S'abonner à flux Zientzia Kaiera
Kultura Zientifikoko Katedra
Mis à jour : il y a 1 heure 44 min

Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodoa

lun, 2016/10/10 - 09:00
Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileek, karbono zuntzezko materialen hondakinen %100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute. hands-952510_1280
Irudia: Airbus eta Boeingen azken bi modeloen pisuaren % 50 baino gehiago karbono zuntzezko konpositezkoa da.

Gaur egun izugarri erabiltzen dira konpositeak edo karbono zuntzez osatutako materialak, besteak beste aireontziak, aerosorgailuen palak, kirol artikuluak eta automobilak fabrikatzeko. Izan ere, materialok metal askoren propietate oso antzekoak dituzte, eta, gainera, ez dira batere astunak. Hori dela eta, urte hauetan sekulako gorakada izan du material horien erabilerak. Merkatuko azterlan guztien arabera, hurrengo urteetan ia-ia esponentzialki egingo du gora konpositearen erabilerak.

Material horiek erabiliz gero, hondakinak sortzen dira; hondakinok hegazkinen, aerosorgailuen eta abarren osagaiak fabrikatzetik sor daitezke, edo materialen balio bizitza amaitzen denean ere bai (adibidez, karbono zuntzez osaturiko hegazkin zatiak birziklatzean).

Karbono zuntzezko konpositeen osagai nagusiak karbono harizpiak dira, erretxina batekin inpregnatuak eta aglomeratuak. Material horiek birziklatzea ez da batere erraza, hiru arrazoi nagusi direla azaltzen du Isabel de Marco ikertzaileak:

  1. “material gehien-gehienak erretxina termoegonkorrez osatuta daude, hau da, ez dira urtzen beroa aplikatuta, eta, beraz, ezin dira berriz moldatu”;
  2. “askotariko osagai ugariz osatuta daude (erretxina, zuntzak, betetzeko gehigarriak…)”;
  3. “nahasita egon daitezke, edo beste material batzuk eduki (metalezko tartekiak, film termoplastiko babeslea, pinturak, etab.)”.
Enpresa mundura bideratu nahian

Karbono hutsezko zuntza oso-oso garestia da merkatuan. Horregatik, zuntzak berreskuratzeko instalazio batzuk hasi dira eraikitzen, zuntz horiek birziklatu eta konposite berriak lortzeko asmoarekin, “baina oraindik ere ikertzen dabiltza”. Instalazio horietan, zuntzak erretxinatik bereizten dira prozesu termiko baten bidez (pirolisia). Zehazki, erretxina deskonposatu eta lurrunak eratzen dira; hala, zuntzak matrizetik aske gelditzen dira, eta berreskuratu egin daitezke. Fabrika horietan, erretxinaren deskonposizioak sortutako lurrunak errausketaren bitartez ezabatzen dira; haien balioa, beraz, ez da aprobetxatzen, eta horrek isuri kutsatzaileen arazoa ekartzen du.

UPV/EHUko ikertaldeak argitaraturiko patenteak metodo bat zehaztu du lurrun horiek tratatu eta hidrogeno proportzio handiko gas baliotsu bat lortzeko, eta, ondoren, konposatu hori bereizi eta saldu ahal izateko. “Hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da, ez duelako kutsatzen: hidrogenoa erretzean, ura baino ez da sortzen. Gainera, sintesi kimikorako erabil daiteke hainbat eta hainbat aplikaziotan”, esan du De Marcok.

Horrenbestez, metodo patentatu horri esker, erretxina polimerikoari balioa eman dakioke, eta ez soilik karbono zuntzezko erretxinari, gaur egun egiten den moduan. Beraz, metodo horrek gaur egungo teknika hobetuko du, eraginkorrago eta iraunkorrago eginda. “Metodoa hondakin konpositeak tratatzeko egungo fabriketan instala liteke, edo diseinu berrietan txertatu. Aurretik egin dugun balantze ekonomikoaren arabera, hidrogenoa eta berreskuraturiko karbono zuntzak saltzeko prezioak errentagarri bihurtzen du prozesua”, azaldu du Alexander Lopez-Urionabarrenecheak, ikerlanaren zuzendariak.

Patentea interesgarria izan daiteke, batetik, karbono zuntzezko konpositeekin fabrikaturiko materialak egiten dituzten enpresentzat, euren hondakinak kudeatzeko, eta, bestetik, hondakinak kudeatzen dituzten enpresentzat. “Patenteari diru etekina atera ahal izateko, are gehiago sakondu behar da laborategiko ikerketan, eta eskala aldaketaren inguruko azterlan bat egin. Taldea hasia da prozesuan interesa duen enpresa batekin hizketan”, adierazi du Lopez-Urionabarrenecheak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute.

The post Karbono zuntzezko hondakinen % 100 birziklatzeko metodoa appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #123

dim, 2016/10/09 - 09:30
Uxue Razkin

_xp18461

Nobel sariak

Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako Nobel nortzuk jasoko dituzten jakinarazi dute eta sarituen taldean ez dago emakumerik aurten. Guztira, zazpi pertsona dira eta guztiak dira gizonezkoak. 826 sari eman dira (aurten iragarri direnak ere kontuan hartuta) eta sarituen artean 48 emakume dira bakarrik. Haietako batek bitan jaso zuen saria: Marie Curie: Fisikakoa 1903an eta Kimikakoa 1911n.

Medikuntza saria Yoshinori Ohsumi japoniarrarentzat izango da, autogafiaren (zelularen osagaiak desegiteko eta berrerabiltzeko prozesuari deitzen zaio) mekanismoari buruz egindako aurkikuntzengatik. Prozesu fisiologiko askoren oinarrian dagoela ohartarazi du Nobel Akademiak; adibidez, gosearen aurrean egokitzean edo infekzioei erantzutean. Autofagiaren mekanismoarekin lotutako geneen mutazioek, berriz, minbizia edo gaixotasun neurologikoak ekar ditzakete. Ohsumiren lanari esker jakin da hori guztia.

Ohsumi biologoak hedabideen aurrean esan zuen autofagiaren ikerketa ordu askoren fruitua dela: “Urte asko daramatzat galdezka ea zelulek barruan zer duten”. Hainbat erantzun aurkitu ditu, eta, horregatik, haren azterlanak egokiak dira gaur egun Alzheimerren gaitza, Parkisonen eritasuna edo minbizia tratatzeko ate berriak zabaldu ahal izateko.

Fisikako sariari jarraiki, David J. Thoulees-ek, F. Duncan M. Haldane-k eta J. Michael Kosterlitz-ek jasoko dute fase-trantsizio topologikoak eta materiaren fase topologikoak teorikoki azaltzeagatik, eta hala, materia lauaren fenomeno arraro batzuk argitzeagatik. Elhuyar aldizkarian azaltzen digute zertan datzan hori. Bi dimentsioko edo bakarreko munduari leiho bat ireki zioten saridunek. Hiru saridunek topologiaren (matematika arloko adar bat) bidez azaldu dituzte materiaren ezohiko fase edo egoera batzuetan gertatzen diren fenomeno batzuk; esaterako supereroaleetan eta superfluidoetan. Kosterlitzek eta Thoulessek eremu lauetan gertatzen diren fenomenoak ikertu dituzte. Eremu lau horiek gainazalak edo oso geruza finak izan daitezke, zeinak bi dimentsiokotzat hartzen diren. Eta Haldanek dimentsio bakarrekotzat hartzen diren hari oso finak ere ikertu ditu.

Berria egunkariak ere ematen digu honen berri. Metodo matematiko aurreratuak erabili dituzte materiaren fase edo egoera ezohikoak aztertzeko. Haien lan “aitzindariari” esker, materiaren fase “exotikoak” bilatzea da orain helburua.

Eta azkenik, 2016ko Kimikako saria dugu banatzeko. Aurtengo abenduan Jean-Pierre Sauvage frantziarrak, J. Fraser Stoddart eskoziarrak eta Bernard L. Feringa herbeheretarrak jasoko dute, munduko makinarik txikiena garatzeagatik, hau da, mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daitezkeen makina molekularrak. Makina molekular horiek izandako garapen historikoa dakarkigu Elhuyar aldizkariak, hemen duzue artikulua osorik.

Ikerketa mota horietan aitzindariak izan diren lanak ere daude irakurgai Berrian. Sauvage izan zen lehenengoa; 1983. urtean molekulekin osatutako “kate bat” egin zuen.

Nobel sariekin jarraituko dugu baina ez aurten banatuko direnekin. Kimikan 1986.urtean jaso zuen ikertzailearekin hitz egin du Berriak: Dudley Robert Herschbach (San Jose, Ameriketako Estatu Batuak, 1932). Yuan T. Lee eta John C. Polanyi zientzialariekin batera, Nobel saria jaso zuen molekulen portaera aztertzeko teknika garatzeagatik. DIPC, Donostia International Physics Centerrek antolaturiko Passion for Knowledge 2016 egitasmoan egon da, hirugarrenez. Bere ustez, zientziaren helburu gailena naturaren hizkuntza ulertzea da eta hori lortzeko badu erantzuna: “Erantzun zuzenen ordez, galdera egokiak behar ditugu”. Ohiko eskoletatik eta ikerkuntzatik erretiratu da baina zientziari lotutako hainbat egitasmotan dabil lanean. Euskal Herrira etorri aurretik, IG Nobel sarietan izan da eta horiei buruz hitz egin du: “Zientziaren arloan barregarriak diren ikerketak saritzen dira. Ondo pasatzea, barrea eragitea eta jendea pentsatzera bultzatzea dira helburu nagusiak”.

Osasuna

UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan ditzakete. Izan ere, desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (ez da derrigorrezkoa), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. Aipatzekoa da osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan direla.

Osteopatiaz, fisioterapiaz eta kiropraktikaz aritu da Josu Lopez-Gazpio honetan. Espainian ez dago osteopata-titulu ofizialik eta fisioterapia-ikasketen parte da osteopatia. Zientziaren eta sasi-zientziaren arteko mugan kokatzen da praktika hau eta hiru diziplina ditu: egiturazkoa, garezurrekoa eta erraietakoa. Fisioterapeutak muskuluak elastifikatzeko eta haien mugimendua normaltzeko dihardu eta osteopatak, berriz, energia askatzen du. Osteopatiaren beste bi diziplinak guztiz sasi-zientifikoak direla azaltzen digu kimikariak. Batak garezurreko masajeen bidez, esaterako, gerriko mina senda daitekeela dio eta besteak, erraietakoak, masajeen bidez gorputzeko barne-organoak senda daitezkeela dio. Kiropraktikari dagokionez, bizkarrezur eta ornoei eskuez eragitean oinarritzen den tratamendua da. Praktika honen arabera, gorputz guztia bizkarrezurrean irudikatuta dago eta, hortaz, bizkarrezurra manipulatuz gorputzeko beste atalak ere senda daitezke. Kiropraktikoek teknika gogorrak erabiltzen dituzte bizkarrezurra manipulatzeko, eta Lopez-Gazpiok jakinarazi digunez, bibliografia zientifikoan dokumentatuta dago kiropraktikak albo-ondorio arriskutsuak izan ditzakeela (dislokazioak eta hausturak, besteak beste). Ondorio batzuetara iristen gara honekin. Ebidentzia zientifikoari eta frogei dagokienez, osteopatia eta kiropraktika ez dira eraginkorrak hezur eta muskuluetakoak ez diren eritasunak sendatzeko.

Medikuntza

Olga Peñagarikano, EHUko ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Oxitozina faltak autismoan duen eragina ikertzen ari da. Maitasunaren hormona ere deitzen zaio eta modu naturalean sortzen dugu, erreprodukzioaren hainbat atalekin lotuta dago, gainera. Portaera sozialean ere badu eragina: “Orain arte egindako entsegu klinikoetan ikusi da autismoa duten pertsonen interakzio soziala hobetu egiten dela pazienteak oxitozinarekin tratatzean. Aldi berean, oxitozina sistemarekin lotutako urritasunek autismoaren garapenean zerikusia izan dezaketela ikusi da“, adierazi du Peñagarikanok.

Genetika

Dopinari buruzko artikulua dugu hau. Baina ziur hau ez dela hain ezaguna: dopin genetikoa. Fenomeno kezkagarria da hauxe, eta laborategian kirolariak nahi bezala moldatzeko ahalmena dauka. Teorian kirol-errendimenduarekin harremanetan dauden geneen kopia kopurua gehituta, haien espresio tasa ere handituko da. Aldaketa hauek kirolariaren fenotipoan eragin zuzena daukate, hau da, atleten erresistentziatik hasita indarra hobetzeraino ere hel gaitezke. Hori gutxi balitz, oso zaila da dopin genetikoak giza genoman eragindako moldaketa hauek detektatzea, konplexutasun handiko kontua baita artifiziala eta naturalaren arteko muga ezartzea. Oraindik ez da ezagutzen dopin genetikoa bere osotasunean detektatzeko teknika fidagarririk.

Antropologia

Meritamun, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakumearen erreplika egin dute. Nola? Bi mila urte baino gehiago dituen buruezur momifikatua hartu dute oinarrian, hiru dimentsiodun inpresioaren bitartez, eta horren gainean eskultore batek bere aurpegia berreraiki du. Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan agertu zen. Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky, Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma da eta gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzetan.

Biologia

Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Baina hiru espezierekin egindako esperimentuetan, ikusi da itsasoko urik edaten ez dutela. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik. Halere, zalantza bat argitzeko dago oraindik: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Artikulu honen egileek azaltzen dutenez, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea. Hortaz, bai edaten dute ura, baina ez ur gazia.

Neurozientzia

Clara Martin ikertzaileari elkarrizketa egin diote Berrian, hizkuntza bat edo beste aktibatzeko elebidunek erabiltzen duten sistemari buruzko ikerketaren harira. Jakina da elebidun baten bi hizkuntzak aktibatuta daudela burmuinean. Martinek azaltzen du sistema bat egon behar duela momentu bakoitzean zein hizkuntza erabili behar duen erabakitzeko. “Orain arte uste zen aukeraketa hori solaskidea entzun ondoren egiten zela, baina ikerketa honek agerian utzi du solaskideari entzun baino lehen aurreikus dezakeela zein hizkuntzatan hitz egingo dion, eta, beraz, dagokion hizkuntza aukeratu. Hala, hasierako komunikazio hori eraginkorragoa da”, argitzen du Martinek. Halaber, hizkuntzak eta aurpegiak lotura estua dute: “Elebidunek pertsona bat ezagutzen dutenean, pertsona horri hizkuntzari lotutako etiketa bat jartzen diote. Hala, burmuinean ezagutzen dituzten pertsona guztien aurpegiak dituzte, eta horrekin batera gordetzen dute haien hizkuntzari lotutako etiketa”.

Jon Andoni Duñabeitia, psikologian doktorea da eta orain ikertzen ari da hizkuntza bat edo bat baino gehiago jakiteak nola aldatzen duen gure garuna. Ikerketa lanean, hizkuntza baten ikasketa prozesua ere hartzen dute kontuan eta prozesu horiek helduen kasuarekin alderatzen dituzte: “Nagusi eta agureen kasuan ikusten dugu gauza asko galtzen joaten direla, horien artean hizkuntza. Aztertzen dugu hori markatzaile bat izan daitekeen alzheimerra edo neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuk garatzeko. Hau da, hizkuntzaren galerak baduen horretan zerikusirik edo hizkuntza bat baino gehiago jakiteak abantailak ematen dituen”, azaltzen du. Ikerketa-lanak elebidunen eta eleanitzen konparaketarako badu espazioa. Alde batetik, garuna fisikoki ezberdina den aztertu dute, eta bestetik joera konduktualak. Duñabeitiak gidatzen duen proiektuak bi eremu ditu beraz: alde batetik, Indian eta Txilen alfabetatu gabeko pertsonak aztertuko dituzte, eta, bestetik, Euskal Herrian alfabetatuak baina elebakarrak diren pertsonak (gaztelera bakarrik dakitenak). Denak dira helduak: Txile eta Indian 25-35 urte artekoak eta Euskal Herriaren kasuan 70 urtetik gorakoak. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu, ikerketa honen zertzeladak argiago ikusteko!

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #123 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #129

sam, 2016/10/08 - 09:15

zeno-r25_hardware_art

Zelan justifikatu daiteke zientzian zenbakien erabilera, munduari buruz dugun pertzepzioa kualitatiboa bada? Jesús Zamorak lantzen du gaia: The rise and fall of the representational theory of measurement (2).

Korrika egitea osasuntsua da. Hori bai, edozein modutan korrika egitea ez da onuragarria. Daniel Morenok azaltzen du zergatia: The ape who learned to run (2): Run for your health but wisely.

Haur autistek euren arazoei irtenbide bat aurkitu diezaiokete gizaki itxura duten robotei esker. Jose Ramón Alonsok azaltzen digu: Robotic playmates.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #129 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Koldo Callado: “Urte gutxi barru, depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango da mundu osoan” #Zientzialari (58)

ven, 2016/10/07 - 09:00

Munduko Osasun Erakundeak kaleratutako informazioari men eginez, urte batzuen buruan depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango dela ohartarazi digu Koldo Callado UPV/EHUko Farmakologiako irakasle eta ikertzaileak Zientzialariren atal honetan.

Zer dago, ordea, hain hedatua dagoen gaitz honen atzean? Zer da depresioa eta nola eragiten du gure garunean? Bere esanetan, populazioaren %15 inguruk bere bizitzan zehar depresioaren sintomaren bat pairatuko duela kontuan izanda, honen aurkako tratamendu eta farmakoak hobetzea izango da etorkizunera begirako erronka nagusia.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Koldo Callado: “Urte gutxi barru, depresioa ezgaitasunaren lehenengo kausa izango da mundu osoan” #Zientzialari (58) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Edaten ote dute itsas sugeek urik?

jeu, 2016/10/06 - 09:22
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Arazo osmotiko argia dute itsas sugeek, itsasoko ura haien barne-medioa baino kontzentrazio osmotiko altuagokoa baita. Itsas sugeak deshidratatzeko arriskuan daude, egon ere, urak gorputzetik kanpora irteteko joera duelako?

Itsas sugeak, kobrekin, manbekin eta suge koralekin batera, Elapidae familiako kideak dira. Hirurogei espezie dira, gutxi gorabehera, guztiak pozoitsuak. Jatorri lehortarra dute, baina gehienek itsasoan ematen dute bizi osoa edo ia osoa. Gehienak bizierruleak izanik, itsasoan erditzen dira, igeri egiten duten artean; gutxi batzuek, berriz, arrautzak erruten dituzte eta biziaren zati txiki bat lehorrean ematen dute.

 Wikipedia)
Irudia: Elapidae (grezieratik, ἔλλοψ éllops, “itsas arraina”) mundu osoko eskualde tropikal eta subtropikaletan bizi diren suge pozoitsuen familia bat da. (Testua: Wikipedia)

Urteetan pentsatu izan da itsas sugeek itsasoko ura edaten dutela euren ur-beharrak asetzeko. Jakina, portaera horrek gatzak kanporatzeko sistema eraginkorra beharko luke eta, ondorioz, sugeen gatz-guruinek gatzak hartu eta jariatuko lituzketela uste zen. Hiru espezierekin egindako esperimentuetan, aldiz, itsasoko urik edaten ez dutela ondorioztatu ahal izan da. Taiwanetik hurbil harrapatu zituzten sugeak eta gatibu mantendu itsasoko ura edaten ote duten frogatu ahal izateko. Oso argia izan zen emaitza: bai eta oso egarri izanik ere, ez zuten itsasoko urik edan; ur geza edo, gehienez ere, ur gazi-geza oso diluitua onartzen zuten soilik.

Itsas sugeen banatze geografikoa azaltzeko gakoak izan litezke esperimentu horien emaitzak. Gune (patch) mugatuetan banatzen dira itsas sugeak eta oso ugariak dira alde euritsuetan. Seguru asko, gainera, kostaldetik sortzen diren iturbegi edo korronteen ur geza baliatzen dute ura edateko, askoz ere itsas suge gehiago aurkitu baitaitezke horrelako ur gezaren emariak hurbil dauden aldeetan. Bestalde, pentsatzekoa da itsaso zabalean dauden sugeek euri-jasa handien ondoren geratzen den ur gezaren goiko geruza baliatzen dutela azpiko ur gaziarekin nahastu baino lehen.

Ondorio horien aurrean, hala ere, zalantza bat gelditzen da: zertarako behar dituzte suge horiek gatz-guruinak? Bada, baliteke guruin horien betebeharra erregulazio ionikoa izatea eta ez, orain arte uste izan den bezala, erregulazio osmotikoa; hau da, baliteke ioi jakin batzuen balantzea mantentzea izatea haien zeregin nagusia, eta ez kontzentrazio osmotikoa konstante mantentzea.

Beraz, hasierako galderari eman behar zaion erantzuna baiezkoa da: bai edaten dute ura, baina ez ur gazia. Ez dakigu bestelako itsas narrastiek zer egiten duten; baliteke itsas sugeekin gertatzen den gauza bera gertatzea.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Edaten ote dute itsas sugeek urik? appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Antzinako egiptoar bat, hezur-haragizkoa balitz bezala

mer, 2016/10/05 - 09:00
Amaia Portugal Bi mila urte baino gehiago dituen burezur momifikatu baten erreplika egin dute hiru dimentsiodun inpresioaren bidez, eta haren gainean, bere aurpegia berreraiki du eskultore batek. Emaitza oso errealista da: Meritamun da, Egiptoko faraoien garaian bizi izan zen emakume gaztea.

Meritamun izena jarri diote, 18 eta 25 urte arteko emakumea zen, eta antzinako Egipton bizi izan zen, duela bi mila urte edo gehiago. Haren burezur momifikatua Melbourneko Unibertsitateko soto galdu batean egon da gordeta hamarnaka urtez. Orain, diziplina arteko elkarlan oparoaren ondoren, Meritamunen burua berreraiki dute, 3D inprimagailu bat baliatuta eta eskultore baten pazientzia handiari esker. Artikulu honi laguntzen dion argazkian dago emaitza.

Inork ez daki ziur zer dela-eta agertu zen Meritamunen burezurra Melbourneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko sotoan. Hala ere, litekeena da Frederic Wood Jones (1879-1954) izatea horren erantzule. Unibertsitateko Anatomia saileko buru izendatu zuten 1930ean, baina aurrez, arkeologia lanetan ibili izan zen Egipton. Kontuak kontu, burezurrak urteak eta urteak eman zituen soto hartan, inork haren berririk izan gabe. Baina aurkitutakoan, etekin ederra atera diote.

 Paul Burston)
1. irudia: Jennifer Mann artistak egin du Meritamunen eskultura. (Argazkia: Paul Burston)

Burezur momifikatua kaltetuta egongo ez ote zen kezkatuta, tomografia eskanerra egin zioten, bendak kendu beharrik gabe zer moduzko egoeran zegoen argitzeko. Ezustean, haren kontserbazioa aparta zela ikusi zuten, eta horixe izan zen gerora egin duten berreraikitzearen abiapuntua. “Konturatu ginen elkarlanean ikertzeko aukera bikaina zela, auzitegiko zientziaren zein irakaskuntzaren ikuspegitik”, azaldu du Ryan Jefferies unibertsitateko museo kontserbatzaileak.

Eskanerra Janet Davey Monash Unibertsitateko egiptologoak aztertu zuen gero, eta berak egiaztatu zuen antzinako Egiptoko gizabanako batena behar zuela izan burezur hark. Emakumea zela ere zehaztu zuen, bere aurpegiaren hezur egiturari erreparatuta: barailezur txikia, ahoaren gainalde estua, betzulo bereziki biribilak… Horiek izan zituen generoaren adierazle.

Benden lihoaren kalitate ona dela eta, Meritamunek goi mailako estatusa zuela dio Daveyk. Faraoien garai goiztiarrenekoa izan daitekeela ere uste du, eta ez du baztertzen bere datazioak k.a. 1500 urtera arte egitea atzera, baina erradiokarbonoaren proben emaitzen zain dago hori zehazteko. “Misterio handiak izaten dira beti argitzeke auzitegiko egiptologian, eta horregatik, oso garrantzitsua da aukera guztiak kontuan hartzea eta frogei atxikitzea”, esan du Daveyk.

 Paul Burston)
2. irudia: Burezurra emakume batena dela zehaztu du Janet Davey egiptologoak. (Argazkia: Paul Burston)

Meritamun zergatik hil zen argitzen ere saiatzen ari dira ikerketa honetan. Eskanerrari erreparatze hutsaz, burezurraren zati batzuetan hezurra mehartuta dagoela antzeman du Stacey Gorsky Melbourneko Unibertsitateko Biomedikuntza masterreko ikasleak. Anemiaren sintoma argia da hori. Gainera, infekzioak ikusi dizkio bi hortzatan. Biak ala biak izan daitezke Meritamunen heriotzaren eragile, edo heriotza erraztu dezaketen bi faktore, baina Gorskyk berak aitortu bezala, ezinezkoa da kausa erabat zehaztea burua bakarrik aztertuta.

Meritamuni buruz makina bat gauza jakin ahal izan dituzte ikertzaileek, haren burezur momifikatuari esker. Hala ere, haren burua berreraikitzea, horixe izan da elkarlan honen emaitzarik deigarriena. Horretarako, eskanerrean oinarrituta, burezurraren erreprodukzioa egin dute lehenik, 3D inprimagailu baten bitartez. 140 orduko inpresio lan zehatza izan da.

Plastinazio teknika ere baliatu zezaketen erreprodukzio hori egiteko, baina inprimagailuak badu abantaila handi bat: burezurraren erreplikaren nahi beste kopia egin ditzakete orain. Gavan Mitchell egiteko honen arduradunak azaldu bezala, “orain, patologia interesgarriak dituen edozer espezimenen nahi beste erreplika egin ditzakegu [3D inprimagailuaren bidez], ikasleek erabil ditzaten, jatorrizko espezimena bera ukitu ere egin gabe”.

Meritamunen buruaren berreraikitzea laburbiltzen duen bideoa

Hiru dimentsiotan inprimatutako burezur horretatik abiatuta, Meritamunen buruaren eskultura egitea izan da azken urratsa. Jennifer Mann artistak eta auzitegiko antropologian adituak egin du lan hori. Horretarako, gaur egungo egiptoarren batez besteko ezaugarri fisikoez eskuragarri dauden datu batzuk izan ditu oinarri, eta horiek lagundu diote aurpegiaren puntu gakoetan ehunaren lodierak zenbaterainokoak izan beharko liratekeen zehazten.

Jarraian, poliuretanozko erretxina eta pintura gehitu dizkiote eskulturari, eta ilea jartzea izan da azken urratsa. Ezin Meritamunen ilea nolakoa zen zehaztu, baina Lady Rai izenez ezaguna den Egiptoko emakume baten orrazkera baliatu dute eredu gisa. Lady Rai k.a. 1570-1530 urte artean bizi izan zen, bere gorputz momifikatua Kairoko Egiptoko Museoan dago, eta bere kontserbazio maila bikaina da. Horretan oinarrituta, txirikorda txikitan bilduta dagoen eta buruaren alde bietara erortzen den bilo luze eta iluna jarri diote Meritamuni. “Berreraikitzea egiteko, ebidentziari atxiki natzaio, eta sustengua duen metodologia bat baliatu dut. Oso aspalditik datorren pertsona baten aurpegia atera da horrela. Zoragarria da”, esan du Mannek.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Antzinako egiptoar bat, hezur-haragizkoa balitz bezala appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Superheroiak diseinatzen

mar, 2016/10/04 - 09:40
Julen Diaz eta Adrian Odriozola Nola izango ote da etorkizuneko goi mailako kirola? Batzuen ustez, teknologiaren inbasioak alde batera utziko du ikusleen zirrara, baina beste batzuek jarraituko dute zenbait kirolaren arau zaharkituen bilakaeraren alde egiten. Dena dela, zentzuzkoa da kirolarien markak eta errekorrak denborarekin apurtuz joango direla pentsatzea.

Izan ere, urteetan zehar irabazitako ezagupenak, entrenamenduen diseinua, erabilitako materialaren kalitatea eta esfortzuaren etekina hobetzea eragiten du. Zoritxarrez, errekorrak apurtzeaz mintzatzen ari garenean beste osagai bat erantsi behar diogu saltsari: dopina.

cycling-655565_1280
1. irudia: Nazioarteko Olinpiar Batzordeak dopina deritzo, kirolari batek haren organismoak ez dituen substantziak hartzeari, edo legezko diren substantziak normala ez den moduan hartzea, lehiaketetan errendimendu fisikoa handitzeko.

Gauzak horrela, zaila da iragartzea denbora joan ahala zein izango den dopinak hartuko duen norabidea. Dopinaren Aurkako Mundu Agentziaren (DMA) lana azken urteotan zorrotza izan da, baina nekez saihets daiteke tranpa egiten dutenak pausu bat aurrerago daudelako irudikapena. Iraganari erreparatuta, ezinezkoa da dopina kirolarekin lotzen dituen soka korapilatsuak moztea. Periodikoki dopin-eskandalu berriak ikusten ditugu albistegietan, eta horien artean azkena da Errusiako estatuak sustatutako dopin programa konplexua.

Zerk bultza dezake kirolari profesional bat tranpa egitera? Galdera honen erantzunak asko dira. Alde batetik, goi mailako txapelketa batean irabazteak dakarren dirua eta ospea dago. Bestetik, irabazteko gogo bukaezinak arriskua beste era batean baloratzea dakar zenbaitetan. Horrez gain, kontuan izan behar da medioek edota jarraitzaileek sor dezaketen presioa ere. Dopinaren tentazioa indartsuago egiten duten faktoreen bukaeran, sustantzia dopatzaileen eskuragarritasuna aipatu behar da. Gaur egun, “klik” bat da interneten bitartez etxera EPO edo esteroideak heltzea eragozten duen oztopo bakarra.

Dudarik gabe dopinak agerian uzten du kirolaren aurpegirik zikinena, eta edonola ere, DMAa buru-belarri ibili da azken hamarkadan beste fenomeno kezkagarriago baten ikerketan. Fenomeno honi dopin genetikoa deritzo eta laborategian kirolariak nahi bezala moldatzeko ahalmena dauka, zientzia fikziozko pelikularik onenean bezala. Terapia genikoaren kumerik gaiztoena da eta ibilbide paraleloa daukate batak eta besteak, hots, baten arrakastak bestearen abagunea dakar.

Ildo horretatik, magia ilun honen ahalmena izugarrizkoa da, teorian kirol-errendimenduarekin harremanetan dauden geneen kopia kopurua gehituta, haien espresio tasa ere handituko da. Aldaketa hauek kirolariaren fenotipoan eragin zuzena daukate, hau da, atleten erresistentziatik hasita indarra hobetzeraino ere hel gaitezke. Hori gutxi balitz, oso zaila da dopin genetikoak giza genoman eragindako moldaketa hauek detektatzea, konplexutasun handiko kontua baita artifiziala eta naturalaren arteko muga ezartzea. Ondorioz, oraindik ez da ezagutzen dopin genetikoa bere osotasunean detektatzeko teknika fidagarririk.

swimming-78112_1280
2. irudia: 2016ko Rioko Joko Olinpikoek dopina izan dute protagonista ere. Izan ere, Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) Errusiako Atletismo Federazioaren kontrako zigorra jarri zuen dopinarengatik eta Kirol Arbitrajeko Auzitegiak (TAS) mantendu zuen zigorra., Ondorioz, 27 espezialitate olinpikoko atleta errusiarrak Rioko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu ziren.

Hala eta guztiz ere, dopin genetikoa, terapia genikoa bezala, arrisku ezezagunez betetako bidea da. Denontzat dira ezagunak esteroideak edo EPO hartzearen bigarren mailako ondorioak, baina dopin genetikoa fenomeno berria da. Egun, beldurgarria da dopin mota honek ekar ditzakeen ondorioak zehaztu ezin izatea. Ezin baitugu ahaztu terapia genikoko saio klinikoetan minbizi edota heriotza kasuak gertatu direla.

Uda honen hasieran, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak plazaratu zuen Rioko Joko Olinpikoetarako dopin genetikoa detektatzeko metodo bat. Esanak esan, azkenean ez dute metodo hau praktikan jarri, eta bere fidagarritasuna emendatu arte itxarongo dute Rioko odol laginak aztertzeko.

Laburbilduz, dopin genetikoa da kirolaren egungo mehatxurik handiena eta gizarte mailan sekulako iraultza eragingo duena. Tamalez, dopinaren bilakaera kirolaren bilakaeraren eskutik doa eta kasu honetan, dopin genetikoa kirolaren hurrengo geltokia dela dirudi. Ez da inola ere atsegina beti kirolariak zalantzan jartzea, baina zentzuzkoa da azken urteotan azaldu diren positibo kasu guztiak kontuan izanik.

Bukatzeko, hasierako galdera egingo dizuegu berriz: nola izango ote da etorkizunean goi mailako kirola? Zein izango da gure erreakzioa atleta batek Usain Bolten 9,58a apurtzen duenean? Esfortzutik eta norberaren talentutik lortutako arrakastan sinesten jarraitzea gustatuko litzaiguke, baina era berean jakinda dopin genetikoa errealitate bat dela. Laster superheroiak diseinatzeko gai izango gara errealitate honen eskutik. Une horretarako, gai izan beharko dugu txapelketetan artifizialaren eta naturalaren arteko oreka ezagutzeko.

Hori dela eta, Sport Genomics Ikerketa taldean dopin genetikoa detektatu ahal izateko metodo berri bat garatzen ari gara. Teorian metodo hau, DNA arrotza aurkitzeko gai izango da, zelula gutxi batzuetan baldin badago ere.

Kirola eta zientzia inoiz ez bezala aldatzen ari dira. Dopin genetikoaz gero eta gauza gehiago entzungo ditugu. Bitartean, gure ikerketa taldean ilusio eta pasioarekin ikertzen jarraituko dugu, hau bidaiaren hasiera besterik ez dela jakinda.

———————————————————————————-

Egileez: Julen Diaz bioteknologoa da eta UPV/EHUko Sport Genomics ikerketa-taldeko ikertzailea, eta Adrian Odriozola UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko ikertzailea eta irakaslea da.

———————————————————————————-

The post Superheroiak diseinatzen appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu

lun, 2016/10/03 - 09:00
UPV/EHUren azterketa baten arabera, anbulantziek infekzio arriskuak izan dezakete. Izan ere,  anbulantzietan desinfekzio protokoloak izan arren hutsuneak nabarmen dituzte ikertzaileek egindako azterketan. Ondorioz, anbulantzietako kutsadura bakterianoa murrizteko, protokoloak osatu eta osasun pertsonala higieneaz kontzientziatu behar dela azpimarratu dute ikerketan. fire-department-1256591_1280
Irudia: Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura, AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitutakoa baino askoz ere txikiagoa izan da.

Anbulantziak mikroorganismoen sorburu izan daitezke eta hauek gaixo edo osasun pertsonalari transmititu ahal zaizkien eritasunak sor edo garatu ditzakete. Organismo patogeno hauek, sarri askotan, suntsiezinak dira farmako askoren aurrean eta eskuak dira transmisiorako bide ohikoena. Erizaintza, medikuntza eta biologiaren arloetako profesionalen talde batek, Guillermo Quindós mikrobiologiako katedradun eta ikertzaile nagusiak koordinatuta, zeharkako lan bat egin du anbulantzietan gertatzen diren mikrobio eta bakterioen kutsadura aztertzeko. Lehendabiziko aldia da gure herrian era honetako ikerketa lana egiten dela, oinarrizko bizi euskarriko ibilgailuen inguruan.

Laginak 2012ko uztailean jaso ziren Bilboko barrutian dabiltzan oinarrizko bizi euskarriko 17 anbulantzietatik 10etan.  Osasun ibilgailu hauek batez beste 225 esku hartze izan zituzten azterketa mikrobiologikoa egin aurreko 30 egunetan.

Laginak hartzen ari ziren bitartean, ohartu ziren larrialdietarako hamar unitate haietako batean ere ez zegoela eskuak garbitu ahal izateko komunik (nahiz eta ez da derrigorra), baina zortzi anbulantziatan uraren eta xaboiaren ordezkoa den gel hidroalkoholikoa zeramaten. Horrez gain antzeman zuten ohartu anbulantzia garbitu eta desinfektatzeko moduari buruzko protokolo idatzirik ez zegoela. “Komenigarria da oso protokolo bat izatea, desinfektatzeko lana asko errazten duelako, egin beharreko urratsak zehatz-mehatz jasota” adierazi du Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologiako katedradunak.

Anbulantzia bakoitzean sei puntu aztertu ziren: bi gidatzeko kabinan eta lau gaixoentzako eremuan. Jasotako 60 laginen % 73an mikrobio gehiago antzeman ziren bolantean, pasaiariaren atearen barruko eskulekuan eta ohatilaren eskutokietan. Datu hauek ikusita, gerta daiteke kutsadura gurutzatua gertatzea gaixoaren eremuaren eta gidariaren kabinaren artean, ohitura ezegokien erruz, adibidez, eskularruak jantzita gidatzea, gaixoa artatu ostean, edo eskuak ez garbitzea. Guillermo Quindós ikertzaileak nabarmentzen du “osasungintzan lan egiten duten pertsonen artean eskasegia da eskuak garbitzeko ohitura eta beharrezkoa litzateke kontzientziatzea higiene neurri honek mikrobioen bidezko kutsadura ekiditeko duen garrantziaz jabetzearren”.

Lagin ezberdinak analizatu ostean, UPV/EHUko taldeak Staphylococcus aureus, estafilokoko koagulasa negatiboa eta bestelako koko Gram-positiboak, enterobakterioak eta beste bazilo Gram negatibo batzuk aurkitu zituen. Aurkitutakoek maila asaldagarririk ez duten arren, erne egon beharra dagoela adierazten dute, kutsatze gurutzatua egon baitaiteke ospitalearen barne eta kanpoko eremuen artean, anbulantzietan egiten diren garraioen bidez. Hala ere, esan beharra dago osasun ibilgailuetan antzemandako kutsadura mailak baxuak izan zirela. Izan ere, bi anbulantziatan beste inon ez zen aurkitu Staphyloccocus aureus-en hiru kultibo, agente infekziosoak, oldarkorragoak, pertsona osasuntsuengan egon daitezkeen arren, ospitaleetan infekziorik eragin ditzaketenak, bereziki gaixoengan. Aitzitik, azterketak erakutsi du Bilboko metropoli-barrutiko anbulantzietan agertutako mikrobio kutsadura askoz ere txikiagoa izan dela AEBtan egindako antzeko ikerlanetan aurkitu denarekin erkatuta.

Erreferentzia bibliografikoa:

Aketza Varona-Barquin, Sendoa Ballesteros-Peña, Sergio Lorrio-Palomin, Guillermo Ezpeleta, Verónica Zamanillo, Elena Eraso, Guillermo Quindós.. Detection and characterization of surface microbial contamination in emergency ambulances.. American Journal of Infection Control (2016). DOI: http://dx.doi.org/10.1016/j.ajic.2016.05.024.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Anbulantziek infekzio arriskurik izan dezakete.

The post Anbulantziak mikroorganismoen sorburu appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #122

dim, 2016/10/02 - 09:00
Uxue Razkin

grapes-1696921_1280

Paleontologia

Frantziako Grotte du Renne kobazuloan aurkitutako apaingarri artistikoak neandertalek eginikoak direla frogatu dute. Kobazuloak Europan bi espeziak- neandertalak eta gizako modernoak- garaiko industria litiko baten arrastoak ditu: erreminten ondoan animaliekin hortzekin, hezurrekin eta maskorrekin egindako bitxiak azaldu ziren. Homo sapiensek egindakoak zirela iradoki zuren ikertzaileek hasieran, pentsatzen zutelako neandertalek ez zutela ahalmenik adierazpen sinbolikoak. Ikerketa berriak argitu du neandertalen hortzak direla eta hortaz, badirudi, haien burua apaintzeko egiten zituztela bitxi horiek. Aipagarria da ere ikerketa egiteko erabilitako teknika: paleoproteomika izan dela. Aurkitutako hortzak oso hautsiak zeuden baina hortz fosil haietatik proteinak erauzteak jatorria identifikatzeko aukera eman die.

Arrasaten aurkitutako aztarnategi batek orain dela 100.000 urte inguru Euskal Herrian fauna zelakoa zen jakiteko aukera eman die zientzialariei. Alvaro Arrizabalaga UPV/EHUko arkeologoak gidatutako lantalde bat urtebetez aritu zen ingurua induskatzen, baina hilabete honen hasierara arte ez dira lehenengo emaitzak plazaratu. Datazioa orain zehaztu dute baina “buruhauste bat” izan dela diote ikertzaileek: “Aminoazidoen errazemizazioa izeneko teknika baliatu dugu fosilak datatzeko”. Artazu aztarnategiak badu aparteko garrantzia: “Garai horretan zegoen faunaren adierazle bikaina da, azken finean tranpa natural bat zelako”.

Genetika

Australiako aborigenen ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek eta haien DNAk informazio garrantzitsua dauka: gure antipodetako herri zaharrena ez ezik, Lurreko giza populazio antzinakoenetakoa ere bada, Afrikatik Eurasiara irten zuen lehen giza taldearen oinordekoak baitira. Ondorio hauek Amaia Portugalek azaltzen dizkigu. Ikerketan, Australiako 83 aborigenen eta 25 papuarren genomen sekuentziazioa egin dute. Ondorio bat dakar plazaratutako artikuluak: duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen migrazio olde bat eta bakarraren emaitza dira gaur egun munduan barreiatuta dauden populazioak.

Genomak oraindik sekretu asko gordetzen ditu. Eta artikuluaren egileak dioen moduan, oraindik asko dago egiteko. Bere hitzetan: “ez gara guztiz gai oraindik genoma mailan gaixotasun konplexu batekin lotura dutena aldaerak beste mailekin lotzeko, eta ondorioz, gaixotasun konplexu horren funtzionamendua ez dugu behar bezala ulertzen”. Informazio genetikoa hainbat mailetan zehar (maila omikoak) “itzultzen” da funtzio biologikoak betetzeko. Horri aurre egiteko bide berriak proposatzen ditu: osagai genetiko eta maila omiko gehiago aztertu gero eta pertsona gehiagotan, edota emaitza horiek aztertzeko kontzeptu eta metodo berriak asmatu eta aplikatu. Bigarren ideia hori ez da gehiegi ustiatu eta bide hartatik jotzea proposatzen du Koldo Garcia genetistak.

Astrofisika

Jocelyn Bell astrofisikariari egin dio elkarrizketa Berriak. Emakume honek pulsar izarrak aurkitu zituen doktoretza prestatzen ari zela. Fisikako Nobel saria jaso zuen 1973an. Euskal Herrian ospatu diren Passion for Knowledge 2016 topaketetan hizlari aritu da, Donostia Internationak Physics Centerrek gonbidatuta. Espazioa ulertzeko modua aldatu zen Bellek pulsar izarrak aurkitu zituenean. Bere hitzetan: “Inork iragarri ez zuen izar mota bat ziren; oso muturreko izar mota bat. Izar horiek garrantzitsuak izan ziren lehen aldiz Einsteinen teoriak egokiak zirela berresteko”. Horretaz gain, teknologiaren garrantziaz hitz egin du; bere ustetan, ikerkuntzan aldaketa “oso handia” izan da: “Ordenagailuek, gailu horien bilakaerak, eragin handia izan du, eta datu asko eskuratzen ditugu gaur egungo ikerketa proiektuetan: datu kopuru erraldoiak”. Espero dituen aurkikuntzen artean materia iluna eta energia iluna daude: “Nik uste dut biak ulertzen ditugunean fisika ulertzeko modua ere aldatu egingo dugula”.

Rosetta ontziak amaitu du bere bidaia. Duela 12 urte, 6 hilabete eta 28 egun atera zen Guyana Frantsesetik eta 7.900 milioi km egin ditu espazioan. Azken bi urte eta erdiak 67P edo Churyumov-Gerasimenko kometa aztertzen eman ditu eta 218,25 GB datu zientifiko bildu ditu. 14.900 ordutan egon da Lurrarekin kontaktuan. ESAren misio handiena izan da Rosetta, arduradunen esanetan. Ana Galarragak kontatzen digu artikulu honen bitartez Rosettaren azken agurra.

Biologia

Izokina da gure protagonista, eta honek arazoak ditu bi eremutan, ur gezetan eta ur gazietan. Ibaietan ematen dituzte beren bizi-zikloaren lehen aldiak. Gero, itsasora joaten dira eta han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera. Hasieran, beraz, ur-sarrera saihestu behar dute eta gatzen galeraren aurka borrokatu. Baina itsasora doazenean, hor hasten dira komeriak. Uraren eta gatzen balantzeari dagozkion lanak aldatu egin behar dituzte. Hortaz, ura ez edatetik, ura edatera pasatzen dira. Hori erraza izan daiteke. Gernu-kontzentrazioari eta ekoizpenari dagozkienak ere ez dira zailak. Arazoa dator hirugarren aldaketarekin. Ur gezetako arrainen brankien epitelioko zelulek sodio eta kloruro ioiak barneratzen dituzte. Beraz, alderantzizko lana egin behar dute izokinen brankiek egoera batean eta bestean.

Bale urdina ikusi zuten joan zen asteburuan Bizkaiko itsasoetan. Lehen nahiko ugaria zen horiek ozeanoetan eta itsasoetan ikustea baina ehizaren eraginez gutxi gelditzen dira. Badirudi azken urteotan populazioak berreskuratzen ari direla eta egungo kalkuluen arabera, 10.000-20.000 ale inguru bizi dira, gehienak Pazifikoan daude. Bideo ikusgarria ere daukazue ikusgai.

Medikuntza

Virginia Apgar medikuaren inguruan aritu gara aste honetan. Anestesiologian eta pediatrian aditua izan zen eta jakina, Apgar test famatu horren sortzailea izan zen. Haur jaioberriak behatzen zituen eta erditzera zihoazen emakumeei laguntza eskaintzen zien. 1953an ikerketa bat publikatu zuen. Bertan, jaio berrien bizitasuna neurtzen zuen lehendabiziko eskala islatu zuen (Apgar testa gerora deitu zutena). Egun, erditu eta minutu bat beranduago egiten da proba, eta berriz, bost minutu igaro direnean puntuazio txikia lortu bada. Froga horretan kontuan hartzen diren aspektuak hauek dira: frekuentzia kardiakoa, arnasketa-esfortzua, erreflexu presentzia, muskuluen tonua eta kolorea. Aspektu horiek guztiak 0tik 2ra bitartean puntuatzen dira. Irakur ezazue haur jaioberrien zaindariak bere bizitzan zehar egindako lan guztia. Mirestekoa benetan.

Osakidetzaren Donostia Unibertsitate Ospitaleko (BioDonostia) Ugalketa Lagunduko Unitateko ikertzaileek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko Sistema Adimendunak taldekoek, enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan batean. Hainbat teknika proposatu dituzte transferitzeko enbrioiak hautatzerakoan enbrioiek inplantatzeko zenbateko gaitasuna daukaten iragarriko duten modeloak egiteko. Orain, BioDonostiak eta UPV/EHUk heldu dioten erronka horri esker, espero da aurreko ugalketa zikloetan transferitutako enbrioi guztiekin (arrakastatsua izan zen ala ez ziur jakin ez arren bat ere bazter utzi gabe) ikasitako modeloek emaitza hobeak ekarriko dituztela.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio kimikariak beti ekartzen dizkigu gai interesgarriak. Jarraian azalduko diguna ere bada horietakoa. Girotu dezagun kontua. Irailaren 19an Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi zuen “Dalsy 20mg/L” sendagaiaren E 110 izeneko koloratzaileak ondorio kaltegarria ekar ditzakeela botika hartzen duten haurren arretan eta jardueran. Horrek kezka handia eragin zuen, ezinbestean. Lopez-Gazpiok dakarkigu erantzuna. Dalsy sendagaia sukarrari eta min arinei aurre egiteko errezetatzen da, eta ibuprofenoa du oinarri. E 110 egunero jaten ditugun elikagai askotan dago; esate baterako, gozokiak, marmeladak, arrain prozesatuak, artozko aperitiboak, etab. Elikagaien gehigarriei buruzko 1223/2008 Europako Araudian azaltzen da koloratzaileak aipatutako ondorio horiek eragin ditzakeela. Kimikariak azaltzen digunez, dena izan daiteke toxikoa. Horregatik definitzen da ADI Eguneko Ingesta Onargarria(Acceptable Daily Intake) delakoa egunero har daitekeen substantzia jakin baten kantitate modura. Eta ondorio honetara iristen da kimikaria: “Kantitate horrek ez luke osasun-kalterik eragingo, bizitza osoan zehar egunero hartuta ere”. Hau da, eta Lopez-Gazpioren esanetan, koloratzailearen albo ondorioak nabaritzeko ia 3 botila Dalsy edan beharko lituzke egunero. Irakur ezazue artikulua osorik, gomendagarria benetan!

Osasuna

Lucía Gricman psikologoa da eta Argian argitaratutako elkarrizketan eromenaz, medikalizazioaz eta psikoanalisiaz hitz egin du. Buenos Aireseko zentroan egonaldi terapeutiko intentsiboa egiten dituzte, aurrez zentro psikiatrikoan sartuta egon diren pazienteekin. Baina errehabilitazioaz gain tailerrak ere egiten dituzte sormena eta espresioa sustatzeko (txotxongiloen bidez, irrati bidez…), “sormenetik abiatuta berreskuratu daitekeelako gizartearekiko lotura”, azaltzen du. Eromenaz ere hitz egin du: “Egin behar duguna da pertsona bere komunitatetik ahalik eta gertuen mantendu. Eta ez naiz ari beti zoriontsu egoteaz, sendatzea ez delako ez sufritzea, sufrimendu hori eramateko eta horri aurre egiteko baliabideak izatea baizik”.

Meteorologia

Nola iragartzen zituzten urakanak, haien norabidea eta indarra duela ez urte asko? Bertan sartuz eta neurketak eginez. 1943.urtetik aurrera aritu izan dira “Urakan ehiztariak” fenomeno meteorologiko hau aztertzen. Hegazkin batean sartzen ziren eta hegan egiten zuten urakanaren begiraino eta hortik ateratzen zituzten datuak. Egun ere horrelako misioak egiten dituzte. 1945ean gertatu zen istripu bat mota honetako misioa egiten ari zirela. Estatubatuarren armada PB4Y-2 (BuNo 59415) hegazkin batean zioan tripulazioko zazpitik sei kide hil ziren. 1 Kategoriako tifoi batek jo zuen. 

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #122 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #128

sam, 2016/10/01 - 09:00

food-beans-coffee-drink

Klase askoko kontuak gure geneen mende daude. Esaterako, kafeak sortzen dituen ondorioak ere. Rosa García Verdugok kontatzen digu zelan den posible: Expresso or Americano? Your genome has the answer.

Bizitzaren definizioa ez da bat ere erraza eta birus batzuk zaildu egiten dute kontua. Ignacio Amigoren artikulua daukagu azalpena: Viruses at the edge of life.

Botika berri batek beta-amiloide metaketak murrizten dituela aurkitu izanak, Alzheimerren gaixotasunaren tratamenduan iraultza bat ekar lezake. Baina horrela ote da benetan? Estibaliz Capetillok erantzuten du galdera: Are we close to find a treatment for Alzheimer´s disease?

Imajina ezazu herri hipotetiko bat non ezkerreko bi alderdi politiko daude eta eskuineko beste bi. Espektro politikoaren albo bakoitzean, alderdi bat erradikala da eta beste moderatua. Zelan eragingo luke bigarren bozketa batek hauteskundeen emaitzetan?  José Luis Ferreirak aztertzen du gaia: Single round versus runoff elections.

Saharako inurriak sastrakarik edota belarrik ez dagoen tokietan bizi dira, non usainak ziztu bizian desagertzen dira eta haizeak aztarnak segundoetan desagerrarazten dituen. Baina hala ere eraginkortasun harrigarri batez orientatzen dira. Nola egiten dute? José Ramón Alonsok lantzen du gaia: Desert scavengers, amazing navigators.

Aitortu behar dugu arlo batzuetan jarduteko, gai batzuez zerbait ezagutu behar dela. Horrela Carlos Shahbaziren testu hau fisikarien gustukoa izango da: On the spin geometry of String Theory. Bertan, Lipschitz-en egituraren nozioa azaltzen du eta, hau zelan aplikatzen den soken teorian eta grabitate kuantikoan beharrezkoa den spinen geometrian.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #128 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Virginia Apgar (1909-1974): Jaioberrien zaindaria

ven, 2016/09/30 - 10:00
Uxue Razkin Umearen negar hotsak erditu berri duen amaren belarriak zeharkatu ditu eta horrek lasaitasuna eman dio. Besoetan segundo batez izan du, laztantzeko aukera ere ez du galdu. Pozik dago ama, umea negarrez dagoelako eta horregatik, bizirik. Erizainak umea hartzen du, momentu bat besterik ez da izango. Laster ekarriko dugu, esan dio orain negarrez hasi den amari besoetan hutsunea sumatu duelako, eta segituan irribarre goxo bat dedikatu dio, lasaitu dadin. Portzelanazko pitxerra eramango balute bezala daroate umea erditzeko gelaren ondoko salara. Hor doa izenik gabeko ume jaio berria. Erizainek ez dakite baina bere amak duela bi aste izena aukeratu zuen: Lisa.

Hantxe du zain medikua eta bere taldea. Esku-ohean dagoela, burusi batez estaltzen dute gorputza, beroa ematen duen argia goian daukala. Ea nola etorri den mundura gure txikitxoa. Kolorea behatzen du, ez da grisa ezta urdinxka. Ondo arnasten du, bai. Orain astintzen du, bere kabuz mugi dadin, erreakzioa bere muskuluetan ikusten da. Auskultazioa egiten dio medikuak, bihotza ondo. Dena azkar doa, ez ordea erditzeko gelan; han dena mantsotu egin da: ama eskumuturrean lotuta ez daukan erlojua kontsultatzen ari da kezkak ziztatzen dion aldiro. Bestelako giroa salan. Proba guztiak gainditu ditu Lisak. Dena ondo. Ez dago arazorik. Eraman ezazue amarekin. Virginia Apgarrek bukatu du bere lana, agur esaten dio eskuarekin jakinda umeak ezin duela oraindik keinu hori antzeman. Orain, bai, bakarrik. Irribarre batez janzten du aurpegia, onik atera delako jaioberria.

apgar3
Irudia: Virginia Apgar jaioberri bati azterketa egiten (1958. urtea gutxi gorabehera. Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga).

Anestesiologian eta pediatrian aditua izan zen Virginia Apgar eta jakina, test famatu horren sortzailea izan zen. Denok entzun dugu noizbait Apgar izeneko test hori. Baina nondik dator? Ziur asko gehienek artikulu hau irakurri aurretik ez zuten lotura zuzenik egiten Virginiarekin baina, bai, halaxe da: mediku honek izena eman zion probari. Haur jaioberriak behatzen zituen eta erditzera zihoazen emakumeei laguntza eskaintzen zien. Ildo horri jarraiki, 1953an ikerketa bat publikatu zuen. Bertan, jaio berrien bizitasuna neurtzen zuen lehendabiziko eskala islatu zuen (Apgar testa gerora deitu zutena). Egun, erditu eta minutu bat beranduago egiten da proba, eta berriz, bost minutu igaro direnean puntuazio txikia lortu bada (batzuetan 10 minutu pasa direnean ere egin daiteke). Proba honek, guztira, bost aspektutan jartzen du arreta: frekuentzia kardiakoa, arnasketa-esfortzua, erreflexu presentzia, muskuluen tonua eta kolorea. Aspektu horiek guztiak 0tik 2ra bitartean puntuatzen dira. 1963an Butterfield pediatrak akronimo baliagarri bat sortu zuen Virginiaren abizena erabiliz:

Appearance
Pulse
Grimace
Activity
Respiration

Ezaugarri horien batuketa 0 eta 10 bitartean puntuatzen da. Gauzak horrela, jaio berriak 3 edo gutxiago lortzen badu, ulertzen da hura egoera kritikoan dagoela; puntuazioa 4 eta 6 artean baldin badago, emaitza “nahiko baxua” izango da; azkenik, 7 eta 10 artean mantentzen bada, osasun egoera “normala” dela zehaztuko da.

60 lan zientifiko baino gehiago argitara eraman zituen eta zer esanik ez dago hamaika artikulu zientifiko eman zituela argitara. Lanik aipagarriena Is my Baby All Right? liburua da, Joan Beckekin batera 1972an idatzi zuena. Pensilvanian eta New Jerseyn honoris causa doktoretzak jaso zituen, Columbiako Unibertsitateko ikasle-ohien Urrezko Dominaz gain.

Bere bizitzari buruz

Virginia Apgar New Jerseyen jaio zen 1909an. Momentuko testuinguruak, 1929ko depresioaren markoa, alegia, erabat harrapatu zuen bere familia. Bere aitak zientzia eta askotariko asmakizunak garatzea gustuko zuen. Sotoa zuen lekurik kuttunena eta jakina, Virginiak aitaren zaletasunetik edaten zuen. Zientziaz gain, etxean ere bazegoen lekua musikarentzat, Apgarrek txikitatik ikasi zuen biolina jotzen. Musika entretenigarria zen, baina ez zientzia bezain beste. Hala, bigarren hezkuntzan hasi zenetik, bazekien medikuntza ikasiko zuela, beste hainbat arlo inguruan dantzan izan bazituen ere: kirola, antzerkia… denetan zen abila Apgar.

 Mujeres con Ciencia bloga).
2. irudia: Virginia Apgar 1936. urtean (Argazkia: Mujeres con Ciencia bloga).

Columbiako Mediku eta Zirujauen Unibertsitatean ikasi zuen. 1933an graduatu egin zen, kirurgian murgildu nahi zuelako ahalik eta azkarren. Bertan, Allen Whippe zirujaua irakaslea izan zuen gidari. Irakasle horren ageriko trebetasunak txunditurik utzi zuen; hark anestesiologia ikasteko gomendatu zion. Izan ere, erizainen esku zegoen ia anestesia hornikuntza guztia. Miresten zuen irakaslearen gomendioa jarraituz, arlo horretan trebatzea erabaki zuen. Espezializazioa amaitutakoan, 1938an Anestesia dibisioko buru izendatu zuten Kirurgia arloan. Nagusiki bi zeregin zituen; alde batetik, ikasleei irakastea eta bestetik, mediku egoiliarrei entrenatzea. 1949. urtean, dibisio hori Anestesiologia Departamenduan bilakatu zen, bereziki egin zuen lan guztiari esker.

Columbiako Unibertsitatean anestesia irakasle gisa lan egin zuen lehen emakumea izan zen. Anestesia obstetriko arloan ikerketa asko abian jarri zituen. Apgarrek anestesiaren efektuak nola eragiten zien erditzera zihoazen emakumeei ikusi nahi zuen. Horretaz gain, jaioberri goiztiarren heriotzen arrazoiak detektatzea izan zuen helburu. Horren ondotik etorri zen Apgar testa. Ebaluazio honi esker, jaioberri jakin batek arazoren bat edo malformazioren bat ote zuen ikusten zen. Hamar urtez analizatu eta klasifikatu zituen milaka erditze. 1958an master bat egitea erabaki zuen, osasun publikoaren inguruan. Urtebete beranduago March of Dimes Nazioarteko Fundazioan lan egiten hasi zen. Bertako zuzendaria izateak mundu osotik bidaiatzea ahalbideratu zuen.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Virginia Apgar (1909-1974): Jaioberrien zaindaria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Editatoia, idazle eta zientzialari emakumeak Wikipedian ikusarazteko eguna

ven, 2016/09/30 - 09:00

Emakume Idazleen Eguna Clásicas y Modernas elkartearen, Emakume Zuzendari, Exekutibo, Profesional eta Enpresarien Espainiako Federazioaren (FEDEPE) eta Espainiako Liburutegi Nazionalaren arteko egitasmoa da, eta helburu du literaturaren arloko emakumeak agerian jartzea eta emakumeok historia osoan jasan duten bazterkeriari aurre egitea. Emakume Idazleen Eguna urtero egiten da, urriaren 15aren hurrengo astelehenean (Santa Teresa Avilakoaren jaieguna da urriaren 15a). Aurten, 2016an, urriaren 17an izango da Emakume Idazleen Eguna.

cartel_wiki_bilingueUniversidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), bestalde, Zientzia Astea antolatzen du, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea alegia, gazte eta helduek, haurrek edota inguruarekiko jakin-mina duten pertsona guztiek aukera izan dezaten zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta eztabaidatzeko egunero-egunero zientzian aritzen direnekin. Azaroaren hasieran egin ohi da; 2016an hamabosgarren edizioa antolatuko da, azaroaren 4tik 8ra bitartean.

za

Aurtengo Editatoia, berriz, Emakume Idazleen Egunaren eta Zientzia Astearen arteko egun batean egin nahi izan dugu, emakume zientzialari eta idazleei balioa emateko xedez. Izan ere, zientzia eta literatura badirudi oso bestelako bi mundu direla, baina arlo horretako emakumeak berdin-berdin diskriminatu izan dira historian.

Wikipedian emakumeei buruzko artikulu oso gutxi daude, gizonei buruzkoak baino askoz gutxiago inondik inora ere. Desoreka hori dela eta, emakumeak oraindik ere ikusezin dira herritar gehienentzat, zientziaren eta literaturaren esparruan batez ere.

Zientzian, teknologian, literaturan eta edozein giza alorretan eredu femeninoak edukitzeko modu bakarra emakumeen lanak irakurtzea, ezagutzea eta baloratzea da, eta, hori lortzeko, emakume gehiago animatu behar dira Wikipedian beste emakumeen lorpenei buruz hitz egitera.

Zientzialari eta idazle emakumeak Wikipedian ikusarazteko Editatoia egunarekin, gainera, bertan behera utzi nahi dira estereotipoak: Kultura biak estereotipoarekin hasita (“zientziak eta letrak” jarduera komun honen bidez elkartuz), erakutsi nahi dugu ezagutu eta aitortu beharreko emakumeak egon direla eta daudela zientzian eta literaturan.

Noiz eta non

Urriaren 19an, asteazkena, 10:00etatik 18:00era, etenik gabe

  • 10:00-12:00 Hitzaldi-Tailerra Montserrat Boixen eskutik: Wikipedia en clave de igualdad y de diversidad. Posibilidades de trabajo con Wikipedia en la universidad.
  • 12:00-18:00 Editatoia, emakume idazle edota zientzialarien biografiak osatu, itzuli edota sortzeko.

Lekua: Ikastaroetako informatika gela (seigarren solairua). Leioako Campuseko Biblioteka Nagusia (UPV/EHU). Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa.

Antolatzailea Izen-ematea

Parte-hartzeko Wikimedian inskribatu behar da baina aurretik Wikipedian editatzeko kontua sortu behar da.

editatoia_port-768x508

—————————————————–

Egileez: Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Mujeres con Ciencia blogaren editorea. Uxune Martinez, (@UxuneM)  Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna da eta Zientzia Kaiera blogeko editorea.

—————————————————–

The post Editatoia, idazle eta zientzialari emakumeak Wikipedian ikusarazteko eguna appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Izokinaren lan astunak

jeu, 2016/09/29 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Aurreko bi ataletan azaldu ditugu ur gezetako arrainek (“Ura, bizitzarako ezinbestekoa”) eta itsas arrainek (“Itsasoan urak handi dira”) urarekin eta gatzekin dituzten arazoak. Izokinak arazo berberak ditu, eta bietakoak gainera: orain batzuk eta gero besteak. Meritu handiagoa, beraz, izokinarena!

Izokinak ibaietan ateratzen dira arrautzetatik eta ibaietan ematen dituzte beren bizi-zikloaren lehen aldiak. Gero, bidaiarako prestatu ostean, itsasora joaten dira, eta han gizendu ondoren, ibaira itzultzen dira errutera[1]. Jaio ondoren ur gezatan bizi diren aldi horretan, “parr” izena ematen zaie izokinei. Izokin gazteek, hortaz, ur-sarrera saihestu behar dute eta gatzen galeraren aurka borrokatu behar dute, beste ur gezetako arrainek bezala. Baina kontuak aldatu egiten dira itsasora doazenean, itsasoko uraren gatzen kontzentrazioa oso altua baita, izokinaren barne-fluidoena baino askoz ere altuagoa.

 Ur gezatako eta gazietako arrainak dira, eta Ipar hemisferio osoan bizi dira. Latinezko salmo hitzetik datorkio izena, Antzinako Erroman hala deitzen baitzieten familia honetako arrainei.
Irudia: Ur gezatako eta gazietako arrainak dira izokinak, eta Ipar hemisferio osoan bizi dira. Latinezko salmo hitzetik datorkio izena, Antzinako Erroman hala deitzen baitzieten familia honetako arrainei. (Testua: Wikipedia)

Hori dela eta, uraren eta gatzen balantzeari dagozkion lanak aldatu egin behar dituzte izokin gazteek itsasoratu orduko. Hortaz, ura ez edatetik ura edatera, kontzentrazio apaleko gernu asko ekoiztetik kontzentrazio altuko gernu gutxi ekoiztera eta ―deigarriena dena― brankien bitartez gatzak eskuratzetik gune beretik gatzak kanporatzera igaro behar dute. Edatearen kontua erraz alda daiteke, jokabide bat baino ez da eta; gernu-kontzentrazioari zein ekoizpenari dagozkienek ere, ez dute aparteko zailtasunik. Baina korapilatsuagoa da hirugarren aldaketa.

Ur gezetako arrainen brankien epitelioko zelulek sodio eta kloruro ioiak barneratzen dituzte. Alderantzizko lana egiten dute itsas arrainen brankien epiteliokoek. Beraz, alderantzizko lana egin behar dute izokinen brankiek egoera batean eta bestean. Hori egin ahal izateko, ezin ditzakete zelula berdinak erabili. Hortaz, kontzentrazio batetik bestera igarotzeko, gatzak kanporatzen dituzten zelula berriak sortzen ditu brankiaren epitelioak, “kloruro-zelulak” izenekoak. Hormonen kontrolpean dago bai kloruro-zelulak sortzea eta baita beste egitura anatomiko edo ezaugarri berriak garatzea ere. Aldaketa horiek guztiak gertatu ondoren, itsasoratzeko prest dago izokina. “Smolt” izena ematen zaio orduan.

Kontu horiek guztiak ondo ezagutzen dira gaur egun, izokinen hazkuntzarako ezinbesteko ezagutzak baitira. Izan ere, izokinen biologia ezezaguna zenean, izokin asko hiltzen ziren haztegietan. Bizi-ziklo osoa bete behar da espezie honen hazkuntza intentsiboan, eta, horretarako, ur gezatik ur gazirako aldaketa kontrolpean egin behar da urmaeletan. Espeziearen biologia ezezaguna zenean, askotan uraren gazitasuna arinegi aldatzen zen, izokinak prest egon gabe. Eta, ondorioz, parr gazteak hil egiten ziren. Hori dela eta, izokinen hazkuntzak ez zuen arrakastarik lortu parr-smolt trantsizioaren xehetasunak ondo ezagutu arte. Geroztik, etengabe gora egin du izokinaren hazkuntzak. Izan ere, munduan gehien hazten den itsas arraina da eta, Europan adibidez, hazkuntza-jarduera guztien salmentaren ia erdia izokinenari dagokio.

Oharra:

[1] Itsasoan bizi diren eta ugaltzera ibaietara migratzen duten arrainei, anadromo deritze.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Izokinaren lan astunak appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Lehen migratzaileen oinordekoak, gure antipodetan

mer, 2016/09/28 - 09:45
Amaia Portugal Aurrenekoz, Australiako aborigenen ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek. Duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen eta Eurasia hartu zuen lehen migrazio oldetik datoz, eta gaur egungo giza populazio antzinakoenetakoa osatzen dute, horrenbestez. Haien dibertsitate genetikoa harrigarria da: Australia hego-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko taldeen artean dauden desberdintasun genetikoak handiagoak dira, amerikarren eta siberiarren artean daudenak baino.

Australiako aborigenak gutxietsita eta baztertuta daudela esan ohi da, eta badirudi halaxe gertatu zaiela ikerketaren alorrean ere. Orain, populazio honen aurreneko ikerketa genomikoa egin du nazioarteko talde batek, Eske Willerslev Kopenhageko Unibertsitateko genetistak gidatuta. Eta, hara non, haien DNAk asko du kontatzeko: gure antipodetako herri zaharrena ez ezik, Lurreko giza populazio antzinakoenetakoa ere bada, Afrikatik Eurasiara irten zuen lehen giza taldearen oinordekoak baitira. Nature aldizkarian eman dute ondorio horien berri.

Ikerketa honetan, gaur egungo Australiako 83 aborigenen eta 25 papuarren genomen sekuentziazioa egin dute. Hain zuzen, talde aborigenekin elkarlanean aritu dira, eta horietako asko artikuluaren egile zerrendan ere badaude. Lehenengo giza migrazioen inguruan Nature aldizkariak plazaratu berri duen artikulu sorta baten parte da hau, eta horiek guztiek bat egiten dute ondorio bati dagokionez: duela ia 60.000 urte Afrikatik abiatu zen migrazio olde bat eta bakarraren emaitza dira gaur egun munduan barreiatuta dauden populazioak. Hau da, irtenaldi bat baino gehiago izan zela dioten hipotesiei kontra egiten zaie kasu honetan.

 Preben Hjort, Magus Film)
1. irudia: Australiako aborigenak eta zientzialariak elkarlanean aritu dira ikerketa honetan. (Argazkia: Preben Hjort, Magus Film)

Australiarrei dagokienez, behintzat, hala baieztatu dute Eske Willerslev eta taldekideek. Laurent Excoffier artikuluaren egileetako batek adierazi bezala, “ika-mika bizia izan da, Australiako aborigenak Afrikatik atera zen beste talde batetik ote datozen, Asiarren eta Europarren jatorri bera ez ote duten. Baina ikusi dugunez, Australiako aborigen gehienen egitura genetikoaren sustraiak handik datoz, Afrikatik abiatu zen migrazio olde beretik”.

DNA sekuentziazioek erakusten dutenez, Afrikatik atera eta gero, Australiako aborigenak eta papuarrak duela 58.000 urte bereizi ziren europar eta asiarrengandik. Ondoren, Australiako aborigenak eta papuarrak duela 37.000 urte bereizi ziren elkarrengandik, eta bitxia da hori, garai hartan bi lurraldeak bat eginda baitzeuden. Hau da, Australia eta Ginea Berria fisikoki bitan zatitu aurretik ere, bi populazioei dagokienez, nork bere bidea hartua zuen.

Handik aurrera, duela 31.000 urte inguru hasi zen Australiako antzinako populazioa azpitaldetan banatzen. Horregatik da hain handia aborigenen artean aurkitu duten dibertsitate genetikoa; oso herri zaharra delako, oso aspaldi hasi zirelako lurralde horretan hara eta hona mugitzen. “Australia hego-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko taldeen artean dauden desberdintasun genetikoak handiagoak dira, esaterako, amerikarren eta siberiarren artean daudenak baino”, dio Anna-Sapfo Malaspinas artikuluaren beste egileetako batek.

Eske Willerslev ikertzailea, lanaren berri ematen, ingelesez

Australiako aborigenen %90 inguru pama-nyunga familiako hizkuntzen hiztunak dira, eta horra hor ikerketa honen beste bitxikerietako bat. Izan ere, familia hau duela sei mila urte inguru sortu zen, baina hizkuntza horien hiztunek 31.000 urte baino gehiago daramatzate Australian. Zer dela eta halako denbora etena? Eske Willerslevek adierazi duenez, Australiako ipar-ekialdean bizi zen populazioa lurralde osora zabaldu zen halako batean, eta migrazio horrek bat egiten du denboran, pama-nyunga hizkuntzen hedapenarekin: “Duela 10.000 urte inguru, populazioa handitu eta barreiatu egin zen, ipar-ekialdetik lurralde osora. Ziurrenik, hazkunde horrek aldaketak ekarri zituen hizkuntzan eta kulturan. Pertsona gutxi batzuek ikaragarrizko inpaktua izan zuten populazio osoan”.

Giza talde zaharrenetakoa izanik, Australiako aborigenak ikergai erakargarria dira. Baina ez horregatik bakarrik. Denbora luzean, ia ez dute harremanik izan inguruko beste populazioekin, duela bi mila urte inguru asiarrak eta geroago europarrak agertu ziren arte. “Hamarnaka milaka urtetan, mundu osotik isolatuta bizi izan dira”, gaineratu du Willerslevek. Ildo horretatik ere, badute zer aztertu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Anna-Sapfo Malaspinas et al. A Genomic History of Aboriginal Australia. Nature (2016). Published online 21 September 2016. DOI: 10.1038/nature18299

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

The post Lehen migratzaileen oinordekoak, gure antipodetan appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Alarma faltsuen arriskuaz: Dalsy kasua

mar, 2016/09/27 - 09:00
Josu Lopez-Gazpio Irailaren 19an Facua kontsumitzaileen elkarteak jakinarazi zuen Dalsy sendagaiaren erabilera-orrian «ez direla aipatzen» botikak eragin ditzakeen albo ondorio batzuk. Era berean, Facuak AEMPS Botika eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziari jakinarazi zion “Dalsy 20 mg/L” sendagaiaren E 110 izeneko koloratzaileak ondorio kaltegarriak ekar ditzakeela botika hartzen duten haurren arretan eta jardueran. Hedabide askok Facuaren oharraren berri eman zutela, Dalsy erabiltzen duten pediatren eta gurasoen kezka eragin zuten. Goiz hartan sendagaia bizi-bizi ibili zen, hedabide askoren titulu sentsazionalistek lagunduta eta esate baterako, Dalsy joera nagusi —trending topic— izan zen twitterren. Dalsyren albo ondorioak ezkutatzeko konspirazioa ote dago? Seguru al daude gure haurrak? Justifikatua al zen Facuak eragindako alarma? Tira. Zientziak dauka erantzuna. dalsy
1. irudia: Dalsy 3 hilabete eta 12 urte bitarteko haurrei ematen zaien ohiko medikamentua da. Min arinak leuntzeko eta sukarra jaisteko usu erabiltzen den antipiretikoa da.

Dalsy sendagaia sukarrari eta min arinei aurre egiteko errezetatzen da, eta ibuprofenoa du oinarri. Fitxa teknikoan irakur daiteke zenbait gehigarri dituela eta, horien artean, E 110 koloratzailea dagoela 0,1 mg/mL kontzentrazioan. E 110 koloratzaileak ilunabar-hori edo hori-laranja kolorea du —ingelesez, Sunset yellow delako kolorea— eta koloratzaile azoikoa da. E 110 egunero jaten ditugun elikagai askotan dago, esate baterako gozokiak, marmeladak, arrain prozesatuak, artozko aperitiboak, mostaza eta pastelgintzako produktuak bezalako elikagaietan.

Sendagaiaren erabilera-orrian jakinarazten da E 110 koloratzaileak alergia eta asma eragin ditzakeela, AEMPSen arauek dioten moduan —ikusi dokumentuaren 18. orrialdea—. Hala ere, esana den bezala, Facuaren arabera, haurren arretan eta jardueran ondorio kaltegarriak izan ditzakeela ere ohartarazi beharko litzateke. Hain zuzen ere, elikagaien gehigarriei buruzko 1223/2008 Europako Araudian azaltzen da koloratzaileak ondorio horiek eragin ditzakeela. Facuak hori hartzen du oinarri, Dalsyren erabilera-orrian arriskua adierazi egin behar dela eskatzeko —Bidenabar, zergatik Dalsy aipatu, eta ez koloratzaile hori duten beste hainbat sendagai?—.

Galdera hau egin liteke: Nola da posible Europako Araudiak toxikoa izan daitekeen substantzia bat onartzea elikagaien gehigarri moduan? Bada, dena —bai, den-dena— toxikoa izan daitekeelako. Horregatik definitzen da ADI Eguneko Ingesta Onargarria (Acceptable Daily Intake) delakoa egunero har daitekeen substantzia jakin baten kantitate modura. Kantitate horrek ez luke osasun-kalterik eragingo, bizitza osoan zehar egunero hartuta ere. EFSA Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintarien Taldearen berrikuspenen arabera, E 110 koloratzailearen ADIa 4 mg/kg/egun datxosten osoa, 2014koa, Interneten dago irakurgai—. Horrek esan nahi du, adibidez, 60 kg-ko lagun batek 240 mg E 110 koloratzaile jan ditzakeela egunero eta bizi guztian zehar, eta ez diola inolako osasun arazorik eragingo.

Azaldutako datuekin kalkulu azkar bat egiten badugu, ikusiko dugu 14 kg-ko haur batek Dalsy hartuta Eguneko Ingesta Onargarria gainditu dezan —harentzat 56 mg lirateke— egunean 560 mL baino gehiago hartu behar dituela. Alegia, koloratzailearen albo ondorioak nabaritzeko ia 3 botila Dalsy edan beharko lituzke egunero. Esan beharrik ez dago koloratzailearen albo ondorioak pairatu aurretik ibuprofeno gaindosia jasango duela. Sendagaiaren fitxa teknikoan irakur daitekeen posologian ere ohartarazten da 24 orduan, gehienez, 21 mL har ditzakeela haur horrek.


2. irudia: Dosi gomendatuetan eta are handiagoetan ere, Dalsy-k daukan koloratzaile kopuruak ez ditu sortzen Facua kontsumitzaileen elkarteak aipatu izan dituen albo ondorioak.

Gauzak horrela, ez dauka inongo zentzurik erabilera-orrian koloratzailearen albo ondorio horiek adierazteak edo albo ondorioak ezkutatu direla iradokitzeak. Bestela, antzeko logikari eutsita, ur botilen etiketan adierazi beharko litzateke heriotza eragin daitekeela —ur gehiegi edaten baduzu hiponatremiaz hil zaitezke eta—. Antzeko kasu bat gertatu zen AEBetan: Coca Cola freskagarrian minbizi-eragilea izan zitekeen karamelu bat (E 150d) zegoela jakin zen. Eztabaidarik ez sortzeko, Coca Colak gehigarri horren ordez beste bat jarri zuen, baina, kalkuluak eginez, ikusten da minbizi arriskua izateko egunean 21.000 freskagarri lata edan beharko liratekeela. J. J. Iruinek bere blogean eman zuen kontu horren berri, eta, ederki esan zuenez, lehenago itoko zara Coca Cola tsunamian E 150d karameluak zerbait egin aurretik.

Dalsyren kasura itzuliz, koloratzailearen albo ondorioak adieraztea zentzugabea deneko ondoriora iristeko nahikoak izan dira Interneten eskuragarri dauden txosten ofizialak eta Bigarren Hezkuntza mailako kalkuluak egitea. Sarean zientzialari eta mediku asko azalpenak ematen saiatu dira —azpimarratzekoa da, esaterako, José Manuel López Nicolasen ekarpena Scientia blogean—. Hainbat hedabidek ere adituekin batera egiaztatu dute informazioa, albiste alarmistak eta sentsazionalistak ez argitaratzeko. Tamalez, guztiek ez dute hori egin eta alferrikako kezka eragin dute. Gainera —eta hau oso garrantzitsua da—, azpimarratu behar da Facuak aipatzen duen Europako Araudia elikagaiei zuzenduta dagoela, hau da, egunero eta normaltasunez har ditzakegun produktuei zuzenduta. Sendagaiak zeharo desberdinak dira eta une jakin batzuetan baizik ez ditugu hartzen, gaixorik gaudenean. Elikagaiei buruzko Europako Araudia ez da botikei aplikatzekoa.

Hortaz, zer dugu Dalsy dela eta? Bada, ezer ez. Facuak eta zenbait hedabidek sortu duten alarma zentzugabea eta neurrigabea izan da. Mostazak 50 mg/kg E 110 izan ditzake araudiaren arabera eta izokin prozesatuak 200 mg/kg —Dalsyk baino gehiago— eta guztia bere neurrian janda, ez da inongo osasun arazorik gertatzen. Egia da Facuak ez duela koloratzailearen beraren erabilpena zalantzan jartzen, baina Dalsyn ohartarazpen hori ez egotea ez da legez kanpokoa, araudia elikagaiei zuzenduta dagoelako. Hori dela eta, Facuaren oharra sentsazionalista eta alarmista da, sendagai baten albo ondorioak ezkutatu egin direlako susmoa zabaldu baitu. Hedabideei eskatu behar zaie plazaratzen duten informazioa adituekin egiaztatzea. Horrelako alarma faltsuek sendagaiekiko mesfidantza eragin dezakete eta botikak arriskutsuak direla pentsatzera iritsi gaitezke daiteke. Horrela arnasa ematen zaio sasimedikuntzari.

Post scriptum

Irailaren 23an AEMPSek ohar bat argitaratu zuen Dalsyren erabilera-orria, etiketa eta fitxa teknikoa egokiak direla esanez. Facuaren erantzuna ere sarean irakurgai dago.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea da.
—————————————————–

The post Alarma faltsuen arriskuaz: Dalsy kasua appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Enbrioiak hautatzeko teknika lagungarria

lun, 2016/09/26 - 09:00
Osakidetzaren Donostia Unibertsitate Ospitaleko (BioDonostia) Ugalketa Lagunduko Unitateko ikertzaileek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko Sistema Adimendunak taldekoek, enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan baten. laboratory-470741_1280
Irudia: Osakidetzako BioDonostia zentroko eta UPV/EHUko ikertzaileek enbrioiei kalitate enbrionarioan oinarrituta, probabilitatea ematen dien metodo berri bat proposatu dute azterlan batean.

Ikertzaileek datuak aztertzeko hainbat teknika proposatu dituzte, transferitzeko enbrioiak hautatzerakoan enbrioiek inplantatzeko zenbateko gaitasuna daukaten iragarriko duten modeloak egiteko. Orain artean, modelo horiek ikasteko, transferitutako enbrioi guztiak ondo inplantatu diren ugalketa zikloen inguruko datuak eta transferitutako enbrioietako bat ere amaren uteroan inplantatu ez den zikloetako datuak baino ez dira erabili. Hala, transferitutako enbrioietako batzuk ondo inplantatu ziren zikloak bazter utzi izan dira modelo igarleak ikasteko (adibidez, transferitutako enbrioietako bakar bat inplantatu den zikloa), ziklo horiekin ezin delako identifikatu zein enbrioi inplantatu den ondo eta zein ez.

Aurretik bazter utzi izan diren zikloetako datuak erabiltzea erronka berria da datu analisian adituak diren zientzialarientzat. Arazo hori, learning from laberl proportions deiturikoa (etiketa proportzioen bidezko ikaskuntza), aurreko lan batean jorratu zuen UPV/EHUko ikertaldeak; lan horretan, modelo igarleetan emaitza ziurgabeak dituzten kasuak (enbrioiak) barne hartzeko metodologia berri bat proposatu zuten. Orain, BioDonostiak eta UPV/EHUk beste ikuspegi batetik heldu nahi diote erronka horri. Espero da aurreko ugalketa zikloetan transferitutako enbrioi guztiekin (arrakastatsua izan zen ala ez ziur jakin ez arren bat ere bazter utzi gabe) ikasitako modeloek emaitza hobeak ekarriko dituztela eta lagungarri izango direla arazo konplexu hori argitzeko.

Gaur egun kalitate enbrionarioa sailkatzeko erabiltzen den metodoa ASEBIR Ugalketaren Biologia Aztertzeko Elkarteak aldian-aldian eguneratzen dituen arauetan dago oinarrituta. Hala, enbrioien ezaugarri morfologikoak aintzat hartuta, bakoitzari 4 balioren arteko (A, B, C edo D) kategoria bat ematen zaio, kalitate enbrionario handienetik txikienera ordenatuta.

Proposaturiko metodoak probabilitate bat bihurtzen du, hau da, 0 eta 1 arteko balio bat, eta probabilitate handiagoa ematen die kalitate handieneko enbrioiei. ASEBIRen metodoarekin alderatuta, teknika berriaren erantzuna ale xeheagokoa da, eta berdin erabil liteke zer enbrioi hautatu erabakitzeko. Argitaraturiko azterlanaren emaitzen arabera, ASEBIR kategoria bereko enbrioi guztiek ez lukete izango kalitate enbrionario berbera. Ugalketa ziklo amaituei dagokienez, egiaztatu ahal izan da ASEBIRen metodoa eta proposatutakoa bat zetozela kalitate handiko eta txikiko enbrioien iragarpenean, baina alde nabarmenak zeudela tarteko kalitateko enbrioien kasuan.

Oraingoz, garatu den metodoak beste iritzi bat emango du ASEBIR metodoaz gain, eta, hala, Donostia Ospitaleko adituek eguneroko lan klinikoan kontsultatu ahal izango dute azken erabakia hartzeko.

Fitting the data from embryo implantation prediction: Learning from label proportions lana Jerónimo Hernándezek berriki defendaturiko “Contributions to learning Bayesian network models from weakly supervised data” doktorego-tesiaren parte da. UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala Saileko Iñaki Inza eta José Antonio Lozano izan dira tesiaren zuzendari.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Enbrioiak hautatzen laguntzeko teknika berria.

The post Enbrioiak hautatzeko teknika lagungarria appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Asteon zientzia begi-bistan #121

dim, 2016/09/25 - 09:00
Uxue Razkin

boot-1620452_1280

Osasuna

Zeliakiarekin lotutako gene berriak aurkitu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek, datu genomikoak aztertzeko metodologia berri bat aplikatuz. Abiapuntua duela bost bat urte nazioarteko ikertzaile-talde batek egindako azterketa sakon bat izan zen. Une horretan, ia 25.000 pertsonaren genomak aztertu zituzten, eta zeliakiarekin lotutako hainbat eskualde eta gene berri topatu zituzten. Baina ez dira horrekin gelditu. Hala, pentsatu zuten gakoa izan zitekeela hurbiltasun genetikoa kontuan hartuta egitea azterketa. Eta horri esker, zeliakiarekin lotuta dauden eskualde eta gene berri gehiago topatu dituzte.

Ikerketaren egileetariko batek, Koldo Garcia genetistak, azaltzen digu ere haren blogean egindako lanaren xehetasunak.

Zergatik hartu behar den aintzat sexua (eta sexu-diferentziak aztertu) mendekotasunen azterketan” izeneko artikuluan ohartarazten dute ikerketa biomedikoa orokorrean, eta zehazki mendekotasunena, gizonen biologian oinarritzen dela, besteak beste, azterketa preklinikoan erabiltzen diren animaliak arrak izaten baitira, eta saio klinikoetan parte hartzen dutenak, berriz, gizonak. Sanchisen arabera, horrek hutsune handiak eragiten ditu, ez baita populazioaren erdia aztertzen, eta horrek bestelako irtenbide terapeutikoak aurkitzea galarazten du. Gainera, sendagaien albo-ondorioak emakumeetan gizonetan baino ohikoagoak direla gogorarazi du. Honi buruzko informazioa Elhuyar aldizkarian topatuko duzue.

Farmakologia arloari jarraiki, María Encarnación Blanco Aranak, UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko ikertzaileak adin desberdinetako haurrei botikak ematean haien gorputzeko fluido eta ehunetan farmakoek izaten dituzten prozesuak aztertu ditu. Honekin batera, haurrei ematen zaizkien farmako jakin batzuen dosifikazioari buruz zegoen informazioa zabaldu du. Ikertzaileak azaltzen duenez, “helduen administrazioaren arabera ematen zaie farmakoa haurrei, alegia, dosia gorputzaren pisuaren edo bolumenaren arabera doituz. Baina hori arriskutsua izan daiteke, haurrak miniaturazko helduak direlako hipotesian oinarritzen baita. Eta hori ez da egia”. Ikerketak farmakozinetika eta metabolomika izan ditu oinarri.

Biologia

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute. Orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, beraz. Horregatik, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Talde honetan sartuko lirateke muskuiluak, belakiak eta itsas trikuak, besteak beste. Itsasoko arrainek, ibaietako arrainek ez bezala, bai edaten dute ura. Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek arazo bat dakar ezinbestean: gatz kantitate handia sartzen zaie. Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Dela dela, zelula batzuei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Arrainekin jarraitzen dugu. Honetan azaltzen da arrain hondakinetako kolagenoz egindako nanosorgailu biologiko bat sortu dutela Indiako bi ikertzailek. Harekin 50 LED argi urdin baino gehiago piztu daitezkeela egiaztatu dute. Arrain ezkatek daukaten kolagenoak badu piezoelektrizitate propietatea eta hori da egiaztatu dutena: arrain hondakina berrerabilita energia sorgailu oso txikiak eraiki daitezkeela. Ikertzaile batek azaldu bezala: “Orain arte inor ez da gai izan energia sorgailu biodegradagarri bat egiteko, hain kostu txikiarekin eta urrats bakar batean”.

Afrikako elefanteen egoera larria da: milioi batetik 350.000 ingurura jaitsi da azken 40 urteetan Afrikako elefanteen populazioa. Great Elephant Census (GEC) egitasmoak Afrikan bizi diren elefanteen errolda egin zuen 2014 eta 2015 urteen artean, eta zenbaketaren emaitzak argitaratu berri dituzte. Hegazkin txikiak baliatuta, elefanteak zenbatu dituzte: 90 zientzialarik eta 286 boluntariok elefante populazio handienak dituzten eremuak zeharkatu dituzte airetik. Zehazki, Afrikako kontinenteko 294.517 kilometro aztertu dituzte, 1.573 orduz. Ikerketaren emaitzak ez dira itxaropentsuak izan, beherakada ia etengabea izan da. Urtero, isilpeko ehizak gutxienez 20.000 elefante hiltzen ditu, haien letaginetan dagoen bolia, oso material preziatua, merkatu beltzean saltzeko. Eta hori, beherakada honen arrazoi nagusia da.

Roseta efektuaren inguruan mintzatu da Iker Badiola ikertzailea asteon. Biologia eta antropologia-hausnarketak egiteko aproposa izan da gaia. Hasten da azaltzen izen horrekin herri bat dagoela Pensilvanian (AEB), Roseto, etorkin italiarrek sortu zutena. Herritarren artean bazegoen mediku bat, Stewart Wolf izenekoa, medikuntza psikosomatikoan aditua zena. Hark zioen rosetoarrek ez zutela ia bat ere gaixotasun kardiobaskularrik pairatzen. Ikerketa abian jarri zuen. Elikatze-ohiturari erreparatu zioten lehenengo, nagusiki proteinaz eta azukreez elikatzen zen populazioa. Bertan behera utzi zen ideia hori, beraz. Wolf doktorearen oharren arabera, tabakismoa ere oso hedatua zegoen beraiengan, hori ere bertan behera utzi zuten. Ondoren, gene-ondareari erreparatu zioten, baina argi ikusi zen beste estatubatuarrek bezainbesteko gaixotasun kardiobaskular pairatzen zituztela. Gero ikuspegi geografikoa jorratu zuten. Azkenean, John G. Bruhn soziologoak eskaini zion Rosetoko misterioa argitzeko gakoa: herri horretako komunitatea oso kohesionatua zegoen.

Kultura Zientifikoa

Herrietan ere hasi dira zientzia jorratzen arlo horretan zegoen gabeziari aurre eginez: Zarautzen, Ondarroan eta Goierrin zientziari buruz hitz egin eta dibulgazio lana egiteko taldeak sortu dira. Adibidez 2012an Goierriko Lemniskata zientzia sare herrikoia eta 2014an Zarautz On elkartea. Natalia Vahl Zarautz On elkarteko zuzendariordearen ustez, «zientzia ez bada gizartera hurbiltzen, ametsak mugatu egiten dira. Gazteei erakutsi egin behar zaie berrikuntzaren arloan zertan egiten den lan, etorkizunean eurek ere hor egin dezaketelako lan». Baliabide nahikorik gabe, lanean dihardute taldeek.

Paleoartea

Paleoartea zer den badakizu? Iraganeko bizitza itxuratzean datza. Datu zientifikoetatik abiatzen dira eta ahalik eta era zehatzenean birsortzen dituzte desagertutako izakiak. Ezinbesteko lana da zientzialariek aurkitutako aztarnen informazioa gizarteari helarazteko. Mauricio Anton paleoartista (Bilbo, 1961) oreka mantentzen saiatzen da: “Artea eta zientziaren arteko bereizketa, erreala baino gehiago, artifiziala da”. Diziplina honen berri izateko, jo ezazue Berriak publikatu duen artikulu interesgarrira.

Argitalpenak

Marta Macho matematikariari egin diote elkarrizketa Berrian. ‘Disecciones’ liburua idazten parte hartu du. Bertan, gaitz larriak helarazten ditu fikzio bidez. Kontatzeko modu hori Nextdoor argitaletxearen ideia izan dela dio: “Kontakizun bat idazteko eskatu zidaten, gaixotasun bat eta nire zientzia diziplina uztartuko dituena”. Berak landutako gaiari dagokionez, giltzurrun transplante gurutzatu bati buruz idatzi duela dio. Machok azaltzen du bizirik dauden pertsonen artean egiten dela transplante hori. Liburuaz gain, zientziak gizartearekin duen harremanaz hausnartu du.

Astronomia

Errusian dagoen RATAN-600 izeneko irrati teleskopioak (munduko handiena, Zientzien Errusiako Akademiaren babespean lan egiten duena) jaso zuen seinalea, 2015eko maiatzean, baina joan den abuztuaren amaierara arte ez zuten horren berri eman arduradunek. AEBtako SETI erakundeak ere izar horri begira jarri zuten euren irrati-teleskopio sarea baina ez zuten seinale berezirik jaso. Errusiarrek jaso zutena oso indartsua izan zen. Abuztuaren 30ean hedabide askotan zabaldutako bertsioaren arabera, irrati-teleskopioan jasotakoa Sobietar Batasunaren garaiko satelite militar batek igorritako seinalea izan zen. Hala ere, iaz jasotako seinalearen jatorria zein den argitzear dago, bere izaera estralurtarra guztiz alboratu bada ere. «Egindako azken analisien arabera, litekeena da seinalearen jatorria Lurrean izatea», adierazi zuen Yulia Sotnikova astronomoak irrati-teleskopioaren webgunean. SETI Estralurtar Adimenaren Bilaketa helburu duen erakundea zuzentzen du Andrew Siemionek. Bere iritziz, HD 164595 izarretik jasotako seinaleak “zirrara handia sorrarazi du, baina kontuan hartu behar da horrelako interferentzia asko egon daitezkeela esperimentuetan”.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

The post Asteon zientzia begi-bistan #121 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Ezjakintasunaren kartografia #127

sam, 2016/09/24 - 09:01

la-selva-de-los-mejillones1-640x480

Parasitoak liluragarriak dira, batez ere, ostalarien ahultasuna ustiatzeko darabilten mekanismoengatik. Hau berbera landaretan gertatzen da. Baina noizbehinka defentsarako mekanismoak aurkitzen dira. José Ramón Alonsok kontatzen digu: Parasite plant check.

Landareek biokimikoki erantzuten diete estresa sortarazten dizkien faktoreei. Gerardo Cebriánek, estresa sortzen dutenen aurkako seinaleak antzemateko, teknika elektrokimikoak lehen aldiz aplikatu dituen ikerketa bat aurkezten du: Deciphering plant messages: electrochemical ecology.

Koralen ugalketak eta Galiziako muskuilu-hazkuntzak zerikusi handirik ez dutela pentsa genezake. Ba hau, uste okerra da. Uxio Labartak azaltzen du zergatia: Solar irradiance influences the settlement patterns of mussels.

Eszimeroak, bi molekulaz osatutako taldea beraietako bat kitzikatuta baldin badago, iragankorrak direla suposatzen da. Baina DIPCko ikertzaileek buelta eman diote horri eta aplikazio bideomediko interesgarria aurkitu dute (Science aldizkarian argitaratu dutena):  Permanent excimer-like colloidal superstructures as anticytotoxic agents.

Argi kutsadura arazo larria da astronomoentzat eta, bestalde, hiritarrei eragotzi egiten die inoiz egon den ikuskizun zirraragarrienaz gozatzea: gaueko zeruaren behaketa. Argi kutsaduraren maila ere neur daiteke. Santiago Pérez-Hoyosek azaltzen digu: To know ther dark.

Arratoiek “biboteak” dituzte, baina gutxik dakite hiru ile duen bizarra dutela. Arratoien hiruhortz iletsu honek erabilpen harrigarria du arratoiarentzat. Jose Ramón Alonsoren eskutik: Tridet whiskers.

–—–

Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.

The post Ezjakintasunaren kartografia #127 appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Jon Torres: “Adin erlatiboaren ondorioak eragin zuzena dauka gazte baten kirol errendimenduan” #Zientzialari (57)

ven, 2016/09/23 - 09:00

Pertsona baten jaiotze datak eragin zuzena dauka etorkizunean izango duen kirol errendimenduan. Hala azaldu du Jon Torres UPV/EHUko fisioterapiako irakasleak Zientzialariren atal berri honetan. Adin kronologikoa eta adin biologikoa kontzeptuetan sakondu du eta hauen arteko aldeak sortzen duen “adin erlatiboaren ondorioa” aurkeztu. Bere ustez, ondorio honek berebiziko garrantzia dauka kirola egiterakoan, batez ere, garapen prozesuan dauden gazteetan.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

The post Jon Torres: “Adin erlatiboaren ondorioak eragin zuzena dauka gazte baten kirol errendimenduan” #Zientzialari (57) appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Itsasoan urak handi dira

jeu, 2016/09/22 - 09:00
Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia Ura

———————————————————————————————————–

Xabier Leteri entzun dizkiogun hitzak dira, eta egia da itsasoan urak handi direla. Urez beterik dago itsasoa, urez beterik eta gatzez beterik. Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa. Asko eta talde guztietakoak dira itsasoan bizi diren animaliak.

Itsasoko animalia gehienen barne-fluidoek itsasoko uraren gatz-kontzentrazio berdina dute; orekan daude barne-likidoak eta kanpoko ura, pareko kontzentrazio osmotikoak baitituzte. Horren ondorioz, animalia horiek ez diete aurre egin behar gatzen eta uraren balantzeak ekar litzakeen egoera kaltegarriei. Muskuiluak, belakiak, itsas trikuak, anemonak, poliketoak eta beste zenbait zizare, besteak beste, talde horretako kideak dira.

sunset-1198134_1280
Irudia: Itsasoko ur litro batean 33 g gatz dago; sodio kloruroa da gehiena, hau da, etxean jakiei botatzen diegun gatz horren antzekoa.

Animalia horiez gain, badira beren barne-likidoetan itsasoko urak baino gatz-kontzentrazio apalagoa dutenak. Txitxarroak, antxoak eta abarreko arrain teleosteoak dira talde horretako kide nagusiak. Horiek, beraz, ez daude orekan, eta desoreka horrek lan berezia eskatzen die barne-egoera egonkor mantentzeko.

Aurreko atalean azaldu dugu zergatik zegoen oker Gabon-kanta ezagun hura: ibaietako arrainek ez dute urik edaten, eta horregatik da desegokia kantaren leloa. Baina itsasoko arrainak, kontu honi dagokionez bederen, desberdinak dira. Itsasokoak bai, Gabon-kanta ezagun horren protagonistak izan litezke: ibaietako arrainek ez bezala, hauek bai edaten dute ura. Ur-behar handia dute. Azken batean, itsasoko arrainei ibaietakoei gertatzen zaienaren kontrakoa gertatzen zaie. Ibaietakoek ura sobera bazuten, hauek, berriz, faltan dute.

Horien kontzentrazio osmotikoa itsasoko urarena baino baxuagoa izanik, ura galtzeko arriskuan daude. Hori dela eta, ahal duten moduan eskuratu behar dute, eta edatea da duten modu bakarra. Baina horrek, jakina, garrantzi handiko arazo bat dakar: gatz kantitate handia sartzen zaie ur horrekin batera. Azken batean, handia da itsasoko uraren gatz-kontzentrazioa, eta edandako urarekin batera gatz hori xurgatuko balute, ondorio kaltegarriak suertatuko lirateke, barne-likidoen gatz-kontzentrazioa egokia den mailatik gora igoko bailitzateke. Nola konpon daiteke hori?

Gatz horiek heste-hodian ez xurgatzea da gatzen sarrera saihesteko dagoen bidea, baina hori ez da batere erraza, eta zenbait gatz xurgatu egiten dira. Hala ere, beste zenbait ez dira xurgatzen, arrain horien hestearen zelulak berezi samarrak direlako. Zelulok dituzten egiturei esker, hainbat gatz gera daitezke xurgatu gabe, eta hondakinekin batera kanporatzen dira.

Zer egin xurgatu diren gatzekin? Bada, Gabon-kantaren atalean ikusi dugunaren kontrakoa, hain justu. Ibaietako arrainek brankietatik xurgatzen dituzte ezinbestekoak dituzten gatzak; itsasokoek, berriz, brankietatik kanporatzen dituzte sobera dituztenak, eta, horrela, egonkor eta maila egokietan manten ditzakete beren barne-fluidoen gatz-kontzentrazioa.

Ibaietako arrainei buruz aritu garenean, aipatu dugu arrain haiek gernu-bolumen handiak ekoizten dituztela, sobera sartzen zaien ura kanporatzeko bidea baita hori. Itsasoetakoek duten arazoa, berriz, kontrakoa da, ur-behar handiak dituztelako. Hori dela eta, itsasokoek oso gernu gutxi ekoizten dute, eta, gainera, gatz-eduki altukoa da gernu hori. Izan ere, giltzurrun bereziak dituzte itsasoko zenbait arrainek, glomerulurik gabeko giltzurrunak baitira eta gernua gatzen jariaketa aktiboz sortzen baitute.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

The post Itsasoan urak handi dira appeared first on Zientzia Kaiera.

Catégories: Zientzia

Pages