Subscribe to Zientzia Kaiera feed
Kultura Zientifikoko Katedra
Updated: 2 hours ago

Europako usainen entziklopedia

Wed, 2021/01/06 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio

Odeuropa delako proiektuak 2,8 milioi euro jaso berri ditu Europar Batasunetik eta bere helburua nahiko bitxia da, hasiera batean: adimen artifiziala erabiliz testu zaharrak aztertu nahi dituzte duela mende batzuk Europak nola usaintzen zuen ezagutzeko. Lortutako informazioarekin usainen entziklopedia osatu nahi dute eta, ez hori bakarrik, usain horietako batzuk berriro sortu nahi dituzte.

OdeuropaIrudia: Odeuropa proiektuaren helburuetako bat usainen entziklopedia sortzea da. (Argazkia: Daria-Yakovleva – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Odeuropa proiektuan hainbat unibertsitatek eta ikerketa-taldek hartzen dute parte eta helburu komuna dute: Europako usaimen-ondarea identifikatzea, gordetzea eta ezagutaraztea. Horretarako, liburu, dokumentu eta irudi zaharretan dagoen informazio digitalizatua hartuko dute abiapuntu gisa. Informazio horretaz baliatuz, testu zaharretan usainei egindako erreferentziak identifikatu nahi dituzte usainak berak identifikatzeko. Adimen artifiziala izango da ikerketaren oinarria eta hizkuntza desberdinak aztertuko dituzte. Hizkuntza desberdinetan usainak nola deskribatzen diren eta zerekin lotzen diren ere jakin nahi dute.

Hain zuzen ere, usainak deskribatzeko hizkuntza nahiko mugatua erabiltzen dugu -koloreak deskribatzeko erabiltzen dugun terminologiarekin alderatuta, esaterako- eta normalean, antzekotasunen bidez deskribatzen ditugu usainak. Alabaina, usaimena zentzumen kimiko oso konplexua eta garatua da eta, jakina denez, usainek giza portaerak aldatzeko eta gidatzeko ahalmena dute. Odeurope proiektuak XVI. mendetik XX. mendera bitarteko usainak izango ditu aztergai eta erronka ez da makala izango. Ikerketa aurrera eraman ahal izateko, duela gutxi EU Horizon 2020 programaren 2,8 milioi euro jaso dituzte hiru urtetan zehar lan egiteko. Urte honen hasieran bertan proiektua martxan jarriko dela aurreikusita dago.

Taldeak usainak irakurtzeko gai izango den adimen artifiziala sortu beharko dute eta gero teknologia hori digitalizatutako margolanei, liburuei, eleberriei, medikuntzako testuei eta abarrei aplikatzeko asmoa dute. Usainei egindako erreferentzia horiekin usainen herentziaren entziklopedia osatu nahi dute, Europa zaharraren ondarea betirako mantendu ahal izateko eta gure ikuspegitik XVI. mendeko usainak jaso ahal izateko. Usainen eta lurrinen jatorria zein zen, Europara noiz iritsi ziren eta zertarako erabiltzen ziren ezagutzea ere ikerketaren helburua izango da.

Usainek duten eboluzioa ulertzeko, tabakoaren adibidea jarri dute ikertzaileek. Tabakoa XVI. mendean iritsi zen Europara eta, hasiera batean, usain exotiko eta atsegin gisa hartu zen. Alabaina, denboraren poderioz usain desatsegina bihurtu zen eta XVIII. mendean lehen kexak dokumentatuta daude, hain zuzen ere, antzokietan sortzen zen tabako kiratsarengatik. Beste usain batzuk ere historian zehar egondako gertakariekin lotzen dira, esate baterako, izurri bubonikoaren kausaz sortzen ziren kiratsak purifikatzeko erromeroa, sandaloa, irasagarra eta bestelakoak erretzen ziren. Adibide batzuk besterik ez dira, baina, argi erakusten dute usainak eta historia lotuta doazela, sarri askotan.

Esan bezala, Odeuropa proiektuaren helburua XVI. eta XX. mendeetan zeuden usainak ezagutzea da, baina, usainak ezagutzeaz gainera, horietako batzuk sortu egingo dituzte proiektuan parte hartzen duten lurringileei esker. Ziur asko, ez ditugu usain gozoak espero behar; izan ere, XVI. mendean orokorrean kiratsak ziren nagusi. Adibidez gisa, kontuan hartu XX. mendera arte gorputzak ondo usaintzea ez zen lehentasuna, are gutxiago herri xehearen kasuan. Hala ere, historian zehar usainak oso garrantzitsuak izan dira eta Grezian eta Erroman ere zenbait usain oso preziatuak ziren: intsentsua, mirra, azafraia eta antzekoak gizarte-mailaren erakusleak ziren. Jakina, usain guztiak naturatik lortzen zituzten; izan ere, XIX. mendera arte ez ziren iritsi sintesi kimikoz egindako lehen lurrinak.

Asko daukagu ikasteko Europa zaharraren usainetatik eta ziur Odeuropa proiektuak bide horretan lagunduko duela. Adimen artifizialari esker, alegia, ordenagailuak hitz eta testuinguruak identifikatzen entrenatuz, antzinako usainak berreskuratu eta ulertu ahal izango ditugu. Horrek historian zehar gertatu denaren berri ere emango digu, esaterako, badakigu industrializazioak eragin handia izan zuela hirien inguruan sortzen ziren usainetan eta gizartean ere eragina izan zuen. Horrek kontzientzia sortzen ere lagunduko digu; izan ere, kutsadura normalean kiratsekin lotuta egoten da.

Informazio gehiago: Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Europako usainen entziklopedia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Zientziarako garai hobeak

Tue, 2021/01/05 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

2016. urtearen amaieran, munduaren behatzaile honek atsekabez eta ezkortasunez amaitzen zuen urtea. 2016a urte oparoa izan zen aurkikuntzetan, grabitazio-uhinen aurkikuntza izan zela mugarririk handiena. Baina, bestalde, AEBn Donald Trumpen garaipena eta Erresuma Batuan Brexit-aren aldekoen garaipena ere izan ziren; beste hitz batzuekin esana, “gertaera alternatiboen” eta egia-ostekoen arrakasta. Beraz, duela lau urte, zientziaren etorkizuna iluna zen.

garaiIrudia: 2020an covid-19ren aurkako txertoa izan da lorpenik esanguratsuena zientzian baina, horrez gain, ez da garai oparoa izan da beste hainbat aurkikuntza izan baitira. (Argazkia: Free-Photos – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

2020an, Covid-19ak arreta guztia bereganatu du, baina arlo zientifikoan urteak gehiago eman du. Are gehiago, aurkikuntzetan bereziki emankorra izan da. Ikus ditzagun abenduan ezagututako batzuk, adibide adierazgarri gisa.

Astronomian: gure galaxiaren historia berridazten ari dira. Hayabusa2 zunda japoniarrak Ryugu asteroidearen hautsaren lagin bat ekarri ahal izan du Lurrera. Eta Txinak ia 19.000 krater berri aurkitu ditu Ilargian.

Adimen artifiziala:  adimen artifizialak  emaitza ikusgarriak ekarri ditu. Alpha Fold 2 algoritmoak proteinen forma arrakastaz iragartzen du aminoazidoen sekuentziatik abiatuta. Duela gutxi, Schrödingerren ekuazioa ebaztea lortu dute, kimika kuantikoko iraultza oso bat, atomoek espazioan duten antolaketatik abiatuta, molekulen propietateak aurreikusteko aukera ematen baitu.

Biologia: 2020ko azken egunean ezagutzera eman zen, biologia estruktural eta molekularrari dagokion metodo berri bat. Metodo honek genoma sekuentziatzen du eta bere egitura espaziala erakusten du ukigabeko lagin biologikoetan.

Neurozientzia: arlo honetan, pertsonen adimena manipulatzea eta estimulazio entzefaliko ez-inbaditzailearen bidez ametsak sortzea lortu da. Honek aukera ematen du, orain dela gutxi arte imajinaezina izan arren, adimenaren sekretuetan barneratzeko.

Ingurumen zientziak: ingurumen zientzietan ikusi da Erdialdeko Amerikako lurraldeetako igelen biodibertsitatearen galerak malariaren agerraldi gogorragoak sor ditzakeela. Honek agerian utzi du osasunaren eta ekosistemen arteko lotura estua. Bestalde, urakanen portaera aurresateko, atmosferaren poluzioaren eragina kontuan hartu behar dela ere ikasi dugu.

Bioteknologia: bestelakoa da, esaterako, Singapurrek laborategian hazitako lehen haragi-produktua (haragi artifiziala) giza kontsumorako baimena ematea. Haragiaren ekoizpena eta hau kontsumitzeko modua aldatzeko lehen urratsa da, industriaren emisioak murrizteko eta animalien sufrimenduarekin akabatzeko.

Aurkikuntza horiek oso garrantzitsuak dira berez eta dakartzaten guztiarengatik. Baina denak txiki gelditzen dira covid-19aren aurkako txertoen diseinu eta ekoizpenaren aurrean. Zeregin hori historiako lorpen zientifiko handiena dela esan baitezakegu. Oztopoak gaindituz gero eta txertoak zentzuzko erritmoan egiten badu aurrera, milaka milioi bizilagunen immunizazioa izango da zientziari berrespen handiena emango dion giza erredentzioaren tresna. Hori da 2020aren amaierako albiste nagusia.

Gehiago dago. Trumpek Etxe Zuria utzi behar izatea da Estatu Batuetako zientziari gerta dakioken berri onena, eta berri ona da ere, esparru horretan, gizateria osoarentzat. Eta Europar Batasuna gai estrategikoetan batera jarduteak duen garrantziaz jabetu da azkenik; baliteke, aurrerantzean, orain arte baino gehiago egitea modu horretan ikerketa zientifiko eta teknologikoan.

Hala, aurrerapen eta ongizate handiagoko garai baten abiapuntua izan liteke covid-19aren aurkako txertoen garapena. Beste aro baterako trantsizio sasoia izan liteke, garai hobeetarako bidea.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Zientziarako garai hobeak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lurraren erradioaren historia

Mon, 2021/01/04 - 09:00

Filosofoa eta matematikaria izan zen Greziako Tales Miletokoa eta haren ustetan Lurra itsaso bateko ur gainean zegoen disko bat zen. Haren dizipulua zen Anaximandrok, ostera, pentsatzen zuen Lurra ekumenea (jendea bizi den mundua) tapa lauetako batean zuen zilindro bat zela. Hala ere, azkenean antzinako grekoek  antzeman zuten Lurrak forma esferikoa duela.

Planetaren forma ezagutu ondoren, hurrengo pausoa gure planetaren tamaina zein zen jakitea izan zen, eta, horretarako, grekoek Lurraren perimetroaren estimazio batzuk egin zituzten, geometria erabiliz. Lurraren perimetroaren neurketa entzutetsu eta zuhurrena, seguruenik, Eratostenes polimataren eskutik etorri zen. Baina Al-Biruni astronomo persiarrak garatu zuen metodo zehatzagoa. Al-Birunik ekuazio trigonometrikoak aplikatu zizkion mendi baten gailurraren eta haren oinetan kokatutako plano baten arteko angeluari. Hala, X. mendean kalkulatu zuen Lurreko erradioak 6 339,9 km zituela, benetan dituenak baino 17 km gutxiago.

Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Lurraren erradioaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #331

Sun, 2021/01/03 - 09:05
Uxue Razkin

bistan

Osasuna

COVID-19aren aurkako txertoa, zalantzarik gabe, lorpen zientifiko handia izan da. Oraindik bide luzea gelditzen zaigu baina ezin da ukatu aurrerapauso handia izan dela. Honi jarraiki,  Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak, COVID-19aren historia laburra azaltzen digu. Ez galdu!

COVID-19ak bizitza guztiz aldatu digu eta zurrunbiloan murgilduta, aparteko garrantzia izan du kultura zientifikoak. Berriako elkarrizketa honetan, Juan Ignacio Perez Iglesias Jakiundeko presidenteak eta Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendariak ezagutza nola sortzen den, kultura zientifikoaren beharra, komunikazio gardenaren eginkizuna eta beste hainbat kontu  hausnartu ditu Berrian, lerro bat begi-bistan izanik: zientzia eta berori ondo komunikatzeaz.

Azken egunotan entzun dugu SARS-CoV-2 birusaren aldaera berriak atzeman direla Erresuma Batuan. Horri jarraiki, Miren Basaras mikrobiologoak azaldu digu zer diren birus baten aldaerak eta horiek nola gertatzen diren.

Antigorputzak desagertuta ere, immunitate-sistemaren memoria-zelulek irauten dutela iradoki dute Australiako Monash Unibertsitateko ikertzaileek. Elhuyar aldizkariak azaltzen denaren arabera, zortzi hilabetez egin dute pazienteen jarraipena eta frogatu dute, gutxienez, denbora horretan irauten dutela B zelulek.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek aztertu dute nanoplastikoek animalietan eragiten dituzten ondorioak. Elhuyar aldizkariak azaldu digunez, nanoplastikoak animalia ornogabe zein ornodunen organismoan sartu eta hesteetako edo biriketako epitelioan itsasten direnean, hango zelula immuneak aktibatzen dituztela erakutsi dute, hesteetako mikrobiomaren osaera eta funtzionaltasuna aldatuz.

Klima-aldaketa

Klima-aldaketaren eraginez, Artikoan dauden animalia asko efektuak sumatzen ari dira. Beste gauza batzuen artean euren jokabideak ere aldatzen ari dira. Artikulu interesgarri honetan, migrazioan, ugalketan eta egokitze erantzunetan sortarazitako aldaketak bildu dituzte ikertzaileek, fenologia oinarri hartuz. Fenologia hitzak zera adierazi nahi du: faktore klimatiko eta izaki bizidunen bizi-zikloen arteko erlazioa.

Astrofisika

Lurretik kanpo egon zitekeen biziaren bilaketan bi arlo oso desberdinak daudela azaltzen digu Juanma Gallegok: biosinadurak eta teknosinadurak. Azken hauei erreparatu diete berriki. Proxima Centauri izarretik ei datorren teknosinadura baten seinalea jaso du Breakthrough Listen ekimenak. Ez galdu azalpena!

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #331 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #334

Sat, 2021/01/02 - 09:00

 

Zenbait bulego modernotan kristal gardenak dira hormak, botoi bat sakatuta opaku bilakatzen direlarik. Leiho adimendun hauek material elektrokimikoa dute: tungsteno oxidoa. Material hauekin dabiltza lanean BC Materialsen biosentsoreak sortzeko: Electrochromic materials enable smarter biosensors

Harritzeaz gain, bestelako erabilera ere badute ilusio optikoek: gure garuna zelan funtzionatzen duen ezagutzea. Kontzientzia bera ulertzeko ere balio litezke. Visual illusion that may help explain consciousness Henry Taylor-en eta Bilge Sayim-en eskutik.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #334 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Nobel saridunen erruleta

Fri, 2021/01/01 - 09:00

2021. urteko lehen egunerako, joko bat proposatzen dizugu. Fisika, Kimika eta Fisiologia edo Medikuntzako zientzia-diziplinetako batean Nobel saria jaso duten zientzialariei buruz dituzun ezagutzak probatzeko. Sari entzutetsu horietako bat lortu duten 22 emakumeen erruleta bat osatu dugu.

nobelIrudia: 1901-2020 tartean Fisika, Kimika edo Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria jaso duten 22 emakumeak. (Argazkiak: Wikimedia Commons)Hasi aurretik, historia pixka bat

Nobel sariak 1901ean hasi ziren ematen, Fisika, Kimika, Fisiologia edo Medikuntza, Literatura eta Bakea kategorietan. Ekonomiako Nobel saria 1969an eman zuten lehen aldiz.

119 urteko ibilbidea egin dute sariek eta tarte honetan 876 aldiz eman zaie Nobel saria gizonei (guztira 873 saritu dira), 58 alditan emakumeei (guztira 57 saritu dira; Marie Curiek bi aldiz jaso zuen) eta 28 aldiz erakundeei eman zaie (25 izan erakunde sarituak).

Diziplina bakoitzari erreparatzen badiogu, 107 lagunek eta 28 erakundek jaso dute Bakearen Nobel saria, horietatik 17 izan dira emakumeak. Literaturako Nobel saridunak 117 izan dira baina bakarrik 16 emakumeak. Ekonomiako Nobel sariari dagokionez 86 izan dira saridunak, guztietatik 2 emakumeak. 222 izan dira Fisiologiako edo Medikuntzako Nobel saridunak, baina 12 izan dira emakume sarituak. 186 Kimikako Nobel sari eman dira, hauetatik 7 emakumeei. Fisikako Nobel saridunak 216 izan dira, guztietatik bakarrik 4 eman zaie emakumeei.

Fisika, Kimika eta Fisiologia edo Medikuntzako Nobel sarien 119. urteei erreparatuz gero ohartuko gara bakarrik 22 emakumeek jaso dutela saria. Portzentaje oso txikia! Emakume batek Nobel saria irabaztea erruletan jokatuz arrakasta lortzea baino zailagoa dirudi…

Zientzietako Nobel sariak, protagonistarik gabe

Azpian, diziplina zientifikoetan emandako Nobel sarien zerrenda dago. Bertan, zein diziplina edo arlo, urtea eta saria emateko arrazoia ageri dira. Hurrenkera saria emandako urtearen araberakoa da. 21 sari daude, baina 22 emakumek jaso dituzte 23 aldiz.

  1. Fisika (1903): «Henri Becquerelek aurkitu zituen erradiazioaren fenomenoei buruzko ikerketengatik».
  2. Kimika (1911): «erradioa eta polonioa aurkitzeagatik, erradioa isolatzeagatik eta elementu kimiko horren izaera eta konposatuak aztertzeagatik».
  3. Kimika (1935): «elementu erradioaktiboen sintesiagatik».
  4. Fisiologia edo Medikuntza (1947): «glukogenoaren konbertsio katalitikoaren mekanismoa aurkitzeagatik».
  5. Fisika (1963): «geruzen egitura nuklearrarekin lotutako aurkikuntzengatik».
  6. Kimika (1964): «substantzia biomediko garrantzitsuen egituren X izpien tekniken bidez egindako determinazioengatik».
  7. Fisiologia edo Medikuntza (1977): «hormona peptidikoen erradioimmunosaioen garapenagatik».
  8. Fisiologia edo Medikuntza (1983): «elementu genetiko mugikorren aurkikuntzagatik».
  9. Fisiologia edo Medikuntza (1986): «hazkunde-faktoreen aurkikuntzengatik».
  10. Fisiologia edo Medikuntza (1988): «botiken bidezko tratamenduen printzipio garrantzitsuak aurkikuntzengatik».
  11. Fisiologia edo Medikuntza (1995): «enbrioi-garapenaren lehen etapetako kontrol genetikoari buruzko aurkikuntzengatik».
  12. Fisiologia edo Medikuntza (2004): «usaimen-hartzaileen eta usaimen-sistemaren antolaketari buruzko aurkikuntzengatik».
  13. Fisiologia edo Medikuntza (2008): «giza immunoeskasiaren birusa aurkitzeagatik».
  14. Fisiologia edo Medikuntza (2009): «telomerasa entzima aurkitu eta kromosomak telomeroez zelan babestuta dauden azaltzeagatik».
  15. Kimika (2009): «erribosomaren egituran eta funtzioan egindako ikerketengatik».
  16. Fisiologia edo Medikuntza (2014): «garunean posizionatzeko sistema osatzen duten zelulen aurkikuntzengatik».
  17. Fisiologia edo Medikuntza (2015): «malariaren aurkako terapia berrien inguruan egindako aurkikuntzengatik».
  18. Fisika (2018): «laserraren fisikan egindako ekarpen iraultzaileengatik eta pintza optikoen erabilera sistema biologikoetan aplikatzeagatik».
  19. Kimika (2018): «entzimen eboluzio gidatua garatzeagatik (ingeniaritzari aplikatua)».
  20. Fisika (2020): «gure galaxiaren erdian objektu supermasibo trinko bat aurkitzeagatik».
  21. Kimika (2020): «edizio genetikoko tekniken garapenean egindako ekarpen iraultzaileengatik».
Erruletaren jolasa

Urteberri-eguneko erruleta prestatu dugu. Aurreko bi esteketatik edozeinetan klik eginez gero bertan aurkituko zara. Erruleta martxan jartzeko sakatu GO agindua eta biraka hasiko da. Goiko argazkien mosaikoan agertzen diren 22 zientzialarietako baten izena jasoko duzu. Horietako bakoitza diziplina, urte eta saria jasotzeko arrazoiarekin lotzen du. Eta, ohartxo bat, izen bat bilatu nahi duzun bakoitzean orria kargatu behar duzu, (sakatu F5 tekla).

Probatu zure ezagutzak! Eta, noski, behar izanez gero bilatu informazio Zientzia Kaiera blogean, bertan duzu informazio lagungarria.

Erruletaren soluzioa

Erantzun zuzenak ikusi nahi badituzu (eta zientzialariak nortzun diren jakin nahi baduzu), esteka honen bidez egin dezakezu.

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Nobel saridunen erruleta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Teknosinaduren zantzurik ez… momentuz

Thu, 2020/12/31 - 09:00
Juanma Gallego

Noizean behin itxaropena pizten den arren, balizko zibilizazio estralurtarren seinaleen bila ari diren zientzialariek ez dute orain arte arrakastarik lortu. Haien bilaketa, ordea, ez da antzua, besteak beste, astronomiaren alorrean ezagutza mordoa eskuratzen ari direlako.

Bai, TikTok eta halakoetan maisu zareten millennial belaunaldiko ondorengo horiek: zuen dantza birala munduaren beste punta batean zabaldu daiteke, baina zuek ez duzue unibertsoaren zaratan arakatu pijaman, zibilizazio estralurtarren aztarnen bila. Aurreko belaunaldietako asko lagun, berriz, bai. Corel Draw eta Word Perfect itxi ondoren, GeoCities-en irakurritako hori Yahoo News-en foroetan eztabaidatu ostean, i486 ordenagailua erabiltzeari utzi eta kolore biziko pantaila babeslea ateratzen zen ordenagailuan. Hori gertatzen zenean, erraza zen grafiko horiei begira lelotuta geratzea, hor artean gizadiak inoiz egin lezakeen aurkikuntzarik zirraragarrienaren bat egon ote zitekeen itxaropenaz. Horiek bai garaiak!

SETI@home proiektua zen, banatutako konputazioan lehen proiektuetako bat, eta orain modan dagoen herritar zientziaren aitzindaria. Egitasmo sinple bezain zirraragarria zen: Areciboko behatokiak unibertsotik jasotako irrati seinaleak jaso, zatitu eta horiek mundu osoko ordenagailuen bitartez analizatzea. Funtsean, duela gutxira arte martxan izan den egitasmoak teknosinadurak bilatzea zuen helburu.

teknosinaduren1. irudia: Behatoki mota asko erabiltzen dira biosinadurak arakatzeko, baina, teknosinaduren alorrean, batez ere irrati-teleskopioak erabiltzen dira, seinale adimentsuak espektro elektromagnetikoan kodetuta egongo direlakoan. (Argazkia: NRAO/AUI/NSF, Jeff Hellerman)

Oro har, Lurretik kanpo egon zitekeen biziaren bilaketan bi arlo oso desberdinak daude. Bizia bera bilatzea eta seinaleak sortzeko bezain garatutakoa den bizi adimentsua aurkitzea. Horregatik, adituek bereizten dituzte biosinadurak eta teknosinadurak. Ez da zertan filologoa izan behar ondorioztatzeko lehenek edozein bizi zantzuri egiten dietela erreferentzia, eta bigarrenek teknologia garatu baten adierazpenei.

Bietan sortzen dira, aldian-aldian, inpaktu eta polemika asko sortzen duten ikerketak. Biosinaduren alorrean, 2020an bertan Artizarrari antzemandako fosfinen afera ikustea besterik ez dago. Baina 2020. urtea teknosinaduren alorrean ere ezusteko batekin amaitu da. Lerro hauek idazteko unean, ustez Proxima Centauri izarretik ei datorren teknosinadura baten seinaleak piztu du arreta. Momentuz, horren inguruko ezer gutxi dago: The Guardian egunkariari egindako filtrazio bat eta beste hainbat hedabideetan hainbat adituk emandako informazio apurra.

Breakthrough Listen ekimenak jaso du seinalea. SETI erakundea mantentzen den arren, praktikan Breakthrough Listen da 2015etik Lurretik kanpoko zibilizazioen zantzuen bila ari den ekimena, antzeko asmo handiko beste helburu dituen Breakthrough Initiatives erakundearen baitan. Australian kokatuta dagoen Parkes behatokian jaso zuten irrati seinalea 2019an 980 MHz-eko bandan, eta printzipioz gizakiek bidalitako espazio ontziek transmititzen ez duten bandan legoke. Seinale bakarra izan omen da, eta ez dirudi inolako informaziorik kodetuta duenik. Baina ikusi omen dute frekuentzian aldaketak badirela, eta, zabaldutako informazio apurraren arabera, horrek exoplaneta baten lurrazaletik transmititzen deneko adierazle izan zitekeen. Dena dela, azken hau ez dirudi oso argudio indartsua: momentuz astronomoek dakitenagatik, eta gure bizi estandarren arabera, Proxima Centauriren inguruan dauden bi exoplaneten artean bizia mantentzeko moduko aukera gutxi daude, batez ere izar hori nano gorri bat delako, eta halakoek X izpien erradiazio indartsua sortu ohi dutelako.

Hortaz, eta blog honen filosofiari jarraiki, oinarri sendoagoren bat egon arte ez dugu horretan gehiegi sakonduko. Hau irakurtzen duzun dataren arabera, baliteke dagoeneko seinale horren jatorria argituta egotea. Seguruenera, eta tamalez, positibo faltsu bat izango da, Lurretik bertatik eragindako interferentziaren bat edo; baina, tira, inoizko albisterik harrigarriena izateko itxaropena da galtzen den azkena.

Hirugarren aukera bat dago: oraindik ezagutzen ez dugun fenomeno astronomiko baten adierazpena izatea. Eta hau da, momentuz, SETI bezalako proiektuek zientziari egin dioten ekarpenik handiena. Horren adibiderik argiena da pulsarren aurkikuntza. Aurrenekoz behatu zituenean, Jocelyn Bell Burnell astrofisikaria ez zen Lurretik kanpoko teknologia bilatzen ari, baina hain maiztasun zehatzarekin errepikatzen zen fenomenoaren atzean ezinbestean adimen bat egon behar zela pentsatu zuen. Horregatik, topatutako lehen pulsarraren ezizena LGM-1 izan zen, atzean Little Green Men batzuk egon zitezkeelakoan.

teknosinaduren2. irudia: Proxima Centauri izarretik omen dator aurkitutako seinalea. Haren inguruan orbitatzen duen Proxima b planetan biziak aurrera egitea zaila izango litzateke, izarrak erradiazio mordoa isurtzen duelako. Beti ere, gure bizi estandarren arabera. Irudian, planeta horren irudikapen artistikoa. (Irudia: ESO/M. Kornmesser)

Oinarrizko zientziarekin gertatu ohi den moduan, sektore batzuek ez dute begi onez ikusten SETI bezalako proiektuetan baliabideak jartzea, baina halako zereginetan daudenek behin baino gehiagotan erakutsi dute bilaketa horren balioa. Adibidez, 2020ko ekainean, Breakthrough Listenek Exotica katalogoa argitaratu zuen, teknosinaduren atzean egindako bilaketan ezaugarritako objektuen katalogoa. Gida baten antzera, mota guztietako 700 bat objektu mota bildu dituzte bertan. Bere garaian pulsarrak guztiz exotikoak ziren modu berdinean, hemen ere unibertsoaren aniztasunaren erradiografia osatu bat jarri dute mahai gainean.

Katalogoak lau kategoria biltzen ditu. Lehenik eta behin, prototipoak daude, unibertsoan ezagutzen den objektu mota bakoitzeko adibide bat. Superlatiboak dira muturreneko ezaugarriren bat dituztenak, hala nola planetarik beroenak edota dentsitate handiena duten galaxiak. Anomalien alorrean oraindik azalpen argirik ez duten fenomenoak sailkatu dituzte. Tabbyren izarra edota Oumuamua izarrarteko objektua jarri dituzte adibidetzat. Azkenik, kontrolerako hainbat objektu ere sartu dituzte katalogoan, hasiera batean emaitza positiborik emango ez dutela diruditenak.

Ezagutza eskuratzeaz gain, halakoetan ere bizi adimentsua aurkitzeko aukera berriak zabaltzen direla aldarrikatu dute egileek. Argudiatu dutenez, askotan antropozentrismotik abiatutako aurreiritziek eragin dezakete guretzat bizigarri ez diren eremuetan ez begiratzea, bizia bertan ezinezkoa delakoan. Exoplaneten adibidea jarri dute. Diotenez, gaur ezagutzen ditugun exoplaneta asko eta asko begiratzeko aproposak ez ziruditen eremuetan daude.

Baina batek daki zer ezaugarri izango dituen oraindik ezagutzen ez dugun bizi horrek. Gainera, gero eta gehiago ari da zabaltzen ideia bat: gure muga biologikoak direla eta, gizakiok nekez gainditu ahal izango ditugu izar batetik bestera bidaiatzeko behar diren distantzia itzelak, eta agian horregatik izarrarteko lehen bidaiariak gizakiak sortutako adimen artifizialean oinarritutako izakiak izango dira. Balizko beste zibilizazioek antzeko zerbait garatu zezaketen. Noski, horrek biderkatzen ditu bizia sustengatzeko moduko ingurumenak egotea, baina agian aurkituko duguna ez da espero genuena. Pentsa, izaki berdeak aurkitu beharrean, Siri edo Alexa moduko adimen garatuak.

Hortaz, argi dago unibertsoak esaten digunari adi jarraitu beharko dugula, bai Lurretik kanpoko bizia bilatzeko zein munduaren beraren inguruan gehiago ikasteko. Beste egun baterako eztabaida da ea gizakiok nahita bidali behar ote ditugun mezuak, SETI aktiboa edo METI moduko egitasmoen bidez. Horren kontra daudenek The Dark Forest edo Baso Ilunaren argudioa erabiltzen dute, Liu Cixin idazleak idatzitako trilogia baten izenburuetako batean abiatuta. Horren arabera, unibertsoan diren zibilizazioek jakin badakite beste zibilizazio batzuek akabatuak izan daitezkeela, eta hobe dutela isilik mantentzea, arreta gehiegi erakarri gabe.

Hori litzateke, gainera, Fermiren paradoxari emandako erantzun sinple bezain atsekabea. Liu-ren trilogian gauzak zeharo konplikatzen dira, Alpha Centauri sistematik etorritako mehatxu batean gauzatuta. Baina fikzio horretan beldurgarriena ez da estralurtarren jardun maltzurra, gizateria akabatzeko plan horretan gizaki askok estralurtar horiekin modu aktiboan kolaboratzen dutela baizik. Larriena da lehen kontuak zientzia fikzio hutsa dirudiela, baina hori baino sinesgarriagoa dela gizateriaren kontra eta estralurtarren alde arituko diren lagun mordoa irudikatzea. Eta… tira, munduaren amaiera TikTok batean jasotzeko kapazak izango dira, gainera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lacki, Brian C. et al. (2020). One of Everything: The Breakthrough Listen Exotica Catalog. Preprint. arXiv:2006.11304

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Teknosinaduren zantzurik ez… momentuz appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Artikoko animalien jokabide-aldaketa, klima-aldaketa dela eta

Wed, 2020/12/30 - 09:00
Irati Diez Virto

Dakigunez, klima-aldaketa prozesu global bat da, Lurrari osotasunean eragiten diona. Badaude lurralde batzuk ordea, non aldaketa hauek azkarragoak eta nabariagoak diren. Eremu hauetako bat ba hain zuzen, Artikoa. Bertan, joera batzuk nabarmendu dira jada klima-aldaketaren eraginez, hala nola neguko tenperaturen igoera, eremu batzuetako izotz gabezia eta udaberriko elurraren urtze aurreratua. Lurralde Artikoa, besteak beste, animalia migratzaile askoren behin-behineko bizilekua da eta haiek ere, klima-aldaketaren efektuak sumatzen hasi dira, bai eta beren jokabideak aldatzen ere.

jokabide-aldaketa1. irudia: Arctic Animal Movement Archive (AAMA) datu-basean oinarrituta, kasu-azterlanen bidez klima-aldaketak animaliengan duen eragina dokumentatu dute ikertzaileek. Batez ere, migrazioan, ugalketan eta egokitze erantzunetan sortarazitako aldaketak bildu dituzte. (Argazkia: Victor ADAM – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Animalia migratzaileen jokabide-aldaketak, haien aldaketa fenologikoak aztertuz antzematen dira. Fenologia hitzak zera adierazi nahi du: faktore klimatiko eta izaki bizidunen bizi-zikloen arteko erlazioa. Izan ere, animalia migratzaile bakoitzak bizi-ziklo berdingabe eta zehatza izaten du, eta aldaketa fenologiko txikienak ere eragin ikaragarria izan lezake espezie migratzaile baten bizi-zikloan. Aldaketa fenologiko hauek duten eragina dokumentatzeko eta aztertzeko, alabaina, hamarkada askotako datuak behar dira, Artiko osoa estaltzen dutenak eta maila trofiko askotarikoak, denboran zehar eta eremu zabalean gertatzen diren aldaketak baitira.

Funtzio hau betetzeko sortu da, zehazki, Artikoko Animalien Mugimenduen Artxiboa (AAMA, ingeleseko sigletan). Ehun eta hogeita hamar ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute proiektu paregabe honetan eta espresuki Artikoko animalien jarraipenerako den bilduma bat sortu dute, animalia itsastar nahiz lehortarren datuak bilduz. Movebank mundu mailako datu-basearen parte izatera iritsi da. Artikoko animalien inguruko azterketara dago bideratuta, noski, baina bere barruti geografikoak barne hartzen ditu gainera eremu azpi-artiko batzuk, hala nola taiga edo baso boreala. Bilduma honek baditu bere aurrekariak hala ere, besteak beste IOOS-ATN, IMOS, OBIS-SEAMAP eta RAATD datu-baseak, itsas ekologiaren inguruko ezaguera eskaintzen dutenak. Animalia lehortarren mugimenduaren inguruko datu-baseak ordea, oso gutxi dira eta erregio edo taxoi jakin batean soilik zentratzen dira. Gaur egun, AAMA bildumak 86 espezie ezberdinen jarraipena egiten du 1991 urtetik aurrera.  Bilduma hori erabiliz, Artikoko hiru kasu espezifikoren fenologia aztertu da, klima-aldaketa espezie hauetan izaten ari den eragina aztertzeko.

Migrazioa, ugalketa eta egokitzapena aztergai

Ikertutako espezieetako bat arrano beltza izan da (Aquila chrysaetos). Espezie horretako indibiduoen migrazioa udaberrian jazotzen da, iparralderantz egiten baitute hegan arrautzak erruteko leku apropos baten bila. Hegazti hauen ugalketarako eremura iristeko garaiak konparatu dira denboran zehar, 1993tik 2017rako datuak erabiliz. Harrigarria izan da aurkikuntza: urtero zertxobait lehenago iristen dira arrano beltzak beren helmugara, elurra lehenago urtzen baita. Gainera, adin ezberdinetako hegaztien artean desberdintasun nabariak ageri dira, hegazti gazteak lehenago iristen baitira ugalketa eremura hegazti helduak baino. Hau adin ezberdinetako indibiduoen arteko lehiaren ondorio dela ondorioztatu dute ikertzaileek, gazteek helduen aldean abantaila izango baitute bertan lehenago kokatzeagatik.

Fenologiarekin zerikusia duen beste prozesu bat erditze garaia da, populazio basatien demografian eragin handia baitu eta aldaketa klimatikoekiko erantzunak erakuts baititzake. Ugaztun askorentzat, haurdunaldi amaiera eta eradoskitze amaieraren arteko garaian gertatzen da energia-eskari handiena eta, horregatik, landarediaren garai gorenarekin erregulaturik dago. Azterketa honetarako karibu espeziea aztertu zen, Ipar Amerikako gune boreal eta Artikoetan bizi den ugaztun belarjalea. Ehunaka karibu indibiduoren erditze garaiak konparatu dira 2000 urtetik 2017 urtera bitartean eta oso emaitza interesgarriak lortu zituzten: iparraldean bizi diren karibuek erditze garaiak aurreratu dituzte urteak joan ahala baina ez da joera berdina ikusi hegoalderago bizi diren populazioetan. Ikerketa honek karibuen klima-aldaketarekiko erantzunaren lehenengo ebidentzia erakutsi du.

jokabide-aldaketa2. irudia: Artikoko fenologian gertatzen diren aldaketek hainbat desafio eragiten die espezie migratzaileei. (Argazkia: Menke Dave – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixnio.com)

Azkenik aipatzeko, fenologiarekin zerikusia duen beste prozesu bat eguraldi aldaketen aurrean energia aurrezteko jokabideak gauzatzea da. Hau da, ikertzaileen aurreikuspenen arabera, animaliak gehienak gutxiago mugitzen dira egunean zehar neguan udan baino, energia aurrezteko mekanismo moduan. Ikerketa honetarako, bi espezie belarjale (karibua eta altzea) eta hiru haragijale (hartz beltza, grizzly hartza eta otsoa) aztertu dira 1998 eta 2019 urteen artean. Aztertu ahal izan dutenez, esperotako emaitza lortu da; hau da, murriztu egiten da, oro har, animalien mugimendua neguan udarekin konparatuta. Alabaina, ustekabeko patroi bat ere ageri da lortutako datuetan. Izan ere, azken urteetako tenperatura-igoeren eraginez, karibuak eta altzeak beren egunean zeharreko aktibitatea handitu dute, baina kontrakoa gertatzen ari da harraparien kasuan. Klima-aldaketarekiko erantzun asinkroniko honek eragin ikaragarria izan dezake maila trofiko ezberdinetako espezieen arteko elkarrekintzetan, hala nola harrapari eta harrapakinen arteko topaketetan, elikatze-arrakastan nahiz energia-gastuetan. Beste modu batera esanda, erantzun hauek ondorio demografiko oso larriak izan ditzake, bai harrapari bai harrapakinentzat.

Beraz, erakutsi duen moduan, AAMA bildumak konponbide ezin hobea eskaintzen du Artikoko hainbat animaliaren datuak bildu eta partekatzerako garaian. Erreferentzia eta iturri aparta da animalien distribuzio-aldaketak aztertzeko eta oso baliagarria suertatuko da, ziur, datozen urteetan. Izan ere, fenologian gertatzen ari diren aldaketak erronka bilakatu dira espezie migratzaileentzat. Hainbat espezierentzat hain garrantzitsuak diren erditze garai edo elikatze-ibilbideak abiada bizian ari dira aldatzen eta honek guztiak, dudarik gabe, Artikoko animalien bizitza aldatuko du etorkizunean.

Erreferentzia bibliografikoak:

Davidson, S.C., Bohrer, G., Gurarie, E., LaPoint, S., Mahoney, P. S., Boelman, N. T., Hebblewhite, M., et al. (2020). Ecological insights from three decades of animal movement tracking across a changing Arctic. Science, 370 (6517), 712–715. DOI: 10.1126/science.abb7080

Gilg, O., Kovacs, K. M., Aars, J., Fort, J., Gauthier, G., Grémillet, D., Bollache, L. (2012). Climate change and the ecology and evolution of Arctic vertebrates. Annals of the New York Academy of Sciences, 1249 (1), 166–190. DOI: 10.1111/j.1749-6632.2011.06412.x

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Artikoko animalien jokabide-aldaketa, klima-aldaketa dela eta appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Covid-19aren txertoa, lorpen zientifiko handiena

Tue, 2020/12/29 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

2020ko abenduaren 27an, legezko arduradun gisa, baimena sinatu nuen aitari koronabirusaren txertoa emateko. Ekintza ñimiño hori giltza da egoitza batean bizi den 86 urteko adineko pertsona batengan duela ia urtebete hasi zen prozesu bat burutu dadin. Prozesu hori, gehiegikeriarako beldurrik gabe, benetako gaitasun zientifikotzat har daiteke, seguruenik, historiako lorpen zientifikorik handiena.

Oraindik ez da azken helburua lortu. Mehatxuz betetako bide luzea geratzen da aurretik. Milaka milioi pertsonak txertoa hartu behar dute, eta zailtasunak sor daitezke oraindik. Badira, arrazoi desberdinengatik, ez txertatzea edo itxarotea nahiago dutenak. Oraindik ez dakigu txertoa hartuko dutenen zenbatekoa eta noiz iritsiko den planetako azken txokoetara. Oraindik ez dakigu zenbat denbora beharko den beharrezkoak diren milaka milioi dosia ekoizteko, ezta txertoa hartu baino egun edo aste batzuk lehenago hil edo gaixotuko diren milaka pertsonak ere. Ez dakigu etorkizunean agertu litezken SARS-CoV-2 birusaren aldaera genetikoek, txertoen eraginari aurre egiteko gai izango diren ere. Ez dakigu, halaber, txertoak hartzen dituztenak babesteaz gain beste batzuk kutsatzea eragotziko duten. Eta, azkenik, ez dakigu albo-ondorio garrantzitsurik izango duten milioika pertsona txertatzean. Mehatxu horietako bakar batek ere, ordea, benetakoak izanda ere, ezin du lausotu 2021eko lehen hilabeteetan milioika pertsonak txertoa jartzeak dakarren lorpena, eskaini ahal diren berme handienekin, gizateriak mende batean izan duen pandemia txarrena hasi eta urtebetera.

covid-19ren txertoa1. irudia: Erizain bat covid-19aren txertoa izan daitekeen dosi bat eskuetan duela. (Argazkia: Fernando Zhiminaicela – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Dimentsioak kontuan izanda, eta ez egitasmoaren izaeragatik edo helburuengatik, lorpen honen bi aurrekari aipa ditzakegu. Lehenengoa Manhattan proiektua da. Urte gutxiren buruan, bonba atomikoa izateko aukera eman zien iparramerikarrei. Bere garapenean (1942-1947) 130 000 pertsona egon ziren inplikatuak eta gaur egungo 70 000 milioi dolarren baliokidea eskaini zitzaion egitasmoari, kopuru horren %10 erabili zen bakarrik armamentua garatu eta ekoizteko. Bigarrena, zientifikoa baino teknologikoagoa, Apolo programa izan zen. Programa honi esker, gizakiek sei aldiz zapaldu zuten ilargia. Programak hamarkada bat baino gehiago iraun zuen (1961-1972) eta gaurko 170 000 milioi dolarreko inbertsioa izan zuen.

Covid-19aren txertoaren historia laburra 2019ko abenduaren 31n hasi zen, Wuhanen (Txina) pneumonia ezezagun baten 27 kasuren berri eman zenean. Urtarrilaren 8an jakin zen koronabirus berri bat zela eragilea. Bi egun geroago argitaratu zen haren sekuentzia genomikoa. Otsailean txertoen ekoizteko proiektuak jarri zituzten martxan konpainia zenbaitek. Txinan, CanSino Biologics, Sinovac Biotech eta estatukoa den Sinopharm izan ziren lehenak. Estatu Batuetan, Moderna eta Inovio Pharmaceuticals. Europan, BioNTech enpresa bioteknologiko alemaniarrak beranduago Pfizer konpainiarekin partekatuko zuen hautagai bat garatu zuen. Oxfordeko Unibertsitateko talde batek beste txerto bat sortu zuen, eta AstraZeneca gehitu zitzaion honi. Janssen eta Sanofi Pasteur farmazia konpainiek ere euren proiektuak jarri zituzten abian.

Apirilaren erdialdera jakin genuen SinoVac Biotech-en txertoa tximinoetan eraginkorra zela. Hilabete horretako 20an, bost enpresak beren txertoak probatzeko entsegu klinikoak abiatu zituzten, eta 70 hautagai baino gehiago zeuden garapen preklinikoan. Uztailaren amaieran, Moderna eta Pfizer-BioNTech txertoak, biak ere RNA mezularian oinarrituak, eraginkortasun probak hasi zituzten. Paradoxikoki, proiektu txinatarrek hartutako aurrea galdu zuten, herrialde hartan pandemiari ondo eutsi baitzitzaion, eta horrek entseguetarako boluntarioak beste herrialde batzuetan bilatzera behartu zuen. Azaroan jakinarazi zen txerto gutxi batzuek %90etik gorako eraginkortasuna zutela. Txertoen epe guztiak, 2019ko abenduan pneumonia agertu zenetik 2020ko abenduan agentzia arautzaileek baimendu zuten arte, inoiz izan diren laburrenak izan dira, alde handiz.

Gaixotasunaren agerraldia iragarri zenetik, mundu osoko milaka zientzialari, biomediko eta beste arlo batzuetakoak, ikertzen hasi ziren Covid-19ari buruzko gaiak, eta inoiz ikusi gabeko neurrian partekatu zuten informazioa. Kooperazioa sare informalak erabiliz egin da gehienbat, herrialdeen edo erakundeen artean akordio formalen beharrik gabe.

Ikerketa-jarduera horren emaitzak abenduaren hasierara arte argitaratutako 84 180 artikulu zientifikoetan jaso dira (eguneko 260 artikulu). Kopuru horri merezi duen esanahia emateko, egin dezagun konparazio bat: aldizkari zientifikoak daudenetik, gutxi gorabehera biriketako minbiziari buruzko 350 000 artikulu argitaratu dira; 165 000 hies-GIBari buruzkoak; gripearen inguruan 135 000; eta malariari buruz, 100 000. Hamaika hilabetetan, gripearen inguruan argitaratutako artikulu guztien ia % 60ko artikulu-bolumen baliokidea argitaratu da Covid-19ri buruz. 11 hilabetetan, artikuluen sinatzaileei dagokionez (egile bakarrak), 322 279 izan dira, eta kopuru horrek hirukoiztu egin du Manhattan proiektuan bost urteren buruan zegokionari. Txertoen garapenean parte hartu dutenera mugatzen bagara, kontuan hartuta une honetan 162 hautagai daudela eta horietatik 52 saio klinikoetan, estimazio kontserbadore batek mundu osoan 65 000 parte-hartzaile (zientzialariak eta osasun-langileak) daudela esango digu. Hau da, Manhattan proiektuan parte hartzen duten langileen erdiak.

Ahalegin ekonomikoa ere izugarria izan da. Estatu Batuetako administrazioak bakarrik 10 000 milioi dolar baino gehiago eman dizkie enpresa farmazeutikoei txertoak diseinatu eta ekoizteko. Kopuru horri Txinak, Japoniak, Errusiak, Erresuma Batuak eta Europar Batasunak inbertitutako baliabideak batuko bagenizkio, kopuru osoa, agian, Manhattan proiektuan egindako inbertsiora hurbilduko litzateke, nahiz eta haren %10 bakarrik erabili zen armamentua diseinatu eta ekoizteko.

2. irudia: Gaixotasunaren agerraldia iragarri zenetik, mundu osoko milaka zientzialari eta hainbat alorreko adituak hasi ziren ikertzen Covid-19ari buruzko gaiak eta horren ondorioz, abenduaren hasieran, 11 hilabetean, gairi lotutako 84 180 artikulu zientifiko argitaratu dira. (Argazkia: Markus Winkler – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Inbertsio ekonomikoez eta ehunka mila pertsonaren dedikazioaz gain, SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoak zenbait faktore izan ditu bere alde. Hona hemen horien laburpena. Duela urte batzuk SARS-CoV-1 eta MERS-CoV birusen aurkako txertoak garatzeko egindako ikerketari esker, aurretiko urratsak alde batera utzi ahal izan dira. I. eta II. faseetako entseguak ia aldi berean hasi ziren, lehendik zeuden prozedurak egokituz. III. fasekoak aurrekoen emaitzen erdiko analisiaren ondoren hasi ziren, eta paraleloan egindako saio klinikoen etapak bete zituzten. Hainbat txerto eskala handian ekoizten hasi ziren, eraginkorrak ez izateko eta inbertsioa galtzeko arriskua hartuz. Bien bitartean, medikamentuen agentzia publikoek txerto horien etengabeko ebaluazioa egin dute eraginkortasun eta segurtasun berme guztiak izateko.

Aldeko zenbait eragileren aparteko bategiteari esker, izugarrizko abiadura hartzea lortu du eginkizun zientifiko honek. Inoiz ez dira garatu patogeno beraren aurkako hainbeste txerto. Inoiz ez dira sartu hainbeste pertsona proiektu zientifiko handi batean hain denbora gutxian. Inoiz ez da lortu halako lankidetza mailarik, ezta lehiakideen artean ere. Inoiz ez dira egin hainbeste proba eta saio kliniko aldi berean, horrenbeste txertoren eraginkortasuna egiaztatzeko. Eta inoiz ez dira erabili hainbeste baliabide hain denbora laburrean gaixotasun bati aurre egiteko. Ahalegin handi hau gabe, ez ginatekeen iritsiko gaur egungo egoerara. Baina ahalegin hori ez zen, berez, arrakastaren bermea. Izan ere, 1971n Estatu Batuetan orduan presidentea zen Richard Nixonek National Cancer Act legea sinatu zuen. Lege horren bidez, minbizia desagerrarazi nahi zuen, eta hori lortzeko gaur egungo 10 000 milioi dolarren kantitate baliokidea bideratu zuen. 50 urte igaro dira ordutik.

Nixonen ‘minbiziaren aurkako gerra’ zeritzonaren helburua betetzetik oso urrun geratu zen, oraindik ezagutzen ez ziren minbizi-zelulen biologiaren funtsezko alderdiak zeudelako. Ez zen gauza bera gertatu Manhattan proiektua edo Apolo programarekin, bi kasuetan horiei ekiteko behar zen oinarrizko ezagutza baitzegoen.

Faktore hori bera, oinarrizko zientzia, funtsezkoa izan da covid-19aren txertoa garatzeko orduan. 1953an DNAren egitura argitu zenetik, ikerkuntza bolumen itzel batek aukera eman du, funtsezko beste osagai batzuen artean, birusen egitura eta portaera ezagutzeko, giza immunitate-sistemaren funtzionamendua argitzeko eta teknika bioteknologiko ahaltsuak garatzeko. Irakaspen garrantzitsua dugu etorkizunerako: oinarrizko ikerketa ezinbesteko baldintza izan daiteke gaur egun ezagutzen ez ditugun gure biziraupenerako arriskuei aurre egiteko.

Hurrengo egun edo asteetan, gure aita eta, harekin batera, unitate soziosanitarioetan bizi diren milaka pertsona gehiago txertatuko dituzte. Aurrerago beste batzuk hartuko dute txertoa, munduko biztanle gehienak immunizatu arte. Oraindik ere zalantzak daude, arazoak sortuko dira eta gainditu beharreko beste oztopo batzuk azaleratuko dira, baina gizateria, oro har —milaka milioi pertsona—, eginkizun kolektibo baten, ekintza zientifiko baten fruituez baliatuko da.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Covid-19aren txertoa, lorpen zientifiko handiena appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Mugimendu ekologistaren historia

Mon, 2020/12/28 - 09:00

1962. urtean Rachel Carson itsas biologoak New Yorker aldizkarian DDTak eragiten zituen ondorioen berri emanez argitaratu zuen artikulu-sorta bat. DDTa  intsektizida gisa erabiltzen zen eta labore-eremu handiak fumigatzen ziren, inolako kontrolik gabe. Rachel Carson elikadura-katean DDTak egiten duen bidea aztertzen ibili zen, eta frogatu zuen, pilatu ahala, espezie askoren genetika aldatzen zuela. Artikuluak «Udaberri isila» liburuan bildu zituen gerora.

«Udaberri isila» lanak lagundu zuen giza espezieak munduan hartzen duen lekua definitzen eta ideia iraultzaile bat erdigunera ekartzen: gizakia ez dela planetaren jabea, maizter hutsa baizik. Argitalpenaren eragina harago joan zen, besteak beste, ingurumena zaintzeko politika eta jokabide berriak bultzatu baitzituen. Bere liburuarekin eta lekukotasunarekin, Rachel Carsonek lagundu zuen Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentzia (EPA) sortzen, DDT eta beste pestiziden batzuen erabilera kontrolatzen edo gaur egun ekologismo izenarekin ezagutzen dugun mugimendu filosofiko eta politikoa garatzen.

Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Mugimendu ekologistaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #330

Sun, 2020/12/27 - 09:00
Uxue  Razkin

Osasuna

Erresuma Batuan identifikatu duten SARS-CoV-2aren aldaera berriari jarraiki, birusen mutazioak izan ditu mintzagai Berrian Ana Galarraga kazetariak eta modu berean horrek eragin duen izua.

COVID-19aren aurkako txertoei erreparatu die Ion Orzaiz kazetariak artikulu honetan. Txertaketa masiboa abiatuko du gaur Europako Batasunak baina oraindik galdera asko daude airean. Galderei so egin die kazetariak eta Miren Basaras eta Joseba Bikandi EHUko mikrobiologoen laguntzaz erantzunak ekarri ditu.

Science aldizkariaren arabera, txertoen garapen azkarra da 2020ko aurrerapen zientifikorik handiena. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Txertaketaren gaiari dagokionez, Downen sindromedunek lehentasuna izatea eskatu dute. Izan ere, infektatzen badira, gainerakoek baino 5 aldiz arrisku handiagoa dute ospitaleratu beharra izateko, eta 10 aldiz handiagoa, hiltzeko. Aitziber Agirrek landu du gaia asteon.

Genetika

COVID-19ak hankaz gora jarri du mundua, ez dago zalantzarik. Eta artikulu honetan ezagutuko dugu zertan lagundu duen genetikak koronabirusaren aferan. Gako batzuk eman dizkigu Koldo Garcia genetistak: sekuentzia, mutazioak, ostalaria… Ez galdu!

Rhesus makakoaren genoma osoa birsekuentziatu du AEB, Itaila eta Alemaniako ikerketa talde batek. Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez, giza gaixotasunak ikertzeko eredu hobea lortu dute. Adibidez, hiesaren birusa hobeto ezagutzeko eta gaixotasunaren tratamenduak garatzeko, ebolaren aurkako txertoa garatzeko eta autismoa zein bestelako gaitz neurologikoen tratamenduak sortzeko baliagarria izango da.

Biologia

Animalien erreinura egin dugu jauzi Juan Ignacio Pérezekin. Zhokov uhartean (Siberiako itsasoa) aurkitutako duela 12.500 urte inguruko aztarna arkeologikoek iradokitzen dutenez, ehiztari biltzaile talde batzuek lerei tira egiteko etxekotu zituzten txakurrak.

Eta bukatzeko, albiste oso bitxi bat ekarri digu Juanma Gallego kazetarik: Asiako erleek liztor erraldoiei aurre egiteko seinale bat asmatu dute. Badirudi liztor bat hurbiltzen denean abdomena mugitzen hasten direla. Horrekin zer esan nahi dute? Ba, argi dago: “Ausartu zaitez hona etortzen, eta modu honetan akabatuko zaitugu”.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #330 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #333

Sat, 2020/12/26 - 09:00

 

Planetaren heren bat hartzen du. Artikotik Antartikara doa. Garaiezina iruditu daiteke horrelako erraldoia, baina ez da: It might be the world’s biggest ocean, but the mighty Pacific is in peril, Jodie L. Rummer et al.

Oihaneko amama, oso txikia, ileduna eta dena jaten duena, “ebu gogo”, du protagonista Indonesiako irla bateko elezahar batek. Mitoa zen, hezur batzuk topatu arte… Paige Madisonen Homo floresiensis and the myth of the ebu gogo

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #333 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Inés Arrieta: “Patogeno oportunistak ingurugiroko edo gure baitan bizi diren mikroorganismoak izan ahal dira” #Zientzialari (144)

Fri, 2020/12/25 - 09:00

Azken aldiko aurrerabide medikoei esker hilkortasun maila altua zeukaten patologiak gainditzeko kapazak gara. Hala ere, honek alde txar bat du, ezinezkoa dirudien arren: gure immunitate-sistema hainbat mailatan immunodeprimituta gelditzen da, hau da, gure erantzun immunitarioa gutxituta gelditzen da.

Egoera honetan, normalean patogenoak ez diren mikroorganismoak infekzioak eragiteko gai dira, patogeno oportunistak deritzonak. Patogeno hauek ingurugiroko mikroorganismoak izan ahal dira, edota gurekin bizi diren mikroorganismoak: hauen artean bakterioak, birusak eta onddoak topa ditzakegu.

Inés Arrietak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Erizaintza Saileko ikertzaileak, mikosiak deitutako onddoek eragindako infekzioak ikertzen ditu. Beraz, gai honen inguruan gehiago jakiteko berarekin bildu gara.

Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Inés Arrieta: “Patogeno oportunistak ingurugiroko edo gure baitan bizi diren mikroorganismoak izan ahal dira” #Zientzialari (144) appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Erleek liztorren aurkako disuasioa garatu dute

Thu, 2020/12/24 - 09:00
Juanma Gallego

Asiako erleek liztor erraldoiei aurre egiteko seinale bat asmatu dute. Halako bat ikustean, abdomenak mugitzen dituzte, liztorrak aurrera eginez gero aurrean izan dezakeen patuaz ohartarazteko. Aldi berean, seinale horrek erlauntzeko zaindari gehiago biltzeko balio du.

Nazioarteko harremanetan oinarrizko kontzeptua da disuasioa, eta, bereziki, gizakiak suntsipen masiborako armak dituenetik, inoiz baino garrantzitsuagoa da. Sinple bezain eraginkorra da: “ez saiatu niri erasotzen, kontraerasoan akabatuko zaitudalako”. Horren aldaerak ere badira. Horietako bat, adibidez, “kontraerasoan kalte asko egingo dizut” izan daiteke, botere asko ez duten estatu txikien kasuan erabilgarria. Eta ezaguna da Gerra Hotzaren garaian disuasioaren adierazpenik gordinena izan zena, arma nuklearren altzoan. “Hobe ez baduzu erasotzen; bai zu eta biok, zein zibilizazioa bera ere, deuseztatuta geratuko garelako”.

disuasioa1. irudia: irudia: Apis cerana espezieko erleek bero-bolaren estrategia darabilte liztorren erasoen aurrean. Horrez gain, erasoaz ohartarazteko seinale bat garatu dute. (Argazkia: Rushenb – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia)

Horren inguruan hausnartzeko gaitasuna bai, baina disuasioa bera ez da gizakion asmakizuna. Naturan oso hedatuta dagoen estrategia da, eta aldaera asko ditu. Anfibio eta intsektu askok kolore biziekin lau haizeetara aldarrikatzen dute pozoitsuak direla, eta animalia eta landare askok eztenak baliatzen dituzte harrapakarien jangurak uxatzeko. Eta, herritik bertatik atera behar izan gabe, alboko etxearen aurretik igarotzean etengabean zaunkaka ari den txakur hori, funtsean, disuasioa erabiltzen ari da.

Erleek eta liztorrek aspaldiko gerra bat daukate, eta, batez ere, Asian dago adierazpenik gordinena. Izan ere, bertako liztorrak erleez elikatzen dira. Gurean ezaguna da Vespa velutina liztor asiarra, Europara ere zabaldu delako. Baina are beldurgarriagoa da momentuz gure artean ez dagoen Vespa mandarinia liztor erraldoia, Asia aldean zabalduta dagoen Apis cerana erleen erlauntzetan benetako triskantzak eragiten dituena. Halako liztor batek erlauntz bat aurkitzen duenean, jakin badaki barruan aparteko elikagaia duela: erle larbak. Erleek gaiari buruz duten ikuspegia, noski, oso bestelakoa da, eta haien kumeak babestuko dituzte, jardun horretan heriotza aurkitu behar badute ere. Animalia bakar gisa ikusita, erleek desabantaila nabarmena dute: askoz txikiagoak eta ahulagoak dira; baraila indartsuei esker, liztorrak zuzenean burua mozten die intsektu txikiei. Baina jakina da erleek inteligentzia sozialaren abantaila eskuratu dutela, eta, erleez baino, milaka kidek osatutako superorganismoaz hitz egin daitekeela.

Beste harrapakari-harrapakin harremanetan gertatu ohi den bezala, hemen ere erleen eta liztorren arteko lehian elkarrekintza ugari ahalbidetu ditu eboluzioak. Horien artean, bada bat oso ospetsua egin dena: erle askoren artean liztorra inguratzea eta, guztien artean hegoak mugituz sortutako beroaren bitartez, liztorra akabatzea. Estrategia horretan, beroarekiko tolerantzia baliatzeko gai izan dira erleak: liztorrak baino bizpahiru bat gradu baino gehiago jasateko gaitasuna dute. Ez da, ordea, borroka erraza erleentzat: beroarekin hainbat erle ere hil daitezke, eta, batez ere hasierako uneetan, oraindik indartsu dagoenean, liztorra bere burua babesteko gai da, haren ezten eta baraila indartsuei esker. Erasotzaile bakarra izanez gero, erleak moldatu daitezke; baina erasoan gehiago badira, txikizio galanta gertatu daiteke. Estrategia horren nondik norakoetan sakontzeko, Juan Ignacio Perez Iglesias biologoaren artikulu honetara jo daiteke.

Bada, ikertzaile talde batek estrategia horren bilakaera bat aurkitu du Asiako Apis cerana erleen artean, seinale batean gauzatuta. Journal of Animal Ecology aldizkarian argitaratu dutenez, portaera hori bisualki bultzatutakoa da, eta erlauntza osoan zabaltzen da. Oso modu adierazgarrian, adituek ISY gisa ezagutzen dute seinale mota hori: ingelesezko I see you edo Ikusten zaitut esaldiaren siglak. Disuasio eta ohartarazpen seinale bat, hain justu: bai erasotzaileei ohartarazteko zein erlauntzeko kideei erasoaren berri emateko, erleek mugimendu bat asmatu dute. Liztor bat hurbiltzen sumatu orduko, abdomena mugitzen hasten dira, batetik bestera. Egileek disuasio seinaletzat dute mugimendu hori. Honen arabera, erleen mezua argia da: “ausartu zaitez hona etortzen, eta modu honetan akabatuko zaitugu”.

Ikertzaileen harridurarako, mehatxuaren araberakoa da mugimenduaren intentsitatea. Antza, liztorrek ere ikasi dute ongi baloratzen seinalearen indarra, erleak soilik aterako direlako garaile bero-bola eraginkor bat sortzeko bezainbeste erle elkartzea lortzen badute. Mugimendu bakar batzuek ez dute eragiten liztorrak atzera egin dezan, baina halakoetan ari diren erle asko egonez gero, bai. “Seinalea soilik izan daiteke eraginkorra masiboa eta sinkronizatua izanez gero, horrek honakoa transmititzen duelako: kolonia bere burua defendatzeko eta bero-bola bat sortzeko benetako gaitasuna du”, diote egileek haien ikerketa artikulua dibulgatzeko idatzi duten blog sarrera batean.

disuasioa2. irudia: Erlauntzeko zaindariak arduratzen dira liztorrak eta bestelako arriskuak atzemateaz. Liztor bat ikusi orduko, ISY edo Ikusten zaitut seinalea egiten diete liztorrari, hura uxatu nahian. (Argazkia: Shihao Dong)

Erasotzailea tartean egon gabe, nahikoa da seinalea egiten duen erle baten bideoa ikustea beste erle batzuk ere zeregin horretan jartzeko, bideoa erakusten duen gailura berara hurbilduz. Hortaz, ondorioztatu dute defentsa estrategia hori imitazioaren bidez zabaltzen dela. Erleei liztor baten bideoa erakutsi dietenean, erleak ISY seinaleak egiten hasi dira, baina, liztorra beharrean tximeleta bat erakutsi dietenean, erleek ez dute erakutsi aparteko asaldadurarik. Hori ikusita, ikertzaileek diote erleak oso selektiboak direla, eta ez dutela intsektuen edozein irudirik hartzen benetako mehatxutzat.

“Liztorrek usaina eta zarata soinua sortzen dituzte, baina, aurkitu dugunez, liztor bat ikustea nahikoa da seinalea sortarazteko”, azaldu du prentsa ohar batean James Nieh ekologoak. Orain arte uste zen eraso bat atzematean erle zaindariek feromona baten bitartez ohartarazten zietela koloniako gainerako kideei, intsektu askotan horien bitartez bideratzen baita komunikazioaren zati handi bat. Baina, kasu honetan bederen, erle hauek lehenetsi dute abisu bisuala, eta horrek abantaila eman die, liztorra usaintzeko edo entzuteko urrunegi dauden koloniako kideek berehala ikusi dezaketelako zaindarien larrialdiko abisua, erlauntzaren defentsan “kate erreakzio azkar” bat abiatuta, egileen hitzetan.

“Bi liztor nahikoak dira egun bakar batean milaka erle akabatzeko”, nabarmendu du Niehk. “Halere, ISY seinale masibo eta sinkronizatuak sortzen dituen talde lanari esker, erleek atzera bota dezakete liztorra, erle bakar bat ere zauritua izan gabe. Hori agian gu guztiontzako irakaspena izan daiteke”.

Seguruenera, honetan guztian zirraragarriena da zientzialariek egunero ikasten dutela zerbait animalien portaeraz. Eta badirudi erleen eta liztorren arteko gerran ezusteko gehiago azalaraziko direla. Adibidez, beste ikertzaile talde batek duela gutxi PLOS ONE aldizkarian zabaldutako artikulu batean, erleei aurkitu berri dieten estrategia baten aurkikuntza azaldu dute. Erlauntzaren sarreretan animalien gorotza ipintzen hasiak dira Asiako erleak. Bai, gorotza. Oraindik ez dute argi liztorren aurrean erlauntzaren usaina estaltzeko edota zuzenean liztorrak uxatzeko ote den, baina egileek aldarrikatu dute intsektuen artean tresna baten erabileraren lehen zantzua litzatekeela. Agian hori esatea urrunegi joatea da, baina, zalantzarik ez dago portaera guztiz berezia dela. Dena dela, hori beste egun baterako istorioa izango da.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dong, S., Tan, K., Nieh, J. (2020). Visual contagion in prey defence signals can enhance honest defence. Journal of Animal Ecology, 00, 1– 8. DOI: https://doi.org/10.1111/1365-2656.13390

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Erleek liztorren aurkako disuasioa garatu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lera-txakur zaharrenak

Wed, 2020/12/23 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias

Txakurrak, beste animalia etxekotu batzuk bezala, segur aski komentsalismo harremanen bidez elkartu ziren gizakiekin. Ez dakigu zehazki noiz gertatu zen elkarketa hori, baina gutxienez duela hamabost mila urte izan zen. Txakur horietako batzuekin, gainera, gure arbasoek komentsalismotik haratagoko harremanak sortu zituzten. Hainbat txakur barietate ehiza, artzaintza edo zaintzarako entrenatu eta hautatu ditugu, adibidez.

Zhokov uhartean (Siberiako itsasoa) aurkitutako duela 12.500 urte inguruko aztarna arkeologikoek iradokitzen dutenez, ehiztari biltzaile talde batzuek lerei tira egiteko etxekotu zituzten txakurrak.

lera-txakurIrudia: Azterketa baten arabera, lera-txakurrek gutxienez duela 9.500 urteko leinu zahar batetik datoz. (Argazkia: Violetta – erabilera publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zhokoveko txakurra genetikoki gaur egungo lera-txakurrekin senidetuta dago, eta neurri handiagoan, Groenlandiakoekin. Prozesu luze baten bitartez, duela milaka urtetik, baita inuitak iritsi baino lehenagotik ere (duela 850 urte iritsi ziren), Groenlandiako biztanleen garraio beharrei erantzuteko hautatutako arraza bat da. Ez dago, beraz, horren erregistro genealogikorik, askoz ere geroagoko hautespen batetik datozen beste lera-txakur arraza batzuen kasuan gertatzen den bezala.

Berriki argitaratutako azterketa batean, Zhokoveko duela 9.500 urteko txakur baten genoma, Siberiako duela 33.000 urteko otso batenarekin eta Groenlandiako gaur egungo hamar lera-txakurrenarekin alderatu dute. Zhokoveko txakurra ez da gaur egungo lera-txakurren arbaso zuzena, baina arbaso komun bat daukate, duela 12.000 urtekoa. Hori bai, esan daiteke duela 9.500 urte jada lera-txakurrak zeudela, gaur egungoen antzekoak, eta antzeko funtzioak betetzen zituztela.

Bitxia bada ere, ez dirudi ez gaur egungo txakur groenlandiarrak, ez duela 9.500 urtekoak otsoekin hibridatu direnik. Harrigarria da, txakurren etxekotzearen historian zehar hibridazio horiek etengabe gertatu direla jakina delako. Hibrido horiek, segur aski, ez dute eskatutako errendimendua ematen edo ez dira ondo egokitzen lerara.

Txakur groenlandiarren eta beste arraza eta latitude batzuetakoen arteko ezberdintasun genetikoetako batzuk lehenago ikusi ziren, mamuten eta elefanteen genomak alderatzean, beraz, hotzarekiko egokitzapenarekin lotuta egotea egozten zaie. Txakur groenlandiarren beste aldaera genetiko bat oxigeno gutxiko baldintzetako jarduera metabolikoarekin lotuta dago; bitxia bada ere, gizakien artean, gene horren aldaera bati esker, Asiako hego-ekialdeko bajauak –itsasoko nomada deiturikoak– apnean murgildu daitezke ohikoak baino tarte luzeagoetan. Txakurren kasuan, kontua ez litzateke izango oxigeno kontzentrazio txikiko giroei aurre egitea, etengabe muturreko ahaleginak egiteko eskakizun metaboliko handiari baizik. Horrez gain, ia koipe kopuru handiko eta karbohidrato txikiko dieten bidez bakarrik elikatzea ahalbidetzen dieten aldaerak dituzte, hartz polarren eta gizakien kasuan dagoeneko deskribatutako egokitzapenak.

Txakur groenlandiarren iraupena paradoxikoa da, hala ere. Gaur egungo lera-txakurrak eta haiekin lotutako teknologia, neurri handi batean, duela 2.000-3.000 urteko Thule kulturatik datoz. Txakurrak desagertzeko zorian egon ziren duela 850 urte, inuitak Groenlandiara iritsi zirenean. Baina ez ziren desagertu; horren froga da gaur egun oraindik irauten dutela. Beraz, Groenlandian hainbat giza kultura izan diren arren, lera-txakur groenlandiarrek Paleolitikotik bizirik iraun dute, herri horien guztien bizimoduaren funtsezko zatia izan direlako.

Erreferentzia bibliografikoa:

S. Sinding, Mikkel-Holger et al. (2020). Arctic-adapted dogs emerged at the Pleistocene-Holocene transition. Science, 368 (6498), 1495-1499. DOI: 10.1126/science.aaz8599

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Lera-txakur zaharrenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

SARS-CoV-2 birusaren gene-erretratua

Tue, 2020/12/22 - 09:00
Koldo Garcia

2020. urtea bukatzear da eta, inolako zalantza-izpirik gabe, urte honetako zientzia-berria izan da SARS-CoV-2 birusak eragin duen pandemia. COVID-19 gaixotasuna sortzen duen birus horrek hankaz gora jarri ditu mundua eta gure bizitzak. Zientzia Kaieran hainbat ertzetatik aztertu da pandemia. Urteari bukaera emateko, bildu egingo dugu artikulu honetan genetikak koronabirusa eta pandemia ikertzen nola lagundu duen.

Sekuentzia

Urteetan zehar garatu diren teknologiei eta lanabesei esker ohiko prozedura bilakatu da sekuentziak eskuratzea. Hori dela eta, SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia arin lortu zen eta urtarrilaren 11n Fudan Unibertsitateko –Shanghai, Txina– Yong-Zhen Zhang-ek eta bere kideek, ez-ohiko koronabirus baten sekuentzia lortu ostean, datu-base publiko batean jarri zuten eskuragarri. Hala, koronabirus hori SARS gaixotasuna sortzen duen koronabirusaren ahaidea zela ikusi zuten, baina ezberdintasun nahikoak zituela koronabirus berritzat hartzeko.

Ordutik SARS-CoV-2 birusaren milaka sekuentzia eskuratu dira, munduko herrialde askotako pazienteetatik isolatutako birusen sekuentziak, hain zuzen ere. Gainera, gene-informazio hori guztia publikoa da eta eskuragarri dago mundu osoko ikertzaileentzat eta jakin-mina duen ororentzat. Adibidez, Islandian gizakien genomak sekuentziatzeko duten gaitasuna egokitu da birusa sekuentziatzeko. Bertan, deCODE enpresak islandiarren genoma sekuentziatzeko zerbitzua du, Islandian oso ezaguna den zerbitzua, hain zuen ere. Genomak sekuentziatzeko gaitasun hori Islandiako gobernuaren esanetara jarri zuen positibo bakoitzaren koronabirusa sekuentziatu ahal izateko. Gene-sekuentziazioan egindako aurrerapenak eta lortutako eskarmentua lanabes oso erabilgarriak izan dira birusaren sekuentziak arin lortzeko.

Birusaren sekuentzia arin lortu izanak eta birusaren milaka kopiaren sekuentzia eskuragarri edukitzeak haren azterketa eta ikerketa erraztu ditu. Horrela, arin eta sakon aztertu dira birusaren genomaren egitura eta bertan dauden geneak eta, ondorioz, aztertu dira birusaren biologia ulertzeko gakoak diren hainbat ezaugarri. Adibidez, aztertu dira spike proteina –birusak ostalariaren zeluletan sartzeko erabiltzen duen proteina– sortzen duen S genearen berezitasunak; erkatu dira SARS-CoV-2 birusak dituen gene-ezaugarriak beste koronabirusekin; eta ondorioztatu da sekuentzian ez dagoela gene-manipulazioaren zantzurik.

1. irudia: Sekuentziazio-gaitasuna SARS-CoV-2 birusa ikertzeko gakoetako bat izan da (Argazkia: Kenneth Rodrigues – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Mutazioak

SARS-CoV-2 birusaren sekuentzia ugari eskuragarri izateari esker egin daitezkeen azterketen artean arreta berezia merezi dute birusaren mutazioek. Mutazioak dira DNA edo RNA sekuentzia batean gertatzen diren aldaketak, hau da, gene-aldaera berriak sortzen dituzten gertaerak. Mutazio gehienek ez dute geneen funtzioan eraginik edo genearen funtzioa kaltetuko dute; lehenengoak zoriaren arabera hedatuko dira, besteek ez dute aurrera egingo birusaren funtzioa kaltetuta egongo delako. Badira, ordea, geneen funtzioa hobe dezaketen mutazioak, hots, birus eraginkorrago bat sor dezaketen mutazioak. Horiek dira, hain zuzen ere, adi jarraitu beharreko mutazioak. Hala ere, birusaren mutazioak detektatzea askoz errazagoa da mutazio horien ondorioak aztertzea baino. Hala, birusak dituen 30.000 gene-unitateetan 12.000 mutaziotik gora detektatu dira. Baina mutazio horien esanahia ezezaguna da, eta esan bezala, mutazio gehienen inpaktua mugatua da. Izan ere, koronabirusek, beste birus mota batzuekin erkatuta, mutazio gutxiago dituzte: gripearen birusak dituen mutazioen erdia; eta GIB birusak dituen laurdena. Hortaz, koronabirusek, SARS-CoV-2 birusa barne, eboluzio geldoa dute eta horrek zaildu egiten du mutazio asko izatea.

SARS-CoV-2 birusak izan dituen mutazioen artean eztabaida zientifikoa piztu du D614G mutazioa delakoak. Erreferentzia moduan erabiltzen den birusaren genoman, Spike proteinaren 614. posizioan kokatzen da azido aspartiko aminoazidoa –D letrarekin adierazten den aminoazidoa, hain zuzen ere–; eta mutazio batek posizio horretan glizina aminoazidoa –G letrarekin adierazten dena– egotea eragin du. Pandemiaren hastapenetan zirkulazioan zeuden birus gehienek D aldaera zuten, baina pandemiak aurrera egin duen heinean G aldaera dutenak nagusitu dira. Hori dela eta, ikertzaile batzuen ustez aldaketa horrek handitu egin du birusaren arrakasta. G aldaerak pertsona batek duen birus-kantitatea handi dezake eta, ondorioz, birusaren transmisioa areagotu. Baina beste ikertzaile batzuek ez dute hain argi hori horrela ote den. Ia 47.000 birusen genomak eta dituzten gene-aldaerak aztertu ostean ondorioztatu dute SARS-CoV-2 birusaren mutazioek – D614G mutazioa barne– ez dutela eraginik birusaren transmisio-gaitasunean. Hala, birusaren mutazioen auzia ikertzen jarraituko da, mutazioen eragina guztiz zehaztu arte.

SARS-CoV-22. irudia: Koronabirusaren mutazioak kezka-iturri dira. (Argazkia: Daniel Roberts – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Ostalaria

SARS-CoV-2 birusaren ezaugarriez eta mutazioez gain bada COVID-19aren hedapena baldintzatzen duen faktore garrantzitsu bat: ostalaria.

Alde batetik, birusaren ezaugarriek eta ostalariaren ezaugarriek zehazten dute zeintzuk bizidun diren aproposenak birusak kutsa ditzan. Batez ere, birusaren S genearen sekuentziak eta ostalariaren ACE2 genearen sekuentziak ezartzen dute hori. Gene horiek sortzen dituzten proteinen arteko elkarrekintzek zehazten dute birusak ostalarien zeluletara sartzeko duen eraginkortasuna. Ondorioz, elkarrekintza horiek zehaztuko dituzte birusa zein bizidunetan aurki daitekeen, bizidunen arteko jauziak eta zirkulazioan dauden birus-kopurua. Hori dela eta, adibidez, bisoiak hainbat herrialdetan sakrifikatu dira, birusaren transmisioa eta hedapena eteteko.

Beste alde batetik, ostalariaren ezaugarriek ere eragiten dute birusaren transmisioa eta gaixotasunaren garapena. Transmisioan faktore sozioekonomikoek eragin handia duten bitartean, gaixotasunaren garapenean eragina gene-faktoreek dutela dirudi. Hainbat ikerketa abiatu dira argitzeko ea ostalariaren gene-oinarriek eraginik ote duten COVID-19aren sintomen garapenarekin. Sintomarik larrienen kasuan badirudi hainbat gene-eskualdek arriskua handitu dezaketela; esate baterako 3. kromosomako gene-eskualde batek edo AB0 odol sistema zehazten duen gene-eskualdeak. Populazio ezberdinetako kasu gehiago aztertzen diren heinean, zehazten joango dira COVID-19aren sintometan eragina duten gene-aldaerak. Hau posible da eskarmentu handia dagoelako gene-sekuentziazio teknikak erabiltzen eta gaixotasunak eta gene-aldaerak lotzen.

3. irudia: Pertsona batek COVID-19 gaitza garatzeko faktoreen artean genetikoak daude (Argazkia: Brian Merrill – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ikusi dugun bezala, genetika lagungarria izan da SARS-CoV-2ari buruzko hainbat zehaztasun ezagutzeko, oraindik ikertzeko asko badago ere. Birusaren aurkako balizko txertoa ere garatzen lagundu du genetikak, baina denok immunitatea lortu arte ez gaitezen ahaztu eskuak garbitzeaz, maskara erabiltzeaz, distantzia mantentzeaz eta aireztapena ziurtatzeaz. Gabon hauetan zaindu gaitezen, denok datorren urtean zientziaz eta genetikaz gozatzen jarraitu ahal izateko.

Oharra: Testu hau Erresuma Batuan agertu den SARS-CoV-2 birusaren andui berria baino lehenago idatzi zen. Edonola ere, birusaren mutazioei buruz idatzitakoa baliagarria da birusaren aldaera horrentzat ere.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post SARS-CoV-2 birusaren gene-erretratua appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Lehenengo sare sozialaren historia

Mon, 2020/12/21 - 09:00

Sare sozialak komunitate bateko kideen artean edukiak argitaratu, zabaldu eta partekatzeko aplikazioak dira eta erabiltzaileen arteko elkarreragina eta lotura bultzatzeko aplikazioak edo tresnak dira. Sare sozialak ohikoak dira gure eguneroko bizitzan, baina nola hasi ziren?

1995ean SixDegrees webgunea sortu zen. SixDegrees da lehen sare soziala. Sare horrek harreman-mailaren arabera multzokatu egiten zituen erabiltzaileak eta aukera ematen zien harremanetan jartzeko eta elkarreragina bideratzeko mezuak bidaliz. SixDegrees Stanley Milgram psikologoaren sei graduko tarteen teorian oinarrituta zegoen. Teoria horren arabera, bizi garen lekuan bizita ere, sei urratsen bidez konektatuta gaude munduko beste puntan bizi den beste edozeinekin. SixDegrees gunean hauxe agertzen zen pantailan: “Only social network where you will meet amazing people based on your interests” (zure interesetan oinarritutako jende harrigarria ezagutuko duzun sare sozial bakarra). Deskribapen horrek agerian utzi zuen sare sozialak erabiltzen ditugunen arteko lotura, interes komunak partekatzea.

Zientziaren historia” ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren gertaerak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Lehenengo sare sozialaren historia appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #329

Sun, 2020/12/20 - 09:00
Uxue Razkin

Osasuna

SARS-CoV-2 birusa aurkitu dute bisoi basati batean, Elhuyar aldizkariak jakinarazi duenez. Urrian, Nekazaritza Saileko Animalien eta Landareen Osasuna Ikuskatzeko Zerbitzuak azterketa bat egin zuen Utahn, Michiganen eta Wisconsinen, eta Utahko bisoi-haztegi baten inguruan jasotako lagin batean isolatu dute birusa.

COVID-19a detektatzeko autodiagnostiko probei erreparatu die Miren Basarasek Berriako artikulu honetan. Izan ere, azken egunetan, farmazietan salduko diren proba horien inguruko eztabaida sortu da. Kontua da, norberak egin ditzake? Artikuluan aurkituko duzu erantzuna.

Taldeko immunitatea lortzearen estrategiaren aldekoak badira oraindik. Horren aurrean, nazioarteko zientzialari talde batek COVID-19ari aurre egiteko estrategia hori erabiltzea “arriskutsua” eta ikuspuntu etikotik, “onartezina” dela esan du agiri batean. Taldeak ohartarazi du gainera SARS-CoV-2aren kutsatze natural baten ondoren immunitateak luzaroan babesten duela erakusteko ebidentziarik ez dagoela. Berrian informazio guztia.

Pobreziaren eta buruko gaixotasunen harremana aztertu dute Harvard Unibertsitateko ikertzaileek, Elhuyar aldizkariak kontatu digunez. Gainera, erlazioa bi noranzkokoa da, hots, pobreziak buruko gaitzak eragiten ditu, eta buruko gaitzek pobrezia. Ikerketan argi gelditu da horien arteko lotura hautsi egin daitekeela interbentzio-politika egoki baten bidez.

Nola sortzen ote dira txantxarrak? Horri erantzun aurretik, testu honen bidez azalduko digute hortzak zerez osatuta dauden. Horren ondotik, gai izango gara ulertzeko nolakoa den txantxarren eraketa-prozesua. Ez galdu azalpena!

Hego Euskal Herrian posiblea da antigorputzen testak nork bere buruari egitea. Iparraldean, ez, ordea. Horren inguruan, epidemiologoek esan dute “tentuz” jokatu behar dugula test hauekin; emaitzen interpretazio egokia egin behar delako eta hori egitea zaila delako. Berriak jaso du informazioa.

Ingurumena

Aluminioa birziklatzean hondakin industrial bat sortzen da: gatz-zepak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingurumen Teknologiak eta Aplikazioak izeneko ikerketa-taldeak (TAMA) hori erabili dute ingurumen-prozesuetan baliagarriak diren materialak garatzeko. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue honen inguruko xehetasunak.

Municheko Unibertsitate Teknikoko ikertzaileek egindako ikerketa batean ondorioztatu dute haragiaren prezioak igo behar direla. Azterlanaren arabera, ohiko haragian egungo prezioarekiko % 146ko gainkostua ezarri beharko litzateke, haragi ekologikoan % 71ekoa, esnekietan % 91koa eta barazki ekologikoetan % 6koa besterik ez. Elhuyar aldizkarian duzue irakurgai artikulu osoa.

Astrofisika

Esne Bideari buruzko datu berriak argitaratu dituzte: Galaxiaren iragana eta etorkizun urruna ezagutzeko aukera dute ikertzaileek egindako mapa baten bitartez. Artikuluan azaltzen diguten moduan, Esne Bidean eta horren inguruan diren 1.800 milioi objekturen inguruko informazioa jasotzen dira bertan.

Antropologia

Ikerketa batek argitu du emakumeek parte hartze aktibo garrantzitsua izan zutela ehizako jardueretan Neolitoan. Azterlan honen ondorio nagusia argia da: gure historiaren hasieratik ezarritzat jotzen genituen rolak geroago sortu ziren ziur aski. Ikerlanean egindako hezurren analisiaren bidez ikusi da egungo emakume arraunlari profesionalek baino beso indartsuagoak zituztela.

Emakumeak zientzian

Elizabeth Fulhameri buruz ez dugu datu askorik: bere izena eta 1794an argitaratu zuen An Essay On Combustion with a Viey to a New Arto f Dying and Painting liburua. Saiakera hori mugarria izan zen kimikan. Hark asmatu zuen katalisia kontzeptua. Badakizu zer den? Ez galdu!

Genetika

Koldo Garciak bere Edonola blogean azaldu digu zer diren mikorrizak eta horren harira, kontatu digu ikerketa batek aztertu duela mikorrizek nola eragiten duten artoaren produkzioan. Badirudi genetikarekin lotura duela.

Kultura zientifikoa

Rosa Errazkin Bergarako Laboratorium Museoko zuzendaria elkarrizketatu dute Berrian, egun bizi dugun egoeraz mintzatu da bertan. Besteak beste, zientziaren beharraz eta oro har, Kultura zientifikoaz aritu da honetan. Oso hausnarketa interesgarriak irakurriko dituzue honetan.

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #329 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #332

Sat, 2020/12/19 - 09:00

 

Zenbait genek egiten zutena egiteari uzteak ez da beti txarra. Rosa García-Verdugoren eskutik: Losing genes can be a win in evolutionary terms p

Elektronikan gauzarik bitxienak egiteko inspirazio izan daitezke animaliak. Kolorea aldatzeko gaitasuna (kamaleoian oinarrituta) eta itsastekoa (muskuiluan), adibidez. Daniel González Muñozen eskutik:  Mimicking animals to improve device properties

Oso korrelazionatutako eta, beraz, oso konplexuak diren sistemen simulazio teorikoak ez du zertan garestia izan, teoria sendoan oinarrituta. DIPC: The essential physics of the Mott metal-insulator transition at negligible computational cost

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #332 appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Elizabeth Fulhame: Kimika modernoan mugarria izan zen ‘espektro bat’

Fri, 2020/12/18 - 09:11
Uxue Razkin

Izen bat, Elizabeth Fulhame (senarraren abizena da), eta 1794an argitaratu zuen An Essay On Combustion with a View to a New Art of Dying and Painting liburua dira berari buruz dauzkagun datu bakarrak. Ez dago bere irudirik, ezta jaiotze- eta heriotza-datarik ere. Non hazi zen? Nolakoa zen haren familia? Zerk liluratu zuen zientziaren arloan? Ikasi ote zuen? Ezagutzen ez dena izan ohi da erakargarria; eta bizitza jakin bat asmatzeko aukerak txunditzen gaitu erabat.

Halere, ezkutuan dagoena argitzeko ahaleginetan, “espektro” izateari utz diezaion alegia –zientziaren historian emakumeen kasuan usu gertatu den bezala–, ez dezagun ahaztu bidean egin zuena. Liburu bakarra argitaratu zuen arren, mugarria izan zen: katalisia kontzeptua asmatu zuen (Jöns Jacob Berzelius kimikariak baino 40 urte lehenago), fotoerredukzioaren mekanismoak aurkitu, eta argazkigintzan aurrerapausoak eman zituen, argiaren ekintzak sortutako irudiei buruzko behaketei esker.

An Essay On Combustion (1794) lanari esker, Elizabethek egin zituen aurkikuntzak ezagutzeko aukera dugu. Izan ere, hamar kapitulutan kasik 150 esperimentu azaldu zituen, baita bizitzea egokitu zitzaion garaiari buruzko pasadizoak kontatu ere; gizonezkoei zegokien diziplina batean aritzean izan zituen zailtasunak, kasu. Esaterako, azterlan honetan, katalisia zer den deskribatzen du. Saiakera ugariren ostean, oxidazio erreakzio gehienak urarekin gertatzen zirela ikusi zuen; urak horietan parte hartzen zuela eta erreakzioaren amaieran birsortzen zela ondorioztatu zuen. Teoria hori frogatzeko zehatz-mehatz deskribatu zuen prozesu hori guztia eta era berean, kritikatu zituen Flogistoaren teoria eta Antoine-Laurent Lavoisierren ideiak.

Elizabeth FulhameIrudia: “An Essay On Combustion”liburuaren orrialde batzuekin eta Elizabeth Fulhame irudi posible batekin egindako muntaketa. (Iturria: Mujeres con Ciencia bloga)

Elizabethek ez zituen kontuan hartzen bere garaikideen iritziak. Izan ere, lan horri esker aurrerapausoak eman ziren kimikaren arloan, errekuntzaren inguruko bere teoria garatu baitzuen; Berzeliusek eta Eduard Buchnerrek aurkeztutakoa baino lehenago, gainera.

Beldurrik ez bere iritzia emateko

Urrezko, zilarrezko eta beste hainbat metalen oihalak egin nahi zituen prozesu kimikoen bitartez, eta hori izan zen katalisiaren aurkikuntzaren abiapuntua. Aipaturiko liburuan azaltzen du ideia hori 1780an bururatu zitzaiola. Ildo horri jarraiki, haren senarrak eta adiskide batzuek Elizabethek aurreikusitakoa sinesgaitza zela uste zutenez, teoria horrekin ez jarraitzeko konbentzitu nahi zuten. Alabaina, zientzialariak ez zien jaramonik egin, ezta indarrean zegoen eszeptizismoari ere. Ideia horri dagokionez, bere liburuko hitzaurrean honako hau idatzi zuen:

“Konturatu nintzenean esperimentuok ezin zirela azaldu ordura arteko teoriak erabiliz, aldatu zen M. Lavoisier eta beste izen handien inguruan nuen iritzia. Sinetsita nago inongo autoritatek, garrantzitsua izanagatik ere, ez ligukeela kendu behar egia bera ikertzeko asmoa; eta iritzi bakoitza defendatu edo deuseztatzeko meritu propioek baino ez dutela balio. Hala, menturatuko naiz nire iritzia munduari eskaintzera, eta prest nago hari uko egiteko beste arrazionalago bat aurkezten den bezain laster”.

Jakina denez, liburua argitaratu ostean, askotariko iritziak jaso zituen Elizabethek: batzuek goraipatu zuten haren lana, beste batzuek kritikatu. Iritziak iritzi, lorpen handia izan zela ezin da zalantzan jarri; izan ere, 1798an Augustin Gottfried Ludwig Lentinek itzuli zuen alemanera. Geroago, 1810ean, Estatu Batuetan argitaratu zen; esan gabe doa arrakasta handia izan zuela. Urte horretan bertan Filadelfiako Kimika Elkarteko ohorezko kide izendatu zuten.

Ez zuen erraza izan behar haren ideiak plazaratzeak, batez ere emakumeei debekatzen zietelako zientzian jardutea. Arlo horretan lan egiteak arrisku bat zekarren berarekin, baina horrek ez zion axola, beti haren kideekin talka egiten zuen arren. “Apika, zentsura saihestezina da”, idatzi zuen liburuan, “batzuk hain ezjakinak dira ezen zakarrak eta isilak bilakatzen diren, eta ikaratu egiten dira ikaskuntza dirudien edozer gauzaren aurrean, edozein formatan dela ere; eta ‘emakume’ gisa agertzen bada ‘espektroa’, jasaten dituzten minak zinez kaltegarriak dira”.

Elizabethen arabera, kimika “entretenigarria” zen, dibertsio moduko bat, alegia. Berari buruz dakigun guztia idatzitako saiakera hartan dago irakurgai, gogora dezagun, zientziaren historian argitaratu den lanik garrantzitsuenetako bat. Obra horretan ez dago irudirik, ezta haren datu biografikorik ere. Eta, hala ere, dena dago hor, Elizabeth Fulhame izan zen guztia. Beti dago guri buruzko zehaztasunen bat idazten dugun horretan, lerroen artean gordeta aurkitu nahi duenarentzat.

Iturriak: Egileaz:

Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

The post Elizabeth Fulhame: Kimika modernoan mugarria izan zen ‘espektro bat’ appeared first on Zientzia Kaiera.

Categories: Zientzia

Pages