapena gertatzen denean oso aktiboak dira. Ordea, organo helduetan, eraso bat jasatean baino ez dira aktibatzen; esaterako, zauri bat egitean. Ehun zaurituan fibroblastoen betebehar nagusia euskarrian apurtutako egiturak berriztatzea izango da, eta horretarako egiturazko proteinak ekoizten dituzte. Prozesu fisiologiko hau, orbaintzea hain zuzen, mugatua da.

Baina etxebizitza bateko populazioa inolako kontrolik gabe haziko balitz, eraikina bera ere hazi beharko litzateke. Igeltseroek, mugagabeki hazten ari den populazioari tokia egiteko, hormak apurtu eta zutabe, zoru eta pareta berriak egin beharko lituzkete. Honela, populazioa eta eraikinak hazi ahala, inguruko espazio guztiak inbadituko lituzkete.

Minbizi-zelulak gai dira fibroblastoak aktibatzen dituzten mezulari kimikoak jariatzeko, eta tumorearen estromako igeltsero hauek euren kausarako erabiltzeko. Minbiziari elkartutako fibroblasto (MEF) hauek zelulaz kanpoko matrizeko proteinak apurtzeko entzimak jariatu eta egiturazko proteina berriak ekoizten dituzte. Honela, eraikinaren eskeletoa (matrizea) tumore-zelulen beharrizanetara birmoldatuz doaz. Etengabeko haustura eta konponketa fenomeno hau dela eta, esan ohi da minbizia zauri sendaezina dela. Berez ez dago traumatismo batek eragindako zauririk, baina MEFk horrela izango balitz bezala funtzionatzen dute.

2. irudia: Minbizi-zelulek tumorearen garapenaren hasieran ez dute oraindik inguruko ehunik inbaditzen eta estroman ez dira aldaketak gertatzen. (Egilea: Gorka Larrinaga)

3. irudia: Minbizia garatu ahala estroman aktibatutako MEFk zelulaz kanpoko matrizea tumore-zelulen hazkuntza eta hedapenera egokitzen dute, angiogenesia bultzatzen dute eta linfa eta odol-hodien bitartez distantzian hedatzeko gaitasuna eskuratzen laguntzen diete minbizi-zelulei, minbiziaren agresibitatea sustatuz. (Egilea: Gorka Larrinaga)

MEF hauen zeregina TM honetan ez da igeltsero funtzioak betetzera mugatzen. Fibroblasto aktibo hauek ere hainbat mezulari kimiko jariatzen dituzte TMra eta horrek minbiziari beste ezaugarri edo markak eskuratzen laguntzen dio. Adibidez, tumore-zelulen ugalketa sustatu, apoptosia ekidin eta odol-hodi berrien ekoizpena (angiogenesia) bultza dezakete.

Bestalde, MEFk minbizi-zelula ama taldeen mantentzerako baldintza egokiak sortzen dituzte eta tumore-zelulen ezaugarri inbaditzaileak (epitelio-mesenkima trantsizioa) eskuratzen laguntzen dute. Fenomeno hau jatorrizko tumoreaz gain metastasietan ere ikusi da, bertan minbiziari elkartutako fibroblastoak bultza baitezakete beste ehunetan “lo” zeuden minbizi-zelulak “esnatu” eta haztea. Honek guztiak asko baldintzatu dezake minbiziaren tratamenduekiko erresistentzien eta metastasien agerpena.

Azken urteotan, aztergai izan dira fibroblastoek tumorearen mikroingurunetako babes zelulekin dauzkaten elkarrekintzak ere. Aurreko artikuluan esan genuen hantura minbiziaren markak ahalbidetzen dituen fenomeno biologikoa dela. Hanturaren inguruan hainbat seinale kimiko jariatzen dira, eta seinale hauetariko batzuek fibroblastoen aktibazioa bultzatu dezakete. Era berean MEF hauek babes-zelulen aktibitatea kontrola dezaketen mezulari kimikoak jaria ditzakete. Honek, minbizi-zelulei zelula immuneengandik ezkutatzen lagun diezaieke minbiziaren garapenaren aldi batzuetan.

Beraz, TMan norabide askotako mezuak gurutzatzen dira bertako zelulen artean. Seinale hauek tumorearen garapenaren arabera aldagarriak dira eta, horregatik, TMko zelula bakoitzaren zereginak ez du zertan izan beti minbizi-zelulen biziraupenaren aldekoa. Ikerketa gehiago egin behar dira dinamika hauek hobeto ulertzeko. Hala ere, tumorearen estroman MEFn agerpena minbizi askoren agresibitatearekin eta pazienteen pronostiko txarrarekin lotu da. Horregatik, minbiziaren diagnostiko eta tratamendurako tresna berriak sortzeko itu bezala proposatu dira tumorearen mikroingurunetako igeltsero hauek.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Attieh, Y., Vignjevic, DM. (2016). The hallmarks of CAFs in cancer invasion. European Journal of Cell Biology, 95(11), 493-502. DOI:10.1016/j.ejcb.2016.07.004
  • Kalluri, R. (2016). The biology and function of fibroblasts in cancer. Nature Reviews Cancer, 16, 582-598. DOI:10.1038/nrc.2016.73
  • Kuzet, SE., Gaggioli, C. (2016). Fibroblast activation in cancer: when seed fertilizes soil. Cell and Tissue Research, 365(3), 607-619. DOI:10.1007/s00441-016-2467-x

———————————————————————————-

Egileez:

Gorka Larrinaga, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta Erizaintza Saileko irakaslea da.

Iker Badiola, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Zelulen Biologia eta Histologia Saileko ikertzailea da.

José Ignacio López, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzu burua eta ikertzailea da.

———————————————————————————-

Zer dakigu minbiziaz? artikulu-sorta

  1. Zer dakigu minbiziaz? Minbiziaren markak.
  2. Zer dakigu minbiziaz? Minbizi-zelula amak.
  3. Minbizia: zauri sendaezina.

The post Minbizia: zauri sendaezina appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eguzki energia eskuratzeko errendimendu handiko zuntz optikoa

lun, 2018/04/30 - 09:00
Eguzki argia modu merkean eta errendimendu handian kontzentratzen duen dopatzaile hibridozko zuntz optikoa lortu dute.

Irudia: Eguzki kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen duen dopatzaile hibridoa duen polimerozko zuntz optiko berria garatu dute.

Eguzki kontzentragailu gisa osagai organikoak eta ez-organikoak dituen polimero batez egindako zuntz optikoa erabiltzen den lehen aldia da. Neurketen emaitzek agerian utzi dute eguzki argia kontzentratzeko eta garraiatzeko errendimendu handia duela eta oso material egokia dela gailu txikiak elektrizitatez hornitzeko, zelula fotovoltaikoetara atxikiz. Eguzki kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen duen dopatzaile hibridoa duen polimerozko zuntz optiko berria da lortu dutena.

Polimero hibridozko zuntz optikoak eguzki kontzentragailu lumineszente gisa jokatzen du: eguzki-argia xurgatzen du eta uhin luzera handiago batean emititzen du; argia zuntz optikoaren muturrera garraiatzen du barne islapen osoa baliatuta eta, muturrean, zelula fotovoltaikoa kokatzen da. Lehen aldia da osagai organikoak eta ez-organikoak dituen polimerozko zuntz optikoak erabiltzen direla xede horretarako. Kontzentragailu lumineszente guztiek bezala, hau ere oso egokia da hirietan izaten diren itzal eremuetan eta egun hodeitsuetan eguzkitiko energia eskuratzeko.

Ikerketa ugari ari dira egiten eguzki zelula fotovoltaikoak hobetzeko eta orain arte lortu diren egokienak siliziozkoak dira. Asko dira oraindik hobetu beharreko alderdiak: silizio iturriak mugatuak dira, instalazio azalera handiak behar dira, eguzkiari jarraitzeko sistemak ere beharrezkoak dira, eguzkitiko zuzeneko argia behar dute, haien errendimendua asko jaisten da egun lainotuetan edo argi difusoa dagoenean e.a.

Zuntz optikoaren ezaugarriak hobetzeko, osagai organikoz eta ez-organikoz osatutako dopatzaile bat erantsi diote polimeroari. Gailu txikiak edo sentsoreak elikatzeko zelula fotovoltaikoetan erabili ahal izango da eta merkaturatze aukera handiak izan litzake zelula fotovoltaikoak integratuta dauzkaten eraikinetarako edo eraikin berdeetarako. Gainera, zuntz pasiboetara konektatuz gero, argia zuntzaren mutur batetik bestera garraia daiteke eta energia iturritik urrun dauden gailuak elikatu.

Egindako neurketen arabera, udako egun eguzkitsu batean eguzkiak ematen duen argiaren herena kontzentra dezake 6cm luze den garatutako zuntz optiko batek. Hainbat giro eta argiztapen baldintzatan neurtu dute zuntzaren errendimendua eta kasu guztietan errendimendua ona dela ikusi dute, argiak zuzenean ematen ez dionean hobea bada ere. Bereziki egokia da azken hau, siliziozko zelulen errendimendua oso txikia baita egun hodeitsu edo argi difusoko egunetan.

Zuntza oso luzea denean zuntz barnetik garraiatzen den argia ahuldu egiten bada ere, eguzkitiko zuzeneko argia baino 1,3 intentsitate handiagoa kontzentratzea lortu dute 6m luze den zuntz bakar batekin. Eskala txikian energia produzitzeko aukera emango du dopatzaile hibridoko polimerozko zuntz optikoak.

Askoz ere merkagoa da horrelako sistemak prestatzea, siliziozko zelularen azalera handiagoak erabiltzea baino. Gehiago ikertu behar da, hala ere. Zuntz batekin egin dira probak, baina zelula fotovoltaikoetara konektatzeko zuntz-sortak beharko lirateke. Bestalde, zelula fotovoltaikoen azalera karratua da eta zuntzez azalera hori estaltzean, beti geratuko dira argirik lortuko ez duten eremu txikiak. Zuntzaren diametroak aldatuz ari dira probak egiten; zuntza lodiagoa denean malgutasuna galtzen da, baina, aldi berean, argi gehiago xurgatzen du.

Nahiz eta 2017an kontsumitutako energiaren %3 besterik ez izan haizetik, eguzkitik eta biomasatik eratorritakoa, gaur egun eguzki energia lortzeko aukerak nahiko hazi daitezkeela diote adituek. Izan ere, eguzki-energia beti izango da bere horretan eta eguzki-baratzeetatik ez ezik, etxeetan, teilatuetan eta beste hainbat tokitan ezarritako sistema txikiagoen bidez ere eskura daiteke eguzkitiko energia.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Eguzki-energia eskuratzeko errendimendu handiko polimerozko zuntz optiko berria.

