Ekoizlearen plaka

Bergaran, Errege Seminarioko bilduman badaude Gipuzkoako Institutu Probintzialaren garaiko lehen urteetako bost tresna, Pariseko Desbordes etxe famatukoak, kalitate handikoak. Enpresa horretan, oro har, tresna Matematikoak, Optikoak eta Fisikakoak egiten zituzten, eta oso goratua izan zen manometro, pirometro eta Mekanika arloko gainontzeko tresnen kalitateagatik Frantzia osoan. Aztertu ahal izan dugun XIX. mendeko dokumentazioari esker jakin ahal izan dugu Desbordes etxea 1824. urtean sortu zela, lehenengo Amelot 40an izan zuela egoitza, eta, ondoren, Ménilmontant 3an. Aztertu dugun materiala hauxe izan da: Frantzian egin ziren erakusketa nazional eta unibertsaletako katalogo ofizialak, aipatutako mostretako epaileen txostenak, eta baita “Annuaire-Almanach du Commerce… (Didot-Bottin)” direlakoak ere –Frantziako hiriburuan zeuden merkatari eta ekoizleen benetako inbentarioak–.

Enpresa 1839. urtean hasi zen fama hartzen, urte horretako Erakusketa Nazionaleko epaileek ohorezko aipamena eman ziotenean. Jules Desbordesen ospea handituz joan zen 1840. urteko hamarkadan, eta horren lekuko dira garai hartan irabazi zituen ia hamar dominak, euren artean bat urrezkoa. Enpresak rue St. Pierre Popincourt 20an izan zuen egoitza, 1843-1849 bitartean; eta, horixe denez hain zuzen ere, Bergarako bildumako piezetan azaltzen den helbidea, instrumentu horiek (bidaltze- edo saltze-data) aipatutako hamarkadan datatu ditugu. 1850-1868 bitartean, Desbordes etxeak Fossés du Temple-n izan zuen egoitza, 1871n Amelot 130ean, eta 1877an, berriz, Saintonge 64an. Ohore eta aipamen ugari jaso zituenez, eta baita 20 domina baino gehiago ere, sektore horretan sartu nahi zuten enpresari gazteen jomuga izan zen tradizio luzeko enpresa hori: dirudienez, 1886-1887 bitartean Léon Maxantek hartu zuen enpresa, eta Desbordesen ondorengoa izan zen; halaber, zalantzarik gabe esan dezakegu, 1894tik aurrera, Maxantek beste bi etxe hartu zituela bere baitan. Desbordesen oinordekoak, 1905. urtean, Redier famatua (barometrogintzan espezializatua) bereganatu zuen, eta izen handiko enpresa izan zen Frantzian XX. mendean zehar.