S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 57 min

May-Britt Moser (1963-): Barruko GPSa piztu zuen emakumea

ven, 2018/03/16 - 09:00
Uxue Razkin Ezagutzen ez dugun espazioan gaude. Zaila, korapilatsua da inguratzen gaituena, armiarma baten sarean gaudela iruditzen zaigu. Bat-batean, irudia beltzera urtu egiten da. Zerbait ezagutzen ez denean, itsu bihurtzea bezalakoa da. Ez dakigu nora joan, ez dakigu zein bide den aukeratu behar duguna. Pista moduko batzuk behar genituzke, horiek ibilbide zuzena argitu dezaten. Bada, horri guztiari erantzuna emateko gizakiok badugu mekanismo bat.

Gure garunean badaude zelula batzuk gu orientatzeaz arduratzen direnak. Mapa moduko bat sortzen dute gure barruan. Zelulez osatutako posizionamendu sistemak barruko ‘GPS’ moduko baten antzera egiten du lan. Hain zuzen ere, espazioan orientazioa ahalbidetzen duten zelulak aurkitzeagatik eta identifikatzeagatik eman zioten Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria May-Britt Moserri 2014. urtean, bere senarra Edvard I. Moser eta John O’Keefe estatubatuarrarekin partekatu zuena. Aurkikuntza horrek, gainera, azal lezake zergatik alzheimerra duten pazienteek ezin duten euren ingurua antzeman.

1. irudia: May-Britt Moser neurozientzialaria.

Lehenengo urratsak

1971n, John O’Keefek ikusi zuen arratoi bat logelaren puntu jakin batean jarrita, hipokanpoan zeuden zelula batzuk aktibatzen zirela. Halaber, arratoi hori beste toki batzuetan zegoenean, beste mota bateko zelulak aktibatzen zirela argitu zuen. Horrela, O’Keefek “leku-zelula” horiek logela horren mapa bat sortzen zutela ondorioztatu zuen. 2005ean, May-Brittek eta bere senar Edvard I. Moserrek beste zelula mota batzuk identifikatu zituzten: “sareko-zelulak” deiturikoak. Hauek sistema koordinatu bat sortzen zuten eta modu horretan, forma oso zehatz batean espazioan kokatzea ahalbidetzen zuten. Hitz gutxitan azalduta, zelula horiek distantziak kalkulatzen laguntzen diote garunari. Barruko GPS hori, beraz, ‘leku-zelulek’ eta ‘sareko zelulek’ osatzen dute gure garunean, posizionamenduzko sistema bat sortuz, alegia.

O’Keefek eta Moser senar-emazteek Horwitz Saria jaso zuten 2013.urtean, Columbiako Unibertsitatearen eskutik, animaliekin egindako lanarengatik. Izan ere, gauzatutako ikerketek “alzheimerraren eta gaitz neurologikoen kontrako tratamendu berriak gara litzakete”, gaixotasun horiek baitira garuneko ahalmen espazialean eragina izan dezaketenak.

2. irudia: May-Britt Moser neurozientzialaria Medikuntzako Nobel saria jasotzen 2014. urtean. (Argazkia: Pascal Le Segretain/Getty Images)

Psikologiatik neurozientziara

May-Britt Moser Norvegian jaio zen, 1963an. Berak kontatzen duen legez, txikitatik egon da naturarekin harremanetan. Bere gurasoek baserri bat zuten eta ordu asko igarotzen zituzten bertan. Bere aita arotza zen baina bere amarekin batera, animalien zaintzaz arduratzen zen. May-Britt txikiak laster ikusi zuen animaliak gustuko zituela. Are gehiago, bera seme-alaben artean txikiena izanik, denbora asko pasatzen zuen bakarrik eta hain ondo pasatzen zuen, ezen behin barraskiloek belarra jaten dutenean azaleratzen zuten portaera aztertu baitzuen. Bere amak doktore izan nahi zuela esan zionean, berak hori egin nahi zuela erabaki zuen, amak bete ez zuen amets horri heldu nahian. Halere, animaliak gustuko zituenenez, ez zuen alboratzen albaitari izatearen ideia. Azkenean, Psikologia ikasi zuen Osloko Unibertsitatean bere senarrarekin. Zer dela eta hasi zen psikologia ikasten? Hasieratik, garunak atentzioa eman ziolako.

Halere, bide hau hautatu aurretik, geologia eta biologia ikasteko grina piztu zitzaion, baita irakasle izateko nahia ere. Baina garunaren funtzionamenduak erakarri zuen erabat. Bigarren seihilekoan, Terje Sagvoldenen laborategian hasi zen lanean bere senarrarekin. Arratoien hiperaktibitatea ikertzen ari ziren bertako ikertzaileak. Bi urtez, hiperaktibitatean eta arratoien jokabidean sakondu zuen. Euren asmoa, halere, garuna aztertzea zen eta hori egiteko bazekiten beharrezkoa zela Per Andersen taldearekin lan egitea. Arazo bat zuten, ordea: sail horretan zeuden ikertzaileak medikuak ziren eta psikologoak ez zituzten aintzat hartzen eta gainera, ikerketa-taldea betea zegoen.

Azkenean, onartu zituzten graduondoko ikasle gisa. Andersenek hipokanpoan lesio txikiak egiten irakatsi zien, LTPa (Long-term potentiation) bizirik dagoen garunean aztertu nahi baitzuen. Neuronen arteko loturak areagotzen direnean gertatzen da hori. Andersenek iritzi zion errazago izango zela LTPa antzematea aldaketak gerta litezkeen espazioa mugatua egonez gero. Erronka ez zen erraza, psikologoak zirenez, ez zuten garunaren disekziorik egin inoiz, baina azkar ikasi zuten. Egindako lanari esker, Moser senar-emazteek frogatu zuten hipokanpoaren alde dortsalean lesio bat zuten arratoiek ez zutela ikasten baina lesio jakin hori zati bentralean egonez gero, ez zitzaiela ezer gertatzen. Hala, memorian eta ikasketa espazialean eragina zuen zatia hipokanpoaren alde dortsala zela ondorioztatu zuen. Emaitzak The Journal of Neuroscience-n publikatu zituzten. 1995ean, neurofisiologia doktorego tesia defendatu zuen eta Edimburgoko Unibertsitateko doktoretza-ondoko ikasle izan zen. Horren ondotik, Per Andersenek eta Richard Morrisek iradoki zuten John O’Keeferekin batera lan egin behar zutela, Londresko University College deiturikoan; hain zuzen, nerbio-sistemako zelulak ikasteko. Zientzialari gonbidatua izan zen bertan. Hor abiatu zen Nobel Saria helmuga zuen abentura. 1996an, bere senarrarekin batera, Trondheimeko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatera itzuli zen. 2000. urtean, Neurozientzia arloko katedraduna izendatu zuten eta egun, Trondheimeko Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean, Neurona-Konputazio Zentroko zuzendaria da.

Iturriak:

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post May-Britt Moser (1963-): Barruko GPSa piztu zuen emakumea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zitosoleko lipido-tanten sorrera eta erabilera

jeu, 2018/03/15 - 15:00
Hiart Navarro-Imaz, Lino Arisqueta, Yuri Rueda, Olatz Fresnedo Zitosoleko lipido-tantak (lipido-gorputz edo adiposoma ere deituak) ia zelula guztietan agertzen diren egitura azpizelularrak dira.

Irudia: Beti horrela izan ez bada ere, gaur egun, lipido-tantak benetako organulutzat hartzen dira.

Klasikoki lipido-biltegi inerteak kontsideratu dira, azterketa klasikoak lipidoen metaketan espezializatutako ehunetan (hala nola ehun adiposoan) egin izan baitira, eta horregatik lipidoen metaketarako eta mobilizaziorako barrunbe zelulartzat hartu dira betidanik. Gaur egun, lipido-tanten konplexutasunagatik eta metabolismoan eta beste fenomeno zelularretan duten partaidetzagatik, benetako organulutzat hartzen dira.

Lipido-tanten egituran bi eremu bereiz daitezke: gune anhidroa eta gainazal anfipatikoa. Gunean triazilglizerolak eta kolesteril esterrak bezalako lipido neutroak eta hidrofobikoak dira nagusi. Azala mintzetako lipidozko geruza bakun batez eta horri loturiko proteinez osatuta dago. Proteina horien kopurua eta konposaketa oso aldakorra da ehun motaren eta egoera fisiologikoaren arabera.

Lipido-tantak erretikulu endoplasmatikoan sortzen dira. Bertan daude kokatuta lipido neutroak sintetizatzen dituzten entzima nagusiak: diazilglizerol aziltransferasa (triazilglizerolen biosintesiko azken urratsa katalizatzen duena) eta azil-A koentzima:kolesterol aziltransferasa (kolesteril esterren ekoizlea). Entzima horien produktuak bigeruzaren erdiko aldean (gune anhidroan) metatzen dira konkor bat sortuz. Sortzen ari den lipido-tanta zitosolerantz kimatu behar da; prozesu horretan proteina laguntzaileek hartzen dute parte, erretikulu endoplasmatikoaren hemimintz zitosolikoaren okerdura egokia (konbexutasuna) bermatuz.

Erretikulu endoplasmatikotik askatu ondoren, beren bizitzan zehar hazkuntza, lipidoen eta proteinen transferentzia, fusio prozesuak, beste organuluekin elkarrekintza espezifikoak, eta abar erakusten dituzte. Gaur egungo lipido-tanten biologiaren inguruko ikerkuntza garrantzitsu asko organulu horren proteinen konposaketari eta horien trafikoari buruzkoak dira.

Lipido-tantetako proteina ezagunenen artean perilipinak (PLIN) ditugu, 5 kidek osatzen duten familia. PLIN1 eta PLIN2 konstitutiboak dira, beti agertzen dira lipido-tantei lotuta; PLIN3, 4 eta 5 aldiz fakultatiboak dira, zelularen egoeraren arabera zitosolaren eta lipido-tanten artean lekualdatzen dira. Perilipinek lipido-tantetan gordetako lipidoen hidrolisia erregulatzen dute, azilglizerol lipasa ezberdinen jardueraren gain eraginez. Horretaz gain lipido-tanten sormenean hartzen dute parte, eta baita lipido-tanten arteko lipido-transferentzian ere.

Lipido-tantek gordetzen dituzten lipidoak erregai zein beste molekula batzuen aitzindari gisa erabiliak izan daitezen, lipolisi eta lipofagia prozesuen bidez modu erregulatuan askatzen dituzte. Erregaien hornikuntzaz eta horien erabilpenaren erregulazioaz gain, beste funtzio asko betetzen dituztela frogatu da.

Lipido-tanten proteomaren analisi ugari egin dira organismo eta zelula mota ezberdinetan. Analisi horiek aurkitu dute, lipidoen kudeaketarako beharrezkoak diren proteinez gain, oso prozesu ezberdinetan parte hartzen duten proteinak ere dituztela, hala nola zitosolekoak, nukleokoak, erretikulu endoplasmatikokoak edo mitokondriokoak. Gaizki tolestutako proteinen behin-behineko biltegi izan daitezke, gene adierazpenaren modulazioan eta proteinen degradazio prozesuetan parte hartzen dute eta ziklo zelularrean histonen biltegi modura joka dezaket. Lipido-tantek prozesu patologikoetan ere hartzen dute parte; besteak beste, birus batzuen erreplikazioan ezinbestekoak dira, birusaren osagaien mihiztaduran lagunduz. Hori da, adibidez, C hepatitisaren birusaren kasua.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Zitosoleko lipido-tanten sorrera eta erabilera.
  • Laburpena: Lipido-tantak klasikoki lipido-biltegi inertetzat hartu badira ere, gaur egun benetako organulutzat hartzen dira, beren konplexutasunagatik eta metabolismoan eta zelulen beste fenomenoetan dituzten zereginengatik. Erretikulu endoplasmatikoan sortu eta bertatik askatu ondoren, beren bizitzan zehar hazi egiten dira, lipidoen eta proteinen transferentzia egiten dute, fusio prozesuetan hartzen dute parte eta elkarrekintza espezifikoak izaten dituzte beste organuluekin. Gordetzen dituzten lipidoak erregai zein beste molekula batzuen aitzindari gisa erabiltzen dira, eta horretarako lipolisi eta lipofagia prozesuen bidez askatzen dituzte modu erregulatuan. Lan honetan laburki aztertzen dira prozesu horiek eta lipido-tantek betetzen dituzten funtzio ezkanonikoak.
  • Egileak: Hiart Navarro-Imaz, Lino Arisqueta, Yuri Rueda, Olatz Fresnedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 33-43
  • DOI: 10.1387/ekaia.16388

—————————————————–
Egileez: Hiart Navarro-Imaz, Yuri Rueda eta Olatz Fresnedo UPV/EHUko Fisiologia Sailekoak dira eta Lino Arisqueta Universidad Inernacional del Ecuadoreko Escuela de Medicinakoa.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zitosoleko lipido-tanten sorrera eta erabilera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Igelen jauziak

jeu, 2018/03/15 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Anfibio anuroen artean badira jauzi azkarrak eta indartsuak egiten dituzten igelak (Rana agil adibidez; izena bera nahiko argigarria da), baina baita salto txikitxoak baino egiten ez dituzten beste zenbait igel eta apo ere. Beste batzuk ezin dute saltorik egin: apo lasterkariak (Bufo calamita), esaterako, korrikaldi txiki baten antzeko zerbait egiten du, gelditu, eta berriro korrika.

Irudia: Anfibio anuroen artean badira jauzi azkarrak eta indartsuak egiten dituzten igelak, salto txikitxoak baino egiten ez dituzten beste zenbait igel eta apo eta baita saltorik egin ezin dezaketenak ere.

Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak bilatzen hasita, berehala erreparatuko diogu batzuen eta besteen hanken luzerari: jauzilari trebeak direnen atzeko hankak nabarmen luzeagoak eta lirainagoak dira. Baina desberdintasun morfologiko horretaz gain, badago alderik ezaugarri biokimiko garrantzitsu batean ere, moldaera anatomikoari etekinik altuena ateratzea ahalbidetzen diona: jauzilari trebe eta jauzilari kaxkarren hanketan LDH (laktato deshidrogenasa) izeneko entzimaren kontzentrazioa oso desberdina dela aurkitu dute ikertzaileek. Azter dezagun kontua.

Hasteko, entzimen zereginaz jardun behar dugu. Zelulek ekoizten dituzten katalizatzaile naturalak dira entzimak. Berez baldintza fisiologikoetan oso motel gertatuko liratekeen erreakzioak nabarmen azkartzen dira katalizatzaile horiei esker. Bizidunen entzimen hornidurak, hortaz, zeluletan gerta litezkeen erreakzio guztietatik zeintzuk gauzatzen diren eta zer abiadurarekin gertatzen diren mugatzen du neurri handi batean.

Beste edozein mugimendu bezala, gihar-zelulen uzkurketan oinarritzen dira jauziak. ATP izenaz ezagutzen den adenosin trifosfatoaren guztiz menpekoa da giharraren uzkurtzeko ahalmena. Beraz, salto egiteko ATPa behar da, eta salto azkarrak eta luzeak egiteko ATP asko behar dute igelen hanketako gihar-zelulek.

Jakina da, bestalde, anfibioak ez direla oso eraginkorrak oxigenoan oinarritutako ATParen sintesia burutzen, batez ere birika nahiko sinpleak dituztelako. Ondorioz, biriketatik zeluletarainoko oxigenoaren garraioa motela izan ohi da. Horrek, ohiko zereginetan, ez du arazorik sortzen. Baina mehatxupean, gauzak erabat alda daitezke: igel batek nolabaiteko arrisku bat sumatzen duenean, salto eginez erantzuten du, eta jauzi horiek gauzatzeko beharrezkoa den ATPa sortzeko behar den abiadura oxigenoa ehunetara heltzen den abiadurak ahalbidetzen duena baino handiagoa da. Hortaz, metabolismo aerobioa erabiltzeaz gain igel hauek metabolismo anaerobiora jo behar dute, hau da, oxigenoa beharrezkoa ez duten ATParen sintesi-bideak erabili behar dituzte.

Horixe da, hain zuzen ere, zenbait igelen eta aporen arteko aldea: hauetako batzuek hanketako giharretan laktato deshidrogenasa (LDH) izeneko entzimaren kontzentrazio altuak dituzte, eta beste batzuek askoz ere kontzentrazio baxuagoak. ATParen ekoizte-abiadura eta haren hidrolisian oinarrituta dagoen uzkurketa muskularra, beraz, entzima honen kontzentrazioaren araberakoak dira neurri handi batean, eta, hortaz, laktato deshidrogenasaren biltegia beterik dutenak dira jauzi izugarri azkarrak eta indartsuak egiten dituzten igelak. Aldiz, entzima gako honen kantitate txikiak dituztenek jauzi apalagoak baino ezin dituzte egin. Horren arrazoia oso sinplea da: LDHa ezinbestekoa da ATPa bide anaerobiotik sortu ahal izateko, hari esker osatu baitaiteke hartzidura laktiko izena duen bide anaerobio hori. Beraz, LDH asko badago, handia da denbora-unitateko sor daitekeen ATP kantitatea, eta alderantziz LDH gutxi badago.

Formula 1ean bezala, igelen kasuan azkar ibiltzeko karrozeria eta gurpil egokiak garrantzitsu badira ere, ezinbestekoa da motorraren ahalmen handia!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Igelen jauziak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Burdin Aroko erritu bat polo magnetikoen inbertsioa hobeto ezagutzeko bide

mer, 2018/03/14 - 09:00
Juanma Gallego Aztarna arkeologikoak ikertuta, zientzialari talde batek aukera izan du azken mendeetan Hegoaldeko Afrikan izan diren eremu magnetikoaren aldaketak ezagutzeko. Diotenez, bertan egon daiteke polo magnetikoen inbertsioaren gakoa.

Benetako Bermudetako Triangelua ez dago Karibean, Hego Hemisferioan baizik. Bertan anomalia magnetiko bat dago. Itsasontziei eta hegazkinei ez, baizik eta satelite artifizialei eragiten die anomalia horrek. Bertako eremu magnetikoa ahulagoa izanik, espaziotik datozen partikula energetikoak sakontasun handiagoan sartzen dira atmosferan, eta, antza, horrek dezenteko buruhausteak dakarzkie sateliteak kudeatzen dituztenei.

Zehazki, Hego Amerikaren eta Hegoaldeko Afrikaren gainean kokatzen da Hego Atlantikoko Anomalia izenekoa. Horren jatorria argi ez badago ere, zientzialariek uste dute anomaliak eremu magnetikoaren inbertsiorekin zerikusia izan dezakeela. Izan ere, Historian zehar, polo magnetikoak alderantzikatu egin dira. Geologoek kalkulatzen dute, batez bestean, 300.000 urtez behin aldatzen dela eremu magnetikoaren norabidea. Azken aldaketa, baina, duela 780.000 urte izan omen zen.

1. irudia: Ikertzaileek Limpopo ibaiaren harana (Hegoaldeko Afrikan) arakatu dute aztarna arkeologikoen bila. Irudian, Rochesterreko Unibertsitateko adituak, landa lanean. (Argazkia: John Tarduno/University of Rochester)

Nikelez eta burdinez osatutako barne nukleo solidoa dauka Lurrak. Horren inguruan, likidoa den kanpo nukleo deritzon eskualdea dago. Bi nukleo hauen arteko elkarrekintzak dinamo bat sortzen du, eta horri esker sortzen da planeta babesten duen eremu magnetikoa.

Eremu magnetikoaren historia, literalki, harrietan txertatuta dago. Burdin asko duten arrokek fosildutako iparrorratz baten antzera funtzionatzen dute. Bereziki sumendietako laba koladen ikerketari esker, geologoek posible izan dute jakitea planetaren historia magnetikoa zein izan den.

Asko berotzen direnean, arroka hauek magnetismoa galtzen dute, baina hozten direnean, une horretan dagoen eremu magnetikoaren arabera lerrotzen dira. Zehazki, Curie-ren puntua deritzon tenperatura batera heltzen direnean gertatzen da hau (magnetitaren kasuan, 585 gradu zentigradu ingurura). Behin betiko hozten direnean, hoztu diren uneko “oroimen” magnetikoa gordetzen dute arroka horiek.

Non eman daiteke prozesu hau? Erantzuna agerikoa da: sumendien inguruan. Horregatik, sumendietako laba koladak bereziki erabilgarriak izan dira paleomagnetismoaren historia berreraikitzeko.

Sumendiak gertu ez daudenean, ordea, zailagoa da datazioak egitea. Baina, noizean behin, prozesu hau modu artifizialean egiten da, eta halakoetan zientzialariek aukera bikaina dute paleomagnetismoaren nondik norakoak ezagutzeko. Halakoak ikertzen dituen arloari arkeomagnetismo deritzo.

Burdin aroko aztarnak

Diziplina horrek datu interesgarriak jarri berri ditu mahai gainean: Hegoaldeko Afrikan duela 1000 urte inguru gizakiak erretako buztinek informazio txukuna eman dute Hego Atlantikoko Anomalia hobeto ulertzeko. Nazioarteko ikerketa talde batek bertan induskatu, eta buztin horien analisia egin du. Emaitzak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte.

Duela milurteko bat abiatzen da atzean dagoen istorioa. Garai horretan, Hegoaldeko Afrikan bizi ziren bantu hiztunek haien burdinazko etxolak eta zerealak biltzeko estrukturak erre zituzten. Garapen ekonomikoari dagokionean Burdin Aroan bizi ziren lagun horien portaera bitxiaren atzean lehorteari aurre egiteko erritua zegoen. Hasieran aipatu dugun prozesu geokimikoa zela eta, sute horiek burdinetan garaiko aztarna magnetikoa gordetzea ahalbidetu zuten.

Horri esker, zientzialariek paleomagnetismoari buruzko datu berriak eskuratu ahal izan dituzte. Limpopo ibaiaren haranean (gaur egungo Hegoafrika, Botswana eta Zimbabweren arteko mugan) aurretik egindako ikerketak zirela eta, zientzialariek bazekiten 1225-1550 tartean magnetismoaren ahultze prozesu bat jazo zela. Orain, aurretik izandako beste aldaketa bat egiaztatu ahal izan dute, VI. eta VII. menden artean izandakoa. Datu horiek garrantzi handikoak dira: Ipar Hemisferioarekin alderatuz, Hego Hemisferioari dagokion informazio arkeomagnetikoa askoz eskasagoa da. Zehazki, informazioaren %90 iparraldean jasotakoa da.

Datuak mahai gainean jarri dituzte, gainerako ikertzaileek kontuan izan ditzaten. Alabaina, ikerketa egin duten zientzialariek hipotesi bat babestu dute: diotenez, gutxi gorabehera Afrikaren azpian dagoen estruktura batek zerikusia izan dezake anomalia magnetikoaren sorreran, eta, hortaz, Lurreko eremu magnetikoaren inbertsioan.

2. irudia: NOAA erakundearen satelite batek egindako partikula energetikoen neurketa: argi erakusten da Hego Atlantikoko Anomaliaren eragina. (Argazkia: NOAA)

Ikerketa artikuluan horrela laburbildu dute: “Datu berriek gure aurreko inferentziak berresten dituzte. Hego Atlantikoko Anomalia Afrikaren azpian dagoen nukleoan errepikatzen den fenomenoaren azken seinalea besterik ez da: fluxu kanporaketa bat, alegia. Horrek eragin nabarmena dauka eremu magnetikoaren adierazpenean”.

Ohiko mantu lumez gain, Lurraren azpian bi estruktura bitxi erraldoi daudela uste dute geologoek: bat Afrikaren azpian eta beste bat Ozeano Barearen azpian. Teknikoki, LLSVP Abiadura Sismiko Baxuko Lurralde Handi bezala ezagunak dira, eta inguruko mantuko materialak baino dentsitate handiagoa dute.

Lurreko barne estrukturarekin zerikusia duten beste ezaugarriekin gertatzen den modu berean, horiei buruz dagoen informazio eskasa modu ez zuzenen bitartez eskuratzen da (datu sismikoak erabilita, bereziki), eta, oraindik orain, estruktura horien zergatiaren inguruko eztabaida handia dago adituen artean (Arturo Apraiz geologoak eztabaidaren inguruko artikulu-sorta egin du).

Ikerketa talde honen ustez, LLSVP eremuak eta magnetismoan izaten diren gorabeherak lotzeko “gero eta ebidentzia indartsuagoak” daude: “Afrikaren azpian, ezohikoa den zerbait gertatzen ari da nukleoa eta mantuaren arteko mugan, eta prozesu horrek eragin garrantzitsua izan dezake eremu magnetiko globalean”, adierazi du John Tarduno geofisikariak Rochesterreko Unibertsitateak (AEB) zabaldutako ohar batean.

Esku artean duten hipotesiaren arabera, dentsitate handiagoko eremu hauek eragina dute nukleoko burdinaren fluxuan, eta horrek eragiten dio eremu magnetikoaren indarrari. Arrazoinamendu horri jarraituz, Lurreko eremu magnetikoan izaten diren inbertsioek Afrika azpiko LLSVP eremuan izango lukete abiapuntua.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hare, V. J. et al. (2018). New archeomagnetic directional records from Iron Age southern Africa (ca. 425–1550 CE) and implications for the South Atlantic Anomaly. Geophysical Research Letters, 45, 1361–1369. DOI: https://doi.org/10.1002/2017GL076007

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Burdin Aroko erritu bat polo magnetikoen inbertsioa hobeto ezagutzeko bide appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Barazkiak, nitratoak eta nitritoak

mar, 2018/03/13 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Dosian dago pozoia. Askotan errepikatzen den lema da eta ahaztu behar ez duguna. Izan ere, sarritan elikagai batek duen substantzia jakin bakar batean oinarrituta, eta haren kontzentrazioari erreparatu gabe, elikagai bat toxikoa dela entzuten da. Jakina, hori ez da horrela izaten eta elikagaiak osasunarentzat duen eragin osoa aztertu behar da. Bai onerako, eta baita txarrerako ere. Konposatu osasungarri baten kantitate txiki batek ez du elikagai bat osasungarria bihurtzen -esaterako, ardoa ez da osasungarria antioxidatzaileak dituelako- eta, alderantziz, konposatu kaltegarri baten kantitate txiki batek ez du elikagai bat kaltegarria bihurtzen. Kontuan izan behar ditugu elikagaiak dituen osagai guztiak -osasungarriak eta kaltegarriak-, haien kontzentrazioak -asko edo gutxi dagoen- eta haien kalteak eta onurak. Horren adibide gisara, barazkien nitratoen kasua adibide bikaina da.

1. irudia: Barazkiek, nagusiki hosto berdekoek, nitratoak dituzte. (Argazkia: silviarita – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Potasio nitratoa, KNO3, eta sodio nitratoa, NaNO3, aspalditik ezagutzen diren substantziak dira eta erabilpen ugari dituzte, esate baterako, lehergaiak egiteko erabiltzen dira, ongarri moduan eta kontserbagarri bezala. Haragiak tratatzeko ere erabiltzen dira nitratoak eta, oro har, esan daiteke ez direla toxikoak -alegia, toxikotasun baxua dutela erabilpen arruntea-. Nitratoak ongarri moduan erabiltzen direnez, barazkietara iritsi daitezke, baina, hala ere, nitratoak barazkietan daude naturalki. Nagusiki hosto berdeak dituzten barazkietan daude, adibidez, letxuga eta espinaka. Hortaz, gizakiaren esku-hartzerik gabe ere, barazkiek nitratoak dituzte berez. Dena den, nitratoak ez dira bereziki toxikoak eta, neurrian, ez lukete arazorik ekarriko. Alabaina, nitratoen toxikotasunaren oinarria honetan datza: irentsi eta gero, gorputzeko metabolismoaren ondorioz nitratoak erreduzitu egiten dira eta nitrito bihurtzen dira. Gutxi gorabehera, elikaduraren bidez hartzen ditugun nitratoen %5 nitritotan bilakatzen dira hesteetan.

Nitritoak organismoan: metahemoglobinemia

Nitratoak nitritora erreduzitzen direnean, azken horrek odoleko hemoglobinarekin erreakziona dezake. Hemoglobina oxigenoaren garraioaz arduratzen den proteina da eta bere baitan lau burdin atomo daude. Burdin atomo horien oxidazio-egoera +2 da, eta horrela izan behar du hemoglobinak oxigenoa garraiatu ahal izateko. Alabaina, nitritoak burdina oxidatzen du +3 oxidazio egoerara eta, horrela, hemoglobina metahemoglobina bilakatzen da. Metahemoglobina ez da gai oxigenoa zeluletaraino garraiatzeko eta metahemoglobinemia delako gaixotasuna eragin dezake kasu larrienetan. Gaixotasun horri Haur Urdinaren sindromea ere deritzo; izan ere, haurrak dira nitratoen kontsumoarekiko sentikorrena den populazio-taldea. Hemoglobina ez bada gai oxigenoa behar den bezala zeluletaraino garraiatzeko, zianosia gertatzen da eta azalak kolore urdina hartzen du -hortik sindromearen izena-.

Nitratoak barazkietan

Askotan aipatzen ez bada ere, gauza jakina da zenbait barazki nitrato-iturri garrantzitsua direla elikaduran. Esate baterako, espinaken nitrato kontzentrazioa 700-4000 mg/kg tartekoa da. Nitrato kontzentrazio altua -2500 mg/kg baino gehiago- duten barazkien artean letxuga, errukula, erremolatxa, errefaua eta apioa genituzke, adibidez. Hain zuzen ere, errukulan aurkitu dira nitrato kontzentraziorik altuenak, 9300 mg/kg-ra artekoak. Kontzentrazio baxuagoa duten barazkien artean brokolia, azalorea, patata, baratxuria, tipula, tomatea, eta babarrunak daude, besteak beste -zehaztasun gehiagotarako AECOSAN agentziaren webgunera jo-.

2. irudia: Barazkien kasuan, errukulan aurkitu dira nitrato kontzentraziorik altuenak. (Argazkia: RitaE – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Barazkiek duten nitrato edukia hainbat faktoreren menpekoa da. Urtaroak, lurraren kalitateak eta ongarrien erabilpenak eragina dute, esate baterako. Nolanahi ere, garrantzitsua da jakitea barazkiak irakiten direnean nitratoen %70-75 inguru uretan disolbatuta geratzen direla. Hortaz, gomendagarria da barazkiak lehen bi minutuetan irakiteko erabili den ura alde batera uztea. Era berean, nitratoek ekar ditzaketen kalteak kontuan hartuz, Europar Batasuneko herrialde gehienetan nitrato kontzentrazio maximoak ezarri dira. Haurrentzat diren elikagaien kasuan, 200 mg/kg-ra arteko kontzentrazioa da onargarria eta, era berean, helduentzat eguneroko kontsumo onargarria 3,7 mg/kg dela ezarri dute. Horrek esan nahi du 60 kg-ko lagun batek 222 mg nitrato har ditzakeela egunero bere bizitza guztian zehar eta ez duela albo ondorio kaltegarririk izango osasunean.

Aholkuak eta hausnarketa

Sarreran aipatu bezala, nitratoen edukiagatik barazkiak ez dira kaltegarriak. Barazkiak osotasunean aztertuta onura gehiago ekartzen dituzte kalteak baino. Alabaina, horrek ez du esan nahi barazkiak bakarrik jatea osasungarria denik. Egunero, gure bizitza osoan zehar, 250 g espinaka janez gero litekeena da nitrato kontsumoak osasun arazoak ekartzea -ziur asko ez nitratoengatik bakarrik-, baina, nitrato kontzentrazio altuko barazkiak neurrian jaten badira, ez dago arrisku nabarmenik.

Hori bai, Elikagaien Segurtasunerako Espainiako agentziaren gomendioak kontuan hartzekoak dira arrisku-taldean dagoen populazioarentzat, alegia, haurrentzat. Hain zuzen ere, haurren kasuan ez da gomendatzen purean zerbak eta espinakak jartzea, eta horiek jartzekotan, purearen %20 baino gutxiago izan daitezela. Era berean, 3 urtera arteko haurrei espinakak astean gehienez behin ematea gomendatzen da. Bestetik, kozinatutako barazkiak egunean bertan jan behar direnean hozkailuan gorde behar dira eta bestela izozkailuan -alegia, ez dira giro tenperaturan utzi behar kozinatutako barazkirik-. Edozein kasutan, barazkiak elikadura osasungarri baten oinarria dira eta kalte/onurak aztertzen direnean efektu onuragarriak askoz gehiago dira nitratoen kontsumoak ekar ditzakeen kalteak baino. Beraz, zientzian ez dago barazkiak ez jateko aitzakiarik.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Barazkiak, nitratoak eta nitritoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Neandertalei buruzko informazio osagarria duela 100 urte aurkitutako aztarnetan

lun, 2018/03/12 - 09:00
Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago, neandertalen anatomia eta portaera ulertzen lagunduko duen informazioa ematen jarraitzen du La Ferrassieko neandertalak.

Irudia: La Ferrassie 1 gizabanakoaren 1909ko aurkikuntza (Iturria: Collections M.N.P. Les Eyzies©).

Ikerketaren emaitzek berritasunak aurkeztu dituzte:

  1. Fosil berriak, belarriko hezurtxo guztiak barne (mailua, ingudea eta estribua).
  2. Aurreko ikerketetan aurkitu ez ziren patologia berriak, atlasaren (lehenengo orno zerbikala) jaiotzetiko aldaketa eta klabikulako haustura barne.
  3. Gizabanako hau nahita lurperatu izanaren hipotesiarekin bat datorren informazio tafonomiko berria.

Savignac de Miremont herriko kareharrizko muino baten oinarrian dago kokatuta La Ferrassieko harpea, Le Buguetik 5 km iparraldera, Dordoinan (Frantzia). 1909ko irailaren 17an topatu zuten La Ferrassie 1 (LF1) izenaz ezaguna den gizonezko neandertal heldu baten eskeletoa. Duela 40-54 mila urte inguruko mailan dataturiko hilobitzat jo zen eta kontserbazio egoera apartagatik nahiz neandertalen anatomia eta portaera interpretatzeko historikoki izan duen garrantziagatik, eskeleto hau gizabanako neandertalik garrantzitsuenetakotzat jo izan da.

La Ferrassie 1 neandertala 50 urtetik gorako gizonezkoa zen, bizitza osoan hainbat lesio jasan zituena, ziur aski ehiztari-biltzaile bizimoduarekin lotutakoak. Hil zen unean, biriketako gaixotasun bati lotutako osasun-arazoak zituen. Hil eta gutxira, bere taldeko kide batzuek lurperatu zuten La Ferrassieko Harpean, neandertalek milaka urtean kanpalekutzat erabili zutena.

Aurkikuntza egin eta 100 urte baino gehiago geroago ere, fosil honek ikuspegi berriak eskaintzen jarraitzen du neandertalei buruzko ikerketan, teknologia eta teknika zientifiko berrien erabilerari esker. Esaterako, tomografia konputerizatuak erabili dira aztarna berriak aurkitu eta lesio patologikoak hobeto karakterizatu ahal izateko.

Identifikatutako aztarna berrien artean daude eskuineko loki-hezurraren barruan zeuden belarriko hiru hezurtxoak, hiru orno-zati eta bi saihetsezur zati daude. Belarriko hezurtxoak osorik daude eta neandertalek alde anatomiko horretan zuten aldaera hobeto ulertzen lagunduko dute.

Lesio patologiko berriak ere identifikatu dira: klabikulan izandako hezur desplazamendurik gabeko haustura, bizkarrezurrean atzemandako degenerazio artrosiko handiagoa eta eskoliosi arina, edota ondorio klinikorik ez duen lehenengo orno zerbikalaren sortzetiko aldaketa. Anomalia hauei aurretiaz deskribatutako beste ezaugarri batzuk gaineratu behar zaizkie, hala nola, eskuineko femurreko trokanter nagusiaren haustura edota infekzio edo kartzinoma batek sortutako biriketako afekzio sistemikoa, seguru aski gizabanako honen heriotza eragin zuena.

Bestalde, hezurretan azaleko alteraziorik ez dagoela eta, ondorioz, hezurrak hautsita dauden modua kolagenoa galdu duten hezurrei dagokiela egiaztatu da ikerketan. LF1 gizabanako neandertalaren azterketa tafonomikoa bat dator hil eta gutxira gorpua lurperatu izanaren eta, beraz, haragijalek gorpua eraso ez izanaren hipotesiarekin. Usteltzean, hezurrek kolagenoa galdu eta in situ hautsi ziren, sedimentuaren pisuaren eraginez. Datu hauek bat datoz eskeleto honen ehorzketa nahita egin izanaren hipotesiarekin, aurreko ikerketek proposatutakoa.

Teknologia berrien erabilera funtsezkoa izan da. Tomografia konputerizatuak (bereizmen arruntekoak nahiz bereizmen handikoak) eta erradiografiak erabili dira eta haiei esker lortu da eskuineko loki hezurraren barruan zeuden belarriko hezurtxoak identifikatu eta birtualki erauztea, batetik; LF1en eskeletoan zueden lesio patologikoak bistaratzea, bestetik; eta, azkenik, hezurren hausturaren orientazioa kuantifikatzea, berreginda egoteagatik zuzenean ezin kuantifika zitekeen hezurretan.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Teknologia eta teknika zientifiko berrien erabilerak neandertalei buruzko informazio osagarria lortzea erraztu du.

Erreferentzia bibliografikoa

Asier Gómez-Olivencia, Rolf Quam, Nohemi Sala, Morgane Bardey, James C. Ohman, Antoine Balzeau, La Ferrassie 1: New perspectives on a “classic” Neandertal, Journal of Human Evolution, Volume 117, 2018, Pages 13-32. DOI: https://doi.org/10.1016/j.jhevol.2017.12.004.

The post Neandertalei buruzko informazio osagarria duela 100 urte aurkitutako aztarnetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #193

dim, 2018/03/11 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Badugu Jupiterren ezaugarrien berri. Izan ere, Juno misioan hartutako datuekin Jupiterren grabitazio-eremua, atmosferako fluxuak, barne-osaketa, poloetako zikloiak eta abar aztertu dituzte. Esaterako, Jupiterren grabitazio-eremua asimetrikoa da iparretik. Horren harira, ondorioztatu dute atmosferako eta barnealdeko haize-fluxuek eragiten dutela asimetria hori. Horretaz gain, azalean banda gisa ikusten diren korronteak ez direla azaleko kontu bat, baizik eta 3.000 kilometroko sakoneraino iristen direla ondorioztatu dute. Aztertu dituzten xehetasunen artean bada poloena. Bertan, zikloiek poligono-forma iraunkorrak hartzen dituztela ikusi dute. Oraindik ez dakite zikloi horiek nola sortzen diren eta nola irauten duten.

Nola sortu zen Ilargia? Bere sorrera definitzen duen gertaera oso finkatuta dago jada. Halere, orain iradoki dute ilargia ez zela sortu talka baten ondoren jaurtikitako Lurraren zati batetik, baizik, Synestia izeneko estruktura baten barruan; hau da, talka batek hori sortu zuen eta estruktura horren barruan sortu ziren Lurra zein Ilargia. Teoria berri horren arabera, lehen kondentsazio horren ostean Ilargia atera zen eta ondoren kondentsatu zen Lurra. Hortaz, satelitea planeta baino lehenago sortu zen.

Imajina dezakezu Lurretik estralurtarrekin komunikatzea lortzen dugula? Sonar musika jaialdiaren 25. urtemugaren harira, mezu bat espazioan dabil jada. Iazko urrian bidali zuten Norvegian dagoen radar antena baten bidez. Ingeniari lanetan, Jordi Portell i de Mora aritu da. IEEC Kataluniako Espazio Ikerketarako Institutuan eta ESA Europako Espazio Agentziaren GAIA misioan lan egiten du eta hark azaldu duenez, beste hainbatetan bidali dute mezua baina ez dute “modu errealistan egin; oso urrun daude izarretara bidali direlako mezuak”. Ignasi Ribas IEECko zuzendariarekin batera, jomugak bilatzeari ekin zioten. NASArekin eta ESArekin hitz egin zuten antenak lortzeko, baina, azkenean, bi agentziek atzera egin zuten. Azkenean, 12,4 argi urtera dagoen planetara bidali dute mezua. Teorian 25 urteren buruan posible izan liteke erantzun bat bueltan jasotzea.

Emakumeak zientzian

Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” da 2018ko martxorako Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak proposatu duen leloa. Berdintasuna ikasteko, irakatsi egin behar da. Ideia horrekin bat eginez, sasoi guztietako bederatzi emakume zientzialari daude artikulu honetan, horiek nortzuk diren ezagutzeko gonbita egin digute Zientzia Kaieratik.

Egiptologia

Ikertzaile talde batek argitaratu duenez, orain dela 5.200 urteko tatuajeak aurkitu dituzte Egiptoko momia batzuetan. Afrikako zaharrenak lirateke, eta Ötzi gizakiaren garaikideak. Aipagarria da Alpeetan azaldu zen Ötzi momiak 61 tatuaje dituela soinean.

Matematika

Badirudi 2018 matematikaren eta biologiaren urtea izango dela. European Mathematical Society (EMS) eta European Society for Mathematical and Theorical Biology (ESMTB) elkarteek “Biologia Matematikoaren urtea” ospatuko dute. Egitasmo honen bitartez, erakutsi nahi dute matematikak biologian eta medikuntzan duen erabilera. Alor horien arteko fusioa ez da gauza berria, baina. Alfred Lotkak (1880-1949) eta D’Arcy Wenworth Thomsonek (1860-1948) egindako lanak aipatzen dituzte testu honetan. Adibidez, Lotkakek proposatu zuen ekologian erabili den lehen eredu matematikoa, zeinetan harrapakina-harraparia espezie-bikote baten elkarbizitza aztertzen baita ekuazio diferentzialen bidez.

Medikuntza

Elefanteak, hibernatzen duten saguzarrek, orkak, izurdeak, sator-arratoi biluziak (Heterocephalus glaber) eta Ictidomys tridecemlineatus karraskariak badute berezitasun interesgarri bat gainerakoekin alderatuta: bai gizakietan bai beste ugaztunetan berdinak diren genoma-zati batzuetan aldaketak eragiten dituzten eremuak dituzte. Ikerketa honen funtsa elefantea izan da. Helburua zen jakitea zergatik elefanteek ez duten minbizia izaten, hain handiak izan arren. Eta ikusi dute DNAren kalteei erantzuten dieten geneen erantzunaz arduratzen den genoma-zatia aldatuta dutela.

Neurozientzia

Garuneko ehun biziaren eremu jakin batean zelula guztien irudiak jasotzea ahalbidetzen duen teknika aurkitu dute. Sushi du izena eta garuneko zelulak inguratzen dituen eremu txiki-txikia, likidoz betea, etiketatzea ahalbidetzen du. Horrela saihestu egiten da aztertu nahi diren zelula guztiak banaka etiketatu behar izatea. Mikroskopia erabili dute horretarako, neurozientzia alorrean gehien erabiltzen den teknika. Orain arte, garuneko ehun bizia ikertzeko erabili izan diren mikroskopia metodoak aldez aurretik markatutako zelulak bakarrik bistaratzen zituzten.

Osasuna

Ehun urte bete dira espainiar gripea ezizenarekin ezagutzen den pandemia gertatu zenetik. Ikertzaile gehienen aburuz, pandemia 1918ko martxoan hasi zen AEBn. Anton Erkoreka UPV/EHUko medikuntzako irakasle eta Euskal Herriko Medikuntzaren Museoko zuzendariak –”La Pandemia de gripe española en el País Vasco 1918-1919″ idatzi du, adibidez– azaltzen du Euskal Herriaren kasuan, epidemia bat-batean agertu zela, ez zuen denbora askorik iraun eta mila lagunetik hamabi hil zituela. Gaixotasun hori oso gogorra izan zen eta berriz ere gerta litekeela ohartarazi dute. Erkorekarentat arazo bat dago: “Sasoiko gripean gertatzen den bezala, jende guztia ospitalera badoa, kolapsatu egiten dira. Orduan, gure osasun sistemak ez daude prestatuta horrelako epidemia zabal eta handi bati aurre egiteko. Hori da ikusten dugun arazo bakarra. Zientifikoki nahiko ondo gaude prestatuta”.

Azken mende laurdenean zeliakoen kopurua bost aldiz biderkatu da. Zer dela eta? Kontsumo ohiturak aldatu dira, bai, baina orain kasu gehiago diagnostikatu egiten dira, ezbairik gabe. Eta noiztik daukagu gaixotasun honen berri? Areteo Kapadoziakoak K.o. I. mendean idatzitako medikuntzako tratatu zabalean atal osoa eskaini zion “afekzio zeliakoari”. Izena ere Areteok berak jarri zion: koiliakosedo “hesteetako gaitza dutenak” deitu zien gaixoei. Greziar medikuaren esanetan, zeliakoek “ez dituzte elikagaiak atxikitzen” eta horren arrazoia “bero natural eskasia” zen. Garai hartan uste zuten urdail barruko “bero natural” hori ezinbestekoa zela elikagaiak xurgatzeko.

Teknologia

Katu-robot bat izateko aukera dugu orain. Ahaztu zaitez zaintzaz eta eraman etxera OpenCat delakoa, kode irekikoa eta 3D inprimagailu baten bidez inprimatu dezakezuna. Sarean bertan lortu daiteke. Rongzhhong Li egileak ez du oraindik informazio guztia sareratu, baina iragarri du datozen egunotan zabalduko duela dokumentazio guztia.

Azkuen Fundazioak, Talaios Koop-ekin elkarlanean, Teknologia Faroa atala sortu du. Bertan, hilabetero, teknologien errepasoa egingo dute.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #193 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #206

sam, 2018/03/10 - 09:00

Gorputzaren beste edozein atal bezala, hezurrak gauza biziak dira. Homeostasia, guztia egonkorra izan dadin kontrola, ezinbestekoa da hezur osasuntsuak izateko. Kontrolean arazoak badaude, osteoporosia izan daiteke ondorioetako bat. Menopausia bezalako aldaketa hormonal bortitzek sortu ditzakete kontrol arazo horiek. X erretinoide errezeptoreak berebiziko papera du homeostasi horretan eta zelan funtzionatzen duen jakitea garrantzitsua izan daiteke osteoporosia prebenitu eta tratatzeko. NurCaMein Osteoporosis, menopause and the retinoid X receptor artikuluan.

Zulo beltzen presentziak, duten erakarpen grabitatorio handiarekin, galaxia baten eraketan eragina izan beharko luke, baina, zelan? Nature aldizkarian argitaratutako klabea topatu zuen taldearen parte izan zen Tomás Ruiz-Lara ikertzaileak eta How black holes affect star formation in massive galaxies artikuluan azaltzen digu.

Zenbat denbora behar du fotoi batek molekula bat desegiteko? Atosegundoetan (10-18 segundo) neurtzen dira mota honetako fenomenoak. DIPCren parte hartzea izan duen lan batek, X izpiak bezalako frekuentzia altuetan hauek ikertzeko tekniken erabilera zabaltzen du: Attoscience using X-ray free-electron lasers

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #206 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ainara Estanga: “Alzheimerraren fase preklinikoak hogei urte iraun dezake” #Zientzialari (90)

ven, 2018/03/09 - 09:00

Gizartearen eta osasunaren alorreko erronkarik garrantzitsuenetariko bat dugu Alzheimerra. Gaixotasuna paraitzen duten pertsonei behar bezalako arreta eman ahal izateko eta gaixoen kopurua murrizteko ezinbestekoa da diagnostiko ahalik eta goiztiarrena egitea eta prebentzio-neurri egokiak hartzea.

Diagnostiko eta prebentzio-neurrietan erlazio zuzena dute gaixotasunaren fase desberdinek. Alzheimerrak fase prekliniko eta klinikoa izaten ditu, eta azken honetan agertzen dira guztiok ezagutzen ditugun memoria falta bezalako sintomak. 20 urte iraun ditzakeen fase preklinikoan, nahiz eta sintomarik ez agertu, gaixotasunaren ezaugarri diren aldaketa biologikoak ematen hasten dira garunean.

Aldaketa hauei esker eta biomarkatzaileak erabiliz posible da gaur egun dementziaren aurreko fase preklinikoan aurkitzen diren pertsonak diagnostikatzea, gaixotasunaren sintomak atzeratzeko beharrezkoak diren tratamenduak ahalik eta bizkorren jasotzea ahalbidetuz.

Gai honetan sakontzeko CITA-Alzheimer Fundazioko Ainara Estanga neuropsikologoarekin izan gara. Besteak beste, arrisku-faktoreei eta sintomak atzeratzea ahalbidetzen duen erreserba kognitibioari buruz hitz egin digu Estanga ikertzaileak bideo honetan. Bere esanetan, garun entrenamenduak gaixotasuna pairatzeko arriskua murrizten lagundu dezake.

‘Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ainara Estanga: “Alzheimerraren fase preklinikoak hogei urte iraun dezake” #Zientzialari (90) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna

jeu, 2018/03/08 - 09:00
Emakumeen Nazioarteko Eguna bereziki errebindikazioz jantzia datorkigu aurten. “Berdintasuna ikas egien da. Irakatsi berdintasuna” da 2018ko martxorako Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundea, proposatutako leloa. Baina berdintasuna ikasteko irakatsi ere egin behar da. Irakatsi eta ikasi bide ditugula, proposamen txiki bat daukagu gaurko. Sasoi guztietako bederatzi emakume zientzialari aurkezten dizkizuegu jarraian eta hauek nortzuk diren ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Bederatzi EMAKUMEAK eredu izan daitezke, zientziara murgiltzea nahi duten neskato eta nerabeentzat ereduak.

1. irudia: Eredu diren EMAKUMEAK. Ba al dakizu nortzuk diren?

Irudian dauden zientzialarien abizenen lehen letrekin jolastuz EMAKUMEAK hitza osa daiteke. Animatu zaitez eta osa esazu hitza. Horretarako, alde batetik, zientzialarien argazkiekin (desordenatuak) osatutako mosaikoa, zientzialarien abizenaren lehen iniziala eta haien lanari buruzko datu lagungarri batzuk emango dizkizugu. Hauez gain, Mujeres con Ciencia edo Zientzia Kaiera blogak erabili ditzakezu iturri gisa nortzuk diren aurkitzeko.

Has gaitezen lanean:

E

Esnearen eta gaztaren bakteriologia ikertu ondoren, Bacillus abortus bakterioak ganaduan eta gizakietan bruzelosiaren eragiten zuela frogatu zuen. Haren ikerketek esnearen pasteurizazioa bideratu zuten 1930. urtean eta bruzelosiaren eragina jaistea lortu zuten.

M

Teichmüllerren espazioak, geometria hiperbolikoa, teoria ergodikoa eta geometria sinplektikoa izan ziren haren ikerlerroak. Nazioarteko matematika komunitateak aitortzen duen saririk ospetsuena, Fields domina, eskuratu zuen lehen emakumea izan zen.

A

Anestesiologian eta teratologia arloetan mundu mailako aditua izan zen. Egun ezaguna den neonatologia alorra sortu zuen. Jaioberrien osasuna aztertzen duen test famatu baten sortzailea da. Azterketa honi esker haurren heriotza-tasa nabarmenki gutxitzea lortu da mundu osoan.

K

1965. urtean lehen kristal likidozko polimeroaren sintesia lortu zuen. Horri esker, kimikari honek erresistentzia handiko urre koloreko zuntza asmatu zuen. Material hau automobiletako pneumatikoak, bela nautikoak eta balen aurkako barnekoak fabrikatzeko erabili izan da.

U

Sismologo honen lana arrisku sismikoen mende dauden herrialde aktiboei begira dago eta uhin-sismikoen indargabetzean oinarritzen da.

M

Fisika nuklearra eta erradioaktibitatearen arloan egin zuen lan. Fisio nuklearra aurkitu zuen ikerketa taldean lanean aritu zen 30 urtez. Baina 1944. urtean Kimikako Nobel saria jaso zuen haren lankide izan zen gizonezko kimikariak, elkarrekin lortu zuten lanagatik. Nobel sarien batzordeak ezta lankideak ez zuten aipatu ere egin emakume honen izena sari banaketan.

E

Deribatu partzialen ekuazioak, bariazioen kalkulurako metodoak, fisika matematikoa eta kimika kuantikoko aplikazioak lantzen dituen matematikaria da. 2016ko martxoan Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatuko zuen.

A

Besteak beste, Jurasiko garaiko iktiosaurioaren hezurdura topatu eta identifikatu zuen paleontologoa dugu bera. Plesiosauroaren lehen bi eskeletoak eta Alemaniatik kanpo aurkitzen zen pterosaurioaren lehen hezurdura aurkitu zituen. Horrez gain, garrantzi handiko arrain fosilak ere aurkitu zituen.

K

Estatu Batuetan informatikan doktoratu zen lehen emakumea izan zen. BASIC programazio lengoaia garatzen lagundu zuen eta ASCUE elkartearen (hezkuntzan ordenagailuen erabilera bultzatzeko elkartea) sortzaileetako bat izan zen.

2. irudia: Emakundek 2018an gauzatu duen “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” kanpainaren irudia.

Borroka eta aldarrikapena martxoaren 8rako!

—————————————————–

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

—————————————————–

The post Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ilargiaren sorrerari buruzko teoria berria plazaratu dute

mer, 2018/03/07 - 09:00
Juanma Gallego Proposatutako teoriaren arabera, Ilargia ez zen sortu talka baten ondoren jaurtikitako Lurraren zati batetik; horren ordez, Lurrarekin batera sortu zela diote, “synestia” deritzon estruktura baten barruan.

1. irudia: Tea izeneko planeta batek Lurrarekin jo zuenean Ilargia sortu zela dio zabalduen dagoen teoriak, baina zientzialari talde batek bestelako azalpena proposatu du. (Argazkia: Yosh Ginsu/Unsplash)

Ilargiaren osaketari buruzko teoria nagusi bat finkatuta dago zientzia komunitatean. Horren arabera, duela 4.500 milioi urte inguru, Marteren tamainako planeta batek (Tea izena eman zaio horri) lurraren kontra jo egin zuen, eta talkaren ondorioz sortu zen Ilargia. Hondamendi erraldoi hori zela eta, Lurraren inguruan hondakinez osatutako eraztun erraldoia eratu zen, eta denborarekin, akrezioaren poderioz, pixkanaka Ilargia osatu zen.

Zabalduen dagoen teoria hori Lurraren eta Ilargiaren osaketa kimikoan dagoen antzekotasunean oinarritzen da. Izan ere, Apollo (AEB) eta Luna (SESB) programei esker Ilargiaren laginak eskuratu zirenean, analisi kimikoek erakutsi zuten lotura handia zegoela bi objektuen artean. Horrek behin betiko alboratu zituen ordura arte proposatutako beste zenbait teoria. Horien arabera, Ilargia eguzki sistemako beste toki batean sortu zen eta ondoren Lurraren grabitazioa harrapatu zuen.

Harrapaketaren teoria eguzki sistemako beste zenbait ilargiren kokapena azaltzeko erabili izan da. Halere, kontuan izan behar da normalean eguzki sistemaren kanpoko aldean dauden planeta erraldoiei buruz ari garela, grabitazioaren ikuspegitik oso indartsuak diren planetei buruz, alegia. Barneko eguzki sistemaren kasuan, Lurra ia-ia bitxikeria da. Merkuriok eta Artizarrak ilargirik ez dute, eta Marteko Phobos eta Deimos sateliteak oso txikiak dira. Bestetik, ez dirudi logikoa denik beste nonbaiten sortutako objektu batek Lurrarekiko hain gertukoa den osaketa kimikoa izatea.

Hortaz, denborarekin, 1974an William Hartmann eta Donald Davis ikertzaileek proposatutako Tea objektuaren talkari buruzko teoriak hartu zuen ospe gehien. Dena dela, hipotesi horrek hainbat arazo izan ditu, eta, horregatik, zientzialariek proposamen berrien bila ari dira.

Berriki izan da azkena: AEBko eta Erresuma Batuko zientzialari talde batek Ilargiaren jaiotzaren bestelako “argazkia” osatu dute. Journal of Geophysical Research: Planets aldizkarian plazaratu dute proposamena.

2. irudia: Synestiaren irudikapen artistikoa. Ilargia osatuta agertzen da, erdialdean, Lurra sortzen ari den bitartean. (Irudia: Sarah Stewart/UC Davis)

Harvardeko Unibertsitateak zabaldutako ohar batean, bertako Lurra eta Zientzia Planetarioen Saileko ikerlari Simon Lockek esan du Tearen talka “20 urtez egon den eredu kanonikoa” izan dela. “Agertoki kanoniko honetan behar adina masa orbitan jartzea zinez zaila da, eta egoera hau sortzeko gai diren balizko talken errepertorioa oso txikia da”. Datuekin babestu du esandakoa: ilargiaren sorrera ahalbidetzeko, bi graduko tarte eskasean jo behar zuen Teak, eta, gainera, oso tamaina zehatza izan behar zuen. Egin dituzten ereduek erakusten dutenez, baldintza horiekin ere, hainbat inpaktuk ez omen dute “funtzionatzen” ilargi bat eratzeko orduan.

Donut itxurako estruktura

Horren ordez, Ilargiaren sorrera “synestia” izeneko estruktura batean abiatu zela proposatu dute. Hiztegian sartzeko moduko hitz berri honekin izendatu nahi izan dute biraka ari den eta lurrundutako harriez osatuta dagoen “donut” itxurako estruktura erraldoia. Berez, talkaren ideia ez dute baztertu, baina gertakarien hurrenkera aldatu dute. Talka batek synestia bat sortu zuen, eta estruktura horren barruan sortu ziren biak ala biak, Lurra zein Ilargia.

Proposatutako agertokiaren arabera, eskala geologikoan bizitza laburra izan zuen synestia horrek: ehunka urte inguru. Hoztu zenean, harri lurruna likidoan kondentsatu eta urtutako objektua bilakatu zen. Egoera horretan, presio handian 2.200-3-3000 graduko tenperaturan eratu zen Ilargia. Hortaz, kanpoan ez baina estruktura horren baitan sortu zen ondoren satelite bilakatuko zen objektua. Lehen kondentsazio horren ostean Ilargia atera zen, eta ondoren kondentsatu zen Lurra. Teoria berriaren arabera, beraz, satelitea planeta baino lehenago sortu zen.

Proposamen berriak bi gorputzen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzeko gaitasuna du ere, nahiz eta aurretik hainbat ikerketek hori ere jorratu duten. Ilargia sortu zenean, tenperatura handiek aise lurruntzen diren elementuen galera eragin zuten. Lurrean potasioa, sodioa edo kobrea bezalako elementu lurrunkorrak ohikoak diren bitartean, Ilargian eskasagoak dira. Alde hori Ilargiaren sorreran synestiaren barruan izandako tenperatura handiek ahalbidetu omen zuten.

Locken esanetan, “zailtasunak azaltzeko gai izan den lehenengo eredua da hau, eta, gainera, modu kuantitatibo batean egiteko gai izan gara”. Nabarmendu duenez, Ilargiaren sorrera azaltzeko modu guztiz desberdina da ikerketa honetan proposatutakoa. “Inoiz ez zenuke pentsatuko gorputz baten barruan satelite bat sor daitekeenik, baina, antza, hau izan zen gertatu zena”.

ArXiv biltegian ere eskuragarri dagoen artikuluan xehetasun gehiago eman dituzte. “Talka erraldoiei buruzko simulazio numerikoek aurreikusten dute ilargi-disko kanonikoa batez ere objektu jotzailetik datorrela. Halere, Lurreko eta Ilargiko laginekin egin diren analisiak gero eta zehatzagoak dira, eta analisi horiek erakusten dute Lurrak zein Ilargiak elementu askoetan antzeko ratio isotopikoak dituztela komunean”. Alabaina, objektu planetarioen artean ratio isotopiko horiek dezente desberdinak direla gogoratu dute. Horregatik, logikak agintzen du objektu jotzailearen osaketa isotopiko desberdina izan beharko lukeela.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lock S.J. et al. The origin of the Moon within a terrestrial synestia. Journal of Geophysical Research: Planets, 123. DOI:10.1002/2017JE005333

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ilargiaren sorrerari buruzko teoria berria plazaratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

2018: Biologia eta Matematika uztarturik

mar, 2018/03/06 - 09:00
Javier Duoandikoetxea European Mathematical Society (EMS) eta European Society for Mathematical and Theoretical Biology (ESMTB) elkarteek 2018 Biologia Matematikoaren urtea ospakizuna antolatu dute. Ekimen horren bitartez, matematikak gaur egungo biologian eta medikuntzan duen erabilera erakutsi eta sustatu nahi dute, aurreikusten baita matematika eta biziaren zientzien arteko elkarlana handiagoa izango dela etorkizunean.

1. irudia: The Year of Mathematical Biology 2018 ekimenaren irudi ofiziala.

Biologia eta matematika ezkonduta? Batek baino gehiagok egingo du galdera hori. Izan ere, unibertsitate aurreko ikasleek nekez susmatuko dute matematika eta biologia lotuta joan daitezkeela, beren eskarmentuan oinarrituta. Unibertsitatean ere, biziaren zientzietako ikasleek gainditu beharreko irakasgaitzat hartuko dute matematika, seguruenik, eta ez beren etorkizuneko lanetan baliagarri izan daitekeen tresna garrantzitsutzat. Agian estatistika izan daiteke salbuespena eta aitortuko diote balioren bat.

Donostian hasi zen 2018ko ospakizunerako ibilbidea. 2014ko ekainaren amaieran, EMS Council delakoaren biurteko bilera Donostian egin zen, Bilbon antolatu zen matematika-biltzar handi baten bezperan. Bilera hartara eraman zuen proposamena José Antonio Carrillok, artean bera baitzen EMSko Matematika Aplikatuko batzordearen buru. Begi onez ikusi zuten eta laster ESMTB elkartea batu zitzaien egitasmora.

Begi-bistakoa da matematikaren arrakasta zientzian eta teknologian. Tradizionalki fisikarekin lotzen da, haren legeak ekuazio matematikoen bidez eman baitira, Kalkulu infinitesimala sortu zenetik, batez ere. Gainera, XX. mendeko fisika moderno guztiak oinarri matematikoa du. Ezaguna da Eugene Wigner fisikariak (Fisikako Nobel saria, 1963) esandakoa:

Matematikaren izugarrizko erabilgarritasuna naturaren zientzietan misterioaren mugan dago eta ez du azalpen arrazionalik. […] Matematikaren hizkera fisikaren legeen formulazioetara egokitzearen miraria opari liluragarria da, ez dugu ulertzen eta ez dugu merezi.

Kimikako hainbat arlotan ere erruz erabiltzen dira teknika eta eredu matematikoak. Zer esanik ez, azken hamarkadetako teknologia berrien aurrerapen harrigarria ezin da ulertu matematikaren presentzia kontuan izan barik.

Biologian, ordea, ez dira hain nabarmenak matematikaren lekua eta ekarpena. Batzuek diote biziari loturiko guztia konplexuegia dela matematikaren eredu sinple eta abstraktuetara ekartzeko. Uste horri aurre egin behar dio aurtengo ospakizunak. Ez, berez, konplexutasun hori ukatzeko, baina bai egon den elkarlana erakusteko eta geratzen den lan erraldoiari hauspoa emateko. Fisikak, kimikak, ekonomiak edo teknologiak matematika baliatu bakarrik ez, matematikari aztergaiak eta problema berriak ekarri dizkiote. Elkarlanak guztien garapenean eragin du. Gauza bera gertatzen ari da orain biziaren zientziekin: problema-iturri ere badira matematikarako eta alde biek ateratzen dute etekina. Wigneren aipuaren jarraipena hau da:

Eskertuta egon beharko genuke horregatik eta espero behar dugu [matematika] baliagarri mantenduko dela etorkizuneko ikerketan, baita hedatu ere, onerako edo txarrerako, gure plazererako, baina agian gure harridurarako ere, jakintzaren adar zabaletara.

Hedapen harrigarri horren urrats bat da biologia matematikoa.

2. irudia: Alfio Quarteroni matematikari italiarrak eta haren lankideek bihotzaren eta odol-zirkulazioaren eredu matematikoak proposatu dituzte, kardiologoei laguntzeko.

Historiak erakusten digu ez garela ari berriki hasi den elkarlan bati buruz. Badaude zenbait lan aipagarri eta aitzindari. Izen pare bat ekarriko dut hona: Alfred Lotka (1880–1949) eta D’Arcy Wenworth Thomson (1860-1948).

Lotkak Elements of Physical Biology liburua idatzi zuen (1925). Bigarren argitalpenari (1956) izenburu berria jarri zion: Elements of Mathematical Biology. Lotkak proposatu zuen ekologian erabili den lehen eredu matematikoa, zeinetan harrapakina-harraparia espezie-bikote baten elkarbizitza aztertzen baita ekuazio diferentzialen bidez. Volterra italiarrak ere antzeko eredua eman zuenez, Lotka-Volterra ekuazioak izenarekin ezagutzen dugu gaur egun.

3. irudia: On Growth and Form liburuko hiru orrialde.

D’Arcy Thomson eskoziarraren On Growth and Form liburu ospetsuak mende bat bete berri du, 1917an argitaratu baitzen lehen aldiz. Liburu mardula da, 793 orrialde zituen lehen argitalpenak eta 1116 bigarrenak (1942). Izenburuak dioen moduan, tamaina (hazkundea) eta formaren arteko lotura du aztergai, eta garapenaren biologia eta eboluzioa geometriaren aldetik ikertzen du. Kaiera honetako King Kongen jauziak artikuluan irakur daiteke izaki bizidunen tamainari buruzko zerbait, Thomson baino lehenago Galileok ere aipatu zuena.

Esan daiteke biziaren zientziaren arlo guztietan daudela teknika matematikoen aztarnak eta matematikaren barruko adar guztietatik elikatzen direla teknika horiek. Mundu errealeko matematikaren erabilpena asko hedatu zen XX. mendearen bigarren erdian, ordenagailuen ezinbesteko laguntzaz. Hori ere islatzen da biziaren zientzietako aplikazioetan. Aldizkari akademikoen sailkapenaz arduratzen den Journal Citation Reports datu-base ospetsuan Mathematical and Computational Biology izeneko atal bat dago, non 57 aldizkari agertzen diren, arlo horretan jende asko jardunean ari dela erakusten duen seinale argia.

4. irudia: Biologia matematikoaren egunaren logoa, urriaren 10a (10/10).

Aurtengo ospakizunak hurrengo urteetan ere segida izan dezan, Biologia matematikoaren eguna izendatu dute urriaren 10a (10/10). Egun horren logoak, urterako aukeratu duten logoaren moduan, gizakien eskuak eta oinak erakusten ditu eta morfogenesi prozesu bati egiten dio erreferentzia: bost hatz ditugu gorputz-adar bakoitzean (10 atzamar eta 10 behatz, alegia).

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post 2018: Biologia eta Matematika uztarturik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

On Zientzia: Asiar liztorra

lun, 2018/03/05 - 15:00
Asiar liztorrak gure inguruko erleak hiltzen ditu eta horrek ondorio larriak izan ditzake. Elorrioko BHIko Agenda 21eko ikasleek liztor hauek kontrolatzeko proiektua egin dute.

Zelan ezagutu daitezke, baina? Asiar liztorrak hanka horiak eta abdomen iluna dutelako. Inguruko erleak hiltzeaz gain, asiar liztor bakar batek kolonia osoa sortu dezake urtero. Horregatik dira hain kaltegarriak. Honi aurre egiteko tranpak prestatu daitezke, horretarako behar dira:

  • Plastikozko botila.
  • Korda.
  • Garagardo beltza, ardo zuria eta arandano zukua.

Elorrio BHIko Agenda 21eko ikasleek asiar liztorren inguruan garatutako proiektua dakar Gorka Santosek “Asiar liztorra” bideoan, On Zientzia lehiaketaren VII. edizioan euskarazko epaimahaiaren aipamen berezia izan zuena.

—–—–

Elhuyar Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako lehiaketa da On Zientzia, jakintza zientifikoa ezagutzera emango duten bideo labur eta originalen ekoizpena bultzatzeko helburuarekin.

Lehiaketaren oinarriek ezarri bezala, bideoek 5 minutu baino gutxiago iraun behar dute eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez izan daitezke, gaia librea delarik. Edukiak jatorrizkoak izan behar dira, telebistan inoiz atera ez direnak, eta beste lehiaketaren bat irabazi ez dutenak.

Hiru sari kategoria ditu On Zientzia lehiaketak:

  • Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat). 1000 €
  • Euskarazko bideo onena. 2000 €
  • Dibulgazio bideorik onena. 3000 €

2017-2018koa VIII. edizioa da eta parte hartzeko epea zabalik dago jada 2018ko apirilaren 25era arte.

The post On Zientzia: Asiar liztorra appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mikroskopia teknika iraultzailea

lun, 2018/03/05 - 09:00
Mikroskopia teknika berri eta iraultzailea aurkitu dute: SUSHI. Garuneko ehun biziaren eremu jakin batean zelula guztien irudiak jasotzea ahalbidetzen du lehen aldiz. Orain arte ezinezkoa zen garuneko eremu jakin batean zelula bizi etiketatu gabe guztien irudiak lortzea.

Irudia: Etiketatutako neurona (horiz), markatu gabeko neuronez inguratua. SUSHI teknika gabe, zuriz agertzen diren neuronak ez lirateke ikusiko. (Iturria: Jan Tønnesen & Valentin Nägerl).

SUSHI (ingelesezko “Super-resolution Shadow Imaging”) teknika berriak begiraldi batez ahalbidetzen du garuneko zelulak inguratzen dituen eremu txiki-txikia, likidoz betea, etiketatzea eta horrela saihestu egiten da aztertu nahi diren zelula guztiak banaka etiketatu behar izatea. Teknika honi esker, lortzen den informazioa nabarmen hobetu eta horrekin batera garunaren biologiari buruzko ezagutza hedatu daitezke.

Mikroskopia oinarrizko tresna da edozein organismoren biologia ikertzeko, aztertzen diren elementuek –zelulak– tamaina mikroskopikoa baitute eta, askotan, baita nanoskopikoa ere. Neurozientzian ere gehien erabiltzen den metodoetako bat da mikroskopia.

Orain arte, garuneko ehun bizia ikertzeko erabili izan diren mikroskopia metodoak aldez aurretik markatutako zelulak bakarrik bistaratzen zituzten. Hala ere, muga teknikoak zirela eta, garuneko eskualde jakin bateko zelula guztiak ezin ziren aldi berean etiketatu, eta horrek mugatu egin du haien ikusgarritasuna eta baita garuneko zelulak, nabarmen elkarkonektatuak, antolatu eta elkarrekintzan aritzen diren moduari buruzko ulermena ere.

Gainera, “etiketa” hori zeluletatik kanpo egoten denez gero, negatiboko irudi antzeko bat sortzen du, argazki kamera zaharretako filmen antzera. Hala, irudi negatiboak garuneko zelulei buruz biltzen duen informazioa eta dagokion irudi positiboak biltzen duena bera da, baina etiketatzeko prozesua sinpleagoa denez gero, askoz ere errazagoa da irudi hori eta biltzen duen informazio guztia lortzea.

Diziplina anitzeko eta mugaz haraindiko proiektu baten emaitza da aurrerapen zientifiko hau, Bordeleko Unibertsitateko (Frantzia) Valentin Nägerl irakasleak zuzendutako ikerltzaile talde baten eta Jan Tønnesen doktorearen artean garatutako proiektua. Jan Tønnesen UPV/EHUko Neurozientzia Sailera elkartu eta ACHUCARRO zentroko instalazioetan egiten du lan.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Algoritmo berri bat garatu dute bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin

Erreferentzia bibliografikoa

Jan Tønnesen, V.V.G. Krishna Inavalli, U. Valentin Nägerl, Super-Resolution Imaging of the Extracellular Space in Living Brain Tissue, Cell, Vol. 172, Issue 5, 2018, Pages 1108-1121.e15. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2018.02.007.

The post Mikroskopia teknika iraultzailea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #192

dim, 2018/03/04 - 09:00
Uxue Razkin

Astronomia

Lehen izarren seinalea jaso dute. Hain zuzen, Unibertsoaren hasierako hidrogenoaren seinalea, Big Bangetik 180 milioi urtera hidrogeno-atomoek utzitakoa. Irrati-uhin moduan iritsi da eta Australiako mendebaldean dagoen irrati-espektometro txiki baten bidez detektatu dute. Aurkikuntza honek ezusteko bat ekarri du gainera: unibertsoa garai hartan uste baino askoz ere hotzagoa zela. Izan ere, kalkulatu dute ustezko tenperaturaren erdia zuela: -270 ºC inguru.

Biologia

Bonoboek dituzten komunikazio keinuen inguruko datu-basea osatu dute ikertzaile batzuek eta era berean, ikusi dute egiten dituzten gehienak txinpantzeek erabiltzen dituztenekin bat datozela. Ikerketaren arabera, bi espezieek egiten dituzten keinuen %88-%96 esanahian bat datozela kalkulatu dute. Erresuma Batuan egin dute ikerketa, Tximino Handien Hiztegia egitasmoaren baitan. Honen inguruan, betiko eztabaida mantentzen da: Animalien seinaleek “esanahiak” dituzte ala “funtzioak” baino ez dituzte betetzen? Jo ezazu artikulura erantzuna topatzeko!

Sockeye izokina izan da protagonista testu honetan. Kontatzen duten moduan, Sockeye espezieko izokinak ibaietan edo aintziretan jaio daitezke, baina ibaietan jaiotzen diren gehienak, ahal badute, ibaiaren sistema hidrologiko bereko aintzira batean gelditzen dira gaztaro gehienean zehar. Arrain anadromoak gizentzera joaten dira itsasora. Zooplanktona da sockeyeren janari-iturri nagusia. Urtebete eta lau urteren artean egoten dira itsasoan. Gero ibaira itzultzen dira eta bidaia horretan, harrigarria bada ere, ez dute ezer ere ez jaten. Bidaian zehar, pilaturiko erreserbak gastatzen dituzte; hasieran, lipidoak, gero proteinak katabolizatzen dituzte. Azkenean, glukogenoa. Halere, bidaia bukatu ondoren egin behar duten azken-aurreko jarduerarako gorde behar dute glukogeno gehiena. Errunaldirako energia asko behar dute sockeye izokinek. Bi edo hiru aste bizirik irauten dute eta gero hil egiten dira.

Euskal balea 2040. urterako desagertu daiteke, aditu batzuen arabera. 400 ale bakarrik geratzen dira, hortik 100 eme ugalkor, eta ugalkortasun-tasa gero eta baxuagoa da. Azken urteotan gehiago dira hiltzen diren baleak jaiotzen direnak baino.

Ekologia eta ingurumena

Hondakinen kudeaketa mundu mailako arazo larria da egun. Nazio Batuen Erakundeak, Europako Batasunak eta beste hainbat nazioarteko erakundek ohartarazi dute, martxa honetan, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo dela itsasoan. 1950eko hamarkadan industrialki erabiltzen hasi zenetik, 8.300 milioi tona baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako ekoizpena 34.000 milioi tonaraino iritsiko da. Hemendik aurrera, zer?

Javi Franco Aztiko marea eta kosten ingurumen kudeaketako ikertzaileak plastikoaren ekoizpena eta kontsumoa gutxitzen hasteko neurriak eskatu ditu. Ikertzaileak dio itsas ekosistemaren osagai guztietan aurki daitezkeela plastikoak. Material horri buruz dio “oso baliagarria” izan zitekeela, baina “arazo asko” sortzen dituela: “Batetik, ez delako ondo kudeatzen haren erabileraren ondorengo zikloa; eta, bestetik, asko irauten duen materiala delako”. Horretaz gain, Francoren esanetan, plastikoaren %80a lurretik datorrela eta gainerako %20a itsasoan izaten diren jardueretatik, “batik bat, arrantzatik, itsas zirkulaziotik edo gas eta petrolio ustiaketatik”. Aztik egiten duen lanari buruz ere mintzo da. “Esaterako, ur masen garraioen simulazio eredu ezberdinak. Hala ikus dezakegu itsasora iritsi diren plastiko horiek zer tokitara joan daitezkeen errazago”, dio.

Emakumeak zientzian

Josu Lopez-Gazpiok hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu artikulu honen bitartez. Emakumeek eta neskek hainbat muga gainditu behar dituzte arlo zientifiko eta teknologikoetan. Egoera horren isla dira bildu dituen datuak: 2010eko datuen arabera, emakumeek unibertsitate-tituluen %60 lortzen dituzte, baina, zientzia-arloan, ingeniaritzan eta konputazioan %43, %32 eta %21 bakarrik dira, hurrenez hurren. Hori gertatzeko arrazoietako bat azaltzen du: zientzian interesa duten neskek dituzten erreferente eskasak. Zientzialari ospetsuak aipatzen direnean, kimikariak dio, ia denak gizonezkoak direla. Nobel Sarien auzia aipatzen du tartean. Hausnartzeko modukoa da Nobel saridunen gehiengoa gizonak direla guztira, 844 gizon eta 49 emakume. Emakumeen lana azaleratzeko hainbat egitasmo martxan jarri badira ere, oraindik asko dago egiteko.

Genetika

Heriotzaren unea zehaztea erabakigarria izan daiteke hilketak argitzeko. Honen harira, teknika berri bat bidean egon daiteke, geneen espresioa nola aldatu den aztertzea oinarri duena. Artikuluan azaltzen digute espresioaren bitartez, geneek gordetzen duten informazioa hainbat proteinatara bideratzen dute, organo eta ehun bakoitzean proteinek dagokien funtzioa bete dezaten. Bartzelonako CRG Erregulazio Genomikorako Zentroko ikertzaile Roderic Guigok argitzen du zertan datzan: “Geneen espresioan egon diren aldaketak aztertuta, eredu bat proposatu dugu heriotzaren unetik zenbat denbora igaro den iragarri ahal izateko”. Proposatutakoa oraindik ikerketa akademikoa dela esan du. Bideratutako ikerketa nolakoa izan den ezagutzeko, irakur ezazue artikulua Berrian!

Adituak ez dira ados jartzen noiz bilakatu zen txakurra gizakiaren lagunik onena. Batzuek diote Paleolitoan gertatu zela, duela 17.000 urte baino gehiago, gizakia ehiztari-biltzaile zenean. Beste batzuek, ordea, Neolitoan. Azterketa genetikoek ezta ez dute eztabaida argitzen. Txakurren eta beste espezie ahaideen genomak alderatuta, batzuek Europan kokatzen dute txakurraren sorrera, eta beste batzuek, Asian. Garbi dutena da otsoa eta txakurra urruneko arbaso beretik datozela. Badago ikerketa bat oso deigarria dena eta ideia hau du oinarri: txakurren lagunkoitasunaren oinarri genetikoa gizakiotan gehiegizko jendetasuna eragiten duen sindrome batenaren oso antzekoa da: Williams-Beuren. 20.000 pertsonatik bati eragiten dio. Aurpegi berezia, asaldura kognitiboak eta neurrigabeko jendetasuna dute pertsonok. Ikertzaileek azaldu dutenez, txakurren jendetasunaren atzean aldaera genetiko jakin bat egotea lagungarria izan da otsoetatik bereizteko.

Gene ikertuenen sortarekin jarraitzen dugu aste honetan. Gaurkoan, TGFB1 dugu protagonista. Gene hori 19. kromosoman daramagu eta hazkunde faktore bat da. Ehun askotan aktibo dago baina batez ere barean eta hezur-muinean. 101 generekin elkarrekintzak ditu eta 199 prozesu biologikoetan parte hartzen du. Ez galgu Koldo Garciaren azalpen txukuna!

Kimika

Parametro biologikoak neurtzeko sentsore plataforma adimendunak sortzea gainazal‑eraldaketa ikerkuntzaren erronka nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da. Osasungintzan oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)ren historia, gaur egun gainazalaren modifikazioak egiteko teknika erabilienak eta horiek eragindako modifikazioa karakterizatzeko moduak azaltzen dira lan honetan. Horretaz gain, poli(metilmetakrilatoa)n eginiko zenbait modifikazio eta emaitza agertuko dira.

Medikuntza

Algoritmo berri bat garatu dute UPV/EHUko ikerketa batean bihotz-biriketako bizkortzea eraginkorragoa izan dadin. Bularraren azelerazioa oinarri hartuta, konpresio torazikoak zein sakonerarekin eta maiztasunarekin egin behar diren kalkulatzen du algoritmoak. Gaixoaren bularraldean jartzen den azelerometro bati esker uneoro eta denbora errealean neurtzen da gaixoari egiten ari zaizkion konpresioen sakonera eta maiztasuna eta, beraz, behar izanez gero, zuzendu daiteke kalitatezko BBBa egiteko.

Amaia Jauregi Miguel biologoak eritasun zeliakoa izan du ikergai bere doktorego-tesian. Jauregik azaltzen du ez zuela eritasun zeliakoa aztertzea erabaki gaixotasun horretan interes berezia nuelako, gaixotasunen genetika molekularra aztertzeko eredu aproposa zelako baizik”. Bere ikerketa lerroa lotura hertsiak izeneko egituren azterketa genetikoa izan da. Berak azaltzen du: “Heste meharrean hesi funtzioa betetzen dute, zelulen arteko fluxu librea ekiditen baitute eta beraz, mantenugaien xurgapena zelulen kontrolpean dago. Eritasun zeliakoan, lotura hertsien suntsipena ematen da eta ondorioz, glutena zelulen artetik zehar barneratzen da, hanturazko erreakzioa piztuz”.

Diagnostikatu gabeko kasuak ere badaude, pertsonen %15 soilik diagnostikatzen da. “Hau horrela izanda, zeliakia pairatzen denaren susmoa badago, glutenik gabeko dieta hasi beharrean, medikura joatea eta frogatzea gomendatzen da”, dio Jauregik. Orain, Suediara doa doktoratu ondoko ikerketa egitera.

Neurobiologia

Mikroskopia-teknika berri bat aurkeztu dute eta lehenengo aldiz garuneko eremu bateko zelula guztiak ikusteko aukera ematen du. UPV/EHUk eta Achucarro neurozientzien ikerketarako euskal zentroak Bordeleko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa baten emaitza da. Aurretik garatutako metodoek aurrez markatutako zelulak ikusteko aukera ematen zuten bakarrik. Horrek mugatzen zuen garuneko eremu batzuetako zelulak etiketatzea. Adibidez, ezin zen ikusi nola antolatzen diren eta nola jokatzen duten garuneko zelulek.

Osasuna

Jakina da espinakak burdina duela baina badaude beste elikagai batzuk osagai hori ere badutenak eta kantitate handiagoan gainera. Josu Lopez-Gazpiok egin digu zerrenda: curryak 295 mg/kg ditu, oilasko gibelak 120 mg/kg, mertxikak 41 mg/kg eta dilistak 33 mg/kg. Kimikariak azaltzen digu espinakak azido oxaliko asko daukala -600 mg/kg, gutxi gorabehera- eta horren ondorioz, espinakak duen burdinaren %5 bakarrik asimilatzen dugula. Nondik dator, beraz, espinakek burdin asko dutela pentsatzearen ustea? Akats tipografiko bat izan da uste horren kausa. Testuan azaltzen diguten moduan, 1870eko zientzia-argitalpen batean espinakaren burdin-edukiaren zifrari dezimalen koma jartzea ahaztu zitzaien. Komarik gabe, espinakak hamar aldiz burdina gehiago zeukala zirudien. Zientzialariek 1981ean izan zuten akats horren berri eta konturatu ziren espinakaren burdin edukia ez zela horren altua. Bada, aditu batzuen ustetan, burdinaren dezimalaren akatsa ez zen inoiz gertatu. Egin diren ikerketa batzuen arabera, ustezko dokumentu horren existentzia ez da inoiz frogatu ahal izan.

Teknologia

Izaro Goienetxea Urkizuk BertsoBot robot bertsolariaren proiektuaren barruan lortutako emaitzak orain dela gutxi publikatu ditu. Honen inguruan, argi utzi du bere lanaren helburua ez dela izan robota bertsotan jartzea, baizik eta musika-sorkuntza automatikoko eta musika sailkatzeko metodo bana sortzea. Txikitan, ordenagailuekin jolastea gustatzen zitzaion, “baina ez nekien nola funtzionatzen zuten”. Gauzak horrela, Informatika ikastea erabaki zuen. Informatikari beste zaletasun bat erantsi behar zaio: musika. Txikitatik jotzen du biolina. BertsoBot proiektuaren baitan, musika sortzeko eta sailkatzeko metodoak bakoitza bere aldetik garatu ditu, baina orain konbinatu nahi ditu. Bi metodoen uztarketa aurkeztuko du tesian (orain azken urtean egiten dabil).

Zer ikusten du ibilgailu autonomo batek gidatzen duenean? Eta nola gidatzen du? Galdera horiei erantzuna emateko bideo bat dakargu.

Zoologia, herpetologia

Aranzadi Zientzia Elkartearen azken ikerketen arabera, pinu eta batez ere eukalipto landaketak, uhandreen osasunarentzako eta ugalketarako kaltegarriak dira. Maider Iglesias-Carrasco eta Carlos Cabido herpetologian doktoreen lan-taldeak ondorioztatu dute bizilekuak, hots, putzua kokatua dagoen inguruneak eragin zuzena eduki dezakeela uhandre palmatuen osasunean eta emeak arra aukeratzeko prozesuan. Emaitza bi horiek lotuta daude, gainera. Izan ere, eukalipto landaketetako emeek duten osasun egoera makala dela medio, ez dute energia askorik xahutzen arra aukeratzen.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #192 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #205

sam, 2018/03/03 - 09:00

Gorputzaren homeostasirako ezinbestekoak dira azalaren funtzioak. Hartzaile nuklear bakar batek berebiziko papera du azalarentzat eta bizitzarentzat. NuRCaMein-ek The skin I live in: the mineralocorticoid receptor.

Historiako garairik onenean ala txarrenean bizi gara? Zeini galdetzen diozun, erantzuna aldatzen da. Momentuz eztabaidan dabiltza. Oso serio, baina, dituen inplikazio soziopolitikoak direla eta. Jesús Zamorak eztabaida hurbiltzen digu: The Enlightenment wars (1): progress or decline?

Miniaturizazio gaitasunagatik du etorkizuna espintronikak eta, horretarako, parte hartzen duten molekulen kimikoki diseinatutako espinaren kontrola oso erabilgarria izango da. Horretan dabil DIPCko jendea: Spin control using chemical design

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #205 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izaro Goienetxea: “Niretzat, naturala izan da informatikan sartzea”

ven, 2018/03/02 - 09:00
Ana Galarraga Duela gutxi aurkeztu ditu Izaro Goienetxea Urkizuk bere orain arteko lanaren emaitzak. BertsoBot robot bertsolariaren proiektuaren barruan plazaratu ditu, baina argi utzi du Goienetxeak bere lanaren helburua ez dela izan robota bertsotan jartzea, baizik eta musika-sorkuntza automatikoko eta musika sailkatzeko metodo bana sortzea.

Horra iristeko egin duen bidea “nahiko naturala” izan dela onartu du Goienetxeak. Izan ere, etxetik datorkio teknologiarekiko zaletasuna; anaiek ordenagailuak zituzten eta haiekin ibiltzea gustatzen omen zitzaion: “Ordenagailuekin jolastea gustatzen zitzaidan, baina ez nekien nola funtzionatzen zuten. Horrek jakin-mina piztu zidan, eta horrek bultzatu ninduen Informatika ikastea”.

Irudia: Izaro Goienetxea informatika-ingeniaria.

Robotak eta zientzia-fikzioa ere gustuko zituen, eta, horrekin batera, bazuen, eta badu, beste zaletasun bat: musika. Hain zuzen, txikitatik jotzen du biolina. Horrenbestez, maite dituen bi munduak, teknologiarena eta musikarena, uztartu ditu bere lanean.

Aurretik, informatika-ikasketak amaitu zituenean, Vicomtech ikerketa-zentroan aritu zen lanean, medikuntza-irudiekin eta aplikazio biomedikoetan. Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra ere egin zuen, eta orduan sortu zitzaion aukera lana egiteko UPV/EHUn Informatika musikala lantzen zituen ikertzaile batekin.

Alde horretatik, zorte ona izan duela iruditzen zaio: “Europako beste leku batzuetan hemen baino garatuagoa dago musika eta teknologia nahasten dituen ikerketa. Bartzelonan egiten da zerbait, baina hemen oso gutxi; beraz, zorionekoa naizela esan dezaket”. Hori bai, aitortu du lanean hasi aurretik zituen aurreikuspenak aldatu egin direla. “Beti gertatzen da, magia galtzen da. Arazoak sortzen dira, gauzak ez dira beti norberak nahi duen bezala ateratzen… Baina oso gustura nabil”.

Doinu berriak eta sailkapenak

Emaitzak ere lortu ditu. Lehenik, musika automatikoki sortzeko metodo bat sortu du. Hasteko, corpus bat behar zuen, eta horretan ere zorte ona izan duela esan du: “Justu proiektua hasten ari nintzela, Euskadi Irratian entzun nuen Joanito Dorronsorok landutako bertso-doinuen corpusa aurkeztu zuela Xenpelarrek. Corpus hori altxor bat da, ez baita erraza horrelako corpus osatu eta eguneratu bat topatzea. Haiekin harremanetan jarri ginen, eta horrela hasi zen dena”.

Kasualitatea izan zela dio Goienetxeak. Edonola ere, berriro ere bere zaletasunak lanarekin uztartzeko aukera eman zion horrek, bertsozalea ere bada eta. “Gainera, nire osaba baten laguna zen Joanito Dorronsoro. Hortaz, lehendik nuen harremana”. Corpus horretan oinarrituta garatu du doinu berriak automatikoki sortzeko metodoa.

Robotika eta Sistema Autonomoen Taldekoek (RSAIT) ikusi zuten Goienetxearen lana aproposa zela sailkapen-metodo bat sortzeko ere, eta halaxe hasi zen haiekin elkarlanean. Haiekin eta BertsoBot robot bertsolariarekin, hari aplikatzen baitizkiote sortzen dituzten aurrerapenak. Hain zuzen, gizakien eta roboten arteko elkarrekintza hobetzea da RSAITen helburua.

Musika sortzeko eta sailkatzeko metodoak bakoitza bere aldetik garatu ditu, baina orain badu biak konbinatzeko asmoa. Hain zuzen, tesiaren azken urtean dabil, eta bi metodoen uztarketa aurkeztuko du. Etorkizunera begira, gustatuko litzaioke arlo horretan jarraitzea, baina ez ditu baztertzen bestelako aukerak: “Azkenean, datuen analisiko metodoak dira, eta beste arlo batzuetan aplika daitezke. Esaterako, irudi biomedikoekin aritu nintzenean, oso gustura ibili nintzen. Interesgarria bada, berdin zait arloz aldatzea”.

Fitxa biografikoa:

Izaro Goienetxea Urkizu 1985eko abuztuaren 29an jaioa, Lezon, Ingeniaritza Informatikoa ikasi zuen UPV/EHUn, eta, gero, hiru urtez, Vicomtech ikerketa-zentroan lan egin zuen, aplikazio biomedikoen sailean. Aldi berean, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Masterra egin zuen, eta, jarraian, UPV/EHUn lanean hasi zen, Informatika Musikaleko taldean. 2014. urtean, berriz, Ingeniaritza Informatikoko doktoretzako ikasketak hasi zituen, eta laster aurkeztuko du tesia.
———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Izaro Goienetxea: “Niretzat, naturala izan da informatikan sartzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Parametro biologikoak sortzeko sentsore adimendunak

jeu, 2018/03/01 - 15:00
Mikel Azkune, Garazi Larrakoetxea, Maia Etxebarria eta Leire Ruiz-Rubio Parametro biologikoak neurtzeko sentsore plataforma adimendunak sortzea gainazal‑eraldaketa ikerkuntzaren erronka nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da.

Irudia: Egun, parametro biologikoak neurtzeko sentsore-plataforma adimendunak sortzea da gainazalak eraldatzearen arrazoi nagusienetako bat.

Horrela sentsorea bi atal nagusitan banatua egongo da, bioelementua eta transduktorea. Lehenengoa neurtu nahi den substantzia atxikitzeaz arduratuko da eta bigarrenak atxikiturikoaren neurketa emango digu. Lan honetan lehengo atala jorratuko da gainazal‑eraldaketan eta honen karakterizazioan sakontzen baita. Helburua parametro biologikoak neurtzea eta kuantifikatzea izango denez, osasungintzara bideraturiko sentsoreen diseinua eta eraldaketa prozesuak azalduko dira.

Bioelementuak ordea, substratu baten gainean egingo dira, substratu honek hainbat ezaugarri bete behar dituelarik. Kasu honetan, esparruan oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)n sakontzen da. Material honen historia eta erabilera, sintesia eta ezaugarri nagusiak azaltzen dira. Plexiglas izenarekin saltzen den material hau hainbat eremutan erabiltzen da, oso helburu ezebrdinekin gainera. Eraikuntzan, dekorazioan edo argiztatze sistemetan erabiltzen da baina batez ere gardena eta inertea dela aprobetxatuz, optikako hainbat osagai egiteko erabiltzen da, besteak‑beste polimerozko zuntz optikoak egiteko gehien erabiltzen den polimeroa da.

Bestalde, gainazal‑eraldaketak egiteko modu ezberdinak eta teknika erabilienak azaltzen dira. Teknika hauek burutzerakoan sortzen den arazo nagusia tratamenduaren kuantifikazioa izan ohi denez, hauek karakterizatzeko zenbait teknika deskribatzen dira, teknika hauek espektroskopiko eta ez‑espektroskopikotan banatuaz eta bakoitzak eskaintzen dituen abantailak eta desabantailak agerian utziz erabiltzaileak zenbait kriterio izan ditzan zein teknika izan litekeen egokiena aukeratzerako orduan.

Azkenik, azaldutakoaren adibide esperimentala erakusten da. Poli(metilmetakrilatoa) laginei gainazala eraldatu zaie hidrolisia eta ozonolisia erabiliz eta ondoren silanizazio tratamenduak aplikatu zaizkie. Modifikazio hauek zein gradutan gauzatu diren azaltzeko aurrez azalduriko zenbait karakterizazio teknika azaltzen dira modifikazio teknikak optimizatze aldera, XPS, TBO‑kolorimetria, ukipen angelua eta SEM teknika hain zuzen ere.

Honela, gainazal‑eraldaketak zer diren eta zertarako balio dezaketen erakusteaz gain, poli(metilmetakrilatoa)ren, oso erabilia den substratuaren historia eta erabilerak azaltzen dira berebiziko abantailak eskaintzen baititu. Argumentu hori indartzeko material honen laginen gainazalak eraldatu dira eta zenbait karakterizazio tekniken bidez erakutsi da eraldaketa hauek gertatzen direla eta kuantifikatu daitezkeela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Poli(metilmetakrilatoa)ren gainazal eraldaketa. Sentsore adimendunak.
  • Laburpena: Parametro biologikoak neurtzeko sentsore-plataforma adimendunak sortzea gainazalak eraldatzearen arrazoi nagusienetako bat da. Kontzentrazio baxuko disoluzioak neurtzeko, hautakortasun handia behar denerako edo sentikortasun itzela nahi den egoeretan neurketak egin ahal izateko, sentsore hauen garapena beharrezkoa da. Horrez gain, osasungintzan erabili ahal izateko, biobateragarritasuna ezinbesteko ezaugarria denez, polimerozko sentsoreen erabilpena hazi egingo dela aurresan daiteke. Esparru honetan, oso erabilia den poli(metilmetakrilatoa)ren historia, gaur egun gainazalaren modifikazioak egiteko teknika erabilienak eta horiek eragindako modifikazioa karakterizatzeko moduak azaltzen dira lan honetan. Gainera, poli(metilmetakrilatoa)n eginiko zenbait modifikazio eta emaitza erakusten dira eraldaketen parametroak optimizatu nahian.
  • Egileak: Mikel Azkune, Garazi Larrakoetxea, Maia Etxebarria, Leire Ruiz-Rubio
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 67-82
  • DOI: 10.1387/ekaia.16318

—————————————————–
Egileez:

Mikel Azkune, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Fotonika Aplikatu Tadean dabil. Garazi larrakoetxea, Maria Etxebarria eta Leire Ruiz-Rubio UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Sailean dabiltza.

————————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Parametro biologikoak sortzeko sentsore adimendunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Heriotzarako bidaia

jeu, 2018/03/01 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

izokin

Irudia: Arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; gero itsasora joan eta, han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera.

Beste atal batean (Izokinaren lan astunak) aritu izan gara izokinei buruz. Gogora dezagun: arrain anadromoak ur gezan jaiotzen dira; gero itsasora joan eta, han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera. Izokin guztiak familia berekoak dira, Salmonidae familiakoak[1] hain zuzen ere, baina desberdintasun nabariak daude izokin espezieen artean.

Oraingo honetan, horietako baten istorioa kontatzera gatoz, sockeye izokinarena hain justu. Oncorhynchus nerka du izen zientifikoa, eta Ipar Amerikako ekialde-kostaldeko hizkuntza baten izenetik (suk-kegh) dator haren izen arrunta (sockeye). Suk-kegh hitzak «arrain gorri» esan nahi du, baina Salish hizkuntzako hitzaren soinua ingelesera egokitzean sockeye sortu da.

Izokinen migrazio-jokabideak desberdinak dira populazioen arabera. Zenbait populaziotakoak, oso gutxi, ez dira inoiz itsasoratzen; bizitza osoa ematen dute aintziretan, eta oso tamaina txikia dute. Gehienak, baina, itsasoratu egiten dira. Sockeye espezieko izokinak ibaietan edo aintziretan jaio daitezke, baina ibaietan jaiotzen diren gehienak, ahal badute, ibaiaren sistema hidrologiko bereko aintzira batean gelditzen dira gaztaro gehienean zehar. Urtebete, bi urte edo hiru egon daitezke aintziran itsasora joan aurretik, baina aintzira batean gaztaroa igarotzeko aukerarik ez dutenak lehenago itsasoratzen dira.

Ezaguna denez, arrain anadromoak gizentzera joaten dira itsasora. Zooplanktona da sockeye izokinaren janari-iturri nagusia. Urtebete eta lau urteren artean egoten dira itsasoan, gizendu eta sexu-heldutasunera iritsi arte. Orduan hasten da ibairako itzulera-bidaia, naturan den gertaerarik harrigarrienetako bat, bidaia osoan zehar ez baitute ezer ere jango.

Bidaia oso luzea izan daiteke; zenbait izokinentzat milaka kilometrokoa. Bada, bidaia hasten den unean jateari utzi eta baraurik egongo dira, hilabete batzuk igaro ondoren hil arte. Itzulera-bidaia hasi aurretik, behar izango dituzten erreserba-gaiak metatuak dituzte euren ehunetan eta gametoak ere sortuta daude. Ez dute, beraz, gehiagorik behar.

Lehenago pilaturiko erreserbak gastatuz doaz bidaian zehar, igeriketa-jardueraren beharrak asebetetzeko. Hasieran, lipidoak erabiltzen dituzte. Gero, lipidoak bukatzen direnean, proteinak katabolizatzen dituzte. Harrigarria bada ere, glukogenoa ―beste ornodun gehienek lehenago erabiltzen duten erreserba-gaia― azken ordurako uzten dute. Egia esan, ur-jauziak gainditu behar dituztenean eta horretarako salto handiak egin, orduan bai erabiltzen dute glukogenoa, baina horrela ere ez dute dena gastatzen. Bidaia bukatu ondoren egin behar duten azkenaurreko jarduerarako gorde behar dute glukogeno gehiena. Errunaldirako energia asko behar dute sockeye izokinek, mugimendu azkar eta indartsuak egin behar baitituzte gametoak askatzeko, eta ernalketaren ondoren legarrez estaltzeko. Hori egindakoan, beste bi edo hiru aste irauten dute bizirik, habia zaintzen emeak eta beste emeen arrautzak ernaltzen saiatzen arrak. Gero, hil egiten dira.

[1] Amuarrainak familia berekoak dira.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Heriotzarako bidaia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bonobo eta txinpantzeen komunikazio-keinuak, esanahi bereko hizkera

mer, 2018/02/28 - 09:00
Juanma Gallego Bonoboek dituzten komunikazio keinuen inguruko datu-basea osatu dute ikertzaileek. Animalien portaera behatuta, keinu gehienak txinpantzeek erabiltzen dituztenekin bat datozela konturatu dira.

Filosofo, antropologo, etologo eta hizkuntzalari askoren jomugan daude tximinoak. Ez da harritzekoa. Gizakiaren eta gainerako primateen arteko desberdintasunean sakontzea gizakia bera definitzeko bidea izan daitekeelako. Nortzuk gara, nondik gatoz eta nora goaz galdera filosofiko klasiko hiru horietatik, hasierako biei erantzun bat topatzeko ahalegina dago, noski, ikerketa horien oinarrian.

Bereziki, tximinoen pentsamendua eta komunikazioa daude ikerketa askoren oinarrian, kontzeptu horiek gizakiaren portaerarekin alderatu ahal izateko. Izan ere, zerbait egitekotan, gizakiak komunikatu egiten du. Bi kontzeptuek lotura zuzena dute, baina, ohi bezala, hizkuntzalarien arteko adostasunik ez dago. Noam Chomsky eta beste hainbat hizkuntzalariren iritziz, lengoaiaren funtzio nagusia pentsamendua ahalbidetzea da. Ray Jackendoff eta beste hainbaten ustez, berriz, espezie bereko kideen arteko komunikazioa da lengoaiaren berezko funtzioa.

1. irudia: Tximinoek erabiltzen dituzten keinuak biltzen dituen “hiztegia” biltzen ari dira St Andrewsko Unibertsitatean. (Argazkia: Catherine Hobaiter)

El sello indelebe liburuan Juan Luis Arsuaga eta Manuel Martín Loeches egileak planteamendu bateragarri baten alde azaltzen dira. “Esan genezake lengoaia agian ez dela ezinbestekoa pentsatzeko, baina lengoaiarik gabe gure pentsamendua ez litzateke berdina izango. Bere aurreneko erabilera agian ez zen pentsatzea, komunikatzea baizik. Baina badirudi azken funtzio hau betetzeak hasierako funtzioa modu nabarmenean hobetu duela”.

Bi egile hauen iritziz, komunikazioari dagokionean, gizakiok sinboloak erabiltzeko dugun gaitasunean oinarritzen da tximino baten eta gizaki baten arteko alde komunikatiboa. Hitzak sinbolo bilakatzen diren heinean, une honetan bertan eskura ez dagoen zerbaiti buruz ari gara. Sinbolismo horren arabera eratu dira gizarteak. Besteak beste, denboran aurrera eta atzera egiteko bidea ematen dute sinboloek, eta hau gizakiari baino ez dagokio. Yubal Noah Harari historialariak kontua ederki laburbildu zuen esaldi sinple batean. “Inoiz ezin izango dugu konbentzitu txinpantze bat guri platano bat emateko, hil ondoren, tximinoen zeruan nahi dituen haina platano izango dituen promesarekin”.

Hiztegi “batua”

Eztabaida honetan aurrera egiteko, aste honetan PLOS Biology aldizkarian argitaratutako ikerketa batean datu berriak aurkeztu dituzte. Bonoboek (Pan paniscus) egiten dituzten keinuei buruzko datu-basea osatu dute, eta 2014an aurkeztu zuten txinpantzeen (Pan troglodytes) keinuen beste datu-base batekin alderatu dituzte datuak. Ikerketa St Andrewseko Unibertsitateak (Erresuma Batua) gidatutako “Tximino Handien Hiztegia” izeneko egitasmoaren baitan kokatuta dago.

Tximino handiek erabiltzen duten imintzioen errepertorioa keinuen forma fisikora mugatu direla diote egileek, keinu horien esanahia kontuan hartu gabe. Esanahi horiek argitzea izan dute jomuga ikertzaileek. Izan ere, animalien komunikazioaren alorrean eztabaida mantentzen da: animalien seinaleek “esanahiak” dituzte, ala “funtzioak” baino ez dituzte betetzen? Funtzioak ezagunak dira: predatzaile baten inguruko abisuak ematea edo janaria non dagoen erakustea, esaterako.

2. irudia: Keinu eta esanahi batzuk. Hasierako biak berdinak dira bi espezietan. Hirugarrena, berriz, polisemikoa eta desberdina da espezie bakoitzean. (Ilustrazioa: St Andrews University/moldatua)

“Esanahi” bat dagoela esateko, ordea, ezinbestean mezua bidaltzen duenak berariaz jarrera aldaketa bat eragin nahi du mezua jasotzen duen animaliarengan. Keinu batek komunikatzeko intentzionalitatea ote duen zehazteko “Antza asegarria den emaitza” (Apparently Satisfactory Outcome) izeneko parametroa erabili dute. Ikerketa artikuluan azaldu dute kontzeptua: “Horrek islatzen du nola erreakzionatzen duen keinua jaso duenak, eta erreakzioak mezua bidali duena asebetetzen ote duen. Mezua zabaldu duenak asebetetze hori erakusten du keinu gehiago egiteari utzita”.

Ikerketa honen egileentzat, beraz, intentzionalitatea argi dago. “Gizakiak ez diren animalia gehienak ez bezala, ebidentziak erakusten du tximino handiek lehen mailako komunikazio intentzionalean parte hartzen dutela: tximino handiek haien keinuak jasotzaile zehatz bati bideratzen dizkiote, jasotzailearen arreta egoera zein den konprobatzen dute, eta horren arabera egokiak diren keinuak aukeratzen dituzte”. Egileen ustez, irizpide hauek frogatzen dute berez tximinoek helburu zehatz bat buruan dutela, eta keinuak darabiltzatela helburu hori lortzeko.

Bi espezieek duela miloi bat urte banandu ziren. Ezaugarri anatomiko komunak dituzte, eta antzeko ingurunetan bizi dira. Halere, oro har, izaera arras desberdina dute bi espezieek. Txinpantzeak indarkeriara jotzeko joera handiagoa dute (txinpantzeen arteko benetako “gerrak” deskribatu izan dira), bonoboen “izaera” askoz lasaiagoa den bitartean. Hauen artean, sexu harremanek protagonismo berezia daukate. Behin baino gehiagotan aipatu izan da bazkalostean telebistan ematen dituzten dokumentaletan ezin direla bonoboak agertu, haur ordutegiaren arauak urratuko liratekeelakoan.

Txinpantzeen inguruko datuak, 2007tik 2009ra eskuratu dituzte, Budongoko parkean (Uganda). 260 egunez 81 txinpantzez osatutako talde bati jarraipena egin zioten. Bonoboei buruzko datuei dagokienez, 2014an eta 2015ean, 204 egunez jarraipena egin zieten Kongoko Errepublika Demokratikoko Wamba eskualdeko bi bonobo komunitateri, -guztira 63 animalia ziren jarraipena hasi zen egunean-. Animalien hartu-emanak bideoz grabatu dituzte, eta, portaera guztiak kodetu ostean, datu-base batean sartu dituzte. Ausazko patroiekin ere nahastu dituzte datuak, konparaketan egon litezkeen kasualitateak alboratu ahal izateko. Horrela, bi espezieek egiten dituzten keinuen %88-%96 esanahian bat datozela kalkulatu dute ikertzaileek.

Bonobonoen kasuan, guztira 4.256 keinu-egoera atzeman dituzte. Horietatik, 2.463 keinuk emaitza asegarria izan zuten. Jolasari lotutako 231 keinu-egoerak kenduta, txinpantzeen inguruko beste datu-basearekin alderatzeko moduko 1.896 keinu-egoera konparatu ahal izan dituzte. Guztira 33 keinu mota eta 14 emaitza asegarri identifikatu dituzte: objektua edo janaria hartu, igo nire gainean, zure gainean igoko naiz, kontaktuan jarri, jarrai nazazu, hasi garbiketa (iletik bizkarroiak kentzeko tximinoek egin ohi duten egintza ezaguna), estal nazazu, hurbildu, aldatu lekuz, hasi kopula, igurtzi genitalak, bidaiatu nirekin, urrundu zaitez, eta utzi hori egiteari.

Emaitzak oso argigarriak dira. Bonoboen artean, 33 keinuetatik 17k emaitza asegarri bakarra dute, seik bi emaitza izan ditzakete eta gainerako hamarrek anbiguoagoak dira. Lehen aipatu bezala, keinu eta esanahi hauetako asko berdinak dira bi espezietan: adibidez, goazen elkarri garbitzera edo igo zaitez nire gainean, berdin “esaten” dute bi espezieek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Graham K.E. et al. Bonobo and chimpanzee gestures overlap extensively in meaning. PLOS Biology 16(2):e2004825. DOI: https://doi.org/10.1371/journal.pbio.2004825

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Bonobo eta txinpantzeen komunikazio-keinuak, esanahi bereko hizkera appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages