Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa
Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Hamar emakumetik bati eragiten dio; hau da, Espainian 2 milioi kasu baino gehiago daude, eta mundu osoan 190 milioi bat emakumeri eragiten die. Hala ere, jatorria ezezaguna da: zergatik hasten da endometrioko ehuna, normalean umetokiaren azaleraren barrualdea estaltzen duena, maskuria, obarioa edo ondestea bezalako leku arraroetan hazten? Gaur egun, horren erantzuna misterioa da, eta gaitz horri buruz egin den ikerketa zientifiko urriak ez du lagundu erantzuna aurkitzen.

Endometriosia oso ohikoa den arren, gaixotasun arraro bat diagnostikatzeko baino urte gehiago behar izaten dituzte. Endometriosia pairatzen duten pazienteek, batez beste, 7-8 urte itxaron behar izaten dituzte gaixotasuna identifikatzeko, Osasun Ministerioaren datuen arabera. Diagnostikorako atzerapen handi hori, baina, ez da gure herrialdeko fenomeno isolatua, mundu osoan gertatzen baita.
Hain luzez itxaron behar izate horrek ondorioak ekartzen ditu emakumeentzat, urtetan zehar ulertzen ez dituztela sentitu baitezakete, bai eta estigmatizazioa jaso ere, etiketa medikorik ez duen gaitz horrengatik. Denbora guzti horretan, tratamendurik jasotzen ez dutenek askotariko sintomak jasan behar izaten dituzte (batez ere mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak), eta kasurik larrienetan bizi kalitatean, lanean eta gizarte harremanetan ere eragiten die. Gainera, gaixotasunak okerrera egin dezake urte horietan. Diagnostikoa egiteko atzerapen horren atzean arrazoi asko daude, eta ez dago oso argi zer neurritan eragiten duen bakoitzak. Duela gutxi, Astoneko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek Obstetrics & Gynaecology aldizkarian argitaratu dituzte endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten hainbat faktoreri buruzko ikerketa baten emaitzak.
Ikerketa gaiari buruzko berrikuspen sistematikoa eta analisi kualitatiboa da, zeinetan azken 20 urteetan herrialde aberatsetan (gehienek osasun arreta unibertsala dute) eginiko 13 artikulu zientifiko aztertu ziren. Endometriosia diagnostikatzeko atzerapena eragiten duten faktoreak osasun sistemaren eta endometriosiaren ezaugarriekin dute zerikusia; eta eragina dute, halaber, influentzia interpertsonalek eta trazu indibidualek. Egileek 4 taldetan sailkatu zituzten gaitzaren diagnostiko goiztiarra egitea eragozten duten oztopoak:
- Menstruazio arruntaren sintoma patologikoak bereizteko zailtasuna eta norbera zaintzeko tekniken erabilera.
- Menstruazioaren estigma eta min menstrualaren normalizazioa.
- Osasunaren profesionalen jarrera jakin batzuk eta ezagutza falta, atzerapena espezialistarenera bidaltzeko orduan, eta azalpen urriak diagnostikatzeko prozesuan ahotiko antisorgailuen erabilerari buruz.
- Aldakortasuna sintomen aurkezpenean, beste gaitz batzuekin estaltzen baitira, endometriosia diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailerik ez egotea, eta diagnostikoaren garrantziari buruzko kezkak.
Aztertutako ikerketetan aurkikuntza nabarmena izan zen familia mediku askok aitortzen zutela oso gutxi zekitela endometriosiari buruz. Eta horri gehitzen badiogu gaitz horrengatik ager daitezkeen sintomak aldakorrak eta ez oso espezifikoak direla (beherakoa, idorreria, hileko biziak, neke kronikoa, mina sexu harremanetan, pixa egiteko premia…), oso zaila da diagnostikoa egitea. Beste alde batetik, endometriosia zuten emakume askok eta familia medikuen ehuneko handi batek gaixotasun horrengatiko mina normalizatzen zuten, mina hilekoari egotziz, eta ez osasun arazo bati. Horrek ere gaitzaren jatorria sakon aztertzea eragozten zuen. Horren ordez, emakumeek norbera zaintzeko neurriak aplikatzen zituzten mina baretzeko, onartuta sufrimendu hori hilekoaren ondoriozkoa zela, eta, beraz, jasan behar zuten zerbait.
Endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten faktoreak identifikatzea neurriak hartzeko lehen pauso bat da. Horrez gain, endometriosiari buruzko informazioa zabaltzeak, mitoak eraitsiz, atzerapen hori murrizten lagun dezake, arazoa hobeto ulertuko baitugu. Zentzu horretan, Sophie Davenportek, ikerketaren arduradun nagusiak, azaldu du «gizarteak tradizioz normalizatu egin duela menstruazioko mina; eta, beraz, menstruazio anormalak zer diren birpentsatu behar dugu. Sintomek eguneroko bizitzan eragina badute eta emakumea lanera edo eskolara ez badoa edo bere bizitza sozialarekin jarraitzeko gai ez bada, argi dago esku hartze medikoa behar duela». Adituak espero du artikulu zientifikoak «pazienteak anima ditzala laguntza eskatzera beren hilekoak anormalak badira edo min edo sufrimendu nabarnena eragiten badiete; eta klinikoak anima ditzala pazienteen kezkak serio hartzen eta espezialistenera goiz bidaltzen».
Egileaz:Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 4an: La carrera de obstáculos para el diagnóstico de la endometriosis.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa appeared first on Zientzia Kaiera.
Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat
Benetan ari naiz, aizu. Ez da clickbaita. Paperezko aldizkarian clickbaita posible bada, behintzat. Bi hilabete t’erdi baino ez dira behar Batman bilakatzeko. Neurri batean, behintzat, ez baitakart di-da batean aberats bihurtzeko formula. Horretaz ideiarik ez. Beno, ideia pare bat bai, baina ez erabat legalak. Umezurtz izatearena ere alde batera utziko dugu. Gaizkileak etab. harrapatzearena ere nahiko nekagarria da eta horretan ere ez naiz sartuko.

Eta pentsatuko duzue: Badakit! Batmanen tresnaren bat zelan eraiki kontatuko du! Teknologiaren inguruko artikulua da. Eta oker egongo zarete. Zera baita dakardan albistea: nahikoa entrenatuta, gizakiek ekokokapena ikas dezakete.
Eta Batman ezagutzen duzuenok (figuratiboki, noski; bestela kualifikatutako norbaitekin hitz egiteko momentua da) amorratuta egongo zarete, Batmanek ez baitu ekokokapena erabiltzeko gaitasunik. Baina nirekin haserretu baino, amorrua Batmanen sortzailera bideratu beharko zenukete: zer dela eta ez zuen gaitasun hori? Hamar aste baino ez dira behar ikasteko!
Gainera, izenburuan Manbat ere badago. Eta horrek bazuen ekokokapena erabiltzeko gaitasuna.
Manbat bezala, munstro izan barikHala da. Ez dugu saguzarren DNA txertatu beharrik: mihia erabilita, soinu klikatuak egin eta itzultzen diren oihartzunak interpretatzen ikasi dute ikerketa baten parte-hartzaileek.
Hamar astean oztopoen artean nabigatzen eta baita objektuen tamaina eta orientazioa ezagutzen ikasi dute parte-hartzaileek, beren kliken dei errepikakorrak erabiliz eta klik horien erreboteak baliatuta.
Saguzarrek edo izurdeek bezala, hain justu. Ekokokapenean pentsatzerakoan animaliak etortzen baitzaizkigu gogora. Baina zenbait gizaki itsuk ere beren soinuen oihartzunak erabiltzen dituzte oztopoak eta inguruneak antzemateko.
Batzuek makila baten kolpetxoez edo behatzekin kriskitin eginez sortzen dute behar duten soinua. Zenbaitek ahoa ere erabiltzen dute klik egiteko. Hortaz, erabaki dut hemendik aurrera norbait taberna batean kriskitin egiten ikusiz gero, ekokokapenean trebatzen dabilela pentsatuko dudala, inoren arreta modu nahiko zatarrean deitu nahian baino.
Baina goazen berriro ekokokapenera. Gaur egun, oso itsu gutxik ikasten dute. Eta ikusmena dutenetatik are gutxiagok. Kontua da ez dela ikasten zaila.
Ekokokapena ikastenHonako esperimentuan hogeita sei pertsonak hartu dute parte: haurtzaroan legez itsutzat jotako hamabik eta ikusmena zuten hamalauk. Eta emaitzen arabera, 40-60 ordu nahiko ziren ekokokapen-gaitasunean hobekuntza ikusteko.

Zelan egin zuten? Gela bat prestatu zuten propio Durhamgo Unibertsitatean. Soinuz isolatutakoa zen gela eta eko-akustikoki mugatutakoa. Bertan, hiru gaitasun entrenatu ziren:
- Tamaina-diskriminazioa. Metalezko masta batean tamaina ezberdineko bi disko muntatu ziren. Parte-hartzaileak, klikak baliatuta, handiena goikoa ala behekoa zen asmatu behar zuen.
- Orientazio-pertzepzioa. Honetan ere metalezko masta erabili zen, baina, kasu honetan, taula laukizuzena zuen atxikita eta taularen posizioa aldatzen zen (horizontala, bertikala, diagonala eskumaldea gorantza eta diagonala ezkerraldea gorantza). Klikak baliatuta, taularen posizioa asmatu behar zuten parte-hartzaileek.
- Nabigazioa. Birtualki landu zen hau: espazio ezberdinetan (T itxurako labirintoan, U itxurako labirintoan eta Z formako labirintoan) kliken eta klik-oihartzunen grabazio biauralak egin ziren maniki antropometriko batekin. Entzungailuekin entzuten zituzten parte-hartzaileek kliken grabazio horiek eta teklatu batekin mugitu (birtualki), labirintotik atera arte.
Eta pentsatuko duzue, zer dela eta egin zen nabigazio atala birtualki? Ez al zen errazago zuzenean gela horretan oztopoak jartzea? Kontua da erabilitako metodologia birtuala dagoeneko balidatuta dagoela nabigazioa aztertzeko. Eta azkarrago egin daitezkeela hainbat saiakera fisikoki eraikita baino. Gainera, egin, egin zituzten saiakerak laborategitik kanpo, kalean zein eraikin barnean.
Bizpahiru orduko iraupena zuten entrenamendu saioak egin zituzten eta, hogei saioren ostean, ikertzaileek ikusi zuten parte-hartzaile guztiak, itsuak eta ikusmena zutenak, zaharrak zein gazteak, nabarmen hobetu zirela kliketan oinarritutako ekokokapenean.
Are gehiago, emaitzen arabera, itsutasunak eta adinak rol txikiak baino ez dituzte betetzen ekokokapenaren ikaskuntzan. Entrenamenduak jokabide-aldaketa nabarmenak eragin zizkien parte-hartzaile guztiei.
Aurreko ikerketek frogatuta zuten klik bidezko ekokokapena ikastea posible zela ikusmena duten indibiduoen kasuan. Ikerketa honek lehen aldiz eman du jakitera bai itsuek, bai adin askotariko jendeak ere posible duela gaitasun hau ikastea.
Hortaz, badakizue. Hartu hamar aste eta ekokokapena ikasi ahalko duzue. Benetan erabilgarria ematen du, ezta? Gauez komunera joateko, esaterako. Etxeko gainerakoak argiekin esnatu beharrean, egundoko ikara eman diezaiekegu gauerdian klikak edo kriskitinak entzunda. Agian ez da erabilerarik onena.
Erreferentzia bibliografikoakCarly Cassella (2022). Humans Can Learn to ‘Echolocate’ in Just 10 Weeks, Experiment Shows, Science alert, 2022ko ekainaren 20a.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko urtarrilean, 246. zenbakian.
The post Bi hilabete t’erdi Batman bilakatzeko. Edo Manbat appeared first on Zientzia Kaiera.
Maratoi baten eragina garunean
Ikerketa-talde multizentriko batek aztertu du maratoi bat egiteak zer eragin duen mielinan (egitura horrek inguratzen ditu axoiak, hau da, neuronek nerbio-bulkadak transmititzeko dituzten hari-formako luzapenak). Emaitzen arabera, mielina-edukiak jaitsiera nabarmen eta orokorra izaten du, eta pixkanaka berreskuratzen da gero. Ikerketak erakutsi du garuneko metabolismo energetikoa uste zen baino konplexuagoa dela. Mielinak garunaren erregai gisa duen funtzioak garunaren energia-premiei buruzko ikuspegi berri bat ireki du.
Energia asko behar duten seinale elektriko eta kimikoen bidez gauzatzen da garuneko komunikazioa. Zenbatespenen arabera, giza gorputzak gastatzen duen energia guztiaren % 20 garunak kontsumitzen du, gorputz-pisuaren % 2 inguru baino ez duen arren. Haren energia-iturri nagusia glukosa da. Hainbat erakundeetako ikertzaile batzuek, Carlos Matute UPV/EHUko Anatomia eta Giza Enbriologia arloko katedratikoak zuzenduta, azterketa bat egin dute jakin nahian “zer gertatzen zaion garunari energia-iturri hori minimoen azpitik dagoenean. Adibidez, ariketa fisikoa denbora luzez egiten denean, hala nola maratoi edo ultramaratoi batean”.

Erresistentzia-ariketa luzeak organismo guztiko energia-erreserbak mobilizatzen ditu eskaera energetikoei erantzuteko. Karbohidratoak dira energia-iturri nagusia. Erreserba horiek agortzen diren heinean, gorputzak energia-iturri gisa pilatutako gantza behar du neurri handiagoan. Besterik ez bada, beharrezkoa izanez gero, organismoak muskulu-proteinak ere deskonposa ditzake energia gisa erabiltzeko. “Gure azterketaren emaitzek erakutsi dute nerbio-zelulek, hipogluzemia-egoeran (glukosa gutxi), ordezko energia-iturrietara jotzen dutela, hala nola mielinara. Axoiak edo neuronak komunikatzen dituzten nerbio-zuntzak inguratzen dituen egitura koipetsu bat da mielina, eta seinale elektrikoak oso arin hedatzea errazten du”, azaldu du Matutek.
Mielinaren funtzioa ulertzearen garrantziaAzterketak erakutsi du maratoi bat egiteak korrikalarien mielina-edukia murrizten duela garuneko gai grisaren eta zuriaren parte handi batean. Eremu batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago baina eragina antzekoa da bi hemisferioetan. Mielina-galera hori berreskuratu egiten da lasterketaren ondoren, eta esfortzua amaitu eta bi astera mielina-mailak ia normalizatuta egoten dira. “Prozesu itzulgarria da, mielina-maila atsedenarekin normalizatzen baita, ohiz kanpoko energia-eskaeraren ondoren. Baina gehiegi luzatuko balitz, eragin funtzionalak izan litzake garunean”, adierazi du Pedro Ramos Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasleak.
Ikerketa egiteko, zenbait maratoi-lasterkariren garunak eskaneatu zituzten erresonantzia magnetiko bidez, lasterketaren aurreko eta ondorengo egunetan eta handik bi astera. Lasterketaren ondorengo egunean edo hurrengo bi egunetan, lantaldeak murrizketa bat nabaritu zuen garuneko mielina-kantitatean. “Bi asteren buruan, mielina-mailak normalak ziren”, adierazi du Matutek.
Ariketa luzearen ondoren mielina-eduki orokorrean izandako jaitsiera drastiko horrek eta jarduera fisikoa murriztu ondoren mielina-maila berreskuratu izanak ikuspegi berri bat ireki du. Tipikoki erabiltzen diren garun-nutrienteak urritzen direnean erabiltzeko moduko energia-biltegi bat izan daiteke mielina. Ramosen esanetan, “garuneko metabolismo energetikoa gaur egun uste dugun baino konplexuagoa da. Mielinaren lipidoak (gantzak) garun-erregai gisa duen erabilerak garunaren eskakizun energetikoei buruzko ikuspegi berri bat ireki du, zeinak eragina baitu oro har biztanleriaren nutrizioan eta kirolarien errendimenduan”.
“Emaitza horiek ireki dituzten ikerketa-lerroek parez pare jar ditzakete gaixotasun neurodegeneratiboak eta metabolismo energetikoaren asalduak. Horrek, bide berriak ireki gaixotasun horiek tratatzeko. Lan-lerro berria, berritzailea eta esperantzagarria da. Ala ere, kasu gehiagorekin berretsi behar dira emaitzak”, azaldu du CIC biomaGUNEko irakasleak.
Matute irakasleak azaldu du azterketa hori oso garrantzitsua dela “esklerosi anizkoitza eta gainerako gaixotasun desmielinizatzaileak ulertzeko. Haietan, mielina desagertu egiten da, eta, horrenbestez, axoiei egiten dien ekarpen energetikoa ere bai; ondorioz, elikatu gabe geratzen dira, eta errazagoa da egitura-kalteak eta degenerazioa sortzea”. Gainera, adinaren ondorioz mielinak jasaten duen zahartzeak eragin negatiboak ditu funtzio kognitiboetan, eta alzheimerra eta bestelako gaixotasun neurodegeneratiboak sorrarazi eta larriagotu ditzake.
Lan horren emaitzek horizonte berriak ireki dituzte mielinak —osasuntsu, zahartu eta gaixo dagoelarik— garunean duen paper energetikoari buruz. UPV/EHUko katedratikoak ondorioztatu duenez, “frogatu dugu ezen, osasun-egoera onean dagoenean, mielina ariketarekin gastatzen dela eta atseden hartuta berreskuratzen dela berez, dieta osasungarria izanda. Baina, zahartzearekin eta esklerosi anizkoitzaren, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen kasuan, mielina-kantitatea eta haren kalitatea murriztu egiten dira zenbait kausaren ondorioz, patologiaren arabera, eta ez dira berez berreskuratzen. Horregatik, beharrezkoa izango litzateke goiz esku hartzea, gaixotasun horien hasieran, edo modu prebentiboan, mielinaren suntsitze progresiboa murrizteko, bai ad hoc dieta baten bidez, bai mielina energia-iturri gisa erabiltzea eta atsedenean berreskuratzea sustatuko duten farmakoen bidez”.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Maratoi bat egiteak mielina-edukia murrizten du garunean.
Erreferentzia bibliografikoa:Ramos-Cabrer, Pedro; Cabrera-Zubizarreta, Alberto; Padró, Daniel; Matute-González, Mario; Rodríguez-Antigüedad, Alfredo; Matute, Carlos (2023). Widespread drastic reduction of brain myelin content upon prolonged endurance exercise. bioRxiv. DOI: 10.1101/2023.10.10.561303
The post Maratoi baten eragina garunean appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #488
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Hiriak eta udal aglomerazio handiak klima-larrialdira moldatu behar dira, Pedro Miguel Guerrero Malagako Unibertsitateko irakaslearen ustetan. Hirietan bero-uharte efektua gertatzen da, eta horrek areagotu egiten du bero sentsazioa eremu horietan. Guerreroren arabera, hirigintza ereduak zerikusi handia du bero-uharte efektuaren emendapenean, eta eraikuntzako materialez gain, eraikuntzaren morfologiari eta arkitekturari ere erreparatu behar zaiola dio. Azalpenak Berrian.
OsasunaKontaktu fisikoak onurak ditu gure osasunean. Kontaktu fisikoa gainerako pertsonekin edo objektuekin izan daiteke, eta osasun fisiko eta mentala hobetzen ditu. Ikertzaileek ondorioztatu dute besarkadek, laztanek edo masajeek gutxitu ahal dituztela mina, depresioa eta antsietatea. Robotekin, mantekin edo burkoekin kontaktua izateak ere onurak eragiten zituen. Datuak Zientzia Kaieran.
Fentaniloak mendekotasuna sortzeko baliatzen dituen mekanismoak argitu dituzte. Bi mekanismoren bidez eragiten du mendekotasuna: dopamina askatzen du sariaren zirkuituaren bidez, eta abstinentzia-sindromea saihesten du. Lortutako ondorioen arabera, bien baturak egiten du adikzioa hain handia izatea. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Pepe Alcami Madrilgo Karlos III.a Osasun Institutuko ikerlaria da, eta 1986tik ari da GIBa eta hiesa ikertzen. Azaldu duenez, oraindik hiesaren kontrako txertorik ez izatearen arrazoi nagusiak bi dira: immunitate sistema ez dela eraginkorra GIBaren aurka, eta birusak mutatzeko joera duela. Alcamik adierazi du, hiesaren kontrako txertoa, aurkitzekotan, lortzeko eta aplikatzeko zaila izango dela, oraingoz behintzat. Azalpenak Berrian.
Mikroplastikoak topatu dituzte pertsonen eta txakurren barrabiletan. 47 txakur eta 23 pertsonetan egin dute behaketa, eta guztietan topatu dituzte mikroplastikoak, maila esanguratsuetan, gainera. Kasu guztietan, polietilenoa izan da gehien agertu zen polimeroa. Txakurren kasuan ugalkortasun-parametro batzuk ere neurtu dituzte, eta ikusi dute zenbat eta mikroplastiko gehiago, are eta espermatozoide gutxiago dituztela. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BiologiaZelula seneszenteak gehiago bikoiztu ezin diren zelulak dira. Hil beharrean, zelula seneszenteek inguruko zelulei seinaleak igortzen dizkiete, ehun hori birsortu beharra dagoela komunikatzeko. Horregatik, alzheimerra, minbizia, osteoartritisa eta beste hainbat gaitzen terapietan erabili daitezke. Baina kaltegarriak ere izan daitezke, zahartzea ere eragin baitaitezke. Datu guztiak Berrian.
KimikaBarazkietan eta zizareetan antibiotikoak detektatzeko bi metodo berri aurkeztu ditu EHUko IBeA ikerketa-taldeak. Antibiotiko-kontzentrazio oso baxuak detektatzeko gai dira, eta gama zabal bat zehaztu daiteke, baita haiek eraldatzetik eratorritako zenbait produktu ere. Erabilgarritasun handikoa izatea espero da, antibiotikoak elikadura-katearen bidez, gizakietara ere irits daitezkeelako. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
AntropologiaTrantsizio demografikoaren elementu erabakigarria kulturala izan daiteke. Prozesu horren kausa nagusia garapen ekonomikoa dela pentsatu izan da, baina horrek prozesuaren zati bat bakarrik azalduko luke. Jaiotza-tasa murriztea seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da, eta erabaki hori arrazoi kulturalengatik gailentzen da gizartean. Datuak Zientzia Kaieran.
InformatikaMaitane Martinez informatikaria izan da aurtengo Txiotesia lehiaketa irabazi duen ikertzailea. Bere doktorego-tesian, ikaskuntza automatikoaren teknikak aplikatzen ari da Parkinson gaixotasunaren diagnosi goiztiarra eta pronostikoa egiteko. Horretarako, biomarkatzaileak identifikatzen dabil, eta azken helburua parkinsona goiz atzematea eta pazienteen eboluzioa ikustea da. Informazio gehiago UEUren webgunean eta Berrian.
KosmologiaX izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela. eRosita X izpien teleskopioak jasotako datuak erabilita, kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak egin dituzte. Emaitzen arabera, unibertsoaren “pikortasun faktorea” 0,83 izango litzateke. Azalpenak Zientzia Kaieran.
ArgitalpenakCharles Darwin Ingalaterran jaio zen 1809an. Txikitatik naturalista izan nahi zuen, baina bere aitak teologia ikasketak egitea derrigortu zuen. Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen, eta espedizioan izandako bizipenek hautespen naturalaren teoria proposatzea eragin zuten. Pertsonaia honen bizipenak “Zientzialariak” komiki-sortaren Darwin: Teoriaren eboluzioa alean irakur daitezke. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #488 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #495
“Ni”, hau da, zu, den ezer ez dagoela ondorioztatzen duzula da serio pentsatzen jartzearen arazoa. Ondorio horretara iristeko bideetako bat denboraren jarraitutasuna ukatzea da, eta hori denboraren existentzia ukatuz lor daiteke. How logic alone may prove that time doesn’t exist, Matyax Moravecena.
Bero gutxiago gordetzen duten hormigoiak erabiltzea da hirietako beroa murrizteko bide bat. Horretarako, nahasketari itsas barraskiloak gehitu behar zaizkiola dio DIPCko jendeak. Sea snails for mitigating urban heat island effects. Ez da ideia hain xelebrea, alorrean erreferentzia den aldizkari baten azala eman diotenean.
Irisgarritasuna, erabilgarritasuna eta kostua dira haurren mundu digitalerako sarbidean desberdintasunaren hiru hankak. Martha Villabonak Inequality in children’s access to the digital world.
Matematika eta bere historia gustatzen bazaizkizu, ziur Euklidesen bosgarren postulatuaz hitz egiten entzun duzula. Jesus Zamorak kontatu ohi ez den istorioaren zatia kontatzen dizu: Euclid’s fifth postulate, the inside story
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #495 appeared first on Zientzia Kaiera.
Kiñuren begirada: plastikoak
Oraingoan, Kiñu kirikinoak plastikoari buruzko hainbat datu interesgarri azalduko dizkigu.
Plastikoak polimeroz osatutako materialak dira, hau da, behin eta berriz errepikatzen diren molekulez daude eratuta. Gaur egun, edozertarako erabiltzen dira mota askotako plastikoak, baina egon zen plastikorik gabeko garai bat.
Lehen plastiko sintetikoa 1907. urtean sortu zen; Bakelita izena zuen. Plasikoa oso material moldagarria da, eta oso iraunkorra. Baina ezaugarri horiek abantailak eta desabantailak dakartzate, gehiago behar ez dugunean ere ez baita desegiten. Zati geroz eta txikiagotan banantzen da, eta eraldatu egiten da, baina hor jarraitzen du.
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.
The post Kiñuren begirada: plastikoak appeared first on Zientzia Kaiera.
Darwin: Teoriaren eboluzioa
Aitak aginduta, Charles Darwinek teologia ikasketak egin zituen, baina laster lortu zuen naturalista arrakastatsu bilakatzea

Cambridgeko Unibertsitatean ikasten ari zela, hegoaldeko itsasoetara antolatu behar zen espedizio batean parte hartzeko gonbita jaso zuen Darwinek. Aitak hasiera batean ez zion bidaian joateko oniritzia eman, natura aztertzeko ikerketek ezer gutxirako balio zutela uste baitzuen. Azkenean konbentzitu zuen aita bere osabaren laguntzaz, eta 1831ko abenduan abiatu zen Beagle itsasontzian, Plymouth-eko portutik.

Bidaian zehar, topatzen zituen animalien katalogazioak egiten joan zen, eta haien arteko ezberdintasunak ikusita, ziur egon zen, denboran zehar, bizidunek ere eboluzionatu egiten zutela, Lurrak bezalaxe. Alabaina, eboluzio hori nola gertatzen zen jakin nahi zuen, eta hainbat ikerketa eta esperimentu egin ostean, hautespen naturalaren teoria plazaratu zuen, Alfred Wallace zientzialariarekin batera.
“Darwin: Teoriaren eboluzioa” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Marie Curie, Newton, Galileo, Hipatia edo Aristoteles.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Darwin: Teoriaren eboluzioa
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar
- Urtea: 2017
- Orrialdeak: 48 orrialde
- ISBNa: 978-84-16752-93-5
The post Darwin: Teoriaren eboluzioa appeared first on Zientzia Kaiera.
Trantsizio demografikoaren sustrai kulturalak
Gehiengoaren iritziz, trantsizio demografikoa, nagusiki, kausa ekonomikoen mendekoa da. Hala ere, eta kausa horiek baztertu gabe, zenbait datuk bermatzen dute fenomeno horren elementu erabakigarria kulturala dela, eta gizarte aurreratuetan nagusi diren balio eta ideietan duela jatorria, baita balio eta ideia horiek transmititzeko moduan ere.

Trantsizio demografikoa heriotza- eta jaiotza-tasen jaitsiera sekuentziala da. Epe luze batez —mendetakoa—, bi tasak erlatiboki altu mantendu ziren, eta populazioa oso mantso hazten zen (baldintzen ahalbidetzen zutenean). Orain, beste garai batean gaude, duela 200 urte baino gutxiago hasi zena, eta tasa horiek aldatzen ari dira.
Trantsizio demografikoa gertatzeko, hasteko, heriotza-tasa jaitsi behar da. Elikadura, osasun eta etxebizitza baldintzak hobetzearekin batera, bizi-itxaropena areagotzen da, nagusiki haurren hilkortasuna murrizten delako. Hilkortasuna murriztu ondoren, eta haren ondorioz, populazioa modu azeleratuan hazten da, ugaltzeko adinera iristen diren haurren kopuruak gorakada handia duelako. Ondoren, populazioaren hazkuntza-garai nabarmen baten ostean, jaiotza-tasa jaisten hasten da, eskuarki, emakume bakoitzeko sei eta zortzi seme-alabatik bi seme-alaba baino gutxiagora. Eta jaiotza-tasa balio baxu horietara iritsi denean, populazioa ere jaitsi daiteke.
Trantsizio demografikoa duela ia bi mende gertatzen hasi zen zenbait herrialdetan, eta mundu osoan zabaltzen ari da, ia planetako herrialde guztietara hedatu delarik. Horren ageriko salbuespena dira Afrikako zenbait herrialde, batez ere. Une honetan, ugalkortasunak behera egin du; munduko populazioa egonkor mantentzeko beharrezkoak diren mailen azpitik dago.
Argi eta garbi, antisorgailuen erabilera zabaltzea elementu gakoa izan da horretarako. Emakumeek euren ugalkortasunari buruzko kontrola eskuratu dute, eta metodo horien ondorioz jaiotzak murriztu egin dira.
Azalpen ekonomikoaTrantsizio demografikoaren azalpen ekonomikoaren arabera, fenomeno horren arduradunak bizi-baldintza hobeak eta kontsumo ondasunen eskaintza zabala dira. Lehenengo fasea, hilkortasuna jaistearena, argi eta garbi dago lotuta osasun eta elikadura baldintzekin. Eta bigarrena, jaiotza tasa jaistearena, seme-alaba kopuru txikia hazteko erabaki kontzientearen ondoriozkoa da. Izan ere, horrela, ahalik eta baldintza onenak eskaini ahal izango zaizkie (osasuna, prestakuntza, ekonomia). Horrez gain, eskuragai ditugun kontsumo ondasunez gozatzea ez da bateragarria seme-alaba kopuru handia hazteak berekin dakartzan premiekin.
Ikuspegi ebolutibotik, trantsizio demografikoak ageriko arazoa mahaigaineratzen du. Hasteko, eboluzioari eta haren mekanismoei buruz dakigunaren arabera, logikoena litzateke norbanakoak ahalik eta seme-alaba kopururik handiena izaten saiatzea. Eta gure garaian eskuragarri dugun baliabide kopuru handiak ugaltzeko helburu hori indartu behar luke. Aitzitik, kontrakoa gertatzen da.
Uste zen trantsizio demografikoan berezkoa den jaiotza-tasaren jaitsiera faktore ekonomikoetan oinarritzen dela soil-soilik, eta zerikusia zuela bizi-kalitatearekin eta ondorengoei bizi-kalitate bera emateko nahiarekin. Baina, oraingoan, kulturan oinarritzen den beste azalpen alternatibo bat plazaratu dute.
Kultura argumentu alternatibo gisaInformazioa eskuratzea oso baliagarria da, eta horregatik dudu, hain zuzen, gaitasun handia hura eskuratzeko. Horrek sortzen duen arazoa da eskuratzeko erraztasun horrek berak ideia maladaptatiboak (gaitasun biologikoa murrizten dutenak —fitness darwinianoa—) jasotzeko probabilitatea areagotzen duela.
Kulturak informazioa ebaluatzearen kostu altuak eragiten duen arazoa txikiagotzen du. Kulturari esker, arazoak ebazteko sistema orokor bat daukagu. Zientzia, bere kabuz edo teknologiaren bidez, dugun adibide sofistikatuena da kulturak askotariko arazoak eta zailtasun handikoak ebazteko duen ahalmenaren inguruan. Hain da eraginkorra, non instituzio sozial egokiak baldin badaude, adimen indibidual oso hutseginkorrak —hala nola gizakiarenak— gai baitira pixkanaka Unibertsoaren sekreturik sakonenak argitzeko. Baina horren truke ordaintzen dugun prezioa da zenbaitetan aldaera kultural patologikoak onartu behar ditugula, termino darwinianoetan.
Hori gertatzearen arrazoia da aldaera kultural maladaptatiboak hedatzeko aukera ez dela erraz ezabatzen, aldaera kultural bat ebaluatzeak kostu handia dakarrelako. Informazioa zabaltzeko modu hori erraz ezabatuko balitz, kultura transmititzeko sistemak izateak berekin dakartzan abantailak ere galduko genituzke, eta oso erabilgarriak suertatu zaizkigu. Hori dela eta, horrela jokatzen da soilik salbuespenezko egoeretan; kasu gehienetan heuristiko erraz eta arinetara jotzen da.
Erabilgarritasun handiko heuristikoen bi adibide on dira konformitatea eta prestigio alborapena. Lehenengoak talde baten barruan gehiengoaren jokabideari jarraitzera bultzatzen gaitu, eta bigarrenak prestigioa duten pertsonak imitatzera. Alborapen horiek oso agerikoak dira nerabezaroan, baina populazio osoak betetzen ditu.
Tresna erabilgarriak dira, bai, baina albo kalte maladaptatibo saihetsezinak ere badituzte. Izan ere, edozein arrazoi dela medio, transmititzen den informazioa edo aldaera kulturala maladaptatiboa bada, ez da erraza transmisio hori ezabatzea edo mugatzea. Gainera, transmisio modu horren garrantzi erlatiboa handiagoa da populazioaren bolumena handiagoa den heinean, pertsona gehiagok jaso dezaketelako informazio hori.
Nekazaritzako gizarte premodernoetan, prestigioa eta estatusa etxe onekoa izatearekin lotuta zeuden, ez merituarekin, eta familia zen instituzio sozial garrantzitsuena. Gizarte horietan, informazioaren transmisioa bertikala da eta familiaren garrantzia indartzen duten aldaera kulturalak sustatzeko joera du; izan ere, azken finean, oparotasuna familiaren tamainaren araberakoa zen, eta familia handia, era berean, arrakasta ekonomikoaren seinale zen.
Gizarte konplexu baten eraketaHerriek bizi-baldintza hobeak izan dituzten neurrian, gizarteak gero eta konplexuagoak bihurtu dira, eta ekonomiak gero eta menpekoagoak ezagutza aurreratuekiko. Gizarte horietan prestakuntza maila altuko pertsonak behar dira entitate publiko zein pribatuen kudeaketaz eta gobernuaz arduratzeko, bai eta goi-mailako ezagutza teknikoak behar dituzten lanak gauzatzeko ere. Gero eta denbora gehiago eskaini behar diete pertsona horiek prestakuntzari; eta, ondorioz, seme-alabak izateko unea atzeratzen dute.
Bestalde, lehiakortasun handia dago lan kualifikatuko lanpostu horietan, lanpostu horiek dituztenek estatus sozial handiagoa baitute. Gainera, amatasuna atzeratu denez eta emakumeek ere prestakuntza jasotzeko aukerak dituztenez, haiek ere parte hartzen dute jarduera horietan.
Ideiak transmititzeko bideak aldatu egin dira. Informazioa modu askotan transmititzen da eta bide “horizontalak” —batez ere komunikabideetan eta hezkuntza-sistemetan oinarritutakoak— gero eta garrantzitsuagoak dira. Prestigio alborapenaren arabera, imitatzeko ereduak profesional arrakastatsuak direnean, ideia eta balio horiek populazioaren artean zabaltzen dira, eta hor sartzen da jokoan konformitatea, pertsona askok edo guztiek jokabide horiek har ditzatela eraginez. Jaiotza-tasaren jaitsiera prozesu horren guztiaren ondorio da.
Hau da, garapen ekonomiko jakin bat behar da trantsizio demografikoa gertatzeko, baina hori ez da abiarazlea, ez eta faktorerik erabakigarriena ere. Princeton European Fertility Project proiektuaren esparruan Europako 600 administrazio unitaterekin eginiko ikerketa batek erakutsi zuen desdoitze nabarmen bat dagoela garapen ekonomikoaren eta trantsizio demografikoaren mugarrien artean.
Trantsizio demografikoa Frantziako eskualde batzuetan hasi zen 1830. urtearen inguruan; aitzitik, Erresuma Batuan, garapen ekonomiko handiagoa zuen herrialdean, ez zen 50 urte berandurago arte hasi. Alemanian ere gauza bera gertatu zen. Are gehiago, Alemaniako zenbait eskualdetan trantsizioa ez zen XX. mendearen bigarren hamarkadara arte gertatu. Eta alde horiek ez dute inolako zerikusirik alde ekonomikoekin. Era berean, Belgika frankofonoan trantsizio demografikoa 1870. urtearen inguruan abiarazi zen, baina eskualde flandiarrean ez zen 1910. urtera arte hasi. Eta Frantziako beste eskualde batzuetan, hala nola Bretainian eta Normandian, fenomenoa gainerako herrialdean baino mende bat beranduago gertatu zen. Austria-Hungariako inperioan ere alde handiak egon ziren: Hungaria izan zen lehena. Erregistratutako kasu guztietan, elementu komun bat dago: emakumeek lan-merkaturako sarbidea izatea da jaiotza-tasaren jaitsiera abiarazten duen faktorea.
Baina salbuespenak ere badaudeAmaitzeko, Mendebaldean joera orokorrarekiko bi salbuespen handi adierazi beharra daude. Sinesbide erlijiosoen inguruan artikulatutako bi komunitate dira: amishak eta huteritak. Amishak Estatu Batuetan eta huteritak Kanadan, bi hauek Europan erreforma luteranoaren ostean erlijioagatiko jazarpena sufritu zuten anabaptisten oinordekoak dira. Amishek Estatu Batuetara emigratu zuten XVIII. mendean, eta huteritek Kanadara XIX. mendean. Bi kasuetan, euren tradizioei eta bizimoduari eutsi zioten, funtsean nekazaritzan oinarritzen direnak.
Bi komunitateek kulturalki isolatuta mantendu dira beren herrialdeetako gainerako komunitateekiko. Aro garaikidearen berezko komunikabideen erabilera ukatu dute, garapen teknologikoaren ondoriozko produktu gehienak erabiltzeari uko egin diote, eta berezko hezkuntza sistemak dituzte goi-mailako mailetarako. Hau da, komunitate horiek gizarte premodernoen kultura transmititzeko berezko bideak mantendu dituzte.
Horri lotuta, emakume bakoitzagatik 6 eta 8 seme-alaba arteko jaiotza-tasak arruntak dira komunitate horietan. XX. mendean, huteritek euren kopurua bikoiztu dute 17 urtean behin. Eta amishak 5.000 ziren XX. mendearen hasieran, eta XXI. mendearen hasieran 150.000 izatera irisi dira. Ez dira pobreak. Komunitate oparoak dira biak; baliabideak hazkuntza demografikoari eusteko erabiltzen dituzte, eta, horretarako, euren lurren jabetza hedatu behar dute. Lurren prezioa izan da, neurri batean, haien hedapena mugatu duen faktore bakarra. Hala ere, moldakortasun handia dute eta bestelako jarduera ekonomikoak ere gauzatzen dituzte beren bizimoduaren funtsezko elementuak galdu gabe.
Iturria:Peter J Richerson-en eta Robert Boyd-en liburuko 4. kapitulutik (Culture is an adaptation) hartutako ideia batzuen laburpena: “Not by genalone: How culture transformed human evolución” (The University of Chicago Press, 2006).
Oharra:Our World in Datak ugalkortasunari buruzko datu oso zehatzak eskaintzen ditu, baita hainbat faktorek aldaera horretan izan ditzaketen eraginari buruzko analisi xehatu bat ere. Analisi horietan, emakumeen hezkuntzarako sarbideak lehentasunezko lekua hartzen du, baina seme-alabak hezteko baldintzak eta faktore kulturalek eta beste faktore batzuek duten eragina ere aztertzen da.
Egileaz:Juan Ignacio Pérez (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 24ean: Raíces culturales de la transición demográfica.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Trantsizio demografikoaren sustrai kulturalak appeared first on Zientzia Kaiera.
Eman besarkada hori, kontaktu fisikoak onurak dakartza eta
Gainerako pertsonekin edo objektuekin kontaktu fisikoa izateak osasun fisiko eta mentala hobetzen dituela babestu du zientzialari talde batek.

Gaur egun harrigarria iruditu dakiguke, baina 1950eko hamarkadan pedagogia aditu batzuek gurasoei gomendatzen zieten haurtxo jaioberriak ez besarkatzeko, mimo edo fereka asko izatea beren garapenerako kaltegarri izan zitekeelakoan. Jende guztia, ordea, ez zegoen horren konbentzituta. Testuinguru horretan abiatu zen tximino jaioberriekin ikoniko bilakatu den esperimentu sorta bat.
Haurdunaldiaren osteko banaketaren eta bakardadea hobetu ulertu nahian, Harry Harlow psikologoak bi tramankulu prestatu zituen, bi motatako ama suzedaneoak irudikatu nahian: horietako batek esnea ematen zuen, baina oso oinarrizko aurpegia eta alanbrez egindako egitura baino ez zuen. Besteak, berriz, aurpegi garatuagoa zuen, eta benetako azal baten funtzioa zuen trapuzko azal batez estalita zegoen. Esperimentu batzuetan, azken honek esnea ere ematen zuen, eta besteetan, harizkoak baino ez zuen ematen.
Emaitzetan argi geratu zen tximino kumeek soilik jotzen zutela alanbrezko amarengana janaria ematen zuenean, baina, gainerakoetan, bestearekin mantentzen zutela kontaktu fisikoa. Are, amarru baten bitartez bat-bateko sustoa ematen zietenean, kumeek trapuzko tramankulura jotzen zuten.
Halako esperimentuek polemika eragin bazuten ere, besteak beste, kontaktu fisikoak osasunean duen eragina aztertzeko interesa piztu zuten. Geroztik, gaia askotan jorratu izan da zientzian, arlo askotatik.
Horiek aintzat hartu eta Nature Human Behaviour aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean kontatu fisikoak gizakien osasun fisiko eta mentalean izan ditzaketen onuren gaineko ezagutza zertan den aztertu dute. Berraztertze artikulua izan da; hots, zientzia literaturan izan diren lanak aintzat hartu dituzte emaitzak ondorioztatzeko. Izan ere, aurretik ezagutzen zen ukitzeak ondorio positiboak dituela, baina gehienetan arlo zehatzetan izandako eraginak aztertu izan dira. Oraingoan, azterketa zabalagoa egin nahi izan dute, gaia osotasunetik aintzat hartuta.
Orotara, gaiaren bueltan orain arte egin diren 212 ikerketa berrikusi dituzte zientzialariek. Ikerketa horietan guztietan, 12.966 lagunek parte hartu zuten. Berrikusketa handi honen emaitzetan oinarrituta, besarkadek, laztanek edo masajeek mina, depresioa eta antsietatea gutxitu ahal dituztela babestu dute zientzialariek. Logikoa denez, esperimentu horietan guztietan kontaktua baimendua izan da beti: egileek diote aipatutako kalte horien sintomak arintzeko beharrezkoa dela ukitzeko baimena eman izana.
Aztertutako kasu horiek guztiak populazio kohorteen arabera sailkatu dituzte, tartean umeak eta helduak bereizita. Modu berean, laztanen edo bestelako ukimenen iraupena ere aintzat hartu dute, bai eta ukimena egiten zuena ezaguna ala ezezaguna ote den ere bai. Azkenik, kontaktu horien ostean osasunean neurtutako eraginak ere sailkatu dituzte. Horietako batzuk izan daitezke loaldian izandako onurak, presio arteriala edo osasun mentalean neurgarri diren adierazleak.
Emaitzek erpin asko dituzte, baina, horietatik guztietatik ateratzen den ondorio orokorra da ukimenak zeresan handia izan dezakeela giza ongizatean. Osasun arreta jasotzen ari diren lagunetan ez ezik, osasuntsu dauden pertsonetan ere ematen bide da onura hau, arlo klinikoan zein arlo horretatik kanpoko azterketak berrikusi dituztelako. Eta, diotenez, adina edozein dela ere antzeko onura jasotzen da.

Agian harrigarriena da ukimenaren onurak ez direla mugatzen gizakiekiko kontaktura. Aitzitik, robotak, mantak edo burkoak bezalako objektuekiko kontaktua egitean ere jasotzen omen dira onura horiek. Badago, halere, ñabardura garrantzitsu bat: gizakien arteko kontaktuaren ondorioz onura mental gehiago sortzen dira. Eta hau gertatzen da kontaktu mota edozein dela ere. Horien iraupenak aparteko eraginik izan ez duen arren, frekuentzia garrantzitsua bide da, ikusi dutelako gero eta gehiagotan ukitu, orduan eta ondorio positiboagoak sortzen direla.
Subjektuari dagokionez, atentzioa ematen duen kontua da helduen artean berdin diola zeinek egiten dituen ukituak. Hots, berdin-berdin izan daiteke masajista ezezagun bat edo robot bat ere. Onurak ere hobeak dira buruko parteren bat ukituz gero, hala nola aurpegian edota buruaren larruazalean. Bestetik, aldebakarreko kontaktua bi aldeetakoa baino onuragarriagoa dela ikusi dute.
Hau ez da gertatzen, halere, jaioberrien artean. Hauen kasuan, onura handiagoa da kontaktua gurasoekin denean, osasun langileekin beharrean. “Helduen artean, baina, ez dugu aparteko alderik aurkitu gure boluntarioek ezagutzen zituzten pertsonen eta erizainen artean”, azaldu du Duisburg-Essen Unibertsitateko (Alemania) Helena Hartmann ikertzaileak prentsa ohar batean.
Zientzialari hauek sinetsita daude ukimenean oinarritutako esku hartzea —esku hartzea, zentzu literalean— “tresna oso indartsua” izan daitekeela populazioaren ongizate mailak handitzeko.
Animalia edo maskotei dagokienez, ikertzaileek diote ez daudela momentuz ikerketa nahikorik gaiaren bueltan ondorioak ateratzeko, baina onartu dute interesgarria izango zela horretan gehiago sakontzea.
Ohi bezala, etorkizunean entsegu gehiago egin behar direla proposatu dute, eskuratutako emaitzak berretsi ahal izateko. Modu berean, maila sozioekonomiko baxuagoa duten gizarteetan ikerketa gehiago egiteko beharra azpimarratu dute, esku artean izan dituzten ikerketa gehienak diru sarrera ertain edo altuak dituzten gizarteetan egin direlako.
Erreferentzia bibliografikoa:Julian Packheiser et al. (2024). A systematic review and multivariate meta-analysis of the physical and mental health benefits of touch interventions. Nature Human Behaviour. DOI: 10.1038/s41562-024-01841-8
Egileaz:Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
The post Eman besarkada hori, kontaktu fisikoak onurak dakartza eta appeared first on Zientzia Kaiera.
X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela
Unibertsoko egitura handienak mapeatzean, kosmologoek deskubritu dute anomalia kosmiko bat, dirudienez, desagertzen ari dela.
https://zientziakaiera.eus/app/uploads/2024/05/XRayCosmology-byMPE_ALiu_for_the_eROSITA_consortium-Lede.mp4 eRosita X izpien teleskopioak milaka galaxia kumulu detektatu zituen kosmosaren zati zabal batean. Irudian kolorez agertzen dira, teleskopioaren kokalekutik dauden distantziaren arabera. Urrunen dauden kumuluen argia duela 9 mila milioi urte igorri zen. (Sinulazioa: MPE, A. Liu for the eROSITA Consortium. Iturria: Quanta Magazine)Kosmosaren tapiza elkarrekin gurutzatzen diren materiazko harizpi erraldoiek osatzen dute, eta haien elkarguneetan ehunka edo milaka galaxien kumuluak daude. Grabitateak galaxien kumulu bakoitzean dagoen guztia erdigunera erakartzen duen neurrian, galaxien arteko espazioa betetzen duen gasa konprimatu egiten da eta, ondorioz, berotu. Hala, X izpietan haren distira ikusi dezakegu.
eRosita X izpien teleskopioa 2019an bidali zen espaziora, eta bi urte baino gehiago igaro zituen espazio zabalean zehar energia handiko argi-izpiak biltzen. Datu horiei esker, zientzialariek milaka galaxia kumuluren kokalekuak eta tamainak mapeatu ahal izan dituzte; horietako bi heren ezezagunak ziren orain arte. Otsailaren 14an sarean argitaratutako artikuluen multzo batean (Astronomy & Astrophysics aldizkarian agertuko dira), zientzialariek azaldu dute nola erabili duten kumuluen hasierako katalogo hori kosmologiaren zalantza handietako batzuk ikertzeko.
Emaitzen artean kosmosaren heterogeneotasunari buruzko estimazio berriak daude. Azken aldian, eztabaidetan oso presente dagoen gaia da hori; izan ere, duela gutxiko beste neurketa batzuek agerian jarri dute nahiko homogeneoa dela. Horretaz gain, estimazio berriak aurkeztu dituzte neutrino deritzen partikula irrealen masari buruz, eta baita energia ilunaren propietate gako bati buruz ere, hau da, unibertsoaren espantsioa azeleratzen ari den energia aldaratzaile misteriotsuaren propietatei buruz, hain zuzen.
Kosmologoen unibertsoaren eredu nagusian, energia iluna espazioaren beraren energia da eta unibertsoaren edukiaren % 70 hartzen du. Unibertsoaren beste laurden bat materia ilun ikusezina da, eta % 5 materia arruntak eta erradiazioak osatzen dute. Eta hori guztia grabitatearen indarraren menpe dago. Hala ere, azken hamarkadako behaketa batzuek kosmologiaren “eredu estandar” hori zalantzan jarri dute; dena hobeto ulertzeko, ereduari osagaiak edo efektuak falta zaizkiola planteatu dute.
eRosita teleskopioaren behaketek, aitzitik, eredu estandar hori berresten dute alderdi guztiei dagokienez. «Eredu estandarraren ageriko baiespena da», adierazi du Dragan Hutererrek, lanean parte hartu ez duen Michigango Unibertsitateko kosmologoak.
Kosmosaren erradiografiaBig Bangaren ostean, unibertso jaio berriaren dentsitate aldaketa txikiak gero eta nabarmenagoak bilakatu ziren materia partikulak bata besteari itsasten ziren neurrian. Talde dentsoagoek material gehiago erakarri zuten, eta handiago egin ziren. Gaur egun, galaxia kumuluak kosmosean grabitazionalki elkartutako egitura handienak dira. Horien tamainak eta banaketa zehazteak aukera ematen die kosmologoei unibertsoaren bilakaeraren beren eredua frogatzeko.
Kumuluak aurkitzeko, eRositako taldeak algoritmo informatiko bat entrenatu zuen objektu zehatzen ordez X izpien iturri «oso harrotuak» bilatzeko; halaxe azaldu du Esra Balbulek, Garchingeko (Alemania) Lurraz haraindiko Fisikako Max Planck Institutuko zientzialariak, hain zuzen ere, eRositako kumulu behaketak zuzendu zituenak. Haren azalpenen arabera, hautagaien zerrenda “langin guztiz puru” batera murriztu zuten: zehatz-mehatz 5.259 galaxia kumulura, teleskopioak detektatutako 1 milioi X izpien iturrietatik abiatuta.
Ondoren, kumulu horien pisua zehaztu behar izan zuten. Objektu masiboek espazio-denboraren egitura kurbatzen dute eta igarotzen den argiaren norabidea aldarazten dute; horregatik dirudi argi iturria distortsionatuta dagoela. Fenomeno horri grabitazio-leiarraren efektua deitzen zaio. eRositako zientzialariek 5.259 kumuluetako batzuen masa kalkulatu ahal izan zuten, horien atzean dauden galaxia urrunenen gaineko leiar efektuan oinarrituta. Dena den, kumulu horien herenak bakarrik zituen atzealdean behar zen moduan lerrokatutako galaxia ezagunak. Nolanahi ere, zientzialariek deskubritu zuten kumuluaren masak korrelazio handia duela bere X izpien distirarekin. Korrelazio handi horri esker, distira erabili ahal izan zuten gainerako kumuluen masak neurtzeko.
Azkenik, masaren informazioa txertatu zuten kosmos biziaren ordenagailu bidezko simulazioetan parametro kosmikoen balioak inferitzeko.
Pikortasuna neurtzeaUnibertsoaren “pikortasun faktorea” (S8) zenbaki interesgarria da. Faktore hori zero balitz ezerez kosmiko zabal bat irudikatuko luke, arrokarik gabeko lautada bat. Batetik gertuagoko S8 balio batek haran sakonen gainean altxatzen diren mendi malkartsuak irudikatuko lituzke. Zientzialariek S8 balioztatu dute mikrouhinen hondo kosmikoaren (unibertso primitiboan jatorria duen argi zahar bat) neurketetan oinarrituta. Kosmosaren hasierako dentsitate aldaketak estrapolatzean, ikertzaileek espero dute S8 horren egungo balioa 0,83 izatea.
Baina duela gutxi argitaratutako ikerketa batzuek, zeinen bidez egungo galaxiak aztertu baitiren, % 8 eta % 10 arteko balio baxuago neurtu dituzte. Horrek esan nahi du unibertsoa nahiko homogeneoa dela. Diferentzia horrek kosmologoen jakin-mina piztu du, eredu kosmologiko estandarrean akatsak egon daitezkeela esan nahi baitu.

eRositako taldeak, aldiz, ez zuen diferentzia hori aurkitu. «Gure emaitza bat etorri zen hasieratik mikrouhinen hondo kosmikoaren aurreikuspenarekin», adierazi du Vittorio Ghirardinik, azterketaren zuzendariak. Ghirardinik eta bere kideek 0,85 balioko S8-a kalkulatu zuten.
Taldeko kide batzuk desengainatuta sentitu ziren, Ghirardiniren arabera, osagaiak falta izatea askoz zirraragarriagoa baitzen teoria ezagunarekin bat egitea baino.
S8-ren balioak, mikrouhinen hondo kosmikoaren estimazioa baino pixka bat altuagoa denak, beste talde batzuen azterketak eragingo ditu seguruenik, Gerrit Schellenbergerren arabera (Astrofisikako Harvard-Smithsonian Zentroan galaxia kumuluak aztertzen dituen astrofisikaria da). «Seguruenik hau ez da izango gaiari buruz ikusiko dugun azken artikulua», esan du.
Neutrinoak pisatzeaUnibertso primitiboan, neutrino ugari sortu ziren, ia fotoiak (argi-partikulak) bezainbeste, azaldu du Marilena Loverdek, Washingtoneko Unibertsitateko kosmologoak. Baina fisikariek badakite neutrinoek, fotoiek ez bezala, masa ñimiñoak izan behar dituztela, hiru mota artean oszilatzen dutelako. Partikulek ez dute masa eskuratzen beste oinarrizko partikula batzuek masa eskuratzen duten mekanismoaren bidez; hori dela eta, horien masa ikerketa askoren aztergaia da. Lehendabiziko galdera izango litzateke ea zein den horien benetako masa.
Kosmologoek neutrinoen masa neur dezakete kosmosaren egituran dituzten efektuak aztertuta. Neutrinoak ia-ia argiaren abiaduran mugitzen dira, eta bestelako materia zeharkatzen dute, hartara itsatsita geratu ordez. Hortaz, kosmosean neutrinoak egoteak kosmosaren pikortasuna ahuldu du. «Neutrinoei zenbat eta masa gehiago egotzi, orduan eta masa gehiago da homogeneoa eskala [handi] horietan», adierazi du Loverdek.
Galaxia kumuluen neurketak eta mikrouhinen hondo kosmikoaren neurketak konbinatuta, eRositako taldeak estimatu zuen neutrinoen hiru moten masen baturak ez dituela 0,11 elektronvoltak (eV) gainditzen, hau da, elektroi baten masaren milioirena bat baino gutxiago. Neutrinoekin eginiko beste esperimentu batzuetan muga txikiago bat ezarri da, eta erakutsi dute neutrinoen hiru masek 0,06 eV-ko batura eman behar dutela gutxienez (hiru masa balioen ordenamendu posible baterako), edo 0,1 eV-koa (alderantzizko ordenamendurako). Goiko eta beheko mugen arteko distantzia murriztu ahala, zientzialariak gehiago hurbiltzen ari dira neutrinoaren masaren balioa zehaztera. «Egia esan, aurrerapen handi bat lortzear gaude», adierazi du Bulbulek. Datuei buruzko ondorengo argitalpenetan, eRositako taldeak goiko maila alderantzizko ordenako neutrinoen masaren ereduak baztertzeko adina jaitsi lezake.
Zuhurrak izan behar gara. Existitu litekeen beste edozein partikula laster eta arinek (hala nola axioiak, materia ilunerako hautagai gisa proposatutako partikula hipotetikoak) efektu berberak izango lituzke egituren eraketan. Eta erroreak sartuko lituzkete neutrinoen masaren neurketan.
Energia ilunari jarraikizGalaxia kumuluen neurketek agerian jar dezakete nola hazi ziren egiturak, baina baita energia ilunak hazkuntza hori nola eragotzi zuen ere: espazioa inpregnatzen duen energia aldaratzailearen kapa fina, espazioaren espantsioa azeleratzen duena, materia banaraziz.
Energia iluna espazioaren beraren energia bada, kosmologiaren eredu estandarrak jasotzen duen moduan, orduan dentsitate konstantea izango luke espazio eta denbora osoan (horregatik, hain zuzen, esaten zaio batzuetan “konstante kosmologikoa”). Baina denborak aurrera egin ahala dentsitatea murriztu egiten bada, orduan egoera guztiz bestelakoa da. «Horixe da kosmologiak planteatzen duen galderarik garrantzitsuena», esan du Sebastian Grandisek, Innsbruckeko Unibersitateko (Austria) eRosita taldeko kideak.
Milaka kumuluen mapatik abiatuta, ikertzaileek deskubritu zuten energia iluna bat datorrela konstante kosmologiko baten profilarekin, nahiz eta horren neurketak % 10eko ziurgabetasuna duen; hortaz, oraindik ere posible da pixka bat aldatzen den energia ilunaren dentsitate bat existitzea.
Jatorriz, eRositak, Errusiako aireontzi batean dagoenak, zeru osoaren zortzi azterketa egin behar zituen, baina 2022ko otsailean, teleskopioak bosgarren azterketa hasi eta aste batzuetara, Errusiak Ukraina inbaditu zuen. Horri erantzuteko, lankidetzaren talde alemaniarrak, zeinak eRosita operatu eta zuzentzen baitu, teleskopioa modu seguruan jarri zuen, behaketa zientifiko guztiak etenda.
Hasierako artikulu horiek, beraz, lehendabiziko sei hilabeteetako datuetan oinarritzen dira soilik. Alemaniako taldeak espero du falta den behaketen urte eta erdian lau aldiz galaxia kumulu gehiago aurkitzea, gutxi gorabehera. Horri esker, parametro kosmologiko horiek guztiak zehaztasun handiagoz identifikatu ahal izango dituzte. «Kumuluen kosmologia zunda kosmologiko sentikorrena izan liteke, mikrouhinen hondo kosmikoaz gain», adierazi du Anja von der Lindenek, Stony Brookeko Unibertsitateko astrofisikariak.
Haren hasierako emaitzek frogatzen dute oraindik ia arakatu gabeko informazio iturri handia izango dela. “Auzoko bizilagun berria gara”, esan du Grandisek.
Jatorrizko artikulua:Liz Kruesi (2024). Fresh X-Rays Reveal a Universe as Clumpy as Cosmology Predicts, Quanta Magazine, 2024ko martxoaren 4a. Quanta Magazine aldizkariaren baimenarekin berrinprimatua.
Itzulpena:The post X izpi berri batzuek agerian jarri dute unibertsoa kosmologiak igarri bezain pikortsua dela appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #487
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Alice Lee matematikariak frogatu zuen garezurraren tamaina eta adimena ez zeudela erlazionatuta. Uste hori zabalduta zegoen orain dela gutxi arte, eta pentsatzen zen emakumeek garezur txikiagoak zituztela. Leek metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Alabaina, etnien arteko aldeak bazeudela argudiatzen zuen, eta aurreiritzi horiek indartu zituen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
BiokimikaAntsietate-asaldura testosteronaren gabeziarekin lotu dute. EHUk parte hartu du ikerketan, eta ikusi dute erlazio esanguratsua dagoela antsietate-asalduren, TACR3 izena duen garuneko errezeptore baten, eta testosteronaren artean. Gizonezkoetan, testosterona maila baxua izateak antsietatea eragiten kasu batzuetan, batez ere hipogonadismoa dutenetan. Animalia ereduetan ikusi dute antsietate maila handia dutenek TACR3 errezeptorea eraldatuta dutela, eta horrek hormona sexualen produkzio txikia eragiten duela, testosterona barne. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Gizonentzako antisorgailu bat garatzeko molekula apropos bat topatu dute. Kinasa-inhibitzaile bat da molekula, eta STK33 proteina ongi garatzea eragozten du. Proteina hori ezinbestekoa ugalkortasunerako, saguetan zein gizakietan, eta haren gabeziak espermatozoideen mugikortasuna eta morfologia gaizki garatzea eragiten du. Tratamenduak ez du bestelako ondoriorik sortzen, eta eragina itzulgarria da, hau da, denbora gutxira, berriro ugalkortasuna berreskuratzen da. Datuak Elhuyar aldizkarian.
BiologiaGiza enbrioiaren asimetria lehen zatiketatik hasten dela frogatu dute. in vitro ernalkuntza baten ostean jarraipena egin diote zigotoari teknika ez-inbaditzaileak erabilita. Egun bateko giza enbrioi bat bi zelulek soilik osatzen dute, eta ikusi dute gorputza sortuko duten zelula gehienak hasierako bi zelula horietako batetik sortzen direla. Ikertzaileen ustez, prozesu asimetriko hori gako da giza gorputza eratzeko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
BotanikaPhylopyr proiektua jarri dute martxan Aranzadi zientzia elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haren helburua Pirinioetako landare loredun guztien informazio genetikoa lortzea izango da. 4.000 espezie inguru daude, eta horien laginak hartuko dituzte analisi genetikoak egiteko, baita herbario bat eraikitzeko ere. Datu guztiak Berrian.
NeurologiaLoak eta anestesiak moteldu egiten dute garunaren garbiketa saguetan. Zabaldutako ideia zen loak garuneko toxinak garbitzen zituela, baina ikerketa berri batek kontrako prozesua behatu du. Baita anestesiarekin ere. Ikertzaileek emaitza horien garrantzia azpimarratu dute; izan ere, uste izatekoa da pertsonetan ere antzera gertatuko dela. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
OzeanografiaOzeanoko tenperaturak hain egonkorra izateari utziko diola ondorioztatu du ikerketa batek. Ozeanoaren azaleko geruza gutxi gorabehera 50 metroraino heltzen da, eta geruza horretan inertzia termikoa dago, hau da, tenperatura oso gutxi aldatzen da. Hainbat ereduk erakutsi dute, ordea, inertzia termikoak behera egingo duela hurrengo urteetan, eta ozeano azaleko tenperatura gehiago aldatuko dela. Hainbat ondorio izango ditu prozesu horrek. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
PaleontologiaKuaternarioan zehar, alternantzia egon da glaziazioen eta garai interglaziarren artean. Baina horien barnean ere, momentu erlatiboki beroagoak eta momentu erlatiboko hotzagoak ere badaude. Horiek noiz gertatu ziren jakiteko, organismo txiki eta sinpleagoetara jo behar dugu, parametro ekologiko mugatuagoak dituztelako. Kantauri Itsasoan, aro hotzagoen seinalea ematen dute bi organismo txikik, Europaren iparraldetik zetozen ur polarren masak ekartzen baitzituzten. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AntropologiaJose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak txerriak euskal kulturan duen konnotazioa ikertu du El cerdo en la historia de los vascos (Txerria euskal herritarren historian) liburuan. XVI. mendeko dokumentazio aberatsa jaso du, landa lana ere egin du, eta ikertu du etxekotu zutenetik txerriak zer bide egin duen euskal gizartean. Baserrian animalia oso garrantzitsua zela ondorioztatu du Azpiazuk, bai eta bale ehiztarien dietaren oinarri ere. Azalpenak Berrian.
GenetikaLurreko Hologenomaren Egitasmoa aurkeztu du mundu-mailako lankidetza batek. Egitasmo horren helburua animalia basatien eta haiei lotutako mikroorganismoen datu hologenomikoak biltzea eta aztertzea da. Datu horiekin animalia basatien ekologia eta eboluzioa berraztertu nahi dute, oraingoan ostalari-mikrobiota elkarrekintzak kontuan izanda. Egitasmoaren koordinatzaileak azpimarratu du ez dela existitzen animalien eta mikroorganismoen arteko elkarrekintzak modu sistematikoan aztertzeko azpiegiturarik. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
AstronomiaEguzkiaren eremu magnetikoa azaletik gertu sortzen dela proposatu dute. Aurretik uste zenaren arabera, gutxienez 210.000 km-ko sakoneran sortzen zen, baina ikerketa berri baten arabera, 32.000 km-ko sakoneran sortzen da Eguzkiaren eremu magnetikoa. Gainera, datu ikerketan sortutako ereduek hobeto azaltzen dituzte eguzki-orbanak, eta, beraz, eguzki-ekaitzak ere hobeto aurreikusiko dituztela espero da. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
Merkurion gatz glaziarrak aurkitu dituzte Planetary Science Instituteko zientzialariek. Planetaren ipar poloan daude, itzal iraunkorreko eskualdean, eta glaziar nagusiak bi kilometroko sakonera izan dezakeela kalkulatu dute. Gatz glaziarren sorrera izotzezkoenen antzekoa da, baina Nahum Mendez geologoak azaldu duenez, prozesua ez dago oso argi. Hala ere, teoria nagusiak iradokitzen du Merkurioren atmosferak zerikusia duela. Datu guztiak Berrian.
Argitalpenak“Zientzialariak” komiki-sortak eskaini dio ale bat Marie Curie, fisikari eta kimikari poloniarrari. Seguruenik, emakume zientzialari ezagunena da. Varsovian jaio zen 1867an, eta bera eta bere familia beti egon ziren oso arro poloniarrak izateaz. Alabaina, bere herrialdean emakumeek goi-mailako ikasketak egiteko aukera gutxi zegoen, eta Parisen ikasi zuen, Sorbona Unibertsitatean. Geroago bere bikotea izango zen Pierre Curierekin hasi zen ikerketan, eta erradioaktibitatea deskribatu zuten. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Egileaz:Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #487 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #494
Esadazu zerekin elikatu duzun eta esango dizut zer itxura duen. Horra superharra. A. sudhausi, the superworm, Ramón Muñoz-Muchpuli.
Datuak prozesatzeko modurik azkarrena ez da modu klasikoan bezala materialik erabiltzen, argia baizik. Parity-time symmetry for faster and stronger optical signal processing.
Dilema batzuk dagokion koinatuari galdetuz ebazten dira. TILKUT bineta bat: Great dilemmas of history.
2017an, kimika kuantiko topologikoaren oinarriak argitaratu zituzten Naturen, azalean. 2020an, material magnetikoetara zabaldu zuten, eta Naturen ere argitaratu zuten. Orain, DIPCko jendeak Sciencen argitaratzen du fonoi topologikoen lehen datu-basea. A Topological Phonon Database has been built
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #494 appeared first on Zientzia Kaiera.
Alice Lee: garezurraren tamaina eta adimena ez daude erlazionatuta
Garezur handiago batean burmuin handiago bat sartuko da, eta garezur txikiago batean burmuin txikiago bat. Eta burmuin handiagoa duena adimentsuagoa izango da burmuin txikiagoa duena baino. Logikoa da oso, ezta? Ageri-agerikoa da…
Aurreko paragrafoko silogismoak guztiz arrazoizkoak iruditu bazaizkizu, jakin ezazu oso atzean geratu zarela adostasun zientifikoaren aurrerapenarekiko; mende bat atzean, gutxi gorabehera. Baina lasai: ahaztu dezagun festara berandu iritsi zarela eta ospa dezagun hemen zaitugula, hori baita garrantzitsuena.

Zenbait hamarkadatan uste izan da burmuin handiagoa izateak berekin zekarrela gaitasun intelektual handiagoa izatea, eta argudio hori erabili da “azaltzeko” gizonek eta emakumeek jarduera desberdinak egin izanan historian zehar eta, azken buruan, diskriminazio sexista zientifikoki justifikatzeko. Baina egun badakigu argudio okerra dela. Gizonak ziren azkarrak, adimentsuak eta trebeak; eta emakumeak delikatuak, sentiberak eta amatiarrak. Eta, gainera, zientziak babesten zuen hori. Eta zientziak babesten badu, egia izango da, ezta?
Bada, Alice Leek frogatu zuen hori ez zela zuzena. Matematikariak metodo estatistikoak aplikatu zituen garezur-edukieraren, generoaren eta adimenaren arteko benetako erlazioa argitzeko, eta frogatu zuen ez zegoela halakorik. Zelako sorpresa! Gloria Steinemek, 60ko hamarkadan emakumeen eskubideen alde borrokatzeagatik ezaguna izan zen aktibista eta kazetariak, Alice Lee hartu zuen XX. mende hasieran kraneologiaren lur-jotzearen sustatzailetzat, baina soilik neurri batean. Izan ere, sexuagatiko diskriminazioan hauteman zituen aurreiritziak ez zituen hauteman arrazagatiko diskriminazioan; are gehiago, azken kasuan, aurreiritzi horiek indartu egin zituen.
Matematiketan lizentziatutako lehen emakumeaLee 1858ko ekainaren 28an jaio zen Dedhamen (Essex, Erresuma Batua). 1876an Bedford Collegen matrikulatu zen, herrialdean emakumeentzako hezkuntza eskaini zuen lehen ikastegian. Eta bertan jaso zuen emakumeei eskainitako matematika aurreratuen lehendabiziko eskola. Londresko Unibertsitatean (Bedford College haren baitan zegoen) graduatutako lehen emakumea ere izan zen. Unibertsitatean jarraitu zuen 1916ra arte. Hasiera batean, matematika eta fisikako irakasle gisa aritu zen, baita egoiliarren laguntzaile gisa ere. Horren truke doako ostatua eta mantenua jasotzen zuen. Eta, azken urteetan, latin eta grekoko eskoletako laguntzailea ere izan zen.
1895etik aurrera, Karl Pearson-en estatistika eskoletara joan zen. Pearson estatistikaria izateaz gain, teoria eugenesikoen defendatzailea ere bazen. Teoria horiek proposatzen dute gizakiek ezaugarri genetikoen hobekuntzan esku hartu behar dutela eta, beraz, hautatu behar dela ondorengoak nork eta norekin izan behar dituen, eta nork ez dituen izan behar. Hori entzun ondoren, Leeri interesgarria iruditu zitzaion metodo estatistikoak aplikatzea biologia ebolutiboaren azterketan. Pearsonen zuzendaritzapean, Leek gizakien garezur-edukieraren aldakortasuna eta horrek gaitasun intelektualarekin zuen zerikusia ikertu zuen.
Garai hartan, onartua zegoen gizonak emakumeak baino adimentsuagoak zirela zioen teoria, hala frogatzen baitzuen gizonen garezurren tamaina handiagoak. Eta horregatik, hain zuzen ere, izan zen hain eztabaidazkoa Leek 1901ean argitaratutako artikulua. Artikulu horretan hiru pertsona talde aztertu zituen: Bedford Collegeko emakumezko ikasleak, unibertsitateko irakasleak eta gizonezko anatomista ospetsuak. Formula estatistiko baten bidez, horien guztien garezur-edukiera kalkulatu zuen, garezurren kanpoko tamainatik abiatuta, eta neurriak handienetik txikienera ordenatu zituen talde bakoitzaren barruan, guztiak norbanakoaren izen osoaz identifikatuta.
Buru txikiko gizonak, buru handiko emakumeakIkerketaren ondorioek frogatu zuten ez zegoela korrelaziorik talde horietako pertsonen garezurraren tamainen eta adimenaren artean. Izan ere, horietako batzuk beren esparruetan aurkikuntza handiak eginikoak ziren eta ibilbide zientifiko bikaina zuten, baina buru txikia zuten, ez handia. Leeren meritu nagusia izan zen pertsona bizien garezurra neurtzearen bidez frogatu zuela, batetik, gizonen garezurren tamainan barietate handia dagoela, baita emakumeen garezurren tamainan ere, eta, bestetik, kasu askotan, neurriak gainjarri egiten zirela: garezur txikiagoak zituzten gizonak eta gizonenak baino garezur handiagoak zituzten emakumeak zeuden. “Ezinezkoa litzateke, beraz, korrelazio gradurik ezartzea garezur-edukieraren eta gaitasun intelektualen artean”, idatzi zuen Leek bere tesian.

Artikuluak eztabaida piztu zuen oro har onartutako ideia bat zalantzan jartzen zuelako, eta ideia horrek garai hartako statu quo soziala eta zientifikoa ezartzen zuelako hein handi batean, zeinetan gizonak, zalantzarik gabe eta arrazoi zientifikoetan oinarrituta, emakumeak baino adimentsuagoak ziren. Baina, horrez gain, eztabaida piztu zen ere ikerketan Leeren tesiko ohargileetako bat azken lekuetan agertzen zelako garezur-edukieraren rankinean.
Halaber, kritika handiak jaso zituen eugenista batzuen aldetik; Leeren ikerketa zientifikoaren kalitatea eta orijinaltasuna zalantzan jarri zuten. Pearsonek esku hartu behar izan zuen merezi zuen doktoregoa eman ziezaioten. Eta, azkenean, 1901ean eskuratu zuen. Hala ere, ikerketaren eragina hain izan zen handia, ezen argitaratu eta hamarkada batean, kraneologiaren esparrua, hau da, garezurraren tamaina eta ezaugarriak eta horrek norbanakoaren gaitasunekin zuen erlazioa aztertzen zituen esparrua, zientziaren adar gisa desagertu zen eta sasizientzia izatera igaro zen.
Arrazagatiko diskriminazioa babesteko argudio zientifikoakNolanahi ere, Leek ekarpen handia egin bazuen ere emakumeen eta gizonen arteko gaitasun intelektualen aldeari buruzko aurreiritzia suntsiarazteko, ez zuen berdin jokatu etnia zuri europarra beste etnia guztiak baino adimentsuagoa zela zioen aurreiritzia suntsitzeko. Are gehiago, adierazitako ikerketaren amaitzean, Leek bere metodoak aplikatu zituen arraza ezberdineko taldeen garezur-edukiera aztertzeko, eta ondorioztatu zuen garezurraren neurketa sistematikoen bidez talde horiek eta beren gaitasun intelektualak bereiz zitezkeela. Eta teoria horiek itsasoz bestaldeko lurraldeetako herri indigenen kolonizazio britainiarra justifikatuko zuten.

1909an, beste ikerlari bat Leeren generoagatiko diskriminazioaren aurkako argudioetan oinarritu zen arrazagatiko diskriminazioari aplikatutako materia bereko funsgabetasunak agerian jartzeko. Eta horrek behin betikoz kendu zion entzutea kraneologiari, Leek irekitako baina itxi gabe utzitako bidea.
Leek Pearsonen laborategi biometrikoan lan egin zuen 1892tik, hasieran boluntario gisa eta gero urtean 90 liberako soldata jasota astean hiru egun lan egiteagatik. Besteak beste, datuen bilketaz eta tratamenduaz arduratzen zen, baina laborategiko idazkariaren lanak ere egiten zituen, kudeaketa, logistika eta administrazioko zereginak ere baitzituen.
Leek Britainiako gerra esfortzuan parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran. Gobernuarentzat lan egin zuen garai hartan: 1916 eta 1918 artean, jaurtigaien ibilbideen kalkuluak egin eta mota guztietako munizio antiaereoen garapen eta asmakuntzari buruzko datuak bildu zituen. Horrez gain, konputazioari buruzko proiektu berezi batean ere lan egin zuen goi-agintari militarrarentzat.
Iturriak:- Leila McNeill, The Statistician Who Debunked Sexist Myths About Skull Size and Intelligence, Smithsonian Magazine, 2019ko urtarrilaren 14a
- Rosaleen Love. (1979). «Alice in Eugenics-Land»: Feminism and Eugenics in the scientific careers of Alice Lee and Ethel Elderton, Annals of Science, 36(2), 145–158
- People of Science: Alice Lee, Google Arts & Culture
- Alice Lee, Wikipedia
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 28an: Alice Lee: estadística para demostrar que un cráneo mayor no hace a los hombres más inteligentes que las mujeres.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Alice Lee: garezurraren tamaina eta adimena ez daude erlazionatuta appeared first on Zientzia Kaiera.
Marie Curie: Radioaren aktibitatea
Marie Sklodowska, ezkondu osteko izenagatik ezagunagoa, Marie Curie, fisikari eta kimikari poloniarra izan zen. Seguruenik, emakume zientzialari ezagunena da.

Varsovian jaio zen 1867an, eta, garai hartan, Poloniaren zati hori Errusiak okupatuta zegoen. Marie eta bere ahizpa Broniak unibertsitatera joan nahi zuten, baina horretarako, greziera eta latina jakin behar ziren, eta emakumeek ezin zuten halakorik ikasi Polonian. Hori hala izanik, erabaki argi bat hartu zuten: atzerrira joango ziren ikastera, txandaka, eta batek ikasten zuen bitartean, besteak lana egingo zuen ikasketak ordaintzeko.

Parisen ikasi zuten bi ahizpek, Sorbona Unibertsitatean; lehenik Broniak, eta ondoren Mariak. Azken honek fisikako ikasketak amaituta tesia egitea erabaki zuen, eta lakide bila zebilen zientzialari bat ezagutu zuen: Pierre Curie. Elkarlanean, hainbat mineral aztertu zituzten, eta ordura arte ezezaguna zen prozesu bat deskribatu zuten, erradioaktibitatea, hain zuzen.
“Zientzialariak” komiki-sortaren ale honetan ikusiko dugu zelan aspalditik emakume zientzialariek zailtasunak izan dituzten beren ibilbide zientifikoa jarraitzeko. Marie Curierentzat, ordea, hori ez zen eragozpen izan, eta gogor egin zuen lan bere ikerketekin aurrera jarraitzeko.
“Marie Curie: Radioaren aktibitatea” Ikaselkar argitaletxeak argitaratzen duen “Zientzialariak” komiki-sortaren azken alea da. Komikiek haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea eta euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzea ditu helburu. Horrez gain, irudi-sorta atsegin eta hizkuntza hurbilaren bidez, haur eta gazteei zientzia gerturatzea ere nahi du egitasmoak. Komikien bidez zientzialari eta pentsalari ezagunen biografiak eta lorpenak plazaratzen dira: Newton, Galileo, Darwin, Hipatia edo Aristoteles.
Argitalpenaren fitxa:- Izenburua: Marie Curie: Radioaren aktibitatea
- Egilea: Jordi Bayarri
- Itzultzailea: Maialen Berasategi
- Argitaletxea: Ikaselkar
- Urtea: 2015
- Orrialdeak: 48 orrialde
- ISBNa: 978-84-16438-58-7
The post Marie Curie: Radioaren aktibitatea appeared first on Zientzia Kaiera.
Iparraldetik datozen hotzaren seinaleak
Gure planetaren historiaren azken aldiaren —Kuaternarioa— bereizgarririk nabarmena momentu klimatiko hotzagoen —glaziazioak— eta momentu beroagoen —interglaziarrak— arteko alternantzia ziklikoa da. Egun, duela 11.700 urte inguru hasi zen aldi interglaziar batean gaude, Holozenoan. Horren aurretik, duela 11.700 eta 70.000 urte inguru artean, azken glaziazioa gertatu zen, aurreko aldi interglaziarraren ondoren, duela 70.000 eta 130.000 urte artean izan zena. Eta hortxe geldituko naiz, ikuspegi orokorra ulertu duzuelakoan.

Kuaternarioko azaleratze geologikoekin lan egitean, ziklotasun klimatiko hori oso baliagarria izan daiteke materialen adina zein izan daitekeen jakiteko, datazio absolutu bat egin aurretik. Batez ere aurkitu dituzun fosilekin horiek bizi izan zuten giroaren berreraikuntza paleontologiko bat egiteko. Hau da, mamut edo errinozero iletsu baten hondarrak aurkitzen badituzu, glaziazio batekoak izango dira; baina, aitzitik, egungo lehoi, elefante edo hienen arbasoren baten fosilak aurkitzen badituzu, aldi interglaziar batekoak izango dira.

Hala ere, Kuaternarioaren azken zatirako eginiko berreraikuntza klimatikoaren kurbari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu ez direla berotik hotzera igarotzen diren ondoz ondoko kurbak, marra jarraitu batez irudikatuta. Benetan, lerro irregular bat da, zerra-hortz asko dituena. Horrek adierazten du dozenaka mila urte dirauten joera klimatiko handi horien barruan —glaziarra eta interglaziarra—, momentu erlatiboki beroagoak eta momentu erlatiboko hotzagoak ere badaudela, askoz denbora gutxiago irauten dutenak. Zehazki, bero-hotz ziklo txiki horien aldizkakotasuna 1500 urte ingurukoa da.
Horiek horrela, adibide gisa jarri dugun aztarnategira itzultzen bagara, eta iraganean gertatutako aldaketa paleoanbientalen berreraikuntza oso xehatu bat egin nahi badugu, organismo handien fosilak aztertzeak ez digu hainbesteko zehaztasunik emango. Izan ere, oro har, animalia handiago eta konplexuagoek errekerimendu ekologiko zabalagoak izaten dituzte. Hau da, tenperatura, gazitasun, hezetasun eta abarren aldakortasun tarte handiagoetan bizitzeko gai dira. Horrenbestez, organismo txiki eta sinpleagoetara jo behar dugu, biologiari dagokionez, parametro ekologiko mugatuagoak dituztelako. Hortaz, aztarnategi kontinentaletan, karraskarien eta antzeko animalien fosilak bilatu beharko ditugu. Eta, hala ere, baliteke orduan ere azaleratze kontinental batean garai bero eta hotz guztiak zehaztasun osoz ezin detektatzea. Izan ere, bestelako faktoreak ere badaude jokoan, erregistroaren kontserbazioarekin berarekin zerikusia dutenak, hala nola sedimentazio tasak edo hondakin organikoak babesteko gaitasuna.
Itsas ingurunean, berriz, itxaropena handiagoa da. Ozeanoaren hondoan sedimentazio tasa oso altuak dituzten eremu gehiago aurki daitezke, non ia ez dagoen higadura prozesurik. Ondorioz, Kuaternarioko erregistro geologiko oso osatuak eta denbora aldetik zehaztasun handikoak gorde daitezke bertan. Gainera, itsasoan organismo txikien mota asko daude, sinpleak eta tarte ekologiko oso zehatzak dituztenak; eta horiei esker, xehetasun handiko berreraikuntza paleoanbientalak egin daitezke.

Adibide bat mila hitz baino argiagoa denez, nire bi fauna talde gogokoenetara joko dut: foroaminiferoak eta ostrakodoak. Eta bi espezie zehatz aurkeztuko dizkizuet, gogoratzeko oso izen errazak dituztenak: Neogloboquadrina pachyderma (sinestrosa barietatea), foroaminifero planktoniko bat; eta Acanthocythereis dunelmensis, ostrakodo bentoniko bat, Iparraldeko Atlantikoko eskualde zirkunpolarretan bizi dena, 0°C eta 6°C arteko uretan. Egun, Kantauri Itsasoan, ez dago A. dunelmensis-ik, baina N. pachyderma sin. modu anekdotikoan agertzen da, Bizkaiko golkoko eremu sakonenetatik datozen korronteek arrastan ekarrita. Hala ere, azken 130.000 urteetan jazotako aldi hotzenetan, bi espezie horiek dominante suertatu dira. Horrek esan nahi du, iraupen laburreko klima hotzeko momentu hauetan, Europaren iparraldetik datozen ur polarren masak sartzen direla Kantauri Itsasoan.

Jazoera klimatikoak definitzeko seinale biologiko horiek hain dira argiak, non N. pachyderma sin. horren kopurua bat-batean areagotzen denean, aukera baliatzen den Iparraldeko Atlantikoko latitude ertain-baxuetan Kuaternarioko amaierarako biokronologia zehatz bat egiteko. Eta, ostrakodoei dagokienez, espezie polar horiek latitude baxuagoak kolonizatzen dituzte Europako Iparraldetik datozen ur oso hotzeko masak sartzearen eraginez arrastan datozenean; hori dela eta, “Iparraldeko gonbidatuak” izenaz ere ezagunak dira.
Friki bat naizenez, izen hori maite dut, ostrakodoak bikingoen antzera irudikatzen baititut Kantauri Itsasora iristen, gizakiak iritsi baino dozenaka mila urte lehenago. Baina benetan harrigarriena dena zera da: milimetro luze batera iristen ez diren mikroorganismo batzuk ehunka urte besterik iraun ez zuten jazoera klimatikoak identifikatzeko bezain informazio klimatiko zehatza emateko gai izatea. Eta iraganaren berreraikuntza hori oinarrizkoa da etorkizuneko klima-aldaketara egokitzeko, ikusi baitugu aldi hotz horiek aldian-aldian gertatzen direla. Hala ere, ostrakodoak burdinazko kaskoak eta ezkutu borobilak jantzita eta aizkora motzak eskuan imajinatzen jarraituko dut, gure kostaldeetara iristen konkistarako prest.
Egileaz:Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko martxoaren 28an: Las señales del frío que vienen del Norte.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
The post Iparraldetik datozen hotzaren seinaleak appeared first on Zientzia Kaiera.
Azukre-mendiak ozeano amnesikoetan
Zer moduz zabiltzate memoriaz? Xehetasun guztiak gogoratzeko gai diren horietakoak zarete? Ala, ni bezala, duela bost minutu bazkaldu duzuena ere ahazten duzue? Egon lasai, ez goaz proba psikoteknikorik egitera; gaurko gaia amnesia delako galdetzen dut. Zehazki, ozeano amnesikoei buruz hitz egitera goaz. Edo hobe esanda, ozeano amnesikoei buruz idaztera noa eta zuek formal-formal artikulua osorik irakurtzera.

Erdal Telebistetan asteburuko bazkalosteko filmetako protagonisten antzera, bizitza zoragarria zuten ozeanoek, baina… drama dator, noski. Kontua da ozeanoak memoria galtzen ari direla.
Hasteko, ozeanoaren memoria zer den azaldu beharko dugu. Eta zer ez den. Ez baita ozeanoan dagoen eta egon den edozein konposatu/molekula/izaki eta haien propietateak gogoratzeko gaitasuna. Errepikatzen dut: ez da hori. Ozeanoak ez du bere baitan izan den molekula edo konposatu baten propietateak gordetzeko gaitasunik. Ezta urak ere.
Behin zer ez den argituta, goazen zer den ikustera. Ozeanoaren baldintzen iraunkortasuna da ozeanoaren memoria, Hui Shi-ren eta haren ikertzaile taldearen arabera. Beste barik. Tenperatura, egitura, korronteak eta kolorea bezalako ezaugarriak gordetzea. Bere horretan mantentzea.
Oso ondo, esango duzue. Badakigu ozeanoen memoria zer ez den, badakigu zer den eta badakigu galtzen ari dela. Eta…?
Ozeano amnesikoak, aurreikuspen zoroakGaian buru-belarri sartu baino lehen, ozeanoen ezaugarri bat azpimarratu behar da: ingurune egonkorrak dira. Atmosferarekin alderatuta, behintzat.
Eta zer esan nahi du horrek? Tenperatura bezalako faktoreak nahiko egonkorrak direla. Atzoko tenperatura, gaurkoa eta biharkoa oso antzekoak izango dira ozeanoan. Atmosferan ez bezala, uda honetan jasan ditugun bat-bateko beroaldiek erakusten duten moduan.
Adibidez, uztailaren 9an tenperatura kostaldean 23 gradu ingurukoa izan zen eta itsasoaren tenperatura 20 gradukoa. Bost egun geroago, uztailaren 14an, udako bigarren beroaldiaren erdian, atmosferaren tenperatura 30 gradu ingurukoa izan zen eta, itsasoarena, 22 gradukoa. Tenperatura, beraz, askoz egonkorragoa da uretan. Eta hori kostaldean, non aldaketak azkarrago gertatzen diren; pentsa ozeanoen erdian.
Orain bai, gaira. Tenperatura aztertu dute ozeanoaren azaleko geruzan, gutxi gorabehera 50 metroraino heltzen dena. Goiko ozeanoko geruza mistoa izena duena. Geruza honetan inertzia termikoa dago, hau da, tenperatura egonkor izateko joera.
Eta ereduak baliatuta, zera ondorioztatu dute: inertzia termikoak behera egingo duela. Tenperaturak ez du hain egonkor iraungo. Asomerkatzearen (asomeramiento/shoaling) efektuak, olatuek azaleko uretara ailegatzean izaten duten altuera-aldaketak, ur-nahasketa handiagoa eragingo du eta, ondorioz, goiko ozeano-geruza mistoaren mehetzea. Horrek, bere aldetik, gutxitu egingo luke inertzia termikoa eta tenperatura aldaketak areagotu.
Horrek eragin zuzena izango luke ozeanoetako populazioetan, noski. Baina aurreikuspen zehatzik ez da egin. Zientzialariek, ordea, iragarpenekin lotutako iragarpena egin dute. Inertzia termikoa eta memoria galduta, askoz zailagoa izango da ozeanoarekin lotutako aurreikuspenak egitea, direla montzoiak, direla itsaso-beroaldiak edota muturreko eguraldi-fenomenoak.
Azukre-mendietara adreilu horien bidetikOzeano amnesikoak ditugu eta zailagoa izango da, beraz, ozeanoetako dinamikak aurresatea. Baina, zelan ez zaituztedan zapore txarrarekin utzi nahi, berri gozoa ere badakart ozeanoei dagokienez: azukrea topatu dute ozeanoetan. Azukre kantitate ikaragarria, gainera.
Itsas larreek sakarosa gordetzen dutela jakin dute zientzialariek. Sakarosa zer den? Azukrea. Normalean erabiltzen den azukrea da, guk jaten duguna. Eta ozeano zoruan barra-barra omen dago.
Fotosintesian sortzen dute sakarosa itsas larreek eta azpian duten zorura askatzen dute. Zehazki, errizosferara, sustraiak dauden gunera. Egindako kalkuluen arabera, milioi tona baino gehiago azukre egon daiteke itsas larreen errizosferetan.
Eta jakin-minak jota, zera galdetu daiteke: zergatik sortzen dute? Metatuta badago, erabiltzen ez duten seinale, ezta? Zergatik sortu azukrea behar ez badute? Berez, haren beharra badutelako. Egoera normalean, sortzen duten azukrea landareek berek erabiltzen dute metabolismoan eta hazteko. Baina ohi baino argi gehiago dagoenean, erabili edota biltegiratu dezaketen baino azukre gehiago sortzen dute. Errizosferara doa orduan.
Alferrik galtzen da han azukrea orduan? Azukrea hain energetikoa izanik eta horrenbeste egonda, zelan ez dago errizosferako azukrea jaten duen izakirik? Egon, badaude. Kontua da itsas larreek, azukreaz gain, konposatu fenolikoak askatzen dituztela; “uxagarri” moduko bat.
Hala ere, badirudi mikroorganismo talde batek aktiboki baliatzen duela biltegiratutako sakarosa. Zientzialariek uste dute bueltan zerbait eskaini diezaiokeela itsas larreari, nutrienteren bat, adibidez, baina, oraingoz, proposamena baino ez da. Frogarik ez dago.
Eta nola hel gaitezke azukre horretaraino? Ba, agian, Oz-eko aztia filmeko Dorothy bezala, zapata gorriak jantzita eta bide horiari jarraituta. Izan ere, adreilu horiko bidea topatu dute zientzialariek itsaso hondoan. Edo hala dirudien zerbait.
Izatez, arroka bolkaniko normala da topatu dutena, baina apurketak eta pitzadurak ditu, adreiluz egindako bidea izatearen itxura eman diotenak. Egia esan, geologia bolkanikoaren adibide bat da. Hausturak erlazionatuta egon daitezke ertz errea duten erupzio anitzen berotzearekin eta hoztearekin, zientzialariek azaldu dutenez.
Aurreko artikuluan Tretxarekin eta Argirekin urpean ibilitakoa gutxi iruditu bazitzaizuen, Hawaii irletako iparraldean topatu daiteke Oz-eko bide horia, Liliʻuokalani gailurrean. Hawaiira joateko aitzakia bila bazenbiltzaten, hortxe duzue.
Erreferentzia bibliografikoakCarly Cassella (2022). Scientists Follow a ‘Yellow Brick Road’ in a Never-Before-Seen Spot of The Pacific Ocean, Science alert, 2022ko maiatzaren 7a.
David Nield (2022). There Are Mountains of Sugar Hidden in The Ocean, And We’ve Only Just Found Out, Science alert, 2022ko maiatzaren 4a.
Hui Shi et al. (2022). Global decline in ocean memory over the 21st century. Science Advances, 8(18). DOI: 10.1126/sciadv.abm3468
Peter Dockrill (2022). The Ocean Is Starting to Lose Its Memory, Scientists Warn, Science alert, 2022ko maiatzaren 9a.
Egileaz:Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko azaroan, 244. zenbakian.
The post Azukre-mendiak ozeano amnesikoetan appeared first on Zientzia Kaiera.
Antsietate-asaldurak testosteronaren gabeziarekin lotu dute
Euskal Herriko Unibertsitateak parte hartu duen ikerketa berritzaile batek antsietate-asalduren eta TACR3 izena duen garuneko errezeptore baten eta testosteronaren artean lotura esanguratsua dagoela frogatu du. Molecular Psychiatry aldizkarian argitaratu dute lana.
Antsietatea da estresaren aurrean gertatzen den erantzun komuna, baina antsietate-asaldura jasaten dutenen kasuan, horrek oso inpaktu handia izan dezake eguneroko bizitzan. Ebidentzia klinikoak iradoki du testosterona maila txikien eta antsietatearen artean lotura estua dagoela, batez ere hipogonadismoa (baldintza horren ezaugarri nagusia sexu-funtzio murriztua da) duten gizonetan. Baina lotura horren ezaugarri zehatzak ez dira oso argi egon orain arte.

UPV/EHUko taldeak parte hartu du ikerketan, eta aurkikuntza liluragarri batekin hasi zen: oso antsietate handia zuten animalia arrek TACR3 izeneko errezeptore espezifiko nabarmen gutxiago zituzten beren hipokanpoan. Hipokanpoa ikasketako eta oroimeneko prozesuekin lotura estua duen garuneko eremua da. TACR3, bestalde, takizinina errezeptoreak izenekoen familian sartuta dago eta neurokinina izena duen substantziari erantzuten dio. Datu horrek ikertzaileen jakin-mina piztu zuen, eta TACR3ren urritasunaren, hormona sexualen, antsietatearen eta plastikotasun sinaptikoaren arteko erlazioari buruzko ikerketa sakona egiteko oinarri bihurtu zen.
Animaliak beren portaeraren arabera sailkatu ziren antsietate maila neurtzeko erabiltzen den labirinto batean (handik ateratzeko irtenbidea topatzeko proba estandarra). Ondoren, haien hipokanpoak isolatu zituzten eta adierazpen genikoko azterketa egin zieten, antsietate oso txikia zuten animalien eta antsietate handia zutenen artean espresio diferentziala zuten geneak identifikatzeko. Gehien nabarmendu zen geneetako bat izan zen, hain zuzen ere, TACR3. Aurretik egindako ikerlanek agerian utzi zuten TACR3rekin lotutako geneetako mutazioek “sortzetiko hipogonadismoa” izeneko izaera eragiten zutela. Horrek hormona sexualen produkzio txikia (testosterona barne) eragiten du. Horrekin lotuta, nabarmendu beharrekoa da testosterona maila txikiak dituzten gizonezko gazteek, askotan, sexu-garapen atzeratua izaten dutela eta, horrek batera, depresioa eta antsietate handia gertatzen direla. Aurkikuntza horrek TACR3ak antsietatearekin lotuta betetzen duen rola sakontzera eraman zituen ikerlariak.
Ikerlariek arrakastaz erabili zituzten azterketa egiteko laborategian sortutako bi tresna berritzaile. Lehenengoaren izena FORTIS da eta, neurona bizien barruan, AMPA errezeptoreetan aldaketak detektatzeko gaitasun handia du. FORTIS erabiltzean, TACR3ren inhibizioak zelulen azaleran AMPA errezeptoreetan gorakada handia eragiten zuela frogatu zuten. Horrek, era berean, epe luzera begira indartze sinaptikoaren (LTP izenekoa) aldi bereko prozesua eteten du.
Bigarren tresna berritzailea elektrodo anitzeko matrize-sistema baten barruan konektagarritasun neuronala neurtzeko korrelazio gurutzatua modu berritzailean aplikatzea izan zen. Tresna horrek funtsezko funtzioa bete zuen; izan ere, plastikotasun sinaptikoan, TACR3ren manipulazioen inpaktu sakona erakutsi zuen. Aurkikuntza garrantzitsuena honako hau izan zen: TACR3ren jarduera gabeziatik eratorritako urritasunak modu eraginkorrean zuzen zitezkeen testosterona emanda. Beste nolabait esanda, hori esperantzagarria da pauta terapeutiko berriak garatzeko eta testosteronaren urritasunarekin lotutako antsietatearekin zerikusia duten erronkei aurre egin ahal izateko.
Ikerketa honen arabera, TACR3 antsietatearen eta testosteronaren arteko loturari dagokionez funtsezko eragilea dela esan dezakegu. Ikerlariek antsietatearen atzean dauden mekanismo konplexuak argitu eta terapia berritzaileetarako bideak ireki dituzte. Horietako batzuk izan daitezke testosteronarekin egindako tratamenduak eta baliteke horiek sexu-garapeneko asaldurak, eta horiei lotutako antsietatea eta depresioa jasaten dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetu ahal izatea.
Iturria:UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa batek antsietate-asaldurak testosteronaren eta garuneko TACR3 errezeptorearen gabeziarekin lotu ditu.
Erreferentzia bibliografikoa:Wojtas, Magdalena Natalia; Diaz-González, Marta; Stavtseva, Nadezhda; Shoam, Yuval; Verma, Poonam; Buberman, Assaf; Izhak, Inbar; Geva, Aria; Basch, Roi; Ouro, Alberto; Perez-Benitez, Lucia; Levy, Uri; Borcel, Erika; Nuñez, Ángel; Venero, Cesar; Rotem-Dai, Noa; Veksler-Lublinsky, Isana; Knafo, Shira (2023). Interplay between hippocampal TACR3 and systemic testosterone in regulating anxiety-associated synaptic plasticity. Molecular Psychiatry. DOI: 10.1038/s41380-023-02361-z
The post Antsietate-asaldurak testosteronaren gabeziarekin lotu dute appeared first on Zientzia Kaiera.
Asteon zientzia begi-bistan #486
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Montse Casas-Cabanas ikertzailea CIC Energiguneko zuzendari zientifiko izendatu dute. Casas-Cabanas orain arte Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze arloko koordinazio lanetan ibili da, eta bere ikerketa arlo nagusia bateria kimikoei dagokie. Hainbat aitorpen jaso ditu dagoeneko Casas-Cabanasek, eta Munduko Ikertzaile Eraginkorrenen azken sailkapenean EAEko hamargarren postuan agertzen da. Datu guztiak Alea aldizkarian.
ZoologiaLehen aldiz deskribatu da keinu sinboliko bat primatea ez den animalia batean. Kaskabeltz japoniarra da protagonista, eta ikusi dute espezie horretako emeek, gehienbat, hegoak azkar astinduta bikoteari adierazten diotela habian haien aurretik sartzeko. arrak hegoak astintzen dituenean edo emeak seinalerik egiten ez duenean, aldiz, emea sartu ohi da aurretik. Aurkikuntza horren inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Basoilar kantauriarra hibridatzea proposatu dute populazioak berreskuratzeko. Doñanako Estazio Biologikoak egin duen ikerketaren arabera, endogamia-tasa altuak ditu populazioak, aurreko mendean bereziki arrak ehizatu zirelako. Aniztasun genetikoa sustatzeko, beraz, beste basoilar populazioekin gurutzatzea proposatu dute. Orain arte ekintza hori aurrera eramatea ekidin da subespezietzat jotzen zelako, baina ikerketa berriak dio ez dagoela oinarri zientifikorik hori ziurtatzeko. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.
NeurologiaGiza garunaren milimetro kubiko baten 3D eredua egin dute, mikroskopia elektronikoko irudiak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabilita. Harvard Unibertsitateko eta Googleko ikertzaileek lortu dute eredua, eta bereizmen nanometrikorekin, gainera. Milimetro kubiko horretan, 57.000 zelula eta 150 milioi sinapsi sartu dira, eta datutan, berriz, 1.400 terabyte betetzen ditu. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.
OsasunaZubietako erraustegiak inguruko bizilagunen osasunean zer-nolako eragina izan duen aztertu du Osakidetzaren menpeko Biogipuzkoa osasun ikerketen institutuak. Kutsadura atmosferikoa, inguruko bizilagunen adierazle biologiko batzuk, eta lurzoruaren, esnearen eta arrautzen laginak aztertu dituzte. Emaitzen arabera, faktore horiek ez dira aldatu modu esanguratsuan erraustegia martxan jarri zutenetik. Beste ikerketa batzuen emaitzak ez datoz bat ondorio horiekin. Datuak Berrian.
Adimen artifizialaAdimen artifizialean euskara sustatzeko egiten du lan Itziar Aldabe Hitz zentroko ikertzaileak. Latxa eredu linguistikoa garatzen ari da, beste proiektu batzuen artean. Aldabek azaldu duenez, azken urteetan lortu da hizkuntza modu sofistikatu batean errepresentatzea sare neuronalei esker. Horren ondorio dira Latxa bezalako elkarrizketa sistema automatikoak, eta orain, elkarrizketa horiek naturalagoak izatea lortu nahi dute. Haren iritziz, hizkuntza gutxitu batek bizirik iraun nahi badu, eremu digitalean ere egon behar du. Informazio gehiago Berrian.
AntropologiaEhiztari-biltzaileek landare-jatorriko elikagai ugari jaten zutela frogatu dute. Marokoko Tarofalt kobazuloko aztarnategian egindako ikerketek ondorioztatu dute hori. Giza hortzetako esmaltearen zink- eta estrontzio-isotopoak aztertu dituzte, beste froga batzuekin batera, eta ikusi dute nekazaritza sortu aurretik ere ehiztari-biltzaile haien dietak landare mediterranear dezente zituela, baita haurrenak ere. Datuak Elhuyar aldizkarian.
ArgitalpenakNewton: Grabitatea ekinean “Zientzialariak” komiki-sortaren aleetako bat da. Bertan, Isaac Newton fisikari, alkimista, filosofo eta matematikariaren bizitza azaltzen da. Newtonek optika eta gorputzen mugimendua ikertu zituen gehienbat, eta printzipio batzuk definitu zituen. Haien arabera, hiru legek gobernatzen zuten gorputzen mugimendua, eta baita unibertsoa ere. Komiki honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
AstrofisikaGalaxien barnean, badaude toki egokiagoak eta ez egokiagoak planeta bizigarriak sortzeko. Guk ezagutzen dugun moduko bizitza sortzeko, baldintza oso zehatz batzuk bete behar dira, eta baldintza horiek izarren inguruan “eremu bizigarri” deritzen eremua osatzen dute. Ikerketa berrien arabera, izarren inguruko balditzez gain, galaxia baten barneko eremu ezberdinetan ere planetak modu ezberdinean sortzen dira, eta horrek eragina du bizigarritasunean. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.
KosmologiaOrain arte egin den unibertsoaren maparik osatuena sortu dute, hiru dimentsiotan. DESI kolaborazioak lortu du, unibertsoaren toki urrunenetatik argia jaso eta 5.000 puntutatik zuntz optiko bidez argia espektrografo batera eramanda. Hala, azken 11.000 milioi urteetan energia ilunak eragin duen efektua aztertu dute, eta frogatu dute bat datorrela zientzia komunitatean onartuen dagoen unibertsoaren Lambda-CDM ereduarekin. Baina desberdintasunak ere topatu dituzte eredu estandarrarekin alderatuta, eta energia ilunaren eboluzioa azalduko lukete. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.
The post Asteon zientzia begi-bistan #486 appeared first on Zientzia Kaiera.
Ezjakintasunaren kartografia #493
Auto autonomo bat hilketa-makina bihurtu ez dadin argi gutxiko baldintzetan erabili nahi denean, lehenik eta behin beste ibilgailuak “ikusi” ahal izan behar ditu, eta, horretarako, pintura beltza erabiltzea baino gauza hoberik ez dago. LiDAR-detectable black for self-driving vehicles to see
Ez duzu frantsesa lehen hizkuntza, ez zara herrialde frankofono batean bizi, ez duzu frantsesa den bikotekiderik, eta ez duzu egun osoa frantsesez hitz egiten. Orduan, zergatik hitz egiten duzu zure ama-hizkuntzan frantses azentuarekin konturatu gabe? Accidentally foreign: The unseen challenges of Foreign Accent Syndrome, Nini Chrispeels & Lindsey Thomas eta Adrià Rofes.
Sumendi batek lurperatutako papiro bat irakurri ahal izatea zientzia-fikzioa da. Juan F. Trilloren Herculaneum Papyri talking from the ashes
Lotura kuantikoa dago. Eta entropia dago. Ondoren, azpisistema baten eta bere ingurunearen arteko lotura kuantikoaren entropia dago. DIPCko jendeak kontatzen dizu nola kalkula daitekeen How to calculate entanglement entropy using a Monte Carlo method
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.
The post Ezjakintasunaren kartografia #493 appeared first on Zientzia Kaiera.
Darwin eta herentzia
Beagleko bidaian, Charles Darwin konturatu zen animalia amerikarrek europarren antz handia zutela, baina ez zirela berdin-berdinak. Desberdintasun horiek inguruneak eragindako egokitzapenen ondorio izan zitezkeela pentsatu zuen. Agian, beren ingurunera ondoen egokitutako gaitasunak zituzten animaliak besteak baino gehiago bizi ziren. Eta hori hala izanda, gaitasun horiek transmititu ahal zizkieten ondorengoei, herentzia bitartez. Fenomeno horri izen bat jarri zion: hautespen naturala.
Gaur egun badakigu herentzia genetikoak ez duela horrela funtzionatzen, aldaketa genetikoak askoz motelagoak eta sotilagoak dira. Baina Darwinen ideiek hankaz gora garri zuten orduko ezagutza zientifikoa.
UPS! ataleko bideoek gure historia zientifiko eta teknologikoaren akatsak aurkezten dizkigute labur-labur. Bideoak UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eginak daude eta zientzia jorratzen duen Órbita Laika (@orbitalaika_tve) telebista-programan eman dira gaztelaniaz.
The post Darwin eta herentzia appeared first on Zientzia Kaiera.