S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 55 min

Ezjakintasunaren kartografia #395

sam, 2022/04/16 - 09:00

Lambda-CDM edo ΛCDM (ingeleseko siglak) eredua Big Bang eredu kosmologikoaren parametrizazioa da, estandarra kontsideratua. Proba asko gainditu ditu. Proba latza datorkio orain: The Hubble tension in perspective: A crisis in modern cosmology? Tomás Ruiz Lararena.

Ukrainiako inbasioa baino lehen egin zen klima-aldaketari dagokionez planetaren berrikusketa. Posible da ondorioak zaharkituta gelditu izana gerra dela eta.  What the invasion of Ukraine means for the IPCC’s latest climate change report Myles Allen eta Hugh Helferty.

Propietate elektroniko oso interesgarriak dituzten materialei bidea ireki diezaiekete piridinak sintentizatzeko modu berriek. DIPCk Open-shell organic systems that contain magnetically active transition metal ions.

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #395 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria

ven, 2022/04/15 - 09:00

Edertasunaren balio eta estandar gisa argaltasuna saritzen duen mundu batean, gorputzeko gantzaren aurka borrokatzea nahi izan ohi dute pertsona batzuek eta, neurri handiagoan, emakume batzuek. Obesitatearen epidemia gero eta handiago deneko sasoi honetan, gorputzaren parametro horren kontrolari eustea osasun pertsonaleko eta publikoko arazo hori kuantifikatzeko modu bat da. Hala ere, gorputzeko koipeak funtzio bat betetzen du gure organismoan, eta lotura estua du prozesu metaboliko eta ugalketa prozesu jakin batzuekin, batez ere emakumeenekin.

Harreman horretan protagonistetako bat leptina da. Leptina gantz-ehunean sortutako hormona da, eta funtsezko zeregina du gorputza erregulatzeko prozesuetan: apetitu eta asetasun sentsazioan, baina baita emakumeen obulazio zikloan ere. Hori da, hain zuzen ere, gorputzeko gantz portzentaje txikiegiak edo gantz hori nabarmen murrizteak ziklo hormonala eten eta emakumeen emankortasuna murriztu ahal izateko arrazoietako bat. Haurdunaldian, plazentak leptina ere sortzen du, eta amaren esnean leptina aurkitu da; horrek agerian uzten du, berriz ere, substantzia horrek eginkizun garrantzitsua duela ugaltze prozesu osoan.

Rose Frisch1. irudia: Rose Epstein Frisch biologoa. (Argazkia: The New York Times)

Rose Frischen lanari esker ezagutzen dugu, hain zuzen, leptina eta hark emakumeen ugalketa osasunean duen eginkizuna, bai eta gorputzeko gantzak ugalkortasunarekin duen harreman guztia ere. Rose Frisch zientzialaria aitzindaria izan zen emakumeen ugalkortasunaren ikerketan garai batean, Gerra Hotzaren hamarkadetan; orduan, zientzia esparrua ez zen oso harkorra emakumeentzat, ikertzaileak izan edo ikerketaren xede izan.

Bronx auzoko eskola publiko batetik bonba atomikoa garatzera

Frisch 1918ko uztailaren 7an jaio zen, New York hiriko Bronx auzoan. Errusiako etorkin juduen alaba izan zen, eta hiriko eskola publiko batera joan zen. Bere nebak hala aholkatuta eta unibertsitate bekak ematen zituen fundazio baten laguntza ekonomikoarekin, Smith Collegen ikasi zuen, eta bertan graduatu zen Arteetan, 1939an. Garai hartan, hitzordu itsu batean, David H. Frisch ezagutu zuen, Princetongo Unibertsitateko Fisikako unibertsitate ikaslea; harekin ezkonduko zen. Rose Frischek berak lortu zuen Zoologiako goi mailako titulua Columbia Unibertsitatean, 1940an, eta, ondoren, biak matrikulatu ziren Wisconsingo Unibertsitatean, eta, bertan, Genetikako doktoregoa lortu zuen Frischek, 1943an.

Alabaina, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, ikasketak bertan beherea utzi behar izan zituen. 1942aren hasieran, Mexiko Berriko Los Alamoseko laborategira eraman zituzten biak, sekretismoz. Han hasi zen lehen bonba atomikoa garatzeko karrera. Laborategi horretan, Frischek giza konputagailu gisa lan egin zuen, Richard Feynman fisikariarentzat, eta eragiketak kalkulatzen eta ekuazioak ebazten lagundu zion.

Japoniako Hiroshimako eta Nagasakiko hirietan bonbak garatu eta jaurti ondoren, eta, ondorioz, gatazkaren amaierarekin, Frisch Bostonera itzuli zen eta, bertan, azkenean, doktoregoa amaitu zuen. Urte horien ondoren, bikoteak hiru seme-alaba izan zituen, eta Frisch arduratu zen haiek zaintzeaz; aldi berean, bere senarraren bizitza sozialari eusten laguntzen eta bere ikasleei arreta ematen jardun zuen. 1960an, bere seme txikiak Lehen Hezkuntza amaitu zuenean, Frisch ikerketan murgildu zen, berriro.

Zertarako lansaria, senarraren soldatarekin bizitzea baduzu?

Bere lehen lana Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Zentroko ikertzaile elkartu gisa izan zen; bertan, nahiz eta doktorego bat izan, oso soldata baxua zuen; izan ere, bere nagusien arabera, senarraren soldatarekin nahikoa zuten bizitzeko. Frisch familiak gerora azaldu duenez, berak, lehenago eta geroago emakumezko beste zientzialari batzuek bezala, gizonen mespretxu horrek bi motatako eraginak izan zuen: batetik, egia zen bere ideien aurka jokatu ohi zutela gizonek, baina, bestetik, karrera bat –eta horri zegozkion maila igoerak– ezin zuenez lortu, askatasun handiagoa zuen bere interesei eta jakin-minari jarraitzeko, mailaz igo nahi zuten ikertzaileek zituzten presio akademikorik gabe, unibertsitateko liburutegian kalitatezko materiala –ikerketakoa eta estatistikoa– eskuratzeko aukera zuen bitartean.

Rose Frisch2. irudia: 2004. urtean Rose Frisch ikertzaileak argitaratu zuen liburuaren azala. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

1974an, Frischek erdibana sinatu zuen azterlan bat; azterlan horretan zera frogatu zen, emakume baten hilekoaren zikloak eten egiten zirela, hark pisu handia jaisten bazuen. Nahiz eta zenbait animaliaren hazleek bazekiten gorputzeko gantz kopurua eta ugalkortasuna lotuta daudela, harrera txarra izan zuen ia erabat gizonezkoz osatutako hitzaldi eta biltzar haietan emakume batek –emakume zahar batek, gainera– hilekoaren zikloez hitz egiteak. Bere seme-alaben hitzetan, behin, hitzaldi batean, bertaratutako gizon batek modu oldarkorrean galdetu zion bere aurkikuntzei buruz, eta, hitzaldiaren ondoren, bere alabak, anorexia zuenak, haurdun geratzeko zenbateko pisua irabazi beharko lukeen galdetzera hurbildu zitzaion.

20 urte geroago egiaztatu zen hipotesia

Gaur egun, bi gauza horien arteko lotura oso ezaguna eta onartua da, eta horren arrazoia, leptina, 1994an aurkitu zen, baina, hori baino askoz lehenago, Frischek jada zehaztu zuen gantzean bazegoela osagai bat emakumeen ugalketa gaitasunari eusteko beharrezkoa zena.

Hipotesi hori oso intuizio zorrotzean oinarritutako analisi eta behaketa kliniko zehatz batetik abiatzen zen, esaterako, gehiegizko pisua duten neskak sarritan pubertarora argalagoak diren beste batzuk baino lehenago iristen direla, eta emakumeek, dieta zorrotza edo/eta kirol asko egiteagatik, askotan hilerokoa izateari erabat uzten diotela edo ziklo irregularrak izaten hasten direla, bereziki atletak eta gimnastak. Emakume horietako asko, txikitatik hasten baziren entrenatzen, ohi baino geroago iristen ziren pubertarora, eta gero haurdun geratzeko arazoak izan ohi zituzten, itxuraz osasuntsu egon arren.

Leptinaren aurkikuntzak Frischen hipotesia berretsi zuen bi hamarkada geroago, baina hark eragina izaten jarraitzen du gaur egun ere; izan ere, haren inplikazioak malnutrizioaren eta ugalkortasunaren arteko loturari buruzko eta gorputzeko gantzaren portzentaje baxuaren eta bularreko minbizia izateko arrisku txikiagoaren arteko loturari buruzko –estrogenoekiko esposizio txikiagoa izateagatik– azterlan eta ikerketa askoren atzean daude.

Frisch 2015eko urtarrilaren 30ean hil zen, 96 urterekin.

Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 23an: Rose Frisch, la científica que relacionó la grasa corporal con la fertilidad femenina ante la hostilidad de sus colegas.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Rose Frisch, emakumeen ugalkortasunaren ikerketan aitzindaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Goi-mailako futbolari gazteen lesioen arrisku-faktoreak

jeu, 2022/04/14 - 09:00

Futbolariek lesio asko jasaten dituzte, eta hauek, ondorio negatiboak eragiten dituzte euren garapenean eta errendimenduan; are gehiago, epe luzean osasunean ondorio txarrak eragin ditzakete. Hori dela eta, lesioen agerpena bultzatu dezaketen arrisku-faktoreen identifikazioa ezinbestekoa da. Hazkundearen, heltzearen eta lesioen arteko harremana guztiz argi ez dagoen arren, bai batak eta bai besteak lesionatzeko arriskuan eragina dutela ikusi da.

futbolariIrudia: futbolari gazteek lesio ugari izaten dute, eta honek ondorio negatiboak ditu euren garapenean eta errendimenduan. (Argazkia: phillipkofler – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hazkunde prozesua gorputzeko dimentsioen handitzean datza eta, normalean, aldagai antropometrikoen bidez neurtzen da; hala nola, altuera, pisua edota gorputzeko segmentuen luzera. Hazkunde abiadura bizkorra arrisku-faktore moduan identifikatu da eta bereziki, hazkunde-lesioak jasateko arrisku-faktore moduan. Bestalde, ikusi izan da hanken luzeraren aldaketa bizkorra lesioen agerpenaren handiagotzearekin harremana duela bai lesio orokorrekin eta baita, zehazki, hazkunde lesioekin. Era berean, pisua irabaztea ere arrisku-faktore moduan identifikatu izan da.

Heltzea hazkundea baino kontzeptu konplexuagoa eta zalantzagarriagoa da. Izan ere, heltzea, heldua izan arte ematen den trantsizio prozesua deskribatzen duen terminoa dela esan dezakegu. Jokalari batek momentu zehatz batetan duen heltze mailari heltze egoera deritzogu. Hiru heltze momentu bereizten dira: PHV (peak-height velocity: altueraren puntako abiadura) aurreko fasea (pre-PHV), PHV inguruko fasea (circa-PHV) eta PHV osteko fasea (post-PHV). Bestalde, heltze momentuak heltzearen gertakari espezifikoak (PHV-a, menarkia…) noiz ematen diren aztertzen du; eta norbanakoak goiztiar, normal edo berantiar moduan sailkatzen ditu. Heltze abiadurak, ordea, pertsona jakin baten heltze egoeraren progresioa zein abiaduratan ematen den neurtzen du (fase batetik bestera ematen den progresioa). Heltze egoerak lesio arriskuan eragina duela ikusi izan da. Hala ere, heltze momentu, abiadura eta lesioen arteko harremana ez dago bat ere argi. Are zehatzago, circa-PHV fasean lesionatzeko arriskua altuagoa da. Ez hori bakarrik, heltze egoeraren arabera, futbolariek jasaten dituen lesio motak aldatzen dira. Pre-PHV eta circa-PHV faseetan hazkunde lesioak sarriago ematen dira, post-PHV fasean, ordea, lesio muskular eta artikularrak.

Artikulu honetan zehar hazkundeari eta heltzeari lotutako arrisku-faktoreak azaltzen dira. Aldagai hauen kontrola lesionatzeko arrisku handiagoa duten jokalariak identifikatzeko modua izan daiteke. Jokalariak, entrenatzaileak eta zerbitzu medikoetako kideak hazkundeari eta heltzeari buruz kontzientziatzea ezinbestekoa da entrenamenduak, prebentzio- eta errehabilitazio-estrategiak, eta kirolera bueltako programak diseinatzerako orduan. Izan ere, jokalarien garapenean parte hartzen duten profesional guztien parte-hartze aktiboa behar-beharrezkoa da jokalarien osasuna bermatu eta, horrela, lehenengo taldera heltzeko aukerak handitzeko.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 38
  • Artikuluaren izena: Hazkundea, heltzea eta lesioak gizonezkoen goi-mailako futbolari gazteetan.
  • Laburpena: Lesioak oso ohikoak dira gizonezkoen goi-mailako futbol taldeetan, eta jokalarien garapenean eta osasunean ondorio negatiboak dituzte. Hori dela eta, futbolarien lesioetan eragina izan dezaketen arrisku-faktoreak identifikatzea ezinbestekoa da. Azken urteotan egindako ikerketen arabera, hazkundeak eta heltzeak lesioen agerpenarekin erlazioa dutela aztertu arren, eragina ez dago guztiz argi eta kontraesanak daude. Lan honetan, hazkundearen eta heltzearen kontzeptu nagusiak laburbildu eta horien eta lesioen arteko harreman posibleak azaltzen dira.
  • Egileak: Xabier Monasterio, Susana M.ª Gil, Jon Larruskain, Jose Antonio Lekue, Iraia Bidaurrazaga-Letona
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 117-128
  • DOI: 10.1387/ekaia.21651

Egileez:

Xabier Monasterio, Susana Gil eta Iraia Bidaurrazaga EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Jon Larruskain eta Jose Antonio Lekue Athletic Clubeko Zerbitzu Medikoko kideak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Goi-mailako futbolari gazteen lesioen arrisku-faktoreak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan

mer, 2022/04/13 - 09:00

Mundu osoko pertsonek usainari buruzko pertzepzio bera duten, usain mota berberak gustatzen zaizkien edo hau kulturalki ikasten den aztertu du ikerketa zientifiko batek. Emaitzen arabera, pertsonek usainen inguruko zaletasun orokorrak partekatzen dituzte, beren jatorri kulturala edozein dela ere.

Usainen pertzepzioa tradizionalki zerbait kulturaltzat ikusi izan da, baina kulturak horrekin zerikusi gutxi duela ondorioztatu dute Current Biology aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Suediako Karolinska Institutuko eta Erresuma Batuko Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileek gauzatu dute ikerketa eta emaitzen arabera, usain bat gogoko izatea edo gustuko ez izatea, batez ere, usain-molekularen egiturak zehazten du. Molekulak erabakigarriak dira usain bat atsegin / desatsegin izendatzeko orduan eta ez gure kultura filiazioa.

pertzepzioaIrudia: usain bat atsegina edo desatsegina den antzematea ohikoa da kultura guztietan, antzeko gustuak partekatzen ditugu. Baina norbanakoen pertzepzioa usainaren egitura molekularraren eta norberaren gustuen araberakoa da. (Argazkia: Vic-B – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ikerketan parte-hartu duen Artin Arshamian neurozientzialariaren esanetan: “Mundu osoko kulturek antzera sailkatzen dituzte usainak, nondik datozen kontuan hartu gabe, baina usain bat atsegiteko orduan agertzen dugun lehentasunak osagai pertsonala du, ez kulturala”.

Usainen pertzepzioa aztergai

Azterketa egiteko, mendebaldekoak ez diren 9 kulturatako pertsonak hartu ziren, Malaysiatik Ekuadorreraino. Ikertzaileek bizimodu ezberdinak ordezkatzen dituzten komunitateak aukeratu zituzten: lau ehiztari-biltzaile taldeak ziren, gainontzeko bostak nekazaritza eta arrantzara dedikatzen zirenak. Talde horietako batzuek oso kontaktu gutxi dute mendebaldeko elikagaiekin zein etxetresnekin. Horrez gain, Mexiko Hirian eta New Yorken bizi ziren bizilagunen lagin bat ere hartu zuten, hiritarrak. Beraz, guztira, 10 komunitateko ordezkariak  hartu zituzten partaide gisa. Hautatutako komunitate hauek “ingurune usaintsu” diferenteetan murgiltzen dira, esaterako, oihan tropikalean, kosta inguruetan, mendian eta hirian. Beraz, hainbat “usain-esperientzia” hartu ziren kontuan.

Parte-hartzaile guztiek gustuko zituzten usainak zein desatsegintzat jotzen zituztenak sailkatzeko eskatu zitzaien eskala baten bidez. 10 usain ematen zitzaizkien usaintzeko eta, guztien usaina hartu ondoren, ezkerretik eskuinera jartzen zituzten laginak atseginenetik desatseginenera. Emaitzek talde bakoitzaren barruan norbanakoen arteko diferentziak erakutsi zituzten. Hau da, batzuk usain bat zuten gogokoago beste batzuk baino, baina, taldeei osotasunean erreparatuz gero, emaitzen arabera usain bat atsegin edo desatsegin bezala izendatzeko orduan korrespondentzia globala erakusten zen taldeetan. Hau da, usainak sailkatzean gizabanakoen artean aldakortasun dagoen arren, usainen gaineko konnotazio positiboak eta negatiboak unibertsalak dira.

Banilla gustukoen, gazta garratza gutxien

Batez beste, denei gustatu zitzaien eta ez zitzaien usain bera gustatu. 4-hidroxi-3-metoxibentzaldehido molekula, beste era batera esanda, banilla, banilla-leken konposatu nagusia, izan zen azterlaneko molekula gogokoena. Subjektuek ere atsegintzat jotzen dute ere etil butiratoaren usaina, mango eta ananari bere usain bereizgarriak ematen dizkiona. Beste usain preziatuen artean, landare usaintsu askotan agertzen den linaloola zegoen, eta arrosetan, krabelinetan, laranja-lorean eta pinuan dagoen fenetil alkohola.

Usain txarrak ere unibertsalak dira. Parte hartzaileek, malasioek, mexikarrek eta ekuadortarrek, besteak beste, azido isobalerikoa izendatu zuten usainik txarrena bezala. Azido isobalerikoa giza izerdietan eta animalia eta landare gantzetan agertzen da. Parte-hartzaile gehienei ere ez zitzaien gustatu dietil disulfuroa, kipula helduegietan edo patata usteletan dagoen usaina. Azido kaprikoa edo ahuntz-azidoa ere ez zuten gogoko, hau modu naturalean agertzen da palma- eta koko-olioetan eta ugaztunen esnearen koipean.

Ikertzaileen esanetan, norbanakoek erakusten dituzten sailkapen-bariazioak, neurri handi batean, usainaren egitura molekularraren (% 41) eta norberaren gustu edo zaletasun pertsonalen (% 54) mende daude. Bigarren aldagaiaren kasuan, gustu pertsonalak ikasitako zerbait izan daitezke (hezkuntzatik datorkiguna) baina gure egitura genetikoaren emaitza ere izan liteke.

Usainen pertzepzioa sistema konplexu baten mende dago. Sistema horretan zerikusia dute sudurreko usain-mukosaren neuronek eta baita pertsona bakoitzak haurtzarotik hauteman dituen aromek ere. Zientzialari askok luzaroan uste izan dute usain onen edo txarren pertzepzioa, funtsean, pertsona bakoitzaren testuinguru kulturalaren araberakoa dela. Hala ere, ikerketa honek erakusten du, ikasitakoak ez digula eragiten pentsatzen zen neurrian usain zehatzak lehenesteko pertzepzioan.

Iturriak: Erreferentzia bibliografikoa:

Arshamian, Artin et al. (2022). Behavioral consistency in the digital age. Current Biology. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2022.02.062

Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

The post Kulturak pisu gutxi du usainari buruzko pertzepzioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek?

mar, 2022/04/12 - 09:00

Ehizan erabilitako berunezko munizioek Europako hegazti harraparien populazioetan duten eragina kalkulatu dute: batez bestean, pozoitzeek eragin dute hegazti horien populazioak %6 urriagoak izatea.

Esan ohi da gizakia dela leku batean bi aldiz irauli egiten den izaki bakarra, eta, berunaren kasuan bederen, agerikoa da hala dela. Metal hori aspalditik erabiltzen da objektu asko egiteko, erraz urtzen delako eta nahiko ugaria delako gure planetan. Pigmentuak egiteko ere oso erabilgarria izan da, Por qué los girasoles se marchitan liburuan Oskar Gonzalez kimikariak kontatzen duen moduan. Liburu berean Gonzalezek jasotzen du XVIII. mendetik aurrera berunezko perdigoiak egiteko prozesua nolakoa zen: dorre batetik, urtutako beruna botatzen zen zuloz beteriko xafla batetik pasarazita, eta, erortzean eta hoztean, berunezko tanta horiek itxura esferikoa hartzen zuten. Prozedura horren oroimena ondare arkitektonikoa geratu da, Watts dorre gisa.

Arazoa da beruna pozoitzaile indartsua dela, eta batez ere nerbio sisteman triskantza galantak eragiteko gai dela. Hala dela ezagututa ere, gaur egun perdigoi horiek erabiltzen dituzte ehiztariek, duela pare bat hamarkada berunezko gasolina erretzen zen lasaitasun berdinarekin.

beruna1. irudia: ehizan erabilitako perdigoiek beruna dute eta honen eragin nabarmena du ehizatzen ez diren espezieen artean ere, berunak eragindako pozoitzeak direla era (Argazkia: Mohammed Ouzzaoui – erabilera libreko argazkia. Iturria: Unsplash.com)

Perdigoiak ehizatutako animalien gorputzean sartzen direnean, animalia horien haragia jaten dutenek beruna hartu dezakete ere. Gizakien kasuan, noski, arriskua askoz txikiagoa da, kontsumitu aurretik piezak garbitzen direlako. Baina agerikoa da hegazti harrapariek ez dutela hori egiten, eta, ondorioz, pozoitzeko arrisku handia dutela.

Askotarikoak izan daitezke eraginak. Pozoi gehienetan bezala, dosiaren eta jasotzailearen gorputzaren tamainaren araberakoak izango dira ondorioak. Baita gorputzean pilatzen den pozoi kopuruaren araberakoak ere. Azken honen ondorio logikoa da urte gehiago bizi diren espezie edo norbanakoetan pilatuko dela berun gehien.

Kasu larrienetan, pozoitzeek animaliaren heriotza eragin dezakete. Dosi txikiagoak jaso direnean, berriz, animalien portaeran eta fisiologian aldaketak gerta daitezke.

Beruna eta haren arrastoak

Science of the Total Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batek zifretara eraman du arazoa. Orotara, Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaile talde batek Europan hilda aurkitu diren 3.000 hegaztiren baino gehiagoren laginetan oinarritu da egoeraren analisia egiteko. Horietan, gibelean pilatutako berunaren datuak jaso dituzte. Espezieen arabera, saiatu dira kuantifikatzen berunak ekarri dituen ondorio kaltegarriak hegazti harraparien populazioetan.

1970eko hamarkadatik hamahiru herrialdetan jasotako laginak baliatu dituzte ikerketan. Kilometro bakoitzeko dagoen ehiztarien dentsitatearen inguruko datuekin osatu dute eredua, ahalik eta ondorio zehatzena eskuratu aldera. Horrela, ehiztari dentsitate bakoitzeko zenbat hegazti pozoituak dauden jakin ahal izan dute, eta harreman hori baliatu dute, hain zuzen, pozoitutako hegaztien datuak ez dauden eskualdeetan dauden heriotzen inpaktuak kalkulatzeko (horietan, hain zuzen, ehiztarien dentsitatea ezaguna delako).

2. irudia: Euskal Herrian aurki daitezkeen espezieen artean, arrano beltza da kalte gehien jaso duena: horien kopurua %13 urriagoa omen da berunezko perdigoien erruz. (Argazkia: Mark Van Jaarsveld – unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash.com)

Ikerketan atera dituzten ondorioak esanguratsuak dira faunaren kontserbazioari dagokionez. Zifra nagusietara eramanda, kalkulatu dute Europan berunak eragindako pozoitzeek 55.000 banakotan murriztu dutela hegazti helduen kopurua.

Espeziez espezieko kalkuluak egin dituzte. Horien arabera, Euskal Herrian bizi ez den itsas arrano buztanzuria (Haliaeetus albicilla) da kalte gehien jaso duen espeziea: horien populazioa %14 txikiagoa da. Ondoren datoz arrano beltza (Aquila chrysaetos) —%13 gutxitu da— eta sai arrea (Gyps fulvus) —%12—. Maila txikiagoan daude aztorea (Accipiter gentilis) —%6— eta beste hainbat espezie.

Ikertzaileek zabaldutako prentsa oharrean zapelatz arrunta (Buteo buteo) berariaz nabarmendu nahi izan dute. Horien populazioak %1,5 gutxiago direla kalkulatu dute, baina, nahiko espezie zabaldua izanda, horrek suposatzen du 22.000 zapelatz gutxiago daudela Europan.

Ohar horretan azaldu dutenez, haien zenbatespenak nahiko kontserbadoreak dira, pozoitako harrapakarien inguruko informazioa eskuratzea ez baita erraza. Arazoa are handiagoa da oso ondo ezagutzen ez diren espezie arraroagoen kasuan.

Pozoiaren bideak

Duela gutxi egindako beste ikerketa batean zientzialari talde berak kalkulatu zuen Erresuma Batuan ehizatutako faisaien (Phasianus colchicus) %99 berunezko perdigoiekin akabatutakoak direla.

Normalean sarraskijaleek dute arrisku gehien —saiak, bereziki—, baina badira ere normalean sarraskijaleak ez izanda ere, arrastoren bat eskura dutenean horiek ere jaten dituzten espezieak. Horiek ere pozoitu daitezke, noski.

Bestetik, bizirik dauden harrapakinak baino jaten ez dituzten espeziak ere ez daude guztiz libre pozoitze mota horretarik. Izan ere, gerta daiteke hegazti batek perdigoi zati bat jasotzea, baina soilik zaurituta gertatzea. Belatz edo aztore batek harrapatuz gero, perdigoi zati hori harrapakari hauetara pasa daiteke ere.

Ikertzaileen arabera, hau ez da noizbehinkako arazoa: X izpien bitartez egindako analisiek diote Erresuma Batuan bizirik dauden basa ahateen laurden batek perdigoiak dituela gorputzean.

Europan, Danimarkan eta Herbehereetan baino ez dago galarazita munizio mota hau. Espainiaren kasuan, babestutako hezeguneetan ezin da erabili. Horren zioa ez da ehizatutako animalietan perdigoiak geratzen direla, perdigoi horiek aintzira eta laku txikien hondoratuta geratzen direla baizik. Bada, hegazti askok harri txikiak jaten dituzte, harritxo horiekin arandoian digestioa aiseago egiteko. Baina, kontuan izanda hondoratutako harritxoak eta perdigoiak bereizteko modurik ez dutela, berun horrekin ere kutsatzen dira.

Ikertzaileek gogora ekarri dute perdigoietan beruna ordezkatzeko alternatibak daudela merkatuan, baina, antza, orain arte Erresuma Batuan ehiztari elkarteek hori bultzatzeko egin dituzten kanpainek ez dute batere arrakastarik izan.

Ehiztari elkarte horiek 2025ean munizio mota hori erabat alboratzea nahi dute. “Tamalez, berunezko munizioa boluntarioki alboratzeko ahaleginak antzuak izan dira orain arte”, esan du ikerketa honen egile nagusi Rhys Greenek. Erantsi du populazioen halako jaitsiera batek erantzun “irmoak” beharko lituzkeela, legedian egindako aldaketak barne.

Bai Europako Batasunean zein Erresuma Batuan berunezko munizio oro debekatzea aztertzen ari dira, bai harrapakarietan zein giza osasunean —ehizatutako haragia kontsumitzeagatik— duen eragina dela eta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Green, R.E., Pain, D.J., Krone, O. (2022). The impact of lead poisoning from ammunition sources on raptor populations in Europe. Science of the Total Environment, 823, 154017. DOIA: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2022.154017

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Zenbat hegazti pozoitzen dituzte berunezko perdigoiek? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Perla ozpinduak

lun, 2022/04/11 - 09:00

Plinio Zaharrak, bere Historia Naturala obra handiko liburuetako batean, Kleopatra Egiptoko erreginaren eta Marko Antonio jeneral erromatar ospetsuenaren arteko pasadizo bitxi bat kontatzen du. Kontua da Kleopatrak Marko Antonio txunditu nahi zuela, bere aliatu militar eta politikoa izan zedin, eta, bide batez, baita bere maitale partikularra ere. Horretarako, erromatar jeneralarekin apustu bat egitea bururatu zitzaion; hala, haren bizitzako oturuntzarik dotore eta garestienera gonbidatuko zuela ziurtatu zion Marko Antoniori.

Ospakizun eguna iritsi zen, ordean, bertan gauzak ez zihoazen Kleopatrak espero bezala, ez baitzirudien erromatarra batere txunditu zenik eskaintzen ari zitzaizkionarekin. Are gehiago, Marko Antoniok, nolabaiteko sarkasmoz, aspertzen ari zela helarazi zion erregina egiptoarrari. Kleopatrak azkar erreakzionatu zuen, bereizgarri zuen oilarkeriaz. Bere esklaboetako bati kopa bat ardo ozpin ekartzeko eskatu zion, eta bere belarritakoak apaintzen zituzten perla handi haietako bat kendu zuen; perla hori edalontzian erortzen utzi zuen; segundo batzuk itxaron zuen perla desegin zedin eta, azkenean, edan egin zuen. Horrek bai, horrek benetako zirrara eragin zion Marko Antoniori, eta hil arte ez zen erregina egiptoarrarengandik bananduko.

Istorioa oso polita da, baina ikus dezagun zer dioen zientziak pasadizo horri buruz.

perla1. irudia: Kleopatraren oturuntza, Jan de Bray artistak 1652an egindako obra. (Iturria: The Royal Collection Trust)Perla bat arretaz begiratuta

Alde batetik, perla bat dugu. Perlak kaltzio karbonatoz (CaCO3) osatutako egiturak dira; kaltzio karbonato hori aragonito izeneko mineral eran kristalizatuta dago; horrez gain, konkiolina izeneko proteina organiko bat izaten dute egitura horiek. Molusku bibalbio batzuek, ostrek adibidez, kanpotik partikularen bat sartzen zaienean, egitura horiek jariatzen dituzte beren gorputz bigunak babesteko, eta pixkanaka-pixkanaka, partikula hori karbonatotan biltzen dute, beren bizitzarako inolako arriskurik ez duela ziurtatu arte.

Bestalde, ardo ozpina dugu. Ozpina, funtsean, azido azetiko (CH3COOH) diluitua da; azido hori azido ahultzat jotzen da. Azken finean, base bat (perla) eta azido bat (ozpina) ditugu, eta nahastu egiten ditugu.

Institutuko kimika klaseak pixka bat gogoratuz gero ikusiko dugu erreakzio horretan gatz bat (solidoa), karbono dioxidoa (gasa) eta ura (likidoa) sortzen direla. Hau da, Kleopatraren perlak, azken batean, ozpinarekin erreakzionatuko luke, eta, ondorioz, substantzia solido karbonatatu bat eratuko litzateke, urarekin nahastuta, kopa burbuilatsu batean. Hori izango litzateke Egiptoko erreginak edan zuena. Baina bada kontuan hartu ez dugun zerbait: erreakzio hori segundo gutxi barru gertatuko al zen? Bada, hor sartzen da elezaharra. Azetikoa azido ahula izateak erreakzioaren denbora zehazten du. Perlaren kaltzio karbonatoa disolbatu ahal izateko, egun batzuk igaroko ziren, eta, gainera, tarteka ozpin gehiago gehitu beharko zen.

Alegia, bideraezina dirudiela Marko Antonio egun batzuk eserita geratzea erreakzioa noiz amaituko zain; beraz, istorio hau mito hutsa izan liteke. Edo bestela, Kleopatrak perla erraldoi bat irentsi zuen ardo ozpinaz lagunduta, kopa batean apar pixka bat sortu eta erromatarra engainatu ondoren; hori ere ez dut baztertzen.

Azido azetikoa geologian

Historiaz, kondairez eta kimikaz hitz egin dut honaino. Baina orain geologiaren txanda da. Izan ere, geologook, askotan, zenbait azido erabiltzen ditugu substantzia mineralekin modu kontrolatuan erreakziona dezaten; hala, lana errazten digute. Adibidez, fosilak kimikoki erauzteko mekanismo gisa erabiltzen dira paleontologiaren esparruan. Eta azido azetiko diluitua da arrokak eta sedimentu karbonatatuak disolbatzeko gehien erabiltzen den azidoetako bat, ornodunen hondar fosilak aztertzen ditugunean.

2. irudia: Ornodunen mikropaleontologiako lan prozesua, disoluzio kimiko bidezkoa. A: azido azetikoaren eta hondakin karbonatatuen arteko erreakzio kimikoa. B: erreakzio kimikoaren ondoren eratzen den materiala garbitzea, hezur hondar fosfatikoak kontzentratzeko. (Argazkiak: Oier Suarez Hernando)

Hezur hondarrek konposizio fosfatikoa dute, eta, beraz, kaltzio karbonatoz osatutako materialek baino askoz hobeto jasaten dute azido azetikoaren erasoa. Lan metodologia sinplea da: fosil fosfatikoak dituen matrize karbonatatuko lagina azido azetiko diluituan murgiltzen da, eta azidoari bere lana egiten uzten zaio hainbat orduz, baita hainbat egunez ere. Jarraian, ongi garbitzen da txorrotako urarekin, erreakzio kimikoaren ondorioz eratzen den konposatu karbonatatuaren zati handiena kendu arte. Ondoren, agerian lehortzen uzten da. Prozesu hori behin eta berriz errepikatu daiteke, aztertu nahi ditugun hezur hondarrak bakarrik ditugun arte.

Eta prozesu hau geldoa eta neketsua den arren, zorionez geologook Marko Antoniok baino pazientzia handiagoa dugu (eta hark baino gehixeago dakigu kimikari buruz).

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

The post Perla ozpinduak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #389

dim, 2022/04/10 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Biologia

Alicia Gascon Gubiedak UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan. Newcastlen egin zuen tesia Gasconek eta Euskal Herrira itzuli da berriz, zeluletan aldaketak eragiten dituzten PAR proteinak ikertzeko. Gorputzean zelula-mota asko ditugu, eta mota hauetako bakoitzak bere egitura edo atalak ditu. Bada, atal berezi hauek sortzeko, zelulek polaritate seinaleak erabiltzen dituzte eta PAR proteinek sortzen dituzte seinale hauek. Honen harira, Gasconek PAR proteinak eta aktomiosina-eskeletoaren arteko feedback mekanismoa azaltzea lortu du. Informazio horrekin, zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu du bere taldeak. Elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean aurki daiteke. Alicia Gascon: “Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu”.

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, giza genoma oso-osorik deskodetzea lortu dute. Giza genomaren zati txiki bat (% 8) oraindik guztiz ezezaguna zen. Orain, ordea, teknologia eta metodo berriak erabiliz, Telomere-to-Telomere (T2T) nazioarteko partzuergoak lortu du falta ziren hutsuneak betetzea. Zelula-lerro berezi bat erabili dute honetarako, amaren DNA errefusatu eta aitarena bikoiztu zuen enbrioi baten zelula-lerroa. Zelula horiek gene bakoitzaren bi kopia desberdin izan beharrean bi kopia berdin dituzte, eta horrek erraztu egin du zati ezezagunak deskodetzea. Azaldu dutenez, sekuentzia berri gehienak zentromerotan eta telomerotan daude.

Gure gorputzean metatutako gantzak uste baino funtzio gehiago betetzen ditu. Urte askoan pentsatu izan da ehun adiposoaren funtzio bakarra gorputzeko energia gordetzea zela. Gaur egun, ordea, badakigu ehun adiposoak beste organoen funtzioak erregulatzeko gai diren hainbat molekula garrantzitsu jariatzen dituela. Horrela, ehun honetan desorekak gertatzen direnean, obesitatea adibidez, funtzio biologikoak galdu eta gaixotasunak garatzen dira (diabetesa, hipertentsioa, aterosklerosia etab.). Baina oraindik ere badaude ehun honen inguruan ezagutzen ez ditugunak. Joan den martxoan bertan, gizakien eta saguen gorputzeko ehun adiposoaren atlas bat argitaratu da Nature aldizkarian, eta aurrez ezagutzen ez ziren zelula adiposo motak ere barne hartzen ditu. Azalpenak Berrian: Gorputzeko gantza: energia gordailua baino askoz gehiago.

Ingurumena

Euskal Herrian azterturiko ibai guztietan antibiotikoak topatu ditu Europako ikerketa batek. Aragoi, Arga, Aturri, Bidasoa eta Urumean hartu dituzte laginak eta denetan topatu dituzte botikak, batez ere herri eta abere haztegi handien inguruan. Kontzentrazio handienak Ebroren arroko ibaietan aurkitu dituzte, zerri eta hegazti haztegietan, esaterako. Hau arriskutsua da; izan ere, ingurunean hainbeste antibiotiko egoteak probableagoa bihurtzen du bakterioek hauekiko erresistentzia irabaztea. Eta bakterioak erresistentzia hau irabazten badute, ondoren botika horiek ezin dira erabili gaixotasunak sendatzeko. Honen harira, ura garbitzeko hiru teknologia aztertu dituzte, horietako bat fotokatalisia. Titanio oxidozko nanopartikulen bidezko fotokatalisiaren bidez, uretako konposatuak oxidatzen dira argiaren uhin luzera jakin batean, baita bakterioak ere. NILSA Nafarroako Tokiko Azpiegiturak Sozietate Anonimoko ikerketa-taldeak sistema bat sortu du fotokatalisiaren bidez ur zikinei antibiotikoak kentzeko ibaietara isuri aurretik. Praktikan erabiltzeko, ordea, hainbat faktore aintzat hartu behar dira. Eraginkortasuna eta prezioa, esaterako. Modu eraginkorrena sistema hau antibiotikoak isurtzen dituzten lekuetan ezartzea, ibaira isuri aurretik.

Psikologia

Kontzientzia edo onginahi soziala ebaluatu dute, ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoekin duen lotura maila aztertuz. Nazioarteko azterlan batean hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiago ebaluatu dira. Ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko kontzientzia sozialaren alderaketa egiten denean, lotura handia ikusten dela kontzientzia sozial horren eta ingurumen jardunaren indizearen artean. Ingurumen jardunaren indizeak herrialdeek ingurumen politikako helburuekiko duten hurbiltasun maila adierazten du. Gainerako faktoreen eragina arbuiagarria da faktore hori kontuan hartzen denean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Onginahi sozialak aurpegi bat baino gehiago ditu.

Bakoitzak erabilera-eredu propio bat du mugikorrean nabigatzen duenean. Emaitza hau da ikerketa berri batek aditzera eman duena eta horren ondorioz, gure mugikorreko aplikazioen erabilera patroiek nor garen esateko gai dira. Ikertzaileek 780 pertsonaren telefono adimendunen datuak aztertu zituzten. Lortutako datuekin estatistika-eredu bat sortu zuten eta eredu horrek ikasi egin zituen esperimentuko parte-hartzaileen erabilpen patroiak. Horrela, ereduak balizko erabiltzaileen 10 izenen zerrenda bat ematen zien eta erantzunen %75ean zerrendan aurkitzen zen erabiltzaile zuzena. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mugikor salatariak.

Osasuna

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Oxford Unibertsitateko ikerketa batek ez du erlaziorik aurkitu mugikorrak erabiltzearen eta buruko tumoreen artean. Ikerketa horretan Erresuma Batuan 1935-1950an jaiotako lau emakumeetatik batek parte hartzen du. 776.000 parte-hartzailek mugikorraren erabilerari buruzko galderak erantzun dituzte, lehenik 2001ean eta 2011n ondoren. Hamalau urte horietan zehar buruko tumoreak izan ote dituzten aztertu dute, eta ez dute inolako erlaziorik topatu mugikorrak erabiltzearen eta tumoreen artean.

Gizakiok, hainbat izaki bizidunek bezala, erritmo zirkadianoa dugu. Erritmo hori eguzkiak erregulatzen duen argi-iluntasun zikloak zuzentzen du 24 ordutan zehar. Bada, Tel Aviveko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikusi du ziklo horretan gertatzen diren aldaketek gainelikadura eta obesitatea ekar ditzaketela. Ikertzaileek boluntarioak bi taldetan banatu zituzten, eta denek kilokaloria kopuru berdina jaten bazuten ere, eguneko momentu ezberdinetan egiten zituzten otorduak. Ondorioztatu zutenez, ondo gosaltzeak eta arin afaltzeak pisua kontrolatzen laguntzen du. Are gehiago, ez gosaltzeak pisua handitzea eta gehiegizko pisua agertzea ekar dezake. Eduardo Angulok idatzi du Zientzia Kaieran: Jateko ordua.

Emakumeen osasunari buruzko ikerketek ugalketa-osasunean jartzen dute fokua. Osasunean eta medikuntzan espezializatutako aldizkarietan ugalketa-osasunari buruzko ikerketak dira ugarienak. Minbiziaren ingurukoak daude bigarren sailkapen horretan, baina emakumeei erasaten dieten gaitz nagusiei buruzkoak behar baino urriagoak dira. Gainera, sasoi ugalkorrean eta haurdunaldian jartzen dute arretarik handiena ikerketa gehienek, eta ia ez dira agertzen bizitzaren beste sasoiei buruzkoak. Minbiziei buruzko ikerketetan ere, bularrekoak eta umetoki-lepokoak dira ia denak, eta ez dira agertzen kalte handia eragiten duten beste batzuk, esaterako, biriketakoa eta kolon eta uzkikoa. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Emakundek plazaratutako txosten batek erakutsi du psikiatriako larrialdietan ere genero-alborapena dagoela. Psikiatriako larrialdietan egindako balorazioan, erabilitako proba osagarrietan, eta ezarritako tratamenduan genero-alderik badagoen aztertu nahi izan dute. Hala, emakumeetan asaldura-mota batzuk askoz ere ohikoagoak direla ikusi da. Hala nola, nahaste neurotikoak, nortasunaren nahasteak eta elikadurarekin eta beste disfuntzio fisiologiko batzuekin erlazionatutakoak ohikoagoak dira emakumeetan. Emaitza hauek ikusirik, azpimarratu dute lotura estua dagoela berezko biologiarekin, baina baita gizarte- eta ingurune-mailan ere; indarkeria eta laguntza sozialeko eta emozionaleko sare urria, besteak beste. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #389 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #394

sam, 2022/04/09 - 09:00

Helduaroan ere neuronak sortzen dira. Jakin da oligoelementu batek, selenioak, efektua handitzen duela. Baina ez du modu isolatuan funtzionatzen. José R. Pinedak azaltzen du: Selenium supplement to reverse neurogenic decline in humans?

Zelan da posible planeta nano eta hiperhoztu batek bulkanismoa izatea eta horren berria eta arraroa izatea? David Rotheryk: Pluto: ‘recent’ volcanism raises puzzle – how can such a cold body power eruptions?

Zertarako egin esperimentuak materialen propietate elektronikoak ezagutzeko, DIPCkoek bilatzailea egin badute. A a powerful search engine for flatband stoichiometric materials

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #394 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ganix Esnaola: “Klima-aldaketak energia berriztagarriei eragingo die” #Zientzialari (172)

ven, 2022/04/08 - 09:00

Energia berriztagarri mota ugari dago, adibidez haizetik eta olatuetatik lortzen duguna,  eta frogatuta dago ingurumenari kalte gutxiago egiten dietela. Baina jakin behar dugu energia mota hau ez dela bukaezina ezta suntsiezina, eta klima-aldaketak, esaterako, eragina izango duela hauengan.

Klima-aldaketa prozesu dinamiko bat bezala ulertu behar da, izan ere, aldagai asko dira aldaketan eragin dezaketenak. Haizearen kasuan, adibidez, hainbat aldagai aztertu eta neurtu behar dira. Izan ere, haizearen abiadura txikitzen ari dela esaten duten txostenak agerikoak dira. Horiek horrela, potentzia eolikoaren energia beherantz joango dela esan daiteke eta olatuekin antzerako zerbait gertatuko litzateke. Hala ere, klima-aldaketak zer nolako eragina izango duen jakiteko energia berriztagarrien gaineko ikerketa osorik garatu behar da. 

Hurrengo hamarkadetan energia berriztagarriekin zer gertatuko den aztertzen dabilen UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako eta EOLO ikerketa-taldeko Ganix Esnaola ikertzailearekin bildu gara.

“Zientzialari” izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Ganix Esnaola: “Klima-aldaketak energia berriztagarriei eragingo die” #Zientzialari (172) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Antibiotikodun lipido solidozko nanopartikulak

jeu, 2022/04/07 - 09:00

Munduko Osasun Erakundeak argitaratu duenez, antibiotikoen aurkako erresistentzien gorakada osasun publikoa larriki mehatxatzen duen arazoa da, medikuntza modernoaren lorpenak zalantzan jartzen dituena. Izan ere, antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioek gaur egun infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezakete. Mehatxu horri aurre egiteko bi aukera ditugu: antibiotiko berrien aurkikuntza sustatzea edo eskuartean ditugun antibiotikoen ezaugarriak eta eraginkortasuna hobetzea. Lehenengo aukerari ekinez gero, bakterioek denbora igaro ahala lortuko lukete antibiotiko berrien aurkako erresistentzia mekanismoak ere garatzea. Beraz, irtenbide iraunkor bat lortu ahal izateko, batetik, bakterioen erresistentzia mekanismoak sorrarazten dituzten faktoreak murriztu behar ditugu eta bestetik, mekanismo hauek saihesten lagunduko diguten tresnak garatu behar ditugu.

Lipido Solidozko NanopartikulakIrudia: Lipido Solidozko Nanopartikulen egituraren eredu-eskema. Irudian lipido solidozko matrizea (horiz), molekula emultsionatzaileak (urdinez) eta koemultsionatzaileak (berdez) ageri dira. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Bakterioen erresistentzia mekanismoak saihesten lagun dezaketen tresna horietako bat nanopartikulak dira. Izan ere, hainbat ikerketek erakutsi dutenez, farmakoak garraio sistema egokietan txertatzen direnean hauen eraginkortasuna nabarmen handitu daiteke eta bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpenaren atzeratzea ekar dezakete. Farmakoen garraio sistema ezberdinen artean Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain toxizitatea murrizten laguntzen dutelako. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido bat eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Matrize lipidiko honek farmakoak harrapatu eta pixkanaka askatzen ditu, askapen zinetika sostengatuak lortzen direlarik, hau da, organismoan farmakoaren kontzentrazioa egonkor mantentzen laguntzen dute. Gauzak honela, Lipido Solidozko Nanopartikulak albo-kalte gutxiko nanogarraiatzaile itxaropentsuak dira gaur egungo antibiotikoen eraginkortasuna hobetzen laguntzeko.

Mundu mailako arazo larri honi irtenbide bat bilatzeko asmoz, beraz, farmakoen garraio sistema eraginkorrak garatzeko eta aztertzeko nanopartikulen ekoizpen eta karakterizazio metodologia egokiak ezinbestekoak dira. Izan ere, jakina da nanopartikulak osatzeko aukeratutako osagaiek eta ekoizteko erabilitako metodologiak eragin zuzena dutela nanopartikulen tamainan, forman eta gainazaleko ezaugarrietan. Gainera, guzti honek ondorio nabarmenak ditu nanopartikula eta zelulen arteko elkarrekintzetan eta azkenik farmakoaren eraginkortasunean. Ondorioz, erabilera bakoitzerako kontu handiz hautatu behar dira Lipido Solidozko Nanopartikulak ekoizteko prozesuaren urrats bakoitzeko ezaugarriak eta hautaketa egokia burutu dela ziurtatzeko karakterizazio teknika eta prozedurak ezinbestekoak dira. Lipido Solidozko Nanopartikulen karakterizazioa ondo burutzeko gutxienez ezagutu behar diren ezaugarriak ondorengoak dira: partikulen tamaina, gainazalaren zeta potentziala, morfologia, karga-gaitasuna, txertaketa-efizientzia, nanopartikularen matrizearen egoera fisikoa (kristal egituraren determinazioa), zitotoxizitatea, farmakoaren askapen-zinetika eta farmakoaren eraginkortasunaren hobekuntza. Guzti honetarako espektroskopia, mikroskopia, kalorimetria, kromatografia, zelulen hazkuntzaren azterketa eta antzeko teknikak erabil daitezke.

Orain arte argitaratutako lan esanguratsuenek aditzera eman dutenez, antibiotikodun Solido Lipidozko Nanopartikulek bakterioen aurkako tratamenduak hobe ditzakete. Izan ere, nanopartikula hauek antibiotikoaren efizientzia handitzen laguntzen dute antibiotikoen aurkako erresistentzia mekanismoak saihestuz. Bestetik, toxikotasuna murriztu dezaketela ere ikusi da, segurtasuna hobetzen dutelarik. Ezaugarri guzti hauei esker, Lipido Solidozko Nanopartikulek antibiotikoen eraginkortasuna hobe dezakete eta honela dosiaren murrizketa ahalbidetzen da. Antibiotikoak kontzentrazio eta maiztasun txikiagoarekin administratuz gero, bakterioen erresistentzia mekanismoen agerpena atzeratzen lagun daiteke eta honela antibiotikoen eraginkortasunaren galerak dakarren mundu mailako osasun arazoa murriztu.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 40
  • Artikuluaren izena: Antibiotikodun Lipido Solidozko Nanopartikulak bakterioen aurkako eraginkortasuna hobetzeko.
  • Laburpena: Antibiotikoen aurkako erresistentzia duten bakterioak mundu-mailako osasun-arriskua dira gaur egun, infekzioak tratatzeko ditugun terapien eraginkortasunaren galera ekar dezaketelako. Mehatxu horri aurre egiteko modu bat eskuartean ditugun farmakoak garraio-sistema egokietan txertatzea izan daiteke, eraginkortasunaren hobekuntza eta erresistentzien agerpenaren atzeratzea ekar dezaketelako. Farmakoen garraio-sistema ezberdinen artean, Lipido Solidozko Nanopartikulek ezaugarri ezin hobeak eskaintzen dituzte, zeren eta, farmakoen disolbagarritasuna, iragazkortasuna, askapen-zinetika eta egonkortasuna bezalako ezaugarri garrantzitsuak hobetzeaz gain, toxikotasuna murrizten laguntzen baitute. Lipido Solidozko Nanopartikulak matrize lipidiko solido batez eta emultsionatzaile geruza batez osaturiko nanopartikulak dira, konposatu fisiologikoekin osatzen direnak. Dena den, farmakoen garraio-sistema efizienteen garapenak nanopartikulen eta sistema biologikoen arteko elkarrekintzen ezaguera eskatzen du, eta horretarako ezinbestekoak dira ekoizpen- eta karakterizazio-metodologia egokiak. Lan honetan, Lipido Solidozko Nanopartikulen osagaiak, haiek garatzeko metodologia eta haien ezaugarrien determinazioa burutzeko modua deskribatzen dira. Gainera, orain arte argitaratutako lanei buruzko berrikuspen bat egingo da antibiotikoak Solido Lipidozko Nanopartikuletan txertatzeak bakterioen aurkako terapien eraginkortasuna nola hobetu dezakeen azaltzeko.
  • Egileak: Mikel Roscales, Itziar Alkorta, Lide Arana
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 203-221
  • DOI: 10.1387/ekaia.21873

Egileez:

Mikel Roscales eta Itziar Alkorta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzaileak dira eta Lide Arana EHUko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko ikertzailea da.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

 

The post Antibiotikodun lipido solidozko nanopartikulak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Mugikor salatariak

mer, 2022/04/06 - 09:00

Gure mugikorreko aplikazioak nor garen esateko gai dira. Tresna informatiko hauen erabilerak salatu egiten gaitu, bakoitzak erabilera-eredu propio bat baitu eta, honi esker, milaka pertsonen artean nor garen jakitera eman daiteke. Emaitza hau da ikerketa berri batek aditzera eman duena.

mugikorreko aplikazioakIrudia: mugikorreko aplikazioak egunero erabiltzen ditugun tresna informatikoak dira. (Argazkia: Tim Hauswirth – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Pertsona batek bere mugikorrean dituen aplikazioen egun bateko erabilera kontuan hartzea nahikoa litzateke norbanako hori identifikatzeko. Emaitza hau plazaratu da Psychological Science aldizkarian, Lancaster eta Batheko Unibertsitatetako ikertzaileek gauzatu duten ikerketa baten ondorioz.

Ikerketak ikusi dute mugikorreko aplikazioak edo app-ak erabiltzerakoan bakoitzak patroi zehatzak gauzatzen dituela. Hau da,  nabigazio erabilera-eredu zehatz eta pertsonala jarraitzen du erabiltzaile bakoitzak eta honek besteekiko desberdintzen du. Nabigazio arrasto hauei esker, erabiltzaile-talde handi baten artean nor garen jakin daiteke.

Pausoz-pauso

Telefono mugikorrek, erostean, aplikazio jakin batzuk dituzte, baina erabiltzaileek aplikazio berriak deskargatzen dituzte. Beraz, eman diezaiogun erantzuna galdera zehatz bati: zenbat aplikazio ditugu mugikorrean? Erabiltzaile baten batez besteko aplikazio-kopuruari erreparatuz gero, datuek erakusten dute 35 tresna informatiko ditugula instalatuta gure sakelakoetan. Horien artean bi dira ohikoenak:

  • lehenak, janaria eskatzeko aplikazioak, eta
  • bigarrenak, arropa edo zapatak erosteko aplikazioak.

Janaria eskatzeko eta erosketak egiteko 7 aplikazio ditu erabiltzaile arrunt batek instalatuta eta horrez gain, turismoari lotutako aplikazioak, garraioarekin lotutakoak, mezuak bidali eta jasotzeko tresnak eta denbora-pasakoak dira usuenak.

Behin aplikazioen ezaugarriak ezagututa ikertzaileek esperimentuak jarri zituzten martxan horien erabilera aztertzeko. Funtsean, 780 pertsonaren telefono adimendunen datuak aztertu zituzten. Ikertzaileek guztira 4.680 eguneko erabilerari buruzko datuak sartu zituzten datu-base batean, hau da, aplikazioen erabilerari buruzko nabigazio datuak. Egun horietako bakoitza 780 erabiltzaileetako batekin lotu zuten eta eredu estatistikoak sortu zituzten. Horrela, estatistika-ereduek ikasi egin zituzten esperimentuko parte-hartzaileen erabilpen patroiak.

Ondoren, ikertzaileek parte-hartzaileei telefono berri bat eman zieten eta berarekin jarduteko eskatu. Telefono anonimo horietan egindako erabilerari buruzko datuak bildu eta estatistika-ereduei ematen zizkioten inongo erreferentziarik gabe (erabiltzaileen datuak ezkutuan mantenduz). Behin datuak sartuta ikertzaileek ereduari eskatzen zioten esateko ea nor izan zitekeen erabiltzailea. Ereduak  balizko erabiltzaileen 10 izenen zerrenda bat ematen zien eta erantzunen %75ean zerrendan aurkitzen zen erabiltzaile zuzena.

Horrela probatu zuten ea modelo estatistiko horiek gai ziren pertsona bat identifikatzeko besteen artetik, ezagutzen ez zuten telefono baten jardueraren egun bakarreko datuak emanda (eta erabiltzailearen datuak ere anonimoak izanda). Hainbat aldiz errepikatu zituzten saioak eta ereduek 3tik 1ean zuzen identifikatzen zuten erabiltzaile zehatza.

Nabigazioaren arrastoak salatari

Ikertzaileek egiaztatu zuten gure sakelako nabigazio patroien bidez eredu estatistikoak gai liratekeela pertsona zehatzak identifikatzeko eta telefonoaren egun bakarreko erabilera nahikoa litzatekeela horretarako. Besteak beste, honako ondorioak ekarri ditu ikerlanak:

  • teknologia erabiltzen dugunean gure portaerak arrasto digital bat uzten du. Denboran zehar egiten dugun aplikazioen erabilerak patroi koherente bat jarraitzen du. Hau da, nabigazio ohitura egonkorrak ditugu. Horrela, jendeak portaera digitalaren eredu bereizgarriak erakusten ditu beste ehunka pertsonekin alderatuz gero ere.
  • Aplikazio bat deskargatzerakoan sarritan baimena ematen diegu softwareei datuak ikusteko eta biltzeko. Beraz, telefonoen jarduera estandarra erregistratuz gero, erabiltzaile baten identitateari buruzko perfila sor lezakeela, baita bere kontutik deskonektatu denean ere. Azken finean, posible da erabiltzaile bat identifikatzea, aplikazioen barruan dituen elkarrizketak edo portaerak monitorizatu gabe.
  • Laburbilduz, mugikorrak salatariak dira.

Ikerketan parte hartu duten adituen esanetan, besteak beste, garrantzitsua da aitortzea aplikazioen erabilera-datuek (askotan telefono adimendun batek automatikoki biltzen dituenak) pertsona baten identitatea adieraz dezaketela eta honek segurtasun eta pribatutasun inplikazioak dituela gaur egun. Bestalde, gizakiok ohiturazko animaliak garela dioen esaera egiazkoa dela baieztatu du ikerketak. Hala diote, behintzat, gure mugikorreko erabilera patroiek. Izan ere, bizitza digitalean ere portaera egonkorrak erakusten ditugu.

Iturria:

Las veces que abres las apps de tu móvil pueden servir para identificarte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Shaw, Heather et al. (2022). Behavioral consistency in the digital age. Psychological Science, 33 (3), 364-370 . DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-28195-x

Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

The post Mugikor salatariak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Jateko ordua

mar, 2022/04/05 - 10:17

Erritmo zirkadianoa dugu, 24 orduko erritmo bat, hainbat izaki bizidunek bezala. Erritmo hori eguzkiak erregulatzen duen argi-iluntasun zikloak zuzentzen du.  Tel Aviveko Unibertsitateko Daniela Jakubowicz ikertzaileak eta bere lankideen arabera, ziklo horretan gertatzen diren aldaketek gainelikadura eta obesitatea ekar ditzakete.

jateko ordua1. irudia: Gure espeziearen eboluzioan, beste espezie askotan gertatu zen bezala, gure biologia 24 orduko argi-iluntasun ziklora egokitu da. Horren adibide da, esaterako, gure metabolismoa ez dagoela prestatuta arratsaldez eta gauez elikagaien energia modu eraginkorrean erabiltzeko. (Argazkia: Richard Mcall – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Ziklo zirkadianoari dagokion erlojua garunean kokatzen da eta antzeko zikloak aurkitu dira –agian garunaren zikloak mezulari eta hormonen bidez zuzendutakoak– organo askotan, hala nola gibelean, digestio hodian edo ehun adiposoan. Ziklo horiek zuzentzen duten funtzioetako bat digestioa da eta endokrinologian aditua den Daniela Jakubowicz medikuak zuzendutako lan batek adierazi du ziklo horretan gertatzen diren aldaketek gainelikadura eta gainpisua ekar ditzaketela.

Jakubowicz-en taldeak obesoak ziren edo gehiegizko pisua zuten 93 emakumerekin egin zuen lan; emakume horiek batez beste 45,8 urte zituzten, eta 30-57 urteko adin tartean zeuden. 12 astez argaltzeko dieta bat egin zuten, eta kontrolatu egin zen haien jatorduen osaera. 06:00etatik 9:00etara bitartean gosaltzen zuten, 12:00etatik 15:00etara bitartean bazkaltzen, eta 18:00etatik 21:00etara afaltzen. Bi taldetan banatuta, kilokaloria kopuru berdineko dieta bat egin zuten, 1.400 guztira; alabaina, kaloria horiek eguneko ordu desberdinetan hartzen zituzten. Lehen boluntario taldeak gosari handiak, 700 kilokaloriakoak, bazkari ertainak, 500 kilokaloriakoak, eta afari arinak, 200 kilokaloriakoak, egin zituen. Bigarren boluntario taldearen dieta berdina izan zen, baina beste modu batera banatua: gosari arinak, bazkari ertainak eta afari handiak.

Emaitzek erakutsi zuten boluntario guztiek pisua galdu zutela eta gerriaren diametroa murriztu egin zitzaiela; alabaina, gosari handiak egiten zituzten boluntarioek gosari arinak egiten zituztenek baino 2,5 aldiz azkarrago galdu zuten pisua. Gosari handiak egin zituztenak, batez beste, 86 kilogramotik 76ra jaitsi ziren azterketak iraun zuen 12 asteetan. Gosari arinak egin zituztenak 86 kilogramotik 83ra jaitsi ziren denbora tarte berean. Gosari handiak eginda, odoleko glukosa eta triglizerido mailak % 33 jaitsi ziren, eta gosari arinak eginda, berriz, % 14 igo.

Ondorioz, ondo gosaltzeak eta arin afaltzeak pisua kontrolatzen laguntzen du.

Hamaika ikerketa otorduak aztertzeko

Otorduen denbora eskeman ordubeteko aldaketa eginda soilik aldaketak ikusten dira gorputzeko gantzean. Coloradoko Unibertsitateko Elizabeth Thomas ikertzaileak eta bere lankideek gehiegizko pisua eta obesitatea zuten 83 boluntariorekin egin zuten entsegua; horretarako, zazpi egunez ordutegiak aldatu, eta egunero datuak hartu zituzten. Bazkalordua ordubete atzeratuta, gorputzeko gantza % 1,35 igo zen.

Are gehiago, ez gosaltzeak pisua handitzea eta gehiegizko pisua agertzea ekar dezake. Bielefeldeko Unibertsitateko (Alemania) osasun publikoko Julia Wichersky ikertzaileak eta haren taldeak 2020ko iraila baino lehen argitaratutako bederatzi azterlan berrikusi zituen. Horietatik sei berrikusi egin ziren eta hiru metaanalisi batean sartu ziren. Emaitzek erakusten dutenez, astean hiru egunetan edo gehiagotan gosaltzen ez bada, pisua handitzeko arriskua % 11koa da.

jateko ordua2. irudia: Ikerketek ikusi dute gosari arinak edo ondo gosaltzeak baduela eragina argaltzeko orduan. Bestalde, erakutsi dute ere gosariari muzin egiteak gehiegizko pisua eragin dezakeela. (Argazkia: congerdesign – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Handik gutxira, Marta Garaulet, Nutrizioaren oinarri fisiologikoen Katedraduna Murtziako Unibertsitatean eta haren ikertaldeak zabaldu zuten bazkaltzeko ordutegiari buruzko azterlan bat. 420 boluntario aztertu zituzten 20 astez; % 49,5 emakumeak ziren, eta batez besteko adina 42 urtekoa zen. Protokoloa aldatu zuten, eta, lehenik eta behin, boluntarioak elkarrizketatu eta bi taldetan banatu zituzten: goiz jan eta eguerdiko bazkaria 15:00ak baino lehenago egiten zutenak, eta geroago jaten zutenak, 15:00ak ondoren.

Goiz jaten zutenek pisu gehiago galdu zuten, eta geroago jaten zutenek baino denbora gutxiago behar izan zuten pisua galtzeko. Egileei harrigarria iruditu zitzaien bi taldeetan faktore guztiak berdin-berdinak izatea: irentsitako kaloria kopurua, dietaren konposizioa, energia gastua, gosearekin lotutako hormonak edo loaren iraupena. Bazkaltzeko ordua bakarrik aldatu zen.

Elikadura portaeren nahasmendua ikertzen du Pennsylvaniako Unibertsitatean Kelly Allison ikertzaileak. 2021ean argitaratuta zuen lantaldearekin egindako ikerketa baten emaitzak eta aurreko emaitzak baieztatu zituen. 12 boluntario heldu, batez besteko adina 26,3 urte, pisu normala eta taldean bost emakume. Bi talde egin ziren eta haiei zortzi eguneko jarraipena egin zitzaien. Lehen taldeak 08:00etatik 19:00etara egiten zituen otorduak zuen, eta bigarren taldeak 12:00etatik 23:00etara. Goiz bazkaltzen zuen taldeak pisua galtzeko joera erakutsi zuen.

Marta Garauleten talde berak kirurgia bariatrikoa egin zitzaien paziente obesoen jarraipena egin zuen sei urtez. 270 paziente ziren, % 70 emakumeak; pazienteen batez besteko adina 52 urtekoa zen. % 68k ondo erantzun zioten kirurgiari eta pisua galdu zuten; % 11k ez zuten erreakzionatu kirurgiaren ondoren, eta % 21,5ek, berriz, ondo erantzun zuten hasieran, baina denboraren poderioz, erantzuteari utzi zioten.

Ikertzaileek hiru erantzun horiek eguerdiko bazkalorduarekin (15:00ak baino lehen edo ondoren) lotu zituztenean, konturatu ziren geroago bazkaltzen zutenak kirurgiari gaizki erantzun ziotenen % 70 zirela, eta pisu gutxi galdu zutela. Beraz, kirurgiaren ondoren izandako erantzun egokia bat dator aurreko ariketaren emaitzekin. Hobe da eguerdiko bazkaria goiz egitea.

Bazkalorduak aldagai gisa

Bazkalorduak pisuaren aldaketan duen eraginaren zergatia ezagutzeko, Bostongo Brigham and Women Ospitaleko Christopher Morris medikuak eta lankideek termogenesia edo beroa sortzeko energia gastua aztertu zuten. Prozesu metaboliko horrek mantentzen du gure tenperatura 37 °C-tan. Termogenesiak ere egunaren zikloari jarraitzen dio, eta indar gutxiago du arratsaldetan eta gauetan.

Dietak energia gastu zikliko horretan eraginik duen ikusteko, egileek 30 boluntariorekin egin zuten lan. 8 eguneko jarraipena egin zieten lo txandak aldatuta; horrela, batzuek gauez egiten zuten lo, eta beste batzuek, egunez. Termogenesia jatordua egin eta ordu eta laurdenera neurtzen zuten: 08:00etan gauez lo egiten zutenen kasuan, eta 20:00etan egunez lo egiten zutenen kasuan.

Gauez lo egiten zutenen kasuan, hau da, ziklo “normal” bat zutenen kasuan, termogenesia % 44 handiagoa zen goizetan arratsaldetan eta gauetan baino. Beraz, arratsaldez eta gauez baino energia gehiago gastatzen dugu egunez, eta batez ere goizean goiz gastatzen dugu gehiago. Goizean gehiago jaten dugu eta energia gehiago gastatzen dugu, eta gauez gehiago jaten badugu eta ordu horietan energiarik gastatzen ez badugu, biltegiratu egiten dugu eta ez da goizean bezainbeste pisu galtzen.

Gure metabolismoa ez dago prestatuta arratsaldez eta gauez elikagaiak prozesatu eta haien energia modu eraginkorrean erabiltzeko; hori hobeto egiten dugu goizez. Adituek gomendatzen dute egun bateko 24 orduetatik hamabitan ezer ez jatea, eta baraualdi hori, ahal dela, gauez izan dadila, lo egin bitartean. Afariaren eta hurrengo eguneko gosariaren artean ezer ez jatea da egokiena. Gure espeziearen eboluzioan, beste espezie askotan gertatu zen bezala, gure biologia fenomeno handiago eta saihetsezin batera egokitu da: eguzkiaren irteera eta sarrera ordura, hau da, 24 orduko argi-iluntasun ziklora. Horrela, egunez jatera eta gauez barau eta lo egitera egokitu gara. Gure garaiko argi artifizialak eta beti beteta dauden hozkailuek zikloa aldatzera bultzatzen gaituzte, eta ziklo hori berreskuratu egin behar dugu, metabolismoa egokiago erregulatzeko.

Erreferentzia bibliografikoak:

Allison, K. C. et al. (2021). Prolonged, controlled daytime versus delayed eating impacts weight and metabolism. Current Biology, 31 (3), 650-657. DOI: 10.1016/j.cub.2020.10.092

Garaulet, M. et al. (2013). Timing of food intake predicts weight loss effectiveness. International Journal of Obesity, 37 (4), 604-611. DOI: 10.1038/ijo.2012.229

Jakubowicz, D. et al. (2013). High caloric intake at breakfast vs. dinner differentially influences weight loss of overweight and obese women. Obesity, 21 (12),  2504-2512. DOI: 10.1002/oby.20460

Laber-Warren, E. (2016). Eres cuando comes. Selecciones del Reader’s Digest, iraileko alea, 14-17.

Morris, C.J. et al. (2015). The human circadian system has a dominating role in causing the morning/evening difference in diet-induced thermogenesis. Obesity, 23 (10), 2053-2058. DOI: 10.1002/oby.21189

Ruiz-Lozano, T. et al. (2016). Timing of food intake is associated with weight loss evolution in severe obese patients after bariatric surgery. Clinical Nutrition, 35 (6), 1308-1314. doi: 10.1016/j.clnu.2016.02.007

Thomas, E.A. et al. (2021). Later meal and sleep timing predicts higher percent body fat. Nutrients, 13 (1), 73. DOI: 10.3390/nu13010073

Wichersky, J. et al. (2021). Association between breakfast skipping and body weight – A systematic review and meta-analysis observational longitudinal studies. Nutrients 13 (1),  272. DOI: 10.3390/nu13010272

Egileaz:

Eduardo Angulo Biologian doktorea da, UPV/EHUko Zelula Biologiako irakasle erretiratua eta zientzia-dibulgatzailea. La biología estupenda blogaren egilea da.

The post Jateko ordua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Onginahi sozialak aurpegi bat baino gehiago ditu

lun, 2022/04/04 - 09:00

Psikologia eta ekonomiako zenbait arlotan, pertsonen prosozialtasun maila baloratzen duten esperimentuak egin ohi dira. Esperimentu horietan eskuzabaltasunak, altruismoak edo lankidetzak nolabaiteko kosturen bat dakarte.

Prosozialtasunaren kostuen artean daude denbora, dirua edo ahalegina, besteei mesede egiteko edo haiek zigortzeko. Hala ere, bizitzako portaera batzuek, prosozialtzat jo badaitezke ere, ez dakarkiete inolako kosturik edo ahaleginik haiek gauzatzen dituztenei, edo, asko jota, eragozpen txikiren bat soilik eragiten diete. Eguneroko keinu horiek besteekiko nolabaiteko onginahia edo adeitasuna adierazten dute, eta bizikidetza atseginagoa egiten dute, onura jasotzen dutenen bizi kalitatea nabarmen aldatzen ez badute ere. Gai hauek landu dituztenek horri social mindfulness deitzen diote, kontzientzia soziala edo horrelako zerbait.

onginahi sozialakIrudia: Kostu material minimoarekin edo nuluarekin, gizarte-kontzientziak arreta- edo adeitasun-ekintza txikiak esan nahi ohi ditu. (Argazkia: janaaa – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)Keinu txikiak

Imajina ezazu egoera hau: berandu iritsi zara festa batera, eta badakizu beste pertsona bat iritsiko dela zertxobait beranduago, eta kopa bat ardo zuri eta zenbait kopa ardo beltz baino ez dira geratzen. Kopa bat ardo beltz edo kopa bat ardo zuri har dezakezu. Lehenengo kasuan, bigarren pertsonak, zuk bezalaxe, aukeratzeko aukera izaten jarraituko du; bigarrenean, ordea, ezin izango du aukeratu. Paseatzen ari zarela bufanda bat aurkitzen baduzu lurrean, dagoen lekuan utz dezakezu, edo, bestela, jarleku batean edo hesi batean jar dezakezu, ondo ikusteko moduan. Bigarren aukera ia ez zaizu ezer kostatzen, keinu bat besterik ez da. Bizitzan horrelako egoera ugari daude.

Bada, herrialde desberdinetan horrelako portaerak ebaluatzen direnean, bi pertsona berandu iristen diren festako baldintzak simulatzen dituzten esperimentuen bidez, desberdintasun oso handiak agertzen dira herrialde batzuen eta besteen artean, harritzeko moduko desberdintasunak, esango nuke. Gizabanakoen artean ere aldeak daude, noski.

Irismen handiko nazioarteko azterlan bat egin da hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiagorekin. Bertan, kontzientzia edo onginahi sozialaren eta hainbat ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoren artean dagoen lotura maila ebaluatu dute. Oro har, bada nolabaiteko elkarrekikotasuna prosozialtasun nekezaren (ahalegin bat eskatzen duena) eta onginahi sozialaren artean, gizabanakoen zein herrialdeen artean, nahiz eta korrelazioa oso handia ez izan. Hala ere, ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko alderaketa egiten denean, lotura handia ikusten dela kontzientzia sozial horren eta ingurumen jardunaren indizearen artean (indize horrek herrialdeek ingurumen politikako helburuekiko duten hurbiltasun maila adierazten du). Gainerako faktoreen balizko eragina desagertu egiten da faktore hori kontuan hartzen denean.

Lotura sendo horrek aditzera ematen du joera prosozialak beste pertsona batzuenganako joera eskuzabal edo onberetan agertzen direla, baina baita ingurunearen kalitatearekiko kezka zabalago batean ere. Ikerketa hori egin dutenen arabera, onginahi hori kapital sozial batetik dator, eta kapital hori ingurumena babesteko interesean ere proiektatzen da, ekintza kolektiboaren moduren bat islatuz, akaso. Ondorioa izango litzateke besteekiko arreta maila ez dela gure garaikideekiko ekintza atsegin edo eskuzabaletan soilik adierazten, gure ondorengoekiko interes aktiboaren forman ere adierazten da.

Ikerketa honen gauzarik harrigarriena da egileek ez dakitela zein diren ikusitako loturaren oinarrian dauden faktoreak; izan ere, badirudi beste aldagai sozioekonomiko edo kultural batzuek ez dutela eraginik.

Erreferentzia bibliografikoa:

Van Doeasum, Niels J. et al. (2021). Social mindfulness and prosociality vary across the globe. Proceedings of the National Academy of Sciences, 118(35) e2023846118. DOI: 10.1073/pnas.2105061118

 

Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

The post Onginahi sozialak aurpegi bat baino gehiago ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #388

dim, 2022/04/03 - 09:00
Irati Diez Virto

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

landareak

Kimika

Rocío Benaventek Ruth Benerito asmatzailearen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran, kotoia eraldatu baitzuen kimikari honek. Kotoia munduan gehien erabiltzen den ehun zuntzetako bat da. Alabaina, 50. hamarkada aldera, beste zuntz sintetiko batzuekin alderatuta, kotoia zimurtu egiten zen. Hau ikusirik, Beneritok zimurtzen ez zen kotoia sortu zuen. Zehazki, zelulosa polimero kateen arteko hidrogeno lotura ahulen ordez, lotura sendoagoak jarri zituzten. Hala, kotoiarekin egindako arropak zimurrik gabe ateratzen ziren garbigailu eta lehorgailutik. Ruth Beneritok kotoiaren zientzian egindako ekarpenak XX. mendeko berrikuntza teknologiko garrantzitsuenen artean sartu izan dira.

EHUko ikertzaile talde batek pertsona baten heriotzatik zenbat denbora igaro den jakiteko teknika berria garatu du. Hezurren analisi kimikoan oinarritzen da teknika, eta beraz, ez suntsitzailea da. Izatez, bi tresna analitikoen konbinazioa da erabili dutena: Raman espektroskopia eta kimiometria. EHUko SGIker Analisien Zerbitzu Nagusiko kimikari Luis Bartolomek azaldu duenez, gaur egun auzitegi analisiaren arloan eskari handia dago datu hori zehaztasunez jakiteko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Hezurren ‘post mortem’ tartea kalkulatzeko teknika.

Antropologia

Neandertalen galeraren ebidentzia aurkitu dute Aranbaltza II aztarnategian (Barrika). Ikertzaileek badakite duela 50.000-40.000 urte gertatu zela Neandertalen galeraren prozesua, baina ez da erraza prozesu horren arrastoak topatzea. Alabaina, Aranbaltzako ikertzaileen ustetan, honen inguruko aurkikuntza egin dute. Izan ere, Erdi Paleolitoko harrizko tresneriarekin zerikusirik ez duen beste kultura bateko tresnak daude aztarnategian, Chapelterroniar kulturakoak, eta bien artean mila urteko eten bat dago. Beraz, uste da Aranbaltzan zeuden neandertal-taldeak desagertu egin zirela, eta Akitaniatik etorritako taldeek leku hori hartu zutela gero. Hau Neandertalen galeraren ebidentzia izango litzateke. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian.

Osasuna

Unibertsitatea.net webgunean Ane Olazagoitia ikertzaileari egindako elkarrizketa dago eskuragarri. Ane doktoregoa egiten dabil gaixotasun autoimmune konplexuen genetikaren inguruan, FUNctional genetics of IMMUNE disorders ikerketa-taldean. Zehazki, eritasun zeliakoarekin dabiltza lanean, eta, azaldu duenez, bere taldeak lehen aldiz ikusi zuen zeliakia eragiten duen glutenak RNAn ere aldaketak sortzen dituela. Beste ikertzaile talde batzuk erakutsi zuten zenbait kanpo eragilek RNA molekuletan aldaketak sortzen dituztela, baina frogatu gabe zegoen eritasun zeliakoaren kasua. Anek uste du gaixotasuna ulertzeko pista berriak emango dizkiela aurkikuntza honek, gaixotasunaren hasierako pausutan garrantzitsua izan daitekeen prozesu bat baita.

Pandemiaren etorkizunari buruzko gogoeta egin du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, COVID-19ari aurre egiteko hirugarren prestakuntza planaren barruan. Honen harira, adituek azaldu dute litekeena dela SARS-CoV-2 birusak eboluzionatzea, baina eragin dezakeen gaitza indarra galduz joatea. Izan ere, herritarren immunizazio maila altua da. Alabaina, badaude beste ikuspegi batzuk ere. Baikorrenean, ez litzateke beharrezkoa izango dosi gehigarriak jartzea, birusa geroz eta arinagoa bihurtuko litzatekeelako. Ikuspegi ezkorrenek diotenez, bestalde, mutazioak erasokorragoak izango lirateke, eta immunitatea nabarmenki apalduko litzateke. Azalpenak Berrian: Izurriaren bukaera OMErentzat: aldaera berrien eta desoreka sozialen araberakoa.

Biologia

160 hirietako hirusta zurien populazioa aztertu dute hauen egokitzapena ezagutzeko. Ikerketa honen helburua hirietan eta landa-eremuetan eboluzioa desberdina ote den aztertzea zen. Horretarako, landaretxo hau aukeratu zuten, munduan zeharreko hainbat hiritan nahiz landa-eremutan bizi baita. Azterketa egin ondoren, ikusi zuten antzekotasun gehiago zutela hiritako indibiduoek beraien artean landa-eremuetako bizilagunekin baino. Zehazki, substantzia kimiko baten presentzia aztertu zuten landareetan, hidrogeno zianuroarena, hain zuzen. Honela, ikertzaileak ohartu ziren landareak hiriaren erdigunetik zenbat eta urrunago egon, intsektizida naturala sortzeko probabilitatea handiagoa zela. Desberdintasun hau hirietako landaretza faltarekin erlazionatu zuten. Datuak Zientzia Kaieran: Hiriak, jokalari berriak eboluzioan.

Muskuiluak etorkizuneko elikaduraren gakoetako bat izan daitezke. Oraintxe bertan, behar adina janari ekoizten dugu, baina gizateriaren proportzio handi batek ez du nahikoa diru hura fisikoki eskuratzeko. Arazo honi konponbidea eman dakioke mitilikulturak, muskuiluen hazkundeak, hain zuzen. Xabier Irigoien, AZTI-BRTAren zuzendari zientifikoak azaldu duenez, muskuiluen ekoizpenak oso ingurumen-aztarna txikia du; gainera, teknologikoki sinplea da eta proteina eta gantz-azidoen iturri ona dira. Xehetasun guztiak Muskuiluak, berriro ere, gizakion salbatzaile? artikuluan.

Medikuntza

Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, mina desberdin prozesatzen da emeen eta arren neuronetan. Brain aldizkarian argitaratu berri duten ikerketaren arabera, arratoi eta gizaki ar eta emeen bizkarrezur-muineko neuronek mina desberdin prozesatzen dute. Zehazki, hezur-muineko ehunak aztertuz jakin ahal izan dute BDNF hazkuntza-faktoreak minaren seinalea anplifikatzen duela arratoi eta gizaki arretan, baina ez emeetan. Alabaina, arratoi emeei obarioak erauzitakoan, arretan bezala anplifikatzen da mina, eta, beraz, hormonen kontua dela ondorioztatu dute.

Genetika

Berrian irakur daitekeenez, giza genoma bat osorik sekuentziatzea lortu dute. Orain dela 21 urte, Giza Genoma Proiektua aurkeztu zuten giza genoma sekuentziatzeko helburuarekin, baina %8 sekuentziatzeko geratu zen. Orain, ordea, oso-osorik sekuentziatu da, eta genomaren bertsio honek nukleotidoen 3.055 milioi base pare eta 19.969 gene kodifikatzaile ditu. Ikertzaileen ustetan, falta ziren zatiei erreparatuta aurkikuntza handiak egin daitezke. Besteak beste, hainbat gaixotasun genetiko hobeto ulertu ahal izango dira, eta baita ugaltzea, gizakien aniztasuna eta giza eboluzioa bera ere.

Scientific Reports aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera, arrainek batuketak eta kenketak egin ditzakete. Ziklido batekin (Pseudotropheus zebra) eta arraia batekin (Potamotrygon motoro) egin dituzte esperimentuak, espezie bakoitzeko zortzi arrainekin. Esperimentuan zehar, arrainek kolore urdina bat gehitzearen sinbolo gisa ulertu behar zuten, eta horia bat kentzearen gisa. Honela, sei ziklidok eta lau arraiak ikasi zuten batuketa eta kenketa horiek ongi egiten. Ikertzaileek aztertu zutenez, ziklidoek azkarrago ikasi zuten arren, baina arraiek gehiagotan asmatzen zuten erantzun zuzena. Egoitz Etxebestek azaldu du Elhuyar aldizkarian.

Informatika

EHUko Informatika fakultateko Ixa ikerketa taldeak euskarazko kalitate handiko corpusa sortu du, eta EusCrawl izena jarri diote. Corpusak funtsezkoak dira hizkuntzan oinarritutako aplikazioak sortzeko, besteak beste, laguntzaile adimendunek (Alexa, Siri, Google Assistant…), bezeroen arretarako txatbotek edo itzultzaile automatikoek erabiltzen dituzte. Teknologia hau hizkuntzan oinarritutakoa denez, testuak eman behar zaizkio, eta ikerketa-talde honek euskarazko testuak gehitu ditu. Bi helburu ditu Ixak: corpus handiagoak biltzea, eta testu gutxiagorekin ikasteko gai izango diren hizkuntza ereduen ikerketa bultzatzea. Honela, euskara hizkuntza gutxitua izatearen mugei aurre egin nahi diete. Datuak Berrian: Euskara ona makinentzat.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

The post Asteon zientzia begi-bistan #388 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #393

sam, 2022/04/02 - 09:00

 

Aurrera pauso garrantzitsuen faltan, fisikak bere printzipioak eta metodoak berraztertu behar dituela uste duten ahotsak gero eta gehiago dira. Baina zalantzak ditu Jesús Zamorak: The counterfactual science of counterfactuals

Neurozientziaren inguruko zantzu batzuk dituen edonork daki neuronen arteko komunikazioa neurotransmisoreen bidez gertatzen dela, sinopsiak jariatuta. Proteinak jakinaren artean egon arte. Proteins can also act as brain messengers Rosa García-Verdugorena.

Nano zurien eboluzio espektralari buruz dakiguna definitzen ari dira Javalambretik (Terueletik) egiten ari diren behaketak. DIPC ren J-PLUS observational constrains to the white dwarf spectral evolution

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #393 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ruth Benerito, kotoia eraldatu zuen kimikaria

ven, 2022/04/01 - 09:00

Kotoia da munduan gehien erabiltzen den ehun zuntzetako bat, moldagarria eta erosoa delako, eta erraz eta, hortaz, merke, lortu ahal delako. Hala ere, XX. mendearen erdialdean kotoia krisi bete-betean zegoen. Zuntz sintetikoak agertu izanak, hala nola nylona eta poliesterra, mehatxua ekarri zuen. Garai hartan kotoia baino pixka bat garestiagoak izan arren (aurrerago hala izateari utzi zioten), eta ez izan arren kotoia bezain erosoak, abantaila ukaezina zeukaten: garbitzean ez ziren zimurtzen. Etxeko andre askorentzat oso erakargarria zen lisatzen makina bat ordu eman behar ez izatearen promesa.

Kotoiaren industriak ez zuen ehungintzaren sektorean zuen tokia galdu, hain justu, asmatu zuelako abantaila hori bera lortzen laguntzeko zenbait prozesu aplikatzen: handik urte batzuetara zimurtzen ez zen kotoia sortu zen. Asmatzailea emakume bat izan zen, Ruth Rogan Benerito kimikaria.

Ruth Benerito1. irudia: Ruth Rogan Benerito (1916 – 2013), kimikaria. (Argazkia:  Research.com)

Benerito New Orleansen jaio zen (Louisiana, Estatu Batuak), 1916ko urtarrilaren 12an. Gurasoak emakumeen hezkuntza eta eskubideen defendatzaile irmoak ziren. Aita ingeniari zibila zen, eta Beneritok berak emakumeen askapenaren aitzindaritzat jo zuen; ama, artista, “emakume benetan liberatu” gisa definitu zuen.

Nahiz eta Ruth Benerito jaio eta hazi zen garaian emakume gutxi aritzen ziren zientzia puruetan, eta aritzen zirenentzat are lanpostu gutxiago zeuden, hark, 15 urterekin emakumeen unibertsitatean hasi zenean, karrera zientifikoaren aldeko hautua egin zuen. Hasieran, matematiken aldeko interesa izan zuen, baina ohartu zen ikasketa horiek osatu ondoren lan egiteko aukera bakarra aseguru konpainia batean probabilitateak kalkulatzen aritzea zela.

Arazo praktikoak konpontzeko egin zuen kimikaren alde

Estatu Batuetan Depresio Handiaren urteak ziren, eta nahiago zuen herrikideen arazo praktikoak konpontzen saiatu; hortaz, kimika nahiago zuela erabaki zuen. Graduatu zenean, 1935ean, bost estatubatuarretik bat langabezian zegoen. Lana aurkitzea oso zaila zen gizonentzat, eta ia ezinezkoa emakumeentzat. Ordura arte, unibertsitate titulu bat zeukaten emakumeak irakaskuntzan hastea zen ohikoena, baina krisi bete-betean zeudela, eta kostuak murrizteko, ikastetxeek nahiago zuten langile berririk ez kontratatu, eta kontratatuta zeuzkaten irakasleen artean banatzen zituzten irakasgaiak; askotan, zientzia eskolak futbol entrenatzaileei esleitzen zizkieten. Beneritok ikasten jarraitzea eta laborategiko teknikari bihurtzea erabaki zuen.

Handik gutxira lanpostu bat lortu zuen New Orleanseko institutu batean, non, zientzia eskolak emateaz gain, modu seguruan gidatzeko eskolak ere eman behar zituen; hala, horrek bazuen zailtasun gehigarri bat, berak ez baitzekien gidatzen. Aldi berean, gau eskoletara joanez, master titulua eskuratu zuen. Ingeniaritzako ikasleekin batera, berari eta beste emakume bati baino ez zieten eman gizonentzako Tulane Unibertsitatean kimika fisikoa ikasteko baimena; beste emakumea Margaret Strange zen, aurrerago Alabamako Unibertsitateko Medikuntza Eskolako presidenteorde izango zena. “Ez zitzaien batere gustatu”, esan zuen gerora Beneritok berak.

Bigarren Mundu Gerrako urteetan kimika eskolak ematen jarraitu zuen, baina gerra bukatu zenean Chicagora aldatu zen familiarekin batera. Han fisika kimikoari buruzko doktoretza tesia egin zuen, eskoletara joanez eta udetan tesian lan eginez. Garai hartan Chicagoko Unibertsitateak Nobel saria irabazitako zenbait zientzialari zituen, Manhattan proiektuan egindako lanagatik, eta Beneritok izugarri gozatu zuen giro intelektualarekin eta “azken mendeko kimikari onenen” eskolak ikasle talde txikietan jasotzearekin.

Irakaskuntzatik ikerkuntzara, soldata diskriminazioaz neka-neka eginda

1953an, inguru akademikoko soldata diskriminazioaz nekatuta, eskolak uztea eta Hegoaldeko Ikerkuntzako Eskualde Zentroan (SRRC, ingelesezko sigletan) ikertzaile gisa lan egitea erabaki zuen, New Orleansera itzulita. Han lan egin zuen, harik eta 1986an erretiroa hartu zuen arte. Kotoia aztertu aurretik, gantz soluzioak zain barnean injektatzeko metodo bat garatu zuen, Koreako gerran larri zauritutako soldaduak elikatzen laguntzeko.

2. irudia: Ruth Rogan Beneritok 55 patente izan zituen bere bizitzan zehar. Bere ikerketek ekarpen handiak egin zizkioten ehungintza industriari. Horietatik ezagunena zimurrik gabeko kotoiarena. (Argazkia: Bruno – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

SRRC zentroa 1941ean hasi zen lanean; Estatu Batuetako Nekazaritza Departamentuak, eskualdeetako nekazaritza arazoei aurre egin, eta tokiko laborantzen erabilera berriak bilatzeko, herrialde osoan ezarritako lau ikerketa zentroetako bat izan zen. New Orleansen, tokiko laborantzak kakahueteak, batatak eta kotoia ziren. 1958an, Benerito SRRCko Kotoiaren Erreakzio Kimikoen Laborategiko zuzendari bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, garai ona izan zen; orduan, SESBekin lehia zientifiko eta tekniko bete-betean zirela, AEBko gobernuak diru asko bideratzen zuen ikerkuntzara.

Garai hartan kotoia zen mendeetan gehien erabilitako ehun zuntza, arropa egiteko oso egokia zelako; kotoizko arropa erosoa, transpiragarria eta tindatzen erraza zen. Baina erraz zimurtzen zen, eta asko lisatu behar zen itxura freskoa eta txukuna izateko. Horren arrazoia materialaren oinarrizko egituran dago, zeina zelulosa polisakaridoen kateek osatua den, hidrogeno lotura ahulen bidez elkartuak; hala, erraz hausten dira garbitu eta lehortzean, eta oihala zimurtuta geratzen da. Orduan erabiltzen hasiak ziren zuntz sintetiko batzuek, aldiz, ez zeukaten arazo hori, hala nola nylonak edota poliesterrak. Horren ondorioz, kotoiaren industria ahuldu egin zen, eta bultzada bat behar zuen eusteko. Beneritoren taldeak eman zion bultzada hura.

Zimur gutxiago, lisaketa gutxiago

Beneritok eta SRRC zentroko beste kimikari batek, Ralph Bernik, urteak eman zituzten elkarrekin lanean kotoiaren arloan; besteak beste, kotoiaren egitura kimikoki aldatzen lan egin zuten, zuntz sintetikoekin lehiatu ahal izateko. Ikertzaileek lortutako aurrerapenen artean, kotoiaren zuntzak tratatu ahal izateko prozesu berri bat garatu izana aipatu behar da, erretikulazio edo cross-linking deitua. Prozesu horretan, polimero kateen arteko hidrogeno lotura ahulen ordez lotura sendoagoak jarri zituzten; hala, oihal horrekin egindako arropak zimurrik gabe ateratzen ziren garbigailu eta lehorgailutik. Horrek kotoiaren sektorea suspertu zuen, eta lehenago izandako material preziatua izan zen berriz ere.

Zimurtzen ez den kotoiaren asmatzailetzat jotzen badugu ere, Beneritok berak esan ohi zuen bere ekarpenak bere aurreko beste ikertzaile batzuen lanean oinarritu zirela, eta merezimendua ez zela soilik berea:

“Ez zait gustatzen wash-wear [‘janzteko prest’] neuk asmatu nuela entzutea, jende askok lan egin zuelako horretan eta kotoiari ezaugarri horiek emateko prozesuetan. Ez dago horren arduradun bakarra edo ez zuen pertsona bakarrak deskubritu; nik ekarpena egin nuen prozesu horietan”. 3. irudia: Ruth Benerito lanean laborategian.

3. irudia: Ruth Benerito lanean laborategian. (Argazkia: Tulane University)Aurrerapen eta tratamendu berrietarako bidea urratuz

Benerito zuzen zebilen, eta adierazpen haiek ez zituen sasiapaltasunagatik egin; hala ere, ukaezina da kotoia ez zimurtzeko lotura berrien inguruan berak egindako aurrerapenek, herritarren eguneroko arazo praktiko bat konpondu ez ezik (bereziki emakumeena, emakumeek lisatzen baitzuten), zuntzezko eta beste mota batzuetako materialetarako aplikazio kimiko berrietarako bidea ireki ere egin zutela: zikintzen ez den kotoia, su hartzen ez duena edo gogorragoa… Baita beste material batzuen tratamenduetarako ere; esaterako, zura eta papera.

Beneritok kotoiaren zientzian egindako ekarpenak XX. mendeko berrikuntza teknologiko garrantzitsuenen artean sartu izan dira, jendearen egunerokotasunean aplikatzeari dagokionez. Hori dela eta, beste zenbait lorpen eta aitorpenen artean, 2008an Asmatzaileen Famaren Areto Nazionalean sartu zen. Beneritok beti esan zuen lorpen eta aitorpen horiek guztiak ez zirela bere merezimendua bakarrik, baizik eta babesa eman zion eta laguntzeko ahalegina egin zuen jende guztiarena, guraso eta irakasleetatik hasi, eta lankideetaraino.

Bere karrera amaieran 50 patente baino gehiago eta 200 argitalpen zientifiko zituen. Halaber, hizlari estimatua izan zen, beti agertu zelako zientzialariek herritarren bizitza eta gizartea hobetzeko duten erantzukizunaren alde. 2013an hil zen, 97 urte zituela.

 

Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.

Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko urtarrilaren 20an: Ruth Benerito, la química que modificó el algodón para reducir el tiempo dedicado a planchar.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Ruth Benerito, kotoia eraldatu zuen kimikaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Olefina arinen ekoizpena birpentsatzen

jeu, 2022/03/31 - 09:00

Olefina (edo alkeno) arinak hidrokarburo asegabeak dira; hau da, karbono-karbono lotura bikoitza duten hidrokarburoak. Horien artean etilenoa eta propilenoa industria petrokimikoko oinarrizko lehengaiak dira eta poliolefinak (polietilenoa eta polipropilenoa) ekoizteko erabiltzen dira nagusiki.

Poliolefinek propietate mekaniko (zurruntasuna, gogortasuna eta erresistentzia) eta elektriko onak dituzte; besteak beste, material isolatzaileak dira. Polipropilenoak polietilenoak baino erresistentzia mekaniko handiagoa du eta karga elektrostatiko handiko materiala da. Bien aplikazio nagusiak dira: gogortasun handiko ontziak, supermerkatuko poltsak, olioak, automoziorako piezak, karkasak, bateria kutxak, sukalderako tresnak, tapoiak, botilak, berogailu eta hozkailu tutuak, etab.

OlefinaIrudia: Ofelina arinen egitura molekularrak. (a) Etilenoa; (b) Propilenoa; (c) 1-butenoa. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Olefinen ekoizpenerako bide industrial nagusiak bi dira: ur-lurrun bidezko cracking termikoa (SC) eta cracking katalitikoa ohantze fluidizatuan (FCC) prozesuak. Mundu mailako olefinen % 80a bi bide hauen bitartez hornitzen da. Tamalez, industria mailan ezarritako teknologiek erregai fosilen menpekotasun eta energia kontsumo handia dute. Bereziki, SC prozesuak industria kimikoan kontsumitutako energia guztiaren % 40a behar du eta CO2 kantitate handiak isurtzen ditu (0,6 t CO2/t olefina). Beraz, ohiko teknologiak hobetzea eta iturri berriztagarriak erabiltzen dituzten prozesuak garatzea dira gaur egungo findegiaren eta industria petrokimikoaren erronka nagusienak.

Olefinen ekoizpen jasagarria

Gaur egun, olefinen eskaria handitzen doa, etilenoaren eskariak % 3-5 urteko igoera aurkeztuz, eta propilenoak aldiz, % 5-7koa. Etilenoaren eskaria bermatuta dago etanoaren ur-lurrun bidezko cracking termiko (SC) prozesuaren bitartez, baina propilenoaren eskaria betetzeko, ohiko prozesuek (SC eta cracking katalitikoa ohantze fluidizatuan (FCC)) eskaintzen duten hautakortasuna hobetu beharra dago. Hala, On Purpose Propylene (OPP) izeneko teknologiak garatzea ezinbestekoa izango da, propilenoaren eskaria asetzeko, dauden ohiko teknologiak hobetuz eta propilenoarekiko hautakortasun handiko teknologia gehigarriak ezarriz, hala nola, propanoaren deshidrogenazioa (PDH), metanoletik olefinetara (MTO) prozesua eta olefinen interkonbertsioa. 2030. urterako propileno eskariaren % 30a OPP teknologien bidez hornitzea espero da. Erronka horretarako, Ipar Amerika eta Europar Batasuna egoera abantailatsuan daudela kontsideratzen da, ezarrita dauden unitateak (cracking katalitikoa ohantze fluidizatuan (FCC) eta SC) egokitzeko aukera baitute. Asian, berriz, propilenoaren defizita handiagoa izanik, berrikuntza handiagoa beharko da, OPP teknologiak garatuz.

Jasangarritasunerako bidean, industria petrokimikoa aldaketa handiak jasaten ari da, alderdi hauetara bideratuta: ohiko prozesuak hobetzea eta unitate berriak garatzea, erregaiak eta lehengaiak ekoizteko iturri berriztagarriak erabiliz. Unitate horien diseinuan ezinbestekoa da zenbait irizpide kontuan hartzea; horien artean, energia aurrezteak eta isurpenak kontrolatzeak berebiziko garrantzia dute.

Garapen industrialaren barnean, olefinen ekoizpenak garrantzi handia du, eta hala, lehentasunezko helburua da, olefinak ekoizteko bideak ezartzea:

  1. petrolioaren balorizazioa areagotzea, eta
  2. petrolioaren ordezko iturriak (ikatza, gas naturala, biomasa, kontsumo-gizartearen hondakinak) balorizatzea.

Hau horrela, garapen fasean dauden beste zenbait prozesuk interes handia dute, energia-eskaria eta CO2-ren isurketa netoa txikiagoak direlako. Horien artean, hauek aurki ditzakegu: MTO eta metanoletik propilenora (MTP) prozesuak, industrialki ezarrita daudenak; eta dimetileterretik olefinetara (DTO) eta klorometanotik olefinetara (CTO) prozesuak, garapen bidean daudenak.

MTO eta DTO prozesuen interesa handiagoa da, baldin eta metanola edo DME ekoizteko biomasa edo hondakinak (hondakin organikoak, plastikoak, pneumatikoak edo araztegietako lokatzak) balorizatzen badira. Gainera, metanolaren eta DMEren sintesia, CO2 eskala handian balorizatzeko prozesu bideragarriak dira. Gaur egun, ikerketa ugari egiten ari dira bai teknologia hauen garapenean zein katalizatzaileetan, azken horien olefinekiko hautakortasuna handitu eta desaktibazioa murrizteko asmoz.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 39
  • Artikuluaren izena: Olefina arinen ekoizpena: egungo egoera eta aurreikuspenak.
  • Laburpena: Olefina arinak (bereziki, etilenoa eta propilenoa) industria petrokimikoko oinarrizko lehengaiak dira eta poliolefinak (polietilenoa eta polipropilenoa) ekoizteko erabiltzen dira nagusiki. Gaur egun, olefinen eskaria handituz doa: etilenoaren eskariak urteko % 3-5eko igoera izan du, eta propilenoak, aldiz, % 5-7koa. Etilenoaren eskaria bermatuta dago etanoaren ur-lurrun bidezko cracking termiko (SC) prozesuaren bitartez, baina propilenoaren eskaria betetzeko, ohiko prozesuek (SC eta cracking katalitikoa ohantze fluidizatuan (FCC) eskaintzen duten hautakortasuna hobetu beharra dago. Gainera, industria-mailan ezarritako teknologiek erregai fosilen mendekotasun eta energia-kontsumo handia dute. Beraz, ohiko teknologiak hobetzea eta iturri berriztagarriak erabiltzen dituzten prozesuak garatzea dira gaur egungo findegiaren eta industria petrokimikoaren erronka nagusiak. Artikulu honetan, lehendabizi, olefina arinen erabilerak eta haien eskaria mundu-mailan aztertuko dira. Jarraian, ohiko teknologiak deskribatuko dira (iturri fosiletik abiatuz) eta, azkenik, bestelako teknologia berriztagarriak aurkeztuko dira, biomasaren eta hondakinen balorizazioan oinarritzen direnak.
  • Egileak: Eva Epelde, Zuria Tabernilla, Unai Iriarte, Irene Sierra
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 169-187
  • DOI: 10.1387/ekaia.21855
Egileez:

Eva Epelde eta Zuria Tabernilla EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak dira eta Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak. 

Unai Iriarte eta Irene Sierra EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak dira eta Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikertzaileak.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Olefina arinen ekoizpena birpentsatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hiriak, jokalari berriak eboluzioan

mer, 2022/03/30 - 09:00

Eboluzioaren inguruko ikerketa berritzaile baten lekuko izan gara hilabete honetan. Munduan zeharreko 200 zientzialari baino gehiago batzea lortu du ikerketak, denen artean landaretxo baten eboluzio-mekanismoak aztertzeko, hirusta zuria (Trifolium repens). Europarra jatorriz, espezie hau hirietan nahiz landa-eremuetan bizi da eta ikertzaileek 160 hirietako hirusta zurien populazioa aztertu zituzten hauen egokitzapena ezagutzeko.

Ikertzaileek prozesu zehatz bat aztertu nahi zuten, beren susmoz, bizidunak genetikoki eraldatzea eragin zezakeena, edo beste modu batera esanda, eboluzionatzea bultzatu zezakeena. Lanak agerian utzi du munduan zeharreko hainbat hiritan bizi diren hirusta zuriko indibiduoek antzekotasun gehiago dutela beraien artean landa-eremuetako bizilagunekin baino. Eboluzioa, beraz, organismo hauek eraldatzen ari da, eta hirietakoak eta landa-eremuetakoak desberdin moldatzen dituela dirudi.

hirusta zuriaIrudia: Hiri-garapenak tokiko ingurunea aldatzen du, eta eboluzio azkar bat susta dezake. Hirietako hirusta zurien populazioei buruzko datu genomikoek iradokitzen dute espezie hau, oro har, urbanizaziora egokitu dela. (Argazkia: Zoosnow – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Eboluzio-prozesuan zehar, kanpo-eragileek (batzuetan barneko eragilea ere izan daiteke) aldaketa bultzatzen dute bizidunengan, ingurunera hobeto moldatu daitezen. Lurrean edozerk eragin dezake aldaketarako presio hori: harrapariengandik hobeto ihes egiteko beharrak, toxikoekiko erresistentzia izateko beharrak, oxigeno gutxiko ingurunean bizitzeko beharrak edo elikagai jakin bat digeritzekoak, besteak beste. Ikertzaile hauek zehazki gaur egungo nonahiko eragile baten efektua aztertu nahi zuten, bizidunak eboluzio azkar batera bultzatzen ari ote den ikusteko. Kanpo-eragile hori urbanizazioa da.

Hirietako hirusta zuria bereizgarri

Mundu osoan zehar, nonahi eraiki ditugu herriak eta hiriak, giza populazioaren hazkuntza sostengatzeko. Eremu urbano hauek ekosistema berriak dira, duela urte gutxi existitzen ez ziren ekosistemak. Ez dira naturalak, noski, baina ingurumen-faktore bereziak dituzte, beste inongo ekosistemek ez dituztenak: aireko gasen kontzentrazioak, lurzoruko materialen eta toxikoen kontzentrazioa, bertako animaliak, landaredia, soinua… dena da desberdina ingurune urbanoetan.

Urbanizazioak aldaketak eragiten ditu ingurumenean, eta, beraz, bertan bizi diren organismoak eboluzionatzera bultza ditzake, ingurune berri horretara moldatzeko. Alabaina, faktore hauek ez diete berdin eragiten bizidun guztiei. Animaliek, oro har, atsegin ez duten eremu batetik alde egin dezakete, eta, ondorioz, faktore berri horien eraginetik at egongo lirateke. Landareak, alabaina, sesilak dira, lurzoruari lotuta bizi dira. Horregatik, bizi diren inguruneko eragileekiko menpekotasun handiagoa dute, eta hautespen naturalak modu zuzenagoan eragiten die. Hori kontuan izanik, ikerketa honetarako, hirusta zuria (Trifolium repens) landare belarkara erabili zuten eredu modura. Gainera, hirusta zuria oso kosmopolita da, herrialde askotan aurki daiteke, eta, ondorioz, munduan zeharreko hirietako populazioekin alderaketak egiteko modua eman die zientzialariei.

Horrela, urbanizazioak espezie honen eboluzioa gobernatzen ote duen aztertzeko, 6.169 populazio ezberdinetako hirusta zurien 110.019 indibiduo aztertu zituzten, 26 herrialdetako 160 hiritan zehar. Hiri bat aukeratzean, espezie honen laginketak (landareak zenbatzea) eremu urbanoan hasten zituzten, eta lerro zuzen bat jarraituz, hiritik aldentzen joaten ziren, landa-eremura iritsi arte. Horrela, urbano/landa gradiente baten mende hazten ziren hirusta zurien ehunak alderatu zituzten. Zehazki, ikertzaileei asko interesatzen zitzaien substantzia kimiko baten presentzia aztertu zuten: hidrogeno zianuroarena. Konposatu hau intsektizida naturala da, eta erasopean sentitzen denean jariatzen du landareak; belarjale batek jaten duenean, adibidez. Konposatu honen sintesia bi genek kontrolatzen dute, eta landareak ere aktiba dezake estres hidriko handia duenean (ur-eskasiak eraginda).

Emaitza interesgarriak topatu zituzten lortutako datuak erkatzean. Lagindu zituzten 160 hirietatik, 75 hiritan (hirien %47an, beraz) desberdintasunak hauteman zituzten hiritik gertu eta hiritik urrunago bizi ziren landareen hidrogeno zianuro kontzentrazioetan. Landareak hiriaren erdigunetik zenbat eta urrunago egon, ikertzaileek ikusi zuten intsektizida naturala sortzeko probabilitatea handiagoa zela. Batez beste, erabateko landa-eremuan bizi ziren hirusta zurien probabilitatea %44 handiagoa zen hidrogeno zianuroa ekoizteko hirietako indibiduoekin alderatuz gero. Emaitza hauek ikusirik, ikerketako egileei erantzun logiko bakarra bururatu zitzaien: hirietako hirustek intsektizidaren behar gutxiago dute eta, beraz, haren produkzioa gutxitu da hautespen naturalez.

Baina zergatik hobesten ditu hautespen naturalak intsektizidarik ekoizten ez duten landareak hirietan? Edo, kontrako ikuspuntutik, zergatik ekoizten dute intsektizida gehiago landa-eremuetako indibiduoek? Erraza: landa-eremuetan intsektu belarjale gehiago dagoelako. Hirietan landaretza gutxiago dago, eta, ondorioz, animaliek bizitzeko babesleku eta habitat gutxiago dute; labur esanda, biodibertsitatea txiroagoa da hirietan. Honenbestez, hirusta zuria elikagai modura erabiliko duten intsektu belarjale gutxiago dago eremu urbano horietan, eta, hortaz, landaretxo honek intsektizida natural hori ekoizteko behar gutxiago du. Azken finean, hiriek eta hirietan sortzen diren “ekosistema” bereziek indar ebolutibo berri bat dakartela erakutsi du hirusta zuriak, eta oso litekeena da horrelako kasu gehiago egotea.

Hiri eta herrien eraikuntzak landa-inguruneak eta habitat naturalak goitik behera eraldatzen ditu, eta ingurunearekin batera, bertan bizi diren organismoak aldatzera behartzen ditu. Izatez, poztekoa da lore zuriko landare honek erakutsi duen plastikotasuna, gai izan baita ezinbestekoa ez zuen mekanismo bat baztertzeko eta, honela, seguruenik, energia eta mantenugaiak aurrezteko. Baina organismo guztiek ez dute eraldaketarako ahalmen hori, eta horretan datza arazoa. Funtsean, naturaren legea da: “berritu ala hil”.

Erreferentzia bibliografikoak:

Santangelo, James S. et al. (2022). Global urban environmental change drives adaptation in white clover. Science 375 (6586), 1275-1281. DOI: 10.1126/science.abk0989

Criado, Miguel Ángel (2022). Una pequeña planta muestra cómo la urbanización está marcando la evolución de la vida en la Tierra. El País, 2022ko martxoaren 17a.

Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

 

The post Hiriak, jokalari berriak eboluzioan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Muskuiluak, berriro ere, gizakion salbatzaile?

mar, 2022/03/29 - 09:00

Zer eta muskuiluei esker omen gara garena. Eta zientzialarien arabera, izaten jarraitzeko gakoetako bat izan daitezke.

Muskuiluak1. irudia: muskuiluak gakoa izan ziren gizakiak Afrikatik kanpora egindako bidean.

Kokatu gaitezen: duela 200 eta 150 000 milioi urte, Afrikan. Berorik ez da, baina. Garai hartan glaziazio baten erdian baitzegoen, M2 glaziazioa. Eta horrek ondorio zuzena zeukan garaiko gizakiengan, zaila, oso zaila zen janaria topatzea. Hainbeste, ezen kalkuluen arabera (nahiz eta datu zehatza eztabaidan dagoen) populazioaren ehuneko gutxi batzuk baino ez ziren biziraun.

Zelan biziraun zuten gizaki gutxi horiek? Bada, frogen arabera, kostaldean eta moluskuak janda. Abuloiak, muskuiluak eta horrelakoak elikagai moduan hartuta eta kostaldean babes hartuta egin zuten aurrera.

Afrikatik migrazioa kostaldetik egin zen, itsaskiak eskuragai zeudela. Are gehiago, gizakiaren eboluzioan, zehazki garunaren tamainan, itsaski-dietak berebiziko papera izan zuteneko hipotesia ere zabaldu egin da.

Muskuiluak, etorkizunaren giltza

Eta zertara dator hau? Bada, Xabier Irigoienek azaltzen duenez, muskuiluak etorkizuneko elikaduraren gakoetako bat izan daiteke. Joan gaitezen atalka.

Giza populazioaren hazkundea ez da gertatuko herrialde aberatsetan, biztanleria egonkorra den edo gainbeheran dagoen herrialdeetan, baizik eta herrialde pobreetan, batez ere Afrikan, herrialde horien populazio gero eta handiagoak ez baitu nahikoa diru izango Europako fabrika batean ekoitzitako elikagaiak ordaintzeko.

Oraintxe bertan, behar adina janari ekoizten dugu, baina gizateriaren proportzio handi batek ez du nahikoa diru hura fisikoki eskuratzeko, etxetik gertu dagoen merkatu batean eskuratzeko.

Horretaz gain, nutrizioaren arabera, kaloriak eta proteinak ez dira aski pertsonak elikatzeko. Pertsona askok, baita herrialde aberatsetan ere, behar adina kaloria kontsumitzen badituzte ere, dieta eskasak dituzte mikroelementuetan, hala nola burdinan edo funtsezko beste konposatu batzuetan, gantz-azido poliasegabeetan, esaterako.

Azkenik, egonkortasunak funtsezko papera du: elikagaien ekoizpenak iraunkorra eta egonkorra izan behar du epe luzean; bestela, krisiek eta goseteek jarraitu egingo dute populazioa handitu eta ekosistemak agortu ahala.

Naylorrek eta 12 laguntzaileek ondo definitu dituzte elikagaien segurtasunaren funtsezko erronkak: erabilgarritasuna (baliabide gisa denontzat nahiko izatea), irisgarritasuna (baliabideak eskuragarri izatea), nutrizioa (nutrizio alderdi guztiak betetzea) eta egonkortasuna (jasangarria eta egonkorra izatea epe luzean.

Beraz, 11 000 000 000 pertsona elikatuko dituzten konponbide magikoez hitz egiten denean, aurreko puntuak egiaztatu beharrekoak dira. Ederto, zer zerikusi dute muskuiluek, baina? Mitilikulturak, muskuiluen hazkundeak, hainbat abantaila ditu aipatutako puntuei dagokienez.

Muskuilu2. irudia: proteina eta gantz-azidoen iturri dira muskuiluak eta elikagaiak gehien behar diren eskualdeetan hazi daitezke.

Batetik, muskuiluen ekoizpenak oso ingurumen-aztarna txikia du. Belarjaleak dira, uretako fitoplanktona kontsumitzen dute eta, beraz, ez dute elikatu beharrik. Ez dute ur geza kontsumitzen eta ez dute elikagairik askatzen uretara; aitzitik, eutrofizazioa murrizten laguntzen dute uretako mikroalgak iragaziz.

Bestalde, CO2 emisioei dagokienez, muskuiluek edozein animalia-produkziotan proteina gramoko emisio baxuenak dituzte, hegaztiek edo izokinek baino askoz baxuagoak, behi-haragia edo antzekoak baino 40-50 aldiz baxuagoak.

Are interesgarriagoa, mitilikultura teknologikoki sinplea da, soketan landu daiteke plataformetatik zintzilik edo zuzenean tretzak erabiliz. Sinplea da eta ondo ezagutzen diren metodologiak erabiltzen ditu. Gainera, ez da intentsiboa kapitalean: muskuilu-haztegiak ezartzeko behar diren finantza-baliabideak ehunka mila ingurukoak dira, ez dozenaka milioi ingurukoak.

Proteina eta gantz-azidoen iturri dira muskuiluak eta elikagaiak gehien behar diren eskualdeetan hazi daitezke. Azken batean, espazioa eta fitoplanktonean oparoa den ura baino ez dute behar muskuiluek hazteko. Horregatik, eta aurrean azaldutako guztiagatik, produkzio egonkorra izateko aukera handiak ditu.

Naylor et al.-ek definitutako puntuak betetzen dituzte muskuiluek, beraz. Jakina, muskuiluek bakarrik ez dute gizateria salbatuko. Elikadura-hornidurak eskualde ezberdinetako hurbilketa desberdinen konbinazioa beharko du, baina moluskuen akuakultura da oraindik azpiustiatzen den aukera gutxietako bat eta behar handiena izango duen tokian sor daiteke.

Beste edozein dieta, begetal, haragi kultibo, intsektu, e.a. DHArekin (azido dokohexaenoikoarekin) eta AArekin (azido arakidonikoarekin) osatu beharko da garuneko funtzioari eusteko. Beraz, planeta osoak funtsezko gantz-azidoak beharko dituenez, gainerako gizakientzat funtsezkoa den zerbait sortuz, Mauritania, Namibia edota Somalia bezalako herrien errentagarritasuna handitzen lagunduko luke itsasertzeko eremuetan mitilikultura ezartzeak eta itsaskien esportazioak.

Artikuluaren hasieran, Hego Afrikan M2ko glaziazioan giza populazioak kostaldean bizirik iraun zutela esaten zen eta Afrikako ekialdeko kostaldea izan zela Afrikatik irteteko baliatu zen bidea. Gure garunak azken jauzi ebolutiboa jasan zuen eskualdea ere izan zen hura, beharbada DHAn eta AAn aberatsa zen itsaski dietari esker. Eta, agian, beste behin ere, gizateriari aurki beharko diren funtsezko elikagaiez hornitzeko gai den eskualdea ere izango da.

Erreferentzia:

Mapping Ignorance blogean Xabier Irigoien, AZTI – BRTA-ren zuzendari zientifikoak idatzitako Could Mussels Save Humanity, again? testuaren euskarara egokitzapena da, laburtuta eta moldatua.

The post Muskuiluak, berriro ere, gizakion salbatzaile? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hezurren ‘post mortem’ tartea kalkulatzeko teknika

lun, 2022/03/28 - 09:00

Pertsona baten heriotzatik zenbat denbora igaro den jakiteko teknika ez suntsitzailea garatu du EHUko ikertzaile talde batek. Hezurren analisi kimikoan abiatzen da metodoa.

Ez da batere erraza jakitea zenbat denbora igaro den pertsona baten heriotza gertatu denetik: auzitegi medikuek teknika andana baliatu behar dituzte horretarako. Gehienetan, gorpuan izaten diren aldaketa fisikoetan oinarritzen dira heriotzaren unea igarri ahal izateko, gutxi gorabehera ezagunak direlako denbora igaro ahala izaten diren aldaketak. Baina heriotzatik gero eta denbora gehiago pasa, orduan eta zailagoa da heriotzaren unea jakitea.

Arazoa are handiagoa da hilotzaren hezurrak baino ez direnean geratzen. Halako kasuetan, ez dago modu ziurrik zehazteko heriotzaren data, eta askotan auzitegi medikuen eskarmentuan oinarritu beharra dago hezur horien datazioa igartzen saiatzeko.

post mortem1. irudia: ehortzitako giza hezurren adina (post mortem tartea) jakiteko metodo zehatzik ez da egon orain arte, baina EHUko ikertzaileek hori ebazteko zehaztasun handiko teknika ez suntsitzailea garatu dute. (Argazkia: Hikmet – Unsplash lizentziapean. Iturria: unsplash.com)

“Baina askotan hau ere ez da oso ziurra”, ohartarazi du EHUko SGIker Analisien Zerbitzu Nagusiko kimikari Luis Bartolomek. Breton kasu entzutetsuan egon zen akats nabarmena jarri du muturreko adibidetzat. “Kasu horretan, auzitegi mediku batek interpretatu zuen hezur batzuk animalia batenak izan zitezkeela, baina azkenean argi geratu zen ez zela horrela. Horregatik, metodologia analitikoak behar ditugu, aditu baten iritziarekiko independenteak diren ondorioak eskuratzeko”.

Hezurren jatorria zehaztea konplikatua izan badaiteke, are konplikatuagoa da jakitea heriotzaren unetik zenbat denbora igaro den. Norabide horretan laguntzeko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikerketa baten emaitzen berri eman du Forensic Science International aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bidez.

Prentsa ohar batean EHUk azaldu duenez, gainera, auzitegi analisiaren arloan eskari handia dago “gizakien hezur hondarrak aurkitzen direnean post mortem tartea (PMI) objektiboki zehazteko”. Hori egiteko eskura dauden teknikak, baina, fidagarritasunari eta zehaztasunari dagokienez “eragozpen handiak” dituztela azaldu dute. Batetik, eskaintzen duten denbora tartea ez da oso zehatza. Bestetik, teknika inbaditzaileak dira, tindaketa bat egitea edo hezurraren zatu bat hartzea eskatzen dutenak.

Bartolomerengana jo dugu hitz xeheetan argipen gehiago eskuratzeko.“Funtsean, metodologia bat prestatu dugu ehortzita egon diren giza hezurren arrastoak datatu ahal izateko”, azaldu du. “Hilabete batzuetatik 85-90 urtera arteko denbora tartean”, erantsi du. Teknika bat baino, berez bi tresna analitikoen konbinazioa da erabili dutena: Raman espektroskopia eta kimiometria.

“Raman espektrografiaren bitartez materialen osagaiak ezaugarritzeko aukera dugu. Erraz ulertarazteko, argazki baten modukoa izango litzateke, baina maila kimikoan”. Ohartarazi du, ordea, osagai bakoitza ez dela banan-banan ezaugarritzen. “Modu gordinean egiten da, baina nahikoa da bederen hezurraren morfologia eta ezaugarriak ikusteko”.

Baina horrekin soilik ez litzateke nahikoa izango denboran zehar gertatu diren aldaketak ikusteko, eta hor kimiometria erabili behar dute. Aldagai anitzeko datuen tratamenduko teknika baten bitartez, posible da atzematea irudi batean egon diren aldaketak. “Tratamendu estatistiko horrekin ezagutzen dugu zer aldatu den hezurren irudietan. Zer modutan aldatu diren, eta zenbat aldatu diren”.

post morten2. irudia: lanean parte hartu duten ikertzaileak: Luis Bartolome eta Alfredo Sarmiento. (Argazkia: Jorge Navarro – UPV/EHU)

Ikertzaileek Granadako Unibertsitateko Medikuntza Legal, Toxikologia eta Antropologia Fisikoa sailak emandako 53 hezur hondarren bilduma aztertu dute. Hezur horiek zenbat denbora zeramaten ehortzita bazekiten. Horien guztien analisia eginda, irudi bakoitza tarte jakin batekin lotzeko moduan egon dira. Kalibrazio lan horretan, kimiometriaren bitartez saiatu dira lehenesten ahalik eta unibertsalen izan daitezkeen aldagaiak; hau da, faktore zehatzei lotuta ez daudenak. Halere, jakin badakitenez hezur horiek guztiak Granadan ehortzita egon direla, momentuz, eskuratu dituzten datuak klima mediterraneo baterako baliagarriak izan daitezkeela ohartarazi dute.

Lortutako doitasunagatik poztu da Bartolome. “Gure ereduak nahiko data zehatza ematen du. Esan ahal dugu, adibidez, hezur bat duela 30 urtekoa dela, bost urte inguruko zalantzarekin. Alorrean orain arte erabili izan diren metodologiek askoz zehaztasun gutxiago daukate”.

Kimiometria lan horretan, gainera, algoritmo bat erabili dute, irudi horien inguruen irakaspenak atera ditzan. Halako sareetan ohikoa denez, behin irudi horiek ondo datatzen ikasita, eredua aurreikuspenak egoteko moduan egongo litzateke. Hau jakinda, ondorengo galdera agerikoa da: aukera egongo litzateke algoritmo hori elikatzea klima desberdinetan ehortzitako hezur gehiagorekin? Hau da, teknika hori mundu osoan erabili ahal izatea? Hori aukera bikaina izango zela aitortu du Bartolomek. Baina, modu berean, errealitate gordina azaldu du ere. “Lan hau atera ahal izan dugu dirurik gabe, bertan parte hartu dugunon ahaleginean eta borondatean oinarrituta. Ibilbide mugatua du soilik horregatik, baina, gainerakoan, potentzialitate handia du”. Zentzu horretan, Ertzaintzak teknikan interesa agertu duela aurreratu du. Ohi bezala, halako metodo baten etorkizuna zientzia esparru hutsetatik harago doa, baina zalantzarik ez dago ekarpen handia ekar lezakeela krimenak argitzen laguntzeko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Ortiz-Herrero, L., Uribe, B.,  Hidalgo Armas, L.,  Alonso, M.L., Sarmiento, A., Irurita, J., Alonso, R.M., Maguregui, M.I.,  Etxeberria, F., Bartolomé, L. (2021). Estimation of the post-mortem interval of human skeletal remains using Raman spectroscopy and chemometrics. Forensic Science International, 329, 111087. DOI: 10.1016/j.forsciint.2021.111087

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Hezurren ‘post mortem’ tartea kalkulatzeko teknika appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages