S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 37 min

Argiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaleratu dute

mar, 2024/01/09 - 09:00

Zelulen artean dituzten kanalak funtsezkoak zaizkie landareei argia nondik datorkien jakiteko. Gakoa uraren eta airearen artean sortzen den argi dispertsioan dagoela aurkitu dute.

Zientziaren ikuspegi erromantiko batean ohiko ikuspegia da eureka momentua irudikatzea. Zientziari lotuta ez dagoen une batean, bat-batean, zerbaitek klik egiten du garunean, eta aurkikuntza baterako atea irekitzen duen ideia dator burura.

Argi dago, baina, gehien-gehienetan gauzak ez direla horrela. Zientzialarien lana askoz prosaikoagoa izan ohi da, eta, batez ere unibertsitateari lotutakoen kasuan, burokraziak harekin batera darama denboraren zati esanguratsu bat. Horrez gain, zientziari lotutako lana bera lotuagoa dago datuen eta erreferentzien bilketari, bat-bateko ideiei baino. Lanbide gehienetan gertatzen den modu berean, eta esaera modernoari jarraiki, inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu.

argia1. irudia: landareentzat bereziki garrantzitsua da argia non dagoen jakitea, horri esker gai direlako fotosintesia optimizatzeko. (Argazkia: Juanma Gallego)

Hau esanda ere, onartu beharra dago zenbaitetan gertatzen direla horrelako eureka une txikiak, eta haietatik irakaspen garrantzitsuak atera daitezkeela. Halako zerbait gertatu zitzaion Christian Fankhauser biologoari. Arabidopsis thaliana landarearen ale mutante bat ikusi zuenean konturatu zen bere zurtoina bereziki gardena zela, eta, gainera, landareak ez zuela modu egokian erantzuten argiaren aurrean. Antza, argiari jarraitzeko landare gehienek duten berezko gaitasuna galdua zuen nolabait landare mutanteak. Zientzialaria izanda, Fankhauser konturatu zen gabezia horretan gako garrantzitsu bat aurkitzeko modua egon ahal zela. Inspirazio kolpe hori Science aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bilakatu da.

Logikoa denez, abantaila ugari ditu argiaren jatorria non dagoen jakiteak. Horren arabera, inguruan kokatzeko informazio oso baliagarria eskuratzen dute organismoek. Eta gaitasun hau bereziki garrantzitsua da landareentzat, gehienek fotosintesia egiten dutelako. Landareentzat ez ezik, azken finean fotosintesia kate trofiko gehienarentzat ere nahitaezkoa da, landareak prozesu osoaren oinarrian daudelako.

A. thaliana mutante bat laborategian izatea ez da, noski, frikikeria kontua: organismo eredu bezala landarerik erabiliena da zientzian. Besteak beste, izugarri indartsua da, eta berdin berdin hazi daiteke lasai asko asfalto arteko zirrikitu ñimiño batean zein ISS Nazioarteko Espazio Estazioan ere. Bestetik, argiari jarraitzeko gaitasunari fototropismo esaten zaio, eta orain aurkeztu den ikerketa honen aurretik ere mekanismoaren oinarrizko prozesuak ezagunak ziren. Fototropina hormonek auxina izeneko beste hormonen zabalpena arautzen dute: argiak zutoinean jotzen duenean, landarearen hazkundea ahalbidetzen duten auxinak modu uniformean zabaldu egiten dira. Baina argiak alde batetik baino jotzen ez duenean, auxinak itzalpean dagoen aldean pilatzen dira, alde horren hazkundea sustatuz, eta, ondorioz, landarea argitasunerantz bideratuz.

Dena dela, orain arte ez zen ezagutzen fototropina horiek nola moldatzen diren argia nondik datorren ezagutzeko. Orain, Fankhauserrek gidatutako ikertzaile taldeak misterio hori argitu duela dio.

argia2. irudia: landare basatia eta mutantea, parez pare. Mutanteak ez dio erantzuten argiari, barruan dituen zelula arteko kanaletan airea ez dagoelako. (Argazkia: Martina Legris / © CIG-UNIL)

Gakoa landare mutanteen gardentasuna ahalbidetzen duten zelulen arteko kanal txikietan dagoela azaldu dute. Hori baita, hain justu, laborategian ikusitako landare horietan zegoen aldea: ohiko itxura zuten landareen kasuan, zelulen arteko kanaletan airea baino ez zegoen. Landare mutanteen kasuan, berriz, kanal horiek likido batez beteta zeuden.

Handik ondorioztatu dute kanaletan dagoen aire hori funtsezkoa dela fototropismoa ahalbidetzeko, uraren eta airearen propietate optikoak desberdinak direlako. Horrela, argiarekiko sentikorra den landare ehuna airearen eta uraren arteko interfazearen ezaugarri optikoez baliatzen da argiaren jatorriaz jabetzeko. Nolabait, airez betetako kanal hauen bitartez zelula fotosentikorrak gai dira argi gradiente bat irakurtzeko eta, ondorioz, argia nondik datorren jakiteko.

Ikerketa zabaltzeko argitaratu duten prentsa oharrean ostadarra ahalbidetzen duen fenomeno optikora jo dute. “Airearen eta uraren errefrakzio indizeak ez dira berdinak”, azaldu du Martina Legris egilekide nagusiak. “Horren ondorioz, ernamuinean zehar igarotzean, argia sakabanatzen da. Guztiok behatu dugu fenomeno hau ostadar bat ikustean”.

Nabarmendu dutenez, argia nondik datorren ondorioztatzeko ez ezik, landarea zelulen arteko kanal hauetaz baliatzen da ere karbono dioxidoa eta oxigenoa garraiatzeko. Besteak beste, horri esker, uholdeak gertatzen direnean hipoxia gainditzeko moduan dago landarea.

Erreferentzia bibliografikoa: Nawkar, G. M., Legris, M., Goyal, A., Schmid-Siegert, E., Fleury, J., Mucciolo, A., De Bellis, D., Trevisan, M., Schueler, A., & Fankhauser, C. (2023). Air channels create a directional light signal to regulate hypocotyl phototropism. Science, 382(6673), 935–940. DOI: https://doi.org/10.1126/science.adh9384 Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Argiari jarraitzeko landareek duten mekanismoa azaleratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria

lun, 2024/01/08 - 09:00

Eugenio Calabi irailaren 25ean hil zen bizitzan zehar objektu geometriko berriak asmatu ondoren; soken teoriarentzako funtsezkoak izan ziren objektuak.

Eugenio Calabi matematikari sortzailea zen kideentzat: “eraldatzaile originala” Xiuxiong Chen ikasle ohiak adierazi zuen bezala. 1953an hasi zen Calabi ordura arte inork irudikatu ez zituen formak ikusten. Beste matematikari batzuen iritziz, ezinezkoa zen forma horiek egotea. Baina handik pare bat hamarkadatara forma horiek oso garrantzitsuak izan ziren matematikan nahiz fisikan. Emaitzek irismen oso handia izan zuten, inork uste zuena baino askoz handiagoa, baita Calabik berak uste zuena baino ere.

forma1. irudia: . (Ilustrazioa: Kristina Armitage / Quanta Magazine. Iturria: Jean-François Dars; MFO; Laguna Design/Science Source)

Calabik 100 urte zituen irailaren 25ean hil zenean, eta XX. mendeko eraginik handieneko geometraria izan dela diote kide nahigabetuek. «Matematikari askoren nahia gai jakin bati buruzko lana amaitzen duten problemak ebaztea izaten da», esan zuen Chenek. “Calabiri gaia hastea gustatzen zitzaion”.

Jerry Kazdan Calabiren kidea izan zen Pensilvaniako Unibertsitatean, elkarrekin irakatsi zuten ia 60 urtez eta haren esanetan Calabik “gauzak ikusteko modu berezia zuen. Gutxien nabarmentzen zen aukera hautatzen zuen; matematika egiteko modu hori zuen”. Kazdanen hitzetan, Calabiren kezkarik nagusienetakoa «inor pentsatzen ari ez zen galdera interesgarriak egitea» zen. Galdera horien erantzunen ondorioek denbora luzezko garrantzia dute askotan.

Calabik ikaragarrizko ekarpenak egin zituen arren geometriako alor askotan, barietate mota berezi bati buruz 1953an egindako aieruagatik ezagutzen da bereziki. Edozein dimentsiotan egon daitekeen azalera edo espazio bat da barietate bat, eta funtsezko ezaugarri bat du: azalerako puntu bakoitzaren inguruko «auzo» txiki orok laua dirudi. Lurra, esaterako, borobila (esferikoa) da urrunetik begiratuz gero, baina lursail txiki bat hartuz gero, laua dirudi.

Princetoneko Unibertsitatean graduondokoa egiten ari zela, Calabiri Kähler-en barietateak interesatu zitzaizkion; Erich Kähler, XX. mendeko alemaniar geometraren izena daramatenak. Mota horretako barietateak lisoak dira, horrek esan nahi du ez dutela ezaugarri zorrotz edo irregularrik eta dimentsio pareak baino ez dituztela: 2, 4, 6 eta abar.

Esfera batek etengabeko kurbadura du. Dena delako abiapuntutik edo norabidetik abiatu eta azaleran edozein tokitara joanda ere, zure bidea neurri berdinean kurbatuko da. Oro har, barietateen kurbadura aldatu egin daiteke puntu batetik bestera. Matematikariek kurbadura neurtzeko modu desberdinak dituzte. Ricciren kurbadura izenekoa asko interesatu zitzaion Calabiri, neurri konparatiboki sinplea izan arren. Kählerren barietateek puntu bakoitzean Ricciren kurbadura zero izan dezaketela proposatu zuen, oro har haren forma murrizten duten bi baldintza topologiko bete arren. Beste geometra batzuen iritziz, forma horiek onegiak ziren egia izateko.

Shing-Tung Yau izan zen hasieran eszeptikoen taldean egon zenetako bat. Calabiren aieru horrekin 1970ean egin zuen topo lehenengo aldiz, Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley) graduondoko ikaslea zela, eta txundituta geratu zen. Aierua egiazkoa zela erakusteko, Calabik problema planteatu zuen bezala, ekuazio oso arazotsu baten irtenbidea aurki zitekeela erakutsi behar zen, baita ekuazioa zuzenean ebazten ez bazen ere. Hori are erronka handiagoa zen, aurretik inork ez baitzuen ebatzi tipo berezi honetako ekuazio bat.

forma2. irudia: Calabi-Yau barietate baten zeharkako sekzio honek haren konplexutasun zorrotzaren berri ematen digu. (Irudia: Andrew J. Hanson – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Zenbait urtez problema horri buruz pentsatzen aritu ondoren, Yauk 1973ko geometriako batzar batean adierazi zuen aierua faltsua zela erakusten zuten kontradibideak aurkitu zituela. Calabi ere batzar hartan zen eta orduko hartan ez zuen inolako kontrako arrazoirik planteatu. Handik hilabete batzuetara, gaiaz apur bat hausnartu ondoren, Yauri eskatu zion argudioa argitu zezala. Yauk bere kalkuluak berriro aztertu zituenean, akats bat egin zuela ohartu zen. Kontradibideek ez zuten oinarririk, beraz, aierua zuzena zen.

Calabik jatorrian proposatutako barietate klaseak bazirela demostratuz igaro zituen Yauk hurrengo hiru urteak. 1976ko Eguberri egunean Calabirekin eta beste matematikari batekin elkartu zen Yau eta proba baliozkoa zela baieztatu zuten, eta gaur egun Calabi-Yau deitzen diren objektuen existentzia matematikoa eman zuten. 1982an Fields domina irabazi zuen Yauk, matematika arloko ohorerik handiena, eta emaitza horri esker izan zen, hein batean.

Garai hartan, naturaren indarrak bateratuko zituzten teoriak ideiatzen saiatzen ziren fisikariak hasita zeuden ideia bat lantzen: funtsezko partikulak, elektroiak esaterako, soka dardarkari oso txikiez eratuta zeudela. Dardararen patroi desberdinak partikula desberdinen bidez adierazten dira. Arrazoi teknikoen ondorioz, dardara horiek 10 dimentsiotan baino ez dute funtzionatzen behar bezala.

Ez dago esan beharrik ez dirudiela munduak 10 dimentsio dituenik: espazioaren hiru dimentsio eta denboraren dimentsio bat besterik ez daudela dirudi. Baina 1980ko hamarkadaren erdi aldera fisikari talde bat ohartu zen unibertsoko sei dimentsio “estrak” Calabi-Yau barietate oso txiki batean ezkutatuta egon zitezkeela (10-17 zentimetro baino txikiagoko diametrokoetan). Esparru fisiko horri soken teoria izena jarri zitzaion eta esaten zuen Calabi-Yau formak agintzen zituela partikulak eta naturako indarrak. Teoria hori supersimetria izeneko propietate baten mende zegoen, eta Kählerren barietate batean sartuta zegoen simetriatik sortu zen; hori zen Calabi-Yau barietateak soken teoriarentzako egokiak izatearen beste arrazoia.

1984rako Yauk bazekien Calabi-Yauren 10.000 forma desberdin egin zitezkeela (gutxienez) sei dimentsiotan. Ez dago argi gure mundua Calabi-Yau barietatez beteta ote dagoen isilpean (ikusteko txikiegiak diren dimentsioetan ezkutatuta), baina urtero hainbat fisikarik eta matematikarik argitaratzen dituzte milak artikulu haien propietateak ikertuz.

Yauk esan du Calabi-Yau terminoa hainbestetan agertzen dela, batzuetan bere izena Calabi dela pentsatzen duela. Calabik 2007an esan zuen “Harro nago ideia honek izan duen arretagatik”, soken teoriarekin duen loturaren ondorioz. “Baina nik ez dut inolako zerikusirik izan. Aierua lehenengoz planteatu nuenean, ez zuen fisikarekin inolako zerikusirik. Geometria besterik ez zen”.

Calabi ez zuen beti matematikari bihurtzeko asmorik izan. Laster erakutsi zuen talentua: aita abokatua zuen eta zenbaki lehenei buruzko galderak egiten zizkion haurra zela. Baina Bigarren Mundu Gerra hasi eta familiak Italiatik ihes egin ondoren 1939an Massachusettseko Teknologia Institutura iritsi zenean 16 urterekin, ingeniaritza kimikoan espezializatzea erabaki zuen,  Gerra garaian Estatu Batuetako armadaren itzultzailea izan zen Frantzian eta Alemanian. Etxera itzuli zenean, ingeniari kimiko aritu zen denbora apur batez, matematikan hastea erabaki zuen arte. Princetonen egin zuen doktoregoa eta zenbait katedratan egon zen Penn-era (Pennsilvaniako Unibertsitatea, itzultzailearen oharra) iritsi zen arte 1964an eta han jarraitu zuen.

Beti izan zuen matematikarako grina eta ikertzen jarraitu zuen 90 urtetik gora ere. Chen ikasle ohia da eta gogoan du Calabik nola hartzen zuen matematika saileko posta aretoan edo igarobideetan eta orduak egon zitezkeen hizketan, Calabik formulen zirriborroak egiten zituen bitartean gutun azaletan, ezpainzapietan, paperezko eskuoihaletan edo bestelako paper zatietan.

Yauk gorde zituen Calabirekin izandako hizketaldi haietako ezpainzapi batzuk. “Beti ikasi nuen formula haiekin, Calabiren intuizio geometrikoaren zentzu harrigarriaren berri ematen zuten”, esaten du Yauk. “Oso eskuzabala zen ideiak partekatzean eta ez zion axola ideia horiengatik aitortzak jasotzeak. Matematika egitea dibertigarria zela pentsatzen zuen”.

Calabik esaten zuen bere denbora pasa gustukoena zela matematika. “Zure zaletasunak lanbide izateko zorte ikaragarria izan dut bizitzan”.

Jatorrizko artikulua:

Steve Nadis (2023). The Mathematician Who Sculpted the Shape of Space, Quanta Magazine, 2023ko urriaren 16a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Espazioaren forma zizelkatu zuen matematikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #468

dim, 2024/01/07 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

bolkaniko

Informatika

Muitze Zulaika Gallastegi informatikaria euskarazko zuzentzaile gramatikala garatzen dabil, Orai adimen artifizialeko zentroan (Elhuyar). Azaldu duenez, karreran sortu zitzaion hizkuntzaren prozesamenduaren inguruko interesa, eta horretan dabil lanean gaur egun. Hizkuntza gutxituentzat oso garrantzitsua da ereduek hura ulertzea, hizkuntza gizartean aktibo mantentzeko. Alabaina, adierazi du arloak ikuspegi feministagoa izatea gustatuko litzaiokela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Ainara Castellanos Ikerbasqueko ikertzaileak sakon aztertu du zeliakiaren ondorioz sortzen den inflamazioa. Castellanosek azaldu du gaixotasun zeliakoa gaitz autoimmune bat dela, hestearen inflamazioa egiten duena. Inflamazio hori murrizteko gai den azidoa ikertu du berak, hain zuzen ere, azido salbianolikoa. Salbia landaretik lortzen da, eta Castellanos eta lankideek frogatu dute azido horrek eten ditzakeela glutenak RNAn eragiten dituen aldaketak. Informazio gehiago Berrian eta Elhuyar aldizkarian aurkitu daiteke.

Hizkuntzalaritza

Hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak izatearen fama duten arren, gutxietsitako hainbat hizkerarekin egindako ikerketek erakutsi dute haien hizkuntza-egitura beste edozein hizkuntza naturalena bezain ordenatua eta sistematikoa dela. Beraz, hizkuntza bat zailagoa edo errazagoa iruditzen zaigun gure abiapuntuaren araberakoa izaten da. Hau da, ikasi behar dugun hizkuntza gure jatorrizko hizkuntzatik zenbat eta antzekoagoa izan, errazagoa egingo zaigu ikastea. Azalpenak Zientzia Kaieran: Hizkuntza bat zaila izan daiteke?

Materialen ingeniaritza

EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarria diseinatu dute. Zehazki, esne-gazuraren proteina erabili dute, eta konpresio bidez sortu dute filma. Ikertzaileen iritziz, film biodegradagarri horien erabilerarekin hondakinen kopurua murriztuko litzateke, eta elikagaien bizitza erabilgarria ere handituko litzateke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak.

Grafenoz egindako lehen erdieroale funtzionala diseinatzea lortu dute Georgiako Teknologia Institutuko ikertzaileek. Erdieroale horrek 10 aldiz mugikortasun handiagoa du siliziozkoak baino, beste abantaila batzuen artean. Ikertzaileen esanean, grafeno epitaxialak erabat alda lezake elektronikaren alorra, eta etorkizun batean teknologia berriak ahalbidetu litzake. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Ikerketa batek planteatu du Olympus Mons Marteko egitura Lurreko artxipelago bolkaniko baten baliokidea izan litekeela. Egitura oso handia da; 600 kilometroko diametroa eta 20 kilometroko altuera ditu. Ikertzaileen esanetan, uharte bolkaniko bat izatekotan, bi arrazoiengatik izango litzateke hain handia. Alde batetik, Marten ez dagoelako plaka tektonikorik, eta bestetik, Marteko grabitatea Lurrekoaren %40 delako. Gainera, garai batean ozeanoaren maila non zegoen ere ezagutu daiteke uharteari begiratuta. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Marterako artxipelago bolkaniko bat.

Abenduaren 30ean Juno zundak Io Jupiterren ilargiaren orain arteko bereizmen handieneko irudiak hartu zituen. Io Jupiterren gertueneko ilargia da, eta hartatik 2.500 km-ra pasa zen zunda. Hala, irudi horietan bereizi daitezke ilargiaren hainbat egitura, hala nola, sumendien kraterrak, mediak eta labazko aintzirak. Otsailean berriro gerturatuko da Iora, datu gehiago biltzeko. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #468 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria

sam, 2024/01/06 - 09:00

Menopausia paradoxa bat da bere horretan. Eboluzioaren ikuspuntutik, ugaltzeko gai ez diren izakiek bizirautea ez du zentzurik, ez begi-bistakorik behintzat. Baina gertatzen da, eta ez gizakian bakarrik. Orain arte uste zen gizakiaz gain itsas ugaztun gutxi batzuek baino ez zutela izaten menopausia. Ikerketa berri batek, ordea, ikusi du menopausia duten txinpantzeak daudela Ugandako komunitate basati batean. Aurkikuntza horrek, beste behin, hankaz gora jarri du orain arte ugaztunen eta menopausiaren inguruan ziurtzat jotzen zena.

Lehenik eta behin, argibide pare bat artikulu honetan erabiliko den “menopausia” hitzaren inguruan. Zientifikoki erabat zuzenak izateko, menopausia hitza gizakiarentzat sortu zen terminoa da, eta bi hitz grekotatik dator: “meno” terminoak hilabeteari egiten dio erreferentzia (hau da, hilekoari), eta “pausis”-ek etenaldiari edo amaierari. Hau da, menopausia hitzak literalki hilekoaren amaiera esan nahi du. Definizio hori ez da baliozkoa gizakia ez diren gainerako animalia gehienentzat, ez baitute gizakiak bezalako hilekorik (saguzar espezie batzuek badute ziklo oso antzekoa). Alabaina, hitz hori erabiliko da heldutasunean ugaltzeko gaitasunaren galera adierazteko.

MenopausiaIrudia: Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. (Argazkia: Andre Estevez – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

Gaur egunera arte egin diren ikerketen arabera, ugaztun oso gutxik uzten diote ugaltzeari hil baino lehenago. Zehazki, bost espezietan soilik ikusi da egoera berezi hori: orketan (Orcinus orca), pseudorketan (Pseudorca crassidens) , pilotu izurde hegalaburretan (Globicephala macrorhynchus), narbaletan (Monodon monoceros), eta belugetan (Delphinapterus leucas). Orain dela gutxi txinpantzea gehitu zaie, Pan troglodytes, zerrenda honetako primate bakarra, gizakia alde batera utzita.

Lehenago aipatu bezala, lehen begiradan badirudi menopausia eboluzioaren legeetatik irteten dela. Izan ere, zein abantaila izan ditzake populazio batean ugaltzeko gaitasunik ez duten kideak mantentzeak? Hor dago koxka, hain zuzen ere: abantailan. Eta sakonago begiratuta, zientzialariek aurkitu egin dituzte menopausia duten animaliek eskaini ditzaketen abantailak, bai gizakietan eta baita gizakitik kanpo ere.

Abantaila horietako bat azaldu nahi duen hipotesia nahiko argitzailea da bere horretan, “amonaren hipotesia” izena baitu. Hipotesi horren arabera, ugaltzeko gaitasuna galdu duten emeek (amonek) beren ondare genetikoa indartzen dute amona-lanak eginez. Hau da, haien biloben zaintzan laguntzen dute. Gainera, amonak jada ugaltzen ez direnez, bilobei baliabide eta elikagai gehiago eskaini diezazkiekete.

Txinpantzeek ere menopausia izan zezaketela argitu aurretik, amonaren hipotesiaren bidez azaltzen zen menopausiaren jatorri ebolutiboa. Izan ere, aurrez aipatutako itsas ugaztunetan “amona-jarrera” zuten kideak ikusi dira, eta frogatu da amonek laguntzen zutela hezten beren kumeak ez zirenak. Hipotesi hori ere egokitzen zaio gizakiari, kasu askotan. Txinpantzeetan, ordea, ez da inoiz halako jarrerarik ikusi. Txinpantze emeek beren jaiotzako komunitatea uzten dute nerabezaroan, eta arrak gelditu egiten dira. Beraz, txinpantze eme helduek ezin diete beren alabei lagundu biloben hazieran, ez baitaude haiekin. Semeei bai ahalko liekete lagundu, baina badirudi ez dutela egiten. Froga horiek amonaren hipotesia sendotzen zuten, txinpantzeek ez baitzuten amona jarrerarik, eta (uste zenez) ezta menopausiarik ere.

Baina zientziak egunero egiten du aurrera, eta iritsi da azalpen horren kontra-argudioa, Ugandako txinpantze populazio baten eskutik. Ngogo izeneko txinpantze komunitatea Kibale Parke Nazionalean bizi da, eta ikerketa talde batek komunitate horretako kideak monitorizatu 21 urtez. Txinpantze horien jarrera urteetan zehar aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu dute komunitate horretako txinpantze emeek badutela menopausia. Azaldu dutenez, Ngogo emeek 45 urterekin izaten dute azken kumea, urte batzuk gorabehera, eta 50 eta 60 urte arteko bizi-itxaropena dute. Hala, kalkulatu zuten beren helduaroaren %20 bizi dutela ugalketa osteko fasean. Baina agian frogatu duten harrigarriena zera da: ugaltzeko gaitasuna galdu duten eme horien gernuan hormonen aldaketa bat gertatzen dela, menopausian sartzen diren gizakietan bezalaxe. Txinpantze horien gernuan hormona folikulu-estimulatzaileak eta hormona luteinizatzaileak gora egiten zuten, eta kontrara, estrogenoak eta progestinak behera.

Aurrez menopausiaz pentsatzen zena berridazteko beharra eragin du aurkikuntza horrek, eta hainbat galdera sortu ditu komunitate zientifikoan. Lehenengo galdera: Zergatik ez da orain arte egoera hori aztertu txinpantzeetan? Ngogo komunitatea alde batera utzita, txinpantzeen populazio basatietan aurrez egindako ikerketek zioten oso txinpantze gutxi iristen zirela 50 urte bizitzera, eta, beraz, ugaltzeko gaitasuna ia hil arte zutela. Ngogo komunitatea, ordea, gehiago bizi da. Ikertzaileek argudiatu dute komunitate hori oso babestuta dagoela beste komunitate batzuekin alderatuta, gehienbat gizakiaren eraginetik. Zein da orduan txinpantzeen bizi-itxaropen “naturala”? Baliteke orain arte txinpantzeen bizi-itxaropena gutxietsi izana, eta menopausia orokorra izatea. Baina, bestalde, baliteke Ngogo komunitatea ez izatea txinpantzeek egoera basatian duten bizimoduaren adierazgarri.

Zalantza horrez gain, beste bat ere sortu du Ngogo komunitateak: Txinpantzeetan menopausia egoera arrunt bat bada, zein da haren jatorri ebolutiboa? Amonaren hipotesiak ez baitu balio espezie horrentzat. Auzi horri erantzuteko, ikertzaileak beste hipotesi batean babestu dira: kasu honetan, “ugalketa-gatazkaren hipotesian”. Premisa horrek dio menopausia duten eme helduek ekidin egiten dutela eme gazteagoekin lehiatzea ugaltzeko, eta horrek taldearen kohesioa sustatzen duela. Gainera, menopausiadun emeek esperientzia eta jakinduria eskainiko liekete komunitateko kideei.

Zalantzak zalantza, argi dagoena da oraindik ezer ez dagoela oso argi. Baina zerbait ondorioztatzekotan, esan dezakegu berriz ere harritu gaituela naturak. Urte askoan pentsatu izan da menopausia gizakiaren berezko ezaugarria zela, eta beste behin ikusi dugu baietz, bagarela bereziak, baina ez horrenbeste.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Cant, Michael. (2023). Menopause in chimpanzees. Science, 282(6669), 368–369. DOI: 10.1126/science.adk7119
  • Winkler, Ivana; Goncalves, Angela (2023). Do mammals have menopause? Cell, 186(22), 4729–4733. DOI: 10.1016/j.cell.2023.09.026
  • Wood, Brian M.; Negrey, Jacob D.; Brown, Janine L.; Deschner, Tobias; Thompson, Melissa Emery; Gunter, Sholly; Mitani, John C.; Watts, David P.; Langergraber, Kevin E. (2023). Demographic and hormonal evidence for menopause in wild chimpanzees. Science, 382(6669), eadd5473. DOI: 10.1126/science.add5473
Iturria:

Lewis, Dyani (2023ko urriaren 26a). Menopausal chimpanzees deepen the mystery of why women stop reproducing. Nature News. https://www.nature.com/articles/d41586-023-03308-8#ref-CR2

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Menopausia ez da gizakiaren berezko ezaugarria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Muitze Zulaika, hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea “Espazio hau askoz ere feministagoa izatea nahiko nuke”

ven, 2024/01/05 - 09:00

Muitze Zulaika Gallastegik boladan dagoen arlo batean egiten du lana: adimen artifizialean. Zehazki, euskarazko zuzentzaile gramatikala garatzen dabil, Orai adimen artifizialeko zentroan (Elhuyar). Horra iristeko bidea abiatu zuenean, ordea, adimen artifiziala ez zegoen hain bogan. Are gehiago, gogoratu duenez, informatika ere ez zegoen boladan, eta erdi zoriz hasi zen horretan.

Muitze ZulaikaIrudia: Muitze Zulaika Gallastegi ingeniari informatikoa eta hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea. (Argazkia: Elhuyar)

Dioenez, batxilergoa zientzia eta teknologiaren adarrean egin zuen, eta ez zeukan batere garbi nondik jo. Hala, bokazio berezirik gabe baina jakin-minez hasi zen UPV/EHUko Informatika Fakultatean. “Garai hartan, informatikariak irudikatzen genituen gizon friki gisa, txikitatik programatzen zekitenak… Eta, beraz, beldur nintzen karrera zer izango ote zen, gainera, ez bainekien ezer programazioaz eta abar. Baina karrerak horretarako daude, eta bertan ikasi nuen informatika zer den, eta izan zen mundu berri bat deskubritzea bezalakoa: hizkuntza berri bat ikasi nuen, programatzen ikasi nuen… Azken finean, ikasi nuen informatikari edo zientzialari batek bezala pentsatzen”.

Horrez gain, ikusi zuen fakultateko jendeak ez zuela zerikusirik eredu estereotipatuarekin, eta emakume irakasle asko ere bazeudela. Hala, pixkanaka karreraz maitemintzen joan zen. Eta han sortu zitzaion baita hizkuntzalaritzan aritzeko aukera ere. “Informatikaren arloa oso maskulinizatuta dago, eta ohiko lanbideek eta postuek ez ninduten asko erakartzen. Baina karreraren azken urtean hizkuntzaren prozesamenduaren irakasgaia izan genuen. Irakasgai horretan, makinei gizakion hizkuntza ulertzen irakasten zaie, adimen artifizialaren bidez. Eta hor bat egin zuten nire interesek, beti izan baitut hizkuntzarekiko atxikimendua”.

Irakasgai horrekin “guztiz liluratuta” geratu zen, eta mundu berri baterako ateak ireki zitzaizkion. Horrekin lotuta egin zuen gradu-amaierako lana, Elhuyarren, baita master-amaierakoa ere. Zehazki, euskarazko akats gramatikalak zuzentzeko eredu bat garatzea izan zen master-amaierako lana.

Adimen artifiziala, euskara eta feminismoa

Eredua euskararako egin izanak badu bere zailtasuna, baina motibazioaren aldetik ere berezia da, euskaraz eta euskararentzat egiten baitu lana. “Orai zentroan ekarpena egiten diogu euskarari. Argi dago adimen artifizialak baduela boterea, eta baduela gizartea eraldatzeko indarra, eta hor badaude arriskuak. Baina hizkuntzaren prozesamendua ezinbestekoa da hizkuntza gutxituentzat, hau baita errealitatea, eta, gizarte eguneratu bat eta hizkuntza aktibo bat nahi baditugu, behar dugu ereduek euskara ulertzea, euskaraz sortzeko gai izatea, itzultzeko gai… Euskararen biziraupenenerako behar dugu”.

Euskarak adimen artifiziala behar du, eta emakume ikertzaileak ere beharrezkoak dira. Zulaikaren esanean, zientzia eta teknologia, oro har, maskulinizatuta daude, eta hori aldatu egin behar da. “Eta aldatu behar da orain. Zergatik? Bada, nik ez dut ulertzen emakumezkorik gabeko mundu bat, ez dut ulertzen emakumezkorik gabeko zientzia bat, ez dut ulertzen begirada hori ez daukan ikerketarik. Eta iruditzen zait ezinbestekoa dela begirada eta pentsamendu horiek aplikatzea zientzian eta informatikan”.

Gutxiengoan egoteak prestigio edo garrantzia gutxiago ematea ere badakar, gainera. “Ez dira gauza isolatuak; badakigu egiturazko arazo bat dela. Eta aurre egiteko, lehenik eta behin, beharrezkoa da egoeraren jabe izatea eta ikusaraztea; eta, gero, politiken eta praktiken bidez egin behar zaie aurre, modu sistematikoan. Zer ikertuko dugu; zergatik ikertuko dugu hau; erabakiko dugu, ikerketa bat egin aurretik, begirada feminista batetik egitea; nork ikertuko du, nola… gauza asko planteatu daitezke hasieratik bertatik”, esan du Zulaikak.

Konplizeak ere beharrezkoak dira, eta Zulaikak topatu dituen gehienak emakumezkoak dira, eta ez informatika-arlokoak bakarrik, baita beste eremu batzuetan ere. “Haiengandik ikasiz lortu dut gero nire esparrura eramatea”.

Horrenbestez, ikerketan eta euskaraz oso gustura badabil ere, eta hor jarraitu nahi badu ere, etorkizunerako desio bat ere badauka: “Nahiko nuke espazio hori askoz ere feministagoa izatea”.

Fitxa biografikoa:

Muitze Zulaika Gallastegi Berangon jaio zen, 1999an. Informatika Ingeniaritzako gradua egin zuen, eta, jarraian, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra; biak ere EHUn, Donostian, Informatika Fakultatean. Gaur egun, Elhuyarren Orai Adimen Artifizialaren zentroko ikertzailea da, eta hizkuntzaren prozesamenduaren alorrean dabil lanean, euskararako zuzentzaile gramatikal bat garatzen.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Muitze Zulaika, hizkuntzaren prozesamenduaren ikertzailea “Espazio hau askoz ere feministagoa izatea nahiko nuke” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak

jeu, 2024/01/04 - 09:00

Gaur egun, elikagaien segurtasuna eta kalitatea bermatzen duten eta elikagaien bizitza baliagarria luzatzen duten ontzien ikerketa nabarmentzen ari da eta horretarako elikagaien industriak baliabide berriztagarrietatik datozen material biodegradagarriekiko interesa erakutsi du. Testuinguru honetan, bio-hondakinetatik eratorritako proteinez osatutako filmen inguruko ikerketa-lanak burutu dira azken urteotan eta horien artean esne-gazuraren proteina dago. Euskal Autonomia Erkidegoan, 130 gaztandegik 32 ML/urte esne-gazur ekoizten dituzte, eta sortutako bio-hondakinaren % 35a lursailetara edota araztegietara isurtzen da, honek ingurunean inpaktu nabarmenak eragiten ditu. Baiesten da, 1.000 L esne-gazureko 35 kg-tako oxigeno-eskari biokimikoa eta 68 kg-ko oxigeno-eskari kimikoa sortzen direla.

Gaztaren ekoizpenean sortutako esne-gazura balio erantsiko produktu bihurtzeak ekonomia zirkularra sustatu dezake: lehengaia, esne-gazuraren proteina, gaztaren ekoizpenean sortutako bio-hondakin batean du jatorria eta elikagaientzako ontzi konpostagarriak ekoizteko erabil daiteke, gaztarekin esaterako, elikagai koipetsuekin proteinek duten portaera onagatik. Horrela, elikagaien ontzi konbentzionaletan ez bezala, konpostaren bidez hondakinen sorrera ekidingo litzateke. Ildo horri helduz, proteinetan oinarritutako film biodegradagarriak erabiliz, plastiko sintetikoen eskaria murriztuko litzateke, Ekonomia Zirkularrerako Ekintza Planarekin eta Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat etorriz.

film biodegradagarriakIrudia: Ekonomia zirkularra: gazta bezalako elikagaiak ontziratzeko balio dezakeen esne-gazuraren proteina erabiliz prestatutako film konpostagarrien bizi zikloa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gure ikerketa honetan, esne-gazuretik eratorritako film biodegradagarriak konpresio metodoaren bidez prestatu ziren eta ondoren hauen propietateak aztertu ziren, filmak elikagaiak ontziratzeko aplikazioetan erabiltzeko helburuarekin. Proteinazko filmen malgutasuna handitzeko glizerol plastifikatzailea gehitu zen eta elikagaietan aurkezten diren lipidoen oxidazioa atzeratzeko berriz, azido askorbiko (propietate nutritiboak dituen osagai eta gehigarria (E300), elikagai-industrian asko erabiltzen dena) antioxidatzailea kontzentrazio ezberdinetan gehitu zen. Filmen karakterizazioan filmeko osagaien arteko elkarrekintzak eta filmen kolorea, distira, morfologia, propietate mekanikoak eta ingurumen inpaktuak aztertu ziren. Oro har, azido askorbikoaren gehikuntzak filmetan aldaketa nabarmenak eragin zituela ikusi zen, elikagaiak ontziratzeko aplikazioetarako funtsezko propietateak lortuz.

Esne-gazuraren proteinazko filmetan azido askorbikoa gehitzeak propietate mekanikoetan aldaketak eragin zituen, filmen trakzioarekiko erresistentzia murriztu baitzen eta aldiz hausturarekiko luzapena areagotu zen. Hau antioxidatzailearen efektu plastifikatzailearengatik izan zen. Azido askorbikoak esne-gazura proteinarekin interakzionatu zuela ikusi zen. Elkarrekintza horiek filmen hesi propietateak hobetu zituzten, izan ere filmen argiarekiko erresistentzia areagotu egin baitzen. Hesi propietate honen hobekuntzak argiak eragin dezakeen elikagai freskoen koloregabetzea, bitaminen degradazioa, zapore arrotzen garapena eta koipeen oxidazioa murriztu dezake, horrela elikagaien balio-bizitza luzatu daiteke eta alferrik galdutako elikagaien kopurua murriztu daiteke. Azkenik, ingurumen inpaktuaren analisiari dagokionez, aipatu beharrekoa da, filmak laborategiko eskalan egin zirela eta, beraz, fabrikazio-etapak optimizatzeak energia aurreztuko lukeela, filmen ingurumen-inpaktuak murriztuz.

Ondorioz, interesgarria izango litzateke ikerketa-ildo honekin jarraitu ahal izatea; izan ere, azterlan honen bidez esne-gazuraren proteinaz osatutako film biodegradagarriak ohiko ontzien alternatiba egokia izan daitezkeela frogatu da. Horrela, ingurumen-inpaktu handia sortzen duten hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handituko litzateke eta elikagai gutxiago alferrik galduko lirateke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak
  • Laburpena: Euskadiko gaztandegietan esne-gazur ugari sortzen da eta haren isurketak kalteak eragin ditzake ingurumenean. Horregatik, ikerketa honen helburua film biodegradagarriak ekoiztea da, esne-gazuraren proteina erabiliz. Elikagaien industriako bio-hondakinetatik datorren proteinan oinarritutako elikadura-ontzien bidezko irtenbide honek, hondakinen kopurua murrizteaz gain, elikagaien bizitza erabilgarria handitzea du helburu. Esne-gazuraren proteinan oinarritutako filmak sortzeko, hainbat prozesatze-metodo erabil daitezke eta, lan honetan, konpresioa aukeratu da, ekoizpen-denborak murrizteko eta prozesu iraunkorragoak sustatzeko. Filmen eraketa-prozesua optimizatu ondoren, lortutako filmen propietate fisiko-kimikoak, optikoak, mekanikoak eta hesi-propietateak aztertu dira. Horretaz gain, filmen ingurumen-inpaktuaren azterketa egin da.
  • Egileak: Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 389-404
  • DOI: 10.1387/ekaia.23844
Egileez:

Maite Arregi, Pedro Guerrero, Koro de la Caba eta Alaitz Etxabide UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saila eta BIOMAT taldeko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Esne-gazuratik eratorritako film biodegradagarriak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Marterako artxipelago bolkaniko bat

mer, 2024/01/03 - 09:00

Gaur egun Marteren paisaia etzea begiratzen dugunean, ditugun froga guztiak gorabehera, oso zaila da duela hiru edo lau mila milioi urte nolakoa zen irudikatzea: planetak atmosfera askoz dentsoagoa zeukan, eta ozeano batek estaltzen zuen bere arro boreal handia; ibaiak zeuzkan gainazalean, bai eta lakuak ere, orain krater batzuk ikusten ditugun lekuetan. Baina, gure irudimena urrats bat harantzago eraman dezakegu oraindik ere eta gurearekin are antzekoagoa den planeta baten zirriborroa egin. Duela gutxi argitaratutako ikerketa batek planteatu zuen Olympus Mons Lurreko jatorriko bolkanikoko artxipelago baten baliokide martetarra izan litekeela, hala nola Hawaii eta Azore uharteak.

artxipelago1. irudia: Marteko ozeanoaren simulazioa. (Argazkia: Goddard Space Flight Center Irudikapen Zientifikoko Laborategiaren eskutik)

Uharte horiek mantuan, ozeanoko gainazalaren azpian, puntu beroak egotean dute jatorria. Puntu horiek eraikin bolkanikoak sortzeko moduko jarduera bolkanikoa elikatzen dute, eta uharte horiek denboran zehar izandako erupzioetatik sortuko lituzkete.

Itzul gaitezen Marteren kasura eta azter ditzagun uhartearen dimentsio ikaragarriak. Zalantzarik gabe lurreko edozein uharte bolkaniko txiki-txikia izango litzateke haren parean. Olympus Monsek eratutako uharteak 600 kilometro inguruko diametroa izango luke (hori horrela, Iberiar Penintsularen barruan jartzekotan, nahiko justu sartuko litzateke), eta oinarritik 20 kilometroko altuera gaindituko luke, hau da, existitzen den edozein kasuk baino askoz gehiago. Esate baterako, Hawaii uharteak oinarritik duen altueraren bikoitza baino gehiago izango luke.

Uharte horren tamaina izugarria bi faktore nagusiren ondorio izan liteke: alde batetik, azala puntu beroaren gainean mugiaraziko lukeen plaken tektonikarik ez egotea. Faktore horren ondorioz, laba une oro sortuko litzateke oso gune zehatz batetik, baina lurrean, adibidez, azala mugitzen ari denez, ozeanoen kasuan hainbat adin dituzten uharteen segida bat sortzen da; izan ere, puntu beroa estatiko mantendu arren, azala horren gainean mugitu da, eta magma zenbait puntutatik sortu izanaren irudia eragin du.

artxipelago2. irudia: Olympus Mons eredu tridimentsionala, non oso argi ikus daitekeen eremu malkarra eta, horren gainean, “ozeanoaren” mailaren gaineko eraikin bolkanikoaren eremua, askoz bigunagoa. (Argazkia: NASA/JPLren eskutik)

Aintzat hartu beharreko beste faktorea Marteko grabitatea da; izan ere, lurrekoaren % 40 ingurukoa da. Horri esker, gure planetan baino eraikin bolkaniko askoz handiagoak egonkor egon daitezke, eta ez horren erraz “desmuntatu”; hala ere, Olympus Monsen hegalean irristatzeen orban handiak ikus daitezke. Horien kausak zehazteko analisi xehatua behar da.

Nola ondorioztatu da Olympus Mons uharte erraldoia izan ahal izan zela? Ikerketa horren funtsezko puntuetako bat eraikin bolkanikoaren morfologian oinarritzen da. Irudiak begiratzean, ondo bereizitako bi alde ikus ditzakegu: beheko bat, oso malkar markatuarekin, 6 kilometro inguruko altuera duena; eta, horren gainean, askoz bigunagoa den beste alde bat, lurreko ezkutu sumendietan ikusten dugunaren antzekoa. Ikerketan malkarra interpretatzen da kosta lerroa edo itsas mailako lerroa gutxi gorabehera egongo litzatekeen puntu gisa; bertan, labak eta ozeano boreal handiak bat egingo lukete.

Gure planetan uharte bolkanikoek ere morfologia duala dute, eta muga uraren altueran dago. Arretik, malkarra zenbait modutan interpretatu zen, eraikin bolkanikoaren ezegonkortasunak, batzuetan izoztutako ozeano batekin (baina higatzeko gaitasuna duena) kontaktua izateak eta labaren eta izotzaren arteko elkarrekintzak edo ur likidoaren eraginak hegaletan eragin ditzaketen irristatzeek sortutako forma gisa.

Baina guztia ez de hemen amaitzen. Malkarra sei kilometro baino pixka bat altuagoa da, eta, zalantza gabe, ez dirudi Marteko ozeanoak inoiz horrenbesteko sakonera izan duenik… Orduan, nola ebatz dezakegu itxurazko inkongruentzia hori antzinako kosta lerroak kota askoz baxuagoan markatzen dituzten frogak aintzat hartuta? Eraikin bolkanikoaren hazkunde azkarraren ondorioz, azala tolestera behartu egon zitekeen. Horregatik, sumendiaren oinarriaren inguruan topografia deprimitua sor zitekeen, eta, beraz, eremu horretako ur zutabearen altuera justifikatuko litzateke, arro boreal osoan Marteren iraganari buruzko edozein ereduk eskainitakoa baino ozeano askoz sakonago baten existentziaren beharrik izan gabe.

artxipelago3. irudia: bi kosta lerroren eta Marten gertatutako paleotsunami baten ondorioz jalgitako sedimentuen berreraikuntza. Horien bidez, Marteko iraganeko kostaren dinamika frogatzen da. Ozeanoek erakin bolkanikoen gainean duten altuera ikertzea lagungarria izan liteke uraren zikloak eta altura ezagutzeko une desberdinetan. (Argazkia: Alexis Rodríguezen eskutik)

Ikerketa horrek adarkadura asko dauzka, ez soilik maila geologikoan; izan ere, malkarrean ikus daitezkeen hegalen apurketak aztertuta ur zutabeak izan zituen altuerak ezagutu genitzake eta hori markagailu gisa erabiltzen saiatu Marteko ozeanoak denboran zehar izan duen historia hobeto ezagutzeko. Izan ere, horrek inplikazio garrantzitsuak ditu astrobiologiaren ikuspuntutik, ur kopurua eta horrek Marteren azalean egoeran likidoan eman duen denbora ezagutzeak aukera emango ligukeelako Marteren bizigarritasuna denboran zehar nola aldatu den hobeto irudikatzeko.

Gainera, ikerketa hori Tarsiseko eskualdean dauden beste sumendi batzuetara hedatzen saiatu daiteke (izan ere, sumendi horien morfologiak ere erabilgarriak izan litezke ikerketa metodo hori aplikatuta), eta iraganean uharteak izan ziren gainerako eraikin bolkanikoak ikertzen saiatu.

Baina oraindik ere etorkizunean konpondu beharreko handicap bat daukagu: lan hori ondo egiteko, seguruenik, sumendi horiek osatzen dituzten arrokak lagindu beharko genituzke. Horren bidez, arroka horiek datatzeaz gain, sumendi horien hazkunde aldien data zehatz jakin genezake, eta antzinako kosta lerroak marrazten saia gintezke. Hala ere, erronka hori gaur egun ezinezkoa da maila teknikoan, baina batek daki etorkizunean (espero dezagun hamarkada asko behar ez izatea) beharrezko baliabideak eta teknologia izango ditugun toki horiek xehetasunez ikertzeko.

Eta, ezbairik gabe, horrelako ikerketek agerian uzten dute, gaur egungo aldeak gorabehera, Marte eta gure planeta gaztaroan beharbada ez zirela horren desberdinak izan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Hildenbrand, Anthony; Zeyen, Hermann; Schmidt, Frédéric; Bouley, Sylvain; Còstard, François; Gillot, Pierre Yves; Marques, Fernando O.; Quidelleur, Xavier (2023). A giant volcanic island in an early Martian Ocean? Earth and Planetary Science Letters, 619. DOI: 10.1016/j.epsl.2023.118302.

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abuztuaren 21ean: Un archipiélago volcánico para Marte.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Marterako artxipelago bolkaniko bat appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hizkuntza bat zaila izan daiteke?

mar, 2024/01/02 - 09:00

Hainbat aldiz entzun dugu euskara ikastea zaila dela, badakizue, “aditz klase pila, hitzak beste mila…” Izan ere, euskaraz aditza bukaeran doa, hitzak oso luzeak (as-per-tze-ra-ino-ko-ak) izan daitezke eta aditz-komunztadura sistema konplexuegia omen da. Beste hainbatetan entzuna dugu, ordea, ezetz, hizkuntzak ez direla ez zailak eta ez errazak. Horrek zer esan nahi ote du, guztiek zailtasun maila bera dutela? Hala pentsatu nahiko genuke agian, baina gure intuizioak esaten digu errazago egingo zaigula katalana ikastea urduera baino.

Hizkuntzen zailtasuna ikerketaren eremura ekarriz gero, gaiak hainbat ertz dituela konturatuko gara. Alde batetik, irakurleak ziurrenik jakingo duen moduan, ezin da ukatu hizkuntza bat, bere horretan, zail edo erraz gisa irudikatzea ideologia kontu bat ere badela, hizkuntza-ideologia kontu bat. Askotan, gutxietsi nahi diren hizkuntzak zailtzat aurkezten dira, exotizatu egin dira, eta jokabide ilogikoak edo primitiboak dituztela argudiatzen da euren zailtasuna azaltzeko. Diskurtso hauek —lilurarik ez— hizkuntza batzuek besteen aldean duten pribilegio-egoera justifikatzeko erabiltzen dira, eta, zoritxarrez, oso txertatuta jarraitzen dute gure gizartean (honen inguruan, ezinbesteko erreferentzia da Moreno Cabreraren La dignidad e igualdad de las lenguas: crítica de la discriminación lingüística lana).

hizkuntzaIrudia: hizkuntza bat zailagoa edo errazagoa iruditzen zaigun gure abiapuntuaren araberakoa izaten da. (Argazkia: DaModernDaVinci – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Aurreiritzi hauek, bada, horixe baino ez dira, aurreiritziak, eta ez dute oinarri zientifikorik batere. Izan ere, gutxietsitako hainbat hizkera ikertu izan direnean, haien hizkuntza-egitura beste edozein hizkuntza naturalena bezain ordenatua eta sistematikoa dela ikusten da (bestalde, hizkuntzak logikoak direlako ustea okerra da edozein hizkuntza naturaletarako, logiko hitzaren zentzu teknikoan behintzat). Hala, adibidez, 70eko hamarkadan, William Labov soziolinguistak Estatu Batuetako hiztun-komunitate beltzen hizkera —African American Vernacular English izenez ezagutu ohi dena— aztertu zuen Language in the Inner City (1973) liburuan. Bertan frogatzen zen ingeles hondatutzat (broken English) hartzen ziren hainbat egitura ez zirela akastunak, ingelesa ondo ikasi ez izanaren emaitza, baizik eta arau bati jarraitzen ziotela, eta beraz, ingelesaren aldaera bat osatzen zutela.

Azter dezagun adibide bat. Ingelesik ikasi baduzu noizbait, adibide honek ziurrenik gaizki emango dizu belarrira:

Hizkuntza

Horren ordez, nahiago izango duzu segur aski (2) bezalako egitura:

Hizkuntza

Alegia, lehen adibidean aditza (zehazki be aditza, gure euskarazko izan-en kidekoa) falta dela sumatuko duzu. Baina, inoiz pentsatu duzu zer egiten duen be/izan aditz horrek hor? Bada ezer gutxi, ez bada aurretiaz genekien zerbait berretsi. Izan ere, aditz hauek ez dira, ohiko aditzak bezala, gertaera bat adierazteko erabiltzen. Horren ordez, bi terminoren arteko baliokidetasuna adierazten dute gramatikalki. Hauei kopula aditzak deitu izan zaie eta ikusi berri dugun bezala, ez dira ezinbestekoak ere. Horregatik ez zaizu ulergaitza egin (1) adibidea eta horregatik beragatik ere, hainbat hizkuntzatan ez da aditzik behar egitura hauetan, hizkuntza horietako gramatikak ez du halakorik eskatzen. Hala da, adibidez, hungarieraz, edo tamazight hizkuntzan edo, (3) adibidean erakusten den bezala, hebreeraz:

Hortaz, ezer berezirik ez afro-amerikar ingeles hizkeran. Bestalde, hizkera honek badu be aditzaren erabilera bat ahalbidetzen duena ingeles estandarrak adierazi ezin dezakeen ñabardura bat egitea. Erreparatu (4) eta (5) perpausei:

Konturatuko zinenez, (4) adibidean, goiko (1) perpausean bezala, kopularik edo lotura-aditzik ez da ageri. (5) adibidean ordea, be forma agertu zaigu. Eta zertan datza desberdintasuna? Bada, glosan ikus dezakezun bezala, aditz-aspektuan: (4) adibideak orainaldi puntukariari egiten dio erreferentzia, hots, hizlaria hitz egiten ari den momentuan bertan dago lanpetuta Martin. Aldiz, (5) adibidean, ohikotasuna adierazten da, Martin lanpetuta egon ohi dela, alegia. Ingeles estandarrean, ordea, aditza berdin-berdin komunztatzen da kasu bietan, eta ñabardura bestelako elementuek (right now ‘oraintxe’ vs. sometimes ‘batzuetan’) adierazi behar dute:

Hara non kasu batzuetan afro-amerikar aldaera konplexuagoa izan daitekeen prestigio gehiago duen ingeles estandarra baino. Hizkera horrek, beste edozein giza hizkerak bezala, ez baitu primitibotik ezer. Izan ere, hizkuntzaren egitura aurreiritzirik gabe ikertzen hasten garen unetik, agerian geratzen da guztiok ahalmen bera daukagula hizkuntzari dagokionez.

Baina horrek berriro gakartza galdetzera hizkuntza bat bestea baino errazagoa iruditu beharko ote litzaigukeen. Hizkuntza-eskolan alemana eta italiera ikasten ibili bazara, eta alemana zailagoa iruditu bazaizu, aurreiritzi eta ideologien eraginagatik baino ez da? Bada, hemen ere, ikerkuntzak erakutsi digu ziurrenik hori ere ez dela guztiz horrela. Izan ere, hizkuntza bat zailagoa edo errazagoa iruditzen zaigun gure abiapuntuaren araberakoa izaten da.

Hala, norbanakoaren abilezia gorabehera, oro har, ikasi behar dugun hizkuntza zenbat eta antzekoagoa izan gure jatorrizko hizkuntz(et)atik, errazagoa egingo zaigu ikastea. Hori nola gertatzen den guztiz argi ez badago ere, psikohizkuntzalariek uste dute gure garunak transferentzia bat egiten duela hizkuntza berri bat ikasi behar duenean (hori zehazki nola gertatzen den darabilgun teoriaren araberakoa da, dena den). Aurretik zekizkien hitzak eta egiturak ekarri egin nahi izaten ditu hizkuntza berrira, haiek nahikoa izango diren esperantzarekin. Bi hizkuntza ez dira guztiz berdinak izaten, ordea, eta helduak garenean, lanak izaten ditugu berdinak ez diren egiturak ikasten. Hala, modu oso orokorrean esanda, ikasi beharreko hizkuntzak zenbat eta egitura desberdin gehiago izan gure lehen hizkuntz(ar)ekin alderatuta, zailagoa irudituko zaigu geure egitea.

Horregatik beragatik, gaztelaniaz edo frantsesez badakizu, zenbait erraztasun aurkituko dituzu italierara hurbiltzerakoan. Hizkuntza hauen jatorri komunari esker, forma bera edo bertsua dute hainbat hitzek (kognatuak deitzen zaie halakoei), adibidez, gaztelerazko lengua, frantsesezko langue eta italierazko lingua erraz ikasiko dituzu. Egiturei begira jarrita ere, hainbat egitura antzekoak direla antzemango duzu. Adibidez, galdera mota batzuk berdin egiten dira hiru hizkuntzetan:

Beste hizkuntza batzuetan, ordea, askoz gehiago izango dira gureaz bestelako egiturak eta ahalegin handiagoa eska dezake halakoak helduaroan ikasteak. Adibidez, erreparatu galesezko egitura honi:

Ikus daitekeenez, galesezko perpaus honetan, aditza da lehen tokian agertu behar dena, ondoan subjektua duela eta gero osagarri zuzena. Hizkuntza hau ikastean, bada, adi-adi egon beharko dugu, gurea ez bezalako osagarri-hurrenkera baitauka (euskarak, besterik ezean, subjektua-osagarria-aditza hurrenkera izan ohi du).

Dena den, hizkuntzak ikasterakoan ere, guztia ez dago aurrez emana: ikertzaileek, irakasleek bezainbat, ikusi dute beste hainbat faktorek ere eragina izan dezaketela ikasteko erraztasunean. Horien artean aipatu daitezke adina, testuinguru soziala, ikasteko metodoa, eta baita, nola ez, motibazioa ere. Bai, aspalditik ezaguna da hizkuntza ikasteko gogoa izateak erraztu egin dezakeela ikasketa-prozesua. Motibazio hori era askotakoa izan daiteke, besteak beste, integratzeko nahia, ikasten ari garen hizkuntza erabiltzen duen komunitatearekiko interesa edo lanerako behar izatea. Gainera, ematen du zenbat eta gogo handiagoa izan hizkuntza bat ikasteko, antsietatea gutxiago eta norberaren gaineko konfiantza handiagoa izaten dela.

Hortaz, badakizu, hizkuntzak ikasteko orduan, aurreiritziak albo batera utzi, ikasiko duzun hizkuntzak zure hizkuntz(ar)ekin zer duen berdin eta zer desberdin identifikatu eta gogo handiz ekiozu, hizkuntza bakoitzaren atzean mundu oso bat baitago noiz aurkituko zain!

Oharra:

Glosetarako laburdura hauek erabili dira: 3 = hirugarren pertsona; DET = determinatzailea; M = maskulinoa eta SG =  singularra.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Erdozia, Kepa eta Sanahuja, Noèlia (2021). Bigarren hizkuntzen ikasketa-prozesua. Kepa Erdozia et al. (arg.), Bi hizkuntza garun bakarrean: euskal psikohizkuntzalaritzaren ekarpenak eta erronkak (15-32). UEU eta UPV/EHU.
  • Fernández, Beatriz (2016). Euskera para castellanohablantes. Erein.
  • King, Gareth (1993). Modern Welsh: a comprehensive grammar. Routledge.
  • Moreno Cabrera, Juan Carlos (2000). La dignidad e igualdad de las lenguas: crítica de la discriminación lingüística. Alianza Editorial.
  • Tragant, Elsa eta Muñoz, Carmen (2000). La motivación y su relación con la edad en un contexto escolar de aprendizaje de una lengua extranjera. Carmen Muñoz (arg.), Segundas lenguas: adquisición en el aula (81-92). Ariel.
  • Trudgill, Peter (1995 [1974]). Sociolinguistics: an introduction to language and society. Penguin Books.
  • Labov, William (1973). Language in the Inner City: studies in the Black English Vernacular. University of Pensylvania Press.
Egileaz:

Cecilia Fernández-Altonaga Euskal Ikasketetan graduatua da eta gaur egun doktoregoa egiten dabil UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikertaldean eta IKER-UMR 5478 laborategian (Euskara eta euskal testuen ikerketa gunea).

gogo elebiduna

The post Hizkuntza bat zaila izan daiteke? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zientzialarien gurutzegrama

lun, 2024/01/01 - 09:00

2024aren etorrera ospatzeko, joko bat proposatzen dizuegu gaur. Gurutzegrama bat ebatzi beharko duzue eta bertan diziplina, herrialde eta garai desberdinetako hamabi emakume zientzialarien deiturak kokatu behar dira.

gurutzegrama

 

Horizontalak

2. Brasilgo Capivari-Cachoeira zentral hidroelektrikoa izan zen bere ingeniari-lanik garrantzitsuena. ​​

4. Genetista honek karbono dioxidoa gaur egungo landareek baino hogei aldiz gehiago xurga lezakeen landare bat garatzen ari da. Landare honek lehorteak eta uholdeak jasango lituzke elikagarria izateari utzi gabe.

6.  Aitzindaria izan zen toxikologiaren arloan, eta industria-metalen eta konposatu kimikoen gaixotasun profesionalak eta eragin kaltegarriak aztertu zituen.

8. Zuzen identifikatu zuen lehen iktiosauro-eskeletoa, lehengo bi plesiosaurus-eskeletoak aurkitu zituen eta Alemaniatik kanpoko pterosauro-eskeletoa.

9. Ontzi-militarrak ordenagailu bidez diseinatzeko lehen sistema sortu zuen, eta, horri esker, errotik aldatu zuen ontziak egiteko eta erabiltzeko modua.

10. Ezaguna da Mexikoko eta Hego Amerikako eskualdeetako landareez osatutako haren landare-aleen bildumagatik.

11. Kotoiaren egituraren aldaketa kimikoan lan egin zuen, zuntz sintetikoekin lehiatu ahal izateko.

Bertikalak

1. Astronomo honek erakutsi zuen hidrogenoa dela izarren osagai nagusia.

3. Japoniako zientzialaria hau aditua izan zen proteinen kimikan eta baita arrain-proteinen bidezko elikagaien garapenean.

5. Geologoa izan zen eta 1954. urtean Zarnitsa meatzea aurkitu zuen, Errusiako eta munduko diamante-meatze handienetako bat.

7. Mediku eskoziar hau izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura bat zegoela iradokitzen lehena.

11. Nobel saria jaso zuen usaimen errezeptoreen aurkikuntzan eta usaimen-sistemaren antolaketan egindako lan aitzindariagatik.

Gehigarria

Gurutzegrama ebazteko agian lagungarria da jarraian ageri diren irudiak. Hamabi zientzialarien irudiak dira, distortsionatuak daude eta ez dira gurutzegramako ordena berean azaltzen.

Soluzioak

Hamabi emakume zientzialarien abizenak asmatu dituzun egiaztatu nahi baduzu, kontsultatu gurutzegramaren ebazpena.

Egileez:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

The post Zientzialarien gurutzegrama appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #467

dim, 2023/12/31 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

airea Soziologia

Ikerketa berri batek ondorioztatu du sexismoa kaltegarria dela zientziarentzat zein finantzazio publikoarentzat. Argitu dutenez, sexismoak emakumeak zientziatik kanporatzen ditu, baita akademiaren goiko etapetan ere, azken hauetan emakumeak ahaldunduagoak egotea espero den arren. Horregatik, egileek azaldu dute emakume zientzialari askok beren karreraren azken etapetan ikerketa uzteak galera ekonomiko eta zientifiko handia dakarrela. Izan ere, ezagutza zientifiko handia dute metatuta, eta askotan finantzazio publikoko inbertsio handia eskatu du beren formakuntzak. Informazioa Elhuyar aldizkarian.

Neurozientzia

Frogatu dute astrozitoak burmuineko sare elektrikoaren parte direla. XX. mendean zehar, neurozientzialariek uste zuten neuronak zirela seinale elektrikoak hedatzen zituzten zelula entzefaliko bakarrak. Alabaina, irailean argitaratutako artikulu batek orain arteko probarik onena aurkeztu du astrozitoek ere seinaleak igortzen dituztela frogatzeko. Gainera, argitu dute astrozito batzuek baino ezin dituztela igorri seinale horiek. Datuak Zientzia Kaieran: Zelula hauek elektrizitatea sortzen dute entzefaloan. Ez dira neuronak.

Biologia

Euskal Herriko saguzar espezie denak intsektujaleak dira, eta nekazaritzako izurriteak gutxitu ditzakete. Hala frogatu dute EHUko Jokabide-Ekologia eta Eboluzioa ikerketa taldeko kideek, hainbat azterketen bidez. Esaterako, saguzarren gorotzak aztertuz, ikusi zuten horiek pinudietako pinu-beldarra edo prozesionaria ehizatzen zutela. Beste ikerketa baten bidez frogatu zuten Arabako Errioxako mahastietan ferra-saguzar txikiak 395 intsektu espezie jaten zituela, horietatik 55 izurri-espezieak ziren. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Nekazaritza eta bioaniztasuna bateragarri? Saguzarrak hizpide.

Ingurumena

Gaur egungo airea azken laurehun urteetako lehorrena da. Zuhaitzetako eraztunen bidez neurtu daiteke aldagai hori. Izan ere, airean ura falta bada, ur gehiago xurgatzen du lurretik eta landareetatik, eta landareen hazkundea moteltzen du; zuhaitzen heriotza ere eragin dezake. Ondorioztatu dutenez, gizakiaren eraginez lehortu da airea azken urteetan, eta funtsezko eragina izan dezake gizakien osasunean, suteetan, ekosistemetan eta uztetan. Datuak Berrian.

Medikuntza

Tumore homogeneoak erasokorragoak dira. Hala ondorioztatu du matematika, histopatologia eta genomika bateratu dituen ikerketa batek. Hau da, joko-teorian oinarrituta ikusi dute zelula-mota desberdin gutxiago dituzten tumoreak arriskutsuagoak direla. Emaitza horiek ikusita, egileek adierazi dute baliagarria izan daitekeela tumore barneko zelulen heterogeneotasun-maila handiak mantentzeko estrategia terapeutikoak aplikatzea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikariek xanpainaren kimika azaldu dute Zientzia Kaierako artikulu batean. Xanpaina ekoizteko champenoise metodoa erabiltzen da, eta hartzidura bikoitza du oinarrian. Lehenengo hartziduran, legamiak azukrea etanol eta karbono dioxido bihurtzen du. Bigarrenak, berriz, azukrea eta legamia gehitzen zaizkio, eta beirazko botiletan gordetzen da itxita. Botila itxita dagoenez, sortzen den karbono dioxidoa ardoan disolbatzen da, eta kortxoa kentzean kanporatzen da.

Materialak

Erregai fosilak ordezkatzeko beharrean gaude, eta fusio-energia nuklearra aurkeztu da energia-trantsizioa gauzatzeko aukera teknologiko bezala. Fusio-energia nuklearraren abantailetako batzuk dira dentsitate energetiko masiboa duen iturria dela, teknologikoki segurua dela eta birtualki agorrezina. Baina desabantailak ere baditu, hala nola, substantzia erradioaktiboak erabiltzea edota erreaktoreak eraikitzeko materialen aukeraketa. Desabantaila horientzat konponbideak aurkitzeko bidean daude hainbat ikerketa talde, horien artean EHUko Fusio Materialen Laborategia. Datuak Zientzia Kaieran.

Zelula fotovoltaikoen ingurumen-inpaktua aztertu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ikerketa batean. Ondorioztatu dutenez, haren inpaktua erregai fosilen bidez sortutakoa baino askoz ere txikiagoa da kategoria guztietan. Gainera, zelula horien ekoizpenari mineral jakinen eskasiak nola eragingo dion ere aurreikusi dute. Ikertzaileek azaldu dute kristal silizioan oinarritutako teknologiak arrisku gutxi dituela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #467 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #475

sam, 2023/12/30 - 09:00


Paziente psikotikoek 3 aldiz aukera gehiago dituzte anormalitate erradiologikoak izateko. JR Alonso Psychosis and brain structure

Landareen fisiologiak harridura sortzen du etengabe. Orain, erretikulu endoplasmatikoa kaltziozko gordailu bat da eta seinaleztatzaile gisa erabiltzen dute, zelulatik kanpoko horniduren mende egon gabe. Acid sensor and calcium store discovered in plants

Genero-esleipenak ez dira errealitatea moldatu nahi duten hizketa-ekintzak, pertsonak tratatzeko modua moldatzea baizik. Beraz, genero-esleipenek ondorio etikoak dituzte. Unraveling the tapestry of gender ascriptions, Jesús Zamora Bonillaren eskutik.

Une honetan, unibertsoaren materiaren banaketa aztertzen ari gara, ziur asko inoiz egin ez den bezala. Hainbesteko datu esperimentalarekin, ezinbestekoa da gutxieneko ordena jartzea ahalbidetuko duen eredu bat. Eta hau ez da batere hutsala. DIPC horretan jarri da: Modelling luminous tracers in the observed spatial distribution of galaxies and quasars

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #475 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kiñuren begirada: izarrak

ven, 2023/12/29 - 09:00

“Izarrak beti zeruan” dio atsotitz batek eta ortziko izarrei erreparatu die gaurkoan Kiñu trikuak. Izarrek zeruan distira egiten dute, baina ba al dakigu zer-nolakoak diren? Jakin badakigu batez ere gasez osatuta daudela, baina badirela metaletan aberatsagoak diren izarrak ere, esaterako gure Eguzkia. Zeruan, gehien bat, zurixkak diruditen arren hainbat kolorekoak izan daitezke:  zuriak, urdinxkak, horiak, laranjak edo gorrixkak. Eta, izarrak, jaio eta hiltzen diren astroak dira, hauen heriotza haien masaren mende dagoelarik.

izarrak

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: izarrak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Fusio nuklearra Euskal Herriko Unibertsitatetik

jeu, 2023/12/28 - 09:00

Gizarteak energia-iturri fosilekiko duen mendekotasun energetikoaren ondorioz, demografia eta energia-kontsumoaren joerak gora egitearekin batera, ezinbestekoa bihurtu da ordezko energia-iturriren bat aurkitzea epe-ertain eta luzera gure beharrak asetzen jarraitu ahal izateko. Egoera konplexu horri aurre egiteko, energia berriztagarriek bultzada argia eman diote trantsizio energetikoari, ikatza, gas eta petrolioaren ekarpenaren murrizketa garrantzitsua ahalbidetuz. Dena den, haien sorkuntza aldakorra osatzea beharrezkoa da, klimarekiko menpekoak baitira horiek. Behar horiei erantzuna emateko, fusio nuklearraren garapena gero eta indar handiagoa hartzen ari da eta, izatez, aukera desberdinen artean energia-iturri aproposenetako bat izango dela badirudi, dentsitate energetiko masiboa duen iturria baita, teknologikoki segurua, ingurumenarekiko arduratsua eta birtualki agorrezina.

FusioIrudia: ITER proiektuko tokamak hobiaren egoera 2021ko abenduaren 20an. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hala ere, desabantailak ere baditu fusioak, eta horien ondorioz, bere garapena erronka konplexua bihurtu da azken urteotan. Izan ere, fusio erreakzioak gertatzeko behar diren erregaien artean (deuterioa eta tritioa), tritioa isotopo erradioaktiboa da, eta hortaz, harekin esperimentalki ikertzea ez da guztiz jasangarria. Horrez gain, tritioak oso ugaritasun urria du naturan; baina oztopo hau litioaren bidez tritioa birsortuz gainditu daiteke, etorkizuneko erreaktoreek izango duten funtsezko elementu bat erabiliz: bilgarri birsortzailea.

Fusioak dakarren beste baldintzatzaileetako bat erreaktoreen elementuak eraikitzeko erabili nahi diren materialen aukeraketa eta haien azterketa da, baldintza ugari bete behar baitituzte. Alde batetik, erreaktoreen barnean egongo den muturreko tenperatura-egoeragatik, eta, bestetik, materialek erreaktoreen funtzionamenduan beran eragin zuzena izango dutelako: aktibazio neutronikoan, operadoreen segurtasun-erradiologikoan, erreaktorearen egituran, tritioaren birsorkuntzan, ingurumen-babesean…

Hori dela eta, bai ikerketa bai inbertsioa ezinbestekoak dira fusioaren garapenenak dakartzan erronka zientifiko eta teknologiko ugariei aurre egiteko. Horrela, ITER proiektuak, eskala handiko erreaktore esperimental nagusia, fusioaren bideragarritasun teknologikoa froga dezan espero da. Proiektua 1985. urtean sortu zen eta momentuz % 78an osotuta dago. Bere helburu nagusia betetzeko, konfinamendu magnetikoaren bidezko irabazi unitarioaren atalasea haustea espero da, 500 MW sortuz 50 MW erabiliz. Muntaia 2025erako amaituko da, eta lehen plasmarekin probak 2025-2026 bitartean egingo dira. ITER proiektuak zubi bat suposatuko du ikerketa‑fasearen eta merkataritza-erreaktoreen artean (DEMO erreaktorearen bidez), eta 2060rako ekonomia-bideragarritasuna frogatzea espero da, 2100ean sistema energetikoaren zati garrantzitsu bat bihurtuz.

Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak Fusio Materialen Laborategitik (FML) fusioaren aldeko ikerkuntzan bere aletxoa jartzen du ere. FMLan etorkizuneko erreaktoreetan erabiliko diren materialak entseatzen dira, hala nola aktibazio nuetroniko baxuko altzairu ferritiko-martensitikoak, permeazio-instalazioa, absortzio-desortzio instalazioa, PCTPro- eta TDS‑instalazioak erabiliz. Garatzen diren lanen helburu nagusia material hauek hidrogeno‑isotopoekin duten elkarrekintza aurrez aurretik ondo ezagutzean datza, fusio erreaktoreetan emango diren baldintzetan hidrogenoak jokaera berezia izango baitu eta horren ondorioz interakzioak eta garraio-parametroak menperatzea ezinbestekoa da. Bertan, eskuz esku CIEMAT zentroarekin egiten da lan, EUROfusion proiektuen esparruan agindutako zereginak partekatuz. Horri esker, UPV/EHUk 2003. urtetik aurrera punta-puntako proiektuetan hartzen du parte bere ikerketa eta emaitzen zabalkundea eginez.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Fusio Nuklearra Euskal Herriko Unibertsitatetik
  • Laburpena: Gaur egun daukagun energia-kontsumoaren sistemak erabateko aldaketaren beharra du, faktore nabariengatik, batez ere suertatzen diren ingurumen-arazoengatik, baina baita denboran zeharreko jasangarritasunagatik ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da alternatibak aurkitzea hainbeste erabiltzen diren erregai fosilak ordezkatzeko. Testuinguru horretan, fusio-energia nuklearra aurkezten da epe ertainera sortuko diren arazo asko konpon ditzakeen aukera teknologiko bezala. Artikuluan zehar, energia-iturri horren ezaugarri garrantzitsuenak azalduko dira; bai eta teknologiaren oinarri fisikoak ere. Horrez gain, teknologiak denboran zehar izandako garapena, gaur egungo ITER nazioarteko proiektuaren egoera eta horrek bilatzen dituen helburu nagusiak aurkeztuko dira. Azkenik, aurreko puntu guztiak kontuan hartuz, Bilboko Ingeniaritza Eskolan dagoen Fusio Materialen Laborategiaren aurkezpena egingo da, asetzen dituen beharrak azalduz haren eginkizuna ulertzeko asmoz eta instalazioen deskribapena garatuz.
  • Egileak: María Urrestizala, Jon Azkurreta, Natalia Alegría eta Igor Peñalva
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 335-352
  • DOI: 10.1387/ekaia.24381
Egileez:

María Urrestizala, Jon Azkurreta, Natalia Alegría eta Igor Peñalva UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Fusio nuklearra Euskal Herriko Unibertsitatetik appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Xanpainaren kimika

mer, 2023/12/27 - 09:00

Xanpaina ospakizunetako edari gogokoena da eta urte berriari ongi etorria emateko edo garaipenak ospatzeko kontsumitzen da. Xanpainaren xarma urre kolorean, burbuila txikietan edo haiek eztanda egitean ateratzen duten zaratan egon daiteke.

Kondairaren arabera, Dom Pierre Pérignon monjeak aurkitu zuen xanpaina egiteko metodoa, duela 300 urte. Hasiera batean Pérignonen helburua ardoak burbuilarik ez izatea zen, baina ondorengo urteetan modan jarri zen eta ardoaren karbonatazioa areagotzen saiatu zen. Hala ere, baliteke kondaira hau egia ez izatea, izan ere xanpaina ekoizteko metodoa deskribatzen zuen artikulu bat argitaratu zen Pérignon lanean hasi baino sei urte lehenago, Royal Society aldizkarian.

xanpainaIrudia: burbuiladun xanpainaren sekretua botilako partikulen gainazaleko zimurtasunari zor zaio. Partikula horiek burbuilak eratzeko plataforma gisa jokatzen dute eta CO2 harrapatzen dute. (Argazkia: Myriams-Fotos – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)Xanpaina eta hartzidura

Xanpaina ekoizteko champenoise metodoa erabiltzen da, non fermentazio bikoitza egiten den. Lehenengo fermentazioan zanpatu egiten da mahatsa eta legamia gehitzen zaio. Honek etanol eta karbono dioxido bihurtzen du azukrea. Prozesuak 15 egun irauten du eta % 11 etanol sortzen da. Fermentazio prozesua Joseph-Louis Gay-Lussac kimikariak azaldu zuen lehenengoz 1810ean, glukosa etanola ekoizteko oinarrizko unitatea dela erakutsiz. Louis Pasteurrek legamiak fermentazioan duen zeregina azaldu zuen, oxigenoa ez zela behar ikusita. Urrats honetan xanpaina oraindik ardo zuria da; izan ere, ingurunera askatzen da osatzen den karbono dioxidoa. Lehenengo pausu hau amaitzean, ardoak ez dauka azidotasun eta zapore egokia; horregatik, ardo mota desberdinak nahasten dira.

Bigarren fermentazioan azukrea gehitzen zaio (24 g litroko) eta legamia. Beirazko botiletan gordetzen da eta itxi egiten dira. Botilak 12-14 °C-an edukitzen dira 6-8 astez eta karbono dioxidoa sortzen dira denbora horretan. Botilak itxita daudenez, sortutako karbono dioxidoak ezin du ihes egin eta ardoan disolbatzen da.

Bigarren fermentazio honetan sedimentuak sortzen dira eta, haiek ezabatzeko, botilak buruz behera jartzen dira 20-70 graduko maldarekin. Bi astez botilak 2 modutara mugitzen dira:

  1. botila bakoitzari buelta laurdena ematen zaio pare bat aldiz egunean, eta
  2. geroz eta inklinazio handiagoa duten zuloetan kokatzen dira. Modu honetan legamia ardo guztian dabil eta sedimentuak botilaren lepoan pilatzen dira.

Sedimentuak ezabatzeko, botilaren lepoa -20 °C-ra izozten da eta botila irekitzen da. Botilako gasak izoztuta dauden sedimentuak kanporatzen ditu. Prozesu honetan xanpainaren zati bat galtzen denez, botila berriro betetzen da antioxidatzailea eta azukrea dauzkan xanpainarekin eta tapoiarekin estaltzen da. Honela kontsumitzeko prest dago xanpaina.

Kontsumitzaileak botilaren kortxoa kentzen duenean, kontrolik gabe ateratzen da eta 50-60 km/h-ko abiadura hartu dezake. Botila irekitzean gas egoeran zegoen karbono dioxidoak ihes egiten du, eta horrela, desorekatu egiten da xanpainean disolbatuta dagoen karbono dioxidoa. Oreka berreskuratzeko, gas bezala atera behar da disolbatuta dagoen karbono dioxidoa. Gasa bi modutan galtzen da: gainazalean gertatzen den difusio bidez (hau ezin da begi hutsez nabaritu) eta eferbeszentzia prozesuaren bidez, hau da, burbuilen osaketaren bidez.

0.75 L-ko xanpain botila batean disolbatuta dagoen karbono dioxidoak 5 L okupatzen du gas egoeran. Burbuilek oro har 0.5 mm-ko diametroa dutela kontuan edukita, xanpain botila bakoitzak 108 burbuila askatzen ditu.

Burbuilak xanpain-kopako ezpurutasunetan edo zelulosa zuntzetan osatzen dira: bertara kopa zapi batekin lehortzean iristen dira bertara. Gasa ezpurutasun hauetan pilatzen da eta, burbuilak 10-50 mikrometroko tamaina daukanean, zuntzetik banatzen da eta flotatu egiten du. Burbuila bat askatu bezain azkar beste bat osatzen da. Oro har, zuntz bakoitzean 30 burbuila inguru osatzen dira minutuko.

Burbuilek kilimak egiten dituzte aho-sabaian, eta horretaz gain eragina dute zaporean: apurtu egiten dira xanpainaren gainazalera iristean eta konposatu aromatikoak askatzen dituzte aerosol moduan.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Liger-Belair, G. (2005). The physics and chemistry behind the bubbling properties of champagne and sparkling wines: a state-of-the-art review. Journal of Agricultural and Food Chemistry, 53(8), 2788-2802. DOI: https://doi.org/10.1021/jf048259e5
  • Liger-Belair, G., Polidori, G., & Jeandet, P. (2008). Recent advances in the science of champagne bubbles. Chemical Society Reviews, 37 (11), 2490-2511. DOI: https://doi.org/10.1039/B717798B
  • Polidori, G., Jeandet, P., & Liger-Belair, G. (2009). Bubbles and Flow Patterns in Champagne: Is the fizz just for show, or does it add to the taste of sparkling wines? American Scientist, 97(4), 294-301. http://www.jstor.org/stable/27859359
  • Cilindre, C., Henrion, C., Coquard, L., Poty, B., Barbier, J. E., Robillard, B., & Liger-Belair, G. (2021). Does the Temperature of the prise de mousse Affect the Effervescence and the Foam of Sparkling Wines? Molecules, 26(15), 4434. DOI: https://doi.org/10.3390/molecules26154434
  • Nicola, Jones (2021). Champagne bubbles: the science. Knowable Magazine, https://knowablemagazine.org/content/article/food-environment/2021/champagne-bubbles-science. 2023ko abenduaren 26an kontsultatua.
Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

The post Xanpainaren kimika appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nekazaritza eta bioaniztasuna bateragarri? Saguzarrak hizpide

mar, 2023/12/26 - 09:00

Azken hamarkadetan basabizitza etsaitzat izan du nekazaritza-eredu intentsiboak. Aldiz, azken aldian zabaltzen ari da jasangarritasunaren ideia, eta geroz eta gehiago dira bi mundu hauen (nekazaritza eta bioaniztasuna) bateratzearen beharraz hitz egiten duten ikerketak. Saguzarren kasua horren adibide da, haiek intsektujaleak baitira eta intsektu askok eragin zuzena dute nekazaritzan.

Saguzarrak ugaztun hegalari bakarrak dira, eta bigarren talderik dibertsoena karraskarien ondoren. Munduan 1.400 saguzar-espezie daude. Euskal Herrian 27 saguzar-espezie ezberdin ditugu, eta erdiak daude mehatxatuta. Mehatxu horien jatorria gizakiak eragindako habitat-asaldura da (askotariko eragozpenak, kutsadura, habitat-galera, basoen ustiaketa…).

saguzar-espezieIrudia: bioaniztasuna deritzogu ingurumeneko animalia- eta landare-espezieen aniztasunari. Kasu askotan aniztasuna kolokan dago gaur egun, esaterako, Euskal Herrian 27 saguzar-espezie ezberdin ditugu, eta erdiak daude mehatxatuta. (Argazkia: HitchHike – erabilera libreko irudia. Iturria: Pexels.com)

Saguzarrek zerbitzu-ekosistemikoak eskaintzen dizkiguten animaliak dira. Zerbitzu-ekosistemikoak gizakion osasuna, ekonomia edota bizi-kalitatea hobetzen duten onurak dira. Munduko saguzar gehienak intsektujaleak dira, eta gurean ehuneko ehun. Indibiduo bakar batek gau batean bere pisuaren % 50 jan dezake intsektutan; alegia, 1.000 inguru eltxo. Hori baliatuz, udako eltxoen populazioak gutxitzeko asmotan 2016ean Nafarroako Ingurumen Zerbitzuak saguzarrentzako 300tik gora kutxa jarri zituen, 6.000 animalia gordetzeko gaitasuna zutenak, Arga eta Aragoi ibaien ertzetan.

Bestalde, 2019ko Bristoleko Unibertsitateko Biologia Saileko ikerketa batek (Froidevaux eta kideak) nekazaritza eta ingurumeneko estrategiak gaueko faunari nola eragiten dioten aztertu zuen. Ikerketaren xedea zen ulertzea nola eragiten zieten saguzarrei eta haien harrapakinei korridore ekologikoek edo hesi berdeek, hau da, gune naturalak konektatzen dituzten bideek (nekazaritza-lurren arteko sastrakadiak bereziki).

Finkatutako helburua lortze aldera, sastraken inausketa aldiak aztertu zituzten. Hau da, azkeneko inausketatik iragan den denborak basabizitza honetan eraginik ote duen ikertu zuten. Ondorioa hurrengoa izan zen: azken inausketa egin zenetik denbora luzatu ahala, saguzar- eta intsektu-espezieen ugaritasuna handitu egiten da. Beraz, zenbat eta inausketa gutxiago egin, orduan eta aberastasun, animalia kopuru eta jarduera handiagoak lortzen dira.

Arestian aipatutakoak ahaztu gabe, nekazaritzari begiratuko diogu galdera bat eginez: arindu al dezakete saguzar intsektujaleek nekazaritzako izurriteen eragina? Bada, Euskal Herriko Unibertsitateko Jokabide-Ekologia eta Eboluzioa ikertaldeko zoologoak adituak dira saguzarretan, eta gorotzen DNA aztertuz, harrapakinak identifikatzen dituzte eta harrapariek zein dieta duten aztertzen dute. Esaterako, Inazio Garin ikerketa-buruak eta kideek horrela ikusi zuten, 2019an, inguruko saguzar guztiek ehizatzen zutela pinudietako pinu-beldarra edo prozesionaria (Thaumetopoea pityocampa).

Talde honetako Unai Baroja ikertzaileak, aldiz, urte berean ikusi zuen Arabako Errioxako mahastietan saguzar-espezie bakarrak (Ferra-saguzar txikia; Rhinolophus hipposideros) 395 intsektu espezie jaten zituela, horietatik 55 izurri-espezieak, eta 8 mahastien izurri garrantzitsuak. Gainera, espezie berau aztertzeko 2022an egin den beste ikerketa batean (argitaratu gabea) ikusi zen bananaren sitsa (Opogona sacchari) dela Zarautzen gehien kontsumitzen duen harrapakina. Hau denetariko landareei (apaingarrietatik hasi eta bananari edo berotegietako laboreei) eragiten dien izurritea da, eta deskribatu gabe zegoen, gaurdaino, Euskal Herrian. Beraz, bai, lagungarria izan daiteke saguzarrak nekazaritza-inguruneetan izatea izurriteak gutxitzeko.

Beraz, iraunkortasunari erreparatuz, hiru ideia nagusi azpimarra daitezke:

  • Habitatak eta espezieak babesteko habitat dibertsoak eta haien arteko konektibitatea hartu behar dira kontuan.
  • Ekosistema hobetzeak maila trofiko guztiei egiten die mesede.
  • Paisaiaren eta nekazaritzaren kudeaketa jasangarria onuragarria da gizakiarentzat.

Nekazaritzan usu erabili izan dira, besteak beste, izurriteei aurre egiteko pestizida kimikoak, nitratoa duten ongarriak… eta haiek, kaltegarriak izan daitezke giza osasunerako edota basabizitzaren eta ekosistemen osasunerako, baina ikusi dugu badirela bestelako irtenbideak eta bidelagunak, esaterako, izurriteak kontrolatzeko: saguzar intsektujaleak.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Froidevaux, Jérémy S. P.; Boughey, Katherine L.; Hawkins, Charlotte L.; Broyles, Moth eta Jones, Gareth (2019). Managing hedgerows for nocturnal wildlife: Do bats and their insect prey benefit from targeted agri-environment schemes? Journal of Applied Ecology, 56(7), 1610–1623. DOI: 10.1111/1365-2664.13412
  • Garin, Inazio; Aihartza, Joxerra; Goiti, Urtzi; Arrizabalaga-Escudero, Aitor; Nogueras, Jesús eta Ibáñez, Carlos (2019). Bats from different foraging guilds prey upon the pine processionary moth. PeerJ, 7, e7169. DOI: 10.7717/peerj.7169
  • Baroja, Unai; Garin, Inazio; Aihartza, Joxerra; Arrizabalaga-Escudero, Aitor; Vallejo, Nerea; Aldasoro, Miren eta Goiti, Urtzi (2019). Pest consumption in a vineyard system by the lesser horseshoe bat (Rhinolophus hipposideros). PLoS ONE, 14(7),  e0219265. DOI: 10.1371/journal.pone.0219265
Egileaz:

Miren Aldasoro Lezea biologoa da eta UPV/EHUko Jokabide eta Eboluzioaren Ekologia saileko doktoregaia.

The post Nekazaritza eta bioaniztasuna bateragarri? Saguzarrak hizpide appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zelula hauek elektrizitatea sortzen dute entzefaloan. Ez dira neuronak

lun, 2023/12/25 - 09:00

Hamarkadetan zehar ikertzaileek eztabaidatu dute ea zelula entzefalikoek (astrozito deritze) seinaleak emiti ditzaketen neuronek bezala. Eta duela gutxi orain arteko ebidentziarik onena argitaratu da frogatzeko astrozitoak elkarrizketa elektrikoaren parte direla.

Entzefaloa komunikatiboa ez bada, ez da ezer. Neuronak dira organo eleketari horretako hiztunak, eta elkarren artean komunikatzen dira pultsu elektrikoak trukatuta, horretarako neurotrasmisore izeneko mezulari kimikoak erabiliz. Prozesu hori segundo batean mila milioi aldiz errepikatzean, garunak substantzia kimikoen taldeak ekintza koordinatu, oroitzapen eta pentsamendu bihurtzen ditu.

Zelula1. irudia: proba berrien arabera, badirudi astrozito batzuek seinale elektrikoak estimula ditzaketela, neuronek bezalaxe. (Argazkia: Alliance Européenne Dana pour le Cerveau – erabilera libreko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Ikertzaileek, garunaren funtzionamendua aztertzeko, adi egon behar dute elkarrizketa kimiko horretara. Baina neuronek oso altu eta maiztasun handiz hitz egiten dute, eta baliteke beste ahots baxuagoren bat tartean egonez gero, hori ondo ez entzutea.

Ia XX. mende osoan, neurozientzialariek uste zuten neuronak zirela seinale elektrikoak hedatzen zituzten zelula entzefaliko bakarrak. Uste zuten gainerako zelula entzefaliko guztiek (glia izenaz ezagunak) babes funtzioak besterik ez zutela. 1990ean, fenomeno bitxi bat agertu zen: ikertzaileek astrozito bat behatu zuten, zelula glialaren azpimota bat, glutamatoaren aurrean erantzuten zuena (glutamatoa da aktibitate elektrikoa sortzen duen neurotransmisore nagusia).

Hurrengo hamarkadetan, ikertaldeek elkarren aurkako probak aurkeztu dituzte: batzuek jakinarazi dute astrozitoek seinaleak bidaltzen dituztela, eta beste batzuek ezetz adierazi dute. Desadostasun hori konferentzietan eta ebidentziaren etengabeko berrikuspenetan azaleratu zen. Bi aldeak bateraezinak zirela ematen zuen.

Nature aldizkarian irailean argitaratutako artikulu berri batek orain arteko probarik onena aurkeztu du frogatzeko astrozitoek seinaleak emiti ditzaketela. Proba hori lortzeko, zortzi urtez lan egin du Andrea Volterra zuzendarikidearen taldeak. Volterra Genevako (Suitza) Bio eta Neuro Ingeniaritzako Wyss Zentroko irakasle bisitaria da. Ikerketak bi proba gako barne hartzen ditu: glutamatoak astrozitoetatik ateratzen direneko irudiak, eta datu genetikoak, zeinak adierazten duten astrozito glutamatergiko deritzen zelula horiek glutamatoa neuronek erabiltzen duten modu berdintsuan erabiltzeko makineria zelularra dutela.

Artikuluak, halaber, lagundu egiten du aurkikuntza kontraesankorren hamarkadak azaltzen. Izan ere, astrozito batzuek baino ezin dituzte emiti seinale horiek; hortaz, neurri batean, bi aldeek zuten arrazoia: emaitzak ikertzaileak aztertutako astrozitoen araberakoak dira.

«Ikerketa bikaina da; izan ere, bi datu multzoen benetakotasuna eta euren arteko kontraesanaren arrazoia azaltzen du», adierazi du Christopher Dulla-k, Tufts Unibertsitateko neurozientziako irakasleak. Hark ere astrozitoen seinaleak ikertzen ditu, baina ez du lan berri horretan parte hartu. «Onartzen dut».

Aurkikuntzak iradokitzen du astrozito batzuek entzefaloaren zirkuituen funtsezko pieza bat direla. «Gero eta sineskorragoa dirudi zelula mota guztiek entzefaloaren funtzionamenduan parte hartzen dutela dioen ideiak», adierazi du Volterrak. «Uste zena baino askoz ere integratuago dago».

Komunikazio sarea

Glia izen orokorra erabiltzeak (itsasgarri esan nahi duen hitz grekotik dator) neuronak ez diren zelula entzefaliko guztietarako, hala nola astrozitoak, xede nagusitzat neuronak elkartuta mantentzea zuten zientzialarien hasierako iritzia transmititzen du. Hala ere, 1865ean astrozitoak lehen aldiz deskribatu zirenetik, ikertzaileek askoz gehiago ere egin dezaketela deskubritu dute. Hasteko, glutamato hartzaileak dituzte, neuronen inguruko espazioetan neurotransmisoreen soberakina hauteman eta garbitzeko erabiltzen dituztenak.

Baina ez dago hain argi glutamatoa erabil dezaketen beren kabuz seinale elektriko bat sortzeko. 1994an, ikertzaileek astrozitoak estimulatu zituzten plaka batean, eta ikusi zuten gertuko neuronek erantzun egiten zutela, seinale bat bidaltzeko prestatuz. Eta 1997an, Volterrak eta bere kideek kontrakoa behatu zuten: arratoiaren astrozitoek neuronen deiei erantzuten zieten kaltzio seinaleztapen molekularen uhin oszilatzaileekin. 2000 eta 2012 artean, ikertzaileek 100 artikulutik gora argitaratu zituzten non astrozitoek sinapsi bidez komunikatzeko duten gaitasunaren aldeko ebidentzia aurkezten zuten.

Zelula2. irudia: astrozitoak plaka batean seinaleei erantzuten ikusi eta 25 urte baino gehiago igaro ondoren, Genevako (Suitza) Bio eta Neuro Ingeniaritzako Wyss Zentroko Andrea Volterra neurozientzialariak ebidentzia berria aurkeztu du, astrozito batzuek entzefaloaren elkarrizketa elektrikoan aktiboki parte hartzen dutela frogatzeko. (Argazkia: Andrea Volterrak lagatako argazkia)

Hala ere, zenbaitek zalantzan jarri zuten ebidentzia hori biltzeko eta interpretatzeko modua. 2014an, adibidez, ikertzaileek deskubritu zuten arratoi gakoen eredu batek akatsak zituela, eta horrek zalantzak piztu zituen arratoi horiek erabili ziren aurreko ikerketei zegokienez.

Bien bitartean, astrozitoei buruzko iritzia aldatzen ari zen, eta zientzialariak pentsatzen hasiak ziren entzefaloaren informazio prozesamenduaren parte-hartzaile aktiboak zirela. Neuronak eta beren dentrita adarkatuak eskuarki zuhaitz gisa irudikatzen dira; astrozitoek, ordea, onddo itxura dute, entzefaloa estaltzen duen tapiz lodi bat osatzen dute, eta hura osatzen duten zatien artean informazioa partekatzen da. Horiek horrela, badirudi astrozitoek aktibitate neuronalean eragina duen sare koordinatu bat osatzen dutela. Adibidez, 2016an, San Frantziskoko Kaliforniako Unibertsitatean ikerketa neurozientifiko bat egiten zuen bitartean, Kira Poskanzer zientzialariak deskubritu zuen arratoiaren astrozitoek inguruko neuronak amets erritmikoko egoera batera eraman ditzaketela glutamatoa erregulatuta.

«Ez da bere kabuz bere funtzioa betetzen duen zelula bat, baizik eta elkarrekin lan egiten duten zelula talde oso baten kidea», adierazi zuen Poskanzerrek, orain Arcadia Science bioteknologiako startup-ean lan egiten duenak.

Nolanahi ere, aldea dago glutamatoa xurgatzearen eta benetan seinaleak sortzearen artean. Volterrak uste zuen astrozito batzuk seinaleak sortzeko gai zirela. Baina hori frogatzeko, astrozitoek seinaleak bidaltzeko gai zirela erakusteko ebidentzia behar zuen, baita frogapen hori behar bezala gauzatzeko tresna egokiak ere.

Zelula entzefalikoen mota berri bat

Volterrak ikuspegi berri bat baliatu zuen entzefaloa aztertzeko: RNA zelulabakarraren sekuentziazioa, zeinak ehun oso baten zelula indibidualetako gene aktiboen multzo osoaren argazkia ateratzen duen. Arratoiaren hipokanpoko zelulen zortzi datu-base aztertu zituen, eta aktibitate genetikoaren arabera bereizten diren astrozitoen bederatzi talde identifikatu zituen. Soilik talde bateko astrozitoek transkribatzen zituzten besikulen bidez neurotransmisoreak biltegiratu, askatu eta garraiatzean parte hartzen duten proteinak, neuronetan gertatzen den bezalaxe. Zelulak ez zeuden modu uniformean banakatuta entzefaloaren zati oso horretan, ez eta zirkuitu espezifikoetan ere.

Gizakiok zelula horiek baditugun jakiteko, Volterrak eta bere taldeak gizakion hipokanpoko zelulen hiru datu-baseetan bilatu zituzten arratoiaren astrozitoetan detektatutako proteina horiek; eta datuen hiru multzotan aurkitu zituzten.

Nolanahi ere, datu genetiko horiek zeharkako proba bat besterik ez ziren. Volterrak zuzenean erakutsi behar zuen seinaleztapena. Bere taldearekin batera, astrozitoei zuzendutako seinale neuronal bat simulatu zuten arratoiaren entzefalo zatietan, eta astrozitoek askatutako molekulen argazkiak hartu zituzten. Astrozito batzuek -baina ez guztiek- glutamatoarekin erantzun zuten. Eta ikertzaileek astrozitoek besikulak erabil zitzatela eragotzi zutenean, zelulek ezin izan zuten glutamatoa askatu.

Volterrak argi baino argiago ikusi zuen orduan ebidentzia. «Zuzen genbiltzan:. astrozito batzuek glutamatoa askatzen dute», esan zuen. «Baina oker ere bai, uste baikenuen astrozito guztiek askatzen zutela glutamatoa».

«Ia seguru aurkikuntza horrek entzefaloa komunikatzeko moduaren egungo ulermena eraldatuko duela», adierazi zuen Dmitri Rusakov-ek, Londresko University College-eko neurozientziako irakasleak (hark ez du ikerketan parte hartu). Baina oraindik ez dago argi nola aldatuko den.

Astrozitoek seinaleak bidal ditzaketela jakitea lehen urratsa besterik ez da. Oraindik ez dakigu nola erantzuten duten sinapsiek glutamato astrozitikoaren aurrean. Ez dakigu zer funtzio bete behar diren neuronen ordez astrozitoak seinaleztatzeko edo biak seinaleztatzeko. Ez dakigu zergatik dauden astrozito glutamatergiko gehiago entzefaloaren eremu batzuetan, edo zergatik horien azpitalde batek funtzio hori erabiltzen duen eta besteek, aldiz, ez.

Are gehiago, aurkikuntza berri guztien antzera, galdera berriak sorrarazi ditu, zientziak erantzun behar dituenak.

«Proben multzo garrantzitsua bildu dugu», esan zuen Rusakovek. «Eta orain teoria bat behar da elementu guztiak batzeko».

Jatorrizko artikulua:

Laura Dattaro (2023). These Cells Spark Electricity in the Brain. They’re Not Neurons, Quanta Magazine, 2023ko urriaren 18a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Zelula hauek elektrizitatea sortzen dute entzefaloan. Ez dira neuronak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #466

dim, 2023/12/24 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Kimika

Asima Chatterjee indiar kimikaria bere herrialdean doktorego bat lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, 1938an. Chatterjeek sendabelarren propietate kimikoak aztertu zituen bere ibilbide zientifikoan, eta bere aurkikuntzei esker, minbiziaren, epilepsiaren edo malariaren aurkako farmakoak garatu zituen, besteak beste. Chatterjeeren ikerketa mundu mailan aitortu da, sari eta aintzatespen ugari jaso zituen bere bizitzan zehar. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Asima Chatterjee, sendabelarren ahalmena jakinarazi zigun kimikaria.

Osasuna

EXERDIET-HTA azterlanak (EHU) bihotz-birika gaitasunarengan tabako-ohiturak izan dezakeen eragina aztertu du. Parte-hartzaileak hipertentsioa, gehiegizko pisua, eta bizimodu sedentarioa zuten pertsonak izan ziren, eta jarduera fisiko interbentzio baten aurretik eta ondoren hainbat balio neurtu zitzaizkien. Emaitzek erakutsi zutenez, tabako-ohitura kontuan hartu gabe, ariketa fisikoaren interbentzioak bihotz-birika gaitasunean efektu onuragarriak eragin zituen. Datuak Zientzia Kaieran: Tabako-ohitura eta bihotz-biriketako gaitasuna.

RENASCENCE proiektuak (EHU) EAEko osasun-sisteman elikadura-sistema iraunkorrak ezartzeko estrategia proposatu du. Izan ere, Osakidetzan elikagaien erosketa jasangarriaren egungo egoera aztertu zen, eta elikadura-estrategia iraunkorra garatzeko beharrezkoak diren erronkak eta ekintza-planak identifikatu zituzten. Egoera ikusirik, ikertzaileek ospitaleen erosteko ahalmena aprobetxatzea proposatzen dute, guztira, 13 erronka eta 30 ekintza plan aurreikusi dituzte helburu hori lortzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Jakina nahikoa lo egitea garrantzitsua dela osasunerako. Azaroan argitaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi zuten lo gutxiegi egindako pertsonen odolean esfingolipido eta glizerofosfolipido kontzentrazioa baxuagoa zutela nahikoa lo egiten zutenekin alderatuta. Gainera, ikusi zuten astean zehar lo gutxi egin eta asteburuan nahi adina lo egiteak ez zuela galdutako lo faltaren eragin kaltegarria deusezten. Beste ikerketa batek ondorioztatu zuen 24 orduko lo faltak sistema immunearekin erlazionaturiko geneetan aldaketak eragiten zituela. Azalpen guztiak Berrian: Lo faltaren biharamuna.

Medikuntza

CIC biomaGUNEko eta CIC bioGUNEko ikertzaileek tumore-zelulen eta haien ingurunearen arteko interakzio-mota berri bat aurkitu dute. Zehazki, ikusi dute tumore-zelulek purina-metabolitoak jariatzen dituztela, eta zelula osasuntsuekin elkar eragiten dutela metabolito horren bidez. Gainera, ikusi duten metabolito horrek zelula osasuntsuen portaera aldarazten duela, eta, neurri batean, tumorea garatzen laguntzen duela. Purina-metabolitoak SERS teknologiaren bidez detektatu dituzte, eta, beraz, etorkizun handiko tresna dirudi. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Farmakologia

Adimen artifiziala erabiliz, bakterio erresistenteei aurre egiteko balio duten antibiotiko berriak aurkitu dituzte. MITeko ikertzaile batzuek egin dute aurkikuntza, eta ikasketa sakoneko hainbat eredu entrenatuz, merkatuan eskuragarri dauden 12 milioi konposatu aztertu zituzten. Hala, Staphylococcus aureus metizilinarekiko erresistentea den bakterioaren aurkako bost konposatu-mota identifikatu zituzten. Laborategian frogak egin ostean, mota bereko bi konposatu oso hautagai onak direla dirudi. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Ugandako txinpantze talde handi bateko emeak menopausia arora iritsi direla egiaztatu du ikerketa batek. Orain arte, espezie oso gutxitan ikusi da menopausia: orketan, pilotu-izurdeetan, belugetan, narbaletan, eta gizakian, noski. Bada, orain txinpantzeak ere gehitu dira talde horretara. Kibale Parke Nazionalean bizi den txinpantze populazio batekin egin dute ikerketa, 21 urtetan zehar, eta ikusi dute bertako emeek helduaroko urteen %20 ematen dutela menopausian. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Menopausia duten espezieen klub txikian sartu dira txinpantzeak.

Soziologia

Ikerketa berri baten arabera, kultura-inguruneak eragina du haurren ezaugarri prosozialen garapenean. Ondorio horretara iristeko, sei gizartetako adin desberdinetako gizabanakoen taldeak aztertu zituzten. Ikusi zuten 4 eta 6 urte bitarteko haurrek oso antzeko portaera prosozialak zituztela gizarte guztietan, baina adin horretatik aurrera, portaera kooperatiboa dibergitu egiten zen populazioen artean. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Arkeologia

2001ean aurkitu zuten Atapuerkan Benjamina, 430.000 urteko garezurra. Homo heidelbergensis espeziekoa zen, 10 bat urteko neskato batena, eta laster konturatu ziren patologiaren bat izan zuela. Hain zuzen ere, kraneosinostosia zuen, hau da, garezurreko junturak garaia baino lehen elkartu zitzaizkion. Banako horrek gaitasun kognitibo eta fisiko oso mugatuak izango zituen, baina hala ere 10 urte bizi izan zen. Ikertzaileen ustetan, bere kabuz laster hilko zen Benjamina, baina bere taldekoek zaintzea erabaki zuten. Maitasunaren seinaletzat jo zuten arkeologoek. Datuak Elhuyar aldizkarian: Benjaminaren lezioa.

Fisika

Qubit (bit kuantiko) sistema anizkoitza sortzen duen plataforma kuantiko berri bat aurkeztu dute. Materialen Fisika Zentroak (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerrrek (DIPC) parte hartu dute ikerketan. Qubitak ordenagailu kuantikoen funtsezko unitateak dira, eta ordenagailu horiek merkaturatzeko, hainbat qubit-mota proposatu dira azken urteetan. Ikerketa berri honetan azaleko titaniozko atomo indibidualen gainean mikrouhin-pultsuen proiekzioak espin egoerak arrakastaz kontrolatzea eta neurtzea lortu dute. Aurrerapen honen bidez, maila atomikoan qubiten arteko informazio-trukea zehatz kontrolatu daiteke. Datuak Zientzia Kaieran: Konputazio kuantikoko aurrerapen berriak.

Laser bidezko mezu bat bidaltzea lortu du NASAk, espaziotik Lurrera. Orain arte, espazioan irrati-uhinak erabiltzen ziren komunikaziorako, baina sistema horrek ez zuen balio datu-kantitate handiak bidaltzeko. Orain, laster bidezko komunikazio-sistema berri baten bidez, argiaren abiaduran garraiatu dute mezu bat. Hala, 31 milioi kilometroko distantzia 101 segundotan egin du mezuak, eta Lurrera iritsi da oso-osorik. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

The post Asteon zientzia begi-bistan #466 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #474

sam, 2023/12/23 - 09:00


Antibiotiko aurreko garaiko izugarrikerietara, non infekziorik arruntenak hil ahal zintuen, eraman lezake gizadia antibiotikoekiko erresistentziak. Ebaluatzen ari diren eta baliagarriak izan daitezkeela diruditen estrategien artean, farmakoen, antibiotikoen eta antibiotikoak ez direnen konbinazioa dago. Drug combinations to combat antibiotic resistance, Rosa García-Verdugok egina.

Ilargiko Antropozenoaren hasierak data zehatza du, 1959ko irailaren 13a. Lunar Anthropocene

Hau da, zuri sinetsi behar dizut, doktoretza bat eta astrofisikako bi doktoratu dituzun horri? Youtuben konspirberats bideo bat ikusi dudanean? Utikan! Zulo beltzak Bill Gatesen asmakizuna direla, faxista! The Death of Expertise, Juan Ignacio Pérez Iglesiasen erreseina.

Hormigoizko egiturak energia-gordailu gisa erabil daitezke, eta dagoeneko badira horri buruzko ikerketak. Baina eraginkortasun minimo batekin maneiatzeko, osagaien ezaugarri termikoak doitasunez modelatu behar dira. Horretan dabil DIPC, Thermal conductivity of portlandite.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

 

The post Ezjakintasunaren kartografia #474 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asima Chatterjee, sendabelarren ahalmena jakinarazi zigun kimikaria

ven, 2023/12/22 - 09:00

Asima Chatterjee kimikariak aurre egin behar izan zien arronkak dimentsio osoan ulertu ahal izateko, XX. mendearen lehen hereneko Indian jarri dugu dugu geure burua. Asima Chatterjee izan zen bere herrialdean doktorego bat lortu zuen lehenengo emakumea (1938) eta ikerlari haren aurkikuntzak funtsezkoak izan ziren munduan zehar zabaltzeko sendabelarren ahalmenak. Bere ikerketak mundu mailan aitortu dira, eta minbiziaren, epilepsiaren edo malariaren aurkako farmakoak garatu zituen, besteak beste.

Asima Chatterjee 1917ko irailaren 23an jaio zen Kalkutan, britaniar inperioak kolonizatua zuen hiri jendetsuan. Momentu hartan nesken hezkuntza utopia hutsa zen gehienentzat, bai eta Asima Chatterjeeren familia bezalako erdi-mailako klasearentzat ere. Zorionez, haren aitak, fisikan doktorea eta botanika-zalea zenak, lehenik alabaren landareen propietateekiko interesa piztu zuen eta, ondoren, alabaren hezkuntza babestu zuen, inolako oztoporik gabe. 1936an, 19 urte zituela, Asima bikaina bere hiriko unibertsitatean matrikulatu zen. Bi urte geroago, zientzia organikoetako gardua lortu zuen bakarretakoa izan zen, ohore eta guzti. Eta ez zen horretan gelditu: doktoregoa egin nahi zuen eta 1944an lortu zuen, 27 urte zituela. Hilabete batzuk geroago beste zientzialari batekin ezkondu zen, Baradananda Chatterjee fisikari eta kimikariarekin, zeinarekin kimikari izango zen alaba bat izan zuen. Diotenez, Asima Chatterjiren laborategiko kideek familia handi bat osatzen zuten. Kide horien arten bere senarra zegoen, eta beti sustatu izan zuen zientziari zion arduraldia.

Asima1. irudia: Asima Chatterjee kimikaria. (Argazkia: Biswarup Ganguly – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Doktoretza egiten zuen bitartean, landare-kimikaren arloan eta organiko sintetikoaren arloan hasia zen lanean zientzialari gaztea, Prafulla Chandra Ray zientzialariarekin (bere herrialdean kimikaren aitatzat hartu zutena) eta Satyendra Nath Bose fisikariarekin (bere abizenaren omenez, oinarrizko partikula batentzat “bosón” hitza erabiltzen dugu). Halaber, klaseak ematen zituen Kalkutako Lady Brabourne College-n. Lan hori Kalkutako Unibertsitateko irakasle jardunarekin bateratu zuen ondoren.

Une horretan, Chattterjee bikoteak kanpora joatea erabaki zuen. 1947an, Asimak eszedentzia eskatu eta atzerrian ikertzera joan ziren. Lehenik, Estatu Batuetan egon ziren (Wisconsin-eko Unibertsitatean eta Kaliforniako Teknologia Institutuan) eta, ondoren, Suitzan, Zuricheko Unibertsitatean. Leku horietan hasi zen ikertzaileak bere arreta landareen aktibo biologikoek giza osasunerako dituzten aukeretan jartzen, eta horri eskainiko zion bizitza zientifiko osoa.

Pobrezia zientzia indiar hasiberrian

1950ean, Indiara itzuli zirenean, azpikontinenteko sendabelarrekin jarraitu zuen lanean. Bertan, medikuntza ayurveda tradizionala, sendabelarretan oinarrituta, zenbait milurteko zituen baina haren zientzia ezagutza oso urria zen. Asimak alkaloideetan (bereziki inkonte belarrean, “dontzeila landarea” izenez ezaguna), eta kumarinetan jarri zuen bere arreta, landareen substantzia edo konposatu kimikoetako bitan. Lau urtera, bere lana nabarmentzen hasi zen, eta Kimika Puruko katedradun akreditazioa lortu zuen, 37 urteko emakume batentzat lorpen handia.

Baina ez ziren garai errazak zientziarentzat oro har eta are gutxiago emakumezko zientzialarientzat. S.C. Prakashik, bere doktoregoko ikasleetako batek, gerora gogoraraziko zuen zer nolako borrokak jasan behar izan zituen bere ikerketak ezartzeko, eta laborategietan zer baliabide falta zituzten. Asimak, lan egin nahi bazuen, bere diruarekin ordaindu behar izan zituen produktu kimikoak eta gailuak, bai eta atzerrian bakarrik egin zitezkeen analisiak ere. Era berean, 1947ko independentziaren ondoren lehen urratsak ematen ari zen gobernu baten pean zeuden ikasleentzako bekak ere urriak ziren. Ikertzen jarraitu nahi bazuten, nork bere tesiaren kostua ordaindu behar zuen, bai eta atzerriko zientzialarien ikus-onesteko tesia derrigorrez beste herrialde batzuetara igortzeko kostua ere. Arazoak besterik ez.

Asima2. irudia: Kamal Chakraborty, Asima Chattterjee eta Satyendra Nath Bose. (Argazkia: Julie Banerji. Iturria: Google Arts & Culture)

Elkarrizketa batean, bere ikasleetako batek honako hau adierazi zuen:

Egun zail horietan, Satyen Bose, Meghnath Saha, SK Mitra, BC Guha eta Sir JC Ghosh irakasleen eta Kalkutako Unibertsitateko beste errektoreorde batzuen adorea jaso zuen. Bere senar Baradananda Chatterjee irakasleak, kimikari fisiko ospetsu eta garai hartako Bengalako Ingeniaritza Fakultateko (orain Unibertsitatea dena) zuzendariordeak, irmoki lagundu zion.

Era berean, 1954an, produktu naturalen kimikako irakaskuntzarako eta ikerketarako programa berezi baten ohorezko koordinatzaile izendatu zuten, eta programa hura 1985ean sortutako Produktu Naturalei buruzko Ikasketa Aurreratuen Zentroaren abiapuntua izan zen. Ahalegin handia egin zuen, baina bere ametsa betetzen ari zen: sendabelarren institutu bat egotea sendagai ayurvedikoak garatzeko, eta ondoan, saiakuntza klinikoak egiteko ospitale bat. Hain zuzen ere, hortxe egin zituen ahaleginak erretiro ofiziala hartu eta urte askoan zehar. Haren ospea handitu egin zen eta ondorengo urteetan UNESCOk Kuala Lumpurren (1957), Hong Kongen (1961), Zurichen (1955), Australian (1960), Japonian (1964) eta abarretan egin zituen fitokimikari buruzko zenbait sinposioren presidente izendatu zuten.

1976. urtea oso latza izan zen haren bizitzan. Lau hilean aita eta senarra hil zitzaizkion. Drama haren oinazearen ondorioz, bihotzekoak jo zion eta egun asko mena zituen hilzorian. Bizirik eutsi zion, baina Asimak depresio sakona izan zuen, eta ikasle eta lankideek lanera itzul zedin egin zuten ahaleginari esker baino ez zuen gainditu.

Zorionez, bere jarduerak ia 60 urtez iraun zuen, eta denbora horretan ezagutu zituen minbizia duten pazienteen zelulen ugalketa prebenitzeko kimioterapian erabiltzen diren alkaloideen propietateak. Epilepsiaren aurkako farmako bat eta malariaren aurkako beste bat ere arrakastaz garatu zituen. Botika horiek guztiak Indian eta atzerrian patentatu eta merkaturatu ziren. Epilepsiaren aurkako ‘Ayush-56’ sortutako farmakoaren oinarria Marsilia minuta landarea da. Farmako hori oraindik ere salgai dago. 400 artikulu zientifikok baino gehiagok (horietako hogei bat aldizkari onenetan argitaratuak) bermatzen dituzte lorpen horiek guztiak. Gainera, zientzia arlo bat sortu zuen: gaur egun mundu osoan dagoen naturan oinarritutako medikuntza. Arlo hori oraindik ere bizirik dago; izan ere, bertako ikasle eta doktoregai askok haren lanarekin jarraitu zuten eta zientziaren garapenerako giltzarri diren produktu naturalen kimikako eskolak sortu dituzte.

Asimaren ondarearen barruan, besteak beste, gaur egun ikerketarako erreferentzia izaten jarraitzen duten Indiako sendabelarrei buruz berrikusi eta editatu zituen liburukiak daude: Kalkutako Unibertsitateak argitaratutako Bharatiya-ri buruzko liburukiak eta Kimika Ikerketarako Elkartearen (CSIR) The Treatise of Indian Medicinal Plants entziklopedia. «Lan egin nahi dut bizirik nagoen bitartean», esaten zuen. Eta azkeneraino bete zuen.

Bizitzan zehar sari eta aintzatespen ugari jaso zituen, baina horietako batzuk ez ditugu hautatu. 1960an, Academy Indiako Zientzien Institutu Nazionaleko (INSA) kide izendatu zuten; hurrengo urtean, kimika zientzietako Shanti Swarup Bhatnagar saria jaso zuen lehen emakumea izan zen. Halaber, 1975ean, Indiako Zientzien Elkarteko kongresuaren buru izan zen lehenengo emakumea izan zen; eta 1982tik 1990era bitartean, Indiako presidenteak Rajya Sabha Estatu Kontseiluko kide izendatu zuen. Haren ospeak mugak gainditu zituen seinale, 2017an Google bilatzaileak Google Doodle bat eskaini zion bere jaiotzaren mendeurrenean:

Asima3. irudia: 2017ko irailaren 23a, Asima Chatterjee jaio zeneko 100. urteurrena.

Asima Chatterjee 2007ko azaroaren 22an hil zen, Kalkutako zahar-egoitza batean. 89 urte zituen.

Ereferentzi bibliografikoa:

Koester, Vera (2022). Asima Chatterjee – Pioneer of Her Time. Chemistry Views. DOI: 10.1002/chemv.202200061

Iturriak: Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2023ko urriaren 17an: Asima Chatterjee: la química que nos reveló el poder de las plantas medicinales.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Asima Chatterjee, sendabelarren ahalmena jakinarazi zigun kimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Tabako-ohitura eta bihotz-biriketako gaitasuna

jeu, 2023/12/21 - 09:00

Gaixotasun ez-transmisiozkoen heriotza-kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularra da. Gaixotasun kardiobaskularraren arrisku-faktoreak, hala nola, gainpisua edo obesitatea, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak eta hipertentsio primarioa, nabarmen handitu dira eta sarritan aldi berean gertatzen dira, eta gaixotasun kardiobaskularra izateko arrisku esponentziala dakar. Gainera, tabako-ohiturak gaixotasun kroniko gehienak pairatzeko arriskua areagotu dezakeen zabaldutako aztura da. Hauen artean, hipertentsioaren eragilea izan daitekeela behatu da. Honez gain, jarduera fisikoarekiko tolerantzian eta bihotz-biriketako funtzioan eragin kaltegarria izan dezake. Izan ere, jarduera fisikoak arrisku hauen garapena murriztu ditzake, bihotz-birika gaitasunean hobekuntzak eragiten. Gainera, egun, hipertentsioa tratatzeko tratamendu nagusienetariko bat farmakologikoa izan arren, tratamendu ez-farmakologikoak aplikatzen ari dira azken urteotan, hala nola, ariketa fisikoa, pertsona horien bizi-kalitatea eta bizi-itxaropena hobetzeko.

TabakoIrudia: tabako-ohiturak gaixotasun kroniko gehienak pairatzeko arriskua areagotu dezakeen zabaldutako aztura da. (Argazkia: Mathew MacQuarrie – Unplash lizentziapean. Iturria: Unplash.com)

Aurrekoarekin lotuta, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean eta Vitoria-Gasteiz hirian EXERDIET- HTA azterlana burutu zen. Hortaz, ikerketa honen helburua hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak zituzten eta ez-aktiboak ziren pertsonen bihotz-birika gaitasunarengan tabako-ohiturak izan zitekeen eraginak aztertzea eta jarduera fisiko interbentzio ondorengo egokitzapen ezberdintasunak aztertzea izan zen.

Hipertentsioa duten pertsonentzako jarduera fisikorako gomendio orokorrak biztanleria orokorrarenak bezalakoak dira, hau da, intentsitate moderatu-altuko ariketa fisikoaren astean 150-300 minutu edo intentsitate altu eta larriko ariketa fisikoaren astean 75-150 minutu, indar-ariketekin konbinatuta. Jarduera fisikoaren diseinu garaikide baterako, beharrezkoa da FITT-PV delakoaren printzipioan oinarritzea (frequency=maiztasuna, intensity=intentsitatea, time=denbora, type=tipo, progression=progresioa eta variety=barietatea), eta horietako bakoitza manipulatu ahal izango da ondoriorik onenak lortzeko.

EXERDIET- HTA ikerkuntzan 222 pertsona (53,8 ± 7,9 urte) parte hartu zuten. Hamasei asteko ariketa fisiko gainbegiratuarekin interbentzioa egin zitzaien (bi egun astean), bi talde ezberdinetan banatuz erretzaileen taldea (ERT) eta ez-erretzaileen taldea (EERT). Proba guztiak interbentzioaren aurretik eta ondoren errepikatu zitzaien. Interbentzio aurreko taldeen konparaketan, ERT-ak, EERT-rekin konparatuz, gorputzeko masa totalean, gorputz masa indizean, eta gantz masan baloreetan altuagoak azaldu zituen. Aldiz, bihotz-birika gaitasunaren aldagaietan (oxigeno kontsumo pikoan eta baliokide metabolikoan) ez ziren ezberdintasunik behatu. Interbentzioaren amaieran bi taldeek balore guztietan hobekuntza esanguratsuak azaldu zituzten aurre vs. ondoko balioak aztertuz, bai gorputzeko konposizioan, bai bihotz-birika gaitasun balioetan. Bestalde, ERT-aren eta EERT-aren hobekuntzen aldaketa-deltari dagokionez, gantz masan (-%14 vs. -%10, hurrenez hurren) eta gantz gabeko masan (%9 vs. %5, hurrenez hurren) parametroetan ezberdintasun esanguratsuak behatu ziren ERT-an hobekuntza altuagoak (P= 0,017) behatuz.

Hortaz, tabako-ohitura (ERT vs. EERT) kontuan hartu gabe, ariketa fisikoaren interbentzioak bihotz-birika gaitasunean efektu onuragarriak eragin zituen hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak ziren pertsonetan. Bestalde, ERT-an aurkitutako ondoriorik onuragarrienak, EERT-arekin alderatuta, gorputz konposizioari dagokionez, jarduera fisikoak metabolismo oxidatiboan izan dezakeen eragina pentsarazten du. Ikerketa honen bidez eskuratutako emaitzak osasun arloko profesionalen tabako-ohituraren aurkako mezua gizartean barreiatzeko eta bizimodu osasungarriagoak zabaltzeko lagungarriak izan daitezke.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Tabako-ohitura eta bihotz-biriketako gaitasuna, hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioa eta ez-aktiboa duten pertsonengan.
  • Laburpena: Tabako-ohiturak gaixotasun kroniko gehienak pairatzeko arriskua areagotu dezakeen ohitura zabaldua da. Haien artean, hipertentsioaren eragilea izan daitekeela behatu da. Horrez gain, jarduera fisikoarekiko (JF) tolerantzian eta bihotz-biriketako funtzioan eragin kaltegarria izan dezake. Izan ere, JF-ak arrisku hauen garapena murriztu ditzake, eta bihotz-birika gaitasunean (BBG) hobekuntzak eragin. Hortaz, ikerketa honen helburua da hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak dituzten pertsonen BBG-an tabako-ohiturak izan ditzakeen eraginak aztertzea eta JF interbentzio ondorengo egokitzapen-ezberdintasunak aztertzea. EXERDIET- HTA ikerkuntzan 222 parte-hartzailek (53,8 ± 7,9 urte) parte hartu zuten. Hamasei asteko ariketa fisiko gainbegiratuarekin interbentzioa egin zitzaien (astean bi egun), bi talde ezberdinetan banatuz erretzaileen taldea (ERT) eta ez-erretzaileen taldea (EERT). Proba guztiak interbentzioaren aurretik eta ondoren errepikatu zitzaien. Interbentzio aurreko taldeen konparaketan, ERT-ak, EERT-rekin konparatuz, gorputzeko masa totalean, gorputz-masa indizean, eta gantz-masan (GM) balioetan altuagoak (p < 0,05) azaldu zituen. Aldiz, BBG-aren aldagaietan (oxigeno-kontsumo pikoan eta baliokide metabolikoan) ez zen ezberdintasunik (p > 0,05) behatu. Interbentzioaren amaieran bi taldeek balio guztietan hobekuntza esanguratsuak azaldu zituzten aurre vs. ondoko balioak aztertuz, bai gorputzeko konposizioan, bai BBG-balioetan. Bestalde, ERT-aren eta EERT-aren hobekuntzen aldaketa-deltari dagokionez, GM eta gantz gabeko masan parametroetan ezberdintasun esanguratsuak behatu ziren ERT-an hobekuntza altuagoak (p < 0,05) behatuz. Hortaz, tabako-ohitura (ERT vs. EERT) kontuan hartu gabe, ariketa fisikoaren interbentzioak BBG-an efektu onuragarriak eragin zituen hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak ziren pertsonetan. Ikerketa honetan eskuratutako emaitzak osasun arloko profesionalen tabako- ohituraren aurkako mezua gizartean barreiatzeko eta bizimodu osasungarriagoak zabaltzeko lagungarriak izan daitezke.
  • Egileak: Mikel Tous-Espelosin, Jon Ander Ogueta eta Sara Maldonado-Martin
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 223-237
  • DOI: 10.1387/ekaia.23880
Egileez:

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Tabako-ohitura eta bihotz-biriketako gaitasuna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages