S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 34 min

Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu.

jeu, 2024/02/15 - 09:00

Lluís Montoliuren Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak (2020) liburuak oinarrizko informazio eskurakoa eskaini nahi du edizio genetikoaz eta CRISPR teknologia berritzaileaz. Edizio genetikoa indarrez sartu da laborategietan zein gizartean, bereziki CRISPR tresnak agertu zirenetik. Hainbat aplikazio aurkitu zaizkie biologian, osasun-arloan eta bioteknologian. Metodoaren abantailak nahiz mugak edo arazo ebatzi gabeak nabarmentzen ditu, teknologia-iraultza honetatik espero litekeenaz ikuspegi zintzo eta errealista bat eskaini nahian.

Geneak editatzenIrudia: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

«CRISPR komunitatearentzat, luxua da zientziaren eta dibulgazioaren paladin eskuzabal hori izatea, eta pozbidea irakurle potentzialentzat hark edizio genetikoari buruzko liburu hau idaztea onartu izana» (Francisco J. Martínez Mojica mikrobiologoa).

Lluís Montoliu (1963) biologian doktorea da, eta CSICeko Bioteknologiako Zentro Nazionalean ikertzaile dihardu, bai eta Carlos III Osasun Institutuaren mende dagoen Gaixotasun Bakanen Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan ere. Azken hogei urteetan ohorezko irakasle izan da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Artoaren biologia molekularraz idatzi zuen doktorego-tesia, eta 1990eko urteen hasieran saguen eredu esperimentalak lantzeari ekin zion. Halaber, edizio genetikorako CRISPR tresnen erabileran aitzindaria izan da Espainian. Dibulgazioan eta bioetikan ere aritua da nasaiki. CSICeko Etika Batzordeko kide da, eta Zientziaren Europako Kontseiluko Etika Batzordekoa ere bai. Sari ugari jasotakoa da.

Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak
  • Egilea: Lluís Montoliu José
  • ISBN: 978-84-1319-570-4
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2023
  • Orrialdeak: 520 or.
Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. CRISPR tresna zoragarriak

The post Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu. appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari

mer, 2024/02/14 - 09:00

Tenperaturaren igoera globalak eragindako krisi klimatikoak lehorteak maizago eragiteaz gain, muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuk ere eragiten ditu. Besteak beste, prezipitazio biziagoen eta itsas mailaren igoeraren ondoriozko uholdeak. Zenbatesten da munduko populazioaren % 23 muturreko uholdeak pairatzeko arriskuan dagoela. Zoritxarrez, Espainia gertakari horren lekuko izan da duela gutxi. Pasaden urteko irailaren hasieran penintsulan izan zen maila altuetako depresio isolatuak (DANA izenez ezagunagoa) sekula erregistratu gabeko prezipitazio historikoak eragin zituen zenbait eskualdetan.

gertatuIrudia: uholdeak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dute. (Argazkia: Tom Fisk – Domeinu publikoko irudia. Iturria: pxhere.com)

Halako gertakari baten aurrean, uholdeek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako heriotzen, lesioen eta suntsipenen ondoren, pentsa genezake, esaera zaharrak dioen bezala, “ekaitzaren ostean barealdia datorrela” eta bizitza normaltasunera itzultzen dela apurka-apurka. Egin berri den ikerketa baten arabera, badirudi baieztapen hori ez zaiola errealitateari hasieran uste adina egokitzen. Uholdeak eragiten dituen ekaitz bizi baten ostean, barealdia ez da guk uste bezain azkar etortzen. Nazioarteko zientzialari talde batek ikusi du halako hondamendiak jasaten dituzten herritarrek hondamendia gertatu eta hiru eta sei aste bitartean hiltzeko arrisku handiagoa dutela, nahiz eta egoera erabat bere onera itzuli den. Emaitza horiek British Medical Journal aldizkarian argitaratu dira.

Azterlana egiteko, ikertzaileek hilkortasun eta demografia adierazle ugari aztertu zituzten ia hamarkada batean gutxienez uholde bat jasan zuten 35 herrialdetako 761 lekutako datu baseetan oinarrituta. Guztira, kausa guztien ondoriozko 47,6 milioi, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko 11 milioi eta arnas gaitzen ondoriozko ia 5 milioi heriotza aztertu zituzten. Honako hauek ziren hondamendi natural horrek planetan gehien kaltetutako eremuak: Estatu Batuetako Mississippi ibaiaren eta Afrikako Volta ibaiaren inguruko eskualdeak, Ozeano Bareko Latinoamerikako kostaldea, hego-ekialdeko Asia, Txina kontinentaleko kostaldeak eta Australiako ekialdeko kostaldea.

Ikerketaren arabera, uholdeak izan zituzten eremuetako biztanleek arrisku handiagoa zuten (% 2,1 gehiago) kausa guztien edo arnas gaitzen ondorioz hiltzeko (ia % 5 gehiago), gertakaria gertatu eta 60 egunera arte. Gaitz kardiobaskularren ondorioz hiltzeko arriskua ere handiagoa zen (% 2,6 gehiago) hondamendia gertatu eta 50 egunera arte. Unerik kritikoena, heriotza tasa handienekoa, uholdeak gertatu eta 15 egunera gertatzen da. Nolanahi ere, alde garrantzitsuak zeuden gertakari horretan, aintzat hartzen badira tokiko klima eta bertako pertsonen adina eta maila sozioekonomikoa. Maila sozioekonomiko txikiko biztanleek eta adinekoen kopuru handiagoak aipatutako kausen ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa zuten. Zenbatesten da uholdeak jasan dituzten populazioetan heriotza guztien % 0,10, gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko heriotzen % 0,18 eta arnas gaitzen ondoriozko heriotzen % 0,41 uholdeen ondorio direla.

Nahiz eta azterlanak ez duen aukerarik ematen uholdeen eta heriotza tasaren gorakadaren arteko kausa-efektu erlazioa ezartzeko (asoziazioak baino ez dira), ikertzaileen ustez fenomeno horren atzean zenbait faktore egon daitezke. Osasun zerbitzuak eskuratu ezina, mikroorganismo patogenoekiko esposizio handiagoa, uraren eta elikagaien kutsadura eta gertakariaren eragin psikologikoa aipatu dituzte faktore posilbe bezala. Azterlanaren egileek gomendatzen diete osasun arloko profesionalei eta politikariei aintzat har dezatela heriotza arriskua areagotu egiten dela uholdeak gertatu eta zenbait astetara. Horrel, hondamendi natural horien aurreko estrategiak hobetu ditzakete eta, hala, ekidin litezkeen heriotzen kopurua murriztu.

Duela gutxi Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkarian argitaratu berri den beste azterlan batek ere agerian uzten du hondamendi naturalek epe luzera eragina dutela bizirik atera diren biztanleen artean. Batez beste, 2004an Aceh kostaldean (Indonesia) tsunamia jasan zuten emakumeen kortisol hormonaren maila % 30 txikiagoa zen zoritxarreko gertakaria izan eta 14 urtera arte, inguruko herrietan bizi ziren eta tsunamiak kaltetu ez zituen emakumeena baino.

Fenomeno hori nabarmenagoa zen gertakariaren ondorengo bi urteetan trauma osteko estresaren sintoma larriak zituztela adierazten zuten emakumeen artean. Horrez agin, kortisol hormonaren maila txikiagoa zuten emakumeek ere osasun fisiko eta psikosozial okerragoa zuten eta burnout maila (erreta egotearen sindromea) handiagoa zuten izandako estresaren ondorioz. Gizonetan, ordea, ez zen alde handirik nabari tsunamia jasan zutenen eta jasan ez zutenen artean.

Kortisola estresaren hormona da, eta gora egiten du arriskutsutzat edo larritzat jotzen diren egoeretan. Hala ere, epe luzean eutsitako estresaren ondorioz, erantzun horrek alteratu egin dezake estresa erregulatzen duen sistema. Hau da, ardatz hipotalamiko-pituitario-adrenala (HPA), eta kortisolaren maila baxuak eragiten ditu.

Oro har, ikerketa horiek, arloko beste azterlan batzuekin batera, adierazten dute hondamendi naturalek kalte handiak eragiten jarraitzen dutela herritarren artean, gertatu eta denbora luzera. Hortaz, beharrezkoa da osasun politika egokiak ezartzea krisi klimatikoaren ondoriozko hondamendi naturalen gero eta inpaktu handiagoei aurre egiteko.

Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 6an: Una inundación continúa afectando a la salud mucho tiempo después de ocurrir.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Uholde batek gertatu eta handik denbora luzera ere eragin diezaioke osasunari appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira

mar, 2024/02/13 - 09:00

Orain arte egindako laginketarik handienak agerian utzi du batez ere eremu idorretan azkar lehortzen ari direla lurpeko ur erreserbak.

Mapamundi baten aurrean jarrita, berehala bereizten ditugu gure planeta txiki hau horren xarmagarri egiten duten kontinente eta itsasoak. Poloetan, gainera, moduren batean bi mundu horien arteko nahasketa diruditen eremu izoztuak aise ikusten ditugu ere.

Baina lurpean ere badira urez beteriko eremu zabalak. Akuiferoak dira horiek. Herri irudimenean, lurpeko zulo handietan bildutako lakuak dira, baina gehien-gehienetan gauzak ez dira horrela. Horrelakoa baino, urez gainezka dagoen lur busti bat bezalakoa dela esan ohi dute geologoek, eta, inguru horiek, laku bat bezalakoak baino, belaki erraldoitzat hartu behar ditugula.

akuifero1. irudia: eskualde askotan, lurpetik erauzitakoa da behar adina kopuruetan soroak ureztatzeko eskura dagoen ur bakarra. (Argazkia: Juanma Gallego)

Horietako asko ur ekarpenekin betetzen dira aldiro, baina badira ere garai batean pilatutako uraren gordailu direnak, dagoeneko urik jasotzen ez dutelako. Azken hauei akuifero konfinatu edo fosil esaten zaie, eta horietako batzuk guztiz estrategikoak dira.

Bitxia eman badezake ere, munduko akuifero fosilik handiena Ekialdeko Sahararen azpian dago; Txad, Egipto, Libia eta Sudan artean. Nubiako Hareharrizko Sistema Akuiferoa da, eta 150.000 kilometro kubiko inguru ditu. Horren tamainaz jabetzeko, pentsatu behar dugu gutxi gorabehera Mediterraneo itsasoan dagoen uraren halako hamarren bat duela.

Hau ez ezik, modu batean edo bestean, akuifero gehienak premiazkoak dira gizakiarentzat. Horregatik lurpeko ur masetan gordetako kopuruei adi daude zientzialariak.

Dena dela, mundu mailako bereizmena eduki nahi izanez gero, agerikoa da erronka handia dela informazio hori guztia kudeatu ahal izateko moduko jarraipena egin ahal izatea. Lurrazalean dauden ur masen kasuan, satelite bidezko irudiek aukera eman dezakete uren zabaleraren zenbatespena ia-ia denbora errealean egiteko, eta, irudi horien bitartez, gertatzen ari diren joerak ondorioztatu daitezke.

Akuiferoen kasuan, ostera, oso bestelakoa da egoera. Satelite bidez ere horiek neurtzen saiatzeko ahalegin batzuk egiten ari diren arren —zehaztasun handiz grabitazioa neurtzen duten GRACE sateliteen bitartez urpeko ur masak ondorioztatuz, adibidez—, monitorizatutako ur putzuak dira egoeraren berri izateko zientzialariek eskura dituzten tresna onenak.

Bide hau jarraitu dute orain Nature aldizkarian aurkeztutako zientzia artikulu batean. Nazioarteko zientzialari talde batek 40 herrialdetan baino gehiagotan neurtutako 170.000 putzu ingurutan jasotako datuetan oinarritu dira egoera zertan den ezagutzeko. Orotara, 1.693 akuifero sistema aintzat hartu dituzte ikerketan. Eta atera dituzten ondorioak ez dira batere baikorrak akuiferoen egoerarekiko.

Datuen arabera, akuiferoen %71 ura galtzen ari dira. Horien artean, ur erreserben %36 urte bakoitzeko 0,1 metro —hots, hamar zentimetro— jaisten ari dira mailan. Beste %12 are azkarrago jaisten ari dira: metro erdi baino gehiago urte bakoitzeko.

1980 eta 2000 bitartean izandako aurreko neurketekin alderatuta, zientzialariek diote akuiferoen %30 inguru “modu azeleratuan” ahitzen ari direla gure mende honetan, “bereziki eremu idorretan”. Ikertzaileek klima aldaketaren testuinguruan kokatu dute egoera. Diotenez, uren galera azeleratua duten eremuen %80an prezipitazioak gutxitu dira azken 40 urteetan.

akuifero2. irudia: 170.000 bat putzutako datuez baliatu dira. Irudian, aztertutako akuiferoen galera mailen irudikapen grafikoa. (Irudia: Scott Jasechko / UCSB)

Gainbehera gehien izan dituzten eremuen artean, nabarmendu dituzte AEBetako mendebaldea, Saudi Arabia, Iran eta Txinako iparraldea. Iberiar penintsularen adibide bat aipatu dute ikerketan: Cingla-Cuchillo akuiferoak (Murcia eta Albacete probintzien artean) urte bakoitzeko 1,6 metro galdu ditu. Dena dela, gehien galdu duena Irango Rashtkhar akuiferoa da: urte bakoitzean 2,6 metro jaisten da bere maila.

Goranzko joeran daudenak badira ere, baina horiek dezente gutxiago dira. Hala, akuiferoen %6 igotzen ari dira urteko 0,1 metroan, eta %1 ingurutan askoz azkarrago gertatzen ari da gorakada, urte bakoitzeko 0,5 metroan.

“Batetik, erakutsi dugu lurpeko urak azkar ahitzen ari direla mundu osoan, eta azken hamarkadetan gutxitze tasak azkartu direla, zenbait lekutan 20 hazbete [50 zentimetro] baino gehiago”, laburbildu dute egileek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean. “Bestetik, lurpeko uren ahitzea geldiarazteko propio egindako ekimen ugari jaso ditu ikerketak. Ondorio hauek erakusten dute gizarteak ez daudela kondenatuta beren lurpeko ur hornigaiak drainatzera, eta, behar bezalako esku hartzeen bidez, baliabide garrantzitsu hau berreskuratzerik badagoela”.

Hoberantz doazen ur masen kasuan, zientzialariek uste dute besteak beste bertan ur kontsumoa gutxitu dela, kudeaketa politikak martxan jarri direla, lurraren erabileran aldaketak egon direla edo ur transferentziak gertatu direla. Egileak sinetsita daude akuifero hauek berreskuratu daitezkeela, akuiferoen kudeaketa hobetuz gero.

Datu andana izan dituzten arren, ikerketak gutxi gorabehera urpeko ura erabiltzen duten lurraldeen hiru laurden inguru jorratu ditu, baina Afrika edo Txina bezalako eremu garrantzitsuetan datuak ez direla jaso ohartarazi dio Inside Climate News hedabideari Donald John MacAllister hidrogeologoak. Bereziki urpeko uren kontsumo handia duen Txinaren tamaina ikusita, nahiko intuitiboa da pentsatzea faltan diren datu horiek seguruenera ez direla oso baikorrak izango.

Ikerketan adibide asko jarri dituzte. Adibidez, Bangkoken (Thailandia) 1980 eta 1990eko hamarkadatan izandako ur mailen jaitsierari buelta eman diote, lurpeko uren ponpaketak gutxitzeko ezarri dituzten araudiengatik. Bestetik, Bangladesh erdialdean, herrialdeko gune txiroenetako batean, arroza ereitetik garia ereitera pasa dira, eta gai izan dira akuiferoa berriro betetzeko.

Beste adibide bat aipatzearren, Tucsonen (Arizona, AEB) Colorado ibaiko urarekin inguruan dagoen Avra haraneko akuiferoa betetzeko erabiltzen ari dira. Horrelakoak, dena dela, ez dira dohain ateratzen, eta Kaliforniako Golkoko deltara iristen den ur jarioa txikiagoa da orain. Horrek ere, noski, ingurumen edo ekonomia eraginak eraginak izan ditzake. Nahi eta nahi ez, lur sistema osoa hertsiki lotuta dagoelako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jasechko, Scott; Seybold, Hansjörg; Perrone, Debra; Fan, Ying; Shamsudduha, Mohammad; Taylor, Richard G.; Fallatah, Othman; Kirchner, James W. (2024). Rapid groundwater declines in many aquifers globally. Nature, 625, 715–721. DOI: 10.1038/s41586-023-06879-8

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

The post Munduko akuifero gehienak gainbeheran dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako

lun, 2024/02/12 - 09:00

UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak dituen gailu bioelektroniko bat sortzeko prozedura azaltzen du Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis izeneko liburuan. Modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian zelulak atzemateko eta askatzeko eta, aldi berean, prozesuak ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatzeko gai da gailu hori. Minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsa da.

Metastasia da minbiziaren ondoriozko heriotza-kausa nagusia; zelula bat tumoretik irten, odol-fluxura eta sistema linfatikora igaro eta urruneko organoetara heltzean gertatzen da metastasia. Mugitzen diren tumore-zelula horiek modu ez-inbaditzailean biltzea funtsezkoa da minbiziaren ikerketan biologia zelularra, diagnostikoa eta pronostikoa egiteko, eta sendagaiak garatzeko. Odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izan ohi da beste zelula-mota batzuekin alderatuta, eta zelula horiek modu bideragarrian biltzeko metodo tradizionalak neketsuak dira.

GailuIrudia: gailu bioelektroniko bat sortu dute mugitzen diren tumore-zelulak modu ez-inbaditzailean atzeman eta askatzeko. (Argazkia: Karolina Grabowska – domeinu publikoko irudia. Iturria: Pexels.com)

“Minbizi-zelulak kontzentratzeko gai den gailu bat sortu nahi genuen, zelula horien kontzentrazioa hauteman ahal izateko”, azaltzen du Janire Saezek, UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeko Ikerbasque ikertzailea. Orain arte helburu horrekin garatu diren biosentsoreek (parametro biologiko edo kimikoak neurtzeko gailuak, izaera biologikoko osagai bat dutenak) kalte egiten diete zelulei, haiek atzeman eta askatu bitartean. Zentzu horretan, Microfluidics Cluster taldeak material adimendunak konbinatu ditu bioelektronikaren arloarekin (karbonoan oinarritutako erdieroaleak aplikatzean datza) minbizi-zelulen atzematea eta askapena neurtu ahal izateko.

Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis liburuaren kapitulu batean xehatu da prozedura. Liburua komunitate zientifikoari zuzenduta dago, eta minbizia diagnostikatzeko eta monitorizatzeko asmoz mikrofluidoen teknologietan egin diren aurrerapausoak aztertzen dira bertan. Minbizia diagnostikatzeko, eta diagnostiko-gailu berri eta hobeen garapena sustatzeko bereziki garatu diren gailu mikrofluidikoak laborategian sortzeko gida paregabea da liburua. Ikerbasque ikertzaileak azaltzen duenez, “tenperatura-aldaketen aurrean erantzuten duen polimero adimendun batekin estali diren mikrofabrikatutako urrezko elektrodoz osatutako gailu bioelektroniko bat erakutsi dugu, zeinak balio baitu mugitzen diren tumore-zelulak modu ez-inbaditzailean atzeman eta askatzeko eta prozesu osoaren aldibereko monitorizazio elektriko eta optikoa egiteko”.

Aurrerapauso handi bat egiteko lehen urratsak

“Saiakuntzak kultibo-inguruneetan egin genituen; ez genuen pazienteen benetako zelularik erabili, zelula-kultibo bateko zelula komertzialak baizik. Gure gailuarekin zelulok atzeman eta aska genitzakeela egiaztatu genuen”, azaldu du ikertzaileak. Orain, polimeroa askotariko zelula-motetara zehazki egokitzeko lanean ari dira. Gailua “Cambridgeko Unibertsitateko talde batekin izandako lankidetzaren emaitza da; lanean jarraitzen dugu talde horrekin, eta gailua hestegorri-minbizia duten pazienteen laginekin erabiltzen ari dira. Gailu horren bidez, minbizi-zelulak berriz kontzentratzen ari dira modu hautakorrean, haien kontzentrazioa hauteman ahal izateko”, aipatzen du Sáezek.

Hauxe azpimarratzen du ikertzaileak: “minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsak dira. Baliteke aurrerapauso on bat izatea, oro har kostu baxuko teknologiak direlako eta masiboki ekoitz daitezkeelako. Teknologia-mota hauek minbizia goiz bahetzeko erabiltzea da asmoa”.

Gaur egun, Microfluidics Cluster taldeak “horren antzeko gailu bioelektronikoetarako egitura mikrometrikoen” garapenean du arreta. “Gainera, 3D-ko sistemak garatzen ari gara, ‘organoa txip batean’ izeneko sistemak sortzeko (alegia, giza gorputzaren organoen itxurak egiten dituzten sistema biomimetikoak)”, dio.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Tumore-zelulak atzematea eta askatzea gailu bioelektroniko adimendunak erabiliz.

Erreferentzia bibliografikoa:

Saez, Janire; Garcia-Hernando, Maite; Savva, Achilleas; Owens, Roisin M.; Benito-Lopez, Fernando; Basabe-Desmonts, Lourdes (2023). Capture and Release of Cancer Cells Through Smart Bioelectronics. Non: Garcia-Cordero, J.L., Revzin, A. (eds) Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis, 2679, 304-314. Humana. DOI:  10.1007/978-1-0716-3271-0_21

The post Gailu bioelektronikoa minbiziaren baheketarako appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Emakumea Zientzian: zientzialarien lana agerian jartzen berdintasunean hezteko

dim, 2024/02/11 - 09:00

2014an Valentziako Unibertsitateak Las mujeres en los contenidos de la Enseñanza Secundaria Obligatoria – TRACE ikerketa gauzatu zuen. Azterlanean DBHko testuliburuen edukiak aztertu ziren, 12-16 urte duten ikasleen eskola-liburuetan azaltzen diren gizonezko eta emakumezkoen kopurua eta presentziaren eduki-analisia egiteko. Kopurua edo zenbatekoa ez ezik, kontuan hartu ziren, besteak beste, figura bakoitzaren aipamena, tratamendua edo hizkuntza. Hau da, presentzia- eta errepikapen-adierazleak eta aipamenen modua, tokia eta edukia, aztertu ziren ikerketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egiteko.

1. eta 4. DBHko 115 testuliburu aztertu ondoren emaitzek erakutsi zuten Bigarren Hezkuntzako testuliburuetan emakumeen presentzia urria zela, emakumezko figurak % 12,8 baitziren. Irakasgaiei erreparatuz gero, ikertzaileek ikusi zuten zientzia-gaiei zegokien edukietan emakumeen presentzia % 5a baino txikiagoa zela eta, esaterako, teknologiez eta informatikaz ari bagara, portzentajea % 1era jaisten zela. Bestalde, deigarria zen ere 3. eta 4. DBHko liburuetan emakumeen presentzia jaitsi egiten zela, eta batez beste, % 7,5 ziren honako figurak. Hezkidetzan aditua da Ana López-Navajas ikertzailea eta haren esanetan:

“Eredu-faltak lan izugarria egiten du, izan ere, emakumeei aditzera emate die hori (emakumeen aipamena ez duen arloa) ez dela gure esparrua”.

Gaur egungo egoera orain hamar urtekoaren parekoa da. Baina emakumezko erreferenteen eskasia hau, ordea, ez da zientzietako irakasgaietan bakarrik gertatzen eta honek ondorio nabarmen bat du: eduki akademikoen zehaztasun falta. Hori dela eta abian dira #NoMoreMatildas bezalako ekimenak edo baliabideen bankuak ikastetxe guztien eskura berdintasunean hezteko baliabideak eskaintzeko asmoz. Helburu horrekin bat eginez sortzen da Emakumea zientzian argitalpena.

emakumea zientzian liburua1. irudia: Emakumea zientzian liburuaren azala. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitatearen Zientzia Museoa)Emakumea zientzian liburua: berdintasunean hezteko baliabidea

Emakumea zientzian liburua Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren proiektu bat da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrak parte hartu du euskarazko edizioa prestatu eta taxutzen. Liburuaren helburua nagusia da neskatoengan eta mutikoengan zientziarekiko jakin-mina eta ideia zein ikuspegi berriak piztea, publiko orokorrarentzat ezezagunak diren, baina zientziaren historian ekarpenak egin dituzten emakume zientzialarien lana ikusaraziz. Emakumeak zientzian eginkizun handia izan dutela jakitera ematen du edukiak, baina agerian utziz ere bidean zailtasunak eta oztopoak izan dituztela.

Liburuan hamabi emakumeren biografia laburrak eskaintzen dira: June Almeida, Florence Nightingale, Janaki Ammal, Mary Anning, Rachel Carson, Ada Lovelace, Alice Evans, Maria Mitchell, Margarita Salas, Cecilia Payne, Lynn Margulis eta Isabel Morgan.

Biografiez gain, emakume zientzialarien historia lantzeko material desberdina eskaintzen du Emakumea zientzian argitalpenak. Alde batetik, irakurketa ulertzeko jarduerak daude, eta horiek egiten dituenari datu garrantzitsuak gogoratzen lagunduko diote. Bestalde, gurutzegramak, zopa-letrak, enigmak, bikoteak lotu edo esaldiak osatu bezalako ariketak ditu liburuak, jolasarekin batera ikasteko prestatuak. Azkenik, sormena sustatzeko jarduerak daude, esaterako, testuen lanketa, galdera-erantzunak, infografiak bidez eta abar. Material hau, jarduerak egitea erraztu dezakeen terminoen glosario batez lagundua dator.

2. irudia: Emakumea zientzian liburuko ariketa bat. (Argazkia: Nafarroako Unibertsitatearen Zientzia Museoa)

Emakumea zientzian liburuak hezkuntzan baliagarria izan daitekeen edukia eskaintzea du helburu. Doan jaitsi daiteke euskaraz eta gaztelaniaz eta, batez ere, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen jardunean bidelagun izateko gauzatu da, ikasleak zientziaren mundura gehiago hurbiltzeko materialak eskainiz eta irakasleei hezkidetzarako baliabideak gerturatuz.

Erreferentzia bibliografikoak: Egileaz:

Uxune Martinez, (@UxuneM) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta Zientzia Kaiera blogeko arduraduna.

The post Emakumea Zientzian: zientzialarien lana agerian jartzen berdintasunean hezteko appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #479

sam, 2024/02/10 - 09:00

Giza gorputz-adarren garapenaren atlas bat egin da, orain arte ezagutzen ez zen bereizmenarekin. Human limb development “live”, Rosa García-Verdugok.

Partikula subatomikoak desintegratzen direnean, hutsune kuantikoa aldatzen dute eta elkarri lotuta geratzen dira. Hori ondorioztatzen du ikerketa teoriko batek, fenomenoa ordenagailu kuantikoetan erabil litekeela baieztatzen duenak. Quantum entanglement among quarks

Leuzemia mieloide akutua da leuzemia akutuen artean ohikoena helduen artean eta ohikoa haur-minbizietan. Antigorputz eta farmako konjugatuak eraginkorrak izan daitezke tratamenduan. Antibody-drug conjugates for the treatment of acute myeloid leukemia, Marta Irigoyenen eskutik.

Nahikoa da urrezko atomoen geruza bat pixka bat bereiztea, nanometroaren hamarrena, urrezko masatik, argi ikusgarriak bazterrak nahas ditzan (ikuspegi fotoniko batetik, ulertzen da). DIPCko jendeak Infiltration of light inside Au surfaces

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #479 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Galileo eta mareak

ven, 2024/02/09 - 09:00

Askok ez zuten konfiantzarik izan Johannes Kepler astronomo alemanaren teoriaz mareak azaltzeko. Astronomo alemanaren arabera, Ilargiak mareetan eragiten zuen erakarpen misteriotsu baten ondorioz sortzen ziren.

Galileo Galilei izan zen teoria hartaz fidatu ez zenetako bat, eta berea pentsatzen hasi zen. Haren ustez, mareak lurraren errotazioaren eta translazioaren ondorio ziren. Hark munduaren zentzu osoa zuela zirudien. Bere buruaren eta Eguzkiaren inguruan biratzean, Lurrak azelerazioak eta desazelerazioak jasaten zituen aldizka. Zehazki, egunean bi. Galileok bere ondorioak argitaratu zituen 1616an Mareen Tratatuan, bere ikuspegia aldeztuz. Baina zientzialariek ere akats egiten dute. Eta historiak erratu egin zela erakusten digu.

Gaur badakigu Galileo oker zegoela eta Keplerren intuizio arriskutsuak zuzenak zirela: mareak Ilargiaren eta Eguzkiaren grabitazio-eraginaren ondorio direla. Indar horrek, ozeanoak ez ezik, unibertsoa bere osotasunean ere hartzen du: grabitatearen indarra!

UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.

The post Galileo eta mareak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia

jeu, 2024/02/08 - 09:00

Aurpegiaren morfologia ezinbestekoa da banakoak euren artean ezberdindu ahal izateko. Gainera, oinarri genetiko sendoa du aurpegiaren morfologiak, nahiz eta beste eragile batzuen menpe egon daitekeen (ingurumenerako moldapenak ala hautespen sexuala, besteak beste). Halaber, posible litzateke DNA aztertuz hainbat ezaugarri morfologikoren fenotipoa berreraikitzea

Lan honetan, aurpegiko ezaugarrietan eragina duten SNPak (Single Nucleotide Polymorphisms), nukleotido bakarreko polimorfismoak, aztertu ditugu. Izan ere, gure helburua, giza populazioak aurpegiaren morfologiari loturiko datu genetikoetatik abiatuta desberdintzen diren ikustea baita. Hortaz gain, sudur morfologia populazio ezberdinetan aztertu dugu, adibide zehatz gisa.

Lehenik eta behin, bilaketa bibliografiko bat burutu da datu-baseetan, aurpegiko morfologian eragina duten SNPen informazioa bilatzeko. Ondoren, 1000 Genoma proiektuko datu basean, munduko populazioetako gizabanakoen informazio genetikoa lortu dugu SNP horietarako. Segidan, datuen analisi estatistikoak egin dira eta analisi multibarienteen bitartez populazioen taldekatzeak irudikatu dira, Oinarrizko Osagaien Analisia burutuz (OOA). 1000 Genoma proiektuan analizatu diren populazio bakoitzerako sudurreko morfologiarekin loturiko SNP bakoitzerako PRS (Polygenic Risk Score) balioak kalkulatu dira.

aurpegiarenIrudia: SNPek eragina duten ezaugarrien irudikapena. Beltzez, sudur zubiaren zabalera; gorriz, sudurraren luzera; urdinez, sudurraren zabalera; eta berdez, sudur-hegalen luzera. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Gure emaitzetan populazioen historia demografikoak aurpegiaren morfologiaren aldakortasunaren proportzio handia azaltzen duela aurkitzen dugu. Izan ere, bai SNP morfologikoekin egindako OOAk, bai kontrol moduan erabilitako SNPekin egindako OOAk antzeko sakabanatze eredua jarraitzen dutela ikus dezakegu. Hau da, indibiduoen taldekapena euren jatorri geografikoaren araberakoa da eta populazio ezberdinak modu berdintsuan desberdindu daitezke bai aurpegiko morfologian eragina duten SNPetan, zein kontrolerako ausaz aukeratu diren SNPetan ere. Horrela, lehendabiziko banapen garrantzitsuena Afrika eta gainontzeko populazioen artean ematen da. Afrikaz kanpoko populazioen artean, oso ondo bereizten dira ekialdeko asiarrak. Hala ere, aurpegiko morfologiari loturiko SNPen OOAn lehenengo ardatzak Asiaren ekialdeko populazioak gainontzeko populazioetatik bereizten ditu eta SNP-kontroletan, Afrikar populazioa da gainontzeko populazioetatik bereizten dena.

Sudurreko morfologiaren PRS (Polygenic Risk Score) balioei dagokionez, populazioetan ezberdintasun nabariak ikusi ditugu. Alde batetik, baliorik txikienak europarretan behatu dira. Baliorik handienak, ordea, Afrika eta Ekialdeko Asiako populazioetan. Horrenbestez, historia demografikoak aurpegiaren morfologiarekin erlazionaturiko aldakortasun genetikoan eragin handia izan duen arren gaur egungo populazioetan agertzen den aurpegiko morfologiaren aldakortasuna beste faktore batzuen menpe ere egon daiteke. Horrela, hautespen sexuala bezalako beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete, nahiz eta maila txikiagoan. Hortaz gain, populazioetan ikusten diren sudur morfologia ezberdinak moldapen morfologiko moduan azaldu daitezke. Izan ere, beste ezaugarri morfologiko batzuk bezala, sudurraren morfologia klimarekin estuki lotuta dagoela argitaratu da, sudurreko muki mintzak arnasten den airea berotzen eta hezetzen duelako, arnasbideetara pasatzeko prestatuz.

Gure laneko emaitzak kontuan hartuta, ez dugu behar adina SNP kopurua giza aurpegiaren morfologia populazioen banapen geografikoaren arabera aurresateko. Kontuan hartu behar da, gainera, ezaugarri konplexuak ikertzen ari garela eta beraz horien efektua neurtzea zailagoa dela. Azkenik, aurpegiaren ezaugarriei loturiko SNPen azterketa, auzitegi zientzietan ere erabilgarria izan daiteke, nahiz eta gaur egun, DNAtik abiatuta banako baten identifikazio fenotipikoa konplexua den arren.

Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia.
  • Laburpena: Aurpegiaren morfologia ezinbestekoa da banakoak euren artean ezberdindu ahal izateko. Lan honetan, aurpegiko ezaugarrietan eragina duten SNPak aztertu ditugu. Populazioen historia demografikoak aurpegiaren morfologiaren aldakortasunaren proportzio handia azaltzen duela aurkitzen dugu. Hala ere, aurpegiaren aldakortasunean hautespen sexuala bezalako beste faktore batzuek ere eragina izan dezakete, nahiz eta maila txikiagoan. Sudurraren morfologian arreta jarriz, Asia ekialdeko eta Afrikako populazioek sudur zabalagoa dute oro har, eta europarrek estuagoa. Bestalde, aurpegiaren ezaugarriei loturiko SNPen azterketa auzitegi-zientzietan ere erabilgarria izan daiteke, nahiz eta gaur egun DNAtik abiatuta banako baten identifikazio fenotipikoa konplexua den. Lan honen helburua da giza populazioak aurpegiaren morfologiari loturiko datu genetikoetatik (SNPak) abiatuta desberdintzea posible den egiaztatzea.
  • Egileak: Amaia Cabrejas, Santos Alonso eta Neskuts Izagirre
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 291-317
  • DOI: 10.1387/ekaia.22949
Egileez:

Amaia Cabrejas, Santos Alonso eta Neskuts Izagirre UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Gizakiaren aurpegiaren ezaugarri fenotipikoei loturiko aldakortasun genetikoaren analisia appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Metamorfismo bitxi horiek

mer, 2024/02/07 - 09:00

Metamorfismo izeneko prozesu bat jasan ondoren sortutako arrokak metamorfikoak izaten dira. Prozesu horretan hasierako arroka batzuk eraldatu egiten dira eta jatorrizkoak ez bezalako mineralen osaera eta ehundura edo barne egitura izaten dute, presio edo tenperatura oso handiak jasan dituztelako. Gehienetan metamorfismoa sistema itxi batean gertatzen da. Hau da, jatorrizko arrokaren oinarrizko konposizio globala arroka metamorfiko berriaren berdina da, eta azken emaitzan ez da elementu kimikoen galerarik edo irabazirik egoten. Gertatzen dena da hasierako arrokaren mineralak desintegratu egiten direla oinarrizko osagai kimikoetan eta berriro konbinatzen direla arroka metamorfikoan beste mineral batzuk sortuz. Eta barneko egitura kristalino berri bat ere sortzen da. Hau da, arrokaren itxura aldatu egiten da eta ondorioz, metamorfismoaren prozesuan mineralak lerrokatu edo orientatu egiten dira planoak, xaflak edo, are, kolorazio desberdinetako bandak eratuz.

Gaurko ikasgai teorikoa amaitzeko, bi metamorfismo mota daudela esatea besterik ez zait falta. 1‑ eskualde metamorfismoa, presioa eta tenperatura igotzearen ondorioz gertatzen dena; eta 2- ukipen metamorfismoa, magma bat sartzen zaien arrokek jasaten duten tenperatura igoeraren ondoriozkoa.

Metamorfismo1. irudia: arroka metamorfikoen eraketaren eskema sinplifikatua, presioa eta/edo tenperatura igo ahala gertatzen diren mineralen eta ehunen arloko aldaketak zehaztuta.

Ziur nago pare bat adibide soil eta ezagun jartzen badizkizuet, hobeto jakingo duzuela zertaz ari naizen. Eskualde metamorfismo bidez eratutako arroketako bat arbela da; aurrez arroka detritiko bat zegoen, lutita esaterako, eta denbora batez presioa eta tenperatura jasaten egon ondoren jatorrizkoa eraldatu egin da. Arbelaren ezaugarri nagusia xafla oso markatuak izatea da, mineralak plano paraleloetan baitaude (arbel cleavagea esaten zaio). Ukipen metamorfismo bidez eratutako arroketako bat marmola da, arroka karbonatatu batek (kareharri batek, esaterako) jasandako tenperatura igoeraren ondorioz eratu baita; magma igarotzen da arrokan zehar, arrokaren tenperatura igo egiten da eta prozesu metamorfikoan eratutako kristal berrien ordenazioa gertatzen da.

2. irudia: arbela. A) Goiko aldearen ikuspegia, azalera leun eta distiratsuarekin. B) Xafla paralelo finetan dauden plano mineralen xehetasuna. Horiek definitzen dute arbel cleavagea.Metamorfismo3. irudia: marmola. A) Goiko aldearen ikuspegia; kristal mineral batzuk sumatzen dira. B) Barneko egitura kristalinoaren xehetasuna.

Baina hemendik aurrera zuek apur bat harritzen saiatuko naiz, metamorfismo partikular, deigarri eta bitxi batzuen bidez.