Erreferentzia bibliografikoa:

Parola, D. et. al. “High performance fluorescent fiber solar concentrators employing double‐doped polymer optical fibers”, Solar Energy Materials and Solar Cells. January (2018). DOI: https://doi.org/10.1016/j.solmat.2018.01.013

The post Eguzki energia eskuratzeko errendimendu handiko zuntz optikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #200

dim, 2018/04/29 - 09:00
Uxune Martinez

Astronomia

Hiriak argiz bete ditugu. Horren ondorioz, gauean zerupean jarriz gero gizateriaren heren batek ez du Esne Bidea ikusten eta europarren %60ak ere ez du ikusiko. Argiak itsutu gaitu. Arantxa Iraolak Berrian argi kutsaduraren ondorioei so egin die Aranzadi Zientzia Elkarteko Juan Antonio Aldunzinen laguntzaz. Adituaren esanetan “gaueko ingurumena hondatzen ari gara”, faunari, florari eta giza atsedena kaltetuz. Agian argia itzali beharko genuke maizago, izarren argia pizteko.

TESS sateliteak badu lana. Duela egun batzuk abian jarri du NASAk 20.000 exoplaneta aztertu ditzan. Bai, ondo irakurri duzue gure eguzki-sistematik at egon daitezkeen 20.000 exoplaneta aurkitu eta aztertzea helburua du NASAk martxan jarri misio berriak. Horretarako sateliteak zeruaren 85% arakatu beharko du eta bide horretan NASAk beste helburu bat ere jarri dio misioari, behatuko diren exoplanetetan bizia posible den jakitea. Ana Galarragak kontatzen dizkigu misioaren xehetasunak Elhuyar aldizkarian: Estralurtarrak eta gorila-efektua.

Biokimika

15.000 jaioberritik bati eragiten dio Angelman sindromeak. Adimenaren garapenean arazo konplexuak sorrarazteaz gain, epilepsia eta komunikaziorako zailtasunak eragiten ditu; baita mugimenduaren koordinazio gabezia, oreka eta mugimendu arazoak eta ordu gutxi lo egitea. Sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena, dena den, izaera alai eta irribarretsua da. Horren guztiaren eragilea garunean huts egiten duen gene bakar bat da: UBE3A. Sindromearen sintoma konplexuen zergatia antzematea UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko ikertzaileen lanaren emaitza da. Zientzia Kaieran datu guztiak dituzue eskura: Angelman sindromearen sintoma konplexuen zergatia aurkitu dute.

Biologia

Edozein lurraldeko ekosistematan aurki daitezke kanpotik ekarritako espezie exotikoak. Inbasio biologikoa arazoa bihurtu da gure larreetan, ibai ertzetan eta itsasoan ere. Euskal Herriko portuetan bizi diren espezie exotiko eta inbaditzaileak ekarri ditu begi-bistara Berrian Edu Lartzanguren kazetariak. Espezie hauen etorrera itsasontziek orekatzeko erabiltzen duten lastra uretan dute jatorria. Munduko toki batean batzen dute ura eta beste puntan bota gerora, hortxe bidaiatzen duten gure bazterrak kolonizatzen dituzten ezkutuko bidaiariak.

Ez duzu ba txakurrik izango aldamenean? Horrela bada beha itzazu bere arnas eta hatsankatze-mugimenduak. Ba al dakizue beroa xahutu behar dutenean txakurrak hatsankatu egiten direla? Txakurra ez da beroa haizatzeko hatsankatzen den animalia bakarra. Thomson gazelak da beste bat. Harrapariengandik ihes egiteko korrika asko egiten du eta ohiko 39 °C-ko tenperaturatik 44 °C-raino hel daiteke haren odol arterialaren tenperatura. Baina hatsankatzeari esker Thomson gazelak burua hotz mantentzen du. Gorputzeko tenperatura 44 °C-ra dagoen artean, garuneko tenperatura 41 °C-tan mantentzen du, gorputz guztia baino hotzago. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek azalatzen digute animalia honen sekretua: Thomson gazelaren beroaldia.

Fisika

Einsteinentzat korapilatze kuantikoa urruneko ekintza fantasmagorikoa bazen ere, egun, mekanika kuantikoaren ezaugarri paradoxikoenetakoa da. Erwin Schrödinger fisikari austriarrak barneratu kontzeptua zuen mekanika kuantikoko esperimentu baten harira. Korapilatze kuantikoak adierazten du elkarlotuta dauden partikula-multzoak ezin direla bakarkako entitate gisa ulertu, uhin-funtzio bakarra duen sistema oso bat bezala baizik. Einstein eta Schrödinger sasoitik hona korapilatzen kuantikoaren misterioak ikertzen dihardute eta asteon Elhuyar aldizkarian azaldu digute, UPV/EHUko eta Hannoverko Unibertsitateko ikertzaileek korapilatze kuantikoa sortu dutela fisikoki bananduta zeuden bi Bose-Einstein kondentsaturen artean.

Genetika

Juanma Gallegok herri nomada baten ezaugarri harrigarriari erreparatu dio. Indonesian bizi den Bajau herria izan du hizpide. Azken milurtekoan leku batetik bestera ibili dira bajauarrak Asiako hego-ekialdeko itsasoetan zehar. Bajau herria ezaguna da urpekaritza egiteko daukan abilezia dela eta, izan ere, 70 metroko sakonerara iristeko gai dira. Ikertzaileek argitu berri dute abilezia horren oinarria zein den: egokitzapen genetiko bat. Melissa Ilardo ikertzailearen esanetan: “Uste dugu bajauarrek egokitzapen bat garatu dutela. Horren bidez, hormona tiroidearen mailak handitu dira, eta horrek haien barearen tamaina handitu du

Kimika

Apirilaren 11n elikagaien akrilamida edukia kontrolatzea helburu duen Europar Batasuneko araudia indarrean sartu zen. Akrilamida patata frijituak edota kafean aurki daiteke eta, ondorioz, komunikabideetan akrilamidaren toxikotasunari buruz hainbat berri argitaratu izan dira egunotan. Kontuan hartzekoa da akrilamida kontzentrazio altuetan minbizi-sortzaile izan daitekeela baina baita ere ia edozein elikagaitan aurkitu daitezkeela minbizi-sortzaileak diren substantziak -kontzentrazio oso txikitan izanik ere-. Eta harira joanez, ba al dakigu zer den akrilamida? Josu Lopez-Gazpio kimikariak erantzun du gure galdera asteon: Patata frijituak akrilamida pixka batekin, mesedez.

Paleoantropologia

Ikerketa berri batek kantauriar eremuan Erdi Paleolitotik Goi Paleolitorako trantsizioa berreraikitzeko baliozko aztarnak eta datuak lortu ditu. Ikertzaileek karbono 14 AMS ultrafiltrazioarekin azken neandertalek eta lehen Homo sapiens gizakiek jandako animalien hezurrak aztertu eta datatu dituzte. Horrekin batera bi giza taldeen bizimoduaren eta bilakaerari buruzko ondorioak lortu dituzte: bi populazioek oso denbora-tarte txikian egin zuten bat eremu berean, beraz, elkarrekintzarako aukera gutxi izan zuten. Elhuyar aldizkarian irakur ditzakezue datu guztiak: Neandertalak eta gizaki modernoak mila urtez baino ez ziren aldi berean bizi izan eremu kantauriarrean.

Teknologia

Kamera bitxia da Google Clips. Soinean eramanez gero zure bizitzako une interesgarrienak grabatu eta gordetzen ditu baina berak erabakitzen du zeintzuk diren une horiek. Kamerak algoritmo bat du integratua eta honi esker zure bizitzako une ahaztezin bat bizitzen ari zarela antzeman eta piztu egiten da, bizipena grabatu eta gordetzeko. Ikusi egin behar algoritmoak une interesgarri deritzona horrela deritzogun. Sustatun: Google Clips, zure bizitza osoa (sic) grabatuko duen kamera robotikoa.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #200 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #213

sam, 2018/04/28 - 09:00

Eboluzioak topatutako irtenbideetan oinarritzen dela ingeniaritza ez da berria. Gure aparailuen pisua arintzeko txoriengandik ikas dezakeguna, ordea, harrigarria da oraindik ere. Silvia Románen Lightweighting strategies inspired by birds.

Neurogenesia, neurona berrien sorrera, dago helduengan? Batzuen arabera, bai; besteen arabera, ez. No neurogenesis in adult primate hippocampal formation idatzi du JR Alonsok.

Solido, likido eta gas hiru materiaren egoera klasikoak baino gehiago daudela jakin beharko genuke jada. Harrigarria izan daiteke, dena den, inguru tenperaturan materia kondentsatuaren 7 egoera gutxienez daudela jakitea. DIPCko jendea, The 7 states of condensed matter at room temperature.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #213 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gorka Kobeaga: “Ibilbideen optimizazioa arlo zabala da eta aplikazioak oso anitzak dira” #Zientzialari (93)

ven, 2018/04/27 - 09:00

Orientazio Problema (Orienteering Problem, OP) matematikaren arloan aztertzen den ibilbideen optimizazio problema bat da. Saltzaile ibiltariaren problema (TSP) ospetsuaren aldaera den ibilbide-problema honen helburu nagusia da, ibilbidearen gehienezko luzera errespetatuz, bisitatutako herrietan jasotako sarien batura maximizatzen duen ibilbidea aurkitzea.

Ibilbide-problema honen aplikazioak anitzak dira gaur egun. Izan ere, teknologia berriek eskainitako aukerak aurrera egin ahala, Orientazio Problemaren aplikazioak ugaritu egin dira.

Baina, zeintzuk dira zehazki aplikazio hauek? Nola aplikatzen dira algoritmoak ibilbideen optimizazioan? Galdera hauei erantzuteko, Gorka Kobeaga BCAM zentroko ikertzailearekin izan gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Gorka Kobeaga: “Ibilbideen optimizazioa arlo zabala da eta aplikazioak oso anitzak dira” #Zientzialari (93) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Laser bidezko ablazioaren egungo egoera eta aplikazioak

jeu, 2018/04/26 - 15:00
Nagore Grijalba, Fanny Claverie, Ariane Donard, Hélène Tabouret, Christophe Pecheyran, Nora Unceta, Mª Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio 80ko hamarkadaz geroztik, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknika analitikoa sakonki ikertu eta garatu da eta, gaur egun, lagin solidoen analisi elemental zein isotopiko zuzena egiteko erreferentziazko teknikan bilakatu da. Izan ere, ikerketa ugari egin dira teknikaren oinarriak hobeto ulertzeko (laser-materia elkarrekintza, aerosolen sorrera eta kuantifikazio metodoak, besteak beste) eta lagin solidoen mikro-laginketa ahalbidetzeko asmoz.

Irudia: Alan Gray-ek, 1985. urtean, laser bidezko ablazioa garatu zuenetik teknikaren oinarriak ez dira asko aldatu.

Teknikaren funtsa sinplea da: lagina hermetikoki itxita dagoen gelaxka batetan kokatzen da. Pultsu laburreko eta energia handiko laser izpi bat laginaren gainazalean fokatu eta partikulak, atomoak, ioiak eta elektroiak erauzten ditu. Gas inerte batek (He edo Ar) gelaxka zeharkatu eta ICPMS-era garraiatzen ditu. Bertan, aerosola lurrundu, atomizatu eta ionizatu ondoren sortzen diren ioi positiboak masa espektrometroan analizatzen dira.

Hortaz, laserrak lagin solidoaren analisi zuzena ahalbidetzen du, aurretratamendurik gabe eta analisi denbora nabarmenki murrizten da. Ezaugarri bereizgarrienak hauexek dira: erabilpen erraza, analisi denbora laburra, laginari eragindako kalte urriak, sentsibilitate handia eta elementu nagusi zein minoritarioen eta ratio isotopikoen aldibereko neurketa ahalbidetzen duen tarte dinamiko zabala.

Hala ere, teknika honek zehaztasunean eragina duten desabantailak ditu. Alde batetik, laginak oso homogeneoak ez badira, analisiaren adierazgarritasuna bermatzeko sakonera edota gainazal handiagoak analizatu behar dira laserraren diametroa, energia eta abiadura areagotuz. Bestalde, zatikatze elementala (edo elemental fractionation) laginaren matrizearen izaeraren arabera gertatu daiteke (matrize efektua, hain zuzen) eta honek kuantifikazioan eragina izan dezake. Horregatik, laginak berak kuantifikazioan eragin ditzakeen desbiderapenak zuzentzeko laginaren antzerako konposizioa duten erreferentziazko materialak erabiltzen dira (matrix-matching).

Alan Gray-ek, 1985. urtean, laser bidezko ablazioa garatu zuenetik teknikaren oinarriak ez dira asko aldatu. Hala ere, burututako hobekuntzek (laser pultsuen iraupenean eta egonkortasunean, uhin-luzeran, laser izpiaren bide optikoan eta aerosolaren garraioan eragina dutenak, batez ere) teknikaren aplikazioak ugaritu dituzte eta gaur egun laser bidezko ablazioa erreferentziazko teknika bilakatu da kimika analitikoaren esparruan lagin konplexuen (material geokimikoak, geruza anizkoitzeko laginak, ingurune-laginak eta lagin biologikoak, artelanak, arkeologia piezak eta harribitxiak, esaterako) analisi mikroskopikoa egiteko.

Teknika honen egungo egoeraz jabetzeko ondorengo puntako aplikazioak bereiz daitezke bai biologian eta ingurumenean, osasunean, geokimikan zein auzitegi zientzien alorretan:

i) Arrain espezieen populazioaren kontrola eta habitaten kalitatearen neurketa otolitoen eta hegats-hezurren analisiaren bidez.

ii) Psikiatriako, neurologiako eta onkologiako medikuntzaren adarretan egindako aurrerapenak zenbait gaixotasunetan eragiten duten metalen identifikazioaren bidez.

iii) Petrolio gordinaren jatorriaren ziurtapena eta kalitatearen ebaluazioa.

iv) Tiro aztarnen dudarik gabeko identifikazio azkarra.

v) Material nuklearraren legez kanpoko trafikoaren aurkako borroka.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Laser bidezko ablazioaren egungo egoera eta aplikazioak.
  • Laburpena: 80ko hamarkadaz geroztik, laser bidezko ablazioa eta akoplamendu induktibozko plasma-masa espektrometria (LA-ICPMS) konbinatzen dituen teknika analitikoa sakonki ikertu eta garatu da, eta, gaur egun, lagin solidoen analisi elemental zein isotopiko zuzena egiteko erreferentziazko teknika bilakatu da. Ezaugarri bereizgarrienak hauexek dira: erabilpen erraza, analisi-denbora laburra, laginari eragindako kalte urriak, sentsibilitate handia eta elementu nagusi zein minoritarioen eta ratio isotopikoen aldibereko neurketa ahalbidetzen duen tarte dinamiko zabala. Lan honetan, LA-ICPMS teknikaren oinarriak eta konfigurazio orokorra azaldu eta femtosegundo/ nanosegundo laser bidezko ablazioaren erabileraren arteko desberdintasun nagusiak nabarmentzen dira. Azkenik, teknika honen egungo egoeraz jabetzeko, jatorri askotariko laginen analisi elementala laburbildu eta berrikusten da biologian eta ingurumenean, osasunean, geokimikan zein auzitegi zientzien alorretan.
  • Egileak: Nagore Grijalba, Fanny Claverie, Ariane Donard, Hélène Tabouret, Christophe Pecheyran, Nora Unceta, Mª Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 45-65
  • DOI: 10.1387/ekaia.16332

—————————————————–
Egileez: Fanny Claverie, Ariane Donard, Hélène Tabouret, Christophe Pecheyran Laboratoire de Chimie Analytique Bio-inorganique et Environnement (IPREM-UMR UPPA/CNRS 5254)koak dira; Nora Unceta, Mª Aránzazu Goicolea, Ramón J. Barrio UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailekoak dira eta Nagore Grijalba bietakoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Laser bidezko ablazioaren egungo egoera eta aplikazioak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Thomson gazelaren beroaldia

jeu, 2018/04/26 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Ezaguna denez, jarduera fisiko altuak energia-eskari altuagoak sortzen ditu. Giharrek lan gehiago egitean, uzkurketa-zikloak gauzatzeko beharrezkoa den gainerako energia (ATPa) sortzeko oxigeno gehiago garraiatu behar da gihar-zeluletako mitokondrioetaraino.

Irudia: Ohiko 39 °C-ko tenperaturatik 44 °C-raino hel daiteke odol arterialaren tenperatura Thomson gazelaren kasuan.

Bai zirkulazio-sistemak eta bai arnas aparatuak hartzen dute parte oxigeno gehigarri hori helarazten, lankidetzan: batetik, arnas hartzea azkartu egiten da oxigeno gehiago hel dadin difusioz arnas organoa irrigatzen duen odolerantz, eta bestetik, bihotzaren taupada-maiztasuna emendatu egiten da; sarriago uzkurtuz, denbora-unitateko odol gehiago ponpatzen da beharrizan metaboliko altuagoa duten ehunetarantz.

Beraz, animalia asko hatsankatu egiten dira ariketaren ondorioz. Hatsankatzea, baina, xede anitzeko jokabidea dugu. Goraxeago esan denez, arnasketa-zikloa azkartzeko mekanismoa da, baina ariketak eragindako beroa barreiatzeko ere erabiltzen da zenbait animaliaren kasuan, batez ere izerdirik botatzen ez dutenetan (ikus «Munduko gauza hotzenetako bat» izenburuko atala). Hala ere, batzuetan ariketak sortutako beroa xahutzeko zailtasunak daudenean, hatsankatzeak ba omen du hirugarren betebehar garrantzitsu bat: garuneko tenperaturari balio seguruetan eustea.

Azter dezagun aukera hori adibide baten bidez: Thomson gazela izenaz ezaguna den Afrikako ekialdeko gazela txikiak 15-20 kg inguru pisatzen du. Harrapari baten presiopean, 40 km/h-ko abiaduran 5 minutuz korrika aritu ondoren, jarduera metaboliko emendatuak eragindako ezohiko bero-ekoizpenak animaliaren gorputz guztia berotzen du. Ohiko 39 °C-ko tenperaturatik aldenduz, 44 °C-raino heltzen da odol arterialaren tenperatura. Ariketa gogorraren ondorioz, beraz, animalia homeotermo honek, aldi baterako bada ere, galdu egiten du gorputzeko tenperaturari konstante eusteko gaitasuna.

Zergatik gertatzen da tenperatura-emendio hori? Harrapariaren mehatxupean korrika bizian doala, 40 aldiz emendatzen da gazelaren gastu metabolikoa. Aipatu behar da gainera, lasterketa hori ingurune-tenperatura altuetan burutzen dela. Beraz, Thomson gazelak ariketaren ondorioz ekoitzitako beroa galtzeko zailtasun handiak ditu. Ondorioz, odolaren tenperatura nabarmen igotzen da, beroa galtzeko aukerak mugatuta baitaude. Izan ere, tenperatura-emendio horrek baliteke animaliaren gihar sistemaren funtzionamendua azkartzen laguntzea, eta ondorioz korrikaldiaren etekina hobetzea.

Gazelaren gorputzeko tenperaturaren emendioa ez da gertatzen beroa barreiatzeko mekanismoek huts egiten dutelako, animaliak maiztasun altuko hatsankatzera jotzen baitu, bai freskatzeko, eta baita oxigeno gehiago lortu ahal izateko ere. «Munduko bi gauza hotzenetako bat» izenburuko atalean txakurretarako azaldu dugunez, izerdirik botatzen ez duten animalia askok erabiltzen dute hatsankatzea beroa xahutzeko. Arnas sisteman oinarritutako mekanismo horiek oso eraginkorrak badira ere, ohiko egoeran behintzat, hain da handia gazelaren ihesaldia bezalako larrialdi-egoeretan gertatutako bero-ekoizpenaren zama, ezen tenperaturak gora egiten baitu, ezin baitaiteke sortzen den bezainbeste bero barreiatu.

Baina ariketak eragindako tenperatura-igoera ez da gorputz osoan modu berean gertatzen, hatsankatzeari esker Thomson gazelaren garuna gainerako gorputz guztia baino hotzago mantzentzea lortzen baita. Gorputzeko tenperatura 44 °C-ra dagoen artean, garuneko tenperatura ez da 41 °C-ra heltzen. Balio seguruetan mantentzen da, beraz; jakina denez, garuna osatzen duten zelulentzat oso kaltegarriak dira 41-42 °C-tik gorako tenperaturak.

Nola lor daiteke baina hatsankatzearen bitartez horrelako hozte-prozesu selektiboa? Arteria karotideotik garunerantz bideratzen den odola kaskezurreraino iritsi orduko ehunka arteria txikitan banatzen da; gero, garunera heldu baino lehen, batu egiten dira berriro, bero-trukatzaile modura jokatzen duen rete mirabile bat osatuz. Sare miragarria osatzen duten arteria txiki horiek, zain-odolak osaturiko sinu bat zeharkatzen dute. Zainetako odol hori hotzago dago, hatsankatzen ari den gazelaren sudurretik igaro ondoren heltzen baita sinu horretara. Horrela, hoztu egiten da arteriatxoetan zehar doan odol arteriala, beroaren zati bat zain-odolerantz galtzen baitu, eta garunera heltzen denerako odol hau arteria karotideoko odola baino 2-3 °C freskoago dago. «Atunen berogailua eta sare miragarria» izenburuko artikuluan ikusi dugu sare miragarriaren bero-trukerako sistema hau, justu kontrara jokatzen: atunen giharraren kasuan, odola muskulura heldu orduko berotzeko erabiltzen zen sistema bera.

Hortaz, oro har, bero-galerarako mekanismoa izateaz gain, hatsankatzeak ingelesez «selective brain cooling» deritzon prozesuan ere hartzen du parte. Thomson gazela adibidetzat hartu badugu ere, artiodaktilo hori ez da hozte selektibo hau baliatzen duen animalia bakarra, etxe-abere ungulatu askok ere mekanismo bera erabiltzen baitute. Animalia hauei buruz esan daiteke, bai, «burua hotz» mantentzen dutela!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Thomson gazelaren beroaldia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Urpekaritzarako egokitzapen genetikoa identifikatu dute, aurrenekoz

mer, 2018/04/25 - 09:00
Juanma Gallego Indonesian bizi diren Bajau herriko kideek uraren azpian denbora gehiago emateko duten gaitasuna egokitzapen genetiko bati esker garatu dela azaleratu du ikerketa batek.

Klasiko bat da. Gizakiak genetikaren inguruan gero eta ezagutza gehiago izan, orduan eta argiago geratzen da geneek, hein handi batean, gizakia baldintzatzen dutela. Determinismoa barra-barra dabil, honezkero. Kontua ez da, baina, hain sinplea. Izan ere, azken urteetan, gero eta argiago dago oharkabean gizakia ere geneak baldintzatzeko gai dela. Ez gaude, bada, transgenikoei buruz hizketan, kulturak kode genetikoan eragindako aldaketei buruz baizik.

1. irudia: Modu tradizionalean egiten dute urpekaritza bajauarrek, eta mila urte inguru eman dute horrela. (Argazkia: Melissa Ilardo /University of Cambridge)

Adibide asko daude: altuera handira bizitzera egokitu diren populazioak, omega-3 azidoen kontsumoa errazteko entzima zehatz bat garatu duten herriak edo laktosa onartzeko Neolitoaren geroztik Europan eta mendebaldeko populazioetan garatu den egokitzapena. Horietan guztietan, gizakiek egindako hautespen kulturalek norabidea “erakutsi” diote eboluzioari, eta baldintza berrietara hoberen egokitutako aldaerak nagusitu dira.

Hemendik aurrera, beste adibide bat gehitu ahal izango da pixkanaka hazten den zerrenda horri: uraren barruan eusteko gaitasuna, alegia. Gizakiak lurraren gainean bizi behar badu ere, itsasoarekiko kontaktua gero eta handiagoa da, eta bereziki zenbait kulturatan garrantzitsuagoa izan da lotura hori. Oraingoan, berariaz itsaspean denbora gehiago ematera bideratutako egokitzapen bat azaleratu dute zientzialariek.

Cell aldizkarian argitaratutako ikerketa batean ezagutzera eman dute: Indonesian bizi den Bajau herriko kideek ohi baino bare handiagoak dituzte, eta horrek aukera ematen die itsasoaren azpian 70 metroko sakonerara iristeko.

Aurretik ere zientzialariek susmatzen zuten bare handia edukitzeak eta urpekaritzan hain ondo moldatzeak lotuta egon behar zutela, baina harreman hori ikerketa genetiko baten bitartez berresten den lehenengo aldia da oraingoa.

Tradizionalki, Bajau herria nomada izan da. Azken milurtekoan leku batetik bestera ibili da, Asiako hego-ekialdeko itsasoetan zehar; baina, gehienbat, Indonesian bizi dira bajauarrak. Bertan, nahiko ezagunak dira urpekaritza egiteko daukaten abilezia dela eta. Arrantza da haien ogibide nagusia, batez ere itsas luzokerrak eskuratzen dituztelarik. Holothuroidea familiako animalia hauek itsas hondoan bizi dira. Asiarrek estimu handian duten jakia da, eta, horregatik, bajauarrek baliabide hori ustiatu dute mendeetan zehar, erraztasun handiz saltzen dutelako. Lantokitik gertu bizi dira bajauar asko, etxe flotagarrietan, hain zuzen.

2. irudia: Gizakiek egindako hautespen kulturalek norabidea “erakutsi” diote eboluzioari. Oraingoan, urpekaritzara egokitzeko gaitasuna da azaleratu dutena. (Argazkia: Melissa Ilardo /University of Cambridge)

Horregatik, orain ikerketa aurkeztu duten zientzialariek susmoa zuten uraren azpian hain ondo moldatu izanaren atzean abiapuntu genetiko bat egon ote zitekeen. Izan ere, gizakien kasuan halako gaiaren inguruan informazio gutxi bazegoen ere, animalietan horrelako kasuak ezagunak ziren. Bereziki, sakonera handian arrantza egiten duten fokak aipatu dituzte; horien artean, Weddellgo fokak omen dira uraren pean ederki moldatzeko bare oso handia duten animaliak.

Hipotesia berresteko, hainbat hilabete eman ditu Jaya Bakti (Brunei) izeneko herrian artikuluaren egile nagusi Melissa Ilardok. Ikerketa genetikoa burutzeko laginak hartzeaz gain, urpekarien bareetako tamainak ere neurtu ditu, ekografien bitartez.

Laginketa berdina egin du bajauarren auzokide diren Saluan herrikoekin. Horrek aukera eman die ikertzaileei alderatzeko antzeko ingurunean bizi diren baina praktika kultural desberdinak dituzten populazioak alderatzeko.

Emaitzen arabera, barearen tamainari dagokionean, batez bestean, bajauarren barearen tamaina saluandarrena baino %50 handiagoa da. Arlo genetikoari dagokionez, desberdintasuna PDE10A izeneko genean aurkitu dute. Gene honek T4 hormona tiroideoa arautzen du.

Emaitzek hipotesia oinarritzeko nahikoa froga eman dutela diote. “Uste dugu bajauarrek egokitzapen bat garatu dutela. Horren bidez, hormona tiroidearen mailak handitu dira, eta horrek haien barearen tamaina handitu du”, adierazi du Ilardok, prentsa ohar batean.

Bajau arrantzale bat, 20 metroko sakoneran arrantza egiten. (Bideoa: BBC One)

Globulu gorrien askatzea

Organismoa urpean dagoenean, bihotzeko taupadak mantsotu egiten dira, eta, ondorioz, barea uzkurtzen da. Horri esker, oxigenoa daramaten globulu gorriak isurtzen dira odol-fluxura, eta horrek urpean denbora gehiago egotea ahalbidetzen du.

Ez da ondo ezagutzen urpekari hauek uraren azpian mantentzeko gaitasuna noraino iristen den, baina, prentsa oharrean diotenez, hauetako batek behin esan zion Melissa Ilardori 13 minutuz egondakoa dela uraren azpian.

Bestalde, nabaritu dute ere medikuntzaren arloan irakaspenak atera daitezkeela ikerketatik. Hipoxia aipatu dute. Organismoa oxigenorik gabe geratzen denean gertatzen da hori. Izan ere, urpekaritza egiten denean hipoxia akutua suertatzean izaten diren antzeko baldintzetan dago organismoa, oxigenorik gabe.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ilardo et al. Physiological and Genetic Adaptations to Diving in Sea Nomads. Cell 173, 1–12 April 19, 2018. DOI: doi.org/10.1016/j.cell.2018.03.054

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Urpekaritzarako egokitzapen genetikoa identifikatu dute, aurrenekoz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Patata frijituak akrilamida pixka batekin, mesedez

mar, 2018/04/24 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Zein goxoak diren ondo frijitutako patata hori-arre kurruskariek, eta zein txarrak diren olio hotzetan frijitutako patata bigun koipetsuak! Bada, tamalez, lehenengoek akrilamida kontzentrazio altuagoa dute, minbizi-sortzaile frogatua den substantzia.

Hedabideetan akrilamida pil-pilean dago egunotan; izan ere, apirilaren 11n elikagaien akrilamida edukia kontrolatzea helburu duen Europar Batasuneko araudia indarrean sartu zen. Albistea horixe izan behar zen, alegia, toxikoa den konposatu bat kontrolatzeko araudi berri bat indarrean sartu dela, baina, akrilamidaren toxikotasuna ez da albiste. Hortaz, ezer berririk ez dago udaberriko eguzkiaren azpian, baina, momentu aproposa da akrilamidari buruz hitz egiteko eta akrilamidak kezkatu behar gaituen hausnartzeko.

1. irudia: Patata frijituek akrilamida konposatu minbizi-sortzailea dute. (Argazkia: 31 images. Iturria: pixabay.com)

Lehenik eta behin, esan behar da indarrean jarri berri den Europar Batasuneko araudiak ez dituela gehienezko mugak ezartzen, erreferentziako mailak gomendatu baizik. Izan ere, ezinezkoa -edo ia ezinezkoa- da akrilamida guztiz kentzea elikagaietatik eta, bestalde, akrilamida prozesaketa unean bertan eratzen denez, zaila da akrilamida kontzentrazioa kontrolatzea. Alabaina, araudiak akrilamida kontzentrazioa murrizteko gomendioak ematen ditu eta patata frijituak, ogia, gosarirako zerealak, kafea, gailetak eta opilak dira ikusmiran dauden elikagaietako batzuk. Oraingoz ez gara iritsi Kaliforniako arauen kasura: kafea saltzen duten saltokiek akrilamida minbizi eragilea dela ohartarazi beharko dute

Zer da akrilamida eta nola iritsi da patata frijituetara?

Akrilamida C3H5NO formula duen konposatua da eta almidoia duten eta beroketa prozesuak jasan dituzten elikagaietan aurki daiteke. Oro har, 120 ºC-tik gorako tenperaturan berotu behar dira jakiak -frijitu, egosi edo erre ondoren, adibidez-. Industria aplikazioak ere baditu eta akrilamida poliakrilamidazko kopolimeroak egiteko erabiltzen da, esaterako. Toxikotasunari dagokionez, ezaguna da akrilamidak minbizia eragin dezakeela. MOE Mundiko Osasun Erakundearen menpekoa den IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziaren arabera, arriskuaren eskalaren 2A mailan dago akrilamida, alegia, gizakiontzat minbizi-sortzaile probablea da eta animalietan frogatuta dago minbizia eragin dezakeela.

Etxean patatak frijitzen direnean Maillard erreakzioen kausaz eratzen da akrilamida. Maillard erreakzioak erreakzio-multzo izugarria dira, elikagaien arretze-prozesuetan gertatzen direnak. Louis Camille Maillard kimikari eta fisikari frantziarrak ikertu zituen lehen aldiz, 1912an, eta hortik erreakzio-multzoaren izena. Aminoazidoak eta azukreak -horien artean, almidoia- dira akrilamidaren aitzindariak, eta arretzearekin batera areagotzen da akrilamida edukia. Zenbat eta tenperatura altuagoan eta zenbat eta denbora luzeagoan berotu, orduan eta akrilamida gehiago metatzen da. Hala ere, Maillard erreakzioek ez dute arretzean bakarrik eragiten; izan ere, jakien zaporean eta usainean ere funtsezko garrantzia dute. Akrilamida kontzentraziorik altuenak lortzeko, azukreen eta asparagina aminoazidoaren arteko Maillard erreakzioa gertatu behar da eta 160 ºC – 180 ºC artean mantendu behar dira elikagaiak. Patataren kasuan, hain justu, hori da normalean erabiltzen den frijitze tenperatura eta, gainera, patatak duen aminoazidorik ugariena asparagina da. Horregatik, patata frijituak dira akrilamidaren toxikotasunagatik ikusmiran gehien jarri diren jakiak.

2. irudia: Akrilamida molekula. (Argazkia: Ben Mills – domeinu publikoko irudia. Iturria: wikipedia.org)

Akrilamida gutxiago

Europar Batasuneko araudian erreferentziako kontzentrazioak ematen dira elikagaien arabera sailkatuta, baina, oro har, zaila da egunean jan daitekeen akrilamida kantitate segurua finkatzea. Kontua da minbizi-sortzaileak diren substantzien kasuan nekeza dela determinatzea zenbateko esposizioak eragin ditzakeen arazo genotoxikoak. Hala ere, ikertzaileak gai izan dira erreferentziako dosiaren konfiantzazko gutxieneko muga ezartzea -BMDL deritzona-, eta horren arabera, gutxi gorabehera egunean 150 g patata frijitu nahikoak dira egunean har daitekeen akrilamida-kantitate segurua gainditzeko. Gainera, kontuan hartu behar da helduen akrilamida-esposizioaren %49 patata eta patataren deribatuak jatearen ondorio dela, %34 kafearen ondorioa eta %23 ogiarena. Hortaz, elikagai horietan egin beharko litzateke akrilamida murrizteko saiakerarik handiena. Zentzu horretan, Europar Batasunaren araudi berriaren saiakera nagusia akrilamida kantitatea murrizteko prozesaketa moduak gomendatzea da.

Pataten kasuan, Europar Batasunak gomendatzen du fruktosa, glukosa eta asparagina eduki baxuko patata motak erabiltzea, horiek baitira akrilamida sortzen dutenak. Patatak modu egokian mantendu behar dira -patatak tenperatura altutxoagoan gordetzen badira akrilamida kontzentrazio handiagoak lortzen dira frijitu ondoren-, eta frijitzeko erabili den olioaren tenperatura kontrolatzea garrantzitsua da. Hortaz, prozesaketa termikoak birplanteatzea eskatzen du araudiak, eta baita lehengaiak aztertzea ere. Askotarikoak dira araudian zerrendatzen diren gomendioak eta betebeharrak eta elikagai motaren arabera desberdinak dira. Gaileta eta opilen kasuan, gasifikatzaile moduan amonio bikarbonatoa ez erabiltzea gomendatzen da, eta fruktosa eta eztia saihestea ere gomendatzen da.

3. irudia: Patata frijituen ondoren, kafea da helduen akrilamida esposizio handienaren erantzulea. (Argazkia: cocoparisienne – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Nolanahi ere, eta lehenago esan bezala, zenbait elikagaik akrilamida dutela ezaguna zen duela urte asko, alegia, hedabideetan argitaratu diren albisteetan ez dago ezer berria akrilamidaren edukiari edo toxikotasunari dagokionez. Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea jakiek akrilamida izatea ez dela prozesatze desegoki baten ondorioa; izan ere, akrilamida berez agertzen da almidoia duten elikagaiak tenperatura altuan kozinatzen direnean. Hortaz, argi izan behar dugu etxean frijitutako patatek ere akrilamida kontzentrazio altuak izan ditzaketela, agian patata komertzialena baino altuagoa izan daitekeena.

OCU kontsumitzaileen elkartearen arabera indarrean jarri berri den araudia ez da nahikoa eta, diotenez, gehiegizko mugak ezarri beharko lirateke. Araudiaren arabera, erreferentziazko kontzentrazioak gainditzen badira elikagaia ez da merkaturik atera behar, prozesaketa berraztertu baizik. Hortaz, ezarritako muga horiek gainditzea posible da akrilamida kantitatea murrizteko balizko modurik ez badago. Nolanahi ere, gehiegizko alarma eragin daiteke horrelako neurriekin; izan ere, patata frijituen gehiegizko kontsumoa arriskutsua da, bai, baina ez bakarrik akrilamida edukiarengatik. Gehiegizko erregulazioak eta mugen ezarpenak zentzurik gabeko beldurra eragin dezake eta eragingo lukeen kaltea handiagoa da ekarriko dituen onurak baino. Izan ere, ia edozein elikagaitan aurkitu daitezke minbizi-sortzaileak diren substantziak -kontzentrazio oso txikitan izanik ere-. Gainera, jakina da patatak moztu ondoren giro tenperaturan dagoen uretan murgiltzen badira 2 orduz, akrilamida kontzentrazioa erdira jaitsi daitekeela, baina, nork ez ditu nahiago txigortutako patata frijitu kurruskariak?

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Patata frijituak akrilamida pixka batekin, mesedez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Angelman sindromearen sintoma konplexuen zergatia aurkitu dute

lun, 2018/04/23 - 09:00
Fidagarritasunez identifikatu ahal izan dituzte UBE3A entzimak (Angelman sindromearen eragileak) eraldatutako proteinetan sortzen diren aldaketak.

Irudia: Angelman sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena beraien izaera alai eta irribarretsua da (Argazkia: Porsche Brosseau).

Diseinu esperimental berritzaile bati esker eta azken belaunaldiko azpiegiturari esker, UBE3A entzimak eraldatutako proteinetan sortzen diren aldaketak identifikatu dituzte. Emaitzen arabera, proteosomaren funtzioa doitzeaz arduratzen da UBE3A eta proteosomak zeluletan gainerako proteinen oreka erregulatzen du. Hortaz, zeharka, zelulen barruan garatzen diren hainbat eta hainbat prozesuren egonkortasunaren erantzukizuna du UBE3A entzimak.

Angelman sindromearen kasuan, UBE3Aren hutsegitea dela eta, prozesu horiek ez dira behar bezala garatzen eta entzimak bere funtzioa behar bezala betetzen ez duenean sortzen den sindromearen konplexutasuna azaltzen du. Aurretik ere ikertu izan da gaixotasun horren sorburu genetikoa, sintomak eta zelan aurre egin ere, baina orain arte ezin izan da azaldu gene bakar batek zelan sor dezakeen hainbeste alterazio garunaren funtzioan.

Angelman Sindromea

15.000 jaioberritik bati eragiten dio Angelman sindromeak. Adimenaren garapenean arazo konplexuak sorrarazteaz gain, epilepsia eta komunikaziorako zailtasunak eragiten ditu; baita mugimenduaren koordinazio gabezia, oreka eta mugimendu arazoak eta ordu gutxi lo egitea. Sindromea duten pertsonen ezaugarririk deigarriena, dena den, izaera alai eta irribarretsua da. Horren guztiaren eragilea garunean huts egiten duen gen bakar bat da: UBE3A. Hala, entzimak garunean ondo funtzionatzen ez badu gaixotasuna sorrarazten du.

Angelman Sindromearen Elkarteak eskainitako funtsak giltzarria izan dira ikerlana gauzatu ahal izateko, une kritiko batean, Mayor doktorearen laborategiak inolako laguntzarik ez zuenean, funts horiek oinarri-oinarrizkoak izan dira proiektua gauzatu ahal izateko.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Angelman-en sindromearen sintoma konplexuen zergatia aurkitu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Erreferentzia bibliografikoa

Mayor, Ugo et. al : Quantitative proteomics reveals neuronal ubiquitination of Rngo/Ddi1 and several proteasomal subunits by Ube3a, accounting for the complexity of Angelman syndrome, Human Molecular Genetics, , ddy103, https://doi.org/10.1093/hmg/ddy103

The post Angelman sindromearen sintoma konplexuen zergatia aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #199

dim, 2018/04/22 - 09:00
Uxue Razkin

Medikuntza

Bioteknologiaren bitartez bihotz muskuluak sortzea lortu du Columbiako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek. Zelula ama pluripotente induzituetatik eratorritako kardiomiozitoak baliatu dituzte karga elektrikoak jasotzean bihotz muskulu baten antzera funtzionatzen duen ehuna lortzeko. Egokitze elektromekanikoa baliatu dute bihotza “entrenatzeko” eta elektrizitatearen bitartez uzkurdurak eragin dituzte. Aurrerapen honek bide berriak ireki ditzake bihotz ehun artifizialak sortzeko eta kardiologiari buruzko ikerketak egiteko.

Ikerketa baten arabera, kolon distaleko minbizia izateko arrisku txikiagoa dute haragi gorririk gabeko dieta egiten duten emakumeek. Iragarpenen arabera, 2030. urterako 2,2 milioi kolon eta ondesteko edo hesteetako minbizi kasu baino gehiago diagnostikatuko dira munduan. Erresuma Batuko Emakumeen Kohorte Azterketaren datuak baliatu dituzte eta lau dieta alderatu dira ikerketan: erregulartasunez haragi gorria, hegaztiak, arraina kontsumitzen dutenak eta dieta begetarianoak. Dieta bakoitzak zer eragin duen ikertu dute eta ikusi dute haragi gorria sarri jaten dutenek kolon distaleko minbizi tasa handiagoa dute haragi gorririk jaten ez dutenek baino.

Leuzemia tratatzeko bizkarrezur-muinaren transplante bat jaso ondoren, GIBa detektaezin bihurtu zaie zenbait pazienteri. Ondorio horren atzean dauden mekanismoak argitzea da Jon Badiola Gonzálezen helburua. Berlingo paziente bati (leuzemia eta hiesa zituen) bizkarrezur-muinaren transplante bat egin ondoren, leuzemia sendatzeaz gain, GIBa desagerraraztea lortu zuten. Orain bi paziente ari da ikertzen Virgen de las Nieves Unibertsitate Ospitalean (Granada) baina aldea dago lehenengoarekin konparatuta: Berlingoaren kasuan, sendatuta dagoela esan daiteke, ez baitu botikarik hartzen eta ezin zaio birusa detektatu. Granadako pazienteei ere ezin diegu detektatu, baina, oraingoz, erretrobiralak hartzen jarraitzen dute”.

Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa plazaratu dute ikerketa batean. Ospitaleratzea etsigarria izaten da bai pazientearentzat bai bere familiarentzat. Aztertuta dago ospitalizazioa zainketa intentsiboko unitatean izaten bada, are larriagoa suertatzen dela egoera. Familiak pazientearen eboluzioaren informazio falta sentitzen du. Ildo honi jarraiki, lan honen helburua izan da ingresoa irauten duen bitartean familiak pairatu dezakeen estres egoera eta azalarazten dituzten beharrak identifikatu eta deskribatzea. Ondorioak ezagutzeko, jo ezazue artikulura.

Paleontologia

EHUko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nova Lisboa Unibertsitateko ikertzaileek 300 sirenio-hezur fosil aurkitu dituzte, eta orain arte ezagutu gabeko sirenio-espezie bati dagozkiola frogatu dute. Aurkitutako espezieari Sobrarbesiren cardieli deitu diote. Duela 42 milioi urteko sirenio-espeziea da eta Piriniotan topatu dute.

Saudi Arabian, Al Wusta izeneko aztarnategian, Homo Sapiens espeziearen hatz fosilizatu bat aurkitu dute. Max Planck Giza Historiaren Zientzia Institutuak 88.000 urtetan datatu du. Hatz baten erdiko falangea da; Arabiako penintsulan aurkitutako gure espezieko lehen arrastoa da eta Afrika nahiz Mediterraneo ekialdetik kanpo aurkitu den Homo Sapiens hezurrik zaharrena.

Emakumeak zientzian

Badira emakumeek egindako lanak sarean ikusarazten dituzten pertsonak eta webguneak. Marta Macho Stadler, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakaslea eta ikerlaria da horietako bat. Mujeres con Ciencia blogean egunero hainbat emakumeri buruzko artikuluak argitaratzen ditu. Machok ohartarazi duenez, emakume “gutxi” daude karrera zientifiko eta teknologikoetan: “Ez badaukazu erreferenterik erakutsiko dizunik zientzia eta teknologia zure kolektiboari ere badagozkiela, pentsa dezakezu —neska gazte askok pentsatzen duten bezala— eremu horiek ez dagozkizula”. Wikipediaren bitartez ere topa ditzakegu emakume zientzialariei buruzko testuak. Baina arazoa da “biografia oso txikiak izaten direla, informazio gutxikoak, eta argazkirik gabe asko”. Horri aurre egiteko, emakumeak euren artean antolatu dira Wikiemakumeok-en moduko proiektuetan.

Curie familiaren inguruan erretratu interesgarri bat egin dute Berrian, Helene Langevin-Joliot Fisikako doktorea Bilbon izan baita asteon, bere familiari buruzko jardunaldietan. Marie eta Pierre Curie senar-emazteek Nobel saria irabazi zuten erradioaktibitateari lotutako lehen ikerketak egiteagatik, Henri Becquerelekin. Marie Curie izan zen Nobel bat jaso duen lehen emakumea. Haien alaba Irene Joliot-Curiek eta haren senar Jean Frederic Joliotek ere Kimika arloko Nobela irabazi zuten, erradioaktibitate artifiziala aurkitzeagatik. Marie Curieren lana, testu honetan aztergai.

2009. urtean bi emakume zientzialarik lortu zuten Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria: Carol Greider eta Elizabeth Blackburnek Jack W. Szostakekin partekatu zutena. Telomeroek kromosomak babesteko funtzioa zutela ikusi, eta Telomerasa entzima aurkitu eta identifikatu zutelako, hain zuzen. Telomeroak kromosomen muturretan dauden egiturak dira eta kromosomak babesteaz arduratzen dira. “Erloju biologikoak” direla esaten da, zehazten baitute zelula batek bere bizitza osoan zehar izan dezakeen zatiketa kopurua. Hortaz, zelulen zahartzeaz arduratzen dira. Telomerasa, aldiz, telomeroak luzatzeaz arduratzen den entzima da.

Informatika

Zer dira Txatbotak? Funtsean, software robotiko osagai bateri deritzo, berau, gizakien elkarrizketa bat testu txat edo ahots aginteak erreproduzitzeko balio duena, Sirik egiten duen antzera. Dagoeneko industria eta negozio anitzetan erabiltzen dira, informazioa entregatzeko edo oinarrizko eginbeharrak egiteko, hotel erreserbak egiteko edo eguraldiari buruz informatzeko, adibidez. Txatbot-ak beharrezkoa duten informazioa itzul dezakete, datuak beraien testuinguruan analiza ditzakete eta emaitzak hitz egiten edo idatzian eman ditzakete.

Fisika

Zer da Coriolis efektua? Testuan adibide garbi batekin azaltzen digute afera: Hegazkin bat A puntutik B puntura doa. Lurrak ez balu bere ardatzaren inguruan birarik emango, hegazkinak lerro zuzen bat egingo luke baina Lurra etengabe errotatzen ari da eta beraz desbideratu egingo litzateke eta C puntura iritsiko litzateke. Desbideraketa hori Coriolis efektuaren ondorioa da. Hegaldietan, jakina, hori kontuan hartu behar dute. Coriolis fisikari frantsesaren izena darama efektu hori, izan ere 1835ean plazaratu zuen efektu hau azaltzen zuen adierazpide matematikoa. Eta nola eragiten du harraskako uraren biraketaren noranzkoan? Etxe harraskan zaila da ikustea efektua. Baldintza arruntetan, hau da, gure etxeko harraskan ez du erabakitzen uraren mugimenduaren noranzkoa.

Biologia

Animaliek bi aukera dituzte oxigenoa garraitzeko. Alde batetik, odolean arnas pigmentuaren (hemoglobina, adibidez) kontzentrazioa igotzea. Baina hemoglobinaren kontzentrazioak badu muga ere, zeren eta altuegia bada (globulu gorri gehiegi badaude) odola dentsoegi geratzen baita eta kapilarretatik mugitzeko arazoak izan baititzake. Beste aukera da, hemoglobina kontzentrazioa igo gabe. Biriketan oxigeno-kantitate bera hartuta, bada gehiago garraiatzeko modurik baldin eta ehunetara heltzean hemoglobinaren funtsezko ezaugarri bat aldatzen bada. Hau da, biriketatik igarotzen denean, hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna altua da, baina jaitsi egiten da ehunetara heltzean. Oxigenoarekiko kidetasunaren kontzeptua da hori eta horren harira, albiste bat aurkezten digute: hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna neurri handian jaisten duen gai kimiko bat aurkitu dute eta kidetasunaren jaiste horri esker nabarmen handitzen da pigmentuak zelulei ematen dien oxigeno kantitatea. Jean-Marie Lehn Nobel saridunak zuzendu du ikerketa hori abiatu duen taldea.

Genetika

Aste honetan, EGFR genea daukagu mintzagai. Koldok azaltzen digun moduan, zelularen funtzio askotan parte hartzen du. Horretaz gain, minbizi mota batzuetan paper garrantzitsua jokatzen du. EGFR genearen mutazioak ikertzen dira gaixotasun batzuetan edo tumoreetan duten papera zehazteko, izan ere gene horrek prozesu ugaritan parte hartzen du.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #199 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #212

sam, 2018/04/21 - 09:00

Pinker/Garcés eztabaidan zein den objektiboago analizatu ostean, filosofikoago jartzen da Jesús Zamora Bonilla, pentsalariek egiten dituzten interpretazioen atzetik zer dagoen bilatzeko The Enlightenment wars (& 3): but…what kind of humanism do we need? artikuluan.

Zelan lortu esfortzua egitea? Guraso, irakasle eta enplegatzaileek beti egin duten galdera da. José Luis Ferrerirak gaiari buruz: What motivates effort?

Ohiko lotura kimikoak ez diren mekanismoei esker eusten dio molekulez osatutako solido batek solido izateari. DIPCkoek What bounds a molecular solid together?

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #212 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Elizabeth Blackburn eta Carol Greider: Gure “erloju biologikoaren” funtzionamendua zehaztu zuten zientzialariak

ven, 2018/04/20 - 09:00
Uxue Razkin 2009. urtean, bi emakume zientzialarik lortu zuten Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria. Ez da zientziaren historian halakorik errepikatu: Carol Greider eta Elizabeth Blackburnek Jack W. Szostakekin partekatu zuten saria; telomeroek kromosomak babesteko funtzioa zutela ikusi, eta Telomerasa entzima aurkitu eta identifikatu zutelako, hain zuzen.

1. irudia: Elizabeth Blackburn eta Carol Greider zientzialariak. (Argazkia: media.npr.org)

Telomeroak kromosomen muturretan dauden egiturak dira. Horien helburua da kromosomen egituraren osotasuna bermatzea eta jakina, horiek babestea, kalterik sufri ez dezaten. Blackburnek berak irudi polit bat jarri zuen adibide gisa horien lana zein zen zehazteko asmotan: lokarrietako muturretan kokatzen diren plastikozko “txanoak” bezalakoak dira, horrela lokarrien ertzak ez dira inoiz zirpiltzen.

Zelula banaketa gertatzen denean, hau da, jatorrizkoa beste bi zelula alabetan banatzen denean, kromosometako telomeroak laburtu egiten dira eta zatiketa bakoitzarekin are laburragoak bilakatzen dira. Neurri minimora iristen diren arte, jakina. Une horretan, zelula hil egiten da. Telomeroak “erloju biologikoak” direla esaten da, zehazten baitute zelula batek bere bizitza osoan zehar izan dezakeen zatiketa kopurua. Hortaz, zelulen zahartzeaz eta ugaltze egokiaz arduratzen dira.

2. irudia: Elizabeth H. Blackburn, Jack W. Szostak eta Carol W. Greider Nobel saria jaso zuten telomeroek kromosomak babesteko funtzioa zutela ikusteagatik eta Telomerasa entzima aurkitu eta identifikatzeagatik (Argazkia: The Nobel Foundation 2009, Torbjörn Zadig)

Horrez gain, minbiziaren garapenarekin lotuta daude. Izan ere, sufritzen duten laburtze prozesu hori ez da zelula guztietan gertatzen. Adibidez, zelula germinaletan, tumore-zeluletan eta enbrioizko zeluletan. Azken hauetan, Telomerasa entzima dago, zelulen heriotza saihesteko telomeroak luzatzea helburu duena. Hasiera batean, Blackburn eta Szostakek telomeroek DNA berezi bat zeukatela aurkitu zuten eta ondoren Carol Greiderrek, Blackburnekin batera Telomerasa aurkitu zuen 1984an, telomeroen DNA sortzen duen eta hortaz, “txanoa” luzatzeaz arduratzen den entzima, alegia. Tumore-zelulen kasuan, Telomerasa aktibo baldin badago, zelulak ez dira inoiz hilko eta gainera, etengabe ugalduko dira.

Telomeroen erreginak

Elizabeth Blackburn 1948an Hobarten (Tasmania) jaio zen eta Biokimika ikasi zuen Melbourneko Unibertsitatean. Biologia Molekularrean doktoratu zen, Cambridgen, 1975ean. Bere tesia azido nukleikoen sekuentziazioaren ingurukoa izan zen. Horren ondotik, beka bat lortu zuen bere doktoretza ondokoa egiteko Yaleko Unibertsitatean. Bertan, John Gallekin batera hasi zen Tetrahymena thermophila protozooaren DNAren telomeroak aztertzen. 1980an, azido nukleikoen inguruko bilera batean, Jack Szostack biologo molekularra ezagutu zuen eta bion artean erabaki zuten telomeroen inguruko ikerketa sakon bat abian jarri nahi zutela. Ikerketa talde honetan Carol Greider sartu zen beranduago, 1984ko maiatzean.

3. Irudia: Elizabeth Blackburn biologia molekularrean doktoratu zen eta tesia azido nukleikoen sekuentziazioaren ingurukoa izan zen (Argazkia: Kim Kulish/Corbis)

Greider, bere aldetik, Biologian lizentziatu zen 1983an, Santa Barbaran dagoen Kaliforniako Unibertsitatean. UC Berkeleyn onartu zuten graduondokoa egiteko. Hain zuzen ere bertan ezagutu zuen lehenengo aldiz Blackburn eta berehala konturatu zen harekin lan egin nahi zuela. Elkarrizketa bat eskatu zion eta Greiderrek berak kontatzen du bulego horretan gertatu zena. Bilerak minutu bat iraun omen zuen: “Lehenik, bere laborategian lan egiterik banuen galdetu nion eta berak baietz esan zidan. Ondoren, galdetu nion ea aukera banuen telomeroen proiektuan lan egiteko. Horri ere baietz erantzun zidan. Asko emozionatu ninduen horrek. Telomeroak nola luzatzen ziren jakiteko irrikaz nengoen”.

Irrika horrek eraman zuen Greider Tetrahymena telomeroen luzatze prozesu horren atzean zebilen entzima identifikatzera: telomerasa. Zientzialariak 23 urte zituen hori gertatu zenean, 1984ko abenduan jazo zen eureka momentua. Aurkikuntza Cell aldizkarian publikatu zuten urtebete beranduago.

4. irudia: Hogeita hiru urte zituela topatu zuen telomerasa entzima Carol Greiderek.

Horren ondotik, Cold Spring Harbor (New York) laborategira joan egin zen lau urte geroago. Han ARN telomerasaren genea klonatzeko saiakerak egin zituen. Era berean, Calvin Harley biokimikariarekin kolaboratzen hasi zen, zelula banaketa eta “erloju biologikoa” oinarri zuen ikerketa batean. 1997an John Hopkins Unibertsitatera (Baltimore) aldatu zen. Bertan, bi ildo nagusi zehaztu zituen helburu gisa: alde batetik, telomerasaren identifikazioarekin jarraitzea eta bestetik, tumoreen hazkundean, telomeroek duten papera ikertzea. Egun, Biologia Molekularra eta Genetika Saileko zuzendaria da. Telomeroak, ugaztunetan telomerasak duen papera, eta horrek eragin ditzakeen endekapenezko gaixotasunak ikertzen ari da.

Blackburnek, bere aldetik, Biologia Molekularra sailean jarraitu zuen lanean, Berkeleyn. Ondoren, San Franciskon dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Mikrobiologia eta Immunologia departamentura aldatu zen 1990ean. Hiru urte geroago, sail horretako zuzendari izendatu zuten, kargu hori lortzen lehendabiziko emakumea izan zen. Egun, sail honetako zein Biokimika eta Biofisika departamentuko katedraduna da.

Sariei dagokienez, nabarmentzekoa da biek ala biek hainbat lortu dituztela. Esanguratsuenak honakoak izan dira: Albert Lasker Saria (2006), Greiderrek, Blackburnek eta Szostakek jaso zutena; Gall eta Blakburni Louisa Gross Horwitz Saria (2007) eman zioten eta azken honek Greiderrekin batera, Paul-Ehrlich eta Ludwig-Darmstaedter jaso zuen 2009. urtean.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Elizabeth Blackburn eta Carol Greider: Gure “erloju biologikoaren” funtzionamendua zehaztu zuten zientzialariak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa

jeu, 2018/04/19 - 15:00
Ekhiñe Unzalu Lerma Ospitaleratzea norbanakoarentzat zein inguruko familia-kideentzat eta gertuko senideentzat gertaera estresagarria suertatzen da. Familiak dituen berezko baliabideekin aurre egin ezin dioten egoera baten aurrean aurkitzen dira, zeinak estresa sortarazten die. Aztertua dago, gertaera are larriagoa izaten dela baldin eta ospitalizazioa zainketa intentsiboko unitatean izaten bada, non ingresatzen duten pazientearen egoera larriagoa dela pentsatzea eragiten duen.

Irudia: Zainketa intentsiboko unitatean bisitak mugatutak izatea da familiak okerren daramaten araua.

Zainketa intentsiboko unitatea, beste unitateekin alderatuz, ezberdintasun garrantzitsuena eta paziente zein familiarentzat txundigarriena barneratzen dituen arau bereziak dira, horien artean, bisitak mugatutak izatea da familiak okerren daraman araua. Familiak ingresoaren bitartean maitatuaren egoera eta eboluzioaren informazio falta sentitzen dute eta hauxe da zehazki azalarazten duten behar garrantzitsuena.

Zainketa intentsiboetako erizainek, gainontzekoak bezala, era holistiko batean jardun behar dute, beraz, familia pazientearen zainketa planean barneratzea beharrezkoa litzateke. Horrela izanik, ezinbestekoa da unitate honetan lan egiten duen edozein erizainek ingresatuta dagoen pazientearen senideek aurkezten dituzten beharrak ezagutzea, aurrera eramaten dituzten zainketak familiaren behar horietara zuzentzeko.

Beraz, lanaren helburua zainketa intentsiboetan ingresatuta dagoen paziente baten senideek ingresoaren bitartean pairatu ditzaketen estres egoera eta azalarazten dituzten beharrak identifikatu eta deskribatzea da.

Horretarako literaturaren berrikusketa bibliografioa egin da. Zehazki ondorengo datu baseak aztertu egin ziren: Embase, Cinhal, Medline, Psycinfo, Up to Date eta Cochrane Plus. Hauetan gako hitz ezberdinak erabiliz, eta AND eta OR konbinazioak erabilita, artikulu ezberdinak aukeratu egin ziren. Beraz, zainketa intentsiboetako unitateari eta pazienteei dagokionez “intensive care unit”, “intensive care” eta “ critically ill” gako hitzak erabili ziren. Unitate honetan ingresatuta dagoen pazienteen senideak bizitzen dituzten esperientzien eta beharren inguruan aritzen diren artikuluak bilatzeko “experience”, “personal experience”, “life change events”, “Personal experience”, “psychological assessment” eta “life experience” gako hitzak erabili ziren. Familiari erreferentzia egiteko, ordea, “family”, “family member”, “relative” eta “visitors to patients” gako hitzak erabili ziren. Hala ere, datu base hauetaz aparte, beste aldizkari zientifiko batzuk behatu ziren.

Behin artikuluak aukeratuta, hain zuzen zortzi izan ziren aukeratutakoak, hauen irakurketa kritikoa eta analisia burutu egin zen, emaitza, eztabaida eta ondorio ezberdinak lortuz.

Laburbilduz, lortutako emaitzek ondorengoa adierazten zuten batik bat: zainketa intentsiboko unitatean lan egiten duten erizainek familiak aurkezten dituen beharren identifikazio azkarra egitea, ahalik eta azkarren eta era pertsonalago eta familiari zuzendutako artatzea eskaintzeko. Bestetik, familiak informazio ulergarri eta zabala, beraien kexkak argitzen dituena eskatzen dute. Izan ere, familiaren ilusio edo itxaropena pazientearen errekuperazioa da. Gaixotasunaren pronostikorik ez edukitzea, hau da, maitatuaren gaixotasun prozesua zelan garatuko den ez jakiteak, emozio nahaste ugari pairatzea suposatzen du, ziurgabetasuna eta inpotentzia areagotuz. Honen aurrean, baliabide eragingarriena euskarri emozionala ematea komenigarria dela frogatu dute. Beraz, artikulu honen bitartez, zainketa intensiboetako unitatean familia artatuago sentitzeko jarduera ezberdinak eguneroko praktikan barneratu ahal direla berrikusi egin da.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa.
  • Laburpena: Zainketa intentsiboetan ingresatzea bai ospitaleratutakoek bai familiek egoera estresagarri moduan hautematen dute. Egoera horrek shock egoera, antsietatea eta sinesgaiztasuna eragin ditzake. Beraz, artikuluaren helburua izango da ospitalera- tzeak irauten duen bitartean familiaren eta pazientearen beharrak ezagutzea.
  • Egileak: Erik Aostri, Joseba Pineda, Aitziber Mendiguren.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-20
  • DOI: 10.1387/ekaia.14764

—————————————————–
Egileez: Ekhiñe Unzalu Lerma Gasteizko Erizaintza Eskolakoa da.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zainketa intentsiboko unitateko pazienteen familiek dituzten beharren berrikusketa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko

jeu, 2018/04/19 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Irudia: Hemoglobina da oxigenoa garraiatzeaz arduratzen dena.

Oxigeno gehiago garraiatu behar denean bi aukera dituzte animaliek. Odolean arnas pigmentuaren (hemoglobina, hemozianina edo beste baten) kontzentrazioa igotzea da aukera horietako bat. Oxigenoarekin konbinatzen dira arnas pigmentuak eta horri esker izugarri handitzen da oxigenoa hartzeko eta ehunetara eramateko odolak duen ahalmena. Animalia batzuek hemoglobina asko dute; horixe da, esaterako, zetazeoen kasua. Aurreko atal batean ikusi dugun bezala, horri esker egon daitezke oso denbora luzez urpean. Muga bateraino, bestalde, odolaren hemoglobinaren kontzentrazioa handitu egin daiteke epe ez oso luzean; horixe da, hain zuzen ere, kirolari batzuek egiten dutena goialdeetan entrenatzen direnean, ganbera hipobarikoetan lo egiten dutenean edo eritropoietina (EPO) txertatzen dutenean. Baina hemoglobinaren kontzentrazioak badu gainditu beharko ez lukeen mugarik ere, zeren eta altuegia bada (globulu gorri gehiegi badaude) odola dentsoegi geratzen baita eta kapilarretatik mugitzeko arazoak izan baititzake.

Bada oxigeno gehiago garraiatzeko beste bide bat, hemoglobinaren kontzentrazioa igotzeko beharrik gabe. Biriketan oxigeno-kantitate bera hartuta, bada gehiago garraiatzeko modurik baldin eta ehunetara heltzean hemoglobinaren funtsezko ezaugarri bat aldatzen bada. Hemoglobinak oxigenoarekin duen kidetasunaz ari gara. Oxigenoarekiko kidetasuna jaisten bada zeluletara heltzean, pigmentuak zelulei oxigeno gehiago emango die nahiz biriketan kopuru bera hartu. Hau da, biriketatik igarotzen denean, hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna altua da, baina jaitsi egiten da ehunetara heltzean. Animalia askoren ezaugarria da hori, eta «Bohr efektua» deitzen zaio.

Oxigenoarekiko kidetasunaren kontzeptua azaldu ondoren, Jean-Marie Lehn Nobel saridunak zuzentzen duen ikerketa-taldeak egin duen aurkikuntzaren berri emango dugu, oso aurkikuntza interesgarria eta seguru asko erabilgarria baita. Hemoglobinaren oxigenoarekiko kidetasuna neurri handian jaisten duen gai kimiko bat aurkitu du Lehnen taldeak, eta kidetasunaren jaiste horri esker nabarmen handitzen da pigmentuak zelulei ematen dien oxigeno kantitatea; hau da, neurri handian handitzen da oxigenoa garraiatzeko odolak duen ahalmena sustantzia horren eraginez. Gai kimiko horrek myoinositol trispirofosfato (ITPP) du izena; duen eragina izateko, hemoglobinarekin konbinatzen da. Uretan disolbatuta edanez har daiteke eta, beraz, edonork erabil dezake.

Bihotzean kalteren bat edukitzeagatik ahalegin fisikoak egiteko mugak dituen jendearengan pentsatuz garatu dute ikerketa hau. Izan ere, bihotza kaltetuta izan arren, ariketa fisiko normala egin daiteke botika honi esker, ITPParekin konbinatuta dagoen hemoglobinak oxigeno gehiago askatzen baitu ehunetara heltzean. Bistan da, bestalde, botika hau oso erabilgarria izango litzatekeela erresistentzia-kirolen arloan, baina oso erraz hauteman daiteke eta, beraz, ez du inolako erabilgarritasunik izango kirolarien errendimendua hobetzeko.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Oxigeno gehiago garraiatu ahal izateko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bihotz muskulu baten moduan aritzen den ehuna eraiki dute

mer, 2018/04/18 - 09:00
Juanma Gallego Zelula amatan abiatuta, ikertzaile talde batek giza bihotz muskulu baten antzera aritzen den ehuna sortzea lortu du. Aurrerapenak bide berriak ireki dezake bihotz ehun artifizialak sortzeko eta kardiologiari buruzko ikerketak egiteko.

Aurrerapen txikien bitartez zein hedabideetako titularrak hartzen dituzten aurkikuntza handien bidez. Modu horretan garatzen eta jakinarazten da zientzia. Eta bioteknologiaren alorrean, are gehiago gertatzen da hau. Bereziki, zelula amen aukera ireki zenetik hartu zuen bultzada izugarria bioteknologiak. Ordudanik, amets bat izan dute zientzialariek, eta baita osasun arazo larriak dituztenek ere: giza gorputzean dauden organoak sendatzeko edota birsortzeko aukera izatea. Horra bideratzen dira ikerketa gehienak, bai pixkanaka doazenak zein titular handiak hartzen dituztenak.

1. irudia: Ikertzaileek sortu duten ehuna. Gorriz bihotz muskulua agertzen da, eta berdez zeharkako tubuluak. Azken hauek, muskuluaren zuntzean sartzen diren muskulu zeluletako mintzak dira. (Argazkia: Gordana Vunjak-Novakovic/Columbia Engineering)

Osasunarekin erlazioa duten gauza guztiekin gertatzen den moduan, kontuz ibili beharra dago halako aurkikuntzen berri ematean. Izan ere, esperantza faltsuak pizteko arriskua oso handia da. Halere, horrek ez luke lausotu behar halako aurrerapenek sortzen duten ilusioa. Are gutxiago, ilusioa zutabe sendoetan oinarritzen den kasuetan.

Gaurkoan gurera dakarguna ilusioa pizten duen baina oihartzun handirik izan ez duen aurrerapen horietako bat da. Bioteknologiaren bitartez bihotz muskuluak sortzea lortu du Columbiako Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek. Zelula ama pluripotente induzituetatik (ingelesezko iPSC akronimoarekin ezagutzen dira) eratorritako kardiomiozitoak baliatu dituzte karga elektrikoak jasotzean bihotz muskulu baten antzera funtzionatzen duen ehuna lortzeko. Nature aldizkarian eman dute aurrerapenaren berri.

Kardiomiozitoak bat-batean uzkurtzeko gaitasuna duten bihotz muskuluko zelulak dira. Horiekin osatutako ehuna lortzeko lau asteko kultiboa nahikoa izan dute ikertzaileek, haurtxo baten garapenean izaten diren bederatzi hilabeteak itxaron behar izan gabe. Ikerketa alor honetan egin ohi den moduan, biomimetikaren bidea jarraitu dute aurrerapena lortzeko: garapen natiboan zehar organismoa gertatzen diren prozesuetatik ikasita, prozesu horiek laborategian berreraikitzen saiatu dira.

Zehazki, odolean eskuratutako zelula amatan abiatuta, garapenaren lehen fasean dauden kardiomiozitoak lortu dituzte. Ondoren, kardiomiozitoak eta beste hainbat zelula kapsulatu dituzte, gel baten bitartez. Malguak diren bi euskarrien inguruan jarri dituzte, estruktura horretan abiatuta bihotz ehuna eraiki ahal izateko.

Egokitze elektromekanikoa baliatu dute bihotza “entrenatzeko”. Umekien kasuan, garatzen ari den bihotzaren ehuna pixkanaka eta emeki luzatzen da, baina ikertzaileek beste estrategia bat erabili dute bihotz ehun artifizial honen kasuan. Elektrizitatearen bitartez uzkurdurak eragin dituzte, eta horien maiztasuna handitu dute egunero. Modu horretan, bihotzak gero eta lan gehiago lan egin behar izan du. Finean, hau da gertatzen dena garapen bidean dagoen umekiaren bihotzaren kasuan. Ikertzaileek diotenez, modu horretan organoa azkar iritsi da heldutasun mailara. Aurrean esan bezala, lau aste besterik ez dituzte behar izan hori lortzeko.

2. irudia: Ikertzaileek sortutako estruktura, lanean. Bideo batean oinarritutako animazioa. (Irudia: Ronaldson-Bouchard eta Vunjak-Novakovic/Columbia Engineering)

Ikerketa taldeko buru Gordana Vunjak-Novakovic pozik azaldu da aurrean irekitzen den bidearekin: “Lortu dugun eredu hau garatuko du unibertsitateak. Bihotz muskulu heldua da hau, pazientearentzako berariaz prestatua; honi esker, bihotzaren garapena, fisiologia, gaixotasuna eta botiken aurrean izaten den erantzuna ikertu ahal izango dira”.

Uzkurduren ezaugarriak neurtzeko software berezia garatu dute. Modu honetan “taupada” hauen maiztasuna, anplitudea eta indarra zehaztasun handiarekin neurtzeko modua izan dute. Baita kaltzioaren seinalea (organismoan, “mezularitza lanak” egiten ditu kaltzioak) neurtzeko eta botikekiko erantzuna jasotzeko aukera izan dute ere.

Kacey Ronaldson-Bouchard izan da ikerketa artikuluaren egile nagusia. Haren esanetan, bide berria aukeratu dute arazoari heltzeko. “Orain arte erabili ohi den ikuspegia izan da hasierako kardiomiozitoak ahalik eta garatuen daudenean erabiltzea. Hala ere, konturatu gara hasierako fase batean dauden zelulek hobeto erantzuten dietela haien heltzea lortzeko ezartzen dizkiegun kanpo seinaleei, garapenerako plastikotasuna mantentzen dutelako”. Plastikotasun hau, beraz, gako izan da zelulak nahi den moduan bideratu ahal izateko. Ehuna abiatzeko norbereren zelulak erabil daitezkeela kontuan hartzen badugu, argi dago ehun artifizialen eta modu “naturalean” hazitako ehunen arteko mugak gero eta lausoagoak izango direla; hortaz, gorputza nahieran sendatzeko zabaltzen diren aukerak guztiz zirraragarriak dira. Aurkikuntza honek ez du hori lortuko noski, baina ezin uka bioteknologiaren Piramide Handian jarritako beste harritzar bat dela honakoa.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kacey Ronaldson-Bouchard et al. Advanced maturation of human cardiac tissue grown from pluripotent stem cells. Nature volume 556, 239–243 (2018). DOI:10.1038/s41586-018-0016-3

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bihotz muskulu baten moduan aritzen den ehuna eraiki dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages