Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 1 hour 35 min ago

Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa

Thu, 2022/11/24 - 09:00

Betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. Betizuak animalia iheskorrak dira, eta Euskal Herriko mendietan irauten dute oraindik ere, milaka urtez, modu basatian.

Populazio hori orografia malkartsura eta klimatologia hezera egokituta dago. Baserriko ekonomiaren giltzarria da, eta naturarekiko iraunkorra den abeltzaintza estentsiboa ahalbidetzen du. Gainera, eskualde horretako espezieen biodibertsitate zabalari eusten laguntzen dio. Hala ere, mende luzez mendi, baso eta zelaietan egon diren animalia horiek gutxitu egin dira, landa-biztanleria zahartzearen eta landa-ingurune sozioekonomiko tradizionala desagertzearen ondorioz. Horregatik, beharrezkoa da arrazaren egoera hain delikatua ezagutaraztea, gizarteak ondare horri balioa eman diezaion eta desagertu ez dadin eta landa-sektorearen ekonomia estentsiboan eta naturan txerta dadin.

BetizuIrudia: betizua desagertzeko arriskuan dagoen eta Euskal Herrikoa den, Europako azken behi basatietako bat da. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Bestalde, betizua kontserbatzeko ahaleginetan aritu diren pertsonek ikertzen eta informazioa biltzen egindako lanari esker, gaur egun oinarri baliotsua dugu. Lan honen bidez, orain arteko genetikako ezagutza eguneratu, osatu eta zabaldu nahi da.

Betizu populazioaren azterketa genetikoaren aurrekari bakarrenetakoa, lan hau egin arte, Fernando Rendok bere doktorego-tesirako egindako ikerketa-lana da. Lan horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako ardi-, behi- eta zaldi-arraza autoktonoen populazioen genetikari buruzko azterlana egin zuen. Betizu arrazarekin lortutako emaitzei dagokienez, arrazaren egitura genetikoa eta harreman filogenetikoak aztertu zituen, markatzaile mikrosateliteak erabiliz. Ikerketaren ondorioen arabera, betizu arrazak, 250 abelburu inguru izan arren, aldakortasun genetiko handia ageri zuen. Bestalde, piriniotar behi-arraza betizutik genetikoki hasieran espero baino urrutiago zegoela ikusi zuen. Azkenik, arrazaren gehiengoaren jatorria ia mestizajerik gabe iraun zuten talde gutxi batzuetan zegoen, eta, beraz, betizu arrazak odolkidetasun handia eduki behar zuela ondorioztatu zuen.

GRAL honetarako egin dugun azterketan, betizu indibiduoen lagin espezifiko baten bidez, azterketa genetikoa eguneratu da. Horretarako, genotipazio-txipek eskaintzen duten informazio molekular masiboa erabili da, populazioen genetika-azterketa ugari egiteko aukera ematen baitu. Horien artean, egitura genetikoaren eta taldeen arteko erlazioen azterketa zehatzagoa egiteko aukera ematen du, homozigosi-eskualdeak identifikatzeko eta aztertzeko (ROH – Runs of homocigosity), odolkidetasuna aztertzeko eta elkartze-azterketak egiteko genoma osoan (Genome-wide Association -GWAS-). Egitura genetikoa eta homozigosi-eskualdeak aztertzeko, genotipazioetako informazioa besterik ez da behar; elkartze eta hautespen genomikoko azterketek, berriz, informazio fenotipikoa duen datu-base bat ere behar dute, eta, beraz, ezin izan dira lan honetan aztertu.

Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua ematen dute arrazaren kontserbazio-programan erabakiak hartzeko. Izan ere, beste informaziorik ez dagoenez, depresio endogamikoa agertzea saihestuko duten gurutzamenduak diseinatzea ahalbidetzen du.

Egindako lanari esker, Betizuen 3 talde nagusiekin bat egiten duten 3 jatorri daudela atzeman da. Bestalde, galtzeko zorian dagoen arraza dela kontuan izanik, arrazaren biziraupenerako oraindik arriskutsua ez den batez besteko odolkidetasun genomikoa zenbatestu da -gomendagarria izanik estalketen plana ezartzea-. Azkenik, informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak ziren ahaidetasun-erlazioak argitzeko balio izan du, indibiduoen jatorria ziurtatzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa.
  • Laburpena: Ikerketa lan honen bidez, Euskal Herrikoa, hemengoa den eta galtzeko zorian dagoen betizu behi-arraza erdi basatiaren ezaguera handitu nahi izan da. AxiomTM Bovine Genotyping v3 genotipazio-txiparekin abereen lagin adierazgarri baten azterketa genetikoa egin da. Azterketa horren helburua behi-taldearen barruan egon zitezkeen azpipopulazioak atzematea eta taldean dagoen odolkidetasun-maila aztertzea izan da. Galtzeko zorian dagoen arraza den arren, odolkidetasuna ez da espero zen bezain handia izan: batez beste % 13,4. Gaur egungo betizuen abere-azienda birpopulatu duten animalia talde nagusiekin bat egiten duten hiru azpipopulazio aurkitu dira. Ahaidetasuna zehazteko, erlazio genomikoen matrizea kalkulatu da, eta informazio molekularrak genealogikoki ezezagunak diren ahaideak argitzeko duen gaitasuna egiaztatu da. Azterketa horren emaitzek informazio garrantzitsua eman dute arraza kontserbatzeko programan erabakiak hartzeko; izan ere, depresio endogamikoa agertzea saihesten duten gurutzamenduak diseinatzeko aukera eman dezake, informazio genealogikoa ez dagoen egoera batean.
  • Egileak: Asier Alvite Arregui, Juan Altarriba Farrán, Luís Varona Aguado
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 127-138
  • DOI: 10.1387/ekaia.22701
Egileez:

Asier Alvite Arregui Lurgintza Nekazal Kooperatibako ikertzailea da.

Juan Altarriba Farrán eta Luís Varona Aguado Zaragoza Unibertsitateko Albaitaritza Fakultateko Genetika saila eta Anatomia, Enbriologia eta Animalien Genetika saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Betizu behi arrazaren karakterizazio genealogiko eta genomikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Laserra goizeko kafea prestatzeko

Wed, 2022/11/23 - 09:00

Kafearekin harreman estua dugu gutako gehienok. Modu batera edo bestera, edozein egun arruntetan egin genezake topo kafearekin. Kafeak mundua aldatu duela dioenik ere bada, baina gu zientziaren alorrera hurbilduko gara. Ur hotzetan prestatutako kafearen –cold brew coffee- modari so, laser bidez kafea prestatzeko balizko prozesuaz arituko gara gaurkoan.

kafeaIrudia: kafea ur hotzetan prestatzeko arazoetako bat erauzketa-denbora da, baina baliteke laser teknologiaren bitartez hori konpondu ahal izatea. (Argazkia: Gabriela Sanda – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Kafea munduan gehien kontsumitzen den edarietako bat da –hirugarren postuan uraren eta tearen atzetik- eta, Zientzia Kaieran ere, behin baino gehiagotan izan dugu kafea hizpide. Koldo Garciak, Kafe bat lau gene-koskorrekin, mesedez artikuluan argitu zizkigun Coffea arabica espeziearen genomaren atzean dauden sekretuak. Matematikan fokua jarriz, Kafea ondo hartzeko algoritmoaren bila zebiltzan ikertzaileen berri eman nizuen 2018. urtean eta, geroxeago, kafea nola deskafeinatzen den azaldu nizuen.

Edari bizigarria da kafea eta kafeina du estimulatzaile nagusi. Kafeinaz ere behin baino gehiagotan hitz egin dugu blog honetan bertan. Ez bakarrik kafeak duen kafeinaz; izan ere, Uxune Martinezek argitu zuen bezala, pil-pilean dagoen gaia dira edari energetikoen kontsumoak gazteengan eragiten/sortzen dituen kalte-galerak. Edari energetikoekin eta kafeinaren gehiegizko kontsumoarekin arduratuta, kafeinaren arriskuetako batzuk zerrendatu nituen alkohola eta kafeina, eztanda egin arte artikuluan.

Oro har, kafea prestatzeko, tenperatura altuan dagoen ura erabiltzen da, kafe-aleen osagaiak modu eraginkorrean erauzi ahal izateko. Alabaina, azken urteotan moda-modan dagoen beste kafe mota bat cold brew delako kafea da; alegia, ur hotzetan egindako kafea. Kafe-aleen substantziak azkar erauzteko tenperatura altua behar denez, cold brew motako kafeak egiteko, erauzketa-denbora luzatu behar da. Errezetak errezeta, 12-24 orduko infusio-denborak behar dira cold brew kafe bat prestatzeko. Kontuz: ez da nahastu behar aipatutako kafe hori eta, besterik gabe, modu arruntean prestatutako kafe hotza. Erauzketa ur hotzetan egiten bada, lortutako edariak izango dituen osagaiak ez dira berdin-berdinak izango. Cold brew kafearen zaleek diotenez, kafe mota horrek zapore puruagoa du, garbiagoa. Antza, kafe hori ez da hain mikatza ezta hain azidoa ere. Zaletasunak zaletasun, ez gara horretan sartuko.

Hala eta guztiz ere, argi dago kafe hotzaren arazoetako bat erauzketa-denbora luzea dela. Horren ondorioz, kafetegi batean ezingo litzateke momentuan bertan cold brew kafea prestatu. Bada, Alemaniako ikertzaile talde batek laser bidezko teknologia erabili du arazo horri aurre egiteko. Erabili eta lortu ere bai, izan ere, npj Science of Food aldizkarian argitaratu berri duten ikerketa baten emaitzen arabera, 3 minutuko laser bidezko irradiazioari esker, kafe-aleen osagaiak giro-tenperatura erauztea lortu dute. Lortutako kafeina-kontzentrazioa 25 mg-koa izan da 100 ml-ko -gutxi gorabehera ohiko kafe batek duen kafeina kontzentrazioa -. Laser bidez prestatutako kafearen analisiak erakutsi duenez, konposatu lurrunkorren kontzentrazioa, piridina esaterako, altuagoa da tenperatura altuan prestatutako kafearen kasuan baino. Hain zuzen ere, horixe da cold brew kafearen ezaugarri bereizgarria; beraz, laser bidezko kafeak ere antzeko ezaugarriak dituela pentsa daiteke. Oraingoz lehen saiakera bakarrik izan den arren, badirudi emaitza interesgarriak lortu direla.

Gaur-gaurkoz ez dirudi teknologia hori auzoko kafetegian laster izango dugunik, erabili beharreko laser tresna bereziak duen kostu altuarengatik –30.000 $-. Hala ere, modek haizea hartzen dutenean gertatzen den bezala, batek daki hamarkada bat barru sartuko ote zaren tabernara honela: kafesne bat, bi ebaki eta hiru laser-kafe, mesedez!

Informazio gehiago:

Fish, Greg (2022). Laser coffee, coming soon to a café near you?, worldofweirdthings.com, 2022ko urriaren 8a.

Rawat, Sachin (2022). Scientists make cold brew coffee in 3 minutes using lasers, bigthink.com, 2022ko abuztuaren 2a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ziefuss, A.R., Hupfeld, T., Meckelmann, S.W., Meyer, M., Schmitz, O.J., Kaziur-Cegla, W., Tintrop, L.K., Schmidt, T.C., Gökce, B., Barcikowski, S. (2022). Ultrafast cold-brewing of coffee by picosecond-pulsed laser extraction, npj Science of Food, 6(19). DOI: 10.1038/s41538-022-00134-6

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Laserra goizeko kafea prestatzeko appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak

Tue, 2022/11/22 - 09:00

Litekeena da ipuin herrikoi ezagunenetako batzuek historiaurrean izatea erroa. Ondorio hori ateratzeko, metodo estatistikoak eta konputazionalak baliatu dituzte; biologian, adibidez, espezie batzuen historia ebolutiboa eta aurreko beste espezie batzuen jatorria berregiteko erabiltzen dira.

Azterketa biologikoak espezieen sekuentzia genetikoen –edo leinuen– alderaketan oinarritzen dira; horrela, haien historia marrazten da. Informazio genetikoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina, batzuetan, DNAren kateak mutazioak izaten ditu erreplikatzean, eta leinu berriak sortzen dira, jatorrizkoaren ondoz ondoko adarkaduren ondorioz. Hizkuntzen bilakaerarekin eta adarkatzearekin ere antzeko azterketak egiten dira, baina geneen ordez, hitzak transmititzen dira. Hitzek denboran zehar izaten dituzten aldaketen ondorioz, beste hizkuntza batzuk sortzen dira, aurreko hizkuntzetatik adarkatzen direlako. Jatorri bereko hitzen artean une honetan dauden desberdintasunak irizpide gisa erabiltzen dira hizkuntzen bilakaera berregiteko.

ipuinIrudia: Warwick Gobleren irudia, Ederra eta piztia ipuinaren 1913ko argitalpen batean erabilia. (Marrazkia: Warwick Goble – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Hizpide dugun ikerketan, indoeuropar hizkuntzen zuhaitz filogenetikoa (“genealogia”) zuten erreferentziatzat, eta 275 “magia ipuinen” presentzia aztertu zuten hizkuntza horietako berrogeita hamarretan. Ipuinok Aarne Thompson Uther nazioarteko katalogokoak dira; guztira, 200 gizarte baino gehiagoko 2.000 ipuinetik gora biltzen ditu katalogoak. Hansel eta Gretel eta Ederra eta piztia, esaterako, ipuin horien artean daude. 275 ipuinetatik 199 baztertu zituzten, ziurrenik horizontalki transmititu zirelako, alegia, gizarte batetik gertuko beste gizarte batera. Nahiko argi zuten, baina, gainerako 76ak bertikalki transmititu zirela, belaunaldi batetik hurrengora, gizarte beraren barruan. Hansel eta Gretel ipuina, adibidez, ez zen hurrengo fasera pasatu. Ederra eta piztia, aldiz, bai.

Gero, kalkulatu zuten ea zer probabilitate zuen ipuin bakoitzak hizkuntza azpifamilia handiak sortzea eragin zuten adarkatzeak gertatu ziren garaian egoteko. Probabilitate hori aipatu narrazioek hizkuntza garaikideetan duten presentziaren araberakoa da, kontuan hartuta, baita ere, hizkuntza horiek zuhaitz filogenetikoan duten posizioa. 76 ipuin horietatik, 14 –Ederra eta piztia, besteak beste– hizkuntza zelten, erromantzeen, germaniarren eta eslaviarren jatorri den hizkuntzan existitu ziren % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, eta uste dute hizkuntza hori duela 6.800 urte jaio zela. Hamalau horietatik, lau indoeuropar hizkuntzen jatorrian –zuhaitzaren oinean– sortu ziren, % 50eko edo gehiagoko probabilitatearekin, duela 7.000 urte baino gehiago.

Aspaldiko garai hartan existitzeko probabilitate handiena duen ipuina (% 87) Errementaria eta deabrua da; istorio horren oihartzuna, hain zuzen, Fausto kondairara iritsi zen. Duela 7.000 urteko ipuin bat errementari bati buruzkoa izatea ez da harritzekoa izan behar. Galdaketen lehen ebidentziak duela 8.000 urtetakoak dira, Çatal Höyükoak (Anatolia). Oraingo aroaren aurreko VI. milurtekoan ere kobre galdaketak egiten ziren Anatolian bertan eta egungo Kurdistanen, eremu horiek aberatsak baitziren mineral horretan.

Ipuin batzuen jatorria hain zaharra bada, esan nahi du, alde batetik, ipuinok transmititzen dituzten gizataldeengan hezkuntza eginkizun bat betetzen duten bizi egoeren eta kondizioen berri ematen dutela. Eta, bestetik, ipuinok transmititzeko moduak gure ezagutzaren ezaugarriak ustiatzen dituela eta transmisioa leiala izaten laguntzen duela. Eredu izateko istorioak dira, kontakizun eredugarriak.

Erreferentzia bibliografikoa:

da Silva, S.G., and Tehrani, J.J. (2016). Comparative phylogenetic analyses uncover the ancient roots of Indo-European folktales. Royal Society Open Science, 3, 150645. DOI: 10.1098/rsos.150645

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Beste garai bateko ipuinak, eta garai honetakoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa

Mon, 2022/11/21 - 09:00

Bere ibilbidearen hasieratik, Nagore Iriberri UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomiako irakasle eta ikertzailea mintegietara joaten zen eta ez zituen emakume asko ikusten. Erreferentziazko emakumeen gabezia hori zela eta, galdera hau egin zion bere buruari: Lanbide honetan zer gertatzen da emakumeekin?

Ikerketaren oinarri gisa Econometric Society eta nazioarteko beste elkarte batzuk hartuta, Nagore Iriberrik, David Card-ek, Stefano DellaVigna-k eta Patricia Funk-ek osatzen duten ikertzaile taldeak generoak lankideen edo parekoen ekarpenen bikaintasunaren aitortzan duen eragina aztertu du. Hau da, ezagutza arlo bateko zientzialariek beren lanbideko kideen kalitatea baloratzeko aintzatespen prozesuan. Erakunde zientifiko horien aitorpena lortzen duten kideak elitea dira eta dagokien arloan erreferentzia garrantzitsutzat hartzen dira; kasu honetan, ekonomian. Emakumezko ikerlariek gizonezko lankideen aintzatespen bera izan al dute beren ekarpen zientifikoengatik?

bilakaera positiboaIrudia: emakume akademikoen aintzatespena aldatuz joan da azken hamarkadetan. (Argazkia: RAEng_Publications – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketan ondorioztatu dutenez, gaur egun, emakume akademikoek gizonek baino aukera handiagoa dute aintzatetsiak izateko ekonomiaren arloko munduko elkarte garrantzitsuenetan. “Fenomeno horren arrazoiak hiru izan daitezke. Lehena: akademikoak jabetu dira emakume zientzialariek historian zehar jasan dituzten oztopoez eta prozesuari buelta ematen saiatzen ari dira. Bigarrena: baliteke ordezkaritza paritarioa izateak balio erantsia dakarrela pentsatzea. Azkena: zientziaren mundua konturatu da denek aukera berdinak dituztela pentsatu arren emakumeek zailagoa dutela”, azaldu du Nagore Iriberrik.

Proiektu hau egiteko datu base bat erabili da. Horren bidez, zientzia elkarte nagusietako emakume eta gizon zientzialarien profilak bildu eta alderatu dira; besteak beste, Econometric Society (EC), American Academy of Arts and Sciences (AAAS), American Economic Association (AEA), National Academy of Sciences (NAS) eta Sloan fundaziokoak (goi mailako kalitateko ikerketa zientifikoak babesten ditu). Datu base hori osatzeko, erakunde eta elkarte horietako bakoitzak sortu zenetik gaur egunera arte bere webgunean argitaratutako milaka datuak erabili dira. Datu horiek deskargatu ondoren, aintzatespena lortzeko hautagai izan zitezkeen ikertzaile guztien datu basea ere sortu da, argitaratutako artikuluak eta horiek guztiek jasotako aipamenak kontuan hartuta. Antzeko ezaugarriak dituzten profilak sortuz, haien artean alderaketak egin ahal izan dira eta generoak aintzatespen horretarako izendatua edo hautatua izateko probabilitatean duen eragina zehaztu ahal izan da.

Lortutako emaitzetan oinarrituta, honako hau ondorioztatu da: “Generoak eragina du aintzatespen horretarako izendatua eta/edo hautatua izateko probabilitatean. Hori horrela, emakume akademikoen aintzatespena aldatuz joan da azken hamarkadetan.

Bilakaera positiboa azken urteotan

Econometric Society elkartearen lehen urteetan, 1933 eta 1979 bitartean, “emakume akademikoen kasuan koefiziente negatiboa” ikusten da aitorpen mota horretarako aukeratuak izateko probabilitatean. Bestalde, “1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eragin positibo txiki bat ikusten da” emakumeak hautatzeko probabilitatean, baina estatistikoki oso txikia da. 2000tik 2009ra bitartean, hautatuak izateko probabilitatean “efektu positibo moderatua” ikusten da. “Azkenik, 2010etik 2019ra bitartean, aurrekoetan baino eragin positibo handiagoa antzeman daiteke”.

AAASen eta NASen kasuan –akademikoek zuzenean izendatzen dituzte beren parekoak–, historian zehar emakumeen presentziari dagokionez oso antzeko bilakaera izan dutela ikus daiteke. Bestalde, AEAk eta Sloan fundazioak –batzorde batek egiten ditu izendapenak– bilakaera konstanteagoa izan dute urteetan zehar.

Beraz, ikusten denez, azken hamarkadan aldaketa nabarmena gertatu da emakumeek erakunde horien aintzatespena lortzeko probabilitateari dagokionez. Tasa negatibo batetik abiatuz tasa positibora batera pasatu dira.

“Nire ustez, denborarekin arlo honetako emakumeen ehunekoa gizonenaren antzekoa izango da, baina horretarako lan egin behar da, eta ez zientziaren arloan bakarrik, gizarte osoan baizik, txikitatik banaketa parekidea bultzatzeko», zehaztu du Iriberrik.

Aniztasun geografikoaren garrantzia

Ikerketak agerian utzi du, halaber, aniztasun geografikoaren garrantziak ere pareko bilakaera izan duela. Ikusten denez, 1990eko hamarkadan Estatu Batuetako unibertsitate ospetsuetako ekonomialariak izendatu ohi ziren aintzatetsiak izateko. Gaur egun, azpiordezkatutako eskualde bateko kideak hautatzeko aukera hiru aldiz handiagoa dela ikusten da. Aldaketa horretan Batzordeak rol garrantzitsua izan du, bistan denez; izan ere, hautaketa paperetan aldaketak egiten joan da, eskualde horien protagonismoa nabarmentzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa

Erreferentzia bibliografikoa:

Card, David; DellaVigna, Stefano: Funk, Patricia; Iriberri, Nagore (2022). Gender Differences in Peer Recognition by Economists. Econometrica Vol. 90, Issue 5 1937-1971. DOI: 10.3982/ECTA18027

 

The post Emakumeak zientzia elkarteetan, bilakaera positiboa appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #416

Sun, 2022/11/20 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

marrazo

Arkeologia

Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu du Aranzadik Arangurenen, Nafarroan, K.a. I. mendekoa den esku baten formako brontzezko xafla baten. Irulegiko eskua izendatu dute eta lau lerroko inskripzio bat dauka grabatuta hizkuntza baskonikoan. Lehen hitza sorioneku gisa transkribatu daiteke euskarara. Hizkuntza horretan orain arte agertu den testurik zaharrena eta luzeena da, eta frogatu du garai hartako herritarrak hizkuntza horretan alfabetatuta zeudela. Leire Malkorra izan zen Irulegiko eskua lehen aldiz ukitu zuen pertsona, eta Berriak elkarrizketatu du bera. Arkitektoa da Leire, baina zazpi urte daramatza Aranzadirekin lanean. Joaquin Gorrotxategi EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedradunarekin ere egon da Berria, eta onartu du ia sinetsita zegoela euskaldunak analfabetoak zirela Antzinaroan. Honetaz gain, Gorrotxategik azaldu du hizkuntza baskonikoan dagoela idatzita, ez euskaraz, azken hau XVI. mendetik gutxi gorabehera ulertzen dugun hizkuntza bat baita. Aurkikuntza honen inguruko gogaberak Sustatun  eta Garan ere irakur daitezke.

Astronomia

Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da. Jamie Klair gaztea izan da aurkikuntzaren egilea. Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, Klair eta bere taldekideek izar-mapa astronomiko baten pasartea aurkitu dute. Eskuizkribua arakatzen ari zela Klair jabetu zen, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere bazirela orrialde batzuetan. Horrela, irudi multiespektralaz baliatu ziren izkriburen atzean zeuden geruzak ikustarazteko. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko, eta koordenada astronomiko batzuekin egin zuten topo. Ikertzaileen ustez, pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da, modu sistematikoan zerua kartografiatzeko egin zen lehen saiakera. Datuak Zientzia Kaieran.

Unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu dituzte galaxia baten handitze-ahalmena erabiliz. Galaxiaren grabitazio-eremuak leiar gisa funtzionatu du supernobaren eta Lurraren artean, eta horrela, eztandaren argia egun gutxiren aldearekin nola aldatu zen jasotzea lortu dute. Eztanda egin zuen izarrak Eguzkiak baino 500 aldiz erradio handiagoa zuela zehaztu dute, eta Lurra jaio baino askoz ere lehenago lehertu zela; duela 11.500 milioi urte, gutxi gora bera. Aurkikuntza honi buruzko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian irakur daiteke: Unibertso urruneko supernoba bat, hiru denboratan.

Azaroak 15ko gauean abiatu zen Artemis misioa, etorkizunean emakume bat Ilargira eramateko helburuarekin. Baina, ibilaldi hori egin baino lehenago, SLS suziriaren eta Orion ontziaren gaitasunak neurtu behar dira, eta hori eginen du lehenbiziko misioak. Lehenbiziko misio honetan bidaiaria Moonikin Campos izeneko maniki bat da, komandantearen lekuan eseria, eta hegaldian tripulazioak zer sentituko duen aztertzeko balioko du. Beste bi eserlekuetan Zohar eta Helga doaz, emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginiko panpin modukoak. Artemis misioaren berezitasuna da, beraz, emakumeek protagonismoa izango dutela espazioko bidaia honetan. Azalpenak Berrian.

Ingurumena

Prestige itsasontziaren hondoratzeak 20 urte bete ditu aste honetan. Euskal kostaren parera abenduan iritsi ziren Prestige itsasontzitik isuritako fuel olioaren orbanak. Euskal kostaldea, bereziki, erkidego bakarra izan zen non itsasoan fuel olio gehiago jaso baitzen lehorrean baino; lehorrean jasotako tona bakoitzeko, itsasoan sei jaso ziren. Urteurren hau beteta Berria Ionan Marigomezekin egon da, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariarekin. Marigomezek hondamendiaren inguruan hartu ziren hainbat erabakiren inguruan hitza izan zuen. Azaldu dunez, erabakiak hartzerakoan osasun publikoa arriskuan jar zezaketen tokiak garbitu ziren, hau da, hondartzak eta gizakientzat eragina zuten inguruak; baina beste guztia utzi egin zen. Bestalde, argudiatu du honelako hondamendien ondorioak askotarikoak direla, baina Prestigen kasuan ez dela behar bezain beste ikertu. Izan ere, prentsatik gaia desagertu, eta ia ikerketa dena desagertu omen zen. Gai honen inguruko informazio gehiago Berrian aurki daiteke.

Biologia

AZTIko ikerketa batek erakutsi du atunen eta marlinen populazioek hobera egin duten arren, marrazoena, aldiz galtzeko bidean jarraitzen duela. Indize berri bat garatu du AZTIk honetarako, eta azken 70 urteetan atunek, marlinek eta marrazoek izan duten bilakaera aztertu dute horrekin. Datu horiekin agerian geratu da harrapari horien egoera zuzenean lotuta dagoela arrantzak haiengan duen eraginarekin. Ikertzaileek adierazi dute arratzaren helburu-espezieak direnak gero eta maila jasangarriagoetan daudela, baina nahi gabe marrazoak ere arrantzatzen da. Hori da, hain zuzen ere, arrantzaren arazo handienetako bat, eta frogatzen du arrantzaren kudeaketan ez direla behar adina neurri hartzen. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Medikuntza

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek argitu du tumoreetako mikrobiotak hauen sorreran eragiten dutela. Ikertzaileek bakterioek infektatutako minbizi-zelulak erauzi, eta haien RNA sekuentziatu dute. Horrela ikusi ahal izan dute bakterioek eragina izan dezaketela tumorearen zenbait prozesutan; besteak beste, inflamazioan, metastasian edota latentzia zelularrean. Gainera, azaldu dute tumoreetako bakterioek banaketa espazial oso antolatua dutela, eta ugariagoak direla gutxi baskularizatutako ehunetan eta immunologikoki deprimituagoak daude guneetan. Beraz, bakterioak gako izan daitezke tumoreen hedapena kontrolatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Farmakologia

Hilekoaren odol-jarioa handitzea COVID-19aren mRNA-txertoen albo-ondorioetan sartu zituen Sendagaien Europako Agentziak. Moderna eta Pfizer txertoak dira mota honetakoak. Orain ikerketa berri batek frogatu du egia dela, eta odol-jarioak handitzeaz gain, zikloa luzatzea ere eragin dezakete. Horren zergatia aztertuta, baztertu egin dute txertoen osagairen baten ondorioz izatea. Horrela, uste dute hilekoaren hormonen funtzionamenduan eta immunitateak umetokiaren zelulen berritzean duten zereginean eragiten dutela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: COVID-19aren txertoen eta hilekoaren asalduren arteko erlazioa baieztatu dute.

Fisika

John Shore ospetsu egin zen tronpeta bakarlaritzat zuen birtuosismoagatik. Alabaina, ezpainean izan zuen istripu baten ondorioz, tronpeta utzi eta instrumentuak konpontzen, berrikuntzak egiten eta teknika berriak ikasten hasi zen. Horrela lautea tonuan jarri nahian zebilela 1.711an diapasoiaren ideia otu zitzaion. John Shorek Händeli oparitu zion diapasoia eta geroago, diapasoi guztiek ematen zuten tonua estandarizatzea bihurtu zen arazo. Horrela, 1859an, Frantziako gobernuak agindu zuen une hartatik aurrera 435 Hz-ko la ezarriko zela herrialde osoan. Istorio honi buruzko informazio osoa Zientzia Kaieran irakur daiteke: La unibertsalaren bila.

Iñigo González de Arrieta Martínez Fisikan Graduatu zen UPV/EHUn eta Fisika Aplikatua Sailean egin zuen tesia. Egun, CNRS  Orleansen egiten du lan, espektroskopia infragorria eta materialen propietate termofisikoak aztertzen. Zehazki, materialen emisibitate infragorria neurtzen du Iñigok. Azaldu duenez, neurketa hauek gauzatzeko materialak tenperatura altuak jasan behar dituzte, garrantzitsuak baitira energia eraldaketa eraginkorragoa izateko. Baina adierazi du materialen emisibitate infragorria egoki neurtzea oso zaila dela, batez ere mikroestrukturen eta gainazalaren egoerarengatik. Momentuz, Iñigoren gairik garrantzitsuena aluminioaren errekuntza da, eta prozesu horren erradiazio termikoa ikertzen ari da, aluminioa bektore energetiko izan daitekeen aztertzeko. Ikertzaile honi eginiko elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean dago eskuragarri.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #416 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #422

Sat, 2022/11/19 - 09:00

Benetako eragin politikoa izan dezakeen ideologia batentzat arazo larria da falazietan oinarritzea. Ideologia hori ia erlijio bihurtzea ez da harritzekoa, bertako kideek ez bailukete ezagutza eta kultura zientifiko handirik izango. Hori gertatzen ari da gaur egun txikiagotzearen teoria deiturikoarekin. Jesus Zamorak bere oinarriak aztertzen ditu: The limits of degrowth

Soinu-serieak zentzuzko hitz bihurtzeko nolabait antolatu behar da burmuina. Langileen nominen arduradunek bezala konpontzen du: mundu guztiak fitxatzen du sartzean. Our brains “time-stamp” the order of incoming sounds

Disoluzio kimikan oso ohikoa den teknika bat, molekulak babestea eta babesgabe uztea komeni denean, gainazaleko sintesiari ere aplika dakioke. DIPCko jendeak erakutsi du hori grafenozko nanozintetako sigi-saga ertzetan. Protection/deprotection strategy to zigzag edge segments of nanographenes

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #422 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lurrazal ozeanikoaren lehen maparen historia

Fri, 2022/11/18 - 09:00

Gaur egun badakigu itsas hondoak itxura hori daukala. Eta hori, batez ere, emakume honi esker da. Marie Tharp du izena eta, garai hartako emakume gehienak bezala, bizitza konplikatua izan zuen.

Tharp, geologian eta matematikan graduatua, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, New Yorkera joan eta Lamon Laborategi Geologiko entzutetsuan lanean hasi zen. Abila zenez marrazten, mapen sailean jarri zuten lanean.

1953an, Tharpek fosa tektoniko bat aurkitu zuen. Et 60ko hamarkadan, Tharpek bere lankide Heezenekin sekula egin diren Ozeano Atlantikoaren eta Indiako Ozeanoaren mapa kartografiko handi eta xeheenak argitaratu zituzten.

‘Zientziaren historia’ ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Lurrazal ozeanikoaren lehen maparen historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak

Thu, 2022/11/17 - 09:00

Trantsizio-metalez eta oxigenoz osatutako egitura nanometrikoen (polioxometalatoak edo POMak) eta berauen aplikazio eremu zabalaren berri eman genuen aurreko lan baten. POMen aberastasun izugarria, ur disoluzioan aurkezten dituzten oreka kimiko dinamikoen emaitza dira. Alegia, beraien eraketa prozesuak ingurune azidotan gertatzen diren oxoanioien (MOxn-, non normalean M = VV, MoVI eta WVI) kondentsazio konplexuetan oinarrituta daude eta ondorioz, pH baldintza jakinetan zenbait metal-oxigeno kluster ezberdin daude orekan. Nahiz eta egitura aniztasun ikaragarria dimetalatoak bezalako anioi txikietatik proteinen tamaina duten 368 zentro metalikoz osatutako kluster konplexuetara joan (irudia), POMak bi talde nagusitan sailka daitezke konposizioaren arabera: iso- eta heteropolioxometalatoak.

PolioxometalatoakIrudia: POMen egitura esanguratsuenen adibideak. IsoPOMak (goian), heteroPOMak (erdian) eta POM ez-konbentzionalak (behean). Kolore kodea: {MOx} oktaedro grisak; {XOx} poliedro berdeak; {UO8} poliedro urdinak; Au, esfera arrosa; O, esfera gorria. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Lehenengoak metalez eta oxigenoz soilik osatutako espezieak dira, gehientsuenak, ertzak elkarbanatzen dituzten hamar {MO6} oktaedroz osatutako M10O28 dekametalato anioitik eratorriak. Galtzen diren oktaedro-kopuruaren arabera, zenbait topologia desberdin lortzen dira; besteak beste, oktametalatoak β-M8O26, heptametalatoak M7O24 eta Lindqvist izeneko hexametalatoak M6O19. Banadioaren kasuan, orto-banadato [VO4]3- anioia da disoluzio oso basikoetan egonkorra den bakarra, pHa arinki azidotzen denean metabanadato zikliko [V4O12]4– edo (VO3)nn− polimerikoak emateko kondentsatzen dena. Baldintza azidotan aldiz, banadioaren koordinazio zenbakiak 4-tik 6-ra egiten du gora, eta [HnV10O28](6-n)- dekabanadatoa (n, protonazio gradua, 1-5) da espezie egonkor bakarra. Molibdenoari dagokionez, heptamolibdato [Mo7O24]6– eta [Mo8O26]4– oktamolibdato anioiak dira nagusi ingurune azidoetan, pH baxuagoetan (7O24]6- (A parawolframato izenez ere ezaguna), B-parawolframatoarekin [H2W12O42]10− orekan dagoena; ii) metawolframatoa [H2W12O40]6- eta iii) [W10O32]4– dekawolframatoa, topologikoki Lindqvist egituratik eratorria. Aipatzekoa da, pHa azidotu ahala kondentsazio maila areagotu egiten dela kasu guztietan.

Bigarren taldean, heteropolioxometalatoak, metalaz eta oxigenoaz gain heteroatomo (X) izena duten elementu gehigarriak erakusten dituzten egiturak sailkatzen dira. Gehienak simetria altuko aitzindarietatik hasita lor daitezke oktaedroen gehiketa, galera edota zenbait blokeren biraketa erlatiboaren bidez. Hauen artean, Keggin izeneko klusterra da gehien aztertu dena. α-Keggin POMa hamabi {MO6} (M = WVI, MoVI) unitate oktaedriko eta [XO4] tetraedro bakar baten (adb. X = GeIV, SiIV, edo AsV) arteko kondentsazio azidotik dator. Kluster hau erdiguneko tetraedrora erpinak partekatuz elkartzen diren lau {M3O13} trimerok osatzen dute, bakoitza ertzak elkarbanatzen dituzten hiru {MO6} oktaedroz eratuta dagoena. Deskribatutako α-Keggin egituraz gain, klusterraren trimero bat (b), bi (g), hiru (d) edo lauren (e) 60°-ko biraketaren ondorioz ezagunak diren beste lau isomero (Baker-Figgis isomeroak) lortzen dira. Hauetaz gain, ingurunea basikotzean gertatzen den metalen erauzketak, ase gabeko posizioak dituzten “espezie lakunarioen” sorrera dakar (mono-, di- eta tri-lakunarioak, alegia). Espezie hauek elkar kondentsatu daitezke tamaina handiagoko klusterrak eratzeko. Adibidez, bi Keggin trilakunarioren kondentsazioaz {α-X2M18O62} (M = WVI, MoVI eta X = PV, AsV) Wells-Dawson anioia lortzen da.

Polioxometalatoen familiako lehen espezieak sintetizatu zirenetik, konposatu mota honen inguruko ikerketak esponentzialki egin du gora. POM arketipo tradizionalez gain, hain konbentzionalak ez diren familiak ere ezagutzen dira, besteak beste i) molibdato erraldoiak: molibdeno zentroek erredukzio partziala jasan ondoren, mihiztaketa prozesu konplexuak jasaten dituzte egitura erraldoiak eratuz; ii) uraniozko peroxo-klusterrak, aktinidoz osatutako metal-peroxo anioiak eta; iii) metal noblez, hala nola, paladioa, platinoa eta urrea bezalako katioi metalikoz, osatutako egiturak. Egun, ehundaka POM ezberdin ezagutzen diren arren eta kide berrien aurkikuntzak aurrera dihoan, ikerkuntza alde praktikoetara bideratzen ari da. Azken joera hau, bat dator gizarte modernoak zientziari egiten dizkion eskaerekin; izan ere, egunerako bizitzan berehalako eragina duten aurkikuntzak bilatzen dira eta horietara bideratzen dira dirulaguntza gehienak.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak.
  • Laburpena: Polioxometalatoen (PoMen) konposizio eta egitura aniztasun ikaragarria ur disoluzioan aurkezten dituzten oreka kimiko dinamikoen emaitza da. Izan ere, haien eraketa prozesuak ingurune azidotan gertatzen diren oxoanioien kondentsazio konplexuetan oinarrituta daude, eta, ondorioz, pH baldintza jakinetan zenbait metal-oxigeno kluster daude orekan. Hortaz, PoMei dagozkien topologia garrantzitsuenen ikuspegi orokorra aurkezten da lan honetan, pH-aren arabera ur disoluzioan agertzen diren espezie nagusiei erreparatuz. Lehenik, ohiko iso- eta hetero-polioxobanadato, -polioxomolibdato eta -polioxowolframatoak aztertu dira, eta, bukatzeko, hain konbentzionalak ez diren PoM familietan jarri da arreta, hala nola molibdato erraldoietan, uranio peroxo-klusterretan eta metal noblez osatutako egituretan.
  • Egileak: Estibaliz Ruiz-Bilbao, Leticia Fernández-Navarro, Beñat Artetxe, Leire San Felices, Santiago Reinoso
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 139-154
  • DOI: 10.1387/ekaia.23005
Egileez:

Estibaliz Ruiz-Bilbao, Leticia Fernández-Navarro, Beñat Artetxe eta Leire San Felices UPV/EHUko Zientzia eta Teknlogia Fakultateko Kimika Organikoa eta Kimika Ez-organikoa saileko ikertzaileak dira.

Santiago Reinoso Nafarroako Unibertsitate Publikoko InaMat-Institute for Advanced Materials and Mathematics eta Zientzia saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Polioxometalatoak ingurune urtsuan: egitura esanguratsuenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da

Wed, 2022/11/16 - 09:00

Antzinako eskuizkribu bat irudi multiespektralaren bidez arakatuz, ikertzaile talde batek Hiparkorena bide den izar mapa astronomiko baten pasartea aurkitu du.

Zorionekoak zenbaitetan irakasle batzuek jartzen dituzten atazak. Orain ezagutzera eman denez, une berezi horietako bat duela hamarkada bat gertatu zen: 2012an Cambridgeko Unibertsitateko Peter Williams Bibliaren ikertzaileak ikasleei udan eskuizkribu bat arakatzeko eskatu zien: Codex Climaci Rescriptus izeneko testu erlijiosoa zen.

Halakoetan gertatu ohi den bezala, eskuizkribuak istorio luzea zuen atzetik. 1895. urtean atera zen azalera, Sinaiko penintsulan (Egipto) dagoen Santa Katalina monasterioan urte luzez gordeta egon eta gero. V. eta VI. mendeen bueltan grezieraz eta arameraz idatzita, izaera erlijiosoa du; besteak beste, fededunak Jainkoaren grazia lortzeko egin behar dituen betebeharrak azaltzen dira.

Baina adituek jakin badakite askotan agiri horien atzean izugarrizko altxorrak aurkitu daitezkeela. Arrazoi sinple bat dago horren atzean: idazteko materialak eskasak eta garestiak ziren garai horietan, askotan pergamino zaharrak berrerabiltzen ziren, aurrean zegoen testua ezabatuz. Aurreko eskuizkribu bat marruskatuz ezabatu eta eduki berriekin erabiltzen ziren eskuizkribuei palinpsesto deitzen zaie. Gaur egungo ikuspuntutik begiratuta, noski, izugarrizko triskantza gisa ikusten dugu hori, testu baliotsu asko galdu izana ekarri duelako.

mapa astronomikoa1. irudia: Hiparkoren testu astronomikoak zituen eskuizkribua jatorrian Santa Katalina monasterioan (Sinai, Egipto) gordeta egon zen. Argazkian, monasterio horretatik gauez ikusten den zerua izartsua. (Argazkia: A Maraka / Wikimedia Commons CC BY-SA 4.0)

Azken urteotan teknika berriek aukera ematen dute jatorrian zeuden testuak berreskuratzeko, eta halako testu zaharrak ikertzen dutenek beti dute palinpsesto horietan aurreko testuren bat topatzeko esperantza. Zorionekoak izan dira oraingoan.

Eta meritu guztia ez da izan, ez, teknologiarena. Giza adimenak zeresan handia du oraindik aurkikuntzen mundu zoragarrian. Adituen begi abilak, bai, nahitaezkoak dira halako kasuetan aurrera egiteko.

Kasu honetan, Jamie Klair gaztearen adimena izan da abiapuntua. Willliamsek botatako erronkari eutsi zioten ikasle horietako bat izan zen Klair. Eskuizkribua arakatzean, konturatu zen ezabatutako geruza horietan beste zerbait bitxia bazegoela. Jabetu zenez, gai erlijiosoez gain, astronomiari buruzko aipamenak ere baziren orrialde batzuetan. Gerora egiaztatu ahal izan zutenez, orri batzuk aurreko Biblia batenak ziren, baina beste batzuk Aratoren Fenomenoak izeneko astronomia poematik zetozen.

Filmetan ez bezala, aurkikuntzaren bideak motelak dira, eta 2017. urtera arte ez ziren egin halako gaiak ebazten saiatzeko oso baliagarriak diren azterketa teknikoak. Proba horietan, irudi multiespektralaz baliatu ziren. Izenak iradokitzen duen moduan, teknikak argi ikusgarrian ikusten dena infragorriekin eta X izpiekin konbinatzen ditu; zorte pixka batekin, konbinaketa horrek aukera ematen du zenbait izkriburen edo margolanen atzean dauden geruzak ikustarazteko.

Orrialde bakoitzeko argazkiak atera zituzten, uhin luzera desberdinetan. Ondoren, algoritmoak erabili zituzten ezabatua izan zen testua nabarmentzen saiatzeko.

Makinen eta algoritmoen ostean, berriro giza adimenaren txanda izan zen. Oraingoan gainera, ezusteko faktore batek eragina izan zuen. 2021ean, konfinamendu betean, Williamsek berriro denbora izan zuen eskuizkribua arakatzeko. Antzineko grezieran aditua izan arren, konturatu zen ez zituela ulertzen segidan agertzen ziren grezierazko hiru hizki, notazio berezi batez idatzia zeudenak: μ̊ ν̅ ε̅.

mapa astronomikoa2. irudia: eskuizkribuaren zati bat, irudi multiespektralaren bidez aztertuta. Horrela errazago ikusten dira atzean dauden testuak. (Argazkia: Museum of the Bible/Early Manuscripts Electronic Library/Lazarus Project/University of Rochester)

Eureka une horietako batean, jabetu zen hizki horiek koordenada astronomikoak zirela. Susmo horiek kontrastatzeko, astronomiaren historian aditu diren Victor Gysembergh eta Emmanuel Zingg ikertzaileengana jo zuen.

Orain, Journal for the History of Astronomy aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean jaso dituzte urte hauetan guztietan zehar bildutako susmo eta ebidentziak, astronomiaren historian mugarri izan daitekeen proposamen batean. Ikertzaileen ustez, ezkutuan egon zen pasarte hori inoiz egin zen lehenengo izar katalogo baten parte da. Hiparko greziar astronomiarena, hain zuzen.

Hiparko Kristo aurreko II. mendean bizi izan zen, eta hari egozten zaio modu sistematikoan zerua kartografiatzeko lehen saiakera egin izana. Aurretik ere hainbat zibilizaziotan izarren behaketak jasoak zituzten, noski, baina, ezagutzen dela, Hiparko izan zen aurrena gaur egun metodologia zientifikoaren parekotzat jo genezakeen jarrera batekin egin zuena. Kasurako, babiloniarrek finkatu zuten zenbait izarren kokapena zodiakoan —hots, ekliptikaren gainean, Lurretik ikusita Eguzkiak urtean zehar zeruan egiten duen ibilbidean—, baina Hiparko izan zen aurrera bi koordenadaren araberako kokalekuak deskribatzen, eta, uste denez, zeru osoa hartu zuen. Gainera, Eguzkiaren eta Ilargiaren mugimenduak zehaztasun handiz aurreikusi zituen, baita haien aldeko distantzia ere. Modu berean, izarren distiraren eskala bat asmatzea era trigonometria garatzea egotzi zaio.

Plinio Zaharrak kontatutakoaren arabera, Kristo aurreko 134. urtean Hiparko konturatu zen ordura arte ortzian ez zegoen izar berri bat agertu zela, eta handik aurrera bere buruari galdetu zion ea izarrak mugitzen ote ziren. Behin hori egiaztatuta, horien mugimendua aurreikusten saiatu zen.

Uste da, hein handi batean, mende batzuk geroago bizi izan zen Klaudio Ptolomeo astronomoak bere katalogo handia egiteko Hiparkoren lanean oinarritu zela. Hiparkori buruz dagoen arazo da bere inguruan oso gutxi ezagutzen dela, eta hari buruzko erreferentzia urriak beti hirugarren pertsonen bitartezkoak izan direla. Gauzak hala izanik, nolatan ondorioztatu dute orduan testu hori Hiparkorena dela?

Kontua da palinpsestoan aurkitutako erreferentzia horrek Corona Borealis konstelazioaren tamaina gradutan adierazten duela, bai eta konstelazio horren muturretan dauden izarren koordenadak ere.

Ekinokzioen prezesioa fenomenoa dela eta —biraketa ardatzaren batean Lurrak apurka egiten duen mugimendua, 72 urtetan behin gradu ingurukoa—, izarren kokapena zeruan aldatuz doa mendeetan zehar. Eskuizkribuan jasotako koordenada horiek aintzat hartuta, ikertzaileek kalkulatu ahal izan dute noiz jaso zen informazio hori: Kristo aurreko 129. urtean gertatu zela ondorioztatu dute. Data bat dator Hiparko astronomo greziarra bizi zen denborarekin. Hain zuzen, Hiparko Kristo aurreko 190-120 urte tartean bizi izan zela uste da, eta bizitzaren azken urteak Rodas uhartean behaketa astronomikoak egiten eman zituen. Zehazki, uste da Hiparkok bertan jardun zuela Kristo aurreko 162. eta 127. urteen artean.

Aratus Latinus izeneko beste eskuizkribu batean hiru konstelaziori buruz jasota dauden koordenadak ere Hiparkori zor zaizkiola egiaztatu ahal izan dute: Ursa Major, Ursa Minor eta Draco.

Hiru mende geroago Ptolomeok egin zuen katalogoari erreparatuta, orain argitu ahal izan dute Ptolomeo ez zela mugatu Hiparkoren lana kopiatzera. Koordenada batzuk bat datozen arren, beste koordenadak ez datoz bat, eta horrek esan nahi du Ptolomeok beste iturri batzuk ere erabili zituela, edo bere behaketa propioak.

Bitxia bada ere, Ptolomeorenak baino zehatzagoak dira Hiparkoren oharrak, baina aintzat hartu behar da momentuz Hiparkorenean lau konstelazio baino ez daudela jasota, eta Ptolomeoren katalogoan mila izan baino gehiago agertzen direla.

Momentuz, bederen, koordenada bakar batzuekin konformatu beharko. Baina adituak sinetsita daude Hiparkoren jatorrizko katalogoak begi hutsez ikusi ahal diren izarren katalogo osoa hartzen zuela, eta espero dute etorkizunean halako ezusteko eder gehiago azalduko direla eskuizkribu gehiago aztertu eta teknikak hobetzen diren heinean. Codex Climaci Rescriptus horretan bertan badira oraindik deszifratu gabeko pasarteak, baina, modu berean, mundu osoko liburutegi eta artxibategietan ere badaude beste milaka eskuizkribu, harago doan begirada baten zain daudenak. Begirada eta teknologia zorroztea besterik ez dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gysembergh, Victor, Williams, Peter J., Zingg, Emanuel (2022). New Evidence for Hipparchus’ Star Catalogue Revealed by Multispectral Imaging. Journal for the History of Astronomy, 53 (4), 383–393. DOI: https://doi.org/10.1177/00218286221128289

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Hiparkoren mapa astronomikoa azaleratu da appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

La unibertsalaren bila

Tue, 2022/11/15 - 09:00

Beste 30 urte igaro ziren Günther Christoph Schelhammerri pazienteen gortasuna diagnostikatzeko sardexka bat erabiltzea otu zitzaionetik, diapasoiak gaur egun duen itxura lortu arte. Hori gertatu zenean, ez zen otorrinoen kontua izan, tronpetista ingeles bati esker baizik.

XVIII. mende hasieran, barrokoko musika gune nagusietakoa bihurtu zen Londres. Han konposatu zituzten beren lan ospetsuenetako batzuk Henry Purcellek1 edo Georg Friedrich Händelek, besteak beste. Bitxia bada ere, biek hainbat partitura eskaini zizkioten Shore abizeneko musikari familia bati: Matthias Shore, William anaia eta John semea tronpeta jotzaileak ziren Londresko Errege Kaperan. Katherine Shore alaba abeslaria, aktorea eta klabe jotzailea ere izan zen. Guztiak izan ziren musikari aipagarriak, baina gainera, John Shore ospetsu egin zen bakarlaritzat zuen birtuosismoagatik, edo ahizpa Katherine eta garaiko beste abeslari batzuekin batera bikoteka jotzeagatik. Bere tronpetaren kontrola eta bizkortasuna apartekotzat hartzen ziren.

la unibertsalaren1. irudia: Diapasoiak tonu konstantea mantentzen du giro baldintzak edozein direla ere eta, gainera, oso tonu garbia sortzen du, ia harmonikorik gabea, identifikatzen oso erraza. (Argazkia: Sadia – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Dena kontzertu baten erruz aldatu zen. Dirudienez, Johnek gehiegizko esfortzua egin zuen tronpetarekin, eta tupustean ezpaina urratu egin zitzaion. Ezin izan zuten zauria konpondu, eta bakarlari ibilbidea utzi behar izan zuen Johnek. Zorionez, bertute handia izateaz gain, moldakorra ere bazen. Musika prestakuntza handia jaso zuen gaztetatik. Lautea jotzen zekien, baita instrumentuak konpontzen ere, eta berrikuntzak egitea eta teknika berriak ikastea gogoko zuen. Istripuaren ondoren, lautea jotzeari ekin zion buru-belarri, eta instrumentu hori tonuan jarri nahian, 1.711an diapasoiaren ideia otu zitzaion. Diotenez, geroztik, kontzertu bakoitzaren aurretik eta oso modu teatralean, metalezko urkila bitxi hori ateratzen zuen publikoaren aurrean eta zera errepikatzen zuen: «Ez noa inora nire diapasoirik gabe». Hura bai izan zela promozio kanpaina!

Diapasoia laster zabaldu zen Europa osoan zehar, baina ez nahitaez Shoreren esloganari esker. Ordura arte, musikariek egurrezko hodiak erabili zituzten erreferentzia tonal baten bila. Baina hodi horiek ez ziren oso fidagarriak, eta tenperatura eta hezetasun aldaketek asko eragiten zieten. Diapasoia, aldiz, maneiagarria eta sendoa zen, tonu konstantea mantentzen zuen giro baldintzak edozein zirela ere eta, gainera, oso tonu garbia sortzen du, ia harmonikorik gabea, identifikatzen oso erraza.

Händelen diapasoia

Händelek berak segituan hartu zuen asmakizuna. Dirudienez, John Shorek berak oparitu zion, eta gaur egun, bere diapasoia da kontserbatzen den zaharrena. Hala ere, norbaitek joko balu, alde handia nabarituko luke egungo batekin alderatuta. Hasteko, ez dutelako nota bera ematen: gaur egungo diapasoiek la ematen dute (A4402), eta Händelenak, berriz, do baten soinua zuen (C512 Hz). Baina gainera, do hori nahiko desafinatua irudituko litzaiguke, oraingoa (C523 Hz) baino tonu laurden bat baxuagoa baitu3.

Diapasoi horri esker, Händelek eta bere garaikideek lanak zer afinazio zehatzetan entzun nahi zituzten identifika dezakete musikologoek (diapasoien tonuak egonkor iraun du gaur arte). Baina, horrez gain, azken mendeetan soinu musikalek izan dituzten aldaketei buruzko arrastoak ematen dizkigu. 1880an, A. J. Ellis musika aditu ingelesak bidaia bat egin zuen Europa osoan zehar, eta XVI eta XIX. mendeen arteko 74 organo eta diapasoi aztertu zituen, besteak beste Händelen diapasoia eta Stein pianogilearena, zeinak Mozartentzat pianoak eraiki baitzituen Vienan. Aurkitu zuen 74 instrumentu horien arteko la notaren afinazioaren maiztasuna 374 eta 567 bibrazio bitartekoa zela: bostun tarte baten baliokidea edo, musika terminoetan, mordoa.

Hori da drama, istorio honen paradoxa: diapasoiak denboran zehar tonu egonkor eta etengabea sortzen lagun zezakeen arren, tonu horrek zein maiztasun izan behar zuen erabakitzea askoz ere konplikatuagoa izango zen. Horregatik, diapasoiak laster Europako musika zentro guztietan egon baziren ere, ez zen estandar komun bat egon handik denbora askora arte. Ordularien antzeko zerbait gertatu zitzaion asmakizun horri: gauza bat da denbora modu zehatz eta egonkorrean neurtzen ikastea, eta beste bat, oso bestelakoa, zer ordu den ados jartzea. Bigarren arazoa askoz ere zailagoa da, gizaki pila bat ados jartzea beharrezkoa baita. Erlojuaren kasuan, trenbidea izan zen ordua maparen puntu batetik bestera garraiatzeko eta bateratzeko gakoa; jendeak geltokira zein unetan iritsi jakin behar zuen, eta horretarako hiri eta herrialde ezberdinak estandar batekin ados jarri behar ziren. Diapasoiaren kasuan, la unibertsal bilatu hori bidaiarazi zuena irratia izan zen.

BBCren la unibertsala la unibertsalaren2. irudia: La unibertsalaren estandarizazioa irratiak faboratu zuen. (Argazkia: ID 652234 – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Une hori baino lehen, estandarizazio saiakera batzuk egon ziren, baina bat berak ere ez zuen guztiz arrakasta izan. XIX. mendean, musika gero eta altuagoa bihurtu zen, tonuerdia gutxi gorabehera. Goranzko joera horrek musikariek beren artean soinu “distiratsuagoa” lortzeko lehiari erantzuten zion, baina arazoak sortzen zizkien abeslariei, ezin baitzituzten beren ahots kordak tenkatu mugarik gabe. 1859an, Frantziako gobernua egoera geldiarazten saiatu zen, eta agindu zuen une hartatik aurrera 435 Hz-ko la ezarriko zela herrialde osoan. Guztientzako la komuna ezartzeko lehen ahalegina izan zen, eta Frantziako mugetatik kanpo erabat gailentzea lortu ez bazuen ere (izan ere, “frantziar tonua” izena hartu zuen), musika doinuen gorako eskalada geldiarazi zuen. Mendearen amaieran, ingelesek 439 Hz-etan definitu zuten beren la (suposatzen dut frantsesen aurka egiteagatik, gehienbat).

Irratia agertzeak eta Europan eta Estatu Batuetan kontzertuak zabaltzeko erabiltzeak inoiz baino beharrezkoago bihurtu zuten benetan nazioartekoa zen estandar bat finkatzea. 1939ko maiatzean, Londresko konferentzia batek A440ko egungo estandarra adostu zuen. Zifra berri hori zehaztasun handiagoaren bila aukeratu zen, 439 zenbaki lehena baita eta elektronikoki sortzea zailagoa baitzen. A440 estandarra Britainiar Estandarren Institutuak onartu zuen 1939an, eta Estandarren Nazioarteko Erakundeak, 1955ean eta 1975ean. Une horretatik aurrera, 440 Hz-ko seinale bat transmititzen hasi zen BBC sintonizazio tonu gisa, lehen la benetan unibertsala.

Eta azkenean dena izan zen batasuna eta harmonia uhinen munduan… Edo ez? Izan ere, eta indarrean dagoen estandarra gorabehera, gaur egun Europako orkestra gehienek A442an afinatzen dute. Ez dugu erremediorik!

Oharrak:

1Haren berri ez baduzu, honi belarri bat botatzea gomendatzen dizut.

2Afinazioa letra batekin izendatu ohi da, sistema anglo-saxoian eskala musikaleko notak izendatzeko balio duena, eta jarraian hertzetan duen maiztasuna. Kasu honetan, A la da; beraz, A440k esan nahi du la nota 440 Hz-tan afinatzen dela. C512k do notaren maiztasuna adierazten du.

3Händelen diapasoia afinatzeko erabiliko bagenu, la notak 430 Hz-ko soinua izango luke

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Bickerton, R. C., eta G. S. Barr. “The origin of the tuning fork.” Journal of the Royal Society of Medicine, 50. bol., 1987, 771-773 or. DOI: 10.1177/014107688708001215
  • Feldmann, H. (1997). History of the tuning fork. I: Invention of the tuning fork, its course in music and natural sciences. Pictures from the history of otorhinolaryngology, presented by instruments from the collection of the Ingolstadt German Medical History Museum. Laryngorhinootologie, 76(2), 116–122. DOI: 10.1055/s-2007-997398
  • Ellis, A. J. (1880). The History of Musical Pitch. Nature 2150-54. DOI: 10.1038/021550a0

 

Egileaz:

Almudena M. Castro (@puratura) pianista da, arte ederretan lizentziatua, fisikan graduatua eta zientzia dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2022ko ekainaren 30ean: En busca del la universa.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post La unibertsalaren bila appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute

Mon, 2022/11/14 - 09:00

UPV/EHUko BIOMICS ikerketa-taldeak ikertu du RNA molekuletan —genomaren informazioa proteinetara transferitzen duten molekuletan— zer aldaketa ageri diren bularreko minbizia duten eta ez duten pertsonen artean, baita minbizi-azpimota bakoitzaren arabera zer aldaketa ageri diren ere. Emaitzen arabera, RNAren metilazioa gutxiago gertatzen da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino. Gainera, aldeak hauteman dituzte bularreko minbizian motaren arabera.

Minbizia faktore askoren mendeko gaixotasuna da, eta, gainera mota askotako minbiziak daude. Garrantzitsua da minbizia izateko arrisku-faktoreak zein diren identifikatzea: populazio-taldeak aztertzen dira, eta alderatu egiten dira minbizia dutenen eta ez dutenen ezaugarriak; hala, ondorioztatzen da minbizia daukaten pertsonek probabilitate handiagoa edo txikiagoa daukaten ezaugarri jakin bat edo beste izateko.

minbizianIrudia: BIOMICs ikerketa-taldeak neurtu du zenbat m6A dagoen bularreko minbizian, etorkizunean itu terapeutiko berriak aurkitu ahal izateko. (Argazkia: marijana1 – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICS ikerketa-taldeak RNA mezularian gertatu ohi den aldaketa ugarienetako bat aztertu dute: metilazioa (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako taldea sartzea RNA molekularen posizio jakin batean). Metilazio jakin baten ondorioz, N6-metiladenosina sortzen da (m6A). Ikerketa ugarik erakutsi dute RNAren metabolismoaren prozesu gehienen erregulazioan parte hartzen duela m6A-k. Baina oraindik ez da ezagutzen zer eragin duen aldaketa horrek gene-adierazpenaren erregulazioan, zer funtzio duen zeluletako prozesuetan eta zer eragin izan dezakeen gaitz batzuen, hala nola bularreko minbiziaren, garapenean eta aurrerapenean.

BIOMICs ikerketa-taldeak neurtu du zenbat m6A dagoen bularreko minbizian, etorkizunean itu terapeutiko berriak aurkitu ahal izateko. “m6A-ren metilazioak oso ohikoak dira, RNAren funtzioa erregulatzeko gertatzen baitira. Baina, minbizian, besteak beste, erregulazio hori galdu egiten da, eta begiratu nahi izan dugu nahasmendu horretan zer paper jokatzen duen RNAren metilazio horrek”, adierazi du Felix Olasagasti BIOMICs taldeko ikertzaileak.

Bidea luzea da

Emaitzek erakutsi dutenez, “RNAren metilazioaren ehuneko globala txikiagoa da tumore-ehunetan ehun osasuntsuetan baino, eta bien arteko aldea esanguratsua da”, azaldu du Biokimika eta Biologia Molekularreko doktoreak. Gainera, bularreko minbiziaren azpimota desberdinek duten m6A-ren metilazio-profila deskribatu duen lehen ikerketa da hau: “Ikusi dugu minbizidun zeluletako metilazioan detektatutako aldea profil desberdinarekin azaltzen dela bularreko minbizi-mota bakoitzaren arabera. Bularreko minbiziak ezaugarri batzuen arabera sailkatuta daude. Guk ikusi dugu, sailkatzeko erabiltzen diren ezaugarri horiez gainera, RNAren metilazioan ere badagoela aldea mota batetik bestera”.

Ikertzaileak horren garrantzia azpimarratu du: “Zenbat eta hobeto jakin minbizi-azpimota bakoitza nolakoa den edo nola karakterizatu, aukera gehiago izango da azpimota horri aurre egiteko tratamendua lortzeko”. Nolanahi ere, ikertzaileak onartu du oraindik bidea luzea dela. “Ikerketa honetatik atera dugu metilazioaren gorabeherak eragina izan lezakeela RNA horietatik eratortzen diren proteinetan, eta horrek, azkenean, zelularen minbizi-izaeran eragin lezake”. Horixe da ikertzaileek darabilten hipotesia.

Ikerketan sekuentziazio masiboko teknika erabili dute. “Datu pila bat sortu dugu. Horiek xeheago begiratu beharra daukagu ondo ikusteko zein genetan gertatzen diren aldaketa horiek. Behin gene horiek ondo finkatuta, hurrengo pausoa litzateke ikustea proteinetan zenbaterainoko eragina daukan, eta, gero, horrek zer efektu izan lezakeen. Ikusita minbizi-zeluletan metilazioa gutxitua dagoela, pentsa daiteke metilazio hori azkartzeak zelula horiek bere onera eramaten lagundu lezakeela”. Olasagastik dioenez, pauso bakoitza ikerketa egitasmo bat izango litzateke. Bide horretan aurrera doaz, eta horren adierazgarri da Epigenetics aldizkarian argitaratu berri duten artikulua.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute

Erreferentzia bibliografikoa:

Kleinbielen, Tamara; Olasagasti, Felix; Azcarate, Daniel; Beristain, Elena; Viguri-Díaz, Amparo; Guerra-Merino, Isabel; García-Orad, África; Martínez de Pancorbo, Marian. (2022). In silico identification and in vitro expression analysis of breast cancer-related m6A-SNPs. Epigenetics. DOI: 10.1080/15592294.2022.2111137

The post Bularreko minbizian gakoa izan litekeen RNAren aldaketa bat detektatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #415

Sun, 2022/11/13 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

zohikaztegiak

Medikuntza

Isabella Leitch XIX. mendeko nutrizionista feminista bat izan zen, eta ugaztun-jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen. Aberdeenen jaio zen, Eskozian, eta 1911n Matematikan eta Filosofia Naturalean graduatu zen ohoreekin. 1923an, aldi baterako liburuzain-lana aurkitu Rowett Ikerketa Institutuan, eta bertan haurren malnutrizioaren lehen sintomak zehaztu nahi izan zituen. Ondoren, 1950eko hamarkadaren hasieran, Medikuntza Obstetrikoko Ikerketa Unitatean egin zuen lan, eta ama-esneari eta edoskitzeari buruzko zenbait ikerketa bultzatu zituen. Horrela ikusi zuen oso lotura zehatza zegoela fetuaren eta amaren pisuaren artean, ehunka espezietan. Nutrition Abstracts and Reviews aldizkaria sortu zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Emakume zientzialari honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke.

PNAS aldizkarian argitaratu dute ikerketa baten arabera dementzien prebalentzia % 30 jaitsi da AEBn, eta ikasketa-maila igotzearekin erlazionatu dute. Ondorio honetara iristeko 65 urtetik gorako 21.000 adineko baino gehiago aztertu dituzte hamabost urtez, eta beste 100.000 adinekoen datuak ere aintzat hartu dituzte. Dementziaren prebalentzia urteetan zehar jaitsi dela ikusi dute honela, eta jaitsiera honen aldagai esanguratsuena heziketa dela. Egileek iradoki dute erlazio hori kausala dela; hau da, heziketa-mailak eragin zuzena duela dementzia izateko arriskuan. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Klima-aldaketa

Klima-aldaketaren eraginez permafrosteko zohikaztegiak desizozten ari dira Artikoan. 2019an eta 2020an ohi baino askoz sute gehiago izan ziren Artikoan, eta honek permafrosta bizkorrago desizoztea eragin du. 2020ko uda izan zen beroena lau hamarkadatan; 2019 eta 2020 artean 4,7 milioi hektarea erre ziren,eta 412,7 milioi tona CO2 isuri ziren. Zohikaztegi horietan karbono asko metatzen da, eta suteek karbono hori atmosferara igortzen dute. Gainera, orain arte izoztuta zeuden zohikaztegiak milioika urtez patogenoen hilobia izan dira, eta desizozteak birus eta bakterio horien askatzea eragin dezake. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Biologia

EHU Algaloop enpresaren bidez mikroalgak ekoizten hasi dira Asteasun. Organismo urtar txikienetakoak dira mikroalgak eta, orain arte, 5.000-10.000 espezie inguru deskribatu badira ere, beste milaka espezie ezezagun daude naturan. Sergio Seoane UPV/EHUko ikertzaileak azaldu duenez, etorkizun handia dute mikroalgek ekonomia berdean. Izan ere, elikagai gisa, proteina iturri dira, kosmetika munduan, zahartzea moteltzen dute, eta medikuntzan, tumoreen sorrera geldiarazteko eraginkorrak ote diren ikertzen ari dira. Honetaz gain, energia berriztagarrien alorrean edota nekazaritzan ere ikertzen ari dira mikroalgen erabilgarritasuna. Espero dute 2023an Euskal Herrian ekoitzitako mikroalgak saltzen hastea. Datuak Berrian: Mikroalgak: mikrotik makrora.

Kalmodulina gehienbat burmuinean eta bihotzean dagoen kaltzio-sentsore proteiko bat da. Kaltzio ioiek bizitza zelularraren ia alderdi guztietan eragiten dute, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Baina prozesu hauek gertatzeko, kalmodulina beharrezkoa da. Besteak beste, bihotzeko zelulen uzkurduran parte hartzen duten ioi-kanalak kalmodulinak erregulatzen ditu. Honen harira, azken urteetan hainbat mutazio identifikatu dira kalmodulina kodetzen duen genean, eta arritmia kardiakoarekin eta bihotz-geldialdiekin loturikoak. Alabaina, proteina honen interakzio-sarea oso zabala denez, zaila da zuzeneko loturak identifikatzea. Honen inguruko ezagutza sakona falta da, beraz. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Gure bihotzeko Kalmodulina.

Genetika

Ikerketa batek ikusi du ezaugarri genetiko gehienetan eskualde geografikoak eragin handiagoa duela familia arteko ezberdintasunek baino. Azterketan zehar, Europar jatorriko 254.387 pertsonaren gene-azterketak egin ziren 56 ezaugarri konplexuetarako. Emaitzek iradoki zutenez, ezaugarri horien aldakortasunaren % 5 jaiotze lekuak azaltzen zuen, eta aldakortasunaren % 14 egungo bizilekuak. Hau ikusita, ondoriozta daiteke eskualde aberats eta pobreen arteko ingurune-ezberdintasunek eragina dutela ezaugarri konplexuen gene-oinarrien ikerketan. Ikerketa honekin argi geratu da, bestalde, ezaugarri baten gene-oinarriak ikertzea beharrezkoa dela ezaugarri hori zehazten duten mekanismo biologikoak bilatzeko. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean.

Farmakologia

Nuria E. Campillo ikertzaileak Berriari azaldu dio zeintzuk diren sendagaiek botiketara ailegatu arte eman behar dituzten urrats nagusiak eta bidean dauden oztopoak. Azaldu dutenez, farmakoen garapen-tasa oso txikia da, gainditu behar dituzten hainbat oztoporengatik. Horietako bat eraginkortasuna da. Batzuetan eraginkorrak dira in vitro, baina gaixotasunaren eredua animalietara pasatzean eraginkortasun hori jaitsi edo gal daiteke. Dirua ere izan daiteke muga botiken garapenean. Azalpenak Berrian: «Saiakuntza klinikoan faseak gainjartzeak denborak laburtzen ditu».

Astronomia

UPV/EHUko ikertzaile-talde batek unibertso urruneko supernoba baten hiru irudi lortu ditu. Supernoba masa handiko izar batzuen heriotzan gertatzen den leherketa erraldoia da. Bada, eztanda horrek eragindako talka uhina ikertuta, astrofisikariek jakin dezakete izarra zerez eginda zegoen eta nolakoa zen. Horixe egin dute ikertzaile hauek, duela 11.500 milioi urte lehertu zen supernoba baten irudiekin. Irudi horiek lortzeko supernoba baino askoz hurbilago dagoen galaxia bat erabili dute lente gisa. Galaxia honek deformatu egiten zuen espazio-denbora, eta horri esker askoz urrunago zegoen supernoba handituta ikusi ahal izan dute. Informazio gehiago Berrian.

Azaroak 8an eklipse oso bat izan zen ikusgai bi orduz Amerikan, Asian eta Ozeanian. Odol ilargia izan zen, ezohiko kolore gorrixka batekin ikusten baitzen Ilargia. Horrelako eklipseetan Lurraren itzalak erabat estaltzen du Ilargia, eta, beraz, eguzki izpiak Lurraren atmosfera zeharkatu ondoren iristen direla Ilargira. Lurraren atmosferak ordea, sakabanatu egiten du argi urdina, eta argi gorriak, laranjak eta horiak bakarrik heltzen dira Ilargiraino. Azalpenak Berrian: Odol ilargia Amerikan, Asian eta Ozeanian.

Matematika

Poincaréren aierua problema topologia aljebraikoan kokatzen da, eta Henri Poincaré (1854-1912) matematikari frantsesak frogatu zuen. Poincaréren arabera, esfera batean kurba itxi sinple bat hartzen badugu, era jarraituan deformatuz puntu batera eraman dezakegu. Honela, frogatu zuen esferak duen propietate hori bera duten gainazal itxi eta ertzik gabeko guztiak topologikoki baliokideak direla, hau da, deformazio jarraituen bidez esfera batera eraman daitezkeela. 2006ko Matematikarien Nazioarteko Biltzarrean Fields domina Grigori Perelmani eman nahi izan zioten Poincaréren aierua ebazteagatik, baina Perelman ez zen saria jasotzera joan, bere izendapenean egondako nahaste batzuk medio. Istorio honen inguruan gehiago irakur daiteke Zientzia Kaieran: Grigori Perelman ez zen agertu.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #415 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #421

Sat, 2022/11/12 - 09:00

 

Nola eragiten du gaitasun kognitiboan gaztetan garun erdia kendu behar izateak? Neuroplastizitateak egin dezakeena sinestezina da. Neuroplasticity: Word and face recognition with half a brain

Zehaztu beharreko ideia da planeta baten atmosferan oxigeno-kontzentrazio maila jakina bizi-zantzua izan daitekeen edo guztiz kontrakoa, Lurraren historiak gida gisa hartuz gero, behintzat Earth’s oxygen has varied dramatically over time – here’s how new data could help us spot alien life, Alex Krause eta Benjamin J. W. Mills-en eskutik.

Kimikako aurtengo Nobel saria klik kimikari eman zaio. Erreakzio kimiko horiek aukera ugari zabaldu dituzte polimero ziklikoen sintesian. DIPCko jendeak aukera teknologiko eta terapeutiko ugari biltzen dituen gai baten egoera aztertu du. Producing a large quantity of pure cyclic polymers

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #421 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Isabella Leitch, ugaztun jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen nutrizionista feminista

Fri, 2022/11/11 - 09:00

Isabella Leitch zientzialaria, besteak beste, giza nutrizioan zegoen espezializatuta, eta ekarpen nabarmenak egin zituen arlo horretan. Era berean, mugimendu sufragista eta ideia feministak sutsuki defendatu zituen bere bizitza osoan. Behin, mugimendu sufragistako buru Emmeline Pankhursten alabetako baten antza zuenez, hark Londresen egin behar zuen mitinetako batean parte hartu zuen, haren ordezko gisa, polizia despistatzeko, hizlaria atxilotu nahi bazuten. Azkenean, ez zen beharrezkoa izan, baina enkargu harekiko eta kausa feministarekiko konpromisoa ez zen ahuldu haren bizitza osoan.

Leitch 1890ean jaio zen Peterhead arrantzale-herrian, Aberdeenen, Eskozian. Aita herriko postaria zen eta familiak jarrera irekia eta aurrerakoia zuen emakumeen heziketaren inguruan; izan ere, Leitch eta haren hiru ahizpak eskolara eta gero unibertsitatera joan ziren, eta garai hartan oso emakume gutxik zuten aukera hori. Haurra zela, Peterheadeko haurrak oinutsik ikusten zituen kalean neguko hilabeteetan, pobrezia handia zegoelako; neurri batean horregatik, beti izan zuen desparekotasunaren eta injustizia sozialaren aurkako jarrera aktiboa, eta, esan bezala, feminista porrokatua ere bazen.

Isabella Leitch1. irudia: Isabella Leitch zientzialari eskoziarra, besteak beste, giza nutrizioan zegoen espezializatuta. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

1911n, Matematikan eta Filosofia Naturalean graduatu zen ohoreekin (orain Fisikako karrera izango litzateke), Aberdeengo Unibertsitatean, eta 1914an Zoologiako titulua lortu zuen. Ikasketa horiek egiteaz gain, hainbat espezialitatetako ikasgaiak zituen: latina, ekonomia politikoa, filosofia morala, botanika, landare-fisiologia, giza fisiologia eta enbriologia, besteak beste.

Lehen Mundu Gerrako urteetan, Leitchek beka bat jaso zuen Kopenhagen hemoglobina ikertzeko; orduantxe sortu zitzaion genetikarekiko interesa, bizitza osorako. Aberdeenera itzultzen saiatu zen, baina ez zen erraza izan han ikertzaile-postu bat aurkitzea.

Txiroak ez dira merezi dutelako txiro

1923an, aldi baterako liburuzain-lana aurkitu Rowett Ikerketa Institutuan, eta horrek nutrizioari buruz zuen ezagutza ia entziklopediko handiaren oinarriak ezartzen lagundu zion. Aldi berean, horri esker, John Boyd Orren zuzendariaren laguntzaile pertsonal izateko lanpostua lortu zuen, zeinak 1949an Bakearen Nobel Saria irabazi zuen, nutrizioaren arloan egindako ikerketengatik. Geroago azaldu zuenez, ezagutu zuenean, Orrek, bere fede eta heziketa kalbinistagatik, uste zuen txiroak merezi zutelako zirela txiro. Leitchek buruan sartu zion hori gezurra zela, gizarte-desparekotasunaren ondoriozko arrazoiak zeudela, eta ez zela gizabanako behartsuen errua. Azkenean, Orrek gaiari buruzko liburu bat idatzi zuen eta FAOko (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) lehen zuzendaria izan zen.

Institutuan egindako ikerketetako batean, haurren malnutrizioaren lehen sintomak zehaztu nahi izan zituen. 1930eko hamarkadan jadanik ezagutzen ziren nutrizio-gaixotasun zehatzen sintomak, esaterako, eskorbutoarenak eta errakitismoarenak, baina ez zegoen adostasunik desnutrizioak berak eragindakoei buruz; hala ere, horietako batzuen susmoa zuten: larruazalaren aldaketak, anemia, infekzio kopuru handiagoa eta gaueko ikusmen okerragoa, besteak beste. Leitchek zenbait iradokizun egin zituen, esaterako, haurren hanken luzera neurtzea haien altuera osoarekiko.

Datu-bilketa bat egin zuten baina Bigarren Mundu Gerrak eten zuen, eta emaitzak handik zenbait urtera argitaratu behar izan zituzten, 1952an. Leitchek berak argitaratutako ondorioetako baten arabera, hanka luzeagoak zituzten haurrek, oro har, hanka laburragoko haurrek baino bronkitis kasu gutxiago zituzten adin guztietan, eta horrek osasun- eta nutrizio-egoera hobea iradokitzen zuen.

2. irudia: Isabella Leitchek beti izan zuen desparekotasunaren eta injustizia sozialaren aurkako jarrera aktiboa. (Argazkia: Paolo Trabattoni – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Edoskitzearekiko, haurdunaldiarekiko eta jaiotza-uneko pisuarekiko interesa

1950eko hamarkadaren hasieran, Leitchek Medikuntza Obstetrikoko Ikerketa Unitatean egiten zuen lan. Han, ama-esneari eta edoskitzeari buruzko zenbait ikerketa bultzatu zituen, eta haurdunaldiaren fisiologiari buruzko lehen berrikusketa sistematikoan hartu zuen parte, zeinetan prozesu fisiologiko hori, neurri batean, nutrizio-prozesu gisa ulertzen zuten: fetua eta haren garapen-ingurunea eraikitzeko pieza kimiko batzuk lortzea eta, aldi berean, balio ez duten molekulak eta substantziak baztertzea. Prozesu horren inguruan gertatzen diren aldaketa metaboliko ugariak direla-eta, zaila zen egoera hori deskribatzea, eta informazio asko bildu eta antolatu behar zen lan hori argitaratzeko.

Leitchek lan egiten zuen unitateari gehien interesatzen zitzaion alderdietako bat haurtxoek jaiotzean zuten pisuarekin eta horretan eragiten zuten faktoreekin zegoen lotuta. Batzuetan, datuetatik abiatuta, ikerketek norabide harrigarriak hartzen zituzten. Horietako bat itsas ugaztunen eta lehorrekoen arteko pisu-desberdintasunekin lotuta zegoen. Garai hartan argitaratutako ikerketa baten arabera, uretako ugaztunen fetuak, erditzean, lehorreko ugaztunenak baino handiagoak ziren (uretakoenak, amaren pisuaren % 4-5 inguru pisatzen zuten; hartz eta lehoienak, berriz, amen pisuaren % 1 inguru).

Hala ere, hori ez zetorren bat gizakien kasuarekin; izan ere, haurtxoek amaren pisuaren % 5 edo % 6 inguru pisatzen dute jaiotzean. Hori ikusita, unitate horretako zientzialariek 114 ugaztun-espezietako jaioberrien pisuari buruzko datuak bildu zituzten, ikerketarako joera edo eredu interesgarrien bila. Ikusi zuten oso lotura zehatza dagoela fetuaren eta amaren pisuaren artean, ehunka espezietan (esaterako, saguzarretan eta baleatan).

Leitchek eragin handia izan zuen nutrizioaren arloan eta, besteak beste, Nutrition Abstracts and Reviews aldizkaria sortu zuen eta horren lehen aleen editorea izan zen. Aldizkariak arrakasta izan zuen, neurri handi batean, Leitchek mundu osoko zientzialari askorekin zituen harreman onei, hainbat hizkuntza menderatzeari eta zuen adimen kritiko zorrotzari esker; izan ere, oso lehiatsua izan zitekeen lan batek bere aldizkarian argitaratzeko behar adinako kalitatea ez zuela uste zuenean.

Nola eta zertarako egiten da berrikusketa sistematikoa? Isabella Leitch3. irudia: Isabella Leitchek ondare handi bat utzi zuen, ez soilik nutrizioaren arloan, baita ikerketa zientifikoaren arloan. (Argazkia: Mujeres con Ciencia)

Ikerketa eta literatura zientifikoaren esparruan ere ikus daiteke Leitchen eragina; hain zuzen ere, asko gustatzen zitzaion ideia edo hipotesi jakin baten jatorrira jotzea, eta esperimentuak eta ebidentziak biltzea ideia horren sendotasuna ebaluatzeko. Haren review eta analisi sistematikoak (ondorio orokorrak ateratzeko gai berari buruz egiten diren azterketa zientifikoen bildumak, ebidentzia zientifikoa lortzeko modurik sendoena) zuhurrak, ulerterrazak eta oso zehatzak ziren.

Hori dela eta, 1959an, Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalak Washingtonen antolatutako Informazio Zientifikoko Nazioarteko Biltzarrean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Haren ekarpenak, «Berrikusketa kritiko eta analitikoen lekua garapen-bidean den edozein zientzia biologikotan eta ikerketan duen rola» izeneko artikuluak, aintzatespen handia eta aipamen asko izan zituen hainbat hamarkadaz. Lan horretan, hasteko, esaten du berrikusketa horiek egiteko datuak eta aurkikuntzak erabili behar direla, datu horiek atera dituzten egileen iritziak erabili beharrean.

Leitch 1980an hil zen, eta ondare handi bat utzi zuen, ez soilik nutrizioaren arloan, baita ikerketa zientifikoaren eta ikerketa hori kidekoen artean komunikatzearen arloetan ere.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 19an: Isabella Leitch, la nutricionista feminista que estudió la relación entre el peso de los mamíferos recién nacidos y sus madres.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Isabella Leitch, ugaztun jaioberrien pisuaren eta haien amen arteko lotura aztertu zuen nutrizionista feminista appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Gure bihotzeko Kalmodulina

Thu, 2022/11/10 - 09:00

Kaltzio ioiek (Ca2+) bizitza zelularraren ia alderdi guztietan eragiten dute, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Prozesu hauetan parte hartzen duten proteina askok ioi honen kontzentrazioari erantzuteko kaltzio sentsore batekin, Kalmodulinarekin (CaM) alegia, elkarreragiten dute.

Kalmodulinak funtsezko zeregina du Ca2+ seinalea behar bezala deszifratzeko. Ca2+ bigarren mailako mezularia denez, ez da harritzekoa CaM-ak proteina kopuru handi batekin elkarreragitea. CaM izugarri kontserbatuta dagoen proteina da. Gainera, hiru gene ezberdinez kodetuta dago giza genoman. Proteinaren konformazioak plastikotasun handia erakusten du, eta, horri esker, itu-proteinek kalmodulinarekin interakzionatzeko eta erregulatzeko modu espezifikoak gara ditzakete. Ondorioz, CaM-ak zeluletako hainbat funtzio erregulatzen ditu, metabolismoa, adierazpen genetikoa, ugalketa, uzkurdura eta proteolisia barne (irudia). Ebolutiboki, ez dago kaltzio seinaleztapenean CaM bezain garrantzitsua den molekularik.

bihotzekoIrudia: CaM-ak erregulatzen dituen proteinen sarea. CaM-ak maila desberdinetako hainbat prozesu zelular erregulatzen ditu prozesu horietan hartzen duten proteinekin elkarreragiten baitu. BioRender.com-ekin eginda. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Zelulen seinaleztapenean CaM-ak duen papera hedatuta dagoen eta hainbat prozesu zelularretan ezinbesteko funtzioa duen arren, haren mutazioek bereziki bihotzari eragiten diote. Azken urteetan arritmia kardiakoa eragiten duten eta bihotz-geldialdiei loturiko hainbat mutazio identifikatu dira CaM kodetzen duen genean.

Mutazio hauek arritmia-mota nagusi bitan sailka daitezke. Alde batetik QT luzeko sindromea (ingelesezko LQTS) dago, birpolarizazioaren luzapenak ezaugarritzen duena eta hurrengo sintomak aurkezten dituena: palpitaziok, aire-falta edo mina bularrean, zorabioa eta, azkenik, bihotz-gelditzea. Bestalde, katekolaminek eragindako takikardia bentrikular polimorfikoak (ingelesezko CPVT) bihotzaren erritmo irregularra eragiten du. Kasu honetan ere sintoma ohikoenak zorabioak eta palpitazioak dira. Jarduera fisiko nekagarri batek eta estresa areagotzeak eragin ditzakete sintoma hauek. Nola sortzen dute CaM proteinaren mutazioek gaixotasun hauek bihotzean?

Bihotzeko zelulen uzkurduran parte hartzen duten ioi-kanalak CaM-ak erregulatzen ditu. Proteina honen mutazioek kanal horien erregulazioari eragin diezaiokete, eta, beraz, bihotzaren uzkurduraren funtzionamendu egokiari. Arritmia hauek kardiomiozitoen zitosoleko Ca2+-kontzentrazioa deserregulatzen delako gertatzen omen dira. Egoera hau Ca2+-a zelula kanpoaldetik gehiegi sartzen delako L-motako Ca2+ kanalen bidez, edota rianodina-hartzaile kardiakoen bidez erretikulu endoplasmatikotik gehiegi irteten delako izan daiteke.

CaM kodetzen duten sei aleloetako batean mutazio batek arritmia-sindrome larri hauek eragiteko behar diren mekanismoak oraindik argitu gabe daude. CaM-aren interakzio-sarea oso zabala denez, zaila da zuzeneko loturak identifikatzea kalmodulinak eragiten dituen gaixotasunak eta horietan dauden oinarri molekularren artean. Normalean, CaM-a haren itu-proteinei lotuta egoten denez, proteina hauetan agertzen diren mutazioek CaM eta haren itu-proteinaren arteko elkarreragina modula dezakete zelulan gertatzen diren prozesuak aldatuz. Hala ere, hipotesi horrek, berez, ezin du erabat azaldu adierazpen klinikoen kanalizazioa bi fenotipo nagusitan azaltzea, ezta mutazio berdinek fenotipo ezberdinak erakustea. Izan ere badaude mutazio batzuk CaM-aren Ca2+-arekiko lotura-afinitatea txikitzen dutenak.

Zenbait hipotesi formulatu diren arren, kalmodulinopatiaren, CaM-a kodetzen duten geneen mutazioek eragiten dituzten arritmiak, mekanismo molekular nagusien eta fenotipo kliniko larriak eragiten dituzten arrazoien ezagutza sakona falta da. Garapenean dauden teknika batzuek, optogenetikan eta CRISPR-en oinarrituta, mutazio patologikoen karakterizazioan eta farmako probetan lagunduko dute.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 42
  • Artikuluaren izena: Gure bihotzeko kalmodulina.
  • Laburpena: Kaltzioa seinalizazio unibertsaleko mezulari bat da, funtsezko prozesuetan parte hartzen duena, hala nola apoptosian, zelulen proliferazioan eta muskuluen uzkurduran. Prozesu horietan parte hartzen duten proteina askok ioi honen kontzentrazioari erantzuteko kaltzio sentsore batekin, kalmodulinarekin (CaM), elkarreragin behar dute. Horrek ehunka proteinaren aktibitatea erregulatzen du bere N- eta C-lobuluen bidez, non EF-eskuak aurkezten dituen Ca2+-ari lotzeko. Zelulen seinalizazioan CaM-k duen papera hedatuta dagoen arren, haren mutazioek bereziki bihotzari eragiten diote. Izan ere, CaM proteina berdinak kodetzen dituzten hiru geneetako edozeinetan gaixotasunak eragiten dituzten mutazioek bihotz-disfuntzio larriak eragiten dituzte, eta horrek kitzikagarritasunaren erregulazioan duen garrantzia adierazten du. Beraz, esku hartzen duten mekanismoen ezagutzak aukera eman dezake adierazpen klinikoei modu kritikoan heltzeko eta kalmodulinopatietarako estrategia terapeutikoak garatzen laguntzeko.
  • Egileak: Arantza Muguruza-Montero, Eider Nuñez, Ariane Araujo, Sara M-Alicante, Alvaro Villarroel, Janire Urrutia
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 173-191
  • DOI: doi.org/10.1387/ekaia.22935
Egileez:

Arantza Muguruza-Montero, Eider Nuñez, Ariane Araujo, Sara M-Alicante, Alvaro Villarroel, Janire Urrutia UPV/EHUko Biofisika Kanal Ionikoko ikertzaileak dira.

Arantza Muguruza-Montero eta Alvaro Villarroel UPV/EHU eta CSICeko Biofisika Institutuko ikertzaileak dira.

Eider Nuñez, Ariane Araujo eta Janire Urrutia UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Gure bihotzeko Kalmodulina appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean

Wed, 2022/11/09 - 09:00

Genetikaren helburuetako bat da aztertzea gene-osagaiek nola moldatzen dituzten ezaugarriak eta gaixotasunak. Hala, hainbat aldagai barneratu behar dira azterketa horiek behar bezala egiteko; adibidez, sexua eta adina. Baina eragina izan dezaketen faktore horiek ez dira beti hain agerikoak.

Hainbat mekanismo biologikoren ondorioz garatzen dira ezaugarriak eta gaixotasunak. Mekanismo horien jatorria genetikoa bada ere, ingurunearen arabera modu batera edo bestera gauzatuko dira. Ondorioz, geneen eta ingurunearen arteko korrelazioak gerta daitezke ezaugarriak eta gaixotasunak garatzeko. Korrelazio hauen jatorria izan daitezke populazioaren egituraketa, familien arteko gene/ingurune korrelazioak eta eskualde geografikoen arteko gene/ingurune korrelazioak.

1. irudia: bizilekua kontuan hartzerakoan gene-analisi zehatzagoak lortzen dira. (Argazkia: piviso – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Populazioaren egituraketaren ondorioz –hau da, gene-jatorri ezberdineko populazioak batera aztertzearen ondorioz–, desitxuratu egin daiteke aztertu nahi den ezaugarriaren gene-oinarria, gene-aldaeren banaketa jatorrizko populazioaren araberakoa izan daitekeelako. Gainera, gene-aldaeren banaketa horrek islatu egin ditzake jatorrizko populazio bakoitzean ingurunearekin izandako elkarrekintzak eta, ondorioz, gene/ingurune korrelazioak eragin. Populazioaren egiturak gene-analisietan sor ditzakeen arazoak saihesteari begira, norbanakoen arteko distantzia genetikoak erabili ohi dira zuzenketak egiteko.

Familien arteko ezberdintasunek gene/ingurune korrelazioak eragin ditzakete familietan, gene-aldaerez gain, egoera sozioekonomikoa ere transmiti daitekeelako. Hala, ikasketa-mailan –hau da, lortu den titulurik altuenean– eragina izan dezaketen gene-aldaerak nahas daitezke ezaugarri fisiko eta psikologikoen gene-aldaerekin, partekatzen dituzten ingurune-faktoreak direla eta. Ikertzaile batzuek efektu honi “hezkuntzaren natura” deitzen diote, gurasoek umeen hezkuntzan duten eragina dela eta; beste ikertzaile batzuek, aldiz, “efektu dinastikoak” deitzen diote, belaunaldiz belaunaldi pertsona horien egoera sozioekonomikoa metatzen joan delako.

Eskualde geografikoen kasuan, gene/ingurune korrelazioak gerta daitezke prozesu aktiboen eta pasiboen ondorioz. Prozesu aktiboetan, banakoek ingurune mesedegarriago batera migratzen dute eta, hala, haiek eta beren oinordekoek hobeto balia ditzakete dituzten gaitasun genetikoak. Efektu pasiboak gerta daitezke inguruneko aldaketa bat klase sozioekonomiko batek beste batek baino gehiago pairatzen duenean. Adibidez, politika-aldaketa bat balego eta intsulinaren prezioak gora egingo balu, bistan gera liteke egoera sozioekonomikoaren eta diabetesa ez tratatzearen ondorioen arteko gene-korrelazioa.

gene-ikerketa2. irudia: gaixotasunen gene-oinarria ebazteko, kontuan hartu behar dira genetikoak ez diren faktoreak ere. (Argazkia: Pexels – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Gene-ikerketa geografiaren eragina aztertuz

Ikerketa batek aztertu egin du eskualde geografikoek hainbat ezaugarriren gene-oinarrian duten eragina, Erresuma Batuko biobankuko datuak baliatuta.

Lehenengo, familiek eta geografiak eragindako gene/ingurune korrelazioak aztertu zituzten. Horretarako, 22.675 haurride bikoteren miloi bat gene-aldaera baino gehiago aztertu ziren 56 ezaugarri konplexutan; besteak beste, osasun fisiko eta mentalarekin, gorputzaren osaerarekin, eta ondorio emozional, kognitibo eta sozioekonomikoarekin lotutako ezaugarrietan. Eskualde geografikoak definitzeko, sozioekonomikoki homogeneoak diren eskualdeak erabili ziren, partaidearen egungo bizilekua oinarri hartuta. Aztertutako ezaugarrietan, antzeman egin zen familia arteko ezberdintasunek eragina zutela. Gainera, hamar ezaugarrietan eskualde geografikoen arteko ezberdintasunak antzeman ziren. Ezaugarri horien artean egon ziren gorputz-masaren indizea, gerri-zirkunferentzia, diru-sarrerak, telebista ikusten ematen den denbora, gorputz osoko gantz kantitatea eta ikasketa-maila. Izan ere, ezaugarri gehienetan eskualde geografikoak eragin handiagoa izan zuen familia arteko ezberdintasunek baino. Gainera, eskualde geografiko arteko ezberdintasunen eragina handiagoa izan zen eskualde barneko ezberdintasunen eragina baino. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu zuten banaketa zabala zutela gene/ingurune korrelazio aktiboek.

Egin zen beste analisian, Europar jatorriko 254.387 pertsonaren gene-azterketak egin ziren aipatutako 56 ezaugarri konplexuetan geografiak zuen eragina aztertzeko asmoarekin. Hala, ikusi zuten ezaugarri horien aldakortasunaren % 5 jaiotze lekuak azaltzen zuela, eta aldakortasunaren % 14 egungo bizilekuak; eta geografiak bereziki azaltzen zituela etxeko diru-sarreretan ikusitako ezberdintasunak. Ikertzaileen aburuz, egungo bizilekuak jaiotze lekuak baino gehiago azaltzeak berretsiko luke jende aberats eta osasuntsua eskualde aberats eta osasuntsuetara joan izana. Gertaera hau ikusita, ikertzaileek gene-aldaeren eragina aztertu zuten geografia kontuan izan gabe eta kontuan izanda, eta konparatu ea heredagarritasuna –hau da, gene-informazioak duen eragina ezaugarri baten aldakortasunean– aldatzen ote zen, eta ea ikasketa-mailarekin eta diru-sarrerekin duten gene-korrelazioa aldatzen ote zen. Heredagarritasunean aldaketa handiena izan zuten ezaugarriak izan ziren diru-sarrera, ikasketa-maila, lehenengo erditzearen adina, telebista ikusten emandako denbora, osasun-egoera eta adimen bizkorra. Geografia kontuan hartzeak eragin zuen 41 ezaugarrik ikasketa-mailarekin duten gene-korrelazioa murriztea; besteak beste, altuera, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, alkohola edatearen maiztasuna eta telebista ikusten emandako denbora. Diru-sarrerekin 35 ezaugarrik murriztu zuten beren gene-korrelazioa; besteak beste, gorputzeko gantzen ehunekoa, gorputz-masaren indizea, telebista ikusten emandako denbora, gorputzeko gantzen kantitatea eta gerriaren zirkunferentzia. Hainbat ezaugarrik, aldiz, beren gene-korrelazioa handitu zuten: zortzik ikasketa-mailarekin eta seik diru-sarrerekin.

gene-ikerketa3. irudia: gaixotasunen gene-puzzlea aurreikus dezakeguna baino konplexuagoa da. (Argazkia: qimono – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Emaitza hauek ikusita, ondoriozta daiteke eskualde aberats eta pobreen arteko ingurune-ezberdintasunek eragina dutela ezaugarri konplexuen gene-oinarrien ikerketan. Hala, analisietan hainbat zuzenketa egin daitezke gene/ingurune korrelazioen eragina murrizteko, baina agian ez da posible izango guztiz ezabatzea ingurune sozioekonomikoaren eragina.

Hala ere, kontuan izan behar da lan hau Erresuma Batuko biobankuko datuetan oinarritu dela. Bertan parte hartu duten pertsonek populazio orokorra baino ikasketa-maila altuagoa eta osasun hobeagoa dute; eta garapen handiagoa duten eskualdekoak dira. Hortaz, ikerketa honetan ikusitako eraginak azpiestimazio bat izan daitezke eta handiagoa izan ingurune sozioekonomikoaren eragina.

Ezaugarri baten gene-oinarriak ikertzea beharrezkoa da ezaugarri hori zehazten duten mekanismo biologikoak –egotekotan– bilatzeko. Baina analisi horiek egiteko eredu estatistikoek, ikerketen diseinuek eta lortutako ondorioek tentu handiagorekin islatu behar dute gizartearen egitura soziala eta geografikoa. Zientzia ona egin nahi baldin badugu, behintzat.

Erreferentzia bibliografikoa:

Abdellaoui, A., Dolan, C.V., Verweij, K.J.H. et al. (2022). Gene–environment correlations across geographic regions affect genome-wide association studies. Nature genetics, 54, 1345–1354. DOI: https://doi.org/10.1038/s41588-022-01158-0

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko eta CIBERehd-ko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Geografiak gene-ikerketa baldintzatzen duenean appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Grigori Perelman ez zen agertu

Tue, 2022/11/08 - 09:00

Madril, 2006ko abuztuaren 22a. Matematikarien Nazioarteko Biltzarra (International Congress of Mathematicians, ICM) hastear da. Inaugurazio-ekitaldi arranditsua prestatu dute eta Espainiako Errege Juan Karlos jarri dute mahaiburu. Beste zenbait agintari ditu alboan, Nazioarteko Matematika Elkartearen (IMU) presidentearekin batera.

Jende andana elkartu da, 3 500 lagunetik gora, lau urterik behin egiten den matematikarien biltzarrik handienean. Ikusmin aparta dago eta ez preseski politikarien protokolozko hitzaldiak entzuteko. Kongresu horietan ohi den bezala, lehen egunean sariak banatzen dira, eta haien artean ospetsuenak, Fields dominak. Horrek beti sortzen badu ikusmina, oraingoa berezia da. Galdera pare bat dabil airean eta laster jakingo dugu erantzuna: emango diote saria Grigori Perelmani? Hala bada, etorriko da jasotzera?

Grigori Perelman1. irudia: Perelmanen saria jakinarazi zuten unea. (Iturria: AP Photo/Bernat Armangue)

Halako batean, John Ball, IMUko lehendakaria eta Fields dominak esleitzeko batzordearen buru izan dena, atrilera hurbildu da sarituen izenak (bi eta lau artean izaten dira) eta haien merezimenduak aipatzera. Ordena alfabetikoz irakurri ditu izenak eta bigarrena izan da Grigori Perelman, “geometriari egindako ekarpenengatik eta Ricciren fluxuaren egitura analitiko eta geometrikoari buruzko ideia iraultzaileengatik”. Ez dirudi inor altxatu denik sariaren bila eta Ball jaunak berehala zapuztu du Grigori Perelman aretoan ikusteko esperantza, “uko egin dio sariari” esanaz. Baina, zer zen berezi Perelmanen inguruan?

Grigori Perelman2. irudia: ezkerreko hirurak izan ziren Fields dominen irabazleak Perelmanekin batera: Wendelin Werner, Andrei Okounkov eta Terry Tao, hurrenez hurren. Haiekin argazkian Jon Kleinberg (Nevanlinna saria) eta Kiyoshi Itôren alaba, aitaren Gauss saria eskuetan. (Iturria: Fuenterrebollo.com)Zergatik ikusmin hori?

2002ko azaroan, Perelmanek artikulu bat utzi zuen Arxiv gordailuan, eta beste bi 2003ko martxoan eta uztailean. Hirurek sariaren aipamenean agertzen den Ricciren fluxuaz dihardute eta esan daiteke bigarrenak eta hirugarrenak lehena argitzen eta osatzen dutela. Arxiv artikulu zientifikoen gordailu bat da, non egileek artikuluen testuak nahi duenaren eskura uzten dituzten. Hori bai, ez dute kalitate-kontrolik pasatzen eta ez dago bermerik edukia zuzena izango den edo ez.

Usu, egileak, gordailuan uzteaz gain, aldizkari batera bideratuko du artikulua eta han, aditu batek edo gehiagok aztertu ondoren, argitaratzeko baimena emango diote edo ez. Perelmanek ez zuen bide hori hartu eta gordailuan bertan egotea nahikoa zela iritzi zion. Kontua zen, zuzen egonez gero, matematikan irekita zegoen problema handi bat, Poincaréren aierua, ebatziko zuela. Adituen kontrola gainditu arte proposamena balidatu gabe zegoen eta, gainera, lan sakona zen, arloko adituen artean ere kontuz aztertu beharrekoa. Zenbait lekutan argibideak falta omen ziren, gainera. Perelmanek Estatu Batuetara joateko gonbidapena onartu zuen eta mintegi batzuk eman zituen, lanaren lerro nagusiak jendaurrean azalduz. Hala ere, 2006ko urte hasieran, Fields dominen irabazleak erabaki behar ziren sasoian, ez zegoen baieztatuta Poincaréren aieruaren froga.

Grigori Perelman3. irudia: Grigori Perelman bere lana azaltzen 2003an. (Iturria: elpais.com)

Fields domina irabazteko baldintzetako bat da jaso behar den urtean hartzaileak gehienez 40 urte izatea. Azken aukera zen Perelmanentzat 2006koa. Saria ematea erabaki zutenean, gorago aipatu dugun esaldia erabili zuten merituak arrazoitzeko; ez zioten zehazki Poincaréren aieruaren froga onartu, badaezpada ere.

Gauzak areago nahasteko, Xiping Zhu eta Huaidong Cao txinatarrek Asian Journal of Mathematics aldizkarian artikulu bat argitaratu zuten, Poincaréren aieruaren froga osoa aldarrikatu eta Perelmanen lanak hutsuneak zituela iradokitzen zuena. Eztabaida handia sortu zuen horrek, Shingtung Yau ospetsuaren babesean lortu baitzuten argitaratzea, ohiko prozedura saihestuz. Nolabaiteko plagio salaketak jasan zituzten. Azkenean, atzera egin zuten aldarrikapenean eta Perelmani aitortu zioten meritu guztia.

Fields sariaren aipamenak Poincaréren aieruaren froga zuzena zela esaten ez bazuen ere, ordurako argi zegoen Perelmanen lana garrantzi handikoa zela. Madrileko ICMn bertan hitzaldi nagusi bat prestatu zuten “Special Lecture on the Poincaré conjecture” izenburupean, John Morgan irakasle ospetsuaren eskutik. Haren lehen hitzak hauek izan ziren: “Perelmanek Poincaréren aierua frogatu du”, eta txalo zaparrada bat entzun zen. Esan daiteke lehen aitorpen ofiziala izan zela.

Fields domina jaso behar dutenei aldez aurretik jakinarazten diete aukeratu dituztela, biltzarrera joan eta bertan saria jaso dezaten. Isilpean gordetzeko ere eskatzen diete. Perelmanek sariari uko egingo ziola esan zionean IMUri, John Ball presidentea San Petersburgora joan zen harekin zuzenean hitz egitera. Ezezkoari eutsi zion Perelmanek, eta ia hori besterik ez dakigu, John Ballek ez baititu inoiz harekin izan zuen solasaldi luzearen nondik norakoak azaldu. Argitu zuen ezezkoaren arrazoiak publikoki adierazteko aukera eman arren Perelmanek horri ere uko egin ziola. Ballek gaineratu zuen arrazoiak “konplexuak” zirela eta ezin zitezkeela esaldi labur batean bildu, eta haietariko bat zela Perelmanek ez zuela komunitate baten ikur modura ikusi nahi bere burua, ez baitzen komunitate horren parte sentitzen.

Nor da Grigori Perelman

Grigori Grisha Perelman 1966ko ekainaren 13an jaio zen Leningraden, gaur San Petersburgo, familia judu batean. Ama irakasle zen eta aita ingeniari elektrikoa. Aitak 1993an Israelera emigratu zuen. Eskolako lehen urteak pasatuta, 10 zituela, amak Sergei Rukshin maisuak zuzentzen zuen zirkulu matematikora eraman zuen. Umeak matematikan trebatzeko zentro bat zen eta, han nabarmendu zenez, Perelmanek 14 urterekin Lizeo 239 izeneko ikastetxe berezira sartzeko aukera izan zuen, matematika eta fisikako aparteko programa lantzera. 1982an Soviet Batasunak Nazioarteko Matematika Olinpiadara bidali zuen seiko taldean sartu zuten. Perelmanek urrezko domina lortu zuen. 119 partaide izan zituen urte hartako olinpiadako finalak eta 42 puntu posibletik 37 edo gehiago lortu zituzten hamarrek jaso zuten urrezko domina. Perelmanek 42 puntu lortu zituen, alegia, lor zitezkeen guztiak.

Arrakasta horrek judua izateagatik izan zezakeen oztopoa gainditzen lagundu zion eta Leningradeko unibertsitatean sartu zen matematika ikastera. Behin titulua lortuta, tesia ere bertan egin zuen eta 1990ean doktore bihurtu zen.

Perelmanen lorpenek Estatu Batuetako zenbait unibertsitate ospetsurako bidea ireki zioten eta han eman zituen urte batzuk, harik eta 1995ean San Petersburgoko Steklov Institutura itzuli zen arte, ikertzaile postu batera. Bitartean, arimaren aierua  izenez ezagutzen zen problema irekia ebatzi zuen eta horrek ere unibertsitate handien eskaintzak zabaldu zizkion arren, etxera bueltatzea lehenetsi zuen. 1996an European Mathematical Society elkarteak gazteentzat ematen zituen sarietako bat Perelmani esleitzea erabaki zuen, baina uko egin zion eta ez zen hartzera joan.

4. irudia: Grigori Perelman amarekin San Petersburgon. (Iturria: physicsforstudents.com)

San Petersburgoko urte horietan artikuluak idatzi eta aldizkarietan argitaratu zituen, ohiko bidetik. Baina 2002ko lanarekin bestela jokatu zuen eta, Arxiv gordailuan eskuragarri utzita, aldizkari batean ez argitaratzea erabaki zuen. Portaera ezohikoa gorabehera, laster zabaldu zen komunitate matematikoan lanaren garrantzia. 2005ekoa izan zen Perelmanen azken agerraldi publikoa eta urte horretako abenduan uko egin zion Steklov Institutuan zeukan lanpostuari. Matematika utziko zuela esan omen zuen, eta handik aurrera ez du lanpostu jakinik izan. Espekulazioak egon diren arren, amarekin bizi dela da ziurta daitekeen gauza bakarra.

Milioi bat dolarreko saria

Clay Mathematical Institute izeneko elkartea 2000 urtean sortu zen. Hasiera entzutetsua egiteko, milioi bat dolarreko zazpi sari eskaini zituen, beste hainbeste problema hautaturen ebazpenen truke. Haietako bat Poincaréren aierua zen.

Saria lortzeko baldintza zen ebazpena aldizkari matematiko batean argitaratzea, adituen kontrola gaindituta, eta argitaratzetik urte biko epean hutsik ez aurkitzea (horrelakoak ere inoiz gertatzen baitira). Perelmanen soluzioa zuzena izanda ere, betetzen zituen ezarritako baldintza guztiak? Hura izan zen zazpi problema haietatik ebatzitako lehena (eta gaur arte, bakarra), eta  Clay Institutuak baietz erabaki zuen, baldintzak betetzen zirela. Hori 2010ean izan zen eta Parisen jardunaldi bat antolatu zuten Poincaréren aieruaren inguruko zenbait hitzaldirekin. Hantxe emango zioten Perelmani milioi bat dolarreko saria. Baina Grigori Perelman ez zen agertu eta uko egin zion sariari, berriro ere. Oraingoan, ordea, dirutan sari mamitsua zen, Errusian lanik egin gabe urte luzez bizitzeko adinakoa, seguruenik. Dirudienez, Perelmanek erantzun zuen ez zela bidezkoa saria berari bakarrik ematea, Richard Hamiltonen ekarpena ere kontuan hartu behar zela eta berak beste meritu zuela. Hain zuzen ere, Hamilton izan zen 1980ko hamarkadan Ricciren fluxua aztertzeko bidea zabaldu zuena, Poincaréren aieruari begira. Programa horren azken urratsa Perelmanek burutu zuen.

Poincaréren aierua

Henri Poincaré (1854-1912) frantsesa matematikaren historiako izen handienetako bat da. Esaten da hura izan zela azken matematikari unibertsala, matematikaren alor guztiak ezagutzen zituela, alegia. Topologia aljebraikoa deritzon adarra berak sortu zuen nolabait, eta hor kokatzen da hizpide dugun problema.

5. irudia: Henri Poincaré itzal handiko zientzialaria izan zen Frantzian. (Iturria: WikiTimbres)

Har dezagun dimentsio biko esfera bat, baloi baten azala, esaterako. (Hiru dimentsioko espazioan kokatzen dugun arren, gainazalak berak dimentsio bi ditu. Gogoratu Lurrean puntu bat lokalizatzeko longitudea eta latitudea behar direla, koordenatu bi, alegia.) Esferan kurba itxi sinple bat —puntu batetik bi aldiz pasatzen ez dena— hartzen badugu, era jarraituan deformatuz puntu batera eraman dezakegu. Era jarraituan egiteak esan nahi du ezin dezakegula apurtu. Dimentsio biko beste gainazal batzuek ere propietate hori bera dute, baina ez guztiek. Adibide bat emateko, har ezazue pneumatiko baten gainazala (toroa deitzen diogu matematikan). Irudian markatutako zirkunferentziak ezin dira apurtu barik puntu batera eraman. Poincarék frogatu zuen esferarako aipatu dugun propietate hori bera duten gainazal itxi eta ertzik gabeko guztiak topologikoki baliokideak direla, hau da, deformazio jarraituen bidez esfera batera eraman daitezkeela.

6. irudia: esferan kurba itxi sinple bat puntu batera eroan daiteke modu jarraituan. Eskuineko toroan markatutako zirkunferentziak ezin daitezke, toroan mantenduz, modu jarraituan deformatuta puntu batera eroan. (Iturria: eskuineko irudiarena Wikipedia)

Behin dimentsio biko esferetarako ikusita, hiru dimentsiokoei ekin zien. Hiru dimentsioko esfera lau dimentsioko espazioan kokatu beharko genuke, eta ez dugu hori marrazki baten bidez erakusterik. Hala ere, zentzua du: lau dimentsioko espazioan puntu batetik distantzia finko batera dauden puntuek osatzen dute hiru dimentsioko esfera bat. Bada, hiru dimentsioko gainazaletarako (edo barietateetarako, ohiko termino matematikoa erabiliz) ere frogatu nahi izan zuen Poincarék propietate bera: kurba itxi sinpleak modu jarraituan puntu batera eramatea onartzen duten hiru dimentsioko barietate itxi eta ertzik gabeko guztiak esferaren baliokideak dira, hau da, deformazio jarraituen bitartez esfera bihur daitezke. Ez zuen lortu frogatzea eta problema modura geratu zen. Horixe da Poincaréren aierua, 1904tik zabalik egon zen problema.

Galdera dimentsio handiagoetarako ere egin daiteke, jakina. Pentsa zitekeen hiru dimentsiorako erantzunik gabe egonda zaila izango zela gorago joatea. Aitzitik, ez zen hala gertatu. 1960ko hamarkadan bost dimentsiotik gorako kasuetan aierua betetzen zela frogatu zuen Stephen Smale estatubatuarrak eta 1966ko ICMn Fields domina jaso zuen. Hogei bat urte geroago, Michael Freedman estatubatuarrak egiaztatu zuen emaitza lau dimentsioko barietateetan eta hark ere Fields domina irabazi zuen, 1986an. Horrenbestez, jatorrizko hiru dimentsioko galdera gertatu da zailena, uste orokorraren aurka. Beste hogei urte iragan ziren Perelmanek Richard Hamiltonek hasitako bidea burutu eta behin betiko ebatzita utzi zuen arte.

 

7. irudia: Stephen Smale, Michael Freedman eta Richard Hamilton. (Iturriak: lehen biak –MacTutor History of Mathematics Archive eta hirugarrena – Department of Mathematics
University of California)ICM 2022

2022 ere Matematikarien Nazioarteko Biltzarra egiteko urtea izan da. Biltzarra non egingo den lau urte lehenago erabakitzen da eta aurtengoa San Petersburgori esleitu zioten. Hara non ICM Perelmanen etxe albora joango zen. Aukera ezin hobea Perelman bera ICMra hurbiltzeko. Seguru asko inork ez zuen pentsatzen hala gertatuko zenik…

8. irudia: San Petersburgoko kongresurako logoa eta egin den ordezko birtualarena. (Iturria: International Mathematical Union)

Nolanahi ere, ez da modurik izan egiaztatzeko gizona ezustekoa emateko prest ote zegoen. Munduko egoera politikoak horretan ere eragin du eta Ukrainako inbasioaren ondorioz, biltzarra ez da San Petersburgon izan. Han ez egiteko erabakia aurtengo otsailean hartu zenez, ez zegoen astirik beste egoitza batean antolatzeko. Varsovian 1982an egin behar zen biltzarra ere urtebete atzeratu zen, Poloniaren orduko egoera politikoagatik. Oraingoan, ordea, teknologiaren aurrerapenak beste aukera bat eman die antolatzaileei: kongresu birtuala izan da, hizlariek nork bere lekutik hitz egin dute eta edozeinek ikusi ahal izan ditu hitzaldiak etxeko gailuan. Sariak emateko ekitaldia zuzenean egin zen Helsinkin, irabazleak bertan zirela, uztailaren 5ean. Ez, ordea, ohikoa izaten den bezala biltzarkide guztiak aurrean izanda.

Beste lau matematikari batu zaizkie aurten Fields dominaren irabazleei: Hugo Dominil-Copin frantziarra, June Huh jatorri korearreko estatubatuarra, James Maynard britainiarra eta Maryna Viazovska ukrainarra. Azken hau izan da saria jaso duen bigarren emakumea. Ez dezala inork bilatu azken momentuko arrazoi politikorik sari horren atzean, duela lau urte ere denen ahotan baitzen Viazovskaren hautagaitza.

9. irudia: 2022ko Fields dominaren irabazleak: Viazovska, Maynard, Huh eta Dominil-Copin. (Iturria: Academia Europaea)Azken iruzkina

Ez dut diruan eta ospean interesik. Ez dut erakusleiho batean agertu nahi, zoo bateko animalia baten moduan. Ez naiz matematikako heroia. Ez naiz hain arrakastatsu ere, horregatik ez dut nahi denak niri begira egotea.

Ez nago ados matematikaren komunitate antolatuarekin; ez zaizkit gustatzen hartzen dituen erabakiak, bidegabeak iruditzen zaizkit.

Hitz horietan ikusten da Perelmanen jarrera, neurri batean, matematika ofizialaren kontrako erreakzioa zela. Hori guztia kontuan hartuta, batzuek txalotu egin zituzten haren erabakiak eta haren ospe eztabaidaezinean establishment-ari astindua emateko liderra ikusi zuten. Perelmanek, baina, ez du urratsik egin norabide horretan, ezkutatu egin da eta isilik mantendu. Utzi egin du matematikaren mundua, ez da saiatu ezer aldatzen. Ez dirudi haren bideak jarraitzaile asko dituenik ere.

Egileaz:

Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedradun erretiratua da UPV/EHUn.

The post Grigori Perelman ez zen agertu appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Farmazia jasangarriago baterantz

Mon, 2022/11/07 - 09:00

Farmazia ekologikoago bat defendatzen du ikertzaile-talde batek Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek. UPV/EHUko Gorka Orive ikertzailea da sinatzaileetako bat. Artikuluan adierazi dute ezen, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible dela produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek Science aldizkari zientifiko entzutetsuan argitaratutako artikulu batean ohartarazi du kutsadura farmazeutikoa areagotu egin dela. Ikertzaile-talde horretakoak dira, besteak beste, Gorka Orive, UPV/EHUko NanoBioCel taldekoa, eta Unax Lertxundi, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko kidea. “Gero eta froga gehiagok erakusten duten arren eragin potentzialki orokorrak dituela, kutsadura farmazeutikoak ez du jaso merezi duen arreta —diote ikertzaileek—. Aldaketaren bat egiten hasi direla dirudien arren, oraindik bide luzea dago egiteko”.

FarmaziaIrudia: kutsatzaile farmazeutikoek organismoen portaera eta egokitasuna eta populazio, komunitate eta ekosistemen dinamika aldatzen dituzte. (Grafikoa: K. Holoski. Iturria: Science aldizkaria)

Artikulu horren arabera, gizakiek inoiz baino produktu farmazeutiko gehiago kontsumitzen dute; 2020an, 4,5 bilioi dosi erabili ziren mundu guztian, eta kontsumoak gora egiten jarraitzen du. Gainera, ganaduari eta etxeko animaliei ere ematen zaizkie farmakoak. Farmakoek onura handiak dituzte gizakien eta animalien osasunean, baina, aldi berean, areagotu egin da mundu guztiko ekosistemetako kutsadura farmazeutikoa.

UNESCOren arabera, gaur egun hondakin-uren % 80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ekosistemetara, eta tratatzen den ia % 20ak produktu farmazeutikoak eta patogeno iraitziak ditu. Horren ondorioz, produktu farmazeutikoak kontinente guztietako ingurune askotan daude, non irismen handiko inpaktu ekologikoak eragiten baitituzte, medikamentu gisa eraginkor bihurtzen dituen arrazoi beragatik: dosi oso txikietan ere aldaketa biologikoak eragiteko diseinatutako molekulak dira. Ikerketek erakutsi dutenez, uretako animalia basatiek produktu farmazeutikoak pilatu ditzakete, eta kutsatzaile farmazeutikoek organismoen portaera eta egokitasuna eta populazio, komunitate eta ekosistemen dinamika aldatzen dituzte.

Ikerketa, kontzientziazioa eta neurri berriak

Medikamentuek mundu mailan eragiten duten kutsaduraren testuingurua aztertzeaz gainera, zenbait alderditan egindako ikerketak ere aztertu dituzte ikertzaileek (toxikotasuna, ezabatzea, inpaktu ekologikoak, kasuistika farmakologikoa…). Orobat, arazo hori konpontzeko zer ikerketa-eremu landu beharko diren adierazi dute.

Ikertzaileen ustez, sendagaien kutsaduraren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta ‘Osasun bakar bat’ helburua lortzeko, osasun- eta ingurumen-arazoak modu holistikoan konpontze aldera, prozesuaren iturrira eta amaierara zuzendutako neurri batzuk aplikatu behar dira. Industria farmazeutikoak eta haren bezeroek sendagaien bizi-zikloaren inguruko alderdi asko ebaluatu eta doitu behar dituzte. “Beharrezkoa da farmako ekologikoagoak, ingurumen-inpaktu txikiagokoak —esate baterako, biologikoki erreaktibotasun txikiagokoak edo ingurumenean errazago ezabatzen direnak—, diseinatzea eta formulatzea, eta farmakoak fabrikatzeko instalazioetan hobeto kudeatu behar dira hondakin-urak. Farmakoak zentzuz eta arduraz erabili behar dira, bai giza medikuntzan, bai albaitaritzan, eta, ahal denean, esku-hartze ez-farmakologikoak lehenetsi behar dira”, ikertzaileek diotenez. Haien esanean, funtsezkoa da, halaber, medikamentuen kutsaduraren inpaktuaren inguruan heztea osasun-arloko profesionalak.

Hala ere, adierazi dute garrantzitsua dela “farmakoterapiaren funtzio nagusia gogoan izatea, hau da, pazienteei haien bizitza hobetzen duten sendagaietarako sarbidea bermatzea. Sendagaien ingurumen-inpaktuari buruzko kontzientziazioak ezusteko eraginak izan ditzake gizartean; besteak beste, sendagaiak hartzeko erreparoa izatea, erruduntasun-sentimenduarekin hartzea eta industria farmazeutikoarekiko eta oro har farmakoterapiarekiko mesfidantza eta erresumina areagotzea”. Ohartarazi dute, bestalde, arriskua dagoela sendagai eraginkorretarako sarbidea murrizteko, “politika-aldaketen ondorioz edo ingurumen-inpaktua kontuan hartuta prezioetan izan daitezkeen aldaketen ondorioz. Dena den, interes-gatazkak saihestu ezin badira ere, posible da produktu farmazeutikoen eragin negatiboak mugatzea eta, aldi berean, gizarteak produktu horien onurez gozatzea. Farmakoterapia berdea egia bilakatzeko garaia da”, diote.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Farmazia jasangarriago baterantz

Erreferentzia bibliografikoa:

Orive, Gorka; Lertxundi, Unax; Brodin, Tomas; Manning, Peter. (2022) Greening the pharmacy. Science Vol 377, Issue 6603 pp. 259-260. DOI: 10.1126/science.abp9554

The post Farmazia jasangarriago baterantz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #414

Sun, 2022/11/06 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kimika zirkularra

Klima-aldaketa

Climahealth izena du eta klima eta osasun publikoari buruzko plataforma global bat da. Meteorologiaren Mundu Erakundeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak elkarlanean sortua, xedea gai huen inguruko diziplinarteko informazioa eskaintzea da. Lau ataletan banatuko da plataforma: informatzea eta ulertzea, ekitea, ikastea eta konektatzea. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Urriaren 14tik 16rako asteburuan, Gorlizeko itsasargi inguruan paseatzen zebiltzanek animalia-gorpu baten berri eman zuten. Animalia hori zifio bat zen, zetazeoen taldeko animalia ezezagunena. Animalia oso bitxiak dira zifioak. 13 metro luze eta 15 tona izatera irits daitezke, eta oro har, 1.000 metroko sakoneretan egon ohi diren arren, 3.000 metroan ere aurkitu izan dira. Sakonera hauetaraino urperatzeko, noski, moldapen txundigarriak dituzte. Inoiz erregistratu den urperatze luzeena zifio batek egin zuen 2017an, hiru ordu eta 45 minutuz ur azpian egon ondoren. Ekintza hau burutzeko, presio hidrostatikoari eta deskonpresioari aurre egiteko moldapenak dituzte zifioek. Honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran irakur daiteke: Itsaso sakoneko zetazeo talde misteriotsua.

Errezeta egiteko osagaiak: tomatea (III) argitaratu du Eduardo Angulok Zientzia Kaieran. Oraingoan tomatearen etxekotzeari buruzko ikerketa berri bat azaldu du. Lan horretan 628 gene-sekuentzia aztertu dituzte, hiru espezie eta barietateetatik abiatuta. Azterketa honetatik hiru hipotesi proposatu dituzte ikertzaileek. Bi hipotesiren arabera tomate espezie eta barietateak Perutik eta Ekuadorretik iparralderantz mugitu ziren, Mexikora heldu arte. Hirugarren hipotesiak aldiz, proposatzen du cerasiforme barietatea iparralderantz igaro zela, gero Hego Amerikara itzuli zela handiagoa izanik, eta iparralderantz itzuli zela berriz etxekotzeko bidean.

Geologia

Nazioarteko Geologia Zientzian Elkartearen 60. urteurrena ospatu zuten aurreko astean Zumaian, eta aitortza egin zieten geologia garatzeko ezinbestekoak izan diren munduko ehun lekuri. Leku horiek nazioartean garrantzi zientifikoa duten elementu edota prozesu geologikoak dituzten inguruneak dira. Horietako bat Zumaiako flyscha izendatu zuten.  Izan ere, flyschean inon ezagutzen ez den xehetasunarekin irakur daitezke lurraren historiaren pasarte batzuk, bereziki duela 70 eta 50 milioi urte artekoak. Orain, espero dute aitortza honek flyschari nolabaiteko babesa ematen laguntzea. Honen inguruko informazio gehiago Elhuyar aldizkarian: “Gure zientzia eraikitzeko ezinbestekoak izan diren lekuei aitortza egin diegu”.

Osasuna

Gaixotasun arraroak 10.000 pertsonako 5 kasu baino gutxiagoko prebalentziarekin gertatzen direnak dira, eta farmazeutikentzat ez da errentagarria horientzat sendagaiak sortzea. Beraz, gaixotasun arraroen ikerketa elkarlanen bidez egiten da. Esaterako, Alagille Sindromea (behazun-bideen alterazioa) eta bere tratamendua ikertzeko, Alianza Alagille Global taldea sortu zen 1993an. Orain, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua eta Barakaldoko Gurutzetako Ospitalea batuko dira proiektu honetara. Talde honek gaixotasun arraro honentzat farmakoak eta saiakuntza klinikoak garatzea du helburu. Datuak Zientzia Kaieran: Gaixotasun arraroek aurrera egiteko funtsezkoa den elkarlaneko ikerketa.

Teknologia

Javier Garcia Martinez fisikako doktorea Bidebarrietako Liburutegian egon zen hitzaldia ematen. Urtarrilaz geroztik IUPAC Kimika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuneko presidentea da bera, eta hondakinak baliabide bihurtuta klima-aldaketari aurre egiteko moduez aritu zen. Kimika zirkularra da honen oinarria, hau da, produktu bat sortzeko unean, diseinatzerakoan, berreskurapena aintzat hartzea. Kimika zirkularraren adibide dira, besteak beste, moztu daitezkeen loturak dituen plastikoa edota CO2 erregaiak egiteko erabiltzea. Javier Garciaren esanetan, zientzia eta teknologia irtenbideak eta aukerak ematen ari zaizkigu eredu ekonomikoa aldatzeko, baina beharrezkoa da borondate politikoa eta gizartearen presioa. Azalpenak Berrian: «Ekoizteko modu berri bat behar dugu, zientzia eta teknologia ardatz dituena».

Astronomia

Txinak burutu du Tiangong estazioa eraikitzeko lanen lehen fasea. Honela, esperimentu zientifikoak ahalmen osoz egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Mengtian esperimentuetarako bigarren modulua jaurti, eta Tianhe erdiko moduluan ongi akoplatu zuten hamahiru ordu baino gutxiagoan. 23 tonako masa du Mengtian moduluak, 4,2 metroko gehienezko diametroa eta 14,88 metroko luzera. Eguzki panelak irekita, ordea, 56 metro neurtzen ditu. Urte eta erdi baino gutxiago behar izan du Txinak 70 tonako espazio estazio iraunkor bat eraikitzeko, eta dagoeneko bederatzi pertsona bizi izan dira han. Datu guztiak Berrian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #414 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #420

Sat, 2022/11/05 - 09:00

Loperamida, Fortasec ala Imodium bezalako markapean merkaturatzen dena, besteak beste, espektro autistaren nahasmenduei aurre egiteko balio lezake? Espektro autistaren nahasteek sendabiderik ez dutelako oinarritik abiatzen bagara, zer dela-eta harrotu den hautsa? J.R. Alonsok xehetasunez azaltzen du Loperamide and autism.

Munduko xake txapeldunak beste jokalari bati tranpak egitea leporatu dio. Eta bere datuek hori horrela dela adierazten dutela esan du xake web orri ezagun batek. Nola adierazi dezake horrelakorik gordetako partiden mugimenduak ikuste hutsarekin? Chess: how to spot a potential cheat, Michael K. Cohen.

Bitxilore bat tintan murgiltzen baduzu, tintak bitxilore guztia tindatzen du. Hori nanopartikulen eraginpean dauden landareekin ere gerta daiteke, hala nola azken belaunaldiko ongarriekin edo ingurumen-kutsadurarekin. Baina neurtuz egiten da zientzia, ez bakarrik itxura aldaketak behatuz. DIPCko jendeak prozesuan dena txikitu gabe neurtzeko modua topatu du: In situ recording of in vivo analyte biodistribution using X-ray fluorescence imaging

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #420 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages