Datorren maiatzaren 18an, astelehena, Laboratorium Museoak bat egingo du Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Egun osoan zehar, herritarrek museoa eta une honetan ikusgai dagoen “W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna” aldi baterako erakusketa doan bisitatzeko aukera izango dute.
Horrez gain, doako bisita gidatuak antolatu dira bi proposamen desberdinen inguruan. Alde batetik, museoko bisita gidatuak eskainiko dira 10:30ean euskaraz eta 11:45ean gaztelaniaz. Bisita hauetan, parte-hartzaileek Bergarako Errege Seminarioarekin lotutako piezak, bilduma zientifiko eta historikoak eta zientzia eta historia uztartzen dituen museoko espazio nagusiak ezagutzeko aukera izango dute.
Bestetik, “Bi ilunabarren eguna” erakusketara doako bisita gidatuak egingo dira 13:00etan euskaraz eta 13:30ean gaztelaniaz. Museoko lorategian ikusgai dagoen erakusketa hau datorren abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoaren harira antolatutako dibulgazio-programaren parte da, eta ilustrazio zientifikoen bidez fenomeno astronomiko horretara hurbilketa didaktiko eta bisuala proposatzen du.

Egitarau berezi honen bidez, Laboratoriumek zientzia, historia eta dibulgazioa publiko guztiei gerturatzeko duen konpromisoa berretsi nahi du, Museoen Nazioarteko Eguna museoa modu parte-hartzaile eta gidatuan bizitzeko gonbidapena bihurtuz.
“Museoen Nazioarteko Eguna aukera polita da museoa herritarrei are gehiago gerturatzeko eta zientzia zein ondarea modu hurbil eta parte-hartzailean bizitzeko”, azpimarratu du Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendariak. “Laboratorium ez da soilik erakusketa-espazio bat; jakin-mina pizteko eta ezagutza partekatzeko topagunea ere bada”.
Laboratorium Museoak herritar guztiei maiatzaren 18an museora hurbiltzeko deia egiten die. Plaza kopurua mugatua denez, bisita gidatuetarako aurretiaz izena ematea gomendatzen da 943 769 003 telefonora deituta edo laboratorium@bergara.eus helbidera idatzita.
Museoen Nazioarteko Eguna, Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) 1977tik ospatzen du maiatzaren 18an. Ekimenaren helburua gizarteari museoen balio kulturala eta hezitzailea gogoraraztea da, ondarea zaintzeko eta ezagutza zabaltzeko duten eginkizuna nabarmenduz. Laboratorium Museoak urtero egiten du bat ospakizun honekin.
