S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 59 min

Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169)

ven, 2022/02/18 - 09:00

Ekologia eta natur zientzietan erabiltzen diren terminoen artean, landare-komunitateen kontzeptua aurki daiteke. Landare elkarteei egiten dio erreferentzia kontzeptuak eta antzeko eskakizun ekologikoak dituzten landareez osatuta daude, hau da, klima eta ingurune baldintza berdinetara moldatuta daudenak. 

Landare-komunitateak sailkatzeko fitosoziologia deritzogun metodologia erabiltzen da. Tresna berria da eta bere helburua komunitate desberdinak ezagutzera ematea da, landare-komunitate zehatz bat osatzen duten espezieen identitateaz baliatuz. Komunitate horiek izendatzeko antzekotasun folistikoa (lurzoruaren material organikoa) hartzen da kontuan espezieak hainbat kategoriatan sailkatzeko. Fitosoziologiak espezieen osaeraren araberako antzekotasun maila diferenteak barneratzen ditu. 

Sailkapen hauek egitea garrantzitsua da oinarrizko zientzian eta baita zientzia aplikatuetan. Besteak beste, klima-aldaketa globalak landare-komunitatetan izango duten eragina neurtzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko

Landare-komunitateen gaurkotasuna eta etorkizuna ezagutzeko, UPV/EHUko Landarediaren Aniztasuna eta Ekologia IKERLAND taldeko Idoia Biurrun ikertzailearekin, bildu gara. 

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Idoia Biurrun: “Landare-komunitateek ekosisteman egongo diren aldaketen eragina neurtzeko balio dute” #Zientzialari (169) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du?

jeu, 2022/02/17 - 09:00

Duela urte batzuk, zibersegurtasuna gutxi batzuek baino ez zuten kontuan hartzen. Teknologiaren aurrerapenak, mundu osoa uneoro konektatuta egotera ekartzearekin batera, zenbait arrisku ere ekarri ditu. Hainbestekoa da teknologiaren erabilera gaur egun edozein momentutan zibererasotuak izan gaitezkeela; gailu kopuruaren igoerarekin zibererasoen arriskua ere handiagoa izango delarik. Hala ere, komunikazio-sareen segurtasuna hasieratik existitzen den kontzeptu bat den arren, IoT delakoaren (Internet of Things, Gauzen Interneta) izugarrizko bilakaerarekin ezinbesteko tresna bihurtu da.

hacking etikoaIrudia: Informazio-bilketa Nmap erraminta erabiliz. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Hacking kontzeptuari buruz asko eztabaidatu da. Ez da erraza denen gustuko definizioa aurkitzea. Batzuen ustez, jokabide maltzur batekin lotuta dago. Beste batzuentzat, ordea, portaera adimentsua eta dibertigarria da. Kontzeptu hau argitzeko Richard Stallmanen iritzia nabarmendu behar da:

“Zaila da hacking-a bezain askotarikoa den zerbaiten definizio soila ematea, baina uste dut jarduera horiek guztiek izaera dibertigarria, adimentsua eta esploratzeko gogoa dutela. Beraz, hacking-ak posible denaren mugak aztertzea esan nahi du, izpiritu dibertigarri eta adimentsu batekin”.

Hacking-a komunikazio-sistema batean baimenik gabeko sarbidea lortzean oinarritzen den prozesua da, eta hackerra, berriz, ekintza hori aurrera eramaten duen pertsona. Sisteman aurkitutako ahultasunez baliatzen da sarbide hori eskuratzeko. Askotan, helburua ondo pasatzea da, erronka gainditzea eta ez dago asmo txarrik.

Sisteman sartzen denean asmo maltzurrekin, cracker kontzeptuari buruz hitz egiten ari gara. Sistemako fitxategiak ezabatzetik informazio sentikorra lapurtzera arte joan daitezke burutzen diren ekintzak. Hala ere, komunikazio-sisteman asmo onarekin eta baimenarekin sartzen garenean hacking etikoari buruz hitz egiten ari gara.

Hacking etikoa erasotzaile batek topatu eta exekutatu ditzakeen erasoek sor ditzaketen galera ekonomikoak edo beste kalte handiagoak gertatu baino lehen, sare edo sistema baten mehatxuak, hau da, ahultasunak bilatzeko ekintza bat da.

Hacking etikoa aurrera eramateko, ohikoen diren teknikak ahultasunen analisia eta sarbide-testa edo pentestinga dira. Sarbide-testa sistemaren ahultasunak bilatzeko tresna erabilgarrienetariko bat bilakatu da. Bertan, sistemaren aurkako erasoak egiten dira sistemaren ahultasunak aurkitzeko. Teknika honek segurtasun erroreak eta hutsuneak konpontzeko balio du. Gainera, erasoetatik babesteko eta sistemaren ahalmena balioztatzeko ere balio du. Sisteman ahultasunak egotearen arrazoiak hurrengoak izan daitezke, esate baterako, diseinu erroreak, txarto babestutako sareko konexioak, gizakiak sortutako erroreak, pasahitzen erabilera txarra eta abar. Sarbide-testak fase desberdinez osatuta daude, erabiltzen den metodologiaren arabera. Horietako bat PTES (Penetration Testing Execution Standard) metodologia da. Zazpi atal bereizten ditu, eta edozein ingurunetan garatu daiteke, emaitza eraginkorrak lortuz.

Datuen segurtasuna lortu ahal izateko erasotzaileek erabiltzen dituzten metodo berdinak erabiltzea beharrezkoa da sarearen babesa bermatzeko. Hori dela eta, gero eta erakunde gehiagok hacking etikoaz jakitunak diren pertsonak kontratatzen dituzte, beraien segurtasuna ziurtatzeko. Sarbide-testen azkeneko txostenean aurkitutako ahultasun guztiak biltzen dira eta horietako bakoitza konpontzeko irizpideak zehazten dira.

Beraz, hacking etikoari esker, enpresek eta erakundeek edozein motatako datuak (pertsonalak, ekonomikoak,…) modu seguruagoan kudeatzeko aukera dute, eta, horrela, beren jardueraren etorkizuna bermatzeko behar-beharrezkoa den konfiantza irabazten dute. Gainera, beren eguneroko aktibitatea geldiaraz dezaketen zibererasoetatik babesten dira, horrek dakarren mota guztietako kostu handia saihestuz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 39
  • Artikuluaren izena: Zibererasoetatik babesteko, hacking etikoaren balioa.
  • Laburpena: 2020an, teknologiak bultzatutako gizarte batean bizi gara, eta datuak komunikatzeko sistemak funtsezkoak bihurtu dira gure eguneroko bizitzaren alderdi guztietan. Covid19-k erakutsi digu ezagutzen ez dugunak agertoki eta bizimodu berrietara eraman gaitzakeela, duela hilabete batzuk imajinatu ere ezin genituen lekuetara. Gaur egun, pertsonen, enpresen eta erakundeen arteko harremanak inoiz baino gehiago oinarritzen dira telekomunikazio-sareetan, eta, beraz, zibersegurtasun sofistikatuaren beharra oso garrantzitsua bihurtzen ari da gero eta handiagoak diren zibererasoetatik babesteko. Enpresak eta erakundeak diru kopuru handiak inbertitzen ari dira beren segurtasun zibernetikoan. Egoera horretan, hacking etikoa ohiko tresna bihurtu da behar den segurtasun-maila zehazteko. Hacking etikoaren helburua da sare informatikoetan ahuleziak eta kalteberatasunak aurkitzea, hackerrek sareetan sartzeko eta softwarearen ahuleziak azaltzeko erabiltzen dituzten ezagutza eta tresna berberak erabiliz. Dibulgazio-artikulu honek hacking etikoa zer den, zer onura dituen eta zergatik den beharrezkoa azaltzen du. Hacking etikoari buruzko artearen egoera bat aurkezten du, eta erakusten du enpresek eta erakundeek nola inplementa lezaketen hacking etikoa, sarbide-testetan (Penetration Testing Execution Standard, PTES) oinarritutako metodologia erabiliz.
  • Egileak: Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga, Maider Huarte
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 313-326
  • DOI: 10.1387/ekaia.21939

Egileez:

Ainhoa Etxeberria, Iñaki Goirizelaia, Juan Jose Unzilla, Jasone Astorga eta Maider Huarte EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak dira

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Zer da hacking etikoa eta zertarako balio du? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean

mer, 2022/02/16 - 09:00

Diziplina anitzetako zientzialariak batu dira baleen hizkuntza deszifratzea helburu duela. Kriptografoak, robotikan adituak, biologoak, hizkuntzalariak…, mende honetako proiektu zientifiko esanguratsuenetako bat izan daitekeen egitasmo batean lan egiteko.

Lehenengo aldiz saiatuko dira zientzialariak gizakia beste espezie batekin elkarrizketa bat izaten, baina hau lortzeko, animaliaren hizkuntza ulertzeaz gain, beren hizkuntza imitatzeko gai izan behar dugu. CETI izena jarri diote proiektuari (Cetacean Translation Initiative) eta baleak aukeratu dituzte ikerketa-eredu modura.

CETI egitasmoak bost urtez kaxaloteen hotsak entzun eta interpretatzeko helburua du. Proiektuak SETI egitasmoa gogorarazten du izen honek, 60ko hamarkadan zibilizazio estralurtarrekin komunikatzeko saiakerak egin zituen proiektua. Kasu honetan Lurreko animalietan jarriko dute arreta, ordea. TED hitzaldi-plataformak finantzatzen du eta kolaboratzaile gisa MIT Massachusetts-eko Institutu Teknologikoa eta National Geographic Society ditu. Adimen artifizialaz baliatuko dira helburu hau lortzeko eta komunikazio-kanal bat eraikitzen saiatuko dira animalien eta gizakien artean, tresna gisa erabiliz ikasketa automatiko aurreratua, hizkuntza naturalaren prozesamendua eta datu-zientzia.

komunikazio-kanalakIrudia: CETI egitasmoaren helburua kaxaloteen ahotsak interpretatzea da teknologia aurreratuenen bidez. Ikertzailean Karibean ari dira lanean, Dominikako kostaldearen parean. (Argazkia: Martin Kraut – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Kaxaloteak eredu gisa

Kaxaloteak (Physeter macrocephalus) zetazeoen barneko odontozeto klasearen barnean sartzen dira; hau da, horzdun zetazeoak. Izatez, kaxaloteak ez dira baleak; zentzu hertsian, balenido ordenak (baleak) lau espezie soilik hartzen baititu barne, baina dena den, balea hitza modu zabalean erabiltzen da zetazeo handi guztiak izendatzeko. Animalia sentiberak dira kaxaloteak. Frogatu ahal izan da animalia hauek askotariko sentimenduak sumatu ditzaketela; besteak beste, errukia, besteekiko lotura edo eta atsekabea. Gizarte matriarkaletan bizi dira eta familia-lotura estuak dituzte beren artean. Gainera, animalia-erreinuko burmuinik handiena dute kaxaloteek, eta gizakion erako ezaugarri intelektual batzuk dituzte, besteak beste, pentsamendu kontzientea, plangintza-gaitasuna edo eta intuizioa.

Ez dago zalantzarik kaxaloteak animalia oso adimentsuak direla, baina zergatik ez aukeratu beste zetazeo bat ikerketarako? Izurdeak adibidez? Edo primateak? Erantzuna animalia hauen berezko bizimoduan eta komunikazio-tekniketan dago. Kaxaloteak distantzia oso handietatik komunikatzen dira bata besteekin ozeanoan, eta, beraz, gorputzeko edo aurpegiko keinuek beren hizkuntzan garrantzi gutxi dutela pentsatzen dute ikertzaileek. Beste animalia batzuetan, primateetan edo txakurretan adibidez, oso garrantzitsuak dira hurbileko komunikazio-mekanismoak. Honetaz aparte, kaxaloteak karraska bidez komunikatzen dira. Beste balea espezie batzuek soinu jarraiak igortzen dituzte, eta halakoek maneiatzeko zailagoak dirudite. Izurdeak, bestalde, soinu mota, doinu eta erritmo oso ezberdinak erabiltzeko gai dira, eta, horrela, hots oso anitz eta zaratatsuak sortzen dituzte. Beraz, hori komunikazio-estrategia konplexuegia da bertatik eredu argi bat lortzeko. Bada, hortaz, praktikotasun kontua ere, eta ezaugarri hauengatik guztiengatik, bereziki interesgarria da espezie hau proiektuaren helburuetarako.

Kaxaloteen hizkuntza ulertzeko lehen ideia Shafi Goldwasser matematikariak izan zuen, Berkeley Unibertsitateko Konputazioaren Teoriaren Institutuko zuzendariak. Behin, kaxaloteen karraskak entzun zituen grabaketa batean, eta morse kodearen antzekoa zela iruditu zitzaion. Ideia polita zela pentsatu zuen, baina konplexuegia agian. Hala ere, David Gruber New York City Unibertsitateko itsas biologoari aipatzeko modukoa iruditu zitzaion, eta azken honi ez zitzaion ideia erabat zentzugabea iruditu. Zentzugabea ez, baina bai oso zaila. Ados jarri ziren, edonola ere, historian lehen aldiz, gizakiak beharrezko erremintak izan zitzakeela beste animalia baten hizkuntza ulertzeko.

Honelako ekintza gogoangarri bat lortzeko, oso beharrezkoa da punta-puntako teknologia, eta baita datu-base ikaragarri bat edukitzea ere. Ikerketa honen lehen fasea, hain zuzen ere, datu-base nahikoa handi bat lortzea izango da. Batez beste, 4 000 milioi “hitz” behar dituztela kalkulatu dute, betiere kontuan izanda ez dakitela oraindik kaxalote baten “hitzak” nola defini daitezkeen. Bigarren fasean, neurona-sareen teknologian eta linguistikan izandako aurrerapenez baliatuta, “hizkuntza-eredu” bat sortzen saiatuko dira. Eredu hauen funtzionamendua haurrek ama-hizkuntza esfortzurik gabe ikastearekin aldera daiteke: nahikoa da ingurukoak entzutea gutxika hizkuntza ikasten joateko. Behin zetazeo hauen soinuekin eratutako datu-base aberats bat izanik, ereduak soinu hauek prozesatuko ditu eta bata bestearen jarraian maiztasun handiz doazen hotsak erlazionatuko ditu.

Arreta handia lortu du proiektu berritzaile honek mundu-mailan, baina denek ez dute partekatzen ilusio bera. Zientzialari batzuek zalantzan jartzen dute CETIk informazio interesgarria plazaratuko duenik. Steven Pinker hizkuntzalaria esperantza gutxirekin azaldu da gai honen inguruan; bere esanetan, jada badakigun jakintza besterik ez da eskuratuko, hau da, kaxaloteek zein diren adierazten dutela beren hotsekin, eta agian emozio- edo alerta-deiren bat noizean behin. Beste ikertzaile batzuek, bestalde, asko espero dute CETI proiektuan lortuko diren emaitzetatik. Georgetown Unibertsitateko Janet Mann ikertzaileak hamarkadak daramatza Australiako izurdeekin lanean, eta proiektu honekin basa-bizitzaren ikerketan urrats aitzindari bat ezarriko dela dio.

Horiek horrela, ez dago argi CETI proiektua arrakastatsua izango ote den, baina gutxienez bide berri bat zabaldu nahi du gainontzeko animaliekin dugun harremana estutzeko bidean. Gizakia ez den beste espezie bat ulertzeko gaitasuna lortzeak mundu-mailako mugimendu bat sortu ahal izango lukeela pentsatzen dute ikertzaileek, naturarekin galdu dugun konexio hori berreskuratzeko balio dezakeena. Baina zientzia-iraultza bat izateaz aparte, naturarengandik ikasten jarraitzeko modu zoragarria da, eta ziur pertsona bat baino gehiago ametsetan utziko duela, noizbait animaliekin hitz egiteko gai izango garen esperoan.

Iturriak: Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Komunikazio-kanalak zabaltzen animalien eta gizakien artean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Harrizko txaponak

mar, 2022/02/15 - 09:00

K.o. I. mendearen hasieran, Estrabon geografo eta historialari greziarrak Geografia bere obra handiaren XVII. liburukia idatzi zuen, eta horren zati handi bat Egipton zehar egindako bidaiari eskaini zion. Baina testu horrek paragrafo bitxi samar bat du:

Piramideen oinean, blokeetatik, horiek moztean, salto egiten zuten harrien zatiak daude, pilatuta. Harri zati horiek beste batzuk dituzte, txikiagoak, dilisten forma eta neurrikoak. Batzuek azalaren erdia kendu zaien garagar aleen forma dute bereizgarri. Diotenez, langileen janaritik geratzen zena harri bihurtu da, eta hori ez da gertagaitza. Izan ere, nire sorterrian, lautada batean, mendixka luze bat dago, dilista itxurako harriz, harri porotsuz, betea.

Estrabonek idatziz utzi zuen piramideak eraikitzeko erabili zituzten blokeetako batzuek zituzten marka biribilek sortu zioten harridura; bere jaioterrian –gaur egun Turkiako iparraldea dena– ikusitakoa gogorarazten zioten. Azalpen baten bila, inguruan bizi ziren egiptoar nekazariek kontatzen zuten istorio ezagun baten berri eman zuen. Piramideak eraiki zituzten langileek jaten zituzten dilistak zirela zioten; izan ere, lantzen ari ziren blokeen gainera erortzen zitzaizkienean, eguzki kiskalgarriak lehortu egiten zituen, eta harkaitzekin urtu egiten ziren.

harrizko txanponak1. irudia: Nummulites baten oskol fosilaren kanpoko itxura, Galea lurmuturra (Bizkaia). Eskala barra = 2,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Zalantzarik gabe, legenda polita da, baina bada azalpen zientifiko bat Egiptoko piramideak eraikitzeko erabili ziren arroketan agertzen diren egitura biribildu horientzat. Kasu honetan, organismo oso berezi batzuen hondakin fosilak dira, foraminiferoenak.

Foraminiferoak mikroorganismo zelulabakarrak dira, itsasoko uretan soilik bizi direnak, eta ingurune ozeaniko guztiak kolonizatu dituzte, estuarioetatik hasi eta itsas eremu sakonetaraino. Gaur egun, planktonaren osagai nagusietako bat dira, baina badira bizi forma bentonikoa duten, hau da, itsas hondoaren sedimentuaren barnean nahiz gainean bizi direnen espezie asko ere.

harrizko txanponak2. irudia: Irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako zenbait Nummulites fosilen sekzio ekuatorialak (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) eta sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Bartzelona. Eskala barra = 0,5 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Foraminiferoen berezitasun nagusietako bat da oskol karbonatatu bat dutela, beren zelularen nukleoa babesteko. Oskol hori handituz doa organismoa hazten den heinean eta modu berezi batean egiten du gainera, hots, ganbera berriak gehituz. Edo, beste modu batera esanda, alea hazten den bakoitzean espazio huts handiago bat garatzen du haren nukleoa estali ahal izateko. Espazio horri gela ganbera esaten zaio, eta gero eta lodiagoa den trenkada batek bereizten du aurrekotik, baina “foramen” izeneko poro edo zulo txiki batez konektatuta daude biak; hortik datorkio izena talde faunistiko osoari. Errazago azaltzeko, konparazio bat erabiliko dut. Demagun, jaiotzean, gure tamainara egokitutako gela bakar batean bizi garela. Hazten garenean, tamaina handiagoko gela berri bat eraikitzen dugu, gero eta horma lodiagoekin, baina aurreko gelarekin konektatuta beti irekita dagoen leiho txiki batetik. Gainera, agregazio bidezko ganberen hazkunde horren ondorioz, foraminiferoen oskolek askotariko formak hartzen dituzte, dela biribilak, dela luzangak. Eta organismoa hiltzen denean, oskol mineralizatu hori itsas hondoaren sedimentuan metatzen da, eta, pixkanaka lurperatu egiten da. Horrela, denbora igaro ondoren, fosil bihur liteke.

harrizko txanponak3. irudia: “Caliza de Sant Vicenç” arroka apaingarrian gordetako Nummulites fosil baten sekzio ekuatorialaren (forma azpiangeluzuzenak dituzten ganberak) xehetasunaren argazkia, Bartzelona. Eskala barra = 0,25 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Bada, Egiptoko piramideetako harkaitzetan jada desagertuta dagoen Nummulites generoko foraminifero batzuen fosilak daude. Mota honetako aleak oso ohikoak izan ziren Paleozenoaren amaieratik Oligozenoaren hasierara arte, orain dela 59 eta 30 milioi urte bitartean, Mediterraneo osoan garatu ziren itsaso bero eta ez oso sakonetan. Ezaugarri nagusietako bat da disko formako oskol bat garatu zutela, milimetro gutxi batzuetako neurria eta zenbait zentimetrotako diametroa zuena. Beraz, ez da harritzekoa antzinako egiptoarrek fosil horiek harri bihurtutako dilistekin nahastea. Estrabonek aipatutako garagar aleei dagokionez, arrokari eta, beraz, oskol fosilari ezartzen zaion ebakiduraren arabera, ganberen morfologia ikus daitekeelako da: forma azpiangeluzuzena sekzio ekuatorialean (ganberen biribiltze ardatzarekiko perpendikularra) eta forma azpitriangeluarra sekzio axialean (biribiltze ardatzarekiko paraleloa).

harrizko txanponak4. irudia: “Crema Marfil” arroka apaingarrian gordetako Nummulites baten fosilaren sekzio axiala (forma azpitriangeluarrak dituzten ganberak), Valentzia. Eskala barra = 2 cm. (Argazkia: Blanca María Martínez)

Eta antzekotasunekin amaitzeko, Nummulites terminoak “txanpon txikia” esan nahi du, generoaren izena bere disko formagatik eman baitzitzaion. Are gehiago, gaur egungo beduinoek “basamortuko dolar” esaten diete fosil horiei.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Harrizko txaponak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen

lun, 2022/02/14 - 09:00

Jaiotzen garenetik gure hatzek larruazalean bereizgarriak diren tontor eta ildoen patroiak dituzte, hatz-markak deitzen ditugun patroiak, hain zuzen ere. Ez dira denborarekin aldatzen eta, horregatik, XIX. mendetik hatz-markak erabiltzen dira norbanakoak identifikatzeko. Proposatu egin da hatz-markak garatu zirela gauzei heltzen laguntzeko eta azaleren ehundurak sentitzeko. Baina gutxi dakigu hatz-marken garapenean parte hartzen duten geneei buruz.

Hatz-markak haurdunaldiaren 10. astean hasten dira garatzen eta 14. asterako ezarri egiten da hatz-marken patroi nagusia. Hiru patroi handitan sailkatzen dira hatz-markak, duten formaren arabera: arku, begizta eta kiribil. Hiru patroi horien sorrera azaltzeko hainbat mekanismo proposatu badira ere –esate baterako, azalaren tentsio mekanikoa edo odol-hodiek edo nerbioek ezarritako patroia jarraitzea–, hatz-marken garapenean parte hartzen duten mekanismo biologikoak ez dira guztiz ezagunak. Mekanismo horiek ezagutzeko, hatz-marken patroi nagusien gene-oinarria aztertu du ikertzaile talde batek.

markak1. irudia: Hatz-marken patroiak gene-oinarria du. (Argazkia: Carlos Pereyra – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaileek egin zuten lehengo lana izan zen ia hamar mila txinatarren gene-informazioa aztertu, Han etniakoak, hain zuzen ere. Genoma osoko asoziazio-analisiak erabilita, ikertzaileek ondorioztatu zuten genomako 18 eskualdeek parte har zezaketela hatz-marken hiru patroi nagusien garapenean. Gero, beste ia lau mila pertsonetan egin zuten analisi berdina eta antzeko emaitzak izan zituzten: aipatutako 18 eskualde horietatik 17 eskualde baieztatu zituzten. Gainera, hatz-markekin erlazionatutako 66 ezaugarri aztertu zituzten eta analisi horietan detektatu zituzten gene-eskualde gehienak jatorrizko analisian detektatutako 18 eskualdeak izan ziren.

Horretaz gain, hatz-marken patroiek korrelazio handia dute ezkerreko eta eskuineko hatzak konparatzen direnean. Orobat, korrelazio handia dago erdiko hiru hatzen –hatz erakuslearen, hatz luzearen eta hatz nagiaren– hatz-marken patroian. Bada, ikertzaileek ondorioztatu zuten korrelazio horiek guztiek gene-oinarri sendoa dutela eta korrelazio horiek eragiten dituzten gene-eskualdeek arestian aipatutako gene-eskualdeekin bat egiten zutela.

markak2. irudia: Bakoitzak bere hatz-markak ditu. (Argazkia: PublicDomainPictures – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Egindako analisietan hatz-marken patroiekin asoziaziorik sendoena izan zuen gene-eskualdea 3. kromosoman kokatuta zegoen. Gene-eskualde horretan zehaztu zuten zein gene-aldaera zen asoziazio horren eragilea eta, hainbat metodo erabili ostean, baieztatu zuten gene-aldaera horrek eragina zuela EVI1 genearen funtzionamenduan.

Gene horrek hatz-marken garapenean duen funtzioa aztertzeko, saguen Evi1 genea aztertu zuten ikertzaileek. Gene horretan mutazio bat izateak eragin zuen saguen hatzen laburtze txikia, bai eta aldaketak hatz-markek dituzten tontorren agerpenean. Gainera, hainbat teknikari esker, ikusi zuten Evi1 genea aktibo zegoela saguaren enbrioiaren gorputz-adarren muturretan eta enbrioiaren garapena aurrera joan zen heinean murriztu egin zela gene horren aktibitatea, hatz-marken patroia definituta gelditzen zenean, hain zuzen ere.

Gizakien enbrioien kasuan antzeko emaitzak lortu zituzten. Haurdunaldiko 6. astean EVI1 genea aktibo zegoen hazten ari ziren gorputz-adarretan. 10. astean EVI1 genearen aktibitatea detektatu zen gorputz-adarren muturretan, batik bat hatz-markak garatzen diren puntuetan. 13. astean asko murriztu egiten da EVI1 genearen aktibitatea eta 16. astean ez du ia aktibitaterik. Gainera, ikertzaileek zehaztu zuten EVI1 geneak ez zuela inolako harremanik hatz-marketan gertatzen den larruazalaren tolesturekin.

markak3. irudia: Hatz-markak haurdunaldiaren hirugarren hilabetean garatzen dira. (Argazkia: SeppH – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hatz-marken gene-oinarria hobeto ulertzeko ikerketa honetan Asiako ekialdeko eta Europako hainbat populazio ere aztertu zituzten. Guztira, hogeita hiru mila pertsonetan aztertu zuten hatz-marketan kiribilak izatea. Ikertzaileek ondorioztatu zuten 43 gene-eskualdetan kokatzen ziren 105 genek asoziazioren bat zutela hatz-marketan kiribilak izatearekin. 43 gene-eskualde horien eragina ez zen guztiz berdina izan Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan, baina gene-eskualde gehienak bietan detektatu ziren. Hori dela eta, ikertzaileek ondorioztatu zuten Asiako ekialdeko eta Europako populazioetan oro har berdinak zirela hatz-markekin zerikusia duten geneak. Ikertzaileek aztertu egin zituzten gene horiek eta ikusi zuten gene gehienek gorputz-adarren garapenean parte hartzen zutela baina ez larruazalaren garapenean.

Azkenik, ikertzaileek hatz-marken eta eskuaren ezaugarrien arteko harremana aztertu zuten. Hala, ikusi zuten kiribil formako patroiaren maiztasunak harremana zuela hatz txikiaren luzera osoarekin; eta hatz erakuslearen eta luzearen muturren luzerarekin. Lanaren egileen aburuz, honek indartu egingo luke hatz-marken patroi nagusien ezarpena eta gorputz-adarren garapena mekanismo biologiko berdinen menpe daudelako ikuspegia.

Laburbilduz, hartz-marken patroi nagusia ezartzen duen mekanismo biologikoak harremana du gorputz-adarren garapenarekin, ez larruazalaren tolesturekin. Horren adibide argia da EVI1 genearen funtzioa eta funtzionamendua. Intuizioak esaten digu hatz-markek larruazalaren garapenarekin harremana dutela; baina badirudi gorputz-adarrak garatzeko erabiltzen diren mekanismo biologikoak direla hatz-marken patroiak ezartzen dituztenak. Beste behin ere, biologian ezer ez da dirudien bezain agerikoa eta, horregatik da bizia ikertzea hain liluragarria.

Iturria:

Li, Jinxi et al. (2022). Limb development genes underlie variation in human fingerprint patterns. Cell, 185 (1), 95-112.e18. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cell.2021.12.008

Egileaz:

Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

The post Hatz-marken gene-arrastoa jarraitzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #381

dim, 2022/02/13 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

emakumeak zientzian

Emakumeak Zientzian

Otsailak 11 Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna da. Berrian lau emakume zientzialariri elkarrizketa egin diete, eta hauek nabarmendu nahi izan dute oraindik asko falta dela berdintasuna eskuratzeko. Emakume zientzialariek aukera gutxiago dituzte, gutxiago aipatu eta aitortzen da egiten duten lana eta gizartean gutxiago ikusarazten dira. Olatz Arbelaitz, Elixabete Rezabal, Amaia Iturrospe eta Aitziber L. Kortajarena zientzialarien adierazpenak irakur daitezke Egun bakarra ez da aski artikuluan.

Zientzia Kaieran ere emakume zientzialarien nazioarteko egunari erreparatu diote eta apaltasun-araua delako fenomenoa izan dute hizpide. Arau honek neskatoei txikitatik erakusten die beren trebetasunez ez harrotzen, eta, aldiz, mutilei hori egitera animatzen zaie. Apaltasun-arauak etorkizunean ondorio handiak ditu, eta horietako bat da, hain zuzen ere, emakumeak zientziatik baztertzea.

Egunari lotuta Elhuyar aldizkarian ere azaltzen dute kargu garrantzitsuetan ere emakumeen presentzia oso urria dela eta, esaterako, IPCC klima-aldaketa ikertzeko nazioarteko taldeak, adibidez, emakumeen parte-hartzea areagotu behar dutela onartu duela.

Medikuntza

Berrian irakur daitekeenez, paraplegikoak lehen egunetik oinez jartzen dituen teknika bat aurkeztu dute. Suitzako Lausanako Eskola Politekniko Federaleko eta hiriko erietxeko ikertzaileek garatu dute teknika, eta izatez, Epiduralaren Estimulazio Elektrikoaren teknikaren hobekuntza bat da. Azaldu dutenez, beste ebakuntza-teknika batzuk zutabe dortsalerako pentsatuta zeuden elektrodo plakak ezartzen dituzte. Horiek, pultsu elektrikoak bidaltzen dituzte muinera, baina lesiotik beherago, hankak mugitzeko erabiltzen diren giharretara. Teknika berri honek, ordea, hanken eta enborraren mugimenduez arduratzen diren sustrai dortsal guztiak estimulatzen ditu elektrodoen bidez eta lehenengo egunean zutitzen eta ibiltzen hasten dira pazienteak.

SARS-CoV-2arekin nahita infektatu zirenen emaitzak argitaratu dituzte ikertzaile britaniar batzuek. Osasunaren Mundu Erakundeak proposatutako esperimentu bat izan zen, eta boluntario osasuntsuak nahita infektatu ziren SARS-CoV-2 birusarekin, bilakaera ezagutzeko eta ondorioak ateratzeko. Ikusi ahal izan dutenez, birus gutxi nahikoak dira infektatzeko; inkubazio-aldia lau egunekoa da; kasu asko asintomatikoak dira; karga birala altua da, baita asintomatikoetan ere; hasieran eztarrian erreplikatzen da, eta gero sudurrean; eta antigeno-probak bat datoz karga biralarekin. Ana Galarragak azaltzen du Elhuyar aldizkarian.

Biologia

New Jersey estatuko Passaic ibaiaren ertzetan hasi zen Estatu Batuetako iraultza industriala, eta ibai oso kutsatua zen. Ezaguna egin zen Passaic ibaia DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zirelako bertan. Kutsadura guzti hau ibaiaren arroan metatu zen, baina animalia batzuk substantzia kaltegarri hauen eraginpean bizitzeko gaitasuna lortu dute. Hortxe bizi dira, besteak beste, zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugari. Ornodunak ere badaude, Fundulus heteroclitus arraina, adibidez. Ingurune oso kutsatuetan bizitzeak gaitasun bereziak eman dizkio espezie honi. Datuak Zientzia Kaieran: Bizirik irauten dutenak.

Ozeano Artiko Zentrala Lurreko ozeanorik oligitrofikoena da, hau da, elikagai disolbatu gutxien duena. Hala ere, belaki-populazio handiak hazten dira bertan, 24 kg eta 1 m-ko belakiak. Planck Institutuko ikertzaile-talde batek belaki hauen elikadura aztertu du, eta ikusi ahal izan dute belaki hauen dieta jada desagertuta dagoen animalia-komunitate baten arrastoetan oinarritzen dela, fosiletan, hain zuzen. Elikadura-estrategia horrekin, bataz beste 300 urte bizi direla ikusi dute. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Iraganeko animaliez elikatzen diren belakiak aurkitu dituzte Ozeano Artikoan.

Ekologia

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Lurraren % 30 babesteak desnutrizioa eragin lezake herrialde zaurgarrienetan, tokian tokiko ikuspegiaz egiten ez bada. Biodibertsitate-galera globala geldiarazteko neurri modura, Lurraren % 30 edo % 50 babestea proposatu da. Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek neurri hauen ondorioak ikertu dituzte, eta adierazi dute Asiako hegoaldean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan 200.000 heriotzatik gora eragingo lituzketela. Izan ere, balio ekologiko handiko lur asko gerriko subtropikalaren barruan kokatuta daude, eta, ondorioz, hango nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak murriztea ekarriko luke. Ikertzaileen arabera, biodibertsitatearen galerari hain modu globalean begiratzea herrialde aberatsentzat soilik da onuragarria. Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa honetan, ikertzaileek ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa tokian tokiko aldagaiak eta baldintzapen sozialak kontuan hartzea.

Genetika

Gure arbasoek utzitako ondore genetikoaz gain, gure bizimoduak ere badu eragina gure osasunean, eta hori ikertzen du, hain zuzen ere, epigenetikak. Bizitzako esperientziek eta ohiturek gure osasunean eragin dezakete: genetikoki gaixotasun bat garatzeko joera baldin badugu, genetikoa ez den kanpoko faktore batek gaixotasun honen garapena piztu dezake. Baina DNAn ematen diren aldaketa epigenetiko hauek itzulgarriak dira, eta beraz, ikertzaileek gaixotasun konkretuekin loturiko aldaketa epigenetikoak ikertzen ari dira; horietako bat, minbizia. Gaur egun, jada badaude merkaturatuta minbizi mota batzuen aurka epigenoman eragiten duten farmakoak, eta mekanismo berdinarekin beste hogei bat farmakoren eraginkortasuna fase klinikoan ebaluatzen ari da. Datuak Zientzia Kaieran: Epigenetika helburu duten sendagaiak.

Klima-aldaketa

Gure lurraldean uholdeak oso ohikoak dira, baina Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidroingurumeneko Prozesuak talde kontsolidatuko ikertzaileek azaldu dute, klima-aldaketak ohikoago egingo dituela, klima gero eta muturrekoagoa izango baita. Hala ere, gizakiak ibaiarenak ziren eremuak okupatu ditu, eta honek handitu egiten du uholdeak pairatzeko probabilitatea. Uholde lautadak, esaterako, urbanizatu egin dira, eta ubideak kanalizatu. Horren ondorioz, euri ura lurrera jaustean, askoz azkarrago mugitzen da, eta ubidean ur gehiago pilatzen da normalean baino azkarrago. Baina ibai arroez gain, Antiguedadek eta Zabaletak diote lurraldea bere osoan hartu behar dela kontuan, lurzoruak euriaren eraginaren erregulatzaile gisa egiten baitu, eta hau ere erabat okupatu dugu. Arazo hau gaur egun eta etorkizunean saihesteko, beraz, ibaiei beren espazioa itzuli beharko zaie. Azalpen guztiak Berrian: Urak bare direnean aurrea hartu.

Ingurumena

Ellen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak Coloradoko Estatu Unibertsitatean ikerketa bat jarri zuten abian, ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen zen egur kopurua kalkulatzeko asmoarekin. Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte orain arte lortutako emaitzak, eta, dirudienez, industrializazio aurreko erreketako egun hil kopurua askoz handiagoa zen. Balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara fenomeno ezberdinen bitartez, baina ikertzaileen ustetan, zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zen. Ibaiertzetan pilatutako material naturalek (enbor zatiak, orbelak eta adarrak) ibaiak eraldatzen dituzte, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badute ekosistemetan. Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dutela ikusi da, baina ikerketa asko falta da egur hilaren faltak itsas ekosistemetan duen eragina ezagutzeko. Datuak Zientzia Kaieran: Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe.

Teknologia

Fusioa izarretan gertatzen den prozesua da, bi hidrogeno atomo batu eta helioa sortzean datza, hain zuzen. Erreakzio honek energia ikaragarria sortzen du eta zientzialariak aspalditik dabiltza prozesu hau komertzializatu nahian. Berrian eta Elhuyar aldizkarian irakur daitekeenez, aste honetan marka erabakigarria lortu dute fusio energia sortzeko lasterketan. Oxfordeko JET laborategian bost segundoz eutsi diote fusio erreakzio bati, eta 11 megawatt energia sortu dute. Azaldu dutenez, JET laborategian duten erreaktorearen imanek ezin dute bost segundoko erreakzio bat baino luzeagorik kudeatu, baina erakutsi dute, saiakera erreaktore ahaltsuago batean eginez gero, emaitza handiagoa lortuko litzatekeela. Fisioak fusioak baino arrisku gutxiago ditu, ez duelako kate erreakziorik sortzen eta tritioa erabiliko dutenez erreaktibo gisa, erradioaktibitate maila apala izango du.

Zientzia esperimentalen irakaskuntzan lan praktikoak jarri behar dira erdigunean. Oro har, ikerketa askok ohartarazten dute eskoletako testuliburuetan dauden ariketek ikerketa-maila oso eskasa eskatzen dutela, eta, orokorrean, ikasleak laborategietan egiten dituzten praktiketan ez dago hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Ikasketa prozesu hau hobetzeko helburua du Arduino mikrokontrolagailua oinarri duen proposamen didaktiko batek. Proiektuak bigarren Batxilergoko Kimika du muinean, hain zuzen ere termokimikarekin lotutako eduki kontzeptualak. Ikasleek kalorimetro elektroniko bat eraiki beharko dute Arduino mikrokontrolagailua erabiliz. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #381 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #386

sam, 2022/02/12 - 09:00

 

Ektotermoak, haien tenperatura erregulatzeko ez diren animaliak, beroari erantzuna zentralizatzen dute. An ancient stress-related mechanism helps worms keep their cool por Rosa García-Verdugorena.

Zelan jakin dezakegu dinosauroetan dimorfismo sexualik zegoen? Estatistika baliatuta, noski, hutsala ez da, baina. Did male and female dinosaurs differ? A new statistical technique is helping answer the question Evan Thomas Saittaren lana.

LED argi arruntak, (ILED , inorganikoaren I hizkiarekin) oso ondo daude, baina produkzioa ez da jasangarria. Oinarri organikoa dutena, OLED oso garestiak dira aplikazio errealak izateko gauza oso garestiak kenduta (mugikorrak edo gama goi-ertaineko telebistak esaterako). Irtenbidea LED hibridoetan dago (HLED), baina zaila da kolore batzuk lortzea, gorri bizia, esaterako. Badirudi DIPCn molekula biologiko batean aurkitu dutela irtenbidea. Best performing deep-red bio-HLED reported to date

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #386 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Apaltasun-araua

ven, 2022/02/11 - 09:00

Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna dugu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedran estereotipo jakin batzuek eragiten duten eraginari erreparatu diogu aurten. Estereotipo hauek neska-mutilek ikasketak aukeratzeko orduan duten efektuari.

 

Urtebete geroago” artikuluan adierazten den bezala, diziplina zientifikoak batera hartuta, ez dago alde handirik zientzietako unibertsitate-ikasketak egiten dituzten gizonen eta emakumeen kopuruetan. Doktoretza egiten dutenen ehunekoak ere antzekoak dira. Hala ere, aldea dago mutilek eta neskek hobesten dituzten ikasketa zehatzei dagokienez. Garrantzitsuenak ingeniaritzakoak (askoz mutil gehiagorekin) eta osasun-zientzietakoak (askoz neska gehiagorekin) dira. Eta karrera zientifikoen barruan, emakume gutxiago daude fisikan eta gehiago biozientzietan.

Desberdintasun horien azpian dauden faktoreak ez dira nabarmenak, sotilak dira. Hala, oro har, neskek ez dituzte aukeratzen lehia handia eskatzen duten lanbideak (adibidez, artikulu honetan eta beste honetan dokumentatzen den bezala eta honakoan berrikusita, beste azterlan batzuekin batera). Faktore hori, estereotipo batzuen efektuarekin batera, adibidez, 2012an matematika-ikasketetan gertatu zen aldaketaren oinarrian egon daiteke. Ordura arte matematika ikastea gerora irakasle izatearekin lotzen zen; emakumeen artean ohikoa zen jarduera profesionala. Aldiz, 2012tik aurrera gora egin zuen matematikako profesionalen eskaerak, batez ere, teknologia- eta enpresa-arloko lanpostuetarako. Lan horiei lehiakortasun handiagoa egozten zaie eta matematika-ikasketek erakargarritasuna galdu zuten nesken artean. Erakargarritasun txikiagoa izatea genero-estereotipoen ondorioa litzateke, eta, gainera, indartu egingo lituzke.

 

Bestalde, badirudi graduondoko ikasketak aukeratzeko lehentasunak, generoaren arabera, ez datozela bat ikasketa zientifiko eta teknologikoak bereiziko lituzkeen balizko banalerro batekin, baizik eta beste faktore batzuen eraginarekin. Horien artean daude ikasketa batzuk eta besteak arrakastaz egiteko beharrezkotzat jotzen den bikaintasun-mailaren itxaropenak. Zenbat eta handiagoa izan ikasketak arrakastaz egiteko beharrezkotzat jotzen den bikaintasuna (hala egozten zaiolako), orduan eta txikiagoa da ikasketa horiek aukeratzen dituzten emakumeen ehunekoa. Eta litekeena da fenomeno hori bera gertatzea graduko ikasketak aukeratzeko orduan.

Dirudienez, hain pertsona “bikaina” izatea beharrezkoa ez den ikasketak hautatzeko nesken joera horrek, haurtzaroan du jatorria, sei urteren bueltan, gutxi gorabehera. Adin horretan, neskak zalantzan jartzen hasten dira mutilak bezain argiak ote diren. Orduan, pertsona “benetan azkarrei” dagozkien jarduerak saihesten hasten dira. Badirudi estereotipo horiek familia-ingurunean eratzen direla, eta haren sorreran «apaltasun-araua» deiturikoak eragiten duela. Arau horren bidez, neskatoei, umetatik, beren trebetasunez ez harrotzen irakasten zaie, eta, aldiz, mutilei hori egitera animatzen zaie. Beraz, oinarri kulturaleko efektua litzateke

Aurreko faktoreei gehitu behar zaie “rolen inkongruentzia” (role incongruity) eta “doitze falta” (lack of fit) deitutakoen eragina. Zientzialari ontzat hartzen diren pertsonen berezko ezaugarriak estereotipikoki maskulinoak diren ezaugarriekin identifikatzean datza (ekintzailetza, lehiakortasuna,…); emakumeei, berriz, ustez gutxiago “apaintzen” dituzten ezaugarriak ematen zaizkie, esaterako, izaera kooperatiboa (taldekoa), batez ere.

Laburbilduz, unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan, nesken hautaketan autopertzepzioari eta beren buruari ematen dioten gaitasunari lotutako estereotipoak jarduten dute. Emakume zientzialarien bizitza akademiko eta profesionaleko hainbat instantziatan jarduten dute, eta  bizitza akademikoa garatzeko eta aurrera egiteko aukerak ahultzen laguntzen dute. Eragozpen horiek oztopatu egiten dute emakumeek zientzia- eta teknologia-ikasketa jakin batzuk egitea, eta, beraz, praktikan, ez dituzte gizonen aukera berberak.

Testu honekin batera doan “Apaltasun-araua” bideoak oztopo horien berri eman nahi du. Hauek sotilak badira ere, ez duelako esan nahi ez direla eraginkorrak. Izan ere, Kultura Zientifikoko Katedran uste dugu beharrezkoa dela nabarmentzea ikasketa jakin batzuetarako sarbidean emakumeak mugatzen dituzten faktoreak — horiek edo beste batzuk — daudela. Bakar-bakarrik, muga horiek ezagututa, hauek existitzeari utz diezaioten ekiteko moduan egongo gara. Gaur bideo honen bidez egiten dugu, eta urteko gainerako egunetan ere egiten dugu, Mujeres con Ciencia blogaren bidez. Izan ere, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarentzat urteko egun guztiak baitira zientziaren arloko emakumearen eta neskatoaren egunak.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Egunaren argitalpenak:

The post Apaltasun-araua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Epigenetika helburu duten sendagaiak

jeu, 2022/02/10 - 09:00

Ezaguna da genetikak gaixotasunen garapenean paper garrantzitsua jokatzen duela. Gure herentzia genetikoak gaixotasun ezberdinak garatzera eraman ahal gaitu. Baina gure arbasoek utzitako ondoretasunaz gain, gure bizimoduak gure osasunean eragiten al du? Bai, noski. Gaixotasunen agerpena eragin dezake? Bai, bizitzako esperientziek eta ohiturek ere gure osasunean eragin dezakete. Herentzia genetikoa eta ingurune-faktoreen artean elkarrekintza ere gerta daiteke. Genetikoki gaixotasun bat garatzeko joera baldin badugu, kanpoko faktore batek (genetikoa ez dena) gaixotasun honen garapena piztu dezake. Nola? Zer gertatu behar da zelula mailan ingurune-faktore batek horrelako aztarna uzteko? Fenomeno epigenetikoa, epigenetika.

Epigenetika terminoa “epi” aurrizkiagatik osatuta dago, grekoz “gainetik” esan nahi duena. Hortaz, epigenetikak genetikaren gainean dagoenari erreferentzia egiten dio. Hau da, geneen eta inguruko faktoreen arteko erlazioari. Epigenetika gizabanako baten fenotipoa finkatzen duen prozesuetako bat da. Gizabanakoen DNA sekuentzia aldatu gabe, mutaziorik sortu gabe, ingurune-faktoreek edota esperientziak aldaketak eragin ditzakete. Aldaketa epigenetiko horiek geneen adierazpena alda dezakete, eta isilik dagoen gene baten adierazpena piztu edo alderantziz, gene baten adierazpena erreprimitu. Gehienetan, ez dugu gehiegi kezkatu behar, aldaketa epigenetikoak itzulgarriak baitira. Gainera, gure bizitzan zehar aldatzen dira eta nolabaiteko orekan mantentzen dira. Hala eta guztiz ere, momentu batean faktore ez-genetiko batek oreka apur dezake, eta eragindako aldaketa epigenetikoak erabakigarri bihur daitezke.

EpigenetikaIrudia: Epigenetikak genetikaren gainean dagoenari erreferentzia egiten dio. Hau da, gizabanakoen DNA sekuentzia aldatu gabe, mutaziorik sortu gabe, ingurune-faktore edota esperientziak aldaketak eragin ditzake. (Argazkia: madartzgraphics – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

90ko hamarkadan, faktore ez-genetikoen eta gaixotasunen garapenaren arteko lehenengo erlazioa aurkitu zen. Herri bateko artxiboetan zeuden antzinako datuekin egindako ikerketa epidemiologikoak, gosete eta uzta txarrek biztanleen osasunean eragin iraunkorra zuela ondorioztatu zuen. Ikerketa horretatik aurrera, zientzialariak nutrizio-faktore horietaz gain, osasunean eragina izan ahal duten beste faktoreak eta eragiteko modua ebaluatzen hasi ziren. Ingurune-faktore garrantzitsuenen artean, egoera estresagarriak, drogen kontsumoa eta infekzio biralak daude. Faktore hauen eragina une konkretuetan bereziki garrantzitsua izango da: aldi fetalean, haurtzaro goiztiarrean eta nerabetasunean. Hau da, garatzen ari garenean. Adibidez, eskola-garai gogorra izan duten umeek alkoholismoa, drogen gehiegizko kontsumoa edota beste gaixotasun psikiatrikoak pairatzeko arrisku handiagoa izan ahal dute. Epigenetikak aspaldi ezaguna zen ingurune-faktore kaltegarrien eraginari oinarri biologikoa eman dio. Hori dela eta, mekanismo epigenetikoen inguruko ikerkuntza asko zabaldu egin da, eta gaixotasun konkretuekin loturiko aldaketa epigenetiko bereizgarriak identifikatzen dihardu. Honen adibiderik aipagarriena minbizian topatutako aldaketak dira, biomarkatzaile bezala postulatu direnak, gaixotasunaren diagnostiko zehatzean laguntzeko besteak beste. Baina ez hori bakarrik, minbizian aurkitutako aldaketa epigenetikoek mekanismo honetan oinarritutako farmakoen garapenari ateak ireki dizkiote.

Minbizi mota batzuen aurka epigenoman eragiten duten farmakoak merkatuan daude jada, eta mekanismo berdinean eragiten duten beste hogei bat farmakoren eraginkortasuna fase klinikoan ebaluatzen ari da. Gainera, minbizian aurkeztu duten eraginkortasunari esker, etiologia ezberdinetako gaixotasunen aurkako tratamendu bezala postulatu dira, hots, gaixotasun psikiatrikoen aurka. Bizi dugun osasun krisiari dagokionez, COVID-19aren aurkako borrokan ere epigenetika etorkizun handiko ikerkuntza arloa dirudi. Izan ere, COVID-19aren aurrean sentikorrago bihur gaitezkeen aldaketa epigenetiko batzuk identifikatu berri dira. Hau guztia dela eta, epigenetikaren inguruko ikerketak gero eta interes handiagoa hartzen ari dira, eta tratamendu berriak aurkituko direlako itxaropena piztu egin du.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Epigenetika helburu duten sendagaiak.
  • Laburpena: Epigenetika hitzak DNA-sekuentzia aldatu gabe aktibitate genetikoan gertatzen den edozein aldaketari egiten dio erreferentzia. Faktore ez-genetikoek (hala nola, infekzioak eta farmakoak) aldaketa epigenetikoak eragin ditzakete, gure genoma osotik zein gene adieraziko diren eta zein ez erabakiz. Hortaz, epigenetika genetikaren eta inguruko faktoreen eta esperientzien arteko lokailua da. Garai erabakigarrietan (garapen fetalean, haurtzaro goiztiarrean eta nerabetasunean) eraginez, faktore ez-genetikoek gure epigenoma ezarriko lukete, deskribatu izan diren 3 mekanismoren bidez: DNAren metilazioa, histonen itzulpen osteko aldaketak eta RNA ez-kodetzaileen eragina. Azken hamarkadetan, epigenetikaren inguruko ikerketa ugari egin dira; gehien aztertu den mekanismo epigenetikoa itzulpen osteko histonen azetilazioa izan da. Azetilazio-asaldurak hainbat gaixotasunen garapenarekin erlazionatu dira. Horren adibiderik aipagarriena minbizia izan da. Horretan oinarrituz, histonen deazetilasen inhibitzaileak (HDACi) minbiziaren kontrako tratamendu gisa postulatu ziren. Gaur egun, lau HDACi daude onartuta minbizi-mota ezberdinen aurkako tratamendurako, eta 20 baino gehiago fase klinikoan ebaluatzen ari dira. HDACi-ek minbizian duten eraginkortasunak beste gaixotasun batzuetan aztertzeko aukera eman du. Gaixotasun neuroendeka- tzaile eta psikiatrikoen konplexutasuna eta tratamendu eraginkorren falta dela eta, HDACi-ak terapia potentzial interesgarri bihurtu dira. HDACi-ek eragile neurobabesle gisa joka dezaketenez, Huntingtonen eta Parkinsonen gaixotasunetan duten eraginkortasuna aztertzen ari da. Asaldura bipolarrean eta eskizofrenian ere aurrera doa HDACi-en ikerketa.
  • Egileak: Oihane Martínez-Peula, Guadalupe Rivero Calera
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 11-31
  • DOI: 10.1387/ekaia.22188
Egileez:

Oihane Martínez-Peula eta Guadalupe Rivero Calera UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko ikertzaileak dira.

Guadalupe Rivero Calera Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko ikertzailea da

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Epigenetika helburu duten sendagaiak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea

mer, 2022/02/09 - 09:00

Zientzia esperimentalen irakaskuntza, tradizionalki, ez da esperimentazioan oinarritu azken hamarkadetan. Oro har, zientzialarientzat ohikoena den jarduera, esperimentazioa, eskolatik kanpo egin da eta eskolan egon den kasuetan, praktika-errezetetan oinarrituta egon da.

Praktika-errezeta diogunean, ikasleak pausoz pauso jarraitu beharreko laborategiko esperimentuez ari gara eta, jakina denez, lan egiteko modu hori ez da zientzialarien ohiko jarduna. Azken urteotan, praktika-errezeten bidez lan egiteko modu horretatik aldentzen diren estrategia metodologikoak proposatu dira zientzia-bokazioak pizteko gako gisa. Horien artean, Arduino edo antzeko mikrokontrolagailuen bidez egin daitezkeen lanak interesgarriak dira, bereziki Bigarren Hezkuntzan.

lan esperimentalakIrudia: Arduino eta Raspberry Pi mikrokontrolagailuak lan esperimentala egiteko baliagarriak izan daitezke. (Argazkia: christoph1703 – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Zientzia esperimentalen irakaskuntzan lan praktikoak jarri behar dira erdigunean. Lan praktiko mota desberdinak sailkatzeko hainbat modu proposatu dira literaturan. Historikoki, esperientziak, lan praktikoak eta ikerkuntzak bereizten dira. Esperientziak fenomenoekiko pertzepzioak garatzeko erabilgarriak diren jarduerak dira; lan praktikoak gaitasun praktikoak eta teknikoak eskuratzeko jarduerak dira eta, azkenik, ikerkuntzak ikasleei problemak ebazterakoan zientzialari edo teknologoen gisara lan egiteko aukera ematen dieten jarduerak dira. Sailkapen eguneratuagoen arabera, lan esperimentala honela klasifikatzen da: esperientziak, esperimentu argitzaileak, jarduera praktikoak eta ikerkuntzak.

  • Esperientziak, fenomeno fisiko eta kimikoekiko pertzepzioa erlazionatzeko erabiltzen dira.
  • Esperimentu argitzaileak. Printzipio eta legeak ilustratzeko erabiltzen direnak dira, ikuspegi konstruktibista batetik fenomenoak interpretatzeko lagungarriak izango direnak. Esperimentu argitzailea irakasleak bakarrik egiten badu demostrazioak direla esaten da.
  • Jarduera praktikoak: metodo eta tekniken ikaskuntza-irakaskuntzarako erabiltzen dira, eta baita propietateak neurtzeko ere.
  • Ikerkuntzak: ezagutza eraikitzeko erabiltzen diren lan praktikoak dira, zientziaren prozesuak ulertuz eta ikertzen ikasiz.

Ikuspuntu didaktikotik, lau lan praktiko mota horiek interesgarriak eta erabilgarriak dira, baina, maila konplexu eta osatuenean kokatzen direnak praktikoak eta ikerkuntzak dira. Literaturan, bi horiek ikerkuntza txiki izenpean ere aurki daitezke. Jarduera praktikoak prozedura edo trebetasun espezifikoak ikasteko diseinatutako lan praktikoak dira. Oro har, nahiko orientatuta daude. Aldiz, ikerkuntza baten bidez ikasleari beste modu berritzaile batean aurkeztuko zaio egin beharreko lan esperimentala eta eta prozedurak berak planteatzeko moduan aurkeztuko da laborategiko saioa.

Ikerkuntza bat arazo teoriko edo praktiko bati irtenbidea emateko baliagarria izango den lan praktikoa da, zeinetan esperimentu bat edo esperimentu multzo bat diseinatu, garatu, aplikatu eta ebaluatuko den. Ikerkuntza gisa planteatutako lan praktikoen helburu nagusiak bi izaten dira, alde batetik, hipotesiak kontrastatzea, edota ezaugarri eta propietateak aztertzea marko teoriko baten baitan eta, bestetik, zientziaren prozedurak ulertzea.

Oro har, literaturan argitaratutako ikerketetan ohartarazten da testuliburuetan dauden ariketek ikerketa-maila oso eskasa eskatzen dutela, alegia, errezeta huts baten jarraipenean oinarritzen direla. Ikasleak laborategian dauden denboraren zatirik handiena behaketak eta neurketak egiten, datuak deskribatzen eta tresneria erabiltzen ematen dute. Ez dago, aitzitik, hipotesiak formulatzeko, esperimentuak diseinatzeko eta galderak planteatzeko denbora-tarterik. Teoriaren eta praktikaren arteko loturak ia ez dira aipatzen, eta ez da laborategia erabiltzen eduki kontzeptualen ikaskuntza esanguratsua lortzeko.

Ikerkuntza gidatuen bidezko ikaskuntza-irakaskuntzaren alorrean laborategian lan egiteko aukera baliabide aberasgarria da zientzien curriculumean zehaztutako prozedurazko eta jarrerazko edukiak barneratzeko. Hala ere, tradizionalki, laborategiko esperimentazioa praktika-errezetak egitea besterik ez da izan eta, horietan, ikasleak gidoi zorrotz batean idatzitako pausoak jarraitzen ditu zehatz-mehatz eta, hortaz, laborategia den baliabide didaktikoari ez zaio ia etekinik ateratzen. Argi dago zientziaren irakaskuntza derrigorrez esperimentazioari lotua egon behar dela; izan ere, zientzialarien aktibitate prototipikoa da behaketa eta esperimentazioa.

Ikasleek, bereziki Bigarren Hezkuntzan, ikasi behar dute zientzia ez dela egia absolutu aldaezinetan oinarritzen eta behaketa eta gogoeta sakonak behar izaten dira teoria zientifikoetara iristeko. Teoria zientifikoak ez dira irmoak eta, horregatik, teorien ebaluazioa, laborategiko tresna eta instrumentuen erabilpena eta idatzizko txostenen aurkezpen hutsa ez da nahikoa zientzialarien lan egiteko modua ulertzeko. Problemen ebazpen integrala bideratzeko benetako ikerkuntza lanak beharrezkoak dira eta horrela, irakasleak gidari lanak eginez, ikasleak bere ezagutzaren eraikuntza egingo du eta zientziaren ikuspegi tradizionaletik kanpo, lan esperimentalaren garrantzia bereganatuko dute.

Helburu horrekin, erreferentzia bibliografikoan aurkezten da Arduino mikrokontrolagailua oinarri duen proposamen didaktiko bat. Ikerkuntza gidatuan oinarritutako proposamen berritzaile horrek, literaturan aurki daitezkeen beste batzuekin batera, esperimentazioaren bidezko edukien ikaskuntza hobetzeko eta gaitasunen lorpena hobetzeko aurrerapauso bat eman nahi da. Praktika-errezeten egitura desegiteko bidean, azken txostena ez da izango datu esperimentalen bilduma hutsa. Ikerkuntza gidatuaren prozesu guzti horretan zehar ikasleak ikerkuntzaren prozesua zein den ezagutuko dute eta horren bidez zientziaren metodologia barneratu beharko dute.

Proiektuak bigarren Batxilergoko Kimika du muinean, hain zuzen ere termokimikarekin lotutako eduki kontzeptualak. Nagusiki, beroa eta tenperatura landuko dira; izan ere, bi kontzeptuok ikuspuntu zientifikoaren definiziotik ezagutzea ezinbestekoa da erreakzio kimikoetan gertatzen diren energia-trukaketak ulertzeko. Guzti hori egiteko, ikasleek kalorimetro elektroniko bat diseinatu eta eraiki beharko dute, proposatuko zaien arazoari aurre egin ahal izateko, alegia, hainbat erreakzio kimikoren energia-trukaketak determinatzea. Kalorimetro elektronikoa eraikitzeko Arduino mikrokontrolagailua erabili beharko dute. Azken urteotan aski frogatua dago Arduino hardware eta softwarea oso elementu motibagarria dela ikasleentzat eta pixkanaka eskoletan geroz eta gehiago erabiltzen ari dira mota oso desberdinetako gailu elektronikoak eraikitzeko.

Journal of Chemical Education aldizkarian argitaratu den lan honek Kimikako ezagutzen ekoizpenean esperimentazioak duen garrantzia azaleratu nahi da. Horrez gain, proposamen berritzaile bat egin nahi da laborategiko lan praktikoak ikerkuntza txiki moduan bideratzeko. Izan ere, teoriak ez dira sortzen behaketa hutsetik, baizik eta gertakariak deskribatzeko, azaltzeko, eta fenomeno behagarriak proposatzeko gaitasunetik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lopez-Gazpio, J. Lopez-Gazpio, I. (2021). Constructing an electronic calorimeter that students can use to make thermochemical and analytical determinations during laboratory experiments, Journal of Chemical Education, 97 (12), 4355-4360. DOI: 10.1021/acs.jchemed.0c00281

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Lan esperimentala irakaskuntzaren erdigunean: Arduino oinarri duen adibidea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe

mar, 2022/02/08 - 09:00

Ibaien bidez basoetatik itsasoetara iristen den egur kopurua kalkulatu du ikerketa batek. Egileek susmatzen dute industrializazio aurreko kopurua askoz handiagoa zela, eta horregatik fenomenoak ekosistemetan duen eragina ulertzeko beharraz ohartarazi dute.

Ez da sekretua arazo bat dugula naturaren pertzepzioarekin. Gustuko dugu baso garbiak ikustea, haien barrenean aise paseatzeko modukoak. Pinudiez osatutako baso laukidunak baldin badira, seguruenera artifizialtzat joko genituzke. Baina, bertoko espeziekin osaturiko basoak izanez gero, agerikoa egingo zaigu benetako baso batean gaudela. Egia da udazkenean orbelaren gainean ibiltzean belarrietan hautemandako karraska xume hori zentzumenentzako gozamena dela, baina berez hori ez da biodibertsitate baten bermea. Normalean, ahalik eta baso zikinena izanda, orduan eta naturalagoak izango dira. Bueltan, beste zenbait arazo izango dira guretzako; tartean, suteak izateko arriskua handituko da.

Antzeko zerbait gertatzen da ibaiekin. Badira bereziki itxura txukun eta bukolikoa dutenak, inguruan tarte garbi zabalak dituztenak. Ibaiertz garbi horiek itxura polita ematen diete ibaiei, eta gertu egon daitezkeen giza azpiegiturak uholdeetatik babesteko ezinbestekoak izan daitezke. Baina, oraingoan ere ez, ez dira ez bioaniztasun osasuntsu baten adierazle.

Ibaiertzetan pilatutako material horietako asko enbor zatiak, orbelak eta adarrak dira. Zientzialariek jakin badakite egur puska horiek ibaiak eraldatzen dituztela, eta itsasora iristen direnean ere eragin bat badutela ekosistemetan. Halere, orain arte, gutxitan erreparatu zaio kontu honi.

egur emaria1. irudia: ibaietan pilatzen denean, egur hilak aldaketak eragiten ditu, bestelako materialen pilaketa abiatuz eta habitat txikiak sorraraziz. (Argazkia: Oscar Nilsson / Unsplash)

Gai horretan fokua jarri nahi izan dute Ellen Wohl geologoak eta Emily Iskin doktoretza mailako ikasleak, egur horren mugimendua aztertuz. Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) zientzialari hauek mundu osoan ibaietara doan egur kopurua kalkulatzen saiatu dira, eta atera dituzte emaitzen berri eman dute Science Advances aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.

Abiapuntu gisa, ibaietan zenbat enbor doazen erregistratzen duten herrialdeen datu baseetara jo dute, eta, datu horietan abiatuta, mundu mailako kalkuluak egin dituzte. Orotara, munduko 315 ibaitan dagoen egur emaria zenbatesten saiatu dira —horrelako fenomenoan garrantzi asko ez duten ibaien eragina ere aintzat hartu dute, beharrezko zuzenketak egiteko; kasurako, ia-ia egurrik ez daraman Nilo ibaiarena—.

Egin duten balioespenaren arabera, urteko munduan 4,7 milioi metro kubiko egur inguru iristen dira itsasoetara, higadura, ekaitz eta bestelako fenomenoen bitartez. Dena dela, kalkuluetan ziurgabetasun handia dagoela zehaztu dute. Onartu dutenez, benetako kopurua oso tarte zabal batean egon liteke: urteko 316.000 eta 70.000.000 metro kubiko egur artean egon daiteke kopuru erreala.

Baina zenbaki hori industria iraultza aurreko iraganean askoz altuagoa zela uste dute zientzialariek, eta hori arazo bat izan daitekeela ohartarazi dute. “Mende bat baino gehiagoz, gizakiok egur-jauzia eraldatu eta eten dugu”, azaldu du Wohlek prentsa ohar batean.

Hau publiko zabalean asko ezagutzen ez den arren, adituek aspalditik ezagutzen dute egurraren mugimenduak ekosistemetan duen balioa. Azaldu dutenez, 1970eko hamarkada baino lehen baso primarioetako egur hila zabortzat hartzen zen, baina hamarkada horren bueltan zientzialariak hasi ziren konturatzen fenomenoaren garrantziaz.

Askotarikoa da eragina. Adibidez, ibaietan egurra metatzen denean buxadurak sortzen dira, harea eta legar pilaketak abiatuz. Eta horiek, noski, eragin bat dute ibai ekosistemetan, batez ere landare eta animalientzako habitat txikiak sortzen dituztelako. Bestetik, jakina da ere egurra hein handi batean ekosistema askoren abiapuntu energetikoa dela, pixkanaka bertan jasota dagoen karbonoa askatzen delako.

2. irudia: itsasora iristen denean ere, egurrak eragin bat duela nabarmendu dute. Besteak beste, hondoratzean, zenbait organismoren garraioa ahalbidetzen du. (Argazkia: Andy Hutchinson / Unsplash)

Ibaiertzetan ez ezik, antzeko zerbait gertatzen da hondartzetan ere. Baina horren eragina ez da hor gelditzen, eta itsas hondoetara iristen da ere. “Jitoan doan egurra urperatzen denean, koral uharri baten modukoa da”, adierazi du Wohlek, egur hori bizidun askorentzako aterpe dela azalduz. Bioaniztasun puntu beroak sortzen laguntzen dute.

Are gehiago, egin diren azterketa genetikoek erakutsi dute lotura bat dagoela itsas hondoan bizi diren muskuiluetako mikroorganismoen eta egurrean dauden ur gezako organismoen artean. “Hondoratutako egurretan eta itsaspeko iturri hidrotermaletan bizi den mikrofloraren eta makrofaunaren zati batek lotura estua dute, eta horrek iradokitzen du hondoratutako egurra iturri horietako organismoen moldaera ebolutiborako akuilu izan dela”, argudiatu dute zientzia artikuluan, berariaz lotura hori ikertu duen beste artikulu bat aipatuz. Horrez gain, zenbait mikroorganismoren garraiobide gisa funtzionatzen du egurrak, bai ibaietatik itsasoraino zein itsasoaren azaletik hondoraino.

Gaur egun zenbat egur mugitzen den kalkulatzea zaila bada, are zailagoa da jakitea industrializazio aurreko garaietan zenbatekoa zen. Baina, hainbat faktore kontutan izanik, egileek uste dute askoz gutxiago dela oraingoa, hein handi batean gizakiok egur emari horiek eten ditugulako. Faktore horietako bat da mundu osoan barreiatuta dauden presek egur emari hori eragotzi dutela. Hasieran aipatu dugun ibaiertzen garbiketa ere beste arrazoietako bat da. Bestetik, deforestazioak zuhaitzen kopurua gutxitu duela diote. Azken honen inguruan datu esanguratsu bat bailatu dute: industrializazio aurretik lur masen %40 basoez beteta zeudela kalkulatzen da, baina orain kopuru hori %28 baino ez da.

Dena den, arazo nagusia bere horretan mantentzen da: herrialde askok ez dituzte urtegietatik erauzitako egur kopuruaren gaineko datuak, eta horrek inpaktuak kalkulatzea eragozten du. Datu hobeagoak lortze aldera, proposamen bat egin dute: egur zatiei irrati bidezko transmisoreak jartzea, horien jarraipena egin ahal izateko. Hain justu, biologoek zenbait animalia espezierekin baliatu ohi duten teknika bera erabiltzea. Modu horretan aukera izango lukete hildako egur horrek ibaietan zehar egiten duen ibilbidea zehazteko. Teledetekzioan egiten ari diren hobekuntzak ere lagungarriak izango direlakoan daude.

Dena dela, onartu dute haien ikerketaren helburuetako bat dela arazoaren inguruan arreta erakartzea, irtenbideak bilatu ahal izateko. Izan ere, ezagutzen ditugun arazoak arazo bat dira, baina ezagutzen ez ditugun arazoak are kezkagarriagoak izan daitezke.

Erreferentzia bibliografikoa:

Wohl, Ellen & Iskin, Emily A. (2021). Damming the wood falls. Science Advances, 7 (50), eabj0988. DOI: 10.1126/sciadv.abj0988

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Ibaietako ‘egur emaria’ eragotzi dugu, horren ondorioak ondo ulertu gabe appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bizirik irauten dutenak

lun, 2022/02/07 - 09:00

New Jersey estatuko Paterson hirian hasi zen Estatu Batuetako garapen industriala, herrialdeak independentzia lortu eta gero. Passaic ibaiaren ertzean kokatu zen industria, hasiera-hasieratik oso kutsagarria izan dena, eta horren ura erabili zuen, baita emariaren heren bat ere zenbait momentutan.

Hasiera-hasieratik oso industria kutsagarriak izan dira Passaic ibaiertzekoak: galdategiak, pintura fabrikak, substantzia kimikoen fabrikak, enpresa farmazeutikoak eta zurrategiak, besteak beste. Helburu askotarako erabiltzen zituzten azido sulfurikoa, artsenikoa, berun azetatoa, kromoa, merkurio nitratoa eta, berrikiago, bifenilo polikloratuak, PCB ospetsuak.

1. irudia: Passaic ibaia. (Argazkia: Pixabay – Pixabay lizentziapean)

Newark hiriko Diamond Alkali enpresaren lantegian jatorriz ongarriak ekoizten zituzten animalien hezurrak erabiliz. 1940an, DDTa ekoizten hasi zen, egun mundu osoan debekatuta dagoen intsektizida bat. Geroago, herbizidak ekoiztu zituen, artean hostoak galarazteko agente laranja ezagunaren 2,6 milioi litro. Ezaguna egin zen DDT, azido sulfuriko eta herbizida isuri handiak egin zituela Passaic ibaira. Lantegiaren ekoizpeneko hondakinen artean dioxinak zeuden, toxikotasun handiko substantzia batzuk. Cory Booker senatari estatubatuarren hitzetan, lantegi hori New Jerseyko krimen eszena handiena izan zen.

Passaic ibaian behera, Atlantikorako bidean, Arthur Killen, Newarkeko badiaren ostean dagoen marearteko itsasarte batean, New Jersey eta Staten Island (New York) artean, ehunka itsasontziren hondakinak daude. Horietako askok kosta horietako faunarentzat toxikoak diren substantziak dituzte oraindik zamategietan eta tangetan.

Industria jardueraren goreneko urteetan Passaic ibaiaren arroan metatu ziren substantzia kaltegarriek sortutako kutsaduraren eraginpean bizitzeko gai diren zenbait animalia badaude, hala ere. Han bizi diren zizare poliketo, txirla eta tunikatu ugariak kutsagarriz beteta dauden sedimentuko partikula organikoez elikatzen dira. Karramarro urdinak ere badaude. Horietako bakoitzak dioxina kopuru nahikoa du jaten duenari minbizia eragiteko.

Fundulus heteroclitus arraina ere ondo bizi da kutsadurarekin, oro har ingurumen-baldintza zailak jasaten baititu. Gai da ur gezan eta gazian bizitzeko eta garatzeko, eta tenperatura-tarte zabal batera egokituta dago. Negua iristean eta tenperatura asko jaisten denean, lohian sartu eta baldintzak hobetu arte geratzen da atera gabe. NASAk espezie horretako arrainak bidali zituen espaziora, grabitate gabe igeri egiteko gai diren jakiteko. Eta badira gai. Are gehiago, gametoak askatu zituzten. Oso leku kutsatuetan bizi diren espezie horretako izakiek gainerako arrainek baino substantzia kutsatzaileen kontzentrazio handiagoak jasaten dituzte, Newarkeko badian kasu. Fundulusek duela hamarkada gutxi lortu dute oinarri genetikoa duen gaitasun hori. Biologook “eboluzio azkarra” deitzen duguna izan dute.

2. irudia: Fundulus heteroclitus arraina. (Argazkia: Brian.gratwicke – CC BY 2.5 lizentziapean. Iturria: Wikipedia)

Ez dago gizakiek bezala planeta hain sakonki eta erradikalki eraldatu duen beste espezierik. Mendiak lautu, ibaien ibilgua aldatu, haranak eta sakonuneak bete, kostaldearen lerroa eraldatu eta paisaia birmoldatu ez ezik, landareak eta animaliak ere aldatu ditugu beraiekin milioika pertsona elikatu ahal izateko. Gainera, erabateko hondamendi ekologikoak eragin ditugu, eta horiekin ekosistema osoak aldatu edo goitik behera suntsitu ditugu. Baina, harrigarria bada ere, espezie batzuek lortu dute giza ekintzaren efektuari aurre egitea, baldintza hilgarrietara egokitzea eta inor gutxik lortzen duen lekuetan bizitzea. Horiek dira edozertatik bizirik ateratzea lortzen duten bakarrak.

Iturria:

Flyn, Cal (2021). Islands of Abandonment: Life in the Post-human Landscape. William Collins.

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Bizirik irauten dutenak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #380

dim, 2022/02/06 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

ilargia

Geologia

Hareak, lekuaren arabera, konposizio desberdina izan dezake. Izan ere, geologian, “harea” terminoak tamaina oso zehatzeko ale bat definitzen du, alearen jatorria kontuan izan gabe. Hau da, gutxienez 0,063 mm eta gehienez 2 mm dituzten partikula guztiak harea kontsideratzen dira gaur egun. Konposizioari buruz, bestalde, sedimentuaren sorburuan dauden material geologiko mota ikusi behar da. Kantauri itsasertzeko hondartzetako harea, adibidez, kuartzo alez osatuta dago gehienbat, eta konposizio misto horrengatik du, hain zuzen ere, tonalitate kromatiko arrea. Karibeko hondartzetan, bestalde, harea gehienbat itsas organismo karbonatatuen zatiez osatuta dago, eta horregatik du kolore zuria. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Zerez dago egina harea?

Astronomia

Gure galaxiaren irudi aparta lortu dute SARAO behatoki afrikarrean. Esne Bidearen bihotzeko aktibitate elektrikoa ikusten da irudi horretan, eta ekaitz elektrikoak, hiltzen eta jaiotzen diren izarrak, eta baita galaxiaren erdian dugun zulo beltz supermasiboa, eguzkia bezalako 4 milioi izarren masa duena. Baina agian, irudi honetako esanguratsuena, energia-harizpi luzeak dira. Irudia zeharkatzen duten lerroak dira, 100 argi-urteko luzerako zuntzak, baina zientzialariek oraindik ez dakite zergatik ez nola sortu diren. MeerKAT irrati-teleskopio berriarekin lortu dute irudia. Erradio-uhinak hautematen dituzten 64 antenaz osatuta dago teleskopio hau eta hiru urte behar izan dituzte zientzialariek irudi hau lortzeko. Aitziber Agirrek azaltzen du Elhuyar aldizkarian: Esne Bidearen bihotza, gertutik.

Apolo 11 misioa Ilargira iritsi zela 53 urte beteko ditu uztailean. Orain, NASAk beste misio bat jarri du abian, Ilargitik pasatzea Martera iristeko. Artemis 1 izena jarri diote misioari, eta honen ostean Artemis 2 eta 3k jarraituko diote, urratsez urrats, azkeneko misioan, Artemis 3 misioan hain zuzen, Ilargian lur hartu ahal izateko. Lau astronauta Ilargiaren orbitara bidaliko dituzte Orion ontzian, SLS suziria erabiliz, eta era berean, bi kide gehiago joango dira Space X enpresak egindako gizakien lur hartzerako sistemara. Aste bat pasa ondoren, denak batera itzuliko dira lurrera Orion ontzia erabilita. Misio hauen azken helburua ordea, ez da berriro Ilargira joatea; esperientzia bildu eta teknikak ikasi nahi dituzte ondoren Martera joan ahal izateko. Bestetik, Hego Koreak ere bere lehenbiziko misioa jarriko du martxan Lurreko satelite naturalera, eta baita Errusia eta Japoniak ere. Datuak Berrian: Ilargira bueltan.

Kimika

Maria Josefa Molera Mayo kimikaria Izabako alaba kutun izendatu dute. 1921ean jaio zen Izaban Molera, eta kimikako bost urteko ikasketak hiru urtean burutu zituen, eta 1948an doktore izendatu ondoren, Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan aritu zen lanean, besteak beste. Baina Madrilen pasa zituen bere bizitzako urte asko, Rocasolano Institutuko laborategian. Bere esparru nagusia gasen kromatografia izan zen. Orain gobernuak, Alfonso V. Carrascosak idatzitako María Josefa Molera Mayo. Una científica izabar liburua argitaratu berri du. Azalpenak Berrian: Ortiz etxeko zientzialaria.

Kimika Analitikoa diziplina zientifikoa, materialen kuantifikazioa, identifikazioa eta banaketa aztertzen dituen zientziaren atala da. Helburu honetarako, metodo ezberdinak erabiltzen dira, baina azken hamarkadetan asko hobetu dira metodo hauek. Teknologia berri horietako bat da Irudi Digitalen Analisia (DIA, Digital Image Analysis), sistema batetik informazio analitikoa ateratzeko irudi digital bat oinarritzat hartzen duen metodoa. Hau da, irudi batetik abiatuta, hau prozesatzen da informazio kimikoa lortzeko. Malko artifizialak sortzeko adibidez, teknika honetaz baliatu dira. DIA bidez malkoen fosfato kontzentrazioa eta pH-a determinatzeko metodo bat garatu dute. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen.

Onintze Parra Ipiña ingeniari kimikoak nazioarteko lehiaketa batean bigarren postua lortu zuen Maider Bolaños Oriberekin batera. Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan izan zen, Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena atalean, eta bikote honek bigarren postua lortu zuen dieselaren ordezko dimetil eterra lortzeagatik, erregai garbi bat. Orain, doktoretza hasi du Onintzek, eta oso gustura azaldu da orain arteko esperientziarekin. Talde txikia direla dio, baina giro ederrarekin, eta ilusioz gainezka ekin dio tesiari. Datuak Zientzia Kaieran, Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atalaren parte: Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu”.

Antropologia

Gatzak garrantzi handia du giza-elikaduran eta baita zenbait animalientzat ere, eta historian zehar sustantzia oso preziatua izan da. Ikertzaile batzuek ziurtatzen dute ehiztari-biltzaileek ez zutela gatzik erabiltzen, baina dietan zereala sartzeak ekarri omen zuen elikagaiak gazitu beharra. Dirudienez, historiaurrean gatzak balio handia zuen trukeen sareetan. Gatza uretatik, lurretik eta landareetatik bereizi daiteke, eta metodo ezberdinak erabiltzen dira honetarako. Itsasoko edo laku gazietako gatza, ura lurrunduz eskuratzen da eguzkiaren eta haizearen eraginez. Landareetatik gatza ateratzeari buruzko datu historiko gutxi dago, baina dirudienez gune tropikaletan ekoitzi izan dute gatza horrela. Gure inguruan, Añanako Gatz Harana dugu; diapiro batetik dator Añanako ura, eta sakoneko materialak gainazaleraino igotzearen ondorioz osatzen da. Eduardo Angulok azaltzen du Zientzia Kaieran: Gatz arrunta.

Arkeologia

Gasteizko Olagibel kaletik gertu arrasto arkeologiko ugari aurkitu dituzte. Bizikletentzako aparkaleku bat eraikitzeko lanetan ari zirela ohartu ziren lur azpian zegoen altxorraz. Enklabe enpresako arkeologo Ismael Garcia-Gomezek azaldu duenez, erretako lurra duen zati bat aurkitu zuten, sute bat egon zelaren arrastoa, eta dokumentazioan begiratuta, aski bizkor ohartu zuten ze suteri zegokien aztarnek. 1507. urtearen inguruan, Adatseko Andre Maria ospitalea erre egin zela agertzen da dokumentazioan. Beraz, badakite beheko zatia ospitale horri dagokiola, eta gorago dagoena, berriz, gainean eraiki zuten Santiago ospitalearen arrastoak direla. Alabaina, zientzialariak denborarik gabe dabiltza aztarnak ikertu eta objektu baliotsuak ateratzen; izan ere, aparkalekua egiteko lanak ez dituzte eten, eta are gehiago, dirudienez, udalaren asmoa aztarna arkeologikoak estaltzea da. Beraz, aztarna arkeologiko hauei merezi duten garrantzia ematea eskatu dute. Datu guztiak Alean: Azaleratu diren aztarna arkeologikoen garrantzia aintzat hartzeko eskatu dute.

Biologia

Belarriak entzumenaren kanpo-organoak dira, eta hauen funtzioa soinu-uhinak lokalizatu, harrapatu eta entzumen-kanalera bideratzea da. Badira animaliak belarriak soinuaren jatorrirantz orientatzeko gaitasuna dutenak, baina gizakion eta gure ahaide hurbilenen (txinpantze, gorila, bonobo, orangutanek) kasuan, gaitasun hau galduta genuela pentsatzen zen. Alabaina, ikerketa batek erakutsi du oraindik gai garela belarriak soinua datorren tokirantz zertxobait orientatzeko. Alemaniako Saarland Unibertsitateko ikertzaileek gidatu dute ikerketa boluntario batzuei egindako esperimentu batzuekin lortu dituzte emaitzak. Boluntarioei soinu ezberdinak jartzean, belarrien mugimendu ia ikusezinak kontrolatzen dituzten muskuluen jarduera elektrikoa erregistratu zuten. Datuak Zientzia Kaieran: Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #380 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #385

sam, 2022/02/05 - 09:00

Liburu oso arrakastatsua, anarkistak idatzitakoa. Zeintzuk dira askatasun benetan garrantzitsuak? Autoreek aipatzen dituztenak ez dira ohikoenak. Jesús Zamora Bonillak woke kulturaren inguruan: The dawn of what?

Gran Hermanok zelatatzen gaituela ez da dudan jartzen, zein puntura arte baimenduko dugun baizik.  Smart devices can now read your mood and mind, leading to a new set of concerns about technology and consent Francesco Biondirena.

Hidrodinamika oso baliagarria da materia barionikaren eta materia ilunaren arteko elkarrekintzak simulatzeko. DIPCren Robust clustering predictions using hydrodynamics for different samples of galaxies

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #385 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu”

ven, 2022/02/04 - 09:00

Onintze Parra Ipiñak sari bat jaso du duela gutxi, nazioarteko lehiaketa batean, Maider Bolaños Oriberekin batera. Zehazki, bigarren postua eman diete Aveva Prozesu Kimikoen Simulazioen Nazioarteko Txapelketan, Egoera Egonkorrean Simulaziorik Onena atalean, dieselaren ordezko dimetil eterra (erregai garbia) lortzeagatik.

Parraren esanean, Ingeniaritza Kimikoa Masterra ikasten ari zirela, irakasle baten bidez izan zuten lehiaketaren berri. Arlo horretan ondo moldatzen zirenez, izena ematea erabaki zuten: “Sei hilabeteko lana izan zen, eta atazetako batean eman ziguten bigarren saria. Albistea jaso genuenean, sekulako poza hartu genuen, ez baikenuen espero”.

Ingeniaritzako graduan ezagutu zuten elkar Parrak eta Bolañosek, eta, geroztik, beti egin dute lana elkarrekin: “Oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Oso desberdinak gara, eta hori garrantzitsua da. Pentsatzeko eta izateko moduan osagarriak gara, eta elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu, bakarka arituko bagina baino. Sari hau ere ez genukeen lortuko, bakoitza bere aldetik aurkeztu izan bagina”.

onintze parraIrudia: Onintze Parra, ingeniari kimikoa.

Bestelakoan, ingeniaritza kimikoa maskulinizatuta eta industriara nahiko bideratuta dagoela aipatu du; horregatik, gradua ikasten zebilela, ez zuen uste hortik jarraituko zuenik. “Irakasle izateko master bat egingo nuela pentsatzen nuen, eta kito. Baina laugarren mailan hasi nintzen konturatzen gustatzen zitzaidala; bereziki, prozesuen arloa. Hain zuzen, lehiaketa arlo horretakoa da, prozesuen ingeniaritza. Karreran eman genuen irakasgaia pila bat gustatu zitzaigun, bai Maiderri, bai niri. Eta irakasleak lehiaketaren berri eman zigunean, beste talde batzuk ere animatu ziren hasieran. Gero, ordea, utzi egin zuten; guk, berriz, gai horretan ondo moldatzen garenez, eta irakasleek ere bultzatu gintuztenez, aurrera egin genuen”.

Jakin-mina da erregaia

Elkarlanaren balioa ez ezik, irakasleen babesaren garrantzia ere azpimarratu du Parrak: “Bi irakaslek eman digute irakasgai hori graduan, eta, lehiaketan, denbora guztian izan ditugu ondoan. Eta orain doktoretza hasi dut, eta, neurri handi batean, irakasle horietako batek animatu nauelako izan da. Azken finean, gure saila oso txikia da, eta erraza da irakasleekin harreman estua izatea”.

Ez zaio damutzen doktoretza egiten hasi izana. Ondo dakien arren gogorra izango dela, grinatsu ekin dio. “Hasiera batean, ez nuen garbi. Baina, azkenean, 2021eko apirilean sartu nintzen beka batekin, Eusko Jaurlaritzako Ikasiker beka batekin, eta ez nekien gustatuko ote zitzaidan. Baina, hara non, zoratzen nago. Ikaragarri gustatzen zait egiten duguna, talde-giroa ere bikaina da… Gainera, jakin-min handikoa naiz, eta tesian egunero zerbait berria ikastera behartuta nago. Nolabait, jakin-min hori da nire erregaia; beraz, poz-pozik nabil. Egia da gogorra dela, ordu pila bat sartzen ditugula, batzuetan gauzak txarto ateratzen direla… Baina, oraingoz behintzat, ilusioz gainezka nago”.

Fitxa biografikoa:

Onintze Parra Ipiña Bilbon jaioa da, 1998a. Ingeniaritza Kimikoa gradua ikasi ondoren, Ingeniaritza Kimikoa Masterra egin du, biak UPV/EHUn. Orain, doktoretza egiten hasi berria da.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Onintze Parra, ingeniari kimikoa: “Elkarrekin emaitza hobeak lortzen ditugu” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen

jeu, 2022/02/03 - 09:00

Kimika Analitikoa materiaren kuantifikazioa, identifikazioa eta banaketa aurrera eramateko metodoak erabili eta aztertzen dituen diziplina zientifikoa da. Azken hamarkadetan teknologiak jasan duen garapen handiari esker, Kimika Analitikoak haren analisi metodoak hobetu ditu. Beraz, teknologiari esker analisi metodo azkarragoak, sinpleagoak, erreaktibo kantitate gutxiago behar dituztenak, ingurumenarekiko jasangarriak eta emaitza fidagarriak eskaintzen dituztenak garatu dira.

Metodologia berri horien artean Irudi Digitalen Analisia (DIA, Digital Image Analysis) dago, sistema batetik informazio analitikoa ateratzeko irudi digital bat oinarritzat hartzen duen metodoa. Teknika horren inguruko lan eta artikulu ugari argitaratu dira azken urteetan. Ez da harritzekoa, metodoak abantaila ugari eskaintzen baititu: merkea eta azkarra da, irudi digitalak lortzeko gailuak geroz eta eskuragarriagoak baitira eta aldi berean lagin asko analizatzeko aukera eskaintzen duelako, DIA metodoak automatizatzeko aukerarekin batera.

Irudi Digitalen AnalisiaIrudia: irudi bera bi sistema ezberdinetan adierazita eta bakoitzak bere hiru kanaletan banatuta. a) Irudia RGB sisteman; I) R Kanala; II) G Kanala; III) B Kanala. b) Irudia HSV sisteman; I) H Kanala; II) S Kanala; III) V Kanala. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Irudi digitalen analisiak aztergai den sistema bati buruzko informazioa lortzea du helburu. Informazioa lortzeko sistemaren irudiak erabiliko dira. Horretarako, argazkia egiteko aparailua (mugikorra, argazki kamera edota eskanerra) behar da, baita irudi horien kalitatea eta egokitasuna bermatzea ere. Irudia lortu eta egokia dela ziurtatu ondoren, honen prozesaketa egiten da informazio kimikoa lortzeko. Tratamendu matematikoa egiteko software desberdinak aplika daitezke (MatLab edo ImageJ adibidez) eta kolore sistema bakoitzaren araberakoak diren parametroak lortuko dira.

Prozesaketatik erauzitako parametroak analitoaren (analizatu nahi den objektua) kontzentrazioarekin erlazionatzea da hurrengo urratsa. Kasurik sinpleenean, erlazioa lineala izango da, eta horrela, kalibrazio zuzen bat lortuko da. Beste kasu batzuetan, ordea, linealtasuna galdu egin daiteke, eta ondorioz, datu matrize konplexuagoak sortu beharko dira, iruditik erauzitako datu gehiago erabiliz.

DIA hainbat sektoretan emaitza onekin aplika daitekeen teknika bat dela egiaztatzeko industria, medikuntza eta elikadura sektoreko objektuekin probak egin dira. Hiru kasuetan antzeko prozedura erabili da:

  • lehenengo, erreakzio kolorimetriko egokia bilatu da,
  • ondoren, irudiak eskuratu dira.

Laginak aztertzeko polipropilenozko mikroplaka gardenak erabili dira. Hauek 420 μL bitarteko gaitasuna duten 96 zulotxo dituzte, eta ondorioz, lagin ugariren aldibereko determinazioa egiteko aukera dago.

Industria: nikel estaldura bainuen analisia

Nikel estaldura bainuen analisia eta kontrola egiten da. Industrian erabiltzen diren nikel estaldura bainuetan hainbat konposaturen kontzentrazioa kontrolatzea ezinbestekoa da, hala nola, nikela, sulfato ioiak edo amonio ioiak. Konposatu hauek determinatzeko erabiltzen diren teknikak garestiak edo sofistikatuak izanik, DIA aplikatzen da determinazio sinple eta azkarrago bat egiteko. Garatutako metodoak hiru kasuetan erregresio lineal bidez emaitza egoki eta fidagarriak lortzea ahalbidetu du.

Medikuntza: malko artifizialen analisia

Malko artifizial mota desberdinak analizatu dira. Medikamentu guztiak, malko artifizialak barne, konposatu askoz osatuta daude. Printzipio aktiboaz gain, testura eta biskositatea mantentzeko substantzia kimikoak aurki daitezke, baita pH-a konstante mantentzeko substantziak ere. Tanpoi erabilienak fosfatoz osaturikoak izaten dira, baina ioi honen gehiegizko kontzentrazioak arazoak sor ditzake. Hau oinarri hartuta, DIA bidez fosfato kontzentrazioa eta pH-a determinatzeko metodo bat garatu da. Lehena erregresio lineal bidez determinatu da, eta bigarrena, modelo konplexuago bat osatuz eta aldagai anitzeko analisia erabiliz. Bi kasuetan determinazioa arrakastaz egin da.

Elikadura: koloratzaileen analisia

Koloratzaileen analisia egiten da. Gaur egun, koloratzaileen erabilera oso hedatuta dago, elikagaien itxura erakargarriagoa bihurtzeko erabiltzen baita. Gehiegizko kontsumoak arazoak sor ditzakeenez, batez ere umeetan, koloratzaileen kontzentrazioa ezagutzea oso garrantzitsua da. Tartrazina eta allura gorria nahasteak determinatzeko DIAn oinarritutako metodo bat garatu da, hauek baitira litxarrerietan sarrien aurki daitezkeen koloratzaileak.

Hiru sektoreetan determinazioa kolore sistema desberdinetako parametroak kontuan hartu dira eta aldagai anitzeko analisia erabili dira ere eta emaitza egoki eta fidagarriak lortu dira. Irudi digitalen analisia (DIA) erabiliz garatutako 3 aplikazioen emaitzak erakutsi dute metodo azkarra dela, merkea, hondakin kantitatea gutxitzeko aukera ematen duela eta sentsibilitate handiko metodoa dela.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 39
  • Artikuluaren izena: Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen.
  • Laburpena: Irudi digitalen analisia (DIA) teknika multzo batek osatzen du eta helburu nagusia da aztergai den sistema bati buruzko informazio adierazgarria determinatzea sistema horren irudiak erabiliz. Metodoaren abantaila nagusiak bere abiadura, sinpletasuna eta beharrezko lagin kopuru txikia dira (400 μL-tik behera mikroplakak erabiltzen badira), bai  ta sortutako hondakin kopuru txikia ere. Lan honetan DIAren hiru aplikazio desberdin deskribatzen dira: nikel bainuetan aurki daitezkeen konposatu nagusien analisia eta kontrola, hala nola, nikela, amonioa eta sulfatoak; fosfatoen eta pH-aren aldibereko determinazioa malko artifizialetan eta tartrazina eta allura gorria koloratzaileen determinazioa jangaietan. Aplikazio hauetan, mahaigaineko eskanerra eta telefono mugikorra erabili dira irudiak eskuratzeko.
  • Egileak: Gorka Albizu, Irati Berasarte, Ane Bordagaray, Sergio Dávila, Edurne Jaime-Barquero
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 189-209
  • DOI: 10.1387/ekaia.21860

Egileez:

Gorka Albizu, Irati Berasarte, Ane Bordagaray, Sergio Dávila, Edurne Jaime-Barquero UPV/EHUko Donostiako Kimika Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak dira.

———————————————–
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Irudi Digitalen Analisia: espektrofotometria ordezkatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu

mer, 2022/02/02 - 09:00

Belarriak entzumenaren kanpo-organoak dira. Larruazalez eta kartilagoz osatuta daude eta gizakiotan zein beste espezietako animalietan ikus daitezke. Gizakion kasuan, organo zurrunak badirudite ere, ikerketa berri batek erakutsi du, beste animalia batzuen antzera, gizakiok ere belarriak orientatzeko gai garela.

Belarriak dituzten gainontzeko animalia batzuenekin konparatuz, gizakionak buruaren alboetara itsatsita daudela dirudi. Izan ere, gureak grapatuta ditugula ematen du. Animalia espezie askok, aldiz, gorputzeko apendize edo luzakin independente gisako organo bezala dituzte. Ezaugarri honi esker, animaliek belarriak mugitzen dituzte entzun nahi duten soinu-iturrirantz. Orientatu egiten dituzte.

Belarrien funtzioa, soinu-energia lokalizatu, harrapatu eta entzumen-kanalerantz bideratzea da. Orain arte pentsatu izan da gizakiek eta haien ahaide edo senide ebolutibo hurbilenek (txinpantze, gorila, bonobo, orangutanek) galduta zutela belarriak orientatzeko gaitasuna. Ikerketa batek, aldiz, erakutsi du oraindik badirela belarriak leun-leun soinua datorren tokirantz orientatzeko gai direnak.

belarriak1. irudia: Karakala. Animalia hau felido moduko bat da eta belarri bereziak ditu. Katamotz afrikarra bezala ezagutzen da eta belarri puntetan ile motots beltzak ditu. Belarri bakoitzak 20 muskulu ditu eta, horiei esker, libreki orienta ditzake harrapakinak gauez aurkitzeko. (Irudia: GIPHY)

Alemaniako Saarland Unibertsitateko ikertzaileek gidatu duten lan batek baieztatu du gure arreta bereganatzen duen hotsaren aldera bideratzen ditugula belarriak. Hala ere, ikusi dute mugimendua inkontzienteki egiten dugula. Egia da oso keinu sotila dela, ez da begirada huts batekin ikus daitekeen gauza, baina egin, egiten dugu, beste animalia batzuek bezala.

Emaitzak eLife aldizkarian argitaratu dituzte eta ikertzaileek adierazi dute, mugitzeko gaitasun horrek erakusten duela oraindik gure belarrien mugimendua gaitzen duten zirkuitu neuronal eta muskuluak mantentzen ditugula. Zirkuitu eta muskulu horiek “‘ezaugarri bestigial’ bat izan litezke. Hau da, bere funtzioa galdu duen zerbaiten aztarna gisa geratzen den arrastoa. Beraz, nonbait, belarriak orientatzeko gaitasuna mantentzen dugu, nahiz eta jada horrek ez duen betetzen bere jatorrizko lana edo funtzioa.

Daniel Strauss, Saarland Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikertzaileak zuzendu duen taldeak frogatu du belarrien inguruko muskuluak aktibatzen direla soinu berriak edo harrigarriak hautematen dituztenean. Erreakzio erreflexua litzateke eta bi esperimenturen bidez lortu dituzte emaitzak.

  • Lehenengo esperimentuan, hainbat boluntario ipini zituzten testu aspergarri bat irakurtzen. Bitartean, era guztietako seinaleak botatzen zizkieten boluntarioei hauen arreta desbideratzeko. Esaterako, auto-ilara baten soinua, klaxon-hotsak edo negarrez zegoen ume baten audioak jartzen zizkieten.
  • Bigarren esperimentuan, audio bat jartzen zieten entzungai baina beste iturri batetik bigarren audio bat botatzen zuten boluntarioek entzuteko moduan. Kasu honetan, helburua zen muskuluen portaera aztertzea, intereseko zerbait entzuten zeudela arreta beste toki batera desbideratuz.

Bi kasuetan, ikertzaileek belarrien mugimendu ñimiño eta ia ikusezinak kontrolatzen dituzten muskuluen jarduera elektrikoa erregistratu zuten. Horretarako, elektromiografia izeneko teknika erabili zuten, larruazalaren gainean jarritako elektrodoen bidez. Bereizmen handiko bideo-irudiak ere grabatu zituzten, eta, ondoren, edozein mugimendu anplifikatzeko erabili ziren.

https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2022/02/Our-animal-inheritance-Humans-perk-up-their-ears-too-when-they-hear-interesting-sounds.mp4

Bideoa: ikertzaileek egindako esperimentuen emaitzak erakusten duen bideo bat.

Esperimentuek erakutsi zuten inkontzienteki eta oharkabean parte-hartzaileen belarriak soinu deigarrien norabidean aktibatzen zirela. Straussek azaltzen duenez, “belarriko muskuluen jarduera elektrikoak adierazten du subjektuak norantz bideratzen duen entzumen-arreta”. Halaber, parte-hartzaileak podcast bat entzuten saiatzen zirenean bigarrenari kasurik egin gabe, inkontzienteki orientatzen zituzten belarriak bigarren interes-iturri horretara. Hori bai, gizakion gaitasun hau oso txikia da, urria, ez du zerikusirik, esaterako, beste animalia batzuk egiten dituzten mugimenduekin.

Ikertzaileen esanetan, zaila da jakitea zergatik galdu genuen gizakiok gure belarriak orientatzeko gaitasuna. Hauen mugikortasunak behera egin du, eta tamaina ere galdu dute, txikitu egin baitira, eta zurrunagoak bihurtu dira. Baina badirudi gaitasun horren oroigarriren bat gorde dugula, fosil neuronal bat balitz bezala. Ikertzaileen ustetan, “25 milioi urte inguru garunean iraun duen ‘fosil neuronal’ bat litzateke” belarriak orientatzeko dugun gaitasuna.

Iturria:

Un fósil neuronal de 25 millones de años: los humanos también orientamos las orejas.

Erreferentzia bibliografikoa:

Strauss, Daniel J. et al. (2020). Vestigial auriculomotor activity indicates the direction of auditory attention in humans, eLife, 9, e54536. DOI: 10.7554/eLife.54536

Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

 

The post Gizakiok ere belarriak orientatzen ditugu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gatz arrunta

mar, 2022/02/01 - 09:00

Gatza ezinbesteko elikadura osagarria da zenbait animaliarentzat, giza espeziea barne. Gaur egun, oraindik, ardi eta behi aziendek eta gizakiek gatza dute haien barrukietan. Gainera, gatza funtsezkoa da elikagaiak kontserbatzeko.

Gatzak oinarrizko zaporeetako bat ematen dio dastamenari: gazia. Egunean 2-3 gramoko dosia gomendatzen da, eta 6 gramora iristea ariketa bizia egin ondoko egunean, izerditzen dugunean sodio ugari galdu ohi baitugu. Hipotesi gisa, litekeena da elikagaiak –eta, zehazki, landareak– ekoiztu eta biltzen ziren eremuetan hasi izana gatzaren erabilera hauek ontzeko.

gatz arrunta1. irudia: Gatzaren ustiaketa. (Argazkia: H. Hach – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com) https://pixabay.com/es/users/hhach-146898/

Gatzaren garrantzi ekonomiko eta sinbolikoa ezaguna da eta asko aztertu izan da arkeologo eta historialarien artean. Baliteke eginkizun garrantzitsua izatea historiaurreko gizarteetan eta lehen zibilizazioetan. Gatzarekin lotutako jarduera ekonomikoa Neolitoan hazi zen, beharbada nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin batera. Egile batzuek ziurtatzen dute ehiztari-biltzaileek ez zutela gatzik bilatzen eta dieta aldaketak –batik bat zerealetara aldatu izanak– ekarri zuen, hain zuzen, elikagaiak gazitu beharra. Hori dela eta, historiaurreari buruzko azterlanetan eta azterlan etnografikoetan agerian geratzen da gatzak balio handia zuela trukeen sareetan.

Nekazaritza garatu zuten lehen inperioetako bat Mesopotamiakoa izan zen, Ilgora Emankorrean, Ekialde Ertainean. Parisko Goi Ikasketen Eskola Praktikoko (École pratique des hautes études EPHE) Jean Bottérok aztertu eta itzulitako eta Yalen utzitako hiru taulatxo mesopotamikoak duela 3.500 urtekoak dira, datazioen arabera. Guztira, 35 errezeta biltzen dituzte; batzuk pusketak baino ez dira, eta askotan, gatza aipatzen da ohiko bizigarri gisa. Eta ia beti «gutxi gorabehera» dosifikatzen da, Bottéroren itzulpenaren arabera.

Gastronomia mesopotamikoaren adibide gisara, Bottérok itzulitako Salda gorria dugu:

Ez da haragirik behar.Bota ura; gehitu koipea; tripaki gazituak –hesteak edo sabela–; gatza, gutxi gorabehera kalkulatua; tipula eta “samidua”, kuminoa, martorria, porrua eta baratxuri xehatua.

Ikusten duzuenez, errezeta horiek askatasun asko uzten diote sukaldariari.

Gatzaren gordelekuak

Gatza gema gisa egon ohi da sakonera jakin bateko meategietan eta, halaber, zenbait txoko naturaletan, hala nola itsasoan, laku gazietan, ur gaziko iturburuetan, lur eta harea gazietan, landareetan eta substantzia organikoetan, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Blas Castellón antropologoak aztertu duen bezala. Leku horietatik guztietatik gatza atera eta garbitu egin behar da. Ohikoena ur gazia lurruntzea da, eguzkiaren eta haizearen bitartez edo beroketa artifizialaren medioz. Horrekin lotuta daude, hain zuzen gatza ur, lur eta landareetatik bereizteko gehien erabiltzen diren metodoak.

Halako prozesuek ez diete beti jarraitzen aurrerapen teknologiko edo zientifiko baten urratsei. Funtsean, ezagutza enpirikoa da, gatz egileen esperientziaren emaitza; halako metodoen aplikazioa eta eraginkortasuna antzinako ohitura eta sinesmenekin lotuta daude.

Eragiketek prozesu naturalak imitatzen dituzte, bereziki kontzentrazioa, asetzea, lurrunketa eta egosketa. Hondartzetatik gertu, non ura itsasaldien arabera igotzen eta jaisten baita, itsasoko urak hilabetean ematen ditu batzuetan kontzentratuta eta, bero handia egiten badu, gatz zarakarrak sortzen dira, geroago bil daitezkeenak. Gauza bera gertatzen da laku gazien ertzetan; bertan, gatzak lurrean eta uretan kontzentratzen dira, eta, lurrunketaren ondorioz, efloreszentziak sortzen dira. Fenomeno natural horiek artifizialki kopiatu ziren ur eta lur gaziak erabiliz, eguzki lurrunketa edo beroketa artifiziala erabiliz, ingurunearen aukeren arabera.

Kostaldean, eguzkiak aukera hori eskaintzen du. Baina barnealdeko eremuetan, lurrunketa posible da urtaroak markatuak badira, eta gatzunaren beroketa artifizialarekin konbina daiteke, erregai ugari badago eta urteko edozein garaitan gatza behar bada; izan ere, eguzki lurrunketa ezinezkoa da euri garaian.

Landareetatik gatza ateratzeari buruzko datu historiko edo arkeologiko askorik ez dago, baina badakigu gune tropikaletan ekoitzi izan dutela gatza horrela; izan ere, leku tropikal batzuetan, espezie jakin batzuetako landareak erre eta gero errautsak iragazi edo garbitu egiten zituzten; horren ondoriozko gatzuna egosi eta, hala, gatza kristalizatzen zuten.

2019an, Txina izan da munduko lehen gatz ekoizlea, 59 milioi tonarekin. Ondoren, Estatu Batuak, 42 milioi tonarekin, eta India, 29 milioi tonarekin. Europan, lehen ekoizlea Alemania da, 14,3 milioi tonarekin. Espainiak 3,9 milioi tona ekoizten ditu. Munduko ekoizpenaren % 60 inguru industriara bideratzen da, adibidez, kloroa eskuratzeko. % 25 baino ez da erabiltzen giza kontsumorako.

gatz arrunta2. irudia: Añanako Gatzagen irudia. (Argazkia:

Salamancako Unibertsitateko Marta Buenoren hitzetan, historiaurreko gatz meategi batzuetan zeramika aztarna ugari aurkitu izan dira gatzaz gain; briketa deritze halako zeramikei. Ur gaziko iturburuen ondoan agertu ziren; bertan, ontziak ur gaziarekin betetzen ziren eta buztinezko labeetan edo suaren gaineko idulkietan jartzen ziren. Ura lurrundu eta gatz opil bat geratzen zenean, ontziak apurtu eta gatza ateratzen zen. Zeramika hondarrek gehi labeetako errautsek eta hormek zabortegi handiak edo briketak eratzen zituzten. Arkeologoen ustez, gatza ekoizten zelako ageriko seinale dira halako lekuak.

Gatza historian zehar

Iturburu gazi batetik hurbil, Errumanian, Poiana Slatinein, briketa ugari aurkitu ziren, eta horregatik, ondorioztatu zuten ura beroaz lurrunduz lortu zela gatza. Bertako zeramika duela 8.000 urtekoa da eta, ditugun datuen arabera, aztertu den gatz meategirik zaharrenetako bat da.

1984an aurkitu eta aztertzen hasi zen. Meategiak 60 bider 25 metroko azalera eta 3 metroko sakonera ditu. Errauts, ikatz eta erretako lur geruza gorriak daude. Iturburutik isurtzen den urak 160 gramo gatz ditu ur litro bakoitzeko. Zeramikak adierazten duen bezala, Neolitoan jada erauzten zen bertako gatza, eta, gainera, duela 1.000 urte inguru ere ustiatzen zen, Erdi Aroan.

Ebidentzia batzuek erakusten dute duela ia 7.000 urte, Kaukasoko Araxes haranean (Azerbaijan), Duzdağı izeneko toki batean, gatz meategi bat ustiatu zela. Catherine Marrok eta Nanterreko CNRSko ikertzaileek esandakoaren arabera, Kaukason, meatzaritza bidez gatza ateratzeko lehen arrastoak kobrearen meatzaritza garatu zenean agertu ziren.

Duzdağıko gatz meategia (oraindik jardunean dago) zein zaharra den jakin zen galeria bateko luizi batek lau meatzariren hondakinak agerian utzi zituenean, erreminta eta guzti. Harrizko erremintak ere bazeudenez, Catherine Marroren taldeak meatzeen ikerketa sistematikoa egiten hasi zen 2008an. Aurkitutako erreminta eta zeramika zaharrenak duela 6.500 urtekoak dira. Egileen hipotesiaren arabera, gatza duela 7.000 urte ustiatzen zen. Erromaren gorakadara arte, gatzaren lorpena nabarmen handitu zela uste da. Horrenbestez, eta Marroren azterlanak argitaratu zirenez geroztik (2010ean), Duzdağıko gatz meatzea jotzen da, oraingoz, ezagutzen direnen artean zaharrena.

Zhongban, Yangzi ibaiaren arroan (Txina) briketak dituen beste meategi bat aurkitu da; arrain eta ugaztunen hezurrak ere bazituen, eta horien haragia kontserbatzeko gatzatzen zela jakin da. Orain, Hiru Zintzurren Presan urperatuta dago. Horri buruz ezagutzen diren datuen laburpena Harvard Unibertsitateko Rowan Flad ikertzaileak argitaratu du. Eskuragarri dauden datuen arabera, Meategi hori Brontze Aroaren amaieraz geroztik ustiatzen zen gutxienez (zehazki, duela 4.500 urte inguru), eta duela 2.000 urte baino lehentxeago arte iraun zuen ustiapen horrek. Aurkikuntzak beste meategi batzuetan ikusi ditugun ohikoak dira: zeramika hondakin eta harrizko erreminta ugari, haragia kontserbatzeko kentzen zitzaien animalien hezurrekin batera.

Goazen Ameriketara eta maien zibilizazioa eta horrek gatzarekin duen harremana ezagutzera. Ezagutzen den erregistrorik zaharrena duela 2500 urtekoa da. Yucatán Penintsulako Calakmul herrian margotutako murala da. Saltzaile bat ageri da bertan, bezero bati orrietan bildutako pastel bat eskaintzen. Bezeroak koilara handi bat du eskuan eta gatz solte eta pikortatua duen saski batetik gertu dago.

Louisianako Estatu Unibertsitateko Heather McKillop arkeologoak azaldu zuen K.o. 600.-900. urteetako aztarnategi batean, Belizeko aintzira gazi batean, ur gazia lurruntzen zen suaren aztarnak aurkitu zituela. 2014tik gaurdaino, McKillopek eta bere taldeak antzeko 70 esparru aurkitu dituzte Belizeko aintzirako meategi horretan. Planetako beste leku batzuetan bezala, gatzuna irakiten zuten gatz blokeak izateko.

Meategian labeak, sukaldeak eta oso egoitzagune konplexuak aurkitu zituzten. Egurrezko 4.000 zutoin baino gehiago katalogatu dituzte aintzirako etxeei eusteko, eta, gainera, kanoa bat, arraun bat, eta arraina eta haragia zatitu eta gazitzeko harrizko tresnak. Ohikoa denez, briketa ugari dago, 449 ontzi hondar aurkitu baitira.

3. irudia: Harvard Unibertsitateko Rowan Flad ikertzaileak gidatzen duen Txinan Antzinako gatzaren ustiaketaren aztarnategia. (Irudia: Rowan Flad  / Harvard University)

Madrilgo Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Nuria Morèrerentzat, Iberiar penintsula gatzaren lurraldea da. Bi itsaso ditu, Mediterraneoa, munduko itsasorik gazienetakoa; eta Atlantikoa, udako beroarekin gatza jalkitzen duten estuario handiak dituena. Meategietatik ateratzen diren edo aire zabalean dauden mineral asko ditugu Iberiar penintsulan, eta gatza ur gezatan ere garraiatzen da barne gatzagetan.

Gatza baliatzen duen gastronomian, bakailaoa plater nagusia da. Gatzak kontserbatzaile gisa erabilera baliagarri eta egokia duela adierazten du horrek. Halako bakailaoa dastatzeko, Lorenzo Díazen Recetario del Quijote errezeta liburuko tiznaoa –Ciudad Real eta Toledoko ohiko platera– dastatzea merezi du.

Bakailaoa egur sutan txigortzen da tipula, baratxuri eta piper gorri lehorrekin. Bakailaoa xehatu eta ur epelean jartzen da minutu batzuez. Dena kazolan jartzen da, olio gordinarekin, piperrauts pixka batekin, eta erregosi egiten da. Ur pixka bat, irakinaldi bat eta mahaira.

Gatza gure inguruan

Gatz meategi ezagunen artean zaharrena Katalunian dago eta Vall Salina de Cardona deritzo. Gainera, Mendebaldeko Europako gatz mendi bakarra da, eta gutxienez duela 6.000 urtetik eskuratzen da gatza bertatik. Muntanya de Sal deitzen diote eta 120 metroko garaiera du. Aire zabalean ustiatzen da eta, lehen lur eta landare geruza kendu ondoren, gatza gainazalean geratzen da, ateratzeko prest. Beste meategi batzuetan bezala, historiaurreko meatzaritza harrizko tresnekin egiten zen. Gatzaren erauzketak 130 hektarea hartzen ditu gainazalean azaleratzen diren substantzia sakonak dituen diapiro baten gainean.

Araban, Gasteizko mendebaldean, Añanako Gatz Harana dago. Lau iturburu ditu, eta segundoko hiru litro ur gazi inguru ematen dituzte iturburu horiek guztira. Batez beste, 250 gramo gatz eramaten ditu gatzagak litroko. Atlantikoan, konparazio gisa, 36 gramo gatz daude litro bakoitzeko.

Añanako gatza diapiro batetik dator, eta sakoneko materialak gainazaleraino igotzearen ondorioz osatzen da diapiro hori. Euri urak diapiroa osatzen duten material gaziak disolbatzen ditu eta, ondoren, iturburuetatik azaleratzen dira gatz horiek.

Añanako gatzaren ustiapena duela 7.000 urte inguru hasi zen. Erromatarrak iritsi zirenean, duela 2.000 bat urte, gatza banatzen hasi ziren, ur gazia lurrunduz, larrainetan, eguzkitan eta haizetan. Gatza, larrainen ertzetan pilatzen dena, bi egunetik behin biltzen da. 1950ean, 5.648 larrain egon ziren abian, 110 000 metro karratuko gainazal batean, herrian 664 biztanle zeudela. 1990erako, 300 larrain eta 150 biztanle baino ez ziren geratzen.

Añanan gatza 822. urtetik eskuratzen dela dago dokumentatuta, eta larrainen lehen aipamen dokumentala, UPV/EHUko Alberto Plata arkeologoaren hitzetan, 978. urtekoa da. García Fernández kondeak Covarrubias monasterioari eginiko putzu eta larrainen dohaintza da.

Juan de Altamiras frantziskotar fraidea izan zen 1745ean agertu zen Nuevo arte de cocina izeneko errezeta liburuaren egilea. Gainera, osagaien artean bakailao gazitua zuten errezetak argitaratu zituen lehen pertsona izan zen; herriko mahai urrietan ohiko platera zen ordurako. Adibidez, bere errezetetan Bakailaoa tomate eta laranjarekin dago.

Anoak ontzian jarriko dituzu, baratxuri gordinak, gatza, piperbeltza, azafraia, olioa, perrexila, tomatea eta laranja zatitxoak botako dituzu, eta ur pixka batekin egosten jarriko dituzu. Oso atsegina da platera, eta osagai horiek guztiek zapore apur bat ematen diote; alabaina, kontuz kantitateekin, ongarri gehiegi jartzeak janaria hondatzen baitu batzuetan.

Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

The post Gatz arrunta appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zerez dago egina harea?

lun, 2022/01/31 - 09:00

Zerez dago egina harea? Hori da zientzia-dibulgazioko ekitaldi batera joaten diren entzuleek geologooi sarritan egiten diguten galderetako bat. Eta erantzuna beti bera da: lekuaren arabera.

Harea lekuaren araberakoa dela erantzunez gero, ematen du azalpen bat emateko gai ez garela eta disimulatzen saiatzen ari garela, baina hori da erantzun zuzena. Izan ere, harearen konposizioa jaso dugun lekuaren araberakoa da. Geologian, «harea» terminoak sedimentuaren ale tamaina oso zehatz bat definitzen du, eta ez du kontuan hartzen alearen jatorria.

harearen konposizioa1. irudia: Islandiako harearen itxura lupa binokularrean. Harearen konposizioa: kolore beltzeko arroka bolkanikoen zatiak eta kolore berdeko olibino mineralaren kristal batzuez osatuta dago. (Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila)

Sedimentuak finkatu gabe dauden partikula edo material solidoak dira, batzuetan uraren edo haizearen eraginez lurrazalean edo itsaso eta ozeanoen hondoan metatu arte garraiatzen direnak. Sedimentuen sailkapen bat egin nahi dugunean, bi aukera ditugu: edo haien konposizioa aztertu, edo tamainari adierazi. Eta azken kasu horretan aurkitzen dugu «harea» terminoa.

Sedimentua alearen tamainaren arabera sailkatzeko gaur egun erabiltzen den eskala estandarizatuaren eta unibertsalaren arabera, harea gisa definitzen dira gutxienez 0,063 mm eta gehienez 2 mm dituzten partikula guztiak, haien konposizioa edozein dela ere. Sedimentua harea ote den identifikatzeko modu errazagoa nahi baduzue, hartu eskuan pixka bat eta ukitu hatzekin; larruazala ziztatzen edo urratzen dizuela sumatzen baduzue, harea aurkitu duzue.

Gainera, harearen sailkapenaren barruan azpibanaketak egin ditzakegu, hura osatzen duten partikulen diametroaren arabera. Hala, harea oso fina (0,063-0,125 mm), harea fina (0,125-0,25 mm), erdi mailako harea (0,25-0,5 mm), harea lodia (0,5-1 mm) eta harea oso lodia (1-2 mm) bereizten ditugu.

harearen konposizioa2. irudia: Wadi Rum (Jordania) basamortuko harearen itxura lupa binokularrean. Harearen konposizioa: kuartzozko alez osatuta dago eta ale horiek kolore gorrixka ematen dien burdin oxidozko patina batez estalita daude. (Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila)

Eta haren konposizioari buruzko galderari erantzuteko, iturri eremuan –hau da, sedimentuaren sorburuan– dauden material geologikoen motaren araberakoa baita, mota askotako hareak aurki ditzakegu. Adibide batzuk emango dizkizuet.

Kantauri itsasertzeko hondartzetako harea, batez ere, kuartzo alez osatuta dago, beste mineral batzuekin batera (hala nola feldespato eta karbonatoak), eta itsas organismoen maskor eta oskol zati batzuk ere izan ohi ditu. Konposizio misto horrengatik ditu, hain zuzen, guztiok ezagutzen ditugun tonalitate kromatiko arre horiek. Aitzitik, Karibe itsasoko hondartzetan, harea ia erabat dago osatuta itsas organismo karbonatatuen zatiez –batez ere koral zatiez–, eta horregatik du, hain zuzen, hain kolore zurixka. Kanariar uharteetako hondartzetan, alabaina, mota askotako arroka bolkanikoen zatiez osatutako harea dago, eta kolore beltz, gris edo arrea ematen dio hareari konposizio horrek.

Baina adibiderik bitxiena Tunelboka eta Gorrondatxe hondartzetan dago, biak Getxon (Bizkaia), bertako hondarra oso berezia baita. Itsasertzeko eremu horretan, metalurgia enpresek joan den mendean Nerbioi ibaiaren ertzetatik Kantauri itsasora egindako isurketa guztiak metatuz joan dira itsas korronteak, galdaketako zepak barne. Beraz, hondartza horietako harea beltz distiratsua galdaketako zepen zatiz osatuta dago, eta, gainera, osagai magnetikoa dute zepa zati horiek; horregatik, iman bat hurbilduz gero, imanak erakarri egiten ditu.

harearen konposizioa3. irudia: Trengandín hondartzako (Noja, Kantabria) harearen itxura lupa binokularrean; kolore garden eta grisaxkako kuartzozko alez eta kolore horixka eta arreko itsas organismoen zatiz osatuta dago. Argazkia: Julio Rodríguez Lázaro / UPV/EHUko Geologia Saila.

Baina hondartzetan ez dugu harea soilik aurkitzen. Basamortu handietan –hala nola Saharan–, halaber, haizeak garraiatu eta metatutako partikula sedimentarioak ere harea partikulen neurrikoak dira. Eta halako partikulen konposizioa, baita ere, ale sedimentario horien jatorrizko arroken araberakoa da.

William Blake poetak zioen bezala, «mundu bat ikusteko harea ale batean». Eta egia da, harea-pikor bakoitza, berez, mundu bat da, istorio liluragarri bat kontatzen diguna; belarri geologikoekin entzuten jakin behar dugu, besterik gabe.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Zerez dago egina harea? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #379

dim, 2022/01/30 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kimismoa

Biologia

Ray Sheldon itsas ekologoa 1969an, Halifax-eko portutik atera zen CSS Hudson itsasontzian. Planktona ikertzen zuen garai hartan Sheldonek, eta bidaia ozeanografiko horretan, itsas ekologiako lege garrantzitsuenetako bat deskubritu zuen. Hain zuzen ere, Sheldon itsas ekologoa ohartu zen ozeanoko bizitzak lege matematiko sinple bat jarraitzen zuela, eta organismo baten ugaritasuna estuki erlazionatuta zegoela bere gorputz-tamainarekin. Honek zera esan nahi zuen: itsas espezie bat beste bat baino hamar aldiz txikiagoa bada, ozeanoan hamar aldiz ugariagoa izango dela. Alabaina, Sheldonen espektroa gaur egun oraindik betetzen ote den ikusi nahi izan zuen Eric Galbraith lur zientzietako ikertzaileak. 2021ean argitaratu zen honen ikerketa eta frogatu zuenez, ozeanoko bizitzaren proportzioa erabat apurtu da, nagusiki, arrantzak eraginda. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Ozeanoko bizitzaren proportzio ia miragarria.

Igaraba, duela urte gutxira arte gure lurraldean galzorian zegoen espeziea, ugaritzen doa euskal ibaietan. Orokorrean Iberiar penintsula osoan ematen ari den bilakaera bat da eta, esaterako, Euskal Herrian Araba da hobekuntza hau hoberen islatzen duena. Aurreko astean Gasteizko Atarian La nutria en España liburuaren aurkezpena egin zuten, eta liburu hau idazteko beharrezko datuak herritar zientziaren bidez lortu zituzten. Estatu mailan 8.000 tokitan baino gehiagotan egin dituzte azterketak, eta Arabaren kasuan, orotara, 192 laginketa egin dituzte. Jasotako emaitzek argi erakusten dute espezie hau berreskurapenaren bidean doala, baina azaldu dutenez, momentu honetan arazo nagusiena errepideetan izandako harrapaketei dagokiena da. Datuak Alean: Bueltan da ibaietako erregina.

Estibaliz Diaz AZTIko ikertzailea Berrian adierazi duenez, aingira europarra oso egoera larrian dago. Biologo honek aingiren populazioen dinamikak ikertzen ditu eta Europako Sudoang proiektua koordinatu du, aingira europarra kudeatzeko tresna eta metodo bateratuak sortzea helburu duen proiektua. Aingira animalia misteriotsua da, baita ikertzaileentzat ere, eta oraindik galdera asko dituzte erantzuteko bere biologia eta ekologiaren inguruan. IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, aingira arrisku kritikoan dago. 1960 eta 1979 artean iristen ziren angulen batezbestekoa erabiltzen du erreferentzia gisa Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak (ICES), eta gaur egun, kopuru horren %5,4 iristen dira. Oso egoera larrian dago espezie hau, beraz. Zuhurtziaz jokatuz gero, ez litzateke aingira europarrik arrantzatu behar 2022an, ez saltzeko, ez aisialdiko arrantzan, baina Estibalizek dionez, aholku zientifikoa eta erabaki politikoa askotan ez datoz bat.

Geologia

Fernando Sarrionandia-Ibarra UPV/EHUko Barne Geodinamika arloko ikertzailea elkarrizketatu dute aste honetan Zientzia Kaieran. Fernandoren ikerketa-taldeak arroka igneoak aztertzen ditu. Arroka igneoak magmaren solidotze prozesuaren ondorioz sortutako arrokak dira eta hainbat motatakoak daude, besteak beste, arroka bolkanikoak, plutonikoak edo azpibolkanikoak. Arroka hauen kimismoa (kimikari esker azal daitezkeen fenomeno naturalen multzoa) eta datazioa aztertuz, iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke, eta horretan dabiltza Fernando eta bere lankideak. Zientzia Kaierako Zientzialari atalean dago elkarrizketa eskuragarri: Fernando Sarrionandia-Ibarra: “Arroka igneoak aztertuz iraganeko testuinguru paleogeografikoak eraiki daitezke”.

Osasuna

Unibertsitatea.net webgunean irakur daitekeenez, larrialdi egoeretan adingabeen pisua kalkulatzeko zinta metrikoa garatu dute. UPV/EHUko Erizaintza Kliniko eta Osasun Komunitarioa ikerketa-taldeak garatu du zinta metrikoa, adingabeen gutxi gorabeherako pisua jakiteko aukera ematen du. Sendoa Ballesteros da ikerketaren koordinatzailea, eta bere esanetan, pisua jakitea oso garrantzitsua izan daiteke egoera batzuetan. Besteak beste, berebizikoa da sendagaien edo zain barneko fluidoen dosia kalkulatu ahal izateko eta larrialdi pediatrikoetan zer neurriko materialak erabili behar diren jakiteko ere. Zinta, gainera, koloreen arabera antolatu dute eta honek, pazientearen pisurako egokiak diren sendagaiak edo tresnak azkar eskuratzea ahalbidetuko du.

Kantabriako Osasun Publikoko ikertzaileek omicron aldaera delta baino errazago kutsatzen dela frogatu dute, eta horren zergatia aztertu. Adrian Hugo Aginagalde Llorente da ikertzaileetako bat, eta, azpimarratu duenez, azterketak agerian utzi du omicronekin kutsatzeko arriskurik handiena sintomak agertu aurretik izaten dela. Gainera, infektatutakoek denbora gutxiago behar dute kutsakorrak izateko, baina sintomak izaten hasi eta bost egun igarota, asko jaisten dela birusa transmititzeko arriskua. Faktore horiek guztiek aldaera hau oso erraz hedatzea eragin dute, eta beraz, Aginagaldek azpimarratu nahi izan du honako ikerketen balioa, erabakiak datu zientifikoetan hartzea ahalbidetzen baitute.

Europako 47 hiri aztertu ditu Londresko ikerketa-talde batek, eta ondorioztatu dute Europan gutxienez 800 heriotza eragotzi zirela lehenbiziko itxialdian airearen kalitateak hobera egin zuelako. Jaitsiera nabarmenena nitrogeno dioxidoan izan zen eta osasunari mesede handia egin zion. Londreseko School of Hygiene and Tropical Medicine (LSHTM) erakundeak egin du azterlana, besteak beste, Paris, Londres, Bartzelona eta Milanen. Gas horren jaitsierarik nabarmenena izan duten herrialdeak Espainia, Frantzia eta Italia izan zirela diote; nitrogeno dioxidoa %50-%60 murriztu zen horietan. Hego Euskal Herrian, bestalde, Ekologistak Martxanek hiriburuetako 2019ko eta 2020ko martxoko datuak erkatu zituen, eta konfinamenduaren eraginez, %46 karbono dioxido gutxiago isuri zela adierazi dute.

Ingurumena

Edward Osborne Wilson 2021eko abenduaren 26an hil zen. Biologo hau munduko entomologorik garrantzitsuena izateaz aparte, naturaren eta biodibertsitatearen babesaren erreferentzia izan da. Liburu ugari idatzi zituen Wilsonek, horien artean Half Earth izenekoa. Bertan, kontinenteen eta ozeanoen azaleraren erdia erreserba naturalak sortzeko gordetzea proposatzen zuen, aniztasun naturala berreskuratzeko eta gordetzeko ekintza iraultzaile gisa. Wilsonek ondo zekien natura ondasun oso baliotsu eta ordezkaezina dela, eta beraz, zaindu eta babestu beharra dagoela. Honen harira, Nazio Batuen Biodibertsitate Konferentzia egin zen Txinan duela hiru hilabete, eta herrialde parte-hartzaileek konpromisoa hartu zuten biodibertsitate globalerako esparru akordio bat garatzeko, onartzeko eta praktikan jartzeko. Denborarekin ikusiko dugu akordio honek gaur egungo politiketan aldaketarik dakarren. Azalpenak Zientzia Kaieran: Planeta erdia.

Fisika

Aste honetan Zientzia Kaieran, Onintze Salazar fisikariak mareen inguruan hitz egin du. Egunean bi aldiz egiten du itsasoak behera eta egunean bi aldiz gora euskal kostaldeetan. Baina mareek lor dezaketen altuera aldakorra da. Nagusiki, arrazoi astronomikoek agintzen dute, hau da, Ilargiaren eta Eguzkiaren indar grabitatorioak ezarritakoek. Baina egoera batzuetan, itsasoaren maila gehiago igotzen da baldintza meteorologikoengatik, eta batik bat, airearen presioagatik. Horrela, itsas denboraleak sortzen dira noizbehinka, eta are gehiago marea biziekin batera gertatzen badira. Marea oso bizietan ura gure kaleetan sartu daiteke eta uholde txikiak eragin, baina ez da uholde handirik sortzen mareen eraginez; uholde handiak euriagatik edota horri gehitzen zaion elur-urtzeagatik gertatzen dira.

Teknologia

Beñat Erezuma ingeniariak adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du. Artiadi izena du liburuak eta hura sortzeko, GPT-3 teknologia erabili du. Erezumak gailuari gaiak proposatu zizkion, olerkiak sor zitzan, eta horietarik 40 onenak itzultzaile neuronalari eman zizkion, ingelesetik euskarara pasa zitzan. Ingeniariaren ustetan, etorkizunean jendea egongo da “makinei” liburu bat idazteko proposatuko diona, eta hau, baldintza batzuk sartuta, 200 orriko liburu bat idazteko gai izango da, koherentzia osoz. Kontua da, edonola ere, adimen artifizialak gizakia behar duela. Erabilgarria izan daiteke lan sinpleak edo automatiko batzuk desagerrarazteko, baina teknologia honek ezin du gizakia erabat ordezkatu. Azalpenak Berrian: Makina bat sortzaile.

Astronomia

Urtarrilaren 24an zen iristekoa Webb teleskopioa bere kokapen definitibora, Ilargia baino harago dagoen Lagrange-2 puntura, hain zuzen. Lagrangeren puntuak bi astroren artean sortzen diren orbitako puntu egonkorrak dira, eta gaur egunera arte 5 aurkitu dituzte. XVIII. mendean Leonhard Euler eta Joseph Louis Lagrangek aurkitu zituzten puntu gehienak eta horrez gero, Jupiter eta Eguzkiaren artean ere aurkitu dute bat. L2 (Lagrange-2) puntuak lurretik urrun eta eguzki izpietatik babestuta dagoen behaketa eremu egonkor eta lasai bat eskaintzen dio Webb teleskopioari, eta hor kokatzekotan dago, beraz. Orain arte, teleskopioaren zabalkunde mekanikoa eta bere ispilu eta tresnen disposizioa ondo joan da, baina orain doiketa egiten hasiko teleskopioa, “enfokatzen” nolabait esateko. Ekaina amaiera edo uztailerako prest egongo dela uste dute zientzialariek. Azalpenak Sustatun: Webb teleskopioa bere kokapen definitibora iritsi da.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #379 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages