S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 49 min 50 sec

Kantauriar ibaietako espezie exotikoak

lun, 2017/12/18 - 09:00
Gehienbat jatorri amerikarra eta asiarra duten flora exotikoko 156 espezie aurkitu ditu Diego Liendo ikertzaileak Kantauriko erlaitzeko ibaietan egindako ikerketan.

Flora aloktonoko (jatorrizkoa ez dena) espezieak bilatu dira Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Denera 156 espezie detektatu dira, espezie horien %40 puntu bakar batean agertu delarik.

Detektatu diren zenbait espezie, hala nola ‘Fallopia japonica’, oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, ‘Paspalum distichum’ kasu, ibai-hondartzak (ibaian zehar sortzen diren metakinak -harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak-) ia osorik estaltzera irits daitezke.

1. irudia: ‘Fallopia japonica’ (ezk.) oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen da. ‘Paspalum distichum’ (esk.) ibai-hondartza batzuk ia osorik estaltzera irits daiteke.

Ipar Amerikan jatorria duen ‘Muhlenbergia schreberi’ graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehat -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak) aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie honen bigarren erreferentzia da Iberiar penintsulan, orain arte Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Deigarria da emaitza, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baita. Espero zen baino askoz zabalduago dagoela azaltzen du ikertzaileak eta espezie horren populazioari segimendua egin behar zaiola uste du haren inbasio potentziala ebaluatu ahal izateko.

2. irudia: ‘Muhlenbergia schreberi’ren populazio naturalizatuak topatu dira bigarrenez Iberiar penintsulan.

Landare exotikoei dagokienez Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden azaltzen du ikerketak. Ekosistema hauen kudeaketarako garrantzitsua izan daiteke informazioa, ekosistema guztiek ez baitute kalteberetasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko.

Inbasio biologikoa

Ibai ekosistemak bereziki sentiberak dira espezie exotikoen inbasioarekiko, ibaien beren ezaugarriengatik, ibai ingurunea oso dinamikoa baita. Noizbehinka izaten diren uholdeek landarediaren parte bat eramaten dute eta beste espezie horiek sartzea errazten da. Nahiko ingurune egokia da, gainera, nutriente ugari eta ura eskuragarri baititu.

Inbasio gradua zenbait aldagairen araberakoa da, ikerketan azaltzen denez:

  • Aldagai klimatikoak (tenperatura).
  • Inguruneari dagozkion aldagaiak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare-komunitateen kopurua).
  • Aldagai antropikoak (ibai-zatiaren inguruko hiri-lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia).

Halaber, ibai-arro industrializatuetan inbasio maila askoz ere handiagoa dela ikusi da. Jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren %50ean edo gehiagoan hiri edo industria lurra duten arroetan.

Inbasio biologikoen fenomenoa, gizakiak espezieak beren banaketa eremu naturaletatik kanpo mugitzea eta huek bertan ezartzea, ingurumen arazo nagusietako bat da mundu mailan. Kontinente arteko garraio sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz areagotu egin da fenomenoa, bereziki azken hamarkadetan.

Munduko edozein lurraldeko ia edozein ekosistematan aurki daitezke kanpotik ekarritako espezie exotikoak eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Eta gaur egun portaera inbaditzailerik ez badute ere, aurrerago izan dezakete, ikertzaileak azaltzen duenez inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita.

Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako beste ikerketa bat ere egin da. Ibaiertzean hazten diren baso naturalak eta ibai-hondartzak aztertu dira eta ibai-hondartzetan espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa dela aurkitu da.

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ehun espezie baino gehiagotako landare exotikoek inbaditzen dituzte kantauriar ibaiak

Erreferentzia:

Diego Liendo Pérez ‘Plant Invasion in Cantabrian rivers: drivers and effects on plant diversity and riparian habitats’. ADDI.

The post Kantauriar ibaietako espezie exotikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #181

dim, 2017/12/17 - 09:00
Uxune Martinez

Klima-aldaketa

Lurra da, bere bizi guztiarekin, gure aterpe bakarra. Ez dugu besterik. 1992. urtean zientzialariek ohartarazi ziguten Lurraren egoera ez zela ona eta gizakion eragina zela nagusi horretan. 25 urte beranduago planetaren egoerak txarrera jo du aztertutako adierazle gehienetan, eta horrela jarraituz gero atzera bueltatzeko aukerarik ez dela izango nabarmendu dute oraingoan mundu osoko 15.000 zientzialarik BioScience aldizkarian argitaratutako ohar batean. Juanma Gallego kazetariak aldarriarekin bat egin duten ikertzaile euskaldunen hitzak batu ditu Berrian: Planeta babesteko bigarren aldarria.

Meteorologia

Urakanek eta tifoiak izenak dituzte. Eta badakizue zer dioen esaera zaharrak: “Izanaren itzala, izena“. Izan ere, arreta gehiago jartzen diogu urakan, tifoi edo ekaitz gogorrei hauek izena badute. Urakanen eta tifoien kasuan 1979. urtetik aurrera emakume eta gizonezkoen izen propioak tartekatzea adostu zuten Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO-k) eta Estatu Batuetako Meteorologia Zerbitzuak (NWS-k). Bestalde, 1954. urtetik aurrera Berlingo unibertsitate batek, Freie Universität Berlin, antizikloiak eta ekaitz gogorrei izena jarri izan diete. Hariari jarraituz, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo meteorologia zerbitzuek iragarri dute hemendik aurrera ekaitz gogorrak edo behe presio sakonak izendatzen hasiko direla. Datu guztiak Sustatu agerkarian bildu dituzte: Borraska sakonak izendatzen hasi dira Aemet, MéteoFrance eta IMPA. “Ana” izan da lehenengoa.

Teknologia

Gure inguruan gertatzen dena ezagutzeko teknologiak hainbat tresna garatu ditu. Horrenbestez, buia, radar, sismografo eta meteorologia estazioetan bildutako datuek datorrenaren berri ematen digute. Euskal Herrian baditugu arestian aipatutako erremintak eta Edu Lartzanguren kazetariak aurkeztu dizkigu Berrian: Euskal Herriaren zentzumenak.

Matematika

Josu Doncel matematikariak Galileoren esaldi bat dakarkigu gogora asteon: “Natura matematika erabiliz sortua da“. Eta, antza, zuzen zegoen. Gure matematikariak oso kontu bitxia eta interesgarria azaldu digu Zientzia Kaieran, kilkerren kantuak tenperatura adierazten duela. 15 graduko tenperatura dagoenean hasten dira kantuan kilkerrak eta zenbat eta gehiago abestu, are eta tenperatura beroagoa dago. Hori ba, 36 gradutik aurrera moteldu egiten duten euren txirtxirra eta 40 gradutik aurrera ez dira entzuten. Tenperatura kalkulatzeko formula matematikoa sortu zuen Amos Dolbear fisikariak 1897. urtean “Kilkerra termometro gisa” izeneko artikuluan.

Astronomia

ULAS J1342+0928 du izena, Eguzkiak baino 800 milioi masa handiagoa du eta Unibertsoak 690 milioi urte zituenean sortutako quasarra da. Quasarra honek badu berezitasun bat, urrunen detektatutako quasarra da eta gugandik argiarena baino 7,54 aldiz abiadura handiagoan urruntzen ari dela ere zehaztu dute berarekin topo egin duten Carnegie Institutuko astronomoek. Ana Galarragak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Urruneneko zulo beltza detektatu dute.

Genetika

Francis Galton zientzialariak hainbat esparru jorratu zituen, esaterako estatistika. Berak sortu zuen korrelazio kontzeptua. Baina bada ere ezaguna antropologiarekin eta genetikarekin lotura duen beste termino bat sortzeagatik: eugenesia. Eugenesiak herentziazko giza ezaugarrien hobekuntza du helburu, teknika biologiko eta genetikoak erabiliz. Eugenesiaren historia ardatz hartuta Koldo Garcia genetistak edizio genomikoari so egiten dio eta haren erabilerari: Eugenesiaz hitz egin behar dugu.

Robotika

Robot biohibridoak osagarri organikoak dituzten gailuak dira. Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan eta etorkizunean ere bide oparoa izan dezakete. Hori dela eta, robotak sailkatzeko proposamena egin du zientzialari talde batek, beren taxonomia finkatzeko asmoz. Juanma Gallegok hurbiltzen dizkigu datu guztiak: Ate-joka ari diren roboten landa gida.

Biologia

Laktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio. Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa eta ondorioz hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira eta horiek eragiten dute ondoeza. Baina ba al dakizue ondoezaz gain, deshidratazioa ere ekar dezakeela laktosa digeritu ezin izateak? Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek azaltzen digute kontua: Esnea denontzat?

Zientziarekiko pertzepzioa

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak “Zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioa“ri buruzko soziometroaren emaitzak plazaratu berri ditu. Txostena aztertu du Ana Galarraga kazetariak eta emaitzen berri eman digu Elhuyar aldizkarian: Zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa: oro ez da urre. Plazaratu diren datuen arabera 2012tik hona hazi egin da gizarteak duen zientziarekiko interesa, baina galdetutakoen artean, hamarretik ia hiruk nahiko uste du ikerketa zientifikoaren zati handi bat ez dela fidagarria, finantziazio pribatuaren mende omen dagoelako.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #181 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #195

sam, 2017/12/16 - 09:00

Humanitateak babestu behar dira, zalantza barik, baina arrazoi zuzenengatik. Jesús Zamora Humanities: how not to defend them, and how to do it (2) artikuluan.

Duela urte batzuk pentsaezinak ziren efektuak lortzeko gai diren literalki atomoz atomo diseinatutako egituren eraikuntzan parte hartzen du DIPCko jendeak. Adibibez, A Kondo effect by manipulating spin chains

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #195 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84)

ven, 2017/12/15 - 09:00

Plentziako Itsas Estazioa UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Bertan, zientzian eta teknologian oinarritutako ikerketa gauzatzen da, itsas ekosistemak giza osasunean duen eragina aztertzeko helburuarekin.

Biologo zelularrak, zoologoak, ekologoak, botanikoak, fisikariak, geologoak, mikrobiologoak eta kimikariak elkarlanean dabiltza itsas estazioetan. Zientzialariek modu integratuan ikertzen dute itsasoa, ekosistema honek gizarteari eskaintzen dizkion baliabideak aztertzeko xedearekin.

Besteak beste, itsaso sakonean minbiziaren aurkako farmakoak aztertzeko edo hainbat prozedura industrialetan erabiltzeko konposatu aktiboak aurkitu daitezke.

Zertan datza Itsas Estazio baten jarduera? Zeintzuk dira itsasoak eskaintzen dizkigun baliabide nagusiak? Lotura ote dago itsasoaren eta giza osasunaren artean? Itsasoa eta giza osasunari buruz gehiago jakiteko, Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordearekin izan gara. Bere esanetan itsas ekosistema osasungarriak dira giza ongizatearen euskarri.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Esnea denontzat?

jeu, 2017/12/14 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

1. irudia: Esnearen laktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deritzo.

Batzuek gustukoa dute esnea; beste batzuek, berriz, ezin dezakete edan. Jende helduaren artean asko dira esneak kalte egiten dietela diotenak, digeritu ezin dezaketelako. Zehatzak izateko, esnearen laktosa da digeritu ezin dezaketena. Laktosa digeritzeko ezintasun horri laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio.

Laktosa disakarido bat da, bi hexosaz osatua dagoen azukrea. Horrelako azukreak digeritu ahal izateko, disakaridasak behar dira, disakaridoak hidrolizatzen laguntzen duten entzimak. Laktosaren kasuan laktasa da disakaridasa hori. Laktasa, beste disakaridasak bezala, hestearen epitelioko zelulen mintzean dago, hestearen argira begira dagoen aldean. Mintzean egotea garrantzitsua da: laktosaren digestioaren ondorioz sortzen diren bi monosakaridoak (glukosa eta galaktosa) xurgatzen baitira digestioaren prozesu berean.

Zer gertatzen da, baina, laktosa digeritu ezin daitekeenean? Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa. Hori dela eta, hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, eta hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira; gas horiek eragiten dute ondoeza. Baina, horrez gain, eragile osmotikoa da disakarido hori; hau da, hestearen argian xurgatu gabe dagoen bitartean ura erakartzen du eta, horren ondorioz, ura iragaten da barne-mediotik hestearen argira. Ur hori digestioaren hondakinekin batera galtzen da, gorotzekin batera, eta beherakoa gertatzen da. Ondoeza alde batera utzirik, deshidratazioa ere ekar dezake laktosa digeritu ezin izateak. Esnearekiko nazka eta errefusa dira ezintasun horren ondorioak eta, beraz, esneak dituen makro eta mikroelikagaiak baliatzeko aukera galtzea.

Laktosarekiko intolerantziak jatorri bi izan ditzake. Lehen mailako intolerantzia deitzen duguna oso arrunta da, eta gizabanako askori gertatzen zaio amaren bularretik bereizi ondoren. Geroago arituko gara intolerantzia mota horretaz. Bigarren mailako intolerantzia, berriz, heste-hodiaren gaixotasunek sortua da. Zenbaitetan, heste-hodiaren gaixotasun batek laktasaren gabezia ekar dezake. Gaixotasun zeliakoa, Crohn gaitza, edo hantura-gaixotasunak egon daitezke intolerantzia mota horren oinarrian. Zenbaitetan, birus- edo bakterio-infekzioak dira bigarren mailako intolerantzia sorrarazten dutenak. Oso arruntak dira horiek, haurren artean esaterako. Infekzio-gaitz batek heste-hodiaren mukosa kaltetzen duenean epitelio-zelula asko galtzen dira, eta, beraz, zelula horien mintzetan dagoen laktasa ere galtzen da. Hortik dator esnea digeritu ezin izatea.

2. irudia: Ugaztun gehienek laktosarekiko intolerantzia garatzten dute edoskitze aldiaren ostean (Dehesadevaldelazarzaren irudia).

Baina askoz hedatuago dago lehen mailako laktosarekiko intolerantzia, intolerantzia mota horrek gizabanako gehienei eragiten baitie. Lehen mailako intolerantzia, berez, ugaztun gehienei gertatzen zaie amagandiko edoskitze-aldia bukatu ondoren. Esnea, azken batean, ugaztunen lehen hilabete edo lehen urteetako elikagaia da, eta ez luke zentzu handirik bizitza osoan zehar beharrezkoa ez den entzima bat, laktasa, ekoiztea. Izan ere, ume batzuengan bigarren urtetik aurrera hasten da laktasa-jarduera jaisten.

Zenbait herritako gizakiek, baina, esnea digeritzeko ahalmena bizitza osoan zehar mantentzen dute, edoskitzeari utzi ondoren ere laktasa sortzen baitute. Ahalmen hori, esan bezala, ez da unibertsala eta duela 8.000 urte[1] sortu zen abereak etxekotu zituzten zenbait herritan. Horri esker, elikatze-balio handia duen elikatze-baliabidea erabili ahal izan dute, eta, bereziki, D bitamina- eta kaltzio-emari egokia bermatu. Gogoan izan behar dugu kaltzioa eta D bitamina hezurrak osasuntsu hazteko ezinbesteko elikagaiak direla.

Hortaz, goi-latitudeak kolonizatzeko moldaera baliotsua izan da esnea digeritu ahal izatea, latitude horietan argi gutxi baitago, eta argi gutxi egonda D bitamina gutxiago sor baitaiteke. Eguzki-argiaren izpi ultramoreei esker sortzen dira D2 bitamina (ergosteroletik) eta D3 bitamina (kolesteroletik). Interes handikoa da laktosarekiko intolerantziari dagozkion herrien arteko desberdintasunei begiratu bat ematea. Hona zenbait datu: herbeheretarrak, % 0; suediarrak, % 1; danimarkarrak, % 3; ingelesak, % 6; errusiarrak, % 15; espainiarrak, % 15; europar jatorriko estatubatuarrak, % 24; grekoak, % 53; Australiako aborigenak, % 67; italiarrak, % 71; arabiarrak, % 80; afrikar jatorriko estatubatuarrak, % 81; inuitak, % 83; afrikarrak, % 83; mexikarrak, % 83; nigeriarrak, % 89; Estatu Batuetako aborigenak, % 95; tailandiarrak, % 98; asiar jatorriko estatubatuarrak, % 100. Oso esanguratsua da inuitei dagokien datua, frogatzen baitu aldaketaren joera ez dela latitudearen araberakoa. Aipagarria da, halaber, Estatu Batuetako aborigen eta europar jatorrikoen arteko aldea. Argi dago herri europarretan gertatzen dela laktosarekiko tolerantzia-maila handiena, Europan esne-abereek beste inon baino garrantzi handiagoa izan dute-eta historia osoan zehar.

Oharrak:

[1] 2010ean egin diren aurkikuntza berrien arabera, baliteke ahalmen hori lehenago ere (duela 12.000 urte) sortu izana.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Esnea denontzat? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ate-joka ari diren roboten landa gida

mer, 2017/12/13 - 09:00
Juanma Gallego Osagarri organikoak dituzten robotak sailkatzeko proposamena egin du zientzialari talde batek. Robot hauen hedapena hain handia izan da, ezen beharrezkoa baita beren taxonomia finkatzea.

Kolaborazioan oinarritutako edozein sisteman funtsezkoa da hizkuntza komuna erabiltzea. Bestela, arazoak suerta daitezke. Esaterako, 1999an Mars Climate Orbiter espazio ontziak planeta gorriaren kontra talka egin zuenean, mundu guztiak ulertu zuen komenigarria zela kalkuluak burutzeko neurri unitate berdinak erabiltzea. Jakina denez, zunda ekoiztu zuen enpresako ingeniariek sistema anglo-saxoia erabili zuten, baina NASAk Nazioarteko Unitate Sistema erabili zuen.

1. irudia: Orain arte, Wyss Institutuak garatutako arraia-robota da gailu biohibridoen artean ospe gehien eskuratu duena. Iaz ‘Science’ aldizkariak azal bat eskaini zion. (Argazkia: K. Hudson and M. Rosnach / Science Robotics)

Robotika bezalako arlo batean, gainera, are garrantzitsuagoa da komunikazioan batasun hori mantentzea. Izan ere, aurrerapenak hain bizkor suertatzen ari dira, ezen beharrezkoa bihurtu baita adostasun terminologikoa lortzea. Hala pentsatu du, bederen, Victoria Webster-Wood ikertzaileak gidatutako lan taldeak. Horregatik, Science Robotics aldizkarian robot biohibridoen sailkapen sistema berria proposatu dute.

Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan, eta litekeena da etorkizunean ere bide oparoa izatea. Izenak dioenari jarraituz, osagarri organikoak dituzten gailuak dira robot biohibridoak. 2016an Harvardeko Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaileek aurkeztu zuen tramankulua adibideetako bat da: alga baten eta arratoi baten ehunak biltzen zituen arraia-robota egin zuten. Optogenetika baliatuz, algaren geneak arratoiaren muskuluetan sartu zituzten, eta, horrekin, argiaren poderioz mugitzen zen arraia antzeko bat lortu zuten.

Momentu honetan halako burutazioek aplikazio askorik ez badute ere, argi dago teknologia honen garapena funtsezkoa izan daitekeela, besteak beste, medikuntzaren alorrean. Giharren mugimenduari dagokionez, bederen, bihotzari lotutako gaixotasunak berehala datoz burura.

Ikertzaileek artikuluan argudiatu dutenez “ohiko ingeniaritza sistemekin alderatuz, osagarri organikoek etorkizun oparoko alternatiba suposatzen dute sistema robotiko autonomo konplexuak garatu aldera”. Ohiko roboten sentsoreak mugatuta daudela diote (txakurrek droga edo lehergaiak atzemateko duten gaitasun paregabea jarri dute adibidetzat). Bestetik, efizientziari dagokionean, oraindik ere eskala txikiko robotetan ez da lortu animaliek duten gihar eta eskeleto sistemaren parekorik, eta ehunak erabiltzea aukera bikaina izan daiteke.

Taxonomia baterantz

Robotic Taxonomic Key (Roboten Gako Taxonomikoa) izena eman diote proposamenari. Horren bitartez, robotak deskribatzeko eta sailkatzeko modua garatu nahi izan dute. Eurena ingeniaritzari lotutako arloa dirudien arren, profesional asko inplikatuta daude bertan: biologia, farmakologia, neurologia edota adimen artifiziala, besteak beste. Hortaz ere sailkatze honen beharra. Sailkapena egiteko, gaiaren ingurua dagoen bibliografia hartu dute abiapuntutzat. Lau parametrotan oinarritu dira: estruktura, jokaera (edo mugimendua), sentsoreak eta kontrola.

2. irudia. Taxonomia berriaren bi adibide: intsektu batean txertatutako gailuaz garatu duten robot hibridoa, eta arraia-robota. (Argazkia: Webster-Wood / Science Robotics)

Zuhaitzak, hegaztiak edo onddoak identifikatzeko gakoa balitz bezala, robotak identifikatzeko bidea proposatu dute. Halako “espezimen” baten aurrean, galdera hau egin beharra dago: parametro bakoitzari dagokionean, osagarria organikoa, hibridoa ala sintetiko al da? Era eskematiko batean aurkeztuta, horrelakoa da sailkapena:

1. Estruktura a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 2. Jokaera a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 3. Sentsoreak a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 4. Kontrola a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa

Gako hau modu grafiko batean era errazean irudikatzeko bidea eman dute, gainera. Organikoa bada, margo solidoarekin adierazten da. Hibridoa bada, marratuta; azkenik, sintetikoa bada, hutsik irudikatzen dute. Osagarri organikoa genetikoki eraldatua izan bada, puntutxoak jartzea proposatu dute.

Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak, esaterako, honako klasifikazioa izango luke: estruktura sintetikoa, jokaera organikoa, sentsore organikoa (genetikoki eraldatua) eta kontrol sintetikoa.

Arraia-robotari buruzko bideoa.

Organobotak

Taxonomia berezi hau landu duten honetan, terminologiaren alorrean ere proposamen bat egin dute. Artikuluan “organoboten” aukera ere kontuan hartu dute, nahiz eta oraindik halakorik ez den garatu. Izan ere, termino hori proposatu dute “soilik osagarri organikoez osatutako robotak” definitzeko. Teknologiaren garapena ikusita, argi dago laster bioteknologiaren eta ingeniaritzaren arteko mugak are lausoagoak izango direla, eta egunen batean “organobotak” errealitate bat izango direla.

Alde etikoak ere jaso dituzte: “Robot biohibridoen eta organoboten garapenean ehunen ingeniaritzari lotuta doazen kezka berdinak agertzen dira”. Horren adibide jarri dituzte ehunen eta zelulen jatorria, edota lagin horiek eskuratzeko erabili diren animalien zaintza egokia. Harago joan dira, etorkizunean “izaki” berri hauen inguruan sor daitezkeen bestelako kezkak aurreikusita. “Periferia garatuak dituzten gailu autonomoen garapenarekin, agertzen hasi dira kezkak gailuak mina edota estresa sentitzeko ote dituzten, edota organismo bizi bezala existitzen hasiko ote diren”. Bestalde, baliteke robot horiek bakterioen edo bestelako kutsatzaile biologikoen arriskua jasan behar izatea, eta horrek erronka berria ekarriko du etorkizunean: birus informatikorik ez, baizik benetako birusak izan ditzakete lagun.

Erreferentzia bibliografikoa:

Webster-Wood V.A. et al. Organismal engineering: Toward a robotic taxonomic key for devices using organic materials. Science Robotics, 29 Nov 2017: Vol. 2, Issue 12, eaap9281 DOI: 10.1126/scirobotics.aap9281

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ate-joka ari diren roboten landa gida appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kilkerrek tenperatura adierazten dute matematikak erabiliz

mar, 2017/12/12 - 09:00
Josu Doncel Kilkerrek egiten duten soinua hainbat tokitan entzun daiteke, mendian eta toki berdeetan esate baterako. Artikulu honetan ikusiko dugu formula matematiko bat dagoela, kilkerren soinua erabiliz, toki horren tenperatura ematen diguna.

1. irudia: Bitxia bada ere kilkerren kantuak tenperatura adierazten du. 15 graduko tenperatura dagoenean hasten dira kantuan eta zenbat eta gehiago abestu, are eta tenperatura beroagoa dago. Hori ba, 36 gradutik aurrera moteldu egiten duten euren txirtxirra eta 40 gradutik aurrera ez dira entzuten.

Galileok zioen natura matematika erabiliz sortu zela. Izan ere, toki askotan agertzen dira matematikak naturan. Fibonacciren zenbakietakoa da nire ustez kasurik ezagunena, untxi edo hosto kopuruaren hazkundea deskribatzen baitute zenbaki horiek. Ahateen eta joko-teoriaren arteko harremana da beste adibide bat. Izan ere, animalia hauek jana maximizatzeko hartzen dituzten erabakiak aztertzen du joko-teoriak hain zuzen ere.

Harrigarria bada ere, kilkerrek ere matematikak erabiltzen dituzte. Animali horiek txirtxir izeneko soinu bat egiten dute, 15 gradu eta 40 gradu artean. Hortaz, kilker baten txirtxirra entzunez gero, ondoriozta dezakegu tarte horretan dagoela toki horretako tenperatura. Tenperatura zehatza jakiteko, ordea, hurrengo formula erabili ahal da.

2. irudia: Dolbear Legari dagokion formula. Formula honen airearen tenperatura eta kilkerren kirrinkak lotzen ditu. Amos Dolbear fisikariak formulatu zuen 1897. urtean “Kilkerra termometro gisa” izeneko artikuluan.

Formula horretan, N60 da kilkerren txirtxirraren maiztasuna minutuero eta TC tokiaren tenperatura. Horiek horrela, kilker batek minutuero 110 bider txirtxir egiten badu, N60 = 110 da. Hortaz, balio hori ken 40 eta zati 7 eginez gero, eta lortutako balioari 10 gehituz gero, toki hartako tenperatura lor dezakegu. Adibidez, N60 = 110 bada, tenperatura 20 gradukoa izango da.

Matematikak ezagutzen dituen batek esan dezake formula hori nahiko sinplea dela, lineala baita txirtxirren maiztasunarekiko. Izan ere, formula hori lortzeko erregresio linealaren tresnak erabili dira eta, horrek esan nahi du hurbilketa bat dela formula hori. Hala ere, arlo honetan egindako ikerketa kontuan hartuz, esan daiteke formula horrek ematen duen balioa oso gertukoa dela, ohiko errorea gradu bat baino gutxiagokoa izanik.

Artikulu honetan ikusi dugunaren arabera, kilkerrek badakite matematikan aritzen. Horrela, kilkerren txirtxirraren maiztasuna jakinez gero, eragiketa erraz bat egitea besterik ez dago toki horren tenperatura jakiteko.

Beste animalia batzuk ere matematikak erabiltzen dituzte, baina hori beste artikulu batean kontatuko dizuet.

———————————————————————————-

Egileaz: Josu Doncel Matematikan doktorea da eta UPV/EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Saileko irakaslea.

———————————————————————————-

The post Kilkerrek tenperatura adierazten dute matematikak erabiliz appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Nerabeek ez dute publizitateko sexismoa hautematen

lun, 2017/12/11 - 09:00
Publizitatean sexismoa eta emakumeei ematen zaien tratu apalgarria hautemateko ez dira gai nerabeak Pablo Vidalen ikerlanaren arabera. Ez hori bakarrik, duela 40 urteko sexismoa indar hartuta ageri da berriro.

1. irudia: Ikerketan erabilitako iragarkietako bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako zortzi ikastetxetako 528 ikasleri (266 mutil eta 261 neska, 15 eta 16 urte bitartekoak) eduki sexista nabarmena zuten zazpi iragarki erakutsi zitzaizkienean emandako erantzuna da ikerlanean aztertutakoa.

Lynx, Natan, Calvin Klein, Gucci, Axe, Cesare Paciotti eta Ché Magazine marketako iragarkiak izan dira erabilitakoak.Bi galdera sorta diseinatu dira (bata galdera irekiekin eta bestea galdera itxiekin) eta eztabaida taldeak bildu dira lau saioetan ikerlana egiteko.Emaitzen analisiari dagokionez, sexua, bizilekuaren ingurunea eta sorterria hartu dira kontuan.

Ikerketan parte hartu duten %34k (horietatik %65 neska eta %35 mutil) erakutsi dute publizitatean sexismoa zer den hautemateko gaitasuna; gainerakoek, nahasten dute edo ez daukate argi.

Publizitatean sexuaren pertzepzioari buruzko azterlan honetan parte hartu duten Euskal Herriko laugarren DBHko ikasle gehienak ez dira gai izan emakumeen erabilera sexista eta emakumeenganako tratu apalgarria hautemateko. Era berean, bere egiten dituzte publizitateak, duela 40 urte bezala, hedatutako emakumeen estereotipo eta aurreiritzi ugari.

Sexismoa lehenaldiko zerbait bezala ikusten dute nerabeek, berdintasunean oinarritutako oraingo gizarteari ez dagokion zerbait. Publizitatean erabiltzen den lengoaiaren manipulazio eta eraginkortasunaz ez dira jabetzen: “Publizitatean ikusten dena errealitatean ere gertatzen da. Horrelakoa da publizitatea”, adierazten dute haien erantzunetan.

Ezberdintasunak nesken eta mutilen artean

Ezberdintasun handiak daude nesken eta mutilen artean sexismoa onartzeko garaian. Mutilen gehiengo batentzat onargarria, normala eta justifikagarria dena, gaitzesgarria, desegokia edo matxista da neska askorentzat. Sexismoa onartzea naturaltzat ikusten dute mutilen % 70ek eta nesken % 30ek, gizartean ohiko eta berezko zerbait bezala ikusten dute emakumeak modu sexistan aurkeztea.

Sexismoa hautematea eta intentsitatea bereiztea zaila da nerabeentzat. Gehiengo handi batek berdintasun eza erakusten duten portaerak onartzen ditu intentsitate baxuko sexismoa erakusten duten iragarkietan. Hau da, berdintasunean oinarritzen ez diren harremanak esplizituki iraingarriak edo agresiboak ez direnean onartu egiten dituzte, ez dituzte sexistatzat jotzen, gure errealitate sozialaren parte gisa onartzen dituztelako, mikromatxismoak legitimatuz. Eta, nolanahi ere, proiekzio matxista horiek ez direla hainbesterako ulertzen dute, umorez hartzen baitituzte, broma bat edo gehiegikeria barregarri bat balira bezala.

2. irudia: Ikerketan erabilitako iragarkietako bat, nerabeek sexismoa hautemateko duten gaitasuna neurtzeko.

Intentsitate ertaineko sexismoa, emakumeei tratu txarra eman eta haiek apaltzen dituena, oharkabean pasatzen da mutil gehienen artean (% 80 inguru) produktua gizonei zuzentzen zaienean. Are gehiago, iragarkia ez dute sexistatzat jotzen. Gizonezkoen produktuak iragartzen direnean emakumea apalduta gizonak motibatzea onartzen dute bai mutilek bai neskek.

Emakumeei buruz dauden sexu arketipoei eta estereotipoei dagokienez, mutilek eta neskek sentsibilitate ezberdina erakusten dute. Bai mutilek bai neskek erraz identifikatzen dute emakume-objektu edo emakume-sari arketipoa. Beste estereotipo batzuk aurkezten direnean (etxeko andre, emakume mantendua, haur-emakumea edota emakume biktima) gehiengoak ez ditu kontuan hartzen edo hautematen.

3. irudia: “Emakume-sari” arketipoa erraz identifikatu arren, bestelako arketipoak, “emakume-biktima” kasu, identifikatzeko zailtasunak dituzte nerabeek. Gizonen oldarkortasuna, gainera, gizonen botere faktore gisa ikusten dute.

Ikerlanean antzeman denez, nerabe gehienak naturaltasunez bizi dira indarkeria matxistarekin. Haien boterearen faktore gisa ikusten da oldarkortasuna gizonengan. Oldarkortasuna indarkeria bilakatzen denean, hala ere, aho batez gaitzesten dute emakumeek; gizonek, ordea, zalantzak dituzte, ñabartu egiten dute indarkeria eta ez dute kondenatzen. Zentzu horretan, ikasleen %35 iragarkietako sexismoaren alde agertu dira eta talde horretako %10 emakumeen aurkako indarkeriaren alde eta berdintasunaren kontra.

Bizileku eta sorterriaren arabera ezberdintasunak

Landa eremuen eta hiri munduen artean ere ezberdintasunak ikusi dira ikerketan. Landa munduko ikasleen sexismo maila baxuagoa da, argiago ikusten dituzte estereotipoak, modu aktibo batez salatzen dute emakumeekiko tratu txarra publizitatean eta neurri handiagoan defendatzen dituzte emakumeekiko errespetuzko jarrerak eta berdintasuna.

Ikertzailearen arabera, honen arrazoia kritikan datza, hiri inguruneko ikasleek munduaren ispilua, imitatzeko diren joera berrien eta bizi-estilo berrien isla gisa ikusten dute publizitatea. Hau da, hirietako ikasleak ez dira landakoak bezain kritikoak eta haiek baino sexistagoak dira, kritikarik egin gabe onartzen baitute iristen zaien guztia.

Era berean, hiri inguruneko mutilak dira matxistenak eta landa inguruneko neskak feministenak. Hala, landako eta hiriko ikasleen artean aisiaren eta jolasaren bitartez ezartzen den sozializazio eredu ezberdinak azaltzen ditu ezaugarri horiek. Landa ingurunean hainbat adinetako neska-mutilak elkarrekin ibiltzen dira kanpoaldean eta zenbait espaziotan. Hiri ingurunean, aldiz, neska-mutilak bakarrik jolasten dira haien geletan eta jokoak sedentarioagoak dira, etxe barrukoak eta teknologia berriekin lotutakoak.

Ikasle migratzaileak ez dira hain sexistak Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoen aldean. Ikasle autoktonoengandik bereizten dira kritikoagoak agertzen direlako tratu txarra ematen duen sexismoaren eta sexismo erasotzailearen aurrean

Ikertzailearen ustetan publizitateak erraztu egiten du bidea nerabeek bere egin ditzaten genero estereotipoak, emakumeen rol gaindituak eta irudi sinbolikoak; gizonak eta emakumeak nolakoak diren erakusten dituen errealitatea balitz bezala hartzen da publizitatea eta lortu egin du duela 40 urte bizirik zeuden maskulinotasun eta femeninotasun kontzeptuek berriro indar hartzea.

Ondorio orokor gisa, 15 eta 16 urte bitarteko laugarren DBHko ikasleen erantzunak aztertu ondoren, berdinen arteko harremanen diskurtsoa tokia irabazten ari dela uste du ikertzaileak, neska gazteen artean eta oso apurka mutilen artean ere. Kontuan hartu behar da mutilek aurre egin behar izaten dietela euren arketipo eta estereotipoei, euren ‘gizontasunari’ (maskulinotasun hegemonikoa) azken batean, eskuak lotu eta eragotzi egiten dizkienari aurrera egitea emakumeen pauso berean, ikertzaileak azaltzen duenez.

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Nerabeak, sexismoa eta publizitatea.

Erreferentziak:

La percepción del sexismo en la publicidad: un estudio con alumnado adolescente de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Addi.

The post Nerabeek ez dute publizitateko sexismoa hautematen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #180

dim, 2017/12/10 - 09:00
Uxune Martinez

Astrofisika

Planck satelitearen emaitzen arabera Unibertsoaren % 68,3 energia iluna da, %26,8 materia iluna eta soilik %4,9 da materia arrunta. Beraz, Unibertsoa ezezagun handi bat gizakiontzat. Hori dela eta, energia iluna eta, batez ere, materia iluna aurkitzeko ahaleginak areagotu egin dira azken hamarkadetan. Ahaleginak areagotu bai, baina erantzun garbirik ez dute aurkitu adituek. Juanma Gallegok, ordea, Berrian azken aurrerapausoen berri eman digu. Besteak beste, DAMPE Materia Iluneko Partikulen Esploratzailearen bidez eginiko behaketaren emaitzak kontatzen dizkigu: Susmagarria aurkitu ezinik.

Kimika

Sarritan entzun dugu esaten “begiekin jaten dugula”. Bai, ikusmenak badu zerikusia ere jaten dugun horretan. Izan ere, platano zaporea duen jogurta horia izatea espero dugu, eta laranja koloreko freskagarri baten zaporea laranja izatea espero dugu. Zeren, jango zenuke platano zaporeko jogurt beltzik? Josu Lopez-Gazpio kimikariak azaldu digu asteon jaten ditugun elikagai gehienak ez luketela kolore erakargarria izango koloratzaileak erabiliko ez balira. Eta, nondik ateratzen ditugu koloratzaile horiek? Erantzun argigarria artikulu honetan aurkituko duzu: Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria.

Meteorologia eta klima-aldaketa

Duela urtebete Maialen Martija meteorologoak esan zigun “badirudi ezohikoak diren meteorologia-fenomenoak gero eta ohikoagoak izango direla aurrerantzean”, eta aurreikuspena bete-betean asmatu du. Sustatu agerkarian urakanen denboraldia nolakoa izan den plazaratu digute. Ekainaren 1ean hasi eta azaroaren 30ean bukatzen da ofizialki urakanen sasoia eta NASAk aurtengo sasoiak eman duena laburbildu du: “izugarri aktiboa” izan dela ondorioztatuz eta ezohikoa. Izan ere, ohikoa baino bi hilabete lehenago hasi da sasoia eta iraila Metatutako Energia Ziklonikoari dagokionez inoizko aktiboena izan da. Datu guztiak Sustatun: 2017ko urakan-denboraldiaren laburpena: “izugarri aktiboa” eta ezohikoa.

Azaroaren 18an JPSS-1 satelitea bota zuten espaziora Kaliforniatik. Satelitearen eginkizuna datu meteorologikoak biltzea da, irudiak eta informazioa, eguraldi aurreikuspenak hobetu eta doitzeko asmoz. JPSS-1 NASA eta NOAAren (National Oceanic and Atmospheric Administration) egitasmoa da eta zazpi urteko biziraupena izango du. Lana burutzeko, besteak beste, VIIRS (Visible Infrared Imaging Radiometer Suite) erradiometroa darama. Erradiometroa erradiazioen energia neurtzen duen tresna da, batez ere infragorriena. Erreminta honi esker, sateliteak klima-aldaketaren adierazleak jasoko ditu: hezetasuna, tenperatura aldaketa, hodei-geruzaren bilakaera, itsasoan dagoen izotza edota suteek eragindako aldaketak. Datu osotuak Sustaturen bidez: Argazki-kamera erraldoia espazioratu dute klima-aldaketaren jarraipena egiteko.

Emakumeak zientzian

Ainhoa Gonzalez Pujana ikertzaileak farmakologia alorrean dihardu lanean. Egun, UPV/EHUko Mikro eta Nanoteknologien, Biomaterialen eta Zelulen taldean (NanoBioCel) ari da zelulen mikroenkaptsulazioari buruzko doktorego-tesia gauzatzen. Tesiaren ikerlerroa da zelulen mikroenkapsulazioan sortzen den arazo bat aztertzea: kontrolik eza duten zelulen portaera ikertzea. Ikertzaile gazte honen ibilbidea ezagutzera eman digu Ana Galarraga kazetariak: Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea”.

Teknologia eta zientziaren historia

Auto elektrikoak ez dira gaurko asmakizuna. XIX. mendeko hasieran egin zuten lehen prototipoa, 1837. urtean Robert Davidon kimikari britaniarrak egin zuen lehenengo auto elektrikoa eta handik aurrera asko zabaldu diren. Adibidez, XIX. mendearen amaieran “kolibri” izeneko taxi elektriko ugari zeuden Londresen eta XX. mendeko hasieran Estatu Batuetan 30.000 kotxe elektrikotik gora zeuden. Baina 1912. urtean abiarazteko motorra asmatu zen eta hantxe amaitzen zen auto elektrikoen nagusitasuna, barne errekuntzakoak gailendu baitziren handik aurrera. Juan Ignacio Pérezek dakarkigu istorioa Zientzia Kaiera blogean: Auto elektrikoen parabola.

Osasuna

Badira gizartean errotuta dauden gauzak. Horietako bat da hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuak anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri direla. Juanma Gallego kazetariak aipatutako uste hori irauli egiten duen ikerketa bat ekarri du Zientzia Kaiera blogera. Christopher J. Ferguson ikertzaileak eta haren taldeak 2008an eta 2013an egindako bi meta analisiko hirurehun bat ikerketen gainbegiratuaren emaitzei erreparatuz ondorioztatu dute: “Hedabideetako eraginak txikiak eta idiosinkratikoak izan ohi dira (elikadura asalduretan), eta aurretiaz gorputzarekiko kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“. Datu guztiak: Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak artikuluan.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #180 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #194

sam, 2017/12/09 - 09:00

Ez dago zalantzarik, humanitateak babestu behar dira baina beti ere arrazoi zuzenak direla medio. Jesús Zamorak lantzen du gaia: Humanities: how not to defend them, and how to do it (1).

DNA molekulak ez du soilik informazio genetikoa biltzen, katalizatzailea ere izan daiteke. DIPCko ikertzaileak lehenak izan dira organismo bizidunetan gertatzen ez dena lortzen: DNA molekula batek, zertxobait aldatuta, uretan ere katalizatzea lortu dute: Modified DNA catalysts for chemical reactions in water.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #194 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea”

ven, 2017/12/08 - 09:00
Ana Galarraga / Elhuyar Zientzia Ainhoa Gonzalez Pujana ez da kasualitatez iritsi UPV/EHUko NanoBioCel taldeko ikertzaile izatera. Aitortu duenez, beti izan du jakin-min handia, eta txikitatik interesatu izan zaio osasun-arloa. Azaldu duenez, “Kimika eta Biologia asko gustatzen zitzaizkidan; horregatik erabaki nuen Farmazia ikastea”. Hasieratik baztertu zuen, ordea, farmazia-bulego batean lan egiteko aukera. Beraz, unibertsitatean ikasten ari zela, beste bide batzuk probatu zituen: “batetik, praktikak egin nituen ospitaleko farmazian, eta, bestetik, ikerketa egin nuen Teknologia Farmazeutikoa sailean. Eta azken honekin geratu nintzen”.

Bide horretan jarraitzeko, karrera amaitutakoan, master bat egin zuzen, eta zuzenean, tesian sartu zen. Orain, tesiaren hirugarren urtea hasiko du. Dioenez, oso gustura dabil, asko gustatzen baitzaio egiten ari dena. Dena dela, onartzen du ez dela erraza: “Lan gogorra da. Batzuetan gauzak ez dira ateratzen pentsatzen genuen bezala, eta denbora asko ematen dugu gero emaitza arrazoitzen, esperimentu-plana moldatzen… Hala ere, animo handia ematen dit pentsatzeak nire formazioa aberasten ari dela”.

Irudia: Ainhoa Gonzalez Pujana ikertzailea.

Gogoa pizten dien gauzen artean dago atzerrian egonaldia egiteko aukera ere. Hain zuzen, datorren urtean sei hilabete emango ditu ikertzen Bostonen, Harvard Unibertsitatean. “Irrikatan nago teknikak ikasteko, han lana nola egiten duten ikusteko”.

Aurrera egiteko indarra

Gainera, duela gutxi ahozko komunikazio onenaren saria irabazi zuen CRS erakundeak antolatutako Ikertzaile Gazteen Lehenengo Biltzarrean, Espainiako eta Portugaleko tokiko atalean. Bada, irabazitako saria beka bat izan zen, Teknologia Farmazeutikoaren arloko kongresu esanguratsuenetako batera joateko, CRS 2017 Urteko Biltzarrera. Eta non izango biltzarra, eta Bostonen!

Pozik gogoratzen ditu biltzarreko egunak. “Nire arloan dabiltzan ikertzaile garrantzitsuenen lanak ezagutzeko aukera eman zidan. Oso interesgarria izan zen”.

Tesian ikertzen ari den alderdi bati buruzkoa zen aurkezpena; zehazki, zelulen mikroenkapsulazioan sortzen den arazo bati heldu zion: kontrolik eza zelulen portaeraren gainean.

Gonzalezek horrela azaldu du egiten duten ikerketa: “Zelulak hainbat faktore terapeutiko ekoizteko gai dira. Guk alginato-matrize batean enkapsulatzen ditugu, eta, hala, gorputzean ezarrita, farmakoen askapen iraunkorra lortzen da”. Zelulak ekoizten duen farmakoa zein den, gaixotasun bat edo beste tratatzeko erabil daiteke teknika hori, adibidez, diabetea, parkinsona, minbizi batzuk…

NanoBioCel taldea oinarrizko ikerketa egiten ari den arren, dagoeneko badaude entsegu klinikoak teknika horretan oinarrituta, bai diabetea tratatzeko, bai Parkinsonen gaitza.

Bostongo egonaldiari ahalik eta zuku handiena atera ondoren, tesia aurkeztea espero du. Hortik aurrera, irekita dago gauzak probatzera, baina gustatuko litzaioke farmazia-industrian ikertzen jarraitzea.

Argi du, ordea, horrek ahalegin handia eskatzen duela, eta iruditzen zaio, oro har, jendeak ezjakintasun handia duela egiten duten lanaren inguruan: “Horregatik, ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea. Dibulgazioa behar-beharrezkoa da gizarteak gure lana baloratzeko, eta azken finean, zientzia gehiago sustatzeko”.

Fitxa biografikoa:

Ainhoa Gonzalez Pujana Gasteizen jaio zen, 1991n. UPV/EHUn Farmazian lizentziatu ondoren (2014), Farmakologia eta Medikamenduen Garapena Masterra ikasi zuen. Jarraian, Ciber-BBNek ikerketa-iniziazio beka bat eskaini zion, UPV/EHUko NanoBioCel taldean lan egiteko. Hortik aurrera, elkartearen kide izan da, gaurdaino. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren beka jasota, zelulen mikroenkaptsulazioan tesia hasi zuen talde berean.

———————————————————————————-

Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.

———————————————————————————-

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Ainhoa Gonzalez: “Ezinbestekoa da zientzia jendeari hurbiltzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria

jeu, 2017/12/07 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Elikagaiek duten kolorea ezaugarri oso garrantzitsua da. Jango al genuke jogurt beltz bat? Edo supermerkatuko apaletik hartuko al genuke kola freskagarri garden bat? Edo kolore urdineko ketchupa? Bada, egungo koloratzaileek ematen dituzten aukerei esker, produktu horiek lortzea posible litzateke. Ziur asko, ez lukete etorkizun luzerik izango; izan ere, kontsumitzaileek nahiago izaten dute elikagaien zaporeak eta koloreak bat etortzea.

Horrek zentzua du, noski: marrubiak gorriak direnez, marrubi-zaporea duen elikagai baten kolorea gorria izatea espero dugu. Platano zaporea duen jogurta horia izatea espero dugu, eta laranja koloreko freskagarri baten zaporea laranja izatea espero dugu. Salbuespenen bat aipatzekotan, gazta urdinaren kasuan lizunaren kolorea berdea izatea ere onartzen dugu, baina tira, horrelako kasu gutxi daude.

1. irudia: Koloreek lotura zuzena dute zaporeekin, baina, koloratzaileei esker kiwizko zukuaren kolorea gorria izan daiteke, esaterako. (Argazkia: silviarita/Pixabay.com)

Egun kontsumitzen ditugun elikagai asko eta asko —gehienak— prozesatu egiten dira merkaturatu aurretik, hau da, aldatu egiten dira jateko arriskurik gabekoak izan daitezen. Esate baterako, elikagaiak izan ditzaketen mikroorganismo kaltegarriak kentzen zaizkio edo haien hazkuntza saihesteko kontserbagarriak gehitzen zaizkio. Jaten ditugun elikagai gehienak ez lukete kolore erakargarria izango koloratzaileak erabiliko ez balira. Adibidez, saltxitxak grisak izango lirateke koloratzailerik erabili ezean. Elikagaietan erabiltzeko eskuragarri dauden koloratzaileak, etiketan E markarekin zerrendatzen direnak, hainbat jatorri desberdinetakoak izan daitezke. Horietako askok naturan dute jatorria, eta beste batzuk sintesiz lortzen dira. Edozein kasutan, guztiak araututa daude eta, araututako moduan erabiltzen direnean, ez dute osasunarentzat arriskurik ekartzen. Horrek ez du esan nahi, ordea, batzuen jatorria nahiko berezia ez denik.

Azido karminikoaren sekretua

Azido karminikoaren Europar Batasuneko identifikazio marka E 120 da, eta Natural Red 4 izenez ere ezagutzen da. Ehungintzan, elikagaietan, kosmetikoetan eta produktu farmazeutikoetan erabiltzen da eta produktu zein elikagaiei kolore gorria emateko erabiltzen da. Egun, koloratzaile hau geroz eta gutxiago erabiltzen da eta haren ordez antzeko kolorea duten koloratzaile sintetikoak erabiltzen dira, baina, urte askotan zehar erabili izan da industrian, eta egun ere erabiltzen jarraitzen da, neurri txikiagoan bada ere. Koloratzaile horren sekretua da, hain zuzen ere, kotxinila intsektuak birrinduta lortzen dela.

2. irudia: Azido karminiko edo E 120 koloratzailearen egitura. (Argazkia: De Edgar181 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Wikimedia Commons)

Hernan Cortes konkistatzailea 1518an Mexikora iritsi zenean, Moctezumaren erreinuan ehunen tindaketa prozesuak oso garatuta zeudela ikusi zuen. Urre eta bestelako altxorren ondoren, Aztekek erabiltzen zituzten arropen kolore gorri ederrak konkistatzaileak txundituta utzi zituen. Kolore gorri hura nopal motako kaktusetan bizi ziren intsektuetatik erauzten zutela erakutsi zieten ¾aztekek nochezli deitzen zioten intsektuari¾. Intsektu hori kotxinila edo kukurutxa bezala ezagutzen dugu –Dactylopius coccus-.

3. irudia: Kotxinila hauek birrinduta E 120 koloratzaile gorria lortzen da. (Argazkia: Frank Vincentz – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Kotxinila espezie horrek intsektu guztien artean kolore gorri intentsuena ematen du eta horregatik aukeratu zuten aztekek tindagaiak egiteko. Horretarako natural-naturala den prozesua jarraitzen zuten eta, egun ere, antzeko prozesua egiten da E 120 koloratzailea lortzeko: kotxinila emeak guztiz garatuta daudenean bildu egiten dira eta eguzkipean lehortzen uzten dira. Ondoren, kotxinilak guztiz lehortu direnean, erauzketa egiten da ingurune azidoan edo alkalinoan. Iragazketa egitea nahikoa da koloratzaile gorria prest edukitzeko -bideo honetan edo honetan prozesu guztia ikus daiteke-. Gutxi gorabehera, 150.000 kotxinila zanpatuta, 1 kg estraktu gorri lortzen da. Gutxi gorabehera, kotxinilaren masaren %10 azido karminikoa da.

Industrian, den den, aipatutakoa baino erauzketa prozedura konplexuagoak erabiltzen dira. Industrian ingurune alkalinoan egiten da kotxinila intsektuen erauzketa eta disolbatzaile organikoak erabiltzen dira prozesuan. Ondoren erauzketa alkalinoan lortutako disoluzioaren flokulazio eta iragazketa egiten da eta zentrifugazioz hauspeakin solidoa berreskuratzen da. Solido hori azido karminikoa da eta, azken pausoan, birdisolbatu eta kontzentratu egiten da. Erauzketa prozesuaren etekina nahiko baxua da, eta etekina hobetzeko asmoz, intsektu jatorria duen proteinak gehitzen dira. Erauzketa prozesuan erabiltzen diren substantziek alergiak eragin ditzakete zenbait kontsumitzaileengan eta horregatik E 120 koloratzailea produktu batean baldin badago, etiketan adierazi egin behar da alergiak izan ditzaketen kontsumitzaileak ohartarazteko. Era berean, informazio hori ezinbestekoa da elikadura begetarianoa edo beganoa dutenentzat; izan ere, E 120 koloratzailea ezin dute kontsumitu.

4. irudia: Kotxinila zanpatzen denean kolore gorria lortzen da, kosmetikoetan, elikagaietan eta produktu farmazeutikoetan erabiltzen dena. (Argazkia: Whitney Cranshaw, Colorado State University – CC BY 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons).

Intsektuak Frapuccinoan

Kolonizatzaile espainiarrek ikusi zutenean, kotxinilaren kolore gorria erabiltzen hasi ziren eta mende batzuk geroago, 1826an, Kadizen, Malagan eta Kanariar uharteetan Dactylopius coccus kotxinilak hazten saiatu ziren. Azken horretan bakarrik lortu zuten eta, egun ere, mota horretako kotxinilak aurki daitezke bertan. Nolanahi ere, egun Peru, Txile eta Mexiko dira kotxinila estraktuaren esportatzaile nagusienak, kotxinilak klima beroak behar baititu hazteko. Asko dira gehigarri hori duten produktuak, baina, zenbait kasutan E 120 beste substantzia batzuengatik ordezkatzen ari dira ¾merkeagoa delako edo jatorria intsektuetan izateak ematen dion ospe txarrarengatik¾. Agertu diren alternatiben artean, patata more gozoaren estraktuak antzeko kolore gorria ematen du, antza. Kotxinilaren estraktuan zein zabalduta zeuden konturatzeko, pentsa, Starbucks kafetegi-katearen Frapuccinoak intsektuen estraktu hori erabiltzen zuen marrubi kolorea lortzeko. Esan behar da, dena den, 2012an kateak jakinarazi zuela koloratzaile hori beste batengatik ordezkatuko zuela.

Tira, hemendik aurrera produktu edo elikagai baten etiketan E 120, azido karrminikoa edo kotxinila estraktua ikusten baduzu, badakizu nondik lortzen den. Horiexek dira kimikaren sekretuak. Intsekturik ez baduzu jan nahi gehigarri hori duten elikagaiak baztertu beharko dituzu, baina, lasai, intsektuak jateagatik ez zaizu ezer gertatuko eta.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Zure janarian dagoen intsektuaren sekretu gorria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak

mer, 2017/12/06 - 09:00
Juanma Gallego Gorputzarekiko atsekabearen jatorrian hedabideen eragina dagoela dioen sinesmena zabalduta dago, bai gizartean zein arlo akademikoan. Halere, ideia hori babesten duen froga nahikorik ez dagoela aldarrikatzen du ikertzaile batek.

Kontrakoa dirudien arren, uste baino zailagoa da jendea manipulatzea. Batez ere, Gerra Hotzaren garaian argi geratu zen hori. Koreako Gerran (1950-1953), Erresuma Batuko eta AEBetako zenbait soldadu gatibu kapitalismoaren kontrako gutun sutsuak idazten hasi ziren. Nola lortu zuten ba komunistek gazte abertzale horiek hain modu errazean doktrinatzea? Ondorengo ikerketek eman zuten erantzuna: egiatan, ez zuten lortu; edo, hobeto esanda, pertsuasioaren mirari magikorik erabili gabe lortu zuten. James A. C. Brown psikiatrak Techniques of Persuasion. From propaganda to brainwashing liburuan zehazten duenez, komunismoa besarkatu zuten gehienek aldez aurretik ideia komunista edo sozialistak zituzten. Herrialde komunista batean preso egotea izan zen, hain zuzen, ideia horiek garatzeko bidea eman ziena.

Ondorengo urteetan ere CIAk diru eta baliabide mordoa xahutu zituen MK-ULTRA bezalako programetan arerioei “garuna garbitzeko” modua aurkitu nahian. Beste behin ere, alferrikakoak izan ziren ahalegin horiek guztiak.

1. irudia: Hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuak anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri direla zabalduta dago. (Argazkia: Raphael Ferraz / Unsplash)

Antzeko ahalmen ia miraritsuak lepora zaizkie askotan hedabideei. Horiek omen dira besteak guk ez bezala pentsatzera eramaten dituzten errudunak. Ideia horren haritik, denetariko teoriak mahai gainean jarri dira, eta horietako batzuek ñabardura garrantzitsuak egin dituzte. Agian ezagunena Joseph T. Klapper ikertzaileak bultzatutakoa da: errefortzuaren teoriaren arabera, hedabideek aldez aurretik finkatutako iritziak indartzen dituzte; baina, berez, ez dituzte aldarazten.

Elikadura asalduren arlora etorrita ere, antzeko planteamenduak sustraituta daude. Ez soilik herri irudimenean, akademian ere. Horren arabera, hedabideek emakumeei buruz zabaltzen dituzten irudi estereotipatuek anorexia edo bulimia bezalako asalduren jatorri omen dira; edo, gutxienez, eragile garrantzitsuak dira. Argudio hori kolokan jarri duen Christopher J. Ferguson ikertzailearen planteamendua ekarri dugu gurera, eztabaida piztuko duelakoan.

“Hedabideen eraginari buruzko arlo gehienetan gertatu ohi den bezala, datuetara begiratuz, jabetzen gara egia konplexua dela”, dio psikologo honek. Beste bi ikertzailerekin batera, Review of General Psychology aldizkarian 2011n argitaratutako artikulu batean azaldu zuen planteamendua Texas A&M Nazioarteko Unibertsitateko psikologoak. Bestetik, iaz Huffington Post egunkari digitalean argitaratutako artikulu batean planteamendua era informalagoan babestu zuen. Azken honetan dioenez, komunikazioaren psikologiaren alorreko “behi sakratua” izan da gaia.

Nerbiotako anorexia eta bulimia hartu dituzte ikerketaren abiapuntutzat. Eskaini dituzten datuen arabera, maila batean edo bestean, mendebaldeko gizarteetan, emakumeen %40-50 inguruk izaten du norbere gorputzarekiko atsekabea, eta horrek elikadura asaldura eragin dezake.

Arazo hauen jatorrian hedabideetan azaldutako irudiak daudela suposatutzat eman da. APA Amerikako Psikologia Elkarteak 2007an argitaratutako txosten bat jarri dute adibidetzat. Bertan ondorioztatu zuten hedabideek rol garrantzitsua betetzen zutela neskek izaten zuten atsekabeak azaltzeko.

2008an eta 2013an egindako bi meta analisi aipatzen ditu bere argudioak babesteko. Hurrenez hurren, ehun bat eta berrehun bat ikerketa berrikusi ziren meta-analisi horietan. Gaiaren bueltan landutako literaturaren analisitik ateratako ondorioa honela laburbildu du egileak: “Hedabideetako eraginak txikiak eta idiosinkratikoak izan ohi dira, eta aurretiaz gorputzarekiko kezka duten andreei mugatuta daude; zioa baino, oroigarri dira normalean“.

Adinkideak, gako

Psikologoek ikerketa artikuluan diotenez, hedabideek duten eraginari buruzko ikerketa ugari egin dira, baina askoz gutxiago izan dira adinkideen eragina aztertu duten ikerketak. Hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke abiapuntua. “Adinkideek atsekabean eragin dezaketela onartu duten ikertzaileak badaude ere, gorputzari buruzko irudiaz izan den literaturak hedabideetan fokalizatuta jarraitzen du”.

2. irudia: Ferguson psikologoaren arabera, hedabideetan baino, lagunartean egon daiteke elikadura asalduren abiapuntua. (Argazkia: Katy Belcher/ Unsplash)

Ikuspuntu ebolutibo batetik aztertu dute gaia. Izan ere, egileen ustez, indar soziokulturalek emakumeen arteko lehia hauspotzen dute, eta lehia horrek gorputzarekiko atsekabean eragiten du. Hautespen sexualaren teoria baliatu dute egoera azaltzeko. Jatorrian, biologiaren teoria ezagunaren lehia intra-sexuala eta inter-sexuala leudeke atzean.

Hitzezko iruzkinak eta konparaketak, edertasun arauen komunikazioa edota edertasunean oinarritutako norberaren balioaren atribuzioa aipatu dituzte arrazoi gisa. “Bikotea eskuratzeko lehiak gidatzen ditu sozializazio prozesu hauek”. Argaltasuna mendebaldeko gizarteetan balio estetiko gisa sustraituta badago ere, hau ez da berdin izaten kultura eta garai guztietan. Kasu horietan, andreek pisu gehiago edukitzeak adierazten zuen janaria eskuratzeko baliabide gehiago zituztela, eta, ondorioz, ugalketarako arrakasta aukera gehiago zeudela.

Bereziki anorexiaren kasuan, genetikaren eragina handia izan daitekeela diote, beste asaldura mota batzuetan inguruneak indar gehiago duen bitartean. Halere, psikologiaren ikuspuntutik landutako artikulua izanda, ez dute sakondu gaian, lotura hori “konplexua” dela esanez.

Gai honetan ere errua hedabideei leporatzea ohikoa da. “Ikerketak erakutsi du gizakiak askotan ez direla gai beren portaeraren zioak bereizteko, eta kultur narratibetara jotzen dutela beraien portaera eta besteena azaltzen saiatzeko”. Bestalde, modu honetan “gaizkile argi” bat lortzen da, hedabideak kopla-buruko gisa hartuta.

Froga bezala, Iraneko emakumeekin egindako ikerketa bat aipatu dute. Bertan AEBtan eta Iranen bizi ziren andreen elikadura asaldurak alderatu ziren, baina aparteko desberdintasunik ez zuten topatu. “Hau garrantzitsua da, Iranek Mendebaldeko hedabideak debekatu dituelako 1979tik, eta beloarekin edo soingainekoarekin gorputzak babestera behartzen ditu emakumeak”.

Alborapen ideologikoak

Egin diren zenbait hurbilketaren kritika zorrotza ere egin dute, haien abiapuntu beratik alborapena dutelako. “Zenbait ikerketatan, asmoa hain da agerikoa, ezen nahiko argi baitago parte-hartzaileek benetako erantzunak aldatu dituztela, ikertzaileei nahi dutena emateko”.

Gainera, halako ikerketatan bestelako akatsak ere aurkitu dituzte. Adibidez, maila berean jarri izan dira hedabideetan agertzen diren “emakume argal erakargarriak” eta “batez besteko pisua duten emakume erakargarriak”. Aldagai horiek guztiek elikadura asaldurekin lotu dira, argaltasuna bereizi gabe.

Bestetik, asaldura hauek arraroak direla aipatu dute (AEBtako datuei erreparatuz, anorexiaren kasuan, %0.4koa da prebalentzia; bulimiaren kasuan, %1-1.5ekoa), eta horrek zailtasunak dakartza parte-hartzaileen kopuru esanguratsuak lortzeko. Argitalpenei lotutako alborapena ere iradoki dute, zientzian ohikoa den arazo batean oinarrituta: aldizkariak aldagaien arteko loturak frogatzen dituzten ikerketak argitaratzea nahiago dute, eta ez, horrenbeste, loturarik eza frogatzen duten ikerketak.

Amanda J. Holmstrom ikertzailearen zuhurtzia aipatzen dute ere. “Badirudi emakume argalen irudiak ikustearen eragina etxeak edo lorategiak ikustearen parekoa dela: hutsa”.

Fergusonek argi utzi du bere jarrera, moralitatea eta errealitatea bereizi behar direla aldarrikatuz. “Ez dut zalantzarik: argaltasunari buruz hedabideek zabaltzen duten ideala zakarra eta askotan moralki arbuiagarria da”. Hala ere, “komunikazioaren psikologiari askotan zaila egiten zaio moralitatea eta datu onak bereiztea”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Christopher J. Ferguson et al. Who Is the Fairest One of All? How Evolution Guides Peer and Media Influences on Female Body Dissatisfaction. Review of General Psychology 2011 , Vol. 15, No. 1, 11–28 DOI: 10.1037/a002260

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hedabideak ez omen dira anorexia eragiteko bezain boteretsuak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Auto elektrikoaren parabola

mar, 2017/12/05 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Bazirudien XX. mendean izugarri garatuko zirela auto elektrikoak. Izan ere, industri jarduera askori on egin zion elektrizitateak. Ez zen ordea horrelakorik gertatu autoen esparruan. Guk dakigula, Robert Davidon kimikari britaniarrak egin zuen lehenengo auto elektrikoa Aberdeenen 1837.ean. 1842.ean, zink-bateriadun auto bat egin zuen. Galvani izena jarri zion eta autoak 4 mila egiten zuen orduko.

Robert Davidonen autoan kontsumitzen zen zinka, berrogei aldiz merkeagoa zen lurrun-makina batean emaitza berberak lortzeko erabili behar zen karbonoa baino. Edonola, erabiltezina zen garai hartan. 1884.ean, Thomas Parkerrek bateria birkargarriko auto bat egin zuen lehendabizi, Londresen. Izatez, prototipo bat izan zen. 1888.ean, Andreas Flockenek zinez lehenengo auto elektrikotzat jotzen dena egin zuen Alemanian. Ordutik, industri esparruan hasi ziren fabrikatzen, eta nahiko arrakasta handia izan zuten, erosoak eta erabilerrazak zirelako.

Irudia: Lehenengo auto elektrikoa 1837an egin zuten eta 1912ra arte barne errekuntzakoak baino ohikoagoak ziren. Esaterako, sasoi hartan 30.000 bat auto elektriko zeuden Amerikako Estatu Batuetan.

XIX. mendearen bukaera aldean, Londresen bazeuden taxi elektriko ugari: “kolibri” izenekoak. Polizia Metropolitarraren Elkarteak arautu egin zituen auto horien trafikoa eta zaldi-orgena. Izatez, auto elektrikoek bi aldiz toki gutxiago hartzen zuten zaldi-orgek baino.

Antzerako taxiak egon ziren Parisen, Berlinen eta Nueva Yorken. XX. mendearen hasieran, 30.000 bat auto elektriko zeuden Amerikako Estatu Batuetan. Jendeari gehiago gustatzen zitzaizkion gasolinakoak baino. Izan ere, zarata gutxiago ateratzen zuten, eta ez zuten hirietako airea kontaminatzen, baina hala ere, hamarkada batean beren fabrikazioak behera egin zuen, eta azkenean utzi egin zioten fabrikatzeari. Zaldi-orgen gidariek sutsuki plazaratu zituzten auto elektrikoek izan zituzten eragozpenak eta istripuak. Azkenean, lortu zuten London Electric Cab Company izenekoa merkatutik ateratzea. Egia da hainbat arazo tekniko izan zituztela, baina beren etsaiek ahalegin guztiak egin zituzten auto elektrikoei ahalik eta itxura txarrena emateko.

Aldi berean, petrolio-erreserba handiak aurkitu ziren eta horrek erregai horren prezioa izugarri jaitsarazi zuen. Horrela, Henry Ford hasi zen gasolina-autoak saltzen… auto elektrikoen prezio erdian. Gainera, Amerikako Estatu Batuetan errepideak hobeak egiten hasi ziren, eta luzera handiko bidaiak egiten hasi ziren amerikarrak. Horrelako bidaiak ezin zituzten egin auto elektrikoek, autonomia txikia zutelako, eta bateriak kargatzeko denbora luzea behar zutelako. 1912.ean, abiarazteko motorra asmatu zen, eta horrek betiko egin zuen barne errekuntzako motordun autoen alde. Horrelaxe bukatu zen ba mendea: hasieran auto elektrikoa bazen nagusi, barne errekuntzakoa gailendu zen bukaeran.

Auto elektrikoaren porrota oso argigarria da berrikuntzen nondik norakoak ondo ulertzeko. Izan ere, hasiera batean berrikuntza batzuek onuragarri ematen dute, baina porrot egiten dute, sortzen diren une horretan. Baldintza batzuk batera bete behar dira berrikuntzak aurrera egin dezan eta ez da nahiko ideia ona izatea. Ziur aski, horregatik ahaztuko ziren arrakastatsu izan litezkeen berrikuntza asko eta asko, agian denboraz kanpo sortu zirelako. Hori dela eta, egun berreskurapen-egitarauak ari dira abian jartzen, porrot egin zuten ideiak berriz abian jartzeko asmotan.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Auto elektrikoaren parabola appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Etnozentrismoa produktuen kontsumoan

lun, 2017/12/04 - 09:00
Kontsumitzaileen etnozentrismoaren eta aldi berean eskualdekoak, tokikoak eta tradizionalak diren produktuen kontsumoaren arteko harremanaren inguruko ikerketa argitaratu du Aitor Calvo ikertzaileak.

Irudia: Elikagaiak erosteko garaian kontsumitzailearen erabakian produktuaren jatorriak duen garrantziari buruz ikertu du Aitor Calvo Turrientes ikertzaileak.

Kontsumitzaileen artean oso estimatuak dira produktu hauek eta proportzio handi batean erosten dituzte beste alternatiba batzuen aldean, emaitzen arabera. Horretaz gain, kontsumitzailearen etnozentrismo mailak zenbaitetan, ez beti, eskualdeko, tokiko eta tradizional diren produktuen erosketa efektiboarekin lotuta dagoela ikusi da.

Tokiko produktua, eskualdeko produktua eta produktu tradizionala kontzeptuak independienteak balira bezala landu ditu literaturak. Hala ere, praktikan, lotuta dauden kontzeptuak dira elikagai ugaritan. Aldi berean eskualdeko, tokiko eta tradizionalak diren produktuak badira. Hauek dira, hain justu, ikerketa honetan aztertutakoak.

Norbere kultura oinarri hartuta irizpide esklusiboa eratzen duen joera emozionala, beste talde, arraza edo gizarte batzuen portaerak interpretatzeko eta, ondorioz, bere kulturari ez dagokion guztia gaitzetsi, kanporatu edo baztertzeko joera emozionala da etnozentrismoa. Tokiko, eskualdeko eta tradizionalak diren produktuen kontsumora aplikatuta, bestelako jatorria duten produktuen aurrean, elikagai hauek kontsumitzeko aurrejoera litzateke etnozentrismoa.

Produktu zehatzak bi lokalizaziotan

Marka zehatzak aztertu dira produktu kategoria desberdinen barruan, Espainiako bi ingurune geografiko desberdinetan. Hala, jatorri-deitura duten lau produktu hartu dira kontuan: Idiazabal gazta JDP, Errioxa (Arabako Errioxa) JDP ardoa, Torta del Casar JDP gazta eta Dehesa de Extremadura JDP urdaiazpiko ondua. Ingurune geografikoari dagokionez, Euskadiko eta Extremadurako kontsumitzaileen lagin banak egin dituzte produktu horien balorazioari eta erosketari buruzko galdera sortak. Horretaz gain, gainera, haien joera etnozentrikoen inguruko galderei ere erantzun diete parte hartzaileek.

Bi helburu nagusi zituen lanak: Aldi berean eskualdeko, tokiko eta tradizionalak diren produktuen balorazioa ezagutzea, horretarako elikagai marka jakinak aztertuta, batetik, eta produktu hauen balorazioak eta erosketak kontsumitzaileen etnozentrismo mailarekin harremanik duten argitzea, bestetik.

Lortutako emaitzen arabera, aztertutako produktu mota hauek oso estimatuak izateaz gain, proportzio handian erosten dira. Ikerketak erakutsi du, gainera, aldi berean eskualdeko, tokiko eta tradizionalak diren produktuen erosketak eta kontsumitzailearen etnozentrismo mailak zenbaitetan lotura dutela eta lotura hori elikagai kategoriaren arabera alda daitekeela. Kontsumitzailearen etnozentrismoak duen eraginaren analisian produktuaren kategoria barne hartzeko premia agerian uzten du azken honek.

Aurretik egin izan diren azterlan gehienetan produktuen balorazioa egitea, batetik, eta, bestetik, erosketa asmoa agertzea eskatzen zitzaien kontsumitzaileei, maila orokor eta abstraktuan, merkatuan eskuratu eta kontsumitu dezakeen marka zehatz bat baloratzeko aukera eman gabe.

Erreferentzia bibliografikoa:

Pilar Fernández Ferrín, Aitor Calvo Turrientes, Belén Bande, Miren Artaraz Miñón, M. Mercedes Galán Ladero. ‘The valuation and purchase of food products that combine local, regional and traditional features: The influence of consumer ethnocentrism Food Quality and Preference (Available online 25 September 2017) DOI: https://doi.org/10.1016/j.foodqual.2017.09.015

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Etnozentrismoaren eragina kontsumitzaileengan.

The post Etnozentrismoa produktuen kontsumoan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #179

dim, 2017/12/03 - 09:00
Uxune Martinez

Geomorfologia

Eñaut Eizagirre glaziologoaren esanetan glaziarrak klimaren indikatzaile sentikorrak dira. Azken urteotan etengabe urritzen ari dira glaziarrak, eta hauek ur gezetako biltegi naturalik handienak dira. Hurbileko glaziarrei erreparatuz gero neurketek adierazten dute 1850ean Pirinioetako glaziarrek hartzen zuten %88 gutxitu dela. Izan ere, duela mende eta erdi 52 glaziar zeuden eta egun 19. Egoera berdintsua da mundu mailan eta kezkagarria, esaterako, Asian. Asian glaziarrak lehorteari aurre egiteko ezinbesteko ur iturri dira eta modu batean edo bestean 800 milioi lagun inguruk glaziar horiekiko mendekotasuna dutela kalkulatu du Hamish Pritchard glaziologoak. Berrian hurbiltzen digu gaia Juanma Gallego kazetariak: Milaka glaziar, hamaika galdera.

Geologia

Tomografia sismikoaren bidez lurraren barneko egituraren hiru dimentsiotako irudiak lortzen dira. Tomografien irudiak lurrikarek edo leherketa kontrolatuek sortzen dituzten uhin sismikoak eta munduan zehar sakabanatutako sismografo-sarea erabiliz lortzen dira. Tomografia sismikoak sakonera jakin batzuetan gertatzen diren uhin-sismikoen abiadura-anomaliak erabiltzen ditu oinarri gisa. Teknika hau baliagarria da luma gorakorren agerpenari buruzko eztabaidan laguntzeko. Hori berori azaltzen digu Arturo Apraiz geologoak: Luma gorakorrei buruzko behin betiko froga?

Teknologia

Tesla Semi du izena eta kamioi elektriko ahaltsua da bera. Tesla etxeak aurkeztu berri duen kamioiak 40.000 kg-ko karga eraman dezake eta 800 km-ko autonomia izango du. Ekoizleen esanetan egungo kamioien parekoa izango da prestazioei dagokionez baina garbiagoa eta epe ertainera ekonomikoagoa, erregaiaren aurrezpena bideratzen baitu. Tesla Semi 2019an izango da merkatuan. Sustatu agerkariak eman digu kamioi honen berri: Kamioi elektriko ahaltsua aurkeztu du Teslak.

TCP/IP protokoloa konputagailu sareen arteko datuen garraioa eta datuen ibilbidea bideratzen duen protokolo multzoa da. Aldiz, ERMS (European Rail Traffic Management System) trenen trafikoa bideratzen duen protokoloa da eta zaharkitua egoteaz gain, ez dago ia hornitzailerik. Hori dela eta, UPV/EHUk eta CAFk egindako ikerketa batek IP teknologiara egokitzeko komunikazio arkitektura proposamena egin du, trenbideetako komunikazioen segurtasuna, fidagarritasuna eta erabilgarritasuna bermatuko duena: Trenbideetako komunikazio gaurkotzen.

Genetika

Nork ez du izan tripako edo sabeleko mina? Guztiok pairatu dugu noizbait. Min horren oinarrian hainbat arrazoi egon daitezkeen arren (birusak, gehiegi edo gutxiegi jatea, urduritasuna…), hauek ez dute kasuistika guztia erantzuten. Izan ere, genetikak ere badu zerikusia. Hori berori azaldu digu Koldo Garcia genetistak asteon: Geneak, bakterioak eta sabeleko mina artikuluan. Digestio aparatuko heste luzean ematen diren hainbat gaixotasunen oinarri genetikoei erreparatu die ikertzaileak. Esaterako, Crohn-en gaitzean immunitate-sistemarekin lotutako geneek eragiten dute eta ultzeradun kolitisaren kasuan hesteetako mukosarekin lotutako geneek.

Elhuyar aldizkarian azaldu digutenez, kode genetikoa artifizialki hedatuta duten bakterio erdisintetikoak gai dira aminoazido ez-naturalak dituzten proteinak sortzeko. Aurkikuntza 2014an The Scripps Ikerketa Institutuko ikertzaileek abian jarri zuten ikerketa baten emaitza da. Ikertzaileok biologia sintetikoaren ametsetako bat egi bihurtu dute: proteina ez-naturalak sintetizatzeko gai diren organismoak sortzea.

Medikuntza

Pubertaroan mutilek neskek baino 1,5 aldiz gehiago izaten dute asma. Nerabezarotik aurrera, ordea, joera irauli egiten da, eta emakumeek bi aldiz gehiago izaten dute asma. Zergatik dute emakumeek asma izateko gizonek baino arrisku handiagoa? Berriki egin den ikerketa baten arabera testosterona izan daiteke gakoa. Honek biriketan hartura eta mukia sortzea eragiten dituen immunologia-zelula baten funtzionamendua eragozten duela frogatu dute ikertzaileek. Elhuyar aldizkarian eman dizkigute honen berri: Testosteronak asma izateko arriskua apaltzen duela frogatu dute.

Yersinia pestis bakterioak aspaldi egindako bidea jarraitu du Max Planck institutuko zientzialariek gidatutako ikerketa batek. Ondorioztatu dutenez, izurritea ia duela 5.000 urte iritsi zen Europara, Asiako estepetatik etorri zen, Jamna herriak ekarrita. Gaixotasun honen antzinako aldaerak ikertuta, ikertzaileek izurritearen eboluzioa jarraitu dute, eta hain gaixotasun bortitza zergatik bilakatu zen argitu nahi izan dute. Ikusi dute izurritearen etorrera eta Asiako estepetatik duela 4.800 inguru heldutako nomaden sarrera gutxi gorabehera une berean gertatu zirela. Datu guztiak Juanma Gallego kazetariaren eskutik: Hizkuntza berria, puntako teknologia… eta izurria ekarri zituzten ekialdeko abeltzainek.

Azaroaren 17an jakinarazi zutenez, Xiaoping Ren mediku txinatarrak eta bere taldeak gizakien arteko lehen buru-transplantea egitea lortu zuten. Oraingoz hilotzen artekoa izan da transplantea, baina, Sergio Canavero neurozientzialaria ere tartean da; eta hark esan zuen 2017rako gizaki bizidunen artean transplante arrakastatsuak lortuko zituela. Momentuz ez du hitza bete Cavanerok eta Josu Lopez-Gazpio ikertzaileak azaltzen digu buru-transplantea gizakien arteko buru-transplanteak kimera hutsak direla une honetan, adituen ustez: Gizakien buru-transplanteak, posible ote?

Matematika

Emakume matematikarientzat eredugarri izan zen Maryam Mirzakhani matematikaria, Fields domina irabazi duen emakume bakarra. Maryam Mirzakhani Teheranen jaio zen 1977an, matematikarekiko grina erakutsi zuen gaztetik. Mirzakhanik 2004an eskuratu zuen doktore titulua Harvarden, tesi bikain bat eginda. Estatu Batuetan matematikarako dauden unibertsitate onenetatik pasatu zen Mirzakhani. Sariak ere eskuratu zituen: Blumenthal saria (2009) doktore tesiagatik, Ruth Lyttle Satter saria (2013), eta esan dugun moduan, Fields domina (2014). Minbiziak eraman zuen 2017ko uztailean, berrogei urte zituenean. Javier Duoandikoetxea matematikariak ekarri digu haren historia: Maryam Mirzakhani, emakumea, matematikaria, irandarra, saritua.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #179 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #193

sam, 2017/12/02 - 09:00

Antigorputzak bezain espezifikoa eta farmakorik potenteena bezain eraginkorra dena da minbiziaren aurkako terpia ideala. Zelan ez zaio inori buratu? Agian bai, Isabel Pérez Castro hau bearu lortzeko dabil lanean Antibody-drug conjugates, a fine example of teamwork

Etorkizuneko dispositibo teknologikoen oinarri izango diren materialen portaera elektronikoak presizioz diseinatzeko erreminta kaxara tresna berria gehitzen lagundu du DIPCk: Electronic engineering of quantum dot arrays

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #193 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Maryam Mirzakhani, emakumea, matematikaria, irandarra, saritua

ven, 2017/12/01 - 09:00
Javier Duoandikoetxea Minbiziak eraman zuen joan den uztailean Maryam Mirzakhani, berrogei urteko matematikaria, Fields domina irabazi duen emakume bakarra.

1. irudia: Maryam Mirzakhani (1977-2017) matematikariak Fields domina jaso zuen 2014an. Saria irabazi duen emakume bakarra.

Fields domina sari ospetsua da matematikan. Nobel sariaren parean jarri bada ere, badu haren aldean berezitasun bat: berrogei urtetik beherakoei bakarrik ematen zaie. 1936ko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan eman ziren lehen aldiz sariak eta bi izan ziren. Bigarren Mundu Gerraren etenaren ondotik, 1950etik aurrera lau urterik behin egiten diren kongresu horietan banatzen dira dominak. Hasieran sari bi ziren kongresu bakoitzean; 1966tik aurrera bi eta lau artean izaten dira sarituak. 2010era arte 52 matematikari ziren Fields dominaren irabazleak, denak gizonak. 2014an azaldu zen lehen aldiz emakume bat sarituen artean, Maryam Mirzakhani irandarra; beste hirurak gizonezkoak ziren.

Matematikarako grina

Maryam Mirzakhani Teheranen jaio zen 1977an, artean Persiako xah Reza Phalavi agintean zela. Haur txikia zen xah kanporatu eta Iran islamiar errepublika bihurtu zuten aldaketa politikoak gertatu zirenean. Umetan bizi izan zuen halaber Iraken aurkako zortzi urteko gerra izugarria (1980-1988), milioi bat hildako eragin omen zuena. Bitartean, Maryamek lehen mailako ikasketak egin zituen eta, horiek bukatuta, bigarren mailakoei Farzanegan eskolan ekin zien. Eskola hori eliteko zentroa zen, neskentzat, eta sarrera-probak gainditu behar ziren onartua izateko.

Zentro berean jarraitu zuen hurrengo mailan ere, eta ordurako matematikarako trebezia erakutsia zuen. Olinpiada matematikoetan parte hartzeko mutilei eskaintzen zitzaien moduko prestakuntza berezia eskatu zuen Roya Beheshti lagunarekin batera, baita lortu ere. Lagun biak izan ziren Irango ekipoko kide 1994ko Nazioarteko Olinpiada Matematikoan. Lehen aldia zen emakumeak zeudela Irango ordezkarien artean. Gainera, Mirzakhanik urrezko dominetako bat eskuratu zuen eta Beheshtik zilarrezkoa. Hurrengo urtean ere Mirzakhanik urrea eskuratu zuen, gehienezko puntuazioa lortuta [1].

2. irudia: Maryam Mirzakhani (1977-2017) matematikaria lanean, zirriborroak egiten. Haren esanetan: “Norbaitek buruketa matematiko zail bati bueltak ematen dizkionean eta ez dituenean xehetasun guztiak idatzi nahi, zirrimarrak eginez problemarekin bat egitea lor daiteke”. (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga)

Teherango Sharif Unibertsitatean egin zuen matematikako karrera eta 1999an graduatu zen. Urtebete lehenago gertaera latz bat bizi izan zuen. Unibertsitateko ikaslerik onenak matematikako lehiaketa batera eraman zituzten Ahwaz hirira. Handik Teheranera bueltan zetozela, autobusak istripu bat izan zuen eta amildu egin zen. Zazpi gazte eta autobuseko gidari biak hil ziren. Mirzakhani eta Beheshti bizirik irten ziren.

Tesia egitera Estatu Batuetara jo zuen, Harvard unibertsitate ospetsura, hain zuzen. Curtis McMullen izan zen Mirzakhaniren tesi-zuzendaria. Aurreko urtean, 1998an, McMullen bera izan zen Fields dominaren irabazleetako bat. Mirzakhanik 2004an eskuratu zuen doktore titulua Harvarden, tesi bikain bat eginda, eta, ondoren, beste unibertsitate famatu batera joan zen, Princetonera, non irakasle laguntzailea izateaz gain, Clay Fundazioaren doktorego ondoko beka ospetsua ere izan baitzuen. Berriro nabarmendu zen ikerketan eta 2008an Stanford Unibertsitateak irakasle (Professor) izendatu zuen. Estatu Batuetan matematikarako dauden unibertsitate onenetatik pasatu zen Mirzakhani. Sariak ere eskuratu zituen: Blumenthal saria (2009) doktore tesiagatik, Ruth Lyttle Satter saria (2013), eta esan dugun moduan, Fields domina (2014).

Fields domina eskuratzen lehen emakumea

Haren lan matematikoa geometria eta sistema dinamikoen arloetan kokatzen da. Ibilbide arrakastatsua izan zuen tesia egin zuenetik, baina jorratzen zituen arloetatik kanpo ez zen horren ezaguna, ezta beste arloetako matematikarien artean ere. Halako batean, denok ezagutu genuen, Fields domina eman ziotenean. Orduan ikasi genuen haren izena, jakin genuen zelako bizitza izan zuen eta zer ziren saria eskuratzera eroan zuten lanak [2].

3. irudia: 2014an Seulen Fields dominaren emate ekitaldia. Bertan, Maryam Mirzakhani matematikaria Hego Koreako Park Geun-hye presidentea eta Nazioarteko Matematika Elkarteko presidentea, Ingrid Daubechiesen artean. (Argazkia: Seoul ICM 2014 – International Congress of Mathematicians)

Domina eskuratu baino urtebete lehenago aldatu zen Mirzakhaniren bizitza: bularreko minbizia antzeman zioten. Hain zuzen, minbiziaren aurkako tratamenduan zela hartu zuen saritua izango zenaren berri eta domina hartzera ez joatekotan egon zen. Nazioarteko Matematika Elkarteko presidentea ere emakumea zen, Ingrid Daubechies belgikarra, eta ahalegin berezia egin zuen emakume batek Fields domina eskuratzen zuen lehen aldi hura zuzenean gerta zedin. Baita lortu ere, Mirzakhani Seulen izan zen kongresuaren hasierako zeremonian eta han hartu zuen saria Hego Koreako presidentearen eskutik, hura ere emakumea. Beste partaideen eta hedabideen presiotik libratzeko emakume batzuek babes-talde bat antolatu zuten Mirzakhaniren inguruan.

Irango emakumeek, lege islamikoari jarraituz, burua estalita eraman behar dute. Mirzakhanik ez zuen hijaba erabiltzen bizitza arruntean, Irandik kanpo bizi baitzen, eta horrela agertzen da argazki gehienetan. 2014ko abuztuan, Mirzakhani zoriontzeko idatzi zuen txioan, Hassan Rohani Irango presidenteak argazki bi ipini zituen, batean burua estalita agertzen zen eta bestean ez. Harrigarria egin zitzaien askori Irango presidenteak halako tabu bat apurtu izana hijab gabeko argazkia zabaltzean.

Uda honetan ere, hil eta gero, Irango hedabide batzuek buru-has erakutsi dute Mirzakhani eta halaxe agertu zen haren memorian Teheranen egin zen zeremonia erlijiosoaren atariko argazkian ere.

4. irudia: Maryam Mirzakhani 2017ko uztailaren 20an agurtu zuten Teheranen zeremonia erlijioso batekin. Ekitaldia egin zen egoitzako sarreran Maryamen irudia jarri zuten, buru hutsik agertzen zen. (Argazkia: Kimia Nik / Isna Photo)

Garai hauetan, neska gazteak zientziara bultzatzeko ekimenak asko dira. Beti aipatzen da eredu falta, zientzialariaren eredu tipikoa gizonezkoa baita. Emakume matematikarien kasuan, esaterako, historian egon diren apur batzuk aipatzen dira, baina ez da ohikoa gaur egungo adibideak jartzea. Fields domina lortzen zuen lehen emakumea izanda, bazirudien Mirzakhani oso egokia zela eredu moderno modura agertzeko. Horren adibide dira Women in Science liburuko protagonisten artean sartu izana, baita emakume zientzialariei buruzko karta joko batean ere. Domina eskuratu zuenean mundu guztiko hainbat hedabidetan agertu bazen, haren heriotzaren berri are leku gehiagotan ikusi ahal izan dugu [3].

Ingrid Daubechies matematikariaren hitzak irakurri genituen 2014ko abuztuaren 13ko Berrian:

“Albiste bikaina da. Emakumeak oraindik ez daude nahikoa presente ikerketa matematikoan, eta Mirzakhani eredu bat da, emakume gehiago lehen postuetara erakartzeko”.

5. irudia: 2018 Women in Science egutegiko urtarrileko orria. (Ilustrazioa: Rachel Ignotofsky)

Beste emakume matematikari batzuentzat ere eredugarri zen: “she became an instant legend [saria eman ziotenean]”, dio Izabella Laba poloniarrak. Izan dadila, beraz, Maryam Mirzakhani matematikari irandar handia zientziara bideratuko diren neska gazteentzako eredu. Baina askoz gehiago emango ziokeen matematikari eta emakumeek zientzian duten lekuari, herioak tamalez hain gazterik eraman izan ez balu.

Oharrak:

[1] Nazioarteko Olinpiada Matematikoan sei problema jartzen dira eta bakoitzak zazpi puntu balio ditu. Herrialde bakoitzak gehienez sei partaideko ekipoa aurkez dezake. 1994an 30 urrezko domina eman zituzten, 40 puntutik gorakoentzat (Mirzakhanik 41 lortu zituen); 385 partaidetatik 25 ziren emakumeak. 1995ean ere 30 urrezko domina eman zituzten, 37 puntutik gorakoentzat (Mirzakhanik 42 lortu zituen); 412 partaidetatik 26 ziren emakumeak. Aurtengo 615 partaidetatik 62 izan dira emakumeak eta 48 urrezko domina eman dituzte, 25 puntutik gorakoentzat. Iturria: https://www.imo-official.org/.

[2] Orain leku askotan aurki daiteke informazio hori. Esate baterako, web orri hauetan: 1, 2, 3.

[3] Ingelesezko Wikipediako artikuluaren erreferentzietan daude horietako askoren estekak.

——————————————-
Egileaz: Javier Duoandikoetxea Analisi Matematikoko Katedraduna da UPV/EHUn.

——————————————-

The post Maryam Mirzakhani, emakumea, matematikaria, irandarra, saritua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizakien buru-transplanteak, posible ote?

jeu, 2017/11/30 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Azaroaren 17an jakinarazi zutenez, Xiaoping Ren mediku txinatarrak eta bere taldeak gizakien arteko lehen buru-transplantea egitea lortu zuten. Oraingoz hilotzen artekoa izan da transplantea, baina, Sergio Canavero neurozientzialaria ere tartean da; eta hark esan zuen 2017rako gizaki bizidunen artean transplante arrakastatsuak lortuko zituela.

Oraingoz Canaverok ez du bere hitza bete, eta zientzia-komunitatean zalantza handiak daude Txinan lortutako buru-transplantea bizidunen kasurako bideragarria ote den. Ren jaunak berak duela urte bat antzeko esperimentuak egin zituen tximuen buru eta gorputzekin, baina erabiltzen duen metodoei buruzko informazio argirik ez du erakutsi. Une honetan, argi gutxi eta itzal asko ikusten dira.

1. irudia: Gizakien arteko buru-transplanteak kimera hutsak dira une honetan, adituen ustez. (Argazkia: 52Hertz / Pixabay.com)

Buru-transplanteak tabu modukoak izan dira medikuntzaren arloan; ankerkerien mundukoak. Hilezkortasunarekin ere lotu izan dira noizbait. Beti gazte izateko irtenbidea litzateke, baina, amets bat bestetik ez, ziur asko. Hala ere, gorputz baten burua beste batean jartzen saiatu direnak egon dira. 1954an, esaterako, Vladimir Demikhov zientzialari sobietarrak txakurrekin mota horretako esperimentuak egiten aritu zen —ez bakarrik buruekin—, eta txakur txiki baten burua eta aurreko hankak txakur handiago batean transplantatzea lortu zuen. Irudi gogorrak dira, baina, esperimentuaren emaitzaren bideoak ikusgai daude sarean. Egungo ikuspuntu etikotik onartezina litzatekeen arren, Demikhovek ez zion esperimentuari amaiera eman eta 6 egunez biziraun zuen izaki hark. Zientzialari sobietarra nahiko ezezaguna den arren, badira haren ikerketak oso garrantzitsuak izan zirela dioenik ere. Txakurren Frankensteina bezala ezagutzen da, bai, eta esperimentu bidegabeak egin zituen, bai; baina Demikhoven esperimentu ankerrei esker egungo kirurgiaren oinarriak ezarri ziren. 1967an gizakien arteko lehen bihotz-transplantea lortu bazen, Demikhovei esker izan zen. 1960an ere antzeko esperimentu bat egin zen eta tximu baten burua beste tximu baten gorputzean transplantatzea lortu zen. Hala ere, bizkarrezurra lotzea ezinezkoa izan zenez, ezin daiteke esan benetako transplante bat izan zenik. Edonola ere, izaki hark arnas egin zezakeen eta 9 egunez biziraun zuen.

Gizakien arteko buru-transplantea

Sergio Canavero neurozientzialari italiarrak 2015ean esan zuen 2017rako gai izango zela gizaki baten burua gorpu batean transplantatzeko. Orduan bertan sortutako eztabaidaren ondoren, adituek esan zuten hori ezin izango zela inoiz egin, printzipio etikoak alde batera utzita ere, ezinezkoa delako bizkarrezur-muina garunari berriro konektatzea. Baliteke egunen batean posible izatea, baina une honetan ez dago Canaverok dioena babesten duen froga zientifikorik. Horrela izanik ere, Canaverok bolondres errusiar bat aurkitu zuen lehen buru-transplantea egiteko: Valery Spiridonov errusiar tetraplegikoa. Canaverok adierazi zuenez, lehen saiakera hau 2017ko abenduan egingo zuen eta Spiridonovek 4 hilabete koma induzituan igaro beharko ditu ebakuntza egiten zaion bitartean. Zientzia-komunitatearen arabera, Canaverok proposatzen duena lortzea ezinezkoa da egun eskuragarri dauden baliabideekin.

2. irudia: Buru-transplantea bizkarrezur-muineko kalteak dituzten pertsonentzat irtenbidea izan daiteke, baina, litekeena da bete ezin den ametsa izatea. (Argazkia: Engin_Akyurt / Pixabay.com)

Duela gutxi Canaveroren lankide den Xiaoping Renek jakinarazi du buru-transplantea egitea lortu dutela, eta hedabide askotan horrelako tituluak argitaratu dira. Kontuz; izan ere, lortu dutena hilotzen arteko transplantea besterik ez da izan. Giza gorputza ez dago zatika osatuta eta hortaz, ezin dira zatiak moztu eta itsasi modu erraz batean. Kasu jakin honetan, bizkarrezur-muinean dauden konexioak berregitea mirari baten parekoa litzateke, milioika konexio baitaude. Gainera, Canaveroren taldeak egiten dituen lanak eta metodologiak modu oso ilunean azaldu dituzte eta, hortaz, adituek eszeptizismo handiz jaso dituzte haien hitzak. Hain zuzen ere, arratoi eta tximuekin antzeko esperimentuak modu arrakastatsuan egin dituztela adierazi dute, baina, ez dira ezagutzen prozedurak, ikerketak, ezta lortutako emaitzak ere. Hori guztia argitzea ezinbestekoa da, baina, horretaz gainera, Canaveroren esperimentuak zalantzan leudeke ikuspuntu etikoa bakarrik kontuan hartuta.

Nolanahi ere, Canaverok jakinarazi du esperimentuekin aurrera jarraituko duela eta orain 2018 hasierarako jarri du bizidunen arteko lehen kirurgia egiteko -gorputza hilda legoke, hori bai-. Esan duenez, kirurgia egin eta urte beteko epean gorputz berria mugitzea posible luke transplantatutako buruak. Horren aurka, zientzialariek diote sasi-zientzia besterik ez dela Canavero eta bere taldekideek diotena. Buru-transplantea inoiz ez omen da izango tratamendu bideragarri bat bizkarrezur-muina kaltetuta duten gaixoentzat. Arretaz jarraitu beharko da, baina, gezurrak hanka motzak izan ohi ditu.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Gizakien buru-transplanteak, posible ote? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Hizkuntza berria, puntako teknologia… eta izurria ekarri zituzten ekialdeko abeltzainek

mer, 2017/11/29 - 09:00
Juanma Gallego Gaixotasunaren eragile den bakterioaren genomaren analisian oinarrituta, duela 5.000 urte inguru, Neolito aroko migrazioekin batera izurria Europara iritsi zela proposatu dute ikertzaileek.

1386an, Itsaso Beltzeko kostaldean zegoen Kaffa (egungo Feodosia, Krimean) hiriaren setioa egiten ari ziren tartaroak, baina gaixotasunak haien armada bete-betean jo zuen. “Tartaroak konturatu ziren heriotza ekiditeko biderik ez zegoela; beraz, hilotzak katapultetan jarri eta Kaffa barrura jaurtiki zituzten, izurrite beldurgarriak etsaia ere akaba zezan; eta kristauek ez zuten modurik izan gorputz hauetatik aldentzeko”.

Hala kontatzen ditu Kaffaren inguruetan izandako liskarrak Roger Crowleyk, “City of Fortune” Veneziari buruzko liburu bikainean. Gabriele De’Mussi kronikariaren hitzak aipatzen ditu Crowleyk garai horretan gertatutakoa azaltzeko. Iturri horri esker, jakin badakigu, besteak beste, izurritea toki horretatik sartu zela Europan. (Mende batzuk geroago, veneziarrek izurritea arma biologiko gisa erabiltzeko proposamena jaso zuten otomandarren kontra jotzeko; baina, zorionez, ez zuten tratua onartu).

1. irudia: Jeronimo Bosch margolariaren ‘Heriotzaren garaipena’ margolanean irudikatzen da Erdi Aroan heriotzak izan zuen garrantzia. (Argazkia: Domeinu publikoko irudia.)

Seguruenera, bi munduko gerrekin batera, europarrek jasandako garairik latzena izan zen hura. XIV. mendean izurrite beltzaren kodaina gupidagabeak gutxienez Europako hiru lagunetatik bat eraman zuen berarekin. Zehazki, 1348 eta 1351 urteetan zabaldu zen “heriotza beltza” Europan zehar.

Garai horretan, heriotza horren erruduna nor zen ez zekiten arren, orain badakigu Yersinia pestis izeneko bakterio batek eragindakoa dela. Baina duela gutxira arte ere ez genekien bakterio hori aspalditik dagoela gure artean. Azken proposamenaren arabera, Neolito garaitik, hain zuzen.

Yersinia pestis bakterioak aspaldi egindako bidea jarraitu du Max Planck institutuko zientzialariek gidatutako ikerketa batek. Ondorioztatu dutenez, izurritea ia duela 5.000 urte iritsi zen Europara, Asiako estepetatik etorri zen, Jamna herriak ekarrita. Horren frogarik ez badago ere, teoria ezagun batek kultura hau eta hizkuntza aitzinindoeuroparraren jatorria lotzen ditu. Estepetako abeltzain horiek azkar mugitzen ziren, haiekin batera puntako teknologia zekartelako: gurdiak.

Neolito Arotik Brontze Arora (duela 4.800-3.700 urte) bitarteko arrastoetatik erauzitako bakterio horren sei genoma sekuentziatu dituzte. Current Biology aldizkarian eman dute horren berri.

Gaixotasun honen antzinako aldaerak ikertuta, ikertzaileek izurritearen eboluzioa jarraitu dute, eta hain gaixotasun bortitza zergatik bilakatu zen argitu nahi izan dute. Alemanian, Errusian, Hungarian, Kroazian eta Baltikoko herrialdeetan bildutako laginak erabili dituzte horretarako. Guztira, 563 lagunen arrastoak aztertu dituzte. Horietatik, seitan Yersinia pestis bakterioaren genoma osoak berreskuratzeko aukera izan dute.

Europako leku ezberdinetan aurkitu dute bakterioaren aztarna. Genoma horiek guztiak oso antzekoak dira. Hori dela eta, ikertzaileek bi hipotesi izan dituzte esku artean. Lehen aukera da andui beretik etorritako izurritea behin baino gehiagotan iritsi zela Europara. Bigarren aukera, aldiz, behin baino ez sartzea, baina Europan mantendu izana.

Egoera argitzeko, aztarna arkeologikoetara eta paleogenomikari buruz aurretik bildutako datuetara jo dute, eta orduan ikusi dute izurritearen etorrera eta Asiako estepetatik duela 4.800 inguru heldutako nomaden sarrera gutxi gorabehera une berean gertatu zirela.

“Antza, Yersinia pestis duela 4.800 urte inguru sartu Europan; bertan andui lokala ezarri zen, eta gero Erdiko Eurasiara bueltatu zen”, laburbildu du Max Planck Institutuko ikertzaile Alexander Herbig, ikerketa erakunde horrek zabaldutako ohar baten arabera. Bestetik, aurreko ikerketatan agertutako zantzuak berretsi dute ikerketa berri honetan: izurritearen birulentziari lotutako genetan aldaketak izan omen ziren.

2. irudia: Y. pestis baziloaren ibilbidea, egileen arabera. A) Izurritearen sarrera, nomadek eramana. B) Izurritearen itzulia, Siberiako hegoaldera. (Irudia: Current Biology).

Hipotesi zirraragarria ere mahai gainean jarri dute: agian migrazio mugimendu erraldoi hori izurritetik alde egiteko izan zela. Orain arte, halako mugimenduak azaltzeko, batez ere zio ekonomikoak, erlijiosoak edo politikoak proposatu dira. Azken aukera honek, berriz, historia ulertzeko bide berria irekitzen du.

Gaixotasun larria

Iraganeko kontua dirudi izurriak, eta hala da hein handi batean. Baina ez da guztiz desagertu. Ez da ohikoa, baina, noizean behin, izurriteak izaten dira. Aurten, esaterako, Madagaskarren egon da halako izurrite bat. 200 lagun baino gehiago hil dira Afrikako uhartean izurrite hori dela eta. Azken izurrite honen kasuan, izurri pneumonikoak eragin du kalte gehien.

Berez, hiru izurri mota daude: izurri bubonikoa, septizemikoa eta pneumonikoa. Izurri bubonikoaren kasuan, bakterioa gongoil linfatikoetan birsortzen da; ondorioz, buboi horiek handitu egiten dira. Tratamendu egokia jaso ezean, hilgarritasun eragiten duen gaitza da.

Baziloaren izena bere aurkitzaileari zor zaio: Alexandre Yersin mikrobiologoari, hain zuzen. Arratoiek gainean izan dezaketen arkakusoen ziztaden bitartez zabaltzen da gaixotasuna. Erdi Aroan arkakuso horiek izan zuten hedapenari buruz, berriz, eztabaida izan da zientzialarien artean. 2015ean, esaterako, zientzialari talde batek proposatu zuen arkakusoak Asiako egoera klimatikoaren arabera ugaldu eta urritzen zirela, haien ostalari ziren arratoien kopurua gorabehera.

Erreferentzia bibliografikoa:

Andrades Valtueña et al., The Stone Age Plague and Its Persistence in Eurasia. Current Biology 27, 1–9 December 4, 2017. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2017.10.025

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Hizkuntza berria, puntako teknologia… eta izurria ekarri zituzten ekialdeko abeltzainek appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages