S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 4 min 42 sec

Gaua Artizarrean

lun, 2018/01/01 - 09:00
Artizarreko atmosferak eguneko eta gaueko aldean jokabide ezberdina duela aurkitu du UPV/EHUren partaidetza duen nazioarteko ikerketa batek.

1. irudia:Irudia: Artizarraren superrotazio atmosferikoaren eskema, goiko lainoetan. Superrotazioa uniformeagoa da Artizarraren eguneko aldean (eskuinean, Akatsuki ontziak ateratako argazkia), eta gaueko aldean kaotikoagoa da eta ezin da aurreikusi (ezkerrean, Venus Expressek ateratako argazkia). (Argakiza: ESA-JAXA-UPV/EHU).

Ezezaguna zen orain arte Artizarraren atmosferaren zirkulazioak duen jokaera planetaren gaueko aldean. Nazioarteko ikerketa lan honi esker gaueko aldeko zirkulazioa eta egunekoa nabarmen ezberdinak direla jakin berri da. Hodei mota berriak, morfologia berriak eta dinamika berriak aurkitu dituzte planetako gaueko aldea ikertzean.

Lurrean atmosferak planetaren beraren antzeko erritmoan biratzen du. Artizarrean, aldiz, atmosferak lau egunetan ematen dio bira planetari eta planetak 243 egun behar ditu bere ardatzari bira emateko. Atmosferaren errotazio azkar horri “superrotazio” deritzo. Fenomeno hau eragiten duten mekanismo fisikoak ezezagunak dira oraindik. Artizarreko atmosferak superrotazio hori izateko energia nondik ateratzen duen misterioa da eta eredu numerikoek ez dute planetaren simulazio errealistarik lortu.

Global Circulation Modelsen, Artizarraren atmosferaren jokaera eta zirkulazio ereduen, arabera superrotazioa antzeko moduan gertatzen da planetaren eguneko aldean zein gaueko aldean. Ikerketa honek, baina, ezeztatu egiten du aurreikuspen hori: superrotazioa irregularragoa eta kaotikoa dirudi gaueko aldean.

Artizarreko eguneko aldeko zirkulazio atmosferikoa ikertu izan da orain arte, argi ultramorean egindako irudien behaketei esker zehaztasunez neurtu ahal izan baitira lainoen mugimenduak. Datu horietan oinarritutako ereduek ez dira gai izan superrotazioa erreproduzitzeko, baina. Hartara, datu gehiagoren bila aztertu dute gaueko aldea.

Behaketa berriak

70 kilometroko altueran daude Artizarreko lainorik altuenak eta bertan gertatzen da, hain justu, superrotaziorik indartsuena. Haien emisio termikoari esker ikus daitezke laino horiek gaueko aldean, baina behar bezalako behaketak egitea zaila izan da orain arte, irudi infragorrien kontrastea nahikoa ez zelako xehetasunak ikusteko.

ESA Europako Agentzia Espazialak Artizarrera egindako lehen misio espaziala, Venus Express, 2005etik 2014ra arte orbitatu zuen planeta. Espazio-ontzian, beste tresnen artean, VIRTIS espektrometroa zegoen eta tresnak egindako behaketen analisia izan da ikerketaren oinarria. Hawaiin dagoen NASAren IRTF teleskopioa erabilita beste ikertzaile talde batek egindako behaketa independenteak gehitu zitzaizkien.

Irudiak prozesatzeko teknika berriak ere baliatu dituzte Japonia, Espainia, Alemania eta Italiako ikerlariek osatutako ikerketa taldeak Artizarreko gaueko aldea aztertzeko.

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Gaua Artizarrean: haize-boladak ezin dira aurreikusi, uhin mugiezinak ditu eta laino aldakorrak

Erreferentzia bibliografikoa:

J. Peralta, R. Hueso, A. Sánchez-Lavega, Y. J. Lee, A. García-Muñoz, T. Kouyama, H. Sawada, T. M. Sato, G. Piccioni, S. Tellmann, T. Imamura, T. Satoh “Stationary waves and slowly moving features in the night upper clouds of Venus“ Nature Astronomy DOI: 10.1038/s41550-017-0187.

The post Gaua Artizarrean appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #183

dim, 2017/12/31 - 09:00
Uxune Martinez

Astronomia

Urriaren 19an aurkitu zuten Marteren eta Lurraren arteko orbitan, ziztu bizian mugitzen zen eta adituek antzeman zuten ez zetorrela eguzki sistematik. Itxura eta errotazio bitxiak dituen arroka da, iraungitako kometen artean kokatu daitekeela uste dute adituek. Luzanga da, 400 metroko luzera eta 40 metroko zabalera du eta ‘Oumuamua izenarekin bataiatu dute astronomoek (hawaiieraz, “mezularia”). Juanma Gallego kazetariak aurkeztu digu objektu astronomiko hau Berrian: Izarrarteko opari bitxia. Eta Gorka Zozaia kimikariak ere xehetasunak eskaini dizkigu Gaur 8 gehigarrian: Lehenik heldu zen mezularia.

Biologia

Ficus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Erlijio batzuetan sakratua da zuhaitz hau, madarikatua beste batzuetan. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena. Gure pikondo arruntek Agaonidade familiako liztor espezie jakin batekin koeboluzionatu dute. Asoziazio horiek gutxienez duela 80 miloi urte hasi ziren: liztorrak pikondoko loreak polinizatzen ditu, eta pikuek liztorrei babesteko tokia eskaintzen die. Xehetasun guztiak Juan Ignacio Pérez biologoaren eskutik: Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua.

«Fugu jan nahi dut, baina ez dut hil nahi»: abesti japoniar zahar baten hitzak dira. Fugu, Europan puxika arraina izenez ezagutzen dugunari deitzen diote eta japoniarrek. Ondo baino hobeto dakite japoniarrek fugu arraina jatea oso arriskutsua dela. Fuguren ehunetan dagoen toxina bat da honen errudun, tetrodotoxina (TTX) du izena eta gizakietan hilkorra da intoxikazio sintomak agertzen diren kasu guztien %60an. Hala ere, japoniar gehienek (eta guk geuk ere ez) ez dakite zein garrantzitsua izan den tetrodotoxina neurozientzien alorrean. Garrantzi honen zergatia azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Beto Urrutia biologoek: ‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’.

Gure garuna 85.000 neuronaz osatutako organoa da. Egunero berritzen da neurona berriak ekoiztuz hil direnak ordezkatzeko. Gutxi gorabehera 1.400 neurona berri ditugu egunero baina ekoizpen-abiadura mantsotu egiten da adinak aurrera egin ahala. Garunak ez du atsedenik hartzen, ezta lotan gaudenean, izan ere, hari kateatuta gaude, beharrezkoa baitugu berau bizitzeko. Josu Lopez-Gazpio kimikariak argi azaltzen digu Tolosaldeko atarian: Zurentzat, inoiz irakurriko ez baduzu ere.

Fisika

Ruth Lazkoz fisikaria da eta egun energia iluna aztertzen dihardu UPV/EHUko Fisika Teoriko sailean. Unai Brea kazetariak elkarrizketatu du Argia aldizkarirako haren ikerketaz jakiteko. Izan ere, Einsteinen ekuazioak berridazten ari da ikertzailea, hortik aterako den eredu berriarekin energia iluna ondo ezkontzen ote den ikusteko. Horrez gain, bestelako arloez ere mintzatu da ikertzailea, esaterako, zientzialariei egiten zientzialarien lana ebaluatzeko moduaz. Elkarrizketa osoa Argian: “Zerbait ez ulertzea da zientzia egiteko behar den lehenbiziko gauza”.

Neurozientzia

Sinestuna zara ala fedegabea? Lehena baldin bazara, ba al dakizu zergatik sinesten duzun? Zerk darama gizakia sinesmen erlijiosoa garatzera? Zientzia abiapuntutzat hartuta, Juan Ignacio Pérez biologoak esaten digu bi lerro garatu direla galderoi azalpen bat emateko. Batek dioenez, erlijioren bat edo beste izatea, edo batere ez izatea, heziketa jasotzen dugun inguruaren araberakoa izango da. Besteak, aldiz, uste du sinesmen erlijiosoak eta erlijioak existitzearen arrazoia dela gizakioi denboran zehar biziraun eta betikotzen lagundu digutela. Eta bi azalpenak kontuan izanda, orain, esaguzue: Sinestekoa jaioak al gara?

Paleontologia

Dinosauroek egun guretzako ezagunak diren bizkarroiak izan zituzten ere, odola zurrupatzen zieten akaroak: kaparrak. Ondorio hori jakinarazi du Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko eta Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileekin osatutako ikertalde batek. Birmanian aurkitutako anbar fosil batean kapar bat eta dinosauro baten luma batera ageri dira, duela 100 mila urte akaroen eta dinosauroen artean izandako parasitismoaren adibide. Bigarren ale batean odola xurgatu berri zuen kaparra ageri da ere. Aurkikuntza honen datu guztiak Juanma Gallegoren eskutik: Dinosauroek ere kaparrak zituzten.

Teknologia

Oinarri genetikoa duen asaldura da daltonismoa eta X kromosoma akastun batez bitartez jasotzen dute, batez ere gizonek. Horren eraginez daltonikoek ezin dituzte koloreak besteok bezala antzeman. Egun, kalkuluen arabera, Europan gizonezkoen %8ak ditu ikusmenarekin arazoak eta andrazkoen %1ak. Baina, harrigarria badirudi, askok ez dakite arazo horiek dituztenik ere. Daltonismoa bezalako arazoei aurre egiteko Samsung etxeak SeeColors aplikazioa garatu du. Aplikazioak kolorea antzemateko arazoak diagnostikatzen ditu eta QLED (Quantum Dot Light Emitting Diode) telebisten koloreak egokitzen ditu erabiltzaile bakoitzaren beharretara. Aplikazioaren nondik norakoak Sustatun eman dizkigute asteon: Daltonikoentzat APP bat garatu du Samsungek, telebista euren ikusmenera egokitzeko.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #183 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Sinesteko jaioak al gara?

sam, 2017/12/30 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zein da sinesmen erlijiosoen jatorria? Zein da horiek izatearen arrazoia? Sinesmen erlijiosoak izatea gure burmuinaren egiturari atxikita al dago? Berezkoak al ditugu? Zein funtzio betetzen dute?

Irudia: Gauza bat da zergatik sinesten duen edo ez duen sinesten jendeak jainkoarengan, eta beste gauza bat da sinesmen hori benetakoa ala faltsua den.

Galdera horiei ondo bereizitako bi erantzun eman izan zaizkie, baina defendatzaile batzuen arabera, ez dira elkarren aurkakoak. Batzuek diote gizakiok naturaz gaindiko izakietan sinesteko aldez aurretiko joera bat dugula; existitzen den guztiak helburu eta diseinu bat duela eta jainkotasun bat (edo gehiago) badela sinestekoa, alegia. Tesi hori hainbat azterketaren emaitzetan oinarritzen da, bereziki, haur txikiekin egindakoetan. Horiek erakusten dute hainbat estimulu eta galderari emandako erantzunen arabera, osagai horiek dituzten “sorta” moduko bat daukagula buruan. Antza denez, “sorta” hori oso lotuta dago kausa-eragin harremanen zentzu bereziki garatu batekin. Erlijioren bat edo beste izatea, edo batere ez izatea, heziketa jasotzen dugun inguruaren araberakoa izango da. Tesi hori sustatzen dutenen arabera, sinesmen erlijiosoak gure burmuinaren funtzionatzeko moduaren azpiproduktu bat izango lirateke. Hau da, beste sinesmen mota batzuk ahalbidetzen dituzten isuri kognitiboekin gertatzen denaren antzeko fenomeno bat da. Horrela izanik, espezie gisa hain arrakasta handia lortzera eraman gaituzten gaitasun kognitiboetako batzuek naturaz gaindiko pentsamendurako joera izaten lagunduko lukete.

Beste argudioaren arabera, sinesmen erlijiosoak eta erlijioak existitzearen arrazoia zera da: gizakioi denboran zehar biziraun eta betikotzen lagundu digutela. Hau da, egokitzen laguntzeko balio izan dutela. Hori gerta daiteke, esaterako, erlijio batean partekatutako balio sistemak taldea kohesionatuago mantentzen laguntzen duelako, eta horrek epe luzera arrakasta izatea eta irautea dakarrelako. Ideia horren defendatzaile batzuek uste dute horizontalki (belaunaldi bereko kideen artean) zein bertikalki (belaunaldi batetik bestera, gizarte batean) transmititzen diren elementu kulturalak direla sinesmen-sistemak [1].

Hasieran esan bezala, pentsamendu-ildo biak ez dira zertan elkarren aurkakotzat hartu behar. Uste hori dutenen arabera, bereizi beharra dago: batetik, berehalako arrazoia, hau da, sinesmen erlijiosoetarako (beste ezaugarri kognitibo batzuen azpiproduktuak izan arren) oinarri neurologiko bat egotea (hard-wired); eta, bestetik, egokitzeko balioarekin erlazionatutako arrazoia. Beste era batera esanda, erlijioak arrazoi batengatik sortuko ziren, baina beste arrazoi batengatik izan dute arrakasta, iraun dute eta hedatu dira. David S. Wilson eta Richard Dawkins eboluzio-biologoek eta Robin Dunbar antropologak esaterako, uste dute ikuspuntu biak guztiz bateragarriak direla.

Eta, noski, gauza bat da zergatik sinesten duen edo ez duen sinesten jendeak jainkoarengan, eta beste gauza bat da sinesmen hori benetakoa ala faltsua den. Bi gai independente dira, ematen ez badu ere.

Oharrak:

[1] Coventry eta Oxfordeko unibertsitateetako (Erresuma Batua) neurologoek eta filosofoek egindako ikerketa berri baten emaitzak adierazi dute erlijio sinesmenak ez daudela intuizioari edo pentsamendu arrazionalari lotuta. Ikertzaileen arabera, sinesten duguna batez ere hezkuntza eta gizarte faktoreetan oinarritzen da, eta ez pentsamendu intuitibo edo analitiko bezalako estilo kognitiboetan. Xehetasun gehiago: Ez omen gara sinisteko jaioak artikuluan.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

The post Sinesteko jaioak al gara? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Josean Rodriguez: “Egun tumoreak sailkatzen dira ere genoman dituzten mutazio molekularren arabera” #Zientzialari (85)

ven, 2017/12/29 - 09:00

Tumore baten garapenean zerikusi zuzena dute geneen mutazioek. Tumore bat garatzen den heinean mutazioak ere metatu egiten dira. Eta, bitxia badirudi ere, mutazio hauek abantailak eman diezaiekete proteinei. Esaterako, mutazioek proteinen funtzioa aldatu eta gainontzekoei baino hazteko abantaila gehiago eman ahal dizkiete tumore-zelulei.

Nola egin aurre honako mutazioei? Zer nolako terapiak erabiltzen dira tumoreak desagerrarazteko asmoz? Galdera hauei erantzun bat emateko UPV/EHUko Medikuntza eta Fakultateko Josean Rodriguez irakaslearengana hurbildu gara. Josean Rodriguez Minbiziaren Biologia Molekularra ikerketa-taldeko kidea da eta hauen ikerketa-lerroa minbiziaren aurkako terapia zuzenduen arloan kokatzen da. Itu terapeutiko berriak aurkitzea, eta beraien funtzioa hobeto ulertzea ezinbestekoa da tumoreen aurkako terapia zuzenduen arloan. Horretarako, minbiziaren sorreran parte hartzen duten prozesu molekularrak ezagutzea eta aztertzea beharrezkoa da.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Josean Rodriguez: “Egun tumoreak sailkatzen dira ere genoman dituzten mutazio molekularren arabera” #Zientzialari (85) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’

jeu, 2017/12/28 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

«Hiru lagun hil ziren atzo, muskulu-paralisi orokorraren ondorioz. Etxean “fugu” plater bat jan ondoren gertatu zen ezbeharra».

Hori bezalako prentsa titularra askotan irakur daiteke Japoniako egunkarietan. Ez dira gutxi (100 eta 200 artean zenbait neurketa kontserbadoreren arabera) urtero elikatze-intoxikazio bitxi baten ondorioz hiltzen diren japoniarrak.

1. irudia: Puxika arraina jateagatik 100-200 pertsona hitzen dira urtero Japonian.

Intoxikazioa sortzen duen janaria ez dago egoera txarrean, eta ez dagokio marea gorrien moduko gertaera bati. Hau desberdina da; errua ez da janari ustelduarena ez eta mikroalga pozoitsu batena ere. Intoxikazioaren errua arrain bitxi bat da, Europan puxika-arraina izenaz ezagutzen dugun arraina, eta japoniarrek fugu deitzen dutena hain justu.

Puxika-arrainaren toxizitatea ekialdeko herrietan betidanik ezagutu badute ere, James Cook kapitain britainiarrak eman zuen lehen erreferentzietako bat Mendebaldeko jendearentzat, 1744an. Kaledonia Berrian ainguratua zegoelarik, puxika-arrain bat eraman zuten itsasontzira eta eskifaiako naturalistari eman zioten aztertu eta deskriba zezan. Hainbeste denbora eman zuen arraina aztertzen, ezin izan baitzuten arrain osoa afari baterako prestatu; baina gibelaren zati txiki bat geratu zitzaien. Cookek, gibela jateagatik gertatu zitzaiena idatzi zuen:

About three to four o’clock in the morning we were seized with most extraordinary weakness in all our limbs attended with numbness of sensation… We each took a vomit and after that a sweat gave great relief. In the morning one of the pigs which had eaten the entrails was found dead.

«Goizeko hirurak edo laurak aldera, ahulezia ikaragarri batek harrapatu gintuen, gorputz-adar guztiak ahuldu zizkiguna… Goitik botaka hasi ginen denak, eta horren ondoren, izerdi hotz batek arintze ederra eman zigun. Egunsentian, erraiak jan zituen txerrietako bat hilik aurkitu zuten.»

Egoera normalean, puxika-arrainak ez du itxura berezirik, baina mehatxupean dagoenean puztu egiten da eta itxura esferikoa hartzen. Handiagoa dela dirudi, eta horrela beldurtu nahi ditu hurbiltzen zaizkion harrapariak. Horregatik du izen hori, puxika baten antza hartzen duelako.

2. irudia: ‘Arothron meleagris‘ puxika arraina.

Baina hori ez da puxika-arrainak duen defentsarako jokabide edo modu bakarra. Izan ere, ezusteko galantarekin topa daitezke puxika-arrainaren itxuragatik beldurtu ez diren animaliak. Halaxe da, bai, zeren ehunetan daukan toxina batek muskulu-paralisia eragiten baitio zorigaiztoko harrapariari: hil egiten du, izan ere. Toxina hiltzaile horrek tetrodotoxina (TTX) izena du eta gizakietan heriotza dakar intoxikazio-sintomak agertzen diren kasu guztien %60an.

Baina, nola liteke horren arriskutsua den arraina jatea? Edonork egiten du galdera hori. Eta erantzuna bistakoa da: japoniarrentzat puxika-arraina oso gozoa da, dagoen janaririk preziatuena seguru asko ere. Urtero 10.000 tona saltzen dira Japonian, eta janaririk garestienetakoa da. Horren arriskutsua da puxika-arraina jatea, non Japoniako historiaren zenbait alditan debekaturik egon baita; halaxe gertatu zen Erdi Aroan, Tokugawa Shogun aldian, bai eta Meiji aldian (1868-1912) ere. Eta gaur hertsiki arautua dago puxika-arrainaren kontsumoa; baimen berezia duten 1.500 jatetxetan bakarrik jan daiteke, eta jatetxe horietan prestakuntza berezia duten sukaldari batzuek prestatu behar dute. Prestatu ahal izateko baimena lortzeko, proba bat gainditu behar dute sukaldariek, baina proba egitera aurkezten direnen % 25ek baino ez du gainditzen. Oso zaila da, beraz, puxika-arraina prestatu ahal izateko baimena lortzea.

3. irudia: Fugu sashimi platerra.

Jatetxeetan sukaldari gaituek prestatzen dute, baina Japonian kontsumitzen den puxika-arrainaren zati handi bat herritarren etxeetan kontsumitzen da, eta herritarrak eurak dira arraina prestatzen dutenak. Gainera, hainbat jatetxetan bezero “bereziei” debekaturiko organoak ere prestatu eta zerbitzatzen dizkiete. “Japoniako Altxorra” izeneko tituluaren jabea zen Mitsugoro Bando VIII aktore ospetsua hil egin zen 1975ean puxika-arrainaren lau platerkada gibel jan ondoren. Zeresanik ez dago gibela zerbitzatzea guztiz galarazita dagoela, tetrodotoxinaren kontzentrazioa oso altua baita organo horretan. Izatez, gibela, emearen gonada eta larruazala dira toxinaren kontzentrazio altuenak dituzten organoak.

Tetrodotoxinak nerbio-sisteman du eragina, neuronak nerbio-bulkada hedatzeko ezgaitzen baititu. Zelulen mintza elektrikoki polarizatuta dago, karga elektrikoa duten ioi jakin batzuen kontzentrazioak desberdinak direlako kanpoko eta barneko aldeetan. Bada, neuronaren punta batetik bestera hedatzen den polaritate horren aldaketa da nerbio-bulkada, eta mintzean zehar gertatzen diren sodio- eta potasio-mugimenduek sortzen dute aldaketa hori. Sodio- eta potasio-ioiak kanalen bitartez igaro daitezke mintzaren alde batetik bestera. Eta hortxe du tetrodotoxinak eragina, sodio-kanala blokeatuz, ioi horren mugimendua ezintzen baitu. Ioi-mugimendurik gabe ezin daiteke mintzaren polaritate elektrikoa aldatu eta, beraz, nerbio-bulkada gelditu egiten da.

Dirudienez, arrainaren ehunetan bizi diren bakterio sinbiontikoek sortzen dute tetrodotoxina; hau da, ez dute arrainaren ehunek ekoizten. Eta, noski, toxinak ez du inolako eraginik puxika-arrainaren neuronetan, neurona horien sodio-kanalak ez baitira blokeatzen tetrodotoxinaren eraginez.

Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii «fugu jan nahi dut, baina ez dut hil nahi»: abesti japoniar zahar baten hitzak dira. Ondo dakite japoniarrek fugua jatea zein arriskutsua den, baina, seguru asko, japoniar gehienek ez dakite zein garrantzitsua izan den tetrodotoxina neurozientzien alorrean. Bestelako teknikekin batera, tetrodotoxinaren erabilerari esker dakigu nerbio-bulkadaren oinarriei buruz dakigunaren zati esanguratsu bat. Izan ere, kanal jakin batzuk blokeatzen dituzten toxinak erabiliz aztertu ahal izan dira mintzean zehar gertatzen diren ioi-mugimenduak eta ioi-mugimendu horien ondorioz gertatzen diren polaritate-aldaketak. Beraz, neurozientziek aurrera egin dute eragin hilgarria duen gai toxiko natural bati esker. Eta denok dakigu zein garrantzitsuak diren neurozientziei buruzko jakintzak giza osasun eta ongizaterako. Zelako paradoxa!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post ‘Fugu wa kuitashii, inochi wa oshishii’ appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dinosauroek ere kaparrak zituzten

mer, 2017/12/27 - 09:00
Juanma Gallego Anbar fosil batean kapar bat eta dinosauro baten luma batera ageri dira, duela 100 mila urte izandako parasitismoaren adibide. Bigarren ale batean odola xurgatu berri zuen kaparra ageri da ere.

Ezagunak dira hainbat ikastetxetan eta erakundetan prestatzen dituzten denbora kapsulak. Horietan, garaiko objektuak sartzen dira, etorkizunean ezusteko opari hori aurkitzen dutenek iraganari buruzko informazioa izan dezaten. Naturak gutxitan uzten ditu halakoak; baina, noizean behin, zortea badago, eta fosilak modu paregabean babestuta mantentzen dira, milioika urtetan zehar.

Zuhaitzetako erretxina fosilduan abiapuntu duen anbara naturak eskainitako kapsula horietako bat da. Tamainagatik, ordea, gauza gutxi lor daiteke bertan. Intsektuak, askoz jota. Hala eta guztiz ere, hori gertatzen denean, naturaren benetako mirari baten parekoa izaten da. Txiripak gidatzen ditu halakoak, eta, batzuetan, txiripa hori biderkatzen da. Halakoa da ikertzailek talde batek aztertzeko aukera izan duen anbar zatiaren kasua. Bertan, kapar bat ageri da, baina ez hori bakarrik. Aspaldiko krimen baten aztarna balitz bezala, kaparrarekin batera dinosauro baten luma ere agertu da. Biak batera, gaizkilea eta haren “biktimaren” aztarna.

1. irudia: Deinocroton draculi kaparrak dinosauro baten gainean erakusten dituen irudikapen artistikoa. (Ilustrazioa: Nature Communications)

Myanmarren aurkitutako anbar batean agertu da zoriak betiko izoztutako eszena hori. Baina ez da aztertu duten bakarra. Duela 99 milioi urte inguruko beste anbar batzuk aztertu dituzte, horiek ere barruan kaparrak dituztelarik. Zientzialariek egindako azterketa sakonaren emaitzak Nature Communications aldizkarian aurkeztu dituzte.

Luma hori zehazki zein dinosaurorena den ezin izan dute argitu, baina jakin badakite Theropoda azpiordenako dinosauro batena izan zela. Beste aukerarik ez dago, garai horretan hegaztiak ez zirelako agertu. Teropodo lumadunak dira, zantzu guztien arabera, gaur egungo hegaztien arbasoak. Are gehiago, paleontologo askok gustuko dute esatea dinosauro guztiak ez direla desagertu, eta jende askok afaltzen dituela dinosauro bularkiak. Zaila da Tyrannosaurus rex eta oilasko baten arteko lotura irudikatzea, baina, zentzu ebolutiboan, badago.

Teropodoak duela 225-70 milioi urte bizi izan ziren; dinosauroen artean, hoberen ezagutzen direnak dira, bi hanken gainean ibiltzen ziren dinosauro horiek arrasto ugari utzi dituztelako mundu osoan. Esaterako, Jurassic Park filmean agertzen diren velocirraptor zitalak teropodoak ziren, eta Michael Crichton idazleak eta Steven Spielberg zinemagileak garai horretan ez bazekiten ere, lumadunak ziren. Lumadun dinosauroak irudikatzean, beraz, hobe burua kentzea burua ezkutatzen duen ostruka beldurtiaren irudi hori.

Dinosauro mota horri lotutako bizkarroia antzematen den lehenengo aldia da honakoa. Zehazki gaur egin iraungita dagoen Cornupalpatum burmanicum espeziekoa da lumarekin batera harrapatutako kaparra. Zientzialariek, noski, naturak emandako opari hori goitik behera aztertu dute.

Zientzia artikuluan egileek azpimarratu dutenez, “aurkikuntza hauek kaparraren hasierako eboluzioaren eta ekologiaren inguruan argibide gehiago ematen digute, eta argitzen dute orain arte gutxi ezagutzen den artropodoen eta ornodunen arteko harremanak nolakoak ziren, eta nola izan zitekeen gaixotasunen zabaltzea Mesozoikoan”.

2. irudia: Myanmarreko anbarean topatu dituzte dinosauroaren luma eta kaparra. (Irudia: Nature Communications)

Horrez gain, aztertutako beste hiru anbar aleetan kaparra gehiago zeuden. Horietako bat, odolez handituta. Azterketa sakon baten ostean ondorioztatu dute espezie berria dela, eta Deinocroton draculi izena eman diote, Bran Stokerrek sortutako pertsonaia odoltsuaren omenez. Kasu honetan, kapar horren eta dinosauro ostalariaren arteko lotutarik ez dute atzeman. Barruan zuen odola ikertzea ere ezinezkoa izan da, kaparra erretxinan guztiz txertatuta ez zegoelako eta, ondorioz, inguruko mineralen lagatzeak lagin hori kutsatu zuen. Halere, kapar horren hanketan kakalardo larben ileak agertu dira. Ikertzaileek iradoki dute agian kakalardoa, kaparrak eta dinosauroa espazio komun batean zeudela. Gaur egun, antzeko azaleko kakalardoak (Dersmestidae familiakoak) habietan bizi daitezke ere, eta bertan eskuratzen dituzte elikatzeko erabiltzen dituzten lumak, ileak eta azaleko zatiak.

Egileek diotenez, bi parasito batera harrapatuta agertu izana guztiz harrigarria da, eta errazago azaltzen da aintzat hartzen bada kapar horiek hobi batean zeudela. Gaur egun hala izaten omen da, bai habian bertan edo habiaren inguruan.

Jurassic Park-en bezala, odol horretatik informazio genetikoa atera al liteke? Azken urteotan antzinako DNAren teknologiak aurrerapauso itzelak eman baditu ere, oraindik orain ez da lortu halakorik, eta ez dirudi erraza izango denik. IGME Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko ikertzaile Enrique Peñalverrek aurkikuntzari buruzko argibideak eman ditu Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioan, eta gaiari ere heldu dio.

Tamalez DNA oso azkar txikitzen da, eta anbarean ez da kontserbatzen. Zenbaitetan uste izan da lortua dela DNA puskak berreskuratzea, baina ondoren ikusi izan da gaur egungo DNAk eragindako kutsadurak zirela eta”. Adituak nabarmendu du “bikaina” izango litzatekeela horrelakorik topatzea. “Ez klonatzeko, zeren horretarako dinosauroen obuluak beharko baikenituzke, baizik eta dinosauroen eboluzioari buruzko informazio asko eman zezaketen geneak ikertzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Peñalver, E. et al. The paper Ticks parasitised feathered dinosaurs as revealed by Cretaceous amber assemblages. Nature Communications 8, Article number: 1924 (2017). DOI:10.1038/s41467-017-01550-z

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Dinosauroek ere kaparrak zituzten appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua

mar, 2017/12/26 - 09:00
Juan Ignacio Pérez Iglesias Gizakiok pikuak jan izan ditugu gure espeziearen hasieratik. Agian horregatik azaltzen da pikondoa kreazioaren hainbat pasarte mitikotan. Erlijio batzuetan sakratua da zuhaitz hau, madarikatua beste batzuetan. Jesus Nazaretekoak berak esan omen zion pikondo bati “inork ez dezala zugandik fruiturik jan” zuhaitz horrek ez zeukalako pikurik (Marcos 11: 12-14).

Ficus da pikondoaren latinezko izena; euskaraz “piku” deritzo jatekoari ere, eta ohi bezala, pikondoa da zuhaitza. Pikua ez da fruitu bat: errezeptakulu bat da, alegia infloreszentzia bat, lore paketatuak dituena.

1. irudia: Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, pikondoa da Morazeoen familiako zuhaitz edo zuhaixka hosto erorkorra, azal griseko enbor lodi eta motza, hosto palmatilobatu handi, larrukara eta biribilduak eta udare-formako errezeptakulu mamitsuen baitan dauden lore unisexualak dituenak. Haren fruitua pikua da (Ficus carica).

Generoari ere Ficus deritzo eta bere barruan 800 espezie daude. Gure pikondo arrunta, Ficus carica da. Espezie horien artean gehienek, Agaonidade familiako liztor espezie jakin batekin koeboluzionatu dute. Asoziazio horiek gutxienez duela 80 miloi urte hasi ziren: liztorrak pikondoko loreak polinizatzen ditu, eta pikuek liztorrei babesteko tokia eskaintzen die.

Liztor eme txiki batek, 2 mm-ko luzera duelarik ere, polena eta ehunka arrautza ernaldu garraiatzen ditu. Piku batean jaio da eta ostiolo izeneko irekigune txiki batetik ateratzen da. 48 ordu ditu espezie bereko beste pikondo bat aurkitzeko. Hamarka kilometrora egon daiteke pikondo hori. Hala ere, esan beharrekoa da pikondoak erraztu egin diola liztorrari bere lana, intsektuak erraz detektatzen dituen substantzia kimiko batzuk botatzen dituelako atmosferara. Behin piku berrira sartuta, erantsita daraman polen berria barreiatzen doa barrunbe zentralerako bidean. Arrautza bana erruten du lore femenino bakoitzean; liztorra langile ona bada, berrehun arrautza errun ditzake. Horren ostean, hil egiten da akiturik.

2. irudia: Agoanidade espezieko liztorrak piku batean.

Arrautza ernalduak hazten doaz eta hezietatik elikatuz bere garapena burutzen dute azkenean. Arrak lehenago ateratzen dira, ernaltzeko emeen bila. Masail handiak dituzte, hegogabeak dira eta ia itsuak. Emeak ernaldu ostean hil egiten dira. Ar gutxi batzuk, habiatik ateratzen dira, baina bizitza laburra eta ezbehartsua pairatzen dute. Emeak hegaka doaz aske eta azkar, pikondo berri baten bila, prozesuari berriz hasiera emateko.

Behin liztorrak aterata, pikuak handitu egiten dira, kolore gorria hartzen dute eta azukrez betetzen dira. Elikagai gustagarri bilakatzen dira beraz. Ficus generoaren espeziearen arabera, saguzarrek, hegaztiek, tximinoek edo bestelako animaliek jango dituzte pikuak. Animaliek sabela husten dutenean, barreiatu egingo dituzte haziak, ernatu ostean beste pikondo batzuk sortuko dituztenak.

3. irudia: Piku heldua.

Zonalde epeletan, bizpahiru uzta ematen dituzte pikondoek, landarearen sexuaren arabera. Tropikoetan ordea, urte osoan daude piku “helduak”, eta beste edozein fruitu baino gehiago, mila hegazti eta ugaztun-espezieren elikagai dira. Hau guztia oso garrantzitsua da ekologian, zeren pikurik gabe animali espezie asko desagertu ere egin balitezke, elikagai ezagatik. Animalia horiek hilda, beste landare-espezieek ere kaltea pairatuko lukete, ez luketelako hainbeste polinizatzailerik izango.

Pikondoa bitxia da, eta bitxia da bere fruitua, sasizko fruitua delako. Hala ere, elikagai garrantzitsua izan da gizakiontzat eta beste animalia askorentzat. Hori dela eta, mundua oso desberdina izango litzateke pikondorik gabe.

———————————————————————————-

Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

———————————————————————————

—————————————————–

Hizkuntza-begiralea: Juan Carlos Odriozola

——————————————–

The post Zuhaitz sakratua, zuhaitz madarikatua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinentzat prest ez

lun, 2017/12/25 - 09:00
2019an nahitaezko izango diren ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak (nZEB) ezartzeko eta, bereziki, eraikinak modernizatzeko prest ez daudela Europa hegoaldeko herrialde gehienak ondorioztatu du eraikingintzaren egoera aztertu duen ENEDI ikerketa-taldeak.

Irudia: Europa hegoaldeko herrialdeetako eraikingintzaren egoera aztertu dute UPV/EHUko ikertzaileek.

Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak (nZEB, Nearly Zero Energy Building) eraikitzeko legezko konpromisoa hartu dute Europako herrialdeek, datozen urteetarako eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzeko. 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikin publiko guztiek nZEB izan beharko dira, 31/2010/EU direktibak finkatutako daten arabera, eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera egiten den eraikin oro izan beharko da nZEB.

Europako hegoaldeko zazpi herrialderen (Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainia) eraikingintzaren egoera aztertu dute honako ikerketan. Herrialde bakoitzak ñabardurak ditu definizio teknikoetan eta horrek zaildu egiten du nZEB eraikinak bultzatzeko araudiak eta programak zuzenean konparatu ahal izatea, baina metodologia bateratua adostu dute ikertzaileek alderaketak egin ahal izateko.

Barrera sozial eta teknologikoak

nZEB eraikinak garatzeko dauden barrera sozial eta teknologikoen azterketa konparatiboa izan da ikerketaren ardatza, bai eraikuntza berriaren bai higiezinen birgaitzearen ikuspegitik. Egindako ikerketa askok egoera ekonomikoari egotzi diote hegoaldearen eta iparraldearen arteko ezberdintasunak.

Bestelako oztopoak badirela ere frogatu du lan honek, barrera soziologikoak eta herrialde bakoitzeko klima, besteak beste, asko baldintzatzen dute ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen helburuak lortzea. Horretaz gain, eragile ia guztien trebakuntza oso eskasa dela ikusi da, administraziotik eta eraikingintzako langileetatik hasi eta herritarretaraino nZEB eraikinak zehazki zer diren eta nola lor daitezkeen ez dakien giza kate oso luzea osatzen dutela.

Era berean, errazagoa dela nZEB eraikin berri bat eraikitzea kontzeptu hori birgaikuntzara eramatea baino uste du Juan Maria Hidalgo-Betanzos ikertzaileak. Eraikin berriak egitean, kokapena eta orientazioa aukera daitezke eta baita material berriak eta diseinuan integratutako teknologiak erabili. Birgaitze lanetan, aldiz, malgutasuna txikiagoa da eta kostuak handitzen dira.

Eraikinen diseinua xehetasun gehiagorekin aztertu behar dela, neguko eta udako urtaro aldaketei irtenbidea aurkitzeko ondorioztatu daiteke ikerketaren emaitzetatik. Barrera horiek konpondu ezean, oso litekeena da benetako emaitzarekin gustura ez gelditzea. Arazoak sor litezke konfort termikoarekin, gehiegizko berokuntzarekin, alferrikako eraikuntza gainkostuekin, e.a.

Euskal Herria oso proba banku aproposa izan daitekeela uste du ikertzaileak, ikerketan landutako ia klimatologia guztiak baititu. Oso lurralde txikia izan arren, diseinu-irizpide oso desberdinak aplikatu behar direla kostaldean, mendialdean, hegoaldean… azaltzen du.

Lehen konpromisoaren epea amaitzeko urtebete falta denean herrialde asko urrun daude eraikinetako energia eraginkortasun mailatik, Europako erdialdeko eta hegoaldeko herrialdeak daude aurreratuen.

Erreferentzia bibliografikoa:

Shady Attia, Polyvios Eleftheriou, Flouris Xeni, Rodolphe Morlot, Christophe Menézo, Vasilis Kostopoulos, Maria Betsi, Iakovos Kalaitzoglou, Lorenzo Pagliano, Maurizio Cellura, Manuela Almeida, Marco Ferreira, Tudor Baracu, Viorel Badescu, Ruxandra Crutescu, Juan Maria Hidalgo-Betanzos. “Overview and future challenges of nearly zero energy buildings (nZEB) design in Southern Europe” Energy and Buildings. Vol. 155. November 2017. Pages 439-458.

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak: erronka zaila, Europako hegoalderako.

The post Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinentzat prest ez appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #182

dim, 2017/12/24 - 09:00
Uxune Martinez

Osasuna

Dengea zein zika transmititzen ditu Aedes aegypti eltxoak. Dengeak 400 milioi lagun inguru kutsatzen ditu urtero. Gehienek ez dute ia sintomarik izaten, baina gutxi gorabehera bi milioi lagunek sukar hemorragikoa izaten dute birusaren eraginez, eta azkenerako, 25.000 hiltzen dira urtero. Arazoari aurre egiteko, zergatik ez jo eltxo horien kontra? Zilegi al da espezie horiek behin betiko iraungitzea? Juanma Gallego kazetariak galdera bota du Berrian: “Ziztada hilgarrien aurkako lasterketa” artikuluan. Eta erantzuna bilatu nahian, besteak beste, Roger Eritja entomologoari luzatu dio gaia. Honen ustez, “eltxoen edo gaixoen kopuruak apalduta, aurre egin dakioke gaixotasunari. Beraz, ez da beharrezkoa espezie bat guztiz akabatzea”.

Zientziak baditu emaitza bitxiak plazaratzen dituen ikerketak eta horrelako bat ekarri digu Josu Lopez-Gazpio kimikariak. Abiapuntua Robert Alan Kloner medikuak eta ikertzaileak 1999. urtean egin zuen ikerketan daukagu. Bihotzarekin lotura zuten arazoen heriotza-tasa izan zuten aztergai eta frogatu zuten neguan udan baino heriotza gehiago gertatzen direla, gehienak abendutik urtarrilera. Antza, neguan tenperaturak hotzagoak izaten direnez horrek azal zezakeen heriotza-tasa hori baina beste kontu batekin egin zuten topo: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Zergatik ordea? Azalpen guztiak Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea artikuluan.

Biologia

Flora aloktonokoa da tokikoa edo jatorrizkoa izan ez arren ohikoa bilakatu den espeziea. Horrelako espezieak ikus daitezke Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Izan ere UPV/EHUko ikertzaile batek denera 156 espezie detektatu dira zonalde horietan eta, horrez gain, ikusi du espezie horien %40 puntu bakar batean agertzen dela. Horren adibidea da, esaterako, Urumea ibaian aurkitu den Ipar Amerikako Muhlenbergia schreberi graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehar -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak). Datu guztiak Kantauriar ibaietako espezie exotikoak artikuluan.

Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. 2006. urtean antzeman zuten lehen aldiz Frantziako Lot-et-Garonne departamenduan eta handik aurrera Europan inoiz izan den liztor-inbasiorik arrakastatsuena izan da ziur aski velutinaren inbasioa. Erle europarrak harrapatzen dihardu ordutik hona liztor erle-hiltzaile honek. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez. Espezie honen ezaugarriak eta jokaera azaldu digute Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek: David vs Goliat?

Hegaztien behaketen datuak biltzen dituzten hainbat webgune ditugu eskura. Esaterako, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen Ornitho webgunea daukagu. Bertan faunan behatzen diren animalien datuak biltzen dira, besteak beste, hegaztienak. Ornitho.eus 2015ean sortu zen eta jada 100.000 behaketa baino gehiagoren datuak ditu. Datu-base hau Euro Bird Portal erakusleiho handiagoan integratzen da. Asier Sarasua biologoak Sustatun Euro Bird Portalen aukera berriak azaldu ditu egunotan. Izan ere, hegaztien joan-etorriak erakusten dituzten mapak sortu daitezke. Milaka ornitologoren datuak bildu eta mapa dinamikoen bidez erakusten dituzte: Hegaztien migrazioa irudikatzen duten mapa animatuak.

Emakumeak zientzian

Ziortza Guezuraga kazetariak genero berdintasuna eta lidergoa batzen dituen Homeward Bound nazioarteko egitasmoaren berri eman digu asteon. Hamar urtean 1.000 emakume zientzialariren kolaborazio sarea sortu nahi du Homeward Boundek, planetan eragina duten politiketan eta erabaki-hartze guneetan eragina izan dezaten. Horrez gain, beste ildo bat du egitasmoak: aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzea. Xehetasun guztiak Ama naturak bere alabak behar ditu artikuluan.

Astrofisika

2069. urtean gizakia Ilargira ailegatu zenaren mendeurrena izango dugu. Urte hori hautatu du NASAk beste urrats handi bat emateko: Izarrarteko lehen misioa gauzatzeko. Sustatu agerkarian eman dizkigute NASAren asmoen berri. Antza, 2069rako aurreikusten du NASAk izarrarteko lehenengo misioa, Alpha Centauri izar sistemara iritsiko litzatekeena, gugandik gertuen dagoen izar sistema.

Fisika

Duela 50 urte aurreikusitako materiaren egoera berria egiaztatu dute zientzialariek, bereizmen handiko elektroskopia erabilita. Illinoisko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrenekoz elektroi baten eta elektroi horrek berak atzean utzitako hutsunearen arteko egoera existentzia frogatzea lortu dute: eszitonioa. Titanio diselenioa (TiSe2) konposatuaren azterketa baliatu dute egoera horren existentzia frogatzeko. Orain topatu berri duten egoera honen ezaugarriak arretaz aztertuko dituzte, bertatik atera daitezkeen aplikazio teknologikoak garatu ahal izateko. Datu guztiak Juanma Gallegoren eskutik: Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #182 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #196

sam, 2017/12/23 - 09:00

Elikagai bankuekin egindako esperimentua merkatuen funtzionamendua erraz ulertzeko. José Luis Ferreira Use markets to feed the poor artikuluan.

Limite fisikoetara heltzen ari da elektronika. Elektroien fluxu sinplea ez diren bestelako fenomeno fisikoetan oinarritutako dispositiboetan oinarrituko da etorkizuna. Aukera horietako bati, espintronikari, ekarpena egiten diote DIPCn fase industrialetik hurbilago egon dadin: Towards a bottom-up engineering of molecular spintronic devices

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #196 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ama naturak bere alabak behar ditu

ven, 2017/12/22 - 09:00
Ziortza Guezuraga Antartika ildo hartuta, eta zientziaren arlotik, klima aldaketa, genero berdintasuna eta lidergoa batzen dituen nazioarteko ekintza da Homeward Bound. Mundu osoko emakume zientzialariak bildu eta urtebetez lidergo tekniketan, taldeen kudeaketan, nazioarteko harremanetan eta proiektuen finantzazioan trebatzea, besteren artean, da proiektuaren helburu nagusia. Hamar urtean 1.000 emakume zientzialariren kolaborazio sarea sortu nahi du Homeward Boundek, planetan eragina duten politiketan eta erabaki-hartze guneetan eragina izan dezaten.

1. irudia: Klima-aldaketaren ondorioak nabarmenen izaten dira Antartikan.

Zientziaren alorrean emakumeak duen egoera dago proiektuaren oinarrian. I+G alorrean emakumeen errepresentazio maila %29koa da batez beste mundu mailan Unescoren datuen arabera. Mendebaldeko Europan eta Ipar Amerikan %32ra igotzen da portzentaia.

Europar Batasunari dagokionez ere, ikertzaileen %33 dira emakumeak Komisio Europarraren She Figures txostenak adierazten duenez. Estatu mailan %39an dago emakumeen portzentaia, ekonomia ministerioaren Científicas en cifras 2015 txostenaren datuei begira. Euskadiko datuei erreparatuta emakumeen portzentaia %35ean dagoela ikus daiteke Zientzia 2017 txostenean.

Ikertzaile karreran aurrera egin ahala, baina, beheranzko joera du emakumeen portzentaiak. Hala, ikertzaile karreraren maila apalenetan emakumeen kopurua gizonen parekoa edota gehiago bada ere, karreran aurrera eta postuetan gora egin ahala emakumeen portzentaia jaitsi egiten da, dela estatu mailako unibertsitate eta OPISetan:

2. irudia: Emakumeen portzentaia ikertzaile karreran estatu mailako unibertsitate eta OPISetan.

Dela CSICen:

3. irudia: CSICko ikertzaile-karreraren eboluzioa sexuaren arabera.

Edo UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleen banaketa:

4. irudia: UPV/EHUko ikertzaileen eta irakasleen banaketa sexuaren arabera.

Edota BERCetakoa:

5. irudia: BERCetako banaketa sexuaren arabera.

Kasu guztietan patroi bera errepikatzen da: karreran aurrera egin ahala emakumeen portzentaia behera egiten du. Aurten bertan Rosa María Menéndez izendatu dute CSIC erakundearen historiako lehen presidente emakumea. Euskal unibertsitate pribatuetan egoera ezberdina da; kontuan izan behar da, hala ere, karrera profesionala bestelakoa dela, ez duela bide bera jarraitzen eta, beraz, ez direla konparagarriak.

Emakumeek zientzian duten egoera irauli nahi du Homeward Bound programak. Horretarako lau ataletan banatutako programa garatu dute:

  1. Urtebeteko iraupena duen lidergo formakuntza birtuala.
  2. 12 eguneko formakuntza intentsiboa lidergoan eta estrategian.
  3. 6 eguneko formakuntza berezitua aldaketa klimatikoan.
  4. Hiru asteko espedizioa Antartikara.
Antartikara espedizioa

Programaren baitan Antartikara espedizioa egitea ez da ausaz hartutako erabakia. Esplorazioaren paradigma izateaz gain, klima-aldaketaren gaian, Homeward Bound programaren ildo nagusietako bat, erreferente da Antartika.

Klima-aldaketaren ondorioak Antartikan (eta baita Antartidan ere) dira nabarmenen, Eñaut Izagirrek azaldu bezala, glaziarrak klimaren indikatzaile sentikorrak dira. Hori hala, klima-aldaketaren eboluzioaren ikerketan Antartika gehien ikertzen den puntuetako bat da. NASAren Global Climate Change: Vital Signs of the Planet programak (klima-aldaketaren jarraipena egiten duen programa), esaterako, Antartikaren izotz masa du aldaketa klimatikoaren egoeraren adierazle moduan.

6. irudia: Landare bizitza lurrazalean eta ozeano azalean, 1997ko irailetik 2017ko irailera arteko satelite behaketez osatutako animazioa. (Iturria: NASA)

Klima-aldaketari erantzun azkarrenetarikoak ematen ari dira Antartikaren zenbait zonaldek eta hauek zuzenean ikertzeaz gain, Homeward Bound proiektuan parte hartzen duten emakumeen arteko harremanak bultzatzea da bertara joateko beste arrazoietako bat. Klima-aldaketaren aurka emakume zientzialarien sare kolaboratiboa sortzea.

Emakumeak zientzian duten papera indartzeko, emakume zientzialarien arteko harremanak sustatzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko asmoa du Homeward Bound nazioarteko proiektuak. Zientziaren baitako emakumeen inpaktua eta influentzia handitu planetan eragina duten politiketan eta erabakietan egungo egoerari aurre egiteko.

Zientziak gaur egun dituen erronketako biri, emakumeak zientzian duten egoerari eta aldaketa klimatikoari irtenbidean laguntzeko asmotan sortutako ekimena da Homeward Bound.

Erreferentziak:

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga kazetaria eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaboratzailea da.

——————————————————————

The post Ama naturak bere alabak behar ditu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

David vs Goliat?

jeu, 2017/12/21 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Defentsak eta erasoak

———————————————————————————————————–

Jatorriz Asiakoa den baina 2004an Frantziara iritsi zen Vespa velutina liztorra arazo larriak sortzen ari da Europako erlauntzetan. Liztor hori Vespa crabro Europako liztorraren oso antzekoa da, baina honek ez bezala, erleak erabiltzen ditu proteina-iturri modura.

Irudia: ‘Vespa velutina’ liztorrak erleak erabiltzen ditu proteina iturri gisa.

Asiako liztorrak, beraz, Europan sartu zenez geroztik erle europarrak harrapatzen dihardu. Frantziara heldu zenetik hedatzen ari da liztor erle-hiltzailea, eta Pirinioak zeharkatzea ere lortu du. 2010ean Gipuzkoako zenbait erlategitan aurkitu izan zirenez Asiako liztor honen aleak, erlezaintzaren munduaren inguruan kezka handia zabaldu da honek izan dezakeen eragin kaltegarriari dagokionez.

Vespa generoaren barruan, beraz, erleak harrapatzen ez dituzten liztorrak ditugu batetik, bertako Vespa crabro Europako liztorra esaterako, eta erle-harrapariak direnak bestetik; azken hauen artean Vespa velutina ez da bakarra, badira elikatze-jokaera bera erakusten duten beste espezie batzuk. Horietako bat liztor japoniarra dugu: Vespa mandarinia japonica liztor japoniarra ere harraparia da, baina bere harrapakinen artean bada bat arazo larriak ekar diezazkiokeena; hain larriak non harrapakinak harraparia hil egin dezakeen. Apis cerana japonica izeneko erle japoniarra da ustezko harrapakina. Aspalditik zen jakina erle hauek garaile atera zitezkeela liztorraren kontrako lehian, baina hasieran ziztadaka hiltzen zutela uste bazuten, gero ikusi zen ezetz, beste prozedura sofistikatuago bat erabiltzen zutela liztorra garbitzeko. Ikus dezagun orain nola akabatzen duen txikiak (erleak) handia (liztorra).

Liztorrak erle bati erasotzen dionean, berehala hurbiltzen zaizkio bostehunetik gora erle, eta liztorra inguratu egiten dute. Egia esan, inguratu baino gehiago egiten dute, “erle-pilota” bat osatzen baitute, eta pilota horren erdi-erdian geratzen baita liztorra. Bada, berehala 48 °C-ra igotzen da tenperatura pilotaren erdigune horretan, eta horixe da, tenperatura horixe hain justu, liztorra hiltzen duena.

Bideoa: Apis cerana japonica erleak beroa baliatzen du Vespa mandarinia liztorrari aurre egiteko. (Iturria: National Geographic)

Liztorraren hiltze-muga 44-46 °C-koa da, eta, beraz, 48 °C tenperatura handiegia da berarentzat. Ez, ordea, erleentzat, 48-50 °C artean baitago horien hiltze-tenperatura. Ikusi dugunez, bizitzaren ertz bero hori oso zorrotza da zenbait kasutan, zorrotzegia animalia batzuentzat. Eta, ikusi dugunez, badago desberdintasun txikiei etekina ateratzen dion espezierik ere.

Tamalez, erle japoniarrek erakusten duten babes-jokaera hori ez da unibertsala erleen artean, eta hori dela eta erle europarrek (Apis mellifera) japoniarrek erabiltzen duten erle-pilota hipertermikoa osatzeko jokaera garatzen ez duten artean, Asiako liztor hiltzaileari aurre egiteko modu bakarra gizakiaren bidezkoa izan beharko da. Bi modu omen daude: erregina gazteak harrapatzea udaberrian habia berria eraiki orduko, edo/eta habiak atzeman eta suntsitzea. Ea laster “ikasten” duten gure erleek ere bizitzaren ertz beroa baliatzen!

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post David vs Goliat? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria

mer, 2017/12/20 - 09:00
Juanma Gallego Duela 50 urte aurreikusitako materiaren egoera berria egiaztatu dute zientzialariek, bereizmen handiko elektroskopia erabilita. Elektroi baten eta elektroi horrek berak atzean utzitako hutsunearen arteko lotura bitxian oinarritzen da eszitonioa.

Denbora gutxian, gauzak asko konplikatu dira unibertsoaren eskala txikienetan. 1930eko hamarkadara arte protoiak, neutroiak, elektroiak eta fotoiak baino ez zeuden testu liburuetan. Partikula horien bitartez, zientzialariak gai ziren natura bere osotasunean azaltzeko. Fotoiak alde batera utzita, kalean inkesta bat eginez gero, seguruenera horiek izango dira “nola osatuta dago materia?” galderari gehienek emango geniokeen erantzuna. Eskola garaietako eskemak berehala datoz burura; eguzki sistema baten antzera osatuta dagoen atomoaren irudi polit hori: protoiak eta neutroiaz osatutako “eguzki” bat, eta inguruan dantzan dabiltzan elektroiak, planetak balira bezala.

1. irudia: Eszitonioaren irudikapena. Egoera ordenatua urdinez marraztu dute, eta, eszitoiak, hori kolorez. (Argazkia: Peter Abbamonte / Ilinoisko Unibertsitatea)

Fisikariek badakite, ordea, gauzak askoz konplexuagoak direla. Bai protoiak zein neutroiak quark izeneko oinarrizko partikula txikiez osatuta daudelako, baina askoz partikula gehiago daude. Horrenbeste, ezen “partikulen zooa” kontzeptua asmatu baitzen.

Gehienak, laborategian fisikariek marraztutako koadernotan ageri ziren, eta esperimentuen bitartez horien existentzia frogatzen aritu dira. Matematika baliatuz, mundua osatzen duten adreiluak zeintzuk diren asmatzen eta ordenatzen aritu dira fisikariak. Horrela jaio zen gaur eredu estandar gisa ezagutzen duguna.

Eredu estandarrean, oinarrizko 12 partikulek osatzen dute materia, eta horiek loturik egotea ahalbidetzen duten indarren partikulak ere badira. “Ez da munduaren errepresentaziorik garbiena, baina datu guztiek bat egiten dute”, Sean Carroll fisikari ezagunaren esanetan. Hori guztia Lurreko eskalei dagokienean, Carrollek berak The Particle at the End of the Universe liburuan aitortzen duenez. Izan ere, unibertsoaren handitasunean gertatzen diren fenomenoak azaltzeko materia eta energia ilunaren kontzeptuetara jo beharra dago, ezinbestean.

2012an LHC Hadroien Talkagailu Handian Higgs bosoia aurkitu zutenean, eredu estandar horretan aurkitzeko zegoen azken partikula bezala aurkeztua izan zen. Baina argitu gabeko eremuak geratzen ziren. Ezagunenak, arestian aipatutako materia eta energia ilunak. Argitzeko dauden beste eremu zehatzagoak badira. Tartean, gaurkoan mintzagai daukagun exzitonioa.

Elektroiaren dantza

Ezagunak dira materiaren egoera arruntak: solidoa, likidoa eta gasa. Hain ezaguna ez bada ere, plasma ere materiaren laugarren egoera bezala ezagutzen da. Gasak tenperatura altua hartzen duenean, bertako atomo gehienak ionizatu egiten dira. Egoera horretan daude izarrak, gure Eguzkia barne.

Horietaz gain, ordea, beste egoera bereziak ere badira: fluido superkritiko deritzenak, edota Bose-Einsteinen eta Fermiren kondentsatuak. Baina orain, zerrenda horri egoera berri bat gehitu behar zaio: eszitonioa.

Harvardeko Unibertsitateko (AEB) fisikari Bert Halperin matematikariak materiaren egoera hau aurreikusi zuen 1960ko hamarkadan, beti ere maila teorikoan. Halperinen proposamenaren arabera, elektroi batek eta elektroi horrek utzitako eremu hutsak osatutako egoera bat egon behar zen. Halere, lehen hurbilpena Yakol Frenkel fisikariak egin zuen, 1931n.

2. irudia: 2. irudia. Aurkikuntzan parte hartu duten ikertzaileak: Mindy Rak, Peter Abbamonte eta Anshul Kogar. Irudia: (Argazkia: Brian Stauffe / Illinoisko Unibertsitatea)

Proposamena mahai gainean jarri zenetik, fisikariak ez dira ados jarri materiaren egoera berri horrek izan beharko lituzkeen ezaugarrien inguruan. Batzuen ustez, isolatzailea izango litzateke; beste batzuek eroalea edo superfluidoa izango litzatekeela esan zuten. Orain, Illinoisko Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek aurrenekoz egoera horren existentzia frogatzea lortu dutela jakinarazi dute Science aldizkarian.

Duela 50 urte inguru Halperinek aurreikusi zuen bezala, erdieroale diren materialetan, kitzikatuak direnean, elektroiek atomoaren hurrengo energia mailara jauzi egiteko gaitasuna dute. Alabaina, atzean utzitako tarte horretan hutsune bat uzten dute. Hutsune horrek karga positiboa duen partikula baten funtzioa betetzen du, eta jauzi egin duen elektroia erakartzen du. Indar elektrostatikoari esker, lotuta mantentzen dira bai elektroia zein atzean utzitako hutsunea. Karga negatiboaren eta positiboaren arteko lotura honek konposatutako partikula osatzen du: eszitoia.

Titanio diselenioa (TiSe2) konposatuaren azterketa baliatu dute egoera horren existentzia frogatzeko. Orain arte halako estrukturak ongi bereizteko moduko teknologiarik ez zegoela eta, bereizmen handiagoko elektroskopia berezia garatu behar izan dute. Seguruenera, ez da halako materiala lortu den aurreneko aldia, zientzialariak aspaldi dabiltzalako horren bila, baina bai da aurreneko aldia ziurtasunez frogatu dela. Ikertzaileek diotenez, bost aldiz lortu dute emaitzak errepikatzea, kristal mota desberdinak erabilita. Batez ere, aurrean zeukatena Peierls-en fasea izenekoa ala eszitonioa ote zen bereiztea ezinezkoa izan da orain arte, bi fenomenotan kristaletan antzeko simetriak marrazten direlako.

Ikertzaileek orain aurrean duten erronka da topatu berri duten egoera honen ezaugarriak arretaz aztertzea, bertatik atera daitezkeen aplikazio teknologikoak garatu ahal izateko. Halere, egileek aitortu dutenez, aplikazio hauek “guztiz espekulatiboak” dira, eta, batez ere, mekanika kuantikoaren misterioak argitzeko baliagarria izango dela aurreratu dute.

Erreferentzia bibliografikoa:

Kogar, Anshul et a. Signatures of exciton condensation in a transition metal dichalcogenide. Science, 2017; 358 (6368): 1314 DOI: 10.1126/science.aam6432

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Jaun-andreok: hona hemen eszitonioa, materiaren egoera berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea

mar, 2017/12/19 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio 1999an Robert A. Kloner zientzialariaren ikerketa-taldeak bihotzarekin lotura zuten arazoen heriotza-tasa izan zuen aztergai. Pentsa zitekeen modura, frogatu ahal izan zuten neguan udan baino heriotza gehiago gertatzen direla eta gehienak abendutik urtarrilera gertatzen zirela.

Hasiera batean azalpen errazenera jo zuten eta ondorio horrekin argitaratu zuten haien lana: neguan tenperaturak hotzagoak dira, eta fenomeno horrek azaltzen du neguan heriotza-tasa handiagoa izatea. Guztiak zentzua zuen: tenperatura hotzagoa denean odol-presioa, hemostasia, basoespasmo koronarioa, eta abar handitu egiten dira eta errazagoa da bihotz-arazoak izatea.

1. irudia: Eguberrietako oporraldia ez da beti zoriontasunen iturri, zientziaren arabera; izan ere, hiltzeko egunik probableenak Gabonetako egun seinalatuak dira. (Argazkia: jill111 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Datuak grafikoetan irudikatu zituztenean, ordea, bazen zentzurik ez zuen datu bat: azaro bukaeran heriotzak handitzen hasten ziren, Gabonetako oporren inguruan maximora iristen ziren eta ondoren berrio jaisten hasten ziren. Alabaina, gorabehera hauek ezin ziren azaldu tenperaturaren bilakaerarekin; izan ere, tenperatura baxuak konstanteak dira abenduan eta urtarrilean -zergatik gertatzen zen orduan Eguberri inguruan igoera eta gero jaitsiera?-.

Azken galdera hori erantzunik gabe egon behar izan zen David P. Phillips eta bere lankideak gaia ikertzeari ekin zioten arte. Haien ikerketen emaitzen berri 2004an eman zuten eta ordura arte ezagutzen zena jaso zuten. Alde batetik, frogatuta zegoen neguko oporraldian suizidioak, hilketak eta heriotza eragiten duten auto-istripuak areagotu egiten zirela -baina, ez zen ikertu heriotza naturalak ere neguko oporraldian areagotzen ziren edo ez -. Bestetik, ezaguna zen neguan heriotza-tasa handiagoa zela neguan udan baino. Nolanahi ere, aurreko ikerketetan ez zen kontuan hartu Gabonetako oporraldiak heriotza naturaletan eragina zuen edo ez, neguaren efektua kendu ondoren -alegia, Eguberriak berak efekturik ba ote zuen-.

Phillips eta bere lankideek hainbat galdera erantzun nahi zituzten: Gabonetako oporraldian espero direnak baino heriotza gehiago gertatzen al dira? Heriotzen gehikuntza hori bihotz-arazoekin lotzen da bakarrik edo heriotza mota guztiak handitzen dira? Neguaren efektuaz gainera, zenbaterainokoa da Eguberrien efektua? Eguberrien efektu hori handitzen ari al da urtez urte? Bada, galdera horiei guztiei erantzuna emateko Ameriketako Estatu Batuetan 1973tik 2001era gertatutako 53 milioi heriotza aztertu zituzten eta ondorio aztoragarri batera iritsi ziren.

Eguberrietan hiltzea probableena da

Urtean zeharreko datu guztiak irudikatuta, urte-sasoien tenperaturaren arabera espero den irudikapena lortu zuten ikertzaileek. Neguan jende gehiago hiltzen da udan baino, espero zuten bezala. Baina abendu bukaeran eta urtarrila hasieran, Eguberrietako oporrekin batera, tenperaturarekin bat ez datorren igoera bat nabaritzen da eta, bitxiagoa dena, heriotza-tasak bi tontor ditu oporraldi horren barruan: Eguberri- Urteberri-egunetan, hain zuzen ere. Bihotzeko arazoen kausaz gertatutako heriotzei dagokienez, urte guztia kontuan hartuta, heriotza gehien gertatzen diren eguna abenduaren 25a da, bigarrena abenduaren 26a eta hirugarren postuan urtarrilaren 1a dago. Ikertzaileek aztertutako 26 urteetatik, 24 urtetan betetzen zen hori eta, gainera, urtetik urtera egun horietako heriotza-tasaren tontorra geroz eta handiago zen.

2. irudia: Olentzero edo Aita Noelen oparia ez da beti gustukoa izaten, izan ere, arrazoi naturalez hiltzeko egunik probableenak abenduaren 25a eta 26a dira. (Argazkia: Free-photos – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Bihotzarekin zerikusirik ez duten heriotza naturalen kasuan ere, antzeko patroia betetzen zela ikusi zuten. Heriotza naturala gertatzeko urteko egunik probableena abenduaren 26a da, gero abenduaren 25a eta, hirugarren postuan, urtarrilaren 1a. Berriro ere, Eguberrietako oporraldi horretan heriotza-tasak bi tontor ditu egun berezi horien inguruan. Neguko tenperatura baxuen hipotesiak ezin du azaldu tontor horien agerpena; izan ere, tenperaturaren aldaketa garrantzitsurik ez da gertatzen abenduaren 25ean edo urtarrilaren 1ean. Phillipsen analisian, urteko-sasoiaren kausazko heriotza-tasaren fluktuazioak kentzen zirenean Eguberri- eta Urteberri-eguneko igoerak ere mantendu egiten ziren eta, gainera, AEBtako zonalde hotzetan tontorra txikiagoa zen zonalde epeletan baino ¾hortaz, tenperatura baxuen eragina ez da gakoa¾. Datuak aztertu ondoren, Phillips eta bere kolaboratzaileek argi ikusi zuten zer gertatzen zen: Eguberrietako oporraldian bada heriotzak areagotzen dituen faktoreren bat, eta faktore hori ez da neguko tenperatura baxua.

Olentzerok ekarritako bihotzekoaren balizko azalpenak

Neguko tenperatura hotzen hipotesia baztertu ondoren, beste bederatzi azalpen proposatu izan dira zientzia-bibliografian Eguberrietako oporraldiaren heriotza-tasaren handitze anormala argitzen saiatzeko. Klonerren taldeak balizko lau azalpen eman zituen: neguko arnasketa-arazoen areagotzea, oporraldi horretan gertatzen den kutsadura-maila handiagoa, dieta aldaketa eta alkohol kontsumoa eta oporraldiarekin lotutako estresa. Phillipsen taldeak lau hipotesi horiek baztertu zituen. Lehen bi hipotesiek ezin ditu azaldu bi egun berezietan gertatzen den tontorra eta beste biak baztertzeko ikerketak ere egin zituzten. Oporraldiarekin lotutako estresa baztertzeko, Alzheimerra zuten gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, Alzheimerra duten gaixoek ez dira hain kontziente Eguberrietako oporraldiaren estresaz. Datuak aztertuta, ikusi zuten Alzheimerra zuten gaixoen artean ere heriotza naturala probableagoa zela Eguberri- zein Urteberri-egunean. Dieta eta alkohol kontsumoaren azalpena baztertzeko, ospitaleratutako gaixoen heriotza aztertu zuten; izan ere, ospitaletan dieta ez da nabarmenki aldatzen Eguberrietako egunetan. Gaixo horien kasuan ere, probableago zen abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean hiltzea.

3. irudia: Eguberrietako oporraldian heriotza-tasa handiagoa izatearen arrazoiak asko dira: oporraldiaren estresa, dieta aldaketa, alkohol kontsumoa, gaixotasunei arretarik ez egitea, bidaia luzeak egin beharra eta tenperatura hotzak proposatu dira, besteak beste, azalpen gisa. (Argazkia: jill111 – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Phillipsen taldeak beste bost azalpen luzatu zituen: hilabete aldaketetan heriotza gehiago gertatu daitezkeela, jaiegunetan heriotzak ez direla jakinarazten, gaixoek heriotza atzeratzen dutela egun garrantzitsuak iritsi arte, egun berezi horiek heriotza azkartzen dutela, edota jaiegunetan gaixoek ez dituztela tratamenduak behar bezala hartzen edo ez dutela medikuengana jotzen. Ikertzaileek ezin izan zuten aurkitu azalpen horietako gehienak babesteko frogarik, baina, bai azkenekoaren kasuan. Hau da, gaixoek modu desegokian jarraitzen dituzte medikuen aholkuak eta medikuarengana joatea atzeratu egiten dute Gabonetako oporraldiaren egun seinalatuetan. Ikertzaileen arabera, arrazoi horrek abenduaren 25eko, 26ko eta urtarrilaren 1eko heriotza-tasaren handitzea azaltzen du. Hala ere, azalpenak hutsen bat ere baduela adierazi zuten; izan ere, ospitaleratutako gaixoek ere heriotza-tasa handiagoa dute egun horietan -eta egun horietan medikuen arreta bera izatea espero da, ospitalean baitaude-.

Eguberrietarako zenbait gomendio

Nolanahi ere, frogatuta dago Eguberrietan heriotza naturala izatea probableago dela, baina, oraingoz ez da azalpen zientifiko bat aurkitu datuek erakusten dutena azaltzeko. Zerk eragingo ote du Eguberri- eta Urteberri-egunak hiltzeko urteko egunik probableenak izatea? Baliteke oraindik aztertu gabeko azalpenen bat egotea, edo literaturan proposatutako azalpen guztien bateratzea izatea arrazoia. Oraingoz, ez da lortu horietako hipotesirik zientifikoki frogatzea. Edozein kasutan, arrazoi hori aurkitzen den bitartean, zientzia-literaturan Eguberrietako oporraldiari aurre egiteko zenbait gomendio aurki ditzakegu.

Gomendioetako batzuk gaixoei edo arrisku handiagoan dagoen populazioari zuzendutakoak dira: batez ere, Eguberrietako gehiegikerietatik alde egitea eta kalterik eragingo ez duen dietarekin jarraitzea, tenperatura hotzak saihestea eta beharrezkoa den atsedena hartzea Eguberrietako oporraldi izanik ere. Osasun zerbitzuei ere zuzentzen zaizkie gomendioak, alegia, urtean zeharreko beste edozein egunetan bezala jarraitzea eta salbuespenik ez egitea jaiegunak izanik ere -osasun-zerbitzuak, langileria eta beharrezkoak diren arretak aldatu gabe-. Populazio osoarentzat gomendiorik ere bada: Eguberrietako oporraldia izanik ere, ondoeza edo bestelako sintomarik sentitzen bada medikuarengana jotzea urteko beste edozein egunetan egingo litzatekeen bezala. Egun seinalatuetan bazkarian edo afarian egon nahi izateagatik, agian, Urtezahar-gaueko mahatsak kontrako eztarritik joango zaizkizu koinatuari bihotzekoak ematen badio. Hori gertatzeko egunik probableenetakoa da, behintzat, zientziaren arabera.

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

The post Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Kantauriar ibaietako espezie exotikoak

lun, 2017/12/18 - 09:00
Gehienbat jatorri amerikarra eta asiarra duten flora exotikoko 156 espezie aurkitu ditu Diego Liendo ikertzaileak Kantauriko erlaitzeko ibaietan egindako ikerketan.

Flora aloktonoko (jatorrizkoa ez dena) espezieak bilatu dira Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Denera 156 espezie detektatu dira, espezie horien %40 puntu bakar batean agertu delarik.

Detektatu diren zenbait espezie, hala nola ‘Fallopia japonica’, oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, ‘Paspalum distichum’ kasu, ibai-hondartzak (ibaian zehar sortzen diren metakinak -harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak-) ia osorik estaltzera irits daitezke.

1. irudia: ‘Fallopia japonica’ (ezk.) oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen da. ‘Paspalum distichum’ (esk.) ibai-hondartza batzuk ia osorik estaltzera irits daiteke.

Ipar Amerikan jatorria duen ‘Muhlenbergia schreberi’ graminearen populazio naturalizatuak (hainbat ziklotan zehat -10 urte gutxienez- haien kabuz populazioa mantentzeko gai diren kanpoko espezieak) aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie honen bigarren erreferentzia da Iberiar penintsulan, orain arte Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Deigarria da emaitza, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baita. Espero zen baino askoz zabalduago dagoela azaltzen du ikertzaileak eta espezie horren populazioari segimendua egin behar zaiola uste du haren inbasio potentziala ebaluatu ahal izateko.

2. irudia: ‘Muhlenbergia schreberi’ren populazio naturalizatuak topatu dira bigarrenez Iberiar penintsulan.

Landare exotikoei dagokienez Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden azaltzen du ikerketak. Ekosistema hauen kudeaketarako garrantzitsua izan daiteke informazioa, ekosistema guztiek ez baitute kalteberetasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko.

Inbasio biologikoa

Ibai ekosistemak bereziki sentiberak dira espezie exotikoen inbasioarekiko, ibaien beren ezaugarriengatik, ibai ingurunea oso dinamikoa baita. Noizbehinka izaten diren uholdeek landarediaren parte bat eramaten dute eta beste espezie horiek sartzea errazten da. Nahiko ingurune egokia da, gainera, nutriente ugari eta ura eskuragarri baititu.

Inbasio gradua zenbait aldagairen araberakoa da, ikerketan azaltzen denez:

  • Aldagai klimatikoak (tenperatura).
  • Inguruneari dagozkion aldagaiak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare-komunitateen kopurua).
  • Aldagai antropikoak (ibai-zatiaren inguruko hiri-lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia).

Halaber, ibai-arro industrializatuetan inbasio maila askoz ere handiagoa dela ikusi da. Jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren %50ean edo gehiagoan hiri edo industria lurra duten arroetan.

Inbasio biologikoen fenomenoa, gizakiak espezieak beren banaketa eremu naturaletatik kanpo mugitzea eta huek bertan ezartzea, ingurumen arazo nagusietako bat da mundu mailan. Kontinente arteko garraio sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz areagotu egin da fenomenoa, bereziki azken hamarkadetan.

Munduko edozein lurraldeko ia edozein ekosistematan aurki daitezke kanpotik ekarritako espezie exotikoak eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Eta gaur egun portaera inbaditzailerik ez badute ere, aurrerago izan dezakete, ikertzaileak azaltzen duenez inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita.

Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako beste ikerketa bat ere egin da. Ibaiertzean hazten diren baso naturalak eta ibai-hondartzak aztertu dira eta ibai-hondartzetan espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa dela aurkitu da.

Iturria:

UPV/EHUko Komunikazio bulegoa: Ehun espezie baino gehiagotako landare exotikoek inbaditzen dituzte kantauriar ibaiak

Erreferentzia:

Diego Liendo Pérez ‘Plant Invasion in Cantabrian rivers: drivers and effects on plant diversity and riparian habitats’. ADDI.

The post Kantauriar ibaietako espezie exotikoak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #181

dim, 2017/12/17 - 09:00
Uxune Martinez

Klima-aldaketa

Lurra da, bere bizi guztiarekin, gure aterpe bakarra. Ez dugu besterik. 1992. urtean zientzialariek ohartarazi ziguten Lurraren egoera ez zela ona eta gizakion eragina zela nagusi horretan. 25 urte beranduago planetaren egoerak txarrera jo du aztertutako adierazle gehienetan, eta horrela jarraituz gero atzera bueltatzeko aukerarik ez dela izango nabarmendu dute oraingoan mundu osoko 15.000 zientzialarik BioScience aldizkarian argitaratutako ohar batean. Juanma Gallego kazetariak aldarriarekin bat egin duten ikertzaile euskaldunen hitzak batu ditu Berrian: Planeta babesteko bigarren aldarria.

Meteorologia

Urakanek eta tifoiak izenak dituzte. Eta badakizue zer dioen esaera zaharrak: “Izanaren itzala, izena“. Izan ere, arreta gehiago jartzen diogu urakan, tifoi edo ekaitz gogorrei hauek izena badute. Urakanen eta tifoien kasuan 1979. urtetik aurrera emakume eta gizonezkoen izen propioak tartekatzea adostu zuten Nazioarteko Meteorologia Erakundeak (WMO-k) eta Estatu Batuetako Meteorologia Zerbitzuak (NWS-k). Bestalde, 1954. urtetik aurrera Berlingo unibertsitate batek, Freie Universität Berlin, antizikloiak eta ekaitz gogorrei izena jarri izan diete. Hariari jarraituz, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo meteorologia zerbitzuek iragarri dute hemendik aurrera ekaitz gogorrak edo behe presio sakonak izendatzen hasiko direla. Datu guztiak Sustatu agerkarian bildu dituzte: Borraska sakonak izendatzen hasi dira Aemet, MéteoFrance eta IMPA. “Ana” izan da lehenengoa.

Teknologia

Gure inguruan gertatzen dena ezagutzeko teknologiak hainbat tresna garatu ditu. Horrenbestez, buia, radar, sismografo eta meteorologia estazioetan bildutako datuek datorrenaren berri ematen digute. Euskal Herrian baditugu arestian aipatutako erremintak eta Edu Lartzanguren kazetariak aurkeztu dizkigu Berrian: Euskal Herriaren zentzumenak.

Matematika

Josu Doncel matematikariak Galileoren esaldi bat dakarkigu gogora asteon: “Natura matematika erabiliz sortua da“. Eta, antza, zuzen zegoen. Gure matematikariak oso kontu bitxia eta interesgarria azaldu digu Zientzia Kaieran, kilkerren kantuak tenperatura adierazten duela. 15 graduko tenperatura dagoenean hasten dira kantuan kilkerrak eta zenbat eta gehiago abestu, are eta tenperatura beroagoa dago. Hori ba, 36 gradutik aurrera moteldu egiten duten euren txirtxirra eta 40 gradutik aurrera ez dira entzuten. Tenperatura kalkulatzeko formula matematikoa sortu zuen Amos Dolbear fisikariak 1897. urtean “Kilkerra termometro gisa” izeneko artikuluan.

Astronomia

ULAS J1342+0928 du izena, Eguzkiak baino 800 milioi masa handiagoa du eta Unibertsoak 690 milioi urte zituenean sortutako quasarra da. Quasarra honek badu berezitasun bat, urrunen detektatutako quasarra da eta gugandik argiarena baino 7,54 aldiz abiadura handiagoan urruntzen ari dela ere zehaztu dute berarekin topo egin duten Carnegie Institutuko astronomoek. Ana Galarragak ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Urruneneko zulo beltza detektatu dute.

Genetika

Francis Galton zientzialariak hainbat esparru jorratu zituen, esaterako estatistika. Berak sortu zuen korrelazio kontzeptua. Baina bada ere ezaguna antropologiarekin eta genetikarekin lotura duen beste termino bat sortzeagatik: eugenesia. Eugenesiak herentziazko giza ezaugarrien hobekuntza du helburu, teknika biologiko eta genetikoak erabiliz. Eugenesiaren historia ardatz hartuta Koldo Garcia genetistak edizio genomikoari so egiten dio eta haren erabilerari: Eugenesiaz hitz egin behar dugu.

Robotika

Robot biohibridoak osagarri organikoak dituzten gailuak dira. Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan eta etorkizunean ere bide oparoa izan dezakete. Hori dela eta, robotak sailkatzeko proposamena egin du zientzialari talde batek, beren taxonomia finkatzeko asmoz. Juanma Gallegok hurbiltzen dizkigu datu guztiak: Ate-joka ari diren roboten landa gida.

Biologia

Laktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio. Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa eta ondorioz hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira eta horiek eragiten dute ondoeza. Baina ba al dakizue ondoezaz gain, deshidratazioa ere ekar dezakeela laktosa digeritu ezin izateak? Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Miren Bego Urrutia biologoek azaltzen digute kontua: Esnea denontzat?

Zientziarekiko pertzepzioa

Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak “Zientziaren eta teknologiaren gizarte pertzepzioa“ri buruzko soziometroaren emaitzak plazaratu berri ditu. Txostena aztertu du Ana Galarraga kazetariak eta emaitzen berri eman digu Elhuyar aldizkarian: Zientzia eta teknologiari buruzko pertzepzioa: oro ez da urre. Plazaratu diren datuen arabera 2012tik hona hazi egin da gizarteak duen zientziarekiko interesa, baina galdetutakoen artean, hamarretik ia hiruk nahiko uste du ikerketa zientifikoaren zati handi bat ez dela fidagarria, finantziazio pribatuaren mende omen dagoelako.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #181 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #195

sam, 2017/12/16 - 09:00

Humanitateak babestu behar dira, zalantza barik, baina arrazoi zuzenengatik. Jesús Zamora Humanities: how not to defend them, and how to do it (2) artikuluan.

Duela urte batzuk pentsaezinak ziren efektuak lortzeko gai diren literalki atomoz atomo diseinatutako egituren eraikuntzan parte hartzen du DIPCko jendeak. Adibibez, A Kondo effect by manipulating spin chains

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #195 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84)

ven, 2017/12/15 - 09:00

Plentziako Itsas Estazioa UPV/EHUko goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Bertan, zientzian eta teknologian oinarritutako ikerketa gauzatzen da, itsas ekosistemak giza osasunean duen eragina aztertzeko helburuarekin.

Biologo zelularrak, zoologoak, ekologoak, botanikoak, fisikariak, geologoak, mikrobiologoak eta kimikariak elkarlanean dabiltza itsas estazioetan. Zientzialariek modu integratuan ikertzen dute itsasoa, ekosistema honek gizarteari eskaintzen dizkion baliabideak aztertzeko xedearekin.

Besteak beste, itsaso sakonean minbiziaren aurkako farmakoak aztertzeko edo hainbat prozedura industrialetan erabiltzeko konposatu aktiboak aurkitu daitezke.

Zertan datza Itsas Estazio baten jarduera? Zeintzuk dira itsasoak eskaintzen dizkigun baliabide nagusiak? Lotura ote dago itsasoaren eta giza osasunaren artean? Itsasoa eta giza osasunari buruz gehiago jakiteko, Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordearekin izan gara. Bere esanetan itsas ekosistema osasungarriak dira giza ongizatearen euskarri.

Zientzialari’ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Manu Soto: “Ziurtatzen baldin badugu osasuntsua dela ekosistema, gizartea askoz osasuntsuagoa izango da” #Zientzialari (84) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Esnea denontzat?

jeu, 2017/12/14 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Janaria

———————————————————————————————————–

1. irudia: Esnearen laktosa digeritzeko ezintasunari laktosarekiko intolerantzia deritzo.

Batzuek gustukoa dute esnea; beste batzuek, berriz, ezin dezakete edan. Jende helduaren artean asko dira esneak kalte egiten dietela diotenak, digeritu ezin dezaketelako. Zehatzak izateko, esnearen laktosa da digeritu ezin dezaketena. Laktosa digeritzeko ezintasun horri laktosarekiko intolerantzia deitzen zaio.

Laktosa disakarido bat da, bi hexosaz osatua dagoen azukrea. Horrelako azukreak digeritu ahal izateko, disakaridasak behar dira, disakaridoak hidrolizatzen laguntzen duten entzimak. Laktosaren kasuan laktasa da disakaridasa hori. Laktasa, beste disakaridasak bezala, hestearen epitelioko zelulen mintzean dago, hestearen argira begira dagoen aldean. Mintzean egotea garrantzitsua da: laktosaren digestioaren ondorioz sortzen diren bi monosakaridoak (glukosa eta galaktosa) xurgatzen baitira digestioaren prozesu berean.

Zer gertatzen da, baina, laktosa digeritu ezin daitekeenean? Digeritu ezean, hestearen argian gelditzen da laktosa. Hori dela eta, hestean dagoen mikroflorak hartzitu egiten du, eta hartziduraren ondorioz gasak sortzen dira; gas horiek eragiten dute ondoeza. Baina, horrez gain, eragile osmotikoa da disakarido hori; hau da, hestearen argian xurgatu gabe dagoen bitartean ura erakartzen du eta, horren ondorioz, ura iragaten da barne-mediotik hestearen argira. Ur hori digestioaren hondakinekin batera galtzen da, gorotzekin batera, eta beherakoa gertatzen da. Ondoeza alde batera utzirik, deshidratazioa ere ekar dezake laktosa digeritu ezin izateak. Esnearekiko nazka eta errefusa dira ezintasun horren ondorioak eta, beraz, esneak dituen makro eta mikroelikagaiak baliatzeko aukera galtzea.

Laktosarekiko intolerantziak jatorri bi izan ditzake. Lehen mailako intolerantzia deitzen duguna oso arrunta da, eta gizabanako askori gertatzen zaio amaren bularretik bereizi ondoren. Geroago arituko gara intolerantzia mota horretaz. Bigarren mailako intolerantzia, berriz, heste-hodiaren gaixotasunek sortua da. Zenbaitetan, heste-hodiaren gaixotasun batek laktasaren gabezia ekar dezake. Gaixotasun zeliakoa, Crohn gaitza, edo hantura-gaixotasunak egon daitezke intolerantzia mota horren oinarrian. Zenbaitetan, birus- edo bakterio-infekzioak dira bigarren mailako intolerantzia sorrarazten dutenak. Oso arruntak dira horiek, haurren artean esaterako. Infekzio-gaitz batek heste-hodiaren mukosa kaltetzen duenean epitelio-zelula asko galtzen dira, eta, beraz, zelula horien mintzetan dagoen laktasa ere galtzen da. Hortik dator esnea digeritu ezin izatea.

2. irudia: Ugaztun gehienek laktosarekiko intolerantzia garatzten dute edoskitze aldiaren ostean (Dehesadevaldelazarzaren irudia).

Baina askoz hedatuago dago lehen mailako laktosarekiko intolerantzia, intolerantzia mota horrek gizabanako gehienei eragiten baitie. Lehen mailako intolerantzia, berez, ugaztun gehienei gertatzen zaie amagandiko edoskitze-aldia bukatu ondoren. Esnea, azken batean, ugaztunen lehen hilabete edo lehen urteetako elikagaia da, eta ez luke zentzu handirik bizitza osoan zehar beharrezkoa ez den entzima bat, laktasa, ekoiztea. Izan ere, ume batzuengan bigarren urtetik aurrera hasten da laktasa-jarduera jaisten.

Zenbait herritako gizakiek, baina, esnea digeritzeko ahalmena bizitza osoan zehar mantentzen dute, edoskitzeari utzi ondoren ere laktasa sortzen baitute. Ahalmen hori, esan bezala, ez da unibertsala eta duela 8.000 urte[1] sortu zen abereak etxekotu zituzten zenbait herritan. Horri esker, elikatze-balio handia duen elikatze-baliabidea erabili ahal izan dute, eta, bereziki, D bitamina- eta kaltzio-emari egokia bermatu. Gogoan izan behar dugu kaltzioa eta D bitamina hezurrak osasuntsu hazteko ezinbesteko elikagaiak direla.

Hortaz, goi-latitudeak kolonizatzeko moldaera baliotsua izan da esnea digeritu ahal izatea, latitude horietan argi gutxi baitago, eta argi gutxi egonda D bitamina gutxiago sor baitaiteke. Eguzki-argiaren izpi ultramoreei esker sortzen dira D2 bitamina (ergosteroletik) eta D3 bitamina (kolesteroletik). Interes handikoa da laktosarekiko intolerantziari dagozkion herrien arteko desberdintasunei begiratu bat ematea. Hona zenbait datu: herbeheretarrak, % 0; suediarrak, % 1; danimarkarrak, % 3; ingelesak, % 6; errusiarrak, % 15; espainiarrak, % 15; europar jatorriko estatubatuarrak, % 24; grekoak, % 53; Australiako aborigenak, % 67; italiarrak, % 71; arabiarrak, % 80; afrikar jatorriko estatubatuarrak, % 81; inuitak, % 83; afrikarrak, % 83; mexikarrak, % 83; nigeriarrak, % 89; Estatu Batuetako aborigenak, % 95; tailandiarrak, % 98; asiar jatorriko estatubatuarrak, % 100. Oso esanguratsua da inuitei dagokien datua, frogatzen baitu aldaketaren joera ez dela latitudearen araberakoa. Aipagarria da, halaber, Estatu Batuetako aborigen eta europar jatorrikoen arteko aldea. Argi dago herri europarretan gertatzen dela laktosarekiko tolerantzia-maila handiena, Europan esne-abereek beste inon baino garrantzi handiagoa izan dute-eta historia osoan zehar.

Oharrak:

[1] 2010ean egin diren aurkikuntza berrien arabera, baliteke ahalmen hori lehenago ere (duela 12.000 urte) sortu izana.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

The post Esnea denontzat? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ate-joka ari diren roboten landa gida

mer, 2017/12/13 - 09:00
Juanma Gallego Osagarri organikoak dituzten robotak sailkatzeko proposamena egin du zientzialari talde batek. Robot hauen hedapena hain handia izan da, ezen beharrezkoa baita beren taxonomia finkatzea.

Kolaborazioan oinarritutako edozein sisteman funtsezkoa da hizkuntza komuna erabiltzea. Bestela, arazoak suerta daitezke. Esaterako, 1999an Mars Climate Orbiter espazio ontziak planeta gorriaren kontra talka egin zuenean, mundu guztiak ulertu zuen komenigarria zela kalkuluak burutzeko neurri unitate berdinak erabiltzea. Jakina denez, zunda ekoiztu zuen enpresako ingeniariek sistema anglo-saxoia erabili zuten, baina NASAk Nazioarteko Unitate Sistema erabili zuen.

1. irudia: Orain arte, Wyss Institutuak garatutako arraia-robota da gailu biohibridoen artean ospe gehien eskuratu duena. Iaz ‘Science’ aldizkariak azal bat eskaini zion. (Argazkia: K. Hudson and M. Rosnach / Science Robotics)

Robotika bezalako arlo batean, gainera, are garrantzitsuagoa da komunikazioan batasun hori mantentzea. Izan ere, aurrerapenak hain bizkor suertatzen ari dira, ezen beharrezkoa bihurtu baita adostasun terminologikoa lortzea. Hala pentsatu du, bederen, Victoria Webster-Wood ikertzaileak gidatutako lan taldeak. Horregatik, Science Robotics aldizkarian robot biohibridoen sailkapen sistema berria proposatu dute.

Ehunen ingeniaritzan izan diren aurrerapenei esker, mota honetako robotek garapen handia izan dute azken urteotan, eta litekeena da etorkizunean ere bide oparoa izatea. Izenak dioenari jarraituz, osagarri organikoak dituzten gailuak dira robot biohibridoak. 2016an Harvardeko Unibertsitateko Wyss Institutuko ikertzaileek aurkeztu zuen tramankulua adibideetako bat da: alga baten eta arratoi baten ehunak biltzen zituen arraia-robota egin zuten. Optogenetika baliatuz, algaren geneak arratoiaren muskuluetan sartu zituzten, eta, horrekin, argiaren poderioz mugitzen zen arraia antzeko bat lortu zuten.

Momentu honetan halako burutazioek aplikazio askorik ez badute ere, argi dago teknologia honen garapena funtsezkoa izan daitekeela, besteak beste, medikuntzaren alorrean. Giharren mugimenduari dagokionez, bederen, bihotzari lotutako gaixotasunak berehala datoz burura.

Ikertzaileek artikuluan argudiatu dutenez “ohiko ingeniaritza sistemekin alderatuz, osagarri organikoek etorkizun oparoko alternatiba suposatzen dute sistema robotiko autonomo konplexuak garatu aldera”. Ohiko roboten sentsoreak mugatuta daudela diote (txakurrek droga edo lehergaiak atzemateko duten gaitasun paregabea jarri dute adibidetzat). Bestetik, efizientziari dagokionean, oraindik ere eskala txikiko robotetan ez da lortu animaliek duten gihar eta eskeleto sistemaren parekorik, eta ehunak erabiltzea aukera bikaina izan daiteke.

Taxonomia baterantz

Robotic Taxonomic Key (Roboten Gako Taxonomikoa) izena eman diote proposamenari. Horren bitartez, robotak deskribatzeko eta sailkatzeko modua garatu nahi izan dute. Eurena ingeniaritzari lotutako arloa dirudien arren, profesional asko inplikatuta daude bertan: biologia, farmakologia, neurologia edota adimen artifiziala, besteak beste. Hortaz ere sailkatze honen beharra. Sailkapena egiteko, gaiaren ingurua dagoen bibliografia hartu dute abiapuntutzat. Lau parametrotan oinarritu dira: estruktura, jokaera (edo mugimendua), sentsoreak eta kontrola.

2. irudia. Taxonomia berriaren bi adibide: intsektu batean txertatutako gailuaz garatu duten robot hibridoa, eta arraia-robota. (Argazkia: Webster-Wood / Science Robotics)

Zuhaitzak, hegaztiak edo onddoak identifikatzeko gakoa balitz bezala, robotak identifikatzeko bidea proposatu dute. Halako “espezimen” baten aurrean, galdera hau egin beharra dago: parametro bakoitzari dagokionean, osagarria organikoa, hibridoa ala sintetiko al da? Era eskematiko batean aurkeztuta, horrelakoa da sailkapena:

1. Estruktura a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 2. Jokaera a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 3. Sentsoreak a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa 4. Kontrola a) Organikoa b) Hibridoa c) Sintetikoa

Gako hau modu grafiko batean era errazean irudikatzeko bidea eman dute, gainera. Organikoa bada, margo solidoarekin adierazten da. Hibridoa bada, marratuta; azkenik, sintetikoa bada, hutsik irudikatzen dute. Osagarri organikoa genetikoki eraldatua izan bada, puntutxoak jartzea proposatu dute.

Wyss Institutuak garatutako arraia-robotak, esaterako, honako klasifikazioa izango luke: estruktura sintetikoa, jokaera organikoa, sentsore organikoa (genetikoki eraldatua) eta kontrol sintetikoa.

Arraia-robotari buruzko bideoa.

Organobotak

Taxonomia berezi hau landu duten honetan, terminologiaren alorrean ere proposamen bat egin dute. Artikuluan “organoboten” aukera ere kontuan hartu dute, nahiz eta oraindik halakorik ez den garatu. Izan ere, termino hori proposatu dute “soilik osagarri organikoez osatutako robotak” definitzeko. Teknologiaren garapena ikusita, argi dago laster bioteknologiaren eta ingeniaritzaren arteko mugak are lausoagoak izango direla, eta egunen batean “organobotak” errealitate bat izango direla.

Alde etikoak ere jaso dituzte: “Robot biohibridoen eta organoboten garapenean ehunen ingeniaritzari lotuta doazen kezka berdinak agertzen dira”. Horren adibide jarri dituzte ehunen eta zelulen jatorria, edota lagin horiek eskuratzeko erabili diren animalien zaintza egokia. Harago joan dira, etorkizunean “izaki” berri hauen inguruan sor daitezkeen bestelako kezkak aurreikusita. “Periferia garatuak dituzten gailu autonomoen garapenarekin, agertzen hasi dira kezkak gailuak mina edota estresa sentitzeko ote dituzten, edota organismo bizi bezala existitzen hasiko ote diren”. Bestalde, baliteke robot horiek bakterioen edo bestelako kutsatzaile biologikoen arriskua jasan behar izatea, eta horrek erronka berria ekarriko du etorkizunean: birus informatikorik ez, baizik benetako birusak izan ditzakete lagun.

Erreferentzia bibliografikoa:

Webster-Wood V.A. et al. Organismal engineering: Toward a robotic taxonomic key for devices using organic materials. Science Robotics, 29 Nov 2017: Vol. 2, Issue 12, eaap9281 DOI: 10.1126/scirobotics.aap9281

———————————————————————————-

Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Ate-joka ari diren roboten landa gida appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages