Maiatzaren 18an, 18:30etan erakusketa inaguratuko dugu. Abuztuaren 27 arte egongo da.

 

Mendizaletasuna Euskal Herrian fenomeno sozial bat izan dela –eta oraindik izaten jarraitzen duela- ezin da ukatu. Gasteizen eta Iruñean mendi taldeak sortu ziren XX. mendearen hasieran eta zer esanik ez Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken honetan ia herri bakoitzean mendi talde bat eratu zen, eta hainbat herritan bat baino gehiago. Bergarak bete betean parte hartu zuen mugimendu honetan eta duela 75 urte herrian “Pol-Pol Mendizale Taldea” sortu zuten.

 

Bergarako Udalak Laboratorium Museoaren bidez gertakari hori birbizitu nahi du erakusketa baten bitartez. Erakusketaren izena “MENDIZALETASUNA ETA GIZARTEA” izango da eta bertan Pol-Pol taldearen historiaren urratsik garrantzitsuenak aipatzeaz eta gogoratzeaz gain Mendizaletasunaren alderdi desberdinak aztertuko dira. Hala nola: “Mendizaletasuna eta kirola”; “Mendizaletasuna eta pertsonaren sozializazioa”, “Mendizaletasuna eta espiritualtasuna”, “Mendizaletasuna eta ingurumena”, “Pol-Polen kide bat: Loli Larrañaga” “Mendizaletasuna eta ekonomia” eta “Mendizaletasunaren egoera gaur egun”.

 

Mendizaletasunarekin harreman handia daukaten pertsonen testigantzak egongo dira presente erakusketan. Eta hainbat pieza ikusi ahalko dira gehienak EMMOA fundazioak utzita (EMMOA = Euskal Mendizaletasunaren Museoa). Pol-Pol taldea ere laguntzen ari da erakusketa hau antolatzen. Maitzaren 18tik abuztuaren 27ra izango da Bergarako Laboratorium museoan.