Lehenengoa metamorfismo hidrotermala da, metasomatismo ere esaten zaiona. Horrelakoetan prozesu metamorfikoa gertatzen da arroka ostalarietan zehar zirkulatzen dutelako isuri beroek. Eta gogoan duzue lehen esandakoa, gehienetan metamorfismoa sistema itxietan gertatzen dela? Bada, hau da araua berresten duen salbuespena, izan ere, isuri bero horiek disolbatutako elementu kimikoz kargatuta daude eta erreakzionatu egiten dute zeharkatzen duten arrokarekin. Ondorioz, mineral berriak sortzen dira hasieran ez zeuden elementuak gehituta. Metasomatismoaren adibide nagusia skarn‑a da; zarakar edo aureola metamorfiko hori ukipenezko prozesu metamorfikoan eratzen da, non magmak isuri beroak askatzen dituen eta isuri horiek arroka ostalari karbonatatutekin batera mineralak sortzen dituzten. Mineral horiek zenbaitetan interes ekonomikoa izan dezakete, osaeran elementu kimiko kritikoak dituztelako, litioa edo niobioa esaterako.

Metamorfismo4. irudia: metasomatismo bidez eratutako arroka da Calako (Huelva) meatzeetako skarna; piroxenoak, anfibolak, granateak eta karbonatuak ditu. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Bigarren adibidea ukipen metamorfismoarena da, planeta baten azalerara gorputz estralurtarrak erortzean sortutako presioaren eta tenperaturaren ondoriozkoak. Horrela sortzen dira, oro har, inpaktita esaten zaien arrokak. Hainbat motatakoak izan daitezke: talka arrakalak, meteoritoa gainera erori zaien arrokak zatitu eta berriro kontsolidatzen direnean talkako beroaren ondorioz; talkaren ondorioz urtuak, arroketako material solidoak urtu eta ia likido bihurtu ondoren, berriro kontsolidatutakoan ehundura beirakara izaten dutenak; eta talka egindako arrokak eta mineralak, non material geologikoen egitura kristalinoak deformazio handiak izaten dituen, presio ikaragarriaren mende egon direlako.

Metamorfismo5. irudia: inpaktitak, arroketako bat erditik zatituta barruko itxura ikusi ahal izateko; Monturaqui talka kraterrean jaso eta San Pedro de Atacamako (Txile) Meteoritoaren museoan erakusgai. (Argazkia: Juan Manuel Fluxà – CC BY-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Eta azkeneko adibidea fulguritena da. Arroka metamorfiko horiek eratzen dira tximista batek hondartza bateko kuartzo-harea jo eta urtu ondoren forma tubular eta luze arraroetan kontsolidatzen direnean, eta gehienetan zuzenean lurretik altxatzen dira.

Metamorfismo6. irudia: tximistak kuartzo alea jo ondoren hareazko hondartza batean eratutako fulgurita baten adibidea. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Gizakioi ikaragarri gustatzen zaigu gure inguruan dugun guztia edukiontzi itxi eta ongi definituetan sailkatzea, baina gure planeta ez da gure nahien mende jartzen. Eta hona hemen adibide txiki batzuk: zuk uste duzunean arroka mota jakin bat ongi definituta, deskribatuta eta ordenatuta duzula, dena hankaz gora jartzen duten bi-hiru menderakaitz agertzen dira. Baina horixe da, hain zuzen ere, Geologiaren alderdi dibertigarriena, gure kontroletik kanpo dauden salbuespenak aurkitzea.

Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko azaroaren 9an: Esos curiosos metamorfismos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Metamorfismo bitxi horiek appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Antza, saihets-hezurra Evarena zen

mar, 2024/02/06 - 09:00

Artikulu honetan azalduko dena ez da gai berria. Izatez, aurreko mendeko 40ko hamarkadan argitaratu ziren lehen aurkikuntzak; ordea, zientzia-aldizkari espezializatuetan soilik. Garai hartan jakin izan zen ugaztunen enbrioia (eta, beraz, gizakiena ere bai) “emea” dela haurdunaldiaren hasieran, eta geroago bihurtzen dela ar, ‘hala’ bihurtzekotan. Noski, baieztapen hori sineskeria erlijioso eta kultural askoren kontrakoa zen, eta baita orduko hainbat teoria zientifikoren aurkakoa ere.

Mary Jane Sherfey psikiatra estatubatuarra arduratu zen, 1972an, jakintza hori publiko orokorrari helarazteaz, The nature and evolution of female sexuality liburuarekin (“Sexualitate emearen izaera eta eboluzioa”, euskaraz). Bertan, Sherfeyk berrikusi egin zituen aurreko urteetan gai horren inguruan argitaratu ziren zientzia-artikuluak, ohartu baitzen artikulu horietan azaltzen zenak garrantzi sozial handia izan zezakeela. Biblian eta Koranean, Jainkoak Adan sortu zuen lehenengo, eta hark konpainia behar zuelakoan, Eva jaio zen Adanen saihets batetik. Gutako askori jada zaila egingo zaigu halako kontakizunak egiazkotzat jotzea, baina uste baino eragin handiagoa izan dute gizartean, eta baita sexualitatearen inguruko zientziaren garapenean ere.

berezko joeraIrudia: gizakion berezko joera, eta, oro har, ugaztun guztiena, umetokian sortu ondoren eme bilakatzea da. (Argazkia: ComuniCosmos – CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean. Iturria: flickr.com)

Urte askoan, giza sexualitatea ulertzeko, Sigmund Freud mediku eta psikoanalistak proposatutako ideiak izan ziren oinarria. Freudek gaurko gairako interesgarria zaigun premisa bat plazaratu zuen 1905ean argitaratutako saiakera batean: klitoria zakil errudimentario bat dela, aztarna-organo bat, ia. Zakil izan nahi baina bidean gelditzen dena, eta, esplizituki, ar izan nahi eta soilik eme izatera iristen dena. Lehenengo Adan, eta gero Eva.

Ordea, zientziak laster sakondu zuen giza sexualitatean eta baita animalien sexu-desberdintzapenean ere. Eta berehala baztertu ziren Freudek proposatutako hainbat ideia. Are gehiago, aurkikuntzek errealitate guztiz bestelako bat erakutsi zuten: hain zuzen ere, gizakion berezko joera, eta, oro har, ugaztun guztiena, umetokian sortu ondoren eme bilakatzea dela.

Haurdunaldian, ugaztun oro hasiera-puntu berdinean hasten da garatzen ernalketa ostean, ar edo eme izan; hau da, genetikoki XX edo XY izan. Garapen goiztiarrean, fetuaren gonadak (geroago obulutegi edo barrabil izango direnak) desberdindu gabe eusten diote, eta itxuraz,  emeak dira. Eta “eme” izaten jarraituko dute haurdunaldiaren lehenengo asteetan, 6 edo 7, gizakion kasuan. Fetua genetikoki arra bada, Y kromosomak barrabilen garapena induzituko du. Gero, barrabilek androgenoak sortuko dituzte (sexu-hormona arrak) eta androgenoek sexu-organo emeak garatzea galaraziko dute. Azkenik, sexu-organo arren garapena sustatuko da. Beraz, laburbiltzeko, aurkikuntza horien ondorio garrantzitsuena zera da: ugaztunen haurdunaldiak feminizatzeko berezko joera duela, maskulinizazioa eragingo duen faktore aktibo baten ezean. Erlijioak eta Freudek ziotenaren kontrakoa, alegia.

Ikertzaileak konturatu ziren prozesu horrek sekulako ondorioak zituela gizakiaren (eta ugaztun ororen) sexu-desberdintzapenean. Izan ere, haurdunaldian, sexu-desberdintzapena gertatu aurretik, fetu bati gonadak kenduko balitzaizkio, fetu horrek bere garapena jarraituko luke, printzipioz arazo handirik gabe, eta obulutegirik gabeko eme bat bilakatuko litzateke. Prozesu hori berdin-berdin gertatuko da fetua genetikoki arra edo emea izan.

Teoria onartuenaren arabera, feminizatzeko berezko joera horrek badu logika ebolutiboa, eta bibiparo izatearekin du erlazioa; hau da, enbrioia emearen barnean garatzearekin. Haurdunaldian zehar, fetua amaren estrogenoen (sexu-hormona femeninoen) eraginpean dago denbora luzez. Beraz, prozesua kontrakoa balitz, hau da, fetuaren berezko joera ar bihurtzea balitz, eta sexu-desberdintzapena eragin beharko luketen hormonak estrogenoak balira, fetu guztiak eme izango lirateke azkenean. Beren amak odolean dituen sexu-hormona femeninoengatik, hain zuen. Ordea, fetuaren berezko joera eme bihurtzea izanik, estrogenoek ez diote eragiten, eta nahikoa da garapenaren puntu batean androgenoak sortzea fetua ar bilakatzeko.

Mary Jane Sherfey berak behin esan zuen eboluzioaren prozesu hori “Amalurren magia hutsa” zela. Alabaina, oso penatzen zuen gizarteak ez eboluzionatzeak naturak bezala, eta jakintza zientifikoak bezala, bereziki, emakumeen sexualitatearen alorrean. Sherfeyk lan ederra egin zuen ugaztunen sexu-desberdintzapenaren inguruko aurkikuntzak gizarteratzen, eta ondorio oso onuragarriak ekarri zituen. Bere lanak garaiko hainbat sineskeria okerri aurre egiteko balio izan zuen. Horretarako baita zientzia, gizarteak aurrera egiteko, eta ahal bada, bide onean.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Sherfey; Mary Jane (1974). Some biology of sexuality. Journal of Sex & Marital Therapy, 1, 2, 97-109. DOI: 10.1080/00926237408405278
  • Sherfey; Mary Jane (1972). The nature and evolution of female sexuality. Crown Publishing Group/Random House.
  • Wizemann, Theresa M. & Pardue, Mary-Lou (2001). Sex Begins in the Womb. In Exploring the biological contributions to human health does sex matter? essay, National Academy Press. DOI: 10.17226/10028
Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Antza, saihets-hezurra Evarena zen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Eboluzioa kontrolatzeko bilaketa berria

lun, 2024/02/05 - 09:00

Egungo zientzialariak ez daude pozik soilik bizitzaren eboluzioa aurreikustearekin. Itxura eman nahi diote.

Eboluzioa konplikatua da. Biologia ebolutibo modernoaren zati handi batek prozesuaren osteko indarren ageriko ausazkotasuna (mutazioak nola gertatzen diren, adibidez) biosfera osoan aplikatzen diren funtsezko printzipioekin lotu nahi du. Biologoen zenbait belaunaldik eboluzioaren logika behar beste ulertzeko itxaropena izan dute, nola gertatzen den ulertu ahal izateko.

1. irudia: egungo zientzialariak ez daude pozik soilik bizitzaren eboluzioa aurreikustearekin. Itxura eman nahi diote. (Ilustrazioa: James O’Brien. Iturria: Quanta Magazine)

Baina aurreikuspena helburu garrantzitsua izan arren, zientzialariak orain anbizio askoz handiagoko helburu baten bila dabiltza: nola gertatzen den kontrolatzea.

Hori zientzia fikzioa irudi dakiguke, baina ahalegin horren adibiderik argienak gure iraganean daude. Har dezagun aintzat hautespen artifizialeko prozesua (Charles Darwinek sortutako terminoa): duela milaka urte, gizakiak ezaugarri hobeak zituzten landareak eta animaliak identifikatzen eta modu selektiboan hazten hasi ziren, eta horrek ezaugarri horiek areagotu zituen ondorengoen artean. Ikuspuntu horrek nekazaritza eman zigun, gizadiaren historiaren asmakizun kultural eraldatzaileenetako bat. Ondoren, animalien eta landareen hautespen artifizialak genetika eta geneek populazioetan duten eboluzioa ulertzen lagundu zigun. Baina, oso eraginkorra izan arren, hautespen artifiziala nahiko mugatuta dago oraindik ere.

Hori ez da hautespen naturala bezalakoa (Lurraren eboluzio egokitzailea bultzatzen duen indarra, non ez dagoen hautaketa egiten duen intentzio eragilerik). Eragile hautatzailea ez da giza hazlea, baizik eta natura bera, eta “gaitasun” handieneko aldaerak hautatzen ditu: bizirauteko eta ondorengo osasuntsuak sortzeko aukerarik handiena dutenak. Eta naturak hautatzen duenean, nekez aurreikus daitezke emaitzak.

Orain biologoek ezarri nahi dute eboluzioa nola gertatzen den maila molekularrean eta kontrol zuzena ezar dezakete bai ugalketa prozesuaren gainean, bai nekazaritzako kultiboetan dugunaren gainean. Antola al dezakegu eboluzioa, mutazioz mutazio, nahiago dugun emaitzaren arabera?

Harrigarria izan arren, dagoeneko bide erdian gaude. 2018ko Kimikako Nobel Sariak eboluzio zuzendua izeneko metodoari buruzko lana aitortu zuen. Metodo horrek biomolekula berriak diseinatzeko aukera ematen die zientzialariei. Irabazleetako bat, Frances Arnold, laborategian proteinak mutatzeko, eta, ondoren, proteina horien funtzionaltasuna neurtzeko aitzindaria izan zen (adibidez, entzima batek zein ondo metabolizatzen duen azukrea). Beraz, posiblea da interesekoak izan daitezkeen proteinak isolatzea, mutatzea eta gehiago hautatzea, funtzio hobetua duen proteina bat sortu arte (kasu honetan, azukrea oso modu efizientean metabolizatzen duen entzima bat). Ildo horretan, kimikariek txakur hazle gisa dihardute, baina ez dute ugalketa sexuala behar ondorengotza proteikoa sortzeko. Are gehiago, proteinen populazio anitza sortzen dute eta ordu batzuk baino ez dituzte behar propietateak neurtzeko. Eta nahi dutena hautatzean, eboluzioa nola gertatzen den kontrolatzen dute.

Adibide horretatik abiatuta, argi dago eboluzioa kontrolatzeko (zenbait emaitza lortzera bideratzeko) honako hauek behar direla: eboluzioa nola gertatuko litzatekeen jakitea eta esku hartzeko teknologia. Beraz, problema horretan pentsa dezakegu ekuazio sinple baten ikuspuntutik: Kontrola = aurreikuspena + ingeniaritza.

Kontrol hori Arnolden ikuspuntua baino sotilagoa izan daiteke. 2015eko ikerketa batek iradoki zuen antibiotikoak ordena jakin batean erabiltzea, eboluzioak ez ditzan sor antibiotikoekiko erresistenteak diren patogenoak. Eta antzeko zerbait ari da gertatzen minbiziaren tratamenduarekin: onkologoak minbiziaren molekulei buruz dugun ulermen baliatzen saiatzen ari dira minbizia zelulak medikamentu zehatz batzuen aurrean sentikor izan daitezen. Hori posiblea da; izan ere, dakigu minbizia zelula batek farmako batekiko erresistentzia sortzen duenean beste batzuekiko sentikorragoa bihur daitekeela. “Albo sentikortasun” kontzeptu hori sistema biologikoetako konpentsazioen funtsezko printzipioetan oinarritzen da: oro har, ez dago “doako otordurik” eboluzioan, eta egokitzapenak, sarritan, kostuak ditu.

Lanik berrienetan, zientzialariek honako ikuspuntu hauek orokortu dituzte: Fisika kuantikoaren ideiak erabiliz, diziplina anitzeko talde batek (mediku, informatikari eta fisikariek osatutakoa) kondukzio kontradiabatikoa izeneko metodoa erabili dute, biztanleria aurretik zehaztutako helburuetara eramateko. Adibidez, malariaren parasito andui batzuek sortutako infekzioak errazago tratatzen dira beste batzuk baino. Ikertzaileak parasitoen populazioak tratatzen errazagoak diren anduietara «bideratzen» saia litezke.

Antzeko ideiak aplikatzen ari dira beste sistema batzuetan, hala nola mikrobioman, non biologo ebolutiboek orain eboluzio zuzendua erabiltzen duten gure azalean eta hesteetan bizi diren mikrobio komunitateak kontrolatzeko. Horretarako, zenbait mikrobiok elkarrekin duten elkarreraginari buruzko ezagutzak eta mikrobio teknika berriak erabiltzen ari dira. Horiei esker, zenbait mikrobio txerta ditzakegu beste mikrobio batzuen populazio batean. Itxaropena da ezagutza hori erabili ahal izatea egunen batean mikrobiomaren osaera bideratzeko osasun arloan emaitza hobeak dituen beste baterantz.

Aurrerapen horiek erakusten dute, nolabait, eboluzioaren kontrola orainaldiko kontua dela, eta ez etorkizunekoa. Baina arrakasta handieneko adibideak ingurune gutxi batzuetan gertatu dira: mikrobioak, mikrobioen komunitateak eta proteinak. Eta, are gehiago, egindako ahaleginak epe laburreko kontrolean oinarritzen dira: zientzialari zentzudun bakar batek ere ez du hamarkada edo mendeetan zehar (milaka urtetan zehar gertatutako hautespen artifizialaz gain) jardun duen eboluzio molekularra kontrolatzeko asmorik. Eboluzio prozesuaren gaineko benetako kontrola gure egungo ezagutzak eta tresnek mugatzen dute.

Eboluzioaren kontrolaren erronka teknikoak handiak izan arren, oztopo etikoak ere nabarmenak dira. Arazoak gainjarri egiten dira genetikoki aldatutako organismoekin. Artoaren aldagai batean mutazio bat diseinatzen dugunean, eta mutazio horrek estres handiko inguruetan ere hazteko aukera ematen dionean, artoaren aldagai horren etorkizuneko belaunaldietan esku hartzen dugu. Gainera, gizakietan enbrioiak hautatzeak antza izan dezake hautespen artifizialarekin, eta gaitasuna eman diezaguke etorkizuneko populazioetan giza ezaugarrien agerpena kontrolatzeko. Oro har, teknologia horien aplikazio sutsuegiak determinismo genetiko mota batek bultzatu ahal ditu: populazio batean organismoen arteko alde nabarmenak konposizio genetikoaren bidez (batik bat) azal daitekeelako ikuspegi inozentea.

Noizbait gizakien eta beste organismo batzuen eboluzioak denbora eskala luzeagoan zuzentzen saiatuko bagina, modu inozentean, determinismo ebolutibo baten biktima izango ginateke, bizitzak etorkizunean izango duen eboluzioa kontrolatu ahal eta behar dugula defendatzen duena. Azken finean, anbizio horiek lekuz kanpo daude. Biologia ebolutiboaren kapritxoa gutxiesten dute: bizitzak funtzionatzeko eta sortzeko moduari forma ematen dioten indar guztiak kontuan hartzeko zailtasuna. Batzuek uste lezakete adimen artifizialak zalantza horiek ebazten lagundu dezakeela. Baina AA ez da ezjakintasunerako panazea. Eraginkorragoa da moldatu eta aurreikusi nahi dugun sistemaren zorroztasunak ulertzen ditugunean. Biologia ebolutiboak ez du guztiz betetzen estandar hori, edo ez oraindik.

Biologia modernoaren anbizioarekin gogoberotu gaitezke (eta behar dugu), eta, aldi berean, gure mugak aitortzeko lasaitasuna izan. Adibidez, mugimendu eugenesikoak iradoki zuen giza arrazak hobera egin zezakeela etxekotutako animaliak eta kultiboak eman zizkiguten metodo motak erabiliz. Orain ulertzen dugu onartezina izan zela eta biologia txar batean oinarritu zela. Horrelako adibideak ohartarazpenak dira eta erakutsi beharko ligukete indar asaldatuak, hala nola eboluzioa, kontrolatzeko ahalegin arduragabeek porrot egiten dutela.

Jatorrizko artikulua:

C. Brandon Ogbunu (2023). The New Quest to Control Evolution, Quanta Magazine, 2023ko azaroaren 29a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.

Itzulpena:

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Eboluzioa kontrolatzeko bilaketa berria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #472

dim, 2024/02/04 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Osasuna

Gizateria bitan banatzen da: iratzargailua entzun eta jarraian esnatzen direnak eta alarma atzeratzen dutenak daude. Zientziak urteetan erantzun nahi izan ditu bi jarrera hauen zergatiak eta ondorioak. Orain arte, ebidentzia urria egon arren, zientziak zioen alarma atzeratzea ez zela onuragarria. Argitaratu berri den ikerketa batek, ordea, frogatu du ohitura hori dutenen artean, ez dela kaltegarria alarma atzeratzea, eta are gehiago, onuragarria izan daitekeela. Datuak Zientzia Kaieran: Bost minututxo gehiago ohean…

Azterketa batek frogatu du Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders gidako hainbat egilek dirua jaso zutela farmazia-industriaren partetik. Gida hori erreferentziazkoa da osasun mentalarekin erlazionatutako gaietan, baina polemikoa ere izan da. 2013ra arte transexualitatea nahasmendutzat jo zuten, adibidez. Behin baino gehiagotan egotzi izan zaizkio interes gatazkak gidari, eta akusazioa egiaztatu da. Informazio gehiago Berrian: Gidaren muturrak.

Medikuntza

Alzheimerraren transmisio-bide bat deskribatu dute, kasu oso bakanetan oinarrituta. Hain zuzen ere, ikerketan parte hartu zuten bost pertsonek hazkuntza-hormonen tratamendu bat jasoa zuten aurrez. Hazkuntza-hormona horiek hilotzetatik erauziak ziren, iraganean egiten zen moduan. Ikerketa honetako egileek ikusi zuten hazkuntza-hormonen lagin horiek amiloide proteinekin kutsatuta zeudela (Alzheimerraren garapeneko ezaugarri biologiko bat). Emaitzen arabera, pertsona horiek gaixotasunaren zantzuak zituzten kutsadura horren ondorioz. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Beharrezkoa da gazteen biodibertsitate-ezagutza ikertzea, naturarekiko eta hura babesteko duten aurretiko jarrera ezagutzeko. UPV/EHUko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika Saileko ikertzaileek hainbat ikerketa egin dituzte alor horretan. Lanok iradokitzen dutenez, Hego Euskal Herriko haur eta gazteengan oso apala da bertoko espezieez duten ezagutza. Gainera, ikusi dute bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela gazte horiek. Datuak Zientzia Kaieran.

Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da. Hala baieztatu dute UPV/EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketa batean. Ondorioztatu dute 1990 eta 2000ko hamarkadetan ur gezatako biodibertsitatea handitu egin zela, baina 2010eko hamarkadatik aurrera moteldu egin da joera. Ikertzaileek esanetan, oso kutsatuta zeuden lekuak hobetu egin dira, baina horrek ez du esan nahi ibaiak erabat osasuntsu daudenik. Gainera, presio berriak sortzen ari dira, eta biodibertsitatea berreskuratzen jarraitzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dute. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Ikerketa berri baten arabera, dunek argibideak eman ditzakete planeta batean jazotako aldaketen inguruan. Egileek neurri eta teknika jakin batzuk proposatu dituzte, Lurraz kanpoko planetetan orbitatik eginiko dunen argazkien gainean aplikatzeko. Ikertzaileek adierazi dute dunetatik jasotako informazioa agian gure planetan bertan jazotako aldaketekin ere erlazionatu daitekeela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Dunak, klima-aldaketaren eta ingurumenaren aldaketaren erregistroa.

Biokimika

Alicia Gascón Gubiedak biokimika gradua ikasi zuen UPV/EHUn, eta doktoretza egin zuen ondoren Newcastlen. Orain bueltan da berriz EHUn, eta biologia zelularraren arloan ikertzen du. Zehazki, bakterio magnetotaktikoekin lan egiten du. Bakterio horiek nanopartikula magnetikoak sortzen dituzte, eta minbiziaren aurka erabili nahi dituzte. Ikerketa horretan arlo askotako ikertzaileak ari direla azaldu du, eta hori benetan dela aberasgarria. Zientzialarien bidea batzuetan zaila izan arren, gogotsu dabil Gascón. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #472 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #478

sam, 2024/02/03 - 09:00


Mundua gizakientzat sortua dago, eta hain da horrela, non doitze fina hain fina denez, gure existentzia bera mirakulua baita. Edo ez. Raiders of the lost purpose (1): fine tuning, Jesús Zamoraren eskutik.

Zer ikertzen den eta zer emaitza zientifiko argitaratzen diren zentsuratzea zentzurik al du? Zentsura justifika daiteke ongiaren mesedetan? Scientific censorship for a greater good?, Juan F. Trillorena.

Zenbat eta bakterio txikiagoei buruz gehiago jakin, orduan eta sinesgaitzagoak dira. Could the largest known proteins be synthesized by the smallest bacteria?, Ramón Muñoz-Chápulik.

Lur arraroen dihaluroen monokapak bakarrik lor daitezke zinta batekin eta ea zorterik dagoen… DIPCko jendeak tunel efektuko mikroskopioarekin: Epitaxial films of a transition metal dihalide grown on gold

 

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #478 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Alicia Gascón, biokimikaria: “Helburua da bakterio magnetotaktikoak minbiziaren aurka erabiltzea”

ven, 2024/02/02 - 09:00

Alicia Gascón Gubiedak gustura janzten du bata zuria lanerako. Izan ere, lehendik ere imajinatzen zuen bere burua laborategi batean, bata jantzita, eta probetekin eta mikroskopioekin lanean. “Betitik gustatu izan zaizkit biozientziak eta, unibertsitateko ikasketak aukeratzean, zalantza egin nuen biologia eta biokimikaren artean. Baina, batez ere, gauza txikiak ikasi nahi nituen; molekulak, zelulak eta horrelakoak… Jendearekin ere hitz egin nuen, eta esan zidaten biokimika gehiago zela laborategian”, gogoratu du. Hortaz, biokimikaren alde egin zuen.

Alicia GascónIrudia: Alicia Gascón Gubiedak biologia zelularraren arloan ikertzen du. (Argazkia: Elhuyar)

Ez du ukatu unibertsitatean oso ondo pasatu zuela, eta gradua gustukoa izan zuela. Gainera, Kanadara ikastera joateko aukera ere izan zuen: “Oso esperientzia ona izan zen. Hori bai, diferentzia handia dago hango mailaren eta hemengoaren artean. Orokorrean, Espainiako unibertsitateetan ikasketak zailagoak dira. Gero Ingalaterran izan nintzen, eta berdin: maila altuagoa da hemen. Hori alde batetik oso ona da, baina, bestetik, ikasleok denbora gehiago eman behar dugu ikasten”. Nolanahi ere, oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta denei gomendatzen die atzerrira joatea ikastera.

Ondo pasatzeaz gain, ikasi ere egin zuen, noski. Hain zuzen, Birminghameko Unibertsitatera joan zen masterra egitera, eta, hura bukatu ondoren, doktoretza egin zuen Newcastlen. Orain, ordea, EHUn dago berriz ere: “Doktoretza egin aurretik, asko mugitu nintzen, eta, bukatutakoan, berriro mugitu behar nintzen. Eta ez nuen joan nahi leku berri batera, berriz zerotik hastera. Gainera, pandemia ere bazegoen, eta zaila zen inora joatea”.

Bakterio magnetotaktikoak minbizi-zelulen kontra

Horrenbestez, etxera itzuli zen. Orain, EHUn dago, unibertsitateak kontratatuta, eta biologia zelularraren arloan ikertzen du, horri buruzkoa izan baitzen bere tesia. Zehazki, bakterio magnetotaktikoekin lan egiten dute: “Bakterio horiek nanopartikula magnetikoak sortzen dituzte. Eta gure ikerketaren helburua da bakterio horiek minbiziaren aurka erabiltzea. Nik, adibidez, ikertzen dut zer egiten duen nanopartikulek zelularen barruan daudenean, eta nola interakzionatzen duten minbizi-zelulekin”.

Tumore solidoak ikertzen dituzte, bereziki, gorputzean oso barruan dauden tumoreak. “Partikulak magnetikoak direnez, eremu magnetikoa aplikatu dezakegu gorputzaren kanpotik, eta horrek eragina egin dezake gorputzaren oso barruan. Horregatik, batez ere interesgarria da era horretako tumoreentzat; esaterako, garunean daudenentzat, edo kolonean…”, azaldu du.

Nahiz eta badakien beren lanak onura handia ekar dezakeela, aitortu du batzuetan etsigarria ere badela, beti ez baitira emaitza onak lortzen. Une hauetan, hala ere, oso pozik dago, ikerketa bide onetik baitoa. Gainera, taldekideen artean giro ona dute, eta hori ere oso lagungarria zaio. Justu egiten ari diren ikerketan, arlo askotako ikertzaileak ari dira, eta hori benetan aberasgarria da. “Batzuetan kostatu egiten zaigu elkar ulertzea”, onartu du, “baina asko ikasten dut besteetatik”.

Badira, dena den, beste era bateko zailtasunak, erraz konpon daitezkeenak, eta, beraz, zentzugabeagoak direnak. “Baliabide gutxi daude zientzian, eta zaila da diru gehiago lortzea. Baina, adibidez, Ingalaterran, masterra egin nuenean, eskatu nuen beka, eta ekainean bertan banekien irailean non hasiko nintzen. Gure sailean, aldiz, badugu neska bat; ekainean bukatu zuen masterra, orduan eskatu zuen beka, eta orain gurekin ari da, jakin gabe beka jasoko duen ala ez. Horrelako gauzak arazorik gabe konpon daitezke, eta ikertzaileari asko errazten diote bizitza”.

Aurrera begira ere ez zaio iruditzen bide erraza duenik, baina, zailtasunak zailtasun, lanean jarraitu nahi du, laborategiko bata jantzita.

Fitxa biografikoa:

Alicia Gascón Gubieda Muxikan (Bizkaia) jaioa da, 1993an. Biokimika ikasten hasi zen EHUn, eta, Kanadan izan ondoren, Ingalaterrara joan zen, masterra egitera. Hala, Birminghameko Unibertsitatean biokimika zelularrean espezializatu zen, eta, jarraian, tesia egin zuen Newcastlen. Orain, EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia sailean dabil ikertzen.

Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.

Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Alicia Gascón, biokimikaria: “Helburua da bakterio magnetotaktikoak minbiziaren aurka erabiltzea” appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Euskal haur eta gazteen biodibertsitate-alfabetatzea

jeu, 2024/02/01 - 09:00

Egungo krisialdi globalaren adierazle kezkagarrienetariko bat biodibertsitatearen galera da. Honi aurre egiteko, biodibertsitatearekiko jarrera eta honekin erlazionatutako ezagutza giltzarri dira. Izan ere, nekez kontserbatuko da ezagutzen ez dena. Gaurko haur eta gazteak dira larrialdi honen inguruan erabakiak hartu beharko dituztenak, etorkizuneko helduak alegia. Hala, hauen biodibertsitate ezagutza ikertzea beharrezkoa da hezkuntza estrategia egokiak diseinatzeko biodibertsitatean alfabetatuta dagoen belaunaldi bat bermatze aldera.

Azken bost urteotan ikerketa lan desberdinek Euskal Herriko haur eta gazteen (11-17 urte bitarte) espezie alfabetatze maila diagnostikatu dute eta lorturiko emaitzen berrikuspen bat argitaratu berri da Ekaia aldizkarian. Lan desberdin hauen emaitzak bat ote zetozen aztertu, ondorio bertsuetara iristen ote diren hausnartu eta, batez ere, belaunaldi berri hauen argazki orokor bat egiteko berrikuspena da hau. Horretarako, argitaratutako ikerketa horietako datu asko berraztertu dira lanen arteko emaitza konparagarriak lortzeko. Lan hauetan guztietan, bertoko animalia (fauna) eta landareen (flora) inguruko ezagutza aztertu da.

Euskal haurIrudia: Hego Euskal Herriko haur eta gazteek bat-batean zerrendatutako animalia eta landareak taxonomikoki sailkatuta (*: zuhaitzen zerrendapena). #Iratze eta azeri buztanak. (Iturria: Ekaia aldizkaria)

Emaitzek adierazten dutenez, egungo haur eta gaztetxoek bertoko espezieekiko duten alfabetatze maila orokorra larria da, haien adina edozein dela ere. Emaitza honen kausa bat egungo belaunaldiek duten naturarekiko harreman eskasa izan daiteke, “Esperientziaren iraungipen” (“Extinction of Experience”) gisa izendatu dena. Mendebaldeko herrialde askotan garai batean naturarekin geneukan harremana aldatu da. Dagoeneko gizabanako gehienok ez ditugu naturatik zuzenean eskuratzen elikagai, medikamentu edo bestelako lehengai batzuk. Ondorioz, ez dugu inguruko ekosistemetako bizidunekin apenas kontakturik ezta ere beraien ezagutza ekologikoan sakontzeko premiarik.

Hipotesi hori indartzera dator zenbat eta ingurune landatarragoan bizi diren euskal haur eta gazteek bertoko espezieen inguruko ezagutza handiagoa dutelaren aurkikuntza (Barrutia et al., 2022; Díez et al., 2018). Izatez, aztertutako lan hauetako batek (Pedrera et al., 2021) agerian uzten du euskal gazteek ez dutela naturarekiko harreman handirik eta, bide hori agortuta, biodibertsitatearen inguruko informazioa beste iturri batzuetatik iristen zaiela, hala nola ikastetxetik eta komunikabideetatik (batez ere internet eta telebistatik). Horren isla izan daiteke azterturiko lan guztietan gazteek erakutsi duten kanpoko edo animalia aloktonoen inguruko ezagutza handiagoa, batik bat sabanako animalien ingurukoa (dokumental eta filmetan maiz ikusten ditugunak). Gainera, euskal haur eta gazteek gehienbat ugaztunak ezagutzen dituztela behatu da lanotan, animalia talde mehatxatuenei (anfibioak esaterako) muzin eginez edo bioaniztasun handikoak (ornogabeak orokorrean) alde batera utziz.

Bestalde, lan hauetan guztietan antzeman den beste fenomeno orokor bat ikasleek islatu duten Landareekiko Itsutasuna (“Plant Blindness”) izan da, animaliekin konparatuz landareen inguruko ezagutza eta interes askoz baxuagoa erakutsi baitute. Hau kezkagarria da, landareak baitira planetako bizitza mantentzeko giltzarri. Gainetik, ikerketek argi utzi dute gazteek landare etxekotuak (jangarriak, dekoratiboak, zurerakoak…) ezagutzen dituztela gehiago basatiak baino, gure bizimodu urbanitaren eta inguruko naturaguneen erabilera aldaketen ondorioz seguruenik.

Aipaturiko emaitza hauek guztiek agerian uzten dute biodibertsitatearen hezkuntza indartzearen beharra gure lurraldean. Horretarako, apropos izan daiteke biodibertsitatearen inguruko ezagutza naturarekin harremanetan lantzea, egoki testuinguratuta. Are gehiago, ikaskuntza memoristikoa baztertu eta zientzia praktiketan oinarritutako metodologiak hobetsi beharko lirateke, bai eta alde batera uzten diren landare eta animalia taldeei dagokien garrantzia eman. Bide horretan, irakasleen formakuntza gako izan daiteke.

Bukatzeko, zientzia hezkuntza alorreko ikerketa behar bezala balioetsi beharko litzateke, behingoz dagokion lekua emanez, egungo erronka nagusienak soziozientifikoak baitira eta etorkizuneko belaunaldien zientzia ezagutza, jarrera eta balioak zizelkatzen hezkuntzak funtsezko papera baitu.

Erreferentzia bibliografikoak:
  • Barrutia, O., Ruiz-González, A., Sanz-Azkue, I., & Díez, J. R. (2022). Secondary school students’ familiarity with animals and plants: hometown size matters. Environmental Education Research, 28(10): 1564‒1583. DOI: 10.1080/13504622.2022.2086689.
  • Díez, J. R., Meñika, A., Sanz-Azkue, I. and Ortuzar, A. (2018). Urban and rural children’s knowledge on biodiversity in Bizkaia: tree identification skills and animal and plant listing. International Journal of Humanities and Social Sciences, 12(3), 396‒400. DOI: 10.5281/zenodo.1316197.
  • Pedrera, O., Ortega, U., Ruiz-González, A., Díez, J. R., & Barrutia, O. (2021). Branches of plant blindness and their relationship with biodiversity conceptualisation among secondary students. Journal of Biological Education, 1-26. DOI: 10.1080/00219266.2021.1933133.
Artikuluaren fitxa:
  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Euskal haur eta gazteen biodibertsitate-alfabetatzea: kezka iturri bat.
  • Laburpena: Larrialdi klimatikoarekin batera, biodibertsitatearen galera da gaur egungo krisialdi globalaren adierazle kezkagarrienetariko bat. Horri aurre egiteko, giltzarri dira biodibertsitatearekiko jarrera eta harekin erlazionatutako ezagutza. Izan ere, nekez kontserbatuko da ezagutzen ez dena. Gaur egungo haur eta gazteek, etorkizuneko helduek, alegia, hartu beharko dituzte erabakiak larrialdi honen inguruan. Hala, beharrezkoa da gazte hauen biodibertsitate-ezagutza ikertzea hezkuntza-estrategia egokiak diseinatu ahal izateko. Lan honetan, gaur egungo Hego Euskal Herriko haur eta gazteen (11/12-16/17 urte-bitartea) espezie-alfabetatze maila diagnostikatzen duten ikerketen emaitzak aztertu dira. Zehazki, ikasleek espezieez duten «ezagutza zabala» (identifikazioa eta izendapena) aztertzen duten lanak arakatu dira. Lanok iradokitzen dutenez, oso apala da etorkizuneko belaunaldiek bertoko espezieez duten ezagutza, eta hedatuta dago haien artean landareekiko itsutasuna. Bestalde, animalia karismatiko eta etxekotutako landareetarako isuria dute, eta animalien artean ugaztunak dituzte ezagunenak, alde batera utzita animalia talde mehatxatuenak (anfibioak, esaterako) edo bioaniztasun handikoak (ornogabeak, oro har). Landareen kasuan, loredunen ugaritasun eta erakargarritasuna dela-eta, haiek dituzte batez ere gogoan, gramineoak ahaztuta. Emaitzek agerian uzten dute, era berean, haur eta gazteen bizilekua zenbat eta txikiagoa edo landatarragoa izan, espezie autoktono gehiago identifikatu eta aipatzen dituztela. Ondorioz, argi azaleratu da biodibertsitatearen hezkuntza halabeharrez naturarekin harremanetan eta zientzia-praktikak erabiliz irakastearen beharra, irakasleen formakuntza gako delarik bide horretan.
  • Egileak: Oihana Barrutia, Oier Pedrera eta José Ramón Díez
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 239-255
  • DOI: 10.1387/ekaia.24008
Egileez:

Oihana Barrutia, Oier Pedrera eta José Ramón Díez UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateko Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika Saileko ikertzaileak dira.

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

The post Euskal haur eta gazteen biodibertsitate-alfabetatzea appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Dunak, klima-aldaketaren eta ingurumenaren aldaketaren erregistroa

mer, 2024/01/31 - 09:00

Dunak eguzki-sistemako morfologia ugari eta ezaguterrazenetako bat dira. Lurrean egoteaz gain, beste planeta batzuetan ere ikusi ditugu, hala nola Marten eta Artizarrean; baita toki exotikoagoetan ere, hala nola Io satelitean edo 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan. Azken horietan, gurea bezalako atmosferarik ez badago ere, horrelako formak sor daitezke.

Saturnoren Titan satelitean ere dunak ikusi dira, zeinen pikorrak ez diren hareazkoak, baizik eta, seguruenik, konposatu organikoz eratutako kristalezkoak, tenperatura baxuen eraginez sortutakoak. Gertakari exotiko hori ezinezkoa litzateke gure planetaren baldintzetan, baina guretzat hain ezagunak diren harea pikorren antzeko portaera dute.

Dunak osatzen dituen harea material pikorduna da, eta autoantolatzeko gaitasun handia du, modu espontaneoan patroi ordenatuak eta egiturak sortzeko adinakoa. Fenomeno hori argi ikus daiteke dunek ingurumeneko faktoreei (hala nola sedimentuen hornidura edo haizearen abiadura edo norabidea) erantzuteko nola antolatzen eta aldatzen diren aztertuta.

Dunak1. irudia: ezkerrean, Titaneko bi duna eremu. Eskuinean, Lurreko beste bi. Irudietan ikus dezakegunez, morfologiak oso antzekoak dira, eta, irudien bereizmena eta kalitatea alde batera utzita, oso zaila izango litzateke Titaneko dunak eta gure planetakoak bereiztea. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/ASI/ESA and USGS/ESA)

Espero liteke haizeak azalera gutxi gorabehera lau batean jotzean harea modu aleatorioan sakabanatzea. Hala ere, edozein perturbaziok —hala nola bidean oztopo bat egotea— ahalbidetzen du harea pilatzen hasi eta, pixkanaka, dunak sortzea.

Dunak gure planetaren ingurunean nonahiko egiturak direla aintzat hartuta, moduren batean erabil genitzake klima-aldaketak eta ingurumenaren aldaketak hobeto ulertzeko? Stanfordeko Unibertsitateko talde batek Dune Interactions Record Changes in Boundary Conditions izeneko ikerketa argitaratu berri du Geology aldizkarian. Ikerketa horretan proposatzen dute neurri eta teknika jakin batzuk aplika daitezkeela orbitatik eginiko dunen argazkien gainean planetetan jazotako aldaketak argitzeko; eta agian, batek daki, aldaketa horietako batzuk gure planetan bertan jazotako aldaketekin ere erlazionatu genitzake.

Dunen morfologia aztertzeak abantaila argi bat eskaintzen du kontaktua edo tresna konplexuagoak behar dituzten beste teknika batzuen aldean. Izan ere, dunak kamera “konbentzionalen” bidez ikus daitezke —argi ikusgaiaren mailan—; eta, beraz, orbitako misioetan argazkiak egin daitezke, baita beren hiru dimentsioko formak berreraiki ere. Eta, misioa behar bezain luzea balitz, dunen egungo mugimendua ere iker liteke.

Dunak2. irudia: duna eremu bat Marteko Proctor kraterraren barrualdean. Irudia Mars Reconaissance Orbiter espazio-ontziaren HiRISE tresnaren bidez eskuratu da. (Iturria: NASA/JPL-Caltech/UArizona)

Artikulu berrian, ikertzaileek Lurreko eta Marteko 46 duna eremu aztertu dituzte. Dunen luzera eta gailurra neurtu dute, baita bi dunek edo gehiagok elkarri eragiten dioten puntuak ere. Taldearen arabera, dunen arteko egungo elkarrekintza handiak agerian jartzen du dunen eremuko ingurumen baldintzak aldatu egin direla (horrek aldaketak isla ditzake haize nagusien patroian edo harearen horniduran, adibidez). Baita alderantziz ere: dunen arteko elkarrekintza txikiak islatzen du dunen eremua orekan dagoela egungo ingurumen baldintzekin.

Horrez gain, dunen gailurren orientazioak dunen mugimendu nagusiaren norabidea adierazi ohi du denbora eskala nahiko luzeetan —batzuetan milaka urtetan ere—, baina denbora eskala handiagoan ere azter daitezke fenomenoak, hala nola Milankovitch-en zikloak. Planeta eta sateliteen parametro orbitalen aldizkako aldakuntzak dira, zeinen ondorioa baita klima aldatzea dozenaka edo ehunka mila urtetan zehar. Eszentrikotasun orbitalarekin, prezesioarekin eta biraketa-ardatzaren inklinazioarekin erlazionatuta egon ohi dira. Hala ere, eskala txikiagoan ere azter daitezke fenomenoak, hala nola duna eremuen oreka egoera aldatu dezaketen sistema trumoitsu handiak, bestelako duna morfologiak sortzen baitira.

Dunak3. irudia: lehen planoko azaleratzea modu lauan eta diagonalean gurutzatzen duten lineetako batzuk Jurasikoko duna batzuen barne egituraren zati bat adierazten dute. Fosilizatuta geratu ziren, eta horri esker, gaur egun aztertzeko aukera dugu. Zehazki, azaleratze hori Estatu Batuetako Zion National Parkeko Navajo Sandstone formazioari dagokio. (Iturria: Annie Scott eta USGS)

Dunei buruzko ikerketa horiek lagungarriak izan litezke, etorkizunean, Marteko klima aldaketa ezagutzeko, adibidez; zientzialariek planeta gorrira doazen giza misioentzat irisgarriak izan litezkeen izotz depositudun eremu oparoagoak eremuak aurki litzakete. Baina gure planetako dunen dinamika hobeto ulertzeko ere baliagarriak izan daitezke.

Azken puntu horrek ate bat irekiko luke Lurraren erregistro harritsua zuzenago interpretatzeko. Izan ere, gaur egun, ez ditugu soilik dunak gainazalean aktibo ikusten, duna eremu fosilak ere aztertzeko gai gara, zenbait kasutan barne egitura fosilizatu eta arroken parte izatera iritsi da, eta, beraz, ingurumen interpretazio hobeak egin ditzakegu.

Zalantzarik gabe, eta batzuetan zaila dirudien arren, planeten geologiari esker Eguzki Sistemako beste leku batzuk hobeto ezagutu ahal izateaz gain, Lurraren historiari buruzko gure ezagutzak ere zabal ditzakegu teknika eta jakintza berak aplikatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marvin, M. Colin; Lapôtre, Mathieu G.A.; Gunn, Andrew; Day, Mackenzie; Soto, Alejandro (2023). Dune interactions record changes in boundary conditions. Geology, 51, 947-951. DOI: 10.1130/G51264.1

Egileaz:

Nahúm Méndez Chazarra geologo planetarioa eta zientzia-dibulgatzailea da.

Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko irailaren 4ean: Las dunas como registro de cambio climático y ambiental.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

The post Dunak, klima-aldaketaren eta ingurumenaren aldaketaren erregistroa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Bost minututxo gehiago ohean…

mar, 2024/01/30 - 09:00

Demagun lanera joateko 7:30ean altxa behar duzula ohetik, baina, zein ordutan jarri beharko zenuke iratzargailua? Gizateria bitan banatzen da: 7:30ean esnatzeko 7:30ean iratzargailua jartzen dutenak eta esnatu beharreko orduaren aurretik hainbat alarma jartzen dituztenak. Bigarren aukera honen aldaera bat snooze botoia erabiltzea da; alegia, alarma pixka bat atzeratzeko aukera miragarria. Zer da, baina, zientziak eztabaida honi buruz dioena?

Esnatzeko momentua atzeratzea oso ohikoa da eta, 20.000 laguni egindako inkesta baten emaitzen arabera, %50ek erabiltzen du snooze (posponer edo atzeratzea) delako aukera. Inkestaren emaitzen arabera, gazteak dira alarma atzeratzeko zale handienak: 20 eta 29 urte bitartean dituztenen %23k gutxienez hiru aldiz erabiltzen du atzeratzeko aukera, baina 50 urtetik gorakoen artean ehuneko hori %10era jaisten da. Esnatzeko momentua atzeratzea jarduera fisikoarekin ere zuzenki korrelazionatuta dago: egunean 12.000-16.000 pauso ematen dituztenen artean %49k ez du esnatzeko momentua atzeratzen; alabaina, 4.000 pauso edo gutxiago ematen dituztenen artean %39k bakarrik ez du snoozing egiten. 2022an argitaratutako beste ikerketa batek ere antzeko ondorioak plazaratu zituen: esnatzeko unea atzeratzea jokabide oso hedatua da. Hala eta guztiz ere, ebidentzien arabera, oraindik ez dago guztiz argi zen den snoozing egiteko aukeraren arrazoia.

Esnatzeko momentuaIrudia: gaur egun mugikor guztiek dute esnatzeko alarma atzeratzeko aukera, eta oso hedatua dago hura erabiltzea. (Argazkia: akirEVarga – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Iratzargailu digital eta mugikor gehienek alarma atzeratzeko aukera dute, eta horrekin lotuta, zientziak urte askotan zehar erantzun nahi izan dituen galderak dira hauexek: hobe da alarmak jotzen duenean esnatzea ala esnatzeko momentua atzeratzea? Kalterik eragiten al du loaren kalitatean alarma atzeratzeko aukerak? Ebidentzia zientifikoa urria den arren, tradizionalki, loaren medikuntzako adituek snooze botoia ez erabiltzearen alde egon dira edo, gutxienez, haren erabilera murriztearen alde. Antza, loaren erritmo biologikoei buruz dakiguna kontuan hartuz, badirudi ¾edo, bazirudien, azken ikerketak kontuan hartzen baditugu¾ bi kalte nagusi ekartzen dituela esnatzeko unearen atzerapenak: alde batetik, loaren azken fasean bat-batean eteten da loa hainbat aldiz eta horrek kalteak eragin ditzake. Bestetik, loaren inertzia delakoa areagotu daiteke; hau da, esnatu ostean aldi bat dago gaitasun kognitibo eta emozionalak asaldatuta daudena, eta hura luzatzea eskatzen du.

Alabaina, Journal of Sleep Research aldizkarian argitaratu berri diren ikerketa baten emaitzen arabera, goizean alarma asko erabiltzeko ohitura agian ez da hain kaltegarria eta, kasu batzuetan, onuragarria ere izan daiteke. Berriro diogu: kasu batzuetan bakarrik. Hain zuzen ere, Sundelin-ek eta bere kideek sinatzen duten lanean horixe aipatzen da eta, beraz, hedabide batzuetan irakurri dugun moduan, ezin daiteke esan kasu guztietan hobea denik esnatzea atzeratzea, ezta hori denik aukerarik gomendagarriena.

Sundelinek eta haren lankideek ikerketa sakonagoa egin berri dute 1.732 lagunekin. Aipatutako horien %69k batzuetan alarma atzeratzen du edo hainbat alarma jartzen ditu esnatzeko azken momentuaren aurretik. Aukera hori egiten dutenen artean, %71k lanegunetan bakarrik egiten du eta %23k lanegun zein jaiegunetan. Batez beste, 22 minutu pasatzen dituzte esnatzeko unea atzeratzen ¾edo nagikerian?¾ eta alarmen arteko denbora tartea 8 minutukoa izan ohi da. Inkestan parte hartu zuten 1.732 parte-hartzaileetatik, 287k ez dute inoiz esnatzeko unea atzeratzen, alarma erabiltzen badute ere. Sundelinek eta bere lankideek alarma atzeratzeko arrazoiak zeintzuk diren ere ezagutu nahi izan dute. Hiru arrazoi hauek izan dira parte-hartzaileek gehien esan dituztenak: esnatzeko oso nekatuta sentitzea, ohean gustura egotea eta patxada gehiagorekin esnatu ahal izatea.

Inkestaren emaitzak aztertu ondoren, ikertzaileek 31 snoozer aukeratu zituzten azterketa sakonagoa egiteko asmoz. Parte-hartzaileek laborategian pasa zituzten 2 gau, snooze eta no-snooze moduan esnatuz. Esnatu bezain laster eta 40 minutu geroago, listu lagin bana hartu zieten parte-hartzaileei. Oro har, ikertzaileek aztertutako parametro gehienetan aldaketarik ez da nabari edo eragin positibo txikiak ikusten dira esnatzeko momentua atzeratzen den kasuetan. Hortaz, laburpen gisa adierazten dute snooze aukera erabiltzea onuragarria dela horretara ohituta daudenentzat edo, gutxienez, ez duela kalterik eragiten.

Ikerketak muga nabarmen bat du, eta honakoa da: ikerketaren bigarren atalean esnatzeko momentua atzeratzera ohituta zeuden parte-hartzaileak bakarrik egon ziren. Hortaz, haientzat ohitura zena onuragarria izango zela aurreikusi zitekeen. Horrez gain, aipatzen dute beharrezkoa dela ikerketak egiten jarraitzea, baina, horiek egiten eta argitaratzen diren bitartean, ezin da esan ohean bost edo hogeita bost minutu gehiago egotea onuragarria denik. Hori guztia, gainera, norbanakoaren kronotipoarekin lotuta egon daiteke. Badirudi snoozerrak goiz esnatu behar duten arratsaldeko kronotipoa dutenak izan daitezkeela; izan ere, arratsaldeko kronotipoa dutenek joera handiagoa dute esnatzea atzeratu nahi izateko edo hainbat alarma erabiltzeko.

Sundelinen eta bere lankideen ikerketak argi adierazten du zaila dela loari buruzko ikerketa sakon eta zehatzak egitea, loa bera ekintza inkontzientea delako eta ez da erraza egoera horretan horietan esperimentu adierazgarriak gauzatzea. Hala ere, ezinbestekoa da ikerketak egiten jarraitzea gure ohiturei buruzko informazio ahalik eta zehatzena lortzeko eta osasun-aholku egokiak diseinatu ahal izateko.

Erreferentzia bibligrafikoa:

Sundelin, Tina; Landry, Shane; Axelsson, John (2023). Is snoozing losing? Why intermittent morning alarms are used and how they affect sleep, cognition, cortisol, and mood. Journal of Sleep Research, Early view. DOI: 10.1111/jsr.14054

Informazio gehiago:

Eva Roitmann (2017). To Snooze or not to snooze: the truth about the snooze button, blogs.withings.com, 2017ko martxoaren 16a.

Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

The post Bost minututxo gehiago ohean… appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da

lun, 2024/01/29 - 09:00

UPV/EHUko Ibai Ekologia taldeak parte hartu duen ikerketa batean ondorioztatu dute 1990 eta 2000ko hamarkadetan biodibertsitatea handitu egin zela, baina 2010eko hamarkadan abiadura moteltzeko joera hartu duela. Ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesuak berraktibatzeko ahaleginak areagotzeko eskatzen dute ikertzaileek. EAEko datuak GFAk, Ura Agentziak eta UPV/EHUk urtetan egindako laginketei esker lortu dira.

Gizakiak historian zehar eragin izan dizkien presioen ondorioz, biodibertsitatea galtzeko arriskua duen ekosistema zaurgarrienetako bat dira ur gezatako ekosistemak. Egoera hori hobetzeko hartu izan diren neurriek —araztegiak jartzea, oztopoak eraistea, etab.— ingurumenaren kalitatea hobetu dute eta ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzea bultzatu dute.

ur gezatakoIrudia: oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin du 2000ko hamarkada arte, baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da. (Argazkia: Filmbetrachter – Domeinu publikoko irudia. Iturria: Pixabay.com)

Zenbait ekimenetan lankidetzan jarduten duten Europako 22 herrialdetako ekologoek, tartean UPV/EHUko Ibai Ekologia ikerketa-taldekoek, ikertu nahi izan dute denborarekin zer joera izan duten ibaietako ornogabeen dibertsitateak eta antolamenduak eta nola erantzun dieten ingurumen-presio eta -aldaketei. Horretarako, 1968 eta 2020 bitartean herrialde horietako ibai-sistemetan lagindutako ornogabeen 1.816 datu-serie kronologiko erabili dituzte. “Europako 1.816 puntu lagindu dira behin eta berriz, urte askotan, eta datu horietatik ondorioztatu dugu ibai eta erreken 40 urteko bilakaera nolakoa izan den”, adierazi du Aitor Larrañaga UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, “oro har, ibai eta erreketako biodibertsitateak hobera egin du 2000ko hamarkada arte; gero eta espezie gehiago dauzkagu eta ugaritasunak ere hobetu dira. Eta hori seinale ona da. Baina hortik aurrera biodibertsitatearen ugaritzea geratu egin da; dagoeneko ez ditugu ikusten aurretik gertatzen ziren gorakadak —dio—. 1990 eta 2000ko hamarkadetan nabari den hobekuntza horrek agerian uzten du ur-kalitatea hobetzeko ezarritako neurriak eta berreskuratze-lanak eraginkorrak izan direla, baina 2010eko hamarkadan hobetzeko joera hori mantsotzeak iradokitzen du aplikatzen diren neurrien eraginkortasuna txikitu egin dela gaur egun”, adierazi du Larrañagak.

Ibai-ekosistemen jarraipena egiteak duen garrantzia

Ikertzaileak adierazi duenez, albo batera utzi behar dira autokonplazentzia-zantzuak: “Neurri batean, begi bistakoa da oso-oso kutsatuta zeuden lekuak hobetu egin direla, eta oso kutsatuta dauden erreken kopurua txikitu ahala zailagoa dela egoera ekologikoa nabarmen hobetzea, oso kutsatuta dauden tokietan soluzio errazenek ere izugarrizko hobekuntzak sortzen baitituzte. Dena dela, Europako ur-kalitatearen mapan badira zulo beltzak oraindik. Leku batzuk nahiko kutsatuta daude; guztia ez dago eginda”.

Ikertzaileek azpimarratzen dute badirela ur gezatako ekosistemak kaltetzen dituzten presio berri eta iraunkorrak oraindik ere, hala nola kutsatzaile berriak, klima-aldaketa eta espezie inbaditzaileak, eta ekosistema horien biodibertsitatea berreskuratzen jarraitzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dute. “Kutsatzaile berriak sortzen ari dira etengabe. Kausalitatea ondorioztatzea oso zaila da, hau da, zergatik gerta ote daitekeen azken hamarkadako geldialdi hori. Baina litekeena da kutsatzaile berrien agerpenaren ondorioa izatea. Kutsatzaile berri horietako bakoitzaren eragina kontuz aztertu behar da, eta lan dezente ari dira azken urteotan agertzen. Dena den, garrantzi bereziko gaia bihurtzen da ekosistemen egoeraren ikuspuntutik, kutsatzaile berriak oso erritmo azkarrean agertzen direlako eta haien arteko elkarrekintzak oso konplexuak izan daitezkeelako. Ikerketa gehiago eta zuhurtzia eskatzen dugu”, dio Larrañaga doktoreak.

Larrañagak garrantzi handia ematen dio EAEn ibaietan egiten den jarraipen-lanari; “EAEn egiten den laginketa-lan eskergari esker, izugarrizko informazio interesgarria lortzen da, mundu mailan leku gutxitan dagoen bezalakoa. Hamarkadetan bildutako datuek ematen duten informazioarekin berme handiarekin esan dezakegu zer ari den gertatzen, eta, hala, gure urak kudeatzeko erabakiak hartu”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da.

Erreferentzia bibliografikoa:

Haase, P. et al. (2023). The recovery of European freshwater biodiversity has come to a halt. Nature, 620, 582-588. DOI: 10.1038/s41586-023-06400-1

The post Europako ur gezatako biodibertsitatea berreskuratzeko prozesua eten egin da appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #471

dim, 2024/01/28 - 09:00

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

haurdunaldian

Osasuna

Haurdunaldian, infekzio faltsu batek fetua babesten du. Hala frogatu du ikerketa berri batek. Haurdunaldian zehar, plazentak haurraren defentsak aktibatzen ditu beharrezkoak izan gabe aldaketa molekular batzuen bidez. Zehazki, plazentako zelulek birus-imitazio bat sortzen dute sentsore immunologikoak engainatzeko. Ikertzaileek azaldu dutenez, amaren erantzun immunea ahuldu egiten da haurdunaldian genetikoki desberdinak diren zelulak ez erasotzeko, eta, beraz, plazentak defentsa gehigarriak garatzen ditu. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Mielinak garunaren energia-gordailu gisa funtziona dezakeela frogatu dute. Garunak gorputzak gastatzen duen energiaren % 20 kontsumitzen du, eta ikerketa talde batek jakin nahi izan du nondik ateratzen duen energia garunak ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean. Lortutako emaitzek erakutsi dute nerbio-zuntzak inguratzen dituen mielina ordezko energia-biltegi bat izan daitekeela. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Botanika

Substratu elektrikoek landareen hazkundea sustatzen dutela ikusi dute. Garagarraren labore hidroponiko batean landareak %50 gehiago haztea lortu dute elektrizitatearen eroale den substratu bat erabilita. Ikerketa honek frogatu du landarearen sustraiak elektrizitate bidez estimulatu daitezkeela. Hala ere, ez dago argi zeintzuk diren hazkundea hobetzen duten mekanismo biologikoak. Datuak Zientzia Kaieran.

Kimika

UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Kimika Organikoa I Saileko ikertzaileek berrikuspen bat argitaratu dute kanptotezinak minbiziaren aurkako borrokan duen garrantziaren inguruan. TOP1 inhibitzeko gai diren konposatu kimiko berrien sintesia interes handiko ikerketa arloa bilakatu da, minbiziaren aurkako tratamendu farmakologiko eraginkorrak topatzeko. Kanptotezina izan zen aurkitu zen lehen TOP1 inhibitzailea, baina gaur egun haren eratorri sintetiko seguruagoak garatu dira. Hala eta guztiz ere, molekula horiek hainbat eragozpen kimiko dituzte oraindik ere. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Soziologia

Giza talde baten tamainak haren aurrerapen kulturalean eragiten duela frogatu dute esperimentu azkar batekin. Ikertzaileek partaide kopuru ezberdineko taldeak sortu zituzten eta hauek jolas bat burutu zuten. Jolasa amaitzean lortutako emaitzak aztertu zituzten esperimentuaren egileek, eta ondorioztatu zuten dibertsitate kulturala hobeto mantentzen zela talde handiagoetan. Gainera, zereginen errendimenduak ere hobekuntza nabariak izan zituen talde handiagoetan. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Arkeologia

Berriatuako Atxurra ingurunean antzinako landaretza ikertu dute Josu Aranbarri Erkiaga EHUko ikertzailearen gidaritzapean. Eremu hartako aztarnategietan bildu dituzte datuak, eta emaitzen arabera, duela 35.000 urte koniferoak ziren nagusi eremu hartan. Ikertzaileen esanetan, horrek aditzera ematen du klima gaur egungoa baino hotzagoa eta lehorragoa zela. Denboran zehar landare-komunitate oso heterogeneoak aurkitu dituzte ikertzailek, eta aldaketa klimatikoekin eta litologiarekin lotu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Astrofisika

Marteko izotz-gordailuak uste baino handiagoak direla baieztatu du Europako Espazio Agentziak. Planetaren ekuatorean daude gordailu horiek, eta dirudienez, izotza geruzaka dago antolatuta. Izotz geruzen artean hauts-geruzak ere badaude, eta, guztira, 3,7 kilometroko lodiera maximoa hartzen dute. Gaur egungo kliman izotz hori sortzea ezinezkoa izango litzatekeela argudiatu dute adituek, eta, beraz, iraganean beste klima bat zegoela argudiatu dute. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

Euskal Herriko ekialdean tenperaturak azkarrago igotzen ari dira mendebaldean baino, Copernicusen datuen arabera. Oro har, gure lurraldea 1,2 eta 1,7 gradu artean berotu da 1979tik. Peio Oria Aemet agentziako zuzendariak azaldu du ekialde-mendebalde aldakortasun hori eskala txikiko efektu bat dela, eta Mediterraneoaren hurbiltasunagatik izan daitekeela. Tenperaturaz gain, prezipitazioaren patroietan izan den aldaketa ere azpimarratu du Oriak. Intentsitate handiko euria ohikoagoa da, eta lehorte luzeagoak ere bai. Datuak Berrian.

Toconao itsasontziak isuritako plastikozko pinporten aurretik ere, plastikoak iristen ziren itsasotik hondartzetara. Alberto de Diego eta Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko (PiE-UPV/EHU) ikertzaileek azaldu dute plastikoen kutsadurak itsasoan hainbat arazo sortzen dituela. Ozeanoetan dauden plastikozko kontinenteez jardun dute, eta Sotok adierazi du plastikoek itsasoan eragiten duten arazo nagusia fisikoa dela, kimikoa baino. Hau da, plastikoaren toxizitatea baino arriskutsuagoa dela plastikoarekin trabatzea edo hura jatea. Azalpen guztiak Berriako Itsasoa, plastiko aparretan eta Itsas plastikoen arazoa ez da Galizian hasi artikuluetan.

Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

The post Asteon zientzia begi-bistan #471 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #477

sam, 2024/01/27 - 09:00

Promiskuoa izatea bereziki interesgarria da peptidoak garraiatzea bada kontua. Protein promiscuity is critical for nutrition and drug absorption, Rosa García-Verdugok egina.

Gutxieneko espazioan egia biribilak kontatzeko gai da bineta bat. Translaton. TILKUTena.

Aurreikusten diren elektrizitate berriztagarrien eskaerekin, beharrezkoa da eguzki-plakek eraginkortasunean eta kostuan jauzi nabarmena egitea. The emergence of perovskite-based photovoltaicsBCMaterialsek egina.

Neutrinoa bere antipartikula al da? Erantzuna Aragoiko Pirinioetan bilatzen da eta DIPCko jendeak aktiboki parte hartzen du bertan. First neutrinoless double beta decay search with a NEXT detector

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #477 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages