Ch. Noé etxeak, zientzia-instrumentuak egiten zituen enpresak, mendearen azken laurdeneko egoerara moldatzen jakin izan zuen. Alemaniako lehiari arrakastaz aurre egiteko gai izan zen, eta XX. mendera igarotzea lortu zuen, 1930. urtean itxi baitzen enpresa. Charles-François Noé-k sortu zuen enpresa 1862. urtean, Bigarren Inperio arrakastatsu eta ospetsuaren erdialdean. Pariseko rue Poules 6an kokatuta, enpresa honek hasiera xumea izan zuen, baina 70eko hamarkadaren amaieran –dagoneko III. Errepublikaren garaian– aurrera egin zuen: instalazioak handitu zituen, tailerra rue Amyot 8an jarri zuen; eta denda, berriz, rue Laromiguière 9an. Hala, prezisioko instrumentuak egiten zituen etxe kontsolidatu moduan aurkeztu zen publikoaren aurrean. 1888tik aurrera, rue Berthollet 8an jarri zuen denda enpresak, eta hori izan zen behin betiko egoitza. Urte bat beranduago, Pariseko Erakusketa Unibertsalean urrezko domina jaso zuen, eta orduan ekin zion bere garairik ospetsuenari. Irakaskuntzarako eta esperimentaziorako zientzia-materiala egiteaz gain, zientzia-tresna elektrikoen (elektrostatikoak eta magnetikoak) ekoizpenean eta X izpiak ekoizteko aparatuetan espezializatu zen. Errege Mintegiko bilduman, Ch. Noé etxearen hainbat pieza ditugu, rue Berthollet 8an zegoen garaikoak. Dokumentazioak ematen digun beste informazio batzuei esker, badakigu ez direla 1919. urtea baino beranduagokoak; eta, hori dela eta, 1888. urtearen eta XX. mendeko bigarren hamarkadaren artean datatu ditugu (bidaltze edo saltze data).