S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 23 min 35 sec

Naiara Rodriguez-Ezpeleta: “eDNA itsas kudeaketan etorkizun handiko tresna bezala aurkezten ari da” #Zientzialari (96)

ven, 2018/06/08 - 09:00

Itsas genetika itsasoan bizi diren espezien DNA ikertzen duen zientziaren arloa da. Itsas organismoen genetikaren azterketa oso garrantzitsua izaten da itsas kudeaketa jasangarria ahalbidetzeko. Izan ere, organismo bakoitzaren espezieak ezagutzeak biodibertsitatea babesten laguntzen du.

Baina, kasu batzuetan, organismoak identifikatzerakoan zailtasunak egoten dira, besteak beste, organismoak oso txikiak direnean. Egoera hauetan, eDNA metabarcoding izeneko teknika erabiltzen dute zenbait ikertzailek.

eDNA (environmental DNA), edo ingurumen DNA euskaraz, ekosistema bateko laginetatik DNA lortzeko teknika da. Metodologia honi esker, itsas genetikaren arloan ur-ekosistemetan bizi diren espezie desberdinak erraz identifikatzea posiblea da gaur egun. Gai honi buruz gehiago sakontzeko AZTI-Tecnalian itsas ekosistemen funtzionamendua, ekologia molekularra eta bioteknologiaren inguruan ikertzen duen Naiara Rodriguez-Ezpeleta biologoarekin elkartu gara.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Naiara Rodriguez-Ezpeleta: “eDNA itsas kudeaketan etorkizun handiko tresna bezala aurkezten ari da” #Zientzialari (96) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ebaketa-erremintaren tenperaturak neurtzeko tornuko ebaketa eten bidezko fresaketaren simulazioa

jeu, 2018/06/07 - 15:00
Octavio Pereira, Alvaro Martinez, Igor Ansoategui, Iker Ganzarain, Amaia Calleja Lan honetan zehar fresaketa bidezko simulazioa lantzen da tornuko ebaketa etenaren bitartez. Finkatutako helburu nagusia erremintaren jaulkitze-aurpegian lortuko diren tenperaturak ezagutzea izango da ebaketa prozesuan.

Helburu hori lortzeko, torneaketa prozesutik fresaketa prozesura estrapolazio bat egingo da, luzeran artekatutako pieza torneatzen bada posible izango dena, torneaketa fresaketa izango balitz bezala simulatuz, fresaketa ebaketa etena denez. Proba-baldintzetan temperatura neurketa horiek gauzatzeko K motako termoparea erabiliko da, zein jaulkitze aurpegiarekiko 0,5 mm-ko distantziara kokaturik egongo den. Bero-transmisiozko modelo teoriko batean oinarrituz kalkulatuko dugu kontaktuko batez besteko tenperatura. Ebaketa-baldintza ezberdinetarako proba ezberdinak garatu dira eta sakontasunez deskribatuko ditugu. Horretaz gain, ebaketa jarraituan eta etenean lortuko diren tenperatura-diferentziak aztertuko dira, alde batetik, ebaketa-denbora berbera erabiliz eta, bestetik, ebaketa eraginkorraren luzera berbera erabiliz.

Hasierako baldintzei dagokionez, aipatutako simulazioan finkatutako helburuak lortzeko proba serie batzuk egin dira, LEALDE TCN 10 ereduko torneaketa-zentroan garatu direnak. Proba horiek bi material ezberdinekin egin dira. Alde batetik, 35 Hrcko gogortasuna duen AISI 4340 (F1272, 40NiCrMo7) altzairua dugu; oso gogorra eta mekanizagarritasun zaila duena. Ondorioz, oso interesgarria izango da lortutako tenperaturak aztertzea. Bestalde, AW 2030HB108 aluminioa dugu; aurretik lortutako tenperaturekin konparazioak egiteko hautatu dugu material hau proba hauetan. Ohikoena, aluminioaren kasuan, altzairuarekin lortutako tenperaturak baino baxuagoak lortzea izango da, gogortasun baxuko materiala baita. Erabilitako probetak 60 mm diametrodun pieza zilindrikoak izan dira, 300 mm-ko luzera eta 240 mmko ebaketa erabilgarriko luzera dutenak. Makinaz, erremintaz eta piezez gain, K motako termopare bat behar izan dugu probetan tenperaturak neurtzeko, taladrina hozgarridun probetarako, datuak eskuratzeko txartel batez hornitutako ordenagailuak, aipatutako ordenagailuan voltetatik graduetara bihurtzeko programa (Labview 6.0) eta seinale-anplifikadorea (0-10 V, 0-1.200º C).

Ondorioei dagokionez, plaketaren jaulkitze-aurpegitik termoparerako 0,5 mm-ko distantzia dela eta, lortutako tenperaturak errealak ez direla frogatzen du Cook-en Legeak. Hala eta guztiz ere, horrek ez ditu aurreko ondorioak baliogabetzen.

Murgilketa konstanteko proba konparatiboetan, taladrina hozgarri onena bihurtzen da, MQLaren aurretik.

Pasada bakoitzean ebaketa-denborak gora egiten duela behatzen dugu, abiadurak behera egiten duen bitartean. Logikoa den zerbait da; izan ere, ebaketa-denbora kalkulatzeko ebaketa-luzera erabili behar dugu, eta luzera txikiagotzen doa pasaldi bakoitzean. Ebaketa-abiadurarekin gauza bera gertatuko da.

Konparaketazko proba etengarri-jarraituetan, tenperaturaren egonkortasun- denbora, mozketa-denboraren baitan dagoela ondoriozta dezakegu, eta ez moztutako materialaren kantitatearen baitan, tenperatura-gradienteen menpean egonik.

Gainera, ikus dezakegu materialaren erdia moztean egonkortasuntenperaturaren balioa ez dela bere balioaren erdiraino jaisten; baizik eta, hasierako tenperaturarekiko 1/5. Izan ere, ebaketa etenean mozten dugunean erreminta hozteko aukera dago, eta jarraituan ez, ez baitugu prozesua gelditzen.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Ebaketa-erremintaren tenperaturak neurtzeko tornuko ebaketa eten bidezko fresaketaren simulazioa
  • Laburpena: Lan honetan zehar fresaketa bidezko simulazioa lantzen da tornuko ebaketa etenaren bitartez. Finkatutako helburu nagusia erremintaren jaulkitze-aurpegian lortuko diren tenperaturak ezagutzea izango da ebaketa prozesuan. Helburu hori lortzeko, torneaketa prozesutik fresaketa prozesura estrapolazio bat egingo da, luzeran artekatutako pieza torneatzen bada posible izango dena, torneaketa fresaketa izango balitz bezala simulatuz, fresaketa ebaketa etena denez. Proba-baldintzetan tenperatura-neurketa horiek gauzatzeko K motako termoparea erabiliko da, zein jaulkitze aurpegiarekiko 0,5 mm-ko distantziara kokaturik egongo den. Bero-transmisiozko modelo teoriko batean oinarrituz kalkulatuko dugu kontaktuko batez besteko tenperatura. Ebaketa-baldintza ezberdinetarako proba ezberdinak garatu dira eta sakontasunez deskriba- tuko ditugu. Horretaz gain, ebaketa jarraituan eta etenean lortuko diren tenperatura-diferentziak aztertuko dira, alde batetik, ebaketa-denbora berbera erabiliz eta, bestetik, ebaketa eraginkorraren luzera berbera erabiliz.
  • Egileak: Octavio Pereira, Alvaro Martinez, Igor Ansoategui, Iker Ganzarain eta Amaia Calleja.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-22
  • DOI: 10.1387/ekaia.16354

—————————————————–
Egileez: Octavio Pereira, Alvaro Martinez, Igor Ansoategui, Iker Ganzarain eta Amaia Calleja UPV/EHUko Ingeniaritza Mekanikoko Sailekoak dira.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ebaketa-erremintaren tenperaturak neurtzeko tornuko ebaketa eten bidezko fresaketaren simulazioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kakalardo ehorzlearen alde iluna

jeu, 2018/06/07 - 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

David Sloan Wilson biologo ezagunak interesgarria iruditu zaigun istorio bat azaldu du bere Evolution for Everyone (2007) arrakasta handiko liburuan. Nicrophorus generoko kakalardo bat da protagonista. Ingelesez, burying beetle esaten diote; kakalardo ehorzle izena eman diogu guk. Sarraskia jaten du, saguak edo habiatik erortzen diren txitak bezalako animalia txikien gorpuak baliatzen ditu. Kakalardo hauek bikotea egiten dute eta elkarrekin jarduten dute kumeak zaintzen.

Irudia: Nicrophorus vespillok sarraskia erabiltzen du janari gisa. (Irudia: James K. Lindsey).

Maneia dezaketen tamainako gorpu bat aurkitzen dutenean, arrastaka eramaten dute komeni zaien toki batera, lurpeko ganbara batera gehienetan. Maneiatzeko modukoa izateak ez du esan nahi txikia izan behar duenik, haiek baino askoz handiagoa izan baitaiteke. Gorpua ganbaran utzi ondoren, emeak alboan arrautzak erruten ditu eta, ondoren, gorpua prestatzen jarduten du bikoteak. Neketsua da prestatze-lana; ilerik edo lumarik edukiz gero, kendu egiten dizkiote; bueltak eta bueltak ematen dizkiote forma ahalik eta esferikoena emateko eta eurek sorturiko jariakin batez estaltzen dute. Jariakin hori mikrobioen aurkakoa da eta usteltzea saihesten du. Etengabe zaindu behar dute gorpua, bestela berehala beteko litzateke azala onddoz eta bakterioz .

Larbak arrautzetatik ateratzen direnean, gurasoek deitu egiten dituzte gorpura hurbil daitezen. Kilkerren kantuaren antzeko soinu bat erabiltzen dute horretarako. Hasiera batean, gurasoek erdi digeritua duten janaria berriz ere ahora eramanez elikatzen dituzte larba gazteak, eta geroago, euren kabuz digeritzeko gai direnean, gorpuaren hondakinak jaten dituzte, hezurrak baino gelditzen ez diren arte. Gero, lurrean zuloak egin eta zulo horietatik irteten dira kanpora animalia helduak egiteko. Une horretan, alde egiten dute gurasoek, nork bere aldetik, beste gorpu baten bila.

Wilsonek berak dioen bezala, istorio samur samarra izango litzateke hau, alde ilun bat ez balu. Oso tamaina desberdinekoak izan daitezke kakalardoek aurkitzen dituzten gorpuak; hortaz, batzuek janari gehiago ematen dute besteek baino. Horren aurrean, animalien artean oso arrunta den jokabidea erakusten dute gurasoek, kumeen kopuruarekin jokatzea, alegia. Espezie gehienek errunaldiaren tamaina aldatzen dute janari baliabideen arabera, baina kakalardo ehorzle hauek beste era batera egiten dute: kume-hilketara jotzen dute. Larba batzuk elikatzen dituzten artean beste batzuk jan egiten dituzte, larben kopurua gorpuaren tamainaren arabera egokitu arte.

Ankertzat har liteke jokaera hori kontua ikuspuntu antropozentriko batetik aztertuko balitz, baina horrela, hiltzen ez dituzten larben biziraupena bermatzen da. Bestela, larba guztien hazkundea eta garapena mugatuta geratuko lirateke eta, beraz, baita haien biziraupena bera ere. Hortaz, baliabideak urriak direnean larba batzuen garapena eta biziraupena bermatzera jotzen dute larba guztiak arriskuan jarri beharrean. Ikusi dugun jokaera hau ez da inondik ere salbuespen bat, naturan kumeak hiltzea oso arrunta baita, eta, gehienetan, ugaltze-estrategia baten osagaietako bat da.

Sarrerako atalean esan bezala, haztea eta ugaltzea dira animaliek bete beharreko “agindua”. Izan ere, hurrengo belaunaldiei helarazten dizkien geneen kopien kopurua da animalia baten arrakastaren neurria. Horixe da hemen ikusi dugun ugaltze-jokabidea ulertzeko testuingurua. Kakalardo ehorzlearen ugaltze-jokabidea gupidagabetzat har dezakegu, baina belaunaldiz belaunaldi horixe izan da kumeen arrakasta ahalbidetu duena. Horixe baita helburua; ez dezagun bistatik galdu.

Mikel Laboa zenaren azken diskoan, François Coppée poeta parnasianoaren poema bat dago. Musika Mikel Laboarena eta Iñaki Salvadorrena da, baina poema Bernardo Atxagak errezitatzen du. Honela dio:

Arratsean, suaren ondoan, askotan etorri izan zait gogora
txori baten heriotza, nonbait, basoetan.
Negu geldoaren egun goibeletako,
habia huts gaixoak, habia abandonatuak,
haizearekin kulunka burdinezko zeru grisean.
Ai! Txorien hil-beharra neguan!
Helduko da, halere, bioleten sasoia
eta ez dugu haien hexurrik aurkituko
apirileko belardietan paseoan gabiltzala.
Gorde egiten al dira txoriak hiltzeko?

Coppée-ren azken galderari erantzun diezaiokegu orain. Orain badakigu txoriak ez direla gordetzen hiltzeko; kakalardo ehorzleak edo horien antzeko zeregina betetzen duten beste animalia batzuk arduratzen dira txorien aztarnak basotik ezkutatzeaz.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Kakalardo ehorzlearen alde iluna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sei zentimetroko harrixka batean dago hamar mila espezieren jatorria

mer, 2018/06/06 - 09:00
Juanma Gallego Orain arte topatutako muskerrik zaharrenaren berri eman dute zientzialariek, eta horrek narrastien zuhaitz ebolutiboaren berrantolaketa ekarri du.

Taberna batera sartu eta barra-barra entzuten dira eztabaidak. Politika dela, futbola dela… edota beste ezein konturi buruzkoa izan daiteke ezbaia. Arrautza ala oiloa, zein izan zen lehena. Taberna horretan paleontologo bikotea txikito baten inguruan topatuz gero, lasai asko egon daitezke ezbaian ea zein izan zen lehena, gekoa ala iguana. Seigarren txikitoa atera orduko eztabaida are sutsuagoa bihur daiteke, baina, batek daki, besarkada batean ere amaitu daiteke kontua, fakultate garaiko txangoetan abesten zen kantu eder horietako batekin lagunduta.

Biharamunean jasoko lukete albistea: haien eztabaida ebatzita dago. Gekoak iguanak baino lehenago agertu ziren. Kito. Hori adierazten du, bederen, paleontologo talde batek osatu duten zuhaitz ebolutibo berriak.

1. irudia: Pangeako paisaia irudikatua, duela 240 urtekoa, Megachirella wachtleri espezieko kide bat duena. (Irudia: Davide Bonadonna)

Errua sei zentimetro eskaseko harri koskor batena da. Ia duela bi hamarkada aurkitutakoa izan zen, baina orain eman du ezustekoa. Baina gekoen eta iguanen agerpenari buruzko eztabaida baino harago doa kontua: ia 75 milioi urteko hutsune bat bete da orain, eta iraungipen masibo bat sartuta dago istorioan. Baina, hobe, goazen atalez atal.

Duela 240 milioi urte abiatzen da istorioa, Triasiko Ertainean. Garai horretako une jakin batean ekaitz batek Pangeako kostaldea astindu zuen, eta itsasora bota zituen bidean harrapatutako hainbat bizidun. Tartean, lurreko landare batzuk eta sugandila baten antza zuen animalia txikia. 240 milioi urte geroago zaletu batek Alpe mendietan aurkitu zuen gertakari txiki horren aztarna, aspaldian harriztatutako argazki baten gisa.

Eskerrak ez zuen etxeko ganbaran gorde. Eskerrak museo batera eraman zuen. Zenbaitetan, ezagutzaren bideak motelak dira, baina, lehenago edo beranduago, gauzak bere onera datoz. Hainbat urtez ahazturik egon zen arren, fosilak ikertzaileen arreta erakarri du, eta sakonki aztertua izan da. Naturen argitaratu dute orain azterketa horren emaitza.

Ondorioztatu dute Megachirella wachtleri izeneko “sugandila” hori muskerrik zaharrena dela, eta Squamata ordenaren lehen ordezkaritzat jo dute. Ezkatadunen ordena hori talde zabalenetakoa da lurreko ornodunen artean. 10.000 bat espezie dira. Bertan muskerrak, sugeak eta Amphisbaenia azpi-ordenako animaliak biltzen dira.

2 irudia: Megachirella wachtleri espeziearen fosila. Berez sei zentimetro luze duen fosila da, baina jatorrizko animalia 25-30 zentimetroko luzera zuela kalkulatu dute. (Argazkia: MUSE – Science Museum, Trento, Italy)

Albertako (Kanada) Unibertsitateko Michael Caldwell ikertzailearen esanetan, “iragan urrunari irekita dugun ate bakarra suposatzen dute fosilek. Megachirellari esker eskuratu ahal izan dugun ulermena antzinatean dagoen puntu bat besterik ez da. Baina informazioa ematen digu, gaur egun bizi diren 10.000 musker eta suge espezieak ikertze soilarekin eskuratu ezin dugun informazioa, alegia”.

Fosil horretan buru-hezurraren zati bat, saihetsak, bizkarrezurra eta aurreko gorputz adarrak kontserbatzen dira. Txiki-txikia da aztarna; sei zentimetro inguru luzeran. Muturretik buztanera jatorrizko animaliak 25-30 zentimetro inguru izango zituela kalkulatu dute paleontologoek. Klasifikatzeko zaila zen, eta orain arte lepidosauria taldean sartuta zegoen. Azterketa sakonak erakutsi du, ordea, lehenengo “ezkataduna” izan zela.

Azterketa egiteko ordenagailu bidezko mikrotomografia erabili dute. Teknologia horrek hiru dimentsioko ikuspegia ematen du. Modu horretan, ikertzaileak gai izan dira behatzeko arrokan txertatuta dauden fosilaren hainbat zati. Adibidez, ukondoan dagoen errotula bat -ezkatadunetan baino ez omen dagoena- edota klabikulako hainbat forma berezi.

Jakina da paleontologian konparaketak egitea funtsezkoa dela, eta kasu honetan ere hala izan da. Ikertzaileek 400 egun inguru eman dituzte, munduan zehar barreiatutako bildumetan sugandila itxurako fosilak aztertzen.

Bideoa: Megachirella, musker guztien ama.

Baina genetikari ere heldu diote, eta animalia ordena horretan DNAn izaten diren mutazio tasak berriro kalkulatu dituzte, data zehatzagoak eskuratu aldera. Modu horretan jakin dute noiz bereizi ziren, zuhaitz filogenetikoan, Megachirella eta ezkatadun modernoak.

Horrela zehaztu dute fosilaren datazio berria: 240 milioi urte. Horrek ezkatadunen existentzia 75 milioi urte atzeratu du, baina beste ondorio garrantzitsua izan du. Kontuan izan behar da duela 252 milioi urte planetak inoiz jasan duen iraungipen masiborik latzena nozitu zuela. Ez dago argi sumendien jarduera, supernoba bat edo asteroide bat horren atzean egon ote zen. Arrazoia edozein izanda ere, Permiarraren eta Triasikoaren arteko mugan izan zen hondamendi horretan itsas espezie gehienak desagertu ziren, eta lur ornodunen %70ek patu berdina izan zuten.

Ezkatadunen datazio berria jakinda, gauzak aldatzen dira. Orain arte uste zen ezkatadunak iraungipenaren ostean agertu zirela, baina orain eskuratutako datuek ideia horri baztertzeko arrazoi nahikoa dagoela erakusten dute. Ikertzaileek proposatu dute agian hondamendi horrek ahalbidetu zuela, hain zuzen, narrasti-leinu ezberdinen dibertsifikazioa. Datu berrien arabera, beraz, ezkatadunak gai izan ziren hondamendia gainditzeko, eta gaur egun mundua betetzen duten 10.000 espezie dira horren isla.

Erreferentzia bibliografikoa:

Simões T. et al (2018). The origin of squamates revealed by a Middle Triassic lizard from the Italian Alps. Nature, Volume 557, pages 706–709. DOI: 10.1038/s41586-018-0093-3

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Sei zentimetroko harrixka batean dago hamar mila espezieren jatorria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ba al dago osasungarria den alkohol kontsumorik?

mar, 2018/06/05 - 09:00
Josu Lopez Gazpio Ez. Besterik gabe, ez. Ez dago gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik. Gehiegizko alkohol kontsumoa hainbat minbizi mota eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskuarekin lotua dagoela gauza jakina da, baina, neurrizko alkohol kontsumoak ere hainbat gaixotasun pairatzeko probabilitatea handitzen du. Esaterako, hestegorriko minbizia izateko probabilitatea bikoiztu egiten da astean 100 g alkohol baino gutxiago kontsumituta ere -neurrizko alkohol kontsumotzat har daitekeen kantitatea-. Azken kalkuluen arabera, astean 6 baso ardo edanez gero, alkoholarekin lotutako gaixotasunen batez hiltzeko probabilitatea %1ekoa da.

1. irudia: Ikerketen arabera, neurrizko alkohol kontsumoa osasungarria dela pentsatzeko mitoa baztertu egin behar da. (Argazkia: PhotoMIX-Company – Creative Commos lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Erresuma Batuko alkohol kontsumorako gomendioak berriki aldatu dituzte orain arteko alkohol kantitate onargarria murrizteko. 2016tik hona, astean 14 alkohol unitate baino gehiago ez edatea gomendatzen dute osasun agintariek. Gainera, ez du balio 14 unitateak egun berean edatea. Gutxi gorabehera, 14 unitate ardo botila eta erdi da, edo sei garagardo. Nolanahi ere, argi utzi behar da horrek ez duela esan nahi 14 unitate horiek edatea gomendatzen dela, baizik eta ez dela hori baino gehiago kontsumitu behar. Ez dago gomendagarria edo osasungarria den alkohol kontsumorik, alegia, neurrizko alkohol kontsumoak ere osasun arazoak ekartzen ditu. Baieztapen horren aldeko argudio zientifikoak asko dira, baina, aipatzekoa da duela gutxi argitaratutako ikerketa baten emaitzak: alkohola neurriz edaten duten 600.000 kontsumitzaile aztertu dituzte eta, frogatu dutenez, talde horrek heriotza goiztiarra izateko probabilitate altuagoa zuen. Neurrizko alkohol kontsumoa astean 100 g alkohol kontsumitzea dela finkatu zuten. Hori, gutxi gorabehera, astean bost baso ardo edatea izango litzateke. Kalkuluen zergatia ulertzea erraza da: ardo baten alkohol-graduazioa «%11 vol» bada, horrek adierazten du 100 mL-tan 11 g alkohol puru daudela -alkohol hori etanola da, kimikaren zuzentasunaz hitz egiten badugu-. Organismoan zenbat etanol gramo sartzen ari garen jakiteko, formula hauxe erabili behar dugu: etanol gramoak = edandako mL-ak ´ edariaren graduazioa ´ 0,008. Esaterako, 11º-ko ardoaren 175 mL-tan 15,4 g etanol daude.

Tira, bada, aipatutako ikerketan astean horrelako 6-7 baso ardo edaten zituzten 599,912 kontsumitzaile aztertu zituzten -19 herrialde desberdinetakoak-, eta astean 100 g etanol baino gehiago kontsumitzen zutenen artean heriotza mota guztien hazkuntza gertatzen zela ikusi zuten. Erreferentzia bat emate aldera, astean 200-350 g arteko kontsumoak 2 edo 3 ardo botila bizitza urte batez edo biz murrizten du.

2. irudia: Ikerketen arabera, neurrizko alkohol kontsumoa osasungarria dela pentsatzeko mitoa baztertu egin behar da. (Argazkia: wasi1370 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Ikerketak alkohol kontsumoa murrizteko gomendioak berresten ditu eta, hortik, 14 alkohol unitate baino gehiago ez edateko gomendioa -alkohol unitate bat 8 g dira, alegia, zurito bat-. Deigarria da, bestalde, Erresuma Batuko azken gomendioetan ez dela bereizten gizonezkoen eta emakumezkoen kontsumoa; izan ere, aurreko gomendioetan gizonezkoentzat egunean 3-4 unitateko muga ezarri zen eta emakumezkoentzat 2-3 unitate. Edozein kasutan, horrek ez du esan nahi, sarritan hedabideetan entzuten den moduan, alkohol kantitate hori edatea gomendatzen dela edo onuragarria dela. Egia da neurrizko alkohol kontsumoak bihotzekoak jotzeko arriskua murrizten duela, baina, beste arazo kardiobaskularrak izateko arriskua asko handitzen du eta, guztia kontuan hartuta, alkohol kontsumoak onura baino kalte gehiago ekartzen ditu. Sarritan, ordea, alkohol kontsumoaren abantaila txiki horiek bakarrik hartzen dira -bihotzekoen arriskua murrizteko gaitasuna edo antioxidatzaileen presentzia bakarrik aipatuz-, eta horrek kontsumitzaileak nahasten ditu. Argi izan behar da, hortaz, edari alkoholdunak osotasunean aztertuta ez dagoela balizko onuren aldeko argudiorik.

Ikerketak okertzen direnean

Sarri askotan, interes ekonomikoek bultzatuta plazaratzen dira garagardoaren edo ardoaren ezaugarri miragarriak azaleratzen dituzten ustezko ikerketen emaitzak. Deigarria da, bidez batez, mota horretako zenbat albiste argitaratzen diren -zergatik ez dira aipatzen, esaterako, kalabazina jatea osasungarria dela dioten albisteak?-. Zentzu horretan, albiste sentsazionalistak alde batera utzi behar dira eta beti begi klinikoz aztertu behar da emandako informazioa. Gomendioen artean, garrantzitsua da albisteak aipatutako ikerketaren zehaztasunak ematea eta iturri primarioaren esteka jartzea. Informazioaren iturri primario, alegia, ikerketa bera, zein den ezkutatzen bada, gaizki pentsatu behar da. Beste zenbait kasutan, ikerketak animaliak erabiliz egin dira bakarrik, baina, ez da frogatu gizakiongan ere gauza bera egia denik. Ikerketa elikagai osoarekin egin den ere aztertu behar da; izan ere, hainbat kasutan edari alkoholdunaren nutriente jakin batzuk bakarrik aztertzen dira -modu isolatuan onuragarriak izan daitezkeenak-, eta ez da elikagaia bere osotasunean aztertzen -esan bezala, edari alkoholdunen kasuan balantze globala negatiboa da-. Ikerketen okertzearen adibide argia dugu Garagardoa eta Osasuna Informazio Zentroak zabaltzen dituen ikerketak, esaterako.

3. irudia: Beste edozein edari alkoholdun bezala, garagardoa edatea ez da osasungarria. (Argazkia: carolineandrade – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Artikulu honek esan nahi al du edari alkoholdunak kontsumitu ezin direnik? Ez, noski. Edari alkoholdunak askatasunez kontsumi daitezke, baina, informazio zuzena izatea garrantzitsua da. Zentzu horretan, norberak erabakiko du alkohola edo bestelako drogak kontsumitu nahi dituen ala ez. Kasu gehienetan gertatzen den bezala, hori bai, erabaki zuzenagoak hartzeko informazio osoa izan behar dugu eta, horregatik, jakin behar da edari alkoholdunek ez diotela osasunari onurarik ekarriko. Gehiegizko kontsumoak kalte handiak ekarriko ditu, baina, neurrizko kontsumoak ere gaixotasun arazoak eragiten ditu eta, beraz, ez dago neurrizko izena izan dezakeen alkohol kontsumorik.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Ba al dago osasungarria den alkohol kontsumorik? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Atleten laktato atalasea kalkulatzeko metodo berria

lun, 2018/06/04 - 09:00
Laktatoaren atalasea modu errazean eta inbasiorik gabe kalkulatzeko sistema berria proposatu dute. Laktatoaren atalasea aldagai fisiologiko oso baliagarria da bai iraupeneko atleten errendimendua kalkulatzeko bai eta haien entrenamenduak antolatzeko.

Hainbat metodo proposatu izan dira laktato atalasea kalkulatzeko; horietako batzuetan ekipamendu espezializatua edo langile kualifikatuak behar dira kalkulua egiteko, beste batzuetan, berriz, eremu testa erabiltzen da. Lehenengo metodoak garestiak eta zailak dira, bigarrenak, bere aldetik, ez dira nahikoa fidagarriak. Honi aurre egitearren proposatzen dute metodo berria: atletari edo entrenatzaileari erabakiak errazago hartzen lagunduko dion sistema erabilerraz, ez-inbasibo eta fidagarria.

Askotariko ezaugarriak dituzten hainbat mailatako 140 atleta baino gehiagoren lagina baliatu eta aztertu dute sistema garatzeko. Horrekin batera, ikaskuntza automatikoko sistema dago metodo honen oinarrian, erraz neur daitezkeen aldagai fisiologikoen eta laktato atalasearen arteko lotura aurkitu duena. Atleten laktato atalasea kalkulatzeko gai da sistema harreman horri esker.

Sistema konplexua da, izan ere, pertsonen arteko aldeak nabarmenak dira, baita a priori populazio definitua iruditu daitekeena (aisialdiko iraupen atleten artean, adibidez) ere. Hori dela eta, populazio anitz horrentarako sistema baliagarria lortzea da proiektuaren erronka nagusia.

Datu baseetako informazioa mugatua denez, ikaskuntza automatikoko sistemaren ikasteko gaitasuna ere mugatua da. Proiektu honetan, hala ere, fidagarritasuna lortu dute. Hala, emaitzek erakusten dute gai direla ezarritako mugen barruan laktatoaren atalasea %89ko igartze mailarekin kalkulatzeko, modelo nahiko sinplea erabiliz.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Atletei laktatoaren atalasea kalkulatzeko sistema sinple eta fidagarri bat proposatu dute

Erreferentzia bibliografikoa

Etxegarai, Urtats;, Portillo, Eva; Irazusta, Jon; Arriandiaga, Ander; Cabanes, Itziar. Estimation of lactate threshold with machine learning techniques in recreational runners, Applied Soft Computing (2018). DOI: 10.1016/j.asoc.2017.11.036.

The post Atleten laktato atalasea kalkulatzeko metodo berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #205

dim, 2018/06/03 - 09:00
Uxune Martinez

Astrofisika

Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariek azaldu ziguten Hubble iraupen luzeko misio zientifikoa izateaz gain, ezagutzen den arrakastatsuenetarikoa ere izan dela. Hubble teleskopioak 28 urte daramatza orbitan unibertsoa arakatzen. Badira urte batzuk eta ordezkoa ere prest dute erretiroa har dezan. Ángel Gómez kazetariak Zientzia Kaieran aurkeztu digu Hubbleren ondorengoa James Webb izeneko espazio-teleskopioa izango dela. Webb espazio-teleskopioa hiru zatitan jaurtiko da espaziora eta geroago espazioan muntatuko dira zatiok. Optika-aparailuak material arin eta sendoaz eginak ditu, berilioz; horrez gain, hozkailu kriogenikoak izango ditu, teleskopioko detektoreak 7ºK-era jaisteko.

Biologia

Naturak baditu hamaika trikimailu biziraupenerako. Henry Walter Bates naturalistak, XIX. mendean Amazoniara egin zuen bidaian, ikusi zuen Dismorphia espezieko tximeletek toxikoak ziren beste espezie batekoen itxura hartzen zutela harrapakariengandik ihes egiteko. Hau da, “babeserako baliabideak zituztenak” imitatuz babesten ziren. Bere omenez batesiar mimetismoa izena jarri zioten fenomenoari. Batesiar mimetismoaz baliatzen diren Syrphidae eta Bombilidae familiako dipteroei buruz hitz egin digute Euskalnaturan. Mikel Yarzak Syrphidae familiako eulien kasua kontatzen digu. Familia horretako espezie askok himenopteroak (intsektuen ordena zabala da eta beraien artean erleak, liztorrak eta inurriak daude) imitatzen dituzte, haien kolore hori eta beltzen patroiak hartuz. Xehetasun guztiak Mimetismo batesiarra sirfidoetan artikuluan.

Badira gehiengoak egiten duenaren kontra jokatzen duten animaliak. Esaterako, Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutiak azaldu digute igel batzuek, beste anfibio gehienek egiten dutenaren kontra, uretatik urrun hazten dituztela ondorengoak. Adibidez, espezie tropikal batzuek zapaburuak landare jakinen hostoetan bildurik uzten dituzte, ur-bolumen txiki eta mugatuetan haz daitezen. Ur-bolumen txikiko lekuan hazteak badu nolabaiteko ordaina. Ranitomeya imitator espezieko igelek ur-bolumen oso txikiak erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko. Ur-bolumen txikia ez da nahikoa zapaburua hazteko beraz igel bikoteak zaindu egin behar du zapaburua. Ingurune-baldintza honek monogamoa bihurtu du Ranitomeya imitator igela. Bera da monogamia biologikoa duen lehen urlehortarra.

Biokimika

Nagore Elu biokimikariak Angelman sindromea ikertzen dihardu UPV/EHUko ikertalde batean. Ikerketaren helburua da Angelman sindromearen oinarri molekularrak argitzea. Doktoretzako bigarren urtean egiten ari da eta ikertzeaz gain baditu bestelako eginkizunak, horien artean zientziaren dibulgazioan jarduten du Ondarroako Zientziaren Giltzak elkartean. Zientzia-gaiak gizarteari hurbiltzea funtsezkoa iruditzen zaio Nagoreri: “Iruditzen zait jende askori arrotzak egiten zaizkiola zientzia eta teknologia, eta gai horiek normalizatzeko, hurbiltzeko ahalegin bat egin behar dugu guk, ikertzaileok”. Ana Galarragak ekarri digu ikertzaile gazte honen egunerokotasunaren nondik norakoak: “Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa da“.

Ekologia

2014ko ikerketa batek adierazi zuen plastikoen eta arrantza-tresnen hondarrak zirela itsasoko uretan gehien ikus zitezkeenak. Lau urte beranduago egoerak okerrera egin du eta itsasoa gizakion zabortegia bihurtu dugu. Izan ere, Sustaturen bidez jakin dugu munduan zehar, minutuero, zabor kamioi bat husten dela itsasoan, eta zabor horren zati handi bat plastikoa dela. Nerea Segurak egoeraren larritasuna agerian uzten dituen hainbat datu eman dizkigu. Esaterako, itsasora botatzen ditugun plastikozko botilek 500 urte behar dituztela deskonposatzeko eta hauen tapoiak betirako irauten dutela. Xehetasun guztiak “Plastiko hondakinak jaten ditugu egunero” artikuluan.

Gizakiok bizidunen % 0,01 gara. Kopuruari dagokionez birusak, zizareak, edo arrainak baino gutxiago gara baina, aldiz, biosferan asko eragiten dugu. Munduan biomasaren banaketari buruzko ikerketa bat abiapuntu hartuta, Ana Galarragak azaldu digu gizakion pisu kuantitatiboa txikia izan arren, gure zibilizazioak espezie guztiengan izandako suntsipen eragina handia izan dela. Hala da, gizakia suntsipen handiko izakia da, ugaztun basatien % 83a eta landareen % 50a desagerrarazi baitu.

Geologia

Garai bateko bizitzaren arrastoak dira iknofosilak. Lurraren historiaren erakusleihoak dira aztarna hauek eta Zumaian kokatuta dagoen Euskal Kostaldeko Geoparkeak iraganeko leiho bat atondu du, orain dela 53 milioi urteko izaki bizidunek utzitako aztarnen iknofosilaren erreplika eginez. Erreplika egitearen arrazoia izan da itsasoaren higadurak eta euriak fosilen aztarnetan eragindako kalteak saihestea eta aztarnaren “biziraupena” bermatzea. Arantxa Iraolak Berrian jakitera eman digu erreplikak sei metroko luzera duela eta metro bateko zabalera eta, bertan, garaiko animalien sigi-sagek utzitako arrastoak daudela.

Sustatuk ere jaso du erreplika honen berri. Ondare geologikoa den iknofosila itsas hondoan eratu zen, 1.000 metroko sakoneran. Iknofosilaren erreplika zehatza egin dute Eleuterio Baeza Museo Geomineroko kontserbatzailearen gidaritzapean, UPV/EHUko Arte Ederretako ikasleen laguntzarekin eta ia ez dago alderik originala eta kopiaren artean. Aztarnan 50 arrasto baino gehiago ikus daitezke eta Sustatun azaltzen digutenez “ekinido arrasto multzoa ikus daiteke bertan, itsas trikuaren itxurako animaliek egindakoak”.


Bideoa: Zumaiako Baleike agerkariak Itzurun hondartzan dagoen 6 m-ko iknofosilaren erreplika egiteko prozesua jaso du urratsez urrats.

Ingeniaritza

Eguzki-energia lortzeko, polimerozko zuntz optiko hibrido bat sortu du modu eraginkorrean eta merke UPV/EHUko Itsaso Parola ikertzaileak. Zuntz optikoa sortzeko ikertzaileak osagai organikoak eta ez-organikoak dituen polimeroa erabili du eguzki-kontzentragailu moduan. Zuntz optiko honek eguzki-argia xurgatzen du eta uhin-luzera handiago batean igortzen du; argia zuntz optikoaren muturrera garraiatzen du barne-islapen osoaz, eta muturrean, zelula fotovoltaikoa kokatzen da.

Kimika

Ez da ezaguna urak bi forma ezberdin (isomeroak) dituela maila molekularrean. Baliteke orain ezagunagoa egitea, kontuan izanik Basileako Unibertsitateak lortu duela bi forma hauek bereiztea eta erreaktibotasun kimiko desberdinak ager ditzaketela erakustea. Ana Galarra kazetariak eman digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Uraren bi isomeroak bereizita, erreaktibitatean aldea dutela frogatu dute.

Neurozientzia

Juanma Gallego kazetariak gai kitzikagarri bat hurbildu digu egunotan. Ikertzaileek isolamenduak eulien eta arratoien garunean duen eragina frogatu dute, eta uste dute antzeko prozesua jazo daitekeela ere gizakiengan. Eta zein da eragin hori? Antza, isolamenduak oldarkorragoak bihurtu ditu animaliak eta etengabeko beldurra pairatzen dute. Izan ere, isolamendu kronikoak garunean sustantzia kimiko berezi bat sortzen du eta honek garuna eraldatzen omen du. Datu guztiak “Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute” artikuluan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #205 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjaintasunaren kartografia #218

sam, 2018/06/02 - 09:00

Minbiziaren okerrena metastasia da askotan. Koloneko minbiziak gibelerako metastasiari aurre egiteko forma berritzailea azaltzen digu aurkitzaileetako batek: MicroRNA-loaded nanoparticles against liver metastasis

Konklusio zientifiko bat elkarrekin argitaratzea erabakitzen duten zientifikoek, egiatan, konklusio horren eskubide intelektualak partekatzea da erabakitzen dutena, ala ez? Jesús Zamorari galdetu, Intelectual property rights and the individualization of items of knowledge

Polimero sintetiko ia guztiak dira semikristalinoak. Parte bat kristalinoa eta bestea amorfoa dela onartzen da, baina hirugarren bat ahazten da. DIPCkoek The forgotten fraction in semicrystalline semiconducting polymers

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjaintasunaren kartografia #218 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nagore Elu: “Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa da”

ven, 2018/06/01 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Nagore Elu Arantzamendi batxilergoan hasi zen bideratzen gaur egun bere denboraren zati handiena hartzen dion jarduerara: ikerketa. Dioenez, garai hartan oso gustuko zuen biologia: “Giza gorputzak nola funtzionatzen zuen jakin nahi nuen. Horrek piztu zidan jakin-mina, eta Medikuntza edo halako zerbait ikastea nuen buruan”.

Ez zen mediku egin, ordea. Unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zitzaionean, ikasketa berri bat azaldu zen: Biokimika. “Haren alde egin nuen, pentsatu bainuen nahiago nuela gaitzekin egin lana, eta ez gaixoekin”, gogoratu du Eluk. Eta bete-betean asmatu zuelakoan dago.

Irudia: Nagore Elu Arantzamendi biokimikaria eta ikertzailea laborategian.

Biokimika ikasita, ikerketara bideratzea nahiko “naturala” dela iruditzen zaio: “Gradu-amaieran ezagutu nuen ikerketa-mundua, eta asko gustatu zitzaidan. Gero masterra egin nuen, eta orain doktoretzako bigarren urtea egiten ari naiz, Ugo Mayorren ikerketa-taldean”.

Hain zuzen, Angelman sindromearen oinarri molekularrak argitzea da taldearen helburua, eta haiekin batera dabil Elu: “Niretzat oso garrantzitsua da inguruan dudan jendea. Sartu nintzenean, taldea oso txikia zen; tesia bukatzen ari ziren bi pertsona baino ez zeuden. Baina orain handitu egin da, eta niri horrek sekulako laguntza eta babesa ematen dit. Edozein arazo edo oztoporen aurrean, ez zaude bakarrik, baduzu norengana jo”.

Zientziaren Giltzak

Ikertzeari bezainbesteko garrantzia ematen dio Eluk ikerketa gizarteratzeari. Horren erakusgarri, zientzia-gaiak hedatzeko hitzaldiak eta bestelako ekimenak antolatzen dituen elkarte baten kide da bere herrian: Zientziaren Giltzak. “Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa dela dio elkartearen leloak, eta guztiz bat nator dioenarekin”, adierazi du Eluk.

Haren ustez, zientzialarien akats nagusienetako bat da ez diotela egiten dutenaren berri ematen jendeari, “ez dakitelako, edo ez dutelako ahalegin nahikorik egiten”. Eluren esanean, ordea, funtsezkoa da dibulgazio-lana, jendeak jakin dezan zer egiten duten zientzialariek egunerokotasunean eta uler dezaten zenbaterainoko garrantzia duen: “Iruditzen zait jende askori arrotzak egiten zaizkiola zientzia eta teknologia, eta gai horiek normalizatzeko, hurbiltzeko ahalegin bat egin behar dugu guk, ikertzaileok”.

Horregatik parte hartzen du Zientziaren Giltzak elkartean. “Jendea jabetzen bada zertan ibiltzen garen zientzialariok, babes edo laguntza handiagoa emango digute”.

Horrez gain, kirolzalea ere bada: “Nire ihesbidea da, eta lanerako ere ona da: kateatuta zaudenean, ona da burua beste zerbaitetan jartzea. Askotan, kirola eginda bururatzen zaizkizu irtenbideak”.

Fitxa biografikoa:

Nagore Elu Arantzamendi (Ondarroa, 1992). Biokimika eta biologia molekularra ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ondoren, Biomedikuntza eta biologia molekularra masterra egin zuen UPV/EHUn, eta gaur egun Biomedikuntzako doktoretza programako bigarren urtea egiten ari da, Eusko Jaurlaritzaren bekar bati esker. Horrez gain, Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteko kide ere bada.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Nagore Elu: “Zientziaren berri duen gizartea askeagoa eta manipulagaitzagoa da” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

GIBaren aurkako txertoaren bila

jeu, 2018/05/31 - 15:00
Johana Torralba, Estibaliz Goikoetxea, Beatriz Apellaniz GIB birusa, giza historian zehar egon den pandemiarik hilgarrienetariko baten eragilea da, HIESa alegia. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaur egun 37 milioi pertsona inguru daude GIB birusaz kutsatuta.

Irudia: Sistema immuneak birusaren hainbat proteina ezagutu ditzakeen arren, patogenoaren gainazalean agerian dagoen bakarra, Env da.

Gaixotasun honi aurre egiteko erreferentziazko terapia HAART deituriko erretrobirusen kontrako eraginkortasun handiko tratamendua da, birusaren hainbat ituren aurkako farmako konbinazioa hain zuzen. Terapia honi esker HIESa duten gaixoen heriotza tasa asko murriztu den arren, infekzio berrien kopuruak etengabe egin du gora urteetan zehar: HAART terapiak ez du infektatuen gorputzetik birusa guztiz ezabatzen eta terapia hau ez dago beti eskuragarri munduaren hainbat eskualdetan. Pandemia honekin behin betiko amaitu ahal izateko aipaturiko infekzio berri hauek saihestea nahitaezkoa da; beraz, terapia honek dituen mugak kontuan harturik, txerto prebentibo baten garapena premiazko beharra bihurtu da pandemia honi bukaera eman ahal izateko.

Birusak dituen proteinen artean, txertoaren garapenaren ikuspuntutik interes handiena duena Env glukoproteina da. Izan ere, sistema immuneak birusaren hainbat proteina ezagutu ditzakeen arren, patogenoaren gainazalean agerian dagoen bakarra, Env da. Honetaz gain, infekzioari hasiera emateko ezinbesteko proteina denez, GIB birusaren aurkako txerto eraginkor bat lortzeko immunogeno egokia da. Hori dela eta, txertoaren lorpenerako Env konplexuan oinarritzea biderik errazena dirudi; hala ere, urteak daramatzagu txerto honen bila eta ahaleginak ugariak izan diren arren ez da oraindik esperotako helburua lortu. Izan ere, birusak sistema immunetik ihes egiteko zenbait teknika garatu ditu, txertaketaren bidezko protekzioaren lorpena oztopatzen dutenak.

Aipatu moduan, txerto eraginkor baten diseinua burutzea erronka gogorra dela dirudi; hala ere, espektro zabaleko antigorputz neutralizatzaileen existentziak eta hauen transferentzia pasiboz lorturiko emaitza positiboek GIBaren aurkako txertoaren garapena lortzea posiblea dela iradokitzen dute. Infektatuen %1ak, elitezko neutralizatzaile deritzenak, Env konplexuaren gune kontserbatuetara zuzendutako antigorputz berezi hauek ekoizten dituzte; hain zuzen, txertaketaren bidez birusaren infekziotik babestuko luketen antigorputz hauen sintesia piztea bilatzen da. Hala ere, birusak garatu dituen estrategia natural desberdinek eta immunizazioz sortu nahi diren antigorputz neutralizatzaileen ezaugarri bereziek oso zaila egiten dute txertoaren garapena lortzea.

Erronka zail honi aurre egiteko jarritako ahaleginak ugariak izan dira; orain arte 250 entsegu kliniko baino gehiago burutu direlarik. Lehenengo txertoen saiakerak birus indargabetuetan oinarritu ziren, baina arriskutsuak izan zitezkeela ikusi zen. Arrisku hau ikusita, birus osoak erabili beharrean, honen azpiunitateak erabiltzen hasi ziren, baina orokorrean entsegu hauek eraginkortasun oso baxua izan zuten. Immunitate-sistema humorala eta zelularra pizteko helburua zuen RV144 entseguan soilik lortu zen eraginkortasun apala (%31 ingurukoa).

Orain arte hainbat txerto mota desberdinekin saiakerak egin dira: hala nola, Env natiboan oinarritutako immunogenoen garapena (SOSIP trimero disolbagarria adibidez), immunogeno hauek soluzioan erabili beharrean VLPetan (ingelesetik Viral Like Particles) adieraztea, nanopartikula edo liposometan immunogenoak txertatzea, antigorputzek ezagutzen dituzten segmentu zehatzak soilik erabiltzea, eta abar. Estrategia guzti hauen bitartez lortutako aurrerakuntzak nabariak izan diren arren, emaitza desiragarririk ez da lortu. Hala ere, birusaren immunogeno naturalen eta hauek ezagutzen dituzten antigorputzen egituraren ikerkuntza sakona dela medio, txerto berrien diseinuan bide berriak ireki egingo direla dirudi; adibidez, antigorputz neutralizatzaileen B zelula germinal aitzindaria immunogeno batez piztea eta Env konplexua imitatzen duten beste immunogeno batzuen bitartez antigorputzen heltze prozesua bideratzea.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: GIBaren aurkako txertoaren bila
  • Laburpena: GIB birusa, giza historian zehar egon den pandemiarik hilgarrienetariko baten eragilea da, HIESA alegia. Nahiz eta azken urteetan HAART terapia antirretrobiralari esker heriotza tasa asko murriztu den, infekzio berrien kopurua etengabe emendatzen ari da. Hori dela eta, pandemiarekin azkenik amaitu ahal izateko txerto prebentibo baten garapena tresna eraginkorrena izan daitekeela dirudi. Hala ere, birusak garatu dituen estrategia natural desberdinek eta immunizazioz sortu nahi diren antigorputz neutralizatzaileen ezaugarri bereziek oso zaila egiten dute infekziotik babestuko lukeen txertoaren garapena. RV144 entsegu klinikoaren eraginkortasun apalek eta espektro zabaleko antigorputz neutralizatzaileekin immunizazio pasiboz lorturiko emaitzek iradokitzen dute hurbilago gaudela txerto eraginkor baten garapena lortzetik. Orain arte hainbat txerto mota erabili diren arren, emaitza onik ez da lortu. Hala ere, sakon aztertzen ari da bai immunogeno naturalen egitura, bai immunogenoak ezagutzen dituzten antigorputzen egitura, eta badirudi, besteak beste, ikerketa horiek bide be- rriak irekiko dituztela txerto berrien diseinuan.
  • Egileak: Johana Torralba, Estibaliz Goikoetxea eta Beatriz Apellaniz
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 7-22
  • DOI: 10.1387/ekaia.17854

—————————————————–
Egileez: Johana Torralba eta Beatriz Apellaniz Biofisika Intstitutuan eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularreko Sailean dabiltza eta Estibaliz Goikoetxea irakaslea da.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post GIBaren aurkako txertoaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Monogamia urlehortarra

jeu, 2018/05/31 - 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Igel batzuek, beste anfibio gehienek egiten dutenaren kontra, uretatik urrun hazten dituzte ondorengoak. Ur-masa horietan ⎯ibai, aintzira, urtegi edo zingira⎯ harrapari ugari daudelako jokatzen dute horrela. Ur horietatik alde eginez, kumeek ⎯larbek, kasu honetan⎯ bizirik irauteko eta heldutasunera iristeko aukera gehiago dituzte.

1. irudia: Uretatik urrun hazten dituzte ondorengoak zenbait igelek.

Jakina, inguru lehorrak baldintza oso gogorrak ezartzen dizkie urlehortarrei, batez ere igel edo apo bihurtzeko igaro behar duten metamorfosia oraindik burutu ez badute. Zapaburuak diren bitartean, uretan bizi behar dute halabeharrez; haien hornidura anatomikoa eta fisiologikoa, ez bata eta ez bestea, ez dira egokiak lehorreko lurzoruaren gainean bizitzeko. Hori dela eta, espezie tropikal batzuek zapaburuak landare batzuen hostoetan bildurik gelditzen den ur-bolumen txiki eta mugatuetan hazteko gaitasuna garatu dute. Euriaren ondorioz sortzen diren ur-biltegi txiki horiei phytotelmata esaten zaie.

2. irudia: Phytotelmatan, landare batzuen hostoetan bildurik gelditzen den uretan, hazten dituzte zapaburuak zenbait igelek. (Irudia: Überraschungsbilder).

Antza denez, baldintza berezi horiek eraginda sortu da zapaburuak elikatzeko prozedura aparta: igel emeak, amak, beste arrautza bat erruten du larba dagoen phytotelmatan. Ernaldu gabe dago, bere zeregin bakarra zapaburuaren elikagaia izatea baita. Gurasoen arreta handia eskatzen du prozedura horrek, baina bistan da merezi duela, ez baitzen bestela sortuko, eta, batez ere, ez baitzen denboran zehar mantenduko.

Aurreikuspen teorikoen arabera, kide monogamoek osatutako bikoteak sortzea errazagoa da gurasoen arreta handia beharrezkoa denean. Dirudienez, ondorengoak aurrera ateratzeko ahalegin handia egin behar denean, emankorragoa da bi bikotekideek umeak zaintzen ahalik eta ahalegin handiena egitea, bikotetik kanpo ugaltzeko aukerak bilatzea baino.

Amazonas oihanean elkarren antz handia duten bi igel-espezie bizi dira, biak pozoitsuak; haien habitatak ere oso antzekoak dira; are gehiago, berdinak izango lirateke kontu txiki batengatik ez balitz. Ranitomeya imitator espeziekoek ur-bolumen oso txikiak (24 ml) erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko eta Ranitomeya variabilis izenekoek apur bat handiagoak (110 ml) erabiltzen dituzte. Lehena monogamoa da, baina bigarrena ez. Azterketa genetikoek erakutsi dutenez, gainera, biologikoa da monogamia, ez soziala bakarrik. Izan ere, aurkituriko monogamia biologikoa duen lehen urlehortarra da Ranitomeya imitator.

3. irudia: Ranitomeya imitator espeziekoek ur bolumen oso txikiak (24 ml) erabiltzen dituzte euren zapaburua hazteko eta Ranitomeya variabilis izenekoek apur bat handiagoak (110 ml). (Irudia: Gabsch).

Hain ur bolumen txikiak erabiltzen dituenez, oso baliabide gutxi dago bertan; izatez, uretan dagoena ez da nahikoa zapaburua hazteko, eta hori dela eta, bikotekideek zaindu egin behar dute. Lehen aipatu ditugun arrautza trofikoak erabiltzen dituzte horretarako. Hain da handia zaintzak eskatzen duen ahalegina, non bi bikotekideak lankidetzan aritzera behartuta baitaude. Ranitomeya variabilisen kasua desberdina da; zapaburua hostoetan gelditu den uretan utzi ondoren, kasik ez diote kasurik egiten. Amak guztiz galtzen du ardura eta aita lur-eremua zaintzen gelditzen da.

Garrantzizkoa izan da aurkikuntza hau, agerian uzten baitu espezieen parekatze-sistema aukeratzeko orduan ingurune-baldintzek duten eragina. Ingurune-baldintzez ari garenean, baliabideei buruz ari gara, ur-putzuetan dagoen janari-kantitatea baita gakoa.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Monogamia urlehortarra appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute

mer, 2018/05/30 - 09:00
Juanma Gallego Isolamendu kronikoa ezarri dietenean, arratoiak erasokorragoak bihurtzen direla frogatu dute zientzialariek, haien garunean sustantzia kimiko berezi bat sortzen dutelako.

Ezaugarri komuna dute erlijio monoteistek. Haien profetek, gehienetan, isolamenduan aurkitu dute inspirazioa. Ezaguna da Jesukristo 40 egunez basamortuan izan zela, eta bertan deabruaren tentazioei muzin egin ziela. Mahomak ere egun osoak eman zituen Hira mendiko kobazulo batean, isolatuta. Testamendu zaharrean eta Toran, profeta askok isolamendua baliatu dute judutarren jainkoaren hitzak entzuteko. Erlijio horietako jarraitzailerik sutsuenek ere bide hori jarraitu dute. Euskal Herriko hainbat lekutan aurki daitezke, adibidez, harrian zizelkatutako koba artifizialak, Erdi Aroan landutakoak. Profeten bidea urratu nahian, hara joaten ziren eremitak, gainerako mundutik urrunduta. Halako egoeretan errazagoa dirudi inspirazioa aurkitzea; garunean zerbaitek klik egiten duela ematen du. Inspiraziorako zein eromenerako bidea zabal dezake klik horrek; muga lausoa baitago egoera horien artean.

1. irudia: Isolamenduak eulien eta arratoien garunean duen eragina frogatu dute, eta uste dute antzeko prozesua jazo daitekeela ere gizakiengan. (Argazkia: Jake Oates / Unsplash)

Profetek basamortuan eta liburu sakratuetan jainkoaren hitza bilatzen duten modu berean, zientzialariek garunean izaten diren prozesu molekularrak gertutik jarraitzen dituzte, bertan izaten diren aldaketetan mundua ulertu nahian. Orain klik horietako bat aurkitu berri dute.

Ohi bezala, arratoiak baliatu dituzte garunaren inguruko ezagutza handitzeko. Eta frogatu dute isolamendu kronikoak eragin garrantzitsua duela garunean. Aurkitu dituzten prozesuek gizakiengan antzeko modu batean funtziona dezaketela uste dute. Azken helburua garbia da: buruko asaldurak sendatzeko irtenbide bat aurkitzea.

Caltech Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzaileek aurkitu dute denbora asko isolatuta ematen duten arratoiek sustantzia kimiko berezia sortzen dutela garunean, eta horrek erasokorragoak eta beldurtiagoak bihurtzen dituela ikusi dute. Cell aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.

Besteak beste, arratoi ezezagunen aurrean oldarkorragoak dira isolatutako animaliak; etengabeko beldurra dute, eta eraso bat suposatu ditzaketen estimuluen aurreko hipersentsibilitatea erakusten dute ere. Ikertzaileek nabarmendu dutenez, isolatze luzeak baino ez ditu eragiten arazo hauek, bi aste ingurukoak. 24 orduko isolatzeak, aldiz, ez omen du horrelako aldaketarik sortzen.

Eulietan ere

Aurreko ikerketa batean Drosophila euli ezaguna erabili zuten bakardadearen eragina aztertzeko, eta orduan ikusi zuten takikinina izeneko neuropeptidoak zeresanik bazuela isolamendu egoeran gertatzen den oldarkortasuna areagotzeko orduan (neuropeptidoek mezulari lanak egiten dituzte organismoan, mezu kimikoen bitartez). Horregatik, molekula horrek ugaztunetan eragin berdina ote duen aztertu nahi izan dute.

Arratoietan Tac2 geneak neurokinina B (NkB) neuropeptidoa kodetzen du. Portaera emozionalarekin eta sozialarekin lotuta dauden garunaren eremuetan sortzen da neurokinina: amigdalan eta hipotalamoan. Denbora luzez isolatuta egoteak Tac2 genearen espresioa handitzen du, eta, ondorioz, neurokinina zabaltzen da garunean. Ezaguna da neuropeptido hau erasokortasunari lotuta dagoela; besteak beste,nerabezaroan amorruaren handitzea ekarri ohi du.
Ikertzaileek osanetant izeneko botika erabili dute hainbat arratoitan neuropeptidoaren errezeptoreak kimikoki indargabetzeko. Botika hori berez eskizofrenia eta nahasmendu bipolarra sendatzeko garatua izan zen. Baina, botika ziurra izanda ere, gaitz hauei aurre egiteko eraginkorrik ez zen. Halere, kasu honetan ikusi dute botikari esker arratoiek berriro ere estresik gabe jarduten dutela. Tac2 genearen eragina handitzeko kontrako bidea jorratu dutenean, berriz, arratoiek estresa garatu dute.

2. irudia: Aurreko lan batean David J. Anderson neurobiologoaren laborategian eulien oldarkortasuna aztertu zuten. Argazkian, laborategi horretan hartutako irudi bat. (Argazkia: Eric Hoopfer / Caltech)

Behin oldarkortasunaren “etengailua” aurkituta, zientzialariek garuneko eremu zehatzetan egin dituzte probak. Ikusi dute Tac2/NkB prozesuaren eragina ez dela berdina izaten garun osoan. Aitzitik, garunaren hainbat lekutan sortzen da, eta hauetako isuri bakoitzak portaerari lotutako aldaketa desberdinak eragiten ditu. Horrela aurkitu dute, adibidez, amigdalan Tac2 genearen eragina kentzean beldurrari lotutako portaerak gutxitzen direla, baina erasokortasunari lotutakoak bere horretan mantentzen direla. Hipotalamoan eginez gero, berriz, beldurra mantentzen da, baina ez, ordea, erasokortasuna. Isolatutako arratoiak hain dira erasokorrak, ezen normalean ezin baitituzte bueltatu arratoi taldeetara. Halere, botika horrekin tratamendua jaso ondoren, erasoak geldiarazi dituzte.

Zientzialariek espero dute ikerketa hau baliagarria izatea gizakiengan buruko gaitzak sendatzeko bide berriak aurkitzeko. Orain arte neurologoek erabiltzen duten estrategia serotonina eta dopamina bezalako neurotransmisoreetan datza: hauek manipulatuz gaitza sendatzen saiatzen dira, baina manipulazio horrek albo ondorioak ditu.

Ikerketa garatu duen laborategiko buru David J. Anderson neurobiologoak azaldu du intsektuetan zein ugaztunetan antzeko prozesuak aurkitzeak itxaropena pizten duela: “frutaren eulietatik arratoietara funtzio hau nolabait mantendu izanak pentsarazten dit peptido honek rol bat izan dezakeela estres mota batzuetan, eta baita estresak giza garunetan eragiten dituen ondorioetan ere”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zelikowsky M. et al (2018). The neuropeptide Tac2 controls a distributed brain state induced by chronic social isolation stress, Cell, Volume 173, Issue 5, p1265–1279.e19, 17 May 2018. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2018.03.037

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Isolamendu sozialak garuna eraldatzen duela aurkitu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hubbleren ondorengoa: James Webb izeneko espazio-teleskopioa

mar, 2018/05/29 - 09:00
Angel Gomez Roldan Makina konplexu bat eten gabe lanean aritzen bada 30 urte, atzeratuta geratzen da halabeharrez, konponketetan eta hobekuntzetan aritu arren. Izan ere, nekez eskuratuko ditu makina horrek makina moderno batek dituen prestazioak eta teknologia aurreratua. Hori hala da garbigailuetan zein autoetan, edo, kasurako, teleskopioetan.

Joan den apirilean, hogeita zortzi urte bete zituen munduan den teleskopiorik ospetsuenak: Hubble espazio-teleskopioa, oraindik ere orbitan jarraitzen duena. Ikus ditzagun beraren inguruko zehaztapen batzuk. 1990.eko apirilaren 24an jaurtiki zen, eta egun 28.000 km egiten ditu orduko, Lurretik 600 km-ra. Zeruko milaka objekturen milioi bat behaketa egin ditu, eta 10.000 astronomok erabili dute, gero 15.000 ikerkuntza-artikulu argitaratzeko. Horrela, esan dezakegu inoiz egin den zientzia-tresnarik emankorrenetakoa dela teleskopio hau.

1. irudia: James Webb espazio-teleskopioaren irudi grafikoa. (Irudia: NASA/Jet Propulsion Laboratory)

Argi dago Hubble teleskopioak iraultza bat eragin zuela astronomian. Izan ere, astronautek aukera izan dute konponketak egiteko eta horri esker, luzaro bizi izan da teleskopioa. Hala ere, 2009.ean azken konponketa egin zitzaionetik, hasiak dira bere ordez erabiliko duten James Webb teleskopioan lanean.

Nolakoa izango da teleskopio hau? Ispilu primarioaren diametroa izaten da honelako aparailuaren ezaugarri nagusia, horren arabera mugatzen delako argia biltzeko ahalmena. Hori dela eta, esan beharrekoa da 2.4 metroko ispilu monolitiko bakarra duela Hubble zaharrak, baina 18 segmentu hexagonal izango dituela James Webb teleskopioak. Hori, 6.5 metroko irekieraren parekoa izango da gutxi gorabehera, hau da, bost aldiz handiagoa izango du biltzeko azalera.

2. irudia: Bi teleskopioetako ispiluen tamainen arteko erkaketa. Ezkerrera, Hublerena (2.4 m-ko diametroa) eta eskuinera Webbena (6.5 m-ko diametroa). (Irudia: NASA)

Egitasmoak hasiera batean Belaunaldi Berriko Espazio Teleskopioa izena hartu zuen, duela 20 urte. 10 m-koa egin nahi zuten, baina 6.5 m-ra jaitsi zuten azkenean, diru eta teknologia kontuak direla eta. Egun, bere kostua 9.000 milioi dolarretik gertu dabil. Horrelako kostua du hegazkin-ontzi nuklear batek esaterako. Egitasmo honetan elkarlanean ari dira NASA eta Europako eta Kanadako Espazio Agentziak, eta Webb izena jarri diote, Apollo egitasmoaren garai onetako NASAko administratzaileetako baten izena hartuta.

Teknologia-aurrerapen handiak daude teleskopio berrian. Zerbait azpimarratze aldera, ispilu primario segmentatua du. Hiru zatitan jaurtiko da espaziora eta geroago espazioan muntatuko dira; optika-aparailuak berilioz eginak dira, eta materiala oso arina eta sendoa da; gainera, hozkailu kriogenikoak izango ditu, teleskopioko detektoreak 7ºK-era jaisteko. Horrela, infragorriko behaketa hobetu egingo da, hain zuzen ere infragorriaren esparruan arituko delako teleskopioa.

Eraikitze lanetan zortzi urte eman dituztela, prest daude dagoeneko osagai guztiak. Azpimarratu beharrekoak dira ispilu primarioko hexagono segmentuak, urrezko geruza mikrometriko batez estaliak. Geruza hau bereziki islatzailea da infragorrian. Bereziak dira beste lau tresna hauek ere: infragorri hurbileko kamara eta espektrometro objektuanitza, infragorri ertaineko espektrografo objektuanitza, eta iragazki sintonizagarriko kamara. Espektroa 0.6 eta 2.7 nanometroen artean egongo da, eta argi ikusgarria ere nolabait detektatzeko ahalmena izango du.

Bideoa: Harrigarriro erakusten da hemen nola muntatuko diren teleskopioa eta bere babes-pantaila. Azken hau, tenis-zelai baten tamainakoa da, eta babestu egiten du teleskopioa Lurraren eta Eguzkiaren argitik, aparailu optikoek eraginik jasan ez dezaten.

Lau esparru finkatu dira teleskopiorako. Horrelako izen pizgarriak jarri zaizkie esparruei:

  1. Garai Ilunen Amaiera: Lehenengo Argia eta Berionizazioa.
  2. Galaxien elkarretaratzea.
  3. Izarren jaiotza eta Izarren eta Sistema Protoplanetarioen jaiotza.
  4. Planeta Sistemak eta Bizitzaren jatorria. Horrela, unibertsoaren etapa guztiak aztertuko dira, Big Bang ondoko lehenengo distiretatik, Lurraren antzera bizitza gordetzeko ahalmena daukaten planeta-sistemen sorkuntzaraino. Gure Eguzkia Sistema bera ere aztertuko da.

3. irudia: James Webb teleskopioa, huts-kamerara sartu baino lehen; kameran espazioaren baldintza bortitz berberen pean ezartzen da, tenperatura kriogenikoetan alegia. Ispilu primarioaren segmentuak urrezko geruza islatzaile batez estalita dago. (Irudia: NASA)

Bestetik, Hubblerenak ehunka kilometroko orbita egiten du Lurraren inguruan, baina Webbena Lurretik 1.5 milioi kilometrora kokatuko da Eguzkia-Lurra-teleskopioa lerroa eginez. Lagrange 2 edo L2 izeneko gunean, orekatu egiten dira Eguzkiaren, Lurraren eta bertan kokatuko da teleskopio berria. Webbena baina askoz ere egokiagoa izango da behaketak egiteko. Hala ere, askoz ere jasankorragoa eta fidagarriagoa izan beharko da, ez baita astronautak konponketak egitera joateko modurik izango. Gainera, oso handia izango da (6.500 kg-ko pisua) eta beraz, jaurtitzeko gailua Ariane 5 ECA europarraren aldaerarik indartsuena izan beharko da. Horrela bada, atzerapen handiak egon dira, teknologia- eta diru-zailtasun handiak gainditu behar izan direlako. Izan ere, Amerikako Estatu Batuetako Espazio Agentziak izugarri murriztu ditu aurrekontuak. Edonola, 2020.eko maiatzean jaurtiko da, Kourou espazio-portutik (Guayana Frantziarra).

Azkenik, aurreikusten da gutxienez bost urte iraungo duela, baina 10 urterako erregaia eramango du. Ondo bidean, 2030.era arte iraungo du. Bitartean, Lurrean bertan eraikitzen ari dira beste bi teleskopio erraldoi (30 eta 40 m-koak). Hurrengo hamarkadaren bukaera aldean jarriko dira abian. Zein gauza miresgarri aurkituko ditugu gailu hauen bidez? Zientzian beti egiten dira sumatu ere ezin egin daitezkeen aurkikuntzak.

Informazio osagarria: James Webb Space Telescope

———————————————————————————-

Egileaz: Ángel Gómez Roldán (@AgomezRoldan) Astronomia aldizkariko editore nagusia da.

———————————————————————————-

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola (@JCOdriozola).

——————————————–

The post Hubbleren ondorengoa: James Webb izeneko espazio-teleskopioa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

El Caramboloko altxorraren misterioa argituta

lun, 2018/05/28 - 09:00
Elementuen analisi kimikoek eta isotopikoek agerian utzi dute altxorraren piezen urrearen jatorria.

Irudia: El Caramboloko altxorraren urrearen jatorria El Carambolotik oso hurbil dago: 2km-ra.

Kristo aurreko lehen milurtekoko urrezko pieza bilduma da El Caramboloko altxorra. Laborategian lortutako datuei esker, altxorraren urrearen jatorria zein den jakin ahal izan dute: El Carambolotik 2 km-ra dagoen hobi mineral bat.

Altxorraren jatorriari buruz eztabaida polemikoa izan dute adituek 50 urtez, gutxi gorabehera. Egindako analisi kimiko eta isotopiko berriek iradoki dute jatorria ez dagoela altxorra aurkitu zen tokitik milaka kilometrora, baizik eta handik 2 km-ra dagoen hobi mineralean baizik.

Urrezko pieza bildumak museo balio handia du eta horrek erabat mugatzen du zenbait analisi teknikaren erabilera; disolbatuz egiten direnak, kasu. Laser-ablazio mota bat erabili dute, horrenbestez, laginetan 100 mikrometro (0,1 mm) inguruko zulotxo txikia baino egiten ez duena. Berun analisi isotopikoak egin dira lagina ahalik eta gutxien hondatzeko teknikak erabilita, hortaz.

Objektu arkeologikoen erlazio isotopikoak eta baita objektu horien fabrikazioarekin lotutako materialena eta haiek egiteko ustez erabilitako mineralena ere zehazten dituzte laborategian, lehengaien jatorria zein den ezarri ahal izateko. Antzinako meatokien datu basea osatzen ari dira, aztarna arkeologiko baten eta haren jatorria izan litekeen meategiaren arteko erlazioa ezarri ahal izateko.

Berunaren nolabaiteko hatz-markan oinarritzen dira, berunaren erlazio isotopikoak ezberdinak dira erabiltzen diren materialen eta haien adinaren arabera eta berun horrek duen erlazio isotopikoa da laborategian zehazten dutena; alde nabarmenak baitaude hobi mineral batetik bestera.

Elementuen analisiak ere egiten dituzte, alegia, zer elementuren aztarna edo ultraaztarna dituzten materialek zehazten dute. Izan ere, materialak sekula ez direla puruak, hainbat aztarna eta ultraaztarna dituzte eta, haien bidez, material arkeologikoen eta geologikoen arteko erlazioak defini daitezke.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: El Caramboloko altxorraren misterioa argitzen lagundu dute UPV/EHUko geologo batzuek

Erreferentzia bibliografikoa

F, Nocete, R. Sáez, A.D. Navarro, C. San Martin, J.I. Gil-Ibarguchi The gold of the Carambolo Treasure: New data on its origin by elemental (LA-ICP-MS) and lead isotope (MC-ICP-MS) analysis Journal of Archaeological Science (2018) DOI: 10.1016/j.jas.2018.02.011

The post El Caramboloko altxorraren misterioa argituta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #204

dim, 2018/05/27 - 09:00
Uxune Martinez

Astrofisika

NASAren New Horizons zundari esker, Pluton planeta nanoa protagonista handia bilakatu da azken urteotan. Izan ere, zundak hartutako irudiek urrun dauden munduei buruzko jakin-mina asetzen lagundu digu. New Horizons zundak Plutoneraino egindako bidean ikusitakoa biltzen duen bideoa ezagutu dugu Sustaturen bitartez: “Plutonera bidaia”, NASAren #NewHorizon misioa laburbiltzen duen bideoa. Bertara joz ikusiko duzue, besteak beste, Pluton arrokaz eta izotzez osatua dagoela eta bost satelite dituela: Nix, Hidra, Karonte, Zerbero eta Estigia.

Zirraragarria suerta daitekeen aurkikuntza baten berri eman digu Juanma Gallego kazetariak. ALMA eta VLT teleskopioen bitartez egindako behaketetan oinarrituz, 13.300 milioi argi urtera dagoen MACS1149-JD1 izeneko galaxia urrunean, unibertsoa jaio eta 500 milioi urtera sortutako oxigenoa antzemateko gai izan dira zientzialariak. Oxigeno horri esker astrofisikariek kalkulatu dute galaxia horretako lehen izarrak Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera jaio zirela. Aurkikuntzaren xehetasun guztiak Unibertsoa sortu eta “gutxira” kozinatu ziren lehen izarrak artikuluan.

Biologia

Dimorfismo sexuala deritzogu espezi bereko animalietako emeek eta arrek fisionomia ezaugarri desberdinak dituztenean. Hau da, forma, kolorea, tamaina… ezberdinak dituztenean arrek eta emeek. Hori berori dute Ceratias holboelli arrain arrantzaleek. Emeak 60 cm-ko luzera du, arra, aldiz, nanoa da eta emeari itsatsita bizi da. Juan Ignacio Perez eta Miren Bego Urrutia biologoek azaldu digute, arrain arrantzalearen arrak bizkarroia badirudi ere, bizkarroi berezia dela emeari espermatozitoak ematen baitizkio. Istorio interesgarria da arrain hauek gordetzen dutena: Bikote bitxi hori.

Ekologia

Ba al dakizue munduko populazioaren %90a ibaien inguruan bizi dela? Has zaitezte gure inguruko herriei so egiten: Bilbo, Durango, Bergara, Donostia, Laudio… Errekak bidelagun izan arren gutxi dakigu beraiez baina UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak urteak dabiltza ibaiak aztertzen. Egunotan, Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dituzte sail honetako ikertzaileak partaide izan dituen ikerketa baten emaitzak. Ikerketa honek aldizkako ibaiak izan ditu helburu eta izenak aditzera ematen duen bezala, erreka hauek zenbaitetan ez dute urik izaten eta erabat lehortu ere egin daitezke. Arturo Elosegi ikertzailearen esanetan, Euskal Herrian ere, aldizkako errekak pentsatzen duguna baino askoz arruntagoak dira. Erreka idor hauek atmosferara isurtzen duten CO2-ekarpena uste zena baina handiagoa dela kalkulatu dute ikertzaileok. Aitziber Agirre kazetariak jasotzen ditu ikerketaren emaitzak Elhuyar aldizkarian: Erreka idorrek CO2-aren igorpen globala handitzen dute.

Klima-aldaketa

Badira ukatu egiten dutenak baina klima-aldaketa ez da asmazioa. Azken datuen arabera 1984ko abendutik hona hilabete guztiak zegokiena baino beroagoak izan dira. Estatu Batuetako gobernuaren ingurumen informaziorako zentroak (NOAA) azken 400 hilabetetan izandako tenperaturen jarraipena egin du eta emaitzak plazaratu berri ditu. Besteak beste, behaketak erakusten du 2018ko apirila ezagutu den 3. beroena izan dela eta, esaterako, apirilean Europa erdialdean eta Siberian tenperaturak ohikoa baino 4-5º C altuagoak izan direla. Sustatu agerkariaren bidez ezagutu ditugu datuak: “Aldaketa klimatikoa gezurra da” diotenentzat: 400 hilabete segidan tenperatura beroegiekin.

Medikuntza

Leuzemia da urtero kasu berri gehien eta heriotza gehien eragiten duen hamargarren minbizi mota. Urtero 300.000 heriotza eragiten dituela kalkulatzen da. Haurrengan ere eragina duen gaixotasuna da leuzemia eta Ana Galarragak asteon Elhuyar aldizkarian jakinarazi digu, Londresko Minbizi Ikerketa Institutuan egindako ikerketa baten arabera umeen leuzemia neurri batean prebeni daitekeela.

Mikrobiologia

Arropa berriak ba omen du aprestua. Hainbatek uste dute behin garbituta galdu egiten duela berezi egiten duen aprestu hori. Baina hobe da jantzi bat erosten dugunean ondo garbitzea. Josu Lopez kimikariak asteon hainbat arrazoi eman dizkigu erosi berri dugun arropa garbitzeko. Izan ere, dendetan bezero askoren eskuen artetik pasatzen dira arropak eta ikertzaileek frogatu dute erosi berria izan den arropan bakterioak eta birusak kantitate nabarmenean dituztela eta, horrez gain, gorotz-germenen presentzia ere izaten dituztela.

Neurozientzia

Dislexia jatorri neurologikoa duen ikasteko zailtasun espezifikoa da, irakurmenaren zehaztasun eta arintasunean eragin zuzena du. Egun intzidentzia uste zena baino altuagoa da, haurren %10k baitu. Dislexia eta hizkuntzaren garapenaren lotura zuzena da, eta erlazio hau ulertzeak asko lagun dezake dislexia arin detektatzeko. Donostian egoitza duen Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroak (BCBL) lanean dihardu dislexiaren jatorria eta arrazoiak argitzeko, eta horretarako kasko berezi bat osatu nahi dute. Kasko hau jantziz gero, bere betebeharra litzateke dislexikoei letrak hobeto bereizten irakastea. Lan honen xehetasunak Arantxa Iraolak azaldu dizkigu Berrian: Letrak ez daitezen izan anabasa.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #204 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjaintasunaren kartografia #217

sam, 2018/05/26 - 09:00

6 mikrako diametroa duen zelula nukleo batean sartzen da giza DNAren informazio osoa, duen paketatze trinko eta konplexuari esker. Farmakoen diseinuan aprobetxa daitezke konplexutasun eta paketarzen horiek. Isabel Pérez Castrok azaltzen du Exploiting DNA packaging artikuluan.

Ekonomiako Nobela izenarekin ezaguna den saria eskuratu zuen Ronald Coase-k. Argitaratzerako orduan zientzialariek zergatik batzen diren azal dezake bere teorietako batek. Jesús Zamora Bonillaren On scientific co-authorship (2): An economic diversion, Ronald Coase’s theory of the firm.

Lur arraroetan beha daitezkeen tenperaturarekiko balentzia aldaketek ez lukete zerikusirik konposatuaren Kondo tenperaturarekin, teoriaren aurka doana. DIPCk aurkikuntza honetan lagundu du 7 urtez esperimentu sistematikoak egin ondoren. Temperature dependence of rare earth valence has nothing to do with Kondo temperature

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjaintasunaren kartografia #217 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Martin Olazar: “Bioerregaia bizirik dagoen biomasatik sortutako erregaia da” #Zientzialari (95)

ven, 2018/05/25 - 09:00

Iturri berriztagarrien aldeko apustua egin dute aspalditik energiaren inguruko politika desberdinek, karbono gasen isurketa murrizteko eta klima-aldaketari aurre egiteko asmoarekin. Energia iturri hauen artean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira bioerregaiak, hots, bizirik dagoen biomasatik lortzen diren erregaiak.

Bioerregai erabilienetakoa dugu gaur egun landare iturrietatik lortzen den bioetanola. Baina zertan datza zehazki bioetanola lortzeko prozesua? Zertarako erabiltzen da? Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak arlo honetan? Galderei erantzuna emateko Martin Olazar adituarenagana jo dugu, bera Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da UPV/EHUn.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Martin Olazar: “Bioerregaia bizirik dagoen biomasatik sortutako erregaia da” #Zientzialari (95) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau!

jeu, 2018/05/24 - 15:00
Beñat Artetxe, Santiago Reinoso, Juan M. Gutiérrez-Zorrilla Juan José eta Fausto Elhuyar anaiek 1783. urtean wolframioa (W) lehen aldiz isolatzea lortu zuten. Ordutik hona, metal hau mundu guztian zehar erabiltzen da boligrafoen puntetan edo bonbilen filamentuetan. Ondorioz, Elhuyar anaien aurkikuntza Euskal Herrian zientziaren arloan egin den ekarpen unibertsalena dela baiezta genezake. Elementu berri bat aurkitzeaz gain, kimika ez-organikoaren alorrean garrantzi handia izango zuen arlo baten aitzindari izango ziren oharkabean: polioxometalatoen (POMen) kimika.

POMak metal eta oxigenoz osatutako kluster (atomo talde nanometrikoak) anionikoak dira [1]. Nazioartean, lehen aldiz POM bat sintetizatu zuen ikertzailea J. J. Berzelius izan zela esan ohi den arren, Elhuyar anaiek ia mende erdi lehenago prestatua zuten wolframioan oinarritutako (NH4)10[H2W12O42]·10H2O gatza, “hori koloreko konposatu mingots eta mina” bezala deskribatu zutena.

1. irudia: Polioxometalatoen egituren aniztasun ikaragarriaren isla. Kluster ohikoenen egitura molekularraren errepresentazio poliedrikoak eta berauen sailkapena iso- edo heteropolioxometalato bezala. Kolore kodea: MOx oktaedro grisak; XOx poliedro berdeak; espezie erraldoietako Mo atomo desberdinetako bakoitza kolore ezberdin batez adierazi da.

POMak oxidazio egoera altuenean dauden 5 eta 6. taldeetako trantsizio metalez (M) osaturik daude, ohikoenak banadioa, molibdenoa eta wolframioa izanik. Konposizioa aintzat hartuta, bi talde nagusitan bana daitezke: iso- (metal eta oxigenoz soilik osatuta daudenak) eta heteropolioxometalatoak (metal eta oxigenoaz gain, heteroatomo (X) izena duten elementu gehigarriak dituztenak).

Egiturari dagokionez, POMak MOx poliedroen kondentsazioaren ondorio dira, non oktaedrikoa (x = 6) geometria arruntena den. Unitate hauek erpinak edo ertzak partekatuz elkartu ohi dira 2 eta 368 zentro metaliko bitarteko egiturak eratuz. Laburbilduz, egituren aniztasun ikaragarria dimetalatoak bezalako anioi txikietatik proteinen tamaina duten kluster konplexuetara doala esan genezake (1.irudia).

Konposizio, egitura eta propietate elektronikoen aldetik erakusten duten aniztasun izugarriaren ondorioz, POMek aplikazio esparru zabala aurkitu dute besteak beste katalisian, materialen zientzian, nanoteknologian eta biomedikuntzan (2. irudia) [2]. Bereziki prozesu katalitikoetan erabiltzen dira POMak. Adibide azpimarragarria da berauen erabilera industriala etil azetatoa (tinta, farmako eta estalduren industrian oso arrunta) pauso bakarrean ekoizteko prozesuan.

2. irudia: Polioxometalatoen aplikazio eremu zabalaren inguruko zenbait adibide. Goialdean, uraren oxidazio fotokatalitikorako katalizatzaile heterogeneoa; erdialdean, material lumineszentea; behealdean, iman molekularra.

Teknologia honetan oinarrituta, British Petroleumek (BP) munduko etil azetato ekoizpen planta handiena eraiki zuen, 2011an Europan kontsumitu zen etil azetatoaren %56 suposatu zuelarik. Prozesu honek kontsumo energetikoaren %20 eta ekoiztutako hondakinen %35eko murrizketa suposatu zituen. Aplikazio katalitiko hutsetik haratago, POMek erlazioa dute gaur egungo energia iturri berriekin.

Erregai fosilen ordezkoa bilatu nahian, simulatu nahi den prozesuetako bat landareen fotosintesia da, non argi modura jasotzen den energia, energia kimiko bihurtzen den. Prozesu honetan, uraren disoziazioa POM bidezko erreakzio fotokatalitikoaz lor daiteke eguzki-argia erabiliz. Aipatutakoa, etorkizuneko erregaitza den H2 gasa lortzeko metodo garbi eta eraginkorrenetako bat litzateke, hauts erako katalizatzaile heterogeneoa uretan esekiduran mantentzea baino ez bailitzatekeelako behar.

Bestalde, lantanidoak (lur arraroak) dituzten POMak propietate oso interesgarriak aurkezten dute. Alde batetik, material hauek gai dira gizakiontzat ikusezina den argi ultramorea xurgatu eta argi ikuskorra igortzeko (fotolumineszentzia). Propietate hauek erabilera teknologiko anitzak aurki ditzakete, analisi biomedikoetan, zelula fotovoltaikoetan, transistore optikoetan, laserretan, edota LED diodoetan. Bestetik, ordenagailuetako disko gogorretan grabazio sistema magnetiko digitala erabiltzen da informazioa gordetzeko. Hauek domeinu magnetiko mikroskopikoez eratutako materialez osatuta daude. Muturreko kasua da iman molekularren erabilera. Izan ere, lantanido eta POMen arteko konbinazioa iman molekularrak (domeinu magnetiko ñimiñoena baino 1000 aldiz txikiagoa) prestatzeko bide ezin hobea dugu.

Sintesiak ematen dituen aukera mugagabeari esker, gaur egun ezagutzen diren aplikazioez gain, lan-esparru berriak ireki ditzakeela uste da. Izan ere, Elhuyar anaien ametsak oraindik ere bizirik dirau eta bizirik egoten jarraituko du datozen hamarkadetan ere.

Bibliografia:

[1] POPE, M.T. 1983. Heteropoly and Isopoly Oxometalates. Springer-Verlag, Berlin.

[2] SÉCHERESSE, F. Ed. 2013. Polyoxometalate Chemistry: Some Recent Trends. World Scientific, Singapur.

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 32
  • Artikuluaren izena: Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau!
  • Laburpena: Polioxometalatoak (POMak) kimika ez-organikoaren munduan ezagunak diren metalez eta oxigenoz osatutako kluster anionikoak dira. Azaldu ohi duten forma, konposizio eta propietate aniztasunaren ondorioz, POMek aplikazio ugari dituzte teknologiari, ekonomiari edo ingurugiroari lotutako arlo ezberdinetan. Nahiz eta aspaldidanik aplikazio katalitikoetan erabili, gaur egun etorkizunerako garrantzitsuak izango diren esparru oso ezberdinetarako ikertzen ari dira, besteak beste, hondakin-uren tratamenduan, medikuntzan, konputazio kuantikoan, energia-iturri berriztagarrietan edota sentsore kimiko lumineszenteetan. Horrengatik guztiagatik, polioxometalatoen kimika, etorkizun handiko kimika ez-organikoaren alorreko esparru dinamikoenetariko bat dela baiezta genezake.
  • Egileak: Beñat Artetxe, Santiago Reinoso, Juan M. Gutiérrez-Zorrilla
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 97-112
  • DOI: 10.1387/ekaia.17686

—————————————————–
Egileez: Beñat Artetxe eta Juan M. Gutiérrez-Zorrilla UPV/EHUko Zientzia eta Teknlogia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira. Santiago Reinoso, bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoko InaMat-Institute for Advanced Materialsekoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Polioxometalatoak: Elhuyar anaien ametsak bizirik dirau! appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bikote bitxi hori

jeu, 2018/05/24 - 09:00

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Geroari begira

———————————————————————————————————–

Ceratias holboelli-ri arrain arrantzalea[1] esaten diote ingelesez, kanabera bezalako luzakin berezia ateratzen baitzaio buruaren goi aldetik. Lumineszentea da luzakinaren punta; horri esker erakartzen ditu ehizakiak. Apo-arrainaren antzera jokatzen du (ikus «Arrain arrantzalea» izenburuko atala), baina amu gisa argia erabiliz.

1922an, B. Saemundsson biologo islandiarrak 66 cm luzeko arrain arrantzale eme bat harrapatu zuen. Harrituta geratu zen arraina ikustean, beste bi arrain txiki ikusi baitzituen handiaren azalari itsatsita. Hasiera batean, arrain-kumeak zirela pentsatu zuen, baina oso itxura arraroa zuten, endekaturik baleude bezala. Gainera, hain zen estua arrain txikiek handiarekin zuten lotura, ezpainak handiaren larruazalarekin bat eginda zeudela baitzirudien.

Hiru urte geroago, C. Tate Regan iktiologo britainiarrak aurkitu zuen arraintxo haiek ez zirela kumeak, ar nanoak baizik. Hau da, ar helduak ziren, emeari betiko itsatsita. Izan ere, arrain handiaren eta txikiaren odol-hodien artean jarraikortasun osoa zegoela ikusi zuen Reganek. Orain badakigu erantsi ondoren arrak bizitza askeari uko egiten diola eta emearen guztiz menpeko bihurtzen dela. Izan ere, emerik aurkitzen ez duten arrek ez dute gonadarik garatzen eta ez omen dute biziraupen luzerik (hilabete gutxi batzuk bizi dira, besterik ez).

Zenbaiten ustez, bizkarroia da arrain arra; baina bizkarroia bada ere, guztiz bizkarroi berezia da, emeari espermatozitoak ematen baitizkio. Are gehiago, arrik itsatsita ez duten emeek ez omen dute gonada heldurik garatzen, eta behin betiko ar erantsirik gabe haien obozitoak ez omen dira inoiz ernaltzen. Beste zenbaiten ustez, berriz, arrain arrantzale arra zakil bat baino ez da, baina hori ez da zuzena. Egia da zenbait organo ⎯begiak, esaterako⎯ galdu dituela, baina brankiak, bihotza eta giltzurrunak mantendu ditu eta beren zereginak betetzen dituzte.

Aurkakoa pentsa badaiteke ere, Ceratias holboelli ez da salbuespen bat, Lophiiformes ordenaren beste kide askok erakusten baitituzte antzeko ezaugarriak. Mutur batean daude Ceratias holboelliren modukoak, baina talde bereko beste zenbait espezietako arrek eta emeek bizitza independentea dute. Erdiko formak ere badira.



Ur sakonetako arrainak izanik, oso baxua da haien dentsitatea eta, ondorioz, oso zaila da sexu desberdineko banakoek elkar aurkitzea. Beraz, ingurune berezi horretan bizitzeko moldaera da arra emeari itsatsita bizitzea, behin erantsiz gero betiko geratzen baitira elkarri lotuak.

Arrain hori bizi den ur sakonetan janaria aurkitzea ere oso zaila denez, lumineszentziaren trikimailua garatu dute orden bereko espezie askok. Eguzki-argia ez da iristen ur sakonetara, eta beraz, ilicium izeneko kanabera moduko luzakinaren puntan diren bakterio sinbionteek sortzen duten argia oso erakargarria egiten zaie eremu zabal batean dabiltzan balizko harrapakinei.

Elikatzeko moduagatik oso bereziak dira arrain hauek, bai, baina askoz bereziagoak dira duten ugaltze-estrategiagatik. Bizi diren ingurumenaren ezaugarri berezien pean bizitzeko moldaerak dira bai bata eta bai bestea.

[1] Anglerfish da ingelesezko izena.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Bikote bitxi hori appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Unibertsoa sortu eta “gutxira” kozinatu ziren lehen izarrak

mer, 2018/05/23 - 09:00
Juanma Gallego Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera jaiotako lehen izarren aztarna aurkitu dute astrofisikariek, ALMA eta VLT teleskopioen bitartez egindako behaketetan oinarrituz.

Galaxia urrun batean, unibertsoa jaio eta 500 milioi urtera sortutako oxigenoa antzemateko gai izan dira zientzialariak, baina behaketa horrek denboran are atzerago joateko bidea eman diete ere. Izan ere, oxigeno horri esker astrofisikariek kalkulatu dute galaxia horretako lehen izarrak Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera jaio zirela.

1. irudia: ALMA -irudian- eta VLT behatokiak erabili dituzte aurkikuntza egiteko, eta baita Spitzer eta Hubble espazio teleskopioak ere (Argazkia: ESO/ B. Tafreshi – twanight.org)

MACS1149-JD1 izeneko galaxiari begira jarri direnean egin dute aurkikuntza. Galaxia hori 2012an aurkitu zuten, Spitzer eta Hubble espazio teleskopioen bitartez, eta zinez urrun dago: 13.300 milioi argi urtera. Jakina denez, astronomian halako distantziatara begiratzeak denboran zehar atzera egitea ere esan nahi du, eta horrek unibertsoaren hasierako momentuak ikusteko parada ematen du.

Nature aldizkarian nazioarteko astronomo talde batek azaldu duenez (arxiv-en ere eskuragarri dago ikerketa artikulua), galaxia horretan oxigenoak igorritako distira ahul bat ikusi ahal izan dute. Lurrean detektatutako uhin luzera seinale hori sortu zenekoa baino hamar aldiz handiagoa izan da. ESO Europako Behatoki Australak zabaldutako ohar batean azaldu dute horren zioa: “unibertsoaren espantsioa dela eta, espazioan zehar bidaiatu ahala, argi infragorria lerratu egiten da”.

Datu horiek ikusita, zientzialariek kalkulagailua atera dute, eta ondorioztatu dute oxigenoaren seinalea duela 13.300 milioi urte inguru igorri zela, hots, unibertsoaren jaiotza izan eta 500 milioi urtera. Hortaz, orain arte urrunen antzemandako oxigenoa litzateke ikusitakoa.

Ikerketaren gakoa, hain zuzen, oxigeno horretan dago. Oxigenoa izarrak hiltzen direnean baino ez da askatzen, eta, horregatik, ezinbestean aurretik beste izar belaunaldiek jaio, bizi eta hil behar izan zuten. Modu horretan, lehen izarren jaiotza Big Banga gertatu eta 250 milioi urtera izan zela ondorioztatu dute ikertzaileek.

2. irudia: MACS J1149.5+2223 izeneko galaxia multzoa; laukian, MACS1149-JD1 galaxia. (Argazkia: ALMA / Hubble/ Zheng JHU, Postman STScI, the CLASH Team, Hashimoto et al.)

Izan ere, unibertsoaren hasierako uneetan ez zen oxigenorik existitzen: elementurik sinpleenez osatutako mundua zen ordukoa, hau da, hidrogenoz eta helioz osatutakoa. Horiek baino astunagoak ziren elementuak lehen izarretan ekoitzi ziren, labe kosmiko erraldoietan gertatutako fusioen ondorioz. Izar hauek hiltzean askatu ziren elementu astunagoak, eztanda erraldoietan. Horregatik, ikertzaileek badakite 500 milioi urteko izar horiek ordurako helduak zirela, eta aurretik izan ziren izarren belaunaldiak irudikatzeko aukera izan dute horrela.

ALMA behatokiaren bitartez oxigenoaren berri izan duten modu berean, VLT teleskopioaren bitartez hidrogenoaren seinale bat antzeman dute; azken hau, are ahulagoa. Bigarren igorpen horri esker baieztatu ahal izan dute galaxiaren kokapena. Ondorioz, zientzialariek aldarrikatu dute modu ziurrean orain arte neurtutako galaxiarik urrunena litzatekeela hau.

Lehen izar horiek zehazki noiz sortu ziren jakin ahal izateko beste teleskopioen bitartez eskuratutako datuak baliatu dituzte. Zehazki, Hubble eta Spitzer espazio teleskopioek infragorrian hartutako datuak izan dituzte abiapuntu. Gogoratu beharra dago espazio teleskopioak ezinbestekoak direla zeregin horietan: Lurreko atmosferak argi infragorri gehiena xurgatzen duenez, argi espektro horretan behaketa zehatzak egiteko atmosferatik kanpo egon behar dute behatokiek.

Nature aldizkarian emaitza garrantzitsuak testuinguruan jartzeko argitaratzen den iruzkin horietako batean Leiden Unibertsitateko (Herbehereak) Rychard Bouwens astrofisikariak azaldu du funtsean ikertzaile talde honek galaxiaren gorriranzko lerrakuntzaren neurketa oso zehatza egin duela. “Argi iturri baten gorriranzko lerrakuntzak adierazten digu iturriak argi hori igorri zuenetik unibertsoak izan duen espantsio faktorea zein izan den, eta baita argia igorri izan zenean iturri hori zein distantziatara zegoen”.

Bideoa: Ordenagailuz egindako simulazio batek MACS1149-JD1 galaxian izarrak zelan sortu ziren erakusten du.

Lerrakuntza hori 9,11koa da. “4 baino gehiagoko gorriranzko lerrakuntza duten galaxiak ikertzeko ALMAk normalean ionizatutako karbono bakar batek sortutako igorpen lerroa erabiltzen du. Hashimotok eta haren kideek ionizatutako oxigeno bikoitzari lotutako lerro batean jarri dute konfiantza”.

Ikerketaren balioa aitortuta ere, orain aurkeztutako lanak izan ditzakeen mugak ere mahai gainean jarri ditu adituak. “MACS1149-JD1 galaxia bat besterik ez da, eta ez dago argi beste galaxietan ere izarrak hain goiz jaio zirenetz. Planck kolaborazioak burututako mikrouhinen hondo kosmikoaren behaketak erakusten du hasierako unibertsoan izan zen izarren jaiotza-tasa ikerketa honetan proposatzen dena baino txikiagoa izan zela”. Horrez gain, gaineratu du antzeko garaietan behatu izan ziren hainbat galaxiatan halako izarren eraketa prozesurik ez dela antzeman. Dena dela, aitortu du ere ikerketa honek iradokitzen duen izarren jaiotza-tasa altuak azal zezakeela unibertsoaren hasierako uneetan mikrouhinen hondo kosmikoaren erradiazioaren espektroan “aurten aurkitutako xurgatze-seinale handia“. Otsailean aurkeztu zuten seinale hori, unibertsoak izan zuen lehen hidrogenoaren adierazle.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hashimoto T. et al. (2018). The onset of star formation 250 million years after the Big Bang. Nature volume 557, pages 392–395. DOI:10.1038/s41586-018-0117-z

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Unibertsoa sortu eta “gutxira” kozinatu ziren lehen izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages