S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 38 min 50 sec

Margaret Betts, naziak garaitzeko bere burua edozer egiteko eskaini zuen kriptoanalista

ven, 2024/03/08 - 09:00

Bigarren Mundu Gerrak, garai horretara arteko gerra gatazka suntsitzaileenak, alderdi ikusezin bat izan zuen, telekomunikazio, mezu enkriptatu eta kode deszifratze gisa gertatu zena. Eta gudu frontean ekintza ia-ia gizonen esku soilik bazegoen ere, deskodetze zentroetan emakumeek egiten zuten lanaren zati handiena. Bando aliatuko adibide handia Bletchley Park instalazio militarra izan zen. Bertako langileen % 75 emakumeak ziren, eta mezu kodifikatuak deszifratzeko lan egin zuten Enigma makina alemaniar ospetsuarekin.

“Laguntzeko edozer egin badezaket, egingo dut”

Emakume horietako bat Margaret Betts izan zen, 1923ko abenduan Erresuma Batuko Ipswich hirian jaio zena. Bere anaia itsas armadako kidea zen, eta, ezkondu eta aste gutxira, haren ontzia urpeko ontzi alemaniar batek hondoratu zuen. Gertakari horrek min handia eragin zion familiari. Horregatik, 19 urte zituela gobernu britainiarreko kideak deskodetze lanetarako errekrutatzera etorri zirenean, institutuan matematikan nota oso onak lortu ondoren, zalantzarik egin gabe sartu zen.

Margaret Betts1. irudia: Margaret Betts kriptoanalista. ( Iturria: Mujeres con Ciencia)

Une hartan ez zioten kontatu zer egin behar zuen, soilik sekretupeko lana izango zela eta, esaten zioten bitartean, maletak egin eta Londreseko etxe seguru batera joan behar zuela. “Guztiz ados, laguntzeko edozer egin badezaket, egingo dut”, izan zen haren erantzuna, urte batzuk geroago semeak esango zuenez. 1943ko udan ekin zion lanari, eta 1945eko Japoniaren porrotarekin gerra amaitu arte jarraitu zuen.

Inori ez kontatzeko esan zioten, eta halaxe egin zuen

Gerrak iraun zuen bitartean, eta handik urte askotara, Bettsek eta bere lankide gehienek ez zuten kodeak deszifratzen egindako lanari buruz hitz egin. Gatazka amaitu ondoren, munduko agertokiak bi bloke etsai utzi zituen aurrez aurre, eta inork ez zuen nahi gerran kodifikazioari eta deskodetzeari buruz ikasitakoa etsaien esku eror zedin. Hori dela eta, Bletchley Parkeko kriptoanalisten lana ezezaguna izan zen denbora luzez publiko handiarentzat.

“Inori ez kontatzeko esan zioten, eta halaxe egin zuen”, azaldu zuen semeak. Bere bertsioa zen armadaren bulego batean lan egin zuela. Zenbait hamarkada geroago balentria matematiko hori liburu eta dokumentaletan kontatzen hasi zirenean bakarrik esan zuen ozenki berak horretan parte hartu zuela. Eta, hala ere, ez zuen zegokion sona eskuratu nahi izan: “Gehienak bezala, garrantzia kendu zion beti bere zereginari. Zera esaten zuen: ‘Bai, badakit lortu genuena oso garrantzitsua izan zela, eta zein izan zen gure zeregina horretan, eta badakit sekretu handia zela, baina ez pentsa denok Alan Turing ginenik, ez baikinen’”.

Bere kontakizunaren arabera, beraiek makinak maneiatzen zituzten eta aginduak betetzen zituzten soilik, hori gauzatzeko logika matematikoa aplikatuz. “Modu eraginkor eta adimentsuan egiten genuen, baina guk ez genituen deskodetze makinak diseinatu”. Zehatz-mehatz, makinak programatu eta martxan jartzen zituzten kode enkriptatua identifikatzeko. Makinak gelditzen zirenean, zerbait interesgarria aurkitu zutela esan nahi zuen.

Gero, kode horren erreplika bat sartzen zuten Alemaniako armadari konfiskatzea lortu zuten Enigma makinetan, eta balizko kodifikazioa lehengoratzeko erabiltzen zituzten. Hortik mezu interesgarriren bat ateratzen bazen, unitateko goi mailako estantzietara bidaltzen zen, haiek aztertu eta horren arabera joka zezaten.

“Denbora gehienean, lan benetan aspergarria zen”

Gerraren bilakaeran bere lanaren eta Bletchley Parken egindako lanaren ondoren herri kulturak egindako irudikapenen garrantzi erabakigarria aitortu arren, Bettsek ukatu egiten zuen praktikan jarduera zirraragarria izan zenik. “Makinak maneiatzen genituen gau eta egun, eta denbora gehienean lan aspergarria izaten zen. Makinen ondoan egon behar zenuen, besterik ez. Programatzean kontzentratu egin behar zinen ondo funtzionatzen zuela ziurtatzeko, baina denboraren gainerakoan begiratu besterik ez zenuen egin behar, zerbait aurkitzen zuen zain”.

Margaret Betts2. irudia: Bletchley Parkeko balentria matematikoa liburu eta dokumentaletan kontatzen hasi zirenean bakarrik esan zuen ozenki berak horretan parte hartu zuela (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Bettsek eta bere lankideek egiteko erabakigarria bete zuten eta sekretua gorde zuten une hartan eta hainbat hamarkada geroago. Horrek erakusten du gaitasun intelektuala eta lan gaitasuna zutela, baina baita haiengan izan zuten konfiantza merezi zutela ere.

Eta hori, gainera, hasieratik horretaz harrotzeko aukera eta arrazoiak izan arren. Lantoki zuten base militarra Bletchley Park izeneko finka handi batean zegoen; finka koroatzen zuen jauregiari zor zion izena. Hurbilen zegoen herrian ez zekiten zer zegoen han, ezta zer lan egiten zen ere, eta sekretismoa bultzatzen zen segurtasun nazionaleko arrazoiengatik. Kriptoanalistak, emakume gazteak, herrira paseatzera edo erosketak egitera joaten zirenean, herrian zeuden zurrumurruak entzuten zituzten. Esamesa nagusia zen etxea haurdun geratu ziren neska gazte eta ezkongabeentzat zela, eta beren herri eta hirietatik desagertu behar zutela, familiei eskandalua saihesteko. Zurrumurru hori dibertigarria iruditzen zitzaien, eta ez zuten gezurtatzen, hain zuzen ere, beren benetako jardunaren berri ez emateko.

1947an, Betts japoniar kontzentrazio esparru batean preso egon zen soldadu ohi britainiar batekin ezkondu zen. Bere seme-alabek kontatu zuten bera izan zela beti familia aurrera atera zuena (ezohikoa garai hartan), senarrak inoiz ez zituelako gainditu gatibutasunean egotearen traumak eta sarri egoten zelako gaixo. Bost seme-alaba izan zituzten.

Zenbait urte geroago senarra hil ondoren, mundua ikusteko bere unea zela erabaki zuen, eta Europan zehar bidaiatu zuen, baita beste herrialde batzuetara ere, hala nola Txina, Egipto, Errusia edo Mexikora. Bakarrik egin zituen bidaiak. Italiera ikasi zuen 70 urte pasatxo zituela, eta Scrabble jolasean aritzea gustatzen zitzaion hizkuntza horretan, desafio gisa. 2023ko abuztuan hil zen, 100 urte bete baino lau hilabete lehenago soilik.

Iturriak: Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 4ean: Margaret Betts, la criptoanalista que se ofreció a hacer cualquier cosa para vencer a los nazis.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Margaret Betts, naziak garaitzeko bere burua edozer egiteko eskaini zuen kriptoanalista appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Quantum

jeu, 2024/03/07 - 09:00

Albert Einstein, Niels Bohr eta beste zenbaiten nortasunen berri ematen du liburuak, drama, tragedia, irrika, ustekabeko gertaerak, ekintza heroikoak eta abar uztartuz. Ez da eduki zientifikoko edo dibulgazio zientifiko hutseko liburua, publiko zabal batentzako modukoa baizik, mekanika kuantikoari buruz informazio asko eman arren.

Berria – 2012ko apirilaren 29a

quantumIrudia: “Quantun. Einstein, Bohr eta errealitatearen izaerari buruzko eztabaida handia” liburuaren azala. (Iturria: Elhuyar)

Albert Einstein eta Niels Bohr fisikariek eztabaida luzeak izaten zituzten. Besteak beste, mekanika kuantikoaren inguruko ikuspuntuak ziren solasaldien muina. Horiek baliatu zituen Manjit Kumar fisikari eta filosofoak Quantun. Einstein, Bohr eta errealitatearen izaerari buruzko eztabaida handia argitalpena gauzatzeko. Liburuan zientzialarien izaera eta haien testuinguruak plazaratzen ditu, Bohr eta Einsteinen adiskidetasuna eta baita etsaitasuna ere agertu ditu idazleak, hainbat urtez izandako joan-etorrien harremana islatuz.

Askorentzat fisika kuantikoaren gidaliburu ulergarri bat da Quantum, hogeigarren mendeko fisikaren historia ulertzeko idatzia, non biografia, filosofia, zientzia eta historia nahasten dira dotore. Zientzia modernoaren teoria garrantzitsuenetarikoa zelan mamitu zen erakusten du egileak eta thriller baten antzerako irakurgaia aurkezten du, hainbat pertsonaiekin osatutako matazari tiraka: Shrödinger, Boltzmann, Rutherford, Bell, Heinsenberg,…

Beraz, nahiz eta mekanika kuantikoari buruzko informazio asko egon, Quantum ez da eduki zientifikoko edo zientzia-dibulgazio hutsezko liburua, zientzialariak ez direnentzat moduko argitalpena baita, zientzia jendartean zabaltzeko kontakizun zirraragarria.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Quantum. Einstein, Bohr eta errealitatearen izaerari buruzko eztabaida handia
  • Egilea: Manjti Kumar
  • Itzultzailea: Iñaki Iñurrieta Labaien
  • ISBNa: 978-84-92457-66-3
  • Argitaletxea: Elhuyar
  • Hizkuntza: euskara
  • Orrialdeak: 423
  • Urtea: 2011
Iturria:

Elhuyar: Quantum. Einstein, Bohr eta errealitatearen izaerari buruzko eztabaida handia

The post Quantum appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Erromatar hauek ez zeuden hain erotuta

mer, 2024/03/06 - 09:00

Zertxobait aldatu dut Obelixek Uderzo y Goscinnyren komiki guztietan behin eta berriro errepikatzen zuen esaldi ospetsu bat; izan ere, ezin hobeto laburbiltzen du gaurkoan jorratuko dudan gaia: Errepublikako eta Erromatar Inperioko eraikuntza tekniken atzean ezkutatzen diren sekretu geologikoak.

Erroma klasikoko zerbaitek benetan harritzen gaitu: eraikin handi askok zutik iraun dute 2.000 urtez baino gehiagoz. Eta ingeniaritza dohain izugarri horiek geologiaz zuten ezagutzarekin dute zerikusia; nahigabeko aurkikuntzen, baina funtzionalen, ondoriozko ezagutza. Baina ez naiz ari fatxadetan, harmailadietan edo estatuetan apaingarri gisa erabiltzen diren jatorri, osaera eta kolore natural ederreko arrokei buruz, baizik eta zimenduak ainguratzeko eta eraikuntzen hormak jasotzeko erabiltzen den osagaiari buruz: hormigoia.

kare1. irudia: gure aroko I. mendeko hormigoizko lekuko erromatarra (ezkerraldean), 100 kg/cm2 baino gehiagoko konpresioari eusten diona, eta XXI. mendeko hormigoizko lekukoa (eskuinaldean), teknika modernoekin egindakoa, 200 eta 300 kg/cm2 bitarteko konpresioei eusten diena. Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarren Museoan ikusgai dauden ereduak. (Argazkia: Blanca María Martínez.)

Ziurrenik testu hau irakurtzen ari diren guztiek inoiz edo behin obra batera hurbildu eta ikusiko zituzten langileak, normalean palakadaka, hormigoi makinara elementu pare bat botatzen eta ura gaineratzen, makinak osagai guztiak ondo nahasteko bueltak emateko, eta, horrela, hormigoi deitzen dugun ore grisaxka sortzeko zain. Nahasketari gehitzen zaizkion material horietako bat agregakinak dira, hau da, hartxintxarren edo harearen tamaina lortu arte hautsi edo txikitzen diren arrokak. Eta bestea zementua da: 1.200ºC-tan baino gehiagotan berotu ondoren deshidratatutako buztin eta kareharri nahasketa. Hala, ura eransten zaionean gogortu egiten den kare bizia (kaltzio oxidoa) lortzen da.

kare2. irudia: Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarreko murru bateko zimenduen xehetasuna. Antzoki hori gure aroko I. mendean eraiki zen, kare bizi, harea, Ebro ibaiko terrazetatik ateratako harri koskorren eta ibai horretako ur gezaren nahasketatik abiatuta. Irudiko harri koskorrek 5 cm-tik gorako luzera dute. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Hormigoia, eraikuntzaren munduko bilakaera teknikoa dela eta, duela gutxi aurkitu den produktu konplexu tipikoa dela dirudi, baina hori ez da horrela. Gutxienez gure aroko II. mendeaz geroztik, erromatarrek teknika hori erabiltzen zuten beren hormigoia egiteko, opus caementicium izenekoa. Kareharrizko arroka kiskali egiten zuten egosketa labeetan edo karobietan, 500-600ºC-tan, kare bizia lortzeko. Kare hori zementu gisa erabiltzen zuten, harea eta urarekin nahastu eta, ondoren, harri koskorrak eta arroka zatiak gehituta, eraikuntzetan karga murruen zimendu edo euskarri ziren kofratuak betetzeko.

Are gehiago, oso denbora laburrean errezeta hobetzea lortu zuten. Napoleseko badiaren eremuan, puzolana izeneko sumendi errautsa (aluminio oxidoz eta silizioz osatua) erabiltzen hasi ziren gainerako harearekin nahasteko. Eta ikusi zuten nahasketa berri hori ur inguruneetan (itsas kostaldean, besteak beste) erabil zitekeela eta hormigoiaren erresistentzia areagotzen zuela; izan ere, itsasoko uraren eta puzolanaren artean erreakzio kimiko bat sortzen zen eta horrek materialak sendotzen dituzten mineral berriak eratzea zekarren (besteak beste, aluminio ugariko tobermorita).

kare3. irudia: Caesaraugustako (Zaragoza) Antzoki Erromatarraren harmailen bista orokorra; gogortutako hormigoi erromatarrarekin marruskatzean eraikuntzaren aztarnak agerian utzi zituen hondeamakinaren hortz metalikoek egindako markak ikus daitezke. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Baina nahasketan sumendi errautsa erabiltzea ez da hormigoi erromatarraren iraunkortasunaren sekretu bakarra. Duela gutxi, ikertzaileen nazioarteko talde batek deskubritu du erromatarrek kare bizia (kaltzio oxidoa) kare itzali edo hidratatuaren (kaltzio karbonatoa sortzeko gai den konposatu oso erreaktiboa) partikula txikiekin nahasten zutela. Horrek hormigoi erromatarrari Terminator 2 filmeko T-1000 pertsonaiak autobirsortzeko zuen gaitasunaren antzekoa ematen dio, honako prozesu honen bidez: materiala apurtu egiten zenean, pitzaduretatik ura sar zitekeen eta kare itzaliko partikulekin erreakzionatu. Hala, kaltzio kopuru handiko jariakin bat sortzen zen, kaltzio karbonato gisa forma kristalinoan hauspeatzen zena eta pitzadura ixteko adabaki gisa jokatzen zuena. Gainera, hormigoiak puzolana bazuen, urarekiko erreakzio kimikoak are gehiago gogortzen zuen. Eta, hala, eraikuntza erromatarrak 2.000 urtez baino gehiagoz iraun ahal izan dute.

Hormigoi hain zoragarri horren errezeta ez zen inoiz idatziz utzi, ez xehetasunez behintzat; izan ere, idatzi erromatarretan eraikuntza teknikari buruz egiten ziren aipamenak lausoak eta, are gehiago, anbiguoak ziren. Hori dela eta, Erromatar Inperioa erori ondoren, erabiltzeari utzi zitzaion eta ezin izan da berriro erreplikatu duela bi mende arte, aldeak alde.

Jakina, nori berea aitortu behar zaio, eta ukaezina da erromatarrak maisu handiak izan zirela teknologiaren eta ingeniaritzaren arloan; horrez gain, bazekiten nola baliatu erabiltzen zituzten materialen ezaugarri geologikoak, nahiz eta ez zuten zehatz-mehatz ezagutzen beren arrakasten zientzia oinarria. Hala ere, jakina da aurretiko zibilizazio mediterraneo handitik ikasi zutena beti kopiatzen zutela eta hobetzen saiatzen zirela. Nolanahi ere, historiako lehen hormigoia lau mende lehenago aurkitu zen Grezian; kare bizia, harea, arroka ehoak eta ura nahastuz prestatzen zen. Eta, bai, kareore horretan sumendi arroken zatiak ere erabiltzen zituzten. Grekoek ezin izan zituzten aurkitu erromatarrek aurkitu zituzten iraunkortasun eta autobirsorkuntza horren sekretutxoak, nahiz eta erromatarrek kasualitate hutsez aurkitu zituzten.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 18an: No estaban tan locos estos romanon.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Erromatar hauek ez zeuden hain erotuta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eztabaida kosmikoa

mar, 2024/03/05 - 09:00

Duela zazpi urte, 2017ko otsailean, artikulu bat argitaratu zuten Anna Ijjas, Paul J. Steinhardt eta Abraham Loeb (aurrerantzean, ISL) kosmologoek Scientific American aldizkarian. Hasiera batean argitara “Pop goes the Universe” (Pop, badoa Unibertsoa) izenburupean eman bazuten ere, izena aldatzea erabaki zuten argitaratu eta bi astera. Jatorrizko izenburuak Andrew McMahon kantautoreak idatzitako izen bereko abestiari egiten zion erreferentzia, zeinak aldaketei buruz, nortasunari buruz eta status quo zalantzan jartzeari buruz hitz egiten duen. Azalean, berriz, orratz batekin lehertzeko zorian dagoen unibertso itxurako puxika baten irudia ipini zuten.

Ilustrazio desnaturalizatu honek Big Bang-aren modeloa desafiatzen zuen, unibertsoaren hasierako iruditegiari dagokionez kosmologoen artean onarpen handiena duen eredua gaur. Eta hori gutxi balitz bezala, umore puntua erabili zuten hasieran, “pop” hitzak duen esanahi bikoitzaz baliatuz: leherketa baten onomatopeia bezala edo popular hitzaren laburdura moduan erabil daiteke ingelesez. Tonu ironikoa kentzeaz gain, esaldi deskribatzaileago bat hautatu zuten azkenean: “Cosmic Inflation Theory Faces Challenges” (Inflazio Kosmikoaren Teoriak Erronkak Ditu).

eztabaida kosmikoaIrudia: Ijjas, Steinhardt eta Loeb kosmologoek 2017ko otsailean argitaratutako artikuluaren azala. (Iturria: Scientific American)

Eta ez zen gutxiagorako izan; izan ere, izenburua izenburu, artikuluaren edukiak hamaika fisikariren barruak mugitu zituen. Urte bereko hurrengo zenbakian iritsi zen erantzun ofiziala, goi mailako 33 zientzialarik sinatua. Deigarria gerta daiteke 33 zientzialarik sinaturiko artikuluaren tonua, baina lehenagotik berotzen ari zen eztabaida baten leherketa bezala ulertu behar da hau, hurrengo lerroetan azalduko den modura.

Eztabaida honen oinarria eta bilakaera ari naiz aztertzen nire doktorego tesian. Inflazio kosmikoaren teoria zein testuingurutan garatu zen ikertzen dut bertan, eta ondorioztatu lagungarria dela inflazioaren teoria oinarrizko fisikaren egungo krisiaren esparruan kokatzea eztabaidaren jatorria hobeto ulertzeko: eztabaidaren oinarrian desadostasun metodologiko bat dago. Dibulgazio artikulu honetan, nire ikerlana zertan datzan azaltzeko, inflazio kosmikoaren teoria zein testuingurutan garatu zen aipatuko da lehenik, eta eztabaida zerk sortu zuen ikusiko da ondoren.

Unibertsoa (eta eztabaida) leherrarazi z(it)uen orratzaren bila

XX. mendean zehar loratu zen fisika modernoa. Lehenago aurrerapen esanguratsu ugari aurki badaitezke ere, garai honetan aldaketa nabarmen bat gertatu zen objektu mikrofisikoak ulertzeko moduan: oinarrizko partikulen eta haiek jarraitzen dituzten legeen iruditerian urrats handia egin zen iraultza kuantikoari eta erlatibitate bereziaren teoriei esker. Ikerketa programa honen une gorena 70. hamarkadan gertatu zen, Partikulen Fisikaren Eredu Estandarra garatu baitzen. Modelo estandar honek arrakastaz bete ditu orain arteko egiaztapen esperimentalak.

Eta aurrerapenak ez ziren “mikro” noranzkoan bakarrik lortu, kosmologiaren alorrean ere lortu ziren. Erlatibitate orokorraren teoriaz baliatuz eta printzipio kosmologikoarengan fidatuz, hedatzen ari zen unibertso baten lehen ereduak garatu zituzten 20ko hamarkadan. Eta handik gutxira aurkitu zen unibertsoaren espantsioaren aldeko lehen ebidentzia esperimentala. Mende amaiera baino lehen eman ziren materia iluna eta energia ilunaren aldeko aurrerapauso teoriko zein esperimental nagusienak ere. ΛCDM izenez ezagutzen da hau guztia kontuan hartzen duen kosmologiako modelo estandarra.

Nola Partikulen Fisikaren Eredu Estandarrak hala ΛCDM modeloak teoria arrakastatsuen baieztapenaren paradigma klasikoa jarraitzen dute, zeinak datu esperimentalak erabiltzen dituen (nagusiki) teoria baieztatzeko. Zoritxarrez, egoera aldatu egin da azken hamarkadetan: fisika esperimentala eredu estandarrean ainguratuta geratu da, hark eginiko iragarpenak baieztatzen, baina fisika teorikoa haratago joan da. Teoriaren eta esperimentuen arteko etengabeko urruntze honek krisi larria sortu du oinarrizko fisikaren alorrean. Gaur egun sortzen ari diren zenbait teoriak ez dute oinarri esperimentalik, eta zenbait kasutan nahiko txikia da teoria hauek egiten dituzten iragarpenak etorkizunean gauzatzeko itxaropena. Horren lekuko da kosmologia inflazionarioa.

 Zergatik inflazioa?

ΛCDM ereduan, inflazio kosmikoaren teoria erabiltzen da unibertsoaren eboluzioa azaltzeko. Onartu ohi da Big Bang-aren ostean unibertsoa ikaragarri hazi zela oso denbora tarte laburrean: espazio-denboraren hedapen esponentzialean oinarritzen da teoria. Kosmologia inflazionarioa unibertsoaren Big Bang Beroaren eredu estandarra ordezkatzeko garatu zen 80ko hamarkadan. Eredu zahar honek ongi azaltzen ditu neur daitezkeen hainbat fenomeno, baina hasierako baldintza oso berezietan oinarritzen da. Inflaziorik gabe, Big Bangaren eredu estandarrean, unibertsoa uniformea eta laua da hasieratik bertatik, eta ez da erraza hasierako baldintza berezi hauen zergatia azaltzea. Unibertsoaren hasieran inflazioak hedapen esponentzialeko aldi labur bat txertatzen du eta unibertsoa uniformizatzen eta lautzen du, homogeneotasun ezak leunduz eta hasierako baldintza posibleak malgutuz.

Baina paradigma berri honen barruan, eredu inflazionario ezberdinak garatu dira teorikoki, eta ez da erraza etorkizuneko emaitza esperimentaletara ondoen egokituko d(ir)en modeloa(k) aukeratzea. Batzuek goretsi egiten dute eta beste batzuek kritikatu inflazio kosmikoaren teoriak duen gaitasuna etorkizuneko behaketetara egokitzeko.

 Zergatik eztabaida?

Funtsezko fisikaren krisiaren testuinguruan, inflazio kosmikoaren teoriaren garapenak berak eztabaidara eraman zituen kosmologoak. Izan ere, inflazioaren teoria babesten duten datu esperimentalak oso malguak dira oraingoz, eta datu hauekin bat datozen eredu teoriko asko daude. Eredu posible hauen artean, ez dituzte denek iragarpen berdinak egiten, eta gaur egungo ikuspuntutik nahiko urriak dira behin betiko eredua esperimentalki baieztatzeko aukerak. Egoera honen aurrean kosmologiako teoria berriak nola garatu beharko liratekeen dioen aurrejuzgu metodologikotik sortu zen, hain zuzen ere, desadostasuna.

Eztabaidak goia jo zuen 2013. urtean, Europako Espazio Agentziak Planck satelitearen emaitza esperimentalak argitaratu zituenean. Emaitza hauek kaleratu aurretik teoria inflazionarioaren kritika batzuk aurki badaitezke ere, eztabaidak indarra hartu zuen lehen aipatutako hiru fisikari ezagunek artikulu bat argitaratu zutenean Physics Letters B aldizkarian (Ijjas, Steinhardt & Loeb, 2013): “Inflationary paradigm in trouble after Planck 2013” (Paradigma inflazionarioa estu hartu dute Planck 2013aren ostean). Hirukoteak ondorioztatu zuen satelite honen bitartez lortutako datu esperimentalek kalte egiten zietela eredu inflazionario sinpleenei. Baina 2013an argitaratutako artikulu honek erantzun azkarra sortu zuen beste kosmologo batzuen aldetik (Guth, Kaiser & Nomura, 2014): haiek argudiatzen zuten ISLren ondorioak hipotesi problematikoetan oinarritzen zirela eta inflazio kosmikoa inoiz baino sendoago zegoela Planck satelitearen emaitzei esker.

Sarreran ikusi dugun modura, hiru urteren buruan talde bakoitzeko kideek beren argudioak garatu zituzten eta jarrera finkatu. Baina 2017an argitaratutako artikuluetan ardatz metodologiko argia zeukaten haien ikuspuntua babesteko erabili zituzten argudioek. Alde batetik, ISL kosmologoek defendatzen zuten inflazio kosmikoaren teoria ezin zela metodo zientifikoaren bidez ebaluatu, eta inflazioa onartzen zuten zientzialari batzuek baieztapen enpirikoa baztertzea proposatzen zutela, horrela zientzia ez-enpiriko baten ideia sustatuz. Eta bestetik, 33 zientzialariek  defendatzen zuten inflazioa frogagarria dela, eta, izan ere, proba ezberdin asko egin zaizkiola dagoeneko, eta orain arteko azterketa guztiak gainditu dituela.

Laburbilduz

Artikulu honetan kosmologiaren esparruan ari den eztabaida bat aztertu da, inflazio kosmikoaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duena. Kosmologia inflazionarioa oinarrizko fisikaren krisiaren testuinguruan jarriz, azaleratu da eztabaidaren jatorria ez dagoela fisikaren esparruan, kosmologiaren metodologian baizik. ISLren kritika ez zen teoriaren koherentzia faltan edo behaketen aplikagarritasunik ezean oinarritzen. Desadostasuna dator kosmologiako teoriak garatzeko modu legitimoa zein den dioen ideia metodologikotik. Eta aurrejuzgu metodologiko honek erabat ondorio ezberdinak (kontraesankorrak) defendatzera eraman zituen bi taldeak.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Guth, A. H., Kaiser, D. I. eta Nomura, Y. (2014). Inflationary Paradigm after Planck 2013. Physics Letters B, 733, 112–119. DOI:10.1016/j.physletb.2014.03.020
  • Ijjas, A., Steinhardt, P. J. eta Loeb, A. (2013). Inflationary Paradigm in Trouble after Planck 2013. Physics Letters B, 723 (3-4), 261–266. DOI:10.1016/j.physletb.2013.05.023
Egileaz:

Beñat Monfort Urkizu Fisikan graduatu zen UPV/EHU eta gaur egun zientziaren filosofiaren alorrean doktorego-tesia egiten ari da EHUko Zientziaren Historia eta Filosofia integratua ikerketa-taldean (iHPS)

The post Eztabaida kosmikoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gorputz osoko zelulek zahartzeari buruz hitz egiten dute elkarrekin

lun, 2024/03/04 - 09:00

Biologoek aurkitu dute ehun desberdinetako mitokondriek elkarrekin hitz egiten dutela, kaltetutako zelulak konpontzeko. Seinaleak huts egiten duenean, ordulari biologikoa gelditzen hasten da.

Zahartzea araurik gabeko prozesutzat har daiteke. Denborak aurrera egin ahala gure zeluletan eta gorputzetan kolpeak eta makadurak biltzen dira, eta horren ondorioz disfuntzioak, akatsak, eta, besterik ezean, heriotza aurki ditzakegu. Hala ere, 1993an egindako aurkikuntza baten ondorioz, interpretazio hori aldatu zen. Ikertzaileek gene bakar batean harren bizi-itxaropena bikoizten duen mutazio bat aurkitu zuten. Aurrerago egindako lanek erakutsi zuten erlazionatutako gene batzuk, guztiak intsulinarekiko erantzunean inplikatuta, animalia askoren zahartzearen funtsezko erregulatzaileak direla, hala nola harrak, euliak edo gizakiak. Aurkikuntzak iradokitzen zuen zahartzea ez dela ausazko prozesu bat, gene espezifikoen menpe baitago, eta zahartze molekularra nola gertatzen den jakiteko ikerketa gehiagori atea irekitzen zien.

zelulek1. irudia: mitokondriek askatzen dituzten seinale kimikoen bidez, beste ehun batzuetako mitokondriekin komunikatzen dira, eta horrek organoek zahartzeko duten abiaduran eragiten du. Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)

Duela gutxi, zahartzea arautzeko bide biokimiko berri bat aztertzen duten hainbat artikulu kaleratu ziren. Bide biokimiko horretan, oinarria mitokondrien artean transmititutako seinaleak dira; hots, zelularen energiaren erdigunea diren organuluen arteko seinaleak. Harrak aztertzen ari zirela, ikertzaileek ikusi zuten mitokondriei garuneko zeluletan eragindako kalteak konponketa erantzun bat eragiten zuela, gero anplifikatu egiten zena, eta antzeko erreakzioak eragiten zituela harraren gorputz osoko mitokondrietan. Konponketa jarduera honen ondorioz organismoaren bizi itxaropena hedatu zen; mitokondrietako kaltea konponduta zuten harrak % 50 gehiago bizi izan ziren.

Are gehiago, hozi-lerroko zelulak (obuluak eta espermatozoideak produzitzen dituzten zelulak) oinarrizkoak dira zahartzearen aurkako komunikazio sistema horretarako. Aurkikuntza horrek dimentsio berriak gehitzen dizkie ugalkortasunari buruzko kezka inplizituei, zahartzeari eta erloju biologikoari buruz ari garela. Aurkikuntza batzuk Science Advances aldizkarian argitaratu dira eta beste batzuk, berriz, biorxiv.org aurreinprimaketa zientifikoko zerbitzarian, iazko udazkenean.

Ikerketak mitokondriak organulu sozialak direla iradokitzen duten lan berriak ditu oinarri, eta elkarren artean komunika daitezkeela iradokitzen dute, baita ehun desberdinetan daudenean ere. Beraz, mitokondriak zelulen esparruko walkie-talkien antzekoak direla esan dezakegu; izan ere, gorputz osoan zehar mezuak bidaltzen dituzte, eta mezu horiek eragina dute organismo osoaren iraupenean.

“Programa genetikoak izateaz gain, zahartzea erregulatzeko faktore garrantzitsu bat dago: ehunen arteko komunikazioa” azaldu du David Vílchezek. David Vílchez adituak zahartzea ikertzen du Koloniako Unibertsitatean eta ez du ikerketan parte hartu.

Andrew Dillin biologo zelularrak bizitzaren iraupena arautzen duen bide berri horren seinaleak duela hamar urte inguru aurkitu zituen. Caenorhabditis elegans harren bizitza luzatuko zuten geneen bila zebilela, mitokondriak genetikoki kaltetzea harren bizitza % 50 luzatzen zuela aurkitu zuen.

Ez zuen espero. Dillinek uste zuen mitokondria akatsdunek heriotza eragingo zutela, bizitza luzatu beharrean; izan ere, mitokondriak oinarrizkoak dira zelulen funtzionamendurako. Hala ere, mitokondrien funtzionamendu egokiak okerrera egiten zuenean, harrak luze bizitzera behartzen zituen.

Oso interesgarria izan zen harren nerbio sisteman kaltetuta zeuden mitokondriek efektua bultzatzen ari zirela. “Horrek esan nahi du mitokondria batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak direla” esan du Dillinek, Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyko irakaslea. “Neuronek hori esaten dute gainerako organismoari buruz, eta hori harrigarria da”.

zelulek2. irudia: azken hamar urteotan Andrew Dillin biologo zelularrak zahartzea erregulatzen duen bide berri baten xehetasun biokimikoak aurkitu ditu. Bertan, gorputz osoko zelulen mitokondriak zelulen osasunaren harira komunikatzen dira. (Argazkia: Andrew Dillinek eskainia. Iturria: Quanta Magazine)

Orain Dillinek eta bere taldeak aurkikuntza hori hedatu dute; izan ere, harren garuneko mitokondriak gorputz osoko zelulekin bizitza luzatzeko komunikatzeko moduari buruzko xehetasun berriak aurkitu dituzte.

Lehenik eta behin, ulertu behar genuen zergatik burmuineko mitokondriei kalte egiteak eragin onuragarria izan zezakeen organismoan. Mitokondriek energia sortzeko prozesuak makineria molekular oso konplexua eskatzen du, dozenaka zati proteiko desberdin dituena. Gauzak gaizki doazenean, adibidez, osagai batzuk falta direnean edo gaizki tolestuta daudenean, mitokondriek estres erantzun bat aktibatzen dute, proteina hedatuaren erantzun gisa ezaguna dena, eta entzima konpontzaileak ematen ditu konplexuak behar bezala mihiztatzen laguntzeko eta funtzio mitokondriala berrezartzeko. Horrela, proteina hedatuaren erantzunak zelulak osasuntsu mantentzen ditu.

Dillinek espero zuen prozesu hori neuronen barruan bakarrik garatzea, kaltetutako mitokondriekin. Hala ere, ikusi zuen harraren gorputzeko beste ehun batzuetako zelulek ere konponketa erantzunak aktibatzen zituztela, nahiz eta mitokondriak bere horretan egon.

Jarduera konpontzaile horrek lagundu zien harrei denbora gehiago bizitzen. Auto bat mekanikariarengana erregulartasunez eramatea bezala, proteina hedatuaren erantzunak zelulak zerbitzu egoera onean mantentzen zituela zirudien, eta zahartzearen aurkako garbiketa gisa funtzionatzen zuten. Baina, misterioa izaten jarraitzen zuen nola komunikatzen zen proteina hedatuaren erantzun hori gainerako organismora.

Ikerketa batzuk egin ondoren, Dillinen taldeak aurkitu zuen neurona estresatuen mitokondriek besikulak (zelulatik edo zelulen artean materialak mugitzen dituzten burbuila formako ontziak) erabiltzen zituztela Wnt izeneko seinale bat nerbio zeluletatik gorputzeko beste zelula batzuetara garraiatzeko. Biologoek bazekiten Wntek rol jakin bat betetzen duela enbrioiaren garapen goiztiarrean gorputz patroiaren konfigurazioari dagokionez, eta horretan ere konponketa prozesuak eragiten ditu, hala nola proteina hedatuaren erantzuna. Hala ere, nola saihestu dezake Wnt seinaleak enbrioi programa aktibatzea heldu batengan aktibatzen denean?

Dillinek susmatzen zuen beste seinale bat egon behar zela eta Wntek horrekin elkarreragiten zuela. Lanean jarraitu ondoren, ikertzaileek aurkitu zuten hozi-lerroko mitokondrietan (eta ez beste mitokondrietan) adierazitako gene batek Wnten garapen prozesuak eten ditzakeela. Emaitza horrek iradokitzen zuen hozi-lerroko zelulek funtzio kritikoak betetzen dituztela nerbio sistemaren eta gorputzeko gainerako ehunen artean Wnt seinalea transmititzeko.

«Hozi-lerroa funtsezkoa da horretarako», adierazi du Dillinek. Hala ere, ez dago argi hozi-lerroko mitokondriek anplifikadore gisa jarduten duten, garuneko mitokondrien seinalea jaso eta beste ehun batzuetara transmitituz, edo ehun hartzaileak bi iturrien seinaleak «entzuten» ari diren.

Edonola ere, hozi-lerroko seinalearen indarrak organismoaren bizi itxaropena erregulatzen du, dio Dillinek. Harra zahartu ahala, bere obulu edo espermatozoideen kalitateak behera egiten du; hots, erloju biologikoaren tik-tak deritzona. Burmuineko mitokondrietatik seinaleak transmititzeko hozi-zelulek duten gaitasun aldakorrean ere islatzen da gainbehera, iradokitzen duenez. Harra zahartu ahala, haren hozi-lerroak efizientzia txikiagoarekin transmititzen du konponketa seinalea, eta, beraz, haren gorputzak ere okerrera egiten du.

Zientzialariek oraindik ez dakite aurkikuntza horiek gizakiei eta zahartzeko dugun moduari aplikatzen zaizkien. Hala ere, hipotesiak zentzua du eboluzioaren ikuspegi zabalago batetik, Dillinek dioenez. Hozi-zelulak osasuntsu dauden bitartean, iraupen-seinaleak bidaltzen dituzte, beren organismo apopiloa ugaltzeko bizirik aterako dela bermatzeko. Baina hozi-zelulen kalitateak behera egin ahala, ez dago bizitza hedatzen jarraitzeko inolako arrazoi ebolutiborik; eboluzioaren ikuspegitik, bizitza ugaltzeko existitzen da.

Mitokondriek elkarren artean hitz egin ahal izatea kezkagarria izan daiteke, baina azalpen bat du. Duela denbora asko, mitokondriak bizitza libreko bakterioak ziren, beste zelula primitibo mota batekin indarrak batzen zituztenak, gure zelula konplexu modernoetan elkarrekin lan egiteko. Beraz, komunikatzeko duten gaitasuna mitokondrietatik aske bizi den bakterio arbasoaren erlikia bat da ziurrenik.

«Zelulen barruan milaka milioi urtetan funtzionatu duen gauza txiki horrek oraindik bere bakterioen jatorria gordetzen du», azaldu du Dillinek. Eta harrekin egiten duen ikerketa organismo konplexuagoetan mantentzen bada, esaterako, gizakien kasuan, litekeena da zure mitokondriak une honetan zure adinari buruz hitz egiten aritzea.

Jatorrizko artikulua:

Viviane Callier (2024). Cells Across the Body Talk to Each Other About Aging, Quanta Magazine, 2024ko urtarrilaren 8a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Gorputz osoko zelulek zahartzeari buruz hitz egiten dute elkarrekin appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #475

dim, 2024/03/03 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

itsasoko DNA

Arkeologia

Gatz Haranak Neolitotik duen garrantzia agerian utzi du puntzoi batek. Iaz zazpi mila urte baino gehiagoko hezurrezko erreminta topatu zen Gesaltza Añanako Gatz Haranean. Puntzoi bat da, eta garai hartan larruzko, egurrezko eta hezurrezko objektuak zulatzeko eta modelatzeko erabiltzen ziren. Adituen aburuz, Neolitoko komunitateen sofistikazioa erakusten du aurkikuntza horrek, gatzaren ekoizpenean aurreratua izateaz gain, tresnen manufakturan ere komunitate aurreratua zela erakusten baitu. Informazio gehiago Alea aldizkarian.

Astronomia

Unibertsoaren hedapen-tasa neurtu dute. Hubble espazio-teleskopioak ateratako supernoba baten irudi berri batzuei esker lortu dute kalkuluak egitea. Zehazki, Hubbleren konstantearen beste kalkulu bat egin dute, Refsdal supernobak igortzen duen argia lau argazki ezberdinetan aztertuta. Supernobaren aurrean galaxia-multzo batek grabitazio-leiar gisa ziharduen, eta 2014ko eta 2015eko irudietako agerpenen arteko atzerapenak kontuan hartuta, Hubbleren konstantea neurtu ahal izan dute ikertzaileek. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Zuhaitzen hazkundearen aldaketa erabil liteke hauen heriotzaren alerta seinale modura. Hala azaldu dute UPV/EHUk parte hartu duen azterlan batean. Geroz eta ohikoagoak diren lehorteek zuhaitz askoren heriotza eragiten dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, heriotza horiek zuhaitzen hazkundearen eta klimaren arteko desakoplamendu batek eragin ditzake. Horregatik, hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna erabil liteke zuhaitzen heriotzaren alerta goiztiarreko seinale gisa. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Biokimika

Idiazabal gaztaren ezaugarriak zehazteko mikrobiotak duen garrantzia aztertu du Gorka Santamarina Lactiker ikerketa-taldeko ikertzaileak. Teknika metagenomikoak erabiliz, gazta laginetan dagoen DNA guztia erauzi dute eta zein mikroorganismori dagokion ikusi dute. Lortu dituzten emaitzek adierazten dute Idiazabal gaztaren zaporean, testuran eta aroman funtsezkoak direla bakterioak. Azalpenak Zientzia Kaieran: Bakterioak, begi hutsez ikusten ez diren gaztagile txikiak.

Genetika

Naiara Rodriguez-Ezpeleta AZTIko ikertzaileak itsasoko DNA ikertzen du. Ur lagin batean dagoen DNA erauzita, bertako biodibertsitateari buruzko informazio asko lortu daitekeela azaldu du. Eremu edo garai desberdinetan hartutako ur laginak alderatuta, adibidez, espezie jakin baten jokaera edo migrazioa ondoriozta daiteke. Rodriguez-Ezpeletaren iritziz, informazio genetiko horrek itsas bizitzari dagozkion neurriak hartzeko balio dezake. Gainera, arrainen genetikak eboluzioa hobeto ulertzeko ere balio duela adiera du. Datuak Gara egunkarian.

Geologia

Oraingoz, guztira 161 mineral identifikatu dira Marten. Lurretik kanpo, planeta horren mineralogia da hobekien ezagutzen dena, bertara egin diren hainbat misio espazialengatik eta gure planetara erori diren meteoritoengatik. Baina Lurrean zazpi mila mineral espezie ezagutzen dira. Ikerketa berri batek iradokitzen du Marteko mineral gabezia hori Lurrean baino paragenetiko gutxiago egoteagatik izan daitekeela; hau da, mineralak eratzeko abiapuntuko prozesu gutxiago daudela Marten. Informazio gehiago Zientzia Kaiera: Dibertsitate minerala Marten.

Fisika

Jorge Casanova Ikerbasqueko ikertzaileak eta fisikariak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Teknologia Kuantikoen Ikerketa-taldea aurkeztu berri du. QUENCH unibertsitate arteko proiektuaren parte izango dira, eta haren helburu nagusia teknologia kuantikoaren aurrerapenak medikuntzan aplikatzea izango da. Beste proiektuen artean, gaixotasunak goiz atzemateko tresna bat garatu nahi du Casanovak. Erresonantzia magnetiko nuklearrean oinarritutako gailu bat izango da, eta oso agente kaltegarriak detektatzeko gaitasuna izatea espero da. Azalpen guztiak Berrian.

Osasuna

Gizakion plazentan mikroplastikoak aurkitu dituzte. 62 giza plazenta analizatu dituzte gas-kromatografia eta masa-espektrometria erabilita, eta lagin guztietan topatu dituzte mikroplastikoak. Ikertzaileek azaldu dutenez, aurkitu duten plastikorik ohikoena eta ugariena polietilenoa izan da. Aurkitutako plastikoen % 54a material horrez osatuta zegoen, eta lagin guztietan azaldu zen. Bestalde, plazenta batetik bestera mikroplastikoen kontzentrazioa asko aldatzen zela adierazi dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

 

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #475 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #482

sam, 2024/03/02 - 09:00

Estalaktitaren printzipioak dio Kosmosaren legeek eta lege horien konstante fisikoen balioek bat etorri behar dutela estalaktiten existentziarekin. Ez esan horrelakorik irakurtzen duzun lehen aldia denik, printzipio antropikoa berdin absurdua baita (ala ez). Raiders of the lost purpose (2): The stalactite principle Jesús Zamoraren eskutik.

Zenbait hondakin nuklearren arriskua gutxitzeko pista eman dute talka egiten ari diren neutroi-izarretatik datozen grabitazio-uhinek. Measuring neutrons to reduce nuclear waste

Toxiko erradikal askea zein hainbat prozesutan parte hartzen duen mezulari biologikoa da oxido nitrikoa. Landareek nola sortzen duten misterioa zen. Nitric oxide in plants, its mysterious origin revealed aurkikuntzan parte hartu duen ikertzaileetako batek, Daniel Marinok.

Partikula-detektagailu bat diseinatzeko eta eraikitzeko ezin da ohiko ingeniaritza erabili. Zenbait piezarako beharrezkoa da superordenagailuak erabiltzea, eta horiek eraginkortasunez erabiltzeko, beharrezkoa da piezak parte hartuko duen prozesuaren nondik noreakoak ulertzea eta koderik onena diseinatzea. DIPCko jendeak bere superordenagailua dauka eta badakite nola erabili. Parallelization of multipacting simulation codes

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #482 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Animalia-elektrizitatearen teoria

ven, 2024/03/01 - 09:00

“Frankenstein edo Prometeo modernoa” eleberria idazteko Mary Shelley idazlea bi zientzialarien lanean inspiratu zen. Bat, Luigi Galvani mediku eta fisikaria izan zen eta, bestea, haren iloba Giovanni Aldini fisikaria.

Luigi Galvanik uste zuen bazela animalia-elektrizitate izeneko zerbait: hildako animaliei korronte elektrikoak aplikatzean, muskuluak uzkurtu egiten ziren. Urte batzuk beranduago, Luigiren ilobak, Giovanni Aldinik osabaren bidea hartu eta korronte elektrikoen eragina probatu zuen hilotzetan, berpizkundea posible zen aztertzeko.

Gaur egun, badakigu animalia-elektrizitate hori ez dela existitzen, gertatzen dena da zelulak elkarri bulkada elektrikoen bidez komunikatzen direla.



UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Animalia-elektrizitatearen teoria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Emakumeak teknologiaren historian: asmatzaileak eta aitzindariak

jeu, 2024/02/29 - 09:00

Emakumean teknologiaren historian. Asmatzaileak eta aitzindariak liburua 2020. urtean argitaratu zen. Gontzal Avila da egilea eta argitalpenaren helburua da historian zehar teknologiaren esparruari ekarpenak egin dizkioten emakumeak ezagutzera ematera. Izan ere, emakume gutxik lortu dute, alde batetik, aitortza beren asmakizunetatik eta, bestetik, lanetatik bizitzea eta gizartearen esker ona jasotzea.

asmatzaileak eta aitzindariak

Emakumean teknologiaren historian. Asmatzaileak eta aitzindariak azken 200 urteotan teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak biltzen ditu. Mundo osoko 150 emakumeren istorio bitxiak eta, gehienak, harrigarriak erakusten dira liburuan. Hauen artean 6 emakume euskaldun ere aurki daitezke, adibidez, Cesarea Garbuno Arizmendi enpresaburua Euskal Herriko lehen petrolio findegia martxan jarri zuenak Pasaian 1883an.

Egilearen esanetan liburu hau urrats txiki bat baino ez da, teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak nabarmentzeko. Kasu batzuetan protagonisten informazio zabala eskaintzen da (90 bat emakumeren kasuan) eta, beste batzuen kasuan gutxiago, ezbaitira ezagutzen hauei buruzko datu asko eta beraien ekarpenak labur azaldu dira.

Argitalpena ez da historia liburu bat, publiko zabalari zuzendua dagoen dibulgazio-liburua baizik, arlo teknologikoan emakumeek egindako ekarpenak bistaratzeko. Besteak beste, informatikan, elikagaien kontserbazioan, eraikuntzan, energian, txirrindularitzan, autogintzan, astronomian, altzairugintzan, optikan edo robotikan egin dituzte ekarpenak jaso dira argitalpenean. Gontzal Avilaren hitzetan, edonor murgildu daiteke liburuan eta asmamena zorroztu zuten emakume aitzindarien nondik norakoak ezagutu:

Teknologiari lotua bada ere, bizitza historiak dira gehienak. Ez da historia liburu bat: istorioena baizik. Edozeinek irakur lezake erraztasunez: euskara maila ez baita zorrotzegia.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Emakumeak teknologiaren historian. Asmatzaileak eta aitzindariak
  • Egilea: Gontzal Avila
  • Itzultzailea: Iosune Avila
  • ISBN: 978-84-9109-497-5
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2020
  • Orrialdeak: 240 or.
Iturria:

Erein argitaletxea: Emakumeak teknologiaren historian. Asmatzaileak eta aintzindariak

The post Emakumeak teknologiaren historian: asmatzaileak eta aitzindariak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dibertsitate minerala Marten

mer, 2024/02/28 - 09:00

Gure planetako dibertsitate mineralogikoa handia da. Orain arte ia zazpi mila mineral espezie ezagutzen ditugu eta beste planetak aztertzen ditugunean geure buruari honako hauek galdetzen dizkiogu: Eguzki Sistemako beste planetetan edo gorputzetan antzeko kopurua izango dute? Beharbada Lurra muturreko adibidea da mineralen munduan?

Baina jarraitu aurretik, argi dugu zer den mineral bat? Substantzia solidoak dira, konposizio kimiko definitua dute, jatorri naturalekoak dira eta egitura kristalino ordenatua dute. Definizioa apur bat zabala dela iruditu arren, azken bi hamarkadetan nolabaiteko eztabaida dago, izan ere, konposatu organikoak (jatorri biologikokoak edo bat-batean agertzen direnak) mineralek diren eztabaidatzen jarraitzen baita.

Marten1. irudia: Perseveranceko WATSON kamerak Marteko arroka baten gertuko irudia hartu zuen eta ondoren analizatu egingo da osaera jakiteko. Irudian zenbait mineral ikusten dira, zeharrargia da bat eta horrek deitu du zientzialarien arreta. (Irudia: NASA/JPL Caltech-en eskutik)

Geologoentzat mineralak bitxiak edo bilduma egiteko elementuak baino gehiago dira, planetetan 4500 milioi urteko historian gertatutako prozesuak ezagutzeko lagungarriak izan baitaitezke. Seguru asko planeta lurtarrek, Merkuriotik Martera, antzeko eboluzio mineralogikoa izango zuten haurtzaroan, baina pixkanaka desberdindu egin zen bakoitzaren berezitasunen ondorioz.

Barnealdeko planetok antzeko elementu eta mineralak genituen abiapuntuan, eratu ginen disko protoplanetarioan genuen kokapenaren ondorioz. Planetak eratzeko prozesu guztiak amaitu ondoren, seguru asko lau planeta horietan zeuden lehenengo mineralak oso antzekoak izango ziren kopuruan eta osaeran, planeten haurtzaroko lehen etapetan zegoen magma ozeanoa kristalizatzearen ondorioz sortu izango baitziren.

Baina etapa horren ondoren hasitako eboluzio prozesuak oso desberdindu gaitu: atmosfera egotea ala ez, plaken tektonika edo bizitza agertzea dira planetetan mineralen dibertsitate handiagoa edo txikiagoa markatu ahal izan dutenak.

Eta hemen dator gaurko artikuluan aipatu nahi nuen bigarren terminoa: modu paragenetikoak. Mineralak eratzeko abiapuntuko prozesuak sartzen dira hor, hau da, atomo multzo solido edo likido bat nola den gai birkonfiguratu eta mineral bat edo gehiago eratzeko. Modu horiek prozesu natural ugari dira eta mineral berriak eratzen dira ondorioz.

Marten2. irudia: Marteko meteorito baten irudia, mikroskopio elektronikoz lortua; aipatutako mineraletako batzuk ikus daitezke. (Irudia: NASAren eskutik)

Modu paragenetikoen adibideetako batzuk gas edo likido batetik eratzea da -kondentsazioz, prezipitazioz…- eraldaketa fisikoak ere egon daitezke tximistak jo duelako, meteoritoek talka egin dutelako edo eskualde-metamorfismoko fenomenoak izan daiteke, uraren eta arroken elkarreragin edo bizitzaren eraginez ere eratu daitezke mineralak, biomineralizazioak esaterako.

Marte da ongien ezagutzen dugun planetetako bat bi arrazoiren ondorioz: batetik, behatzeko eta analizatzeko gaitasuna duten misio espazialak egin direnez, azaleko mineralak ezagutu ahal izan ditugulako orbitatik, kontakturik izan gabe. Bestetik, gure planetara erori diren meteoritoei esker; horiek zehatz aztertu baititzakegu lurreko laborategietan. Dena dela, guztira 161 mineral baino ezin izan dira identifikatu.

Ikerketa berri batek (Hazen et al. (2023)) iradokitzen du mineral gabezia hori Marten Lurrean baino paragenetiko gutxiago egoteagatik izan daitekeela… Zergatik? Gure planeta besteekin alderatuz gero apur bat berezia delako, orain arte dakiguna kontuan izanda bederen.

Marten3. irudia: Curiosityk Marten hartutako X izpien difrakzio patroia. Irudi hau bezalako har ditzakeen tresnei esker, Marteko arroken eta azaleraren osaera jakin dezakegu azaleko misioekin. (Irudia: NASA/JPL-ren eskutik)

Hasteko, gure planetan isurien –ura, esaterako- eta arroken arteko elkarreraginek eskala handiagoa dute Marten baino plaken tektonikari esker, subdukzioari eta arrokak apurtzeko prozesuen bidez baino eta horren ondorioz gure planetan elkarreragin mota horiek gehiago dira.

Presio altuko metamorfismoa ere bada, kontinenteek talka egitean gertatzen da hori eta plaken tektonika behar da horretarako eta, jakina, biziaren eragina ere bai mineralak sortzean.

Aipatu ditugun hiru prozesu horiek izango lirateke beharbada, artikuluaren egileen esanetan, gure planetako mineralen dibertsitatearen %80aren arduradunak eta modu paragenetiko horiek soilik Lurrean gertatzen dira oraingoz edo esparru mugatuagoa dute beste planetetan.

Marten 161 mineral besterik ez dagoela esan nahi du horrek? Ez, gehiago ere egongo dira beharbada, azalera harramazkatzen baino ez baikara hasi eta baliteke sakonago ere mineralak egotea edo eskuragarri ez egotea prozesu hidrotermalen bidez edo ukipen-metamorfismoko fenomenoen bidez, hala nola sumendien eremuan gerta zitekeena, baina dena dela, ikertzaileek uste dute Lurrean baino askoz mineral gutxiago egongo dela.

Zalantzarik ez da mineralek planeten eta beste gorputz batzuen historia hobeto ezagutzen lagun diezaguketela, baina oraindik bide luzea dugu egiteko horien konposizioa zehar aztertu ahal izan arte. Orduan baino ezingo dugu esan… egiaz hain desberdinak gara?

Erreferentzia bibliografikoa:

Hazen, Robert M.; Downs, Robert T.; Morrison, Shaunna M.; Tutolo, Benjamin M.; Blake, David F.; Bristow, Thomas F.; Chipera, Steve J.; McSween, Harry Y.; Ming, Doug; Morris, Richard V.; Rampe, Elizabeth B.; Thorpe, Michael T.; Treiman, Allan H.; Tu, Valerie M.; Vaniman, David T. (2023). On the diversity and formation modes of martian minerals. Journal of Geophysical Research: Planets, 128, 9. Doi: 10.1029/2023je007865

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 18an: La diversidad mineral en Marte.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dibertsitate minerala Marten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bakterioak, begi hutsez ikusten ez diren gaztagile txikiak

mar, 2024/02/27 - 09:00

Idiazabal gaztaren ezaugarriak zehazteko mikrobiotak duen garrantzia aztertu du Gorka Santamarina ikertzaileak. Zaporean, testuran eta aroman funtsezkoak dira bakterioak.

Milurtekoak dituen jarduna da gaztagintza, eta, funtsean, denbora honetan guztian produktua egiteko oinarrizko moduak ez dira asko aldatu. Prozesuari berari dagokionez, tartean dauden faktoreen inguruko ezagutza, ordea, izugarri handitu da. Besteak beste, orain gai gara analisi mikrobiologikoak egiteko, eta, are gehiago, analisi horietan ere hobekuntza handiak egiten ari dira.

Aldaketa horietako batzuk DNAren analisiari dagokie. Izan ere, Idiazabal gaztaren mikrobiota edo bakterioen osaketa aztertzerakoan, orain arte bide tradizionalak erabili izan dira: batez ere, mikrobiologian ohikoak diren agar edo gelatinak izan dira abiapuntu; horietan, mikroorganismoak hazten dituzte, eta, behin hazita, daukaten morfologia, tamaina edo kolorea aztertzen dituzte.

bakterioak1. irudia: gaztan dagoen mikrobiota aztertzeko ohiko teknikak erabili izan dira, baina gero eta gehiago erabiltzen ari dira teknika metagenomikoak. (Argazkia: Nuria Gonzalez / UPV/EHU)

Metodo horren arazoa da agar batean hazi daitezkeen mikroorganismoak behar bezalako dentsitate eta kopuruetan lortzea ez dela erraza, eta oso zaila dela ere kopuru txikietan dauden mikroorganismoak identifikatzea. Horregatik, azken urteotan teknika metagenomikoen alde egiten ari dira UPV/EHUko Lactiker ikerketa-taldean, Gorka Santamarina doktorego aurreko ikertzailek azaldu duenez. “Bide hau erabilita, laginetatik bakterioen DNA guztia erauzten dugu. Bada, DNA horretan genoma batzuk oso egonkorrak direnez, eta bakterioaren generoari edo espeziari lotuta daudenez, datu baseekin alderatuta, jakin dezakegu zer bakterio ditugun lagin batean”. Horri esker, eskuratzen duten bereizmena izugarri handia da: “Agian 2.000 bat espezie egon daitezke, eta horietako batzuen kopurua laginaren %0,01 edo gutxiagokoa izan daiteke”.

Idiazabal gaztaren bakterioak helburu

Idiazabal gaztan bakterio hauek duten presentzia eta funtzioa ikertzen ari da Santamarina, horretarako produktuaren elaborazioaren prozesu guztia aintzat hartuz: esnean, gazta egiten den bitartean eta merkaturatzeko prest dagoen gazta helduan.

Orain arte egindako ikerketan egiaztatu ahal izan dutenez, esne gordinetik gazta freskorako eboluzioan mikroorganismoen biodibertsitatea txikiagoa da, eta bakterio asko desagertzen dira. Baina ondoren, gazta heltzen den heinean, biodibertsitatea handitzen da, beste bakterio batzuk agertzen direlako, bai genero kopuruan zein ehunekoetan.

Agerikoa denez, bakterio hauek guztiak ezagutzea funtsezkoa izan daiteke Idiazabal gazten kalitatea zein segurtasuna ziurtatzeko. Bakterio horien artean, garrantzitsuenak laktosa hartzitzen duten bakterio azido laktikoak dira. “Gazta egiterakoan gehien erabiltzen den kultibo abiarazlea kategoria horretakoa da”, azaldu du Santamarinak. Baina, horiez gain, laginketetan abiarazle ez diren bakterio azido laktikoak identifikatu dituzte ere. Hirugarren talde garrantzitsuena inguruneko bakterioek osatutakoa da. “Horiek ez dira desiragarriak gazta egiteko; adibidez, patogenizitatea izan dezaketen bakterioak izan daitezkeelako”. Ikertzaileak gogora ekarri du berez listeriosia moduko gaitzak ager daitezkeela gaztak egiterakoan, baina oso argi utzi nahi izan du horrelakorik oso gutxitan gertatzen dela.

Dena dela, segurtasuna bermatu aldera, gizakiarentzat kaltegarri diren halako bakterio ez desiragarrietan ere arreta jarrita daukate. Hala, arazoren bat agertuz gero, gordailua zein den argitu ahalko lukete, gaztagileek eta artzainek horrelako arriskuak are gehiago saihestu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, prozesuagatik beragatik, gaztaren bilakaerak aurrera egiten duen heinean, arriskuak gutxitzera jotzen du. “Esne gordinean zein gazta egiteko prozesuan bakterio ez desiragarri hauek egon badaitezke ere, ikusi dugu prozesuaren amaieran gaztan bakterio azido laktikoak gailentzen direla”, nabarmendu du ikertzaileak.

Bakterio horien inguruan ahalik eta mapa osatuena lortzeko, gaztagintzan erabiltzen diren osagaiak ere aztertzen ari dira. “Adibidez, gaztari gatzagia gehitzen zaio, eta produktua gatzunean sartzen da ere. Horiek izan daitezke bakterio iturri”. Bide bera jorratuz, uneotan aztertzen ari dira bakterioek jarraitzen dituzten bideak. “Baten bat aipatzearren, ardiei ematen zaien pentsua desberdina izan daiteke; ikusi nahi dugu horrek gero eragina duen mikrobiotaren osaketan”. Ardiei pentsua ematen baldin bazaie, erdi gordinean topatutako mikrobiotaren %30 pentsu horretan jatorria duela uste dute.

2. irudia: UPV/EHUko Lactiker ikerketa-taldean Idiazabal gaztaren bakterioak eta bakterio osaketa ikertzen ari da Gorka Santamarina doktorego aurreko ikertzailea. (Argazkia: Gorka Santamarina)

Osagaiez harago, gaztandegiak ere aztertzen ari dira, mikrobiomaren jatorria argitu aldera. “Edozein lekutan bezala, bertako gainazaletan ere bakterioak topatzen ditugu”. Adituaren esanetan, bakterio konposaketa oso ezberdina da gazten artean, batez ere bakterio azido laktiko ez abiarazleak direla eta.

Segurtasuna eta kalitatea hobetzeko estrategiak lortzeaz gain, zientzialariak ahalegintzen ari dira produktuaren jatorria bermatzen lagunduko luketen adierazleak aurkitzen. “Hori da gure azken helburua”, adierazi du Santamarinak. Hala, jakin nahi dute ingurunearekin erlazionatuta egon daitekeen nolabaiteko mikrobiota bat ote dagoen. “Trazabilitateari begira, ikusi nahi dugu ea joera edo patroiren bat dagoen, etorkizunean esan ahal izateko Idiazabal gazte diren ala ez” aurreratu du zientzialariak. Baina, modu berean, egiaztatu behar dute epe luzera begira emaitza berdinak mantentzen ote diren.

Bide batetik baino gehiagotik lortu ahalko lukete hau, Lactiker diziplina arteko ikerketa-taldea delako. “Gure taldeko ikertzaile nagusi Luis Javier Rodriguez esnean zein gaztan agertzen diren hainbat konposaturen bitartez mendiko gazta direnak eta ez direnak bereizten ahalegintzen ari da. Ardiak mendian larratu edo ez, horren arabera gero produktuetan zenbait konposatu agertzen direlako”.

Besteak beste, gaztandegietako mikrobiotaren eta amaierako gaztaren kalitatearen edo segurtasunaren artean dagoen lotura aztertzen ari dira.

“Azken finean bakterioak organismo biziak dira, eta gazta heldu bitartean ematen diren hainbat erreakzio biokimikotan aurki daitezke”. Batez ere gaztaren zaporean eta testuan eragiten dituzten erreakzio biokimikoetan parte hartzen dute bakterioek. Horietako bat da lipolisia: esnearen gantza edo triglizeridoen hidrolisi entzimatikoa egitean, gantz azido askeak askatzen dira. Protolisiaren kasuan, aldiz, proteinen hidrolisia gertatzen da, eta, ondorioz, aminoazido askeak eta peptidoak sortzen dira. “Hauek guztiek zuzenean zaporean eragiten dute; aminoazido eta peptidoen kasuan, testuran ere eragiten dute”, argitu du ikertzaileak. Horrez gain, bakterioen metabolismoek konposatu lurrunkorrak sortzen dituzte. “Eta horiek dira, haina justu, aroma zehazten dutenak”.

Aromari lotutako konposatuak aztertuta, ikusi dute alde handiak daudela, eta hori gazta bakoitzean aurkitzen dituzten mikroorganismoekin erlazionatuta dagoela. Kasurako, inguruko bakterio ez desiragarriak sufredun konposatuekin edo hidrokarburoekin erlazionatuta daude, eta horiek ez dira, noski, Idiabazal gaztaren onerako. “Aldiz, bakterio azido laktikoak lotuta daude esterren, alkoholen edo azidoen sintesiarekin, eta horiek, adibidez, interesgarriagoak dira gaztarako”, laburbildu du adituak-

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Santamarina-Garcia, Gorka;  Hernandez, Igor;  Amores, Gustavo eta Virto, Mailo (2022). Characterization of Microbial Shifts during the Production and Ripening of Raw Ewe Milk-Derived Idiazabal Cheese by High-Throughput Sequencing. Biology, 11(5), 769. DOI: 10.3390/biology11050769
  • Santamarina-Garcia, Gorka; Amores, Gustavo;  Lopez de Armentia, Emma; Hernandez, Igor eta Virto, Mailo (2022). Relationship between the Dynamics of Gross Composition, Free Fatty Acids and Biogenic Amines, and Microbial Shifts during the Ripening of Raw Ewe Milk-Derived Idiazabal Cheese. Animals, 12(22), 3224. DOI: 10.3390/ani12223224
  • Santamarina-Garcia, Gorka; Amores, Gustavo; Hernandez, Igor; Moran, Lara;  R. Barron, Luis Javier eta Virto, Mailo (2023). Relationship between the dynamics of volatile aroma compounds and microbial succession during the ripening of raw ewe milk-derived Idiazabal cheese. Current Research in Food Science, 6, 100425. DOI: 10.1016/j.crfs.2022.100425
Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Bakterioak, begi hutsez ikusten ez diren gaztagile txikiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lehortearen arriskua adierazten duten zuhaitzak

lun, 2024/02/26 - 09:00

Lehortea mundu osoko baso ekosistemei eragiten ari da, modu masiboan, eta ezinbestekoa da lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasuna ulertzea. UPV/EHUk parte hartu duen azterlan baten arabera, zuhaitzen hazkundearen eta klimaren arteko desakoplamendu batek eragin dezake heriotza tasa hori. Hala, eskuragarritasun hidrikoaren aurrean zuhaitzen hazkundeak duen sentikortasuna erabil liteke heriotzaren alerta goiztiarrerako seinale gisa. Adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Lehortearekin lotutako zuhaitzen heriotza masiboak mundu osoan ugaritu dira azken hamarkadetan, eta horrek eragina izan du basoko ekosistemen egituran eta funtzionamenduan. Dena den, lehorteak eragindako heriotzaren aurrean zuhaitzek duten banakako zaurgarritasunari buruzko ezagutza mugatua da oraindik. Orain dela gutxi ikerketa bat argitaratu dute Frontiers in Forests and Global Change aldizkarian arazo hori argitzen laguntzeko. “Espainia erdialdeko baso hedadura zabal batean gertatutako heriotza masiboa eragin zuten faktoreak identifikatzea izan zen azterlanaren helburua; Pinus sylvestris L. espeziea gailentzen zen eremu hartan, oso hedatuta dagoen eta garrantzi ekonomiko eta ekologiko handia duen espezie bat”, aipatu du Asier Herrerok, UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko irakasle laguntzaile doktoreak.

lehortearenIrudia: ikusi da lehortearen intentsitatea hazten zioan heinean, zuhaitz hildakoek hazkundearen sinkronia txikiagoa zutela zuhaitz biziek baino. (Argazkia: Masood Aslami – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pexels.com)

Horretarako, hazkunde erradialaren patroiak alderatu zituzten bizirik zeuden eta duela gutxi hil ziren banakoen bikoteetan. Oso gertu zeuden eta antzeko adina eta tamaina zuten banakoak aukeratu zituzten azterlanerako. Hala, isolatu egin zituzten tamainarekin eta heriotza prozesuaren ingurunearekin lotutako efektuak. Honako hauek alderatu zituzten zuhaitz bizien eta hilen artean: hazkundearen denborazko dinamika, hazkundearen sinkronia (banakoen artean denboran zehar bat datozen urteroko patroiak) eta hazkundeak uraren eskuragarritasunarekiko duen sentikortasuna (honela kalkulatuta: prezipitazioa ken ebapotranspirazio potentziala).

Azken 50 urteetan ez zen hauteman desberdintasun nabarmenik zuhaitz bizien eta hilen artean. Dena den, lehortearen intentsitatea hazten zioan heinean, zuhaitz guztietan hazkundearen sinkronia ere hazi zela hauteman zen, baita uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasuna ere (hau da, balantze hidrikoaren malda hazkunde ereduan). “Hil baino 20 urte lehenago, hildako banakoek hazkundearen sinkronia txikiagoa zuten banako biziek baino, eta uraren eskuragarritasunarekiko sentikortasun txikiagoa”, nabarmendu dute ikertzaileek.

Hazkundearen sinkronia eta uraren eskuragarritasunarekiko hazkundearen sentikortasuna murriztu izanak honako hau iradokitzen du: desakoplamendua dagoela zuhaitzen hazkundearen eta klimaren artean. Horrek handitu egin dezake akats hidrauliko bat gertatzeko eta karbonoa falta izateko arriskua, baldintzak gero eta lehorragoak baitira. Hala, zuhaitzen heriotzaren alerta goiztiarreko seinale gisa erabil liteke hazkundeak eskuragarritasun hidrikoarekiko duen sentikortasuna. Merezi du etorkizunean gai hau sakonago aztertzea; batez ere, sasoiaren araberako lehortea izaten duten eremuetan. Heriotza arriskuaren adierazle mota horiek oso lagungarriak izan daitezke basoko ekosistemetan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hari egokitzeko neurriak diseinatzeko orduan.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Zuhaitzen heriotza arriskuaren adierazleak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Herrero, Asier; González-Gascueña, Raquel; González-Díaz, Patricia; Ruiz-Benito, Paloma; Andivia, Enrique (2023). Reduced growth sensitivity to water availability as potential indicator of drought-induced tree mortality risk in a Mediterranean Pinus sylvestris L. forest. Frontiers in Forests and Global Change, 6. DOI: 10.3389/ffgc.2023.1249246

The post Lehortearen arriskua adierazten duten zuhaitzak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #474

dim, 2024/02/25 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ariketa

Matematika

Bi ikertzailek Lenstra-Lenstra-Lovász (LLL) estiloko algoritmo kriptografiko bat eguneratu dute. Ikertzaileek sistema horien sendotasuna hobetzeko lan egiten dute, izan ere, gure datuak sekretupean mantentzeko balio dute, baina badaude trikimailu kriptografikoak hauek desegitea lortzen dutela zenbait kasutan. Beraz, algoritmoa eguneratu eta bide berriak ireki dituzte kriptografiaren eta matematikaren arloan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Ingeniaritza

Historian lehen aldiz etengabeko energia sortu dute Antartikan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek. Lurraren barruko bero naturaletik lortu dute energia elektrikoa, eta Adventum izena jarri diote asmakizunari. Munduko sumendi gehienak ez daude monitorizatuta hornidura elektrikoaren faltagatik. Teknologia horri esker, behar den energia lortuko litzateke. Azalpenak Berrian: Etengabeko energia Antartikan.

Biologia

Kenyako Ol Pejeta sabanako lehoiek dieta aldatu dute inurri inbaditzaile batengatik. Lehoiek akazia zuhaitzak erabiltzen zituzten zebrak ehizatzerakoan ezkutatzeko, baina geroz eta akazia gutxiago dago parke horretan. Zuhaitz horiek harreman mutualista dute Crematogaster mimosae espezieko inurriekin, elefanteek zuhaitzak birrintzea ekiditen baitute. Baina 2014an Pheidole megacephala inurri inbaditzailea azaldu zen Ol Pejetan, eta ekosistema osoa hankaz gora jarri du. Datu guztiak Berrian: Bizidun txiki bezain baliotsuak.

UPV/EHUko Zientzia- eta Jasangarritasun-Hezkuntzarako ikerketa-taldeko Oier Pedrera ikertzaileak landareekiko itsutasunaren fenomenoa azaldu du Zientzia Kaieran. Fenomeno horrek azaltzen du, oro har, inguruko landareez ohartzea kostatzen zaigula, bai eta haiek identifikatzea eta haien garrantzia balioestea ere. Jatorri ebolutiboa du fenomeno horrek,  gizakion garunak landareak baztertzeko eboluzionatu baitu, animalien siluetak hobeto identifikatzeko. Hala ere, hainbat ikerketen arabera, landareekiko itsutasunaren eragile nagusienetarikoak faktore soziokulturalak dira. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Ez da erraza berdea izatea.

Osasun-azterketa baten arabera, basoilar piriniarren % 60 odol-parasitoekin kutsatuta daude. Iberiar Penintsulan bi basoilar espezie ditugu, kantauriarra eta piriniarra, eta biak desagertzeko arriskuan daude. Espezie piriniarrarekin egindako ikerketa batek ikusi du animalien erdia baino gehiago Haemoproteus eta Leucocytozoon generoetako odol-parasitoekin kutsatuta daudela. Emaitzak ezustekoa izan dira ikertzaileentzat, eta uste dute litekeena dela klima-aldaketak erraztu izana parasito horien hedapena. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Antropologia

The Spinning-Woman by the Spring ipuinaren jatorria aztertu dute genetikaren berezko teknikak erabiliz. Ipuin horren bertsio desberdinak daude Europa osoan zehar eta Asiaren zati batean, eta ikertzaileek 31 talde etnolinguistikori zegozkien 700 aldaera aztertu zituzten.  Hainbat indize kalkulatu ostean, emaitzek erakutsi zuten identitate etnolinguistikoa oztopo handia dela ipuinak eta beste elementu kultural batzuk transmititzeko orduan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran: Ipuin baten filogenia.

Osasuna

Ariketa fisikoaren onurak nabarmenagoak dira emakumeetan. Hala ondorioztatu du AEBn egindako ikerketa zabal batek. Ariketa egiten duten emakumeek egiten ez dutenek baino % 24 arrisku txikiagoa dute hiltzeko edozein arrazoirengatik; gizonen kasuan, aldea % 15ekoa da. Horretaz gain, emaitzek erakutsi dute emakumeek kirolarekin onura handiagoa jasotzen dutela, denbora-tarte txikiagoan. Ezaugarri anatomikoei eta fisiologikoei egotzi dizkiete diferentzia horiek. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Nazioarteko ikertzaile-talde batek salatu du osasun-konpainiek mezu feministak baliatzen dituztela oinarri zientifikorik gabeko zerbitzuak saltzeko. Saldu nahi dituzten produktuen artean, bularreko minbizia diagnostikatzeko testak, menopausia arintzeko hormona-tratamendua edota disfuntzio sexuala tratatzeko botikak daude. Egileen esanetan, alferrikako kezka sortzen dute, medikalizazioa bultzatzen dute eta indibidualismoa indartzen dute. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Nerabeen buru-osasuna babesteko hirien gakoak zerrendatu ditu ikerketa batek. Hirien 37 ezaugarri aztertu dituzte, 53 herrialdetan, eta hainbat eremu sozioekologikoetan multzokatu dituzte. Emaitzen arabera, espazio komunitario aske eta seguruak izatea da faktore nagusien artean lehenengotakoa. Faktore kaltegarrienen artean, berriz, gutxiengoan dauden taldeekiko aurreiritziak daude. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua Edzard Ernst eta Simon Singhek publikatu zuten 2008 urtean. Bertan, terapia alternatiboen eraginkortasunari buruzko frogak eta ebidentziak bildu eta aztertu zituzten egileek. Horretarako, mundu osoan hainbat hamarkadetan burututako ikerketa medikoetan oinarritu ziren. Hau da, liburuak begirada zientifikoa ematen dio tratamendu alternatiboei. Liburu honen inguruko informazio gehiago topatu daiteke Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #474 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #481

sam, 2024/02/24 - 09:00


Gure portaeraren funtsezko determinatzailea genetika da, eta, kultura, berriz, denbora-apaingarri hutsa? Galdera ona kakalardo pilotagile batentzat. Dilemmas TILKUTen eskutik.

Beroak zarata egiten duela? Hori nola izango da? Batzuetan, beroa, energia trukatzeko modu bat dela gogora dezagun, ba, fluido bat bezala jokatzen du, eta fluidoetan uhinak daude. First direct images of second sound, a wave-like heat

Modu zoroan diseinatutako bateria eramangarriak daude, eta planetak baliabide mugatuak dituela kontuan hartuta diseinatutako bateri eramangarriak daude. BCMaterials: Fit-to-purpose power sources: portable batteries ecodesigned within the planetary boundaries

Gutxieneko bideragarritasun ekonomiko erreala izatea nahi bada (dirulaguntzarik gabe), hidrogeno berdearen oinarrizko prozesuaren kimika industriala diseinatu beharko da lehenik. DIPCko jendea horretan ari da: The stabilizing effect of a binder for transition metal oxides to sustain water oxidation in acidic environments

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #481 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kiñuren begirada: ura

ven, 2024/02/23 - 09:00

Martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Efemeride horren helburua da uraren garrantziaz eta beharraz kontzientziatzea. Izan ere, ura ezinbestekoa da bizidunentzat.

Ura, koloregabeko likidoa da eta baita, oinarrian, usaingabe eta zaporegabea. Ura lotura kobalentez elkartutako bi hidrogeno atomoz eta oxigeno atomo batez osatuta dago eta bere formula molekularra H2O da. Ura egoera solidoan (izotza), likidoan (ur-likidoa) edo gas-egoeran (lurrina) aurki dezakegu.

Hizkera arruntean Lurrari “planeta urdina” esaten bazaio ere, bertan ur ugari dagoelako, kontsumorako ura oso ondasun urria da. Gure planetan dagoen ur-kantitateari erreparatuz gero ikusiko dugu ur geza, gizakiok zuzenean aprobetxa dezakegun hori (edateko ura), planetako ur guztiaren % 3 baino ez dela.

Kiñu kirikinoak urari buruzko hainbat datu interesgarria emango dizkigu baliabide honen inguruan gehiago jakiteko.
ura

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.

Egileaz:

Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.

The post Kiñuren begirada: ura appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban

jeu, 2024/02/22 - 09:00

Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua. 2008. urtean publikatu zuten Edzard Ernst eta Simon Singhek. Ernst Medikuntzan doktorea eta dibulgatzailea da eta Singh Partikulen Fisikan doktorea eta zientzia-kazetaria, eta mundu osoko milaka ikertzailek hainbat hamarkadetan burututako ikerketa medikoetan oinarritzen da liburua.

Gaur egun Erresuma Batuko erregea den Charles III.ri eskaini zioten egileek liburua. Izan ere, ezaguna da monarka honen babesa homeopatia bezalako sasizientzia eta terapiei. Izan ere, egileek aipatzen duten bezala, farmaziak horrelako tratamenduz beteta daude, aldizkari eta egunkarietan idazten hauei buruz, Interneten hitz egiten da haietaz eta milaka milioi lagunek erabiltzen dituzte, baina mediku gehientsuenak eszeptizismoa begiratzen diete.

Medikuntza alternatiboen hauspoaren aurrean egileek, besteak beste, akupuntura, homeopatia, aromaterapia, erreflexologia, kiropraktika eta sendabelarren medikuntza aztertzen dituzte. Alde batetik, haien onurak -baldin eta frogatuta badaude- eta, bestetik, balizko arriskuak ikusteko. Horrela, terapia alternatiboen eraginkortasunari buruzko frogak eta ebidentziak bildu eta aztertu zituzten egileek, Koseko Hipokratesek esandako esaldi bat ardatz hartuta:

Berez, bi gauza daude, zientzia eta iritzia: lehenengoak jakintza sortzen du; bigarrenak, ezjakintasuna.

Hipokratesek hitz horiek duela 2.000 urte baino gehiago idatzi zituen arren, denbora asko behar izan da hauek serio hartzeko. Egia da zientziaren emaitzak ez direla inoiz osoak eta perfektuak, baina, urratsez urrats, egiara hurbiltzen gaitu. Zientziak esperimentuak, behaketak, saiakuntzak, arrazoinamendua eta eztabaidak erabiltzen egiaren inguruko adostasun objektibo batera iristeko. Behin ondorio bat erabakita dagoenean ere, zientziak ikertu eta zirikatu egiten du berak aldarrikatu duen horrek akatsen bat ote duen hausnartzeko. Aldiz, iritziak, subjektiboa dira eta arrazoia izan ala ez, harreman eta kanpaina publikoetarako aukera eta bide gehiago duenak ditu aukera gehien bere iritzia bultzatzeko.

Hori dela eta, liburuak begirada zientifikoa ematen dio tratamendu alternatiboei. Zein terapia da baliagarri eta zein ez? Zein da segurua eta zein arriskutsua? Galdera horiei erantzuteko ebidentzian oinarritutako medikuntzaren printzipioak erabili dituzten egileek terapia alternatiboak aztertzeko orduan, hauen eraginkortasunari buruz zer jakin nahi duenarentzat edota honako tratamendu bat hartzea pentsatzen ari den edonorentzat lagungarria izateko asmoz.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban
  • Egilea: Edzard Ernst eta Simon Singh
  • Itzultzailea: Aiora Odriozola Zendoia
  • ISBN: 978-84-92457-54-0
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2010
  • Orrialdeak: 329 or.
Iturria:

Elhuyar: Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban

The post Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ipuin baten filogenia

mer, 2024/02/21 - 09:00

Hitz gutxitan esan dezakegu zenbat eta antzekoagoa den bi norbanakoren genoma, orduan eta hurbilen ahaidetuta egongo direla. Baieztapen horrek ere balio du birusentzat, ugaztun espezieentzat edo baita espezie bereko norbanakoentzat ere. Horiek horrela, bi bikik (obulu bakarretik sortuak) ez lukete alderik izango beren genoma nuklearrean (baina bai mitokondrialean; hala ere, hori beste egun baterako gaia da), eta khoisan etniako gizabanako baten eta nire genomaren artean alde nabarmenak egongo dira. Genomaren nukleotidoen sekuentziaren antzeko logika aplikatu dakieke proteinen aminoazidoenari.

Ipuin1. irudia: Gustave Doré artistaren ilustrazioa, Les Contes de Perrault libururako. Paris, J. Hetzel, 1867.

Genetika molekularreko teknikei esker, eta analisi matematiko sofistikatuen bidez, iraganean organismoen leinuek eginiko ibilbidea ezagutu daiteke. Espezie, genero, familia eta antzeko multzoetan ere sailka daitezke, euren arteko hurbiltasun (filo)genetikoaren arabera. Oro har, zenbat eta antza handiagoa duten klado bateko kideen genomen nukleotidoek edo proteinen aminoazidoek (izan espezie bateko, genero baten espezie bateko, familia baten genero bateko edo beste edozein maila taxonomikoko norbanakoak edo populazioak), orduan eta denbora gutxiago igaro da desberdinak diren horiengandik bereizi zenetik. Azken finean, ahaidetasun mailak, hain zuzen ere, denbora hori adierazten du.

Bada, antzeko logika aplikatu dezakegu, organismo batenaren ordez, elementu kultural baten historia aztertu nahi dugunean; hala nola ipuin batena, adibidez, gure garaira iritsi diren bertsio desberdinetan denboran zehar ipuinean mantendu edo galdu diren alderdiak identifika badaitezke. Horiek horrela, organismo biologikoen historia azaltzeko erabiltzen diren metodo matematikoen antzekoak erabil daitezke, baina, kasu honetan, ez da genomaren antzekotasuna edo desberdintasuna aztertuko istorio beraren bi bertsiotan, adierazi berri ditugun elementu horiek baizik. Hau da, SARS-Cov2-ren aldaeren proteina jakin batzuetako aminoazidoen sekuentzia edo zenbait ugaztun espezieren hemoglobinena aztertzen den modu berean, ipuin beraren aldaera edo bertsio desberdinek jasotzen dituzten elementuak azter daitezke, adibidez.

Horixe bera egin zuten The Spinning-Woman by the Spring (edo The Kind and the Unkind Girls) ipuinarekin. Ipuin horren bertsio desberdinak daude Europa osoan zehar eta Asiaren zati batean. Grimm anaien bilduman hiru aldaera jasotzen dira: Los tres enanitos del bosque, San José en el bosque eta Madre Nieve (Frau Holle). Aarne-Thompson-Uther sailkapeneko moten indizearekin bat, 480 motako ipuina da, Europan zehar ehunka aldaera dituena.

700 aldaera aztertu zituzten, 31 talde etnolinguistikori zegozkionak: alemana (61 aldaera), armeniera (3), bulgariera (8), txekiera (11), daniera (48), eskoziera (3), esloveniera (6), espainiera (11), estoniera (16), finlandiera (83), flandriera (6), frantsesa (16), grekoa (11), ingelesa (8), irlandera (22), islandiera (11), italiera (33), letoniera (13), norvegiera (48), poloniera (45), postugesa (2), errumaniera (4), errusiera (32), suediera (101), suediera Finlandian (25), suitzar alemana (3), turkiera (32), fino-ugriarrera Errusian (23), valoniera (3), euskara (2) eta jugoslaviera (13). Egileek 393 ezaugarri binario identifikatu dituzte; hau da, ipuinean egon daitezkeen edo egon ez daitezkeen 393 elementu. Ondoren, aldaera bikoteak aztertuta, bietako bakoitzaren artean dagoen distantzia neurtu dute. Distantzia Jaccard indizearen bidez zehazten da. Antzekotasunaren indize bat da (edo, nahiago bada, aurkakoarena). Indizea kalkulatzeko bi aldaerek partekatzen dituzten elementuak (intersekzioa) zatitzen dira aldaera horiek dituzten elementu guztien artean.

Aldaera bikoteen arteko antzekotasunaz gain, aldaeren jatorrizko herrien arteko distantzia geografikoa ere kalkulatu zuten, edo, datu hori ez bazuten, bi aldaerak sakabanatzen diren eremuetako zentroideen artekoa. Hizkuntzen arteko antzekotasunik ezeko matrize bat ere sortu zuten; horretarako, hizkuntza bikoteen arteko distantziak erabili zituzten, aurretiaz argitaratutako analisi filogenetikoetatik abiatuta zehaztu daitezkeen moduan. Familia berekoen kasuan, prozedura erraza da, baina talde desberdineko hizkuntzen (turkiar hizkuntzak, fino-ugriarrerak eta euskara) antzekotasunik eza zehazteko, familien arteko distantzia jakin bat esleitu zuten nahierara, molde honi jarraikiz: hizkuntza indoeuroparrekiko hain antzekoak ez diren bi hizkuntzen arteko distantzia bider 1,25. Azkenik, identitate entrolinguistikoko matrize bat egin zuten, ipuinaren aldaera indibidualetarako. Bi aldaera komunitate linguistiko berekoak direnean, euren arteko distantzia matrize horretan 0 izango litzateke; bi komunitate desberdineko bi aldaera baldin baditugu, berriz, distantzia matrizean 1 izango litzateke.

Ondorengo analisiak bi prozedura hartu zituen barne. Alde batetik, distantzia desberdinen arteko korrelazioen analisiak erabili zituzten (ipuinen, geografikoen, linguistikoen eta talde entolinguistikoen artean); eta, bestetik, bariantza molekularraren analisiak (AMOVA) aplikatu zituzten. Horri esker, kalkulatu ahal izan zuten aztertutako aldaeraren zer proportzio dagokien populazioen arteko aldeei (komunitate entolinguistikoak, kasu honetan) eta zer proportzio dagokien populazioen barneko aldeei. Ondoren, NeighbourNet bat eraiki zuten (bizilagunen sarea), komunitate etnolinguistikoen arteko taldekatzeak ikusteko, ipuinaren aldaeren arabera, baita euren arteko distantziak ere.

Aztertutako faktoreen artean, populazioen arteko distantzia geografikoa da ipuinaren bertsioen arteko aldakuntzaren frakziorik handiena adierazten duena. Are gehiago, aintzat hartzen bada hizkuntzen arteko aldeen zati handi bat geografiarekin lotuta dagoela, analisia distantzia geografikoa kontuan hartu gabe egiten bada, hizkuntzak ez du adierazten aldaeren aldakuntzaren frakzio nabarmenik.

Ez da gauza bera gertatzen, baina, identitate etnolinguistikoarekin. Izan ere, faktore horrek adierazi egiten du ipuinaren bertsioen aldakuntzaren frakzio nabarmen bat, baita distantzia geografikoaren efektua aintzat hartzen bada ere. Faktore horren efektua hain da garrantzitsua, non muga etnolonguistikoa eraikitzen duen oztopo kulturalaren efektua honen baliokidea baita: ipuinaren aldaeren arteko distantzia geografikoa bider 10eko faktore bat. Horrek esan nahi du kultura bereko baina 100 km-ko distantziara dauden bi ipuinek, bataz beste, bi kultura desberdineko baina 10 km-ko distantziara dauden bi ipuinen arteko antzekotasun maila bera daukatela.

Ipuin2.irudia: Aztertutako herrien multzorako lortutako NeighbourNet-ak bost taldekatze handi islatzen ditu.

Aztertutako herrien multzorako lortutako NeighbourNet-ak bost taldekatze handi islatzen ditu. Lehenengoak hizkuntza erromanikoak erabiltzen dituzten Europa mendebaldeko herrialdeak barne hartzen ditu (Errumania salbu), baita beste batzuk ere, hala nola populazio euskalduna, flandriarra eta alemanez mintzatzen den populazio suitzarra ere. Bigarrenak hizkuntza eslaviarrak erabiltzen dituzten Europa ekialdeko herrialdeak barne hartzen ditu, baita beste komunitate linguistiko batzuk ere, hala nola errumaniarra eta hizkuntza fino-ugriarrak erabiltzen dituzten Errusiako hiztunak. Hirugarrenak Europa eta Asia artean dauden populazioak barne hartzen ditu (armeniarrak, grekoak eta turkiarrak). Laugarren taldeak populazio eskandinaviarrak barne hartzen ditu, Danimarka izan ezik. Eta bosgarrenak alemanak, daniarrak, letoniarrak eta britainiarrak barne hartzen ditu.

Ikuspegi orokorrak agerian jartzen du ipuinaren aldaerak oso ondo definitutako eremu geografikoekin bat etorriz multzokatzen direla Europan zehar, bosgarren taldean izan ezik. Izan liteke salbuespen hori IX. mendean Britainiako Uharteetan abiarazitako zabalkuntza bikingoaren eta XIII. mendetik aurrera Bretainiako Uharteak Baltikoko itsasertzeko herrialdeekin komunikatu zituzten merkataritza sareen (hala nola Hansako Liga) ondorio izatea.

Faktore geografikoa da, alde handiarekin, diferentziazio faktore garrantzitsuena termino absolutuetan. Nolanahi ere, geografikoaz gain, talde etnolinguistikoaren efektua ere garrantzitsua da. Adierazi dugun moduan, talde desberdineko bi aldaeren arteko 10 km-ko distantzia talde bereko bi aldaeren arteko 100 km-ko distantziaren baliokidea da. Horrek esan nahi du identitate etnolinguistikoa oztopo handia dela ipuinak eta antzeko elementu kulturalak transmititzeko orduan. Leinu kulturalak (herrialdearen hizkuntzak adierazten duena), berriz, ez du efektu oso nabarmenik ipuinaren aldaeren aniztasunean.

Ikerketa hori populazioen genetikaren berezko teknikak erabilita kulturaren bilakaera edo bereizketa prozesu bat aztertu duen ikerketa gutxienetako bat da. Azterlanean ez dira ipuinaren aldaerei dagozkien giza populazioen markatzaile genetikoak aztertu, baina hori egin izan balitz, seguruenik, paralelismo garrantzitsua ikus ahalko litzateke distantzia genetikoen eta distantzia kulturalen artean, Taiwanen eginiko abesti herrikoiei buruzko ikerketa honetan hautemandakoaren antzekoa.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ross, Robert M.; Greenhill, Simon J.; Atkinson, Quentin D. (2013). Population structure and cultural geography of a folktale in Europe. Proceedings of the Royal Society B, 280, 1756. DOI: 10.1098/rspb.2012.3065

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Ipuin baten filogenia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ez da erraza berdea izatea

mar, 2024/02/20 - 09:00

Munduko oihan basatienean zein hormigoizko hiri eraldatuenean aurki daitezke landareak. Edonon daude, Lurreko biomasaren % 80 osatzen dute eta ezinbestekoak dira giza biziraupenerako. Hala ere, gutxitan erreparatzen diegu bizidun berde horiei eta, are gutxiago, haien garrantziaz jabetu.

Aurrekoa frogatzeko proba azkar bat. Bota segundo bakarreko begirada azpiko irudiari. Zer ikusi duzu irudian?

berde1. irudia: Zer ikusten duzu irudian? (Argazkia: Oier Pedrera)

Ziur aski, irakurleen gehiengoak ez du arazorik izango irudiaren erdialdean kokatuta dagoen oreina gogoratzeko. Hala ere, irakurle gehienek nekez berreskuratuko dute basoko zuhaitzen gaineko edota orkatzaren parean dagoen sastrakari buruzko informazioa. Asko jota, nahaspila berde-marroi bat eratzen duen basoaz inguratuta dagoen ugaztunaren irudia etorriko zaie burura. Hala, argazkiaren zati handiena kolore, tamaina eta testura anitzeko landareek estaltzen badute ere, gizakion atentzioa, begirada eta, ondorioz, oroimena animaliara zuzenduko da inkontzienteki.

Landareekiko itsutasunaren fenomenoa

Fenomeno horri “landareekiko itsutasuna” deritzo eta duela hamarkada gutxi batzuk hasi zen haren kausa, adierazle eta soluzio posibleen gaineko ikerketa. 1999. urtean termino berori definitu zuten James H. Wandersee eta Elisabeth E. Schussler botanikarien arabera, “landareekiko itsutasunak inguruko landareez ohartzea, haiek identifikatzea bai eta haien garrantzia balioestea galarazten du”. Egun badakigu, ordea, fenomenoak ez duela soilik kotxearen gainean erortzen zaizkigun hostoak zein zuhaitzetik datozen identifikatzea eta hura izendatzea oztopatzen. Hasiera batean pentsatu zena baino konplexuagoa da. Besteak beste, eragotzi egin dezake landareekiko interesa garatzea, landareak animaliak bezain kontserbazioaren merezidunak direla ulertzea edota etorkizun jasangarri baterako bidean landareen beharrezkotasunaz jabetzea.

Gure eguneroko bizitzan ez gara horrelako fenomenoaz jakitun. Edonola ere, zeharo hedatuta dago landareekiko itsutasuna gizarte modernoetan eta ume zein helduetan ikusi da. Adibidez, 2021. urtean Journal of Biological Education aldizkarian ikerketa bat argitaratu zen Euskal Herriko hainbat gazteren landareekiko itsutasuna aztertzen zuena. Horren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek arazoak dituzte landareek betetzen dituzten zerbitzu ekologikoak identifikatzeko. % 60k baino gehiago aspergarri edo interes gabekotzat jotzen ditu. Eta ez dira 7 landare espezie baino gehiago zerrendatzeko gai. Baina, nonahi eta noiznahi ikusi baditzakegu -haien ingurune naturaletik kanpo bederen- eta gizakiok haiekin dugun menpekotasuna erabatekoa bada, zergatik jazotzen da fenomeno hori?

Giza eboluzioa, urbanizazioa eta beste gaitz batzuk

Frank Sinatra-k, Ray Charles-ek eta beste hainbat musikarik bertsio egin duten “Bein’ green” abestiaren arabera “ez da erraza berdea izatea, (…) berde kolorea gauza ordinario gehiegirekin nahas daiteke eta oharkabean pasatu”. Eta badute arrazoi pixka bat, antza. AEBn burututako “Attention ‘blinks’ differently for plants and animals” eta “It’s not easy being green: Student recall of plant and animal images” ikerketek landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta.

Ikerketon autoreen arabera, gizakien garunak landareak baztertzeko eboluzionatu du. Biziraupenaren ikuspuntutik abantailatsua suertatu zaie gure arbasoei animalien siluetak landareek eratzen dituzten paisaia berde homogeneo eta monokromatikoetatik bereizteko ahalmena garatzea. Azken finean, animalia mugikorren detekzio lasterra onuragarria izan daiteke ehizarako, babeserako, beste gizakien kontra lehiatzeko edota ugalketarako. Are gehiago, gizakion mekanismo bisuala ez da landareei erreparatzeko egokiena. Giza begiek hondotik nabarmentzen diren ainguralekuak behar dituzte eroso sentitzeko eta begirada puntu finko batean denbora luzez mantentzeko. Ostera, landareek guztiz kontrakoa eskaintzen dute. Hau da, ertz markaturik ez duen kolore berdineko irudi nahasia.

landareak2. irudia: landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, (berde) kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta. (Argazkia: Oier Pedrera)

Bestalde, arrazoi biologikoak ez dira fenomenoa azaltzen duten bakarrak. Arlo anitzetako ikertzaileen arabera, fenomeno honen eragile nagusienetarikoak dira faktore soziokulturalak ere.

Batetik, bizimodu modernoak naturarekiko alienazioa emendatu du, ingurune hiperurbanizatuetan bizitzeko bultzadak eta aisialdi-denboraren zati handiena gailu elektronikoekin pasatzeko joerak eraginda, besteak beste. Egun, hirietako gazteek naturarekin dituzten kontaktu gehienak esperientzia bikarioen bidezkoak dira (telebista, sare sozialak, etab.). Elkarrekintza zuzenak izateko aukerak murriztu egin dira ingurune naturalak bereiztearekin eta hormigoiarekin ordezkatzearekin batera. Ondorioz, 2022. urtean argitaratutako gizaki-landare erlazioak aztertzen dituen errebisio sistematiko batek salatzen du hirien hedapen eta dentsifikazioak eragin negatiboa duela landareekiko jarreran, ezagutzan eta kontserbatzeko prestutasunean.

Bestetik, gure gizarteak etengabe indartzen du animaliak landareak baino interesgarriagoak eta ikusgarriagoak direlako ideia. Ohikoa da, batez ere gazteei zuzendutako produktu eta zerbitzuetan, animaliei giza ezaugarriak edota izenak egokitzea. Animaliak -eta, bereziki, ugaztun exotiko antropomorfizatuak- gailentzen dira kamisetetan, iragarkietan, pelikuletan bai eta testuliburuetan. Aldiz, landareek espazio kultural horien zati oso txiki bat betetzen dute, eta kontserbazio-kanpainetan ere gutxietsi egiten dira, anfibio edo ornogabeekin batera.

Hortaz, adostasun zientifikoak onartzen duenaren arabera, landareekiko itsutasuna elkarri eragiten dioten faktore anitzek eragindako fenomenoa da. Hala ere, nagusiki mendebaldeko gizarte modernoetako gaitza dela dirudi. Izan ere, oraindik ere naturarekin eguneroko kontaktuari eusten dioten gizarte indigena eta landatarretan ez da horrenbesteko zoozentrismorik eta landareen bazterketarik antzeman.

Benda berdea kentzearen premiaz

Fenomenoaren sintoma, kausa eta konponbideen gaineko ikerketak bide luzea du aurretik. Haatik, argi dagoena da landareekiko itsutasuna arazotsua dela. Arazotsua bezain urgentea. Esaterako, landareen babeserako bideratzen den finantzaketa halako hiru erabiltzen da animalien kontserbaziorako. Horrez gain, oraindik ere ugariak dira ezezagunak diren eta kontserbazio-egoera ebaluatu gabe duten landareak, zientzia ere ez baita gaitz honetatik libratzen.

Gainera, landareekiko itsutasuna ez du soilik landareen kontserbazioa eta ekosistemen osasuna mehatxatzen. Gizateriaren ongizate eta biziraupena ere arriskuan ipintzen du. Alexandros Amprazis ikerlari greziarrak ohartarazten du landareekiko itsutasuna oztopo larria dela etorkizun jasangarri bat lortzeko. Horren ondorioz, Lurreko landareen % 21 desagertzeko arriskuan dagoen momentu zehatz honetan, ezinbestekoa da arazo horri aurre egitea.

Lehenik, azpimarratzekoa da hezkuntza abagune paregabea dela helburu hori lortzeko. Gizakiek erraztasun handiagoz antzematen eta identifikatzen dituzte aurretik ezagutzen dituzten gauzak. Horrela, nazioarteko ikerketa anitzek erakutsi dutenez, emaitza arrakastatsuak lortu dira landareen garrantzia ezagutaraztera eta gertuko ingurunean topa daitezkeen landareak seinalatu eta izendatzera bideratutako hezkuntza esku-hartzeetan.

Hala ere, alfabetatze botanikoa ez da benda berde hori kentzeko erremedio bakarra eta, agian, nahikoa ere ez. Banakoek ere asko egin dezakegu. Adibidez, termino horren asmatzaileen arabera, landareekin ditugun eguneroko kontaktuen maiztasuna eta barietatea emendatu beharko genuke. Hala, landareei buruz gehiago hitz eginez bai eta haiekin dugun kontaktu zuzena emendatuz desberdintasun nabaria egin ahalko genuke gure inguru hurbileko landareen atentzio eta ezagutzari bultzada emateko; eta, aldi berean, gure osasun fisiko zein mentala hobetzearen alde. Azken finean, naturarekin eta landareekin kontaktua handitzeak eragina izan dezakeelako estresean, antsietatean, umorean edota ongizate orokorrean.

berde3. irudia: bertako eremu urbanizatuetako landareak balioan ipintzeko “More than weeds” proiektuaren adibidea (Argazkia: Jill Mead/The Guardian)

Oro har, oraindik ere ugari dira landareekiko itsutasunaren inguruan ez dakizkigunak. Alabaina, agerikoa dena zera da: gure garunak zangotrabak jartzen badizkigu ere, fenomenoa ez dela ez unibertsala ez saihestezina. Berdea kolore ikusezina izateaz gain itxaropenaren kolorea ere bada. Beraz, artikulu honen esperantza landareen balioa agerian jartzea da. Batetik, landareen tokiko desagerpen-tasak zerora murrizteko aukera potentziala dagoelako oraindik. Eta bestetik, jabetu behar dugulako ez dagoela etorkizun jasangarririk landareekiko itsua den gizarte batentzat.

Egileaz:

Oier Pedrera biologoa da eta zientziaren didaktikaren alorrean doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Zientzia- eta Jasangarritasun-Hezkuntzarako Ikerketa Taldean.

The post Ez da erraza berdea izatea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Algoritmo kriptografiko ezagun bat eguneratu dute

lun, 2024/02/19 - 09:00

Bi ikertzailek sareten oinarriak laburtzeko oso ezaguna den teknika bat hobetu dute; eta, horren bidez, bide berriak ireki dituzte kriptografiaren eta matematikaren arloan esperimentu praktikoak egiteko.

Gure bizitzak gero eta digitalagoak dira, eta segurtasuna kriptografiaren menpe dago. Mezu pribatu bat bidaltzean edo faktura bat online ordaintzean, gure datuak sekretupean mantentzeko diseinatutako algoritmoen menpe gaude. Baina jakina, pertsona batzuek sekretu horiek deskubritu nahi dituzte. Hori dela, ikertzaileek sistema horien sendotasuna probatzeko lan egiten dute, erasotzaile adimentsu batek eskua sartzen duenean erori ez daitezen.

algoritmo1. irudia: ikertzaileentzat oso lagungarria da LLL algoritmoaren jokabidea aztertzea, erasoen aurrean hain ahulak ez diren sistemak diseinatu ahal izateko. (Ilustrazioa: Kristina Armitage. Iturria: Quanta Magazine)

Lan horretarako ezinbesteko tresna da LLL algoritmoa (1982an argitaratu zuten ikertzaileen izena darama: Arjen Lenstra, Hendrik Lenstra Jr. eta László Lovász). LLL eta haren ondoko sistema guztiek trikimailu kriptografikoak desegin ditzakete zenbait kasutan. Hori dela eta, ikertzaileentzat oso lagungarria da sistema horien jokabidea aztertzea, erasoen aurrean hain ahulak ez diren sistemak diseinatu ahal izateko. Algoritmoaren talentuak kriptografiaz harago doaz, baina; izan ere, matematika eremu aurreratu batzuetan ere tresna erabilgarria da, hala nola zenbakien teoria konputazionalean.

Urteetan zehar, ikertzaileek LLLren barianteak hobetu dituzte, ikuspegi praktikoagoa izateko, baina soilik puntu batera arte. Oraingo honetan, berriz, bi kriptografok LLL estiloko algoritmo berri bat sortu dute, eta askoz ere efizienteagoa da. Teknika berri horrek artikulu onenaren saria irabazi zuen 2023ko Kriptologiako Nazioarteko Konferentzian; izan ere, nabarmen areagotu du informatikariek eta matematikariek LLLren antzeko ikuspegiak erabil ditzaketen agertokien zerrenda.

«Benetan hunkigarria izan zen», adierazi zuen Chris Peikertek, Michigango Unibertsitateko kriptografoak (hark ez zuen artikuluan parte hartu). «Tresna hori aztergai izan dugu hamarkadetan zehar», esan zuen. «Oso atsegina da hainbeste urtetan landutako helburua lortu izana… Horrek frogatzen du oraindik ere sorpresa asko daudela deskubritzeko».

LLL motako algoritmoak sareten esparruan erabiltzen dira: erregularki tartekatutako puntuen bilduma infinituak. Ondo irudikatzeko, pentsa dezagun zoruan baldosak jartzen ari garela. Baldosa karratuz estal genezakeen dena eta, orduan, baldosen izkinek sareta bat osatuko lukete. Txandaka, baldosa ezberdinak jar ditzakegu (adibidez, paralelogramo luzanga bat), beste mota bateko sareta bat sortzeko.

Sareta bere «oinarria» erabilita deskriba daiteke. Oinarri hori bektoreen multzo bat da (nagusiki, zenbaki zerrendak); eta horiek hainbat modutan konbina daitezke saretaren puntu bakoitza lortzeko. Imajinatu bi bektore hauek osatutako oinarria duen sareta bat: [3, 2] eta [1, 4]. Sareta bektore horien kopien batuketak eta kenketak eginez lor ditzakegun puntu guztiak dira.

Baina bektore bikote hori ez da saretaren oinarri bakarra. Gutxienez bi dimentsio dituen sareta orok oinarri posible infinituak ditu. Baina oinarri guztiak ez dira berdinak. Oinarriaren bektoreak laburragoak eta haien artean angelu zuzenengandik hurbilagoak direnean, errazagoa da lantzeko, baita erabilgarriagoa ere problema konputazional batzuk ebazteko ere. Hori dela eta, ikertzaileentzat oinarri «onak» dira horiek. Horren adibide da jarraian agertzen den figurako bektore bikote urdina. Aitzitik, bektore luzeagoak eta ez hain ortogonalak dituzten oinarriak (bektore gorriak, adibidez) «txarrak» izango liratekeen.

algoritmo2. irudia: oinarriaren bektoreak laburragoak eta haien artean angelu zuzenengandik hurbilagoak direnean, errazagoa da lantzeko, baita erabilgarriagoa ere problema konputazional batzuk ebazteko ere. (Ilustrazioa: Merrill Sherman. Iturria: Quanta Magazine)

Azken hori LLL bidez lantzeko kontua da: emaiozu hari (edo haren antzeko sistemaren bati) sareta multidimentsional baten oinarria eta hobeago bat aurkituko du. Prozesu horri sareten oinarria laburtzea esaten zaio.

Eta, zer lotura du horrek guztiak kriptografiarekin? Bada, sistema kriptografiko bat hausteko lana, zenbait kasutan, beste problema baten gisan birformulatu daiteke: sareta batean erlatiboki laburra den bektore bat aurkitzea. Eta, batzuetan, bektore hori LLL estiloko algoritmo batek sortutako oinarri laburtutik atera daiteke. Estrategia horren bidez, ikertzaileek itxuraz saretekin lotura handia ez duten sistemak eraitsi ahal izan dituzte.

Zentzu teorikoan, jatorrizko LLL algoritmoa arin batean exekutatzen da: exekutatzeko behar den denborak ez du esponentzialki eskalatzen sarreraren tamainarekin; hau da, oinarriko bektoreen zenbakien tamaina (bits-etan) eta saretaren dimentsioa. Hala ere, funtzio polinomiko gisa areagotzen da, eta “benetan egin nahi baduzu, denbora polinomikoa ez da beti hain posiblea”, azaldu zuen Léo Ducasek, Herbeheretako CWI ikerketa institutu nazionaleko kriptografoak.

Praktikan, horrek esan nahi du jatorrizko LLL algoritmoak ezin dituela handiegiak diren sarrerak gobernatu. “Matematikari eta kriptografoek gehiago egiteko ahalmena izan nahi zuten”, esan zuen Keegan Ryanek, Kaliforniako Unibertsitateko (San Diego) doktoregoko ikasleak. Ikertzaileak lanean aritu dira LLL estiloko algoritmoak optimizatzeko, sarrera handiagoak erabili ahal izateko; eta, askotan, errendimendu ona lortu dute. Hala ere, eginkizun jakin batzuk lortzeko ezinezkoak ziruditen.

Artikulu berriak, Ryanek eta bere tesi zuzendari Nadia Heningerrek idatzitakoak, askotariko estrategiak konbinatzen ditu LLL estiloko beren algoritmoaren efizientzia hobetzeko. Alde batetik, teknikak egitura errekurtsibo bat erabiltzen du, eginkizuna zati txikiagotan banatzen duena. Bestetik, algoritmoak kontu handiz kudeatzen du tartean dauden zenbakien doitasuna, abiaduraren eta emaitza zuzenaren arteko oreka lortuta. Lan berriari esker, ikertzaileek milaka dimentsiotako sareten oinarriak laburtu ahal dituzte.

Aurreko lan batzuek ere ikuspegi bera izan zuten: 2021eko artikulu batek ere errekurtsibitatea eta doitasunaren kudeaketa konbinatu zituen sareta handiekiko lana arintzeko, baina soilik funtzionatzen du sareta mota zehatzetarako, eta ez kriptografian garrantzitsuak diren guztietarako. Algoritmo berriak ondo funtzionatzen du tarte askoz handiagoan. «Oso pozik nago norbaitek lortu duelako», esan du Thomas Espitauk, PQShield enpresako kriptografiako ikertzaile eta 2021eko bertsioaren egileetako batek. Bere taldeak “kontzeptu proba” bat eskaini zuen; eta emaitza berriak erakutsi du «sareta baten laburpena arin eta modu sendoan egin daitekeela».

Teknika berria erabilgarri suertatu da jada. Aurel Pagek, Frantziako INRIA ikerketa institutu nazionaleko matematikariak, esan du bere taldearekin batera algoritmoaren egokitzapen bat abiarazi duela zenbakien teoriako eginkizun konputazional batzuetan.

LLL estiloko algoritmoek, halaber, rol garrantzitsua bete dezakete seguru mantentzeko diseinatutako saretetan oinarrituta dauden kriptografia sistemekin lotutako ikerketan; baita, etorkizunean, ordenagailu kuantiko handiekin ere. Ez dira horrelako sistementzako mehatxua; izan ere, horiek eraisteko algoritmoek aurkitzen dituztenak baino bektore laburragoak aurkitu behar dira. Alabaina, ikertzaileentzat ezagun diren erasorik onenek LLL estiloko algoritmo bat erabiltzen dute “oinarrizko elementu” gisa. Halaxe azaldu zuen Wessel van Woerdenek, Bordeleko Unibertsitateko kriptografoak. Eraso horiek aztertzeko esperimentu praktikoetan, oinarrizko elementu horrek prozesu osoa motel dezake. Tresna berriarekin, aldiz, ikertzaileek eraso algoritmoekin exekutatu ahal diren esperimentuen sorta zabalduko da, errendimenduaren irudi argiagoa eskuratuta.

Jatorrizko artikulua:

Madison Goldberg (2023). Celebrated Cryptography Algorithm Gets an Upgrade, Quanta Magazine, 2023ko abenduaren 14a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Algoritmo kriptografiko ezagun bat eguneratu dute appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #473

dim, 2024/02/18 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

liburua

Argitalpenak

Aurreko igandean, otsailak 11, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatu zen. Horren harira, Zientzia Kaieran Emakumea zientzian liburua aurkeztu zen. Liburua Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren proiektua da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak parte hartu du. Liburuaren helburua gaztetxoengan zientziarekiko jakin-mina piztea da, baina betiere zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume zientzialariak ikusaraziz. Izan ere, DBHko testuliburuetako zientzia-edukietan emakumeen presentzia % 5a baino txikiago da. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Lluís Montoliu biologian doktoreak Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak liburua argitaratu zuen 2020an. Bertan CRISPR teknologia berritzailea aurkezten du, eta edizio genetikoaren nondik norakoak azaltzen ditu. CRISPR tresnak hainbat aplikazio ditu biologian, osasun-arloan eta bioteknologian, eta abantaila asko dituen arren, hainbat muga ere baditu. Montoliu edizio genetikorako CRISPR tresnen erabileran aitzindaria izan da Espainian, eta bere ezagutza bildu du dibulgaziozko liburu horretan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran, ZIO bildumarekin elkarlanean egindako atalean.

Ingurumena

Anna Botsford Comstock estatubatuarra naturalista izan zen, eta baita zientziaren arloko ilustratzailea, idazlea eta hezitzailea. Txikitatik haren amak sustatu zuen beregan naturarekiko maitasuna. Entomologo batekin ezkondu zen gero, eta senarraren argitalpenetarako marrazkiak egiten hasi zen. Urte batzuetara historia naturalean lizentziatu zen, eta naturaren inguruko hainbat liburu idatzi eta marraztu zituen. New Yorkeko Estatuan Nekazaritza Sustatzeko Batzordeko kide izan zen, eta natura ikasketak eman zituen Cornelleko Unibertsitatean. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira, azterketa berri baten arabera. Akuiferoak lurrazpian urez gainezka dauden lur bustiak dira. Batzuei etengabe ura iristen zaie, baina beste batzuk fosilak dira, eta behin hustuta, ez dira berriz betetzen. Akuiferoen gainean orain arte egindako laginketa handienaren emaitzek erakutsi dute munduko akuiferoen %71 ura galtzen ari direla. Azterketaren egileek adierazi dute akuifero horiek berreskuratu daitezkeela, betiere akuiferoen kudeaketa hobetuz gero. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Italian karraskarien kontrako pozoia aurkitu dute otsoen gorpuetan. Hildako otsoak aztertuta iritsi dira ondorio horretara, konposatu antikoagulatzaileak aurkitu baitituzte analizatutako otsoen % 61ean. Lehen aldia da halakorik frogatzen dela, eta ikertzaileek ohartarazi dute litekeena dela Europako beste leku batzuetan ere gauza bera gertatzea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Groenlandian ere izotz-geruza galdu da 1980-2010 artean. Satelite bidezko argazki historikoak aztertu dituzte Leedseko unibertsitateko ikertzaileek, eta kalkulatu dute 28.707 km2 murriztu dela izotz-geruza urte horien artean. Gainera, datuek erakutsi dute 2007-2012 tartean, Groenlandiako bataz besteko tenperaturak hiru gradu altuagoak izan zirela, 1979-2000 artean baino. Ikertzaileek ohartarazi dute izotza urtzeak tenperaturak gehiago igotzea eragiten duela, albedoaren eraginez. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Asiako, Argentinako eta Espainiako zabortegietan metano isurketa erraldoiak atzeman ditu ikerketa batek. Datuen arabera, 2019 urtetik 1.200 isurketa masibo baino gehiago izan dira. Ikerketaren arabera, Espainia da munduan metano gehien isurtzen duten zabortegiak dituen seigarren herrialdea. Isurketa horiek murriztu daitezke, alde batetik, zabortegietan zabor organiko gutxiago metatuta, eta bestetik, zabortegiek isurtzen duten metanoa atzemanda. Kalkulatzen da zabortegiek sortutako metano isurketak emisio guztien %20 direla, gutxi gorabehera. Datuak Berrian.

Glaziarretako izotzak atmosferaren aztarnak gordetzen ditu barnean, eta BC3ren Izotzalab laborategian izotzetan gordeta dauden burbuila horiek ikertzen dituzte. Laborategian Groenlandiako eta Pirinioetako Monte Perdidoko laginak dituzte, eta jakin dezakete nolakoa zen duela 800.000 urteko atmosfera. Izotzalaben jakin nahi dute nolakoa den elur-malutak burbuila bihurtzeko prozesua, burbuilen bilakaerari buruzko informazio gehiago lortzeko. Informazio gehiago Berrian: Izotzean ezkutatutako altxorra.

Medikuntza

Minbiziaren baheketarako gailu bioelektroniko bat sortu du UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak. Gailu horrek polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak ditu, eta odolean minbizi-zelulak atzemateko eta kontzentratzeko gaitasuna du. Metastasian odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izaten da. Gailu bioelektroniko horrek batu egiten ditu, hautematen errazagoak izateko. Gainera, ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatu daiteke, modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian. Datuak Zientzia Kaieran: Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako.

Farmakologia

Nirsevimab antigorputzak % 80 murriztu du haurrak bronkiolitisagatik ospitaleratzea. Arnas-birus sintzitialaren aurkako antigorputz monoklonala da Nirsevimab, eta Sanofi eta AstraZeneca laborategiek garatu dute. Espainia aitzindaria izan da haren erabileran, eta bederatzi ospitaletan gertatutako ospitaleratzeak aztertuta lortu dute emaitza hori. 2023ko irailean hasi ziren haurrak immunizatzen, eta lehen hiru hilabeteetan %90 inguruko estaldura izan du Valentzian, Murtzian eta Valladoliden. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Ikerketa berri baten arabera, uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari. Zehazki, hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dela ondorioztatu dute. Egileek 35 herrialdetako 761 lekutako datuak aztertu zituzten, eta ikusi zuten bertako biztanleek aukera gehiago zituztela arnas gaitzen, gaitz kardiobaskularren edo bestelako arazoengatik hiltzeko uholdea gertatu ostean. Heriotza-tasa handiena 15 egunera gertatzen zen. Datuak Zientzia Kaieran.

Astronomia

Mimas Saturnoren ilargiak ere ozeano bat izan dezakeela iragarri dute. Cassini zundak jasotako datuak aztertuta iritxi dira ondorio horretara. AEBko, Europako eta Italiako espazio-agentziek lankidetzan egindako misioa da Cassini. Duela urte batzuk, misio berak ondorioztatu zuen Entzeladok, Saturnoren beste ilargi batek, izotz-azpian ozeano likido bat zuela. Orain Mimas ilargian jarri dute arreta, eta haren orbitaren eta errotazioaren datuek iradokitzen dute ozeano bat izan dezakeela. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Internet

Interneteko irudiek testuek baino genero-isuri handiagoa dute, lan berri baten arabera. Horretarako, Googleko, Wikipediako eta IMDb datu-baseko milioi bat irudi eta testu baino gehiago aztertu dituzte. Baieztatu dute gizonak neurriz gain daudela ordezkatuta emaitzetan, eta bereziki, irudietan. Horrez gain, frogatu dute irudiek, testuekin alderatuta, pentsaeran eragin handiagoa dutela. Irudien kontsumoa gero eta handiagoa dela aintzat hartuta, egileek gain horren inguruan ikerketa gehiago egitea aholkatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #473 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages